<![CDATA[Amalur Alvarez eta Irati Elizalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 28 Nov 2021 04:17:20 +0100 hourly 1 <![CDATA[Amalur Alvarez eta Irati Elizalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Naziometroa; termometro eta iparrorratz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/002/2020-12-27/naziometroa_termometro_eta_iparrorratz.htm Sun, 27 Dec 2020 00:00:00 +0100 Amalur Alvarez eta Irati Elizalde https://www.berria.eus/paperekoa/1957/021/002/2020-12-27/naziometroa_termometro_eta_iparrorratz.htm
Lehen neurketa honen ondorio argiena: herritarrek erabakietan gehiago parte hartu nahi dute. Aipatu bezala, %63k bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea duela baieztatu du, eta bostetik bat baino ez da ezezkoan kokatu. %66k uste du erkidego bakoitzean adostasun politikoa egonda, Madrilek edota Parisek onartu egin beharko luketela herritarrek erreferendum bidez erabakitzea, eta soilik bostetik batek uste du debekatu egin beharko luketela.

Esanguratsua da, era berean, EAEko Autonomia Estatutuaz, Euskal Hirigune Elkargoaz eta Nafarroako Foru Amejoramendu Legeaz galdetuta, seitik batek bakarrik adierazi duela egungo araudiekin konforme dagoela. %30ek eskumen gehiago nahiko luke, eta multzo nagusiak, %34k, erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen estatutu edo araudi bat.

Erabakietan gehiago parte hartzeko nahia oso agerikoa da. %72k adierazi du gai sozial, ekologiko eta ekonomikoekin zerikusia duten neurriez kontsultak egin beharko liratekeela, eta %73k bere bizitokiko eguneroko arazoez galdetu beharko litzaiokeela. Honenbestez, herritarren gehiengo zabal batek egungoa baino gobernantza eredu demokratikoago eta parte-hartzaileagoak babesten ditu.

Estatu propioa eta ongizatea

Euskal herritarren %42,5 euskal estatu baten alde legoke Madrilekin edota Parisekin adostutako erreferendum batean, eta %31,5, kontra. Adierazgarria da, era berean, Nafarroan, euskal estatuaz baino, nafar estatuaz galdetuta, %26tik %35era igotzen dela estatu propioarekiko aldekotasuna.

Ezin uka interes handikoa dela balizko erreferendum batean zein hautu gailenduko litzatekeen jakitea. Baina hori bezain azpimarragarria iruditzen zaigu ikustea euskal edo nafar estatuaren aldeko zein kontrako jarrerak ez direla zurrunak, eta jendearen iritzia aldatu egiten dela balizko estatu horren ezaugarrien baitan. Adibidez, ezezkoan edo zalantzan daudenen artean %40k iritziz aldatuko luke estatu propioarekin gizarte politikak garatuko balira; eta kontrara, baizkoan daudenen artean %49k hautu ezberdina egingo luke estatu berria EBtik kanpo geratuko balitz. Egoera ekonomikoa edo genero berdintasun politikak ere erabakia baldintza dezaketen faktoreak dira.

Independentziaren zein unionismoaren aldeko jarrerak aski aldakorrak direla eta herritartasun edo identitate sentimenduetatik harago ere badoazela ikusita, beharrezkoa iruditzen zaigu proiektu politiko ezberdinei buruzko eztabaida publikoa indartu eta zabaltzea, balizko agertokien analisi eta aurreikuspenak eginez. Gainera, estatus politikoari buruz erabakitzea eta politika publiko jakinen inguruan egitea aparteko eztabaidagai bezala ulertzeko joeraren aurrean, azterketa honen ondorioek baieztatu dute herritarrok ez dugula halako bereizketarik egiten. Herritarrok erabakimena nahi dugu, maila eta zentzu guztietan.

Unea da

Ez dago eztabaida gehiago atzeratzerik. Batek baino gehiagok pentsatuko du ez dela unea, pandemia baten erdian, krisi sozial eta ekonomiko batean murgilduta, ez dela erabakitzeko eskubidearen alde ekiteko unea. Zalantza ulergarria bada ere, garai hau giltzarria iruditzen zaigu gaiari errotik heltzeko. Datozen asteetan ebatziko dute, adibidez, zertara bideratuko dituzten krisiari aurre egiteko Europako Funtsak -Europako Batasunak laguntza eta kreditutan inoiz igorri duen diru sailik handiena-. Krisi honetatik nola aterako garen, edo berreraikuntza esan izan diogun hori zein norabidetan egingo den dago jokoan, eta herritarrok ez dugu hitza hartzeko aukerarik. Bestalde, atzerapauso antidemokratiko larriak bizitzea ere egokitzen ari zaigu: proc├Ęs-aren kontrako errepresioa eta Bateragune auziaren epaiketa errepikatzeko erabakia horren adibide. Joera atzerakoien aurrean, uste dugu eskubideak defendatu bakarrik ez, eta zabaldu ere egin behar ditugula, atzera ez egiteko era bakarra aurrera egitea baita.

Eta aurrera egiteko aukerak badaude. Europatik olatu demokratiko berri bat dator, eta olatu hori hartzeko prest egon nahi badugu, gaurdanik hasi behar gara igerian. Erabakitzeko eskubidea modu eraginkor batean legeztatzeko aukera inoiz baino gertuago izan dezakegu, eta ez gaude hori baino gutxiago onartzeko prest. Naziometroak erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabal bat irudikatu du, eta orain, gehiengo hori osatzen dugun herritar eta eragileok indarrak batu eta burujabetzarako bidean determinazioz aurrera egiteko unea da. Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa (www.hamaikagara.eus) horretarako oinarri egokia izan daitekeela sinetsita, milaka eta milaka herritarren konpromisoa pilatzeko erronka dugu esku artean, eta asmo hori betetzeko, denon ahalegina beharko dugu. Zurea ere bai.]]>