<![CDATA[Ana Galarraga Aiestaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 04 Jun 2020 06:38:45 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ana Galarraga Aiestaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Txertoen aurkako jarrera pandemiaren garaian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/014/001/2020-05-17/txertoen_aurkako_jarrera_pandemiaren_garaian.htm Sun, 17 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1930/014/001/2020-05-17/txertoen_aurkako_jarrera_pandemiaren_garaian.htm
Alabaina, ez dirudi hala denik, Facebooken egindako azterketa batek erakutsi baitu gutxi direla txertoen kontrako jarrera dutenak, baina besteek baino interakzio gehiago izaten dituztela eta eragin handia dutela. George Washington Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta Nature aldizkariak eman du emaitzen berri.

Zehaztu dutenez, Facebooken txertoei buruzko iritziren bat ematen duten ia 100 milioi pertsonaren iritziak arakatu dituzte ondorioak ateratzeko, eta sare sozial hori aukeratzeko arrazoia ere eman dute: Twitterren, akademikoek ere parte hartzen dute; aldiz, Facebooken komunitateak dira nagusi, eta ez dute mugarik luze aritzeko, elkar elikatzeko eta ideiak sakonean garatzeko.

Hala, txertoen gaineko taldeak bildu dituzte, herrialde guztietakoak eta edozein hizkuntzatakoak, eta hiru taldetan bereizi dituzte: zalantzatiak, aldekoak eta aurkakoak. Jarraian, mapa bat osatu dute, ikusiz talde bakoitzak zer orrirekin duen harremana, eta orri bakoitzak zenbat jarraitzaile dituen.

Maparen arabera, txertoen aurkako orriak gutxiengoa dira, baina sarearen erdialdean daude kokatuta. Horrek esan nahi du elkarrekintza ugari dituztela, eta talde neutroekin harreman estua dutela. Aldiz, txertoen aldekoak maparen ertzetan ageri dira.

Zabaltzen dituzten edukiei erreparatuta, ohartu dira aldekoek mezu bakarra ematen dutela: «Txertoak onuragarriak dira, bizitzak salbatzen dituzte». Aitzitik, aurkakoek era askotako mezuak hedatzen dituzte; ez bakarrik txertoek kalte egin dezaketela, baizik eta gizarte-antolamenduarekin edo sistemarekin zerikusia dutenak: seme-alaben ardura izatea, medikuntza alternatiboa hobea dela, txertoak sistemaren tresna bat direla…

Hortaz, ez da erraza txertoen aurkakoen iritzia aldatzeko estrategiak sortzea, arrazoi bat baino gehiagotan oinarritzen baitute beren ustea. Eta ez dirudi COVID-19aren larritasunak eraginik izan duenik. Frantzian konfinamenduaren inguruan egin den galdeketa batean (COCONEL), ikusi dute lau biztanletatik batek uko egingo liokeela COVID-19aren aurkako txertoari, eskuragarri egongo balitz.

Konfinamenduaren aurretik ere, Europako bost herrialdetako gurasoen txertoekiko konfiantza neurtu zuten, eta Frantziakoak ziren konfiantza txikiena zutenak. Beste muturrean Espainiakoak zeuden, eta, tartean, Italia, Alemania eta Erresuma Batukoak. Frantziako inkesta horren arabera, txertoekiko errezeloa areagotu egin da orain. COVID-19aren balizko txertoari uko egiteko arrazoi nagusia da arriskutsua deritzotela hain azkar garatutako txerto bati. Beste batzuk txerto guztien aurka daude, eta, azkenik, ehuneko txiki batek alferrikakoa dela iritzi dio, COVID-19a ez omen da-eta hain larria.

Facebookeko azterketaren egileen esanetan, funtsezkoa da txertoaren garapena gardena eta argia izatea, bestela haren aurkako errezeloa handitzeko arriskua baitago. Hain zuzen, badaude mugimenduak txertoaren ikerketa azkartzeko: haietako batzuek boluntarioak eskatzen dituzte, nahita infektatu eta lehenago probatu ahal izateko txerto esperimentalaren eraginkortasuna. Halako bidezidorrek sortzen dituzten zalantza etikoez gain, kontuan hartzekoa da jendearen iritzian izan dezaketen eragina. Porrot onartezina izango litzateke txertoa garatzea, eta gero jendeak txertaketei uko egitea.]]>
<![CDATA[Testatu, jarraitu, bakartu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-05-15/testatu_jarraitu_bakartu.htm Fri, 15 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-05-15/testatu_jarraitu_bakartu.htm
Arrisku horri aurre egiteko neurriak hartuta ere, jarduera sozioekonomikoa berreskuratu ahala, fokuak piztu dira pandemiaren lehen kolpea azkarren gainditu zuten herrialdetan. Agerian geratu da zorrotz bete behar dela Osasunaren Mundu Erakundeak zehaztutako gidalerroa, fokuak lehenbailehen itzaltzeko: testatu, jarraitu eta bakartu. Lurralde bakoitzak bere egoerara eta baliabideetara egokitu du jarraibidea, baina lehentasunezko estrategia da denetan.

Testei esker, jakin daiteke pertsona bat une horretan infektatuta ote dagoen (birusaren RNAren detekzioa, PCR bitartez) ala infekzioa gainditu duen eta zer fasetan dagoen (antigorputzen detekzioa, test serologikoen bidez). Testak egiteko, populazio-talde batzuk lehentasunezkoak dira: osasun-langileak, adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileak, zaintza-lanak egiten dituztenak, farmazialariak, jende askorekin harremana izatera behartuta egon diren langileak...

Gainerakoetan, berriz, norberaren ardura da adi egotea kutsatzeko arriskua saihesteko, eta, infekzioaren zantzurik izanez gero, osasun-zentrora jotzea, testa egiteko. Infekzioa baieztatuz gero, gainditu arte bakartuta egon beharko du. Behar duen tratamenduaren arabera, ospitalean edo etxean egon beharko du, infekzioa guztiz gainditu duela frogatu arte.

Aldi berean, transmisio katea eteteko, ezinbestekoa da jakitea norekin egon den infektatutako pertsona bakoitza, litekeena baita haiek ere infektatuta egotea. Horretarako, sakelako telefonoetako aplikazioak erabiltzen ari dira leku askotan, eta Euskal Herrian ere garatu dira horrelako sistemak. Telefonoen bidez zein beste metodoren bat erabilita, helburua da infektatutakoen kontaktu guztiak identifikatzea eta bakartzea, bi astez.

Hori dena modu sistematikoan egiteko, planifikazio sendoa eta baliabide asko behar dira. Hain justu, sistema prest izatea da konfinamendua arintzeko baldintzetako bat. Eta ardura handia da: huts egiten badu, berriro zorroztu beharko dira prebentzio-neurriak eta ondorioak larriak izango dira maila askotan.

Neurri batean, norbanakoen esku ere badago infekzioak prebenitzea. Horretarako, orain arteko jarraibideei eustea da eraginkorrena: ohitura bihurtzea eskuak eta gainazalak maiz garbitzea, aurpegia ez ukitzea, maskara erabiltzea leku itxietan, bi metroko tartea uztea beste pertsonekin, leku jendetsuetara ez joatea...

Portaera horiek norbereganatzeko, oso lagungarria da, batetik, ezagutzea jokabide jakin bakoitzaren onura (eta ez egiteak dakarren kaltea), eta, bestetik, eredu onak izatea. Zentzu horretan, arduradunek beti jokatu beharko lukete modu eredugarrian.

Eta baliabideak ere jarri behar dira. Adibidez, eskuak garbitzeko aukera eman behar da; maskarek eskuragarriak izan behar dute; espazioak eta zerbitzuak diseinatu daitezke pilaketak eragozteko; eta bakartuta egon behar izanez gero, epe hori modu duinean eta seguruan igaro ahal izatea bermatu behar da.

Denaren beharra egongo da, eta, guztiaren buru, hiru katebegiko estrategia: testatu, jarraitu, bakartu.]]>
<![CDATA[Mutazioak: beldurra eta benetako arriskua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-05-13/mutazioak_beldurra_eta_benetako_arriskua.htm Wed, 13 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-05-13/mutazioak_beldurra_eta_benetako_arriskua.htm The Guardian eta Independent), iradoki dute birusa jasaten ari den mutazioek are kaltegarriagoa egingo dutela, hedatzen lagunduko baitiote. Londresko Unibertsitatean egindako ikerketa bat aipatzen dute, baina ikerketa hori oraindik ez da argitaratu. Gainera, ikertzaileek berek argitu dute ez dakitela identifikatu dituzten mutazioek ondoriorik izango ote duten, eta birusa ez dela bereziki azkar mutatzen ari.

Hara ere, iradokizunak beldurra eragin die batzuei. Alabaina, Nature Microbiology aldizkariaren arabera, beldur horrek ez du funtsik. Hala dio argitaratu berri duen ikerketa baten izenburuak: «Ez gara kezkatu behar birus batek agerraldi batean mutatzen duenean».

Yale (AEB) eta Sydneyko (Australia) unibertsitateetako ikertzaileak dira egileak, eta, azaldu dutenez, mutazioak birusaren zikloaren zati dira, eta oso gutxitan eragiten dute agerraldietan modu nabarmenean.

Horrekin batera, ohartarazi dute mutazioen gaineko informazioa desitxuratzeak ondorio lazgarriak izan ditzakeela. Zika birusarekin gertatutakoa jarri dute adibidetzat: 2018ko agerraldian, ikusi zuten birusaren azalean mutazio bat gertatu zela, birusak Ameriketan izurrite larria eragin aurretik. Ikertzaile batzuen ustez, mutazio hori zen fetuen mikrozefaliaren eragilea. Bada, Zika Indiara iritsi zenean, frogatu zuten hara heldutako birus-aldaerak ez zuela mutazio hori. Hortaz, baztertu egin zuten mikrozefaliaren arriskua. Oker zeuden.

SARS-CoV-2 birusak etengabe mutatzen du; haren RNA bikoizten den bakoitzean sortzen dira aldaketak. Hala, infektatutako pertsona batek, ordu batzuen buruan, birus beraren bertsio desberdinak izan ditzake gorputzean. Mutazio horietako askok ez dute aldaketa nabarmenik eragiten. Batzuk birusaren kalterako dira, eta berez desagertzen dira. Izatez, eboluzioak birusa irautera bultzatzen du, ez hura guretzat kaltegarriago bihurtzera. Mutazio batek guretzat kaltegarriago egin baina birus-populazioaren barruan ez badio abantailarik ematen, nekez nagusituko da beste aldaeren gainetik.

Are gehiago, mutazioez hitz egitean, beldurrik handiena bi aukerak sortzen dute: kutsakortsuna handitzeak eta aldi berean kaltegarriagoa bihurtzeak. Baina oso zaila da biak batera gertatzea. Birusa ostalariarentzat oso gaiztoa bilakatzen bada, kutsakortasuna txikitu egingo da normalean. Izan ere, ostalaria oso gaixo badago, ez da beste pertsona batzuekin harremanetan egongo, eta, beraz, txikitu egingo da birusa transmititzeko aukera. Kutsatzeko arrisku handiena birusa ezkutuan dagoenean gertatzen da, hau da, inkubazio-fasea luzea denean edo sintomarik sortzen ez badu. Hain justu, azken hori izan da COVID-19a hain azkar eta ustekabean hedatzeko arrazoi nagusietako bat.

Dena den, ikertzaileek ez dute mutazioen eragina gutxietsi, eta gogora ekarri dute SARS-CoV-2a mutazioen bidez iritsi dela saguzarretatik gugana. Adibide gehiago ere eman dituzte: hiesa eragiten duen GIBa ere txinpantzeen birus batetik dator; eta Ebola birusak ere mutazio bati zor dio gizakiak infektatzeko ahalmen hilgarria. Baina agerraldiaren erdian gertatzen diren mutazioen eragina aurreikustea eta frogatzea ezinezkoa dela azpimarratu dute. Horretarako denbora behar da, eta denbora gutxi igaro da oraindik.

Hori bai: SARS-CoV-2aren mutazioen identifikazioari esker, ikertzaileek birusaren zuhaitz filogenetikoa osatu dute, eta, horren bidez, pandemiaren hedapenari jarraipena egiteko aukera izan dute. Hortik haragoko aurreikuspenak okerrak eta arriskutsuak ere izan daitezkeela ohartarazi dute.]]>
<![CDATA[COVID-19aren eragina LGTBIQ kolektiboan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/012/001/2020-05-10/covid_19aren_eragina_lgtbiq_kolektiboan.htm Sun, 10 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1932/012/001/2020-05-10/covid_19aren_eragina_lgtbiq_kolektiboan.htm
Dagoeneko abian dira zenbait ikerketa, LGTBIQ kolektiboan konfinamenduak izan duen eragina neurtzeko. Oraindik emaitzarik ez dagoen arren, aurreikusten dute ondorio kaltegarriak izango dituela ekonomikoki eta sozialki, beste gutxiengo batzuetan gertatzen ari den bezala.

Osasunaren ikuspegitik, beste aldagai batzuek ere zaurgarriago egiten dute populazio-talde hori. Hasteko, osasun-zerbitzuetara jotzeko gainerakoek baino joera txikiagoa dute, eta, joandakoan ere, besteak baino geroago joaten dira. Normalean, aurretik esperientzia txarrak bizi izan dituztelako izaten da; hala, guztiz beharrezkoa izan ezean, saihestu egiten dute osasun-sistemari laguntza eskatzea. Horrek, ordea, diagnostikoa eta tratamendua berandutzea dakar.

Kontsumo-ohiturek ere eragiten dute. Adibidez, ikusi dute COVID-19az gaixotzen diren erretzaileen bilakaera ez erretzaileena baino okerragoa dela. Bada, AEBn 2018an egindako ikerketa baten arabera, erretzaileen ehunekoa 10 puntu handiagoa da gayen, lesbianen, transexualen, transgeneroen eta bisexualen artean, populazio orokorrean baino (% 37 eta % 27, hurrenez hurren). Europan ere, tabakoarena ez ezik, beste substantzia adiktiboen kontsumoa zabalduagoa dago LGTBIQ pertsonen artean.

Horrez gain, beste gaixotasun batzuk izateak ere COVID-19aren larritasuna areagotzen du, eta konfinamenduak are zailagoa egin du gaitz horiek behar bezala zaintzea. Esate baterako, Gaceta sanitaria osasun-aldizkariaren arabera, emakume lesbianetan eta bisexualetan ohikoagoak dira obesitatea, osteoporosia, eta bularreko eta umetoki-lepoko minbiziak. Gizon gay eta bisexualetan, berriz, sexu bidez transmititutako infekzioak, eta uzki, kolon eta prostatako minbiziak nabarmentzen dira, baita elikadura-asaldurak ere. Azkenik, transetan, trantsizionatzearekin erlazionatutako aldagai fisikoak ez ezik (hormona-tratamenduak eta ebakuntzak), beren buruaz beste egiteko arriskua ere aipatzen du aldizkariak.

Oro har, azterketa askotan azaltzen da kolektibo horretan joera handiagoa dagoela depresioa eta antsietatea izateko. Aldagai fisikoak zein psikikoak okertu egiten dira, gainera, adinarekin, baita sozialak ere. Adineko pertsona gay, lesbiana, bisexual eta trans asko bakarrik eta baztertuta bizi dira; hortaz, konfinamendua bereziki gogorra da haientzat. Infektatuz gero, gainera, beste adinekoek baino are pronostiko okerragoa dute, aurretik aipatutako osasun-aldagaien ondorioz.

Erakunde ofizialek COVID-19aren eraginaz ematen dituzten datu publikoetan (kutsatutakoak, ospitaleratutakoak eta hildakoak), askotan ez dira sexuaren arabera bereizita egoten; are gutxiago, identitatearen arabera. Horrenbestez, zaila izango da eraginari buruzko datu errealak izatea. Elkarteen ohartarazpenek balio dezatela arreta jarri eta neurriak hartzeko, LGTBIQ kolektiboko pertsonek jasan ditzaketen ondorio kaltegarriak leuntzeko helburuz.]]>
<![CDATA[Botiken afera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-05-08/botiken_afera.htm Fri, 08 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-05-08/botiken_afera.htm Nature aldizkarian ohartarazi dutenez, ez dago bermatuta seguruak eta eraginkorrak direnik.

Mendebaldeko osasun-sistemak, oro har, beti hartu du errezeloz medikuntza tradizionala, eta ez Txinakoa soilik. Hala ere, ukaezina da medikuntza tradizionalak egungo terapietan egindako ekarpena. Horren erakusgarri nabarmenetako bat Youyou Tu farmazialariari emandako Nobel Saria da. Hain zuzen, malaria tratatzeko, kinina edo klorokina erabiltzen ziren, baina gero eta eraginkortasun txikiagoarekin. Horren aurrean, Youyou Tuk Txinako medikuntza tradizionalera jo zuen; Artemisia annua landaretik konposatu aktiboa isolatzea lortu zuen, artemisina. Horretan oinarrituta garatu dira malariaren bizkarroia zikloaren lehen faseetan hiltzen duten eragile berriak.

Youyou Tuk urteak eman zituen horrekin lanean, eta handik aurrera egindako bidea ere luzea izan da. Orain COVID-19a sendatzeko erabiltzen ari diren terapiek, ordea, ez dute inolako bermerik. Arnas-aparatuko gaitzen aurka milaka urtean erabili badira ere, oraingoan ezin da jakin zer eragin sortuko duten. Are gehiago: ezer ez ematea baino kaltegarriagoak izan daitezke.

Adibide bat Efedra landarea da. Nature-ren arabera, Txinako Gobernuak gomendatutako sendagaien artean dago. Landarearen estimulatzaile bat, pseudoefredina, Europan eta AEBn erabili zen, produktu dietetikoen eta energikoen osagai gisa, eta debekatu egin zuten, hainbat heriotzaren eragile izan zela frogatu baitzuten.

Afrikan, berriz, Madagaskarren ekoitzitako sendabelarren nahaste bat zabaltzen ari dela jakinarazi du Science-k. Ikertzaileak kezkatuta daude, malariaren aurka erabiltzen diren botikekiko erresistentzia areagotu dezakeelako. Hain zuzen, nahastearen osagai nagusia Artemisia annua da, eta, besterik gabe erabiliz gero, artemisinarekiko erresistentzia sorraraz dezake (antibiotikoekin gertatzen den antzera). Arazo benetan larria izango litzateke, artemisinan oinarritutako botikei esker, munduan malariak eragindako heriotzak urtean milioi bat izatetik 400.000 izatera igaro baitira. Gainera, ez dago frogatuta artemisinak inolako eragin onuragarririk duenik COVID-19aren aurka.

Mundu osoan ari dira probatzen dagoeneko beste gaitz batzuen aurka erabiltzen diren botikak, ikusteko ea eraginkorrak diren COVID-19a sendatzeko. Bazirudien batek edo bestek emaitza onak eman zitzakeela, hidroxiklorokinak, adibidez. Hori ere malariaren kontra erabiltzen da, eta Donald Trump AEBko presidenteak, zalantza eta zuhurtzia izpirik gabe, hura erabiltzea bultzatu zuen, pandemiak herrialdea jo zuenean. Ikerketa gehiago egin ahala, ordea, ez da ikusi eragin onuragarririk duenik.

Bestalde, osasun-sistemak erantzun eraginkor eta behin betikoa eman ezin duen guztietan gertatzen den moduan, oraingoan ere areagotu egin da sasimedikuntzako produktuen eskaintza. Erakundeak, zientzia-komunitatea eta kazetariak lanean ari dira halakoak identifikatzeko eta gizarteratzea galarazteko, arriskutsuak baitira, oso, baina, itxuraz, inolako kalterik egiten ez badute ere.

Erabilera berria bada, sendagai guztiek gainditu behar dituzte saio klinikoak, baita lehendik beste gaitz batzuen aurka erabiltzen zirenek ere. Ezagunak diren 600 botika inguru probatzen ari dira saio klinikoetan, COVID-19a tratatzeko balio ote duten ikusteko. Oraingoz, bakarrak eman ditu nolabaiteko emaitza onak, Remdevisir antibiralak. Horrenbestez, ikertzen jarraitzen dute, sendagai seguru eta eraginkorren bila.]]>
<![CDATA[Talde-immunitatea, urruti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-05-06/talde_immunitatea_urruti.htm Wed, 06 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-05-06/talde_immunitatea_urruti.htm
SARS-CoV-2a agertu zenean, inork ez zuen immunitaterik haren aurrean; munduko populazio osoa zen babesgabea. Txertorik ere ez dago; beraz, talde-immunitatea lortzeko era bakarra hau izango litzateke: infektatutakoak sendatu ahala, immune geratzea, eta, hala, ez izatea berriro gaixotzeko arriskurik. Populazioaren gutxienez % 60-70 berez immunizatuta egonez gero, infektatu ez direnek talde-immunitatearen babesa izango lukete. Nahikoa izango litzateke prebentzio-neurri orokorrak hartzea ez kutsatzeko.

Izurria Txinatik kanpo hedatzen hasi zenean, kutsatutakoak isolatu eta transmisioa eteteko neurriak hartzen hasi ziren leku gehienetan. Izan zen, hala ere, talde-immunitatea sortzea proposatu zuen agintaririk; adibidez, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa.

Atzera egin behar izan zuen, ordea: birusaren hilkortasuna zehazki zenbaterainokoa zen ez zekiten arren, garbi zegoen talde-immunitatea lortzerako heriotza-kopuru izugarria gertatuko zela. Izan ere, pandemiari aurre egiteko neurriak hartu ezean, populazioaren % 0,5-1 hilko litzatekeela aurreikusi zuten; gehienak adinekoak. Bai herritarrek bai adituek onartezintzat jo zuten, eta, azkenean, aurretik Italiak eta Espainiak, adibidez, hartutako neurrien antzekoak ezarri behar izan zituen.

Dena dela, proposamena aurrera atera izan balitz ere, ez dirudi eraginkorra izango zenik; ez, behintzat, epe motzera. Izan ere, oraindik ez dago garbi infekzioa gainditu dutenek lortzen duten immunitatea zenbateraino den sendoa eta zenbat irauten duen. Gainera, oso prozesu motela da, eta olatualdi bat baino gehiago beharko lirateke.

Baina prebentzio-neurriak ere ez direnez guztiz eraginkorrak izan, kutsatu asko izan dira. Batzuk hil egin dira, beste batzuk sendatu, eta askok oharkabean igaro dute gaitza. Azken horiek, sendatutakoek bezala, antigorputzak sortu dituztela ikusi dute test serologikoen bitartez. Beraz, populazioaren zati bat immunizatuta dago. Zenbat dira, ordea?

Espainian duela gutxi hasi dute seroprebalentzia azterketa zabal bat, jakiteko zenbat jende infektatu duen birusak. Oraindik asteak beharko dira emaitzak ezagutzerako, eta, bitartean, lekuan lekuko zenbait ikerketaren emaitzak argitaratzen ari dira. Oso albiste ona izango litzateke frogatuko balitz benetan jende askok igaro duela infekzioa konturatu gabe.

Alabaina, oraingoz ez dago oso itxaropentsu izateko arrazoirik: Bartzelonako Clinic ospitaleko osasun-langileei (578 pertsona) egindako azterketaren arabera, eta une horretan infektatuta zeudenak eta infekzioa igaro zutenak gehituta, % 11,2koa baino ez zen ehunekoa.

Kataluniako ikertzaileek ohartarazi dutenez, oso litekeena da populazioaren ehunekoa are txikiagoa izatea, langile horien kutsatzeko arriskua askoz handiagoa baita gainerakoena baino. Horrenbestez, talde-immunitatea lortzea zenbaitek uste zutena baino askoz ere urrutiago dago, eta ezinbestekoa da oinarrizko prebentzio-neurriei eustea.]]>
<![CDATA[Bidean ikasitakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2184/013/001/2020-05-03/bidean_ikasitakoa.htm Sun, 03 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/2184/013/001/2020-05-03/bidean_ikasitakoa.htm
Birusaz. Dagoeneko ez da guztiz ezezaguna. Badakite nolakoa den eta zein den haren jatorria. Ez dakite nola iritsi zen gizakietara, baina genoma deskodetu dute. Pertsonatik pertsonara ahotik kanporatutako tantaxken bidez transmititzen dela berretsi dute. Zer zeluletara sartzen den eta nola ere argitu dute.

Gaitzaz. Ikusi dute ez dela gripe txar bat, ezta ohiko pneumonia bat ere. Ez die denei berdin erasaten; batzuei, zirkulazio-sisteman eta garunean ere eragiten dizkie kalteak. Eta hilgarria ere izan daiteke. Alabaina, beste batzuek sintoma arinekin edo guztiz oharkabean gainditzen dute infekzioa.

Izurriaz. Geldiezina izan da. Hasieratik, eta lurralde gehienetan, jarri zaizkion hesi guztiak eraitsi ditu, bata bestearen atzetik. Txinan, gaixoak bakartzetik eta kutsatuak detektatzetik hasi ziren; hiri osoak berrogeialdian jarri zituzten gero; mugitzea debekatu; konfinamendua agindu. Alferrik. Neurri eraginkorrak ezartzeko gai izan aurretik, izurria Europara eta beste kontinenteetara hedatu da. Diagnostikoak eta aurreikuspenak berandu egin dira.

Prebentzio-neurriez. Zenbat eta lehenago ezarri, orduan eta eraginkorragoak dira. Norbanakoetatik hasi eta gizarte osoa barne hartzen dutenetara ezarri dira. Norbanakoei dagokienez, besteekiko 1,5-2 metroko tartea uztea eta eskuak eta gainazalak maiz garbitzea dira eraginkorrenak. Eta maskarak derrigorrezkoak dira lurralde askotan. Populazio osoan, konfinamendua baliagarria izan da pandemiaren gorakadari eusteko. Teknologia berrien erabilera mugatua izan da, baina zenbait lekutan oso baliagarriak izan dira.

Osasungintzaz. Lehendik osasun-sistema sendoa eta baliabide nahikoak zituzten herrialdeek eman dute erantzun onena. Osasun langileak eskarmentuaren poderioz joan dira ikasten eta egokitzen jarraibideak. Orain, badaude profesional trebatuak, eta esperientzian eta ikerketetan oinarritutako jakintza dute. Ospitaleak ez ezik, medikuntza prebentiboa eta osasun publikoa funtsezkoak direla ikusi dute.

Tratamenduez. Ez dago berariazko sendagairik, baina ari dira sintomak eta patologia arintzen duten botikak probatzen, baita plasma-transfusioak egiten ere. Gero eta ebidentzia gehiago dago jakiteko zer den eraginkorra, noiz eta norentzat. Sendagai berriak garatzeko ikerketak martxan daude, baita txertoenak ere.

Zientzia-arloaz. Nazioarteko lankidetza inoiz baino azkarragoa eta emankorragoa izaten ari da. Agerian geratu da diziplinartekotasuna gakoa dela, eta beharrezkoa dela politiketan zientzialariek duten erabaki-ahalmena eta ardurak definitzea.

Pertsonez. Zahar etxeetako egoiliarren eta langileen egoerak, dibertsitate mentala dutenenak, etxeko langileenak, kalean bizi direnenak, lanik gabe geratu direnenak... azaleratu du bizitza erdigunera ez dela lelo hutsa, bestelako politikak egiteko oinarria baizik. Gizakia espezie altruista dela ere berretsi da, eta izaki soziala dela.

Asko da bidean ikasitakoa. Ordaina garestia izan da; ezin da alferrik galdu.]]>
<![CDATA[Sexu- eta ugalketa- eskubideak, itzalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2692/007/001/2020-05-01/sexu_eta_ugalketa_eskubideak_itzalean.htm Fri, 01 May 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/2692/007/001/2020-05-01/sexu_eta_ugalketa_eskubideak_itzalean.htm
Askoren gogoan zegoen zika birusaren izurriak 2016an eragindako hondamendia. Birusa eltxo baten ziztadaren bitartez transmititzen da, eta bereizki kaltegarria da fetuarentzat. Berez abortatzea edo jaioberriek mikrozefalia izatea eragiten du. Horren beldur, haurdun askok abortatzea erabaki zuten, eta, izurriak gogor jo zuen herrialdeetako batzuetan abortatzea ez denez legezkoa, emakume asko hil ziren ezkutuko abortuetan.

SARS-CoV-2 birusak, ordea, ez du horrela jokatzen. Orain arteko datuen arabera, haurdunentzat ez da besteentzat baino gaiztoagoa, eta ez da frogatu fetuari eragiten dionik (transmisio bertikala). Esnearen bitartez ere ez da kutsatzen, baina oraindik ez dakite edoskitzean zenbateko arriskua dagoen haurra kutsatzeko, amaren arnasaren bidez. Badaezpada ere, zuhur eta prebentzio-neurririk zorrotzenekin jokatzea gomendatu dute.

Hala egiten ari dira erditzeetan ere, are gehiago emakumeak positibo emanez gero diagnostiko-proban. Eta neurriek haurdunen jarraipenari zein ugalketa lagunduko tratamendua jasotzen ari zirenei ere eragin die. Hala, hainbat elkartek salatu dute sexu- eta ugalketa-eskubideak urratzen ari direla.

Adibidez, hilaren hasieran, gobernuz kanpoko ehunka elkartek dei egin zieten Europako gobernuei, abortu-eskubidea berma dezaten. Besteak beste, abortuak bideratzeko trabak ezabatzea eta etxean abortu goiztiarrak izateko laguntza ematea eskatu zuten. Gogorarazi zutenez, konfinamenduak antisorgailuak erabiltzea eragotzi die emakume askori, eta etxe barruko bortxaketak ere areagotu egin dira. Horrek nahi gabeko haurdunaldiak ekarri ditu.

Ginekologia eta Obstetriziako Nazioarteko Federazioak (FIGO) ere ohartarazi du lehendik egoera zaurgarrienean zeuden neska eta emakumeak direla orain gogorren pairatzen ari direnak COVID-19agatik hartutako neurrien ondorioak. Federazioak mundu osoko 132 herrialde eta lurraldetako ginekologia eta obstetrizia erakundeak biltzen ditu, eta ikusi dute mundu osoan areagotu direla sexu- eta ugalketa-eskubideen urraketak: bortxaketak eta nahi gabeko haurdunaldiak ugaritzeaz gain, sexu-bidezko transmisioko gaitzen prebentzioa ere etenda geratu da, neurri handiagoan edo txikiagoan, leku guztietan.

Abortuari buruz, azpimarratu dute frogatuta dagoela abortu-tasak antzekoak direla abortua librea den lurraldeetan eta mugatuta dagoenetan. Azken horietan, baina, amek askoz ere gehiago jartzen dute arriskuan beren burua, osasun-sistematik kanpo abortatzera behartuta baitaude.

Konfinamenduak abortatzeko eskubidean ezarritako mugak gainditzeko, telemedikuntzaren alde egin du FIGOk. Baieztatu duenez, urrutitik jasotako aholku eta jarraibideekin, eta botikak eskuragarri jarrita, etxean egindako abortu goiztiarrak eraginkorrak eta seguruak dira. Leku askotan dagoeneko ari dira horrelako zerbitzuak eskaintzen, eta irtenbide egokia dela berretsi du federazioak. Hala ere, beldur da pandemiaren ondorioak sexu- eta ugalketa-osasunean luzera ere antzemango direla, ez baitzaie lehentasunik eman.]]>
<![CDATA[Korrika, zentzuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2057/004/002/2020-04-29/korrika_zentzuz.htm Wed, 29 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/2057/004/002/2020-04-29/korrika_zentzuz.htm
Ez da hala izan Hego Euskal Herrian, eta asko gogo biziz daude noiz emango baimena korrika egitera edo, besterik ez bada, ibiltzera ateratzeko. Itxaropen horrekin batera etorri dira, ordea, zalantzak: zer neurri hartu behar dira kirola egitean, infekzio-arriskua ez areagotzeko?

Aire librean eta bakarka egitea dira neurri orokorrak, baina oso ikerketa gutxi egin dira, berariaz, kirolaren gainean. Egin den bakarrenetakoak, gainera, kezka handia piztu zuen, gomendatutako 1,5-2 metroko tartea baino askoz ere handiagoa utzi behar zela ondorioztatu baitzuten, bata bestearen atzetik joatekotan korrika zein bizikletan: korrika, 10 metro, eta bizikletan, 20.

Herbehereetako eta Belgikako ikertzaile-talde batek egin zuen lan hori, eta, COVID-19arekin zerikusia duten gehientsuenak bezala, ikertzaile independenteak berrikusi baino lehen argitaratu zen. Adituek ikusi zutenean, ordea, berehala bota zuten atzera, akats nabarmenak baitzituen kirolariek ahotik kanporatzen zituzten tantaxken hedapenean. Azken finean, tantaxka horietan garraiatzen da birusa, eta funtsezkoa da jakitea nola hedatzen diren, beste pertsona batengana iristeko eta hura infektatzeko arriskua neurtzeko.

Adituek jakinarazi dutenez, tantaxketan birusek aire librean egin dezaketen bidea ez da oso luzea. Haizeak eragin handia izango du, noski, baita pertsonen arteko distantziak eta kokapenak ere, eta elkarren ondoan egiten duten denborak. Hau da, ez da gauza bera parez pare egokitzea une jakin batean, edo bata bestearen atzetik joatea, haizeak jotzen duen norabidean, ordubetez. Ikerketan, aldagaietako batzuk kontuan izan zituzten, baina gehiegi sinplifikatu zuten, eta, beraz, emaitzak ez dira baliozkoak.

Horrenbestez, berariazko ikerketen faltan, zentzuz jokatzea aholkatzen dute adituek. Bereziki, eragoztea jende asko elkartzeko arriskua dagoen lekuetara eta ordutan ateratzea. Horretarako, aplikazio informatikoak laguntza handikoak izan litezke, baina, oraingoz, ez dute halakorik jarri eskura.

Maskara erabiltzearen gainean, berriz, ez dago adostasunik. Batzuen iritziz, beste edozein jardueratan bezala, maskara lagungarria da norberak kanporatzen dituen tantaxkei eusteko. Beste batzuek diotenez, aldiz, korrika egitean arnasarekin busti egiten da, eta eraginkorra izateari uzten dio.

Eskuak garbitzeak urrezko araua izaten jarraitzen du. Korrika egitean, normalean, ez da gainazalik ukitzen. Baina luzamenduak egitean edo atseden hartzean agian bai, eta gainazal horretan egon daitezke birusak, nahiz eta ez den barruan bezain erraza, eguzki-erradiazioak eta aire lehorrak suntsitu egiten baititu. Gainera, infektatzeko, gutxieneko birus kopuru bat egon behar da, eta sudurretik, ahotik edo begietatik barneratzen dira, ez larruazaletik. Horregatik, eskuak garbitzea bezain garrantzitsua da aurpegia ez ukitzea, eta hori zailagoa da, oharkabean egiten baitugu, adibidez, izerdia kentzeko edo ilea edo betaurrekoak ondo jartzeko.

Aipatzen dituzten beste neurri batzuk ere zentzukoak dira: ez bota listurik, eta kontuz ibili ez lesionatzeko.

Neurri horiek hartuz gero, ariketa fisikoa egitera ateratzeak onurak baino ez ditu ekarriko. Besteak beste, lagungarria izango da obesitatea saihesteko, odol — eta digestio— aparatuen funtzionamendurako, hezurretarako (eguzkiari esker ekoizten den D bitaminaren bidez), lo ondo egiteko, immunitate-sistema sendotzeko, estresa eta antsietatea leuntzeko, gaitasun kognitiboei eusteko eta hobetzeko, erritmo zirkadianoa (gaua eta eguna) erregulatzeko, eta adikzioak kontrolatzen laguntzeko.]]>
<![CDATA[Txertoa: itxaropen mugatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/011/001/2020-04-26/txertoa_itxaropen_mugatua.htm Sun, 26 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1932/011/001/2020-04-26/txertoa_itxaropen_mugatua.htm
Adibidez, dezenteko zalaparta sortu zen hilaren hasieran, Jean-Paul Mira eta Camille Locht ikertzaileek egindako proposamenaren harira. Hain zuzen, bi ikertzaileek txertoaren probak Afrikako populazioan egitea proposatu zuten Frantziako telebista batean. Miraren esanean, afrikarrak aproposak dira txertoa probatzeko, zaurgarrienak direlako, ez baitute ez maskarik, ez tratamendurik ez suspertze-unitaterik. Hiesaren txertoa prostitutetan probatzearekin parekatu zuen: «Badakigulako arriskuan daudela eta ez direla babesten», esan zuen. Lochtek bat egin zuen bere kidearekin.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak gogor gaitzetsi zituen adierazpen horiek, eta arrazistatzat jo zituen, pentsamolde kolonialaren isla. Gaia hor geratu zen, baina ez litzateke harritzekoa izango antzeko asmoren bat izatea beste zenbait ikertzailek, lehen ere gertatu izan baitira halakoak, hiesaren txertoarekin, kasurako, Mirak aipatu bezala.

Hain urrutira joan gabe, Egun Bat Lehenago (1Day Sooner) egitasmoak ere piztu ditu zalantza etikoak. Egitasmo horren helburua proba klinikoen denbora laburtzea da. Lehen bi faseetan, txerto esperimentalen segurtasuna eta eraginkortasuna probatzen dira talde txikitan. Hirugarrengo fasea lagin handiagoan egiten da: boluntarioei txertoa ematen zaie, eta ikusten da ea badagoen alderik txertoa hartu dutenen eta ez dutenen artean.

Hor nahi dute eragin egitasmoaren bultzatzaileek. Berez, boluntario horietatik batzuk baino ez lirateke infektatuko; beraz, jende eta denbora asko beharko litzateke txertoaren emaitzak ikusteko. Denbora aurrezteko boluntarioak nahita infektatzea proposatzen dute. Hau da, txerto esperimentala eman, balizko eragin babeslea sortu arte itxaron, SARS-Cov-2 birusarekin infektatu, eta ikusi ea txertoak babesten dituen ala ez.

Dagoeneko ehunka pertsonak adierazi dute parte hartzeko prest leudekeela, eta egitasmoarekin zerikusirik ez duten ikertzaile eta politikari batzuek ere ontzat eman dute.

Edonola ere, oraindik ez dago txertoaren hautagairik hirugarren fasean. OMEk jakinarazi duenez, aurreratuenak bigarren fasean daude; alegia, seguruak direla frogatu dute, eta orain eraginkorrak ote diren ikusi behar dute. Txinan joan den astean hasi ziren bat probatzen, 500 pertsonarekin, Pekingo Bioteknologia Institutuaren eskutik. Eta aste honetan abiatu dute beste proba bat, Oxfordeko Unibertsitateak gidatuta, 510 boluntariorekin. Beste lau daude lehen fasean, eta 77 fase preklinikoetan.

Kontuan hartuta gaitzaren lehen berria iazko abenduan jaso zela, ukaezina da benetan azkar ari direla garatzen txertoak. Baina, dena ondo aterata ere, ez dira pandemiaren lehen olatua gerarazteko garaiz iritsiko, Cell aldizkari zientifikoan argitaratutako txosten baten arabera. Horrez gain, txostenean gogorarazi dute txertoa benetan eraginkorra izan dadin ez dela nahikoa segurua eta eraginkorra izatearekin; populazio osoaren eskura jartzeko modukoa izan behar du. Ekoizteko, biltegiratzeko, banatzeko eta emateko baliabideak eta azpiegiturak ere sortu behar dira, eta horretarako ere denbora beharko da.]]>
<![CDATA[Tabakoa eta SARS-Cov-2 birusa: harreman arriskutsuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-04-24/tabakoa_eta_sars_cov_2_birusa_harreman_arriskutsuak.htm Fri, 24 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-04-24/tabakoa_eta_sars_cov_2_birusa_harreman_arriskutsuak.htm berreste alderako isuria deitzen zaio psikologian; beraz, ez da harritzekoa ontzat jo izana oraingoz hipotesi bat baino ez dena.

COVID-19arekin lotutako ikerketa gehienak bezala, beste inork baieztatu aurretik argitaratu dute ikerketa, eta izenburuan bertan diote hipotesi bat dela. Zehaztapen bat: izenburuan ez dute tabakoa aipatzen, nikotina baizik. Horrez gain, prebentzioan eta tratamenduan ondorioak izan ditzakeela iradokitzen dute.

COVID-19agatik anbulatorioetan tratatutako 130 paziente eta ospitaleratutako beste 350 aztertu dituzte. Besteak beste, ikusi zuten % 5 baino ez zela erretzailea. Frantziako populazio osoan dagoen erretzaileen ehunekoa aintzat hartuta, pazienteen artean erretzaile gehiago egon beharko luketela kalkulatu zuten. Hortik ondorioztatu dute erretzeak COVID-19aren sintomak izatetik babesten duela.

Ikertzaileen ustez, gakoa nikotinan egon daiteke. Izan ere, SARS-COV-2 birusak erasotzen dituen zelula askok nikotinaren errezeptoreak dituzte: neuronak, immunitate-sistemako zelulak (makrofagoak, adibidez), bihotza, birikak eta odol-hodiak. Horrenbestez, litekeena da nikotinak birusarekin lehiatzea, eta, horren bidez, oztopatzea birusari zeluletara lotzea.

Nikotinaren eragin hori frogatuta dago beste eragile batzuekin. Orain, SARS-COV-2tik babesteko probatzea proposatzen dute Parisko ikertzaileek. Hasteko, zelula-kultiboetan eta animaliekin egingo dituzte esperimentuak, eta aurreratu dute nikotina txaplaten bidez edo beste moduren batera emateko aukera egongo litzatekeela. Artikuluaren amaieran, gogorarazi dute nikotinak mendekotasuna sortzen duela, eta erretzea txarra dela osasunerako.

Ikerketa hori ez da, ordea, tabakoak COVID-19an duen eraginari buruz argitaratu den bakarra. Aitzitik, dozenaka ikerketa egin dira hainbat herrialdetan, eta ikerketa horien gaineko azterketak ere egin dira (Review). Azterketa horien ondorioak banakako ikerketenak baino sendoagoak izan ohi dira, elkarren artean alderagarriak diren ikerketak bakarrik hartzen baitituzte aintzat, eta kalitate-irizpideak betetzen dituztenak.

Horrelako azterketa bana egin dute, adibidez, Kaliforniako Unibertsitatean (hamabi ikerketa, guztira 9.025 paziente) eta Harvardekoaren eta Kretakoaren artean (bost ikerketa, 1.549 paziente); eta bietan ondorioztatu dute erretzea kalterako dela, hau da, COVID-19aren bilakaera okerragoa dela erretzaileetan. Adibidez, bigarrengoan aztertutako ikerketetako batean, Chinese Medical Journal-en argitaratutakoa, aldea esanguratsua zen: 78 pazientetatik, okerrera jo zuten pazienteen artean erretzaileen ehunekoa % 27,3koa zen; bilakaera ona izan zutenen artean, berriz, % 3koa baino ez.

Inon ez dute ikusi tabakoak SARS-Cov-2 birusetik babesten duenik. Bai, ordea, erretzeak COVID-19aren bilakaera okertzen duela. Beste infekzio batzuetan, frogatuta dago erretzaileak kalteberagoak direla, hala nola gripean eta MERSean (hori ere koronabirus batek eraginda). Horrenbestez, jakinda ere berresteko ikerketa gehiago eta sakonagoak beharko direla, erretzea kalterako dela ondorioztatu dute.

Bestalde, erretzeko keinuak berak (zigarroa eskuekin heldu, eta behin eta berriro ahora eramatea ere) infektatzeko arriskua areagotzen duela ohartarazi dute beste ikertzaile batzuek. Erretzeko maskara kokotsera jaistea ere, jakina, ez da komenigarria. Dena dela, horrek guztiak ez du zerikusirik nikotinaren balizko eragin babeslearekin. Auzi honetan ere, ikerketaren emaitzak ezagutzeko itxaron egin beharko da.]]>
<![CDATA[Testak ez dira urrezko giltza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-22/testak_ez_dira_urrezko_giltza.htm Wed, 22 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-22/testak_ez_dira_urrezko_giltza.htm
Mario Fontan Vela Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezializatutako medikuak bota zuen Twitterren, balizko pasaporte serologikoen baliogabetasuna azaltzean. Hain zuzen, nahiko zabalduta dago testak eta haietan oinarritutako «pasaporteak» konfinamendutik ateratzeko urrezko giltza izango direla. Uste horren arabera, antigorputzak detektatzen dituen test batean pertsona batek positibo emanez gero, immunea izango litzatekeela jakingo luke. Ez luke berriz infektatzeko arriskurik izango, ezta beste inor kutsatzekoa ere. Hortaz, immunitate-pasaportea edo pasaporte serologikoa izango luke, eta ez luke prebentzio-neurririk hartu beharrik izango.

Proposamen horrek galdera etikoak eta legalak sortzen ditu. Besteak beste, ez dagoenez testa herritar guztiei egiteko aukerarik, nola aukeratu nori egin? Baina, hori alde batera utzita, ez du oinarri zientifikorik. Smriti Mallapaty ikertzaileak Nature aldizkarian argi dio: testen ahalmenari balio handiegia eman zaio, eta txikiegia haien mugei. Are gordinago adierazi du antigorputz-testak egiten dituen Vitalant Institutuko zuzendariak, Michael Buschek: «Test txar bat egitea baino hobe da testik ez egitea».

Testak ezinbestekoak dira jakiteko zenbat hedatu den eta nori eragin dion pandemiak. Antigorputzen testek ez dute birusa detektatzen, baizik eta infektatuek birusen aurka sortzen dituzten defentsetako batzuk. Hain zuzen, immunitate-sistemak mekanismo bat baino gehiago erabiltzen ditu infekzioa gainditzeko, eta horietako bat dira antigorputzak, eta denak ez dira berdinak.

Egiten ari diren testak era askotakoak dira, eta guztiak ez dira behar bezain eraginkorrak eta fidagarriak. Izan ere, oso azkar garatu eta kaleratu dira, eskaera handia baita, baina, normalean, ontzat jotzeko, proba gehiago egin beharko lirateke, pertsona gehiagorekin. Horren ondorioz, erabiltzen diren testetako batzuen emaitzak ez dira fidagarriak.

Baina hori ez da dena. Oraindik ez dago garbi infektatu diren guztiek antigorputzak sortzen ote dituzten. COVID-19az arin gaixotu eta sendatu ziren 175 pertsonaren azterketak erakutsi du haietatik hamarrek ez zutela antigorputz neutralizatzailerik sortu.

Denbora ere kontuan hartu behar da. Izan ere, antigorputzak ez dira berehala sortzen. Hortaz, gerta daiteke infekzioa gainditu duen norbaitek negatiboa ematea, oraindik ez delako antigorputzak sortzeko nahikoa denbora igaro.

Tximinoekin egindako ikerketetatik ondorioztatu dute sendatu direnak ezin direla berriz gaixotu. Pertsonetan ere hala izango dela uste dute, edo, gaixotzekotan, sintoma arinak izango dituztela. Oraindik goiz da baieztatzeko, ordea. Eta ez dakite ezta immunitateak zenbat irauten duen ere. Beste galdera bat da ea antigorputzak dituztenek (gaitza gainditu eta babestuta daudenek) infekzioa transmititzeko (besteak kutsatzeko) gai ote diren. Pasaportea izateko, horrek ezinbesteko baldintza izan beharko luke. Alabaina, hori ere ezin dute bermatu. Alemanian, COVID-19arekin ospitaleratutako pazienteekin egindako ikerketa batean, ikusi dute astebete igarota pazienteen erdiek bazituztela antigorputzak, baina, hala ere, jarraitzen zuten birusa izaten gorputzean.

Ulertzekoa da jendeak erantzunak nahi izatea, eta zientzialariei eskatzea erantzunak. Agintariek ere haiengan jarri dute ardura. Horren aurrean, gogoan hartzekoa da Jim Al-Khalili fisikariak The Guardian egunkarian esandakoa: «Zalantza funtsezkoa da zientzian. Politikarientzat, ordea, ahuldade-zantzua da».]]>
<![CDATA[Adinekoen paradoxa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/009/001/2020-04-19/adinekoen_paradoxa.htm Sun, 19 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1930/009/001/2020-04-19/adinekoen_paradoxa.htm
Baina arrazoi biologikoek ez ezik, sozialek ere eragin nabarmena dute gaitzaren larritasunean. Nahikoa da ostiraleko BERRIA egunkariak zekarren datu bat gogoratzea, horretaz jabetzeko: COVID-19ak Hego Euskal Herrian hildako guztien ia erdiak zahar-etxeetako egoiliarrak ziren.

Beste kolektibo batzuetan agerian geratzen ari den bezala (dibertsitate fisiko edo psikikoa dutenak, arazo ekonomikoak dituztenak, indarkeria matxista jasaten dutenak...) arazoa ez da orain sortu; lehendik zegoen, eta COVID-19aren kudeaketak azaleratu eta areagotu egin du. Hala baieztatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak egindako ikerketek; haien arabera, adinekoen artean hazi egin direla antsietatea, bakardade sentimendua eta beldurra, konfinamenduaren ondorioz.

The Lancet medikuntza aldizkariak ere jaso ditu ondorio horiek, urruntze sozialak adinekoengan duen eraginari buruzko artikuluan. Eta, azaltzen du, etxetik kanpo ariketa fisikoa egiteko aukerarik ez izatea arrisku-faktore garrantzitsua dela depresioan eta beste asaldura psikikoetan.

Artikulu berak ariketa fisikoa ez egiteak dakartzan kalte fisikoez ere ohartarazten du. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ekartzen ditu gogora: astean, ariketa fisiko lasaiko 150 minutu, edo 75 minutu gogorragoa bada. Eta zehazten du, hirurogei urtetik gora, edozein arrazoiengatik hiltzeko arriskua %22 murrizten dela ariketa fisikoa eginez gero, baita OMEk gomendatutakoa baino gutxiago eginda ere. Beste onura batzuk ere aipatzen ditu: mugitzeko eta eguneroko jarduerak egiteko arintasuna, koordinazioa eta malgutasuna hobetzea, pisu egokiari eustea, eta erorikoak prebenitzea.

Bestalde, adinekoek ez dute beste populazio-talde batzuek bezainbesteko baliabiderik eta erraztasunik konfinamenduak dakartzan urruntze sozialari eta sedentarismoari aurre egiteko. COVID-19ak, gainera, beste aldagai bat ekarri duela azpimarratu dute, bakardadeari buruz lehen egindako beste azterketetan ez zegoena: ziurgabetasuna.

Izan ere, inork ez daki zer bilakaera izango duen pandemiak; maila txikiagoan, ezta zenbat denbora iraungo duten urruntze sozialaren aginduak ere. Baina, agintariek iradoki dutenez, litekeena da konfinamendua luzatzea adinekoentzat.

Horren aurrean, bakartzearen kalteak arintzeko, hiru neurri proposatzen dira artikuluan. Lehenik, telebista, irrati eta internet bidez, osasun psikikoa eta fisikoa (ariketa eta dieta) zaintzeko aholkuak ematea, baita baliabide digitalak erabiltzeko jarraibideak ere, lagunekin eta senideekin harremana izateko. Horrez gain, osasun-langileen laguntza bideratzea maila pertsonalean, eta, azkenik, boluntarioen bidezko zaintza eta laguntasuna.

Hein batean, horrelakoak jarri dira martxan hemen ere. Esaterako, ETB1 Adinberri saioa ematen hasi da, adinekoen ongizate fisikoa eta emozionala lantzeko; eta herri eta auzoetan sortu diren elkartasun-sareen lehentasunetako bat adinekoak dira. Argi dago, ordea, ez dela nahikoa. Konfinamendua zentzuz malgutzeak asko erraztuko luke adinekoei arreta hobea ematea, onerako beharko zukeena ez dadin kalterako izan. ]]>
<![CDATA[Bakardadea, harremanen gosea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/006/001/2020-04-17/bakardadea_harremanen_gosea.htm Fri, 17 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/006/001/2020-04-17/bakardadea_harremanen_gosea.htm
Psikologo askok alderatu izan dute gosearekin eta egarriarekin: bakardadea sentitzea alarma biologiko bat da; goseak jana eta egarriak ura bilatzera bultzatzen gaituzten bezala, bultzatzen gaitu bakardadeak besteekin harremanetan jartzera.

Martxoaren 26an, justu izurria kontinente guztietara hedatu zen garaian, bakartze sozialak eta goseak garunean duten eragina alderatzen dituen esperimentu baten emaitzak argitaratu zituzten. Massachusettseko Teknologia Institutuan egin zuten esperimentua, Livia Tomova eta Rebecca Saxe neurozientzialarien gidaritzapean, eta 40 boluntariok parte hartu zuten.

Lehenik eta behin, boluntarioen garuna aztertu zuten erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzako teknika baten bitartez (fMRI). Teknika hori oso erabilia da era horretako esperimentuetan, eta garunaren eremu jakinen jarduera ikusteko aukera ematen du.

Hamarna orduko bi saiotan banatu zuten esperimentua. Lehen saioan, janaria ukatu zieten, eta, bigarrenean, harreman sozialak izatea. Guztiz zorrotz jokatu zuten: lehenengoan ura baino ezin zuten edan; bestean, fisikoki bakartuta egoteaz gain, ez zieten ez telefonorik ez ordenagailurik izaten utzi, eta, irakurgaiak eduki bazitzaketen ere, liburu horietan ezin ziren agertu nolabaiteko laguntasuna eman zezaketen pertsonaiak.

Saio bakoitzaren ondoren, garunaren jarduera aztertu zuten. Gai beltza deritzon eremuan jarri zuten arreta. Hain zuzen, dopamina sortzen duten guneetako bat da, gogoarekin eta desirarekin lotuta dago, eta funtzio garrantzitsuak ditu ordainsarian, ikasketan eta mendekotasunetan, besteak beste. Hain zuzen, mendekotasuna duten pertsonetan, eremu horren jarduera areagotu egiten da adikzioa duten substantzia erakusten zaienean.

Lehen saioaren ondoren, gustuko zituzten janarien argazkiak erakutsi zizkieten boluntarioei; eta atsegin dituzten harreman sozialenak, bigarrenaren ondoren. Kontrolerako, loreen argazkiak erabili zituzten. Bietan, gai beltzaren jarduera areagotu egiten zela frogatu zuten ikertzaileek; hori bai, erantzunaren intentsitatea nabarmenagoa zen gosearen kasuan, bakardadearenean baino.

Erresonantzia magnetiko bidezko irudiak bat zetozen boluntarioek adierazten zuten gose eta bakardade subjektiboekin, eta adimen artifizialeko programa batek berretsi zituen, programa gai izan baitzen erantzunak aurreikusteko.

Konfinamendu-agindua, ordea, ez da esperimentu boluntario bat, eta ez da hamar ordutara mugatzen. Talde batzuk, gainera, bereziki zaurgarriak dira, adinekoak, esaterako. Adinekoen bakardadearen pertzepzioa izeneko proiektuan lan egiten duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek egiaztatu dutenez, konfinamenduak larriagotu egin du lehendik ere bakarrik zeuden adinekoen sentimendua.

Aldi berean, ikusi dute ondoen sentitzen diren adinekoek bakardadeari aurre egiteko estrategiak gauzatu dituztela, harreman sozialei eutsiz, eta parte hartuz hazkunde pertsonaleko, prestakuntzako, kiroleko edo aisialdiko jardueretan. Komeniko litzateke denek, adinekoetatik haurretara, halako estrategiak garatzeko aukera izatea; bestela, konfinamenduaren ondorioak nabarmenak izango dira, baita garunean ere.]]>
<![CDATA[Testak: zein, nori, zertarako?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/008/001/2020-04-15/testak_zein_nori_zertarako.htm Wed, 15 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1896/008/001/2020-04-15/testak_zein_nori_zertarako.htm
Dagoeneko Espainako zentro koordinatzaile Carlos III Osasun Institutuak baliozkotu du lankidetzan garatutako test hori; zalantzarik gabe, laguntza handikoa izango da kutsatutakoak detektatzeko. Hain zuzen ere, birusaren genoma (RNA) detektatzen du elkarlanean prestatu duten test horrek. Horretarako, biologia molekularrean ohikoa den teknika bat erabiltzen du: RT-PCR. Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoak azaldu zuen bezala, sentikortasun handia du: pertsona baten hodi nasofaringeotik hartutako laginean birusaren RNA detektatzen badu, pertsona hori infektatuta dagoela esan daiteke. Gainera, zenbateko karga birala duen ere jakin daiteke.

Metodo horrez gain, Basarasek aipatutako beste test-mota bat ere erabiltzen ari dira kutsatutakoak identifikatzeko. Test arinak edo azkarrak deitzen zaie, eta aurrekoek baino askoz ere denbora gutxiago behar dute emaitza emateko: haiek 4-6 ordu behar dituzte; arinek, 10-15 minutu. Horiek dira, esaterako, Nafarroako adineko zentroetako egoiliar guztiei egiten hasi zaizkienak.

Test arina haurdunaldiko probaren antzekoa da, eta birusaren proteina bat (bilgarriaren S proteina) detektatzean datza. Aurrekoan bezala, lagina hodi nasofaringeotik hartzen da. Testak S proteinari lotzen zaion antigenoa dauka (giltza eta sarraila balira bezala), eta proteina detektatzen badu, esan nahi du pertsona horrek birusa izan duela. Horrek ez du esan nahi, ezinbestean, pertsona hori infektatuta dagoela une horretan eta birusa transmititzeko arriskua duela: gerta daiteke gainditu izana infekzioa eta birusak suntsitu izana, baina haien zatiak oraindik gorputzean izatea. Hori detektatzen du test arinak. Ematen duen informazioa, beraz, ez da RT-PCR metodoaren bidez lortzen dena bezain ona, baina bada oso praktikoa.

Azkenik, test serologikoak daude. Hainbat motatakoak daude, baina guztiak infekzioaren aurrean gorputzak sortzen dituen defentsetako mota bat (antigorputzak) detektatzean oinarritzen dira. Pertsonari odol-tanta bat hartzen zaio, eta antigorputzak baldin badaude, esan daiteke pertsona hori infektatuta egon dela, baita sintomarik izan ez badu ere.

Alderdi asko oraindik ezezagunak badira ere, ikertzaileek uste dute antigorputzak dituen pertsona batek denbora baterako immunitatea duela, hori gertatzen baita beste koronabirusekin ere: alegia, behin infekzioa gaindituta, denbora batez ezin dela berriro infektatu. Ez dakite, hala ere, zenbat denbora irauten duen immunitateak eta zein neurritan.

Espainiako Osasun Ministerioak 60.000 test serologiko egingo dituela iragarri du, eskualde guztietan banatuta, bi txandatan, eta 21 eguneko tartearekin. Adrian Hugo Aginagalde Llorente Medikuntza prebentiboan eta Osasun Publikoan adituaren arabera, test-kopuru esanguratsua da, orain arte egin direnak baino askoz ere handiagoa, eta emango dituen datuak oso baliagarriak izango dira pandemiaren neurria ezagutzeko, Zaintza Epidemiologikoak dituen beste informazio-sistemenekin batera (ospitaleratutakoak eta lehen arretakoak; intzidentziarako). Horretarako, baina, denbora beharko da, eta, gainera, aterako duen «argazkia» aldatzen joango da denborarekin.]]>
<![CDATA[Konfinamendutik ateratzeko bidean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2008/012/002/2020-04-12/konfinamendutik_ateratzeko_bidean.htm Sun, 12 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/2008/012/002/2020-04-12/konfinamendutik_ateratzeko_bidean.htm
Zenbait eragile politikok eta sozialek kezkak eta kritikak adierazi dituzte neurrien aurrean, eta zientzialariek askotariko azterketak eta aurreikuspenak egin dituzte. Tartean dago SEMPSPH Medikuntza Prebentibo, Osasun Publiko eta Higienearen Espainiako Elkartearen txosten teknikoa. Apirilaren 10ean argitaratu zuten, eta trantsizio-faserako, hau da, konfinamendutik ateratzeko proposamenak eta aintzat hartu beharreko alderdiak biltzen ditu.

Egileen arabera, kasu berrien beheranzko joerak aukera ematen du pandemiari eusteko neurriak mailakatuta indargabetzen joateko. Horretarako, ez dute egutegi zehatzik jarri; aitzitik, administrazioen esku utzi dute egutegia egoerara egokitzen joateko ardura.

Neurriek hiru jarduerari (zaintza, prebentzioa eta kontrola) eta hiru eremuri (osasungintza, soziosanitarioa eta populazioa) eragiten diete, eta, beharrezkoa balitz, pandemiari eusteko neurriak berriro gogortzeko aukera ere aurreikusi dute.

Hain zuzen ere, horren beldur da Tedros Adhanom Osasunaren Mundu Erakundearen burua, alegia, neurriak azkarregi arintzen badira izurria indartu egingo dela, eta COVID-19ak heriotza are gehiago eragingo dituela.

Txostenak, dena den, xehe azaltzen du zer irizpide eta jarraibide bete behar diren hori saihesteko, lehen aipatutako arlo bakoitzean, eta, beste tresna eta baliabide askoren artean, herritarrontzat ohikoak bihur daitezkeen bi aipatzen ditu: maskarak eta mugikorretarako aplikazioak.

Mugikorren bidezko kontrola oinarrizkoa izan da Txinan, eta, batez ere, Singapurren eta Hego Korean, eta uste dute hemen ere mugikorrak erabilgarriak izan daitezkeela zenbait alderditan. Adibidez, erabiltzailearen eta osasun-zerbitzuen arteko bitartekaritza zuzena izateko, edo norbaitek harremana norekin izan duen jakiteko. Hala, infekzio-kasu bat baieztatuz gero, aukera dago harekin harremanetan izan direnei jakinarazteko, eta, beraz, haiek besteengandik bakartu daitezke, infektatu gabe daudela baieztatu arte. Horren bitartez, berehala eteten da infekzio-katea.

Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Espainiako Idazkaritzak dagoeneko landu ditu mugikorretako aplikazioak erabiltzeko irizpideak, eta semaforoan oinarritutako kolore-kode bat proposatu dute: gorriak infekzio-susmoa adieraziko luke, bere burua bakartu eta zuzenean joan beharko luke osasun zerbitzuetara test antigeniko bat egitera; horiak harreman ez-estua adieraziko luke, eta badaezpada zorrotz zaindu beharko luke bere burua, ea sintomarik agertzen den; eta, azkenik, berdeak ez lirateke susmagarriak izango, eta bizimodu arrunta egingo lukete. Alderdi etikoak eta pribatutasunekoak ere aztertu dituzte.

Horretara iristerako (iristen bagara), aurretik beste hainbat azterketa, txosten, proposamen eta neurri etorriko dira. Ebidentzietan oinarritutakoak, adostuak eta gizarte osoaren onerako izan daitezela.]]>
<![CDATA[Koronabirusa hondakin-uretan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-09/koronabirusa_hondakin_uretan.htm Thu, 09 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-09/koronabirusa_hondakin_uretan.htm
Droga ilegalak ez ezik, beste substantzia batzuen arrastoak ere bila eta aurki daitezke ur beltzetan, esaterako, alkohola, botika psikoaktiboak, antibiotikoak, zuntza, bitaminak... Australian, zenbait eskualdetako ur beltzen hoditerian 42 adierazle biologiko neurtuta, eskualde batetik bestera herritarren maila sozioekonomikoan zeuden aldeak ondorioztatzera iritsi ziren.

Bada, substantzia horiek bezala, birusak ere hauteman daitezke hondakin-uretan. AEBetan, esaterako, urtetan erabili dute metodo hori poliomielitisaren aurkako txertaketen arrakasta neurtzeko. Orain, SARS-CoV-2 birusaren hedapenari jarraipena egiteko probatzen ari dira, AEBetan, Herbehereetan eta Suedian, besteak beste.

Zehazki, birusaren material genetikoa, RNA, detektatzen dute. Herbehereetako KWR Ur Ikerketarako Institutukoek Nature aldizkarian azaldu dutenez, koronabirusa uretan hautematea oso baliagarria da izurriaren detekzio goiztiarra egiteko: populazio jakin batean, koronabirusagatik osasun sisteman inor artatu gabe ere, uretan koronabirusaren RNA agertzen bada, esan nahi du izurria dagoeneko iritsi dela populazio horretara. Horrek aukera ematen du neurriak lehenbailehen hartzeko.

Ikertzaile guztiek, dena den, ez dute begi onez ikusten koronabirusa ur beltzetan detektatzea. Izan ere, horretarako erabiltzen diren erreaktibo berak erabiltzen dira baita pertsonak diagnostikatzeko ere. Eta, baliabideen eskasia dagoenez, uste dute pertsonen diagnostikoak lehentasuna duela, eta horretara bideratu beharko liratekeela baliabide guztiak.

Suitzako Teknologia Institutukoek, aldiz, hondakin-urei jarraipena egitea izurriaren hedapena moteltzeko eta kolpea leuntzeko baliagarria dela iritzi diote. Horrek, bide batez, baliabideak aurreztea ekarriko luke. Eta gakoa denbora da: pertsona bat infektatu eta hiru egunetara, birusa detekta daiteke bere gorotzetan. Sintomak garatu eta ospitalera joan behar izateko bezain larriak izaterako, bi aste ere igaro daitezke. Hala, garbi dute: birusa hondakin-uretan detektatzeak denbora irabaztea dakar.

Pandemiaren fase honetan ez ezik, konfinamendua bukatu eta berriro nonbait hedatzen hasi ote den hautemateko ere eraginkorra dela adierazi dute ikertzaile suitzarrek. Kontuan izanda SASR-CoV-2 birusa erraz transmititzen dela, pertsona askotan ez duela sintomarik eragiten, eta, gaixotzen direnetan, sintoma larriak agertzerako egun asko igarotzen direla, bistan da detekzio goiztiarreko sistemak ezarri beharko direla. Behar bada, hondakin-urena izango da haietako bat.

Horretarako, analisirako tresna merkeak eta erabilerrazak izatea komeni da, eta horrelakoa da, nonbait, Txinako Zientzien Akademian garatu dutena. Environmental Science & Technology aldizkarian aurkeztu dute, eta paperezko test bat da. Haurdunaldiko testetan bezala, paper zati horretan egiten dira birusaren RNA detektatzeko pauso guztiak (erauztea, aberastea, purifikatzea, elusioa, anplifikazioa eta ikusizko hautematea), eta erabili ondoren erre daiteke, kutsadura saihesteko. Sistema beste gaixotasun batzuen eragileak detektatzeko ere eraginkorra dela adierazi dute: zika, malaria, hiesa, listeriosia...]]>
<![CDATA[Pangolinak, katuak, eta uhartearen paradoxa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-07/pangolinak_katuak_eta_uhartearen_paradoxa.htm Tue, 07 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-07/pangolinak_katuak_eta_uhartearen_paradoxa.htm
COVID-19arekin gauza bera gertatzen da: gaitza eragiten duen birusa guztiz ezezaguna izatetik, mundu osoan lehentasunezko ikergaia izatera igaro da. Inoiz baino azkarrago lortu dira erantzunak, baina galderak gero eta gehiago dira. Azkarregi erantzun nahi izateak, ordea, lurrikara eragin dezake uhartean, eta bertan eraikitakoa arriskuan jarri.

Horren adibidea birusaren jatorria argitzeko ikerketa da. Azterketa genetikoek oso azkar deskodetu zuten birusaren genoma; azkar frogatu zuten jatorriz saguzarretatik zetorrela; azkar esan zuten saguzarren eta gizakien tarteko animalia sugea izan zitekeela.

Tarteko animalia hori ezagutzea oso garrantzitsua da, gaitza haren bitartez iritsi baita gizakietara; ez saguzarretatik. Mende honetan koronabirusek sortutako beste bi izurrietan, SARS eta MERS, zibetak (Asiako felino basati bat) eta dromedarioak izan ziren bitartekoak.

Kontuan izan behar da Txinan eta munduko leku askotan ohikoa dela animalia basatiak saltzea janari-merkatuetan. Eta Wuhango itsaskien merkatua jo zuten hasieratik gaitzaren sorburutzat; han sugeak ere saltzen dituztenez, litekeena zen haiek kutsatzea birusa gizakiei.

Ikertzaile batzuek, ordea, berehala adierazi zituzten zalantzak; bitartekoa ugaztun batek izan behar zuelakoan zeuden. Eta zuzen zeudela dirudi: gerora egin diren ikerketek sugeak baztertu eta pangolinak jarri dituzte jomugan. Pangolinak Afrika eta Asia tropikalean bizi dira, gorputza ezkataz estalita dute, mutur eta isats luzeak, eta babestuta daude. Tamalez, ez da arraroa babestutako espezieak saltzea halako merkatuetan. Bazirudien, hortaz, ikerketek bide zuzena hartu zutela.

Alabaina, orain, ezeztatu egin dute Wuhango merkatu hori izan zenik izurritearen sorlekua. Eta pangolinen parte-hartzea ere ez dago guztiz garbi. Alegia: ondorioak azkarregi plazaratzeak ez dakar inolako onurarik; alderantziz.

Gugandik gertuago, beste espezie batek eragin ditu kezka eta nahasmendua: katuak. Hain zuzen, etxeko animaliak COVID-19az gaixotzen ote ziren jakiteko ikerketa bat egin zuten Txinan, eta ikusi dute katuak kutsatzen direla COVID-19a eragiten duen birusarekin; ez, ordea, txakurrak, txerriak, oilaskoak eta ahateak.

Ikertzaileek ohartarazi dute hortik ezin dela ondorioztatu katuak infekzioaren garraiatzaile direnik. Nonbait, esperimentuan, birus-kantitate oso handia jarri zieten sudur-zuloetan. Beste espezieetan ez, baina katuetan birusa ugaldu zen. Dena den, ez zien sintomarik eragin, eta ez dirudi gizakiak kutsatzeko gai izango direnik.

Nolanahi ere, ikerketa komunikabideetara iritsi bezain azkar, kezka zabaldu da katu-jabe askoren artean. Oraingoan ere azkarregi plazaratu dela dirudi. Baina, bestalde, komeni da adi egotea, pertsonen eta katuen arteko transmisioa egonez gero lehenbailehen hautemateko. Hortaz, ez da erraza zuhurtziaren eta urgentziaren arteko orekari eustea. Oraingoz, ozeano zabalean galdutako uharte txiki bat baino ez da COVID-19az dakiguna.]]>
<![CDATA[Maskaren auzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-04-04/maskaren_auzia.htm Sat, 04 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/009/001/2020-04-04/maskaren_auzia.htm
Adibide garbi bat maskaren auzia da. Izurria pandemia bihurtu aurretik ere, Txinatik iristen ziren irudietan, pertsona gehienak sudurra eta ahoa maskaraz estalita agertzen ziren. Bestela ere, Asiako leku askotan ohikoa da maskarak erabiltzea, poluziotik babesteko, adibidez, baita han pairatu dituzten beste izurri batzuk gogoan dituztelako ere, SARS esaterako.

Baina ohiturak alde batera utzita, pentsatzekoa da maskarak baliagarriak izan behar dutela arnas aparatuari erasotzen dion edozein patogenori sartzea eragozteko, horretarako diseinatu baitituzte. Informazioa bilatu duenak, gainera, erraz ikasi du mota desberdinetakoak daudela: batzuek iragazkiak dituzte, eta norbera ez kutsatzeko balio dute; eta beste batzuk soilagoak dira, eta ez dituzte iragazten kanpotik datozen birusak, baina gai dira norberak kanporatutako tantaxkak gerarazteko, eta, beraz, besteak kutsatzea saihesten dute.

Izurria Europara iritsi eta pandemia bihurtu zenean, agerian geratu zen ez zegoela nahikoa maskara eskariari erantzuteko. Are gehiago: ez daude osasun-langileen segurtasuna bermatzeko adina. Diagnostikatzeko probekin bezala, zentzuzkoa da dagoen materiala behar handiena dutenengana bideratzea (osasun-langileak, gaixoak eta haiekin kotaktu zuzena dutenak). Alabaina, horrekin batera, informazio nahasgarria eman zaie herritarrei, baita iturri ofizialetatik ere.

Hain zuzen, maskarak ez direla beharrezkoak esan dute behin eta berriro. Birusa eztula egitean hedatzen diren tantaxken bitartez transmititzen denez —OMEk ere hala berretsi du duela gutxi? eta ez airetik, pertsonen artean tartea uztea eta eskuak zein gainazalak garbitzea maskarak janztea baino eraginkorragoa dela baieztatu dute arduradunek. Kalterako izan daitezkeela ere iradoki dute: segurtasun-sentsazio iruzurtia eman dezaketela, gaizki erabiltzeko arrisku handia dagoela, estigma eragin dezaketela…

The Lancet zientzia-aldizkariak maskaren erabilerari buruz OMEk eta hainbat gobernuk emandako gomendioak aztertu ditu: Txina, Hong Kong, Japonia, Singapur, AEB, Erresuma Batuak, eta Alemania.

Ondorio nagusien artean, azpimarra bat: «Ebidentziek erakusten dutenez COVID-19a sintomak agertu aurretik transmiti daitekeela, taldeko transmisioa murriztu daiteke pertsona guztiek, baita infektatuak izan direnak baina asintomatikoak diren eta kutsa dezakeenek, maskarak janzten badituzte».

Asintomatiko gehienok ez dugu aukerarik jakiteko birusak kutsatuta ote gauden, ez baitago guztiontzat diagnostikatzeko probarik edo testik; hortaz, denok maskarak erabiltzea izango litzateke zuhurrena.

Arazo bat dago, ordea. Nafarroako Unibertsitatean 40 maskara-mota aztertu dituzte, eta maskara homologatuak erabiltzeko garrantzia nabarmendu dute. Eskuz egindakoek babes mugatua ematen dutela ohartarazi dute, eta ustezko segurtasun iruzurtia sortu dezaketela. Ondo jartzea ere garrantzitsua dela esan dute: ez badira behar bezala egokitzen, alferrikakoak dira. Eta ez daude maskara homologatuak denontzat.]]>
<![CDATA[Saguzarrak jomugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-02/saguzarrak_jomugan.htm Thu, 02 Apr 2020 00:00:00 +0200 Ana Galarraga Aiestaran https://www.berria.eus/paperekoa/1998/007/001/2020-04-02/saguzarrak_jomugan.htm
Aihartzak azaldu duenez, saguzarrak birus askoren gordailuak dira, ez soilik gizakira jauzi egin dezaketenenak. Horren arrazoiak ez daude guztiz garbi, baina, haien artean, bi nabarmendu ditu ikertzaileak: batetik, talde handitan bizitzeko joera, eta, bestetik, bizi-itxaropen luzea. Hala, saguzar-espezie batzuetan, koloniek milaka saguzar biltzen dituzte; eta Europako espezie bateko zaharrenek 40 urteko bizialdia izaten dute (antzeko neurriko ugaztun batek, sagu batek, adibidez, 2 urte inguruko bizi-itxaropena du). Bi ezaugarri horiek elkarrekin, aukera aparta ematen die birus ugariren ostalari izateko.

Aspalditik jakina da birus horietako batzuek gizakietara jauzi egiten dutela, eta izurriak sortzeko gaitasuna dutela. Horren erakusgarri dira, besteak beste, SARS, MERS edo ebola, eta batzuek susmoa dute azken boladan sarriago gertatzen direla halakoak. Aihartzak dioenez, litekeena da lehendik ere antzeko maiztasunez gertatu izana. Baina, lehen, gertatzekotan, animaliekin kontaktu zuzena zuten talde txikitan gertatuko zen, eta, ondorio txarrik izanez gero, ziurrenik toki jakin hartara mugatuko zen gaitza, eta beste lekuetan ohartu ere ez ziren egingo.

Egun, aldiz, basa-animaliekin harreman estua duten pertsonak ez dira hain bakartuta bizi, eta herriak lehen guztiz basatiak ziren eremuetan barneratu dira. Munduko edozein merkatutan aurki daiteke salgai animalia basatien haragia, askotan merkatu beltzean. Hortaz, asko areagotu da birusak animalietatik gizakietara jauzi egiteko arriskua, eta edonon gerta daiteke, gainera. Eta behin gertatuz gero, azkar heda daiteke mundu osora, gaur egungo bizimoduaren mugikortasunak laguntzaz. Aihartzaren iritziz, beraz, globalizazioak zerikusi zuzena du fenomeno horretan.

Ikertzaileen beste galderetako bat da nola lortzen duen duen saguzarren birus batek beste espezie bat, gizakia, infektatzea eta izurri bat eragitea. Aihartzaren esanean, horrek azalpen molekular bat eskatzen du. Azken argitalpenen arabera, badirudi COVID19an bi birusen elementuak aurkitzen direla, antza, mutazioz edo elkartu direnak: batetik, SARSa sortu zuen ferrasaguzarren birusaren antz handia duena, eta, bestetik, birusa gizakion zeluletan txertatzea ahalbidetzen duen genea, beste nonbaitetik hartua lukeena. Pangolina izan daiteke bigarren elementu horren jatorria.

Edonola ere, adituek aspaldi ohartarazi zuten halako zerbait gertatzeko arriskua zegoela, eta neurriak hartu behar zirela. Aihartzaren ustez, baina, beste kontu batzuei eman zitzaien lehentasuna.

Orain, beldur da pandemia hau saguzarren kalterako izango den. Eta argi du, saguzarrak jomugan jartzea baino, eraginkorragoa izango litzatekeela animalia basatien ezkutuko ehizaren eta merkatu beltzaren aurka egitea.]]>