<![CDATA[Ana Malagon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Dec 2022 04:15:10 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ana Malagon | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Poltsikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-06-17/poltsikoak.htm Fri, 17 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-06-17/poltsikoak.htm girl scout hiritar batena ematen duen arau bat betetzen dut beti: diru-zorroa eta giltzak ez doaz inoiz leku berean.

Diru-zorroa eta giltzak banatzeko araua beti betetzen dudala esan dut. Beno, ez beti. Oso noizean behin, eta oso diodanean, OSO esan nahi dut, poltsikorik ez duen soinekoren bat janzten dut eta giltzak motxilan sartu behar izaten ditut, botikina, badaezpadako jertse arina, hilekorako kontingentea, diru-zorroa eta motxilatik ateratzea ahazturik fosilizatzen hasi zaizkidan bankuko gutun horiekin batera.

Asko idatzi da poltsikoei buruz generoaren ikuspegitik, soineko eta gonek poltsikorik izateak ala ez izateak, eta izatean hauek duten izaerak, zerikusi handia baitu emakumeari historian zehar derrigortu zaion lekuarekin. Etxeko lanetara, guztia eskuragarri dagoen eta norberaren intimitaterako toki gutxi uzten duen eremu batera mugatua, inori ez omen zitzaion bururatu emakumeek, etxeko mantala kentzean, poltsikoak behar zituztenik.

Gonazpikoari jositako poltsatxo gisa agertu ziren emakumeen lehenengo poltsikoak XVII. mendean, gizonezkoen eskuragarritasun praktikoarekin zerikusirik ez zutenak, noski. Gogoan izan zenbat geruza zeramatzaten soinean emakumeek garai hartan. Dei galduen eta kleenex pelotatxo abandonatuen hilerria izan behar zuen horrek. Mende batzuk beranduago, mundu gerretan ordura arte gizonezkoek egiten zituzten lanekin batera haien janzkera erosoak bereganatu bazituzten ere, 50eko hamarkadako gizartearen ikuspegi kontserbadoreak atzerapauso bat ekarri zuen eta berriz izan genituen emakumeak etxeetan, sekreturik gabeko eskuragarritasunera eta poltsikorik gabeko gona eta soinekoetara mugatuta. Iraultza txikika itzuli gara mundu gerretara, eta egia da, soineko eta gonen egoera oraindik dramatikoa bada ere, gero eta gutxiago direla poltsikorik ez duten emakumezkoen galtzak. Baina horrek ez du esan nahi gizonezkoen poltsikoen abantailak dituztenik. Ez baitira, ez forman, ez tamainan, inolaz ere gauza bera. Nekez sartzen dira gaur egun merkatuan dauden sakelako telefono gehienak. Telefono erdia kanpoan gelditzen da, balkoitik botatzeko prest bezala, eseri orduko «flop» eginez. Konplementura derrigorturik jarraitzen du emakumeak.

Poltsiko zabal batek bere baitan gordetzen duen independentzia mota hori arrotza egiten da, anputazioak jasan dituztenen beso eta hanken mamuen antzeko sentipenak eragiteraino. Ohituegiak gaude irteten garen bakoitzean gure intimitateak eta etxeko zamak, norberarenak eta besteenak, arrastaka eramatera, eskuak edo sorbaldak inoiz erabat libre izan gabe. Sufragismoak emakumeon botoaren eskubidearekin batera galtzak (eta hauen poltsikoak) eramateko eskubidea aldarrikatu zuenean, oso hutsala den zerbaiti izaera iraultzaileegia ezartzen ari natzaio, eta hala ere, erosotasunak dakarren askatasuna eta askatasunak dakarren norberaren patuari heltzeko burujabetzari lotua dagoela iruditzen zait.

Boto eskubidea lortuko zen, galtzak eramatearena ere bai, baina mende eta erdi beranduago, kalean «eramango didazu hau?» galdetzen duen pertsona bakoitzaren aldamenean, arduren tendinitisa pairatzen duen emakume bat aurkitzen dugu poltsa irekitzen, hau, hori eta beste huraren garraioan, bere arropan harrapatuta.]]>
<![CDATA[Naftalinoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-05-20/naftalinoak.htm Fri, 20 May 2022 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-05-20/naftalinoak.htm Babyboomer eta X belaunaldiko triste, agobiatu eta ozpindu kuadrilla maitea, jada bizitza erdia igaro dugu planeta eta maldan behera honetan, ez gaude gustu txarreko gauzetan denbora galtzeko moduan. Belaunaldi bakoitzak hurrengoari txoriburu hutsak izatea leporatzearena mendeetan zehar eman den jarrera konstante bat dela dirudi, Monty Python-en Yorkshire-ko lau gizonen esketx zoragarriko protagonistak bezala, bakoitzaren garaian gauzak askoz ere zailagoak eta gogorragoak baina benetakoagoak zirela azpimarratzearekin batera.

Gaur egungo gazteak nartzisista, kontsumista eta irudiaren esklabo direla esaten dugunean, beharbada beraien postuak bermatzeko edozein trikimailu erabili duten horiei buruz ari gara, etxea, autoa, bigarren etxea eta bigarren autoa erosi ahal izan dutenei buruz akaso, edo beharbada denboraren, logikaren eta askotan grabitatearen legeen aurka kirola egiten duten eta erantzukizunei tartean kilometroak jartzen dizkieten horiei buruz. Baina orduan ez ginateke gaur egungo gazteei buruz arituko, estali nahi dugun gure koherentziaren zimurrei buruz baizik. Gure egunerokoa ez denez, ezagutu eta ulertzen ez dugun hori guztia zopa berean nahastuz gainera, ikuspegi sistemikoan bezain gaizki moldatzen garelako ñabardurak egin behar izaten ditugunean.

Duela hilabete batzuk twitterren (non bestela irakurri ditzakezu sutu zaitzaketen gauzak) hainbat buelta eman zituen gaur egungo pijo-progreen aurkako 90eko hamarkadarekiko mezu nostalgiko batek. Harrigarriena nostalgiaren arrazoia zen: 90eko hamarkadan antza denez askatasunez hitz egiteko aukera zegoen (sic), eta orain dena gaizki iruditzen zaigu eta ezin da txisterik egin eta jada ez gara libre eta enfin, desastre bat da dena. 90eko urteekiko nostalgiko jarri behar izanez gero, koadrodun alkandorak bota ditzakezu faltan, grunge musika eta MTVko bideoklipen urrezko urteak. BritPop-a. Baina zaurgarritasunaren kontura barre egiteko txiste txarrak? Babesik gabeko kolektiboekiko jarrera orokorra? Ez dago ezer faltan botatzerik hor.

Gai honetan belaunaldi berriak hobeto prestaturik daudela iruditzen zait eta zaharragoak garela txoriburu, erantzukizunak alboratu eta gehiegi pentsatu gabe jokatzen dugunak. Gu baino gazteagoa den norbaitek (nor uste du dela horrek?) ahozabaltasun edo aldaketa klimatikoarengatik errieta egiten digunean haserretu egiten gara. Oso irtenbide erosoa da ezulertuarena egitea. Benetan inor kantzelatzen ez duen kantzelazioaren kulturarena asmatzen dugu. Ahopeka barkamena eskatzen dugu, gurasoek gure senide gaztea torturatzen harrapatzen gintuztenean bezala. Ezer onartzen ez duen barkamen eskaera bat da benetan, nahiko pantomimikoa, ez baitugu ezer txarrik egin dugunik uste. Ez da horrela jartzeko ere. Samindutxoen aurka are samin handiagoa hartzen dugu. Gazteekin dugun belaunaldi talkan gu gara heldutasun falta agertzen dugunak. Nahiko naftalinoak gara. Eta naftalina bezala, nahiko toxikoak.

Ez, ez naiz zentsuraren aldekoa. Harreman gatazkatsu bat daukat botere harremanak kontuan hartzen ez dituzten adierazpenekin (umorearekin bereziki), onartzen dut. Baina egunaren amaieran, beharbada egia da edozein edozer gauza esateko libre dela. Beste guztiak txiste hori kaka iraingarri bat dela esateko diren bezain libre. Ez da kantzelazioa, zintzotasuna baizik.]]>
<![CDATA[Urruneko denbora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-04-22/urruneko_denbora.htm Fri, 22 Apr 2022 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-04-22/urruneko_denbora.htm
Bulegora berehala itzuli nahi izan zuten hainbaten jarrera ikusita, bazirudien haientzat lan egitea ez dela anbizio kontua. Ez da gustatzen (ez) zaizun zerbaitetan egunean zortzi ordu (gutxienez) egitea, ez da beteko (ez) zaituen eta esanguratsua (ez) den zerbait egitea, ez da fakturak ordaintzeko (nahikoa ez den) diru-sarrera baten truke egin behar den hori ere. Etxetik kanpo egoteko aitzakia da. Etxean gelditze hutsak ardurak eta zereginak ekartzen zizkien. «Behin-hor-zaudela»-koak. Erosketak, garbiketak, arretak, zaintzak. Eta bertan baina oso urruti egon daiteke norberaren etxea. Urruti baino oso presente kanpoko beharra.

Bizitza pertsonala eta lana erabat banatzeko desio unibertsal hori muturrera eramaten du Ben Stiller-ek Severance telesail gomendagarrian. Lanorduetatik kanpo langileek ez dute beraien lan jarduna zertan datzan gogorarazten. Bulegoan ez dakite lanetik kanpo nor diren. Estetika eta premisa erretrofuturistak engaina dezakeen arren, errealismo aztoragarriz jorratuak daude korporazioen kulturen inguruko hainbat gai. Barne eta kanpo inkomunikazioari dagokionean behintzat. Duela urte batzuk modan jarri zen lantokiak espazio sanitarioki zuri irekietan antolatzea. Ondo doakionaren umekeria duen teknologia arloko enpresa esanguratsuenetan ping-pong mahaiak jarri zituzten. Chill out espazioak lanordu extrak laztantzeko. Espazio irekienak ideia ona zirudien hasiera batean, sorkuntza eta komunikaziorako aproposa... ideiek oxigenoa behar dute eta ez espazio itxi ilun bat, gure enpresa oso horizontala da, ideia guztiak dira ongietorriak, oso alineatur... norbaitek termostatoa ukitu du berriz, zer egiten du pakete honek hemen erdian, inork hartuko al du telefono hori behingoz, zergatik ez zarete apur bat isiltzen denak, ez dago bilera gela sekula erreserbatzerik... Azkenean, bakoitzak bere burbuila pertsonal misantropoa topatu behar izan zuen trash metalean edo euriaren hotsa jasotzen duen hogei orduko audio batean. Espazio irekien moda horrekin benetako negozioa egin zutenak aurikularren ekoizleak izan ziren.

Urruneko burbuilan lan egiteak azpiegitura, jarrera, bizimodu eta lan-harremanetan eragina du. Ausentzia fisikoan, aritzean baina ez egotean, funtsezkoa da denboraren kudeaketa, lanekoa eta pertsonala, ondo mugatu eta konpartimentatzea. Urrutian lan egiten duten hainbat enpresek ordutegi tradizional bat baino, harremanetarako ordutegi bat ezarri dute. Beste guztia, zure konpartimentuak dira. Zure aritu eta ez aritzeak. Asinkronizazioaren koreografiak maiz huts egiten du hala ere. «Lepo zuriko» lanetan tradizionalki eman diren desordu eta ajeak agertzen dira berriz: norberaren denbora bakarrik aintzat hartzea eta oso barneraturik dagoen «dena orainaren» dinamika sadomasokista. Urrutiko «behin-hor-zaudela»-koak eta zama mental astun bat.

Urrutitik lan egiteko aholkuek lanean (tokian ala urrunean) eta egia esan, bizitzan orokorrean, zentzuzko pertsona atsegin bat izateko gutxieneko eta oinarrikoak diren gauzak bildu ohi dituzte. Baina antza denez, 2022an oraindik ere gogorarazi behar omen da gaueko 10etan bururatu zaizun ideia zoragarri hori jasotzen duen mezua bihar goizeko lehen lanorduan automatikoki bidal dadin programatu beharko zenukeela. Ez dela hain zaila. Ez dela hain premiazkoa. Eta ziurrenik, ideia hori ez dela hain zoragarria ere.]]>
<![CDATA[Niarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-03-25/niarena.htm Fri, 25 Mar 2022 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-03-25/niarena.htm niaren zera hori. Zera deitzen diot, ez nagoelako ziur ezaugarria, afera, arazoa, edo jadanik erremediorik ez duen (beste) patologia apokaliptiko bat den. Niarena etengabeko metamorfosian dago, kamuflaje aldakorrean. Ustekabean harrapatzen zaitu. Desorduetan bisitatu. Konturatu orduko mozorro berri batekin sartu zaizu etxean, aldamenean eseri zaizu sofan, norbanakotasunaren konpainia eskaintzeko. Oso adi egon behar da niaren aurrean. Eta guztiok dakigu zein nekagarria den adi egotea.

Ez dakit noiz arte eta ez dakit oso ondo funtzionatzen ote duen ere, baina niaren zera detektatzeko alarma piztu egiten da oraindik. Aurreko astean bitan egin zuen. Bada zerbait.

Lehenengoa. Ez naiz Pixar etxeko marrazki bizidunen ikusle potentziala (ezta erreala ere) baina pelikula bat ateratzen den bakoitzean beti ematen du zeresana, irakurketa kulturalari edo transmititzen dituen baloreei dagokienean. Marrazki bizidun hauek helduengan dute bere xede publikoa neurri handi batean, azken finean haiek ordaintzen dituzte plataformaren harpidetza edo zinemarako sarrerak. Eta haur baten haserrealdia izan duten arren, helduak (eta gizonak, eta zuriak, eta heterosexualak) dira Turning Red, heldutasunerako bide konplikatuaren inguruko filmaren harira interneteko foro desberdinetan pelikulari nota eskasa jarri eta «ezin naiz hamahiru urteko neskato batekin identifikatu» idatzi dutenak. Antza denez, batzuentzat zailagoa da Toronton bizi eta Asiako jatorria duen neska batekin identifikatzea, hitz egiten duen auto gorri batekin baino. Kezkatzekoa hori. Eta kezkatzekoa fikziozko lanen kalitatea identifikazioaren eta norberaren esperientziaren arabera neurtzearena. Fikzioan, norbaitekin edo zerbaitekin identifikatzea ez da txarra berez. Nortasun ez hegemonikoen kasuan batez ere. Identifikatzean ez gara hain bakarrik sentitzen eta batzuetan, hori da behar duguna. Baina fikzioaren unibertsaltasuna horretara bakarrik mugatzen badugu, enpatiaren hegoak mozten badizkiogu identifikazioaren indibidualismoa bilatzeko orain eta beti, bi norabideetan (sortzaile eta hartzailearenean) emititzen den oso seinale txarra iruditzen zait.

Tamalez, fikziozko lanetatik haratago ere oso zabaldua dago «identifikatzen ez banaiz, ez zait interesatzen» paradigma hau. Pertsona zurien gerrengatik bakarrik arduratzera eramaten gaituen paradigma da. Ukrainako gerrak sortzen dizkigun sentipen askoren artean identifikazioa dago. Nia da hurbil ikusten duguna eta ez enpatiaren bestea, hala badirudi ere. «Ni bezalakoak» dira. Yemenekoak... ez hainbeste.

Pertsona zurien gerra bat da Ukrainarena baina, irakurri ahal izan diren hainbat analisiren arabera, badirudi Txina izan daitekeela bakea lortzeko giltzetako bat. Txinatarrek zer pentsatzen edo egingo duten jakitea zaila izan ohi da, eta horretan datza beraien indarretako bat, baina argi hitz egiten dutenean, oso argi hitz egiten dute ere. Eta argi eta garbi erantzun zien Lanxin Xiang geoestrategak La Vanguardia egunkarian Lluís Amiguet kazetariak egin zizkion galderei. Hala ere, behin baino gehiagotan errepikatu behar izan zion tematuta zebilen kazetariari Putinen arrazoiak ulertzen zituela esatean, ez zuela Putinek egindakoa justifikatzen zuenik esan nahi. Kazetariak Xiangen nia bilatzen zuen bitartean, Xiang, ikuspegi bat emateko, bere burua erditik kentzen ari zen. Titular bat ateratzeko grina izan zitekeen, hau gure eguneroko eztabaidetan maiz gertatuko ez balitz. Gertatzen da. Deabruaren abokatuarena ez da ofizio nobleegia, baina beste norbaiten kausak ulertzea eta norbere burua haien ondorioekin lerrotzea ez da gauza bera. Analisirako gaitasuna gutxitzen du nahaste horrek, eta analisirik gabe, lerrotze hutsak nekez konpondu du inoiz ezer.

Niaren alarma, iratzargailu zaharren modura, susto desatseginak emateko gai da oraindik. Baina susmoa dut mekanismoaren ahuldadearen eraginez edo niaren hegemoniaren indarrez, funtzionatzeari utziko diola hauetako batean. Beldur naiz eta nahiko ziur.]]>
<![CDATA[Dena ematea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-02-25/dena_ematea.htm Fri, 25 Feb 2022 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-02-25/dena_ematea.htm Macarenak. Nire lagun guztiek izena eman zutelako, eta nire izaera nortasunik gabeko gregarioarena delako, ikastolan hartu nituen euskal dantza klaseek argi utzi zidaten fandangoak dantzatzeko memoria apur bat behar dela, eta koordinazio maila bat, eta ni horretarako erabat amnesikoa eta deskoordinatua naizela. Tiktokeko koreografiekin ez naiz saiatu ere egin, eta horrela mundua leku hobe bat delakoan nago. Gustuko dudan abesti bat libreki dantzatzean datza nire talentua (sic). Argibideak irakurri gabe trasteak martxan jartzen dituen horietakoa naiz. Saiatzen naiz behintzat.

Pandemia luzeegia egiten ari zitzaigunean bati baino gehiagori irakurri nion gau osoa dantzan igarotzeko gogoa zuela. Bizikidetza-unitatea ez zen beste nonbait dantzatzea, suposatzen dut. Resistiré gehiegitxo bizikidetza-unitatean. Etxeko egongela ez zen leku ilun eta arrotz batean dantzatu nahi zuen, begiak itxirik, letra asmatuz, itzulpengintzaren ofizio noblea dinamitatuz, melodiaren gainetik ahots desafinatuaren traktorea pasatu, saltoka hasi, besoak eta izerdiak airean eta gau osoan jaramonik egin ez dion lagunari «hau nire abestia da» aitortu.

«Hau nire abestia da». Eta aurreko hirurak ere bai.

Txakurrek eremuak markatzeko txiza egiten duten bezala, ozenki aldarrikatzen da abesti baten jabetza. Espazioa bereganatzeko modu bat da dantzatzea ere. Ez espazio fisikoa bakarrik, baita geure burua onartzeari egunero jaten diogun eremu antzu hori ere.

Duela urte batzuk, tabernetako komunetan «denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman ez dezaten» idazten zutenak ez dut uste dantzatzeari buruz ari zirenik (ala... agian bai?), baina egia da beti egon dela gure dantzalekuetan halako desoreka bat, gure izaera sasi-kalbinistari lotutako tradizio errotu bat edo, paretaren kontra edalontzia helduz asko jota burua apur bat mugitzen dutenen gehiengo estatikoaren eta hit batek sortutako zirrara medio «dena ematen duten» gutxi horien artean.

Argalak beste zerbaiten inguruan (tira, jada ez nago hain ziur) ezarritako denek - gutxi batzuek / ezer ez eman - dena eman ardatz hauek eta alkoholak edo bestelako zeozerk eragindako inhibizioa alde batera utzita, neure buruari galdetu izan diot zerk bultza dezakeen norbait pistan abesti bat bere egin eta «dena ematera». Zerk bultza nazakeen ni. Kendu zidaten edo inoiz izan ez nuen zerbait neureganatzen ari naiz? Inoiz bizi ez dudanari loturik dagoen nostalgia bat da? Gertatuko ez den guztiak eragiten didan ardurak itotzen duen buruarekiko desatxikimendu bat? Hori eta hori ez den oro, dena batera, asko eta apur bat aldi berean?

Hainbat dira une batez «nireak» izan ziren abestiak. Nire egongelako bakardadean neureganatutakoak dira gehienak, baina badira beste norbaitekin dantzatu nituen bitartean «gureak» izan ziren gutxi batzuk ere. Jatorri ezezaguneko hiru minutu eta erdiko lotura efimeroak, beste norbaitena izango zen hurrengo abestia hasi arte. Ez diot DJ lana deituko, baina ezkontza edo festaren batean musika jartzea eskatu izan didate lagunek inoiz. Alde batetik berekoia naizelako onartu izan dut, niretzat bodrioak direnen kuota mugatze aldera. Baina baita nireak diren abesti horiek beste norbaitenak ere izango direnaren itxaropenez. Nirekin «dena emateko» prest dagoen norbaiten bila.

Lotura hori azkenekoz sentitu nuenetik mendeak igaro direla iruditzen zait.

Orain bizikidetza-unitatetik kanpo dantzatzea posible dela, gogoa falta dut. Dena emateko zerbait eduki behar da. Eta niri ez zait Simon eta Garfunkel baino ezer sutsuagorik neureganatzeko indarrik gelditzen.]]>
<![CDATA[Bola-jokoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2022-01-28/bola_jokoa.htm Fri, 28 Jan 2022 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/016/001/2022-01-28/bola_jokoa.htm The Week aldizkariko artikulu batean irakurri nuenaren arabera, bakardadea totalitarista da. Beste gauza askoren artean totalitarista izan daitekeela esango nuke nik. Onartuko dizut kontratakoa pentsatu izan dudala batzuetan, maiz gertatu izan baitzait norbaitekin egon ostean nire baitan bizi den faxistatxoari mundu guztia akabatzeko gogoa esnatu izana. Baina antza denez lagunik ez izateak, isolamenduak eramaten zaitu totalitarismorantz eta ez besteak jasan behar izateak, herriko festetako koadrila egunean, departamentu arteko lantaldean edo atariko bizilagunen seihilabeteko bileran adibidez. Hala izango da.

Survey Center on American Life erakundeak eginiko ikerketa oso itxaropentsu baten arabera, gero eta lagun gutxiago dituzte Estatu Batuetako biztanleek. Lagunik ez duen gizonen batezbestekoa %15ekoa da. %10ekoa, emakumeena. Eta lagunak dituzten horiek lagun gutxi dituzte, ez pentsa. Ikerketak ez du ezer esaten, baina ziurrenik ez dira «lagun gutxi baina onak» izango ere. Estatu Batuetako datuak diren arren, batek ez du oso azkarra izan behar fenomeno hori mendebaldetsuki globala dela ondorioztatzeko. Totalitarismorantz goazela beraz, bakoitza bere aldetik baina guztiok elkarrekin.

Gizarte bakoitzean, orain arte komunitarioak ziren espazioen bilakaerari erreparatuz gero, totalitarismorako bide bakarti (edo bakardaderako bide totalitarista) honen seinale desberdinak aurki ditzakegu. Horren lekuko izan omen da, pandemia aurretik ere, Estatu Batuetako bolatokien topaleku izaeraren gainbehera. Inoiz baino jende gehiago ibili izan da bola-jokoan, baina talde sena galduta, ez dago txanda itxarote garagardotsurik, ez pelikuletan ikusi ditugun jaka distiratsurik. Beste norbanako baten aurka ez bada, norbera bere buruaren kontra aritzeko joera dago bola-jokoan, zutik gelditu den birla bakar hori madarikatzen.

Bolatokien adibide hau erabiltzen du Robert D. Putnam politologoak Bowling Alone-n (2000), 50eko hamarkadatik hona, kapital soziala murrizten eta parte-hartze politikoa desagertzen joan dela azaltzeko. Ziklikoki errepikatzen dira bakardadearen bilakaera politikoaren ikerketak eta ziklikoki botatzen zaio gizartearen ajeen errua teknologia jakin bati. 1930 urte inguruan irratiarekin kezkaturik zebiltzan, horrek komunitatea eta elkartasuna suntsituko zuelakoan. Gero telebista etorri zen alienatzeko tresna gisa. Gaur egun, internetek eta bideo-jokoek betetzen dute elkarbizitza eta demokraziaren nemesiaren paper hori askoren ustetan. Dena beti konplikatuagoa delakoan nago. Oraingoan alde bat dagoela esango nuke hala ere. Telebistak eta irratiak sortu zuten konpainiarena baino gehiago, intimitate, adiskidetasun eta zintzotasun anonimoaren ilusioa ekarri digula sareak. Ezizen eta katu baten abatarra duen norbaiten inguruan «laguna da», «ezagutzen dut» esatera heldu gara. Ilusio hori ez dut uste txarra denik berez, ilusio bat (beste ilusio bat) dela onartzen dugun bitartean behintzat. Gure interneteko lagunak ez direla gure lagunak, beste zerbait direla. Mugimendu sozialak ere ez direla gauza bera, ez sarean, ez kalean. Beste zerbait dira gaur egun gure betiko adiskide gehienak ere. Ez dakigu oso ondo zer. Ez dakigu oso ondo zergatik.

Harremanetan faltan zaigun informazioa osatzeko irudimenak duen garrantzia azpimarratzen zuen The Week-eko artikuluak. Irudimena ere, beste gauza askoren artean, totalitarista da. Gure eskutan hartzen dugu pala ezagutza zuloak aurreiritziz betetzeko, idealizazioekin ez bada, susmo konspiranoikoekin. Irudimenik ez duela esaten duenak ere badu irudimena horretarako. Irudimenean onberak izan gaitezke gure kontraesanekin, arrazoia izan dezakegu beti, askatasun osoa eta erantzukizunik ez. Munduan gertatzen den guztiaren biktima injustu edo bidezko borrero bilaka gaitezke. Buruan asmatzen dugun horretan beti asmatu, zutik gelditu den birla hori gure barruko oihartzun ganbaran entzuten den ahobakartasuna izorratzen tematzen den arren. Eskerrak zutik gelditu den birla bakar madarikatu horri.]]>
<![CDATA[Zerotik hastea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/021/001/2021-12-31/zerotik_hastea.htm Fri, 31 Dec 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/021/001/2021-12-31/zerotik_hastea.htm putomikel ezizeneko youtuberrari irakurri nion erromatarrek, beleek ez bezala, ez zutela zeroaren kontzeptua ulertzen. Beleena pasada bat da, bai, baina ni erromatarren ezin ulertuarekin gelditu nintzen. Ordura arte ez nintzen ohartu mundu klasikoan zeroa existitzen ez zenik. «Noski ez dela existitzen, ez dago zerorik erromatarren zenbaki sisteman, badakizu hori» esango didazu, eta noski badakidala, baina agerikoa jakitea gauza bat da eta agerikoaz ohartzea, beste bat.

Garai batean, ezer eza ez zen ezer izan gizakiontzat. Zeroarena leku desberdinetan modu gutxi gorabehera independentean garatutako ideia bat izan omen zen (Mesopotamian, Amerikan, Indian...), V. mendera arte zabaldu ez zena. XII. mendean heldu zen Europara. Zeroaren ideia honetara heltzeko, mendeetan zehar beste edozein zenbakik eskatzen ez zuen abstrakzio maila garatu behar izan genuen, begiak itxi eta fuerte-fuerte pentsatuz. Abstrakziorako gaitasun honek bestelako animaliengandik desberdintzen gintuela uste nuen, baina oker nenbilen, antza denez animaliak abstraktuki pentsatzeko gai dira, eta beleek zeroa zer den ulertzen dute, baina erromatarrek ez. Ez dut bele erromatarren daturik.

Beraz, ezer eza ez da, Jean-Paul Sartrek zioen bezala, giza existentziari zor zaion zerbait. Mende batzuk igaro dira, eta ez dakit gizakiok zeroaren ideia erabat barneratu ote dugun inoiz. Bakarrik gaudenean ere beti gaudelako gu. Zerbait falta zaigunean, beti dago gurea ere baden beste hori guztia. Zerbaitek alde egiten digunean, gu gelditzen gara. Gure bizitzan sentitzen ditugun bakardadeak nahiko jendetsuak izan ohi dira. Gure basamortuak, leku anitzen postalak. Eta gure hutsuneak, hutsaren hurrengoak. Memoria dugu, gure akatsak behin eta berriz errepikatzen baditugu ere. Animalia zaurituen traumak, nahiago ez genukeen konpainia egiten. Zaila da oroitzapenak etxetik botatzea, gonbidatuak izan gabe agertzen direnean batez ere. Inoiz ez gara zero. Inoiz ez gara zerotik hasten, are gutxiago zerotik hasi nahiko genukeela esaten dugunean. Zerotik hasi nahi dugunean pisatzen digu motxilak gehien.

Ez dut benetan eta ezertan zerotik hasi den inoren meritokrazia ezagutzen. Zero azpitik izan denik egongo da, zeroaren gainetik izan zenaren isla, hotzak akabatzen. Baina zeroan, inor ez. Zeroa abstraktuegia da, eta gu erromatarregiak akaso. Dena erre ostean errautsez zikinak ditugu eskuak. (Ia) edozein gauza barkatu dezakegu, baina aurreiritzia hor geldituko da betiko. Gure lan berriko kafe makinan gaudela hamaika aldiz entzun dugun iruzkin iraingarri hori berriz entzutean (broma bat da, broma bat da beti), estreinatu dugun etxean ere goiko bizilagunak telebistaren bolumena kontrolik gabe igotzen duenean, hiriz aldatu eta inoiz zeharkatutako kale batean déjà vu bat dugunean edo gure bikote berriak gure aurreko bikote bakoitzak erabiltzen zituen hitz solte berberak erabiliz esaldiak osatzen dituela konturatzen garenean.

Ezagutzen dugunaren deserosotasunetik egiten ditugu aukerak. Eta gure maletan jarri dugun etiketaren arabera jasotzen gaituzte gu ere aireportuan. Askotan esan nahi eta esan behar izan dugu «jadanik ez naiz hori», «jadanik ez dut hori egiten», ez dugulako hori izaten eta hori egiten jarraitu nahi. Gure berrasmatzeak, ustezko zeroak, guretzat dira bakarrik. Besteen aurrean ez gara hainbeste (batere?) aldatzen. Erromatar continuum bat dira bizitza gehienak, nahiko koherenteak beraien barne logika zentzugabean.

Pandemia honek ez du sentipen hau areagotu besterik egin. 2021eko urte berria ez zitzaigun batere berria suertatu, eta 2022ak puntu eta aparte itxura izan dezake, bainan perpaus subordinatu amaigabe bat izango delakoan nago. Palermoko gattopardismotik gertuago, beleen zeroak irudikatzeko gaitasunetik baino. 2022an dena aldatuko dela ematen du, guztiak berdin jarrai dezan.]]>
<![CDATA[Sark]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/025/001/2021-12-03/sark.htm Fri, 03 Dec 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/025/001/2021-12-03/sark.htm
Erdipurdiko gizon zuriak bere buruarengan duen segurtasun horrek bultzaturik, bi kartel jarri zituen André Gardesek Sarken hurrengo egunean uhartea bereganatzeko asmoa zuela iragartzeko. Inbasioak iragartzearen kaskarkeria honetan Gardes ez zen erdipurdiko lehenengo gizon zuria izan, ez pentsa, gauza bera egin omen zuten naziek Bigarren Mundu Gerran. Ematen duenez, iragarpen hori betetzera mugatzen zen bere plan guztia. Ezer ilegala egiteko ordu aproposena den eguerdiaren zain topatu zuen Sarkeko kondestableak banku batean eserita. Fisikari nuklearra izanda ere (ala horregatik beharbada), ez dakit zein neurriraino pentsaturik zuen dena. Uharte bat materiaz osatua dago, horraino ados, baina partikula subatomikoen arteko interakzioak gauza bat dira eta herri bateko autoritatearekin interaktuatzea, beste bat. Maskulinitate toxikoan aditua zirudien kondestableak edozein handiuste distraitzeko oso eraginkorra suertatzen dena egin zuen: bere arma goraipatzen hasi. Gardes kargadore aldaketaren erakustaldia egiten ari zitzaiola lurrera bota eta atxilotu zuen kondestableak. Zazpi gau eta zazpi egun egin zituen Sark aldameneko Guernsey uharteko kartzelan.

Gardesi egoak jokaldi makurra jokatu zion kondestableari bere armaren marabilak erakutsi nahi izan zizkionean, baina erdipurdiko gizon zuriak bere buruarengan duen segurtasunak gauza on bat badu, bidean inolako leziorik ikasi gabe porrot umiliagarrienetatik altxatzeko gaitasun hori da. Hala, hurrengo urtean Sark inbaditzen saiatu zen berriz André Gardes. Uhartea zapaldu baino lehen gelditu zuten orduan.

Ego hutsagatik inbaditu nahi izan zuen André Gardesek Sark? Auskalo. Garai hartan oraindik Erresuma Batuko koroaren menpe zegoen Europako azken erregimen feudala zen. Ez zuen botere banaketa modernoaren konplikaziorik. Gainera, uharteko burua zen usoen jabe izateko eskubidea zuen bakarra. Ezer inbaditzeko arrazoi indartsu bat iruditzen zait izorratu nahi duzun norbaiten kontra usoen indar aereoa erabili ahal izatearen pribilegioa.

Gardesek ez zuen arrakastarik izan, baina horrek ez du esan nahi Sark hain ponposoak ez diren metodo modernoago eta eragingorragoekin inbaditua izan ez denik. 1993an, The Daily Telegraph egunkariaren jabe ziren David eta Frederic Barclay anaia bizkiak lurrak eta hotelak erosten hasi ziren Sarken. Lurren jabetza bereganantzearekin batera, mendeetan zehar bertakoei antza denez funtzionatu dien sistema feudal hori aldatu nahi izan zuten. Sistema demokratiko baten aldeko kanpaina egin zuten beraien komunikabideetan. Demokraziaren alde ematen zuten argudio nagusiaren arabera, oinordetza lege feudalaren maiorazgo estuak ezinezkoa egiten zuen jabetzak semeen artean banatzea. Aldaketarako benetako arrazoia beste bat zirudien: ez zizkioten Seigneur tituludun tipo bati zergak ordaindu nahi. Barclay anaiek sistemen arteko lehia irabazi eta azkenean oso demokratikoa ere ez dirudien sistema demokratikoago bat ezarri zen 2008an.

Gaur egun, maiorazkotasunez zuzentzen ditu David Barclayren seme zaharrenak Erresuma Batuan familiak dituen enpresak, zerga iruzurren salaketei jaramon askorik egin gabe, André Gardesen arma museo batean dago eta Sarkeko edozein biztanle izan daiteke uso baten jabe. Feudalismoak hor dirau nolabait. Trajea eta korbata darama orain, Sarken eta beste hainbat lekutan. Arteixon ere akaso.]]>
<![CDATA[Ibiltzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2021-11-05/ibiltzea.htm Fri, 05 Nov 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2021-11-05/ibiltzea.htm Wanderlust, Rebecca Solnit-en ibiltzearen zerari buruzko saiakera (edo saiakerak, segun nola hartzen duzun liburua) irakurri nuen duela gutxi. Ez naiz ibiltzea gehiegi atsegin duen horietakoa baina Solnit gustatzen zait, beti kontatzen ditu gauza interesgarriak eta konplikatua da gauza interesgarriak kontatzea, ibiltzera irteteko gogoa biltzea bezain konplikatua, niretzat behintzat. «Gauza guztien gainetik, ez galdu ibiltzeko desira» zioen liburuan maiz aipatzen den Soren Kierkegaard filosofoaren esaldi famatuenetako batek. Baina, Kierkegaard jauna, zer egin desira hori inoiz sentitu ez baduzu? Ulertzen ditut ibiltzeko ardura osasuntsua hartzen dutenak. Ulertzen ditut eztabaida sutsu baten ostean, ibiltzera ateratzeko beharra ozenki , dramatikoki, adierazten dutenak. Baina ibiltzeko desira? Ez zaitut (honetan ere) harrapatzen, Kierkegaard jauna.

«Goazen buelta bat ematera». Erasmus egitera Donostiara etorri zen Herbehereetako ezagun bat asko harritu zuen esaldi horrek. Lehenengo kolpe kulturala izan zen, bere herrialdean jendea norabaitera joateko asmoz ateratzen baita etxetik. Inora ez zihoan jende andanak deskontzertua eragin zion hasiera batean. Gutxira haiei batu zitzaien. «Goazen buelta bat ematera» horren atzean beti dago helburu bat noski, baina ez nion halakorik esan orduan, XIX. mendean Frantzian agertu ziren flâneur literarioak bezalakoak ginela pentsa zezan edo. Bagara herri honetan apur bat flâneur, baina ez hainbeste. Ez nion esan gorputza eta izpiritua zaintzeko kezka, ikusi eta ikusiak izatearekin nahasten zaigula. Bagoazela norabait. Soren Kierkegaardek Kopenhageko kaleekin egiten zuen bezala, jendea hartzeko egongela bihurtzen dugu kalea. Egongela horretara goaz, Jane Austenen nobeletan ematen ziren paseatze sozialetatik gertuago, Baudelaire moduko alderraietatik baino. Ez nuke esango ibiltzeko desira dagoenik, ezta gogo berezirik ere, sozialki ahaztuak izateak eragiten digun beldur bat baizik.

Ibiltzearen orientazioa eskatzen dute harreman sozialek ere. Non zauden jakitea. Eta noiz. Eta nola. Non, noiz eta nola galdu zenuen inguratzen zintuen horrekiko interesa eta non, noiz eta nola bilakatu zitzaizun dena hain arrotz. Non, noiz eta nola erabaki zenuen gelditzea «aski da, banoa etxera» esanaz. Etxea zer den eta non dagoen oso ondo ez bazenekien ere. Kierkegaardek jendearekin konektatzeko beharrez Kopenhageko kaleak bere egongela bihurtzen zituen, beharbada bere etxeko egongelak intenperie sentipen handiagoa eragingo ziolako. Berak ibiltzeko desira deitzen zuena harremantzeko beharra izango ote zen erabakitzea adituei utziko diet, baina ez ninduke harrituko. Hori ulertu dezaket, Kierkegaard jauna. Horrela, bai.

Rebecca Solnitek bere liburuan hainbat ikuspegi sozio-ekonomikotatik berrikusten du ibiltzearen kontzeptu eta ekintzaren historia. Genero eta klase, aldarrikapen eta ihesbide, lan eta aisialdi, landa eta hiri, norbanako eta talde, hirigintza eta herrigintza. Jane Jacobs-en The Death and Life of Great American Cities (1961) ekarri dit gogora, aintzat hartzen ditugun eguneroko paisaien zergatiak eta ondorioak azaltzeko ariketa intersekzional gisa, ibiltzean gurutzatzen ditugun bideak anitzak baitira. Zer esanik ez emakumeontzat. Emakumeontzat kaleek egongela izateari uzten diote maiz.

Argi gelditu zait bere gauzak dituela ibiltzearen zerak. Eta geldirik egoterenak. Hemendik urte batzuetara denborak eskaintzen duen ikuspegiarekin, Rebecca Solniten oinordeko intelektual batek esertzearen, espazio pribatu eta publikoaren erabilera sedentarioaren genero eta klase, aldarrikapen eta ihesbide, lan eta aisialdi, landa eta hiri, norbanako eta talde, hirigintza eta herrigintzaren inguruko Wanderlust-en antzeko zerbait idaztea espero dut.

Sofan etzanda gustura irakurriko nuke hori ere.]]>
<![CDATA[Bost minutuko atzerapena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2021-10-08/bost_minutuko_atzerapena.htm Fri, 08 Oct 2021 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2021-10-08/bost_minutuko_atzerapena.htm
Hizki grekoek izendatzen dituzten anaitasun eta ahizpatasunak dira beharbada elkarte ez hain sekretuen artean ezagunenak, haien juerga, sexu eraso, arrazakeria eta bestelako gehiegikeriengatik batez ere. Estatu Batuetako unibertsitate giroko pelikula deszerebratuetan ikusiko zenituen. Tradizio eta itzal luzeagoa dute Sigma Phi edo Delta Kappa Epsilon bezalako izenak ez dituztenek. Yale Unibertsitateko Scroll and Key (Paper-biribilkia eta Giltza) edo Wolf's head (Otsoaren burua) iradokitzaileak, adibidez. Hemen Lagun Onak edo Denon artean deituko lirateke. Edo Bilbao Bizkaia Basque University Secret Society Lab, izenak jartzeko irudimen faltari eta berrikusi beharko genituzkeen herri honen konplexuen erruz.

Skull and Bones (Kaskezur eta Hezurrak) da izen xarmangarria duten elkarteen artean zaharrena (Yale, 1832) eta interesgarriena. Besteetan sartzeko meritu akademikoren bat edo beste egin behar da gaur egun, baina Skull and Bones-en ez da derrigorrekoa. Irizpide meritokratikoaren faltak kapitalismoaren ginkanan arrakasta izateko dagoen osagairik garrantzitsuena bermatzen du: bereziki azkarra ez den elite itxi baten goxotasunean egiten diren harremanak. Ez da zaila elkarte sekretuen partaide ohien artean izen esanguratsuak topatzea. Senatariak. Epaileak. Urte batzuk beranduago eskandaluren batean inplikaturik ikusi nahiko zenituzkeen gizon zuri boteretsuak. Bush familia.

'Hilobia' deitzen da Kaskezur eta Hezurren egoitza den eraikin zaharra, eta elkarte sekretu baten egoitzak (eta nire etxeak, baina hori beste kontu bat da) izan beharko lukeen itxura omen du: Monster familiaren mansioaren eta Ingalaterrako klub baten arteko nahasketarena.

Gaur egun, anakronismoa da bertan distira egiten duen ezaugarri bakarrenetakoa.

Eta Madame Pompadour izenez ezagutzen den eskeletoa.

Eta bost minutuko atzerapen bat.

Beharbada bost minutuko atzerapen hori da Kaskezur eta Hezurren Hilobiak gordetzen duen altxorrik preziatuena. Kaskezur eta Hezurren egoitzan Kaskezur eta Hezurren ordua erabiltzen dutelako, egoitzatik kanpoko ordua baino bost minutu atzerago. Berandu zabiltzanaren sentipenik gabe, une batez bada ere, atzerapen hori aukeratu ahal izatea, ondorengo urteetan beste esparru batzuetan gertatuko denaren asmo-adierazpen bat iruditzen zait. Inolako ondoriorik gabe munduaren martxatik pauso batzuk atzerago ibili ahal izateko pribilegioaren adierazpena. Aurretik joaten utzi diezaiokete munduari, ea zer gertatzen den. Ea nola hanka sartzen duten, oraingoan ere, arriskatu baino beste erremediorik ez dutenek. Eta ikusitakoaren arabera, zinismo osoz, erabaki bat edo beste hartu. Arnasa ahalbidetzen duen espazio eta denbora bat du elite batek. Margena. Margenen barruan, borondatearen kontra eman ohi dira denbora-jokoak. Azkarregi doan mundu batean egokitu ezinik, gosaldu gabe, bost gutxitako gauzak puntuan egiten.

Ados, beharbada ez da elkarte sekreturik Euskal Herriko unibertsitateetan. Edonon daude ordea eliteak. Gaurko eta etorkizuneko pribilegioak. Beste guztiak kaskezur eta hezur bilakatu daitezke egunen batean eta hilobia izan dezakete egoitza. Letra xeheekin idatziak.]]>
<![CDATA[Uda honetakoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2021-06-18/uda_honetakoa.htm Fri, 18 Jun 2021 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2021-06-18/uda_honetakoa.htm
Baina lasai, zure izaera grisarekin bat datorren erbeste bat kontratatzeko leku onenean zaude. Barne bidaia existentzialen gure agentzia honetan eskaintzen ditugun ibilbide pertsonalizatuak edozein pertsonarentzat dira egokiak. Zehazki zugan pentsatu gabe diseinatu dugu hau. Baina zuretzat.

Zuretzako oso aproposak ikusten ditugu Gipuzkoako barnealdean Moyua, Amenabar edo Grupo Eibarren arkitektura monotematikoari esker elkarren artean gero eta antz handiagoa duten herriak. Berdin du zein. Asfaltuko beroak, N-1eko gasolina eta Irun-Brinkola trenbidearen usainak. Apokalipsiaren hurrengo eguneko isiltasuna hausten duen gauza bakarra leiho batean noizean behin entzuten den aharrausi autokonfinatu bat izan ohi da. Ez dago kaiorik. Katuren bat akaso, aharrausika hau ere. Asperturik. Zu bezala.

Han zaudela, beharbada udan (ere) eten egingo diren obrak ikustera joan zaitezke eta porlanezko amaigabetasun antzuaren instalazio erraldoiak bisitatu. Audiogidak eskuragarri daude, atzerapen eta bihotzarekin egindako aurrekontu aldaketak, edozeinik aurrez ikusi zitzakeen geologiaren misterioak eta etorkizun batean espero diren erabiltzaileen kopuru gero eta urriagoen estatiskikekin gatz eta pipertzen diren azalpenekin. Herdoiltzen ari diren garabietan egindako grafitiek oso kritika onak jaso dituzte.

Artearekin jarraituz, herriko parrokia zalantzazko balioa duen barroko batekoa dela ikusiko duzu, baina nork behar du benetako barrokoa tenperatura fresko bat gozatzeko aukera dagoenean. Lasai, ez dago mezarik. Twitch kanal bat ireki du apaizak eta Demon Souls II-ra jolasten ari den bitartean banatzen ditu sermoiak eta ostiak.

Aspaldian ibili ez zaren moduan ibili ahal izango zara industrialdeetako promenadeetatik. Mantso, lasai, urtean zehar autoek betetzen dituzten aparkalekuetan bueltak ematen. Adrenalina nahi izanez gero, hala ere, udal igerilekuan sartu zaitezke azken orduan, haurrak, erroska pasata jada, ahoa isilik mantentzeko irentsitako txutxeria guztiek eragindako azukre mozkorraldiaren biktima eta borrero bilakatu direnean.

Aukera gastronomikoei buruz ari garela, supermerkatuko hozkailuan aurkitu dezakezun ur izoztua besterik ez den eskaintza koloretsu horietako bat gomendatzen dizut. Guztiok merezi dugu limoiaren zaporearekin zerikusi eskasa duen omenaldi nostalgiko fosforito jelatu bat. Zuk ere bai. Zuk batez ere.

Destino segurua da, baina beti gertatzen da zerbait. Dena hartu dugu kontuan. Ez dagokizun anbulatorio bateko itxarongelan zain egon ahal izango duzu, hitzordurik gabe hiltzen ari zaren bitartean. Pentsa edozein bainuetxe edo span baino hobeto zainduta egongo zarela, ordezkatuko duen inor gabe bere ezinbestekotasunaz kokoteraino dagoen familia mediku baten eskuetan. Hiltzen.

Urtero bezala zure etxeko sofan gelditu zaitezke sabaiari begira, noski, bizilagunek udako abestia entzuteari utzi dioten eguneko hamar minutu horiek disfrutatzen. Baina aurkeztu dizudan planarekin ilusionatzen hasia zarela nabaritu dut. Pentsa zein ondo geldituko den dena zure Instagrameko kontuan. Zenbat filtro jarri ahal izango dizkiozun betiko normaltasun berriari.]]>
<![CDATA[Baldarra suertatzen dena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-05-21/baldarra_suertatzen_dena.htm Fri, 21 May 2021 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-05-21/baldarra_suertatzen_dena.htm The Atlantic aldizkariko artikulu batean, gure ezker-eskuin asimetriaren azalpen biologikoa konplexua dela baina azalpen psikologikoa ez omen dela hain konplikatua. Esaten zuena oso iradokitzailea suertatu zitzaidan: «Hor nonbait zure nerbio sisteman ezkutuko pertsona bat bizi da, ezkutuko zu bat, lotsatia eta baldarra, dislokatua, argiaren beldur, gauza guztietan zu bezain ona ez dena. Ezer lortzen ez duen pertsona bat da, nahiago lukeena bakean uztea. Eta pertsona horrekin harremantzen zara zure esku ahulena erabiltzen duzun bakoitzean».

Eskuineko eskuarekin lan egiten duen ezkertia izanik, zer pentsatua eman zidaten Parkerren hitzek. Bakean uztea nahi duen ni horrekin kontaktuan nago etengabe, hau idazten ari naizela, adibidez, pelmada ematen ari natzaio behin eta berriz nire bertsio okerrago horri. Badakit ordenadoreko arratoia ezkertientzat konfiguratu daitekeela, baina bere momentuan ez nuen egin eta orain malabarretan ibiltzen hasteko beranduegi da niretzat. Atzean utzi ezin ditzakegun ohitura txarrez beterik gaude denak. Nire belaunaldia senide artean konpartitzen zen ordenadore bakar batekin hazi zen eta ez norberak bere beharretara egokitu ditzakeen gailuen aroan. Hala izan balitz, beharbada orain ezkerrarekin erabiliko nuke ordenadorea. Nire ni baldarra(goa) bakean utzi.

Gaur egungo ezkertiak eskubia erabiltzera moldatu gara hainbat esparrutan, baina behintzat boligrafoa eta koilara ezkerrarekin heltzeko askatasuna izan dugu beti. Etxean ez ninduten eskubiarekin ezer hartzera behartu. Amonak noizean behin amari esaten zion ez uzteko niri ezkerra erabiltzen. Baina amak ez zion kasurik egin inoiz eta nik hatz txikia boligrafoaren tinta urdinarekin zikintzen jarraitzeko eskubidea izan nuen, nire klasean zeuden beste hiru pertsonak bezala.

Ikerketek diotenez, populazioaren %10-12 ezkertia da. Horrek «zertarako hartu hauentzat ezer egokitzeko lana» esanaz laburbildu daitezkeen gauza asko azaltzen ditu. Masa produkzioaren eta trafikoaren mesedetan oholtzara igotzera behartzen dugun gu okerrago horrek gerra batean hiltzeko edo auto-istripu bat izateko aukera gehiago ditu.

Etimologiak harremantzen ditu ezkerrak eta okerrak, ez bakarrik euskaraz. Gauche, left, link, sinistra... guztiek dute ahuldade edo intentzio txarren bat. Guztiak datoz okerreko bidetik. Deigarria iruditu zait beti latinezko sinister hori tabutzat harturik, Iberiako penintsulako erromantzeek euskarara jo izana, esku okerrari heldu arren, euskarak zorte hobea ekarriko zielakoan edo auskalo zergatik.

Hitza aldatuko zen, baina egia esan, ezkerraren fama ez zen gehiegi hobetu Erdi Aroan zehar. Asuntoa atzetik zetorrela diote hainbat teoriak. Erromatarren garaian ezkerreko aldetik ekartzen zituztela hegaztiek augurio txarrak. Atzerago eta patriarkalago baldin bagoaz, gizakiaren dualitateari erreparatzean, greziarrentzat emakumezkoaren aldea zen ezkerra. Eskubia, gizonezkoarena. Denboran oraindik atzerago, eguzkia ezkerretik sartzeak eta horrek gauaren iluntasuna ekartzeak susmo txarrak piztuko zituen akaso.

Azalpen antropologikoak ikusirik, neurri handi batean, ezkertiek populazioaren %10-12 izate hori pairatu behar izan zutela izan zen kontua. Deserosotasun praktikoaz gain, gutxiengoak beti eragiten du halako deserosotasun kontzeptual bat. Mendebaldeko munduan demonizazio horretatik ateratzea lortu dugu ezkertiok eta gaur egun nahiko absurdoa iruditzen zaigu halakoak jasan izana. Beste batzuek oraindik hor diraute ordea, babes legalik gabe inkisizio eta zigor sozial desberdinetatik ihesi, direna ukatu eta beste norbait izatera beharturik maiz. Eta hau gertatzen den bitartean, ez dut uste James Parkerrek zioenak balio duenik. Alderantziz. Baldarra suertatzen dena ez delako inolaz ere gutxiengo hori, gizartearen nerbio sistemaren katakonbetan ezkutatu beharko genukeen gure bertsio pribilegiatu, gogortu eta ozen hau baizik.

Galdetu trans pertsonei bestela.]]>
<![CDATA[Psikofonia adimentsuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2021-04-23/psikofonia_adimentsuak.htm Fri, 23 Apr 2021 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2021-04-23/psikofonia_adimentsuak.htm
Azken finean, gu ez ginen hain desberdinak atzo. Ados, herenegun.

Ikastolako txangoetan hamar kilometroero norbaitek gidariari kasete bat hurbiltzen zion, eta tarifa igoera bat eskatu beharko lukeela pentsatuz gogo txarrez jartzen zuen honek. Lehenengo notekin hasten ziren protestak. Batzuk altuago, ez da entzuten, kendu mierda hori besteek. Tolerantzia ikasketa bat egongo zen horretan, baina guk ez genuen ezer ikasi. Walkmanen erabilera zabaltzean, autobusean musika entzuteko esperientzia indibidualagoa bilakatu zen, atzera eta aurrera egiteko erabiltzen zen boligrafoarekin bakarrik konpartitzen zena. Baina beti zegoen norbait txangoetako DJ lanak egiteko eta batez ere mundu guztia izorratzeko prest.

Ez dakit nondik gentozen bueltan arratsalde hartan. Udazkena edo negua izango zen, errepidea ilun zegoelako, baina ezin zuen oso berandu izan. 1990. urtea zela badakit. Urte hartan Sinead O'Connor-ekin maitemindu ginen eta Depeche Mode-ren laguntzarekin isiltasunaz gozatu. Hik lan eta nik jai-aren ziria sartu ziguten Tapia eta Leturiak; alderantziz dela jakingo genuen urte batzuk beranduago. Baina I. gidariarengana gerturatu zenean ez zigun halakorik jarri. I.-k, gure onetik ateratzeko gai izan arren asko estimatzen genuen I.-k, Linareseko jauregiko ustezko psikofonien kasetea jarri zigun autobus osoari.

Psikofonia haien grabaketa nondik atera zen gogoratuko duzu agian. Tiempo aldizkariak oparitu zuen bere zenbaki batekin, nahiko sonatua izan zen marketin mugimendu ausart bezain bizarro batean. 1992 aurretiko Espainia hartan arrakasta handia izan zuen, eta, gaur egun Casa de América bezala ezagunagoa den Madrileko Linareseko jauregiak, bere merchandising eta bisita (eta bandalismo) booma.

Autobusaren bozgorailuetatik Raimundita neskatoaren ustezko ahotsa bere amari deika entzuten hasi bezain pronto belarriak estaltzen hasi ziren batzuk, barre urduriz lehertzen besteak. Pentsa dezakezue zer egin zuen bere momentuan Dracularen marrazki bizidunezko bertsio batekin ere amesgaiztoak izateko gai zen honek.

Badakit urte batzuk lehenago arrakasta izan zuen Milli Vanilli bikotea bezala, psikofoniak iruzurra direla eta haien atzean dauden istorioak terribleak, reality-tik gertu dauden gezurrak. Linaresen jauregian bizi zen Murga familiaren inguruan ere istorio ikaragarriak eraiki ziren. Piroteknikoena nahigabeko inzestu baten fruitu zen Raimundita bere gurasoek hil zutela kontatzen duena da.

Psikofonien urrezko aroak ez zuen asko iraun, eta komunikabideetatik eta ikastoletako txangoetako autobusetatik desagertzen joan ziren. Adimen Artifizialak sortutako ahotsek oraindik demodé-agoak egin dituzte hirugarren milurteko honetan. Baina iraganeko ahotsak guk nahi duguna esaten entzun nahi ditugu oraindik. Lola Flores garagardoa saltzeko andaluzismo sakonerantz jotzen, psikofoniak bezain artifizial eta haien atzean dagoen atzokoa presente bilakatzeko irrika hori bezain adimentsu.

Gu ere iragan egingo gara, psikofonia bilakatu. Batzuetan neure buruari galdetzen diot ez ote duten gure Whatsappeko audio lerdo guztiek gure hilosteko misterioak girotzeko datu basea osatuko. Ez ote duen kuadrillarekin gelditzeko gogorik ez genuen egun hartako aitzakia merke hark Ganimedeseko ikastola kontzertatu baten espazio ontziko bozgorailuetan amaituko. Eta norbaitek mierda hori kentzeko esan bitartan, gure iruzurrak inoiz baino zintzoago.]]>
<![CDATA[Izorra daitezela berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-03-26/izorra_daitezela_berriz.htm Fri, 26 Mar 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-03-26/izorra_daitezela_berriz.htm
Ordu batzuk beranduegi, koldarkeria beti dabilelako beranduegi, agertu zen sare sozialetan oihuaren egilea, Carmelo Romero (tipo sentibera, poesia frankistaren maitalea), barkamena eskatzera. Barkamen eskeak ez dira inoiz bota diren irainak eta bestelako edukazio falta erakustaldiak bezain natural ateratzen. Autojustifikaziorako konjuruan, bere ardura desberdinetatik osasun mentalaren alde asko egin duela esan zuen. Nik ez dut ukatuko, baina Carmelo Romeroren oihuari, duela urte batzuk Andrea Fabrak, PPko kongresukidea hau ere, langabetuen kontrako «izorra daitezela» haren oihartzuna etorri zitzaion bueltan. Pribilegiotik bakarrik erabil daitezke hitz eta tonu hori. Inoiz ezer txarrik gertatuko ez zaizula jakiteak indartzen dizu ahotsa horrela. Hain asebete, hain sendo.

Inor ez da libratzen, eta badakit, aspaldiko telenobela baten izenburuak zioen bezala, aberatsek ere negar egiten dutela. Baina osasun mentalaren arazo zabalduenen aurrean, justiziaren aurrean bezala, ez gara denak berdinak, eta antsietatearen, depresio eta abarren atzean, antsietate, depresio eta abar ekonomikoa dago sarritan. Eta partxe bat ez den zerbaitekin tratatzeko, osasun publikotik at ia beti, dirua behar da. Edo sindikatu bat, esan izan dute, baina badira sindikatuak heltzen ez diren hainbat esparru.

Diruak ez duela zoriontasuna ematen diru faltarik ez zuen norbaitek botako zuen. Bereak ez diren hitzetan Mikel Laboa deituriko psikiatra batek predikatzen zionetik gertuago gaudela esango nuke nik. Ez daukanak ongi ohi dakiela edukitzea zein den ona. Edo behintzat, ez edukitzea zein txarra den. Hilabete amaieran koltxoi baten gainean eroriko zarela jakiteak, eguneko ordu, autoestimu eta energia guztiak xahutzen dizkizun lan hori utzi ahal izateak, etorkizunari beldurrik ez izateak,... baliteke horrek guztiak zerikusi handia izatea zorionarekin. Niri sekulako astenia eragiten didan udaberriak baino gehiago, ziur.

Carmelo Romerok ez daki zein den bere inguruan ematen den batezbesteko Lexatin kontsumoa. Bestela ez zuen «ez dut ezagutzen, beraz ez da gertatzen» batek eraginda dirudien asperduratik oihukatuko. Egongo da, bere burbuilatik kanpo baina ez oso urrun, PPko kongresu taldeko aholkulari baten laguntzaile bat negar egiteko gogoari eutsi behar izaten diona egunero etxeko atea irekitzen duenean. Egongo da Carmelo Romeroren familian bakarrik sentitzen den norbait. Lorik hartu ezinean dabilen norbait. Mentalki leher eginda dagoena edo hiltzeko gogoa duena. Egongo da, baina berak ez daki. Ez daki, beraz berarentzat ez dago.

Carmelo Romerok ez du osasun mentalarekin kronifikatzeko bidean dagoen arazo orokor bat dugula onartu nahi, eta ez dakit ez ote gauden gu ere apur bat Carmelo Romero izatera behartuak, arazoei medikutara joan ostean partxeak jartzen dizkiogunean, edo, okerragoa dena, pasakodaka garrantzia kendu nahi diegunean. Mundu hau, eta horren isla dira bere osasun sistema publikoak, ez dago psikologoen tratamendu luze eta sakonetarako, azkar medikatuz edo bakarrik joan behar zaizkizunetarako baizik. Zirkulaziorako.

Carmelo Romerok, asperturik edo alferturik, ez zuen mota honetako bajek eragiten duten gastu publikoa zenbatzeko kalkulagailua ere atera. Medikutara bidali zuen Iñigo Errejon baina susmoa dut pikutara bidaltzea zela benetan egin nahi zuena. Eta batez ere, gizarte honen frakasua agerian utziz isilpean edo hipermedikaturik sufritzen dutenak. Izorra daitezela. Berriz.]]>
<![CDATA[Borrokaren kontra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2021-02-26/borrokaren_kontra.htm Fri, 26 Feb 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2021-02-26/borrokaren_kontra.htm Túnel de Lavado abestian esaten zuen hori egiaztatu nahi. «Zaharrenek badakite, ezer eta inor ez dela sekula aldatzen, beraz ez zaitez saiatu ere egin eta hil zaitez behingoz, Fernando» edo antzeko zerbait zioen. Ezin ditugu besteak aldatu, horren orbainak ditut kopetan, besteengan dugun inpaktua oso mugatua da baina geure buruarekin zerbait egin dezakegulakoan nago... batzuetan. Zerbait biratu. Zerbait konpondu. Zerbait hil dezakegu behingoz, Fernando.

Erabiltzen dugun hizkuntza eta pentsaeraren edo munduaren ikuspegiaren arteko harremanaz asko idatzi da eta, lasai, ez naiz inuitek zuri kolorea izendatzeko duten hitz anitzei buruz arituko. Falta zena. Hiperbentilatzen jartzen gaituzten eta hezurretaraino barneratuak ditugun metafora horiek dira azkenaldian beste zerbait probetxugarriagoan pentsatzeko uneak kentzen dizkidatenak.

Alde batetik, ohartu gabe barneratu ditugulako kezkatzen naute metafora horiek. Ohartu gabe barneratzen dena zalantzan jartzea zaila delako. Hori beti horrela izan da eta. Horrela egin dira gauzak bizitza osoan. Ikuspegi zabalago bat izateko pauso bat atzera eman behar da eta gizarte eta garai hauetan ez dago atzera pauso bat ematea (eta ikuspegi zabal bat izatea) baino ezer beldurgarriagorik.

Bestetik, ez nago oso ziur erabiltzen ditugun metaforek iradokitzen diguten mundu horretan bizi nahi dudan. Batzuetan, Mr. Wonderful-ek zuzenduriko Julie Andrews-en pelikula batean bizitzen jarri nahi gaituztela iruditzen zaidalako. Gehienetan, Blitzkieg-aren erdian.

Osasunetik kulturara, kiroletik politikara, esparru profesional zein pertsonalean hedatu dira metafora belikoak. Eta errebeldia nahiz epika, erresistentzia nahiz anbizioa, gauza guztietarako balio omen digu «borroka» kontzeptuak. Gure lanean borrokatzen gara, gure harremanak salbatzearren borrokatzen gara, minbiziaren aurka borrokatzen gara, klima aldaketaren kontra borrokatzen gara. Irabazi ezin ditzakegun borrokak dira gure bizitzak. Eta gerra ez da sekula amaitzen.

Badakit zer pentsatzen ari zaren dagoeneko borrokatzeari utzi nahi badiozu, «hil zaitez behingoz, Ana». Ez da hori.

Nahiko motela izan naiz beti eta horregatik ez naiz orain arte konturatu zein kontzeptu hutsa den borrokarena. Zenbatetan erabiltzen den inolako zehaztapenera heldu gabe eta zehaztapen falta horrek zenbateraino oztopatu edo eteten duen inolako helbururik lortzea. Borroka hitz abstraktua da eta ez ekintza. Borrokan dena kabitzen da eta ez da ezer gertatzen.

Gogoratzen «borroka da bide bakarra» hura? Ba ez, ez da bakarra. Ez da bide bat ere. Ez da ezer. Agian beste aditz eta kontzeptu batzuk daude. Agian zaintzea da. Eman eta hartzea. Entzun eta esatea. Eskatzea edo planto egitea. Agian zeozer (ahal dena) egitea da. Agian uko egitea. Ziur nago hitz hauek erabiltzeak ez dizkigula frustrazioak kenduko, baina beharbada antsietateren bat edo beste, bai. Kapitalismoak bultzaturiko lehiaren diskurtsoan beti daude txapeldun eta frakasatuak. Hori ezkutatzen du borrokaren kontzeptu honek. Irabaztera derrigortuak bizi gara eta ez gara egunero «bere ametsak jarraitu» ezinik, ezer lortzen ez duen galtzaile hori baino sentitzen.

Pentsamendu belikoak bezain antzuak iruditzen zaizkit pentsamendu baikorrak. Bietan benetan existitzen ez den meritokrazia bat ezkutatzen da. Pentsamendu belikoan borroka deitzen zaiona, baikortasunean ametsak jarraitzea da txanpon faltsu beraren beste aldea. Txanpon hori nahi gabe erortzen utzi eta pentsamendu baikorraren aldean irakurtzen banauzu noizbait, orduan bai, orduan ni akabatzeko baimena izango duzu, «hil zaitez behingoz, Ana» kantatuz nahi izanez gero. Eta hau ez da metafora beliko bat. Hau zehazki eta espresuki eskatzen dizudan zerbait bat da.]]>
<![CDATA[Diagonaltasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-01-29/diagonaltasuna.htm Fri, 29 Jan 2021 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2021-01-29/diagonaltasuna.htm en fin, sozialki desastre bat dela dena.

Ez dakit hezkuntza sisteman hau aldatuko ote zen, baina gure garaian behintzat ez ziguten hitz egiten irakasten. Lehen hitza esatera behartzen gintuzten («esan AMA, A-MA») eta modu desegituratuan heldu ginen hitz egitera. Eta nabaritzen da, bizitzaren ia esparru guztietan, publiko zein pribatuetan nabaritzen zaigu ez ginela inoiz unibertsitate pribatu anglosaxoi bateko eztabaida taldetik pasatu gure ideiak zein sentipenak azaleratzerako orduan.

Tamalez, horrek ez du isilik gelditzen garenik esan nahi. Hori ur azpian ere ez dugu egiten.

Gehien praktikatzen den irakurketa irakurketa diagonala dela onartu beharko dugun bezala, onartu beharko dugu entzute diagonala dela entzuteko dugun modu nagusia, eta, hitz egin ere, diagonalki egiten dugula hitz. Beste guztia joan-etorriko aurreiritziz betetzen dugu, nahita ala nahi gabe, presaka ia beti, modu okerrean maiz.

COVID-aren aurretiko mundu diagonal horretan oso ondo txertatzen ziren talde dinamikak, asko eta asko dinamikoak ez, zinematikoak zirenak. Ondorio eskasekoak ia denak, udalekuetako performance parte-hartzailetik gehiago zutenak adimen kolektiboari etekina ateratzeko ahaleginetik baino. COVID-ak eremu digitalaren ajeak gehitu dizkio taldean gaudenean gure koziente intelektuala bilakatzen den amildegiari. Denoi gertatu izan zaigu konexio txarrak ez digula besteak esan nahi duen hori entzuten uzten. Marra eten batekin marraztu behar dugula ulertzen ari garenaren diagonala, burua beste norabait turismoan doakigun bitartean. Denoi gertatu izan zaigu gure speech onenak mikrofonoa isilarazirik zegoen bitartean eman ditugula. Konturatu orduko, elkarrizketaren gaia beste bat izaten da beti.

Eremu profesional zein pertsonalean, aurrez aurrekoan zein digitalean, konexio eta komunikazio arazoak hor daude.

Diagonaltasunaren praktika hau bereziki kezkagarria da botere harreman gero eta desorekatuagoetan gorpuzten denean. Adibide bat. Ez dakit zein den polizia akademien gaur egungo programa, baina polizia lanaren ehuneko handienak hitz egitea izan beharko luke eta susmoa dut, gizartea bigorexikoagoa den bezalaxe, gero eta fisikoagoa dela curriculuma, kontzeptuaren zentzu gimnastikoenean. Gorputzarekin (eta objektuekin) ordezkatzen dela azalpena, gorputza baliatuz gauzak azkarrago ulertzen eta barneratzen direlakoan.

Irakurri nuenean oso argigarria suertatu zitzaidan Max Grief-ek Against everything bere artikulu bildumako idatzietako batean esaten zuena: «Poliziak ukitzeko gaitasuna du. Herritarrok ikustearena izan beharko genuke. Galdera da zergatik ez den maizago lehen planora ekartzen ikustea eta ukitzearen artean egon beharko lukeen zerbait: hitz egitea. Hitz egitea da demokraziaren oinarria». Iazko urte hasieran irakurri nuen eta berehala etorri zitzaidan gogora berriz, George Floyd eta Black Lives Matter mugimenduaren beroan.

Berriz datorkit gogora orain.

Gure kaleetan ere ikusten ari gara botere harremanak ezarritako ukitze ahalmenarekin osatzen direla diagonalak, azalpen hitzaren eta, beraz, demokraziaren, kaltetan.

Gure gizartean gailendu den etengabeko denbora faltaren sentipen horrekin zer egin. Denbora behar delako aurreiritzi eta ukitzeak hitz eta ulertze bihurtzeko. Denbora behar delako eta gogoa. Baina ez dugu ezertarako denborarik eta ez dugu ezertarako gogorik, gure harremantzeko moduari ezarri dizkiogun itxiera eta etxeratze-agindu propioak baizik.

Horretarako, hobe isilik.]]>
<![CDATA[Eskapistak eta espiritistak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2020-12-18/eskapistak_eta_espiritistak.htm Fri, 18 Dec 2020 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2020-12-18/eskapistak_eta_espiritistak.htm
Kate, indar-alkandora eta ia edozein lotura sistematik ihes egiteko gaitasunak egin zuen mundu mailan famatu. Kate lodi batekin itxitako zaku batean sartu edo segurtasun kutxa batean uretara bota, berdin zuen: Houdinik beti egingo zuen ihes. Ikusten ez diren kateak, ukitu ezin diren loturak dira estuen heltzen gaituztenak, ordea. Eta haietatik ihes egiten lan handiagoa izan zuen Houdinik.

Houdinik harreman bereziki estua izan zuen bere amarekin. Horraino, dena "bereziki oso normala". Oso judua ere bai (eta oso euskalduna, baina ez naiz topikoen azterketa sasi-kultural horretan sartuko, gaurkoan behintzat). Harreman bereziki estua izatea gauza "bereziki oso normala" izan daiteke, baina "bereziki oso paranormala" suertatzen da ama hil ostean berarekin medium baten bidez hitz egiten jarraitu nahi izatea.

Garai hartan, XX. mende hasieraz ari naiz, puri-purian zegoen espiritismoa. Houdini medium batengana itxaropen handiz joango zela pentsatzen dut eta ilusioaren malda grafikotik aterako zitzaiola medium batek bere amarekin kontaktuan sartu zela esan zionean. Mediumak ingelesez hitz egin zionean konturatu zen Houdini gezurretan ari zitzaiola. Bere amak ez zuelako ingelesez egiten, hungariar-yiddish nahasketa bat baizik. Eta, nik dakidala, mediumek ez dute itzulpen-bikoizketa zerbitzurik eskaintzen.

Ez dago trikimailuaren egia deskubritzean lilura galtzea bezalakorik gurutzada bat hasteko.

Hor hasi zen Houdiniren espiritismo eta paranormaltasunaren iruzurtien aurkako borroka. Haien artean, Joaquín Argamasilla salatu zuen, begietan X izpiak EZ izateko oso abizen aproposa zuen Santacarako XI. markesa. Bere etsaiak ekarri zizkion borroka honek Houdiniri, batzuk Sir Arthur Conan Doyle bezain famatuak. Aurrekari, aurreiritzi eta testuinguruak gidatuta, alderantziz izan beharko lukeela pentsa lezake norbaitek. Houdinik, magiaren mundutik etorrita, paranormaltasunaren existentzia defendatuko zuela eta Conan Doylek, ikerketa eta ebidentzien bilaketan zebilen Sherlock Holmes-en istorioen autoreak, frogatu ezin denaren kontra joko zuela. Baina esan bezala, badira askatu ezin ditugun loturak: bere ama maitearekin ezin kontaktatzeak sekulako mina egin zion Houdiniri. Conan Doyleren emaztea espiritista zen. Houdiniren heriotza Sherlock Holmesek argitu ez zuen kasu bat izan zitekeen, espiritismoaren aldeko taldeen konplot bat izan zela uste baita oraindik.

Gerra paranormalen gudu-zelai naturala den hilostean ere jarraitu zuen Houdinik mediumen aurka borrokan. Bere emaztea biek bakarrik ezagutzen zuten kode baten zaindari izan zen hamar urtez. Medium batek kodea asmatu izan balu, Houdini oker zegoela frogatu ahal izango zuen. Hots, hildakoek mundu honetako pertsonei loturik jarrai zezaketela. Esan beharrik ez dago ez zela inor Houdinirekin harremanetan jartzeko gai izan (edo harremanetan jarri nahi izan zuenari ez ziola deia hartu bederen) eta ez zuela inork kodea asmatu.

Houdini bakarra izan zen, baina ez ote garen gu ere nolabaiteko Houdiniak. Eguberri pandemiko honetan, gobernuen erabakiak medio edo aitzakia, malgutasunik gabeko bizitza libre bat duten desilusioaren ilusionistok urteroko espiritismo frustratu eta eskapismo eraginkorraren bertsio areagotua izango dugula iruditzen zait. Asko izango dira, hatzekin zenbatuak eta gonbidatuak, familiak eta tradizioak ezarritako konpromisoaren kateetatik ihes egitearen numeroa (aurten bai) egingo dutenak. Asko mahaiko hutsune bati erantzunik jaso gabe hitz egingo diotenak. Heriotzaz libre eta bizitzaz preso, heriotzaz preso eta bizitzaz libre egiten gaituen harremanen trikimailu handi honetan.]]>
<![CDATA[Pijamak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2020-11-20/pijamak.htm Fri, 20 Nov 2020 00:00:00 +0100 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2020-11-20/pijamak.htm zera koadrodun hau gainetik kendu nahi dut, besterik gabe.

Neure burua Ingalaterrako XIX. mendean bizi zela konbentzitzen saiatu nintzen adin batean (modaren ikuspegitik oso post-nerabezaro konplikatua izan nuen) kamisoiak erabiltzen hasi nintzen. Flanelazko kamisoi deseroso batzuk izan nituen, ohean mugitzean altxatu edo tira egiten zidatenak. Guztiok ditugu altxatuta edo tiraka bizi ditugun faseak. Pijamak Europan XIX. mende amaiera aldera zabaltzen hasi ziren. Ni 2000. urtean sartu nintzen XX. mendean, pijametara itzuli nintzenean. Ez naiz XXI. mendera oraindik heldu, ur poltsa bero bat dut negurako. Emadazue denbora apur bat, berehala izango naiz zuekin.

Badakit euskaldun bakoitzak, futbol entrenatzaile bat izateaz gain, bere baitan filologo bat duela, baina ni behintzat ez naiz pijama hitzaren jatorriaz arduratu orain arte. Pijama hitzaren jatorriaz ez delako inor arduratzen. Ingelesek hinditik hartu zuten, eta haiek, persiarretik. Britainiarren inperialismoari zor diogun erosotasuna da, beraz, pijama, eta ez dut inor gaizki sentiarazi nahi honekin, baina inperialismoak barne gatazka hauek eragiten ditu. Moden joan-etorrian bueltaren bat eman zuen arren, XIX. mendera arte ez zen gizonezkoen artean zabaldu ohean bi piezatan sartzearena. Gizonezkoak esan dut, ez baita emakumezkoen erabileraren aipamenik jaso I. Mundu Gerrara arte, eta dauden aipamenak freak deitzeko dira. Badakizue freak horrek zer gordetzen duen.

1914ko gerran emakumeak pijamak janzten hasi baziren, edozein momentutan ospitalean amaitu dezakezulako kulero presentagarriak jartzera eramaten zaituen jarrera optimista berberagatik izan zen. Gerta zitekeen gauaren erdian zepelin alemaniarren erasoengatik etxetik korrika atera behar izatea, eta horretarako askoz ere praktikoagoa zen pijama kamisoia baino. Garai hartan hala aurkeztu ziren pijamaren bertute praktiko eta ez hain praktikoak: zepelinetatik ihes egin bitartean goizeko ordu txikietan bizilagunekin topo egiteko jantzi errespetagarri perfektua bezala. Etxeko intimitatetik eta oheko babesetik kanporaturik zirenentzako desorduko gerrarako armadura zibil bat. Poltsikoak zituen gainera. Soinekoen hegemoniarekin urteetan zehar emakumeoi ukatu zaigun oinarriko eskubide hori.

Gauza intimoa da pijama, arropa intimoa deitu dena baino are intimoagoa esango nuke. Gaur egun, armaduraren zentzua galdu dute pijamek. Babestu baino gehiago, gure esparru hauskorrenetan kokatzen dira. Pijama baten erruz lotsatzen gara barkamena eskatzera beharturik sentitzera arte. Ez da pijama, gu gara. Geure burua eta bere utzikeria da lotsatzen gaituena. Pijama itsusi baten defentsa sutsuan geure buruarengan dugun segurtasun faltaren defentsa bat dago. Pijama batzuk ezkutatu nahi izaten ditugu, oroitzapen txarrak bezala, burkoaren azpian, inoiz botatzera heldu gabe. Etengabeko aldaketan dagoen mundu honetan, zerbait egonkorra delakoan gordetzen dugun zerbait da.

Ez dakit zuk, baina nik, bizi ditugun egun nahasi hauetan, ametsetan gertatzen den bezala, konturatu gabe kalera pijaman ateratzen ari garen sentipena daukat. Armadura zaurgarri kitsch samar batekin, eguneroko zepelinen bonbardaketan presentagarri agertu nahian baina denborarekin zulo egin zaizkigun higadurak agerian.]]>
<![CDATA[Gas-argia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2020-10-23/gas_argia.htm Fri, 23 Oct 2020 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2020-10-23/gas_argia.htm
Egia da hainbat mugimendu sozial agertu eta indartu egin direla lau urte hauetan, nolabaiteko kontzientzia bat zutitu dela (hau Zizek-ek aurreikusi zuen nolabait eta ez naiz ni Zizeken cheerleader bat prezisamente). Baina sareko nire ezagun afro-amerikar batek esaten duen bezala, herri oso bat (mundu oso bat esango nuke nik) «gas-argitzen», ero sentiarazten, aritu dira. Sekulako estresa eragiten du egunero ileetatik tiraka egiteko moduko zerbait gosaltzeak. Zure bizitzari zuzenean eragingo dion neurri injustu eta kaltegarri bat bazkaltzeak. Zarena ukatzen duen lege proposamen berri batekin afaltzeak. Etengabe asaldaturik egoteak, nekagarria izateaz gain, zure bidetik eta fokutik aterata, ez dizu bizitzen uzten.

Errepublikanoen ahots kritikoenak (The Lincoln Project eta enparauak) demokratentzako botoa eskatzen ikusten ditudanean, Alderdi Errepublikanoaren logotipoan agertzen den elefantearekin gogoratzen naiz. Erokeria honen erdian, hilerrirako bidea hartzeko desiratzen egongo da.

Lau urte igaro dira eta azaroaren hasiera laister dugu berriz. Indar politiko, ekonomiko eta militarrak hor dirau.

Joe Biden ez zen nire hautagai demokrata gogokoena. Nik nahiago nuen Elizabeth Warren (ziur nago uneren batean hau idatzi izanaz damutu beharko naizela baina tira, esan dut). Bidenek Obamaren presidenteordetzaren intxaurrak zituen jasotzeko eta boto afro-amerikarra izan du bere alde, Sandersek inoiz irabazi ezin izan duen boto bat. Ticketean Kamala Harris jarri izana ez da kasualitatea ere. Emakumea eta afro-amerikarra, eta ez da alderdiko politikari ezkertiarrenetakoa, Sanders, Warren edo Ocasio-Cortez izan daitezkeen bezala (AEBetako politikaren ñabardurak kontuan hartuta betiere). Demokratek Trumpen desmadreari aurre egiteko hautagaitza instituzional baten apustua egin dute. Familia, lana, begirunea, osasuna... Sen on tradizional bat berreskuratu nahi diote bere senetik erabat aterata dagoen herri bati. Nire gustukoena ez den arren, apustu ulergarri bat.

Nork irabaziko duen? Ni jada ez naiz ezer esatera ausartzen. Are gutxiago Murphyren legeei jarraitzen dien 2020 apokaliptiko honetan. Fabore bat eskatu nahi dizut bakarrik. Ez dut demokratak eta Trump gauza bera direla berriz entzun nahi. Ez dut gas-argi zerbitzu horretara harpidetzeko interesik.]]>
<![CDATA[Erabaki kateak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2020-09-25/erabaki_kateak.htm Fri, 25 Sep 2020 00:00:00 +0200 Ana Malagon https://www.berria.eus/paperekoa/1891/020/001/2020-09-25/erabaki_kateak.htm Challenger-aren tripulaziokoak niretzat. Orain Netflixek lau ataleko dokumental on bat atera berri du gaiaren inguruan, eta hemen dut trauma bueltan. Eta hemen ditut mamuak. Michael J. Smith, Dick Scobee, Ronald McNair, Ellison Onizuka, Christa McAuliffe, Gregory Jarvis, Judith Resnik.

Espaziorako lasterketaren leku mediatikoa kirolak eta reality-ek hartu duten garai honetan, ez dut uste ia inork astronauta izan nahi duenik, mutil (ia inoiz ez neska, ia inoiz ez beltz) ameslari bat deskribatzeko topikoa den arren. Christa McAuliffek, aldiz, ilargira autobusez joatearekin egiten zuen amets 60ko hamarkadan bizi izan zuen haurtzaroan. Institutuko irakasle lanetan zebilen Reagan-ek gaur bekainak altxatuko lizkigukeen zerbait erabaki zuenean: gizartean zuten garrantzia azpimarratzeko, espaziora bidaliko zuten lehenengo «pertsona arrunta» irakasle bat izatea. Hamaika mila eskaeren artean McAuliffena aukeratu zuten.

Autobus espaziala hartzeko ordua zen, andereño.

Familiaren presioak bultzatuko zuen agian Judith Resnik pianoa alboratu eta ingeniaritza ikastera. Bere buruari ezarritako presioak, espaziora salto egiten zuen AEB-etako lehenengo emakumea izateko lehian sartzera bultzatu zuen. Galdu egin zuen. Urte batzuk beranduago, Discovery-tik «kaixo, aita» zioen kartel bat heltzen ari zen.

«Kaixo, Judith» erantzungo al zion bueltan? Bigarrena izan arren harro egongo ote zen?

Ronald McNair haur afro-amerikarrak Hego Carolinako liburutegi segregatu batetik liburuak maileguan hartzeko debekuari aurre egin zion. Liburutegiak bere izena dauka gaur. Irakurketa haietatik NASArako bidea ez zen samurra izango. Gauza askotan bikaina zen McNair, karateko gerriko beltza eta saxofoi-jolea tartean. Jean Michel Jarre-rekin batera konposaturiko solo bat jotzekoa zen espazioan.

Pieza horrek ere bere izena darama gaur: Ron's piece.

Mamuak mamu izan baino lehen zer ziren berrikustea komeni da, gertakariek eragindako tristura eta amorrua handiagoa egiten badu ere.

Challenger-arekin batera ametsak, bizitzak, burdina eta kableak baino gehiago lehertu zen eta oraindik min ematen du, min ematen dio NASAri ere, erakundearen presio, arazo ekonomiko, politiko eta etikoen erruz gertatu zelako (2003ko Columbia transbordadorearen desastrea ere antzeko arazoen ondorio izan zelakoan nago, baina hori beste baterako).

1977tik bazekiten tenperatura hotzekin aireratzeak ondorio latzak ekar zitzakeela. Zati jakin batzuk sortu eta haien mantentzeaz arduratzen zen Morton-Thiokol enpresak bere kezka azaldu zuen behin baino gehiagotan. Zer egin zuen NASAk? Kasu hauetan enpresa eta erakunde askotan egiten dena: kasurik ez.

Challenger-a jasateko gai ez zen hotza egiten zuen urtarrilean Floridako Kennedy Center-ean. Morton-Thiokoleko eta NASAko hainbat aditu saiatu ziren, bi orduko dei batean, NASAko ingeniaritza buruak tenperatura horrekin aireratzea oso ideia txarra zela konbentzitzen. Zer egin zuen NASAk? Kasu hauetan enpresa eta erakunde askotan egiten dena: kasurik ez.

Azken erabakia kudeatzaileen artean hartu zen, denok dakigulako aurretik hartu den erabaki batekin aurrera egin nahi denean, zein petral eta astuna izan daitekeen asko dakien jendearekin biltzea. Kudeatzaileen argi berdea jaso zuen oso bestelako ikuskizun mediatiko bat izan nahi izan zuen Challenger-aren desastreak.

Istripu hau erabaki kateen hutsegite etiko gisa irakasten da unibertsitate eta kudeaketa eskoletan. Gaur egungo aginte kateen erabakiak ikusita, argi dago irakasteak ez duela ikastea ekartzen. Egunero ikusten dugu segurtasuna beste helburu batzuen bigarren planoan desagertzen. Egunero, gizakia presiopean erabaki terribleak hartzen. Presiopean hazten denik egongo da. Baina susmoa dut zuhurtziagabe eta miserableagoak egiten gaituela gehienetan, mamuz betez guztia.]]>