<![CDATA[Anaitze Agirre Larreta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 20 Sep 2018 11:15:59 +0200 hourly 1 <![CDATA[Anaitze Agirre Larreta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Migranteak, mugak eta bideak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2018-09-12/migranteak_mugak_eta_bideak.htm Wed, 12 Sep 2018 00:00:00 +0200 Anaitze Agirre Larreta https://www.berria.eus/paperekoa/1876/013/001/2018-09-12/migranteak_mugak_eta_bideak.htm ada ordua itsasoan erreskataturiko pertsonekiko erantzukizun txikiena izan nahian Europako herrialdeek darabilten lehia amaitzeko». Adierazpena Filippo Grandi ACNUReko Goi mandatariak egin zuen joan den abuztuaren 25ean.

EBren immigrazio politikaren ikurra izan da jarrera hori azken urteotan. 2015ean agerian jarri zuten ez zegoela politika bateraturik eta migranteen bizkarrean jarri zuten bere porrotaren zama. Errefuxiatuen krisia deitu zioten immigraziorako eta asilorako politika bateratu bat aurrera ateratzeko ezintasuna zenari. Ordutik, hildakoak pilatzen doaz Mediterraneo hondoan eta Ebren kanpoaldeko muga eta hesietan. 2015etik 10.000 lagundik gora hil dira Mediterraneoan IOMen datuen arabera.

Uda honetan ere ikusi ditugu EBko estatuen arteko desadostasunak migranteak hartzeko. Italiak disimulurik gabe erakusten du ez dituela migranteak bere lurraldean hartu nahi, eta horregatik ekainaren 11n Espainiako estatuak hartu zuen Aquarius ontzia Valentziako portuan. Keinu baikorra dudarik gabe. Abuztuaren 13an, ordea, Sanchezen gobernuarentzat «Espainia ez zen portu segurua».

Testuinguru honetan eta etengabean, migrazio gaietan edonolako erantzukizuna duten instituzio askok inbasioa eta uholdeen diskurtsoa eraiki eta komukabide ugarik barreiatu eta indartzen dute. Helena Maleno aktibistak dioen bezala, alarma eta beldurra elikatu, antsietate soziala sustatu, bere ezintasuna ezkutatu eta migrazio kontrol politika arrazistak justifikatu eta aplikatzeko: beroan eginiko kanporaketak, erreskatea ukatzea, teknologia militar geroz eta sosfistikatuagoa erabiltzea barne eta kanpo mugetan pertsonak atzeman eta geldiarazteko.

Diskurtso eta eraikuntza sozial horrek aurkezten dituzte migranteak ilegalak bezala, mehatxua diren kriminalak alegia, edo salbatu ezin ditugun biktimak. Edo biak batera. Uda honetan ere horixe gertatuko litzateke narratiba horren arabera. Estatuko hegoaldean gainezka daude iritsi diren migranteekin, migranteengatik. Txintik ere ez behin eta berriz errepikatzen diren etorreren aurrean erakundeek erakusten duten aurreikuspen eta baliabide faltari buruz. 2006an ere kontua bera zen, orduan kaiukoekin eta Kanarietan. Ordutik ez ote dute administrazio desberdinek egonkorra eta egiturazkoa den fenomeno bati erantzun egokia emateko denbora izan? Azken finean migrazioen atzean dagoena mundu mailako sistema ekonomiko globala da. Ez da berria, ezta puntuala ere. Iraunkorra da, eta Iparralde eta Hegoalde globalaren arteko desorekan oinarritzen den sistema ekonomikoak eragina.

2005 urriaren 12an El País egunkariak azalean atera zuen Marokon 30.000 migrante zeudela Ceuta eta Melillara «salto egiteko zain». 2014an datu berdina atera zuen portadan. Hamabi urteren ondotik kontakizuna berbera da. Kontesturik gabeko datuak barreiatzen dituzte, baina ez digute azaltzen Afrikan migrazio gehienak bertako herrialdeen artean gertatzen direla. Eta kontinente horretako biztanleei bisak ukatzen dizkiela sistematikoki Europak. Horrek eragiten dituela migrazio klandestino eta hilgarriak. Emakumeentzako zer esanik ez. Ahaztu egiten zaie aipatzea politika horiek sustatzen dituztela nagusiki pertsonen trafiko sareak, mafiak eta salerosketa. Azken horiek ondorio bat direla, ez migrazioen kausa.

Inbasio egoera etengabean bizi bagara, nola ulertu IOMren datuak? 2015ean milio bat inguru pertsona heldu ziren EBra Mediterraneoa zeharkatuz. 2018an eta orain arte, 71.000 lagun. Estatura 27.000. Iritsitakoei buruz, joan den abuztuan zioen Estatuan ACNUReko zuzendariak zifra horiek ez zirela arazo bat. Azken hilabeteotan Italiak Mediterraneo zentrala itxi du, Libia geroz eta hilgarriagoa da bidaian daudenentzat. Beraz, Espainia hegoaldeko bidea indartu da uda honetan. Eguraldiak ere lagunduta, migranteek bide hori hartzen dute. Gainera, Maroko eta Estatua arrantza akordioa negoziatzen ari ziren, eta Maroko negoziazioen norabidearekin pozik ez dagoenean migrante gehiago iristen dira Espainiako kostaldeetara. Eta ez dezagun ahaztu, migrazio bide hau ez da berria. Berria ez den bezala Euskal Herria zeharkatzen duen bidea. Adibidez, Irun eta Hendaia arteko trantsito hori aspaldikoa da. Uda honetan pertsona gehiago pasatu direla bistan da, eta mugan sistematikoki polizia frantsesak txuriak ez direnei kontrol arrazistak egin eta bueltarazten dituztela, Schengeneko ituna kolokan jarriaz. Horregatik, jendea Irungo aldean geratzen da egun batzuetan blokeaturik, jarraitzeko aukera topatu arte. Baina, berriz ere, zenbakien dantza nahaspilatsuaren atzean ezkutatzen dena da, asko jota mugalde honetan 70 lagun inguru daudela egoera horretan, eta pertsona horiek modu duin eta integralean artatzea ez dela arazoa, baliabideak badaudelako. Borondate politikoa da behar dena. Beste hainbeste gure artean gelditu nahi dutenei buruz.

Hala ere, kontrol politikak dira bultzatzen direnak, askotan eskubideak urratuz. Nahiz eta kontraesan argia egon demografo eta ekonomialariek esaten dutenarekin: immigrazioaren beharra dugula gure gizarte sistemari eutsi ahal izateko. Munduko Bankuak ere hori aitortu du joan den ekainean argitaraturiko txosten batean. Hemen, Beatriz Artolazabal Gizarte gaietako sailburuak ere antzeko zeozer azaldu du aste honetan. Euskadik jasotzen dituen 10.000 pertsonak behar dituela. Nahiz eta elkarrizketa berean gaineratu iristen diren adin txikikoak erkidegoen artean banatu beharra dagoela, ezin ditugula hartu.

Hori guztia gertatu eta kontakizun tranposo hau saltzen diguten bitartean pertsonek, bizitza hobeago baten bila edo babesa behar dutelako, euren herrialdeak utzi eta bizitza arriskatzen jarraituko dute. Horren aurrean, gizarte zibilak geroz eta ozenago eta argiago adierazten du zein den bidea, Euskal Herrian uda honetan gertatzen ari diren mugimenduak ikusi besterik ez dago. Ea instituzioek arreta jartzen duten.]]>
<![CDATA[Hungariaren ostean, zer?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/015/003/2016-10-05/hungariaren_ostean_zer.htm Wed, 05 Oct 2016 00:00:00 +0200 Anaitze Agirre Larreta https://www.berria.eus/paperekoa/1832/015/003/2016-10-05/hungariaren_ostean_zer.htm
Orban hautesleen sostengua galtzen ari zen momentuan etorri da erreferenduma. Oker deituriko errefuxiatuen krisia ezin hobe datorkio alderdi populistaren liderrari. Zeozer egin behar zuela pentsatuko zuen Orbanek, bere eskuin muturrean Jobik alderdia ari zaionean lekua kentzen.

Testuinguru horretan zera dugu; batetik, EBren laissez faire jarrera. Zergatik ez du EBk jarrera irmo bat erakutsi eta zuzenean mugak jarri bere balio eta hitzarmenak ukatzen dituen ekintzari? 1999an Austriako Gobernura Heider ultraeskuindarra iritsi zenean hala egin zuten. Ez oraingoan. Orbanek agerian utzi duena da EBren proiektu politikoaren gainbehera.

Hungarian, adibidez, hamar milioi biztanle dira, eta 4.000 errefuxiatu bizi da han, etorkinik apenas. Populazioaren % 1,4 dira. EBko kopuru txikienetakoa. Baina Orbanen kanpainan era honetakoak entzun dira: ba al zenekien Parisko atentatugileak etorkinak zirela? Brexit-aren kanpainan ikusi dugun bezala, eskuineko populismoak zurrumurru eta gezurretan oinarritzen ditu bere argudioak. Baina gorrotoaren diskurtsoa zabaltzen doa. Diskurtso hori ez du bakarrik eskuin muturrak zabaltzen. Sami Nair politologoak argi azaldu du: EBk errefuxiatuen dramaren kudeaketarekin, gorrotoaren diskurtsoa zabaldu eta legitimatu du. Horietatik datoz populazioaren jarrera xenofoboak eta biolentzia, erasoak, gorroto-delituak. Batasunaren jarrerak, baita neurriek ere, joan den irailean gizartean egon zen mobilizazioa eta elkartasun-indarra asko zapuztea ere lortu du.

Baina datuen arabera, EBren Barne Produktu Gordina munduko handiena da. 510 milioi pertsona bizi dira han. Beharrezkoa al zen krisi humanitarioetatik ihesi zetozenei trabak jartzea? Kupoak ezartzea? Kupo horiek ezartzeko irizpideak ez ziren, agian, okerrak: herrialde bakoitzeko BPGa, langabezia tasa eta biztanle-kopurua hartu dira kontuan. Baina, guztira, 2017ra bitarte, 160.000 pertsona hartzea erabaki zen 2015eko irailean. Libanok, Siriaren ondoan, lau milioi biztanle ditu. Eta milioi bat siriar hartu ditu.

Europako Batzordearen datuen arabera, kupo horietatik, 2016ko urrira arte 5.651 pertsona birkokatu dituzte (% 3,5) Italia eta Greziatik, EBko beste herrialdeetan. Estatura 363 lagun ekarri dituzte. Hungaria, Danimarka, Austria eta Poloniak ez dute alerik ere hartu oraindik.

EBren proiektu politiko bateraturik eza agerian, herrialdeek politika nazionalak bultzaten dituzte, immigrazioaren kontrol-politika geroz eta gogorragoak, europar gotorlekua indartuz, Schengengo ituna ere kolokan jarriz. Frantziako eta Belgikako atentatuen ondotik, Schengen ez da mantendu, batzuk bere bukaera iragarri dute. Again bila genezake guzti honen aurrekari bat: 2010ean Sarkozy Frantziako presidente zela Errumaniara kanporatu zituen ehunka ijito errumaniarrena. Garai hartan ere, Viviane Reding, EBko Juztizia komisarioak esan zion Sarkozyri hura naziek juduekin eginiko deportazioetatik gertu zegoela. Baina orduan ere Europar Batzordeak ez zuen ezer egin. Eta giza eskubideen noraeza bere horretan da.

Orain, Calaisen 11km-ko hesia eraiki dute. Hungariak ere berdina egin zuen. Zeuta eta Melilla EBren laborategia izan da kontrol-politiken neurri berriak aplikatzerakoan, alegia, berehalako eta bermerik gabeko kanporaketak, Maroko EBren gendarme-lanetan jartzea... Berriki Turkiarekin sinatu den akordioaren aurrekaria. Merkelek eskatu du antzeko akordioak bultzatu behar direla EB kanpoko beste herrialdeeekin. Tamalez, Merkelek ere beste politika bat egitearen ondorioei beldurra dio. Kontuan hartzekoa da berak ez zuela Dublingo protokoloa aplikatu azken urtean eta 450.000 errefuxiatu hartu dituela Alemaniak 2015ean. Eta ez omen da damutzen horretaz, baina iragarri du Alemaniak ezin duela bide horretan jarraitu. Zerikusirik izango ote du AFD ultraeskuineko alderdiak azkenaldian izan duen gorakadak? Hori baita ultraeskuinaren eta populisten indarra. Gehienak ez daude boterean, Orban salbu, baina besteen politika eta agendak baldintzatzen dituzte. Eta botoak jokoan daudenean, alderdi askok beren egiten dituzte mezu eta programa xenofoboak. Horren erakusle dira Frantzia, Ingalaterra, Danimarka, Polonia, Hungaria, Txekia, Eslovakia. Azken lau hauek osatzen duten Visegradoko taldea. Europa Ekialdeko herrialdeok ere EBko kide dira. Eta bat datoz EBk eskaintzen dizkien merkatu eta abantaila ekonomikoak jasotzarekin. Adibidez, Hungariaren BPGaren % 4 EBtik jasotako dirulaguntzek osatzen dute. Aldiz, ez dute proiektu politikoarekin bat egin nahi. Subiranotasun nazionala aldarrikatzen dute, EB edukiz hustuz.

Bitartean, babesa behar dutenak Europako harresien kanpoaldean daude. 2016ko bigarren hiruhilekoan 306.00 pertsonak eskatu dute asiloa. Estatu espainiarrean %37 igo da eskaeren kopurua: 3.970 eskaera. EBek hartzen dituenen % 1,3, 86 pertsona milioi biztanleko. Eta herrialdeka, asilo-eskaera onartu zaie Venezuelako 870 laguni (% 22), Siriako 865i (% 22) eta Ukrainako 705i (% 18) Kopuru horiek ere zeozer esaten digute Estatuak asilo-eskubidea aplikatzeko duen moduari buruz. Eta EB barnean, berriki eginiko ikerketa baten arabera, biztanleek nahiago dituzte errefuxiatu kristauak musulmanak baino. Islamofobia hori ere ez da nolanahi sortzen. Zenbatetan eta zenbati entzun diegu, gure politikarien arten ere, terrorismoa eta islama lotzen? Gure gizartean integraezinak direla esaten? Orban ez da horrelakoak esaten dituen ez bakarra, ez azkena izango.

Aurrera begira, Orbanek iragarri du Jobiken laguntzarekin konstituzioa aldatuko duela eta erreferendumaren emaitzarekin aurrera egingo duela. Eta galderak airean daude. Batetik, zabalduko ote dira horrelako neurriak beste herrialdeetara? Bestetik, zergatik onartu du EBk halako erreferendum bat? Erakutsiko al du jasaten duen paralisia eta gainbehera zuzendu dezakeela? Bitartean, kontrolean eta kanporazioetan oinarrituriko migrazio-politiken emaitzak zeintzuk diren ikusten jarraituko dugu: Migrazioen Nazioarteko Erakundearen (IOM) arabera, iaz 3.615 lagun hil ziren Mediterraneoa zeharkatu nahian. Aurtengo bigarren hiruhilekora arte 3.502 lagun ito dira.]]>