<![CDATA[Ander Lipus | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 11:37:07 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ander Lipus | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[POSTALAK ETXETIK (IV)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/032/001/2020-07-22/postalak_etxetik_iv.htm Wed, 22 Jul 2020 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/1870/032/001/2020-07-22/postalak_etxetik_iv.htm Hozkailua eta Zaldi urdina.]]> <![CDATA[Etxekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/041/002/2015-06-14/etxekoak.htm Sun, 14 Jun 2015 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/041/002/2015-06-14/etxekoak.htm Hazparneko anderea, Lauka Teatroarekin Amodioaren ziega eta Abarka Antzerki Taldearekin Abarka shortak. Egun teatroarekiko dudan ikuspuntuaren parametroetan sartzen dira hiru proiektuak. Eta niretzat badute zerbait berezia: euskara dute bihotz, antzerkia taupada.

Aulestiko Artedrama Topaketen hamargarren urtea ere primeran pasa zen. Bai laborategia eta baita jaialdia ere. Zahartzen ari gara, baina izpirituak berdin jarraitzen du. Antzerkia gertakari bilakatzen denean, ederra da herri txiki batean auto ilarak ikustea.

Antzerki hezkuntzak eta transmisioak duen garrantziaz ohartuta, eta antzerkiaren ezagutza partekatu eta zabaltzeko asmoz, Aulestiko Urregarai Herri Eskolan, Kanboko Xalbador Ikastolan eta Senpereko Arretxe Kolegioan aritu naiz haur eta nerabeekin lanean. Bestalde, gure sorkuntzak eraiki ahala mediazioak gauzatzen joan gara: Leioan, Zumaian, Uztaritzen, Itsasun eta Luhuson.

Gainera, kameraren aurrean lanean aritu naiz. Oso ezberdina da, beste mundu bat. Hala ere, esperientzia ederra izan zen Asier Altunaren Amama pelikulan aktore moduan lan egitea. Laster, Xabierren pertsonaia jokatzen ikusiko nauzue pantaila handian. Polita izan da, era berean, Bertol Arrietak idatzitako gidoian oinarrituta eta Juanfe Garcesen aginduetara egin genuen Literaturiarako Odolean daramagu bideo promozionala prestatzea. Zer esanik ez, Goserentzat Zoroetxeko harresia bideoklipa grabatzea. Proiektu ezberdinetan murgiltzen zarenean, argi geratzen da harro sentitzeko moduko lantalde trebe eta bikainak ditugula euskal sorkuntzan, esparru ezberdinetan. Kultur ametsak egia bihurtzeko, gizartea eta politikak behar dira aldatu.

Orain, taula gainera berriz igotzeko momentua iritsi zait. Proiektu eta estetika pertsonalago batetik abiatu naiz, ia hogei pertsonak osatzen dugun lan taldean: Huts Teatroa. Hiru urteko sorkuntza prozesuaren ondoren dator lan berria, Artedrama, Arte Eszenikoen Plataformaren magalean sortua. Jon Gerediagak idatzia. Kristian Etxaluz, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran eta laurok jokatua. Sorkuntza batek dakarren buruhauste, gaixotasun, poz, zirrara, beldur, kili-kili, akidura eta abarren zakua sama gainera botata, ohi dugun bezala azaroaren 1ean (nire urtebetetze egunean) estreinatuko dugu Etxekoak.

Eta bitartean borrokan jarraituko dugu. Batzuetan arrakasta, besteetan arrastaka. Antzerkiak, eta, oro har, euskal kulturak, behar duen lekua aldarrikatzen eta gauzatzen. Bakoitzak bere lekua bilatzen. Edo imajinatzen.

Bluk nire lagun minak esaten didan bezala: «Ekintza performatiboak egin behar dira. Terrorismo poetikoa, saltsa eta egur pixka bat ekarri gurera. Bilbon dagoen Puppy txakurra beltzez tindatu eta Gasteizko udaletxe atarian Marotorentzat utzi opari gisa, Donostia 2016ko kultur hiriari puzker kulinari galant bat bota, Baionako antzokia okupatu, Donibane Garazitik pasatzen den Santiago bidean barrikadak jarri, Mauleko karriketan Matalasen burua eskegita erakutsi eta Iruñeko txupinazoan ikurrin anarkista erraldoia zintzilikatu, Amaiurretik Lodosara iristen dena. Kandela!». Eta nik «ezetz!» erantzuten diot Bluk nire lagun minari. Agian, Habanako haizearen eraginez bihotza xamurtu zaidalakoan-edo. Baina nahiago dut bidea beste era batean eraiki. Isilean. Albora eta zeharka begiratu baino, barrura eta aurrera begira. Pentsa! Sanjoanak ere gainean ditugu eta hobe da ariman gordetzen ditugun belar txarrak sutara botatzea. Belar txar gutxi batzuk hurrengo urterako lagaz, noski!

Urtebete pasa dut etxe honetan iritzi artikuluak idazten.

Hamaika artikulu idatzi ditut, ez bat gehiago ez eta bat gutxiago, hamaika. Eta agur esateko garaia dela sentitzen dut. Gustura hartuko nuke beste norbaitek segida emango balio gogoetaren lauhazkari. Euskal antzerkiaren inguruan iritzi kritikoa piztu edota sortzea beharrezkoa baita. Nik hala sentitzen dut behintzat, eta horregatik hartu nuen horrelako eginkizun batean parte hartzeko konpromisoa eta trabesa. Eskerrik asko etxekoei eta etxeko sentiarazi nauzuen guztiei. Orain, urtebeteren ondoren, agertokietara igotzeko unea da. Antzokietan elkartuko gara etxekoak. Ondo-ondo izan!]]>
<![CDATA[Programa politikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2015-05-17/programa_politikoa.htm Sun, 17 May 2015 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2015-05-17/programa_politikoa.htm
Aurreko hilabetean idatzitako artikuluan (Zer da antzerkia?) bazegoen bizipoz bat, jendeak eskertu didana. Sentsazioa daukat, eta behin baino gehiagotan gertatu zait, jendeak ondo pasatzeko eta gauza positiboak entzuteko beharra duela, dugula. Antzerkian barre egitea sanoa da, bai, baina inozokerietan erori gabe. Barre egitea oso gauza serioa da.

Baditut aspaldian gai eta kontu serio batzuk bueltaka buruan, hemen eta orain plazaratu nahi nituzkeenak.

EHAZE. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, aurten ere, gonbit interesgarria egin zigun Koldo Mitxelenan VI. Esperientzixak antolatuz. Mari Karmen Gilek, Patri Urkizuk eta Ixabel Etxeberriak beraien esperientzixak kontatu zizkiguten, Jaime Valverde moderatzaile zutela. Euskal antzerkiaren memoria historikoa gaia abiapuntu hartuta, euskal antzerkiaren historia plazaratzeko eta gordetzeko beharraz aritu ziren gonbidatutako kideak. Euskal antzerkia indartzeko estruktura ahaltsu bat abiatzea ezinbestekoa da, baina horretarako jendea behar da. Eta gogoa. Beraz, antzerkia maite dutenentzat hor dago EHAZE.

Emakumea eta teatroa. Antzerkian emakumea duen ahotsak eta presentziak zer pentsatua eman dit beti. Arren munduan hezitakoa naiz, eta feminismoan hasiberria. Beraz, esateko baino, ikasteko gehiago daukat. Feminismoa euskal antzerkigintzan jorratzea oso interesgarria eta beharrezkoa dela iruditzen zait. Shakespeareren Hamlet ez zen preseski emakumea. Badira obra gutxi batzuk protagonista emakumea dutenak (Ibsenen Gedda Gabler, Brechten Madre Coraje), baina normalean, emakumeen figura protagoniko askorik ez dago antzerkian. Gainera, antzerki istorioak ere gizonaren ikuspegitik kontatu izan dira gehienetan. Euskal antzerkian ere, emakumeak, edo Katalina Erauso bezalakoak dira (gizonezko jantzi behar izan zuen moja alfereza), edo bigarren mailakoak dira. Eta ez da kasualitatea! Kuriosoa da antzerki tailer gehienetan parte hartzaile gehiago izaten direla neskak, baina gero, agertoki gainean, paper ezberdinak jokatzen, ohikoagoa da mutilak ikustea. Eta zergatik? Generoaren gaian antzerkiak abangoardia izan beharko luke.

Aktoreak langabezian. Aktore batzuekin hitz egin, eta batzuetan egonezina sortzen zait. Latza da antzerki lan bat sortu eta antzerki lan hori emateko ia aukerarik ez izatea. Eta hori, zoritxarrez, sarritan gertatzen da. Goi mailako eskola ere sortuko da, baina zein izango da horko aktoreen etorkizuna, langabezia? Plangintza bat egin beharko da, ezta?

Amateur vs profesional. Lehena ez badago, hau da, antzerkiarekiko maitasuna, bigarrena ez da posible izango. Eta talde edota norbanako bakoitzak erabaki beza zer den, eta defenda dezala bururaino bere izaera amateurra edo profesionala. Azken hitza, hala ere, beti publikoak dauka.

Euskara Nafarroan. Denok dakigu Nafarroan euskararen egoera larria dela. Apirilaren 25ean, Kontseiluak Iruñeko Anaitasunara deitu zituen euskaltzaleak. Gogoratzen dut hilabete batzuk lehenago Kontseiluko kide Iñaki Lasarekin izandako elkarrizketa. Nafarroako egoeraz hitz egin genuen, normalizaziorako planteatzen diren lau zutabeez, eta euskarak iraun ahal izateko Nafarroak behar duen aldaketaz. Duela gutxi, Nafarroako antzerki eskolatik deitu naute. Uda bukaeran antzerki ikastaro trinko bat emateko eskatu didate, euskara hutsean. Berri pozgarria da. Badirudi gauzak aldatzen ari direla. Ea ba euskarak Nafarroan ere hartzen duen behar duen tornuia.

Borroka, erresistentzia eta antzerkia. Nafarroan ez ezik, argi dago antzerkia euskaraz egin nahi bada, antzerki hori egiteko alternatibak bilatu behar ditugula. Gureak. Espainiako eta Frantziako errealitateak ezberdinak dira. Nazio, herri, hiri edo tribu bezala; instituzio, elkarte edo sasi-sareetatik, baina euskarazko antzerkia bultzatzeko neurriak hartu behar dira. Nahi eta nahi ez, neurri horiek, erabaki horiek, erabat politikoak dira. Euskarazko antzerkiak bere lekua izan behar du, Arriagan edo Baionako antzokian, eta Lapueblan edo Erratzun. Zergatik ez? Politika horiek guk eraiki behar ditugu. Eta apustu hau, lehenengo eta behin, norbanakoarena izan behar da. Euskal antzerkia ez dadin izan tximino gutxi batzuek egiten duten zerbait inozoa.

Ukitu ditudan gaiak ikusi orduko, programa politiko baten antza hartu diet. Soberan dakigu denok hauteskunde kanpainan politikariek zenbat teatro egiten duten. Hauteskunde kanpaina bete-betean gaude. Nik ez daukat programa politikorik. Antzerkiagatik borrokan jarraitzeko asmoa besterik ez.]]>
<![CDATA[Zer da antzerkia?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/044/002/2015-04-19/zer_da_antzerkia.htm Sun, 19 Apr 2015 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/044/002/2015-04-19/zer_da_antzerkia.htm
Hamar urte daramatzat Aulestiko Urregarai eskolan antzerki klaseak ematen. Ikasturteko hiruhileko bakoitzean, bi goiz hartzen ditut eskolan antzerkia irakasteko. Horretaz gain, behar badira gauza bereziak prestatzen ditut eta ekintza ezberdinetan parte hartzen dut: herriko eskultura batzuen inaugurazioan, bestelako ikasketen alorretan zerbait espezifikoagoa indartzen, eta abar. Ederra litzateke antzerkia eta dantza curriculumaren barruan egongo balira, eta antzerki irakasle kualifikatuek soldata duin bat izango balute. Ofizioko lagun asko ezagutzen ditut haurrei antzerkia irakasten dabiltzanak, eta askotan nahiko egoera prekarioan egiten dute lan. Ez dago inolako babesik eta ez dago hori kudeatzeko estruktura egonkor eta bateragarririk eraikia. Baina tira! Hori beste bataila bat da. Bat gehiago, baina ez edonolakoa! Kulturaren eta diziplina artistikoen lanketak eta ezagutzak on egiten baitio hezkuntzari eta, oro har, gizarteari. Nire kasuan, ordea, nahiz eta ordu curricularren barruan sartu, nire klaseak ez ditut alor pedagogikotik lantzen. Antzerkia transmisio bezala ulertzen dut, eta hala bizi dut. Ez naiz irakaslea sentitzen, aktorea baizik. Herriko komediantea.

Udaletxeko ganbaran bada antzoki txiki bat eta bertan ematen dizkiet klaseak. Bost urtetik hasi eta hamabi urte bitartekoei. Umeek ez didate ez Ander eta ez Lipus deitzen, Anderlipus, betiere izena eta abizena ondo markatuz. Eta sarritan hiru aldiz errepikatuz: Ander Lipus, Ander Lipus, Ander Lipus. Pentsatzen dut bitxia egiten zaiela nire izen artistikoa.

Talde bat datorrenean, jada kaletik entzuten da euren azantza, euren gogoa antzerkian aritzeko, euren poza. Hasteko, ikasle guztiei nola dauden galdetu, zertan ari naizen edota ari diren aipatu eta oholtza gainera igotzeko eskatzen diet. Gorputz beroketarekin hasten gara: masajea, luzaketak, erlaxazioa, arnasketa eta gorputzaren kontzientziazioa lantzen da. Gero, hainbat teknika erabiliz ahotsa lantzen dugu: ahoskatzea, proiekzioa, modulazioa, intonazioa, ahotsaren bidezko emozioen azaleratzea. Ondoren, talde dinamikarako ariketak: espazioa, memoria sentsoriala, arnasa, jauzia, indarra, jolasa, begirada, erritmoa, animalizazioa, oreka, koordinazioa, ahozkotasuna, maskara... Eta bukatzeko, antzerkiaren unea iristen da. Horrekin zoratzen dira! Inprobisatzearen bidez istorio bat kontatzea eskatzen diet. Taldeka jartzen ditut, eta, nik emandako gai eta jarraibideekin, beraiek sortu behar dituzte istorioak era librean. Adibidez, familia istorio bat. Edo animaliena. Edo bakardadeaz aritzen gara. Edo maitasunaz.

Beste egun batzuetan antzerkiaren beste adar batzuei ematen diegu garrantzia. Adibidez, makillajeari. Edota jantziei. Eta paperezko jantziak egiten ditugu. Beste batzuetan, zapi batekin begiak estali eta herria beste era batean ezagutzeko aukera izaten dute haurrek. Eta nagusiagoak direnei, LH 5-6 taldekoei, antzerki teoria ere ematen diet. Shakespeare edota Brecht nortzuk ziren azaldu, edo ekialdeko antzerkiaren ezaugarriak, panpinen eta txotxongiloen mundua, eta gurean egiten den eta egin izan den antzerkia: libertimenduak, maskaradak eta pastoralak, Gabriel Aresti edo Piarres Lartzabalen teatroa edota Joan Antonio Mogelen Peru Abarka.

Egia bilatzen duen gezurrezko artefaktua da niretzat antzerkia. Gauza txiki on askotarako balio du antzerkiak, eta merezi du. Ezagutza zabaltzeko, imajinazioaz gozatzeko, erlazioak indartzeko, komunikazioa bizitzeko, adierazpena erakusteko, magiarekin aurkitzeko, konfiantza lantzeko, sormena gauzatzeko, pentsamendua eraikitzeko, jakin-mina bilatzeko eta beste mundu posible horretara eramango gaituzten gauza txiki horiez jabetzeko.

Zuentzako, zer da antzerkia? Marrazki bat eta idazlan bat egiteko eskatu diet ikasleei. «Nire ustez, antzerkia ipuinetako pertsonaiak eta ipuina bera ere modu errealean kontatzea da, hau da, benetan gertatu balitz bezala. Antzerkietan ez da benetako autorik ez motorrik. Antzerkietan kartoi zati handiak erabiltzen dira margotuta. Etxea egin behar duzunean ez da egiazko etxea erabiltzen. Hori bai, eserlekuak behar dituzunean benetakoak erabiltzen dira». Ez dakit nork idatzi didan hau, izena jartzea ahaztu zaio, baina uste dut Garazi izan dela. Oierrek ere argi azaldu digu berarentzat zer den antzerkia. «Antzerkia da pertsonak beste pertsonen barruan egotea, eta jendea ondo pasatzeko dago antzerkia. Antzerki batzuetan, jendeak ikasten du. Antzerki batzuetan, pertsonaiak mozorrotu egiten dira. Normalean, eszenatokian egiten dira antzerkiak, beste batzuetan ere kalean, eskolan…». Banan-banan, eskolako artistek antzerkiaren inguruko gogoeta interesgarriak eta marrazki ederrak oparitu dizkidate. Zelako perlak!

Durangoko plateruek, De la Fuente anaiek kantatu zituzten koplak gogoratu ditut: «Ez diamante ez perla ez urregorriric, alegrantzija baño ez dago oberic!». Izan ere, «zer da antzerkia?» galdera pausatu diedanean, eskua altxatu eta zera erantzun dit Nilek, sei urteko neskatoak: «Danak ipintxi pozik». Ba, hala bada, bejondeiola antzerkiari! Biba antzerkia!]]>
<![CDATA[Hamar urtez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2015-03-22/hamar_urtez.htm Sun, 22 Mar 2015 00:00:00 +0100 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/048/002/2015-03-22/hamar_urtez.htm Azkarra hitzak ez du esanahi berdina iparraldean edota hegoaldean. Argiaren bitartez irudikatuko dugu espazio aldaketa. Aktorearen dantza gehiago luzatu behar da. Musika horrek beste giro batetara eramaten gaitu, eta zerbait lurtarragoa behar da. Hustuta nago.

Sorkuntza batean murgilduta nagoenean nire inguruko dena ahaztu egiten dut. Egonaldi batean orduak eta orduak pasatzen dira, eta ia denbora existitzen ez den une horietan, bizitzaren eta artearen arteko dantzak bere bide ordenatu eta era berean, kaotikoa egiten du. Jerzy Grotowski antzerki zuzendari poloniarrak idatzi zuen bezala: «Bizimodu bakoitza bizitza ezagutzeko modu bat da».

Batzuk sorkuntzan buru-belarri egon garen bitartean, antzerki eta dantza talde ezberdinek beraien lanak plazaratzeko aukera izan dute Donostian antolatzen den dFeria azokan. Programatzaile eta kultur eragileei zuzendutako azoka hau, beste herri batzuetako eta bertoko dantza eta antzerki taldeentzako erakusleiho paregabea bilakatzen da urtez urte. Bestalde, batzuetan antzerki munduak bizi dituen prekaritate eta penak alde batera utzita (ezkortasunak inori ez baitio onik egiten), Gijonen ospatu zen Feten jaialdian (Umeentzako Europako Arte Eszenikoen Jaialdia), sarituak izan ziren euskal artista eta taldeak zoriondu nahi nituzke. Epaimahaiak, Pinocchio, figlio di Geppetto piezagatik Jokin Oregiren zuzendari lana, eta Asier Sotak Borobil Teatroarekin Ali Baba eta 40 lapurrak antzezlanean egiten duen aktore lana saritu zituen. Markeliñe, Zirika Zirkus eta Teatro Paraiso taldeek ere jaso zuten sari bana. Biba zuek!

Eguneroko ogia antzerkia dugunok eta nola ez, antzerkizaleok, datorren ostiralean, martxoaren 27an, Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko dugu. Eta euskarazko teatroaren hitzorduetako bat Viktoria Eugenian izango dugu. Bertan, arte eszenikoetako pertsonaia esanguratsu batek idatzitako antzerkiaren inguruko gogoeta edo gorazarrea irakurriko da. Aurten Krzysztof Warlikowski antzerki eta opera zuzendariak idatzi du testua. Ondoren, Donostia Antzerki Saria eraman duen Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak antzerki lan ederra eskainiko du.

Udaberrian sartzearekin batera ere, Pazko-astean, apirilaren 6tik 11ra, Lekeitio, Markina-Xemein eta Gernika artean dagoen Aulesti herriak antzerki topaketak hartuko ditu. Aulestiko Topaketek bi ezaugarri dituzte, bi zutabe nagusi. Alde batetik, kanpora begira, jaialdia. Herritarrei eskaintzen zaien sorkuntza ezberdinez gozatzeko parada. Eta bestetik, barrura begira, laborategia. Antzerki munduan gabiltzanon arteko topaketa eta euskarazko antzerki formakuntza, transmisio, esperimentazio eta ikerketa (g)unea.

Artedrama Euskal Laborategia, hutsune bat betetzeko asmoarekin sortu genuen duela hamar urte. Bertaratu diren ikasle askok eskertu izan dute topaketa hauen izpiritua eta hainbat irakasle eta arte eszenikoetako profesional pasa dira bertatik. Musikaren alorrean, Xabi Strubell, Aitor Agiriano, Xabi Erkizia; dantzaren alorrean, Natxo Montero, Idoia Zabaleta, Asier Zabaleta; eta antzerkiaren alorrean, Antton Luku, Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Pierre Vissler, Pako Revueltas, Aritza Rodriguez, Miren Gaztañaga, Urko Redondo, Ainara Gurrutxaga, Maite Agirre, Igor de Cuadra, Iñaki Ziarrusta, Borja Ruiz, Miren Tirapu, Maria Urzelai, Iñake Irastorza, Matxalen de Pedro, Eneritz Artetxe, Leire Ucha, Julia Marin, Margarita Altolagirre, Maite Arrese, Belen Cruz, Iosu Florentino eta Miren Alcala. Eta falta direnak! Nork esan du antzerkia euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoela?

Duela 25 urte ez nuen horrelako aukerarik izan. Madrilgo Antzerki Eskolarako ikasi nuen lehen testua, Calderon de la Barcaren «Apurarrr cielos prrretendo, ya que me trrratais asi…» izan zen. Orain gutxienez, Xabi Payak egindako itzulpenari esker (Bizitza amets), Segismundoren hitz horiek euskaraz interpretatu ahal dira. Neurri batean hori da Aulestiko laborategiak ahalbidetzen duena. Nik, bere garaian, izan ez nuena. Antzerkia euskaraz ikasteko aukera. Euskaraz mintzatzeko, aritzeko eta adierazteko aukera. Eta oraindik ere lan handia dago egiteko! Badirudi, Eszenika Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola laster zabalduko dela. Ea euskarak hartzen duen tokia zein den. Eskolak ibilbide oparoa izan dezan espero dut. Hala ere, laborategien beharra ezinbestekoa dela sentitzen duen horietakoa naiz. Batek ez du bestea kentzen. Eta bai gehitzen.

Teatroa bizitzeko modu asko dago. Teatroa biziaraztea ere denon esku dago. Aulestiko antzerki esperientziak badu izaera herrikoi bat interesgarria iruditzen zaidana. Badu zerbait benetakoa. Bat-batean, antzerkia ez da kontsumoaren edo merkatuaren menpeko ez dakit zer bilakatzen. Pazko-asteko egun horiek zerbait gehiago dira. Antzerkia jazoera bilakatzen da, eta horrek ez dauka preziorik. Gauza txikien aldekoa ere banaiz, eta Aulestin, badakizu! Esaera zaharrak dioen bezala: herri txiki infernu handi. Beraz, segi dezagun suaren gainean dantzan. Mila esker Aulesti hamar urte hauengatik, eta etortzekoak diren topaketa guztiengatik, Topa!!]]>
<![CDATA[Unibertsala!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2015-02-22/unibertsala.htm Sun, 22 Feb 2015 00:00:00 +0100 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2015-02-22/unibertsala.htm
Zezeila da. Leioako Kultur Maratilan estreinatuko du Lauka Teatroak bere lehen lana. Duela hamar urte baino gehiago Xabier Mendigurenek idatzi zuen Amodioaren ziega antzerkia. Preso dagoen baten eta bere bikotearen arteko aurrez aurreko bisitan (bis a bis-ean) gertatzen den istorioa kontatzen da. Gai latza. Gai gordina. Zoritxarrez, oraindik, gure artean hurbil sentitzen den gaia da euskal gatazkarena. Eta gai hau teatroan gehiago tratatu ez izanak beti harritu izan nau. Interes falta, beldurra, edo tabua? Batek daki! Teatroak gizartearekiko duen hurbiltasunean edo urruntasunean pentsatzen dut. Intxixuak. Kaldereroak. Santibate. Toribio. Zanpantzar. Aldabikaren erreketa. Inude eta artzainak.

Barantaila da. Le Petit Theatre de Pain, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedramako kideak elkartzen gabiltza hurrengo lana zein izango den adosteko. Gaia bilatzen gabiltza. Errautsak obran, lagun baten hileta eguna abiapuntu hartuta, belaunaldi bateko kuadrillakoak zertan bilakatzen ziren kontatzen genuen. Hamlet-en ostera, greban zeuden langile batzuen muturreko egoera bat plazaratzen genuen, antzokia eta publikoa sinbolikoki bahituz. Batzuek espero zuten benetako Hamlet bat. Honekin euskal teatroa salbatuko balitz... Baina tira! Ez da gaia. Harira! Jarraitzen dugu gai bat xerkatzen, irudi bat, hitz bat, esaldi bat, zeinaren bitartez publikoari zerbait mugiaraziko diogun, zerbait kontatuko diogun, zerbait galdetuko diogun. Zerbait unibertsala? Atorrak. Elegante eguna. Mamuxarroak. Sorgin-dantza. Marrauen sokadantza. Zarramuskeroak. Cascabobos eta Mascaritak.

Laura Bohannanek 1966an idatzi zuen Shakespeare in the busch (Shakespeare oihanean) artikulua etorri zait gogora. Lehen aldiz irakurri nuenean deigarria egin zitzaidan. Afrikako Tiv tribuko zahar eta gazteei Hamlet-en istorioa kontatu eta azaltzeko izan zituen zailtasunez idazten du antropologoak. Tanpi! Zortzikoa. Urdelarderio eguna. Axeri-dantza. Porreteroa eta Sorgina. Jardinzayen konpartsa. Ihauteak.

Kataila da. Beste herrialde askotan bezala Euskal Herri osoan ere aratuste edo inauteriak ospatzen dira. Jendeak bestea izateko aukera probesten du. Maskarek, pinturek, mozorroek, pelukek, jantziek eta denetarikoek balio dute zerbaiten atzean ezkutatzeko. Beldurra eragiteko, kritika pizteko eta festa egiteko garaia da. Nire kasuan, urte osoa bestea izaten pasatzen dut eta bitxia izan arren, ez dira hauek gehien maite ditudan festak, ez. Gehiago gozatzen dut ikusle bezala eta maite ditut Behe Nafarroako libertimenduak. Antzerki forma honek festa eta kritika giroan elkartzen ditu, plaza biribilduan, ikusle, dantzari, musikari, bertsolari eta zirtzilak (aktoreak). Duela urte batzuk geldotu bazen ere, Mattin Irigoienek Donapaleun eta Antton Lukuk Donibane Garazin lortu dute piztea eta arraberritzea. Udaberriaren miran, urtean zehar eskualdean gertatutako kontuak aipatzen dira era irrigarrian. Ez dakit gurea den (edo tziganoek ekarri zuten), baina gutaz ari dira. Unibertsoan gaude beraz, baina ez gara unibertsalak. Trapujaleen jaitsiera. Markitos. Talaik. Txantxoak. Txino-dantza. Zakuzarrak. Zahagi-dantza eta Hartza.

Duela gutxi entzun diot euskal zinema zuzendari bati bere azken filmak gai unibertsalak ukitzen dituela. Adierazpen honek harritu nau. Nik ere garai batean askotan erabiltzen nuen esaldia, Antzerkiola Imaginarioa zuzentzen nuenean batik bat. Egia esan, oso errekurrentea da! Baina, zer ari gara esaten unibertsala dela esaten dugunean? Mundu guztiak ulertuko duela? Mundu guztiari iritsiko zaiola? Zer da mundu guztia? Zer da unibertsala? Shakespeare? Bach? Picasso? Telebista eta Interneteko irudi zaparradak? Lander Garroren Gerra txikia eleberria unibertsala al da? Eta Otamendiren Kapital publikoa? Ziortzako Mikel Lertxundiren eskulturak? Itziar Bastarrikaren argazkiak? Berri Txarraken azken diskoa? Kukumarro. Martingala. Estudiantina. Sagar-dantza. Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak.

Egiten dugun teatroak geografia bat irudikatzen du, hizkuntza bat, kultura bat, imajinario bat, politika bat, erresistentzia bat. Egun pentsatzen eta egiten dugun teatroa ez da unibertsala. Agian, beste planeta batekoa da, edo beste galaxia batekoa, edo zulo beltz batetik irteten diren istorioak kontatzen ditugu. Guretzat. Zuretzat. Izan ere, hitzek denborarekin zentzua galtzen dute. Eta batzuetan, hobe inoiz zentzurik izan ez balute. Zentzu unibertsala! Bluk nire lagun-minak esango lukeen bezala: «Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten, unibertsoko plazan!».]]>
<![CDATA[Habana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/002/2015-01-25/habana.htm Sun, 25 Jan 2015 00:00:00 +0100 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/002/2015-01-25/habana.htm
Barack Obamak bost heroiak askatu ditu eta hamasei urteren ondoren Kubara itzuli dira euren familia, lagunak, herria eta iraultza besarkatzera.

Urtebetetze data oso gutxi gogoratzen ditut; hala ere ez dakit zergatik baina abuztuaren 13a Fidelen urtebetetze eguna dela inoiz ez zait ahazten. Batzuentzat onerako, beste batzuentzat txarrerako, historiara pasatuko den pertsonaia izango den Fidel Castro komandantea.

Silvio Rodriguezek hiriko auzoetan ematen ditu bere kontzertuak herritarrentzat. Hirurogei kontzertu baino gehiago eman ditu jada. La era está pariendo un corazón eta Ojalá bezalako abestiak entzun eta, ai!, zelako oroitzapenak.

Antzerki liburu interesgarriak aurkitzen dira liburu dendetan. Stanislavski, Dario Fo eta Eugenio Barbaren liburuak esaterako. Azken horren idatzien laugarren atala atera berri dute eta peso bat kostatu zait moneta nazionalean, 5 zentimo eurotan. Gainera dendaria prest agertu da liburua dohainik ere emateko. Bertold Brecht antzokira ere sarri joaten naiz. Baina kasu honetan, yuma izateagatik garestiago ordaindu behar izaten dut sarrera. Ya tu sabes, zuk badakizu!

Palmas y cañas telebistako saioan guajiroek euren dezima inprobisatuak abesten dituzte. Vivir del cuento umorezko saioan, Panfilo eta Chequera pertsonaia irrigarriek kritika sozial zorrotza egiten dute euren istorioekin. Baina arrakastarik handiena telenobela brasildarrek dute. Hiria gelditu egiten da. Gizakia suaren inguruan elkartzetik telebistaren inguruan elkartzera pasatu zen garaian gaude. Eta badira astero «paketea» lortzen dutenak ere, CUC baten truk, Internetetik jaisten diren pelikula, bideo, musika eta denetariko informazioa jasotzen dutenak. Bota!

Kale bazterrean oiloa etzanda dago, hilda. Sama moztu diote eta batek daki zein sorginkeria istorio egongo den hildako oilo gaixoaren atzean. Santeria kontuak! Yemayá, Obatalá, Changó, Eleguá eta Ochún. Gurean esaten den bezala: «Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar».

Kongria (arroza indaba beltzekin nahastuta), zerri okela eta juka jatea maite dut. Frutabonba, batata, guaiaba, kinbonbo eta malanga. Um! Eta gozozalea bazara, kangrejo deitzen diren opiltxoak, gailetak eta keikak. Ilara luze batean itxaroten egon ondoren, Coppelian ere izozkia har dezakezu. Eta zelan ez, osasunarendako, hau da, bizipozarendako: kafea, rona eta tabakoa. Ño!

Runba, son, salsa, timba, danzón, conga eta habanerak. Denetariko musika generoak entzuten dira hemen eta kontzertu interesgarriak daude aste osoan. Adibidez, laster Euskal Herrian biran ibiliko den Ray Fernandezen Matarife eta Bucanero abestiak entzuteko eta dantzatzeko, ostegunetan Diablo Tuntun topera jartzen da. Uraaa!

Poesiak ere badu bere tokia. Handia bere txikitasunean. Eliseo Diego, Nicolas Guillén, Fina Garcia Marruz, Nancy Morejon, Anton Arrufat, Dulce Maria Loynaz, Carilda Oliver eta Miguel Barnet, lehengo eta oraingo poeta nazionalak. Casa de la poesía-ra joan naiz Cesar Lopez poetaren hitzak entzutera. D'Capricho ahizpek ere abestu dute. Horiek ere uda partean berriz Euskal Herrian izango ditugu, euren kanta ederrekin. Ze polita!

Alain eta Dayan Agirre anaiak kantxan bizkorrak dira, Waltariren antzera harrika bezala jotzen diote palaz pilotari. Kandela! Azkarrak dira kubatarrak kirolean. Boxeoa, borroka librea, boleibola. Futbola gero eta gehiago ikusten bada ere, pilota (beisbola) da hemen errege, eta kapitaleko talde nagusia, Industriales. Baina, etxean, beti ekialdekoen alde daude. Gora Granma!

Thaisak, 5 urteko neskatoak, bere aitaren laguntzarekin, circuloan (haur eskolan) irakatsi dioten Jose Martiren Los zapaticos de rosa poema buruz errezitatzen du. Eta nerabeek El Yonky-ren ile estiloa daramate, modan omen dago.

Fumigatzera etorri dira etxera eta petrolio usaina gelditu da, Aedes egyptes moskitoaren kontrako prebentzio neurriak dira. Medikuarengana ere joan behar izan dut. Ez zen ezer larria, baina primeran kasu egin dit. Errezeta batzuk eman dizkit, baina farmaziara joan naizenean, botikak oraindik ez direla sartu esan didate. Blokeoaren ondorioak. Ez da erraza!

Pozik dago Maider, kubatar batekin ezkonduta dagoen euskalduna, hilabete honetako libretan oilaskoaren ordez arraina eman diotelako. Eta Felicitak, Manzanillon Artearen Historian irakasle izandako 80 urteko emakumeak, diru sarrera gehiago izateko jabitak (plastikozko poltsak) saltzen ditu agro (merkatu) aurrean.

Kandido eta bere lagunek, egunero-egunero, etxe aurrean, mahaia eta lau aulki jartzen dituzte eta bazkalostetik iluntzera arte jokatzen dute dominoan.

Makina edo almendroia (taxi zerbitzua egiten duen 50eko hamarkadako auto zaharra) hartu Linean eta M-tik igo Rampara eta Rampatik O-ra, gero Infanta eta San Lazaro, eta Colonetik Pradora, eta handik oinez Habana Zaharrera. Edo bestela guagua har daiteke, autobusa, eta zorte pixka batekin, Bizkaibusa hartu eta Bilbon ager zintezke. Asere! Zortea baino zerbait gehiago behar da horretarako.

Muerte en Murélaga idatzi zuen William A. Douglas antropologoa ere hemendik ibili da. Beste euskaldun asko bezala. Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko XI. Topaketak antolatu dira Euskaldunak Kuban lelopean. Eta ni izenburuarekin identifikatua sentitu naiz.

Bluk, nire lagun minak esaten duen bezala: «Bizitza oso kapritxosoa da!». Hemen eta edonon. Zeinek esango zidan nire bizitza Kubara lotua egongo zela. Euskal Herritik kanpo, beste errealitate batzuk ezagutzea eta bizitzea tokatuko zitzaidala. Laster itzuliko naiz herrira. Bitartean, ederra da Malekoitik eguzkia sartzen ikustea. Ederra da Malekoitik ilargia irteten ikustea. Bere argi eta ilunekin, ederra da Habana.]]>
<![CDATA[Egoitzak, egonaldiak eta bitartekotzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/049/002/2014-12-14/egoitzak_egonaldiak_eta_bitartekotzak.htm Sun, 14 Dec 2014 00:00:00 +0100 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/049/002/2014-12-14/egoitzak_egonaldiak_eta_bitartekotzak.htm
Antzerkiak bere teilatua behar du, bere estalpea, bere babesa, bere aterpea. Zergatik ez baliatu herriko kultur eraikin eta antzokiak? Zertarako daude eginak bada eraikin horiek? Sarritan gertatzen da eraikinak egin eta gero proiektua, ideia, mamia falta. Edo dirurik ez dagoela. Kostatzen zait imajinatzea adibidez futbol zelai bat (Iparraldean errugbi) eta bertan futbolik ez egitea edo futbol talderik ez egotea. Eta gainera, horren ordez futbol zelaia kontzertuak, konferentziak, festak eta mitinak egiteko baliatzea. Imajinatzen duzu? Zein mundu aldrebesa. Erabiltzen ez den antzoki bat ikustea ez da gehien maite dudan sentsazioa. Normalena antzerki taldeek egoitza egonkorrak izatea izango litzateke, antzokiak teatroz eta bizitzaz betetzeko. Herri bakoitzean, talde, kolektibo edo norbanakoei eman behar zaie espazio horiek dinamizatzeko aukera. Antzoki batek hartu beharko luke gutxienez talde amateur bat (herrikoa) eta profesional bat, antzokiko teknikari, programatzaile edo talde eragilearekin partekatua.

Antzerkiak bere zubiak behar ditu, bere izaera nomada behar du. Talde edo konpainien sorkuntza prozesuak ireki daitezke beste herri batzuetara eta esperientzia horiek beste batzuekin partekatu. Egonaldiak aste betekoak, bi astekoak edo hilabetekoak izan daitezke. Aldizkako erresidentziak edo egonaldiak eginez, antzokiko ekipamenduak baliatzen dira konpainiaren sorkuntza prozesuak gauzatzeko. Antzerkia ez baita soilik ikuskizun. Antzerkia egiteak beste dimentsio bat izan behar du. Eta sorkuntza prozesu horiek espazio eta herri ezberdinetan partekatzeak proiektua bera aberasten du.

Antzerkiak ere bere sua behar du, bere berotasuna, bere sutondoa, bere uteroa. Eta horretarako bide bat mediazioak edo bitartekotzak izan daitezke. Bitartekotza hartu-eman gisa ulertzen da, publikoa arte eszenikoetan hezteaz gainera, sorkuntza prozesuan ekarpena egiten baitio sortzaileari berari ere. Hartzaile eta emaile, bi aldeak elikatzen dituen ekimena da bitartekotza. Teatroa egongo bada, teatroa den jolas horretan parte hartzeko prest dagoen publikoa existitzen delako da. Mediazioek publiko horren existentzia ahalbidetzen dute, antzerkigintzara gerturatzen dute pertsona, izan haur, nerabe, gazte nahiz helduak. Komunikazio bat sortzen da pertsona horiekin, jarduera normalizatzen da, eta ikusle rola jokatzeko interesa duen komunitate aktibo bat eraikitzen.

Inazio Tolosak zuzentzen dituen Zumaiako nerabe antzerki taldeekin eta erretretan dauden Itzurungo Uhinak taldearekin, Leioako Andrak-eko Gu Gara antzerki taldearekin, Senpereko Arretxe Kolegioko gazteekin eta Aulestiko Urregarai Herri Eskolako haurrekin aritu naiz azken aste hauetan. Proiektu ezberdinak izan arren, guztiek dute bitartekotzaren eredua. Antzerkigintzaren esparruan murgiltzeko eta komunitate ezberdinak dinamizatzeko aukera ematen duena. Baita esperientziak trukatzea eta antzerkizaletasuna zabaltzea ere. Hau da, mugitzen naizen tokietan bertako herriko elkarte edo taldeekin harremanetan jartzea. Antzerkia ez dadin bihurtu ikuskizun huts, baizik eta kolektibo ezberdinen arteko harremana sustatzeko tresna.

Goiko lerroetan idatzitako kontuak antzerki munduan ez dira berriak —ez ditut nik asmatu— eta zorionez Euskal Herrian zehar esperientzia bakan batzuk ematen dira. Hameka, Azala, Hazitegiak, Harrobia, Mugalariak eta Zubi bezalako proiektuak dira horien adibide. Eta herri batzuetako antzokiak: Durango, Zornotza, Leioa, Urnieta, Orereta, Luhuso, Zigoitia eta bertako talde egoiliarrak.

Antzerkiak bere ura behar du. Antzerki kultura bat sortu, berrasmatu behar dugu. Gurea. Iparraldekoak eta hegoaldekoak errealitate ezberdinetan dantzatzen dugu, eta orokorrean euskal arte eszenikoen baliabide sarea serio eta ondo artikulatu gabea da. Legeek eta araudiek ez dute asko laguntzen, eta goitik ezarritako kultur politikek are gutxiago. Kultura ura bezalakoa baita, esku artetik ihes egiten du. Eta hala behar du izan, bizirik dagoenaren seinale. Bluk, nire lagun-minak, esaten duen bezala: «Ura guztiona da! Kultura ere bai! Busti gaitezen apur bat!».

Durangoko Azokan hormako pintada batek hala zioen: Sorkuntza da bide bakarra.]]>
<![CDATA[Senpere, Senpere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2014-10-19/senpere_senpere.htm Sun, 19 Oct 2014 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/040/001/2014-10-19/senpere_senpere.htm
Txikitan, Bizkaiko Markina-Xemein herrian, Lea-Artibai eskualde euskaldunean, jaso nuen gure kultur adierazpide ezberdinen transmisioa. Zortziko, launako eta banako, ezpata dantza, Xemeingo dantza, zahagi dantza… guztiak ikasi nituen plazerez, Felipe Amutxastegi maisuak munduko dantza talderik onena izateko trebatzen gintuelarik. Jose Luis Agirre zenak ere txistua eta txirula jotzen irakatsi zidan umorez eta pazientziaz. Gau eskola zein aisialdi taldean hamaika euskal kanta ikasi eta kantatu nituen eta Marije Errastik ondo afinatzen irakatsi zidan. Zeramikan ere aritu nintzen Blanca Segurarekin eta Juan Ibarzabal Buztarri zenarekin kuadrilla polita osatu genuen bertsotan aritzeko. Gure kultura deitzen dugun honen pentsamendu eta iruditegi zabala Luis Baraiazarra Aitxeluis-ek transmititu zidan.

Gogoko dut guru hitzaren esanahia. Gu hitzak iluntasuna esan nahi du eta ru uxatzen duena. Beraz, guru, iluntasuna uxatzen duena da. Artearen bidean argitasunera eramaten zaituen maisua. Hala definitzen du Eugenio Barba Odin Teatret-eko zuzendari eta antzerki antropologian adituak.

Ni ere, ibilia naiz Indiako Kathakali edota Koodiyattam antzerki-dantza tradizionalak aztertzen, edota Baliko dantza eta maskarak. Nik ere, izan ditut nire guruak. Eta kanpora irteterakoan ohartu naiz barruan daukagunaz, gure herriak dituen adierazpide kultural aberatsez. Beste kultura batzuekin alderatuta ez hobea ez okerragoa. Kodeak aldatzen dira baina ez printzipioak.

Eta Iparraldean aurkitu ditut, galarrots, pastoral, maskarada, kabalkada, tobera eta libertimenduak. Iparraldean aurkitu ditut transmisio kanalak, meheak, herri guztietan bezala garai berrien ondorioz desagertuz doazenak, zentzua galtzen edota aldatzen doazen transmisio kateak. Iparraldean ezagutu dut Larzabalen Teatroa. Haize Berri eta Kitzikazak/n. EKE eta Landart. Hameka. Txomin Héguy eta Théâtre des Chimères. Tipul eta Putil. Hebentik. Ttittika, Bedaxagar eta Etxekopar. Barkoxeko Etxebarriatarrak. Kristian Etxaluz eta Amaren Alabak. Itxaro Borda eta Maddi Oihenart. Fuchs anaiak. Mattin Irigoien eta Antton Lukuren teatroa. Eta fluxu horietan parte hartzea pribilegioa da. Iparraldean antzerkiak duen dimentsioa ezagutzea, ezinbestekoa. Iparraldea ez delako bakarrik lauburu eta ikurrin.

Urte osoa pasa dut astean behin Senperera joaten. Motze auzoan Andoni Iturriozek kudeatzen duen Larraldea baserriak ireki dizkio ateak euskal kulturari. Aktibitate handia dago bertan, erakusketa, kontzertu, antzerki errepika, bilera eta tailerrak aurkitzen ahal dira aste guztian. Hainbat elkartek dute bertan egoitza: Lapurdi 1609, Bertsularien Lagunak, Integrazio Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Hatsa poesia, Kiribil Taldea eta Iduzkilore Antzerki Taldea.

Azken horrek deliberatua zuen Telesforo Monzonen Hazparneko Anderea taularatzea, baina zuzendari faltan zeuden. Petit Téâtre de Pain-eko Manex Fuchs aktore eta lagunak eskatu zidan taldea zuzentzeko. Nahiz eta hasiera baten Monzonen testuarekin nire zalantzak izan, baiezkoa eman nuen.

Antzerki lan batek behar dituen epeak ikusita, estreinaldi lekua eta eguna finkatzeko, Senpereko auzapez eta kultur teknikariarekin hitz egitera joan ziren taldekoak. Eta sorpresa! Senperen ez zela emanen. Bazela beste talde profesional bat, eta ezin zela, eta gurea amateur zela eta euskaraz, eta bla, bla, bla… frantses erara, baselinarekin!

Bluk, nire lagun-minak, zera esan dit: «Badirudi Herri Urrats eta Xilabarekin urteko euskal kupoa bete dutela!». Nik lasaitzeko esan diot. Antton Lukuk bere Euskal kultura? liburuan esango lukeen bezala: «Apartheid gure alde itzuli behar dugu». Omegara iritsi baino lehen —eta euskaldun guztiz kolonizatuak bilakatu baino lehen-Z armatu beharra dago.

Hau ez da Martin Scorsese-ren New York, New York. Ez da hainbeste estimatu izan dudan Tadeusz Kantor poloniar zuzendariaren Wielopole, Wielopole. Idatzi gabeko obra da hau: Senpere, Senpere. Beharrezkoa zait gertatzen direnak kontatzea eta salatzea. Herri baten kulturari horrelako mespretxua egiteak erresistentzian eta lubakietatik tiraka ibiltzera behartzen gaitu. Datorren larunbatean, Uztaritzen emango dugu lehena, urriaren 25ean. Eta segidan Euskal Herriko beste hainbat herritan. Gure euskal teatroaren klasikoak berrasmatzeko intentzio eta kemenarekin. Tamalez, ez da Senperen emana izango.

Txikitan, Markina-Xemeinen ez zegoen antzerki talderik. Egun, Abarka Antzerki Taldea sortzea eta egonkortzea lortu dugu.

Eta Iparraldean, Iduzkilore taldean, Mizel Brust aktorea ezagutzeko aukera izan dut, baita bere garaian Xirristi Mirristin ibilitako Peio Berrokohirigoien Bixoko eta Pierre Larre Partza, Zpeiz Mukakiko Iban Ithurbide, Hiru Punttun aritutako Maialen Fauthoux edota txikitako, Sanjuandeluzeko, Kattin Mendiburu, dentistaren lankidea. Eta ederra da Euskal Herrian lan egiten duzula ohartzea. Etxean. Ai! Senpere, Senpere.]]>
<![CDATA[Udako gauzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/002/2014-09-07/udako_gauzak.htm Sun, 07 Sep 2014 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/002/2014-09-07/udako_gauzak.htm
Uztail bukaeran Eusko Jaurlaritzak antzerki konpainien diru-laguntza ebazpenak ezartzen ditu. Pastela txikia da, eta talde askok nahi diogu kosk egin. Miseria txiki edo handiago bat eraman. Kulturan ematen dena beti da gutxi, baina beti da ezer ez baino hobe! Merkatua eta konpetentziaren garaietan gaude! Ez da erraza! Batzuetan antzerkia egitea eta txorizoak egitea gauza bera deneko sentsazioa daukat. Ez dakit nongo txorizoa beste hango txorizoa baino hobea den. Antzerkiak beste funtzio batzuk ditu. Tripa asetzea eta espiritua asetzea ez da berdin. Baina tira! Ez dut gai honetan sakondu nahi. Diru-laguntzen trantzea pasatu ondoren hartu ditut oporrak, abuztuan. Uda garaian jendea ez dago gogoetarako prest, gai sakonak entzuteko gogoz; antzokiak ixten dira, eta kutxa beltza hutsik gelditzen da. Kale antzerkia eta jai giroko antzerki arina nagusitzen dira. Eta Xiberoan, pastorala. Nire antzerkiak ez du merkaturik garai honetan, ez dut maite udako giroa teatroa egiteko, eta, horregatik, gure antzerki-etxean oporrak hartzen ditugu.

Saibi, Kalamua, Oiz, Santa Eufemia… Bizkaiko mendi ederretan ibili naiz, aspaldiko eta ez hain aspaldiko lagunekin egun-pasa politak egin ditut, Sarasuaren Hiztunpolisa-k putzu sakon, soziolinguistiko eta ilun batera eraman nau —are gehiago, nire etxe pareko patioko haurrek erdara barra-barra egiten jarraitzen dutela entzutean—, etxeko traste zaharrak ordenatu ditut, Edorta kapitainarekin Urdaibai zeharkatu dut, Euskal Herriko mugetatik at Castro Urdiales eta Eskiulako bestetan ere ibili naiz. Eta artikulu hau idazteko prokrastinatu dut.

Nire oporrak ez dira oso teatreroak izan. Antzerkian gabiltzanok ere deskonektatzeko beharra izaten dugu: pixka bat oxigenatu, ideia berriak bilatu, ideia zaharrak zaborrontzira bota. Eta uda ez oso teatreroa izan arren, merezi izan duten bi antzerki ikusi ditut. Xiberoko Ozaze herrian, Dominika Rekalt Ttittika-k idatzitako eta Hebentik-ek antolatutako Barbau Hamalau ikuskizuna. Eta Bilboko P6 Antzerki Laborategiak Jean Anouilh frantziarrak idatzitako eta Ramon Bareak zuzendutako Orquesta de señoritas. Ekialde mendebalde, iparralde hegoalde. Bi mundu! Bi merkatu. Bi plaza guztiz ezberdinak. Pabiloi 6 espazioak Bilbon interesa piztu du, eta antzerkia beste modu batera ere egin daitekeela erakutsi. Interesgarria da hainbat taldetako aktoreak elkarrekin lanean ikustea Barearen esanetara. Ederra da ikustea, halaber, xiberotarren proposamenean diziplina askotako eraikuntza dramaturgikoa: kantua, suak, espazio eszenikoa, musika, dantza… eta Ttittikaren joko molde txundigarria… eta azken finean, eskuara baizik etzakiten haien, «morts pour la patrie».

Ttittikak bere Twitter kontua ireki eta zera idatzi du: «Barbau Hamalau berriz eman nahi dugu, nork ikusi nahi luke eta non?». Kandela! Agian, antzerki lanen hedapenerako beste modu bat izan daiteke, baina ez dut uste. Euskarazko antzerkiak sare bat izan dezan, lan handia dago egiteko. Bilbaotik Ozazera.

Herri honetan bi hizkuntza dakigunok hizkuntza bakarra dakitenak baino tontoagoak omen gara. Hala entzun diot lagun bati uda honetan. Eta Bilbon baten batek galdetzen dit, ea ba, noiz egingo dudan erdaraz teatroa. Egingo dut berriz egunen batean, ez dakit, beharra sentitzen dudanean. Ez dut egiten erdararen kontra, euskararen alde baizik.

Artikulu hau baliatu nahi nuke EHAZEk urriaren 18an Bilbon antolatuko duen Antzerkizale Egunerako gonbidapena egiteko. Eta bide batez, Barbau Hamalau Bilboko Pabiloi 6an egiteko aukera zabaltzeko. Nork daki egunen batean Gabriel Arestik bere Bilboko kaleak poeman amesten zuena egia bihurtuko den: «Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean, bertan organizatzeko euskeraren salbazioa, baina hemen geratzen naiz, kale arte honetan, milagro baten zai, egunero bizarra kentzeari uzteko nahikoa kurajerik ez baitut».

Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako liburuan, Udako gauzak ipuina honela bukatzen da: «Hainbeste gauza egiteko aukera izan eta hain gutxi eginda amaitzen dira uda guztiak!».]]>
<![CDATA[Trabesa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/002/2014-06-15/trabesa.htm Sun, 15 Jun 2014 00:00:00 +0200 Ander Lipus https://www.berria.eus/paperekoa/2195/046/002/2014-06-15/trabesa.htm
Antton Lukuk Libertitzeazliburu mamitsuaren pasarte batean zera esaten digu. «Stanislavskik mendeen juntan elaboratzen zuen konfliktoaren teoria ez dute ezagutzen». Eliza jendeaz eta bi gerlen arteko antzerkiaz ari da. Eta jarraitzen du: «Konflikto famatu hori, euskaraz trabesa edo interesa, egiatasuna antzerkira ekartzeko ahala bilakatzen da praktikan eta pertsonaien arteko oreka batean oinarritzen da ondorioz antzerkia, pertsonaia guziak konfliktoaren eskuratzeko gudukatzen direlako beren armekin». Konfliktoa.

Konfliktohitza Madrilgo William Layton Antzerki Laborategian entzun nuen lehen aldiz antzerki kontzeptu gisa. Duela ia hogeita bost urte. New Yorketik Sr. Layton maisuak ekarria eta harrezkero antzerkia egiteko baliatu izan dudana. Amerikarrek errusiarraren teoriak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eta azken hamarkadetan «metodoa» erabiltzen dugun aktoreon artean hitz klabea izan da. Konfliktorik ez badago, ez dago antzerkirik. Horrela irakatsi ziguten. Gatazka.

Antzerkiola Imaginarioaren garaian ere, beti izan nuen konfliktoaren edota gatazkaren kontzeptua presente. Protagonista/antagonista dikotomian funtsezkoa zen gatazka, eta bakoitzak bere helburuak lortzeko borrokatu behar zuen. Horretarako hainbat mekanismo baliatuz: estrategiak, urgentzia, erlazio sozialak zein emozionalak, eta abar. Baina dramaturgia eraikitzeko modu estandarretatik ihesi nahian ez genituen pertsonaia edo talde batek beste pertsonaia edo talde baten kontrako gatazkak irudikatzen, ez. Gure dramaturgian, gure moldeetan, gure antzerkian, ordea, gatazka, beste era batera baliatzen genuen. Gatazka ez baitzen kokatzen kanpoan, ez zen bestea jo muga, baizik eta bakoitzak zeraman bere baitan, eta pertsonaiek barne konfliktoa bizi zuten. Ikuspuntu horretatik, antzerkiaren kontatzeko moduak beste taupada bat hartzen zuen, beste su bat. Barne gatazka.

Garai hartan idatzi nituen nire lehen artikuluak. Ikerketari emana nintzen, eta ondo zetorkidan noizean behin nire gogoetak eta garaiko gatazkak plazaratzea. Burua ordenatzea nolabait. Eta sarritan kontra egitea. Kontrakultura, alternatibak bilatzea eta pentsamendu kritikoa eraikitzea nuen gogoko. Beldurrik ez zen nire baitan (zer pentsatuko dute, zer esango dute.), ezta konplexurik ere, ez. Esan behar nuena ahoan bilorik gabe esaten nuen. Gero, artikuluak idazteari ere utzi nion. Ezin iritsi. Nekea. Nire beharra beste ekintza mota batzuetan ikusten nuen gehiago. Konbentzituta nengoen gure lanbidean ekintzek hitzek baino garrantzi handiagoa dutela eta momentu berriari heldu nion. Iraultza isila. Eta euskal artedrama baten bilaketari ekin nion. Interesa.

Orain, urteen poderioz eta ekinaren eginaz, kultur esparruan pertsonaia publiko bilakatu naiz. Edadean aurrera noa, eta ikuspuntuak ere lekuz aldatu zaizkit. Begirada zorrotzagoa da. Arduraren pisua handiagoa. Planteamendu batzuetan ere erradikalagoa naiz, hots, gauzak eta ekintzak egiteko orduan sustraietara jotzen dut. Horrela ez balitz neure burua tradituko nuke.

Beste gauza asko, berriz, ez dira aldatu. Antzerkiaren bidea gatazkatsua da. Gure ofizioan beste lan batzuk egitearena gauzarik arruntena da. Bilerak, hitzaldiak, alor pedagogikoa (ikastaroak, formakuntza tailerrak.), denetarik egin behar izaten dugu aktoreok. Eta ezin kexatu, ofizioarekin zer ikusia duten lanak badira! Eginkizun horiei lan edo behar kolateralak deitzen diet. Edo akzidentalak. BERRIAko erredakziotik deitu didaten unean bezala. Eta barne gatazkak sortzen zaizkit. Artikuluak idatzi bai. Artikuluak idatzi ez. To be or not to be. Bat-batean letren intruso ere sentitzen naiz. Ba ote daukat fundamentuzko zerbait esateko? Baina ni ez naiz idazle. Nori interesatuko zaio idazten dudana? Nork irakurriko du? Denborarik izango al dut? Agertoki gainean egotea da beti ametsa. Ahalik eta sarrien. Ofizioa horretan datza. Ideia, pertsonaia, sentimendu, istorioen. transmisoreak gara. Agertoki gaineko dantzak ematen dio aktoreari bizipoza. Jokoan sentitzen du komedianteak benetako sua, kili-kilia, trabesa. Erregeak bai, baina bufoiak ez du sekula abdikatzen. Eta hala ere, antzeztokietatik kanpo iritzi artikuluak idatzi behar baditut, bada idatziko ditut. Plazerez. Ea ba artikuluek interesik pizten duten!

Irakurle zaren horrek, espero dut nire ekarpena gustuko izatea. Antzerkiaz hitz egingo dut. Eta bizitzaz. Zer da antzerkia bizitza ez bada?

Hau da nire trabesa. Nire trabes berria.]]>