<![CDATA[Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 05 Dec 2022 19:29:51 +0100 hourly 1 <![CDATA[Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Salman Rushdie arnasketa lagunduarekin daukate, New Yorkeko erasoaren ondorioz]]> https://www.berria.eus/albisteak/217034/salman_rushdie_arnasketa_lagunduarekin_daukate_new_yorkeko_erasoaren_ondorioz.htm Sat, 13 Aug 2022 20:40:02 +0200 Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz https://www.berria.eus/albisteak/217034/salman_rushdie_arnasketa_lagunduarekin_daukate_new_yorkeko_erasoaren_ondorioz.htm <![CDATA[Salman Rushdie idazleari eraso egin diote New Yorken, labanaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/024/001/2022-08-13/salman_rushdie_idazleari_eraso_egin_diote_new_yorken_labanaz.htm Sat, 13 Aug 2022 00:00:00 +0200 Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz https://www.berria.eus/paperekoa/1984/024/001/2022-08-13/salman_rushdie_idazleari_eraso_egin_diote_new_yorken_labanaz.htm
Rushdie tokian bertan artatu zuten, eta helikopteroz eraman zuten ospitalera. Edizio hau ixteko orduan, ebakuntza bat egiten ari zirela adierazi dute, baina ez dute zaurien larritasunari buruzko azalpenik eman. Lekuko batzuek CBS telebista kateari kontatu diote erasotzaileak lepoa eta torax aldea sastatu zizkiola. Aretoan zeuden pertsona batzuek artatu zuten, eta beste batzuek atzeman zuten erasotzailea.

Poliziak atxilotu egin du ustezko erasotzailea. Ez dute hari buruzko daturik eman, ezta erasoaren arrazoirik ere, baina urteak dira Rushdie mehatxupean zela. Zehazki, Satanic Verses (Bertset satanikoak) liburua argitaratu izanak korapilatu zion bidea. 1988az geroztik debekatuta dago Iranen: Khomeini aiatolak argudiatu zuenez, nobela hura «iraingarria» da islamarentzat. Agintariak neurri gogorrak agindu zituen idazlearen kontra; tartean, diru sari handiak eskaini zituen hura hiltzearen truke -2012an, garai hartako 3,2 milioi eurora handitu zuten saria-. Mehatxuen ondorioz, Rushdie zaintzapean bizi izan da zenbait urtez.

New Yorkeko agintariek gaitzetsi egin dute erasoa; Kathy Hochul gobernadoreak eskerrak eman dizkie aretoan idazleari lagundu diotenei, eta esan du «behar duen arta» emango diotela erietxean.

Sumina eta ezinegona

Notiziak harridura piztu du herritar askorengan, bai eta kezka ere, neurri berean. Nazioarteko kultura eta politika munduko pertsona ugarik egin dituzte adierazpenak gertatuaren gainean: erasoa salatu dute, bai eta idazleari elkartasun mezuak eskaini ere.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, esaterako, Twitter bidez eman dio babesa idazleari. «Sekula alboratu behar ez dugun eskubide bat baliatzen ari zela egin diote eraso. [...] Ongi egotea espero dugu», idatzi du.

Besteak beste, Stephen King, Neil Gaiman eta J. K. Rowling idazleek idatzi dute espero dutela Rushdie sendatzea.

Nazioarteko PEN Klubak adierazpen askatasunaren aldeko mezu bat igortzeko baliatu du aukera: «Rushdie PEN komunitateko kide maitea dugu, eta mehatxatuta egon da urteetan. Inori ezin zaio horrela eraso egin, eta are gutxiago bere iritzia modu baketsuan adierazteagatik».

Rushdie Midnight's Children liburuarekin (Gauerdiaren haurrak) egin zen ezagun nazioartean, 1980an, eta ingelesezko eleberririk onenaren Booker saria irabazi zuen hurrengo urtean. Liburuak zalaparta eragin zuen Indian, batzuek leporatu ziotelako orduko lehen ministro Indira Gandhi iraintzen zuela.

Idazlea Bombayn jaioa da (India), 1947an, eta, ingelesez aritzen direnen artean, herrialdeko idazlerik ezagunena da egun. Haren estiloa Latinoamerikako zenbait idazleren errealismo magikoarekin lotu izan dute, eta idazleak berak aitortu izan du lurralde horretako literaturak eragin handia izan duela harengan, baita Indiako ahozko tradizioak ere.

2020an argitaratu zuen orain arteko azken liburua, Quichotte, Miguel de Cervantesen lanaren berrinterpretazio bat, AEBetako orduko girora egokitua, Donald Trump agintean zela. Datorren urtean beste bat kaleratzekoa da.]]>