<![CDATA[Ane Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Jun 2023 22:18:32 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ane Garcia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Nekearena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2023-05-21/nekearena.htm Sun, 21 May 2023 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2023-05-21/nekearena.htm
Zer ekarpen egin ote dio nekeak arteari, literaturari, sormenari, ekintzaren beharrezkotasunaz soilik mintzo den gizarte eta kultur industria baten baitan? Nik ez dut ikasi ekintza baino: gorputz-jarrera konkretu bat edukitzen, burua aurrerantz, txori erne bat banintz bezala; burua alde batera eta bestera mugitzen, artega, gose eta egarriz hildako beste animalien begi-kliskak harrapatzeko; anbizioa potentzialtasunez bazkatzen, sekula lurreratu gabe.

«Nekeari buruzko aipuak» idatzi dut bilatzailean, eta ez dut nekeari buruzko teoriarik aurkitu. Liburuetatik ostutako esaldi askok deskribatzen dute pertsonaia jakinak nola sentitzen diren («ogi-xerra handiegi batean zabaldutako gurina bezala»; deskribapen ezin hobea, Tolkien), baina akiduraren esanguraz ezer gutxi aurkitu dut. «Zein da nekearen zentzua?» idatzi dut, bilaketa zehatzagoak erantzunak emango zizkidalakoan, baina medikuntzako webgune pila bat agertu zaizkit.

La sociedad del cansancio (Nekearen gizartea) liburua etorri zait gogora, Byung-Chul Han filosofoarena. Aspaldi irakurri nuen, eta azpimarratu nituen aipuz aipu saltoka ibili naiz, iraganeko ni azpimarratzaile horri oso eskertuta. Bi neke mota bereizten ditu, besteak beste, filosofoak:

«Elkarrengandik aldentzen gaituen nekea: erortzen ari ginen biok dagoeneko, nor bere aldetik; nor bere neke propio eta partikularrarekin, ez gurea, ezpada hemengo nire nekea eta hango zurea (...). Neke horiek indarkeria dira, komunitate oro suntsitzen dutelako».

Neke indibiduala da hori: elkarrekin lehian jartzen gaituen neke bat, gorputzaz arduratzen ez den neke bat, kultur industriaren presiopean sortutako neke bat, bareezina. Ulertezina, besteen begietan. Ez al digute transmititu sakrifizioa eta lan gogorra daudela arrakasta artistikoaren atzean? Lehenbailehen egin behar duzula leku bat zuretzako? Sufritu egin behar duzula pixka bat? Ez duzula sekula amore eman behar? Sortzea zurrunbilo frenetiko bat dela? Kontaktuak eta lagunak egitea, hemendik hara ibiltzea eta sekula ez deskantsatzea? Diruagatik larritzea eta zure burua aski argi definitzea? Ez al zen frenesi hori nahi genuena? Ez al da frenesi hori izan hainbat eta hainbat artelanen sorburua? Ez al genuen sormena profesionalizatu nahi? Eta lana ez al da ba horixe: lana? Astelehen-ostiral-8-ordu-eta-nekatuta-bizitzea?

Alternatiba egon badago, ordea, nekatuta egoteko:

«Munduarekin batera nekatzea da nekearekin adiskidetzea. Funtsezko nekea da ezer egiteko gai ez izatea eragiten duen akidura-egoera hori ez den beste oro. (...) Ez-egiteak inspiratu egiten du. (...) Neke sakonak identitatearen lotura lasaitzen du. Gauzek dir-dir egiten dute, argi egiten dute eta bibrazioaren sorburu dira. Lausotu egiten dira, ireki, eta akaso galdu egiten dute determinazio pixka bat. (...) Nekea nire laguna zen. Hantxe nengoen ni berriro, munduan».

Geldi egoteko modu asko daude, motel ibiltzeko hamar mila aukera. Horrela ere idatz liteke, eta zutabe hau duzue horren froga. Irudi ederrez betea dut burua, aspaldian ez bezala. Nekeak zabaldu du haitzulo bat nire baitan, aho goxo bat: ez dira ahutzak, ezpada maitale baten ezpain erdi irekiak, ni hartzeko zain. Argi apurrez barneratu eta hantxe nago orain, milaka urteko tantak entzuten. Landareak ureztatzen ditut goizean eta jasminaren usainaz hunkitzen arratsean. Horrela ere bizi liteke bat, anbizio eta asmo artistiko handirik gabe. Horrela ere bizi liteke bat. Eta horrela ere sortu lezake.

Eta tren azkarregi honetatik jaitsiz gero zer gertatuko litzateke? Aktibo ez banago, helduko ote diet inoiz nire asmoei berriro? Altxatuko ote naiz sofatik inoiz, hartuko ote dut atzera gitarra? Ez dakit, baina hau da oraintxe behar dudana, eta aukera paregabe hau aprobetxatuko dut ezer-gutxi egin eta munduarekin egoteko. Sentitzen dut naizela rock progresiboko kantu bat, lelorik gabea, poliki eta motel hasi eta gorantz egiten duena, astiro lehertu arte. Uste dut haitzulo honek, aho goxo honek jasan lezakeela halako doinu bat: gitarra nagi bat eta lau akorde, hitz soilen oihartzuna eta gorabide amaigabe bat. Byung-Chul Hanen liburuak jasotzen du aipu bat zera dioena: «Nekeak bihotz handia du» (Maurice Blanchot). Agian horixe da haitzulo hau: bihotz handi bat.]]>
<![CDATA[Lola]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2023-04-23/lola.htm Sun, 23 Apr 2023 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2023-04-23/lola.htm greatest hits-ak jotzen, txaranga version. Mierda de ciudad, Txus es un alcoholico, Enamorado de una botella, eta, noski, Lola por qué estás sola. Zutabegarria den momentu bat identifikatu nuen orduan, hantxe, hankak halabeharrez mugitu eta kantu horiek hamar milagarrenez entzutearen ondoriozko asperdura absolutuak hartzen ninduen bitartean. Eta halakoetan egin ohi dudanez, mugikorreko oharretan apuntatzen ditut identifikatu dudan ernamuinaren adartxo guztiak. Hona hemen txaranga epifaniko hartatik ateratakoak.

Aipatu ditudan kantuek eta punk edo rock mugimenduek izan zuten beren momentua eta momentu hori, gero, mugimendu guztiei gertatzen zaien bezala, pasatu egin zen. Alabaina, euskal rock erradikal mitikoa osatu zuten kantuek jarraitu egin dute, bizirik baino, zonbi deskafeinatu modura. Denek abestu ditugu kantu horiek, nahita edo nahigabe, eta badakizkigu errepikak. Ez ditut kantu horiek gutxietsi nahi, baina gaur egun tabernan kantu horiek jartzen dituztenean performance nostalgiko arraro samar bat egiten dugu 1980ko hamarkadan bizirik ere ez geundenok. Eta harrigarriena da denek dakigula kantu horiek NOLA abestu behar diren eta beti egiten dugula berdin. Bexamela eta pastela-tik Txus-era pasatzen garenean automatikoki ateratzen zaie batzuei barrutik beste ahots bat, beste gorpuzkera bat, espazioa hartzeko beste modu bat (#lololo). Eta hori guztia ikasia da.

Lola abestu bitartean pentsatu nuen bigarren gauza izan zen 1980ko hamarkadako punk eta rock mugimenduak espazioa izan zuela maskulinitate konkretu bat legitimatzeko, eta esango nuke maskulinitate-eredu hori izan dela haren oinordetzarik handienetako bat. Ez diot garai hartako abeslariak matxirulo batzuk zirenik (haietako batzuk izango ziren, estatistika hutsagatik), ze ez ditut ezagutzen (halako talde batean aritu zen osabak behin esan zidan haiek zirela garai hartan ez-matxiruloenak, eta sinetsiko diot), baina geroago etorri diren belaunaldien parte zaratatsuegi batek haiengan irakurri eta erreproduzitu duten eredua oso maskulinitate konkretuari dagokio (#lololo). Uste dut badela garaia euskal musikaren eta maskulinitate-eredu euskal herritar jakin baten eraketaren arteko harreman zuzena aztertzeko (animatu dadila ikertzaileren bat, mesedez), ze susmoa dut nahiko genealogia eta influentzia argiak identifika litezkeela, eta ulertuko genukeela jarrera eta modu batzuk nondik datozen (maskulinitate-estiloez ari naiz, eta ez musika-estiloez). Aldi berean, gizonei taula gainean irakurtzen zaien neutraltasuna desmitifikatuko luke pixka bat. Ezin da euskal musikaren historiaz hitz egin testuinguru politikoaz mintzatu gabe, baina nik testuinguru politiko horren baitan txertatuko nuke maskulinitate (eta feminitate) eredu konkretuek izan duten lekua eta jaso duten miresmen eta bultzada.

Kantua lehertu zedin lurrean kokoriko zain nengoen bitartean izandako beste okurrentzia bat: milaka aldiz galdetu dugu ea Lola zergatik dagoen bakarrik, baina zergatik ote dago bakarrik Lola kantu horien guztien erdian? Zure pistolaren eta buztanaren artean aukeratu beharrean? Argudia liteke emakume disidente bat agertzen dela Lola kantuan, bazterrekoa, axolagabea, lotsagabea. Ados. Txus pertsonaiarekin paralelismo batzuk izan ditzake, bai. Baina Lolari zure zakila gustatzen ez zaiola jakiteko galdetu egin diozu, edo eskaini egin diozu. Txusek hilda amaitzen du eta Lolak bakarrik (ze, klaro, ez zaio zure buztana gustatzen). Eta emakume batentzat, denok dakigu, bakardadea da okerrena, are gehiago, behin eta berriro galdetzen badiozu zergatik dagoen bakarrik txaranga honen errepertorio nostalgiko-zonbiaren erdian.

Sasi-analisi erdi-mozkorti horren ostean, beste hamaika galdera idatzi nituen mugikorrean, hala nola: zergatik daude horrenbeste kantu emakume izen bat izenburu dutenak? Zergatik hitz egiten dute guri buruz modu oso konkretu horietan, ezker eta eskuin? Ze zuk, ustez #lololo performancerik egiten ez duzun horrek, akaso entzungo dituzu kantautore ezkertiar jatorrak, baina batzuetan horiek okerragoak dira (maskulinitate konplizeak). Gorroto dut jator itxurako batek abesten duenean «gustuko-dut-zu-ez-depilatzea-eta-makillajerik-gabe-zaudenean-ederragoa-zaude». Utziko nauzu bakean depilatzen eta makillatzen? Hitz egin zuei buruz, ostia. Feministak izan nahi baduzue arakatu zuen mobidak, landu zuen genero rolekiko dituzuen kontraesanak eta ez esan niri gora emakume askeak eta ez dakit zer. Ez dugu zuen hitzik behar, ulertzen? Nahi badugu depilatuko gara eta askatuko gara zuen onarpen-sasi-feminista-ezkertiartxorik gabe thankyou. Honaino heldu dira nire mugikorreko oharrak.

Kortatuk aurreikusi zuen kantuon patua: «Siempre lo mismo, mierda de canción». Ez dut txarangen kontra ezer, bide batez, baina agian errepertorioak berritu genitzake denon artean. Inkesta nazional bat egin. Letrak berritu. Nik, egia esan, abestu nahiko nukeena da «Lola ya no está sola», twerk pixka bat egiten saiatu bitartean (#lolala).]]>
<![CDATA[AUTOTUN(e)TUN(e)ARENA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2023-03-26/autotunetunearena.htm Sun, 26 Mar 2023 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/040/001/2023-03-26/autotunetunearena.htm Autotunea ez da ukelele berria izenburua jarri zion bere zutabeari eta, hara, zerbait egin beharko dut horrekin. Hori baino aste batzuk lehenago nik idatzitako Pixiglas artikuluko esaldi bat zeharo ezeztatu zuen titulu horrekin, ni aski xaloki ausartu bainintzen zera esatera: «Autotunea da ukelele berria». Eta, zer nahi duzue esatea, pixkat-oso interpelatuta sentitu naiz. Nire bizitzako lehenengo beefeoaren atarian ote nago lerro hauek idatzi ahala, urteak eta urteak Twitter ekiditen pasatu ostean? Jo-der, espero dut ezetz.

Hasteko, esan behar dut, besteak beste, autotunearen historiaren errepaso aski interesgarri eta zehatza egin zuela Celestinok bere artikuluan, eta zer pentsatu handia eman didala. Hasieran izan nuen minibihotzekoa eta horren osteko erreakzio guztiak (ostrukarena, lehoiarena, trikuarena, hurrenez hurren) pasatu eta gero, aukera ederra iruditzen zait jendeak sare sozialetan egiten duena ez egin, eta desadostadun batek zabaltzen duen pitzaduran sakontzeko.

Ostrukaren fasean, pentsatu nituen gauza mordoaren artean zegoen «joder-joder-orain-frogatu-beharko-dut-ez-naizela-mozola-ezjakin-ahobero-bat» (Euskal Herrian iritzia ematea zer den). Ni ez naiz autotunearen negazionista, joder, ez naiz gitarraren distortsioa deskubritu zutenean musikari haiek gutxietsi zituen hori, ez naiz binilogintzaren hasieran muturra zimurtu zuen hori, ez naiz aurrerapen teknologiko orori arbuioz erantzuten dion norbait. Ez ditudala gauza horietako asko ulertzen? Bai. Susmagarria iruditzen zaizkidala berrikuntza teknologiko moderno eta berri guztien trenera ezer kuestionatu gabe igotzen diren horiek? Baita ere. Baina nik ez dut autotunearen balioa ukatzen, joder. Edo... agian bai.

Ze, lehoiaren fasera igarota, egia esan molestatu egiten dit autotuneak batzuetan. Existitzen zela jakin nuen egunean (disko bat grabatu bitartean eta nire ahotsari photoshop egingo ziotela jakin nuenean), tranpati sentitu nintzen. Egun erabiltzen den moduan, ahotsari jartzen dioten filtro horrek ez dit uzten konektatzen askotan, alboko gelan norbait abesten ariko balitz bezala da, ez dut entenditzen, eta etenik gabe erabiltzen duten taldeen kontzertuetan, nekatu egiten nau. Nahiz eta Celestinoren argumentuak ulertu, eta hein batean harekin ados egon, zalantza ugari sortzen didate haren baieztapenek: ez dakit autotunea ote den ahotsak musikaren erdigunea atzera hartu izanaren arrazoia, hain zuzen ere ahots bakoitza bere ahostasunez gabetzen duen tresna delako. Erdigunean egotea baliagarria al da, zure tasunez gabetuta iritsi bazara erdira? (Eta ahotsak zergatik egon behar luke musikaren erdigunean, abeslariarentzat zama/ikusgarritasuna aho biko labana bada?).

Azkenik heldu naiz trikura, aldi berean biguna eta arantzatsua den izaki bat izatera. Ze zaila den iritzia ematea, joder. Egia esan, ni ez naiz ohartzen zuk irakurtzen nauzunik, edonor zarela ere. Ni nire etxean nago oraintxe bertan, pijaman, asteazken eguerdi batez, atzo egindako barazkiei arroza edo pasta botako ote diedan pentsatzen. Ez dakit nola egiten den kontrako iritzi baten aurrean amore eman eta eusteko aldi berean. I can feel something inside me say/ I really don't think you're strong enough. Saiatuko naiz.

Kontua da Celestinoren argudioak baduela funts sendorik, baina nireak ere bai, eta ez dira inkonpatibleak. Ados, ukelelea eta autotunea ezin dira alderatu musikan izan duten inpaktuari dagokionez, baina autotuneak musikari egin dion ekarpena eta harengan utziko duen arrasto potentziala ukatu gabe, jarraitzen dut pentsatzen autotunea egun erabiltzeko dugun/duten moduari ez zaizkiola urte asko geratzen, boladak joan-etorrian segitzen dutelako besterik ez bada ere. Musikak girotzen du gure oraina, eta nik ulertu nahi dut zergatik aukeratu dugun orain soinu banda hau. Garai honen soinu bereizgarria izango da autotunearena, eta etorkizuneko ikerlari edo jakintsuek aztertuko dute ea zergatik 25-30 urte dituen tresna bat garai konkretu honetan hasi garen modu konkretu honetan erabiltzen; etorkizuneko jendeek ebatziko dute zergatik distimia, astenia, antsietatea eta apatia nagusi diren garai honetan, hori den filtro orokorra: ahots propioa lausotzea.

Ez dut uste musikari leku beretik begiratzen diogunik Ion Celestinok eta biok, eta hori guay dago. Ez nago Euskal Herriko euskaldunok elkarri mokoka ibili behar ez genukeela dioten horiekin batere ados, ez eta norbere iritzia erreafirmatzeko soilik baliatzen ditugun Twitterreko eztabaiden alde ere. Hau ez da jakintza-musikal-super-zabal-historiko-eta-teknikoa vs. kultur-ikasketa-hiperkritikoak. Ez duzu alde bietako bat aukeratu behar (ez baduzu nahi). Osa dezakezu zure iritzi queer propioa. Ez duzu aukeratu behar ez-da edo ba-da. Hori bai, ez aukeratu ukelelea, dagoeneko modaz pasatuta dago-eta.]]>
<![CDATA[Nork-Nori]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2023-02-26/nork_nori.htm Sun, 26 Feb 2023 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2023-02-26/nork_nori.htm lcarràs filmari buruzko elkarrizketa batean irakurri nion Carla Simoni film hura ezin zela katalana ez beste hizkuntza batean gertatu; zehazki, zuzendariak esan zuen pertsonaia haiek, ezinbestean, Lleidako eremu konkretu bateko dialektoan mintzatu behar zirela. Berriki Irati filmaren harira Edurne Azkarate eta Paul Urkijori egindako elkarrizketa batean atzera irakurri dut antzeko zerbait: «Ez dauka zentzurik obra hau euskara ez den beste hizkuntza batean egiteak». Niri, egia esan, oso ebidentea iruditzen zait arrazoi dutela, eta, era berean, oso argi dut erresistentzia lan itzela egiten dutela hizkuntza ez-hegemonikoak hautatuta. Izan ere, Hollywooden inperioak itsututa eduki gaitu eta gauzka oraindik ere, eta sarritan ez gara ohartzen zenbat eta zenbat istorio lapurtu irentsi ditugun: kolonialismo linguistikoaren tentakulu luzeek zenbat eta zenbat eztarri ito dituzten.

Ingeles hiztunek (edo hizkuntza hegemonikoetako hiztunek), sarritan, ez dute autokontzientzia edo autolotsa izpirik ere hizkuntzari dagokionez. Hollywoodeko bulegoetan edo gidoilarien ganbaretan istorio interesgarri bat identifikatu eta han hasten dira, besteen miseriez apropiatzen. Gero, gauza oso erridikuluak egiten dituzte: Frantziako nahiz Errusiako erreginak izan, superprodukzioetako erregina denak Elizabeth II.aren doinuz mintzo dira. Beste adibide bat: iaz ikusi nuen Gucci familiari buruzko filmean, ingeles hiztunak ziren aktoreak italiar azentuarekin mintzo ziren, INGELESEZ. Ma che cazzo fai? Ikusleak onar dezake hizkuntza bat bestearengatik aldatzea, baina hori aldatu eta jatorrizkoa behar lukeen hizkuntzaren azentua jartzea ze kristo da? Lady Gagak lausengu ugari jaso zuen italiar signora-rena ondo egiteagatik (jatorri italiarrekoa da bera), baina zer zentzu du azentu horrek? Bere hizkuntzan ari den hiztunak ez du bere hizkuntzan mintzo den giri-aren azenturik!

Betaurreko moreena bezala da hau, irakurle: ikusten hasten zarenean, ez dago atzera bueltarik. Baliteke askotan filmak bikoiztuta ikustea, eta horregatik ez ohartzea zein hizkuntzatan dagoen idatzita istorioa. Baina kontua da mundu honetako istoriorik nabarmenenak omen direnak, Oscarrak eta diru-mordoa jasotzen dutenak, ingelesez idazten direla, eta ingeles hiztunek (sarritan estatubatuarrek) idazten dituztela. Eta kontua ez da hizkuntza ez-hegemonikoak ezabatzen dituztela soilik, ezpada hizkuntzarekin batera hortxe doazela mundu ikuskerak, egiturak eta aurreiritziak ere, lerroartean.

Simonek eta Urkijok diotena da beren filmetako pertsonaia konkretu horiek katalana edo euskara ez den beste hizkuntza batean aritzeak ez duela zentzurik. Erabat ados nago. Baina justifikazio horrek oraindik ere ihesbide bat uzten die inperialista linguistikoei: pertsonaien araberakoa da hizkuntza, eta, beraz, argiki katalanak edo euskaldunak badira pertsonaiak, utziko diegu haien hizkuntzan mintzatzen. Kontua da pertsonaia batzuk ez direla argiki katalanak, kikuyuak edo euskaldunak izango, haien hizkuntzez eta narratibez gabetu zituztelako aspaldi.

Kikuyua aipatu dut, Ngugi wa Thiong'o keniar eta kikuyu hiztunari irakurri diodalako gai honen inguruko idatzirik interesgarriena: Decolonising the Mind (Gogoa deskolonizatzea). Hark dioenez, hizkuntzaren presentzia betikotuta, kolonialismoaren itzala belaunaldietan barrena luzatzen da, hizkuntzarekin batera hiztunen gogoa ere kontrolatzera heltzen delako hegemonia. Beraz, filmak hizkuntza jakin batean idaztea garrantzitsua da, ez soilik errealismoagatik edo pertsonaiari hala dagokiolako, ezpada hizkuntza ere badelako eskema hegemonikoei ihes egiten dien eremu bat.

Hizkuntza boterea da, eta narratiba unibertsalak bideratu eta monopolizatzeko modu oso efektibo bat ere bai. Modu berean, ahotsa ere boterea da, eta, alde horretatik, baliatzen den hizkuntzaz gain, kontua da ea istorio batzuk NORK idazten dituen eta NONDIK. Egun, gure garai superprogrean, emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak... pantailetara iritsi diren honetan, oso kontuz ibili behar genuke. Pertsonaiak hitz egin behar lukeen hizkuntzan idaztea da errealitate jakin batera gerturatzeko modu bat, baina moduetako bat baino ez da. Baina nola ekidin beste norbaiti ahotsa ebatsi eta haren gain gure mundu ikuskera eta eskemak inposatzea? Izan ere, aurpegi berriei ahots zaharrak entzuten dizkiet oraindik batzuetan, eta ahots zaharrek aurpegi berriak baliatzen dituzte espazioa okupatzen jarraitzeko (horren zaila al da bigarren lerrora pasatzea?).

Ez dut uste norberak ezagutzen duenaz soilik mintzatu edo idatzi behar dugunik. Literatura eta ikus-entzunezkoak, esaterako, beste errealitate batzuk norberari iristeko eta imajinatzeko tresna dira. Baina hizkuntza lehengai dutenez, arma politiko bat ere izan daitezke, eta, beraz, akaso lan bat hasi aurretik gure burua kokatu behar genuke, gure posizioa eta pribilegioak zeintzuk diren ikusi, nondik hitz egin dezakegun identifikatu, beste inori istorioa eta ahotsa ez kentzeko.]]>
<![CDATA[Pixiglas]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2057/028/001/2023-01-29/pixiglas.htm Sun, 29 Jan 2023 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/2057/028/001/2023-01-29/pixiglas.htm Lion Man seriotasunez abesten nuen garaian, eta hipstertasun cool, kosmopolita eta jantzia arazotsua eta pixka bat klasista zela ikusten ez nuen sasoian. Ukelele bat oparitu zidaten eta orain nirekin bizi da: ez dakit zer egin berarekin, kolore polita du eta nerabezaroaren azken urteak eta unibertsitateko lehenak dakarzkit gogora. Zenbat eta zenbat talde atera ziren bat-batean izkina guztietatik 2012, 13, 14 horietan, ukelele batekin, kantu naif hutsalekin, pastel koloreko arropekin... Eta nola gustatzen zitzaizkidan talde horiek denak eta haien kutsu super-berezi-sasi-intelektuala (hasperena). Ez zen inoren errua izan, garai bakoitzari egotz diezaiogun errua: punkarena, brit- eta triki-poparena, elektrolatinoarena, eta kafetegietako pop happy-flower errazarena. Eta horrekin batera, onar dezagun 2020ko hamarkadaren hasiera honi dagokiona: autotunea da ukelele berria.

Hori orain esan dezakegu, autotunea beheraldian sartuko dela aurreikus dezakegun honetan. Izan ere, esan liteke goia joa duela jada. Dagoeneko izan da berritzailea, dagoeneko esplotatu du sistema kapitalistak armairu hipsterretik gure kuadrillan raperogaxtua deritzogun estiloranzko trantsizioa, eta talde gehiegik erabiltzen dute autotunea dagoeneko: ezin du originala izaten jarraitu. Bukatzear (edo eraldatzear) da autotunearen erreginaldia, eta orain kontua izango da ea nor aterako den bizirik.

Modak badatoz eta badoaz, olatuen gisa (ba al dago hau baino metafora ebidente eta eraginkorragorik?), eta guay dago horietako bakoitzak ekarriko duen horrekin gozatu eta harritzea. Olatu bakoitza bada aukera bat zer motako musika egin oso ongi ez dakiten horiek martxan jartzeko: olatuak berak ezartzen dizkizu baldintzak. Orain modan dauden tresnak baliatu eta aurrera, dale.

Kontua da autotunearekin batera heldu dela sare sozialen aro inperiala, musika kontsumitzeko modua aldatu egin da, eta, ondorioz, musika ekoizteko modua ere bai. Eta, batez ere, kontua da estetika-beharrezkoa-da-gaur-egun-saldu-nahi-baduzu esaldia ezin dudala gehiegi jasan. Eta ez gezurra dela uste dudalako, ezpada, hain zuzen, egia delako. Arte zuzendariak hartzen dituzte taldeek, egiten dutenaren parte ezinbestekotzat dituzte ikus-entzunezkoak, Instagrameko feed-ak, TikTok... Eta zer du horrek txarra? Ezer ez, baldin eta egiten duzuna ona bada. Kontua da batzuetan kontzertu batera joan eta horren ebidentea iruditzen zaidala produktua, horren agerikoak produkzio-kapak, eta horren amorragarriak behin eta berriro errepikatzen ditugun leku komunak, amorratu egiten naizela. Kantu batzuk pixiglasezkoak dira: ez dira sostengatzen produkzio eta estetika osoa kentzen badiezu.

Ematen du kasketa petral bat dudala, Shakirak bezala, baina kontua da eneagramako 1a naizela, perfekzionista, eta, beraz, dena terriblea iruditzen zait, nahi gabe. Terriblea eta oso erraza. Hiru modu daude proiektu bat eraikitzeko: barrenetik, azaletik edo bietatik. Barrenetik egiteak badu arrisku bat: egindako hori intimoa denez, jada balekoa dela pentsatzea. Nire zutaberen bat irakurri baduzue, jakingo duzue ni ekologia kulturalaren aldekoa naizela, eta ez dudala uste merkatua saturatu behar dugunik gehiegizko ekoizpenarekin. Gauza esanguratsuak behar ditugu, eta esanguratsurekin ez dut sakona esan nahi, baizik eta pertinentea, zirikatzailea, burutsua. Azaletik eraikita, berriz, biluzik geratuko zara garaian garaiko olatua agortzen denean: zure arropa, instrumentuak, musika, modaz pasako da berehala. Momentu horretan, dirua eta arrakasta nahikoa metatu badituzu surfean aritu zaren denboran, zeure burua berrasmatu eta taldeko tronpeta eta tronboia jubilatu gabe zerbait egitea lortuko duzu. Bestela, etorkizuneko hater baten zutaberen batean aipatuko zaituzte, agian, nerabezaroko anekdota lotsagarri samar gisa. Hirugarren bidea jorratzen baduzu, ba agian sekulako arrakasta izango duzu, eta, bestela, bizirauteko aukerak izango dituzu, ziur asko edozein garaitatik at dagoelako egiten duzun horren funtsa.

Uste dut hamarkadaka errepikatzen diren auziak direla hemen aipatutakoak. Ez dut uste egungo traperoak gehiago baliatzen direnik estetikaz 80ko hamarkadako punkiak baino. Moda eta musika-tresna konkretuak erabiltzea normala da, belaunaldi bakoitzak behar du bere ukelelea, baina belaunaldi nostalgiko-prekario honen parte naizenez, zilegi iruditzen zait kritikatzea pixiglasa, garaian-garaian arrakasta eduki eta bizirik aterako ez den zera hori: tranpa eta diru kutsua duena. Eta, batez ere, ezer gutxi esateko gai ez dena.

Adinarekin batera aurreko hamarkadekiko estilo musikalarekiko auzo-lotsa ere metatzen al da? Galdera hori buruan nuela konturatu naiz ez dudala ukeleleari armairu-zokoan konpainia egingo dion autotune-pedalik. Oraindik garaiz nabil urtebetetzeko erregalu modura eskatzeko, ea pare bat urte gehiago irauten duen olatu honek.]]>
<![CDATA[ANTI]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-12-18/anti.htm Sun, 18 Dec 2022 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2022-12-18/anti.htm
Eskolan zortziko txikiarena esplikatu zuten egunean gaixorik nengoen, eta horri egotzi izan diot nire sen edo gustu falta. Nire buruan ez da kabitzen ezpata eta ezpala hitzek ez errimatzerik. Ez dut ulertzen errimaren logika, eta, egia esan, ez zait gehiegi interesatzen. Lehenengo paragrafo probokatzaile horren jarraian, bertsolaritzari pelota pixka bat egingo zion beste bat idaztekotan egon naiz, badaezpada, baina horri ere uko egiten diot. Izan ere, oso sinplea da bertsolariekin gertatzen zaidana, eta ez da inolako krimena. Dantzari gisa ballet-dantzariekin gertatzen zaidanaren parekoa da: miragarria iruditzen zait egiten dutena, benetan zaila eta batzuetan ederra, baina gehienetan ez nau hunkitzen. Garun kaotiko bat eman zidaten gurasoek, eta neurri, teknika eta metodologiek oso gutxitan funtzionatu didate. Halakoen bitartez sortutako gauzak ez zaizkit iristen, edo ni ez naiz haietara iristen, ez dakit.

Hala ere, egiari zor, gaur Nafarroa Arenan ez nagoen arren, erosia nuen sarrera, eta nire bizi-koiuntura une honetan bestelakoa balitz, hantxe nengoke, postureorik lotsagabeena praktikatzen, 13.000 pertsona horietako baten batzuk bezalaxe. Izan ere, eta alda dezadan gaia pixka bat, kulturzaletasunak bezainbeste elikatzen du gure kultur industria FOMO delakoak (ingelesez, Fear Of Missing Out; euskarazko proposamena Gertakariak Galtzeko Beldurra edo GGB; erabilera adibidea: «Ezin dut kuadrillako afarira joan eta GGBak jota nago»), bai eta euskaldun ona izan nahi baduzu gertakari jakin batzuetan EGON BEHAR DELAKO agindu ezkutuko horrek ere. Eta horren aurka ere altxatu nahiko nuke, nahiz eta jakin saltsa horretan bete-betean sartuta nagoela.

Izan ere, hilabete ederra izan dugu abendua, baina nik ezin izan ditut zinismoaren betaurrekoak gainetik kendu. BTNz gain, Durango eta Hertzainak izan ditugu bolo-bolo euskaldun kulturzale jatorrok, eta Qatar eta Black Friday eta Gabonen itzal luzea ere heldu da gugana. Eta gure ekitaldien eta ekitaldi arrotzen arteko hariak ikusi egin daitezke zinismoaren betaurrekoekin.

Durango topagune ederra iruditzen zait beti, bataren eta bestearen berri izateko gune ezinbesteko bat (hemen peloteoaren partea), kontsumismo onargarriaren katedrala izateaz gain, noski (eta hemen egurra). Erradiografia bat ere bada: musikari-enpresariak eta musikari-artisauak elkarren ondoz ondo daude bertan, eta aise ikus daiteke zer den masiboa eta zer hautemanezina. Interesting. Larunbateko parranda durangarrean, Qatarreko partidari adi zebilen jendea tabernetan, liburu eta diskoak txoko batean gordeta.

Eta Hertzainak-i buruz zer esan... Ez dira betiko garai onenak, baina 30 urte geroago 40 euro pagatuz gero itzultzen ote dira? Kasu honetan, GGBaz aparte, beste salgai bat izan da ekimen honetan: nostalgia. Nostalgia pertsonala, hau da, norberak talde horrekin bizi izandako emozio eta oroitzapen multzoa; eta nostalgia kolektiboa, gure musikaren garai onenak igaro direlako errelato ikusezin bezain zabaldua.

Erabat ulergarria iruditzen zait kontzertu horretara joan nahi izatea, eta norbere nostalgia pertsonala nahieran elikatzea. Baina nostalgia kolektiboa konstrukto bat da, eta, kasu honetan, iruditzen zait saltzeko baliatu dela. Ni 94an jaio nintzen, ez nuen Hertzainak ezagutu bere garaian, eta, beraz, ezin dut kasu honetan nostalgia pertsonalik aplikatu. Baina nostalgia kolektiboa zurrupatu dut: nahi gabe ere ikasi ditut rock erradikalaren kantak, ikasi dut hura zela benetan balio zuen jarrera, errebeldea, borrokalaria. Eta bizi izan dut garai musikal haren oinordetza matxiruloa. Beraz, barkatuko didazue ez badiot amu horri kosk egin nahi, eta ez badiet garai horretako taldeei olaturik egin nahi, aurretik aipatutako kontuak zalantzan jarri gabe.

Kultur errelato nostalgiko bat-eta-bakarrari eta kultur ekitaldi masiboetara joan beharrari uko egiten diet. Artikulu honen izenburuak iragarri ditu idazki honen tripak, ezta? Aste honetan zehar, ingurukoekin komentatu ditut hemen aipatutakoak, eta esan didate ez dela horren kritikoa izan behar, euskal kulturak masibotasuna behar duela, bestela jende bat ez litzakeelako gerturatuko gurera eta abar, eta abar. Baina (euskal) kulturak behar du autokritikoa izan eta antikonplazientea izan, eta kontziente izan kapitalaren entretenimendu-jolasean parte hartzen duela (aitzakia moralak aitzakia). Eta norbaitek esan behar du, «maitia, lehen baino lehen aska gaitezan».]]>
<![CDATA[Entxufeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2022-11-20/entxufeak.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/035/001/2022-11-20/entxufeak.htm spam lanetan ari nintzen; hezkuntza formal nahiz informalean lanean ari diren lagunei bidali nien informazioa, inguruko gazteak xaxa zitzaten, eta horretan ari nintzela esan zidan haietako batek profil «friki samarra» zela hura, «lokalizatzen zaila». Harrituta begiratu nion: «Nola friki? Nola lokalizatzen zaila? Nire lagun guztiak holakoak dira-eta!», erantzun nion, eta jarraian ohartu nintzen bizitza honetan eduki dudan zorteaz.

15-16 urterekin izan nuen aukera ni bezalako beste friki batzuk ezagutzeko, esajeratu gabe nire bizitzako bidaiarik garrantzitsuenen artean sailka ditzakedan horietan. Orain, 11-12 urte geroago, beste gazte batzuen begirale-edo (beste izen bat asmatu behar da zure behar handiegirik ez duten gazteen bidelagun zarenerako) izan naizen honetan, gogora etorri zaizkit orduko abentura haiek, egun ere segida dutenak laguntasun urrun edo gertukoago baina beti estimatuetan: ordu txikitan idatzitako istorio kolektiboak, lehenengo mozkorraldi eta gaupasa epikoak, oroituko ez ditugun lekuak eta oroitu gabe ere gugan arrastoa utzi zuten elkarrizketak. Literatura guztia eta aldi berean literatura ez beste guztia zegoen han.

Baina ez naiz hona etorri ja-ez-naiz-horren-horren-gaztea-ere esatera, ezta duela hamarkada beteko (!) abenturak konfesatzera ere: halako espazioei publikoki sekula egin ez diedan aitortza egitera nator gaur. Eta, bide batez, halako espazio gehiago egon daitezen aldarrikatzera. Sortzea maite duten gazteen artean sareak sortuko dituzten espazioak, luze iraungo duten sare elektriko eta biziak, pertsonalak eta literario-antzerkilari-dantzari-abeslariak.

Sarritan esan dut niri bizi osorako lagunak eman zizkidala literaturak bidaia haietan. Orain, gazte horiei begira ikusi dut akaso ez nintzela Hogwartsera joatetik horren urrun ibili. Orduko hartan, ordea, Urruzuno sariketa irabazi behar zenuen joan ahal izateko, eta, beraz, ez irabaztea ez irabaztea baino askoz gehiago zen: drama bat. Ahots Baten-era etortzeko lehiaketarik ez dago, eta, ondorioz, interesa duen edonor etor liteke sormen-jolasera: plaza kopurua da muga. Hala ere, oraindik ere eskasa da eskaintza, beharra handiagoa delako.

Akaso bertsolaritzak (eta Bertsozale Elkarteak, noski) asmatu du egarri horri erantzuten, bertso udalekuen bitartez eta eskola nahiz eskolen arteko saretzearen bitartez. Baina... (eta hemen dator nire barneko bertso-haterraren bertsio bezatua) zer gertatzen da errimatzen jakin ez eta ikasi nahi ez dugunokin? Beste adierazpide batzuk (ere) landu nahi dituzten gazteekin? Hogwartsen analogiarekin jarraituz, dagoeneko badakigu bertsolariak direla gure kultur munduko Gryffindor (utzi arrazoitzen): zentralitatea dute kultur errelatoan, figura burutsu eta on gisa proiektatzen ditugu. Pertsonaia konkretuak lot litezke bertsolari konkretuekin, baina tentazio gaizto horri eutsiko diot. (Agian zenbait idazle ere badira pixka bat Gryffindor, ongi pentsatuta; nor da Harry Potter eta nor Dumbledore? Eta garrantzitsuena, nor da Hermione?). Baina utz dezadan dibagazioa, bestela friki deituko didate berriz.

Horrekin guztiarekin esan nahi nuena zera da: bertsolaritzak asmatu egin duela harrobia egin eta saretzen, eta akaso beste molde batzuek hori zailagoa duten arren (sormen-formatuagatik beragatik), nire amak bere 6 urteko ikasleei esaten dien bezala, ondo dagoena kopiatu egin behar da. Zergatik laguntzen ote dute lehiaketa eta txapelketek saretzea? Topagune bat direlako, ez besterik. Beraz, topaguneak sortzea da gakoa; diziplina asko elkarrekin nahasiko dituzten topaguneak izatea. Bestela, gorago baliatu dudan logikan eroriko gara: musikariak Slytherin, faranduleroak eta poetak Ravenclaw, itzultzaileak Hufflepuff. Orduak eman nitzake sailkapen-ariketa hori kolektiboki eztabaidatzen, baina, egia esanda, ondo pentsatzen badugu azkenean ez dago inori erabat egokitzen zaion etxerik.

Artikulu honen ildo serioari atzera helduta, infinituak dira halako topagune kolektibo eta pluralen onurak: egoari gehiegi ez puzteko elikagaiak ematen dizkiote, sortzaileari beste mundu batzuetara zabaltzen dizkiote begiak, beste interes batzuk (ere) jorratu ditzakeela erakusten diote. Eta, batez ere, lokalizatzen zaila den horri esaten diote ez dagoela bakarrik, ez dela friki bat: idaztea, abestea, antzerkia egitea ez dela arraroa (uste dut bertsolariak, beste behin, lanketa horretan aurreratuago daudela).

Konfesio batekin amaituko dut: Hogwartseko gutuna iritsi ez zitzaidanean sekulako disgustua hartu nuen, eta azken esperantza gisa, imajinatu nuen agian Marik Anboton sorgin-eskola bat zuela eta Eskoziatik ez baina Bizkaitik iritsiko zitzaidala gutun bat. Hori, noski, ez zen gertatu eta geroztik, nire muggletasuna onartzen ari naiz. Baina 5-6 urte geroago Eusko Jaurlaritzaren gutun batek ireki zidan mundu berri bat, eta 11-12 urte geroago beste batzuei mundu horiek erakusten jarraitu nahi nuke. Oraindik dena erretzeke duten horiei pospolo kaxetan paisaiak uzten.]]>
<![CDATA[Elkarrizketa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/037/001/2022-10-23/elkarrizketa.htm Sun, 23 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/037/001/2022-10-23/elkarrizketa.htm Konpleto. A, eta liburu batekin izan da. (Jarraian datozenak nik irakurle gisa eraikitako inpresioak dira).

Irati Jimenezen Begiak irekiko zaizkizue mesanotxeko liburu-metatik erreskatatu nuenean ez nuen uste horren ongi pasako nuenik. Liburuaren tonuaren fan totala naiz, umorea, autodisekzioa eta zintzotasuna uztartzen dituelako (hau da, nire gauzarik faboritoenak). Literaturarekiko pasio ABSOLUTUA transmititzen du liburuak, eta irakurtzeko eta idazteko sekulako gogoa ematen du. Pentsa, azaleko Kixote bera irakurtzeko gogoa ere eman dit, niri, antikanonista sutsu honi! Grina horren altzoan, baina, euskal literaturaz eta haren sistemaz susmatzen nituen zenbait kontu ere botatzen ditu.

Irati Jimenezek eta biok ez dugu elkar ezagutzen, baina kafe baten bueltan euskal literaturaz lagun batekin sakonki ari nintzelako sentsazioa izan dut liburuarekin: sexu eta umore faltaz aritu gara, euskaldunon seriotasun erabatekoaz, irudimenaren automugez. Ez dizuet gezurrik esango, une batzuetan solaskideari kontra ere egin diot, lagun bati ezagutzen dizkiozun mania edo joerei barre egiten diezun moduan: «Tia, ezin dituzu gixon kanoniko hauek denak aipatu segidan, bazterreko beste batzuk izendatu gabe, eta kanonari berari kritika egin gabe» edo «Tia! Itxaro Borda sartzea ahaztu zaizu» edo «Tia, literatura feminista aldarrikatu ostean gizon zerrenda bat botatzea ere…». Baina lagunkoia izan da nire erantzuna; ez naiz nire irudimeneko kafetegiko mahaitik altxa eta haserre joan, iruditu zaidalako solaskideak uzten zidala lekua kontra egiteko, kontziente zelako haren jakintzak izan zitzakeen hutsuneez (eta ze garrantzitsua den hori!). Horregatik harritu naiz inguruko literaturzaleen artean liburu honi jarraitu dion isiltasunarekin. Izan ere, egileak meloi interesgarri bat zabaldu du, eta inor gutxi ausartu da zati urtsu eta likatsu bati kosk egiten, publikoki bederen.

Iruditzen zait Irati Jimenez ausartu dela esaten askok susmatzen edo pentsatzen duguna. Hona hemen zenbait adibide: «Diskurtsoetatik egindako literatura diskurtsia da gurea», «Literatura serioa da, eta barrea ez zaigu serioa iruditzen», «Gorputzak berotzen direnean egiten duten guztia falta zaigu», «Zer da guretzat liburu inportantea? Gai inportante bat jorratzen duena. Soziala eta politikoa» eta, nire faboritoa: «Adar bakar hegalari bat behar dugu». Beste hainbat eta hainbat lerro azpimarratu dizkiot liburuari, baina ez diot Irati Jimenezi baimenik eskatu bere testua kopiatzeko, eta, horrenbestez, nork zukutu dezala bere irakurraldia.

Baten batek pentsa lezake orokorkeria funsgabeak direla esaldi horiek (kontuan izan, testuingurutik aterata daude hemen), baina, esaldi orokortzaileak diren arren, izan badira esperientzia literarioan oinarritutako pertzepzio baten fruitu. Zorionez, pare bat lagunekin komentatu eta bat datoz horretan (lagun pare batekin nire iritzia kontrastatzeko beharrak ere badio zerbait sistema honen inguruan iritzi ez-serio eta mamarratxoak ditugunon ziurgabetasunari buruz). Nire susmoa da liburu honek zenbaiti eragin diezaieken deserosotasunak baieztatu egiten duela liburuak dioena: ez dakigu non kokatu euskal literatur sistemari egindako berrikuspen edo kritikak, are gutxiago tonu umoretsuan eta akademiako kodeez at eginda badaude, seriotasun normatiborik gabe.

Nire galdera da ea zergatik ez dien kultur munduak heltzen Irati Jimenezek askatu dituen hariei. Berdin dit harekin ados zaudeten edo ez; ni gauza zenbaitetan ez nator bat, eta, hala ere, inoizko autoelkarrizketa literariorik guapoena izan dut berarekin: horri esker zabaldu zaizkit begiak. Nik bakarrik zabaldu ditut, baina egilearen laguntzaz. Eta ez dakit zertan dabilen hori apreziatzen ez dakiena: solaskide grinatsu bat, bere esperientzia literario guztia baliatzen pixka bat gehiago zabaltzeko gure ikuspegiaren eta literaturaren mugak.

Literaturari eta haren politikari buruz modu dibertigarri eta sakonean mintzo da Begiak zabalduko zaizkizue. Haize bafada fresko bat da gure gela txikian. Libratu egin nau zenbait katetatik. Izan ere, lurralde (literario) zaila da gurea. Ez da arraroa kritikatu edo miretsi duzun norbaitekin aurrez aurre topo egitea (bi hilabete baino gutxiago falta dira Durangorako), eta, agian horregatik, elkarrengandik horren gertu gaudelako, denontzat leku gutxi dagoela sentitzen dugulako, ez gara gai elkarri behar bezalako lekua egin, elkarrekin behar bezala hitz egin, elkar behar bezala (eta umorez) kritikatu eta elkarren begiak miretsi eta zabaltzeko.

OHARRA. Testu hau Irati Jimenezi Euskadi saria eman diotela jakin aurretik idatzi nuen. Beraz, testuan aipatzen den isiltasun hori ez da horren isiltasun orain.]]>
<![CDATA[Zerk salbatuko gaitu?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/031/001/2022-06-26/zerk_salbatuko_gaitu.htm Sun, 26 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/031/001/2022-06-26/zerk_salbatuko_gaitu.htm
Bileratik atera nintzenetik, barne-monologo etengabean aritu naiz, sugarrek Nafarroa nola jaten zuten ikusi artean, urak migrazio-bidean zen beste gazte bat ito duenean. Zer ote da kultur politika egitea? Zer nolako politikak jarriko luke sortzailea erdigunean? Zergatik ematen dit horrenbesteko amorrua «sortzaile» hitzak? Zerk salbatuko du kultura? Zein kultura salbatuko dugu guk?

Industriak salbatuko gaitu? Pandemian behin eta berriz entzun genuen kultura funtsezkoa zitzaiola gizarteari, eta nik, baieztapen horrekin ados egonagatik, hitzaren erabilera anbiguo horren atzean industria baten atzapar gordinak susmatzen nituen (eta ditut) maiz: etekina, dirua, salmenta. Gelditu ezin den gurpil kapitalistaren kultura instituzionala, Guggenheim Urdaibain, 4 milioiko Hondalea, 25 milioitik gorako Gastronomy Open Ecosystem. Turismoarekin ezkondutako kultura, baliabide eta jende autoktonoak ustiatzen dituena ez dakit nori erakusteko. Indibiduo gisa kulturaren industriaz eta ekonomiaz hitz egiteari ere arriskuak ikusten dizkiot: sorkuntzari seriotasuna ematen dio, lanbide gisa aldarrikatzeko aukera luzatzen. Baina zeren kontura?

Epikak salbatuko gaitu? Herrigintzaren funtsezko zutarria izan da kultura gurean, eta gure begirada moldatzeko, hura iraganeko gertakari jakinetara biltzeko eta etorkizunean nahi dugun hori irudikatzeko baliatu izan da. Gure herriaren epikak eraiki ditugu kulturaren eta artearen bitartez, baina zalantza dut ea behin epika hori eraikita zer leku uzten ote dion irudimenari. Katedral bat eraiki eta gero, zer? Uki al dezakegu berriz? Berrituko al dugu etengabe? Ala hautsak hartzen utziko dugu, harriek eutsi diezaioten betiko pisu berberari? Nolakoa litzakete epika malgu bat?

Subertsioak salbatuko gaitu? Gorputzek espazioa modu ezohikoetan hartzeko modu bat ere bada kultura (eta artea). Irudimen ariketarik erradikalenak hartzen dituen gune abstraktu eta aldi berean oso zehatza: errituala, erritualaren urraketa, ordena eta kaosa, adrenalina, izerdia, oihua eta isiltasun bortitza. Kaleen apropiazioa. Helburu indefinituak, probokazioa, eztanda. Nola artikulatu hori guztia, ordea? Bulkada indibidualak nola kolektibizatu doktrinarik gabe? Bideratu ote liteke subertsioa eragin konkreturik izan dezan gugan eta gizartean? Bezatze horrek ez al lituzke irudimenaren errioak lehortuko?

Txikitasunak salbatuko gaitu? Gutxi hitz egiten da letra xehez eginiko kulturari eta arteari buruz: lehen ipuina idazten duen haurra, jendaurrean lehen aldiz abesten duen emakume heldua, gazte baten lehenengo performancea, auzotarren antzezlanak, kantu inprobisatuak. Ez dute zerikusirik industriarekin, ez dute dirurik mugitzen, epika neurrian darabilte eta mugatua dute subertsioaren eragin-eremua. Beste leku bat okupatzen dute kulturaren baitan, baina izan badira ere gure egunerokotasunaren parte, gure bizitzen ongarri. Hala ere, ez da gauza bera kultura eta artea lanbide edo zaletasun izatea, noski.

James Baldwinek esan zuen «profeta» baten antzekoa zela idazlea (artista), eta gizartea ekidin nahian zebilen horri aurre egitea zela haren egitekoa; gizartearen (auto)«konplazentziaren» aurkakoa zela haren borroka. Errealitatea nork bere egiteko ezinbestekoa ei zen hori. Horretarako, baina, pentsatu dut Baldwini nire kolkorako erantzunez, artistak behar du epikatik, subertsiotik eta txikitasunetik; dirua ere behar du, jateko. Bada hari fin bat lotzen dituena lau galderak, baina ez dago salbazio erabatekorik, eta horrekin bizitzea zailagoa da. Izan ere:

kultura diruarena da,
baina kultura herriarena da,
baina kultura gorputzarena da,
baina kultura gure egun guztiena da.

Nafarroan itzali da sua. Lerro hauek idatzi ahala, prestatzen ari dira San Joaneko su-metak.

Suak gauza asko egin ditzake: suak kiskali, suak berritu, suak berotu, suak garbitu.

Kulturak ere bai: kiskali, berritu, berotu, garbitu.

Uda ona pasa.]]>
<![CDATA['Cover']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-05-29/cover.htm Sun, 29 May 2022 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1950/038/001/2022-05-29/cover.htm
Ez da asko hitz egiten bertsioez, eta talde edo musikari batek bere ibilbidean egindako bertsioei ez zaie arreta handiegirik eskaintzen, kantu originalen aldean bigarren mailakoak direlakoan. Baina bertsioek asko esaten dute artistei buruz, bai eta garaiei buruz ere. Hain zuzen, bertsio bat inspirazio faltari edo estilo konkretu batean trebatzeko beharrari erantzuteko modu bat baino askoz ere gehiago izan daiteke. Bertsio bat keinu handi bat da, esku luzatu bat, katebegi bat. Erreferentea bataiatzea, gurtza totala. Eta, oso ongi egiten baduzu, lapurretarik perfektuena. Hain zuzen, bertsioa nola egiten duzun, edo zein helbururekin, lapurra edo gurtzailea izango zara. Edo bien arteko nahasketa bat.

Lehen aldaeraren adibiderik onena dugu Silvia Perez Cruz jainkosa ABSOLUTUA (bere kontzertuetara joan eta gero hiruzpalau egun ematen ditut lelotuta, enamoratu banintz bezala), bertsio asko abestu eta grabatzen baititu. Haren Pequeño vals vienés entzun ostean, ba ote da munduan Leonard Cohen gizajoaz gogoratzen denik, nahiz eta abestiaren egilea bera izan? Edo inori axola ote zaio Bee Gees taldea, To Love Somebody Janis Joplinen boz urratuz eta Nina Simoneren ahots boteretsuz ezagutu eta gero?

Lapurren eskuetan, kantu original deiturikoa lehengai huts bilakatzen da, atzera moldatu daitekeen material. Esango nuke XX. mendearen erdialdera arte autoretza ez zela horren garrantzitsua, edo, zehatzago, ez zela horren inportantea egileak eta interpreteak gorputz bakarra habitatzea. Egileek, noski, abeslari eta musikari konkretuentzat konposatzen zuten, baina, hortik aurrera, zirkulazioan jarritako kantuek bide askeago bat egiten zutela esan liteke, eta abeslariek konplexu askoz ere gutxiagorekin bereganatzen zituzten beste batzuen doinu eta hitzak. Interpretazio ikonikoak geratu egiten ziren: bere egiten zuen pertsona horrena zen kantua. Strange Fruit eta Billie Holiday, Little Girl Blue eta Nina Simone... Gero heldu zen kantautoreen moda, originaltasuna gurtzera igaro ginen kapitalismorik basatienaren altzoan, indibiduoaren berezitasun misterwonderful-antzekoa zeharo goretsi genuen, produktu bilakatu zen artearen zati handi bat, eta bai, XX. mende hasierako musika erromantizatzen eta idealizatzen ari naiz.

Bertsiogilearen beste aldaera ere aipatu dut, ordea, eta, hasiera batean lapurraren itzaletan gera daitekeela irudi lezakeen arren, agian interesgarriagoa da gurtzailearen figura. Gurtza egiteko asmoz osatutako bertsio bat musikariak hartu nahi lukeen lekuaz mintzo zaigu. Egun, Euskal Herriko panoramari erreparatuta, ez zait kasualitatea iruditzen azkenaldian entzun ditudan kontzertuetan antzeko erreferenteak errepikatzea: Vulkek Itoiz bertsionatzea eta Verde Pratok Hertzainak eta Merina Grisek Kuraia. Nostalgiaz beteta gaude, lagunok, baina hori beste gai bat da. Belaunaldi gazteak bertsioak baliatzen ditu zein genealogia musikali lotzen zaion adierazteko, genealogia hori ehuntzen eta elaboratzen jarraitzeko, eta esateko: «Ni hemendik nator, eta ez beste hemendik».

Aldi berean, bertsio bat elkarrizketa bat da, eta bide desberdinak har ditzake. Originalak publikoaren gogoan duen irudiarekin jolas dezake, hari antonimo musikal bat eraiki eta esanahi berri bat eman. Asteazken honetan, uste dut Verde Pratok horixe egin duela Bakean utzi arte-rekin, ahots liluragarriz bortizkeria abestu digunean. Baina bertsioak berebat joka lezake originalarekiko konplazentzia osoz, hari ezertxo ere aldatu gabe. Eta orduan ere gauzarik interesgarrienak gerta litezke: abesten duen gorputzak alda dezakeelako kantua.

Halako dialogo zoragarrien presentzian, beti pentsatzen dut agian nahikoa dela bertsioak egitearekin. Agian nahikoa da eginda dagoen horrekin jolastearekin, birziklatzearekin, kantu zaharrak gorputz berriz janztearekin. Uste dut une honetan taula gainean ikusten ditugun gorputzek berritzen dutela artearen esanahia beste ezerk baino gehiago. Agian hori da orain egin daitekeen bakarra: gorputzarekin aldatu esanda dagoena.

Izan ere, ondo pentsatuta, kantu on guztiak eginda daude.]]>
<![CDATA[MT edo gorputz bakarra nahikoa ez denean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2022-05-01/mt_edo_gorputz_bakarra_nahikoa_ez_denean.htm Sun, 01 May 2022 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2022-05-01/mt_edo_gorputz_bakarra_nahikoa_ez_denean.htm
Ez pentsa superexistentzialista jartzen naizenik. Badakit nor naizen eta zer gustuko dudan eta zer egin nahiko nukeen. Baina sarriegitan kostatzen zait nire burua sortzaile gisa zehazki izendatzea, eta zer-zara-zer-egiten-duzu-zer-ari-zara-hemen galderei lasai erantzutea. Gauza bakarra aukeratzen ez dugunok ez dugu klubik, ulertzen? Ni ez naiz idazlea edo abeslaria edo dantzaria, baizik eta horien denen arteko hibrido bat, Durangoko Azokan pasillorik ez duena. Sailkapen eta taxonomien albo-kaltea da nire noizbehinkako deserosotasuna.

Irudi lezake kontu erabat azalekoa dela aipatutakoa, baina nik idazten dudanez zutabe hau, nik erabakitzen dut zertan jarri azpimarra, eta nahiko nuke, superboteretuta nagoen honetan, hemen eta orain munduratu queer sortzaile terminoa, horrela, ni bederen, lasaiago biziko naizelako (eta lasaiago sortuko dudalako).

Queer kontzeptua ezagutzen ez duzuenontzat, oso-oso era sinplean azalduta, aterki-terminoa da berau, eta ez-heterosexual, ez-zisgenero eta ez-monogamo gisa definitzen diren pertsonei egiten die erreferentzia. Jatorrian, ingelesezko hitzak bitxi edo arraro esan nahi zuen; gero, heteroarautik at zeuden pertsonei iseka egiteko erabili zen, eta, azkenik, LGTBIQ+ mugimenduak bereganatu zuen (hortik dator sigletako Q-a).

Ez dut aditu itxurarik egingo, ordea. Termino eta teoria oso konplexua da, eta nik ez dut Judith Butlerren libururik irakurri; izatez, artikulu hau idazten hasi aurretik Wikipedia erabili dut dokumentatzeko, inolako lotsarik gabe. Haatik, termino horrek aspalditik erakarri nau, ez soilik giza sexualitateari eta afektibitateari dagokionez perspektiba oso interesgarriak zabaltzen dituelako, ezpada, beste eremu arautu batzuetara estrapolatuta (kultur sistemara, esaterako), aterpe suertatzen zaidalako ezinegonez beteta nire ingurukoei sormen blokeoaren inguruko txapa dramatikoak sartzen hasten naizenean.

Queer teorialari batzuek, besteak beste, uko egin diote beren buruak inolako kategoriatan eta termino konkretu baten arabera sailkatu eta definitzeari. Horrek, noski, justifikatutako kritikak eta eztabaidak sortu ditu LGTBIQ+ mugimenduaren baitan, baina hori beste kontu bat da. Bide batez, sarritan egotzi izan zaio Queer teoriari elitista, ulergaitza eta errealitatetik apartekoa izatea, baita, tira, gauza bera esan liteke zenbait korronte komunistari buruz ere. Edozein teoria(lari)ren globoa helioz eta egoz puzten denean gehiegi urruntzen da lurretik.

Edonola ere, ez dugu zertan teoria edo korronte batekin erabat ados egon haren ezaugarri interesgarriak baliatzeko. Niri, esaterako, izugarri gustatzen zait queer terminoaren lausotasuna. Zer den erabat definitu gabe, edo bere barne hainbat eta hainbat errealitate desberdin hartuta, deseroso sentiarazten baitu norma eta gizartea. Eta deserosotasunak egiten du politika.

Egiteko moduak mugatu ordez, queer sortzaile kontzeptuak zabaldu egiten ditu aukera guztiak: zure buruari etiketa bakarra jartzen badiozu (idazle, musikari, dantzari, bertsolari, malabarista) apur bat zedarrituko duzu zure ekintza-eremua, eta hortik ateratzen den edozer (auto)epaitzeko arriskua izango duzu. Era berean, kategoria horien artean gerta litekeen edozeri ixten diozu atea: zer egingo luke bertsolari edo idazle batek dantzan hasiko balitz? Musikari batek beste era batera egingo al lituzke malabarrak?

Egia esango dizuet: benetan kostatu zait termino horrekin eman eta ondorio horietara iristea. Baina izenik gabeko sentitu naizenean eskura izan dudan horren abaroan ere goxo egon naiz: kolektiboan eta sare propioan. Izan ere, kolektiboa baita norbere burua anizkun izendatzeko lehenengo lekua, eta nik orain arteko bidean aurkitu ditut zenbait eta zenbait queer sortzaile eta sortzaile queer eta queer sortzaile queer, hamaika diziplina nahasi eta gauza zoragarriak egiten dituztenak. Eta pertsona horiek denak ezagutzeak ekarri nau honaino. Ez dizuet esango badakidanik nondik, baina nola bai: kolektiboan, txikitik, ahal bada sare sozialen mendekoegi bihurtu gabe, antikapitalismoz eta beti ekologia kulturalaren alde. Gorputz bakarra ez baita sekula nahikoa sorkuntzan, eta izen bakarra ere ez.]]>
<![CDATA[Mundua norekin ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-04-03/mundua_norekin.htm Sun, 03 Apr 2022 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-04-03/mundua_norekin.htm fandom sutsua ere bizitzan behin bakarrik bilduko dut), eta galderak egiteari ekin diote haurrek: zenbat urte dituzu, nondik zatoz, noiztik abesten duzu, noiztik ezagutzen duzu zure lehengusua, zer bota duzu ilean kolore gorrizta hori edukitzeko... Eta sekula erantzun behar izan ez dudan galdera bat: «Nolakoa da zure bizitza?». Gero, musika-gelara joan gara denok eta elkarrekin abestu dugu HitzEkin, salto eta dantza. Ez dut nire bizitzan horrenbeste autografo sinatu(ko).   Bertan lanean hasi zenetik entzun izan diot lehengusuari migranteen seme-alaba asko hartzen dituela eskola horrek; hiru hilean behin baten bat heltzen zaiela Hego Amerikatik edo Afrikatik edo. Eta jatorri ugariko haur horiekin kantuan abesten ari nintzela, pentsatu dut ea horietako zenbati egiten diegun benetan leku. Beldurra sartu zait, ea Korrikak eragiten digun zirrara zoragarri horrek ez ote dituen estaliko beste hamaika zulo sozial. Beste hizkuntza batzuetatik datozenei luzatzen diegu gonbita gurera etortzeko, gurekin korrika egiteko, eta ni ziur nago euskaldun askok eta askok eskuzabaltasunetik egiten dutela/dugula keinu hori. Baina guk norengatik egingo genuke korrika? Prest ote gaude benetan ulertzeko beste hamaika jatorri eta errealitate? Nire zutabe pare bat irakurri baduzue, honezkero jakingo duzue ez ditudala gustuko argudio zurrunak: sendoa eta malgua izaten saiatzen naiz. Baina, ezbairik gabe, euskararen defentsari dagokionez, ezinbestean zurrun jokatu behar izan dugu herri honetan askotan: diktadurak hizkuntza debekatu zuenean edo oraindik ere gertatzen diren hamaika zapalkuntza-egoeratan. Euskarafobiaren aurrean eta mundua ahoskatzeko dugun moduari nazka diotenen muturrean. Ez dut ukatuko jarrera zurrunen beharrezkotasunik halakoetan. Haatik, hitzak eta ekintzak kontuz-kontuz eta egoeraren arabera hautatu behar genituzke. Inoiz ikusi izan dut euskararen erabilera xenofoborik ere. Ni argia izaten saiatzen naiz, eta euskara zergatik ikasi behar ote duen galdetzen duenari erantzun berbera ematen diot beti: «Gauza batzuk euskaraz bakarrik gertatzen direlako». Korrika da gauza horietako bat, akaso gure imajinarioan dagoen boteretsuenetakoa. Ekimen gutxik laburbiltzen dute Korrikak bezain ongi euskal kultur komunitatearen kosmobisioa (bai, hitz ponpoxo hori erabili nahi nuen, intelektual geratzen delako). Korrikabadatoooorieieee esan eta zut jartzen zaizkit besaurreko ileak. Aurtengoan, Sustrai Colinaren letra finak adierazten du «mundua zurekin» egiteko nahia. Baina hitz intimoa da «mundua»: egunero egikaritzen da gure baitan, gure gorputzetan eta gure praktiketan. Nerea Urbizuren doinuz «mundua zurekin» kantatzen pertsona bakoitzaren barruan forma bat du Euskal Herriak, euskal hizkuntzak, bizitzak. «Nolakoa da zure bizitza?» galdetu didate haurrek eta nik esan diet ba pozik egoten saiatzen naizela, musikaz, literaturaz eta lagunez inguratuta, gustuko dudala nire lana eta horrela igarotzen direla nire egunak. Nire gorputz zuritik ez diet opresioez hitz egin, edo euskaldun izatearen ajeez. Agian haiek askoz gehiago lukete horri buruz esateko; galdetuko nieke gustura hemendik urte batzuetara. Egia esan ez dut argi gogoeta honek ba ote duen ondoriorik; demografia aldatu egin da gurean, euskararekin alboz albo gero eta hizkuntza gehiago bizi dira, kolonizazioa jasandako gorputzek mintzo dute hizkuntza inperialista. Hau dena oso konplikatua da. Haur batzuekin abestera joan eta ez dakit nola atera zaidan artikulu katramilatsu hau. Akaso baten batek pentsatuko du hau ez dela unea Korrikaren inguruan aldarrikapen alaia ez den beste edozer egiteko. Ez dakit. Paralelismoa ezartze aldera, esan liteke Korrika dela euskaldunon «harrotasunaren astea», eta, beraz, aukera paregabea da bi urtean behin hamar egunez gure luma euskaldun oso-osoa ateratzeko. Nik ere horixe egiten dut aldiro: Korrikako kantarik gustukoenak (Big Beñat eta Pirritx eta Porrotxena) oihukatu, errepidera atera eta furgoneta ikusten dudanean hunkitu. Baina aurten, ikastetxe publiko horretara egindako bisitaren ostean, Korrikara ateratzen ez diren zenbait eta zenbait pertsona ere izango ditut gogoan. Gure alboan bizi diren horiek, gure hizkuntzaren kontra ezertxo ere ez duten arren beste ardura batzuk dituztenak: paperak lortzea, muga zeharkatzea, jatea. Nik mundua haiekin ere egin nahi dudalako; euskaraz bada hobe, baina, bestela ere, edozein hizkuntzatan elkarrekin korrika. ]]> <![CDATA[Betiko gorputzean geratu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2022-03-06/betiko_gorputzean_geratu.htm Sun, 06 Mar 2022 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2022-03-06/betiko_gorputzean_geratu.htm
Familiaren adar batean lepoko zainak lehertu beharrean abesten dugu, eta bestean, koru tradizioari jarraiki, belarri zorrotzez. Zorionak zuri hiru ahotsetan abesten da bi adarretan. Behin zenbatu genuenez, hamahiru kideko familian bederatzi piano eta hogei gitarra inguru ditugu. Kontzerturen batera elkarrekin joaten bagara, ondorengo bazkarian xeheki analizatzen dugu emanaldia. Doktrinamendua zorrotza izan da: amak txiki-txikiak ginenetik urtero eraman gintuen Tolosako Abesbatza Lehiaketako haurren koruak ikustera. Anaiak hartu zuen bere lekukoa, eta, beraz, uste dut herentzia berari utziko diola. Horrekin batera, gurasoek erabaki zuten ez gintuztela musika-eskolara eramango, eta, beraz, belarri zorrotzeko analfabeto musikala naiz ni. Pedante kuadrilla bat garela pentsatuko duzu honezkero, baina ez pentsa; attonak salbatzen gaitu pedantekeria absolututik.

Nire lehenengo oroitzapen musikalak bi dira: etxean bakarrik dantza egitea, eta Portuko elizako organoan attonaren ondoan eserita egotea, mezetan, hark jotzen zuen bitartean. Gogoan ditut haren eskuak bi teklatuetan eta oinak lurreko tekla handi horiek sakatzen. Gogoratzen naiz jendea biratu egiten zela gorantz begiratzeko jotzen hasten zenean, eta ni lotsatu egiten nintzela. Ordutik hona, nire bizitza ia osoa pasatu da, eta attona gor geratzen joan da. Eta gorreriarekin batera, pikutara joan da familia-tradizio zorrotza.

Ia 90 urterekin, etxeko teklatuak daukan efekturik arranditsuenarekin jotzen ditu kantuak orain: organillo effect esaten diogu. Zorionak zuri jotzeko eskatu eta beste kantu bat jotzen hasten da («zergaaatik gaaaldu itxaaaropena berriiiiiz ikusteeeekoooo»), gero kantu horren erdian Zorionak zuri jotzen hasteko. Tonua ezustean aldatzen du, eta gu bere atzetik joaten gara, ahal duguna egiten. Berak nahi duena kantatzen dugu. Jukebox motel eta xarmagarria da gure attona. Esaten du ber-harmonizaziorik ederrenak ohean egiten dituela, eta nik han imajinatzen dut, etzanda, lotarako txanoarekin airea sakatzen.

Musikari lotutako beste oroitzapen bat: 2014an, unibertsitateko praktikak egin genituen Tolosako Abesbatza Lehiaketan, eta hogei egunez Ukrainako koru batekin gau eta egun egotea egokitu zitzaigun, gida eta interprete lanak egiten. Nik egiaztatu nuen amaren metodoek funtzionatu zutela, koruek abesten zituzten kantu asko nekizkielako, nahi gabe. Diziplina eta tradizio musikal handiko herrialdeak dira ekialdekoak, eta zuzendaririk zorrotzenaren gidaritzapean, irabaz zitzaketen sari guztiak irabazi zituzten Ukrainako neskek urte hartan.

Akaso pentsatuko duzue elkarrekin zerikusirik ez duten bi gauza direla nire attona eta Ukrainako neska horiek. (Lasai, ama, honek zentzua hartuko du.) Haatik, egunak daramatzat haien arteko loturaren inguruan pentsatzen. Ondo egongo ote diren neskak, jarraituko ote duten kantuan orain. Zer gertatzen da abesten duten ahotsekin gerra batean? Zer gertatzen da hiltzen direnen ahotsekin? Bizirik ateratzen direnekin? Burura etorri zait aspaldi koaderno batean apuntatu nuen aipu bat, Angel Ganivet espainiarrarena. Hark esan zuen kalkulaezina dela zenbat eta zenbat asmamen eta sormen ebatsi dion gerrak arteari, eta gaineratu zuen berari ardura zitzaiona ez zirela horrenbeste suntsitutako artelanak, baizik eta hildako gorputzetan dautzan sorkuntza egin gabeak.

Aurtengo ikasturtean kantu eskolak hartzen hasteaz bat ohartu naiz (sabela-puztu-diafragma-saihetsak-zabaldu-eutsi-bota) elementu askok baldintzatzen dutela ni naizen musika-tresna. Batzuetan nire buruari ezagutzen ez nizkion hotsak ateratzen dira nire barrutik, tinbre ezezaguna, lirismo arrotz bat; eta nire ahotsa biolin zahar bat balitz bezala analizatzen hasi naiz: nondik igaro da? Nik pentsatzen dut abesten dudanean dena dagoela emititzen dudan soinu horren baitan: nire familia-adar guztiak, zain puztua, belarri zorrotza, herri kantuak eta attonaren gorreria. Baina baita hori baina askoz gehiago ere: haur erbesteratuak, beldurra, hizkuntzari eusteko kantuak.

Gorputz batek emateke zituen lan guztiak ezabatzen ditu gerra batek. Gure attona eta amoñaren gorputzak ez zituen eten, eta jada herriarenak diren kantu asko egin zituzten elkarrekin. Baina abesten duen ahots bakoitza gorputz bati dagokionez, haren baitan geratzen da beti: gorputzean betiko. Gerra batek zeharkatutako ahotsen oinordeko naiz ni, gerrak izututako haurra izan eta ber-harmonizazioak imajinatzera heldu den attona batena. Nire buruari galdetzen diot ea nondik ote datozen nire buruari ezagutzen ez dizkiodan hots horiek, soinu hori, ahots-hari jarraitu hori, aurrera egiteko ekintzarik sinpleena eskatzen diguna: guk arnasa hartu eta botatzen jarraitzea. Batzuetan hori bakarrik; eta beste batzuetan, hori guztia.]]>
<![CDATA[Panfleto]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-02-06/panfleto.htm Sun, 06 Feb 2022 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-02-06/panfleto.htm
Lengoaiak badu beste funtziorik ere. Batzuk oinarrizkoak dira, adieraztea eta errealitateari erreferentzia egitea bezala, eta beste batzuek izen arraroagoak dituzte: funtzio fatikoa, metalinguistikoa, konatiboa... Kultur zutabe bat idazten dudanez, lerrootan hizkuntzaren funtzio poetikoari buruz hitz egitea legokidake, hori baita testu literarioek (eta horren baitan sartzen ditut kantuen letrak, diskurtso publikoari egiten zaizkion ekarpenak diren heinean) darabiltena. Omen darabiltena. Ze, bai, mezuari eta hura eraikitzeko moduari eskaintzen diote arreta artistek, baina haien produktuekin beste hamaika gauza ere egin nahi izaten dituzte askok.

Aski politizatutako lurraldean bizi gara. Posizio politikoa (gutxienez) iradokitzea beharrezkoa da askotan, ezkerrean edo are ezkerrerago zauden argi geratu behar da modu batean edo bestean, zein ezkerretan egon nahiko zenukeen pentsatzeko asti handiegirik gabe. Hala, zenbait kultur ekoizpenek panfleto kutsua dute, eta haien lanekin aurretik eraikitako epika konkretu bati segida ematen saiatzen dira, edo saiatu behar direla sentitzen dute. Ez dezagun gure burua engaina: herri honetan une oro dakigu zeintzuk diren gai eta molde serioak eta zeintzuk bazterrekoak. Eta berdin du zein etxetatik zatozen, gauza batzuk plaza publikoan edan baititugu. Panfletoak baditu bi aho: herrigintzari egin diezaiokeen ekarpena, alde batetik, eta autokonplazentzia hutsean erortzeko arriskua, bestetik. Lehenaz aski idatzi dute nik baino gehiago dakitenek, eta, beraz, bigarrenari helduko diot.

Euskal kultur ekoizpenen diskurtso politikoa, berariazkoa denean, autokonplazentzian erortzen da sarri: sortzaileak askotan badaki norentzat ari den, ikusle/irakurleak aurretik igarri dezake sortzailearen ikuspuntu eta iritzia, eta, hala, elkar txalotzen dugu aurrez pentsatzen duguna elkarri berresten diogunean, inolako buruhausterik gabe. Eta diskurtso autokonplazienteak laburrak ditu tentakuluak, berea ez den beste edozein eremutara heltzeko.

Ez dut zalantzan jartzen edozein kultur ekoizpenek karga politikoa duela egileak nahi ala nahi ez. Estetak vs. edukizaleak eztabaidan bigarrenekin lerrokatzen naiz ni beti. Baina nik zutabe honen hasieran hizkuntzaren funtzio faktitiboa aipatu badut izan da sinesten dudalako literaturak edo kultur sorkuntzak mundua aldatu dezaketela (eskala txiki-txikian), baina berebat pentsatzen dudalako hizkuntzaren funtzio arazlean babes hartzen duten askok ez dutela jada hasita dagoen diskurtso bat gizendu besterik egiten, hari ertz berriak aurkitu beharrean.

Beste adibide bat: 14 urterekin «Euskadi antirrazista, antifaxista» abesten nuenean, ez nintzen ohartu ere egiten ez nintzela herri antirrazista eta antifaxista batean bizi. Baina kantu hori abesterakoan sinesten nuen baietz, Betagarrik eta Elizabeth erreginak ahalmen bera zutela, eta, beraz, kantua abestearekin nahikoa zela. Adibide gehiago: une honetan, gizonez osatutako hainbat musika talderen letra eta keinu (sasi)feministek iradokitzen dute haiek ere presio diskurtsiboa sumatzen dutela (gaur egun, Betagarrik Euskadi antisexista lerroa gehituko lioke bere abestiari). Baina balio ote du «Ez da ez» abesteak eta gero munduaren mundu ultramaskulinoaren joerak iraultzeko zirkinik ere ez egiteak? «Feminista naiz» esateak egiten gaitu feminista? Nola itzultzen da norbere autodenominazioa errealitatera?

Puntu honetara helduta ohartu naiz zertan ari diren eta garen gutako asko: munduak behar duen jarrera aldaketa hitzez gauzatu nahian. Baina gu ez gara the fucking Queen of England. Eta zaldun edo gizarte feministak, sozialistak/komunistak edo nahi duzuena izendatzera jolastu gaitezke, baina jakinda ez dela nahikoa. Izan ere, funtzio faktitiboari performatibo ere esaten zaio. Eta sarritan garrantzitsua da eraldaketa performatzea hura gerta dadin, baina performancearekin bakarrik ez goaz inora.

Arteak funtzio faktitiboa betetzekotan beste bide batzuetatik izan behar du: beste errealitate batzuk irudikatuta aukera berriak zabalduz, esaterako. Eta hori nola egiten den? Ba hortxe dago koxka, askoz zailagoa dela gune eraginkor horietara iristea hizkuntzaren bidez. Tentakulu mantso bezain sendoak eraikitzea hizkuntzari. Ez dut uste ni gai naizenik: panfleto autokonplazienteak idazten ditut oraindik.

Bide batez, batzuetan isiltzea bera ere diskurtso publikoari ekarpena egitea da. Baina, ai, zeinen antiepikoa den isiltzea!]]>
<![CDATA[Zaharrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-09/zaharrak.htm Sun, 09 Jan 2022 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/033/001/2022-01-09/zaharrak.htm
Urte zahar eta berriaren bueltan belatz-hegaldian ibiltzen da beti sentimendu hori (sentimendu bat ala irudimen-ariketa ote da nostalgia?), eta beste hainbat gogoeta ere gordetzen ditu bere begirada zorrotzean. Adinarekin duen harremanari bueltaka aritu naiz azken egun hauetan (27 urte ditut, eta beti berandu noalako sentsazioa); izan ere, aro nostalgikoan bete-betean sartuta dago (euskal) kultur ekoizpen gaztea: Euskal Herriko sortzaile (gehienbat musikari) gazte asko ari dira nostalgiaren putzutik zurrupaka, super8-arekin grabatutako bideoak youtuberatzen/instagrameratzen/tiktokeratzen, inoiz itzuliko ez zirela uste genuen txandalak jantzita. Era berean, gurasoak akabatu nahi dituela esan baina esandakoa gauzatzen erabat ausartzen ez den belaunaldia da gurea. Belaunaldi arteko kolaborazio harrigarriak, euskal musikako gloria zaharrak betaurreko txupiguaiak jantzita, Itoizen oihartzun gero eta argiagoa baten batzuen akorde eta punteoetan... Nostalgia postmodernoa nonahi.

Iraganari nahikoa begirunez begiratzen dion belaunaldi berria da gurea, eta horrek nahikoa poztu beharko lituzke kulturgile zaharragoak. Baina nik oraindik ere sarriegi sumatzen dut gutxiespen zantzurik, eta nola leporatzen diguten adina; garai gogorragoak bizi ez izana. «Zuek ez duzue biderik urratu behar izan, guk ez-dakit-zer egin behar izaten genuen», «Zuek ez duzue...», eta abar. Ez digute leporatzen memoria falta, baizik eta ahanzturatik sortu eta geure buruari leku bat eraikitzeko ausardia eduki izana. Baina, azken finean, nostalgia oso ongi gogoratu ezin duzun garai bat berridazteko ariketa ere izan daiteke.

Jada jendez lepo dagoen mundu batera jaiotzen gara, guk hautatu ez dugun momentu batean, eta gero norberak asmatu behar nola aldarrikatu lekua zerbait esanguratsua esateko. Kulturgileak unean uneko teknologiaz baliatzen dira originalak eta berriak izateko, bereizteko aurreko guztitik, hori baita jaio ginenean jada irunda zetorren hari hori egiten jarraitzeko era bakarra. Zaharra eta berria izaten saiatzea: nostalgikoa eta amnesikoa aldi berean. Ibil Bedi taldearen kantu batek dio «nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura» esan behar zaiola, baina nik uste dut erro berbera dutela biek: hautu-ariketa berberaren emaitza dira.

Agian gaztearen eta zaharraren arteko desberdintasun bakarra da ahanzturatik datorrela lehena eta ahanzturarantz doala bigarrena. Norbere posizio kronologikoak salbamendu-txalupa desberdina eskatzen du, eta agian horregatik tematzen gara elkarri besteak hartutako leku hori, posizio nostalgikoa, aurpegiratzen.

Niko Etxarti aditu nion behin «Gazteek beti ahazten dute», tonu erabat ulerberarekin; bitartean, Merina Gris taldeak «nostalgia kronikoa» autodiagnostikatu dio 90eko belaunaldiari. Biekin bat nator: neure buruari galdetzen diot kultura (eta historia) ez ote den ahanztura geruza bat bestearen gainean pilatuta eraiki behar den zerbait halabeharrez; eta nostalgia, metaforarekin jarraituz, ez ote den indusketa lan puntuala (20 urtero egiten dena), itsu-itsuan aurrera egiten duen korronte geldiezin baten baitan. Batzuetan zalantza dut looper-a piztuta ahaztu ez ote genuen aspaldi (27 urte ditut, eta beti berandu noalako sentsazioa).

Haurrak ginela, anaia eta biok gure etorkizuneko adina Olinpiar urteen arabera kalkulatzen hasi ginen. 2004an Atenasen izan zirenean imajinatu genuen 2012an Londresen izango zirenean 18 urte izango nituela nik eta 14 berak, eta 2016an nik 22 eta berak 18, eta 2020an 26 eta 22... Harrapaketa-jolas bat da, baina anaiak ezingo nau sekula garaiz atzitu: nire adinera heltzen denerako ni jada etorkizunean nagoelako, zaharrago. Gero eta nostalgia handiagoarekin jolasten gara harrapaketa horretan. Zalantza handiak ditugu mundu honetan guretzat sortu dugun lekuaren inguruan: esateko, musika egiteko, dantzatzeko, antzezteko... Nahikoa ote dugu gure egin dugun eremutxo hau eusteko gure adina behin eta berriz beteko duten guztiei? Gu baino zaharragoak direnei? Ez al da zaharren eta gazteen arteko elkarrizketa norbere lekua defendatzeko modu absurdo bezain beharrezko bat?

Nostalgiak ezertarako balio ote du? Agian ez. Noiz barkatuko diogu elkarri adina eta distortsioa edo autotunea eta txandal terribleak? Nostalgiak ezin du ezer itzuli ez gelditu: nik badakit oharkabean helduko zaizkidala olde guztiak, 20 urteko tarteetan.]]>
<![CDATA[Txispun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-11-28/txispun.htm Sun, 28 Nov 2021 00:00:00 +0100 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-11-28/txispun.htm
Pandemia hasi zenetik asko harritu (eta larritu) nau fikzioaren printzipioek hartu duten garrantziak. Larrialdi egoera ezarri zenean (ez bada lehenago) ekin genion gure buruari ipuinak kontatzeari: 15 egun izango dira, asko ikasiko dugu, mundua aldatuko da... Nik neuk, musikalekiko dudan zaletasun amorratuarekin La La Land filmeko lehenengo kantuan bezala imajinatu nuen nire burua kalera ateratzen, Another Day of Sun, beste eguzki egun batez. Politikariek ere estrategia bera baliatu zuten, ondo baitaki diskurtso politikoak fikzioa (eta horren ondoriozko epika) baliatzen: «Normaltasunera itzultzen garenean...». Txispun efektu hutsa.

Fikzioan funtzionatzen duten arauak errealitateari aplikatzen hasi ginen, amaiera koherente baten bila, horrela gertatzen zena kontrolatu genezakeelakoan. Baina, hara: errealitatea munstro handi eta ulertezin bat da, bilduezina: ezin da kabitu Propp-en pertsonaia-arketipoetan edo hiru aktoko arauan. Gu ez gara garapen arku aurrezarri bat duten heroiak, eta ez, agian ez dago esangura pertsonal handirik honetan guztian.

Era berean, autoipuinak kontatzeko fenomeno hori bat etorri da edukien eztanda absolutuarekin: orain, gauzak bizi baino, ikusi egiten ditugu Interneteko plataformetan. Edo are okerrago, uste dugu gauzak ez zaizkigula gertatzen ari, plataformetara begira gauden artean jazotzen direlako. Bai mundu berria.

Azken urteetan sona handia hartu dute Black Mirror (Ispilu beltza), Neskamearen ipuina edo Artxipelagoa bezalako zientzia-fikziozko lanek. Aro erabat distopikoa bizitzen ari garen honetan, zergatik funtzionatzen dute berauek? Bi arrazoi nagusi topatu ditut: 1) Gurea ez den beste errealitate (itxuraz) gordinago bat erakusten digute. 2) Errealitate horrekiko distantzia bat ezartzeko aukera ematen digute, hau da, babestu egiten gaituzte jasanezina litzaigukeen sufrimenduarekin enpatizatzetik. Hara, agian hori da bizi dugun horri fikzio-parametroak aplikatzearen arrazoia: fikzioak babestu egiten gaitu minetik; sinetsarazten digu logika bati erantzuten diola, eta, beraz, baduela koherentzia narratiborik. Munduaren krudelkeria beti alboko gelan gertatzen dela, eta guri ziur asko ez zaigula gertatuko.

Babes hori oharkabean ezabatzen joaten den telesail bat ikusi dut aurten, Years and Years (Urteak eta urteak), ikuslea posizio erabat zaurgarrian ipintzen duena. Etorkizun hurbilean kokatuta dago, Erresuma Batuan, Black Mirror estiloan, baina pertsonaien errealitatea klase ertain normal samarrekoak garenongandik oso-oso gertu dago eta agertzen diren gaiak aski ezagunak zaizkigu: eskuin-muturreko politikariak, migrazio-krisia... (Ez baduzu telesaila ikusi eta ikusteko asmoa baldin baduzu, paragrafo honen amaieraraino spoiler-ak dituzu). Horrez gain, telesailak gordin-gordin agertzen du indarkeriaren ausazkotasuna, eta subjektu zuri mendebaldar ustez babestua du albo-kalte biolentziak. Pertsonaietako bat errefuxiatu batekin maitemindu eta harekin batera saiatzen da Mantxako kanala gurutzatzen, itota hil aurretik. Lehen aldiz, gorputz zuri bat ikusi nuen hondartza batean botata, plastikozko botila huts bat balitz bezala. Erabat mingarria egin zitzaidan irudia, jasanezina, eta erabat babesgabe sentitu nintzen. Lehen aldiz, ni izan nintekeen.

Hau guztiau irakurri ostean, egongo da esaten duenik esperantzari lekurik ez diodala utzi zutabe honetan. Zer nahi duzue, azaroa da, ordu aldaketa terriblea da, hotza egiten du, goizegi iluntzen... Nik badakit jende askorentzat helduleku izan dela fikzio-parametroen araberako pentsamendua errealitateari aurre egiteko. Niretzat ere hala izan da egun batzuetan. Baina uste dut egun hobeen promesa itsu-itsuak; txispun esan eta min ematen digun hori amaitu edo desagertuko dela pentsatzeak; krudelkeria albokoari, gu bezalakoa ez den horri soilik gerta dakiokeela sinesteak anestesiatu egiten digula enpatia, eta ez gaituela ekintzara bultzatzen.

Brecht-en «urruntze efektua» edo Aristotelesen katarsiaren teoriak aipatu behar nituzke hemen agian, biek ere hausnartu baitzuten babes-distantzia horren inguruan, nahiz eta akaso termino hori ez baliatu. Baina oraindik ez dakit egungo eduki-saturazioaren testuinguruan distantziak salbatu edo deuseztatu egiten gaituen, eta beraz, ez ditut lozorrotik esnatuko izen potolo horiek.

Distopia, utopia eta errealitatea elkarrekin bizi dira gurean. Bereizten ote ditugu irudi errealak eta fikziozkoak? Benetako mugetan hildakoak eta gezurretan itotakoak? Munstroarekin fikziorik gabe bizitzen ikasi nahiko nuke, bestela dena irentsiko du, guk Hurrengo kapitulua botoiari sakatu artean.]]>
<![CDATA[Ez gara deus (goxotasunaren kontra)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-10-31/ez_gara_deus_goxotasunaren_kontra.htm Sun, 31 Oct 2021 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-10-31/ez_gara_deus_goxotasunaren_kontra.htm goxo adjektiboa. Ez dakizue zenbat. Amorratu egiten nau. Norbaitek «goxo» deitzen didanean zaplazteko bat emateko gogoa sartzen zait; oihu egin eta mingaina ateratzekoa. Zergatik? Tira, istorio luzea da, eta ez bakarrik nirea. Hemen dituzue goxotasunaren kontra egotera bultzatu nauten hainbat momentu:

Bat. Kuadrilako hiruk herriko bertsio-gauean parte hartu dugu. Bestela ere presentzia maskulino gehiegizkoa duen eszenatokira igo gara gitarra elektrikoa, bateria eta teklatuarekin kanta bat jotzera. Jaitsi garenean, gaua dinamizatzen ari zenak eskerrak eman dizkigu mikrofonotik «gauari ukitu goxoa emateagatik». Eta nik pentsatu dut, «Besteek Motorhead eta halako talde gogorragoak bertsionatu bitartean, guk Cat Power jo dugu, joder».

Bi. Bertsio-gauean parte hartu duen beste neska taldeak «Neskak Psilocybera!», aldarrikatu du beren kantan. Bi aukera dauzkagu, beraz: goxotasuna edo erreibindikazio feminista.

Hiru. La Polla Recordsen No somos nada dokumentala ikusten ari naiz. Irudietan, estadioak eta aretoak ageri dira jendez lepo. Evaristo bere haserrea okatzen ari da, eta jende andana dago berekin batera oihuka: bere amorrua eta haserrea edan eta partekatzen. Konturatu naiz gizonen haserrea unibertsala dela eta nirea ez dela sekula izango: gu bai ez garela deus. Nik ahots goxoa daukat, kanta goxoak abestu behar ditut, gauari ukitu goxoa eman, eta gu guztion amorrua esateko ardura beste batzuei dagokie.

Lau. Euskadi Irratiko esatari gizonak dio «euskal emakume bakarlarien iraultza» gertatzen ari dela gurean. Aitortza horren atzean tranpa bat dagoelako susmoak hartu nau. Iraultza horren harira aipatu dituen emakumeetako bakoitzak proiektu berezi eta bakarra du (nahiz eta gehiegitan parekatzen dituzten); baina musika mota konkretu bat egiten dute, atsegina, eta formatu konkretu batean aritzen dira, bakarlari gisa, horrek guztiak dakarren esposizio-maila eta presioarekin. Arreta ematen dit hedabideek emakume musikarien kasuan bultzatzen duten eredu konkretuak. Kasualitatea ote? XX. mendeko euskal emakume artisten inguruko tesia egiten ari den lagun bati nire kezka aipatu, eta esan dit berak ikertutako emakume askok loreontziak eta zeramika egiten zituztela, hori baitzen emakumeei zegokien arte-arloa, fisikoagoa zen eskulturagintza ez bezala, esaterako. Joder, loreontziak egitea gaizki dago orain?

Bost. Garai bertsuan, jarrera probokatzailea agertzen duten gizon musikariei jenial eta iraultzaile adjektiboak atxikitzen zaizkie. Egiten dutena ondo dagoen arren, ez dut oso ongi ulertzen zergatik duten besteek baino espazio gehiago. DBH eta Batxilergoko klasekide mutilek haien lotsagabekeriari esker okupatzen zuten espazio gehiegizkoa dut gogoan. Lekua edukitzeko hartu beharreko jarrera hori bazen, zergatik ez dut nik hartu? Ziur asko ezberdin irakurtzen zaigulako emakumeei probokazioa, feministen kontuak balira bezala, eta ez iraultza musikal unibertsal gisa.

Sei. Lagun batek liburu bat atera behar duela-eta, zuritoaren bueltan aitortu dit idazketa prozesuan zehar zalantzan jarri duela bere ahots propioa, gogortzen saiatu dela, eta gizonen onespena bilatzeari uztea oso zaila egiten zaiola. Nik esan diot gauza bera gertatu izan zaidala askotan, nire ahots (literario nahiz fisikoa) ukatzeraino, badakidalako beste ahots mota batzuei ematen zaiela autoritatea. Gure energia gai feministak lantzera bideratze horretan ere tranpa dagoelako susmoa dugu, berriz ere, partikulartzat jotzen dena landu artean, beste batzuek mundua taxutzen dutelako. Etxera iristean pentsatu dut gu onetsi gaitzaten nahi dugun horiei gizon-cis-hetero faktorea kenduta, ez direla horrenbesterako.

Zazpi. Gai honi buruzko artikulu bat idatzi nahi dut, baina ez dut nahi kasketa feministatzat har dezaten, ez dut nahi mainati agertu. Azkenean, pentsatu dut badudala garaia espazioak niri sudur puntan jartzen zaidan bezala okupatzeko. Eta nik Cat Power abestu nahi dut, eta ez Motorhead, ostia.

Laburpena: Goxo, hunkigarri eta intimista bezalako hitzak gutako batzuon kultur sorkuntzak partikularizatu, gutxietsi, eta ghetto konkretu batera mugatzeko tresna gisa baliatzen dituztelako nago goxotasunaren kontra. Baina era berean, uko egiten diot beste baten ahotsa hartu edo imitatzeari serio har nazaten, nik eta beste hainbat eta hainbat emakumek esan behar duguna oso partikularra delako, edozein gizonen haserre, adimen edo lotsagabekeria performatua bezain (zer dira punteo sasibertutetsu konbultsionatu horiek, edo txio superintelektualak, performance hutsa ez badira?).

Era berean, ez dut nire burua sekula punkzaletzat izan, baina duela gutxi utzi zidaten Vivien Goldman-en Revenge of the She-Punks liburua (gaztelaniaz, La venganza de las punks; euskaraz, Punk-emakumeen mendekua), eta ikasten ari naiz. Ez nabil mendeku bila, baina agian jendearen adjektiboak jartzeko erari kontra egiten hasiko naiz. ADJEKTIBO BAKARRAREKIN EZ DA NAHIKOA. Ulertzen da? HORRELA BADIOT ULERTZEN DA? Gu bagara ezer, joder, GU BAGARA EZER.]]>
<![CDATA[Juizioa (II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-06-13/juizioa_ii.htm Sun, 13 Jun 2021 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/040/001/2021-06-13/juizioa_ii.htm (I) hura aurreko hilabeteko Juizioa-ri, eta orain lotuta nago, gaia biribiltzeko autopromesa horri kateatuta. Ez dut aurreikusten datozen lerroetan ondorio irmorik idaztea, baina espero dut garun-bazkarako zeozer eskaintzeko gai izango naizela. Irakurri ez bazenuten, aurreko hilabeteko zutabean kultur objektuak nondik kritikatzen ditugun aztertzen aritu nintzen. Hausnartzen ibili ostean, ondorioztatu dut oraingoan zertarako argitzea dagokidala.

Izan ere, punturik interesgarrienean utzi nuen gaia aurrekoan, cliff hanger betean. Aipatu nituen artearen demokratizazioa eta kritikaren funtzioa, denboraldiaren azken-aurreko kapituluan ezustean itzultzen diren bi pertsonaia balira bezala, eta karaktereak amaitu zitzaizkidan. Eta hementxe nator, hasitakoak bukatzera, denboraldiko azken kapitulu honetan. Hainbat galdera erantzun nahi nituzke, baina Juego de Tronos (Tronu jokoa) telesailari bukaeran gertatu bezala, handinahiak porrotera eraman nazakeelakoan, galdera bakarra botako dut: zertarako balio du zutabe honek, edo modu orokorragoan esanda, zertarako balio du kultur iritziak edo kritikak?

Joan Margarit poeta katalanak badu liburu bat, izenburuagatik erosi, eta oraindik irakurri ez dudana (japonieraz tsundoku esaten dioten horren albo kalteak): Un mal poema ensucia el mundo (Poema txar batek mundua zikintzen du). Irudi lezake halako baieztapen bat elitismo hutsa dela, kanonaren aldeko proklamazio lotsagabea, baina nire ustez jarrera zintzo eta erreala du atzean; esaldi hori ez baita kanonaz ari: deshazkunderako deiadarra da, pentsamenduaren aldarria.

Asaldatu direnek esan lezakete mundu guztiak merezi duela sortzeko aukera, bere lana kaleratzekoa, denok dugula artista izateko potentziala. Agian gaineratuko lukete Internetek ekarri duen artearen demokratizazioa erabat positiboa dela, lehen aukera ez zuten horiek badutelako orain nola jendarteratu haien lana erraz eta merke. Arrazoi puntu bat badute. Baina artearen demokratizazioak badu ifrentzua, eta horregatik komeni da Margaritena bezalako esaldiei arreta jartzea.

Poema txar batek mundua zikintzen du.

Zergatik? Ba, poema txar batek zarata sortzen duelako jada saturatuta dagoen hizkuntzaren baitan, eta hizkuntza zenbat eta saturatuago egon, gero eta zailagoa duelako gizarte batek pentsamendu kritikoa destilatzea. Eta pentsatzen ez duten gizarteei zer gertatzen zaie? Tira, ba, Teleberri-n ikusten dugun horixe bera.

Egun, kultur objektuak produktu bihurtu dira, eta haien eskaintza zabalaren aurrean erabat galduta gaude, erabat saturatuta. Euskal kultura ere fast food bihurtzeko arriskua hortxe dago, sentsazioa baitaukat aurretik jartzen dela objektu asko kaleratzea, zein objektu kaleratu mimoz eta denborarekin aukeratzea baino. Eta zein da horren ondorioa? Ba, diskurtso berberak behin eta berriz entzutearekin pozik dagoen kultur sistema bat daukagula hein handi batean, salbuespenak salbuespen; eta ni zurrunbilo amaigabe batean behera lerratu naizela, esaldi soil batetik tiraka.

Ez naiz inoren lan konkretuaz ari; ezer juzgatzekotan, nik zarata epaitzen dut. Ekarpenik egiten ez duen zurrumurru hori. Ez naiz musika estilo batzuekin sartzen ari, honek ez du zerikusirik bolumen, autotune edo distortsioekin. Zarata horrek irentsitako kultura batean, gizartera heldu beharko luketen ahots horiek, hizkuntzari eta bizitzari ekarpen handia egin liezaioketen horiek, sarritan katramilatuta geratzen dira beste guztiaren artean, eta zailagoa bihurtzen zaio kulturari ezer transmititzea, pentsamendu kritiko bat garatzea.

Kontuz, nik ez dut errua sortu nahi duen indibiduo horren bizkar utzi nahi. Ez dut uste norberak mugak jarri beharko lizkiokeenik sortzeko bulkadari. Bi kontu bereizi dira prozesu sortzailea, edonori on egin diezaiokeen hori, eta kontsumogai gisa plazaratzen diren kultur objektuen ekoizpena. Horregatik, ez dut kontraesanik ikusten Margariten esaldia aldarrikatzearekin. Jakin behar dugu: merkatuaren goseari men egiten dion kultur sistema bat, txikitasunaren konplexuak bultzatuta edukiarekin baino kopuruekin arduratuta dagoena, ez da halabeharrez jasangarriena.

Era berean, arazoa ez da kultur sisteman helburu desberdinak (entretenimendua, gogoeta eragitea, dibertitzea...) dituzten objektuak elkarrekin bizitzea. Arazoa da une batean diskurtso publikoari ekarpen garrantzitsu bat egin diezaiokeen lan bat galdu egiten dela zarata guztiaren artean, eta ez dakigula bereizten gainerakotik. Lan mamitsurik gabe geratzen da gizartea, eta gidalerrorik gabe artista.

Poema txar batek mundua zikintzen du, eta horregatik aldarrikatzen dut ekologia kulturala. Agian urtean ez ditugu horrenbeste objektu plazaratu behar, kopuru txikiagoak esan nahi badu gehiago mimatuko ditugula lanak, eta ondo hautatu esan nahi dugun hori. Era berean, artea demokratizatuko bada, kritika (eta kalitatezko edizioa) behar-beharrezkoak izango ditugu gidalerro batzuk markatzeko. Kritikarik ezean ez dago norabide berriak bilatzeko akuilurik. Noski, kritikarien eta editoreen artean aniztasuna zaindu beharko dugu, norabide eta ikuspuntu desberdinetatik datozen gogoetak behar baititugu.

Poema txar batek bezala, iritzi zutabe txar batek ere zikindu dezake mundua. Hori ez egiten saiatu den baten partetik, uda ona pasa.]]>
<![CDATA[Juizioa (I)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/028/001/2021-05-16/juizioa_i.htm Sun, 16 May 2021 00:00:00 +0200 Ane Garcia https://www.berria.eus/paperekoa/1956/028/001/2021-05-16/juizioa_i.htm
Disekzio-mahai bihurtzen da plaza, eta haren bueltara biltzen gara gu, publikoa: hortxe dugu azken kultur objektua, tripak agerian. Eta hortxe gaude gu, epaile jantzita, irribarre erdi-maltzurra ezpainaren ertzean, bisturia esku batean eta egurrezko mailutxoa bestean, gure epaia botatzeko gertu.

Baina zer gertatuko litzateke behingoagatik epailea jarriz gero disekzio-mahaian? Zer itzuliko liguke ispiluak? Zer ikusiko genuke gure tripetan? Bada, galdera horiei erantzuteko asmoz, behaketa erabat zientifikoa egin ostean, euskal kritikarien eneagrama osatu dut. Hementxe duzue katalogoa:

• Eskisitoa: Kritikari honentzat ezer ere ez da ona. Edozer irakurri, entzun edo ikusi aurretik jada zorrotz izaten ditu haginak, sarraskirako prest. «Ona», «txarra», «ederra», «purua» terminoak aldarrikatu ohi ditu. Literaturan, kanonarekiko eta tradizioarekiko begirune absurdo samarra izan dezake, eta musikan, gorroto du autotunea. Orokorrean, euskal kulturaren «amateurismoaz» kexu da. Argitzeke dago ea ego handi edo/eta ahul bat dagoen horrelakoen atzean.

• Betaurrekoduna: Pare kuttuna edukitzen du normalean. Moreak dira erabilienak egunotan, nahiz eta gorriak ere modan dauden. Gauzak modu interesgarrian ikusten ditu filtro horien bidez, eta ekarpen berritzaileak egiteko gai da. Zoritxarrez, pare bakarra baldin badu edo betaurrekoz aldatzeari uko egiten badio, ikusmena atrofiatu egiten zaio eta dogmatismorantz lerratzen da.

• Onbera: Euskaraz egindako edozeri loreak botatzeko gai da. Pena ematen dio jendeak egindako lana kritikatzeak, ez baitu inor mindu nahi. Euskalgintzaren salbazioa bere eskuetan utzi izan dute askok. Errehabilitatutako eskisito eta jeloskorrek jarrera hau hartu ohi dute.

• Gazte-zaharrak: Adinaren talaiatik erreparatzen diote objektuari. Haustura belaunaldi guztietan gertatzen den fenomenoa ez balitz bezala, nork bere garaia defendatzen du, lehengoa vs oraingoa lehia antzuan. Ez zaie gustatzen elkarri entzutea, baina susmatzekoa da bata bestearen oinordekoa dela; hau da, gaurko gaztea dela biharko zaharra.

• Jeloskorra: Eskisitoaren aldaera bat izan liteke, baina bere auzokritiken atzean autokritikarik zorrotzena dago. Plazaren ertzetik erresuminduta begiratzen ditu barruan daudenak, berak lehen pausoa eman beharrean. Kritikatu ostean damutu egiten da, eta onbera fasera pasatzen da. Susmatzekoa da barneratutako misoginia eta autosabotajea egon litezkeela bere jarreraren atzean.

• Zinikoa: Umorea erabiltzen du kritika basatiak egiteko, eta umorea erabiltzen du kritiketatik babesteko. Txantxa eternoan bizi denez, ez dago berekin eztabaidatzerik. Zuzentasun politikoari kontra egiteagatik guaia dela pentsatzen du, eta ez da ohartzen dagokion baino espazio gehiago okupatzen duela. Gizontasun hegemonikoa du babesle ofizial.

• Konparatzailea: Euskaraz egindako edozer konparatzen du atzerriko erreferentziekin, «Abeslari/talde/idazle hori euskal (txertatu hemen erreferentzia) da» bezalako esaldiekin. Ez badu konparaziorik aurkitzen, objektuak ez dio balio. Emakumeak haien artean konparatzeko behar saihetsezina sentitzen du, argitu gabeko arrazoiengatik.

• Kategoriko superazkarra: Bost minutuan ebazten ditu juizioak. Ez du errekurtsorik onartzen. Bost minutu nahikoa ditu etiketa bat jartzeko objektuari: putamierda edo laostia ditu sententziarik ohikoenak. Eskisitoaren aldaera pasionala da. Hater-a ere multzo honetan sartzen da.

• Intelektuala: Betaurrekodunaren lehengusua. Horrek ez bezala, bere helburua ez da inolako ekarpenik egitea, baizik eta bere burua entzutea. Hitz egiteko aitzakia hutsa da beretzat kultur objektua. Ez du sententzia irmorik emateko ohiturarik, horrela bere txaparekin jarrai dezakeelako.

(Hemen amaitu da testa, eta artikulu honen atal komikoa.)

Orain, hartu hamar segundo, arnastu sakon, eta pentsatu bederatzi jarrera horietako zein (bat baino gehiago izan liteke) hartu izan duzun euskal kulturako objektuak kritikatzeko garaian, eta zergatik.

Luze jardun gintezke kritikaren funtzioaz eztabaidan, nondik aritzen ezbaian jarri gabe, eta abiapuntu ederra iruditzen zait hori, kultur objektu partikularrak kritikatzeko dugun moduak eman diezagukeelako pistarik gure kultur sistemaren gainean dugun ikuspegiaren inguruan.

Nire behaketa erabat zientifikotik atera dudan ondorioetako bat izan da onberatasunaren eta zorroztasunaren artean gabiltzala orokorrean: euskaraz plazaratutako guztia onartzen dugu lehen unean, baina egurra ematen diogu gero. Edo ontzat ematen dugu, are kritika merezi duenean ere. Zergatik? Jarrera askoren atzean konplexua, mesfidantza eta babestu beharra irakurri ditut nik. Baita beldurra ere: gu geu edo besteak kaltetzekoa.

Puntu honetara helduta, ohartzen naiz askoz gehiago zehaztu beharko nukeela esandakoa, eta ezinbestean aipatu beharko nukeela artearen demokratizazioa eta kritikaren beharrezkotasuna, eta definitu beharko nukeela kritikari ona, baina amaitu zaizkit karaktereak. Beraz, momentuz, zuen jarrera indibidualak autodisekzionatzen utziko zaituztet, datorren juiziora arte behintzat.]]>