<![CDATA[Ane Insausti | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 28 Sep 2022 20:37:33 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ane Insausti | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Baloiak elkartuko ditu berriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/037/001/2022-07-02/baloiak_elkartuko_ditu_berriz.htm Sat, 02 Jul 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1876/037/001/2022-07-02/baloiak_elkartuko_ditu_berriz.htm
«Unerik onenean ospatuko ditu Donosti Cupek bere lehen 30 urteak», Xabi Perez aurkezleak lehiaketaren prentsaurrekoan azaldu zuenez. Izan ere, iaz ospatu behar zuten 30. aldia, baina, 2020an ekitaldia bertan behera utzi zutenez, urtebete atzeratu da urteurren borobila. «Lehen 30 urteak» esan zuen, harro, beste asko irautea espero baitute. Izan ere, ibilbide oparoa egin du futbol txapelketa horrek 1991ko lehen aldi hartatik. 32 taldek parte hartu zuten orduan, eta, harrezkeroztik, hazten joan da. Aurten, esaterako, inoizko talde gehien izango dute: 754. Horrez gain, aldirik «nazioartekoena» ere izango da aurtengoa, 166 herrialdetatik eman baitute izena taldeek.

Emakumeen parte hartzea ere handituz doa, eta sekula baino talde gehiagok eman dute izena aurten. Guztira, 140 talde arituko dira, hala nola Olympique Lyon taldea, egungo Txapeldunen Ligako irabazlea, Benfica, eta Suediako BK Hagen taldea.

Arrakasta zenbakietatik harago neurtu behar da, ordea, Giovanni Batista txapelketako antolatzaileetako baten arabera. Ekitaldia futbolaren eta kulturartekotasunaren festa dela nabarmendu du: «Etorritako taldeek errepikatu egin nahi izaten dute, eta beste batzuek, gehitu; hori zerbait ondo egiten ari garen seinale da. Hori da benetan zoriontsu egiten gaituena».

Berritasunez betetako urtea izango da aurtengoa; Martuteneko kartzelako partida, esate baterako. Bertako preso talde batek lagunarteko partida bat jokatuko du Leganesko (Espainia) desgaitasunen bat duten pertsonaz osatutako talde baten aurka, asteazkenean. «Uste dugu denak ez duela lehia izan behar, eta futbolak balio dezakeela elementu integratzaile moduan», azaldu du Batistak. Datozen urteetan partida horri jarraipena emateko asmoa daukatela ere esan du.

Aurten bi talde gonbidatu ditu Donosti Cup fundazioak. Batetik, MOMIM Boliviako emakumeen talde batek parte hartuko du. Hain zuzen ere, duela 15 urte Donosti Cupen jokatu zuten ama boliviarren alabak dira horietako asko. «Duela 10 urte baino gehiago hasitako istorio oso polit baten jarraipena da; beti da polita zirkulu horiek ixten ikustea», esan du Batistak. Bestetik, Gazako gizonezkoen Al-Helal taldea gonbidatu du fundazioak, duela sei hilabete Palestinako futbol federazioak eta Donosti Cupek antolatutako Gaza Cup txapelketa irabazi zuen taldea.

Futbolaz eta lehiaz gainera, ekitaldiak sustatzen dituen balioak nabarmendu ditu antolatzaileak. Horren adibide da Donosti Authentics Cup, lehiaketaren zatirik «inklusiboena», zeina bigarrenez egingo duten. Adimen urritasuna dutenek jokatzen dute bertan, urritasunik ez dutenekin nahastuta. Astelehen eta asteartean izango dira partidak, Zubietan (Gipuzkoa), eta, iazko arrakasta ikusita, nazioarteko taldeak txertatzeko apustua egin dute. Guztira zazpi taldek parte hartuko dute: Realeko A eta B taldeek, Eibarrek, Leganesek, Baionako Pottoak taldeak, eta Ingalaterrako Newscastle taldeak.

Finala, Reale Arenan

Berritze lanengatik eta pandemiagatik albo batera utzita egon bada ere, Reale Arenan jokatuko dira berriro 11ko futboleko finalak. «Helburu bakarra ez bada ere, motibazio gehigarri bat da edozein haurrentzat Reale Arenan finala jokatzea», onartu du Batistak. Inaugurazio festa ere bertan egingo dute, astelehenean: talde guztiek parte hartu ahalko dute desfilean.

Finaleko eta beste partidetako emaitzak jasotzeko, aurten ere Donosti Cup aplikazioa martxan jarriko dute. Txapelketako egutegi osoa ikusi ahal izango da bertan, eta sailkapenak kontsultatzeko aukera ere egongo da. Gainera, partiden eguneratzeak minutuz minutu jasotzeko aukera emango du aplikazioak.

«Pandemia aurreko sentsazioak berreskuratzea, Donosti Cupen astean sortzen den poztasuna itzultzea» desio du Batistak. Hiria ekitaldiaren koloreak eta giroa hartzen ikusteko gogoz dago.]]>
<![CDATA[Sua, eguzkia goratzeko ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/029/001/2022-06-24/sua_eguzkia_goratzeko.htm Fri, 24 Jun 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1892/029/001/2022-06-24/sua_eguzkia_goratzeko.htm
  Urteko gaurik luzeena ospatzeko, antzerkia eta dantza tartekatu zituzten parte hartzaileek. Eguzkiaren eta ilargiaren garrantzia nabarmendu zuten, eta, ohiko Akelarreko dantzaz gain, hainbat koreografia egin zituzten. Besteak beste, Neomak taldearen Ilargi berriak kanta dantzatu zuten, makilak eskuan, suarentzat prestatutako gunearen inguruan. Antzerkia amaitu orduko hasi zen euria, baina, hala ere, lortu zuten sua piztea, 21:00etan. Suaren atzetik jarraitu zuen festak ere, etenik gabe. Antzinako ohitura Aspalditik dator ekainaren 24an sua pizteko ohitura Euskal Herrian. Gaur egun San Joan bezpera gisa ezagutu arren, jatorri paganoa du jaiak: ekainaren 21ean ospatzen zen lehen, hura baita urteko gaurik motzena eta egunik luzeena. Eguzkia omentzeko eta hari indarra emateko pizten zen sua, eta gaur, oraindik, izpiritu txarrak sutan erretzeko ohiturak hortxe dirau. Hernanin bezala, hainbat herritan egin zioten ongietorria udako solstizioari, euria egin arren. Donostian, esaterako, 20:00etan egin zuten ekitaldi nagusia, Konstituzio Plazan. Agintarien esku dantza egin zuten udaleko ordezkariek. Zuzi bana eskuan hartuta, lizar baten inguruan elkartu ziren, eta su eman zioten zuhaitzari; ondoren haren inguruan dantza egin zuten. Antzeko ekintzak antolatu zituzten beste hainbat herritan ere. Gasteizen, esate baterako, auzoz auzo ziren sua piztekoak. Bilbon bestelakoa izan zen egoera, ordea. Izan ere, Bilboko konpartsak 19:30ean ziren festa hastekoak, baina, Etxebarri parkea lokaztuta zegoela eta, bertan behera utzi zuten ospakizuna. Nafarroan, berriz, ez zen surik egiterik izan, azken egunetako suteen ondorioz Nafarroako Gobernuak horiek bertan behera uzteko agindu baitzuen. Dena den, beste hainbat ohitura mantendu zituzten: esate baterako, Duguna dantza taldeak San Joan bezperako sokadantza egin zuen, Iruñeko Santa Ana plazan, 19:30ean. Hori bai, datorren urtera arte itxaron beharko dute San Joan bezperako gaua suarekin ospatzeko. ]]>
<![CDATA[BERRIAk Frantziako hauteskundeen berri emango du gaur]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2015/041/003/2022-04-10/berriak_frantziako_hauteskundeen_berri_emango_du_gaur.htm Sun, 10 Apr 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/2015/041/003/2022-04-10/berriak_frantziako_hauteskundeen_berri_emango_du_gaur.htm
Joera nagusiak biltzeko, grafikoak egingo dituzte, 2017ko hauteskundeetako datuen eta biharko emaitzen alderaketa jasoz tauletan. Ipar Euskal Herriko zortzi herri nagusietako datuak xehatuko dituzte: Angelu, Baiona, Donapaleu, Donibane Garazi, Hendaia, Maule-Lextarre, Miarritze eta Urruña. Bigarren itzulia, berriz, apirilaren 24an izango da, eta Frantziako datuak aztertuko ditu orduan BERRIAk.

Euskal Irratiak

Euskal Irratietan, gaur bertan ez dute jarraipen berezirik egingo, baina bihar goizean helduko diete Frantziako hauteskundeei; goizeko zortzietan, Eguzki Urteaga soziologoa elkarrizketatuko dute, eta erreakzioak ere bilduko dituzte.]]>
<![CDATA[Estudioen ateak, zabalik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/048/001/2022-03-13/estudioen_ateak_zabalik.htm Sun, 13 Mar 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1957/048/001/2022-03-13/estudioen_ateak_zabalik.htm
«Egonaldi batek espazio bat eta denbora bat ematen dizkizu, proiektu horretan jarduteko ia-ia une oro», azaldu du Ane Agirre Artisten Guneko arduradunak. Bi hilabeteko egonaldia egiten dute bertan, beren proiektuak garatzeko. Lotarako lekua jartzen die Tabakalerak bertako hotelean, eta lanerako ordutegi malgua daukate; diru poltsa bat ere ematen diete, laguntza gisa. Lana gizarteratzeko eguna da artistentzat, eta artelanak «ia ia ukitzeko aukera» ematen diete bisitariei, Agirreren hitzetan.

Hallaren ertzean daude artisten estudioak, eta kanpoan dituzte izenak idatzita: zortzi dira, orotara. Bigarren estudioa dagokio Sara Ayesa margolari donostiarrari. Gelan sartzearekin batera murgiltzen da bisitaria haren munduan, artistaren obrak haren izatetik edaten baitu, nahitaez: pintura usainez betetzen dira sudur zuloak, eta kolorez begiak, kolorez betetako paperezko eta egurrezko paletak baitaude gelaren erdigunean, mahai baten gainean. Hormetan, berriz, Ayesak egindako lanak daude.

Ja, ja izena zuen haren hasierako ideiak, barre egiteari erreferentzia eginez; etengabe arreta jartzen egotea neketsua dela iritzita, barre egitean gertatu bezala, «oharkabetzetik abiatuta» marraztea du gustuko artistak. Ez baita «kontuz» marrazteko zalea: «Sortu birtartean eraikiz joatea gustatzen zait, emaitza freskoagoa lortzeko; kontuz marrazten badut, emaitza zurrunagoa da. Gehiegi pentsatu badut emaitzan, ez naiz gustura geratzen».

Era berean, margotzetik abiatuta sortzea gustatzen zaio, figura batean oinarrituta baino: «Ez zait gustatzen hasieratik pentsatzea: txakur bat irudikatu nahi dut. Baizik eta pinturatik abiatuta agertzea txakur bat». Osterantzean, «figura oso konbentzionalak» sortuko lituzkeela dio.

Nabari da lanak marraztu ondoren lekuz mugitzen ibili dela, hormetan paperaren iskinetik at geratutako koloreak ikusten direlako, bertan lanean aritu izana salatuz bezala. Sortutako obrak elkarrekin harremanetan jartzea du gogoko, «beste konplexutasun bat» lortzeko xedez. «Lan bat beste baten ondoan jarrita, batek daukana besteari falta zaiola ikus daiteke», azaldu du.

Elkar entzutearen onura

Egonaldian gainerako artistekin sortutako harremanak garrantzitsuak direla nabarmendu du Ayesak, kanpo begirada bat izate aldera: «Eskertzen da zure proiektuan hain sartuta ez dagoen norbaiten iritzia jasotzea. Diziplina ezberdinetan gabiltza, baina denok ari gara zerbait sortzen». Gainerakoak entzutea «aberasgarria» dela dio, besteen iritziak jasotzeak bere «prozesua irekitzen» lagun diezaiokeelako.

Ibon Landarenarena da begirada horietako bat. Ondoko estudioan dago, eta aurretik ezagutzen zuten elkar. Hormako mihise beltzetan haren gorputzaren forma ikus daiteke, eta markesinetako iragarkiak ditu oinarri, «giza eskalaren garrantzia azpimarratzeko»: «Gorputzetik gorputzera egiten duten mezua da, bisualaz aparte, ikuslearen gorputza ere interpelatzen dutelako». Gorputzaren irudikapena eta gorputza bera zer den bezalako galderak sortzen dizkio Landarenari haren lanak.

Azaldu duenez, «interes piktoriko batetik» dator haren lana, baina «manipulazioa euskarrian oinarritzen da»: «Saiatzen naiz euskarriak manipulatzen edo euskarriak ematen dizkidan ñabardura edo materialtasunetan lan bat aurrera eramaten».

Haren espazioaren ondoko gelan dute sukaldea, eta sukaldearen parean egurrezko etxola bat, leiho gardenekin: bertan dago Irati Cano ontzen ari den Amak esan zidan filmaren zati bat, proiektatuta, sortzailea falta den arren. Filmaren garapen prozesuan ematen ari den pausoak ikus daitezke hormetan: paperez eta eskemaz beteta daude, komisaria batean krimen bat ikertzen dutenean bezala: denbora lerroa, gaien konstelazioa, artxiboa edota bidaia dira aztarnen izenburuak. Pareko atetik pasata egiten da topo gainerako artisten estudioekin; nor bere txabolan dago, publikoaren zain.

Galeristak zein hiritarrak, arte adituak zein artearekin loturarik ez daukaten pertsonak dabiltza han-hemenka, estudioak ezagutzen. Saray Perezek, adibidez, txalotu du «prozesu bat komunikatzeko apaltasuna, dauden puntuan daudela ere».

Sarrerako atearen ondoan kortxozko arbel bat dago. Bertan daude iltzatuta 2016az geroztik egonaldietan parte hartutako artisten argazkiak. Gunea zelatatzen daude, behin haiek egondako lekuan gaur dauden horiei begira, argazkian hilezkortuta bada ere, hurrengoa nor izango den galdetzen ariko balira bezala.]]>
<![CDATA[«Oso pozik nago Olaso Dorrea herriaren esku geratu delako»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2076/046/001/2022-02-20/oso_pozik_nago_olaso_dorrea_herriaren_esku_geratu_delako.htm Sun, 20 Feb 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/2076/046/001/2022-02-20/oso_pozik_nago_olaso_dorrea_herriaren_esku_geratu_delako.htm
Nola hartu duzu sariaren berria?

Esan zidatenean, pentsatu nuen: «Baina zergatik saria?» Etxe horretan [Olaso Dorrean] lan asko egin dugu, batez ere Maria Josefarekin [Ganuza], eta Telesfororekin ere bai [Monzon] etorri zenean. Etxea oso garrantzitsua da, herriarentzat delako eta hori oso ondo datorrela uste dut. Baina saria, zergatik? Zuk tokatzen zaizunean beharrezkoa den hori egiten duzu. Nik egin beharrekoa egin nuen.

Olaso Dorrearen sorreran hor egon zineten, eta patronatuko kide izan zarete. Ondarea eta memoria garrantzitsuak dira zuretzat?

Bai, beti. Gainera, Telesforok argi ikusten zuen hori: etxea euskararentzat, kulturarentzat eta herriarentzat izatea nahi zuela. Oso etxe garrantzitsua da, dokumentazio oso garrantzitsua daukalako. Oso pozik nago herriarentzat geratu delako.

Gaur egun, askotan joaten zara Olaso Dorrera?

Ez. Maria Josefaren pisua zegoen bezala mantendu dute, eta hunkitu egiten naiz, hainbeste jira eta buelta egin ditut haiekin....

Maria Josefa Ganuzarekin harreman estua izan zenuen.

Bai, Jose Luis alkate zenean ezagutu nuen Maria Josefa, Telesfororekin etorri zen batean ezagutu egin nahi ninduelako. «Nire lagun batek esan zion: nik neuk eramango zaitut!». Eta horrela etorri ziren etxera. Gerora, harreman oso estua izan genuen; asko deitzen zidan telefonoz. Gaixotu zenean, gogorra izan zen. Asko ikasi nuen berarekin, oso jakintsua zen. Nirekin konfiantza guztia zeukan, eta baita nik harekin ere.

Haren bitxi batzuk ekarri zenituen, ezkutuan muga pasatuta, Olaso Dorrera, ezta?

Zilar asko zeukan, nahiz eta gero lapurtu ere egin zioten gerran. Donibane Lohizunen [Lapurdi] bizi zirenean, Olaso Etxeko hainbat gauza zituen bertan. Beti esaten zidan: «Hau ez da hemengoa, hau Olaso Dorrera eraman behar duzu». Nik esaten nion: «Nola, ba? Hori mugan ezin dut pasatu; harrapatzen banaute, zer esango dut?». Eta gaixotu zenean, esan zidan: «Mari Karmen, eraman egin behar duzu». Baietz esan nion, baina poliki-poliki. Gaur gauza bat, bihar beste bat...

Urduri jartzen zinen mugan?

Gauza asko ziren, baina poliki-poliki ekartzen nituenez, ez. Maria Josefak oso argi zeukan hori: Olasokoa Olason.

Bizitza osoa eman duzu lanean: 14 urterekin hasi zinen dendari, ezta?

Hemen behean [etxe azpian] zegoen denda. Gurasoek bertan lan egiten zuten, eta ni 15 urterekin hasi nintzen. Ordura arte, kolegio batean egon nintzen, Gasteizen, eta Bergarako kolegioan ere bai. 21 urterekin ezkondu nintzen.

Gustura hasi zinen lanean, ala ikasten jarraitu nahi zenuen?

Gustura hartu nuen, bai. Beti esan dut nik beti egingo nuela lan mostradorearen atzean. Pila bat gustatzen zait; izan ere, mostradorearen atzean harreman asko egiten dira. Nik, adibidez, Bergaran jende guztia ezagutzen dut, eta denek agurtzen naute kalean: bai hemengoek eta bai hangoek. Hori oso polita da. Lurrek [bilobak] esaten dit: «Amama, zurekin ezin da kalera joan!».

Eta lana bera gustuko zenuen?

Bai. Denetik geneukan; orduan dena saltzen genuen: arropak, alfonbrak, mantak... denetarik. Antzinako dendak badakizu zelakoak ziren; ez zen orain bezala. Bi pisuko denda zen.

Bergarako ikastolaren bultzatzaileetako batzuk izan zineten.

Eskola hasi zenean, Iñigok [semeak] 3 urte-edo izango zituen. Pisu batean hasi ziren, lehenengo, Kasino goian. Gela batean banku batzuk ipini zituzten, eta ikasgela bihurtu zuten. Kezka geneukan denok: hasi nahi genuen, baina ez genekien zer gertatuko zen, orduan ilegala zelako.

Zer rol izan zenuten horretan?

Guk gutxi. Bultzatu genuen, umeak eraman genituen. Hor Pilar Mujika irakaslea oso garrantzitsua izan zen. Beste guraso batzuk ere agian gehiago konprometituko ziren. Guk bultzatu egin genuen bakarrik.

Arriskua hartzea izan zen zuentzat...

Arriskua baino gehiago, kezka geneukan, gure haurrak ikastolatik nola prestatuta irtengo ziren jakiteko, nolakoa izango zen eskola hori. Baina gogoa geneukan euskara bultzatzeko.

Eta ondo prestatuta irten ziren?

Bai, prestaketa oso ona izan da. Begira ze anekdota polita kontatuko dizudan. Gu, orduan, Pirinioetara joaten ginen, Aragues del Puertora [Huesca]. Iñigok 4 edo 5 urte edukiko zituen orduan, eta kezkatuta geunden gure haurrak ikasketetan zer moduz zebiltzan jakiteko. Charo, hango lagun bat, Katalunian irakaslea zen, eta eskatu genion Iñigori klase partikular batzuk emateko, jakiteko nola gindoazen.

Gainditu al zuen Iñigok?

Joan zen, eta lagunak esan zidan: «Mari Karmen, a ze desastrea! Nora eramaten duzue haur hau? Ez daki ezer ere!». Eta orduan galdetu nion: «Charo, baina zer diozu, nondik hasi zara?». Diktaketa bat egin zuten. Espainolez erakusten zuen berak, eta esan genion: «Honek ez daki, honek euskaraz daki!». Hurrengo egunean matematikarekin edo beste zerbaitekin hasteko esan genion. Orduan esan zigun oso ondo zihoala. Baina hasieran, sekulako sustoa hartu genuen.

Ikastolen mugimenduaz gain, enpresagintzan ere aritu zarete. Elay enpresa ere sortu zenuten senarrak eta biok.

Bai, Elay hitza Elkoro eta Aiastui abizenen batura da. Ezkondu baino lehen hasi ginen enpresa non ipini pentsatzen, artean makina bat bakarrik geneukala. Azkenean, Antzuolan [Gipuzkoa] jarri genuen. Nire aitak asko lagundu zigun Elayrekin.

Zuk ez duzu bertan lan egin, ezta? Senarrak, bai.

Beti Jose Luisek, bai. Bera izan da enpresa bultzatu duena, eta burua ere izan da.

Senarra hainbat aldiz izan duzu kartzelan. Presoen senideekin ere beti egon zara inplikatuta?

Beti-beti ere ez. Hasieran ez geunden politikan murgilduta. Jose Luis Alkartu-Nai taldean hasi zen, eta hori soziala zen: herrirako anbulantziak lortu nahi zituzten. Gero, Alkateen Mugimenduan hasi zen, eta ikurrinaren egunetik aurrera bizitza asko konplikatu zitzaigun [1976ko uztailean, Euskal Herriko udalerrien ordezkariak Bergaran batu ziren, eta hitzaldi bat eman zuen Elkorok, alkate zela; ekitaldi jendetsua izan zen, eta ikurrinak jarri zituzten]. Egun hartan iritsi zitzaidan lehenengo mehatxua. Gerora, milaka dei jaso nituen, bai arratsaldez, bai gauez... Orduan hasi zen inplikazioa presoen gaian ere.

Zer zioten mehatxuek?

Oso gogorrak ziren. Lehenengoa ikaragarria izan zen: akabatuko gintuztela, senarrari ikurrina gainean jarriko ziotela, «Elkororen alarguna zara»... Azken hori alabak hartu zuen. Etxetik ere joan ginen, beldurtuta. Umea amaren etxean utzi, eta guk alde.

Eta handik aurrera, gaur arte.

Senideetan sartu nintzen gero, Jose Luis hainbeste bider egon da kartzelan... Bizitzak bultzatuta inplikatu naiz senideekin; etxean neukalako eta beharra neukalako parte hartu dut. Denok ari ginen sufritzen, eta laguntasun desberdin bat egiten duzu horrelakoetan. Lagun asko egin dut bertan. Egon naiz Algecirasen, Jaenen, Kordoban, Almerian, Osnyn... Espainia guztia ezagutu dut kartzelako bisitengatik.

Senarraren ibilbide politikoa ezaguna da, baina zu bitartean itzalean egon zara, etxeko lanetan...

A bai, eta sei urtean, lau ume! Badakizu zer den hori, lan asko. Gero dendan ere bai. Kartzelakoa gogorra da, ez delako kartzela bakarrik: arduratu behar duzu bera nola dagoen. Baina seme-alabak nagusi egin zirenean hasi ziren kartzelak. Txikiak zirenean, bere lana zeukan, eta ordu asko sartu behar zituen enpresa aurrera eramateko; gutxi egoten zen etxean.

Nola bizi izan duzu hori?

Normal, bizitzan hori normala da. Horrela tokatzen zen, eta orduan emakumeak beste modu batean geunden. Lau ume? Ba, lau ume. Aurrera atera behar dituzu, eta kito. Lan asko egin behar duzu etxean, eta dendan ere bai. Gainera, orain ez, baino lehen zapatuetan ere lana egiten zen.

Zaletasunei dagokienez, Bergarako Orfeoian ibili izan zara.

Musika asko gustatzen zait. Orfeoian 15 urterekin sartuko nintzen. Gogoratzen naiz nire aitak oso ondo abesten zuela; baxua zen bera, eta aita, anaia eta ni, hirurok egon ginen Orfeoian. Gero, laga egin nuen hiru ume neuzkanean. Asko zelako, entseguak gaueko hamarretan-edo izaten zirelako.

Zure bi anaiek musika ikasi zuten, baina zu dendara bidali zintuzten: arantza geratu zaizu?

Bueno, gerora izan nuen aukera, baina 30 urterekin lau haur neuzkan, eta zer egingo nuen, ba? Pianoa, adibidez, ikasi nuen kolegioan, eta orain ere pianoa zabalik dago egongelan, baina ez dut jotzen. 1998an hemen iskanbila hasi zenean, Jose Luis kartzelara eta bestea ez dakit zer... hor utzi nion pianoa jotzeari. Baina gustatu bai, asko; gauetan, adibidez, telebista piztu ordez, musika ipinita irakurtzen dut.

Beste instrumenturen bat ikasi nahiko zenuke?

Ez; gustatu, biolina ere gustatzen zait. Baina nik pianoarekin nahikoa neukan, nahiko polit jotzen nuen. Beste piano batzuk jo ditut nik, beste piano mota batzuk tokatu zaizkit.]]>
<![CDATA[Pitxerreko azken zurrutak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2022-02-13/pitxerreko_azken_zurrutak.htm Sun, 13 Feb 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2022-02-13/pitxerreko_azken_zurrutak.htm
Txotxaren aurretik, pitxerretik edaten zen sagardoa, ordea. Esate baterako, oso ezaguna da Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita zenaren sagardotegiko argazkia, lagun batzuekin agertzen dena. Bertan, pitxerra dute sagardotegiko mahai gainean. Halabeharrez heldu diote azken bi urteetan sagardotegiek ohitura zahar horri, pandemiaren eraginez. Baina horrek ere badu iraungitze data: bihar, neurri murriztaileak bukatzearekin batera, txotxa itzuliko da sagardotegietara.

Larunbat eguerdia da Astigarragako (Gipuzkoa) Oialume Zar sagardotegian, eta jendea hasi da mahaian esertzen. Ez da beste hizpiderik jendearen artean: datorren astetik aurrera giroa erabat desberdina izango da, txotxari esker.

Neurriak neurri, «sekulako ilusioarekin» hasi dute aurtengo denboraldia, Ander Barrenetxea sagardotegiko arduradunaren arabera: «Denboraldia pitxerrarekin hasi genuen, baina aurten txotxa izango den esperantzarekin». Bi garairen ostean, pozik hartu dute txotxaren itzuleraren berria.

Barrenetxearen hitzetan, «jendea ere gogoz etorri da hasieratik, ondo», baina guztiek dute sagardotegian ohiko moduan egoteko gogoa. Ate joka daukate txotxa, eta zerbitzariek ere bezperako afarietan igartzen zela diote, giro oso ona egon zelako: «Ez dakigu nork pasa zuen hobeto, haiek edo guk», diote. Ohiko modura itzultzeko gogotsu baitira, bezeroak bezala, langileak ere.

Iragarpenarekin batera hasi zen telefonoa ere hotsa ateratzen: «Albistea eman zutenetik telefonoa berriz ere dantzan hasi da. Orain arte %60ko edukiera izan dugu, eta itxaron zerrendan jartzen genuen jendea».

Edukiera handitu arren, ordea, ez daukate mahai kopurua asko aldatzeko asmorik. «Pentsatzen ari gara mahai askoz ere gehiago ez jartzea. Lehen beti topera ibiltzen ginen, gainezka, eta orain erritmo onean ari gara. Gainera, gero apirila iritsi eta berriro jaisten badute edukiera, zer?».

Atetik sartu eta lehenengo mahaian daude, iritsi berri, Donibane Azkarate eta Ibai Uriarte, «estreinatzeko zain». Txotxa edo pitxerra, pitxerra edo txotxa; zalantza horrekin joan dira sagardotegira: «Anderri hori galdetu diogu lehenengo: gaur nola joango da kontua? Azaldu digu, eta, espero bezala, pitxerretik edango dugu».

Haien ondoan sei upel daude, errenkadan jarrita. Upel bakoitzak kartel bat dauka, sagardoa egiteko zer herri eta baserritako sagarrak erabili dituzten dioena: Altuna, Aierdi, Elione, Sansonategi... irakur daiteke horietan: «Aurten bertako sagarra soilik erabili dugu. Hurrengo urtean, ziur aski, ezingo dugu, baina aurten bai», azaldu du Barrenetxeak.

Upelei, berriz, metalezko pieza bat gehitu diete, txotxaren muturrari itsatsita, pitxerrak hobeto betetzeko. Datorren astean kenduko dituzte, eta ohiko muturra soilik utziko dute, jendeak bere kabuz erabil dezan.

Itzultzeko aitzakia

Hainbat lagun talde pitxerra bete eta kanpora atera dira, aire zabalean eta eguzkipean sagardoa edatera. Hogei lagun inguru daude bertan sagardoa dastatzen. Ana Zabaltza, Roi Campus eta Jordi Sellares dira horietako batzuk, eta Bartzelonakoak dira. «Donostiako lagun bat daukagu, Mikel, [hatzarekin seinalatuz] eta urtero etortzen gara harekin sagardotegira. Duela zazpi urte ere, antza denez, hona etorri ginen».

Bartzelonarrak ez ziren datorren astetik aurrera txotxa egongo denaren jakitun, eta penaz hartu dute berria. Baina konforme daude pitxerrekin ere: «Bueno, pitxerrak ditugu guretzat», diote. Gustura daude, baita ere, egun euritsua egokitu ez zaielako: «Gainera, agian datorren astean hemengo eguraldia egingo du!», diote txantxetan.

Asko direnez, aspaldi aukeratu zuten atzoko data. «Aurrerapen handiz hartu behar izan dugu tokia, asko garelako. Hurrengo urtean itzuli beharko gara, txotx egitera!»

Haiek bezala, badute errepikatzeko aitzakia Uriartek eta Azkaratek ere, lagun batek huts egin baitie azken orduan: «Hiru ginen etortzekoak, baina duela ordu erdi positibo eman du hirugarren lagunak, eta ezin izan da etorri», adierazi du Uriartek.

Azkaratek, berriz, ironiaz dio: «Ikusten duzu zer triste gauden hura gabe. Pena da aurrerapen handiz hartu behar dela tokia, larunbat eguerdietarako batez ere. Ez da erraza izango». Saiatuko dira, ordea: «Ea aukerarik daukagun!».]]>
<![CDATA[Oinetako beste elkartasun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/048/001/2021-11-14/oinetako_beste_elkartasun.htm Sun, 14 Nov 2021 00:00:00 +0100 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1960/048/001/2021-11-14/oinetako_beste_elkartasun.htm Jantzi negua ekinbidea egin baitzuten atzo, Greziako errefuxiatuentzat neguko oinetakoak biltzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 herritan.

Sei urte daramatza elkarteak Lesbosko errefuxiatu esparruan bizi diren pertsonentzat otorduak prestatzen. «Hori da gure lana, otordu duin bat ematea une pozgarri bat izan dezaten», azaldu du Peio Garciak, Zaporeak elkarteko kideak.

Baina elikaduraz gain, beste hainbat behar ere sumatu dituzte: «Orain, negua datorrenez, oinetakorik gabe daude: asko txankleta hutsean, beste ezer gabe». Behar horri erantzuteko egin dute bilketa, eta Greziaz gain, Siriako errefuxiatu guneetara ere eramango dituzte oinetakoak.

Jende ugari joan da bilketa gunera. Batzuek poltsa txiki bat dute eskuan, baina bada erosketetako orga bat edo bidaiatzeko maleta bat bete duenik ere. Denetik eraman dute: haurrei txiki geratutako oinetakoak, aspaldian armairu bazterrean utzitakoak edo dagoeneko balio ez dietenak. Denetik, bai, baina erosoak denak: «Bigarren eskuko denda batean jarri behar nituen erabiltzen ez nituen oinetako batzuk, berri-berriak, baina deialdia ikusi nuen, eta hona ekartzea erabaki dut», azaldu du neska gazte batek.

Deialdiaren berri izan ez duten hainbat pertsona ere agertu dira, zer gertatzen ari den galdezka. Ekinbidearen berri emanda, harrituta geratu dira, jende ilara luzeari so: «Eta hauek guztiak daude horretarako?», diote. Beste batzuk, berriz, zein ordutara arte dauden galdetu diete antolatzaileei, etxera joan eta beren oinetakoak eraman ahal izateko.

Erantzunarekin,«pozik»

Boluntarioek, oinetako pareak elkarrekin lotu, eta plastikozko poltsetan sartzen dihardute. Zer moduz ari diren galdetuta, irribarrez diote, esku artean daukatena albo batera utzi gabe: «Oso ondo, gainezka».

Pozik dago Garcia ere, beste behin, herritarrek emandako erantzunarekin: «Bilketa egiten ari diren herri guztietatik ari zaizkigu deitzen, eta jende asko ari da inplikatzen. Lanez gainezka gaude, baina pozez zoratzen, negu bero bat pasatuko dutelako».

Bihar hasiko dira oinetakoak paletetan antolatzen, eta datorren astean abiatuko da lehenengo kamioia Greziarantz, elkartasunez berotzeko oin bila.]]>
<![CDATA[Ihesaldi bat zuri-beltzean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/040/001/2021-10-09/ihesaldi_bat_zuri_beltzean.htm Sat, 09 Oct 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1890/040/001/2021-10-09/ihesaldi_bat_zuri_beltzean.htm Segoviako ihesa filmak: xehetasunez xehetasun kontatzen zuen nola egin zuten kartzelatik ihes 29 presok, komuneko sei azulejuren atzean hainbat hilabetez tunela zulatzen ibili ostean. Bitartean, musika doinua eta pilota partidetako hotsa erabiltzen zuten tunela egiteko zulaketetako hotsa entzun ez zedin.

Filmaren barrunbeak ezagutzeko, Ihesaldi baten oroitzapenak. Segoviako ihesaren 40. urteurrena izeneko erakusketa jarri dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Izan ere, 40 urte bete ditu Imanol Uribek zuzendutako filmak, eta grabaketetako argazkiak, jasotako sariak eta objektuak bildu dituzte bertan.

Zuri-beltzeko bide bat osatzen du erakusketak. Sarreran, pareta zurietan kokatuta, informazio panel beltzak daude, eta filma sortu zeneko testuingurua azaltzen dute: 1981ean grabatu zuten, hain zuzen, otsailaren 23ko estatu kolpe saiakeraren ondotik. Izan ere, egun hartako goizean bertan eskatu zituzten baimenak grabatzeko eta Guardia Zibilaren uniformeak eta armak erabiltzeko, eta baiezkoa jaso zuten gerora.

Atentatuz, lapurretaz, bahiketaz eta polizia jazarpenez betetako testuinguru soziopolitikoan ekoitzi zuten filma, hain zuzen ere, ETA politiko-militarreko presoen 1976ko ihesetik bost urtera. Filma Juan Jose Roson Espainiako Barne ministroaren etengabeko jopuntuan egon zen.

Filmaren atzean gordetako istorioak ere ezagutarazten ditu erakusketak. Esaterako, ekoizleen artean izan zen Angel Amigo, benetako ihesaldian parte hartu zuen presoetako bat. Guardia Zibilak, berriz, ekoizpenean lagundu zuen, aktoreei aholkuak emanez, antzezpena sinesgarria izan zedin; hortaz, preso ohiak ziren aktoreekin lanean aritu ziren.

Testuinguruan kokatzeko panel horiek pasata, barrote batzuen artetik sartzen da filmeko objektuak eta argazkiak biltzen dituen gelara, bisitariak senti dezan kartzelan bertan sartzen dela. Filmaren kartel ofizialak pasatu ostean, Jesus Uriartek filmatze lanak egin bitartean ateratako argazkiak ikus daitezke, horiek ere zuri-beltzean.

Filmeko eszenen argazkiez gain, grabaketen atzeko argazkiak ikus daitezke erakusketan: besteak beste, Tolosako eskolapioen eskolan eraikitako dekoratuaren planoak —bertan eraiki baitzuten filmeko kartzela—, eszena bateko travelling bat nola egin zuten ikusteko argazkia, eta filmazio taldearen argazki bat. Baita jarraitutasuna errespetatzeko egindako argazkiak ere: sekuentziak ez zituztenez jarraian grabatu, aktoreen itxura xehetasunez zaintzeko egin zituzten.

Argazkiez gain, ordea, ikusgai daude bestelako objektuak ere: gidoi originala eta filmaketan erabilitako klaketa bera ere bertan daude. Pantaila bat dago, eta filmaren zati bat proiektatzen du etengabe.

Euskal zineman «mugarria»

Filma euskal zinemagintzako mugarritzat jo dute: 29. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta goraino bete zen Viktoria Eugenia antzokia. Fipresci kritikaren saria lortu zuen, «nazioarteko politikan arreta bereganatu zuten duela gutxiko benetako gertaeren gaineko ikuspegi inpartzialagatik», erakusketan azaltzen denez. Saria ikusgai dago, baita irabazi izanaren arrazoia eskuz idatzita ere, Imanol Uriberen izenarekin batera.

Horrez gain, garai hartan sortu berria zen Eusko Jaurlaritzaren babesa zuen filmak, eta gerora, euskal zinemagintzarako diru laguntzak eman zituen. Urriaren 30era arte egongo da erakusketa ikusgai, filmaren atzeko istorioak ezagutzeko.]]>
<![CDATA[Arautik urrundu, askatzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/038/001/2021-10-02/arautik_urrundu_askatzeko.htm Sat, 02 Oct 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1884/038/001/2021-10-02/arautik_urrundu_askatzeko.htm Bye bye, gizontxo! Tipoak, estereotipoak eta arketipoak lelopean.

Duela bost urte, tailer bera egin zuten, baina emakumeak nola irudikatu izan diren aztertzeko. Aurtengoan bezala parte hartu zuen ordukoan Begoña Durruti iustratzaileak, eta gogoan ditu ordukotik ateratako ondorioak: «Topikoak beti daudela presente, emakumeak objektu gisa tratatu izan direla, eta tratatzen direla oraindik..». Kontzienteago egiteko balio diote horrelako tailerrek: «Ez gara etortzen ondorio zehatzetara iristeko, baina niri balio dit kontzienteago izateko zer tratamendu eman behar diodan irudiari».

Irudiek duten botereaz jakitun dago ilustratzailea: «Hitzez hiru edo lau orritan esango zenukeena esaten dizu irudi batek begi kolpe batean; indar izugarria daukate».

Aurtengo gaia, berriz, gabezia bati begira sortu zuten, Ignasi Blanch irakasleak azaldu duenez: «Gai hau landu behar zela iruditzen zitzaigun: tailer hauetako gehiengoa emakumezkoa izanik, nolakoa den haien begirada gizonak irudikatzerakoan, zein gizontasun eredu irudikatzen den, zein aldaketa izaten ari diren...».

Izan ere, ilustrazioak gizartearen ispilu diren heinean, genero rolak eta arauak islatzen dira horietan ere. Hala dio Canok: «Denok daukagu ideia bat ustez maskulinoa denarena eta femeninoa dela esan digutenarena, eta kontziente gara aldatzen ari dela, baina terminologia horretara jotzen dugu elkar ulertzeko».

Aldaketak, «poliki»

Estereotipoetan aldaketak «ematen duen baino polikiago» gertatzen ari direla dio idazleak. Horregatik, eredu berriak sortzeak zailtasunak sortu diezazkioke irakurleari: «Zuk adierazten baduzu gizontasun eredu ezberdin bat, edo estetika ezberdin bat, gorputzak margotzeko edo begiratzeko modu ezberdin bat, horrek distraitu egin dezake». Hori gertatuz gero, oihartzunak sortzen direla dio, eta ilustratzaileek aintzat hartu behar dituztela, istoriotik ez aldentzeko. «Hori da, hain zuzen, estereotipoak irautearen arrazoia», dio.

Blanchen esanetan, ordea, tailerraren helburua ez da ilustratzaileak baldintzatzea, arau horiek guztiak zalantzan jartzea baizik, artista gisa beste begirada bat izan dezaten: «Ariketak pentsatuta daude askatasun behar batetik, ateak irekitzeko eta irtenbideak aurkitzeko». Konbentzionaltasunetik urruntzera ausartzera animatzen ditu ilustratzaileak, eskemak iraultzeko: «Nik erabiltzen dudan espresioa da 'hori konbentzionalegia da'. Eguneroko munduari buruz ari naiz, ortodoxoaz, gehiengoak onartzen duen horretaz».

Horregatik, ilustrazio bat egiterakoan, bakoitzak bere bizipenetan oinarrituta sortzeko tresnak ematen dizkie: «Niretzat oso garrantzitsua da sortzailearen identitateak eta sortutako lan plastikoak lotura izatea. Bakoitza bakarra baita, baita gure miseriekin ere». Bestela, egindakoa «lan formal bat besterik ez» dela dio, eta horrelakoak milaka daudela munduan.

Tailerreko parte hartzaileak «askeago» bihurtzen ditu horrek, marrazterako garaian, Durrutiren arabera: «Askatasun handiagoa eman dit; erakutsi didate barnera begiratzen eta ni izaten marrazkietan ere, beldurrik gabe».

Izan ere, aurtengo solasaldietan ikusi dute alde handia dagoela askotan ilustratzaileak etxean marrazten duenetik argitaletxeari enkarguz egiten dion irudira. Bezeroan pentsatuta baino, barrenetik sortu nahi du Durrutik: «Fidelak izan behar dugu gure pertsonari, gure izateko moduari, eta hortik abiatuta lana egin».

Partekatu eta askatzeko

Ilustratzaileen lana oso bakartia da, Durrutiren arabera, eta horrelako tailerrek beste ilustratzaile eta irakasleen jakintzatik edateko eta elkarrekin hausnartzeko parada ematen diete: «Ilustratzaileok sator zulo batean bizi gara; beharra daukagu konpartitzeko, galderak egiteko, ikasteko, besteen lanak ikusteko...».

Behin elkartuta epairik gabeko eta tolerantzia handiko giroa sortzen dela goraipatu du Blanchek: «Oso irekiak gaude; egiten dituzten ekarpenak entzuten ditugu. Guk ere eboluzionatzen dugulako, eta ikasten dugulako tailerrarekin».

Galderen bidez hausnartzen dute, adibidez, zerbait berehala marraztu ondoren, irudiaren atzeko esanahiez galdetuta. Hala azaldu du Durrutik: «Ignasiren helburua da espontaneoak izatea; horrek ez du erran nahi ez denik pentsatu behar, baina iragazki gehiegi gabe. Gero egin duzun horren inguruan eztabaidatuko duzu, eta galderak eginen dizkizu zergatik egin duzun hori».

Azkartasun horretan, askok ondo egiten duten gauzak egitera jotzen dute; segurura, Canoren esanetan, baina haiek beste zerbait bilatzen laguntzen diete, «subkontzientetik edatea»: «Hori sustatzen saiatzen gara: automatismoa egiten baduzu, izan dadila subkontzientetik, eta izan dadila askea».

Ilustratzaileei tailerrak beren jardunean aztarna uzten diela dio Durrutik:«Hemen gauden guztiek aztarna uzten dute zugan, eta hori islatzen da zure marrazkietan eta lana egiteko moduan. Azkenean esponja batzuk gara gizakiok, eta joaten gara ikasiz eta aldatuz».

Hain zuzen, «katarsi txikiak» geratzen direla nabarmendu du Canok, eta asko duela sorkuntza solidario kolektibotik. Ikastaroan aipatutako zerbait argitaratuta ikustean han hausnartutakoak gogoratuko dituztela dio: «Guk liburua hartzen dugunean, esango dugu: 'a! Gogoratzen naiz egun hartaz'».]]>
<![CDATA[Kirol egokitua ikusarazteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2021-09-12/kirol_egokitua_ikusarazteko.htm Sun, 12 Sep 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1957/040/001/2021-09-12/kirol_egokitua_ikusarazteko.htm Prest gaude! erakusketaren aurkezpena da, eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak (GKEF) prestatu du, kirola gizarteratze tresna bat izan daitekeela adierazteko. Ostiralean aurkeztu zuten, eta urriaren 29ra arte egongo da Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai. Datorren urtean, berriz, Gipuzkoako beste hainbat herritara eraman nahi dute erakusketa.

Jendea sentsibilizatzea da erakusketaren xedeetako bat, Blanca Aranguren GKEFko zuzendariaren arabera: «Desgaitasunen eta kirolaren inguruan sentsibilizatu nahi du erakusketak, desgaitasunen bat duen edozein pertsonak kirola egiteko orduan aurkitu ditzakeen oztopoak identifikatuz». KirolBarrerak izeneko kanpainaren barruko bigarren egitasmoa da erakusketa.

Federazioaren leloarekin bat egiten du erakusketak: «Desberdintasunak ikusarazten, aukerak sortuz». 2002an sortu zuten, jarduera fisiko egokitua eta inklusiboa sustatzeko. 29 kirol elkartek osatzen dute gaur egun, eta kirol modalitate ugari lantzen dituzte.

Datuz eta informazioz beteta dago gela; Gipuzkoako herritarren ia %10ek dute desgaitasunen bat. Herritarren zati handi batek dituen zailtasunez mintzo da, beraz.

Zailtasun horiek ikusaraztearen garrantzia nabarmendu du Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak. «Askotan ez gara konturatzen populazioaren parte batek oztopoak dituela bere eguneroko bizitza erraztasunez egiteko. Horrez gain, gogoratu du kirolean ongizate fisiko, mental eta soziala lantzen dela.

Kirolerako tresnak, bistan

Kontzeptu eta datuetatik harago, ordea, kirol egokitua egiteko beharrezko tresna eta elementuak ere erdigunean jarri dituzte erakusketan. Adibidez, esku bizikleta bat dago gelaren erdian, eskuekin bizikletan ibiltzeko gailua. Alboan, berriz, bainatu ahal izateko gurpil aulki bat dauka. Mahai baten gainean, goalballeko baloiak daude, barruan txintxarriak dituzten baloiak, hain zuzen. Futbolaren antzeko kirola da, eta ikusi gabe, entzunez darabilte kirolariek baloia.

Tresna horiek ikusaraziz, kirolaz gozatu ahal izateko baliabide eta laguntza ekonomikoak behar direla ere nabarmendu nahi dute, bainurako aulki horietako batek, adibidez, milaka euro balio ditzakeelako. Gainera, beti ez dute erraza izaten iritsi nahi duten lekura iristea, irisgarritasuna bermatuta ez dagoelako.

Ezezagunak diren kirolak ezagutarazteko ere balioko du erakusketak. Boccia izeneko kirolaren azalpen krokis bat jarri dute lurrean, adibidez. Petankaren antzeko kirola da boccia, eta kontzentrazio eta zehaztasun handia izatea eskatzen du. Boccian aritzen da Amagoia Arrieta jokalari debarra. Arrieta Hong Kongen aritu da berriki, Paralinpiar Jokoetan.

Erakusketako horma zurian etengabe proiektatzen duten bideo batean ageri da Arrieta, beste hainbat kirolarirekin batera. Esate baterako, Irati Idiakez snowboard egokituko kirolaria, Alex Prior gurpil aulkiko eskrimalaria, eta Beñat Lizaso gurpil aulkiko pilotaria agertzen dira harekin batera. «Kirol barrerak» idatzia duen kamiseta bat jantzita daukate guztiek, eta errotuladore laranja batekin markatzen dute barrerak hitza, oztopo guztiak gainditzeko prest daudela nabarmentzeko.

Hain zuzen, zailtasun horiek alboratu, eta aukerak aprobetxatu dituzte, Itziar Igartua Gipuzkoako Kutxa Solidarioko zuzendariak goraipatu bezala: «Barrera zerbait itxia balitz bezala uler daiteke, gaitasunik gabe uzten zaituena, baina baita moldagarri edo eraldatzailea den zerbait balitz bezala ere, ezberdinen arteko elkarrekintza bultzatzen duena».

Hezkuntzaren garrantzia

Heztea da erakusketaren beste helburu bat, Arangurenen arabera: «Hizkuntza inklusiboa bultzatzeko, hitzek garrantzi handia dutelako». Hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonei buruz hitz egiteko terminologia egokia zein den azaltzen du beste informazio panel batek. «Aniztasun funtzionala duen pertsona» edo «urritasun egoeran dagoen pertsona» terminoak lehenetsi behar dira, eta gaixoa, atzeratua, edo ezgaia hitzen modukoak alboratu.

Gaiari buruz gehiago sakondu ahal izateko, irailaren 30ean kirol egokitu inklusiboari buruzko hitzaldi bat antolatu dute, Okendo kultur etxean bertan, Kiroleko barrerak ezabatuz lelopean. Urriaren 1ean, berriz, sentsibilizazio eguna antolatu dute, bertako gaztelekuaren eskutik.]]>
<![CDATA[Zientzian murgilduta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2021-08-18/zientzian_murgilduta.htm Wed, 18 Aug 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2021-08-18/zientzian_murgilduta.htm
Egun osorako esperimentuak eta tailerrak dauzkate antolatuta. Fakirraren ohea izenekoa, adibidez, atzo eguerdian egin zuten, mekanika gelan. Nerea Etxaniz museoko gidak eman ditu azalpenak. Metalezko xafla handi baten inguruan batu dira familiak; zortzi mila iltze gorantz begira ditu, eta ikusmin handia sortu du haurrengan.

Adi entzun dituzte gidaren azalpenak: «Zergatik daukan izen hori? Ba izen hori dauka fakirrek hainbat trikimailu egin ditzaketelako, eta hau horietako bat delako». Iltzez betetako ohearen gainean etzatea posible dela frogatuko duela azaldu du, «edonor» etzan daitekeela esanez, «minik hartu gabe».

Iltzeak benetakoak direla frogatu du hasieran: eskua gainean jarri eta iltzeen gainean estutu du, entzuleei marka geratu zaiola erakusteko. «Eskuko markak ikusita, jakin dezakegu benetakoak direla iltzeak». Eta nola da hori posible? Haur batek eman du erantzuna, tonu baxuan: «Pisua banatu egiten delako». Erantzuna txalotu, eta azalpenarekin jarraitu du gidak: «Ez da gauza bera presioa egitea azalera txiki batean, ala gorputz osoan».

Burua, ordea, ez dute iltzeen gainean jartzen; kristalezko xafla batean ezartzen dute: «Burua biribila izanda, bere pisu gehiena puntu edo azalera txiki batean pilatzen da, eta hor bai, min emango liguke». Boluntario bat eskatu du gidak jarraian, eta haur batek eskua jaso du berehala. «Lasai, denek egiteko aukera izango duzue», azaldu die. Banan-banan igo dira, ilusioa maskararen kanpotik igartzeko moduan. Hasieran urduri igo badira ere, azalpenak egia direla ikusi dute.

Eguzki izpien bila

Museoaren kanpoko aldean egin dute Sunspotter izeneko ekintza. Eguzkia ateratzeko zain egon dira, izarra dagoen gunean lainorik ez egotea eskatzen baitu ariketak. Egurrezko objektu bat jarri du mahai gainean Etxanizek: triangelu bat, zirkulu erdi baten gainean. Triangeluak zulo biribil bat dauka, eta barrualdean, ispilu bat eta paper bat.

Eguzkiaren esfera ikustea du xede Sunspotter-ek. «Guk eguzkiari zuzenean ezin diogunez begiratu, objektu honek lente bat dauka, eta barruan ispilu batzuk. Beraz, eguzkiaren irudia lentetik sartzen da, ispiluetan errebotatzen du, eta hemengo paper honetan eguzkiaren esfera ikusten da». Horretarako, ordea, eguzkiaren argia sartu behar da zuzen-zuzenean, eta leku egokiaren bila ibili da.

Eguzkiari buruzko azalpenak eman ditu kokapenarekin asmatu bitartean: «Eguzkiak berezko jarduera dauka, eta ziklikoa da. Ziklo bakoitzak 11 bat urte izan ohi du, eta horren barnean pasatzen da ziklo goreneko punta eta gutxienekoa».

Azaldu du eguzkiaren poloetan izandako mugimenduen ondorioz —eztandak edo erupzioak, adibidez— orbanak sortzen direla. «Mugimendu horiek hozten direnean, lau mila bat gradutara geratzen dira, eta, gainazala sei mila gradutara dagoenez, zulo moduko batzuk sortzen ditu». Paper zurian orban gisa islatuko lirateke gune horiek, argazkietan erakutsi duenez. Normalean, orban horiek astebete inguru irauten dute, eta gero, desagertu egiten dira.

Gailu egokia da eklipseak ikusteko ere: «Duela gutxi eklipse bat egon zen, eta honekin egon ginen ikusten; oso ondo ikusten zen». Lainoak pixka bat arindu diren unean, lortu du esfera orri zurian ikustea. Baina berehala galdu da, lainoa gailentzearekin batera. «Gainera, bitxia da, izan ere, eguzkiaren irudia ikusten duzu, eta pixkanaka ateratzen da paperetik, lurraren errotazioagatik».

Uda «arrakastatsua»

Martxo eta maiatz inguruan jende gutxi izan arren, udan museora jende ugari joaten ari dela adierazi du Etxanizek. Uda ez denez eguzkitsua izaten ari, batez ere familiek museoak bisitatzera jo dutela dio. Aurrera eta atzera dabil, jarduera bat amaitu orduko beste batera abiatzen.

Izan ere, hainbat aukera eskaintzen dituzte museoan: planetariumean denbora errealeko astronomia-proiekzioak egin, animalien gunean oihan tropikaletako sugeak, basamortuko muskerrak eta itsasoko arrain eta marmokak ezagutu; simulagailuan errealitate birtualeko betaurrekoak jarri, eta giza gorputzaren atalak gordetzen dituen erakusketa bisitatu.]]>
<![CDATA[Arrantza horia Urumean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2021-08-14/arrantza_horia_urumean.htm Sat, 14 Aug 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2021-08-14/arrantza_horia_urumean.htm
Ez da enpresak gisa horretako ekimen bat antolatzen duen lehen aldia: Urumeako Aste Nagusiaren egitarauaren barruan, abuztuaren 8an ibaia garbitzeko beste deialdi bat egin zuten. Ordukoan, objektu handiak izan zituzten jomugan, eta, horregatik, adinez nagusiek soilik hartu ahal izan zuten parte. Atzo, ordea, ontzi arinak eta plastikozko zaborra biltzea zutenez xede, eta haurrek ere parte hartu ahal izan zuten.

Hamabost lagun inguru elkartu dira Loiolako Arrauningen egoitza parean; gehienak gurasoak dira, haurrekin, eta Donostia inguruko herrietakoak. Bost kanoatan antolatu dira, binaka edo hirunaka joateko. Hasierako azalpenak Unai Elizasu enpresako sortzaileak eman dizkie: «Zaborra bildu ahala, kanoetan gordeko dugu, eta gero, bukatutakoan, edukiontzi batera botako dugu». Kanoei buruzko xehetasunak ere eman ditu, lasaitze aldera: «Oso zaila da ontzia iraultzea, ia- ia nahita egin behar da».

Arrauning jartzen duen txaleko gorriak jantzi, eta kolore bereko ontziak ibaian sartu dituzte, banan-banan. Plastikozko eskularruak jantzi dituzte parte hartzaileek, zaborra jasotzeko, eta txandaka abiatu dira: Loiola parean hasi, eta Martutenerantz jo dute, inguruari so, zer-nolako ontziak arrantzatuko.

Norabide berean arraunean

Hasieran, kosta zaie parte hartzaile batzuei ontzia nahi zuten norabidera joateko koordinatzea: «Orain zuk ezkerrera, orain beste aldera; zuk eman orain!», entzuten zen ibaiaren ertzetik. Palakadak areagotu ahala, ordea, orekatu dituzte indarrak, eta nahi zuten lekura joan dira, «arraun, arraun» oihu artean, eta Bandiera rossa abestia abestuz.

Kanoa bat bestearen atzetik joan direnez, lehenengo zihoazenek ontziren bat hartzerakoan huts egiten badute, hurrengo ontzikoek bildu dute. Baina atzera itzuli direnak ere izan dira. Horien arriskua nabarmendu du Elizasuk amaieran: «Hasieran plastiko zati txikiak pasatzen uzten zituzten, baina gauza txiki horiek, ia ikusten ez direnak, dira arriskutsuenak».

Kanpoan ere izan dute laguntza, zaborrak non aurkitu seinalatzen ibili baita inguruan zebilen jendea. Entrenatzen zebiltzan piraguista gazteekin ere gurutzatu dira, eta ahateak ere ikusi dituzte, ibaiaren ertzetan zabor bila ari ziren bitartean. Uretan zeuden hondakinak hartzeaz gain, zuhaitzen adarretan ikusitakoak ere bildu dituzte, besteak beste.

Denetik bildu dute txangoan: plastikozko botilak, gozokien poltsak, sokak, maskarak... baita lokatz artean zapataren bat edo beste ere. Guztira lau bat poltsa bete dituzte, eta amaieran, gauza bakoitza zegokion edukiontzira bota dute, birziklatu ahal izateko bereizi ondoren.

Balorazio ona

«Gustura» gelditu dira bai antolatzaileak, bai parte hartzaileak. Uste baino gutxiago bildu dutela aitortu dute batzuek, baina Elizasuk berehala erantzun die: «Botila bat ateratze hutsa nahikoa da, ahateei janari hori kendu diegun seinale delako», azaldu du donostiarrak, ziurtasunez.

Hala ere, ulertu du objektu txikiak izanik jaso dutena hainbeste ez dela iruditzea: «Egia da aurreko garbiketa egin genuenean hain gauza handiak atera genituenez askoz ere ikusgarriagoa zela». Baina nabarmendu du objektu txikiak biltzea handiak biltzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa dela.

Txomiñenea parkearen inguruan ibili dira denbora gehien, jendea ibiltzen den tokia denez zabor gehien han egongo zelakoan. Bide bera atzerantz egin, eta Arrauningen egoitzan amaitu dute atzera ere. Lanerako toki duena garbi mantentzea gustatzen zaio Elizasuri, eta «pozik» amaitu du. Hain zuzen, Urumea ezagutarazteko lanean dihardu enpresa sortu zuenetik, 2010. urtetik. Hori du jomugan: arrauna eta aisia elkartuz, ibaia barru-barrutik ezagutaraztea.

Urumeako Aste Nagusia amaitu aurretik, bi ekintza egingo dituzte Arrauningekoek: gaur gauean, Urumeaz gauez gozatzeko aukera izango dute: Loiolan hasi, Lizeagako portuan sagardo pixka bat edan, eta ilunabarrez itzuliko dira Loiolara; bihar, berriz, kanoetan osteratxoa egingo dute, Urumean barrena. Lehenengoan parte hartu ahal izateko, hogei euro ordaindu behar da, eta bigarrenerako, berriz, hamalau euro. Horrela emango diote amaiera aurten lehen aldiz antolatu duten Urumeako Aste Nagusiari.]]>
<![CDATA[Urmuga, plurala eta gazteagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/034/001/2021-06-26/urmuga_plurala_eta_gazteagoa.htm Sat, 26 Jun 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/2040/034/001/2021-06-26/urmuga_plurala_eta_gazteagoa.htm
Uztailaren 13tik 31ra bitartean egingo dute aurten ekinbidea. Batetik, 385 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute, Garobel mendilerrotik hasi eta Hiru Erregeen Mahaira arte. Bestetik, kontzertuak antolatu dituzte ibilbidea igarotzen den lekuetan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, www.urmuga.eus webgunean.

Felipe Uriarte izan da Urmugako mendi ibilaldiaren gidaria. Hitzartzean, batetik, Luis Pedro Peña Santiago mendizale, etnologo eta idazle donostiarra izan du gogoan, Urmugako zeharkaldi handia liburuaren idazlea. Bertan idatzi zuen idazleak ibilbidea, hainbat poemarekin; bestetik, Aldatz Gora Bilboko mendi elkarteko Patxi Galez hitz egin du, elkartearen 75. urteurrena ospatzeko Urmugako ibilbidea egin baitzuten, hari zehatz-mehatz jarraituz: «Gure Urmugak jaso nahi du Peñaren poesia eta Aldatz Gorakoen zorroztasuna».

Mikel Zeberio izan da musika egitarauaren zuzendaria. Kartelean «aniztasun handia» dagoela nabarmendu du, eta aurten musikari gazte gehiagok parte hartuko dutela: «Joan den urtekoaren aldean berritasun handiena da gazteagoak diren eta, hortaz, beste esparru batzuk ordezkatzen dituzten kantari gazteek parte hartuko dutela. Beste freskura bat emango digu horrek». Herriz herri ibiltzeak eta kontzertuak herri txikietan egiteak «xarma» duela dio, eta «esanahi berezi bat» ematen diola ekinbideari, herritarren inplikazioari esker.

Maider Zabalegi eta Mikel Moreno musikariek hartu dute hitza ondoren, eta esker ona adierazi diete antolatzaileei. Zabalegik iazko Urmugan ikusle gisa parte hartu zuela azaldu du, eta aurten, aukera emandakoan, zalantzarik gabe eman zuela baiezkoa, mendia eta musika, biak maite dituelako. Harentzat, Urmuga «hegan egiteko modu bat, gustatzen zaidan bi gauza horiek uztartuta egitea» dela adierazi du.

Mendiarekin «zorretan»

Mikel Moreno, aldiz, «desiratzen» dago kontzertua iristeko. Musikariak mendiarekin, nolabait, «zorretan» daudela dio: «Mendian topatzen dugun lasaitasun hori ez dugu beste leku batean topatzen, eta sorkuntzarako inspirazioa lortzen dugu mendiari esker».

Erakundeetako ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan: Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak kultura «mendi, kale eta antzokietan gozatu eta balioztatzeko» deia egin du:«Herri baten nortasuna da», adierazi du.

Bide bat marraztu dutela azaldu dute, eta urte askotan jarraitzea espero dutela, hari ikusezin batekin Euskal Herria josten.]]>
<![CDATA[Bidaia bat bertsolaritzara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2021-06-13/bidaia_bat_bertsolaritzara.htm Sun, 13 Jun 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2021-06-13/bidaia_bat_bertsolaritzara.htm Bertsolaritza Donostian barrena ibilbidea egin bitartean. Zortzi geraleku markatuta dauzkate elkartearen webgunean, eta, horietako bakoitzera joanda, audiogida batean bertsolaritzarekin lotutako istorio edo pasarte bat entzutea proposatzen dute.

Hiriari eta bertsolaritzari buruzko lehengo eta oraingo kontuak gizarteratzea dute helburu, Elene Lopetegi Bagerako kidearen arabera: «Manex Mujika bertsolari donostiarrak ibilbide bat erdi prestatuta zeukan, eta, horri tiraka, atal batzuk osatu eta martxan jartzea pentsatu genuen».

Lehenik, Bilintx

Antzoki Zaharrean dago ibilbideko lehen geldialdia. Play sakatu, eta mundu paralelo batean murgiltzen da bisitaria, kalean dabilen jendea ahaztuta. Antzokiari buruzko datuak eta bertako zaindari izandako Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx-i buruzko kontuak daude entzungai. Udaberriko agendan ikus daiteke bertsolaria gogoan dutela, bertso hamabostaldian hari buruzko saio bat egon baitzen.

Antzoki Zaharretik kaira ibilita dago bigarren geralekua. Egun, badiatik ibilaldiak egiteko ontziak nagusi diren gunean, arrain saltzaileek, gehienak emakumeak, arrainak kantuan saltzen zituztela dio gidak, eta inprobisazioan ere iaioak zirela. Horregatik, 1930. urtean arrain saltzaileen inprobisazio lehiaketa egin zuten, gerora Bilbon ere antolatu zutena.

Handik, Urgull mendira joan behar da, Apaizen pasealekura, Igeldo, Antigua, Ibaeta eta Aieteri begira jartzeko. Gaur egun urbanistikoak diren auzoetan, baserri eta sagardotegi ugari zeuden lehen, eta bertako bertsolariak ditu hizpide: Oriamendi baserriko kalonjetarrak, kasurako.

Abuztuaren 31 kalea pasatu eta Trinitate plazan geratu behar da hurrena. Estropaden bezperan Donostiako Udalak bertan antolatutako bertso saioa eta Aste Nagusi piratako saioak gogora ekartzen dituzte. Izan ere, herri mugimenduek bertsolaritzari emandako hauspoaz mintzo da, «Auzoa euskaraz bizi» kartela irakur daitekeen plazan.

Plaza Berrira gidatzen dute entzulea ondoren, gerra karlisten artean hirian zabaldutako giro euskaldunaz hitz egiteko. Bertan antolatu ziren lore joko izeneko kultur jardunaldiak, eta han inprimatzen ziren garai hartan sortutako aldizkariak, Euskal Herri eta Ttunttun, kasurako.

Ondoren, Fermin Kalbeton kaleko 13. zenbakira darama gidak bisitaria, Ramon, Pepe eta Rosario Artolaren bertsolari familia gogoan. Bizitokia eta lantegia izan zuten etxe hura.

Gero, San Juan kaleko geldialdia aprobetxatzen dute tropa ingeles eta portugaldarrek Donostia erre zuten garaiko istorioak kontatzeko. Jose Bizente Etxegarai bertsolaria aipatzen du audioak, erreketari buruzko bertsoak idatzi baitzituen, besteak beste .

Azken puntuan, Kursaalaren ondoko zubian, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko informazioa ematen da. Izan ere, lehen txapelketa 1935. urtean jokatu zen, gaurko Kursaalaren parean zegoen Poxpolina antzokian. Txapelketak izandako bilakaeraz hausnartuz amaitzen da ibilbidea.]]>
<![CDATA[Amonite erraldoien etxea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2002/038/001/2021-05-13/amonite_erraldoien_etxea.htm Thu, 13 May 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/2002/038/001/2021-05-13/amonite_erraldoien_etxea.htm
Irtetean gurutzatu dituzte haurrek Jesus Narvaez eta Esperanza Azkarraga, amoniteen bilduma hor egotearen arduradunak. Hain zuzen, beren omenalditik bueltan egin dute geldialdia haiek jasotako fosilak dauden gelan. Mutrikuko hirugarren hondartzako sarbidean amoniteak aurkitu zituzten tokitik gertu, plaka bat jarri dute haien omenez Mutrikuko Udalak eta Geoparkeak.

Dagoeneko badakite amonite horiek lurreko historiaren momentu jakin batean bizi izan zirela: pangea superkontinentea apurtzen ari zenean, eta ozeanoak hedatzen ari zirenean. Beraz, itsaso zabal batean bizi ziren, dinosauroekin batera. Horrek duela 110 milioi urteko ingurunea nolakoa zen ezagutarazteko balio izan die zientzialariei.

Bildumagileei egindako omenaldian, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate eta Geoparkeko presidenteak nabarmendu du berrogei urtean mutrikuarrek fosilen eta flyschen inguruan asko ikasi dutela, egindako ikerketei esker: «Umetan hondartzan ibiltzen ginen, eta tarteka harri txiki berezi batzuk topatzen genituen. Gerora ikasi genuen harri horiek fosilak zirela, eta, gero, izena jarri genien: amoniteak». Eskerrak eman zizkien Narvaez eta Azkarragari, eta Geoparkearen hamargarren urteurrenaren ondoren lanean jarraituko dutela berretsi zuen: «Hasiera baino ez dugu egin milioika urteko kontakizun horretan».

Kolaborazioa giltzarri

Asier Hilario Geoparkeko koordinatzaile zientifikoak nabarmendu du kolaborazioa dela Geoparkearen ardatza, eta proiektu honek argi utzi duela hori: herritar batzuek bildu eta orain Geoparkearen «altxor garrantzitsuenetariko bat» daukatelako eskura Nautilus didaktika gelan. Gainera, Narvaez eta Azkarragaren «borondate finkoa» goraipatu zuen Hilariok: «Hasiera-hasieratik nahi izan dute bilduma Mutrikun bertan geratzea, bertan jasotakoa delako». Egindako ekarpena oso handia dela berretsi zuen: «Bilduma labarretatik atera ez balute, itsasoak higatu egingo zituen gehienak, eta galdu egingo ziren».

Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak, aldiz, nabarmendu du hiru ardatz garrantzitsu biltzen dituela Geoparkeak: batetik, ikerketa, duela ehun milioi urtetik Euskal Herriko lurretan zer gertatu den ezagutzeko balio baitu; bestetik, formakuntza, gazteei ingurumen hezkuntzaren transmisioa egiteko modua baitute; eta, azkenik, turismo jasangarrirako aukera baita.

Zientziari ekarpena

«Oso politak izateaz gain, garrantzi zientifiko handia dute, ez bakarrik hemengoa ulertzeko, baita munduan gertatutakoa ulertzeko ere», azaldu du Luis Migel Agirrezabala EHUko Geologoak. Doktore tesia Mutriku inguruko geologiari buruz egin zuen, eta, amoniteen bitartez, arrokak datatzea lortu zuen, haien adina jakitea.

Gainera, garrantzi geologikoaz gain, amoniteek fosil gisa garrantzi paleontologikoa ere badutela nabarmendu du Mikel Lopez EHUko paleontologoak: «Arrokek asko esaten dute izaki horiek bizi ziren lekuari buruz». Altxortzat jo ditu piezak, eta gogoratu du ez dela batere ohikoa hain handiak izatea: «Amoniteen familiako beste osagaiak ez dira hain handiak; 10 eta 20 zentimetro artean dituzte gehienez jota. Mutrikukoak, aldiz, oso handiak dira, eta geruza bat baino gehiagotan agertzen dira: 300 metroko segidan zehar. Ez dago horren adibiderik ia mundu osoan».

Azkenik, EHUko paleontologoak senar-emazteen naturazaletasuna, borondatea eta herriarekiko maitasuna goretsi ditu, eta eragile eta erakundeei elkarrekin lanean jarraitzeko gonbita egin die.

Aurrerantzean ere, bakoitzak bere esparruan lanean jarraituko du, eta didaktika gela martxan egongo da, amoniteen kontserbaziorako leku izan dadin, eta ondare geologikoaren transmisioa bermatu dezan.]]>
<![CDATA[150 amonite Mutrikuko Nautilus ikerketa eta didaktika gela berrian]]> https://www.berria.eus/albisteak/197598/150_amonite_mutrikuko_nautilus_ikerketa_eta_didaktika_gela_berrian.htm Wed, 12 May 2021 17:01:27 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/albisteak/197598/150_amonite_mutrikuko_nautilus_ikerketa_eta_didaktika_gela_berrian.htm <![CDATA[Sutondoan, sustraietan barna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/037/001/2021-05-01/sutondoan_sustraietan_barna.htm Sat, 01 May 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1872/037/001/2021-05-01/sutondoan_sustraietan_barna.htm Sutondoan liburuaren azala. Mahaia kolektiboko hamabost kidek sortu dute liburua, eta, sukaldariak bezala, plateren oinarri diren tokiko produktu eta ekoizleak ezagutaraztea du helburu, testuekin bezala, argazkiekin.

Azala liburuaren esentziaren erakusgarri da, Joseba Urretabizkaia liburuko argazkien egilearen arabera: «Platera sustrai gisa, platera lurraren fruitu gisa eta platera sorkuntza gisa agertzen da».

Mahaia kolektiboa BCCren babesarekin sortu zen, eta «euskal sukaldaritzarekin konprometitutako» sukaldarien kolektibo bat da. Gipuzkoako hamabost sukaldarik osatzen dute: Aizpea Oihanederrek, Igor Arregik, Dani Lopezek eta Xabi Gorrotxategik, besteak beste. Bi urte daramatzate lanean, eta liburua elkarlan horren lehen fruitua da, haien arabera.

Alvaro Bermejo liburuaren idazlearen hitzetan, sukaldearen sustraiak diren ekoizle, produktu eta sukaldariak ezagutarazten saiatu dira, harremanen bidez: «Liburuan etengabe islatzen dugu sukaldarien eta ekoizleen arteko harreman berezi hori».

Pili Manterola Getariako (Gipuzkoa) Iribar jatetxeko eta Ander Gonzalez Donostiako Astelena jatetxeko sukaldariek aurkeztu zuten ekitaldia, biak baitira Mahaia kolektiboko kide. «Konturatu gara desberdinak izan arren denok daukagula sukaldaritzarekiko eta lanerako grina bera», nabarmendu zuten. Kolektiboko kide hutsak izateari utzi eta adiskide ere bihurtu direla diote.

Oinarriak etorkizun

Sukaldarien lehen bilera BCCk bultzatu zuen. Joxe Mari Aizega zuzendariaren arabera. Euskal gastronomiaren izen ezagunak elkartuz, liburuak «mezu sinboliko» bat zabaltzen du: «Liburu hau sukaldeak bere ekosistemari, inguruneari eta inguruko pertsonei begiratzearen garrantziaz mintzo da. Horregatik hitz egiten du ekoizleez, arrantzaleez eta jatetxeak ongizatearen tenplu izatea eragiten duten pertsonez».

Roberto Ruiz eta Aitor Arregi sukaldariek, kolektiboaren izenean, taldea «erabat irekia» dela adierazi zuten, eta bakoitza bere ingurua eta ingurukoak deskribatzen saiatu dela: «Ezagutzen duguna maitatzen dugulako, eta maitatzen duguna defenditu nahi dugulako».

Ekoizle txikien lanari zor zaion aitortza ematea ere bada liburuaren xedea, tradizioa eta berrikuntza nola uztartu diren kontatzearekin batera. Juxto Zilbeiti arrantzale getariarrak, adibidez, lanbidea nola aldatu den kontatzen du liburuan: «Lehen, txoriei, baleei eta izurdeei begiratuta arrantzatzen genuen; gaur egun, ordea, tresna asko daude, eta, horri esker, arraina freskoago eramaten dugu portura».

Belaunaldien arteko transmisioa ere bada Mahaiakoen erronketako bat, Aizpea Oihaneder Xarma jatetxeko sukaldariaren arabera: «Zorte handia da haiek egindako lan guztiaren trantsizio horren parte izatea, eta orain guri pasio horri eustea dagokigu, ezagutza transmititzeko».

Era berean, baserri munduari ere erreparatu diote, Denis Lopez Tolosako Babarrun Elkarteko kidearen bidez. Ekoizlea da bera, eta bezeroei zuzenean saltzen dizkie produktuak: «Ekoizle handiengana jotzen da gaur egun, ekoizpen intentsibora, eta iruditzen zait ustiategi txikien bidez gauzak beste modu batean egin daitezkeela».

Egokitzen jarraitu beharko du, aurrerantzean ere, euskal gastronomiak, jatetxeen bizitza «aldaketen ziklo etengabe bat» delako, Ruben Trincado Mirador de Ulia jatetxeko sukaldariak azaldu bezala.

Dena den, oinarria, beste ezeren gainetik, «errespetua» izan behar da, Enrique Fleischan Bailara jatetxeko sukaldariaren hitzetan, baita aurrerantzean ere: «Dagoena errespetatu, eta, posible bada, aberasgarriago egiten saiatu». Mahaiako kideek euskal gastronomian «jasangarritasunaren, kalitatearen, berrikuntzaren, garapenaren eta sustapenaren alde» egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.]]>
<![CDATA[Rolean ere, euskaraz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1965/034/001/2021-04-24/rolean_ere_euskaraz.htm Sat, 24 Apr 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1965/034/001/2021-04-24/rolean_ere_euskaraz.htm Adur izeneko rol jokoa, eta haren liburua: euskaraz rol jokoetan aritzeko aukera izatea.

«Askotan beste hizkuntzetakoak hartzen ibiltzen gara, moldatzen... Garrantzitsua da gure jolasak edukitzea euskaraz, eta euskaraz jolastea», dio Azedok. Beste hainbat laguntzaile izan ditu liburua sortzeko prozesuan: Imanol Etxeberria ari da marrazkiak egiten, eta Eneko Sanchez, berriz, editore lanetan.

«Istorioaren barnean, jokalari bakoitzak pertsonaia bat irudikatzen du, eta, horregatik, jolasteko modu horri rol jokoa esaten zaio». Rol horiek banatuta, istorioak asmatzeko jokoa da, funtsean, Adur: «Jokoa hitz egitean datza, elkarrizketa bat sortzean, non gidariak egoera bat azaltzen duen, eta jokalariek egoera horretan bere pertsonaiak zer egin erabakitzen duten, denen artean istorio bat asmatuz». Launaka edo bosnaka jolasteko modukoa da jokoa.

Euskal Herriko Erdi Aroan girotuta dago jokoa, eta euskal mitologiako pertsonaiak dira jokalariek gorpuzten dituzten protagonistak: laminak, Mari, jentilak... Historiako gertaerak eta gertaera miresgarriak nahasten dira, eta horiei nola aurre egin erabaki behar dute protagonistek.

Baina rol jokoetan euskaraz aritzea ez da helburu bakarra, helburu pedagogikoa ere izan baitezake. Historia eta mitologia jokoarekin nahastuta, «era dibertigarriago» batean gai horiek ikasteko aukera eman dezakeela dio sortzaileak: «Historia txikitan testuliburuen bidez ikastera ohituta gaude, zerbait estatikoa da; eta, jokoaren bidez, mundu horretan sartu eta bizi egiten duzu garai hartako egoera». Helburu hirukoitza du, hortaz: ikastea, entretenitzea eta euskara sustatzea.

Itxialdia baliatu zuen proiektuari forma eman eta liburua sortzeko: «Etxean denbora asko pasatu beharko genuela eta denbora neukala ikusita, liburua egitea erabaki nuen. Handik urte betera, dena prest neukan, eta liburua argitaratzea erabaki nuen».

Rol jokoen goraldia

Baina liburua berria izan arren, jokoa 1990eko hamarkadan sortu zuen. Lagunekin jolastu izan da ordutik: «Garai hartan, rol jokoak ez ziren oso ezagunak, oso jende gutxi ibiltzen ginen jolasean». Orain, ordea, ezagunagoak direla dio, eta horregatik erabaki duela liburua sortzea: «Azkenaldian, jendea rol jokoak ezagutzen hasi da, zabaltzen ari dira, eta ni aspaldian asmatutako jokoa idaztera animatu naiz».

Geroz eta gehiago dira rol jokoetan ibiltzen diren euskaldunak; komunitate bat osatu dute jadanik. Saretuta daude dagoeneko, Azedoren arabera: «Telegramen talde bat daukagu, eta 40 pertsona inguru gaude bertan; astero egiten ditugu partidak, hitz egiten dugu, eta prestatzen ditugu egitasmoak».

Horren adierazgarri, iaz Rolaldia izeneko egitasmoa antolatu zuten, euskaraz rolean aritzeko. 80-100 lagun inguru batu ziren: «Gabonetan egin genuen, eta ohiko taldetik kanpokoentzat ere irekia izan zen. Aste batean partida pila bat prestatu genituen, eta jende asko animatu zen».

Uste du pandemiak, kasu honetan, lagundu egin duela jende gehiago jolastera animatu dadin. Izan ere, online jolasteko aukera dago, eta haiek ere horrela aritu dira denbora horretan: «Pandemian, etxean sartuta denbora asko pasatu behar izan dugunez, areagotu egin da rolari kopurua». Bideokonferentzia programen bidez, berdin-berdin jolastu daitekeela dio, eta komunitatera jende gehiago hurbiltzea eragin duela horrek.

Profilari dagokionez, orain arteko rol jolasak nagusientzat izan diren arren, Adur edonork jolasteko modukoa dela nabarmendu du: «Adur jokoaren alde ona da arauak oso errazak direla, eta nagusiak bezala jolastu daitezkeela gazteak». Ez da aditua izan behar, beraz, jolasteko.

Literaturazaleek ere gustuko izan dezaketela dio sortzaileak: «Istorioak momentuan inprobisatzen, asmatzen ditugunez, ahozko literatura egiten dugula esan daiteke».

Maiatzaren amaiera aldean, finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatuko dute Itsulapikoa.eus plataforman, eta jendea animatu nahi du ekarpena egitera: «Adur jokoa jolasteko modu bat da, oso dibertigarria dena. Baina, nire ustez, guretzat, euskaldunontzat, zeozer berezia dauka: gure munduan, Euskal Herrian kokatuta dago, euskal mitologiako pertsonak daude...». Ekarpena egiten dutenek jokoaren ale bat jasoko dute trukean.]]>
<![CDATA[Ondarearen transmisioa bermatzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1934/038/001/2021-04-20/ondarearen_transmisioa_bermatzeko.htm Tue, 20 Apr 2021 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1934/038/001/2021-04-20/ondarearen_transmisioa_bermatzeko.htm
Plataformak 31 metro luze da, eta zazpi metro eta erdi zabal; Euroeskualdeak lagundutako GaztEgur proiektuari esker ondu dute Angeluko (Lapurdi) Les Compagnons du Tour de Franceko Lanbide Heziketako eta Iruñeko Donibane Li-LH-ko ikasleek, Albaolako ikasleen laguntzaz. Orain, hutsune horiek bete, eta jangelak bizitza hartzea falta da. Baina beste hainbat gauzatarako ere erabiliko dute gunea: batzarrak, tailerrak edo ekitaldiak egiteko, kasurako.

Hezkuntza, transmisiorako

Itsas ondarearen berreskurapena xede, 2014an sortu zuten Albaola Itsas Kultur Faktoria. Hiru urte geroago, Aprendiztegi Nazioarteko Ontzigintza Eskola Tradizionala martxan jarri zuten, nazioarteko ikasleak ontzigintzan hezteko. Eskolaren sorrera «lorpen bat» izan zen, Xabier Agote Albaolako zuzendariaren arabera. Izan ere, ondarea bizirik mantentzeko ezagutzaren transmisioa «funtsezkoa» dela dio. Ondarea zaintzea eta gordetzea ondo dagoela uste du, baina benetan bizitzeko gaurkotasuna behar duela: «Ez dugu fosilizatutako ondare bat nahi, bizirik dagoena baizik».

Horretarako, hezkuntza dinamika bat beharrezkoa dela dio, eta horregatik sortu dutela, bere garaian Aprendiztegi bezala, GaztEgur proiektua.

Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako ikasleak elkartzea «aberasgarria» dela dio Agotek, lan egiteko modu berriak ikasteko. Ez da Euroeskualdearen bidez martxan jartzen duten lehen egitasmoa, eta nahasketa «naturala» dela dio, ontzigintza eskola nazioartekoa izanik Pasaiako eta kanpoko jendea bertan izatera ohituta daudelako.

Ikasleen esperientzia

Transmisio horren lekuko izan dira Alexandra Jaren Iruñeko Donibane Li-LH-ko zurgintzako ikaslea, eta Damien Chaux Angeluko Les Compagnons du Tour de Francekoa. Irailean murgildu ziren proiektuan bi ikastetxeak, eta lanean aritu dira nor bere aldetik, Pasaiara joan, eta jangelaren egitura altxatzeko egunak iritsi bitartean.

Chauxek proiektuan parte hartzeko proposamena jaso eta baiezkoa eman zuen: «Erabiliko den zerbait egiteko aukera eman digu, eta baita Hego Euskal Herriko ikasleak ezagutzeko ere». Iruñeko Donibaneko ikasleak ere irakasleen eskutik jaso zuen proposamena, eta berehala animatu zen: «Zurgintza izugarri gustatzen zait, eta, honelako aukera bat suertatu zenez, pentsatu nuen ezin niola ezezkoa esan, parte hartu behar nuela».

Lan prozesuan elkar ondo ulertu dutela diote: «Haiek ohituta daude makineria gehiago erabiltzera, baina elkarrekin ondo lan egin dugu», dio Jarenek. Irakasleek egindako planoak oinarri hartuta, piezak moztu zituzten lehenengo, eta, azkenik, pieza bakoitza bere tokian jarri zuten, egitura altxatzeko. Jarenek adierazi duenez, egitura hain handia izanik, neurrietan hanka sartuz gero nahiko erraz konpondu zitekeen; egitura txikiagoetan, zehaztasun handiagoa behar izaten da.

Emaitzarekin «pozik» daudela diote bi ikasleek. «Horrelako proiektuak ez dira egunero egiten, eta harro gaude egindako lanaz», nabarmendu du lapurtarrak. Baita Jarenek ere, hainbeste ordu sartutako proiektua amaituta ikusita: «Hasieran pentsatu nuen ezingo genuela aurrera eraman, baina, egunek aurrera egin ahala, posible zela ikusi nuen».

Harrobi gisa ere balio dezake proiektuak, nahiz eta aurrerantzean ikasle bakoitzak bere bidetik jarraituko duen: «Baliteke proiektu honi garrantzia ematea denborarekin, eta guri edo gurea bezalako eskoletako ikasleei lanerako deitzea, beste proiekturen batean parte hartzeko», dio Jarenek, esperientzia «bakarra» eta «ahaztezina» izan delako.

Elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du Albaolako zuzendariak, horrek erakusten duelakoan «helburuak lortu direla»: «Batetik, materialki ikusten den bezala, egitura osatuta dagoelako. Baina bestetik, baita inmaterialki ere: gazteak ondo moldatu dira euren artean, oso esperientzia aberatsa izan da, eta irrikan daude berriz elkarlanean aritzeko».]]>
<![CDATA[Itzulia, ez zeharkaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/030/001/2019-08-16/itzulia_ez_zeharkaldia.htm Fri, 16 Aug 2019 00:00:00 +0200 Ane Insausti https://www.berria.eus/paperekoa/1901/030/001/2019-08-16/itzulia_ez_zeharkaldia.htm
Dena ondo lotua dute antolatzaileek eguraldiak eta itsasoaren egoerak Pasealeku Berriko igerialdia zapuztu ez dezaten. Zurriolan hasi eta Kontxan amaitu behar zuen, baina, eguraldiaren eraginez, Kontxako hondartzako uretan egin dute, han daude igerian 560 parte hartzaileak. Hiru kilometroko bidea osatuko dute, buien inguruan. Itsasontzi txikiak uraren erdigunean daude, buiek inguratuta, eta itsasoaren erritmoan mugitzen dira, balantzaka.

Talde berdearen eta laranjaren ordenan ez da aldaketarik egon, ordea. Txano berdedunak irten dira lehenengo, 12:00etan: azken hiru urteetan hiru kilometroko zeharkaldiren bat 52 minuturen buruan amaitu dutenak dira. Bi minutu geroago, gainerakoak sartu dira uretan, laranja koloreko txanoa soinean.

Amaia Iriarte izan zen igerialdia osatu zuen lehenengo emakumea. Juan Carlos Ruiz / Foku 53. minutua betetzear zela hasi dira txano berdedunak helmugako arkura iristen. Marcos Godoy izan da lehena. Bigarren sailkatua iristear zela, ordea, arku puzgarria husten hasi, eta zintzilik dagoen kronometroa erori egin da, eta bost bat lagunen denbora galdu dute.

Itsasoaren egoerak planak aldatu arren, itsaslasterrak ez dituzte oztopo izan haietako batzuek. Igerialdiko lehenengo emakumea izan da Burlatako (Nafarroa) Amaia Iriarte: «Hasieran, gaizki zegoen itsasoa, baina, irla pasatu ondoren lasaitu da, eta oso gustura joan naiz hortik aurrera». Helmuga zapaldu eta berehala hasi da Iriarte batarekin eta bestearekin solasean, irribarretsu.

Beste batzuei, ordea, gogorragoa egin zaie helmugarako bidea. Oñatiko (Gipuzkoa) Juan Kruz Kortabarriak bi kilometro inguruko bira izatea espero bazuen ere, igerian konturatu da gehiago izango zirela. «Nahiko luzea egin zait, egia esan», adierazi du Kortabarriak. Urteak daramatza ekitaldian parte hartzen.

Giroa, aparta

Txano laranjadunek zein berdedunek nabarmendu dute gustuko dutela zeharkaldiko giroa. «Oporretako aste bat Donostian pasatzen dudanez, urteak daramatzat parte hartzen, oso giro polita egoten delako», adierazi du Kortabarriak.
Jende ugari joan zen helmugara, igerilariak animatzera. Juan Carlos Ruiz / Foku

Donostiako Malen Arrietak ere helmugako giro «ona» nabarmendu du. Berezko ibilbidea egiteko gogoz geratu da bere bigarren aldian: «Hurrengo urtean berriro saiatuko gara!».

Bada eguna talde giroan bizi duenik ere. Bata laranja eta bestea berdea izan arren, elkarrekin daude helmugan Aranoko (Nafarroa) Erramun Galparsoro eta Donostiako Igeldo auzoko Joseba Soroa. «Hamahirugarrenez-edo» egin dute gaur igeri elkarrekin, eta urtero inguruko herrietako aurpegi ezagunak topatzen dituzte: «Beti jende berdintsua ikusten dugu, eta gustatzen zaigu beste herrietako jendearekin aurkitzea». Haiek ere sortzen den giroagatik errepikatu ohi dute: «Giroa da hemengo gauzarik politena». ]]>