<![CDATA[Ane Insausti Barandiaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 29 Nov 2022 21:53:37 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ane Insausti Barandiaran | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sauna, bizitzaren ardatz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1928/038/001/2022-11-26/sauna_bizitzaren_ardatz.htm Sat, 26 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1928/038/001/2022-11-26/sauna_bizitzaren_ardatz.htm akenna ensin saunasi jasittentalosi (Eraiki lehenik zure sauna, eta gero zure etxea), hala dio Finlandiako esamolde batek. Etxearen zutabea da, lehentasun bat askorentzat, esamoldeak erakusten duenez. Etxetik kanpo ere hartzen dute, ordea, egunerokoan txertatutako ohitura baita herrialde hartan. Sauna beroa hartu, eta kanpora ateratzen dira askotan, laku edo igerileku hotz batean bainua hartzera. Guztira, 3,3 milioi sauna daude Finlandian, eta 5,5 milioi biztanle.

Hainbat herrialde eta kulturatan daude saunaren antzeko ohiturak: Errusian (baniak), Turkian (hammamak), erromatarren artean (termak), Japonian... Baina, Finlandian, duela milaka urtetik dago sauna hartzeko ohitura. Esperientzia sinplea dirudi: egurrezko gela batean, estufa bat egoten da, gainean harriak izaten ditu, eta berotzean, ura botatzen zaie, lurruna sortzeko.

Kultura oso bat dago, ordea, ariketa sinple horren atzean; erabat errotutako ohitura bat da. Esperientzia «sakratua» zen antzina finlandiarrentzat: emakumeak saunetan erditzen ziren, eta hildakoak lurperatu aurretik garbitzeko ere erabiltzen zituzten. Hain zuzen, Unescok ondare immaterialeko ondasun izendatu zuen saunaren kultura 2020an.

Dozenaka ikerketa egin dituzte sauna hartzearen onurak frogatzeko, batik bat Finlandian. Besteak beste, osasun kardiobaskularra hobetzen duela, iktusa izateko arriskua apaltzen duela, eta, izerdia botatzearen ondorioz, gorputzak ingurunetik barneratutako toxinak kanporatzeko egokiak direla erakutsi dute. Intentsitate ertaineko jarduera fisikoa egitearen parekoa dela ere esaten dute, eta, hortaz, kirola egin ezin dutenentzat oso baliagarria izan daitekeela.

Onura fisikoak gorabehera, sauna hartzean lortzen den lasaitasunagatik maite dute askok ohitura hori. Horietako bat da Joseba Ossa itzultzailea. Finlandiara egindako bidaia batean ezagutu zituen, eta guztiz «liluratuta» geratu zen «sakontasunarekin»: «Konturatu nintzen egungo itxurakeria eta azalkeria baino askoz ere sakonagoa dela, eta badela leku bat kontenplaziorako, egoteko».

Hizkuntzak ikasteko eta Eskandinaviako gizarte eredua ezagutzeko asmoz joan zen Finlandiara, bizikletaz. Hiru hilabeteko egonaldia hiru urtekoa bihurtu zen, azkenean. «Mia [Rissanen, emaztea] ezagutu nuen, maitasun txinpartak hasi ziren, eta Finlandiarekin eta saunaren kulturarekin txundituta geratu nintzen», azaldu du.

Lehen aldiak

Ossak gogoan du oraindik sauna hartu zuen lehen eguna: auzolandegi ekologista batera joan zen, eta gizonek eta emakumeek elkarrekin eta biluzik hartzen zutela jakitean, urduritu egin zen. «Orduan, lotsatiagoa nintzen, eta urduri nengoen, baina interesatuta, aldi berean. Naturala izan zen, ederra. Abiapuntu ona izan zen».

Bigarren saioa egitera, berriz, apaiz luterano batek gonbidatu zuen: «Saunaz, politikaz, erlijioaz, sexuaz, bikote harremanez, gizontasunaz... hitz egin genuen. Orduan hemen kontenplatu ere egiten ez ziren gaiak ziren, eta esperientzia sakona izan zen». Lagunekin sauna hartzen jarraitu zuen, eta emaztearen aitarekin «graduatu» zen: erretiroa hartu berri zuenez, astean hiruzpalau aldiz hartzen zuen sauna harekin.

Hiru urtez Finlandian bizi ondoren, Euskal Herrira etorri zen bikotea: asmoa zen beste hiru urtez Euskal Herrian bizi, Rissanek euskara eta gaztelania ikasi, eta ondoren erabakitzea bietako zein herrialdetan biziko ziren. Azkenean, Euskal Herrian gelditzea erabaki zuten. Baina, horretarako, baldintza bat jarri zuen finlandiarrak: sauna bat eraikitzea. «Mia ez zen garbi sentitzen, ezta dutxatik ateratakoan ere».

Donostian eta Zumaian (Gipuzkoa) bizi ondoren, Arroabean (Zestoa, Gipuzkoa) etxe bat ikusi zuten, eta, sauna egiteko aproposa zenez, erostea erabaki zuten. Finlandiara joan ziren estufa erostera, eta bi lagun etorri ziren Euskal Herrira, sauna eraikitzera. Etxean sartu eta ezkerrera daukate, gela txiki batean.

Pasioz hitz egiten du Ossak saunaz, eta begiek diz-diz egiten diote oroitzapenak kontatzean. Maite du denak «berdinak» izatea sauna barruan: «Izan zaitezke ministro, Nokiako zuzendari, kale garbitzaile edo sukaldari; saunan, denak berdindu egiten gara».

Bestalde, Euskal Herrian sauna publiko bat jartzea ere bazuen amets, Finlandiakoak bezalakoa. Duela hamar urte, egia bihurtu zuen ametsa, Artatzako kanpinean (Nafarroa). Urteurrenaren harira argitaratu du Sauna on! (Erroteta) liburua, Euskal Herriko saunazaleen istorioak biltzen dituena: «Liburuaren bidez, jendeak aukera izango du sauna bere sakontasunean ezagutzeko».

Sustraietara itzultzea

5 urte zituenetik hartzen du sauna Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonenek. Ama finlandiarra zuen, eta Urruñako (Lapurdi) etxean sauna bat eraiki zuten, alboan igerilekuarekin; baldintza hori jarri zuen hark ere. «Nik hori ezagutu dut txikitatik, eta asko maitatu dut beti; gero, gainera, igerilekura salto egiten nuen, eta, niretzat, sekulakoa zen hori».

Gordeta ditu haurtzaroko hainbat oroitzapen: «Eguberri egunean, beti erraten zidaten Julupuki [Finlandiako Bizarzuri] opariak ematera etortzea nahi banuen saunara joan behar nuela, bestela ez zegoela oparirik». Aitarekin saunatik itzulitakoan, opariz beteta izaten zuen izaia.

18 urte zituela galdu zuen ama, eta, 30 urte egindakoan, Finlandiara joan zen, bizikletaz, sustraietara itzultzeko: «Amak egin didan oparirik ederrena hizkuntza da. Ama galdu eta hamar urtera, sentitzen hasi nintzen finlandiera galtzen ari nintzela, ez nuelako erabiltzen». Horregatik joan zen Finlandiara, eta zazpi hilabete pasatu zituen han. Astero hartzen zuen sauna, lagunekin.

Finlandiakoak bainoago, kanpoko lagunak egin zituen Ruiz de Aldak, gehienbat. Batzuk han geratu dira bizitzen, eta denborarekin konturatu da zergatik: «Ohartu naiz haiek guztiak asko-asko maite dutela sauna, eta uste dut horregatik geratu direla Finlandian», esan du. Adin guztietako jendeak jartzen du sauna, eta lortu dute tradizioa belaunaldiz belaunaldi pasatzea: «Ederra da: sakelakoarekin-eta ibili arren, sauna atxiki nahi dute gazteek», hausnartu du.

Euskal Herrian, ordea, zailtasunak izaten ditu lagunak sauna hartzera joanarazteko: «Hemen, sauna kirolarekin lotuta ikusten da kulturalki, edo erotismoarekin edo sexuarekin lotzen da, oso arraroa egiten delako lagunekin biluzik egotea; are gehiago mistoa bada».

Kirolzale amorratua da urruñarra, eta kirola egin ondoren sauna hartzeak lasaitzen du: «Saunan, muskuluak erlaxatzen ditut, eta ederki geratzen naiz, oso tarte goxoa da». Hain zuzen, saunaren bidez soilik lortzen du kirolaren bidez daukan sentsazioa, kirolik egin gabe: «Hiru egunean kirolik egiten ez badut, ez naiz ongi. Beraz, badakit kirola egin behar dudana. Aldiz, kirolik egin gabe hori lortzeko dudan modu bakarra sauna da».

Hyva? olo-k ondo sentitzea esan nahi du finlandieraz, barruko poza, sosegua. Hala sentitzen da sauna hartu ostean: «Niretzat, bihotz sosegua duzularik lortzen duzu zoriona. Sauna saio bakoitzean, hori lortzen duzu».]]>
<![CDATA[Babarrunak dantzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-11-19/babarrunak_dantzan.htm Sat, 19 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-11-19/babarrunak_dantzan.htm
Babarrun ekoizleen lanari balioa ematea da festaren helburua. Hain zuzen ere, «ezinbestekoak diren ekoizleak, elikadura kateko ardatz garrantzitsu diren azokagileak eta tokiko produktuak gizarteratzen dituzten sukaldariak» nabarmendu nahi dituzte antolatzaileek.

Ohi bezala, hainbat lehiaketa antolatu dituzte. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen 27. Lehiaketa izango da martxan jarriko duten lehena. Trianguloan hasiko dira sukaldariak babarrunak kozinatzen, 06:30ean. Gainera, 09:00etatik 14:00etara, babarrunaren azoka berezia ipiniko dute leku berean.

Ekoizleen lehiaketaz gain, lehiaketa gastronomikoa ere egingo dute, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, 34. aldiz. Alondegian egingo dute babarrun platerik onena aukeratzeko lehia. Aurreko urteetan, igandean egin ohi zuten, festaren hurrengo egunean, baina aurten egun berean egingo dute, gainerako eragileekin bat egiteko.

Guztira, 22 bikote arituko dira norgehiagokan, eta 08:00etan hasiko dira babarrun platerak prestatzen. Parte hartzaileek ekoizle beraren babarrunak kozinatuko dituzte: Sebas Gartziarena ekoizleen lehiaketako azken irabazlearenak, hain justu ere. 12:45ean egingo dituzte sari banaketak: lehenik, ekoizleen lehiaketako irabazleen berri emango dute, eta, ondoren, lehiaketa gastronomikokoen berri.

Elkartasunak ere izango du lekurik Babarrunaren Festan, Gure Kaiola elkarteak pintxo solidarioak salduko baititu, Alondegian. Senegalgo KelleSensa Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dute irabazitako dirua.

Horrez gain, babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, Babarrunaren Kofradiak dozenaka pintxo banatuko baititu Trianguloan. Eta, nola ez, herritarrek elkarte eta tabernetan babarrun jateak egingo dituzte, festan bete-betean murgiltzeko.

Lehiatik festara

Babarrunak alde batera utzita, musikak eta dantzak ere izango dute lekua Tolosan. Euskal jaia ere ospatuko dutenez, kalera baserritar jantziekin ateratzera dei egin dute antolatzaileek. Goizean, dantza ikuskizunek, kalejirek eta trikitilariek, eta erraldoi eta buruhandien konpartsek hartuko dituzte kaleak. Arratsaldean, berriz, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariek eta txarangak girotuko dute herria. Eguna amaitzeko, Gozategi taldeak kontzertua emango du, 23:00etan, Plaza Berrian.

Tolosako Babarrunaren Festa

Gaur, 06:30etik aurrera, Tolosan (Gipuzkoa).]]>
<![CDATA[Euskarazko bideojokoen industria, «indartzen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/040/001/2022-11-12/euskarazko_bideojokoen_industria_indartzen.htm Sat, 12 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1914/040/001/2022-11-12/euskarazko_bideojokoen_industria_indartzen.htm
Bi berritasun nagusi izango dituzte jardunaldiek: batetik, bideojoko garatzaileen lana ezagutzeko topaketa egingo dute; bestetik, bideojokoak probatzeko aukera egongo da. Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak azaldu du horren arrazoia: «Apur bat formatu dinamikoa eman nahi izan diegu jardunaldiei: garatzaileek euskarazko bideojoko batzuk aurkeztuko dituzte, eta zaleek horietan jolasteko eta galderak egiteko aukera izango dute».

Unzuetak ziurtatu du bideojokoen industria handitzen ari dela. Azken urtean, esate baterako, 28 bideojoko gehitu dituzte gamerauntsia.eus webgunean. Bideojokoen zerrenda bat daukate hartan, eta iragazkiak ere jarri dizkiote webguneari, plataformaren edo generoaren arabera sailkatzeko: «Industria indartzen ari da, gero eta garatzaile gehiago daude, eta horri balioa ematea da jardunaldien asmoa, baita hori ezagutaraztea ere», adierazi du.

Gero eta garatuago egonik ere, ordea, euskarazko bideojokoen mundua ezezaguna da oraindik jende askorentzat, eta zenbait termino euskaraz entzuteak ere harritzen du jendea, Unzuetaren hitzetan: «Jende askok ez du ezagutzen euskarazko bideokoen mundua, eta hori da arazo nagusienetako bat: ez dakigula zer egoeratan dagoen, eta askotan ez dakigula existitzen denik ere».

Industriaren inguruan hausnartzeko eta hartan dabiltzanak saretzeko ere balioko dute jardunaldiek: «Hori da gure beste helburuetako bat. Garatzaile askok beren bideojokoak euskaraz garatu gura dituzte, ilusioa daukatelako eta haien hizkuntza delako, baina, askotan, bakarrik sentitzen dira, ez dakitelako inguruan garatzaile gehiago daudela, gauza bera egiten. Azken finean, horrelako sare bat eratuta, aukera gehiago daude hemengo industria bultzatzeko, baita elkarren ideien berri izateko ere».

Musika, programazioa, artea... arlo bateko eta besteko profesionalak biltzen ditu industriak, eta, bideojokoak sortzeko, talde lana «ezinbestekoa» da, Unzuetaren hitzetan. Hortaz, komunikazioa eta koordinazioa ere funtsezkoak dira.

Hitzaldien bidez, arlo horiek ikusarazi nahi dituzte: adibidez, Ibai Aizpurua eta Eneko Zubiaurre garatzaileek bideojoko bana aurkeztuko dute, eta Anize Amestoi soinu eta musika sortzailea soinu sorkuntzari buruz arituko da. Askotariko alorrak ezagutaraztea da asmoa: «Bideojoko bat ez da bakarrik ordenagailu aurrean teklak sakatzea, arlo pila bat dauzka, eta interesgarria da horretan murgiltzea», esan du Unzuetak.

Ikasleak protagonista

Euskal Herrian bideojokoen arloan ikasketak egiteko aukerak handitzen ari direla esan du antolatzaileak. Bilboko Harrobia ikastolan, Digipen Europe-Bilbao Institute Technologyn eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuan, esate baterako, eskaintzen dituzte trebatzeko aukerak.

Urtero bezala, ikasle horiei ere ahotsa emango diete, industriaren parte direla senti dezaten. Mahai inguru bat egingo dute arratsaldean, aipatutako hiru ikastetxeetako ikasleekin. Horren garrantzia nabarmendu du antolatzaileak: «Oraindik ez dira guztiz murgildu bideojokoen industrian, baina hasiak dira ikusten zer dagoen, zer egoeratan dagoen, batez ere hemen, Euskal Herrian. Horren inguruan hausnartzeko eta haien iritzia emateko txoko bat egongo da».

Aurreko aldietan, harrera «oso ona» izan dute jardunaldiek, «ez baitago halakorik euskaraz egiten duen beste egitasmorik». Hortaz, aurten ere jendeari dei egin diote, hitzaldietara edo jolastera joan dadin: «Gu jendearen zain egongo gara: bideojokoen mundua gustatzen bazaizu edo mundu horren inguruan interesa baduzu, topaleku aproposa izango da Jokoteknia».]]>
<![CDATA[Esnekien erakusleihoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-11-06/esnekien_erakusleihoa.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1956/048/001/2022-11-06/esnekien_erakusleihoa.htm
Inauteriengatik, gozoengatik, txotxongiloengatik eta babarrunengatik da batez ere ezaguna Tolosa, baina esnekiek ere erakarri dute jendea. Batzuek azalpena hasi orduko ahoratu dituzte gazta zatiak, tentazioari eutsi ezinda: «Ez hasi oraindik! Lehenengo jan barrukoa bakarrik, eta gero probatu zati bat azalarekin», gomendatu die Esneki Zentroko Eider Fernandezek. Euskal Herriko gazten aniztasuna ezagutzeko dastaketa gidatua egiten ari dira.

Bederatzi esneki kategoria dituzte dastagai, jogurtetik hasi eta gazta urdineraino. Mahatsak, ogi makilatxoak eta ura jarri dizkiete eskura, gazta batetik bestera zaporea berdintzeko. «Azala lizunduta badago, jangarria da. Pena da, askotan gazta erdia jan gabe uzten dugu», esan du Fernandezek. Azaldu duenez, azala horixkadun gaztetan begiratu behar da ea azala jan daitekeen edo ez; gaztagileak behartuta daude etiketan hori adieraztera.

Fernandezen azalpena bozgorailuetatik ateratako hotsak eten du: «Hasi gerturatzen epaile dastatzaileak». Frontoiaren beste aldean egin dute Euskal Herriko gazta eta eta esneki mota guztien txapelketa: guztira, 100 gazta eta jogurt aurkeztu dituzte, eta 40 dastatzailek erabaki dute zeintzuk diren produkturik onenak.

Bederatzi kategoriatan banatu dituzte: jogurtak, gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, gazta kremak, pasta bigunak, behi-, ardi- eta ahuntz-gazta onduak eta gazta urdinak. Etengabe ari dira hainbat pertsona, mantalak jantzita eta ilea bilduta, frontoiaren atzeko aldean, gazta zatiak prestatzen. Zenbaki batez gaztaren jatorria ezkutatu, eta epaileengana eramaten dute.

Kategoria bakoitzeko irabazleaz gain, gaztarik onena ere aukeratu dute. Otzara Goine pasta biguna izan da txapeldunetan txapelduna: Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusia irabazi du Asteasuko (Gipuzkoa) Goine Berriaren gaztak.

Lehiatik azokara

Pilotalekuaren kanpoaldean, Larreta baserriko langileen postua dago: gazta freskoa egiten ari dira, bi txandatan, eta txahal pare bat ere eraman dute, haurrek biberoia eman diezaieten. Baserritarren errealitatea jendearengana gerturatzea dute xede.

Ferialekuan, behi frisiarren lehiaketa ere egin dute: sartu orduko nabaritzen da lasto eta behi usaina. Behiak banan-banan aztertu dituzte, ikusleen harrigarri: «A zer behi puskak!», diote. Trianguloa plazan, berriz, azoka jarri dute, hainbat esneki posturekin: jendez bete da karpa. Gustura dabiltza herritarrak, hara eta hona, esnekien erakusleihoan.]]>
<![CDATA[Euskararen agerraldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-11-05/euskararen_agerraldia.htm Sat, 05 Nov 2022 00:00:00 +0100 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1909/033/001/2022-11-05/euskararen_agerraldia.htm Ager vasconum deitutako eremua da Ager eremua. Hantxe jaio da Agerraldia mugimendua, han bizi diren euskaldunak batzeko eta euskarak dituen erronkak zehazteko helburuz. Ager eremuko euskalgintzaren «lehentasunak adostea eta norabidea bateratzea» ez da egiteko makala, baina erronka horri helduko diote gaur Azkoienen (Nafarroa), Ager topaketetan, Bat egiteko garaia da lelopean.

Errigoraren eskutik sortu da Agerraldia mugimendua, baina izaera propioa du. Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko, euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko eta eremu horretan euskararen alde ari diren eragile eta norbanakoak saretzeko ekitaldiak eta jarduerak antolatzen dituzte, eta gaurko Azkoiengo topaketa da horietako bat.

Galderak mahai gainean jarri eta erantzunak topatzen hasteko lehen saiakera izango dute gaurkoa. Indarrak batuz, zonifikazioari aurre egin nahi diote, euskarak Nafarroan mugarik izan ez dezan. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute Ager eremuan euskarak dituen erronkak eta erantzunak «bertatik» zehaztea, eta, beraz, gogoeta egiteko eta ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Goizean hasiko dira hausnarketan eta lanean, kultur etxean: hasteko, 09:30ean, harrera eta aurkezpen ekitaldia egingo dituzte, eta, horren ondoren, EHUk Agerko euskal komunitateari buruz egindako ikerketa aurkeztuko dute; Agerraldiaren uzta izeneko hitzaldia ere egingo dute.

Agerko euskaltzale eta euskaldunek beren beharrak, gaitasunak eta aukerak zein diren aztertzeko eta horiekin zer egin erabakitzeko tailerrak egingo dituzte gero. Horretarako, lantaldeetan banatuko dira, gaiaren arabera: guztiak ordu berean egingo dituzte; beraz, pertsona bakoitzak arlo bakar batean parte hartu ahal izango du: gazteak, hezkuntza, kirola, kultura, erakundeak eta komunikabideak hartu dituzte gaitzat.

13:30ean egingo dute amaiera ekitaldia, eta kultur etxetik kiroldegira joango dira, herri bazkarira. Hortik aurrera festa itxura hartuko du topaketak: Ojos Violeta taldea izango da lehena oholtzara igotzen, kantaldia egingo baitute kiroldegian, 16:00etan.

Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Kui kui ikuskizuna egingo dute ondoren, kiroldegian. Pailazoen emanaldia bukatutakoan, pilota partida ere egongo da: Garatea eta Santxez Iriarte eta Sarasaren aurka arituko dira.

20:00etan hasiko dira eguna biribiltzeko antolatu dituzten kontzertuak: Tatxers, Streetwise, Odolkiak Ordainetan, Neskatasuna eta Kiliki Frexko DJ Set arituko dira, hurrenez hurren, pilotalekuan. Haien doinuekin emango diete amaiera Ager topaketei.

Ager topaketak

Gaur, 09:30etik aurrera, Azkoienen (Nafarroa).]]>
<![CDATA[Zientziaren adarren elkargunea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/030/001/2022-10-27/zientziaren_adarren_elkargunea.htm Thu, 27 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1984/030/001/2022-10-27/zientziaren_adarren_elkargunea.htm oroimena, ondarea, natura eta zientzia diote, eta aipu bat idatzita dago sarrerako atearen gainean, eskuinetara: «Ez dago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere». 75 urte bete ditu Aranzadi zientzia elkarteak, eta Donostiako Zorroagagaina kaleko egoitzaren kanpoaldean daude kartelak; urteurrena ospatzeko jarri dituzte.

Zientziaren adar ugari biltzen ditu Aranzadik, eta elkarrengandik pauso gutxira daude eraikinean: ate baten atzean indusketa arkeologikoen ikerketei buruz hitz egiten topatu daitezke langileak, eta, ondoko atea jota, txorien migrazioei edo astronomiari buruzko ikerlanetan ari dira langileak. Eider Conde da elkarteko komunikazio arduraduna, eta ate batetik bestera gidari lanak egin ditu, zientzialariei haien lanen inguruko azalpenak eskatuz.

Kanpoko atetik sartu eta eskuinera jota, liburutegia dago. Lerro luzeak osatzen dituzten apalak 117.000 bilduma eta 75 aldizkari ingururen gordeleku dira; Aranzadik lan egiten duen zientzia arloei buruzkoak dira, gehienbat. «Aranzadi hasi zuen taldeak segituan ikusi zuen beharra ezagutza nonbait gordetzeko», esan du Condek.

Ikusi gehiago: Zaletasunetik abiatu eta profesional bihurtu

Munibe aldizkaria argitaratzen du elkarteak, natur zientziekin lotutakoa batetik, eta arkeologia eta antropologiarekin lotutakoa bestetik. Lourdes Antzin liburutegiko arduraduna da: «Munibe-ri esker, trukeak egiten ditugu nazioarteko liburutegiekin, liburuak partekatzeko. Haiek ematen dizkigute guri eta guk haiei».

Eskaileretan gora eginda, arkeologiari lotutako gelan murgiltzen da bat. Bertan daude Miren Garcia eta Euken Alonso. Garcia pieza batzuk aztertzen eta garbitzen ari da; Donostian igogailu bat egiteko lanetan aurkitu zituzten, Erdi Aroko tina batzuen barruan: «Garbitu, erregistro zenbakia jarri, inbentarioa sortu eta Gordailura [Irun, Gipuzkoa] eramaten ditugu». Alonsok, berriz, aztarnategien edo aurkitutako piezen 3Dko bertsioak egiten ditu ordenagailuan, eta baita horien berregiteak ere. Aztarnategi erromatar baten 3Dko irudia jarri du pantailan, eta Serantes (Bizkaia) mendiko Dorrearen berregitea ere erakutsi du, bideo batean.

Arkeologiatik ornitologiara

Ordenagailuko pantailan mapa bat dauka Olatz Aizpurua ornitologoak. Euskal Herrian habia egiten duten hegaztiak eta migrazioak ikertzen dituzte bertako langileek, eta enarari buruzko datuak ditu begi bistan. Koloretako marrak daude, hegaztia non eraztundu duten eta non berreskuratu duten azaltzen dutenak. Izan ere, eraztuntze bulegoa daukate Aranzadikoek, erakundearen sorreraz geroztik; urtero, 250.000 hegazti ingururen jarraipena egiten dute.

«Bi eraztun mota daude: grisak, hegaztiei berreskuratzeak egiteko jartzen dizkietenak, eta gorriak, hegazti handiak prismatikoekin ikusteko jartzen dizkietenak, harrapatu beharrik gabe ikusteko», azaldu du Aizpuruak. Hain zuzen, apalean daukaten panpinazko txori batek horietako bat dauka hanka bakoitzean. Panpinaren ondoan dauzkate txorientzako habia kutxak ere: Txoribox proiektuaren barruan, ikastetxeetara joaten dira, tailerrak ematera eta txorien habia kutxak eraikitzera. Gela ere txorien argazkiz apainduta daukate.

Ornitologia sailaren ondoan dago Botanikakoa, eta kristalezko atea pasatuta iristen da atzera ere korridorera. Bertan, bitrina handi batean daude Geologia sailak aztertutako hainbat fosil, eta bidean aurrera eginda iristen da osteotekara. Dozenaka animaliaren burezurrak daude horman zintzilik, gela barruko kaxa eta hezurrei begira ariko balira bezala. Animalien hezurrak eta historiaurreko hezurrak daude kartoizko kutxetan gordeta, eta konparaketak egiteko erabiltzen dira.

Lourdes Herrasti, Paco Etxeberria eta beste hainbatek 36ko gerrari lotuta memoria historikoaren proiektuak abiatu zituztenetik, osteotekan garbitzen eta ikertzen dituzte pertsonen hezurrak ere. Plastikozko kaxak daude bata bestearen gainean pilatuta, eta kanpoan indusketa lekuak daude zehaztuta; gelako mahaiaren gainean pertsonen hezurrak dituzte. «Hezurrak atera ditzakezue, baina jakin gabe nongoak diren», esan du Lourdes Herrastik.

Hezurrez betetako gelaren parean, Fermin Leizaola buru duen Etnografia saila dago, eta korridorearen beste aldean, berriz, Mikologiarena. Horren amaieran topa daiteke Entomologia saila, atea itxita; izan ere, tenperatura eta hezetasuna kontrolpean dituzte, bilduma lehorraren kontserbaziorako. Hezetasun usaina nabarmena da gelan, eta gurpilak biratuz irekitzen dituzte intsektuen bildumak. Landareen herbarioa ere gela berean daukate: 80.000 plegu inguru dituzte gordeak.

«Bildumak ez dira bilduma hutsak, jakintza iturriak dira, ikerketa zientifiko asko horretan oinarritzen direlako», azaldu du Mari Azpiroz botanikariak. Horixe izan da Aranzadi 75 urtez: zientziaren arlo askotarako jakintza iturria, zientzia gizartera gerturatzeko saiakeran.]]>
<![CDATA[«Gizarteak eta kulturak eragina daukate pertsonen biologian»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/038/001/2022-10-21/gizarteak_eta_kulturak_eragina_daukate_pertsonen_biologian.htm Fri, 21 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1932/038/001/2022-10-21/gizarteak_eta_kulturak_eragina_daukate_pertsonen_biologian.htm
Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso du, eta bulegoko mahai gainean dauzka saria iragarri zutenetik emandako elkarrizketen egunkari zati moztuak. «Munduko antropologorik onenetariko bat» dio goiburu batek, gazteleraz. Zorrotz begiratzen dio: «Hori ez jartzeko esan nien», zehaztu du.

Europako Antropologia Elkartearen ohorezko domina jaso duzu. Nola hartu duzu berria?

Bitxia izan da. Erakundeak antropologia fisikoaren diziplinan lan egiten duen jendea biltzen du, eta ni bertako kidea naiz. Bi urtez behin kongresuak egiten ditugu, baina aurtengoan ez dut izena eman, arrazoi pertsonalak tarteko, eta ez nekien saria emango zidatenik. Abuztuaren 26an mezu elektroniko bat bidali zidaten, kongresu batean sartzeko, baina Aste Nagusia zen, eta ez nuen ikusi. Hurrengo egunean bideo bat bidali zidaten, eta jakin nuen saritu egin nindutela. Oso hunkituta geratu nintzen; ezin nuen sinetsi.

Saria ematen den hamargarren aldia da, eta hirugarren emakumea zara. Oso sari esklusiboa da...

Webgunean sartu nintzen nork jaso izan duen ikusteko; ez nintzen gogoratu ere egiten. Domina akademikoa da, eta, jasotakoan, erakundeko ohorezko bazkide egiten zaituzte. Urte askoan izan naiz bertako diruzaina, presidentea ere bai, eta orain aldizkarian nabil lanean. Uste dut egindako ibilbidearengatik baino gehiago lan horiengatik eman didatela saria: gazte asko animatu ditut kongresuetan parte hartzera, eta harremanetan egon naiz gainerako herrialdeetako elkarteekin.

Obesitatea izan duzu ikergai nagusia. Zenbateraino da arazo bat gizartean?

Sekulakoa. Koipe kantitatea gehiegi handitzearen ondorioz pisua handitzea da obesitatea. Hezurrak edo giharrak handitzearen ondorioz ere har daiteke pisua, baina hori ez da obesitatea. Arazo bat da biztanleria geroz eta sedentarioagoa delako, haurrengan asko ikusten ari garelako, eta prebenitu daitekeelako. Izan ere, pertsona batek obesitatea garatzeko geneak izanda ere, inguruan hori bultzatzen ez bada, posible da pertsona hori inoiz ere obesoa ez izatea.

Hain zuzen, obesitate fenotipoen determinatzaile genetikoak neurtu dituzu. Zer eragin du genetikak obesitatean?

Badaude gene batzuk obesitatea izatea bultzatzen dutenak; adibidez, FTO izenekoa. Nik genetikarekin egin ditudan ikerketak asoziazio genetikokoak izan dira. Adibidez, pertsona baten pisua ikertu, eta hortik koipea zenbat den eta nola banatuta dagoen neurtzen dugu lehenik. Gero, ikerketa genetiko bat egiten dugu listuaren bidez, eta ikusten dugu ea badauden fenotipo horrekin moduren batean lotu daitezkeen geneak.

Heredagarritasunaren bidetik ere egin ditugu ikerketa genetikoak. Familia ikerketak egin ditugu, eta gurasoen eta haurren ezaugarriak aztertu ditugu ikusteko zer zati den heredagarria eta zer zati den familia horretan kulturalki jasotzen dena.

Gene bakar bat dago obesitatearekin lotuta?

Ez dago obesitatea eragiten duen gene bakar bat; gene asko daude, eta eragina duten beste hainbat kontu daude. Obesitatea multifaktoriala da, eta inguruak eragina du geneen espresioan. Beraz, bizimoldea oso garrantzitsua da. Izan ere, geneak hor daude, baina gene horiek espresatu egin behar dira obesitatea garatzeko. Pistola baten modukoa da: kargatuta dago, baina tiro egin behar da garatzeko. Eta geneak askotan inguruarengatik espresatzen dira.

Inguruneko faktoreei ere erreparatu behar zaie orduan?

Bai. Pertsonok animaliak gara, baina gizarteak eta kulturak eragin handia daukate pertsonen biologian. Hau da, daramagun bizimoduaren ondorioz sortzen dira gaixotasun asko; horri herentzia kulturala esaten zaio, ez delako DNA bidez transmititzen, baizik kulturaren bidez.

Txakurraren adibidea jartzen dut azaltzeko: pertsona obesoen txakurrak ere obesoak izaten dira askotan, jabearen bizimoduak haiengan eragiten duelako. Nik obesitatea badaukat, ez dizut DNA bidez kutsatuko, baina biok bizimodu sedentarioa badaukagu eta alferkerian bizi bagara, transmititu egiten da. Inguruneak gure fenotipoan eta espresio genetikoan nola eragiten duen aztertzen dugu antropologoek.

Zeintzuk dira inguruneko faktore horiek?

Elikadura ezinbestekoa da: ez bakarrik zer eta zenbat jaten duzun, baizik eta baita non edo norekin jaten duzun ere. Ez da gauza bera jende artean jatea edo ordenagailu parean presaka. Horrez gain, jarduera fisikoa egitea beharrezkoa da, eta ez dauka errendimendu handiko kirola izan beharrik, baina zerbait egitea komeni da, gutxienez paseo bat eman edo pixka bat mugitzea. Sedentarismoa eta elikadura txarra ezinbestekoak dira obesitatea garatzeko.

Badago beste faktorerik?

Faktore asko daude, eta, gainera, elkar elikatzen dute. Lo falta, jateko ordutegiak, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa... Eta horrez gain, estresak, kutsadurak, medikamentuek eta bestek eragiten dute. Eta gorputzarekiko daukagun irudiak ere bai.

Estereotipoek?

Telebista eta hedabideak pertsonen irudia distortsionatzen ari dira, eta bi muturretara iristeko arriskua dago: presio estetikoaren eraginez, elikadura ohiturak aldatu eta obesoa izatera iritsi daiteke, edo bulimia eta anorexia pairatzeko arriskua dago. Asko ikertu dugu gaia, pertsonek beren buruarekin duen asebetetzeak eragin handia daukalako.

Gizarteak nola ikusten du obesitatea?

Obesitatea estigma bat da gaur egun. Metroan edo hegazkinean obesitatea daukan pertsona bat tokatuz gero alboan, jendea beste eserleku batera joaten da. Jendeak uste du, halaber, obesitatea daukaten pertsonak alferragoak direla. Estigma horren ondorioz, bere gorputzarekin ondo sentitzen ez den pertsona bat etxean geratuko da agian, edo kontrakoa, izugarri jango du.

Sexu dimorfismoaren ikuspegitik ere landu duzu gaia. Gizonek edo emakumeek dute arrisku handiagoa obesitatea pairatzeko?

Oro har, emakumeek joera handiagoa izan dute obesitatea garatzeko, maila sozioekonomiko baxuagoa izan dutelako, eta bizitza sedentarioagoa izan dutelako. Emakumeak lan munduan ez direnez hain sartuta egon, biztanleria guztietan izan dute obesitaterako joera handiagoa.

Era berean, maila sozioekonomiko baxuko emakume bat erdiko klaseko bat baino okerrago elikatuko da; izan ere, lehena patatez edo eltzekariez elikatuko da, eta, elikagai merkeagoak eta kalitate okerragokoak kontsumitu beharko ditu, ez daukalako sasoiko barazki eta fruituak erosteko aukerarik.

Kasu horretan ere bizi ohiturek eta genero rolek eragingo dute, ezta?

Bai, haurrekin gertatzen dena da horren adibide: ikastetxeetan, neskato guztiek egiten dute gorputz heziketa, baina askok albo batera uzten dute gero. Jarduera fisikoa egiten mutil askok jarraitzen dute, baina neskek gutxiago, nahiz eta hori ere aldatzen ari den.

Nola egin behar zaio aurre obesitateari?

Nire ustez, obesitateari hezkuntzaren bidez aurre egin behar zaio; prebentzioan lan egin behar da. Hezkuntzak egiten du jendea aske, eta umetatik bultzatu behar da jarduera fisikoa egitea. Eskolan ere elikagai osasuntsuak jatera bultzatu behar da, haurrek elikagaien kultura osasuntsua barneratu dezaten.

Denbora luzez aritu zara ikerkuntzan. Nola dago baliabide aldetik?

Nik uste dut unibertsitate hau ondo dagoela, baina urte luzez lehortea izan dugula. Unibertsitate publikoek ez dute diru iturri handirik; ez dira ikerketa handietan jarduten. Eskolak ematen esfortzu handia jartzen da, eta ikertzeko egin beharreko kudeaketak asko konplikatu dira: urte erdi pasa dezakezu paperak egiten proiektu bat egiteko. Ikerketa, kudeaketa eta irakaskuntza aldi berean egin behar izan ditugu.

Erraza da hori bateratzea?

Talde handi batean bazaude, emaitzak lor daitezke, baina badago jendea hemen sartzen denetik eskolak ematera behartuta dagoena etengabe. Gure unibertsitatea gaztea da, eta baliabide gutxirekin hasi zen. Baliabide falta egon da, eta lehorte urteak. Estatu mailan, ez da inbertitzen ez osasungintzan, ez hezkuntzan. Pikotxa eta pala eskatzen duten langile bakarretakoak gara; dirua eskatzen dugu ikertzeko, lan egiteko.

Eta zein da emakumeen egoera zientzian?

Nire kasuan, uste dut dagoeneko demostratu dudala demostratu beharrekoa. Baina kristalezko sabaia hor dago: izan haurrak izateagatik, gurasoak zaintzeagatik, edo dena delakoarengatik. Karguak eskaintzen dizkigutenean, askotan uko egiten diegu. Ez da lankideek trabak jartzen dizkigutelako, nik ez dut horrelako arazorik izan, eta egia da gure sailean asko garela emakumeak. Baina kristalezko sabaia hor dago.]]>
<![CDATA[Hontza, liburuen zelatan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/030/001/2022-10-13/hontza_liburuen_zelatan.htm Thu, 13 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1920/030/001/2022-10-13/hontza_liburuen_zelatan.htm
1982ko azaroan zabaldu zituen ateak Hontzak. Haren aurretik, Aialde izeneko liburu denda zegoen Okendo kaleko laugarrenean. Baina zailtasun ekonomikoak medio, ez zuen luze iraun. Itxitakoan, bertako bazkide batek, Alvaro Morenok, lokala erosteko eta bertan liburu denda zabaltzeko proposatu zion Anton Apaolazari, Oñatin (Gipuzkoa) liburu denda bat zeukan soldaduskako lagun minari. Oñatiko liburu denda utzi, eta beste hiru bazkiderekin ireki zuen Apaolazak Hontza liburu denda.

Halere, Aialderekin gertatu bezala, diru kontuetan larri zebilen Hontza lehen urteetan, eta Apaolaza dendan orduko bazkideak baino gehiago inplikatuko ziren beste bazkide batzuen bila hasi zen. Sorreratik bi urtera sartu ziren liburu dendako proiektuan Esther Moiua eta Ramon Tatiegi, hirugarren lagun batekin batera, aurreko bazkideei haien zatia erosita. Elkarrekin osatu dute dendaren kontakizuna, elkarrekin egin duten bezala urteetako ibilbidea.

Tatiegik autoak margotzen lan egiten zuen liburu dendan sartzeko aukera sortu zitzaionean, eta gogoan ditu jendeak esandakoak: «Horrek ezin du funtzionatu!» edo «liburuetatik nola biziko zara?» bezalakoak entzun behar izan zituen. Lokala erosi, eta irakurzaletasuna ofizio bihurtu zuen, hutsetik hasita. 38 urteren ostean, bertan hartu du erretiroa. Moiuak, berriz, bertan egiten du lan oraindik ere.

Bi langileek esan dute ordu asko eta asko sartu behar izan dituztela urteetan, Hontzaren gisako denda bat zabaltzeak inplikazioa eskatzen duelako. Tatiegi: «Gure tamainako denda txiki batek funtzionatzeko oso gainean egon behar da, orduak sartu behar dira, bai gaur eta bai orduan, duela 40 urte».

Izan ere, lan lasaia dela ematen du kanpotik, liburu artean daudelako, baina ez da hala: «Jendeak uste du oso lan polita dela: 'Jo, ze ondo, liburu artean!'. Baina ikusten ez den lan asko dago atzetik». Liburuak erakusmahaira iritsi aurretik, liburuen eskariak egin behar dituzte, argitaletxez argitaletxe, eta, iritsitakoan, datu guztiak ordenagailuan sartu, etiketak jarri eta dendan kokatu. Gero, bezeroak artatu, eta, ondoren, egunero kutxa itxi, kontuak egiteko. Baina, halere, jendeak esaten die: «Zertan aritzen zarete, irakurtzen?».

Nola iraun bizirik

Ez da erraza Donostian denda txiki bat hainbeste urtean zabalik mantentzea. Sarri ikusi dituzte haien ingurukoak ixten. «Denda tradizionaletan erreleborik ez da egoten, lokalak geroz eta esku gutxiagotan daude... Ixten ari dira, eta irekitzen direnek geroz eta gutxiago irauten dute», esan du Tatiegik.

Ez da Hontzaren kasua, ordea: bada denbora bat Jon Tatiegi dendan lanean hasi dela, aitari lekukoa hartuta. Baina liburu dendekiko ikuspegia ez da askorik aldatu berrogei urtean, semearen hitzetan: «Gaur egun oraindik jendeak galdetzen dizu: 'Liburu denda batean lan egiten duzu? Batere saltzen al dira, bada?'».

Hainbeste urtez irauteko errezeta zein den argi dauka Moiuak: «Dendak funtzionatzen badu da hemen gaudelako eta emandako arretagatik; ordenagailu batek ez dizu sekula ezer ere erantzungo». Hain zuzen, garrantzi handia eman diote langileak mantentzeari: «Langileak ahalik eta gutxien aldatzen saiatu gara. Ez delako lan erraza, liburu asko daude, aldaketa handiak egon dira urteetan, eta denbora behar da lanbidea kontrolatzeko eta ikasteko», azaldu du Moiuak. Beti «talde bat» izan direla nabarmendu du, eta bata bestearen atzetik aipatu dituzte langile izandakoen izenak: Yolanda, Kizkitza, Anton, Monica...

Hizkuntza da Hontzaren beste ezaugarrietako bat; bezero arretan zein liburuen aukeraketan, euskara izan dute lehentasun. «Saiatu gara berrogei urtean euskarazko liburuei eta euskal gaiei garrantzia ematen. Gure dendan presentzia eduki zezan, bai kantitate aldetik, eta bai kokapen aldetik», esan du Tatiegik. Langileekin ere saiakera bera egin dute: urtebetez izan zuten euskaraz ez zekien langile bat, baina, gainontzean, sartu zirenetik euskaldunak izan dira langile guztiak.

Bezeroei emandako arreta da zutik mantentzeko bidea eman dien beste gakoetako bat, langileen ustez. Izan ere, beti saiatu dira haiek entzuten eta laguntzen, aholkuak emateko. «Bi gauza esaten dizkigute bezeroek: batetik, aholkuak ematen ditugula, eta, bestetik, edozein liburu dela ere, saiatzen garela lortzen», azaldu du Tatiegik. Horretarako, argitaletxe askorekin lan egiten dute, ahalik eta liburu aukerarik zabalena izateko, horrek eskaera eta ordainketa lanak biderkatzen badizkie ere: «Oraingoz, banatzaile pila bat dugu; gure apustua da, bezeroek aukera zabalagoa izan dezaten», nabarmendu du Moiuak.

Era berean, burujabe izateko egindako apustuarekin asmatu dutela uste dute. Izan ere, azaldu dutenez, geroz eta liburu denda gehiagok funtzionatzen dute «frankizia» moduan: argitaletxe batenak diren liburuak soilik saltzen dituzte, merkeago egitearen eta lana erraztearen truke. Baina, modu horretan, gainerako argitaletxeen liburuak ezin dituzte lortu. «Saiatu gara ez egoten handien mende, nahiz eta horrek lana biderkatzen duen», esan du Tatiegik.

Izaerari eutsi

Zailtasunak zailtasun, haien izaera mantentzen saiatzen dira oraindik. Etiketen bidez, esate baterako: liburu bakoitzaren barruan, etiketa bat jartzen dute, liburuaren izenburua eta idazlea dendako telefonoa eta anagrama itsatsita. «Lan gehiago da, baina gure bezeroek prezioa bertan ikus dezakete». Lanbidea lehen «artisauagoa» zela diote, eta horrelako keinuen bidez eusten diotela lehengo izaerari.

Ofizioa aldatu den bezala, bezeroen kontsumo ohiturak ere aldatu direla nabarmendu dute langileek. «Lehen, joera orokorra ez bazen ere, ez zen arraroa norbaitekin geratu bazinen eta haren zain bazeunden, taberna batean kafe bat hartzen itxaron beharrean, liburu dendan geratzea», azaldu du Tatiegik.

Horrez gain, erosleen presa ere nabarmendu dute hirurek. Lehen, liburu bat eskatu eta astebetera jasotzea normala zen jendearentzat; orain, berriz, dendan ez badaukate, beste denda batera joaten dira, edo Internet bidez erosten dute, berehala nahi dutelako. «Presaka bizi garen seinale da hori», Tatiegi semeak esan duenez.

Gaur egun, sarean erosteko joerak ematen dio beldur handien erretiratu berriari: «Hori geratzeko etorri da». Eta Moiuak gehitu du: «Internetez erosten dute, baina ez leku fisiko batean. Internetez eros dezakezulako Hontzan edo Elkarren, eta badakizu atzetik denda bat dagoela eta edozer dela ere bertara joan zaitezkeela. Baina ez jakitea non ari zaren erosten? Jendeak oso erraz erosten du».

Euskal literaturari begira

Lanbidearen aldaketarena eta kontsumo ohiturena bezala, Hontza euskal literaturak izandako bilakaeraren lekuko izan da. Oraindik euskal literatura «normalizatu gabeko literatura» dela uste du Tatiegik, berrogei urtean egoerak hobera egin badu ere: «Fruitu aldetik, lehen baino askoz ere ugariagoa da. Argitaletxeek esaten dutenez, gehiago ateratzen da, baina tiradak motzagoak dira», azaldu du.

Bat dator harekin Moiua ere. Asko zabaldu da idazle kopurua, eta emakume idazleen gorakada nabarmendu du: «Emakume asko agertu da berrogei urtean, eta gaietan ere aldaketak egon dira: genero batzuk oraindik oso gutxi landu ditugu, baina hor daukagu, adibidez, Lisipe bilduma feminista, edo itzulpenak, Katakrak eta Igelari esker, edo poesia bakarrik argitaratzen duen Balea Zuria argitaletxea...».

Berrogei urtean, oztopo ugarirekin egin behar izan dute topo: Fnac kateak liburu denda ireki zuenean, adibidez, kalte handia nabaritu zuten; eta Casa del Libro irekitzean, berdin. Izan zuten gogoa alboko denda erosi eta liburu denda handitzekoa ere, baina atzera egin zuten azkenean. «Proiektua polita zen, baina handi egitea baino gehiago, geneukana ondo zaindu behar genuela erabaki genuen», esan du Moiuak.

Etorkizunera begira, pausoz pauso aurrera egiteko asmoa daukala esan du lekukoa hartu duen semeak: «Bi gazte sartu gara, eta gogotsu gaude. Oinarri bat eginda daukagu, badakigu funtzionamendua, eta badaukagu nondik ikasia. Oraingoz, guk jarraituko dugu, nahiz eta ezin dugun epe ertainerako planik egin». Dena den, aurre egingo dutela uste du: «Beti esaten dute, ezta? Sektorea suziriak botatzeko ez da egongo, baina zutik mantenduko da».]]>
<![CDATA[120 urte gizartea islatzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2053/038/001/2022-10-08/120_urte_gizartea_islatzen.htm Sat, 08 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/2053/038/001/2022-10-08/120_urte_gizartea_islatzen.htm
Asteazkenean 120 urte bete zituen museoak, 1902ko urriaren 5ean inauguratu baitzuten. Zuzendariak uste du «sekulako zortea» dela museoa hain goiz sortu izana, ondare «oso aberasgarria» dagoelako orain urte horietako errealitatea azaltzeko. Horixe da, beste gauza batzuen artean, Donostiako San Telmo museoa: euskal gizartearen erradiografia bat, denboran zehar.

Andia eta Garibai kaleen arteko eraikin batean ireki zuten museoa, baina bi urte lehenago sortu zen ideia, Sociedad Economica Bascongada de Amigos del Pais elkarteak Donostiako Udalari museo bat sortzeko ideia aipatu zionean. Izan ere, XX. mendearen hasiera zen, belle époque-aren garaia, eta Donostian hasiak ziren bertako jendea entretenitzeko moduak bilatzen. Giro horretan jaso zuen udalak proposamena, eta baietz esan zuen. Baina ez zeukaten ez dirurik eta ez funtsik museo bat irekitzeko.

Hori ikusita, garai hartako alkate Jose Machimbarrenak hiritarrei ekarpenak egiteko deia egin zien; etxean zerbait baliotsua izanez gero, dohaintza edo depositu gisa uztea proposatu zien, museoaren parte izateko. «Dinamika bat jarri zen martxan, urteetan iraun duena: San Telmoren ondarea eta funtsaren zati nahiko handi bat dohaintza edo deposituak izan dira, beti egon da mugatuta erosteko», adierazi du Sotok. Madrilgo Prado museoan, esate baterako, eskaera egin zuten pieza batzuk San Telmora eramateko, eta sorreraz geroztik museoan dauzkate; baita irekiera kronikak aipatzen zuen Katalina Erausoren erretratua ere.

Pixkanaka, handituz eta sendotuz joan zen museoa, eta 1911n, Urdaneta kaleko eraikin batera pasatu zuten, udal liburutegiarekin eta Lanbide eskolarekin batera. 1932an lekualdatu zen museoa San Telmoko domingotarren komentura, gaur egun dagoen tokira. Izan ere, hiriko udalak erosia zuen eraikina, eta horretarako prestatzen ari zen.

Hasierako urteetan, baserriari lotutako piezak ziren nagusi San Telmon, baserri mundua aldatzen ari zelako eta hiriak hazten ari zirelako. «Lehen urteetan kezka hori azaldu zen: gure identitatea, hain mitikoa den euskal mundua, desagertzen ari da, eta hori sartu behar dugu museoan», azaldu du zuzendariak.

Erakunde eta adituen etxea

Ondarearen gordeleku ez ezik, ikerketarako eta lanketarako lekua ere izan zen museoa urte batzuetan, hainbat erakunde eta aditu aritzen zirelako bertan lanean: Aita Barandiaran, Telesforo Aranzadi, Aranzadi zientzia elkartea... Urte «oso oparoak» izan ziren museoarentzat, zuzendariaren arabera: «Horrek indar handia ematen zion museoari; bestela, langile kopuruaren aldetik, beti estu antzera ibili da. Baina arlo zientifikoa beste modu batean betetzen zuen entitate horiek eraikinean egoteak».

Denborarekin, ordea, aditu horien jardunak museoak erakusketak egiteko eta modernizatzeko zituen beharrak mugatzen zituen. Horregatik, erakunde horiek kanporatzea erabaki zuten, eraikin osoa museo gisa geratu zedin. Baina erabaki horrek ez zuen dena konpondu, «definizio falta bat» sortu zelako: zer egin museoarekin? Bertako ondarea baserriarekin lotuta zegoenez, museo etnografiko bat sortu? Edo ondare hori erabilita beste gai batzuk ere landu?

Azkenean, urte batzuetan gogoeta egin eta hainbat eredu landu ondoren, erabaki zuten San Telmo Euskal Gizartearen eta Herritarren museo bilakatzea. Eraldaketa hori egiteko, 2007an, itxi egin zuten museoa, eta proiektu arkitektoniko bat jarri zuten martxan, bi helbururekin: batetik, eraikin zaharra birgaitzea —komentua XVI. mendekoa delako—, eta, bestetik, eraikin berria egitea.

Eredu berria lantzean, bildumari zer itxura eman pentsatzen aritu ziren, eta erabaki zuten euskal gizarteari buruz hitz egiteko erabiliko zutela. Gizarte museo baten ezaugarriak azaldu ditu Sotok: «Alde batetik, piezak ez daude diziplinaren arabera antolatuta. Gizarte museoek diskurtso bat antolatzen dute, eta ondarea diskurtso hori helarazteko erabili». Hortaz, zabaldu nahi duten mezuaren arabera antolatzen dituzte atalak.

Lau urtez itxita egon ostean, 2011n ireki zuten museoa gaur egungo itxurarekin. Zati berria Urgull mendian oinarrituta eraiki zuten, eta erabat lotuta dago eraikin zaharrarekin: museoan barrena, konturatu gabe pasatzen da bisitaria eraikin berritik zaharrera, eta alderantziz. Erakusketa iraunkorrean, adibidez, baserriari buruzko azalpena komentuko zatian dago, eta oharkabean, eraikin berrian, industrializazio garaiko azalpena ikusten du bisitariak. Uneko erakusketekin ere gauza bera gertatzen da: bi eraikin dira, baina bat eginda daude.

Edukiei dagokienez, argi izan zuten museoaren helburua ondarearen bidez Euskal Herriko historia lantzea zela. Ez zuten gerretako historia landu nahi, ordea: «Ez genuen landu nahi gudekin lotutako historia edo militarra, baizik eta nola aldatu den gure gizartea hasieratik gaur arte, zer aldaketa egon diren eta zer elementu izan diren interesgarriak gaur garen bezalakoak izateko», zehaztu du zuzendariak.

Ondarea, kezkei begira

Bost gai edo ardatz zehaztu zituzten gizarteko erronkak aintzat hartuta: Europa, giza eskubideak, feminismoa, bakea eta ingurumena. Eta horien barnean aukeratzen dituzte azpigaiak, gero erakusketak sortu eta jarduerak antolatzeko. Heriotzari buruzko erakusketa sortu zutenean, esate baterako, erritua nolakoa zen eta nola aldatu den azaldu zuten, ondaretik abiatuta. Gero, ordea, beste kulturetan gaia nola lantzen duten azaldu zuten, eta hamaika jarduera antolatu zituzten gaiarekin lotuta: gazteak eta suizidioari buruzko hitzaldia, eskoletan dolua lantzeko materiala... «Hori da gure eredua: gure ondarea lantzea, baina gaurko kezkekin harremanetan».

Gizartearen ispilu izateko, eta bertako kezkak jasotzeko, ezinbesteko bi gako aipatu ditu Sotok: gaurkotasuna eta gizarteko eragileekin elkarlana. Izan ere, etengabe egon behar dute gizartean gertatzen denari begira, eta, gai bat lantzea erabakitzen dutenean, inguruko eragileengana jotzen dute. «Gai bakoitza lantzeko, urte osoan bizpahiru erakunderekin harremanetan egoten gara. Azken batean, haiek sortzen dituzte ezagutzak». Giza eskubideez aritzeko, adibidez, EHUra edo Deustuko unibertsitatera jotzen dute, eta ingurugiroaz jarduteko, Cristina Enea fundazioarekin batera aritzen dira.

Ondarea zaintzen egindako lana eta eragileekin sortutako harreman sarea ditu Sotok azken urteetako ibilbidearen lorpentzat: «Lortu dugu sare bat sortzea gure gizartearekin, eta asko aurreratu dugu ondarea zaintzen». Hain zuzen, harreman horiek mantentzea eta posible balitz horietan sakontzea da museoak etorkizunerako daukan erronka.

Aurrera begira, ez dago jakiterik museoak zer itxura izango duen, edo zer gai landuko dituen. Izan ere, ezinezkoa da jakitea gizarteak bost urte barru zer erronka izango dituen: «Nola aldatuko da gizartea? Ba maila horretan aldatuko da museoa ere», esan du Sotok. Dena den, ez dauka zalantzarik: «San Telmo hor egongo da, ziur».]]>
<![CDATA[Teklen bitartez emandako pintzelkadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/046/001/2022-10-01/teklen_bitartez_emandako_pintzelkadak.htm Sat, 01 Oct 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1922/046/001/2022-10-01/teklen_bitartez_emandako_pintzelkadak.htm
«Ez da arteak polemika sortzen duen lehen aldia; badirudi arteak eta polemikak beti eskutik helduta joan behar dutela», esan du Patxi Araujo Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologiako doktore eta irakasleak. «Ortodoxia artistikotik ateratzen delako» eragiten du ezinegona, haren ustez.

Hainbat programa eta aplikazio daude, gaur egun, irudiak sortzeko. MidJourney izeneko programa erabiliz sortu zuen Allenek irudi irabazlea, eta badaude gehiago ere. Hitzez lortu nahi duzun irudia deskribatu, eta programa horiek irudiak sortzen dituzte. Baina zer prozesu egiten du ordenagailuak horra iristeko? Araujok azaldu duenez, milaka irudi «ikasten» dituzte lehenik, eta datu base erraldoiak sortzen dituzte. Hitzez bilaketa egindakoan, datu base horretako irudiak nahasten dira, irudi berri bat sortzeko.

Pertsonen berezko gaitasuna da sormena, eta teknologiaren bidez kolokan ikustean jendea izutu egiten da, Araujoren aburuz. Halere, uste du adimen artifizialak «ispilu kritiko bat» jartzen duela gizakiaren aurrean, eta pentsamendu kritikoa garatzen lagundu dezakeela horrek. «Zer gara gu? Nolakoak gara? Zer egiten dugu? Izan ere, gizaki egiten gaituen hori lapurtzen badigu adimen artifizialak, posible da gu ere makina mota bat izatea», azaldu du.

Gizakiaren eraikuntza izanik, adimen artifizalen errezetan pertsonak «ezinbesteko elementuak dira», Araujoren hitzetan. Esku hartze horretan legoke gakoa, haren ustez: ordenagailuari emandako aginduetan legoke sormena. Dena den, aitortu du adimen artifizialeko programak geroz eta autonomoagoak direla.

Erresistentziak sortzen ditu gaiak, sarean bezala, Arte Ederren Fakultatean ere. Izan ere, jende gehienak arte plastikoekin lotzen ditu ikasketa horiek, eta adimen artifiziala erabiltzeko, programazioa eta halako kontuak menderatu behar dira, fakultatean irakasten ez direnak. Halere, baieztatu du interesa gorantza doala: «Ikasleek geroz eta gehiago lantzen duten zerbait da, teknologia hori eskura daukatelako. Fakultatean dagoen erronka da, tresna horiek dituzten aukerak ongi bideratzea».

Araujok uste du gaia sakontasunez lantzeko ikasgai zehatzak sortu beharko liratekeela: «Horren kontra jo beharrean, edo polemika sortu beharrean, uste dut hasi beharko genukeela ikasten nola lan egin haien artean edo ondoan. Onartu behar da makinek ere artea egin dezaketela».

Mezua artelan

Danel Garai artista eta ikerlariak ezagutzen zuen Coloradoko kasua, eta argia da haren iritzia: «Uste dut norbaitek pieza bat fisikoki gauzatu ez izanak ez duela esan nahi obra hori edo bere ikuspegia pobreagoa denik beste pertsona batena baino». Gainera, batetik, zehaztu du lehiaketa hori arte digitalarekin lotutakoa zela, eta, bestetik, egileak denbora ugari eman zuela interesatzen zitzaizkion irudiak nahasten eta ondoren digitalki manipulatzen.

Ez du harritu, ordea, polemikak. Izan ere, argi dauka artearen historian erreminta berriak agertu ahala zalaparta sortu izan dela: «Argazki kamera sortu zenean, jendeak esaten zuen arimarik gabeko erreminta zela, baztertu egin behar zela». Fotokopiagailuarekin gauza bera gertatu zela esan du, eta telefonoetan kalitate handiko kamerak txertatzearekin: «Gaur egun, denok daukagu argazki kamera on bat eskuetan, baina horrek ez gaitu argazkilari bihurtzen».

Adimen artifizialaren inguruan ikertzen denbora darama Garaik, eta horren bidez sortzen ditu bere lanak ere. Dena den, ez da bere lanetako elementu nagusia: «Interesatzen zaidana ez da lehen uneko harridura bilatzea, buelta batzuk eman eta sortzeko beste modu bat bilatzea baizik, hortik abiatuta zerbait kontatzen duen pieza bat sortzeko». Hau da, adimen artifiziala erabiltzen du lortu nahi duen mezura iristeko.

Argi ikusten du adimen artifizialak sorkuntzari egindako ekarpena: «Ekoizpen modu artistikoen erabateko demokratizazioa ekarri du; sekula pintzel bat ukitu ez duen pertsona batek, bat-batean, kalitate handiko emaitzak lor ditzake», esan du.

Ezin du ukatu, ordea, arriskuak ere ikusten dizkiela: «Denen eskura egonda, ezer ere ez da esklusibo, ezerk ez du magia sortzen». Eta, era berean, baliteke sormen prozesuaren garrantzia gutxitzea: «Margolaria bazara, ikasten duzu asteak behar dituzula irudi bat ondo garatzeko; gaur egun, ordea, zerbait nahi badugu, berehala nahi dugu, eta hori arriskutsua da». Dena den, argitu du adimen artifizialaren bidez sortutako lanek denbora eskatzen dutela.

Baina bada beste guztien gainetik kezkatzen duen arrisku bat: plagioarena. «Segun eta noren eskutan, erreminta suntsitzailea izatera irits daiteke; erreminta bikaina da pertsona batzuen estiloak kopiatzeko, eta hori oso polemikoa eta eztabaidagarria da». Are, artistak kontratatu ordez haien estiloa kopiatuz sortzeko arriskua ikusten du.

Arriskuak arrisku, diziplinaren aldeko mezua zabaldu du: «Artista bihurtzen zaituena ez da akabera oso ona duen irudi bat garatzea, baizik eta zure esperientzia pertsona gisa lanean transmititzea. Azken finean, pertsona egiten gaituen horretan dago gakoa: zer kontatu nahi duzun eta transmititu nahi duzun».

Materia «ezinbestekoa» da

Pintzelak dira Josette Dacostaren teklak, eta koloreak haren lan tresna. Urrun geratzen zaio ordenagailuaren pantaila, eta ez dauka mihiseak harengatik ordezkatzeko asmorik. Adimen artifizialaren gaiak «despistatu samar» harrapatzen duela aitortu du: «Ez daukat alde edo aurkako iritzi bat; teknologia berri bat da, eta nik ez dut ondo ulertzen. Ezin dut esan txarra edo ona den».

Mihiseak lurrean jarrita margotzen du Dacostak, eta bertan nahasten ditu margoak pigmentuekin. Euskarri fisikoak ditu helduleku: «Meditazio eta pentsamendu prozesu oso bat da. Niretzat, adibidez, materia ezinbestekoa da. Nik ezingo nituzke zortzi ordu eman ordenagailuaren aurrean».

Natura du datu base, eta bizikletan ibiltzen da, kanpoan ikusitakoarekin tailerrean sortzeko. Ohiko joerak nahiago ditu, bai sortzeko, eta baita sortu ondoren jendearekin elkartzeko ere: «Jendeak ohiko eran sortzen jarraituko duela uste dut; beste artista batzuekin harremanetan egotea ere bada artea, tailerretara joan, kontaktu soziala izan beste margolariekin...».

Arte diziplinen eraldaketen lekuko izan da margolaria, eta sumatzen du jendearen interesak aldatu direla, diziplina berriak agertu ahala; baina aitortzen die arte izaera: «Gaur egun, jendeak nahiago ditu gauza animatuagoak. Artea egiteko beste modu bat da, azken finean, ordenagailu aurrean ordu asko ematen baitituzte».]]>
<![CDATA[Gorputz mutatuen istorioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2022-09-17/gorputz_mutatuen_istorioak.htm Sat, 17 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1890/042/001/2022-09-17/gorputz_mutatuen_istorioak.htm
Saul Tesnerren oholtza gaineko ikuskizunak dira istorioaren erdigunea: artista ezaguna da Tesner, eta giza gorputzaren eraldaketa eta mutazioei buruzko zuzeneko emanaldiak egiten ditu, Caprice zirujau ohiaren laguntzaz. Bere gorputza erabiltzen du emanaldi horietan; izan ere, «eboluzio bizkorraren sindromea» pairatzen du, bere gorputza organo berriak garatzera behartzen duen nahasmendu bat.

Tesnerren jardunari gertutik erreparatuko dio Timlinek, Organoen Erregistro Nazionalaren Bulegoko ikertzaileak. Eta talde misteriotsu baten agerpenak kolokan jarriko du egoera: Tesnerren ospeaz baliatu nahi dute, munduari giza eboluzioaren hurrengo etapa zein izango den jakinarazteko.

Cronenbergek haren gertuko bihurtu den Viggo Mortensen hartu du protagonistatzat, Lea Seydoux frantziarrarekin eta Kristen Stewart estatubatuarrarekin batera; hirurek lortu dute ospea aktore gisa , eta hirurek poltsikoratu dituzte hainbat sari, Cronenbergen itzulerako filmean egoteko modua eman dietenak.

1970ean zuzendariak egindako film baten izen bera du kanadarraren azken lanak, baina ez da haren remake bat. Izan ere, orduko hartan, hainbat emakumeri kosmetikako produktu batek min arraro bat sortu ondoren, gaixorik ez zeuden emakumeak bahitzen zituen sekta bati buruz jardun zuen.

Dena den, gidoiko hainbat alderditan bat egiten dute bi filmek: gorputzeko organoen erreprodukzioan eta sexualitate berri bateranzko eboluzioan, esate baterako.

Cronenbergen itzulera

Zortzi urteren ondoren, zientzia fikzioa, fantasia eta beldurra uztartzen dituen istorio batekin itzuli da Cronenberg zinema zuzendaritzara. Hogei film luzetik gora zuzendu ditu kanadarrak, eta hainbat generotan lortu du arrakasta: zientzia fikzioan, thrillerrean eta drama psikologikoan, esate baterako.

Kanadarraren lanen artean daude, adibidez, Crash (1996), auto istripu bat izan ostean bata bestearekiko sexu grina sentitzen duten bi pertsonaiaren istorioa kontatzen duen filma; The Fly (1986), intsektu bihurtutako zientzialari baten istorioa kontatzen duena; eta Videodrome (1983), irudi aztoragarri batzuekin topo egin ondoren errealitatearen gaineko ikuspegia aldatzen zaion ekoizle bati buruzkoa.

Hain zuzen ere, haren ibilbidea aitortzeko, datorren asteazkenean Zinemaldiko Donostia saria emango diote zuzendari kanadarrari, Viktoria Eugenia antzokian, azken mende erdiko zinemagile «berezienetako bat» baita, antolatzaileen esanetan.

'CRIMES OF THE FUTURE'
Zuzendaria. David Cronenberg.
Aktoreak. Viggo Mortensen, Lea Seydoux, Kristen Stewart, Scott Speedman, Welket Bungue, Don McKellar, Lihi Kornowski, Tanaya Beatty, Nadia Litz, Yorgos Karamihos, Yorgos Pirpassopoulos, Denise Capezza.
Herrialdea. Kanada.
Urtea. 2022.
Iraupena. 107 minutu.
Generoa. Zientzia fikzioa, fantasia, beldurrezkoa.]]>
<![CDATA[«Ezkutuan dagoena ezagutaraztea gustatzen zait»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2022-09-15/ezkutuan_dagoena_ezagutaraztea_gustatzen_zait.htm Thu, 15 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1887/032/001/2022-09-15/ezkutuan_dagoena_ezagutaraztea_gustatzen_zait.htm Revolucion, resistencia y memoria. Patrimonio de la humanidad (Iraultza, erresistentzia eta memoria. Gizateriaren ondarea) liburua. Bidaiatzeko gida bat da, eta iraultza eta erresistentziekin lotutako lekuak jaso ditu hartan.

Zergatik erabaki zenuen bidaia gida bat sortzea?

Nik gazte-gaztetatik bidaiatu dut. Lehen auto-stop eginez, ahal nuen eran, baina gaztetatik. Beti egon dira ikusi eta ezagutu nahi nituen gai batzuk, eta konturatzen nintzen horiek ez zirela agertzen bidaia gidetan. Izan ere, lehen ez zegoen Internetik, eta ezin zen kuxkuxeatu.

Zeren falta sumatzen zenuen?

Borroka eta askapen prozesuekin lotutako informazioarena. Unescok gizateriaren ondare izendatutako tokien liburua daukat aspalditik, eta herrialde bat bisitatu behar dudan aldiro begiratzen dut gida horretan. Leku izugarriak daude, baina gauza handi horiek boteredunek egin dituzte ia beti: erregeek, elizak, faraoiek... Eta behekoek eraikitzen zizkieten, noski. Txanponaren beste aldea ez zetorren, ordea: borrokatu den jendea, sufritu duen jendea, tarteka irabazi duen jendea... Hori guztia islatu nahi izan dut.

Ofiziotik datorkizu ezkutuan dagoena argitara ateratzeko gogoa?

Ezkutuan dagoena ezagutaraztea gustatzen zait, batez ere garrantzitsua bada. Ondarea defendatu eta mimatu egin behar da, baina, batez ere, kontserbatu egin behar da, bestela memoriak huts egiten baitu.

350 leku jaso dituzu gidan. Nola aukeratu dituzu?

Interesgarriak iruditzen zitzaizkidan lekuak sartu ditut. Heldulekua zerbait materiala izan da beti, eta 350 puntu sartu ditut, ia-ia fitxa moduan. Txileko Santiagoko Moneda jauregia aipatu dut, esate baterako, [Salvador] Allenderen aurkako estatu kolpea islatzeko.

Aipatutako leku guztietan egon zara?

Ez, eta gauza bat argi utzi nahi dut: liburua gida bat da, ez da agertzen nire esperientzia edo bizipenekin lotutako ezer; gida informatibo bat izatea nahi nuen, ez nire bizipenak kontatzea. Leku gehienetan egon naiz, baina ez guztietan.

Baina 50 urtean egindako bidaiak bildu dituzu liburuan. Asko aldatu da bidaiatzeko modua?

Bai; lehen, hirien kanpoaldean jende ilarak egoten ziren auto-stop egiten. Horrela bidaiatzen genuen, ez baikenuen dirurik. Kanpinetara jo beharrean, parkeetan lo egiten genuen, lo zakua hartuta. Bidaia horietako batetik ekarri nuen, adibidez, Gernika bat, lo zakuan gordeta.

Gizateriaren ondarea dio azpitituluak. Aipatutako lekuak ondare izendatzeko aldarrikapen bat da?

Unescoren gidari egindako keinu bat da, bai, ahaztutako ondarea delako, nolabait. Ez denak, noski: Karl Marxen hilobia aipatu dut, adibidez, eta hori Londresko gida batean agertuko da; baina, agian, txikiago.

Zergatik uste duzu geratzen direla leku horiek bigarren mailan?

Egunkariak ikustea besterik ez dago, ez? Bakoitzak zer islatzen duen eta zer ez. Gaur egun humanitatearen historiarako prozesu garrantzitsuak direnak ez dira agertzen sarri, eta, normalean, berariaz ezkutatzen dituzte. Izan ere, komunikabideek, beste edozerk bezala, ideologia bat daukatela uste dut, eta menderatzaileak ere saiatzen dira prozesu horiek ez erakusten.

Historia irabazleek idazten dute?

Bai, argi eta garbi dago hori.

Eta haiek erabakitzen dute ondare gisa zer geratzen den ere?

Bai, hori da. Eta hainbeste borroka eta prozesu daude... Horiek sartzen saiatu naiz, gero jendeak sakontzen jarraitu dezan.]]>
<![CDATA[Kalamuaren sarea, hazten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/032/001/2022-09-11/kalamuaren_sarea_hazten.htm Sun, 11 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1953/032/001/2022-09-11/kalamuaren_sarea_hazten.htm Kalamuaren azoka bat baino askoz ere gehiago lelotzat hartuta. Bederatzigarren aldia izan du aurten.

Expogrow du izena azokak, eta ez alferrik: haziz doa azoka, haziz doazelako, harekin batera, kalamuarekin lotutako industria eta sarea: haziak, olioak, infusioak, erretzeko tresnak... denetik aurki daiteke Ficoban azokak hartutako 5.000 metro koadroetan. 180 erakusmahai daude guztira, hiru gunetan banatuta.

Erakusmahaiez gain, kanpoaldean, janari furgonetak, puzgarri bat, eta jateko eta edateko tokiak daude, eszenatokiarekin batera. Izan ere, kontzertuak ere egin zituzten atzo. French Touch Squad, Anthony B eta Iseo & Dodosounden musikak girotu zuen gaua Ficoban.

Azoka bisitatu ondoren, kanpoko gunera bidean daude Jon Lopez eta Raul Bastida. Bigarren aldia du Lopezek, eta lehenengoz bisitatu du azoka Bastidak. Logroñotik (Espainia) joan dira, eguna pasatzera. «Interneten eskuragai ez dauden gauza asko aurkitu daitezke, denetarik baitago: erretzeko objektuak, haziak, pipak...», esan du Lopezek. Ikusitakoak ikusita berriro etorriko direla esan dute.

Barruko gunean, erakusmahaien artean oinez dabiltza Alba Notario eta Anny Ramos, eta poltsa bana daramate eskuan. Castellongoak (Espainia) dira, eta asteburua Irun inguruan pasatu dute: «Etortzen garen lehen aldia da, eta azoka txukuna iruditu zaigu. Aukera handia dago marken artean», azaldu du Notariok.

Bezeroak erakartzeko, pizgailuak banatzen dituzte, edo kalamu haziak zozkatzen dituzte erakustokietan daudenek. French Touch hazi enpresarena da erruleta horietako bat, berdea, horia eta gorria: «Ofizialki sortutako lehenengo hazi bankuetariko bat gara; oraindik Frantzian legezkoa ez zenean sortu genuen enpresa», aurkeztu du Frantziako etxea Sebastian Lirak.

Urteak daramatzate Ficobako azokara joaten, eta beste hainbat markak eta produktuk hartu dute aurten aterpe haien postuan, ahalik eta aukera gehien eskaintzeko: ongarriak, erretzeko CBDak, tatuajeak, kamisetak... denetik daukate salgai: «Ahalik eta bezero gehien erakartzen saiatzen gara, eta saretzeko ere balio digu», adierazi du.

CBD Alchemy postua dago Frantziako enpresaren parean, eta bertaratutako jendea artatzen ari da Angela Gagliardi. Italian, Espainian eta Berlinen dituzte denda fisikoak, besteak beste. Europako hainbat herrialdetara banatzen dituzte ekoizpenak. Infusioak, olioak eta loreak dituzte ikusgai, besteak beste: «Elikagaietan ez gara gehiago sartzen, legeari dagokionez arazorik ez izateko; olioekin eta loreekin konformatzen gara», esan du Gagliardik.

Industria, «profesionala»

Kontsumorako produktuak alde batera utzita, lege kontuekin laguntzeko asmoz joan da Raquel Galiano Puebla azokara. THC abogados taldeko kidea da, eta industria handitzen ari zela ikusita erabaki zuten kalamuari buruzko adar bat sortzea enpresan. «Ahotsa jasotzea erabaki genuen, sektore asko baitabiltza gaur egun kalamuaren inguruan lanean, eta oraindik estigmatizatuta baitago; guk proiektuak legezkoak izan daitezen laguntzen diegu».

Industria geroz eta «profesionalagoa denez, kontsumitzaileen profila aldatzen ari dela uste du abokatuak. «Lehen, institutuetako nerabeak ziren nagusi bezeroen artean, baina, orain, gaixotasunak dituzten adinekoak, medikuak, abokatuak... jende asko dabil kalamuaren sarean bueltaka». Legea aldatzeaz gain, estigma txikitzeko konponbidea argi dauka abokatuak: «Informaziorako sarbidea denek izatea, informazioa boterea baita».]]>
<![CDATA[Jendez lepo itzuli da euskal jaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/030/001/2022-09-10/jendez_lepo_itzuli_da_euskal_jaia.htm Sat, 10 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1905/030/001/2022-09-10/jendez_lepo_itzuli_da_euskal_jaia.htm
Dianaren eta Goiztarrak taldearen irteeraren ondoren, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo joaldunak aritu dira kalez kale jotzen, eta eguerdia iristerako, jai giroan murgilduta daude herritarrak.

Eguerdian hasi da erromeria, Musika plazan. Kioskoaren inguruan ari dira hainbat herritar gorputzak astintzen, besoak jasota; helduak dira gehienak. Txistulariekin dantzatu dira lehenik, eta trikitilariekin ondoren. Hala egin dute Lege Zaharren Enparantzako erromerian bildutakoek ere.

Munoa plazan bildu dira eguerdian herritarrak: Alproja taldekoak 2x2 antzezlana egitekoak dira bertan. Oholtza bana jarri dute plazako alde bakoitzean: bata antzezlana egiteko prestatuta dago, eta bestea, berriz, antzezlanaren ondoren Trikitreens taldearen kontzerturako. Bi agertokien artean jarritako aulkiak jendez bete dira antzerkia hasterako, eta inguruan zutik daude dozenaka heldu eta gazte, antzerkia ikusteko prest.

Nafarroa Kaletik bidea egin ondoren heldu dira antzerkiko parte hartzaileak Munoa plazara. Aulkien artean utzitako korridoretik egin dute oholtzarainoko bidea: galtzagorriak, udaltzainak, ertzainak... prest daude emanaldiari hasiera emateko.

45 herritarrek parte hartu dute aurten antzerkian, eta haiena da agertokia. Galtzagorriek txantxa giroan, ironiaz blai, antzerkiaren gaia zein den asmatzeko jolas egin dute: Ukrainako gerra, Putin, ziztadak, Zarautzen turistifikazioa eta etxebizitzen salmentak aipatu dituzte, herritarren haserrea erakusteko, eta misterioari eutsi nahi izan diote une batez.

Trenbideari kritika

Aurten, herritarren kezka bati heldu diote Alproja taldekoek: «Herria erdibitzen digun trenbidea izango dugu hizpide», azaldu du hasi aurretik galtzagorrien buruak. Izan ere, Zarauzko trenbidean, zentzu bakarrean pasa zitekeen trena aurten arte, Orio eta Zumaian (Gipuzkoa) gertatzen den bezala. Baina udalak, bi noranzkotan ibil zedin, Zarauzko zati osoan bigarren errei bat eraikitzeko lanak hasi zituen. Erreia beharrezkoa ez dela salatzeaz gain, lanen berri herritarrek berandu izan zutela salatu dute antzezlanean, Joxemiel izeneko mutil baten istorioaren bidez.

Zarauzko mutil gazte bat da Joxemiel, eta parrandatik bueltan, zulo batean erorita deskubritu ditu udalaren ezkutuko lanak; udalak bahituta izan du hiru egunez, eta haren lagunek protestak hasi dituzte, bila dezatela eskatzeko: «Non dago Joxemiel? Erantzunak nahi ditugu!», esanez egin dute manifestazioa.

Joxemielen gorabeherak amaitu ondoren, festa giroak jarraitu du Zarauzko kaleetan. Trikiteens taldearen kontzertuaz gain, Jose Luis Lasa eskultorearen karrozaren alboan jarraitu du erromeriak, Lege Zaharren Enparantzan: balea bat irudikatu du eskultoreak, eta sareak jarri ditu inguruan, Zarauzko balea arrantzaleei omenaldia egiteko, eta euskal jaian karrozak egiteko ohitura berreskuratzeko.]]>
<![CDATA[Gogotsu hartu du jendeak euskal jaiaren itzulera Zarautzen]]> https://www.berria.eus/albisteak/217991/gogotsu_hartu_du_jendeak_euskal_jaiaren_itzulera_zarautzen.htm Fri, 09 Sep 2022 15:38:46 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/albisteak/217991/gogotsu_hartu_du_jendeak_euskal_jaiaren_itzulera_zarautzen.htm <![CDATA[Euskara menuetan, ezkutuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-09-08/euskara_menuetan_ezkutuan.htm Thu, 08 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-09-08/euskara_menuetan_ezkutuan.htm
Bulebarreko kalean, Va Bene hanburgesa jatetxearen kanpoaldean, mutil gazte bat zorua garbitzen ari da; lixiba usaina nabarmena da. Gazteleraz jartzen du bazkarietarako gordetako lekua dela garbitzen ari dena: «Local reservado para comidas». Menua kristalean itsatsita daukate, eta bertan ere ez dago euskararen arrastorik: gazteleraz, frantsesez eta ingelesez soilik irakur liteke jatetxearen eskaintza. Baita zerbitzari bila ari direla dioen oharra ere.

Antzekoa da egoera Garagar, Antonio Coctail eta Dionis Food & Drinks tabernetan: menua gazteleraz, ingelesez eta frantsesez daukate Bulebar inguruko taberna gehienek, eta hitz solte batzuk soilik irakur daitezke euskaraz horien kartetan: gosaria eta pintxoak bezalakoak.

Konstituzio plazan sartuta, kristal hotsa entzuten da etengabe, eta kamioiz eta furgonetaz beteta dago, bezperan kontsumitutako botila hutsak eramaten ari baitira ibilgailuetara. Horiek joandakoan bete da plaza aulkiz eta mahaiz, eta orduan geratu dira kartelak irakurtzeko moduan.

Ambrosio tabernan, adibidez, kanpotik begiratuta, atentzioa ematen dute zintzilik dituzten arbelek. Jatekoen eskaintza bertan daukate idatzita, klarionaz, amu gisa, eta gaztelera hutsean daude irakurgai. Gero, menua tabernaren kanpoaldean aurki daiteke, mahaitxo baten gainean; horietan bai, gazteleraz ez ezik, euskaraz eta ingelesez ere badute menua.

Menuaz gain, ordea, bezeroentzako oharrak ere badira hizkuntza paisaiaren erakusgarri. Konstituzio plazaren irteeretako batean, White Tara tabernan, adibidez, txartelez ordaindu ahal izateko gutxienez hamabost euroko gastua egin behar dela dio kartel batek: ingelesez eta gaztelaniaz soilik irakur daiteke.

Donostiako Parte Zaharreko kaleetan, berriz, joera bat gailentzen da: eskaintza lau hizkuntzatan idaztea. Dozenaka dira hautu hori egina duten jatetxeak: El Caserio, Gure Basque, Meson Portaletas, Gandarias jatetxea, Arde Donostia...

Lehentasuna, euskarak

Juantxo tabernaren kanpoaldean, ohiko ogitarteko eta pintxoen aukerak dituzte jarriak kartel batean. Euskaraz eta gazteleraz idatzita dago, baina hitz nagusiak ez daude itzulita (bokadilloak, pintxoak, razioak, tortillak...) eta bi hizkuntzetan ageri diren kasuan, handiagoak dira euskarazkoak. Nela de Cos Juantxo tabernako zerbitzaria da, eta irizpidea zein den zehaztu du: «Euskarak du pisurik handiena gure karteletan: euskara da beti lehenengo hizkuntza».

Dena dela, argitu du taberna barruan menua lau hizkuntzatan daukatela: kasu batzuetan, euskaraz eta gaztelaniaz, eta besteetan, ingelesez eta frantsesez. «Bi karta dauzkagu, euskaraz ez dakitenek ere eskura izan dezaten», esan du. Langileak ere saiatzen dira euskaldunak izan daitezen: «Langile guztiek dakigu euskaraz, eta bezeroei lehen hitza euskaraz egiten diegu beti».

Juantxoren alboan dagoen Danena tabernan, berriz, euskara eta gaztelania nahastuta daude janariari buruzko kanpoko kartelean: kalamarrak, albondigak, croquetas eta pollo frito al ajillo zerrenda berean daude. Barrura sartuta, Judith Sanz zerbitzariak azaldu du bi hizkuntzak nahasten dituztela beti menuetan.

Sanz donostiarra da, baina ez daki euskaraz: «Tabernan ni naiz ez dakien bakarra, baina berriro ekin diot ikasteari», esan du. Dena den, bezeroei oinarrizko gauzak euskaraz esaten ahalegintzen da: prezioak, esate baterako. Izan ere, bezero euskaldunek eskertzen diete euskaraz artatzea, turistek ez ezik, hiritarrek ere ostalaritza zerbitzuaz goza dezaten.]]>
<![CDATA[UDAKO SERIEA Begiratokiak (V). Zerukoak. Zerumuga parez pare]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2260/038/002/2022-09-03/udako_seriea_begiratokiak_v_zerukoak_zerumuga_parez_pare.htm Sat, 03 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/2260/038/002/2022-09-03/udako_seriea_begiratokiak_v_zerukoak_zerumuga_parez_pare.htm Belaguako aterpea
Erronkariko balkoi naturala

Erronkariko ibarra izarrak ikusteko leku aproposa da, are gehiago mendian gora eginez gero. Nafarroako Pirinioetan, Belaguako ibarrean dago Belaguako aterpea. Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak Erronkariko «balkoi natural» gisa izendatu du: «Nafarroa osoko zonarik ilunenetariko bat da, argi kutsadura txikienetarikoa duena. Izan ere, ez dauka hiri handirik inguruan, eta herriak nahiko txikiak dira».

Aproposena izanagatik, ordea, baditu eragozpenak, Jauregiren hitzetan: «Aparkalekua beti karabanaz, furgonetaz eta autoz lepo egoten da; trafiko ugariko lekua da». Hori dela eta, aterpetik apur bat iparralderago joateko gomendioa eman du, El Ferial aterpea dagoen tokira. Aparkalekua dago bertan ere, baina trafikotik apur bat aldenduta geratzen da, babesean.

Bertan antolatzekoa zen Iruñeko Planetarioaabuztuaren 12an pertseidak ikusteko irteera. Eguraldia zela eta, ordea, Burgi herrian egin zuten, izarrak ikusteko sortutako behatokian. Izan ere, Pirineos La Nuit proiektuaren barruan, inguruko hainbat herritan izarrak ikusteko erreferentziazko begiratokiak sortzen ari dira, turistak izarrak ikustera joan daitezen. «Ez dira lekurik aproposenak, baina herrietatik gertu daude, eta praktikoak dira», azaldu du Jauregik.

Izarrak ikusteko, nahikoa da hotzik ez pasatzeko arropa hartu eta janari eta edari apur bat eramatea, gogoratu duenez; ez da teleskopio edo prismatikorik behar: «Gora begira eseri edo etzan, eta itxaron egin behar da: pazientzia izan, eta zure ikuseremuan pertseidaren bat egon arte itxaron».

Urdaibai Bird Center
Hegaztientzako nazioarteko aireportua

Arrain kontserbetarako lantegia zena hegaztien geraleku da gaur egun: Urdaibai Bird Center. Urdaibaiko biosfera erreserbaren bihotzean dago, Gautegiz-Arteagan (Bizkaia), eta Edorta Unamuno bertako ornitologoak esan du «hegaztientzako nazioarteko aireportua» dela. Izan ere, hegaztiek, migrazioan daudenean, atseden hartzeko eta babesteko erabiltzen dute.

Unamuno eta lankideak zentrotik padurara eta hezegunera begira egoten dira. Zentroaren barruan, pantaila batzuk dituzte, eta bertan agertzen dira azkena heldutako txorien datuak, aireportuetako pantailetan nola. Joan-etorriak etengabeak direnez, egunetik egunera aldatzen da paisaia, «naturako museo bizi» bihurtuz Urdaibai Bird Center.

Urte osoko hegaztiak kontuan hartuta, 275 hegazti espezie inguru ikus daitezke bertan. Unamunoren hitzetan, ordea, jendea hegazti txikiekin harritzen da gehien; enarekin, adibidez: «Heroi izugarriak dira. Senegalera, Afrikarainoko bidaiak egiten dituzte, Sahara gurutzatuta». Hain zuzen, esan du hegaztia «aitzakia» bat dela Euskal Herriko aberastasunaren berri emateko: «Nahi dugu jendeak begiak irekitzea eta ikustea zelako altxorrak dauzkagun Bizkaiko zatitxo honetan».

Organbidexkako lepoa
Hegazti migratzaileen autobidea

Neguko babeslekura bidean, hegazti migratzaileek hainbat lekuri egiten diote bisita Iratiko basoaren inguruan eta, oro har, Euskal Herrian. Horietako bat da Organbidexkako lepoa (Zuberoa), Orhi mendiaren alboan dagoena. «Euskal Herria da Europan migrazio leku handienetariko bat, hegazti migratzaileentzako autobideetako bat», azaldu du Beñat Iribarne ornitologoak.

Iribarnek esan du lekua oso ezaguna dela, eta ornitologoek aspalditik daukatela begiz jota hegaztien migrazioa behatzeko: «Lehen lekua izan da ornitologoek bere gain hartu dutena. Ehiztariek erabiltzen zituzten aunitz urtez, eta Organbidexka izan da askaturiko lehen lepoa».

Hainbat hegazti ikusteko aukera egoten da, garai egokian bertaratuz gero: miru beltzak, oilagorrak, amiamoko zuri eta beltzak, lertxunak... Baina noiz joan jakin behar da. Izan ere, hegazti batzuk uztailean abiatzen dira neguko habiara, eta beste batzuk, berriz, irailean. Hegaztiak ondo ikusteko zer behar den galdetuta, «largabista pare bat, pazientzia eta begiak zorrotz izatea» aski direla gogoratu du.

Lapurriturri, Aiako Harriko parke naturala
Hamaika begirada leku berean

Aiako Harriko parke naturalean dago Lapurriturri informazio zentroa, Irunen (Gipuzkoa). Bertan, meategiak, harrobiak eta trenbide zaharra bisitatzeko aukera dago, baina baita ilundu arte itxaron eta izarrak ikusteko txangoa egiteko ere. Hala azaldu du Urkiri Salaberria zentroko arduradunak: «Hori da Lapurriturriren filosofia: toki bera berrikusten dugu, espazio berean zenbat begirada dauden ikusteko».

Ekintza horietarako, adituak gonbidatzen dituzte: izarren behaketa, adibidez, Aranzadiko kideekin egiten dute, urtero. Aiako Harriko menditik, planetak begiztatzen dituzte lehenik, eta gero hasten dira konstelazioen bidez izarrak ezagutzen.

Salaberriaren hitzetan, lehenik, 40 minutuz egoten dira begiak iluntasunera ohitzen, gero izarrei so egoteko: «Bat-bateko argi batekin, auto bat etortzen bada, edo telefonoko argia pizten bada, begia ohiko tamainara bueltatzen da». Hori bai, eguraldiaren mende egoten dira urtero, baldintza meteorologikoak «oso aldakorrak» izaten baitira. Aurten, lehen aldiz lortu omen dute egunarekin «asmatzea».

Bihar: Begiratokiak (eta VI). Balkoiak.]]>
<![CDATA[Motxilak betetzeko ordua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2022-09-03/motxilak_betetzeko_ordua.htm Sat, 03 Sep 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2022-09-03/motxilak_betetzeko_ordua.htm
Kartelak bezala, dendak hartua du ikasturte hasierako itxura. Bezeroek koadernoak, agendak, karpetak eta koloretako azpimarragailuak parez pare ikusteko moduan daude jarrita, atetik sartu orduko. Kolorez betetako pila bat osatzen dute, dendaren erdigunean: haurren motxiletara jauzi egiteko prest daude.

Lasai doa ostiral goiza, dendan ez da jende pilaketarik egon; nabaritzen da oraindik egun batzuk falta direla Hego Euskal Herriko ikasleak eskoletara itzultzeko; Ipar Euskal Herrian astelehenean hasi zuten ikasturtea. Dena den, langileak etengabe ari dira hara eta hona: koadernoen pilak bete, apalak txukundu, bezeroei liburuekin lagundu... Luzea da egin beharreko zereginen zerrenda.

Bezeroak ere ari dira pixkanaka hurbiltzen; iritsi zaie udako oporrak atzean utzi eta ikasturte berriari begira jartzeko garaia. Juncal Navajas, esaterako, Alba eta Hugo Barrena seme-alabekin joan da dendara: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan daude gazteak, lehenengo eta laugarren mailan, eta, ikasturteari heltzeko gogoz ote dauden galdetuta, ezezko borobila eman dute, aspertu aurpegia jarrita.

Amaren arabera, «liburu gutxi baina astunak» erosi dituzte, eta igarri dituzte prezioen igoeraren ondorioak. Izan ere, EKA Euskadiko Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, aurten %20 garestitu da eskolako materialaren prezioa inflazioa dela eta; haur bakoitzeko 80 euro gehiago ordainduko ditu familia bakoitzak.

Erika Egaña semearekin joan da dendara, aurrez eskatutako liburuen bila. Errotuladoreekin jolasean ari da semea, liburuak ekartzeko zain dauden bitartean. «Ikasturtea hasi baino lehen etorri ohi gara, hilabete bat eta erdi aurretik edo; gaur ikasturte berrirako behar genituen liburuak jasotzera etorri gara», azaldu du Egañak. Gutxi gorabehera, eskola materialean 170 euro gastatuko dituztela aurreikusten du.

Haurrentzako literatura liburuen artean arakatzen ari dira Aitziber Lekuonaren bi semeak. Berehala aukeratu dute liburu bana, eta «gaur argi zeukaten!» esanez agurtu du bertako langilea. «Gaur ez gara eskolako materiala erostera etorri, baina dagoeneko erosiak ditugu txirula, konpasak, arkatzak, errotuladoreak...», adierazi du Lekuonak. Dena ez dute erosiko, ordea: «Zorroa eta motxila ez ditugu erosi aurten; iazkoak erabiliko ditugu».

Gehienbat, eskaerak

Azken egunetan gehienbat jendeak egindako eskariak banatzen ari direla esan dute langileek. Beheko solairuan, berriz, apalak txukuntzen ari da Karlos Mintegi, dendako langilea. Han ere, testuliburuak bistan jarrita daude, jendeak erraz aurki ditzan. «Etxeko» liburuak izaten dituzte modu horretan; Elkar eta Ikaselkar argitaletxeetakoak, hain zuzen ere.

Ikasturte hasiera denez errefortzua izaten dutela kontatu du Mintegik; langile gehiago hartzen dituzte, jende gehiago ibiltzen delako. Gainerakoan, antolaketan ez dute beste aldaketarik izaten. Urduritasuna sumatzen dela azaldu du, ordea: «Liburu hori oraintxe behar dut, eta ez da iritsi», eta horrelakoak entzuten dituzte sarri.

Telefonoa da ikasturtea ate joka den beste seinaleetako bat: ohi baino gehiago jotzen du iraileko lehen asteetan. «Astuna» ere izan daiteke, Mintegiren arabera, eta «ez da xamurra» deiak aurrez aurre dauden bezeroen arretarekin uztartzea: «Lehentasuna etortzen direnek eduki behar dute, baina, era berean, telefonoa jo eta jo aritzen da, eta hartu egin behar duzu», esan du.

Kuadrillan sartu dira dendara, denak elkarrekin, Garazi Mujika, Inge Gomez, Intza Goiburu, Garazi Otaegi eta Ainhoa Urkia. Go!azen-eko aldizkari bat ikuskatu du batek, eta langile bati liburu bat ba ote daukaten galdetu dio beste batek. Gaur ez dira materiala erostera etorri, eta, kontatu dutenez, ez daukate liburuak erosi beharrik, utzi egiten dizkiete eta. DBHko 4. maila egingo dute aurten, eta aho batez erantzun dute bostek, ia-ia batera, gogorik ba ote duten galdetzerakoan: «Nagia ematen digu hasteak».

Asteazkenean hasiko dute ikasturtea bost neskek, Hego Euskal Herriko gainerako ikasleek bezala; orduan joango dira falta duten materiala erostera, aurkezpen egunean zehaztasunen berri izan ondoren. Orduan ere, gaur bezala, ziurrenik elkarrekin etorriko direla esan dute, motxilak betetzera.]]>
<![CDATA[Irailaren 26an itzuliko da Egunean Behin jokoa]]> https://www.berria.eus/albisteak/217718/irailaren_26an_itzuliko_da_egunean_behin_jokoa.htm Thu, 01 Sep 2022 13:24:24 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/albisteak/217718/irailaren_26an_itzuliko_da_egunean_behin_jokoa.htm Apirilaren 10ean amaitu zuten bederatzigarren denboraldia, eta 60.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten asteroko testetan. Gainera, hiru aldiz, finala telebistan jokatu zuten, zuzenean, eta Korrikaren amaierako festan ere partida bat antolatu zuten. Maiatzean prest zeuden hamargarren denboraldiari ekiteko, orduan ateratako oharrean azaldu zutenez, baina nahiago izan dute atsedena apur bat luzatu, eta aplikazioari berrikuntza batzuk egin ondoren lehiaketa «berpiztu». Berbaxerka, BERRIAn Egunean Behin-ekin batera, Berbaxerka da azken urteetan sortu diren jokoetariko bat. BERRIAren webgunean dago bertan jokatzeko aukera: Berria.eus/berbaxerka helbidean. Ausazko zazpi hizkirekin hitzak topatzea da erronka. 2022ko urtarrilaren hasieran euskarara ekarri zuten Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak. ]]> <![CDATA[«Gaur egun marka ausart bat badago, hori Balenciaga da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-08-30/gaur_egun_marka_ausart_bat_badago_hori_balenciaga_da.htm Tue, 30 Aug 2022 00:00:00 +0200 Ane Insausti Barandiaran https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-08-30/gaur_egun_marka_ausart_bat_badago_hori_balenciaga_da.htm
Zein da zehazki zure zeregina Balenciagan?

Balenciaga etxeak josteko hiru tailer dauzka, eta nik bildumako tailer jakin bat koordinatzen dut: soinekoak, blusak... horrelako piezak josten dituztena. Diseinatzaile buru bat dago, creative director [sormen zuzendaria] deritzona, eta haren azpitik, beste hainbat diseinatzaile daude. Proiektuaren hasieran, bilduma berrirako ideiak azaltzen dizkie, eta haiek hasten dira ideiari forma ematen. Nire lana da astero diseinatzaile horiekin biltzea eta ondoren, jostunengana joatea, zer egitea nahi duten azaltzera.

Diseinatzaileen eta jostunen arteko zubia zara, nolabait esateko?

Hori da. Datak koordinatzen ditut, egun konkretu batzuetarako eginda egon behar dutelako piezek, fitting-ean [piezak probatzeko eguna] aurkeztu ahal izateko. Data hori iristen denean, sormen zuzendariak esaten du: «Nik hori moztu egingo nuke, hori luzatu...». Eta hurrengo datarako aldatu egin behar da eskatutakoa. Nire lana da hori jostunei transmititzea.

Jostunek aldaketa asko egin behar izaten dituzte?

Bai. Diseinatzaileek agian bost minutuan behin ideia aldatzen dute, eta, gainera, inork ezin die kontra egin. Horregatik da zaila askotan erritmoei eustea, azken unean aldatzen dutelako iritzia, eta jostunek ez dutelako denborarik hori egiteko. Presio eta presa handia dago.

Hierarkikoa da goi mailako modaren industria?

Bai, piramide bat da. Esan didatenez, bertikalenak frantsesak dira. Ia-ia jainkoa balitz bezala tratatzen da sormen zuzendaria. Gainerako herrialdeetan ez omen da hain bertikala, baina Frantzian asko nabaritzen da tradizioaren pisua. Sormen zuzendariak eskuduntza guztia du dena goitik behera aldatzeko. Nahiz eta atzetik sei hilabeteko lana egon, eta bilduma bat prest egon. Azken orduan esan dezake: «Pieza hauek ez ditugu aurkeztuko», eta kito.

Lyst plataformak urtarrilean argitaratu zuenez, Balenciaga da gaur egun munduko markarik «desiratuena». Presioa sortzen du hori jakiteak?

Hasieran, zirrara eragiten du, Balenciagan ikusten delako Kim Kardashian, Serena Williams eta horrelako jende ezagunak bere neurriko manikiak dituela, haientzat jantziak sortzeko. Baina, gero, ohitu egiten zara. Balenciagan, organigrama oso modu aproposean eginda dago. Presioa baino gehiago, presa da arazoa.

Zerk bereizten du gaur egun Balenciaga besteengandik?

Ez duela konplexurik; ez du lotsarik egiten duena egiteko. Niretzat, dagoen markarik transgresoreena da. Guztiek begiratu behar dute aurrera, baina Balenciagak egiten dituen proposamenak benetan berritzaileak dira. Inspirazioa ere esan daiteke ia-ia etorkizunetik hartzen duela, nahiz eta atzera ere begiratzen den. Gaur egun marka ausart bat badago, hori Balenciaga da.

Dena den, asko aldatu da Balenciaga marka: lehen, bolumen eta forma bereziko soinekoak egiten zituzten, eta, gaur egun, kiroletako jertseak, zapatilak, poltsak...

Ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina ez nago guztiz ados. Cristobal Balentziagak, 1950. urtean, Parisen saltzen zituen jantziak. Guri, gaur egungo ikuspuntutik, iruditzen zaigu klasikoa zela, baina, bere garairako, egiten zituen bolumenak eta formak benetan berritzaileak ziren, oso abangoardista zen. Oraingo Balenciaga iruditzen zaigu oso zatarra dela, eta pentsatzen dugu: «Zer esango luke Cristobal Balentziagak burua altxatuko balu?».

Hori zen egin behar nizun hurrengo galdera...

Orain esnatuko balitz? Agian iktus batek emango lioke. Baina, gaztea balitz orain, ziur aski ados egongo litzateke kontzeptuarekin. Bere garaian oso modernoa zelako. Eta orain, hori guztia ekarri behar dugu gaur egungo begietara. Orduko bere bolumenak dira gaurko Balenciagak eskaintzen dituen gauza berri horiek, 50 urtean moda ez baita geldirik egon.

Balentziagak 30 urte egin zituen Parisen. Zuk ere horretarako asmoa duzu?

Ez, asmoa behintzat ez. Gero ez dakit zer gertatuko den, baina hemen [Euskal Herrian] ondo bizi gara, eta familia eta lagunak hemen daude. Kontua da hemen modaren merkatua oso txikia dela,baina pentsatzen dut hemen zerbait sortuko dela. Etortzeko asmoa daukat.]]>