<![CDATA[Ane Irazabal | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 01 Feb 2023 10:04:12 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ane Irazabal | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Angela Merkel Joan aurretik santutua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/005/001/2021-09-26/angela_merkel_joan_aurretik_santutua.htm Sun, 26 Sep 2021 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1987/005/001/2021-09-26/angela_merkel_joan_aurretik_santutua.htm
Bozen aurretiko egunetan, Merkeli eskerrak ematen dizkioten kartelak agertu dira Alemaniako kaleetan. Esneki enpresek edota konpainia elektrikoek ordaindutako kanpainak dira. Alemaniarrak hain dira metodikoak, Merkelenganako mendekotasun antzeko bat garatu baitute. Hauteskundeen gaineko informazio puntu baten aurrean, herritar dezente daude alderdien panfletoak hartzen. «Bozetara aurkeztu diren hiru hautagai nagusiak oso ahulak iruditzen zaizkit. Inork ez dit Merkelen segurtasuna transmititzen», esan du Jennifer gazteak. Etorkizun ezezagunak larritasun antzeko bat eragiten die alemaniarrei; hamasei urtez ziurtasun osoan bizi izan balira bezala. Kantzilerrari botoa inoiz eman ez diotenen ahotik ere zaila da kritika zorrotzak entzutea: «Merkelen ideologia babesten ez dudan arren, begirunea diot. Akats asko egin ditu, baina kontsekuentea da aldarrikatzen duenarekin, eta oso bizitza austeroa darama. Ez diote inoiz ustelkeria kasu batekin harrapatu», adierazi du Ancel erretiratuak. Alemaniako Mutti edo amatxoren omenezko publizitate kanpainak oso modu neurtuan eta soilean eginda daude, baina atentzio handia ematen du erretiratzear den gobernuburu baten aldeko esker oneko kartelak ikusteak.

Beti ez da hala izan, ordea. Ana Carbajosa kazetariak Angela Merkel: Crónica de una Era liburuan argi uzten du kantzilerrari asko kostatu zitzaiola politikan errespetatua izatea. CDU alderdi kontserbadorean izena eman zuenean, estralurtar bat balitz bezala tratatu zuten alderdikideek: emakumea, ossi-a —Ekialdeko Alemaniakoa—, fisikaria, dibortziatua —lehen senarraren abizena bereganatu zuen, eta gaur egun ere horixe dauka—, bigarren aldiz ezkondua eta seme-alabarik gabekoa.

Alemaniaren zatiketa politikoa eta geografikoa oso presente egon da Merkelen biografian. Kantzilerra Alemaniako Errepublika Federalean jaio zen, mendebaldean. Baina Alemaniako Errepublika Demokratikoan hezi zen, ekialdean. Haren aita, Horst Kasner, askapenaren teologiarekin harreman estua zuen apaiz luteranoa zen, eta, bere familiarekin, ebanjelizazio misio bat betetzera joan zen ekialdeko Templin udalerrira. Kasner familia oso ezaguna da Templinen. Sven saltzaileak softeis edo izozki leun famatuak egiten ditu merkatuko plazan: «Merkelen aitak nire gurasoak ezkondu zituen, eta oso pertsona ona zen», adierazi du, «baina pribilegiatuak ziren, bada, elizgizonen familiek estatus berezia zuten sistema sozialistan. Kasnertarrek mendebaldera bidaiatzen zuten, eta senitartekoak bisitatzera joaten ziren».

Hala, bi munduen artean bizitzeak, sistema sozialista eta kapitalista ezagutzeak, eragin handia izan du politikan trebatzeko duen metodoan. Adibidez, feminismoa zer den eta nola indarrean jarri behar den erabakitzeko orduan. Merkelek muzin egiten die etiketa guztiei, eta azken unera arte ez du feminismo hitza bere egin. Merkelek ez du katalogatua izan nahi, Delle Donneren iritziz: «Hamasei urte hauetan gaitasun paregabea erakutsi du iritziz aldatzeko, eztabaidaezinak iruditzen zitzaizkion politikak aldatzeko, eta barkamena eskatzeko». Carbajosaren liburuan nabarmentzen da Merkelek 35 urte zituela Berlingo harresia erori zenean eta politikan aritzea erabaki zuenean. Beraz, ez dauka iritzi monolitikorik. «Energia nuklearraren alde zegoen, eta, Fukushimako hondamendiaren ostean, 180 graduko bira eman zuen; politikan kuotak ezartzearen kontrakoa zen, baina azkenean onartu egin zituen. Sistema sozialistan bizi ziren herritarrek ez zuten boto askatasunik, baina, emakumeen kasuan, dibortzioaren, lan berdintasunaren eta halako eskubideen alde ez zen borrokatu beharrik. Berretsita zeuden», erantsi du politologoak.

Edonola ere, Merkelen aroa disekzionatzen ari diren kazetari dezentek uste dute adorea falta izan zaiola. Askok irizten diote olatuaren atzetik joan dela eta ez duela inoiz arriskatu nahi izan. Horiek hala, oposizioko alderdien, Berdeen eta Sozialdemokraten kanpainako aldarrikapen asko bere egin ditu. Oportunista al da? Delle Donnek argi dauka: «Nik esango nuke Merkelen politika ez dela oinarritzen Alemaniaren edo Europaren gaineko ikuspegi edo estrategia handietan. Ez da lider karismatiko bat. Baina badaki alemaniarren gogo aldartea irakurtzen, alegia, gizartea norantz doan interpretatzen. Beti koalizioan gobernatu du, eta haren programa oso moldagarria da». Agian adibiderik esanguratsuena da sexu berekoen arteko ezkontzak onartzeko legea. Merkel kontra agertu zen, parlamentuan ezezkoa eman zuen, baina, jakinda bere alderdiaren, CDUren botoak beharrezkoak zirela araudia onartzeko, askatasuna eman zuen. «Adierazgarriena da homosexualen ezkontzen aurka bozkatuta ere Merkelek bere egin zuela aurrerapauso historiko hori», erantsi du Delle Donnek.

Agian, 2015a izan zen kantzilerrak bere lidergoa bistakoen utzi zuen urtea. Alemaniarrek ondo gogoratzen dute uda hura. Nazioarteko iritzi publikoak Berlinek Greziarekin izandako jarrera gupidagabea kritikatzen zuen bitartean, Alemaniako herritar gehienek txalotu egin zuten kantzilerraren esku gogorra. Merkelek Atenasi botatako hordagoa argia izan zen: edo gure akordioa berretsi, edo eurotik atera. Alexis Tsiprasen gobernuak etsipenez onartu zituen murrizketa berriak. Austeritatearen unerik gogorrenak ziren, eta uda hartan berriz ere bistaratu zen zorpetzeak alemaniarrei eragiten dien alergia. 2008ko finantza krisiak eztanda egin zuenetik, Merkelen mantra izan da herritarrei gogora ekartzea beren aurrezkiak salbu daudela. Baina austeritate ekonomikoa zeharo lurperatuta geratu den pandemiaren garai berrian, kantzilerrak ez du Greziarekin eta Europa hegoaldeko beste hainbat herrialderekin izandako jarreragatik alhadurarik erakutsi. Alemanian, gainera, ia inork ez dio konturik eskatu.

Edonola ere, 2015eko abuztuan beste fenomeno batek aldatu zuen Merkelen aurpegia, eta zeharo nahasita utzi zuen Alemaniako iritzi publikoa. Errefuxiatuen dramak Europako ateak jo zituen, eta kantzilerrak milioi bat asilo eskatzaile baino gehiago hartzeko agindu zuen. Ordukoa da, ziur aski, historiara pasatuko diren Merkelen esaldietako bat: «Larrialdi egoeran gure aurpegirik abegitsuena erakusteagatik barkamena eskatu behar badut, orduan, hau ez da nire herrialdea». Alemaniak errefuxiatu siriarrak hartu zituen bereziki, eta gehienek goi mailako ikasketak zituzten. Batzuentzat ez zen kasualitatea izan. Berlingo lan agentziako datuek diote populazioaren zahartzearen ondorioz herrialdeak urtero 400.000 migratzaile kualifikatu behar dituela ekoizpen erritmoari eusteko. Halere, Merkelen onarpenak behera egin zuen, eta eskuineko oposizioak, batez ere haren alderdiaren barrukoak, gupidarik gabe kritikatu zuen. «Ate irekien estrategiak ondorio politikoak izan zituen, baina oso erlatiboak. 2017ko bozetan babes gutxiago eskuratu zuen Merkelek, baina hauteskundeak aise irabazi zituen. Sei urteren ostean, errefuxiatu horietako %49 lanean daude, kontratu mugagabearekin», gogoratu du Delle Donnek. Refugees Welcome mugimenduko Arne Becker askoz kritikoagoa da, ordea: «Kuriosoa iruditzen zait Merkel 2015eko ate irekien politikagatik gogoratzea, eta ez 2016an Turkiarekin mugak ixteko sinatu zuen akordio lotsagarriarengatik».

Azken asteetan, hamaika inkesta publikatu dira alemaniarrei galdetuz kantzilerraren zer ezaugarri nabarmentzen dituzten. Gehien errepikatu diren hitzak egonkortasuna eta segurtasuna dira. Bundestagen edo parlamentuaren aurrera hainbat herritar hurbildu dira Merkelen azken diskurtsoa entzutera. Hamasei urte igaro dira kantzilerrak lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenetik. Horrek esan nahi du belaunaldi oso batentzat Merkelek ordezkatzen duela boterea. «Non topatuko dugu Vladimir Putini aurre egiteko gai den beste kantziler bat?», uste du parlamentuaren kanpoaldean dagoen gizon zahar batek. Atzerri politikak oso espazio txikia bete du hauteskunde kanpainan, baina alemaniarrentzat, batez ere ekialdeko adinekoentzat, Errusia ez da kanpo politika.

Merkelen metodoa oso argi geratu da Alemaniak munduan izan behar duen rolaren inguruan. Kantzilerrak europeismoa aldarrikatu du, baina, Errusiaren eta Txinaren kasuan, oso abila izan da politika eta ekonomia banatzen. Alemania trantsizio energetikoan murgilduta dago, eta Errusiako gasaren mendeko bihurtu da. Berlinek zentral nuklearrak itxiko ditu 2022an, eta ikatza ekoizteari utziko dio, asko jota, 2038an. Baina energia berriztagarrien ekoizpenak ez ditu behar guztiak asetzen. Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasuneko estatu kide askoren aurrean, Merkelek sutsuki defendatu du Errusiako gasa inportatzeko NordStream2 gasbidea eraikitzeko proiektua. Lanak amaituta daude, eta hodi kilometrikoek Errusia eta Alemaniako Lubmin udalerria batzen dituzte, Itsaso Baltikoa zeharkatuz. NordStream2 gasbideak 55.000 milioi metro kubiko gas inportatuko ditu urtero.

Halere, Merkelen aroaren ikur nabarmena da eskuin muturra politikoki bakartzeko erabakia ere. Haren legealdian AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra Bundestagen eta estatu federatuen parlamentuetan sartu da. AfD 2008ko finantza krisiaren biharamun euroeszeptikoan jaio zen, eta, 2015eko errefuxiatuen etorrerarekin, xenofobiaren bandera altxatu zuen. Merkelek inposaturiko osasun hesia oso gogorra izan da, baina zer gertatuko da kantzilerra izateari utziko dionean? «Datorren legealdiko erronkarik handienetako bat izango da eskuin muturrari ezarritako bakartze instituzionala mantentzea; izan ere, Merkelen eskuinean dauden alderdikide askok jarrera leuna dute», adierazi du Delle Donnek. Hori da, hain zuzen, Merkelen aroaren beste ondorio bat. Gobernatzeko berezko modu merkelistak zeharo galduta eta desorientatuta utzi du haren CDU alderdia.]]>
<![CDATA[Milaka migratzaile harrapatuta daude Bosnia eta Kroazia arteko mugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-01-15/milaka_migratzaile_harrapatuta_daude_bosnia_eta_kroazia_arteko_mugan.htm Fri, 15 Jan 2021 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-01-15/milaka_migratzaile_harrapatuta_daude_bosnia_eta_kroazia_arteko_mugan.htm
Sazzad eta beste ehunka gazte Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan dagoen Velika Kladusa udalerriko basoetan bizi dira. Nazioarteko ekintzaileek The Jungle deitzen diote eremu horri. Iheslariak baso batetik bestera mugitzen dira, eta oihalez egindako kanpadenda inprobisatuak muntatzen dituzte Poliziaren kontrolak ekiditeko. Batzuetan oso zaila da non dauden jakitea. Anja ekintzaile suitzarrak No Name Kitchen elkartean lan egiten du: «Gure eginkizuna da errefuxiatuen artean lo egiteko zakuak, mantak eta oinetakoak banatzea. Askotan gauez mugitzen gara, oharkabean pasatzeko». No Name Kitchenek bost urte daramatza Balkanetan harrapatuta dauden migratzaileei laguntza eskaintzen, baina gaur Anjak ez du bere abizena eman nahi: «Kriminalizatuta sentitzen gara, eta nazioarteko ekintzaileen aurkako erasoak ugaritu egin dira».

Elurra eta utzikeria

Neguak ez du gupidarik Bosnian. Iragan egunetan, zero azpiko tenperaturak erregistratu dituzte, eta errepideak izoztu egin dira. Bosniarrak ohituta daude negu gogorrei aurre egiten, baita gerra garaian ere, baina mugalde honetan bizi diren milaka asilo eskatzailerentzat erronka itzela da. «Basoetan ezkutatzea erabaki dugu ez gaituztelako kanpaleku ofizialetan onartzen. Bakarrik bidaiatzen duten gazteentzat tokirik ez dagoela esaten digute», adierazi du Shahin Issk bangladeshtarrak. Isskek Facebooken profila erakusten die bere kanpadendara hurbiltzen diren kazetari guztiei. Argazkian gorbatarekin agertzen da. «Ikusi, ingeniari mekanikoa naiz», esan du harro. Baina tituluek ez diote ezertarako balio Europako txoko ahaztu honetan. Eguneroko erronka biharamunera onik iristea da. «Baduzu eskularru pare bat edo mendiko oinetakorik niri emateko? Ez ditut atzamarrak eta behatzak sentitzen», erantsi du.

Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, Bosniaren eta Kroaziaren arteko Una Sana kantoian 3.000 pertsona inguru daude harrapatuta. Gehienak Afganistango eta Pakistango gazteak dira, eta bakarrik bidaiatzen duten adin txikiko asko daude. Muradek duela lau urte hasi zuen ihesaldia: «Lagun asko aurkitu ditut, eta babestuta sentitzen naiz. Halere, bidaia amaigabea da hau». Gazte afganiarra ez da hotzaz kexu, baina gosetuta dagoela dio. Murad Bihac hiriko eraikin abandonatu batean bizi da beste ehunka etorkinekin: «Gure logelan hamar pertsonak lo egiten dugu. Koltxoiak eta mantak umelduta daude».

Zaharren egoitza izateko altxatu zen eraikin handiaren hezurdura Una ibaiaren aurrean dago. Asilo eskatzaileak errekan garbitzen dira. «Familiaren esperantza bakarra ni naiz. Gurasoek Europara etortzeko baimena eman zidaten, etxekoei eta, batez ere, anai-arreba txikiei laguntzeko», azaldu du Muradek. Eraikinaren barruan ezinezkoa da arnastea. Gazteek sua egiten dute, eta, egurraz gain, boluntarioek banatzen dizkieten atun eta sardina poto hutsak erretzen dituzte. Logeletatik ke beltza ateratzen da.

Muradi lotsa ematen dio gurasoei eraikin abandonatu batean bizi dela esateak, baina ez du errefuxiatuentzako zentro itxi batera joan nahi: «Ez zait segurua iruditzen, bada, duela gutxira arte kanpaleku batean bizi nintzen, eta erre egin zen». Gazte afganiarra Lipako guneari buruz mintzo da. Izan ere, iragan abenduaren 23an Bosniako errefuxiatuen zentrorik handienak su hartu zuen, eta garrek dena suntsitu zuten. Inork ez ditu gertaeraren nondik norakoak argitu, baina sutearen bezperan Migraziorako Nazioarteko Erakundeak kanpalekuaren itxiera iragarri zuen, «oinarrizko osasun baldintzak» betetzen ez zirelako. Lipak ez zuen ez ur-iturririk, ez argindarrik ezta estolderia sistemarik ere.

«Beste adabaki bat»

Orain, elurrak estali ditu kanpalekuaren hondakinak. Bosniako Poliziak bata bestearen gainean jarri ditu zuriz jantzita dauden metalezko ehunka ohatze. «Irudiak iragana gogorarazten digu; alegia, II. Mundu Gerrako errefuxiatuen zentroak», adierazi du Anjak. Goizero, kiskalitako kanpalekuaren atarian, asilo eskatzaileek ilara egiten dute eguneko janari bakarra jasotzeko: ogi zati bat, atun lata bat, jogurta eta te beroa. «Lipako komunen hondakinetan lo egiten dugu. Hala jarraituz gero, hotzez hilko gara», esan du Awais Jan pakistandarrak. Gazte iheslaria haserre dago egungo egoerarekin: «Ez dut Europaren estrategia ulertzen; eskulan merke gisa ere ez gaituzte nahi».

Melek Sevda Mustafic boluntarioa da eta Bosniako Emmaus elkartearentzat lan egiten du: «Eremua hutsik dagoela dirudien arren, janaria banatzen hasten garenean ehunka pertsona agertzen dira». Batzuk sutetik onik atera diren kontainerretan bizi dira, eta beste batzuek basoetako txaboletan lo egiten dute. Asilo eskatzaileak mantekin estaltzen dira elur ekaitzetik babesteko, baina batzuek ez dute txankletak baino beste oinetakorik. «Neguko botak eta berokiak behar dituzte; izan ere, datozen asteetan tenperatura hotzagoak espero ditugu», ohartarazi du Mustaficek. Egoeraren larritasuna ikusita, Bosniako Gurutze Gorriak karpa berriak eraiki ditu kanpaleku kiskaliaren aurrean. Halere, behin-behineko irtenbidea dela ohartarazi du Sarajevoko gobernuak. «Adabaki bat da», salatu du Anjak.

Balkanetako muga itxi zenetik, Bosnia-Herzegovina bihurtu da Europako Batasunera sartzeko zirrikitu berria. «Ibilbide ofiziala zigilatuta dago, eta ezinezkoa da Serbiaren eta Hungariaren arteko hesia gurutzatzea. Bestalde, Serbiaren eta Kroaziaren arteko muga ere oso militarizatuta dago; beraz, mendebalderantz bira egin eta Bosniara etortzea da irtenbide bakarra», azaldu du Janek. Nazioarteko Migraziorako Erakundeak kalkulatzen du 2020an 16.000 pertsonak gurutzatu dutela Bosniara-2019an 30.000 iritsi ziren-. Horietatik 6.500 daude egun erregistratuta. Familia gehienak Sarajevo ondoko kanpaleku itxietara eraman dituzte.

Asilo eskatzaile guztiak Kroaziara gurutzatzeko esperantzaz iristen dira Bosniara, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz, gero eta zailagoa da muga zeharkatzea. Kroaziak eta Esloveniak Poliziaren kontrolak zorroztu dituzte, eta irtenbide bakarra basoetatik igarotzea da. Huzmanek 25 urte ditu, eta bi urte daramatza Bosnian: «Hogei aldiz zeharkatu dut muga. Azken aldian Triesteraino, Italiaraino, iritsi nintzen. Baina Italiako Poliziak Esloveniara bueltatu ninduen; Esloveniakoak, Kroaziara eta Kroaziakoak, Bosniara». Huzman nekatuta dago, eta udaberria iritsi arte ez da berriz ere saiatuko: «Orain oso arriskutsua da».

Mugaldean harrapatuta dauden pertsona guztiek Kroaziako Poliziaren indarkeria salatzen dute. «Denok izan dugu esperientzia txarra bertako segurtasun indarrekin. Praxirik ohikoena da gu jipoitzea eta sakelakoak apurtzea», esan du Huzmanek, «dardarka hasten gara ikusten ditugunean». Nazioarteko boluntarioak, ordea, haratago doaz, eta migratzaile asko oinutsik bueltatzen direla jakinarazi dute.

Bosnia, bakarrik

2018an, Siriako, Afganistango eta Irakeko lehen familiak iristen hasi zirenean, bosniarrek eskuzabalik jaso zituzten asilo eskatzaileak. Sarajevoko gobernuak ez zuen baliabiderik, baina gizarte zibila mobilizatu egin zen laguntza eskaintzeko. Hiru urteren ostean, egoera errotik aldatu da. Bihac hiriaren sarreran «No Camp» dioen pankarta bat ikus daiteke. Mustaficek onartu du migratzaileen aurkako erasoak ugaritu egin direla, eta hala azaldu du bosniar askoren gogo aldartea: «Herritarrak nekatuta daude, bada, krisi humanitarioa luzatzen ari da, eta Europako Batasunak herrialde pobre baten esku utzi du ardura guztia. Hein handi batean, ikusten ari garen haserrea ez da migratzaileen kontrakoa, Bruselaren aurkakoa baizik».

Orain arte, Europako Batasunak Migraziorako Nazioarteko Erakundearen bidez kudeatu ditu Sarajevoko gobernuarentzat bideratutako diru laguntzak. Krisi humanitarioak eztanda egin zuenetik, Bruselak dozenaka milioi eman dizkio Bosniari. Halere, txekeak ez doaz zuzenean gobernura, Migraziorako Nazioarteko Erakundera baizik. Bruselak ez du Turkiarekin bezala aurrekari bat ezarri nahi, eta, gainera, argi utzi du pertsona horiek guztiak migratzaile ekonomikotzat jotzen dituela, ez asilo eskatzailetzat. Hala, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria ekuaziotik kanpo dago. Mustaficek uste du epe luzerako estrategia bat falta dela: «Argi dagoen bakarra da asilo eskatzaileak hiritik ahalik eta urrunena pilatu nahi dituztela, ezerezaren erdian eraikitako kanpalekuetan, azpiegitura dezenterik gabe. Batzuek disuasio politika deitzen diote horri»

Nolanahi ere, Huzmanek, Muradek eta Shahinek, besteak beste, ez dute amorerik ematen. Shahin argia bezain gordina da: «Itxaroten igaroko dugu negua. Elurra egiteari uzten dionean, berriz ere saiatuko gara. Ez dugu ezer galtzeko».]]>
<![CDATA[Elurrak estalitako ibilbide gogorra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/006/001/2020-01-19/elurrak_estalitako_ibilbide_gogorra.htm Sun, 19 Jan 2020 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1952/006/001/2020-01-19/elurrak_estalitako_ibilbide_gogorra.htm
Gazteak iturri baten ondoan geratu dira ura edatera, eta errepideko ertzetik kanpalekura itzultzeko bideari ekin diote. Nekatuta daudela nabaritzen zaie, baina ez dute irribarrea galtzen: «Astebete iraun dugu basoetan ezkutatuta. Ez da erraza izan. Hotz handia egiten du, eta ez daukagu arropa egokirik. Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga gauez pasatu genuen. Arazoa, ordea, Kroaziaren eta Esloveniaren arteko mugan dago. Poliziak kontrolak zorroztu ditu han», kontatu du Hossain bangladeshtarrak.

Bosnian harrapatuta dauden migratzaile askorentzat joko antzeko bat bihurtu da basoetatik muga zeharkatzea. Hori hala, The Game deitzen diote saiakerari. Halere, Velika Kladusara itzuli dituzten gazteek ez dakite joko horrekin jarraitzeko gai izango diren ala ez. «Kroaziako Poliziak harrapatzen gaituenean, jipoitu egiten gaitu. Motxilak, berokiak eta telefonoak ostu dizkigute», adierazi du Mujtaba afganiarrak.

Haren laguna, ordea, haratago doa: «Kroaziako Poliziaren disuasio estrategia berria da oinetakoak ostu, arropak kentzera behartu eta biluzik Bosniara bueltatzera derrigortzea. Neguan ez da erraza halako estrategia bati aurre egitea». Sarajevoko gobernuak ez du zehaztu salaketa horiek egia diren ala ez, baina deportazio eremuetan migratzaileei harrera eskaintzen dien funtzionario batek BERRIAri adierazi dio migratzaileak biluzik iristen ikusi dituela.

Muga itxia?

Bosnia-Herzegovina Balkanetako zirrikitu berria bihurtu da milaka asilo eskatzailerentzat. Kroaziara gurutzatzeko esperantzaz iristen dira. Izan ere, Hungariak hesia eraiki zuenetik, Europako Batasunera sartzeko ibilbide alternatiboaren etapa nagusia bihurtu da Bosnia. Mugaldeko Bihac hirian, negurako prest daudela azaldu dute udal arduradunek. Migratzaile familiak duela gutxi txukundutako eraikin batera eraman dituzte. Nour asilo eskatzaile siriar bat da, eta senarrarekin eta lau seme-alabekin bizi da harrera etxean: «Semerik zaharrena Alemanian bizi da: 2015ean iritsi zen Berlinera. Guk geroago hasi genuen bidaia, eta orain Bosnian gaude harrapatuta. Ume txikiekin arriskutsuegia da muga basoetatik zeharkatzea. Nahikoa sufritu dugu Egeo itsasoa gomazko ontzi batean zeharkatuta. Halere, ez dut ulertzen zergatik ez didaten baimena ematen semearekin elkartzeko. Ez al gaude denak Europan?».

Bestalde, migratzaile gazteak Bira izeneko antzinako hozkailu fabrika batean bizi dira. Gehienek familiarik gabe, bakarrik bidaiatu dute, eta adin txikiko asko daude. Umeei kontainerretan lo egiteko aukera eman diete. Nagusiagoek, berriz, kanpadendak jarri dituzte fabrikaren barruan. Amira Hadzimehmedovic IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko arduraduna da Biran: «Une honetan 2.100 gazte ditugu hemen. Ez da hotel bat, baina, behintzat, hotzetik babestuta daude. Osasun harrera eta laguntza psikologikoa eskaintzen dizkiegu; baita beren herrialdeetara bueltatzeko borondatezko itzulera programa ere».

Hadzimehmedovicek ez du hitz egin nahi Kroaziako Poliziaren indarkeriaren inguruan, baina adierazi du mugako zirrikitua ez dela uste bezain txikia. «Egia da hemen dauden gazte gehienak Kroaziatik behin baino gehiagotan deportatu dituztela, baina, estatistikei erreparatuz gero, aurten Bosniara iritsi diren 30.000 migratzaileetatik, 8.000 bakarrik geratzen dira. Horrek esan nahi du batzuk Serbiara bueltatu direla, baina argi dago beste askok muga gurutzatzea lortu dutela». Hadzimehmedovicek gogora ekarri du iragan udan Italian gertatu zitzaiona: «Triesten nengoen oporretan, eta, bat-batean, gure harrera zentroan egondako gazte pakistandar batekin topo egin nuen. Helmugara iristeko gai izan zen».

Edonola ere, Italiara gurutzatzea lortu duten iheslari gehienek trafikatzaileen zerbitzuak ordaindu dituzte. «Ez da erraza Kroazia eta Eslovenia oinez gurutzatzea harrapatua izan gabe. Errepide eta bidexka alternatiboak ezagutu behar dituzu. Trafikatzaileek apartamentu sekretuetan lo egiteko aukera eskaintzen diete migratzaileei, eta ibilgailuen barruan infiltratzen dituzte», azaldu du François Giddey Mugarik Gabeko Medikuen arduradunak. Italiara iristearen truke, 500-1000 euro bitarteko tarifa eskatzen dute trafikatzaileek. Prezioa aldatu egiten da zerbitzuaren arabera.

Etxe abandonatuak

Horregatik, agian, Sarajevoko gobernuak mugak hobeto kontrolatzeko deia jaso duela uste du Hadzimehmedovicek. 2018an, migratzaileak Bosniara iristen hasi zirenean, herritarrek eskuzabal jokatu zuten. Haiek ere errefuxiatuak izandakoak ziren Balkanetako gerran. Baina, azkenaldian, kanpotarren aurkako sentimendua zabaldu da mugaldeko udalerrietan. Hala, Bosniako Barne Ministerioak Vucjakeko kanpaleku inprobisatua hustu du, eta han bizi ziren 700 iheslariak Sarajevon eraikitako kanpaleku berrietara eraman dituzte. «Gobernuak mugaldetik aldendu nahi ditu migratzaileak», erantsi du Giddeyk.

Lekualdaketak kontrako erreakzioa bultzatu du, ordea. Migratzaile asko klandestinitatera pasatu dira, eta etxe abandonatuak okupatu dituzte. «Gehienek ez dute Sarajevora joan nahi. Haientzat atzera egitea bezala da. Harrapatuak izatearen beldurrez, mamu antzeko batzuk bihurtu dira», uste du Giddeyk. Mugarik Gabeko Medikuek osasun etxe ibiltaria daukate txoko ezkutuetan bizi direnei arreta eskaintzeko. «Azken asteetan, hazi egin dira hotzak eta hezetasunak eragindako gaixotasun infekziosoak: batez ere, gripea», ohartarazi du Giddeyk. «Ezin ditugu bakarrik utzi, ezin ditugu ahaztu». Izan ere, negua oso gogorra da Balkanetako txoko honetan. Azaroan eta abenduan zero azpiko tenperaturak erregistratu dituzte, eta migratzaileak basoetan hipotermiaz hiltzeko beldur dira gobernuz kanpoko erakundeak. «Turkiaren eta Greziaren arteko mugan hainbat hildako aurkitu dituzte, baita Italia eta Frantzia batzen dituzten Alpeetan ere», azaldu du Giddeyk. Bosniako mugan ez da halako ezbeharrik izan, «baina baso hauek ez dira turistikoak, hemendik ez dabil jende askorik», erantsi du.

Mohamed pakistandarra da, eta nekazari familia baten etxola abandonatuan bizi da beste hiru lagunekin. Mugaldeko basoetan egurra mozten dute sua egiteko. Etxolako paretak belztuta daude, eta barruan ke handia dago. «Nahiago dut lata erreen usaina, hotzez hil baino. Etxolak itogin asko ditu, eta hezetasuna hezurretaraino iristen zaigu». Halere, gazteek ez dute kemena galtzen. «Europara iristea lortu dugu, eta pozik gaude. Orain azken txanpa falta zaigu, hau da, Italiara heltzea». Mohamed eta haren lagunak komunitate batean biziko balira bezala antolatzen dira. Boluntarioek ematen dizkieten osagaiekin ogia egiten dute, eta bazkaria prestatzeko batzen dira. Gauean, berriz, logela berean lo egiten dute hotzetik babesteko.

Mohamed hamaikagarren saiakerarako prestatzen ari da. Azken aldian, mendiko oinetakoak ostu zizkion Kroaziako Poliziak. «Zapata egokiak izan arte ezin dut berriz ere jokatu, baina ez daukat presarik». Mohamedek badaki mugaldea zeharkatzea ez dela gomendagarria eremua elurtuta dagoenean. Igarobideko hainbat baso minaz josita daude. Balkanetako gerretan pertsonen aurkako lehergailuz bete zuten eremua, eta, Sarajevoko gobernuaren arabera, 80.000 mina daude oraindik aktibatuta. Mohamedek adierazi du ondo dakitela nondik gurutzatu behar duten: «Ez gara bidexka nagusitik aldentzen; gainera, boluntarioek mapa batzuk banatu dizkigute minak non dauden adierazteko». Lehergailuak dituzten basoak hesituta daude garezurraren zeinua daukaten kartel gorriekin, baina azken urteetako euriteek lurra higatu dute, eta mina batzuk tokiz aldatu direla ohartarazi du Mine Action Center erakundeak.

Balkanetako negua

Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan ere, No Name Kitchen-eko ekintzaileak buru-belarri lanean ari dira. Elkarteak Velika Kladusan du egoitza, eta migratzaile deportatuei beharrezkoak diren arropak eta mantak banatzen dizkiete. «Bosniako Gobernuak ekintzaileen aurkako kanpaina gogortu du azkenaldian. Gure lana ez da atsegina. Askotan, mehatxatu egiten gaituzte, eta bisa turistikoa kenduko digutela esaten digute», salatu du Camilla gazte kolonbiarrak.

Ekintzailea Serbiatik iritsi berria da: «Balkanetako neguaren gogortasunak biziki erasaten die migratzaileei. Duela bi negu, Belgradeko eraikin abandonatuetan pilatu ziren milaka pertsona. Iaztik, berriz, Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga honetan daude harrapatuta». Ekintzaile horren iritziz, mugaldeko Poliziak neguko ezbehar meteorologikoak erabili ohi ditu migratzaileen aurka: «Gazte asko oinutsik iristen dira, eta batzuek esan ohi dute Kroaziako Poliziak hankak erreka izoztuetan sartzera derrigortzen dituztela. Hori guztia, Europako Batasunak isilik jarraitzen duen bitartean. Kroaziak argi esan du ez duela migratzaile musulmanik nahi. Ez al da hori bazterkeria politika bat? Bruselak zergatik ez du diziplinazko prozedura bat abiarazten?».

Edonola ere, migratzaile gehienek ez dute esperantza galtzen. Vucjakeko kanpaleku hustuaren inguruan, Afganistango lau gaztek muga zeharkatzeko ibilbideari ekin diote. Arratsaldeko laurak dira, eta oraindik ez du ilundu. Mendia igotzen hasi dira, eta gaua basoaren erdian pasatuko dutela diote. Han kanpaleku antzeko bat dago, eta berokiak eta zakuak aurkituko dituzte. Bosgarren saialdia da guztientzat, baina oraingoan lortuko dutelakoan daude. «Hemengo mendiak oso txikiak dira Afganistangoekin alderatuz. Badakit zer den egunak hotzez pasatzea; erresistentzia gaitasun handia daukat». Pausoa arindu, eta basoaren iluntasunean murgildu dira.]]>
<![CDATA[Sistema zaharraren itzulera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/005/001/2019-07-06/sistema_zaharraren_itzulera.htm Sat, 06 Jul 2019 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/2016/005/001/2019-07-06/sistema_zaharraren_itzulera.htm
Agertokiaren inguruan milaka pertsona elkartu dira. Gehienek 50 urtetik gorako erdiko klasea ordezkatzen dute. «[Alexis] Tsipras hutsegite galanta izan da. Aitortuko dizut duela lau urte haren alde bozkatu nuela. Arazoa da gugan, erdiko klasean, deskargatu duela presio fiskala; jasangaitza bihurtu da», azaldu du Candra izeneko erretiratu batek: «Mitsotakis ez da establishment-a; are gehiago, gazte belaunaldi berria ordezkatzen du».

Aurpegi berria, alderdi berritua. Mitsotakis lelo argi batekin aurkeztu da biharko bozetara. Alderdi kontserbadoreko liderrak politikariz beteriko familia ospetsu bat ordezkatzen du; haren aita, Constantinos Mitsotakis, Greziako lehen ministro izan zen 1990 eta 1993 artean. Baina ez du axola. Eskuineko hautagaiak eraberritze politikoa aldarrikatuz josi du bere irudia.

Akropolitik metro gutxira, Syntagma plazan, Syriza alderdiko kideak Tsipras lehen ministroaren mitina antolatzen ari dira. Agertokiaren ondoan, bideo batek gobernuaren lorpenak azaltzen ditu. Metro geltokitik ateratzen diren herritarrek ez dute kasurik ere egiten. «Gogorra irudituko zaizu, baina igandean nahiago dut hondartzara joan bozkatzera baino», onartu du Sophie izeneko arkitektura ikasle batek. Gazte greziarrak adierazi du aurreko aldian Syrizari eman ziola botoa: «Nire lehen aldia izan zen, eta harro sentitu nintzen. Lau urte pasatu dira, eta pixka bat galduta nago», gehitu du.

Inkestek diote Tsiprasek hauteskundeak galduko dituela, hain justu Greziak azken urtetako datu ekonomikorik onenak izan dituenean. Erreskateen garaia amaitu da, langabezia tasa %27tik %18ra jaitsi da, eta Syrizak galga ezarri dio krisi humanitarioari. Zertara dator, orduan, herritarren zigorra? Theano Fotiu Greziako Gizarte Segurantzako ministroak honela ikusten du egoera: «Greziarren artean amnesia antzeko bat nagusitu da. Herritar askok ahaztu egin dute 2008tik 2015era pairatu genuen epe katastrofikoa. Are, ez dute gogoratu nahi Demokrazia Berriak egin zituela murrizketarik gogorrenak; 2015. urtetik aurrerakoa bakarrik epaitzen dute».

Fotiuren ustez, hedabide tradizionalek kanpaina bortitza egin dute Syrizaren aurka: «Alde guztietatik eman digute». Baina Gizarte Segurantzako ministroak irizten dio bere gobernuak autokritika ere egin beharko lukeela: «Hain kontzentratuta egon gara Grezia zulotik ateratzen, kontaktua galdu baitugu plazekin. Herritarrekin geneukan harreman horizontala ahaztu dugu».

Halarik ere, Fotiu ez da ezkor agertzen: «Tsiprasek gaitasun handia dauka azken unean arduraren botoa mobilizatzeko».

Kaleko iritziak

Kalean, ordea, etsipena sumatzen da. 2015eko urtarrilean arnasten ziren ilusioa eta esperantza desagertu egin dira. Syntagmatik kilometro gutxira, Yanis Varufakis Finantza ministro ohiak hauteskundeetako azken mitina antolatu du. Ekonomialariaren Mera25 Desobedientzia Errealistaren Fronte Europarra alderdia Syrizaren alternatiba gisa aurkeztu da biharko bozetara.

«Guk ez diegu traizio egin ezker erradikalaren balioei. Syrizak amore eman zuen, eta Europako Batasunaren erreskate planari men egin zion», esan du Erik Godman hautagaiak. Varufakisek hamar diputatu lor ditzake parlamentuan; gehienak, Syrizaren boto emaile ohiak. «Ez dit beldurrik ematen ezkerraren banaketak. Azken finean, gu gara ezkerreko alderdi bakarra. Tsiprasek lagun gehiago ditu Bruselan Grezian baino», iruditzen zaio Yannis deituriko ekintzaile bati.

Ikasleak eta gazteak giltzarriak izan ziren duela lau urteko Syrizaren garaipenean. Ez da gutxiagorako. Azken hamar urteotan, milioi erdi gaztek egin dute alde herrialdetik etorkizun duin baten bila. Askorentzat, Tsiprasen alderdiak norberaren herrialdetik ez joateko esperantza islatu zuen. «Lau urte bakarrik pasatu dira, eta epe hori ez da nahikoa politika erradikalak gizartean ondo errotzeko. Syrizak behintzat ahalegin bat egin du. Historiak justizia egingo dio Tsiprasi», uste du Sandrak diseinu grafikoko ikasleak.

Atenasko Unibertsitate Politeknikoa hamaika borrokaren sinbolo da. 1973an, bertan hasi zen diktadura militarraren erorketa bultzatu zuen ikasleen errebolta. Gaur egun, grafitiz eta pankartaz josita dago. Ikasturtea amaitu da, eta ikasleak oporretara joan dira. Biharko hauteskundeetako metafora, agian.]]>
<![CDATA['Viktator' Orbanen iliberalismoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2019-05-24/viktator_orbanen_iliberalismoa.htm Fri, 24 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2019-05-24/viktator_orbanen_iliberalismoa.htm
Izan ere, Hungariako Parlamentuak onartu berri duen araudiak debekatu egiten die kanpoko unibertsitateei egoitza bat irekitzea, jatorrizko herrialdean zentro nagusi bat ez baldin badute. Sorosen unibertsitateari soilik eragiten dio; horregatik, Stop Soros esaten zaio legeari.

Viktor Orban lehen ministroak gerra deklaratu die haren ustez barne aferetan muturra sartzeko asmoa duten kanpoko esku sartzeei. Giro horretan, Soros bihurtu da gobernuaren etsai nagusia. Orbanen ustez, bankari handikia munstro antzeko bat da, Hungaria ezegonkortu eta sustrai kristauak arriskuan jarri nahi dituena.

«Baina Sorosen argi-ilunak agerikoak direla jakinda ere, enpresariaren kontrako kanpainak iraganeko mamuak piztu ditu», uste du Gabor Miklosi kazetariak. Bada, lehen ministroak afera hori erabili du antisemitismoa xaxatzeko: «Zabaltzen ari da juduen konspirazioaren ideia, hau da, kosta ahala kosta aberastu egin nahi duen bankari juduaren diskurtso zaharra». Horrek ardura eragin du Budapesten, urte luzez Europako komunitate judurik handiena izan duen hiriburua baita.

Halere, Orbanen jarrera antisemitak talka egin du azkenaldian bultzatu berri dituen akordioekin. «Israelekin, adibidez, harremanak sendotu ditu», adierazi du Blanka Zoldi kazetariak. «Eta Txinako eta Errusiako oligarkei Golden Visa edo Urrezko Bisa delakoak eskaini dizkie». Zoldik urteak pasatu ditu bisa pribilegiatu horien nondik norakoak aztertzen: «Funtsean, enpresari handiei erraztasunak ematen dizkie Hungariako herritartasuna lortu, enpresak erosi eta ondasunak hemen pilatzeko».

Publizitatea arma gisa

Trukean, oligarka horietako askok Hungariako hedabideen %90 erosi dituzte. Miklosi Index egunkari digitalaren zuzendariordea da: «Eman begirada bat piztuta dagoen telebistari. Europako bozetako kanpainan, Orbanen Fidesz alderdia da nagusi». Hungariako egunkari digital independenteetan gehien irakurria da Index, eta milioi bat bisita jaso ohi ditu egunero. Halere, arduratuta sumatzen zaio Miklosiri: «Iragan irailetik jabe berria daukagu, eta ez dakigu zer gertatuko den». Kazetariaren ustez, Orbanen gobernuak publizitatea erabiltzen du zentsura inposatzeko: «Hedabide kritikoak mehatxatzen ditu, publizitate publikoa kenduko dietelakoan. Bizirik irauteko, autozentsura nagusitu da».

Zama hori biziki sumatzen da errefuxiatuen dramaren aferan. Lehen ministroaren Fidesz alderdi ultranazionalista aitzindaria izan da ate itxien politika inposatzen. 2015ean, banaketa hesia eraiki zuen Serbiarekiko mugan, eta, Visegradeko Taldeko gainontzeko herrialdeek bezala, ez du onartu errefuxiatuak lekualdatzeko kuota sistema.

Orbanek behin eta berriz errepikatzen du «inbasio musulmana» eragotzi duela. Baina datuak oso bestelakoak dira: «2018ko lehen sei hilabetetan, 310 pertsonak bakarrik lortu zuten asiloa», azaldu du Erno Simonek, Hungariako UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak. Gobernuak gutxinaka sartzen uzten ditu asilo eskatzaileak. «Astero 30 pertsonak zeharkatzen dute Serbiako muga, eta guztiak mugaldean dauden trantsizio zentro itxietan sartzen dituzte. Urtebete pasatzen dute horietan».

Bestalde, babes politikoa eskuratuta ere, ez dago errefuxiatuak gizarteratzeko politikarik. «Harrera etxe bakarra dago Eslovakiarekiko mugan, baina hilabete batez bakarrik gera daitezke», azaldu du Gabor Gyulaik, Helsinki Batzordea gobernuz kanpoko erakundeko kideak.

Errefuxiatuak, alde egiten

Hori hala, zenbat iheslari daude orain Hungarian? «Gobernuak emandako datuek diote 5.600 errefuxiatu ofizial daudela. Baina esku artean daukagun informazioaren arabera, horietatik %70ek Hungariatik alde egin dute dagoeneko», erantsi du Gyulaik. Izan ere, haien kontrako xenofobia giroa itogarria bihurtu da. «Kriminalizazio kanpainak errefuxiatuei laguntza ematen dieten erakundeei eragin die. Egun, isunak jartzen zaizkie asilo eskatzaileei laguntza juridikoa eskaintzen dieten abokatuei».

Nolanahi ere, Orbanek onarpen handia dauka. Inkestek diote gehiengo zabala eskuratuko duela Europako hauteskundeetan. «Boz hauek inoiz baino garrantzitsuagoak dira; gure etorkizuna dago jokoan», esan du gobernuburuak Pecs hirian egindako mitin batean. Fidesz eskualde txikietako boto gaztea erakarri nahian dabil. «Bruselak baztertuta sentitzen gara. Bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaitu», uste du Barnabas gazteak. Hala, Orban arrakastatsua izan da harrotasun magyarra aldarrikatzen. «Europako Batasunak kanpotik inposatu nahi digu nola bizi behar dugun. Guk ez dugu gizarte multietnikoan sinesten», esan du Barnabasek.

Gainera, lider ultranazionalista osorik atera da Europako Alderdi Popularrak ezarri dion behin-behineko zigorretik. Halaxe dio Miklosik: «Mehatxuak mehatxu, lehen ministroak Alderdi Popularraren kide izaten jarraitzen du, eta horrek indartu egin du bere barne lidergoa». Kazetariaren ustez, EBk gutxietsi egin du Orban, berriz ere. ]]>
<![CDATA[POLONIA. Europaren ardi beltza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/008/001/2019-05-23/polonia_europaren_ardi_beltza.htm Thu, 23 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1877/008/001/2019-05-23/polonia_europaren_ardi_beltza.htm Start-up Europe eta halako kartelak irakur daitezke: Zatoz puntako enpresa teknologikoen kongresura, sinatzen du publizitateak.

2004an Europako Batasuneko estatu kide bilakatu zenetik, Poloniak 202.000 milioi euro jaso ditu EBko funtsetan. Orduz geroztik, bikoiztu egin da herrialdearen BPG barne produktu gordina, eta langabezia tasa %3,8ra jaitsi, ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak iragan martxoan eguneratu dituen azken datuen arabera.

Hori dela eta, EBren gaineko eztabaida ez da oinarritzen, beste herrialde batzuetan bezala, barruan jarraitu ala atera ideian. 2015etik agintean dagoen Legea eta Justizia alderdi ultranazionalistak argi utzi du Poloniak Bruselaren beharra daukala. «Estrategia da zenbateraino tenkatu daitekeen soka», adierazi du Paulina Bojarska ekintzaileak. Bojarska Demokraziaren Defentsarako Batzordea (KOD) oposizioko mugimenduaren kide da: «Gure gobernuari joko bikoitza egitea gustatzen zaio. EBn jarraitu nahi du, bai, baina nahi duena eginez».

Oraingoz, jokaldia nahiko ondo atera zaio Jaroslaw Kaczynskik gidatzen duen alderdi kontserbadoreari. Boterera iritsi zenetik, Legea eta Justiziak hamaika erreforma polemiko bultzatu ditu. Bata bestearen atzetik. Sistema judiziala hankaz gora jarri duen araudi berria izan da gogorrena. «Oso arduratuta gaude. Gobernuak arriskuan jarri du botereen banaketa eta zuzenbide estatua», iritzi dio Draginja Nadazdinek, Poloniako Amnesty Internationaleko zuzendariak. Legeak zuzenketa bat baino gehiago izan ditu. Hasieran, Auzitegi Goreneko 27 epaileen erretiro aurreratua aurreikusten zuen; tartean, Malgorzata Gersdorf presidentearena. Azkenean, Europako Justizia Auzitegiak atzera egitera derrigortu du Polonia. Baina ez da Varsoviako gobernuak Bruselari bota dion hordago bakarra.

«Gizarte uniformea»

Migrazioaren auzian garaipen borobila lortu du. 2015ean, errefuxiatuen iritsiera handiaren ostean, Poloniak ezetz esan zion Bruselak onarturiko kuota sistemari. Ondorioz, Varsoviako gobernuak ez du hartu errefuxiatu bat bera ere. Kholud Xaraf iheslari siriarra da, eta beka artistiko batekin iritsi da Krakoviara: «Niganako bazterkeria nabaritu ez dudan arren, atentzioa ematen dit zein uniformea den gizarte poloniarra. Kanpotarrenganako itxiera sumatzen da».

Baina Varsoviako gobernuak harro aldarrikatzen du hori. Poloniak 4.131 asilo eskaera jaso zituen 2018an, AIDA asilorako datu baseak emandako informazioaren arabera. Horietatik 3.331 Errusiako, Ukraniako eta Tajikistango herritarren eskaerak ziren. Halere, Legea eta Justiziak inbasio islamikoari buruz hitz egiten jarraitzen du. Gobernuak ultrakatolizismora jo du herrialdearen sustrai kristauak arriskuan daudela aldarrikatzeko. Jihadistarik ez Polonian, irakur daiteke hauteskundeetako kartel batean.

Diskurtso horren hedapenean, gainera, eginkizun garrantzitsua bete du Poloniako Eliza katolikoak, eta, batez ere, Radio Maria igorleak. Bojarskak hala ikusten du: «Poloniako Eliza berebizikoa izan zen sistema sobietarraren erorialdian. Poloniar askok aitortu egiten diote hori. Egun, ordea, jarrerarik ultrenak besarkatu dituzte elizgizon askok». Ez da harritzekoa Joan Paulo II. aita santuaren aldeko urteroko erromesaldia errefuxiatuen kontrako ekitaldi bihurtu izana azkenaldian.

Nolanahi ere, gutxik aipatzen dute Poloniako gizartea zahartzen ari dela eta populazio gaztea behar duela. Bada, EBn sartu zenetik, ia bi milioi gaztek ospa egin dute Poloniatik. Gehienak landa eremuetako herritarrak dira, demokrazian jaio eta bizi izan direnak. Halere, lan aukera berrien eta soldata handiagoen bila joan dira Europako beste herrialde batzuetara.

Emakumeen eskubideak

Natalia Sawka ekintzaile feminista ere atzerrian izan da, baina Poloniara itzultzea erresistentzia ekintza iruditzen zaio. «Gure gobernuarentzat, ernaltze aparatu soila gara emakumeak», salatu du. Sawkaren iritziz, emakumeen eskubideen aurka hartu diren azken erabakiek arriskuan jarri dute demokrazia. Ekintzaileak abortuaren lege proposamen berria aipatu du. Izan ere, behin-behinean atzeratu den araudi berriak mugatu egin nahi du abortu eskubidea, eta kartzela zigorrak aurreikusten ditu abortatzen duten emakumeentzat.

Poloniak EBko abortu legerik gogorrenetakoa du, eta soilik hiru kasutan onartzen du haurdunaldiaren etetea: emakumearen bizitza arriskuan badago, haurdunaldia bortxaketa baten ondorio bada, eta fetuak malformazioak baditu. Araudi berriak, ordea, soilik lehen aukera onartzen du. Horri lotuta, gainera, gobernuak jaiotza tasa handitzeko pizgarriak edo diru laguntzak iragarri ditu. «Baina ez dugu amore emango», adierazi du Sawkak. «Kalera aterako gara, emakumeon eskubideei erasotzeak demokrazia osoa arriskuan jartzen duelako».

Bojarskaren iritziz, beharrezkoa da hezkuntza eta pedagogia lan handiagoa egitea: «Azken hamarkadan asko hitz egin dugu Bruselatik iritsi diren diru laguntzek ekarri dizkiguten onurez, baina gutxi hausnartu dugu EBren kide izateak dakarren arduraz. Elkartasuna eta humanismoa bezalako balioak transmititzea ahaztu zaigu».]]>
<![CDATA[ALEMANIA. Europako motorraren aro berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/009/001/2019-05-22/alemania_europako_motorraren_aro_berria.htm Wed, 22 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1877/009/001/2019-05-22/alemania_europako_motorraren_aro_berria.htm ulse of Europe edo Europaren Taupada ekitaldian, bandera europarrak dira nagusi. Berlingo operaren eta katedralaren aurrean ehunka pertsona batu dira Katarina Barley Alemaniako Justizia ministroaren hitzaldian parte hartzeko. «Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Europako Parlamentuan humanismoa eta elkartasuna defendatzea», adierazi dio BERRIAri Barleyk, zeina SPD alderdi sozialdemokratako zerrendaburua ere baden.

Agertoki txikiaren azpian, Europako Batasunaren (EB) jaiotzaren eta Alemaniaren banaketaren lekuko izan ziren adineko pertsona asko daude. «Pena da ekitaldian hain gazte gutxi ikustea. Haiek dira etorkizuneko Europa eraikiko dutenak. Guri dagokigun bakarra da azken hamarkadetan eskuratu ditugun eskubide guztiak defendatzea», uste du Frederika irakasle erretiratuak. Mitinean ere euroeszeptikoen kontrako oihuak entzuten dira. «Hesiak eta mugen itxierak, halako hamaika adibide izan ditugu iraganean eta begira nola amaitu dugun. Ultranazionalismoak ez du nik sinisten dudan Europa ordezkatzen», uste du Fuck AfD lema soinean daraman Albrechtek. Mitina ez da gehiegi luzatu: Europako ereserkia alemanieraz abestu eta korrika desegin da.

Plazaren beste aldean, CDU demokristauak postu bat jarri du kanpainako kartelekin. Bertan, Hildegard Bentele zerrendaburuaren eta Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidentearen argazkiak agertzen dira. Angela Merkel kantzilerraren arrastorik ez. Lehen aldiz azken hogei urteetan, Alemaniako gobernuburuak ez du parte hartu kanpainan. Merkelek protagonismo osoa eman dio haren ondorengoari.

Tradizionalen geldialdia

Kasuak kasu, Koalizio Handia osatzen duten bi indar nagusiek, CDUk eta SPDk, asko dute jokoan. Alderdi demokristaua Merkelen osteko aro berria diseinatzen ari da eta liderraren perfil berritua aurkeztu nahi du. Hala, Kramp-Karrenbauer urrundu egin da bere aurrekoaren hainbat erabakitatik, batez ere migrazioaren auzian. CDUko lider berriak badaki Merkelek boto andana galdu zituela 2017ko boz orokorretan, 2015ean ia milioi bat asilo eskatzaile jasotzeagatik.

Hala, Kramp-Karrenbauerrek errefuxiatuen eta mugen kontrolaren gaineko hitzak gogortu ditu, baina ultraeskuinarekin akordiorik sinatuko ez duela zin eginez. Alderdi sozialdemokrata, berriz, nortasun berriaren bila dabil, 2017ko hauteskundeetan haren historiako emaitzik txarrenak jaso ostean.

INSA institutuaren azken inkesten arabera, alemaniarrek gogor zigortuko dituzte gobernu koalizioko alderdi nagusiak. CDUk botoen %30 -2014an baino bost puntu gutxiago- eta SPDk %15 -hamabi puntu gutxiago- jasoko lituzkete. Eta kalkulu horiek ez diote herritarren interes faltari erantzuten, izan ere, azken egunetan egin diren inkesta gehienek adierazi dute parte hartzeak gora egingo duela. Alemaniarren %60k uste dute hauteskunde hauek erabakigarriak direla.

Ikerketa horiek, gainera, gorakada handia aurreikusten dute alderdi txikientzat. Alderdi Berdeak, adibidez, orain arteko emaitzarik onenak eskuratuko lituzke. «Europako bozetan arazo globalen inguruan hausnartzen dute herritarrek; ingurumena edo aldaketa klimatikoa, adibidez. Boz hauetan tokian tokiko mugak gaindituko dituzte alemaniarrek», esan du Ska Keller Berdeen liderrak ekitaldi baten ostean.

Hauteskundeetako ezustekoa ere bada Gianis Varufakis Greziako Finantza ministro ohia. Alderdi paneuropar bat gidatuz aurkeztu da, non eta Alemanian, urte luzez Greziaren «etsai» ekonomikoa izan den herrialdean.

Eskuin muturra eta 'dexit'-a

Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) indar ultraeskuindarrak ekialdean egin ditu hauteskunde kanpainako mitin gehienak. Jorg Meuthen zerrendaburua, gainera, Matteo Salvinik Milanen egin berri duen ekitaldiko gonbidatuetako bat izan da. Meuthenek biziki sinisten du Italiako Barne ministroaren Herrien eta Nazioen Europako Aliantza berrian: «Europako erakunde guztiak erreformatu nahi ditugu; ez suntsitu. Gure helburua da EB behetik gora berreraikitzea», adierazi die kazetariei ekitaldiaren aitzitik.

Meuthenek alderdi euroeszeptiko guztiak batu nahi ditu fronte bateratua osatzeko. Izan ere, orain arte hiru talde parlamentariotan banatuta egon dira indar euroeszeptikoak: Europako Kontserbadore eta Erreformistak, Askatasunaren eta Nazioen Europa eta Askatasunaren eta Demokraziaren Europa. Meuthenek ere haien mugimendura batzeko deialdia luzatu dio oraindik Europako Alderdi Popularreko kide den Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultranazionalistari.

AFDk, ordea, datorren udazkenean ekialdean egingo diren eskualdeko bozetan jarri du arreta. Dexit edo Alemania EBtik ateratzeko aldarrikapena aipatu du azken asteetan, eta horrek gainontzeko Alemanian botoak kenduko dizkiola uste dute hedabideek. INSAko azken inkestak botoen %12 inguru ematen dizkio eskuin muturrari.

«Mugak ixten ez baditugu, Europa zeharo islamizatuta egongo da mende erdi barru. Alemaniak Europako motor ekonomikoa izateari utziko dio», esan du Meuthenek Salviniren mitinean, eta argi utzi du AFDk migrazioaren mamua astintzen jarraituko duela. Eskuin muturrak ere behin baino gehiagotan aipatu du egoera ekonomikoa. Izan ere, euroguneko lehen ekonomia atzeraldian sartu da, eta ultranazionalistek probetxu hartu nahi diote labainkadari.]]>
<![CDATA[ITALIA. Europa ultraren gidari berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/009/001/2019-05-21/italia_europa_ultraren_gidari_berria.htm Tue, 21 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1877/009/001/2019-05-21/italia_europa_ultraren_gidari_berria.htm
Italian barne afera balira bezala aurkeztu dira europarlamenturako bozak. Izan ere, gobernu koalizioa osatzen duten 5 Izar Mugimendu populista eta Lega alderdi ultraeskuindarra krisi politiko sakonean daude. Iazko hauteskunde orokorretan, 5 Izar Mugimendua garaile atera zen, botoen %33 lortuta. Legak, berriz, %17 eskuratu zuen. Baina, urtebete geroago, egoera errotik aldatu da. Azken inkestek botoen %30 baino gehiago aurreikusten dituzte Legarentzat, eta %22 antisistementzat. Bestalde, parte hartzea handitu egingo dela iragarri du Youtrend estatistika webguneak.

Koalizioa hausteko aukera

Hala, ikerlari politiko askok elkarri egiten dioten galdera da gobernua zutik mantenduko ote den Europako hauteskundeen emaitzak jakin ostean. «Salvinik botoen %30 eskuratzen baditu, litekeena da koalizioa erortzen uztea eta gobernu berria osatzeko gehiengoen bila hastea», uste du Giovanni Orsina politologoak. Salviniri dagoeneko eskua luzatu diote Silvio Berlusconiren Forza Italiak eta Giorgia Meloniren Fratelli D'Italia alderdi ultranazionalistak.

Kasuak kasu, Salvinik badaki ospearen olatua bere alde dagoela, eta probetxua ateratzen ari zaio egoerari. Italiako Barne ministroak egunero ematen ditu elkarrizketak telebista saioetan, eta, iragan larunbatean Milango Duomo katedralaren aurrean egin zuen makromitinean, Europako eskuin muturraren lider berritzat aurkeztu zuen bere burua. Han, Marine Le Pen frantziarra, Geert Wilders herbeheretarra eta gainontzeko kide ultrak bigarren mailan utzi zituen, eta Europako Batasuna errotik aldatzeko osatu duen errezeta liburua aurkeztu zuen: konpetentzia gehiago estatu-nazioentzat, Europaren balio judu-kristauen defentsa, mugen itxiera eta migratzaileen kanporaketa. Hori guztia, Lehenik italia lelo bakarrean.

«Nekazari italiarrek zailtasun handiak dituzte hileroko soldata jasotzeko, eta, bitartean, Europak Kanbodiako arroza erosten jarraitzen du. Guk Made In Italy delakoa aldarrikatuko dugu Bruselan. Ez dago Italiakoa baino gastronomia hobeagorik», adierazi du Salvinik. «Ama Birjinak indarra ematen dit nire betebehar politiko eta morala defendatzeko». Ultranazionalismoa eta ultrakatolizismoa, biak batean.

«Santu bat da, santu bat da», oihu egin du Calabriatik Milanera joandako Mariak. «Europak aspalditik behar duen liderra da Salvini», erantsi du. Baina Orsinak irizten dio herritarrek memoria txikia daukatela: «Gutxik gogoratzen dute Salvini europarlamentaria izan dela, eta errekorra daukala sesio gehienetara agertzen ez zelako». Barne ministro gisa, gainera, ez du ohitura aldatu. «Telebistan eta sare sozialetan bai, baina ministerioan ez du inork aspaldian ikusi», adierazi du politologoak.

Hedabideetan eta Facebooken, halere, migratzaileen aurkako diskurtso xenofoboa bilakatu da Salviniren obsesio politikoa. Hasieran, inbasioaren ideiarekin lotu zituen iheslariak, eta, jende gutxiago iristen hasi zenean, migratzaileak segurtasun gabeziarekin lotu ditu. Salvinik gerra irekia deklaratu die gobernuz kanpoko erakundeei. Lehenik Italiako portuak itxi zituen, eta orain 3.000-5.500 euro bitarteko isunak ezarriko ditu ontzietan sartzen uzten duten migratzaile bakoitzeko. «Baina propagandatik harago, badago oharkabean pasatzen ari den fenomeno arriskutsu bat. Salvini Barne ministroa denetik bikoiztu egin dira eraso xenofoboak», salatu du Stop Xenofobia elkarteak ikerketa batean.

Ezegonkortasuna

Orsinaren iritziz, Italiaren arazoa da Salvinik ez daukala arerio politiko indartsurik. «Indar tradizionalak gain behera doaz. Ezkerretik, Alderdi Demokratikoak Nicola Zingaretti idazkari berria aukeratu du, baina haren lidergoa ez da uste bezain bateratua. Zentro-eskuinetik, berriz, Silvio Berlusconiren alderdiak boto asko galdu ditu Salvini fenomenoaren ondorioz». Baina Il Cavaliere-k ez du amore ematen. 82 urterekin, europarlamenturako bozetara aurkeztu da, «subiranistei eta populistei aurre egiteko».

Edonola ere, ekonomia da Italiaren buruhausterik handiena. Izan ere, zor publikoa buruko minak ematen ari zaio Erromari. Italiaren zorra Europako bigarrena da, Greziaren ostean, eta Salvinik merkatuak urduritu ditu datorren urteko aurrekontuetan gastu publikoaren defizitak %3ko muga gaindi dezakeela esanez. «Zor handia pilatzen ari gara, eta hori arriskutsua da. Hau ez da Grezia. Italiak euroguneko hirugarren ekonomia ordezkatzen du», esan du Orsinak. Hori hala, herrialdearen BPG barne produktu gordina %0,1 jaitsi da 2019ko lehen hiruhilekoan, eta egoerak Erromaren eta Europako Batasunaren arteko harremanak tenkatu ditu. Europako hauteskundeen ostean hamaikagarren krisi politikoa piztuko balitz, ezegonkortasunak ez lituzke merkatuak lasaituko. Baina Italian ohituak daude behin eta berriz amildegiaren ertzean ibiltzen.]]>
<![CDATA['Salviniren dekretua' eta migratzaile ikusezinak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/018/001/2019-02-15/salviniren_dekretua_eta_migratzaile_ikusezinak.htm Fri, 15 Feb 2019 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1920/018/001/2019-02-15/salviniren_dekretua_eta_migratzaile_ikusezinak.htm
Cara di Mineo Europako asilo zentrorik handiena da. Catania hiritik gertu dago, eta, hasiera batean, AEBen Siziliako base militarretan zeuden soldaduen familiak jasotzeko eraiki zen. Kanpotik, bizitegi auzoa dirudi, baina asilo politika hutsalen sinbolo bihurtu da.

Horregatik, Cara di Mineoren itxierak mugarria ezarri du Italiako migrazio politikan, eta Salviniren Segurtasun Lege berriaren ondoriorik begi bistakoena bihurtu da. «Dekretu berriak Italiako harrera sistema mugatzea du helburu. Asilo politikoa eskuratzeko prozesua konplikatu egin da, eta horrek linbo batean utzi ditu milaka eta milaka pertsona», azaldu du migrazio fenomenoetan aditua den Annalisa Camili kazetariak.

Italiako Barne ministro ultraeskuindarrak ordena publikoaren gaineko auzia balitz bezala planteatu du migrazio politika berria. Halere, asilo eskaerak bideratzeko behin-behineko zentroen itxierak kaosa eragin du. «Aurrerantzean, errefuxiatu estatusa duten iheslariek eta adingabeek bakarrik izango dute harrera etxeetan bizitzeko eskubidea», azaldu du Camilik. Eta gainontzeko guztiak? «Kale gorrian geratuko dira», erantsi du. Giza eskubideen aldeko erakundeek kalkulatu dute datozen hiru urteetan 140.000 migratzaile irregular gehiago egongo direla Italian. «Gobernuaren helburua da horiek guztiak deportatzea, baina asko klandestinitatean eroriko dira, mamuak balira bezala», iritzi dio Camilik.

Izan ere, segurtasun dekretuaren punturik polemikoena da babes humanitarioa izeneko bizileku baimenaren desagerpena. Camilik hala azaldu du: «Orain arte, Genevako Konbentzioaren arabera, errefuxiatutzat jotzen ez ziren baina babes politikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zitzaien iheslariek bi urteko bisa humanitarioa eskuratzen zuten. Hori bertan behera geratu da». Legeak ez du atzerako eraginik, baina gaur egun babes humanitarioa duten pertsonek ezingo dute berritu, eta iraungitzen zaienean harrera sistematik kanpo geratuko dira.

Aldaketa hori argi geratu da Erroma ondoko Castelnuovo di Porto zentroaren itxierarekin. «Zortzi hilabete daramatzat bizileku baimena berritzeko zain. Italiako burokrazia oso motela da, eta ez didate ezer esaten», adierazi du Ibrahim izeneko gazte gambiarrak. Ibrahim 2016an iritsi zen Italiara, eta azkar eskuratu zuen babes humanitarioa. «Yahya Jammeh diktadorearen erregimen zorrotzaren ondorioz, herritar askok ihes egin genuen», gogoratu du. Iazko ekainean, ordea, bisa iraungi zitzaion Ibrahimi: «Itxaronaldi horretan, legea aldatu da, eta linbo batean nago. Bisarik gabe zaila da lana aurkitzea, eta lanik gabe ezin dut bisa humanitarioa bizitoki baimenarengatik aldatu. Zirkulu amaigabea da», iritzi dio gazteak. Ondorioz, Terminiko tren geltokiaren kanpoaldean lo egiten du.

Alkateen erresistentzia

Milaka eta milaka etorkinen kaleratzeak ezegonkortasun sentimendua piztu du Italiako hirietan. Gero eta iheslari gehiago daude Milango eta Erromako plazetan lo eginez, eta horrek areagotu egin du segurtasun gabeziaren sentsazioa. «Fenomeno kontrajarria bizitzen ari gara. Batetik, Italiara iristen diren migratzaileen kopurua jaitsi egin da. 2018an 23.370 pertsona heldu dira, 2017an baino bost aldiz gutxiago. Bestetik, harrera etxeak itxi ostean, iheslari asko daude kalean bizitzen. Segurtasun lege berriaren ondorioak herri mailan nabaritu dira, batik bat», azaldu du Camilik.

Hori hala, Italiako hiri nagusietako alkateak Salviniren aurka altxatu dira. Palermoko Leoluca Orlando eta Napoliko Luigi di Magistris udalburuek, adibidez, desobedientziari ekin diote, eta segurtasun dekretua eten dute. Orlandok behin baino gehiagotan esan du Salvinik berariaz zabaldu nahi duela «segurtasun gabeziaren sentipena, legea gogortu eta deportazioak azkartzeko». Migratzaile irregularren kaleratzea Salviniren estrategia politikoaren zutabe nagusia da. Eskuin muturreko liderrak zin egin zuen Barne Ministeriora iristearekin bat 500.000 pertsona deportatuko zituela. Egiaz, ordea, 5.000 iheslari kanporatu dituzte 2018an, 2017an baino gutxiago.

Edonola ere, harrera zentroen itxierak ekarri duen larrialdi egoeraz haragokoa da alkateen ardura. «Segurtasun dekretu berriarekin, asilo eskatzaileek ezin dute erregistro zibilean izena eman, kontu korronte bat ireki edo unibertsitatean inskribatu. Horrek biziki oztopatzen du migratzaileen eta tokian tokiko herritarren arteko hartu-emana. Are gehiago, lausotu egiten du pertsona horien existentzia gure lurraldean», azaldu du Camilik.

Kasualitatea ala ez, Salviniren aurka antolatu diren udalerri gehienak kostaldeko hiriak dira. Duela zortzi hilabetera arte, Palermon, Sirakusan eta Reggio di Calabrian, besteak beste, porturatzen zituzten Mediterraneo itsasoan erreskataturiko iheslariak. Egoera errotik aldatu da lider ultraeskuindarrak inposaturiko itsas blokeoaren ondorioz.

'Diciotti'-ren auzia

Halere, Camiliren iritziz, portuak ez daude itxita: «Berez, ez dago blokeoa berresten duen ordenantza juridikorik edo lege berririk. Funtsean, gobernuz kanpoko erakundeen aurkako ekintza arbitrarioa da». Kasuak kasu, iazko ekainaren 10etik erreskate ontziek ez dute Italian porturatzeko baimenik.

Baina salbamendu erakundeen aurkako gurutzada pertsonalak arazoak ekar diezazkioke Barne ministroari. Cataniako fiskal orokorrak Salvini epaitzeko prozedura ireki du, iragan udan Italiako kostazainen Diciotti ontzian zeuden 177 iheslariri porturatzen utzi ez zielako. Salvinik «Italiako mugen defentsa» argudiatu du, baina fiskalak irizten dio bere betebehar konstituzionalak urratu zituela. «Kontuan izan behar dugu Diciotti ez dela gobernuz kanpoko erakundeen ontzia, Italiako itsas armadarena baizik», nabarmendu du Camilik: «Estatuko botereek gerra deklaratu diote elkarri, eta Salvinik legearen gainetik balego bezala jokatu du».

Gainera, Barne ministroak ez du leundu bere tonu oldarkorra. Duela bi aste, Sea Watch 3 salbamendu ontzian zeuden 47 iheslariri Catanian porturatzen utzi zien arren, aurrerantzean itsasontzia geldiarazteko agindua eman du. Ondorioz, Mediterraneoko uretan ez dago nazioarteko salbamendu ontzirik.

Halarik ere, Barne ministroa urduri dagoela uste du Pietro Salvatori kazetariak: «Bere inguruko plebiszitua balitz bezala jokatzen ari da Diciotti-ren auziarekin». Huffington Post egunkariko kazetariari iruditzen zaio Diciotti-k krisia pitz dezakeela Legaren eta M5S Bost Izarren Mugimenduaren arteko gobernu koalizioan: «Salvini senataria da, eta immunitatea dauka. Epaitua izateko, parlamentuak bozkatu egin behar du ,eta baiezkoa eman behar dio haren aurkako prozesua hasteari». Argi dago Lega alderdi ultraeskuindarrak bere liderra babestuko duela, baina zer egingo du M5Sk? Alderdi antisistemak immunitate parlamentarioa kritikatu ohi du, «baina, Barne ministroa epaitzearen alde bozkatzen badu, Salvinik gobernua desegin dezake», erantsi du Salvatorik.

Eta M5Sri ez zaio komeni berriz ere bozkatzera joatea, ez behintzat datorren maiatzaren 16ko Europako Parlamenturako hauteskundeak pasatu arte. Izan ere, inkestetan nabarmenki egin du behera, Salvini gorantz doan bitartean. Azken datuen arabera, Legak botoen %33 ditu, iazko hauteskunde orokorretako emaitzaren bikoitza. Salvatorik hala ikusten du: «Salvini oso komunikatzaile ona da. Ondo baino hobeto daki herrialdearen barrualdeari hitz egiten eta arazo handiei erantzun sinpleak ematen».]]>
<![CDATA[Heriotza salbazio]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2018-10-18/heriotza_salbazio.htm Thu, 18 Oct 2018 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1913/016/001/2018-10-18/heriotza_salbazio.htm
Halere, patu berak batu ditu. «Asilo eskaera egin nahi dugu, baina ez digute erantzun», azaldu du Mohamedek. Hiru lagunek bi urte bete dituzte Greziako Lesbos uharteko Moria kanpalekuan. Alik asaldatuta deskribatu du taldean nagusi den etsipena: «Hasieran, esperantzaz beteta iritsi ginen, baina, denbora pasatu ahalean, gero eta tristeago sentitzen gara. Munduarekin haserre gaude».

Eta amorruaren markak agerikoak dira gazteen gorputzetan. Hamsak eta Mohamedek ebakiduren orbainez beteak dituzte besoak. Autolesioen arrastoak dira. «Batzuetan, sumindurak gaina hartzen dit. Orduan, labana txiki bat hartu, eta ilara zuzenak marrazten ditut besoetan», azaldu du Hamsak. Mohamedek, berriz, medikuak emandako errezetak atera ditu. Fluoxetina eta Nozinan hartzen ari da. «Esan didate egokiak direla depresioa eta oldarkortasuna kontrolatzeko, baina gero eta amesgaizto gehiago ditut», erantsi du.

Bi aldiz giltzapetuta

Zoritxarrez, halako kasuak ez dira bakanak Moria kanpalekuan. MSF Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute azkenaldian ugaritu egin direla autolesio eta suizidio saiakerak errefuxiatuen artean. Alessandro Barberio psikiatraren ustez, iragan mendeko zoroetxeen antza dauka Moriak: «1960an Franco Basaglia psikiatrak salatu zuen Italiako eroetxeen utzikeria bera nabaritzen ari naiz hemen. Muturreko baldintzek eta askatasunik ezak atzera-bueltarik ez duten ekintzak egitera bultzatzen dituzte asko».

Gaur egun, 9.000 asilo eskatzaile harrapatuta daude Morian. Hesiez inguraturiko zentroak behin-behineko erregistro gune bat izan beharko luke, baina kartzela baten itxura du. Barruan pilatuta bizi dira familiak, nagusien laguntzarik gabe bidaiatzen duten umeak, haurdun dauden emakumeak eta gizonezko gazteak. «Orduak pasatzen ditugu ilaran itxaroten. Gosaria hartzeko, komunera joateko, medikua ikusteko... Gure existentzia itxaronaldi luze bat da», salatu du Alik. Hasieran, 3.000 asilo eskatzaile jasotzeko egin zen Lesboseko zentro nagusia. Baina gainpopulazioak beste kanpaleku baten sorrera bultzatu du hesien beste aldean.

Izan ere, asilo politikoa eskuratzeko prozesua kolapsatuta dago Grezian. «2019ko maiatzerako eman didate elkarrizketa egiteko txanda», azaldu du Mohamedek. Eta uharteetara iristen diren iheslariek ez dute handik ateratzeko baimenik. Irailean, 2.000 pertsona heldu dira. «Bi aldiz giltzapetuta daude», azaldu du Barberiok, «itsasoz inguratutako lur pusketa batean eta, aldi berean, irlaren barrenean dagoen zentro itxian».

Bestalde, Atenasko gobernuak soilik iheslari ahulenak lekualdatzen ditu penintsulara. Lesbostik joateko baimena bakarrik dauden emakumeek, gaixotasun larriak dituzten umeek eta familiaren barruan indarkeria pairatzen dutenek jasotzen dute. Baina ez beti. «Zeintzuk diren pertsona bat ahultzat jotzeko erabiltzen diren irizpideak? Ez dakigu» esan du Barberiok. Kontuak kontu, ahultasun ziurtagiria jasotzea da Morian harrapatuta dauden gazte askoren ametsa.

Hala, errefuxiatu batzuentzat alarma deiak dira autolesioak. Idoia Moreno erizain gasteiztarrak Mugarik Gabeko Medikuen klinika pediatrikoa koordinatzen du: «Aste honetan, eskumutur bat josi behar izan diot 16 urteko gazte bati, eta, duela egun batzuk, bere buruaz beste egiten saiatu zen 17 urteko neskato bat jaso nuen». Morenoren ustez, errefuxiatuek Morian duten «infernuaren» ondorio zuzena da hori: «Europako asilo politikek duintasuna eta itxaropena lapurtu dizkiete».

Krisi psikotikoak

Edonola ere, iheslarien artean atzeman diren suizidio kasuek arazo sakonagoa azaleratu dute. «Trauma handiak dituzten pertsonak dira. Lesbosen, eta oro har Grezian, ez dago haiei laguntza psikologiko edo psikiatriko espezializatua emateko sistemarik», salatu du Barberiok: «Egunotan, adibidez, krisi psikotiko bortitzak dituen gazte bat ikusten ari naiz. Segurtasun arrazoiengatik, ezin ditut izena eta herritartasuna argitu, baina izugarria da mutil horrek pairatu duena. Miliziek ama eta arreba bortxatzera derrigortu zuten, bere aurrean hil zituzten, eta, ondoren, gaztea ere bortxatu eta torturatu egin zuten».

Barberiok irizten du halako kasuak atzematea oso zaila dela, eta nabarmendu du gaixoek jarraipen berezia behar dutela: «Pertsona hauek ez dira gai laguntza eskatzeko. Izugarri kostatzen zaie barruan daukatena ateratzea». Horregatik, Mugarik Gabeko Medikuek tokian tokiko bisitak egiten dituzte terapia psikiatrikoa behar duten asilo eskatzaileak identifikatzeko. Azken hilabetean 120 kasu atzeman dituzte.

«Baina halako traumak ez dira pilula antidepresiboekin eta lasaigarriekin sendatzen», uste du Barberiok: «Terapia beharrezkoa da, eta ez hori bakarrik». Psikiatra italiarrak frogatu du harreman zuzena dagoela iheslariek Morian bizi duten egoera tamalgarriaren eta autolesio kasuen artean: «Izan ere, kanpalekutik apartamentuetara lekualdatu ditugun gazteek hobekuntza itzela izan dute».

«Dei efektuaren» disuasioa

Morenorentzat, berriz, borondate politikoa behar da horretarako: «Ez da zaila Morian pilatuta dauden 9.000 pertsonei harrera egokia ematea. Egun ez gaude larrialdi egoera baten aurrean, larrialdi horren kronifikazioaren aurrean baizik. Europak ez du erantzun duin bat eman nahi». Erizain gasteiztarrarentzat, Bruselak argi utzi du «dei efektua» delakoa eragozteko disuasio politika guztiak gutxi direla.

Nolanahi ere, Barberioren iritziz, utzikeria politikoak bultzatu duen egoera uste baino larriagoa da Lesbosen: «Ongizate kolektiboa dago jokoan. Uharte guztia zoroetxe handi bat bilakatzen ari da».]]>
<![CDATA[Maltaren joko bikoitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/017/001/2018-07-08/maltaren_joko_bikoitza.htm Sun, 08 Jul 2018 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1943/017/001/2018-07-08/maltaren_joko_bikoitza.htm
Inflexio puntua Lifeline ontziak ezarri du. Sei egunez lehorreratzeko zain egon ostean, ekainaren 27an iritsi zen Maltara, 234 asilo eskatzailerekin. «Lehen aldia da Valletako gobernuak migratzailez beteriko itsasontzi bat lehorreratzen uzten duela», nabarmendu du Linardik. «Baina, orduz geroztik, egoerak okerrera egin du».

Batean kale, bestean bale. Maltako fiskaltzak Lifelineren kontrako prozesu penala hasi du. Erakundearen aurka aurkezturiko karguak administratiboak dira. «Lehen arrazoia da ontzia ez dagoela ondo erregistratuta. Lifeline erakunde alemaniarra da, eta itsasontziak bandera herbeheretarra du. Bigarrena, berriz, ez dela erabiltzen erregistratuta dagoen funtzioetarako, aitzitik arrantzarako itsasontzia baitzen», azaldu du Claus-Peter Reisch Lifeline-ko kapitainak, Valletako auzitegiaren aurrean. Prozesuak iraun bitartean, Reischek ezin du Maltatik irten.

Erabakiaren momentua

Edonola ere, defentsak uste du epaiketa hutsean itxiko dela. «Dokumentu guztiak behar bezala ditugu. Prozesu honek ez du oinarririk. Espero dugu erabaki honen atzean ez egotea erreskate ontziak blokeatzeko arrazoi politiko bat», irizten dio Neil Falzon abokatuak. Izan ere, prozesu penala orain hastea ez da oharkabean pasatu. «Zergatik orain, hain justu, Europako Batzordea migratzaileak geratzeko akordio batera iritsi denean?», galdetu du Linardik.

Gauzak horrela, portutik ateratzeko debekuak Sea Eye eta Sea-Watch ontziei ere eragiten die, Lifeline-n epaia iritsi arte. «Ofizialki, ez dakigu zergatik gauden blokeatuta. Guk baino lehenago jakin dute hedabideek itsasora ateratzeko baimena kendu digutela», kexu da Pia Klemp Sea-Watch itsasontziko kapitaina.

«Iazko udan, hamabi erreskate itsasontzi zeuden Mediterraneoko SAR Bilaketa eta Erreskate Eremua patruilatzen. Egun, ez da ia inor geratzen», azaldu du Linardik. Aholkulari juridikoak argi dauka: «[Italiako Barne ministro] Matteo Salvini iristeak hankaz gora jarri du dena. Gobernuz kanpoko erakundeen aurkako sorginen ehiza bati ekin dio».

Izan ere, erakunde humanitarioek gero eta traba gehiago dituzte Salvinik Italiako portuak itxi zizkienetik. Klemp oso arduratuta dago: «Orain arte, migratzaileak Lampedusan eta Sizilian lehorreratu ditugu, bertan daudelako portu seguru hurbilenak. Italiatik kanpo porturatzeak esan nahi du distantziak eta kostuak handituko direla». Hala, erakunde humanitarioak estrategia berrantolatzeko ahaleginetan ari dira: «Operazio base berri bat behar dugu. Maltak ez gaitu gehiago nahi; beraz, erabaki behar dugu nora itzuliko den ontzia misio bakoitzaren ostean eta non egingo den tripulazio aldaketa», azaldu du Klempek.

Horrek izugarrizko kaosa eragin du. Erreskateei tinko eutsi dioten salbamendu erakundeei errepaso bat eginez gero, orain ez dago haien ontzirik SAR eremuan. SOS Mediterraneeren Aquarius-ek Marseillan egingo du tripulazio aldaketa; Open Arms Bartzelonara iritsi berria da, eta gainontzeko hirurak (Lifeline, Sea Eye eta Sea-Watch) Maltan daude blokeatuta. Salvamento Maritimo Humanitario erakundearen Aita Mari ontziak, berriz, abuztu hasieran ekingo dio misio berriari.

Erreskateak, libiarren esku

Gauzak horrela, erreskate operazioak Libiako kostazain delakoen eskuetan daude, eta horrek zorigaiztoko ondorioak utzi ditu: azken bi astetan, 483 pertsona ito dira itsasoan. «Jakina, datu horiek libiarrek eskainitako informazioaren araberakoak dira», zehaztu du Linardik.

Klempek nabarmendu du Libiako kostazainen bortizkeria: «Kontuan izan behar dugu ez dutela erreskate operazioak egiteko adina prestaketa jaso. Gehienetan, ez dute salbamendu jaka nahikorik eramaten, eta duela gutxira arte kalaxnikovak eskuan egiten zituzten misioak. Gainera, migratzaile askok itsasora salto egiten dute iristen ikusten dituztenean. Ez dakite igerian, baina ez dute Libiara itzuli nahi».

Edonola ere, Italiako Gobernuak Tripoliko eta Zawyako kostazainak entrenatzen jarraitzen du, eta Italiako Barne ministroak azken egunetan iragarri du dozena bat ontzi emango dizkiela. Hori hala, Libiak bere SAR eremua aldarrikatu du, eta Nazioarteko Itsas Erakundeak onartu egin dio. «Inork ez daki zenbat itsas miliara iristen den, baina orain Erromak agindua eman digu erreskateak libiarrekin koordinatzeko», azaldu du Klempek. Politika aldaketak testigurik gabe utzi du Mediterraneoa.]]>
<![CDATA[«Europak bakarrik utzi gaitu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1929/018/001/2018-06-21/europak_bakarrik_utzi_gaitu.htm Thu, 21 Jun 2018 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1929/018/001/2018-06-21/europak_bakarrik_utzi_gaitu.htm
Dinaren familiarentzat, ordea, askoz neketsuagoa izaten ari da exodoa. «Bagenekien Balkanetako mugak itxita zeudela, baina uste genuen nola edo hala gai izango ginela aurrera egiteko», adierazi du etsituta. Emakumeak lau semeekin eta senarrarekin gurutzatu zuen Turkiatik Bulgariara, handik Serbiara eta ondoren Bosniara. Halaber, Kroaziarekin mugan dagoen etxe abandonatu batean eten da bere bidaia.

Bosniako mugaldean, Bihac hirian, 2.000 bat migratzaile daude harrapatuta. Inork ez ditu zenbatu. «Kroaziara zeharkatzeko esperantzaz iristen dira gehienak. Batzuk Albaniatik datoz; beste batzuk, berriz, Serbiatik», adierazi du Amir Draganovic Gurutze Gorriko boluntarioak. «Udalak eraikin abandonatu batean pilatu ditu guztiak. Alkateak ez du nahi iheslariek edozein txokotan kanpatzerik», erantsi du.

Balkanetako gerren aurretik ikasle egoitza izan zen eraikina, eta bost solairu ditu. Barruan, 700 bat pertsonek hartu dute ostatu. Behean, zenbait familia bizi dira: Afganistangoak, Siriako kurduak, irandarrak eta irakiarrak. Goiko solairuetan, berriz, bakarrik bidaiatzen duten gazte batzuk daude. Eraikinak ez du leihorik, ezta aterik ere. Dena dago apurtuta, dena erortzeko zorian. «Oso arriskutsua da. Ume asko daude, eta eraikina zuloz beteta dago», irizten dio Draganovicek. Are larriago, teilatua apurtuta dago. Egun euritsuetan, euria egiten du eraikinaren barruan. Itoginak edonon daude, eta kanpadendak blai eginda geratzen dira.

«Egoera latza da, eta ezin diegu gehiago eskaini», uste du Draganovicek. Bosnia Europako herrialde pobreenen zerrendan dago, eta baliabiderik gabe harrapatu du krisi humanitarioak, ezustean. Gainera, nazioarteko elkartasuna ez da Balkanetako txoko ahaztu honetara iristen. Oraingoz, Gurutze Gorriak komunak ezarri ditu, eta jatekoa banatzen du egunean behin. Besterik ez.

Gurutzatzeko ahaleginak

Bihacen dauden migratzaile gehienak saiatu dira, gutxienez behin, Kroaziara gurutzatzen. «Lau aldiz zeharkatu dut, baina Poliziak beti atzematen nau», azaldu du Abed afganiarrak. «Izugarria da polizia kroaziarren bortizkeria. Jipoitu egiten gaituzte, eta sakelakoak apurtzen dizkigute», erantsi du. Abed emaztearekin eta amaginarrebarekin egiten ari da bidaia: «Agian Bosnian geratuko naiz; ez dago Alemaniara iristeko modurik».

Mugaldean harrapatuta dauden errefuxiatu guztiek esperientzia txarra izan dute Kroaziako segurtasun indarrekin. Halima alarguna da, eta bi semeekin egin du ihes Iraketik: «Duela astebete saiatu ginen gurutzatzen. Kroaziako Poliziak esan zigun ez zutela migratzaile musulmanik nahi», azaldu du malko artean.

Hain zuzen, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gogor kritikatu ditu Zagrebeko segurtasun indarren metodoak. Iragan maiatzean, Kroaziako poliziek tiro egin zioten 29 asilo eskatzaile zeramatzan furgoneta bati, eta larri zauritu zituzten Irakeko eta Afganistango bi haur. Erasoak izua eragin du iheslarien artean: «Jakin izan banu halako egoera tamalgarrian bizitzen amaituko nuela, ez nukeen inoiz etxetik alde egingo. Europak bakarrik utzi gaitu», hausnartu du Halimak.

Egoera bertsua aurki daiteke handik 50 kilometro iparraldera, alegia, Velika Kladusan. Raul Ubide boluntario lanetan ari da bertan: «Kroaziara zeharkatzen saiatzen diren migratzaileen bigarren ibilbidea da. Kasu honetan, udalak hiriaren kanpoaldean dagoen zelai bat utzi die kanpadendak jar ditzaten». Velika Kladusan 1.000 pertsona inguru geratu dira harrapatuta. «Gehienek aspaldi hasi zuten bidaia. Ez dakite zer egin. Aurrera egitea oso zaila da, baina atzera bueltatzea are latzagoa», esan du Ubidek.

Boluntarioek dutxak eta komunak ezarri dituzte. «Egunero jende berria iristen da», nabarmendu du ekintzaileak. Izan ere, Velika Kladusako iheslari batzuek lortu dute Kroaziara zeharkatzea eta handik Esloveniara gurutzatzea. Esloveniako Poliziak, ordea, deportatu egin ditu. Ubidek argi dauka: «Domino efektua bezalakoa da. Bruselak ateak ixteko agindua eman du; beraz, herrialde bakoitzak azpian daukanari bueltatzen dizkio migratzaileak. Arratoiak balira bezala tratatzen dituzte».

Pertsonen aurkako minak

Edonola ere, iheslari gehienek ez dute amore ematen. Familiak talde txikitan antolatzen dira, eta gauez egiten dute zeharkatzeko saiakera. Halere, igarobideak arrisku handi bat dauka: Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga minaz josita dago. Balkanetako gerretako zauririk ikusgarrienak dira. Sarajevoko gobernuaren arabera, 80.000 mina daude oraindik aktibatuta. «Desaktibatzaile taldeak aspalditik ari dira lanean. Helburua zen 2019rako Bosnia zeharo garbitzea, baina ez da posible izango», esan dio telefonoz BERRIAri Mine Action Centre erakundeko Svetlana Luledzija bozeramaileak.

Hori hala, Bihac eta Velika Kladusako boluntarioek mapak banatzen dizkiete iheslariei. «Mina-zelaiak marrazten dizkiegu. Ohartarazten diegu errepide edo bidexka nagusietatik ez aldentzeko, eta, batez ere, basoetan ez sartzeko», azaldu du Draganovicek. Izan ere, Balkanetako gerraren mamuak oso presente daude oraindik. «Minek ehunka sarraski eragin zituzten, eta ez dugu nahi iragana berriz ere itzultzerik», gogoratu du boluntarioak.

Oro har, bosniarrak eskuzabal jokatzen ari dira migratzaileekin. Duela 25 urte, Balkanetako gerren garaian, Bihaceko etxe asko hutsik geratu ziren. Draganovicek hala gogoratzen du: «Oso txikia nintzen, baina gogoan dut gure senitartekoak Luxenburgora joan zirela. Babesa eskaini zieten. Oraingo errefuxiatuei ere aitortza bera zor diegu».]]>
<![CDATA[Belaunaldi kartzelatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1837/012/001/2018-03-29/belaunaldi_kartzelatua.htm Thu, 29 Mar 2018 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1837/012/001/2018-03-29/belaunaldi_kartzelatua.htm
«Amesgaizto etengabean bizi gara. Iraultzaren espirituaren arrastorik ez da geratzen», adierazi du Ahmed Maherrek, Apirilaren 6 mugimendu ezkertiarraren sortzaileak. Duela zazpi urte, Hosni Mubaraken aurkako herri matxinadaren aurpegirik ezagunena izan zen. Orain, baldintzapean aske bizi da: «Hiru urtez espetxeratuta egon ostean, aske utzi naute. Baina egunero 12 ordu komisarian pasatu behar ditut», azaldu du Maherrek. BERRIAri Signal izeneko aplikaziotik erantzun dio, ez baita telefonoaz fidatzen: «Elkarrizketa guztiak grabatzen dizkidate. Une oro kontrolatuta naukate».

Maherrek atsekabez gogoratzen du azken urteetan pairatu duen jazarpen politikoa: «Kartzelatu egin ninduten 2013ko estatu kolpearen ondotik manifestazio eta ekitaldi publikoak debekatu zituztelako. Eta ni ez nengoen prest etxean isilik geratzeko». Baina poliki-poliki jasangaitza egin zen Maherren bizitza: «Nire argazkia telebista guztietan agertzen hasi zen. Sisiren aldekoen mehatxuak bikoiztu ziren. Egun batean, etxera bueltatzen ari nintzela, eraso egin zidaten».

Al-Sisik oposizioko ahots guztiak isildu ditu Anaia Musulmanak boteretik indarrez kendu zituenetik: «Lehenik, islamisten atzetik joan zen. Garai hartan, egiptoar askori ongi iruditu zitzaion Anaia Musulmanen eta haien jarraitzaileen kontrako kanpaina. Rabaa al-Adawiyako sarraskian 1.000 pertsona akabatu zituzten, eta gehienek ez ikusiarena egin zuten. Ez zekitena zen hurrengoak haiek izango zirela», gogoratu du Maherrek. Laikoak eta ezkerreko iraultzaileak izan ziren hurrengo biktimak. Maherrek lortu du askatasun erlatiboa, baina Alaa Abdel Fatta eta Ahmed Douma ekintzaile ospetsuak espetxean daude oraindik, baita Azaa Soliman abokatua ere.

Zalantza izpirik gabe, Al-Sisiren diktaduraren errepresioak aise gainditu ditu Mubaraken garaiko arorik ilunenak. Datu zehatzak ez daude, baina giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute 60.000 ekintzaile inguru kartzelatu dituztela. «Mubaraken azken urteetan 8.000 inguru ziren preso politikoak», erantsi du Maherrek. Erregimenak hamasei kartzela berri eraiki ditu. «Iraultzaren belaunaldia espetxearen belaunaldia bihurtu da», nabarmendu du Amnesty International erakundeak bere azken txostenean.

Lorategia eta bandera

Gazte iraultzailearen ustez, Al-Sisiren errepresioak lortu du beldurra txoko guztietara zabaltzea. «Kairo erdigunean ez da 2011ko iraultzaren arrastorik geratzen», azaldu du. Tahrir plazaren erdian lorategi bat jarri dute, eta, biribilgunearen bihotzean, 30 metroko Egiptoko banderaren makila. Mohamed Mahmoud kaleko grafiti politikoak ere ezabatuta daude. «Desagertu egin da Mubaraken erorketak ekarri zuen eztanda artistikoa eta kulturala. Iraultzaren txoko ikonikoenak erregimenaren propaganda gune bihurtu da», adierazi du ekintzaile politikoak.

Iritzi berekoa da Mahienour el-Masry Alexandriako gaztea. El-Masry iragan urtarrilean atera zen kartzelatik. «Baimenik ez zuen manifestazio batean parte hartzeagatik espetxeratu ninduten. Ez dute pisuzko arrazoirik behar ekintzaileak atzemateko. Edozein txikikeriagatik atxilotu gaitzakete». El-Masryk emakumeentzako kartzela batean pasatu ditu bi urte. Haren arabera, 2011ko gazte iraultzaileei ez zaizkie aliatuak geratzen: «Sare sozialek traizionatu egin gaituzte. Orain ezinezkoa da Twitterren edo Facebooken gure iritzia ematea. Kontrolatuta gaude. Profil faltsu bat sortuta ere guganaino iristen dira»

«Hiltzaile odoltsua»

Bien aburuz, hori guztia posible da herritarren gehiengoak egungo egoera onartu duelako. «Etsipenagatik edo beldurragatik, Sisik lortu du gizarte zibila isilaraztea», uste du Maherrek. «Erregimen militarraren propaganda arrakastatsua izan da. Egiptoar askok sinisten du beste protesta olatu batek kaosa zabalduko lukeela eta islamistak kaos hori kapitalizatzen saiatuko liratekeela», erantsi du. «Sisiri esker, Egipto ez da Libia, ezta Siria ere», entzun ohi da gobernuak kontrolaturiko hedabideetan. «Horregatik, lider autokrata bat izatea beharrezkoa dela zabaldu da gizartean. Estatu kolpearen osteko erregimenak boterean luzatzeko asmoa du. Kosta ahala kosta», iruditzen zaio Maherri.

El-Masry, berriz, baikorragoa da. «Egiptoarrak konturatzen hasiak dira Sisiren benetako aurpegiaz. Gero eta jende gehiagori entzuten diot gupidarik gabeko hiltzaile odoltsua dela».

Halere, Egiptoko herritarrei indarrik geratzen al zaie iraultza berri bati hasiera emateko? «Ez», argi dio Maherrek, «eta matxinada batek eztanda egiten badu, ez da errepresio politikoagatik izango, kolapso ekonomikoagatik baizik».]]>
<![CDATA[Hauteskundeen antzerkia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1753/016/001/2018-03-27/hauteskundeen_antzerkia.htm Tue, 27 Mar 2018 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1753/016/001/2018-03-27/hauteskundeen_antzerkia.htm
Hiru egun iraungo duten hauteskundeak tramite lasaia izango dira Egiptoko rais-arentzat. Bozetara aurkeztu diren Al-Sisiren arerio politiko guztiek utzi egin dute hautagaitza. «Gustatuko litzaidake hamar politikari prestatuenen kontra lehiatzea; eta onenak irabaz dezala», esan izan du presidenteak nazioarteko hedabideei emandako elkarrizketa bakanetan. Hala ere, haren aurka aurkeztu direnek erregimenaren zigorra jaso dute. Estatu aparatuaren parte ziren Sami Anan jenerala eta Ahmed Xafik lehen ministro ohia izan dira okerren atera direnak. Anan atxilotuta dago, politika eta karrera militarra bat egitea interes gatazka dela argudiatuta. Xafik, berriz, Dubain duen bizitokitik Egiptora deportatu zuten, eta bere burua ez aurkeztera derrigortu.

Ez dira bakarrak. Khaled Ali abokatu progresistak eta Anuar al-Sadatek, izen bereko presidente erailaren ilobak, presioak salatu dituzte, hautagaitzak bertan behera utzi baino lehenago. Aitzitik, inork ezagutzen ez zuen Mousa Mostafa Mousa politikaria aurkeztu da azken orduan bigarren hautagai gisa.

«Guztia hain da lotsagarria, Sisiren arerio bakarra Sisiren jarraitzailea baita», irizten dio Italiara alde egindako Maati Elsandoubi analista egiptoarrak. Horregatik, gizarte zibileko hainbat pertsona famatuk bozei boikota egiteko deia egin dute. «Ez dugu antzerki honen parte izan nahi. Erregimen militarrari zilegitasuna ematea izango litzateke hori», erantsi du Elsandoubik.

Abstentzioa eta protesta

Hala, oposizioa kikilduta dagoela jakinda, parte hartzea izango da herritarren haserrea neurtzeko tresna bakarra. «Ez naiz bozkatzera joango. 2011ko iraultzatik hondamendiz hondamendi egin dugu salto. Zer ekarri du Sisik? Miseria besterik ez. Ez daukat familiari jaten emateko lain», kexu da Mohamed izeneko taxi gidari bat. Baina Sisiren omenezko elkarretaratze baten ondotik pasa denean klaxona jo du, «badaezpada».

Erregimen militarrak era masiboan botoa emateko dei egin die egiptoarrei. Hauteslekuak Al-Sisiren aldeko agertokiak bihurtu dira, auzoetan DJak jarri dituzte eta gobernuko ordezkariek doako garraioa eskaini dute bozkatzera joateko. Halere, Al-Sisiren erregimena beldur da, abstentzioak %50 gainditu dezakeelakoan. «Azalean, badirudi diktadurak lortu duela gizartea kontrolatzea. Anaia Musulmanak isilduta daude, erbestean edo kartzelan. Oposizio ezkertiarrak, berriz, beldur dio errepresio bortitzari. Baina, lehenengo geruzatik harago, herritarrak oso nekatuta daude», azaldu du bere izena publikatzerik nahi ez duen Egiptoko kazetari ezagun batek.

Nolanahi ere, inor gutxi ausartzen da haserrea plazaratzera. 2013ko estatu kolpearen osteko errepresio kanpainaren ondorioz, 40.000 preso politiko daude Egiptoko kartzeletan —haien artean, Mohammed Mursi presidente ohia—. Milaka ekintzaile eta herritarren arrastoa galdu da. Diktadura militarrak hedabide kritikoak itxi ditu, eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak zein kazetariak kanporatu.

Edonola ere, Al-Sisik mezu argia zabaldu du Anaia Musulmanen kontrako 2013ko estatu kolpea eman zuenetik: «Ni edo kaosa». Hauteskunde kanpaina honetan, hedabide gehienek rais-aren proiektu handiak nabarmendu dituzte: Suezko kanala handitzea, Kairoren ondoan bigarren hiri handia eraikitzeko proiektua, Sinai Penintsulan talde jihadisten aurka hasitako gerra...

Gobernuaren bozgorailuek Nasser berria deitu diote. Eta masa propagandak eragina du herritarrengan: «Polizia zabaldu du lehen ahaztuta zegoen Kairo erdigunean, eta saltzaile ibiltarien kontrako kanpaina hasi du; orain seguruago sentitzen naiz», azaldu du Talaat Harb kale ezaguneko ostalari batek.

Krisi ekonomikoa

Baina krisi ekonomikoak oreka hori apur dezake ezinbestean. 2014an Al-Sisik lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituenetik, egiptoarren bizitza biziki garestitu da. Inflazioa %30era igo da bi urtean, eta diruaren debaluazioak oinarrizko produktuen gorakada ekarri du. Nazioarteko Diru Funtsak hamabi bilioi dolarreko mailegua eman dio Egiptori, eta horrek murrizketak ekarri ditu; azukreak duela lau urte baino lau aldiz gehiago balio du gaur.

«Eta horri guztiari boom demografikoa gehitu behar zaio», erantsi du Elsandoubik. Izan ere, Egiptoko populazioa 100 milioira hurbiltzen ari da.]]>
<![CDATA['Déjà vu' etengabea Italian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1850/002/001/2018-03-03/dj_vu_etengabea_italian.htm Sat, 03 Mar 2018 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1850/002/001/2018-03-03/dj_vu_etengabea_italian.htm
Bost urteren ondoren, bozetatik aterako al da lehen ministro berria? Inork ez du eskua sutan jartzen. «Italiarrek lider paternalista baten beharra dute; ez du axola nondik datorren», iritzi dio Lorenzo Pregliascok, inkestak aztertzea helburu duen Youtrend webguneko zuzendariak.

Baina boz hauetan egonkortasun politikoa baino gehiago dago jokoan. Hauteskundeen aurretiko asteetan tentsioa sumatu da, eta alderdiek banaketa ideologiko handia erakutsi dute.

Hauteskundeetan hiru bloke nagusitu dira. Alde batetik, Matteo Renzi lehen ministro ohiak zuzentzen duen zentro-ezkerra. Egun gobernuan dagoen PD Alderdi Demokratikoak barne hartzen du, eta, inkesten arabera, herritarren zigorra jaso dezake, ez baita botoen %25era iritsiko. «Italiarrek ez dute gustuko Renziren harrokeria. Gainera, askoren aburuz, gobernu sozialdemokrataren erreformek prekaritatea besterik ez dute bultzatu», uste du Pregliascok.

Bigarren bloke handia Silvio Berlusconiren zentro-eskuina da. Il Cavaliere-ren Forza Italia, koalizioan aurkeztuko da Lega Nord alderdi ultraeskuindarrarekin (Lega Salvini Premier izenarekin aurkeztu da) eta Fratelli d'Italia (Italiako Anaiak) talde xenofoboarekin. Koalizioak ez du argitu zein den lehen ministrorako hautagaia. «Legako Matteo Salviniren eta Berlusconiren artean dago lehia. Bietatik boto gehien lortzen duenak izango du izena aukeratzeko eskubidea», azaldu du Pregliascok. Eskuineko liderraren proposamen izarra da Flat Tax delakoa, alegia, PFEZaren gainean %23ko tarifa laua ezartzea.

Bost Izarren Mugimendua

Edonola ere, Berlusconik ezin du bere burua aurkeztu. Ustelkeria kasuengatik Italiako auzitegi gorenak sei urterako inhabilitatu du kargu publikoak betetzeko. Horregatik, bere «seme» politikoa, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidentea, proposatu du. Halere, lehen ministro ohiari iruditzen zaio misio mesianiko bat bete behar duela: «1994an komunistekin gertatu zen bezala, nire ahotsa altxatzeko beharra sentitu dut. Italian sekta arriskutsu bat irits daiteke boterera».

Eta sekta hori Bost Izarren Mugimendua da, Berlusconiren ustez. Inkesta guztien arabera, Beppe Grillo komikoaren antikasta alderdi euroeszeptikoa izango da hauteskunde hauetan gehien bozkatua. Populistatzat jotzen den mugimendua, 2009an sortu zen, Zoazte popatik hartzera lemapean, eta sistema politikoa barrutik suntsitzeko helburuz. Alderdiak gazte haserretuen eta etsituen botoa biltzen du gehienean. Hori hala, lehen ministrorako hautagaia 31 urteko politikaria da: Luigi di Maio. «Baina Bost Izarren Mugimenduko kideak ez dira 2013an hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztu ziren eskarmenturik gabeko gazteak. Azken urteetan politikaren nondik norakoak ezagutu dituzte, hiri askotan boterera iritsi dira, eta haien formak biziki leundu dituzte», iritzi dio Pregliascok.

Ezkerreko alderdiak, berriz, banatuta aurkeztuko dira hauteskundeetara. Pietro Grasso senatuko presidenteak gidatzen duen Liberi e Uguali mugimenduak (Askeak eta Berdinak) barruan hartu ditu PDtik atera diren azeri zaharrak, artean Massimo D'Alema eta Pier Luigi Bersani. «Matteo Renziren kontrako alderdia dela dirudi», azaldu du Giovanni Orsina, Luiss-Guido Carli unibertsitateko irakasleak.

Ezkerrerago oraindik, alderdi komunista ohiko kideez osaturiko Botere al Popolo mugimendua dago (Boterea herriari). Napoli hirian babes handia duen taldeak ezustekoa eman dezake, parlamentura sartzeko beharrezkoak diren botoen %3 eskura ditzakeelako. Azkenik, Italian izen handia duen Emma Bonino politikariaren Piu Europa (Europa gehiago). Boninok ezkerreko programa aurkeztu du ikuspuntu sozialetik, baina oso liberala alde ekonomikotik.

Italia, geldirik

Proposamen gutxi eta irain asko ekarri ditu hauteskunde kanpainak. Alderdi politikoek migratzaileen auzia astindu dute gehienean; izan ere, bozen aitzitik izan zen eraso xenofoboak hautsak harrotu ditu. Ekintzaile neofaxista batek sei migratzaile zauritu zituen auto batetik tirokatuta. Biktima guztiak Afrikako iheslariak dira. Erasotzaileak keinu faxista, alegia, agur erromatarra egin zuen atxilotu zutenean.

Orsinak uste du eskuin muturrak eraginkorki kapitalizatu duela migrazioaren drama: «Pobreen arteko gerra bat bilakatu da. Italiako klase ertain pobretuak nabaritu du denbora gutxian bizi kalitatea galdu duela. Italiarrak ez dira oraindik krisitik atera, eta oso amorratuta daude».

Hori hala, eskuin muturrak azkar jakin du errudun bat aurkitzen. Lega alderdi ultraeskuindarrak migratzaileak aurkeztu ditu etsaitzat. Langabezia eta segurtasunik eza etorkinen etorrerarekin lotu ditu, eta gorrotoaren programa zabaldu du. Salvini liderrak 180 graduko bira eman dio alderdiari. Legak alde batera utzi ditu iparraldearen independentziaren aldeko aldarrikapenak eta Erroma lapurra lema. Egun, Marine Le Penen Fronte Nazionalaren tankerako indar nazional ultraeskuindarra da. «Hauteskundeetan boto andana jaso ohi du, berriz, ezkerrekoak ziren industria eremuetan», azaldu du Pregliascok.

Baina ez da bakarra. Casa Pound eta Forza Nuova mugimendu neofaxistek txirotasun egoeran dauden italiarrentzako doako laguntza sistema hezurmamitu dute. Greziako Egunsenti Urrekara xenofoboaren jarrera bera sumatzen zaie. Orsinak hala ikusten du: «Mezu argia daukate: gobernuak bizkarra eman die italiarrei eta soilik etorkinak laguntzen ditu. Gu gara herritarrei eskua luzatzeko prest gauden bakarrak». Horregatik, eskuin muturreko alderdiek inbasioaren ideia astindu dute, eta 600.000 migratzaileren kanporaketa proposatu. «Baina errealitatea oso bestelakoa da», uste du Pregliascok, «1998tik egun arte 25-35 urte bitarteko bi milioi italiarrek hanka egin dute etorkizun baten bila. Herrialdea gero eta zaharragoa da. Ez dago belaunaldi ordezkorik», erantsi du.

Italia euroguneko hirugarren ekonomia da, baina ezagutu ditu garai hobeagoak. Herrialdearen zor publikoak BPGaren %130 gainditzen du, eta gazteen langabezia tasa %40 ingurukoa da. Iparraldearen eta hegoaldearen artean alde galanta dago, gainera. Lombardiako eta Piemonteko industria gune handiek talka egiten dute hegoaldearen dekadentziarekin. «Tontakeria bat dirudi, baina Milanen bizi itxaropena bi aldiz handiagoa da Calabrian baino», azaldu du Orsinak.

Mafiaren infiltrazioak, ordea, ez du iparraldearen eta hegoaldearen arteko bereizketarik egiten. «Politikaren eta krimen antolatuaren arteko harremana, kontu zaharra da Italian. Halere, Lombardian eta Erroman azaleratu diren kasu berriek argi utzi dute mafiaren tentakuluak lurralde osora zabaldu direla», iritzi dio Pregliascok. Zaborraren kudeaketaren ardura duten enpresa publikoei buruz ari da analista politikoa, bada, Camorraren eskuetan zeudela argitu du justiziak. «2018ko mafia ez da herritarrei pizzo-a edo kuota eskatzen dien klana. Kontuan izan behar dugu Siziliako, Calabriako eta Napoliko capo-en seme-alabak abokatuak eta bankariak direla. Horrek maila guztietara zabaltzeko aukera eman dio krimen antolatuari», erantsi du.

Hauteskundeen ostekoa

Bozen ondorengo egunak ekarriko duena misterio bat da Italian. «Are gehiago, hauteskunde lege berriarekin», adierazi du Orsinak. Izan ere, parlamentuak araudi berria onartu du bozen aurretik: «Orain, sistema mistoa daukagu; hau da, proportzionala eta gehiengoarena. Horrek koalizioak hobesten ditu. Botoen %40 behar da gobernatzeko».

Pregliascoren iritziz, legea Renzik eta Berlusconik adostu zuten Bost Izarren Mugimendua zigortzeko eta hauteskundeen ostean bien arteko Koalizio Handia sinatzeko. Funtsean, Bruselarentzat eta Sergio Mattarela errepublikako presidentearentzat akordio perfektua da. «Renzi eta Berlusconi animalia politikoak dira, etsai handiak, baina elkarren beharra dute», iritzi dio Pregliascok. Halere, politologoaren aburuz, «gaizki atera zaie jokaldia». Otsailaren 16an publikatu ziren azken datuek diote bi indarrak ez direla botoen %40ra iritsiko. Renziren eta Berlusconiren irtenbide bakarra da ezkerreko alderdi txikien botoak batzea. «Ez da erraza izango, ordea. Ezkerreko mugimenduak, antiberlusconista amorratuak dira. Halako akordio batek haien izena zikinduko luke», uste du Pregliascok.

Hori hala, kinielak egiten hasiak dira italiarrak. Zeintzuk dira hauteskundeen osteko agertoki posibleak? Egoera apokaliptikoena, Europaren amesgaiztoa, da zentro-eskuineko koalizioak, Forza Italiak eta Legak, gobernua sortzea. Azken datuek diote gehiengotik hurbil daudela. «Ez badira %40ra iristen, beste alderdietako parlamentariak erosiko dituzte. Italian oso ohikoa da transfugismoa. Berlusconik azken asteak pasatu ditu Bost Izarren Mugimenduko hautagaiak era irekian seduzitzen», iritzi dio Orsinak.

Oraingoz, argi dagoena da Mattarela presidenteak ez diola Bost Izarren Mugimenduari emango gobernua sortzeko enkargua. Boto gehieneko indarra izan arren, mugimendu antikastak argi utzi du ez duela alderdi tradizionalekin gobernu hitzarmenik sinatuko. Halere, ez litzateke baztertu behar Mattarelak berriz ere Paolo Gentiloniri, egungo lehen ministroari, ematea epe baterako gobernua sortzeko enkargua: «Tarte horretan, hauteskunde lege berria onartu beharko litzateke, eta datorren urtean bozetara itzuli», erantsi du Pregliascok. Orsina, berriz, ez da iritzi berekoa: «Parlamentari berriek ahal duten guztia egingo dute bost urteko legealdia agortzeko. Behin parlamentuan sartu ostean, ez dute atera nahiko». Kasuak kasu, eta, gezurra badirudi ere, Berlusconik izango du gobernu berriaren giltza.]]>
<![CDATA[Tanta bat ozeano zabalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2017-08-29/tanta_bat_ozeano_zabalean.htm Tue, 29 Aug 2017 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2017-08-29/tanta_bat_ozeano_zabalean.htm
Ahmedek eta haren emazteak bi seme-alaba dituzte, eta ondo moldatu dira Italiara: «Leiniko herritarrek asko babestu gaituzte. Azkar sentitu gara komunitate txiki honetako kide», adierazi du errefuxiatuak. Siriako gerraren aurretik, lege islamiarra irakasten zuen Ahmedek unibertsitatean. Libanora iritsi zenean, ordea, eraikuntza alorrean hasi zen lanean. Izan ere, Bekaa haranean, pobrezian bizi zen familia. Ahmedentzat ezinezkoa zen kide guztiak batu eta haien kabuz Europara iristen saiatzea.

Yahiatar sendiko hiru kidek elbarritasunen bat dute. Ahmeden bi arreba gor-mutuak dira, eta anaia zaharrenak distrofia muskularra du. Ahmedek Abu Antar ezizenarekin deitzen du anaia, Siriako telesailik famatuenaren protagonistaren omenez. «Ez dut inoiz ahaztuko Homsetik alde egin genuen eguna. Gurpil aulkia etxean utzi, Abu Antar bizkarrean hartu, eta 40 kilometro egin genituen oinez Libanora iritsi arte», gogoratu du asilo eskatzaileak.

Bekaa haranean, ordea, ahanzturara kondenatuak zeuden yahiatarrak. «Libanoko kanpaleku inprobisatuen egoera benetan tamalgarria da. Higiene arazoak daude, eta, hori gutxi ez, eta asilo eskatzaileak esplotatu egiten dituzte», gogoratu du Ahmedek. Halere, 2015eko udan, San Egidio komunitateko hainbat boluntariok haien kanpadenda bisitatu zuten. Errefuxiatuen artean elkarrizketak egiten ari ziren egoerarik tamalgarrienean zeuden familiak aukeratu eta modu seguruan Italiara ekartzeko. Yahiatarrak ezagutu bezain laster, zerrendan lehenak jarri zituzten.

Erromako San Egidio komunitate katolikoa aitzindaria izan da pasabide seguruen ideia egia bihurtzen. «Mediterraneoko eta Egeo itsasoko heriotzak ekidin nahi genituen, eta erantzun baten bila hasi ginen. Europako herrialdeek mugak ixten zituzten bitartean, Europako araudia arakatzeari ekin genion, eta korridore humanitarioen errealitatea ezagutu genuen» azaldu du Daniela Pompei proiektuaren kudeatzaileak.

Araudia

«Araudia aztertzea besterik ez dago», erantsi du Pompeik. Izan ere, Europako Batasuneko estatu kide bakoitzak eskumenak ditu arrazoi humanitarioengatik bisak emateko. Hala, Bruselaren gelditasunaren aurrean, pasabide seguruen proposamena egin zion San Egidiok gobernuari. Erromak onartu egin zuen, eta, trukean, San Egidioren eta hainbat eliza protestanteren ardura izan da proiektu guztia antolatzea eta ordaintzea. «Libanon egindako aukeraketa prozesua, bidaia, eta, batez ere, hona iritsi osteko ostatua, hizkuntza ikastaroak eta integrazio prozesua gure ardura dira», adierazi du Pompeik. Estatuak ez du zentimo bat ere jarri.

Hori hala, Italiako Gobernuak 800 bisa humanitario eman ditu, eta beste 200 banatuko ditu urtea amaitu baino lehen. «Ehunka pertsonak hegazkinez bidaiatu dute Libanoko kanpalekuetatik Europara. Ez dira trafikatzaileen eskuetan jarri, eta ez dute itsasoan bizitza arriskatu», erantsi du Pompeik.

Korridoreek Europako Batasuneko hamalau estatu kidek baino asilo eskatzaile gehiago hartu dituzte. Tanta bat ozeano zabalean? «Agian bai», erantzun du proiektuaren kudeatzaileak, «baina aurrekaria ezarri du; izan ere, aurki Frantziako Gobernuak Irakeko eta Siriako 500 asilo eskatzaile jasoko ditu Libanotik».

Bestalde, bisa humanitarioek segurtasuna berresten dutela uste du San Egidiok. «Alderdi politiko askok errefuxiatuen drama erabiltzen dute eraso jihadistekin lotzeko, baina korridoreen bidez iritsi diren asilo eskatzaileei kontrolak egin zaizkie. Libanotik heldu diren pertsona guztiak erregistratuta daude, eta jakina da haien nortasuna», adierazi duPompeik.

Horregatik, korridore humanitarioen esperientzia Ekialde Hurbiletik Afrikara zabaltzeko prest agertu da Italia. Hala, pasabide seguru bat irekiko du Etiopiatik Europara, eta Erromako gobernuak Hego Sudango, Eritreako eta Somaliako iheslariak hartuko ditu. Pompei pozik agertu da: «Urte hasieratik, 2.000 lagun baino gehiago ito dira Libiatik Italiara iritsi nahian. Gure esku dago Mediterraneoko hilobia ez handitzea».

Gizartean lekua bilatu

Baina dena ez da urre kolorekoa. Lehenengo 800 errefuxiatuak Italiara iritsi zirenetik urtebete pasatu da, eta balantzea egiteko unea dela uste du San Egidiok. Izan ere, hasierako poztasunetik harago, errealitate gordinarekin topo egin dute familia guztiek. «Agiriak behar bezala dituzte, baina gizartean lekua bilatzea ez da erraza izan haientzat», adierazi du Pompeik.

San Egidio komunitateak udalerri askotan banatu ditu errefuxiatu familiak, eta batzuen eta besteen esperientziak oso desberdinak dira. Oro har, herri txikietan bizi direnak hobeto moldatu dira hiri handietan daudenak baino. Korridore humanitarioek bi urteko ostatua eta soldata aurreikusten dute familia bakoitzarentzat, baita lan munduan sartzeko laguntza ere. Halere, gehienek lanpostu bat aurkitu dute lehenago. Ahmed, adibidez, Leiniko udal administrazioan ari da lanean, eta mila euro irabazten ditu hilabetero. Yahiatarrek ondo baino hobeto hitz egiten dute italieraz eta haurrak erraz moldatu dira hezkuntza sistema berrira.

Beste askorentzat, ordea, oso zaila izan da sustraiak urrun uztea. Pompeik hala dio: «Familia gehienek bizi kalitate handia zuten Sirian, eta, Europarekin amesten zuten arren, hona iritsi direnean jabetu dira ezinezkoa izango dela aurreko bizitzara bueltatzea. Heriotza atzean utzi dute, baina Europa arrotza zaie».]]>
<![CDATA[Iturria itxi nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1865/014/001/2017-07-30/iturria_itxi_nahian.htm Sun, 30 Jul 2017 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1865/014/001/2017-07-30/iturria_itxi_nahian.htm
Halere, alde egiten dutenak gehiago dira iristen direnak baino. Mediterraneoko hilobia hazi eta hazi egin da 2017ko lehen sei hilabeteetan. Italiako Gobernuak kalkulatu du 2.000 pertsona ito direla Europara iristeko ahaleginean. Gobernuz kanpoko erakundeentzat askoz gehiago dira.

SAR eremua da Libiako kostatik hemeretzi kilometrotik aurrera dagoen bilaketa eta erreskate gunea; hain zuzen, Libiako urak gainditu eta nazioarteko urak hasten diren eremua. Han gobernuz kanpoko hainbat erakunderen ontziak daude, Libiako kostatik ateratzen diren iheslariak erreskatatzen. Kataluniako Proactiva Open Arms elkartearentzat urte gogorra izaten ari da 2017a. «Gure helburua da itsasoan inor ez itotzea. Ez gara etorri egoera geopolitikoa konpontzera. Mediterraneoan hutsune bat dagoela ikusi dugu, hau da, Europako gobernuek bizkarra eman diotela drama honi. Gobernuz kanpoko erakundeak hutsune hori betetzera etorri gara. Nahiago genuke gure beharra egongo ez balitz», azaldu du Xabi Aranburu donostiarrak. Gazte euskalduna sorosle profesionala da, eta Proactiva Open Armseko boluntarioen trebakuntza koordinatzen du.

Erreskateak jomugan

Proactivako kideek salatu egin dute salbamendu lanetan ari diren GKE-en izena zikintzeko abiatu den kanpaina bortitza. «Oso deigarria iruditzen zait Europako hainbat mugimenduk eta gobernuk gure lana kritikatzea, haien partetik gelditasuna besterik ez dugun bitartean. Badirudi Bruselarentzat disuasio neurri bat dela iheslariak itsasoan hiltzea. Hori al da migrazioa geratzeko duten estrategia bakarra?», hausnartu du Oscar Campsek, Proactivako zuzendariak.

Baina azken hilabeteetan Proactivak eta bestelako erakunde humanitarioek kritika gogorrak izan dituzte. Besteak beste, Mediterraneoko taxiak bilakatu direla eta migratzaileen artean erakartze efektua sortzen dutela leporatu die Frontex Europako Mugen Agentziak. Italiako Lega Nord eta Frantziako Fronte Nazionala harago joan dira, ordea. Mugimendu ultraeskuindar europarrek GKE-ei leporatu diete harremana izatea Libiako trafikatzaileekin, eta erreskateak eginez aberastea. «Gezur hutsa da, baina helburua ez da egia esatea, min egitea baizik. Migratzaileen eta errefuxiatuen dramaren aurrean hezurmamitu den gizarte zibila suntsitu nahi dute», uste du Campsek.

Eta etsaiak ezkerretik zein eskuinetik hazi dira. «Oso hipokrita da gobernuz kanpoko erakundeak defendatzea. Migrazioaren krisia negozio handi bat bihurtu da askorentzat». Luigi Di Maio Bost Izar Mugimenduko lider eta Italiako diputatuen ganberako presidenteordearen hitzak dira. Italiak hauteskunde orokorrak egingo ditu 2018an, eta antikasta alderdia eskuineko hautesleak erakartzen ari da.

Horregatik, agian, Paolo Gentiloniren gobernu sozialdemokratak ere diskurtsoa gogortu du. Erromak Brusela mehatxatzeari ekin dio: «Europako kideen elkartasunik gabe, gure portuak itxiko ditugu. Ez dugu onartuko Italia bakarrik uztea». Eta ez hori bakarrik. Italia eta Europako Batasuna Jokabide Kodea delakoa prestatzen ari dira erreskate lanetan ari diren erakundeen lana hurbilagotik kontrolatzeko.

Bruselak esku artean dituen neurri berrien artean, debekatu egin nahi du GKE-ek gauez argiak erabiltzea, seinaleak bidaltzea eta iheslariak erreskatatzean ontzi handiagoetara eramatea. «Neurria onartzen bada, salbamendu operazio bakoitzaren ostean iheslariak zuzenean Siziliara eraman beharko ditugu. Ez du axolako ontzian 20 edo 200 migratzaile dauden», azaldu du Campsek. «Horrek erakunde humanitarioen presentzia gutxituko du itsasoan. Lekuko deserosoak ezabatu nahi dituzte».

Iritzi berekoa da Aranburu, eta zentzugabekoa iruditzen zaio araudi berria: «Erabaki guztiak hartzen ditugu nazioarteko itsas legeria errespetatuz eta Italiako kostazainen koordinazioaz. Jokabide kodea orain ere badago».

Edonola ere, egoera gero eta gehiago nahasten ari da Mediterraneoan. Oraingoz, polemikaz baliatu diren bakarrak Generation Identitaire (Belaunaldi identitarioa) mugimendu ultraeskuindarreko kideak dira. Marketing kanpaina handiaz baliatuz, C-Star izeneko ontzia alokatu zuten Djibutin, eta Mediterraneoa patruilatzeko ahaleginean ari dira. Lorenzo Fiato italiarra da haien bozeramailea. «GKE-en legez kontrako ekintzak kontrolatuko ditugu. Europak jakin behar du zer gertatzen ari den itsasoan», azaldu du.

Frantziako Fronte Nazionaleko gazteen mugimenduak Europa Defendatu plataforma sortu du, eta, kostazain libiarren laguntzaz, iheslariak Libiara bueltatzeko prest daudela diote. «Ez ditugu migratzaileak hiltzen utziko. Halere, haien ontziak atzematean, Libiako kostazainen eskuetan utziko ditugu», azaldu du Fiatok.

Asilo eskatzaileak ontzian

Ontzi xenofoboaren ibilbideak, ordea, hasiera surrealista izan du. Izan ere, joan den ostegunean, Ipar Zipreko Errepublika Turkiarrean geratuta zegoenean, Poliziak tripulazioa atxilotu zuen, ontzian zeuden Sri Lankako hogei tamilentzat agiriak faltsutu zituelakoan. Epaile batek errepublikatik kanporatzeko agindua eman zien, baina bost tamilek asiloa eskatu zuten, eta hamar eguneko bisa bat lortu zuten erantzuna jaso arte. Ipar Zipreko hedabideen arabera, tripulazioko kideek adierazi zuten kapitainak gezurra esan ziela, ontziarekin Italiara ailegatu eta Europako Batasunean sartzeko esperantza baitzuten. Europa Defendatu plataformak adierazi du ez duela zerikusirik gertatutakoarekin, eta, azken berrien arabera, ontziak ibilbidearekin jarraitu du Mediterraneoan.

«Txantxa txar bat dirudi, baina serio ari dira, tamalez», azaldu du Campsek. Proactivako zuzendariak behin eta berriz esan du Libia ez dela herrialde segurua iheslarientzat. «Egunero iristen zaizkigu bortxaketen eta torturen testigantzak. Onartezina da indarkeriatik ihes egiten dute pertsonak indarkeriara bueltatzea».]]>
<![CDATA[Zaharberritze saio hutsala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2275/045/002/2017-03-05/zaharberritze_saio_hutsala.htm Sun, 05 Mar 2017 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/2275/045/002/2017-03-05/zaharberritze_saio_hutsala.htm
Baina hastapen xume horietatik gaur egun arte dezente aldatu da RAI. 2017an, Europako hedabide publikorik handienetarikoa da Italiakoa. Bada, 13 telebista kate, hamar irrati kate eta 12.000 langile ditu, baita kontratu finkorik ez duten beste 10.000 kolaboratzaile ere. Menduni RAIren administrazio kontseiluko kidea izan da zazpi urtez, eta honela deskribatu du hedabidearen osasuna: «Izugarrizko mastodontea da. Denok dakigu eskua sartu behar zaiola, baina inork ez du plan estrategiko serio bat martxan jartzeko borondaterik». Halere, audientzian lider da oraindik ere RAI, eta italiarrek «berea balitz bezala sentitzen dute».

Halako hedabide erraldoi bat zutik mantentzeko, bi dira finantzaketa iturri nagusiak: kanona eta publizitatea. Italiako telebista publikoaren finantzaketaren %70 kanonaren bidez lortzen dute. 2015eko erreformaren ondotik, etxe bakoitzak 100 euro ordaindu behar ditu urtean —kanona argindarraren fakturan txertatu du gobernuak—.

Erreforma bakarra

Matteo Renzi lehen ministro ohiaren gobernuak bultzatu du RAIn egin den zaharberritze saiakera bakarra. Italiako Parlamentuak 2015ean onartu zuen lege berriaren arabera, RAIren boterea administrazio kontseiluaren eta administratzaile delegatu izeneko ordezkari berriaren artean banatu da. Administratzaile delegatua Ekonomia Ministerioak aukeratzen du, eta botere osoa dauka kate guztietako zuzendariak aukeratzeko.

Bestalde, administrazio kontseiluaren pisua ere apaldu egin du parlamentuak, lehen bezala bederatzi kide izan ordez zazpi baititu orain. Kideak honela banatzen dira: bi diputatuen ganberak aukeratzen ditu, bi senatuak, bi gobernuak eta bat RAIko langileek. Administrazio kontseiluaren boterea biziki ahuldu da, gainera. Izan ere, erreforma martxan jarri zenetik, organo historikoaren iritziak ez dira lotesleak, albistegietako zuzendarien kasuan izan ezik. «Gure eredua BBCrena da», esan izan du Renzik, baina Erresuma Batuko telebistaren independentziatik oso urrun geratu da RAI berria.

Sindikatuek lortu duten garaipen bakarra izan da zuzendari nagusien soldatak publikoki jakinaraztea. Gardentasunaren gaineko erreforma berrian, argitara atera da zenbat irabazten duten agintari guztiek. Kasu honetan ere, Europako marka guztiak gainditzen ditu Italiak: RAIko 94 kidek urteko 200.000 euro baino gehiago irabazten dute. Antonio Campo Dall'Orto zuzendari nagusiak, adibidez, 650.000 euroko soldata izan zuen iaz. «Oso deigarria da Dall'Ortok lehen ministroak baino sei aldiz gehiago irabaztea», uste du Mendunik.

Halere, irakaslearen iritziz, Italiako hedabide publikoak badu Europako telebista gutxik garatu duten zerbitzu garrantzitsu bat: TGR delakoa. «Italiako dibertsitate linguistikoak bultzaturiko egitasmo bat da, hau da, eskualde bakoitzak tokian tokiko kalitatezko albistegi bat izan dezan, eremu bakoitzeko hizkuntzari erreparatuz».

RAIk egoitza bereziak ditu Sizilian, Sardinian, Friulin, Trentino-Adige Garaian eta Aostako Haranean. Italiako telebista publikoak hizkuntza gutxituei erreparatzen die; Aostako Haranean, adibidez, patoisez emititzen dituzte eguneko bi albistegi. Trentino-Adige Garaian, bestalde, bi telebista kate ditu RAIk: Rai Sudtirol izeneko alemanierazko katea eta Rai Ladinia, ladinoz emititzen duena.]]>
<![CDATA[Europa: hesiz oztopatutako zeharkaldia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/005/001/2017-02-26/europa_hesiz_oztopatutako_zeharkaldia.htm Sun, 26 Feb 2017 00:00:00 +0100 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1996/005/001/2017-02-26/europa_hesiz_oztopatutako_zeharkaldia.htm
Idomeniko pasabideak domino efektuaren azken maila islatzen du. Iaz, 14.000 errefuxiatu jaso zituen; egun, ez da inor geratzen. «Bruselaren lehen erabakia izan da mugak Europatik kanpora ateratzea eta Turkian tapoi-estatu bat sortzea», azaldu dio BERRIAri Andrea Contentak, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Balkanetako bozeramaileak, «bigarren pausoa, berriz, barne kontrolak berriz ezartzea izan da».

Contentari iruditzen zaio gotorleku bihurtu nahi duela Europak. «Nor berean tematu da», bada, Ekialde Hurbiletik kontinente zaharrera lekualdatu den errefuxiatuen auziak zatiketa eta hesiak eragin ditu. «XX. mendean eraikitako harresi gehienak erori egin dira, baina XXI. mendeko hesi berrien helburua ez da populazioa zatitzea, Europarako sarrera debekatzea baizik», erantsi du.

Bulgariatik Norvegiara

Hungariako Viktor Orban lehen ministro ultranazionalista izan zen lehena alde bakarreko erabakiak hartzen. 2015eko udan, Balkanetako ibilbidearen garairik beroenean, 175 kilometroko hesi bat eraiki zuen Serbiarekiko mugan. Ekinaldi horrek bidea ireki zion Bruselaren ate itxien politika berriari. Budapesten arabera, «Schengen eremuaren zaindari bakarra» bihurtu da Orban, eta eguneko 25 asilo eskatzaileri soilik uzten die Hungariara legez sartzen.

Budapesten erabakiek aurrekaria ezarri dute, eta Bulgariak estrategia bera kopiatu du. Turkiarekin batzen duen 240 kilometroko mugan hesi bat eraikitzen ari da Sofia. Helburua betetzeko, 90 milioi euro eman dizkio Europako Batasunak, eta hogei herrialdetako 172 polizia dauzka mugaldean zabalduta. Boiko Borisov lehen ministroaren metodoak are gogorragoak dira, ordea. «Talde paramilitarrak daude han. Iheslariak atxilotu, biluzarazi eta jipoitu egiten dituzte», salatu du Amirrek, Italiara kamioi batean ezkutatuta iritsi berria den gazte pakistandarrak. Egoera hain da larria, MSFk biziki salatu baititu Sofiaren moduak. «Aurtengo neguan, gutxienez hamar iheslari hil dira Turkiaren eta Bulgariaren arteko muga zeharkatu ostean. Basoan aurkitu dituzte gorpuak, izoztuta», azaldu du Contentak. Baina asilo eskatzaileek ez dute beste alternatibarik. Are zailagoa da Turkiaren eta Greziaren arteko muga banatzen duen Erdineko hesia zeharkatzea.

Hori hala, Serbia kaiola bihurtu da Balkanetan harrapatuta dauden milaka errefuxiatuentzat. Ez aurrera ez atzera egin ezinik dabiltza. «Ehunka gazte zeharo blokeatuta daude. Mugak itxi dituzte, eta mafia sareen eskuetan utzi dute gure etorkizuna», uste du Amirrek. Gazte pakistandarrak lortu du Italiara iristea, baina bere trafikatzaileari 2.500 euro ordaindu behar izan dizkio. Esloveniatik Italiara oinez gurutzatu baino lehenago, Kroaziaren eta Esloveniaren arteko mugako kontrolak gainditu behar izan ditu.

Edonola ere, errefuxiatuen kontrako erabakirik irmoena Erresuma Batuak hartu du. Frantziako Calaisko errefuxiatuen kanpaleku inprobisatua hustu aurretik, hormigoizko pareta bat eraikitzen hasi da Londres. Lau metroko garaiera izango du, eta 2,7 milioi inguruko aurrekontua dauka. Parisko gobernuak erabakia onetsi du, eta Londresek ordainduko du osorik. Hori guztia, migratzaileak kamioietara sartzea eta eurotunela gurutzatzea eragozteko.

Bestalde, harresien eraikuntza ez da etengo 2017an. Norvegiako Gobernuak ere hesi berri bat iragarri du Errusiarekiko mugan. Izan ere, 5.000 inguru dira Zirkulu Polar Artikotik Norvegiara gurutzatu duten iheslariak.

Harresi ikusezinak

Hori nahikoa ez balitz bezala, Europako Batasuneko estatu gehienek mugaldeko kontrolak berriz ezarri dituzte. Austria da guztien artean gogorrena. Esloveniako mugan lau kilometroko hesia eraiki ondotik, kontrol zorrotzak ezarri ditu Italiarekiko Brenneroko eta Tarvisioko pasabideetan. Helburua da Italiak erregistratzen ez dituen iheslariak bueltan bidaltzea eta siriarrak ez diren guztiei ateak ixtea. Austriak ez du migratzaile gehiago jaso nahi, eta erabakiak ekaitz politikoa eragin du Erromaren eta Vienaren artean. Paolo Gentiloniren gobernuak salatu du Bruselak bakarrik utzi dituela Mediterraneotik iristen diren milaka iheslarien harrera antolatzeko.

Alpeetako pasabide estuan gertatzen ari dena ez da adibide bakarra. Italia eta Frantziaren arteko Ventimigliako mugan errealitate berdintsua dute asilo eskatzaileek. Frantziak mugak itxi ditu migratzaileentzat, eta trenean gurutzatzen saiatzen diren guztiak Italiara bidaltzen ditu bueltan. Hollanden gobernuak adierazi du larrialdi egoeraren barruan harturiko erabaki bat dela, baina berehalako itzulerak praktika zaharra dira Ventimiglian.]]>
<![CDATA[«Somaliarekin amesten dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/012/001/2016-07-29/somaliarekin_amesten_dut.htm Fri, 29 Jul 2016 00:00:00 +0200 Ane Irazabal https://www.berria.eus/paperekoa/1859/012/001/2016-07-29/somaliarekin_amesten_dut.htm alhandullilah eta grazie errepikatzen ditu behin eta berriz. Uztaileko egun eguzkitsu batean egin du hitzordua BERRIArekin. Ramadanaren amaiera da, eta pozarren dago; izan ere, duela egun gutxi eman diote hainbeste aldiz desiratu duen albistea. Ahmed Italian jaiotako bere adineko beste edozein gazte bezain italiarra da, eskubide eta betebehar berberekin.

Baina orain arteko bidea ez da batere erraza izan gaztearentzat. Somaliatik alde egin, eta Lampedusako lurra ukitu zuen arte, zazpi hilabete pasatu ziren. Italiara iritsi, eta paperak lortu dituen arte, zortzi urte igaro dira.

Ahmedek primeran gogoratzen du gurasoei agur esan zien eguna. 2007ko abendua zen, eta gerrak ez zuen gupidarik. «Unibertsitatean hasi berria nintzen, eta Polizia egunero sartzen zen gazte ekintzaileak atxilotzera. Egun batean, 'kito, aski da' esan nion neure buruari». Zuzenbide ikasketak utzi, motxila prestatu, eta trafikatzaile sare baten esku jarri zuen bere etorkizuna: «Gurasoek ez zuten nire erabakia babestu, asko beldurtu ziren».

Gaztearen familia ez da aberatsa, ezta pobrea ere. Ahmedek eta Safiyak zortzi seme-alaba izan dituzte, eta denek egin dituzte goi mailako ikasketak. Abdullahi semerik zaharrena da, eta 1988an sortu zen, Muqdishon. Aitak administrazio publikoan lan egiten zuen, gerra zibilak Somaliako estatu egitura guztiak suntsitu zituen arte. Ama, berriz, «etxeko burua» da oraindik ere. Ahmedek ez du txikitako oroitzapenik: «Gerra da gogoratzen dudan gauza bakarra. Gure auzoan ez zegoen jolas parkerik. Bizilagunak armatuta ateratzen ziren kalera. Baina gerrara ere ohitu egin ginen, eta, zoramen horren guztiaren erdian, gure haurtzaroa babesten saiatu ziren gurasoak».

Gatazka amaigabea

Ahmedek hiru urte zituen Somaliako gerrak eztanda egin zuenean. 1991n hainbat milizia armatuk Siad Barre presidentea kargutik kendu zuten, eta herrialdea zeharo zatituta geratu zen: Somaliako Alderdi Patriotikoa hegoaldean, Mugimendu Nazionala iparraldean eta Somaliako Kongresu Batua hiriburuan. Somalilandiaren sorrera ere etorri zen ondoren. Geroztik, Afrikako adarreko herrialdeak ez du estatu egitura zentralizaturik izan, eta Amerikako Estatu Batuen eta Nazio Batuen Erakundearen esku hartzeak are gehiago nahastu du egoera. Washingtonek gerra jauntxoak eta klan aberatsak finantzatu ditu talde islamisten aurka borrokatzeko aitzakiaz. «Somalia lurralde aberatsa da. Kontinenteko kostalderik handienetan bigarrena du, eta Juba ibaiak eremu handiak emankortu ditu, baina nazioarteko interesek dena lokaztu dute»; hala uste du Ahmedek.

2004tik gobernu eta parlamentu bat osatu dira: lehenik Kenyan eta orain Somaliako mugen barruan. Hainbat alderdi politikok, klanek eta gerra jauntxok osaturiko sistema politikoa da, bake sozialari eusteko eta denen interesak bermatzeko. Bitartean, Auzitegi Islamikoen Mugimendua indartuz joan da, eta Somaliako zatirik handiena kontrolatzen du, Muqdisho hiriburua barne. «Nazioarteak eskuak odolez zikinduak ditu; izan ere, gerra jauntxoak armatu ditu urte luzez. Gerra bati buruz mintzatzen ari garenean, zera hausnartu behar dugu: armak nondik datoz?».

Orain, berriz, egoera baretu egin dela esan dio amak. «Hedabideek diote Muqdisho munduko hiririk arriskutsuena dela, baina ederra ere bada», dio gazteak, «arazoa da gerrak dena suntsitu duela». Azken urteetan, milioi bat somaliar hil dira gatazkaren, goseteen eta gaixotasunen eraginez. «Gutxieneko zerbitzuak falta dira, eta, gerraren ondorioz, dena pribatizatu da. Segurtasunaren gaineko negozioa bultzatu dute fakzioek», erantsi du.

Exodo luzea

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera milioi bat somaliarrek beren etxetik alde egin dute. Gehienak inguruko herrialdeetan ezarri dira, gerraren eta lehortearen ondorioz. Somaliaren eta Kenyaren arteko mugan dago Daabad kanpalekua, eta 350.000 errefuxiatutik gora jaso ditu, gehienak somaliarrak; eguneko, batez beste, 50 haur jaiotzen dira han.

Halere, beste askok Europarako bideari ekin diote. Ahmedek argi zeukan ez zuela Etiopiara edo Kenyara joan nahi: «Ondoko herrialdeetako kanpalekuek ez dute kanpadenda bat besterik eskaintzen. Daabaden denbora geratu egin da». Alta, Europan etorkizun bat izatearen truke, ihesaldi arriskutsu bat egin beharra dago. «Egokiena litzateke abioi bat hartzea, baina hori ezinezkoa da, beraz, giza eskubideak zapaltzen dituzten mafien esku geratu nintzen».

2007ko abenduan utzi zuen gurasoen etxea Ahmedek. Muqdishon beste gazte batzuekin bat egin eta kamioi batean sartu zituzten Etiopiako muga gurutzatu arte. Somaliako etsai historikoaren lurrak zeharkatu ondoren, Sudanen sartu ziren eta beste trafikatzaile sare batek jaso zituen. «Han eta orduan hasi zen exodoaren unerik zailena», gogoratu du. Sudanen eta Libiaren arteko desertua idorra bezain gogorra da, eta mafiek ez dute gupidarik. «Autoa apurtzen bazen, inor ez zetorren konpontzera. Gutako bat gaizki sentitzen bazen, desertuaren erdian uzten zuten». Mohamed izeneko iheslari bati horixe gertatu zitzaion: «Korrikaldi batean orkatila bihurritu zuen, eta trafikatzaileek tiro egin zioten».

Halere, gaztearen ustez, elkartasun sare polita sortu zuten ihes egiten ari zirenen artean: «Ez genuen elkar ezagutzen, baina elkarri laguntzen saiatu ginen». Bada, zazpi hilabeteko ibilaldi amaigabearen ondotik, Muammar Gaddafiren Libiara iritsi zen: «Libiako kostak oso kontrolatuta zeuden, baina mafiak Poliziarekin elkarlanean aritzen ziren, gaur egun bezala».

Libian, iheslari somaliarrak beste hainbat herrialdetako errefuxiatuekin batu zituzten, nigeriarrak, eritrearrak eta sudandarrak gehienak. Apartamentu batean itxaron zuten onespena jaso arte. «Itsasoa zeharkatzea bidaiaren zatirik errazena izan zen niretzat. Txarrena eginda zegoen. Zazpi hilabeteko exodoaren ostean, gu geratuko gintuen diktadorerik ez zegoen».

Italiaren harrera

Abdullahi Ahmed 2008ko ekainaren 23an iritsi zen Lanpedusara, arrantzale libiarren egurrezko itsasontzi zahar batean. Beste 40 gazterekin gurutzatu zuen Mediterraneoa eta lehorregia iruditu zitzaion irla: «Italia ez zen nire azken helmuga. Hemen ez nuen asilo politikoa eskatu nahi, baina hatz markak hartu zizkidaten; beraz, ez nuen beste irtenbiderik».

Edonola ere, esker onekoa da Italiarekin. Lampedusara iritsi eta egun betera, Piemonteko Settimo Torinese udalerrira eraman zuten. Han, Gurutze Gorriak ongietorria egin zion: «Ondo hartu ninduten, eta, hiru hilabeteren buruan, bizitoki baimena eman zidaten. Guztira, urte bat behar izan nuen asilo politikoa lortzeko». Abdullahirentzat, oso garrantzitsua izan da Gurutze Gorriak eskaini dion laguntza; izan ere, harrera etxea utzi behar izan zuenean, hantxe bertan geratzeko aukera eman zioten. Gerora, egonkortasun horrek aukera eman dio buruan zituen hiru helburu betetzeko: italiera ikastea, kultura bitartekari bihurtzeko goi mailako zikloa egitea eta, azkenik, lana aurkitzea.

«Askok galdetzen didate: zergatik izan duzu horren zorte ona? Zergatik aurkitu duzu lan bat, Somaliako beste gazte asko klandestinitatean edo etxe okupatuetan bizi diren bitartean? Eta nik ez dakit zer erantzun. Uste dut administrazioak aukera bat eman didala eta nik aukera hori aprobetxatzen jakin dudala».

Orain, zortzi urteren ostean, amets handi bat bete du Abdullahik. Italiako herritartasuna lortu du. Bost urteko bizitoki baimena eta hiru urteko lan kontratua behar dira naziotasun desiratuta lortzeko, eta gazte somaliarrak aise bete ditu irizpide guztiak. «Pasaporte italiarrak ate asko ireki dizkit, baina ez dut ahaztu nondik natorren eta nora itzuli nahi dudan».

Horregatik, agian, gaztearen hurrengo helburua da Italiako asilo eta integrazio politikak zaharberritzea: «Erromako gobernua izugarrizko ahaleginak egiten ari da itsasoan dauden iheslariak salbatzeko, baina ez du lan nahikorik egin asilo eskatzaileak gizarteratzeko eta bizikidetza bultzatzeko», salatu du.

Hori horrela, eskoletan lan egiten du, umeek txikitatik ezagut dezaten errefuxiatuen drama eta jakin ditzaten aniztasunaren balioak. Bere borrokak Europako beste hainbat txokotara ere eraman du: Lampedusatik Idomenira, eta, handik, Serbiaren eta Hungariaren arteko mugara. «Txangoak antolatzen ditugu goi mailako ikasleekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu Europako aldi historiko hau aurrez aurre ezagutzea. Ni ere europarra naiz orain, eta hemengo mugetan gertatzen ari dena nire ardura ere bada».

Somalia buruan

Baina hurrengo ametsak amaren izena dauka. «Gurasoei agur esan nienetik Somaliarekin amesten dut ia egunero», nabarmendu du. Horregatik, etxera itzuliko da aurten, Muqdishora. Zortzi urte hauetan asko aldatu dira gauzak ahmedtarrenean. Erdiko arrebek seme-alabak izan dituzte, eta anaia gazteenek atzerrira joateko baimena lortu dute. «Istanbulen daude, medikuntza eta arkitektura ikasten», azaldu du harro.

Gurasoak, ordea, gero eta nagusiago bilakatzen ari dira, eta aitaren eta amaren hutsunea sentitzen du gazteak: «Urteak aurrera doaz, eta haiek ez dute inoiz Somaliatik alde egingo. Gure aitak beti esan izan digu Muqdishon jaio zela eta Muqdishon hilko dela».

Tristuraz mintzatzen ari da, baina, edonola ere, hilabete gutxi barru familia besarkatzeko aukera izango du Abdullahik. Hegazkinez iritsiko da etxera, beti amestu zuen bezala.]]>