<![CDATA[Ane Labaka Mayoz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 16 Sep 2019 06:14:59 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ane Labaka Mayoz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Beti gauza bera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-06-18/beti_gauza_bera.htm Tue, 18 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-06-18/beti_gauza_bera.htm
Gogoratzen dudanez, oso kasu bakanetan gertatu izan zait agendan markatutako entrega egunaren bezpera iritsi eta idatziko dudanari buruzko arrastorik ere ez izatea. Hala ere, zeri buruz idatziko dudan aurretiaz erabakia izan eta bizitza osoa «hurrengoan lehenago hasiko naiz» errepikatzen igaro arren, azken-azken unean presiopean eta erlojuaren aurka funtzionatzen dutenen —eta behin honetara ezkero hau aldatzeko esperantza gutxi dutenen— klubeko kide fidelenetako bat nauzue.

Zutabe bat zurekin bizi da ideia sortzen zaizun unetik pantailaren aurrean idazten jartzen zaren arteko denbora tartean ere. Noranahiko auto bidaietan joaten da garatzen, forma hartzen, eta norbaiten edo zerbaiten zain igarotzen dituzun minutuetan taxutzen da. Beti iruditu izan zait kuriosoa nola, gai konkretu bat buruan darabilzun artean, inguruko jende guztiak egin ohi dizkion keinu txikiak gaiari berari, modu inkontzientean bada ere. Ustekabean, irakurtzen ari zaren liburuan erreferentzia bat agertuko zaizu bat-batean, edo egunkariko albisteren batean topatuko duzu oihartzunen bat, edo aspaldi ikusi gabeko lagunak kafea hartzera joan eta proposatuko dizun laugarren hizketa-gaian. Beti egongo da presente, beti zuri jarraika; tantakako braimstorming moduko bat osatuz. Lagun batek kontatzen zuenez, ama izan nahi ote zuen edo ez buruan bueltaka zerabilen garaian, erabakia obsesio iturri bilakatu zitzaion eta emakume haurdunak baino ez zituen ikusten nonahi; harategiko ilaran, hondartzako paseoan nahiz herriko plazan. Uste dut niri ere antzeko zerbait gertatu ohi zaidala.

Idazten ez zekiten garai bateko bertso-jartzaileek buruan ibilitakoak papereratuko zizkien norbaitengana joatean egin ohi zuten modura, nire kasuan ere burmuineko egosaldiaren ostean iritsi ohi da hausnartutakoa pausatu eta forma emateko garaia. Orduan hasten da esaldiak bihurritu ahala hitz bakoitza limatu eta kimatzeko ahalegina.

Hain zuzen ere, prozesu horri jarraikiz, ikasturte honetan zehar neska gazteok sorkuntzaren plazara —eta, oro har, plazara— jauzi egiten dugunean pairatzen dugun aitakeriaz, Patxi Etxeberria bertsolariaren emazte Iñaxi Etxeberriaren heriotzak sentiarazi zidanaz, gabonetan mahai bueltan pilatzen den biolentziaz, maitasuna ulertzeko eta bizitzeko dudan moduaz edo martxoaren hasierak utzitako aje emozionalaz idatzi dut txoko honetan. Gainera, apirilean Nafarroako Bertsolari Txapelketako Finala aitzakiatzat hartuz bertso sistema egituratzen duten txapelketen inguruan jardun nuen, eta azkenik, maiatzean, Errealeko emakumeek Granadan lortutako garaipenaren argi-ilunak ekarri nahi izan nituen orriotara.

Hizpide ezberdinak aukeratu izan ditut nahita hausnarketarako, zer eta duela gutxi gizonezko batek nire zutabeak irakurtzen dituela, baina beti gauza berari buruz idatzi ohi dudala aurpegiratzeko. Zer eta orain artean gizonezko gehiagok zeharka iradoki izan didatena eta ziurrenik askoz ere gehiagok pentsatuko zutena parranda giroan esplizituki esateko.

Niretzat ahalduntze ariketa ausarta da horrenbesteko zabalpena duen egunkari batean hilean behin lehen pertsonan idatzi eta zuk kontatzeko daukazun hori jendearentzat —edo jende batentzat, behintzat— interesgarri suertatu daitekeela sinesteko egin beharrekoa. Eta zer esanik ez bueltan horrelako mezuak jasotzeko arrisku erreala daukazula aurretiaz dakizunean.

Gu beti aritzen garelako gauza berari buruz hizketan; beti gauza berari buruz kantatzen dugulako, beti gauza berari buruz idazten, beti gauza berari buruz sortzen... «Gure gaiak» asperdura eta betekada sentsazioa ekar ditzakeelako ezertan hasi orduko.

Baina «gurea» ez da gai bat; ez ditut sei iritzi zutabe idatzi neska gazte sortzaileei, heriotzari, Gabonei, maitasunari, martxoaren zortziko grebari, bertsolari txapelketari edo futbolari buruz. Jakin badakit, ordea, «gureak» aurreko zerrendakoak eta gainerako gaitegi posible guztiak zeharkatzen dituela erdiz erdi.

Horregatik saiatzen naiz ni ere, ahal dudan neurrian, mundu honen ertz ezberdinak ikuspuntu edo begirada beretik lantzen. «Beti gauza bera»-ri buruz idaztera narama egunero bizi nauen eta dudan mugimenduak, parrandan zerbait entzun eta «hurrengo zutabean honi buruz idatziko dut» pentsatzerainoko psikosia sorrarazten didanak.]]>
<![CDATA[Errekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-05-15/errekin.htm Wed, 15 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-05-15/errekin.htm
Beranduago etxera sartu zitzaidan munstro hura. Ahizpa gazteagoa hasi zen herriko futbol taldean, gogotsu hasi ere. Orduan ezagutu ahal izan nituen munstroaren tripak, joko arau esplizitu eta inplizituagoak. Orduan harritu nintzen zelaian izerditan blai zeudenen gurasoek harmailetatik arbitroari edozer esateko zilegitasuna sentitzen zutela ikusita. Orduan ulertu nahi izan nuen —oraindik ez dut lortu— nola bihur zitekeen hamahiru urteko mutilek ondoko herriko taldearen aurka larunbat goiz arrunt batez jokatutako partida hil ala biziko.

Jokoz kanpo egoteak zer esan nahi zuen ere ahizparen eta bere taldeko emakumeen ekinari esker ikasi nuen. Urte batean kirol taldeak beraien adin bertsuko mutilei ekipamendu berria eman zien denboraldiaren hasieran estreina zezaten, eta neskek, aldiz, aurreko denboraldian beste norbaitek erabilitakoa emateagatik kexatu behar izan zuten zuzendaritzan. Astea joan eta astea etorri asteburu osoko ordutegi okerrenak esleitzen zizkieten beti partidetarako. Eta, hori gutxi balitz bezala, asteroko ordutegi desegoki horiek aldarazten zizkieten, hain justu ere, Errealaren partidak mutilen talderen baten orduarekin kointziditzen zuenean, mutilek hura ikusteko aukera izan zezaten.

Oraintsu ere gertatzen zait astelehenetan bertso-eskolako ikasleei zer moduz dauden galdetu eta zenbait mutikok ateburuko futboleko emaitzekin erantzutea. Ez naiz ari ezer berria esaten maskulinitatearen totem horiek gaur egungo gaztetxoen idoloak direla esaten badut. Zerbait ondo ateratzean golak sartu osteko keinuak imitatu ohi dituzte bi besoak eskuinerantz okertuz edo kamiseta bururaino igoz. Beraien hankak urrezkoak balira bezala, zelaiaren barruan arnasten duten segundo bakoitzeko zenbat diru irabazten duten kalkulatuko du norbaitek, zenbat diru pilatzen duten aurrez urtean behin gobernuz kanpoko erakunderen baterako argazkia atera eta donazioren bat egin dutela esanez irribarre zuriak are gehiago zuritzeko.

Umetatik gorroto izan dut monarkia ere. Esango nuke etxekoek ahalegin berezia egin zutela munstroa etxera sar ez zedin. Gurera sekula ez da errege magorik etorri gabonetan eta errege familiako norbait irratian aipagai izan den aldiro nagusitu da marmarra sukaldean. Komikietako pertsonaia karikaturizatua iruditu izan zait erregea aspaldidanik. Aurrekoa elefanteekin batera irudikatu izan dut binetaren batean. Oraingoak diru publikotik hilero 20.320 euroko soldata jasotzen duela jakin berri dut, munstroa etxera ez ezik gure patriketara ere nahieran sartzen dela ziurtatuz. Baliteke datu honek sortutako amorrazioa kanalizatzeko zutabe oso bat behar izatea noizbait, baina noan harira.

Ahizpa Granadan izan zen aurreko asteburuan. Kuadrillako batek jokatzen zuen bertan eta bera animatzera joan ziren hogei bat lagun hemendik autobusean. Berak bidalitako argazkiei begira, lehen aldiz eragin dit inbidia futbolarekin lotura duen zerbaitek. Eta bai, gorroto dudan futbola da. Eta bai, gorroto dudan erreginak eman die saria. Baina, kontraesanak kontraesan, nik ere euforia kolektibo moduko bat sentitu dut emakume hauen pozezko jauziak ikustean. Soldata arrakala hain nabarmena den esparruan belar berde, lokatz eta hartxintxarrezko sabaiak arrakalatzen asmatu dutelako. Neure egiten ditudalako entzun behar izan (eta izango) dituzten iruzkinen oihartzunak («hau ez da ez futbola ez femeninoa»-tik hasi eta «joder, neskek ere ondo jokatu zuten atzo, ezta?» esaldiaren atzean gordetzen den harriduraraino). Eremu guztiz maskulino batean barneratzeko ahaleginetan dabilen emakumea izaki, erraza zaidalako une batez beraien larruan jartzea; enpatia berezia sentitzen dudalako beraiekiko. Eta txalo jotzeko gogoa. Eta irrintzi egitekoa.

Bertso jardunean mila aldiz jarri diguten gaia da futbola. Txapelketa garaien eta antzerakoen aurretik nire burua behartu izan dut hedabideetako kirol tarteei adi egotera. Gustuko ez izan arren, bertsolari batek jakin beharrekoan artean daudelako Championsa nork irabazi duen, nor irten den Kontxako estropadan garaile (gizonezkoen ohorezko txandan, noski) eta noiz hasi den Italiako Giroa. Futbola, arrauna eta txirrindularitza; gai neutro eta unibertsalak, badakizue. Horrexegatik, ez nuen uste inoiz mota honetako informazioaren bila neure gogoz joango nintzenik. Hitzemango nuke futbolari buruzko zutaberik ez nuela inoiz idatziko. Baina, tamalez, futbolari buruz ari garenean munduari buruz ari gara egun.

Zorionak, beraz, erreginei. Su hau indartzen duten errekinei.]]>
<![CDATA[Hanka zabalik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2019-04-10/hanka_zabalik.htm Wed, 10 Apr 2019 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2019-04-10/hanka_zabalik.htm
Bigarren argazkia. 2019. Zortzi gizon koloretan. Lehia inplizituagoa da: ea hankak nork gutxiago itxi. Sare sozialetan irakurri ahal izan dudanez, batzuei grazia egin die irudiak. Besteoi zer pentsatua eman digu. Zer pentsatu handia eman digu.

Hirugarren argazkia. 2019ko martxoaren 28a, osteguna, bertso-saio feminista Barañaingo gaztetxean. Sei emakume nafar kantuan. Herrialdeko txapelketan parte hartu zuten sei emakumeak. Hogeita hamar parte-hartzaileren arteko emakume bakarrak: Joana Ziganda Olano, Alazne Untxalo Erregerena, Sarai Robles Vitas, Saioa Alkaiza Guallar, Irati Majuelo Itoiz eta Idoia Granizo Uribarren (berez, azken honen ordez Amaia Elizagoien Varela izan zen txapelketan parte hartu zuena). Gerora jakin ahal izan dut seitik hiruk bere garaian zalantza egin zutela txapelketan izena emateko orduan.

Anaitasunako finaleko kartzelako gaiak zioenaren aurka, ez ditut argazki hauek laukika tolestu eta besterik gabe poltsikoan gorde nahi izan.

Eta bai, bihotzez eskertu nahi dizkiot txapeldunari finalaren osteko elkarrizketetan esandakoak. Iraultza feministak bertsogintza (ere) astinarazi duen uneotan umiltasunez egindako biluzte ariketa eskertu nahi diot. Hiru aipu galbahetu dizkiot Sotori. Lehena, arkatz zilarkaraz: «Ez dut ukatuko gizonezko bertsolarioi kostatzen ari zaigula kokatzea, gure orain arteko posizioa, gure orain arteko bertsolari identitatea eraiki duten balio horiek dardarka jarri direlako». Bigarrena, boligrafo gorriz: «Deseroso jarrarazi gaitu honek guztiak zorionez, eta behartu gaitu gu ere hausnartzen hastera gure maskulinitatea landu behar dugula gure ardurak hartuz eta lanketa feminista bat eginez, bestela ez genukeelako egingo». Eta, batez ere, errotuladore fosforitozko azpimarra ondokoarentzat: «Gizonon aldetik, hausnarketa edo aldaketa hori ez dadila izan bertsotan probetxu bat ateratzeko, baizik eta gure eguneroko bizitzan aplikatzeko».

Eta bai, bihotzez oroitu nintzen kuota hitza ahoskatzen den aldiro aurpegia amorruz gorri-more-berdetu zaiela disimulatu ezinda ibili ohi direnekin. Blablabla eta ez omen dugu beste arazo bat sortu behar aurrez dagoen arazo bat konpontzeko. Blablabla eta non daude mutil gazteak? Blablabla eta egungo bertso eskoletako mutikoek ez omen dute erreferenterik (eta hala izango balitz ere, gizonezko erreferenteak behar dituzte nahitaez?)...

Eta bai, bihotzez haserretu nintzen hedabide ezberdinetako kazetariekin. Finalean emakumezkorik egon ez arren, oholtzan lanketa feminista sumatzen zela irakurri eta entzun ahal izan genuelako ia buklean.

— Ez ote da gehiegitxo lanketa feminista bat igarri zela esatea? Kontzientzia hartze apur bat, deserosotasun zantzu bat, gauzak aldatu beharko liratekeela ikusteko lehen pauso bat... egon zen, bai, baina hortik lanketa feminista bat sumatu zela baieztatzera... —zuzendu zuen lehen (kantu)lagunak.

— Eta, bestalde, ustezko lanketa feminista bat ez da nahikoa izango emakumeen lekua ordezkatzeko, ezta? —gaineratu zuen bigarrenak.

Hirugarrenak susmoa zuen apurua ez ote zen sortu behin finalerako zortzi gizon sailkatu eta argazkia hain «erakargarri» edo «salgarri» geratzen ez zela ohartzean:

—Txapelketan zehar entzuten ditugun «Aupa neskak!» guztiak «Gizonok honen aurrean hau egin dezakegu...»-ekin ordezkatuz gero, bestelako eszenatoki baten aurrean geundeke dagoeneko.

Laugarren laguna bereziki kezkatzen du diskurtsoetan emakumeak piramidearen erpinera ez iristeko mekanismoak inon ez azaleratzeak. Kristalezko sabaiari kax-kax egiteko zailtasun eta, are, ezintasunak. Eta niri haur gineneko egurrezko jolas hura datorkit gogora, forma ezberdinetako piezak euskarri batean sartzea beste helbururik ez zuena. Jolasean ari zenak bazuen nolabaiteko askatasun bat, hautatu zezakeen zein kolore zuen nahiago, zein material probatu nahi zuen ere bai agian, baina hautu hauek egiturak zehazten zuen forma jakin baten barruan egin behar zituen beti.

Forma jakin baten barruan beti. Borroka eta lehia hitzak errepikatzen dituzten puntu asko-askodun agur bertsoetatik hasi eta bukaeran bizkarrean zehar esku kolpez emandako besarkadetara. Anaitasunez.

Beti iristear dauden eta sekula iristen ez direnak datozkit gogora, «hartu lasai, aurtengoan ez da posible izan baina hurrengoan ziur finalean izango zarela» bi urtetik behin entzun behar izan duten horiek. Maiatzean euren txanda iritsiko delako ikaratuta daudenak ere bai. Egurrezko egitura patriarkal eta zurrun hau barrutik zartatu ote daitekeen edo behin puntu honetara iritsita erradikalki intsumisioa aldarrikatu beharko litzatekeela zalantzan jartzen dutenak. Akituta daudenak. Finalaren biharamunean elkarrizketa honen partaide izan zirenak. Elkar zaintzen, mimatzen eta aberasten asmatzen ari direnak. Ahizpatasunez.

Publikoan txaloka eta hankak gurutzatuta eserita egoteaz nazkatu direnak.

Nazkatu garenak.]]>
<![CDATA[Gares]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/003/001/2019-04-05/gares.htm Fri, 05 Apr 2019 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1977/003/001/2019-04-05/gares.htm   Doinua: Betroiarena

Lurra goldatzen bada
elkartasun sarez
mingain kontzientez eta
kultur ondarez.
Haziak mimoz erein
esku burujabez,
bizi nahia ongarri,
hizkuntza lanabes.
Sei arkuko babes
sendo, bost zutabez,
Arga ibaian trabes
harriz eta harez,
lur berrietaranzko
zubi da Gares.

Nahiz aurka izan hainbat
lege omniboro
eta politikari
euskarafobo.
Hamaika egunetan
poza da metodo
norbere arrazoiez
zenbat epilogo.
Min, irrika, gogo
elkartzeko foro
errepide, soro
pentsa, uneoro
korrika dabiltzala
hamaika zoro.

Goizean Cascantera
eta Tuterara,
hunkituta iritsi
daitezke hara,
pausoz pauso aldatuz
mapen ingerada
herri bat mugitzeko
behar beste gara.
Prest bagaude jada
hegadaz hegada
amestu erara
dena bete bada;
berriz itzul gaitezke
hasierara.   ]]>
<![CDATA[Egun bat norberarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2019-03-12/egun_bat_norberarena.htm Tue, 12 Mar 2019 00:00:00 +0100 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2019-03-12/egun_bat_norberarena.htm
01:55. Insomnioak borroka honen parte izan nahi omen du. Nire begi zuloak ere more kolorekoak izango dira bihar.

07:49. Gutxitan esnatu ohi naiz iratzargailuak jo baino hamar minutu lehenago neure kasa.

08:30. Sareetan kuxkuxean hasi dut eguna. Laranja zukua eta amorrua gosaltzeko. Amorrua, azukrerik gabe. Piketeak dabiltza han-hemenka. Martxoaren zortzia iristear dagoenero kalean zehar zapi moreak banatu eta lasai geratzen diren horiek mota guztietako poliziak bidali dituzte urteko egun guztietan eraldaketa more horren alde lanean ari direnak identifikatzera.

09:00. Eskolara sartzeko ordua da. Greba egin dute emakumezko irakasleek. Greba jangelako langileek eta autobusetako zaintzaileek ere. Garraiobidearen faltan, aita «jatorrenak» oinez doaz eskolara bidean haur taldetxoekin batera. Lagun baten bidez jakin dut beste behin ere haur horien amak ibili direla gaur greba egin ahal izateko aurreko egunetan hau dena lotzen eta antolatzen. Beste behin ere. Ikusten dena 1- ezkutuko gestio mentala 0.

10:00. Etxeko portalean gizon batek: «Zorionak! Gaur zuen eguna da. Oso ondo pasa!».

11:30. Kotxe eta bizikleta karabana zegoen iragarrita. Oinezkoak ere animatu dira. Aurreikusten zena baino askoz ere kaos handiagoa eragin du honek herriaren erdigunean. Jendea aztoratuta, gure gainetik pasa eta bere autoaren muturra tartean sartu nahian. Autobus gidari bat ere paperak zeharo galduta. Karabanako azken furgonetaren atzean mutil gazte bat bozina arraro bat jotzen gelditu gabe begira; desafiatzaile eta barrezka.

12:00. Udalak deitutako kontzentrazioa plazan. Gure herriko alkate jauna, #zuriketamorerikez traolaren pertsonifikazioa, beti bezain zurbil. Gure herrian feminismoaren ikurrari bi aingeru hego gehitu dizkiote «berdintasunaren aldeko» kanpainaren iruditerian, suabeago eta politago suerta dadin-edo. Gure herrian oraindik ez daukagu berdintasun teknikaririk.

12:30. Kalejira feminista. Lau geldialdi. Pentsionistek hartu dute hitza astelehenero elkartu ohi diren plazan, ikasleek institutuaren aurrean, sindikatuetako kideek Lanbideren bulego parean eta adinekoen egoitzan greban dauden bertako langileek. Txalo jo diegu gogoz, indartu daitezen. Oilo ipurdia. Emozioa. Dagoeneko lau aldiz egin didate ihes malkoek. Eskerrak eguzkitako betaurrekoak jantzi ditudan.

13:30. Eserialdia kale nagusian. Udaltzainek esan digute baimena eskatu genuenean eserialdia espaloian egingo genuela uste zutela. Nonbait hauek ere ez dute ondo ulertu mundua gelditzearena...

14:30. Bazkaria herriko plazan. Hasi da tuper festa. Emakume batek alde egin behar izan du korrika. Gizonak deitu dio telefonoz goizeko ekintzetan parte hartzea oso ondo dagoela, baina bere amari (gizonarenari) jaten emateko ordua dela esanez.

15:30. Kontu kantari gabiltza eguzkipean. Bazkalosteko giroak are zailagoa bihurtzen du kontsumo grebarena. Animo.

17:30. Donostiara bidean. Gainezka doan tren bateko hausnarketak. Etxe barruko langileak eta kontratu prekarioetan prekarioenak dituztenak gogoan. Lana galtzeko arrisku erreala dela medio, euren burua nagusiaren bulegoan greba egingo dutela esanez irudikatze hutsak ikaratu ditzake zenbait. Greba egiteko aukera izatea ere pribilegioa izan daiteke.

19:00. Manifestazioa Donostian. Aurretik ere mila aldiz errepikatu den arren, antolatzaileek bozgorailuetatik exijitu behar izan dute gizonak azken lerrora joateko. Emakume* sortzaileentzat etxeko lanak: manifestazio feministetarako euskarazko leloak sortzea.

20:20. Donostiako Bulebarra gainezka. Kioskora igo behar dut egun osoan zehar buruan bueltaka izan ditudan bi bertsoak kantatzera. Hankak dardarka dauzkat. Ezin da hitzez adierazi zure bertsoen errepikapenak hainbeste jendek eta horrenbesteko indarrez abesten dituenean sentitzen dena. Etxeko lan gehiago: emakume* sortzaileoi greban egonda ere ekitaldietan gure aletxoa jartzea dagokigu ala ez genuke hauetan parte hartu beharko? Eta kazetarien kasuan, mikrofonoak eta kamerak gizonen esku uztea lehenetsiko da ala garrantzi berezia du egun honen kontaketa ere emakume* kazetariek euren ikuspuntutik egiteak?

20:30. Inurritegi oso bat iraultzaren erritmoan dantzan. Euforia kolektiboa. Aspertzeraino errepikatzen ditugun esloganak praktika bihurtzeko gai garen seinale.

21:30. Ahizpa topatu dut. Ahotsik gabe dago. Beste zenbat geratuko ote ziren gaurko egunez ahotsik gabe? Ahotsa kendu zieten eta kentzen dieten ahizpa guztien omenez. Dena merezi dute.

00:00. Bukatu da eguna. Sabelaldea mintzeraino barre eta uholdeak sortzeraino negar egiteko gogoa sentitzen ditut batera.

02:13. Lehertuta nagoen arren, gaur inoiz baino zailagoa izango zait begiak biltzea.

09:30. Eta esnatu naizenean dinosauroak hemen jarraitzen zuen. Hortzak erakutsi dizkiot eta ohe azpian gorde da, izututa.]]>
<![CDATA[Maite]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-02-14/maite.htm Thu, 14 Feb 2019 00:00:00 +0100 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/016/001/2019-02-14/maite.htm
Pentsa, ni neu ere nire gurasoak betitik elkarren bikotekide izandakoak zirela sinetsita jolasten nintzen sokasaltoan «aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz...» arnasestuka kantatzen nuen bitartean. Ohartzerako, Disney-ko pelikuletako mezu subliminalez, algodoizko hodeiez, Kupidoren geziz eta bihotz odoltsuz hornitutako iruditeriaren parte bilakatu ginen.

Urtebetetze festetako karaoke inprobisatuetan Betizu taldearen Lokaleko leihotik abestu genuen ahotsa urratzeraino eta gelako mutil (nahitaez mutil) makarrenarekin maitemindu ginen lehen aldiz, aurreko ikasturtea errepikatu zuenez gu baino urtebete zaharragoa zenarekin; etxeko lanak egin ez eta irakasleei beti kontra egiten zienarekin.

Oraingo betaurrekoetatik begiratuta absurdoegiak liratekeen jokoekin igaro genituen patio orduak, zenbaki bat aukeratu, zotz egin eta elkarri norekin ezkonduko ginen, harekin zenbat ume izango genituen eta non biziko ginen igarri nahian. Adibidez, gorputz hezkuntzako irakasle gazte guapoarekin, sei ume, Txinan.

Azal eta mami arrosazko aldizkarietako testak ere bete genituen aspertu arte, erakartzen gintuen mutilarentzat erakargarri izan gintezen eta berak betirako maitatu gintzan egin beharrekoen jarraibideak buruz ikasiz.

Kleenexak eskuan negar egin genuen Los Serrano, Física o Quimica eta Hasiberriak telesailetako bikote haustura bakoitzarekin. Poesia izan nahi zuen zerbait zirriborratu genuen hartzailerik gabeko eskutitzetan. Kasurik ausartenetan, koloretako notatxoren bat utziko genuen estutxeren baten barruan.

Paraleloki, fotolog-ean guk idatziak bailiran kopiatu genituen abestirik melodramatikoenen hitzak: «Zu gabe, ez naiz ezer. Zu gabe, zertarako bizi? Bizitza honetan ditudan helburu guztiak ez dira ezer lortuz gero zurekin konpartitzen ez baditut». Edo «askok laugarren begiradatik betirako dirudite, bazkalosteko kafeak bezain usain goxoa daukate, nik zurekiko dudana ere halakoa litzateke».

Nerabeen arteko ezinezko amodio istorioak kontatzen zituzten liburuak irentsi genituen elkarren segidan. Printze urdin perfektuak, defekturik gabekoak, orri haiek zeharkatu eta gure bizitzara jauzi egiteko esperoan amestu genuen gure lehen musuarekin. Nonbait hala esan zigutelako sinetsi genuen lehen musu hartan ezkerreko hanka lurretik bost bat zentimetrora altxatu behar genuela eta denbora tarte laburrean gertatuko zela aurreikusi genezakeenean amari exijitu genion artean ikusezinak ziren gure biboteko bi iletxo haiek argizariz depilatzeko. Hala, lasaiago eman ahal izan genuen gure ametsetako lehen musua, demagun, Donostiako Haizearen orrazian.

Hala kantatu genion Eskolarteko Bertsolari Txapelketako agur batean «ezin dut zu gabe bizi» bizitzako aurreneko mutilari (nahitaez mutilari). Hala egin genuen larrutan lehen aldiz, demagun, zehatz aurreplanifikatutako Urtezahar gau batean.

Eta hala joan zaigu orain arteko bizitza ere. Maitemindu, desmaitemindu, bimaitemindu (Posible al da birekin batera?), bermaitemindu... Maite, mindu. Ez-dut-inork-ni-ukitzerik-nahi intolerantzia faseak pasatu ditugu eta gehiegizko antsietatez bizitako uda-honetan-mundua-jatera-noa faseak ere bai.

Tartean San Valentin gillotinaz erail dugu gure herriko plazan eta bihotzak okaztatzen dituen neskato baten pintadak egin ditugu hormetan. Gure ingurukoak mutil lagunarekin eta bankuarekin sinatutako hogeita hamar urterako hipoteken bidez ezkontzen ari diren bitartean, polimaitasunari buruzko artikuluak irakurtzen dihardugu. Adinkideen haurdunaldiak ugaritu ahala gure apalategian dagoen Mari Luz Estebanen Crítica del pensamiento amoroso liburua gero eta hauts geruza zabalagoa pilatzen ari da.

Konplizeekin konpartitu dugu maitasun erromantikoaren eraikuntzaren arkeologia hau eta bakarka ere amodiozko autobiografien analisi sakonak egin ditugu. Geure buruari aitortu diogu genero-sistemak bete-betean gurutzatzen duela gure desira (ere). Interesgarri zaizkigun neskak kafe bat hartzeko edo parrandarako adiskidetzat nahi genituzkeen artean interesgarri zaizkigun mutilak ohekide posibletzat kodifikatzen ditugula ondorioztatu dugu.

Teoriaren izenean praktikak blokeatu ditugu maiz, koherente izan nahi horretan. Joder, maitemintzen ari naiz. Sentitu nahi ez genituen bizipenek gain hartu diote beste askotan gure diskurtsoari. Joder, uste dut jeloskor nagoela.

Hala ere, kudeaketa brigadak antolatu ditugu beharra izan dugun aldiro eta barre egin diogu gure barruko dramaqueen-ari. Harreman bakoitzetik ikasten ari gara. Eta ez digu lotsarik ematen gominolazko igandeetan pelikula erromantiko melengekin negar egiten jarraitzen dugula aitortzeak, ez eta ezein egunetan arrosa sorta bat oparitzeak ilusioa egingo ligukeela aitortzeak ere.

Modu osasuntsu batean elkar maitatzen saiatzen ari gara. Pasioz.

Animo. Lortuko dugu.]]>
<![CDATA[Mahaian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-01-06/mahaian.htm Sun, 06 Jan 2019 00:00:00 +0100 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1957/022/002/2019-01-06/mahaian.htm Pretty woman-en balizko eszena berrietarako pertsonaiak. Gertu mina, samina, gertuegi. Nola egiten da topa egun batez korrika egitera irten eta bortxatu eta erail egin duten alaba, ahizpa, lehengusu, bikotekide, iloba... batekin?

Beste aulki huts bat haritzez egindako mahai borobil elegantean. Soinu-banda sarkor baten oihartzuna: Ikusten zaitudanean, ama, sukaldean egoten zara... Gaur ere halaxe dago, urteroko amantal koadroduna soinean, mahaian esertzeko tarterik hartu gabe, aurrera eta atzera. Inork ez dio nekeak zimurtutako begiradari erreparatu. Arratsalde osoa darama piper beteak pazientziaz prestatzen, legatzaren saltsa berdea kariño handiz loditzen. Gonbidatuek etxetik alde egiten dutenean ere bera izango da laberako azpilean itsatsitako arkume hondarrak espartzuz laztandu beharko dituena. Bera, Frantzian preso daukaten semeari aldiro bisiten zerrenda eta gainerakoak antolatzen dizkiona, izarak erosi eta neguari aurre egiteko artilezko galtzerdiak bere eskuz josten dizkiona. Bera, urteko azken manifestazioan ere «Zer moduz zaude?» galdetu beharrean «Zer moduz dago?» galdetu diotena. Bera, gudariaren antitesia, maiuskulazko gatazkaren atzeraguardia.

Puntutxo gorridun mantel zuriaz estalitako mahai moderno itxurakoa. Txiste sexista eta arrazisten jasak afariak aurrera egin eta kopak hustu ahala esponentzialki ozentzen diren ahots grabeenak ditu jatorri. Jakitun dago bestela hainbeste denbora konpartituko ez lukeen jendearekin bestela jango ez lituzkeen jakiak konpartitzen ari dela, hortzetako pasta iragarki baterako balioko lukeen irribarre faltsua ezpainetan zintzilikatuta. Disimulatu ezina disimulatu nahian. Egunerokotasuneko borroka esparruetan tresnatzat dituen garuneko iragazkiak banan-banan eraitsiz, gaurkoagatik bere marra gorriak etxean ahaztu balitu bezala jokatuz. Denaren gainetik, sesiorik ez. Neska lagunak bidalitako mezua irakurri du mahaipean. Umorea da bidea. Eta eskerrak. «Noiz aurkeztuko diguzu mutil laguna?». «Zure kuadrillako bi ama izan dira dagoeneko... Eta zu? Nik uste adin egokia dela...». Dardoak dianaren erdira. Mahai gainera igo eta senideei bollera izatea zer den oihuka azaltzeko gogoa dauka. Eztulka hasi da. Xanpaina joan zaio kontrako eztarritik behera.

Ikean erositako mahai estandar merkea. Amak aurtengoan behintzat Gabonetako otorduetara «behar den bezala jantzita» joateko eskatu dio hamabost urteko nerabeari, berarengatik eta aitarengatik, mesedez. Erraz deszifratu du «behar bezala jantzita» horren atzean ezkutatzen den guztia; umetan esleitu zioten generoari dagokion bezala janzteko, alegia. Berak bizi dituen disforiak aspaldi detektatu arren, lanketa luze baten ostean duela urtebete inguru bere izena konbentzimendu osoz aldatu arren. Ingurukoak jaio zenean ezarri zioten izen maskulinoa erabiltzen tematzen dira behin eta berriz. Horixe da familia. Goxotasuna. Maitasuna. Armonia. Errespetua. Zoriontasuna. Biolentzia. Biolentzia asko.

Egur trinkoz egindako mahai luzexka. Sorbetearen ondoren, mota guztietako turroiak, bonboiak eta mazapanak daude mahai gainean barreiatuta. Eternala egiten ari zaio gaurkoa ere. Normaltasuna performatzen ikasi du, ustez. Bi aldiz jaiki da komunera afariak iraun bitartean. Gurasoekin eta ahizparekin hala hitzartuta, izeba-osabei eta aitona-amonei ez die aipurik egingo komun-zulora itsatsi ohi duen gaixotasun mentalaz, ez die esango ezin duela gehiago, eta ikasketak utzi egin behar izan dituela. Ezin du ahoz gora onartu txikitatik beragan jarritako exijentziak bete ez izana. Dagokion papera jokatuko du antzerki honetan, nahiz eta badakien akaso familiakoei susmagarri suertatuko zaiela bere azalaren zurbila. Postrearekin batera, iritsi da lagun ezkutuko opariak banatzeko unea. Berak ere badauka zer ezkutatu.

Kristalezko mahai errektangularra. Bere erasotzailea eseri zaio parez pare. Duela urte batzuk, artean umea zela, gauez berarengana hurbildu eta pijamaren azpitik ukituak egiten zizkiona. Lehen aldia Eguberri gau batez izan zela gogoratzen du, ahapeka hitz egiten ziola, gertatzen ari zena beraien arteko sekretua izango zela behin eta berriro errepikatuz. Ordutik ez du ahotsa altxatzeko adorerik bildu. Eta aurrean dauka, patxadatsu, urdaiazpiko garestiena bere esku zikinekin irensten. Langostino usaina darien behatz puntak miazkatuko ditu gero, ezer gertatuko ez balitz bezala, beste urte batez. Mahai gainera botaka egiteko gogoa sentitu du. Erraietatik botaka.

Denbora gelditu da. Hamabi kanpaikada entzun dira elkarri segika.

Urte berri on denoi!

Niri seigarren mahatsa trabatu zait eztarrian.]]>
<![CDATA[Iñaxi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2018-12-05/intildeaxi.htm Wed, 05 Dec 2018 00:00:00 +0100 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2018-12-05/intildeaxi.htm
Bertsolari handi baten bikotekide gisa ezagutuko zintuen zenbaitek, ezagutzekotan, bizitzaren ekuazioetan ebatzi duzun ariketa konplexuena hori izango balitz bezala; «norbaiten norbait» izatea. «Patxi Etxeberriaren emaztea hil da», hala zioen ostiral goizez barruak zikloitu zizkidan izotz zaporeko mezuak.

Ziur aski, besteonaren antzera, zure bizitzak ere izango zuen izotzetik, hotzetik... laiotzetik. Hala ere, egutera aldiak beste inork baino gehiago gozatu izana opa dizut, bihotzetik. Nik behintzat horrela gogoratzen zaitut, nire etxetik herriko erdiguneranzko bideko banku batean, egurrezko banku berean beti, eguzkiaren epelari azken minutuak lapurtu nahian.

Irribarretsu gogoratzen zaitut, nire arrapaladazko bizitzan zuek agurtzeko geldiune bat egin eta banku hartara hurbiltzen nintzenean hartzen ninduzuen bezala. Nondik nentorren kontatzen nizuen, presaka; nora nindoan, presa handiagoarekin. Bina musu masail zimurtuetan eta «segi, neska, segi!». Beti iruditu izan zait hitz horiekin nire bidea egiten jarraitu nezala iradoki nahi izaten zenidala aldiro.

Konplizitatez gogoratzen zaitut, duela urte batzuk zure senarrak herrian jasotako omenaldian zuri lore-sorta dotore bat ematea egokitu zitzaidanean bezala. Gogoan iltzatuta daukat oraindik orduko hartan kantatu nizun bertsoaren bukaera. Zu ez beste protagonista bat zuen omenaldiaren baitako nire omenalditxoa izan zen hura, zuri eskainia, orduko bertso-eskolako emakume bakarraren iraultzatxoa. Itzalpekoari egindako argi keinua.

Urteetan itzalpean geratuko zen zaintza lan guztiari. Bizitzako azken urteetan lehenago desordutan arrandegian nahiz bertso-saioetan ibilitako senarrak goxotasunez itzuli dizunari (edo itzultzen saiatu denari, behinik behin). Beti harritu izan nau zuri buruz hitz egiteko bere erak. Elkarrekiko errespetua oinarri-oinarrian kokatuz, mundua betiereko harremanen logikatik kanpo ulertu nahi dugunontzat ere eredugarri suertatzeko moduan.

Patxiren ahotik jakin dut gehienbat zure berri, ia beti hirugarren pertsonan, zuk zeuk lehen pertsonan erantzungo zenizkidakeen galderak ahoskatzeko tarterik hartu gabe. Berari egin dizkiot, noizean behin, zuri egin nahiko nizkizukeenak, berari itaundu diot interes handiz garai bateko emakumeen egoerari buruz eta berak elkarrizketa mamitsu batean hala kontatu zidalako dakit, esaterako, bere arreba batek bertsotan erraz egiten zuela, eta bere hitzetan, emakumea izan ez balitz bertsolaria izango litzatekeela.

Ez dakidana da zuk bizitzan zehar kantatzeko gogorik sentituko ote zenuen inoiz eta, hala izango balitz, zeri kantatuko zenion, biraka zebilen garbigailuaren soinuari, arropa eskegitzeko balkoiko sokei edo sehaskaren kulun- kulunari, agian. Ez dut sekula jakingo.

Badakidana da minak hartzen zintuen garaietan ere Patxi bertso-eskolakoon afarietara animatu ohi zenuela, hain baliotsu bilakatzen zuen lagun artera lasai joateko aholkatzen zeniola ahal zenuen guztietan.

Berriki kontatu didate, gainera, medikuari bizitzeko gogo gehiago ez zenuela aitortu eta sufrimendua luzatzeko ezer egin ez zezala eskatu zeniola, ausardiaz. Enegarrenez oinazea sentitzeari beldurra zeniolako erabaki zenuela guztiarekin amaitzea.

Epikarik ez da izango zuretzat, ordea. Gorazarrerik ez. Ez agur bertso solemne ez eta denboran irauteko moduko aitortza bereziegirik ere. Sukaldeko lanak ez du tokirik historia liburuetan, eremu pribatua isilpekoa bezain ezkutukoa da memoria kolektibotzat ulertzen dugun horretan.

Susmatzen nuen moduan, inon ez da zure aipamenik ageri, inork ez dizu egunkariren bateko zutaberik eskaini. Hain zuzen ere, horregatik jarri nahi izan diot nireari zure izena izenburutzat. «Norbaiten norbait» baino askoz gehiago izan zareten emakume guztien omenez, banan-banan zerrendatzea ezinezko zaidala onartu arren, maiuskulaz idatzitako historiak irentsi dituen andrazko pertsona izen guztiei keinu eginez. Merezi duzulako, merezi duzuelako.

Zorretik baino gehiago, gogo pertsonaletik ari natzaizu. Ikusezina ikusgarri bilakatzeko ahaleginetik, grinatik. Ez delako erraza egiten miresten duzun norbaiti buruz idaztea, are zailagoa egiten delako gutxi(egi) ezagutu duzun arren miresten duzun norbaiti buruz idaztea.

Badakizu? Ez zaizkit pospoloak batere gustatzen, oso urduri jartzen naute beti. Gaur, ordea, ilusioz piztu dizut bat ilunpe ospel honetan. Itzalpekoari egindako argi keinua.

Tren geltokirantz korrika nindoala bi musu sentitu bidali dizkizut eguerdian urrunetik. Eguzkiak epeldutako egurrezko banku huts batetik iritsi zait zure erantzuna jarraian: «Segi, neska, segi!».]]>
<![CDATA[Gure aitak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/026/002/2018-10-28/gure_aitak.htm Sun, 28 Oct 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1957/026/002/2018-10-28/gure_aitak.htm
Lorea Agirrek Elgoibarren antolatu ziren Euskara ala ezkara jardunaldietan esandakoen oihartzuna dakart orriotara. Haren arabera, kultur transmisioa ez da goitik behera datorkiguna bere horretan hartzea. Aitzitik, aurreko belaunaldiari arrazoi ezberdinak medio kontra egitea ere bada; jasotakoa bide berrietarantz eramatea. Hala egiten ez dugunean, iragana existituko ez balitz bezala dena hutsetik behin eta berriz asmatzen gabiltzala dirudi, azken finean aita bera edo ama bera behin eta berriro hiltzen, eztabaida berdinetan gotortuta.

Hitzaldietan hitz bakar bati ere ihes egiten utzi nahi ez eta koadernotik burua altxatu gabe idazten ditudanek zer hausnartua eman ohi didate. Eta, hain zuzen ere, burua altxatzeko keinu horretaz hitz egitera nator. Ostruka izateari utzi, eta euskal kultur mugimenduaren baitako panoraman «hemen nago» nerabe (eta askotan herabe) samar bat ahoskatzean gertatzen denaz, gerta daitekeenaz, edo, agian hobe, pertsonalki gertatu zaidanaz, bizi dudanaz, eta sistemikoki zaigunaz edo dugunaz. Aita biologikoez baino, aita kulturalez hitz egitera nator.

Igaro da denbora bat gure mundutxo honetan gure lekutxoa egin nahian hasi ginenetik. Denbora hau, kalkulatzekotan, denbora unitateekin baino gure bizipenen intentsitatea neurtuz kalkulatu beharko litzateke. Ohartzerako, aspalditik miresten genituen izen handiak, hedabideetan nahiz pasioz irentsi genituen liburu, film eta diskoetan agertzen ziren dinosauro erraldoiak, gure ondoan egon zitezkeen edozein testuingurutan; barra baten ertzean tripak nahastuta zeuzkatelako kamamila bero bat hartzen edo komuneko ilara batean zain. Ohartzerako, gu bezain humano bihurtu ziren, gu bezain hezur-haragizko, ile urdinen bat gorabehera.

Guk, bitartean, nahiko lan genuen izen handi horiekin izandako lehen elkarrizketetan ahotsaren dardara disimulatzen, behetik gorako angeluari esker, beste norbaiten ahotan hutsalak irudituko litzaizkigukeen hitzek diskurtso interesgarri eta egoki egituratuen enkantua izango zuten haienetan. Posible da monosilaboekin erantzutera mugatu izana, buruarekin haien esaldi bakoitza baieztatzera.

Ez dakit beraiek ohartuko ziren gure arteko parez parekotasunik ezaz, hankapeko aldareez eta hara iristeko bideko eskailera pikoez. Esango nuke batzuk behintzat baietz, are gehiago, batzuen gozagarri ere izango zirela. Zenbaitek gomendio zerrenda eternoak kateatuko zituzten elkarren jarraian; «kantatu ezan ozenago!»-tik hasi eta «zure azken artikuluan...»-era, alorrez alor.

Geroago etorriko ziren inork eskatu gabeko aholku orokorragoak ere. «Ondo ari zarete, baina...», «potentzial handia daukazuela nabari da, baina...». Eta, nola ez, baina horien atzean ezkutatzen den guztia. Pentsa, entzundakoak entzunda, zeintzuk esango zituzten gure bizkarrera, edo are, zeintzuk utziko zituzten pentsatu arren esan gabe. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, badakizue.

Gerta liteke norabait batera joateko edozein parkinetan hitzordua jarritakoan sekula gidari joaten ez uztea: ez zaie burutik pasatu ere egingo zure kotxean, zure ondoan esertzea. Eta zer esan beraien aurrean kontsumitutako pintxo-garagardo-mentapoleoei buruz? Zu egoskortu ezean, ezin izango duzu bat bera ere ordaindu, diruzorroa ateratzerako aurreratuko baitzaizkizu, presaka. Edo autonomo egitean hilabete bukaerako diru kontuak nola egin azalduko dizute, edo zure manager edo ordezkariaren rola hartu eta zure ordainsariak antolatzaileekin negoziatzeko zilegitasuna sentituko dute... Laguntzeko prest beti, susmagarria suerta daitekeen gehiegizko aitakeriaz.

Jende interesgarri gehiago aurkeztuko dizute gero, kultur programatzaileak, idazle kontsakratuak, editore zorrotzak... hortxe dituzu, gurtu beharreko aita gehiago zure bildumarako. «Horrelako espazioetan zaudenean aprobetxatu jendearekin hitz egiteko, jendea ezagutzeko...» esango dizute, «garrantzitsua da, etorkizuneko proiektuetarako zurekin konta dezaten». Aldiro bi musu eman beharrak gogaituko zaitu, edo bi musu jaso beharrak, gehienetan guztiz protokolario eta kasu bakan batzuetan oraindik orain likitsegi suertatzen zaizkizun bi musu horiek.

Gogorra da beste norbaitekin horrela jokatuko ez luketela ohartu eta onartzea: beste norbaiti hitz egingo ez lioketen bezala hitz egiten dizutela, begiratu... Mutil gazteekin nola jokatzen duten aztertzen hasiko zara orduan, edo beraien adin bueltako gizonekin zein jokabide dituzten, bestela. Hasteko eta behin, eskua luzatuko diete aurkezpen gisa, ilustreei lustrea eman, koipeak irrist egiteraino, edo, batek daki, parez parekoago sentitzen dituztenei egurra banatu, agian.

Esker txarrekoa izan naiteke, eta barkatuko didazue, edo ez. Neska gazte sortzaileak ez gatoz baimen eske. Bide berriak trazatu nahi ditugu, eta erratzeko, hanka sartzeko, aukera nahiz arriskua nahi dugu, merezi dugu, bere garaian zuek izan zenuten moduan.

Kariñoz, errespetuz eta miresmen osoz, baina... Baina horren atzean ezkutatzen den guztiarekin, hil ditzagun aitak.]]>
<![CDATA[Eraila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/013/001/2018-08-30/eraila.htm Thu, 30 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/013/001/2018-08-30/eraila.htm
Mirenek gorroto du trantsizio hilabete hau. Beti azpimarratzen du irail hasierako parrandak oso arriskutsuak direla. Aurtengo udaran lau aldiz maitemindu da —hiru aldiz brometan eta behin serio—. Lagunekin mila kafe-hartze behar ditu orain. Urtikaria sortzen dio kudeatu hitzak.

Urrutira doa Asier. Iaz hasi zuen masterra eta beste urtebete geratzen zaio Alemanian. Berak ere ezin du gauzak ondo kudeatu ez izanaren sentipena gainetik kendu. Jon ezagutu zuen uztailean, eta, abuztuan geratzekotan ziren arren, azkenerako inork ez du besteari deitzeko pausoa eman. Azken egunak mugikorreko pantailari itsatsita igaro ditu. Gabonetan itzultzen denean topatuko dute elkar agian. Bizitzan beti dauka morbo handiagoa gertatu zitekeenak gertatu denak baino.

Ahmedi ere hemengoaz agurtzea dagokio. Sahararra da eta aurten, bigarren urtez jarraian, oporrak bakean igaro ditu. «Hango» aita, ama eta anai-arreben falta sumatu badu ere, badaki joaten denean «hemengoekin» berdin gertatuko zaiola. Aireportuan Oxanarekin egin du topo, bera Chernobildik etorri da Euskal Herrira. Biek egin dute negar hegazkinera igo aurretik, bakoitzak bere aldetik. Noizbait «han» eta «hemen» gertuago egotearekin egingo dute amets.

Master amaierako lana bukatu nahian dabil Ane, epemuga gainean daukanez etxeko kobazuloan sartuta. Inguruko guztiak nazkatu ditu dagoeneko. Aurtengo udara soilik modu intermitentean gozatu izanaren damua datorkio bisitan, tarteka. Bi egunetik behin BERRIArako zutabeak idatzi behar izateak sormenari dagokion garun zatia anulatu diola sentitzen du. Ordenagailuan irailean oporretara nora joan begiratzen aritzen da ordu erdiro. Ihes egiteko premia dauka. Ez da bere marko teorikoan kabitzen.

Ikasturte berria iristeko beste inork baino gogo gehiago daukana Iker da. Soroslea da eta udara greban pasa du. Orain langabezian geratuko da. Iaz ezin izan zuen nahi zuen karrera hasi, baina aurten horretarako aukera izango du. Lehen aldiz gurasoen etxetik irten, eta Gasteizera doa bizitzera. Barruak dantzan sumatzen ditu. Lehen ostegunean egingo duten klaseko afarirako zein arropa jantzi pentsatzen ari da.

Izarri inoiz baino luzeagoa eta sargoriagoa egin zaio udara. Ia bederatzi hilabete igaro dira hilekoa jaitsi ez zitzaionetik. Denbora pixka bat gehixeago ama izan nahi zuela erabaki zuenetik, ama eta bakarrik. Harriduraz begiratzen dio egunero-egunero hazten ari den sabelari. Añes txikiari «ongi etorri» esateko irrikitan dago. Ostikoka erantzuten dio berak.

Nikok bizi osoa igaroko luke udalekuetan. Antsietatea sortzen dio berriro ere gorroto duen lanera itzuli behar izateak. Udaran ere prekario bizi izan da, baina zoriontsu. Irailaren 1a egun egokia izan daiteke nagusiari berari buruz pentsatzen duen guztia aurpegira esan eta lana uzteko.

Iraila despediden, elkartzeen, hasieren, bukaeren, euforien, zulo sakonen... garaia da. Kaosa erail eta ordenaren alde egitekoa. Lur hartzeko garaia.

Edo aireratzekoa.]]>
<![CDATA[Bizi. Prest.]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-28/bizi_prest.htm Tue, 28 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-28/bizi_prest.htm
Gaiarekin lotuta eta gureari erreparatuz, ezpainak mozteko kirurgia hemen ere egiten dela eta oso modan dagoela azpimarratu zuen Agerrek. Labioplastien bidez batzuek ezpain bajinalak txikiagotu nahi izaten omen dituzte estetikaren izenean, ederragoak iruditzen zaizkielako, asimetriak gainditu eta ezpainek tamaina «normal» bat izan dezaten -espazio publikoan zakilak nonahi marrazten diren inguru honetan, ez dakit zenbat ginatekeen gai alu «normal» bat irudikatzeko-. Nahiz eta hemengoei kirurgia estetiko deritzegun, ebakuntza horiek ere funtsean ablazioak direla diosku argi Agerrek.

Sarean irakurri dudanez, munduko txoko ezberdinetan burutzen dira horrelako mutilazioak. Munduko gure txoko txiki honetan beste ezpain mota batzuk izan dira mutilatuak sarri. Josi ere egin dizkigute tarteka, boterearen hari finenarekin eta jostorratzaren puntada mingarrienekin, historian zehar nahiz gaur egun.

Ondorioz, gorputz atal ebakiak ageri dira han-hemenka, diglosi egoerak kolpatutako anatomiak. Administrazioko ezein bulego labirintikotan nahiz telefonoz kontsulta bat egin nahi dugunetan, unibertsitate publikoan, ginekologoarenean, liburutegian, udaletxeko harrera mahaian... Edonon ageri dira mutilatutako mihiak, ahots kordak, aho-gingilak, laringeak... Moztutako ezpainak.

Instituzioetatik kanpo ere, eta autokritikari tartea eginez, gogorra egiten zait beste batzuetan gorputz zatiak guk geuk automutilatzen ditugula onartu behar izatea. Eskegitako pankarten arabera behintzat, espazio aske eta euskaldunenak behar luketenetan, edozein hiritako gazteen txosnetan, esaterako, edo espazio autogestionatuetako asanbladen osteko tragoetan. Herri burujabe bat eraikitzeko eztabaida sutsuetan galduta, etorkizuneko Euskal Herriaren alde borrokan. Gaztelera hutsean.

Nik uste dut datorren udazkenak denok interpelatuko gaituela zuzenean, atzamarra begian sartzeraino -orain artean ezpainen parean jarri digutenei, batik bat. Hamaikak, euskaraz, hamar-aren ondoren datorren zenbakiaz gain, asko adierazten duelako eta orain -ez soilik azaroaren 23tik abenduaren 3ra- inoiz baino gehiago esan nahi izatea guri dagokigulako.

Muga izandakoak aukeratzat ikusiz eta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu, ezpainei hozkaka bizitzeaz nazkatu garenak elkartuko gara. Bazatoz?

Ehundaka. Milaka. Ahobizi. Belarriprest.

Bizi. Prest.]]>
<![CDATA[Sintzerizida]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/018/001/2018-08-25/sintzerizida.htm Sat, 25 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/018/001/2018-08-25/sintzerizida.htm Jenisjoplin liburuan, ohikoa dudan moduan izkina bat tolestuz markatu nuen 36. orrialdean, erdi parean:

«-Egiazalea izan naun beti.

-Sintzerizida bat.»

Hala zioen aipatu berri dudan liburuko protagonistaren eta bere aitaren arteko elkarrizketak. Sintzerizida. Badaude irakurri orduko pausatzeko eskatzen duten hitzak, gelditzera behartzen zaituztenak. Arkatzez borobildu nuela gogoratzen dut eta une hartan bertan orain bi egunetik behingo zutabekide dudan lagunari igorri niola argazki bidez. «Ai ama, hori zu zara!», erantzun zidan berak hurrengo mezuan, harridura adierazi nahi zuen emotikonoren batek lagunduta. Barre egin genuen biok. Ordutik, askotan aipatu diogu hitza elkarri, bizitzak tremendista jarri gaituen uneetan, batik bat, eta gure hiztegi konpartituaren parte da dagoeneko.

Hiztegi ofizialak euskarazko egiazale, egiati nahiz zintzo hitzak dakartza gaztelerazko sincero/-a-ren sinonimotzat. Baina, pertsonalki, lehen biak arrotzegiak zaizkio nire mihiari, esanahiz hutsegiak bailiran, eta hirugarrenarekin, aldiz, ez dakit guztiz ados egongo zareten, zalantzan jar daitekeelako beti-beti jokabide zintzoena ote den benetan pentsatzen dugun guztia esatea. Horregatik, literaturak oparitutako aberastasunaren alde, sintzerizida-ren apologia egitera natorkizue, terminoarena berarena baino gehiago, bizi-jarrerarena.

Etimologikoki pestizida, intsektizida, suizida eta beste zida askoren antza handiegia duela pentsatuko duzue agian eta atzizki horrek hiltzen duena esan nahi duela ere gaineratuko dizuet nik. Kasu honetan, hala ere, hiltzearekin baino biziaraztearekin lotuko nuke gehiago.

Eta ez ulertu gaizki, arren. Ez naiz bizitzako gauza hutsalei buruz ari. Erosketetara zurekin joateko konbentzitzen banauzu jantzi duzun loredun soinekoa zure gorputzari nola itsasten zaion gustatzen zaidan edo ez esateaz, zure orrazkera berriak aurpegira lehengoak baino okerrago ematen dizula aitortzeaz... Ez, ez naiz horretaz ari.

Barruko miseriak itzulikatzeaz ari naiz, azaleratzeaz, gauza ez hain politei buruz hitz egiteaz. Inbidia dizudala oihukatzeaz, sare sozialetan nik baino jarraitzaile gehiago dituzulako, nik baino titi txikiagoak eta ipurdi tenteagoa duzulako, nik baino gerri estuagoa. Ez dudala nahi, baina erraietan sentitzen dudala txikitako «zu beti bat gehiago» jolasa denborarekin «ni beti bat gehiago» izatera igaro dela. Erraietan sentitzen ditudan moduan jeloskortasuna, urguilua eta beste hainbat sentipen humano bezain lohi.

Erabakiak zuzenean eragiten die nire harremanen konstelazioen parte direnei. «Badakit hau entzuteak min egingo dizula agian, baina esan egin behar dizut, barrutik jango nau bestela». «Barka iezadazu norberarena behar lukeena biona, hirurona… bihurtu izana». Jasanezinak zaizkit laringeko korapiloak.

Eta zuek, benetan nitaz pentsatzen duzuen guztia esan didazue aurpegira?]]>
<![CDATA[Kateorratzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-23/kateorratzak.htm Thu, 23 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-23/kateorratzak.htm
Estereotipo gehienak betetzen dituen gure familiaren kasuan baratzea izan daiteke belaunaldi ezberdinen arteko loturaren —edo eten puntuen— erakusgarri. Duela pare bat urte utzi zion aitonak ortuko lanak egiteko gai sentitzeari, eta amonak beste urtebetez zikindu zituen apreta zaharrak lurrez eta burugogorkeriaz. Aitona aulki batean eseri eta albo batetik begira izan ohi zuen adi, egiten zuen mugimendu oro zuzendu nahian bezala. Iaz amona izan zen amore eman zuena eta gure aitak hartu zuen beregain lur zati bizi hura zaintzeko ardura. Amonak, baina, ez dio izkin egin dagokion rolari eta ahalegina egiten du gauzak berak-bizitza-osoan-zehar-egin-dituen-bezala egin daitezen. Izan ere, badu sekretu bat amona Mirenek, osin urez prestatutako ongarri magikoa, oraindik orain berak —eta bakarrik berak— prestatzen duena, dakiena.

Gurasoak kanpoan daudenez, oraingoan ahizpari egokitu zaio baratzeko bisita. Aurretik egindako lanari esker munduko tomate samurrenak dauzkagu platerean. Mimatutako piperminak, kalabazinak, lekak... eta horiek denak estimatzeko gaitasuna jaso dugu herentzian. Ez ahizpa gazteenak, ez nik ez dakigu, ordea, amonaren ongarri magikoa nola prestatzen den. Ez dakigu zehazki zertarako hartzen duten aitona-amonek baratxuri ale gordin bat goizero, zergatik oliba olio koilarakada bat. Justuan dakigu pasmo belarra darabiltela infekzioak baretzeko, berbenarekin enplastuak egiten dituztela eta ukenduak argizariarekin. Guk ez dakizkigu sendabelarren izenak, ez eta aitaren moduan zuhaitz, perretxiko nahiz txorien kantuak bereizten ere. Pentsa zenbat jakintza galduko den gure zuhaitz genealogikoaren adarretan barrena.

Ni ere amorrarazten nau amak denari buruz dena jakiteak, eta horrelakoetan erdi brometan, baina oso serio, galdetu ohi diot non eskuratu ote duen todologa titulua. Aita ere madarikatzen dut tarteka ahizpa eta bioi sekula hika hitz egin ez izanagatik, edo hamar esalditik zortzi «gure garaian» esanez hasteagatik.

Aurten amak liburu bat eskatu dit oporretara eramateko, feminismoaz galdetzen du sarri, eta pozik dago lantokian, adibidez, lehen ikusten ez zituen egoera zapaltzaile batzuk detektatzen dituelako. Aitari ere zuzenean eragiten dio amaren kontzientzia piztu izanak.

Belaunaldien artean lotu eta askatu daitezkeen kateorratzak jartzen gabiltza horrela, zilbor-hestetik zilbor-hestera. Posible bada, jakintza bi norabidetan —goitik behera nahiz behetik gora— transmititu dadin.]]>
<![CDATA[Kontatu digutena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/001/2018-08-21/kontatu_digutena.htm Tue, 21 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/012/001/2018-08-21/kontatu_digutena.htm
Hasierako elkarrizketa protokolarioa martxan jarrita, etorkizun hurbilean lantoki izango dugun sotoan geunden biok, denboraren joanak horitutako horma bat zuriz margotzen. Horrela ari ginela hasi zen bera egoki egituraturiko diskurtsoari tiraka, eta nik belarriak ireki nituen galbahe forman, ez bainion daturik txikienari ere ihes egiten utzi nahi.

Munduan zehar bizi diren palestinarrekin zifra hori bikoiztu egiten bada ere, Palestinako lurralde historikoan, lurralde okupatuan, denera bost milioi pertsona bizi direla kontatu zidan. Kartzelako egoerari buruz galdetuta, guztira 6.000 preso inguru daudela ere azaldu zidan, nahiz eta kalkuluak egitea zaila suertatzen den, zenbaki hori egunero alda baitaiteke, israeldarrek urtean 2.000-3.000 atxiloketa egiten dituztela kontuan hartuta. 6.000 preso horietatik 60 inguru dira emakumeak, eta 18 urtetik beherako gazteak, 300. Honakoa da, beraz, argazki orokorra.

Adingabeei eta argazkiari erreferentzia egin orduko etorri zitzaidan burura sare sozialetan horrenbeste hedatu zen erretratua: Ahed Tamimi, soldadu israeldar bati zaplazteko bat eman zion neskato ilehoria. Berari buruz galdetu nion jarraian, aurretiaz nekielako Askapenako brigadistak han zeuden bitartean askatu zutela bera.

Tamimitarrei buruz hitz egin zidan lehenik. Nabi Saleh herrian bizi direla jakinarazi zidan, 600 bat herritar direla, elkarren artean senitarteko lotura estuak dituztela eta oso ondo antolatuta daudela. Duela bi urte ingurura arte manifestazioak egiten omen zituzten ostiralero, baina, azkenik, borrokabideak aldatzea erabaki dute. Bitarte horretan, denera 500 zauritu, 270 atxilotu eta lau hildako izan dira herrian. 270 atxilotuetatik 47 adingabeak dira, Aheden moduan. Une honetan 22 herritar daude espetxean. Azpimarratu zidanez, mesfidantza sortu du egoera hori izanik Aheden kasua kanpora begirako oihartzun mediatikoa izan duen bakarra izateak.

Salbuespena izatearen arrazoiei buruz galdetuta, balizko kausa ezberdinak aipatu zizkidan jarraian. Hasteko, tamimitarrek harreman oso estuak omen dituzte Europarekin. Gainera, litekeena da Palestinar Autoritateak ere mundu mailan kasu hau erakutsi nahi izana, tamimitarrek borroka bakezale baten aldeko hautua egin dutelako eta biolentziarik gabeko borroka defendatzen dutelako egoeraren larritasunagatik hautu hau hain hedatua ez den lurraldean.

Beraien itxurak ere eman du zer pentsatua. Zuriak dira azalez, ilehoriak, begi berdeak dituzte... Kasu honetan, gainera, akaso ez da kasualitatea izango ikono, heroi bilakatu dutena emakume gaztea izatea.

Lagunari harrigarria egiten zitzaion neskato hau kartzelan egon zen artean bere ama ere hala egon zela ia inon aipatu ez izana, eta niretzat ere hausnartu beharrekoa da zer iritsi zaigun hona eta zer ez; zer den kontatu digutena.

Beste behin ere argi geratu da informazioa boterea dela. Eta beldurra ematen du.]]>
<![CDATA[Biluzik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/019/001/2018-08-18/biluzik.htm Sat, 18 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/019/001/2018-08-18/biluzik.htm
—Zuk uste hemen topless egiteagatik zerbait esango digutela?

—Auskalo... Niri behin gertatu zitzaidan beste igerileku batzuetan. Uste dut bikiniaren goiko zatia janzteko eskatu zidan sorosleari niri baino lotsa handiagoa eman ziola hori eskatu behar izateak. Baina arauak arau omen dira eta...

Azkenean, ohikoa dugun naturaltasunaren zantzurik gabe baina kolektiboki burutu dugu gure iraultza txikia. Hala ere, nahikoa berotu eta uretara jaisteko unea zela iruditu zaigunean bularretakoa jantzi dugu guztiok berriro, automatikoki.

Uretatik irteterakoan lagunei beha egon naiz aurrez nik egindakoa errepikatzen ote zuten ikusteko. Estresa sortzen du uretatik atera eta gorputzeko gune sakratuak justu-justuan estaltzen dizkiguten oihal zatiak bere lekuan daudela egiaztatzeak, eta hala ez badaude guztiak beraien lekuan kokatzeak, disimuluz baina presaka. Gogortu sabelaldea udarako plazerak nabaritu ez daitezen. Tira beheko zatiari gorantz, goikoari beherantz, bi aldeetara. Norbait begira balego ere, ez dadila ezer tokiz kanpo egon, eta ez dadila ezer ikusi. Ezkerraldeko iztarteko ile intsumiso bat, «ai ama, ile bat». Edo ezkerreko bularreko milimetro bat. Ezer ere ez.

Y hondartzaren atzealdeko izenik gabeko kala galduak. Aspaldi egon gabeko lagun minarekin egun-pasa. Motxila txiki banarekin igo ditugu paradisuranzko eskailerak. Lasaitasuna eta bakea arnasten dira kresalak urratutako arroken artean. Ur gardenak kilimak egiten dizkigu oinetan. Horrelakoetan ohartzen naiz zenbat baloratzen dugun urrutikoa, gertuan daukaguna ezagutzeke. Eremu nudista da. Gutxiengo bat bainujantzia jantzita dago, gehiengoa guztiz biluzik —asko gizon helduak dira—.

—Estimatzen da gorputz errealak ikusteko aukera, ezta?

—Bai, gauza bera pentsatzen ari nintzen...

Adineko emakume bat igaro da gure aurretik. Munduarekin, sistemarekin edo dena delakoarekin haserretu naiz istantean. Nork sinetsarazi zigun bular eroriak ez direla ederrak? Are gehiago, nork sinetsarazi zigun erorita daudela eta ez beraien lekuan? Neure burua harrapatu dut jakinminari eutsi ezinda, gorputzen aniztasunari errespetuz erreparatzen; sabelalde puztuak, berna haragitsuak, barizeek zeharkatutako izterrak, orpo biluziak, estriak, ipurdi iletsuak, orbainak... Inperfekzioak.

—Ikusi al duzu argazkia? Duela gutxi bularra ematen ari zen emakume bati estaltzeko agindu diote eta berak burua estali du.

—Eta zu, zenbat jendek ikusi zaitu biluzik?]]>
<![CDATA[Pertseidak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-16/pertseidak.htm Thu, 16 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2018-08-16/pertseidak.htm San Lorentzoren malkoak izenarekin ere ezaguna.

Wikipedia orojakintsuak dioenez, urtero garai honetan Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du eta topaketa horretan kometak uzten dituen tamaina desberdinetako hauts partikulak lurrazaleko atmosferan abiadura handiarekin sartzean izar iheskorrak sortzen dira. Argi-kutsadurarik gabeko toki ilun bat aukeratuz gero, gure herritik ere ikusi omen daitezke.

Nik, egia esan, ez ditut ikusi. Baina azkenaldian ez da falta ahozabalik utzi nauen beste fenomenorik. Ikusi ditut, esaterako, zenbait politikari Pipper izeneko lehen txakur turistari Donostiako Aste Nagusiko zapia janzten. Eta egoeraren absurdotasunak eraman nau hausnartzera txakurrak —ezein motatakoak— nahiz turistak, biak beso —eta bigarrenak kartera— zabalik hartzen dituen mundu zatian bizi garela.

Ongi etorri idatzi dugu atarietako alfonbratxoetan eta teorian, inor ilegala izatea nahi ez genukeen tokian bizi gara, merkantzien zirkulazio librea defendatu eta aldi berean pertsonentzat mugak ixten diharduen Europa kontraesankor eta hipokrita honetan.

Sei herrialdek Aquarius itsasontzia porturatzeko akordioa egin dutela irakurri dut lerro hauek idatzi artean. Andaluziako hondartzetako kontakizunak ere irakurri ditut sare sozialetan. Emakume batek kontatu zuen duela egun batzuk eguerdiko zerbeza eta sonbrilla artean 50 bat pertsona iritsi zirela itsasertzera patera puzgarri batean. Hondartzako jendeak, shock egoeran, txalo joz eta animatuz egin omen zien harrera, eskura zituzten ur botila eta freskagarriak eskainiz. Euretako batzuk lur-hartzea saltoka ospatzen ari zirela iritsi zen Guardia Zibila.

Giza exodo honek eragindako testuingurua diskurtso arrazista hedatzeko baliatzen ari dira zenbait. Orain manteroak omen dira komertzio txikiei kalte egiten dietenak. Orain andre batek zilegitasuna sentitzen du Madrileko metroan pertsona bati kanpokoa dela eta ezin duela bertan egon aurpegiratzeko.

Eskerrak bagoi berean zeudenek aurre egin ziotela. Eskerrak Getariako arrainontzi bat prestatu duten Mediterraneora laguntzera joateko. Eskerrak Bilboko turistentzako ongi etorri instituzionala errefuxiatuei berbideratu eta hitzetatik ekintzetara igaroz, Bilbo zaharreko kultur etxean afariak eta lotarako lekua ematen ari zaizkien 150 migratzaileri baino gehiagori. Eskerrak su artifizialen hirian ere Antiguako Txantxarreko gaztetxea errefuxiatuentzako harrera gune bilakatu duten, eraikina migratzaileen beharrei erantzuteko prestatuz eta hauei arreta eta laguntza eskainiz. Eskerrak frantziar estatura igaro nahi eta Irunen ez atzera ez aurrera daudenei aterpe eman dieten Irungo Lakaxita gaztetxean. Eskerrak herritarrak politikoei falta zaien borondatea erakusten ari diren, eta elkarteak erakundeen hutsuneak betetzen. Eskerrak guztiok ez garen hau dena pasatu bitartean pertseiden hegaldiari begira egoteko bezain miserableak.]]>
<![CDATA[Manadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/013/001/2018-08-14/manadak.htm Tue, 14 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/013/001/2018-08-14/manadak.htm Buelteu dire eskotiek eta buelteu da kanuto usaine, gabak zerueri begire, ta zure marradun minigonie. Mingain lodiko munstroak. «Morboa ematen didazue borde jartzen zaretenean». Esku irristakor bat ipurdian. Larunbata da. Donostia. Gaueko 23:30. Jai hasi berrien euforia usaintzen da giroan. Lagun bati eskutik helduta zoaz. Musu eman dizu ezpainetan. Zapi beltz batekin estali dizu aurpegia.

«Inoizko sanferminik seguruenak izan dira aurtengoak, sei salaketa bakarrik jarri dira sexu-abusuengatik». «Ez itzuli etxera bakarrik». «Badaezpada eraman mobila eskuan eta abisatu iristen zarenean». «-Iruñean gure girotik atera eta Manadak ikusten nituen nonahi... -Gure giroa? Barkatu?». Nazka. «Zenbatean dauzkazu mamadak?». Beste bi lagun ere batu zaizkizue. Beltzez jantzita datoz. Buruberokiak prest. Indarra sumatzen zaie begietan.

Makur zaitez, makur zaitez... Abesti sexistak gune ustez askeetan. Ez baduzu flamenkorik nahi, ez jo txalorik. Listua belarri zuloetan. Utz iezaiozu dantzatu dezan. Lau baby-rekin maiteminduta nago, beti ematen didate nahi dudana, nik esaten diedanean egiten dugu larrutan, inoiz ez didate 'baina'-rik jartzen. Gizonezkoz soilik osatutako whatsapp talde bateko txistea. «Orain ezin nauzu horrela utzi». «Bollera? Benetan? Ez dakizu zer galtzen duzun...». Txilibituak ahoratu dituzue. Argi-zuziak piztu. Danbor hotsak entzuten dira. Inguruko eraikinetako hormak dardarka.

«Bertsolaria zara? Zu entzutera ez dakit jenderik joango den, baina ikustera ziur baietz». Goitik beherako begirada. Gizonak soilik oholtzan. «Ez da hainbesterako, neska». «Arrazoi hori ez zen batere feminista. Eta nik zuri buruz hori kantatu izan banu, zer?». «Denok sartzen dugu hanka, bai gizonek bai emakumeek, denok». «Bidal iezadazu argazki bat norekin zauden jakiteko». Hamarnaka emakume gehiago batu zaizkizue. Konplizitatea. Indarra. Amorrua. Aldarri ozenak bozgorailuetatik. Gizonezkoak, azken lerrora.

«Hiru sexu eraso salatu dituzte Baionako festetan». «Sexu abusuak salatu ditu 14 urteko neska batek Gasteizen». Portugaleten. Itzalak etxera bidean. Pauso hotsak. Arnasestuak. «Bakarrik zihoan eta edanda». Ustezko erasoak, ustezko erasotzaileak, ustezko errudunak, ustezko, ustezko, ustezko... «Zer zeneraman jantzita?». «Manadako El Prenda-k atseden hartu du Rotako hondartzetan». Hasi da manifestazioa. Hartu duzue kalea. Oilo-ipurdia. «Gauak, kaleak, gureak dira». «Matxirulo, entzun: pin, pan, pun!».

«Ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza». Protokoloak. «Erasotzaileak sutara!». Merezitako zaplazteko bat. «Beldurra bandoz aldatuko dugu». Autodefentsa. Harridura aurpegiak aurrean. «Ez ezetz da». «Esku hau topatu dut nire ipurdian, inork badaki norena den?». «Hau ez da gure bakea». Deserosotasuna. Begira daudenen isilik egon ezina. «Gu zuen alde gaude, baina ez daukazue gauzak horrela egin beharrik». Algara ozenak.

«Erasorik ez, erantzunik gabe». Erdigunea. Konspirazioa. Brigada moreak. Bularretakoak airean. Bi esku, alu forman. Gaueko 00:30. Ilargi erdia. Gorputz askeak. «Gora borroka feminista!». Irrintziak. Otsoak uluka. Sua. Plazera.

Gau osoa daukazue aurretik. Gozatu.

]]>
<![CDATA[Masterra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2018-08-11/masterra.htm Sat, 11 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2018-08-11/masterra.htm
Bideo joko bat izan zitekeen. Jabeak eta maizterrak, adibidez. Gu maizterrak ginateke, norbait izatekotan, pantailaz pantaila borroka egin eta pixkanaka-pixkanaka bidean neuronak, izerdia, pazientzia, lo orduak, irudimena eta umorea galtzen ditugunak, poltsikoak proportzionalki zulatu heinean. Aurrez aipatutako Erregearekin duten harremanaren arabera, jabe izateko zortea izango dute gutxi batzuek -jaun eta jabe, normalki, andre eta jabe gutxiagok- eta aurreratu egingo gaituzte pantailaro, eskuinaldetik, beti eskubialdetik, kaio hegalariak balira bezala. Ez zaizkit kaioak gustatzen.

Amorrua ematen didalako saiatzen naiz egoera umorez hartzen. Esfortzu eta sakrifizio ekonomiko nahiz akademikoaren aro honetako belaunaldi gazteok ez dugulako ikaskidetzat Cifuentes edo Casadorik izan, sekula, ezin ditugulako imajinatu ere egin pupitre estuetan gure ondoan eserita. Badakigulako zenbaterainoko matraka eman behar den unibertsitateko bulegoetan ikasgairen baten baliozkotzea lortzeko. Badakigulako karrera erdi bat ezin dela lau hilabetetan magia eginda gainditu, akademiak berak epe batzuk ezartzen dituelako aurretiaz. Are gutxiago, klasera huts egin eta azterketetara aurkeztu gabe. Badakigulako gradu nahiz master amaierako lanak obsesiboki gordetzen direla disko gogor eta USBetan, noizbait gure ordenagailu berria bertako artxiboak errekuperatzea ezinezko izateko eran apurtuko balitz ere. Badakigulako egindako segurtasun kopia bakoitzagatik nota igoko baligukete ohorezko matrikulez josita geundekeela.

Nik ere badakit honetaz zerbait, beste askok bezalaxe. Urte erdia igaro dut ia arratsaldero Leioara joan-etorriak eginez, buruz dakit A-8aren bihurgune bakoitza, begiak itxita gidatzen asmatzeko moduan. Lagunekin kotxea konpartitu arren pisutsu egin zaizkigu masterreko matrikulaz gain ordaindu ditugun gasolina eta peajeak. Ikasgai bakoitzeko karaktere ugariko lan mardula entregatu behar izan dut eta lanagatik justifikatzeko modua izanda ere klase orduetara huts egin behar izan dudanetan lan gehigarriak egin behar izan ditut galdutako ordu horiek errekuperatzeko. Irailerako ehun orri inguruko master bukaerako lana eta tribunalaren aurreko aurkezpena geratzen zaizkit oraindik. Udako oporrak hipotekatu ditut eta abuztua ordenagailu aurrean igaroko dut, erreferentzia bibliografikoak behar bezala kokatzeko ahaleginetan.

Umorea daukat masterreko ikergaitzat. Ikerketaren ondorioetara iritsi aurretik bizitzarako ondorio nagusi bat ateratzen lagundu didate jada; zein zaila den gauzak umorez hartzea aurpegira barre egiten dizutenean.]]>
<![CDATA[Oroimin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-09/oroimin.htm Thu, 09 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2018-08-09/oroimin.htm
Nik ere badut, nola ez, bi egun beranduago larrituta deitzen didan lagun horietakoren bat ere. Facebooka nire urtebetetze eguna zela ez abisatzeagatik madarikatzen duena. Edo zuzenean ni, Facebookik ez edukitzeagatik. «Lasai, horrek ez du esan nahi gutxiago maite nauzunik». «Eta nik ere ez zaitut gutxiago maite». Hauek dira agenda ahaztuen aroan eta inork zein egunetan bizi den ondo ez dakien hilabetean jaio izanaren albo-kalteak. Aspaldi onartu nituen.

Gainera, niri ere askotan ahazten zaizkit ingurukoen urtebetetze egunak. Guztienak ez, ados. Badut bere urtemuga gerturatu ahala egunez egun ingurukooi atzera kontaketa burutzen digun lagunen bat edo beste ere. Ilusioaz hitz egin nezake, baina esango nuke izutu egiten duela beretzat hain berezia den eguna iritsi eta jendea berarekin ez oroitzeak.

Niri berezi baino arraro zaizkit horrelakoak. Aurten optikakoek zoriondu naute beste inork baino lehen. Mezu bidez jakinarazi didate beste urtebete bete izana beraiekin ospatzeko %10eko beherapena dudala opari. Noizbait Internet bidez egindako erosketaren bat tarteko, emaileko spam-en atalera ere iritsi zait nire izen-abizenak gaizki idatziak dituen zorion mezu inpertsonalen bat. Posible da gurasoen etxera ere nire izenean xaboi eta makillaje dendaren bateko eskutitzen bat heldu izana. Eta nik ume ginela Super Bat Klubeko kide izateagatik urtebetetzero etxean jaso ohi genituen zorion eskutitzen falta sumatuko dut, beste ezer baino gehiago.

Behinola honakoa irakurri nion nire antz handiegia eta sinadura okertu bera dituen norbaiti: «Gogoratzea ez da ez ahaztea, ahaztea ez gogoratzea ez den modu berean».

Horregatik dira atzera begiratzeko egun egokiak urtebetetze egunak, bizitza zatiak puzzle bilakatzeko aukerak direlako. Talaia geografikoak baino tenporalak, memoriari dagozkionak. Nor-ak zer-ak baino garrantzi gehiago hartzen duen egunak dira niretzat. Goizeko zortzietarako nork inbaditu dizun ohea esnatzeko oihukatuz. Nork oparitu dizun mimo handienez aukeratutako liburu bat. Nork hautatu duen txikitako argazki batentzat zuk inoiz hautatuko ez zenukeen markoa. Nork egin duen bertsotan jakin ez arren zu bertso bidez zoriontzeko ahalegina. Nork bidali dizun bideo bat munduaren beste puntatik. Nork lapurtu dizkizun bi malko eta algara bat. Nor ez den zurekin ahaztu. Nor ez zenukeen nahi zurekin ahaztea.

Nork jarri dion soinu-banda hau egunari, nork Ruperren ahotsa. Inor errudun sentiarazteko asmorik gabe baina ez, «ez naiz ni zurekin ahaztu dena, beste norbait izango zen hura».]]>
<![CDATA[Hondartzetara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/016/002/2018-08-07/hondartzetara.htm Tue, 07 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Labaka Mayoz https://www.berria.eus/paperekoa/1960/016/002/2018-08-07/hondartzetara.htm
Uda beteko igandea izan zen duela bi egun. Orioko hondartzan zeunden zu, opor eguna gozatzen. Ez dakit deseroso sentitu ote zinen benetan, baina esango nuke beste aldera begiratu zenuela nahi gabe, indiferentzia keinuz, harea aleak kentzeko alabaren toalla astintzen zenuen artean. Jende multzo bat ikusi zenuen itsas ertza alboz albo gurutzatzen; hileko azken ostiralero zure herriko plazan elkartu ohi diren zenbait ezagun, Euskal Herri mailako ezein dinamikatan huts egiten ez duten berberak. Giza kate forman guztiak, Etxerat-eko zapi zuriak soinean eta euskal presoen etxeratzea aldarrikatzen duten banderolak eskuetan.

Ez nago ziur. Ez dakit harago ikusten asmatu ote zenuen. Ixiarren begi nekatuek zure arreta bereganatuko zuten akaso. Joxeren esku zimurtuek edo Gari txikiaren negar intziriek, bestela. Baliteke, hala ere, Maiderrek ezkerreko besoa eskuinekoa baino askoz ere beltzaranago duela ohartu ez izana. Azken bidaia amaigabeetan leihotik kanpora eraman du, on egiten omen dio gidatzen ari dela errepide mortuetako haizea azalaren kontra sentitzeak.

«Ze pena, nahikoa da» pentsatuko zenuen agian zure baitarako, seme zaharrenak arroketan salabardoarekin harrapatutako karramarroen aurrean interes aurpegia antzezten zenuen bitartean. Baliteke duela gutxi entzundako albisteek zure buruan oihartzun egin izana, mendeku gosez harrikatutako autobusak eta goi kargudunen batek lotsa askorik gabe «turismo penitentziario» gisa kalifikatutako hura, berez oximoron bat baino ez dena; ezinezkoa.

Gaur arte ez dizut kontatu niri adierazpen hauek entzutean Galizia etorri zitzaidala burura. Bisiten aurreko gauean afaltzen genuen olagarroa ere bai, ados, barruan zegoenak inoiz probatu ez zuena. Baina guretzat Galiziak ez zeukan itsasorik. Eta horrenbeste kilometro behartuta egiten dituena ez da inoiz turista izango.

Badakit zuri ez zaizkizula hain gertuko egingo restop likatsuetako gosariak eta Mirentxin bidaietako elkarrizketak. Azken urteetan horma erraldoiak eraitsi nahian hondarrezko gazteluak eraikitzen gabiltzala irudituko zaizu agian, trukean promesa hutsalak baino ez ditugula lortu. Horregatik natorkizu zuk ere zure harea alea jar dezakezula gogoraraztera. Nahi baduzu, dagoeneko kresalak zein usain duen gogoratuko ez dutenei musu gaziak bidaltzen lagundu diezadakezu. Hondartzetatik. Hondartzetara.]]>