<![CDATA[Ane Pescador | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 17 Nov 2018 03:32:18 +0100 hourly 1 <![CDATA[Ane Pescador | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Azken dantza bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2062/023/001/2018-09-11/azken_dantza_bat.htm Tue, 11 Sep 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2062/023/001/2018-09-11/azken_dantza_bat.htm
Neguko lanak urrun gelditu zaizkigu jadanik, buruak baduelako gauza onenekin gelditzeko dohain berezi hori.

Oztopoak oztopo, aurrera egin dugu egunez egun hobetzeko saiakera horretan. Oztopoen aurrean, hortzak erakutsi eta handi egin gara, oso handi, guretzako traba izango den olaturik ez dagoela erakutsiz.

Ontzi txikietan lehiatu ostean, ontzi handian elkartu gara hemeretzi arraunlariok eta Anartz, entrenatzailea. Guztion indarrak batu eta mugarik gabe amestutako guztia egia bihurtu dugu. Inoiz lortu gabekoa egin dugu, bosgarren urtez jarraian Euskotren liga irabazi dugu. Baina oraindik ez gara ohartzen egin dugunaz, ez gara jabetzen historiaren zati bat arrosa kolorez idatzi dugula. Hemendik urte batzuetara, egunkari zaharrei begiratuz, lortu dugunaz jabetuko garen esperantza daukat.

Inoiz ezagutu dudan talde gizatiarrena da hau. Inork, inoiz, talde honekin irabazteak sortzen didan harrotasunaz baleki... Begiak malkoz bete zaizkit behin baino gehiagotan sasoiko azken paladak iritsi ahala, tostartean sentitutako guztia berriz noiz sentituko ote dudan pentsatuta. Ontzi honek sentiarazi diguna, eman digun guztia berezia da oso. Eta, horregatik, azken dantza honetan gure onena eman nahi dugu.

Irailaren 10a, astelehena. Inoiz eduki dudan biharamunik goxoena da hau. Lortu dugu, egun handienean handi izan gara. Eta hau ez dago ordaintzerik.

Harrotasun handiz... Harroxa!]]>
<![CDATA[Harro. Atzo, gaur eta beti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2467/018/004/2018-08-28/harro_atzo_gaur_eta_beti.htm Tue, 28 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2467/018/004/2018-08-28/harro_atzo_gaur_eta_beti.htm
Urte luzeetan ikusi ditut Pasai Donibaneko mutilak egunero lanean, ilusioz, umorez, burugogorkeriaz... Hazten ikusi ditut, batzuk lehen aldiz traineru batean sartzen; besteak, urteetan euren buruei finkatutako marka pertsonalak lortzen. Taldekide izaten ikusi ditut, arraun elkartean aurpegi goibela zuen edozein arraunlariri eguna argitzen. Eta, tamalez, aurtengo urteak egun goibel asko ekarri ditu gurera. Eguneroko lan eta esfortzuak ez baitira behar bezala islatu euren emaitzetan.

Joan den asteburuan, KAE 1 ligako gure ontziak ezin izan zion mailari eutsi. TKE ligako gure ontziak, aldiz, zuzeneko jaitsiera saihestu zuen, eta kanporaketa jokatu beharko du.

Egoerak edozein direla ere, emaitzak edozein izanda ere, asko erakutsi diguzue. Lanerako gogorik ez duzue galdu inongo unetan eta aurretik zetozen zailtasunak ez dira sekula traba izan zuentzat. Emaitzak edozein izanda ere, badakigu nortzuk zareten, badakigu zenbat eskaini eta eman duzuen eta badakigu etorkizunean gorenean ikusiko zaituztegula. Gure indar guztiak zuekin izan dira, eta izango dira, arraun talde oso bat baituzue atzetik, herri oso bat.

Atzera emandako pauso bakoitzak hurrengo jauzia indar handiagoarekin egiteko balio dezala. Harro gaude zuetaz, eta gure indar guztiak zuekin dituzue. Atzo, gaur eta beti.]]>
<![CDATA[Amaierari hasiera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2340/015/001/2018-08-14/amaierari_hasiera.htm Tue, 14 Aug 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2340/015/001/2018-08-14/amaierari_hasiera.htm
Estropada eremu historikoa dugu Zarauzkoa, itsas zabalean jokatzen dena. Kolore guztietako arraun talde guztiek, egutegian gorriz margotuta duten hori. Esan ohi denez, Zarauzko estropadan ikusten dena gertatzen da Donostiako estropadetan. Hortaz, arraunlari eta entrenatzaile guztiek mimo handiz prestatutako lehia da. Begirada horretan finkatuta jarduten dira azken txanpa honetan. Akatsik txikiena zuzentzeko ahaleginak egiten dira, segundoak posible diren leku guztietatik murriztuz.

Horrez gain, asteburu honetako jardunaldiekin, Euskotren ligari amaiera emango zaio. Matematikoki koroa dagoeneko arrosa kolorez jantzi den arren, ligako lau ontziek estutuko dute gogorki eremu historiko honetan, Zarauzko Bandera preziatua lortzeko.

Eusko Label ligari dagokionez, estropada gehiago dituzte aurretik, eta gauza asko daude finkatzeko oraindik. Bermeoko ontziak nagusitasuna erakutsi du estropada gehienetan, eta koroa berreskuratzeko bidea ondo landua dauka. Baina gero eta gehiago dira haren parera iritsi eta bandera bila joan nahi duten ontziak. Jaitsiera saihesteko lehia ere garesti dago San Juaneko eta Tirango ontzien artean. Batzuek zein besteek, jaitsierari izkin egin, eta begirada iraileko kanporaketan finkatuta izango dute dagoeneko.

Badira zita garrantzitsuak aurretik, talde bakoitzak mimorik handienaz prestaturiko lehiak ikusteko aukera. Urte osoko lanaren emaitzak jasotzeko unea iritsi zaigu arraunlarioi. Estropada ikusgarri eta historikoak bizitzekoa ikusleei.

Beraz, arraunlari zein ikusle... Gozatu! Onena hastear da eta!]]>
<![CDATA[Itzalpeko irabazlea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2347/019/002/2018-07-31/itzalpeko_irabazlea.htm Tue, 31 Jul 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2347/019/002/2018-07-31/itzalpeko_irabazlea.htm
Luze jotzen du ikurrina irabazterainoko lanak. Hilabeteetako lana (zein urteetakoa) egiten da isilpean. Arraunlari bakoitzak badaki zer hobetu, noraino iritsi nahi duen. Lan horri ekiten dio neguko lehen saioetatik. Baina exijentzia maila handitu egiten da, ondoko taldekidea bere martxan edo azkarragoan hobetzen hasten den unean. Horri esker ateratzen da aurrera negua, egun txarretan ondoan dagoen taldekideak altxatzen duelako goibel dagoena, denak batera hazten doazelako, inor atzean uzteko aukerarik gabe. Talde batean ez dago ezinbestekoa den pertsonarik, baina, talde osoa da beharrezko. Elkarren arteko sintonian egindako lanak ematen ditu udako fruituak.

Eta uda iritsi orduko, entrenatzaileak estropada bakoitzeko eskifaia antolatu behar dueneko une kaotikoan pentsatzen dut. Zenbat buruko min ekarriko dizkion inor lehorrean uzteko erabakia hartzeak, denek baitute merezi, denek maila ona, baina, estropada eremurako ontzirik onena atera behar du.

Emaitzak talde osoaren jardunaren eta jarreraren isla dira. Elkarri erakutsitako eta lagundutako guztiarena. Horregatik, arraunak altxatzen diren guztietan, haiekin akordatzen naiz. Hori posible egin duten pertsona guztietan, isilpeko irabazleetan, lehorretik palada bakar bat ere utzi ez dutenetan.]]>
<![CDATA[Pausorik ez atzera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2108/018/001/2018-07-17/pausorik_ez_atzera.htm Tue, 17 Jul 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2108/018/001/2018-07-17/pausorik_ez_atzera.htm
Eta hasi ginen hazten, talde gehiago osatzen, gehiago profesionalizatzen, lehia ikusgarria sortzen. Hasi ginen gizonezkoen neurrietara eginiko ontziak gure gorputzetara moldatzen. Komunikabideetan indarra hartu genuen. Hasi ziren herri osoak gu bultzatzen. Hasi ziren ligako irizpideak sendoagoak bihurtzen, sariak handitzen, estropada kopurua igotzen. Hasi zen Kontxako bandera bi jardunalditara jokatzen. Aurretik egiteko lan handia zegoen arren, berdintasunaren bidean hasi ginen denok hazten.

Eta iritsi da 2018ko uztaila, Gipuzkoako txapelketa; kategoria guztiak batuz, 23 ontzi. Aurreikuspena, estropadak luzeegi joko duela. Irtenbidea, emakumezkoen estropada erlojupekoa izatea (horrek dakarren guztiarekin).

Atzera pausorik ematen badugu, indarra hartzeko izan dadila. Uretatik zein lehorretik, emakumeok, berdintasunaren bidean dihardugu arraunean.

Eta ez dugu etsiko.]]>
<![CDATA[Lehia bizia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1983/021/001/2018-07-03/lehia_bizia.htm Tue, 03 Jul 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/1983/021/001/2018-07-03/lehia_bizia.htm
Aurreko estropadetan lehiatu ez ziren bi aurkari berri izan genituen asteburuan, Puebla-Cabo eta Hernani. Inork ez zekien zein maila izango zuten bi ontzi horiek.

Larunbateko estropadan, Portugaleten, San Juan, Orio, Hondarribia eta Donostia Arraun Lagunak izan ginen, hurrenez-hurren, lehen lau ontziak. Hamar segundoren tarte estuan sartu ginen laurok. Igandean ere, Zierbenan lehiatu ginen. Lehen lau postuak lortu zituzten ontziak berdinak izan ginen, hamasei segundoren tartean, baina oraingo honetan, Arraun Lagunak-ek lortu zuen hirugarren postua.

ETE ligan parte hartuko duten ontziei dagokienez, honetan ere, lehia bizia egongo dela ikus daiteke. Larunbatean, lehen sailkatua Kaiku izan zen, bost segundora Donostiarra eta seira Deustu. Hibaikako ontziak ziabogako maniobran eduki zuen ezustekoa eta gero, azken-aurrenengo postua lortu zuen. Baina, Zierbenako estropadan, aldiz, bezperako arantza kentzearen helburuarekin, ETE liga osatuko duten ontzien arteko denborarik onena markatu zuen Hibaikak, Deustu eta Donostiarrako ontziekin ehuneneneko eskasetan. Bi segundo gehiago behar izan zituzten Kaikuk eta galiziarren ontziak. Tolosaldea eta Hernaniren arteko denborak ere estuak izan ziren bi egunetan. Lea-Artibaik, ordea, bi egunetan azken postua izan zuen. Beraz, asteburu hau osatu duten bi jardunaldiak kontuan hartuta, ETE ligako erreginaren txartela lortzea oso garesti egongo dela aurreikus daiteke.

Onenak irabaz dezala!]]>
<![CDATA[Uda giro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2118/025/001/2018-06-22/uda_giro.htm Fri, 22 Jun 2018 00:00:00 +0200 Ane Pescador https://www.berria.eus/paperekoa/2118/025/001/2018-06-22/uda_giro.htm
Dena prest, dena puntuan. Baina, hainbat dira zalantzak: nola egongo dira beste taldeak? zein maila emango dugu? Zalantza guztiak kitatzeko unea iritsi da, ordea, estropada eguna da jada.

Estropada eremura iritsi eta uraren baldintzei begira jarri gara. Honezkero, zein kale nahi dugun ondorioztatu dugu (kontrako kalea egokituko zaigula onartu dugu ere). Lehia aurreko erritualak bete eta uretaratu gara, lehorrean gelditzen direnekin azken besarkadak eta animo hitzak partekatuz.

Une honetatik aurrera, bukatu dira bromak. Lemazainaren hitzei men eginez eman dugu hurrengo ordu guztia. Trainerutik at dagoen guztia desagertu egin da. Beroketa bukatzeko azken irteerak egin ditugu. Eta orain bai, iritsi da irteera eremura gerturatzeko unea. Banan-banan begiratzen diogu elkarri, ondokoaren begietan zure amets berdina elkarbanatzen duenaren konplizitatea aurkituz. Denok dakigulako zeinen gogor joan den negua, denok utzi ditugulako gauza asko alde batera honaino iristeko.

Eta irteerara hurbilduz, burura datozkigu horraino iristen lagundu gaituzten pertsonak, arraunak sortutako haserre eta nekeak baretu dizkigutenak, egunero indarrak eman dizkigutenak... Orduantxe dakigu, haiengatik, atzetik animoak ematen dugun herriarengatik eta guregatik, dena eman behar dugula.

Denboraldia ez da erraza izango. Itsasoko baldintzen, arerioen eta gure buruen aurka borrokatu beharko dugu. Baina, arraunzaleek, argi eduki ezazue... Gure bertsiorik onena ematera goazela!

3,2,1... Ba! Has dadila dantza!]]>