<![CDATA[Ane Ubegun Goikoetxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 25 Sep 2020 15:28:27 +0200 hourly 1 <![CDATA[Ane Ubegun Goikoetxea | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Gabonetan, zinemara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2019-12-24/gabonetan_zinemara.htm Tue, 24 Dec 2019 00:00:00 +0100 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2019-12-24/gabonetan_zinemara.htm Light painting tailerra egiteko aukera izango dute haurrek. Euro bat balio dute sarrerek.

«Zinegabonak egitasmoaren helburu nagusia da Gabonetan haurrei eta familiei kultur aukera ezberdinak eskaintzea euskaraz, eta gazteenak zinemagintzara gerturatzea», adierazi du Jara Ayucar Zineuskadiko komunikazio arduradunak. Bosgarren edizioa du aurtengoa Zinegabonak programak, eta urtetik urtera handituz joan da ikusle kopurua, aretoak bete arte. Aurten, gainera, beste areto batzuk gehitu dira programara: «Beste areto batzuk sartu dira, Beasaingoa, adibidez. Pozik gaude eskaintza Euskal Herri osora zabaldu delako. Normalean, areto guztiak bete egiten zaizkigu saio guztietan», azaldu du Ayucarrek. Adierazi du «oso erantzun ona» jaso dutelako mantentzen dutela programa: «Familian egoteko garaia dira Gabonak, eta guk eskaintzen dugun programak oso ongi funtzionatzen du».

Argia, joko eta ikasgai

Filmak ikusteaz gain, animazio tailerrak egiteko espazio bihurtuko dira aretoak. Izan ere, Light painting tailer bat egingo dute Donostian, Mungian eta Beasainen. Ayucarrek azaldu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko ikasleek antolatutako tailerrak direla: «Gustatzen zaigu unibertsitatearekin harremana mantentzea eta ikasleak izatea ikasle gaztetxoak motibatuko dituztenak». Gaztetxoek linterna bat eraman beharko dute tailerrera, eta argiarekin jolastuz, hainbat animazio sortuko dituzte. «Oso ikusgarria da, eta haurrek berehala ulertzen dute begiak eta kamerak nola funtzionatzen duten».

Aretoen bidez eman behar da izena, eta 4 eta 12 urte arteko haurrek hartu ahalko dute parte. Heldu batekin joatea gomendatu dute antolatzaileek.]]>
<![CDATA[Sua kitzikatu egin da kaleetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2019-06-13/sua_kitzikatu_egin_da_kaleetan.htm Thu, 13 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2019-06-13/sua_kitzikatu_egin_da_kaleetan.htm
Igandean milaka lagun atera ziren kalera Hong Kongen gobernuari Txinarako estradizioaren legea bertan behera uzteko eskatzeko —manifestazioaren antolatzaileen arabera, milioi bat; datu ofizialek, aldiz, esan zuten 250.000 izan zirela—. Azken urteotako protestarik jendetsuena izan zen, 2014ko Aterkien Iraultzaren ondoren —79 egun iraun zuten protestek, eta demokrazia eta sufragio unibertsala eskatu zizkioten gobernuari—. Halaber, azken asteburuko mobilizazioek ez zuten lortu gobernuaren erabakia aldatzea, Carri Lam gobernuburuak igandean berretsi baitzuen ez zutela estradizioaren legea kenduko, eta berak ez zuela dimisioa aurkeztuko.

Oposizioak salatu duena da azken urteotan Pekinek gero eta esku hartze handiagoa izan duela Hong Kongen. Besteak beste, erreforma demokratikoak oztopatzea egotzi dio Pekini, baita 2017ko hauteskundeak manipulatu izana ere —zeharkako botoa eman zuten herritarrek, eta hautagai independenterik gabe egin ziren bozak, Hong Kong Txinaren parte denetik egin bezala, eta Lamek irabazi zituen—. Hari horri tiraka, ekintzaileen iritziz, Txinarako estradizioaren legeak are gehiago urratzen dio autonomia Hong Kongi. Izan ere, lege horren arabera, Hong Kongek aukera du edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Gainera, oposizioak nabarmendu du Txinako sistema judizialarengan duen mesfidantza, eta esan du «inpartziala» eta «gardentasun gabea» dela.

Lamen gobernuak, halaber, adierazi du lege hori beharrezkoa dela «Hong Kong kriminalentzat santutegi bat» bilaka ez dadin. Gaineratu du legeak bermatzen duela presoak ez duela inongo abusurik jasango, eta preso bakoitzaren kasua «indibidualki» aztertuko dutela.

Txinako Gobernuak, berriz, babesa erakutsi zion igandean Lami, eta hala egin zuen atzo ere. Gainera, Geng Shuang Txinako Atzerri ministroak eskatu zien AEBei «hitz egiteko eta zuhurtziaz jokatzeko» Hong Kongi dagokionez.

Erresuma Batuak, etenaldia

Erresuma Batuak 1997an itzuli zion Hong Kong Txinari, baina estatus politiko berezia onartzearen truke. Estatus horrek «herrialde bat, bi sistema» printzipioa aitortzen dio, eta Txinako gainerako autonomiek ez dituzten hainbat eskumen ematen dizkio. Geroztik, baina, Hong Kongeko oposizioak hainbatetan salatu du Txinako Gobernuak etengabe manipulatu duela estatus berezia duen autonomia hori.

Potentzia kolonizatzaile ohiak, Erresuma Batuak, Hong Kongi eskatu zion atzo negoziazioak eteteko eta hausnartzeko. Jeremy Hunt Atzerri Ministroak esan zuen Hong Kongek neurriak hartu behar dituela «eskubideak, askatasuna eta autonomia babesteko»: «Hong Kongi eskatzen diot herritarren eta nazioarteko lagunen kezkei aditzeko; neurri eztabaidagarri horien negoziazioak eteteko eta hausnartzeko».

Ikusteko dago, beraz, noiz helduko dion Hong Kongeko Gobernuak estradizioaren gaiari. Bitartean, Fernando Cheung Hong Kongeko Parlamentuko diputatu liberalak eskatu zien atzo manifestariei borrokan jarraitzeko: «Hau batailaren hasiera baino ez da. Hemen jarraitu behar dugu».]]>
<![CDATA[Mexikok batzorde bat osatu du AEBekin hartu dituen konpromisoak betetzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2019-06-12/mexikok_batzorde_bat_osatu_du_aebekin_hartu_dituen_konpromisoak_betetzeko.htm Wed, 12 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2019-06-12/mexikok_batzorde_bat_osatu_du_aebekin_hartu_dituen_konpromisoak_betetzeko.htm
Lantalde berezi horren berri emateaz gain, Lopez Obradorrek jakinarazi zuen atzo iritsi zirela Guardia Nazionaleko kideak Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugara. Joan den ostegunean adierazi zuen migratzaileen sarrera kontrolatzeko indar militar berriko 6.000 kide bidaliko zituela. Halaber, ostiralean Ebrardek adierazi zuen prentsaurreko batean «lurralde osora» hedatuko dituztela soldadu horiek.

Ostegunean, akordio bat egin zuten Donald Trump AEBetako presidenteak eta Mexikoko Gobernuak. Zortzi eguneko negoziazioen ondoren, Mexikoren eta AEBen arteko «mugako sarrera guztiak kontrolatzera eta erregistratzera» konprometitu zen. Bi neurri horiekin, bertan behera geratu zen Trumpek maiatzaren 31n egindako mehatxua: Mexikori esan zion hango produktuei hilero %5 igoko zizkiela muga zergak baldin eta AEBetara ailegatzeko xedearekin Mexikoko mugan dauden migratzaileen kopurua jaisten ez badu.

Herenegun, baina, Ebrardek prentsaurreko bat eman zuen negoziazioaren nondik norakoak xeheago azaltzeko, eta esan zuen Mexikoko Gobernuak 45 egun dituela migratzaileen kopurua jaisteko: «Erakuts dezagun gai garela 45 egunean denon artean helburu hori lortzeko». Mexikoko presidentea ere baikor azaldu zen: «Optimista nago. Ziur nago ez dela inongo errepresaliarik egongo, ez baitiegu horretarako arrazoirik emango». Uztailean egingo duten ebaluazioan AEBek frogatzen badute Mexikok ez dituela bete eskatutako helburuak, negoziazioei helduko diete berriro ere, eta, Mexikori «hirugarren herrialde segurua» izatea exijitzeaz gain, muga zergen auzia mahai gainean jarriko lukete.

Ostiralean lortutako akordioaren nondik norako guztiak argitara eman dituztela baieztatu du Mexikoko Gobernuak, baina herenegun Trumpek nabarmendu zuen badirela jakinarazi ez dituzten zenbait alderdi. «Laster jakinaraziko dugun zerbaiten inguruko akordio bat dugu. Dena eginda dago. Dena eginda dago muga zergei eta Mexikori dagokien heinean», esan zuen Trumpek Etxe Zurian egindako agerraldi batean, zeri buruz ari zen zehaztu gabe. Ebrardek baieztapen horiek gezurtatu zituen atzo, berriz ere: «Ez dago azaldu ez dugun beste akordiorik». Baina Trumpek are gehiago xaxatu zuen Mexiko Twitter bidez, eta azaldu zuen ostiralean esan ez zuten zerbait egitera konprometitu dela Mexiko; AEBak urte askoan lortzen saiatu diren akordio bat dela aurreratu zuen Trumpek.

Aktibisten atxiloketak

Bien bitartean, gero eta gogorragoak izaten ari dira Mexikoren eta Guatemalaren arteko mugako kontrolak. Joan den asteazkenean, Pueblo Sin Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko bi kide atxilotu zituen Mexikoko Poliziak. Migratzaileen eskubideen aldeko erakunde horrek karabanei laguntzen egiten du lan, batik bat. Tapachulara eraman zituzten atxiloturik, eta leporatu zieten migratzaileak modu ilegalean leku batetik bestera eramatea, diruaren truke. Pueblo Sin Fronterasek gogor kritikatu zuen atzo prentsaurreko batean Mexikoko Gobernua: «Mexikoko Gobernuak bi kide horiek atxilotu ditu AEBetako Gobernuari garaikur moduan aurkezteko».]]>
<![CDATA[Hong Kongeko oposizioaren indar erakustaldia kalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2113/017/001/2019-06-11/hong_kongeko_oposizioaren_indar_erakustaldia_kalean.htm Tue, 11 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2113/017/001/2019-06-11/hong_kongeko_oposizioaren_indar_erakustaldia_kalean.htm
Lam irmo azaldu zen atzo egindako prentsaurrekoan: «Komunikazioarekin eta azalpenekin jarraitzen dugun bitartean oso abantaila gutxi lortuko genituzke legea kenduz gero. Gizartean kezka handitu egingo genuke, eta zatiketa handiagoa gertatuko litzateke herritarren artean». Horrez gain, nabarmendu zuen ez duela dimititzeko asmorik, eta azaldu zuen etzi elkartuko direla bigarren aldiz parlamentuan estradizioaren legean zer aldaketa egingo dituzten adosteko.

Krisi politiko betean sartu da herrialdea protesten ondorioz, 2014an demokraziaren alde egin zituzten protestekin gertatu bezala. Geng Shuang Txinako Atzerri ministroak babesa erakutsi zion atzo Lami, eta esan zuen «kanpoko indarren» ondorioz piztu direla protestak, baina ez zuen zehaztu zein indarrengatik ari zen. Erresuma Batuak 1997an itzuli zion Hong Kong Txinari, baina estatus politiko berezia onartzearen truke.]]>
<![CDATA[Mexikok Guardia Nazionala bidali du Guatemalako mugara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2019-06-08/mexikok_guardia_nazionala_bidali_du_guatemalako_mugara.htm Sat, 08 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1877/020/001/2019-06-08/mexikok_guardia_nazionala_bidali_du_guatemalako_mugara.htm
Iazko urrian handitu zen AEBetara igaro nahi zuten migratzaileen kopurua, baina, oraingo honetan ere, migratzaile taldea gero eta indartsuagoa izaten ari da. Asteazkenean bertan, AEBetara ailegatu nahi zuen 420 migratzaileren karabana bat oztopatu zuen Mexikoko Poliziak. Egun berean, Mexikoko Gobernuak adierazi zuen ustez migratzaileekin trafikatzen zuten 26 lagunen kontu korronteak izoztu zituela. Egun hartan, 300 lagun inguru igaro ziren Mexikora Guatemalatik, eta Tapachularaino iristea zuten helburu. Guatemalako mugatik 40 kilometro eskasera dago Tapachula, baina iritsi baino lehen oztopatu zieten bidea poliziek, hogei kilometrora.

AEBetako mugara ailegatu diren paperik gabekoen gorakada etengabekoa da: datu ofizialen arabera, maiatzean 144.000 migratzaile baino gehiago atxilotu zituen mugan AEBetako mugako Poliziak; azken hamahiru urteotako kopururik handiena izan da hori, eta apirileko datuekin alderatuz gero, %32koa izan da igoera. Atxiloketa horiez gain, Mexikon 20.000 lagun baino gehiago hartu dituzte preso.

Zifra horiek kezkagarriak dira Trumpentzat, eta horregatik erabaki du Mexikoko Gobernua ahalik eta gehien estutzea. Muga zergen mehatxuaz gain, bi eskakizun egin dizkio AEBetako presidenteak Mexikori: batetik, asiloa duten pertsona gehiago hartzea herrialdean, eta, bestetik, «hirugarren herrialde segurua» izatea. Hirugarren herrialde segurua izatearen baldintza onartuko balu Lopez Obradorrek, AEBetan asiloa eskatutako errefuxiatuek Mexikon babes bera jasotzeko eskubidea izango lukete, eta, beraz, AEBek Mexikora bidali ahalko lituzkete errefuxiatu horiek mugara ailegatzean.

Lopez Obradorrek ezezko borobila eman die bi eskaera horiei, baina onartu du erabaki «zorrotzak» hartu beharko dituela muga zergen mehatxuari aurre egin ahal izateko.

Akordiorik gabeko bilerak

Egutegiari begira dago Mexikoko presidentea, datorren astelehenetik aurrera jarri nahi baititu Trumpek indarrean muga zergak. Herenegun bildu zen Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroa Mike Pence AEBetako presidenteordearekin eta Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariarekin, Etxe Zurian, baina ez zuten akordiorik lortu. Atzo, berriz, Lopez Obradorrek AEBei erantzun zien prentsaurreko batean, esanez dagoeneko migrazioaren auziari aurre egiteko lanean ari direla, eta «baikor» agertu zen muga zergen inguruan: «Kontzientzia oso garbi daukagu: gure ardurak betetzen ari gara. AEBei lagundu nahi diegu giza eskubideak urratu gabe eta muturreko irtenbideak erabili gabe». Esan zuen uste duela astelehena baino lehen lortuko dutela AEBekin akordio bat egitea. Gehitu zuen Guardia Nazionala ez dela migratzaileak kontrolatzeko soilik, baizik eta «herrialde osorako segurtasunezko plan nazional bat» dela martxan jarritakoa.]]>
<![CDATA[Mugarri gogoangarria]]> https://www.berria.eus/albisteak/167357/mugarri_gogoangarria.htm Thu, 06 Jun 2019 07:03:31 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/albisteak/167357/mugarri_gogoangarria.htm <![CDATA[Torrak premiazko bilera bat eskatu dio Sanchezi, «errepresioaz» aritzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/014/001/2019-06-06/torrak_premiazko_bilera_bat_eskatu_dio_sanchezi_errepresioaz_aritzeko.htm Thu, 06 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1877/014/001/2019-06-06/torrak_premiazko_bilera_bat_eskatu_dio_sanchezi_errepresioaz_aritzeko.htm
«Fiskaltzak esan berri digu erakunde kriminal bat garela; 70 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatu ditu gure kideentzat; erbestean dugu jendea; errepresioa etengabekoa da. Hau guztia konpondu beharra dago». Kataluniako auziari buruzko epaiketan fiskaltzak ondorioak aurkeztu eta hurrengo egunean egin zituen Torrak deklarazio horiek, TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Horretaz mintzatzeko baliatu nahi du Sanchezi eskatu dion bilera.

Izan ere, herenegun U-1aren epaiketaren ondorioen berri ematean, Javier Zaragoza fiskalak gogor egin zuen akusatuen kontra, eta esan zuen Katalunian «batez ere 2017ko irailean eta urrian gertatu zena estatu kolpe bat» izan zela. Zaragozak argudiatu zuen akusatuta dauden buruzagi katalan independentistek zera nahi zutela, «beharrezkoa zenean indarkeria erabiliz konstituzioa hautsi». Torrak kritika argia egin zion fiskaltzari, esanez «oso larriak» direla egindako akusazioak eta Katalunian ez zela estatu kolperik izan.

Kataluniako presidentea, baina, ez dago prest egonean egoteko, eta adierazi zuen sententziari erantzun bateratua emateko asmoa duela. Horretarako, autodeterminazioaren aldeko hainbat eragile politiko, sozial eta ekonomikorekin biltzekoa da Torra. ANCrekin eta Omniumekin batzartu zen atzo.

NBEren esanari entzungor

Ideia horiek nabarmendu eta salatzeaz gain, Torrak gogora ekarri nahi dio Sanchez presidenteari NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak Espainiako Gobernuari egindako eskaera. Lantalde horrek eskatu zion Espainiako Gobernuari aske uzteko Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua eta Jordi Cuixart Omniumeko burua. Lantaldeak azaldu zuenaren arabera, «ez zegoen nahikoa oinarri atxiloketa prebentiborako eta epaiketarako», eta ikerketa «sakon eta independente bat» egiteko esan zion. Hala eta guztiz ere, ebazpen horiek ez dira lotesleak.

Madrilgo gobernuarekin negoziatzen hasten bada, Torrak eskatuko dio Sanchezi «kontalari» bat egon dadila, bi aldeen proposamenak modu objektiboan jasoko dituena. Gainera, prozesu subiranistaren aurkako zigor epaia gauzatuz gero, Kataluniako presidenteak uste du «printzipio demokratikoetan eta autodeterminaziorako eskubidean oinarritutako erantzun bat» eman beharko zaiola. Uste du azken urteotan independentismoa «indarberritu» egin dela.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak ere eskatu dio Sanchezi «ausardia» izateko, eta «irtenbide demokratikoko proposamen bat» egiteko Kataluniako auziari. Atzo Gernika-Lumora (Bizkaia) egindako bisitan egin zituen Torrentek deklarazio horiek.]]>
<![CDATA[Sinbolikoa, eta ez mamitsua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2019-06-05/sinbolikoa_eta_ez_mamitsua.htm Wed, 05 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2019-06-05/sinbolikoa_eta_ez_mamitsua.htm
Goizean goizetik nagusitu zen protesta giroa Erresuma Batuko hiriburuan. Aktibistek 09:00etarako puztu zuten parlamentuko plazan Baby Trump (Trump umetxoa) izeneko globo erraldoia, Trafalgar plazan antolatutako manifestazioa hasi baino ordubete lehenago. Jeremy Corbyn buruzagi laborista ere batu zen protestetara, eta babesa adierazi zion Londresko alkate Sadiq Khani, Trumpek herenegun hari egindako irainen harira. Khanek erantzun zion Trumpi, esanez «eskuin muturreko posterretako mutikoa» dela Trump.

May eta Trump AEBetako eta Erresuma Batuko hamar enpresari eta politikarirekin bildu ziren. «Lotura komertzialak estutzea» zen bilera horren xede nagusia, eta brexit-aren osteko merkataritza akordioa izan zuten hizpide. Trumpek merkataritza libreko aldebiko akordio bat defendatu zuen. Gainera, aurreko astelehenean, AEBetako presidenteak Twitterren argitaratu zuen akordio komertzial handi bat posible izango dela Erresuma Batua «Europako Batasunaren kateetatik askatzen denean». Erresuma Batuari esan zion akordiorik egin gabe uzteko Europako Batasuna, eta AEBen alde jartzeko.

Gai horretaz gain, Huawei eta AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren inguruan hitz egin zuten. Bestalde, Mayk esan zuen Erresuma Batuak Irango akordio nuklearrarekin jarraituko duela, baita klima aldaketaren aurkako borrokan ere —bi akordio horietatik atera da Trump bere agintaldian—.

Datarik gabeko akordioa

Trumpek eta Mayk agerraldia egin zuten bileraren ostean, Downing Street-eko atarian. Mayk bi herrialdeen arteko lotura nabarmendu zuen : «Elkarlanean jarraituko dugu ekonomia globala moldatzeko, eta arauetan eta instituzioetan eragiteko, merkatuak libreak, justuak eta irekiak izan daitezen». Trumpek esan zuen uste duela «funtsezkoa» izango dela egingo duten akordio komertziala: «Ez dakit zehazki noiz egingo dugun, baina egin dezagun akordio hori».]]>
<![CDATA[Errepide bazterreko heriotza isilduak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/016/001/2019-06-04/errepide_bazterreko_heriotza_isilduak.htm Tue, 04 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1966/016/001/2019-06-04/errepide_bazterreko_heriotza_isilduak.htm
1994ko ekaineko arratsalde eguzkitsu batean hil zuten. Poliziak ez du kasua argitu. Kanadan hil dituzten emakume indigenetako beste bat da Ramona. Gobernuko batzorde batek ondorioztatu berri du «genozidioa» izan direla emakume indigenek 1980ko hamarkadaz geroztik pairatutako hilketak eta desagerrarazteak.

Neska gaztearen familiak eta lagunek urtero egiten dute haren aldeko martxa bat errepidean: «Ramonarengandik gertuago sentitzen gara mundua utzi baino lehen egin zuen azken bidea eginda», dio amak Ramonaren eta beste hainbat neska indigenaren desagerpena kontatzen duen Finding Dawn dokumentalean.

Highway Of Tears (Malkoen Autobidea) izenez da ezaguna Ramona azkenekoz ikusi zuten errepide zati hori. Prince Rupert eta Prince George herriak elkartzen ditu, eta inguruko herrietara iristeko derrigorrean hartu beharreko 700 kilometroko errepidea da. Eskualde txiroa da, bakartua, apenas dagoen garraio publikorik, eta, biztanle askok ez dutenez garraiobide propiorik, auto-stop egin ohi dute sarri lanera, eskolara, medikuarengana eta janaria erostera joan ahal izateko. Hainbat eta hainbat emakume desagertu edota hil dituzte errepide horretan 1970ean inauguratu zutenetik. Oro har, emakume gazteak izan dira biktimak, eta gehienek beste ezaugarri komun bat ere badute: indigenak dira —2016ko erroldaren arabera, Kanadako biztanleriaren %5 dira indigenak, hau da, 1,7 milioi inguru—.

Kopurua, eztabaidagai

Eztabaida handia dago hildako emakumeen kopuruari dagokionez. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Columbia Britaniarrean gertatu dira emakume indigenen heriotza gehienak. Hainbat elkarte indigenak salatu dute datu ofizialek adierazten duten baino biktima gehiago izan direla, eta horren atzean arrazoi sozioekonomikoak daudela. Beste batzuek arrazismoari egotzi diote ikerketa falta, baita indigenei buruzko informazio gabezia ere.]]>
<![CDATA[Flandriako eskuin muturraren makillajea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2017/014/001/2019-06-01/flandriako_eskuin_muturraren_makillajea.htm Sat, 01 Jun 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2017/014/001/2019-06-01/flandriako_eskuin_muturraren_makillajea.htm
Pasty Vatlet da alderdia Europako Parlamentuan ordezkatuko zuen emakumezkoa, eta Lut Defroche-Degroote, aldiz, Flandriako parlamentuan ordezkatuko zuena. Aulkiak hartu baino lehenago aurkeztu dute biek dimisioa. Vatlet alderdiko altxorzaina da, eta ezin da diputatu izan. Horrek esan nahi du haren hautagaitza ez zela erreala. Deforche-Degrootek adierazi du hasieratik adostu zuela alderdiarekin haren aulkia gizonezko batek hartzea.

Belgikako Emakume Frankofonoen Kontseiluak gogor kritikatu du alderdiaren erabakia: «Fidel eusten dio konstituzioaren, belgikarren eta demokraziaren aurkako DNAri; etengabekoa da emakumearen kontra duen obsesioa eta homofobia».

Joan den igandean Belgikan egindako boz federalek Flandriaren eta Valoniaren arteko arrakala handitu zuten. N-VA nazionalista flandriarrak lortu zuen diputatu gehien, eta bigarren postuan geratu zen Valoniako PS Alderdi Sozialista —25 eta hogei aulki, hurrenez hurren—. Vlaams Belangek, berriz, sorpresa eman zuen: hemezortzi ordezkari lortu zituen, eta hirugarren indarra da.

Arrakala horren ondorioz, egun asko beharko dituzte gobernua osatzeko. Flandriakoak eta Valoniakoak ados jarriko beharko dute, baina Vlaams Belang baztertu egin ohi dute alderdiek. 2010eko boz federaletan 541 egun igaro ziren Belgikan gobernua osatu zuten arte, eta inoiz izan den negoziaziorik luzeena izan zen.]]>
<![CDATA[JxCk ez du izango talde parlamentariorik Espainiako Kongresuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2361/014/001/2019-05-31/jxck_ez_du_izango_talde_parlamentariorik_espainiako_kongresuan.htm Fri, 31 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2361/014/001/2019-05-31/jxck_ez_du_izango_talde_parlamentariorik_espainiako_kongresuan.htm
Oriol Junqueras ere ERC Esquerra Republicanaren talde parlamentariotik at gelditu da, alderdiaren taldeak Espainiako Kongresuan jarraituko duen arren. Junquerasek argi utzi izan du haren helburua dela eurodiputatu izatea, baina halere esan du Kongresuko Mahaiak diputatu izateko galarazpena berriz pentsatzea espero zuela.

Bestalde, eurodiputatuek gero eta arazo handiagoak dituzte Europako Parlamentuko behin-behineko akreditazioa lortzeko. Herenegun, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuari eta Toni Comin kontseilari ohiari parlamentura sartzea galarazi zieten, eta gainerako eurodiputatuek ez zuten horretarako arazorik izan. Atzo, aldiz, Espainiako Estatuko parlamentari guztiei kendu zieten parlamentura sartzeko akreditazioa. Antonio Tajani parlamentuko presidenteak hartu zuen erabakia, «beste kide espainiarrei tratu justu eta berdina» bermatzeko.

Torrent eta Urkullu, bilduta

Datorren asteartean, ekainaren 4an, bilduko dira Ajuriaenean Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria.]]>
<![CDATA[Puigdemonti eta Comini ez diete sartzen utzi Europako Parlamentuan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2339/017/001/2019-05-30/puigdemonti_eta_comini_ez_diete_sartzen_utzi_europako_parlamentuan.htm Thu, 30 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/2339/017/001/2019-05-30/puigdemonti_eta_comini_ez_diete_sartzen_utzi_europako_parlamentuan.htm
Parlamentuak esan du eurodiputatu akta ez dutenei sartzen ez uzteko eskubidea duela. Puigdemontek, bere aldetik, adierazi du Europako Parlamentuko idazkari nagusiaren erabakia izan dela Kataluniako bi politikariei sartzen ez uztea.

Hori ez da izan, ordea, Kataluniako auziari lotuta atzo izandako gertaera bakarra nazioartean. Izan ere, NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak eskatu dio Espainiako Gobernuari aske uzteko Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Oriol Junqueras presidenteorde kargugabetua eta Jordi Cuixart Omniumeko burua. Lantalde horrek aurkeztutako txostenean azaldu du «arbitrarioa» dela preso horien espetxeratzea. Gainera, txostenak jasotzen du kalte-ordainak jaso beharko lituzketela hiru espetxeratuek. Lantaldearen arabera, datuak aztertu ostean «ez zegoen nahikoa oinarri atxiloketa prebentiborako eta epaiketarako». Halere, ebazpenak ez dira lotesleak. Hain zuzen, NBEk adierazpen hori egin du fiskaltzak auzipetuei matxinada leporatuko diela berretsi duen egun berberean.

Bestalde, Kongresuak lau diputaturekin egin bezala, Senatuak kargua eten dio Raul Romeva ERCko senatariari, behin-behineko espetxealdian dagoelako matxinada delituaz auzipetuta.]]>
<![CDATA[«Hizkuntza izugarria nuen, baina ez nuen ezer esateko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2019-05-30/hizkuntza_izugarria_nuen_baina_ez_nuen_ezer_esateko.htm Thu, 30 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2019-05-30/hizkuntza_izugarria_nuen_baina_ez_nuen_ezer_esateko.htm Kostako bidetik obra aurkeztu du Tolosako Aranburu jauregian (Gipuzkoa), eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Esan izan duzu buztina arte garaikidean erabiltzen ez jakitea hizkuntza bat jakin eta erabiltzen ez jakitea bezalakoa dela. Zer esan nahi duzu?

Egonezin bat nuen, ardura bat, kezka bat. Hizkuntza izugarria nuen, baina ez nuen ezer esateko. Eta horrek errudun sentiarazten ninduen. Buztinarekin, modelatzen, edozer egin dezaket, txikienetik hasi eta handieneraino.

Beldurra zenion arte garaikidean lanean hasteari?

Harrokeriagatik izan zen. Arte garaikideari nion ezjakintasunagatik muzin egin nien gauza askori. Ezjakintasuna zen guztiaren arrazoia.

Baina, era berean, buztina beti izan da zure hizkuntza.

Bai, haurtzarotik izan dut harremana buztinarekin. Beti sentitu naiz oso ondo, erlaxatua, ez dut beldurrik izan.

Giza gorputzarekin ere alderatu izan duzu material hori.

Lan figuratiboak egiten direnean, antzekotasun handiak dituzte: hezetasuna, izerdia, begirada... Horren inguruan mitologia asko dago. Erlijio askok dute jainkoaren eta gizakiaren arteko sorkuntza hori buztinaren bidetik zehaztuta.

Ez zara, beraz, alderaketa hori egin duen bakarra.

Ez, baina beti sentitu dut hala dela. Azken finean, zerbait figuratiboa egiten duzunean, gorputza hartzen du. Koloreak ere zerikusi handia du horretan; poliki-poliki sortzen duzu bizia hartzen duen zerbait.

Tailerrean egin dituzu lan horiek?

Beti ibili naiz tailerrean enkarguak egiten, baina ez arte garaikidearen munduan, baizik eta beste bide paralelo batetik: panpinak eta enkarguak egiten. Sasi-bide bat eginez artearen munduan, baina arte garaikidean busti gabe. Beti underground.

Zergatik diozu ikuslea baztertu egiten zenuela obra horietan?

Ez niolako ezertarako aukerarik ematen ikusleari. Modu horretan ematen diozun aukera bakarra da «ze polita», «zeinen ongi dagoen» eta halakoak esatea.

Eta orain, zein da aldaketa?

Jauzi asko daude. Baina ikuslearena zalantzazkoa da, zeren asko eskatzen baitiozu. Pentsamenduak misterio bihurtzeko aukera dauka, obraren inguruan oinez ari den bitartean bere imajinazioan murgil daiteke. Irakurketa ez dago itxia, erdizka irekia baizik. Ate bat irekita dute: ibili, eskua sartu, mugitu, paisaia batetik bestera joan... Gauza asko egin ditzakete.

Jaizkibel izan da zure inspirazioaren iturria. Zer aldetik?

Superportuaren proiektua abian jarri zutenean, zenbait mendi martxatan parte hartu nuen, eta hainbat paisaia aurkitu nituen. Plastikoki, Jaizkibelek eskaintzen zizkidan pizgarri pilo bat, estimulu moduan. Egin nuen masterrean bazegoen naturarekin harremana zuen irakasgai bat, eta gaur egun, arte garaikidean, bada naturarekin harremana duen esparru oso handi bat. Iruditu zitzaidan bide hori hartzea egokia izan zitekeela niretzat.

Jaizkibelen bertan egin dituzu lanak, ala tailerrera itzultzen zinen?

Artista batzuk mendiz mendi ibiltzen dira, eta han bertan sortzen dute lana. Beste batzuek oso gauza efimeroak egiten dituzte, eta hor bertan utzi. Eta beste batzuek lekua inbaditu, eta hor uzten dute obra. Niri ez zitzaidan hori interesatzen. Nik egin dudana zera da, mendian ibili, sentsazio batzuk bizi, marraztu, soinuak grabatu, marrazkiak egin... Eta, gero, tailerrean gogoetatu eta han bertan sortu ditut lanak.

Justifikazio ideologikoa gehitu diozu gai horri tiraka.

Paisaia baten aldarria, paisaia bati errespetua izatea. Proposamen suntsitzaile bat egon zen, eta amorrua sentitzen nuen horrekin.

Jaizkibelera itzuliko zara?

Bai. Oraingo lan hau sakondu egin nahi dut, hobetu. Beste testura batzuk erabili nahi ditut.]]>
<![CDATA[Larruaren muga zeharkatuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/030/001/2019-05-29/larruaren_muga_zeharkatuz.htm Wed, 29 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1910/030/001/2019-05-29/larruaren_muga_zeharkatuz.htm Mugetatik haratago proiektuaren barruan egindako kanpaldiak, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatuak, Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiolako Santutegian. Edur Mintegi Alboan-eko komunikazio arduradunaren esanetan, kanpaldiaren helburua da «neska-mutilek migratzaile edo errefuxiatu batek pairatzen duena sentitu ahal izatea, nolabait migratzaile eta errefuxiatuen azalean jartzea».

Kanpaldiaren egun bakoitzerako ekintza eta tailer ugari antolatu dituzte arduradunek: lehenengo egunean, batik bat ingurua ezagutzeko aukera dute ikasleek; hau da, begiraleek Loiolako Santutegia eta aterpetxea erakusten dizkiete. Bigarren egunean, bizipen tailerrak egiten dituzte batik bat. Hasteko, «ihesaldia» egiten dute: ikasleek euren arropa eta gauzak plastikozko poltsatan sartu behar dituzte, eta, horiek hartuta, euren jaioterria uzteko momentua antzezten dute, migratzaileak balira bezala. Santutegiko katakonbara ailegatzen dira gero: han, txoko ilunetan barrena, begiraleek azaltzen diete zeintzuk diren migratzaileek mugak zeharkatzeko lortu beharreko dokumentuak, ginkana baten bidez, eta dokumentu horiek lortzeko izaten dituzten zailtasunez jabetzen dira gazteak. Egun bereko iluntzean, hesi bat zeharkatu behar izaten dute, begiraleek poliziaz mozorrotuta sortzen dizkieten eragozpenak tarteko. Hirugarren eguna, berriz, hausnarketarako garaia da: ikasleek gogoeta egiten dute ekintzen eta tailerren bidez ikasitakoaren inguruan.


Testigantzak. Bi migratzaileren bizipenak entzuteko aukera dute ikasleek. / BERRIA

Mintegik azaldu du orain dela bi ikasturte jarri zutela martxan Loiolako kanpaldia, eta orain arte 2.400 ikasle inguruk hartu dutela parte: 28 ikastetxetako ikasleak joan dira. Adierazi duenaren arabera, Alboan garapenerako erakunde bat da, Jesusen Lagundiak sortu eta bultzatutakoa. Esan du erakundeak hainbat lan ildo dituela, eta horietako baten harira sortu zutela Mugetatik haratago proiektua: kulturartekotasunaren harira.


Otordua. Otordu bat sardexkarik gabe egiten dute. JON URBE / FOKU

2017ko irailean jaio zen proiektua, eta Mintegik azaldu du hiru atalez osatuta dagoela: «Lehen atala irakasleen prestakuntza da; irakasleak trebatzen ditugu babesaren eta migrazioaren inguruan, gero ikasleei azaltzeko gai izan daitezen». Bigarren atala da Loiolako Santutegian lantzen dutena: «Bizipen tailerrak dira; etxetik atera eta dena atzean utzi dutenek bizitakoa erreproduzitzen saiatzen gara: nola joaten diren mugaz muga, herrialdez herrialde, zer zailtasun dituzten, zer-nolako tratua jasotzen duten, umiliazioa... Eta hirugarren atala da hezkuntza komunitatearekin egiten den egitasmoa». Azken atal hori kanpaldia amaitu eta gero abiatzen dute eskolek eta erakundeak: «Saiatzen gara inplikatzen irakasleak, ikasleak, baita gurasoak ere. Komunitate osoa hartzen dugu kontuan horretarako. Hitzaldiak antolatzen dituzte eskolan; ikasleek lan egiten dute ikasgeletara itzuli ostean: idazkiak, erakusketak eta halakoak egiten dituzte».


Katakonba. Ikasleak santutegiko katakonban barrena ibiltzen dira ekintza batean. JON URBE / FOKU

Proiektu horren hasieratik lanean aritu den langileetako bat da Saskia Navarro Loiolako esperientziako koordinatzailea. Adierazi du hasieratik izan dutela argi kanpaldian egindako ariketek eta tailerrek bizipenak izan behar zutela: «Pentsatu genuen bizipenen bidez egin nahi genuela, aktiboa izan behar zuela, dinamikoa, eta sentimenduek ere agertu behar zutela». Navarrok azaldu duenaren arabera, ekintzak taldearen arabera moldatzen dituzte, talde handiagoekin «motelagoak» izaten baitira ariketak, eta talde txikiagoekin, aldiz, «azkarragoak». Normalean, 50 ikasle inguru hartzen ditu kanpaldiak txanda bakoitzean, batez beste.


Mugak. Etorkinek mugan izaten dituzten oztopoak ezagutzen dituzte. JON URBE / FOKU

Navarrok nabarmendu du egonaldiak irauten duen hiru egunetan aldaketak «nabariak» direla ikasleengan: «Egunek aurrera egin ahala, batez ere hirugarren eta azken egunean, gehienek esaten dute oso ongi pasatu dutela, asko ikasi dutela, zeren errealitate hori telebistan ikusi baitute soilik, eta entzun dute horri buruzko zerbait, baina ez dituzte berriak ikusten, eta egunkaria ez dute irakurtzen. Hemen ikusten dute errealitate handiagoa dela, sakonagoa, eta ezberdina dela etorkin bakoitzaren istorioa».


Kanpalekua. Kanpalekuan etzanda. JON URBE / FOKU

Telebistatik errealitatera

Migratzaileen eta errefuxiatuen berri telebistaren bidez izan duen horietako bat da Mikel Roman Bilboko Errekalde auzoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikaslea: «Hona etortzea gomendatzen diet beste haurrei. Zeren hemen ikusten baituzu errealitatea, eta agian telebistan ikusita ez zara haien azalean jartzen. Hemen haien sentimenduak ulertzen dituzu». Ane Rodrigez ikastetxe bereko ikasleak ere kanpalekuen balorazio positiboa egin du: «Errealitatean askoz gogorragoa da, baina gai honi buruz pentsatzeko modu ona da halako ekintzak egitea». Gainera, argitu dute ikastetxe horretan beste herrialde batzuetatik etortzen diren ikaskideak dituztela, eta nolako harrera egiten dieten azaldu du Irati Aldamak: «Lehenengo, haiengana hurbiltzen gara, eta elkarrizketa moduko bat egiten diegu. Gurekin jolasteko esaten diegu». Romanek jarraitu du: «Galdetzen diegu nolako jolasak egiten dituzten. Haiekin hitz egiten dugu, eta esaten digute zer egiten zuten hona etorri baino lehen; oso interesgarria da».


Kontrolak. Dokumentazioa erakutsi behar dute kanpalekuan sartzeko. JON URBE / FOKU

Sonia Vivanco Sagrado Corazon ikastetxeko irakasleak adierazi du eskolan «aspaldi» jarri zutela martxan kulturartekotasunari buruzko proiektu bat: «Bake txokoa deituriko proiektu bat dugu gure eskolan. Ikasleek boluntario moduan parte hartzen dute ekintzetan. Eta, ekintza horietan, eskolako irakasleekin ez ezik, Alboan erakundekoekin ere aritu gara proiektuak gauzatzen». Azaldu du iaz joan zirela kanpaldira beste talde batekin lehenengo aldiz, eta errepikatzea erabaki zutela: «Esperientzia polita izan zen, oso berezia. Nik uste dut benetan merezi duela hona etortzea, asko ikasten da eta».


Arroza. Arroz zuria jaten dute behin bazkaltzeko. JON URBE / FOKU]]>
<![CDATA[Galiziako kresalaren zaporea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2019-05-25/galiziako_kresalaren_zaporea.htm Sat, 25 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2019-05-25/galiziako_kresalaren_zaporea.htm MarisGalicia irakur daiteke txangurru baten irudia duen kartelean. Musika aditzen da: galizieraz kantatzen dute kutsu folklorikoa duen abesti batean. Karpara sartzean, are biziagoa da kresal usaina, itsaskiak kozinatzen ari baitira barruan. Marisgaliciak Itsaski Azoka antolatu du, eta ekainaren 16ra arte egongo da Hernanin. Euskal Herrian antolatu duen zazpigarren aldia da aurtengoa, baina lehenengo aldiz jarri dute karpa Galarretan; orain arte, Anoetan (Gipuzkoa) eta Donostian antolatu izan dute.

Manuel Gomez azokako koordinatzailea azken orduko xehetasunak fintzen ari da, karpan aurrera eta atzera. Bisitariei ematen dizkien gomendioak aipatu ditu: «Nik beti esaten diet zer jan erabaki aurretik azokan buelta bat emateko, zer produktu dauden ikusteko eta horren arabera erabakitzeko zer jango duten». Oro har, esan du Euskal Herrian jende andana hurbiltzen dela azokara, eta «oso pozik» daudela izaten duen harrerarekin: «Askok otsailean galdetu zidaten aurten noiz etorriko ginen!». Produkturik arrakastatsuena zein den galdetzean, bi aldiz pentsatu behar izan du: «Esango nuke itsaskiak plantxan dela jendeak atsegin handienez jaten duena. Zaila izaten da momentuan bertan plantxan egiten diren itsaskiak aurkitzea. Gainera, sei plantxa handi ditugu horretarako, eta bezeroek aukeratu dezake zein itsaski jan nahi duen». Izan ere, hiru arrainontzi handi daude sukaldearen aurrean.

Jose Mari Lizarbe da azokako produktuak dastatzera joan den bisitarietako bat. Adierazi du lehen aldiz joan dela azokara: «Jakin-mina nuen, eta horregatik etorri naiz. Behin baino gehiagotan irakurri dut azoka honen inguruan egunkarian». Barrez azaldu du «lehen eguna dela aprobetxatuz» joan dela bazkaltzera, eta aurretik egona dela antzeko azoketan. Lanpernak jatea erabaki du, eta ardo zuria aukeratu du janaria bultzatzeko: «Oso ederra dago dena».

Lizarbek aukeratu duena azokak eskaintzen duen aukera bat baino ez da. Hainbat postu daude, eta bakoitzak produktu bat prestatzen du: itsaskiekin egindako arroza, enpanadak, egunean bertan egindako artisau ogia, eta, nola ez, Galizian eta Euskal Herrian horren ezaguna den olagarroa.

Etxeko sekretuak, sekretu

«Ez du inongo sekreturik. Garrantzitsuena da olagarroa kalitate onekoa izatea, eta behar bezala egostea: ez gehiegi, ezta gutxiegi ere». Hala esan du Alberto Rivera sukaldariak. O Carballiño (Galizia) herrikoa da, eta azaldu du haren familia betidanik aritu dela olagarroa kozinatzen: «Ni familiako bosgarren belaunaldikoa naiz». Esan du asko aldatu direla familian olagarroa egiteko ohiturak: «Nire aitona-amonek kontatzen ziguten lehen ez zutela edukiontzirik, eta olagarroa zapian edota txapelan biltzen zutela». Osagaiak ere aldatu dira, Riveraren hitzetan: «Gaur egun, patata eta piperrautsarekin jaten da olagarroa, baina, tradizionalki, gatza baino ez zitzaion botatzen».

Itsaskien Azoka hiru astez egongo da Hernanin, eta asteburuan jende asko etortzea espero dute antolatzaileek: «Gaur, egia esan, uste baino jende gehiago etorri da bazkaltzera. Halere, asteburutan etortzen da jende gehien; familia asko hurbiltzen dira, seme-alabekin», azaldu du Gomezek. Itsaskiak familiako kide guztien gustukoak direla esan du koordinatzaileak: «Txikiek ere oso gustura jaten dituzte lanpernak!».]]>
<![CDATA[Bertako bizia (des)agerraraziz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/046/001/2019-05-18/bertako_bizia_desagerraraziz.htm Sat, 18 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1909/046/001/2019-05-18/bertako_bizia_desagerraraziz.htm
«Ohartu gara hegaztien migrazio ohiturak aldatu egin direla azken urteotan. Normalean, oso zehatzak izaten dira hegaztiak, baina ez dakigu klima aldaketaren ondorioz edo zergatik den, baina aldatzen ari dira». Edorta Unamuno ornitologo eta Urdaibaiko (Bizkaia) Bird Center zentroko teknikariaren hitzak dira. Unamunok azaldu du, esaterako, enarak eta sorbeltzak «normalean baino lehenago» ailegatu direla aurten erreserbara, baita miru beltzak ere: «Aurten, miru beltzak martxoan iritsi dira, eta normalean apirilean etorri ohi dira». Nabarmendu du zaila dela jakitea zeren ondorio diren aldaketa horiek, baina argi du ez dutela «gauza onik ekartzen».


Edorta Unamuno ornitologoa hegaztiak behatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Haatik, migrazio ohiturak ez dira zentroko behatzaileek antzeman duten aldaketa bakarra; urteak dira zenbait hegazti ikusi ere egiten ez dituztela: «Hegaztiei egiten dizkiegun jarraipenei esker ohartu gara pare bat espezie desagertu egin direla. Espezie bereziak dira, baina guretzat oso garrantzitsuak. Horietako bat da zingira berdantza». Unamunok azaldu du txori hori padura inguruetan bizi ohi dela, kostaldean, eta azkena 2004. urtean ikusi zutela Urdaibain: «Orduz geroztik, bilatzen saiatu gara, baina ez dugu aurkitu. Beste ornitologo batzuek esan digute populazioa izugarri ari dela jaisten penintsula osoan. Arazo handiak ditu habia egiteko, marea arteko guneetan egiten baitu, eta abeltzainek leku horiek okupatu dituzte».

Arrazoi ugari egon daitezke espezie bat galtzearen atzean, Unamunoren aburuz, eta adierazi du zaila dela kausa nagusia identifikatzea. Halere, gizakiari egotzi dio errua, neurri handi batean: «Batez ere, habitataren galerak eragiten die gehien hegaztiei. Hegaztiek habitat egoki bat behar dute, eta guk habitat hori deuseztatzen badugu, larri ibiliko gara». Zenbait espezie galdu ez, baina galtzeko arriskuan daudela ohartarazi du ornitologoak: «Usapal arrunta Bizkaitik ugaltzaile moduan desagertu egin da. Usapal turkiarra dugu orain haren ordez». Kasu horretan ere, gizakiaren esku hartzea jartzen du arazo horren atzean: «Lehen milaka pasatzen ziren, eta gaur egun ehizatzeko espezie bat da. Ehizak ere kalte egiten dio; onurarik ez, behintzat».


Klima aldaketara egokitu behar dira landareak. ANDONI CANELLADA / FOKU

Enrique Castien Nafarroako Gobernuko espezieen eta habitaten departamentuko buruak uste du paisaiaren aldaketak ere eragin zuzena duela. «Zenbait aldaketa naturalak dira, animaliak mugitu egiten baitira. Baina normalena da espezieak paisaiaren arabera aldatzea». Castienek azaldu du oso aldaketa «gogorrak» gertatu direla azken 50 urteotan, eta gizakiak lurraren ustiapenean egindako ohitura aldaketen ondorioz gertatu direla, batik bat: «Ardi eta ahuntz gutxiago daude; ez dute lehen bezala bazkatzen. Azienda horrek lurra mantendu eta ongarritu egiten zuen».

Nafarroaren kasuan, hegoaldean zereala ekoizteko modua aldatu izanak lurzoruan «izugarrizko aldaketa» eragin duela azpimarratu du Castienek: «Nekazaritza estentsiboa egiten da orain; lursailen kontzentrazioa, lurzorua birrintzea... Aldaketa horiek guztiek ekarri dute paisaia guztiz eraldatzea, eta hori, azken finean, faunan islatzen da: esaterako, orkatza eta basurdea basoko animaliak dira izatez, eta kopuruek nabarmen egin dute gora».


300 hegazti espezie ikus daitezke urtean Urdaibaiko erreserban. BIRD CENTER

Lurra lehen baino gutxiago lantzearen ondorioz, gero eta baso gehiago daudela azaldu du Castienek, baina baso horiek oso gazteak direla dio, eta, horregatik, oraindik ere zenbait espezie ez daudela kopuru handitan: «Basoa oso gaztea da, eta hori da orain arte egon den esplotazio handiaren ondorio zuzena. Hori dela eta, ez dago zuhaitz zaharrik, eta zuhaitz zaharretara jotzen duten animaliak ez dira ohikoak: saguzarrak, okilak, zenbait intsektu...». Basoez gain, estepetako eta zereala ekoizten den guneetako fauna galtzen ari dela dio, hala nola basoiloak eta gangak: «Galtzen ari dira ez direlako bateragarriak egun dugun ingurumen ustiapen sistemarekin».

Monitorizazio falta

Antxon Gomez Gipuzkoako Basozainen Elkarteko kidea ere ohartu da basoan gertatu diren aldaketez: «Lehen ikustea arraroak ziren zenbait espezie ikus daitezke gaur egun, eta beste batzuk, aldiz, desagertzen ari dira, atzeraka doaz». Okil beltzaren adibidea jarri du Gomezek. Azaldu du orain dela zenbait urte oso okil beltz gutxi ikusten zirela, baina egun hedatzen ari den espeziea dela: «Lehen, Nafarroako eta Arabako mugan baino ez zen ikusten. Eta orain zabaltzen ari da, neurri batean, pinuen gaitzaren ondorioz janari asko duelako». Okil beltzaz gain, arrano txikia eta miru gorria dezente hedatu direla azaldu du basozainak.


Txolarrea desagertu egin da Ingalaterran. / BIRD CENTER


Zingira berdantza desagertua da Euskal Herrian. / BIRD CENTER

Hogei urte baino gehiago dira Gomez basozain lanean hasi zela, eta, dioenez, hasiera hartatik gaur egunera arte ikusi ditu zenbait espezie galtzen: «Lanean hasi nintzenean, mirotz nabarra motako azken bikotea gelditzen zen Pagoetan [Gipuzkoa], eta desagertu egin zen. Mirotz urdina arruntagoa da, eta, gaur egun guztiz desagertu ez den arren, askoz ere gutxiago ikusten dira».

Gomezek ere, Unamunok eta Castienek bezala, adierazi du ez dakiela benetan zergatik izan diren aldaketa horiek ingurumenean, baina aurrekoek aipatu ez duten arrazoi bat jarri du tarteko: animalien monitorizazio falta. «Ez dakigu egungo egoera zein den, ezta orain 30 urtekoa ere. Ezin dugu esan aurrera edo atzera goazen». Basozainak datuen eta baliabideen falta salatu du, eta «interesik eza» jarri du horien oinarritzat: «Asko hitz egiten da bioaniztasunaren galeraz, baina bioaniztasuna zaintzeko eta aurrera egiteko lehen lerroan gaude basozainak».


Migrazio ohiturak aldatu ditu miru beltzak. / BIRD CENTER


2009tik 2011ra erdira jaitsi zen enara kopurua. / BIRD CENTER

Bestalde, NBEren txostenaren arabera, urpeko animaliak eta espezieak dira kaltetuenak. Bertatik bertara bizi du hori Unai Artaloitia urpekariak. 32 urte daramatza urpekaritzaren munduan murgildurik, eta gertutik bizi izan du ekonomiak eta turismoak itsasoan izan duen eragina: «Munduan zehar urte askoan ibili gara urperatzen, eta alde handia dago. Orain dela 25 urte izan ginen lekuetara bueltatu gara, eta eskuak burura eraman ditugu iritsi orduko. Turismoak izugarrizko kalteak eragin ditu». Karibean, Itsaso Gorrian eta beste hainbat txokotan ibilia da Artaloitia, eta nabaritu du espezieak asko gutxitu direla: «Espezieak galdu egin dira. Koralak eta landareak ere suntsituta daude».


Unai Artaloitia urpekaria, urpeko ontzi batean. VILLALBA

Urrutira joan gabe, Bizkaiko uretan ere sarri ibiltzen da Artaloitia, eta horietan ere nabaritu du espezieen jaitsiera: «Itsaskiak, esaterako, ez dakit zergatik, baina orain ez da lehengo erdia ere ikusten. Nekorak, txangurruak eta halakoak... ia ez daude!». Itsaskiak ez, baina beste elementu batekin egiten du topo urpekariak uretan: plastikoarekin. «Kutsadura handia ikusten da, izugarria. Uste dut horrek asko desorekatu duela dena». Bi kutsadura mota bereizi ditu Artaloitiak: «Plastiko asko ikusten da urpean, baina badago ere ikusten ez den kutsadura, kimikoa dena: xaboiak, lixibak... Horiek uretan disolbatzen dira, eta uraren azidotasuna aldatzen dute. Hortik dator gure hondamendia». Etorkizun iluna ikusten dio Artaloitiak itsasoari: «Honek horrela jarraitzen badu, akabo gurea».]]>
<![CDATA[Ikasgelatik espazioari deika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/048/001/2019-05-18/ikasgelatik_espazioari_deika.htm Sat, 18 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1887/048/001/2019-05-18/ikasgelatik_espazioari_deika.htm
10:00etan sartu dira areto nagusira guraso, irakasle eta ikasleak. Ikusgarri dago aretoa: oihal beltz izardun bat dago atzeko paretan, espaziontzi bat zintzilik... Dena prest dago NASAko astronautari elkarrizketa egiteko.

Elkarrizketa bideratuko duen moderatzaile batek deitu behar du aurrena, Ingalaterratik. Edozein momentutan jo dezake telefonoak: «Hartuko al digute hor goitik?», galdetu du Manu Arregi fisikako irakasleak, urduri. Bitartean, saioaren nondik norakoak azaldu ditu: «Hamar minutuko proba bat egingo dugu lehenengo. Astronauta Australia parean egongo da elkarrizketaren unean, Lurretik 400 kilometrora». Gehitu du espaziontziak zazpi kilometro egiten dituela segundoko: «Ordu eta erdi baino ez du behar munduari bira emateko. Egunean, hamalau edo hamabost bira ematen dizkio munduari».

Halako batean, telefonoaren hotsa: «Kaixo, nor dago bestaldean?». Miren Kaperotxipi irakasleak erantzun du, ingelesez: «Egun on, hemen Miren. Dena prest dugu». Moderatzaileak zenbait irizpide eman ditu astronautarekin konexioa egin baino lehen: «Ikasleek ozen hitz egin beharko dute, mikrofonotik gertu». Banan-banan atera dira hogei ikasleak oholtzara, eta bakoitzak prestatua duen galdera egin du mikrofonotik. Bukatzeko, moderatzaileak eskatu die elkarrizketaren amaieran txalo zaparrada egiteko astronautari, eta eskertzeko elkarrizketa egiteko hartu duen denbora. Beste baldintza bat ere jarri du: sakelako telefonoak itzalita egotea, interferentziarik egon ez dadin.

Moderatzaileak telefonoa eskegi du. Esan du hamabost minutu barru deituko duela berriz, eta orduan bideratuko duela deia astronautarekin. Bitartean, zenbait ikaslek proiektuaren azalpenak eman dituzte. Iruñeko planetarioko zuzendari Javier Armentiak ere hitz egin du: «Pentsatu hemen gauden guztiok espazioaren seme-alabak garela; ezin dugu bizitza imajinatu sateliteen bitartez egiten den planetaren jarraipenik gabe».

Hogei haur, hamar minutu

10:40an jo du telefonoak berriro: Nick Hague astronauta estatubatuarra dago bestaldean. Lehentxeago egin duten moduan, ilaran atera dira ikasleak mikrofonoaren aurrera: «Lur planeta orain bezain ederra izango al da etorkizunean?», galdetu dio 10 urteko Fatima Guzmanek Hagueri. «Izugarria da planeta hemen goitik ikustea. Ezin dut imajinatu planeta polita izan gabe, baina, horretarako, zaindu egin behar dugu», erantzun dio astronautak. 16 urteko Jone Moñuxek prestatua zuen galdera egin dio geroago: «Egunen batean gizakia biziko al da Marten edo Ilargian?». Astronauten lana hori dela erantzun dio Haguek: «Horretarako egiten dugu lan. Agian, egunen batean, zuetako bat Marten bizi ahalko da». Hamazazpi galdera egiteko denbora izan dute ikasleek, hamar minutuko konexioa baino ez baita izan.

Moderatzaileak eskatu bezala, izugarria izan da saioaren amaieran eman duten txalo zaparrada. Motza baina aldi berean oso hunkigarria izan dela ikus daiteke antolatzaileen begietan.]]>
<![CDATA[Bidaiariaren larrutik eta lekutik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/001/2019-05-09/bidaiariaren_larrutik_eta_lekutik.htm Thu, 09 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1900/034/001/2019-05-09/bidaiariaren_larrutik_eta_lekutik.htm «Gure esperientzia transmititu dugu»

Nora zoazen jakitea zer aurkituko duzun jakin gabe. Hala joan zen Zaragozako Chechu Pajares Mendebaldeko Saharara eta Marokoko basamortura, lagun batzuekin batera. Helburua, aldiz, argi zuten: surfaren esplorazioaren inguruko dokumental bat egitea. «Nire lagun batek beste lagun bati eskaini zion bidaia bat egitea, motoz, hango olatuetan surf egiteko, eta ondoren niri proposatu zidaten. Orduan, pentsatu nuen ideia ona litzatekeela horren inguruko dokumental bat egitea». Eta horrela egin zuten Pajaresek eta Nicolas Pinarrek From Lost to the Desert dokumentala. 11 eguneko bidaia izan zen, eta Pajaresek dio «eromena» izan zela: «Ez genekien olaturik egongo zen ere, eta, lagun batzuek hartutako oporrak zirenez, datak oso zehatzak ziren; baina horrek bilakatu zuen bidaia abentura interesgarri eta arriskatu». Ez zuten esperantza handirik, baina bidaia baino astebete lehenago ikusi zuten itsaso ona zegoela Marokoko kostaldean surf egiteko. «Zorte handiagoa izan genuen Marokoko kostaldean Saharakoan baino, eta ez genuen espero. Saharara ailegatu ginenean, beheraka joan ginen, hegoaldean garatu nahi genuen-eta dokumentalaren zatirik handiena. Hasieran Mendebaldeko Sahararen dokumentala izango zena Marokoko hegoaldeko dokumental bilakatu zen azkenean».

Bisitatu zituzten kostaldeak ez dira «ezagunak», eta hori bilatu zuten dokumentalgileek eta bidaia antolatu zutenek: «Ez genuen pertsona bakar bat ere ikusi uretan. Guretzat hori zen proiektuaren magia eta nahi genuena. Marokoko kosta izugarria da, munduko onenetarikoa. Bakardadean surfean aritzea zen gure helburua, motoz ibili ahal izatea, turismotik aldenduta bizitzea esperientzia». Pajaresen bizitzako esperientzia onenetariko bat izan zen bidaia hura: «Zer aurkituko duzun jakin gabe leku batera joatea, eta gainera, olatuak aurkitu eta bakar-bakarrik surfean aritu ahal izatea izugarria da, eta oso zaila da hori lortzea».

Grabatu zuten gutxiarekin ekoitzi dute dokumentala: «Gure esperientzia transmititu dugu. Festibaletara bidali dugu, eta zenbait festibal gurekin harremanetan jarri dira dokumentala bidaltzeko. Nazioarteko hamabi festibaletan dago».

Ingrid Sanz
«Bizitzako segundo bakoitzaren jabe izan ginen»


INGRID SANZ

Ez da beharrezkoa aberatsa izatea, eta data jartzea da garrantzitsuena». Orain lau urte, bidaiarien jardunaldi batzuetan bi baldintza horiek entzun zituztenean erabaki zuten Ingrid Sanzek eta Andres Melerok urtebeteko bidaiari ekitea. Sevillakoak dira (Espainia). Jardunaldietan bertan hartu zuten erabakia: 2016ko uztailean Hego Amerikara joango ziren, hiru alabekin. «Argi genuen bidaia alabekin egingo genuela, eta, toki ezagunak bisitatzeaz gain, ikasteko baliagarria izan beharko zuela». Biak dira irakasleak, eta eskoletako «proiektu desberdin eta eraldatzaileak» ezagutu nahi zituzten bidaian. Bederatzi herrialdetan izan ziren, eta 83 proiektutik gora ezagutzeko aukera izan zuten: «Hego Amerikan hezkuntza mugimendu oso indartsu eta garrantzitsua dago, eta konturatzen zara zenbait balio eta ideia mundu osoan partekatzen direla: norbanakoari arreta handiagoa jartzen diote, pertsonaren garapenari, ez da horren hezkuntza estandarra».

Sare sozialak «ezinbestekoak» izan dira bidaia gauzatu ahal izateko: «Gure ideia izan zen sare sozialak giza sare bilakatzea, teknologikoa baztertu eta errealitate bihurtzea. Familiekin eta eskolekin egon gara harremanetan, eta errepidean gindoazela ere egin ditugu geldialdi inprobisatuak». Geldialdi horietan, alabek hango ikasleekin jolasten zuten: «Guretzat ezinbestekoa zen alabek beste haurrekin kontaktua izatea; jolastu egin behar zuten, eta bidaia ez genuen antolatu agendari lotuta egoteko, denetarik egiteko tartea izateko baizik».

Bidaiak oso ondorio positiboak izan ditu gurasoentzat eta alabentzat: «Haurrek egokitzeko izugarrizko gaitasuna dute. Maite dituzten eta lasaitasuna ematen dieten pertsonekin baldin badaude, dena doa ongi». Etxera itzuli zirenean, alabak gurasoak baino «errazago» moldatu ziren Sevillako bizimodura: «Guri kosta egin zitzaigun, heldu moduan, gure bizitzara itzultzea. Bueltatu ginenean, ohartu ginen gure bizitzako segundo bakoitzaren jabe izan ginela bidaian». Haien etxeko ateak beti daude irekita: «Alabak ohituak daude kanpoko jendearekin bizitzera, eta horrek ez du inongo ondoriorik euren egunerokoan». Urtebete barru ekingo diote beste bidaia bati.

Iñaki Kaperotxipi
«Argazkiak ateratzeko eskatzen zidaten»


IÑAKI KAPEROTXIPI

Argazkilari profesionala da Iñaki Kaperotxipi. Horregatik, kamera ezinbestez hartzen du maletan bidaia bat egiten duen bakoitzean. Zarauzkoa (Gipuzkoa) da, eta munduko txoko ugari bisitatu ditu jadanik: Txina, India, Madagaskar, Tunisia, Brasil... Eta orain dela hamar urte Papuara joan zen, Indonesiara. «Argazki lehiaketa batean nahiko sari handia irabazi nuen dirutan, eta bidaia handi bat egitea erabaki genuen bikotekideak eta biok. Papuako tribu batzuen argazkiak ikusi nituen, eta bi aldiz pentsatu gabe, agentzia baten bitartez lotu genuen bidaia». 35 eguneko bidaia egitea zuten helburu. Trekking bat egin nahi zuten, Papuaren parte den Irian Jaya aldean. Baina bidaia okertu egin zitzaien: «Trekkinga hasi eta bost egunera, nire bikotekideak hanka hautsi zuen. Mendi eta baso asko zeuden, euri asko egiten zuen, aldapa asko zeuden, eta erraz erortzen ginen». Egurrezko ohatila bat prestatu behar izan zuten Kaperotxipiren neska laguna mugitzeko. «Beste puntan ginen, eta hegazkina ezin zen ginen lekura etorri». Bi egun igaro zituzten lokatzezko lurreratze pistara ailegatu arte. Gertuen zegoen ospitalera joan ziren: «Han ez zegoen ezer ere. Hiriburura joan ginen, eta han esan ziguten hanka hautsi zuela. Ebakuntza egitea konplikatua zenez, aseguruarekin hitz egin eta etxera itzultzea erabaki genuen». Lau eguneko bidaia izan zuten etxeraino, eta azkenean Donostiako ospitalean egin zioten ebakuntza.

Baina argazkilaria ez zegoen gustura: «Itzultzen ari ginela, etengabe errepikatzen nion nire bikotekideari itzuli egin behar genuela». Esan eta egin. Handik bi urtera itzuli ziren Papuara, baina irlaren beste aldera joan ziren, Papua Ginea Berrira. «Irakurri genuen udan Sing Sing izeneko festibalak antolatzen zituztela tribuek. Gu horietako bat ikustera joan ginen, eta izugarria izan zen. 30 tribu desberdin elkartu ziren, bakoitza bere jantziekin eta makillajearekin. Inauterien modukoa da». Kaperotxipik dio oso harreman ona izan zutela: «Inork ez zidan trabarik jarri argazkiak ateratzeko, kontrakoa baizik: argazkiak ateratzeko eskatzen zidaten». Hurrengo bidaian pentsatzen ari da orain: «Kamtxatka penintsulara [Asia] joateko irrikaz nago!»

Mamen Etxaniz
«Arriskurik gabeko abenturak nahi ditut»


MAMEN ETXANIZ

Erretiro aurreratuak emandako denbora aprobetxatu zuen Mamen Etxaniz azkoitiarrak: Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatzen dituen Route 66 famatua egin zuen bizikleta gainean. Bakar-bakarrik joan zen, orain dela bi urte, eta bi hilabete eman zituen horretan. «Mundu osoan ibili naiz bidaiatzen, baina beti presaka; bidaia luze bat egin nahi nuen bizikletan, denbora guztia niretzat hartuta». AEBetako errepide horren «lasaitasunak» erakarri zuen Etxaniz, trafiko gutxi baitago errepide horretan. 4.000 kilometro inguru dira denera, eta sei estatu zeharkatzen ditu: Illinois, Missouri, Texas, Mexiko Berria, Arizona eta Kalifornia. Etxaniz gehien harritu zen ikusita zeinen pertsona eta herri gutxi dauden bidearen erdi aldean: «Ekialdean eta mendebaldean jende asko bizi da, lurra aberatsagoa delako, baina Texasera nindoala oso jende gutxi ikusi nuen, sekulako lautadak direlako eta herriak oso txikiak, oso sakabanatuak, abandonatuak. Uste nuen baino askoz ere bidaia bakartiagoa izan zen». Etxanizek uste du askotan «idealizatu» egiten direla zenbait bidaia, eta, bera behintzat, han zegoela ohartu zen hasi baino lehen zuen ideiaren «kontrakoa» zela.

Kanpin denda eraman zuen bizikletan, eta bidaiaren hasieran kanpinean egin zuen lo; gero, aldiz, apenas: «Moteletan egiten nuen lo gehienetan, bidean aurkitzen nituen moteletan». Janaria bidean aurkitzen zituen gasolindegitan erosten zuen, ez baitzegoen ia supermerkaturik: «Han ez dute janari freskorik. Potoetan gordetako janaria baino ez nuen aurkitu erdiko bide horretan». Bidaiaren erdiko zati hori izan zen gogorrena Etxanizentzat, baina, gutxien espero zuenean, bidelagun batekin egin zuen topo: «Emakume amerikar bat ezagutu nuen Mexiko Berrira iritsi baino lehen. 68 urte zituen. Texasko basamortua zeharkatzea oso gogorra egiten ari zitzaidan, eta izugarri eskertu nuen. Hamar egun egin genituen batera azkenean».

Orain arte asko bidaiatu du Etxanizek, eta hala egiteko asmoa dauka hemendik aurrera: «Arriskurik gabeko abenturak nahi ditut, kontrolarekin. Arriskuak ez nau motibatzen, nora iristeko gai naizen ikusteak baizik».]]>
<![CDATA[Gaztaren aniztasuna dastagai]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/048/001/2019-05-05/gaztaren_aniztasuna_dastagai.htm Sun, 05 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1953/048/001/2019-05-05/gaztaren_aniztasuna_dastagai.htm
Baserritar jantzia dute soinean Aizpea gaztandegiaren etxetxoan gazta saltzen ari diren hiru neskek. Argazki handi bat ikus daiteke atzeko paretan: artalde bat ageri da, mendian, txabola baten parean, eta bi gizon-emakume alboan. Mikel Etxezarreta eta Elixabete Arrillaga dira argazkian ageri direnak. Arrillaga ari da gazta saltzen, bi neskek lagundurik. Olaberrikoa (Gipuzkoa) da, eta Urbian duten Ttonttor txabolan egiten dute gazta udan. Bi motatako gaztak dituzte salgai: «Honako hau mendian egindako gazta da, eta beste hau etxekoa», adierazi die Arrillagak hurbildu direnei. Bi moten arteko desberdintasunak ere azaldu dizkie: «Mendian ondutakoa fuerteagoa izaten da, eta etxekoa, berriz, suabeagoa». Idiazabal sor-markako gazta egiten dute, baina gazten artean badago aldea: «Hauek etxekoak dira, baina batzuk gazta ketuak dira; hori ja gustuen arabera da, zenbaitek hala nahiago baitute». Hurbiltzen diren gehienek mendiko gazta eraman ohi dutela dio Arrillagak.

Bestelako gazta saltzen dute plazaren ezkerraldean dagoen Xedarria etxolan: Ossau Iraty sor-markakoa. Janbattitt Duhalde gaztagilea ari da gazta saltzen, semearen laguntzaz. «Pixka bat laguntzen dit, baina ez sobera, pixka bat baino ez», dio aitak. Aiherrakoak dira (Nafarroa Beherea), eta Duhaldek azaldu du aldea dagoela haiek egiten duten gaztaren eta Idiazabal sor-markaren artean: «Guk egiten dugun gazta hemengoa baino onduagoa da. Denbora gehiago du gure gaztak». Hamar hilabete ingururen arteko aldea dago bi gazta moten artean: «Hemen dugun gazta honek 23 hilabete ditu, eta beste honek hamar inguru. Idiazabal gaztak bi edo hiru hilabete baino ez ditu izaten».

Berrikuntzarako proiektua

Elizaren atzeko plazan ere badaude egurrezko etxolak. Innolact deituriko proiektuaren parte dira horietako asko: esnegintza sektorea berritzeko eta dibertsifikazioa lantzeko proiektua, Europako Batasunak eta Euskal Herriko nahiz Kataluniako beste hainbat eragilek sustatutakoa. Gaztagile horiek, halaber, beste mota batzuetako gaztak eskaintzen dituzte: ahuntz gazta, behi gazta, Katalunian egindako gazta, baita gazta ekologikoa ere.

Azken mota horietako produktuak saltzen ditu Ama Txo gaztandegiak (Antzuola, Gipuzkoa). Txomin Alberdi ari da horretan. Gainontzekoek eskaintzen ez dituzten produktuak ere badituzte, eta bisitari ugari hurbildu dira postura, produktuengatik galdezka. «Feta gazta oliotan» irakur daiteke karteltxo batean, eta bata bestearen gainean pilatuta dauden pototxo batzuk daude ondoan. Olioa gazta kontserbatzeko ote den galdetu dio batek: «Ez, ez da kontserbatzeko. Hau gazta freskoa da, entsaladari-eta botatzeko. Pote honek, adibidez, albaka dauka, eta beste horrek erramua. Ezkaia, baratxuria... dute besteek», azaldu du Alberdik.

Gero eta jende gehiago dago azokan gazta erosten eta jaten, eta gaztagileak pintxoak prestatu eta prestatu ari dira etengabe. Haatik, zerbait gorde beharko dute, gaur gazta eske joaten direnak esku hutsik gera ez daitezen. Erakustaldiak, jolasak, sari banaketak, omenaldiak eta abar antolatu dituzte gaurko.]]>
<![CDATA[«Gizarte gaixo batean biziko gara hemendik gutxira»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/040/001/2019-05-04/gizarte_gaixo_batean_biziko_gara_hemendik_gutxira.htm Sat, 04 May 2019 00:00:00 +0200 Ane Ubegun Goikoetxea https://www.berria.eus/paperekoa/1891/040/001/2019-05-04/gizarte_gaixo_batean_biziko_gara_hemendik_gutxira.htm
Zer funtzio du zuen erakundeak?

Haurrak elikagaigintzari lotuta hezteko metodo bat aurkitu dugu: jaten erakusteaz gain, pentsamendu kritiko bat garatzen irakasten diegu; horrela, aukeratzen ikasten dute, janariari dagokionez, baita bizitzari dagokionez ere. Eta funtzionatzen du.

Norentzat da?

Umeengan zentratzen gara, oro har; baina kontuan hartu behar da haur horiek gurasoak dituztela, eta, gurasoek ez badituzte euren jateko ohiturak aldatzen, alferrik da umeen ikuspuntua eta ohiturak aldatzen saiatzea, ez baita emankorra.

Nola jokatu behar dute gurasoek?

Hasteko, euren umeaz arduratu behar dute. Nork erakusten die haurrei jaten? Gurasoek. Hori etxean irakasten zaie. Umeak, jaiotzen direnetik 3 edo 5 urte dituzten arte, etengabe ari dira hezten, eta hori da arorik erabakigarriena, batez ere elikadurari dagokionez. Guraso batek ez badu umea behar bezala elikatzen aro horretan, ume horrek aukera galtzen du bere sistema kognitiboa eta fisikoa behar bezala garatzeko. Askok azukre asko duten zukuak ematen dizkiete haurrei, eta, modu horretan, lortzen dute haurrak garatzea ohitura bat aldatzea asko kostako zaiona: jaki oso gozoak gustatuko zaizkio, adibidez, edota kalitate txarreko janaria. Denbora eta ekonomia inbertitu behar dira umeek ohitura onak izan ditzaten.

Elikadura txarrak ekar dezake, beraz, haurrek zenbait gaitasun ez garatzea?

Hori da. Perun haur askok dituzte anemia arazoak. Ikusten ditugu gehiegizko pisua duten eta, aldi berean, gaizki elikatuak dauden umeak. Lehen aipatutako lehen aro horretan ume batek ez badu nahikoa nutriente hartzen, gorputza ez da behar bezala garatzen, eta hori konponezina da. Helduok jakingo bagenu zenbateko kaltea egiten diegun gure haurrei, nik uste dut gauzak beste era batera egingo genituzkeela. Horregatik, gurasoak kontzientziatzen saiatzen gara. Gizarte gaixo batean biziko gara hemendik gutxira.

Nola eraiki, ordea, haurren eta elikaduraren arteko zubia?

Gustuaren heziketa da oinarria. Haurrak plazera aurkitu behar du horretarako. Guk kalitate oneko eta txarreko jakien arteko desberdintasunak azaltzen dizkiegu umeei.

Supermerkatuetan denetik aurki dezakete...

Haur bat supermerkatu batera eramatea oso arriskutsua da, saltzen den janaria ez baitago haurrentzat diseinatua. Ezin dugu sustatu min egiten digun enpresarik.]]>