<![CDATA[Angel Aldarondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 28 Jan 2023 13:24:00 +0100 hourly 1 <![CDATA[Angel Aldarondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ekitaldi handia, palmares erraldoia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2897/042/001/2017-10-01/ekitaldi_handia_palmares_erraldoia.htm Sun, 01 Oct 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/2897/042/001/2017-10-01/ekitaldi_handia_palmares_erraldoia.htm Pororoca, Der hauptmann, Alanis, Handia eta Licht.

Iaz zaila zen palmaresa aurreikustea. Bataz besteko kalitatea ona izan zen arren, film gehienak maila berean zeuden, izenburu nabarmenik gabe. Aurten ere zaila izan da, baina guztiz kontrako arrazoi batengatik: film sarigarriak soberan zeuden. John Malkovich aktore ospetsuak zuzendutako epaimahaiak erronka handia baina erosoa izan du aurtengo palmaresa egokitzeko.

Aurten ugariak izan dira emakume protagonistak, sekulako antzezpenekin. Eta nire faboritoak irabazi du, Sofia Galak, Alanis-en egindako lan natural eta sinesgarriagatik. Argazkilaritzaren sarian ezustekorik ez, epaimahaiak Der hauptmann zintako zuri-beltzeko irudi espresibo eta justifikatuak saritu ditu.

Gidoiaren saria inkognita bat zen, aurtengo film handiak ez zeudelako gidoian oinarrituta. Beraz, Una especie de familia-k irabaztea ez dago gaizki, baina bazeuden hobeak.

Gizonezkoetan aktore onenaren saria Bodgan Dumitrache-k jaso du, Pororaca-ren protagonistak. Adostasun osoa zuen saria izan da hau. Bere degradazio moralaren erregistroan bikain landutako antzezlana eman digu.

Epaimahaiaren sari berezia oso berezia izan da aurten euskal zinemarentzat, Handia-k irabazi duelako, ondo merezita. Ni behintzat ez nau harritu, aurten film berezi baten faltak Handia-ren alde egingo zuela pentsatu bainuen. Zorionak Garaño, Arregi eta Moriartiko batzarkideei.

Bereziki pozik nago komediak izan duen presentziarekin: El Autor, C'est la vie!, Ni juge ni soumise -sarietan aipatu dutena-, eta ezbairik gabe, sail ofizialeko film guztietatik nire puntuaziorik handiena eraman zuena: The Disaster Artist. Komediak saritzen ez diren arren, Urrezko Maskorra irabazi du. Ikusitakoak ikusita, oro har guztiak asebetuko gaitu aurtengo palmares handi baino erraldoiagoak.]]>
<![CDATA[Gizonezkoen lerro okerrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2555/044/002/2017-10-01/gizonezkoen_lerro_okerrak.htm Sun, 01 Oct 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/2555/044/002/2017-10-01/gizonezkoen_lerro_okerrak.htm 'The Wife'

Zuzendaria: Bjorn Runge. Aktoreak: Glenn Close, Jonathan Pryce, Christian Slater, Max Irons, Annie Starke, Harry Lloyd. Herrialdea: Suedia-Erresuma Batua. Iraupena: 99 minutu.

Gizon handi baten atzean emakume are handiago bat egoten dela entzun izan dugu beti. Esaldi adeitsu hori, emakumeek beti egin ohi duten ezinbesteko lan ikusezinari garrantzia ematekoa izan beharrean, bizkarrean emandako zapladatxoa da soilik. Halako esamoldeek matxismoa iraunarazten laguntzen dute, erabiltzen duenaren asmoa ez delako bidegabekeria ikusgai egitea, estatusa mantentzea baizik.

Zer espero dezakegu bada lehen dama batengandik? Filmaren protagonistaren kasuan, hasieran uste genuena baino askoz gehiago. Joan Castleman adimen handiko emakumea da, deboziozko emaztea eta ama perfektua. Berrogei urtez sakrifikatu ditu bere talentua, ametsak eta anbizioak, bere senar Joe karismadunaren sua eta ibilbide literario azkarra sustatzeko, haren desleialtasunak eta aitzakiak jasaten, dotoretasunez ez ikusiarenak egiten. Haien zorigaiztoko itunak desberdinkerian oinarritutako ezkontza-harremana eraiki du. Dei bat jasoko dute Joeri Literaturako Nobel saria ematekotan direla esanez, obra ikusgarri baten kolofoi gisa, eta Joanek sekretu handienari aurre egin beharko dio.

The Wife konnotazio txarra duen hitz batekin definitu dezakegu: akademizista. Ziur aski, horregatik ez da aritu lehian Sail Ofizialean, ez duelako autoretzaren trazurik. Erloju suitzar baten mekanismoa dirudi, dena bere tokian ahokatzen da: hitzak, isilaldiak, emozioak, sekretuak, begiradak... Primeran funtzionatzen du, familia osoak arazorik gabe ikus dezakeen pelikula kaltegabea da. Baina bere barneko mezu feminista -erraza eta bistakoa izan arren- oso indartsua, beharrezkoa eta egungoa da.

Funtsezkoa delako emakumeen istorio hauek ezagutzea. Glenn Closek emozio handiarekin antzeztu du antzeko egoera bat bizi izan duten emakumeen frustrazioa; bera da filmeko ikuskizuna. Filmaren akats bakarra da sekretua agian gehiegizkoa gertatzea Nobelaren mailako idazle baten inguruan aritzeko. Baina The Wife bidaia hunkigarri eta dibertigarria da; feminitatearen, sakrifizioaren, eta emakumeen askapenaren ospakizun bat.]]>
<![CDATA[Gizakia da etsaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/023/002/2017-09-30/gizakia_da_etsaia.htm Sat, 30 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1859/023/002/2017-09-30/gizakia_da_etsaia.htm 'Der Hauptmann'

Zuzendaria: Robert Schwentke. Aktoreak: Max Hubacher, Milan Peschel, Frederick Lau, Alexander Fehling. Herrialdea: Alemania-Frantzia-Polonia. Iraupena: 118 min.

Ondo baino hobeto amaitzen ari da Zinemaldia, eta Der Hauptmann filma maila igotzen lagundu duen beste adibide bat dugu. Robert Schwentke gidoilari eta zinemagilea Alemania nazira bueltatu da, botere gerren parabola satiriko eta indartsu bat jorratzeko, batez ere ohiko mezu bat daramana: botereak gizakia galbideratzen du. Gizakia beti izango da otso gizakiarentzat.

Hasiera oso indartsua baliatzen du zuzendariak -filmaren zatirik mantsoena eta onena da- protagonista eta testuingurua aurkezteko. Jazarria den hemeretzi urteko soldadu zarpailtsu eta gosetu batek kapitain baten uniformea aurkitu, eta jantzi egingo du, ofizial bat itxuratuz. Desertore talde bat bilduko du, eta bere bidean dagoen oro hiltzen eta arpilatzen hasiko da. Alemania nazi astinduan zehar, katuaren eta arratoiaren arteko tentsio handiko joko batean hasiko da beste agintariekin. Mailaz igo bezain pronto hasiko da bere degradazio morala, errukirik gabeko krudeltasunean mugarik ez aurkitzeraino.

Atzoko beldurrei eta egungo mehatxuei buruzko metafora baliagarria eraiki du Schwentkek, obedientzia eta -itxurazko- boterea Hugo Bossen traje solemnean irudikatuz. Gure agintarien eta estamentuen kaskarkeria agerian utziko du, oraingoan gerraren eromenaren barnean, baina edozein garai eta egoera nahasitan gerta daitekeena. Katalunian egun hauetan, esaterako.

Zuzendaritzaz gain, gainontzeko osagaiak primerakoak dira: antzezpenak, produkzioa, musika eta, nabarmenki, argazkia. Zuri-beltzean artatsuki filmatua dago, II. Mundu Gerrako pelikulen estiloa jarraituz, nolabait justifikatua dagoen argazki espresionista ederrarekin. Halere, nahiz eta hasiera indartsua izan, bigarren partea ez dago haren maila berean; dramak gorantz egiten du etengabe, eta trebetasun handia eskatzen du gerrako delirioa eta tremendismoa irudikatzeak. Ez da lan erraza edozein zinemagilerentzat -Tarantinok, Kubrickek, Spielbergek eta Coppolak langa oso goian jarri zuten generoan-, baina Schwentkek, hauspoa pitin bat galtzen duen arren, film aparta lortu du.]]>
<![CDATA[Mamu zahar bitxiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2071/024/001/2017-09-30/mamu_zahar_bitxiak.htm Sat, 30 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/2071/024/001/2017-09-30/mamu_zahar_bitxiak.htm 'Le lion est mort ce soir'

Zuzendaria: Nobuhiro Suwa. Aktoreak: Jean-Pierre Leaud, Pauline Etienne. Herrialdea: Frantzia-Japonia. Iraupena: 103 minutu.

Japoniarra edo frantsesa izan zitekeen izenburu poetiko samar bitxia, baina egiatan haurrentzako The Lion Sleeps Tonight abesti popularrari dagokio. Nobuhiro Suwa zinemagile bitxiak, heriotzaren metafora irudikatzeko, zinema egiteko ilusioari buruzko ariketa bitxia egin du. The Disaster Artist-en mezu eta ilusio berbera islatu nahi izan ditu: zinema egitea zinema egitearen plazer hutsagatik, beste ezertan pentsatu gabe. Naif artearen gorazarrea dugu hau, berriz, ipuin sailkaezinaren itxuraz.

Hala, ekialdeko beste zuzendari batzuekin gertatu ohi den moduan, ume batek edo zinema ikasle batek zuzendua eta idatzia dagoela dirudi. Gidoiak kontatzen duena zera da: Jean aktore urtetsua, bere film berriaren etenaldi batean, Frantziako hegoaldeko lagun zahar bati bisita egitera joango da, eta etxe abandonatu batean finkatuko da ezkutuan. Bertan, bere bizitzako amodioa mamu gisa agertuko zaio. Bat-batean, zinema ikasten ari diren ume batzuek etxe bera aurkitu, eta beldurrezko film labur amateur bat egingo dute, Jean protagonista bilakatuz.

Jean aktorea hasieran grabatzen ari zen filma, umeak etxean grabatzen ari direna, eta Nobuhiro Suwarena, pelikula bera direla ohartuko gara segituan. Lehenengoan, Jeanek bere heriotza antzeztu behar zuen, eta bigarrenean, heriotzarako prestaketa antzeztu/egingo du. Hiruren artean elkarrizketa sortzen da, eta hirurek dirudite inprobisatuak; umeetako batek metrajean zehar dioen bezala, «gidoia zertarako?». Amateurismoaren kutsua protagonistaren antzezpenera erantsiko da. Jean-Pierre Leaud aktore frantses mitikoa dugu hau, nouvelle vague mugimenduko film ikonikoetan lan egindakoa.

Filmak, duen itxurazko erraztasunaren atzean, heriotzari eta iraganeko mamuei buruzko gogoeta sakon eta malenkoniatsua irutea lortzen du, japoniar erara, ezinbesteko sinbolismoa barne. Suwaren filmak zinemak eskaini ditzakeen gairik ederrenetarikoak jorratu ditu: bizitzaren gainbeherako konpainia, iraganeko mamuekin elkarrizketa eta bizitzeko ilusioa. Bizitza eta heriotza alaitasunez ukituko dira, gaztaroa eta zahartzaroa elkarrekin dantzan jarriz.]]>
<![CDATA[Akatsei gorazarre]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/030/002/2017-09-29/akatsei_gorazarre.htm Fri, 29 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1859/030/002/2017-09-29/akatsei_gorazarre.htm 'The Disaster Artist'

Zuzendaria: James Franco. Aktoreak: James Franco, Dave Franco, Seth Rogen, Alison Brie, Zac Efron, Josh Hutcherson, Jacki Weaver, Ari Graynor, Jason Mantzoukas. Herrialdea: AEBak. Iraupena: 103 min.

Beste film baten sorrerari buruzko filma da The Disaster Artist, azken urteotan ikusle frikienek kultuzko bihurtu duten Tommy Wiseauren The Room filmarena, hain zuzen. Diotenez, historiako kaxkarrena da, Ed Wooden Plan 9 from Outer Space filmari txapela kendu diolarik. The Room etengabe ematen urteak daramatzate AEBetako areto askok, eta pixkanaka fenomeno mundiala bilakatu da -Donostiako Tabakaleran eman zuten duela pare bat aste- .

Bi protagonista bitxi ditugu filmean: Tommy Wiseau The Room-en zuzendari xelebrea, eta bere lagun bakarra, Greg antzezpen-ikaslea. Biak Hollywoodeko izar izateko ametsaren bila joango dira buddy comedy gisako istorio honetan. Ez dute esperotako arrakasta lortzen, eta beren filma egiteko erabakia hartzen dute, baina Wiseauren izaera naif eta absurdoari esker, filmaziorik zoroena biziko dute. Emaitza? Drama serioa nahi gabe komedia bihurtua, ustekabean arrakasta lortuz. Hau askotan gertatu izan da -Donostiako Zinemaldian bertan-, baina arrakastarik gabe.

Tim Burtonen Ed Wood filma izendatzea ezinbestekoa da James Francorenaz hitz egiterakoan, baina nahiz eta bi istorioek erabateko paralelotasuna izan, ez dugu plagioaren arrastorik aurkituko. Burtonek erabili zuen amets-irudiaren atmosfera lirikoa alde batera utzita, bi filmen asmoa eta arima berberak dira. Nahi gabeko hutsegitearen erakargarritasuna islatzen dute.

Gidoia parodia hutsetik harago doa, eta The Room aldez aurretik ikusi ez dutenek ere gozatuko dute filmarekin. James Francok errespetu handiz irudikatu duelako istorioa, zinismo aztarnarik gabe. Horrek ikusleoi modu ez ironikoan konektatzeko aukera ematen digu, hain barregarria den pertsonaiari maitasunez begiratu arte.

James Franco izar ospetsuak lan ikusgarria oparitu digu zinemazale guztioi. Bere Wiseauren antzezpena zoragarria da, eta primeran zuzendu du filma. Ez delako soilik making-of bat edo zinema zinemaren barruko kontaketa bat: egiazko artista izan nahi duten panpina-apurtuei buruzko ipuin bat da, eta benetako protagonista sortzaileen pasioa da.]]>
<![CDATA[Osotasunaren kontenplazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1837/031/002/2017-09-29/osotasunaren_kontenplazioa.htm Fri, 29 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1837/031/002/2017-09-29/osotasunaren_kontenplazioa.htm 'Life & Nothing More'

Zuzendaria: Antonio Mendez Esparza. Aktoreak: Andrew Bleechington, Regina Williams. Herrialdea: Espainia-AEB. Iraupena: 114 minutu.

Berriz post-Obamaren Ameriketako Estatu Batuetan gaude, berriz auzo pobre batean, eta berriz gazte galdu bat istorioaren nukleoan. Zorionez, Life & Nothing More ez da justu aurretik ikusi genuen alferrikako Sollers Point film babalorea. Hau ia kontrakoa da, edo behintzat, besteak izan beharko lituzkeen asmoak beteko ditu, remake on baten gisa. Sollers Point-en ez bezala, zinta honek egungo gazte iparramerikarren apatia eta egonezina primeran islatuko ditu, ikusleari pertsonaien bizipenen inguruan sortzen diren galderei eta erantzunei buruz pistak emanez.

Antonio Mendez Esparzaren -bai, espainiarra da- pelikula drama familiarraren eta erretratu sozialaren gurutzaketa da. Arrazismoa izan zitekeen pelikularen gai nagusia, baina inkomunika zioaren arriskua gailentzen da nagusiki. Bi seme-alaba dituen Regina ama senargabe afroamerikarraren istorioa du ardatz. Gogor arituko da lanean hiru urteko alaba eta Andrew seme nerabe konfliktiboa aurrera ateratzeko. Aita kartzelan izanik, eta amaren akatsen eraginez, Andrewk ez du bere bizitzan helbururik aurkitzen, bizi den aukera gutxiko inguru latzean.

Filmak egitura narratibo kuriosoa du, pertsonaia ezberdinen bizipenak tartekatuz, denbora eta erritmo desberdinak emanez; zuzendari trebeak, elipsiaren erabilera ezinhobeaz, osotasunaren itxura eman dio zatien batuketari. Horrela, amaren kezkak eta amodioak ere ezagutzeko aukera izango dugu, gizonezkoekin duen harreman txarra agerian jarriz. Amaren pertsonaia karismatikoa hunkigarria suertatuko da, nahita edo nahigabe gertatzen ari den guztiaren protagonista izateraino, filmari diskurtso feminista ausarta gehituz.

Zinemaldian sinesgarritasun handiko filmak ikusi ahal izan ditugu, baina baliteke hau izatea errealitatearekin egiantza handienekoa. Eta baliteke berriz aktore ez profesionalen erabilera bikaina arrakastaren gako garrantzitsua izatea. Mila aldiz kontatutako istorioa izan arren, merezi du filmaren ikuspuntu burutsu eta diskurtsiboak; osotasunaren kontenplazio ariketa bikaina da.]]>
<![CDATA[Europa eta hotza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1863/031/003/2017-09-29/europa_eta_hotza.htm Fri, 29 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1863/031/003/2017-09-29/europa_eta_hotza.htm 'Beyond Words'

Zuzendaria: Urszula Antoniak. Aktoreak: Jakub Gierszal, Andrzej Chyra, Christian Lober. Herrialdea: Polonia-Herbehereak. Iraupena: 85 minutu.

Bizi izatea gustatuko litzaidakeen lurra haurtzaroa da». Adierazpen poetiko naif honekin hasten da Beyond Words, lehen segundotik filmaren tonu handinahia adieraziz. Eta hitzekin batera doazen irudi neurtuak zuri-beltz itxurosoan daude. Hasieratik Urszula Antoniak zuzendariak printzipio-adierazpen argia egin nahi izan du Europako migrazioari buruzko bere hausnarketa islatzeko. Eta ez, ez dirudi formarik aproposena, Beyond Words-ek bazuelako pelikula on bat bere barnean, baina hori ez da guk ikusi duguna.

Filmak premisa interesgarria du: Michael eta Franz abokatu cool-ak etxean bezala sentitzen dira Berlingo modako jatetxe, taberna eta klubetan. Itxuraz, haien artean ez dago desberdintasunik, baina Michaelek Poloniatik emigratu zuen bere amaren heriotzaren ostean, duela zenbait urte, eta oraindik konplexuz beteta dagoenez, arreta berezia jartzen dio bere azentuari. Poloniar bohemio zarpailtsu bat etxean agertzen zaionean, bere aita dela esanez, erabat ukituta geratuko da Michael. Ezin arrotzagoak dira aita-semeak, eta asteburu deserosoa biziko dute, enpatiaren, arbuioaren eta mesfidantzaren artean. Michaelek bere sustraiak aurkitu ahala, saihestezina izango da krisi mingarria.

Erruki falta Europan barna, hautsitako erroak, nortasuna eta partaide izateko premia, aita-semeen arteko gatazkak... gai garrantzitsu eta mamitsuak aurkezten dizkigu Antoniakek, baina, tamalez, istorioari ezarritako urruntasunezko formalismo hotza abstraktuegia gerta daiteke etorkin hauen istorioa kontatzeko. Iragarkien zentzu estetikoa egokia izan zitekeen protagonista antipatikoen bizimodua islatzeko, baina ikuslea gehiago urruntzen du istoriotik, axolagabetasuna sentiaraziz. Manierismo estetikoak ez ditu estaltzen filmaren gabeziak, kontrakoa baizik, azpimarratu egingo ditu. Beraz, hutsala eta topikoegia da emaitza, pretentziosoa, hotza, gezurrezkoa, gainazalekoa. Sentimentalismoari uko egitea ondo dago, baina...]]>
<![CDATA[Sasi-bizitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/025/002/2017-09-28/sasi_bizitza.htm Thu, 28 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1953/025/002/2017-09-28/sasi_bizitza.htm 'Soldatii. Poveste din Ferentari'

Zuzendaria: Ivana Mladenovic. Aktoreak: Adrian Schiop, Vasile Pavel-Digudai, Stefan Iancu, Nicolae Marin-Spaniolul, Kana Hashimoto, Dan Bursuc. Herrialdea: Errumania-Serbia-Belgika. Iraupena: 119 min.

Zinema errumaniarra poztasun handiak ematen ari da azken urteotan, bai zinemaldietan, bai hauetatik kanpo. Atzo emakume batek zuzendutako beste errealitate errumaniar naturalista bat ezagutu genuen, herenegun Pororoca film bikainak Sail Ofizialeko maila igo ondoren.

Ivana Mladenovic zinemagilearen fikziozko lehen film luzea dugu hau, baina badirudi ez diela bere aurreko lan dokumentalei uko egin nahi, eta sasi-dokumentalean aritu da; eleberri sasi-autobiografiko batean oinarritutako sasi-fikzio sasi-inprobisatua dugu hau.

Dena delako erdi istorio honetan, Bukaresteko auzo pobreenera bizitzera joan da Adi antropologo sasi-txiroa, manele musika pop romaniari buruzko bere tesia idaztera. Sasi-maitasun istorio bat hasiko du sasi-homosexuala den Alberto preso ohiarekin. Beraien maitasun harremana sasi-interesatua da: batak ijitoen komunitatea barrutik ezagutzeko interesa du, eta bestea diru pixkat bat lortu nahian dabil. Biek elkarri lagunduko diote, uste dutena baino gehiago, gosea dagoenean edozein pintxo lagungarria delako. Baina norberaren beharrak asetzen ez direnean, harremana erraz bihur daiteke toxiko.

Sasi-aktoreak erabili ditu zuzendariak bere pertsonaiei bizia emateko, eta ezin hobeto zuzendu ditu, naturaltasuna eta egiatasun tonua primeran landuz. Albertoren pertsonaia -eta antzezpena- memorian txertatuta geratzen diren horietakoa da, filmaren onena izanik; baliteke ezinbesteko osagaia izatea filmak porrot egin ez dezan.

Tamalez, istorioa noraezean ibilko da, bere iraupena premiarik gabe luzatuz. Berez, metrajea gehiago luzatu zezakeen, eta filmaren balioa berdin-berdina izango zen. Miseriatik xehetasun koloretsuak atera arren, indar narratibo baten gabezia dela eta, filmak hasieran erakutsitako kemena txikituz joango da.

Halere, ariketa benetan ausarta egin du Mladenovicek, LGTBren inguruko filmen subgeneroaren topikoetatik harago joanez, beste eremu batzuetara eramanez, rolak aldatuz, ghettoaren itsuskeria txikiagotu gabe.

Sasi-saiakera txalogarria, azken finean.]]>
<![CDATA[Ezerezaren kontenplazioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3463/026/002/2017-09-28/ezerezaren_kontenplazioa.htm Thu, 28 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/3463/026/002/2017-09-28/ezerezaren_kontenplazioa.htm 'Sollers Point'

Zuzendaria: Matt Porterfield. Aktoreak: McCaul Lombardi, Jim Belushi, Zazie Beetz. Herrialdea: AEB-Frantzia. Iraupena: 101 minutu.

Matt Porterfielden ikus-entzunezko lanak MOMA museo modernoan eta hainbat bienal artistiko garaikidetan maite dituzte. Diotenez, Zinemaldira ekarri duen filmak arrakasta izan dezake haietan. Diotenez, film honen zuzendaria artista-bisuala da, baina Sollers Point lanean ez dago horren susmorik. Onerako edo txarrerako, Matt Porterfield ez da Miranda July.

Eta zer dago, bada, Porterfield-en pelikularen barruan? Bada, ezer gutxi. Baldintzapean aske dagoen gazte amerikar baten joan-etorriak, batez ere. Tipoa Baltimore hiriko txoko ugerdoetatik bueltaka dabilela, noraezean egingo ditu bere ibilbideak, halako erredentzio asmo batekin edo. Baina Baltimoreko auzo latza gauza da ondo beharrez egindako guztiak ziztu bizian irensteko, batez ere pertsonarik inozoenak baldin badira. Eta Keith gazteak oraindik uste genuena baino gehiago dauka ikasteko. Berak izan ezik, etsai handienak bere baitan bizi diren deabruak direla erraz ikusiko dugu besteok. Protagonistak ez daki nora doan, guk ere ez, baina susma dezakegu. Tamalez, hau ez da Rebel without a cause.

Eskertzekoa da drama sozial zinematografikoetan pertsona arrunten istorio arruntak erakustea, irakaspenik gabeko kontuak. Egokia deritzot film batean gazteen ageriko heldutasun eza islatzeari, gure errealitateko pasarte ganorabakoak ere badirelako. Tamalez, Matt Porterfield ez da Gus Van Sant.

Protagonistaren jarraipena urrutitik egin beharrean, axolagabekeriaz arituko delako Porterfield. Eta okerrena dena: utzikeriaz aurkeztuko digu ikusleoi. Zuzendariak ez du -edo agian ez daki- gehiegi sakondu nahi gaztetasunari datxekion asaldaduran. Tamalez, hau ezerezaren kontenplazio hutsa da.

Eta kito. Ondo antzeztua eta zuzendua dago, zinema low-key indie-aren kanonei zorrozki jarraituz. Sundance moduko zinemaldi indie-etan hain gogokoa duten film huts topikoa, mami gutxikoa. Deskafeinatua aurkituko dugu emaitza, ikusleok badakigulako gatzgabeko pertsonaien istorioak kontatzeko ez dagoela zertan gatzgabeko pelikula bat egiteko premiarik. Tamalez, zuzendariak ez.]]>
<![CDATA[Minimoen maisutasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/033/002/2017-09-27/minimoen_maisutasuna.htm Wed, 27 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1891/033/002/2017-09-27/minimoen_maisutasuna.htm 'Pororoca'

Zuzendaria: Constantin Popescu. Aktoreak: Bogdan Dumitrache, Iulia Lumanare, Costin Dogioiu, Stefan Raus, Adela Marghidan. Herrialdea: Errumania-Frantzia. Iraupena: 152 minutu.

Posible al da bizpahiru osagarri arrunt eta xumerekin bi ordu eta erdiko pelikula interesgarri bat osatzea? Bai, behin jakinda nola. Constatin Popescuk ondo baino hobeto daki, eta guri erakutsi digu, xumeki. Ume desagertuen nonahiko generotxoari heldu, eta bere thriller psikologiko ezohikoa sortuz, maila goreneko emaitzarekin.

Harrigarria benetan, kontuan izanda gure aurreiritziak -Zinemaldiko gidaliburua eskuetan- bere aurka jokatzen zuela. Hau da sinopsia, copy-paste: «Cristina eta Tudor Ionescu senar-emazteek familia zoriontsua osatu dute, bere bi seme-alaba Maria eta Ilierekin. Senarrak telefono-konpainia batentzat lan egiten du; emaztea kontularia da. Bikote-bizitza arrunta daramate seme-alabekin. Egun batean Tudorrek parkera eramango ditu eta Maria desagertu egingo da». Magikoa, ezta? Larunbat arratsaldean sofan etzanda ikus daitekeen telefilm mimetikoa.

Eta ez sinopsiak bakarrik, gainontzeko elementuek ere ikara ematen dute: bi ordu eta erdiko iraupen luzea, pare bat aktore ezezagun, trama ikusezina, elkarrizketa minimo eta hutsalak, milaka aldiz jorratu izan den gaia, plano zabal eta luzeak, produkziorik xumeena, eta, ni gehien harritu nauena, ez du musikarik. Tramarik gabeko thriller dramatiko luze bat musikarik gabe!? Sinestezina, ezbairik gabe.

Bada, hala eta guztiz ere, Popescuk ikuslearen arreta mantentzen du minutu horietan guztietan. Sekulako eszenaratze inteligentea erabiliz, generoaren klixe hollywoodiarrak ukatuz, filmaren azpitestua eta tonua guztiz menperatuz. Harrigarria da kameraren eta enkoadraketaren erabilera eraginkorra, maisutasunez eta sinplifikazioz planifikatua. Bai kanpoaldeko eta baita barrualdeko plano-sekuentzia zabalek ere, ikuslearen arreta osoa bereganatzen dute, tableau vivant-en modura, ia lehen planorik gabe. Gu ere protagonistak eta vouyeurrak sentituko gara beraiekin batera, koadroan gertatzen diren istorio paraleloetatik nahi duguna jarraituz. Dena da naturalista, eta, aldi berean, otzandua.

Benetako pertsonaiak, egiazko sentimenduekin eta primeran antzeztuak. Hori da familiaren hondoratze prozesu egiantzeko honek eusten duena. Nader and Simin (A Separation) film gomutagarrian bezalaxe; eta honek ere saritua izatea merezi du.]]>
<![CDATA[Autoparodia edo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1823/034/001/2017-09-27/autoparodia_edo.htm Wed, 27 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1823/034/001/2017-09-27/autoparodia_edo.htm 'Love me not'

Zuzendaria Alexandros Avranas. Herrialdea: Grezia-Frantzia. Iraupena: 99 minutu.

Zer da Love me not? Zalantzan nago thriller generoaren parodia baten aurrean gauden, ergelez jositako melodrama gore bat den, edo Avranasen zinema cool-aren autoparodia hutsa den. Ez dakit zer kontatu nahi digun zuzendariak, eta hori pertsonaiek, zenbait unetan, trama ikusle txatxuak bagina bezala azaltzen digutela, tramaren irekiera posibleak ezabatuz.

Greziako zinemagileen artean ohikoa da indarkeria, Avranas zuzendariaren zinta tranposo honetan bezala. Bertan bikote baten antzutasunari irtenbidea bilatzeko asmoz, gazte baten sabela alokatuko dute. Honaino dena ondo, gerokoak ordea... Film honi herrikide den Lanthimos zuzendariaren zinema motaren airea har geniezaioke; tamalez Avranasen lanak Lanthimosen lanetatik agerikoena hartzen du, eta horrekin ez da nahikoa.

Esan bezala, haurdun geratu nahi duen bikote bat izango dugu, hau izango da filmari hasiera emango dion trama; konturatzen garenerako, filmak kolpeka beste norabide batean bideratuko gaitu. Hasiera zurrun eta neurtuak hotz mantenduko gaitu, ea interesa non aurki dezakegun bilatuz. Hala ere irrika sortzen du, iluntasuna antzematen zaiolako filmari, esaten ez diren guztietan, begiradetan eta zurruntasunean.

Bat-batean gertakariek beste norabide bat hartuko dute, biolentzia modu sinboliko batean soilik erabiltzeaz nekatuko balira bezala, eta filmak interesa irabaziko du, baina, hala ere, erabiltzen dituen tresnek agerian utziko dute. Erraz jarraitzen den filma dugu, gozagarria momentu batzuetan, lantzean behin sinesteko gauzak ikusteko beharra dugulako. Horrelakoa izango da filma. Momentu batzuetan, gertatuko dena aurreikusteko gauza izango bagara ere, sinesteko ikusi egin beharko dugu, eta hara... erotzekoa da hori.

Orokorrean eroso ikus daitekeen film bortitz eta tranpatia dugu, intriga eta jolasak erabiliko ditu gu engainatzeko eta momentu batzuetan ustekabean harrapatuko gaitu. Halere, ausarta da Avranas, ez da konformatzen erdipurdiko film bat egiten, eta ikusleen buruak eztanda egiteraino eramango du bere ausardia. Kontua da... zertarako?]]>
<![CDATA[Barbara Lennie, lehenik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1883/034/002/2017-09-27/barbara_lennie_lehenik.htm Wed, 27 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1883/034/002/2017-09-27/barbara_lennie_lehenik.htm 'Una especie de familia'

Zuzendaria: Diego Lerman. Herrialdea: Argentina-Brasil-Polonia-Frantzia. Iraupena: 96 minutu.

Malena klase ertaineko sendagilea da Buenos Airesen. Egun batean Costas doktorearen deia jasoko du, esanez berehala bidaiatu beharko duela Argentinako iparraldera, espero duen haurtxoa jaiotzear da eta. Bidaian zehar mota guztietako oztopo moral eta legalak aurkituko ditu, bere mugak ezagutu eta gainditzeko prest ote dagoen jakiteko baliagarriak.

Emakume baten abentura zirudiena, thriller opresibo eta ilun bihurtu du Lermanek -berez beste gauza bat da-, Refugiado filmean egin zuen bezala. Hain zuzen, film guztia da beti bestelako zerbait. Hau ez da amatasun subrogatuari buruzko film bat, askoz ere nahasgarriagoa da. Plano guztietan agertzen den Barbara Lennie aktore bikainaren oinaze aurpegiari buruzkoa da. Bere aurpegiak har dezakeen min guztia lehenesten da. Baina film nagia da, eta ez da hortik ateratzen, Barbara Lennieren aurpegitik.

Protagonistaren istorioa pantailaren atzealdetik kontatzea; horretan datza zuzendariaren estrategia. Kontatzen den guztia eremuz kanpo gertatzen da, Barbara Lennieren begirada izutu eta hondoratuan, galdetze egoera amaigabe batean. Esan dezagun galduta egotearen sentsazioak gidatzen duela oso hondoan galduta dagoen kontakizuna. Ez da bakarrik emakumeez hitz egitea, hori ere egiten duen arren. Emakume izateak berez ekartzen dituen bidegabekeriak agerian uzten ditu, didaktizismorik gabe, alegiazko irakaspen faltsurik gabe. Film enigmatiko eta zerebral bezain nahasgarri eta harrigarria da horren guztiaren emaitza .

Zail samarra da bere tragedia obsesiboaz kutsatzea, ez baitigute gauza askorik esaten bere egoera emozional latzaren inguruan. Barbara Lenniek interpretazio aparta egiten duen arren, pertsonaiaren jarrera nekagarria egiten da. Baina batek daki; epaimahaiak horrenbeste gustuko duen intentsitate emozionalak mesede egin diezaioke. Halere, Zinemaldi honetan ikusi ditugu jada film guztia eusten duten sufrimenduz betetako emakumezkoen adibide on batzuk.]]>
<![CDATA[Talentu itsuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1861/031/002/2017-09-26/talentu_itsuak.htm Tue, 26 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1861/031/002/2017-09-26/talentu_itsuak.htm 'Licht'

Zuzendaria: Barbara Albert. Aktoreak: Maria Dragus, Devid Striesow, Lukas Miko. Herrialdea: Austria-Alemania. Iraupena: 97 min.

Mariak ez du ikusten begiekin, itsua da, edo hori diote behintzat, baina berak argi esaten duen moduan, besteak dira bera ikusten ez dutenak. XVIII. mendeko Vienan gaude. Bertan, Paradis familiak musika erakustaldiak antolatzen ditu bere alabaren musikarako dohainaz etekina lortzeko.

Baina dagoeneko Mariaren trebetasuna muturreraino ustiatu ondoren, gehiago nahiko du Paradis familiak; alabak gehiago eman dezakeela konbentzituta, Mesmer sendagile polemikoarengana eramango dute. Mariak ikusmena berreskuratzea bilatuko du, baina, tamalez, bere patua bestelakoa da. Geure protagonistak arreta deitzeko gaitasuna dauka, eta honek arazoak sortuko dizkio, mundua ikusteko duen modua ez delako bat etorriko garaiko pentsamoldearekin.

Maria Victoria Dragus aktoreak protagonistaren rola ezin hobeki lantzen du, filmak duen hoberena izateraino. Gainontzekoak zuzenak dira, baina ezer gutxi nabarmengarri. Tonu egokia mantentzen du film osoak, nahiko aztoragarria, baina agian epelegia, istorioak eskatzen duen gaixoberatasun mailari uko eginez. Pertsonaien progresio dramatikoaren profil baxuarekin, filmak ezin du ikuslea gehiegi hunkitu.

Bitartean, Mariaren destinu petrala jarraituko dugu; tentuz, berak bezala, eskua aurretik, estropezu egin ez dezagun. Itsua dela modu sinesgarri baino sinesgarriagoan egingo duelako, benetan geure buruari itsua ote den galdetzeraino. Agian Paradis andereñoa handik datorrelako, paradisutik, eta horregatik harridura sortzen du beste gizasemeongan. Horrela ulertuko nituzke bere dohaina, trebezia eta berezitasuna, bere patua ere ulertuz: erakutsia izatea, animalia bitxia, exotikoa bezala.]]>
<![CDATA[Aitzakiarik gabeko komedia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2616/032/003/2017-09-26/aitzakiarik_gabeko_komedia.htm Tue, 26 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/2616/032/003/2017-09-26/aitzakiarik_gabeko_komedia.htm 'Le sens de la fête / C'est la vie!'

Zuzendariak: Olivier Nakache, Eric Toledano. Aktoreak: Jean-Pierre Bacri, Gilles Lellouche, Suzanne Clement, Jean-Paul Rouve. Herrialdea: Frantzia. Iraipena: 115 minutu.

Bigarren komedia arina Sail Ofizialean, programatzaileen ausarkeria oraingoan akaso suizida bihurtuz. Ez filmak publikoa asebetetzen ez duelako -barreak etengabe entzun dira Kursaal erraldoian-, baizik eta arintasuna ez dutelako mozorrotu. Hau da, komedia hutsal bat ez suertatzeko, derrigorrez aitzakia serio bat bilatu behar da: politika, terrorismoa, familiako gatazkak edo, zuzendarien aurreko zintan bezala, aniztasun funtzionala eta arrazakeria.

Arina eta azkarra da, zentzu guztietan, komedia koral frantses hau: erantzunen eta gag-en erritmoa, pertsonaien joan-etorriak, musika, muntaketa... Gidoi sinple baina oso eraginkorra du, Louis de Funesen film eguneratu bat balitz bezala, ahaztua dagoen nahaspilo-komedia sortuz.

Amaieran txalo zaparrada jaso zuen, baina salbuespenezkoena da filmaren erdian ikusleak txaloka hasi izana. Oso gutxitan gertatzen da, eta baliteke arrazoi extra-zinematografikoa izatea: ziurtatzen dutenez, hobe da komedia bat konpainian ikustea; barreak ugaltzen ditu. Eta Zinemaldiaren testuinguruan -filmaren egileak eta aktore protagonistak bertan izanda- biderkatu egiten dira. Los lunes al sol -hau bai aitzakia abileko komedia erraz-erraza- filmarekin gertatu zitzaigun, entzundako txalo eta algarak Kursaaletik kanpo ez ziren errepikatu.

Kasu, arintasuna izango da Sail Ofizialean egoteko arrazoia justifikatzeko zailtasuna. Baina osterantzean, filma guztiz koherentea da bere asmoekin. Pelikulak meta-txiste bat dauka horri buruz, zerbitzari etorkina desenkusa baten bila ibiliko da, azkenean aurkitu arte, baina ez digu ikusleoi azalduko. Filmak behin bere helburua lortuta, beste aitzakiarik behar ote?]]>
<![CDATA[Bidegabeko algarak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2595/032/002/2017-09-26/bidegabeko_algarak.htm Tue, 26 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/2595/032/002/2017-09-26/bidegabeko_algarak.htm 'Ni juge, ni soumise'

Zuzendariak: Jean Libon , Yves Hinant. Herrialdea: Frantzia-Belgika. Iraupena: 99 minutu.

Umorearen mugak epaitzen, horrela jarraituko dugu ikusleok bi zuzendari belgikarren dokumentalean. Diotenez, justizia itsua delako, eta zuzenbidearen inpartzialtasunari buruzko metafora zuzena delako. Ni juge, ni soumise-ren kasuan, ordea, zuzenbidea gizakion eta gizatxarren gauza dela aitortu egingo du Françoise Tourmet epaile superkarismatikoak.

Bruselako epaitegi batean bizi den errealitate latz eta zurbilen joan-etorria da. Horregatik da eskertzekoa eta ezinbestekoa Françoisen ikuspuntua filmean, berak krudeltasun horren guztiaren naturalizazioa egiten baitu. Umorearen mugak ezabatuko ditu, eta poliziaren Ez pasa zinta altxatuko du berarekin batera zurbiltasun hori guztia ezagut dezagun. Laztasun guztien aurrean erakusten duen axolagabetasunak eta arintasunak aho zabalik utziko gaitu, erailketa, bortxaketa, eta bestelakoen aurrean pasteltxoak jaten dituen epailea izango delako.

Ezin hobea da epaile honen hautaketa casting-erako, bera gabe dokumental -faltsu?- honek ez lukeelako lortuko bilatzen duen helburu gaizto hori. Tourmeten erantzunak oso zorrotzak direlako, hain perfektuak eta komikoak, non fikziozko dokumentala dirudien. Egiazkoa bada, manipulazioaren susmopean hartuko dugu, baita erakusten dituen gaizkileen profilengatik ere, agian etorkin gehiegi ez ote diren.

Zer eta nola epaituko dugu filmean? Otzan hasiko gara, lasai, barrez hasten garenerako geure buruari galdezka hasiko gara, nolatan hau guztia? Barregarria beharko ez lukeen zerbaitetaz algaraka? Baina ez dezagun epaitu, hori Françoisen lana delako. Akaso, epaitu dezagun zuzendarien intentzio morbosoa, edo gure algara konplize eta desegokiak egiazko dramen aurrean.]]>
<![CDATA[Ez da esperotakoa, gehiago da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/033/002/2017-09-26/ez_da_esperotakoa_gehiago_da.htm Tue, 26 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1904/033/002/2017-09-26/ez_da_esperotakoa_gehiago_da.htm 'Handia'

Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jon Garaño. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 114 minutu.

Zinema asko dago Handia filmaren sortzaileen buruan, eta Handia-ren gorputzean pelikula asko daude. Beharbada, gehiegi. Baliteke filmak bide gehiegi ibiltzea, istorio larregi izatea, zabuka ibiltzea. Genero, tonu, prosa gehiegi. Beharbada bai, auskalo. Baina zer espero dezakegu, ba, zalantzaren inguruan orbitatzen ari den film batez?

Handia anbizio handikoa da. Batez ere, zuzendariek kontakizunaren logikatik harago joan nahi izan dutelako. Arrisku handikoa ere bada, ia ausarkeriaz jokatzeraino, ez dutelako Altzoko erraldoiaren istorio lausoaz espero zitekeena irudikatu; ez dutelako ohiko aurreikuspenak asebete nahi izan. Filmak ustekabean harrapatzen zaitu, harrigarria da, ez delako inork espero zuena. Ez, askoz gehiago da.

Zuzenagoak izan zitezkeen, errazagoak, eta Elephant Man filmaren drama birsortu, edo Spielberg eta Bayonaren azken erraldoi negar-eragileen pare jarri, edota Big Fish fabula preziosistaren mailan jo. Baina Handia-k Tim Burtonetik zerbait izatekotan, Edward Scissorhandsen amets-irudia izango litzateke: ingurune arrunt eta gordin batean bere arrarotasunaz jabetzen ez den ezohiko pertsonaia apartaren istorio bitxia.

Soilki macGuffin gisa egokitu daitekeelako Handia, norberaren izaera onartzen ikasi, ingurunera moldatu eta hari aurre egiteko zailtasunaz aritzeko. Horregatik, erdibitutako anaiaren historia intimista kontatzen digu, ohiz kanpokoarekin osatzen den pertsonaia arrunta.

Filmari eusten dion aldamioa sendoa da, baina bere bizkarrezur bihurgunetsuak zalantza sortuko du ikuslearengan, dudak izango ditugu erraldoiaren pausoak nora doazen jakiteko. Horrek eragina izan dezake filmaren bigarren erdian, arritmikoagoa eta luzeagoa dela nabarituz. Erraldoiaren kondaira handitzera doala espero dugunean, jibarizatzen tematzen direlako. Gehitzen dutena bezain garrantzitsua delako kentzen dutena. Epika, zarata eta abentura minimizatu dute, James Grayk Z filmean egin zuen bezala, esaterako. Berriz ere, emozioa eutsi dute, jada Moriartiren zigilua.

Horren ordez, muturreko ispilu joko batez gozatuko dugu. Egia eta gezurra, mitoa eta kondairaren artekoa. Sentikortasunez betetako konposizioak ikusiko ditugu; lehen aldiz erraldoi bat ezagutzen duenekoa, erregina aurkezten diotenekoa, sexu emantzipazioarena, edo, bukaeran, poesia bisualari ematen dion besarkada. Hori guztia, irudi gogorarazleekin, umore antropologikoarekin, interpretazio onekin, egundoko trukajeekin, zuzendaritza artistiko landuarekin eta ondo irudiztatutako garaiko giro errealista batekin jantzita.

Baliteke kameraren atzean ahots gehiegi egotea, baina ahots korala da. Handia-k kontrako sentimenduak eragingo ditu ikusleengan, baina zuzendariek ondo dakite. Protagonistak berak ohartarazten die filmaren une batean, ikusmin handiegia dagoenean publikoarentzat dena izan daitekeela txikia. Nik esan dezakedan egia bakarra hauxe da: ikustean harrituta edo galduta geratzen direnei pazientzia izan dezatela esango nieke. Ikusiko dute etxerako bidean Handia-ren oroitzapena etengabe haziko dela.]]>
<![CDATA[Min amaigabea (edo 'off', 'off', 'off')]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/040/002/2017-09-24/min_amaigabea_edo_off_off_off.htm Sun, 24 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1917/040/002/2017-09-24/min_amaigabea_edo_off_off_off.htm 'La douleur'

Zuzendaria: Emmanuel Finkiel. Aktoreak: Melanie Thierry, Benjamin Biolay, Emmanuel Bourdieu. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 126 min.

Oharra: ez dut Marguerite Duras idazlearen liburu bat bera ere irakurri. Erreferentzia garrantzitsu honen gabeziak akaso nire ikuspuntua murriztu dezake, eta esklusiboki obra zinematografikoan oinarrituko da nire iritzia.

La douleur oso frantsesa da, frantsesegia agian. Zinema klasikoaren kadentzia elegantea senti dezakegu bere fotograma guztietan, hitz eta manera orotan. Frantseskeriaren maitaleak zorionekoak dira. Dena delako itxurosoa, dotorea eta sentikorra. Baita jelatua ere.

Filma ideia ahaltsu eta erakargarri ugariz josita dago, eta batez nagusiki: Parisko liberazioaren kaosaren erdian, idazle unibertsalaren samin agonikoa bere hitz eder propioetan azaltzea. Baina nahiz eta Melanie Thierry aktoreak bere begitartean min jasanezinaren zimurrak primeran antzeztu, zuzendariaren obsesioak beste bat dirudi: maisulan klasiko batez erditu. Horretarako, produkzio diseinu liluragarria erabiliko du. Argazki zoragarria, musika indartsua, jantziak, dekoratuak... Guztiak dira bikainak, baina, oro har, posta-txartel itxurakoa gerta daiteke emaitza, batez ere halako pasarte historiko latza eta barneko sentimendu mingarriak irudikatzeko. Ez dirudi Durasen ikuspuntu subjektiboaren begirada bizi dugunik, baizik eta filmaren zuzendariarena, nor bere baitan bilduta, handikerietan.

Zaila egin zait bere etengabeko minarekin bat egitea, eta multzoak erakusten duen hoztasunak ez du erru guztia. Alde batetik, istorioak azaltzen duen informazio mordoa off-ean dago -hau da, pantailaren koadrotik kanpo-, eta hitzekin soilik esplikatzen da. Ongi erabilita, errekurtso ederra izaten da, baina kasu, nekagarria izan daiteke. Bestetik, off-ahotsa-ren baliabide labainkorra etengabe erabiltzen da, astuna izateraino. Sentimenduak gehiegi azpimarratzen ditu, lirikotasuna begi bistakoa bilakatu arte.

Ziur nago Durasen zaleek ez ezik beste askok ere gozatuko dutela filmak dituen osagarri ederrekin. Agian, hain gogor kritikatu ditudanak berez ez direlako txarrak. Eta arazo bakar bat dago gainontzekoak kondenatzen dituena: filmaren iraupen amaigabea.]]>
<![CDATA[Mimesi perfektua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1934/042/002/2017-09-24/mimesi_perfektua.htm Sun, 24 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1934/042/002/2017-09-24/mimesi_perfektua.htm 'Alanis'

Zuzendaria: Anahi Berneri. Aktoreak: Sofia Gala Castiglione, Dante Della Paolera, Dana Basso, Silvina Sabater. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 82 minutu.

Itzuli da Zinemaldira beti deseroso eta bizigarri den Anahi Berneri zuzendari argentinarra, bere bosgarren film luzearekin. Oraingoan, prostituzioaren gai gatazkatsuari ekin dio modu zuzen eta errealistan, miragarria bere umiltasunean, artelan sendo eta eztabaidaezina lortuz. Bere asmatzerik handiena errealitateaz blaitzeko ahalmenean errotzen da. Artifizio guztiez erantzita ia dokumentalera gerturatzen da, kale gorriko jende errealaren portaerak imitatzen baititu. Giza izadiaren mimesi perfektua da, alegia.

Ez dago inongo trama nabarmengarririk filmean, ezta ezuste dramatikorik ere. Ez du ia egitura narratiborik, eta ez du behar. Alanis izeneko prostitutaren biziraupen istorioa kontatzeko, zuzendariak parafernalia guztia ezabatu duelako. Soilik bere behaketa ahalmen handiaz baliatu da, egia arnasten duten pertsonaiak sortuz; berezko ahotsa eta bizitza dute, hainbesterainokoak, non ez diruditen idatziak, entzundakoak baizik. Mimo handiz zaindu ditu Bernerik, sentikortasunarekin baina samurkeriarik gabe. Ez ditu epaitzen, manikeismotik aldenduz. Kamera puntu batean utzi, eta beraien joan-etorriak grabatzen ditu, besterik ez. Hain erraz, eta hain zail.

Alanis emakumeek egindako zinemaren potentzialaren beste adibide bikaina da. Duen muturreko naturaltasunagatik eta zehaztasunagatik, adibidez, Estiu 1993 film ederrarekin parekatu genezake. Espanturik gabe egindako zinema humanista eta zintzoa da, krudela bezain argitsua. Anahi Berneriren moduko begiradek agerian uzten dute ikuspuntu maskulinoa ezberdina dela gai bera jorratzeko unean, poetikoki fazatia zen Aranoaren Princesas hura bezalaxe.

Casting-a funtsezkoa izaten da horrelako film bati eusteko, eta, kasu, Sofia Gala Castiglione aktore nagusiaren zentzuzko lana antologikoa da. Bere sinpatia -sinpatikoegia agian?- eta samurtasunarekin, ikuslea harrapatzea lortzen du horren sinple baina aldi berean ñabardurez jositako pertsonaiarekin. Kurioski, Alanisen atmosfera lizun eta latzak ez du ikuslearengan errefusik sortzen, ostera, miseriatik hurbiltasun eta alaitasun moduko sentimenduak loratzeko gaitasuna erakusten du.]]>
<![CDATA[Idazle arriskutsuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/042/001/2017-09-24/idazle_arriskutsuak.htm Sun, 24 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1918/042/001/2017-09-24/idazle_arriskutsuak.htm 'El autor'

Zuzendaria: Manuel Martin Cuenca. Aktoreak: Javier Gutierrez, Maria Leon, Adelfa Calvo, Adriana Paz, Tenoch Huerta, Rafael Tellez, Antonio de la Torre. Herrialdea: Espainia-Mexiko. Iraupena: 112 min.

Komedia bat Zinemaldiko Sail Ofizialean, a zer atrebentzia. Testuinguru solemne hauetan tamalez hain mespretxatua dagoen generoa hondamendira kondenatua izaten da, nahiz eta film perfektuaren egitura izan. El autor filmaren kasua perfektu adjektibotik urrun dago, baina izugarri komedia burutsua da, eta bere helburua -publikoa dibertitzea- sobera lortzen du. Aurrekoetan Manuel Martin Cuencak aho-zapore ona utzi izan du Zinemaldian, eta hau ez da salbuespena izan.

Generoz guztiz aldatu du oraingo honetan, Canibal filmaren thriller dramatikotik komedia sarkastiko hutsera -baina ez hutsalera-. Egia esan, Martin Cuencak beti erakutsi izan du umore beltz lurperatua istorio dramatikoetan ere, eta El autor-en umore zuriagoa -baina, halere, zorrotza- bere estilo hieratikora egokitu du, bere ibilbidearekin koherentzia osoz emaitza itxurosoa lortuz.

Javier Gutierrez aktore talentudunak graziaz eta indarrez antzezten du Alvaroren pertsonaia betilun eta irudimenik gabekoa. Sevillako notaria bateko langile grisa da hura, idazle izateko ametsa abiarazteko gauza ez dena. Behin etxetik alde eginda, bere idazketa-irakaslereakin eleberri bat idaztera animatuko da, eta, nobelaren oinarriak arakatzean, fikzioa errealitatean oinarritzen dela konturatuko da egun batean. Etxez aldatua, bere bizilagun berriak zelatatzen eta manipulatzen hasiko da istorioa idazteko. Egoera arriskutsuetan, Martin Cuencak berriz hutsetik tentsioa lortzeko duen adimena erakutsiko digu.

Zenbaitetan tonua parodikoegia gertatu arren, bere umore fin eta azkarrak komedia frantsesen moduak ditu, François Ozonen Dans la maison filmaren gisan, baina kostunbrismo espainarrari uko egin gabe. Bestalde, askori Charlie Kauffman maisuaren Adaptation funtsezko filma erraz etorriko zaie burura, baina urrutiko konparazioa litzateke, hemen meta-literatura-zinema-fikzioaren arrastorik ez baitago. Halere, estatuan komedia berriak duen maila onaren beste adibide apart baten aurrean gaude.]]>
<![CDATA[Naufragoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1827/025/002/2017-09-23/naufragoak.htm Sat, 23 Sep 2017 00:00:00 +0200 Angel Aldarondo https://www.berria.eus/paperekoa/1827/025/002/2017-09-23/naufragoak.htm 'Submergence'

Zuzendaria: Wim Wenders. Aktoreak: James McAvoy, Alicia Vikander. Herrialdea: Alemania-Frantzia-Espainia. Iraupena: 110 min.

Aristotelesen printzipio batek dioenez, hobe dira ezinezko sinesgarriak, posible sineztezinak baino. Win Wendersek gogoan har zezakeen baieztapen hori Submergence zinemarako moldatu zuenean. Tamalez, garai batean kolapso zorian zegoen mundu bateko erretratu egiati eta poetikoekin itsutu gintuen zinemagile hark, bere karrera birflotatzeko gaitasunik gabekoa dirudi. Bere dokumentaletan distira egiten jarraitzen duen arren, oso gutxi geratzen da deserrotutako pertsonaien erretratua egiterakoan oroitarazle eta lirikoa izateko gai zen Wenders hartatik.

Bi pertsonaia bakarti aurkezten ditu oraingoan ere, bi naufrago emozional nor bere buruaren bila, baina oraingoan Wenders itsas azalean geratuko da. Salbuesten badugu bere bi protagonisten artean sortutako kimika ederra -James McAvoy eta Alicia Vikander bikainak-, gainontzekoak fede ekintza handia eskatzen digu ikusleei sinesgarria suertatzeko. Dena dirudi artifiziala eta faltsua folletoi-drama erromantiko eta itxurati honetan. Bere begi-bistako sinbologiatik hasita, diskurtso politiko lausoa -edozein dela ere-, elkarrizketa handinahiak, L'Atalante filmari gainazaleko erreferentzia egiten dion erromantzea, eta apaindura gisa azaldutako interes zientifikora arte. Nolabait, Isabel Coixeten bertsio kafeinagabetu baten aurrean gaudela dirudi.

Wenders bere lanik konbentzional eta komertzialena sinatzera mugatu da, eta zentzu horretan, bidezkoa da aitortzea filma ikuslearen arreta pizteko gauza dela, atsegingarria gertatzeraino. Hain zuzen ere, bere gidoi bihurgunetsua hain arritmikoa ez balitz, itxurazko blockbuster egokia izan zitekeen, bere publikoa aurkitu eta malkoren bat lapur zezakeen. Submergence-k badituelako benetan xurgatzaileak diren -nahiz eta iheskorrak izan- une pare bat, baina Wendersen apatiak jada ezin du gaurko garaiaren erritmoekin konektatu.

Filmaren tonu alegoriko erraz-errazari jarraituz: Submergence-k ur zurrunbilotsuetan murgiltzeko ausardia eta trebezia izan arren, gehiago sakontzeko ezintasunak filma erremediorik gabe ondoratzen du. Wendersen ospearekin batera.]]>