<![CDATA[Antton Iturbe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 30 Jan 2023 02:33:39 +0100 hourly 1 <![CDATA[Antton Iturbe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Zure lana zabaltzeko erreminta bilakatzen da deserosotasuna»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/031/001/2022-06-03/zure_lana_zabaltzeko_erreminta_bilakatzen_da_deserosotasuna.htm Fri, 03 Jun 2022 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1855/031/001/2022-06-03/zure_lana_zabaltzeko_erreminta_bilakatzen_da_deserosotasuna.htm
Omberchi (Sydney, 1969) musikari nekaezina da, hamaika proiektutan aritu dena. Cole kanadarrarekin elkarlanean plazaratzen dituen diskoetan, hain zuzen ere, era guztietako eta sarritan eguneroko gertaera arruntetatik ateratako soinuez baliaturik, moldaketa ezohikoak sortzen ditu; ehundura sotil, leun, hauskorreko pieza intimo eta hunkigarriak. Bere eskuetan musika elektroakustikoa soinu abstraktu baina intrigaz betetako egunkari, amets edota poema bihurtzen da. Bikotearen musika beraien bizitzaren luzapen bat dela onartzen du Ambarchik: «Bai, nolabait bikote moduan argitaratzen ditugun lanak egunkari modukoak dira, eta eguneroko bizitzari erabat lotuta daude. Erabiltzen dugun materialak gure bizitza pertsonalarekin zerikusirik ez badu, ez du zentzurik guretzat».

Hala izanik, zaila da Kaiola jaialdian eskainiko duten saioa irudikatzea, baita Ambarchi berarentzat ere: «Galdera ona da hori, baina kontzertua nolakoa izango den ezin dizut esan. Neronek ere ez baitakit!». Ezustekorako prest egon behar, Kaiolan ohi den bezala. «Kaiola ez nuen ezagutzen, baina kartela izugarria iruditzen zait. Gure hainbat lagun eta kolaboratzaile bertan dira gainera. Bilbon behin jo izan dut bakarrik. Orain dela hogei urte izan zen, Mattin-ekin bikote modura. Euskal Herriko eszenaz ia informaziorik ez dut, baina ezagutzeko irrikan nago». Kaiolaren ospea artisten artean pixkanaka hedatzen ari da, eta, urtetik urtera, kartel gero eta apartagoak biltzen ari da, baina, oraindik, Euskal Herrian gehiago ezagutzera ematea falta zaio.

Ambarchi perkusio jolea da funtsean, eta artista zerrenda luze batekin (Fennesz, Charlemagne Palestine, Sunn 0))), Keiji Haino, Alvin Lucier, John Zorn...) jo eta grabatzeaz gain, Black Truffle izeneko diskoetxea koordinatzen du. Bertan era guztietako soinu esperimentaziozko lan ezkutu zahar zein berriak argitaratzen ditu. Baina zer da grabaketa, emanaldi eta artista hauek guztiak lotzen dituena? Zer bilatzen du Ambarchik kolaborazio eta argitalpen bakoitzean? «Kolaborazioak nire lana eremu berrietara bultzatu ahal izateko baliabideak dira. Pertsonalitate artistiko berezia duten pertsonekin lan egitea inspiratzailea zait, eta nire lanaren inguruko ikuspegi eta jarrera ezberdina eskaintzen didate. Oso aktiboa naiz, eta oso interes askotarikoak ditut; ez dut gauza bera etengabe errepikatzen egon nahi. Artista moduan, etengabe hazi eta erronkei aurre egiteko beharra dut. Beste artistekin lan egitea katalizadorea da niretzat. Deserosotasuna zure lana zabaltzeko erreminta bilakatzen da batzuetan, eta pertsonalitate eta ikuspegi guztiz ezberdina duten artistekin lan egitea modu ezin hobea da hori lortzeko».

Black Trufflen plazaratu dituen diskoekin gauza bera gertatzen da. Estilo, garai eta jatorri aniztasun handia dago bertan: Arnold Dreyblatt, Alvin Curran, Annea Lockwood, Will Guthrie, Julia Reidy, Eiko Ishibashi, Eyvind Kang & Jessica Kenney... Era berean, Ambarchik beste zigilu ugaritan ere plazaratzen du bere lana. Guztien artean, nazioarteko sare edo plataforma bat eratzen dute, non artistak, etengabeko harreman eta kolaborazioan oinarrituta eta batak besteari erronka eginez, beraien musika eremu ezezagunetara bultzatzeko gai diren, esploratzaileen moduan: «Erronka planteatzen didaten lanak argitaratzea dut gogoko. Aurreikus daitekeen ezer kaleratzeko asmorik ez dut. Zorionez, nire kolaboratzaile eta lagun asko etengabe ari dira beraien musika zabaltzen eta sailkaezinak diren doinuak sortzen, eta horrek guztiz inspiratu eta kitzikatzen nau. Oso musika eremu zabala dut gogoko. Beraz, guztiz naturala zait Black Truffleko eskaintza askotarikoa eta, era berean, antzeko jarrera duten beste hainbat diskoetxerekin lan egitea».

Jim O'Rourke eta Keiji Haino gitarra jole japoniar mitikoarekin batera osatzen duen hirukotean, adibidez, avant-garde-a, esperimentazioaren ausardia eta akademiaren zorroztasuna rockaren zirrararekin nahasten ditu. Baina etiketa hutsak dira azken batean: «Hasteko, musika akademikoa ez zait batere interesatzen, ez da nire mundua. Pertsonalagoak diren artistak eta musikak ditut gogoko, soinuarekiko jarrera intuitiboa dutenak alegia. Avant-garde hitzak dagoeneko zeri dagokion ere ez dakit, egia esan. Adibidez, AEBetan badira zenbait hip-hop artista underground esperimental etiketa duten artista gehienak baino askoz esperimentalagoak direnak. Harritzen nauten artistek erakartzen naute».

Argitaratze erritmo bizikoa da Ambarchi: «Bakarkako disko bat kaleratuko dut urte bukaera aldera Drag City zigiluan, Shebag izenekoa, eta lagun pilo bat bildu dut bertan: BJ Cole, Sam Dunscombe, Jim O'Rourke, Julia Reidy, Chris Abrahams, Johan Bertling, Joe Talia... Horretaz gain, zuzeneko kontzertuekin biran oso gustura nabil berriz ere. Erabat eskertuta sentitzen naiz munduan gehien gustatzen zaidana berriz egin ahal izateko aukera izateagatik».

Euskal Herrian berriz ikusi ahal izateko beste hogei urte itxaron behar izango ez diren itxaropenarekin, Ambarchi zuzenean ikusi nahi duenak gaur du hitzordua Galdakaon. Kaiolan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://www.facebook.com/kaiolafestibala/]]>
<![CDATA[«Denak gara liderrak, eta denak gara laguntzaileak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/032/001/2021-07-15/denak_gara_liderrak_eta_denak_gara_laguntzaileak.htm Thu, 15 Jul 2021 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1857/032/001/2021-07-15/denak_gara_liderrak_eta_denak_gara_laguntzaileak.htm Never Enough da azkenaren izena, taldearen jarrera langile eta erronkazalearen isla ezin egokiagoa. Hirukotea Iradier Arenan ariko da gaur, 19:30etatik aurrera, Pablo Martin Caminero Triorekin batera.

Hainbat proiektutan parte hartu ondoren, zerk bultzatu zintuzten Thumbscrew taldea sortzera? Zer duzue komunean, eta zer da taldea bermatu eta itsasten duena? Edo, beste era batera esanda, zertan da ezberdina Tumbscrew?

MICHAEL FORMANEK: Thumbscrew izenpean musika sormenaren inguruan ideia estetiko oso antzekoak konpartitzen ditugun hiru pertsona gaude, eta sormen hori lantzeko garaian, kooperatiba baten moduan funtzionatu nahi dugu hirurok. Horretaz gain, hiruron artean halako kimika berezi bat sortzeko gai izan gara, eta, aldi berean, kimika hori erabiltzeko modu berriak aurkitzen ditugu etengabe. Gure paleta edozein norabidetan zabaltzen jarraitu ahal izatea da gure asmoa. Gainera, konfiantza handia dugu batak bestearengan, eta erabat aske sentitzen gara edozein unetan nahi eta behar adina ekarpen edota proposamen egin ahal izateko.

Zuen musikak, hasieran, bateria/baxu/gitarra hirukotean mimo handiz eraikitako jazz leuna eta konbentzionala dirudi. Gitarrak doinu atseginak marrazten ditu, eta pentsa daiteke baxuak eta bateriak, laguntza eta sostengua ematera mugatuta, ez dutela ekarpen handirik egiten. Baina arreta handiagoz entzuten bada, nabari daiteke hiru instrumentuak soinu izate bakar bat bilakatzen direla.

M.F.: Thumbscrew moduan sortu dugun soinua azken hamar urteetan garatu dugun zerbait da. Elkarrekin konposatzen, jotzen eta bizitzen pasatu izan ditugun ordu guzti horien emaitza da. Oinarrizko instrumentazioa diozun hori da, eta eredu jakin batzuk daude gitarra trio horri oso lotuta daudenak, baina horrek ez du esan nahi beste eredu batzuk posible ez direnik. Aurreiritzi hori izateak musika bere kabuz eta bere baldintza naturaletan balioztatzea eragozten du. Thumbscrew kolektibo bat da zentzu guztietan, eta kontzeptu hori gure jotzeko modura ere igortzen da. Denak gara liderrak, eta denak gara laguntzaileak; ez dugu rol finkorik. Etengabe aldatzen ari da hori, doinu batetik bestera, eta egun jakin batean pieza bera entzuten dugun moduaren arabera ere bai.

Konposatzeko garaian egitura oso sofistikatua eta inprobisatzeko tokia konbinatzen dituzue, eta kontu handiz doitutako demokrazia jarraitzen duzue konposizio eta exekuzio prozesuan. Zenbateraino da naturala eta zenbateraino zeuen buruari ezarritakoa? Eta, bide horretatik, zer ematen dio zuetako bakoitzak Thumbscrewren soinuari?

TOMAS FUJIWARA: Denok gara konpositoreak, eta gure kasa Thumbscrewrentzako doinuak idaztea plazer handia da denontzat, baita taldearen esparrura ekarri eta denboraren poderioz garatu, entseatu, jo eta grabatzea ere. Konposizioek materiala interpretatzeko eta inprobisatzeko inspirazio moduan funtzionatzen dute. Gure soinua entzule bakoitzaren baitan ulertu eta gauzatzen da hoberen. Gero eta pertsonalagoa bilakatu da, eta pertsona moduan —indibidualki eta kolektibo gisa— aldatzen garen neurrian aldatzen da.

Zuen aurreko diskoa Anthony Braxton konpositore eta interpreteari eskainita zegoen. Harekin askotan egin duzue lan; irakasle eta inspirazio iturri izan da zuentzat?

MARY HALVORSON: Hirurok jaso dugu Anthony Braxtonen musikaren eragina, eta hainbat aldiz egin izan dugu lan harekin. Oso pertsona argia, berezia eta berritzailea da, eta oso erronka zirraragarri eta pozgarria izan zen haren musikan oinarritutako disko oso bat grabatzea. Neure buruari buruz soilik hitz egin dezaket hemen, baina esango nuke Braxtonen eraginak erabat blaitzen duela nire musika; batik bat haren esperimentaziorako grinak eta jarrerak, haren ikuspegi zabalak eta arriskuak gainean hartu eta mugak bultzatzeko duen ausardiak.

Jazz talde modura sailkatzen zaituztete, baina etiketa hori mugatzaile samarra da zuentzat. Beste etiketaren bat jarriko zeniokete zuen musikari? Eta zergatik uste duzue dela hain zaila Thumbscrew bezalako talde bat jazz zirkuitutik kanpo ikustea?

T.F.: Ez dugu etiketarik behar gure musikarentzako. Batzuek hala behar dute, eta, horren ondorioz, musika entzuleria zabalago batengana eramateko aukera eragozten dute. Baina tira, ezin duzu jendea behartu ikusmina izatera eta belarri irekia izatera...]]>
<![CDATA[«Gure musikak kutsu onirikoa dauka»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/024/001/2021-06-25/gure_musikak_kutsu_onirikoa_dauka.htm Fri, 25 Jun 2021 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1870/024/001/2021-06-25/gure_musikak_kutsu_onirikoa_dauka.htm
Zerk bultzatu zintuzten elkarrekin lan egitera?

Hasieran neu nintzen taldeko partaide bakarra, baina, Veronica ezagutu bezain pronto, bere ekarpena oso aberasgarria izan zitekeela sumatu, eta parte hartzera gonbidatu nuen. Proiektuaren norabidea erabat aldatu da horren ondorioz. Askoz askeago sentitzen naiz zuzeneko emanaldietan, eta bere musika heziketak eta ezagutza klasikoak bide berri oso erakargarriak ireki dizkiote proiektuari. Ordura arteko nire jarduna, eguneroko objektuen soinu eta loop-etan oinarrituta, esperimentalagoa zen, eta agian arriskutsuagoa ere bai. Baina egungo Galgoren musikak askoz kalitate handiagoa du. Konposatzeko garaian, ederki osatzen dugu elkar abangoardiaren eta tradizioaren arteko nolabaiteko uztarketa horretan.

Kaiola ezagutzen al zenuten? Zer deritzozue festibalari eta bertan aritzen diren artistei?

Bai, Kaiola ezagutzen genuen, eta oso gustukoa izan dugu beti; oso proposamen interesgarriak egiten dituela deritzogu. Aurreko aldietan aurkeztu zituen artista gehienak guretzat ezezagunak izatea oraindik eta erakargarriagoa zaigu; entzun ondoren, ikusten baitugu irizpidea beti kalitate musikala eta proposamen eszeniko sendoa dela. Bertan jotzeko aukera zoragarria da guretzat. Erabateko apustua egiten dugu era honetako festibalen alde, bai entzule kopuruagatik eta soinu kalitateagatik, bai ñabardura guztiak hain ondo zaintzen dituelako. Betiko oroimenean izateko emanaldiak eskaintzen ditu horri esker. Kaiolaren aldekoak gara!

Disko bakarra plazaratu duzue orain arte, baina zuen zuzenekoa lan horren erreprodukzio hutsa baino askoz gehiago izaten da, bai soinu aldetik eta bai errepresentazio eszenikoaren aldetik ere, zuen erreferenteak musikatik haratago baitoaz. Zer duzue buruan Kaiolarako?

Hala da, zuzenekoak beti ezberdinak dira, eta, era batera edo bestera, elementu berriak sartzen eta automotibatzen saiatzen gara. Gure emanaldiek ibilbide edo bidaia baten itxura izatea gustatzen zaigu. Hori dela eta, abestien ordena edo haien arteko trantsizioak aldatze hutsarekin kontzertuaren izaera erabat bestelakoa bihur daiteke. Ideia berrietan etengabe lanean aritzearen ondorioz, zuzenekoak gero eta gehiago aldentzen ari dira jatorrizko diskotik. Eta gure erreferenteak oso zabalak dira. Ambient-a, elektronika, folklorea eta neoklasikoa maite ditugu, eta, oro har, ohiko rock emanaldien izaera ez dugu batere gustukoa. Ikuskizun bat eskaintzen saiatzen gara, alderdi bisuala eta argiteria asko landuz, isiluneak zainduz eta mugimendu fisikoak koreografia txiki baten modura erabiliz. Zinema munduan hainbat autore kuttun dauzkagu, baita zenbait artista abstraktu ere. Estetika horiek, erreferente baino gehiago, tresnak dira guretzat. Bat aipatzekotan, Val de Omar zinemagilea dugu bereziki begiko. Erabat liluratzen gaitu, eta gure unibertsoaren barnean bizi da beti.

«Irudikatutako filmentzako soinu bandak» egiten dituzuela diozue. Horrek ondo deskribatzen du zuen musika, baina askotan erabilitako definizio horrek, agian, mesede baino kalte handiagoa egiten dizue. Ametsezko munduak eta irudiak iradokitzeko indar handia du zuen musikak. Amets horien musika ekartzen duzuela esan daiteke?

Guk nahiago dugu esatea oraindik existitzen ez diren filmentzako musika egiten dugula. Baina, edonola ere, abestiak era horretako planteamendu formal batetik abiatzen dira. Ribadelago, adibidez, Francok eraikitako presa bati buruzko dokumental batekin erlazionatuta dago. Presa apurtzean, urak herri guztia birrindu zuen. Uholdean desagertu ziren askoren berririk ez dute inoiz izan, eta ezin izan dute gorpurik aurkitu. Dokumentalean, bizirik dirautenek diote batzuetan uraren burrunba entzuten dutela, zer jazotzen ari zen jakin ezinik beren gainera zetorren aldi hartan bezala. Sentsazio horrek inspiratu gintuen Ribadelago sortzean, gure buruan sortzen dugun film baten modura. Mike Ostrowski zuzendariak film baterako abestiak eskatu zizkigunean, bere irudiak ikusi aurretik sortu genituen, eta orain, ordea, irudi horiek existitzen dira. Existitzen ez diren filmen kontzeptu hori erabiltzen duen talde komertzial ugari dago egun, eta onartu beharra dago nahiko faltsututa dagoela. Baina, diozun bezala, ederki egokitzen zaigu, eta, berez, oso ondo definitzen du gure funtsezko asmoa. Ez dago ukatzerik gure musikak kutsu onirikoa duela. Intuizio hutsaren gidaritzapean, gure emanaldietan halako amets atmosfera lainotsu batean murgildu eta ikuslea murgilarazten saiatzen gara.]]>
<![CDATA[«Sortzen dugun guztiak darama iraganean ikasi dugunaren zama»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/040/001/2020-11-08/sortzen_dugun_guztiak_darama_iraganean_ikasi_dugunaren_zama.htm Sun, 08 Nov 2020 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1913/040/001/2020-11-08/sortzen_dugun_guztiak_darama_iraganean_ikasi_dugunaren_zama.htm
Hainbat artistarekin kolaboratu du urteotan, baita ekoizle lanak egin ere. Lankidetza horien zerrendan daude, besteak beste, Sonic Youthen sortzaile Lee Ranaldo, Roger Mas, Nacho Umbert, Senior i el Cor Brutal, Christina Rosenvinge, Las Migas, Silvia Perez Cruz, Josh Rouse, Mala Rodriguez, Rosalia eta beste. Kaiola jaialdia bertan behera geratu aurretik erantzun ditu elkarrizketa honetako galderak.

Elkarren artean desberdinak eta itxuraz ia kontrakoak diren hainbat artistarekin egin izan duzu lan urteotan. Zein da, zure ustez, ekinaldi horiek guztiak lotzen dituen funtsezko osagaia?

Hainbat urteren bueltan, aurreiritziak eta dogmak alde batera uzten ikasi dut. Nire musikarekiko inork halakorik izan ez zezan, erabaki nuen lehenik eta behin neronek baztertu behar nituela. Nire erabaki musikalak sentsazio epidermiko batean oinarritzen dira. Berarentzat lan egitea eskatzen didan artistaren zalea naizenean ere, baiezkoa eman aurretik, eskaintzeko zerbait badudala sumatu behar dut; partekatzera goazen prozesu horretan sentituko naizela. Ekoizpen lana, nire baitan, beste pertsona batekin batera ekindako bidaia da: bi norabide ditu, eta eskaintzen dudan bezainbeste jasotzen dut amaitzean. Esaten ari naizenak ez dirudi oso profesionala agian, baina nire musika bizitza era horretan bideratzea erabaki dut.

Nola?

Buru-belarri murgiltzen naiz proiektuetan, eta kontu handiz aukeratu behar dut nire sormen energia guztia non erabili. Ahituta sentitzen naiz beti diskoa bukatzean.

Aurreikuspenak egiten beti asmatzen al duzu?

Egia da batzuetan pentsatu izan dudala, artista bat ezagutzean, bide beretik gindoazela eta elkarrekin disko on bat egin genezakeela, eta erabaki okerra izan dela. Noski, posible da hori gertatzea, baina ez diogu beldurrik izan behar abesti bat edo bi grabatu ondoren proiektua bertan behera uzteari. Zoriontsu izatea da garrantzitsuena, eta uste dut normalean garbi sumatzen dudala ezer eskaintzeko gai izango naizen eta elkar ulertuko dugun ala ez.

Zerk ematen dizu lanean intentsitate horrekin jarraitzeko indarra eta jakin-mina?

Musika maite dut, ikaragarri gozatzen dut eta nire bizitzako ekintza gehientsuenen motorra da. Tarteka nekatuta sentitzen naiz, baina etsita inoiz ez; ezta aspertuta ere. Nahi bezainbeste gauza berri probatzeko astirik ez daukat. Bila nabil beti; ezustekoen emozioak bultzatzen nau. Ezagutzen ez dudan jendearekin komunikatu ahal izateko erabiltzen dudan tresna da, ez dut beste baliabide hoberik aurkitu; beste guztiak faltsuak iruditzen zaizkit musikaren aldean.

Askotan, zure artista kuttunekin lan egin duzu Kiko Veneno, Christina Rosenvinge edo Lee Ranaldo, esaterako. Hala ere, ekoizpenen eta sormen lanen arteko bereizketa garbi bat ezartzen duzu diskoak izenpetzeko garaian. Zertan datza bereizketa hori?

Diskoen ekoizpena elkarlan moduan bizi dut. Artista eta ekoizlea, biak, ezinbesteko piezak dira disko baten sortzeko. Batzuetan, artista moduan sinatzen ditut disko horiek, eta, alde txikia bada ere, garrantzitsua deritzot ñabardura hori azaltzeari. Desadostasun eta tentsio uneetan gauzatzen da ezberdintasun hori, batik bat. Baina jarrera berarekin ekiten diot lanari bi kasuetan. Nire erabakiak edo nire espazio pertsonala gehiegi murriztuko balute, ez nintzateke disko bat ekoizteko gai izango. Ze demontre, zigilu pertsonala duen ekoizle bat naiz azken batean, onerako eta txarrerako.

«Lee Ranaldoren zale batzuk Sonic Youth inoiz entzun gabeak izateak edota nortzuk ziren ere ez jakiteak liluratuta uzten nau. Inbidia diot haren musikaz gozatu ahal izateko daukaten purutasun horri», esan zenuen behin. Ekoizle lana egitean sentsazio hori bilatzen duzu? Artisten iragana eta historia ahazten saiatzen zara nolabait?

Bai, zalantzarik gabe. Ekoizpen eskaera bati baietza ematean, elkarrekin posible dugun diskorik onena egitea da nire asmo bakarra. Artistaren etorkizunera begiratu nahi dut; artistaren bilakaeran pentsatzen dut; artistaren ibilbidean mugarri izango den disko bat lortzea dut helburu. Urteetan gogoratu ahal izango duelako bakarrik ez, baita ibilbide oparo berri batean barneratzeko aukera emango diolako ere. Zahartzean zer bilakatuko naizen pentsatzea gustatzen zait, eta gauza bera egiten dut gustukoak ditudan artistekin.

Zure bakarkako diskoak nola planteatzen dituzu? Geroz eta askatasun handiagoa sumatzen da horietan.

Sortzen dugun guztiak darama iraganean ikasi dugunaren zama, baita suntsitzea erabakitzen duguna ere. Iraganean ezinezkoa izango nuen askatasun batez egin ahal diot aurre orain nire errepertorioari. Musika bideratzeko modu honekin oso pozik nago. Nire izeneko free horrek adierazten duen bezala, askatasun osoa eta aurreiritzirik eza dira nire oinarriak.

Nolako da zure harremana Lee Ranaldorekin? Zerk batzen zaituzte?

Lee Ranaldo eta biok adiskidetasun eta lan erlazio oso sendoa eraiki dugu. Elkarrekin gozatu egiten dugu, eta ikertzen jarraitu nahi dugu. Hori da funtsa. Garai nahasi hauetan benetan zaila zaigu elkar ikustea, eta, disko berriarekin lotuta, kontzertu bakar bat eman ahal izan dugu; diskoa argitaratu aurretik, gainera [prentsarako, New Yorken]. Zuzenean sarriago jo ahal izatea nahi nuke. Hiru disko egin ditugu dagoeneko elkarrekin, eta elkar ondo ezagutzen dugun arren, asko dugu oraindik arakatzeko.

Zein proiektuetan zabiltza lanean azkenaldi honetan?

Proiektu anitz dut buruan oraintxe bertan, eta ilusio handiz ari naiz lanean, baina, gauzak hain nahasiak eta zalantzazkoak direnez, nahiago dut oraingoz ezer ez aurreratzea.]]>
<![CDATA[Musika bikaina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-01-26/musika_bikaina.htm Sun, 26 Jan 2020 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-01-26/musika_bikaina.htm Fly or Die II diskoa. Ez da gutxiagorako. Chicagoko International Anthem diskoetxeak tronpeta jotzaileari plazaratu dizkion bi diskoak (2017ko Fly Or Die I eta iazko jarraipena, Fly Or Die II) ez baitira nolanahikoak. Branchek free-jazza ulertzeko eta sortzeko duen erak ez die latindar erritmo kutsakorrei, pop kutsuko doinuei eta hip-hoparen berehalakotasunari bizkarrik ematen. Kontrara, freskotasun txundigarriz, elementu horiek guztiak uztartzeko gai da, nortasun nabaria eta imitaezina adierazten duen bitartean. Branchen buruan, musika zail, esperimental eta konplexuaren eta dantzarako eta gozamenerako sortzen denaren artean ez dago mugarik. Sortzailearen eta entzulearen aldez aurretiko jarreran eta konpromisoan dago gakoa, eta bi disko horietan -behin akademizismoaren eta usadioaren zurruntasuna malgutu eta belarriak ondo irekita-, soinu plazer hutserako hamaika bide berri irekitzen zaizkio entzuleari.

Biziki maite duen Brooklynen, hots, New Yorken jaio eta bizi den arren, Chicagon (AEB) pasatutako urteak izan ziren Branchen ikuspegia moldatu, eta musikari bezala hezkuntza eta oinarria eman zizkiotenak. Posta elektronikoz bidalitako galderei erantzunez, hau adierazi dio Branchek BERRIAri hiriaz eta International Anthem zigiluaren arduradunei buruz galdetzean: «Scottie [McNiece] Chicagon bizi nintzenean ezagutu nuen. Une zehatza ez dut gogoratzen, baina 2016ko urtarrilean hasi ginen elkarlanean, New Yorken, Nick Mazzarella Trio-ren kontzertu bat antolatu nuenean. Ikaragarrizko lana egiten ari direla uste dut, eta azken urteetako nire disko kutunetako asko plazaratzeaz gain, oso pertsona atseginak dira biak, Scottie eta David [Allen]».

9 urte zituela joan zen Branch Chicagora bizitzera, eta urte berean bertan hasi zen tronpeta jotzen. «Lehen urte haietan izugarri botatzen nuen faltan nire jaioterria, New York, eta batxilergoa amaitu bezain pronto hara bueltatuko nintzela esaten nion nire buruari». Chicagoko musikaren historian eta garaiko eszenan murgiltzen joan zen heinean, ordea, hasi zen ikusten bertan geratu beharra zuela, eta hala egin zuen azkenean. «Fred Anderson bikainak -erabateko heroi bat niretzat- ikaragarrizko laguntza eman zidan, 21 urte bete ez nituen arren, bere Velvet Lounge taberna mitikoan sartzen utzi zidanean. 'Ez ezazu ezer edan', izan zen esan zidan gauza bakarra, eta, horri esker, han ikusi eta gozatu ahal izan nituen kontzertuei esker, musikalki Chicagon hezi eta heldu nintzela esan daiteke. Beraz, bai, bertako komunitatearen parte naizela sentitzen dut».

Komunitatearen ahotsa

International Anthem diskoetxea 2014an sortu zuten McNiecek eta Allenek, Branchen izaera ulertzeko testuinguru egoki eta beharrezkoa ematen duen egitasmoa. Bertan plazaratu dituzten hainbat diskok eta haien sortzaileek harrotasunez eta konpromiso sakonez ematen baitiote jarraipena 1960ko hamarkadan AACM elkarteak (Association for the Advanced of Creative Musicians) eta Art Ensemble Of Chicago taldeak irekitako ildo abenturazaleari. Era horretan, komunitate berri baten kronikari bihurtu dira. Garai hartako prentsak eta gizarteak jazz musikaren eta, batik bat, musikari beltzen gainean ezartzen zituzten estereotipo eta topiko mugatzaile guztiak hankaz gora jarri zituzten musikari haiek, eta great black music izena eman zioten soinu berri hari. Great horrekin, soinu berriekin esperimentatzeko ausardia eta beharra adierazi nahi zuten; hizkuntza eta estilo musikalen estutasunak gaindituta eta afrikar arbasoen ezagutza arkaikoan oinarrituta. Bide batez, inguruko komunitateari erabateko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzeko erreminta boteretsu bat eskaini nahi zioten.

Orduan bezain beharrezko eta indarreko dirau kontzeptu hark, eta DIY (Do It Yourself) punk giroan hazitako McNiece eta Allen bezala, jatorri guztiz ezberdinetako musikari eta zaleak erakarri eta betirako liluratzeko botere izpirik ez du galdu. International Anthemek bere katalogora erakarri duen artista sorta bikaina indar betiereko horren adierazle ezin hobea da. Elkarren arteko kolaborazioa eta esperimentazioa sustatzen duen ekosistema aberats baten modura, besteak beste Angel Bat Dawid, Makaya MacCraven, Irreversible Entanglements eta Damon Locksen harribitxiez betetzen ari da diskoetxea egunetik egunera txundigarriagoa den bere eskaintza. «Talde buru diren eta banda ezberdinen artean mugitzen diren musikariez osatzen du bere katalogoa International Anthem-ek, baina, agian, hori ere ez da definizio zehatzena. Musika itzela egiten duten eta noizbehinka elkarri laguntzen dioten musikari bikainen lagun talde handi bat da berez», dio Branchek benetako funtsa adieraziz.

AACMen antzera, zigiluak konpromiso politiko eta sozial ezkertiar erradikala sustatzen du bere argitalpen guztietan, eta Branch ez da salbuespena, azken diskoko Prayer for AmeriKKKa Parts I & II abestietan erabat esplizituki adierazten duen moduan -aurreneko aldiz kantatu du pieza horietan-. Baina, agian, bere erro kolonbiarrak harrotasunez aitortu eta hango musikaren erritmo, kolore eta zaporeen aztarnak bere jazz bikainaren barnean naturaltasun osoz txertatzen dituenean azaltzen du konpromiso hori modurik agerikoenean. «Egia esan, modu kontziente batean behintzat, nire azken disko hau grabatzen ari nintzenean hasi nintzen kolonbiar arbasoez eta, bereziki, 7 urte nituela hil zen amonaz pentsatzen. Orduan jabetu nintzen musika eta dantza hain errotuta dagoela latinoamerikar kulturan, zurekin geratzen dela betiko, eta berez nirekin egon dela hasieratik, musika egiteko garaian izugarrizko energia emanez beti».

Donostiako kontzertuan Fly Or Die II oso-osorik joko du tronpeta jotzaileak, eta Fly Or Die I-ren zati batzuk ere tartekatuko ditu. Edozein erara, «jazz» moduan sailkatuko dituzte askok Branchen diskoen iruzkinak eta kontzertuen kronika eta iragarkiak, eta horrekin hainbat entzule -ohiko aurreiritzien erosotasunean eta konplexua, aspergarria eta astuna izango delakoan- uxatuko dituzte. Baina Branchena jazza da, eta, aldi berean, ez da. Askoz gauza zabalagoa da, guztiz gaurkoa eta bizia. Musika bikaina.

KONTZERTUA
Non: Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan.
Noiz: Gaur, 19:00etan.]]>
<![CDATA[«Musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz azkenaldian»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2020-01-15/musika_gehiegi_ez_entzuten_saiatzen_ari_naiz_azkenaldian.htm Wed, 15 Jan 2020 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1864/024/001/2020-01-15/musika_gehiegi_ez_entzuten_saiatzen_ari_naiz_azkenaldian.htm Nihilism Part 1. Compositions and Recordings From 2014 to 2019 diskoaren atzean. Gainera, azkenaldian, besteak beste, Evelyn Glennie perkusionista eskoziarrarekin ari da kolaboratzen orain dela gutxira arte El_Txef_A izen artistikoarekin aritu den musikaria. Bi datu horiek Etxebarria pixkanaka jasotzen ari den nazioarteko oihartzunaren isla dira. Azken urteetan izan duen hazkuntza eta bilakaera artistikoa ere ez dira nolanahikoak. Elektronikaren, musika garaikidearen eta (post)pop-rockaren arteko eremu zehatzezin eta berezi batean bizi da bere musika, eta, disko berri honetan, agian, inoiz baino modu agerikoagoan azaltzen da bere musikaren edertasuna.

«2014ko otsaileko egun euritsu batean, estudioan Can't See Nobody abestiaren lehenengo zirriborroa konposatu eta grabatu nuenean, oilo ipurdi infinitu batek zeharkatu zidan gorputz osoa», aitortu du, proiektuaren abiapuntua gogoratzean: «Han nengoen ni, pianoaren aurrean bakar-bakarrik, abesten, jotzen eta dena grabatzen. Beldur asko kendu nituen gainetik une horretan». Orduan erabaki zuen bere izenarekin sinatzea proiektu berria, baita prozesuari denbora emango ziola ere, «harro eta pozik sentitzeko moduko lan bat» grabatu ahal izateko. «El_Txef_A bezala, gauzak oso azkar joan dira beti, eta disko hau, ordea, bost urtez landu dut, mantso-mantso, nire buruko txabolaren babesean, nire inguruan eta nire ibilbide artistikoan beste milaka gauza gertatzen ziren bitartean».

Nihilism Part 1 diskoak norabide berri bat irekitzen du Etxebarriaren ibilbidean. Izan ere, inoiz grabatu duen lanik pertsonalena bada ere, Elena Setien eta Eñaut Zubizarretaren ekarpenez gain, banda bat osatzen duen kolaboratzaile sorta fina izan du inguruan: Jatsu Argarate, Hibai Etxebarria, Hasier Oleaga, Iban Urizar Amorante, eta baita Hannot Mintegia ere. Alde batetik, disko berria bada Mintegiarekin Markak diskoan hasitako elkarlanaren jarraipen eta sakontze bat, eta bi musikarien arteko elkar ulertzea eta kimika berezia guztiz sendotuta ageri da bertan: «Hannotek konfiantza osoa jarri zuen nigan Markak-en [Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentala] soinu banda sortzeko garaian, eta bai disko horren grabaketa, bai zuzenean aurkezteko egin genuen bira, funtsezkoak izan dira gaur nagoen lekura heldu ahal izateko».

Etxebarriak eta Mintegiak proiektu ugari egin dituzte elkarrekin azkeneko urteetan, eta Audience taldeko kide izan zenaren eragina aitortu du: «Oso nabaria da, bere gitarraren sonoritateak eta jotzeko modu berezi horrek doinu guztiak markatzen baititu. Tira, egia esan, jotzen duen guztia gustatzen zait, beti [barrez]... Horrez gain, oso antzeko sentsibilitate artistiko eta estetikoa dugu. Sarritan, bion arteko jardunean ari garenean, jendea txundituta uzten dugu, ez baitigute esandako ezer ulertzen. Bion artean sortu dugun mikromundu batean bizi gara une horietan».

Ahotsaren presentzia

Ahotsaren presentziak eta erabilerak beste maila batera altxatzen dute Nihilism Part 1. Ahotsa da pertsonak bere barnean duen instrumentu musikala; agian, zintzoena. «Aurreko disko batzuetan, neronek konposatzen nituen ahotserako doinuak, baita hitzak ere, baina marruskadura mental handi samarra neukan horren inguruan, eta ez nion neure buruari harago joaten uzten», adierazi du. 2017. eta 2018. urteetan taldearekin egindako kontzertuak oso inportanteak izan ziren alde horretatik. «Neure burua [Bilboko] Kafe Antzokian edo New Yorken abesten ikustea aurrerapauso itzela izan zen, eta ezinbestekoa ere bai Nihilism Part 1 aurrera atera ahal izateko. Ahotsa geu gara, eta Etxean bezalako abesti bat a capella sortzea izugarrizko esperientzia izan da niretzat».

Nahitaez, ahotsaren presentzia hori pop abesti kontzeptuari eta kantariaren figurari lotzen zaio, eta, neurri batean, izaera hori bera du diskoak. Baina beste ikuspegi batetik, pop kontzeptu horren ezeztatze bat ere erakutsi dezake. Diskoan hitzak egon badauden arren, modu ia ulertezinean kantatzen baititu, sarritan, Etxebarriak. Abestiek apenas dute lelo moduko pasarte errepikakor edo itsaskorrik. Bi ikuspegi horien arteko joko bat emango balitz bezala. «Azken urteetan, musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz. Zaila egiten zait, etxean zein kontzertuetan beti musika pilo bat entzun baitut. Biziki maite izan dut, gainera, hori egitea. Musika klasikoko eta garaikideko emanaldiak izan dira azkenaldi honetan ikusi ditudan gehienak, eta horrek ere eragina izan du nigan. Nolabait, estandarrak ahazten edo ezabatzen ari naiz neure burutik -inoiz izan baldin baditut-, eta agian horregatik baztertu ditut ohiko egitura, moldaketa eta abesti iraupenak».

Aurreko beste lan batzuetan egin duen moduan, plano musikal batzuek eta besteek elkar ukitzen duten eremu hastapenekoan lan egin du Etxebarriak. Nihilism Part 1-en, pop abeslariaren edo crooner-aren kontzeptuak mugaraino bultzatzen ditu; bere musika, indar eta intentsitate handikoa bada ere, gune gaseoso batean eta oreka dardartian bizi dela dirudi, edozein unetan apurtzeko arriskuan. «Disko hauskorra da zentzu askotan, agian soinuaren eta hutsuneen arteko tentsioaren ondorioz. Baina jatorri eta testuinguru oso ezberdineko jendeak esan dit oso nortasun nabarmena duela eta nire burua musikaren barnean indar handiz sumatzen dutela. Ikaragarri pozten nau horrek».

Nihilismoaren aldarria

Hor dago diskoaren izenburua ere: Nihilism Part. 1. Nihilismoak aurka egin eta deuseztatzearen ideia suntsitzaileak iradokitzen ditu, baina modu sortzailean ere erabil daiteke, konbentzionalismoen aurka egiteko indar gisa hartuta. «Nihilismo hitza azken urteotan irakurri ditudan hainbat liburu eta artikulutan azaldu zait, hitz larritan, eta haren esanahia eta jatorria ikertzera bultzatu nau horrek. Ez naiz nihilista sentitzen berez. Agian ez naiz bereziki ezer sentitzen. Azken bost urteotako jarduera artistikoaren barnean, nihilismoa hutsuneekin lotzen dut. Batetik, zentzu metaforikoan, hutsuneek helbururik eza marrazten dutela esango nuke; eta, bestetik, helbururik ez izateak, munduaren merkantilizaziotik at egoteak, sormen prozesuaren gozatze hutsera eraman nau».

Bestalde, diskoak sortzeko garaian, musikariak batez ere «ikasketa pertsonalari» ematen dio garrantzia. «Nihilism Part 1 idazteak barne bakarrizketarako beta eman dit; batzuetan samurra, beste batzuetan mukerragoa, baina beti lagungarria nire burua hobeto ezagutu ahal izateko. Horrez gain, beste musikari batzuekin lan egin eta komunikatzean, beraien zati txiki bat nire baitan hartu dudala nabaritu dut».

Lan egiterakoan bezala, harreman pertsonaletan ere senari jarraitzen dio Etxebarriak: «Sen handiko pertsona naizela esaten didate. Gauzei ez dizkiet buelta gehiegi ematen erabakiak hartzeko garaian. Aurrean dudan pertsonarekin elkarrizketa labur bat nahikoa zait asmo ona duen edo ez jakin ahal izateko, eta hori oso baliotsua zait, bai harreman artistikoetarako, bai pertsonaletarako».

Produktu amaitu bat baino gehiago, askotarikoagoa eta zabalagoa den mosaiko baten zati modura ikusi eta balioetsi daiteke diskoa. Etxebarriaren senak gidatzen duen ibilbide ezezagun horren kapitulu liluragarrienetako bat, zalantzarik gabe.]]>
<![CDATA[Eskerrik asko, Mr. Zorn]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/030/002/2019-07-30/eskerrik_asko_mr_zorn.htm Tue, 30 Jul 2019 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1884/030/002/2019-07-30/eskerrik_asko_mr_zorn.htm John Zorn: 'Bagatelles Marathon' I eta II

Lekua: Kursaal auditoriuma. Egunak: uztailaren 27a eta 28a.

Harrotasunez, pittin bat hunkituta eta merezimendu osoz jaso zuen John Zornek Donostiako Jazzaldiaren saria, Bagatelles Marathon ekitaldiaren igandeko saioa hasi aurretik. Baina une horretan, eta bere ibilbide osoan egin duen moduan, bere kolaboratzaile eta lagunak ez zituen alde batera utzi eskerrak emateko garaian. «Musika jendearen arteko komunikazioan eta elkarlanean oinarritzen da. Sari hau nirekin lan egin duten artista guztiei ere badagokie. Batak bestearen beharra dugu bizitzeko». Hala baita, eta agian inoiz baino garbiago, bi saio luzeetan banatuta aurkeztu zigun Bagatelles proiektu eder honetan. Zornek idatzitako konposizioen (edo hobeto esanda, musika inprobisatzeko estrategien) interpretaziorako 22 artistaren arteko 14 konbinazio pasatu baitziren Kursaaleko agertokitik.

Zorn bera izan zen, saxoari putz eginez, ekitaldiari hasiera eman ziona, Masada laukotearekin batera; eta berak eman zion bukaera ere, Marc Ribot, Trevor Dunn eta Kenny Grohowskiren saioaren zuzendari gisa amaitzeko agindua eman zuenean. Berak aurkeztu zuen saio bakoitza, eta, eskaintzaren zabaltasuna eta aniztasuna izugarria izan arren, bere inspirazioa eta aztarna pertsonal nahasezina sumatu ahal izan genuen une oro. Edozeinek jota ere, bere musikak arrisku sentsazio deseroso eta aldi berean guztiz liluragarria eragiten du beti. Izugarrizko zorroztasunez eraikitako egitura konplexu bat dirudi, artisten erabaki, keinu, ufada edo kolpe bakar baten ondorioz erabateko forma berri batera mutatzeko gai, erronka berriak planteatuz eta musikariak bere onena ematera behartuz aldi oro. Edo hori irudikatzen dut nik behintzat neure buruan, Zornekin elkarlanean aritzen direnean artista guztiek erakusten duten maila gorena ikusirik.

Bagatelles Marathon ez da salbuespena izan, eta Donostian eman zituen bi saioetan adibide oso ederrak utzi zizkigun berriz ere. Maila tekniko horren altua izan zuten saioen artean bata edo bestea gailentzean, eragin handia dute norberaren gustu eta joera pertsonalek eta unean uneko baldintzek. Masadaren jazz dotoretik hasita, Triggerren hardcore basatira, edo Gyan Riley eta Julian Lageren gitarra akustiko delikatu zoragarrietara, eta Brian Marsellaren pianoren uhar sonoro geldiezinera, denek eman zizkiguten gozamenerako aukera franko. Baina nire ikuspegitik, Sylvie Courvoisierrek pianoz eta Mark Feldmanek biolinez, hain modu txundigarrian uztartu zituzten teknika, soinu bitxien sorrera, eta musikaren diskurtsoa eta dinamika, edozein jazzalditan ikusi dudan unerik handienen artean jarriko nukeela, baita Mary Halvorsonen gitarra ahalguztidunaren ekarpen bakoitza ere.

Halere, azken saioan, Zorn zuzendari moduan musikariei etengabe desafio eginez, zirikatzaile, gozatuz eta gozaraziz ikusteak ez du parekorik. Punkaren eta hardcorearen freskotasun eta intentsitatez eta jazz abangoardiaren zorroztasunez eta abenturarako grinez 80ko eta 90eko hamarkadetan New Yorkeko Knitting Factorytik historia aldatuko zuen musika handi horren sormen unera eraman gintuen berriz ere. Eskerrik asko, Mr. Zorn.]]>
<![CDATA[Sortzaile kitzikari nekaezina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2019-07-26/sortzaile_kitzikari_nekaezina.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2019-07-26/sortzaile_kitzikari_nekaezina.htm
Bihar eta etzi, artistaren ibilbide txundigarri horren beste kapitulu batez gozatzeko aukera izango da Donostiako jazzaldian, Bagatelles izeneko maratoi moduko bi saiotan. Zornen beraren esanetan, Bagatelles «musika atonalean oinarritutako konposizioa» bilduma da. «Hirurehun piezak osatzen dute. Hiru hilabetean idatzi nituen, eta pixkanaka zuzenean aurkeztu beharreko proiektu bat zela ohartu nintzen. Bilduma osoa jo ahal izateko hogeita bi talde gonbidatuko ditut, eta bakoitza ordu erdiz arituko da gutxi gorabehera».

Donostiakoa bertsioa mugatua izango da, baina, hala ere, hamalau talde eta 50 konposizio entzuteko aukera izango da. Horixe da aurrez esan daitekeen guztia, John Zornen konposiziorako eta elkarlanerako teknikek inprobisazio eta jokurako eremu zabalak irekitzen baitituzte. «Inprobisazio musikari bat kitzikatu nahi baduzu, ezin dizkiozu xehetasun eta argibide guztiak finkatuta eman. Nire buruan Bagatelles pieza horien eta, esaterako, Berlin hiriko paisai urbanoaren artean alderik ez dago. Biak melodiak dira. Inprobisatzaile edo jazz musikari batek melodia hori hartu eta bere erara landu eta adieraziko du. Horixe da Bagatelles...», dio aurkezpen moduan egin duen bideoan.

Argi eta garbi edo ezin misteriotsuago, bakoitzaren irudimena da muga bakarra. Ekitaldian parte hartu izan duten musikariek esandakoek ere misterioa eta erakargarritasuna areagotzen dute. «Bagatelles honen bitartez, izaki bizidun bat eman digu Johnek», esan du Marty Ehrlichek. Jim Black bateria jotzaileak kontatu du super heroi batekin lan egitera zihoan ume baten antzera sentitu zela, eta Mary Halvorson gitarra jotzaile handiak jotzen hasi zenetik bukaeraraino prozesu osoa ikaragarrizko intentsitatez eta energiaz bizi izan zuela gogoratu du. Beharbada, eta erdi txantxetan bada ere, Brian Marsella piano jotzailea da ikuspunturik zorrotzena ematen duena: «Musika eskola klasikoetan, klasikoa jazz musikari baten moduan jotzen nuela esaten zidaten, eta eskola modernoetan, berriz, jazza musikari klasikoen erara jotzen nuela. Beraz, John Zornek pieza hauek niretzat idazteko zain egon naiz nire bizitza guzian [kar-kar]».

Hala baita. Zorn mugan bizi izan da beti, estiloen arteko mugan, konbentzio eta erregela guztien mugan, entzulegoaren pazientzia, jasangarritasun eta lilura handienaren arteko mugan, baita bideragarritasun ekonomiko eta osasun mentalaren mugan ere. Baina aurrera atera da beti, bere erara, bere kasa, eta izugarrizko eragina izan eta izango duen lana uzten ari da.

Ezinezkoa da lerro gutxi batzuetan ibilbide horren nondik norako guztiak ematea, eta lan handia eskatzen du bere izenean argitaratu dituen disko guztiak entzun eta ezagutzeak ere. Zaleek, ordea, haren izaera, jarrera, pentsamoldea eta inguruko artistengan eta entzuleengan eragiten duen inspirazioa maite dute, eta horixe da haren katalogoko edozein izkinatara joanda ere, aurkitutakoa entzutea beti zirraragarri bilakarazten duena.

Askotakoriko elkarlanak

Zorn Manhattango apartamentu berean bizi da 1977tik, disko bilduma erraldoi batez inguratuta, etengabe eta obsesiboki lanean. Hiriko downtown musika eszena esperimentalaren sustatzaile nagusietakoa izan da tarte horretan, bai musikari gisa, baita Knitting Factory, Tonic eta antzeko kontzertu aretoetako nahiz Tzadik diskoetxeko kudeatzaile bezala ere. Era guztietako musikariekin aritu izan da elkarlanean, eta zuzenean aritzeko edo diskoak grabatzeko ahalbideak eman dizkie, eta beti (edo ia beti), izugarrizko lan etika eta eraginkortasunari esker, dirurik ez galtzeko eta modu duin batean ordaindu ahal izateko gai izan da.

Bide horretan, hamaika dira goraipatzeko moduko grabaketak, baina sarrerako ateren baten bila dabilenarentzat, agian, The Big Gundown (Enni oMorriconeri eskainia, eta Enniok berak oso preziatua duena) eta Spillane lanak, Naked City eta Painkiller taldeak, Masada Quartetekin grabatutako zuzenekoak eta Duchamp, Margerite Duras, Antonin Arraud eta beste hainbat gogoko artistei eskaini dizkien ganberarako konposizio klasikoen seriea nabarmendu daitezke. Edozein eratara eta edozein lekutatik hasita ere, goxo ala mingarri, joku batean bezala, mugak, musikarenak eta norberarenak, bultzatzea eta apurtzea da beti gakoa eta plazerra.

Laurie Anderson musikari ospetsuak behin esan zuen, Zornekin lan egin zuen lehen aldian, hark proposatutakoa inoiz entzundako gauzarik tentelena iruditu zitzaiola, baina behin probatutakoan, erabat aske sentitu zela, eta musikarekiko zuen ikuspegia betirako aldatu zitzaiola. Berarekin lan egitea esperientzia bizia eta neketsua izatea, eta, era berean, merezi duen zerbait dela sentiaraztea gustatzen zaio Zorni. Bihar eta etzi haren ondoan arituko diren Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron eta abar luzeak erabat ados izango dira seguru asko. Halaber, publikoaren esku egongo da beren buruak esperientziaren esku uztea eta esperientziak merezi izatea eragitea.]]>
<![CDATA[«Inprobisatzaile batek funtsezkoa du belarri irekiak izatea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/025/001/2019-06-06/inprobisatzaile_batek_funtsezkoa_du_belarri_irekiak_izatea.htm Thu, 06 Jun 2019 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1855/025/001/2019-06-06/inprobisatzaile_batek_funtsezkoa_du_belarri_irekiak_izatea.htm
Euskal Herrian izan al zara aurretik? Eta Kaiola festibalaren berri bazenuen etorri aurretik?

2007an Guggenheim museoan jo nuen, Björkekin batera; hori izan da dena orain arte. Aritza Landaluze [antolatzailea] 2015ean jarri zen nirekin harremanetan lehenengo aldiz, eta ordudanik nire agendan hutsune baten bila ibili gara. Festibalean joko zuten artistak nortzuk izango ziren jakin gabe erabaki nuen etortzea, Aritzaren berotasunak bultzatuta. Ezusteko galanta eta oso atsegina izan da gero kartelean halako artista handiak topatzea.

Bakarka eta Christine Abdelnourrekin batera arituko zara. Nola moldatuko zara bakoitzerako?

Helburua bera da bi kasuetan; ahalik eta musikarik onena egitea, besterik gabe. Oinarri horretatik abiatzen da dena. Baina, jakina, egoera bakoitza ezberdina da, eta une batetik bestera etengabeko erabakiak hartzera bultzatzen zaitu. Christine Abdelnourrekin, berak sortutako soinuei erreakzionatuz joko dut, gure bi instrumentuen arteko uztarketan batuketa hutsa baino handiagoa den soinu izaki bat sortzeko asmoz. Bakarka, ordea, nire instrumentu soilaz banda oso baten soinua sortzen saiatuko naiz.

Sarritan musikarekin lotzen ez diren erreminta eta material txundigarriak erabiltzen dituzu zuzenekoetan. Zer dakarzu poltsan oraingo honetan?

Harriak, zurezko blokeak, gomazko sokak eta metalezko hainbat pieza dauzkat, besteak beste. Gure inguruko gauza guztiak dira zilegi horretarako; haien bidez soinu interesgarria sortu ahal izatea da hizpide bakarra. Tira, hori, eta maletan kabitzea ere bai, noski!

Zure grabaketa eta saio gehientsuenak guztiz inprobisatuak dira, eta, beraz, unean sortu eta gozatu ondoren, errepikaezinak dira. Hala izanik, zentzurik ba al du saio bat grabatzea eta formatu fisikoan argitaratzea?

Musikari bat inprobisatzen ikusten duzunean, artelan bat bere sormenaren unean ikusteko aukera duzu, eta hori oso esperientzia indartsua da. Baina bertan sortutako musikak badauka une horretatik kanpo existitzea ere, eta era horretan esanahi berri eta ezberdinak har ditzake. Inoiz zuzenean ikusi ez ditudan musikariek egindako disko zoragarri pila dago, eta horiek entzun ahal izatea oso eskertzeko gauza dela deritzot, une oro errealitate ezberdinak azaltzen baitira.

Hamaika aldiz inprobisatu duzu Paul Flaherty, Akira Sakata eta Bill Orcutt musikariekin, eta hala jarraitzen duzu. Nola lortzen duzu errepikatzeko arriskua saihestea eta zirrarari eustea?

Inprobisatzaile batek funtsezkoa du belarri irekiak izatea. Beste musikariekin jotzen dudan bakoitzean, esaten ari direna gero eta sakontasun handiagoz entzuten saiatzen naiz. Pertsonak etengabe aldatzen ari gara, eta nire bizitzan jazo den orok eragina izan dezake hurrengo saioan. Nirekin jotzen duten musikarien musika biziki maite dut, gainera, eta horri esker zirraragarria zait beti, eta ez naiz pilotu automatikoan erortzen. Hala ere, bion arteko eta zeure buruarekiko konfiantza hazi egiten da urteen poderioz, eta, konfiantza horren mugak gainditzen saiatzen ez bazara, gauza bera errepikatzearen tranpan eror zaitezke. Funtzionatzen duela, edo gutxienez behin funtzionatu zizula gogoratzen baituzu. Baina orduan testuinguru oso jakin batean funtzionatzeak ez du inola ere esan nahi oraintxe bertan funtzionatuko duenik. Beraz, zentzuzkoagoa da pilatu duzun esperientzia eta konfiantza tranpolin baten modura erabiltzea eta are ederragoa izan daitekeen hutsera jauzi egitea.

Christine Abdelnourrekin batera egin duzun diskoan, ehundurak arakatzen dituzue gehienbat, eta, bakoitzak bere instrumentuaren eremuak ezezagunerantz bultzatuz, bion arteko gune komun oso ederrak aurkitzen dituzue. Baina nola deskribatuko zenuke izan duzuen prozesua? Eta ba al duzu horrekin lanean jarraitzeko planik?

Orain hamar urte ezagutu nuen Christine, eta ikaragarrizko inpaktua izan du beti nigan. Saxo batetik ezinezkoak diruditen soinu harrigarriak ateratzeko gai da, baina soinu horien musikaltasunak txunditzen nau benetan. Teknika musikaren zerbitzura jartzen du guztiz. Entzuten dituzun eta haiekin elkarlanean aritu zaren musikariak zeure irakasle handienak bilakatzen dira. Berarengandik ikasitakoak nire musikan erabiltzen saiatu naiz, eta saiatzen jarraitzea espero dut, zuzeneko saio eta disko gehiagoren bitartez.

Paul Flaherty eta Joe McPhee moduko artista beteranoak horren langile ikustean, ematen du zeuk ere antzeko bide bati jarraituko diozula. Adinean gora joana ahala, baduzu artistaren bat eredu moduan?

Marshall Allen. 90 urtetik gora izanda, oraindik muturreko musika bikaina egiteko gai da. Norberaren soinua eraikitzeko garaian, adinak ez du zertan faktore erabakigarria izan. Aipatzen dituzunek ere inork baino energia handiagoz betetzen dituzte aretoak nonahi. Haien antzera, nire ildoa musika inprobisatu ederra egin ahal izateko benetako eta funtsezko elementuak zeintzuk diren aurkitzea izango litzateke, eta horren ondoren distrakzioa baino ez diren gainontzekoak ahaztu ahal izatea .

Musika esperimental inprobisatuaren mundua sare sendo bat eraikitzen ari da, nazioarteko artista, entzule, sustatzaile eta aretoz osatua eta soinu berrienganako kuriositatean eta elkarri laguntzean oinarritua. Ados zaude?

Bai, guztiz gainera! Bota dituzun kontzeptu horiek —errespetua, soinu berrienganako kuriositatea, eta elkarri laguntzea— funtsezkoak dira kultura bizirik eta mugimenduan mantentzeko. Horiek ezean, musika museo baten eduki bilakatzen da; edo hilerri batena.]]>
<![CDATA[«Gune herrikoi oso itxietara zuzentzen dut begirada»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/028/001/2018-07-27/gune_herrikoi_oso_itxietara_zuzentzen_dut_begirada.htm Fri, 27 Jul 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1857/028/001/2018-07-27/gune_herrikoi_oso_itxietara_zuzentzen_dut_begirada.htm Dónde estás María? (Soundway, 2017) disko berria aurkeztuko du gaur, Donostiako Dabadaba aretoan (21:00). Labur esanda, Hego Amerikako doinu eta erritmo herrikoien eguneratze bitxi, aurrerakoi eta umorez betea eskaintzen du taldeak. Alvarezen hitzetan, denborarekin aldatuz joan da Meridian Brothers proiektua: «Nire ideia musikalekin jolasteko laborategi moduan jaio zen, eta pixkanaka talde edo esperimentazio gune kolektibo bat bilakatu da. Iraganeko elementuak museoen esparrutik etorkizunera eraman nahi ditugu, eta, horretarako, herri kulturako estilo eta grabaketa zaharren errepliketan oinarritzen gara».

Hori dela eta, baliteke ohiko kolonbiar cumbia saio bat espero dutenek ezusteko galanta jasotzea. Aldi berean, arrazoi beragatik, proposamen artistiko aurrerakoien jarraitzaile diren asko ez dira gerturatuko. Zuen proposamena erdibideko eremu gris eta oso aberats batean mugitzen da, eta, sarri, entzuleak nahasteko arriskua izan lezake.

Entzuleriari esango nioke komunikazio maila ezberdinak daudela. Batzuetarako, hor dira erritmoa eta festa, eta, beste batzuetarako, tinbre, estilo eta orkestra esperimentazioak. Bakoitzak bere izaera eta gusturako maila egokia aurkitu behar du, eta, behin komunikazioa gertatzen denean, Meridian Brothersen unibertsoaren ateak irekiko zaizkio.

Herri doinuak testuinguru berrietan erabiltzeak nolabaiteko eztabaida etikoak sortzen ditu sarritan; batik bat purismoa, bidegabeko jabetzea, benetakotasuna eta antzeko kontzeptuak oso aintzakotzat hartzen dituztenek eraginda. Baina artistaren barneko egian oinarritzen denean, emaitza oso zirraragarriak ematen dituen uztarketa da.

Ez dut batere garbi artistikoki ni nor naizen edo zer egiten duen Meridian Brothersek. Gainera, uste dut artea mendebaldeak akademikoki eta estetikoki oso ondo definitutako eta inposatutako kontzeptua dela. Niretzat, Meridian Brothersek egiten duen musika energia mota bat da, eta energia hori kultur kanal jakin batzuetan bideratzen da. Horren adibide dira kontzertuaren inguruko errituala edo disko formatu fisikoaren ingurukoa. Biek kanal moduan funtzionatzen dute, eta haien barnean kodifikatuta mugitzen da energia. Cumbia neuk erabiltzen dudan kodea litzateke, kasu honetan.

Beste alde batetik, ez naiz herri kultura baten parte; nire kultura hiri handi batekoa da, eta hor azaltzen da dilema, nire jatorrikoak ez diren musikak egiten baititut. Nire jatorrikoak balira, rock edo EDM doinuak behar lukete, mundu global zibilizatu batenak, azken batean. Ordea, gune herrikoi, oso itxi, oso ghetto modukoetara zuzentzen dut begirada, eta kanal hori erabiltzen dut musikaren bitartez energia moduan adierazi nahi dudana bideratzeko.

Irudikatutako folklore ideia erabili izan duzu noizbait. Zer da?

Orain dela hogei urte inguru sortutako zerbait da. Hasiera batean, inozentzia osoz eta hitzaren esanahia benetan ezagutu gabe ere, neuk ekoiztu eta folklore izan nahi zuten doinuak izendatzeko aproposa iruditu zitzaidan. Era berean, rock eta akademia munduan egiten ari ziren gauzez aldentzeko bultzada eman zidan. Denboraren poderioz, antzaldatuz joan da, eta, egun, existitzen diren folklore musika, eskola eta ghettoak hartzen ditu oinarritzat, eta, Meridian Brothersen ikuspegi arrotzetik begiratzean, faltsuak edo irudikatuak bihurtzen ditu.

Emaitzak alde batera utzita, lan izugarria egiten ari zara kolonbiar herri musika arakatzen Meridian Brothersen edo Ondatropica moduko proiektuetan.

Eskerrik asko, baina ez da nirea bakarrik. Ondatropicaren barnean, Quantic da bideratzaile nagusia, eta hor da Pirañas taldeko Pedro Ojedak egiten duen lana ere. Metodo ia zientifikoa jarraitzen dudala esango nuke: musika parametro musika bat aukeratu, eta muturreraino garatzen saiatzen naiz; grabaketa zaharrak eta artista ezezagunen lanak ikertu, eta egungo teknikekin lantzen eta nahasten ditut gero.

Arakatze lan horri jarraituz, Mendebaldean aurreiritzi franko ditugu oraindik Hego Amerikako herri musikekin. Azkenaldi honetan, bereziki bortitza da reggaetoiaren gaineko arbuioa, oso bidegabea izan litekeena. Zer ikuspegi duzu zuk?

Reggaetoia egungo musika estilo agerikoena da, eta, beste estilo guztiek bezala (vallenatotik hip-hop edo rockera), badauka alderdi ultrakomertziala, eta hori da gehiengoak ikusten duena. Baina historia oso sakona du, eta oso ondo errotutakoa, gainera. Benetako herri musika da, Hego Amerikako XXI. mendeko herri musika, esango nuke nik. Korronte modernoei eta egungo teknologiei ezin hobeto egokitzen zaie, gainera, eta, horrexegatik ere, icebergaren puntaren azpian dagoena ahaztu egiten da sarri. 90eko hamarkadaraino iristen da iceberg hori, eta dembow, guarapo, paipa, uraba edo salsa chocoana moduko milaka azpi-estilo iragankor baina guztiz zintzo eta sakon garatzen ari dira Latinoamerika osoan zehar. Aipatu duzun aurreiritzi horrek azaleko irakurketa bat eragiten du, eta hitz batzuen izaera misogino edo oldarkorraz baliatzen da estilo eta kultura oso bat politikoki gaitzesteko. Baina izaera bereko hitzak badira estilo guztietan, baita guztiz errespetagarriak eta museoetako eduki direnetan ere; bluesean, kasurako.

Umorea nahitaezko elementua da Meridian Brothersen, ezta?

Umorea ez da kanpotik ekartzen dugun eta arrazionalki erabiltzen dugun osagai bat; gure lanaren egituran barnean dator, lantzen ditugun herri musiken muinean baitago, eta, sarritan, musika sortzaile baita. Mendebaldeko ikuspegitik, arte jarduera serioa eta umorea banatuta daude, eta batak bestea erreminta moduan erabiltzen du. Ikuspegi herrikoian, ez da horrela; umorea funtsezko elementu eragile eta eratzailea da, eta horixe da Meridian Brothersek erabiltzen duen ikuspegia.]]>
<![CDATA[Belarriak ondo ireki]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2018-06-24/belarriak_ondo_ireki.htm Sun, 24 Jun 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1938/035/004/2018-06-24/belarriak_ondo_ireki.htm
Lerro hauek idaztean, tarte horretan eta oro har, musikarekiko izan dudan harremana oso antzekoa izan dela jabetu naiz. Hainbeste disko eta kontzertu entzun eta ikusi ondoren, benetan kitzikagarria eta berria izango den ezer ez dudala inoiz aurkituko pentsatu dut batzuetan. Dagoeneko pilatu ditudan disko guztietan bizitza guztirako nahiko eta sobera musika dudala eta gehiago ez dudala behar esan diot neure buruari orduan. Baina ez, zorionez, goizago ala beranduago eta gutxien espero nuenean, ezustekoa azaldu da, doinu edo artista batek nire arreta deitu du, eta nire aurreiritzi guztiak hankaz gora jarri ditu. Irudimenak eta sormenerako eta komunikaziorako beharrak ez du amaierarik.

Horixe izan da nire zutabe guztietan igorri eta partekatu nahi izan dudana. Nire aurkikuntza txiki horiei ataritxo bat ematen saiatu naiz, irakurleengana iritsi eta baten bati antzeko sentsazioak eragingo dizkion itxaropenarekin. Horrexegatik ere, zutabegilez aldatzeko garaia iritsi dela erabaki dugu, eta hauxe izango da nire azken zutabea. Ikuspegi eta erronka berriak izango dituzue udatik aurrera. Itxaropenik ez galdu inoiz, eta belarriak ondo ireki.]]>
<![CDATA[Senyawa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-06-10/senyawa.htm Sun, 10 Jun 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-06-10/senyawa.htm Calling The New Dogs film laburrean eta izen bereko disko liluragarrietan aditzera ematen den legez, indonesiar bikoteak antzinako trantze moduko dantza eta exorzismo erritualak soinu esperimentazio bortitzenarekin modu ezin zirraragarriago eta ederragoz nahasten ditu. Era horretan, azken lauzpabost urteetan bere grabazioetara eta, bereziki, bere zuzeneko emanaldietara gerturatu den oro aho bete hortz utzi dute. Baina oraindik eta harrituago geratu gara elkarrizketa eta artikuluen bitartez pittin bat gehiago arakatu eta Rully Shabara eta Wukir Suyradiren istorioaz jakin ahal izan dugunok.

Alde batetik, Senyawaren egungo egoitza den Jogja hiriak 90eko hamarkadaren bukaeratik, noise, elektronika, pop, metal, punk eta hardcoretik abiatuz, era guztietako soinu esperimentalak lantzen dituen artista komunitate zabala eta anitza izan duela irakurri baitugu. Eta bestalde, Shabararen eta Suryadiren nekazari jaioterri txikian, kuda lumping izenez oihu eta espasmo inprobisatu eta basatien artean ematen diren trantze moduko posesio erritualak eguneroko gauza direla jakin baitugu, eta bertako musikariek zabortegietatik ateratako gong eta xaflak kolpatuz egiten dituztela bere akonpainamendu guztiz hipnotikoak. «Punka baino punkagoa», beraiek dioten bezala. Horixe eraman zuten Jogjara, eta hogei urtez Indonesiako kaleetan antzeztu dute ondoren. Horixe zabaldu dute mundura, musika jarduera berriak eta, aldi berean, inor baino zaharragoak ekarri, eta hitzik gabe utzi gaituzte.

Musika hau entzutean, iruditzen zait ohiko indargune ekonomikoetatik at geratzen diren herrialdeetako kultura, oraindik ere, sarritan, kolonial ikuspegiz eta nagusitasun konplexuz hartzen dugula. Lapurretaz aritzen gara, baina hori esatean, garatu gabeko tribu basati gaixoen txutxeri dekoratiboen irudi bat dugu buruan. Nork lapurtzen du nor, eta nork eragiten du nor? Nor da berria, nor zaharra eta nor garatua? Kultura gauza bizia eta nahasia da, etengabe aldatzen eta eraldatzen dena; hala behar du, eta ez txutxeria.]]>
<![CDATA[25]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/047/002/2018-05-27/25.htm Sun, 27 May 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/047/002/2018-05-27/25.htm Enforcement lehen 12 hazbetekoaren atzetik, beste zortzi argitaratu zituzten urtebeteko epean. Bai azalean, baita barnean ere, antzeko ildo estetiko misteriotsuari jarraitzen diote guztiek. Hezurdura hutseko techno gordina, zuzena, eta aldi berean zehaztasun ñimiñoeneraino zaindutakoa. Bederatzi diskoetan zabaldutako substantzia likidoa, beti bera eta beti ezberdina. Diskoen galleta guztietan, mikroskopioz ateratako irudietan oinarritutako antzeko estetika grisa. Ehunduren ñabardurak kode sekretu baten giltzak bailiran, musika bera bezalaxe. Disko hauei esker aurkitu nuen techno musika, baita betirako maitemindu ere. 25 urteren bueltan, arras ezagunak izan arren, lehen eguneko esperientzia berritzaile eta harrigarri berbera eragiten dute nigan. Antzemanezina zait, oraindik ere, artefaktu magiko hauek gorpuzten duten egituraren misterioa.

Basic Channel, harresia bota berri zen 90eko hamarkadako Berlin zirraragarrian, bunker moduko klub erdi klandestino haien oinordekoa da ezbairik gabe, baina baldintza haiek gainditzeko gai izan da. Ernestusek eta Von Oswaldek ez zuten beren izena eman nahi garai hartako elkarrizketetan, eta kazetariei, arren, beren hitzak ez grabatzeko eskatzen zieten. Egun, askoz ezagunagoak izan arren, ekoizten dituzten doinu eta kolaborazio guztietan itzalean mantentzen dira beti, musikari bere kabuz espresatzen, arnasa hartzen, hazten, nahasten eta aldatzen utziz eta jatorrizko jarrera anonimo hari eutsiz.

Egungo musika elektronikoa ikusgarritasun zabalagoa eskuratzen ari den heinean, industria korporatibistaren tranpan erortzen ari da sarritan. Produktu finko, identifikagarri, eroso eta salgarri bihurturik, entretenigarri kamutsa baino ez da. Ernestus eta Von Oswalden musika mugarik gabeko izaki aldakor eta kutsakorra da, ordea, eta gaur, agian inoiz baino gehiago, gauzak beste era batera izan zitezkeela eta oraindik ere izan daitezkeela gogorarazten digute. Entzun arren.]]>
<![CDATA[Isiluneak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/036/002/2018-05-13/isiluneak.htm Sun, 13 May 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/036/002/2018-05-13/isiluneak.htm Zwischen (Bitartean) piezari aurtengo sormen lan zirraragarrienetako bat deritzot. Hamabi pertsonaia publikok elkarrizketetan emandako erantzunetan oinarritutako soinu poesia moduko hamabi collage biltzen ditu. Baina esandakoaren esanahia ez da hemen gakoa, hitzen arteko hutsuneak baizik. Arnasa hartu, eta hurrengo hitz edo esaldia bilatzeko zalantza horretan igortzen ditugun soinu partikula ez-semantikoak, hain zuzen ere. Hizlariaren erretorikarako gabezia edo akastzat hartzen ditugun horiexek berak, poesiarako faktore eta osagarri bilakatu ditu Jan Jelinekek bere eskuetan. Haien anplitude eta frekuentziek kitzikatutako sintetizadore batek sortutako soinuekin nahastu ditu gero, bere ohiko trebezia eta maisutasunez, edertasun bitxi guztiz liluragarriko hamabi collage hauek osatzeko.

Slavoj Zizeketik Lady Gagara, hizlariak kontu handiz izan dira aukeratuak. Hizlari trebeak dira denak, ez baitago hemen txantxa errazerako inongo asmorik. Ustezko isilune horietan, esanahia da isiltzen den gauza bakarra. Entzungarri geratzen diren hasperen, onomatopeia eta marmarrak nolabaiteko gorputz hizkuntza arkaiko baten osagaiak bihurtzen dira collage hauetan. Esanahi guztiz ezberdinak eta berriak iradokitzen dituzte orain, eta geure interpretazioa ere, geure barnean hizkuntza arkaiko horren dekodifikadorea berpiztuko balitz bezala, guztiz ezberdina eta pertsonala izan daiteke.

Ahotsa da gure instrumenturik zaharrena, eta bai hitz egiterakoan eta bai hainbat abestitan ere, hitzezko esanahien igorle izatera murrizten dugu sarritan, bere espresio ahalmena zein zabala izan daitekeen ahaztuz. Joan La Barbaratik Mursegora, han eta hemen, beraien ahotsa edo besteen grabaketak erabiliz, espresiobide horiek arakatu eta irekitzen ari diren artistak baditugu zorionez. Antzinakoena izanda ere, agian ezezagunena baitzaigu, eta asko dugu (ber)ikasteko oraindik.]]>
<![CDATA[Tamesis]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-04-29/tamesis.htm Sun, 29 Apr 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-04-29/tamesis.htm Oyster bonu txartel bat darama ,eta metroko ateak irekitzen dizkio blip hots elektronikoz. Kalerantz abiatu, eta ibairantz gerturatzen da, txartela esku artean duela oraindik. Ibaiertzeko petrilean geratu, eta, besoa luzatuz, txartela uretara botatzera doala dirudi. Irudia eten egiten da instant batez, eta, berriz agertzean, txartela desagertu da dagoneko. Ibaira bota edo poltsikoan gorde ote duen ezin jakin. Trip hop kutsuko doinu lauso eta misteriotsu batez jantzitako hitzak: «Begiak irekitzeko eskatzen badidazu, itxita mantenduko ditut... pentsamenduak barnean gordetzen ditut... ez zara ni aurkitzeko gai izango... oyster-ean Parlamentuko Etxeen parean nago... Ahaztua izateko eskubidea nuela uste nuen».

Abestiaren kantari eta egileak Lolina du izena, eta, dagoeneko, bai bakarlari moduan bai Hype Williams bikoteko partaide moduan, hamar bat disko plazaratu ditu. Edo hala uste dugu zaleok behintzat, berataz ezer gutxi baitakigu, eta diskoak benetan nork grabatu dituen ziurtasun osoz jakiterik ere ez baitago. Bertan aurkitzen den musika liluragarri, bitxi, ebatziezin hori, enkriptatutako ehunka mezu gordetzen dituela eta haiek banan-banan bakarrik azalaraz daitezkeela dirudi. Bere musika ederrari hitz egiten utziz «ahaztua» izateko eskubidea aldarrikatzen du Lolinak, eta, oraingo honetan, inoiz baino era esplizituagoaz azaldu digu bere jarrera.

Baina, oraingoan, guri bidaltzen digun mezua da agian sendoena. Geuk ere tren horretara igo, gure oyster txartelak ibaira bota, eta zorioneko mundu digital honen radarretik alde egin baitezakegu. «Ahaztuak» izateko beldurrak eusten gaitu beti, baina, aldi berean, aurrera egiteko behar geroz eta handiagoa sentitzen dugu. Ez da bakarra eta ez da lehena, eta, ebazpen magikorik ez badakar ere, kezka hori Lolinak baino era ederragoz eta koherenteagoz azaldu duenik ez dago, nire ustez. Haren hitzak nire egin, eta zutabe honetara ekartzeko nahiko eta sobera.]]>
<![CDATA[Stockhausen hari musikalean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-04-15/stockhausen_hari_musikalean.htm Sun, 15 Apr 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-04-15/stockhausen_hari_musikalean.htm
Ilargi Agirrek, ale berean, John Cage konpositore aurrerakoiak idatzitako 4'33— «isiltasun osoko» piezak sorrarazitako harridura, ezinegon eta, sarritan, mespretxuaz dihardu. Eta biak irakurtzean, David Stubbsen liburuaren izenburua datorkit burura: Musikari beldur. Zergatik onartzen dugu Rothko eta ez Stockhausen?. Hala da eta. Itziarrek dioenarekin ados baldin banago ere, musikaren kasuan oraindik eta nabariagoa dela esango nuke. Rothkoren poster bat ofizina batean aurki dezakegu lasai asko, baina bere garaikide diren Cage edo Stockhausen-en piezak «hari musikalean» egotea erabat pentsaezina da. Musika eta soinua oso modu mugatu eta arautu batean esperimentatzera ohitu gara; sarritan, «ondo pasa beharreko» aitzakiaz, artistarekiko errespetu handirik erakutsi gabe gainera, eta hortik ateratzen bagaituzte, galduak gara, ez dugu ezer «ulertzen», eta amore ematen dugu: «Hori ez da musika».

Gaztemaniak-en proiektu berria edo antzeko beste hainbat direla, musika jendeari eta batik bat gazteei helarazteko formatu egokiaren bilaketa etengabean gabiltza, eta funtsezkoa dena ahazten ari garela iruditzen zait: entzulego horren heziketa. Musika eta, oro har, soinuaren bidez eraikitako artelana norberak bere erara hausnartzen, «ulertzen» eta, azken batean, gozatzen ikasteak ahalbidetuko digu benetako aurrerapauso bat ematea eta behingoz orainari eta etorkizunari begiratzen hastea.]]>
<![CDATA[Deluxe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-04-01/deluxe.htm Sun, 01 Apr 2018 00:00:00 +0200 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-04-01/deluxe.htm deluxe berrargitalpenak dira agian adibide garbi eta mingarriena. Bereziki disko jakin baten demo eta baztertutako doinu guztiak, eta estudio edo zuzeneko induljentzia une bakoitza dokumentatzen duten bilduma amaiezinez ari naiz. Goitik behera entzuteak eragin dezakeen tripakadak, artistarenganako maitasuna eta mirespena handitzera baino gehiago, aspertzera, lilura galtzera eta muturrera eramanda, gorrotatzera eraman baitzaitzake. Hori gutxi balitz, ez ote da merkatuaren prezioak artifizialki puzteko estrategia hutsa?

Bilduma batek narratiba bat behar du. Existitzeko bermea ematen dion helburu eta arrazoi baten ezean, diru-xahutzaile hutsa baino ez da. Argitaratzaileen arakatze lan sendo eta sakona eskatzen du testuinguru egoki bat eraikitzeak. Artisten obrarekiko errespetu eta maitasun osoz, etekin ekonomikorik espero gabe, batzuetan dirua galtzeko ere prest egon beharra dago, eta gogorra suertatzen da. Zorionez, badira horri guztiari aurre egiten dioten musikazale amorratu eta ausartak, eta horiei esker, lerro hauek idaztera bultzatu nauten moduko bilduma-altxorrak eros eta goza ditzakegu:

Bata Holger Czukayren Cinema, 50 urtean ekoitzitako doinuen puzzle txundigarria, etengabe aldakorra, askaezina eta beti liluragarria. Bestea, Ursula K LeGuin idazleak Todd Bartonekin batera sortutako Music and Poetry Of The Kesh doinu eta poesia bilduma. Bere irudimen oparoak sortu zuen Kesh tribuaren doinu herrikoi ezin ederragoen lagina. Biziki gomendatu nahi nituzke biak, eta bide batez, bi kasu hauetan Grönland eta RVNG Intnl diskoetxeen antzera, munduan zeharreko milaka zigilu txikiak egiten ari diren lan miragarria txalotu nahi nuke nire zutabetxo honetatik.]]>
<![CDATA[Martxoak 8 eta beste guztiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-03-18/martxoak_8_eta_beste_guztiak.htm Sun, 18 Mar 2018 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/041/002/2018-03-18/martxoak_8_eta_beste_guztiak.htm Markswoman Mark, Tracey Thorn, Las Vulpes, Lolina, Mayte Martin, Linda Sharrock, Lindsay Cooper, Adris Hoyos, Heather Leigh, Holly Golightly, Poison Ivy, Holly Herndon, Iona Fortune, Tomoko Sauvage, Jackie Shane, Frances Be, Jana Rush, Jenny Hval, Jessy Lanza, Joan La Barbara, Jocy de Oliveira, Joni Mitchell, Julia Holter, Mhysa, Maki Asakawa, Letha Rodman Melchior, Klein, Klara Lewis, Junko, Colleen, Alice Coltrane, Aida Torres...

...Martxoak 8 egunero delako...]]>
<![CDATA[Ibon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/042/002/2018-03-04/ibon.htm Sun, 04 Mar 2018 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/042/002/2018-03-04/ibon.htm Entzun-erako nire lehen kolaborazioak idazten hasi nintzen, eta haien artean bereziki gogoratzen dut Ibon Errazkin eta Teresa Iturriotzi egindako elkarrizketa. Aventuras de Kirlian, Le Mans, Single eta Ibon bera bakarka... bere ibilbide luze eta oparoaren izaera guztiak maite ditut. Egun hartan, gainera, Ibonek Le Mans-en Saudade diskoaren kopia bat oparitu zidan, bere garaian (1996an) egindako grabaketa ez zuela oso gustuko eta erremasterizazio berria askoz egokiagoa zela esanez. Kontuak kontu, eta hamar urtez ezaguna nuen arren, inoiz ez bezala gozatu nuen diskoaz etxera bueltatu eta lasai entzun nuenean.

Eta beste hamar urte borobilen bueltan, Ibon berriz elkarrizketatzeko aukera izan dut, plazaratzera doan Foto Aérea bere disko berri zoragarria dela eta. 2018an, 1996an edo denboran atzerago ekoitzitako diskoa izan zitekeen hau, halakoa baita bere klasikotasun eder hilezkorra eta —Errazkinen beste lan guztien antzera— bere nortasun bitxi, nahasezin eta liluragarria.

Prentsarako oharrak Damon Krukowski Galaxie 500 taldeko partaide izandakoaren hitz batzuk dakartza, eta ezin aproposagoa iruditzen zait, gaztelaniaz argitaratu berri dioten The New Analog. Cómo escuchar y reconectarnos en el mundo digital liburua ikusita. Bertan Damonek egungo musikaren digitalizazioaren aurrean, iraganeko grabaketa eta erreprodukzio sistema analogikoen aberastasuna defendatzen du, eta egun bi mundu horiek uztartzeko (edo agian ezin uztartzeko) moduak arakatzen ditu. Digitalizazio ahalguztidunak soinua konprimitu, gorde eta elkarbanatzeko gaitasuna izugarri handitu du, baina, sarritan, horrek etengabeko lasterketa batera bultzatzen gaitu. Disko hau edo hura badut, entzun dut, bai ala ez, checklist moduko zerrenda amaigabe baten esklabo bihurtu gara, eta ez musikarekin bakarrik; bizitzako beste hainbat alorretan gauza bera pasatzen zaigu. «Gozatu, bizi, sakondu, nireganatu al dut?» moduko galdera analogikoak gehitu beharko genizkioke zerrendari.]]>
<![CDATA[Egunsentiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-02-18/egunsentiak.htm Sun, 18 Feb 2018 00:00:00 +0100 Antton Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2012/038/002/2018-02-18/egunsentiak.htm Morau-ren Egunsentiak alperrentzat disko berria entzuten ari naiz lerro hauek idazten ditudan bitartean. Alzheimerraz gaixo duen bere amarekin ia goizero egindako ibilaldien kontakizun musikatu hunkigarria. Amaren gainbehera motel mingarri horren kide, testigu eta zaintzailearen emozio, burutapen eta oroimenen bilduma intimo eta intimista. Doinu leun, epel eta itxuraz xinple hauek nire oroimenaren ertz ezkutuenetan gordetako bizipenak pizteko ahalmen azalduezina dute.

Aldi berean, Derek Bailey gitarra jotzaile britaniarrak 70eko hamarkadan egindako grabaketa batzuen berrargitalpenari buruz irakurtzen ari naiz. Instrumentu berbera erabili arren, Derek Baileyren musika Andonirenaren antipodetan dagoela esan daiteke. Lehenengoak inprobisazio aske eta erabat abstraktuan oinarritu zuen bere ibilbide guztia, Europako free jazzaren musikari aurrerakoien eta eraginkorrenetako bat bilakatuz. Bere bideari ekinez, bai bakarka eta baita elkarlan intimoetan ere, Baileyk gitarra jotzeko teknika eta jarrera hain berezi, berritzaile eta sendoa eraiki zuen, musika eremu berri baten aurkitzailetzat har genezakeela. Inprobisazioa, sormenerako baliabide egiazkoenaz jotzen zuen eta harekiko zuen konpromisoa hain zen sakona, beste antzeko musikariekin ondoan oso grabaketa kopuru murritza utzi zigula. Sortzea eta entzutea une soil batean existitu zitezkeela zioen eta soinu horren betirako galera aintzakotzat hartzea bere benetako balioa ematea zela.

Baina, nire zorionerako, grabaketa hauen bitartez soinu haiek, edo soinu haren oroimenak, nigana ailegatu dira orain eta erresonantzia baten moduan nire oroimena astindu eta kitzikatzen dute, Andoniren kantu ederrek bezalaxe. 70eko hamarkadako entzuleak, neu, Andoni, Andoniren ama, geu denok... musikak elikatzen du gure oroimen kolektiboa, eta musika da handik altxor preziatuenak aurkitzeko ahalbide preziatuena. Agian baita galdutzat eman genituenak ere.]]>