<![CDATA[Arantxa Iturbe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 26 Sep 2022 12:05:24 +0200 hourly 1 <![CDATA[Arantxa Iturbe | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ikusten?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2022-07-03/ikusten.htm Sun, 03 Jul 2022 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1950/032/001/2022-07-03/ikusten.htm Ezer baino lehen (Elkar, 1992) izan zuen lehen ipuin liburua, eta Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006) eta Honetara ezkero (Susa, 2017) plazaratu ditu gero. Koadernoa zuri (Elkar) eleberria argitaratu zuen 2017an, eta antzerkia da egilearen hurbileko beste alorra.]]>
Ondo prestatuta iritsi naiz ni honaino.

Egunero hil gintuen amak hazi bitartean eta egunean behin baino gehiagotan, ondoren. Begi-larriz agurtzen gintuen eskolarakoan, heriotzara kondenatutako bi izaki hain txiki bizitzaren arriskuen aurrean babesgabe uzten dituenaren estuasunez. Etxetik eskolarako berrehun metroak bakarrik egiteko gai ginela onartu zuenerako ahizpak eta biok bularretakoak erosiak genituen ezkutuan. Kontuz zubia gurutzatzerakoan, ez geratu ezezagunekin, ondo begiratu ezker-eskuin autorik ba ote datorren, ondoezen bat izanez gero irakasleari esan lehenbailehen, entretenitu gabe itzuli. Berrehun metro eskas, eta zubi bat. Leihotik ikus gintzakeen artean autorik apenas ibiltzen zuen herri-bidea zeharkatu eta eskola parera iritsi arte. Han desagertzen ginen haren bistatik, ate nagusia alde itsuan geratzen zitzaiolako. Orduan uzten zuen gure biziraupena destinoaren esku. Egunero.

Ez ondo pasa, ez gozatu, ez ederki ibili, ez animo, ez eutsi. Gure amaren azken hitzak beti ziren kontuz, kontuz, kontuz, ez hau, ez hori, ez hura. Ate ondoan hartzen zuen arnasa, eta ez zuen askatzen, atzera berriz gu bertan azaldu arte.

Ikusten?, zerbait gertatzen zen bakoitzean. Zerbait izan zitekeen istripua, erorikoa, eztarriko mina, gerra, bihurritua, suspensoa, makalaldia, zaintiratua, bihotzekoa, irristaldia, botagura... hiltzeko arriskuaren ertzean jarriko gintuen edozer.

Jende askoko tokiak arriskutsuak ziren, jenderik gabekoak ere bai. Autoa arriskutsua zen. Eta trena. Eta hegazkina. Bizikleta ere bai. Patinik ez zigun sekula oparitu. Ekaitza arriskutsua zen. Eta egun sargoriak. Eta lainotsuak. Haizetsuak arriskutsuago. Arropa gutxiegi janztea, arriskutsua. Gehiegi ere bai. Jatea, ez jatea bezainbat. Kirola, mehatxua. Oporraldia, tragedia. Parranda, herioa. Berria eta arriskua ez zituen bereizten, izan izaki, jaki, toki edo gizaki.

Telefonoa jarri genion etxean, ikusten ez bagintuen ere bizirik egon gintezkeela ulertu zezan. Madarikatu genuen ahizpak eta biok zilbor-hestea betikotu zuen espiral hura. Jotzen zuenetan beldurrez hartzen zuen zer entzun beharko. Jotzen ez zuenetan beldurrez itxaroten zuen noiz joko.

Kontu handienarekin ibilita ere, errepikatzen zuen. Eta arrazoi zuela sinistuta hil zen, bizitzea zer den jakitera iritsi gabe. Hiltzea hain erraza balitz bezala.

Ama hil eta gutxira gertatu zitzaidan. Laku batean. Ur azpian oina trabatuta geratu eta ez nuela askatuko. Ikusten? Tira alde batera, tira bestera, eta ezin. Ikusten? Ez nuen ezer ikusten. Ikusten? Zenbat eta gehiago ahalegindu, orduan eta trabatuago. Ikusten? Eta zenbat eta indar gehiago katigatua libre uzteko, orduan eta hauspoa larriago. Ikusten? Ez naiz akordatzen itolarri hura amaiera zela pentsatu ote nuen. Ez naiz akordatzen ezer pentsatzeko gai ote nintzen ere, ez bazen goruntz egitea. Zorabiatzeko zorian, goruntz eta beheruntz bereizteko gauza ez nintzela, emakumezko baten besoak heldu zidan eta ur-azaleraraino tira indar harrigarriz. Birikak bere onera etortzerako eskertu nahi izan nion tiraldia. Ez zegoen inor. Bakarrik nengoen. Bizirik.

Hiltzea ez da gauza erraza, eta ni ikaragarri ondo hiltzen naiz. Diskrezio handiz, esaten didate. Zalapartarik gabe. Elegante. Horregatik aukeratu ninduten. Ikusten? Zerbaitetarako balio behar zidan urtetako entrenamenduak. Ez nuen halakorik irudikatu ere egingo karpa hartara lagundu behar niola-eta, lau ezezagunen aurrean ondoezak eman eta ziplo erori nintzenean. Emakume helduak behar omen zituzten pelikula baterako. Hala esan zidan Mireia zoroak. Gure aukera zela eurotxo batzuk poltsikoratzeko. Ez ginen ezagutu zaharrak. Azkar antzeman zidan ez neukala inor hirian. Artean esan gabea nintzen hildakoarena egiteak salbatu ninduela benetan hiltzetik. Bultzadizo bat izan zen. Nahikoa, burua kolpatu eta seko geratzeko. Ikusten? Ez zen gertatu, baina gertatu balitz bezala geratu nintzen. Kieto. Arnasarik ere hartu gabe. Beldurtu eta alde egin zuen etxetik. Koldarra izan. Ikusten? Eta haren atzetik nik, mutil kozkorra lo, besoetan hartuta. Urrutira. Ahalik eta urrutien. Eta hantxe nengoen, hilabete gutxitara, oraingoan nahigabe, lagun berriagatik sentitutako auzo-lotsagatik hildakoarena egiten. Zuzendariari grazia egin, sekula ezagututako hildakorik sinesgarriena omen nintzen eta paper txiki bat eman zidaten, horretarakoxe: hiltzeko. Mireiak ez zuen halako zorterik izan. Hiltzea ez baita hain erraza.

Harrezkero sarri deitu izan didate. Paper bera egiteko beti, aktore onei bezala. Hildakoak uste baino beharrezkoagoak dira. Antzerkikoa bai ez nuela espero. Ez du zinearekin zerikusirik. Funtzioa hasi eta bost minututara hiltzen naiz, naute, eta obrak irauten duen ordu eta erdi pasean, hilda egon behar dut oholtzan, erdi-erdian, denen bistan. Beste batzuk ere hiltzen dira, dituzte, baina haiek erretiratu egiten dituzte gorpu. Ni ez. Arnasa hartzen dudanik ere ez du inork antzematen. Batek baino gehiagok esanda dakit, ikusle jendeak zalantza egiten duela benetan bizirik ote nagoen.

Semeak ere bai, gizarajoak. Lehengo batean esan ez diote bere ama hilda ikusi dutela? Gelako baten gurasoek ikusi omen ninduten. Haren marruak. Haren sosegatu ezina. Ezetz ba, umea. Bizirik nago. Ikusten? Gezurretan hiltzen naiz. Egin lo lasai, mattea. Hiltzea ez da hain erraza.

Azken hiru gauotan, goizaldean, jogurt potea topatu dut sukaldeko mahai gainean. Erdia janda. Tapa jarrita. Amak gainbehera erabatekoa iritsi baino lehen uzten zuen bezalaxe. Ikusten? Heriotzarekin txantxa gutxi, esaten zuen. Gutxien espero duzuenean ager liteke, esaten zuen.

Laugarrenez topatzen badut, jan egingo diot utzitako erdia. Ea ulertzen duen. Ea behingoagatik lasaitzen den. Ea bizitzen uzten didan. Hil arte gutxienez.]]>
<![CDATA[Juxtu gaurkoa al huen?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2251/028/003/2022-04-17/juxtu_gaurkoa_al_huen.htm Sun, 17 Apr 2022 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/2251/028/003/2022-04-17/juxtu_gaurkoa_al_huen.htm
Aurreneko liburua argitaratu huenean deitu genian irratirako gonbitea egiteko. Hire erantzuna izan huen «fedabideekin saturatua» hengoala. Deitzeko aurrerago. Eta guk, esaneko, deitu. Eta handik ez askora (asko pentsatu ondoren -ulertuko duk lagunentzat Ogrue denari telefonoz deitzeak berak ausardia punttu bat eskatzen diola erantzun zakarrek mintzeko adinako sentsibilitatea duen edozeini-), gure irrati tartean sermoia botatzera etorri nahiko ote huen galdetu genian. Xaxardiak maite guk. Lagunak egitea, hik. Eta irratiak horretarako aukera paregabea ematen zian. Hainbeste urtetan ez diagu inor ezagutu hamar minututan irrati-entzuleak bi ekipotan banatzeko halako gaitasuna izan duenik: segurolazaleitsuak versus segurolahorrekzerarraioustedutarrak. Hire esanek eta hire esanmoduek, biek aztoratu izan diate parrokia. Ez hituan denak agertzen, nolanahi ere. Entzule isilak ere bazeudek. Hor bazeuden «hemen nago» idazteko eskatu genienekoaz akordatzen? Waxapa izuzorabiatu huen erabat. Baina hi nola akordatuko haiz, ez bahago hemen. Gu bai, ordea. Zuztarreko tristura kosmikoak jota bada ere.

Eranskina: ordu batzuk zeramatzat hik esandakoak entzuten. Eta aditzen. Amaraunekoak berrienak: egon lasai esanda ez da inor lasaitu munduan, hildakoek ez dituzte hilerrietako kartel horiek merezi, Jabier, ez diat hire heriotza ulertzen, ulertutako heriotzak hildakoa bi aldiz hilda uzten duelako. Zenbat aldiz heriotzaz? Edo hirea jakindakoan joaten ote zaiguk belarria hartara?

Nahiko nikek hiri aditutakoak lerrootara ekartzeko hire graziaren laurdena, graxia erdipurdiko honen ordez. Imitatuko nitizkek konplizitatez hire hitz berriak, lixtoustekoarena eginez, hi bezain libre banintz, nori gustatu edo ez gustatu asko axola gabe. Partituko nikek egurra ezker-eskubi, jarriko nikek zalantzan dena, kritikatu modernokeria, artaldekeria eta motzeria (eta intelektualak, eta etimologoak eta...), ezpalkatu, sasikatu, adarkatuko nindukek hire irribarrea (bai, irrifarñoa esango duk hik, baina irribarre ere egiten huen, eta barre ere bai suelto asko, barrura gehiagotan kanpora baino) pizteagatik. Ezin leizken gauzak.

Eranskintxoa: euskalzulo horrek, ez diguk pista sanorik utzi hil haizela nola kontatu esateko. Hire sentiera, hire pentsaera zertxobait ezagututa «Segurola hil da» idatzita ikusteak zakarkeria arrazoituren bat esanaraziko dik. Gure sentipentsaerak ez ziguk uzten, ordea, hitz zehatzagoak erabiltzen. Horrekin konformatu behar, erlijio bakar konformidaderik eza zuenaz aritzeko ere.

Amaierakoa: Faltan botako ditiagu olgetan benetan hirekin egindako kontualdiak.

Bejondeiala, Segurola (errima eta guzti, xirikatzeko azken saiakera antzuan).]]>
<![CDATA[Juxtu gaurkoa al huen?]]> https://www.berria.eus/albisteak/212250/juxtu_gaurkoa_al_huen.htm Sat, 16 Apr 2022 21:08:31 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/albisteak/212250/juxtu_gaurkoa_al_huen.htm <![CDATA[Pertsona ona]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-28/pertsona_ona.htm Sun, 28 Jul 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-28/pertsona_ona.htm
Olga Dogaruz esan genezake oso pertsona ona dela. Zer dira hemezortzi milioi euro semearen askatasunarekin konparazioa eginez gero? Segituan hartu omen zuten su semeak eta kuadrillak Rotterdamgo Kunsthaletik lapurtutako zazpi koadroek, eta erabat kixkalita geratu omen ziren. Hala kontatu du ama onak. Radu Dogaru ere pertsona ona izango da. Lapurretaren bideoak ez du kontrakorik frogatzen. Lapur ona ere bai, seguru asko. Eta baita seme ona ere. Lapurtutakoa ezin saldu eta amaren ardurapean uzten duen semeak ona behar du derrigorrez. Baina dogarutarrak ez dira albiste pertsona onak direlako. Nekez bihurtzen da inor albiste ona izateagatik.

Ama-seme dogarutarrak bidean gurutzatu ez balitzaizkit honezkero iritsi nintzen pertsona onen sailkapeneko bigarren azpisailera: pertsona aspergarriak. Zuritu edo ezkutatu beharrekoak baino dezentez beldurgarriagoak. Aspergarri luzea da aspergarrien zerrenda. Eta mota askotakoak izaten dira. Aspergarrienak kontua esaten hasi eta hitzez hitz datorrena zein den asmatzeko moduko esaldiak osatzen dituztenak dira. Edo zer esanik ez, eta, hala ere, esan behar horretan, esan baino lehen zer esango duten badakizunak. Okerrena da oso zaila dela ihes egitea. Harroari, petralari edo kaskailuari baino dezentez zailagoa.

Gauza bakarra dago pertsona baten aurrean aho zabalka hastea baino beldurgarriagoa. Parekoak aho zabalka hasi direla konturatzea. Hori da azkenekoa. Eta irakurri baino lehen datozen hitzak zeintzuk diren asmatzen hasi baino lehen hobe erretiratzea.

Eskerrik asko ni baino pertsona hobeak izateagatik.]]>
<![CDATA[Begi zuloak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-21/begi_zuloak.htm Sun, 21 Jul 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-21/begi_zuloak.htm
Zuloak hustuz egiten dira. Definizioz. Hustu gabe ere izan litezke zulo, baina berez direnak betetzen hasiz gero, zuloa txikitu egiten da. Handiena izanda ere desagertzeraino. Begietakoak izan ezik. Betez hazten dira. Begi zuloak dira zenbat eta gehiago bete orduan eta sakonago diren zulo bakarrak.

Misterio gehienak bezala erakargarria da begi zuloena ere. Iradokitzaileak dira. Irakurri nion behin norbaiti orbanei buruz xarmagarriak iruditzen zitzaizkiola aurpegikoak. Irudimena oso urruti joaten zitzaiola orbain bakoitzaren atzean ezkutatzen zen istorioaren bila. Bakoitza delako istorio baten arrasto. Bakoitzak duelako istorio bat. Begi zulo bakoitzak, milaka.

Betetzen dira eguneroko tristura txikiz, kezkez eta beldurrez. Eta asmo berriz. Eta esna egiten diren ametsez. Liburutegi osoak kabitzen dira bietan ondo sailkatuta. Eta zehar-begiradak. Eta esan gabekoak. Horiek ere begi zuloetan ezkutatzen dira hobekien. Eta irentsitako haserreak. Baita lotsak ere. Nireak eta auzokoak. Ezinak. Nahiak. Inbidiak. Barrura denak. Zuloak zuloago izatea ezinezkoa duela ematen duen arte, barrura.

Izan litezke galdutako loak pilatuz osatuak. Eta hala ere. Izan litezke erabat genetikoak, belarri zabalak edo sudur motza bezala. Eta hala ere. Izan litezke nekeak sakonduak. Eta hala ere.

Ez dakit nola engainatzen dituzten batzuk. Zer agintzen ote dieten ebakuntza mahaian etzateko. Nola sinis dezaketen denborak eta eskarmentuak utzitako arrastoak ezabatzeak, izan zimur edo begi zulo, erakargarriago egingo dituela. Zer kontatzen dieten ondorenaz eta begi ederren garrantziaz. Ez dakit nolaz ez diren jabetzen begiak direla gutxienekoa. Begirada dela axola duena. Eta begi zuloen sakonetik begiratzen duenak askoz ere sakonago begiratzen duela. Baita itxuraz ere.]]>
<![CDATA[Hatzak ez du bihotzik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-14/hatzak_ez_du_bihotzik.htm Sun, 14 Jul 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-14/hatzak_ez_du_bihotzik.htm
Obabakoak adina urte eta kilometro batzuk gehiago pasatu dira. Sei zenbakikoak ziren orduan telefonoak. Baina nik ez dut ahaztu. Zer esaten zuen, alegia. Eta ustez gehien maite ditudanen telefono zenbakirik ez dakidala konturatzen naizen bakoitzean gogoratzen dut haren esana. Eta pentsatu ere bai tarteka, gaur egun ez ote dudan inor maite, edo erabat zahartu ote naizen. Zahartu, maitatzeko ez, espero. Maitemintzeko adinik ez dagoela eta antzeko lelokeriak esaten bakarrik ez, baizik eta sinisten hasita nago aspaldian. Nire kezka izaten da batzuetan, bederatzi zifra gehiegi ote zaizkion nire burmuinari segidan gogoan hartzeko. Bihotzak sei zenbakitan jarria ote daukan muga. Baina neuronarik freskoenak dituztenek ere ez dutela zenbakirik buruan ikusita, bigarren kezka baztertzeko ahalegina egiten dut.

Ez da kontsolagarri, hala ere. Neuronak oraindik fresko dituztenek ez dute inoiz ahaleginik egin zenbaki bat buruz ikasteko. Beharrik ere ez. Dena dute eskutan eta eskura, burua erabili beharrik gabe. Eskuak dituzte organo nagusi. Hatzak, zehatzago. Azkarrak dira hatzez, buruz baino azkarrago. Azkarregi, seguru asko.

Hanka sartze askotarako bidea izan liteke hatzak buruaren aurretik eramatea. Baina hankak baino zerbait inportanteagoa jarriko dute jokoan hatzei bihotzaren aurretik joaten utziz gero.]]>
<![CDATA[Entzierrorako instrukzioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-07/entzierrorako_instrukzioak.htm Sun, 07 Jul 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-07-07/entzierrorako_instrukzioak.htm
Ulertzeko gai direnei argi hitz eginez ez luke arazorik behar entzierroak aurten ere izaki zelebreen gozagarri izateko.

A, eta sinfalta esan beharrekoa, itxura oneko etortzeko. Kamarengatik.]]>
<![CDATA[Baldosinin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-30/baldosinin.htm Sun, 30 Jun 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-30/baldosinin.htm
Ez dut gogoan festez beste ezer. Ez dakit nola ospatzen genituen. Ez dakit zeren zain egoten nintzen, ezta nire itxaropenak betetzen ote ziren ere. Ez dakit kezkagarria ote den. Kezkatu izan naiz orain baino lehen. Mahaiaren bueltan. Egun zehatzez, gertakizun jakinez hizketan. Data guztiak gogoan dituen laguna entzuten dudanean. Denak. Baita bera lekuko izan gabeko gertakizunenak ere. Oroitzapena berea denean asteko ze egun zen ere esateko gai da.

Ikaragarria iruditu izan zaidanari beldurra galdu diot aspaldi honetan. Memoria historikoa. Erraza dago ba, nork berea eraikitzeak halako lanak ematen dituenean. Memoria liburuak. Ingurukoei galdetuta beharko.

Saiatu gogoratzen. Sarri egiten dugun ariketa da. Adinean aurrera joan ahala, gero eta sarriago, bizitakoa nora joan ote den ez jakiteak ematen duen amilizuz. Bizitakoa bizitzear geratzen zaiguna baino gehiago ote den galderak eragiten duen beldurrez. Halako aitorpenik gabe, jakina. Kontutan jarrita. Suerteko bazara zuk ere izango duzu lagunen bat datez akordatuko dena. Beste batek gogoan izango du zer jantzi zeneraman, detaile guziz. Asko eskatzea izango da egun hartan zer jan zenuten gogoan izango dutenen bat egokitzea. Nik badut. Ez da hain garrantzitsua, baina irudia osatzeko balio du. Denak balio du ezerezaren hutsunea oroitzapen bihurtzeko.

Baldosinin dut nik gogoan. Dena zuriz zikinduta helburua zurituz garbitzea zenean.

Eta zoriontsu nintzela.]]>
<![CDATA[Seguru]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-06-23/seguru.htm Sun, 23 Jun 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-06-23/seguru.htm
Iruzurra iruzurraren gainean. Iruzurti kopurua ikaragarri hazten ari da. Eta errematea: «klaro, eta gainera, gure artean ondo ikusia dago. Haziendarekin bezala gertatzen da». Eta hor, irribarrea. Aseguru-etxeek ez dute zerikusirik denontzako zerbitzuek funtziona dezaten irabazien arabera jarri beharreko derrigorrezko botearekin.

Segurua ezer ez den garaiotan, ez nago seguru aseguru-etxeei etekina ateratzeko ahalegina egiten dutenena aseguru-konpainien jarduna bera baino iruzurgileagoa ote den.

Ez dakit nork asmatu zuen aseguratu beharra. Baina gutako bakoitzaren barruan bizi den iruzurgile txikiak pentsatu du noizbait bizitza osoan zer gerta ere ordaindu arazten diguten kopurua gordetzeko eskubidea izan bagenu, nahikoa izango genukeela zerbait gertatu izan balitzaigu. Batez ere, lasaitasuna prezio onean erosi ondoren, txikikeriaren bat gertatzea nahikoa delako, lasaitasuna ziurtatuko dizun asegururik ez dutela oraindik sortu frogatzeko. Hori seguru.]]>
<![CDATA[Ispilutxo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-16/ispilutxo.htm Sun, 16 Jun 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-16/ispilutxo.htm
Badaki ipuin bat besterik ez dela eta ispilutxo magikoak ez direla esistitzen. Baina bai ederragoa desagerrarazteko gogoa, bihotz oneko hiltzaileak, zazpi ipotxak edo beste neurri bateko babesleak eta gainontzekoak. Eta badaki ederrena galdetzen duenak era beretsuan galde dezakeela azkarrena, maiteena, ospetsuena edo aipatuena.

Pantailak ordezkatu du ispilua. Itzalita egin dezake funtzio bertsua, baina magikoaren antz handien piztuta hartzen du. Sarera konektatuta, erabateko magiko bihur liteke eta gu, erregina. Ez da genero kontua. Pantailaren aurrean denok izan gaitezke erregina. Hain da tentagarria bilatzaile magikoari galderak egitea. Hain zirraragarri nork bere izen-deiturak idatzi, eta ispilutxoak zer erantzungo zain geratzea. Hain arriskutsu, nahi gabeko erantzuna jasotzeko prestatua ez dagoenarentzat. Eta ez gaude. Erregina maltzurraren pare. Ez zuen ispilutxoa erabiltzen erantzuna jakin nahi zuelako. Erabiltzen zuen erantzun jakin bat nahi zuelako. Beste erantzunik ez.

Sareak egin dezake ispiluarena, baina alde nabarmen batekin. Ispiluak egia esaten du. Sareak ez daki egiez eta gezurrez.

Sartu, bilatu ipuina eta irakurri bukaeraraino (ez lehendabiziko lerroak bakarrik). Hortik aurrera, gogoko ez dituzun erantzunak jasotzeko prest bazaude, segi jolasean.]]>
<![CDATA[Porsiaka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-09/porsiaka.htm Sun, 09 Jun 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-06-09/porsiaka.htm bazpare dela gure etxean. Eta urtetan joan garela oporretara behar ditugun gauzen maletak halako bi, bazparez beteta. Idatzi nuen beharrak egin zituela badaezpadakoen zale gure aurrekoak. Bazekitelako behar zenean falta izatea zer zen. Guk falta ez genezan, haiek beti badaezpada. Eta amaitzen nuen aitortuz alboan dauzkadan paper hesiei begira jabetu naizela arrastoaz. Joan naitekeelako oporretan maletan bi kulero hartuta. Baina egunen batean, noizbait, bi lerro idazteko aitzakia eman diezadakeen guztia hemen alboan daukadalako. Bazpare.

Ez nuena inoiz imajinatuko da arrastoa hain luzea izango zenik. Gure amaren badaezpadarako joerak ehunka gazteren azterketa baldintzatzea arrasto benetan luzea izatea da. Eta gertatu da. Eta bazpare, ez dut imajinatu nahi oporrekin ametsetan ari diren gazteen begirada, amak badaezpada zerbait hartzeko esaten dien unean. Batez ere, badaezpadak ametsen bat zapuzten baldin badie.

Arrasto batzuek iraun egiten dute denboran. Irakurritakoak ere bai, noiz edo noiz. Baina amestu ditzakezun arrastorik arraroenek ere ez dute zerikusirik hizkuntza gaitasunak, abilidadeak edo jakinduria neurtzeko azterketekin. Utzi nahiko zenukeen arrastoak ez du loturarik selektibitatea gainditzearen pozarekin edo gainditu gabe geratzearen frustrazioarekin. Hitzik zehatzenak eta egokienak aukeratzeko ahaleginean, ez zaizu burutik pasatu ere egiten egunen batean norbait estutasunen batean jarriko duzunik. Eta zer esanik ez, estutasun horren ondorioz nota jarriko diotenik.

Jakin izatera, porsiaka idatziko nuen badaezpada. Ez zuten aukeratuko.

Gaur porsiaka. Badaezpada madarikatu eta honezkero, zorionez, ahaztu duten guztiak gogoan.]]>
<![CDATA[Alargunarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-06-02/alargunarena.htm Sun, 02 Jun 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-06-02/alargunarena.htm
Ideia ona dela esan diote lagunek. Bizitza berria, toki berrian.

Eta hala ere. Zer eraman erabaki ezina. Ez. Zer ez eraman. Hori da erabaki ezin duena. Dena eramango luke, egunen batean, lasaiago, zer gorde nahi duen eta zer ez erabakitzeko. Soineko baten aurrean egin ditu hiru ordu. Soineko hura bizitzen zuena gogoan. Lehendabizikoz ikusi zionekoa gogoratu nahian. Ez zuela gehiago jantziko zergatik esan ote zuen akordatu ezinik. Ezagunak ez zaizkion arropak ere aurkitu ditu. Eta arropak ez direnak. Hainbeste. Bere etxean zer arraio egiten duten, zergatik dauden mimoz gordeak argituko dionik gabe, zentzua galdutakoak gehienak. Beharbada, denborarekin akordatuko dela esaten dio bere buruari.

Ez dela ideia ona esan diote lagunek. Hobe, behar duena bakarrik eramatea. Bizitza berrirako, gauza berriak.

Maleta txiki batean kabitzen zaizkio behar dituenak. Badaezpadakoren bat ere bai. Barrura begiratu gabe itxi du etxeko atea azkenekoz. Han geratu dira konpartitutako bizitza osoaren arrastoak. Gauzak, besterik ez, esan du.

Etxe berrian irribarre egin du aspaldiko partez. Emazte zenaren errieta ttikia entzun uste izan du. Zerbait ahaztuko zenuen. Hori esan dio. Hasi da gauzak ateratzen. Hark arrazoi. Barruko arropak falta. Segundorik galdu gabe irten da. Aurkitu du luze gabe denda bat. Dendariak ze zenbakitakoak behar dituen galdetu dionean konturatu da zeinen biluzik dagoen emaztea hil zaionetik. Negarrez lehertu da, hantxe.]]>
<![CDATA[Kontuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-26/kontuz.htm Sun, 26 May 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-26/kontuz.htm
Hasiera dezentez lehenago du berez, auziz auzi bizitzeko kapritxoa duen bizilagunaren historiala aztertuz gero. Salatu ditu urtetan salatu litezkeen guztiak. Denek dakite gezurretan aritu dela. Baita gazteek neurriz kanpoko zarata ateratzen zutelako egindako telefono deiengatik etxepera inguratutako ertzain eta udaltzainek ere. Zarata handiegia ateratzen zuten gazteek ez zutelako artean lokaleko giltzarik. Zaratarik ez ezik, gazterik ez zelako han. Hura izan zen lehendabizikoa.

Saiatu dira gazteak konponbidea topatzen. Udaleko ordezkariekin bilerak egin dituzte, joan dira bizilagunarengana konbibentziarako arauak errespetatuko dituztela esatera (salaketa akosoagatik). Alferrik. Konponbiderik nahi ez duenarekin ezer konpontzea ezinezkoa da.

Lokala utzi dute, azkenean, udalak mesedez hala eskatuta. Husteko eguna iritsitakoan bizilaguna ate parean. Probokazioa ematen du, baina bere ataria ere bada. Eta han hitz trukaketa.

Bukatu da oraingoz. Guraso batzuek txanpon berarekin ordaindu nahi diote. Salatu egin nahi dute bizilaguna, gezurrezko akusazioak egiteagatik eta akosoagatik. Beste batzuek, nahiago ahaztu.

Herritar honen izena eta helbidea idatziko nituzke bere salaketa-sarean hurrengoa ez zaitezen zu izan, baina jakina, auzia artxibatuta, beste salaketa baterako aitzakia bila ibiliko da. Herritar batzuek uste baitute justizia beren biziezina konpontzeko dela. Eta kalte-ordainak zor zaizkiela gustatzen ez zaien gauza bakoitzeko.

Kontuz zu ere. Zertaz jabetzerako salatuko zaitu.]]>
<![CDATA[Idazteaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-17/idazteaz.htm Fri, 17 May 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-17/idazteaz.htm
Esan izan didate zenbat gustatzen zaien nire mundu ikuskera. Idatzi dezaket zentzuaz, eta batere ez izan; idatzi dezaket errespetuaz, eta egunero galdu; idatzi dezaket justiziaz eta albokoa era injustoan tratatu; idatzi dezaket maitasunaz eta gorroto-jario etengabean bizi; idatzi dezaket adiskidetasunaz eta nori kontaturik aurkitu ezin; idatzi dezaket entzutearen garrantziaz eta neure burua beste inorena ez entzun; idatzi dezaket sentimentuez buru hotzez, arrazoiaz, bihotzez.

Esan izan didate harritu izan ditudala gaien aukeragatik. Idazten dut munduaz, ezagutu gabe; jendeaz, entzun dudanagatik, esan didatenetik; gertatuaz, omenka, eta gertatzear denaz oteka. Iruditzen zaidana, ematen duena, uste dudana...

Idatzi izan dut idatzitako guztia ezabatzeko; idatzi izan dut behin eta berriz pentsamendu bera, pentsamendua baino esaldi borobilagoa lortu nahian; edo alderantziz. Idatzi izan dut gogorik gabe, eder, eta gogo biziz, narrats. Idatzi izan dut idatzitakoak soinu ederra izan dezan, besterik ezean. Idatzi izan dut lerroei baino lerro artekoari garrantzia gehiago emanez. Sakrifikatu ditut ideiak hitz egokien faltan, eta erantsi hitz egokiak merezi ez duten ideiei.

Idazten dudanagatik zoriontzen naute edo errieta egin; mirestu edo kritikatu; goraipatu edo zuzendu; maite edo mesfidantzaz begiratu; estimatu edo begitan hartu. Idazten dudanagatik ezagutu uste naute.

Ez nahastu. Ez naiz idazten dudana. Gehienez ere, (ez beti), idazten dudana izan nahiko nuke.]]>
<![CDATA[Ari nago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-12/ari_nago.htm Sun, 12 May 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-12/ari_nago.htm
Ez dute hizkuntzalari guztiek belarri onez entzun. Badirudi bat datozela denak hitzik arruntenak direla iraupen luzeena dutela esaterakoan. Kontuak ere atera dituzte: egunean batez beste hamasei aldiz esaten diren hitzak errepikatzen dira gutxienez hiru familia linguistikotan. (Errautsak? Zizarea? Hamasei aldiz?). Hori nobedadea. Hitz ultrakontserbatuak. 150 mila urtez bizirautea lortu duten hitzak.

Mark Pagel du izena ikerketa gobernatu eta ezagutarazi duen ikerlariak. Idoia Mendia, aste honetan «irakurtzen ari nago» aitortu duenak.

Burmuineko dardara interpreta liteke Richter eskalak sortzen duen izuz. Hala egiten dugu. Hizkuntza ultrakontserbatzeko. Igualeko, dardara erotismoaren astinduekin konparatu ezkero. Plazerraren eskalan oso goian jo nau «irakurtzen ari nago» horrek. Arauak apurtzearen balio erantsiz.

Zure burmuina ez bada jolaserako gai, hizkuntza arau-konserba baino gehiago dela ulertzen ez badu eta «irakurtzen ari nago» entzunda haserretzen ari bazaude, ez kezkatu. Hitz ultrakontserbatuen berriak poztuko zaitu. Azalduko da beharbada euskararen arrastoren bat. Edo ez. Seguru asko ultragoa da gurea.

Gainera, alferrik ari zaude haserretzen. Boladan dago ari itxurak eginez egotea. Bazen ordua norbaitek esatekoa! Benetan ari nago.]]>
<![CDATA[Heather eta B.]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-05/heather_eta_b.htm Sun, 05 May 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-05-05/heather_eta_b.htm
Heather artista da eta informazio genetikoa nonahi uzten dugula azalerazi nahi du (erretzaileontzat da, batez ere, abisua) eta horrek izan ditzakeen ondorioak —bakarren bat ez bada oraindik enteratu CSIren denboraldi guztiak ikusita ere—. B. artista da eta gutunei esker genetikoa baino informazio garrantzitsuagoa eskuratzea esperoko zuen igual, konturatu gabe, informazio interesgarria dakarren gutunik apenas iristen dela jada buzoietara. Beharbada hori azalerazi nahi zuen bere ekintzaren bitartez, baina ez dute argitu zergatik tematu den bizilagunaren buzoiarekin.

Ez dakit ze filmetan esaten zuen ikertzaileak ezerk ez duela gaur egun gutako bakoitzari buruzko informazio gehiago ematen, egunean zehar osatzen zaizkigun zabor-poltsek baino. Irudika ditzaket Heather eta B. elkarlanean. B. zabor artean bila, zertarako ondo jakin gabe, eta Heather B.-k topatutakoa interpretatzen eta hiru dimentsiotako irudiak egiten eta erakusten. Zertarako ondo jakin gabe, bera ere.

Irudimenari agujetarik eragin gabe irudika ditzaket beste batzuk, zertarako erabakitzen.]]>
<![CDATA[Esperimentua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-28/esperimentua.htm Sun, 28 Apr 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-28/esperimentua.htm
Zazpi emakumeak ezezagunekin elkartu dituzte gero. Horiei eskatu diete ezagutu berri duten emakumearen ezaugarriak deskribatzeko. Pelikuletan bezala, baina ez delituren bat egin dutelako. Erretratu-egileak marraztu ditu berriz ere emakumeak, ezezagunen deskripzioen arabera.

Emaitzak esanguratsuak dira. Emakumeak norberaz egindako hitzezko argazkian dezentez itsusiagoak dira ezezagunek egindakoetan baino.

«Uste duzun baino ederragoa zara» dio iragarkiak. Ze, esperimentu hori iragarki baterako egin dute. Urtetan emakumeoi kokotzaren neurriak, aurpegiaren formak edo kopetaren luze-zabalak perfektua izateko nolakoa behar duen erakutsi diguten iragarki horietako baterako.

Ezin jakin emakume horiek nolakoa ikusiko zuten beren burua etengabe nolakoa behar lukeen erakutsi ez baliete. Iragarki asko behar izan dira geure burua beti -egi ikusteko. Bakarrak ez du mundua aldatuko. Baina lortzen badu gure begi txikiegiak ezezagunarentzat oso urdinak direla jabetzea, bejondeiola.

Ez dira horrekin asko poztuko saltzaileak, noski; eta gutxiago, konturatzen badira gehiago ez erosteko lehendabiziko urratsa izan litekeela uste dugun baino ederragoak garela sinisten hastea. Hala gara. Iragarkiak iragarki.

Esperimentu berak, zazpi gizonekin egin ezkero, izango litu... Ez du balio. Krema hau emakumeentzat bakarrik saltzen da.]]>
<![CDATA[Letra txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-04-21/letra_txikia.htm Sun, 21 Apr 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/007/003/2013-04-21/letra_txikia.htm
Hiru mutil bidali dituzte Saudi Arabiatik ederregiak izateagatik. Jaialdi batean gertatu omen da. Saudiarabiar folklorea zen erakusgai. Han, hiru gazte lerden, bertako polizia erlijiosoaren parametroen arabera segailegiak saudiarabiar emakumeen begietarako. Arriskutsu. Emakumeen morala kaltetzeko adinakoak. Eta kanpora. Abu Dhabira, beren herrira, emakumeak aztoratu baino lehen. Bizioaren aurkako komisioak zorrotz egiten du lan Saudi Arabian, antza. Bista da bizioarentzat lehendabiziko amu.

Mendebaldeko komunikabideetan (sare sozialetan zer esanik ez), umore kutsuz kontatu dute albistea. Txiste errazak eginez. Ederregia izatea arazo izan litekeela, mutil guaporik ez dutela nahi saudiarabiarrek, abisua pasatu beharko zaiola zenbaiti... Irakurketa sakonak, betiere.

Letra txikiaren bila ibili ezkero topatuko duzu egun parea lehenago jaialdi berean, bizioaren aurkako komisio horretako kide bat bota zutela bertako zaindariek haruntza joana zen emakume kantari batengana hurbiltzeagatik. Ez da erraza gehiago jakitea. Ez dakigu hurbilketa horretan ze bizio klase praktikatu nahi ote zuen. Erraza da, hala ere, bi gertakizunen arteko lotura egitea. Besteen bizioak zaintzeko ardura duen gizona saia liteke bekatu egiten. Badaki zer den. Horregatik arduratzen da zaintzapeko emakumeek biziorako pentsamendurik ere izan ez dezaten.

Zaila da letra txikia irakurtzen. Idatzi gabekoa irakurtzea, oraindik zailago.]]>
<![CDATA[Ilaran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-14/ilaran.htm Sun, 14 Apr 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-14/ilaran.htm
Tira. Egia zor denbora ere izan du gaia gaiarekin, baita lotura ezinezkoak dituzten gaiak beste batzuekin kateatzeko ere. Iritsi da azkenean bere txanda. Inguratu da ilarari etsipenez begiratzen dion langilearengana, eta esan dio zer nahi duen. Daturen bat falta zaio. Telefono dei bat. Ezin argitu. Beste bat. Ordenagailuan aurrera eta atzera, erremedioren baten bila. Di-dakoa egitekoa genuenon belarrietan «ez dago eskubiderik, ordaintzeko..., galtzeko guztiak... eta dena gain behera dator» konsignen oihartzunak.

Tentazioa, inguratu eta zerbait esatekoa. Eskubideez eta betebeharrez. Biak garrantzitsuak egoerarik zailenetan ere. Hobe isiltzea. Ez da une egokia. Erreta dago jendea. Nazkatua. Haserre. Sentitu egiten da ezina. Eta nozitu egunerokoan.

Baina ilara azkarrago joango zen indarrak hizketan xahutu beharrean egin beharrekoetan xahutu balitu.]]>
<![CDATA[Begiradak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-07/begiradak.htm Sun, 07 Apr 2013 00:00:00 +0200 Arantxa Iturbe https://www.berria.eus/paperekoa/1688/005/003/2013-04-07/begiradak.htm
Lehengo batean, ezagunenetako bat mahaitik altxatzen ari zela hark utzitako tokian eseri ginen. Inguruko buru guztiek, (salbuespenik gabe), bistatik desagertu arte jarraitu zioten. Eguzki-lore zelai bihurtu zen terraza, eguzkia nora buruak hara. Ezagutu zutenek, ezagutu zutelako. Ez zutenek, pilotari ezagunaren ikaragarrizko antza hartu ziotelako.

Begiradak eta begiradak daude. Kontatu dit sartu dela tabernan, eta begirada bat sentitu duela lepagainean. Deseroso sentiarazten zaituzten horietakoa. Jiratu eta begiratu du. Ezagunak egin zaizkion bi begirekin egin du topo. Eta ez ditu ezagun. Nik bai. Aspaldi ikusi ez dudan eta asko maite dudan lagun bat du begira. Badaki ez dudala aspaldi ikusi eta badaki asko maite dudala. Baina ez dute elkar ezagutzen. Eta hala ere, gurutzatu dute begirada behin baino gehiagotan, zerbaitek elkartuko balitu bezala. Ez da eguzki-lorerik han. Bi begirada besterik ez, beste askoren artean. Bi begirada, batek daki ze indarrek elkar erakarriak. Fantasiarako gaitz sendaezina izateak hauxe du txarra: elkarren artean ezezagun eta niretzat maiteak diren bi pertsonen artean bart gurutzatutako begiradatik istorio handi bat sor dezakedala sinistea.

Kuriositatea aspaldi ikusi ez dudan eta asko maite dudan lagunak tabernan sartu berriari zergatik begiratu ote dion galdetzekoa. Igua,l hobe ez jakitea. Zenbait begiradaren arrazoiak ezkutuan uzteak istorio ederretarako bideak irekitzen ditu. Eta besterik ezean, igandeko zutabe baterakoak.]]>