<![CDATA[Arantza Gutierrez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 12:15:21 +0100 hourly 1 <![CDATA[Arantza Gutierrez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Orojakileak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1993/033/002/2023-01-29/orojakileak.htm Sun, 29 Jan 2023 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1993/033/002/2023-01-29/orojakileak.htm
Esaten dute tertuliak nobleziako emakumeen egongeletan jaio zirela. Goi mailako andre horiek asperraldiari aurre egiteko artistak gonbidatzen zituzten kultur jardunetara. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, solasaldi horiek kafetegitara mugitu ziren; oso ezagunak dira orduko literatur tertuliak... Eremu pribatuetatik ateratzearekin batera, aldiz, emakumeen presentzia ere nabarmen murriztu zen, ia desagertzeraino.

1990eko hamarkadan, tertuliak ugaritu ziren programazio orokorreko kate gehienetan, orduan Espainian bizi zen krispazio politikoan eragiteko. Gaur arte iraun duen iritzi formatua da, zeinaren helburu nagusia agendan egon behar duten gaiak mahaigaineratzea da —eta beste batzuk baztertzea—, horien inguruan gogoeta egitea baino gehiago.

2016tik aurrera, ikerketa taldetik hasi ginen neurtzen iritzi-emaileen profila eta hasieratik agerian geratu zen gizonezkoak zirela nagusi, baita kate publikoetan ere. Emakumeok gizartearen erdia osatu arren, oso azpi-ordezkatuta gaude solasaldi horietan. Pentsatu nahi dugu emakumerik gabeko tertuliak ematen zirela salatu izanak eragin zuela presentzia areagotzera. Hala ere, emakumeen parte-hartzeak txikiagoa izaten jarraitzen du. Era berean, gizon batzuen presentzia denboraldiz denboraldi errepikatzen den arren, emakumeen txandakatzea nabariagoa da. Aitzakiak asko dira, baina askotan leporatzen zaie ez dutela parte hartu nahi, ez direla ausartzen. Joan den igandean, tertulia ezberdinetan parte hartzen duten emakumeek BERRIAn idatzitako artikuluak eta aste honetan bertan Kataluniako emakume kazetariek egindako salaketak gako batzuk eman beharko lituzke absentzia horren atzetik zer ezkutatzen den jakiteko. Goizeko tertulietan horren inguruko hausnarketa espero nuen, baina ez zen inolako aipamenik egon, are gutxiago autokritikarik.]]>
<![CDATA[Amaraunetik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/036/002/2023-01-22/amaraunetik.htm Sun, 22 Jan 2023 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1997/036/002/2023-01-22/amaraunetik.htm Irratia.com, Interneten bidezko lehenengo euskal irratia sortu zutenak. Zuzeneko emanaldi bat egiteaz gainera, grabaturiko artxiboak entzungai jartzen zituzten webgunean. Hurrengo urtean, Irratinet izeneko kanala jaio zen; ez zuen programaziorik eskaintzen, eta hari musikala zen irratia baino gehiago, abestiak eskaintzeko aukera ematen zituena.

Interneten emititzea oztopo legalak gainditzeko bidea zela-eta, Azti Begia elkarteak Ipar Euskal Herritik Info 7 irratiko emanaldia amaraunetik egitea erabaki zuen 2006an, Euskal Herri osoan entzungai jartzeko asmoz. Dena den, ahal bezain pronto, uhinen bidezko emanaldira aldatu zen, entzuleria zabalago bati heltzeko xedez.

Lehenago, 2005ean, EKE Euskal Kultur Erakundeak sortu zuen Radio Kultura irratiak Internet bidezko emanaldiak egiten jarraitzen du gaur egun. Euskal ekoizpenez osaturiko hari musikala eskaintzeaz gainera, eta euskal kultura eta euskara frantses hiztuna den ikusleria batengana heltzeko helburuz, kultur edukiak ematen ditu euskaraz zein frantsesez. Hori dela eta, euskal irrati libre elebidun gisa definitzen du bere burua.

Beste berezitasun bat du irrati horrek: norberak aukeratu ahal ditu entzun nahi dituen saioak edo programazioa, irratsaioak bai gaiaren (bidaiak, kultura, abentura, kirola, gastronomia...), bai kategoriaren arabera aukeratuz (musika, kultura, elkarrizketak...). Beste aukera bat da programazioa era aleatorioan hautatzea. Horrez gainera, gaur egun atal batzuk podcast gisa entzungai ditugu. Eduki batzuk hizkuntza bakar batean eskaintzen ditu, eta beste batzuk, berriz, ele bitan. Euskarazko saioen artean, nabarmentzekoa da Kultur Kuboa, Arrosa sarean ere irratiratzen dena. Esan bezala, helburuen artean frantses hiztunei euskara hurbiltzea da, eta horri erantzuteko euskarazko ikastaroak eskaintzen ditu.

Podcasten kontsumoa orokortu omen denean, ezin ukatu espektro irrati-elektrikotik kanpoko emanaldiak oraindik hondar-entzuleriari heltzen zaizkiola. Hala ere, itzalaldi digitalaren mehatxuaren aurrean, baliteke horretara jo behar izatea bizirik jarraitzeko.]]>
<![CDATA[Ama(t)asunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1999/036/002/2023-01-15/amatasunak.htm Sun, 15 Jan 2023 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1999/036/002/2023-01-15/amatasunak.htm Ama(t)asunak. 2021eko otsailaren 13an jarri zuen martxan, eta azkeneko atala pasa den urtarrilaren 3an eman du argitara.

Haurdunaldiaren inguruan informazioa euskaraz eskaintzeko —eta zegoen hutsunea betetzeko— asmoz sorturiko Sabeletik Mundura izeneko proiektuari loturiko podcasta da, eta izenak iradokitzen duen bezala, amatasuna dute hizpide; amatasunak, hobe esanda. Ikuspegi feminista batetik heltzen dio gaiari, irudi gozo eta ideal batetik aldentzen, eta asunek bezala, ama izateak (edo ez) eragiten dituen oinazeak ere agerian utzita.

Ordu erdi inguru irauten duen elkarrizketa batean, amatasunaz hitz egin, idatzi edo gogoeta egin duten emakumeekin solas egiten du Alkortak. Batzuk ama dira kontzienteki erabaki dutelako edo, besterik gabe, berez gertatu behar zelako; beste batzuek, ordea, ez dute ama izan nahi edo ezin izan dute. Hori baita presente dagoen gogoeta: amatasuna hautaketa aske baten emaitza den, edo noraino gizarteak presionatzen duen, baita nolakoa izan behar duen azaltzeko ere. Horregatik, emakume ezberdinek izan dituzten bizipen anitz ekarri ditu orain arte egindako hemeretzi saioetan.

Hamalaugarren saioan, berriz, ez zen elkarrizketaturik izan; indarkeria obstetrikoari buruzko monografikoa izan zen, eta bertan, maiz emakumeok pairatzen dugun genero indarkeria mota hori Euskal Herrian ere sufritu dutenen testigantzak batu zituen, sare sozialetatik egindako galdera bati erantzunez. Nahia Alkortak berak jasan zuen indarkeria obstetrikoa lehenengo umea izan zuenean, 2012an, eta bere salaketaren ondorioz Nazio Batuen Erakundeak Espainia zigortu zuen iaz.

Amatasunez hitz egitea beste hainbat errealitatez aritzea ere bada: sorkuntzaz, gizarteaz, tabuez, buru osasunaz, doluaz, umoreaz, heriotzaz... Horiek dira orain arte ukitutako gaiak. Izan ere, ama izan garenok inoiz sentitu dugu ama gisa begiratzen gaituztela poliedrikoa den emakumea ikusi gabe. Eta ideia horretatik ere ihes egiten du saioak.]]>
<![CDATA[0 Km]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/041/002/2023-01-08/0_km.htm Sun, 08 Jan 2023 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1996/041/002/2023-01-08/0_km.htm
1980ko hamarkadan, Iberiar penintsulan garaturiko udal irratien fenomenoa heldu zen Hego Euskal Herrira, baina Hego Euskal Herrian ez dute Andaluzian, Galizian edo Katalunian izandako garapena izan. Euskal Herrian lehenengo udal irratia Zornotzakoa izan zen: 1981ean emititzen hasi zen, eta Bizkaian legalizazioaren aldeko mugimendua bultzatu zuten hainbat udaletan. 1991n Espainiako legeak eta Nafarroako zein EAEko 1992 eta 1994ko dekretuek, hurrenez hurren, bide legala eman zuten arren, unerik oparoenean hogei euskal udalek bultzatu zuten irrati bat. Kontuan hartzen badugu Hego Euskal Herrian 523 udalerri daudela, ondoriozta dezakegu oso udal gutxik erabaki dutela irrati bat izatea.

Oso ehuneko mugatua bazen ere, Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko dekretuan lehenengo aldiz jasotzen zen euskararen erabileraren gutxieneko bat komunikabide publikoetan. Hala ere, soilik Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean garaturiko udal irratiek emititu dute euskara hutsez; Bizkaian, ordea, gaztelania gailendu da programazioetan, eta askotan hizkuntza kopurua betetzeko Euskadi Irratitik edo tokiko plataformetako saioak eskaini dituzte.

Beste alde batetik, kudeaketa zuzeneko proiektu batzuk izan badira ere, udal gehienek hautatu zuten elkarte edo enpresa baten bidez kontzesioa ematea.

Gaur, berriz, oso udal irrati gutxi geratzen dira. Faktore asko izan ziren udal irratien mugimenduaren porrota eragin zutenak: legeak ezarritako baldintzak betetzeko zailtasunak, edukien kontrolaren inguruko alderdien arteko gatazkak, bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko zailtasunak... , baina, zalantzarik gabe, faktore erabakigarria izan da beste irrati batzuek, hirugarren sektorekoek bereziki, bete dutela kokatzen diren auzo eta herrietako komunitatearen bozgorailua izatearen papera.]]>
<![CDATA[Ez dira garai onenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2026/041/002/2022-12-18/ez_dira_garai_onenak.htm Sun, 18 Dec 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/2026/041/002/2022-12-18/ez_dira_garai_onenak.htm Gure garaian.

Joxemi Zumalabe fundazioaren, Bergarako Txapa irratiaren eta Arrosa sarearen arteko lankidetzan sortu zuten urtarrilean, eta, sortzaileen hitzetan, «borroka kolektibo askotarikoen transmisioa eta memoriari heldu nahi dion proiektua da, herri mugimenduetan ari diren edo ibilitakoen bizipenak eta denborak utzitako hausnarketak jasoz irrati formatuan». Saioak, ordea, ez dio soilik iraganari begiratzen, ez dago garai hobeen nostalgiarik, eta Euskal Herrian izandako borroka horien gaurko proiekzio edo garapena ekartzen dute, adin batekoek bizi izan genuen garai hori gurea ere den gaurkoarekin lotuz.

Orain arteko bost saioetan, hizpide izan dituzten gaiak izan dira: Arrosa sarea eta irrati askeak, desarrollismoaren aurkako herri mugimenduak eta horrekin loturiko Leitzaran, Itoiz, fracking, AHT edo erraustegiaren aurkako borrokak, Mirentxin gidarien esperientzia, antiespezismoa eta antimilitarismoa. Horien inguruan hitz egiteko, pertsona bat elkarrizketatzen dute —orain arte hiru emakume eta bi gizon— irratsaioaren gidariek; Marta Luxanen ahotsa identifikatu dut, baina ez dute beren burua aurkezten. Ordu erdiko solasaldi sosegatu batean, subjektibitatetik, gorputzetik, herri ekintzak azaltzen ditu gonbidatuak. Horrez gainera, saio guztietan gustuko abestia eta lelo bat eskatzen zaizkio elkarrizketatuari, borrokaren adierazgarria eta etorkizunari begira ere esanguratsua dena.

Urtarrilean hasi zirenean hilero podcast bat argitaratuko zutela iragarri zuten arren, ez da maiztasunik egon, eta saio batetik hurrengorako tarteak luzeak izan dira. Emisio ordutegi eta egun finkorik ez izateak askatasuna eman die honakoa bezalako saio batzuei, eta horrekin batera, denboran irauteko aukera. Ez dago heldu ezinik ibiltzeko sentsaziorik, ez azken orduan eta edozelan ateratzeko beharrik... Eta beti dago, nahi bada, irrati-emanaldi batean sartzeko edo, zergatik ez, unitate didaktiko moduan erabiltzeko aukera, saio guztiak eskuragarri baitaude Joxemi Zumalaberen zein Arrosaren webgunean.]]>
<![CDATA[Irrati-tailerra baino gehiago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2443/044/002/2022-12-11/irrati_tailerra_baino_gehiago.htm Sun, 11 Dec 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/2443/044/002/2022-12-11/irrati_tailerra_baino_gehiago.htm
Astean zehar, 08:00etatik 10:00etara, beste kateetan zerbitzuetako informazioa (trafikoa eta eguraldia bereziki), albisteak eta gaurkotasunaren analisia zein tertuliak eskaintzen diren ordutegian, Donostiako irrati honek kultur saio bat eskaintzen du, Ispilu Beltza, Cristina Tapia Huitzi eta Oier Aranzabal esatari direla. Donostian programaturiko kultur ekitaldiei loturiko elkarrizketak eskaintzen ditu, eta astean behin, Kresala zineklubak Eskamak Kentzen zinemari buruzko atala egiten du. Esatariek irratsaioa euskaraz egin arren, elkarrizketatu batzuekin gaztelaniaz aritzen dira.

Saioa webgunean eta podcast plataformetan ere entzun daiteke. Atrebentzia handia bada ere, esango nuke egitura, gai eta ordutegiagatik, nahieran entzuteko aproposagoa dela, zuzenean aditzeko baino.

Hasieratik, Altzako irratiaren helburua eskola izatea ere bada, eta zabalik dago bertan irratsaio bat egin nahi dutenei. Imajinatzen dut asmo horretatik sortu dela astelehenean jaio zen Berriketan saioa, hezkuntza eta osasungintzatik datozen Nerea eta Iratiren eskutik (ez dituzte abizenak aipatzen). Astelehen eta larunbat goizetan gai anitz ekarri nahi dituzte, eta estresa aukeratu dute estreinaldirako... Bide oparoa opa diet.

Amaitzeko, eskaintzen dituen podcasten artean nabarmendu nahi dut Emakume Zientzialarien Argitan zikloko solasaldiak jaso dituena, Elhuyarren eta Donostia Kulturaren lankidetzaren emaitza. Hori ere euskaraz. Izan ere, euskararen presentzia handia bada ere, tailerrean ematen diren ikastaro eta saio ugari gaztelaniaz eskaintzen dira. Iruñean, Bilbon eta Gasteizen bezala, tokian tokiko eskaintza euskalduna ez dator udalaren eskutik, hirugarren sektoretik baizik.]]>
<![CDATA[Edo ez da izango]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/044/002/2022-12-04/edo_ez_da_izango.htm Sun, 04 Dec 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1987/044/002/2022-12-04/edo_ez_da_izango.htm do ez da izango/O no será du izenburua, eta karetan, musikak lagunduta, feminismoa definitzen dituen hainbat hitz: «Bazterrak, gorputzak, sexualitateak, intersekzioak, plazerak, aliantzak, identitateak, gatazkak, transgresioak, subjektibotasunak, indarkeriak, erresistentziak, erantzunak, subertsioak, sareak, aniztasuna, ahizpatasuna, deseraikitzea». 2014tik Hala Beditik uhinetaratzen den feminismoen inguruko irratsaioa da, aurten 8. denboraldiari ekin diona. Astelehenetan 22:00etatik 23:00etara eta igandeetan 09:00etatik 10:00etara entzun daiteke Gasteizko 107,4 MHz.tan, baita nahieran ere. Talde lanaren emaitza da, eta ordubetez feminismoaren inguruan hitz egiten dute, ikuspegi intersekzional batetik, zeinetan arrazakeriaren aurkako diskurtsoak eta aniztasunek (sexualak, kulturalak, identitateenak... ) leku garrantzitsua duten.

Feminismoa hizpide, aliantzak eta sareak irutea izan da irratsaioaren helburuetako bat hasieratik. Hori dela eta, 2018an Pikara magazinarekin batera kazetaritza feministaren sarea indartu zuten, eta lankidetzan aritu ziren. 2019an, berriz, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuekin elkarlanean saioa egiten hasi ziren. Hizkuntza oztopo izan ez zedin, irratsaio bat gaztelaniaz eta hurrengoa euskaraz txandakatzen zuten. Gaur, aldiz, euskara nagusi izanda, gaztelaniazko elkarrizketak eta testigantzak sartzen dituzte.

Joan den ekainean, agurtu zirenean, nekea, zaintza eta beste faktore batzuek taldean eragina izan zutela aitortu arren, udazkenean itzuliko zirela bazekiten: «Oztopo guztien gainetik Onoserak aurrera jarraitu du, eta hurrengo ikasturtean ere, nola egingo dugun ongi ez dakigun arren!». Entzuleen poztasunerako, urriaren 10ean bueltatu dira. Ez da makala zortzi urtez uhinen bidezko emanaldiari eustea.

Izan ere, Hala Bediren saioa bada uhinen bidez entzun daitekeen saio feminista bakarra, aurretik izandakoak dagoeneko audio-artxibo moduan baino ez baitira entzungai. Besteak beste, honako hauek dira dagoeneko emititzen ez diren saioak: Euskadi Irratiko Andromeda; Antxeta eta Oiartzun irratietako Gonekin Ero Bero eta Amapola Morea; Ttan Ttakun irratiko Emesutan; Bilbo Hiriako Trabeskaleak, Txapako Txibierroak Uluka: Arraio irratiko Amatista; Kkinzonaren Aluen Uluak; 97 FMko Las Feuchas eta El Laboratorio de Medea; Naiz irratiko Emen Gonak; Mozoilloko Sorginkeriak; eta Irolako Sorginen Leizea eta Emarock.]]>
<![CDATA[Irrati maratoia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2000/044/002/2022-11-27/irrati_maratoia.htm Sun, 27 Nov 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/2000/044/002/2022-11-27/irrati_maratoia.htm streaming bidez jarraituko dutenak ere. Oso ekitaldi xumea. Irratiko ikasle eta irakasleok, ordea, asko gozatzen duguna.

Duela sei urte, Leire Iturregi kazetaritzako irakaslea irratiarekin lotura genuen irakasleongana hurbildu zitzaigun proposamenarekin: Euskararen Eguna ospatzeko irrati maratoia egitekoa, alegia. Bere gogoberotasuna kutsatu zigun, eta bat egitea erabaki genuen. Ordutik aurrera, abenduko hitzordua dugu —soilik pandemiak bertan behera utzi zuen, 2020an—, eta Leirerekin partekatzen ditugu, ez soilik irrati une horiek, baita teknikaren ustekabeen edo gonbidatuen hutsuneen beldurrak azken momentuak sortzen dituen urduritasunak ere —eta kafea eta hamaiketakoa, noski—. Amaitzen denean, berriz, irribarrez aritzen dira parte hartzaileak; irratietan bezala, dena ondo doa, eta kantak zein adierazpenak behar diren momentuan sartzen dira.

Ikasleek berek aukeratzen dituzte gaiak. Hasieran Leirek jartzen zituen —lehenengo saioan unibertsitatean euskarak duen presentzia izan zen hari gidaria—, baina ondoren erabaki zuen gazteek berek egin zezatela, eta konturatu da urtez urte antzeko edukiak lantzen dituztela. Eskola praktikoetan prestatzen dute eta emisio egunean zuzenekoaren kilimak bizitzeko aukera dute. Gehienentzat lehenengo aldia da.

Fakultateak izan zuen programazio oso bat eskaintzen zuen irrati bat 1980ko hamarkadan eta 1990ekoaren hasieran. Teilatuan zegoen igorgailu batetik uhinetaratzen zen, eta garai hartako errektoretzak baimen bat sinatu behar izan zuen Poliziak ixtea eragozteko. Orduan, oso gutxi ziren euskaraz eskaintzen ziren saioak, «euskal adarra» deitzen zeneko ikasleek egindakoak. Aurrerago, irrati emanaldien ideia bi alditan berreskuratu zen, baina eraikinaren moldaketak eta ikasketa plan berriek asko zaildu zuten unibertsitate-irrati bat izateko aukera. Orain, sikiera egun batez, Audiolab ikasgela irrati estudio bilakatzen da. Euskaraz, gainera.]]>
<![CDATA[Periferiatik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/040/002/2022-11-20/periferiatik.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1987/040/002/2022-11-20/periferiatik.htm Harresi ikusezina. Irundik Hendaiara igarotzen saiatzen diren pertsona migratzaileen kontakizunak jaso ditu. Afrikatik ateratzen dira Europara heltzeko asmoz. Bide luzea, gogorra, indarkeriaz betea; zeinetan bidaia lagunak galtzen dituzten —emakume batek, 2 urteko alaba—, baita bizitza ere. Dagoeneko bederatzi gazte hil dira Euskal Herrian migrazio politiken biktima. Gaiak ukitzen nau. Horregatik, saioaren berri izan bezain pronto, entzuteko beharra piztu zitzaidan.

Emitituko diren sei ataletatik lehenengoa aditu dut, euskaraz (jatorrizko bertsioan hiru hizkuntzatan entzuteko aukera ere badago). Errealitate gordina jarri digu Cristina Tapiak aurrean, pertsona askok pairatzen dutena: bidaia luze baten ondoren, helburua hain hurbil izanda —Frantzia baitute askok helmuga—, guretzat zatiketa administratiboa dena harresi bihurtzen da beraientzat. Europarrok arazo barik zeharkatu ahal dugun muga gaindiezina izan daiteke azal beltza duten pertsonentzat.

Kalitateari dagokionez, ekoizpen bikaina, pertsona migratzaileen ahotsak, solidarioen testigantzak eta adituen azalpenak jasoz, inpartziala ez den kazetariaren narrazioak josita. Beharrezko salaketa.

Hala ere, sentsazio gazi-gozoa geratu zait barruan. Gustatuko litzaidake podcastak benetan batzuen begiak irekitzea; beraz, lagunei bidali diet, sareetan mugitu... Ez da nahikoa, ordea. Soilik aurretik kontzientziatuei edo interesa dutenei helduko zaielako beldurrez nago. Barruan zerbaitek esaten dit horrelako produkzioak egin behar direla. Egindako mimoz eta sentsibilitateaz bada, are gehiago.

Bestetik, inpresioa dut publiko orokorrari zuzendutako irrati-programaziotik kanpo maiz eskaintzen direla gizarte arloko podcastak (feminismoa, hezkuntza, migrazioa, ekologia...), eta programazioetan eztabaida politikoa, gizonezko futbola eta mainstream den agenda mediatikoa nagusitzen direla. Eta susmoa dut absentzia hori justifikatzeko erabiltzen direla bazterretik eskainitako saio hauek, puntualak, jarraitutasunik gabeak. Ez da fenomeno berria, periferia izan baita beti gai batzuren esparrua, baina podcast formatuak berak ere aukera berriak eskaintzen ditu bazterturiko gaiak zabaltzeko, bete beharreko maiztasunetik aske. Orain, gure txanda da, gaia bazterretik erdigunera mugiarazteko.]]>
<![CDATA[Jaungoikoaren berba]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/041/002/2022-11-13/jaungoikoaren_berba.htm Sun, 13 Nov 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1989/041/002/2022-11-13/jaungoikoaren_berba.htm
1960ko hamarkadan, Paulo VI.ak sinaturiko Intermirifica delakoan irratiaren bertuteak azaldu zituen, eta doktrinamendurako tresna egokitzat jo zuen. Garai hartan, Hego Euskal Herrian parrokiako irratiak sortu ziren, tokian tokikoak eta indar gutxikoak; haien artean ezagunenak, Segura eta Arrate irratiak, baita lau hiriburutan jaiotako Herri Irratiak ere. Francoren diktadurapean, euskararen erabilera debekatuta zegoen arren, irrati horietan euskarak bazuen presentzia; baserritarrei kristau ikasbidea helarazteko aitzakiaz, «baserritarrek erabilitako hizkuntzan» ari ziren. Hala ere, euskarrena eta euskal kulturaren alde lan egiteagatik gatazkak izan zituzten Espainiako Informazio Ministerioarekin.

Batzuk desagertu eta beste batzuk kate komertzial bihurtu ziren, edo, Elizak saldu eta gero, aspaldian baztertu zuten misio ebanjelizatzailea. Gaur egun, Bilboko Gotzaindegiaren babesean, Bilboko Herri Irratiak eta Bizkaia Irratiak irratsaio erlijiosoak eskaintzen dituzte, haien artean meza, baita arlo sozialeko saioak ere (migrazioaz, genero indarkeriaz...), betiere ikuspegi kristautik. Ipar Euskal Herrian, ibilbide luzeko irrati kristaua dugu Lapurdi Irratia; frantsesa eta euskara erabiltzea erabaki zuten, fededun guztiengana beren hizkuntzan heltzeko asmoz.

Beharbada horregatik, EITBk Euskadi Irratiko dialetik eskaintzen du mezaren emanaldia, euskaraz. Zerbitzu publikotzat jotzen dute emanaldia, ETB1en ere ematen dute, eta, dirudienez, COVID-19ak eragindako itxialdian helburu hori bete zuen, adineko askori zerbitzu erlijiosoa etxetik entzuteko aukera eman baitzien.

Zerbitzu publikoaren izaera onartuta ere, oinarrietan ideologia eta erlijio askatasuna jasotzen duen hedabide publiko batek doktrinamendu erlijiosoaren tresna diren edukiak eskaintzeak justifikazio txikia du; are gutxiago, gero eta laikoagoa den gizarte batean elkarrekin bizi diren sinesmenen aniztasunaren gainetik tradizio katolikoaren errituari soilik ematen bazaio lekua.]]>
<![CDATA[Tempus fugit]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/044/002/2022-11-06/tempus_fugit.htm Sun, 06 Nov 2022 00:00:00 +0100 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1994/044/002/2022-11-06/tempus_fugit.htm
Azaroaren 23an 40 urte beteko dituela aitzakia hartuta, Beste 40 urtean irratsaioa eskaintzen du Euskadi Irratiak ostegunero, 21:00etan, Manu Etxezorturen eskutik. Ez da historia saioa, ezta kronika nostalgiko hutsa, nahiz eta musikak eta soinuek batzuek bizitu dugun iragan hurbilera garamatzaten. Etorkizuna nolakoa izango den irudikatzeko saiakera dago solaskideekin berbetan.

Hitzek eta hotsek berebiziko protagonismoa dute. Gonbidatuekin izandako hizketaldietan azken 40 urteetan izandako gertaera ezberdinak gaur egunera dakartza, solaskideen oroimenaren bidez entzuleena ere iratzarriz. Lehenengo saioan, 40 urteen inguruan dauden pertsonaia ezagunekin, zenbaki borobil horretara heltzea mugarri dela argi dago, baita komunikabide baten bizitzan ere.

Irratiak berak leku berezia du saioan, elkarrizketatu askok zuzeneko edo zeharreko lotura baitute berarekin, eta kate publikoan lau hamarkadatan pasatu diren ahots ezagunak maiz agertzen dira; baina horien testigantzak aitzakia baino ez dira garai baten kronika egiteko. Aukeran, urriaren 27ko saioa nabarmendu nahi dut, neure burua irudikatu baitut piladun irratia burkoaren azpian edo autobuseko bozgorailutik entzuten; hala ere, sakelako telefonotik entzun behar izan nuen, etxerantz oinez nindoala.

Estudiotik maiz ateratzen da esataria; furgoneta, elektro-etxe, plaza, liburu denda edo ostatua, besteak beste, izan daitezke elkarrizketa egiteko leku aproposak, galdera egokiak egiten badira. Hondoko hotsak ez dira ezkutatzen, eta, aurreko hamarkadetatik berreskuraturiko soinu eta musiken erabilerarekin batera, irrati-errealizazioaren adibide bikaina dugu.

Azken saioan, Laurogeiko krisia eta Birmoldaketa, Euskaldunaren itxiera eta protestetan eraildako langilearen oroimena berreskuratu ditu Etxezortuk soinuen kutxatik, ondoren goizetan egiten zen ekonomiari buruzko solasaldian parte hartzen zuten protagonistekin mintzatzeko. Denak adituak, guztiak gizonak... Gaur, berriz, ez genuke emakumerik gabeko mahairik ulertuko. Ala bai. Beharbada, arlo horretan oraindik 40 urte ez dira nahiko.]]>
<![CDATA[Egiantzeko gezurrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/041/002/2022-10-30/egiantzeko_gezurrak.htm Sun, 30 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1987/041/002/2022-10-30/egiantzeko_gezurrak.htm Munduen Gerra eleberrian oinarrituta, estatubatuarrak izutu zituen irrati-emankizuna eskaini zuen. Estralurtarrek Lurra inbaditzen zutela antzeztu zuen errealismo handiko fikziozko irrati-antzezpen batean. Hasi aurretik literatur lan baten kontakizuna zela ohartarazi arren, izua eragin zuen entzuleen artean. Hurrengo eguneko egunkariek azaldu zutenez, larrialdi zerbitzuei egindako deiak biderkatu ziren, eta asko izan ziren, ihesaldian, errepideak kolapsatu zituzten herritarrak.

Jendeak zergatik sinetsi zuen Lurretik kanpo etorritako izakiak gizakiok akabatzera etorriak zirela? Gerra aurreko giro batean, Halloween bezperan; oraindik espazioa leku ezezaguna zen, zeinetatik arriskua etor zitekeen, informazio-generotik maileguan hartu zuen kontatzeko era; adituen testigantzak tartekatuz eta errealitate handiko soinu efektuen bidez, eszenatokia sortu zuen. Izuak ez zien utzi entzule batzuek azalpenean zeuden elipsi edo saltoei erreparatzen, eta benetan sinetsi zuten alienen inbasioa gertatzen ari zela.

Gerta liteke, ordea, dena AEBetako egunkarien muntaketa izatea, eta jaioberria zen komunikabidearen aurka prentsa idatziak eraikitako kanpaina, publizitatearen lehian. Dirudienez, 1929ko crash-aren ondoren, beren diru sarrerak jaisten zirela ikusita, irratiaren sinesgarritasuna kolokan jartzen saiatu ziren, eta Wellesen emankizunaren efektuak handitu zituzten, fidatzeko hedabidea ez zela agerian uzteko.

Nik lehenengo bertsioa dut gustuko. Hau da, Wellesen kontakizunak entzuten ari zirenen gogoetan eragin zuela, eta emozioa, kasu horretan beldurra, sortzeko gai izan zela. Fikziozko lanen produkzioaren konplexutasunak eta kosteak irrati-dramatikoak podcast, gune berezi eta lehiaketetara zokoratu ditu ia kate guztietan, baina ez istorioak kontatzeko grina. Radio Euskadik Ondas saria jaso du espetxeetako ohikotasunaren kontakizunagatik. Hori egiten du irratiak askotan: egunerokotasunaren historia txikiak azaltzea, alegia.

Hala ere, ezin da ahaztu naziek irratia gezurrak zabaltzeko erabili zutela Wellesen garai berean, «gezur bat hainbatetan errepikatuta, egia bihurtzen delakoan» oinarrituta. Albiste faltsuak erraz zabaltzen diren egiantzeko gezurrak dira, baina horiek irratietatik kanpo behar ditugu.]]>
<![CDATA[Kinka (larrian)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1999/044/002/2022-10-23/kinka_larrian.htm Sun, 23 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1999/044/002/2022-10-23/kinka_larrian.htm kinka hitza bilatu eta lehenengo adiera «kinka larria» agertzen da. Ez du larria abizena BERRIAn Nagore Arinek abiatu duen «klima eta natura krisiari buruzko» podcastak. Hala ere, egoera larria da, eta saioak gure arreta erakarri nahi du energia eta klimaren krisi garai honetan.

Klimarekin, naturarekin eta ingurugiroarekin loturiko azken berriak eskaintzen hasten da irratsaioa. Ondoren, hiztegian, kontzeptu baten inguruan azalpenak ematen ditu: tipping point eta metano, lehenengo bi ataletan. Saioaren tarte nagusia, berriz, ekologiarekin loturiko gaurkotasunezko gai batek hartzen du, ikuspegi eta ahots ezberdinetatik begiratuta. Hurrenez hurren, Portugaleten (Bizkaia) izandako Ekotopaketak eta Norvegiako Statkraft enpresak gurean jarri nahi dituen parke eolikoak izan dira hizpide urriko saioetan. Amaitzeko, berriz, inguru jasangarria lortzeko gomendioak ematen dituzte gonbidaturiko adituek. Kinka podcastak harrapatu egin nau sarrera karetatik. Eta karetaz ari naizela, Naiz irratiak ekoizten duen eta Arrosaren bidez hainbat irratitan ematen den Gelditu makinak saioarena ere nabarmendu nahi dut. Noiztik entzuten ari gara Lurraren denbora amaitzen ari dela? Aldaketa klimatikoaz? Energia fosilen amaieraz? Uraren gabeziaz eta uholdeen ugaritzeaz? Askok ukatzen dute, erantzukizuna gurea ez dela aitzakiatzen dute... Esaldi horiek guztiak batuz, deigarria den aurkezpen txartela du Eli Pagolak 2020tik gidatzen duen eta bere burua krisi ekosozialaren inguruko saiotzat definitzen duen irratsaioak. Adituei, mugimendu ekologistako kideei eta proiektu jasangarrietan arituei egindako elkarrizketek zentralitatea dute programan.

Esan behar dut ez nauela harritu bi saioak emakumeek gidatuak izatea. Azken urteetan, bereziki azken hilabeteetan, ingurumenaren krisiak azalak eta tituluak hartu dituen arren, ekologia beti izan da gizarte alorreko gai biguna, eta ez dago Politikaren lehentasunen agendan. Ez nintzateke zintzoa izango, ordea, aipatuko ez banu bi saioetan adituen ahots gehienak gizonezkoenak direla, edota Guillermo Roak Euskadi Irratian zuzentzen duen Ekosfera aipatuko ez banu, aukeratu ditudan hiru saioetako ibilbide luzeena duena. Azken horretan, dibulgazio zientifikoa eta ikerketa lehen lerroan jartzen dira, Akademian ere Lurraren etorkizunarekiko kezkak gero eta toki handia hartzen baitu.

Espero dut beranduegi ez izatea...]]>
<![CDATA[Firfiran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/037/002/2022-10-16/firfiran.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1998/037/002/2022-10-16/firfiran.htm Bigarren Kafea-n bi astean behin eskaintzen duten Firfiran saioa. Kaixo Maitiak (euskaldunon harremanetarako guneak) antolaturiko II. Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren finalera iritsi ziren ipuinak hartu eta soinu bihurtu dituzte. Irailaren 26an estreinatu zen, eta dagoeneko bi kontakizun eskaini dituzte: Irati Goikoetxea Asurabarrenak idatzitako Inspirazio Basa eta Mikel Casusoren Vänköpingeko sauna. Kalitate handiko lokuzio eta audio-errealizazioarekin, entzuleak goza ditzan pentsaturiko kontakizun iradokitzaileak dira. Saio dramatikoak entzuleen gustukoak diren arren, kostu handia exijitzen dutela-eta, ez dira ohikoak irratietan. Horri sexua edo erotismoa gehitzen badiogu, atrebentzia behar da halakorik egiteko. Beraz, apustu ausarta, eta euskaraz. Ez da erronka makala!

Hau ez da, ordea, Kaixo Maitiak egiten duen lehenengo podcasta. Izan ere, Zuzeu agerkariarekin batera, Uda Erotikoak izenburupean, 2021eko eta 2022ko uztail eta abuztuan Aratz Begiristainek idatzitako Hondartzako Eneritz eta Bizilagunak kontakizunak atalka eskaini zituen hurrenez hurren. Bietan, Iñaki Beraetxek ahotsa jarri zien pertsonaia maskulinoei; Ainhoa Aierbek lehen ipuineko Eneritzi.

Horren aurretik, Kaixo Maitia Zer Duzu? eskaini zuten. Horretan, harremanetarako webguneak egindako inkestako datuak oinarri hartuta, Iñigo Arandia eta Olatz Berastegi sexologo eta psikoterapeuta lagun, euskaldunon sexu ohituren inguruan hitz egiteaz gainera, testu erotikoak ere irakurtzen ziren. Hamaika ataletan, sexuari buruzko askotariko gaiak jorratu zituzten: masturbazioa, desleialtasuna, sexu-harremanen maiztasuna...

1990eko hamarkadan arrakasta handia izan zuten nerabeen artean gurasoei galdetzera ausartzen ez ziren gaiak jorratzen zituzten sexuari buruzko aholku saioak. Gazteen gustuko musika-kateetan eskaintzen ziren. Arrakastatsua izan zen Kataluniako Flaixback irratiak 2003tik 2007ra eskainitako Prohibit als Pares (debekatuta gurasoei) saioa, 2018an desagertu zen arte —formatua kopiatu egin zuten Kataluniatik kanpo—.

Sexualitatea(k) magazinetan eta beste saio motetan ere hizpide d(it)ugu (afektibitate, zientzia, identitateen ikuspegitik batik bat), baina ez erotismoa. Ahots xuxurlari edo antzeztutako hasperenetatik harago, zirrarak sortzeko ahalmena izan behar da, baita lotsagabekeria puntu bat ere. Eta hori ez da erraza.]]>
<![CDATA[Uhinak astindu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/044/002/2022-10-09/uhinak_astindu.htm Sun, 09 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1994/044/002/2022-10-09/uhinak_astindu.htm mainstream diren komunikabideei alternatiba gisa sortu diren irratiak izendatzeko. Madrilen onartu den ikus-entzunezko lege berriak aukera bat zabaltzen du hedabide komunitarioak legediaren barruan ari daitezen. Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak, horretarako eskumenak dituztela eta, legeztatzeko prozedura zehatza ezarri beharko lukete orain. Hego Euskal Herriko dial hipersaturatuan zein maiztasun bandan kokatzea bada arazoa, irtenbide erraza dute: udal irratiei dagokien 107-107.9 MHztako banda ia hutsik dago, gurean tokiko irrati publikoak ez baitira ugaritu, Katalunian edo Andaluzian bezala. Izan ere, baimen administratiboa lortze bidean gutxi batzuek udal babesa lortu dute eta oso errotuta daude tokian tokiko komunitatearekin.

1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen Euskal Herriko lehenengo irrati askea: Donostialdeko Osina (1979). 1980ko hamarkadan herri eta auzoetan zehar hedatu ziren, kokatzen ziren komunitateekin, herri mugimenduekin eta sortzen ari ziren musika adierazpen berriekin loturik. Autoritateek txapeoekin erantzun zuten. Itxieren aurkako mobilizazioek irrati mugimendua bizirik mantendu zuten, eta, bitxia bada ere, ondorengo tolerantziak apaldu zuen, eta gutxi izan ziren 1990eko hamarkadara heldu ziren irratiak —Iruñeko Eguzki (1982) dugu hasierako garai horietako bat—.

Profesionalizazioarekin batera, legalizazioarena eztabaidagai izan da mugimenduaren historian zehar. Estatuek egiten duten banaketaren aurrean, irrati askeek esparru irratielektrikoaren erabilera librea aldarrikatzeko sortu ziren.

Ipar Euskal Herrian, 1981ean irrati asoziatibo gisa legeztatu ziren, eta Hego Euskal Herrian bidea zabaldu zen 2010eko Ikus-entzunezko Legean oinarrituta, administrazio autonomikoek egindako deialdien bidez, gainerako irratien joko arau berdinetan. Orain, baimen administratiboa lortzea, proiektu komunikatiboari egonkortasuna ematetik harago, irrati hauen aitortza litzateke. Internet eta sare sozialak hedabide nagusien diskurtso ofizialari erantzuteko eta herri-mugimenduen bozgorailu bilakatu diren heinean, ezin ahaztu irrati horiek aitzindariak izan direla iritzi eta hizkuntza alternatiboak zabaltzen, eta gaur euskal komunikazio esparruko zutabe inportantea direla.

Uhinak astintzen jarrai dezaten, beraz.]]>
<![CDATA[Lotsa gutxi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/041/002/2022-10-02/lotsa_gutxi.htm Sun, 02 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1961/041/002/2022-10-02/lotsa_gutxi.htm Benetan zabiz? podcasta Aitziber Grados Muñoak eta Malen Altuna Biterik, EITBn. Lehenengo atalean aitortu bezala, Gazteako Didan zuten Juergi izeneko sekzioaren jarraipena da saioa. Bekadunak zirela ostegunero egiten zuten bospasei minutuko ataltxoa igandeetako bi orduko irratsaio bihurtu da, ostiraletan podcast moduan eskaintzen dutena. Uhinetaraturiko saioak editatu eta nahieran jartzea hainbat irratitan egiten dute; kasu honetan, alderantziz gertatzen da: lehenengo podcasta eta gero emanaldia.

Formatua ez da originala: bi esatari eta elkarrizketatu bat. Gonbidatuek zerbait berezia dute: ez dira politikan, kirolean edo kulturan lehenengo lerrokoak, baina bai ezagunak sare sozialetan, bereziki gazteen artean. Lehenengo hiru ataletatik pasatu dira Ane Lindane bakarrizketaria, Albina Stardust drag queen-a eta Danelicous influencer-a. Arrosali izeneko konputadora-ahotsa duen pertsonaiak, aurkezleak baino zerbait askeago denak, galdera ausartak egiten ditu. Lotsabako, baina neurrian. Ez dute albistegiak betetzen dituen gaurkotasunaz hitz egiten, baizik eta gizartean, eta gazteen artean, hizpide diren gaiez: gorrotoa, identitate eta askatasun sexuala, eta pertsonekiko errespetua. Tonu arina eta umorea erabili arren, ez dira arinkeriaz ari.

Bertikala izeneko podcastaren bigarren atalean ere umorez tratu zuten lodifobia, eta sareetan birala bihurtu omen zen. Tabakaleratik sortua, irratira salto egin zuen saio horrek. Laura Re Lozanok eta Sara del Rio Loiartek gidatua, lau atal eskaini dituzte momentuz, eta bertara gonbidatu dituzte Kattalin Miner kazetari eta aktibista feminista eta ALOS aka DjMiau.

Formatuaz eta gaztetasunaz harago, belaunaldi berriekin lotzen dituzten beste ezaugarri batzuk partekatzen dituzte bi saio horiek: Tik Tok, Instagram eta beste sare sozialetan euren soslaiak dituzte eta like bila ari dira. Euskarari dagokionez, kortse hertsietatik ihes eginez, norberaren euskalkia edo erdal esamoldeak erabiltzen dituzte, Laura Reren kasuan, euskaldun berriaren aldarriari lotuta.

Bertikala-koek dioten moduan, millennialkeriak atsegin dituztenentzako saioak dira, baina aitortu behar dut, horizontala naizen arren, gustura aditu ditudala, albistegietako larritasunetatik ihes egiteko parada eman baitidate.]]>
<![CDATA[Iparrari begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2035/036/002/2022-09-25/iparrari_begira.htm Sun, 25 Sep 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/2035/036/002/2022-09-25/iparrari_begira.htm
Ez pentsa nik ere asko ezagutzen ditudanik, baina ez da hainbeste erreferentzialtasun kulturalengatik —hori ere bai—, baizik eta musikari buruz dudan jakintza nahiko mugatua delako; are gehiago, gazteen gustuez ari banaiz. Baina ziurta dezaket Hego Euskal Herrian entzun ohi ditugun top zerrendetan, kate komertzialetan bereziki, nekez aurkituko ditugula frantsesez egindako abestiak. Gaztelaniazko kantak bezainbeste ez, gutxienez.

Hori dela eta, gaur nabarmendu nahi dut Gure Irratian Panpi Merkapidek gidatzen duen Adi irratsaio musikala, Arrosa Sarearen bidez Hego Euskal Herriko entzulearentzat uhineratzen dena, baita podcast moduan entzungai duguna ere. «Euskal Herriko eta kanpoko musika berriak eta lehenagokoak» eskaintzen dituela iragartzen du bere webguneko aurkezpenean. Eta horrela da. Estilo ezberdinak ere nahasten dira irratsaioko aukera musikalean: metala, pop-rocka, reggaea... eta asko dira bertan lekua duten talde alternatiboak, hau da, kate komertzialetan programatzen ez direnak. Miresten dut erakusten duen ezagutza, eta nola eramaten gaituen toki batetik bestera eskaintza musikal zabalaren bidez, entzungo dugunaren inguruan datu esanguratsuak emanez. Niretzat plus bat da podcast bakoitzean entzun ditugun talde eta abeslarien izenak agertzea, beti baitut aukera bilatu eta Interneten nire jakin-mina guztiz asetzeko.

Goizetan, ordea, unibertsitaterako autobusean noala, gazte euskaldunei zuzenduriko goizeko saioa entzuten jarraitzen dut, non kanten arteko iruzkinak, erreferentziak, txisteak... errazago ulertuko lituzkeen entzule madrildar batek, Ipar Euskal Herritik etorritako ikasle batek baino.]]>
<![CDATA[Emakumeak solaskide]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1993/041/001/2022-09-18/emakumeak_solaskide.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1993/041/001/2022-09-18/emakumeak_solaskide.htm Berria FM. Pasa den uztailean 40. atala eman zuen, eta laster laugarren denboraldiari ekingo dio. Ez dakit 2019ko azaroan abiatu zenean komunikazio feministaren erreferente bihurtuko zela imajinatzen zuen.

Hilean behin —bi astero hasieran— ordu erdiz pil-pilean dagoen gai bati heltzen dio elkarrizketaren bidez. Horrez gain, BERRIAko kazetarien kolaborazioa izaten du, eta Ramoni eta Lohitzune pertsonaiek umorez begiratzen diote gaurkotasunari. Hori gutxi balitz, atal bakoitzean tratatuko den gaiaren inguruan Araitz Mesanzak ilustrazioa egiten du. Kirola, osasuna, gerra, artea, musika, zientzia... oso gai ezberdinek lekua dute podcast horretan, eta pandemiak ere ez zuen gelditu, grabaketa etxetik egin behar izan bazuen ere.

Batzuek irizten diote feminista izateak emakumeentzat egindakoa esan nahi duela, edo entzuleria minoritario bati zuzendua dela. Horrela izango balitz, ordea, biztanleriaren erdiak osaturiko gutxiengoaz arituko ginateke, eta target txikiagoa duten produktu askok lekua dute parrilletan inork zalantzan jarri gabe. Baina, gainera, hori uste dutenak erratuta daude. Feminista izatea munduari osotasunean so egitea baita, eta ez gizonezkoen neurrira egokitutako neutrotasunetik, baita emakumezkoen begirada aintzat hartzea ere. Hori baita Galardiren beste lorpen bat: berrogei saioetatik emakume asko pasatu dira, hainbat arlotan aditu zein arituak, emakumeen absentzia justifikatzeko solaskideak topatzeko zailtasunak aitzakiatzen dituztenen argudioak ezerezean utziz.

Aurretik, Oiartzun eta Antxeta irratiek egindako Amapola Morea-k erakutsi zuen kontatzeko asko duten emakumeak elkarrizketatzea posible dela saioz saio. Sarean entzungai daude 56 emakumerekin izandako solasaldiak. Eta, zailagoa dirudiena, Maddi Garmendia eta Ane Urkiri, beren aldetik, 18 emakume kirolarirekin berriketan aritu dira Kirolari Gaittun podcastaren lehenengo denboraldian.

Berria FM-ren atal berria itxoiten ari garen bitartean, aurrekoak entzutera gonbidatzen zaituztet; ziur nago harrapatuko zaituztetela, eta, nork daki, munduari betaurreko morez begiratzera lagundu ere bai.]]>
<![CDATA[Haurrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1993/022/002/2022-09-11/haurrak.htm Sun, 11 Sep 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1993/022/002/2022-09-11/haurrak.htm
Nire belaunaldiko haurrok lagun izan genuen irratia. Gaixorik geundenean ohetik entzuten genituen azkar osa gintezen senideek eta auzokoek dedikaturiko ipuinak eta kantak; larunbat goizetan ere bagenuen non aukeratu, eta, lotsa galduta, telefonoaren bidez parte hartzen genuen saioetan, eta, aukera genuenean, publiko moduan ere bai. Aspaldian, berriz, telebistarekin lehiatu ezinik, kate handiek programaziotik kendu zituzten umeentzako saioak, eta tokiko irratietan ematen ziren. 1990eko hamarkadan, zeudenen artean aipatzekoa da Radio Vitorian jaio eta ondoren Euskadi Irratian eman zen Maritxu Berritsu.

Gaur beren presentzia anekdotikoa da. Euskaraz eskaintzen direnen artean, Arrosa Sareko irratiek Bilbo Hiriak larunbatetan eskaintzen duen Gaur ez dago eskolarik ematen dute —podcasten bidez ere entzun daiteke—. Bizkaia Irratiak, berriz, gaztetxoei zuzendutako Dona Dona lehiaketaren buelta iragarri du webgunean.

EITBk, berriz, irrati programazioan duen hutsunea betetzeko asmoz, EITB Podkast atarian eskaintzen ditu ume eta gaztetxoei zuzendutako hiru fikzio lan: Ipuin Txiki Soinu Handi, aita-semeen kontakizunek osatutako 24 atal; Sara eta Paul, Bernardo Atxagaren Logalea zeukan ekilibristaren kasua obran oinarrituta Iñaki Beraetxek egindako egokitzapena, eta Kuku, etxeko txikienei zuzenduta. Zaindutako produktuak dira, 5-10 minutuko iraupena dutenak, eta horiez baliatuta bullying-a, bizikidetza edota pertsonen aniztasuna bezalako gaiak jorratzen dira.

Umeek akaso ez dute irratia entzuteko ohiturarik, ezta zaletasunik ere, baina oso gustuko dute irratsaioak egitea. Euskal Herriko ikastetxe askok eskola-irratia dute. Estudio edo gela bat, mikrofonoak eta ordenagailua, ez dute teknologia gehiago behar, eta komunikazioa, hizkuntza eta elkarkidetzarekin loturiko gaitasunak lantzeko tresna ezin hobea da. Saioak, gainera, batzuetan ikasgeletatik ateratzen dira; adibidez Donostiako Aitor Ikastolako ikasleek bertako Ttan-Ttakun irratian saio bat dute, eta ugariak dira podcast bihurtzen direnak.

Pantailen aurka lehiatzea zaila bada ere, balia gaitezen aukeraz, eta elkarrekin entzun dezagun!]]>
<![CDATA[Denboraldi berria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/028/002/2022-09-04/denboraldi_berria.htm Sun, 04 Sep 2022 00:00:00 +0200 Arantza Gutierrez https://www.berria.eus/paperekoa/1989/028/002/2022-09-04/denboraldi_berria.htm
Momentuz ezer gutxi ezagutzen dugun arren, aldaketa batzuk aurreratu dira EITBn. Radio Euskadin Levando Anclas saioko Roge Blascok erretiroa hartu duela iragarri zigun ekainean, uhinetan 39 urte bete eta gero. Ahots liluragarririk eta komunikazio ahalmen berezirik gabe, ia lau hamarkadez inoiz egingo ez ditugun bidaiak irudikatzen lagundu digu. Etxekoa, gutakoa izan da, eta horretan zetzan bere xarma. Joan aurretik, desagerturiko La Casa de la Palabra berreskuratu du udan; berak argitu duenez, hainbat saio utzi zituen grabatuta erretiroa hartu baino lehen.

Badoala iragarri duen beste bat Leire Palacios izan da; digitalizazioari buruzko Sarean saioa gidatu du azken bost denboraldietan Euskadi Irratian, baina amaitzeko unea heldua zela sentitu eta ibilbide berriari ekin dio.

Eguneroko entzuleei agur esan zien Manu Etxezortuk ere. Ez dugu berriz goizero Faktoria-n adituko; baina ez da urrutira joango, Euskadi Irratian Beste 40 urtean saioa zuzenduko baitu. Azaroan EITBk 40 urte beteko dituelako aitzakiaz baliatuta, azken lau hamarkadetan Euskal Herrian izan diren gertaerak azalduko ditu saioan. Etxezortuk berak aurreratu duenez, formatu ezberdinak landuko ditu: elkarrizketak, mahai-inguruak, erreportajeak... Oroimenaren bidaia horretatik, fonotekatik dokumentu bereziak berreskura ditzan espero dugu, irratiak lagundu baikaitu urte horietan.

Eta irratiak bidelagun izaten jarraitzen du; bideoak ez, eta sare sozialen pantaila aniztasunak ere ez dute irratia hil. Hori dela-eta, nik neuk, azken 30 urtez irratia hizpide dudan EHUko irakasleak, denboraldi honetan zuengana ekarriko ditut irratietan entzun daitezkeen saioak, zuzenekoak zein podcastak, gertaera aipagarriak, berritasun teknologikoak... Erronka handia da. Espero dut zuekin batera, irakurtzen ari zaretenokin, irratia piztu eta sintonia onean aritzea.]]>