<![CDATA[Arantzazu Fernandez Iglesias | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 07 Dec 2022 23:50:40 +0100 hourly 1 <![CDATA[Arantzazu Fernandez Iglesias | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mindura beltza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2003/024/001/2022-10-26/mindura_beltza.htm Wed, 26 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2003/024/001/2022-10-26/mindura_beltza.htm 'Hondamendia'Taldeak: Axut, Artedrama. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Idazlea: Harkaitz Cano. Antzezleak: Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimera, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, Maite Larburu, Manex Fuchs, Eneko Gil. Bideoa: Maialen Belaustegi. Koreografia: Philippe Ducou. Musika: Maite Larburu, Asier Ituarte. Eszenografia: Fran Dussourd. Argiak: David Bernues. Soinua: Philippe Barandiaran. Teknikaria: Ieltxu Ostolaza. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Urriak 22.

Zaldibarko zabortegiko luiziak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak desagerrarazi zituen 2020ko otsailean. Hilabeteak eman zituzten familiek gorpuen erreskate lanen emaitzen zain. Urte bereko martxoan, koronabirusaren izurriteagatik itxialdirako aginduak etorri zitzaizkigun. Gertaera horiek gure gertuko errealitate gordina baino ez digute deskribatzen. Eta errealitate gordina izaten ohi da Axut eta Artedrama taldeen teatroarentzat hizpide nagusia.

Bi konpainia horien arteko elkarlanaren dramaturgiaren ezaugarriak berretsi dizkigu Hondamendia-k, baina, oraingo honetan, indarra biderkatuta iritsi zaizkigu. Izan ere, Zaldibarren eta itxialdian gertatutakoak ohiko eszena txiki eta erritmo bizikoetan kontatu dizkigute aktoreen rol txandaketen bitartez; begi bistan izan ditugu jantzien aldaketak eta soinu bandaren exekuzioa; egiaztatu dugu kanta herrikoen zein pop kutsukoen kemena tonua aldatzeko garaian; eta, horrekin batera, antzezle hauek tragediaren muinean umorea txertatzeko duten ahalmena berrikusi dugu. Laburbilduz: haien dramaturgiaren ildo nagusiak mantenduz, Zaldi urdina lanetik esfortzu eszenografikoak nabarmenki gora egin du. Hori dela eta, argiek garrantzi handiagoa dute, pantailak irudiz zein albistez beteta erabili dituzte, eta kaxako hiru paretak zeharkatzen dituzten datek eta esaldiek ñir-ñir egin digute iluntasunetik. Dussourden eszenografiako zuzeneko errotulazioak, audio grabazioek zein bideo deiek urduritasunaren eta informazio faltaren sentsazioa maisuki transmititu digute, aurreko ikuskizunetan baino dantza eta kanta gehiagorekin.

Esanak esan, Hondamendia maila guztietan Axut eta Artedramaren orain arteko lanik anbiziotsuena da, eta badu, gainera, gutxitan ematen den formaren eta narrazioaren arteko erabateko lotura. Ahalegin teknikoak kontakizunaren adarren aniztasunaren eta gure Zeitgeist-aren isla baino ez dira. Zabortegian bizi garela irudikatzeko oholtza arropaz bete izana miretsi dugu, eta, (des)informazio gaindosia adierazteko mezuen proiekzioa ideia bikaina izan dela pentsatu dugu. Ikusleok ulertu dugu komunikabideetan zarata handia dagoela (bisuala zein auditiboa), baina benetako kazetaritzak behera jo duela, esate baterako. Publikoak, estimulu horien aurrean, antsietatea sentitu dezake, eta, horrexegatik, biziki eskertzen dira barreak bideratzen dituzten une umoretsuak. Langile txiletarraren karietara Atacamari buruzko istorioa ezin hobeto ekarri dute, eta, gainera, giro espazialaz zein izarren maparen proiekzioaz gain, arropa-zabortegiaren irudia ere justifikatu ditu.

Amaieran, Hondamendia-ren mindura beltza garbitzeko katarsiak lehenbiziko bukaera ekarri digu. Bigarrena, berriz, antzokitik kanpo, publikoa agurtzeko antzezleen kantak. Zer nahi duzue esatea? Ni banoa bigarren aldiz ikustera.]]>
<![CDATA[Antzerki espekulatiboa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1987/032/001/2022-10-25/antzerki_espekulatiboa.htm Tue, 25 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1987/032/001/2022-10-25/antzerki_espekulatiboa.htm 'Contrakant'Taldea: Societat Doctor Alonso. Zuzendaritza: Tomas Aragay eta Sofia Asencio. Dramaturgia: Tomas Aragay. Mugimenduak: Sofia Asencio. Sormena eta antzezpena: Sofia Asencio, Txubio Fernandez, Tamara Ascanio, Hipolito Paton, Maria Garcia Vera, Lluc Baños, Ruben Ametlle, Alex Solsona Vallejo. Espazio eszenikoa eta argiak: CUBE. SZ. Jantziak: Jorge Dutor. Soinu banda: Ruben Lardin. Lekua: Bilboko Harrobia. Eguna: Urriak 21.

Onar dezagun mugimenduak agintzen duela eta horixe izan daitekeela ikuskizun baten logikaren ardatza. Onar dezagun aktoreen ibilbideek definitzen digutela antzezpenerako espazioa zein den eta zertan datzan. Eta jarraitzeko, onar dezagun ibilera horiek ez direla ez logikak ez narrazio batek sortuak. Hori onarturik, gozatu dugu BAD jaialdian Societat Doctor Alonso talde katalanaren proposamenaz, zeinetan hain ohikoa duten hausnarketaren ondorioaren lekuko balioztatzaileak bihurtu gaituzten.

Contrakant-en hasieran espazioa norberak defini dezakeela eta aldakorra dela ulertarazi digute. Ideia hori adierazteko, agertokiko zoruan aktore batek soka batez sortzen zuen formaren barruan paratzen ziren taldeko antzezle guztiak, juxtu-juxtu sartzen zirela, eta, hartara, edozein jarreratan pilatuta. Gabardina eta euritako txano ezberdinez jantzita, espazio berri bat eratzen zen bakoitzean hara mugitzen ziren definitu berri zen eremua okupatzera. Desplazamendu kaotiko horiekin irudi ikusgarriak eta fotogenikoak eskaini ez ezik, algarak ere piztu zituzten. Geroxeago, zortzi antzezleak agertokitik kanpo irtenda, era zoro nahiz desordenatuan ibili ziren antzeztoki batean antzerki-espaziotzat jotzen ez ditugunetan zehar.

Izan ere, Contrakant ikuskizuna Kanten kategoria analitikoen gaineko gogoetatik sortu zutela irakurri diegu. Alemaniarraren ustez, espazioa a priori kategoriakoa da. Eta horra hor katalanak —hori bai, ikusleen oniritziarekin— filosofo handiaren uste hori zalantzan jartzera etorri zaizkigula narraziorik gabeko pieza honekin, zeina poetikotasunak, umoreak eta baldarkeria formalak ezaugarritzen duten.

Amaieran, antzezleak laino sendo batean desagertu ziren, eta fokuek ikusleengana jo zuten. Contrakant-en, dramaturgia garaikideen zaleak beren saltsan sentitzen dira eta ez dute bukaera hori ulertzeko arazorik izan. Doctor Alonsoren zaleek jakin badakite publikoak egiten duela antzezpena antzezpen, eta hori bai dela mundu eszenikoan kategoria eztabaidaezina eta derrigorrezko bakarra. Eta espazioarena? Espazioa pikutara, aitzakia baino ez al da izan, ala?]]>
<![CDATA[Jesuri Josu-Eneko esaten diogu gurean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2002/034/001/2022-10-16/jesuri_josu_eneko_esaten_diogu_gurean.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2002/034/001/2022-10-16/jesuri_josu_eneko_esaten_diogu_gurean.htm 'Moto - Membra Jesu Nostri'Musika: Dieterich Buxtehude. Zuzendari musikala: Andoni Sierra. Antzerki zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Lucia Astigarraga. Testu garaikidea eta antzezpena: Eneko Sagardoi. Bakarlariak, abesbatza eta instrumentu taldea: Conductus Ensemble, La Chimera Ensemble. Jantziak: Pau Auli. Argiak: Alberto Rodriguez Vega.

Dietrich Buxtehuderen Membra Jesu Nostri (1680) kontzertu antzeztua ikustera hurbildu ginen Arriaga antzokira. Ez genekien oso ondo zertan zetzan antzeztua izate hori, baina antzerkiaren eta musika barrokoaren zaleak izaki, ezin hitzordua galdu. Jakin bagenekien pieza musikala osatzen duten zazpi kantatek gurutzeko Jesu Kristoren gorpuaren hainbat atal —oinak, belaunak, eskuak, saihetsen aldea, bularra, bihotza, aurpegia— dituztela hizpide, eta Eneko Sagardoik antzeztuko zuela berak idatzitako testua. Jakin-mina bezain handiak ziren gure itxaropenak.

Aktore durangarraren testu zoragarria Enekoren eta Josuren arteko maitemintzeaz eta harremanaz mintzo da, baita bigarrenaren isileko sufrikarioaz eta moto-istripu bidezko heriotzaz ere. Kontakizunak harritu gaitu, ederki josia delako, baina baita aurreikusten genuen bidetik atera gaituelako ere. Moto - Membra Josu Nostri ez da izan heriotzak, gorpuek eta ahanzturak sortzen duten malenkonia barroko edota garaikideren isla. Ez. Harago doa. Sagardoik beste zerbait zehatzagoa, konkretuagoa, hurbilagoa kontatu digu: ezin gaindituzko abusu baten istorioa eta horrek eragindako traumarena. Eta sentiarazi digun gertutasun horretan dauka, nire ustez, originaltasunik handiena.

Ikuskizuneko bi geruzak elkarren artean txirikordatuta hedatzen dira: Ama Birjinak Jesu Kristoren gorputzean aurkitzen dituen orbainei kantatzen die zati barrokoan; eta Enekok Josuren arimako zaurienak deskribatzen dizkigu kontakizun garaikidean. Azken horretan, Sagardoik bi pertsonaiak antzeztean, bi maitaleen nortasunak bakar batean nahita urtzen dituela dirudi. Hala, disoziazio kasu baten antzezpen moduan irakur zitekeela otu zitzaidan emanaldian, hori, eta, zorionez, irakurketa konplexua duen obra baten aurrean geundela.

Elementu guztien batuketak emaitza ederra eskaintzen du. Antzezpena aparta izan da; musika eta koruaren zein bakarlarien zatiak punta-puntakoak. Agertokia huts, beltz eta ketuan argien diseinuak aipamen berezia merezi du. Hor antzeman ditugu Arriagaren baliabide teknikoak erabiltzeko Lucia Astigarraga eta Alberto Rodriguez Vegaren ausardia eta jakinduria. Koruko partaideak era koreografikoan mugitzen ziren plastikotasun handiko irudiak sortuz, betiere fokuen laguntzaz. Pintura klasikoen irudiak etorri zaizkigu akordura, gurutzetik jaistearenak, esate baterako, baina, aldi berean, motorra taula gaineko ardatz genuen. Amaiera aldean, gurutze garaikide baten antzera aireratu duten motor hori bistan geneukala, hasierako hitz triste bezain ederrak errepikatu dizkigu Sagardoik. Ahaztezina.

Eta ixteko, apuntetxo bat: pieza bitxi hau funtzio bakarrekoa izan dela jakin dugu; beraz, bizitza laburreko luxuzko bitxia izan dela aitortu behar dizuet. No comment.]]>
<![CDATA[Lydia Cacho]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1954/031/002/2022-10-11/lydia_cacho.htm Tue, 11 Oct 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1954/031/002/2022-10-11/lydia_cacho.htm 'La infamia'Moldaketa: Lydia Cacho eta Jose Martret. Zuzendaritza: Jose Martret. Aktorea: Marta Nieto. Agertokia eta jantziak: Alessio Meloni. Argiak: David Picazo. Soinua: Sandra Vicente. Bideo eszenak: Emilio Valenzuela. Kameraria: Alicia Aguirre Polo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 7a.

Agus Perez kritikariak honela azaldu zidan behin: «Izenburuarekin gustura geratzeak esan nahi du idazleak badakiela zein den haren testuaren mamia, badakiela zer transmititu nahi duen». Eta nik, haren aholkuari jarraituz, Lydia Cacho kazetari feminista mexikarraren izen-abizenak baino ez ditut idatzi, ezagutzen ez duenak Internetera joko duen esperoan. Hona bi apunte baino ez: 2005eko Los demonios del Eden [Edeneko deabruak] liburuan Cancuneko Jean Succer Kuri ostalaritzako enpresariaren ume-pornografia eta beste praktika pederasten sarea salatu zituela, bata; eta, bestea, 2007ko Memorias de una infamia-n [Doilorkeria bati buruzko memoriak] deskribatu zigun salaketa harengatik poliziek gauzatutako bahiketa legal pairatu zuela.

Agertokian iluntasun beltza dugu nagusi. Barruko paretako pantaila erraldoia zuzeneko bideo proiekzioetarako; taulen gaineko ezkerreko aldean, jatetxe bateko mahai eta aulkiak eta 4x4 jeep zaharra; eta, eskuinean, polizia etxeko ziega irudikatzen duen kaiola. Elementu gutxi, baina —argi zenitalen laguntzaz— funtzionalitate handikoak.

Goian aipaturiko bi liburuek osatzen dute kontakizunaren bi geruzen bizkarrezurra, zeinetan Marta Nietok kontatzen eta antzezten dizkigun Cachok bizi eta salatutakoak. Horrela, hasiera batean ikusten eta entzuten dugu nola bahitzen duten, baita unean uneko abusuak eta mehatxuak, beldurrak eta izuak ere. Protagonistari jarraitzen dion kamerariaren lan borobilak gertatzen ari denaren testigantza zuzena eskaintzen dio publikoari. Bitxia da protagonista auto barruan daramatela zenbait aldiz galtzen dugun bistatik, eta, aldi berean, zein presentzia handia duen grabatzen dizkioten lehenbiziko planoetan.

Era horretan, kamera erabiltzeko hautuak geruza honetako antzerki estiloa guztiz baldintzatzen du: aktoreak, publikoari begiratu ordez, kamerarentzat antzezten du, antzerkia zena antzerki-zinema bihurtuz eta, gainera, iluntasunean ezkutatuta dagoena argitara ekarriz. Hor nagusitzen dira lanaren originaltasuna eta Sorogoyenen Madre [Ama] filmean ezagutu genuen Nietoren iaiotasun zinematografiko itzela.

Bigarren geruzan, bahiketa baino lehenagoko memoriak narratzen eta antzezten dizkigu protagonistak, umezarotik hasita, harik eta abusuak jasandako adin txikikoen testigantzak jasotzen hasten den arte. Pasarte horietan, grabazioak eten, eta Nietoren gorputzak sostengatzen du kontakizunaren zama guztia, eta primeran defendatzen ditu antzerki mota eta antzezpen estilo aldaketa sotilak. Hor aitortu behar zaio ezagutzen ez genion antzerkirako trebetasun ikaragarria, zeinak antzezlea oholtzan bakarrik dagoela ahantzarazten digun.

Egia esan, ostiraleko saioan ikusle gehiago espero nituen, beste publiko mota bat. Martret zuzendari lanetan dagoelako, batetik, eta, bestetik, gutxitan eskaintzen zaizkigulako hau bezalako testigantza hurbilak, zuzenak, egiatiak.]]>
<![CDATA['Kelly'-ena, argi eta garbi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2087/026/002/2022-08-02/kelly_ena_argi_eta_garbi.htm Tue, 02 Aug 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2087/026/002/2022-08-02/kelly_ena_argi_eta_garbi.htm 'As que limpan'Konpainia: A Panadaria. Antzezleak: Areta Bolado, Noelia Castro, Ailen Keldelman. Arropa eta karakterizazioa: Esther Quintas. Argiak: Del Ruiz. Eszenografia: Daniela Rodas. Lekua: Erriberriko Jauregiko patioa. Eguna: Uztailak 30.

A Panadaria talde galiziarrekoak, Elisa e Marcela lanaren arrakastaren ondoren, Erriberriko jaialdiaren gauak zeharkatzen dituen ziertzoa bezain natural, fresko, bizi eta jostari azaldu zaizkigu As que limpan (Emakumezko garbitzaileak) antzezlanean. Natural diot, antzerkia egiteko eszenografia biluzi baten aldekoak direlako; fresko, gaur-gaurko lan bidegabekeriak salatzen dituztelako; bizi, mugimendu azkar bezain zaluz mugitu zaizkigulako; eta, beste ezaugarri guztien gainetik, jolasti, antzerkia jolasa delako ideiarekin lerratzen direlako.

Eta jolasteko imajinazioa baino ez dela behar gogorarazi digute; ez grabatutako soinurik, ez argi ikusgarririk, ez eta arreta desbidera diezagukeen beste elementurik ere. Horrela, sartu-irtenak ahalbidetzen dizkien hondoko taula beltz bat, garbiketa orgatxo bat, garbiketa uniforme bana eta ileorde ugari baliaturik eskaini digute kelly-en aldeko salaketa-pieza guztiz dibertigarria.

Galizian gaude, Isla Jota deritzon hotelean, Toxako bainuetxearen isla dena. Aparicio Gomez —hotelaren jabea eta Amancio Lopez enpresaria akordura ekartzen duena— presidentearen zain dago. Presidentea ere galiziarra dugu, baita ostalariaren txikitako laguna ere. Ez da Rajoy, baina, o!, haren sintaxia aldrebesturik erabiltzen du. Bi protagonista horiek diru funtsak desbideratzeko amarrukeriatan dabiltzan garai berean, hoteleko garbitzaileak lan hitzarmen hobe baten aldeko ekintzekin hasiak dira.

Izan ere, bigarren hari horretatik sortutako istorioa dugu As que limpan, teatro dokumentua ez dena, baina bai kelly-en egoera ikertu ondoren ondua. Espainiako Antzerki Zentro Nazionalaren koprodukzioari esker, As que limpan sortzeko aurreko ikuskizunetan baino prozesu luzeagoa egiteko aukera izan dutela irakurri diegu A Panadariakoei. Eta baita ere hautu kontzientea izan dela dirua gaiaren ikerketan eta sormen prozesuan inbertitu izana, eta ez eszenografia garestietan. Horrela, As que limpan fikzioa kelly-ak elkarrizketatu ondoren eraiki dute, turismo eredu jakin bat aztertu ostean.

Imajinazioa, umorea eta egia baino ez. Ahotsez eginiko kraskak, a capella kantatzen duten koruak zein garbiketa tresnen danbadek osatu dute soinu banda. Argien erabilera minimoa bezain zuzena izan da, eta atrezzoa urria bezain efektiboa. Aktore eta kantari bikain hauek rol guztiak aldatzen zizkioten elkarri, ileorde aldaketek lagundurik, harik eta hirurek rol guztiak antzeztu dituzten arte. Publikoaren parte hartzea piztu nahi izan dutenetan, hau guztiz prest topatu dute.

A Panadariakoek, bufoi, barrokoko barregarri, politxinela eta pailazo garaikideen umorearen giltza guztiak menperatzen dituzte; izpirituz, gorputzez zein hitzez. Fikzioaren bitartez, itxaropena eta alaitasuna eskaini dizkiete bai publikoari bai borrokan jarraitzen duten kelly-ei. Eta amaieran batukada, manifestazio feministetan bezala. Eta bukaeran txalo zaparrada, batukadaren burrunbarekin nahasian.]]>
<![CDATA[Demokrazia, kapitalismoa eta hegaztiok]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1936/033/001/2022-07-31/demokrazia_kapitalismoa_eta_hegaztiok.htm Sun, 31 Jul 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1936/033/001/2022-07-31/demokrazia_kapitalismoa_eta_hegaztiok.htm 'Las aves - Els ocells'Konpainia: La Calorica. Zuzendaritza: Israel Sola. Dramaturgia: Joan Yago. Eszenografia, argiak eta jantziak: Albert Pascual. Antzezleak: Xavi Frances, Aitor Galisteo-Rocher, Esther Lopez, Marc Rius. Lekua: Erriberriko Jauregia. Eguna: Uztailak 29.

Aspaldian genbiltzan La Calorica talde katalan ospetsua ezagutzeko irrikan, eta Erriberrin eskaini zigutenak ez zien gure itxaropenei huts egin: kontrara. Atzokoa antzerki irakaspen magikoa izan genuen, maila guztietan.

2010. urtean, L'Institut del Teatreko ikasketak amaitu ondoren, hainbat lagunek sortu zuten talde egonkorrak berreskuratu egin du trantsizio garaiko konpainia batzuen ausardia politikoa, baina, hori bai, hautu estetiko teatral garaikideez baliaturik. Urte hartakoa dugu beren lehenbiziko muntaia, Feísima enfermedad y muy triste muerte de la reina Isabel I, 2020an berreskuratu dutena; egun, biran dituzte 2017ko Fairfly eta 2018ko Las aves - Els ocells (Hegaztiak) antzezlan entzutetsuak ere.

Grezia klasikoko K.a. V. mendean, Sofoklesen eta Euripidesen tragedien kontraste bizian, Aristofanesen komediek fantasiazko munduan murgiltzeko aukera ematen zuten. Argudio ez-errealistak ziren, egiantzik gabekoak, fabula tankerakoak eta kontakizun geruzan ezustez beterik zeudenak. Tragediak mundu mitikoa islatzen zuen; komediak, aitzitik, herritarren egia, gizarte sistemari kritika, askotan animalien fabulaz mozorroturik. Aristofanesen imajinazioari eta umoreari zor dizkiogu demokraziaren ahuleziez antzerkian eginiko lehenbiziko salaketak, eta iturri horretatik edan du La Caloricak.

Las aves - Els ocells-en argudioa greziar komediografoaren lanaren bertsio garaikidea dugu. Greziarraren testuan, Pisteter eta Evelpides, hiria abandonatu ondoren, bizitzeko leku hobe baten bila dabiltza noraezean. Basoan, argi-oilarrarekin topo egin, eta txorien asanblada konbokatzeko konbentzituko dute. Bertan, txoriak limurtuko dituzte hodeien gaineko hiria sortzeko, non guztiz askeak izango diren. La Caloricaren errelatoan, berriz, Pisteterrek eta Evelpidesek, Greziatik eskapuan atera direla aitortzearekin batera, errefuxiatu politikoaren estatusaren beharrean daudela dioskute, demokrazia tirokatu ostean ihesean dabiltzala azaltzen diote argi-oilarrari. Hortik aurrera, Pistetar, haren diskurtso demagogo eta populistari esker, txorien buru bihurtuko da, eta Las aves - Els ocells lanak kapitalismoaren eta populismoaren arteko aliantzaren hiru zutoinak —askatasuna, jabegoa zein konkurrentzia— zertan dautzan argituko digu, barrez leherrarazten gaituela, parabasis iraunkor batean.

Zaila da une bakar bat aukeratzea azpimarratzeko. Mundialak dira eszena guztiak, eta, gainera, txorien otzantasunaren kritikaren intentsitatea in crescendo doala esango nuke nik. Gainera, testu-antzerkia den arren, aktoreen gorpuzkerak oso landuak ditugu: rol ezberdinei ekiten diete maisuki. Jantziekin eta ileordeekin gertatzen den bezala, soinu espazioa eta argiak punta-puntakoak dira. Zaila izango dugu Kapitalismoa txandalez jantzita, mikrofonoa eskuan eta Camilo Sextoren Perdóname desafinatzen entzun dugula ahaztea, eta zaila izango dugu guk, txoritxook, geure burua islatuta zeinen ondo pasatu dugun akordura ez ekartzea. To, fantasia!]]>
<![CDATA[Dario Fo berpizteko modukoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2023/026/001/2022-07-26/dario_fo_berpizteko_modukoa.htm Tue, 26 Jul 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2023/026/001/2022-07-26/dario_fo_berpizteko_modukoa.htm 'Akabo'Konpainia: Barsanti. Zuzendaritza: Pako Revueltas. Antzezleak: Aritza Rodriguez, Juanjo Otero, Pako Revueltas. Eszenografia: Barsanti eta Mama Crea. Jantziak: Enriqueta Vega. Lekua: Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Okendo plaza. Eguna: uztailak 22.

Antzerkia kalean doan gozatzeko parada eskaini ohi digute hainbat udalek, udan gauden aitzakian. Ikusleok nolabaiteko arinkeriarekin identifikatzen ditugu bai urtaroa bai aire zabaleko emanaldi udatiarrak, baina uste dut hori ez dela beti zuzena. Horra, esaterako, Barsanti Konpainiak Lasarte-Orian antzeztu duen Akabo lan tragikomikoa, zeinaren bidez suizidioari buruzko emanaldi ausarta eta konprometitua bezain dibertigarria eskaini duten.

Estatistiketara jo dut lerro hauek idatzi baino lehen. Adibide bat baino ez dut hona ekarriko: Eustat-en arabera, 2021. urtean 184 lagunek beren buruaz beste egin zuten Euskadin. Aitzitik, datuek osasun mentala zeinen hauskorra den argi eta garbi mahaigaineratzen diguten arren, tabuak hortxe jarraitzen du, salbu eta Barsantikoentzat.

Plazara hurbildu garenean, musikak jo bezain pronto, umez bete dira aulki guztiak eta zorua. Hamelingo txirulariaren efektuagatik edo, erne-erne egon dira, alde egin gabe, eta, antza, gaia zela eta, helduon deserosotasun gazi-gozoa partekatu gabe. Umeen antzerki gosearen parean, guraso askoren axolagabekeria ala informazio falta?

Kultura teknikaria azaldu zaigu magia ikuskizuna hastear dela iragarriz. Handik gutxira, langile bat agertu da, plazako banderak kendu behar dituztela esanez. Eztabaida horretan, lan hierarkiak, klase sozialak eta norberaren zorrak —emozionalak zein ekonomikoak— azaleratuko dizkigute bi protagonistek.

Aipamen berezia merezi duen beste pertsonaia bat ere badago, beharginaren kontzientzia xuxurlaria dena, hots, protagonistaren pentsaera intrusiboak gorpuzten dizkion barne mintzoa. Pertsonaia gaizto horren presentzia artegagarria suertatu zaigu bai edukiagatik bai beste protagonistekiko adierazten duen eta bete-betean asmatzen duen antzezpen estiloaren kontrasteagatik. Pertsonaien araberako clowaren munduko aurpegierak zein imintzio naturalistak nahasteak efektu eraginkorra du Barsantikoak barrearen bila abiatzen direnean. Eta, gure izuak pizteko garaian, are efektu handiagoa du atrezzo gisara erabili duten jasogailu hidraulikodun kamionetak. Bertako plataforma guztiz igota zegoela aritu baitira Otero eta Rodriguez, trapezisten antzera, goi-goitik gure beldurrak astintzen.

Emanalditik ikusleen partaidetza eskatzen duten bi une azpimarratuko nituzke: bata, langileak salto egiteko publikoaren adorea eskatzen duenekoa; eta, bestea, kontzientziaren pertsonaiak letra esanguratsua duen pieza musikala abesten duenekoa.

Akabo-k egitura teatral fina du, eratutako kontakizunaren zatiak eta geruzak primeran josten dituena, erritmo onekoa. Hiru aktoreak oso ondo daude, eta onik atera dira Lasarte-Oriakoa bezalako plazatik. Nola lortu du Barsantik suizidioaren gaia seriotasunez eta, aldi berean, umorez jorratzea? Dario Fo etortzen zait akordura, eta aulkien artean irudikatzen dut, umeekin batera eserita, patxadaz bizitzaz gozatzen. Antzerkia antidoto bat dela azaltzen ari zaie.]]>
<![CDATA[Oihaneko 'artibistak']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2211/024/001/2022-05-18/oihaneko_artibistak.htm Wed, 18 May 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2211/024/001/2022-05-18/oihaneko_artibistak.htm 'Oihana'Zuzendaritza: Maryse Urruti. Antzezleak: Barbara Ribas, Arantxa Hirigoien, Joana Olasagasti. Soinu espazioa eta musika: Paula Olaz. Eszenografia eta jantziak: Francisco Dussourd. Koreografia: Eneko Gil. Argi sortzailea: Oihan Delavigne. Zuzendaritza teknikoa: Mathias Goienetxe. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: maiatzak 14.

Jende gutxi bildu zen larunbateko emanaldian; eguraldi ederra zen, eta Donostiako kultur programazioa ikuskizunez beterik zetorren; antza, familia euskaltzaleen kopurua ez da nahikoa eskaintzen dizkiguten emanaldi erakargarri guztiak bete ahal izateko. Txaloaldi beroaren ondoren, Maryse Urrutik azaldu zigun larunbatekoa izan dela Hegoaldeko estreinaldia, eta ni nago ikusle gehiago merezi dutela artibista fin hauek.

Multinazional batek geratzen den baso apurra erosi nahi du eukaliptoak landatzeko. Odei eta Lur (Arantxa Hirigoien) senar-emazteek, mugimendu ekologistako militanteak izaki, zuhaitzak okupatzen dituzte, harik eta Odei ekintza batean hiltzen duten arte. Oihanak, alaba nerabeak (Barbara Ribas), ez du guztiz ulertzen amaren jarrera, ezta protestan jarraitzeko bere aitaren oroimena nola baliatzen duten ere. Haserre dagoela, hasierako eszenetatik tarteka-marteka agertu den izpiritu magiko dantzari batekin (Joana Olasagasti) topo egingo du, eta kontakizunak beste adar narratibo bati helduko dio, zeinetan, dantza nagusitzeaz gain, belaunaldien arteko transmisioari lehentasuna ematen zaion.

Antzezleek sineste sendoz bete zuten beren rola Urrutiren gidaritzapean. Haren eragina narrazioak duen giro teknologikoan ere antzematen dela esango nuke. Oihana-k lotura estetikoa du 13R3P taldearen Bazen behin Internet antzezlanarekin. Izan ere, istorioa etorkizun hurbilean kokatuta dago, non robotikaren alde ikusgarrienak eszenografiaren parte garrantzitsu diren. Hor daude, esaterako, etxe domotizatua, gailuen argitxoak, Tron: Legacy filmekoen gisako maskarak eta azpimarratzekoa den soinu-diseinu bat, zeinak, euskal kanta ezagunekin batera, hots txikiak, off-eko ahotsak eta manifestazioetako atze-soinuak, besteak beste, maisuki islatu dituen.

Arazoa, nire ustez, kontakizunean dator. Borroka ekologista bigarren lerroan geratuko zaigu, eta, horren ordez, amaiera aldera, identitatearen auzia izango da ardatza. Oihanari, bere krisialditik atera eta bere gatazka pertsonala gainditzeko, sorginen memoria eta euskara bere egitea eskaintzen zaio soluzio gisa. Era horretan, zientzia-fikziozko ukitu bikainak izan arren, pieza errealistatzat jo genezakeen Oihana-k beste estetika eta dimentsio sinbolikoago batera jauzi egiten du. Ez dakit nik beste ikusleek—helduak ia guztiak— zer pentsatu zuten, nola sentitu zuten desbideraketa hori, baina, nire irudiko, ez dira guztiz ondo txirikordatzen narrazioaren bi plano horiek.

60 minutuko antzezlan hau familian zein nerabeekin gozatzeko ondua da. Bistan da balore zuzenetan heztea helburuetako bat duela. Abestiz lagundutako erritmo bizikoa eta bisualki erakargarria denez, gaztetxoek ondo pasatuko dutelakoan nago.]]>
<![CDATA[Barañain-Broadway-Barañain]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/033/001/2022-05-10/baraain_broadway_baraain.htm Tue, 10 May 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1919/033/001/2022-05-10/baraain_broadway_baraain.htm 'Sutan'Zuzendaritza taldea: Imanol Janices, Iratzu Zabalza, Eva Lopez de Lahoz, Idoia Asiron, Dabid Albira. Orkestrako zuzendaria: Martin Zulaika. Konponketak: Gorka Pastor, Koldo Pastor eta Eneko Aranguren. Tokia: Barañaingo Auditoriuma. Eguna: Maiatzak 6.

Fitxa teknikoan ezin ditugu 50 inguru lagunen izenak eman, baina esan gabe doa ohorezko espazio hori merezi dutela Sutan musikala sortu duten 12-16 urte arteko Jaso ikastolako ikasleek, beraiekin batera lanean parte hartu duten helduek zein Iruñeko Gazte Orkestrako musikariek. Zulogunea musikariz beteta; oholtza, berriz, aktore, kantari eta akrobatez horniturik, musikal handienen antzera, ikusgarritasuna eta emozioak nagusi izan dira airean zuzeneko musikak gidaturik. Horrela, ordu pare batez, Sutan musikalak Barañaingo auditoriuma Broadwayko antzoki bihurtu digu.

XX. mende hasierako Amerikako Estatu Batuetako fabriketako emakumezko jostunen aldarrikapen eta grebak ditugu testuinguru historikoa. 1909ko New York-en gaude, eta Clara Lemich sindikalista Triangle izeneko alkandora lantegian kokatu dute sortzaileek. Lankideak grebara ateratzeko konbentzitu nahian historia liburuetara jotzen du emakume boteretsuen adibideen bila. Horrela, muntaketa handienetan bezala, kontakizun nagusia eten, eta Whan Zeny, Kleopatra eta Marie Coulon-en garaira eraman gaituzte handitasun bisual handiz.

Eszenografia arloan maila profesionala daukate. Barrualdeko aldamio egonkorrak altuera ezberdinetako interes guneak barnebiltzen ditu. Taulan, jostunen tailerra; erdiko eskaileratik gora, aldiz, nagusien mundua eta lanaz kanpoko bizitzari dagozkion hainbat eszena. Horrek hala eskatzen badu, tramankulua olanaz jantzi eta bertan irudiak proiektatzen dituzte. Beste aldetik, Clararen bizitzan hain garrantzitsua den liburutegiko apalategiak irudikatzeko panel mugikorrak asmatu dituzte.

Oholtzako aurreko aldean zein atzean, gora eta behera dihardute antzezleek, mugikortasun erabatekoan. Musikaren exekuzioa zoragarria da. Baina, ai, une batean abeslariei mikrofonoak isildu zaizkie, beste momentu labur batzuetan soinuaren bolumenak isilago beharko zukeen. Eta horra hor, estreinaldietan ohikoak izaten diren hauek bezalako arazoei aurre egiteko aktore hauen erabakitasun txalogarria. Sustoa pasatuta, lanaren erritmoa miresten dugu, eta horretarako aukera bereziki ona iruditu zaizkigu prentsa saltzailearen joan-etorriak. Publikoa gustura. Amaiera aldean 1911n Triangelu lantegian gertatutako zorigaiztoko sutea antzeztu digute. Bertan, nagusiek irteerak itxita ehundik gora emakume eta hogei gizon inguru kiskalduta edota itota hil ziren. Narrazioko tarte gorena dugu, musikaren indarrean zein akrobazia trebez hunkitzeko diseinatua.

Badugu lagun bat musikalak gustuko ez dituena. Dena dirdira baino ez dela uste duten intelektual ezkertiar horietako bat. Nik kontra egiten diot, Broadwayko musikal engaiatuen zerrenda birpasa dezala. Oraingo honetan Sutan-en zer gertatzen den ikusi behar duela esango diot, Iruñeko ikasle Broadwayzale hauengandik asko dagoela ikasteko. Adibidez, horratx amaierako galdera: gu feministak gara, eta zuek?]]>
<![CDATA[Britainiar horiek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/002/2022-03-30/britainiar_horiek.htm Wed, 30 Mar 2022 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/002/2022-03-30/britainiar_horiek.htm 'Decadencia'Zuzendaritza: Pedro Casablanc. Antzezleak: Maru Valdivieso, Pedro Casablanc. Zuzendari laguntzailea: Laura Ortega Pinillos. Moldaketa: Benjamin Prado. Eszenografia: Sebastian Brosa. Jantziak: Antonio Belart. Argiak: Juanjo Llorens. Soinu-espazioa: Irene Maquieira. Koreografia: Aixa Guerra. Lekua: Bilboko Arriaga. Eguna: martxoak 26.

Steven Berkoff antzerkigilearen izen handiak erakarrita etorri gara Bilbora. Teatre Lluirekoek 2019an antzeztu zuten Com els grecs antzezlanak lortu zuen ospeak ere bultzatu du gure nahia. Kontua da Europako idazle famatuen lanak taularatuta ikustea zaila dela gurean, eta, horregatik, Arriagako aukera baliatu nahi izan dugu antzerkigintza britainiarrean mugarria den sortzaile baten obra ezagutzeko.

Decadencia-n bi bikote eta bizizale bat irudikatzen dituzte Casablanc eta Valdivieso aktoreek, haien jakinduria profesional guztiarekin. Isildu gabe aritzen dira haien pentsamenduak aletzen. Intimitatean elkarri esaten diotena haien ideologiaren isla bihurtu du Berkoffek, eta, horrela, goi mailako klasekoen pentsaera erakusten digu haren gordintasun osoan. Eta, horra hor, gizalegeak gustu txarrekotzat joko lituzkeen elkarrizketak, non gordinkeria sexualaren, klasismoaren, arrazismoaren, langile klasekoekiko mespretxuaren berri ematen diguten etengabe eta inongo erreparorik gabe. Finean, Decadencia pasadizo bilduma bat dugu, non aberatsak ez direnei buruzko usteak entzun dizkiegun dirudun batzuei.

Tamainako irainak aditzea gogorra bada ere, ez dago ikusleen belarrientzako atsedenik, erdeinuzko diskurtso hori abilidade linguistiko ederraz jasota baitago; eta, jakina, ez dugu dibertimendu hiperboliko honetatik ezer galdu nahi izan. Umore garratz, beltz-beltz, politikoki ez-zuzenaz osatuta datorkigu Berkoffen iseka, nazien garaietan Berlingo kabaretetan egiten zutenaren antzekoa. Estetika horretatik bertatik edaten du zuzenean Decadencia-k, bai antzezteko era histrionikoan, bai eszenografikoki. Oholtzan kolore beltza eta gorria baino ez dira ikusten; argi tira bat pizten zaigu lurrean, oholtzaren aurreko aldean, eta, atrezzo moduan, belusezko sofa erraldoi eta higikor bat dute. Horiekin batera, bi bionbo antzeko, non zakil eta alu erraldoi bana irudikatuta dauden, pertsonaien sexurako grina aseezina eta moral bikoitza agerian jartzeko.

Ezin da Berkoff ulertu Thatcherren neoliberalismo suntsitzailea eta garaiko punkaren amorrazioa kontuan hartu gabe. Erresuma Batuko 1980ko hamarkadako haserrea jasotzen du; ekonomia hankaz gora utzi, eta pribatizazioen defendatzaileak direnei burla egin nahi die. Orain eta hemen idatzita egon zitekeen. Baina, boteretsuen izaera nazioartekoa izanda ere, oholtzaratzea oso britainiarra suertatu zait hainbat pasartetan, eta horrek, nire ustez, tarteka-marteka, ausardia kendu dio proposamenari. Testuaren egokitzapen lana primerakoa izan den arren, Berkoff gureganatuago bat espero genuen. Gogoan dut, esaterako, azerien ehizaz ikusitakoa: jantziak britaniarrak ziren oso eta eszena guztiz atzerritarra egin zitzaigun. Nik nahiago izango nukeen beste Berkoff bat, nazioartekoagoa; bestela ematen du, nire irudiko, topikoaren gainean egiten dugula barre, eta hori ez zen kontua. Ala bai?]]>
<![CDATA[Erletxoak, egizue argizaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1966/025/002/2022-03-24/erletxoak_egizue_argizaria.htm Thu, 24 Mar 2022 00:00:00 +0100 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1966/025/002/2022-03-24/erletxoak_egizue_argizaria.htm 'Eresia. Lurra arin izan bekizu, ama'Ideia originala eta zuzendaritza: Oier Zuñiga. Antzezleak: Eneko Gil, Belen Cruz, Oier Zuñiga. Soinu eta argi teknika: Mikel Unamuzaga. Argi diseinua: Fermin Izko. Jantziak: Fran Dussourd. Eszenografia: Orekari estudioa. Kantugintza: Ihitz Iriart. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: martxoak 22.

Atzeko lerroko ikusleetako batek bere kezka adierazi du: «Titulu honekin ez dugu komediarik ikusiko. Ni barre egitera nentorren».

Oier Zuñigari irakurri diogu Eresia sortzeko ideia ama zendu zitzaionean bururatu zitzaiola. Horrela, askoren kezka komuna hartu du bere artefaktu poetikorako abiapuntu: nola gauzatu agurra, nola zeharkatu dolua, nola askatu betetzen gaituen minetik? Zuñigak performancetik asko duen ikuskizun batetik bideratu ditu galdera horien erantzun artistikoak.

Antzerkia, berez, bada erritual bat zeinak gure aldartea sendatzeko ahalmena duen. Horrela, aitortzen zaio indarberritzen gaituen indar osatzaile bat, gure ni gaixoa atzean uzten laguntzen diguna. Baina, egia esan, ikusleen sentimendu astintze askatzaile komun hori lortzea oso zaila da, zeren eta, horretarako, ikuskizunak ikusleak kokatu behar ditu amildegiaren ertzean, eta, hor, ikuslearen mina ozpindu, ubelduaren gainean kolpatu.

Zuñigaren proposamena, berriz, bestelakoa izan da. Eresia-ren planteamendua askoz xumeagoa baitugu. Ez da ziztada mingarri baten bila joaten, ez du izugarrizko samindura zabaldu nahi. Ariketa artistiko honek oholtzan du tokia, baina, era berean, antzeztu zitekeen museo baten atarian. Ez diot honekin meriturik kendu nahi, kontrara. Eresia artean eta filosofian ematen ari den bira afektiboaren (Sara Ahmed) aldeko isla bezala irakurri behar delakoan nago, eta, alde horretatik, oso interesgarria da sentimenduen adierazpena izatea ardatza. Nire irudiko, artistikoa izateko bokazioa du muinean piezak, eta, hartara, gorputzen mugimendu koreografiatuak zein konposizio bisual arrakastatsuak edertasunaren xerka bideratzen ditu.

Hiru oholtzakideek lana ondo betetzen dute, eta, gainera, badute haien abilidadeak erakusteko parada. Era horretan, Zuñigaren ahotsaz, Gilen dantzaz eta Cruzen antzezpenaz gozatzeko aukera eskaini digu Eresia-k.

Eszenografiaren erdigunean egurrezko tramankulu bat erabili dute, Amua lanean Fran Dussourdek erabili zuenaren antzekoa, baina askoz txikiagoa. Zatika osatua dagoenez, puzzle moduan eraiki eta deseraiki egiten dute antzezleek. Doluaren metafora bezala uler daiteke, osatzen eta eraldatzen doan zerbait, antzezten ari diren obra beraren ispilua.

Esanak esan, izaera katartikoari nortasun gogoetazalea nagusitzen zaiola uste dut nik, baina, betiere, pieza filosofiko baten izaerara iritsi gabe. Ikusleek ondo hartzen dituzten umore uneak badaude, eta orduantxe aditzen ditugu atzeko lagunen barre diskretuak.

Amaieran, gure testigantza uzteko eskatu digute irteeran horretarako prest dauzkaten txarteltxoetan. Hala diote: «Hiltzen naizenean...». Ikusleok geure nahiaz bete behar dugu esaldiaren hutsunea. Atzeko lagunek esaten dutenari adi nago: «Iritsi zait», dio komedia ikusi nahi zuenak. «Bitxia, baina bertan esandako asko iritsi zaizkit». «Ama...» eta familian joandakoak hizpide dituztela urrundu dira, heriotzari buruz hizketan.]]>
<![CDATA[Hau da marka hau!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2350/031/001/2022-03-03/hau_da_marka_hau.htm Thu, 03 Mar 2022 00:00:00 +0100 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2350/031/001/2022-03-03/hau_da_marka_hau.htm 'Emakume abeslari burusoila'Konpainia: Zurriola Antzerki Eskola. Testua: Eugene Ionesco. Euskarazko bertsioa: Jon Muñoz. Zuzendaritza: Joserra Fachado. Antzezleak: Nerea Arriola, Ander Edo, Amaia Elizalde, Iban Aizpurua, Aitor Andonegi, Izaskun Labat. Argiak: Javi Beristain. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Otsailak 24.

Hau da marka hau! Kontua da Zurriola Antzerki Eskolak Emakume abeslari burusoila taularatu digula era zoragarri batean. Hasteko, Jon Muñozen moldaketa primerakoa delako, eta jarraitzeko, Ionescoren lanerako Fachadok aukeratu duen espresio-moldeagatik.

Testuaren funtsa ezaguna dugu: asko hitz eginda ere, esaldi perfektuak erabilita ere, ez diogu elkarri ia ezer ere esaten. Bestela esanda: gure arteko komunikazioak porrot egin ohi du, absurdoa izateraino. Hori adierazteko, Ionescok, Asimil metodoaren estiloa imitatuz, sei pertsonaia kokatu zituen testuinguru britainiar guztiz formal batean, non bertako kortesiak are eta barregarriagoak bihurtzen baititu protagonisten arteko solasak. Argumentua ez da batere korapilatsua, kontrara: Smith senar-emazteak Martin abizeneko bikotearen zain daude, beren etxean afaltzera gonbidatu dituztelako. Horiekin batera, Mary neskamea eta suhiltzaile bat tarteka-marteka agertuko zaizkigu oholtzan. Denak kalakari, euren buruari baino aditzen ez dioten inpresioa emango digute, betiere, gizalegezko giro abegitsuan.

Obra honetarako espresio-molde egokiena aurkitzea ez da erraza, baina Zurriolakoek bete-betean asmatu dute. Emakume abeslari burusoila-k arriskua du, irakurketa sasi-intelektuala egiteko bidea eskaintzen baitu, eta zuzendari askok, horrela ulertuta, pieza aspergarriak eskaini izan dizkigute behin baino gehiagotan. Zurriolakoek, berriz, clown munduko estrategiak erabili dituzte emanaldi iaioa zein ironikoa plazaratzeko. Aurpegierak, gorputzen mugimendu eta ibilkeren koreografiak —eta, bereziki, oholtzako sartu-irtenak— oso dibertigarriak suertatu zaizkio publikoari. Arrakasta horretan testuak zerikusi handia du, jakina, baina Zurriolakoek marka egin duelakoan gaude, eta, hartara, guk ikusitako beste bertsioen gainetik gailendu zaigu. Aktoreek ahotsekin jolastu dute, pertsonaiekiko distantzia sortuz. Horrela, elkarrizketa arrunt bateko tonu neutrotik aldenduta, pertsonaiak marrazteko txotxongiloen edo marrazki bizidunen ahotsen modukoak erabili dituzte gure gozamenerako. Antzezle guztiak era oso egokian aritu badira ere, Nerea Arriolaren presentziak gainontzekoen gainetik dir-dir egin digu. Horregatik uste dut bere Smith andreak marka utzi duela.

Erlojuaren joaldiak gogorarazi digu denborak aurrera egiten duela, argien aldaketak lagun. Ezin sinetsirik gaude, harri bitxi hau akorduan iltzatuko zaigu. Baina Ioneskok zioen bezala, Comme c'est curieux (Hau da marka hau), hain ona den Emakume abeslari burusoila-k hurrengo emanaldia non izango duen ez topatzea. Gomendatu nahi nizuen, baina, programazioa arakaturik, ezin aurkitu. Nola liteke hori?]]>
<![CDATA[Hika Teatroaren unibertsoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/025/002/2022-02-24/hika_teatroaren_unibertsoa.htm Thu, 24 Feb 2022 00:00:00 +0100 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1944/025/002/2022-02-24/hika_teatroaren_unibertsoa.htm 'Tarara'Egilea: Josi Alvarado. Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga. Aktoreak: Itziar Ituño, Kepa Errasti, Tania Fornieles, Jurdana Ochoa, Jose Cruz Gurrutxaga, Iñar Sartre. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez. Argiak: Xabier Lozano. Ekoizpena: Hika Teatroa. Lekua: Lasarteko Manuel Lekuona. Eguna: Otsailak 19.

Hika taldeak azken urteotan ekoitzi duen ikuskizun onena da Tarara. Agurtzane Intxaurragak, bere estiloari eutsita, pieza borobilago bat, onduago bat eskaini digu, Arantza Iturberen itzulpenarekin eta Miren Gojenolaren laguntzarekin zuzendaritzan. Ikerne Gimenezen eszenografiak eta Xabier Lozanoren argi zainduek ezinbesteko garrantzia dute lorpenean. Antzokian sartu bezain pronto, iluntasun orokorrean, atentzioa eman digu agertoki barruko hormak, zeren eta, atze-oihalaren moduan apaindurik, berunezkoa ematen zuen. Horren goiko aldeko tolesturek loreak irudikatzen zituzten, hasieran grisak, baina antzezlanak aurrera egin ahala, fokuen magiari esker, tonu more edota gorrixkaz bustiko zirenak. Ederrak izan dira eszenografiaren argiztapen aldaketa horiek, eta baita une dramatikoak ere, non aktoreak oholtza erdian kokatuta argi zenitalaren azpian konposizio ederrak sortzen dituzten belztasunez inguraturik.

Ibilbide luzeko taldearen Koadernoa zuri (2016) eta Txarriboda (2018) arrakastatsuak izango ditu ikusleak akorduan, esaterako, eta haiek buruan ditugula saiatuko gara Tarara deskribatzen lana oraindik ikusi ez duen zalearentzat. Aipatu tituluetan Intxaurragak badu berariazko poetika bat, non zuzeneko musika, dantza edo gorputz mugimendu landuez, irudi oso bisual eta fotogenikoak sortzen dituen. Lan haietan senideen arteko harremanen alde ezkutua tentsio dramatikoaren motorra zen, baina trabestismoaren presentzia ere bazegoen. Gauzak horrela, Josi Alvarado alacantarraren testuak, 1970eko hamarkadako Bilboko La Palanca-ra ekarrita, ubide ezin aproposagoa eskainiko dio bere estetikaren ezaugarriak nahiz azken kezka tematikoak azpimarratzeko. Eta, hartara, hona hemen Hika-ren azken unibertsoa berrindartuta Tararari esker.

San Frantzisko auzoaren inguruan bizi dira Telma, Rosa alabatxoa eta Yasmine. Azkena trabesti homosexuala dugu, neskatxari babes emozionala ematen diona. Ama pertsonaia gogorra, zakarra eta sufrimenduz beterikoa da, alabarekiko harreman usteldu eta sekretuz betea duena. Rosaren musikarako talentu izugarriak miseriatik ateratzeko balio izango diola aditzen dugu. Honaino argumentuaren hasierako planteamendua baino ez dena. Hortik aurrera, norabidea galdu gabe, istorioaren lerroak biderkatuko zaizkigu espero ez genuen konplexutasun narratiboz. Zeren Tarara anbiziotsua baita kontakizun mailan, eta, gainera, emaitza oneko denbora jauziak egiten ditu etenik gabe. Gauzak horrela, ikusleengan nahasmenak saihesteko, bi dira estrategia nabarmenenak: lehenbizikoa, Rosa pertsonaia nagusiak narratzailearen rola ere jokatzea, eta bigarrena, eszena bakoitzaren titulua ematearekin batera, zein garaitan gauden eta gertakizun jakin baterako zenbat falta den publikoari jakinaraztea. Eszena laburrak ditugu, erritmo arin egokiaz garatzen direnak. Zuzeneko musikak (biolina eta pianoa) eta kantek primeran betetzen dute euren funtzioa, eta publikoak eskertu ditu. Pertsonaiengan ematen diren aldaketek esfortzu berezia eskatzen diete aktoreei, eta, larunbatekoan, aitortu beharra dago Itziar Ituñok eta Kepa Errastik distira nabarmena izan zutela. Ikusleek, esker onez, bero-bero txalotu zuten emanaldia.]]>
<![CDATA[Shakespeare 'reloaded']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/025/001/2022-02-16/shakespeare_reloaded.htm Wed, 16 Feb 2022 00:00:00 +0100 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1917/025/001/2022-02-16/shakespeare_reloaded.htm 'Erresuma'

Testuak: William Shakespeare. Bertsioa, zuzendaritza, eszenografia: Calixto Bieito. Euskarazko bertsioa: Bernardo Atxaga. Aktoreak: Jose Maria Pou, Joseba Apaolaza, Lucia Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoi, Mitxel Santamarina. Zuzendari laguntzaileak: Maria Goirizelaia, Ane Pikaza. Jantziak: Ingo Krugler, Paula Klein. Argiak: Michael Bauer. Ekoizle nagusia: Bilboko Arriaga Antzokia. Lekua: Bilboko Arriaga Antzokia. Eguna: Otsailak 13.

XV. mendeko Arrosen Gerrari buruzko Shakespeareren antzezlanak batu ditu Bieitok. Aitortu beharra daukat testu-antzerkia ikustera joaten naizenetan beldurrez iristen naizela antzokira, antzezlana testu kanoniko, klasiko -eta are okerragoa dena- historikoa denean. Izan ere, oraindik obra askotan indarrean mantentzen dute muturreko sentimenduak adierazteko modu deklamatorio garrasizalea, eta hortik nire aurreiritzi ikarati hutsalak. Alta, Erresuma-ren tonua guztiz apala izan dugu. Hasierako eszenako lehenbiziko hizketalditik argi geratzen da zuzendaritzak espresio hanpurutsutik alde egin nahi izan duela. Sagardoik jorratzen du lehenbiziko ildoa, Apaolazak jarraitzen dio, eta, era horretan, bortizkeria bisualarekin kontrastea sortzen duen ahotsen erabilera naturaltasunarekin lerratzen da. Ez zait inoiz ere ahaztuko hasiera hori, non eszenografiaren indarraren gainetik euskal aktoreen hitza nagusitu den. Eta hortik antzezle talde guztiari zorionik beroenak, txaloaldi iraunkor luze-luze bat; zuen hitzek on egin digute.

Antzezlanak Bieitoren estiloaren ezaugarri bete-beteak ditu: eszenografia itzela eta gozatu gabeko ankerkeriaren errepresentazioa. Agertokiak kaxa zuri bat dirudi, argia kirurgikoz horniturikoa, baina fokuek aurrera egin ahala joko polita eskainiko digute, hasierako lautasun kromatikoa apurtuz. Gainera, estetika minimalista hori geroxeago hautsi digute hondoko pareta teloi moduan altxatu diguten trantsizio bakoitzean. Orduan, argi horiko fokuen indarrak itsutu, eta atrezzo berriaz hornitu zaigu oholtza. Hasteko, aktoreak banan-banan hasi dira oholtzaratzen eta mahairen bueltan esertzen. Pou jauna, errepresentazioan aktore nahiz pertsonaia bezala ohorezko tokia betetzen duenez, azkena sartu da, eta mahaiburuan kokatu zaigu.

Argumentua bukle bat bezalakoa da: ekitaldi guztietan erailketa krudel bat gauzatuko du boterea eskuratu nahi duenak. Horrela, Erresuma mespretxu, tortura eta hilketen segida da. Baina atentzioa ematen du Brexit garaietan Erresuma Batuaren marka ikonikoak (uniformeak, futbola, Elizabeth II.a, Mary Quant estiloa, Chesterra...) izatea estetikaren funtsa. Ez al da kontu unibertsala? Ez al da Shakespeare denona? Distantzia sortzeko mekanismoa da, ala pop kutsu bat gehitzeko estrategia dugu? Hausnarketa luzeak sortzen dizkit proposamenak, eta hori bai dela gauza ona. Shakespeare reloaded hau gure egunen isla ederra delakoan nago. Erresuma-k ziklo oso bat (Rikardo II.a, Henrike IV.a, V.a, VI.a eta Rikardo III.a) laburtzen digu hilketaz hilketa, testuetako edukiak titularretan mehetuta egongo balira bezala, eta Twitterren garaietako mezu argi bezain laburretarako apeta asetzen digula. Hori eztabaidatzeko Egun finlandiar luze-luze bat beharko genuke. Ez galdu, eta adiskideekin joan.]]>
<![CDATA[Manolita Chen-en zirkuaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/025/001/2022-01-13/manolita_chen_en_zirkuaz.htm Thu, 13 Jan 2022 00:00:00 +0100 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1877/025/001/2022-01-13/manolita_chen_en_zirkuaz.htm 'Manolita Chen: un cuento chino'

Dramaturgia eta Zuzendaritza: Jose Troncoso. Aktoreak: Pepa Zaragoza, Maria Jaimez, Nacho Vera, Chema Noci, Isa Belui, Luigi Belui. Eszenografia eta jantziak: Vanessa Actif. Musika: Mariano Marin. Koreografia: Luis Santamaria. Argiak: Ion Anibal. Lekua: Arriaga Antzerkia. Eguna: urtarrilak 8.

Pepa Zaragoza aktore aragoiarrak azken aurreko ikuskizunean XVII. mendeko La Baltasara aktorea haragitu zuen antzerkiaren historian emakumeen lana ikusarazteko helburuz. Oraingo honetan, xede bera duela, frankismo garaiko Manolita Chen artista eta enpresariaren rola era txalogarrian antzeztu digu troupe egoki batek lagunduta. Erreibindikazio gisa uler daitekeen lan honetan bi dira planteatzen zaizkigun hausnarketarako gaiak: memoriaren ahuldadea, batetik; eta entretenimendu hutsen balioa, bestetik. Antza, egun inork gutxik gogoratzen du Zirku Txinatarrak feriaz feria eskaintzen zituen varieté, errebista eta zirkuaren nahasketa apal hura, eta horren aitzakian protagonistak aletzen dizkigu bere bizitza profesionaleko pasarteak.

15 urterekin Price zirkuan lanean hasi, eta bertan ezagutuko zuen Tse Ping Chen labana jaurtitzailearekin ezkondu ondoren, negozio propioa jartzeko ametsa bete zuen Manolitak. Horrela jaio zen diktadurapean hain sonatua izan zen Zirku Txinatarra izeneko antzoki eramangarria. Bertan, akrobazia, kuple, dantza eta umoristen saioen artean, Manolitak berak errebistako vedettearena egiten zuen, arrakasta handiz, gainera.

Era atsegin batean antzezturik, ederki entretenitu gaituzte garaiko emanaldietan gertatzen zena berrantzezten. Gozoa da ikuskizuna, fina, eta ez du ez barregarritasuna bultzatzen, ezta momentu garrantzak azpimarratzen ere. Gordinkeriarik ez. Entretenimendu hutsa izatearen aldarrikapena aditzen diogu protagonistari, eta egia da, leunki distraitzen gaituzte Els Comediants eta La Cubana taldeen oihartzunak baitaratzen dituen antzezlanarekin. Hala egiten zuen herriz herri, orduko Zirku Txinatarrak, eta horrela egiten du haren omenaldian Jose Troncosok sorturiko lan honek, harik eta Trantsizioko intelektualen iritziak entzuten ditugun arte. Mespretxuak eta aurreiritziak taularatzen dituzten momentuan, tentsioa areagotu egiten da, eta baita interesa piztu ere; eta ia familia osoarentzakoa ematen zuen obrak beste dimentsio batera jotzen du. Frankismoa, zentsuraren bitartez, Zirku Txinatarra ito nahian ibili zela erakutsi digute modu umoretsu batean momentu hori iritsi arte, baina ikuskizunak tonu goibelerago batera jotzen du 80ko hamarkadan Umbral eta enparauen deskribapenak aditzen ditugunean. Horrela, jakinarazi digute Pobreen kabareta definitu zuten hark mespretxua eta ahaztura jaso duela, urteek aurrera egin ahala, gustu burgesaren imajinarioan

Dena den, azkenean, klase langileen entretenimendua zen hari buruzko balorazioaren auziak ez du aurrera egin, eta familia osorako ikuskizun gisa geratu da Pepa Zaragozaren ahalegina. Entretenigarria, hori bai. Eta ikusleok, ondo entreteniturik, bapo pasatu dugu. Eta ez da gutxi, antza. ]]>
<![CDATA[Senarraren hoztasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2120/033/001/2021-08-03/senarraren_hoztasuna.htm Tue, 03 Aug 2021 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2120/033/001/2021-08-03/senarraren_hoztasuna.htm 'La pasión de Yerma'Dramaturgia: Lola Blasco. Zuzendaria: Pepa Gamboa. Aktoreak: Maria Leon, Jorge Monje, Lucia Espin, Mari Paz Sayago, Diego Garrido. Eszenografia: Antonio Marin. Jantziak: Lupe Valero. Musika: Rosario La Tremendita. Mugimendu eszenikoa: Maria Cabeza de Vaca. Argiak: Joaquin Navamuel. Lekua: Erriberriko gaztelua. Eguna: uztailak 30.

Lola Blascok (Espainiako Literatura Dramatikoko Sari Nazionala, 2016) eta Pepa Gamboa zuzendari andaluziar ezagunak Yerma-ren berrirakurketa eta berridazketa bat ekarri digute Erriberriko Antzerki Jaialdira. 1934. urtean Margarita Xirguk estreinatu zuen Lorcaren lanaren egokitzapen libreak primeran funtzionatu du gaur egungo ikuslearen sentsibilitatearentzat, hainbat arrazoirengatik: hasteko, jatorrizko testuko 25 pertsonaiak bost izatera pasatu direlako; jarraitzeko, kontakizunaren mailako sinbolismoa arindu egin duelako Blascok; eta, bukatzeko, argumentu mailan, Yermaren antzutasuna azpimarratu ordez, senarraren homosexualitate esplizitua oholtzaratu digutelako. Horrela, emakumearen amatasunarekiko frustrazioak ase gabeko sexu grinan du iturburua, alegia, senarraren aihergatasunean.

Argi geratu da tituluko pasioa hitza, gozamenarekin baino gehiago, errepresioarekin eta zigorrarekin lotu digutela Ganboak eta Blascok nekazaritza giroko antzezlan honetan, non gizonen eta emakumeen zereginen arteko mugak oso tinkoak diren. Kaxa baten bitartez eszenografiak hain ondo irudikatu duen etxeko eremu itogarria emakumearen kaiola dugu. Gizonaren erresuma kalea dela errepikatu digu testuak behin eta berriro. Ezkontzak errealizazio pertsonala ekarriko zion ustekoa zen Yerma; gizonaren pentsamendua, aldiz, erdi-ezabaturik geratu zaigu, emakumeekin ezkondutako gizonen praktika homosexualen gaia zirriborratu baino ez delako egin. Halarik ere, ulertzen dugu azken gai horren trataera horrela suertatu izana, Yerma pertsonaia funtzioaren amua eta muina dela onartzen dugulako. Eta, bistan dago, herrikideen esamesei beldur hori, izu itzel hori dela senarrak emaztearen bizitza debekuz-debeku antolatzeko erabiltzen duen irizpiderik erabakigarriena.

Maria Leon eta Mari Paz Sayago sevillarrak beste hiru aktoreen gainetik nabarmentzen direla esan beharra dago. Antzezpen teknika, mugimenduak, alegia, pertsonaiaren eraikuntza hainbat bidetatik jarri dute martxan, eta kontrasteak onura ekarri dio orokortasunari. Horretan asko laguntzen diete beren rolen berariazko ezaugarriek, hala nola konplexutasun —eta aldi berean— delineazio zehatzak. Beste alde batetik, etsai izan dute Erriberriko ziertzoa, zeinak, hotz handia ekarri ez ezik, soinua zikindu ere egin duen; hainbesteraino, ezen, momentu batetik aurrera, azken ilaretako ikusleek ezin izan dituzten entzun aktoreen ahotsak. Zentzu horretan, oso plaza deserosoa izan da Nafarroako errege-erreginen gaztelua, antzezteko esfortzu bikoitza eskatzen baitie antzezleei; iragan ostiraleko Yerma-n, kasurako.

Argien gradazioak eszenen aldaketak bideratzeko erabili dituzte, eta, horrez gain, argiztapen zenitaleko fokuek joko bisual handia eman dute bakarrizketa uneetan. Musikak, fusio flamenko garaikidera lerratu arren, Lorcaren nekazaritza giroko dramen ohiko kutsu herrikoi andaluziarra mantendu du. Gainera, jantziek gogorarazi digute Yermaren zapalkuntza zein frustrazioa gaur egungoak ere badirela. Amaieran, txalo zaparraden ondoren, Zorionak, zuri abestu zion publikoak Maria Leoni, bere eguna zela aditu zuenean. Zorionak, bai, zure urtebetetzeagatik, baina batez ere, oparitu diguzun Yermagatik.]]>
<![CDATA[Harren konfitura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2026/040/001/2021-07-28/harren_konfitura.htm Wed, 28 Jul 2021 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/2026/040/001/2021-07-28/harren_konfitura.htm 'La batalla de los ausentes'Konpainia: La Zaranda. Testua: Eusebio Calonge. Antzezleak: Gaspar Campuzano, Enrique Bustos eta Francisco Sanchez. Zuzendaritza eta gune eszenikoa: Paco de La Zaranda. Argiak: Eusebio Calonge. Jantziak: Encarnacion Sancho. Soinua: Torsten Weber. Ekoizpen artistikoa: Eduardo Martinez. Lekua: Erriberriko Gaztelua. Eguna: Uztailak 24.

Erriberriko antzerki jaialdiak La Zarandaren azken muntatzea ezagutzeko parada eskaini digu. Ikuskizuna Bartzelonako Romea antzokiarekin batera ekoitzirik dator, eta ez da aukera makala talde andaluziarraren 43 urteko ibilbidea errepasatzeko. Jaialdian, baiki, La Zarandaren estetikaz, euren esateko berariazko eraz gozatu genuen. La batalla de los ausentes-ek taldearen ezaugarriak erakutsi zizkigun, gainera, Campuzanos, Bustos zein Sanchez ohiko aktoreekin.

Istorioak hiru soldadu beterano oholtzaratzen ditu, auskalo zein gerratatik itzulirik omenaldi militar bat antolatu behar dutelako aitzakian. Hastapeneko musikak tonu epiko kaxkarra du, nahita, La Zarandaren lanetan giro hitsa epikotasunetik oso urrun egon ohi delako. Ohorezko ekitaldia etorri ez direnentzat dela diote, baina, aldi berean, beren burua omentzeko prestatuta dagoela ulertu dugu. Hori ez da, dena den, argudio mailako kontraesan edo gabezia, baizik eta azpimarratu nahi dugun merezimendua. Ez dago gertakizun zehatzik, ezta data jakinik ere. Ez dute ponteko izenik aipatzen. Errelatoa, hartara, Mendebaldeko gizarte modernoaren edozein unetan koka daiteke.

Soldaduek, zibil jantzita, gatazka ondorengo gobernua osatu dute. Etsaiaren faltak zer pentsatua ematen die. Frontea irudikatzen digute. Zein da unean uneko narrazioaren garaia? Pertsonaien oroimena da, ala oraina? Ez ote da etorkizuna izango? Dena den, galdera horiek ez dira pertinenteak izaten La Zarandaren lana aztertzeko. Hortxe dago koxka: ahanzturaren eta memoriaren arteko lehia behin eta berriro itzultzen zaigu, jira eta buelta, historiaren tolesturetan. Musika militar zatarra eszenen arteko trantsizioak bideratzeko erabili dute, harik eta bals bihurtu arte. Zirkulutan dantzatzen den melodia horrek bizitzak itzulinguruka bizi gaituela adierazten laguntzen die sortzaileei.

Zaranda hitzak galbahea esan nahi du. Esanahi hori guztiz bat dator taldearen poetikarekin, zeinak bahe moduan funtzionatzen duen. Horregatik, soberakinek, hondarrek ez dute tokirik konpainiaren dramaturgian. Tramankulu gutxik eta efikazia handiko zein erabilera askotariko gauzakiek osatzen dute eszenografia. Piñuteazko mahaiak eta manikiek Kantorren estetika gogora ekartzen diguten arren, oso zarandatarrak iruditzen zaizkigu. Argiek primeran argiztatzen duten arrea dugu tonalitate nagusia. Agertokiko iluntasunean dir-dir egiten diguten elementu umil bezain esanguratsuak daude. Aktoreak ahots kraskatuz eta ibilkera traketsez mugitzen dira. Aurpegierak eta esateko moduak naturaltasunaren eta artifizialtasunaren arteko muga-mugan gaudela adierazten digute, antzezpen itzela lortuz. Fartsa elegiako honetan umoreak lengoaia itzulgarriari zor dio, esaldi bakar batek kontraesanezko esanahiak izan ditzakeelako aldi berean. Irudikaturiko munduak ematen du sitsek janda dagoela, usteltzen hasita, txantxartuta. Ikusleoi ulertarazten digute bizitzak heriotzaren eta ahanzturaren segida behar duela, eta gu ongarri baino ez garela. Amaieran, Aste Santuko pasoetako musika airean, eta azken irudi bat: hildakoen koroa. Zeinentzat ote?]]>
<![CDATA[Zertan nenbilen ni?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/034/001/2021-07-14/zertan_nenbilen_ni.htm Wed, 14 Jul 2021 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1946/034/001/2021-07-14/zertan_nenbilen_ni.htm 'Aqui va a pasar algo'

Konpainia: Zanguango Teatro. Antzezleak: Txubio Fernandez de Jauregi, Miguel Garces. Zuzendaria: Miguel Muñoz. Eszenografia: Carlos Perez Donado. Musika: Bingen Mendizabal. Lekua: Andoaingo Goiko Plaza. Eguna: Uztailak 11.

«Memoria txakur leloa bezalakoa da; makila bat bota, eta edozer gauza ekartzen dizu», dio Zanguango taldearen eskuorriak, bere ikuskizuna laburtu nahian. Aktoreen eta zuzendariaren artean asmatutako gidoian, alzheimerra edota bestelako oroimenaren galera dugu gai nagusia. Gaixotasun horrek behin eta berriro sortzen dituen egoerak dira eszena guzti-guztien ardatza.

Eszenografiak parke zaharkitu bat irudikatzen du. Elementu guztiei -bankua, zabuak, mahaitxoa, saskibaloiko sarea...- utzikeria eta denboraren eragina antzematen zaie. Tristura puntu bat -edo alaitasun atsekabetua, batek daki!- zabaltzen dute airean. Zakarrontzi pare baten presentziari erreparaturik, hasiera batean ez dugu asmatzen udalarenak diren ala atrezzoaren parte. Nahasmenak nahasmen, ironia puntu gorenean egon da.

Bi aktore paregabek jokatu dituzte parke batean elkartzen diren bi pertsonaien rolak, eta bizitza arruntean ematen den absurdoa jorratzeari ekin diote, publikoaren gozamenerako. Umore fina da Zanguango (eta Kolektibo Monstrenko) taldearen etxeko ohiko bereizgarria. «Ez naiz gogoratzen, baina gogoratuko banintz legez egingo dut»; «ez dakit nor naizen, baina zuk esaten didazun hori naizela onartuko dizut»; «ez dakit zertan nenbilen ni hemen, baina proposatzen didazun istoriotxoko protagonista bihurtuko naiz». Jarrera horretan dihardute pertsonaiek, memoria berreskuratzeko ahalegin alferrikako batean behin eta berriro, eszena bera errepikatzen edota berriak harilkatzen behin eta berriro, musika diseinu egoki baten laguntzaz.

Errepikapena umorearen oinarrizko mekanismoa dela gauza ezaguna da, baiki. Hitzak, gaizki-ulertuak, mugimenduak, eszenatxo osoaren elementu txiki bat aldatzea, eszenatxo bera baina bi aktoreen artean aurreko rola elkar trukatzea, agertokiko ibilaldiak... Gidoiak aurrera egiten du, eta, ahaztuta daukazunean, lehenagoko ahantzitako elementu bat berreskuratzen dute, denon harrigarri. Barregarritasuna lantzeko panoplia oso baten eredua izan da; hori eskola magistrala eskaini digutena!

Sinpletasun gezurtia erabiltzen dutela argi dago; desmemoriaren inguruko ariketa teatrala gero eta handiagoa bihurtzen da ikusleon oroimenean, muntatzea errepasatzeari ekiten diogunean. Ideien mailan arina dirudi, baina ez da horrela. Antzezpen mota hau inertziaz sortua dela dirudi, baina ez da horrela. Egia esate aldera, tesi bana idatz liteke Zanguangok (eta Kolektibo Monstrenkok) abian jartzen duen proiektu bakoitzaren inguruan, zeren gasteiztarrek taxuz baitakite zertan datzan antzerkitasun garaikidearen muina. Hala ere, berrikuste intelektual guztiak ondo gainditzen dituen teatro hau publiko guztiarentzat pentsatuta dago, eta ez dio uzten herrikoia eta ulerterraza izateari. Antzezlanak Bartzelonako Antzerkiaren Mostrako epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen 2013an, eta ez da harritzekoa.

Alta, horrela dabiltza, haien jakinduria teatralari garrantzia kenduz bezala behin eta berriro, pieza bakoitzarekin antzerki garaikideari begi-keinuak eginez, kalez kale, ezer gertatutako ez balitz moduan. Baina, Zanguango zaleok badakigu gauza asko gertatzen direla gure agertokian azaltzen direnean. Esaterako, bizitzari darion poetikotasun absurdoa.]]>
<![CDATA[Plazara!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/033/002/2021-07-07/plazara.htm Wed, 07 Jul 2021 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1984/033/002/2021-07-07/plazara.htm 'Mesede bat egitearren'Konpainia: Trapu Zaharra. Aktoreak: Asier Soto, Lierni Fresnedo. Zuzendaria: Isidoro Fernandez. Gidoia: Santi Ugalde. Lekua: Igeldoko Goiko Plaza. Eguna: Uztailak 4.

Ze ondo pasatu dugun!» eta «Hau barrea!» esan dute askok Trapu Zaharra taldeak Igeldoko plazan eskainitako emanaldia bukatu ondoren. Esaldi horiek bizitakoaren laburpen ezin hobea iruditu zaizkigu, eta horregatik ekarri ditugu hona. Azken finean, kale antzerkiaren kalitatea neurtzeko, zeintzuk dira, bada, kritikaririk egokienak, zuzeneko ikusleak ez badira?

Trapu Zaharra ezagutzen duen edonork daki tinko heldu diotela kale antzerkia egiteko manera tradizional zein eredugarri bati. Espezialistak ditugu atrezzo gutxi baina imajinazio teatral handiko pieza ganberroak sortzen. Ofizio handiko komedianteak dira, eta komedianteak diot, miresmen eta errespetu guztiz, 1983tik egundaino eutsi diotelako gure kale kantoiak alaitzeari. Are, trapero hauek ez dute ez aparteko erretorika ez marko teoriko postmoderno baten beharrik izan Euskal Herriko txokoetan arrakastatsu aritzeko. Euren buruari inportantziarik eman gabe, garrantzizkoak izango ez balira bezala jokatu ohi dute. Horren harira, hona beste galderatxo bat: ba al dago, gaur egun, gauza garrantzitsuagorik, herrikideak plazara deitzea baino?

Antzinako konpainia nomada sinpleen antzera, ez dute karparik ere behar saioa abian jartzeko. Ohikoa dutenez, abiapuntu zoro batetik hasi zaizkigu tiraka. Mesede bat egitearren, eta hauteskundeetarako hamabost egun falta direla, alderdi bateko afiliatu bihurtu gaituzte ikusleok antzezlanean. Kontua da hautagai nagusia (Asier Sota) beldur eszenikoak jota dagoela, eta, horren ondorioz, haren bikiaz baliatuko direla kanpaina aurrera eramateko. Horrela, mitin bateko partaideen itxurak bete ditugu entsegu edota entrenamendu moduan: orain sarreran emandako banderatxoa astindu, orain txalotu, orain argazkiak atera, orain hautagaiari adore emateko kantatu... Hori guztia, gezurrezko politikaria laguntzeko ahaleginetan ziharduen aholkulari (Lierni Fresnedo) baten gidaritzapean.

Aire zabalean egoteak antzerkiari hainbatek atxikitzen dioten erreberentzia kentzen dion heinean, ikusleen portaerari askatasuna ekartzen dio. Horrela, publikoa bihurtzen da antzezpenaren —eta jolasaren— ezinbesteko muina. Eta Igeldokoek plaza bereziki aproposa dute teatro zereginetarako, zaleen zein aktoreen energia primeran biltzen dituen txokoa baita. Hala, dena izan da festa eta konplizitatea, gertutasuna, antzezleen eta ikusleen arteko joan-etorriko konfiantza. Gainera, antzokien iluntasunetik kanpo egoteak begi bistan ipini dizkigu ikusleen partaidetzak ondu dituen eszena fotogenikoak. Horregatik, aitortu beharra dago ondo pasatzen dela Trapu Zaharrako antzezleei begira, baina, baita haien jarduerak herritarrengan aktibatzen duen erantzuna behatzen ere.

Esandako guztiagatik, osasuntsuago irten gara plazatik. Eta esandakoa: Hori barrea! Zein ondo pasatu dugun!]]>
<![CDATA[Eztenako ziztadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/027/002/2021-06-18/eztenako_ziztadak.htm Fri, 18 Jun 2021 00:00:00 +0200 Arantzazu Fernandez Iglesias https://www.berria.eus/paperekoa/1898/027/002/2021-06-18/eztenako_ziztadak.htm Eztena jaialdiaObrak: Tximista beti hor/ El rayo es siempre una opción eta Uraren oldea. Lekua: Niessen kulturgunea, Errenteria. Eguna: Ekainak 15 eta 16.

Errenteriako Eztena jaialdian arte eszenikoak kontzeptua askotarikoa dela ondo baino hobeto dakitenez, programazio eklektiko baina aldi berean koherentea eskaintzen digute urtero. Bertaratzen denak badaki, egunaren arabera, kaleko performancea, aretoko testu antzezlana edota mota guztietako adierazpen artistikoen adierazpena aurkitzeko parada izan dezakeela. Asteartean, esate baterako, argitalpenak izan ziren eguneko saioen aitzakia. Lehenbizikoan, Eider Perez Adelatx-en liburu ederraren aurkezpena izan genuen. Alean, Sra Polaroiska kolektiboak Errenteriako Alamedako dantzaldia inspirazio iturri hartuta, collage artistiko testuala topatuko du irakurleak. Horren segidan, Susa argitaletxearen Ganbila bildumako antzerki testuen irakurketa dramatizatu zirraragarria eskaini ziguten Karrika taldekoek. Bi ekitaldietan bazegoen hari komuna, hots, «sormenak sormena sortzen du» esaerak laburtzen diguna, baina baita antzerkia, liburu bihurturik, gu elkartzeko arrazoia izan daitekeelakoa ere.

Asteazkenean guztiz bestelakoak izan ditugu. Hasteko, Rouge Eleako Ander Fernandezek eta Zazpi t'erdi ekoizpen etxeko David Aguilarrek proposatutako bidaia artistikoa, ironikoa bezain poetikoa iruditu zaigu. Tximista beti hor/El rayo es siempre una opción emanaldi elebidunean, oholtzan dagoen bikoteak deskribatzen du Deltebren (Tarragona) gauzatutako egonaldi artistikoan bizitakoak mikrofonoa eskuan, musika lagun eta hainbat bideo proiektatzen dizkiguten bitartean. Egunkari artistiko eta diziplina ugariko honek zirriborroa dirudi, ikertzaile baten apunteak: pantailako testigantzek editatu gabeak ematen dute; gainera, antzezpena garrantzirik gabeko solasaldi moduan ulertzea dago. Anti-antzerki gisa deskriba daiteke ikusitakoa: antzezleek natural-natural dihardute, lagun arteko giroan balira bezala, artifiziorik gabeko kontakizunean, antzeztu gabe bezala, editatu gabeko ikus-entzunezkoen laguntzaz. Baina ezagutza teatral handia —eta filosofikoa— dago honen atzean, teatro garaikidearen eremu liminal batean mugitzen ari direlako, narrazioaren uhalei eusten dieten bitartean; horregatik, kontra-teatroaren eskemari heltzen diotela ulertzen du ikusleak. Lyongo Agobardo moderno baten antzera, kontrajarriko dizkigute tximisten gaineko sinesmenen mundu iradokitzailea eta egungo informazio zientifikoa. Funtsean, Gloria ekaitzaren pausuak jarraitzen, tximisten elektrizitateari buruzko dikotomian murgiltzen gaituzte: sineskeria herrikoien allure-aren eta grafikoen zientziaren objektibotasunaren bitartekoan. Ederra zuena.

Deskarga elektrikoaren ondoren Peru Galbeteren Uraren oldea iritsi zen. Performancea meditaziorako gonbita moduan deskodifikatu genuen guk, baina ideia horrekin batera onartu genuen, piezaren karga konnotatiboa hain handia izaki, haren ulermen zein sentipena guztiz pertsonala dela. Gene Youngbloodek 70eko hamarkadan definitutako zinema gainezkatua (expanded zinema) bere egiten du Galbetek, eta hartara, ikuslearengan kontzientzia eta pertzepzio berri bat aktibatu nahi ditu bere ikuskizunaren bidez. Proiekzioak, ahotsa, musika, poesia biltzen ditu sortzaileak; ikusleok edizio lanen lekukoak gara, baina, batez ere, protagonistak gara, zeren sentimendu eta emozioen zirrara gugan beste inoiz ez dela gertatuko ulertzen dugu. Zinemak eskatzen duen iluntasunarekin kapera batean bezala sentitu gara, eta irudi ez-figuratiboak deszifratu nahian bi gauzaz konturatu gara. Batetik, nagusitzen den granate kolorea Mark Rothkok Houstongo kaperarako zein Seagrameko horma-irudietarako erabilitakoa dela. Bestetik, galaxien argazkietan tonalitate bera azaltzen zaigula, eta finean, paretan proiektaturiko poemek gidatutako ikuskizun honek, orain hitza mantra moduan errepikatu digula, komunikazio ez-berbala gunean ipiniz, antzerkia otoitz laikoa egiteko tokia ezin aproposagoa izan daitekeela iradokiz. Emozioaren baseliza, soinuz betetako isiltasunaren taupada. Eztenak bihotzean.]]>