<![CDATA[Arkaitz Almortza Muro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 06 Aug 2020 11:59:44 +0200 hourly 1 <![CDATA[Arkaitz Almortza Muro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Ez dago argi gizakiak klima noraino kontrola dezakeen»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1860/014/001/2015-04-12/ez_dago_argi_gizakiak_klima_noraino_kontrola_dezakeen.htm Sun, 12 Apr 2015 00:00:00 +0200 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1860/014/001/2015-04-12/ez_dago_argi_gizakiak_klima_noraino_kontrola_dezakeen.htm Geoingeniaritza izena hartu du gaiak. Maialen Galarraga (Leioa, Bizkaia, 1978) ingurumen filosofoa da Lancasterko Unibertsitatean (Ingalaterra), eta GeoE proiektuarekin dokumentala egiten ari da, gaia gizartean lantzeko xedez.

Zergatik da beharrezkoa geoingeniaritza?

Zalantzan dago geoingeniaritza beharrezkoa dela, eta hori kritikoki aztertu behar dugu. Alde batetik, geoingeniaritzaren ideia agertzen da, klima aldaketaren arazoa oso larria delako, eta klimari buruzko nazioarteko negoziazioek aurrera egiten ez duten sentsazioa dagoelako. Askok larrialdi esparru hori kritikatu dute. Zientzialari batzuek, adibidez, nahiz klimaren arazoa oso larria izan, ez dute geoingeniaritzan pentsatu ere egin nahi. Ikusten dute ez dela nahikoa ondorioak arintzea bakarrik, baina ez dute batere argi geoingeniaritza mota bortitz horiek abian jartzea. Bestalde, geoingeniaritzaren diskurtsoak ibilbide historiko eta politiko bat du; ez da izan zientziaren ondorio naturala. Zientzia politikarekin nahasita dago, eta geoingeniaritzan oso argi ikusten da.

Gaiari B plana deitu zaio. Zergatik ez du funtzionatu A planak?

Oso galdera garrantzitsua da. Gaur egungo geoingeniaritzaren diskurtsoan onartzen da ezin dugula B plana martxan jarri A plana baztertuta, hau da, ezin dugula geoingeniaritza aztertu klimaren inguruko elkarrizketetan aurrera egiten jarraitu gabe, ezta emisioak murrizten saiatu gabe ere. Ondorioak arintzeak geoingeniaritzarekiko lehentasuna duela onartua dago, eta ez duela arintze hori ordezkatuko. Egia da, baita ere, geoingeniaritzako diskurtso batzuk arriskutsuak izan daitezkeela, eta konturatu gabe etorkizuneko klimarekiko aukerak murritz daitezkeela, hau da, hel gaitezkeela geoingeniaritza mota erradikalak aurrera egiteko bide bakar gisa ikustera.

Zenbateraino du ahalmena gizakiak klima kontrolatzeko?

Ez dago argi. Oso ikuspuntu ezberdinak daude. Aditu batzuek diote —zientzialari klimatikoek— oso gutxi dakigula. Ezjakintasuna dago nonahi. Izan ere, klima oso konplexua da, eta manipulatuz gero —adibidez, aerosolak estratosferan jarriz—, oso zaila izango litzateke ezberdintzea manipulazioaren eta klimaren aldaketaren ondorioak. Beste zientzialari batzuk baikorragoak dira, eta, haien esanetan, ikerketa gehiago egiten baditugu ongi jakingo dugu zer gertatuko litzatekeen.

Ez da gauza bera esperimentu bat maila txikian egitea edota planeta osoan egitea…

Hala da. Askoren esanetan, nahiz eta esperimentuak egin, bertan ikasten dena ez da nahikoa era globalean egingo balitz zer gertatuko litzatekeen jakiteko. Bestetik, esperimentua sozialki gauza arriskutsu moduan ikusten da, Erresuma Batuko SPICE proiektuarekin gertatu zen bezala. Laborategitik kanpo esperimentu bat egin nahi izan zuten, aerosolak estratosferan jartzeko mekanismoa probatzeko, baina eztabaida sortu zen. Gaiaren inguruan ezjakintasuna zegoen. Oso afera zaila da. Diziplina batzuetan —ingeniaritzan, adibidez—, esperimentuak eginez ikasten dute zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Baina gizarte zientzialari batentzat, esperimentuak berak esanahi soziala du. Dena dela, nire ustez, irizpide garrantzitsuena ez da esperimentuak laborategitik kanpo edo barruan egitea, baizik eta ezagutza nola ekoizten den, bai laborategitik at, baita barruan ere.

Askorentzat, arriskutsua izan daiteke geoingeniaritza…

Bai: fisikoki oso arriskutsua da. Halere, oso metodo ezberdinak daude: zuhaitzak birlandatzea, esaterako, geoingeniaritza gisa uler daiteke, eta atmosferatik CO2a xurgatzeko dauden hainbat sistemari ere geoingeniaritza deitzen zaie. Orokorrean, itsasoaren ongarritzea salbu, ez dira teknika arriskutsuak. Metodo arriskutsuenak dira, adibidez, lurraren erreflektibitatea murrizten duten teknologiak. Oso oldarkorrak dira. Lainoak zurituz edo estratosferan aerosolak jarriz, eguzkiaren erradiazioaren zati bat espaziorantz bideratzeko aukera ematen du, eta horren ondorioz planeta hoztu egiten da —albedo aldaketa metodoak dira horiek—. Lurreko tenperatura jaitsi egiten da, baina ez dakigu zer-nolako ondorioa izan dezakeen eskualde mailako klimetan, ezta gure eguneroko bizitzan ere, uztetan eta abarretan.

Eztabaida guztia GeoE proiektuan sakonduko duzue, dokumentala prestatzen ari baitzarete. Zertan oinarrituko da?

Geoingeniaritzaren inguruan dauden ikuspuntuak plazaratu nahi ditugu. Horretarako, batetik, geoingeniaritzan ari direnekin hitz egingo genuke, eta, bestetik, klimaren aldaketaren aurka borrokatzen ari direnekin. Espiritu kritikoa sustatu nahi dugu.

Aurten begiak Parisen ipiniak egonen dira, klima aldaketaren goi bilera izanen baita. Zure ustez, zer-nolako ondorioak hartu beharko lituzkete?

Niretzat, arazoa konpainia handiena da, hau da, inbertsioen arazoa da, lurralde garatuena, alegia. Zalantzarik gabe, energia berriztagarrietan inbertitu beharko genuke, eta iraunkorrak ez diren praktikak ahalik eta lasterren baztertu beharko genituzke. Orain, posible ikusten ez diren gauzak posible egitea da garrantzitsuena.]]>
<![CDATA[Arbaso zaharren artean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/016/001/2015-04-05/arbaso_zaharren_artean.htm Sun, 05 Apr 2015 00:00:00 +0200 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1894/016/001/2015-04-05/arbaso_zaharren_artean.htm Lucy deituriko australopitekoa —Etiopian 1974an aurkitua— zen gizakiaren arbaso zaharrenetarikoa: duela 3,2 milioi urte bizi zen. Orain, berriz, Little Foot deiturikoa da aurkitu duten espezierik zaharrenetarikoa: 3,67 milioi urte dituela baieztatu dute, Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketaren arabera. Albisteak hautsak harrotu ditu, gizakiaren jatorria aztertzen ari diren ikertzaileen artean.

Berria aste honetan zabaldu den arren, Little Foot australopitekoa —oineko hezurra txikia zuenez, izen hori jarri zioten— 1994an topatu zuten Sterkfontein kobazulo multzoko (Hegoafrika) aztarnak aztertzen ari zirela. Antza, Ronald J. Clarke ikertzailea tximu hezur batzuk ikertzen ari zen laborategian, eta kutxa batean hanketako hezur txiki batzuk topatu zituen. Berehala ohartu zen ez zirela hezur arruntak, eta, horrenbestez, gizakiaren lerro ebolutiboarekin lotu zituen. Handik hiru urtera, hanketako hezur gehiago topatu zituen, tartean, tibia zati bat. Egoera hori ikusirik, aztarna gehiagoren bila joan zen kobazulora, eta tibiaren beste zatia, burezurra eta abar topatu zituen.

Milaka urteetako loalditik esnatu ostean, Little Foot-ek eztabaidarako ateak zabaldu zituen garai hartan. Ikertzaile askoren ustez, Hegoafrikako australopithecus africanus-aren aztarnak dira, eta hezurrak aurkitu dituztenek, berriz, australopithecus prometheus espeziearekin lotu dituzte. Ildo horri eutsiz, zientzialari askok diote aztarnetan dimorfismo sexuala nabarmentzen dela, hots, emeek eta arrek dituzten ezberdintasun biologikoak antzeman daitezkeela. Haatik, beste ikertzaile talde baten aburuz, ez da inolako dimorfismo sexualik nabari, eta, horregatik, Little Foot espezie berri bat izan daitekeela deritzote.

Idoia Goikoetxea biologoa doktoretza tesia egiten ari da —neandertal umeen haziera eta horrekin erlazionatutako gastu kalorikoa ikertzen ari da, hain zuzen ere— Granadako Unibertsitatean (Espainia). «Irakurri dudanaren arabera, Littel Foot-ek dituen ezaugarriak aintzat hartuta, lotura zuzenagoa izan dezake parantrophus generoarekin. Horiek beste genero batekoak dira, eta gure eboluzioaren alboko adar batean agertu ziren. Oso masailezur sendoak zituzten, eta, hori dela eta, askok australopithecus robustus deitzen dituzte. Tamainaren aldetik, oso antzekoak dira», azaldu du. Dena den, Goikoetxeak uste du aztarna gehiago behar direla, Little Foot gizakiaren lerrokoa ala parantropoena den zehazteko.

Iritziak iritzi, datazioak sortu du eztabaida handiena. Izan ere, oin txikiko australopitekoa aurkitu zutenean, orain dela bi eta lau milioi urte bitartekoa zela adierazi zuten. Garai hartatik hona, aztarnak ikertzen ibili dira, NASAko punta-puntako teknologia erabiliz. Hori horrela, 3,67 milioi urte bitarteko aztarnak direla baieztatu dute —160.000 urteko errakuntza tartea du—. Zalantzarik gabe, albisteak zalaparta eragin du; hala izatekotan, gizakiaren arbaso zaharrenetarikoa izanen litzateke. «Guretzat oso albiste garrantzitsua da, orain arte Lucy baitzen ezagutzen genuen garai hartako eskeleto bakarra», esan du Goikoetxeak.

Iluntasunetik argira

Little Foot-en aztarnek nolakoa izan zen erakusten dute. Ikertzaileen arabera, oinbiduna zen; bi oinen gainean zebilen. Halere, behatz lodia txinpantzearenaren antzekoa zuen, gainerako hatzetatik banandua, zuhaitzetara ongi eusteko. Hori dela eta, adituen esanetan, lurrean ibiltzen zen arren, ziurrenik oraindik denbora asko pasako zuen zuhaitzen artean. Tamainaren aldetik, Lucy baino altuagoa zen, eta burezurra sendoagoa zuen. «Parantropoak ikusita, masailezurrak sendoagoak zituzten, eta, horrenbestez, fruitu lehorrak, elikagai oskoldunak eta abar jaten zituzten. Hori dela eta, litekeena da Hegoafrikako hominidoak Lucy-k baino elikagai gogorragoak jatea».

Little Foot Sterkfonteingo kobazulora erori, eta bertan hil zen. Urteek aurrera egin ahala, sedimentuen eta arroken azpian geratu zen lurperaturik. Denbora horretan, naturak berak itxi eta ireki du kobazuloko sarbidea, eta, horrenbestez, eremua asko aldatu da, eta horrek zaildu egiten du ikerketa. Gainera, hainbat urtez meategi moduan erabili zuten, eta horrek ere eragina izan du aztarnetan. Aste honetan, datazioak ezagutzen dugun hominidorik zaharrenetarikoa dela baieztatu du. Hala ere, komunitate zientifikoak du azken hitza. Dudarik gabe, eztabaida polita sortuko da.]]>
<![CDATA[Plastikoa, erregaien iturri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/018/001/2015-03-22/plastikoa_erregaien_iturri.htm Sun, 22 Mar 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1894/018/001/2015-03-22/plastikoa_erregaien_iturri.htm
Azken urteotan, hamaika eztabaiden iturri bilakatu da zaborren afera. Baina hiri hondakinak ez ezik, zabor elektronikoak ere ekarri ditu teknologien aroak XXI. mendean. Salbidegoitia ikertzaile gazteak ongi ezagutzen du errealitatea: «Egun, zabor elektronikoa hirugarren mundura ari gara bidaltzen, eta han ez dituzte baliabideak hondakin horiek birziklatzeko; gainera, dagoeneko debekaturik dago garatze bidean dauden herrietara zaborra igortzea. Hori dela eta, gure ardura da zabor hori kudeatzea».

Arazoari irtenbideak bilatzeko erronkan, plastiko hondarrak behar bezala aprobetxatuz eskura daitezkeen onurak ikertzen ari dira Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Sailean; Ingurumenaren Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoei buruzko ikerketa taldeko kidea da Salbidegoitia: «Plastikoa petroliotik eskuratzen da. Horrenbestez, atzerako prozesua erabiliz, hidrogenoa edota erregai likidoa eskura daiteke». Horretarako, tratamendu bat edo beste erabiltzen dute, plastikoaren arabera. «Sakelako telefonoek, ordenagailu eramangarriek, tabletek... txipak, plastikoak edota metal asko izan ditzakete. Behar bezalako tratamendua erabiliz, plastikoaren lehengaia eskura genezake, hots, hidrokarburoak. Aldi berean, hondakinek dituzten metalak berreskura daitezke berriro erabili ahal izateko».

Plastikotik erregaietara

Japoniak urteak daramatza buru-belarri arazoari aurre egin nahian. Bilboko ikertzaileak urte erdi eman zuen Japoniako National Institute of Advanced Industrial Science and Technology zentroan, han martxan dituzten ikerketa lanak ezagutzeko helburuarekin —patente bat sortu duen ikerketa batean parte hartu zuen—. «Teknologien alorrean, mundu osoan Japonia izango da gehien garaturiko herria; aldiz, ez dute sortzen duten zaborra biltzeko lekurik. Horrenbestez, neurriak hartzeko unea heldu zaie».

Hondakinetatik energia garbia eskuratzeko, zaborra gasifikazio prozesu batean murgildu beharra dagoela azaldu du. «Hondakinak ur lurrunarekin tratatzen dira, metalek jarduten dute, eta baldintza zehatzetan, hidrogeno gasa lortzen da». Eguzki atera berriaren inperioan hainbat tratamendu planta dituzte jada, gasifikazioaren bitartez erregaia lortzeko. «Oso bitxia da Japoniako prozesua. Adibidez, DVDetatik plastikoa eskuratzen dute, gasolinaren antzeko erregaia lortzeko. Ondoren, gasolinarekin nahasten dute, eta traktoreetan erabiltzen dute normal-normal».

Gaur egun, Euskal Herrian ez da gasifikazio plantarik. Bilboko ikertzailearen esanetan, uste baino garbiagoak dira tankera horretako guneak; zaborren arazoari irtenbidea bilatzeko modu egokia izan daitekeela deritzo, hondakinak birziklatzeko eta petrolioaren amaierari egunak luzatzeko aukera emanen baitu, haren ustez. Dena den, garaian garaiko gizarteak adostuko ditu erabili beharreko neurriak.]]>
<![CDATA[Depresioarentzat, elektrizitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/019/001/2015-03-08/depresioarentzat_elektrizitatea.htm Sun, 08 Mar 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1851/019/001/2015-03-08/depresioarentzat_elektrizitatea.htm
Beharbada, tratamenduaren izena ez da erakargarria izanen askorendako; haatik, lortzen dituen emaitzek bermatzen dute erabiltzen duten teknika, Loreto Brotons psikiatraren aburuz. Hara Albia zentroan dihardu, Ivan Ruiz eta Marta Torreblanca doktoreekin batera. «Garuna organo elektriko baten antzekoa da. Horrela, esan genezake deskarga txikiek neurotransmisoreen bibrazioaren rola hartzen dutela. Hargatik, neuronen karga elektrikoa moldatuz, deskargatzeko, martxan jartzeko edota deuseztatzeko gaitasuna handitzea lortzen dugu; hau da, garunaren konexio gaitasuna edo funtzionamendua handitzeko edota txikiagotzeko modua izango genuke», azaldu du. Orain dela bi urte hasi ziren teknika horrekin lanean. Gaixoari txano berezi bat jartzen diote buruan. Lehenik, elektrodoak gatz serumean bustitzen dituzte konexioa hobetzeko, eta, ondoren, txanoarekin lotzen dituzte, buru azala zeharkatuz, energia garunera iritsi ahal izan dadin.

Dosi txikiak

Oso dosi txikiak erabiltzen dituzte: bi miliampere gehienez. Brotonsek azaldu duenez, depresioak jota dagoen gaixo baten garuna aztertuz gero, hemisferioen arteko asimetria ikus daiteke. Ezkerreko aldea inhibituta egoten da eskuinekoarekin alderatuta, eta hori aintzat hartzen dute tratamenduan. «Hori dela eta, ezkerreko hemisferioan korronte positiboa ipintzen dugu, eta eskuineko aldea inhibitu; horrela, alterazioa orekatzen dugu», esplikatu du.

«Teknika oso eraginkorra da, neuronen egonkortasuna handitzen edota txikitzen baitu». Urte hauetan hainbat gaixotasun landu dituzten arren, depresioarekin lortu dituzte emaitza hoberenak. Antza, zenbaitetan, gaixotasuna desagerraraztea lortu dute. «Ongi dakigu non estimulatu behar dugun, baita garunaren funtzionamenduko zein atal hobetu nahi dugun ere, edota zein inhibitu behar dugun», azaldu du. «Gaixo askori botikek ez diete behar bezala eragiten; beraz, tratamendua egokia izan daiteke haiendako». Askotan, gainera, depresioa izaten duten lagun askok kostata hartzen dituzte botikak, sor ditzaketen albo ondorioengatik.

20-30 saio

Depresioaren iraupenak alde handiak izaten ditu pazientetik pazientera, baina, oro har, osasun erakundeek erabiltzen dituzten datuen arabera, gehienak hobeto sentitzen hasten dira 4-6 hilabetera. Elektrizitate bidezko tratamenduak 20 eta 30 saio ditu, eta prozesuak 30 minutu irauten du bakoitzean. Oro har, gaixoen garunak ongi egokitzen dira egoera berrira; dena dela, pertsona bakoitza mundu bat den neurrian, gaixo bakoitza ere bere moduan egokitzen da tratamenduak dakarren aldaketara. «Zenbaitetan, sendatzen diren arren, berriro gaixotzen dira; izan ere, garunak memoria du, eta aurreko egoera batera itzultzeko gaitasuna», esplikatu du Brotonsek.

Neurofisiologiaren eskutik hasi ziren elektrizitatearen bidezko tratamenduarekin lanean Bilboko aditu horiek. Teknikaren argazkiak atentzioa ematen duen arren, psikiatrak dio ez dagoela kezkatzeko motiborik, ez baitu minik sortzen eta segurua baita erabiltzen duten pazienteentzat. Aurrera begira, tratamenduarekin lanean jarraitzea dute helburu, sortzen diren teknika berriak eta hoberenak aplikatuz.]]>
<![CDATA[Soinu-xurgatzaile berdeak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/014/001/2015-02-22/soinu_xurgatzaile_berdeak.htm Sun, 22 Feb 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1909/014/001/2015-02-22/soinu_xurgatzaile_berdeak.htm
Urtetik urtera, gero eta leku handiagoa hartzen ari dira lorategi bertikalak herrietako eta hirietako eraikinen paisaian. Oro har, karrikak atontzeko ipintzen dituzte; halere, horien lana uste baino emankorragoa izan daiteke. Zaloa Azkorra nekazaritza ingeniaria da, eta EHUk egin duen ikerketan parte hartu du. Zera dio: «Lan honi esker ikusi dugu landare horiek oso ezaugarri onak dituztela etxebizitza batean, bai akustikoki, baita termikoki ere». Azterketa egin ahal izateko, landareak loreontzi berezi batzuetan ipini dituzte, eta, mosaiko baten antzera, laukiz lauki, horma berde bat eraiki dute.

Alor akustikoa neurtzea izan da ikerketaren xedeetako bat. Horretarako, bi azterketa egin dituzte; batetik, isolatze probak egin dituzte, eta, bestetik, soinuaren xurgatze gaitasuna neurtu dute. «Oso onak dira frekuentzia baxu zein altuetan soinua ezabatzeko. Horiek horrela, oinezkoen kale batean ipiniz gero, kale horretan bizi diren bizilagunek sumatuko lukete landareen eragina», azaldu du. «Isolatzaile moduan, berriz, ez dira hain onak, eraikinetan erabiltzen diren beste materialekin alderatuz, isolatze maila oso baxua delako».

Ildo berean, landareen alderdi termikoa aztertu dute: «Eraikina fresko mantendu nahi denean, beroa ezin da pasatu; izan ere, harresi baten antzera jokatzen dute, landareek eskuragarri duten ura lurrunduz kanporatzen baitute eguzkiaren beroa atmosferara. Udan, adibidez, adreiluzko horma baten kanpo azalera 50 gradura irits daiteke eguerdian; landarez eginiko horma batek, berriz, 30 graduan manten dezake hormaren kanpo gainazala». Horretarako ezinbestekoa dute uraren beharra; hau da, landareak ongi ureztatu behar dira, beren lana —fotosintesia— behar bezala egin dezaten. «Ez badituzu ongi ureztatzen ez dira termikoki hain onak izango».

Ura, bizitzaren iturri

Azterketa egiteko erabili dituzten landareak poliestirenoko loreontzietan landatu dituzte. Horretarako, zuloak egin dizkiote ontziari, eta bertan landatu dira landareak. Sustraiak, berriz, barruko aldean geratzen dira eta, horrenbestez, ezin da ura zuzenean ontzira sartu.

Hamaika adibide aurki daitezke egun hirietan dauden lorategi bertikaletan. Madrilgo Caixa Forumekoak, esaterako, goitik behera ureztatzen ditu landareak, ur-jauzi bat izango balitz bezala: «Sistema hori ez da hain efizientea, landare batzuk urik gabe geratzeko arriskua dutelako», azaldu du Azkorrak. Antzeko zerbait gertatzen da Bilboko Guggenheim museoko Puppy-rekin, lorez egindako zakurrarekin, ez baitute landarez landare ureztatzen. Azkorraren proiektuko ureztatze sistema, baina, guztiz indenpendentea da, kutxa bakoitzak baitu ureztatze eta drainatze sistema propioa. «Berotegi hidroponikoetan erabiltzen duten metodoa erabiltzen dugu: tantaz tantako fetirrigazio organikoa», azaldu du. «Uraren kontrol zehatza egiten dugunez, mosaiko polita sor genezake: ur asko behar duten landareak eta ur gutxi behar dutenak elkarrekin jar ditzakegu».

Onura iturri dira lorategi bertikalak. Alabaina, Zaloa Azkorraren hitzetan, gaur egun, behintzat, nekez ikusiko dira etxebizitza arruntetako aurrealdeetan. «Nahiko garestia da instalazioa eta landareen mantentze lana. Adreiluzko horma bat eraiki, eta luzarorako izanen duzu. Landareak, baina, astero edo hamabostean behin zaindu behar dira». Halere, horrek ez du esan nahi geroan landarez eginiko hormak dituzten eraikinak ikusiko ez direnik. Hala bada, munstroa garaitzeko aukerak indartuko dira.]]>
<![CDATA[Genomaren zabor emankorra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/014/001/2015-02-08/genomaren_zabor_emankorra.htm Sun, 08 Feb 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1894/014/001/2015-02-08/genomaren_zabor_emankorra.htm botika biologikoak ditu giza gorputzak, eta Nafarroako Unibertsitateko Medikamentu Aplikatutako Ikerketa Zentroko ikertzaile talde batek, hain zuzen ere, koloneko minbiziaren tumoreak ezabatzeko geneak aurkitu ditu genomaren zabortegian —hala deitu izan ohi zaio sarri askotan ustez informaziorik gabeko DNA zelako—. Azterketa horrekin, minbiziari aurre egiteko borrokan pauso bat gehiago eman dute. Ate berri bat zabaldu dute.

50eko hamarraldian martxan jarri zen biologia molekularraren dogmaren arabera, geneek informazioa dute eta eraldatu egin behar dira proteinak sortzeko. Horiek beren funtzioa betetzen dute zeluletan; hain zuzen ere, organismoetan. Haatik, genomaren zati batek ez du tankera horretako proteinarik. Hori dela eta, ikertzaileek pentsatzen zuten ez zuela inolako funtziorik betetzen; horrenbestez, genomaren zabortegi deitu zuten. Oso eremu zabala hartzen du zabortegi biologikoak, genomaren %80 inguru. Eta Nafarroako Unibertsitateko ikerketan hori aztertzen aritu dira. Maite Huarte da lantaldeko zuzendaria da, eta honela esplikatu du: «Genomaren zati hori aztertu dugunean, proteinarik sortzen ez dituzten geneak (RNA ez kodifikatzaileak) aurkitu ditugu; haatik, funtzio garrantzitsu bat betetzen dute. Hau da, tumore ezabatzeko rola hartzen dute eta P53 proteina laguntzen dute».

Genomaren zaindari deitzen diote proteina horri; izan ere, erasoen aurrean, zelulak babesten ditu kalte baten ondorioz mutazioak hasten direnean eta horiek tumore bat sortzen hasten direnean. Egoera horretan, proteinak tumoreak ezabatzeko programa bat jartzen du martxan; ondorioz, mindutako zelulei ez die garatzen uzten, eta, horrenbestez, ez da tumorerik sortzen. «P53 proteinak gene ez kodifikatzaileak jartzen ditu martxan. Ondorioz, kaltetutako zelulak ez luke garatzeko eta zabaltzeko aukerarik izanen». Ikerketa koloneko minbizia duten gaixoen laginekin egin dute. Huartek azaldu duenez, koloneko minbizian RNA ez kodifikatzaileak ez dira horrenbeste adierazten. Hau da, aktibatuta daudenean beren maila baxuagoa da eta horrek minbizia gelditzen laguntzen du. Horrenbestez, minbizia duen zelula bat dagoenean, RNA horiek adierazpen baxuagoa dute. «Hainbat ikertzailek genomaren zabortegi deitzen diete gene horiei. Baina orain ezin dugu hori esan, ikerketan kontrakoa frogatzen baita; funtzioa betetzen duten geneak daude eremu horretan», azpimarratu du.

Donostia ospitalearekin

Ikerketarako, batetik, beren laborategian ekoizten dituzten zelula tumoredunak erabili dituzte. Bestetik, Donostia ospitaleko biobankuarekin lankidetza hitzarmen bat dute, eta, haiei esker, koloneko minbizia duten gaixoen tumoreen laginak ere lortu dituzte sakonki aztertzeko. Horretarako, pertsona osasuntsu baten eta gaixo baten RNA ez kodifikatzaileak alderatu dituzte.

Halere, Huartek azaldu duen moduan, tumoreak ezabatzeko geneek ez dute soilik koloneko minbiziarekin funtzionatzen, gainerakoei aurre egiteko ere balio dezakete. Horiek horrela, biriketako minbizia dutenen artean, esaterako, eragin bera izanen lukete. Proiektuan AEB Amerikako Estatu Batuetako hainbat zientzialarirekin eta Biodonostiakoekin elkarlanean ari dira. Ikerketa Yolanda Sanchez doktoreak abiatu zuen, eta Nature Communications aldizkari zientifikoan eman dute lanaren berri. «Gene horien inguruan informaziorik ez zegoenez, ikertzen hasi ginen; finean, hori da gure lana, ezagutzen ez duguna ezagutzea. Oso interesgarria da, gure genoma eta zelulak hobeto ezagutzeko aukera izan dugulako, baina, batez ere, minbiziari aurre egiteko baliabide interesgarriak aurkitu ditugulako». Pauso txiki bat minbiziari aurre egiteko lasterketan.]]>
<![CDATA[Uste ezkorra ezabatu nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/016/001/2015-02-01/uste_ezkorra_ezabatu_nahian.htm Sun, 01 Feb 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1909/016/001/2015-02-01/uste_ezkorra_ezabatu_nahian.htm
Aspaldikoa da uhin elektromagnetikoek sor dezaketen eraginaren inguruko eztabaida, eta horrek bultzatuta ekin zion ikertzaile gazteak bere doktoretza tesiari. «Gaia oso erakargarria iruditu zitzaidan. Askotan entzun dira uhin elektromagnetikoekin kexu direnen ahotsak; hori dela eta, uhinek benetan pertsonengan sor dezaketen eragina aztertu nahi izan nuen. Gainera, simulazio teknika erabiliz, oso erronka polita izan zen gizakiaren gorputza irudikatzea eta ikerketak baliabide horrekin egitea», esplikatu du.

Aurrera eraman duten ikerketa eremu handi eta konplexuen azterketa dosimetrikoan oinarritu da —ehunek eta materiek erradiazio ionikoaren aurrean emandako denboran xurgatzen dituzten dosien kalkulua— , eta, horretarako, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan espresuki garatu duten simulazio tresna bat erabili dute: 3D izpien trazadura programa. Lan horiek egiteko, giza gorputzaren eredua irudikatu dute hiru dimentsiotan, bai ehunak imitatuz, bai gorputzaren morfologia; betiere simulazio kodeak dituen mugen barruan: «Tresna horri esker, neurketa dosimetrikoak egin daitezke, eta uhin elektromagnetikoen aurrean aholkatzen duten mugekin alderatu», azaldu du Agirrek.

Ikerketa laneko entseguak NUPeko laborategietan, autoetan eta hegazkinetan egin dituzte. Zehaztapena egin du ikertzaileak: «Berez, guk ez dugu egin neurketarik hegazkinen barruan, baina jakin badakigu hegazkinean antena batzuk jarrita zer-nolako eragina izan dezaketen uhinek barruan doazen bidaiariengan».

Gorputzean eragina

Uhin elektromagnetikoen alorrean, bi mota bereiz daitezke: ionizatzaileak eta ionizatzaileak ez direnak. Lehenak, X izpiak edo gamma izpiak izan daitezke, eta materia ionizatzeko gaitasuna dute; horrenbestez, osasunarentzako kaltegarria izan daiteke horien aurrean denbora luzea ematea. Ionizatzaileak ez direnak, komunikazio sistematan erabiltzen direnak dira, eta Erik Agirrek bere doktoretza tesian horiek ikertu ditu; materian beroa sortzeko gaitasuna dute, eta, horrenbestez, ehun biologikoetan ere bai; betiere, uhinen igortze potentzia nahikoa handia bada. Horiek energia garraiatzen dute puntu batetik bestera, eta, ehun biologikoarekin kontaktua dutenean, energia hori berotasun bihurtzen da. «Hauxe izan da zientziak egun frogatu ahal izan duena, hamaika ikerketa lan egin ostean: zer-nolako eragina duen pertsonengan, uhinen aurrean denbora jakin bat ematen dutenean», azaldu du. «Tesiaren helburuetako batek dio sistemak, baldintza normaletan lan eginez gero, oso urrun egonen direla kaltegarriak izaten hasten diren unera iristeko».

Ikerketa lana egin ostean, hainbat ondorio atera dituzte. Alde batetik, simulazioak egiteko beharra aldarrikatu dute: «Iristeko edo ikusteko gai ez garen eremuetan zer gerta daitekeen ikusteko aukera ematen dute; azterketak egiteko modua ere asko errazten dute». Beste alde batetik, argi du Agirrek: «Sistema ezberdinek adierazi dute, baldintza normaletan, uhin elektromagnetikoek ez dituztela gainditzen, kaltegarriak izateko mugak». Horiek horrela, Agirreren arabera, oraingoz, behintzat, ez dago zertan kezkatzerik.]]>
<![CDATA[Antropozenoari data jartzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1991/014/001/2015-01-25/antropozenoari_data_jartzen.htm Sun, 25 Jan 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1991/014/001/2015-01-25/antropozenoari_data_jartzen.htm
Hala baieztatu dute, behintzat, nazioarteko 26 zientzialarik. Ikerketa sinatzen dutenen artean EHUko Alejandro Zearreta dago, Estratigrafia eta Paleontologiako irakaslea. Garai geologiko berria 50eko hamarralditik aurrera hasi zela deritzo: «Oso adibide garrantzitsua dugu; sedimentuetan jatorri artifizialeko isotopo nuklearrak aurkitu ditugu, CS 137 (metal erradioaktiboa) eta plutonio 139, eta horiek atmosferan izan ziren leherketa atomikoetatik datoz». Hori horrela, aztarnok garai baten amaiera eta hasiera finka dezaketela uste du; izan ere, lurrazala aro geologiko guztien berri ematen duen liburua dela esan daiteke, eta, Zearretaren aburuz, Antropozenoaren berri emanen duen atalari sedimentuetan aurkitu dituzten isotopo nuklearrek emanen diote hasiera, besteak beste. Aspaldikoa da Antropozenoaren hasiera finkatu nahi duen eztabaida. Hitza 2000. urtean asmatu zuen Paul J. Crutzen zientzialariak —Kimikan Nobel saria, 1995—, eta, haren ustetan, aroa lurrunezko makinaren eta kapitalismo industrialaren garapenarekin hasi zen. «Denborarekin kontzeptua egokitu behar izan dugu. Aro geologiko berriaren aldaketaren aztarnak sinkronizaturik egon behar dute planeta osoan; eta industrializazioan ez ziren herri guztiak aldi berean hasi», zehaztu du Zearretak. Beste hipotesietako batek Neolito garaian hasi zela dio, gizakiak animaliak etxekotu eta landareak beren mesederako erabiltzen hasi zirenean: «Ideia horrek ere ez du balio, munduan garai ezberdinetan eman baitzen neolitizazioa».

Horrenbestez, Zearretaren lantaldeak 50eko hamarraldian finkatu du Antropozenoaren hasiera, lehen bonba atomikoa lehertu ostean jaio zen mundu berriarekin batera. Azelerazio handia hasi zen orduan: «Biztanleriak gora egin zuen, landa exodoa izan zen, energiaren kontsumoa nabarmen igo zen… Eta horrek hainbat ondorio ekarri zituen, esaterako, CO2aren, metanoaren eta nitrogenoaren isurketak atmosferara. Jarrera horren eraginez, berotegi efektua sortu da, hainbat espezie galdu dira, poloak urtzen ari dira… Gure espeziea da kultura duen bakarra, eta ingurunean duen guztia eraldatzeko gaitasuna duena». Ildo berean, halaxe dio: «Ordura arte munduan gertatu ziren aldaketak naturalak izan ziren; orain, ordea, gizakiaren jarrera Lurraren aldakortasunean eragiten ari da».

Gogoetarako bidea

Azken 50 urteotako eragina nabaria da sedimentuetan. Antza, bioaniztasuna nabarmen jaitsi da lurrazaleko fosilen artean. «Landareen polena garai berri honen isla izan daiteke. 1950. urtera arte, sedimentuek biltzen zituzten haziak askotarikoak ziren, hainbat landaretakoak. Hortik aurrera, berriz, monolaborantzaren eragina sumatuko da, eta sedimentuen artean polen bakarra biltzen duten geruzak agertuko dira». Era berean, hamarkada hauetako jarreraren adibide izango dira sedimentuetan aurkitu dituzten osagai kutsagarriak ere. Horiek izango dira, beraz, etorkizuneko belaunaldiek garai honen inguruan jasoko duten lekukoa.

Ikerketaren ondorioak orain eman dituzte ezagutzera; halere, 2016ko abuztuan Hegoafrikan eginen duten biltzarrean aurkeztuko dute beren lana. Ordutik aurrera, eztabaidarako epea zabalduko da, eta beren proposamena geologia komunitateko adituen artean landuko dute, aro geologiko berria, Antropozenoa, 50eko hamarraldian hasi zen ala ez adosteko. Dena dela, eztabaida ez da soilik komunitate zientifikoan izango, gizartean ere oihartzuna izanen duela iritzi dio Zearretak: «Ikerketaren ondorioek azken urte hauetan izan dugun jarrera kritikatuko dute, martxan dugun garapen bortitza, kapitalismo industriala, klimaren aldaketa… Oro har, hartu dugun bidea zalantzan ipiniko dute». Horrenbestez, zera dio: «Kultura dugun espezie bakarra izanda, gure akatsetatik ikas dezakegu eta jarrera egokia hartu gure eta Lurraren mesederako». Gomendio horiei jarraituz, 17 Nobel saridunek berriki aurreratu duten apokalipsiaren ordularia apur bat atzera daiteke.]]>
<![CDATA[«Azpimarratuko nituzke gaixotasun arraroen arloan egin diren lanak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/020/001/2015-01-18/azpimarratuko_nituzke_gaixotasun_arraroen_arloan_egin_diren_lanak.htm Sun, 18 Jan 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1849/020/001/2015-01-18/azpimarratuko_nituzke_gaixotasun_arraroen_arloan_egin_diren_lanak.htm
Hamar urte bete berri ditu CIC Biogunek. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Oso balorazio ona egiten dut. Hasieratik izan genuen argi gure misioa: biozientzietako zentro bat eraikitzea, Euskadin eta Espainian lekua izanen zuena, eta nazioartetik ikertzaileak ekarriko zituena. Eta lortu dugu; zenbakiek hala diote, behintzat: egun, 140 lagunek lan egiten dugu. Urte hauetan, 36 herritako 500 ikertzaile baino gehiago igaro dira. Horietatik hogei atzerrian ziharduten euskal ikertzaileak dira; beraz, etxera itzuli dira lanera. 84 lagunek beren lehen lanpostua izan dute bertan. 46 doktoretza tesi egin dira, eta 56 ikaslek master ikasketak egin dituzte. Trebakuntza profesionaleko 59 ikaslek gurean egin dituzte praktikak, eta nazioarteko ikasleak ere aritu dira. Ikerketari dagokionez, 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta 6.500 aipamen baino gehiago izan dituzte. Orotara, lau patente lortu dira, hiru ustiatuak daude, eta beste lau eskatu dira. Inguruko enpresekin ere elkarlanean aritu gara: euskal enpresak azpikontratatu ditugu 4 milioiren truke, eta eskainitako kontratuen bidez 6,4 milioi euroko fakturazioa dugu.

Nola lortu duzue erreferentziazko gunea izatea? Zeintzuk izan ziren zuen helburuak?

Gure helburu nagusia izan zen CIC Biogune Europa, Espainia eta Euskadiko ikerketaren maparen erdian jartzea, eta lortu dugu. Aldi berean, nazioarteko ikerketa gunea izan nahi genuen, kanpoko jendea erakarri eta aldizkari hoberenetan argitaratu, eta lortu dugu hori ere. Horretarako, garrantzitsua izan da ikertzaile onak erakartzea, proiektuan sinesten zuten zientzialariak. Etorri direnak gogotsu aritu dira lanean, ilusioz.

Nazioarteko ikertzaileen beharra aldarrikatzen duzu. Zer-nolako garrantzia du zuenaren gisako ikerketa zentro batean kanpotik etorritako zientzialariak ere aritzeak?

Ikerketa globala da globalizaziohitza asmatu aurretik; ikerketa zentroentzat kanpoko ikertzaileen falta eragozpena da. Hau da, ez lukete zentzurik izanen. Gurean, kanpoko espezialistak ekartzeko aukera izan dugu, gertuan lantzen ez diren alorretan jantziak.

Urte hauetan egin dituzuen lanen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Gaixotasun arraroen alorrean egin diren lanak azpimarratuko nituzke, esaterako. Egun, porfiria lantzen ari gara, tratamendurik ez duen gaixotasun arraro bat. Gure ikerketei esker jakin dugu zergatik sortzen den, zer-nolako bilakaera duen, eta molekula bat sortu dugu, botika izateko hautagai izan daitekeena. Beste lanetako batek gibeletako gaitzak ikertzen ditu. Gibel gantzatsua herritarren %30ek dute. Kasu batzuetan, gainera, gaixotasuna izateaz gain, gibela handitu egiten da, eta minbizia eta fibrosia sortzen dira. Orain arte, eritasun hori diagnostikatzeko biopsia izaten zen modu bakarra. Guk odolean atzemateko sistema sortu dugu, eta dagoeneko komertzializatu dugu; lorpen handia izan da. Prostatako minbiziaren alorrean ere hainbat ikerketa egiten ari gara. Beste azterketetako batek jaioberrien lehen txizetan metabolismoak ikertzea du xede, horrek, gaixotasunik izatekotan, identifikatzen lagunduko bailuke.

Hamargarren urte honek zuzendari zientifiko berria ekarri du: Jesus Jimenez ikertzailea.

Hamar urte hauetan CIC Biogune eta CIC Biomagune guneetako zuzendari nagusia izan naiz, eta CIC Bioguneko zuzendari zientifikoa. Hamar urte igaro eta gero beste lagun bat sartu da, zientzialari aparta. Goi mailako kimikaria da, eta Kimikako Errege Elkarteko zuzendaria da. Ona da gogotsu dabilen jende berria izatea; horrek gunea beste norabide batera bideratuko du. Oro har, ez dira aldatuko landuko ditugun alorrak, baina bai lan egiteko era, eta emaitzak hobeak izanen dira. Nire ustez, zentroetako zientzia zuzendaritza aldatu egin behar da noizean behin. Lehen hamar urteetan gaztarako gauzak egiten zituen. Orain, berriz, handitu egin da, eta helduen gauzak egin behar ditu zentroak.]]>
<![CDATA[Kirolaren eskutik, minbiziari aurre]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/014/001/2015-01-11/kirolaren_eskutik_minbiziari_aurre.htm Sun, 11 Jan 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1909/014/001/2015-01-11/kirolaren_eskutik_minbiziari_aurre.htm International journal of sports medicine aldizkarian argitaratu dute—. Jarduera fisikoak minbizi gaixoengan duen eragina aztertzea izan da haien helburua, eta, ikerketaren harira, gaixoek egin behar dituzten ariketa berezien gida osatu dute.

Hamaika dira kirolak osasunaren alorrean sortzen dituen onurak; besteak beste, arazo kardiobaskularrak dituztenen artean; horrenbestez, gaitz askori aurre egiteko sendagai ezin hobea dela esan daiteke. Onura horiek hobeto ezagutzeko hasi zen ikertzen Erreka Gil Rey iruindarra. Horretarako, gaian aditu Sara Maldonado doktorearekin jarri zen harremanetan, eta Miranda Ebroko lantaldearekin hasi ziren elkarlanean, minbizi gaixoekin egiten dituzten jarduera fisikoko programak baitzituzten martxan.

Ikertzaileak azpimarratu duenez, osasun arloan orain dela gutxi hasi ziren jarduera fisikoak minbizi gaixoengan duen eragina ikertzen, eta, horregatik, pertsona horientzako berariazko ariketa gidarik ez zegoen. Gaixotasunik gabeko pertsonentzat eratu ziren gidei jarraitzea gomendatzen zieten: «Kontua da minbiziaren eta tratamenduen eraginez, gaixoen jarduera fisiko kopurua, gaitasun aerobikoa, indarra eta masa muskularra nabarmen jaisten dela. Argi dago minbizia daukan pertsona batek ezin dituela egin pertsona arruntentzako eratutako gida bateko ariketak intentsitate berberaz», dio Gilek.

Hori baieztatzeko, 152 minbizi gaixori beren gaitasun fisikoa neurtzeko proba berezia egin zieten, Herreroren zuzendaritzapean. Azterketak, besteak beste, hau neurtu zuen: gaixoen gaitasun kardiobaskular pikoa —oxigeno kontsumo handiena— eta submaximoa —arnas atalaseak—. Emaitzen arabera, gaixoek adin bereko pertsona arruntek baino %35-50 gaitasun aerobiko apalagoa zeukaten, eta edozein jarduera fisikok askoz esfortzu handiagoa eskatzen zien minbizi gaixoei. «Horiek horrela, hemendik aurrera, minbizia duen gaixo bati haren gaitasun fisikoa neurtzeko proba zuzena egin gabe, haren bihotz maiztasun maximoa ateratzeko formula bat erabiliko dugu; hala, askoz gehiago hurbilduko gara eriaren errealitatera, jarduera fisiko programa egokia diseinatzeko».

Masa muskularra handitu

Minbiziaren arloa oso konplexua da, eta, oro har, zaila izaten da zehazki jakitea nola eragiten dien kirolak gaixoei. Dena den, badira hainbat ondorio ezagun: bizi-itxaropena luzatzea, bizi-kalitatea hobetzea, nekea eta minak gutxitzea edota gaitasun kardiobaskularra eta gorputz osaketa hobetzea. «Gaixoek masa muskular handia galtzen dute; kakexia esaten zaio —hala hiltzen dira erien %20—. Beraz, indarra eta masa muskularra handitzea izan beharko luke jarduera-fisiko programaren helburuetako batek; gantz masa gutxitzen da —gantzetan kaltegarriak diren toxinak pilatzen dira—, intsulinaren metabolismoa eta hezur mineral dentsitatea hobetu, hantura eta hormona maila gutxitzen dira, eta sistema immunologikoa indartzen da».

Kasu bakoitza mundu bat da, eta, horregatik, gaixo bakoitzak bere ezaugarrietara moldaturiko jarduera fisiko programa izan beharko luke. Dena dela, guztiek hiru atal izan beharko lituzkete: alderdi kardiobaskularra, indarra eta psikologikoa. Lehen atalean sartzen dira ibiltzea, korrika egitea, edota uretako jarduerak, dantza eta aerobikoak. Bigarrenean, gimnasioko makinekin eta pisuekin eginen litzateke lan. Eta hirugarrenean, jarduera lasaiagoak: besteak beste, yoga, tai txi edota meditazioa. «Niretzat, garrantzitsuena da indarra lantzea, aldi berean gaitasun kardiobaskularra handitzen baita. Indarra eta masa muskularra handitzeak izugarrizko eragin positiboa izan dezake kakexia duten eriengan».

Une bakoitza urre da gaixoen artean; ondorioz, jarduera fisiko programekin ahalik eta lasterren hasteko aholkatzen du Erreka Gilek: «Egiaztatu izan dugu jarduera fisiko programa jakin bat egin gabe minbizi gaixoek beren kabuz ez dutela hobetzen gaitasun aerobikoa eta bizi-kalitatea». Orain, helburu nagusi dute gida erabiltzea jarduera fisikoaren intentsitatea diseinatzeko, gaitasun fisikoa neurtzeko proba egin ezin dutenean.]]>
<![CDATA[Adimen artifizialaren gizarterat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2015-01-04/adimen_artifizialaren_gizarterat.htm Sun, 04 Jan 2015 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2015-01-04/adimen_artifizialaren_gizarterat.htm
Aspaldiko ametsa du gizakiak bizirik ez duten materiei bizia ematea. Historian zehar hamaika adibide aurkitu daitezke; horietan ezagunena da Frankestein, Mary Shelley idazleak 1818an sortu zuen pertsonaia. Adimen artifizialaren gaia zientziaren alor askotan lantzen da, baina bereziki informatikaren munduan eman ditu pauso nabarienak. 1956an, Dartmoutheko (AEB) Biltzar baten barruan sortu zuten hitza John MaCarthy, Marvin Minsky eta Claude Shanoon ikertzaileek. Oso etorkizun itxaropentsua marraztu zuten; antza, ahoz gora esan zuten gizakiaren adimena imitatzea izan behar zuela zientziaren eta teknologiaren helburuetako batek. Garai berri baten ateak zabaldu zituzten.

Aitzol Astigarraga informatikan lizentziaduna da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa taldeko kidea. Oso ongi ezagutzen du gaiak zer bilakaera izan duen: «Hastapen horietan, Descartesen ikuspegiarekin bat egin zuten: gorputza eta adimena bi izate ezberdin gisa hartzen zituzten; hots, adimena garunean gertatzen zen prozesu gisa hartzen zuten, gorputzetik bereizitakoa». Horiek horrela, beren helburua izan zen giza burmuina birproduzitzea, eta, horretarako, logikan oinarrituriko programak eta ikasteko gai diren sistemak sortu zituzten.

Oso bilakaera baikorra izan du ikuspegi horrek teknologien alorrean. Dena dela, pauso bat harago eman behar dela deritzote mundu horren barruan diharduten ikertzaile askok; finean, aldarrikatzen dute adimena burmuinetik at ere garatzen dela eta munduarekin harremanetan dagoela. Astigarragak azaldu duenez, apurka-apurka robotikan gertatzen ari da aldaketa hori, eta hurrengo erronka da gizakiarekin interakzioan ibiliko diren robotak sortzea, hau da, sentsoreen bidez inguruko informazioa jaso eta interpretatzeko gai izango direnak.

Adimen artifizialarekin askok irudikatzen duten etorkizun beltz horretatik oso urrun dago egungo errealitatea. Gizakiari planto egin beharrean, herritarren mesederako erabiltzen da; eta ongi errotzen hasia da. Etxe askotan aurkitu daiteke horren adibide ezagun bat: xurgagailu automatikoa. «Oso esaldi esanguratsua bota zuen behin Rodney Booksek, Roomba robot xurgagailua merkaturatu zuenak: 'Ez nau beldurtzen pentsatzeak gizakien pareko bihur daitezkeela robotak; beldurtu egiten nau, ordea, roboten gero eta antz handiagoa daukagula gizakiok'».

Hainbat bideo jokok ere erabiltzen dute adimen artifiziala, jokalarien mugimenduak ikasteko eta errepikatzeko, eta Google bilatzaileak adimen artifizialean oinarritzen ditu bilaketak. Medikuntzaren alorrean, halaber, gero eta leku nabariagoa du; Donostiako Poliklinikan, esaterako, gertuko adibide bat jartzearren, Da Vinci zirujau robota erabiltzen dute, zenbait ebakuntza txiki eta zehatz egiteko.

Adimen artifizialarekin egin nahi den erabileran dago gakoa. Japonia eta AEB Amerikako Estatu Batuak dira robotikaren munduan punta-puntan dabiltzan herriak. Astigarragaren hitzetan, pertsonen esku dago adimen artifizialari emango zaion erabilera; era batekoa izango da, edo bestekoa: «Japonian, esaterako, lau pertsonako robot bat dago. Gailuaren eta herritarren arteko elkarrekintzan dihardute. AEBetan, berriz, robot militarrak ari dira diseinatzen; oro har, defentsarako bideratzen ari dira, eta armak erabiliko dituzten robotak ari dira sortzen».

Egitasmo ugari

Etorkizunari begira, hamaika ikerketa alor daude martxan. Robotikan, esaterako, ikusmen artifiziala da eremu garrantzitsuenetako bat. Irudi digitalen bidez, gailuak informazio esanguratsua atera beharko du, hala nola pertsonak identifikatu, aurpegi ezberdinak ezagutu eta ezaugarri emozionalak jaso beharko ditu. Era berean, robotaren eta gizakiaren arteko elkarrekintza sortzea da beste erronka bat. Astigarragaren lantaldea, adibidez, Nao robot humanoidearekin ari da lanean, eta pertsona-robot elkarrekintzan ari dira.

2014an, pauso nabari bat eman zen, elkarrizketak sortzen dituen Eugene Goostman programak Turingen testa gainditu baitzuen —makina adimendun bat eta pertsona bat bereizteko metodoa—. Halere, urteek aurrera egin ahala, galderak indartuz doaz: noraino iritsiko dira makinak? Hawkingek aurreikusten duen gizartea izanen al da biharkoa? «Luzera begira, ez dakit non utziko gaituen; baina luze gabe, nik uste dut oso gauza onuragarriak lortzen ari garela», deritzo Astigarragak. Geroak du erantzuna.]]>
<![CDATA[Balio handiko landare txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2014-12-28/balio_handiko_landare_txikia.htm Sun, 28 Dec 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2014-12-28/balio_handiko_landare_txikia.htm
Leku heze eta ilunetan jaiotzen da landare hori. Mundu zabalean, edonon dago, itsasoan izan ezik —Antartikan eta basamortuan ere badago—. Azken datuen arabera, 18.000-20.000 espezie inguru daude Lurrean; 1.000-1.100 Iberiar penintsulan eta 666 Euskal Autonomia Erkidegoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina, goroldioaren %10 dago galtzeko arriskuan; zazpi espezie, gutxi gorabehera. Zerrenda horretan dago Arabako Orthotrichum casasianum espeziea, munduan bakarra. 2000. urtean aurkitu zuten Patxi Heras eta Marta Infante botanikariek, Baia ibaiaren ertzean, Zuia eta Kuartango artean.

Hamaika ezaugarri ditu landareak, baina bi nabarmentzen dituzte adituek: kolonizatzailea eta xurgatzaile aparta da; alde batetik, erraz igotzen da harkaitzetara edota zuhaitzetara, eta, bestetik, euri ura erraz biltzen du. Gasteizko Natur Zientzien Museoko Botanika saileko ikertzailea da Patxi Heras, eta oso ongi ezagutzen du goroldioen mundua: «Landarea zorua sortzen duen organismoa da. Haren gaitasunaren ondorioz, urmaelaren antzekoak direla esan daiteke, nahikoa ur biltzen baitute: euria xurgatzen dute, eta, ondoren, pixkanaka-pixkanaka askatzen doaz, oreka hidraulikoa mantenduz. Aldi berean, lurreko animalia txikitxoenen etxe ere badira. Oso ezezaguna da goroldioen mundua, baina garrantzi handiko landareak dira».

Gainerako ezaugarriei dagokienez, berriki ezagutu da bitxiena: izoztu ostean berriro bizi eta ugal daiteke. Izan ere, Readingo Unibertsitateko eta British Antartic Survey taldeko ikertzaile lantalde batek (Erresuma Batua) Antartikako izotzean 1.500 urte izozturik egon duen goroldioa berpiztea lortu du. Ikerketaren arabera, permafrost azalean, hotz handiko eremuetan izozturik dagoen lurzoruan, bizirik jarraitzeko gai da Chorisodontium aciphyllum espezieko goroldioa. Landarearen lagina hartu zutenean, ohartu ziren goroldioa ez zegoela hilda, jarduerarik gabe baizik. Desizoztu eta inkubagailu egoki batean sartu zutenean, landarea ernatu eta kimu berriak sortu zituen: goroldioaren azalera hiru zentimetrotik 23ra handitu zen.

Gizakiaren mesederako

Ezezaguna den arren, aspaldikoa da gizakiaren eta goroldioaren arteko harremana. Ipar Amerikako indiarrek, esaterako, goroldioarekin egiten zituzten euren tribuetako haurren pixoihalak, xurgatzaile onak direlako; sehasketan ere ipintzen zuten. Landarearen gaitasun hori baliatuz, II. Mundu Gerran, Britania Handiko hainbat herritan Sphagnum espezieko goroldioak erabili zituzten, zaurtutako soldaduen zauriak sendatzeko.

Ura xurgatzeko ahalmenagatik, gizakiak bestelako erabilerak eman dizkio goroldioari. Erresuma Batuko landa eremuan, adibidez, Fontinalis antipyretica espeziea erabiltzen zuten suteei aurre egiteko: ibaiertzetan egoten denez, ura biltzeko gaitasuna baliatzen zuten sua itzaltzeko. Hortik datorkio izena, latinez: suaren kontrakoa da esanahia, gutxi gorabehera.

Usteltzen direnean ere beren egitekoa betetzen dute. Sphagnum espezieko goroldioek zohikatza sortzen dute usteltzean. Materia organiko horrek bi eginkizun nagusi izan ditzake: batetik, erregai gisa erabiltzen da, eta, bestetik, baratzezaintzan erabiltzen da, zoruetan zabaltzeko. Horiek horrela, balio ekologiko handia dutela nabarmendu du Herasek. Ibaiertzetan daudenak uretako osagai toxikoak xurgatzeko gai dira, eta, horrenbestez, ibaiak garbitzen dituzte.

Gastronomiaren mundura ere salto egin du goroldioak, nahiz eta eman duen pausoa oso txikia izan. Egia da egun ez dela apenas erabiltzen, eta oso animalia gutxik jaten dutela landarea. Halere, badira beren elikagaitzat hartu izan dituzten herriak. Finlandian, esaterako, ogia egiteko erabili zuten zohikatzaren goroldioa gosetearen urteetan. Ildo berari jarraiki, Eskozian whiskia egiteko erabiltzen dute hainbat ekoizlek. Antza, zohikatza erretzen dute sutan, eta horrek lur zaporea ematen dio edariari.

Laster amaituko dira Gabonak. Herritar askok aurten bildutako landareak zakarretara botako dituzte: «Gu ez gaude goroldioa hartzearen aurka; uste dugu neurrian hartu behar dela. Beraz, Eguberriak amaitzean, jasotako goroldioa poltsa batean gorde daiteke, eta hurrengo urtean erabili». Basoetako ekosistema zaintzea denon ardura dela nabarmendu du: izan ere, goroldioa atera ostean, gutxienez 10 urte behar dira berria jaiotzeko.]]>
<![CDATA[Marte jomugan jarrita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2179/012/002/2014-12-21/marte_jomugan_jarrita.htm Sun, 21 Dec 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/2179/012/002/2014-12-21/marte_jomugan_jarrita.htm Orion espaziontzia prestatzen ari da, gizakiak hara eramateko xedearekin. Atzerako kontaketa hasi da.

Proiektuaren nondik norakoak hobeto ulertzeko, komeni da AEBetako espazio agentziak azken urte hauetan egin duen ibilbideari so egitea. Ezin da ukatu 70eko hamarraldian historia liburuan kapitulu garrantzitsua idatzi zutela, gizakiak oinak Ilargian ipini zituenean; dena dela, gaur arte ez dute izan halako helburua lortzeko behar bezalako azpiegiturarik.

Kontua da ordutik hona kalitate handiko jaurtigailu sistema batean ibili direla buru-belarri —Space Shuttel programa—, eta albo batean utzi dutela maila goreneko espaziontziena. Bien bitartean, Errusiak eta Europak aurrea hartu diote espazioa konkistatzeko lasterketan. Gainera, Challenger (1986) eta Columbia (2003) ontziekin izan zituzten istripuek zalantzan ipini zuten jaurtigailuen programa. Hori dela eta, bertan behera uztea erabaki zuten Constelation proiektuarekin lanean ari zirenean. Azken ikerketa horretan espazioan erabiltzeko ibilgailu bat ari ziren prestatzen, eta horixe bera moldatzen ari dira gizakiak Martera eramateko ahaleginean. Abenduaren 5ean egin zituzten lehen probak.

Jose Felix Rojas EHUko Zientzia Planetarioen lantaldeko kidea da, eta oso ongi ezagutzen du NASAk martxan jarri duen proiektua: «Gaur egun dauden espaziontziekin ezin gara iritsi Martera; horretarako, sistema berri bat diseinatu beharra dago». Planeta gorrira heltzeko misioan erabili behar den erregai kopuruan legoke gakoa; ibilgailuak nahikoa eraman beharko du, joan-etorriko bidaia egiteko eta helmugara iristean, ongi frenatzeko: «Planetaratzeko erabiltzen den erregaia gutxiagotu daiteke, frenatzeko sistema egokia erabiltzen bada». Izan ere, erregai guztia Lurretik eraman beharko lukete, eta, hori dela eta, sistema egokia diseinatu behar da, ahalik eta gutxien erabiltzeko.

Nolako espedizioa?

Egungo azpiegituren baldintzen arabera, misioak hemezortzi hilabeteko bidaia izanen luke joan-etorria egiteko, eta egonaldia lau hilabetekoa izanen litzateke. Gainera, espaziontzia bi planetak elkarren artean ongi kokatuta dauden une batean jaurti beharko litzateke. «Marten, gizakiek robotek egiten ez dutena egin beharko lukete: lagin egokiak hartu eta, aldi berean, ziurtatu beharko dute izaki mikroskopikoak bizi diren, edota garai batean bizia egon zela egiaztatzen duten fosilak bilatu beharko dituzte».

2012tik Curiosity robotak bildu dituen datuen arabera —planeta gorria aztertzen ari den ibilgailua da—, baieztatu dute garai batean planeta gorrian ura bazela, ibaietako itsasadarretan egon zitezkeen sedimentuak aurkitu baititu. «Jakin badakigu ura dagoela, baina ez dakigu non aurkitu. Datuek diote lurpean izotza dagoela, baina horrek ez du esan nahi blokeetan dagoenik. Agian poroak dituzten mineraletan egonen da, eta izozturik dago», azaldu du Rojasek. Asteon robotak igorritako informazioaren arabera, gas metano iturri bat topatu dute, agertu eta desagertzen dena. Lurrean, atmosferan dagoen metanoaren %90 izaki bizidunek sortzen dute.

Erronka handia izanen da gizakiak Martera bidaltzea: «Komeniko litzateke zientzialari jantziak joatea; Ilargitik ekarri zituzten lagin hoberenak, esaterako, azken misiokoak izan ziren, geologo bat joan zelako eta hartu zituen harriak ongi aukeratu zituelako». Halere, ezin ahaztu planeta gorrian lau hilabetez bizirik iraun beharko dutela, eta ez dela batere erraza izanen: «Zuzeneko erradiazioa jasotzen du planetak, ez baitu kosmoseko partikuletatik babesteko inolako atmosferarik».

2030-2040 urteetan

Ikerketa amaitzean, Lurrera itzuli beharko dute, eta, horretarako, beharrezkoak ez dituzten gauzak han utzi beharko dituzte, espaziontziaren barruko zama arintzeko. «Orain, aztertzen ari dira nola sartu atmosferan, gehiegi frenatu gabe».

Aurreikusia duten bide orria betez gero, 2030-2040 urteetan planetaratuko da lehenengo pertsona Marten. Rojasen arabera, ez dago hain urrun: «Ziurrenik, Martera joanen den lehen pertsona jaio da, baina ez dakigu nor den, ezta noiz izango den ere». Denborak ditu galderaren erantzunak.]]>
<![CDATA[CO2a xurgatu, biomasa sortu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2014-12-14/co2a_xurgatu_biomasa_sortu.htm Sun, 14 Dec 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1898/020/001/2014-12-14/co2a_xurgatu_biomasa_sortu.htm
Hala ere, beren lana egin ahal izateko, ezinbestekoa dute argiaren indarra. Fotosintesiaren bitartez CO2a hartzen dute, eta argiaren laguntzarekin onuragarriak dituzten molekula bihurtzen dute, hazi eta ugaltzeko —beren elikagaien menuko plater bat da—. Pilar Brettes ikertzaileak Gaiker Ik-4 ikerketa zentroan lan egiten du, eta oso gertutik ezagutzen du mikroalgen unibertsoa: «Zelula bakarreko organismoak direnez, azkarrago egiten dute CO2aren eraldaketa». Hau da, esan daiteke gainerako landare eta zuhaitzek baino azkarrago garbi dezaketela airea.

Lurreko zenbait lekutan, ordea, arazoak izaten dituzte argiarekin, adibidez, klimaren eraginagatik. Euskal Herrian, esaterako, sarri askotan hodeiak dira nagusi, eta, horrenbestez, mikroalgek ezingo lukete beren egitekoa behar bezala bete. Hori dela eta, Gaiker-Ik4 erakundea fotobioerreaktore malgu bat sortzen ari da, uretako landare mikroskopikoak argi gutxiko eremuetan hazteko eta industria eremuetako gas isuriak xurgatzeko. Kutxa baten antzekoa da. Alde batetik, eguzki erradiazioa bilduko luke mikroalgak bideratzeko eta beren fotosintesia ahalbidetzeko, eta, bestetik, industria eremuetako gasak sartuko lirateke. Askotan, CO2arekin batera, beste osagai batzuk izaten dituzte gas mota horiek, eta asko, gainera, toxikoak izaten dira. Horregatik, ikerketaren bigarren zatiak bi helburu izanen ditu: lehenik, osagai horien toxikotasuna neurtzea, eta, bigarrenik, gasaren osagaiak aztertzea, toxikotasuna deuseztatzeko eta CO2a mikroalgetara zuzenago iristeko.

Horrekin batera, landare txikiek betetzen duten bigarren funtzioa ere ikertuko luke proiektuak, bioosagaiarena, alegia. Brettesek azaldu duenez, mikroalgak haztean eta beren funtzioa betetzean, landareak uretatik bereiziko lituzkete, beren osagaiak atera ahal izateko; ikerketaren lehen faseetan atera dituzten ondorioak aplikatuko lituzkete. Bi mikroalga mota haziko dituzte, haien errendimendua aztertzeko, bai biomasaren ekoizpena sustatzeko, eta baita balio handiko konposatuen produktibitatea ere, hala nola gantz azidoa eta omega 3a. «Mikroalgek oso osagai onuragarriak dituzte; adibidez, arrainek omega 3 asko dute, mikroalgekin elikatzen direlako».

Mikroalgen industria

Ingurumenari mesede egiten diote mikroalgek. Haatik, Lurraren ezaugarri klimatologikoak direla eta, ez dira mikroalgak leku guztietan landatzen; ez CO2a eta industria eremuetako gasak edonon xurgatzeko eran, bederen. Egun, Espainia hegoaldean, Kanariar uharteetan, AEBetako hegoaldean, Mexikon eta Israelen daude mikroalgen industria eremu nagusienak; hots, eguzki ordu gehien duten eremuetan. Iparraldean, aldiz, landaretxoek laguntza behar dute, beren funtzioak betetzeko. Brettesek azaldu duenez, jada hainbat proiektu daude martxan Herbehereetan eta Alemanian, besteak beste. Horren harira, I+G Flexipho proiektua martxan jarrita dago; Estudios e Ingenieria Aplicada XXI S.A. eta Gaiker-Ik4 ari dira elkarlanean.]]>
<![CDATA[«Hobeto biziko ginateke kanpoko ezagutza gure herrira ekarriko bagenu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/014/001/2014-12-07/hobeto_biziko_ginateke_kanpoko_ezagutza_gure_herrira_ekarriko_bagenu.htm Sun, 07 Dec 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1849/014/001/2014-12-07/hobeto_biziko_ginateke_kanpoko_ezagutza_gure_herrira_ekarriko_bagenu.htm
Zer sentipen dituzu saria dela eta?

Egindako lan guztiaren ezagutza izan da; ez nirea bakarrik, baita nirekin batera lanean ibili direnena ere. Oso pozgarria izan da, bai. Saria pauso txiki bat da ikertzailearen ibilbidean aurrera egin ahal izateko, eta orain ildo berean jarraitu behar dugu. Motibaturik gaude, eta maila berean aurrera egitea da erronka.

Saria Walter Kalkhof-Ros kimikariaren alargunak eman zizun. Zer sentitu zenuen jasotzeko orduan?

Eredugarria izan da. Emakume horrek urte asko daramatza zientziaren alde lan egiten. Egun, 92 urte ditu, eta oraindik ekitaldiak antolatzen ditu, bekak eskaintzen ditu ikertzaile gazteen lana sustatzeko eta, oro har, dirua ematen dio zientziari. Esan genezake gizarteak izan behar duenaren eredua dela. Hark saria ematea, bada, ohore bat izan da.

Izendapenak zeresana eman du. Etxean ikasi ostean atzerrira lanera doazen gazteei buruzko gogoetak eragin ditu...

Ni aspaldidanik nabil kanpoan. Egun gertatzen den ihesaldia arrazoi ekonomikoengatik bada, oso negatiboa da; tristea. Halere, uste dute zerbait positiboa atera daitekeela. Kanpoan eskuratzen duzun ezagutza etxera ekar dezakezu. Ikertzaileak zientzia dagoen lekura joan behar du. Atzerrian beti ikasten duzu zerbait, eta aberastu egiten zara. Hemen oso ongi bizi gara, baina hobeto biziko ginateke kanpotik ezagutza ekarriko bagenu eta gure herriaren mesederako erabiliko bagenu. Nik hori egin nuen Tecnaliaren laguntzari esker, eta kanpoan ikasi dudana orain hemen ari naiz erabiltzen.

Zer ikerketatan ari zara? Zer saritu dute?

Gure helburua da gaixoen mugitzeko urritasuna errehabilitatzea garuneko infartua izan ostean. Pertsona horiek perlesiak jota daude, burmuinean kaltea izan dutelako. Oro har, muskuluak ezin dituzte mugitu, baina saia daitezke; izan ere, arazoa garunaren eta giharren arteko loturan dago; hau da, burmuinean sortzen den seinalea ez da iristen muskuluetara, egin behar duen bideetako batean kalteren bat dagoelako. Horrenbestez, gure beharra da garunaren eta muskuluaren arteko zubi lana egitea. Teknologiaren bitartez, garuneko jarduera neurtzen dugu, matematikako logaritmo batekin kodifikatzen dugu, eta, ondorioz, badakigu gaixoa noiz saiatzen ari den mugitzen. Une horretan, eskeleto robotiko batekin mugitzen dugu, eta, horrela, zirkuitua ixten dugu.

Horri esker, mugitzeko gaitasuna berreskura dezakete?

Hala da, bai; baina oso mugimendu txikiak dira. Zirkuitua ixten dugunean, gaixoak mugitu nahi duenean, muskulua mugitzen du. Egoera horretan, neuroplastikotasun legeak sortzen ditugu eta, horiek martxan ipintzean, lehen mugimenduekin hasten dira. Sortzen den efektua haurrek lehen mugimenduekin izaten dutenaren antzekoa da. Hasierako mugimenduak bortitzak dira, ez baitute ikasketa instrumentalik. Haurrek erabiltzen dituzten jolas horietako batekin gertatzen denaren antzekoa da: zenbait pieza dituzte, forma ezberdinetako zuloetan sartzeko, eta ibilian ikasten dute. Guk gauza bera egin nahi dugu gaixoekin, mugimenduak behin eta berriro errepikatuz, apurtutako bidea osatuko genuke; hots, neurokonexioak berreskuratu eta muskuluen eta garunaren arteko lotura finkatu. Elbarritasun osoaren eta mugimendu pixka baten arteko trantsizioan egongo ginateke. Gure helburua da errehabilitazioa modu naturalean egitea.

Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) edo paralisi osoa dutenekin erabil daiteke?

Bai, noski. Interfaze hauek edozein motatako paralisiak dituztenekin erabil daitezke.

Donostian eta Alemanian diharduzu. Zer asmo dituzu?

Alemanian bizi arren, beti izan dut lotura zuzena Donostiarekin. 2004tik nago Tecnaliarekin lanean, eta Alemanian Tecnaliarekin batera ari naiz lanean. Kanpoan nago, ezagutza jaso behar nuelako ikerketarekin aurrera egiteko. Une honetan, guztia prest dugu antzeko proiektu bat Euskal Herrian egiteko. Nire helburua da ezagutza etxean sortzea. Horretarako, guztiok arraun egin behar dugu norazko berean: erakunde, unibertsitate, enpresa, eta gune teknologikoek.]]>
<![CDATA[Pozoien bidetik, sendabide bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/016/001/2014-11-30/pozoien_bidetik_sendabide_bila.htm Sun, 30 Nov 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1851/016/001/2014-11-30/pozoien_bidetik_sendabide_bila.htm
Adituen arabera, pertsonen %20-25ek beren bizitzan nerbio sisteman tratatu beharreko gaixotasunen bat izanen dute. Egoera ez da batere samurra, gaur egun ez baitago modurik horrelakoei taxuz aurre egiteko. Hori dela eta, Bartzelonako Institut de Recerca Biomedica ikerketa zentroko lantalde batek hamar urte daramatza buru-belarri garuneko atea zabalduko duten giltzen bila. Meritxell Teixido doktorea Peptidoen eta Proteinen Diseinu, Egitura eta Sintesi alorreko lantaldeko kidea da, eta beren xedea zein den azaldu du: «Gure helburua da hesi hematoentzefalikoa zeharkatuko duten eroaleak sortzea. Horrela, aldi berean, burmuineraino eraman nahi ditugun nanopartikula, antigorputz terapeutiko edo proteinak garraiatuko lituzkete; hots, autoa izanen lirateke, eta atoia, berriz, burmuinera eraman nahi dugun hori».

Horretarako, eroale egokien bila ari dira. Laborategian hainbat ikerketa lerro dituzte martxan, eta horietako bat pozoietan oinarritzen da. Teixidok esplikatu duenez, ikerketari esker jakin dute pozoietako peptidoen egituraren zati bat toxikoa dela, eta bestea garraioaz arduratzen dela; beraz, azken zati hori erabili nahi dute beren lanarekin aurrera egiteko. Une honetan, nerbio sisteman eragin eta hesia hautsi gabe zeharkatzeko gai direnekin ari dira lanean; erleen pozoiarekin, besteak beste. «Ez dugu nahi toxikoak izatea; beraz, gure lana da, erleen pozoiaren egituran oinarrituz, hesia gurutzatuko duen peptido sintetikoa diseinatzea, toxikoa ez dena, hain zuzen ere», azaldu du Teixidok.

Eroale unibertsala

Hasieran, edozein gauza gurutzatzeko gai den eroale unibertsala diseinatzearen aldeko hautua egin zuten ikertzaileek. Denboraren joan-etorriarekin, ordea, jabetu dira zaila dela antigorputzak nerbio sistemaraino eramatea. Horregatik, garunera garraiatu nahi denaren araberako eroaleak diseinatu dituzte orain. Horietako bat, adibidez, garuna babesten duen hesia transferrina hartzailetik gurutzatzeko gai da. Proteina hori, hain zuzen ere, hesi horretan dago, eta burmuinak burdina behar duenean bertatik igarotzen da odolera. «Gure eroalea hartzailetik igarotzeko gai da, eta berarekin batera atoia — antigorputza, esaterako— eramaten du», esplikatu du Teixidok, eginiko aurrera urratsen berri emateko gogoz.

Izan ere, lan luze baten ostean, hitzetatik ekintzetara egiteko ordua heldu zaie zientzialariei. Bartzelonan, esaterako, Vall d'Hebron erietxeko Onkologia Institutuarekin elkarlanean ari dira, Joan Seoan adituarekin batera. Glioblastoma ikertzen dihardute —garuneko tumore baten antzekoa da— , eta esan dietenaren arabera, gaixotasunei aurre egiteko behar dena da antigorputza burmuinera eramatea. Haatik, hesi hematoentzefalikoa gurutzatzeko zailtasunak dituztenez, eroaleak antigorputzekin atontzen dituzte, helmugaraino heltzeko. Ikerketa hori Kataluniako Generalitatenaren Prava't proiektuaren barrukoa da.

Martxan duten beste ikerketetako batek ataxia friedich deituriko eritasuna ikertzen du. Gaitza duten haurrek frataxiaren —proteina mota bat— gabezia dute gorputz osoan; haatik, beren ikerketaren xedea da garunera iristea, gaixotasunak neuronen endekapena sortzen baitu. Horiek horrela, ikerketaren jomuga da jaurtigailuak frataxinarekin atontzea, helmugara ongi iristeko. Ikerketa Madrilgo Biologia Molekularreko Guneko Javier Diaz Nido adituarekin ari dira egiten.

Nerbio sistema zentralera iristea erronka da zientzialarientzat. Bartzelonako laborategiaz gain, kanadiar jatorria duen Angiochem enpresak ere peptido eroaleekin lanean dihardu, baina Kataluniakoekin alderatuta, odolean denbora gutxiago irauten dute horiek. Guztia ongi ateratzen bada, Teixidoren lantaldearen ikerketek ondorio positiboak ekarriko ditu medikuntzara. ]]>
<![CDATA[«'Philae' Lurrera bidaltzen ari den datuek ez dute preziorik»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1744/012/001/2014-11-16/philae_lurrera_bidaltzen_ari_den_datuek_ez_dute_preziorik.htm Sun, 16 Nov 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1744/012/001/2014-11-16/philae_lurrera_bidaltzen_ari_den_datuek_ez_dute_preziorik.htm Philae zundak 67/P Churyumov-Gerasimenko kometan ipini zituen oinak, eta zientziaren historia liburuan kapitulu berri bat idatzi. Idazle horien artean hainbat euskal izen eta abizen daude, tartean Ander Martinez de Albeniz (1985, Tolosa, Gipuzkoa). Ingeniaritza Aeronautikoa ikasi zuen, eta bi urte daramatza ESA Europako Espazio Agentzian lanean, GMV enpresaren bitartez. Rosetta misioan ibili da buru-belarri, eta haren lantaldearen helburua izan da, besteak beste, Philae-ren ibilbidea marraztea ongi kometaratzeko. Emaitza «ezin hobea» izan dela dio. Astea gogorra izan da; ahotsean sumatzen zaio, baina irribarretsu dio oso harro dagoela eginiko lanarekin.

Lehenik eta behin, zorionak. Urte askotako lanaren ostean, zer-nolako sentipenarekin geratu zarete lantaldean?

Ez dakit; pixka bat arraroa izan da. Arreta asko jaso dugu, eta ez gaude ohituta hainbesteko iskanbila sortzera. Oso pozik dago jendea hemen. Denok dugu sentipena horrelako momenturik ez dugula denbora luzean berriro ere izango.

Philae-k espaziontzitik askatu eta oinak kometan jarri arte, zazpi ordu igaro ziren. Nola bizi izan zenuten denbora tarte hori?

Tentsio pixka batekin, iritsi behar zitzaizkigun datu guztien zain. Ni neu zain egon nintzen zerbait gertatuz gero Rosetta larrialdiko modutik berreskuratzeko. Zorionez, ez genuen ezer ere egin behar izan.

Handik gutxira hasi ziren lehen irudiak iristen. Zer-nolako erreakzioa izan zenuten argazkien eta datuen inguruan?

Sekulako poza. Bereizketa egin zenean, handik 28 minutu ingurura telemetria iritsi zitzaigun: azelerazioa hartzen duten sentsoreen eta beste batzuen informazioa heldu zitzaigun. Orduan jakin genuen banaketa ongi atera zela. Handik kometaratzera arte ez genuen berri gehiagorik izan. Rosetta-tik informazioa jasotzen ari ginen, guztia ongi ateratzen ari zela adierazten zuena, baina Philae-ren berririk ez genuen. Bitartean, Rosetta-k argazkiak ateratzen zizkion Philae-ri, baina ez genituen eskuratu kometara heldu baino pittin bat lehengora arte; hori ere sekulakoa izan zen: Philae ikusi ahal izatea guk espero genuen bideari jarraitzen eta kometaratzeko hankak irekita zeuzkala, hori eguneko mementorik hoberenetakoa izan zen.

Zailtasunak ere izan ziren...

Hala da, bai. Philae-k, berez, zailtasun dezente zituen. Adibidez, gailua kometaratzeko sistemak ez dauka kontrol ziklo itxi bat. Horrek esan nahi du guk Philae askatu genuela ahalik eta norabide eta abiadura hoberenarekin. Ikusi da arrakastatsua izan dela kalkuluak ongi egin zirelako, baina behin askatuta ez zegoen modurik gailuaren ibilbidea zuzentzeko. Jaurtitzerakoan gradu baten milaren (0.001 gradu) batean huts egiten baduzu, kometaratzean hori zenbait metroko desbideratze bihurtzen da. Beste zailtasunetako bat gailuaren diseinuan dago. Philae-k sistema batzuk zituen kometari eusteko, eta ez dute funtzionatu. Jaurti baino lehenago ikusi zen gailuak zuen suziri txikiari ezin zitzaiola presioa eman, eta bateriarekin ere arazoak izan zituen. Baina aurrera egitea erabaki zen.

Oztopoak oztopo, kometara iristea lortu zuen. Baina gero ikusi zen ez zela geratu aurreikusi zen lekuan: Agilkian. Zergatik?

Berez, kometaratu behar zuen lekuan kometaratu zen. Kontua da kometari eusteko zituen bi sistema nagusiek ez zutela behar bezala funtzionatu. Kometari eusteko zuen suziriak ere ez zuen funtzionatu. Horrenbestez, kometa jo zuenean zundak bote egin zuen, eta, horregatik, behin kometaratu beharrean hiru aldiz kometaratu zen. Lehenengoan, hanken malgutasunaren ondorioz, gainazaletik 400-500 metrorainoko saltoa egin zuen. Gero, kometaren grabitate eskasak tiratuta, berriro gerturatu zen lurrazalera, eta beste bote txiki bat eman zuen orain dagoen lekuan kokatu zen arte.

Aingurek huts egin zuten arren, torlojuekin eutsi dio kometari. Ez al du alde egiteko arriskurik?

Gailuekin, bi aingurekin eta suziri txikiarekin batera, torlojuen antzeko piezak ditu hanketan. Ez dago argi horiek kometan finkatu diren ala ez, baina, hala ere, behin geldirik egonik, nahikoa da kometaren grabitatea bertan egoteko; beraz, oraingoz, ez dago arriskurik alde egiteko.

Pixkanaka itzali egin da...

Bai, hala da. Geratu den lekuan erdi itzalean geratzen da Philae, eta eguzki izpiek ez dute behar adina jotzen. Izan ere, kometak hamabi ordukoa du erreboluzio periodoa; hau da, lurrean egunak 24 ordu dituen bezala, kometaren gainazalean egun batek hamabi ordu ditu. Kometaratzea hobeagoa izan balitz, egunaren erdia argitan egongo zen; hots, sei ordu argitan eta sei itzalean emango zituen. Leku berriaren ezaugarrien ondorioz, soilik ordubetez jasotzen du argia gutxi gorabehera, eta beste 11 bat ordu ematen ditu itzalean. Horrek esan nahi du eguzki panelek ez dutela energia nahikoa sortzen bateria egoki kargatzeko. Ondorioz, misioaren iraupena espero zena baino txikiagoa izango da.

Pena sortzen du uste baino lanaldi laburragoa izateak, ezta?

Philae oso arrakastatsua izan da. Egia da uste baino etekin gutxiago aterako zaiola, baina orain arte lortutakoak eta Lurrera bidaltzen ari den datuek ez dute preziorik.

Azken orduetako informazioaren arabera, gailua lekuz aldatzeko saioa aztertzen ari dira. Lortutakoaren ostean, merezi al du Philae mugitzea?

Teorian, Philae ez dago diseinaturik lekuz mugitzeko, baizik eta iristen zen lekuan ainguratzeko. Zorionez, kometaren grabitatea oso txikia da, eta Philae-k barruan dauzkan instrumentuak nola edo hala mugituz lor daiteke pittin bat mugitzea. Agian iraul daiteke edo posizioa aldatu, Eguzkiak hobeto emateko. Azken orduetan zientzialarien helburua izan da izan duten denbora eskasean ahalik eta informazio gehiena eskuratzea.]]>
<![CDATA[«Nanomedikuntzak ez dakar iraultzarik; baina asko lagun dezake»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/020/001/2014-11-09/nanomedikuntzak_ez_dakar_iraultzarik_baina_asko_lagun_dezake.htm Sun, 09 Nov 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1849/020/001/2014-11-09/nanomedikuntzak_ez_dakar_iraultzarik_baina_asko_lagun_dezake.htm
ETPNk hamar urte beteko ditu aurki. Zer-nolako ekarpena egin dio zientziari?

Hasieratik, ETPNren helburua izan da osasun alorrean erabiltzen den nanoteknologiaren ikuspegi industriala ematea. Gizartearen beharrak osasunarekin loturiko proiektuak ipini ditu lehentasunen artean, baina hori ezingo litzateke egin hornitzaile sare on bat gabe. Alde horretatik, mundu akademikoaren eta enpresa txiki eta ertainen bat egitearen beharra sumatzen da, medikamentu berritzaileen industrializazioari erantzuteko. Dena den, soilik sistema birdiseinatuta lor liteke. Sistema berriak erakunde akademikoak eta industrialak lagundu behar ditu, ideia teknologikoak medikuntzako produktu bihurtzeko prozesu osoan.

Maiz esaten da nanomedikuntza dela etorkizuna. Zergatik da hain garrantzitsua?

Nanomedikuntza, definizioz, hurbilketa teknologikoen multzo bat da. Fisika, kimika, optika, elektronika eta fluidoen arloko ikerketa berritzaileak medikuntzako emaitza bihurtzen ditu diagnostiko eta terapia eraginkorragoak izateko. Gainera, nanomedikuntza, medikuntzako beste edozein aplikazioren antzera, oso zorrotz araututa dago, eta, horregatik, ongi zaindu behar ditu ekoizle teknologikoen, erakunde arautzaileen eta azken erabiltzaileen arteko harremanak.

Europako zientzian aurrera egiteko, hainbat lehentasun finkatu dituzue. Zeintzuk dira?

Iaz, ETPNk hainbat gomendio argitaratu zituen, eta, besteak beste, Europan azpiegitura berriak sortzeko proposamena egin zuen. Instalazio horiek farmazia erakunde bazterturik utzi dituztenak izan daitezke, eta, modu horretan, nanomedikuntzaren industriak goi mailako azpiegitura bat izanen luke. Beste gomendioetako bat izan zen azpiegitura bat sortu beharko litzatekeela, erakundeei babesa emateko, eta, modu horretan, benetako nanomedikuntzaren ekosistema sortu Europan. Haatik, hau guztia posible litzateke nanozientzian dirua eta baliabideak ongi inbertituko balira.

Zertan alda dezake gure bizitza?

Askotan esaten den arren, nanomedikuntzak ez dakar inolako iraultzarik; baina, nanoteknologia medikuntzaren hainbat diziplinatan erabiltzen bada, medikuntzaren beharrei erantzuteko irtenbide berriak lortzen lagunduko luke. Produktu berriak sortzen ari da, eta diagnostiko eta terapia hobeak egiten ditu. Gaixoen monitorizazio fidelagoa ere egiten du. Gaur egun, gorputzerako botiken alorra dago gehien garatua —industrializazio eta heldutasun teknologikoaren aldetik—, industria farmazeutikoari itxaropenaren ateak zabalduz. Nanomedikuntza egungo medikamentuak hobetzeko gai da, baita aukera terapeutiko berriak ikertzeko ere. Gainera, nanomedikuntza oso desiratua da tumoreen detekziorako. Izan ere, asko hobetzen da tumoreetan askatzen den farmakoaren ematea, kontzentrazioa eta zelulek egiten duten kaptazioa, inguruko ehun osasuntsuetan albo ondorioak saihestuz. Azkenik, konposatu aktiboen nanokapsularatzearen bidez sendagaien toxikotasuna txikitzea lortzen da, eta, ondorioz, urritu egiten dira hainbat terapiak dituzten nahi gabeko ondorioak.

Donostiako hitzaldian komentatu zenuen ebola gaixotasunari aurre egiten lagun dezakeela. Nola egin dezake?

Nire azalpenak gaizki ulertu ziren. Ebola oso gaixotasun kutsakorra da; horregatik, antzeko gaixotasunekin erabili den nanoteknologiarekin aldera daiteke, hala nola malaria, GIBa, tuberkulosia… Bada aukera bat nanomaterialak erabiliz jatorri birikoa ez duten nanotxertoak sortzeko. Nanotxertoen nanotamainak lokalizaziorako gaitasun zehatza eskaintzen du.

Zeintzuk dira ETPNren etorkizuneko erronkak?

Horizonte 2020 proiektua babes handia da Nanomedikuntzako Europako erakundeentzat. Hainbat baliabide eskaintzen ditu —laguntza ekonomikoa, azpiegitura, ezagutza eta formakuntzarako aukerak—, martxan dagoen ekosistema indartzeko. ETPNren helburua da alor horretan parte hartzea, eta hainbat egitasmo bultzatzea, Europan nanomedikuntzaren industria sortzeko eta haren garapena bideratzeko. Aldi berean, ETPNk bere sarea eta ezagutza erabiliko du, nazioarteko kooperazioa martxan jartzeko, eta, modu horretan, enpresa europarrei laguntzeko. Egia da Europak ez duela egin AEBek egin duen bidea, baina gure helburua da negozio maila berera iristea eta antzeko emaitza soziala lortzea. Hala, Europako Nanomedikuntza erakundeek merkatu globalean lehiatuko dira, minbiziaren eta bestelako gaitzen kontrako borrokan.

]]>
<![CDATA[Hipotesi handien izaki txikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2014-11-02/hipotesi_handien_izaki_txikia.htm Sun, 02 Nov 2014 00:00:00 +0100 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1898/018/001/2014-11-02/hipotesi_handien_izaki_txikia.htm Homo floresiensis-aren aztarnak. Ikertzaileak aho bete hortz geratu ziren; erantzun bila jarraitzen dute.]]>
Hamarraldi honetan hamaika dira Homo floresiensisdeituaren eskutik heldu diren hipotesiak. Era guztietako iritziak sortu dira, baina guztiak bat datoz fosilaren tamainan; izan ere, giza espezieko pigmeoak baino txikiagoak dira, eta, hori dela eta, Hobbitgoitizena ezarri diote fosilari. Alde batetik, eta, lehen hipotesien arabera, izakiak Flores uhartera heldu ziren Homo erectusedo Homo sapiens-ak izan daitezke, eboluzioan txikiagotu egin zirenak. Fenomeno bitxia dirudi; baina ez da bakarra. Idoia Goikoetxea biologoa doktoretza egiten ari da -neandertal umeen haziera eta horrekin erlazionatutako gastu kalorikoa ikertzen ari da, hain zuzen ere- Granadako Unibertsitatean (Espainia), eta gaiaren inguruan zera dio: «Zenbait irlatan oso fenomeno bitxia gertatzen da, enanismorako joera gertatzen da. Lurralde txikiagoak dira, elikatzeko material gutxiago daukate, eta animalia handiak txikiagotzeko joera hartzen du». Garuna ere txikia zuten, laranja baten tamainakoa.

Zenbait ikertzaileren aburuz, izaki patologikoak ziren; hau da, gaixotasunen bat zuten, hala nola mikrozefalia, kretinismoa, edota Laron sindromea zutela uste dute. Era berean, aurtengoan ikerketa talde batek esan du izaki horiek Downen sindromea izan zezaketela. Hipotesiak hipotesi, hamar urte hauetan DNA lortzeko bi proba egin dizkiote eskeletoari, galdera guztiei erantzuna bilatzeko xedearekin; alabaina, ez dute inolako emaitzarik lortu

Liang Bua leizean lozorroan zegoen eskeletoa emakume batena da, eta 12.000 urte ditu. Inguruan, harrizko tresnak aurkitu zituzten, 94.000-13.000 urte bitartekoak. Adituen arabera, erreminta horiek oso modernoak dira, eta Homo sapiens-ari atxikitzen dizkiote. Kobazuloak ere izakien bizimoduaz hainbat pista ematen ditu. Antza, sua erabiltzen zuten, bai berotzeko, baita janaria prestatzeko ere, suaren inguruan elefante ipotxaren hezur erreak aurkitu baitituzte.

Fosilen artean, izakiaren burezurra topatu dute: «Eskaner bat egin da, eta ordenagailuen bitartez, burmuinaren forma irudikatu dute. Aztertuta, batzuek diote lengoaia ere izango zutela. Beraz, esan genezake, txikiak zirela, baina gu bezain inteligenteak». Espezie berri bat dela diotenek, berriz, oso izaki inteligentea zela nabarmentzen dute.

Desagertzeari buruz

Oso bitxiak dira Homo floresiensis-arenbizimoduaren inguruan sortu diren hipotesiak, baita haren desagertzearekin zerikusia dutenak ere. Eskualdean topatu dituzten aztarnen arabera, sumendi baten leherketaren eraginez desagertu ziren izaki txikiak, dinosauroekin gertatu omen zen bezala. Halere, badira XIX. mendera arte bizirik egon zirela diotenak. Zalantzarik gabe, izaki txikiak hipotesi handiak sortu ditu. Horien inguruan, Goikoetxeak argi du zein den bere jarrera: «Fosil gehiago aurkitzen ez diren arte, ez nuke eskua sutan jarriko, ez hipotesi batengatik ez beste batengatik. Kontu handiarekin ibili behar da espezie berriak agertzen direnean». Bien bitartean, zientzialariak Flores uhartean loratu diren galderei erantzuna bilatzen dihardute.]]>
<![CDATA[«Urte askotan, matematikak ez du izan merezi zuen tokia»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/008/001/2014-10-19/urte_askotan_matematikak_ez_du_izan_merezi_zuen_tokia.htm Sun, 19 Oct 2014 00:00:00 +0200 Arkaitz Almortza Muro https://www.berria.eus/paperekoa/1849/008/001/2014-10-19/urte_askotan_matematikak_ez_du_izan_merezi_zuen_tokia.htm honoris causa doktore izendatu dute. Ekitaldian, matematikak gizartean izan behar duen lekua aldarrikatu zuen, eta azpimarratu zuen etorkizunari begira tresnarik garrantzitsuena dela. Gaur egun, Basque Center of Applied Mathematic (BCAM) gunean dihardu, Deribatu Partzialetako Ekuazioen arloan.

Lehenik eta behin, zorionak! Nola jaso duzu izendapena?

Pozik eta emozioz. Lorrenako Unibertsitateko ikasturte hasieraren ekitaldi ofizialean izan zen. Han, unibertsitateko presidentea eta eskualdeko errektorea zeuden [Frantziako ministerioak hezkuntza sisteman duen ordezkaria da]. Gurekin batera, senitartekoak eta lagunak izan ziren, baita iaz Lorrenan doktoretza egin zuten gazte asko ere. Oso polita eta hunkigarria izan zen.

Ekitaldian Matematika: etorkizuneko leihoa hitzaldia eskaini zenuen. Ze transmititu nahi izan zenuen?

Matematika gure gizartearen ardatz nagusietarikoa dela transmititu nahi izan nuen. Gizakia gizakia da, hizkuntza eta matematika sortu dituelako. Hitzaldia Euklidesen gogoeta batekin hasi nuen: Froga barik baieztatzen dena froga gabe ezezta daiteke. Ideia horretan oinarriturik, matematikaren sekulako eraikin intelektuala eraiki dugu, eta horren arabera sortu dugu gure gizarte teknologikoa. Hortik abiatuz, nola begiratu behar diogu etorkizunari? Hor ere erronka pila ditugu. Oso zaila da etorkizuna aurreikustea, baina argi dago etorkizunari begira zientzia dela dugun tresnarik garrantzitsuena, eta, zientziaren bihotz eta oinarri moduan, matematika.

Egun, zer-nolako rola jokatzen du matematikak gizartean?

Plurala. Dena kuantifikatu, zenbatu, ordenatzen dugu, eta, hori egin gabe, ezingo genuke ezer egin gaurko munduan. Demagun gaur dela zenbakirik gabeko eguna; horrenbestez, ezin duzu telefonoa erabili, ezta erlojua edo kreditu txartela ere… Ezingo genuke ezertxo ere egin zenbakirik gabe.

Haatik, merezi duen lekua al du gizartean?

Agian, guztiz ez. Nobel sarietan antzeman daiteke. Medikuntza, Kimika eta Fisika alorretan sariak daude, adibidez, baina Matematikan ez. Horrek kalte egin dio. Urte askotan ez du izan merezi zuen tokia. Gainera, kontuan izan behar da matematikaren lana bikoitza dela: batetik, matematika berezko zientziaren arloa da, baina baita beste zientzia guztien hizkuntza eta tresna ere. Ematen diren Nobel sarietan ez da nahikoa azpimarratzen zein izan den matematikaren ekarpena tresna moduan.

Euskal Herrian matematikari dagokion tokia egiteko helburuarekin sortu zen BCAM. Zer-nolako ekarpena egin dio euskal zientziari?

Bikoitza izan da. Batetik, Euskal Herrian, jendez beterik zegoen zientziaren plaza, baina erdigunea hutsik zegoen, eta hori betetzearen ardura izan du BCAMek. Nazioartean eredu izan da. Bilbo erdian dago, zientzia herritarrendako delako. Bestetik, kudeaketa talde eta eredu berriekin abiatu zen. Oso garrantzitsua da, ikertzaileak gogoz eta modu eraginkorrean aritzeko.

Biharko gizartea gaurko ikasleak dira. 2013ko PISA datuen arabera, estatu osoan, Nafarroako ikasleak dira onenak matematiketan, eta EAEkoak hirugarren tokian daude. Harro egon gaitezke?

Hori da euskaldunok dugun arazo nagusietariko bat: gure erreferente nagusia estatua izatea. Gure ereduak Danimarkak, Finlandiak eta Alemaniak izan behar dute, besteak beste. Horrek asko kezkatzen nau, eta maiz ikusten dut gure zientzia sisteman estatuarekin egiten den alderaketa erosoa. Izan ere, gainerako erkidegoekin alderatuta, diru gehiago bideratzen dugu zientziarako, eta, horrenbestez, gure erreferenteak beste lurralde batzuek izan behar dute.

Zentzuk dira matematikaren erronkak?

Maila askotan sailka daitezke. Euskal Herrian, esaterako, matematikak eman behar duen hurrengo pausoa da gure zientzia sisteman dauden teknologia eta industria guneekin elkarlana indartzea eta, erabiltzen diren tresna konputazionalen bilakaera bultzatuz, enpresa horiek lehiakorragoak izatea, hala gazteentzako lan aukera berriak sortuz.]]>