<![CDATA[Arnaitz Lasarte | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 04 Feb 2023 06:07:24 +0100 hourly 1 <![CDATA[Arnaitz Lasarte | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Sagarrari gero eta hozka handiagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2343/023/002/2015-11-01/sagarrari_gero_eta_hozka_handiagoa.htm Sun, 01 Nov 2015 00:00:00 +0100 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/2343/023/002/2015-11-01/sagarrari_gero_eta_hozka_handiagoa.htm
1. Apple konpainiako buru Tim Cook pozik agertu da aste honetan. Zer gertatu zaio ba? Pozik? Ez da harritzekoa. Applek sekulako emaitzak lortu ditu azken urtean. Zerga urtea amaitu berri du, eta enpresa batek inoiz izan gabeko irabaziak izan ditu 2015ean: 48.300 milioi euroren irabaziak, iaz baino %35 gehiago. Hein handi batean, fakturazioa nabarmen hazi delako. 211.600 miloi euroko fakturazioa izan du, aurreko urtean baino %27 handiagoa.

2. 211.600 milioi euro fakturatu ditu. Izugarri da hori, ezta? Bai. Pentsa, Irlandaren edo Portugal gisako herrialdeen BPGa da gutxi gorabehera.

3. Eta zer moduz joan zaio azken hiruhilekoa konpainiari? Urte osoko bilakaeraren erakusgarri da azken hiruhilekoa. Hiru hilabetean bakarrik 10.000 milioi euro irabazi ditu, 2014an epe berean baino %31 gehiago. Fakturazioa ere handitu egin da.

4. Zer dela-eta hain zenbaki onak? Batez ere, iPhonearen arrakastak eman dio bultzada AEBetako konpainiari. Ezetz asmatu azken hiruhilekoan zenbat iPhone saldu zituen?

5. Hiru bat milioi? Bai zera! Horiek, astebetean, hortxe-hortxe.

6. 40 milioi inguru, orduan? Ba, gehiago oraindik. 48 milioi iPhone saldu ditu, aurreko urtean epe horretan baino %22 gehiago. Appleren gailu arrakastatsuena da. Aldearekin, gainera. Ordenagailuen salmentak ere gora egin du, baina dezente apalago: %3. Appleren ardi beltza, berriz, iPada da. Haren salmentak %20 egin du behera azken hiruhilekoan.

7. Applek ordulari adimendun bat ere merkaturatu zuen duela gutxi, ezta? Bai, urte hasieran atera zuen kalera Apple Watch deitutako gailua. Salmenten inguruan datu zehatzik ez du eman konpainiak, baina harrera ona egin diote bezeroek. Adituek diote azken hiruhilekoan 3,5 milioi inguru saldu direla.

8. Applek non saltzen du gehien? Konpainiaren merkatu nagusia AEBak dira oraindik (%42). Baina, azken hiruhilekoan, diru sarreren %62 haietatik kanpo lortu zituen. Txina, bereziki, pisu handia ari da hartzen. Urtebetean bikoiztu egin du Txinako fakturazioa ?fakturazioaren herena inguru da?.

9. Nola ari da egokitzen Txinako merkatura? Telefono adimendunen merkatu nagusia Txina da, eta horren jakitun da AEBetako konpainia. Azkenaldian egin dituen mugimenduak ikusi besterik ez dago. Ia hilero denda bat ireki du Txinan, eta, dagoeneko, baditu 25. Badirudi salmentek gora egingo dutela Asiako herrialdean.

10. 2016rako ere aurreikuspen onak dituzte, beraz? Bai, bai. Txinan joera horri eutsiz gero, datorren urtean ere irabaziak haztea espero dute. Lehen hiruhilekorako aurreikuspenak onak dituzte behintzat: 70 milioi euroko fakturazioa espero dute.]]>
<![CDATA[Gasteizko Alumafel itxiko dute eta lanik gabe geldituko dira 23 langile]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1777/013/001/2015-10-31/gasteizko_alumafel_itxiko_dute_eta_lanik_gabe_geldituko_dira_23_langile.htm Sat, 31 Oct 2015 00:00:00 +0100 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1777/013/001/2015-10-31/gasteizko_alumafel_itxiko_dute_eta_lanik_gabe_geldituko_dira_23_langile.htm
ELAren arabera, multinazional jabeak sekula ez du interesik erakutsi lantegia sustatzeko]]>

Gasteizko lantegiak 40 urtetik gora daramatza aluminioaren sektorean lanean. ELAk salatu du multinazionalak sekula ez duela «begi onez» ikusi, eta ez duela «interesik erakutsi» hura sustatzeko: «Urteko 8 milioi euroko irabaziak izan arren, ez ditu kontuan hartu bere 23 langileak».

Hitzarmen bakarra, irailean

Lan Harremanen Kontseiluak atzo argitaratu zuen iraileko txostena, eta datuek erakusten dute negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Abuztuan sektorekako hitzarmen bat bera ere ez zen sinatu, eta irailean bakarra: Arabako elikaduraren merkataritzakoa, 1.873 pertsonari dagokiena. Enpresako hemeretzi itun ere izenpetu ziren (1.038 langile), eta Espainian sinatutakoa izanagatik, hiru lurraldeetako 1.425 langilerengan eragina izango duen Iberdrolako hitzarmena ere bai. Oro har, langileen herenek soilik dituzte eguneratuak bere lan baldintzak.

Azaroaren 16an, lan harremanak nolakoak izan beharko luketen azaltzen duen txostena azalduko dute patronalek Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT biltzen dira mahai horretan, baina ez ELA eta ez LAB.

Txostenaren berri Iñaki Garcinuñok eman du, Cebek Bizkaiko patronaleko buruak, Euskadi Irratian. Azaldu du lan harremanetan kontzeptu berriak barneratu nahi dituztela patronalek, hala nola elkarlana, inplikazioa, konpromisoa eta lan malgutasuna. Garcinuñoren hitzetan, «inplikazioak eta konpromisoak soldatetan isla izan beharko lukete».]]>
<![CDATA[Bizkaiko Aldundiko sail ia guztiek aurten baino diru gehiago izango dute 2016an]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1777/011/001/2015-10-30/bizkaiko_aldundiko_sail_ia_guztiek_aurten_baino_diru_gehiago_izango_dute_2016an.htm Fri, 30 Oct 2015 00:00:00 +0100 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1777/011/001/2015-10-30/bizkaiko_aldundiko_sail_ia_guztiek_aurten_baino_diru_gehiago_izango_dute_2016an.htm
Aurtengo zerga bilketa jaitsi izanak ez du murrizketarik eragingo]]>

2016. urterako kontuak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, baina aurtengo arazoei buruz ere azalpenak eman behar izan zituzten. Izan ere, zerga bilketa espero baino makalago doa aurten Bizkaian —aurreikusi baino %3 gutxiago bildu dute oraingoz—, eta aurrekontua betetzerik ez da izango. Garrantzia kendu nahi izan zion Rementeriak, eta agindu zuen ez dela inolako murrizketarik egin beharko, sailek nekez gastatzen dutelako aurreikusia zutenaren guztia. Azaldu zuenez, urte amaieran aurrekontutik benetan gastatu den kopurua ez dela %100era iristen. Datorren urteko kontuei ere ez lieke eragin beharko; besteak beste, dirua aurreztuko dutelako zorraren interesetan.

2016an gastatzeko diru gehiago izango dela sailez sail sumatuko da. Aurten bezala, diputazioak gizarte ekintzara bideratuko du diru gehien: 472,5 milioi, aurten baino %2,7 gehiago. «Garrantzitsuena pertsonak dira; eguneko 1,3 milioi inbertituko ditugu herritarrei arreta eskaintzera», zehaztu du Rementeriak. Igoera handiena, hala ere, herri administrazioan izango da. 41,3 milioi euro jarriko dira horretan, aurten baino %11 gehiago.

Gainontzeko sailetan apalagoak izango dira igoerak; Ekonomia eta Lurralde Garapenera 245 milioi bideratuko dira, iaz baino %0,8 gehiago; Garraio eta Mugikortasunera, 155,7 milioi (+%2,4); Ogasunera, 58,4 milioi (+%6) ; Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailera 51,4 milioi (+%3,2); eta Euskara eta Kultura Sailera, 48,7 milioi (+%2,3). Jaitsiera bakarra Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean izango da. 105 milioi euro emango zaizkio sail horri, aurten baino %1 gutxiago.

Rementeriak eta Iruarrizagak zenbaki orokorrak jakinarazi zituzten atzo, baina sail bakoitzaren inguruko informazio xeheagoa diputatuek emango dute jendaurrean, azaroaren 4tik 10era. Batzar Nagusietarako bidea egingo du orain aurrekontu proiektuak. Ezusteko handirik ezean, ez du trabarik izango Rementeriaren aldundiak, PSEren babesa izango baitu.

Aurrekontu orokorra, gora

Bizkaiko aurrekontu orokorra 7.437 milioi eurokoa izango da 2016an, aurten baino %2,6 gehiago. Baina kopuru horretatik zati bat baino ez da bideratzen sailetara. Bestelako ordainketak egiteko erabiltzen da gainontzeko dirua. Datorren urtean, Espainiako Gobernuari kupoa ordaintzeko 380 milioi jarriko ditu aldundiak (-%6,8); Eusko Jaurlaritzari 4.609 milioi euroko ekarpena egingo dio (+%4,4), eta udalak finantzatzeko 824 milioi erabiliko ditu (+%1,5). Kopuru orokor horri kendu behar zaizkio langileen gastuak eta zorra ordaintzera bideratzen den dirua ere.]]>
<![CDATA[Gipuzkoako Aldundiak Bilduri leporatu dio 14 milioi euroko zuloa uztea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1777/016/001/2015-10-29/gipuzkoako_aldundiak_bilduri_leporatu_dio_14_milioi_euroko_zuloa_uztea.htm Thu, 29 Oct 2015 00:00:00 +0100 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1777/016/001/2015-10-29/gipuzkoako_aldundiak_bilduri_leporatu_dio_14_milioi_euroko_zuloa_uztea.htm
Aldundiaren salaketa «onartezina» dela dio EH Bilduk: «2014ko aurrekontua dago indarrean —758 milioi euro—, EAJk, PSEk eta PPk ez zutelako onartu 2015erako egindako proposamena —780 milioi—». Gainera, adierazi du «gezurra» dela zuloa dagoela: «Sarrera nahikoa dago hori eta gehiago ordaintzeko». Hala, EAJ-PSE bikoteari eskatu dio gauzatzeko aurreko gobernuak diseinatutako proiektuak.

Gizarte Politiketan sortutako defizita aurreko gobernuaren kudeaketa txarrarekin lotu du Markel Olanoren gobernuak. «Gastuak konprometitu dira aurrekontuetan diru atalik txertatu gabe», salatu du Lasak. Batzar Nagusietan informatu gabe, «pozoitutako herentzia» uztea egotzi dio Bilduri: «Erabakiak ez zituzten politikoki adostu, eta bideragarritasunaz ere ez ziren kezkatu. Beraz, benetan larria da».

Lurraldebusen kudeaketan ere jarri du arreta aldundiko bozeramaileak. Izan ere, «esleitutako garraio linea berriei» egotzi die zuloaren zati bat. Urtebeteko parte hartze prozesu baten ondoren, Bilduren gobernuak iaz aldaketak egin zituen autobus zerbitzuan; hainbat linea berri jarri zituen martxan, besteak beste —%36 handitu zuen aurrekontua—. Bada, aldundiak azaldu du linea horietako batzuek Gipuzkoako erabilerarik apalena dutela. «Garraio publikoa defizitarioa izan ohi da, baina, kasu honetan, diru galerak nabarmen gainditzen ditu arrazoizko mugak».

Lasaren esanetan, erabakiak parte-hartze prozesuetan oinarrituta hartu direla esateak ez du balio aitzakia gisa. «Gauza bat da eskaera bideragarri eta beharrezkoak gauzatzea, eta bestea baliabideak xahutzea». Gogora ekarri ditu aurrekontu parte hartzaileei lotuta aurreko foru gobernuak agindutako 20 milioi euroak ere. «Horiek ere ez daude inon jasota, ezta Bilduk berak egindako aurrekontu proposamenean ere».

813 milioiko aurrekontua

Aurreko gobernuaren «arduragabekeria» datorren urteko kontuen bidez konponduko dutela agindu du Lasak. Hau da, 2016ko aurrekontuetan izango dela dirua 2015eko gastuak estaltzeko. Lasak aurreratutakoaren arabera, 813 milioi euroko aurrekontua izango du aldundiak, iaz baino 42 milioi gehiago (%5,4).

Kopuru horren zatirik handiena, ia %47, politika sozialetara bideratuko da, adinekoen arretara, batez ere. Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako departamentuak, berriz, aurrekontuaren %10 hartuko du ia. Kudeaketa Planean jasotako lehentasunak beteko dituela nabarmendu du bozeramaileak: «Jarduera ekonomikoa bultzatzea, giza babeserako sistemari eutsi eta indartzea, eta Lurraldeko proiektu estrategikoak martxan jartzea».]]>
<![CDATA[Beste iraungitze data bat jarri diote 'roaming'-ari: 2017ko ekainaren 15a]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/016/001/2015-10-28/beste_iraungitze_data_bat_jarri_diote_roaming_ari_2017ko_ekainaren_15a.htm Wed, 28 Oct 2015 00:00:00 +0100 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1736/016/001/2015-10-28/beste_iraungitze_data_bat_jarri_diote_roaming_ari_2017ko_ekainaren_15a.htm Roaming kostuak 2017ko ekainaren 15a baino lehen ezabatzea onartu dute europarlamentariek. Telefono konpainiek Europako Batasuneko estatu arteko deiak estatu barrukoekin parekatu beharko dituzte bi urteren buruan. Ezingo dute gehiago kobratu herrialde batetik bestera egindako deiengatik. Euskal Herrian ere eragingo du roaming-a ezabatzeak. 2017ko ekainetik aurrera, Euskal Herriko edozein lekutara deitzeak prezio berbera izango du, orain artean ez bezala.

Europako Batasuna aspalditik zegoen tematuta sakelakoen gainkostuak kentzearekin, baina negoziazioak uste baino gehiago luzatu dira azkenean. Pentsa, ia hamarkada bat igaro da lehen proposamena egin zutenetik. EBk hasieratik aurrez aurre izan ditu telefono konpainia gehienak, eta pixkanaka neurria atzeraraztea lortu dute. 2017ko ekainaren 15a ez da roaming-ari jarritako lehen iraungitze data. Lehen ere antzeko bozketa bat egin zuten Europako Parlamentuan. Iazko apirilean, hain zuzen. Orduan onartu zuten aurtengo abenduaren 15erako ezabatzea. Negoziazioak korapilatu egin dira, ordea.

Neurriak neurri, telefono konpainiek «bidezko erabilera baten politika» aplikatu ahal izango dute, roaming-a «gehiegikeriaz» erabiltzea eragozteko. Gainkostuak ezabatuko dituzte «aldizkako bidaietan», baina hiru-lau hilabetetako egonaldietan, adibidez, gehiago kobratu ahal izango dute sakelakoaren erabilerarengatik. Horren aurka mintzatu da Monique Goyens, Europako Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendari nagusia: «Maiz bidaiatzen dutenen eskubideak konpainien esku uzteak ez du ziurtatzen roaming-a Europan amaitzea». Goyensen ustez, Europako Parlamentuak onartutako neurria «ez da nahikoa».

2017ko ekainaren 15ean legea indarrean jarri aurretik, 2016ko apirilaren 30a baino lehen ere beherakada bat izango da prezioetan. Zerbitzuak %75 merkatu beharko dituzte konpainiek. Alegia, dei baten minutu bakoitzeko ezingo dute kobratu bost zentimo baino gehiago; mezu bakoitzeko bi zentimo baino gehiago ere ez; ezta megabyte bakoitzeko bost zentimo baino gehiago ere. Azken-aurreko pausoa izango da.

Interneten neutraltasuna

Interneten neutraltasuna bermatzea ere bada onartutako legearen helburua. Aurrerantzean, hornitzaileek baldintza berberekin tratatu beharko dituzte erabiltzaileak. Azken urteetan, ohikoa bilakatu da hornitzaile batzuek Interneterako sarbidea blokeatu edo mantsotzea, eta jardun horiek mugatu nahi izan ditu Bruselak. «Kudeaketarako neurriak» hartu ahal izango dituzte, baina «arrazoituta» dagoenean bakarrik; eraso informatikoei aurre egiteko, adibidez.

Legearen aurkakoen artean ezinegona sortzen du aukera horrek, «zehaztugabea» dela uste baitute. Haien esanetan, telefono konpainiei bide ematen die Interneten erabilera beren interesen arabera kudeatzeko, eta gehiago zehaztu behar litzateke neurria.]]>
<![CDATA[URRE BERDEA, HORIAREN PREZIOAN]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/018/001/2015-10-25/urre_berdea_horiaren_prezioan.htm Sun, 25 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1967/018/001/2015-10-25/urre_berdea_horiaren_prezioan.htm
OCU Espainiako kontsumitzaile elkartearen arabera, oliba olio findua -gehien erosten dena- %50 garestitu da iazko maiatzaz geroztik; azken sei hilabeteetan, %20, eta irailean bakarrik, %5,7. Birjina estra ere nabarmen garestitu da 2012. urtetik (%51). Kontsumitzaile elkarteak hogei oliba-olio marka baino gehiagoren prezioak aztertu ditu: «Batzuei kontuak ateratzeko, kontsumitzaileak gehiago ordaindu behar du», ondorioztatu du OCUk. Baina zergatik egin dute gora oliba olioaren prezioek? «Espekulazioengatik», OCUren ustez.

Sektoreko hainbat elkartek berehala egin dute OCUren salaketaren kontra. Izan ere, ez dute uste prezioen igoera espekulazioaren ondorio denik. Espainiako Oliba Olioaren Kooperatibaren ustez, esaterako, OCUk egindako kritikek erakusten dute sektorearen gainean elkarteak duen «ezjakintasuna»: «Oliba olioaren prezioa urte bakoitzean izandako ekoizpenak baldintzatzen du. Eta iazko sasoia oso txarra izan zen».

Urzante olio enpresako Jesus Marin ere haserre mintzatu da OCUren salaketaren inguruan: «Espekulazioa dei diezaiokete nahi badute, baina merkatuaren legea da. Eta merkatuaren legea ez dugu guk asmatu. Azken hilabeteetan prezioak igo dira eskaria eskaintza baina handiagoa izan delako». Urzante Tuterako enpresa da, eta bertako buruetako bat da Marin, bi anai-arrebarekin batera. Oliba olioaren komertzializazioan lan egiten duen enpresa handienetakoa da Urzante. Espainian ekoizten den olioaren %15-20 ontziratzen du Tuterako enpresak, eta 50 herrialde baino gehiagotan saldu. Ontziratzeaz gain, ekoitzi ere egiten dute olioa, baina gutxi, saltzen duen kopuruarekin alderatuta.

Iazko uzta, «penagarria»

Marinen esanetan, iazko oliba uzta «penagarria» izan zen. Beste fruitu zuhaitz askok bezala, olibondoek bi urtean behin fruitu gehiago ematen dute. Hala ere, ureztatze sistemak hobetuz doazen heinean, faktore horrek gero eta eragin txikiagoa du azken emaitzan. Iaz beste arazo bat izan zuten, ordea. Olibondo askori zomorro batek eraso zion, eta horrek kantitatean ez ezik, kalitatean ere eragin zuen. «Espainian zein Nafarroan oliba gutxiago bildu ziren; aurreko urteetakoak baino txarragoak, gainera».

Oliba olioaren «inoizko preziorik altuenak» uzta txar horren ondorio direla dio Marinek. Espainia alde handiarekin da oliba olioaren ekoizle nagusia, mundu osoan ekoitzitako erdia inguru ekoitzita. Hori dela eta, hango uztak «ezinbestean» eragiten du prezioetan: «Aurreko uztan bildutakoaren erdia baino gutxiago bildu zen 2014-2015 sasoian. Oso uzta txarra izan zen. Kontsumoan eta esportazioetan, berriz, ez zen ia aldaketarik izan».

Oliba Olioaren Nazioarteko Kontseiluaren datuen arabera, 2013-2014 sasoian Espainian 1.775,8 milioi tona olio ekoitzi ziren -mundu osoko ekoizpenaren %55-. 2014-2015 sasoian, berriz, erdia baino gehiago murriztu zen kopuru hori: 825,7 milioi tonaraino, (%35,6). Tunisian eta Grezian ekoizpena hazi arren, mundu osoko ekoizpena nabarmen jaitsi zen, orokorrean; 3.200 milioi tonatik, 2.320 milioi tonara (-%27). «Hasieran prezioei eusten ahalegindu ginen. Baina, ekoizpena txikiagoa izanik, eta kontsumoa antzekoa, ikusi genuen ez ginela iristen denboraldiaren amaierara». Urritik urrira artekoa da sektorearen denboraldia.

2015. urte hasierara arte egonkor samar eutsi zieten prezioei, produktuaren kontsumoak izan zezakeen bilakaeraren zain. Hilabeteak pasatu ahala, ordea, ikusi zuten kontsumoaren erritmoa ez zela txikitzen, eta arriskua zegoela sasoi amaiera baino lehen oliorik gabe gelditzeko: «Sinetsi min egiten duela, baina prezioak igo ziren gutxiago kontsumitzeko».

«Egoera muturrera iritsi aurretik» neurri hori hartu izana «zentzuzkotzat» jo du Marinek: «Okerragoa izango zen prezioei eutsi eta hilabete batzuk geroago olioa bukatzear zelako are gehiago garestitzea. 8 edo 10 eurora igo beharko zen oliba olioa, agian. Hobea izango al zen hori?». Ezezkoan dago Marin. Oliorik gabe geldituz gero zer gerta zitekeen, berriz, ez du pentsatu ere egin nahi Urzanteko buruak: «Berrogei urteko olibondo bat bi minutuan moztea erraza da, baina gutxienez beste berrogei urte behar izaten dira beste bat landatu, eta olibondo hori lehengoa adinakoa izateko». Prezioak igotzeari «beldurrez» begiratzen diote sektoreko eragileek, kontsumitzaileak ohiturak aldatu eta oliba olioa ez erostea eragin dezakeelakoan. Marinen esanetan, ordea, «are larriagoa» izango zen oliba oliorik gabe gelditzea.

Hilabete gutxi barru «urak bere arrastora» itzultzea espero du. Sasoi honetarako iaz baino aurreikuspen hobeak dituzte. Hori dela eta, urte hasierarako prezioak jaitsiko direlakoan dago. Espainian 1.200 milioi tona inguru ekoiztea espero dute: «Duela bi urteko ekoizpenera ez gara iritsiko, baina aurreko sasoikoaren aldean uzta ona dator». Marinek badaezpada ez du baikorregia izan nahi, hala ere: «Oraindik ez gara hasi olibak biltzen, eta tentuz hitz egin behar da. Egoera egun batetik bestera alda daiteke».

Urzantek, adibidez, aste honetan sartuko ditu makinak olibadietara: «Ez du merezi olibak biltzen lehenago hastea. Fruitua heltzen utzi behar da». Marinek azaldu duenez, lehenago biltzeak kalitatean zein kantitatean eragiten du: «Ehun kilo olibatik hogei kilo oliba olio inguru ateratzen dira; azkarregi bilduz gero, berriz, hamar bakarrik atera daitezke. Pazientzia izan behar da». Aste honetan hasi, eta datozen hiru-lau hilabeteetan bilduko dituzte olibak.

OCUrekin, haserre

Marinek azaldu duenez, kontsumitzaile elkartearen salaketak ez dira berriak sektorearentzat. «Ez dakit zein interesekin, baina etengabe dabiltza Espainiako oliba olioari min egin nahian». Kontsumitzaile elkarteak duela hiru urte ateratako zerrenda bat du gogoan Marinek. Zerrenda hartan, Espainiako 11 markari egozten zien oliba olio birjina zena birjina estra moduan saltzea. Iruzur egitea egotzita, marka horiek ez erostera deitu zuen. Beste bi marka ere seinalatu zituen OCUk, osasunarentzat «guztiz kaltegarriak» zirelakoan.

Urzante ez zegoen marka horien artean, baina haien lana ere zaildu du: «Zenbait herrialdetara olioa saltzera joan garenean zerrenda erakutsi digute. Italiak Espainiari izena kentzeko erabili du». «Kanpaina» horren barruan ulertu du prezioen gaineko salaketa ere: «Egia da ez dela inoiz hain garesti egon olioa, baina uzta eskasarengatik izan da. Laster prezioak jaistea espero dugu».]]>
<![CDATA[«Andaluziako uztaren emaitzek sektore osoari eragiten diote»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2015-10-25/andaluziako_uztaren_emaitzek_sektore_osoari_eragiten_diote.htm Sun, 25 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1996/019/001/2015-10-25/andaluziako_uztaren_emaitzek_sektore_osoari_eragiten_diote.htm
Oliba olioaren prezioak nabarmen igo dira azken hilabeteetan. Mundu osoko ekoizpena jaitsi izana da olioa garestitzeko arrazoi bakarra?

Bai, bai. Ia beste sektore guztietan bezala, gure sektorean ere eskaintza eta eskaerari lotuta daude prezioak. Eskaintza txikia denean eta eskaera handia, prezioak igo egiten dira; eta, alderantziz: eskaintza txikia denean eta eskaria handia, prezioak jaitsi egiten dira. Ez dago bestelako azalpenik.

Datuek erakusten dute iazko oliba uzta kaskarra izan zela orokorrean. Nafarroan ere oliba gutxiago bildu zenuten?

Nafarroan ez zen uzta txarra izan. Gure kasuan, adibidez, 8 milioi kilo olibatik gora bildu genituen bigarren urtez jarraian. Aurreko sasoian soilik bildu genituen oliba gehiago. Nafarroako uztak, ordea, oso pisu txikia du Espainiako merkatuan. Andaluziak agintzen du oliba olioaren merkatuan, eta hango uzta oso txarra izan zen. Horrek eragin ditu azken hilabeteetako prezio igoerak.

Trujal Mendia markako produktuak ere garestitu dira?

Bai, bai. Besteak bezalaxe. Bost euro ingurutan daukagu olio litroa orain. Inoiz ez da hain garesti egon gure produktu bat.

Esan duzu zuek uzta ona izan zenutela. Prezioen igoera saihetsezina da Andaluzian bilketaren emaitzak txarrak direnean?

Bai, saihetsezina da. Pentsa, Espainian ekoizten den oliba olioaren %80 Andaluzian ekoizten da. Nahi edo nahi ez, hango uztak huts egiten duenean merkatu osoari eragiten dio. Besteak beste, guri ere bai.

Aurtengo uzta bilketarako zer aurreikuspen dituzue?

Ez ditugu aurreikuspen txarrak. Badirudi iaz baino oliba gutxiago egongo dela aurten, baina azken emaitzak iazkoetatik hurbil geldituko direla uste dugu. Kilo gutxiago bildu arren, espero dugu antzeko litro kopuru ekoiztea. Izan ere, aurtengo oliba emankorragoa izango dela dirudi, urtsuagoa. Bilketa hasi arte aurreikuspenak egitea arriskutsua da, hala ere. Gu azaroaren erdialdean hasiko gara olibak biltzen, eta ordura artean egoera alda daiteke. Zentzuz hitz egin behar da, beraz.

Beldur zarete azkenaldiko prezio igoerek kontsumitzaileak uxatuko ote dituen?

Kontsumitzaileentzat beti da kezkagarria prezioak igotzea, baina unean uneko kontua izango dela dirudi. Ziurrenik, pixkanaka prezioak jaisten hasiko dira datorren urte hasieran. Hala ere, zehaztu dezagun zer den olio garestia. Kalkulatzen da pertsona bakoitzak batez beste hamar litro kontsumitzen dituela urtean. Goitik jo, eta demagun hogei litro kontsumitzen dituela. Bost euro balio baditu, ehun euro dira urtean.

Prezioek laster behera egingo dute orduan?

Hala dirudi. Pare bat hilabete itxaron behar da oraindik, baina Andaluzian iaz baino uzta dezente hobea espero dute. Ez naiz ausartzen zifra bat esatera, baina ia ziur jaitsiko dira prezioak. Hori bai, ez espero kolpean asko jaisterik, iazko uzta txarraren ondoren ia hutsik baitago stocka.]]>
<![CDATA[Amancio Ortega, munduko aberatsena ordu batzuez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2343/020/002/2015-10-25/amancio_ortega_munduko_aberatsena_ordu_batzuez.htm Sun, 25 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/2343/020/002/2015-10-25/amancio_ortega_munduko_aberatsena_ordu_batzuez.htm
1Forbesen munduko aberatsenen zerrendan lehena omen da Amancio Ortega. Lehen aldiz, ezta? Bai, Inditex taldearen sortzailea lehen aldiz munduko aberatsena izan zen ostiralean. Baina ez ordu askoz. Bill Gates Microsoften sortzaileak ordu gutxiren buruan berreskuratu zuen bere tronua. Gatesek eta Ortegak lehia estua dute orain.

2Nola da posible postuak ordu batetik bestera aldatzea? Forbesek zerrenda ez al du urtean behin argitaratzen?Urteko zerrenda martxoan argitaratzen du, baina une oro eguneratzen du gero, burtsako kotizazioen arabera. Inditexen akzioek goia jo zuten herenegun eguerdian, eta, Ortegak %60ko parte hartzea duenez taldean, munduko aberatsena bihurtu zen ordu batzuez.

3Eta Forbesen arabera, bakoitzak zenbat euro ditu bere poltsan?Sos batzuk. Ortega eta Gates elkarrengandik gertu daude, 71.000 milioi euro inguruko aberastasunarekin. Warren Buffet estatubatuarra eta Carlos Slim mexikarra daude haien atzetik. Larriago daude haiek, 57.000 milioi eurorekin.

471.000 milioi euro. Mila euroko soldata duen langile batek zenbat hilabetez egin beharko luke lan kopuru horietara iristeko?Erraza da kalkulua. Kendu hiru zero kopuru osoari. 71 milioi hilabetez egin beharko luke lan langile horrek.

5Zenbat urtez?Ia sei milioi urtez. Oraingoz, ezinezkoa dirudi hainbeste urtez lan egitea.

6Ortegak 80 urte ditu. Nola lortu du hainbesteko aberastasuna hain denbora gutxian?Inditex taldearen sortzailea da galiziarra, eta %60ko parte hartzea du oraindik. Inditex taldearen barruan daude hainbat arropa marka ezagun: Zara, Bershka, Stradivarius, Pull and Bear,Massimo Dutti. Lehen Zara denda 1975ean zabaldu zuen, Coruñan, eta geroztik mundu osoan zabaldu da taldea. 6.000 dendatik gora ditu mundu osoan, eta 128.000 langile inguru.

7Martxoan laugarren postuan zegoen Ortega. Urte erdi geroago zer dela-eta dago lehen postuaren borrokan?Azken urteetan Inditexek burtsan duen balioa nabarmen hazi delako. Pentsa: urtea hasi zenetik, %44. Herenegun, 62.300 milioi euroko balioa zuen taldeak; hau da, 33,70 euro balio zuen akzio bakoitzak, inoiz baino gehiago. Ortegak %60ko parte hartzea duenez, haren aberastasunak lehen aldiz gainditu zuen 70.000 milioi euroren langa.

8Beste kontu aipagarririk ba al da Forbesen zerrendan?

Forbesen zerrendak askorako ematen du, baina bat aipatzearren: Amancio ez da zerrendaren lehen postuetan ageri den Ortegatar bakarra. Haren alaba Sandra ere bidea egiten ari da pixkanaka-pixkanaka. Une honetan, 187. postuan dago, 7.400 milioi euroko aberastasunarekin.]]>
<![CDATA[Eskandalu bat gehiago Strauss Kahnen zerrendarako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2343/018/002/2015-10-18/eskandalu_bat_gehiago_strauss_kahnen_zerrendarako.htm Sun, 18 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/2343/018/002/2015-10-18/eskandalu_bat_gehiago_strauss_kahnen_zerrendarako.htm
1Denbora da Dominique Strauss Kahnen izenik entzuten ez zela, baina aste honetan berriz agertu da haren izena hedabideetan. Zergatik?Ba, haren gaineko beste ikerketa bat abiarazi dutelako. Le Parisien MagazineFrantziako astekariak jakinarazi duenez, LSK inbertsio funtsaren bitartez iruzur egitea eta dirua desbideratzea leporatzen diote NDFko zuzendari ohiari. Parisko Fiskaltzak uztailean abiarazi zuen ikerketa.

2LSK inbertsio funtsean zer parte hartze du DSK-k?Egun, ez du loturarik, baina bertako presidente izan zen iazko urrira arte. Sexu erasoekin eta prostituzioarekin lotutako hainbat eskandaluren ondotik, DSK-k politikatik aldendu behar izan zuen, eta finantzen arlora egin zuen jauzi. 2013an, Thierry Leyne frantziar israeldarrarekin batera LSK inbertsio funtsa sortu zuen Luxenburgon. DSK-k hartu zuen presidente kargua. Aurtengo urtarrilerako 2.000 milioi euro biltzea zuten helburu, gero Asian inbertitzeko.

3Eta bete al zuten helburua?Hasieran martxa onean ekin zioten dirua biltzeari. Eskandalu askotan protagonista izan arren, DSK-k kudeatzaile onaren ospeari eutsi zion, eta enpresari ugarik jo zuten egokitzat Luxenburgoko inbertsio funtsean dirua jartzea. Iazko urrian, ordea, buruhausteak hasi ziren LSKrentzat. DSK-k kargua utzi zuen, eta bere bazkide Leynerrek bere buruaz beste egin zuen Tel Aviv-en. Hilabete geroago jakinarazi zuten inbertsio funtsak porrot egin zuela. Konkurtso legean dago geroztik.

4Ez dira gustura egongo, beraz, DSKren kudeaketan sinetsi zuten enpresariak. Ez horixe. Hain zuzen ere, inbertsio funtseko akziodunetako bik jarri dute salaketa. Jean François Ott enpresari frantziarra da horietako bat; 500.000 euro galdu ditu LSK-k porrot egin ostean. Guztira, 100 milioi euro inguru galdu dira bidean, eta diru horrekin zer gertatu den jakiteko ikerketa abiarazi du fiskaltzak. Enpresak porrot egin zuenean, DSK dagoeneko ez zegoen zuzendaritzan, baina ikertzen ari diren dokumentu askotan haren sinadura ere ageri denez, haren gaineko ikerketa ere abiarazi du.

5Zer dio Strauss Kahnek? Berak ezer ez, baina bere abokatuak iragarri du kontraeraso batekin erantzungo duela NDFko buru ohiak; kalumnia egotzita, salaketa jarriko die bere aurkako prozesua abiarazi dutenei.

6DSKren jarduna behin baino gehiagotan ikertu dute. Zertan dira beste auziak?Sexu erasoekin eta prostituzioarekin lotutako hainbat akusaziori egin die aurre, baina guztietatik onik ateratzea lortu du. Aurten bertan, Lilleko Auzitegiak epaitu du hiriko Carlton hotelean prostituzio sare bat antolatzen parte hartu zuelakoan. Azkenean, ordea, errugabe jo zuten. Epaileek ebatzi zuten prostituten bezeroa izan zela, baina ez zuela parte hartu sare bat antolatzen.]]>
<![CDATA[Volkswagenek auto trukatu guztiak deituko ditu konpontzera Europan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/015/001/2015-10-16/volkswagenek_auto_trukatu_guztiak_deituko_ditu_konpontzera_europan.htm Fri, 16 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1870/015/001/2015-10-16/volkswagenek_auto_trukatu_guztiak_deituko_ditu_konpontzera_europan.htm
Alemaniako KBA Motordun Ibilgailuen Bulego Federalak hankaz gora jarri ditu VWen hasierako planak. Auto konpainiak borondatezko konponbide plana proposatu zion erakunde horri, baina hark ez dio oniritzia eman. Alemanian gas isuriak trukatzeko softwarea daramaten auto guztiak konpontzeko eskatu dio VWi. Alexandre Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak baieztatu zuen berria atzo: «Trukatutako autoen %100 konpondu beharko dira. KBAk bidali dio oharra VWi, eta nik babestu egiten du erabakia politikoki».

Atzetik etorri zen Austriako Gobernuaren eskaera ere. Hark ere auto trukatu guztiak aztertzeko eskatu zion VWi, erabakia bezeroen esku utzi gabe. Eskaerak bata bestearen atzetik zetozela ikusita, Alemaniako auto konpainiak lehen planak atzera bota, eta eskandaluak Europan zipriztindutako auto guztiak aztertzea erabaki du azkenean.

VWen asmoa zen bezeroen esku uztea autoak konpondu edo ez. Konpainiako kontseilari ordezkari Matthias Muellerrek joan den astean adierazi zuen beren asmoa zela 2016an hastea autoak ikuskatzen eta konpontzen: urtarrilean hasi, eta urtearen amaierarako bukatzea. Konpondu beharreko auto kopurua igo ondoren, ordea, litekeena da konpainiak epe horiek luzatu behar izatea.

Miaketak, Italian

Autoen konponketaren inguruko informazioa ematen ari diren bitartean, iruzurrari buruzko ikerketak martxan daude hainbat herrialdetan. Joan den astean VWen Alemaniako hainbat egoitza miatu zituen Poliziak. Atzo, berriz, konpainiak Italian duen egoitza nagusia, Veronan, edo Lamborghinirena, Bolonian —VWen filiala da—. Codacons ingurumenaren aldeko elkarteak jarritako salaketaren harira abiarazi du ikerketa Veronako Fiskaltzak. 12.000 bezerok baino gehiagok egin dute bat salaketarekin, gas isuriak ezkutatzea leporatuta.]]>
<![CDATA[Enpresetan 4.0 industria garatzeko 60 proiektutik gora daude martxan EAEn]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/017/001/2015-10-15/enpresetan_40_industria_garatzeko_60_proiektutik_gora_daude_martxan_eaen.htm Thu, 15 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1736/017/001/2015-10-15/enpresetan_40_industria_garatzeko_60_proiektutik_gora_daude_martxan_eaen.htm
Arantza Tapia: «4.0 industria dagoeneko errealitate bat da Euskadin»]]>
Laugarren industria iraultza deitutakoa pixkana-pixkana indarra hartzen ari da Euskal Herrian ere. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoeneko 60 bat proiektu daude martxan enpresetan 4.0 industria garatzeko. Informatikaren garapena du oinarrian industria horrek. Aurrerapen teknologikoez baliatuta, lantegi adimendunak lortzea da helburua. Modu horretan ekoizpen akatsak gutxitzea, eta bide batez, produktu pertsonalizatuagoak eskaintzea bezeroei.

Atzo, bigarren aldiz, Basque Industry 4.0 jardunaldiak egin zituzten Bilboko Euskalduna jauregian: «4.0 industria errealitate bat da Euskadin, eta Europako abangoardiaren buru izango den sare batean sartzera goaz», esan zuen Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, jardunaldietako sarrera hitzaldian.

Hainbat enpresak eta teknologia zentrok nazioarteko kasuak azaldu zituzten gero. Besteak beste, parte hartu zuen Wolfgang Dorstek, Bitkom Alemaniako teknologia patronaleko 4.0 Industria saileko arduradunak. Hain zuzen ere, iraultza Alemanian abiarazi zuten 2011. urtean. Dorsten arabera, orain arte automozioaren sektorean garatu da batez ere, baina beste edozeinetan ere gara daiteke: «Eraikuntzaren sektorean, logistikan, energian, mugikortasunean edo gure bizitzako edozein arlotan».

Horrez gain, azaldu zuen 4.0 industriaren iraultza gertatzeko oinarrietako bat dela bezeroak berak nolabait parte hartzea produktuaren ekoizpenean: «Orain ez ditugu nahi masiboki ekoitzitako produktuak, indibidualizatuak baizik; gure gustuetara eta premietara egokituak».

Lantegiak automatizatzeak kezka soziala pizten du, ordea. Izan ere, batzuek lanpostuak murriztearekin lotzen dituzte lantegi adimendunak. Dorsten esanetan, laugarren industria iraultzak «zerikusi handiagoa» du Internetekin eta softwarearekin, robotekin baino: «Langilerik gabeko lantegien ideia 80ko hamarkadakoa da, roboten iraultza nagusi zenekoa. Baina gaur egun langilea lantokian dago, nahiz eta kopuru txikiagoan izan».

Bi erronka nagusi

Tapiak azaldu du bi erronka nagusi dituela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak: «Barne produktu gordinean duen pisuari eustea eta bere intentsitate teknologikoa handitzea». Sailburuaren ustez, ekoizpen fasean ditu indarguneak euskal industriak; «hobekuntza tarte handiagoa du», ordea, aurreprodukzioan eta postprodukzioan: «Orain arte osagaien diseinuan eta industrializazioan jarri du arreta; falta zaigu produktuen diseinua eta garapenean urratsak egitea.]]>
<![CDATA[Volkswagen markako inbertsioak 1.000 milioi euro murriztuko dituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2015-10-14/volkswagen_markako_inbertsioak_1000_milioi_euro_murriztuko_dituzte.htm Wed, 14 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1736/011/001/2015-10-14/volkswagen_markako_inbertsioak_1000_milioi_euro_murriztuko_dituzte.htm
VWek ez du zehaztu murrizketak zein herrialdetan eta nola egingo dituen. Hortaz, ezin daiteke jakin Landabenen eraginik izango ote duten. Motorren inguruko eskandalua sortu aurretik, Iruñeko lantegian 900 milioi euroko inbertsioa egin asmo zuen 2019. urtea baino lehen. Besteak beste, 2017. urte hasieran Polo berria Iruñean egin ahal izateko baliatu nahi zuten.

Muelerren iragarpen kezkagarrien ondoren, Nafarroako VWeko zuzendariek langileen ordezkariei esan zieten inbertsio guztiak berraztertzeko aginduak ez duela kolokan jarriko VW Polo modelo berria Iruñean egitea. Langileak, ordea, kezkatuta segitzen dute, zuzendaritzak oraindik ez baitie ofizialki baieztatu Landabengo inbertsioei eutsiko diela.

Langileen batzordeko presidente Alfredo Moralesek (UGT) zuzendaritzari eskatu dio bermatu gabe daude inbertsioen gaineko informazioa emateko: «Gaur-gaurkoz ez dakigu Iruñean murrizketek zer eragin izango duten. Beharrezkoa da zuzendaritzak langileei azalpenak ematea».

Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroaren arabera, VW taldeak joan den astean bermatu zion ez zela aldaketarik egongo Landabengo eta Martorelleko (Katalunia) lantegietako inbertsioetan. Hala ere, azaldu du VWeko barne batzordeetan eztabaidatu behar dutela erabakiaren inguruan. UGTko eta CCOOko Espainiako metaleko arduradunekin eta Seateko ordezkari sindikalekin bildu zen atzo Soria. Landabengo langileen ordezkariek ez zuten bilera horretan parte hartu. Haien arabera, konpainiak eman behar ditu azalpenak, eta ez gobernuak.

VW taldeak, guztira, 85.600 milioi euro gastatu nahi zituen hurrengo bost urteotan modelo berrietan, teknologian eta lantegiak berritzen, baina zati handi bat motorren iruzurrak sortutako gastuak estaltzeko baliatu beharko du multinazionalak.]]>
<![CDATA[«Hobetzeko» soilik negoziatuko du LABek Gipuzkoako metalgintzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1753/014/001/2015-10-10/hobetzeko_soilik_negoziatuko_du_labek_gipuzkoako_metalgintzan.htm Sat, 10 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1753/014/001/2015-10-10/hobetzeko_soilik_negoziatuko_du_labek_gipuzkoako_metalgintzan.htm
Adegirekin biltzea baztertu du: «Hitzarmenetan sinesten dugu, baina ezin gara eseri ezeren truke»]]>

Gipuzkoan, 42.000 langile inguru biltzen ditu metalaren sektoreak. Langile horien etorkizuna negoziazioen mende geldituko da orain. Adegik esan zuen ez zuela negoziatuko auzitegiek epaia eman arte, epai horrek gatazka guztia baldintzatu zezakeela argudiatuta. Auzitegiak ebazpena eman ondoren litekeena da negoziazioei berriz ekin behar izatea.

LAB, ordea, ez dago prest «edozein preziotan» negoziatzeko. «Negoziazio kolektiboan sinesten segitzen dugu, hitzarmenak babesten ditugu, baina patronal honekin ezin gara eseri ezeren truke». Etxaidek berretsi du bertan behera utzi dutela Gipuzkoako patronalarekin egitekoa zuten bilera. Etxaideren esanetan, Pello Gibelalde Adegiko buruak joan den astean esandakoa gazteen inguruan «oso larria» da, baina «egunero» lantokietan ikusten dena baieztatu du: «Adegik urteak daramatza langileek urteetako borrokarekin lortutako guztia txikitzen. Hori da bere politika bakarra». Horrregatik uste du patronalarekin biltzeak ez lukeela egoera hobetuko: «Lantokiz lantoki, kalean, defendatuko dugu negoziazio kolektiboa».

Angel Toña Jaurlaritzako Enplegu sailburuak aste honetan sindikatuei eskatu die «malguagoak» izan behar luketela, eta horrek ez dituela zertan langileen lan baldintzak txartu. Kontrakoa pentsatzen du LABek. Esate baterako, langileei iruzur egitea dela uste du CCOOk eta UGTk patronalarekin adostutako zenbait akordio —Arabako metalgintzan lortutakoa, adibidez—: «Soldata KPIaren arabera ez igotzea atzerapausoa da langileentzat. Enpresek nahi dutena egingo dute».

LABek ekitaldia egin zuen atzo Donostian. Sindikatuaren Gipuzkoako ordezkariak bildu ziren han. Nabarmendu zuten hauteskunde sindikaletan Gipuzkoan igo den sindikatu bakarra dela LAB: «Emaitza bikainak izan ditugu». Ekitaldiaren hasieran, Rafa Diez idazkari nagusi ohia aske uzteko eskatu zuten.]]>
<![CDATA[LAB: "Negoziazio kolektiboan sinesten jarraitzen dugu, baina patronalarekin ezin gara eseri ezeren truke"]]> https://www.berria.eus/albisteak/115526/lab_negoziazio_kolektiboan_sinesten_jarraitzen_dugu_baina_patronalarekin_ezin_gara_eseri_ezeren_truke.htm Fri, 09 Oct 2015 19:06:31 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/albisteak/115526/lab_negoziazio_kolektiboan_sinesten_jarraitzen_dugu_baina_patronalarekin_ezin_gara_eseri_ezeren_truke.htm <![CDATA[Barkamena eskatu du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1848/017/001/2015-10-08/barkamena_eskatu_du.htm Thu, 08 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1848/017/001/2015-10-08/barkamena_eskatu_du.htm
Diputazioaren eta Jaurlaritzaren errietaren ondoren etorri da zuzenketa. Denis Itxaso Kultura eta Gazteria diputatuak «bidegabetzat» jo zituen Gibelalderen hitzak. Hala ere, gaineratu zuen garaiz zegoela atzera egin eta barkamena eskatzeko. Angel Toña Enplegu sailburuak ere «neurriz» jokatzera deitu zuen eta esan zuen ez dela zuzena gazteen enpleguari buruz orokortzea. Bien ustez, gazteak «oso ondo prestatuta» daude, baina ez dituzte «behar bezalako» aukerak.

CCOOk eta UGTk ere gaitzetsi dituzte Gibelalderen hitzak. Lan Duinaren Nazioarteko Egunaren harira, Bilbon elkarretaratzea egin zuten atzo, eta bi sindikatuetako idazkari nagusiek izan zituzten hizpide Adegiko presidentearen adierazpenak. CCOOko Sordoren arabera, «arinkeriak» utzi eta enpresek langile gehiago kontrata ditzaten egin behar du lan Gibelaldek. Ekonomiaren hazkunde nabarmena iragarri arren, «gazte askok» kanpora joan behar dutela salatu du Sordok: «Arazo horri erantzun behar dio patronal bateko arduradunak». UGTko Raul Arzak nabarmendu zuen gazteen %80k behin-behineko kontratuak dituztela, eta horietako askok «huskeria» kobratzen dutela. Hortaz, uste du «iraina» dela gazteek ahaleginik ez dutela egin nahi esatea.

EH Bildu «gustura» agertu da «presio sozialaren ondorioz» Gibelaldek barkamena eskatu duelako, baina uste du ez dela «nahikoa». Hori dela eta, aurrera segituko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako ebazpen proposamenarekin. Sei puntutatik bat aldatuko duela jakinarazi du, ordea; Gibelalderi bere hitzak erretiratzeko eskatzen ziona. LABek, berriz, elkarretaratzea egingo du gaur 11:00etan, Adegiren egoitzaren aurrean. GibelALDE esplotatzailea! Bagoaz etorkizuna irabaztera! izango da leloa. Ernai gazte antolakundearekin batera antolatu du protesta.

Alde biko eskaera Toñak

Toña sailburuak lan harremanak izan zituen hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Enpresariei «ausardia» eskatu die, eta «bidezko soldata igoera batzuk» onartzeko. Eskaera, baina, ez zen norabide bakarrekoa izan, bikoa baizik. Sindikatuei ere malgutasuna «gogo hobez» onartzeko eskatu die, haren ustez malgutasuna onartzeak ez duelako esan nahi langileen interesak defendatzen ez direnik.

Negoziazio kolektiboaren egoera «prekarioa eta txarra» dela aitortu du Toñak, ez direlako lortzen «elkargunerako gutxieneko eremuak». Haren ustez, enpresariek malgutasuna «behar dute eta eskatzen dute» hitzarmenetan, eta sindikatuek «oso ezkor» erantzuten diote eskakizun horri.

Aldi berean, sailburuak esan du beharginek «lan baldintzak hobetzeko» beharra daukatela, «urte dezentetan geldirik dauzkatelako». Enpresarien aldetik lan baldintza batzuk hobetzeko «erresistentzia» ikusten du Toñak, eta kasu batzuetan ulergarria dela aitortu arren, uste du beste batzuetan ez dela horrela.]]>
<![CDATA[Gibelalderi «hitz bidegabeak» zuzentzeko eskatu dio diputazioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1836/011/001/2015-10-07/gibelalderi_hitz_bidegabeak_zuzentzeko_eskatu_dio_diputazioak.htm Wed, 07 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1836/011/001/2015-10-07/gibelalderi_hitz_bidegabeak_zuzentzeko_eskatu_dio_diputazioak.htm
EH Bilduk Gibelalderen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean]]>

Adegiko presidentearen hitzen inguruan galdetuta, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak esan du ez dela zuzena gazteen enpleguari buruz orokortzea. Egungo egoeran zatiketen ordez «adostasunak» behar direla adierazi du, eta akordioak lortzeko beharrezkotzat jo du «neurriz» jokatzea. Gazteei buruz, Itxasoren antzeko hitzak erabili ditu Toñak: «Gazte asko oso ondo prestatuta daude, baina ez dute aukerarik beren gaitasuna garatzeko. Hemengo enpresariek beren esku dute gure gazteengan konfiantza izan eta merezi duten lan aukerak ematea».

EH Bildu kritiko agertu da Gibelalderen adierazpenekin. Herenegun, iragarri zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan ebazpen proposamen bat aurkeztuko duela hitz horien aurka. Atzo, berriz, Gibelalderen agerraldia eskatu zuen legebiltzarrean, «gazteen aurkako irainak» erretira ditzan. Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentearen agerraldia ere eskatu du Adegiko buruaren hitzak gaitzesteko: «Hala egiten ez badu, berretsiko du zein den haien eredua; gazteria pobreziara edo erbestera eramaten duena, alegia», azaldu du EH Bilduko Igor Lopez de Muniainek. Legebiltzarkidearen ustez, Gibelalderen hitzak «oso larriak» dira, baina hori «ez da okerrena»: «Okerrena da patronalaren ohiko jardunaren eta pentsamenduaren benetako oinarria publikoki adierazi baino ez duela egin».

Sindikatuak, haserre

Sindikatuak ere haserrarazi ditu Adegiko buruaren prentsaurrekoak. ELAren arabera, Gibelaldek esandakoak «ez dira harrigarriak», hala ere. «Astakeriak» izatetik harago, patronalaren «argazki zehatza» erakusten dute: «Uste dute edozer pentsatu eta egiteko eskubidea dutela». Jaurlaritzari ere mintzatu zaio ELA: «Jaurlaritzako inork ugazabei horrelako adierazpenengatik kargu ez hartzeak agerian uzten du gobernu hau patronalaren helburuekin bat datorrela». Confebaskeko burua sindikatuekin bilera erronda egiten ari da, eta ELAren txanda izan zen atzo.

Bihar, berez, LAB da biltzekoa Larrañagarekin, baina oso litekeena da azkenean bilerarik ez egitea. Sindikatuaren ustez, «onartezina» da Gibelaldek gazteei buruz esandakoa, eta Confebaski ohartarazi dio hitz horiek gaitzetsi ezean ez dela bilerara joango. Gibelalderen dimisioa ere eskatu du LABek, eta iragarri du Adegirekin lan hitzarmenen inguruan egitekoa zuen bilera bertan behera utzi duela. Ernai gazte antolakundearekin batera, protestara deitu du bihar, Adegiren egoitzaren aurrean, 11:00etan.]]>
<![CDATA[ELAk Confebaski esan dio ez dela izango elkarrizketa sozialean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1860/011/002/2015-10-07/elak_confebaski_esan_dio_ez_dela_izango_elkarrizketa_sozialean.htm Wed, 07 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1860/011/002/2015-10-07/elak_confebaski_esan_dio_ez_dela_izango_elkarrizketa_sozialean.htm
Sindikatuak patronalari leporatu dio gero eta sektore gehiagotan eskubide bat bera ere errespetatzen ez duten «enpresari piratek» ezartzen dituztela «lehiaren arauak». Eta salatu du arau horietan lan eskubideak sistematikoki urratzen direla. Negoziazio kolektiboari dagokionez, Confebaski gogorarazi dio erreforma laboralek eta patronalaren «blokeo» jarrerak «sekulako» kaltea eragin diela negoziazioei: «Duela urte gutxi pentsaezina zen patronalak legeetatik hainbeste pribilegio lortuko zuela».

ELAk «ahal duen guztia» egingo du soldaten jaitsierari aurre egiteko, lana duintzeko eta gizarte politikei lehentasuna emateko. Horrez gain, Confebaski esan dio «erantzun irmoa» emango diela nagusiei, sindikatuen eginkizuna mugatzea eta esparru sindikal eta sozialetan «arau demokratikoak haustea helburu dutenean».]]>
<![CDATA[ELA: «Nafarroako Gobernuak UGT eta CCOOko liberatuei pagatu die»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1819/013/001/2015-10-06/ela_nafarroako_gobernuak_ugt_eta_ccooko_liberatuei_pagatu_die.htm Tue, 06 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1819/013/001/2015-10-06/ela_nafarroako_gobernuak_ugt_eta_ccooko_liberatuei_pagatu_die.htm
ELAk azaldu duenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmenak baliatzen zituzten ordainketak egiteko. Berez, formakuntza eta berdintasuna bultzatzea da erakunde horren helburua, baina ELAk salatu du iaz sinatu zituzten lau hitzarmenetan (945.000 euro guztira) UGTren eta CCOOren liberatu batzuen soldatak ordaintzeko diru partidak daudela, batzuen kasuan soldata osoak ordaintzerainokoak, gainera.

CCOOk ukatu egin du bere liberatu batzuek Nafarroako aurrekontuetatik kobratu izan dutela. Programa horietarako kontratatutako pertsonek soslai teknikoa dute sindikatuaren esanetan. Gaineratu du hitzarmen guztiak gardenak direla.

Duela egun batzuk ELAk jakitera eman zuen Nafarroako Gobernuak 24 hitzarmen adostu zituela zuzenean CEN patronalarekin, UGTrekin eta CCOOrekin (9,5 milioi euro guztira). Bada, horietako lau hitzarmen eskuratu ahal izan ditu sindikatuak. Jakinarazi du zenbait liberatu sindikalen zerrendak ageri direla akordio horietan, eta egiaztatu du Nafarroako aurrekontuetatik ordaintzen zietela. «UGTko eta CCOOko egiturazko karguak agertzen dira zerrendan, eta federazio batzuetako idazkari nagusiak eta horien zuzendaritzako kideak ere badaude», salatu du Zabaletak.

Arduradunak, tartean

Sindikatuaren arabera, auzian zipriztindutakoen artean daude CCOOko zerbitzuetako, industriako eta kimika arloko federazioetako arduradunak, nekazaritzako elikagaien arloko zein Sakanako arduradunak. «Neurri txikiagoan» azken bi horiek. UGTren kasuan, berriz, merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien arloetako zenbait arduradun leudeke Nafarroako Gobernuaren eskutik soldata jaso dutenen artean, ELAren arabera.

Zabaletaren esanetan, gobernuak sindikatuekin egindako hitzarmen horiek «ez dute zentzurik», sindikatu baten berezko lanak egiteagatik ordaintzen baitie. Esate baterako, azaldu du langileei enplegu kalitatearen inguruko aholkularitza emateagatik edo hitzarmen kolektiboetan berdintasun klausulak bultzatzeagatik ordaintzen zietela. «Beste batzuek gure baliabideekin eta gure afiliatuen diruarekin egiten duguna eurek nafar guztien diruarekin egiten dute».

Lakuntzak esan du «eskandalagarria» dela Nafarroako Gobernuak UGTri eta CCOOri zuzenean ordaindu izana. Gaineratu du ordainketa horien helburua sindikatu horiek isilaraztea dela, «sindikalgintza otzanagoa egin dezaten», eta bide batez, ELAren eta LABen sindikalgintza «aldarrikatzaileagoari» aurre egitea.]]>
<![CDATA[LAB ez da Adegirekin bilduko, Gibelalderen adierazpenak direla eta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/013/002/2015-10-06/lab_ez_da_adegirekin_bilduko_gibelalderen_adierazpenak_direla_eta.htm Tue, 06 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1875/013/002/2015-10-06/lab_ez_da_adegirekin_bilduko_gibelalderen_adierazpenak_direla_eta.htm
Confebaski ere bidali dio mezua LABek. Roberto Larrañaga Confebaskeko presidente berria sindikatuekin bilera erronda egiten ari da aste honetan. CCOOrekin bildu zen atzo, ELArekin bilduko da gaur eta LABekin etzi da biltzekoa. Sindikatuak, ordea, patronalari ohartarazi dio Gibelalderen berbak gaitzetsi ezean, ez dela joango etziko bilerara.

Adierazpenok gaitzesteko, EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Honela dio lehen puntuak: «Gibelalderen hitzak bidegabeak eta iraingarriak dira. Gazteek gure gizarteari egiten dioten ekarpena gutxiesten dute, beraien esfortzua mespretxatzen, eta ez du kontuan hartzen pairatzen duten lan eta ekonomia prekarietatea».

Gibelaldek ekintzailetzaz hitz egiterakoan gazteak kritikatu zituen: «Gure seme-alabak ondoegi bizi dira, ez dute goserik ahalegin handiak egiteko». Gipuzkoan per capitaerrenta 33.000 euro dela gogoratu ondoren, gazteek esan zuen Txinara edo Indiara ez dutela joan nahi, besteak beste. «Gure enplegua munduan dago. Alemanian egotea ez da etxetik kanpo egotea hegazkinak egonda. Etxean aitatxo eta amatxorekin goxo egotea, ezkontzea eta Donostian etxea erostea ezinezkoa izango da».]]>
<![CDATA[MALDA GORA, MALDA BEHERA]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1953/022/001/2015-10-04/malda_gora_malda_behera.htm Sun, 04 Oct 2015 00:00:00 +0200 Arnaitz Lasarte https://www.berria.eus/paperekoa/1953/022/001/2015-10-04/malda_gora_malda_behera.htm
Orbea anai-arrebek 1840an Eibarren (Gipuzkoa) abiarazitako arma lantegi txikia hazten joan zen urtez urte, Lehen Mundu Gerran goia jo zuen arte. XX. mendearen hasiera oparoa izan zen arma ekoizleentzat. Gerra bukatuta krisialdia iritsi zen eta beste sektore batzuetara igaro behar izan zuten. Besteren artean bizikletak egiteari ekin zion Orbeak.

Urte onak ezagutu zituen, baina motordun ibilgailuen agertzearekin salmentak makaldu ziren. 1969an, kiebra jotzear, kooperatiba sortu zuten langileek eta Mondragon taldean sartu zen 1971n. Eibarko lantegia itxi, eta Mallabira (Bizkaia) lekualdatu zen enpresa 1975ean. Txirrindulari taldeak sortu zituen datozen urteetan. 1990eko hamarkadan mendiko bizikletaren boom-a iritsi zen. Zailtasunak, gero. Merkatu berriak bilatu beharra. Nazioartekotzearen aldeko apustua egin zuten, besteak beste, AEBetan pausoak emanez. Karbonozko lehen bizikletak merkaturatu zituzten. Euskaltel-Euskadi taldeak markaren izena zabaldu zuen nazioartean. Gako asko esaldi bakar baterako.

ABIAPUNTUA, 1840. URTEAN

Orbea Hermanos enpresa 1840an sortu zuten Eibarren Juan Martin, Mateo, Casimiro eta Petra Orbea Murua anai arrebek. Herriko beste hainbat lantegi bezala armak ekoizten hasi ziren; pistolak eta errebolberrak, batez ere. Apurka-apurka hazten joan zen enpresa: 1895. urterako 50 langile zituen eta 80.000 errebolber inguru egiten zituzten urtean. Urte horretan hil zen bazkide sortzaileetako azkena eta hurrengo belaunaldiaren esku gelditu zen enpresa. Orbea y Cia izena hartu zuen eta berehala bihurtu zen arma txikien ekoizle nagusienetakoa.

PIXKANAKA, HAZTEN

XX. mendearen hasieran esportazioek nabarmen egin zuten gora —ekoizpenaren %90 esportatzen zuten—. Ondorioz, enpresak hazten jarraitu zuen. 1906. urtean, esate baterako, 406 langile zituen. Kartutxoen sektorean ere sartu zen, gainera; egunean 25.000 kartutxo egiten zituzten Orbean. Eskaerei erantzuteko, 1907an kartutxoak ekoizteko lantegi bat ireki zuten Buenos Airesen. 1912. urtean, ordea, ekoizpenaren monopolioa galdu zuen Orbeak eta Eibarreko kartutxoen lantegia itxi behar izan zuen. Armen sektorean segitu zuen buru-belarri.

I. MUNDU GERRAN, GOIA

Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean (1914-1918), oparoaldia ezagutu zuen Eibarko ekonomiak. Tartean, Orbeak berak ere bai. 1916an, adibidez, 700.000 armatik gora saldu zituen. Beste aldea agudo iritsi zen, hala ere. 1918an gerra amaitu ondoren, Eibarko fabriketako biltegi asko errebolberrez eta pistolaz beteta gelditu ziren. Eta Orbea ez zen krisialdi horretatik kanpo gelditu. 1924an, familiaren zati batek Eibarko lantegia utzi, eta kartutxo enpresa bat ireki zuen Gasteizen. Beste zatiak Orbea Hermanos izena hartu zuen berriz, eta armen negozioarekin segitu zuen. Horrez gain, makina erreminta sektorean ere egin zuten urrats bat edo beste. Hala, 300 laguneko lantaldea zuen 1924an, 40.000 errebolber egiten zituen urtean eta 40 tona makina erreminta.

BESTE SEKTOREETARA JAUZI

1930eko hamarkadan, Eibarko lantegia armen ekoizpenetik urruntzen hasi zen pixkanaka, Esteban Orbearen zuzendaritzapean. Orbea y Cia S.A deitu zuen enpresa berriz. 36ko gerraren aurretik, fresagailuak, zulagailuak eta bestelako erremintak ekoizten zituzten bertan, eta lehen bizikletak ere garai hartan egin zituzten. Gerraren ondoren, mila laguneko lantaldea zuen eta 50.000 bizikletatik gora ekoizten zituen urtean. Garraiobide gisa bizikletak ospe handia hartu zuen urte haietan eta ospe hori igarri zuen Orbeak. Urte oparo horiek ez zuten asko iraun, ordea. Gero eta ibilgailu motordun gehiago erosten zituzten herritarrek eta bizikleten salmentek nabarmen egin zuten behera. Ondorioz, negozio bide berriak topatu behar izan zuen Orbeak. Besteak beste, aitzindaria izan zen motozikletaren zabalkundean, Frantziako Velosolex markaren eskutik.

KOOPERATIBAREN SORRERA

1960ko hamarkadan larriagotu egin zen bizikleta industriaren egoera. Bizikleten salmentak izugarri jaitsi ziren eta sektoreko enpresek gorriak ikusi zituzten aurrera egiteko. Orbearen egoera ere oso kezkagarria zen. Ordainketak egiteko arazoak zituen eta kiebra jotzeko zorian zegoen. 1.500 langileek beren etorkizuna kolokan ikusirik, 1969an enpresa beren esku hartzea erabaki zuten. Ordura arte buru zen Esteban Orbeari marka erabiltzeko baimena eskatu zioten eta kooperatiba bat sortu zuten. Garai berriak ziren Orbearentzat. 1971n, Mondragon Taldean sartu zen eta 1975ean Eibarko lantegia utzi, eta Mallabira lekualdatu ziren.

IRAUPEN URTEAK

1970eko eta 1980ko hamarkadak ez ziren errazak izan enpresarentzat. Salmentak beheraka egiten zuten erritmo berean, langile kopurua ere murriztuz joan zen —200 ziren 1980an—. Orbearen Yovana, Gua gua eta Furia bizikletek ospea hartu zuten aisialdirako bizikleten artean, baina produktu horiek irabazi marjina txikia zuten. Hori dela eta, 1980ko hamarkadan lasterketetako bizikletetan jarri zuen arreta.

TXIRRINDULARI TALDEAK

Kirolera hurbiltzeko ahaleginean, txirrindulari taldeak martxan jarri zituen: Seat Orbea, Gin MG Orbea, Orbea Danena... Izen handiko txirrindulariak pasa ziren talde horietatik: Pedro Delgado, Peio Ruiz Cabestany, Marino Lejarreta... Delgadok Espainiako Itzulia irabazi zuen 1985ean. Geroztik Orbea beti egon da kirolari oso lotuta. Euskadi Fundazioari batik bat. Euskaltel-Euskadik, esaterako, sona handia eman zion aurreko hamarkadan.

MENDIKO BIZIKLETEK, GORA

Sektorearen bilakaeran, 1990. hamarkada garai garrantzitsua izan zen. Mendiko bizikletaren boom-a iritsi zen AEBetatik, eta horri gehitu behar zaio Migel Indurainek bost Tour irabazi zituela. Bizikletaren salmentek nabarmen egin zuten gora. Orbeak, adibidez, bikoiztu egin zuen ekoizpena. Tsunamiaren ondoren, ordea, barealdia etorri zen. Eskaerak jaitsi ziren eta hainbat enpresak bizikletak ekoizteari utzi zioten: Ravassak Katalunian, Torrotek Euskal Herrian...

1998TIK, MUNDURA BEGIRA

Atzera edo aurrera egiteko garaia zen Orbearentzat ere, eta aurrera egitea erabaki zuen. Inbertsio handiak egin zituzten produktua garatu eta marka nazioartera zabaldu asmoz. Izan ere, ordura arte Euskal Herrian eta Espainian saltzen zuen, batik bat. Geroztik, hainbat herrialdetan filialak sortu dituzte, eta AEB bihurtu da Orbearen merkatu nagusiena Europarekin batera —salmenten %80 merkatu horietan egiten dituzte—. Egun, 280 langile ditu kooperatibak, eta bi lantegi nagusi: Mallabian bat, eta Portugalgo Aveiron bestea. Aurten arte beste lantegi bat ere bazuen Txinan, Kunshanen, baina udaberrian planta itxiko zuela iragarri zuen ez zitzaiola errentagarri argudiatuta.]]>