<![CDATA[Asier Urkiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:30:01 +0100 hourly 1 <![CDATA[Asier Urkiza | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Leku bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2002/031/002/2023-02-05/leku_bat.htm Sun, 05 Feb 2023 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2002/031/002/2023-02-05/leku_bat.htm Estuarioa da azkenengoa. Liburua hamar ipuinez osatuta dago, eta ezaugarri batek batzen ditu: denak ere Bilboko itsasadarraren inguruan girotuta daude. Hala, ipuinak hurrenkera kronologikoan eman ditu autoreak, leku eta giro jakin baten bilakaera adierazteko moduan. Esan daiteke, beraz, liburuak baduela zentzu organikoa, eta, berez ipuinek elkarrekiko loturarik ez izanagatik, guztiek batera obra bakarra taxutzen dute, denboraz gaindiko mosaikoa.

Lehendik ezaguna zen Iturregiren itsas bazter eta portu inguruekiko joera; hortxe dago, esaterako, 2019ko Ur biren artean aipagarria zein aurreko zenbait lan. Estuarioa-n Bilboko itsasadarra darabil Bilboren —hau da, Euskal Herriko bilbe urbano eta industrial handienaren— bilakaera politiko, ekonomiko eta kulturala islatzeko. Iturregik XX. mendeko lehen erdialdetik hasi —gerra zibil garaikoa da lehenengo kontakizuna—, eta aro garaikidean amaitzen du bidaia. Gurmatan galdurik izeneko azken ipuinak egungo Bilbo eraberritu eta post-industrialean kokatzen du irakurlea. Liburuak Euskal Herriko iruditeria paisajistikoaz gogoeta egiteko ematen du, industrializazioak ekarri eta eraman zuenaz, tokiei lotutako identitateaz. Egituratik hasita, lekuaren konplexutasuna aurkezten zaigu, ipuinez ipuin identitate ñabardurez kargatuta aurkezten delako berau, mundu materialak zein gizakion harremanak zehaztuta. Horri metatzen doazen oroitzapenak erantsi behar zaizkio, azken narrazioko protagonistaren malenkoniak seinalatu bezalaxe. Ingurua ardatz hartuta gizarte aldakor baten erretratua eskaintzen du idazleak.

Ipuinak, espazioak elkartuta egon arren, ez dira zur bereko ezpalak, baina badute ezaugarri komunik. Esan legez, autoreak gizarte baten antzaldaketa marrazten du, eta nabarmentzekoa da narrazioetan emakumeek duten protagonismoa. Bestalde, gizarte gaiak suma daitezke, baina ez dira modu manikeoegian ageri; Iturregik asmatzen du, oro har, horiek tentsio narratiboaren gainetik ez jartzen. Orobat, giro politikoaren deskribapen hutsa egin baino gehiago, hura etxe giroko gatazka intimoen bidez azaleratzen da. Adibidez, frankismoko errefuxiatu baten ingurukoa anaia gaztearen begietatik dakusagu, edota Euskaldunako borroka langile baten alaba nerabearen ikuspegitik. Halere, ipuin batzuek neurriz gain kontatzen dutela iruditu zait, beren laburrean orohartzaileegiak direla, alegia. Ekintza gehiegi jasotzen dituzte, arrapaladan. Elipsien erabilera ona egiten dutenak —Egiturak eta mekanismoak— , erritmo motelagokoak —Hiru maitasun, Berri ona— edo amaiera eraginkorrekoak —Biziak, hilak...— dira osoenak. Esan eta isildu beharrekoaren dekantazio zorrotza behar du narrazioak —laburrak bereziki—, eta horretan gorabeheratsuak dira. Ez du horrek Iturregiren proposamen orijinal eta interesgarria zapuzten, jakina.]]>
<![CDATA[Hutsuneetan arakatuz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/029/002/2023-01-22/hutsuneetan_arakatuz.htm Sun, 22 Jan 2023 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1989/029/002/2023-01-22/hutsuneetan_arakatuz.htm Suite frantsesa eleberri gogoangarria berrargitaratu du. Berrargitaratze esanguratsua, izan ere, 2011n lehenbiziko aldiz euskaraz argitaratu zenaren aldean berritasun ugari dakartza honako bertsioak. Areago, bertsio berri baten aurrean geundeke. 2004ko aurkikuntza eta lehenbiziko ediziotik bederatzi urte pasatu ondoren, 2013an agertutako Nemirovskyren eskuizkribuak ditu abiapuntu argitalpenak. Hain zuzen, idazlearen paperetan kausitutako Ekaitza ekainean lehenengo liburukiaren berridazketa jasotzen du. Aukera ona, hortaz, horren eleberri mugarriaz hitz egiteko.

Jakina denez, Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako Frantzian kokatzen da nobela. Nemirovskyk berak bizitako garaia dugu, Parisetik ihes eginda Issy-l'Évêquen ezkutatu baitzen naziengandik. Gestapok atxilotu zuen azkenerako, ordea, eta Auschwitzen hil zen. Bertatik bertarako lekukotasun literarioa eskaini eta lanak berehalako arrakasta izan zuen 2004an. Bi eleberri laburrez —atal esatea gehiegi litzateke, eleberri autonomotzat hartuak izan daitezke eta— osatutako liburua da. Desberdintasun nabariak dituzte batak eta besteak, hala edukiari nola kontaerari eta egiturari dagokionez. Ekaitza ekainean izenekoak kaleidoskopio itxura du, hainbat pertsonaiatan ardaztutako atal laburretan egituratua. Hala, irakurleak zenbait patu eta ihesaldiren berri jakingo du; hortxe daude goi-burgesiako Pericaud familia, Gabriel Corte idazle arranditsua, Michaud senar-emazte burges txikiak... Naziek Paris okupatuz geroztik denak ere ihesean, Frantziako landa eremuko herriak kurrituz. Bigarren liburukian, Dolce-n, okupatutako herrixka bateko bizimodua islatzen da, bi familia protagonista direla, Laberie baserritarrak eta Angellier burges kaletarrak, hurrenez hurren.

Bi liburukien osagai adierazgarrietako bat zera da, klase sozialen gaineko iruzkinen aberastasuna. Nemirovsky maisua da pertsonaien karakterizazioan, eta gehienetan manikeismoari ihes eginez —alemanenganako sentimenduen anbibalentzia da gakoetako bat—, gainbeherak jotako gizarte baten erretratu zorrotza aurkezten du. Hipokrisiak azaleratzen dira, maitasunak eta gorrotoak, sentimenduen borborra klase sozial bakoitzak jokatu beharreko funtzio historikoarekin gatazkan. Norbanakoaren eta Historiaren arteko harreman konplexua dagoke sakonean, baina finean zerbait zehatzagoaz ari da autorea, hots, frantziar gizarteak okupazioaren aurrean hartutako jarrerez. Beren alderdi gizatiar eta moralaz. Frantziaren lotsaizun eta miseriez, alegia. Kolaborazionismoa ageri da batzuetan; beste batzuetan, berriz, harrokeria nazionalak erantsitako berniz epikoa baino ez du kentzen. Frantziak okupazioaz eta Erresistentziaz garatutako kontakizunari zartakoa ematen dio Suite frantsesa-k, fikzioaren zereginetako bat historia ofizialaren hutsuneetan arakatzea denez. Horietan miatzeko gaitasun handia zuen Nemirovskyk, baita gizakiak Historiaren atzaparretatik libratzekoa ere.]]>
<![CDATA[Internazionalismo literarioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/039/002/2023-01-08/internazionalismo_literarioa.htm Sun, 08 Jan 2023 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1971/039/002/2023-01-08/internazionalismo_literarioa.htm Argia aldizkarian idatzitako artikuluen bilduma da, berez, Humanitatearen une gorenak. Gorka Bereziartuak hitzaurrean dioenez, ordea, hori baino gehiago ere bada; izan ere, testuak elkarrekiko loturan antolatuta daude, eta liburuak badu, hortaz, zentzu organikoa, logika formala. Galarraga, Zweigen liburu hartako izenburua bere eginez, literaturaren bidez aritzen da une goren zein erdipurdikoez, afera betierekoez eta eguneroko bizitzak gordetzen duenaz.

Saiakera literarioaren generoan kokatuko nuke liburua, ez hainbeste literaturak toki handia hartzen duelako bertan, baizik eta Galarragak hura duelako bidaide, lagunik leialen eta inguruaz gogoetatzeko tresna. Pentsamendu literario baten egituratzea baitago orriotan, mundua esaten dioguna literaturaren galbahetik iragazteko nahia. Hala forman nola edukian antzematen da hori. Esan bezala, orriz orri, testuz testu, autoreak bere unibertsoa taxutzen du irakurleen aurrean, batzuetan zirikatu asmoz, gehienetan konplizitate keinu bila.

Zurruntasunari ihes egin nahia dateke liburuaren beste ezaugarrietako bat; umorea, ironia eta arintasuna neurri egokian erantsita erdiesten du Galarragak bizitasuna, testuen laburtasunak ere —prentsarako artikuluak izaki— ikaragarri laguntzen duela. Liburuan gurutzatzen dira gai pisutsuak arinekin, kezka bizienak plazer uneekin, minak ukenduekin. Heriotza, zahartzaroa, denboraren igarotzea, sorterria eta deserria, artearen funtzioa... horrelakoak sumatzen dira sarri berniz auto-ironikoaren azpian —zeina ez baita liburu osoan zehar agertzen, egiari zor—. Bidezidorrotan paseoan bezala abiatzen da, halere, Galarraga. Txistua joz, tarteka pentsakor, bidaiaz gozatzeko segurantza osoarekin. Eta eskuan beti liburu batekin.

Bidaia gozagarria da, besteak beste, bakarrik joanda ere lagunduta egiten delako. Kontaezinak dira liburuan aipatzen diren idazleak eta obrak. Ez dira apaingarri edo osagarri huts; kontrara, hausnarketen akuilu dira, autorearen begirada literarioa janzten duten neurrian, ezinbestekoak. Erreferentzietan badaude joera nabarmenak, edozein irakurlek baititu, izan, bere eremu kutunak, obsesio ere bilaka daitezkeenak. Galarragak badu bat, nire irudiko, liburu osoaren adierazgarri izan daitekeena. Mittleuropa, mugako literatura, Praga, Trieste, bai, baina baita Bidasoa, Baztan, Katalunia, Espainia, Frantzia, Euskal Herria ere. Geografiak —ez soilik literarioak— eta berorien arteko balizko zubiak. Igar daiteke liburuan asmo supranazional bat, internazionalismo literario bat nahi bada, aberrietan baino, hizkuntzetan sinesten duena, literaturetan, humanismoan oraindik ere esperantza handia izan eta kultura ezartzen duena izugarrikeria eta desberdinkeria gainditzeko bitartekotzat. Hor kokatzen da tradizio literarioaren aitortza, etorkizunerantz proiektatu beharrekoa, mundu malapartatu hau konponduko bada. Eta konponbiderik ezean, Kafkak zioen hura, behintzat irtenbide bat, egunerokoa goxatzen eta une txikiak goratzen lagun diezagun.]]>
<![CDATA[Paisaian mamitutako ihesa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2120/039/003/2022-12-11/paisaian_mamitutako_ihesa.htm Sun, 11 Dec 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2120/039/003/2022-12-11/paisaian_mamitutako_ihesa.htm Gari eta goroldiozko. Eleberritzat har dezakegun narrazio zatikatua da. Izenburuak iradokitako bi paisaiekiko lotura estuan egindako bidaia da liburuaren ardatza, lehenengo pertsonan kontatua. Ekaitz arratsalde baten peko hiriko zinema ataritik garizko herrirainoko ibilaldia dakar autoreak, kanpoko paisaiari bezainbat barrukoari so egiten dion begiradaz.

Emakumezko protagonista baten ibilaldia dakusagu orriotan. Oinez, hirian barrenakoa lehenbizi; errepidez, familiaren herrirainokoa gero. Protagonista eta paisaiaren arteko harremanek garrantzi berezia hartzen dute liburuan; ikusi, entzun eta usaintzen dituenen lekuko egiten du irakurlea. Narrazio hasieran inguru urbanoa da nagusi, bere estanpa post guztiekin, non bizimodu gris eta alienatuak ernatzen diren. Paisaiari buruzko iruzkinak protagonistaren barne-gogo zein gizartearen gaineko juzgu eta iritziak azaleratzeko darabiltza autoreak, psikogeografia gisako bat antzeratuz. Tarteka oroimen txatalak sumatzen dira han eta hemen, paisaiarekin nahasian, edozein arrastok gogoratzeko beta ematen duela. Emakume izengabeak une batean aitortu legez: «Paisaia eta memoria elkarrekin korapilatzen zitzaizkidan». Hori horrela, denboran atzera-aurrerako jauziak arintasun handiz egiten dira, paisaiarekiko harmonian bezala. Maitalearen ile kizkurra batzuetan, amarekiko akorduak besteetan. Paisaiaren irudikapen horietan, bestalde, gaitz garaikide zenbaiten isla ere ikus daiteke; ororen gainetik krisi ekologikoa, baina baita osasun mentalaren eta paisaiaren arteko harremana ere. Zer esanik ez, paisaiaren baitako elementuak lehengai dituzten metaforak ugariak dira testuan.

Eleberria aberatsa da irudien sorkuntzan. Horietako batzuk indartsuak eta iradokigarriak dira. Hiztegi intimo eta unibertsalaren arteko uztarketa hori da alderdi interesgarrienetako bat. Bere lausotasuna zehazteko, anabasa horri tamaina hartzeko inguruan euste-puntu bila dabil protagonista, eta hala doa materiaren esangura zukutuz. Irudi ederrenetako bat amaiera aldekoa da, trastez betetako ganbararena. Lan-tresnen inbentarioa eta hustutako ganbararen argazkia. Objektuen dialektika bat marrazten da orrialde gutxitan. Gainera, liburuaren egiturak irudion indarrari eta idazketa modu mamitsuari on egiten diolakoan nago, betekadaz libratzen baitu irakurlea. Noiz edo noiz, baina, gehiegizkoa suerta daiteke metafora eta konparazioen erabilera. Indarge ageri dira irudiok horrelakoetan. Esaterako, irakurlea sinesgogor ager daiteke kafe hurrupa baten aurrean protagonistak «Ameriketako konkista» gogora ekartzean, edota autobuseko pasartea bidaiariei buruzko iruzkin soziologikoz betetzean. Metaforarako gehiegizko joera horrek zein pasarte batzuetan antzematen den gain-adjektibazioak idazkeraren zorrotza kamusten dute. Halere, original eta iradokitzailea da Anari Alberdiren lehenbiziko literatur lana, gizaki baten ihesa sustraietarantz, paisaian mamitua.]]>
<![CDATA[Beltzaren koloreak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/041/004/2022-11-27/beltzaren_koloreak.htm Sun, 27 Nov 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1971/041/004/2022-11-27/beltzaren_koloreak.htm Rock'n'roll hartako Edu Saragueta kazetaria berreskuratu du Erretzaile damutuen konpainia eleberrirako. Idazle generozalea da Epaltza, izan ere, aipatu bi eleberri beltzekin batera, Erresuma eta fedea trilogia historikoa ere eman zuen argitara 2006tik 2013ra. Genero beltzaren arauei jarraiki eraikitako nobela dugu Saraguetaren abentura berria. Antiheroiaren paperean are hondoratuago ageri da protagonista, ustez bizitza profesionaletik aparte. Bat-etortze zenbaitek, lan eskaintza bat tarteko dela, kasu berri baten peskizan jarriko dute, baina. Generoak ohi duen gisan, gizartearen erretratu zorrotza eskaintzen du liburuak. Gizarte jakin batena, Nafarroarena, eta, zehazki, orriotan orain Iruñea orain Pamplona den hiriburuarena.

Eleberri zorabiagarria da, bere on eta gaitz. Kontakizunak arrapaladan egiten du aurrera; haatik, xehetasunetan laketzea maite du Epaltzak, batik bat pertsonaien izaeraren arrastoa ematen duten eszena girotze biziekin eta baita elkarrizketa zoliekin ere. Edu Saraguetari Iruñeko komunitate islamiarra ikertzeko mandatua eman diote NTV telebistatik. Horri buruzko erreportajea egin behar du, bi aste doi baino ez daukala hura burutzeko. Iruñeko Arrosadia auzoan bizi da Edu, etorkinez betetako auzo proletarioa berau. Inguru horren eta protagonistaren emazte ohiaren bizilekuaren arteko talka nabaria da nobelan. Zereginari helduta, Saraguetak laster ikusiko du bere burua kontu zikinagoetan katramilatuta, islamiar terrorismoa, azpijoko politikoa eta ustelkeria uztartzen dituen koktel kargatu samarrean. Halere, bilbe detektibeskoak aurrera egin ahala Eduren bizitzaren ingurukoak ere aletzen ditu idazleak. Eduren erlazionatzeko zailtasunak eta bizitzari aurre egin ezina sumatzen dira dekadentziak jotako bere bizimoduaren kontaketan.

Umoreak toki handia hartzen du narrazioan. Sexuak beste horrenbeste. Oro har, adin ertaineko gizon heterosexualaren trufa dario Epaltzaren lumari. Protagonistaren lepotik barre egiten du irakurleak, bere heldutasun faltaz eta irrigarri geratzeko gaitasunaz. Aire misoginoa dabil Erretzaile Damutuen Konpainiaren hamaiketakoan zein Eduren emakumeekiko tratuan, narrazioan aurrera lurrunduko dena. Irakurleak enpatia ere sentituko baitu protagonistarekin, momentu giltzarrietan izandako jokabide gizalegezkoa dela kausa. Istorio polizialak behartuegia irudi dezakeen arren, autoreak badaki hori pertsonaien arteko tirabirekin estaltzen, baita gizarte iruzkin kritiko bezain sotilekin ere. Ez erabat, amaiera aldera eleberria gehiegizko abiadura dela-eta lautzen denez, ekintzaz ekintza irakurlea sorgortzeraino. Generoaren kanona dela jakinik ere, meskitaren afera argitzeko presak kalte egiten die bestelakoei, hala nola pertsonaien gatazkei. Edonola ere, genero beltzaren adibide gaurkotu eta gurera egokitutakoa dakar Epaltzak, begirada umoretsua zuzentzen diona sexu (aniztasuna), arrazakeria edota gizartearen proletarizazioa bezalako fenomenoei. Hala, eleberri beltzaren bidetik koloretako Iruñera.]]>
<![CDATA[Herriaren historia, jendearen istorioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2014/035/003/2022-11-13/herriaren_historia_jendearen_istorioak.htm Sun, 13 Nov 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2014/035/003/2022-11-13/herriaren_historia_jendearen_istorioak.htm Hamahiru ipuin, idazleak hainbat urtetan zehar idatzitako narrazioen bilduma, 2017an Hoja de Lata argitaletxeak publikatua eta orain Ereinen eskutik euskal literaturara iritsitakoa. Frankisten garaipena dela-eta exiliatu behar izan zuen Mexikora Carnesek, zeina PCEko militante eta errepublikazale sutsua baitzen. Han hil zen 1963an, eta ipuinok ere badira bizi-ibilbide horren erakusle, Espainia errepublikarrean, gerra eta frankismo garaian zein 60ko hamarkadako Mexiko eta Amerikako Estatu Batuetan girotuta daudenez gero. Gizarte errealitatearekin estuki lotutako kontakizunak dira guztiak, baina gertakari handiei ez ezik, eguneroko gorabeherei ere erreparatzen diete ipuinek. Areago, balirudike Carnesi horrek axola diola gehien, bien arteko sinbiosiak, gertaera handiek, gizartearen aldakuntzek norbanakoengan dituzten ondorioek, alegia. Hori horrela, jende apalaren bizitzetara zuzentzen du begirada idazleak, Historiaren baitako istorio txikietara, eguneroko xumera. Horixe egiten du gerra aurreko Madrilgo bizimodu urbanoa marrazten duten Tranbian, Bikiak eta Emakume itsusia narrazioetan. Errutinan itotako ametsak eta eguneroko triskantza isilak azaleratzen dira horrelakoetan. Carnes abila da deskribapenetan, gai da objektu domestiko ezdeusenen bidez pertsonaien egonezina adierazteko edota pertsonaien karakterizazio bizi eta sinesgarriak bizpahiru pintzelkadatan emateko. Noizbehinka kutsu poetikoa ere eransten die horiei, sinesgarritasuna eta errutina airea kaltetzeraino batzuetan. Gerra ardatz duten kontakizunak gordinagoak dira, hala emakume preso errepublikazaleak protagonistatzat dituen Salataria nola iheslarien barku bidezko ihesa kontatzen duen Iparrorratzik gabe. Aipatzekoa da azken horretan amatasuna nola jorratzen duen Carnesek, aski modu kritikoan, baina era berean harengan indar gizatiarra ikusiz, Ama ereilearen unea saiakera itxurako testuan antzeman daitekeen bezala. Deskribapen joriak eta gerraosteko Espainia frankistaren estanpak eskaintzen ditu idazleak preso politiko baten askatzeaz diharduen Etxean narrazioan. Mexikon girotutako kontakizunak -Mulatoa eta Familiako albuma- aurrekoak baino indargabeagoak iruditu zaizkit, nahiz eta bigarrenaren asmo jostari eta umoretsua atsegina den. Halaber, AEBetan kokatutako Smith jaun andreak izenekoari behartuegia iritzi diot, maitasun harremanaren hasiera tentuz eta xehetasunei adi idatzita badago ere. Carnesek kamera itxurako ikuspuntua darabilenean du indarrik handiena, iruzkin sotilek doi apaindua, Akelarre kontakizunean bezala, zeina kanpo fokalizazio eraginkorrarekin zinema batean Elvisen pelikula berria ikusteko sortutako algaraz aritzen baita. Beste testu batzuetan igarritako asmo ironikoa erakusten du autoreak Atezaina-n, klase-erdiaren otzantasuna agerian utziz. Esanak esan, luxu handia da Carnes euskaraz gozatu ahal izatea, irits dakizkion irakurleari Historiaren barneko istorioak. ]]> <![CDATA[Estiloa, bizitza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2046/033/003/2022-10-30/estiloa_bizitza.htm Sun, 30 Oct 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2046/033/003/2022-10-30/estiloa_bizitza.htm anorexia da Iñaki Segurolaren azkenengo liburua, hilondoan argitaratutakoa. Seigarrena autorearen ibilbidean, Garbiñe Larreak epilogoan esan bezala, «etxeko apalategian leku propioa hartzeko adinako» obra osatuz. Liburuan ugariak diren hitz-jokoetan beste bat da izenburukoa, ganora eta anorexia hitzek osatua. Bizitzeaz eta idazteaz, horren ezinez dihardu Segurolak (senti)-pentsakizun bilduma honetan. Hizkuntzatik mundura, eta alderantziz.

Gaitegia askotarikoa da. Oroz gain, baina, Segurola bizitzaz ari dela esango nuke nik. Nekez aurki daiteke jorratzen dituen afera, auzi eta abar guztiak bilduko duen izendapen hoberik. Giza harremanez eta izaeraz asko, erlijioaren eta espiritualitatearen arteko ildo estuez dezente, hizkuntzaz, pandemia covidiarraz, beste hainbat afera lurtarrez... Norbere bizimoduaz, bizi ikuspegiaz, bizi estiloaz, ars vivendi-az, finean. Berrikuspen etengabean dabilen luma baitakusagu orriotan, behako zorrotza zuzentzen diona hala bere buruari nola inguruari. Botatakoekin ados egon zein ez, ekinak berak liluratzen du, hainbat uste finko auzitan jartzeaz batera, zirikatze atsegin bat eragiten duelako gogoan. Hizkuntza kamutsaren garaiotan haize freskoaren gisan sartzen da Segurolaren labana, barruraino.

Zolitasuna dario alde guztietatik autorearen idazkerari, mezuaren eta kodearen arteko interferentziek edertutako prosa muinezkoari. Azala eta mamia bat dira sarri testuan, batetik hasten dela autorea bestean bukatzeko, bata erabiltzen duela besteaz aritzeko. Bitasun horrek ezaugarritzen du, hein batean behintzat, Segurolaren pentsaera bera ere, ezeren gainetik ezbaikaria izanik berau. Saiakeraren alderdi formala ere horri lotzen zaio erabat, izan ere, baieztapenak gorabehera autorea estiloa —ezen ez tamaina edo neurria— topatu nahian dabilela dirudi, estiloaren bilaketa etengabea dela bere idazketa. Ez bedi ulertu estiloa erakuskeria hutsetik, jakina, baizik eta esakune eta esanguraren uztarketa ahalik eta egokienetik.

Adierazezina adierazteko saiakera duin bat antzeman daiteke testuan, autorea adierazezintasun horretaz jakitun delarik. Ezizana goratzea, edertzea, horixe literaturaren funtzioetako bat, Segurolak ataltxo batean dionez. Literaturatik asko du saioak, berez. Saio itxurako ariketa literariotik. Irakurri ahala autore jakin bat etorri zait niri burura, testuan bi aldiz aipatutakoa, gainera: Friedrich Nietzsche. Nietzscheren estilo zorrotz bezain laburra, jostalaria eta solemnea aldi berean, literarioa guztiz. Orobat, hizkuntzatik ari zen autorea dugu alemaniarra. Segurolak ondoen menperatzen duen arloa berau, gogoeta pizgarri askotarako baliatzen duena. Ezin uka autoreak hartutako zidorrek izutu dezaketela irakurlea, dela idazkeragatik beragatik —bere berbaroan galtzeko beldurra—, dela edukiagatik —politikari buruzko pasarteak bereziki gordinak iruditu zaizkit—. Alferrik da zenbait iritzirekin ados ez egotea, ordea; aitzitik, Segurolak irekitako bidexketatik barneratu beharko luke irakurleak, gozamen hutsez.]]>
<![CDATA[Ipuinari leial]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2053/031/002/2022-10-16/ipuinari_leial.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2053/031/002/2022-10-16/ipuinari_leial.htm
Ipuingintzarekiko fideltasuna berresten du, beraz, autoreak hitzostean, generoaren ezaugarri, joera zein auzi kritiko nagusiei erreparatuz, baina ideia orokorrago batek zeharkatzen du liburu osoa, hots, fikzioaren beharrak, hala norbere identitatea garatzeko nola gizarte gai askotarikoetara beste alor batzuek baino askatasun handiagoz hurbiltzeko. Ipuina engainua da-ko narrazioetan gaurkotasun handiko hainbat gairi neurria hartzen die Zalduak, ez nobelek ohi duten grina oroazaltzailearekin (Elenak esango lukeen gisan), generoak dakartzan muga formalei etekina ateraz baizik; gaion lanketa pertsonaien gorabeheren eta tentsio narratiboaren bidez egiten da, adibidez. Fikzioaren hezurdura zertxobait erakusten du hainbatetan Zalduak, literatura bera denez zenbait ipuinen gaia. Haatik, ez du testua erreferentzia metaliterarioz kargatzen —azkenekoan salbu, baina justifikatuta hemen ere— eta auzi metaliterarioak iradoki baino ez dira egiten.

Ipuina adulterioa da-ko protagonistak aipatutako ipuingintzaren ezaugarri asko antzeman daitezke ipuinetan, hala nola bukaerako punch-a (Txio, Festibalean, Une horretara arte), bi planoren arteko harremana (Julen Ezeizabarrena, Diskotekarena, Looking to mess about, Kongresuan), fantasiaren eta errealitatearen arteko uztarketa edota laburtasuna bera. Ipuin eztendunak dira gehienak, arinak kontaeran eta pisutsuak gaietan. Esku hartze gehiegirik gabeko Zaldua ipuingilearen ohiko narratzailea da ipuinetakoa, pertsonaien galbahetik aritzen den hirugarren pertsonaduna eta narrazioaren batasuna une oro kontuan hartuz diharduena. Irakurraldi bakoitzean hazten diren ipuinak ere badira, aldiro trikimailu berri bat harrapatzeko modukoak. Izan ere, horixe baita ipuinen indargune nagusia, teknika literarioen ustiaketa egokia, orekatua eta narrazioaren muinaren menpekoa. Aipagarriak dira Tailerraren ostean-eko alegiazko flashforward-a; Buztangorri ilunak-eko txorien habiaren metafora erabiliz marrazten den bikotearen irudia, elementu ustez arrunt baten bidez ipuinaren mamia seinalatuz eta tentsioa sortuz; edota, azkenik, Bisita bat arma museora —liburuko ipuin izarra, nire irudiko— zientzia fikziozko kontakizuneko mise en abyme-a...

Egiari zor, ipuin guztiek ez dute berdin funtzionatzen, edo neuk behintzat batzuk antzuagoak antzeman ditut. Esan nahi baita, ibilbide laburragokoak iruditu zaizkit, geruza gutxiagokoak —hori da, esaterako, Paseoa edo Marta Harnecker-en liburua-ren kasua—. Oro har, baina, fin dabil Zaldua, generoa ezin hobeto menperatzen duenaren segurantzaz. Ipuinari leial.]]>
<![CDATA[Nahi eta ezinen artean igerika]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1998/029/002/2022-06-26/nahi_eta_ezinen_artean_igerika.htm Sun, 26 Jun 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1998/029/002/2022-06-26/nahi_eta_ezinen_artean_igerika.htm Bulkada horretara, bederatzi urte eman zituen Jon Benitok ezer argitaratzeke. Lagun minak honetarako bidea are luzeagoa izan da, hamabi urtera kaleratu baitu lan berria, oraingoan Farmazia Beltza argitaletxearekin. Hamabost narraziok osatzen dute liburua, prosazkoak batzuk, poema forman besteak. Narrazioek poesiaren eragin ezin ukatuzkoa dute, halere, hala kontaeraren erritmoan, nola hitzen hautaketan. Poemak dira lehenengoa eta azkenengoa, hitzaurre eta hitzoste gisa liburua bi aldetatik mugarritzen dutenak eta autorearen arrazoiez eta, finean, poetikaz argibideak ematen dituztenak.

Zaila da liburuko gai nagusia zein den zehaztea, denak ala denak elkarrekiko loturan ageri dira-eta, bereiziezin sarritan. Horixe dateke liburuaren gakoetako bat, nahia eta beharra, desira eta maitasuna, ideologia eta beharra banatu ezina. Ideia abstraktuen larre orbain gabekotik lokatzera daramatza Benitok aipatutako horiek eta gehiago, harreman pertsonalen eta gizartearen likidotasunaren argitan disekzionatzeko. Autoreak den-guztiaren konplexutasuna izendatzeko egindako saiakera da liburua, hizkuntza tresna nagusia izanik, hizkuntza bera bihurrituz, nolabait, garaiari egokituko zaion idazketa modu bat aurkitu asmoz. Aditza da eraikuntza prekario horren erpina, bere aditz-pertsonen zalantzekin -galdetu dizut naiz diot diogu-, aditz bihurtutako izenekin -inortu-, baina baita bestelako hitz berrituekin ere -amaitasun-. Bizi gaituen aroko hitz gastatuak birdefinitzeko eta esanahi intimoez janzteko hautua -asebetetze tasaren goranzko joera-, aldiz, liburua zeharkatzen duen aldarriaren zantzu da, aldagai poli(e)tikoak, ekonomikoak eta kulturalak norbanakoan urtzen direla, alegia.

Emozioen eta pentsamenduen gudu-zelaian, ordea, norbere identitatearen egituratze eta desegiteen borroka etengabea ere badago. Narrazioetako pertsonaiak puskatuak daude, minak zartatu ostean berriz ere osatzeko bidean. Ez ote zait, Hemen, aspaldi honetan, Maite Agirreren helegitea edo Uhartearen altxorra ipuinetako pertsonaiak, esaterako, bere identitatearen puzzlea osatu nahian dabiltza, bat izateko falta dituzten puskak lotzen saiatuz. Horri ondo lotzen zaio autorearen arrisku formala eta beti erortzear dabilen hizkuntza ezin iradokitzaileagoa. Irakurleari dagokio maiz eman zaizkion piezekin puzzlea egitea. Soslaiak dira pertsonaiak, lausoak izatez. Gauza bat eta kontrakoa dira, tamaina eta forma askotariko piezez gorpuztuak egonik. Pintzelkada fin eta lausoez sortutako pertsonaien ertzak biderkatzea lortzen du Benitok. Alderdi formalaren ustiatzeak, berriz, halako erresonantzia bat ematen die gurutzatzen dituzten beldur, desira eta esperantzei, irakurlearengana irits daitezen. Metaforaren bilaketa obsesiboak komunikazio hori astun dezake zenbaitetan eta oro galdera den narratzailearen gehiegizko esku-hartzeek pertsonaiak itotzear jarri bestetan, baina Jon Benitoren apnea ariketari zorroztasuna dario alde guztietatik. Baita ausardia ere.]]>
<![CDATA[Inori ez esatekoak, argitara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2014/029/003/2022-06-12/inori_ez_esatekoak_argitara.htm Sun, 12 Jun 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2014/029/003/2022-06-12/inori_ez_esatekoak_argitara.htm
Nobela bi partetan eta zazpi kapitulutan banatuta dago, atariko edo 0. kapitulu eta epilogo banarekin. Atarikoan sexu-abusuaren berri ematen da, idazkera aski deskribatzailez eta orainaldiko hirugarren pertsona baliatuta. Hirugarren pertsona erabiliagatik, umearen ikuspegira lerratzen da autorea, eta efektu indargarria du horrek, umearen inozentzia egoeraren larritasunari kontrajartzen zaiolako. Ondoren heltzen dio idazleak istorioari berari, irakurlea Donapaleu sorterriko etxetik —han gertatu baitzen erasoa— Baionara eramanez. Hirian laster zerbaitek barnean krak egingo dio Lideri eta harrezkero ihesbideen bila ariko da, bere burua aurkitu ezinik. Gai minbera jorratzen du egileak. Sexu-abusuen askotariko ertzez ari da liburua, izan ditzaketen ondorio pertsonal eta sozialez. Baina baita erruaz, sexuaz, gorputzaz, isiltasunaz eta itxi gabeko zauriez ere.

Pertsona-gramatikalen —singularreko hirurak erabiltzen dira— eta kontaketa-denboraren tartekatzeak itxura zatikatua eransten diote narrazioari. Lideren izaera hautsiari ondo lotzen zaio hautua. Jario trinko eta jarraituak ekar zezakeen gerruntzea saihesteaz batera, elipsien bidez irakurleari piezak lotzeko aukera ematen dio idazleak. Era berean, antolamendu formalak berresten du, nire irudiko, autoreak behin betiko tesirik ez plazaratzeko duen asmoa. Egitura horrek, edonola ere, arriskuak ere baditu. Esaterako, Lide oinarrian duen istorio poliedrikoan zenbait hari-muturrek ez dute behar besteko garapenik. Familiaren karakterizazioa, adibidez, lauso samarra da eta han-hemenka horren gaineko iruzkinen bat emanagatik, gehixeago sakontzea zegoela uste dut, familiarekiko gatazkak zeresana duenez Lideren korapiloan. Bestalde, Mikelen bukaera modu presatsuegian ebazten dela iruditzen zait, narrazioaren sinesgarritasuna kaltetzeraino. Lideren barne-munduaz diharduten pasarteak, aldiz, eraginkorrak suertatzen dira. Sentimenduen eta inguruko espazioaren arteko loturak eginez, analogiak marraztuz, umetako pasadizoak gogora ekarriz, eta xehera jotzen duten eszena girotzeekin Txoperenak protagonistaren amildegiaren tamaina irudikatzea lortzen du. Hor du indarra nobelak, irakurlea Lideren kaiola sentitzera irits daitekeen une horietan.]]>
<![CDATA[Ibili-ibilian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1997/033/002/2022-05-29/ibili_ibilian.htm Sun, 29 May 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1997/033/002/2022-05-29/ibili_ibilian.htm Sastraka/Maleza diziplinarteko proiektuak literatura, pintura, argazkilaritza eta musika uztartzen ditu. Oinarrian Pello Lizarralde idazlearen testua du eta horren aitzakian ekarri dut hona. Jose Ignacio Agorreta, Imanol Rayo eta Imanol Ubeda dira gainerako arte-espresioen atzeko izen-deiturak, liburu euskarritik harago doan —arte-erakusketa ere bada— bidaia artistikoaren beste egileak. Kolaborazio sendoan sortutako lana da, liburuan bertan Lizarraldek azaltzen duenez. Idazlearen amuari Agorretak heldu zion eta ondoren batu ziren proiektura Ubeda eta Rayo, lehenengoa testu zatien gaineko kantak eginez; bigarrena, aldiz, argazkiekin. Testua eta margolanak iruzkintzera mugatuko naiz, lan literarioarekin Agorretaren ekarpenek dutelakoan harremanik estuena.

Literaturaren eta pinturaren hartu-emana da mamitsuena, nire irudiko. Lizarralderen istorioaren txatalak Agorretaren irudi lauso eta iradokitzaileekin tartekatzen dira. Arnasa ematen diote koadroek narrazioari eta, gainera, irakurritakoari zentzu sakonagoa eransten. Ibilaldi bat kontatzen da testuan, hiritik landarainokoa. Ibiltari ezezaguna, autoreak lehenengo pertsona pluralaren bitartez izendatzen duena, tipi-tapa abiatu da hiriko aldirietarantz, bidea erabat ez ezagutuagatik helmugaz jakitun denaren segurantzaz. Protagonista bere memoriako mapan haztaka ari dela lirudike, harako bidean oinek obeditu besterik egiten ez diotela. Azkenerako, abandonatutako etxe batera iritsiko da. Halere, helmuga bezain garrantzitsua da bidea bera, bidean barrena ikusi, entzun eta usaindutakoa. Inguruaz jabetzearen bizi-esperientziaz gain, kontakizunean bestelako gaiak ere sumatzen dira: espazioaren antzaldaketaren ezaugarri ekonomikoak, landaren birmoldaketa, gizakion esku-hartzeek eragindako kalte ekologikoak, naturarekiko harremana...

Agorretaren koadroek bikain harrapatzen dute testuko giroa, eraldaketa etengabean dabilen mundu ez guztiz iraungia, hondar eta zakarren arteko bizi-printzak. Mundu agonikoa dirudi pintoreak begien aurrean paratzen diguna, argi margulez tindatutakoa. Desagertzear dagoela ematen du, lausotzera doala. Testuaren gai gakoetako bat da hori, nire ustez. Lizarralderen testuko estiloari dagokionez, aldian-aldian txinparta poetikorik baduen autorearen ohiko idazkera zehatz eta argia ez ezik, lehenengo pertsona pluralaren erabilera ere nabarmenduko nuke. Horrek eta orainaldiaren aukeraketak berezitasuna ematen diote kontaketari. Luzatuz gero beharbada astun gerta zitekeen, baina testuaren laburra dela-eta ondo eusten dio. Horren bidez irakurlea estuago lotzen du Lizarraldek, protagonistaren ibiliaren konplize bihurtzen du, bere ibileren arnasa berean joateko aukera emanez. Era berean, solemnitate batez janzten du narrazioa, aparteko indar batez. Ubedaren kantek ere oihartzun hori jasotzen dute. Testuak zein bestelakoek nork bere bidaiari ekiteko gonbidapena luzatzen dutela esan daiteke. Azkeneko esaldiak esaten duen legez: «Bada galdera bat gainerakoak itotzen dituena eta ibilian baino ez da aienatzen».]]>
<![CDATA[Hamar ziztada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/041/003/2022-05-15/hamar_ziztada.htm Sun, 15 May 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2093/041/003/2022-05-15/hamar_ziztada.htm Liztor mutanteak. Ipuin laburrak dira, ustez bata bestearekin loturarik gabekoak. Hala ere, narrazioek badute harremanik hala gaiei nola bestelako ezaugarriei dagokienez. Hari fin batek lotzen ditu eta elkarren oihartzun ezkutua dute.

Nagusiki bi gairen inguruan ardazten dira kontakizunak: giza harremanen gorabeherak —bikote harremanen tirabirak, batik bat— eta bizitza eta fikzioaren arteko erlazioa. Zaputza, damua, koldarkeria eta etsipena bezalako sentimenduek bizi dituzte pertsonaiak. Gehienei eguneroko bizitzarekiko desgogoa nabari zaie, errutinaren atzaparretatik ihes egin nahia. Hori lortzeko fikziora jotzen dute sarri, izan ere, liburuaren izen bereko ipuineko protagonistak dioen bezalaxe, «fantasiak ez badu egunerokotasunetik ihes egiteko balio, orduan zertarako balio du?». Narrazioetako batzuei kutsu metaliterarioa darie —Jainko astronautak, Zutabegilea edo Neguko bidaia bezalakoei, kasu—. Horrelakoetan plagioa eta testuartekotasunaren moduko auzi literarioez hausnartzen da, besteak beste. Gainerako ipuinak soilagoak dira, gogoeta metaliterarioez horren hornitu gabeak —Sekretuak, Erabakia, Gauzarik errazena behar luke, Ezagutzen duten mutil arraroena naizela esan didate—. Eta, azkenik, aipatutako horien arteko erdibidetzat har daitezkeenak daude, erabat metaliterarioak ez izanagatik fikzioaren eta errealitatearen arteko hartu-emana dutenak oinarri —Violeta Moliner, Viktoria Müller, Hau zerua ote da?, Liztor mutanteak—. Denak ala denak kultur-erreferentzia ez gutxik lagunduta, dela literarioak, dela pop-kultura deritzon horretakoak.

Lehenengo eta hirugarren taldeko ipuinek asebete naute gehien. Bigarrenekoak usatuagoak iruditu zaizkit, interesgarriak bai, baina, nolabait esatearren, ibilbide laburragokoak. Ipuin on batek behar duen irakurri ondoko hedatze eta handitze sentipenik ez didate eragin mota horretakoek, akaso euskal literaturan ondo ustiatutako estiloa denez. Gainerakoak forma zein eduki aldetik emankorragoak antzeman ditut. Horietan autoreak asmatzen du elipsien kudeaketan eta narrazio denboraren antolaketan. Hirugarren pertsonaren hautuak, gainera, on egiten dio kontaketari, gertaerekiko distantzia bat markatzeak bere efektua handiagotzen baitu. Era berean, lehendabiziko ipuinaren ikuspuntu aldaketek eta hirugarrenaren analepsi eta prolepsiek —denbora sekuentziaren atzera-aurrerek, alegia—, esaterako, narrazioa aberasten dute, gaiei behar den konplexutasunez heltzeko bidea emanez, bidenabar. Liburuko ipuinen amaiera ere nabarmenduko nuke, Leonék gehienetan badakielako bukaera irekiak ematen, irakurleak hutsuneak bete ditzan. Hortaz, oro har ipuin-liburu bihurria, jolastia eta geruza bat baino gehiagokoa ondu Santi Leonék. Hamar ziztada, batzuk besteak baino ezten zorrotzagokoak.]]>
<![CDATA[Patuarekin lehian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2112/041/002/2022-05-01/patuarekin_lehian.htm Sun, 01 May 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2112/041/002/2022-05-01/patuarekin_lehian.htm Gerra txikia-ren jarraipena da Faith. Izan ere, bere alter ego-tzat har daitekeen Xabi Ugarte dakar berriz ere Garrok, ondo koskortuta, jadanik bizitzaren abenturan zaildu samarra. Gaztea da, halere, eta kartzelatik eta epaiketa batetik igaro ondoren, Bartzelonara jo du, han zinema ikasketak egiteko. Patuak ez dio berehalakoan arnasa hartzen utziko, ordea.

Zer egin dezake norbanakoak Historiaren gurpilaren aurka? Noraino da gizakia erabakiak hartzeko libre, halabehar ahaltsuaren aurrean? Galdera horiexek ditu abiapuntu nobelak. Xabik ez luke, printzipioz, bizitzea egokitu zaion abagune historikoan esku hartu nahi, bere neba-arrebek egin bezala, «galdutzat emandako gerran parte ez hartzea» delako bere asmoa. Asmoak asmo, atzetik jarraituko dio Patuaren mamuak. Gai topikoa dugu literaturan, gurean ere bai; baina Garrok tonu eta trataera beregaina ematen dio, emaitza txukunarekin. Hasteko, autoreak geruza auto-ironiko batez estaltzen du narrazioa; ironia eta umore kutsu horrek ematen dio, hain zuzen, sinesgarritasuna protagonistari, irakurlearen aurrean humanizatzen du. Hori horrela, Xabi ez da Historiaren oldarraren menpeko txotxongiloa, ezta heroi titanikoa ere, ezpada Patuak kokatu duen tokiaz jakitun bizirauten saiatzen den pertsona, bere miseria, poz eta itxaropenekin. Gainerako pertsonaiak ere halakoxeak dira, neurri berean inguruaren, halabeharraren eta bere erabakien emaitza. Elementu horien arteko jokoan, bizitza. Eta fikziorako lurralde oparoa.

Protagonistaren beraren eta gainerako pertsonaien karakterizazioa da nobelaren indarguneetako bat. Horien arteko giza harremanetan arakatzeko gaitasuna ere erakusten du autoreak, ez konplexutasun ikaragarriz, baina bai modu sinesgarri eta bizian. Horrekin batera, elkarrizketak emateko modua ere aipagarria iruditu zait, apaingarri gehiegirik gabe eta interbentzioak pertsonaia bakoitzaren ezaugarrietara egokituz. Kontaeran erritmo arina baliatzen du Garrok eta gertakariak Ugarteren galbahetik igarota ematen dira. Narratzailearen esan-indarraren gakoa da hori, ikuspegi ironiko, are sarkastikoa eraginkorra suertatzen baita. Tartean txertatzen diren gogoeta iruzkin luzexeagoak, baina, zenbaitetan ez dira protagonistaren karakterizazioarekin egoki uztartzen, hau da, zurrunegiak, narrazioaren tonutik aldenduegiak antzeman ditut hainbat iruzkin politiko, esaterako. Narratzailearen eta Xabiren ahotsak zehazki ahots bera ez badira ere, elkarri loturik ageri dira kontaketan eta dibagazio horietan nabaritu ditut solteen. Horietako batzuk beren indarra galtzen dute errepikapenaren ondorioz, bestalde. Edonola ere, ez du horrek irakurketa zapuzten; aitzitik, Lander Garrok nobela sinesgarria, osoa lortzen du. Eleberri bati eska dakioken gehiena du Faith-ek. Pertsonaien arteko tirabirekin, eszenen girotzearekin, fikzioaren beraren erritmoarekin gozatzen den horietakoa.]]>
<![CDATA[Urtu aurrekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2186/029/003/2022-04-17/urtu_aurrekoak.htm Sun, 17 Apr 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2186/029/003/2022-04-17/urtu_aurrekoak.htm ulliverren lokarriak hartatik hamaika urte igarota, Xabi Bordaren hirugarren poema liburua da Urtu aurretik. Lehenengo bi lanak urte gutxitan argitaratu ostean, arnasaldi luzeagoa behar izan du autoreak hirugarrena emateko. Emaitza arnasaldi horren neurrikoa da. Lehenengo bietan jada antzeman zitekeen trinkotasunari datxekio autoreak honako hau osatzeko, zenbait ildotan sakonduz eta bide berriak irekiz. Ahots poetiko gardenagoa, finduagoa dakar. Obra poetikoaren koherentzia tematiko-formalari eusten dio; baina, liburuaren kutsu agonikoa gorabehera, akaso tonu patxadatsuago batekin, inoiz baino hurbilago dirudien akaberari unean unekoa profitatuz itxoiteko prestu, begirada jolastiz.

Izan ere, akaberaren kontzientzia, sentipen agonikoa da liburuaren giltzarrietako bat. Aldaketa bizian ari den inguruari soa luzatzen dio Bordak, eta egonezinez betetako ni poetiko bat sortzen du. Eguneroko irudietan hondamendiaren isla dakusa haren begiradak eta urtze prozesu horren nondik norakoak aletzea du xede. Horretarako darabiltzan sinboloen artean ura gailentzen da, zalantzarik gabe. Uraren askotariko prozesu fisikoei probetxu metaforikoa ateratzen die egileak. Oro har, naturaren fenomenoak baliatzen dira irudien sorkuntzan, sarritan balizko hondamendi ekologiko bat iradokitzeko. Beste batzuetan akaberak orokorragoa dirudi, berehalako desagarpena lekarkeen istripua. Edonola ere, irudi guztiok dute loturarik aztarna ekologikoarekin, geure aukeren gainetik bizitzeko temarekin eta etorkizunarekiko axolagabeziarekin. Orainaldi azeleratutik balizko etorkizuna irudikatzen da, egungo kezkek eta beldurrek bat egiten duten horizontea. Geroaldi horren zantzuak atzematea du helburu poetak. Indar handiko imajinak lortzen ditu, argiak sinpleak baino gehiago, neurrian sotilak, bortitzak bezain leunak.

Aipatutako ildo iluna jorratzen dute poema batzuek, hala nola Hortzetako eskuila, Titanic, Dantzari kaukasiarra edo Distantzia modukoek. Beste batzuetan, aldiz, eguzki izpirik sumatzen da urtzera doazen glaziarrez jositako paisaian. Artikoan izotza nola, hala urtzen dira kezka handiak gozamen une txikietan. Yuka, Hondartzan eta Heliozko ametsak bezalako poemak kontsolagarri dira hondamendi aieruz betetako giroan. Une xume horiek goxatzen dute, neurri batean bederen, ni poetikoaren larritasuna, menderatzen gaituzten indar handien kontra ezer gutxi badezakete ere. Hain justu, sarritan giza ulermenetik harago dauden arazo kolektibo erraldoi horien eta bizimodu arruntaren arteko loturaren lanketa iruditu zait poema liburuaren ezaugarririk interesgarriena. Lehenengo poema (Azken jelak) har liteke adibidetzat, non iceberg baten zatiketa edalontzietako jelen urtzearekin parekatzen baita. Ohikotasuna baliatuz lortzen du Bordak irudion inpaktua irakurlearengana iristea. Begirada gizatiarra erabiltzen du ulergaitza harrapatzen saiatzeko, irudi arruntekin saiatzen da adierazezina gorpuzten. Hala goldatzen du poesiaren lur joria. Irakurle honek jaso du uztarik.]]>
<![CDATA[Infernuaren mugez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2043/045/003/2022-04-03/infernuaren_mugez.htm Sun, 03 Apr 2022 00:00:00 +0200 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2043/045/003/2022-04-03/infernuaren_mugez.htm Child of God eleberriaren itzulpena kaleratu eta gutxira iragarri da Cormac McCarthyren bi nobela berri argitaratuko direla udazkenean, hamasei urteko isilaldiaren ondoren. Ausazko bat-egite horrek are oihartzun handiagoa ematen dio berez albiste erraldoia denari; hemen dago euskarara ekarritako McCarthyren lehenengo lana, Jainkoaren seme, Juan Mari Mendizabalek itzulia. Egilearen ibilbidean hirugarrena dugu, 1973koa. Autorearen paisaia maiteenetako batean, Tennesseen kokatua, Lester Ballard hiltzailearen istorioa kontatzen du.

Liburu iluna da. Ohi duen gisan, McCarthyk ilunpeetara darama irakurlea, infernurako bidean jartzen du. Literaturaren historiako pertsonaia ikaragarrienen multzoan sar daiteke Ballard, gizaki amoral hori. Kontzientziarik eza, jendetasun falta eta jazartzen zaion sen eutsiezinari jarraitzea dira protagonistaren ezaugarri nagusiak. Gizartetik at bizi da, baso ertzeko txabola zahar batean lehenik, eta kobazulo batean gero. Joera nekrofiloa du eta eskopeta bidelagun bakar. Autoreak idazkera zehatz eta neutroz ematen du Ballarden ibileren berri, aldian behin kutsu poetikoko pasarteak txertatuz, batik bat paisaiaren deskribapenetan. Estilo horren balizko astuntasuna lehenengo pertsonan emandako zatiekin arintzen du, nahiz eta joera hori urrituz doan narrazioak aurrera egin ahala. Pasarte laburrek laguntzen dute, hala autorearen prosa dentsoa dosifikatzen nola tentsio narratiboa areagotzen. Elipsiaren erabilera trebeak, berriz, narrazioa biziagotzen du.

Estiloa da, dudarik gabe, autorearen bertute handietako bat. Maisua da McCarthy deskribapenetan, eszena girotzeetan, elkarrizketetan. Paisaia irudikapenetan jotzen du goia. Naturaren errepresentazioa da Jainkoaren seme-ren giltzarrietako bat. Ballard naturaren eranskin huts gisa ageri da. Basoen meneko, naturak berezkoa duen krudeltasun eta gogortasunez jokatzen du. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz dihardu egileak, aringarririk gabe. Estatubatuar tradizioan wilderness deitzen zaion horren baitakoa da liburuko natura, gizakiaren eraginik gabea, basatia. Natura horrek protagonistarengan eragindako sentsazio fisikoak, biziraupenerako borroka eta jainkoaren semeen ezdeustasuna haren aurrean, horietaz aritzen da nobela.

Naturarenarekin batera, eta horrekin lotura estuan, giza nortasuna eta giza harremanak ere badira liburuko gai esanguratsuak. Funtsean, Gaizkiaren auzia dago Ballarden istorioaren atzean. Hobbes eta Rousseauren eztabaida zaharra, alegia, gizakia berez gaiztoa ote den ala gizarteak halakoa egiten duen. Egileak ez du erantzun argirik ematen. Agerikoa da protagonistaren higuina; horretan inguruak eta komunitate baten historiak duen erantzukizuna ere aipatzen da, ordea, Txano Zurien istorioaren bidez. Narratzaileak zera iradokitzen du: inor ez dago gaiztakeriatik salbu. Horretarako baldintza egokiak emanez gero, edonor eror daiteke bere zurrunbiloan. Non dago infernurako muga? McCarthy muga-mugako lurralde ospel horietan barrena sentitzen da erosoen.]]>
<![CDATA[Sugeak dakiena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/037/004/2022-03-20/sugeak_dakiena.htm Sun, 20 Mar 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1977/037/004/2022-03-20/sugeak_dakiena.htm Neguko zirkua aztergai duen Ogia eta zirkua, batetik; eta hauxe bera, bestetik, Begiak zabalduko zaizkizue izenburuko saiakera. Azpi-izenburuak ederto laburbiltzen du edukia, izan ere, literaturari buruzko saiakera soila bainoago, irakurlearekin izandako elkarrizketa da liburua. Edo horretarako gonbidapena egiten duen bakarrizketa, bestela.

Zoritxarrez, nahi baino saiakera literario gutxiago argitaratzen da gurean. Hau da, Akademiaren mundutik urruntzen diren eta idazkera bitarteko hutsera mugatzen ez duten literaturari buruzko hausnarketak urri dira. Talde horretakoa izateaz gain, Jimenezen liburuak ondo erakusten du saiakerak ez duela zertan umorearekin etsaituta egon, Terry Eagleton bezalakoen liburuek argi utzi bezala. Idazkera txinpartatsua, gatz eta piperduna baliatzen du autoreak, modu horretan malgutasuna, tenperatura emanez saiakerari, berak darabilen hitzarekin esateko. Liburuak literaturaz dihardu, bere on eta gaitzez, irakurtzeaz eta idazteaz, sistema literario baten gabeziez eta aukerez. Euskal literaturaren tripak azaleratzen dira batzuetan, adibidetzat bazter urrunagoak hartzen besteetan. Genesian, sugeak Evari eta Adami esandakoa gogoan hartuta -«begiak zabalduko zaizkizue!»-, gai ugari xehatzen ditu autoreak, akuilu eta helburu nagusi banarekin, nire irudiko: literaturarekiko maitasunak xaxatuta -hasi orduko aitortzen du berau- eta irakurlearen figura goratzeko asmotan.

Emaitza gorabeheratsua da. Esan bezala, idazkera freskoa da, oro har tonua ere bai, eta horrek laguntzen du irakurketan, autorearen beste asmoetako bat betetzeaz batera: literatura delako jardun serio horri kilimak egitea, hura zertxobait desakralizatzea, hautsa gainetik kentzea, egokiago luzitu dadin. Liburuaren indarguneetako bat autorearen zintzotasunean datza. Bere idazle ibilbidean oinarritzen da esaten dituen hainbat kontu esateko, bereak izan diren gatazkak aipatzen ditu, maiz ezkutuan, literaturaren soto ilunetan geratu ohi direnak azaleratzen ditu, bere haragitan bizi izandakoak baitira. Horrelakoei eta idazketa-prozesuaren inguruko bizipen pertsonalei atera diet zuku gehien. Arazotsuagoak dira, nire ustez, autorearen baieztapen absolutu zenbait, batik bat literaturaren teoriako kontzeptuen gainekoak. Literaturaren definizioez, generoez zein bestelako kontzeptu literarioez aritzerakoan, sostengu teorikoaren beharra sumatu dut, ez entziklopedismo apetatsuagatik, lanabes horien sendotasuna bermatze aldera baizik.

Horrez gain, hainbat iruzkinetan, epai orokorrez lagunduta doazenetan, batik bat, zehatzago jokatzea zegoela iruditu zait. Adibide bakarren batzuk ematen dira, jakina -Leteren eta Rilkeren poemen arteko konparazioa, esaterako, kitzikagarria da oso-, baina esango nuke horiek gehixeago garatzea esker lezakeela irakurleak, gai jakinetan sakonago aritzea, alegia. Baina sugeak Eva eta Adani sagarra nola, literaturaren unibertsoa eskaintzen die Jimenezek irakurleei. Badago beharra hel diezaioten.]]>
<![CDATA[Xumearen indarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2057/037/002/2022-03-06/xumearen_indarra.htm Sun, 06 Mar 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2057/037/002/2022-03-06/xumearen_indarra.htm Landa aldeko neskak nobela. 1960an kaleratua, gerora ibilbide luzea izan duen —narrazioan, poesian zein saiakeran— idazle irlandarraren opera prima dugu. Ondorengo urteetako beste bi lanekin osatzen du trilogia, Girls with green eyes (1962) eta Girls in their married bliss (1964) liburuekin, hain zuzen. Eleberriak zalaparta handia sortu zuen garaiko irlandar gizartean, herrialdearen jite kontserbadorea zela-eta. Instituzio erlijiosoen eta gizarte katoliko itogarriaren salaketa igar daiteke, izan ere.

Caithleen Brady da eleberriko protagonista, eta lehenengo pertsonan ematen dio irakurleari landa eremuko bere herriko bizimoduaren berri. Bere aita alkoholikoak tratu txarrak ematen dizkio amari, zeina narrazioaren erdialde aldera hilko baita. Aitaren mehatxua etengabeko presentzia izango da Caithleenentzat. Ondorioz, sorterria nola edo hala utzi nahian ibiliko da bere lagun Babarekin batera. Jaioterritik beste herri bateko komentura; eta handik egotziak izan ondoren, hiriburura, Dublinera egingo du bikoteak. Umearen inozentzia eta nerabearen grina uztartzen dira orduko gizartearen erretratua eskaintzen digun Kateren begirada sotilean. Idazleak ezin hobeto baliatzen du protagonistaren ikuspegiaren anbibalentzia, eta era egokian banatzen ditu, hizkera ustez xalo eta xumean, aldian behin aurki daitezkeen iruzkin zorrotzak. Protagonistaren sentimenduez aritzeko, kanporako begirada soila darabil autoreak, barne-bakarrizketaren partez.

Estiloa da nobelaren ezaugarririk aipagarrienetakoa. Eguneroko kontuez, bizimodu arruntez dihardu Katek, baina egileak haragoko zerbait iradokitzeko gaitasuna du. Konkretuaz idatziz abstraktuena azaleratzea, hortxe idazlearen erronka handienetako bat. O'Brienek horixe erdiesten du, deskribapen zehatz eta bizien bitartez bezainbat eszena-girotze ezin eraginkorragoekin. James Joycen —liburuan azaltzen da bere izena, bestalde— lehenbiziko lanak gogora dakartza liburuak: Dublindarrak, bere deskribapen eta pertsonaia xelebreen saldoagatik; Artistaren gaztetako portreta-rekin, ordea, kontrako harremana du, esperientzia erlijiosoaren irudi bestelakoa ematen duenez, Joycek transzendentziaz janzten zuen hori desakralizatuz. Umoreak toki handia du horretan.

Aipatutako giro erlijioso hertsiaren salaketa ez ezik, emakumearen independentziaren aldarrikapena dago liburuan. Ildo horretan, nabarmena da Kateri hainbat pasartetan darion barne-indarra, neskatila gazte eta ezjakinaren irudia hausten duena. Kontzientzia feminista berezkoa, intuiziozkoa ernatzen zaio protagonistari, nolabait amarekiko lotura duena iturburu. Babarekin izandako ika-miken gainetik — tira, nerabezaroan Babak Kateri emandako tratua gorabehera, hobe esanda—, eta izaera zeharo ezberdina badute ere, bi nesken arteko laguntasunak gizarteko konbentzio eta itxituren aurkako aliantza osatuko du: «Hantxe gindoazen landa aldeko neska kaskarin bi, hiri handira jauzi egiteko irrikaz...».]]>
<![CDATA[Edertasunaren ukendua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/039/005/2022-02-20/edertasunaren_ukendua.htm Sun, 20 Feb 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/1971/039/005/2022-02-20/edertasunaren_ukendua.htm Haragi hosto du izenburu Juan Ramon Makusoren poema liburu berriak. Poesia baizik argitaratzen ez duen Balea Zurian kaleratua, iragan urrian. Argitaletxeak ohi duen bezala, diseinu xume bezain ederrarekin dator Makusoren alea, Imanol Larrinagaren irudia azalean. Bosgarren poesia lana du autoreak; eta ezaguna zaio, hala mamian nola azalean, dagoeneko ibilbide bat egina duela, literaturan zein bizitzan.

Liburu laburra da, hiru atalez osatua, bakoitza izenburu batez lagunduta. T.S Elliot-en aipu bat aurkituko du irakurleak lehenbiziko poeman, aurrerago topatuko duenaren arrastoa eman dezakeena: «Denbora oro beti presente badago/ denbora oro da irredimiblea». Maisuaren esanak obraren gai nagusietako bat azaleratzen du. Denboraren gaineko gogoetak dira, izan ere, poemok. Denboraren izaera bera ez ezik, denboraren igarotzea eta horrek utzitako markak ere. Denbora absolutu, abstraktuaren eta denbora konkretuaren arteko hartu-emana da poema askoren oinarria; ni poetikoaren barnean uztartzen dira bi-biak, baina arrazoiketaren mailu kolpeka bainoago, dizdizka kanporatzen dira horren inguruko hausnarketak, txinpartak balira bezala, poetikotasunaren geruzan bilduak. Eguneroko estanpak baliatuko ditu autoreak maiz xendra eternaletan barneratzeko, hiriko paisaia, argiaren urradura, euriaren zarra-zarra.

Denborarekin lotura izanagatik, izaera beregaina duten bestelako gaiak ere lantzen dira. Galera da horietako bat, hutsa edo haustura. Era askotakoa izan daiteke berau: Bitzitzarekikoa, Herioren abaroan; gizartearekikoa, norbere identitatean arakatzeko asmotan; maite ditugunekikoa, doluaren aurpegi garratzekoa. Hutsune horretan, baina, bizitzen ikasi nahi du poetak, ikasi beharra du, «oinazea hari batean bildu»-z. Ilunaren, hutsaren, amildegiaren halako sare lexikal bat osatzen du Makusok: isiltasuna, bakardadea, izotza, oihua, odola. Memoriaren zipriztin horiekin tindatzen du denbora. Beste elementu batzuek izaera iheskorragoa dute, baina nahitaezkoak suertatzen dira aurrekoen zubi gisa; begirada eta itsasoa, esaterako. Iluntasunak iluntasun, poesiak badu, ordea, ukenduaren grazia, zauriak orbaindu eta norbera biziberritzeko gaitasuna: «Ederra da bizitzaren oihartzuna».

Ondo eusten diote poema liburuari hiru atalek. Lehenengoa eta azkenekoa dira mamitsuenak, erdikoak lotura lana egiten duenez. Poemetako hizkuntza leuna eta geldoa, denboraren oharkabeko astuntasuna sentitzerainokoa -lerro laburrek ere laguntzen dute horretan-. Irudi bortitzek apurtzen dute tarteka geldotasun hori. Arinak ere badira poemok, bere laburrean iradokitzaileak. Halere, zenbait piezatan poetaren imajinak ez zaizkit behar bezalako argitasunez agertu, beharbada hitz hautaketa lausoegiarengatik. Makusoren pintzelkadak irudi ederrak uzten ditu; edertasun horri bisturiaren zehaztasuna batzea, ordea, onuragarria zatekeelakoan nago. Sentimenduen arakatzean eta irudien fabrikazioan koxka bat gehiago estutzea, alegia. Edonola ere, ukendua dakarte Juan Ramon Makusoren poemek, edertasunaren ukendu apala.]]>
<![CDATA[Minaren barrunbeetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2059/041/001/2022-02-06/minaren_barrunbeetan.htm Sun, 06 Feb 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2059/041/001/2022-02-06/minaren_barrunbeetan.htm Karena du izenburu. Umekia eta ama lotzen dituen organoa izateaz gain, kontzeptu nautikoa ere bada karena, belaontziak itsasgoran hondartzeko erabiltzen den teknika, hain zuzen. Karena horiek, odoljario eta itsas enbata, liburuaren oinarrizko imajinak dira. Autoreak ohi duen eran, kontakizun gordina da, mina eta dolua gai nagusi diren amatasunari buruzko istorio gogorra.

Ama izan nahi du Sarak, Adri bikotekidearekin batera. Bikoteak, ordea, bide malkartsua du aurretik: lehenik, intseminazio artifiziala; in vitroa gero... Bi pertsonaien arteko harremana hasiera aldera hautsiko da, prozesuaren zailtasunek ordurako arrakalatuta zegoen konfiantza lehertzerakoan. Une horretatik aurrera, gainera datorkionari bakar-bakarrik aurre egin beharko dio Sarak, lagundutako-ernalketaren min fisiko zein psikologikoak berekin eramanez, tratamenduak gorputzean eragindako eraldaketekin hasi eta umekiaren zoritxarreko galeraraino. Minean barrenako zeharkaldi hori jasotzen du nobelak. Izan ere, gai nagusietako bat minaren transferiezintasuna dela esango nuke. Pertsonala da mina, norberak baino ez baitaki norainokoa duen. Adierazezina ere bai, benetan zaila delako hitzez deskribatzea, adjektiboz hornitzea. Hala ere, badu minak ifrentzu bat, eraman zaitzakeena zeure burua ezagutzera, besteekiko enpatia lantzera. Hori guzti hori adierazten dute azkeneko eszenan, bere ume hila erditzera daramatela, emakume batek Sarari esandako hitzek. Minaz eta doluaz aparte, amatasunaz ere badihardu eleberriak. Zehazki, amatasuna problematizatzen du, erromantizismoz erantzi eta bestelako ikuspegia eskaini -minezkoa, doluzkoa, baita maitasunezkoa ere-. Arau sozial inposatua dena nahimenez erabakitako prozesu askea izan dadila, aldarri horren oihartzuna dakar testuak.

Kontakizun ez-kronologikoa ontzen du Agirrek, zehar estilo librean emana. Kronologiarik ezak mesede egiten dio kontakizunari, batik bat emozioen nagusitasuna azpimarratzen duelako, Sararen gogo-gorputzen igoerak eta jaitsierak nabarmenduta eta istorio lineal batek ezar zezakeen gerruntzeari ihes eginda. Zehar estilo librearen gehiegizko hanpatzeak, aldiz, zertxobait desorekatzen du testua. Era berean, prosa poetikora hurbiltzen da hainbatetan autorea -esaldi laburren tartekatzea, antz fonetikoa zein esanahi bertsua duten hitzen kateatzea, irudien sorkuntza...-, eta akaso tonuaren klimaxa une oro mantendu nahi izateak ere kalte egiten dio narrazioari. Bestalde, bigarren mailako pertsonaien auzia dago. Horien karakterizazio lauso samarra egiten da. Bilatua izan daiteke hori, protagonistari lehentasuna emateko; baina Adri bikotekide ohiak, kasurako, garapen gehixeago behar zuelakoan nago. Dena dela, eleberria irakurketa bizikoa da, hitz bakoitzak irakurlearengan inpaktua izateko eran idatzia dago. Autoreak fisikotasun handiko idazkera du, tarteka irudi eder eta indartsuak uzten dituena. Haragiaren muin horretan, karenean, bat egin dezake irakurleak Sararekin.]]>
<![CDATA[Elefanteen hilerria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2005/035/001/2022-01-23/elefanteen_hilerria.htm Sun, 23 Jan 2022 00:00:00 +0100 Asier Urkiza https://www.berria.eus/paperekoa/2005/035/001/2022-01-23/elefanteen_hilerria.htm Agur, maitea, ikusi arte eleberria, Koldo Biguriren itzulpenean. 2017az geroztik itzulpenak eta jatorrizko lanak kaleratzen dira Euskal Nobela Beltzaren Asteak sustatuko deialdiari esker, denak ere genero beltzekoak. Oraingoan nobela beltzaren autore garaikide entzutetsuenetako bat ekarri dute euskarara italieratik. Kutsu autobiografiko dezentekoa du Carlottoren eleberriak -protagonista bezala, Carlotto ere iheslari politikoa izan zen, gaztetan Lotta Continua erakunde komunistan ibilia-; autoreak, ostera, egungo Italiaren -izatez, 2001ekoa da liburua- erretratua osatzeko baliatzen ditu hainbat urte espetxean igarota jaioterrira itzultzen den Giorgio Pellegriniren ibilerak.

Pertsonaia amorala da Pellegrini, biolentoa. Mendeku gosez dabilen galtzailearen amorruak mugitzen du. Italiatik ihes egin ostean Erdialdeko Amerikako oihanetako gerrilletan zaildua, espetxea ere zapaldua, sorterrira bueltan gizarte-piramidean gora egitea du helburu bakar. Printzipio politiko oro alde batera utzita, herrialdeko ezkutuko ekonomian murgilduko da buru-belarri. Militante engaiatua zena kriminal mafioso gisa ageri zaigu, kontzientziarik gabeko hiltzailearen antzera. Ikaragarria da, bereziki, Pellegriniren emakumeekiko jokaera. Protagonistaren misoginiak irakurlea uxatzen du, beragan bainoago, arreta bere ingurukoan jartzera gonbidatuz. Generoaren ezaugarriei jarraikiz, izan ere, italiar gizartearen arrakalei so egiten die autoreak, alderdi ilunetan argi eginez. 1970eko hamarkadako langile borroken ondorengo Italia dakusagu, fortuna bilatzailez betetako urre-meatze moduko bat, negozio zikinen, lukurreriaren eta edozein eratako ke-saltzaileen biltokia. Brianese abokatuarengan, esaterako, argiro suma daiteke Silvio Berlusconi delako baten oihartzuna.

Polizia ustelak, aberastea besterik nahi ez duten morroiak, beren negozioak iraunarazteko politikara jotzen duten mafiosoak... Mundu gordin bezain egiatia marrazten du Carlottok. Mugimendu iraultzaileen porrotak sistemaren eraldaketarako federik eza, eta horrekin batera populismo berrien ernaltzea. Dagoeneko kontua ez zen gizartea iraultzea, lohitasunean igeri egiten ikastea baizik. Pellegrini bera ekinaldi kolektibo horren galeraren gorpuztea da. «Bere burua eratzen» duen indibidualista da idolo berria, langile edo ikasle erreboltariaren partez -Poliziaren sarekada etengabeen menpe oraindik ere hauek-. Anarkista espainiarrek ere sinbolizatuko lukete aipatutako guztia. Sei kapituluz osatua dago nobela, atarikoaz gain, gainerakoek kontakizuneko emakume banaren izena hartzen dutela. Emakume zapalduen istorioa ere bada, izan, liburua. Generoari dagokion estilo biziz idatzia dago. Carlottoren prosa argia da, arina, baina zartakoak ere uzten ditu han-hemenka. Ferrucio polizia ustelak dioen honek, adibidez, liburuko gizartea bikain laburbiltzen du: «Elefanteen hilerria bihurtu duk hau: hona etortzen dituk denak hiltzera».]]>