<![CDATA[Bego del Teso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 13 Apr 2021 18:35:38 +0200 hourly 1 <![CDATA[Bego del Teso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Besaulkian gozo, zerua blu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1880/031/001/2021-01-03/besaulkian_gozo_zerua_blu.htm Sun, 03 Jan 2021 00:00:00 +0100 Bego del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1880/031/001/2021-01-03/besaulkian_gozo_zerua_blu.htm
Hala izanik, pasa den urtean irakurritako zinemaren inguruko ia berri guztiak txarrak izan dira. Zenbat areto itxi den, zenbat ikuslek jo dugun plataformetara, zenbat sortzailek entzun dituen plataforma horien sirena-kantuak, zenbat jendek utzi dion zinema aretoetara joateko ohiturari, zenbat zinemaldi ez diren izan/izanen...

Edozerk, gure aldekoa izan arren, ematen dio jende frankori sufrikariorako beta. Aipatzen badugu, kontent asko, karteldegian dauden pelikulen artean inoiz baino ugariagoak direla emakumeek zuzendutakoak (Wonder Woman 1984 bezain txarrak, Saint Maud bezain izu-ikarazko puska dardaragarri ederrak) ziztu bizian penatuko dira/gaituzte; haien esan goibeletan, pantailetan estreinaldi erraldoirik ez dagoelako daude horrenbeste neska. Ez pentsa, ez, dirua mugitzen duten horiek kamera atzean dauzkagun ahalmen eta boterea aitortu dituztenik, finean.

Izan daiteke hori zioa, bai, baina, hain zuzen ere, arraroak izan diren garai guztiek eman diguten aukerari eutsiz egin dugu bidea neskok. Betidanik, aspalditik. Gizonezkoak gerran, gudu zelaietan zeudela, okupatu genituen fabrikak; bueltatu zirenerako, andre eta jabe ginen bertan. AEBetako beisbol izar guztiek fusila hartu zutenean, gu hasi ginen bateaz jotzen pilota eta hortxe dihardugu, pitcher, catcher edo basewoman...

Beste kontu batean ere seko setatsu daude: haien aburu tristez, jendea ez da bueltatuko zinema saloietara, etxean geratuko da egongelako pantailari so, eta, ondorioz, itxiko dira areto guztiak. Egia da gorri-gorriak ikusi eta pasatu dituztela areto jabeek eta langileek; baina egia da ere zinemarekin amodio joko gozoan diren ikusleekiko konpromisoari heldu dioten areto ausartek takila polita egin dutela pandemian zehar; eta egia da Gabonetan zinemak kasik lepo izan direla.

Baina ukakor andana bat, malkoek itsuturik, ez dira horretaz enteratu. Ezta ohartu ere, hiru egun besterik ez duen urte honetan, Donostian zazpi areto berri izango dugunik.

Baina halaxe da: Garbera saltokigune handi-handi-handi handituan, egundoko apustua egin du jatorria Katalunian eta Espainiako estatu osoan negozioa duen Cinesa enpresak. Kontuan izan ditu pandemiak ezarritako ohitura berriak. Jakin badaki derrigorrezko etxealdian ikusi izan ditugula kalean ez ziren pelikulak, gozo-gozo, eroso-eroso, eskuan garagardoa, ron kopa edo kafea genuela. Zapatiletan, hankak luzaturik, gure baitan kiribildurik gozatu izan dugu, bai horixe, zinema onaz, zinema txarraz.

Bueno, bada, hortxe duzue egungo eta biharko zine enpresari horien erronka: gure etxeetako konfortetik, babeslekutik, kobazulo epel horretatik aterarazi eta merkataritza gune batera erakartzea... Horretarako, areto berri horietako besaulkiak inoiz eta inon baino zabalagoak, luzeagoak, erosoagoak izango dira; butakok etzatea ere posible izango da. Burkoa baino ez zaizu faltako, baina etxekoa eraman dezakezu akaso, nork daki. Aldamenean, mahaitxo bat izango duzu... Etxean bezala. Askorentzat, etxean baino hobeto.

Etxetik atera nahi gaituzte zine enpresariek. Etxeko erosotasun guztiak eskainiz, aretoek betidanik izan duten xarma eta magia areagoturik.

Zinemak denboraren suspentsioa eta espazioaren etendura eragiten dituelako —ederki daki hori Zinebi jaialdian sari potoloa irabazi zuen Lur Olaizola Lizarraldek—. Iluntasun horretan zaudela, denboraren eta espazioaren muga guztiak ezabatzen dira. Eta zu gozo, eta zu eroso, eta zu so. Berlinen asmaldi eraman zuten plazer hori are urrutirago: Astor Zineman, filma hasi aurretik, zerbitzariak ekarriko dizu barran eskatutakoa. Izan daiteke champagne kopa bat eta kabiar pixka bat, eta pelikula hastean, zure ondoko mahaitxoaren argia amatatuko da. Itzali ez... amatatu. Horrela, pantailakoa ikusten duzun bitartean, jarrai dezakezu bloody Mary bat dastatzen.

Eta argi sotil horrek urraturiko iluntasunean zerua blu ikusiko duzu. Lur Olaizolaren laburrean bezala. Birusaren baimenaz, beste zinema festak korritzen hasiko da aurten. Eta birusak baimenik ez badu ematen, sarean izango dugu libre egun batean. Ez izan kezkarik.]]>