<![CDATA[Begoña del Teso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 10 Jun 2023 13:50:22 +0200 hourly 1 <![CDATA[Begoña del Teso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA['Araneae Aranea', 'Spider', armiarma]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2060/025/001/2023-06-09/araneae_aranea_spider_armiarma.htm Fri, 09 Jun 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2060/025/001/2023-06-09/araneae_aranea_spider_armiarma.htm Lycosa tarentula-k barne, jakina. Laket ditugu misteriotsuak direlako. Haragijaleak direlako. Munstro bilakatzeko duten abileziagatik. Maite ditugu arriskutsuak izan daitezkeelako. Beldurgarriak. Maite ditugu zoliak izaten badakitelako. Jostun miresgarriak direlako; Ariadnak berak ere ezingo lituzke haien sareak ez berdindu, ez gainditu. Maite ditugu, denbora existitzen ez zen denboran, Lurra nahas-mahas hutsa zenean eta leize handiaren gainean ilunpea baino ez zelarik, Zodiakoak hamahiru zeinu zituelako, eta hamahirugarrena aramuarena zelako. Armiarmak, baina, beste guztiak (bai bikiak, bai karramarroa, bai dontzeila lehoia) beldurtu zituen, eta haiek (Zezena, Aharia, Ahuntza, Arraina eta besteak), bat eginik, matxinatu ziren, eta amaierarik ez zuen gau hartan existitzen ez zen zerutik behera bota zuten araknidoa. Budisten Wuyku horoskopoan, aldiz, irmo dirau, inurriarekin, eskorpioiarekin eta dortokarekin batera, bera manipulatzailearen isla izanik...

Maite ditugu armiarmak ehiztari finak direlako. Katuak baino maltzurragoak ere bai. Elikatuko dituen biktima zizpuru bat dirudien hari batez xuabe-xuabe biltzen dutelako.

Maite ditugu araknidoak jarraian doazkizuen zinema pusken aurrean belauniko jarri izan garelako maiz: 1955eko Jack Arnolden Tarantula, 1976ko Bill Rebaneren The Giant Spider Invasion, 1990eko Frank Marshallen Arachnophobia (Delena Cancerides espezieko benetako 400 armiarma ziren bertan izar), 2001eko Jack Sholderren Arachnid (ez da batere ona, 500.000 dolar baino ez zituzten gastatu ekoizpenean, baina bertako munstroak merezi du, benetan), 2002ko Arac Attack (Ellory Elkayem izan zen 30 milioi dolarreko ekoizpen honen zuzendaria eta hortik zebilen, armiarmengandik ihes zoroan, gazte-gazte zen Scarlett Johansson)...

Gutako batzuok (arraroetan, xelebreetan akaso arraroenok, xelebreenok) maite ditugu armiarmak superheroien artean makarroiena den Spider-Man existitzen delako. Komikietan, telebistan, pelikuletan. Istorioa badakizue, ederki asko jakin ere. Brooklyn auzoko Peter Parker mutikoari kosk egin zion armiarma erradioaktibo batek, eta... Primeran dakizue, buruz kasik, jarraipena.

Maite ditugu armiarmak egun gure Euskal Herriko areto kasik guzti-guzti-guztietan den animaziozko Spider-Man: Across the Spider-Verse parekorik ez duen filma delako. Ez dizuet esango, sekula ez, inoiz ez, ezta pentsatu ere, Dragoi Bolarekin, Chihirorekin, Porco Rossorekin, gure auzoko Totororekin, Dumborekin, Jack Skellingtonekin, Addams familiarekin, Suzumerekin edo Aita Zonbiarekin ahazteko. Ezta Orkestra Lurtarrarekin ere. Edo Black is Beltza-rekin. Ez dizuet hori ez esaten, ez esango. Aldiz, zera diotsuet: ez egin iskin Doraemoni edo Shin Chani. Ez Blackieri, ez Kanutori. Ez, ez bailitzateke gizalegea izango, nahiz eta egun (bihar igual ez), Spider-Man horien guztien gainetik izan (ia).

Benetan diotsuet, gure etxe ondo-ondoko areto guztietan den film horrek eskura izan duen tresneria ezin hobeki erabili izan du zinema gertari markaz fuerakoa osatzeko. Bai tramankulu digitalak, bai eskuzkoak. Bai dohainez beteriko gizaki batzuen adimena, bai gizaki horien bihurrikerietarako joera.

Ederki asko sakondu dute komikien lengoaian, eta primeran (eta ez, prexixo, segundako tiketarekin) zinemaratu, komikiek berezko dituzten harridura markak, mugimendudunak diruditen geziak, tximistak, interjekzioak, hamaika koloretako bunbuiloak abileziaz, dotoreziaz eta ganberro puntu majo batez pantailaratuz.

Maite ditugu batzuok armiarmak. Eta ez bakarrik komentatzen ari garen filmaren aurrekoak (Spider-Man: Into the Spider-Verse-k) eskuragai ziren sari guztiak (animaziozko Anniea, animaziozko Oscarra, animaziozko Urrezko Globoa...) irabazi zituelako, baizik eta (eta baita ere) ausarta delako gure munduarekiko hartutako giza-gizarte konpromisoa. Adio, betiko, ile horiko eta azal zuriko superheroi antigoaleko horiei. Gaurkoak ostadarrean agertzen diren kolore guztietakoak dira, eta multibertsoan dauden eta aurrerantzean, ziurrenik, izango diren etorki oro islatzen dituzte.

Jatorrizko bertsioan entzunez gero, hemen eta han mintzatzen diren hamaika hizkuntza adituko dituzue. Zaharkiturik geratuko zaizue Spider-Man esamoldea. Hemendik aurrera, esan, esan beharko duzue Spider-Woman, Spider-Boy, Spider-Girl. Eta zin degizuet ez dela rainbowwashing ziztrina. Eta ez, ez da mezukeria tontoa. Ez, badira, bagara, eta zinema, ispilu da. Maite ditugu bai, batzuok, armiarmak.]]>
<![CDATA[Zeluloidea, beti gezurti]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2042/023/002/2023-06-02/zeluloidea_beti_gezurti.htm Fri, 02 Jun 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2042/023/002/2023-06-02/zeluloidea_beti_gezurti.htm Jeanne Du Barry filmak izugarrizko eskandalua eragin zuen Cannesko Zinemaldia ireki baino lehenago, ireki orduko eta ireki ostean, estreinaldiaren arratsean zazpi minutuko txalo zaparrada jaso bazuen ere, Grand Auditorium Lumieren.

Kontu batzuk jakin behar dituzue Maïwenn Le Bresco pertsonaiaren inguruan ahalik eta plano sekuentzia zabalena (ez dizuet benetakoena idatziko...) eskuratu ahal izateko. Sustraiak Aljerian dituen Catherine idazle eta aktorea du ama, eta Patrick hizkuntzalaria, Vietnametik etorritako familia bateko kidea, aita. Gurasoak banandu orduko, Maïwennek salatu zuen tratu txarrak jaso zituela biengandik. Mendekuz, Aljeriako herritartasuna eskatu eta lortu zuen. Gurasoek justu kontrakoa nahi zuten, bere jatorri nahasketa aberatsa ahanztea.

16 urte zituela, garai batean Frantziako zinemarentzat hain garrantzi handikoa izan zen Luc Besson esposatu zuen, eta bere zinema puska propioak sortzen hasi zen. Eskandalua izan zen ezkontza hori, Maïwennen adina zela eta. Baita Subway, La femme Nikita eta Le Grand Bleu filmen egile eta ekoizlearen portaera ez zelako oso esan onekoa, politikoki oso ortodoxoa ere ez. Egia esan arren, bastante harroputz jokatzen zuen bai zinema estudioetan, bai finantza munduan... Emakume batzuek abusuak eta bortxaketak leporatu izan dizkiote. Ez da gizon maitatua, ez.

Lucen The Fifth Element lanean Maïwennek izugarrizko pertsonaia gorpuztu zuen, Diva Plavalagunarena, baina pelikula bukatu ondoren, separatu egin ziren senar-emazteak.

Maïwenn kontu horiek guztiak kontatzen hasi zen bere film laburretan. Baita luzeetan ere. Baina Frantziako zinemaren munduak arbuiatu, baztertu, zokoratu egiten zuen. Zinemaren sasiko noblezia horrentzat, Maïwenn arazo sakonak (eta askoren ustez, faltsuak) zituen goranahi bat baino ez zen. Zinemaz ezer ez zekiena. Hala ere, zinemaldi askoren gonbita jasotzen zuen. Baita sariak eskuratu ere. Bere lehenengo lana, 2006ko Pardonnez-moi, Cesar sarietan izan zen finalista.

Eskandalua izan da Maïwennen bidelaguna. Duela gutxi, telebista ekoizle batek salatu zuen zaplazteko bat eman ziola jatetxe batean. Maïwennek onartu zuen eman izana: merezi zuen eta.

Cannesko Zinemaldia ireki duen bere filmerako hautatutako kidearen izena eta izana jakin bezain pronto asaldatu ziren bazterrak eta harrotu ziren haizeak: pasa den irailean Donostian aterpea aurkitu zuen Johnny Deppek (gure Edward Scissorshands hura) Louis XV.a antzeztu behar zuen, eta bere maitalea, goi mailako kortesana izandako Madame Du Barry hura Maïwenn bera izango zen.

Eskandalua aldarrikatu zuten ezeztapenaren kulturaren aldekoek. Filma bertan behera uzteko exijitu zioten askok. Baina ez da jaio Maïwenn beldurtuko duenik. Bere ustetan, zorretan da berarekin gizartea. Zor are handiagoetan zinema mundu klasista, arrazista eta matxista. Bestetik, anbizio handiko gizakia da Maïwenn. Bere dohain ororen jakitun, libre, aise, airos menderatzen du sedukzioaren artea. Ez zuen, beraz, atzerapausorik eman. Alderantziz, harroxko egin zien aurre eta kontra bere generokideei. Ahizpa ugarik Maïwennen pelikula programaziotik kentzeko ere exijitu zioten Cannesko zuzendariari. Kasurik ez zien egin, ordea.

Gustuko du Maïwennek eskandalua. Ederki daki horiek bezalako ur pozoituetan igeri egiten, bizirauteko lehian parte hartzen duten guztiek nola. Gainera, erabaki sendoa zuen hartua: jatorri xumekoa izan arren Versaillesko andre txit gorena izatera iritsi zen Du Barry kondesa bere alde erabiliko zuen. Jendeak ederki asko ulertuko zuen, kortesana horren bitartez, Maïwenn bere burua ari zela defendatzen, errebindikatzen.

Beste kontu batek mindu ditu hainbat eta hainbat: Maïwennek ontzat eta aintzat eman ditu Lubitschek zein Sofia Coppolak zineman islatu izan zuten dama horren sedukzio manerak, erotismoaren erabilera libre izateko modu bat dela agerian utziz...

Pelikula ez da oso ona. Baina ez da bere arerioek salatu duen bezain txarra. Ez da, jakina, Barry Lindon. Ezta The Favourite ere. Gezurretan dabil etengabe. Ez du esaten Voltairek berak miresten bazuen ere, beste askok gorroto handia ziotela. Boterea zuelako, jakina, baina Frantziako finantzak xahutzen zituelako ere bai. Ez du Maïwennek aitortzen pelikulan horren majoa dirudien zerbitzari afrikarrak salatu egin zuela errepublikanoen aurrean, eta ez du kontatzen beldur handiz, garrasika, laguntza eskatuz joan zela urkamendira (ez zuten, ordea, urkatu, gillotinaz hil baizik).

Usatuak gara, alta, zinemak kontatzen dizkigun gezurretara. Pertsonaia zure alde maneiatu, gobernatu nahi baduzu, ezin bere barruko terrore eta miseriak agerian utzi. Maïwennek badaki. Guk ere bai.]]>
<![CDATA[Munduko nagusia edo hutsaren hurrengoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1970/024/001/2023-05-31/munduko_nagusia_edo_hutsaren_hurrengoa.htm Wed, 31 May 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1970/024/001/2023-05-31/munduko_nagusia_edo_hutsaren_hurrengoa.htm A Tale of Two Cities (Bi hiriren istorioa) nola hasten den? «Bazen garai guztietan onena. Bazen garai guztietan txarrena. Bazen jakinduriaren aroa. Baita eromenarena ere; sinesmenen sasoia, sinesgabetasunarena nola; argiarena, ilunpetakoa. Esperantzaren udaberria eta desesperazioaren negua. Dena genuen, eta ez ginen ezeren jabe. Zerurantz gindoazenean, kontrako bidean galtzen ginen (...). Konparazioetan, onerako nahiz txarrerako ere, superlatibo absolutua baino ezin erabili».

Hitz, esamolde eta sekula erlatiboak izango ez diren konparazio eta superlatibo bertsuak erabil ditzakegu, erabili behar ditugu, Cannesko Zinemaldiaren inguruko mintzoetan edo izkribuetan gabiltzanean.

Euskal Herritik bidalitako aurtengo taldeak (Irati Gorostidi, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, Ainhoa Andraka...) flipatu egin zuen bertan ikusitakoarekin, sentitutakoarekin. Eta ez beren estreinako aldia zelako. Eta ez Iratik, kasurako, Leire Apellaniz ekoizlearen eta beste jende finaren konpainian hamabi orduko bidaia egin zuelako kotxez Donostiatik, hurrengo egunean Rue Pasteurreko 35. zenbakian dagoen La Semaine de la Critique-ren egoitzan hain plano desberdinak dituen bere Contadores laburra aurkeztu ahal izateko.

Aipatutako horiek badira zio nahikoak flipean erortzeko. Baina beste ziento bat, beste mila daude Cannesen. Beti. Han sentituko zara, sentiaraziko zaituzte unibertsoaren, multibertsoaren, metabertsoaren jabe. Edo ahuntzaren (gauerdiko) eztularen pare. Adibide bakar bat: nola ez sentitu zure burua in the Matrix (errepaso azkar bat emaiozue zuen gaurko hiztegi urbanoari esamolde hori ez baduzue ezagutzen...) konturatzen zarenean zure laburra Palais Miramarren ondoan ikusgai den egun berean Martin Scorseseren Francesca alabak berak Canneseko merkatu erraldoiaren izkina, txoko, bazter bat baino ez duela lortu bere Fish Out of Water erakusteko? Bai, benetan. Luca Guadagninoren lagun mina den Francescak behin-behineko eraikin baten pantaila baino ez zuen aurkitu aterpe. Izan ere, Canneskoa zinema festarik krudelena, garratzena bilaka daiteke begi kliska batean, batek daki zergatik. Suerte handiagoa izan du Martinen eta Helen Morrisen alabak aita miresten duen hiri batean; batere txarra ez den bere filmari pantaila dotoreagoa eskaini dio New Yorkeko Tribeca jaialdiak, hilabete honetan hasiko den bileran.

Flipatzeko modukoak dira, bai, Cannesen suertatzen diren amodiozko/gorrotozko loturak. Jakin behar, hori bai, norekin zauden batean edo bestean.

Epaimahai ofizialak aintzat hartu ez zuen arren, dir-dir opakua egiten duen Alice Rohrwacherren La chimera harribitxiaren aurka oldartu ziren, anker, Nice-Matin eta Le Figaro egunkarien kritikariak. Le Monde-koak, aldiz, Stendhalen sindromeak hartua idatzi zuen hilobi etruskoetan dauden urrutiko iragan bateko altxorren bila dabiltzanen erretratu honi buruz. Goraipamen berezia egin zion Chloe Harrockek Helene Louvart argazki zuzendariaren artelanari, pelikulari argia, kolorea, testura eman dizkionari. Baita Isabella Rosselliniren agerpenari ere.

Bai, Cannesen muturrekoak izan ohi dira iritziak, sinesmenak. Maite ala hil. Gorroto ala hil. Horrela gertatu zen Nanni Morettirren Il sol dell avvenire-rekin. «Modaz pasatutako nartzisista» deitu zioten hainbatek; «malenkoniak jotako maisu nekatua» beste batzuek. Izan zitezkeen zorionez eta iraultzez (hain zuzen ere, ez genuen lortu ez bata eta ez bestea ere) landutako gogoeta alai-tristatuan zinemak gainezka egiten duela, nork ukatuko? Bada... askok.

Gizakiek, gizaki xumeek ere, elkar gorrotatzen dute Cannesen. Quentin Tarantinok eskola magistral bat eman zuen La Quinzaine des Cinéastes sailaren egoitzan. 800 lagunek izan zuten bertan egoteko parada, beta, aukera. Kalean geratu ziren 200 inguru horiek botatzen zieten begirada hilgarria zen...

Cannesen emozio guztiak bizi-biziak dira. Ez dira ezkutuan gordetzen, ez. Agerian daude beti. Bistan. Arerioak, etsaiak dira bertako Le Festival International du Film eta Veneziako Mostra. Biek zera pentsatzen dute Berlinalez: axola gutxi duen lehiakide jatorra da, errespetua digu, eta guk, aldiz, kariñoa. Gure artean, berriz, bakerik sekula ez. Kenduko dizkizut nik ahalik eta pelikula gehien, eta ederki dakit zuk gauza bera egingo duzula.

Jakina, idatzitako hitz horiek ez dira adierazpen ofizialak. Bai, ordea, zinemaren metabertsoan denek duten susmo benetakoa.

Itsas Alpeetatik eta Italiatik hain hurbil den Cannesen, hain gogoko ez duzun pelikula baten alde jo behar duzu askotan. Makina batek uste dugu abuztuaren 23an Ipar Euskal Herrian estreinatuko den Anatomie d'une chute ez dela Urrezko Palma merezi zuen filma, baina garaikurra jasotzean Justine Triet autoreak eginiko diskurtsoa bide eta aitzakia dela sortu den iskanbilaren aurrean, Justineren alde gara. Beldur agertu zen egile ondradua neoliberalismoak ekar dezakeen kultur gainbeheraz. Frantziako herriak erretiro lege berriaren aurrean eramandako borrokari gobernuak eman zion erantzunari kontra egin zion. Diskurtsoa bukatu orduko, bai Kultura ministroak bai Cannesko alkateak «ume apetatsu esker txarreko» deitu zioten, eta pelikula ikusita ez zuten solaskideak telebista guztietan agertu ziren kexuka eta mehatxuka...

Cannesen, film batek, lasterrean Donostiaratuko (Tabakaleraratuko) den Pedro Costaren As Filhas do Fogo-k, kasurako, 7 minutu iraun dezake, eta, zinemaren ertzak gaindituz, hiru pantaila hartzen dituen instalazio bilakatu. Cannesen, pelikula batek 4 ordu eta 22 minutu iraun ditzake (Steve McQueenen Occupied City-k), han neurriak, formatuak, euskarriak ez baitira oztopo, baizik eta jostailu. Edo arte berri baterako tresna.

Bai, akaso egia da, eta Cannes, ametsa baino gehiago, ameskeria gerta liteke sarritan. Bai, agian horixe da, gure desiraren ispilatze hutsa. Bai, egia esatearren, han eskandalurako bide izan direnak, han maitatutakoak, han gorrotatutakoak, gure etxe ondoko zinema korrienteetara ailegatu orduko, eurian ezabatzen diren malkoak bezalakoak suertatuko ez ote diren beldur gara batzuk. Ez du, ordea, inporta. Cannesen bizitzen duzuna flipatzeko modukoa baita. Han, kamera eskuan izan duzula(ko), munduko nagusia izan zaitezke. Edo hutsaren hurrengoa. Baina horrek ere, igual, ez dio axolarik.]]>
<![CDATA[Pantaila eskubideen urraketa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/025/001/2023-05-26/pantaila_eskubideen_urraketa.htm Fri, 26 May 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1884/025/001/2023-05-26/pantaila_eskubideen_urraketa.htm Fast &Furious-en hamagarren atalak. Horietako hainbatetan tairik gabe, gelditu barik ematen dute. Emanaldi bat bukatu orduko, beste bat hasten da. Arabako Yelmo Boulevarden, kasu, gainjarritako proiekzioak ere aurkituko dituzue, areto eta ordutegien jolas (des)orekatu markaz kanpoko batean: 16:00etan, 16:30ean, 17:00etan, 17:30ean, 18:00etan... gaueko hamarrak arte.

Nik, aitortzen dut, Fast&Furious bilduma maite dut. Motoak eta kotxeak gustuko, begiko, gogoko ditudalako. Baita mugarik gabeko, muturreko zeluloidezko hondamendiak, kristoren jazarpenak, hiri sakratuen suntsipen ikusgarriak, gaur ere sinesgaitzak diruditen efektu bereziak eta akziozko estra kasik hilezinak. Era berean, biziki pozten nau emakumeak izateak infernuzko makina horiek gobernatzen dituztenetako bat baino gehiago. Onaren aldekoak zein Gaitzaren esanetara apustu egin dutenak. Emakumeak pilotu, gidari, borrokan, gorputz eta gogamen borroka dardaragarrietan.

Gidoien nondik norako barkaezinaz sekula ez naiz arduratu, eta, honez gero, bere mezukeria/moralkeriek ez didate ez kalte egiten ez min ematen.

Hori guztia aitortu ondoren, jarraian doana komentatu beharrean nauzue. Bere azken-hirugarren —hamabigarrenaz arituko garenerako akaberara iritsiko omen/bide da Dominic Torettoren dinastiaren kontakizuna— emanaldi hau trastetegian sartzen den elefante baten antzera agertu da gure etxe ondoko eta urrutiko aretoetan, gure herrialdean, pantailaren zain eta desiraz ziren film txikien ametsak zapuztuz eta konkistaturikoari eusten zioten horiek modu txarrez erditik kenduz.

Antzeko parezido jarduten dute, basakeria galantetan, hots, zeluloidezko/metalezko munstro horiek eta aterpe duten pelikulak berak.

Gure zinemaldi kuttunetan denon kariñoa jasotzen duten film txikiek izugarrizko mina hartzen dute gero, zinema komertzialetan sartzeko momentuan.

Berlingo Titania eraikin eder-ederrean estreinatu zen Carla Subijanaren Sica pelikula ezinbestekoak, galdu-ezinezkoak, hango ikusle gazteak zur eta lur utzi zituenak, Galizian egindako zinemaren sasoi ederraren berri eman zigunak, bi pantaila baino ez du lortu gurean. Beraz, otoi, Gasteizko Florida edo Bilboko Multicine-en inguruetan bazaudete, izkin egiezue Fast-en ibilgailu guztiei, eta eskatu Sica-rako sarrera.

Zaindu, mimatu, babestu beharreko film eder-txikiak guk baino beste inork ez ditu salbatuko. Iaioak gara horretan, zinez, ikusleok. Izan ere, guk, adorez eta aupari, eraman izan ditugu,Paulen Irati, Estibalizen 20.000 especies de abejas edo Silviaren Las buenas compañías diru-leihatilaren gailurrera.

Zinema ekoiztetxe-banatzaile eskerga horiek, aldiz, behin baino gehiagotan urratzen dituzte Torettoren senideak ez direnen pantaila eskubideak. Egin dezagun borroka, ireki ditzagun zirkuitu ordezkoak.

Postprodukzioan den Larraitz Zuazoren Itoitz,Udako Sesioak dokumentalaren hasierako hamabost minutu aurkeztu berri dira. Cannesen.

Nabari-nabariak dira 900 segundo horietan musika eta irudi testura anitz, baina, baina baina... Zinebiren babesa baduen arren, adi izan, pantaila bat eta gure konplizitatea beharko baititu estreinatu ahal izateko. Zeren eta, nahiz eta benetakoa izan, zinemaldietan egiten dizuten harrera beroa, gozoa, bakardade garratza bilakatzen baita mundu berdaderora itzultzen zarenean, dituzun indar eskaxekin, ukondokadaz balizko pantailaren bazter baterako bidea ireki behar duzuenean.

Hala ere, zinemaldietako metabertso honek ez du zertan ispilatze-ameskeria izan beharrik. Asteartean, Irati Gorostidi Agirretxek, Pasaia bitartean eta Unicornio lanen egileak, iaz Estibaliz Urresola Solagurenek zapalduriko ibilbide bertsuari ekin zion. La Semaine de la Critiquek hautatutako bere Contadores eman zen ikustera estreinakoz hilaren 23an, Espace Miramar delakoan.

Kamera zorrotz batekin eta Idoia Zabaletak sortutako koreografia baten bitartez kontatzen ditu Iratik Donostiako fabrika batean, luzerako jo duen grebaren inguruko langileen arteko tirabirak.

Iaz eta hemen, zinemak minduak diren trenbideetako beharginek urrez saritu zuten Estibalizen Cuerdas eta garaikur horrek Berlinaleraino lagundu zituen bere erleak. Auskalo zer gerta daiteken kamera aurrean suge antza hartzen duen Iratiren protestarekin...

Baina ez jaitsi guardia, Cannesetik bueltan gutxiago; erreibindika ditzagun Torettoren kotxerik ez duten zeluloidezko kreaturen pantaila eskubideak.]]>
<![CDATA[Bilbo, gaueko irudien agertoki]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/024/001/2023-05-19/bilbo_gaueko_irudien_agertoki.htm Fri, 19 May 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1920/024/001/2023-05-19/bilbo_gaueko_irudien_agertoki.htm Bilbao hitzaren soinua, doinua, errima. Inork ez daki Bilbo hiria ezagutzen zuten. Ziurrenik ez. Ez dio inporta. Primeran egokitzen zitzaion izena Weillek idatzitako eta Hauptmanek musikaturiko 1929ko Happy End komedia musikalari eman nahi zioten tonuari. Bertan entzungo ziren abestiak Bertoltek izkiriatu behar zituen.

Gangsterrez gainezka den Chicagoren antza duen hirian kokatzen da komedia beltz-alaitsu-gazi hori. Horra hor, lehiakideak garbitu, akabatu ondoren itzaletako enperadorea bihurtuko den Bill Cracker. Bere inperio berrian gobernatzen dituen taberna zulo guztietan alkohola barra-barra edango dute bezeroek, nahiz eta garaian Lege Lehorra indarrean izan... Nola deitu zion Brechtek hiri horri? Bilbao! Zergatik? Ondo moldatzen zelako letrarekin. Baieztatu beharrean bazaudete, irakur, abes ezazue: «Bills Ballhaus in Bilbao/ War das schönste auf dem ganzen Kontinent./ Dort gab's für einen Dollar Krach und Wonne, [...]// Alter Bilbaomond!/ Wo noch die Liebe lohnt.../ 'S ist toll mit'm Text!/ Lang, lang ist's her! [...]// Bills Ballhaus in Bilbao... [...]/ Heute ist es renoviert so auf dezent// Ich weiß ja nicht, ob Ihnen so was grad gefällt, doch:/ Es war das Schönste/ Auf der Welt [...]/ Alter Bilbaomoond».

Leitu, kantatu ezazue orain ingelesez: «Bill's beer hall in Bilbao, Bilbao, Bilbao,/ Was the most fantastic place I've ever known./ For just a dollar you'd get all you wanted,/ All you wanted, all you wanted [...]// That ol' Bilbao./ Down were we used to go./ Da da da da da... [...]// Bill's beer hall in Bilbao, Bilbao, Bilbao,/ Now they've cleaned it up and made it middle class/ With potted palms and aspree. [...]// That ol' Bilbao moon./ Love never laid me low./ That ol' Bilbao./ Why does it hurt me so?/ I don't know if it would have brought you joy or grief but/ It was fantastic./ It was fantastic./ Beyond belief».

Irudika ezazue orain euskaraz, —Oskorriren Antzinako bitxikeria ineditoak diskoa edo Joseba Tapiak 2006an kaleraturiko Real Politik hura izan itzazue kantu-lagun—: «Bill-en borda Bilbaon/ onena zen kontinente osoan!/ Dolar baten truke gozo dantzan/ edo muturka borroka zoroan./ Sartu ote zinen sekula batzoki hartan?/ Ez dut uste aspertuko zinenik han!// Aulkian putzu bat brandy,/ pista erdian belarra handi,/ gorri sabaian Iretargi.../ Eta musika?/ Hura bai musika!/ Beti zen yarritako dirura! [...]// Bill-en borda Bilbaon [...]/ Ti-ro-ka!/ Beldurrik ez?/ Heldu borroka!// Bilbaoko Iretargi! [...]// Bill-en borda Bilbaon,/ gaur ez da borda baizik aretoa:/ dantzaleku zatar arrunt garbi/ kafe-antzoki baten antzerakoa./ Jatortasun usain eta neonezko argi,/ tenplau sartuko zinateke hemen./ Hemen!/ Pistan ez da belarrik,/ brandyak ez dauka indarrik,/ huts egin digu Iretargik... [...])// Bilbaoko Iretargi!/ Zeu zaitut lekuko/ nik maite nuela... [...]/ Iretargi xahar... Iretargi gorri!/ Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina/ munduan zenik ederrena!».

Agian, ziurrenik, ez Kurt, ez Elisabeth, ez Bertolt, ez ziren Bilbo-Bilbaotik inoiz pasatu, baina 1929 hartan Berlingo kabaret guztietan Der Bilbao Song kantatzen zen ozen demonio. Eta gero New Yorken. Eta Chicagon. Eta Londreseko zein Liverpooleko pubetan...

Errima gorde ez duen atari hirueledun luze honekin sarrera nahi izan diot egin gaur bertan Netflix plataforman estreinatuko den El Silencio izeneko telesailari, Patria eta El Príncipe bezalako proposamen indartsuen sortzailea den Donostiako Aitor Gabilondok eta Máquina edo Autómata zuzendu baino askoz lehenago El Día de la Bestia-n parte hartu zuen Madrilgo Gabe Ibañezek plazaratutako atrebentzia, balentria.

Baina zertan dira elkarren antzeko Brecht, Hauptman, Weill, Gabilondo, Ibañez eta El Silencio-ren hirugarren filmatzailea den Esteban Crespo? Bada, Bilborekiko miresmenean.

Denek sumatu zuten Bilbo-Bilbao paisaia ikaragarria, agertoki markaz kanpokoa, eszenatoki paregabekoa zela, dela itzalen artean gertatzen diren istorioak kontatzeko.

Beste asko ohartu izan dira Bizkaiko hiriaren indar metalezkoaz, titaniozkoaz. Aspaldiko indar belztua, Labe Garaietako keak bildua, Euskaldunako borrokek tindatua, lehen; zerurantz altxatzen diren edo infernurako bidea hartzen duten arkitektura-ingeniaritzaren egitura horien urguilu fantastikoa, gaur.

Sumatu zuten aspaldian Eloy de la Iglesiak, Enrique Urbizuk, Pedro Oleak. Karraka taldeak eta Egillorrek. Antzeman Koldo Serrak ere. Eta El doble más quince-ren autoreak, Mikel Ruedak.

Gaur estreinatuko den telesailaren lehen eszenan bertan jakingo duzue Bilbo dela fantastic beyond belief... kontinente osoan.]]>
<![CDATA[Lanpernak sutan Bilbo aldean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1988/032/001/2023-05-12/lanpernak_sutan_bilbo_aldean.htm Fri, 12 May 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1988/032/001/2023-05-12/lanpernak_sutan_bilbo_aldean.htm
Alta, pelikula txar eta on guztietan gertatzen den legez, beranduegi izango da. Dagoeneko zulo beltzetan zein multibertsoan siestan ziren kreatura hainbat esnatu egin dira astean zehar, eta gure unibertsora pasatu. Pasatu, eta geratu.

Burnin' Percebes (Lanpernak sutan) kolektiboak (fidatzekoa ez dena —eskerrak—) maiatzaren 5ean aurkeztu zuen, hasierako zeremonia kafkiar eta dantesko samarrean, bere El fantástico caso del Golem aldrebeskeria zoragarria, non munduko biztanleak banan-banan balkoitik, terrazatik, teilatutik, zerutik edo batek daki nondik eroritako pianoek seko zanpaturik hiltzen diren.

Zaila izango du gure bihotz beltzeko azukre-koxkor multiprozesatua den Quentin Dupieuxek beti on fire diren Juan Gonzalezen eta Fernando Martinezen jukutria gainditzea bere Incroyable mais vrai fantasia ilun eta ironikoarekin. Hala ere, arima jokatuko nuke nik berdinketa maltzurraren alde.

Ez pentsa, ordea, Fantera hurbildu den lagun eta etsai samaldak ez dakiela zintzo (demonio) eta serio (deabru) jokatzen. Maider Oleagak zuzenduriko Kinka labur balent haren gidoia idatzi zuen Carlota Pereda zinemagileak (Cerdita-ren eta ekoizpen-osteko afanetan den La ermita-ren autorea) hitz-aspertu bat izan zuen kide eta zaleekin Golem aretoetako gela batean. Mahai gainean geratu ziren norberaren gustuak eta bakoitzaren iruditeriaren erreferentziak. Solaskide ia denak ziren 80ko hamarkadako kumeak; gora Ghostbusters eta Goonies, gehi Dragoi bola!

Esan zuen Carlotak zoratu egiten dela Euskal Herriak narraziorako duen senarekin. Mirestu egiten du, halaber, hemen, beste inon ez bezala, etengabe daudela misterioarekin zerikusi handia duten zeremoniak: zanpantzarrak hor, pastoralak han, agoten oroipenak eliza batean, sorginen presentzia erreala auskalo non... zirristi-mirristi gerrena plat.

Esan zuen ere euskara ikasten ari den madrildarrak gure hizkuntzak fantasiazko generorako dirudiela sortua. Linguae Navarrorum izanda, ez dugu zertan hizkerarik asmatu gaua denean esnatzen diren izakiak mintzatu ahal izateko. Tolkienek, ordea, behar hori sumatu zuen Lurralde Ertainean.

Igandeko goizean, kafe azkarra hartu eta gero, Alondegiko gela berera arrimatu zen euskal zinemaren gaina eta lorea. Euskara hartu zuten hizpide. Gure mintzoaren egoera, bai kamera aurrean, bai pantailetan, ez dela horren makala adierazi zuten baikorretan baikorrenek. Badirudi Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Galiziakoak ez diren ikusle makina bat hasi dela onartzen Estatu espainiarrean gaztelaniaz gain beste mintzo batzuk daudela. Sorogoyenen As Bestas ez da inon bikoizturik zinemaratu, Urkijoren Irati jatorrizko bertsioan eskatu izan dute ele bakarreko lurraldeetan. Gurean erabili ohi ditugun hiru hizkuntzak aise darabilzkien 20.000 especies de abejas txartel-leihatilan eroso dabil arazorik gabe. Zinemaldietan, ez arazorik, ez harridurarik. Usatuak baitira mundu honetako eta ez honetako hizkerak entzuten.

Hala ere, badira gainditzen zailak diren oztopoak. Esaterako, zinema areto komertzialetako karteldegia astero osatzen duten programatzaileen errezeloak. Beldur dira oraindik euskara ez ote zaien etxekalte (mozkin-kalte). Apurka-apurka, kontrakoaz konbentzitzen hasiak dira, sarri jasotzen baitituzte telefono deiak karteldegian euskarazko pelikularik ba ote den galdezka.

Diru laguntzen mundua bestelako auzia da. Batzuetan, balorazio-baldintzetan zera irakurtzen da: Pelikula oso-osorik izan behar da euskaraz mintzatua... Oso-osorik? Guardia zibilek edo kartzelari frankistek ere euskaraz?

Hitz egin zuten denak (Ander Barinaga, Aitor Gametxo, Larraitz Zuazo, Alaitz Arenzana, Imanol Saratxaga, Mar Izquierdo, Paul Urkijo, Eneko Muruzabal, Vanesa Fernandez, Nitya Lopez) ados jarri ziren kontu batean: hizkuntzaren erabilerak koherentea izan behar du beti. Bai euskalkiak, bai batua, bai azentu eta doinu ezberdinak. Akatsak ere onartu beharrekoak dira maiz, filmak islaturiko errealitatea bermatu ahal izateko. Koherentzia ezinbestekoa zaigu mintzairen tratamenduan. Erabilitako hizkerak testura berezi eta propioa ematen baitio pelikulari. Hizkuntzen arteko talka behin baino gehiagotan suerta daiteke baliabide narratibo indartsua...

Erronkarik? Ziento bat. Ez da nahikoa, esaterako, euskara izatea pantailan entzuten den mintzoa. Ez, aldarrikatu ziren euskaraz sorturiko, ekoiztutako, filmaturiko, aurkeztutako, defendatutako film biharkoak. Eta ez, bilera hori ez zen Zinemaldi fantastiko baten fantasia hutsa.]]>
<![CDATA[Basauriko Hamaikak, ziento bat Viktoria Eugenian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1988/031/001/2023-05-05/basauriko_hamaikak_ziento_bat_viktoria_eugenian.htm Fri, 05 May 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1988/031/001/2023-05-05/basauriko_hamaikak_ziento_bat_viktoria_eugenian.htm
1976ko urriaren lehen egunetan El Kaleroko jaiak ziren. Jendea dantzan eta berbenetan, bai. Polizia, ordea, bertako emakume baten etxera arrimatu zen, eta abortuak egiten zituela leporatuta, bera eta alaba atxilotu zituen. Komisarian aitortu behar izan zituzten biek abortatu zuten horien izenak. Etxez etxe joan ziren poliziak, eta bederatzi emakume atxilotu sarekadan. Egun batzuk hala eman ondoren, baldintzapeko askatasuna lortu zuten, baina epaiketaren mehatxua hor zegoen. Eta ez zen bromakoa fiskalak eskatu behar zuen zigorra: hamabi urtekoa abortatu zutenentzat; seikoa, berriz, eragilearentzat.

Epaileek ez zuten espero, ordea, emakume haien jarrera. Ez omen zekien fiskalak non eta noren kontra ari zen. Bilboko Ezkerraldean, Basaurin. Sindikalistak zituzten senarrak, lagunak, seme-alabak eta gurasoak emakume haiek. Eta planto egin zuten. Eta aurre egin zioten epaiketari. Eta lan-arloko abokatuek bere egin zuten kasua. Eta mugimendu feministak argi ikusi zuen hor zuela borroka ezinbestekoa, bandera ederra. Espainian ere bazterrak asaldatu, harrotu ziren. Europan gertatzen ari zen legez, zinema, telebista, ikuskizun munduko izar eskukada polit batek geroxeago hain denona izan zen orroa egin zuen: «Nik ere abortatu dut». Batu ziren idazleak, sortzaileak, kazetariak, intelektualak. Batu ziren fama handiko emakumeak. Baita famarik gabekoak ere.

Luzatu zen denboran epaiketa. Metatu ziren helegiteak. Izugarria zen bat: ezin omen zen baieztatu emakume haiek haurdun zirenik. Eta ez baziren haurdun, abortua ezinezkoa bilakatzen zen.

Hala ere, ez pentsa, bai Auzitegi Gorenak bai Konstituzionalak bere horretan jarraitu zuten, eta zera erabaki zuten: nahiz eta haurdun ez izan, abortatu nahi izatea delitua zen...

Auzia ez zen amaitu 1985eko maiatzera arte. Hain geldoa izan zen Justizia, ezen garai hartan abortua despenalizatuko zuen legea eztabaidatzen hasiak ziren Espainiako Kongresuan. Bitartean, kalean ziren, libre, Basauriko Hamaikak.

Urteak pasatu ziren. Urte mordo bat. 2010ean Susana Koskak emakumeen guduaren inguruko Vindicación izeneko dokumentala burutu zuen, Basauriko kasua aipatuz. 2011n, bertako udalak 11 horien omenezko plaka jarri zuen. 2019an, Maite Ibañezek eta Begoña Atinek Las 11 de Bilbao izenburuko ikerketa burutu ondoren, ETB2n plazaratu zuten.

2023ko apirilaren 28an, Donostian, egun hauetan Durangon, Getxon eta Beasainen ikusgai den Las buenas compañías filmak Ikusleen Sari Nagusia eskuratu zuen, Cabeza y corazón eta The Lost Souls of Syria beste zinema puskak gaindituta. Jorge Gil Munarrizen gidoia abiapuntu harturik, Silvia Muntek gidaturiko pelikulak irabaziko zuela segituan antzeman genuen denok apirilaren 27an, estreinaldiaren arratsean.

Viktoria Eugenia antzokian ordu horietan sortu zen borrokarako, aldarrikapenerako, omenaldirako giroa edabe ikaragarria suertatu zen denontzat.

Txalo zaparradaz hartutako filmak Errenteriako Emakumeen Taldeari egiten dio aitortza. Borrokan ziren Oreretan, Basauriko Hamaikak epaituak izan ziren garai hartan. Borrokan, eta ahizpatasunari gogor/maite helduz. Sortua zuten Miarritzen abortatzen laguntzen zuen sare bat, kolektibo bat. Errepideetan barna, abortatzeko eskubidearen alde egiteaz gain, sexu librearen alde manifestatu ahal izateko autobusak bahitzen zituen neska makina bat hor zen. Emakumeek beren buruaren jabe izan behar zutela sinesten zuten elkarte klandestinoan bilduta...

Horren inguruan Gorka Gomez Andreuk argi arrexkaz lagundurik sortutako eta Alicia Falco, Elena Tarrats eta Itziar Ituño aktoreen sostengu primerakoaz eraikitako fikzio honek burura ekarriko dizkizue Chabrolen Une affaire de femmes edo Annie Ernauxen izkribu batean oinarriturik Veneziako Urrezko Lehoia jasotako Audrey Diwanen L'Événement. Gogora ekarri, gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lekutan, atxilotu egingo dutela abortua debekatua den estatu batetik eskubidea den beste batera doan emakumea. Gogora ekarri, sarean duzuela, debalde, Las buenas compañías fikzioaren inspirazioa izan zen izen bereko dokumental garratz eta fina, Bertha Gaztelumendik, Nuria Casalek eta Laida Zabalok Donostiako Larrotxene kultur etxeko zinema ikastaro batean filmatua. Duela zortzi urte. Dastatu ezazue, arren, Silvia Munten eta besteen pelikula, zuen etxe ondoko areto korrienteetara iristear den egunotan.]]>
<![CDATA[Enkarterriko bost, pareta zurian aktore]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/031/001/2023-04-28/enkarterriko_bost_pareta_zurian_aktore.htm Fri, 28 Apr 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1917/031/001/2023-04-28/enkarterriko_bost_pareta_zurian_aktore.htm
Goiz-goizean. Argia urratzearekin batera. Euskal Herriko beste puntatik etorri behar zuten Gipuzkoara; zehatzago esanda, idatzia, Donostiako Martutene auzoan den presondegira (Sarri, Sarri, Sarri... Black Is Beltza...). Kasik Kantabriarekin pega-pega den Montellanotik atera zen bat. Sopuertatik bestea. Galdamestik hirugarrena. Muskizen hartu zituen kotxea gidatzen zuenak beste biak.

Bostak dira Enkarterrikoak, eta Somorrostroko burdin zuloetan lan latza egiten zuten meatzari haien emazte, alaba, arreba eta geroago jaioko ziren hamaika emakume gehiago bezain kementsuak, menderaezinak eta hainbat borroketan sartuak. Ez dira beren alabak edo bilobak bezain gazteak. Baina ez dute amore eman. Eta ez dute inoiz emango. Petrolioa findu eta petrolio-deribatuak salgai jartzen dituen Petronor munstro aseezina dute etsai erraldoia, On Kixoteren errotak bezain beldurgarria. Bostek dakite findegi horrek 1968tik gero eta bereago egiten duen lur eremua padura izan zela inoiz.

Joandako garai haietan beren etxeetako leihoetatik kresal usaina sartzen zen. Orain, berriz, hauts beltza, erregai fosilen errautsak eskobatu behar...

Bostak dira Enkarterrikoak. Bostek dute maite hor, urrun-urrunean, petrolio-gordetegiek eta zerua zikintzen duten tximiniek ezkutatzen duten itsasoa.

Enkarterritik atera ziren bostak asteazkenean goiz-goizean. Donostiarako bidea hartu zuten. Kartzelarantz. Ez. Bilatzeko eta atxilotzeko agindurik ez zen zabaldu haien kontra, nahiz eta kale, antzoki, elkarte-gerlari primerakoak izan. Ez. Nahita ziren etortzekoak. Berariaz ziren sartzeko prest. Bertan bazutelako eginbeharrik.

Aipaturiko bostek lur honetako zeluloidezko izkina, bazter, bilkura guztietan saritu izan den Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas sona handiko film laburrean hartu zuten, aspaldi samarrean jada, parte. Eta Cuerdas aurkeztu behar zuten Martutene auzoan den kartzelan (Sarri, Sarri, Sarri... Ainhoa...). Bertako liburutegi ondoko salatxo batean. Paretak ditu zuri kolorekoak. Ideal-idealak mundu osoan proiektatu izan den pelikula baten euskarri izateko. Ez pentsa, Euskal Herriko hainbat eta hainbat zineklubek Martutenekoaren antzeko pantailak izan ohi zituzten Antigoalean. Eta denetan piztu zen, askorengan, zinemarekiko lilura amatatuezina. Martutenen gauza bera suertatu zen.

Hainbat lagun preso arrimatu ziren emanaldira. Eta flipatu egin zuten, derrepente konturatzean pareta hartan eta hartatik agertzen ziren haien arteko bost haien artean zirela eserita. Jakin bazekiten, ederki asko jakin ere, bosten artean zaharrena den Lucia Tuezos Landeta (92 urte eta Muskizko talde ekologistako kidea) Cannesen egona zela, eta Semaine de la Critiquen, trenbideetako langileek erabakitako garaikur famatu hura altxatu zuela alfonbra gorrian, Estibaliz ondoan zela.

Filmak dirauen 30 minutuak pareta miragarrira seko so pasa eta gero, zabaldu zen hitz-aspertu oparoa. Zinema mintzo, bizitza mintzo, borroka mintzo. Kamera aurrean zer sentitu zuten galdetu zieten. Galdetu ere filmaren isiluneen garrantziaz. Galdetu eszenen kokapenez. Lara Vilanova argazki zuzendariak hartutako erabakiez...

Bi ordu eman zuten bertan Enkarterriko bostek. Eguerdi aldera, atera ziren kartzelatik. Kafe bat eskatu aldameneko taberna batean, eta Enkaterrietarako bidea hartu zuten. Arrats partean iritsi ziren etxera bostak. Bilbotik pasatu eta gero.

Han FANT zinema jaiaren azken-aurreko prestaketetan ziren bitartean, aurrera egiten zuen Donostia erdigunean gaur bukatzear den Giza Eskubideen Zinemaldiak. Arratsaldean, Elias Kerejeta Zine Eskolaren egoitza/kabia/ gordeleku/ inkubagailua den Tabakaleran Aljeriako saharar herriaren kanpamentuetan sortutako Abidin Kaid Saleh Zine Eskolak eginiko lehenbiziko luzea, Wanibik izenburukoa, izango da ikusgai.

Kanpamentu haietan, pantailak harea gainean jarritako egitura batek sostengatzen dituen oihal zuriak izan ohi dira... Mendebaldeko lurretara bueltatu arte. Inch Allah, hala bedi.]]>
<![CDATA['Suzume'-ren aldeko protestak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/032/001/2023-04-21/suzume_ren_aldeko_protestak.htm Fri, 21 Apr 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1974/032/001/2023-04-21/suzume_ren_aldeko_protestak.htm
Euskal Herriko beste lurralde guztietako pantailetan dir-dir egiten zuen (duen) film batez gozatzeko beta, parada, aukera aldarrikatu, exijitu izan dugu giputzok. Bizkaian bazen, bada. Nafarroan ere bai. Araban zein Lapurdin. Iristear zen Zuberoara. Baita Nafarroa Beherera ere. Alta, Gipuzkoan ez genuen berririk, ez notiziyarik.

Kezkaturik ginen. Desespero bizian. Haserre gorrian. Gipuzkoarrok. Hasi ginen bidaiak prestatzen. A-8an barna. A-63an zehar. Bidasoa pasatzeko ginen prest. Madril alderako 492,353 kilometroan den Gasteizko geltokian jaitsiko ginateke, poz-pozik trenetik, Bitorixeko zinema aretoak helmuga.

Alta, derrepentean, pentsatzeari ekin genion. Beti da plazer berezia zurea ez den lurralde bateko aretoetan sartzea. Are, pelikulak ikusteko bertan dituzten usadioak ezberdinak direnean. Iragarkiak, trailerrak eta antzokiko tabernan eskaintzen dizkizuten gutiziak kasik ezezagunak zaizkizunean. Baina, esandakoa, berriki idatzitakoa, pentsatzen hasita eta jarrita, zergatik ez egin buila, kexu, protesta? Zergatik ez erreibindikatu guk Gipuzkoan, gure etxe ondoko aretoetan, nahi genuela Suzume dastatu? Eta ekin genion zalapartari. Sareetan barrena.

Maltzur amorratuok zinema programatzen dutenak lotsaz gorritu zitezen nahi genuen.

Nola liteke lauzpabost zinema jaialdi (ez ahaztu gaur hasten dela Viktoria Eugenia antzokian Giza Eskubideen Zinemaldia, eta aurrera doala Tabakaleran Exfolia izeneko zikloa, muga eta identitate guztien gainetik desosegua sorrarazten beti gustura diharduen proposamena) dituen EAEko lurralde historiko honetan Makoto Shinkairen Suzume estreinatu ez izana? Nola azalduko zuten aretoen jabeek Berlinalen txaloz hartutako Japoniako anime zoragarri hori gurean ez egotea? Gabe, faltan geratuko ginateke gipuzkoarrok? Zeren kulpanteak ginen ba, zertan errudun? Ez al gara jatorrizko bertsioen maitale, bermatzaile eta bultzatzaile? Ez al ditugu salbatu salbatu ezinezkoak ematen zuten pelikula txikitxoak, defentsarik gabe gurera etorritako horiek?

Protesta egin genuen. Sare sozialetako bazterrak harrotu, altxatu, nahasi genituen. Ekin eta jarrai. Jo eta fuego. Jo eta ke. Lepoan hartu eta segi aurrera. Irabazi arte.

Eta irabazi dugu. Eta gaur, 2023ko apirilak 21 egun bete dituen honetan, Suzume Gipuzkoan da.

Zer dela-eta bihurtu zaigu nahitaezko? Zergatik ibili gara horren tematsu giputzok? Fantasia gozoa eta pasatako zein etortzear diren kataklismo hainbat lotzen dituelako, fineziaz. Ekialdean hain agerikoak diren espiritu, mamu, jainko eta beste dimentsio guztietako izakiak maite-maite, elegante-elegante lotzen dituelako hango modernitatearekin, hango tren biziekin, hango kotxe miresgarriekin. Inoiz pentsatu izan baduzue aulki batek hitz eta korrika egin zezakeela, hemen duzuelako frogarik fantastikoena, inoiz ahaztuko ez duzuen jazarpen eszena paregabean. Koreako pop musikak hartuak bazarete, hemen jasoko duzuelako Japoniakoaren berri, azpi-munduko ateak ixten ahalegintzen zareten bitartean.

Bai, behar beharrezkoa zen gaur egungo barduliarron esfortzua. Suzume honetako mugimendu zinetiko eta zinematografikoa punta-puntakoa delako. Nostalgiaz, minez, amodioz blai direlako gidoia eta kolore paleta. Leku abandonatuen, utzitakoen oroimenezko kanta delako.

Bai, borroka egin genuen Bardulia zahar honetako biztanle gaurkook. Eta irabazi. Suzume pantailetan da. Euskal Herri osoan.]]>
<![CDATA[Deabrua eta Thatcher anderea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/024/001/2023-04-14/deabrua_eta_thatcher_anderea.htm Fri, 14 Apr 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1974/024/001/2023-04-14/deabrua_eta_thatcher_anderea.htm Loli Tormenta edo Matria bezalako filmak dastatu, sufritu, miretsi, emakume batengandik jaiotako jainko haren sakrifizioak ez du ezertarako balio izan. Ezta penitentziagile guztiek beren buruari ezarritako odol zigorrek ere. Are gehiago, ez badituzue Agusti Villarongaren eta Alvaro Gagoren pelikulak ikusi, ezertan geratu dira egunotan Deabruak buruturiko barrabaskeria oro.

Bada zuen arima beltz horiek garbitzeko modu bat. Ez bakarra, baina bai, kasik, baitezpadakoa: Georgia Oakleyen Blue Jean-era arrimatzen bazarete, zuen zinema bekatu ia denak barkatuko zaizkizue, eta gauza izango zarete The Pope's Exorcist-ek eskura jartzen dizuen tentaziotik salbu ateratzeko. Ni, ordea, seko erori nintzen, eta damu naiz, betirako kondenaturik.

Galdetuko diozue zeuen buruari zertara datorren Margaret Thatcherren aipua lerroburuan. Azalduko dizuet ba. Alde batetik, aspalditik zinemak zauritutakoentzako keinu bat da. Eta ez, prexixo, politikoki ortodoxoa. Bada zeluloide pornoaren klasiko bat The Devil in Misses Jones izena duena, George Damianok zuzendua, joan den mendeko Espainiako lotsaren X letra harekin markaturik ziren aretoetan baino estreinatu ez zen ozarkeria guapoa. Bestalde, hain hauskorra eta aldi berean hain indar handikoa den Blue Jean hori Margaret Thatcherrek hartutako erabaki atzerakoi batek setiatua da. Are gehiago, filmaren une askotan entzuten den lelo kantatuak, 80ko hamarkadan Ingalaterrako jende libreak paretetan idazten zuenak, honela zioen, dio: «Maggie, Maggie, Maggie! Out! Out! Out!», eta The Larks taldearen ereserki erreboltaria duzue (bila ezazue, arren eta otoi, Youtuben den 1987ko sampler-a...).

Film gazi-gazi-gazi honetan, non plazer ttantta batzuk badiren, bere sexualitateak beldurtua den protagonistaz honela mintzo da nolabait libreago jotzen duen bere neska laguna: «Hasieratik zinen izutua. Errepidera salto egin ondoren kotxe baten argiek itsutua izan den oreinkumearen begirada zenuen, eta duzu».

Filma Ingalaterrako ipar-ekialdean da kokatua. Thatcherrek praktikan jarritako neurri ekonomiko basak (ez ahaztu Chicagoko Ekonomia Eskolaren programa errukigabe haren jarraitzaile sutsua zela Margaret) jasan, nozitu, pairatu izan zituzten bertakoek, eta bizirik gorde ohi zituen industriagintzaren desartikulatze gupidabakoaren biktimak bilakatu ziren.

Okerragorik ere bizi izan zuten garai haietan. Ez bakarrik inguru horretan, Erresuma Batu osoan baizik. Moralaren zaintzaile ere jo zuen alderdi kontserbatzaileak; ondorioz, 1988an Section 28 izeneko lege artikulua ezarri zuen. Irakasleen kontrakoa zen; homosexualitatea sekula ezingo zuten normaltzat jo ikasleen aurrean. Are gutxiago komentatu edo adierazi sexu bereko jendeak familiarik osa zezakeenik...

Sinetsi ala ez, 2003ra arte ez zuten indargabetu artikulu iraingarri hori; pixkatxo bat lehenago bai, Eskozia aldean, 2000. urtean, hain zuzen. Ez da harritzekoa gorputz-hezkuntzako irakaslea den Jeanek oreinkume izutu baten antza izatea...

Margareten aipamena, azaldua. Zer dela eta, ordea, Deabruarena?

The Pope's Exorcist ez da inolaz ere pelikula ona. Baina Satan miresten dugunok bere inguruko zinema oro ikusteko juramentua egin genuen jaio orduko. Hitzarmen horrez gain, benetan existitu zen Gabriele Amorth Vatikanoko exorzista nagusia Lambreta motor baten gainean Erroma zeharkatzen ikustea merezi du, benetan diotsuet. Are gehiago aspaldian bere zinemaren noranzkoa galdua duen Russell Crowe gladiatoreak antzeztua bada. Gaztetan partisanoa izandako apaizak mila exorzismo eraman zituen aurrera, eta Willian Friedkinek filmaturiko The Exorcist arte eta izu lanari errespetua zion. Errespetua eta miresmena.

Hori jakinda, patuak berak eramango zaituzte sareetan erraz aurkitzen den The Devil and Father Amorth izenburuko filmaketa baterantz. Friedkinek erabilitako bideokamera batekin grabatua, 2017ko Veneziako Mostran estreinatua, benetako aita Gabrielen eta The French Connection-en autorearen arteko topaketa kontatzen du ordubete baino gutxiagoko pieza honek. Williamek esana da egiazko exorzismo bat filmatzeko aukera eman ziola Amorthek, eta berak, nola ez? Nork ez ametitu apaizak jarritako baldintza guztiak?

Ametsetan, esne-odoletan geunden infernuzko lagunok... Alta, beldurzaleok eta Satanen adoratzaileok sekula santan ikusi ez dugun irudi sorta irringarrienetariko bat, memeloena da emaitza; benetakoa izan arren, faltsuena suertatu zitzaigun. Ahazteko ahaleginetan gogor jardun arren, gure buruetatik alde egiten ez duen babokeria. Hobe Leap of Faith: William Friedkin on The Exorcist dokumental itzelaren bila modu desesperatuan hasten bazarete. Zaila izango zaizue aurkitzen, baina ez eman amore. Josafaten bildu arte.]]>
<![CDATA[Peruko hautsak Iruñean harroturik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/022/001/2023-04-07/peruko_hautsak_iruean_harroturik.htm Fri, 07 Apr 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1904/022/001/2023-04-07/peruko_hautsak_iruean_harroturik.htm
Non? Zeinek? Nola? Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian. Hantxe, arratsalde bat eman dezakezu Jean-Luc Godarden 1967ko 2 ou 3 choses que je sais d'elle filmaren koloreak, filosofiaren zimenduak, zinema atrebentziak eta Pariseko une hartako paisaia urbano kasik estreinatu gabeak aztertzen, eta, hurrengo goizean, Altzutzarako bidea harturik, Oteizaren museoaren harreran, bi urbeltztarrek (Juan Antoniok eta Mikelek, hots) muga guztiak apurtuz sortutako Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa saiakera markaz kanpokoaren azken alea topatu.

Eta zergatik ginen Francisco Saenz de Oiza arkitektoak amesturiko eta gauzaturiko eraikinean, berak ohiko tenplu erlijiosoa iraultzea bezala planteatu zuen hartan? Ba, zinemaz horrenbesteko ardura hartu zuen Orioko eskultore jenio bizikoaren azken leku maitean, IbonRG musika sortzaileak —egun Islandian, kontzertuetan zein bertako unibertsitateak bultzaturiko txala partaren gaineko ikerketetan dagoenak— errezital antzeko bilkurara deitu izan zigulako. Eta bertan, etxe bakun eta sinple hartako tarte guztiak okupatuz, entzun ezinezkoak ziruditen soinu eta hitzak aditu genituen, genizkion...

Bai, Iruñera zoaz ia beti ezinezkoak diruditen istorioak bizi ahal izateko. Hala nola, Osasuna asteartean Kopako finalera pasatu izana... Bai, beste inon gertatzen, ikusten, entzuten eta bizitzen ez diren gauzak gertatuko dira Ikuspuntun, zu ustekabeak hartutako testigu zarela.

Esaterako... Sail nagusiko sari nagusia Colectivo Silenciok sinaturiko El polvo ya no nubla nuestros ojos piezak jaso zuen. Orduantxe, gure susmoak, gure desirak kamera errebelde batzuek jasotako errealitatea bilakatu ziren. Vargas Llosak aspaldian luzaturiko «Nork izorratu zuen Peru?» galdera erretorikoak pisua galdu berri du, zeren eta orain, beste galdera batentzako (Nork salbatuko du Peru, alegia) erantzuna badakigu: Colectivo Silencio bezalakoetan lanean dabilen jende finak. Kamera eta soinua herriaren alde erabiltzen iaioak diren horiek.

Interneten sartuz gero, Desistfilm izeneko orrialde ederrean aurkituko duzue, poesia garratz eta bikain bitartez, pelikula honen berri zehatz eta gozoa emango dizuen testu bat. Saia zaitezte, alta, horrekin ez konformatzen eta edonon ikusteko aukera bila ezazue; egizue hautu zuen zinema festa erreboltarietarako.

Pelikula begitsu, zimurtsu, pikortsua erabiliz, Colectivo Silenciokoek hitz eta irudi bihurtzen dute lurreko jendea. Eta jende horren aldarrikapenak («Quiero mis huesos, quiero mi cuerpo literal entero»). Kitxuaz mintzo dira batzuk, espainolez besteak, baina denek zera dakite: «Etorriko dira etorkizunezko historiagileak eta hauxe ikusiko. Elkarri egin genion iruzur; geure buruari egin genion nola; ozenki bota genion irain; elkar seinalatu genuen behatzaz; elkar erail. Elkar». Montserrat Alvarezena da filma zeharkatzen duen poema hori. Mahai berean jan eta edan egiten genuen Heriorekin, elkarrekin barre.

El polvo ya no nubla nuestros ojos delirio hutsa den herrialde baten isla da. Denek izorratu zutenarena. Batzuek salbatuko dutenarena. Colectivo Silenciokoek bai, baina, baita ere, duela hilabete pare bat Donostian izan ziren Limako hainbat auzotan jo ta fuego borrokan dabiltzan bi neska, gazte askoren ordezkari. Barrutiz barrutik nahi dute benetako liderrak sortu, nahi dituzte eskubideak bermatu (ugalketarenak, sexuarenak), nahi dute helduak alde izatea baina ez zirikatzen, ez ezertarako balio ez duten aholkuak ematen. Nahi dituzte sare sozialak zubitzat hartu, badakitelako adinekoek ez dakiten gauza bat: sareek ez dute, maiz, jendea isolatzen, baizik eta komunitatea sortzen.

Bai, Peru nork izorratu zuen bezain ondo dakigu nork askatuko duen. Baginen Donostian susmoak harturik, baina Iruñean —non bestela?— baieztatu genuen.]]>
<![CDATA['Invictus?' Ez, 'Murderball' gehi…Trakata!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/033/001/2023-03-31/invictus_ez_murderball_gehi8230trakata.htm Fri, 31 Mar 2023 00:00:00 +0200 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1974/033/001/2023-03-31/invictus_ez_murderball_gehi8230trakata.htm
Ez, ez pentsa errugbi munduaren gaineko film ezagunena, ospe handikoena den Clint Eastwooden Invictus horretan hasi ginela pentsatzen, John Carlinek idatzitako liburu berdingabea inspiraziotzat hartu zuen sariz betetako zeluloide puska duin horrekin hasi ginela ametsetan. Ez, horrenbesteko fama potoloa ez badu ere, plataformetan eskura duzuen dokumental ezinbesteko eta askoz zakarrago bat etorri zitzaigun burura Anoetan, emozioak harturik, Avironen ereserkia kantatzen genuela:«Txalo txalo gure hamabost jokalarieri, gogotik ari diren mutileri, Baiona ohoratzen duteneri. Mende bat ari zaukula azkar eta erne».

Murderball du izenburu arras esanguratsua, eta aulki gurpildunen gainean jolasten den errugbia, gai eta mami. Bai, aulki gurpilduneko errugbi paralinpikoa... erabateko olinpikoa dena.

Ez izan duda izpirik, kirol horretarako prestaturiko makina horiek erronka botako liekete, erraz asko eta gogo handiz, Mad Max pelikula guztietan agertzen diren apokalipsi osteko ibilgailu guzti-guztiei, eta, apustutan hasi beharko bagenu, zin dagizuet zauri larriak jasotako errugbi gerlari andana hark gidatzen dituenen alde jarriko nituzkeela nire sosak. Egia da, steam-punk estilo herdoilduzko katxarroak dirudite, baina ez fidatu, makina hilgarrien moduan ibil daitezke, erabil ditzakete.

Egunotan martxan eta libre den Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren 2006ko aldian izan zen ikusgai gurean munduan zehar bederatzi sari jaso eta Oscarretan finalista izan den Henry Alex Rubinen eta Dana Adam Shapiroren film honek Atenasko 2004ko Paralinpiar jokoetara garamatza.

Bertan, euren buruarekiko inolako bihotz-biguntasun/keria erakusten ez duten goi-goi mailako kirolari batzuen erretratua egiten da. Eta ez pentsa irudiak, diskurtsoa edo aldarrikapenak melengak direnik. Ez. Agertzen dira, bai, pairaturiko minak, zauriak, amesgaiztoak, ezinaren aurka borrokaturiko mila borrokaldiak. Agertzen dira ospitaleak, orbanak, muinoiak. Kasik bizidunak diren marrazkien bitartez, pantailan erakusten dira norberaren gorputz zatiak birlotu zituzten iltze, torloju eta burdin hariak.

Agertzen dira entrenatzaileak, fisioterapeutak, bikotekideak, psikologoak. Baita mekanikariak ere. Agertzen dira taldekide guztiak aulki gurpildunen gainean lasterketan, lehian eta falta zoragarri/arriskutsuak egiten. Agertzen dira epaileak. Agertzen da zeluloidezko dokumental batean noraezekoa den hori guztia. Baita kirol erreportaje batek kontatu behar duen oro ere.

Murderball-en pentsatzen genuen Anoetako errugbi partida izugarri horretan. Atera ginenean, mugikorrak abisu bat pasatu zigun. Hego Euskal Herriko pantailetan arrakasta ikaragarria izan zuen Campeones filmaren AEBetan egindako bertsioaren trailerra ikusgai zen sareetan. Javier Fesserrek bideratu zuen filma, gaitasun urritutakoen alde lan egiten duen Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalaren ikur benetakoa bilakatu ziren pertsonaia hezur eta haragizkoz betea. Campeones-en, futbola zen jokaturiko eta gozaturiko kirola. AEBetakoan, berriz, antzina errebelde izandako Robert Farrellyk zuzendutako honetan, saskibaloiarena da aukeratu duten kantxa.

Sareetan barrena genbiltzala akordatu ginen, orduantxe, hilabete barru Donostian izango den Giza Eskubideen Zinemaldiko azken-hirugarren egunean pantailaratuko den Cabeza y corazón lanaz. Eskarmentu handiko Ainhoa Andrakak eta Zuri Goikoetxeak zuzendutako dokumental honetan, kostata baina jokalekuan amore eman gabe, Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen Espainiako emakumezkoen saskibaloi selekzioaren balentria kontatzen da. Talde hartan, bi jokalari Euskal Herrikoak ziren: Gasteizko Zuzenak klubeko Agurtzane Egiluz, eta Gasteizko Vital Fundazioan bere kirol ibilbideari ekin zion Beatriz Zudaire nafarra. Filmaren kreditu tituluetan, euskal zinemaren hainbat izen garrantzi handiko: soinu kontuetan, Xanti Salvador; eta Maitane Carballo zuzeneko soinuaren arduradun.

Musika sortzaileak Jon Agirrezabalaga eta Oier Aldekoa izan ziren. Filmaren alde egin zuten Zinebi jaialdiko Vanesa Fernandezek eta Leire Apellaniz ekoizleak. Jende fina, beraz, kamera aurrean, ondoan eta atzean.

Murderball-en bezala, Cabeza y corazón horretan agertzen direnen arteko batek ere ez dio porrotari ameto ematen. Inoiz ez. Partida batzuk galdu arren, porrota ez zen inoiz gertatu. Eta elkarri ez zioten penarik adierazten. Solidaritatea bai. Konplizitatea ere bai. Errukia, aldiz, ez zen onartua.

Avironen inguruko partida osteko gogoetak gehi abisuak dira hemen idatzitako guztiak.]]>
<![CDATA[Atzoko garrasi erreginak, gaur garaipen ainuriz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/030/001/2023-03-24/atzoko_garrasi_erreginak_gaur_garaipen_ainuriz.htm Fri, 24 Mar 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1976/030/001/2023-03-24/atzoko_garrasi_erreginak_gaur_garaipen_ainuriz.htm Scream Queens esamoldea.

Ez, ez naiz ari suerte txarreko telesail hartaz, nahiz eta bertan sakon maitaturiko (Lady) Jamie Lee Curtis Oscarduna eta American Horror Story-ren hainbat denboralditan parte hartutako Emma Roberts izan. Ezin hobeto dakite biek zeluloidezko eta telebistako izuaren nondik norakoa.

Zinemaren Historian zehar munstro baten aurrean, hiltzaile baten parean, hondamendiaren ertzean zirela, abilezia handiz, dotorezia primerakoz eta estiloa galdu gabe, oihuka, garrasika, aieneka hasten ziren antigoaleko aktore emakumeez ari naiz.

Jakina, biriketako indar guztiz eta desespero bizian aritzen ziren deiadarka, antzinako heroi tradizionalaren beharra baitzuten. Tradizionala? Bai, arra, zuria, guapoa, indartsua; infernu guztietako piztia oro gaindituko zuena.

Bai, badakit pasatutako garaietako kontuak direla eta istorio horiek ez dutela emakumeon potreta oso atsegina, erakargarria edo ahaldundua eratzen, baina zer nahi duzue? Halakoxeak ziren garaiak, eta ez pentsa, egun harro jotzen ditugu ahizpatzat Scream Queens horiek.

Egia esan, nahiko balentak ziren. Egiari zor, baldin bazinen 1930ko neskatila zuria, New Yorkekoa, eta derrepentean ezezaguna zenuen Afrikako oihan batean tximu erraldoia agertzen bazitzaizun, eskuan (ez besoetan, ez, eskuan idatzi dut nahita) hartzen bazintuen eta kilika hasi, normala oso zu garrasika hastea. Gero gerokoak. Gero, maiteminduko zinen Empire State dorrearen puntan abioien kontrako borrokan hilko zen King Kongekin.

Urteetan, filmetan, ezinbestekoak izan ziren oihukatzen zekiten aktoreak (ez al dira ba, gaur egun, oso garrantzitsuak gurean irrintzika dakitenak, eta Irango, Irakeko, Arabiako zaghareet soinua —festetan zein dolu uneetan— menderatzen dutenak?).

Scream Queens deitzen zieten, Garrasiaren erreginak. Izenak badakizkigu. Buruz. Bihotzez.

Haien artetik, lehenbizikoaren oihua ez dugu inoiz entzun, artean zinema ez baitzen hitzaren jabe, baina duda izpirik ez izan, ederki egiten zuen heiagora 1920ko Das Cabinet des Dr Caligari-n agertzen zen Lil Dagoverrek. Bere pertsonaiak markatu zuen beldurrezko zinemaren hastapenetako heroi emakumeen estiloa: zurbil-zurbila azala, beltz-beltzak begiak eta ilea.

Murnauren Nosferatu-ko Greta Schroder izan zen bigarrena, 1922koa baita adoratzen dugun maisulan hori. Benetako pasadizoa ez bada ere, luzaz sinetsi genuen askok banpiro benetakotzat jo izan zen Max Schreck aktoreak koska egin ziola, eta... betirako iraungo zuela bizirik, ez-hildakoek nola.

Zinemak hitza eta oihua bereganatu bezain pronto, 1931n beste banpiro batek, Tod Browningen Draculak, seduzitu egin zuen Helen Chandler, eta berak, amodio infinitua onartu aurretik, oihu egin zuen.

Eta erregina horien guztien enperatriza, Fay Wray! King Kongen biktima/amorantea. Hain ziren altuak grabaketa saio bakarrean hartutako bere garrasiak, ezen pelikula estreinatu orduko ikonikoak bilakatu baitziren.

Beste hamaika garrasi erregina izan ziren. Betiko aitortza zor diegu Les Diaboliques-eko Vera Clouzoti, Italiako izuaren maisu handiekin lan egindako Barbara Steeleri, Psycho-ko Janet Leighi, Texas Chainsaw Massacre-ko Marilyn Burnsi.

Marilyn, bai. Beste Marilyn hura. Texasekoa. 1974an, berarekin hasi zen, hain zuzen ere, Scream Queens-en mendekua. Ez dizuet kontatuko Tobe Hooperren filmaren azken eszena ikaragarria, baina zin egiten dizuet, Carol J. Clove historiagileari eta bere Men, Women, and Chain Saws: Gender in the Modern Horror Film lanari leial jarraiki, hor hasi ginela garrasiari uko egiten eta beldur oihu hori garailearen ulu eta gure izaeraren ikur gisa erabiltzen.

Zertara datorren izkribu hau guztia? Bada, gomendio baten atari moduan. Ikustea behar-beharrezkoa den Chloe Okunoren Watcher ez baduzue dastatzen, ez duzue sekula jakingo horrorea gurea denik. Dagoeneko.

Kathryn Bigelow, Julia Ducournau, Carlota Pereda zein Laura Mora ahizpek urraturiko xenda bera zapaltzen du, oldarrez, Chloek. Beste pista bat emango dizuet, esperantzaz beterikoa. Pasa den Sitgeseko zinemaldian, emakume egileak espantuzko zinemara erakarri asmotan, beldur clinic bat izan zen, Paco Plazak bideratua. Nortzuk partaide? Bada, Anna Fernandez de Paco, Eva Saiz, eta... 20.000 sari espezie jasotzen ari den Estibaliz Urresola Solaguren! Egigun ulu, ainuri, orro.]]>
<![CDATA[Hamabi apostolu burua bendatuta, eta asto bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2266/023/001/2023-03-17/hamabi_apostolu_burua_bendatuta_eta_asto_bat.htm Fri, 17 Mar 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2266/023/001/2023-03-17/hamabi_apostolu_burua_bendatuta_eta_asto_bat.htm Everything Everywhere All at Once beste guztien gainetik geratu zelako, baizik eta Halloween guztietan menderaezina den munstroaren kontra ausart jardun duen Tony Curtisen eta Janet Leighen alaba paregabeak, Lady Jamie Lee Curtisek, garaikurra altxatu zuelako, txapeldun.

Baina Oscarrak banatzen ari ziren bitartean, planetan ez zen pantaila bat bera ere itzali, eta Lurraren bost izkinatan pelikulek jarraitu zuten ederki asko aretoak betetzen.

Estreinatu zen gau hartan ez bere pertsonaiekin ez bere ikusleekin gupidarik ez duen Sick of Myself, bere erreferentzia bisuala Edvard Munchen kreatura horietako bat izanik. Estreinatu zen haurrak zein gazteak duin, serio, majo artatzen dituzten Frantziako King eta Alemaniako My Fairy Troublemaker.

Promesak ere egin ziren, zizkiguten. Badakigu, kasurako, gaur bertan estreinatzen dela Bañolet filma Donibane Garazin. Badakigu ere Euskal Herriko plaza anitzetan izango dela ikusgai berandu baino lehen.

Badakigu, hain zuzen ere, justu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Paxkal Irigoien eta Maia Iribarneren lana eskainiko den egun berean (martxoaren 21ean), Errenterian Ozzinema zeluloidezko akelarreak iazko Cannesko Epaimahaiaren saria jaso zuen Jerzy Skolimowskiren Eo-rekin tentatuko gaituela. Horrelakoxea da bizitza: biren artean erabaki behar duzunean, beti aterako zara batean galtzaile eta bestean garaile.

Leituko duzue Eo Robert Bressonen Au hasard Balthazar klasiko eder, esanguratsu eta mingarriaren egokitze gaurkotua dela. Akort. Ados. Bietan mundua eta geure burua asto baten bitartez ikusten baititugu. Baina frantziarrarengan apaindura gutxikoa zen zeluloide kasik latza, gaueko kaminoetako zorabioa da Poloniako semearengan.

Gogoetarako ematen du izaki tolesgabe/hobengabe horren begirada malenkoniatsuak, baina gero eta ezezagunagoak egiten zaizkigun mugarik/hondorik gabeko bazter fisikoetara ere eramaten gaitu zeluloidezko sekretuz/mirariz gainezka den pelikula honek.

Arbuiatu izan dute askok, bai. Krudelki. Basaki. Arrazoirik gabe. Pantaila infernuzko gorriarekin lehertzen da, argazki zuzendari egundokoa den Michal Dymeken kamerak ere ezin baitio eutsi. Michal, portzierto, bai Star Wars-en, bai Pawlikowskiren Cold War zinez maitatu hartan trebatu zen bere ofizioan. Pawel Mykietvek Cannesen saria lortu zuen soinu bandagatik, gure belarrietatik sartu eta gure hezur-muinetan eztanda egiten duten soinu ilun eta metalezko horiengatik. Sarri ez dirudi ezta musika konposizio bat ere, baizik eta Deabruak hartua den zinema soinu-diseinatzaile baten azken-aurreko balentria hilgarria.

Arbuiatu du jende frankok pelikula. Beste makina bat, aldiz, ez da oraindik bere onera bueltatu, zeren, nola bueltatu mundu honetara kontatu behar dizuedana ikusi ondoren? Eo-ren istorioa amaitzear dela, derrepentean, palazzo batean Isabelle Huppert bera agertzen zaigu. Meza ari da entzuten. Berarentzat bakarrik ari da apaiz gazte eta guapoa ogia eta ardoa sagaratzen. Isabellerengandik bi pauso atzerago dagoen neskame-idazkari-esklaboaren sakelakoak jotzen du. Boteprontoan. Ogia ez da oraindik Jesusen haragia. Ardoa ez da oraindik Jainko baten odol bilakatu, baina jauregiko andrea zutitu egiten da bere belaun-aulkitik, eta frantsesez zein italieraz haserre bizian hasi...

Izugarria da denok, apaiza ere, aho bete hortz uzten gaituen zinema atrebimendu hori. Eszena Toscanako lurrari dagozkion koloreekin, koloreetan dago filmatua, baina dagoeneko ikonikoa bilakatu dena zuri-beltz zikindu eta bortitz batean iltzatuko zaizue burmuinean. Eo ikusten dugu uharka baten gaineko zubian. Behean, presagain horretan preso den urak jauzi eta bor-bor egiten du. Ur horrek bere barrenetan dakarren amorrazioa hain da itzela, ezen bertako arranpek Iparraldeko Europan diren Lofoten irletan sortzen den Maelstrom bera bezain arriskutsuak ematen duten. Eta hor goian, Eo dago, auskalo zeren esperoan; Eo, bere begirada malenkoniatsuaz, kontakizun guztietan aipatzen den bere inozentziari eutsiz...

Cannesen esperimentatu genuen idatzitako hori guztia, baina geroxeago, Berlinen egin genuen topo, berriro ere, Robert Duvall, Michael York zein Jeremy Irons aktoreak bere kamera aurrean izan dituen sortzailearekin.

Alemaniako hiriburuan bazaudete, edo joatekotan bazarete, ez galdu aukera: bi lekutan ikusgai da Skolimowskiren pintura. Bai, margotu egiten duen zinemagilea da. David Lynch bezala, Takeshi Kitano nola, Dennis Hopper ere margolaria da. Nik uste dut hobeto eta sakonago barneratuko zenuketela Eo Kronen kalean den Nudd galeriako eta Brug karrikan den Poloniako Institutuko erakusketetan murgilduz gero. Hortxe baitira kolore bertsuak, unibertso antzekoak. Hortxe, zinemako pantaila bezain handiak diren margolan hainbat. Hortxe autorretratu usteldua. Hortxe burua bendaturik duten hamabi apostolu garaitu horiek. Errenterian zein Berlinen, Eo eta Jerzyri, agur.]]>
<![CDATA[Gure erraietako irudi kimerikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2168/033/001/2023-03-10/gure_erraietako_irudi_kimerikoak.htm Fri, 10 Mar 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2168/033/001/2023-03-10/gure_erraietako_irudi_kimerikoak.htm Saint Omer filmaren azken eszenetako batean, bere 15 hilabeteko alaba hil zuen emakume senegaldarraren defentsan ari den abokatuak, Euskal Herriko karteldegi osoan berdinik ez den diskurtso baten bidez, iruditeria ikaragarria, harrigarria sorrarazten du gure neuronetan, gure begietan, gure hezur-muinean.

Ez du abokatuak dudatan jartzen eromenak setiatu eta gainditu zuela denen aurrean ikusezina bilakatu zen Laurence eme gaztea. Emakume-mamua deitzen dio hitz gogor-eztitsuz. Baina, mintzo garbian, zera gogorarazten die epaileei: kartzela zigorra hautatuz gero, epai zentzuzkoa emango dute, baina ez justizia benetakoa egingo.

Badaki abokatuak hilketaren berri dutenek munstrotzat jo dutela filosofia ikasle zen neska, baina epaiketa generoko pelikuletan gutxitan izan den gidoi-biraketa markaz fuerakoa hartuz, honako hau kontatzen du, kamera aurrean, guri begira. Gauza jakina da haurdun den emakumeak sabelean daraman haurrari bere zelulak eta DNA pasatzen dizkiola. Kontu jakina, zientziako afera. Ez zaigu hain ezaguna egiten, ordea, transmisio horren beste aldea, umekiak ere, fetuak ere, bere DNA eta bere zelulak besterentzen dizkiola amari. Are ezezagunagoa zaigu konexio horren azken miraria (edo amesgaiztoa, akaso). Fetuak pasatutako materia organiko hori betirako geratzen dela emakumearengan, bere gorputzaren bazter guztiak okupatuz... Urrutiago doan irudia partekatzen du emakume legelariak: ez du ardura fetuak jaio behar duen edo ez; nola edo hala, han geratuko dira betirako zelula horiek.

Personal Shopper-en ikusi genuen eta igualik ez duen Aurelia Petit aktoreak antzezturiko abokatuak azken momenturako gordetzen du ahoa bete hortz eta dardaraz uzten gaituen azalpen amaierakoa: zientziak zelula kimerikoak deitzen die umekiak utzitako aztarna horiei. Abokatuaren ondorioa izuzko zinemari dagokio kasik: emakumeok ahuntzaren gorputza, lehoiaren burua eta sugearen buztana zituen Kimera izaki mitologiko haren antzekoak gara. Eta izaki horri munstro deitu ohi diogu. Beraz, denok gara, nolerebait, munstroak.

Alice Diop zuzendariak Etorkizuneko Lehoia eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian ikustea ezinbestekoa den lan honengatik. Bere filmeko pertsonaia bezala, Venezia ere bada kimeriko samarra, eta, Laurence bezala, kimera antza hartzen du Desdemonaren hiria eta hilobia izan zen urak hartutako lur honen ikur preziatua den piztiak ere, bertako harrizko palazzo-etako irudikatze hainbatetan.

Jakina, Saint Omer ez da soil-soilik azaldu dizuedan eszena hori. Ezta bakar-bakarrik diskurtso hori ere. Ez. Gaur egun, noiz eta Berlingo Hartza jaso duen filma Sur l'Adamant dokumental balenta izan den, nahitaezkoa suertatzen zaigu Alice Diopek dokumentalarekin duen konpromisoarekin bat egitea, ikusle. Filmin plataforman eskura duzue, kasurako, Nous lan fin-fina, Paris hiria zeharkatzen duen burdinbidearen inguruetan filmatua.

Saint Omer-ek ustekabean harrapatzen du ikuslea bere zinema kadentziaz. Ganbera pieza zeluloidezkoa dirudi. Kamerak ez du kasik zirkinik ere egiten. Mugitzen ez diren ispilu baten islak dirudite Claire Mathon berdingabeak sortutako irudiek. Pelikulak ez du ahotsa altxatzen. Beharrik ere ez du. Inolako aldarrikapenik azaldu barik, pantailan agertzen zaizkigu gure betiko mamuak: arrazakeria, emakumeekiko destaina, aurrejuzguak egiteko dugun abilezia gaiztoa...

Portzierto, Kimera munstroa emea zen, Robert Graves idazleak egindako ikerketaren arabera; gure Mariren ahizpa, kasik. Desira guztien, amets guztien eta emakume ororen bizi aro guztien zaindaria. Gur egiten zioten ezagutu ez genituen herriek. Akabatu zutenean, jainko arrek hartu zuten boterea. Baina, akaso, bere zelulek gugan irauten dute; erraietan, eta zeluloidean.]]>
<![CDATA[Zinema aretoek sortutako hiri berriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1883/033/001/2023-03-03/zinema_aretoek_sortutako_hiri_berriak.htm Fri, 03 Mar 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1883/033/001/2023-03-03/zinema_aretoek_sortutako_hiri_berriak.htm
Ezkorrak, informazio primerakoa duten baikorrak baino ez direla onartzen duen filosofia maltzur askoa oso hedatua da ziniko eta azeri samar jokatzen dutenen artean.

Egiari zor, zera ematen du maiz, maizegi: tristezian eta ezkortasunean aterpe aurkitzea oso erosoa da. Gure egun hauetako zeitgeist delako horri ederki dagokion malenkonia erabatekoan murgiltzeak ba omen du onura makina bat amaierarik gabeko kontsolamendu ezean bizi nahi dutenentzat. Badirudi bizitza honetako momentu anitzetan, batzuk ea nork daturik txarrena aurkitzen duen dabiltzala, ehiza desesperatuan.

Esaterako. Etsenplu. Adibidez, esan, esan egiten dute, eta, idatzi, idatzi egiten dute zinema aretoak desagertzen ari direla, saloiak ari direla ixten. Omen. Bide.

Ezkor (alegrantzia ilun batek harturik, nire irudiko) jokatzen dute esaera-tranpa hori itsumustuan onartzen duten Apokalipsiaren aldekoek. Gustuko, gustuko oso dute bular-kolpeak ematea eta aieneka hastea, poltsikoko aparagailuetan eraman dezakegun pantailak mundu akabera ekarriko duela aldarrikatuz. Nire aburuz, komodoago sentitzen dira gezur tristeetan errealitate alaietan baino.

Ez fidatu ba, batere erromantikoa, batere literarioa, batere zinematografikoa ez den malenkoniak itotako horiekin. Gezurti samarrak dira eta.

Ezin ukatu, badira zinemarik gabe geratu diren herriak eta auzoak. Kapitalismoari, merkatu ekonomia basari, etxegintza-promotore aseezinei edo pandemiak sorturiko izuari errua botatzea errazena da. Aparkatzeko zailtasunak aitzakia, hiri, herri barruan ziren aretoetara guk geuk noiz utzi genion joateari erreparatu barik.

Alta, horretaz gain, bada beste errealitate bat eta bere usain gozoa, bere zapore atsegina Berlinen eta Berlinalen dastatu genuen. Ase geratu arte.

Badira espazio berriak sorrarazten dituzten zinema/ikuskizun-guneak. Badira oraintxe arte existitzen ez ziren hiri barruti hainbati, egun, izana eman dioten saloiak. Badira hondakinak baino ez ziren eremuetan piztutako pantaila liluragarriak, biharko teknologiaz horniturik.

Badira ere, gerrak, bonbardaketak, goseteak, etsipen oro nozitu/jasan/aguantatu eta gero, zutik dirauten joandako garaietako arkitektura moderno eta ausarta baten isla diren eraikuntza ederrak, zinema aro guztien testigantza ematen dutenak.Non? Ba bizitzak, negozioek, trafikoak, kaleko artistek hartutako kaleetan.

XXI. mendea hasi orduko eraiki zuten Berlinen barruti berri bat. Friedrichshain-Kreuzberg du izena, eta ez da Alexanderplazetik oso urrun. 300 lineako autobusean erraz asko iritsiko zara hara, istorio anitzez gainezka egiten duen Filmtheater am Friedrichsain (1925ean eraikia) hurbilean dela.

Ba, hiru mugarri esanguratsu ditu barruti gazteak. Alde batetik, Spree ibaia. Bere ertzetan, bizitza: ibaiontziak, tabernak, terrazak eta aspaldian eraikitako etxeetako leihoen bestaldean, argiak. Bestetik, artistek hartutako harresiaren blokeak. Desaktibatu zen duela hamarkada zenbaitsu hesi hari zerion malura, eta egun harrizko mihise giza erabilia da... Mercedes-platzen aurrean.

Plaza hori da, hain zuzen ere, Die Gruenen alderdikoa den Monika Herrmann alkate duen barrutiaren hirugarren ikurra. Alemaniako autogintzan mitoa den Mercedes-Benz konpainiaren sostenguaz eraikia, ikuskizun kasik guztietarako eremua da. Bada bertan kirolentzako estadioa. Bada zinema zein dantza zein antzerkirako areto erraldoia. Lau pisukoa. Badira tabernak, badira gaur egungo aisialdirako nahitaezkoa den ia dena. Aurten, estreinakoz, Berlinaleko egoitza izan da.

Zinema aretoak oraindik existitzen dira, bai. Beste frogarik nahi? Mercedes platz horretatik urrun samar den Titania Palast, joan den mendeko arkitektura monumentoa. Fritz Langek Metropolis fimatu zuenean zutik zen jada, eta pelikula hori datorkizu burura bere aurrean zaudela. Zinemaren Historiaren testigu eta agertokia izan da. Bertan proiektatu zen mintzaturiko lehen pelikula. Bertan koloretan egindako lehena. Apainduria urrikoak ditu aurreko eta aldeetako fatxadak, baina ikaragarriak omen ziren bere neonezko argiak, auzo osoa argitan, kasik sutan, jartzen zutenak. Bonbardatu zuten aliatuek. Baina 1960ko hamarkadan berpiztu zen errautsetatik. Aurten, Berlinaleko egoitza aukeratu zuten.

Ikusten? Aretoak badira. Eta hirietako nahiz herrietako izana sortu/bermatu egiten dute.]]>
<![CDATA[Berlingo Palast orotan ere, izena duenak izana du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2065/025/001/2023-03-01/berlingo_palast_orotan_ere_izena_duenak_izana_du.htm Wed, 01 Mar 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2065/025/001/2023-03-01/berlingo_palast_orotan_ere_izena_duenak_izana_du.htm
Bietan, bai Alexa plazatik ez hain urrun den Verti Music Hallen, bai gure eta besteen etxe ondoko aretoetan, bi pelikulek zera aldarrikatzen zuten, antigoaleko esaera ederki asko gaurkotuz: Izena duen guztiak izana du.

Hemen, ozen, ezpataz eta konjuruz horrela mintzo zena Paul Urkijo Alijoren Irati zen. Han, berriz, Estibaliz Urresola Solagurenen 20000 especies de abejas genuen elezahar gurea gaurkotzen zuena. Bai, kritikari anitzen kutuna, Der Berliner Morgenpost egunkariko irakurleen begikoa eta Zinema Sindikatuaren ezinbestekoa suertatu zen zeluloide puska horretan, izenak garrantzi erabatekoa du. Zilarrezko Hartzaren besarkada gozoa hartu zuen Sofia Oterok antzezturiko pertsonaiak bere izen norberarena aukeratzen du: Lucia. Eta izen honekin nahi du besteek deitzea, onartzea, ikustea. Zuk zure izena hautatzean zure izana erabakitzen duzulako. Eta besteek, zure izen hori ahoskatzean, onetsi egiten dutelako zure hautua.

Bai, Berlinale aurtengoan, mendeetan eta milurtekoetan barrena nola, izena eta izana. Eta ez bakarrik Estibaliz Urresola Solagurenen irudizko objektu preziatua hor zelako. Izena eta izana erreibindikatzen ditu arras merezitako sari sorta polita jaso duen Orlando, ma biographie politique filmak ere. Paul B. Preciado filosofoak sortua dugu Virginia Woolfena, Sally Potterrena eta Tilda Swintonena den Orlando hura abiapuntu, inspirazio, gida, ardatz hartzen duen soinu-pentsamendu-irudizko artefaktu eder eta perilos hori. Hartan, izenaren eta izanaren arteko uztartze noraezeko hori ikuslearen begietan, belarrietan, neuronetan eta erraietan lehertzen da. Kontua, jada, ez da soil-soilik genero aldaketa; harago, urrutiago, sakonago doa Paul B. Preciadoaren gogoeta. Bere esanetan, bere irudietan poesia aldatu behar dugu. Larruazala aldatu behar dugu. Maitasuna ere aldatu behar dugu. XXI. mendeko Orlando hau gurera iritsi arte, irakur ezazue, arren, Un apartamento en Urano. Crónicas del cruce / Un appartement sur Uranus. Chroniques de la traversée bere liburua.

Izana(k) eta izena(k) Berlinale aurtengoan. Hango pantailetan agertu zen Luciak gogoz besarkatuko luke beste neskato bat, Sol izenekoa. Epaimahaikideek izan ezik, beste zinemamindu guztiek sari nagusietarako hautagaitzat onartu eta desiraturiko Lila Avilesen Totem film mexikarreko protagonista da. Aita gazte, guapo, artista eta maitekorra du hilzorian. Denek dakiten kontua bada ere, Tonata izena duen pintore horren urtemuga festa ari dira prestatzen. Pantailak gainezka egiten du pertsonaiaz. Kamera, nahiz eta Lila Aviles zuzendariak beti kontrolpean izan, zoro moduan dabil jendetza horren atzean. Aurrean. Ondoan. Gelaz gela, izkinaz izkina. Jardinean, sukaldean edo korridoreetan. Eta Sol, kontent. Eta Sol triste, ez baitaki aitak maite duen edo ez. Maite badu, zergatik ez du nahi berak ikustea!?

Eta Sol, munduaren balizko akaberaz arduraturik. Eta Sol, 20.000 especies de abejas-en dauden emakume horien parekoak diren beste hamaikak (ama, izeko, amona, lehengusinak, lagunak, auzoak...) inguraturik. Bai, gustura ibiliko lirateke, Euskal Herrian zein Mexikon, Sol eta Lucia.

Berlinen eta gurean, elurra. Eta pantailetan, izena(k) eta izana(k). Angela Schanelec zinemagilea ezaguna dugu Donostian. Zinemaldian. Tabakalerako aretoan. Zabaltegi sailean. Hartan aurkeztu zuen 2019an Ich war zu Hause, aber. Zilarrezko Hartza zuen jasoa urte hartako Berlinalen. Eskuratuko zuen gero Zabaltegiko garaikurra.

Schanelecen zinemak ez du presorik hartzen. Akabatu edo betirako sorgindu baizik. Ez dio, inolaz ere, bidea gozatzen ikusleari. Mingotsa da, eta lehorrak ditu moduak. Har ezazu, edo egizu ihes.

Muntatzaile aparta eta ausarta da; berak sorturikoak bezalako elipsiak ez daude beste inon. Berlin 2023ko honetan, gidoiaren saria lortu zuen hain latza bezain hipnotikoa den Music filmagatik, non Woolfen Orlando-ri gertatzen zitzaion lez, pertsonaiak ez baitira zahartzen... munduaren zama osoa gainean daramaten bitartean. Film honetako izanaren izena, mito batena, Edipo. Bai, errege malapartatu hura... Schanelecen zinema irazkiak itxuraldaturik.

Ari zuen elurra Berlinen. Elurra ari zuen Euskal Herrian. Epaimahai nagusiak hamaika erabaki aldrebestu hartu zituen, baina ez du ardurarik, garaikurrak ez baitira izanak.]]>
<![CDATA[Gela bat norberarena... handiagoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2197/032/001/2023-02-24/gela_bat_norberarena_handiagoa.htm Fri, 24 Feb 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2197/032/001/2023-02-24/gela_bat_norberarena_handiagoa.htm Los caballos mueren al amanecer zeluloidezko psikofonia, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren bermea duena.

Bueltatu zen Maria Elorza Rotterdamdik Donostiako Zinemaldiko gazte epaimahaiak saritutako A los libros y a las mujeres canto besapean zuela, eta, lagun dituen zinemamindu asko Berlin alderako bidea hartzear zirela, franko, luze, irmo eta ausardiaz mintzatu zen mukuru zegoen Donostiako Tabakalerako aretoan.

Astelehen goizean Sold out jartzen zuen Berlinaleko online salmentarako erreserbaturiko webgunean Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 especies de abejas filmaren izenburuaren ondoan. Egia, egia biribil eta erabatekoa zioen, ez baitzen, ez, sarrerarik Zoo Palast jauregian herenegun izandako estreinaldi nazioartekoarentzat.

Cuerdas laburraren autoreak gauza ederra lortzen du bere lehenbiziko luzean: distantzia esanguratsu batez kontatzen du beste hainbatek melodrama bilakatuko zuten istorioa. Hasi dira Berlinen esaten idortasun hori euskaldunon identitatearen, izatearen, nortasunaren ezaugarria dela, Ekaingo koban pintatzeari ekin genionetik gure genomaren mapan agertzen den... sintoma edo.

Izan liteke. Harro diogu ez garela negarrontziak gurean. Izan liteke ere, ametsetan, muntaketa gelan sartu aurretik, pelikula, antza, askoz ere luzeago zelako. Baina ez dio ardura, distantzia abegikor horrek ematen dio filmari exijitzen duen tonua. Gidoia akastuna da (nire ustez) une batzuetan, baina irudizauritua den Gina Ferrerren kamerak jauzi egiten du oker horien gainetik. Ginaren kamerak, eta Enkarterriko semea dugun Raul Barrerasen irudi-soinu joskintzak. Ezin ahaztu ikasketaz arkitektoa den Izaskun Urkijo Alijoren arte zuzendaritza (bai, Paulen arreba da, eta gaur duzue bere trebeziaren proba pantailetan, oraintxe estreinatzen baita... Irati! Eta bertan ere, Izaskun munduak diseinatzen).

20.000 especies de abejas-ek gure barruko eta kanpoko unibertsoaren nahasmenduaren berri zorrotz eta lirain askoa ematen du. Hiru hizkuntzatan mintzatzen da, hiru lurraldetan gertatzen da. Hiria ez da oso urrun, baina gu herrian barna goaz, erleak gure buru-nahasmenduaren testigu eta gozagarri direla, eta erlauntzak, aspaldiko eta gaurko sekretu gordailuak...

Maria, Jone, Gina, Izaskun, Estibaliz... Film horretako aktoreak (Patricia, Ane, Itziar...), gehi asteartean Berlinen estreinatu zen (mukuru ere, aretoa) Patiñoren eta Erkiziaren Samsara horretan gidoigile diharduen Garbiñe Ortega. Gehi Galiziako zinema sasoiko dagoela frogatzen duen Sica filmaren Carla Subirana egilea (bide batez, Samsara-k eta Sica-k argazki zuzendaria partekatzen dute, Dead Slow Ahead esperimentuaren Mauro Herce sortzailea)...

Sekula ez dugu izan emakumeok ezer frogatu beharrik. Are gutxiago urrezko aro honetan, zinemaldi guztietako sail oro setiatu ondoren konkistatzen ditugunean. Gustatuko litzaidake, alta, hausnarketa moduko bat ekarri berripaper honetara... Noiz utziko diogu planeta honetako bost izkinetan sarituko dituzten (hori ziur) ganbera-pieza horiek egiteari? Esan nahi dut... Noiz aterako gara Virginiak aldarrikaturiko gela propio horretatik, eta lautadak, mendiak, itsasoak, izarrak, unibertsoaren zulo beltzak, galaxiak, goiko eta azpiko munduak hartuko gure filmen paisaia, agertokitzat?

Komentatu ohi da orain arte emakumeok sortutako literatura, musika, pintura, tamaina txikikoa suertatzen zela. Barneko eta kanpoko neurriak (ez kalitatezkoak) hertsiak zirela, ez baikinen (eta ez zen gurea kulpa) munduan barna ibiltzen pirata, esploratzaile, bidaiari, arkeologo gisa (salbuespenak salbuespen). Hiltzaile bezala ere, ez genuen ezpata erabiltzen, pozoia baizik (trebeak ginela horretan, nork ukatuko?).

Bada, garaiak aldatu dira. Gu aldatu izan gara, eta aldatu ditugu. Zinema gurea da. Zinemaldiak konkistatu ditugu. Sor ditzagun bizitza baino handiagoak diren pelikulak. Super ekoizpenak. Igo ditzagun mendiak. Egin dezagun salto ur sakonetara. Dagoeneko badakigu erleek badakitela, bagera, bagire. Iritsi da garaia. Erreferenteak ez dira falta: Kathryn Bigelow, Mountain sinesgaitza sortu zuen Jennifer Peedom, terrorearen fundamentuak aise erabiltzen dituen Carlota Pereda...

Txiki ari zaigu geratzen Virginiaren gela. Apur ditzagun kostata geure egin genituen leiho, ate eta idazmahai horiek. Banzai!]]>
<![CDATA[Ilargi gorrizta Berlingo zeruan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/024/001/2023-02-17/ilargi_gorrizta_berlingo_zeruan.htm Fri, 17 Feb 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/1930/024/001/2023-02-17/ilargi_gorrizta_berlingo_zeruan.htm
Seguru 73 urte betetzen dituen Berlingo Internationale Filmfestspiele honen kontra dagoela, begiak ozpindua eta bihotza zimurrez marrazturik dituen (simaurrez ere bai, agian) makina bat jende.

Afizioa diote gaizki sentitzeari. Parafilia bene-benetakoa ez ote den galdetzea zilegia eta egokia litzateke, ziurrenik. Zertara etorri/joan dira Wenders, Fassbinder, Lili Marlen, Pink Floyd, Sally Bowles, Doblin, David Bowie, Max Schmeling eta beste izaki markaz fuerakoak garratz eta gozo maite izan duten hiri honetara, ezin badute bertan beren zinema egarri eta gosea ase? Ez badira ausartzen sail nagusiak eskaintzen duen balizko ongizate-zonatik urruntzen eta tranbia guztiak amaitzen diren lekutik harago dauden aretoen bila ibiltzen?

Ez al dakite igandean, astelehenean eta asteartean, igualik ez duten Postdamer Strasseko Arsenal saloian eta Karl Marx hiribide sobietar estilokoan aurkitzen den Kino International eraikuntza puskan izango dutela Lois Patiño Galiziako semearen eta soinu-azti euskalduna den Xabier Erkiziaren artean sortutako zinema miraria pantaila zabalean?

Zergatik zotinka zeharkatu Tiergarten paradisu piztiena, bestaldean zain badute Ikuspuntu Nafarroako zinemaldiaren txoko batean, Iruñeko Planetarioan, gauzatzen hasi zen Samsara izeneko proposamena?

Zergatik ez dastatu heriotzarekin egiten duen dantza, Encounters (Topaketak) izena hartu izan duen Berlinaleko sail etorkizunezkoan, mila atrebentziatan, mila tentaziotan erortzeko prest dagoen eta abila den Forum atala gainditu gura duen horretan?

Beharbada, Berlinale 2023koa zapuzten hasita diren horiek —egia, hori bai, Berlingo zinema bilkurak badituela, egun, nortasun arazo hainbat; gero eta indartsuago, inoiz baino maltzurrago ari baitira jokatzen Cannes eta Venezia; beren sirena kantuekin zinemagile oro sorgindu nahian La Croisette eta Lido aldera erakarri asmotan— ez dakite, oraindik, besteok harro gaudela Laoseko tenpluetan bisitari, gizaki batetik bestera pasatzeko prozesuan den arima bat segitzen duen soinu eta irudi esperimentu horretaz, Donostian kokalekua duen Sr y Sra ekoiztetxearen sostengua eta bermea dituelako.

Andere eta jaun bi horien zorroan Ventajas de viajar en tren eta El canto cósmico. Niño de Elche bezalako ausardiak daudela jakitun izanda, nolatan malkorik egin Berlingo zerupean? Are gutxiago jakin badakigulako Garbiñe Ortegak idatzi duela gidoia, Lois Patiñorekin berarekin batera eta konplizitatean. Eta Ortega ez da, biografia ofizialetan agertzen den moduan, zinema esperimentalean eta ez-fikziozkoan espezializatuta dagoen komisario-irakasle-programatzaile-ikertzailea bakarrik, baizik eta irudiak zein soinuak hartua duen kreatura bat.

Lois Patiño zinema leinu argikoa izakia dugu. Parekoa, du, esaterako, O que arde, Mimosas eta Todos vós sodes capitáns lanen sortzailea den Oliver Laxe. Edo Locarnon babestu zuten Arraianos burutu zuen Eloy Enciso.

Paisaia eta naturarekiko gure harreman hain neketsu eta mingotsa ditu, maiz, fundamentu Lois Patiñok. Baita paisaia horren eta paisaia horretako biztanleen misterio oro ere.

Ez pentsa Samsara bezalako esperimentua ikusten eta entzuten erraza izango denik Berlin eta gero. Ez, gure etxe ondoko zinema korrienteetan ez baitira ausartuko programatzen. Bai, ordea, nazioarteko arte garaikideko zentro, museo eta galerietan. Akaso. Agian. Apika.

Baina ez hasi, arren, otoi, zuek ere malkotan. Hegoaldean eskura dugun Filmin plataforman ikusgai duzue Patiñoren aurreneko misterio itzela. Lúa Vermella (Ilargi gorrizta) du izena, eta beldurgarria da, ederki baitaki autoreak ilargia anitz aldiz gure odolaz elikatzen dela. Jakin badaki baita ere burdinari darion oxidoa odol hori bezain gorria dela. Jakin badaki itsasoak irensten duena ez dela lurrera itzultzen. Eta itzultzekotan, gu hondoetara eramateko litzatekeela.

Samsara-ren esperoan Berlinen ez bazaudete, aloka ezazue Lúa Vermella. Ikus ezazue, faborez, gauez. Argi denak itzalita. Belarriak tente, begiak erne, bihotza taupaka. Harrigarriagorik ezin bilatu. Inon ez. Zinez diotsuet. Berlinen izan ezik.]]>
<![CDATA[Bruselako Komertzio kaiko 23.ean bizi da Jeanne]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2170/024/001/2023-02-10/bruselako_komertzio_kaiko_23ean_bizi_da_jeanne.htm Fri, 10 Feb 2023 00:00:00 +0100 Begoña del Teso https://www.berria.eus/paperekoa/2170/024/001/2023-02-10/bruselako_komertzio_kaiko_23ean_bizi_da_jeanne.htm Internet Archive izeneko webean bilatuko duzue, izenburua jarrita.

Zertaz ari garen Goya sarien bezpera honetan? Hiru ordu, hamahiru minutu eta hamar segundo irauten dituen 1975eko film batez, 15 urte bete berri zituela Godarden Pierrot Le fou ikusi zuen emakume batek sinatua. À bout de souffle burutu zuen maisuaren lana bukatu orduko, belgikarra zen neska hark jakin zuen zinemagilea izango zela, zinema egin behar zuela. Nola edo hala. Patua alde edo kontra. Beste guztia baztertuko zuen zinemaren amodiogatik. Judua zuen familia Frantziarako bidea segituan hartuko zuen neska hark. Izan ere, amaren senideak kontzentrazio eremuetan erail zituzten naziek.

Pelikulak egin zituen, bai, zinemak seko zauritua zen neska hark. Zauritua bainoago, zinemak hartua; kamera baten atzean, barruan eta aurrean dantzan dabiltzan deabru guztiak, gaiztoak zein ederrenak, jabetu ziren estilo handiz erretzen zuen emakume hartaz. Eta bera, gustura. Eta bera, kamera lepoan. Eta bera, zinema azpikoz gora jarriko zuten pelikulekin ametsetan.

Bere filmek sekula ez zuten bete gure etxe ondoko areto korrientetako pantailarik. Zeluloidezko demonioek hartuak ziren beste askoren bilkura-akelarreetan baino ez ziren ikusten. Baita zinema eskoletan ere. Atrebentzia osoz, ezagutzen zen guztiarekin haustea proposatzen zuten jaialdi urri batzuetan. Zinema zazpigarren artea dela onartzen zuten museo eskas haietan. New Yorken, zinema undergroundeko kumeek miresten zuten emakume belgikarraren lana. Eta neska hura pozik ibiltzen zen azpimundu horretako jendaia paregabe harekin, hizketan eta kamerarekin. Denak baitziren zeluloide jonkiak.

2015ean hil zen emakume hura, Pierrot le fou ikusi eta 50 urte geroago. 2022ko abenduan, berriz, planeta honetako hamaika, zientoka, milaka, makina bat kritikarik bere lan bat aukeratu zuten Zinemaren Historiako Onena bezala.

Ehun pelikulak osatzen dute galaxia honetan ospe handiena duen zerrenda hori. Frantziako Cahiers du Cinéma sakratu horren parekoa den Erresuma Batuko Sight &Sound aldizkari zeharo estimagarriak antolatu izan du hamarkadetan zerrenda hori, baina aspaldi zaharrean ez zen gertatzen iazkoaren pareko errebolta, matxinada, aldaketarik. Demonio zaharrenak ere ez dira akordatzen. Noiz suertatu ote zen halakorik? Noiz hartu zuten hautsez beteriko Zinema Akademia hainbatetako kideek pareko zaplaztekorik?

Zer dela-eta ez zen lehen postuan Wellesen Citizen Kane? Edo Eisensteinen Potemkin korazatua? Nolatan Hitchcock bera txapeldunordearen tituluarekin konformatu behar? Zer dela-eta Wong Kar Wairen In the Mood for Love-k luzatzen zion erronka, bere bosgarren postutik, laugarrenean zen Yasuhiro Ozuren Tokyo Story urteetan bedeinkatu horri? Benetan Hego Koreako Parasite zerrenda bedeinkatuan dagoela? Hitza ematen didazue? David Lynchen Mulholland Drive postu bat gorago dago Dziga Vertoven Chelovek s kinoapparatom (Kamera duen gizona) baino!?

Baina, baina, baina; are, are, are... Zinemaren immobilista horiek jaso behar izan zuten sustoa askoz handiago izango zen; hain neurririk gabekoa, ze kostata bueltatuko ziren beren onera...

Aipatu dugun neska belgikar hori Chantal Akerman da. Egia da behin batez William Hurtekin eta Juliette Binocherekin lan egin zuela, baina, goian idatzitakoari helduz, zirkulu hertsietan baino ez zen bere lana ezaguna. Ba, ba, ba... Bere 1975eko Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles 2022ko zerrendaren lehenengo postuan jarri zuten aukeraketan parte hartutako guztiek. Hara, mugitzen ez den kamera zorrotz, hotz, mingots, mingarri batek islaturiko plano zabal, luze, mozten ezinezkoz buruturiko emakume baten erretratua, hiru egunetan ikusten duguna, Zinemaren Historiako filmik onena da. Eta ikusgai da. Orain, Internet Archive delakoan. Gero, Filminen. Ez da dastatzeko erraza. Ez du zuen konplizitatea nahi. Ez du gupidarik. Baina egundoko filma duzue. Eta ez, ezin duzue karteldegian daudenekin alderatu. Igualik ez baitu.]]>