<![CDATA[Beñat Alberdi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 19 Aug 2019 14:35:01 +0200 hourly 1 <![CDATA[Beñat Alberdi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Kalera ateratako liburutegia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/011/001/2019-07-26/kalera_ateratako_liburutegia.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2016/011/001/2019-07-26/kalera_ateratako_liburutegia.htm kartzela zaharra gisa ezagutzen denean dauka gune nagusia, eta izenarekin zerikusi zuzena du liburutegiaren kokapenak. Michele Angiolillo anarkistarengatik jarri zioten izen hori liburutegiari. 1897an, Antonio Canovas del Castillo Espainiako Gobernuko presidentea hil zuen Angiolillok, Arrasaten. Angiolillo gaztetxea dagoen eraikinean eduki zuten preso, liburutegiaren gelan. Eraikinaren aurrean hil zuten.

Egitasmo berritzaile gisa, kalean liburuak eskuragarri jartzea erabaki dute liburutegiko arduradunek, baina proposamen horrek ez dauka loturarik urteurreneko ekintzekin. Ideia garatu, pausoa eman, eta espero ez zuten harrera egin diote herritarrek. «Ideia ez zen sortu bilera batean», azaldu du Aser Polvorosa Mujikak, Angiolillo liburutegiko koordinatzaileak. «Lagun batek proposatutako ideia da», zehaztu du. «Esperimentu bat» egin nahi zutela argitu du koordinatzaileak, liburuak herritarren esku utzi nahi zituztela, zer gertatzen zen ikusteko. Neurri handi batean, herriari «jasotakoa itzultzeko» ere balio zuen egitasmoak. Izan ere, liburutegia jendearen ekarpenekin osatuta dago gehienbat.

Kontua ez da Angiolillok inprimakiak sobera zituela edo liburutegia ixteko asmoa zeukala. Liburu sorta bat gutxi erabiltzen zen. «Eta, neurri batean, autoak bezalakoak dira liburuak; Ferrari bat ez dugu erosten garajean geldi edukitzeko». Zenbaitek liburuak errepikatuta zeuzkatela ere jabetu ziren, eta horrela hasi ziren ideia gorpuzten.

Kutxa batean sartu, eta hirurogei bat liburu jarri zituzten eskuragarri uztaileko bigarren asteburuan, herriko hiru gunetan: Irala kalean, Espoloian eta igerilekuan. Haurrentzako eta umeentzako euskarazko literatura banatu dute gehien. Saiakerak eta gizarte gaiekin lotura daukaten liburu ugari daukate liburutegian, «eta gaztetxean badute gurasoek antolatutako beste txoko bat ere», baina, Polvorosak azaldu duenez, normalean gaztetxoak falta izaten dira bertan. Hori bai, kutxetan ez dituzte sartu haurrentzako eta umeentzako liburuak bakarrik. Esaterako, Karl Marx eta Friedrich Engelsen Manifestu Komunista liburua ere sartu dute, komiki formatuan. «Harrigarria dirudi, baina norbaitek hartu du liburu hori ere».

Hartu eta irakurri, ez dago besterik egin beharrik. Ez dago txartel beharrik, eta ezta kontakturako bestelako daturik eman beharrik ere. Mezu sinple bat jarri dute kutxetan eta liburuetan: «Liburu hau askatu dugu. Irakurri ondoren, norbaiti oparitu!».

«Horrelakoetan, ez da jakiten zer gertatuko den. Gerta liteke hurrengo egunean liburu guztiak lurrean botata edo txiki-txiki eginda egotea», nabarmendu du koordinatzaileak. Baina herritarrek egitasmoa «guztiz» errespetatu dutela jakinarazi du Polvorosak, paper bat ere ez dutela aurkitu tokiz aldatuta. Poteorako kale batean jarri zuten kutxetako bat. «Eta, tartean pintxo-pote eguna tokatu arren, ez da izan kalterik».

Egitasmorako «interes handia» erakutsi dute herritarrek. Uztailaren 13an eta 14an kalekoak ziren postuetako bi, eta horietan jendeari kosta egiten zitzaiola nabarmendu du Polvorosak, baina bestelakoa izan zen igerilekuaren kanpoaldean jarritako txokoak izandako harrera: «Lehen egunean, 11:00etan jarri genituen liburuak herritarren eskura, eta 18:00ak aldera, jada, ez zegoen bakar bat ere». 11:00etan jarri zituzten hurrengo egunean ere, eta bi bakarrik gelditzen ziren arratsalderako. Koordinatzailearen hitzetan «antzekoa» gertatu zen hurrengo bi egunetan ere.

Gunearen arrakasta azaltzeko bi gako azpimarratu ditu Polvorosak. «Batetik, filosofiako liburuen ordez, literatura arina eskaini izana, eta, bestetik, tokia bera. Arratsalde-pasa igerilekura doanak eskertuko du irakurtzeko zerbait egotea». Ahoz aho iritsi zaie jendea ikusi dutela kutxetako liburuak irakurtzen, baina oraindik goiz da bukatu ostean oparitu edo trukatuko dituzten jakiteko.

«Balorazio ona» egin dute sustatzaileek, eta, aldaketak aldaketa, egitasmoa berriz egiteko aukera egon daiteke etorkizunean. «Polita litzateke, adibidez, autobus geltokietan eskaintzea. Kasu horretan, auskalo liburuak non bukatuko duen; Benidormen akaso!».

Liburutegiaren sorrera

Angiolilloren aurretik, beste hiru proiektu abiarazi zituzten Bergarako gaztetxean liburutegi bat sortzeko, baina bertan behera gelditu ziren denak. Hori bai, saiakera horietarako liburuak pilatu izanak balio izan zien ondorengo urratsak egiteko. Bereziki jendeak oparitutako liburuekin osatu dute liburutegia. Inprimakien %10-15 inguru erosi dituzte liburutegiko arduradunek, eta saiakerak edo gizarte gaiekin lotura daukaten gaiak lehenesten dituzte; finean, ohiko liburutegietan aurkitu ezin diren aleak. Hala ere, ez dute baztertzen libururik.

Gaztetxeko liburutegira sartzeko, ez dago baimenik eskatu beharrik; nahikoa da zabalik dagoen orduetan bertaratzea. Eta liburu bat hartzeko ere aski da orri batean idaztea zer liburu, nork eta noiz hartu duen.]]>
<![CDATA[«Gobernuan izan edo ez, akordioak egin nahi ditugu alderdi guztiekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2465/004/001/2019-05-24/gobernuan_izan_edo_ez_akordioak_egin_nahi_ditugu_alderdi_guztiekin.htm Fri, 24 May 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2465/004/001/2019-05-24/gobernuan_izan_edo_ez_akordioak_egin_nahi_ditugu_alderdi_guztiekin.htm
2015eko udal hauteskundeetan 14.000 boz jaso zenituzten Gasteizen. Espainiako Gorteetarako bozetan, ordea, ia 32.000 hiriburuan bertan. Pedro Sanchez efektua bizi duzue Araban ere?

Bai, inongo dudarik gabe. Hala ere, PSEk ondo kudeatu ditu Arabako erakundeak, eta horrek ere eragina izan du.

Udal hauteskundeetan errepikatuko dira emaitza horiek?

Noski. Errepikatuko diren esperantza daukagu, eta konfiantza dugu 32.000 pertsona horiengan. Dudetan egon direnen boza ere berreskuratu nahi dugu.

Inkestek, ordea, ez zaituztete horren postu onean jarri. Zer eskaintzen die Maider Etxebarriak hautesle horiei?

Hasteko, inkesten inguruan, denetarikoak daude, eta denetariko jendeak eginak. Ni pertsona errealista bat naiz. Ez dut konfiantza jartzen hauteskundeetan eragin nahi duten inkestetan. 32.000 pertsonak bozkatu gaituzte, eta berriz bozka gaitzakete. Eskaintzarekin lotuta, berriz, garbi ikusten da udala kudeatu nahian dabiltzala, baina ezin dituzte proiektuak garatu. Guk, sozialistok, politika garrantzitsuak aurrera eraman ditugu gizarte, kultura eta kirol gaietan.

Marotori alkatetza kenduta abiatu zen legealdia, eta EAJrekin koalizioa osatu zenuten urtebete geroago. Zer balorazio egiten duzu?

Jarrera xenofobo baten aurkakoa izan zen akordio hura. Garbi geratu dadila. Legegintzaldia positiboa izan da. Sozialisten kudeaketari esker aurrekontu handiagoak izan ditugu, eta Marotoren gobernuak bazter batean utzitako kolektiboekiko harremana berreskuratu dugu.

Gobernatzeko formulak balio izan dizuela dirudi. Berriz erabiliko zenukete?

Hautesleek erabakiko dute hori datorren igandean. Ikusiko dugu gero nola gobernatuko den. Nik hiri akordioak sustatu nahi ditut.

PPk bozak irabaziko balitu, bat egingo zenukete hari alkatetza kentzeko akordio batekin?

Eskuetan emaitzak dauzkadanean erantzun ahal izango dut. Oraingoz, hiri akordioak proposatzen ditut. 2015eko akordioaren helburua, dena den, ez zen Maroto kentzea alkatetzatik, baizik Marotoren jarrera xenofobo batzuen aurka egitea.

Epe luzerako hiri akordioak lotu nahi dituzue?

Bai. Alkatea edozein dela ere, aurrera eramango diren akordioak egin nahi ditugu, epe ertain edo luzera begira. Hemendik lau urtera alkatea edozein izanda ere, jarraituko duten proiektuak izan behar dute. Hauteskundeak bukatu ahalaz bat, alderdi guztietako bozeramaileak deituko ditut. Ikusiko dugu gero zein den formula. Garrantzitsuena da alderdi guztiek izatea hitz egiteko eta euren iritzia emateko aukera berbera.

Zeren inguruan egin nahi dituzue akordioak?

Hiru blokeren inguruan: zerbitzu sozialak, mugikortasuna eta inbertsioak, eta ekonomia eta enplegua. Lehenengo puntua da niretzat garrantzitsuena. Politika sozialetan egindako aurrerapausoak ziurtatu nahi ditugu. Mugikortasunean garrantzitsua da nola konektatuko garen Madrilekin eta nolako mugikortasuna nahi dugun hirian. Tranbia bidez bada, hitz egin dezagun guztiok nola kudeatuko dugun hori. Inbertsioei dagokienez, alderdi denek proiektu handiren bat proposatu dutela ikusi dugu. Oraindik ez dugu bideratu eraikita dagoenaren mantentzea, eta beste zerbait eraiki nahi dute.

Zer proposamen duzue ekonomia eta enplegurako?

Batez ere, tokiko garapenerako agentzia bat sortu nahi dugu, aurrekontu propioarekin. Bertan batu nahi ditugu udalaren ordezkariak, enpresariak, sindikatuak eta unibertsitateko adituak. EHUkoei aurkeztu genien proposamena.

Boto gehien biltzen duen zerrenda izanda ere, akordioan legegintzaldi bat aurreikusten al duzu?

Gobernuan izan edo ez, nik beti alderdi guztiekin akordioak egin nahiko ditut.]]>
<![CDATA[«Oinarri batzuk betez gero, akordiorako prest gaude alderdi guztiekin»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2671/006/001/2019-05-18/oinarri_batzuk_betez_gero_akordiorako_prest_gaude_alderdi_guztiekin.htm Sat, 18 May 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2671/006/001/2019-05-18/oinarri_batzuk_betez_gero_akordiorako_prest_gaude_alderdi_guztiekin.htm
Duela lau urte, Podemosek babes izugarria jaso zuen Araban Espainiako Kongresurako; udalerako, ez. Arabarrak ordezkatuak sentitzen al dira zuekin estaturako, eta udalerako ez?

Kongresurako kanpaina egiten duzunean, hautagaiak estatu mailakoak dira. Askotan, beste batzuk baino nahiago dituztelako aukeratzen dituzte gure alderdikoak. Hemen, gure antzeko eskaintza daukate besteek ere, eta gertukoagoak dira; eragin zuzena du horrek.

Neurririk hartu duzue hautesle ihes hori gerta ez dadin?

Hor faktore garrantzitsu bat dago kontuan hartzen ez dena. Jose Angel Cuerda izan da Gasteizen denbora gehien egin duen alkatea. EAJtik aurkeztu zen lehenengoz, baina gero EAra pasatu zen, eta ez zuen ezer utzi alderdi jeltzalean. Bi zinegotzirekin gelditu zen EAJ. Alkatearen irudiak zeukan indarra, eta ez alderdiak. Inkestetan hori ez da kontuan hartzen. Ni ez naiz oso pertsona ezaguna. baina bizi guztia daramat Gasteizen. Askok esan didate nire alderdia ez dutela gustuko, baina bozkatuko nautela.

Azken hauteskundeak duela lau urtekoekin alderatuz gero, 20.000 boto galdu zenituzten Araban, 14.000 Gasteizen. Kezkatzen al zaituzte horrek?

Noski. Lehen indarra izatetik hirugarrena bilakatzea atzerapauso handia da. Banaketa irudia eman dugu toki askotan, eta komunikabideak ere asko sartu dira alderdiarekin. Baina Pablo Iglesiasen itzulerarekin irudia berreraikitzen hasi gara.

2015ean Urtaran babestu zenuten Maroto alkate ez izateko.

Hauturik zuzenena egin genuela uste dugu oraindik. Gasteiz elkartasunez betetako hiria da: organo eta odol emaile asko daude, GKE askok jasotzen dute gasteiztarren babesa eta abar. Gasteizen ezaugarri bat da eta Marotok hautsi egin nahi zuen. Erabaki ona hartu genuen eta berriz hartuko genuke.

Zer deritzozue legegintzaldiari?

Urtaran nerabe antzeko alkate bat izan da, eta harrokeria pixka batekin jardun du. Uste zuen bakarrik goberna zezakeela 27 zinegotzitik bost izanda eta PSEren babesarekin. Hartu dituen erabakiak herriari kasurik egin gabe hartu ditu; gainera, bost zinegotzi zituen bakarrik, ez hogei, ez hamalau: bost. Umilagoa izan behar zuen, eta gainerakoei kasu gehiago egin.

Emaitzak errepikatuko balira, babestuko zenukete beste udal bat PPk ez gobernatzeko?

PPk berak galdetu digu hori jada lau aldiz. Gauza bera erantzungo dut: programan oinarritutako akordio bat lotu nahi dugu, hiru oinarri izango dituena behintzat. Batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea bildu behar du, eta hori lortzeko mekanismoak zehaztu. Indarkeria matxista bukatzeko zerbitzu bereziak jarriko ditu martxan, eta aurrekontu batekin aurkeztu behar da. Bestetik, enplegu eta etxebizitza eskubide duinak izatea babestu behar du. Enpleguarekin lotutako neurri mordoa dauzkagu programan. Azkenik, hiri ekologikoa izateko neurriak izan behar ditu; adibidez, garraiobide publikoak elektriko bihurtuz. Hiru oinarri horien gainean adostuz gero, eta, gainera, ez bada xenofoboa, prest gaude akordiorako. Alderdiari bainoago, edukiari ematen diogu garrantzia.

Hiru alderdi ezkertiar zaudete ordezkariak lortzeko lehian. Zertan bereizten da zuen eskaintza?

Guretzat, garrantzitsuena da akordio bat lortzea hiritarrekin, eta jendearentzat lan egitea, enpleguan, etxebizitzan, berdintasunean eta tolerantzian. Hortik aurrera, inbertsioak egiteko dirurik bada, etorriko dira beste proiektu batzuk. Gasteizek aukera asko dauzka lanerako.

Zeintzuk dira orain arte aprobetxatu ez diren Gasteizen aukerak?

Gasteizen, buruko 1.500 euro inbertitzen da zerbitzu publikoetan; Donostian, berriz, 2.500. Pentsa nolako aukera daukagun hazteko. Batzuek auditorium berriak egin nahi dituzte; lehenengo konpon dezagun etxekoa, eta gero ikusiko da zer egin.]]>
<![CDATA[Urtaranek bere proiektua garatu dezan, konfiantza eskatu die Urkulluk gazteei]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2235/004/001/2019-05-14/urtaranek_bere_proiektua_garatu_dezan_konfiantza_eskatu_die_urkulluk_gazteei.htm Tue, 14 May 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2235/004/001/2019-05-14/urtaranek_bere_proiektua_garatu_dezan_konfiantza_eskatu_die_urkulluk_gazteei.htm
Alkategaiari babesa helaraztea izan zen Urkulluren mitineko xede nagusia. «Gorka Urtaranek buelta erdi eman dio Gasteizi», esan zuen. «Elkarlana sustatu du, zorrak izatetik kudeaketa eraginkorra izan du, eta inbertsioak ez izatetik haztera pasatu da hiria».

Ekobulebar proiektua goraipatu zuen lehendakariak, eta hori garatzeko elkarrekin lanean jardungo dutela jakinarazi zuen. «Elkarrekin eta gaztetasunaren indarraren laguntzarekin aurrera egingo duen proiektua da. Gasteiz biziberrituko du».

Urtaranek, berriz, ohartarazi zuen alkatetza galtzeak ez lituzkeela «ondorio positiboak» izango: «Euskadi ondo doa. Bi aukera ditugu: bide horretan jarraitu edo bidean nahasi». Akordioak sustatuta, aurreko urteetan Gasteizko agenda bete duela ere azpimarratu zuen. Adostasun horien artean aipatu zituen Espainiako Gobernuarekin AHTa lurperatzeko lanen akordioa eta Jaurlaritzarekin garraio publikoa sustatzea.

Orain artean lortutakoa izan zuen hizpide Ramiro Gonzalez ahaldungai nagusiak. Azken lau urteetako garapen ekonomikoa goratu zuen: «13.000 lanpostu sortu ditugu». Hala ere, horretara mugatu beharrean, Araba Europan abangoardia bilakatu nahi duela zehaztu zuen: «Zimenduak jarri ditugu, baina segi behar dugu lanean. Ezin da eraiki duguna arriskuan jarri». Hauteskundeetan berriz ere ahaldun nagusi hautatuz gero, 10.000 lanpostu berri sortzea hitzeman zuen.

Beste alderdien estiloa

Lanerako EAJk dituen estiloa eta moduak ere goretsi zituen ahaldun nagusiak. Haren ustez, beste alderdiek «inposatu» eta «konfrontazioa bilatu» nahi dute; ez, ordea, jeltzaleek, «akordioak bilatzen» dituelako. «Aurrera edo atzera egin dezakegu. Aukeratu egin behar da zeinen alde egin nahi duten hautesleek».

Proiektuak garatzeko duten talde lana nabarmendu zuen Izaskun Bilbaok, dauden tokian daudela ere, balio berdinetan oinarritzen direlako: «Berdin du Gasteizen, Araban, Bruselan edo Estrasburgon izan, filosofia bera erabiltzen dugu».

Europako Parlamentuko kide izan da orain arte Bilbao, eta bertan lortutako garaipenak ekarri zituen gogora: frankismoko biktimen gaia parlamentuan lantzea edo mugikortasunaz ikasteko europarlamentariak Gasteizera gonbidatu izana, esaterako. Garoñako zentral nuklearraren kasua ere gogoan izan zuen, eta balioan jarri Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren lana: «Lanean aritu gara elkarrekin, zentralak araudia betetzen zuen jakiteko. Itxi bada, bere lanari esker izan da». Etorkizunean Urtaranen hiri proiektua babesteko konpromisoa duela berretsi zuen.]]>
<![CDATA[Oroimenari irudiak jartzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-05-01/oroimenari_irudiak_jartzen.htm Wed, 01 May 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-05-01/oroimenari_irudiak_jartzen.htm Vitoria, 3 de marzo (Gasteiz, martxoak 3) filmak, Victor Cabacoren zuzendaritzapean. Gaur estreinatuko dute lana zinema aretoetan, Langileen Nazioarteko Egunean. Atzo, baina, hedabideentzako emanaldi bat egin zuten Gasteizen, eta bertan izan ziren filmeko lan taldeko kideak. Gasteiztarrek filmean izan duten parte hartzea bereziki nabarmendu zuten zuzendariak, gidoilariek zein aktoreek.

«Beste ideia asko bezala, taberna batean sortu zen honako hau ere», azaldu zuen Juan Ibarrondo gidoilariak. Oskar Bañuelos kazetariaren bultzadaz eman zuen lehen urratsa. «Galdetu zidan ea nola ikusiko nukeen martxoaren 3ari buruz gidoi bat idaztea. Orduan ekin nion idazteari». Familia bat jarri dute narrazioaren erdigunean, 1976ko martxo hartako egoeran eta giroan sakontzen laguntzeko. «Langileen aldea eta gobernuarena ikustarazteko hari bat behar genuen», azaldu zuen gidoilariak. «Hots, klase ertaineko familia bat behar genuen. Egoera garatu ahala, parte baten edo bestearen alde posizionatuko zen familia bat».

Victor Cabaco zuzendariak ere senideak hari modura erabiltzeko ideia nabarmendu zuen: «Eurei esker sartu ditugu narrazioan kontatu nahi genituen kontu guztiak: nolakoak ziren manifestazioak, nola egiten zituzten batzarrak elizetan, eta abar». Pelikularen amaieran zer pasatuko den aski ezaguna dela esan zuen zuzendariak, baina, hala ere, ez dela hori filmaren zatirik garrantzitsuena: «Uste genuen tragediara iritsi aurretik testuingurua zein zen azaldu behar genuela, aurreko egunetan zer pasatu zen».

Lau kidek osatzen dute erdigunean jarri duten familia hori. Begoña alaba da istorioaren protagonista, Amaia Aberasturik antzezten duena. Begoña Mikel sindikalistarekin maitemindu da, Mikel Iglesiasek gorpuzten duen pertsonaia. Greba prestatzeko lanetan dabil Mikel, besteak beste, El Rubio ezizena duen beste kide baten laguntzarekin (Iñigo de la Iglesiak antzeztu du). Haien bidez ezagutuko du emakumeak mugimendu ezkertiarra. «Gasteiz hiriaren metafora bat da Begoña», argitu zuen Ibarrondok. «Martxoaren 3a baino lehen geldik zegoen hiri bat zen Gasteiz. Gertaeren ondorioz, hiria bera nahiz Begoña aldatu egingo dira».

Ruth Diazek Anaren rola jokatzen du. Begoñaren ama da, ez du harreman ona Jose Luis senarrarekin (Alberto Berzalek gorpuztu duena), ez dago gustura daukaten bizi mailarekin, eta erakarpena sortzen dio Eduardo enpresaburu eskuindarrak (Jose Manuel Seda). Jose Luis kazetaria da, eta eskaintza bat egingo dio Eduardok, baina ez dago ziur bere printzipioekin bat ote doan.

Gasteiztar askok bizi izan zituzten 1976ko gertaerak. Belaunaldi berriek ere ezagutu ahal izan dute historia, bertan egondakoei entzunda edo urteroko ekitaldien bidez. Amaia Aberasturi eta Mikel Iglesias aktoreek, ordea, ez zeukaten tragedia haren berri filma grabatzen hasi aurretik. Bizkaitarra eta 1997an jaioa da Aberasturi; katalana eta 1996koa, Iglesias. «Gasteizkoak ez diren beste askok bezala, ezer ere ez nekien», azaldu zuen Iglesiasek. «Oso gogorra da horrelako kasu bat eskoletan ez irakatsi izana».

Prestaketa lanak

Rol garrantzitsuak jokatzen dituzte istorioan bi aktoreek. Gertakariak aurrez ezagutu ez arren, grabazioen aurretik ongi lantzeko prestatzen hasi ziren. Aberasturi: «Talde oso bat geneukan guri laguntzeko. Zuzendariak eta Martxoaren 3 Elkarteak lagundu digute gehienbat». Bideoak, argazkiak eta audioak eman zizkieten egunean gertatu zena ezagutzeko. «Ezagutzen joan ahala, ikaragarria iruditu zait gertatutakoa».

Bestelakoa da Iñigo de la Iglesia aktorearen kasua. Aldez aurretik ezagutzen zuen historia, eta beste bide bat hartu zuen bere pertsonaia prestatzeko: «Gasteizen parean egokitzen zitzaidan edonori galdetzen nion ea egun hartan non zegoen. Ikusgarria izan da zein prestu zeuden hitz egiteko».

Iglesiasen hitzetan, arduraz hartu zuten beren pertsonaiak antzezteko lana. «Borroka egin zuten langileak ordezkatzen ditugu Iñigok eta nik. Ardura izugarria da». Harekin bat dator De La Iglesia, batez ere gertukoek bizi izan duten historia delako.

Gasteiztarrak prest zeuden jazotakoaren berri aktoreei emateko, eta prest egon dira ere filmean parte hartzeko. Ibarrondo: «Gasteizko jendeari esker lortu dugu daukagun filma. Ehunka pertsonak parte hartu dute». Figurante gisa, bizilagun ugarik hartu zuten parte eliza barruko Poliziaren erasoa irudikatzean. Hainbat bertan ziren 1976ko martxoaren 3an. «Jendeak egunean non egon zen esaten zigun», azaldu zuen De La Iglesiak. Batzuek egun hartan zeramaten arropa bera eraman zuten grabaziora. Figuranteetako bat elizan egondako langile baten iloba da, eta aitonaren omenez parte hartu du filmean.

Artxiboko irudien erabilera

Filmerako grabatutako irudiak erabili dituzte gehienbat, baina artxibo historikoko materiala ere baliatu dute. Garaiko irudiak zein audioak sartu dituzte pelikulan, sortutakoekin tartekatuta. «Hasieratik sartu ditugu irudi eta audio historikoak. Ohitu egiten da ikuslea horrela, eta amaierara iristerako barneratuta dauka», azaldu zuen Cabacok.

Artxiboko irudiak erabiltzea, baina, ez dela lan makala izan nabarmendu zuen zuzendariak, eta sortu dizkiela arazo teknikoak ere. Izan ere, egungo irudien eta zaharren artean alderik ez egoteko, irudien kalitatea aintzat hartu behar izan dute. Formatu berrienak erabili beharrean, zaharrak imitatu behar izan dituzte.

Pelikularekin egun hartan Gasteizen gertatu zena ezagutaraziko dutela uste du zuzendariak. «Fikzioarekin jende gaztea erakarri egiten duzu. Gainera, horrela enpatia senti dezakezu pertsonaiekin, eta garrantzitsua da hori». Ibarrondoren iritziz, garaiarekiko interesa sortuko du filmak; ez Gasteizko gertakarien inguruan bakarrik, baita trantsizio garaiaren inguruan ere. «Zinemaren bidez, trantsizioaren alde ilunetan argia jarri dugu».

Hasierako ezjakintasuna gogoan, orain auzia beste era batera ikusten duela azaldu zuen Aberasturik. «Ezagutu egin behar da Gasteizen gertatu zena. Batez ere, ez dadin berriro horrelakorik errepikatu».]]>
<![CDATA[Prekaritatea jomugan, laneko osasunaren egunaren atarian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/016/001/2019-04-27/prekaritatea_jomugan_laneko_osasunaren_egunaren_atarian.htm Sat, 27 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1877/016/001/2019-04-27/prekaritatea_jomugan_laneko_osasunaren_egunaren_atarian.htm
Prekaritateaz gain, beste faktore batean jarri zuen arreta bakoitzak: LABek emakumeen egoera nabarmendu zuen; ELAk eskatu zuen minbizia sortzen duten produktuak enpresetatik ateratzea , eta CCOOk baldintza txarrekin lotu zituen lan heriotzak.

LAB ezkor agertu zen Hego Euskal Herriko zenbakiekin. Istripuen ondorioz hildako jende kopurua onartezina dela salatu zuen Ibon Zubielak, Lan Osasunerako arduradunak, eta lanaren eraginez gaixo daudenen kopuru handiena daukala erkidegoen artean.

Horrez gain, emakumeen egoera nabarmendu zuen Zubielak: «Sexuaren araberako lanaren banaketak segregazioa sortzen du. Emakumeak ezin dira baldintza beretan sartu lan merkatura, eta enplegu jakin batzuetara kondenatzen ditugu, zeinetan ez diren kontuak hartzen arriskuak».

Bilbon, Mutualiaren aurrean egin zituen mobilizazioak LABek, aseguru etxeen lana salatzeko. Salatu zuen maskulinoa den langilearen profila erabili ohi dela, inplizituki, arriskua baloratzeko edo ikertzeko garaian. «Beharrezkoa da aldaketa bat kontuan hartuko dituena espezifikotasun biologikoa eta sexuaren araberako lan banaketa».

ELAk manifestazioak egin zituen Iruñean eta Bilbon. Nabarmendu zuen ezen, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, lan istripuan hiltzen den langile bakoitzeko beste 35 hiltzen direla lanaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz.

Lantegietatik minbizia sortzen duten produktuak kentzea jarri zuen helburu sindikatuak. 2018an, Europako Batasunean akordioa egin zuten produktu gehiago debekatzeko lanlekuetan. Hala ere, neurria indarrean jartzeko, arloko ministroek eta Europako Parlamentuak berretsi behar dute. «Produktu horiek enpresa guztietatik desagertu behar dute», azaldu zuen Peio Igeregik, ELAko Lan Osasunerako arduradunak. «Kontua ez da produktu horiekin lan egiteagatik gero zer plus edo ordainsari jaso behar duten langileek». Era berean, prekaritatearekin lotu zuen Igeregik produktu horiekin lan egin beharra. «Ezin dugu ahaztu langile horiek askotan ez dutela jasotzen behar duten trebakuntza».

CCOO ere Bilbon mobilizatu zen. Kritiko agertu zen Loli Garcia, Euskadiko CCOOko idazkari nagusia, lan istripuen igoera hazkunde ekonomikoarekin eta lanpostu gehiago sortzearekin lotu baitu: «Kausa nagusiak hauek dira: prekaritatea, negoziazio kolektiboaren galera eta zenbait eragileren gaitasun falta langileen eskubideak defendatzeko».

Lan mota berriak jo zituen begiz Garciak, istripuen erantzule zuzen moduan ikusten dituelako. Hainbat hutsune aurkitu zizkien merkatuan sortzen dabiltzan lan berriei, besteak beste, kanpoan uzten dituztelako langileak prestatzea eta lan istripuak saihesteko hartu beharreko neurriak.

Jaurlaritza, konprometituta

Segurtasunik gabe kalitatezko enplegurik ez dagoela adierazi zuen atzo Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak. Haren ustez, «lan arloaren funtsezko ardatza da laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioa».

Jaurlaritzak oinarri horiekin konprometituta segitzen duela argitu zuen, horretarako Osalan eta 2015-2020 eperako estrategia bidaide hartuta. «Euskal gizarteak duen kulturan txertatu nahi ditugu segurtasuna eta osasuna».

San Josek esan zuen etorkizunean gardentasun politikan segituko dutela, baita prebentzio ordezkariak prestatzen eta istripu edo gaixotasun profesional guztiak ikertzen ere Osalanen edo Lan Ikuskaritzaren bitartez, aurrerapausoak emateko. «Lan eta Justizia Sailarentzat eta Jaurlaritza osoarentzat, urteko egun guztiak dira apirilaren 28a».]]>
<![CDATA[Bob Dylan bueltan da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1836/023/001/2019-04-25/bob_dylan_bueltan_da.htm Thu, 25 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1836/023/001/2019-04-25/bob_dylan_bueltan_da.htm ticketmaster.com eta Riffmusic sustatzailearen webguneetan.

Never Ending Tour (Bira Amaigabea) biran sartu ditu Euskal Herriko bi kontzertuak. Izenari men egiten dio birak: 1988an hasi zuen, eta 30 urte egin ditu agertoki gainean, urtero ehun kontzertu inguru eskaintzen. Dylanek estilo propioa garatuta du kontzertuetarako, eta hogei bat kantu jo ohi ditu bakoitzean.

Azken urteetan, abeslaria AEBetako abesti tradizionaletan murgilduta dago, baina unean uneko interesen arabera egokitzen ditu kantuak, ikuskizuna intimo eginez. Hori izango da kontzertuen gakoa: «Orain arte ikusi gabeko Dylan bat gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek», nabarmendu dute antolatzaileek. «Garai galdu bat aldarrikatzeko malenkonia sumatuko da, Dylanen haurtzarokoa, bizi gabeko nostalgiarena». Antolatzaileek zehaztu dute rock kulturaren ikono gorenetako bat bilakatu zela aspaldi, mende erdiko jardunarekin, baina mitoari aurre egiten jarraitzen duela aldiro.

AEBetako klasikoen bertsio berriak eskaini ditu orain artean; besteak beste, Frank Sinatra, Louis Armstrong, Bing Crosby eta Billie Holiday, betiere tarte bat eskainita bere kantu ezagunenei ere, izan Blowin' in The Wind, Like a Rolling Stone edo izan Highway 61 Revisited.

Intimoaren intimitate falta

Mugikorrak edo aparatu elektronikoak ia momentu oro falta ez diren garai hauetan, Dylanek haserre galanta harrapatu zuen joan den apirilaren 16an. Kontzertua ematen zebilen Vienan (Austria). Blowin' in the wind jotzen ari zela, kantua moztu eta ulertu ez zen zerbait esan zuen mikrofonotik, hainbat hedabidek azaldu zutenaren arabera. Buelta erdi eman eta bazihoala, anplifikatzaile batekin egin zuen estropezu, eta ia erori. Haserre, mikrofonora itzuli zen berriz: «Argazkiak egin ditzakezue edo ez. Eta guk jo egin dezakegu, edo argazkitarako jarri bestela. Ados?». Haserre jarraitu zuen emanaldia eskaintzen.

Artista estatubatuarrak jada debekatuta du komunikabideetako argazkilariak sartzea bere kontzertuetara. Ofizialki, ezin dira argazkiak atera, eta kontzertuaren antolatzaileek eta artistaren taldekoek ere ez dituzte argazkiak zabaltzen gero.]]>
<![CDATA[Irakastea arte bihurtu zuen artisau eskola]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/022/001/2019-04-19/irakastea_arte_bihurtu_zuen_artisau_eskola.htm Fri, 19 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2016/022/001/2019-04-19/irakastea_arte_bihurtu_zuen_artisau_eskola.htm
Testuinguruari begiratuz gero, Alemaniak industrializazioa hasi berria zuen XX. mende hasieran. Industriaren goraldia Alemaniaren aurretik izan zuten herrialdeeetan ordurako ezaguna zuten arazo bera, baina bakoitzak bere irtenbidea eman zion. «Bi puntu ezberdin daude arazoaren muinean», azaldu du Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak: «Batetik, industria eguneroko objektuak fabrikatzen hasten denean, praktikoak ez ezik ea ederrak ere izan behar zuten objektuek edo ez; eta edertasun hori nondik lor zitekeen». Gatazka artistiko hori sortu zenean, bazeuden artista plastikoak, baina fabrikak ekoitziko zuena diseinatzen zuenik ez. «Bestetik, makinen estetika zegoen, esaterako, trenena eta autoena».

Nola erantzun arazo horri, ordea? Walter Gropius arkitekto eta diseinatzaileak bazeuzkan zenbait ideia, eta horrela sortu zen Bauhaus eskola. «Antolaketa ezberdin bat proposatu zuen. Heziketa modu ezberdin bat», nabarmendu du Manterolak.

Heziketako iraultza

Heziketa modu berriaren funtsa tailerreko lana eta artea elkartzea izan zen; hots, ikasleek bi alorretatik ikas zezatela: batetik, alde praktikoa edo tailerrean nola lan egin; eta, bestetik, alde teorikoa edo artearen oinarriak. «Ez zituen bereizten eskulana eta lan artistikoa. Artetik zetorren esperientzia hori nola aplikatu aztertu nahi zuen, eguneroko produktuak ederrak izateko», azaldu du EHUko irakasleak. Adibidez, pintoreak jarri zituen irakasle. Ez pintura lantzen zelako Bauhausen, pintorearen jakintza plastikoa objektuetan aplikatzeko baizik.

Eskolak landu zuen beste ideia berri bat atariko kurtsoa izan zen. Zentroko ikasketak hasi aurretik, beste jakintza batzuk jasotzen zituen ikasleak. Pertsona bakoitzaren gaitasun pertsonalak aurkitzea eta garatzea zeukan helburu. Ikastaro horien bidez, ikasketak bukatutakoan hainbat esparru ezagutzen zituzten ikasleek, ordura arte ohikoa ez zena: marrazten zekiten, modelo lanak egiten, argazkiak ateratzen edo altzariak diseinatzen. «Gure fakultateko hasierako planak Bauhausetik hartutako gauzak dauzka», esan du Manterolak. «Alemaniako eskolan, oso famatuak ziren kolore ariketak. Hori oraindik ere egiten da».

Horrez gain, diseinu industrial eta grafikoko lanbideak sortu zituzten eskolan. Ordura arte, ez ziren existitzen. Gaur egun, lanbide horietan erabiltzen diren oinarri arauemaileak eta akademikoak sortu zituzten.

Irakaskuntzatik haratago arkitekturan ere eragin esanguratsua izan zuen Bauhausek, arkitektura modernoan, zehazki. Forma erabileraren araberakoa izango da zen eskolaren leloetako bat. Teoria praktikan jarriz, emango zitzaion erabileraren arabera diseinatzen zituzten espazioak; hau da, erabilera on bat emateko behar zuen irudi geometrikoa ematen zioten.

«Gure fakultateak daukan egitura hortik dator. Tailer bat dago, eta, haren barruan, teoriarako gela eta irakaslearen bulegoa», zehaztu du EHUko irakasleak. «Teoria eta praktika elkartzea du meta. Ez esatea 10:00etatik 11:00etara teoria da, eta 11:00etatik 12:00etara, praktika». Egitura horrekin, irakasleak praktika eten dezake, eta teoria eman beharrak hala eskatzen duelako. Eskola amaitutakoan ere ikasleak lanean segi dezake, badaki-eta non dagoen irakaslea dudaren bat sortuz gero.

Lehen Mundu Gerra osteko Alemanian sortu zen eskola. Nazismoaren gorakadak, ordea, zerikusi zuzena izan zuen Bauhausen garapenean. Garai gatazkatsuan bizi zen Alemania, tartean inflazioa eta krisi ekonomikoa. Ikasleak eta irakasleak ere busti ziren egoerari lotutako arazoetan. Ezkerreko mugimenduetara gerturatu zen Bauhaus, eta subertsibo fama hartu zuen. 1932an, naziak eta kontserbadoreak iritsi ziren Dessauko gobernura. Weimartik hara mugituta zeukaten egoitza, eta instituzioen diru laguntzak galdu zituzten.

Dessautik Berlinera aldatu zuten gero. Egoera ikusita, irakasle askok ihes egitea erabakita zeukaten aldez aurretik. Berlinen, 1933ko apirilaren 11n itxi zuten Bauhaus naziek. «Juduen kosmopolitismoa» eta «gain behera doan arte boltxebikea» amaitzea zuten helburu eskola itxita. Ihes egin ez zuten irakasle asko naziek hil zituzten, juduak edo ezkertiarrak izatea leporatuta.]]>
<![CDATA[Argitalpenak, artea sortzeko ahaztutako adierazpideak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-04-17/argitalpenak_artea_sortzeko_ahaztutako_adierazpideak.htm Wed, 17 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/022/001/2019-04-17/argitalpenak_artea_sortzeko_ahaztutako_adierazpideak.htm Argitalpen proiektuak eta artista-liburuak izeneko erakusketan. Liburuaren Egunaren harira museoak prestatu dituen ekitaldien artean dago erakusketa.

«Artista-liburuen ideian sakondu nahi dugu, eta horretarako balio digu erakusketa honek», azaldu zuen Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak iragan ostiralean, aurkezpenean, Arabako Kultura diputatu Igone Martinez de Luna eta museoko liburutegiko arduradun Elena Roseras alboan zituela. Museoaren liburutegiko funtsetan dauden liburuak eta objektuak baliatu dituzte erakusketarako; amaitzean, berriro ere eskura izango dira bertan.

Liburuek eta argitalpenek ez dute espazio asko behar izaten etxeko apaletan. Hori dela eta, erakusketarentzako ere museoaren areto txiki bat aukeratu dute, liburutegiaren aurrean dagoena. Bi eratako lanak jarri dituzte ikusgai: batetik, artista-liburuak, eta, bestetik, argitalpen proiektuak.

Halako lanak sortu edo sustatu dituzten artista garaikideen artean dago Cristina Iglesias eskultorea. Mar de Cortés lana da horren erakusgarri, erakusketako ale berezienetakoa dena. Artista-liburu horretan, Estancias sumergidas proiekturako ondutako zirriborroak bildu zituen eskultoreak, Mexikon, Hego Kalifornia Behereko Espiritu Santu uhartean garatu zuena. Iglesiasen Tres aguas liburua ere ikusgai dago, Toledon (Espainia) gauzatu zuen izen bereko proiektua argazki, mapa eta testuen bidez jasotzen duena.

Isidoro Valcarcel Medinaren lanak ere badira ikusgai. Bi liburu, besteak beste. Diccionario personal de la lengua española (Espainiar hizkuntzaren hiztegi pertsonala) liburuan, hiztegi ofizialetan jasotako hitzak zein beste batzuk bere erara antolatu zituen. Hitzak hiru arlotan banatu zituela azaldu zuen Elena Roserasek: «Arlo bat Pertsonala deitu zuen, eta bere hitz gustukoenak bildu zituen; beste bat Gehigarriak da, ezagutu bai baina gustuko ez dituen hitzekin osatua; eta, azkenik, Besteak arloa, ezagutzen ez dituen eta, beraz, erabiltzen ez dituen hitzena». 2000 d. de J.C (Jesu Kristo osteko 2000 urte) liburua ere erakusketan dago. Duela 2000 urtetik gaur egunera arte igarotako urte bakoitzari orri bat eskaini zion artistak. Haren ustez, urte bakoitzeko gertaera garrantzitsuena jaso zuen, eta, hortaz, historia bere erara idatzi. «Esaten zuen urte batzuetan ez zela ezer pasatu», azaldu zuen Herraezek. Auzolanean finantzatua, sustatzaileei urte bat nahieran erosteko aukera eskaini zien artistak.

Irene Kopelmanen lana ere nabarmendu du Roserasek. Zientziaren arloan egiten zuen lan Kopelmanek. Aurkikuntzaren bat egitean, hari buruzko marrazkiak egiten zituen. «Gero, oinarri horrekin, bere tailerrean pinturak edo eskulturak egiten zituen». Hainbat herrialdetara eginiko espedizioetan sortutako testuak, marrazkiak eta akuarelak daude jasota bere argitalpenetan.

Dora Garciaren lan esanguratsuak ere badira ikusgai. Horien artean dago Steal This Book izenekoa (Lapurtu liburu hau). Aurkeztu zuenean, 5.000 ale jarri zituen erakusgai, eta, Rosalesen hitzetan, museoko bisitariek ez zekiten zer egin: «Liburuari kasu eginda, ostu eta arazoak izatera arriskatu; edo portaera kanonak beteta, museotik irten, obra ulertu ez izanaren arriskuarekin». Liburutegiko arduradunak garbi utzi zuen Artiumeko erakusketatik ezin dela liburua lapurtu, ale bakarra dagoelako.

Argitalpen proiektuak

Argitalpen proiektuei dagokienean, -zko argitaletxeari lekua egin dio erakusketak. Tractora artista kooperatibak 2018an sortu zuen, artearen eta ezagutzaren beste diziplina batzuei buruzko lanak argitaratu eta banatzeko. Bere hainbat lan jarri dituzte ikusgai, esaterako, Baporak. La flota vasca en el Oceano Índico, Mikel Eskauriazaren argazkiak dituena.

Horrez gain, beste bi lan ere badira. Batetik, Geldi 2011-2017. Descenso de goitibeheras, Usue Arrieta eta Vicente Vazquezena. «Goitibeheren argazki eta datu mordoa jaso eta artxibatu dituzte», Herraezek azaldu zuenez. Goitibehera bakoitzaren argazkia, jaitsiera data, argazkia eta eraikitzeko izandako prozesua daude jasota liburuan. Eta, bestetik, Soineko Paisaia lana ere ikusgai da, Nader Koochakirena. Liburuaz gain, hiru LP biltzen ditu proiektuak, besteak beste, zintzarrien soinuen grabazioak jasotzen dituztenak. Paisaia ulertzeko beste modu bat proposatzen du, soinu bidezkoa. Gipuzkoako soinu-mapan artzaintzak duen eraginari buruzko testuak, soinuak eta katalogazio lana biltzen ditu argitalpenak.

Alias proiektuak ere badu bere txokoa. Proiektu horrek gaztelerara aurrez inoiz itzuli gabeko edo katalogotik kanpo geratutako arteari buruzko testuak plazaratu zituen. Horietatik, besteak beste, Marcel Duchampekin Pierre Cabannek izandako solasaldia jasotzen duen testua dago.

Halaber, Lalavandera argitalpen proiektua ezagutzeko aukera ere ematen du erakusketak, Elena Aitzkoak eta Raul Dominguezek 2013an sortutakoa. Poemak, argazkiak eta marrazkiak biltzen dituzten hainbat liburu daude proiektuaren erakusgarri.]]>
<![CDATA[Nor bere tokiaren bila apalategietan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/014/001/2019-04-13/nor_bere_tokiaren_bila_apalategietan.htm Sat, 13 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1890/014/001/2019-04-13/nor_bere_tokiaren_bila_apalategietan.htm
Iazkoa ez zen izan urterik onena ardo ekoizleentzat. Hala diote behintzat Errioxa sor-markaren kontseilu arautzailearen zenbakiek: ardoaren salmenta %7,35 jaitsi zen: 21 milioi litro gutxiago. Nazioarteko salmentei erreparatuz, jaitsiera ia %11koa izan zen. Nafarroako ardoen salmenta 11 milioi litro txikitu zen (-%5,4).

Urte txarrak, dena den, ez ditu asko kezkatu ekoizleak. «2017an mahatsaren oso uzta txarra izan genuen munduan», azaldu du Jose Luis Lapuente Errioxa sor-markako zuzendari nagusiak. Izozteek zuzenean eragin zieten mahastiei, eta ez zuten aurreko urteetan beste eman. Merkatuaren logikari jarraikiz, eskaintza apalagoarekin salneurriek gora egin zuten. Erosleek ez zuten horren ondo hartu igoera: «Bizkarra eman ziguten bezeroek. Mezua garbia zen: prezio batetik gora bazaude, ez dizugu erosiko», argitu du Javier Ruiz de Galarreta Araex Arabako Errioxako upategi esportatzaileen taldeko zuzendariak.

Urte hasieran, zenbakiek ez dute hobera egin. Errioxa sor-markan %15 jaitsi ziren salmentak urtarrilean, eta %1,7 otsailean. «Goiz da oraindik larritzeko. Lehenengo hiruhilekoko edo lauhilekoko zenbakiak dauzkagunean ikusiko dugu», zehaztu du Lapuentek.

Lasaitasun mezua zabaldu du Sonia Benito Nafarroako Upategien Elkarteko kudeatzaileak ere: «Epe motzean, espero dugu merkatuko kuotak berreskuratzea».

Egoeragatik kezkatuta

Ordea, Arabako Errioxako upategiek ez dute horren begi onez ikusten egoera. Ez dute izan sor-markako gainontzeko ardoek adinako jaitsierarik, baina sor-marka bera muga bihurtu zaie neurri handi batean. «Upategi gehienak dagokien baino merkeago ari dira saltzen ardoa», nabarmendu du Ines Baigorrik, Abra Arabako Errioxako upategi txikien elkarteko zuzendariak. Abrakoek Arabako Errioxako klima eta lurra probestu nahi dituzte; balio erantsia lortu, egoera geografikoa dela medio lortzen dituen ezaugarriekin. «Enpresa txikiak gara, eta produktu berezi eta bereizia egiten dugu. Txapel modura daukagun markak ez badauka baliorik, kalte egiten digu».

Antzeko arazoa aurkitu dute Araexeko kideek ere. Ruiz de Galarreta elkarteko zuzendariak azaldu du sor-markaren posizionamendua kaltegarria zaiela. «Zortzi edo bederatzi euroko ardo botilak ondo saltzen ditugu. Hortik aurrera, jaitsi egiten dira salmentak». Kontua da kosta egiten zaiela Errioxa zigilupean ardoa garestiago saltzea, bezeroek ez dutelako identifikatzen sor-marka hori ardo berezi moduan, horrenbesteko balioko ardo moduan.

Hala ere, Araexekoek begi onez ikusten dute etorkizuna. 2017an, Errioxa sor-markak produktuak segmentatzeko erabakia hartu zuen. 2018tik aurrera, zigiluaren barruan sartu zituzten hainbat ardo kategoria: herrikoak, eskualde batekoak eta mahasti berezietakoak. Baldintza batzuk betez gero, etiketan jarriko dute zer herri, eskualde edo mahasti berezitakoa den. «Orain, esaterako, Arabako Errioxa jarri ahal izango dugu, Errioxa sor-markaren tamaina berdinarekin, letra tipo berdinarekin», argitu du Ruiz de Galarretak.

Neurri berriak produktuak segmentatzeko balio izango die; Errioxa sor-markaren barruan Arabako Errioxari balio erantsia emateko erabili nahi dute. Ez Arabako Errioxari bakarrik, baita Guardia herriari edo Bastidari ere, eta hogei urteko mahastiei. «Teknologia berriekin, bezeroak upategiraino irits daitezke», zehaztu du Ruiz de Galarretak. «Ezin dugu jarraitu Errioxa marka erabiltzen inguru guztiak berdinak balira bezala».

Baigorrik argitu du Abrakoentzat «lehenengo urratsa» dela, baina oraindik badaudela gehiago emateko. «Kontseilu arautzailearentzat, ardo garrantzitsuena ardo normala da. Mahasti bereziei, herrikoei eta eskualdekoei garrantzia gehiago ematea lortu behar dugu».

Berez, 2018an onartu zuten neurria, baina ez orduko ardoak horrela etiketatzeko garaiz. 2019 amaiera aldera merkaturatuko dituzte produktuak etiketokin. Ikusteko dago, beraz, erabakiak zenbateraino balioko dien Arabako Errioxako ekoizleei.

Nafarroa sor-markoek, berriz, ardoak nazioartean gehiago saltzea jarri dute helburu. «Sustapena bultzatuko dugu markatutako herrialdeetan: azokak, misio komertzialak eta abar», nabarmendu du Benitok. Txinan, Alemanian eta Erresuma Batuan saltzen dituzte atzerrian ardo gehien Nafarroako upategiek.

Nazioarteak garrantzia du Arabako Errioxako upategientzat ere; denek saltzen dituzte ardoak atzerrian. Baina nazioarteari buruz hitz eginda, nahitaezko galdera dator: zer gertatuko da brexit gogorra izaten bada?

«Guretzat, merkatu oso interesgarria da Erresuma Batua», esan du Josu Garaialde HAZIko sustapen zuzendariak. «Ia ez daukate berezko ardorik, prezio polit batean erosten digute, eta geografikoki ez dago urrun».

'Brexit' gogorraren eragina

Akordiorik gabe Europako Batasunetik irteteak, ordea, eragin gogorra izango luke produktu esportatzaileentzat. «Ikaragarrizko ilarak sortuko lituzke aduanan», uste du Ruiz de Galarretak. «Gainera, ardoa ere laborategietan aztertu beharko lukete. Asko atzeratuko zen dena. Ardoa saltzen duten denda asko stocka osatzen dabiltza».

Orokorrean, dena den, lasaitasunez begiratzen diote Erresuma Batuaren dibortzioari: inork ez du espero bat-batean herrialdea batasunetik irtetea. Baina, hala gertatuko balitz ere, Abrakoen kezka larriena ez da merkatua bera galtzea, baizik eta bestelako ondorioak jasatea: «Erresuma Batua ez da horren garrantzitsua gurean. Baina saltzaile asko beste merkatu batzuetara joango lirateke, gure upategiak dauden merkatuetara».

Egon badago aukera itunik bako brexit-a gertatzeko, eta Garaialdek argitu du begiz jota dauzkatela beste merkatu nagusi batzuk. «AEBetako eta Japoniako merkatuak garatzen saiatu behar dugu. Japonia da munduan ardo erosleen artean seigarrena, eta AEBak lehenengoa. Gainera, prezio onean erosten dizkigute ardoak: litroa sei eurotik gora AEBetan, eta bost eurotik gora Japonian».]]>
<![CDATA[Arte eszenikoen zurrunbiloa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/036/001/2019-04-12/arte_eszenikoen_zurrunbiloa.htm Fri, 12 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1879/036/001/2019-04-12/arte_eszenikoen_zurrunbiloa.htm
Oihartzuna izan dute aurreko urteetan egindako ekitaldiek, Suarezek azaldu duenez, Zurrunbilok plaza eskaintzen dielako euskal artistei: «Araban ez dago aukera asko euskal antzerkia eskaintzeko; ez dago antzoki asko. Nik uste dut Gasteizera etortzea aukera bikaina dela artistentzat euren lana Araban ezagutarazteko».

Gaur hasiko dute jaialdia, 19:00etan, Inondik inora haurrentzako antzerkiarekin, Baratza aretoan bertan. Banatzen dituzten gutunak ireki ezin dituzten bi postariren istorioa kontatuko du Benetan Be konpainiak. «Haurrentzako lana izan arren, antzezlan ona bada balioko die helduei ere», nabarmendu du Suarezek.

Bihar, ikuskizunei dagokienez, bi lan emango dituzte aretoan, bata bestearen atzetik. Lehena Agur eta dolore antzezlana izango da, 20:00etan. Miren Gaztañagak eta Iraia Eliasek taularatuko dute obra, bien artean eraikia. Bi emakume jarriko dituzte sorkuntzaren aurrean, kulturaz eta horrek duen pisuaz gogoeta eginez, daukan eraginaz eta bakoitzak dauzkan mamuez.

Ikuskizuna bukatu bezain pronto, Eva Guerreroren Gorpuztu prozesuan dantza lanarekin jarraituko du saioak. Erlijioek egiten duten erabileraren gaineko ikerkuntzatik sortu du ikuskizuna Guerrerok, eta zuzeneko musika eta dantza garaikidea lotu ditu horretarako.

Igandean, Korrikako jaia bukatu eta gero, Zazpi senideko obra eskainiko du Axut konpainiak. Anai-arreben arteko harremanari buruzko lana ondu dute, erakutsiz nola bizi daitekeen zazpi egoera ezberdinetan; adibidez, espetxea tartean denean, edo auto istripu baten ondorioz senide bat hil denean. Ander Lipusek zuzendu du, eta Ximun eta Manex Fuchs anaiek taularatu. 19:00etan egingo dute, Baratza aretoan.

Artearen jardunaldiak

Euskal arte eszenikoko profesionalen jardunaldiak dira berritasun nagusia egitarauan. «Profesionalentzako txoko bat sortu nahi izan dugu», argitu du Marina Suarezek. «Antzerkiari buruz hitz egin nahi dugu, eta Euskal Herriko hainbat eragile gonbidatu ditugu». Bihar hasiko dituzte jardunaldiak, 16:00etan, aretoan bertan, eta, lehenengo ekitaldi gisa, Baratza gunea bera eta Zurrunbilo jaialdia aurkeztuko dituzte.

Ostean, 16:45ean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) Ekin eta joka liburua aurkeztuko dute. Bukatutakoan, solasaldia prestatu dute, honako gai hau mahai gainean jarrita: Euskal arte eszenikoen zergatia: norentzat eta norainokoak. Amaia Alvarezek, Idoia Gereñuk, Amancay Gaztañagak, Bapatean zirkuko kideek eta Oier Guillanek hitz egingo dute gaiaren inguruan, Iñaki Ziarrustak gidatuta.

18:15ean bukatuko dituzte jardunaldiak, koktel batekin. «Jendeak elkar ezagutzeko balio izango digu», adierazi du Suarezek.

Egun bakoitzerako sarrerak 6 euroan daude salgai, eta 9 euroan izango dira leihatilan. Hiru eguneko bonua ere salgai jarri dute, 16 euroan. Korrikaren lagunek %50eko deskontua izango dute.]]>
<![CDATA[Oinarri berarekin, baina berrituta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/030/001/2019-04-11/oinarri_berarekin_baina_berrituta.htm Thu, 11 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1873/030/001/2019-04-11/oinarri_berarekin_baina_berrituta.htm Chico Tornado oholtza gainean. «Ederra da horrelako nortasuna izatea gure musikak». Bikotearen estiloak ondo finkatuta dauzka oinarriak; hala ere, ez dira horretara mugatu. Disko berria kalean dute joan den martxoaren 1etik: Aitzstar. Oinarria mantenduz musika berria eskaintzen jarraitzen dute. Aurkezpen biran dabiltza orain, eta Bilboko Kafe Antzokian joko dute gaur.

Diskoaren izena bera ere berezia da. Ingelesa eta euskara nahastearekin jolastu izan dute aurretik ere; Lainoland (2015) diskoa horren adibide. «Rock izar erabiltzen dugu normalean», azaldu du Usua De la Fuentek, Chica Tornado artista izena. «Hitzari buelta ematea da. Euskarazko zatia ingelesez, ingelesezkoa euskaraz. Ironikoa ere bada».

11 abesti batu dituzte azkenengo lan honetan. Diskoa lasaiagoa gelditu zaiela zehaztu dute, baina funtsa bera dela nabarmendu du de la Fuentek, instrumentu berdinak erabiltzen dituztela. «Agian orain bakoitzak hobeto aurkitzen du bere lekua». 2013an kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta garapen natural batekin lotu dituzte ordutik hona izandako aldaketak. «Azkenean, diskoak taldearen momentuko argazkiak dira. Bere gauza on eta txarrekin».

Azken disko hau prestatzeko eta grabatzeko, ordea, aurrekoekin hartu gabeko erabakiak hartu dituzte. Batetik, zuzeneko kontzertuak etetea zazpi hilabetez; bestetik, Tarragonan (Herrialde Katalanak) grabatzea; eta, azkenik, Ricky Falkner ekoizlearekin lan egitea.

Zuzenekoek lotura estua dute bikoteak lortu duen famarekin. Zenbatuta dituzte jotako kontzertuak, eta «berrehundik gora» direla esan du Soretek. «Zuzenekoetan gu ikusteak zirrara sortzen dio jendeari, bai Euskal Herrian, Katalunian, Galizian zein Espainian». Zehaztu dute bi artisten artean sortzen den hitzik gabeko elkarrizketa dela jendeari eragiten diona; begirada batekin komunikatzeko gaitasuna izatea, finean.

Grabatzera jarri aurretik zuzenekoetan etenaldia egiteak izan du eragina lan berria prestatzerakoan. «Presio gabe landu dugu, lasaiago», argitu du De la Fuentek. «Denbora eman digu abestiei buelta gehiago emateko, hobetzeko eta lantzeko».

Grabazio tokia ere aldatu dute oraingoan. Tarragonako Banyeres del Penedesen izan dira, Casamurada estudioetan.

Hala ere, eragin handiagoa izan du Ricky Falkner ekoizlearekin jardun izanak. Egon Soda musika taldeko kide da egun, eta Standstill taldean ibili zen urte luzetan. Nazioarteko taldeekin egin izan du lan; Love of Lesbian eta Lori Meyersekin, esaterako, baina baita euskal taldeekin ere, hala nola Berri Txarrak-ekin.

Berritasun bat aurkitu nahi izan dute nazioarteko ekoizlearekin; oinarri bera duen musikari beste begirada bat eskaintzea, finean; begirada fresko bat. «Zuk lan bat eginda daukazunean, denbora asko eskaini diozu lan horri baina behar duzu beste norbaitek entzutea beste begirada bat emateko», esan du Soretek.

Grabazioetan adostasun «bikaina» izan dutela eta ia «eskutik helduta» joan direla nabarmendu dute artistek. Esker onez hartu dituzte Falknerren proposamenak: «Eskertu dugu abestiren bateko uneren batek zerbait falta zuela iradokitzea, adibidez».

Bukaerako emaitzarekin «oso gustura» gelditu dira Niña Coyote eta Chico Tornado. «Lan handia hartu dugu», onartu dute.

Orain, diskoaren aurkezpen biran murgilduta daude. Gaur, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua, 21:30ean; bihar, Gasteizeko Jimmy Jazzen; eta larunbatean, Donostian, Intxaurrondo Kirol Elkartean. Maiatzean kanpoan izango dira, Galizian, Valentzian eta Madrilen, eta Iruñeko Rock Festival jaialdian parte hartzera itzuliko dira.]]>
<![CDATA[Gaurgeroa, Hego Euskal Herriko pentsiodunen lehen elkartea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/013/001/2019-04-10/gaurgeroa_hego_euskal_herriko_pentsiodunen_lehen_elkartea.htm Wed, 10 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1879/013/001/2019-04-10/gaurgeroa_hego_euskal_herriko_pentsiodunen_lehen_elkartea.htm
Lehenengo biltzarra bukatu ondoren jakinarazi zituzten adostutako gaiak Hego Euskal Herriko pentsiodunen elkarteek. Garrantzitsuena Gaurgeroa koordinakundearen sorrera izan zen. Horrek ekarriko du aurrerantzean modu koordinatuan ariko direla Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko elkarteak. Herrialde bakoitzeko biltzarretan aukeratutako 24 kidek osatuko dute koordinakundea, eta lau bozeramaile egongo dira. Herrialde bakoitzak bozeramaile bat izango du, eta bi emakumek eta bi gizonek beteko dituzte lanak.

«Aurretik ere egin izan ditugu bilerak lau herrialdeetako ordezkarien artean», azaldu zuen Jospo Barrutia bozeramaileak. Dena den, atzoko biltzarrak «ofizialtasuna» eman dio aurretik egiten ari zen elkarlan guztiari. Koordinakundeak helburu izango ditu «pentsiodunen mugimendua dinamizatzea, antolatzea, eztabaidak sustatzea eta eztabaida horien ondorioak hedatzea».

Horrez gain, orain arteko aldarrikapenak berretsi zituzten. Pentsioak automatiko igotzea eskatzen dute, prezioen garestitze errealaren arabera. Betiere, kontuan hartuta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa nahi dutela. Haatik, Gaurgeroak ez du pentsioetara bakarrik murriztuko bere borroka. Lan erreforma begiz jota daukate, eta hura bertan behera uztea eta gutxieneko 1.200 euroko soldata ezartzea eskatuko dute, orain arte bezala; emakume eta gizonen arteko soldata eta pentsio arrakala gainditzea ere eskatuko dute.

Mobilizazioei esker

Bozeramaileek nabarmendu zuten garbi dutela «lortutako apurrak» egindako mobilizazioei esker lortu dituztela, eta atzerantz urratsen bat eginez gero pentsioen murrizketak berriro ere indarrean sartuko direla. Argitu zuten astelehenero 13.000 pertsonatik gora biltzen direla gero eta herri gehiagotan. «Zoritxarrez, lortutakoa ez dago bermaturik», azaldu zuen Marian Otxoak. «Estatuak lotsagabeki muzin egiten dio Europako Gutun Sozialak dioenari». Kritika, dena den, ez diote Espainiako Estatuari bakarrik egin. Hego Euskal Herriko bi gobernuei ere egin dizkiete: «Bide beretik doaz, eta ez dute urratsik egin, eskatzen diegun osagarriak abian jarriz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzeko».

Gobernu horiei galdegin zieten bizi den egoeraren neurriko pentsioak bermatzea. «Exijitzen diegu pentsio duin, publiko, bidezko eta behar bestekoak ezartzea», esan zuen Barrutiak. Era berean, euskal erkidegoen eskumen falta nabarmendu zuten pentsioak bermatzeko. «Ezagutzen dugu eskumen defizita. Horregatik, agertu nahi dugu gure konpromisoa pentsio sistema publikoa eraikitzea ahalbidetuko duen estatus politiko berri batekin».

Apirilaren 13ko eta maiatzaren 11ko mobilizazioetan ahalegin berezia egingo dute langileek, emakumeek, gazteek, eta eragile sindikal eta sozialek parte hartzeko.

Duela hamar urte hasi zuten bidea Arabako, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko pentsiodunen elkarteek. Besteak beste, osasun alorreko ordainketa partekatuaren aurkako sinadurak batu zituzten, eta herri ekinaldi legegileak aurkeztu zituzten pentsiodunen egoera aldatzeko.]]>
<![CDATA[Ihes egiten duten uneak gorpuztu ditu artelanetan Marina Suarezek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1847/033/001/2019-04-04/ihes_egiten_duten_uneak_gorpuztu_ditu_artelanetan_marina_suarezek.htm Thu, 04 Apr 2019 00:00:00 +0200 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1847/033/001/2019-04-04/ihes_egiten_duten_uneak_gorpuztu_ditu_artelanetan_marina_suarezek.htm Txiribita. Leku ezegonkor bat erakusketan, hots, eskultura bilakatu ditu. Objektuez haratago, baina, soinuak eta irudiak ere bildu ditu. Hilaren 30era arte ikusi ahalko da erakusketa, Gasteizko ARTgia aretoan.

Egunerokoan erabiltzen diren objektuekin osatu ditu obrak artistak. Eskultura txikiak dira, elkarren ondoan itxuraz zentzu askorik ez duten objektuekin eraikiak; eskuoihal bat egurrari itsatsita, esaterako. «Zure subkontzientean, zure ametsetan, badu zentzua, badu bere logika. Sortzean, hori saiatu naiz ulertzen», adierazi du Suarezek.

Objektuak elkartzea izan da erakusketa osatzeko prozesua. Elkarketei zentzu bat aurkitzea: «Prozesu hau, niretzako, jolas bat izan da. Moldatzen hasi, eta, bat-batean, beste batekin muntatuta, gauza batek zentzua zeukan». Arreta ematen zioten materialekin jokatu du artistak. «Materialak juntatzen dituzu, eta zerbait agertzen da. Intuizioarekin edo inkontzientearekin egindako lan bat da».

Marmol faltsuzko Diskobolo estatua batekin hasi omen zen dena, baina. Estatua horren puskak ageri dira erakusketako obra batean baino gehiagotan. Suarezek aberats etxe batean lan egin zuenekoa da abiapuntua. Eskailera batzuen buruan zeukaten marmol faltsuzko estatua hori. «Ezin zuten etxea ordaindu. Dena oso arranditsua zen, oso azalekoa». Hainbat arrazoi direla medio, artistaren tailerrean bukatu zuen disko jaurtitzaileak. «Prozesua hasi nuenean, estatua hartu, eta hautsi egin nuen. Haren hondarrekin hasi nintzen eskulturak eraikitzen».

Ikusi eta entzun

Espazioaren erabileran ere jarri du arreta Suarezek. Objektuak «ondo» kokatzea garrantzitsua dela eta espazioak berak zerbait eskatzen duela nabarmendu du erakusketaren aurkezpenean. Pertsona orok barruan daukan dekoratzaile senarekin gogoratu dela erantsi ere bai: «Etxea dekoratzeko zerbait jartzeari garrantzi handia ematen diogu. Baina zein estetika logikak bultzatzen zaitu horretara?».

Eskulturek garrantzia daukate ARTgia aretoan, baina irudiek eta soinuek ere badute beren rola. Bideo bat osatu du Suarezek, sortze prozesuak iraun bitartean aurkitu dituen irudiekin. «Egunero, kasurik egiten ez diegun gauza pila bat ikusten dugu. Burura sartzen zaizkigu, eta gure iruditeria osatzen dute. Ametsetan agertzen zaizkigu irudi horiek». Inkontzientea, berriro ere. Eta inkontziente horrentzako soinu banda ere proposatu du. Horretarako, kalean, hainbat pertsona hamaka batean etzanarazi zituen, begiak tapatu zizkien eta musika jarri zien. «Bidaian eramaten zituen soinua jartzen nien. Nire ustez, subkontzientziara zeramatzan bidaia hark».]]>
<![CDATA[Faborito argirik gabe jokatuko da Arabako bertsolarien finala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1871/023/001/2019-03-27/faborito_argirik_gabe_jokatuko_da_arabako_bertsolarien_finala.htm Wed, 27 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1871/023/001/2019-03-27/faborito_argirik_gabe_jokatuko_da_arabako_bertsolarien_finala.htm
«Txapelketa oso parekoa izan da. Edozer gauza gerta zitekeen», azaldu zuen atzo Viñasprek, finalerako bideaz aritzean. Guztira hemezortzi bertsolarik parte hartu dute txapelketan: sailkapen fasea pasatu zutenek eta aurreko txapelketako finalistek. Sei sailkatu dira azken saiorako. Aurrez aurre jarriko dira gaztetasuna eta esperientzia. Lau txapel dauzka Pereak, bi Agirrek. Viñasprek, berriz, ez du final bat huts egin 2004tik. Igoak hirugarren finala izango du, eta lehen aldiz abestuko dute finalean Abarrategik eta Arrizubietak.

Hiru belaunaldi elkartuko ditu Principaleko oholtzan txapelketako finalak, eta horrek nolabait Arabako bertsolaritzaren «katea» erakusten duela nabarmendu dute bertsolariek. «Peru [Abarrategi] eta Aroa [Arrizubieta] kenduta, beste guztiak nire bertso irakasle izan dira», esan zuen Igoak. Aldamenetik gaineratu zuen Abarrategik berak Arrizubieta ez beste guztiak izan dituela irakasle.

Finaleko lanetan hiru ofizio osatu beharko dituzte binaka: zortziko nagusian, hamarreko txikian eta seiko motzean. Bakarka, bina puntu erantzun beharko dituzte, eta bi bertsoz josi gai bat. Puntu gehien jaso duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Fase horretan, berriz, ofizio bat abestuko dute Iparragirre abila dela doinuan, eta, bakarka, hiru bertso kartzelan nahi duten doinu eta neurrian.

Lierni Altunak jantziko dio txapela irabazleari. Urte askoan egindako lan isila eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak. 1997an hasi zen bertso eskolan, eta, ordutik, antolatzaile eta gai jartzaile aritu izan da. «Atzean dagoen lantaldearen ordezkari moduan ikusten dut neure burua», argitu zuen Altunak. «Bertsolaritza talde lanaren emaitza da, eta finalean ere ikusten da hori».

Bertsolaritza Araban

1984an jokatu zuten Arabako lehenengo txapelketa. 2002ra arte, izenez, Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso sariketa izan zen arabarren arteko lehia bideratzeko tokia. «84an antolatu zenetik, aldaketa dezente izan ditu gaurdaino», zehaztu zuen Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak. «Egindako aldaketa eta aurrerapauso guztiei esker lortu dugu gaur egun gauden tokian egotea».

Egun, Bertsozale Elkartetik herrialde osoan lantzen dute bertsolaritza ikastetxez ikastetxe; hainbat herritan bertso eskolak daude, eta bertsolaritzaren lanketa eskualde guztietara zabaldu dute. «Arabar geografia osoan zehar egiten dira hainbat formatutako bertso saioak», nabarmendu zuen Suarezek.

Sarrerak salgai daude antzokiaren ohiko bideetan: leihatilan, telefonoz eta Internet bidez. 10 euroan bazkideentzakoak, 5ean 16 urtetik beherakoentzakoak, eta 15ean arruntak.]]>
<![CDATA[Emanaldi kopuruari muga kentzeko tramitea hasi du Eusko Jaurlaritzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/023/001/2019-03-23/emanaldi_kopuruari_muga_kentzeko_tramitea_hasi_du_eusko_jaurlaritzak.htm Sat, 23 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2029/023/001/2019-03-23/emanaldi_kopuruari_muga_kentzeko_tramitea_hasi_du_eusko_jaurlaritzak.htm
Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5ean onartu zuen ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen dekretua. Berez, onartu eta bi hilabetera sartuko da indarrean, apirilaren 21ean. Hala ere, Segurtasun Sailak jakinarazi du dekretua aldatzeko tramitea abiarazi dutela. Emankizunen gehieneko kopuruaren muga kenduko du tramite horrek, eta eraldatutako dekretuan aretoek ez dute inongo mugarik izango, ez hilabetean, ez urtean. Urgentziaz tramitatuko dute, baina ez dago garbi apirilaren 21erako aldaketa eginda egongo den edo ez.

Neurriaren aurkakoak

Dekretuaren berri izan eta gutxira batu ziren Arteak Ireki plataforman artistak eta ostalariak. Izatez, hainbat puntu arautzen ditu testuak, besteak beste, segurtasunari eta salneurriei buruzkoak. Oro har, dekretuarekin bat egiten du plataformak, baina emanaldiak mugatzearen aurka azaldu zen hasieratik. «Mugak ikuskizunei eta aisialdi ekintzei eragiten die, gehiago zehaztu gabe», azaldu zuen Miren Narbaiza plataformako bozeramaileak. «Eragin diezaieke antzezlanei, bertsolariei, DJ saioei eta erakusketei».

Ez dira izan aurka azaldu diren bakarrak, ordea. Joan den astean, dekretuaren inguruko legez besteko proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren aldeko botoekin. Besteak beste, muga kentzeko eskatu zioten Jaurlaritzari. Segurtasun Sailak helarazi duen oharraren arabera, legez besteko proposamen hori da tramitea hasteko arrazoia.

Iñaki Landa Arteak Ireki plataformako kideak nabarmendu du pozik hartu dutela albistea: «Oso pozik gaude berriarekin. Hala ere, jakin nahi dugu noiztik aurrera balio izango duen. Zalantzak ditugu». Albistearen berri prentsaren bidez izan dutela adierazi du, eta inor ez dela eurekin harremanetan jarri. Neurriaren aurka egiteko, Arteak Ireki eguna deitu zuten gaurko —kulturgileak herrietan ekitaldiak antolatzera deitu zituzten—, eta, Jaurlaritzak atzera egin arren, eutsi egingo diote. «Guk dakigula, 34 herritan prestatu dituzte protesta ekintzak. Ikusgarria da», esan du Landak. Ezerezetik hasita, ostalari eta artista andana batzea lortu dutela txalotu du plataformako kideak.

Ikuskizun kopuruaren mugaren aurka egiteko sortu zen Arteak Ireki, baina muga bera kenduta ere, kulturaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute: «Aurrera begira, garaipen bat da muga kentzea. Baina lortu behar dugu Kataluniako eta Bartzelonako eredua martxan jartzea Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian». Apirilean onartuko duen erregelamenduan, Bartzelonako Udalak aretoei eskatuko die kultura sustatzeko diru laguntzak jaso ahal izateko urtean gutxienez 40 ikuskizun programatzeko. «Kulturaren aldeko politikak egiteko garaia da», adierazi du Landak.]]>
<![CDATA[Umore azidoa, txelo doinuekin jantzita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2065/023/001/2019-03-21/umore_azidoa_txelo_doinuekin_jantzita.htm Thu, 21 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/2065/023/001/2019-03-21/umore_azidoa_txelo_doinuekin_jantzita.htm Trigger izena aukeratu zuen Eñaut Zubizarreta musikariak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1992). Izen artistikoak berak ondo definitzen du haren lana. Pistolarekin tiro egiteko erabiltzen den kakoari edo katuari esaten zaio trigger, ingelesez. Musikariak gaur-gaurko gaiak ditu jopuntuan, baina umore azidoz busti ditu. Esku bi hamar hatz lehen diskoan batu ditu orain arte sortutako abestiak. Ez du musika estilo zehatz bat jarraitzen, txeloarekin bakarrik arituta zaila baita haren ustez bakarra lantzea. Baina hainbat estiloren zantzuak nabari dira abestietan, eta izaera propioa du kantu bakoitzak.

«Esaldi bat du Rage Against the Machine musika taldeak: haserrea opari bat da», azaldu du Eñaut Zubizarreta Trigger-ek. Munduarekin haserre pasatu zituen ikasketetako azken urteak, eta orduan sortu zen Trigger bakarlaria. «Izenarekin tiro egiteko gogoa adierazi nahi nuen. Ez derrigorrez inori, norbere buruari ere bai». Haserreak eragin zuzena izan du artistarengan; bai haren soinuetan zein hitzetan, bai zuzeneko kontzertuetan.

Ahots grabea du txelo jotzaileak, eta instrumentuaren soinua ere ez da zolia. «Ukitu iluna badu diskoak», adierazi du Zubizarretak. Abestien hitzak ere bat datoz ukitu ilun horrekin; besteak beste, sare sozialen erabilera eta pinuen presentzia gehiegizkoa salatzen ditu horietan.

Musikalki, estilo bakar bat landu baino, nahiago izan du doinuak berak marka zezala kantuaren estiloa. «11 abesti dira, eta abesti bakoitzak bere izaera propioa du», azaldu du artistak. Punk tankera dute hainbat abestik, eta hardcore edo stoner kutsua beste batzuek. «Hari eramaile bat aurkitzea da gakoa, eta, gero, horri gehitzen diozu eskatzen duena. Adibidez, hari hori doinu bat bada, perkusioa gehitzen diot, eta, gero, ahotsa». Funtsean hari horrek berak markatzen du zein izango den estiloa. «Saiatzen naiz estilo batera ez lotzen. Disko honekin uste dut hori lortu dudala».

Izatez, musika klasikoan aritzera bideratutako ikasketak egin zituen Zubizarretak. Hala, orkestra batean jotzen amaitzea litzateke ohikoena. Ordea, nahiago izan zuen gaur egungo musikan txeloa nola sartu ikasi. «Musika modernoko eskolak hartzen hasi nintzen, eta mundua zabaldu zidan irakasleak», azaldu du. Biolontxeloaren moduko musika tresna klasiko bati beste erabilera batzuk emateko teknikak ikastea izan zen gakoa. «Oso adierazgarria da arkuaren teknika. Soinu perkutiboa eta harmonikoa batera ematen dituzu. Orduan, bateria bat daukazu txeloan».

Probak egitea eta beharrezkoa dena aldatzea; gutxi gorabehera hori izan da bere musika garatzeko Triggerren ariketa. Teknikak ikasteaz gain, pedalak ere erosi zituen, tartean, looper-a. Soinua grabatzeko aukera ematen du pedal horrek, gero artista beste zerbait jotzen dabilela grabazioa erreproduzitu ahal izateko.

Zuzeneko ikuskizuna

Aurretiaz jotako doinuak grabatu ahal izateak eskaintzen dio Triggerri diskoko kantuak zuzenean interpretatu ahal izatea. Izan ere, abestiak ez ditu txeloarekin lortutako soinu bakar batekin osatzen. Zati bat grabatu eta, berriz abiarazita, beste zati bati gehitzen dio; besteak beste, Mursegok egiten duen moduan. Abesten baino ia denbora gehiago pasatzen du pedalak zapaltzen. «Zaila da txeloa jotzeko trantzea mantentzea eta aldi berean pedalei adi egotea. Ikasten nabil». Hala, zuzenekoak baditu bere zailtasunak; huts bat igarri egiten da, esaterako. «Grabatutako zati batek denbora tarte zehatz bat iraun behar du. Laburragoa bada, dena aldatzen da». Diskoko abesti berak jotzen ditu zuzenean, baina ez modu berean.

Hasi eta buka, berak ekoitzi du bere lehen lana, hainbat lagunen laguntzarekin. Oraingoz, 200 ale atera ditu, eta kontzertuetan zein Aretxabaletako Urbaltz tabernan izango dira salgai.]]>
<![CDATA[Azukrearen arrastoa Araban]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/010/001/2019-03-20/azukrearen_arrastoa_araban.htm Wed, 20 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1872/010/001/2019-03-20/azukrearen_arrastoa_araban.htm
Abenduan hasi zen katramila nekazarien eta La Azucareraren artean. Izatez, bost urterako zeukaten adostuta zein izango zen erremolatxaren prezioa. Enpresak, ordea, tratua haustea erabaki zuen, merkatuan dirua galtzen ari zela argudiatuta. Beste eskaintza batekin hurbildu zitzaien laborariei: aurreko prezio finkoa ordaindu ordez, gutxieneko kopuru bat bermatu nahi zien, eta gainontzekoa, azukrearen merkatuko prezioaren arabera. Eskaintza ez da nekazarien gustukoa izan.

Azukrearen salneurriak nahiko gorabehera izan du azken urteetan. Europako Batzordeak ebatzi zuen azukre kuotak kendu egin behar zirela; hots, ezin zela zehaztu zenbat azukre ekoitzi zitekeen gehienez urtean. 2017an aplikatu zen neurria, kolpetik. Horren ondorioz, Europako azukre produkzioak gora egin zuen: bi milioi tonako azukre defizita izan ondoren, lau tonako soberakina zuen. Era berean, urte bikaina izan zen azukre ekoizleentzat munduan, eta bereziki Brasilentzat.

Azukrearen merkatua

Munduko merkatua asebeteta aurkitu zuten Europako herrialdeek. Bertan behera gelditu zen soberakinak bertan saltzeko ideia. Besterik ezean, Europako periferiara jo zuten, izatez azukre produkzioan defizitarioak diren tokietara. Ondorioz, azukrearen prezioa jaitsi egin zen. 2017ko irailean kendu ziren kuotak; orduan 490 euro balio zuen tonak. 2018ko urtarrilerako, 371 eurora jaitsi zen. La Azucarera egoeraz baliatu zen salmenta eredu berria proposatzeko nekazariei.

«Argi azaldu genien laborariei egoera: diru asko galdu dugu, eta egoera ez da jasangarria», nabarmendu du Juan Luis Fernandezek, La Azucarerako kontseilari ordezkariak. «Eredua aldatzeko ordua da». Alemaniako eta Frantziako azukre industriara jo zuten adibide bila, eta baita aurkitu ere: azukre erremolatxaren prezioa azukrearen balioaren arabera moldatzea.

«2018-2019 denboraldian ez genuen proposamena egin, bagenekielako prezio horietan erremolatxa ez zela errentagarria izango nekazarientzat», argitu du Fernandezek. Hurrengo urterako adostua dute eredu berriarekin izango dela. Azukrearen prezioak gora egitea espero du La Azucarerak. «Guretzat oso garrantzitsua da eredu aldaketa etorkizunean ere erabiltzea. Azukreak beti izango ditu zikloak, eta, frantziarrekin lehiatzeko, eredu hau behar dugu».

Bestelakoa da, ordea, nekazarien ikuspuntua. Raul Beitiak zuzentzen du erremolatxen arloa UAGA Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Batasunean. Ez dator bat enpresarekin: «Bost urterako akordio bat geneukan. Urtebete falta zela hautsi dute, eta prezioak jaisteko planteamendu batekin etorri zaizkigu». Administrazioarekin ere konpromisoa zeukatela nabarmendu du Beitiak, bost urtean erremolatxa landatzeko tratua eta, horregatik, nahitaez sartu behar zutela. «Gurekin jolasean ibili dira».

2018-2019ko uzta akordioan sinatutako balioarekin saldu zuten nekazariek. «2019-2020ko eredu berriarekin kobratuko dugu», zehaztu du zuzendariak. Hurrengo urterako, dena den, prezio berria negoziatzea dute helburu.

Eredu berria

Ereduak berak ez ditu gustura utzi Arabako nekazariak, ordainduko zaien zati finkoa ere ez zaielako nahikoa iruditzen. «Gutxieneko prezioarekin, gastuak ere ezin ditugu ordaindu». Azukre tona 400 eurotik behera baldin badago, ezingo dituzte berdindu landatzearen gastuak. «Ezin dute horren prezio txikiekin eredua aplikatzen hasi». Akordioan zeukaten salneurria adina lortzeko, ia 600 euroan egon behar du tonak. «Horrelakoetan tokatzen zaigun baino gutxiago lortuko dugu».

Maiatzaren bueltan hasi nahi dituzte negoziazioak 2020-2021 denboraldiko salneurriak adosteko. Beitiaren arabera, badute itxaropena, prezio finkoak lortzeaz gain, epe luzeago baterako tratua ere eskuratuko dutela. «Ezin zara urtero negoziatzen ibili. Inbertsio batzuk egiten ditugu; makinerian, esaterako. Ez badakizu hurrengo urtean zer izango duzun, ezin duzu inbertsiorik egin».

Baina, azukrearen balioa gora behera, kobratuko duten finkoa ere gai garrantzitsua da nekazarientzat. Tona bat erremolatxak 26 euro balio izatea proposatu die enpresak gutxieneko moduan. «30 eurotik gorakoa izan behar du berme horrek. 30etik ez gara jaitsiko».

Kontua da akordiorik lortu ezean eredu bera erabiltzea planteatuko duten edo bestelako konponbiderik daukaten buruan. «Akordiorik ez badago, guk ez dugu azukre erremolatxarik sartuko, eta La Azucarerak ez du uztarik izango».

Sustraituta dago landarea Arabako tradizioan, eta mantendu egin nahi dute. Erremolatxak, hala ere, beste produktu batzuk baino lan gehiago eskatzen du, eta ez daude prest aurrera eramateko errentagarria ez baldin bada. «Urte asko daramatzagu nekazaritzan», esan du Beitiak. «Makinak dauzkagu, eta uzta asko ezagutzen ditugu». Erremolatxarekin jarraitu nahi dute, baina, tratua lortu ezean, patata sartzeko aukera ere ikusten dute.]]>
<![CDATA[Iñaki Viñasprek irabazi du saioa, eta osatuta dago finaleko seikotea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/039/001/2019-03-17/iaki_viasprek_irabazi_du_saioa_eta_osatuta_dago_finaleko_seikotea.htm Sun, 17 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1943/039/001/2019-03-17/iaki_viasprek_irabazi_du_saioa_eta_osatuta_dago_finaleko_seikotea.htm
Iñaki Viñasprek lortu zuen lehenengo postua eta, ondorioz, finalerako zuzeneko azken txartela. Xabi Igoak eskuratu zuen aurreko saioko lehen postua, Legution. Gainontzekoak puntuazioaren arabera sailkatu dira. Martxoaren 30ean jokatuko da finala, Gasteizko Printzipal antzokian. Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta izango dira, aurreko finalari begiratuta, sorpresak.

Atzoko saioan, umore puntuak utzi zituzten bertsolariek agurretan. Gaztetan Dulantzin jasotako kalabazak gogoratu zituen Rikardo Gonzalez de Duranak, esaterako. Barreak sortzetik haratago, giro bikaina sortu zuten bertsolariek aretoan. Agurrekin hasi ahalaz bat garbi utzi zuten ikusleek ez zirela entzutera bakarrik etorri. Hasieratik errepikatu zituzten puntuak bertsolariekin batera.

Lan puntuagarria

Lan puntuagarriarekin hasita, hiru ofizio osatu zituzten saioaren hasieran: hamarreko handia, zortziko txikia eta hamarreko txikia. Gai serioekin ekin zioten bertso bidaiari. Agurrek berotuta utzi zuten giroa, baina ofizio guztietan jakin zuten bertsolariek saio on bat osatzen eta giroa lasaitzen, gai serioak zirela medio. Oihane Perea eta Aroa Arrizubietak lan bikaina osatu zuten. Perea adin txikikoen harrera etxe batean zegoen, eta ihes egitea erabaki zuen. Arrizubieta tutorea zain zeukan harrapatu eta etxera itzuli zutenean. «Harrera etxe deitzen diote/ kartzela bat da, ordea», bota zuen ihes egindako gazteak. «Uler dezaket lau paretako/ etxea dela kartzela./ Uler dezaket pasa duzula/ iragan latza, krudela./ Baina halere Oihane maite/ ez zaitez jarri horrela,/ eta ihesa al da zuretzat/ aukera ona, itzela?/ Ez al zaitut tratatu bada/ nahiko zenukeen bezela?», erantzun tutoreak.

Zortxiko txikiaren txanda izan zen hurrena. Orduan bai hartu zuen umoreak oholtza. Punturik onenak Iñaki Viñasprek eta Oihane Pereak bota zituzten. Bikote erretiratu bat osatzen zuten biek; autoaren karneta galdu zuelako, autoa saldu nahi zuen Viñasprek, gidabaimenik behar ez duen bat erosteko. Perea ez zegoen ados, eta bota zion: «Baina guk arzenetik/ pena emango dugu». Erraz erantzun zion Viñasprek: «Ni erditik joango naiz/ harroa bezela,/ ta arzenetik besteak/ pasa daitezela».

Azken ofizioa hamarreko txikian izan zen. Gai serioak jarri zituen izatez gai jartzaileak: bikotearen semeari haurrak nondik datozen nola azaldu, esaterako; edo lan segurtasun eske zebiltzan bi langileena. Bertsolariek, ordea, kasu horietan ere topatu zuten umoreari tokia egiteko modua. Beñat Garaiok eta Aroa Arrizubietak bete zuten lana umoretsuen. Erretiratuak ziren biak, eta, euren protestak komunikabideetan indarra galtzen ari zirenez, ideia berrien bila zebiltzan. Bertso bakoitzean ideia berriak gehitu zizkioten hariari, hala Arabako Bertso Txapelketako finalean sariak banatzea, nola saskibaloiko Lauko Finaleko partida betean biluzik salto egitea kantxara. Garaiok garbi utzi zuen garai berriak aplikatu behar direla: «Gizartean bizi dugu/ lipdup-en krisia».

Kartzelako bakarkako lana

Behin ofizioak bukatutakoan, kartzelaren txanda iritsi zen. Hiru punturi erantzun eta bakarka bi bertso osatu behar zituzten bertsolariek. Paula Amilburuk ederki josi zituen bertso erantzunak, batez ere lehenengoa. «Memorian daukagu/ hainbat gertakari», jarri zioten. «Begira diezaiogun/ orain Martxoari./ Berdin digu hirua/ edo zortziari./ Seinale da egiten/ gabiltzala ongi», erantzun zuen.

Bakarkako gaia «beldurra gainditu duzunetik, zure umoreak hobera egin du» jarri zuen gai jartzaileak. Gaiari hamaika modutara heldu zioten bertsolariek. Umetan jazarpena jasan duenaren roletik abestu zuen Garaiok, eta beldurrak galtzen dabilen bertsolarienetik Arrizubietak. Azken hori ikusleekin gogoratu zen lehen bertsoaren bukaeran: «Txapelketako final erdian/ nik ezin dezaket ahantzi./ Zu pasatuta ezberdina naiz,/ eskerrik asko, Dulantzi». Bakarkako lanean, Oihane Pereak bertso bikainak abestu zituen. Iktusa jasan duen emakume baten ikuspuntutik hartu zuen gaia: «Duela bi urte izan zen/ gauzak argi esateko./ Lan handia egin nuen nik/ ibiltzeko, mintzatzeko./ Oraindik totelka nabil ni/ zailtasun hauek tarteko,/ baina txapela be badaukat/ horretaz gogoratzeko/ ta opari bat oso handia/ alabari emateko:/ Beldurrik ez dugula behar/ zoriontsu izateko».]]>
<![CDATA[Aditu talde batek idatziko du karbonorik ez isurtzeko jarraitu beharreko bidea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/012/001/2019-03-15/aditu_talde_batek_idatziko_du_karbonorik_ez_isurtzeko_jarraitu_beharreko_bidea.htm Fri, 15 Mar 2019 00:00:00 +0100 Beñat Alberdi https://www.berria.eus/paperekoa/1877/012/001/2019-03-15/aditu_talde_batek_idatziko_du_karbonorik_ez_isurtzeko_jarraitu_beharreko_bidea.htm Euskal Energia Ituna izenekoa. Legebiltzarkideek adituen talde baten esku utzi dute trantsizio energetikoa nolakoa izango den diseinatzea. Urtebete izango dute lan horretarako.

«Gaur egun berezi bat da, niretzat behintzat», aitortu zuen atzo Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak eta proposamenaren sustatzaileak. «Atzeraezina den lan bat abiatzera goaz». Onartutakoa ez zen, berez, koalizio independentistaren legez besteko proposamena, hark eta EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk hitzartutako bat baizik. PP abstenitu egin zen.

Proposamenak hiru hilabeteko epea eman dio Eusko Jaurlaritzari klima aldaketan eta politika energetikoan adituen talde bat abian jartzeko. Bina ordezkari hautatuko dituzte legebiltzarreko talde bakoitzak eta Jaurlaritzak, parekidetasun irizpideei jarraituta, eta Energiaren Euskal Erakundeak hautatuko du idazkaria. «Gu alde batera jarri gara, eta aditu talde bati eskatu diogu egin beharreko bidea erakusteko», azaldu zuen Unai Grajales EAJko legebiltzarkideak.

Taldea sortzeko bidea eta epeak zehaztu dituzte, baina baita bete beharko dituen lanak ere. Energia politikarako proposamenak aztertuko ditu, eta proposamen bakoitzari eragiten dioten hainbat faktore. Besteak beste, zein eragin duen ingurumenean eta zenbateko kostu ekonomikoa daukan.

Helburua lortzeko erabiliko diren tresnak eta praktikan jartzeak eragingo dituen aldaketak ere ikertuko ditu lantaldeak. Beharrezko erremintak analizatuko dituzte, eta itunean sartuta joango dira tresna bakoitzaren gastua, aldatu beharreko legeak edo lotu beharreko eskumenak, esaterako.

Horrez gain, energia trantsizioak ehun produktiboan aldaketa sakonak ekarriko dituela pentsatzekoa denez, aldaketa horiek ongi aztertu beharko ditu lantaldeak. Trantsizio energetikoaren aldaketek zuzenean eragingo diete enpresei, eta errealitate berrira egokitu beharko dute. Egokitzapen horrek industrian eragin negatiboa izatea saihestu nahi dute legebiltzarrean. Industria politika eta Energibasque estrategia kontuan hartzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak aditu taldeari. Beste arlo batzuetan trantsizioak izango dituen ondorioak ere jorratu beharko dituzte adituek, hala nola garraioan eta nekazaritzan.

Epe laburragorako xedeak

Dena den, Euskal Energia Itunak ez du helburu bakarra izango 2050erako karbono isurketetan neutraltasuna lortzea. Tarteko helmuga batzuk ere gehitu dizkiote 2030erako. Izan ere, urte horretarako Europako Batasunak Neguko paketea izeneko zuzentaraua onartuta dauka, hainbat helbururekin. Helburu horiek erdiesteko bide orria ere jaso beharko du itunak; besteak beste, erabiltzen den energiaren %32 berriztagarria izateko, eta %32,5eko eraginkortasun energetikoa lortzeko.

Euskal Energia Ituna dokumentua bukatutakoan antolatuko dute Energia Trantsizioaren I.Euskal Kongresua, ituna aurkezteko. Era berean alderdi politikoek itunarekiko atxikimendua adieraziko duen konpromiso politiko bat sinatuko dute.

PPk zalantzan jarri du legez besteko proposamena aurkezteko garaia den. Izan ere, duela ia hilabete onartu zuten legebiltzarrean energia iraunkortasunari buruzko legea, administrazioa eta sektore publikoa trantsizio energetikora moldatzeko. «Orain adituen talde bat sortu behar dugula diozue. Zertarako?», galdetu zuen Maria Carmen Lopez de Ocariz PPko legebiltzarkideak. «Legea zuzendu behar al digute? Legea eginda dago».

Konpromiso politikoa sinatuko dute politikariek, baina atxikimendu soziala ere bultzatu nahi dute. Prozesuaren hasieran herritarrek, enpresek edo elkarteek ekarpenak emateko metodologia argiak ezarriko dira.

Legebiltzarrak lantaldeari eskatu dio kontuan hartzeko herritarrengan sor daitezken kezkak eta eragozpenak. Fokua jarri dute kolektibo ahulenetan.]]>