<![CDATA[Beñat Mujika Telleria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 24 Mar 2023 08:17:41 +0100 hourly 1 <![CDATA[Beñat Mujika Telleria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Vingegaard izar nagusia Itzulian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/024/001/2023-03-24/vingegaard_izar_nagusia_itzulian.htm Fri, 24 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1877/024/001/2023-03-24/vingegaard_izar_nagusia_itzulian.htm
Duela aste batzuk, ibilbidearen berri eman zuen antolakuntzak; gero, kartel ofiziala eta maillotak ezagutarazi ziren, eta atzo goizean aurkeztu ziren benetako protagonistak, Eibarren —2023ko Europako Kirol Hiria eta lasterketa amaituko den herria—. Behin-behineko parte hartzaileen zerrendan 23 talde izango dira —hemezortzi World Tourrekoak eta bost UCI Pro Teamekoak—, eta goi mailako txirrindulari ugari. Daniel Felipe Martinezek (Ineos) irabazi zuen txapela iaz, eta bigarren aldiz irabazten ahaleginduko da. Baina kolonbiarrak aurkari gogorrak izango ditu. Besteak beste, Richard Carapaz txapeldun olinpikoa (Education First). Enric Mas (Movistar), Adam Yates (UAE), Juan Ayuso (UAE), David Gaudu (FDJ), Simon Yates (Jayco) eta Emanuel Buchmann (Bora) izango dira lehen postuetan sartzeko lehiatuko diren beste txirrindulari batzuk. Horietako asko Katalunian dira orain, Voltan lehiatzen.

Apirilaren 3tik 8ra jokatuko da 62. Euskal Herriko Itzulia, eta zenbait berritasun ere izango ditu aurtengo lasterketak. Ez da erlojupeko saiorik izango, eta, hortaz, faborito guztiak buruz buru arituko dira sei egunez. Tarteko helmugetan eta helmuga nagusian gainsariak izango dira. Tarteko helmugetan, hiru segundo lortuko ditu lehenengoak, bi bigarrenak eta bat hirugarrenak. Helmuga nagusian, berriz, hamar, sei eta lau segundo banatuko dira lehen hiru sailkatuen artean. Hortaz, berebiziko garrantzia izango du talde lanak eta liderrak une oro ondo kokatuta egoteak.

Gasteizen abiatuko da aurtengoan lasterketa, eta sei etapa jokatuko dira guztira, ohikoa den bezala. Lehen etapa Bastidan (Araba) amaituko da. Bigarren etapak, berriz, Viana (Nafarroa) eta Leitza (Nafarroa) lotuko ditu, 2022an bezala, baina aurten kontrako bidea egingo dute ziklistek. Hirugarren etapan Gipuzkoan sartuko da tropela, eta Errenteriatik Villabonarako bidea egingo du. Laugarren etapan, Bizkaian sartuko da Itzulia, eta Omar Frailek diseinatutako etapa jokatuko dute, txirrindulari horren jaioterrian hasi eta bukatuta: Santurtzi-Santurtzi. Eibarrera iritsi aurretik, Zornotzan hasi eta amaituko den etapa jokatuko da, eta larunbatean jarriko zaio ginga lasterketari, Eibarren. Azken hiru Itzulietan, azken etapan erabaki da nor izango zen maillot horiaren jabea, eta Arrateko aldapak erabakigarriak izango dira aurten ere. Hala ere, Itzulia aurten ez da Arrateko gainean amaituko, herriaren erdigunean baizik.

Okerrik ezean, 22

Euskal Herriko itzulian hainbat euskal herritar egoten da tropelean. Zaleek modu berezian hartzen dituzte beti, eta txirrindulariek lasterketa kuttuntzat daukate Itzulia. Aurten ere, hainbat ordezkari izango ditu euskal txirrindularitzak. Lau euskal talde izango dira Itzulian (Movistar, Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural), eta okerrik ezean, 22 euskal txirrindularik parte hartuko dute.

Oilar nagusiekin mokoka arituko dira seguruenik Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain), baita Euskal Herriko Itzuliko azken euskal txapelduna ere: Ion Izagirre (Cofidis). 2019an irabazi zuen lasterketa Ormaiztegikoak, Astana taldean zegoenean. Hauek izango dira beste hemeretzi euskal ziklistak : Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (Ineos), Jonathan Lastra (Cofidis), Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar), Jon Aberasturi (Trek), Ander Okamika (Burgos-BH), Jokin Murgialdai eta Jon Barrenetxea (Caja Rural), Victor de la Parte (Totalenergies), Jon Agirre, Igor Arrieta, Iñigo Elosegi eta Ibon Ortiz (Kern Pharma), eta Mikel Bizkarra, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi).]]>
<![CDATA[Esku artean daukanari gogor heldu behar]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/020/001/2023-03-23/esku_artean_daukanari_gogor_heldu_behar.htm Thu, 23 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/2012/020/001/2023-03-23/esku_artean_daukanari_gogor_heldu_behar.htm
Bost partidatan jokatuko du Baskoniak bere etorkizuna Euroligan. Sei talde daude hiru postutan sartzeko, eta lehia estua espero da aspaldiko Euroliga parekatuenean. Maccabi (16-13), Partizan (16-13), Zalgiris (15-14), Valentzia (14-15) eta Efes (14-15) izango dira Baskoniarekin (15-14) mokoka arituko diren taldeak. Puntuen aldea Belgradeko taldearekin soilik galdu dute gasteiztarrek. Hortaz, berdinduz gero, beste edozein talderen aurretik egongo dira.

Azken esprinterako, zaleak prest izango ditu tropelean morroi lanak egiteko. Bost partidetatik hiru (Alba Berlin, Fenerbahce eta Asvel) Buesa Arenan jokatuko ditu. Kirola ez da inoiz zehatza izaten, baina hemeretzi edo hemezortzi garaipen eskuratzen dituzten taldeek lortuko dute sailkapena. Helburu hori lortzeko, baina, gogor lan egin beharko du Baskoniak.

Euroligako erasorik onena izanda, zail da pentsatzen saskiari begira huts egingo dutenik. Orain arte ez da hori izan arazoa, eta seguruenik, gaurtik aurrera ere ez da izango. Defentsako lana izan da Baskoniaren ahulgunea orain arteko partidetan. Bi arlotan sufritu dute batez ere gasteiztarrek: blokeo zuzenaren defentsan eta defentsako errebotean. Lehen arlo horretan erakutsitako ahulguneez baliatzen ahalegindu dira zenbait talde, eta behin eta berriro zigortu dute. Askotariko defentsak planteatu ditu Peñarroyak: jokalarien arteko aldaketak, segika ibiltzea... eta ez da nahi bezalako emaitzarik lortzen ari.

Errebotearen zainketan ere asko sufritu du Baskoniak Euroligan. Bigarren eta hirugarren aukera askori bide eman dio partida bakoitzean, eta asko nabaritu da alor horretan garrantzitsuak diren jokalarien falta. Sasoi hasieran aipatu zen Baskoniaren piboten alde ona eta txarra. Asko eta erraz mugitzeko aukera daukate, baina hain handiak ez izateak asko zigortzen ditu saski azpian. Alor hori zaintzeak berebiziko garrantzia izango du, eta horretarako Rokas Giedraitis eta Tadas Sedekerskis jokalarien laguntza beharko du Baskoniak, besteak beste. Lehenengoa bikain ari da aurrean eta atzean, baina bigarrena min hartuta dago. Bi jokalari horiek ohi bezala badihardute defentsan, asko irabaziko du Peñarroyak.

Thompsonek dauka giltza

Udan lan handia izaten dute Alfredo Salazarrek, Felix Fernandezek eta haien lan taldeak, baina iazko udan bete-betean asmatu zuten. Euroligan esperientziarik ez zuten jokalariak fitxatu zituzten, baina denak aritu dira ondo gauza batean edo bestean. Maik Kotsar, Daulton Hommes eta Markus Howard asko nabarmendu dira, nahiz eta izan dituzten gorabeherak. Baina jokalari bat nabarmendu da besteen gainetik: Darius Thompson.

Tennesseeko antolatzailea Lokomotiv Kubanetik etorri zen udan, eta jokalari garrantzitsua izan zitekeen esperantza bazegoen ere, inor gutxik espero zuen hain ondo aritzea. Estatubatuarrak dauka taldearen aginte makila, eta Euroligako talderik indartsuenak atzetik ditu jada. Lehiaketan asistentzia gehien banatzen dituen jokalaria da (6,5 partidako) eta baloi gehien lapurtzen dituen bigarren jokalaria ere bai (1,6 partidako). Thompsonen ekarpena zabalagoa da, ordea. Batez beste 12 puntu sartzen ditu. Erasoan edozein zirrikitu baliatzen du taldearen jokoari irteera bat aurkitzeko, eta, harekin, taldea oldarkorragoa da defentsan. Antolatzailea kantxan ez dagoenean etortzen da astero taldearen gainbehera. Pierria Henry gabe, Max Heidegger eta Markus Howard dira Peñarroyaren baliabideak, baina trebeagoak dira puntuak sartzen puntuak sartzeko bide ematen baino. Hori izango da bost partida hauetan Peñarroyaren egitekoetako bat: Thompson ez dagoenean jokalari guztiek aurrerapauso bat ematea eta haren falta gehiegi ez nabaritzea.

Izar Gorria izango da lehen hartxintxarra oinpean, eta urrats handia emango luke Baskoniak Belgraden irabazita. Vildozak eta Facundo Campazzok beste joko bat eman diote Ivanovicen taldeari, baina ez da nahikoa izan Euroligako kanporaketetan sartzeko. Atzo egindako prentsaurrekoan, Peñarroyak argi utzi zuen partida «oso garrantzitsua» dela: «Neurketa horiek xehetasun txikiengatik erabakitzen dira. Partida kontrolatu behar dugu, eta gehien komeni zaigun erritmoan jokatu».]]>
<![CDATA[«Munduko Txapelketan biribil atera zait dena»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/019/001/2023-03-22/munduko_txapelketan_biribil_atera_zait_dena.htm Wed, 22 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1857/019/001/2023-03-22/munduko_txapelketan_biribil_atera_zait_dena.htm
Pasatu dira egun handiak. Nahikoa denbora izan duzu lortutakoa barneratzeko?

Ezta gutxiago ere. Uste dut inoiz ez dela nahikoa horrelako lorpenak digeritzeko. Igandean iritsi nintzen Getariara, eta herrira sartu eta berehala ikusi nuen jende mordoa udaletxeko plazan, eta neure buruari esan nion «Ai, ama, zer da hau!». Oso polita eta oso hunkigarria izan zen herrian horrelako harrera jasotzea, eta negar batean egon nintzen.

Bi urre eta zilar bat. Hori zen helburua Munduko Txapelketara joan aurretik?

Ez, ez neukan horrelako helbururik, nahiz eta esperantza baneukan. Azken urtean ez naiz elur gainean hainbeste aritu, gozatzera joan nintzen gehienbat, jaitsierak bukatu, ahal nuen dena eman, baina podiumean pentsatu ere egin gabe. Munduko Txapelketan biribil atera zait dena. Lehenengo domina berezia izan zen, baina ondorengo biak urrezkoak izan ziren, eta bat taldean. Horrek oso polita egin zuen dena, eta ez nuen amaitzerik nahi.

Banakakoak dira bi domina, baina bat binaka lortu duzu; Raquel Martinezekin. Poz hori lagun batekin partekatzeak bereziago egiten du lortutakoa?

Bai, noski. Berez, kirola bera bakarka egiten da, baina ordu asko egiten ditugu taldean. Gu hiru kirolari izan gara, baina jende asko dago atzean: entrenatzaile desberdinak daude, psikologoa, nutrizionista... jende asko gara taldean, eta taldearen garaipen gisa sentitu genuen proba hori.

Nolakoa izan da prestaketa prozesua? Bereziki landu duzu alorren bat?

Entrenamendu espezifikoagoak egiten ahalegindu gara. Saltoak eta irteerak entrenatu, bata bestearen atzetik irten eta atzekoak aurrekoa aurreratzea, batzuetan barrutik eta besteetan kanpotik... Denboraldia hasten dugunean teknikan zentratzen gara gehienbat, baina, txapelketak hurreratzen diren heinean, espezifikoagoak izaten dira entrenamenduak. Beti egin izan dugu horrela.

Bost urte eskasean oso ezagun egin zara lorpenengatik. Nola daramazu hori?

Buff... etxean askotan esaten dut ni ez naizela jaio protagonista izateko [barrez]. Baina egia da, askotan kexatu egiten gara emakumea izanda eta, gainera, desgaitasuna edukita ikusgaitasun hori falta zaigulako. Txapelketak, adibidez, ezin izan dituzte zuzenean ikusi, eta ez zaigu justua iruditzen. Orduan, batzuetan nekatuta egon naiteke, eta orduan ez dut elkarrizketarik egin nahi, baina, beste alde batetik, beharrezkoa iruditzen zait. Zenbat eta gehiago ikusten gaituzten, orduan eta gehiago salduko baitugu. Beti eskertzen da.

Federazioak aholkatuta hasi zinen snowboardean. Nola bihurtzen da aholku bat eguneroko eginkizun bat?

Egonaldi batera joan nintzen probatzera, eta gustatu egin zitzaidan. Baina denboraldia bukatu egin zen une horretan. Hurrengo sasoian berriro deitu zidaten, eta joatea erabaki nuen. Egia da zizko eginda itzultzen nintzela handik, baina oso pozik. Eta hurrengo urtean bertara joan nintzen zuzenean, negua bertan igarotzera.

Ez da probatzeko kirolik errazena izango… Nolakoak izan ziren lehenengo egun horiek?

Hasieran oso gaizki aritzen nintzen. Baina behingoz hasierako aholkuak barneratu nituenean, gogoan dut teleaulkia hartu genuela, eta ez zen gelditzen. Gora eta gora eta gora. Neure buruari galdetzen nion: «Baina noraino goaz?». Eta iritsi ginenean, noski, behera jaitsi behar ginen. Tentsioarekin, izerditan blai nengoen, elurrez beteta amaitu nuen. Baina horrela ikasten da, ez? Beti toki berean gelditzen bagara, ez dugu ikasiko.

Entrenamendu horietan beste elbarritasun batzuk dituzten kirolariak ezagutu zenituen. Laguntza hori berezia izan zen?

Bai, munduan jende asko dago desgaitasunen batekin, baina ni herri txiki batekoa izanda, ez nintzen inoiz gerturatu desgaitasuna daukan norbaitengana. Ez zelako egokitu, edo ez dakit ondo zergatik. Istripuaren ostean, errehabilitazioa egitera joan nintzenean, oraindik gertatutakoa asimilatzen ari nintzen, eta asko lagundu zidan gainerakoek zer bizitza zeukaten ikusteak. Gauza txiki asko dira, eta terapia moduan oso ondo etorri zitzaidan.

Askotan aipatu duzu laguntza psikologikoaren onura izan duzula. Garrantzia izan du horrek Munduko Txapelketako emaitzetan?

Elurretan gutxiago ibili naiz aurten, besteak beste mentalki zaintzen ari nintzelako. Baina esango nuke tarte horretan ondo ikasi dudala emozioak kudeatzen. Munduko Txapelketan tentsio asko dago, eta presio handia. Eta hain fuerte joan naiz mentalki, emaitzan hori ikusi dela. Fisikoki bezain fuerte egon behar zara psikologikoki horrelako zerbait lortzeko. Oso garrantzitsua izan da azken emaitzan.

2026an Paralinpiar Jokoak jokatuko dira Italian. Bertan ikusten duzu zeure burua?

Helburu nagusia Paralinpiar Jokoetan egotea da, bai, baina tartean badaude beste txapelketa batzuk. Espainiako Kopak datorren urtean eta Espainiako Txapelketa 2025ean. 2026a oso urruti dago oraindik. Pixkanaka, pixkanaka, baina paralinpiar jokoetara joan nahi dut, eta irabazterik balego, hobeto!]]>
<![CDATA[Hazia ereiten, fruitua lortzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/029/001/2023-03-19/hazia_ereiten_fruitua_lortzeko.htm Sun, 19 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1944/029/001/2023-03-19/hazia_ereiten_fruitua_lortzeko.htm raindik arraun denboraldia hasi ez den arren, taldeak udara sasoi betean iristeko lanean ari dira. Negua luzea izaten da arraunlarientzat, eta lan handikoa, baina jaitsierek lehiatzeko aukera ematen diete. Jokatzen azkena Oriako Jaitsiera izan zen, joan den larunbatean, eta Urdaibai eta Orio nagusitu ziren. Bi talde horietako entrenatzaileek ohartarazi dute prestaketa estropadak direla, baina garrantzia dutela.

Bigarren urtea izango du Patxi Francesek (Donostia, 1958) Orioko entrenatzaile lanetan. Iaz Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazita, aurten ere faboritoetako bat izango da Orio, eta orain arte jokatu dituzten jaitsieretan erakutsi dute zergatik. Iazkoa berdintzen zail izango du Oriok, baina dagoeneko bi bandera irabazi ditu: Sestaokoa (Bizkaia) eta etxekoa. Frances «gustura» da orain arte erakutsitakoarekin: «Garai honetan bakoitzak bere entrenamendu plana darama, eta arraunlari guztiak erabiltzen ditugu. Orain arte ondo lehiatu gara, eta emaitzak onak dira».

Francesek bezala, Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979) bigarren urtea izango du Urdaibaiko entrenatzaile lanetan. Haren esanetan, orain arte jokatu dituzten jaitsieren balantzea «oso ona» da. Pedreñan, Castron (Espainia) eta Orion aritu dira, eta azken bi banderak irabazi dituzte: «Oraindik negua da, eta hau ez da behin betikoa, baina oso garrantzitsua da ongi sentitzea. Emaitza ere ona bada, askoz hobeto». Orioko estropadara talde guztiak «udako taldearekin» joan zirela dio, eta halako aldearekin irabaztea «esanguratsua» dela onartu du.

Iazko emaitzak hobetzea zail izango dute batak eta besteak, baina aurreneko probetan ikusi da utzitako bide beretik hasi direla. Denboraldi bat bukatu orduko hasten da arraunlarien dantza, eta fitxaketek eta irteerek taldeak indartu eta ahuldu egiten dituzte, baina Francesek eta Zabalak «ezusteko gutxi» ikusi dituzte orain arte. «Uste nuen maila eman dugu; akaso, aldea izan da ezustekorik handiena, baina bestela, emaitzak eta postuak espero genituenak dira, gutxi gorabehera», adierazi du Zabalak.

Francesek ere bide beretik jo du: «Imajinatu nitzakeen emaitzak ikusi ditut»: lau estropadetatik bitan Donostiarra aurretik izan du hark zuzendutako ontziak. Asko gelditzen dela dio behin eta berriro, baina Donostiarra aurrean ikusten du aurten; «bestela, ez lirateke orain dauden bezala ariko». Hala ere, ez du Arraun Lagunak aurkaria ahaztu nahi: «Iaz ere lasaiago ibili ziren urtearen zati honetan, baina gero, udan, begira nola ibili ziren».

Errutinatik irteteko balio dute jaitsierek, entrenatzaileen esanetan, eta, erreferentziak hartzeko balia dezaketen arren, tentu handiz interpretatu behar direla ohartarazi du Zabalak: «Beti ez dira fidagarriak izaten». Entrenatzaile diren heinean, nahi beste proba egiteko baliatzen dituzte jaitsierak. «Arraunen eta arraunlarien aukeraketa edo ontziaren pisua berdintzea» izaten dira proba nagusiak, Francesen esanetan. Beste era batera laburbildu du Zabalak: «Udan probatzeak ikara sortzen digun guztia probatu dezakegu orain».

Hala ere, bi taldeetako entrenatzaileek aldaketa oso gutxi egin dituzte arraunlarien prestaketari dagokionez. Emaitza onak eskuratu zituzten biek ala biek iaz, eta neguko prestaketak zutabe berak izan ditu. «Dinamika berean jarraitu dugu aurten: neguan karga askoko entrenamenduak egiten. Bikain erantzun dute neskek, beste behin», azaldu du Francesek. Bermeotarren kasuan, entrenatzaileak nahi zuen arraunkera hartzea «kostatu» egin zitzaiela onartu du Zabalak, baina orain taldea zein arraunkera «finkatuta» daudela nabarmendu du: «Sasoi hasieratik ongi sentitu gara, eta iazko lan horrek zerbaitetarako balio izan duela ikusi dugu jaitsieretan».

Iaz, bere esanetara izan zituen arraunlari gehienek jarraituko dute, eta fitxatu dituzten arraunlari gehienak Zabalarekin beste taldetan aritutakoak dira. «Oso talde indartsua» daukala uste du: «Entrenatzaileak asmatzen duen edo ez ikusi beharko da orain», adierazi du barre artean.

Helburuak jada finkatuta

Iragan sasoia ederra izan zen bi taldeentzat. Liga eta Kontxa irabazteaz gain, arraunlari gehienek taldean jarraitzeko hautua egin zuten. Hori dela eta, helburuak argi dituzte prestatzaileek. Zabalak badaki «talde sendoa» daukala esku artean, eta haren helburua «estropada guztietan Urdaibai lehiakor aritzea» da. «Orain, irabaztea edo ez, beste gauza bat da», ohartarazi du. Iazko sasoia eta neguko emaitzak ikusita, ordea, presioa izango du Bou Bizkaia-k. Iazko emaitzak berdintzeko edo hobetzeko, berriz, presioa «ona» dela adierazi du Zabalak, baina hori «kudeatzen» jakin behar dela: «Bestela, arin lasaitzen gara denok. Pausoak aurrera ematea ez da erraza, baina atzera segituan ematen dira. Baita nahi gabe ere».

Orioko arraunlarien lanarekin «oso pozik» dago Frances, eta iazko talde bertsua dela ikusita, «irabaztera» aterako dira estropada bakoitzera: «Badakigu denboraldia luzea eta gogorra izango dela, baina sailkapenaren goialdean egongo garenok Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazten saiatu behar dugu. Irabazi ez dakit, baina saiatuko gara, behintzat».

Ezohiko sasoia izango da aurtengoa Euskotren ligan, zortzi ontzi lehiatuko baitira lehenengoz. «Albiste ona» dela dio Orioko prestatzaileak: «Garaia zen zortzi ontzirekin liga on bat izateko. Askoz gehiago estutuko da dena, eta asko erreparatu beharko diegu txanden arteko mareari eta haize aldaketei, lehen ez bezala». Argi du: «Hori guztia ona izango da kirolarentzat eta ikuskizunarentzat».]]>
<![CDATA[«Leku aproposa aurkitu dut ni naizen bezalakoa izateko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1857/021/001/2023-03-16/leku_aproposa_aurkitu_dut_ni_naizen_bezalakoa_izateko.htm Thu, 16 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1857/021/001/2023-03-16/leku_aproposa_aurkitu_dut_ni_naizen_bezalakoa_izateko.htm
Bolada txarra igaro duzue, baina osatzen ari zarete. Nola eragin dio bolada honek taldeari?

Daukagun egutegiarekin ez daukagu pentsatzeko denbora askorik. Kopakoa kolpe gogorra izan zen, ilusio handia genuelako. Taldean esperientzia falta nabaritu zen horrelako lehiaketa batean lehiatzeko. Joventut hobea izan zen, besterik gabe. Bideoa aztertu genuen etorkizunean akats berberak ez egiteko, eta uste dut ondo altxatu garela. Euroligan ere bolada txar bat pasatu dugu. Oso lehiaketa estua da, eta oso zaila da etxetik kanpo irabaztea. Baina azken garaipena etxetik kanpo lortu genuen, Real Madrilen aurka, eta balentria hori Tel Aviven errepikatzen saiatuko gara, nahiz eta oso zaila izan.

Maccabi aurkari zuzena da. Garaipenak balio bikoitza izango luke. Non egongo da partidaren gakoa?

Gakoa 40 minutuan gogor jokatzea izango da. Defentsan oldarkorrak bagara, eta errebotea kontrolatzen badugu, ez diegu korrika egiten utziko, eta partida lehiatzeko eta irabazteko aukera asko izango ditugu. Uste dut horretarako prest gaudela. Badakigu etxean partida gehien irabazi duen taldea dela Maccabi. Haien kantxan irabaztea oso erronka zaila da, baina, gauzak ondo egiten baditugu, gure aukerak izango ditugu.

Euroligan lau partida bakarrik irabazi dituzue etxetik kanpo. Orain, Tel Avivera eta Belgradera joan behar duzue. Hainbeste aldatzen da partida bat etxean edo kanpoan jokatuta?

Egia da kontraste handia dagoela taldearen jokoan etxean edo kanpoan jokatzen dugunean, baina uste dut pixkanaka hobetzen ari garela. Ulertzen ari gara etxetik kanpo ezin dugula jokatu soilik erasoan jaurtiketak sartzera. Joko oso alaia duen taldea gara, eta puntu asko sartzen ditugu, baina hobeto defendatu behar dugu, eta batez ere aurkariari bigarren aukerak mugatu. Etxetik kanpo irabazi nahi badugu, defentsan sendo egon behar dugu.

ACBn eta Euroligan puntu gehien sartzen duen taldea zarete, baina defentsan puntu asko jasotzen dituzue.

Hori hobetu egin behar dugu, noski. Erasoan hainbeste puntu sartzeko gaitasuna izatea nik bertute gisa hartzen dut, baina argi dago defentsan dagoela hobetu beharreko alderdia. Urtero talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta gurea saskiratzeko ahalmena da aurten. Baina goian egon nahi badugu, eta gauza handiak lortzeko borrokatu, horrek bakarrik ez digu balio. Hori lantzen ari gara, eta esango nuke azkenaldian hobetzen ari garela.

Pertsonalki nolakoa izan da Euroligara itzultzea?

Oso albiste ona. Ilusio eta gogo handiz etorri nintzen, eta esperientzia pozgarria izaten ari da. Lau urtez Txapeldunen Liga jokatu ondotik nentorren, baina taldeen maila eta jokalarien maila fisikoa oso desberdinak dira Euroligarekin alderatuta. Ahalik eta ondoena prestatu naiz gorenean lehiatzeko, eta entrenatzaileak pistara ateratzen nauenean, ahalik eta ondoena egiten saiatzen naiz. Horrelako talde batean jokatzeak egunez egun asko ikasteko aukera ematen dizu, eta oso pozik nago hemen.

Zer eskatzen dizu Peñarroyak?

Defentsan dena ematea eta errebotean laguntzea. Erasoan lasai egoteko behar dudan konfiantza ematen dit, eta aukera dudanean jaurtitzera animatzen nau. Ez dit inoiz egin ez dudan ezer eskatzen, soilik oso kontzentratuta egotea pistan nagoen minutu guztietan; taldeari sendotasuna emateko gehienbat. 30 urte egingo ditut, eta urteak daramatzat gorenean. Taldeko jokalari beteranoetako bat naiz, eta nire roletik gainerakoei laguntzen eta egunez egun hobetzen saiatzen naiz.

Tadas Sedekerskisek neurketa batzuk galduko ditu min hartuta baitago. Aukera bat da zuretzat?

Lesioak oso ohikoak dira talde guztietan, partida asko jokatzen ditugulako. Orain Tadasi egokitu zaio, eta pena da, baina aukerak guztioi iristen zaizkigu. Joanek ez du behar jokalari batek min hartzea beste bati jokatzeko denbora emateko. Jokalari guztiak erabiltzen ditu, eta hainbeste partida erritmo bizian jokatuta, oso garrantzitsua da denok prest egotea taldeari ekarpena egiteko.

Ez zaude taldean gehien jokatzen duten jokalarien artean. Baina jaurtitzailea zarenez, jaurtiketak sartzea eskatzen zaizu. Nola jokatzen da presio horrekin?

Maila honetan jokatu nahi badugu, exijentzia hori guztiok izan behar dugu. Urte asko daramatzat saskibaloian, eta badakit aukera asko izango ditudala jaurtitzeko. Ez dut presio gehigarri gisa hartzen. Barruan dudan saskibaloia ateratzen saiatzen naiz.

Beste elkarrizketa batean aipatu zenuen Baskonia desberdina dela beste taldeekin alderatuta. Zergatik uste duzu hori?

Egon naizen beste klubekiko errespetuarekin, baina beste exijentzia maila bat dago hemen egunerokoan. Beti goian egon nahi duen kluba da Baskonia, eta horretarako, lehen egunetik barneko exijentzia ikusten da. Hori ona da, eta, gainera, uste dut bat datorrela nire izaerarekin. Leku aproposa aurkitu dut ni naizen bezalakoa izateko eta dena lortzeko borrokatzeko. Zorionekoa naiz Europako jokalari onenen aurka lehiatu ahal izateagatik, eta harro nago hori Baskoniaren elastikoa jantzita egiteagatik.

Talde batzuetan erreferentziazko jokalarietako bat izan zara, eta beste batzuetan rol jakin bat bete duzu. Zein roletan sentitzen zara erosoen?

Nire ibilbideko garai batean nago, non nahiago dudan maila honetan jokatu, esperientzia emanez eta kantxan nagoenetan lan ona eginez. Horrela zaleak eta taldekideak pozik daude nirekin, eta ni ere bai nire lanarekin. Nahiago dut hori talde apalago batean erreferentzia izatea baino. Jokalari batek ahalik eta denbora gehien jokatu nahi du ahalik eta talderik onenean. Badakit non nagoen, eta aukera hau pribilegioa da niretzat. Horregatik, egunerokoan poza eta esperientzia transmititzen saiatzen naiz.

Askotan zutik egon ohi zara aulkian, txaloka eta animoka zure taldekideen ekintza bakoitzean. Txikitatik daukazun ohitura da?

Ziur asko beste norbaiti ikasia izango da. Gazteagoa zarenean isilagoa zara, eta beteranoak laguntzen saiatzen dira. Haiengandik ikasten duzu. Talde askotan egon naiz eta dinamika oso desberdinekin, eta argi daukat nahiago dudala talde irabazle batean nire ekarpena egitea, galtzen duen talde batean onena izatea baino. Talde irabazle batekin gozatzen dut, eta saiatzen naiz nire taldekideek ere hala egin dezaten.]]>
<![CDATA[Amestu gabeko debuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2111/028/001/2023-03-14/amestu_gabeko_debuta.htm Tue, 14 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/2111/028/001/2023-03-14/amestu_gabeko_debuta.htm
Eguna iritsi arte «lasai» zegoela esan du Irazuk, baina frontoira iritsi zenean urduritu zela aitortu du: «Frontoian zegoen giroa ikusita urduritu nintzen. Baina partida hasi eta lehenengo bi pilotakadak onak izan ziren, eta hor egin nuen txip aldaketa. Presiorik gabe jokatu nuen». Eskudero, berriz, «lasai» joan zen partidara, eta halaxe jokatu zuen: «Urduri jartzeko denbora askorik ere ez ziguten eman bi hauek!», adierazi zuen barre artean. Hala ere, partida berezia zela aitortu du: «Guretzat bezala, gure lagunentzat ere berezia izan zen debuta. Elkarren lagunak gara denok, eta bion aldeko pankartak zeuden harmailetan».

Partidak ez zuen misterio handirik izan. Hasiera berdindua joan zen, baina handik aurrera Zubiri nabarmendu zen besteen gainetik, eta sakearekin min handia egin zuen. Berehala jarri ziren Irazu eta Zubiri 17-5 aurretik. «Gainetik pasatu ziren, eta zoriontzea besterik ez genuen izan», onartu du Eskuderok.

Berria Txapelketaren aurkezpen egunean lehiaketa oso parekatua ikusten zutela esan zuten erremontista gehienek, eta, lehen partidak jokatuta, haien usteak baieztatu egin dituzte bi debutariek. Hala ere, bikoteen egiturak desberdinak dira; Eskuderok eta Irazuk bikote beterano bat daukate, baina badaude beste bikote batzuk bi erremontistak beteranoak direnak. «Haiek gehiago dakite nola funtzionatzen duen honek», adierazi du Irazuk: «Ez gaude haiengandik oso urruti, baina pilotak biziagoak dira, eta beste erritmo batean aritzera ohituta daude profesionalak».

Pilota, lagungarri

Erremontean sartu aurretik, pilotan urte mordoa eginak dira biak Andoaingo Gazteleku pilota elkartean. Erremontean probatzera animatu ziren biak, eta inoiz pentsatu gabeko debuta egitera iritsi dira. Irazuk pilota uztea erabaki zuenean pentsatu zuen erremontean probatzea, nahiz eta ez zeukan profesionaletara iristeko helbururik:. «Aitona beti izan da Galarretara joaten direnetakoa. Imanol Ansari behin probatzeko esan nion, eta gustura aritu nintzen».

Eskuderok argi dauka erremontean hasteko arrazoi nagusietako bat dela aurretik pilotan aritu izana. «Pilotan edo frontoiko edozein diziplinatan», gaineratu du Irazuk. «Oinarrizko maila bat geneukan, eta hori funtsezkoa da erremontean neurriak eta kolokazioa kontuan hartzeko», adierazi du Eskuderok.

Erremontea, gainera, ez da kirol erraza hasiberrientzat. «Zesta bat eskuan jartzen duzun lehenengo egunean, behar ez den toki guztietara bidaltzen duzu pilota», ohartarazi du Eskuderok, barre artean. Hala ere, «hastea bezain zaila da gero uztea», gaineratu du: «Harrapatu egiten zaitu». Lehenengo aldian kirola probatu ostean bigarren aldiz frontoira joan nahi izatea ez da erraza izaten. Irazuren hitzetan, oso kirol «etsigarria» da hasieran, baina, fase hori pasatuta, argia ikusten da iluntasunean: «Hobetuz zoazen heinean, abiadura azkarragoa ematen diozu pilotari, eta horrek motibatu egiten zaitu. Gehiago nahi duzu».

Erremontearen osasunaz hitz eginda, kirola bera garai hobeagoan eta okerragoan egon dela adierazi du Eskuderok. «Garai batean, astean lau jaialdi egiten omen ziren, eta frontoia bete egiten zen. Guk ez dugu ezagutu. Gaur egun, partida bakarra egiten da, eta jende pixka bat joaten bada poztu egiten gara. Garai hartan baino okerrago dago egun, ziur, baina orain baino okerrago ere ikusi dut nik, duela hiruzpalau urte». Gaur egun zesta-puntak bizi duen egoerarekin alderatu du Eskuderok. «Zesta-puntan gorakada nabarmena ikus daiteke. Horretarako, telebistaren laguntza funtsezkoa da, eta, laguntzen badu, urte askotarako seguru ikusten dut nik». Irazuk, berriz, uste du frontoira joateko zailtasunak kirolaren kalterako direla: «Zuzenean ikustera joatea zailagoa da. Frontoia aparte dago, eta garraioa behar da. Gernikan, adibidez, bertan dago frontoia, eta Winter Seriesera joatea errazagoa da».]]>
<![CDATA[Esperantzara kondenatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/024/001/2023-03-10/esperantzara_kondenatua.htm Fri, 10 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/2093/024/001/2023-03-10/esperantzara_kondenatua.htm
Nahi eta ezin. Halakoxea izan zen Realak Erromako Olinpiar Estadioan jokatu zuen partida. Etxeko taldeak txuri-urdinen lehen akatsa zigortu zuen, eta 13.minututik atzetik aritu zen Reala markagailuan. Golaren ondoren, Erromako jokalarien diziplina nagusitu zen zelaian, baina banakoa gertu izan zuten donostiarrek; Kuboren aukera batean lehen zatian, eta Merinoren erremate batean bigarrenean. Ez zuten asmatu, ordea, eta partidaren hondarrean etxeko taldeak bigarrena egin zuen, korner jaurtiketa batean. Anoetan egun handia beharko du Realak datorren ostegunean hurrengo fasera sailkatzeko.

Parekotasuna ikusi zen Olinpiar Estadioko zelaian neurketa hasieratik. Realak eduki zuen baloia, baina Jose Mourinho pozik egoteko moduan zen, txuri-urdinek ez baitzuten area ingurura arriskuarekin heltzea lortzen. Etxekoak bikain aritu ziren defentsako lanean, ohi duten bezala, eta estuasun handirik pasatu gabe, Realaren hutsegitearen zain zeuden. Hala izan zen. Diego Ricok baloia galdu zuen ezker hegalean, Erromaren areatik gertu, eta bi paserekin txuri-urdinen areara iritsi ziren etxekoak, ziztu bizian. Dybalaren pasea baliatuz ederki egin zion izkin Abrahamek Zubeldiari, eta haren erdiraketa sareetara bidali zuen El Shaarawyk 13. minutuan.

Neurketa hasi eta berehala jarri zitzaion partida maldan gora Realari, baina golaren osteko lehen minutuetan beldur apur bat nabaritu bazitzaien ere, bereari eutsi zioten txuri-urdinek. Baloia eduki bai, baina zelai erditik hurbil une oro. Arrisku handirik hartu gabe aritu zen Reala, Anoetako partidan pentsatzen akaso, baina etxeko taldea gustura zegoen zelaian. Erromakoen ordena nagusi zen zelaian, Cristantek eta Maticek ederki eusten zioten taldeari, eta baloi ugari lapurtu zituzten bi euskarrien artean.

Hala ere, gertu izan zuen berdinketaren gola Kubok. Japoniarraren mugimendua ederki ikusi du Merinok, baina toki gutxirekin egindako errematea zutoinera joan zitzaion Kubori. Lehen zatiko jokaldi desberdin bakarrean berdinketa eskuratzear egon zen Reala. Erromak, baina, nahi zuen tokian zeukan neurketa, eta gutxi falta izan zitzaion Pellegriniri bigarren gola sartzeko. Dybalaren jaurtiketa gogor bat oinarekin desbideratu zuen italiarrak, eta Remiroren atearen gainetik irten zen baloia.

Bigarren zatian plan berberarekin zelairatu ziren bi taldeak. Erroma 11 jokalariak bere zelaian zituela aritu zen defentsan, eta kostata aurkitu zituen zirrikituak Imanol Alguacilen taldeak. Geroz eta baloi gehiago izan zuen Realak denbora aurrera joan ahala, baina lehen minututik erakutsitako kontzentrazioarekin egin zuen lan Mourinhoren Erromak. Maisua da portugaldarra markagailu motz horietan. Aspalditik erakutsi du jokatzeko era hori zenbateraino dominatzen duen, eta haren zigilua ezarri dio Erromari ere.

Zuhaitza astinduta ere ez

Aurkariak defentsako lanean asmatzen duenean zortea ere behar izaten da golen bat sartzeko, baina hori ere ez zuen alde izan Realak. Aldaketekin aurrerapausoa eman zuten txuri-urdinek, eta aukera argi bat ere izan zuten berdinketa lortzeko. Zelairatu berria zen Brais Mendezek erdiraketa bikaina egin zuen, eta Merinok, area txikian eta dena alde zuela, kanpora bidali zuen errematea. Ondoan zeukan Oiartzabal, baina erdilariak ez zuen taldekidea ikusi.

1-0ekoa bera ez zen emaitza txarra Anoetara eramateko, baina arratsalde ilunak beste albiste txar bat zeukan txuri-urdinentzat. 90. minutuaren bueltan, korner bakan batean bigarrena sartu zuen Erromak. Taktikoki landutako jokaldia modu traketsean defendatu zuen Realak, eta Kumbullak bakar-bakarrik egin zuen errematea: 2-0. Hala amaitu zen neurketa, eta Anoetan markagailua irauli beharko du Realak final-laurdenetan egoteko.

Haserre agertu zen Imanol prentsaurrekoan: «Joko polita erakuts dezakezu, baina oparitu duguna berriro oparitzen badugu, bi gol sar diezazkigukete».]]>
<![CDATA[Atzerrira eraman dute arbela]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/024/001/2023-03-07/atzerrira_eraman_dute_arbela.htm Tue, 07 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1900/024/001/2023-03-07/atzerrira_eraman_dute_arbela.htm «Oso txarra da pentsatzea etxean bezala lan egin ahal izango duzula»
Iñaki Martin
Saskibaloi entrenatzailea



Talderik gabe dago gaur egun Iñaki Martin (Donostia, 1978). Aita izan zen duela hilabete gutxi, eta horrekin gozatzen ari da. Valladoliden (Espainia) egin zituen lehen urratsak entrenatzaile lanetan. Urte asko eman ditu Espainiako zenbait ligatan, besteak beste ACBn eta Urrezko LEB ligan, Gipuzkoa Basketekin. Baina atzerrian egin du ibilbiderik oparoena. Mozambikera joan zen lehenbizi, eta han Maxaquenne taldean aritu zen. Gero, emaitza onek hango selekzioaren prestatzaile izatera eraman zuten. Selekzioarekin historia egitea lortu zuen, eta zilarrezko domina irabazi zuen Afrobasketen. Emakumeen selekzioan ere aritu zen aurrerago, eta Venezuelan, Portugalen eta Burundin lan egin du. «Espainian baino aukera gehiago eman dizkidate atzerrian», dio Martinek.

Hiru arrazoik bultzatuta hartu du Martinek kanpora joateko erabakia bere ibilbide luzean. Aurrenekoa haren lehen aldian izan zen, 2009an, Mozambikera lehen aldiz atera zenean: «Espainian laguntzaile izateko eskaintzak nituen, baina atzerrira joatea erabaki nuen». Bigarren arrazoia pertsonalagoa izan zen; leku bat aukeratu zuen, Mozambike, harekin lotzen duen zerbait daukalako. «Afrikan lehen urteak oso onak izan ziren emaitzei dagokienez, klubetan zein selekzioan. Horrek erraztu egin zidan ia nahi izan dudan guztietan itzultzea». Hirugarrena, berriz, azken bidaian ezagutu du. Sasoi honetan ez du Espainiako liga nagusietan eskaintzarik jaso, eta hilabete batez joan zen Burundira.

Ezin hobeto ezagutzen du donostiarrak Afrikako saskibaloia, eta hango jokalarien nondik norakoak azaldu ditu. Iparraldeko afrikarrak talentuagatik nabarmentzen direla azaldu du. Futbolean bezala, «jokoa hobeto ezagutzen» dute Afrikako beste herrialde batzuetan baino. Gainerako selekzioak fisikoki talde harrigarriak direla dio, baina «jokoaren ezagutzan» daukate hutsunerik handiena. «Ez dituzte partidaren egoerak kontrolatzen, eta berdin jokatzen dute aurreneko minutuetan eta amaierakoetan. Berdin zaie galtzen edo irabazten doazen: ez dute horren arabera aldatzen jokoa. Agindu, planifikatu eta teknikari eta taktikari dagokienez laguntzeko norbait falta zaie, eta horretara goaz gu».

Esperientzia handia dauka Martinek atzerrian, eta argi dauka azken urteetan gauzak asko aldatu direla Afrikan. Laguntza gehiago dituzte, eta, NBAk berak lagunduta, jokalari oso onak ateratzen dira: «Lehen ikusten ez ziren jokalariak ikusi daitezke gaur egun». Egunerokoan ere gauzak asko aldatu direla ohartarazi du; lehen, bidaiatzeko eta bizitzeko egoerak «oso desegokiak» ziren. Hala ere, gaur egungo egoera profesionala izan arren, Burundin «zementuzko zoruan» entrenatzen ziren, egoera pentsaezina Europan. Hori dela eta, argi dauka Espainiako ligetan edo atzerrian ezin dela modu berean lan egin: «Oso txarra da pentsatzea etxean bezala lan egin ahal izango duzula. Errealitate erabat desberdinak dira Donostiakoa eta Maputokoa. Pentsamolde irekiarekin joan behar duzu, baina zure ideiekin. Jokalariei gauzak ulertarazten laguntzea da helburua».

Saskibaloirako zaletasun handia ikusi du Martinek Mozambiken eta Burundin. «Sozialki garrantzi handia dauka kirolak Afrikan; batez ere, Mozambiken bezala emaitza historiko bat lortuz gero». Pabiloian zale asko elkartzen dira Afrikan, eta entrenamenduetan ere hainbat zale biltzen zirela dio Martinek. Egon den herrialdeetan ezaguna da Martin zaleentzat, eta Afrikako saskibaloian ere ezaguna da. Hala iritsi zitzaion Burundin hilabete egiteko aukera. Beldurrik gabe joan zen, baina inoiz baino gehiago sentitu zuen bakardadea. Hala ere, «soldatarekin batera» doan zerbait dela dio Martinek: «Atzerrian entrenatzea ederra da, baina une txar asko ere izaten dira».

«Entrenatzaile izan nahi badut, ezin naiz mugatu etxean aritzera soilik»
Iurgi Caminos
Saskibaloi entrenatzailea



Euskal Herriko hainbat taldetan laguntzaile eta lehen entrenatzaile moduan urte mordoa eman zituen Iurgi Caminosek (Donostia, 1978). 2018an, ordea, pauso garrantzitsu bat eman zuen bere ibilbidean: Japoniara joan zen entrenatzera, eta geroztik ez da Asiatik mugitu. Bi denboraldi eman zituen Japonian, eta Taiwanera joan zen gero. Han dabil 2021az geroztik. «Asian erabat profesionala izateko eskaintzen zizkidaten lan baldintzak Espainian aurki nitzakeenak baino askoz hobeak ziren».

Kanpora joatea ez da inoiz erabaki samurra izaten, baina «inongo beldurrik gabe» joan zela dio donostiarrak. «Atzerrira joateko, oso garrantzitsua da independentea izaten jakitea, denbora luzez bakarrik egongo baitzara. Egunerokoan bakarrik egoten ikasi dut, eta gozatu ere egiten dut bakarrik turismoa egiten».

Taiwanen, 24 milioi biztanle ingururekin, saskibaloia da lehen kirola. Orain, Dwight Howarden etorrerarekin, 15.000 zale ere sartu dira pabiloiren batean. «Herri eta hirietan hainbat saskibaloi kantxa daude kalean, eta edozein ordutan aurki dezakezu jendea jokatzen». Japonian, aldiz, futbola da lehen kirola, baina, pabiloietan biltzen den jendeari dagokionez, B Liga asko hazi da. «Saskibaloiaren aldeko mugimendu handia dago Asian, eta jende askok ez daki. Filipinetan, adibidez, ia erlijio bat da».

Asia ez zuen ezagutzen Caminosek, eta, zailtasunak zailtasun, pozik dago han: «Taiwanen, adibidez, ingelesarekin ondo moldatzen naiz. Bizimoduan Mendebaldeko ohiturak hartu dituzte, eta oso gizarte aurreratua da. Japonian, berriz, antzinako kultura dago, eta zaila da ingelesez hitz egiten duen jendea aurkitzea».

Taiwanen bi liga daude gaur egun, independenteak bata bestearengandik. P. League+ ligan jokatzen du Caminosek entrenatzen duen Tayouan Pilots taldeak, eta formatua Hego Amerikakoaren oso antzekoa da. Institututik unibertsitatera joaten dira jokalariak, eta urtero draft-a egiten da. Entrenatzaile donostiarrak dio jokalari mota oso desberdina dela Europan ikus daitekeenarekin alderatuta: «Japonian edo Taiwanen ez da erraza jokalari garaiak aurkitzea. Bertan jaiotako jokalariak oso gutxi dira bi metrotik gorakoak. Fisikoki, ordea, oso atleta onak dira. Ez dute tamaina handirik, baina indarra eta giharretako kalitatea badaukate, eta, batez ere, denbora luzez erritmo handian jokatzeko gai dira». Jokoaren irakurketan ikusten du, ordea, desberdintasunik handiena: «Europan taktikoki aurreratuago gaude». Hara iritsitakoan, hobeto landu beharko liratekeen ahulgune batzuk ikusi ditu entrenatzaileak: institutuan eta unibertsitatean aritzen diren entrenatzaileek txapelketak irabaztea izaten dute helburu, eta, zoritxarrez, jokalariaren garapenak ez du hainbeste axola».

Gaur egun, oso pozik dago Taoyuan Pilots taldean, eta ez daki gerora non egongo den. Kontratua dauka han: «Entrenatzaile izan nahi badut, ezin naiz mugatu etxean aritzera soilik». Hala ere, leku batzuk gustukoago ditu besteak baino. «Nahiago ditut bizi kalitate oneko lekuak; gehiago hartzen dut hori kontuan, hain seguruak ez diren herrialdeetan zenbat ordaintzen didaten baino».

«Ahalik eta urrutien iritsi nahi dut; baina nire bidea eginez»
Hanot Zabaleta
Saskibaloi entrenatzailea



Gaztetan hasi zen entrenatzaile lanetan Hanot Zabaleta (Donostia 1987). Donostiako Askatuak taldean aritu zen, Zilarrezko LEB ligan, eta geroztik hainbat urte egin zituen hainbat taldetan gaztetxoak entrenatzen. «Ikusi nuen gazteagoekin lan egitea behar nuela, eta bertan esperientzia hartu pixkanaka-pixkanaka». Gazteekin egindako lanaren ostean, aurrerapauso bat ematea erabaki zuen 2018an, eta Finlandiara joan zen, hango Bigarren Mailako Torpan Pojat taldera. «Argi neukan kanpora joan nahi nuela, ikusteko saskibaloia zer den atzerrian eta nola lantzen den herrialde bakoitzean». Alemaniako Bigarren Mailako (ProA liga) Tubingen Tigers taldean dago orain, laguntzaile, eta gertu dute lehen mailara igotzea.

Ezagun batzuen bitartez iritsi zitzaion Finlandian norbait behar zutela, eta aukera egokia iruditu zitzaion. Lehen taldean laguntzaile aritzeaz gain, klubeko haur batzuk ere entrenatu zituen, eta entrenatzaileen metodologian lagundu zuen. Lehen aldia zuen etxetik kanpora, eta egokitzen ikasi behar izan zuen. «Neguan, bertako bizitza ez da egokiena, baina saskibaloi kultura txikiago batean nire hazia ereiteko aukera izan nuen». Zabaletaren hitzetan, kulturalki klimak eta gastronomiak asko baldintzatzen du finlandiarren izateko era. Hala ere, jendea «oso jatorra» dela dio: «Zaila da haien parte izatea, baina laguntzat hartzen zaituztenean bizitza guztirako laguna zara». Saskibaloiari dagokionez, azpiegiturak oso onak dira, «behartuta» baitaude klimarengatik pista estaliak egitera. Baina arazoa «metodologian» daukatela dio donostiarrak. Hala ere, oroitzapen politak ditu: «Jokalariak oso langileak dira, eta entrenatzaileei errespetu handia diete».

Eivissa (Herrialde Katalanak) EBA ligan urtebete egin zuen Finlandian lehen sasoia amaitutakoan, baina, handik urtebetera, Finlandiara itzuli zen, laguntzaile eta lehen entrenatzaile lanak egitera. Azken neurketan galduta, ez zuten Lehen Mailara igotzea lortu, baina, lan onaren seinale, Alemaniara joateko aukera iritsi zitzaion iaz. Ez zuen birritan pentsatu. Lehen urtea du Tubingen Tigersen laguntzaile lanetan, eta «oso pozik» dago: «Laguntzailea izanda, asko esku hartzen dut taldean, eta konfiantza dute nigan. Zenbait gauza nire esku daude, eta baloratua sentitzen naiz».

Alemaniako saskibaloiak bi erreferente ditu Euroligan, Alba Berlin eta Bayern Munich. Zabaletak dioenez, Alemanian saskibaloian aritzeko fisiko bikaina daukate jokalariek, eta klubek hobetzeko nahia daukate. «Hobetzeko dirua ere badaukate. Diru hori non jarri asmatzea da kontua». Zabaletak argi dauka «harrobian» inbertitu beharko litzatekeela, entrenatzaile profesionalei tokia eginez. Eta pixkanaka bada ere, «nola landu behar den» ikasten ari dira: «Aurrerapausoak azkarrago ematea falta zaie, modelo hain analitikoa alde batera utzi eta beste dena kontuan hartuta. Saskibaloian faktore asko daude, kooperazioa, oposizioa, emozioak eta erabakiak hartzea; hori dena landuz gero, oraindik gorago egongo da saskibaloia Alemanian».

Saskibaloia du ogibide, baina, atzerrira joandakoan, saskibaloitik deskonektatzeko zailtasunak ditu entrenatzaile donostiarrak: «Lan orduetatik kanpo denbora luzez egoten naiz saskibaloia ikusten eta ikasten. Hala ere, egia da bakarrik ordu asko igaro behar dituzula, eta, atzerrira joanda, besteengana zabaltzen ikasi dut».

Etorkizunari begira, gauza bakarra omen dauka argi: hobetu egin nahi du. «Ahalik eta urrutien iritsi nahi dut. Baina nire bidea eginez. Entrenatzaile hobea izan nahi dut». Laguntzaile lanetan errazagoa dela dio Zabaletak, baina, lehenengo, entrenatzaile izaten ahalegindu nahi du. «Nire izaerak kargu hori hartzea eskatzen dit, eta nire ideiak aurrera eramatea gustatuko litzaidake».]]>
<![CDATA[Abdek hautsi du berdinketa lehen partidan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1869/020/001/2023-03-02/abdek_hautsi_du_berdinketa_lehen_partidan.htm Thu, 02 Mar 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1869/020/001/2023-03-02/abdek_hautsi_du_berdinketa_lehen_partidan.htm
Sevillan ilusionatu zen lehen aldiz Osasuna Espainiako Koparekin, Betisi final-zortzirenetan irabazita. Atzo, berriz, Sevillara itzultzeko lehen kolpea jo zuen, oraingoan finala jokatzeko asmoz. 1-0 irabazi zion Osasunak Athletici Sadarren. Neurketa parekatuta joan zen, baina Ez Abderen golari esker aurreratu ziren etxekoak. Lehen partida irabazita gertuago du Osasunak finala, baina, San Mamesen, zuri-gorrien gotorlekuan, erabakiko da kanporaketa, apirilaren 4ean.

Neurketari erritmo altua jartzen ahalegindu zen Osasuna hasieratik. Zaleen aurrean aritzen den aldiro hala nahi izaten du Arrasateren taldeak, eta gustura aritzen da abiadura handiko neurketetan. Pase gutxi eman eta ahal bezain laster Julen Agirrezabalaren ate ingurura hurbiltzen ahalegindu ziren gorritxoak, baina zuri-gorriek ez zieten nahi zuten jokoa egiten utzi.

Ez Abde izan zen etxekoen argi izpia. Haren talentuaren bila aritu ziren taldekideak une oro, eta haren hegaletik eraman zuen arriskua etxeko taldeak. Oscar de Marcosek ez zuen lan erreza, eta behin baino gehiagotan lagundu behar izan zion Alex Berenguerrek. Osasunaren lehen zatiko aukera garbiena Marokoko hegalekoak izan zuen, baina haren jaurtiketa kornerrera joan zen, zutoinaren ondotik.

Athleticek, berriz, Iker Muniain izan zuen gidari. Jokaldi bakoitza hobetu egiten zen baloia haren oinetatik igarotakoan, eta hark izan zituen lehen zatiko aukera garbienak. Lehenengo saiakeran atzelari baten gorputzean jo zuen baloiak haren jaurtiketa batean, eta Sergio Herrerak hanka luzatu behar izan zuen baloia atepetik ateratzeko. Ordurako lharen burua lurrera botata zuen gorritxoen atezainak. Bigarren saiakeran atzelari bati izkin egin zion area barruan, baina langaz harago jaurti zuen baloia.

Hasi bezain pronto, gola

Bigarren zatia hasi eta berehala jo zuen lehen kolpea Osasunak. Athleticen atzelariak oso aurreratuta zeuden Osasunak baloia lapurtu zuenean, eta Moi Gomezek pase bikaina egin zion Abderi atzelarien artetik. Marokoarraren kontrola ez zen ona izan, baina ederki egin zion izkin Dani Viviani baloia aurrera botaz. Area barruan sartu, atera begiratu, eta ezkerrarekin egindako errematea sareetara bidali zuen zutoina jo ostean; 1-0 47. minutuan.

Handik gutxira aldaketak egin zituen Valverdek, eta zertxobait aldatu zen neurketa. Athleticek ez zuen lortu jokaldiak ontzea, baina Raul Garciarekin eta Nico Williamsekin arriskua eraman zuten une bakan batzuetan.

Azken minutuan izan zuen Athleticek aukera garbiena markagailuan berdinketa ezartzeko,, baina Raul Garciaren errematea gorputzarekin gelditu zuen Herrerak. Sendo aritu zen defentsan Osasuna, talde lanean, eta gol baten aldearekin joango da San Mamesera.Bertan erabakiko da kanporaketa, zuri-gorrien gotorlekuan.]]>
<![CDATA[Ilusioa eta zalantzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/7821/024/002/2023-02-28/ilusioa_eta_zalantzak.htm Tue, 28 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/7821/024/002/2023-02-28/ilusioa_eta_zalantzak.htm
Hala ere, emaitza ez zen izan arratsaldeko albiste txarrena zuri-gorrientzat. Jokalari askok min hartu zuten, eta ez dira bihar Sadarren izango. Lesioek, gainera, ez daukate itxura onik; Unai Simonek orpazurdan hartu zuen min, eta Nico Williamsek eta Raul Garciak belauna eta sorbalda bihurritu zituzten, hurrenez hurren. Yeray Alvarezek eta Jon Morcillok ere min hartu zuten, eta Iñigo Martinez eta Ander Herrera ez daude jokatzeko prest.

Williamsen hutsunea izan daiteke nabarmenena. Jokalari gazteak urrats handiak egin ditu azken urtean, eta taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Oraindik Sadarren jokatzeko aukerak ditu, baina gaur egun hori amets bat da errealitatea baino gehiago.

Iruñeko karriketan, ordea, ilusioa da nagusi. Hemezortzi urteren ostean itzuli da Osasuna Kopako finalerdietara, eta Sadarrek beste gau eder batekin gozatzeko aukera izango du. Lepo beteko dira harmailak kanporaketako lehen partida ikusteko. Igandera arte garaipenik lortu gabe zegoen Osasuna ligako azken bost neurketetan, baina Sevillan eskuratutako garaipenarekin mamuak uxatu ditu. Ruben Peña da gorritxoen artean min hartuta dagoen bakarra; beste guztiak egun handirako prest ditu Arrasatek.]]>
<![CDATA[Ezustekoan iritsitakoa pistan irabazteko prest]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1961/021/001/2023-02-23/ezustekoan_iritsitakoa_pistan_irabazteko_prest.htm Thu, 23 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1961/021/001/2023-02-23/ezustekoan_iritsitakoa_pistan_irabazteko_prest.htm
Iragan ekainean, ezker oinean zeukan lesio batengatik operatzea erabaki zuen. Hiruzpalau hilabete eman zituen lehiatu gabe, baina berehala ohartu zen hobekuntzaz. Denbora asko zeraman arazoekin. «Osatze prozesua oso azkarra izan zen arren, berehala hasi nintzen txapelketetan lehiatzen, eta entrenamendu asko falta zitzaizkidala konturatu nintzen. Orain, entrenamenduetan jarri ahal izan dut arreta, eta fisikoki zein mentalki oso ondo nago».

Maiatzean Olinpiar Jokoen aurreko urtea hasiko da. Parisen egoteko sailkatze faseari ekingo dio. Beste lehiaketa mordoxka bati ere egin beharko dio aurre. «Gogorra» izango den arren, «ilusioz» dago: «Atseden hartzeko tarte gutxi izango dut. Hala ere, garai onean nagoela uste dut, eta hori aprobetxatu nahi dut». Parisen egotea ez da lan erraza izango. Munduko sailkapeneko hamasei onenen artean egon beharko du sailkatzeko. «Zailtasuna hainbestekoa denez, gogotsuago nago. Erronka handia da, eta horretarako gai ikusten dut neure burua».

Azurmendiren txikitako ametsetako bat da Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea. Oraindik «ametsa» dela dio, eta helburua dela munduko hamasei onenen artean sailkatzea: «Orain arte bezala entrenatzen jarraitzen badut, ez dut baztertzen bost urte barru helburua gertuago egotea».

Abuztuan izango du urteko beste lehiaketa garrantzitsuenetako bat. Donostiarra Danimarkako Munduko Txapelketan lehiatuko da, eta, oraindik asko falta den arren, «irrikaz» dago. Iaz, lesioa tarteko, ezin izan zuen Munduko Txapelketan lehiatu, eta duela bi urte 2021ean Huelvan (Espainia) jokatutakoan aho zapore gazi-gozoarekin gelditu zen. Horregatik atera nahi du arantza txapelketan: «Munduko Txapelketa abuztuan izateak motibatu egiten nau», adierazi du.

Sasoi gogorra dauka aurretik, eta, horri modu egokienean aurre egiteko, erabaki bat hartu du Azurmendik: bakarkakoan zentratuko da, eta ez da gehiago arituko bikoteka. Orain arte Beatriz Corralesekin aritzen zen. «Txikitatik bakarka aritu izan naiz, eta bikoteka jokatzea oso desberdina da taktikoki eta teknikoki. Apustu bat egin genuen, egun batzuetan bakarka entrenatuta eta besteetan binaka. Orain Olinpiar Jokoetan jarri nahi dut arreta, eta oso zaila da biak tartekatzea». Hala ere, donostiarrak nabarmendu du diziplina horrekin «asko» ikasi duela, eta zenbait gauza banaka jokatzekoan praktikan jartzen ahalegintzen dela.

Oinarria perfekzionatzen

Munduko jokalaririk onenen aurka lehiatzen denak nahi gabe ere hobetu egiten du. Azurmendik argi dauka onenekin jokatuta eta entrenatuta izan dela gai aurrerapausoak emateko. Haren hitzetan, beti izan du jokatzeko era «oso erasokorra», eta oso gaztetatik gustatu izan zaio jokoaren ekimena izatea. «Beti jokatu izan dut horrela, nahiz eta pixkanaka hobetuz eta perfekzionatuz joan naizen. Urteen poderioz pazientzia handiagoarekin jokatzen ikasi dut, eta badakit une oro ezin dudala erasokorra izan». Hala ere, ezin du bere jokora soilik mugatu, munduko jokalari onenak aurkariaren indarguneak gutxitzeko gai baitira. «Jokatzeko era bat izan arren, beste jokamolde batzuetara ere egokitu behar dugu beti. Lehen ez nuen hori ulertzen, eta nire jokoa egitea galarazten zidatenean, partidatik kanpo gelditzen nintzen», aitortu du.

Hurrengo hilabeteetan ikusiko da noraino heltzeko gai den. Bitartean, Madrilgo Goi Errendimendu zentroan entrenatuko da, ezustekoan iritsi zitzaion aukera pistan irabazteko.]]>
<![CDATA[Berriz ere gorenean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/7821/024/002/2023-02-21/berriz_ere_gorenean.htm Tue, 21 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/7821/024/002/2023-02-21/berriz_ere_gorenean.htm
Sufrituta irabazi zuen azkenean. Max Homak egun aparta izan zuen, eta hortzak estutu behar izan zituen Rahmek. Kaliforniarrak aurre hartu zion barrikarrari bost zulo falta zirenean, eta Patrick Cantlayk ere lortu zuen pixkanaka aurreko biei gerturatzea. Ordura arte ez zuen askorik gozatu Rahmek, baina une zailetan erakusten dute beren balioa izar handiek, eta orduantxe egin zuen diz-diz Rahmek, garaipena eskuratu arte.

2023. urteari hasiera bikaina eman dio Rahmek, hirugarren txapelketa irabazita. Hirugarren postuan zegoen munduko sailkapenean, eta garaipen honekin Scottie Scheffler estatubatuarra eta Rory McIlroy iparrirlandarra aurreratu ditu, atzo arte sailkapeneko lehena eta bigarrena hurrenez hurren. Barrikarraren hitzetan, «oso diziplinatua» izan da beti, eta gaur egun «fruituak jasotzen» ari da: «Garai onak joan eta etorri egiten dira, dinamikak kirolaren parte dira, baina gauzak zuzen eginez gero, aukera gehiago dituzu inoiz ez sentitzeko galdu dezakezula».

Orain munduko lehen postuan zergatik dagoen erakutsi beharko du Rahmek, eta martxoan izango du horretarako lehen aukera. Beste bi lehiaketari egin beharko die aurre: Arnold Palmer eta The Players. Ohikoa duen zuhurtziaz aritu beharko duen arren, epe luzera begira jarriko da laster. Aste Santuan Augustako Mastersean arituko da, Major batean.]]>
<![CDATA[«Tomic eta Ribas nola edo hala geratu behar ditugu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/019/001/2023-02-17/tomic_eta_ribas_nola_edo_hala_geratu_behar_ditugu.htm Fri, 17 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1864/019/001/2023-02-17/tomic_eta_ribas_nola_edo_hala_geratu_behar_ditugu.htm
Zer berezitasun ditu Kopak?

Kopa beti da lehiaketa berezia, oso desberdina baita gainerakoekin alderatuta. Europako herrialde askotan jokatzen da lehiaketa hori asteburu honetan, baina ACB ligakoa da mailarik handiena daukana. Hiru edo lau egunean hiru partida jokatu behar dituzu finalera iristeko, eta ez da erraza.

Zein da taldearen helburua Kopan? Eta zer eskatu behar zaio?

Amaieraraino iritsi nahi dugu, baina urratsez urrats joan behar dugu. Ostiralean [gaur] daukagu lehenengo finala, eta gero jarriko gara aurrera begira.

Baskoniak 2009an irabazi zuen azken aldiz txapelketa. Ordutik, ez da finalera iritsi. Irabazteko presioa sumatzen al duzue?

Egia esan, ez; ez dugu presiorik nabari. Real Madrilek, Bartzelonak, Valentziak... beti dugu helburu bera: lehiaketan amaieraraino iristea. Ez daukagu presiorik, baina argi daukagu zer klubetan gauden eta zer dimentsio daukan. Hori soilik bada nahikoa arrazoi lehiaketa irabazten ahalegintzeko behintzat.

Oraingoan, gainera, ez dituzue Euroliga jokatzen duten hiru taldeak koadroaren zuen aldean. Koparen bilakaeran garrantzitsua dela uste duzu?

Ez dugu askorik hitz egin horretaz. Horren egun gutxian nola demontre hartuko dugun atseden, hori da gure solasaldietan gehien aipatzen dena! [barrez]. Lehiaketa guztien erritmoa oso gogorra da, oso talde gogorren aurka lehiatu beharra daukagu. Ez daukagu astirik horrelako gauzei askorik erreparatzeko. Lehiatzeko eta irabazten ahalegintzeko gaude hemen, eta horretan ahaleginduko gara.

Lehenbizi, Joventuten aurka jokatu beharko duzue. Etxean jokatzen dute, eta, ACB ligan, bi partida soilik galdu dituzte han sasoi honetan. Ez da aurkari makala…

Ez nuen datu horren berririk. Baina ez dut uste gure jokoa aldatu behar denik horregatik. Guk ere oso gutxi galdu dugu etxean, eta horrek ez du ezer esan nahi. Egindakoari erreparatzea baino nahiago izaten dut egin dezakegunari erreparatzea. Espainiako Kopan, partida makal bat jokatuz gero, kanpoan geratzen zara, eta berdin du etxean edo etxetik kanpo jokatu, garrantzitsuena da zer pentsaerarekin aurre egiten diezun neurketei.

Orduan, zure iritziz, etxean jokatzea motibazio bat edo presio gehigarri bat da haientzat?

Askotan hitz egiten da etxean jokatzearen garrantziaz, baina presio gehigarri bat ere izan daiteke, noski. Joventuteko zaleek ilusio handia daukate, Kopa etxean jokatzen dutelako, eta hori presioa bilakatu liteke jokalarientzat.

Zure ustez, zein izango da lehen partidako gakoa?

Ante Tomic eta Pau Ribas nola edo hala gelditu behar ditugu, haiek baitira taldearen liderrak. Ligan, Buesa Arenako partidan, min handia egin ziguten barruko jokoan eta errebotean. Tomic jokalari bikaina da, eta oso zaila da hura gelditzea, baliabide ugari baititu erasoan jokatzeko. Beti esaten dudan bezala, defentsa funtsezkoa izango da. Dakigun bezala defendatzen dugunetan, oso talde gutxik irabazten digute.

Urtarrila eta otsaila hilabete gogorrak izan dira, partida kopuruarenagatik. Bolada bikain batetik zetorren taldea, eta zenbait porrot iritsi dira. Nola bizi izan duzue barrutik?

Ondo eraman dugu, ahalik eta normalen. Beti daude halako boladak, sasoi guztietan; hori ez gertatzea izango litzateke albistea. ACB liga eta Euroliga tartekatzea oso polita da, baina zaila ere bai. Partida gehiago galduko ditugu, baina entrenatzen jarraituko dugu; lan egitea da talde honen sekretua. Hala ere, baikorrak izan behar dugu.

Etxean talde bat izan zarete, eta kanpoan, beste bat. Zergatik? Hainbesteko aldea dago?

Ez nuke azaltzen jakingo zenbatekoa den aldea. Zaleen animoekin jokatzea beti da hobea, eta gehiago zaleak Baskoniarenak bezalakoak badira. Oso talde gaztea gara, eta gai izan behar dugu gure zaleak aurrean ez daudenean ere hortzak estutzeko. Batez ere defentsan.

Pierria Henry galtzea albiste gogorra izan zen, baina Max Heidegger fitxatu du klubak. Zer eman dio taldeari?

Bi hiruko Unicajaren aurka jokatutako luzapenean [barrez]. Bi aste soilik daramatza Gasteizen. Hainbeste partida jokatzen ditugunez, oso entrenamendu gutxi egin ditu taldearekin, eta erritmo honetan aritzeko prestatzea lan zaila da. Orain arte ,oso ondo aritu da, eta erakutsi du taldeari laguntzeko gai dela.

Henry gabe, zu aritu zinen antolatzaile postuan, Darius Thompsonekin batera; orain, eskolta postura itzuli zara berriro. Heideggerren etorrerak zama arindu dizu?

Joanek [Peñarroya] antolatzaile postuan nahi banau, prest egongo naiz, eta eskolta lanetan nahi banau, berdin. Hark eskatzen didana egiten ahaleginduko naiz beti.]]>
<![CDATA[Eraikitzeko era desberdinak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/020/001/2023-02-16/eraikitzeko_era_desberdinak.htm Thu, 16 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1994/020/001/2023-02-16/eraikitzeko_era_desberdinak.htm
Tenerifek proiektu sendoa dauka esku artean. 2012an lortu zuen klubak ACB ligara igotzea, eta geroztik aurrerapausoak eman eta eman aritu da. Proiektua maila gorenean sendotzea lortu zuten lehendabizi, eta, kanpoko presiorik gabe, ACB ligako talde sendoen artean dago gaur egun. Arrazoi askorengatik dago taldea dagoen tokian, baina arrazoi horietako bat da Bidorreta. Esperientzia handiko entrenatzailea da bilbotarra, eta taldeari bere ukitua ematea lortu du. 2015etik 2017ra egin zuen lehenengo etapa, eta, Valentzian urtebete eman ondoren, Tenerifera itzuli zen. Guztira zazpigarren denboraldia du haiekin, eta ibilbide horretan bi aldiz iritsi da Txapeldunen Ligako finalera; horietako bat irabazi zuen. Gainera, hiru aldiz irabazi du Kontinente Arteko Txapelketa; azkena, iragan asteburuan.

Tenerifeko taldeak ederki barneratu du Bidorretaren saskibaloia, eta jokoa dominatzea lortu du Giorgi Shermadinirekin —ligako jokalari baliotsuena— eta Marcelinho Huertasekin. Taktikoki oso talde landua da, eta blokeo zuzena baliatzen dute neurketa dominatzeko. Erregistro horretan maisuak dira Huertas eta Shermadini, eta irlan ematen ari diren maila ikustekoa da. Bi horiez gain, oso jokalari antzekoak fitxatu ohi ditu klubak. Taktikoki eskematik aterako ez diren jokalariak, eta batez ere kanpoko jaurtiketa menperatzen dutenak. Horregatik dira bi puntuko jaurtiketetan ACB ligan ehuneko onena daukaten taldeetan bigarrena, eta hiru puntukoetan laugarrena. Jaurtitzaile horiek ahalik eta modu erosoenean bilatzeko, oso ohikoa da Bidorretaren arbeltxoan zeharkako blokeo ugari ikustea; baita hegal pibotekin ere.

Gainera, jokatzeko era aldatzeko gai dira partida bakarrean, erregistro asko menperatzen baitituzte, eta aurkariari ez diote neurketan sartzen uzten. Horren adierazle da estatistika; ACB ligan puntu gutxien jasotzen duen taldea da (72,8 puntu). Hortaz, Kanaria Handiak arratsalde oparoa izan beharko du saskira begira finalerdietan egon nahi badu.

Zigilu pertsonala

Tenerifen ez bezala, azken urteak gogorrak izan dira Malagan. Sailkapeneko aurreneko postuetan egotera ohituta zegoen Unicaja, eta geroz eta urrutiago zegoen onenengandik. Iragan otsailean, hondoa jotzeko beldurrez, Navarro fitxatu zuten. Sasoia ahal bezala salbatu zuen gasteiztarrak, baina, orain, hark nahi zituen jokalariekin, goi mailara eraman du kluba berriro ere. Baskonian, Manresan, Murtzian eta Andorran erakutsi zuen zertarako gai den, eta zukua atera die beti bere taldeei. Oraingoan ere hala da.

Malagarren jokoa argi eta garbi identifikatu daiteke Navarroren taldeekin. Haren zigilua erraza da ikusten. Defentsan sendoak eta oldarkorrak dira gasteiztarraren taldeak, eta erasoan arriskatzea gustatzen zaio, joko azkarra eta alaia baliatuz, eta saskira modu bertikalean joanda. Horretarako jokoa sortu dezaketen jokalariak nahi izaten ditu antolatzaile eta eskolta postuetan, eta hori lortu du Unicajan Kendrick Perryrekin eta Tyson Carterrekin.

Sasoi honetako sentsazioak oso onak dira, eta Malagako Martin Carpena pabiloia ia goraino betetzea lortu du Navarrok. Jokalariek erakutsi dute prestatzaileak eskatzen dienean sinesten dutela, eta, izar handirik gabe, taldeko jokoan oinarritu dituzte orain arteko partidak. Baloi gehien lapurtzen dituen taldea da ACB ligan (12 partidako), baina, horretaz gain, puntu gehien sartzen dituzten taldeetan hirugarrena da ligan (86,7 puntu), eta bi puntuko jaurtiketetan ehuneko onena daukan taldea (%58,5). Bartzelona ez da nolanahiko aurkaria izango, baina aukerak izango dituzte Navarrorenek.]]>
<![CDATA[Heldu da izarren ordua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/8017/024/003/2023-02-14/heldu_da_izarren_ordua.htm Tue, 14 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/8017/024/003/2023-02-14/heldu_da_izarren_ordua.htm
Horrelako lehiaketa gogor bat irabazi nahi dutenek onenei irabazi behar izaten dietela esan ohi da, baina zozketetan zortea alde edukitzea ere garrantzitsua da. Ez da hala izan Bayern Munichentzat eta PSGrentzat. Ustez garaikurra lortzeko faboritoetako bi dira, eta lehen kanporaketan neurtu beharko dituzte indarrak. Parisen ariko dira gaur, eta Munichen (Alemania) jokatuko dute bueltakoa.

Neurketa handia espero da, baina, hala ere, bi taldeek zenbait jokalari garrantzitsu gabe jokatuko dute. Frantziako taldean Verratti, Renato Sanches eta Mukiele ez dira ariko, min hartuta baitaude. Messik eta Mbappek ez dituzte Frantziako Ligako azken partidak jokatu, baina jokatzeko aukerak dauzkate. Alemaniako taldearen egoera ez da hobea. Neuer, Mane, Lucas Hernandez, Mazraoui eta Gravenberch ez baitira ariko. Hortaz, ikusi beharko da zein prestatzailek aterako dion etekin handiagoa aulkiari.

Eguneko beste neurketa ere zirrara handikoa izango da. Stefano Pioli eta Antonio Conte, Milaneko eta Tottenhameko prestatzaileak hurrenez hurren, italiarrak dira, eta hainbat aldiz jokatu dute elkarren aurka; azkenekoz, Milango derbian, Conte Interreko entrenatzaile zelarik. Bi taldeen jokatzeko erak ere antzekoak dira. Hiru erdiko atzelarirekin aritzen dira biak, eta gora egiten duten bi hegaleko erabiltzen dituzte. Gaurko neurketan, Maignan eta Lloris —atezain titularrak— ez dira ariko, min hartuta baitaude biak.

Milanentzat neurketa berezia izango da, 2013-2014az geroztik lehen aldiz itzuliko baitira Txapeldunen Ligako final-zortzirenak San Sirora. Londresko taldea, berriz, 2019ko finalean izan zen, baina azken bi urteetan Europako Ligan aritu da.]]>
<![CDATA[Biziberritzeko premiaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/020/001/2023-02-10/biziberritzeko_premiaz.htm Fri, 10 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1994/020/001/2023-02-10/biziberritzeko_premiaz.htm
Miribillako taldea zulo beltz batetik atera ezinda dabil azkenaldian. Sasoi hasieran ligako defentsarik onenen artean zeuden bizkaitarrak, eta saski aurrean maiztasunarekin asmatzen zuten. Egun, defentsako lanean ez dute aurrerapausorik ematea lortu, eta erasoan atzeraka egin du urratsa. ACB ligan hirugarrena da puntu gutxien sartzen dutenen artean (76,3), eta bi puntuko jaurtiketetan batezbesteko okerrena dutenen artean ere hirugarrena da (%48,6). Gainera, asistentzia gutxien banatzen dutenen artean laugarrena da (15,1).

Mintegiak dio erasoko jokoa Ludde Hakanson eta Adam Smithen «banakako jokaldietatik» abiatzen dela, eta suediarra min hartuta egon denez, «oso irtenbide gutxi» topatu dituela taldeak.

Piboten ekarpenean ikusten du Mintegiak gabeziarik handiena. Haren ustetan, «jakina zen» Jeff Withey eta Michale Kyser ez direla erasoan beren kabuz puntuak sor zitzaketen pibotak, eta argi dauka saski azpian «puntu asko» falta direla, baina defentsan jarri du arreta; eta ez da kasualitatea, Bilbo Basketen aurka aritzen diren pibot askok partida bikaina jokatzen baitute. Giorgi Shermadinik 22 puntu sartu zizkion Bilbo Basketi azken partidan, eta aurreko lau partidetako piboten markak ere antzekoak dira: Marek Blazevicek 19, Artem Pustovyik 23, Ante Tomicek 16, eta James Nnajik beste 16.«Kyser fitxatu zutenean bazekiten zeintzuk ziren haren mugak, batez ere aurkari garaiagoen aurrean; baina beste gauza batzuk ematen ditu. Witheyk, ordea, badauka fisiko hori, eta pasibotasun puntu batekin ikusten dut», adierazi du Mintegiak.

Txapeldunen liga jokatzeak ere bere alde onak eta txarrak ditu, eta sasoi guztian darama Bilbo Basketek zama hori. Alde batetik, Europan jokatzeak bestela fitxatu ezin ditzakeen jokalariak fitxatzeko bidea ematen dio klubari, eta, bestalde, karga fisikoak lesioak dakartza nahi eta nahi ez. Azken hilabetean emaitza kaxkarrak izanagatik ere, Mintegiak uste du sailkapenean taldea dagokion tokian dagoela: «Irailean edozeinek sinatuko luke egungo egoera sailkapenean. Taldeari ezin zaio askoz gehiago eskatu; jokalari zehatz batzuei agian bai».

Goudelock eta atzerritarrak

Denboraldiaurrean iritsi zen zorigaitzeko lehen albistea Miribillara. Andrew Doudelockek, taldeko izarrak, ezker belauneko tendoi errotuliarra hautsi zuen, eta haren ordezko baten bila merkatura jo behar izan zuen Bilbo Basketek. Hala heldu zen Smith taldera. Orain, ordea, Goudelock berragertzeko gertu dagoela dirudi, eta klubak erabaki bat hartu beharko du. ACB ligan ezin dira Europako Batasunetik kanpoko bi jokalari baino gehiago sartu deialdian, eta Kyser, Smith eta Goudelock estatubatuarrak dira. Txapeldunen Ligan jokatzeko ez lukete arazorik izango, baina ACB ligan hiru jokalarietako bat deialditik kanpo geldituko litzateke astero.

Ohikoena litzateke Goudelock sendatzean Smithek taldea uztea, antzeko postuetan jokatzen baitute, baina Mintegiak mugimendu horren arriskuez ohartarazi du.«Orain arte Smithek egindako lana ezin da ezbaian jarri, eta ikusteko dago Goudelocken adina eta lesioa kontuan hartuta nola itzuliko den». Gainera, azpimarratu du antzeko postuetan jokatu arren oso jokalari desberdinak direla: «Goudelock saskiratzaile petoa da, baina ez da antolatzaile bat. Lan horretarako baliabide gutxirekin geldituko litzateke taldea, eta arriskutsua da».]]>
<![CDATA[Ezusteko porrota]]> https://www.berria.eus/paperekoa/7821/022/002/2023-02-08/ezusteko_porrota.htm Wed, 08 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/7821/022/002/2023-02-08/ezusteko_porrota.htm
Partida parekatua jokatu zuten atzo Aguas Santas Milanezak eta Bidasoak. Multzoko azken sailkatua lehen garaipenaren bila zelairatu zen zaleen aurrean, eta hurrengo fasera sailkatzeko dituzten aukeretan sinetsita, partida osoa egin zuten. Bidasoak, ordea, ez zuen asmatu. Lehen zatian aurretik izan ziren arren, deseroso aritu ziren une oro. 45. minututik aurrera lehen errentak lortu zituen etxeko taldeak, eta puntuen beharrak bultzatuta, ez zioten Bidasoari ohikoa duen jokoa egiten utzi.

Porrotaren ostean zazpi punturekin dago Bidasoa sailkapenean, eta lau puntura ditu Motor eta Aguas Santas, bosgarren eta seigarren sailkatuak, hurrenez hurren.

Bera Bera, gaur, Elxen

Bera Berak, berriz, Espainiako Ligako hamalaugarren jardunaldiko partida jokatuko du gaur Elxen (Herrialde Katalanak), 20:00etan. Donostiako taldeak bolada bikaina harrapatu du: ligako estreinan, etxean, Malagaren aurka galdu eta gero, irabazi egin ditu ondoren jokatu dituen neurketa guztiak; hamabi, hain zuzen ere. Horri esker, zazpi punturen aldea du bigarren sailkatuarekiko.

Bolada eder horri eutsi nahi dio gaur. Partida oso bihurria da, Elx sasoi betean baitago: irabazi egin ditu azken bost partidak. Donostian, nagusitasunez irabazi zuen Imanol Alvarezek entrenatutako taldeak (32-17), baina etxean aurkari arriskutsua da Elx.]]>
<![CDATA[Modaren sokatik zintzilik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/026/001/2023-02-07/modaren_sokatik_zintzilik.htm Tue, 07 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1920/026/001/2023-02-07/modaren_sokatik_zintzilik.htm
Hortaz, azken urteetako egoeren ondorioz, kirol hau zer den jakin eta bertatik bertara ezagutu nahi izan dute askok eta askok. Lehiaketetatik urrun, aisialdirako beste modu baten gisan ikusi dute probatzera joan direnek, eta, arrokan gora lehen urratsak egitea zaila eta arriskutsua izan daitekeenez, rokodromoek sekulako goraldia izan dute. Hori nabarmen ikusi dute Donostiako The Factory Boulderren eta Iruñeko Rokopolisen. Bertako irakasleak dira, hurrenez hurren, Irati Zabala eta Xabi Senosiain, eta geroz eta ikasle gehiago dituzte. «Gutxi batzuk asko entrenatzen dira, prestaketa handia egiten dute, eta errendimenduari begira egiten dute lan. Baina geroz eta jende gehiago ikusten da rokodromora probatzera joaten dena; zinemara joan beharrean eskalatzera joaten dena», adierazi du Zabalak. Hala ere, jende gehiago joate horrek geroz eta toki gutxiago edukitzea ekarri du, eta ia ezinezkoa zaie zale denen eskaerak betetzea.

Rokodromoak, hasieran, bide luzeko eskaladan edo kirol eskaladan entrenatzeko erabiltzen ziren instalazio pribatuak ziren. Ez ziren sortu eskalatzeko modalitate berri bat praktikatzeko leku gisa, baizik eta praktikarako eta teknika hobetzeko osagarri gisa. Hala ere, beste bilakaera bat izan du azkeneko urteetan. Gela batean ia materialik gabe eskaladan entrenatzeko modua ikusi du askok, era dinamiko eta dibertigarri batean, eta maila askotako jendearen ondoan. Gainera, gorputz guztia lantzen den kirol bat da, eta kirolaria kontzentratuta egotera behartzen du.

Eskaladak aspalditik ditu jarraitzaile asko Euskal Herrian; horregatik, kirol eskaladako eskola txiki ugari daude hemen, baita mendian eskalada klasikoa praktikatzeko guneak ere. Azken urteetan,ordea, gorakada nabarmena izan da hor ere, eta hori nabarmen ikusi dute irakasleek.

Biek ala biek denbora luzea daramate eskaladaren munduan murgilduta, eta irakasle izatea gustuko lana dute. Senosiainek lagunekin izan zuen lehen kontaktua eskaladarekin, eta «modu basatian» ikasi zuela oroitu du: «Eskaladan altuera arriskutsuetan aritzen gara askotan, eta hor ezin da zoroen antzera aritu. Jendeari modu seguru batean aritzen erakusteko sartu nintzen irakasle». Zabalak azpimarratu du lehen eskalatzen zutenak «friki kuadrilla bat» zirela, eta orain «modan» dagoela.

Bi irakasleak bat datoz umeentzat onuragarria dela eskalada. Oso kirol «osoa» dela diote, eta gorputz guztia erabili behar dela: «Erronka bakoitzak mugimendu oso desberdinak egitea eskatzen du, gihar desberdinak erabiltzea, eta keinu desberdinak koordinatzea; txikitatik psikomotrizitate hori lantzea oso ona da», dio Zabalak. Senosiainek ere garrantzia ematen die haurrek landu ditzaketen malgutasunari, orekari, indarrari eta arintasunari, baina taldean egotean jarri du arreta: «Eskaladan hastean, taldeetan daude ikasleak, eta kirola eginez sozializatzea beti da onuragarria».

Adin guztietako jendearentzat dauzkate irekita ateak bi rokodromoek. «4 urterekin hasten dira batzuk, eta, urteak aurrera joan ahala, asko igartzen da mugitzeko daukaten erraztasuna», onartu du Zabalak. Denentzat dago tokia bi tokietan; hastapenak hasiberrientzat, maila ertaineko jendearentzat, haurrentzat, eta lehiaketetan parte hartu nahi dutenentzat. Zabalaren iritziz, asko nabaritzen da jende desberdina dagoela.

Bi rokodromoetan, bi eskalada motak tartekatzen dituzte. Alde batetik, kirol eskalada, sokaren laguntzaz egiten dena, eta binaka praktikatzen dena; eskalatzen ari dena eta segurtatzailea, hots, lurrean geratzen dena soka ematen, soka berreskuratzen eta erorikoa gelditzen. Donostiako The Factory Boulder, adibidez, izenak esan bezala, gehiago dago boulderrera bideratuta, «baina bi aukerak ditugu», zehaztu du Zabalak.

Hasieran ekintza «zaila» izan daitekeela onartu du Senosiainek, eta une oro bakoitzaren mailaren jakitun egon behar dela. Rokopoliseko irakasleak argi dauka nola egin behar den lan horrelakoetan. Lehendabizi, kirol eskaladan «segurtasuna eta sokak nola erabili behar diren» irakasten dute. «Segurtasuna oso garrantzitsua da, eta hori hasieratik erakutsi behar zaie ikasleei, behin segurtasuna ziurtatuta dagoenean libreago aritu daitezen». Boulderrean, berriz, teknika gehiago sartzen du, baina oinarrizkoa. «Hasieran, ikasleek ondo pasatzea nahi dut; eskalada gustatzea», adierazi du.

Antzeko helburuak ditu Donostiako The Factory Boulderreko irakasleak, eta teknikan jarri du arreta: «Hasieran, indarragatik bakarrik aurreratzea lortu daiteke, baina, aurrera joan ahala, indar hori teknikaren bitartez bideratzea da garrantzitsua».

Hala ere, ez da erraza izaten pista estalikoa eta aire zabalekoa alderatzea. Askok desberdindu egiten ditu arrokan egiten diren eskaladak eta rokodromoan egiten direnak. Lehen rokodromora joaten zirenak «arrokarako entrenatzera» joaten zirela dio Zabalak, «beti ezin baita kanpoan eskalatu». Baina «geroz eta independenteagoak» bilakatzen ari dira denboraren poderioz. Edonola ere, guztiz bateragarriak direla dio trebatzaileak. Senosiainek ere desberdindu egiten ditu: «Estalian askoz errazagoa da dena. Azpitik ikusita, bide osoa ikusi dezakezu, non zapaldu behar duzun, non ez, edo eskuak zer posturatan jarri». Naturan egiten den eskaladan, ordea, dena «abentura» da, haren iritziz: «Betiko jendeari gehiago gustatzen zaio». Rokopoliseko prestatzailearen hitzetan, «kontu handiz» ibili beharra dago estalitik naturara igarotzerakoan, barruan maila bat izan baitaiteke, eta kanpoan beste bat.

Desberdinak izanagatik ere, bietan dago norbere burua gainditzearen aldagaia. Senosiainek «adrenalina puntu bat» daukala dio, eta, Zabalaren arabera, norbere buruaren aurkako lehia da eskaladak dauzkan oinarri ederrenetakoa: «Geroz eta bide gehiago kateatzea eta erronka berriei heltzea». Zabalak dionez, astero bide berriren bat sortzen dute Factoryn: bideak ez dira finkoak, eta horrek egiten du oso ekintza «dibertigarria» izatea. «Gure kasuan, ekipatzaileak daude, eta haien lan bakarra blokeak aldatzea da. Pieza guztiak hartu eta imajinazioarekin bide berriak egitea».

Balioak erakusten

Senosiainek eta Zabalak gustura egiten dute irakasle lana, eta, Rokopolisen eta The Factory Boulderren eskalatzen erakusteaz gain, kirolaren beraren balioak erakusten ahalegintzen dira. Senosiainek dioenez, Rokodromoetan musikarekin entrenatzera ohituta daude asko, inoiz arrokan ibili gabeko jendea, eta gero mendira doazenetan bozgorailuekin joaten dira. «Erakutsi behar zaie naturan ingurunea eta ingurukoak errespetatu behar direla, eta horrelako jarrera izatea errespetu falta bat dela», aholkatu du Senosiainek.

Zabalak ere ikusi izan ditu horrelako egoerak, eta horregatik ahalegintzen dira ikasleak kontzientziatzen: «Bozgorailuak, eskalatzen aritutako tokietan zaborra lurrean botata... Gauzak ongi egin daitezke, eta, horretarako, eskaladaren balioak erakutsi behar dira».]]>
<![CDATA[«Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/022/001/2023-02-02/gozatzen_dudalako_jokatu_izan_dut_beti_ez_markak_ezartzeko.htm Thu, 02 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1855/022/001/2023-02-02/gozatzen_dudalako_jokatu_izan_dut_beti_ez_markak_ezartzeko.htm
Denboraldia ez da erraza izan orain arte. Irteera asko, lesio asko, eta jokalari berri asko. Zer moduz zaudete?

Ez da egoerarik ohikoena, baina gertatzen dira halakoak. Denboraldi batean, beti egoten dira irteerak eta sarrerak, baina ez hainbeste. Orain, dena lasaitzen saiatuko gara. Nik beti pentsatzen dut positiboan, eta espero dut beste aldaketarik ez izatea.

Klubak Europan jokatu du lehen aldiz. Uste duzu horrek eragina izan duela ligako emaitzetan, edo nekeak eragindako lesioetan?

Ez dut uste lesio moduan eragin digunik, zorte txarreko keinuak izan direlako. Nekeak bai, eragina izan du ligan, baina hori urtero gertatzen zaie askori. Aurreko sasoian gure aurkariekin ikusi genuen, nekatuago iristen baitziren ligako partidetara. Europan jokatzen ohituta dauden taldeek badakite zer den, eta, lehen esperientzia izateko, ondo egon da.

Larunbatean derbia jokatuko duzue Malosten; pabiloi eta aurkari gogorrak. Zein izango da gakoa?

Oso partida gogorra izango da. Gu egokitzen ari gara oraindik, taldekide berriekin sistemak egokitu behar izan ditugulako. Haiek oso talde indartsua dira, eta are gehiago etxean jokatzen dutenean. Irabazteko, defentsan kontzentratuta egon beharko dugu. Batez ere, arlo horretan hobetzen saiatzen ari gara, eta hor egongo da gakoetako bat. Sandraren [Ygueravide] pareko jokalariak gelditu beharko ditugu, eta gero, gure joko erritmoa ezarri; kantxako bi aldeetan orekari eutsi behar diogu.

Hiru euskal taldeen entrenatzaileak emakumeak dira; bakarrak orain gutxi arte ligan. Kasualitatea edo kausalitatea da?

Euskal Herrian oso ondo lantzen ari da emakumeen saskibaloia, eta entrenatzaileak erreferente izandakoak dira; jokalari gisa, Annaren kasuan [Montañana], edo entrenatzaile gisa, Azu [Muguruza] eta Made [Urieta] bezala. Asko dakite saskibaloiaz, eta oso ondo ezagutzen dute Euskal Herriko harrobia. Hori guztia oso garrantzitsua da hemengo saskibaloiak aurrera egin dezan; erreferente horiek izatea lagungarria da.

Denbora asko daramazu saskibaloian. Nola dago gaur egun emakumezkoen saskibaloia ?

Lehen, erreferentzia guztiak gizonezkoen saskibaloitik zetozen. Txikia nintzenean, ez nuen emakumezko erreferenterik. Orain, aldatu egin da hori, eta zorionez, neskek emakumezko erreferenteak izan ditzakete. Gehiago ateratzen gara prentsan, telebistan, eta, batzuetan, gure partidak ikus ditzakete. Sare sozialek ere laguntzen dute, bideo asko ikusten baitira Youtuben eta Tiktoken. Hori ere garrantzitsua da. Bestalde, uste dut soldatei eta profesionalizazioari dagokienez mila pauso falta zaizkigula oraindik. Baina aurreko jokalariek lan egin zuten guk saskibaloitik bizitzeko aukera gehiago izateko, eta, orain, guri dagokigu lanean jarraitzea atzetik datozenak aukera izan dezaten honetatik bizitzeko.

Askotan ziurtzat jotzen da jaurtitzaileek jaurtiketak sartu egin behar dituzuela. Beti daramazue zama hori. Sasoi honetan, asmatzen ari zara, baina ez da beti gertatzen. Nola lantzen da lau jaurtiketa huts egin eta bosgarrena konfiantzaz jaurtitzea?

Ez naiz estatistikak begiratu zalea, eta ez zaizkit askorik axola. Kontratu asko estatistiketan oinarritzen dira, baina, niri, askoz gehiago kostatu izan zait beti jaurtiketak sartzea estatistikei begiratuz gero. Zeure buruari presio gehigarri bat jartzea da; ez dizu beste inork jartzen. Gozatzen dudalako jokatu izan dut beti, ez markak ezartzeko, ezta munduko onena izateko ere. Txikitatik gustatu izan zait saskira jaurtitzea, eta, huts egiten dudan guztietan, hurrengoa sartzea espero dut. Badakit ezin dudala aurrez huts egindako jaurtiketa aldatu, eta frustrazioa hurrengo jaurtiketara eramaten badut, eragin egingo dit. Jokalari batzuk haserretu egiten dira, baina egia da nik lau jaurtiketa huts egindakoan gaitasuna dudala bosgarrenean esateko «eman baloia, orain sartu egingo dut eta». Hori ere entrenatu egiten da; posizio bakoitzetik zenbait jaurtiketa jarraian sartu arte toki hartatik mugitu gabe, edo zigor txiki batzuk jarrita.

Azken segundoetako jokaldietan taldeak askotan jotzen du zuregana, erantzukizuna zuk hartzeko. Presio horrekin jokatzea gustatzen zaizu?

Bai, asko gustatzen zait, eta nahikoa pizten nau horrek [barrez]. Azuk baloia niri ematea erabakitzen badu, neure buruan saskiratzea baino ez dago; eta, gero, defendatzea. Beste bati egokitzen bazaio, taldekideak konbentzitzen saiatzen naiz, sartuko duela, eta gero, defendatu egin behar dela. Huts egin dudala? Ongi da. Baina ni konbentzituta nago. Aulkira bira eman, eta taldekideei esaten diet: «Sartu egingo dut». Ez da nire konfiantza bakarrik, talde osoarena da.

Hainbat elkarrizketatan azaldu duzu psikologoekin lan egin duzula. Zertan lagundu diezaioke kirolariari?

Askotan, jokatzeko, baloia izateko edo gauzak ondo egiteko antsietatea eta presioa izaten dituzu. Eta ez zait gaizki iruditzen, baina ez digute horrekin lan egiten irakatsi. Bestalde, bizitza profesionala eta pertsonala bi mundu dira, eta bizitza pertsonalak kirolean eragin diezazuke. Niri gertatu zitzaidan; profesionalengana joan nintzen, eta on egin dit. Kantxako konfiantza ere landu nuen, zuk kantxan oso seguru dagoela dirudien jokalari bat ikus baitezakezu, eta, agian, ez da horrela. Oso garrantzitsua da guztiontzat, eta edonori gomendatuko nioke alde hori lantzea.

Maila askotako hainbat taldetan jokatu duzu, eta, orain, kirol heldutasun betean zaude. Ez duzu uste gaur egun maila oso handia eskatzen zaiela jokalari gazteei, presiopean lan egiteko gai diren jakin gabe?

Ez dakit zergatik, baina, egun, 18 urteko neskek Luka Doncic edo Maite Cazorla izan behar duten pentsamendu bat dago. Ez da horrela. Horiek oso onak dira, horrela jaio direlako; zer-nolako lana egin duten ahaztu gabe, noski. Zure idoloak izan daitezke, eta haiengandik ikas dezakezu, baina zuk ezin duzu hori islatu. Liga hauetan, ehunka jokalari gehiago ari dira urtez urte lanean, eta horri balioa eman behar zaio. Eta ez da saskibaloi kontua soilik. Garrantzitsua da gazteei helaraztea gauzak landu egin behar direla gero emaitza bat lortzeko.]]>
<![CDATA[Erori, zutitu, eta jauzi egin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/021/001/2023-02-01/erori_zutitu_eta_jauzi_egin.htm Wed, 01 Feb 2023 00:00:00 +0100 Beñat Mujika Telleria https://www.berria.eus/paperekoa/1872/021/001/2023-02-01/erori_zutitu_eta_jauzi_egin.htm
Hamar hilabete eta hainbat buruhausteren ostean itzuli da irundarra. Tokioko Olinpiar Jokoetan izan zen 2021ean, baina tibian estresak eragindako haustura bat zeukan ordurako. Tokiorako sailkapena itxi baino hilabete lehenago eman zioten lesioaren berri, eta lehiatzen jarraitu zuenez, hainbat arazo eragin zizkion. Gorabehera asko izan zituen gorputzaren ezkerraldean. Haustura eskuineko hankan izan zen, eta konpentsazio txar baten ondorioz, soleoa hautsi zuen azkenean. Alde batetik, adierazi du «espero zitekeen» lesio bat izan zela, baina, bestetik, korrika egitea eragotzi zion gihar bat hautsi zuen, eta horrek penatu zuen. «Lehenengo asteetan makuluekin ibili nintzen, ezer egin ezinik. Ramonek [Cid], nire entrenatzaileak, esaten zidan pistara joateko eta hainbat gauza entrenatzeko ohitura ez genuela galduko, baina ni pistara iristen nintzen, eta ezin nuen ezer egin», aitortu du.

Hainbat txapelketatan parte hartu ezinik gelditu zen lesioaren ondorioz, eta ez nolanahikoak gainera. Galdu zituen txapelketa esanguratsuenak Eugeneko (Ameriketako Estatu Batuak) Munduko Txapelketa eta Municheko (Alemania) Europako Txapelketa izan ziren. «Pena handia» izan zuela onartu du Errandoneak, baina zituen indarrak lesioaren osatze prozesuan jartzeko hautua egin zuen atletak: «Hori zen garrantzitsuena une hartan».

Ohiko denboraldi batean egin ezin dituen gauzak egiteko baliatu zuen denbora hori, batez ere udan lagunekin egoteko. Horrekin asko gozatu zuela azpimarratu du Errandoneak. Baina, hala ere, «luzea eta gogorra» egin zitzaion osatzeko bidea: «Normalean egin ezin dituzun gauzak dira, baina gustuko duzun kirola egin ezin duzula ikusteak eta lagunak txapelketetan ikusteak ez dizu disfrutatzen uzten». Korrika egiten hasi zenean, ordea, uztail aldera, errazagoa egin zitzaion egunerokoa. Irailerako bete-betean hasi zen entrenatzen, eta geroztik bere burua «oso ondo» ikusten duela dio:«Bai fisikoki, eta bai mentalki ere».

Soleoan izandako lesioaren ondorioz, entrenamenduak pixka bat egokitu behar izan zituen. Entrenatzen hasi zenean «lata pixka bat» eman zion lesioak, baina entrenamenduen egokitzapenekin «normaltasunez» aritu ahal izan zen, eta gaur egun ez dio arazorik ematen. Gainera, lesioaren ondorioz, psikologoarenera joaten hasi zen. Ordura arte egiten ez zuen zerbait zen, baina, hilabete gutxi daramatzan arren, lehenengo fruituak jaso dituen sentsazioa dauka: «Argi daukat hobekuntza bat izan dela, eta oso ondo eramaten ari naiz».

Urtarrilaren 7an hasi zuen denboraldia Errandoneak, Zizur Nagusian (Nafarroa). Han 7.48an egin zituen 60 metro lauak. Hala, proba horretan bere inoizko markarik onena berdintzea lortu zuen. Horrekin nahikoa ez, eta handik astebetera, hilaren 14an, Malagan (Espainia), 60 metro hesidunetan lehiatu zen bi lasterketatan, 8.18 eta 8.13 markak egin zituen. Haren esanetan, bere ibilbideko «sasoi hasierarik onena» egitea lortu du: «Gogor entrenatzearen eta neure burua zaintzearen emaitza da, dudarik gabe. Oso marka ona da hasteko, eta uste dut aurten gauzak atera daitezkeela».

Orain arte lortutakoarekin pozik dagoela dioen arren, ez dauka atseden hartzeko betarik, eta, Cidekin batera, hasiak dira egindakoa aztertzen. Lesioaren ondoren, entrenatzaileak «bereziki ondo» ikusten du arlo teknikoan: «Kontuan hartu udan denbora luzez egon naizela hesirik saltatu gabe, eta entrenamendu gutxiago egin ditudala!», esan du barre artean. Hala ere, ikusi dute non egon daitekeen atleta irundarraren hobekuntza: «Entrenamenduak pilatzea eta korrika gehiago egitea falta zait. Onenen arteko aldea tarte lauan dago, hesiaren eta hesiaren arteko tartean, alegia. Lasterketaren zati horretan lagunduko didaten alderdiak entrenatzen jarraitu behar dut», onartu du Errandoneak.

Maleta eta helburuak, prest

Sasoia hasi berri da, baina lehiaketa gehienak eta helburuak finkatuak ditu jada. Iragan asteburuan Sabadellen (Herrialde Katalanak) aritu zen, 60 metro hesidunetan. Espainia kanpoko atleta batzuk ere lehiatu ziren bertan. Onenen ondoan lehiatzeko «gogotsu» zegoen Errandonea, eta, azkenean, bigarren egin zuen. 8.14ko denbora egin zuen, lehen sailkatuarekin berdinduta. Hala ere, Sabadell atzean utzi, eta ez du ia maleta desegiteko astirik ere izango. Etzitik otsailaren 9ra bitarte Frantzian arituko baita; Val de Reuilen lehenengo, eta Mondevillen ondoren: «World Indoor Tourreko zilarrezko saioak dira biak, lasterketa garrantzitsuak. Gainera, Budapesten jokatuko den Munduko Kopan egoteko puntuak lortzeko lagunduko didate».

Budapesten egotea du helburu nagusietako bat, baina ez bakarra. Bidean beste zenbait helbururengatik lehian arituko da Irungo atleta. Epe motzera begiratuta, Istanbulen jokatuko den Europako Txapelketarako sailkatu nahi du, eta Espainiako txapeldun ere izan nahi du 60 metro hesidunetan, 2013an, 2020an eta 2021ean egin zuen bezala. Hilabete honetan jokatu da txapelketa Madrilen. Gainera, bere marka pertsonala hobetu nahi du pista estalian; hau da, 8 segundoko markatik jaistea.

Epe luzera ere ametsak egia bihurtu nahi ditu. Budapesten egoteaz gain, ekainean jokatuko den Europako Nazioen Kopan lehiatu nahi du. 100 metro hesidunetan, berriz, Espainiako Txapeldun izatea du helburu. 2019an eta 2021ean lortutakoa berdintzea litzateke hori lortzea, eta, nola ez, marka pertsonala hobetzea.]]>