<![CDATA[Birkite Alonso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 20 Aug 2022 00:41:29 +0200 hourly 1 <![CDATA[Birkite Alonso | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Mihisea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/037/001/2021-06-06/mihisea.htm Sun, 06 Jun 2021 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1957/037/001/2021-06-06/mihisea.htm
Aste honetako Emen Gonak irratsaioan Ianire Aranzaberen proiektua aurkeztu dut, Oriol Flores kataluniarrarekin batera osatzen duen Esanezin proiektuaren Aireratzen izeneko diskoa, hain zuzen ere. Ianirek dio, «hitzekin esan ezin daitekeena musikaren bitartez helarazteko» sortu zuela proiektua, musikak ahalmen izugarri hori baitu, aurrez aurre esan beharreko hitzik topatu ezinik, sentitzen duguna kanporatzeko aukera ematen baitigu. Bere ahotsaren zirrara triste horrekin, gazte hasi berriaren gogoetak eta beldurrak ozen oihukatzeko bidea aurkitu du sei abestiko tarte intimo horretan. Uharte bakarti horretan entzuleak harekin bat egin arte, norbere barrena partekatzearen magia gauzatzen duen lekuan itxaroten dihardu orain Ianirek.

Bada, ordea, habitatua izateko hitzak ezinbestekoak dituen lekua, uharte bakarti horren hezetasunarekin kontrastatzen duen paperaren ihartasunean itxaroten. Mihise zurian pausatu den eskuak ia kontrolik eta geldiunerik gabe askatuko ditu pintzelkada bihurtutako hitzak, hemen ere bakardadean babestuta, askatasunari neurririk hartu gabe, askotan aurrez aurre esan ezin daitekeena kanporatuz.

Idazten hasi orduko, beste modu batean margotuko ez genituzkeen paisaiak berez sortzen dituen eskuari jarraitzen dio zirrara batek. Hilean behin heltzen zaigun aukera aprobetxatuz, bakardadetik idatzitakoa hainbat ezezaguni helaraztearen aukera preziatua; kulturgintzaren ekosistema zaintzearen premia helarazteko. Amatasun feminista aldarrikatzeko. Euskal musikan irakatsi zigutenak eskertzeko. Emakume musikarien egoera eta ahizpatasuna zabaltzeko. Itxialdian elkar ukitzeko beharra partekatzeko. Gizarte utopikoarekin amesteko. Distantzia edertasunaren arima eta maitasun mota bat dela ondorioztatzeko. Abestiek entzun beharrekoa xuxurlatzen digutela ulertzeko. Basamortu bihurtzeko arriskuan dauden aretoak berriz ureztatzeko. Izaten ikasteko abestiak egin zituztenak gogoratzeko. Ahoak musuko atzean gordetzen duen intimitatea berriz aurkitzeko. Iazko urteak gogortu egin gintuela eskertzeko. Emakume musikarien lanaren aniztasuna azpimarratzeko. Idoloak merezi duten moduan hiltzen ikasteko. Kulturan ageriko kritika konstruktiboaren falta salatzeko, eta musikariaren barrenak modu esplizituan askatzeko ausardiari deitzeko.

Hitzik gabe geratu da horrenbeste esateko zuena. Mutu geratu da, barruak hitz egin ostean.

Hori guztia esan ondoren, luzaroan buruan bueltaka zerabiltzan gogoetak asmo txarrik gabe azaleratu dituena mutu geratu da bi urteren ondoren. Zorionez, txanda aldaketarekin bat egin du, gehiago esaterik ez duen une beretsuan. Akaso, gehiago esateko atseden hartu, eta uda oso bat baino gehiago beharko lukeelako. Mihiseak betetzeari utzi, eta, Ianirek egin bezala, uharte bakarti batean entzulearekin bat egiteko zain eseriko da, azken bi urteetan hazten lagundu dioten ordenagailu aurreko uneak laster ordezkatuko baitituzte haren abestiek.

Bihotzetik eskerrik asko Mikel Lizarralderi eta BERRIAko familiari, aukera paregabe eder honengatik. Azala aldatzen eta hazten laguntzen duen esperientzia hau oparitzeagatik. Eskerrik asko irakurleari ere, noizean behin igandeko kafesnearekin bat egin izan duen nire mihiseari so egiteagatik.]]>
<![CDATA[Ausardiaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-05-09/ausardiaz.htm Sun, 09 May 2021 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-05-09/ausardiaz.htm I Don't Blame You abestiak abiatzen du Chan Marshall alias Cat Power musikariaren You Are Free (2003) diskoa, eta bertan, katarsi batetik ihes egin duenari «ez dizut errurik botako» errepikatzen dio.

Hasieran, kritikariak eta entzuleak sortzailearen hitz autobiografikoak zirelakoan zeuden, Chan oso bolada txar batetik pasatzen ari baitzen, alkohola bere ibilbidea zapuzten ari zela ikusita. Oholtza gainean agertzen zen musikariaren autosuntsiketari buruzkoa izanik kantua, musikari baino, haren dekadentziari so egiten ziotela sentitzen duenaren testigantza zelakoan zeuden entzuleak, hain zuzen ere. Urteak pasaturik, Chan teoria horrekin eroso sentitzen zela zirudienean, 2006ko elkarrizketa batean onartu egin zuen abestia Kurt Cobainen suizidioan inspiratuta idatzi zuela. Nola Nirvanako buruak entzuleen eskura utzi zituen agerpen mediatikoaren aurreko bere bizitzaren tragediak, bere emozioen hauskortasuna, norbere barrenak hustu eta ezezagunen eskuetan utzi ostean biluzik sentitzearen presio psikologikoari aurre egiteko ezintasunak inbaditu zuenean.

Iruditzen zait jendaurrean barrenak husteko adorea falta izan zaiola euskal musikariari. Hobe esanda, ez du modu esplizitu batean egiteko asmorik izan. Asetzeraino entzun dugu gure egoera soziopolitikoak ekarri duen saminaren kexua abestietan, hitz argitan eta mezu doktrinaletan barneratu dugu min eta amorru horren hustea. Kexu kolektiboa zelakoan akaso, sortzaileek abestietan eta poemetan islatu dute bizipen edo iritzi konkretu hori, inolako lotsarik sentitu gabe. Ziurrenik, kolektibotasun horrek gure barrenak agerian uztearen beldurretik babesten zituelako. Gure emozioen oinarria ez zelako guztiz pribatua edo pertsonala, herriarena baizik. Baina zer gertatu da sortzaileak bere barne emozioak, pribatutasunetik jariotako kezkak eta adierazpenak azaleratu nahi izan dituenean? Modu esplizituan idatzi al du abestia? Hala metafora eta literaltasun ustez despertsonalizatu batean bildu ditu bere desira, maitasuna, jelosia edo frustrazioa?

Izan ere, euskaldunak maisuak eta maistrak izan gara gure emozioak aparteko poemetan biltzen, mantu literario horren atzean ezkutatzen. Euskal literaturak badu harrotzeko arrazoirik, sortzaileek literaturtasuna bera poema bihurtu dutenean. Mezuak kodifikatzeko berezko trebetasuna adierazi dute, behin eta berriz, erabat ulergarri ez egiteko saiakeran. Metaforek, konparazioek, hiperboleek, metonimiek, errimaz jositako lerroek formaren edertasunean ezkutatu baitute desamodio baten orro lazgarria edo erantzun duen maitasunak erditutako zoriona. Agian, esparru txiki honetan, maiteminduaren bihotza jendaurrean irekitzeak barrura bueltan ekar lezakeen hotzikaratik babesteko asmoz, horregatik ez da emozioa bera modu esplizituan abestu. Agian, hortxe moztu da entzulearen eta sortzailearen arteko haria, gardentasunean identifikatuta sentitzean, lotura hori gabe abesti bati konektatuta guztiz sentitu ez garenean. Hori lortu dutenen salbuespen gutxi datozkit burura, poesia hutsak haria estuki josi duenaren izenik aipatzekotan. Anari, esaterako.

Gazteleraz heldu zaigun musikan kontrakoa gertatzen delakoan nago. Badira literaturaz baliatu diren sortzaileak, baina, oro har, esango nuke Espainiako sortzaile independenteen abestien hitzak -hau da, mainstream-aren estandarizazioan erori ohi ez direnenak- askoz ere esplizituagoak izan direla. Gogoan dut oraindik, nola Ramon Rodriguez The New Raemon-ek, A proposito de Garfunkel (2008) diskoan, bikotekide ohiari ezin esandako guztia oka egin zuen, banaketa traumatiko baten ondoren. Entzuleok bere alde egin genuen, haren kexuaren intimotasunak maitemindu egin gintuen. Bere minaren konfidente bihurtu gintuen diskoak. Antzekoa gertatzen zait McEnroe talde getxotarraren abestiekin; Rugen las flores (2015) zoragarrian Ricardo Leonek erromantizismo «zaharkitu» eta inozo batekin idatzitako abestiak poesiaz blaituta datozen arren, ulergarriak eta liluragarriak dira erabat. Bestetik, Zahara abeslariak jasandako sexu abusuek eraiki zuten emakumeaz gordinki hitz egin digu aurten Merichane kantuan; benetan esplizituak diren hitzetan aurkitu du bere burua osatzeko bidea.

Testu honen sorburua edo inspirazioa, ordea, orain dela bi urte argitaratu zen euskal disko bateko abesti konkretu bat izan da, aste honetan lehen aldiz entzundakoan hemen idatzitakoa mamitu duenean. Ez dut gogoratzen hain gai pertsonala metaforarik eta poesiarik gabe azaldu duen abestirik, idazlearen emozio bat biluzteraino. Izan ere, euskaldunak oso lotsatiak izan baikara testuinguru horren inguruan aritzeko, oraindik ere gizarte inozo eta zuri batean bizi garelako, nire ustez. Une batez abestiak, gorputzaren atalik zaurgarriena agerian uzteko gai izan den moduan, sortzailearen sentiberatasuna ausardia bihurtu du, ahulezia ordez. Oraindik ere gai pertsonal jakin batzuez naturaltasunez aritzeko edo haiek bistaratzeko adorerik ez duen gizartean, alegia.]]>
<![CDATA[Igogailua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-04-11/igogailua.htm Sun, 11 Apr 2021 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2021-04-11/igogailua.htm
Izan ere, apaltasun osoz eta handikeriarik gabe, badakigu auzoaren inbidia garela. Horrek elkartu egin gaitu; berezi sentiarazten gaitu, eta horrexegatik zaintzen dugu elkar, zerbait preziatua garelakoan. Eta horrek ere zeresanik ematen du auzoan: elkarri zenbat laguntzen diogun, zenbat maite dugun elkar.

Bada zerbait berezia atarian, auzolan horren jatorria izan zena, duela urte asko, inork ez daki zenbat, baina hura zaintzearen ardura gurasoengandik edo etxejabearengandik jarauntsi duguna. Igogailua da; oso igogailu zaharra, inork ez daki noiz jarri zuten hemen; ez da komunitatearen paperetan agertzen ere. Egur landukoa da, ederra, botoietan brontzezko xehetasunak dituena, eta ate metaliko sendo zoragarria, kontu handiz ireki eta ixten duguna. Igogailuaren berri eman dugu herrian, argazki-erakusketak antolatu, bisita gidatuak egin... Izan ere, gure ondareaz harro gaude, eta luze daramagu bere alde lanean.

Hori da gure altxorra, urtetan arretaz defendatu eta zaindu duguna. Txakur inkontinenteetatik, bisitari erretzaileengandik, zenbait pizzero arduragaberengandik eta fardelen batekin zikindu edo kaltetu dezaketen banatzaileengandik defendatu dugu.

Kontua da auzokideak ez garela inoiz haserretu; ez diogu inoiz elkarri aurre egin, ez baitiogu inoiz elkarri kritikarik egin. Ondokoak egiten duen guztia ondo iruditzen zaigu. Norbaitek huts egiten badu, edo egindakoa txapuza bat dela iruditzen bazaigu ere, ez dugu eskaileran komentatzen, ezta auzoan ere: hori pentsaezina litzateke. Etxekoekin komentatzen dugu, ia isilpeka, inor enteratu ez dadin. Zergatik? Komunitate txiki berezi bat garelako, milaka urteko altxor baten zaindari. Geure burua besteen aurrean agerian utziz gero, bereziak izateari utziko geniokeelako. Gure altxorrak lilura galduko luke, auskalo.

Gauza da elkarri kritikarik egin ezean, beti ez dakigula zertan gabiltzan, dena bikain egiten dugulakoan. Kritikak geure burua hobetzen irakatsiko liguke, gure akatsak zuzentzen; gure lana konstruktiboki kritikatzeak mesede egingo ligukeelakoan nago. Baina ezer ez. Jendearen aurrean kritikarik ez jasotzea aspaldi barneratuta daukagu.

Joan den astean nire etxeko atea berdez margotzea otu zitzaidan, euskaldun petoa izanik mendia eta natura maite ditudalako, eta inori ez zitzaion gaizki iruditu. Inork ez zuen tutik ere esan; beraz, atea margotu nuen, eta, bide batez, baita eskaileretako baranda ere. Ikaragarria zen, baina inori ez zitzaion gaizki iruditu. Edo, behintzat, inork ez zidan esan, eta nire etxeko leihoak eta balkoiak margotzen jarraituko dut, artista sentitzen naizelako, berezia sentitzen naizelako eta, are gehiago, besteentzat berezia naizela uste dudalako. Nahiago nuke norbaitek bere iritzia ematea, ez baitakit kolore egokia aukeratu dudan, auskalo. Hala ere, ez nuke nahi inork era zatarrean tratatzea, bigarren solairuko ahizpei gertatu bezala... Gertatutakoak ez baitauka kritika konstruktiboarekin zerikusirik; guztiz kontrakoa ekarri duela esango nuke.

Mutil kuadrilla bat heldu berri da laugarren pisura, bertako bizilagunek alde egindakoan. Mutil kuadrilla zaratatsua da: musikariak omen. Hala ere, jatorrak eman dute hasieratik; auzoa haiekin berritu egin dela esango nuke. Jarrera apurtzailearekin barneratu dira gurean, eta, haiek saihestu beharrean, belaunaldi berrira moldatzea erabaki dugu bizilagunok, eta harrera ederra egin diegu haien kantuak auzoan zabalduz. Gauza da bigarren pisuko bi ahizpak ere musikan dabiltzala, lagun batekin batera. Musika berria egiten dute haiek ere, mutilena baino askoz ere lasaiagoa; ezin esan zehazki zein musika mota egiten duten gazte hauek, baina neskena melodikoagoa iruditu zait.

Joan nadin harira. Herrian badago musikan espezializatutako aldizkari bat, Soinu-mundua izenekoa, kanpoko musikariez aritzeaz gain gure auzokideen lanen edo berrien inguruan ere aritzen dena. Bertakoek elkarrizketatu dituzte mutilak, euren proiektu berriak liluratuta. Auzoko musika berriaren inguruan aritzean, ahizpak ere horretan dabiltzala aipatu diete, eta, haien iritzia galdetzean, mutilek oso modu itsusian erantzun dute ahizpek egindako musikaren inguruan, baita agertoki gainean duten jarrerari buruz ere. Ez dakit askok irakurri ote duten, baina nik behintzat hemen ez dut inoiz horrelakorik irakurri edo entzun, norbaitek beste baten lana horren modu gordinean gaitzetsi izana. Ezohiko zirrara zakar bat sortu zait barrenean, bereziki ahizpekin hitz egin izan dudalako, etxeko atarian aurkitu ditudanean haien proiektu berritzailea ilusioz atera dutela kontatu didatelako.

Izan ere, hau guztia kontatu dut gertatutakoa salatzeko asmoz. Gauzak ez direlako inoiz horrela egin, eta, desatsegina bakarrik ez, itsusia iruditu zaidalako. Egia da auzoan ez gaudela kritikak entzutera ohituta eta aireztatzen hasi beharko ginatekeela, esan bezala horrek norbaiten lana modu konstruktibo batean kritikatu eta hobetzen laguntzen badu.

Baina norbaiten jarrera apurtzailea izan edo ez, ez du zertan besteen ilusioa eta esfortzua apurtu. Igogailu zahar horrek egun arte barruan entzundakoa kontatzerik balu, zalantzarik ez daukat errespetuz egingo lukeela, pertsonak daramatzalako barruan. Auzoa edertzen duten pertsonak, artistak barne.]]>
<![CDATA[Hil ditzagun idoloak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-03-07/hil_ditzagun_idoloak.htm Sun, 07 Mar 2021 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/037/001/2021-03-07/hil_ditzagun_idoloak.htm
Aldaketa etengabeko gaia da gizartearen aurrerapenean. Bizitzan, ideologietan eta teknologian gertatzen diren aldaketek lekua sortzen diote gizarteari aurrera egiteko eta bere burua hobetzeko. Teoria bera aplika dakioke musikari. Zaleek beti kexu dirudite beren talde gogokoenak soinua aldatzeagatik, baina ez al dakite soinu aldakorra ona dela? Musika eszenan gero eta aniztasun handiagoa izateko aukera ematen du, eta musikaren soinuaren eboluzioa lortzeko bidea irekitzen du.

Ez dago artista bakar bat ere entzuleen kexei immunitatea ematen dienik soinuaren aldaketa dela eta.

Musikak nire bizitzako alde garrantzitsu bat izaten jarraitzen duen heinean, ikusten dut gaur entzuten ditudan banda gehienek ez dutela entzuten hasi nintzenean zuten soinu bera, edo, atzerago joanez, ezta talde gisa hasi zirenean zuten soinua ere. Musikariek horrelako kexak izaten dituzte.

Ulertzen dut zergatik gorrotatzen duen zenbaitek artistak soinua aldatzen duenean. Gustatzen zitzaien artista hura itzaltzen ari zen musika mota hori, eta ez dute hori aldatzea nahi. Gainera, giza izaerari dagokio aldaketa gorrotatzea.

Hala ere, pentsatzen dut soinu-aldaketa beharrezkoa dela musikarientzat. Soinu bakarrera mugatzen badira, musika zikindu egingo zaie. Zahartu eta aspertu egingo da, eta mundu guztia nekatuko da.

Musikariei zaleak harro edukitzea gustatzen zaie. Jendea harritzea gustatzen zaie. Zer du harrigarritik gauza bera behin eta berriz esateak? Aurreikuspenak ez du liluratzen.

Baina badira musikariak edo bandak genero jakin batean geldiarazten dituzten zaleak, ihes egiten uzten ez dietenak. Jendearen itxaropenari lotuta geratzen dira orduan. Sormena itotzen hasten zaie. Zerbait grabatu ondoren berriro grabatzen hasten diren artistek soinu bera izango dute beti.

Musikak aldaketa eskatzen du. Pixkanaka edo bat-batean gertatu behar da. Aldaketak garunak lan gogorragoa egitera behartzen du, emozio ezberdinak eragiten ditu, eta gogoa zerbait guztiz bakarra sortzera behartzen du. Musikaren industrian inor ez balitz soinua aldatzera ausartuko, musika genero bakarra izango genuke. Ehunka artista izango genituzke antzekoak.

Gainera, pentsatu honela: entzun al duzu bizitza osoan musika bera? Edo aldatu al dira zure lehentasunak urteetan? Musikaren entzule gisa, aldatu al da zure soinua?

Izan ere, zurea baldin bada... eta ziur aski, onartu nahi baduzu edo ez... orduan, zergatik ezin dute bandek berena aldatu?

Musikariaren esku dago. Ikusi dut pertsona askok ulertzen dutela artistak zerbait zor diela —gaizki ulertu ere—, egoera alderantzizkoa denean.

Artista batek bere musika hartzea erabakitzen du. Arrazoiak aldatu egin daitezke, frustrazioagatik, bere generoaren monotoniagatik, industrian esanguratsu egoteagatik, sormenezko esperimentazioagatik. Ekoiztutako musika ona den bitartean, generoak ez luke arazo izan behar.

Zea Mays taldeko Aiora Renteria elkarrizketatu berri dut Emen Gonak saioan, eta taldearen soinu-garapenaren inguruan aritu ginen. Taldea lehen urteetan jarraitu nuen, baina soinu ustez berria garatu zutenerako nahiko urrun harrapatu ninduen, bestelakoak entzuten. Garai hartan lan berrietako abesti solteak gainetik entzun eta burura etortzen zitzaidan lehen gauza esandakoari lotuta doa: hau da, nolabaiteko dezepzioa jasotzen nuen nik gogoratzen nuen soinu horretatik urrundu izanagatik. Hala ere, jarraitzen nuen Aioraren ahotsa miresten, taldekideen pasioa oro har.

Elkarrizketa prestatzeko diskografia osoa entzun nuen, disko bakoitza harekin komentatzeko helburuz, eta hara non topatu nuen taldearen zentzuzko garapena, pausoz pauso egina, lan batetik bestera osagarri berriak sartzen jakin duena, uneko eraginei kasu egin diena, eta, nire lasaitasunerako garrantzitsuena: esentzia galdu ez duena. Hazi egin den talde baten aurrean nengoen, bai ahotsari bai instrumentazioari dagokionez, bide berriak aurkitu dituena. Ikasi dut ere uneko hit-a ez dela beti diskoko esanguratsuena izaten, eta diskografian zehar ezkutuko perla ugari aurkitu nituen. Harro diskoan, esaterako, berrietatik nire gustukoena dena. Aioraren ahotsean teknika berriak igarri nituen, argitasun berri batek antzinako tentsioa eta agertoki gainean itotzeraino eramaten zuen energia hura guztia atzean utzi eta ahotsari etekina eta distira berri bat ateratzen ikasi duenaren pasioa.

Aiorak nire usteak baieztatu zituen gaiaren inguruan galdetu nionean, entzuleen partetik kexa edo dezepziorik heldu al zaien galdetzean. Baietz erantzun zidan, baina harro daudela egindako eboluzioaz, eta garrantzitsuena haientzat taldekideek sortzen duten horretan sinistea eta ziur egotea dela, aurrera egiteko ezinbestekoa eta ziurtasuna ematen diena. Eta gustuko ez duenak erraza dauka: ez dezala entzun.

Estiloa aldatzen baduzu, saldua zara. Zure sustraiei leiala bazara, pottoka bat zara, eboluzionatu behar duena. Ez omen ditugu idoloak hiltzen, askatzen. Haiek behar ditugulako akaso, alderantzizkoa delakoan.]]>
<![CDATA[Salbuespen egoeratik at]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-02-07/salbuespen_egoeratik_at.htm Sun, 07 Feb 2021 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/041/001/2021-02-07/salbuespen_egoeratik_at.htm Emen Gonak saiorako 2020ko euskal emakume musikarien hirugarren bilduma bukatu berri dut, eta esango nuke esperientzia oso aberasgarria izan dela; irudikatzen ez nuena, egia esan. Iazko otsailean ehunen bat emakume musikari elkartu ginen, eta, harriturik, elkarren beharra gozatzerik bazegoela jabetu ginen; lagunduta sentitu ginen.

Bildumok eginda, askoz gehiago garela jakin dut; zoriontzeko arrazoirik badugu. Izan ere, 2020an emakumeek bakarka edo taldean sortutako 70etik gora lan biltzen dituzte hiru bilduma horiek: rock, pop, rap, trap, soul, jazz, punk, herri musika... genero asko hartzen duen zerrendan. Euskal musikan hanka bat sartu dugu behintzat, oraindik errenka, saltoka, ari bagara ere.

«Nazioarteko rockaren oraina pentsaezina litzateke emakumerik gabe». Musika-kazetari ezagun eta errespetatu batek adierazi berri du sare sozial batean, eta hainbat talde entzutera gonbidatu gaitu. Zirrara batek zeharkatu zidan gorputza, luzaroan gogoetagai duzuna beste batek adierazten duenean sentitzen duzun euforia sentsazio horrek. «Azkenean, norbaitek esan du, eta ez da edonor», pentsatu nuen. Berehala batu zitzaizkion hainbat gizonezko tertuliakide, emakumeen musika proposamenak entzuten denbora daramatela esanez, hainbat adibide emanez.

Aspaldian nerabilkin ideia mamitu zitzaidan: emakumeek egindako musika modu orokorrean baloratzen hasiak dira, eta ez banaka, orain arte bezala. 70eko hamarkadatik hona, emakume musikari jakin batzuk jarraitu dituzte gizonek, eta orain gutxi arte ezagutu dugun maskulinitateak aldarea eraiki die, esango nuke, haiek aldare horren beharrik ez bazuten ere: Janis Joplin, Patti Smith, PJ Harvey... aipa genitzake; etxean, berriz, Anari, Ainara Legardon, Sorkun... Salbuespen gisa antzematen zirelakoan nago, eta ez kolektibo edo talde baten zati bezala. Gizonezko bakarlari bat jarraitzen dugunean ere ez dugu kolektibo batean sartzen, baina ziurtzat jotzen da talde nagusiaren parte dela.

Alegia, lan editatuak eta kalitatezkoak dituzten emakumeen kopuruak gora egiteak, azkenean, kontuan hartu beharreko kolektibo orokor horren barruan sartzen gaituela adierazten hasia da. Badirudi estatus moduko bat hartzen ari garela, pasabide bat, gizonak bezalakoak izateko beharrik ez dugula adierazten duena. Musikariak gara, emakume izanda musika egiteagatik, eta ez musika egiten duten emakumeak izateagatik. Oraindik ere bertoko zein nazioarteko eszenaren entzule eta kudeatzaile nagusiak direnak hortik baloratzen hasi zaizkigulako susmoa daukat.

Nik bost urte daramatzat nagusiki emakumeak entzuten (hogei urtez egin ez nuena) eta zerbait berria dakarkidalako egiten dut. Rockaren egungo egoera emakumerik gabe pentsaezina izatearen baieztapen horren oinarria dena, hain zuzen ere, nire ustez. Kontua da txanda hartzen ari garela, gizonek egin dutena berregiten ari garela, eta nolabait desberdin egiten dugulakoan datza desberdintasuna. Arrazoia agerikoa da: bere garaian egin zenean, gutxi batzuk baino ez zeuden barruan, gehienek ez zuten harremanik rockarekin edo mainstream ez zen beste edozein generorekin bere logelatik, bere intimitatetik harantzago. Faktore sozialek ez zuten laguntzen, emakumearen identitate soziala ez zegoen orokorrean lotuta musika sortu, jo, grabatu eta saltzearekin. Beste genero eskuragarriago batzuetan, agian, bai, baina ez rockean edo antzekoetan.

Hortik ondorioztatzen da gizonen eskuetatik heldu zitzaizkigun eraginak garatzen ari garela orain, eta, kasu askotan soinuaren eskema bera errepikatzen ari bagara ere, modu ezberdinean dela, egia esan. Hori beste generoetara ere hedatzen da; ez da gauza bera, adibidez, Basuren rap bat entzutea edo antzinako Selektah Kolektiboarena; ezta JMartinarena edo edozein trap abesti ere, gizon batek egina. Ez da gauza bera Mice eta Joseba B. Lenoir bakarka entzutea, eta esango nuke beren tandemaren originaltasuna haien arteko desberdintasunean datzala, haien esentzia ezberdinetan.

Testu hasieran aipatu dudan kazetari horri erantzun nion aspaldian utzi diodala sudur aurrean jartzen didatena entzuteari, gizonezko taldeak bereziki. Jakina entzuten jarraitzen dudala —bakarlariak gehiago agian— baina salbuespenak direla, eta buelta eman diodala eszena guztiz maskulino batean emakume gutxi entzuten nueneko garaiari. Niretzat, gizonezkoen lanak dira salbuespen orain.

Zergatik aukeratzen ditudan emakume musikariak? Ez bakarrik nire generoari dagokionez hazten laguntzen didaten hitzak sortzen dituztelako, baizik eta beren ahotsetan, sortzeko moduan, gizonen sormenean orain erraz aurkitzen ez dudan esentzia iradokitzen didatelako. Edo, agian, gizonengandik ikasi behar nuen guztia ikasi dudalako eta emakumeengandik ikasteko garaia heldu delako...

Azken 30 urteetan entzun dugun rock, indie, shoegaze, punk, post-punk edo poparen eskemak errepikatzen ari bagara ere, esango nuke haiek berpizten ari garela. Berritasuna emakumea bera da, azkenik onartua izan dena.

Salbuespenak izateari utzi eta hanka bat barruan dugula pentsatu nahi dut. Ea biak sartuta zutitzerik daukagun. ]]>
<![CDATA[Gogortzean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-01-10/gogortzean.htm Sun, 10 Jan 2021 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2021-01-10/gogortzean.htm
Urteak pasatu ahala samurtasun hori gogortzen hasi zen, neure barruaren erreflexu. Ez dakit adin kontua izango den, baina gogortzen hasteak baditu bere ondorio onak eta txarrak, noski. Berekoiago jokatzen duzu; bihurtzeraino ez, baina barruak eskatzen dizuna besterik ez duzunean ematen, orduan hasten zara kalitatezko emaria banatzen. Iaz ez nuen apenas ezer bidali, bizpahiru lagun mini eta maite ditudan senideei besterik ez (ez dago denak maitatu beharrik; ba al zenekien?).

Aurten, heldu diren zorion-agurrak erantzun ditut, bihotzetik gainera. Besterik ez dut idatzi. Besteei ere gertatzen hasia zaiela konturatu naiz, gutxi heldu direlako, baina jakin badakit heldutakoak bihotzetik idatziak direla. Hurrengo urtean aurreratuko naiz; txandakatu egingo gara.

Gogortzearen kontzeptua gerorako gordeko dut, aurrez sare sozialena edo Whatsapp taldeena salatu nahi nuke; nazkatu arte irakurri dut 2020ari adierazitako mespretxua; zein gaizki tratatu duten denek, koitadua. Plaza erdian aldare moduko baten gainean irudikatu dut, herritarrez inguratuta harrikadak jasotzen, aitzina sorginek edo fedearen traidoreek pairatzen zituzten irainak entzuten. Errurik izango al du berak hau dena bere txandan gertatu izanagatik. Dena dela, ohiturarik ez galtzeko, eta bihotzetik nire profiletik pasatzen direnei eskertzeko, barruan bilatu eta aurtengo zorion-agur bakarra sortu dut: «2020ak kendu digunaren artean behar genuen zerbait aurkitu dugulakoan, okerrenetik onena gorde». Izan ere, eskerrak eman beharko genioke 2020ari, begiak ireki dizkigun heinean. Ezagutzen ez genuen nonbaitetik indarrak ateratzen erakutsi digun heinean. Elkartu gaituen heinean. Alfonbra azpian zegoen zabor guztia aireztatu duen heinean, bai kulturaren egoerari zein gizartearen eskasia ekonomiko eta bai lan baldintzei dagokienez. Naturarekin konektatu gaituen heinean, gure osasunaz ardura gaitezen lortu duen heinean. Azken finean, gogortu egin gaituen heinean.

Euskal kultura gogortu egin dela iruditzen zait, emaitza gazi-gezaren lekuko izan garela. Barrutik bainoago, distantziatik sumatu dut aldaketa, aurten ez baitut aurreko urteetan beste kontzertu eman. Egoerak eragindako eragozpenek ez didate horrenbeste eragin, berreraikitze eta sormen prozesu batean harrapatu nauelako. Hortaz, kanpotik behatu dut, sortzaileek eskatutako erregularizazioaren hasiera heldu dela pentsatzera heltzeraino. Musikatik bizitza ateratzen dutenak, edo neurri handi batean saiatzen direnak, profesionalak izatetik gertuago daude, aretoek eta instituzioek protokoloaren ondorioz eskatu eta eskaini beharreko neurriak direla eta. Asteburutik asteburura agendari begiratu eta taldeen edo bakarlarien izenak errepikatzen direla ikustean, alde batetik, pozteko arrazoia dela diot, horixe behar zutelako askok: profesionalki aritzeko zirkuitu zabalago bat (bat-batean leku ofizial gehiago agertu dira jotzeko). Aforoaren murrizketa, eserita egon behar izatea eta ordutegiaren aurreratzea gaueko aisialdiaren heriotzaren eragile nagusiak bihurtu badira ere (noizbait itzuliko delakoan), kulturari estatus moduko bat eman diotela uste dut, kulturak aisialdi moduan bainoago, izatez merezi zuena.

Entzuleek sortzaile eta antolatzaileekin bat egin, eta solidarioagoak direla iruditu zait; pentsatzen dut ordutegiaren aurreratzeak, gaueko giroa hondatzeaz gain, musikaz gozatzeko batzuen gogoa piztu duela, bizitza osoan film bat ikustera joan denari gertatu bezala. Edukieraren murrizketak diru-sarreretan eragin badu ere, sold-out horiek dakarten fikziozko ilusioaz gain, aipatutako entzule kopurua handitzeak zenbait areto txikiri lagundu diola uste dut; egon bainaiz lehen aforo horretara heltzen ez ziren areto txikietan eta orain saio bikoitzak egiten ari diren horietan. Areto handiak ere saio bikoitzak egiten hasiak dira, eta, sortzailearentzat nekagarriagoa gerta badaiteke ere, antzerkiarekin konparatzen badugu, beti egon dira saio bikoitzak; ez dakit alderagarria izan daitekeen ala ez.

Eserita egotearena, tira, Arimaren edo Pelaxen moduko kontzertuetan guztiz penagarria iruditzen zait, baina zeinen gustura entzun nuen atzo Petti Bilboko Biran, mahaian eserita nire tragotxoa hartzen. Maskararena ez dut aipatuko: une honetan saioekin aurrera egiteko ezinbestekoa bada, onartu beharko. Dagoeneko une oro onartu dugulakoan nago, baita kalean bakarrik ibiltzen garenean ere.

Emaitza gazi-gozoa izan dela diot, protokoloarena profesionalentzat zentzu batean onuragarria izan bada ere, beste askorentzat hondamendia ekarri duelako. Agenda betiko izenekin idatzita ikusteak aniztasun eta kolore falta ekarri du Euskal Herrira. Non daude kontzertuak eskaintzen zituzten talde txikiak? Jaiak eta aldarrikapen uneak animatzen zituztenak, gazte hasi berriak, lan esklabo batetik ateratzean entsegu lokalera joan, barruak hustu eta asteburuko kontzertuarekin amesten zutenak? Aipatutako erregularizazioari mesede txikia egiten bazion ere, non galdu ote da talde eta bakarlari afizionatuari ekartzen zion pasioa, plazera eta ilusioa? Eta hori guztia ahalbidetzen zuten gaztetxe, elkarte eta tabernen antolatzaileena?

Nik ez diot 2020ari harririk botako, desagertu denaren erantzule egingo. Esker onekoa izan nahi nuke, eta bidea ireki duelako sentsazioarekin geratu. Aurtengo urteak ziurrenik ez digu zuzenekoen aniztasuna eta kolorea itzuliko, baina ezinbestekoa egingo zaigu bueltan ospatu beharreko guztia, hurrengoan.]]>
<![CDATA[Ahotik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/049/001/2020-11-29/ahotik.htm Sun, 29 Nov 2020 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/049/001/2020-11-29/ahotik.htm
Ahoa. Elkarren ahoak ikusten ez ditugunez, kafe bat hartzeko behar ditugun minutu isil horietan bilatuko ditugu, besteen ahotsean pentsatzen duguna entzuteko. Honek guztiak ahoari galdutako berezko sentsualitatea itzuli izan balio bezala; izan ere, ahoak egun-argitan jadanik hautematen ez genion sentsualitatea galdu baitzuen aspaldi. Une jakin bat esleitzen genion ahoaren sentsualitateari, hau da, intimitatean arropa kentzearen erotikotasun bera esleitzen genion, hain zuzen ere, ahoak une horretantxe betetzen zuen funtzioa laztanarena bezalakoa zelako. Orain, berriz, kafe bat hartzeko maskara kentzean gordeta dugun intimitate hori publiko egitean edozein momentutan, edozein lekutan biluzten garenaren sentsazioa dator gogora.

Gure arma hilgarria eta, era berean, gure ahulgunea estaltzen dituen ezkututik askatuz, kafea zutik hartzeko behar dugun denbora tarte horretan, ahoa seduzitzeko prest agertzen da, debekatutakoak eta ezkutatutakoak seduzitzen duen moduan. Aho ezagunenak ere arrotz egiten zaizkigu, aspaldian ikusi ez ditugulako. Ezagutu berriei, ordea, nolabaiteko misterioa esleitzen diegu, irudikatzen genituen aurpegiekin bat datozen konprobatzen dugunean. Batzuek desilusionatu egiten gaituzte, ez datoz bat gure eta bere arnasa bereizten dituen oihal puskaren gainetik agertzen diren begi eder horiekin. Beste batzuek harritu egiten gaituzte, bertatik atera ohi diren hitz puskak ahoskatzeko kemena horren aho txikitik irten dela ohartzen garenean. Azkenak, ordea, imajinatu bezalakoak dira: Ezpain haragitsuek gureak baieztatzen dituzten esaldien hutsarte perfektua marrazten dute, eta horiek ulertzen dute dena aldatu dela pentsatzean sentitzen dugun hotza noizbait urrunduko dela, ehundutako burusiaren barruan gaudelarik, iraganetik itzuliko zaigula geroa eraikitzeko beharrezkoa dena.

Orduan, ezpain haragitsu horien azala ukituko dugu, baimenik gabeko keinu horretan hitz egiten digun ahotsak gure hatzei putz egiten dienean.

Badira ahots lasaigarriak, Iñaki Larraioz Larra Bideak proiektuko buruarenak, esaterako. Autoa piztu duzu egun gogor baten ondoren: maskarak, hidrogela, patioko guardiak, curriculum-arazoak, gizarteratzeko prestatzen ditugun hormonak korridoreetatik bueltaka, etxera itzultzean egin behar duzun guztia (erdia debozioagatik bada ere) gogorarazten dizun estres bulkada sabelaren ahoan sentitzen duzu, eta orduan autoa piztu, eta Larra Bideak (2019) hasten da. Denboraz kanpoko trantze batean sartzen zara. Dena gelditu da, morfina hari bat sartzen da belarrietatik, ahots horrek besoetan kulunkatu eta denak itxaron dezakeela esango balizu bezala. Urrutiko hondartza epel eta argitsu batean zaude etzanda, harmonikaren eta ukelelearen doinuek eguzki izpien laztanekin bat egin dute. Harea gainean lokartu zara, ahots hariaren morfinak lagunduta. Ahotsak eraman zaitu, desagerrarazi egin du guztia, eta babestuta lokartu zara harea gainean, olatuek oin puntak ukitu eta noiz esnatuko zain.

Ahotik irteten baita ahotsak ekarriko digun itxaropen kantua, esaldia, zurrumurrua, hasperena, arnasa, bizia.]]>
<![CDATA[Wemean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-11-01/wemean.htm Sun, 01 Nov 2020 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/036/001/2020-11-01/wemean.htm
Hogei urte genituen, eta asteburureo Gasteizko Kutxi kaleko tabernetan haien abestiak entzuten genituen, emakume aske, independentearen ereduaren bila genbiltzalarik. Garaiko mezu iraultzaileak gizonezko ahotsetan entzuten ohituta geunden, ia konturatu gabe haiei esleitzen genien ahalmen hori, neska talde hau entzun genuen arte. Mutilak bezain ausart eta lotsagabe agertzen ziren argazki eta zuzenekoetan, euren rapero arropa nasaia eta ile dekoloratu motzarekin.

Abestiak izaten ikasteko idazten zituzten guretzat, gero kanpotik barrura jo eta abesteko: airetik, zaratatik, olatuen soinutik eta kaleko umeen oihuetatik. Kotxe barruko edo parke baten bankuko arnasestuetatik, euripean bustitzen gineneko algaratik, gaztetxeko dezibelioetatik, sirenen hotsetik eta airean botatako pilota itsuen txistutik asmatzen zituzten letren abestiak.

Krasivaja Riba abestian, amak begi handiekin maitasunez begiratzen gintuela gogorarazten ziguten, umetan ulertzen ez genituen hitzekin hitz egiten ziguten amak, haurrak bizitzaren kalean galtzea nahi ez zuten amak. Lehen, semeak kalean galtzen zirelako, orain ez bezala; etxe barruan pantaila batean galtzen dira, inork behatzen ez dituelako. Orratz artean galtzen ziren gazteak, hauts zurien artean, taberna bateko bainugelan, izerdi eta alkohol kiratsa musukorik gabe arnasten, goizaldean beste gau batez ixten zuen tabernak irentsita.

Hitz egitea dena zen. Hitz egitea besterik ez zen, gure bizitza zen. Eta orain bizitza begiratzea da, intimitatea hiru esalditan botaka egiten duenari irakurtzea da, norbaitek esandakoa norberak botaka egitea da. Etengabe irakurtzea da, begiak pantailatik azkar mugituz hatzek aurreratzen duten arte. Zerbait erantzuteko irrikaz, zerbait esan behar baita.

Joan den igandeko Bi ahotsetara atalean Gorka Erostarberi irakurri nion zerbait, Antton Iturbe lagunak adierazitakoaren inguruan aritu baitzen: Iturbek esan berri du musika ez dela soilik gau girokoa edo parrandakoa, musika kultura ere badela, eta, aldiz, Erostarbek dio behin baino gehiagotan horrekin bat egin duen arren, akaso «kentzen diogula potentzialitatea ondo pasatzeari, elkarrekin dantza egiteari, gorputzen gertutasun kolektiboari, traszendentziaz ahaztuta gertatzen ari denaz hezur-haragiz gozatzeak zerbaiti, norbaiti konektatuta sentitzeari, heldua sentiarazteko. Hori guztia kultura ez ote den ere». Eta Wemean taldea gogoratzen ari naizen aste honetan, ezin aproposagoak iruditu zaizkit hitz hauek, Wemean gogoratzeak horren guztiaren falta mugitu egin didalako barruan, orain hogei urte izan bazen ere. Kaleak gureak zireneko egunak, musikak batzen gintuenean, uda jendetsuak, txosnak eta kontzertu libreak, zutik, edaten, dantzatzen, besarkatzen edo muxukatzen, kultura askatasunez entzuten genueneko garai ez hain urruna burura datorkidan bezala.

Asteburuan inozoki kexatzen nintzen kontzertuak ez genituelako libreki gozatzen, jakin gabe hiru egun geroago nire herrian eskainiko ez diren ekitaldietara joateko eskubidea ere kenduko zidatela.

Musikari hura gogoratu nuen, eskaintzen duen kontzertu batetik bestera etxetik irteten ez dena, positibo madarikatua emateak bira osoa bertan behera uztera behartuko lukeelako. Kontzeptua bera izugarri krudela da, eta are krudelagoa irtenbide bat dela onartu beharra. Nork esango zion entzulea bera izango zela huts egingo zuena.

Nork esan behar zion talde bati osasun-neurri zorrotzei aurre egin diezaioketen areto eskasetan bira txiki bat lortu, eta ezin izango zuela aurrera egin, disko berria ilusioz aurkezten jarraitu, baldintza mugatuetan bada ere. Bertoko entzuleek ez dituztela aforoak betetzen, erdira murriztu badira ere.

«Stop al pánico» dio Wemeanen garrasiak, badirudi iraganetik itzuli direla bizitzaren kalean galdu behar ez dugula berriz ere irakasteko. Orduan, ez zekiten hogei urte geroago kaleak ez galtzeko moduan diseinatuko zizkigutela, besteek egindakoari jarraituko geniola, aurrera jarraitzea onartuko genuela norabiderik gabe, zirkulazio-arauak eta murrizketak onartuz, eta gure ekintzen erantzukizuna geure gain hartuz, mundua salbatzeko. Besteak salbatzeko, haien erantzule bakarrak sentitzeko.

Wemean. Axola dugu. Esan nahi dugu. Eguneroko moldatu honetan zirrikitu txiki bat aurkitu, eta entzun diskoa, denboran ez hain urrun gozatzen genuen askatasunaz blaitu; emakume izatearekin konformatu ez ziren haiek entzun, indarrak hartzeko. Why? abestian bezala, gero eta txikiago sentiarazten gaituen egoeran, galdetu zergatik, ez kopiatu erantzunik.]]>
<![CDATA[Desagertzen hasiak dira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-10-04/desagertzen_hasiak_dira.htm Sun, 04 Oct 2020 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-10-04/desagertzen_hasiak_dira.htm Los últimos románticos eleberri zoragarrian irakurritakoaren modura. Eukaliptoa lur azpian pilatzen den uraren zati handi bat kontsumitzen duen zuhaitza da, bere inguruan landaretza haztea eragozten duena. Eukaliptoen basoak basamortu berdea izena hartzen du, hortaz, adaburuen azpian ez baita bizitzarik hazten. Era berean, idazleak eleberrian islatzen du orain 30 urteko metalurgiaren grebetan enpresak irauteko borrokan egon zen elkartasun guztia, ez bakarrik kaltetutako langileen artean, baita udalerri osoan ere, pentsaezina dena gaur egun. Idazlearen (eta gure) hitzetan, oso indibidualista bihurtu gara, hemen bakoitza berera doa, eta hori islatu nahi izan du Irune protagonistaren bitartez; grebalari batzuen egoerak batere eragiten ez dion arren, bere lanpostua arriskuan jarriz laguntzen die.

Basamortu berdean bada hierarkia moduko bat ere.

Desagertzen hasiak dira talde txikiak, jadanik ez dute astean bitan edo orduka entseatzeko lokalik, itxi egin dituztelako. Ezin melodiak besteek arnastutako airean lurrunarazi, ez omen da osasungarria. Lokalek leihoak izango balituzte sikiera, autobusek bezala. Baina akustika izorratuko litzateke orduan. Akustika ala hiriaren erakusleihoa? Azken bost hilabeteetan hirutan igo naiz Bilboko autobusetan, eta ezezagunekin bidaiatu. Isiltasun urduri batean, espazio eta aire bera konpartituz, musukoak birusetatik elkar babestu gaitu. Halakoetan ezinbestekoa ikusten dut musukoa, ezezagunekin airea partekatzean. Beste une askotan, ez dut ikusten, baina ez naiz gai horretan sartuko, baikorzionistatzat daukat-eta neure burua. Autobus edo taxietan partikula-partekatze hori baimenduta dago orduan, baita metro, bulego, jatetxe eta tabernetan ere. Musika eta antzerki aretoetan ez, ordea.

Entsegu tarterik gabe bakarrik ez, kontzerturik emateko aukerarik ezean ere desagertzen hasi dira talde txiki ezezagunak. Udako terrazen giroarekin bat egiten ez dutenak, zaratatsuegiak direnak. Kanpoaldean antolatu diren ekitaldiak zinez eskertzekoak badira ere, ez dago denontzako lekurik, eta jotzeko aukera dutenek ohiko kontzertuen erdia baino gutxiago ematen jarraituz gero, hurrengoak kulturaz arduratzen diren langile eta teknikariak izango dira. Desagertzen hasiak dira. Halaxe aldarrikatzen zuten irailaren 17an irudikatutako hiletan, norbere hilkutxa beltzetik tiraka, barruan alokairua, hipoteka, familiaren oporrak, urte osoko gastuak eta norbere ametsa arrastaka eramaten dituenaren etsipenezko haserrea zabalduz kirats bihurtu zaigun aire kutsatuan.

Lan berriak plazaratzen jarraituko dugu sortzaileok, baina, aretoak bete gabe usteltzen uzten dituzten heinean, ez dugu uzta jasoko, ezta laborarien artean banatzerik izango ere.

Dagoeneko galdu ditugu ezinbestekoak ziren aretoak, Trinkete Antitxokoa eta Plateruena, kasurako. Beste hainbatek, Jimmy Jazzek esaterako, arnasestuka bizirauten du. Zenbait udaletxe bultzaka ari da, baina beste hainbat erakunde publikoren laguntza falta da hemen, bazkideen eta herritarren gogoa ez da nahikoa izango egungo egoerari aurre egiteko.

Desagertzen hasia da bihotza Hezkuntza Sailean, ikasi beharreko gairik zailenaz arduratzeko. Nahiago genuke gel hidroalkoholikoen eta musukoen falta sumatu izana, ikasturtea bihotza nonbait galdu duten sentipen garratz honekin hasi baino. Irakasleok martxotik hona nahitaez inprobisatzen dihardugun lubakietan bat egin eta besarkaden absentzian ukondoak ukitu ditugu, musukoen atzean ikusezin dirauten gure irribarreen artean. PCRek iraila irauli egin diguten arren, eskolan pozez jaso ditugu ikasleak bueltan. Haien urrats azeleratuek uda aurretiko hilabeteetan basamortu bihurtu ziren korridoreak bete dituzte, gugana itzultzeko gogoa aitortuz, etxetik ikasteak ekarri zien hutsa betetzeko gogoz. Itzulera modu seguruan gauzatzeko baliabideen faltan, irakaskuntza maitatzetik sortu beharra zegoen azpiegitura, baina bihotza nonbait desagertu zen antza.

Eskolak ez ezik, basamortu bihurtzeko arriskuan diren antzoki eta aretoak baso berde ongarriak bihurtzeko beharrekoa eskatzen jarraituko dugu. Eukaliptoak bertan behera bota eta zuhaitz askotariko baliotsuak ereiten, urrats azeleratuek bihotza kolpatzen diguten bitartean.]]>
<![CDATA[Etzan eta ixo]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-06-21/etzan_eta_ixo.htm Sun, 21 Jun 2020 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/039/001/2020-06-21/etzan_eta_ixo.htm
Batzuetan badirudi abestiek guztia ulertu eta entzun beharrekoa erantzuten dutela.

Badira sendatzen duten ahotsak, Karen Peris The Innocence Mission taldeko abeslariarena kasu. Ilea laztandu eta ondo zoazela esan, oraingoz gelditu beharra dagoela iragarri, egon behar duzun lekura iritsi zarela azaldu. Lausotutako begiradaz diotsu ez duzula zertan korrika egin, ezta inoren arretarik erakarri behar ere, zenbat aurreratu duzun ikus dezaten. Belarrira kantatzen dizu zarata beharrezkoa zela, baina jada ez duzula horren beharrik, isiltasuna arretaz entzuteko modu bakarra denean.

Ulertzen duzu saltoka ari zinela besteak harrapatzeko, festara berandu iritsi zinelako. Gogoan duzu orain, festara sartzean aurrez jarraitzen zenituenak ezagutu nahian zenbiltzala, haietako bat sentitzeko baino gehiago, urteetan bakardadean sentitu zenuen guztia partekatzeko. Lagunduta sentitzeko. ABBAren Dancing Queen atzetik, inozoki agurtzen zenituen norbaiten etxeko egongela erdian, hunkiturik, batzuentzat garrantzi gutxi zuela antzeman gabe, mesfidatientzat haiek erabiltzeko saiakera zelakoan, agian.

Eskerrak izkina batean erretzen aspertuta zegoenak ahapeka deitu eta hurbiltzeko esan zizula, nor zaren galdetuz, kontatu beharrekoa arretaz entzutera ondoan geldituz. Dancing Queen amaitu da, eta orain dantzatutakoa ken diezazuten. Ulertu duzu batzuk festetara ez agertzearen arrazoia, ezagutu beharreko interesgarrienak, akaso. Ulertu duzu dantzan jarraitzeko ez dagoela festetara joateko beharrik. Bakardadean dantza egiteak baduela bere xarma, eta inor gerturatu behar bazaizu, jakin dezan orain bakarrik dantzatzen den horietakoa zarela.

Horrela batu zaizkizu hiru lagun berri, bideari begira nondik jarraitu jakin nahian zenbiltzala. Anplifikadore eta kable artean berriz lagunduta sentitzeak indarberritu zaitu, eta elkarrekin sortutakoa entzutearekin nahikoa duzu aurrera egiteko. Entsegu bakoitza festa bihurtu zaizue nahi gabe, ez pribatua, baina. Entzuleak festara batu daitezen gogotsu zarete. Garai txarrak dira norbait festara gonbidatzeko, baina, indarrak batuta, bidea egingo duzue gainontzeko ahaztuekin batera.

Egun hauetan irratsaioa amaituko da, eta otsailetik hona bizitako erritmoa motelduko. Inoiz baino azkarrago mugitu zara, emakume musikarien inguruan aritzeak bete zaituen bitartean. Hilabeteak aurrera, zeure burua eskaini nahi zenuela ahaztu duzu, haiena ezagutzera emanez. Apurka desagertu zara, abesti eta biografietan lurrundu. Inoiz baino erosoago, haiek entzutearen plazerean murgildu eta entzuleak gonbidatuz. Emakume musikariaren esentzia podcast batean blaituz, edertasunaren kontzeptua hainbat modutara helaraziz. Hainbat modu dago edertasuna adierazteko, zentzuz eta esanahiz aldatzen duen heinean: indarra, amorrua, adimena, bizi nahia, bazterketa, sekretua, negarra, desira. Ezezagunak ditugun soinu artean edertasuna gitarra baten linea bilakatu da, bateriaren kolpean salto egin eta ahots arrotz batean urtzeko.

Etapa honen azken diskoa aldatzeko unea heldu da. Oraindik ere analogikoan funtzionatzen dugunok badakigu antzematen abesti bat higatzen hasi dela, esaldi bera errepikatu eta amaierarik gabeko buklean sartu gaituenean. Hala ere, barruan geratu da betirako, bere lekua hartu du denborak eskuz eraikitako ganbarako apalategian. Badaki noizean behin entzun nahi izango dugula, eta orduan atzamar dardartiak bila joango zaizkio, bizitza oso bat lotzen duten diskoen artean.

Batzuetan badirudi abestiek guztia ulertu eta entzun beharrekoa erantzuten dutela.

Hortaz, ulertu duzu unean heltzen den doinuari arretaz entzun behar zaiola, eta azkenaldian eder bat belarrira ari zaizu: behar dut etzan eta ixo. Kasu egin, eta itzuli abuztuko azken izpi berritzaileekin batera.]]>
<![CDATA[Eten da etena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/001/2020-05-24/eten_da_etena.htm Sun, 24 May 2020 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/029/001/2020-05-24/eten_da_etena.htm
Orain lau aste, apirileko artikulua idatzi nuenean komunitatearekin liluratuta nengoen, geunden. Elkarlana, auzokideak, zaintza, babesa... hitz jario solidario batek elkarlotzen gintueneko sentsazioak egunei bultza egiten zien, orduak zirriborratu heinean leihotik begiratzera pausatzen ginenean. Elkarren beharrak hasierako asteak bete zituen, ondoko balkoietan edo telefonoaren bestaldean sumatzen genituen faltak eta kezkak behatzen eta sendatzen genituen. Besteak zaintzearekin batera gure beldurrak eta kezkak uxatzen genituen, distantziaren orratzak zainetatik barrena sartzen zigun maitasun neurrigabe hartan txolinduta. Elkarren behar horrek zalantzan jarri zuen ordura arte aldarrikatzen genuen indibidualtasuna eta familia nuklearraren bazterketa. Ondorioztatu dugu lagunak behar ditugula eta dugun familia ezinbestekoa dela.

Gogoan dut iragan moduko hura, leihotik autopista bihurtu den kaleari begira nagoelarik. Jendea elkarren bila abiatzen da, terraza batean aparkatzera. Terrazak bai, mendirik ez. Hortik irakurri dut inoiz ez dutela horrenbeste nerabe terrazetan eserita ikusi, ez ote dituzten kontsumitzera bultzatu, moda berria ezarri. Dagoeneko kontsumitzen zuten, bada, orain, legala eta mesedegarria omen da.

Gurasoek pentagono, hexagono edota oktogonoak osatzen dituzte belar gainean, norbere puntatik angelu zorrotz malguak osatuz. Dekagonorik ez dut ikusi, gai horrekin nahastuta gabiltza oraindik. Umeak futbolean ari dira, edo elkarrekin patinatzen, jolasten. Ume batzuk, maskaradunak, gurasoek lepora jaitsi dituzte pentagonora sartzean.

Aurreko arratsaldean, kotxean itzultzen, Bilboko Areatzatik zazpietatik zortziak arte besterik ateratzen ez diren agureak ikusi nituen, baita maskara atzean gordetzen zuten keinua igarri ere, kuadrilla gazteak, familiak, korrikalariak eta bizikletak saihestu bitartean, oreka galtzeko zorian, erortzen utziko zituztelakoan.

Auzo ahaldun batean janari prestatua saltzen duen bikote kubatar batek kontatu zidan astelehenean, pandemia aurretik auzoaren laurden bat besterik ez zela dendan sartzen eta orain ezta hori ere. Alabak auzoko eskolan ikasten duela eta inoiz ez dela lagunen gurasorik dendatik agertu. Gizonak kozinatzen du eta emakumeak saldu. Azkena lur jota zegoen, nekatuta, kornea ebakuntza egin berria eta lanean. Denda ezin dutela itxi, ezta hamabost egunetan atseden hartzeko ere. Hala ere gogorra naiz, zioen, baina ezin dut jendearen mespretxuarekin. Okerreko auzoan daudela esan nion, alde zaharrean jende gehiago sartuko litzatekeela. Badakit, izan gara bertan, erantzun zidan, baina alde zaharreko alokairu altua jadanik ezin genuen ordaindu.

Azken bi hilabeteetan ikasi dudan zerbait: ez dut horrenbeste jenderen beharrik eta gutxi batzuen behar handia daukat. Baita distantzian gehiago maite dugula ere.

Simone Weil filosofo frantsesak (1902-1943) honi buruz hausnartu zuen bizitzak eman zion denbora tarte eskasean. Bere koaderno agorrezinetan, non gogoeta mistikoak, geometria eta filosofia platonikoari buruzko espekulazioak, teoria soziala eta arreta poetiko handieneko uneak partekatzen zituen. Weilek distantziari eta banaketari buruzko hausnarketa egin zuen, orain garrantzi handia hartu duten gaiak bi hauek. Simone bera Bigarren Mundu Gerran hil zen, Londresen, bere herrikideekin erabat solidarizatuz, hauengandik banandua zegoelarik, Alemania naziaren inbasioa bizi zutenak.

Nahiz eta pertsona askok, guztiz naturala dirudien arren, distantziarekiko eta banantzearekiko gorrotoa eta mespretxua duten, Weilek, sotiltasun handiz, distantzia eta banaketa maitasunaren eta edertasunaren zati direla nabaritzen du, eta ez bakarrik bigarren mailako efektu edo oztopo gisa, baizik eta adiskidetasuna eta kontenplazioa osatzen duenaren funtsezko zati gisa. Oro har, Weilek uste du distantzia «edertasunaren arima» dela, eta bereizketa bere horretan maitasun mota bat dela, bere egoera eta bere garbitasuna. Azken finean, jatorrizko banaketarik ez balego, maitasuna ezinezkoa izango litzateke, ezingo litzateke mugimendu distiratsua izan, ezingo litzateke aurkikuntza ere izan. Maitasuna banaketaren eta elkartzearen pendulua da, eta ez bata bestea baino gehiago.

Era berean, gizakiak bakardadea behar du, gizartearen ahots uniformetik bereiztea, kontzeptu eta agindu faltsuz hustea, isiltasunean eta iluntasunean bere benetako izaera, garbi eta suntsiezina, aurkitzeko.

Aurkitu genuen gure benetako izaera eta, askok luzaroan gordeko badugu ere, oroimen kolektiboa hain da hauskorra, ezen kaleko autopistan zapaldu eta hautsi duela etxetik terrazara berandu atera den despistatu batek.]]>
<![CDATA['Truktopia']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-04-26/truktopia.htm Sun, 26 Apr 2020 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-04-26/truktopia.htm
Duela hiru hilabete hasi ginen etxetik irteten, baina, egia esan, ezer gutxi egin dezakegu lau horma hauetatik at. Jadanik ohitu gara balkoiz balkoi hitz egiten, ospatzen, laguntzen, bizitzen. Kanpoko aisialdia mugatua da, baita hura betetzeko era ere. Geure artean harremanak izateko modua ere aldatu egin da, lehengotik hain desberdina. Zentzu batean, hobea dela esango nuke. Hala ere, faltan sumatzen ditut jaiak, pilaketak, ohiturak, mozkorraldiak eta eguna nola bukatuko zen ez jakitea.

Ia denbora guztia etxean ematen dugu, edo inguruan ibiltzen eta bakarka kirola egiten. Lagunekin talde txikietan bil gaitezke astean behin, asteburuko ilusioa ez galtzeko, baita askok lanean jarraitzen dutelako edo behar berrietara egokitu diren lanak sortu ditugulako ere, zorionez. Eskolak ere laster hasiko dira berriz.

Taldeetan biltzen gara, hamar laguneko taldeak, aldi bakoitzean aldatu edo nahastu daitezkeenak, baldin eta testa pasatu badugu. Maila sozial berri bat ezarri zaigu, aurrekoekin gutxi ez bagenuen ere: testa pasatu eta antigorputzak garatu dituena askatasun handiagoaz mugi daiteke. Gutxienez, askok denontzako onurak garatzeko ahalmena bihurtu dute. Sendatuaren kontzeptua berez ez dugu gustuko, baina horrela izan behar du, herritar ugarik barruan jarraitzen duten arren, adinekoek adibidez. Oraindik goiz da beraientzat; txertoaren zain ematen dituzte egunak leihoetan, balkoietan, guri so, begirada galdua gure itzalei jarraikiz. Baina ez dute galdu ez begirada, ez ilusioa. Zinez eskertzen digute eguneko bisita, erosketa eman eta segundo eskas horietan begiekin irribarre egiten digute eskerrak emanez, gure hitz apurrak biltzen, oheratu aurretik galdu dituzten lagun eta senideekin gogoratzeak dakarren samina arinduko diela pentsatzen dugun bitartean, guk ere, eguna amaitzean.

Udan zehar, herriko udalak lorategidun baxu bana eskaintzen digu kontzertu edo bertso saio bat entzuteko, antzezlan bat edo azken filma ikusteko, haurrentzako ikuskizunekin eta ipuin-kontalariekin gozatzeko. Irrikaz itxaroten diogu aste bukaerako arratsalde edo gau parteari, artea eta kulturaren magia aurrez aurre sentitzeko. Hastiatuak gaude pantailei begiratzeaz, nahiz eta eskertzen ditugun sortzaileek helarazten dizkiguten une preziatu horiek. Ulertu dugu ezinbestekoak zaizkigula aurrera egiteko, eta hasi gara aldatzen. Hasi gara eskertzen eta sortzaileak behar bezala zaintzen, sormen lanek merezi duten arreta eta esker ona adierazten. Haiek ere hasieran baino lasaiago daude.

Konfinamendua hasi zenetik gogor borrokatu dira haien eskubideengatik, gobernuak haien lana aitortu dezan, babestu ditzan, eta bai, konturatu gara zein beharrezkoa dugun une honetan kulturak eskaintzen digun leihoa irekitzea eta argi-izpiak sartzen uztea, denon artean adostu ditugun neurriak aurrera egiten dutela ikusten ari garelarik. Sarriago entzuten ditugu hedabideetan, irratian mota guztietako musikariak entzuten ditugu, hasiberriak eta beteranoak, norbere abestiengatik gutxieneko bat kobratzen dutelarik. Telebistak bezala, zabaldu egin du zuzeneko emanaldien eskaintza, eta kontzertu, antzezlan, erakusketa edo emanaldiak zabaltzeko kontratatzen ditu artistak. Itxita jarraitzen duten aretoei ere laguntza eman zaie, aukera baitaukate kontzertu eta ikuskizunak, bertso saioak edo poesia emanaldiak sarean zabaldu eta sarrera birtuala kobratzeko, artistekin partekatuz. Negua heltzean, kultur bilera hauek aretoetan egin ahal izateko bideak aztertzen ari dira, talde mugatuetan izango bada ere.

Esan bezala, hamar lagun edo hiru familia bildu, eta, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera edota baserrien edo etxeen eskaintzaren arabera, udalak bost, sei, hamar etxe alokatu, eta artistak kontratatzen ditu talde txiki horiei emanaldia eskaintzeko. Artistak txandakatu egiten dira udalerri guztietan, eta eskaera handia dago. Beraz, hilean bi-hiru asteburutan behintzat, kontzertu edo ikuskizun bat emateko aukera dute Euskal Herri osoan zehar. Ikuskizunekin batera, artista plastiko baten erakusketa ekartzen digute, eta lanak salgai jartzen dituzte. Beste batzuetan, idazleek eta poetek ozen irakurtzen dituzte zuzenean eros ditzakegun obrak, aurretik herriko liburu dendan eskuratu edo argitaletxeari online eskatu ez badiogu. Musikarekin bezala, entzundako diskoa erosi egiten dugu disko-dendan edo artistaren webgunean, bai etxera ekartzeko edota sarean entzuten jarraitzeko. Gustuko dugun lan bakoitza eskertzen ikasi dugu, maite duten lanbidean guretzako sortzen jarrai dezaten.

Asko disfrutatzen dut festa eguna heltzen denean. Elkartzen garenon artean edariak, pintxoak, afaria edo askariak erosten dizkiegu auzoko taberna pare bati, eta pozik ekartzen digute. Izan ere, tabernetan ezin gara lehen bezala elkartu, eta haiek saltzen digute geure etxean edo asteburuko bilkuretan ospatzeko ezinbestekoa zaigun mahaia hornitzeko beharrezkoa. Lanegunetan ere etxera eraman ohi diete kalera ezin atera daitezkeenei, eta, bestela, bezeroak hurbiltzen dira tabernetara bila. Etxean kozinatu ezin ditugun bazkari edo afari sofistikatu-goxoak dastatzeko aukera daukagu oraindik, eskatu besterik ez dugu egin behar. Herritarrok adostu egin dugu komertzio txiki eta baserritarrei ahalik eta gehien erostea. Zerbait ikasi badugu, pribilegiorik galdu ez duenak dirua erabiltzen ikastea izan da, denon artean banatzearen ekintza berez pribilegioa bihurtuz.

Truktopia izeneko gure herri txikian hasi zen dena, eta, gaur egun, herrialde osora zabaldu da. Lurrak sendatzen jarraitzen du, eta antigorputz gehiago bidaliko ditueneko susmoa dugu, baina ordurako prest egongo garelakoan gaude, txertoa gugan baitago dagoeneko.

Musika: Nor zara zu? (Peru Galbete, 2020ko apirila).]]>
<![CDATA[Txakurrak, balkoiak, pribilegioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-03-29/txakurrak_balkoiak_pribilegioak.htm Sun, 29 Mar 2020 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/034/001/2020-03-29/txakurrak_balkoiak_pribilegioak.htm
Nik ez daukat txakurrik. Katu bat eta bi ume ditut. Uste dut katuak ez duela ezer jakin nahi, ez birusez ez pandemiez, ez ezerez. Sofa gainean jarraitzen du, tripaz gora, une honetako eguzki izpi preziatu horiek bereganatzen. Pentsatzen zergatik ez dugun behingoz etxetik alde egiten, eta ez diogun bake unerik ematen. Nazka-nazka eginda egongo da gu hemendik harantz entzuten, oinez, erratzarekin, dantzan, liskarrean, barrezka... partekatzen dugun airea xaboiaz zipriztinduz eta putz egiten, hainbeste kostatzen zitzaigun mendi haren tontorrera eramango gaituen burbuilaren zain.

Bi haur dauzkat, besteen txakurrak bezain zoriontsuak ia; jolasten, aspertzen, asmatzen, korrika egiten, haserretzen, deprimitzen, haurren ezjakintasun preziatu horretan zoriontsu direnak hala ere, nahi duten guztietan agertu eta besarkatzen gaituztelako. Haiek, ordea, txakurrak ez bezala, ezin dira kalera atera, zorigaitzean arma hilgarri bihurtu baitira. Hunkigarria da jendea ospitaletako biktimengatik (gaixoengatik ere bai, noski) balkoietan zarataka entzutea, baina oraindik ez zaio inori bururatu haurrengatik egitea. Bihotza urratzen dit leihotik burua atera eta ezezagunekin hitz egiten ikusteak. Nork esan behar zidan nahi beste ezezagunekin hitz egiten utziko niela. Ez dute balkoirik, ez lorategi xarmagarririk. Leihora ateratzen dira aire fresko eta eguzki izpien bila gizajoak. Ume pribilegiatuak dira, hala ere, ez zaie seniderik gaixotu, indarkeriarik gabeko giroan bizi dira, eta hilaren amaieran soldatak etxera helduko dira.

Nire soldata etxetik atera beharrik gabe iritsiko da, pribilegiatua naiz ni ere. Eskolako betebeharrak ordenagailutik egin ditzaket. Distantzian zaintzen ditut ikasleak, ebanjelioa bihurtu zaizkigun whatsapp-en artean, programa betetzeko dela irakurri badut ere. Ez dute beteko, ezta beharrik ere. Egunerokotasun duin bat merezi dute, guk bezala. Gure posta elektronikoak jaso, bideoren bat, talde konferentziaren bat eta gizatasun dosi txikiak: zer moduz zaude, zerbait behar al duzu, idatzi zer pasatzen zaizun burutik... horrela.

Nire bizikideak, ordea, lanera irten behar du oraindik, maskara eta eskularruak zorroztu lantegian sartzeko. Bart gaueko txanda egin eta berandu idatzi zidan esanez ia-ia etxera bidaltzen zutela kontrolean 37,8 graduko tenperatura eman zuelako, baina lantegitik irtenarazi eta aireztatzera bidali ondoren termometroak ez zuela jadanik 37ko muga pasatu. Muga horrek zehazten baitu etxera nor itzul daitekeen, baita nor geratzen den, eta arnastu, ukitu, segurtasun distantzia mantendu... Nagusiak gure familiaren osasuna arriskutik urruntzen uzten ez duen segurtasuneko distantzia hori, lankideengandik mantendu behar du berak. Goizaldean iritsi da, lotan geundela, higiene protokoloa burutu, eta estutu nau, besarkada horretan lasaitasunaren eta beldurraren artean eztabaidan egon naizen bitartean. Nire bizitza are gehiago kontrolatzeko eragin didaten beldur horrek besarkatuko banindu bezala.

Nik ez daukat atera beharrik, pribilegiatua naiz. Ni etxean geratzen naiz haurrak zaintzen, ikasleak zaintzen, etxea garbitzen, katua laztantzen, gizonaren zain. Ez daukat etxetik atera beharrik, gorputz ezezagunetatik babesten nauen atmosfera zeharkatu, eta erosketa azkar bat egitera ez bada. Apenas unerik gabe irakurtzeko, gitarra jotzeko, irratsaioa prestatzeko, hau idazteko... Zer esanik ez hau guztia hasi bezain laster Whatsappetik heltzen ziren promes intelektualak dastatzeko. Hala ere, pribilegiatua naiz, maite dudan lanbidea sortu eta zabaltzeko maite dudan aukera hau baino lehenago heldu zelako. Musika eta letrak sortzeko nire denbora mugatzen duenak oraingoan salbatuko nau, kontzertu eta diru sarrerarik gabe geratu diren kideei gertatu ez bezala.

Etxean geratzen naiz, eta zaintzen dut. Eta bat-batean konturatzen naiz XXI. mendeko emakume emantzipatu autonomo rockera naizen hau nire amama bihurtu dela, 1985ean Eibarko bere etxeko sukaldean sartuta, harri usaina hartzen ziguna, eta maitasunez zoratuta besarkatzen ninduena bere esku ajatu eta ile urdinaz, bere txabusina moreaz eta bere etxe moketatuaz.

Baina nire amamak balkoia zuen, Jardines kalera ematen zuen. Balkoi hartan jolastu ohi nintzen haren begiradapean. Kalera edo balkoira ateratzen ninduten Eibarrera itzultzen ginen asteburuetan, garaiko industriak kutsatutako aireak etxean arnasten uzten ez zidalako, horrenbeste maite nuen haranean itotzen nintzelako.

Orain berriz etxean itotzen naiz, balkoi birtualen artean endredatuta. Haurren moduan leihora ateratzen naiz berriztatu zaigun airea arnastera, geure buruarekin batera honetatik aterako dugun gauza garbi bakarra. Behintzat kalera itzuli eta berriz zikintzen ditugun arte.

Geure eskuetan dago airea garbi mantentzea kaleak isilik jarrai dezan, ito behar denaren oihuak entzun eta zulotik ateratzen laguntzeko. Txakurrekin bat egin dezagun horren gutxirekin konformatzen.]]>
<![CDATA[Elkarrekin egon ginen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2020-03-01/elkarrekin_egon_ginen.htm Sun, 01 Mar 2020 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2020-03-01/elkarrekin_egon_ginen.htm
Musikari lagun taldetxo bati bururatu zitzaion, eta hasieran bazkari xumea izan behar zuena saretu egin zen hilabete baten buruan, topagune bihurtzeko. Xehetasunetan ez naiz luzatuko, oraindik ez dagokigulako horren berri ematea. Aurrerago zabalduko dugu bertan ondorioztatutakoa, ugariak izan baitziren bertan askatu genituen sentipenak, frustrazioak, kexak, gogoak, ametsak; hegoak azken finean. Bizipenaren taupadak kolpatzen nauen zirrikitutik idatziko dut, ordea, igande eguzkitsu hartan bertaratu ginen guztioi bihotzean zerbait trankatu zitzaigulako, ordura arte ezagutzen ez genuen ahizpatasun moduko bat sentitu ondorengo sentsazio gozoa.

Gutako batzuk orain hogei urte hasi ginen musika egiten; beste batzuk, hainbat lehenago. Haienak izan ziren hunkitu gintuzten hitzak; punka gizonen gitarra, bateria, baxu eta mikroetan zizelkatzen zeneko garaian, testosteronaturiko agertokietara igo eta mota guztietako egoeren aurrean erantzuten zuten emakumeek, seguru asko, deseroso. Aitzindari liberal miretsiaren rola, urdanga lotsagabearena bezala, euren gain hartzen zuten emakumeak (bost axola bazitzaien ere), garito bakoitzean jasan beharrekoari aurre eginez. Igandean bertan punk talde gazte bateko kideak esan bezala, oraindik jasan behar dituztenak. Horren aurka egiteko, ezinbestekoa zitzaien tribuan aritzea; hortik emakumez osaturiko taldean jotzearen garrantzia. Bihotzeko lagunekin partekatutako ordu luzeak, kontzertu osteko parrandak. Gizonek egin ohi zuten guztia konplexurik gabe eta modu berean gozatzen, salbuespen bakarrarekin: elkarri babesa emateko nahia edo beharra sentitzen zuten, bien nahasketa ia nahitaezkoa. Izan ere, horretan zetzan igandean gu denok batzearen funtsa, eta espero genuena gertatu zen Gernikan: lagunduta sentitu ginen, ulertuta, babestuta.

Rocka, folka, rapa, klasikoa, punka, berdin zitzaigun nondik ateratzen zen aldamenean jarritako neska. Geure burua banan-banan aurkeztu genuen borobil koloretsu ugari baten inguruan. Nondik nator, zer jotzen dut, norekin, bakarrik... Esan bezala, beteranoenak emozionatu egin zitzaizkigun, eta baten bati malkoa eragin zigun bakarrik sentitzeari uzten zionaren algarak.

Borobil hartan ni neu ere bakarka emozionatu nintzen, 1999an, Gasteizko kaleetatik irakaslearen etxerako bidean gitarra elektrikoaren zorroa paseatzen nuenekoa buruan. Zenbatek eta nola begiratzen ninduten gogoratuz, alde batetik gogaitzen ninduena, eta, bestetik berezi, indartsu sentiarazten ninduena. Erronka pertsonal moduan hartu nuen urteetan mutilen artean ikasi eta, azkenik, Katanga Faktoriak antolatzen zuen hamabostaldira apuntatzea. Zuzeneko konboetan lehen aldiz jo nuenekoa gogoratu nuen. Hurrengo hamar urteetan mutilen artean jotzen jarraituko nuen, lagunduta beti. Gernikako beste hainbat ez bezala, ni ez naute inoiz deseroso sentiarazi, zortea izan dut horretan. Inork ez nau gutxietsi, ez teknikoki ez pertsonalki, aurpegira behintzat. Beste taldeetako norbait nire anplia eramateko prest agertzen bazen, bakarrik ahal nuela esan bezain laster ulertzen zuela pentsatzen dut. Musikarien arteko errespetu-kode horretan mugitu naiz beti, ez diot inori errua botako.

Hamar urte pasatu dira taldean jotzeari utzi nionetik, eta azken hirurak bakarlariaren bakardadean pasatu ditut, onerako eta txarrerako. Onerako diot, autoan sartu orduko inoiz sentitu dudan askatasun sentsaziorik handiena eman didalako. Txarrerako, azalduko dizuet: bakarlariaren bakardadea burura etortzen zaizuelakoan nago; tipo serioa, autosufizientea, garitora heldu eta norbait ezagutzen duen hori (gizonek beti ezagutzen dute norbait garitoan, edo teknikariren bat... ez al da hala?), berehala hizketan hasten dena, jenifikatu dutenaren aura horrekin (jenifikazio maskulinoa, gai potoloa...), xehetasun teknikoei dagokienez zer eta nola nahi duen argi daukana, eta nire faboritoa: denek onartzen dute, inork ez dio bere buruari galdetzen tipoa zergatik etorri den bakarrik.

Eta emakume bakarlaria agertzen denean? Serio eta autosufiziente sentitzen bada ere, bertako inor ezagutzen ez duena, hizketan hasi baino lehen norekin konektatuko duen gainbegiratzen duena. Gai teknikoren bat gustuko ez badu galdetzeko edo kexatzeko modurik egokienaren bila hasten dena, ergeltzat har ez dezaten. Barran bakarrik eseri eta laurogeitaka urteko herriko mozkortiaren piropoak entzun behar dituena, jadanik erantzutea merezi al duen bere buruari galdetzen diona. Itxaron bitartean, bakarrik etorri izanari buruzko bertoko norbaiten gogoetak asmatzera jolasten dena: Banatuta al dago? Ez dauka lagun talderik? Ezta lagunduko duen bihotzeko lagun kuttunik ere? Hau ama da, norekin utziko zituen umeak...? Bai emakume ausarta, eta ondo jotzen du gainera. Aupa zu!

Azken bi asmakizunak erraz utziko dizkizuet: Garito batzuetatik (ez denetatik) bietako nork eramango du billete sorta handiagoa? Eta garitoa uztean, bietako nork begiratuko du behin baino gehiagotan atzera gauzak kargatu bitartean edo autoan sartu aurretik?

Hau guztia oraintxe etorri baitzait burura, igandean antzeko beste hainbat entzun nuen berehala neureak egin nituen hitz arrotzetan. Ezinbestekoa izan zen, indarrak hartzeko. Bakarrik sentitzeari uzteko elkarrekin egon ginelako.]]>
<![CDATA[Usoak besoetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/031/001/2020-02-02/usoak_besoetan.htm Sun, 02 Feb 2020 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/031/001/2020-02-02/usoak_besoetan.htm
Erritu antzeko bat daukat. Badira aurrez atera diren baina streaming bidez entzun nahi izan ez ditudan diskoak, azokan erosten ditudanak. Gaztaroan aurrez entzun gabeko CD hori itsu-itsuan erosten nuenekoa gogoratuz. Zoratuko edo desengainatuko nauen lanari dagozkion laztana eta arreta eskainiz, behin entzuteko bada ere.

Gauza bitxia gertatu zait aurten erositakoen arteko bost diskorekin. Kotxean bakardadean gidatu bitartean, baita etxean ere (entzungailuekin, bestela...) banan-banan eta lehen entzunaldian egin dut haienganako lotura pertsonal estua. Film hartan plaza erdian usoekin bat egiten zuen atso arraro horren moduan, txoriak besoetan pausatzen zitzaizkiolarik bihotzeko lagunak egiten ari zela uste zuen atso zoro hori banintz bezala.

Lehen diskoaren sortzaileak egiten duen guztiak aztoratzen nau, beste inork egiten ez duena ikasi bitartean irakasten duelako. Lan berri honen kantuek errekasto labur ezezagun bat marraztu zuten, bere zetazko ahotsak eskutik hartu eta uretan murgilduta gitarra zein bateria edo sintetizadoreen soinuek laino ilunetan barrena eraman nindutelarik, non amaituko ote zuen jakin-minak bihotza estutuz. Iruzurrik gabe, labur egiten zait beti hark eskainitakoa, eta gehiagoren eskean utzi ninduen.

Bigarren diskoa bidaide perfektua izan zen. Hitzen beharrik gabe lagunduta sentiarazten zaituen lagun horren modukoa. Basamortuko solitude-an errepidetik gidatzen zoazelarik zigarroa pasatzen dizuna, esperientziak eman dion bere keinu pausatuak bidaiaz gozatzeko adierazten dizun bitartean. Gitarren sokek elkar lotutako errepide amaigabeetan eguzkiak itsutzeraino aurrera egin eta galtzera gonbidatzen zaituen laguna.

Hirugarren diskoak, ordea, adiskide berritsu, alai eta fidelarekin batera jaiak gozatzera eraman ninduen. Edozein herriko plazan dantzara eskutik atera, eta, akordeoiaren nahiz saxofoiaren doinuaz lagunduta, gaztaroko algara gogora ekarri zidan. Eguneroko bukle honetan sartuta, lagunarekin tabernan sartu eta edanez orduetan hitz egin izanaren sentsazioa utzi zidan, etxekoari balioa emanez, eskuz egindako lana arraro egiten zaigun garai honetan.

Laugarren diskoak barruak astindu zizkidan. Txikia izanik, grabaketa apalaz jantzita, kuadrillan ia nabarmentzen ez den lagun horren moduan nabarmena egin zitzaidan. Elkarrekin kafea hartu bitartean hari egokiak lotzen dizkizun lagun hori. Konfiantzaz abestutako kantuek zure minak, desirak, ihesean joaten uzten ez dituzun pentsamenduei hitz eder egokiak esleitu eta biolin baten melodiaren laguntzaz malkoetan erauzten dizkizuna. Dagoeneko lur jota zaudenean berandu baina garaiz ailegatzen den laguna.

Bosgarren eta azken diskoarekin ihes egin nuen. Play sakatu bezain laster, eguneroko kaos antolatu honetan berez ezarri zaizkidan betebehar eta erantzukizunei ihes egiteko zain daukat laguna, hondartza bakartian oinutsik, ni heldu eta kamiseta erantzi ostean batera korrika hasteko prest. Hondartza osoa zeharkatzeko asmoa dugu, ezarritako A abiapuntutik aurrera abiadura progresiboki areagotuz, arnasestuka lasterketa eten eta lurrera makurtuz pausa txikiak eginez, bederatzigarren minutuan berriz korrikan abiatuz, orain bestelako dinamika batean: pausatua baina tinkoa, itsas haize leunaren laztanak bultzatuta, olatuen marmar sinkopatua atzean, geure aztarna eguzki izpiek epeldutako harean utziz. Hamaseigarren minutuan azken esprinta egiteko prest gaude B puntura ailegatzeko. Erlojuaren tik-tak batek ongi etorria egin digu oihanean barrena sartu aurretik. Lasterka jarraitu ahal izateko zuhaixken adar finak besoekin erditik kentzen ditugu aurrean duguna bistaratu ahal izateko.

Non amaituko ote dugun elkarri galdetu nahian, zaila egiten zaigu ezer esatea oihanari hitzik kendu gabe. Aurrera egin dezagun. Aurrera. Atzetik ditugu oraindik, noraezean darraigu ezkutatzeko soilgune galdu baten bila. Bat-batean, isildu egin dira, eta tik-tak hori itzuli da, danborrek eten duten arte. Danborrek izutu egin gaituzte; inoiz baino azkarrago ekin diogu berriz korrika egiteari.

Oinak minduta ditut, ezin aurrera jarraitu, eta, bertan erortzeko zorian nagoelarik, olatuen marmar sinkopatutik jaiotako gitarren soinu gogor baten eztanda laguntzen hasi da bultzaka. Bultza. Bultza. Bultza. Airean salto egin dugu haien azken bulkadan. Isilunea azkenik. Begiak ireki eta soilgune bakartian etzanda gaude biok, kaioen txio artean zerura begira irribarre eginez. Elkarren ondoan arnasestuka, izerditan, eskutik helduta.

Plaza erdira itzuli naiz, besoetatik ihes egin didate usoek. Oskarbian hegan urruntzen dira, hurrengo besoetan pausatzeko prest.]]>
<![CDATA[...eta ondo entzun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2019-12-22/eta_ondo_entzun.htm Sun, 22 Dec 2019 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/032/001/2019-12-22/eta_ondo_entzun.htm Itxoiten ireki zuenean. Ferminek Gora herria eta Sarri, Sarri ohi baino tonu apalago baina ozen abestu eta salto egin genuenean. Andoni Basterretxearen Boga Boga oihartzuna bihotzeraino sartu zitzaigunean. Gure gaztaroko doinu-bandaren zati handi bat sortu zuena zoriondu eta behar bezala agurtzeko etxeratu ginelarik, dolua, algara, mina eta maitasuna eztarrian korapilatu zitzaizkigun Ikusi eta ikasi... eta ondo entzun abestean, nire buruari nerabe horiek inoiz egingo ote duten galdetzen nion bitartean. ]]> <![CDATA[Amok ez dugu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2019-11-24/amok_ez_dugu.htm Sun, 24 Nov 2019 00:00:00 +0100 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1957/041/001/2019-11-24/amok_ez_dugu.htm Amek ez dute (2018) eleberri bikainetik abiatu naiz testu hau idazteko. Seme-alaba jaioberriak hil dituen emakume baten istorio beltzaren inguruan idazten du protagonistak, alhadurarik gabe bere zaintza-lanari tokia kenduz, gaiaren inguruan pasioz sortuz. Beste hainbat gauzaren artean, Katixak horren modu gordinean salatzen du amatasun patriarkalaren ondarea. Nik ere barruko zerbait erail behar izan dut gogoeta deseroso hau kanporatu ahal izateko: amok ez dugu lekurik gaurko feminismoan. Eta ez dut amorrutik esaten, ez dut min hau hurrengo hamar urteetan amorru bihurtzerik nahi, gero 3.000 emakume ausarten aurrean kanporatzeko, beharrezkoa balitz ere. Minduta nago, gaude, borrokan ari diren askok gurea partekatzen ez dutelako, gure erronkatik ari garela ikusten ez dutelako. Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan ez zelako amatasuna berreraikitzen ari garenik aintzat hartu. Sexu-identitate eta rolik gabeko heziketa guraso eta irakasleei zor diet, era berean feminismoari esker ikasi dut maite-mintzearen eta maitatzearen artean ezberdintzen. Ikasi dut baita ere bizitzan pertsonak une egokian heltzen direla, bidean hazten laguntzeko. Mirespen arrazional batetik jaiotako maitasuna bideratzen ikasi dugu, eta emozio horretatik abiatuta une konkretu batean gehiago maitatzeko prest sentitu ginen, guraso izatearen hautua eginez. Gehiago maitatzeko hainbat modu dago, zertarako hierarkiak. Hortik ondorioztatu dut nirea ez dela amatasun inposatu bat, patriarkatuak ez didala esan noiz edo norekin bizi behar dudan, ezta umeaz erditu behar dudan ere. Aurrez heziketa ez-sexista izan nuelako, binarismoaren soketatik aske, umeak izango nituen ala ez erabaki gabe. Argi zeukatenek ere zer-nolako amatasuna eraiki nahi duten ikasten ari dira, neu bezala, zeregin horretarako eraiki zuten zaintza-sistema patriarkalaren opresiotik askatzeko. Gutako asko amatasunak berak egin gintuen feminista aktiboak. Haurdunaldi hasieratik ikusezin sentiarazi gintuztelako, gizarte honetan bakarrik sentitu garelako, gu kapitalismo horren osagai pasibo bihurtzen saiatzen direlako. Hamar urtez taldean jo eta gizonen eszena batean mugitzen ohituta nengoen. Berezko feminismo batetik aurre egiten nion inguratzen ninduen egoera orori, testuinguru maskulinoarekin mimetizatzen nintzela ohartu gabe. Orain ulertu dut hura ez zela feminismotik borrokatzea, sistemak ez zidalako kalterik egiten. Kontrara, gizonek integratzen lagundu zidaten, eta haiekin ikasi nuen musika egiten. Orain berriz, emakume musikariak eredu, gure parte hartzea eta ikusgarritasuna bermatzen laguntzen saiatzen naiz, nire beste lubaki horretatik. Musikan etenaldia egin eta haurdunalditik sumatu nuen desagertzen hasia nintzela. Gizarteak ikusezina egin ninduen zaintza goiztiarraren etapan (hala ere, ezinbesteko etenaldi hori neure nortasuna berreskuratzea bezain beharrezkoa zela dakit orain). Orduantxe hasi zen feminismoa nigan loratzen: sistemak, nire amatasuna erabat kontrolatu bitartean nire feminitatea deuseztatzen zuela ikusita. Nire bizikideak beste inork ulertzen ez zuen esperientzia bat manipulatzen zuen, amatasun tradizionalaren zulo beltzean murgiltzen ninduela sentitzen nuelarik. Brigitte Vasalloren Amatasuna desokupatu (2014) artikuluak piztu zuen metxa. Julia Cañero Ruizen Una Crítica al antimaternalismo ere (2019) irakurri berri dut. Amaia Nausia Pimoulierren Amatasun Feministaren bila artikulua interesgarria iruditu arren, laburra egin zait; euskaraz honi buruz gehiago idaztearen premia dugula uste dut. 2014an Vasallorekin erabat identifikatu eta neure amatasuna berreraikitzen hasi nintzen, zaintzaren eta esparru pertsonal aske baten arteko orekaren bila. Musika egitera itzultzeak nortasuna itzuli zidan, baita ama egokiagoa bihurtu ere, haiek pozetik zaintzen baititut orain. Neure bertsio indartsuagoa naiz, horretan bat datoz inguruan ditudan amak. Beste edozein bizi-esperientziatik eratorritako indartzea bezala da honako hau ere. Ez nuen jardunaldi feministetan egoteko aukerarik izan. Bizikideak zenbait jaiegunetan lan egin behar du, eta partekatu ohi dugun zaintza neure kargu geratu zen. Durangon bizitzak erdigunera aldarrikatzen zuten bitartean gure lan baldintzak kontrolatzen dituen patriarkatuak nirea baztertu zuen beste behin ere. Bertaratu zirenei galdetu, eta, haien iritzian, emakume askorentzat amatasun feministarekiko arreta faltaren sentsazio orokor bat zegoen airean, aukera pertsonal moduan antzeman zelakoan. Era berean, gainezka zeuden amatasun-tailer eta tertulietan barruak askatzeko gogo izugarria zegoela esan didate: «Maitasun erromantikoa txikitu dugu, baina jarraitzen dugu amaren maitasunaz hitz egin gabe», «amatzea esperientzia anitz jasotzen duen prozesu kreatiboa da», «amatasunak antikapitalistagoa egin nau, kontsumitze-eredu bati eragiten dioten erabaki politikoak hartzen ditut» bezalakoak entzun ziren. Bat gatoz aldarrikatzean etorkizuneko emakume eta gizon feministen guraso garela. Genero identitateari begiratu gabe, pertsonak maitatzen eta errespetatzen irakasten diegu, horretarako heterosexualitate zaharkitu baten errautsetatik abiatu behar izan garelarik. Gure bikote harremanetan femeninoaren eta maskulinoaren arteko mugak zirriborratuz, gizarte honen binarismoa ezabatzen lagunduz. Sistemak inposatzen digun jostailu, iragarki, marrazki bizidun, ipuin, arropa, gelakideen arteko liskar edo maitasun harremanak gure seme-alaben aurrean kuestionatuz eta birplanteatuz. Borroka honetan lubakiak ezartzeko garaia dator, eta Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan aliatu sendorik aurkitu ez izanak nolabaiteko ondoeza airatu duela ikusita, probetxua atera beharko genioke geure helburuak ezagutzera emateko. Pertsonala dena politikoa bihurtu dugu guk ere. Gogoeta honetarako iritzi eta zubiak partekatu dituzuen emakumeei, eskerrik asko. ]]> <![CDATA[Bolintxutik Azpeitira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2019-10-27/bolintxutik_azpeitira.htm Sun, 27 Oct 2019 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1956/044/001/2019-10-27/bolintxutik_azpeitira.htm
Orain bi aste idatzi nituen lerro horiek, Pagasarriko magalean kokatzen den Bolintxu haraneko paseotik itzulitakoan barruan jaiotako ezintasuna nonbait kokatu nahian. Dagoeneko gutxi egin daiteke harana salbatzeko, hau da, Bilbo Handitik igarotzen diren ibilgailuen ehuneko bostaren ibilbidea hiru minutuan arintzeko asmoz jadanik hasi dituzten Supersur errepidearen luzapen-lanak saihesteko. 200 milioi euroko kostua baino balio ekologiko askoz handiagoa aurretik eramango duen errepide zatia.

El último valle dokumentalak azaltzen duen bezala, Bilbo aldeko biodibertsitaterik handiena duen eremu naturala izanik, Bizkaiko Diputazioak 4,7 kilometroko errepide eskas hori eraikitzearekin batera, Arnotegi mendiaren ekialdeko hegaleko baso eta ur jauzietan bizi diren hegazti eta animalia espezie berezi askok etxea galduko dute, eta Seberetxe eta inguruko bizilagunen bizimodua ere aldatu egingo da. Errepidearen proiektua justifikatu zenean herritarrek egindako eskaeren erdia ere betetzen ez dela jakinik. Hori guztia, diputazioak Pagasarri mendia eta ingurua babesteko sortu zuen plan bereziaren testuinguruan. Pagasarri izena babestu, haren magalaz ahaztu.

Inoiz ez bazarete handik ibili, oraindik garaiz zabiltzate zuhaitzen adarrek babestutako tuneletan barrena ipuinetako bidezidor liluragarrietatik paseatzeko, edo lepitxulien kantak entzun bitartean inguruko presak sortutako ur jauzian inguruko auzoetako haurrak jolasten ikusteko.

Dokumental horretan agertzen zaizkigu orain hirurogei urte larru gorritan ur jauzian bainatu ohi ziren haurrak, eta gaur adineko mendizale taldea osatzen dutenen gogoetak entzuten ditugu. Bizitzako zati bat kenduko diete, eta horren aurrean, haranaren patua ekiditeko azken saiakera egiten dute iazko azaroan egindako dokumentalean.

Bolintxu haranaren patuarekin eta erretiratu talde horrekin paralelismoa aurkitu diot Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi. Kulturan bizi jardunaldiari. Joan den larunbatean, 120 irakasle, sortzaile eta kulturazale elkartu ginen Azpeitian, UEUk, Azpeitiko Udalak, Hik Hasik, Elkar Fundazioak eta Jalgik antolatutako jardunaldi horietan.

Aretoan sartu bezain laster, gehienak emakumeak ginela ikustea izan zen atentzioa eman zidan lehen gauza; bigarrena, eta antolakuntzak hala berretsi zuen, sortzaile gutxi zegoela (beste bi musikari besterik ez, ezagutzen ditudanak, bestelako sortzaileen aurpegiekin galtzen naiz); eta hirugarrena, irakasle gutxi ginela, hizlari batek eskua altxatzeko eskatu zuenean ikusi bezala. Gainontzekoak kulturgileak edo kazetariak izango ziren orduan…

Bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan kulturgintzaren transmisioa egunerokoan kokatzeko esperientziak deskribatu zituztenen hitzaldiak: Pantxika Telleria (arte eszenikoak), Alberto Barandiaran (Nafarroako Musikariak Ikastetxeetan programaren burua), Amaia Irazusta (Eskolako Literatur Kanona egitasmoaren arduraduna) eta arte plastikoetan hezkuntzan eta mediazioan diharduen Artaziak proiektua. Arratsaldean antzerkiaren txanda izan zen, eta Ximun Fuchs eta Arantxa Hirigoienen hausnarketa entzun genuen; hain zuzen, Iparraldeko kultur-aberastasunaren lagina utzi ziguten.

Sortzailea izanik, ezinbestekoa iruditu zitzaidan nire egitekoa zein izan daitekeen jakitea, gaurko ikasleek euskal kultura ezagutu dezaten, eta behin ezagututa, sortzera anima daitezen.

Izan ere, Gotzon Barandiaran Dijitalidadea eta Jalgiko kideak aurreko egunetan gure ikastetxean azaldu bezala, adin txikikoak dituzten 400.000 familiak euskara jakin eta hitz egiten badute ere, 300.000k ulertzen badute ere, 7.000 besterik ez dira euskal kultura kontsumitzen dutenak. Horretaz gain, aurten eskoletan matrikulatu diren atzerritik heldutako familien haurren kopurua bertokoena baino handiagoa izan da lehen aldiz. Batetik, gure kultur aniztasuna aberasten du horrek, baina etxetik ekarritako euskal jakintza eta tradizioa ez ditu bermatzen. Eskolak izan beharko du erronka hori bermatzen duena. Haurrek entzun behar dute euskara, asko eta ona. Une honetan gutxi eta momentu jakin batzuetan besterik ez dute entzuten.

Hortaz, garbi utzi zigun euskal kulturgintzaren erronka nagusia euskaldunak euren kulturara ekartzea dela, eta kulturzaleak sortzea berariazko erronka. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditugu, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edo erakunde publikoetan arituko direnak. Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesional bihurtuko diren zaleak behar ditugu, kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak behar ditugu, baita etxean, hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak ere.

Horretarako, Bolintxuko ekosistema salbatzeko denbora eta esfortzu faltak egoera konponezina izatera bideratu duela ikusita, gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko proposamenak entzun genituen, beharrezkoak ditugun lau erronka nagusi aintzat hartuta: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa. Horretarako, ikastetxeek eta irakasleek honetan bat egitea behar dugu, gelan transmisio hori egiteko. Antzerkiak, ipuin kontalariak, arte lanen bitarteko kontzeptu eta ideien sormena, olerki eta eleberrien erakusketak eta bereziki erraza egin dakigukeen bat: musikarien bidez euskal musika egin eta idazteko gogoa piztea.

Iaz bezala, aurten ere Nafarroako hainbat ikastetxetan euskal musikari asko izango gara azarotik aurrera, ikasleengan euskaraz sortzeko grina pizteko helburuz gure esperientzia eta prozedurak azaltzeko, baita zuzenean aritzeko ere. Ea hurrengo urteetan Euskal Herri osora zabaltzen dugun. Zuk pentsatu al duzu zertan lagun dezakezun?]]>
<![CDATA[Lauhazka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/039/001/2019-09-29/lauhazka.htm Sun, 29 Sep 2019 00:00:00 +0200 Birkite Alonso https://www.berria.eus/paperekoa/1957/039/001/2019-09-29/lauhazka.htm Lauhazka. Zein zentzutan, baina? Galdetu nien, eta atal lau eskuren artean idatzita egonik, izen hori aproposa iruditu zitzaiela esan zidaten. Ulertuta. Hiztegiak bi esanahi oso ezberdin esleitzen dizkio hitzari, aurkakoak ia. Nik beste hainbat aurkitu dizkiot, nahi gabe.

Ibiltzen hasi baino lehenagoko mugimendua, ahalegina. Astiro, eskuak zoru gainean eta belaunak arrastaka mugitzen hasten gara lauhazka. Ahalegin pausatua hasieran, norberaren gorputza eta ahalmena ezagutzen hasi denaren irria ezpainetan. Mantso-mantso zeharkatzen dugu etxeko egongela, korridorea... Norbaitek gu airean hartu eta erronka eztitu nahian moketa edo tapiz gainean jarri orduko, handik hanka egin eta etxe osoa miatzera abiatzen gara. Jakin-mina. Hirugarren egunerako pisu osoa goitik behera arakatu dugu, agian baita eskailerak aurkitu eta geure burua buruz behera erortzeko arriskuan jarrita ere. Arriskua. Harro gaudenaren irribarre hori ezpainetan beti. Helduen eskuak gure gerrian pausatzen diren bitartean, gu, bakarrik aritzeko gai garelakoan kexaka, munduratu nahian.

Munduratzeko helburuz bi hanketan jarri orduko, norbait saiatuko da gu lauhazka berriz ezartzen, belauniko. Sumisioa. Aginduak, ezarpenak, debekuak, ordutegiak, hautazko legeak, hormak. Orduan, erreflexu jaio zen kexa hura babeski bihurtuta, aurrera egiten saiatuko gara. Indarra eta kemena bidaide, ezarritakoari aurre egiteko gai direnak salbuespen egoeran duintasunez bizitzeko gai izango dira. Gainera, etxe guztien ganbaran gordea dugun sormen ahalmenari hautsa astintzea eta lantzea erabaki dugunok behintzat erronkarekin gozatu eta gozaraziko dugu bidean. Irudimenak, orduan, gurasoen eskuak ordezkatu eta lurretik altxatuko gaitu, munduratzen jarraitzeko bideak ireki, belauniko ez bizitzeko hegoak eman: abestiak, poemak, eleberriak, irudiak, artelanak, bertsoak, antzezlanak, artikuluak, irrati saioak, fanzineak, egunkariak, film laburrak, filmak, dokumentalak, hegoak denak.

Orduan, lauhazka jartzearen keinua joko bihurtuko da, etxeko egongelako sofa atzean ezkutatzen ginenean bezalaxe. Lauhazka, bestearengandik gordetzen, ikusiko ez gaituelakoan, berriz ere zorua zeharkatuko dugu arineketan, babestuko gaituzten gotorlekuen bila, aurkitu ez gaitzaten. Aurkituak izan nahi badugu ere. Jokoa. Barre algara nahita askatuko dugu gure bila etor daitezen, aurkitu gaituztela ozen esan dezaten, gure porrota bion garaipena bihurtzen den une hori ospatuz.

Aurkitu gaituzte, eta aurkitu ditugu. Gaztetan promes egin zigutenaren bila joan baino, noiz edo noiz galdu garenok bidean norbait aurkitzeko aukera dagoela ikasiko dugu. Aukera diot, ezinbestekoa ez dela ikasi dugulako. Bolada baterako agian, istorioak elkarren atzetik (edo batera, euskaldunak ere modernizatu gara aizu) eta egungo berehalakotasun honetan murgilduta, bizitza osorako gorde ote nahi ditugunaren ezkutuko galderari jaramonik egin gabe aurkitutakoari balio eskasa emango diogu. Bizitza osorako gorde daitekeen ala ez jakin gabe, trukoa noiz eta nola ikas daitekeen edo sikiera ba ote den pentsatu gabe, ez baitakigu oraindik zertarako bizitza osorako gorde, edo denontzako kartarik ote dagoen.

Tartean, lauhazka jolasten jarraitzen dugu sofa atzean aurkitu eta besarkatu gaituztenean, bularra bizkarraren kontra, onargarri egiten zaigun sumisio modu bakarra gauzatuz. Pasioa. Irakatsi ziguten beldurretik jaiotako sumisio zahar hura zapuzten, elkarren arteko akordioak eraikitzen. Denok errespetuan ikasi arte beteko ez diren promesak egiten.

Gurasoei hainbatetan entzun izan diet ez nintzela sekula lauhazkan aritu. Eskuak zoruan, besoekin indar egin eta ipurdia arrastaka eraman ohi nuen, hanken beharrik gabe ziztu bizian mugituz. Praka guztiak zikindu eta gastatzen nituen, altxatzeko keinua behin eta berriz errepikatu eta atzera eroriz. Nire pragmatismotik helburua azkarrago lortuko nuenaren antza hartzen diot orain. Beharrezko pausuak behar bezala ikasi baino, senak agintzen zidanari kasu egin eta aurrera egiten nuen beti, behar beste aldiz altxatzen saiatuz, erortzeko arriskua aintzat hartuta.

Azkenik, zutitu eta bi hanketan jarri orduko, orduan hasi omen nintzen lauhazka ibiltzen. Hiztegiak hitzari esleitzen dion bigarren esanahiari buruz ari naiz orain, zaldiek abiadura hartu eta nekatu arte aurrera egiten dutenean bezalaxe. Bizitzaren laurden bat behar beste aldiz erori ostean lauhazka jarraitzen badugu ere, orain hasi baino lehen aurrean dugunari behatzen diogu, ondoren senak agintzen duenari lehentasuna emanez. Pentagramarik gabeko melodiak buruz sortzen eta gordetzen. Idazle izan gabe poemak idazten edo egunkarietako atalak hitzez hornitzen. Senak ez baitu teoriaz edo ordenaz ulertzen. Ipurdia arrastaka, prakak hautsita, hark nahikoa du gozatzen ari garenaren irribarrea ezpainetan ikustearekin.

Hori gertatzea posible egiten dutenei, gerritik hartu eta korridorean jartzen gaituztenei, baita zuri ere, eskerrik asko.]]>