<![CDATA[Danel Agirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 24 Sep 2023 13:06:35 +0200 hourly 1 <![CDATA[Danel Agirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ez da «kudeaketa modernoa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2051/030/002/2020-02-11/ez_da_kudeaketa_modernoa.htm Tue, 11 Feb 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2051/030/002/2020-02-11/ez_da_kudeaketa_modernoa.htm
Adibide gehiegi. Ia ukiezin sentitzearen kemenaz, ingurune administratiboarekin harreman liberal samarra du Baskoniak. Aspaldion egin dituen gehiegikeria asko ez dira hutsal eta inozenteak. Legediaren bazterretan eta eremu grisetan eroso mugitzen da zuzendaritza, eta ikuskarien errietek ez diete eragiten haren estatusari eta jokabideari. Baskoniaren pasarte ilunen inbentarioa eguneratu du berriki Iker Armentia kazetariak. Isil-gordean mantendu nahi izan zen Bakh-eko legionela kasu sorta, Alavesek Ibaian baimenik gabe hasitako lanak... Gutxi balitz bezala, etxeko kasuak apropos fiskalizatzea zaila izaki, atzerrikoekin ia ezinezko ataza bilakatzen da. Georgiako fiskaltzak eta ikuskaritza erakunde independente batzuek ustelkeria susmoagatik aztertu zuten Baskoniak eta herrialde hartako saskibaloi federazioak harrobia sustatzeko sinatutako hitzarmen arras bitxia. Adostutakoaren arabera, Georgiatik kobratutako milioi gehienak urte gutxiren buruan itzultzea tokatuko zaio Baskoniari, kontratuan ezarritako epean jokalari georgiarrik trebatu eta NBAra saltzerik ez duelako lortuko. Azken hori susmoa baino ez da: tratuari buruzko xehetasunik eskuratzeko modurik ez dago, beste behin.

Kontraprestaziorik gabe. Baskoniaren hainbat trakeskeria legediaren gerizpean egindakoak dira, ACBko gainontzeko klubekin batera. Aspaldi ez dela, soldatak urteetako atzerapenarekin ordaintzeaz gain, transferitutako jokalariren bati xantaia egitera iritsi zen, zor zitzaiona talde berriaren soldatarekin kitatutzat eman zezan. Eskrupulurik gabe, testuinguru laxoa alde izan du klubak. Europako hainbat ligatan, lansarien ordainketan egun bakarrez atzeratu, eta partaideak kaleratzen dituzte. Espainiako kirol profesionalean ez da sekula halako neurririk ezarri nahi izan. Diru publikoa mugarik gabe xurgatu, eta komunitatearekiko inongo keinurik ez ohi da eskatu ordainetan. Baskonia bere saltsan dabil hor.

Ikuspegi fatalista. Josean Kerejeta politikaren gainetik kokatu zen aspaldi Araban. Bururatzen zaizkion proiektu gehienak gauzatu ahal ditu, ordezkari publiko batek jasan behar duen markaketarik gabe. Armadura apurtezina du: izan ere, zaleek berek babestu ohi dute klubaren jabearen portaera, sinetsarazi dietelako hori dela bide bakarra hain lurralde txikiak talde lehiakor bat izan dezan. Oso uste fatalista da. Baskoniak ez du lizentziarik gabeko taberna zabaltzen fitxaketa onak egin ahal izateko; kontrakoa da: fitxaketa onak egin izan dituenez, eskandalu handirik gabe onartzen zaio lizentziarik gabeko taberna zabaltzea. Euroligan bada legediari erronkarik bota ez, ordainketen datak errespetatu, eta informazio adierazgarri oro publikoari gardentasunez zabaltzeaz gain tituluak irabazten duen klubik, salbuespena izanagatik ere. Elitean arrakasta izateko ez dago anarkokapitalismoan jausi beharrik. Barrabaskeriak ez dira «kudeaketa modernoa», barrabaskeriak baizik. Perspektiba ez galtzearren: hain hiri txikian astero saskibaloia ikusteko hamar mila lagun juntatu ahal dituen zale taldea da Baskoniaren ondare preziatuena, ez presidentea.]]>
<![CDATA[Etorkizuna ez zen Ralph Sampson]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2001/026/002/2020-02-04/etorkizuna_ez_zen_ralph_sampson.htm Tue, 04 Feb 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2001/026/002/2020-02-04/etorkizuna_ez_zen_ralph_sampson.htm Saski Da! igandeko Pelicansen aurkakoa ikusten saiatu zen. Ez zuen hamar minutu iraun: Houstonen jardun jasanezinak bere onetik atera zuen zutabegilea.

Abiadura, altuera baino. Zientzia fikziozko zinemak auto hegalariak eta mafiosoak garbitzen dituzten polizia robotak iragarri zituen bezala, saskibaloiak Magic Johnson eta Ralph Sampsonen gisako 2,06 metroko antolatzailez eta 2,24ko hegaleko-pibotez osatutako gudarosteak agindu zizkigun behinola. Ez ditugu oraindik ikusi. Noizbehinka Giannis Antetokunmporen moduko anomaliak agertzen badira ere, gainera, taldeak gero eta txikiagoak dira oro har, batez ere NBAn. Aito Garcia Renesesen garai bateko burutapenak —Pau Gasol 3 moduan erabiltzea eta beste— ez ditu egun inork, ezta Aitok ere. Jokalari garaienak kanpoaldera ateratzearen kontrakoa da joera. Bi metro ez den gero eta pibot gehiago dago elitean: Kyle Hines edo Draymond Green ez dira antzeko gorpuzkera zuten Dennis Rodman edo Ben Wallacen gisako jauzilariak, gainera. Egun, abiadura da saskibaloiaren Grial Santua, eta pick & roll-etik baloiarekin irteten den aurkariaren bidea oztopatuko duten zango bizkorrak lehenesten dira. NBAn, bereziki garrantzitsua da ahalmen hori, 2001ean defentsan hiru segundoz esparruan geldirik egotea zigortzen duen neurria ezarri zenetik. Hardenen edo LeBron Jamesen batezbestekoek izugarri zor diote aldaketa horri. Saskipera iristea inoiz baino errazago bilakatu da, eta, pibot klasikoaren figura berreskuratuko bada, araudi berriarekin beharko du.

Europan, baliagarriak. Igandean, Pelicansek ezin izan zituen Williamson 130 kiloak baliatu Rocketsen zaintza liliputarra zigortzeko. Baskoniako zalea ere sarri ernegatu ohi da, Youssupha Fallek edo Michael Ericek askoz aurkari txikiagoak menderatzeko azaltzen dituzten zailtasunak direla eta. «Hain handiak izanda, nolatan ez dute saskia aldiro birrintzen» da betiko aienea. Saskibaloia askoz denbora-pasa monotonoagoa litzateke, baina, hain arrazoibide sinpleekin. Ericek baloia egoki heltzea eragozten dioten esku oso kaskarrak ditu, eta, saiatuta ere, konponbide txarra du horrek. Fallen gabezia, berriz, kideen paseak jaso eta bizkor altxatzeko zailtasuna da, bere garaierako mutikoteetan tipikoa. Euroligan (NBAn askoz zailagoa litzateke), bien bertuteak aprobetxagarriak dira oraindik, baina atsedenik gabeko lanketa eskatzen dute. Walter Tavaresek behar luke Fallen ispilu: tarteka, erabakigarria da, mentore aproposarekin xehetasun txikienak fintzen urteak eman ondoren. Duela ez hainbeste, Baskonia ere espezialista zen horrelako proiektuetan.]]>
<![CDATA[Sugearen mila hozkadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/4575/030/001/2020-01-28/sugearen_mila_hozkadak.htm Tue, 28 Jan 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/4575/030/001/2020-01-28/sugearen_mila_hozkadak.htm
Joe aitak —profesionala hura ere— familia Italiara eraman zuen garaitik, Bryant munduko saskibaloi jokalaririk onena izateko prestatzen hasi zen. Lanean ikusi zuen oro harritu zuen burugogorkeriarekin: 30 urtez bakarka entrenatu zen, oporrik barkatu gabe, saio amaigabeetan.

NBAko inoizko hasiberririk gazteena bihurtu zen Los Angelesen Lakersekin debuta egin zuenean, eta txapeldun zen laugarren sasoirako. Urtebete lehenago, ia Grant Hill Detroit Pistonseko hegalekoarekin trukatu zuen frankiziako zuzendaritzak. Lakersen eta Bryanten elkarkidetza gero eta estuagoa bilakatuz joan zen, eta guztiz apurtezina zen amaieran.

Bost eraztun eskuratu zituen Bryantek, bi ziklo arranditsutan. Bada konpainia nobleegia —Shaquille O'Neal, Pau Gasol eta beste— baliatu izana aurpegiratu dionik. Haren ibilbidea osotasunean aztertuz gero, ideia horrek ez du helduleku handirik, ordea.

Munduko saskibaloi jokalaririk onena bilakatzeko kasketak berekin dakar Michael Jordanekin obsesionatzearen madarikazioa, ezinbestean. Are gehiago eskolta postuan dabilen jokalariarentzat. Arlo batzuetan, eta ordura arte ezinezkoa bazirudien ere, ligaren ikur nagusiaren parera iritsi zen Bryant. Bakar batean, gainditu ere egin zuen. Hainbat espezialistaren iritziz, keinu tekniko batzuetan perfekziora iritsi diren bakanetakoa da —haren kasuan, jauzi beteko jaurtiketan, ororen gainetik—. Minutu gutxitan puntu asko pilatzeko ahalmenak ere ez du parekorik: ignizioan, erabat geldiezina zen. Hortik manba beltzarena.

Noizbehinkako zaleari lagako dion erreferentziazko oroigarria Toronto Raptorsi saskiratutako 81 puntuak dira —Smush Parker, Chris Mihm eta Kwame Brownekin, fardelez jositako bostekoa zuen Lakersek hartan, eta are harrigarriago bilakatzen du Bryanten gaua—. Ondoren, zazpi lehia jarraian galtzetik zetorren taldea suspertzeko, 50eko marka lau aldiz segidan gainditu zuen astebetean. Los Angelesek laurak irabazi zituen, eta ordura arteko Phil Jackson entrenatzailearen erreskadarik txarrena itxi.

Setiatuta zegoela, aitorpena

2003ko uztailaren 2an, eskuin belaunean artroskopia egiteko ordua zuen Kobe Bryantek Eaglen, Coloradon. Ebakuntzaren egunean, Poliziak deklarazioa hartu zion aurreko gauean bere hotelean jazotako gertakari baten inguruan: ostatuko 19 urteko behargin batek Bryanti leporatu zion bortxatu egin zuela. Akusatuak, hasieran, ukatu egin zuen salaketa —alaba jaio berria zuen—, baina, Poliziak bere esperma laginak zituela jakin zuenean, bertsioa aldatu zuen. Bien arteko harremanak «adostuak» izan zirela argudiatu, eta detektibe pribatuen talde batek biktimari jazartzeari ekin zion, kasua ezezta zezaketen ahulezien peskizan.

Prentsaurreko batera deitu, malko artean emazteari barkamena eskatu, eta hurrengo sasoia prestatzeari ekin zion Bryantek. Coloradora bidaiatzen jarraitu behar izan zuen, ordea: kausaren auzi saioek ez zuten oso itxura onik, eta, bere kirol ibilbidearen amaiera izateko arrisku benetakoa antzeman bezain pronto —fiskalak lau urteko kartzela zigorra eskatzeko prestatzen ari ziren—, estrategia aldatzea erabaki zuen. Biktimaren isiltasuna erosi —zenbatekorik ez da sekula zabaldu—, eta karguak baztertzearen ordainetan aitorpen bat eskaini zion. Azaldu zuen momentuan ez zuela izan inor bortxatu izanaren irudipenik, baina gaineratu zuen denborarekin ulertu zuela beste alderdiak oso bestela hauteman zuela. Bortxaketa zeharka onartzearen truke, esandakoa haren aurka erabil ez zedin, Bryanten lege ordezkariek akordio blindatu bat itxi zuten.

Erretiro aurreko azken urteak kalbario bilakatu zizkioten lesioek. Hollywoodek hain gustuko duen ukitu minberarekin zipriztindu zuen Bryanten jardunbidearen kontakizun ofiziala. 2013an orpazurda apurtu eta hiru urte geroago azken partida 60 punturekin amaitu zuen arte, omenaldi amaigabea egiten zioten NBAko kantxa guztietan. Manba Beltzak bere ekarpena gehitu zion: 2017an Oscarra jaso zuen Dear Basketball film laburra ekoitzita. Emakumezkoen saskibaloiaren sustatzaile moduan ere gogoratuko da Bryant, paradoxikoa badirudi ere. Hil baino bost egun lehenago, aldarrikatu zuen Diana Taurasi, Maya Moore eta Elena Della Donnek gonbita jaso behar luketela NBAn gizonezkoekin nor baino nor gehiago jokatzeko. Ordu luzeak eman ohi zituen helikoptero istripuan alboan zuen Gianna alaba entrenatzen. Harro zegoen alabaz, hain berea zuen perfekziorako grina antzematen zioako.]]>
<![CDATA[Sugearen mila hozkadak]]> https://www.berria.eus/albisteak/176726/sugearen_mila_hozkadak.htm Mon, 27 Jan 2020 16:19:16 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/albisteak/176726/sugearen_mila_hozkadak.htm <![CDATA[Trashumantzia bukatzera doa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/025/003/2020-01-21/trashumantzia_bukatzera_doa.htm Tue, 21 Jan 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1976/025/003/2020-01-21/trashumantzia_bukatzera_doa.htm
Pastel zatiarena tranpa da. WNBA negozio errentagarri bilakatzeko bidean da. Frankizien erdiek irabaziak dituzte, merchandising-a urtero %20 hazten ari da, hamabi pabiloietan 8.000 lagun biltzen dira gauero batez besteko, eta ESPN operadoreak ere gero eta gehiago ordaindu behar izan du irudien eskubideen truke. Cathy Engelbert komisionatu berriak (udan kargua hartu ondoren hitzarmen hau ziztu batean adosteko gai izan da) diru-sarreren«bidezko banaketa» ahotan zuela negoziatu du. Ligako beharginekiko tratabide sentibera dirudi, baina ikuspegi merkantilista guztien moduan, irristakor samarra da: kirolari profesionalen tratu ankerra ondorio saihetsezintzat jotzen du, lehiaketak errentagarri bihurtzeko gai ez direnean. AEBetako elitean ez dira 200 jokalari kabitzen, eta saskibaloian profesional moduan mundu osoan ari diren emakumeen gehiengo zabalak esplotatuta segituko du aurrerantzean. Dedikazio osoa eskaini, ordain iraingarriarekin. Ikasketak eta lan merkatuko integrazioa modu arriskutsuan baldintzatu edo atzeratuta. Horixe da ohiko errealitatea, eta ez WNBA.

Courtney Williamsik gabe. Emakumezko kirolari profesionalen ardura ohikoena, lan baldintza ankerrez gain, bizitza heldu normalizatuaren hasiera atzeratzen ibili beharra da. Estresa eta denbora behar moduan aprobetxatzen ez aritzean sentsazioa ohikoak dira. WNBAren hitzarmen berrian itoaldi hori baretzeko egitasmoak probatuko dira. Sasoiak udako hamasei bat aste baino ez ditu hartzen, eta jokalariek gainontzeko hilabeteak etorkizunerako baliagarriak zaizkien jardueretan eman ditzaten nahi da, mentoreekin. Bitartean, liga promozionatzearen truke (kanpusetan eta beste) ere gainsoldatak jasoko dituzte. Komisionatua WNBAko izarrak urte osoz AEBetan atxikitzeko legitimazio bila dabil (orain arte, neguak Europan edo Asian igaro ohi izan dituzte askok, diru-sarrerak osatu nahian). Breanna Stewartenaren gisako kasuak saihestu nahi dira: 2018an ligako txapeldun eta MVP izandakoak orpazurda apurtu zuen pasa den apirilean, Euroligako norgehiagokan. Seattle Stormek liderra gabe defendatu behar izan zuen eraztuna, eta beste talde batekin lesionatu bazen ere, kontratua errespetatu. WNBAko ikurren trashumantzia eteteko Engelbertek botatako hordagoak arrakasta badu, gure kantxetan ere antzemango da ondorena. Courtney Williams hegalekoaren emari ikusgarriak ia titulura eraman zuen Connecticut Sun azken finalean. Hiruzpalau hilabete lehenago, Gernikarekin aritu zen. Soldata hobetzen diotenean, litekeena da Williams Europan sekula gehiago ez jokatzea. Eta gizalege apur bat duen inork ez luke nahigabetu behar. ]]>
<![CDATA[Ausazko gertaerak, eta beste guztia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2342/024/002/2020-01-14/ausazko_gertaerak_eta_beste_guztia.htm Tue, 14 Jan 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2342/024/002/2020-01-14/ausazko_gertaerak_eta_beste_guztia.htm
Kasualitatea ez dena. «Saski Da! lerdo alaenak Bilbo Basketena kasualitate hutsa dela idatzi ez du ba!», asaldatuko zen honezkero zale bizkaitarra, baina ausazko gertakariek saskibaloian duten pisuari buruzko gogoeta baino ez zen atarikoa. Alex Mumbruk eta bere jokalariek ia ezinezkoa zirudiena lortu dute, esan gabe doa: Real Madril, Bartzelona, Valentzia eta Baskoniaren moduko aurkarien kontrakoak azken txanparaino jokatzea, garaipena dadoak botaz ebatzi ahal izateko. Galdu dituen zazpi norgehiagoketan, bakarrean baino ez zen iritsi aukerarik gabe azken bi minutuetara. Hori ez, hori ez da kasualitatea.

Marmartiak mutu. Joan den sasoian, Pablo Lasorekin duela hamarkada bat Donostian gertatutako fenomeno berbera gertatu zen Bilbon. LEB ligaren tranpa guztiak banan-banan libratu eta igoera eskuratuta ere, kapitain ohiaren kualifikazioarekiko mesfidantza nabari izan zen Miribillan, Lasok Gipuzkoa Basketen zaleengandik jasotakoaren traza berekoa —Saski Da! lerdo alaena tartean—. Azken horrek Madrilera egin behar izan zuen, eta Europako inoizko entrenatzaile onenetakoa dela frogatu ahal izan du han. Zorionez, Bilbo Basketen ACB ligarako itzulera hain izan da kolosala, ezen Mumbruk marmarti guztiak mutu laga baititu. Eskura dituen hamabi piezak baliotsu sentiarazi eta guztiak erabiltzeko azaltzen ari den zentzutasuna usaindu ere ez dute egiten ofizioan eternitatea daramaten hainbatek —izenik ez dago eman beharrik hemen—. Azken minutuak gobernatzeko moduak kaotiko samarra dirudi lehen begi-kolpean —Jaylon Brownen banakako jokaldi asko, Balvin eta Lammersekin eskubaloiko aldaketak, sarri elkarrekin ipinita—, baina, patua patu, ezin eraginkorragoa izaten ari da. Eromen horrek metodoa du atzean. Kopako koadroan Real Madril, Bartzelona eta Valentzia tokatu zaizkiola? Tira, hirurei irabazi die sasoi honetan.

Beste hamahiru urte. Bilbo Basketen sailkapenak baditu isilpeko heroiak, Rafa Pueyo ororen gainetik. Joan den sasoiko taldeari eustea erabaki, eta denboraldia hasterako harakiria egitea egotzi zioten hainbatek kirol zuzendariari, LEB eta ACB ligen arteko jauzia berak kalkulatu baino askoz handiagoa zelakoan. Brown edo Lammersen eboluzioa aurreikusi, eta bete-betean asmatu du, ordea. Balvin eta Axel Bouteillen fitxaketak, berriz, jeinuzko maniobrak dira. Laguntzaile eta entrenatzaile moduan emandako hamahiru urteetan denetik bizi izan zuen Pueyok, irteera mingotsa barne. Baina klub orok nahi lukeen behargina da: ezagutza zabala du, leialtasun osoa, eta gremioan lagunak baino ez ditu. Beste hamahiru urteko aroa merezi duten horietakoa da. ]]>
<![CDATA[Malaga baino hobe, Salamanca]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/018/001/2020-01-07/malaga_baino_hobe_salamanca.htm Tue, 07 Jan 2020 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/018/001/2020-01-07/malaga_baino_hobe_salamanca.htm Saski Da! ere konturatu dela. Malagara joan beharrean, Salamancara doa aurten adiskideekin; eta,Bartzelonaren eta Madrilen arteko beste final jasanezin baten arriskutik aldenduko da. Emakumeen saskibaloiaren onurak.

Koherentzia, bide bakarra. Pedro Martinezek gobernatutako talde batek Baskonia Kopatik at lagatzearekin, kosmosak oreka apur bat berreskuratu berri du. Gasteizen eman zituen bi aroetan, eta klubaren keria amorragarriak —hein handi batean—zirela medio, entrenatzaile ezin jantziagoaren ezagutza behar den moduan zukutzeko aukera harrika bota zen. Zuzendaritzaren mania horiek, gainera, okertze aldera egin dute azkenaldian. Norabidez dozena erdi bider aldatu du Baskoniak urte gutxian, erabaki estrategiko kontraesanezkoekin. Aurtengoa nola edo hala salbatu —ACBko kanporaketetan sartze hutsak ez dirudi erronka samurra— , eta egitasmo koherente bat behar du Baskoniak, lehenbiziko estropezuarekin alboratuko ez dena. Bost urteko planaren oinarria etxean du: Arturs Kurucs eta Hospitaleten txukun asko ari diren juniorrak. Etsigarria litzateke klubaren baldartasunagatik Gasteizen haien talentuaz ezin gozatu ahal izatea. Buesa Arenak naturaltasunez onartuko lieke irristaldiren bat edo beste, benetako minutuekin kantxan zaildu daitezen.

Nahi dutena, nahi dutenean. Inora ez doan frankizia batean preso, Cleveland Cavalierseko Kevin Love ezohiko eszenak lagatzen ari da asteotan. Saskirantz doan aurkariarengandik apartatu, eta doako puntuak oparitu ditu behin eta berriz. Amorru bizian aulki bat jotzeagatik ere isuna jaso du. Asteburuan, Collin Sexton antolatzaileari espantuka hasi zitzaion jabetza baten erdian, berari pasatu gabe baloia luzaroegi atxikitzen ari zela eta. Ahalik eta lasterren beste talde batera mugitu dezaten nahi du Lovek, eta boikot publikoa ipini du abian. Clevelandek ez du taxuzko eskaintzarik jaso, eta bigarren mailako piezengatik trukatu behar du. 32 urtera bidean, lesio mordoa jasandakoa da hegal-pibota, eta kontratu beldurgarria du: 2023 arte, 30 milioi dolar inguru urtero (26.798.272 euro). Hitzarmena LeBron Jamesek ospa egin ondoren sinatu zuen, ordea, Lovek, Cavaliers betiko kaskarkeriara itzuliko zela ziurtzat jotzen zenean. Egun sentitzen duen itolarriaren erantzule bakarra da, beraz. Kirol liga garrantzitsuenetan ezarri den diktaduraren hamaikagarren erakuslea da. Estatus apur bat duten profesionalek nahi dutena egiten dute, nahi dutenean. Gurari oro ase ezean, kasketarik lotsagarrienekin betearazten dute beren nahia.]]>
<![CDATA[Eta hauek CSKAri irabazi zioten...]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/027/001/2019-12-31/eta_hauek_cskari_irabazi_zioten.htm Tue, 31 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/027/001/2019-12-31/eta_hauek_cskari_irabazi_zioten.htm Back to the Future-ko Doc zientzialari jenialaren tankerarik ez zaio falta Duskori, Turkiatik ekarri duen piura maitagarriarekin.

Bakoitzak ahal duena. Bilbo Basketentzat Koparako sailkatzearen bozkarioa biribildu lezake kanpoan geratutakoen artean Baskonia egoteak, 2015ean Las Palmasen gertatu moduan. Gasteiztarrei falta zaien horixe dute beltzezkoek aurten: jokalarien dohainei egokitzen zaion gidoi landua, dagokionean moldatzeko apropos prestatutako mila egokitzapenekin. Alex Mumbruren azken minutuetako bosteko ezberdinen erabilera da adierazlerik esanguratsuena: Ben Lammers eta Ondrej Balvin partekatzeko moduaren atzean, esaterako, planifikazio estrategiko zehatza antzeman daiteke. Hamabi jokalarietako bakoitzari zer eska diezaiokeen ederki ulertu ohi du Mumbruk. Eskura dituen baliabideak aintzat hartuta, eta Zaragozaz gain —saskibaloi talde zoragarria eratu du Porfi Fisacek—, ACBko partaiderik efizienteena da Bilbo Basket. Lorpen aipagarria erdietsi du: fitxaketarik garrantzitsuenetako batzuk segidarik batere gabe ari badira ere, emaitzek apenas sufritu duten. Alex Bouteillek badu errurik hor: kideei argiak itzaltzen zaizkienean, beti topatu ohi du atakatik irteteko moduren bat.

Hirukoak baino, ia laukoak. Joan den astean, Brooklyn Netsek bi puntuko zortzi saskiratze baino ez zituen erdietsi New York Knicksen aurkako derbian; zenbateko eskasena da 1950az geroztik. Gauero hiruko 30 saiakera baino gutxiago pilatzen dituzten lau talde baino ez dira geratzen aurtengo NBAn. Kalentura berria deep three-ak dira, zortzi metro baino urrunagoko jaurtiketak. Ligako izar gehienek ordu luzez entsegatu ohi dituzte egun, eta taldeek marra batekin markatu ohi dute eremu hori entrenamenduko kantxetan. Trae Young eta Luka Doncic sei bider altxatzen ari dira batez beste partida bakoitzean distantzia hori baino atzeragotik, zehaztasun aipagarriarekin. Jabetza hasieran izan ohi da ia beti, inongo paserik gabe. «Zirkua» deitu dio Gregg Popovichek hiruko marrak guztiz baldintzatutako egungo NBAri. Kontua da modako trapezista gehienen ikuskizunak zeharo aspergarriak direla, gainera.]]>
<![CDATA[Gu ere horrelakoak izan ginen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/018/001/2019-12-24/gu_ere_horrelakoak_izan_ginen.htm Tue, 24 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/018/001/2019-12-24/gu_ere_horrelakoak_izan_ginen.htm
Askoz gehiago beharko da. Lanpostua mantentzeko guraririk badute, aldi baterako entrenatzaileek nortasuna azaldu ohi dute, kaleratutako lankidearen maniaren batzuk ahalik eta lasterren zuzentzen saiatuta. Josep Maria Berrocali bere ibilbideko aukerarik desiragarriena ailegatu zaio, ezustean: taldearen entzefalogramari astindua eman eta Kopan sartzen badu, litekeena da denboraldia Baskoniaren aulkian eserita amaitzea. Igandeko estreinaldian erantzukizunaren zama igarri zitzaion Berrocali, eta asmatu ezinik aritu zen. Defentsa oldarkorragoa antzeman zen tarteka, baina azken txanpan zeharo lardaskatu, eta Burgosek jabetza bakoitzean saskiratu zuen. Erasoko anabasari irtenbiderik ematen ez zuen asmatu Estudianteseko entrenatzaile ohiak. Hirugarren laurdenean Nik Stauskas eta Matt Janning elkarrekin kantxaratu —berrikuntza aipagarrienetakoa izan zen— eta jokaldi segida itxuroso samarrak kateatu zituen Baskoniak, baina Berrocalek laster banandu zuen parea, eta Velimir Perasovicen ikurretakoa zen antolatzaile bikotera itzuli. Erabaki okerra suertatu zen: Luca Vildozak eta Pierria Henryk ez dute oraindik frogatu elkar uler dezaketenik, eta halakorik posible izango ote den ere zalantzagarria da. Bertuteak konbinatzerik lortu ez —badituzte, ez dira azkenaldian diruditen bezain jokalari kaskarrak—, eta zalantzak kutsatu ohi dizkiote elkarri. Hainbat gabezia partekatzen dituzten jokalariak dira, eta batera ari direnean, bien akatsak anplifikatu baino ez dira egiten. Antzekoegiak diren hiru pibotekin ere zer egin jakin gabe sumatu zitzaion Berrocali, eta ez da konponbide samurra duen kontu bat.

Bidegurutzean. Kopara sailkatzeko, Zaragozan edo Las Palmasen irabazi behar du Baskoniak. Berlinen ostegunean huts egingo balu, Euroligari ere tankera txarra hartuko lioke. Perasovicen kaleratzeak ezin du ezkutatu ahal: taldearen udako osaketa arras ezegokia izan zen, eta ajeak sasoi osoan zehar nabariko dira. Baina kirol zuzendaritzak irudikatu zuen multzo atletiko, gogor eta bizkorra akaso sekula gauzatuko ez bada ere, Baskoniaren benetako maila ezin da asteotakoa izan. Bildutako jokalari sortaren hutsune nagusia gutxietsi egin zuen klubak, zantzu guztien arabera: adimen gutxikoak dira, argibide zehatzik ezean nahasmenerako joera dute. Entrenatzaile jantzi, temati eta ulerkorra behar dute, alegia. Merkatuak eskaintzen dituen aukerak (Xavi Pascual, Georgios Bartzokas) garestiak dira. Eta ezer bainoago, merkatuan esku hartze osoa eta autonomia exijituko lukete. Berrocalek aurkeztu erronkarako tenplerik ote duen asmatzea ez da erraza. Berez, aurpegi ezagunak errepikatzeari laga eta apustu freskoren bat behar du klubak, garai batekoen gisako iraultza kopernikarra. Nondik irits daitekeen ez da ikusten oraingoz.]]>
<![CDATA[Sekretua: ez dago sekreturik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2095/023/001/2019-12-17/sekretua_ez_dago_sekreturik.htm Tue, 17 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2095/023/001/2019-12-17/sekretua_ez_dago_sekreturik.htm
Marraren bakardadea. Liga erregularra eta kanporaketak batu, eta hiru mila jaurtiketa libretik gora galdu ditu alferrik LeBron Jamesek bere ibilbidean; %68 baino ez du oraingoz denboraldi honetan. Udaberrian NBAko jokalari onenaren saria jaso zuen Giannis Antetokounmpo hamaika bider bidali ohi dute marrara gauero, eta %59arekin baino ez da asmatzen ari. Taldeko entrenamenduez gain, ordainpeko laguntzaile pribatuekin lansaio amaiezinak egiten dituzten izarrak dira. Presiorik gabeko testuinguruan, hamar minutu eman ditzakete saiakerarik huts egin gabe. Partiden azken minutuak eta luzapenak bakarrik kontuan izanda, %48 baino ez du Jamesek, ordea, eta uztairik ukitu ez zuten Antetokounmporen elkarren segidako bi airball biral bilakatu ziren duela hilabete. Munduko jokalari onenek ez dute bere jokoaren atal bat erdeinatu ohi, doakoak diruditen puntuak ez ditu inork atseginez oparitzen. Jamesek jaurtiketa libre gehiagorekin asmatzen ez badu, jaurtiketa libreena menderatzeko hain sinplea ez den mikrokosmos bitxia delako da.

Burua da (ia beti). Azken jabetzetan gertatu ohi den falten kalapita dela eta, zehaztasun berezia exijitu ohi zaie libreetan antolatzaileei. Ardurak itolarri apartekoa eragin dezake: Rajon Rondo (%60 bere ibilbidean), Ben Simmons (%58), Nick Calathes (%53, aurten %48) eta Lonzo Ball (46%) kasu adierazgarriak dira. Taldea gobernatzeko dohain ezin aproposagoak dituzte, baina aulkitik ikusi behar izaten dute sarri partiden azken txanpa. Aurkariak marrara bidaliko dituen susmoak entrenatzaileak ikaratu ohi ditu. «Beti jaurtiketa berbera da, aitzakiarik ez dago, ez dakit zer gehiago esan dezakedan!» eta horren moduko gaitzespenak maiz entzuten dira aldageletan. Logikoa, bidegabea bezainbeste. Simmonsek edo Ballek jaurtiketa libreetako batezbestekoa hobetu ezean, dozenaka milioi dolar galduko dituzte erretiroa hartu bitartean. Inork ez du jokalariak baino gogo biziagorik kalbario hori ahaztu eta morroi fidagarri bihurtzeko, baina konponbidea buruan egon ohi da gehienetan, ez eskumuturrean.

Jaurtiketaren zirujauak. Aldagai psikologikoa indarrean egoteak ez du esan nahi apurtutako mekanikarik ez dagoenik. Ball bera adibide grafikoa da: askatu baino lehen, buruaren eskuinaldetik ezkerrera pasatu ohi zuen lehen baloia, errutina arras antinaturalean. Udaberritik darama mania hori zuzendu nahian; mugimendu soilagoak eraginkorrenak dira usu, baina sinplifikazioa ez da batere samurra suertatu ohi —oraingoz, Ballen aurrerabidea motela da—. Stefan Peno antolatzaile serbiarrari jaurtiketa hutsetik berreraiki dio Carlos Fradek —Carles Duranekin aritu zen Bilbon—, belauneko bi ebakuntzatik osatzeko behar izan duen urtebetea aprobetxatuta. Hain prozesu korapilatsuaren emaitza laster egiaztatu ahalko da.]]>
<![CDATA[Gaur jokatuko badut, bihar ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2009/025/002/2019-12-13/gaur_jokatuko_badut_bihar_ez.htm Fri, 13 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2009/025/002/2019-12-13/gaur_jokatuko_badut_bihar_ez.htm , zamaren kudeaketa izenarekin, izarren apetak erregistro ofizialetan disimulatzeko. Fenomenoaren benetako zergatiari heltzerik ez du: jokoa izugarri azkartu da azken bi hamarkadetan, eta ia ezinezko bilakatzen du lehengo moduan izar bat 82 norgehiagokatan 36 minutuz aritzea. Egutegia laburtu, eta NBAren diru sarrerak -soldatak ere bai, jakina- tamainan murriztuko lirateke. Eta errekor historiko guztiak atzemanezin bilakatuko lirateke bat-batean, heroien lorpenak istorio epikoen arrandiarekin saltzeaz bizi den multinazional mediatikoan.

Iragartzearen ezintasuna. NBAn izen apur bat izandako jokalariren bat kontinente zaharrera mugitzen den bakoitzean, «Ufa, Euroliga hankapean ibiliko du, hemen geldiezina da» moduko mezuekin hartzen dute zaleek fitxaketa, baina nagusitasun hori ez da sarri gauzatu ohi. Azkenaldian, gisako pronostikoak kontrako norabidean ere ematen dira: «NBArako dohain perfektuak ditu Vincent Poirierrek, azkar eskuratuko du minutu mordoxka», eta aurreikuspen horietako asko ere ustel suertatu ohi dira. Saskibaloia taldekako kirol da oraindik, eta profesional bat ingurune zehatz batean loratuko den asmatzea ez da hain erraza, neurtzeko ezinezkoak diren hainbat aldagaien eraginagatik. Poirierren kasura ekarrita: akaso datorren hilabetetik aurrera rol esanguratsuren bat erdietsiko du, edota akaso hiru urte aulkian eserita eman ondoren Europara itzultzea tokatuko zaio. Itxaropenerako arrazoirik behar badu, Davis Bertansen kasuari so egiterik du frantziarrak: NBArekin egoskortu zen Baskoniako hegaleko ohia Washington Wizardsekin ari da aurten, eta azken sei lehiatan 23,7 puntu eta sei hirukoko batezbestekoak ditu.

Gurasoen patologiak. ESPN kateak 'Bronny' James, LeBronen hamabost urteko semearen Sierra Canyon instituaren hamabost partida zuzenean emitituko ditu aurten. Lau milioi jarraitzaile ditu Bronnyk Instagramen, eta bere taldearen agerraldi bakoitza zirku bilakatzen ari da, aita agertzen denetan ororen gainetik (kantxara jauzi egin ohi du nerabeen jokaldiak ospatzera, modu arras errespetugabean). Ez da kasu bakana. Eskolarteko txapelketetan nabarmentzen diren haurren —hamar edo hamaika urtekoak sarri—mixtape-ak genero arrakastatsua dira Youtuben. Gaixo-portaera da, Euskal Herrian zapatu goizean seme-alaben epaileak iraintzera joaten diren guraso nazkanteen bertsio estatubatuarra.

Amets igualitarista. Kontratatu, ilusioa saldu, poto egin, kaleratu, errepikatu. Aspalditik kaskarkerian bizi den New York Knicksen zikloak NBAren berezitasun bat haragiztatzen du: ligako frankizia aberatsena izateak ez du inola ere kirol emaitza itxurosorik bermatzen. Lehiaketa igualitarioa sustatzeko neurriak (soldaten limitea, batik bat) kudeaketa kaskarra zigortzen dute, eta Europako futbolean edo saskibaloian bezala patrikak gainezka merkatura irten eta izarrik garestienak fitxatzea ia ezinezko bilakatu. Real Madrilek eta Bilbo Basketek —edo Bartzelonak eta Osasunak— lansarientzat diru kopuru berbera gordetzea? Esperimentu komunista dirudi, baina AEB ultraliberalean egiten dute eta benetan edonork irabaz ditzakeen lehiaketak dituzte.]]>
<![CDATA[<i>Erretiratu, eta alfabetatzeke</i>]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2109/025/002/2019-12-10/ierretiratu_eta_alfabetatzekei.htm Tue, 10 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2109/025/002/2019-12-10/ierretiratu_eta_alfabetatzekei.htm
Kolapsora kondenatuak Eliteko partida gehienen hasierako eta akaberako bost minutuen arteko ezberdintasunak argigarriak dira. Lanari modu egituratuan ekin ohi diete taldeek, eta entrenatzaileak agindutako jokaldien arrastoak nonahi antzeman ditzake askorik trebatu gabeko begiak ere. Azken laurdenerako, nekeak eta tentsioak trinkotasun hori ezereztu eta inprobisazioa gailentzen da. Hierarkia handieneko izarrei uzten zaie orduan jabetzak apropos kudeatzearen erantzukizuna. Saskibaloiaren C2-a duen norbait kantxan edukitzea komenigarri suertatzen da une horretan: gainerakoan, aurtengo Baskoniaren moduko kolapsoak dira arriskua. Bost bosten aurkako joko librea interpretatzeko erabateko ezintasuna azaltzen ari diren analfabetoz jositako lantaldea dute aurten gasteiztarrek. Pierria Henryk —lasterka egin ezin duenean argiak itzaltzen zaizkio— edo Toko Xengeliak —Ioannis Burusisengandik ez zuen ezer askorik ikasi— zer egin bere kabuz erabaki behar duten bakoitzean, emaitza nahas-mahas berealdikoa da. Zuzentasunez epaitzearren, errua bostekoko gainontzeko kideekin partekatu ohi dute. Izan ere, jokaldiari segida emateko aterabide egokirik ez die inork eskaintzen.

Bizkortu ezinezko lezioak Bizitzak merezi gabeko opariak egin ohi dizkio Saski Da!-ri: duela pare bat urtez geroztik, Berlingo Albaren lan saioetara sartzeko baimena du (saskibaloian, futbolean ez bezala, tamainako kluben entrenamenduak itxiak dira). Sistema izenik ere ipini ezin zaien maniobra oso sinpleetatik abiatuta, Euroligako eraso aberatsena du Albak —asistentzia gehien banatzen duena da, besteak beste—. Blokeoa ipini, mozketa egin edo pasea emandakoan, ondoren gertatuko dena nola aurreikusi erakusten die Aito Garcia Renesesek jokalariei, pazientzia izugarriaz eta lezio oinarrizkoenetatik abiatuta. Clinic garaikideetan anatema diren metodoak baliatuz: defentsarik gabe praktikatu ohi dute erasoko dantza solte hori bere jokalariek, ordubete iraun dezaketen eta lehiaketara transferentzia zuzenik —bai kontzeptu eztabaidagarria horixe— ez duten ikasgai errepikakorrekin.

Harrobietan, automatak Euroligako edo ACB ligako entrenatzaile batek bost bosten aurkako jardun librea ez irakasteak badu logika: denbora asko exijitzen duen egitekoa da, eta maila tekniko oparodun jokalariekin, ez da ezinbesteko betekizuna arrakasta izateko. Liburuxka taktikoaren orrialde guztiak agortutakoan, solista trebe pare bat helduleku nahikoa da sarri onik irteteko —jokoak oro har kanpoalderantz biratu izanak ere laguntzen du—. Askoz tamalgarriagoa da oinarriko mailetan ohiko bilakatu den utzikeria. Banan-banako entrenamenduak orokortu dira hainbat klubetan, eta kadeteetan ari den jokalari batek 30 sistema ezberdin memorizatu behar ditu sarri. Gazteak zortzi metrotik jaurtitzeko gai diren atleta bihurtu bai, baina joko librea erakusteko gogorik ez zaio inori geratzen, antza.

Gizartearen ildo beretik Orain arteko paragrafoetako fenomenoari azalpen soziologikoa eman ahal zaio. Saskibaloi kroniketan puntu piloa lortu den heroia baino ez da nabarmentzen. NBAko laburpenetan ez dituzte bost paseko jokaldi kolektiboak txertatu ohi. James Hardenek ehunka ordu eman ditu bere stepback three berria fintzen; taldekideekin apenas entrenatuko duen bost bosten aurkakoa sasoi osoan. Atzerabiderik gabeko bilakaera dirudi.]]>
<![CDATA[Geldotasunaren misterioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2042/030/002/2019-12-03/geldotasunaren_misterioa.htm Tue, 03 Dec 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2042/030/002/2019-12-03/geldotasunaren_misterioa.htm
Arrakastatsuak ere, kalera. Krisien kudeaketan, irtenbidea multzoaren eskuetan lagatzearen estrategia zilegi da, baina oraindaino ez zen inola ere Kerejetaren estilo kutuna. Duela ez hainbeste, etenik gabeko bere asmakari eta aldaketei haria kostata zegoen jarraitzerik. Pare bat partidako lagina nahikoa zitzaizkion sarri jokalari txukun askoak alboratzeko (Taylor Rochestie eta beste hainbat), ACB ligara irabazi berritan entrenatzailea kaleratzeko gai zen (Neven Spahija), eta tarteren bat libre geratzen zitzaionean, Bartzelona eta Real Madrilen pribilegioak salatzeko baliatzen zuen, besteak beste. Asteotako Kerejeta immobilista ezezagun zaie zaleei, eta mugimendu ezaren zergatiaz espekulatzen ari dira asko.

Gutxieneko zerbitzuekin. Nobedaderik ezaren inguruan, bi dira kerejetologoen hipotesi nagusiak, bateragarriak akaso. Altxortegiaren balizko egoera errakitiko samarra da lehenbizikoa. Egiazkoa balitz ere (Baskoniaren finantzen argazki fidagarririk eskuratzea ezinezkoa da), ez luke egoera guztiz azalduko: jokalariei soldatak urteetako atzerapenarekin ordaintzen zizkien garaian ere, zuzendaritzak piezak etengabe trukatu izan zituen. Bigarren hipotesia Kerejetaren lehentasunen mudantza da. Alavesek eta nazioartean erositako gainontzeko futbol klubek arreta osoa exijitzen diote, eta pentsamolde horren arabera, saskibaloiaz espero duen bakarra buruhauste gehiegirik ez eragitea da. Buesa Arena gutxieneko zerbitzuekin legoke martxan, alegia. Aukera aztoragarria da, eta kerejetologo batzuk ondorio gordin samar batera bultzatu ditu: egun, Baskoniaren partida garrantzitsuenak Mendizorrotzako berdegunean jokatzen dira.

Gentileren txioa. ACBko kluben egoera ekonomikoak onera egin duena uste orokortua da, ustela bezainbeste. Joan den astean, Toney Douglas antolatzailearen fitxaketa iragartzeko Estudiantesek argitaratu txio ofizialari erantzuna idatzi zion joan den sasoia klubean eman zuen Alessandro Gentilek: 2018-2019ko sasoiko soldata kobratzeko du oraindik. Duela bi hilabete, taldekide zuen Gian Clavellek antzeko salaketa publikoa egin zuen. Hiru jokalari izan ezik beste guztiak aldatu ditu udan Estudiantesek, eta zergatia irudikatzea ez da oso zaila. Horrez gain, Dario Brizuela saltzeko operazioan kale egin, eta inola ere pagatu ezin dion 600.000 euroko kontratua sinatu behar izan dio. Estudiantesek eta adostutako hitzarmenak betetzeko gai ez den klub orok —bere garaian Baskonia, Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basketek, esan gabe doa— ACBtik eta Euroligatik automatikoki kaleratuta behar luke jornalen lehen atzerapenarekin. Liga horiek sinesgarritasun apurrik balute.

Zulo beltz bat. Estudianteseko zuzendaritza berriak ogasunarekin pilatutako aspalditik zorraren zama arindu nahi du, kapital-zabaltze bat baliatuta. Fernando Galindo presidentea klubarentzat erosle bila dabil, eta ez du errealitatearen gordina ezkutatu nahi izan: ACBko klubak negozio negargarria dira, eta jabe berriak dirua harrika botatzera doala barneratu beharko du. Joan den sasoian, ehun milioi euro galdu zituzten 18 kideen artean (Bartzelona eta Real Madrilenak dira zenbatekoaren bi heren). Arnasketa artifiziala dute guztiek, izan futbola, babes publikoak, edo mezenas pribaturen bat.]]>
<![CDATA[Hiru entrenatzaile, hiru jokabide]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/026/001/2019-11-26/hiru_entrenatzaile_hiru_jokabide.htm Tue, 26 Nov 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/026/001/2019-11-26/hiru_entrenatzaile_hiru_jokabide.htm Peras-ek. Toko Xengeliari atseden eman ezean, udaberrira porru eginda iritsiko den susmoa du berak ere. Jarraitzaileei dien begirunea dela eta, ordea, behar baino gehiago zukutzen du kapitaina, porrota saihetsezina denean ere irudia zaintze aldera. Egolatrez jositako gremioan, klubeko behargin kanonikoa da Peras. Prestigio pertsonala babesteko baliatu ohi diren mila mekanismoetatik, bat bera ere ez du bere errepertorioan. Zuzendaritzaren akatsak jendaurrean eztabaidatzeari ere uko egin ohi dionez, ez da harritzekoa Josean Kerejetak estimutan izatea.

Larderia. Baskoniaren presidenteari irribarreak egingo zion ihes, Joan Plaza Zeniteko entrenatzaileak asteburuan plazaratu oharraren berri izandakoan. Lau hizkuntzatan —espainiera, errusiera, ingelesa eta katalana, zehaztutako ordenan— eta bere logo propio ezin itsusiagoa zeraman dokumentuan, Euroligan azken putz den taldearen jardun kaskarra justifikatzen saiatu da Plaza. Steve Bannonen liburuxkatik ateratakoak diruditen aldarriak («ez laga engaina zaitzaten») eta argudio bitxiak tartekatu ditu. Zeniten azken hiru porroten aldeak, beste talde batzuek arerio berberen aurka izandakoak baino murritzagoak izan dira. Taldea dirudien bezain kaskar ari ez dela frogatzen du horrek, Plazaren munduan. Baina oharraren ekarpenik adierazgarriena ez dira egilearen argudioak, oharraren existentzia bera baizik. Bere burua zuritzeko sare sozialetan argitalpen bat zabaltzeko beharra sentitu izanak, eliteko saskibaloiko entrenatzaile baten egoa noraino puztu daitekeen erakusten digu.

Tentua. Badira profesionalak, beren estatusagatik eta mikrofonoa gobernatzeko gaitasunagatik, eztabaida publiko bat eragin dezaketenak. NBAn, Gregg Popovich da adibide paradigmatikoa. Pasa den astean, Spurseko jokalari bati hirugarren laurdenean adierazitako falta txatxu bat baliatuz, bi teknika jaso arte protestatu zuen, eta epaileek egoztea ragin zuen nahita. Komunikabideen arreta nahi zuen; izan ere, hierarkien logikari so, Becky Hammon laguntzaileari tokatzen zitzaion Popovichen lekua betetzea. NBAko sasoi erregularreko partida batean, lehenbizikoz emakume batek entrenatzaile nagusi moduan jardutear zela zirudien beraz, laurden eta erdirako izanda ere. Ez zen halakorik gertatu, ordea. Hutsarteak Tim Duncanek deitu, eta argibideak ere berak eskaini zizkien jokalariei. «Ez nago hemen historia egiteko», azaldu zien Popovichek kazetariei ondoren, epaileak zirikatzerako murtxikatuta zeraman erantzunean. Bere postua Hammoni lagako dionaren pertzepzio orokortua baretu nahi izan zuen. Tamainako urrats baten erantzukizuna egundoko fardela da, eta zama hori bien sorbaldetan ipintzea bidegabekeria. Saski Da! konplize da: dozena bat bider ekarri du zutabera Hammon azken urteetan, boluntarismoagatik gehienbat. Munduko kirol liga profesional handienek —NBA, NFL, Champions League...— emakumezko entrenatzaileak behar dituzte. Baina estreinakoak ez du zertan Becky Hammon izan (oharra: koherentzia ez da egilearen bertuteetako bat, eta Spursen aulkiaren ingurukoek tartea izango dute aurrerantzean ere espazio honetan).]]>
<![CDATA[Balkaniko, bolkaniko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/025/001/2019-11-19/balkaniko_bolkaniko.htm Tue, 19 Nov 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/025/001/2019-11-19/balkaniko_bolkaniko.htm
Ekosistema arriskuan. Obradovic, Pesic eta Perasovicen atakak aztertzean, eragile amankomun bat nabari da: jokalariekin behar den moduan komunikatzeko azkenaldian duten ustezko zailtasuna. Eremu irristakorra da. Izan ere, hiruren jardun publikoa soilik ezagututa, zaleok aldagelako informazio apur bat falta dugu haien taldeek igortzen dituzten zantzuak modu zintzoan interpretatzeko. Hala eta guztiz ere, teoria ez da berria Europako saskibaloian: entrenatzaile balkandar ezagunenek testuinguru zehatz batean bakarrik lortu ohi dute arrakasta, ekosistema hori eratzea gero eta zailagoa suertatzen delarik. Egun, ez da erraza txintik esan gabe gobernantza autoritarioa onartu eta gau eta egun azken izerdi tanta zukutu arte lan egingo duten goi-mailako zortzi edo bederatzi soldadu esaneko juntatzea. Gaurko jokalaria duela hogei urtekoa baino berekoiagoa da; ez du lehengoen larru lodirik. Azken perpaus horrek bigarren irakurketa bat ere onartzen du: dagoeneko tratu gizagaberik ez du hain erraz onartzen, zorionez, eta lantaldearen harmonia zaintzen ez duten lider histerikoek etorkizun gutxi dute kirol honetan.

Stockholmgo ezkontzak. Obradovicenaren moduko erupzio bat imajinaezina litzateke NBAn. Irudi publikoa —zuzentasun politikoa— milimetrora zaintzen du ligak, eta frankizia gehienetan izarrek entrenatzaileak baino askoz posizio blindatuagoa dute (LeBron Jamesek ez ohi dio inori baimenik eskatu aldaketa eskatu eta pistara irteteko). Fenerbahcen ari den mitoaren errespetu falta justifikatzen dutenek pisuzko argudio bat balia dezakete: urteetan zehar, jokalari asko ia semetzat adoptatu ditu Euroliga bederatzi bider irabazitako serbiarrak, eta batzuek beren ezkontzetara ere gonbidatu izan dute. Harreman horrek zenbat duen Stockholmgo sindrometik, protagonistek soilik zehaztu ahal dute. Hori bai, probatu eta zeharo konbentzitzen ez duten jokalariak traste zaharrak balira bezala zokoratzen ditu Obradovicek. Entrenatzaile balkandarrak beti egiten du berdin: pieza berriak taldean egokitzeko pazientzia gutxi azaldu ohi dute, eta akatsen tolerantzia baxua oso; marjinazio erabatekoa usu gertatzen da.

Kanalak hautsita. Ez da erraza asmatzea nolatan sartu ote zitzaion kontrako eztarritik Ilimane Diop Peras-i. Defentsan, eliteko estatistika aurreratuak ditu Diopek, minutuak kendu izan dizkioten hainbatek baino hobeak. Luca Vildozari egoerak gainezka egin dio (Argentinan psikologo batek lagundu ohi zion, Pato Garinok ere baliatu izan du akuilu hori). Shavon Shieldsek eskatzen zaiona ulertzen ote duen ez dago argi. Azken partidetako hutsarteak garrasika eman ditu Baskoniako entrenatzaileak, baina, metro erdi eskasera eserita badaude ere, hartzaileei ez zaizkie mezuak iritsi. Zarata iragazi eta komunikazio kanalak konpontzea ez da ezinezkoa. Baina jokalarien aurrean akatsen bere kuota onartzea eskatuko lioke Peras-i, eta ez dirudi bere estiloa. Igandera arteko kasketaldiak zuzentzen hasi ezean, Baskoniaren aulkiak apopilo berria izango du datorren asterako. Eta Josean Kerejetari behingoz tokatuko zaio balkandarra ez den norbaiti aukera —benetakoa, mesfidantzarik gabekoa— ematea.]]>
<![CDATA['Becky Hammon efektua'-z harago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/032/003/2019-11-12/becky_hammon_efektua_z_harago.htm Tue, 12 Nov 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1976/032/003/2019-11-12/becky_hammon_efektua_z_harago.htm
Txunditu egin ditu. Cleveland Cavaliers zazpigarren da Ekialdeko Konferentzian. Inor gutxik espero zuen halako hasierarik: sotorako hautagai sendoenetakotzat jotzen zen depresioak jotako frankizia, eta egutegi aldrebes samarra zuen. John Beilein Michigan unibertsitateko mitoa —66 urte ditu— behingoz NBAko talde bat gobernatzen ikusteko, hori bai, irrika zegoen. Laguntzaile taldetxorako Lindsay Gottlieb errekrutatu du, saskibaloi alai eta jostalariarekin Ucal-eko neskak NCAAko Lauko Finalera lehenbizikoz sailkatu zituen entrenatzailea. Denboraldi-aurretik jokalarien laudarioak jaso ditu Gottliebek: «Txundituta nauka», aitortu zuen Darius Garland antolatzaile hasiberriak, eta argibide zehatz eta ulerterrazekin hobekuntza agerikoak eragiteko duen abilezia nabarmendu. Emakumezko bederatzigarren entrenatzaile laguntzailea da Gottlieb ligan. Becky Hammon efektua deitu izan zaio azkenaldian kontratazio erreskada horri —San Antonio Spurseko Gregg Popovichen urgazle da duela bost urtez geroztik WNBAko antolatzaile ohia—. Lantaldeotan emakumeak integratzea ez da munta gutxiko kontua; egunero alboan badituzte, izarrek modu naturalean hauteman dezakete laster frankiziak horietako bat goratu eta entrenatzaile izendatzea. Mugarrirako zenbat itxaron beharko dugun asmatzea —urtebete, beste hamarkada oso bat— ez da batere erraza. Askoz ziurragoa: gizonezkoen kirol liga profesionalak oso berandu dabiltza honetan.

Lur hartu ahal duzun bezala. Dion Waiters eskoltak osasun larrialdia izan zuen ostiralean Miami Heat Phoenexetik Los Angelesera eraman zuen hegazkinean. Ustez, taldekide batek emandako kalamuzko gominolak jan berritan kordegabetu zen. Behin lurreratuta, anbulantzia batek pistan jaso, eta antsietate krisiak eman zion. Osatzearekin, hamar partidako zigorraldia ezarri dio frankiziak. Momentuz, Waitersek ez du salatu nahi izan goxokiak nork pasatu zizkion. Min kronikoak pairatu ohi dituzten atletek marihuana trabarik gabe erabil dezaten kanpaina aspalditik ari da bidea egiten Estatu Batuetako liga profesionaletan; Steve Kerr Golden State Warriorseko entrenatzaileak babes irmoa azaldu izan dio, besteak beste. Waitersena bezalako gertaera nahasgarriek ez diote mesede handirik egiten lobbyari.

Azkar, azkarrago. Boston Celticsek orain arte jokatutako zortzi partidetan, Vincent Poirier lautan baino ez da irten pistara: guztira, hogei minutuz. Sasoia martxan ipini baino ez da egin, baina aztoratzeko arrazoirik badu Baskoniako pibot ohiak: Enes Kanter handikoteak min hartu, eta harentzat gordeta ziruditen minutuak ez ditu eskuratu. Poirierren ezaugarriak direla eta, NBArako jokalari aproposa dirudi teorian, baina talde gehienen jarduna are supersonikoagoa bilakatu da aurten. Bostonen, Jayson Tatum 5 moduan ikustea gero eta ohikoagoa da, posizio gero eta lausoagoekin. Portlanden, Mario Hezonja aritu izan da tarteka pibot bakar moduan tarteka. Poirier dagoeneko errotaziotik ia atera duten Nicolo Melli, Hernangomez anaiak, Isaiah Hartenstein, Ante Zizic, Dragan Bender... NBAko aulkiak Europakoak baino askoz bigunagoak dira, baina, jokoaren abiadari so, ezlekuan dira beharbada.]]>
<![CDATA[Doako gramatika ikastaroak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/021/003/2019-11-05/doako_gramatika_ikastaroak.htm Tue, 05 Nov 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/1974/021/003/2019-11-05/doako_gramatika_ikastaroak.htm
Inoiz baino errazago. Herriko taldean jokatu izanak ez du inor analista jantzi bilakatzen, txikitatik milaka partida irentsi izanak ere ez, ezta Supermanagerrean astero 200 puntu pilatzeak sikiera ere. Hizkuntzen moduan, saskibaloiaren C2ra iristeko gramatika propio bat menderatu beharra dago. Euroligaz eta NBAz gozatzeko ez dago double drag, zipper edo flare blokeo motak zein helbururekin erabili ohi diren jakin beharrik, noski. Baina «Perasovicen erasoko sistemak pobreegiak dira» papagai baten moduan errepikatzea apur bat sinplista da. Trebatu nahi duen zaleak, hau da albisterik onena, baliabide andana du egun, eskuragarri. Jokoari buruz modu atseginean ikasteko garai aproposenean bizi gara.

Familiari mezua. Tradizioz, irrati eta telebista jeneralistetako esatari eta analistek ez diote kantxa handirik eman izan dibulgazioari. Horretarako prestakuntzarik ez duten kazetari hutsak direlako, ziur asko. Edonork ikus ditzakeen azaleko kontuetan arreta ipini, eta estatistikekin eta hain ohikoa den epika hanpatuarekin biribildu izan dituzte emanaldiak. Emisio eskubideen salerosketak eragindako atomizazioak, ordea, panorama aberatsagoa ekarri du. Euskal taldeek jokatu ohi dituzten lehiaketetan, esaterako, udatik Dazn plataforman ari den Piti Hurtadoren argibideak zinez dira konpainia noblea. Eliteko entrenatzailea izateaz gain, bere jakintza partekatzea pasiotzat du Hurtadok. Zuzenean ari ez denean, bere blogean edo sare sozialetan. Igandeko Baskoniaren eta Real Madrilen artekoa amaitu eta gutxira, azken jabetza erabakigarria modu ulerterrazean xehatu zien sare sozialetako bere jarraitzaileei (Velimir Perasovicek kosk egin zezan Pablo Lasok ipinitako amua barne). Saski Da!-k ez daki etxekoek zutabe hau irakurtzen dioten, baina argitaratu berri duen Pitipedia liburua baino Gabonetako opari hobeagorik nekez egingo dio inork, bidenabar.

Jarrai ezazu. Gaur bertan. Gezurra badirudi ere, Twitter da egun, saskibaloiaz ikasteko tokirik egokiena, pantaila-irudiak grabatu, grafikoak prestatu eta ordainik gabe partekatzen dituzten heroiei esker. Kapa jantzita txiokatzen dutenetako bat Ander Isuskiza Baskeroseno da. X eta O-en (horiekin marraztu ohi dira diagramak) uzta egunero bildu ohi du Europan eta NBAn. Bere ekarpenik baliotsuena da, baina taktikaz gain, teknika eta estatistika aurreratua ere lantzen ditu

—gazteleraz guztiak—. Baskerosenoren bilduman Perasovicen erasoko sistema oso landuak ageri dira, bidenabar. Banakako saiakera egin dezaten bere jokalari onenen eskuetan baloia sarri ipintzeak ez du frogatzen, inola ere, kroaziarrak erasoko eskemak marraztu eta entseatzen orduak ematen ez dituenik (hori bai, bere Baskoniaren partida batzuk dentistari egin beharreko bisita bezain kitzikagarriak dira).

Ez dira guztiak. Twitterreko saskibaloiko taktikei buruzko erabiltzailerik oparoenak ingelesez ari dira: PascalMeurs, Halfcourthoops, BballImmersion, TheHiveScouting... Askoz gehiago daude. Ea hain eskuzabalak izateaz aspertzen ez diren.]]>
<![CDATA[Deskantsatzeagatik lesionatzen zaizkit]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2056/025/001/2019-10-29/deskantsatzeagatik_lesionatzen_zaizkit.htm Tue, 29 Oct 2019 00:00:00 +0100 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2056/025/001/2019-10-29/deskantsatzeagatik_lesionatzen_zaizkit.htm
Ahaztu bikotekideaz. Egun, Fuenlabradaren entrenatzaile ari den —eta igandean Miribillan sei jokalari kantxan ipintzeagatik teknika jasotako— Jota Cuspinera bizkaitarra fitxatu zuen Baskoniak Ibon Navarroren laguntzaile gisa, 2014ko azaroa bukatzear zela. Bikotekidearekin egoteko astelehenetan Madrilera jaitsi ahalko zuen galdetu, eta udaz geroztik egun bat bera ere libratu gabe zeramatela erantzun zioten (Youtuben ikusgai dagoen ikastaro batean kontatzen du pasadizoa Cuspi-k). Saski Da!-k euro bi ordainduko luke gutxienez, Gasteizen Euroligaren arautegi berria betetzen ari ote den jakitearren. Asteroko deskantsuaz gain, sindikatuko afiliatuentzat hoteletan banakako logela —dobleetan lo egitea zen orain arteko tradizioa— gorde beharra dago aurrerantzean, eta hegazkinetan korridore alboko eserlekua. Urratsok ez dira inongo huskeria. Baskonia igande gauez Tenerifen aritu zen, gaur Lyonen du hitzordua, hamar egunetan bost bider jokatuko du, ehun kilotik goragoko morroskoez ari gara. Eranskin interesgarria: Toko Xengelia sindikatuko lehendakariordeetako bat da.

Sinetsi nahi duzuna. Phoenix Sunseko DeAndre Ayton dopinagatik zigortu berri du NBAk: jardun fisikoa suspertzen duten produktuak estaltzeko baliatu ohi den galarazitako diuretiko bat detektatu diote kontrol batean. 25 partida baino ez ditu emango jokatu gabe, eta Gabonetarako itzuli ahalko du. Dibertimentuzko substantziarekin izandako positiboagatik, berriz, ligak bi urterako egotzi zuen Tyreke Evans pasa den udaberrian. David Sternek 80ko hamarkadan ezarri politiken ajeak dira—hartan, kokaina benetako izurritea zen aldageletan—: menpekotasunen bat duten jokalariekin askoz zorrotzagoa da NBA, ahalmen fisikoa puzteko bidezidorrak bilatzen dituzten tranpatiekin baino. Ez da hori etsigarriena. Debekatutakoen zerrenda webgunean eskegita du ligak, baina dopinarekin aurkako programei buruzko inongo argibiderik ez du eskaini ohi. Komisionatu izendatu zutenean, odol-analisiak iragarri dituen Adam Silverrek; epe ertainera, pasaporte biologikoaren gisako lanabesen bat ere bai. Urrats horiek zertan diren jakitea ezinezkoa da, opakutasuna oraino ere erabatekoa izaki. Egitate bakarra: Travis Tygart eta AEBko Dopinaren Aurkako Agentzia kuxkuxeroa ahalik eta urrunen nahi ditu Silverrek. NBAk aspaldiegitik armairuan gordeta duen eskeletoa da dopina. Baina abantaila praktiko bat badu aipatu itxikeria ofizialak: zaleak lehiaketa benetakoa ote den sinetsi ala ez erabaki lezake, bere inozentziaren arabera.]]>
<![CDATA[Benetan da Fabulous]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2041/023/001/2019-10-22/benetan_da_fabulous.htm Tue, 22 Oct 2019 00:00:00 +0200 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/2041/023/001/2019-10-22/benetan_da_fabulous.htm Fab-en anaiari Divine ipini zion, arrebari Precious). Aita abisatu gabe desagertu, eta haurtzaroa New Yorkeko Bronxeko kaleetan eman zuen familiak, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Lucyk sator-zulo bat alokatzeko dirua juntatzea lortu zuen arte, droga trafikatzailez jositako bloke batean. Guztiek atzean laga nahi zuten toki hartara iristea lortu zuen familiak.

Kaskagogor. Institutuko azken-aurreko urtean saskibaloi taldean ari zirenen antzeko garaierara luzatu zen Fabulous. Dedikazio osoz hasi zen entrenatzen, jokalariek jasotzen zituzten oinetako eta txandal berrien distirak erakarrita. Ez zen abilenetakoa, baina ez zion axola izan: saskiratzeaz beste partidak irabazteko behar diren ataza guztiez arduratzen zen, eta libre zuen ordu bakoitza kantxan ematen zuen. Unibertsitate batean, txikienean bazen ere, ikasteko kirolari beka zuen amets. Notak, ordea, kaskarregiak zituen. Itxaropen oro galtzear, Fabulousek dislexia larria zuela jabetu zen irakasle bat. Irudiak erabilita, mintzatzen eta idazten hutsetik ikasi zuen berriz. Texasko college txiki batean onartu zuten, eta Louisianako handiago batera aldatu ahal izan zen gero. Ikasketak bukatzear zela, beste kolpe bat: Divine anaia hil zuten kalean tiroz. Gorrotoak itsutu zezan utzi ez, eta kriminologian graduatzea lortu zuen. Bronxera itzultzea tokatu zitzaion, ordea, denda batean umeen arropa saltzera, saskibaloian aritzeko eskaintzarik gabe. Handik urtebetera, oporretan lagunartekoak jokatzeko bira bat egitetik ezagun zuen entrenatzaile batek deitu zion. Ingalaterran aritu nahi ote zuen galdetu zion: ez zen aberastuko —200 dolar astean—, baina profesional bihurtzeko azken aukera zuen.

Atipiko. Fabulous ez zen askorik saiatu Europako ligetan estatubatuarrentzat ohikoak ziren eskakizunetara moldatzen. Taldeko jokalari perfektua zen bera, ez 30 puntu bermatzen zituen solista. Baina bere dedikazioak, xehetasun txikiena fintzeari eskaintzen zion arretak, estimatu bilakatu zuen. Bere ibilbidearen hastapenetan, Fabulous beldur zen erasoko bere talentu faltak kondenatuko ote zuen. 2002an jasotako eskaintza batek lasaitu zuen arte. Newcastle Eagles bere klubak entrenatzaile-jokalari bihurtzea proposatu zion; aurrerantzean bostekoak egitearena bere ardura izango bazen, kantxan jarraitu ahalko zuen, ezta?

Erronkazale. Fabulous Flournoy britainiar ligaren historiako izenik garrantzitsuena da. Zazpi bider irabazi du BBL delakoa, eta kopak batuta, hogei titulutik gora pilatu. Ia guztiak, aldi berean entrenatzaile eta hegaleko zela (kirol profesionaletik ia desagertu den konbinazioa da). Britainiar Inperioko Ordenaren kide da; nazionalizatu, eta Commonwealtheko Jokoetan brontzea eskuratu zuen 2006an. Bere erresistentzia txundigarria da. 46 urterekin, profesional moduan hogeita laugarren sasoia amaitu zuen udaberrian: BBLren lider historikoa da asistentzia, lapurreta eta txapeletan. Duela lau urte orpazurda apurtu zuen. Jokatzen jarraitzeari uko egin eta arreta osoa entrenatzeari ipini beharrean, esekidurazko jaurtiketa eraldatzeko zain eta muin entrenatu, zangoei ezartzen zien karga arindu, eta patu beltza zirudiena saihestu zuen. Almendrak xehatuta bere esnea prestatzen duen elikadura garbiaren aszeta da Fabulous, bidaietara infusioen pH-a neurtzeko gailu bat eramateko gai den norbait. Jabetza materialekiko loturarik sentitu ez, eta bere laguntzailearen ganbaran bizi izan da urte luzez, nahiz eta atetik makurtu gabe kabitzen ez zen. Bere 50. urtebetetzea Newcastle Eaglesen entrenatzaile-jokalari moduan ospatzea guztiz egingarritzat zuen, baina uda honetan errefusatu ezinezko lan eskaintza jaso du. Duela 24 urte Bronxetik irtetea ahalbidetu zion lagunak bere staff teknikoan nahi du Fabulous. NBAn. Ingalaterrara eraman zuen mentore hark Nick Nurse izena du. Toronto Raptors txapeldun egin zuen ekainean.]]>
<![CDATA[Hasterako, histeriko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3254/039/001/2019-10-15/hasterako_histeriko.htm Tue, 15 Oct 2019 00:00:00 +0200 Danel Agirre https://www.berria.eus/paperekoa/3254/039/001/2019-10-15/hasterako_histeriko.htm
Erraz konpontzekoak. Baskoniaren lehen sei norgehiagoka ofizialen laginak ez du justifikatzen atarian aipatu etsipena. Hutsune agerikoak antzeman zaizkie gasteiztarrei, baina inola ere ez konponezinak. Blokeo zuzenaren zaintzarekin ezin asmatu dabiltza jokalari gehienak, baina goi mailako banakako defentsa erakusten ari diren tipo berberak dira, eta entrenamenduetan arintzeko moduko buruko mina behar luke horrek. ACB ligan galdutakoetan bigarren aukera gehitxo oparitu du Baskoniak (Bilbon batik bat), baina horrek ere ez dirudi kezkatzeko modukoa: Euroligako onenetakoa da Baskonia errebotean, eta arlo horretan aintzat hartzeko zenbakiak bermatu izan dituzten pieza atletikoz josita dago taldea. Kanpoaldetik jaurtikita argi mordoxka huts egin du; Nik Stauskas egokitzea lortzen badu, esparruko gorputz pilaketen arazoak ere hobera egin behar luke. Baskoniaren gabezia guztietan kezkagarriena azken txanpak egoki kudeatzeko ezintasuna da —lau lehia estu, lau porrot—. Baina hori ere ez da betirako kondena, zeren elitean denbora gutxi daramaten Luca Vildoza eta Pierria Henry apurka tenple handixeagoa azaltzen hastea ez baita sinetsi ezinezko hipotesia ere.

Koiunturatik estrukturara. Igande gauez Perasovicen kaleratzea eskatu zuten zaleak ez ditu Baskoniaren kaskarkeriak ernegatu. Koiunturari buruzko purrustadetan, estrukturalak diren arazoei buruzko frustrazioak egin die ihes. Kirol zuzendaritzaren azken urteetako ildoa benetan da bitxia, eta klubaren argibideak eskaintzeko tradiziorik ezak erabaki asko ulertezin bilakatzen ditu. ACB ligan, beste inori egokitzen trabarekin ari da Baskonia: 11 fitxa baino ezin ditu inskribatu, eta hamar izango dira kupo moduan ari diren Toko Xenegelia, Ilimane Diop edo Miguel Gonzalezek min hartuz gero. Ez dirudi entrenatzaileari minutuen banaketa zentzudunagoa inork eskatzen dionik. Jokalari garrantzizkoenak modu arriskutsuan zukutzen ari da Perasovic, eta karga hori zertxobait arindu ahal luketen beste batzuk baztertuak ditu. Baskoniak baliabide ugari bideratu izan ditu bekadun programara. Ez dago batere argi haietaz zer espero duen, lehen taldean integratu eta protagonismoa eskura dezaten bide orririk ez da antzematen. Miguel Gonzalezen kasuari so, Baskoniaren bospasei urteko eskaintza jasoko duen hurrengo nerabeak kontratuari uko egin eta gazteekiko planteamendua etengabe aldatzen ez den beste nonbaiten proba egitea du zentzuzkoena.

Ez luke ahaztu behar. Horiek hala, kirol zuzendaritzaren erreflexu falta da azken urteetako Baskoniaren fenomeno deigarriena. Jokalari bat lan saio batean lesionatu, eta hurrengorako fitxaketaren bat prest izan ohi zuen klubaz ari gara. Egun, ordezko hegal-pibotaren gabezia apropos zuzendu gabe urteak eman ditu. Tarteka, Alfredo Salazarrek asmatzen jarraitzen du bere apustuekin, eta eskerrak. Zuzendaritzaren, idazkaritza teknikoaren eta unean uneko entrenatzailearen artean adostutako epe luzerako ildo bateratu eta argirik ez da kanpotik igartzen, eta kantxako txikikeria estrategikoak baino askoz kezkagarriagoak dira hainbat esparrutako definizio falta eta jokamolde kaskagogorrak. Denboraldia bideratzeko moduan da Baskonia, jakina. Baina sekula ez luke ahaztu behar: bulegoetan negoziatutako lizentzia bati esker ari da Euroligan. Azkenaldian ACB ligan pilatu merituengatik balitz, sarri jokatu beharko luke Eurokopan.]]>