<![CDATA[Danele Sarriugarte | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 02 Jul 2022 11:11:50 +0200 hourly 1 <![CDATA[Danele Sarriugarte | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ulertzen?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/041/001/2020-07-05/ulertzen.htm Sun, 05 Jul 2020 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1918/041/001/2020-07-05/ulertzen.htm Erraiak nobela argitaratu zuen 2014an, Elkar editorialarekin, 2012ko Igartza saria jaso ostean. Argitaletxe berarekin argitaratu zuen bigarren nobela ere, Azala erre, 2018an. Itzultzaile da ikasketaz, eta David Foster Wallace, Angela Davis eta Eva Illouzen lanak euskaratu ditu, besteak beste. Kazetari ere bada: hainbat komunikabidetan aritu da kolaboratzaile; BERRIAn bertan eta Argia eta Pikara Magazine aldizkarietan, esate baterako. ]]> lagun minak izan baina ikasketak amaitu ostean elkarrengandik urrundu ziren bik elkarri aipatzeko izan dezaketen guztia. Marta bizi da Madrilen, Nere lan-kontuengatik dago hirian. Bidaia baino astebete lehenago ausartu zen, azkenean, whatsapp bat bidaltzera: idatzi zion joatekoa zela, eta ea, kasualitatez, eta ondo etortzen bazitzaion betiere, izango ote zuen, beharbada, kafe bat hartzeko tarterik, aspaldiko partez. Irakurleak une horretantxe topatu du Nere, Martari esan nahi diona esateko zorian. Urduri dagoenean etenaldi asko egiten dituela eta hitz trinkoegiak erabiltzen dituela eta gauza gehiegi aldi berean adierazi nahi izaten dituela eta azkenean ahotik nahas-mahasa besterik ateratzen ez zaiola pentsatzen du, baina, funtsean, badaki elokuente samarra dela eta aurrean daukana erakarri dezakeela bata bestearen ondoan emanez bata bestearen ondoan ondo ematen duten hitzak -piztia zeharo diskurtsiboa-. Trago bat jo dio edariari, itxuratu nahian-edo egarri zelako moztu duela jarioa, eta ekin dio: -Adibidez, aurrekoan, neska-lagunarekin eta beste lagun batekin hizketan, oroitzapen bat etorri zitzaidan: akordatzen zara nola joan ginen musika-festibal hartara, 2009a edo izango zen? Ni erabat zapuztuta ibili nintzen asteburu osoan, hau da, irrikaz nengoen baina aldi berean baneukan barruan amorru bat, edo korapilo bat, edo ez dakit zer bat, eragozten zidana lasai egotea, eta orain lotsatu egiten naiz pentsatuta zer muker jardun nuen denbora guztian, eta zer ergel fenomenala izan nintzen zure lagunekin, baina bereziki gogoratu nintzen sentsazio batekin: kanpin-dendan sartu ginenean eta elkarren alboan etzan ginenean nor bere esterillan, parrandarik egin gabe ni guztiz gozakaitz nengoelako, gogoratzen naiz han geundela eta gogoratzen naiz sentitu egin nuela zure gorputza nireari tiraka, sentitu egin nuela nire gorputza zurearen hurbilaz taupaka, eta nire gogamenaren sakoneko zerbaitek ulertu zuela, baina neronek ez; ez nintzela jabetu posible zela, eta erraza ere bai: esku bat luzatu, parez pare jarri. Beraz bizkarra eman nion, metaforikoki, nire desirari, eta zuri, berriz, literalki eman nizun bizkarra. Loak hartu ninduen halako batean. Hamar urte geroago akordatu naiz gau harekin, eta zerbaitek kra egin dit ohartzean zer ukatu nion neure buruari -arnasa hartu du berriro-. En fin, honekin esan nahi nizun, zera, garaian ez nintzela konturatzen, baina, bueno, crush bat neukala zurekin. Ez dio maitemindu esan, nahiz eta hori uste duen benetan, Martarekin maiteminduta egon zela. Baina jakinarazi dio jakinarazi beharrekoa. Hala nola jakinarazi zion jakinarazi beharrekoa duela lauzpabost urte bietako baten urtebetetzearen harira txateatzen hasi zirenean eta aipatu zionean orain neskekin ateratzen zela. Ez dago harro hartu dituen zeharbideez, eta are eta gutxiago harrotzen da pentsatzen duenean batzuek silaba guztiak argi ahoskatuz aldarrikatu zutela les-bi-a-nak zirela, halakoengatik jendea kaleratzen zuten garaietan -eta ez hori bakarrik-, eta orobat pentsatzen duenean haiek beren gorputzak jarri zituztela eta bera, berriz, oraindik ere katramilatzen dela halako itzulinguruetan -bi egitate horien artean egon litekeen harreman kausalari jaten ematen dionean-, ez du jakiten kulparekin zer egin. Labur esanda, kontuak beti sortu dizkio buruhausteak. Arazoa ez zen izan barruan zebilkionari azkenik atzematea -horrek, izan ere, lasaitu egin baitzuen- baizik eta ondorena: esan beharra -esan zuen-; hainbat aldiz esan beharra -hainbat aldiz esan ere-; konturatzea esan behar hark ez zuela etenik. Ez dirudiela etenik izango duenik inoiz. Nerek ez du sekula izan era horretan nabarmentzeko bokaziorik. Luzaroan sinetsi du zenbait gauza eskubideak zirela, ezen ez pribilegioak -arauen arabera irabaztea-, arrazoia edukitzea, eta berari ere bazegozkiola. Dena den, honako egokiera hau, irakurleak Nere topatu duen unea -2019ko otsaila-, berezia da oso. Hemen, Nerek ez dauka betebeharrik inorekiko. Edozer esanda ere, ez diote koplarik aterako ez Twitterren, ez beste inon, eta ez du ordezkatuko bere burua besterik. Hemen, iragana dauka parez pare: bere iragan berreskuraezina, izan zitekeena eta izan ez zena, orduan ez zekizkienen eta esan ez zituenen fruitua. Hemen, bere buruari eta maite izan duenari bakarrik eragin diezaioke onik edo txarrik: aske sentitzen da. Bertan utzi du aspaldi luzean biriketan eroan duen harriaren azken ezpala. Adeitsu agurtu dute elkar. Ohiko promesak egin dituzte, jakinik-eta, betetzekotan ere, neurri batean bakarrik beteko dutela agindutakoa. Ez du axola. Nerek bakea sentitu du -hogeirekin gutxiesten zuen; hogeita hamarrekin irrikatzen-, baina hoteleraino eutsi dio. Gelako atea ireki, eseri, eta gustura egin du negar, hustu arte. ]]> <![CDATA[Konplizearena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/025/001/2017-06-22/konplizearena.htm Thu, 22 Jun 2017 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/025/001/2017-06-22/konplizearena.htm Sortzailea eta konplizea. Sei sortzaile ezagun eta beren konplize bana bildu zituzten kazetariek, eta haien arteko elkarrizketak orriotara ekarri. Ordena kronologikoan, sormen-bikote hauexek ezagutu genituen: Harkaitz Cano idazlea eta Gorka Arrese Susako editorea; Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba, artistak biak; Koldo Almandoz zinegilea eta Marian Fernandez Pascal zinema-ekoizlea eta Txintxua Films zinema-ekoiztetxearen sortzailea; Ainara Gurrutxaga eta Oier Guillan, antzerkilariak biak, Dejabu Panpin Laborategiko kidea bata eta Metrokoadroka Sormen Laborategikoa bestea; Mixel Etxekopar txirularia eta Jean-Christian Irigoien akordeoilaria; eta Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, musikariak biak.

Gustatu zitzaidan sorta, lehenengo eta behin, sormen-lan indibidualaren mitoa hausten zuelako, eta argi agertzen zelako, ia erreportaje denetan, izen bakarrarekin sinatua den horrek beti duela (gutxienez) beste lagun bat atzean, beste inork babestu, xaxatu eta (hobetze aldera) kritikatu duela dena delako lana, gure begi, belarri eta bihotzetara iritsi aurretik.

Fikziozko idazleek ere badute halako konplizerik. Elena Ferranteren Napoliko tetralogiako protagonista Lenu, adibidez, idazlea da, eta nahiz eta estreinako liburua argitaratzen duenerako akaso irakurleak ahaztuxe eduki, Goetheren aipu honekin abiatzen da eleberri luze-luzearen lehen zenbakia: «Gizonak lokartzeko joera handiegia du; berehala errenditzen da oztoporik gabeko atsedenera; horregatik, lagun bat eman behar zaio, kitzikatzeko, bizkortzeko, beretzat demonioarena egiteko». Lenu neskatoari Lilak egiten dio deabruarena, eta konplize ez baizik adiskide paregabea da: bigarrenaren grinari segika batzuetan, kontrakarrean bestetan eta paso egin nahian sarri egiten du aurrera lehenak.

Halako konplize bat, profesionala ere izan daiteke. Canok, adibidez, Arrese editorea ekarri zuen periodiko honen deialdira, idazleen konplize izatea lanbide duen bat. Tamalez galtzen ari den artisau jarduna omen da, gainera, editorearena.

Ildo horretatik zihoan orain bi igande, ekainaren 11n, El País Semanal gehigarrian atera zuten erreportaje-sorta udatiar zabala: Editores. Los últimos de una especie —izenburua entzutearekin batera hasten dira kanpai-hots arranditsuak urrunean jo eta jo—. Lau editore hauei eskaini zieten artikulu bana: Antoine Gallimard (Gallimard, Frantzia), Jorge Herralde (Anagrama, Espainia), Sonny Mehta (Alfred A. Knopf, AEB) eta Daniel Divinsky (Ediciones de la Flor, Argentina). Bistan da, editore-espezie jakin bat hautatu zuten: hizkuntza handietakoak, izen handikoak, argitaletxe ikurren ikurrak. Bazuten bestelako aukerarik, argitaletxe txikiak ugaritu direlako eta hor ere badagoelako artisau jardunari dena emanda bizi denik. Baina bego horretan, mamitsua iruditu zitzaidan-eta erreportajea hala ere.

Anaiarekin izandako ika-mikan gailendu ostean hartu zuen familiako enpresaren lema Gallimardek; argitaletxean aurrez ibilitako editoreak hautatu zuen Mehta lanposturako, eta Herraldek eta Divinskyk, berriz, eurek sortu zituzten beren zigiluak, zurian beltz ikusi nahi zituzten zenbait gauzari tokia egiteko. Herralderi buruzko erreportajean kontatzen denez, gerora berme bihurtu zen marka bera, eta zenbait irakurlek Anagramakoak zirelako letzen ei zituzten zenbait liburu, autoreari buruzkorik apenas ezagutu gabe, argitaletxearen irizpide onean fidaturik soilik. Idazlearen konplizea ez ezik hamaika idazleren artean funtzionatuko duen horren ehiztaria ere bada, beraz, editorea kasu hauetan.

Hamarraldiak egin dituzte denek lanetan. Herraldek eta Divinskyk erretiroa hartu berri dute, argitaletxeak beste enpresa handi bati eta emazte eta bazkide ohiari salduta, hurrenez hurren. Gallimardek dio bospasei urtez jarraituko duela jardunean eta ondoren alabari utziko diola ardura. Agur eta ohore.

Kanpai-errepika.

Pasa den irailean galderaz beterik heldu nion txoko honi, eta berdin amaitu nahi nuke. Sortzaileak premiazko ditu konplizeak; itzultzailearen lana zuzentzaileak hobetzen du; idazten dena norbaitek irakurri behar du, begi zorrotzez, beste inork baino lehen: baina zer da editorea gurean?]]>
<![CDATA[Virginie eta Michel]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3072/031/001/2017-06-01/virginie_eta_michel.htm Thu, 01 Jun 2017 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/3072/031/001/2017-06-01/virginie_eta_michel.htm
Kontua da, ordea, Virginiek berak gezurtatu didala uste hori. Playground web-aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean, hauxe azaldu zion kazetariari: «[Michelek] eta biok gai berberak lantzen ditugu: maskulinitatea, pornografia... (...) Baita kapitalismoa ere, noski. Gauza askotan gatoz bat. Eta elkartzen garenean, barre asko egiten dugu. (...) oso mutil dibertigarria da, nahiz eta lehen begi-kolpean igarri ez».

Bi autoreak gurutzatzen diren lekua aztertzeko bide aproposa da beste izen propio bi ekartzea hona: Vernon eta François, Virginieren eta Michelen azken lanetako protagonistak hurrenez hurren. Virginiek oraintxe argitaratu du Vernon Subutex trilogiaren hirugarren zenbakia; Michelek, berriz, 2015eko urtarrilean kaleratu zuen Sumisioa: urte horretan bertan euskaratu zuen Gerardo Markuletak, eta Meettok etxeak publikatu.

Bi-biek, Vernonek eta Françoisek, espero gabeko krisi bati egin behar diote aurre beren adin ertainean. Krisi hori lotuta dago, gainera, aldez edo moldez, Frantziaren eta Europaren krisi orokorragoekin, ekonomiaren eta gizartearen bilakabidearekin (disko-denda ezagun baten jabea izana zen urte luzean Vernon, musika-industria aldatu eta dendak erreka jo arte; Françoisi apurka-apurka doazkio bizitzarekin eta munduarekin dauzkan loturak —berez nahiko ahulak, hori bai— hausten: maiteak Israelera alde; ama, eta berehala aita, hil; unibertsitateko lanetik —momentuz— kanporatu). Oso Paris ezberdinetan bizi dira biak, hiri igualean hala ere: matxista, arrazista, kapitalista basatia.

Sumisioa aurkeztu zenean, han izan nintzen, eta ni neu feminista deklaratua izanda, ohartarazi zidaten seguruenera ez zitzaidala batere gustatuko liburua. Badakit zergatik uste zuten hala, ulertzen dut inkluso; Michelek berak aipatu zuen elkarrizketa batean: «Feministei, jakina, ez zaie izugarri gustatuko liburu hau». Baina Iratxe Esparza kritikariak esan moduan, Sumisioa-z gozatzeko premiazkoak dira «begi zorrotzak eta pentsamendu irekia», eta, burua zabalik iruditu zait Michelek gordin agertzen duela emakumeen menderakuntza, esplizituki adierazten duela emakumeak zapalduta daudela egon, eta gizon batzuk direla, berriz, pribilegiatu: ez al da zintzotasun hori eskertzekoa, «salaketa faltsuen» eta «ustezko bortxaketen» sasoiotan?

Esparzaren irakurketarekin bat nator, beraz: «Kolektibitate bezala hartuta, liburuan fokalizazioa ere emakumeari dagokiolako nire irakurketan distopia feministaren ideia azpimarratuko dut: Frantzian, aldaketa politikoa gertatu baino lehen, jadanik emakumeek jasaten zuten egoera menpekoa zen, eta Anaiarte Musulmanak boterea lortzen duenean joera hori muturrera eraman eta areagotzen da; beraz, erraz ikusten da gizartearen eta heziketaren sumisioari esker inposatutako dogmak eta arauek generoen arteko botere harremanak sortzen dituztela».

Bestalde, gainera, bat datoz Virginiek hamaika eleberri, saiakera eta agerraldi publikotan sexu-lanaz adierazi duena (sexu-lana ez dela beti esklabotza; ez dela, berez, umiliagarri) eta Michelek Sumisioa-n idatzi zuena: Françoisek escort-ekin dituen hartu-emanetan, sexu-langileak emakume burujabeak dira, ez daude esplotatuta, errentagarria delako aukeratu dute lana, ez inondik ere azken aukera desesperatu gisa, eta baldintza duin eta segurutan jarduten dira.

Idatzi, gainera, Michelek adinakoak idatzi ditu Virginiek: pertsonaia askotarikoen ahotsak biltzen ditu Vernon Subutex trilogiak, tartean bere andrea egurtzen duen Patrice ezkertiar sutsuarena, edo eskaleak eta arabiarrak taldean jipoitzen dituzten Noël eta Loïc-enak. Autoreak ez ditu horiek denak deabru gisa aurkezten, inondik ere; hitza ematen die, beraz subjektu dira guztiak (nola diren subjektu, besteak beste, Pamela Kant porno-izar ohia eta Aisha gazte beloduna ere), eta beren ahotik azaltzen dituzte beren ikusmoldeak, arazoak eta itxaropenak.

Errealitatearen analisiari nola heldu, hori beste kontu bat da. Fokua non jarri, hori da kontua. Eta hortxe datza, azken batean, bi autoreen arteko aldea. Nik neuk, egia esan, Virginie dut nahiago. Nahiago dut hark erakusten digun bidea. Michelen Françoisek nola helduko garai berriei eta bertan goxo eginda, amore emanda, boteretsu berriek eskaintzen dizkioten pribilegioak onartuta, nahiz eta pribilegio horiek askoren menderakuntza eduki oinarrian. Virginieren Vernonek, berriz, miseriaren eta garai latzen aurrean, bere ertz indibiduala utzi du, eta besteen babesean indarberritu da: besteekin batera; bestela.]]>
<![CDATA[Icebergarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-05-11/icebergarena.htm Thu, 11 May 2017 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/032/001/2017-05-11/icebergarena.htm rrastoak liburua (EHAZE, 2016) iceberg bat da. Autoreek eurek eman didate metafora, Dejabu Panpin Laborategiko kideek. Idatziz diote: «Sortu dugun material guztiaren %40 da, gutxi gorabehera, azkenean antzezlanean gelditzen dena. Hasieran kosta egiten zaigu materiala albora uztea, hainbeste landu eta gero! Baina horretan oso zorrotzak gara: ez badio antzezlanari aurrerako mugimendurik eragiten, kanpora. Gainera, orain arteko esperientziak zera erakutsi digu: prozesuan landutako guztia, eztabaidatutako guztia, amestutako guztia…. iceberg baten ur azpiko zatia bezalakoa dela. Ez da lehen begiratuan ikusten, baina antzezlana sostengatzen du oso modu sendo batean».

Ikus-entzuleek, beraz (zuetako askok, akaso), 2013 eta 2015 urteen bitartean, mendiaren izotzezko gailur agerikoa baizik ez zenuten ikusi.

Bilduma baten lehen zenbakia da Arrastoak. EHAZE elkartekoek ondo dakite biak hitz izan arren ez dela gauza bera oholtza baten gainean jokatzekoa dena eta nork berak bere kautan irakurtzekoa. Ondo dakite adierazpide bakoitzak badituela bere ezaugarriak, kontuan hartu behar direla, eta horien arabera egokitu egokitzapena, horixe baita Arrastoak liburua hain zuzen, Arrastoak antzezlanaren bertsio bat. Eta badakigu bertsio on bat ez dela kopia, jakin badakigun eran itzulpen on bat ez dela literal. Aske behar du, kreatibo.

Ez da paperera etorri den Dejabukoen lan bakarra Arrastoak hau. Aurrez, besteak beste, Gizona ez da txoria antzezlanaren irakurtzeko bertsio izan zen Habiak (Txalaparta, 2013) nobela grafikoa, Maite Gurrutxaga ilustratzailearena. Antzerki-taldekoek ondo asmatu zuten: teatroak, genero literarioa izanik ere, ez zuela zertan loturarik estuena hitzezko literaturarekin josi, aise egin zezakeela hegan irudira.

Elkartearen eta taldearen intuizio eta jakintzak topatu dira, beraz, Arrastoak honetan, eta, halaxe, orriotan aurkituko du irakurleak (zuetako zenbaitek, espero) noizbait taula gainean ikusi zuen iceberg-puntari mardul eutsi zion oinarria: liburuaren bigarren zatia da hori hain zuzen, Dramaturgia oharrak izeneko atala. Eta horren barruan, era berean, bietakoak daude: ideiak (dramaturgia bateko bidean) eta (dramaturgiaren) zirkuluak.

Lehenik, berrogeita hamalau ideia; berrogeita hamargarrena da icebergarena. Antzezlanetik kanpo geratu baina Dejabukoen esanetan antzezlana janzten duten horiek dira. Batzuk, erreferentzia artistiko askotarikoak: Der Himmel über Berlin, Wim Wendersen filma; Desenterrar las palabras, Clara Valverde Gefaellen liburua; YouTube-ko bideo bat.

Beste batzuk ipuinak dira, eta horiek irakurrita hobeto ulertu dut zer izango ote den Dejabukoek beti aipatzen duten taldean sortze hori, guztien historiak baitira antzezlanaren oinarri ikusezina trinkotzeko ale.

Gogoetarik ere bada ideion artean: antzezlanean modu inplizituan eta ekintza konkretutan mamitzen diren hausnarketak modu esplizituan irakur ditzakegu, adibidez, Zauriak izeneko berrogeita seigarrenean: «Oraindik kosta egiten zait sinestea ametsetan ozeanoan desagertu zitzaidan atautxi hura eta fusilamenduetan parte hartu zuen gizona pertsona bera izan zirenik. Biktima ala borrero? Hain sinplea balitz. Denen biloba naizela, horixe garbi daukadan bakarra».

Zazpi zirkuluk osatzen dute ondoren Arrastoak sortzeko ibilitako bidea ez ezik Dejaburen lan egiteko era zabalago baten mapa ere baden xendra: Hazia, Kaosaren beharra, Jolasa, Espazioa mugitzea, Panpinak, Argiaren erabilera eta Objektuen memoria. Hortxe topatu ditut nik amurik erakargarrienak. Laugarrenetik aurrera, are zehaztenago doa dena, antzerkiaren adierazpide konkretura tinkoago lotzen (espazioa, panpinak, argia, objektuak). Lehenengo hiru urratsak, ordea, izan daitezke, hitzez hitz irakurri ordez lasai hartuz gero, orokorrago (hazia, kaosa, jolasa). Dejabukoen kasuan, triangelu horri tiraka oholtzara iristen dira, baina zu eta biok abiatu gaitezke beste norabait.

Gorde gogoan: lehenik, ondo aukeratu behar da hazia, izan behar du «premia bat», «prozesu intimoago bat»; «barruari entzun[ez]» eta «bultzaka ibili» gabe; ondoren, «behin hazia detektatuta, kaosa [sortu behar da] haren inguruan», ingurura bilduz «gaiak iradokitzen [dizkizun] gauzak, denetarikoak», harik eta «momentu batean materiala elkartzen [hasi arte], grabitate indarrak unibertsoan materia erakartzen duen moduan». Eta, azkenik, jolastu: «kreatibitatea leherrarazten duelako», eta «bizi-energia sortzen».]]>
<![CDATA['Spoiler']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/023/001/2017-04-20/spoiler.htm Thu, 20 Apr 2017 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1912/023/001/2017-04-20/spoiler.htm spoil aditzean du oinarria: eu-en konbinazioaren laukitxoan sartzen baduzu, Elhuyar hiztegiak esango dizu zapuztu edo hondatu esan nahi duela; hondatu edo alferrik galdu, janariaz ari bagara. Beste esanahi nahiko erabili bat ere biltzen du hiztegiaren bigarren adierak, haurrei dagokiona: a spoiled kid horixe baita, soberan mimatu den haur bat, mizke hazia.

Zuetako batzuei zutabearen izenburua irakurri eta berehala gogora etorri zaizuen adiera, berriz, ez du aipatzen; ulergarria da, esan dizuedanez, nahiko berria da-eta. Ez zaiteztela zapuztu hala ere, azken adiera horrexeri berari heldu nahi baitiot hemen. Telebistan ez ezik bestelako gailuetan ikusi ohi diren telesailen fenomenoarekin batera hedatu da hain zuzen esanahi hori. Badakizue, zinemaren bertsio berria diren ia film baten luzerako ikus-entzunezkoekin. Zuzendari, gidoigile eta errealizadore apartenek orain jorratzen duten arloarekin. Hondartza eder eta geologiaren-ikuspegitik inportanteak hankaz gora jartzen eta euskal-irrati publikoetako albistegiei etenik gabeko bazka ematen dietenekin. Los Soprano, The Wire, Mad Men, Transparent, Black Mirror, Breaking Bad, Orange is the New Black, Sherlock, Girls: segun zeini galdetu.

Jendea buru-belarri sartzen da Baltimoreko drogazaleen, 50eko hamarkadako publizitate-sortzaileen, guraso trans juduaren bizitzan, eta berdin du zelako muga zorrotzak ezarri nork bere buruari, azkenean beti ikusten dituzu nahi baino kapitulu gehiago segidan. Engantxatu arren joan behar duzu lanera edo erosketak egitera edo kalera nahi duzu atera pote batzuk hartzera lagunekin, eta geldi uzten duzu telesaila, standby, eta orduantxe pizten da spoiler arriskua: laneko ordenagailuan ari zarela topa dezakezu artikulu bat aletzen duena Girls-en amaierari buruzko hausnarketa burutsu bat, eta adiskideak potean kontatzen dizu seko jota geratu dela Breaking Bad-eko 3. denboraldiko 4. kapituluarekin, eta jarraian azaltzen zehatz-mehatz zergatik. Halako uneetan da benetan praktikoa spoiler-aren kontzeptua, abisu emateko: «artikulu honek spoiler-ak dauzka, agian spoiler bat egingo dizut». Hots, «telesailean gertatzen den eta ordura arte tentuz gorde den ezusteko harrigarri bat kontatuko dizut».

Orotariko narratibaren gakoetako bat da, azken batean, jakitea informazioa dosifikatzen, jakitea tentsioa josten iritsi arte puntu goren batera. Azkenaldian irakurri dudan hainbat eleberritan, ordea, hasiera-hasieran dator spoiler-a. Are, spoiler-arekin abiatzen da historia. Hainbat adibide diskretu ezagutzen nuen lehendik ere: Zadie Smithen Swing Time; Elena Ferranteren Adiskide paregabea. Sarritan, nolabaiteko hitzaurre bat da, protagonisten patuari buruzko lau zertzelada kontatzen dituena, ez guztiz zehatzak baina bai esanguratsuak, irakurleak argi izateko adina nora iritsiko den, gutxi-asko, argumentua.

Leila Slimaneren Chanson douce nobelak, ordea, lehen letra-kolpean kontatu dit amaiera tragikoa. Liburua noiz hasi, eta bi haur txikiren zaintzaileak ume parea akabatzen duenean. Eta hilketa ez da abiapuntu, eleberriak, gero, ez baitu azaltzen hilketen ondorena, esate baterako nola egin dioten aurre gurasoek galerari; ez, eleberriak kontatzen dizu hain zuzen hasierara artekoa, nola iritsi ziren haur horiek mundura, nondik datozen haien gurasoak, nola topatu zuten zaintzaile hori, zein zen eta nola bizi izan zen hura.

Iruditzen zait hasierako errebelazio horrek Alfred Hitchcocken kameoek nola funtzionatzen duela: Hitchcockek figurante-lanak egin behar izan zituen noiz edo noiz bere filmetan, dirua aurrezte aldera, baina, ikus-entzuleei haren presentzia iheskorra gustatzen zitzaiela igarrita, halako erritual bat bilakatu zen, eta une batetik aurrera film guztietan hasi zen agertzen; ikus-entzuleak zain egoten ziren orduan, egarri, noiz harrapatuko silueta apur bat biribil hura gutun bat eramaten postontzira edo autobus bat galtzen, beraz, Hitchcockek erabaki zuen filmaren hasiera aldera egitea kameoa, ikus-entzuleek errepara ziezaioten behingoz benetan axola zuenari, hots historiari berari.

Slimaneren eleberrian, antzeko. Hasierako atal hori sartu ez balio eta modu tradizionalago batean antolatu balu haria, irakurlea esperoan legoke, eta hausnarrean, tentsioa pilatu ahala, ea noiz eta nola lehertuko ekaitza. Kantu gozo honetan, baina, ez dago halakorik, bazter utzi duzunez galdera gogaikarria, nola askatuko (moztuko) ote den korapiloa, ez dago tentaziorik orrialdeak azkarrago pasatzeko hitzak digerituz ez baizik irentsiz: patxadaz eta gogotik heltzen diozu irakurketari. Eta are gehiago: hasieratik dakizunez gaizki amaitzekoa den hori zer gaizki amaituko den zehazki, ez duzu eraikitzen gaizki amaitzekoa den horri buruzko teoriarik, ez duzu intuiziorik elikatzen ondo baino hobeto dakizulako zer datorren. Eta, ezagun denez, espektatibarik ezean, zaputzaldirik ez.]]>
<![CDATA[Erakutsi, ez esan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2017-03-30/erakutsi_ez_esan.htm Thu, 30 Mar 2017 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2017-03-30/erakutsi_ez_esan.htm
Gauza ona da berrirakurketa, badakigu. Bigarren eta are hirugarren bueltan lehenengoan oharkabean joandako xehetasunak harrapatzen dira, ondorio berriak ateratzen, galdera sotilagoak pizten. Zenbat bider ez ote nuen esango, batez ere amaieran baizik guztiz ulertzen ez den testu bat irakurrita: ai, hasieratik hartuko nuke orain berriro! Gero ez dut egiten hala ere. Nolatan egingo dut bada, hainbeste egonda? Jakinda berebiziko bizialdia eginik ere ezin izango ditudala irakurri nahi nituzkeen denak, besteak beste ni hil ostean idatziko direlako irakurri nahi nituzkeen zenbait, edo nik ezagutzen ez ditudan hizkuntzatan idatzita daudelako eta inork ez dituelako inoiz itzuliko nik ezagutzen dudan mintzoren batera?

Baina hori, jada, iragana da. Orain, irakurle-taldeetan programatzen ditut nolabait ere markatu nindutela oroitzen dudan liburuak eta berrirakurri egiten ditut, eta errekonozitu, eta, sarri, zergatik markatu ninduten gogoratu.

Azkena, Eider Rodriguezen Katu jendea (Elkar, 2010) ipuin-bildumarekin gertatu zait. Martxoan irakurri dugu bi taldetan, Durangon eta Zarautzen. Gogoan nuen gustatua zitzaidala eta gogoan nuen gainera, nire euskal filologiako pisukideari ez bezala, Haragia (Susa, 2007) baino are gehiago gustatua zitzaidala.

Berrirakurri baino lehen, norbaitek erreferentziak eskatuko balizkit, norbaitek galdetuko balit, adibidez, zeri buruzkoak diren liburu horretako ipuinak, halako ideia gutxi gorabeherako batzuk baino ezingo nituzke bota: bi bizilagun hendaiar aspertu eta asegabe, berriki ama izandako emakume oso frustratu bat, Saharako haur baten eta hemengo baten maite-kontuak, kotxe bat txiribueltaka espetxera bidean eta interesantearena egiteko Milan Kundera irakurtzen duen halako adiskide/arerio bat. Orain, ordea, berrirakurri ostean, ezinago fresko daukat zergatik geratzen den ase gabe bi bizilagun hendaiarren artekoa eta noiz eta nolatan eta noren aurrean irakurtzen duen Kundera beste hark. Eta ez hori bakarrik: orain, berrirakurri ostean, are nabarmenagoa egin zait zer ondo dauden eraikita ipuin horiek.

Izan ere, erakutsi egiten dute ipuin horiek, ez dute esaten. Horra hor hamaika bider aditu diedana idazle, kritikari eta literaturari buruzko iritzi sendoak dauzkatenei, horixe dela erronka handiena, erakutsi egin behar duzula demagun pertsonaia bat halakoa eta holakoa dela, eta ez hitzez hitz adierazi halakoa eta holakoa denik. Egia esango dizuet: hasieran, hori esaten zidaten, eta ez nuen guztiz ulertzen. Alegia, ez nuen inondik ere ulertzen. Halakoetan, baina, oso dira lagungarri adibide praktikoak, eta, hara non, Rodriguezena letuta egin zitzaidan argia.

Ipuin asko ale nitzake nire argudio bidea frogatzeko baina bati bakarrari helduko diot. Ez dizuet lehenagoko zerrenda makal horretan aipatu. Hagina. (Ez baduzue irakurri, erne: hobe hura irakurtzea hau baino, beraz utzi hau eta segi haren bila, berehala).

Hagin batek islatzen du izan ere Ane Basabe gaztearen (29) gainbehera: edertzat izana du bere burua beti, edertasun horren bitartez eraiki du bere identitatea are, eta oraindik zeharo zimeltzen hasteko urte batzuk falta zaizkion arren, zimeldu ere zimelduko delako (eta beraz bere identitatea galduko duelako) estreinako seinalea kolpe latz zaio.

Pertsonaia gogoangarriak sortu zituen Rodriguezek. Modu gogoangarrian sortu zituen pertsonaiak Rodriguezek. Tartean, Ane Basaberen gainbeheraren konfirmazioa: Jon Somoza. Txikitan ikaskide izandakoa, Anerekin betidanik maitemindua. Hitz gupidagabe ugari erabil genitzake Jon Somoza deskribatzeko, eta, hala ere, ipuineko ekintzak eta elkarrizketak puskaz eraginkorragoak dira zeregin horretan. Jon Somoza da pertsona bat zintzilik daramana oraindik jaunartzean oparitu zioten urrezko katetxoa (Jon Somozak diametro txikiagoko lepoa zeukan garairako egina); Jon Somozak gordea dauka oraindik haurrak zirenean Ane Basabek estutxean edukitzen zuen eta Jon Somozak lapurtu zion esne-hortza; Jon Somozak bi ideograma ditu bularrean tatuatuta: Jon eta June seme-alaben izenak, japonieraz; Jon Somozak herri-kirolari hatzak ditu.

Jon Somozak eta Ane Basabek, ipuinaren amaieran, topeka egin dute apur batean (amabirjinak, berriz, diapasoiaren lanak beti ditu Ane Basaberen lepauztaiaren aurka). Eta ez al da literaturaren funtzioetako bat gure errealitatea zehatzago islatzeko tresnak ematea? Zenbatek ez ote dugu orain pentsatuko, txortaldi miserable baten ostean, topeka arituak garela?]]>
<![CDATA[Hiztegi bat norberarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/033/001/2017-03-09/hiztegi_bat_norberarena.htm Thu, 09 Mar 2017 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1938/033/001/2017-03-09/hiztegi_bat_norberarena.htm Hitzen Ondoeza liburuaren hasieran, eta, hain zuzen, horixe dakarkio irakurleari Sarrionandiaren liburu horrek atariko aipuaren ostean: 400 orri bete termino eta definizio, autorearenak propio.

Azken plazeretako bat ote den ez dakit, hala ere, ondo ulertzen dut zer dela-eta zaion idazleari erakargarri egunerokoan darabiltzagun hitz maiz higatuak bere ikuspegitik biziberritzeko aukera, zer dela-eta nahiko lukeen idatzi edozeinek, egia esan, hiztegi bat norberarena. Zuk zeuk zehaztuz gero hitzek zer esan nahi duten, zuk zeuk taxutuko baituzu zeure ingurua, zuk zeuk markatuko joko arauak (metafora higatuez ari garela).

Bata dela, bestea dela, statu quo-a eroso ez bazaizu, are inportanteagoa zaizu esanahiak zaintzeko langintza hau, diskurtsoa zeuk eraikitzea eta ez ordea beti ibiltzea bestek zutaz dioena, errealitateaz dioena, ezeztatzen. Sarrionandiaren hiztegi honek, gainera, badu abiapuntuan halako zerbait, hitzak ondoezik daudela iradokitzen du eta, ele eriekin gabiltzala, eta esango nuke saiatzen dela antidotoren batzuk ematen, batzuetan labur eta hertsiki definizio emaile, beste batzuetan, berriz, istorio-historien bidez. Adibide bat aipatzearren, karaktere askorik erabili gabe eta sekula agortuko ez den gaiaren bueltan, honako hau esan zuen bakeaz iurretarrak, orain dela ia hogei urte: bakezale asko daudela bai, baina bakegile gutxi.

Idazle euskalduna ez ezik, idazle emaztekoia ere lotu zitzaion noizbait eta buru-belarri ariketari: Monique Wittigek maitale emakumeentzako hiztegi bat zirriborratu zuen 1976an, Sande Zeig amorantearekin lau eskutara gainera, eta Grasset argitaletxearen eskutik kaleratu (Brouillon pour un dictionnaire des amantes).

Baina ez dakit ezagutzen ote duzuen Wittig. Fikzioan abiatu zen haren ibilbidea, ospez abiatu ere: 1963an argitaratu zuen lehen eleberria, L'opoponax, eta Medicis saria jaso hari esker. Besteak beste, maisu-lantzat jo zuen Marguerite Durasek. Beste bi eleberri argitaratu zituen ondoren, eta, hala ere, zer diren gauzak, saiakera-bilduma baten ondorioz (The straight mind) ezagutu genuen askok, eta gogoan gorde. Jakin-mina pizteko modukoa da, inondik ere, Wittigek artikuluetako batean dioena, lesbianak ez direla emakume, alajaina. Kategoria politikoak baitira emakumea eta gizona Wittigen arabera, eta, beraz, bizia gizonaren arabera eta mende antolatzen duen hori baino ez da izango andrazko.

Saiakera-bildumako ideiak, noski, ez zitzaizkion hutsean sortu, sumatzekoak ziren horien izpiak aurreko literatur lanetan ere. Esaldi polemiko horretako subjektu lirateke Les guérrillères eleberriko protagonista borrokalariak eta, jakina, harira etorrita, hiztegi-zirriborroko maitaleak ere, halako mundu utopiko batean bizi baitira, maitaleen mundu eder batean, toki batean non geure mintzoko hitz arruntek guztiz bestelako zerbait esan nahi duten.

Adibidez, mundu horretan badaude halako zulo batzuk, nagiaren zuloak: hondarrean hondeatuz egiten dira, eta bi maitale edo gehiago bizi ohi dira bertan. Toki egokia dira nagia jorratzeko, eguzkiak jotzen duenean eta itsasoari soinua eta usaina darionean.

Adibidez, maitaleek badute obulurik, baina ez dituzte zehatz-mehatz geuk bezala erabiltzen: maitale ugari dira obuluen zale, hilekoen garaian jaten baitira. Arraroak direnez, banaka jaten dira, gozamen handiz.

Adibidez, bada erreginarik ere maitaleenean, ez dira ordea geurean titulu hori daukatenen modukoak: antzinako amazonen artean erregina esaten zitzaion, bolada batez edo luzaroan, eskualdeko edo tribuko gerlaririk ausartenari. Amazonen artean beti zeuden bi erregina aldi berean, bi erregina kide. Elkarren maitale ziren, eta elkarren alboan egiten zuten borroka.]]>
<![CDATA[Bi aldiz hobea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/031/001/2017-02-16/bi_aldiz_hobea.htm Thu, 16 Feb 2017 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1912/031/001/2017-02-16/bi_aldiz_hobea.htm Swing Time; begira, bestela, liburuaren hasierako idazpurua: erritmoa nola aldatu, halaxe aldatu dantza (Hausa herriko esaera). Ez hori bakarrik: izenik gabeko narratzaileak, haurtzaroan, balleteko eskolan ezagutzen du Tracey lagun mina, eta, helduaroan, berriz, Aimee musika-izar eta dantzariari (halako Madonna bat) eskaintzen dizkio bere lanorduak eta kezkak.

Eleberritik kanpo ere jorratu du gaia autoreak. 2016ko urriaren 29an artikulu bat argitaratu zuen The Guardian egunkarian, What Beyoncé Taught Me (Beyoncék irakatsi zidana), eta bertan adierazi Martha Graham koreografialariaren biografian irakurri zuela sekula aditu duen idazketa-aholku sendoenetako bat. Bai, Smithek badaki, harrigarria gerta daiteke: zer ikas dezake bada hitzaren arteak hitzik behar ez duen artetik? Bada, hamaika gauza erritmoaz, jarreraz eta estiloaz.

Hainbat dantzariren dantzak konparatzen ditu Smithek. Binaka. Aztertzen du nola heltzen dioten batak eta besteak dantzari, eta haien antzeko erritmoan idazten duten autoreak ekartzen festara. Adibidez: Fred Astaire (dantzari aristokrata, mugimendurik zailenak ere dotore egiten dituena, horretarako esfortzurik behar ez balitz bezala, lurzoruaren gainetik flotatzen duena, nolabait) vs Gene Kelly (dantzari proletarioa, agerian uzten duena egiten duen mugimendu bakoitzaren lana, zama, izerdia; lur puska jakin bati beti kateatua dagoena, kale-kantoi bati). Idazleetara etorrita, Nabokov litzateke aristokrata, hizkuntza hertsiki literario eta poetikoaren zaindari zorrotza, eta Beckett, berriz, proletarioa, ahalik eta gehien hurbildu nahi duena jendeak benetan hitz egiten duen modura, ahozkora.

Materialaren aldetik merkeak direla: hara hor, Smithen arabera, dantzaren eta idazketaren arteko beste antzekotasun bat. Aski baitira lau txanpon, Virginia Woolfek esan zuenez, Shakespeare-ren antzezlan guztiak idazteko adina paper erosteko (Audre Lordek, 1980an, beste buelta bat eman zion Woolfen esaldiari: eleberriak idazteko denbora ere behar da erruz, paper eta boligrafoaz edo ordenagailuaz gainera, emakume langile eta beltzek horregatik jo dute sarri poesiara). Dantza egiteko, berriz, gorputza da premiazko, eta ez besterik (Esther Ferrer artistak bere gorputza aski zaion performance soilak ditu maiteen). Halaxe, familia pobreen seme-alaba dira dantzari bikain asko. Dantzari beltzen kasuan, dio Smithek, arraza ordezkatzeko presioaren zama daramate dantzariek (idazleek) gainera sorbaldetan.

Harold eta Fayard Nicholas anaiek, adibidez. Biak ekinean ikusi eta berehala ei zetorkion Smithi gogora hamaikak aditu duten aholku gurasotiarra: izan besteak (zuriak) baino bi aldiz hobea, izan ukaezina. Halakoak ziren Nicholastarrak, agerikoak, beste inor baino batek daki zenbat aldiz hobeak; onenak. Eta, hala ere, AEBetako hegoaldeko milaka ikus-entzulek ez zituzten sekula ikusi, izan ere, haiek agertzen ziren filmetako pusketak nahita grabatzen ziren halako gisan, ezen ez baitziren ezinbestekoak filmaren hariari jarraitzeko, eta, ondorioz, biak dantzan agertzen ziren eszena guztiak motz zitezkeen, aretoaren arabera.

Bi-biak bikainak bai, baina aldea ikusten du Smithek hala ere bien artean: Fayard guztiz dago egokitasunarekin kezkatua, beltzak ordezkatzeko lan ezinezko eta zapaltzaile horrekin; Nicholas, ordea, egoki ez ezik gozamenez dabil dantzan.

Londres ipar-mendebaldeko Willesden auzo langilean jaio zen Smith, babes ofizialeko etxeetan hazi, eta Cambridgen ikasi zuen: hari ere ondo baino hobeto iltzatu zioten gogoan besteak baino bi aldiz hobea izateko behar hura. Hitzaldi batean azaldu zuen unibertsitatean ikasi zuela orain ahotan zerabilen ingelesa, haurtzaroan beste bat zelako berea, auzokoa, eta jakintzaren tenplura iritsita, sinetsi zuelako txikitako hark ez zuela balio ikasgela jantzietan aritzeko. Garai batean, gai izan omen zen elebidun izateko, kalekoa eta liburuetakoa aise uztartzeko, non han, non hemen, baina galdu egin zuela trebezia gero, eta ez zitzaiola geratu Cambridgeko ingeles findua baino (erreginarena).

Damu zaio Smithi galera. Argi dauka orain, aukeratu behar izatekotan, nahiago lukeela gozamena egokitasuna baino. Norbere izerdiaren gozoa, besteren balizko txaloak baino.]]>
<![CDATA[Distopiarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1916/033/001/2017-01-26/distopiarena.htm Thu, 26 Jan 2017 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1916/033/001/2017-01-26/distopiarena.htm 1984!; Bai mundu berria!; Fahrenheit 451! Hirurak aipatuko zenituzke, elkarren segidan, araba-gipuzkoa-bizkaia ala lapurdi-baxenafarre-zuberoa dioenak nola; edo, akaso, hiruretatik bat bakarra baino ez zenuke oroituko, ala bat ere ez, izuak jota.

(Jarraitu aurretik, pozbidea emango dizuet froga beldurgarri baten aurrean ez baizik eta nonbait eserita hau irakurtzen ari zaretenei: hiru liburuak daude euskaraz, Oskar Aranak itzuli zuen George Orwellena, Xabier Amurizak Aldous Huxleyrena eta Nagore Tolosak Ray Bradburyrena).

Ez naiz ni ordea inongo santutegiren jabe, ez eta jagole ere. Are gehiago, aipatu dizuedan ataka zail horretan aurkituko banintz, neuri ere izenburu horiexek etorriko litzaizkidake berehala gogora, nahiz eta, bai, irakurri ditudan gehiago, irakurri ditudan beste batzuk. Beraz, hurrengo larrialdian derrigor kanonikoetara jo behar ez izateko, eta, batez ere, irakurraldi gozagarri direlako, beste autore baten izena bat ekarri nahi dut hona: Margaret Atwood da bera, kanadarra, ingelesduna, hamaika eleberri, ipuin-bilduma, poema-liburu eta antzezlanen egilea, Nobela eskuratzeko hautagai betierekoa.

1985ean argitaratu zuen Atwoodek The Handmaid's Tale (Neskamearen Ipuina). Etorkizun hurbilean gaude, garai bateko Ingalaterra Berrian, AEBetako Gobernuari grazia-kolpea eman eta diktadura militar teokratiko (kristau) bat ezarri baitute Gilead errepublikako agintariek. Gauza asko mozten eta murrizten dira, baina, besteak beste, emakumeen egoera aldatzen da errotik (eskubideak oro galtzen dituzte, baita irakurtzekoa ere), eta berdin errotik aldatzen da umeak ekoizteko modua. Hain zuzen, izenburuko neskame horien ardura da haurdun geratzea eta geroko gehienak egitea. Egiatan, hori da neskameen ardura bakarra; horregatik gorde dituzte, kutsadura handiaren eta sexu bidez transmititzen diren gaitzen ondorioz gero eta gutxiago baitira umetoki osasuntsuak. Neskameek, beraz, halako elitezko batailoi bat osatzen dute, eta eliteko senar-emazteen umeez erditzen dira.

2016an argitaratu zuen Atwoodek The heart goes last (Azkena, bihotza). Etorkizun hurbilean gaude berriro, AEBetan berriro, nahiz eta ez dakigun zehazki non; noiz, berriz, gaur bertan izan liteke, bihar, ez baita egon tupusteko estatu-kolperik, edo natur hondamendirik edo zonbi inbasiorik. Hiri zeharo pobretu batean gaude, itzelezko langabezia-tasa daukana, noizbait ere industria oparoaren jabea baina azken hamarkadetan hondoa gogor joa. Egoera, beraz, aise irudika dezakegu: toki askotan gertatu da, toki askotan gertatuko da. Distopia gero dator, kapitalismoaren ondorio latzenei eskainitako irtenbide berrian. Guk, hasieratik, senar-emazte protagonistekin dauzkagu buru-bihotzak: auto batean bizi dira harik eta tabernako telebistako iragarki batean salbatzailea agertu arte. Positron hiria. Hiri bikoitza da, bi hirik osatutako hiri bakarra, edo, zehatzago, hiriak eta kartzelak osatutako konglomeratua. Bikoitzak dira, era berean, bertako hiritarrak, bi hiritarrek osatutako hiritar bakarra, edo, zehatzago esanda: hiritarra eta presoa gorputz batean. Hilabetez zara bata, hilabetez bestea. Hiritar bakoitzak badu bere bikia: hiritar zaren hiletan, preso dago hura, eta zu zaude espetxean hura hirian dagoenean. Hiri-proiektua antolatu dutenen esanetan, bi txori akabatuko dituzte mugimendu bakarrarekin: langabezia eta kartzelen auzia.

Bi liburuetan, istorioa areago korapilatzen da gero, baina ez da nire asmoa irakurtzeko plazerra zapuztea zuei. Are gehiago, zutabe honen zaindarietako bat besterik ez bainaiz, ia-ia ahaztu zait kontatzea zergatik ekin diodan honi, zergatik iruditzen zaizkidan distopiak hain suspergarri. Akaso gogoan izango duzue Black Mirror telesaila, atal bakoitzaren ostean nola geratzen zaren pentsatzen aurkeztu zaizkizun egoeretan, horrantz al goazen benetan. Hain iruditzen zaizu dena bihar bertan gertagarri. Atwooden distopiak irakurrita halako zerbait sentitzen dut, galdezka hasten naiz: zeinenak dira gure gorputzak, zer da kartzela, zer da askatasuna, non erratu ginen, zer egingo dugu orain.]]>
<![CDATA[Gerta dakizukeen okerrena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/025/001/2017-01-05/gerta_dakizukeen_okerrena.htm Thu, 05 Jan 2017 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/025/001/2017-01-05/gerta_dakizukeen_okerrena.htm
Zer da, zuri, emakume, gerta dakizukeen okerrena? Hil zaitzatela? Ala, etxera bidean zoazela, parke zertxobait ilun bat gurutzatzea etorbide argiztatutik joan beharrean (etorbide argiztatutik joanez gero hamar minutu gehiago tardatuko dituzulako eta gustuko duzulako begiratzea nola islatzen den ilargiaren argi aztia lakuan), etxera bidean zoazela, beraz, parke zertxobait ilun hori gurutzatzea, eta hantxe topo egitea bost, sei, zazpi gizon gazterekin, aurrera egin nahi izatea beren txistu eta irain eta barre eta zakarkeriei entzungor eginda, baina gehiago direnez haiek zu harrapatzea, haiek zu eramatea, herrestan, egurrezko txabola abandonatu erdi-usteldura, garai batean laku garbiagoan nabigatzen ziren txalupen gordeleku, haiek zu hara eramatea eta arropa apurtzea eta bata bestearen atzetik sartzea zakila, alutik eta ipurditik eta ahotik, kolpeka etengabe, iletik tiraka, eta han uztea zu, konorterik gabe eta kaskezurra hauts, arnasa xuxurla, odola sudurrean bor-bor, pentsatu baitute hilda zeundela honezkero?

Uztailaren laua dugu, AEBetan independentzia lortu izana ospatzen duten eguna, XX. mendeko azken hamarkada edo XXI. mendeko lehena, Niagara Falls hirian gaude, eta horixe gertatu zaio, zehatz-mehatz, Teena Maguireri, Joyce Carol Oatesen Rape: A Love Story [Bortxaketa: amodio istorio bat] eleberriko protagonistari. Sinetsidazue, egun batzuk geroago ospitalean esnatzen denean, bendaz josita, eguzkiaren argiari ezin aurre eginda, lehen baino motelago hizketan eta pentsatzen, Maguirek heriotza hautatuko luke bortxaketa baino nahiago. Halaxe dio, behintzat, liburuak. Maguirek bizirik jarraitzen du, ordea, Maguire ez baitzegoen bakarrik gau hartan, baizik eta alabarekin, 12 urteko alabarekin, zeina txiripaz libratu baitzen (soilik ostia batzuk, besoa apurtuta, baina hura ez zuten bortxatu). Maguirerekin zegoen alaba eta alabak ez zuen nahi ama hil zedin; laguntza eskatu zuen bortxatzaileak urrundu bezain laster. Orduantxe hasten da Maguireren bigarren infernua. Nahiago hil, badiotsuet.

Oatesek bikain irudikatzen du bortxaketak salatzeko ausardia duten emakumeek eta haren ingurukoek (kasu honetan alaba lekukoa da gainera epaiketan) sarri eskupeko gisa jasan behar duten sufrikarioa, prentsako titular sentsazionalistak: edan duzunari jantzita zeneramanari hartu zenuen bideari zeure senarra hil zenetik izan dituzun mutil-lagun kopuruari buruzko komentarioak. Mehatxuak, margo beltzez, etxeko atarian. Zeure hitza zalantzan jartzea (nahiz eta akusatuen semena aurkitu, suelto, zeure alu birrinduan). Zeuri egoztea, finean, errua.

Harrapatzen zaitu idazleak. Eramaten zaitu gogoan dituzun emakume-izen horietara, bart irakurri zenuen albistera, zeinean bortxaketa jasan zuen emakume baten mugikorreko mezuak haizatzen baitziren, bost gizasemek hura bortxatu izana zuritu nahian, itxura betean. Ulertu dezakezu zergatik ez duten kontatzen batzuek, hainbat urte pasa arte, edo sekula ere ez, beste batzuek. Galdetzen diozu zeure buruari zer egingo zenukeen zuk zeuri gertatuz gero, zeure lagunari, ahizpari, egunero hain jator agurtzen zaituen auzoari. Gizartean zenbat eta kontzientzia handiagoa, hobe, bai, baina gertatzen bada?; zenbat eta prestatuago egon, hobe, noski, baina gertatzen bada?; zenbat eta gorpuztuago eduki autodefentsa hobe, jakina, baina gertatzen bada, hala eta guztiz ere, gertatzen bada, bazaizu, bazaio?

Zorionez, fikzioan ez duzu zertan bizi bizitza hau, guraize handi batzuk erabili gabe (Oatesen beste esaldi bat makulu hartuta), eta eleberrian, azkenean, banan-banan doaz bortxatzaileak erortzen, esku ikusezin batek bultzatuta bezala: batek bere buruaz beste egiten du, beste bat tiroz hiltzen du zerbitzuz kanpo zegoen polizia batek, bik, ustez, Kanadara egiten dute ihes, baina ez dira sekula itzuliko. Ez da amaitzen Maguireren bizitza. Lortzen du, azkenean, aurrera segitzea, irribarre egitea berriz. Akaso errazagoa da dena liburuetan, baina Oatesek mezu argia bidaltzen digu bizi dugun bizitza honetarako ere: literatur baliabiderik gabe igual, baina erantzungo diegu erasoei.]]>
<![CDATA[Urte berrirako gurariak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2016-12-15/urte_berrirako_gurariak.htm Thu, 15 Dec 2016 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2016-12-15/urte_berrirako_gurariak.htm
2.- Gogotik irakurtzen dutenekin liburuei buruzkoak komentatzen hasi eta haiek orotarikoak azaldu: ez dutela letzen itzulpenik (euskarazkoak, noski, horiek bakarrik baitira itzulpen), edo poesiarik, edo saiakerarik, edo komikirik, edo ipuinik, edo zuzenean ez dutela letzen euskaraz. (Horiek, hala ere, hautu —esan diezaiegun— kontzienteak dira, harrotzekotzat jo ez baina behintzat ezagutzen eta aitortzen ditugun mania pertsonalak. Aldez aurretik galbahea estutua dago bestela ere, gugana iristerako, eta inkontzienteki irakurtzen ditugu batarenak besterenak baino gehiago, hizkuntza batekoak besteetakoak baino gehiago, gai batzuei buruzkoak maizago).

3.- Googleri galdetu eta hark bi erantzun intereseko eman: 2012aren hondarrean, Lilit Marcusek erabaki zuen emakumeek idatzitako liburuak baizik ez zituela irakurriko urte berrian; Sunili Govinnagek, berriz, hogeita bost eleberri irakurri zituen 2014an, eta ez ausaz aukeratuak. Aurreko urtean erronka jo zion bere buruari: baietz jende ez-zuriak idatzitako lanak baino ez eraman mesanotxera! Biek ere, kasuan kasuko urtea pasatuta, esperimentuari esker ikasitakoei buruz idatzi zuten.

Eta bat etorri: poztu ziren hautuaz. Nahiz eta, hasieran batean, lagun zein etsaiek leporatu beren aukerak murrizten ari zirela, zentzurik gabe, guztiz kontrakoa uste dute hala Marcusek nola Govinnagek.

Marcus: «Zerrenda horren ondorioz, besteak beste, munduari begiratzeko neukan modua aldatu zen, oso modu sotilean. Hasieran, poliki gertatu zen, baina hainbat emakumeren ikusmoldeetara hurbildu ostean, arreta handiagoa ipintzen hasi nintzaien nire inguruko andreen bizitzei (...). Eta zenbat eta gehiago ohartu gure inguruko bidegabekeria txikiez eta eguneroko tragedia ñimiñoez, orduan eta pertsona hobeak gara. Emakumeen ahotsak irakurtzen nituenez, ozenago aditzen nituen haiek nire egunerokoan. Gure kulturan gero eta gehiago hauspotzen da emakumeek ere hitz egitea, baina oraindik ez dugu aski egiten haiek diotena aditzeko».

Govinnage: «Irakurtzen nuena kontzienteki hautatuta, ez nuen nire burua mugatu, baizik eta hainbat liburu ezagutu, osterantzean inolaz ere ezagutuko ez nituzkeenak (...) Iruditzen zait erabaki honi esker konturatu nintzela benetan zer zuria zen nire irakurketen mundua (...) Mantso baina seguru, mundua ohartzen ari da ezen arteetako eta entretenimendu-industriako 'meritokrazia' fikziozkoa dela, Westeros bezain fikziozkoa [Tronuen dema sagako kokalekuren bat ei da Westeros, Googleri galdetu diot hori ere]. Hala ere, argitalpen-munduari datxezkion aurreiritziak egiazkoak dira (...) Pozten naiz, zinez, gai izan naizelako neure irakur-zerrenda zabaltzeko, iazko hautu arretatsuak direla medio. Beren zeruertz literarioak zabaltze aldera halako ahalegina egiten dutenek neuk bezain sorpresa atseginak hartuko dituztelakoan nago».

4.- Niri ere sarri esaten dit, ipuinik letzen ez zuela noizbait aitortu zidan irakurle horrexek berorrek, ez zuela sekula pentsatuko, baina, alajaina, otsaileko saiorako programatu nuela halako eta halako, eta azkenean, engantxatu egin dela, gustatu ere gustatu zaiola, aizu.

5.- Amaitzeko, azken-puntua; aurreikusgarria honezkero. Erronka bat: buruz bada ere errepasa dezazuela zer liburu irakurri duzuen azken urtean, azken bi urtean, azken hilabeteotan. Zerrendatzea eta sailkatzea liburu horiek denak, hainbat irizpideren arabera: idazleen generoa, liburuena, jatorrizko hizkuntza, argitalpen-data, nahi duzuena. Ohartzea. Pentsatzea zer hutsuneri deritzozuen bereziki ageriko, bereziki mingarri. Osatzea kontra-zerrenda bat. (Neuk, nobela gutxiago, puskaz gutxiago; neuk, argitalpen berririk ez, harik eta besaulki ondoan pilatu dudan aspalditik-irakurri-nahi-ditudanen-sortatxoa amaitu arte). Bi mila eta hemezortzian izango dugu elkarren berri.]]>
<![CDATA[Ikuskizunarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/032/001/2016-11-24/ikuskizunarena.htm Thu, 24 Nov 2016 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1912/032/001/2016-11-24/ikuskizunarena.htm
Bigarrenaren istorioa ondo ezagutzen duzue, halaxe uste dut, bolo-bolo ibiltzen dira espetxeko haren ihesari buruzkoak, hark idatzitako liburuei buruzkoak haren jaioterriaren inguruan, Durangon, halako urte-sasoietan, eta bestela ere, bolo-bolo beste hamaika txokotan, zenbat kantu eta erreferentzia. Boloago asteon, gainera, iritsi delako azkenean gaur egungo argazkia.

Twitterren irakurri nuen zapatu arratsaldean: «BERRIAk, beste hedabide batzuekin batera, gauerditik aurrera argitaratuko du Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa eta argazki gaurkotua». Bertsioak eta bertxioak, mordoxka. Gauerdian ez, baizik eta domeka goizean ikusi nuen neuk, ordea. Esnatu eta Twitterra begiratu berriro. Alboan neukanari galdetu nion: ez al hago urduri, aldatzear dun zerbait, gure mitologia. Bilatu gabe agertu zitzaidan irudia. Artean jaio gabeak gintunan biok Euskal Herritik ospa egin zuenean.

Erreparatu nion erretratuari azkenean, berandu baino lehen, bai eta egunkaria erosi ere, gero, eta egunkari honetan bertan argitaratu ziren analisiekin bat etorri. Ainhoa Oiartzabalek: «Irudia ikustearekin batera konturatu gara ez dela haren obraren bidez edota ahots grabazioen bidez irudikatzen genuen hura. Bera ere norbanako arrunta dela jabetu gara. Normal-normala». Iñigo Astizek: «Badago argazki berri horretan etorkizun izpi bat ikusterik ere. Argazki horrek adierazten du aurrerantzean normalduz joango dela euskal idazle nagusietariko baten egoera. (...) Irudi horrek mitotik berreskuratzen du pertsona».

Nik neuk behar nuen mitotik berreskuratzea pertsona, utzi ziezaiola mito izateari eta bihurtu izkiriatzaile. Hain justu ere, alboan neukanari komentatu nion Hitzen ondoeza-ri buruz idaztekoa nintzela zutabe hau, izugarri maite baitut, eta hori esateaz bat burua etorri zitzaidanean koadrodun alkandorako gizasemea, pentsatu nuen aldatua zela honezkero zerbait, izugarri maite dudala oraindik hiztegi hori, baina horixe dela, horixe baino ez eta hori guztia aldi berean: izugarri maite dudan orri-sorta oso iradokitzaile bat. Aiseago, parez pareago mintzatuko natzaiela haren lanei orain.

Irakurri nuen azkenik elkarrizketa. Sarrionandiak berak aipatzen du bisaia publiko berria: «Aterako didazun argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea, ez dezatela esan ez dagoela nire argazkirik eta kito, ea lan egiten uzten didaten». Horrek eraman ninduen hausnarketara, eta bigarren iruditegi osatugabea ekarri gogora, Elena Ferranterena, hain zuzen.

Ez dakit hain ondo ezagutzen ote duzuen hori. Irakurri, behintzat, irakur ditzakezue autore italiarraren zenbait eleberri, Igelak argitaratu ditu haren tetralogia ezaguneko liburu bi, hirugarrena berehalaxe dator eta laugarrena aurki. Ferrantek ere, Sarrionandiak bezala, azkenean ordaindu behar izan dio espektakuluaren gizarteari zorra, derrigorrean eta gogoz kontra ordaindu, gainera.

Ferranteren eleberrien berri zabaldu zenean, literatur lanek adina piztu zuen arreta identitate ezkutuak: autoreak ez zuen irudirik eman, eta izena ere, ezizen. Ezezagutza horretaz ari, maiz aditu ditut adituak esaten ez zekitela Ferrante emakumea ala gizona ote zen, misteriorik handiena horixe zelakoan. Mundu-mailako arrakasta erdietsita, gure garai ikusgarriotan, areagotu zen jakina jakin-mina eta batzuek ezin jasan aurpegi eta izen ofizialaren (xerkagarriaren) falta. Eskerrak detektibetza setatsuari, kazetari batek eman digu argia, zergei jarraika, eta esan itzultzaile italiar ezagun bat dela Ferrante, egiatan (emakumea, bide batez).

Nik neuk ez nuen behar itzaletik argira ateratzea Ferrante, irakurri dizkiodan bi eleberriek pareko zirrara eragin didate, zirrara handia, neure apeta pertsonalei eta eleberrien gaiei legozkiekeen kontuak gorabehera.

Bi idazle, bi iruditegi protesidun. Eta ikuskizunaren gizarteari buruzko galderak beti hor, temati. Kazetari batek kontatu dit orain gutxi, sare sozialak direla-eta, handitu egin dela kazetarien proiekzio pertsonala, kazetariek eurek baliatu dutela arreta handiago hori, baina kezka-iturri zaiola gaia, haien lana ahazten dela, dinamika arriskutsuak sortzen (maitasuna eta gorrotoa; lehenik jainkotu, ondoren kolpean jaitsi aldaretik). Idazleen proiekzioa ere handitu da, bilatu bestela Googlen laupabost izen, eta ni ere arduratzen nau gaiak, zer-nolako zergak ordaintzen ari ote garen, ba ote dakigun zergak ordaintzen ari garenik ere, noren mesedetan eta zeinen kaltetan, zenbateraino den gure presentzia publikoa gure lanaren parte, zer eman nahi dugun eta zer ez, guri zeinek ez digun uzten bakean lan egiten, nola kudeatu hori guztia. Pentsatu, behintzat. Idatzi, behinik behin.]]>
<![CDATA[Zertarako]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2445/025/001/2016-11-03/zertarako.htm Thu, 03 Nov 2016 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/2445/025/001/2016-11-03/zertarako.htm
(Zergatia, gainera, erraz erantzutekoa da: begira nola dagoen mundua, begira nola dagoen herria, hamaika arrazoi badaude honezkero).

Eta demagun, adibidez, galdetzen dizutela zergatik idazten ote duzun, eta hortxe hasten zarela hitz eta pitz, zeure solasaren kadentzian hordituta, tar eta mar eta kar, harik eta haria apur bat galdu, zeure onera itzuli, eta galdera egin dizunari benetan begiratzen diozun arte berriro, bere so apur bat galduari: nola-demontre-transkribatu-eta-editatu-behar-dut-nik-hau-orain. Ezin ahaztu, bestalde, zergatiak gure barneko piztia defentsiboa esnatzen duela aurrena: eta zergatik ez? Zertarakoa, berriz, bada zerbait zehatzagoa, eskuan kabitzen zaizu seguru asko. Oteizaren sumin erromatarrari tiraka («¿dónde está el hombre?»), ondorioztatuko nuke, beraz, zergatiak baino, zertarakoak eman diezadakeela doiago neure andre eta, ondorioz, giza neurria.

Lehenago ere hausnartu dute hainbat autorek honen bueltan, neuri hemen interesatzen zaidan norabidean, gutxi gorabehera. Angelica Liddellek, adibidez, hauxe zioen antzerki-bakarrizketa batean: «Obra horiek guztiak gabe ere egin dezake munduak aurrera. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere lagun hurkoa hil. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gose izan, nire nebaren besoari haginka egiteko bezain gose. Autore garrantzitsu baten lana irakur dezaket eta halere gizondu ez. Lan garrantzitsu bat idatz dezaket eta gizon bidegabea izan. Humanismoa zaborra da. Artea zaborra da. Pertsona baten ondorioak dira pertsona baten alderdirik garrantzitsuena. Zer ondorio dakarzkiote autore garrantzitsuek giza oinazeari?».

Hitzaldi batean, gero: «Munduak min egiten digu, ahultzen gaitu, eta pentsatzen dugu: zer da fikzioaren kaka hori?; dirurik ematen ez diodalako goizero iraintzen nauen gizon hori, gizon kirasdun hori, zikina, ia itsua, metroko gizon hori (…), hiltzen ari da eta neu nazkagarri sentitzen naiz dezentziaren espaloian aurrera noala: zergatik hautatu dut dezentziaren bidea? zertarako nahi dut ezer idatzi, gizon usain txarreko horrek ez badu sekula irakurriko?, zer arraio axola zaio zorigaiztoko horri hitza eta hitzaren azalpena eta hitza eta eszena eta eszenari buruzko eztabaida madarikatua?».

Eta Rafeef Ziadahk, Dublinen, iragan maiatzeko emanaldi batean: «Nire hitzak gai balira hau gelditzeko, Gazako haur guztien oinetan ipiniko nituzke». Gai balira. Ez baitira. Ez behintzat horrela, berehala, ondorioak igartzeko moduan. Ez behintzat erabaki politiko jakin batzuk adina.

Baina hau ez da lantu ezkor bat. Hau ez da azken batean hitza alferrikakoa dela esateko purrustada. Angelica Liddellen hitzaldia ez zen bi paragrafo gorago ipini dizuedan moduan ixten, aurrera jarraitzen zuen, eta autoreak aitortzen laster asko idazten zuela berriro, egunero idatzi ere, trakets aritu arren, erdipurdiko, eta hitzaren mina pairatu. Ziadah ere nekaezin dabil oholtzaz oholtza zabaltzen Gazako oinazearen berri.

Galdera (gakoa) ez litzateke, beraz, idatzi ala ez; ez behintzat niretzat. Nik nahi nuke topatu zertarako idatzi bat, izan daitekeena, era berean, nondik idatzi bat, eta, akaso, ez topatu erantzun firmerik, eta galderekin bueltaka ibili eta nahas-masa eta hauskortasuna onartu. Liddelli tiraka: «Ez daukat erantzun bakar bat ere. Sistema intelektualak berehalako erantzunak eskatzen ditu. Baina nik uste dut ez garela erantzunen esparruan jardun behar, baizik eta nahasmenduaren esparrua». Ez ote nauen bide deseroso, emankor eta ederragoetan barrena eramango.]]>
<![CDATA['Happy Ending']]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2016-10-13/happy_ending.htm Thu, 13 Oct 2016 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/024/001/2016-10-13/happy_ending.htm Carol-ekin, filma estreinatuta izan dudala estreina haren berri. Ezer esaten hasi aurretik esan dezadan eleberria irakurri dudala, bai, baina filma oraindik ikusi ez.

1952an kaleratu zuen misterioaren idazle aizto-zorrotzak nobela hori, ezizenez sinatua (Claire Morgan) eta bestelako izenburuz (The Price of Salt). Bi emakumeren arteko amodio-istorioa kontatzen du-eta, horrexegatik ezkutatu ei zen Highsmith, ez zezaten lesbianen idazletzat ez idazle lesbianatzat har, eta, ondorioz, mespretxa. Izan ere, bi urte lehenago argitaratua zuen Highsmithek bere opera prima, Strangers on a Train ezaguna, eta sekulako arrakasta bildu, eta aztarna luzea uzten hasi, AEBetako polizia-telesailek oraindik ere sarri erabiltzen duten argudioa asmatuta (krimen perfektua: erailketak trukatzea).

Eleberri kamuflatua plazaratu eta hogeita hamar urte luzera, bere izen-abizenez berrargitaratu zuen Highsmithek liburua, eta beste titulu bat jarri. Osterantzean, testua ez zen askorik aldatu (nik dakidala, ez zen batere aldatu); hala ere, hitzoste benetan jakingarri bat erantsi zion autoreak. 1952ko argitalpenari buruzkoak aipatzen ditu, eta, nagusiki, eleberriaren alderdi bat azpimarratzen, hots, ondo amaitzen dela: oztopoak oztopo, hala bazan ala ez bazan, elkarrekin geratzen direla Carol eta Therese protagonistak.

Ezin esan gaur egun izugarri ohikoa denik halako happy ending-ik topatzea eleberri, film, komiki eta, motzean esanda, kultur adierazpenetan, baldin eta horietako protagonista badira emakumeak atsegin dituzten emakumeak, gizonak atsegin dituzten gizonak eta, motzean esanda, bestelako orotariko desbideratuak (hasteko eta behin, halako jendeak agertzen diren lan publiko-guztientzakoak ugaritu beharko lirateke eta halako jendearen agerpen hutsak utzi beharko lioke izateari dena delako lanaren muin funtsezko eta bakar). Edonola den, Highsmithek dioenez, 1950eko hamarkadan are urriagoak ziren gisako amaiera zoriontsuak, puskaz urriagoak. Gehien-gehienetan, tragikoak behar zuten halako jendailen patuek, eta, Highsmithen beraren hitzetan, «pertsonaia nagusietako batek, eta sarritan biek, zainak ebaki behar zituen edo beren kabuz ito etxalde eder bateko igerilekuan». Bide batez, Highsmithek dio gizonak zirela protagonista gehien-gehienetan, eta derrigorrezko tragediari buruzko hipotesi bat jaurtitzen du: «Pertsonaia nagusietako batek deskubritu behar zuen bere ohiturak okerrak zirela eta zoritxarra ekarriko ziotela, eta etsi egin behar zuen, hartara... zer? Hartara liburua argitara zedin? Editoreak ziur jakin zezan inork ez zizkiola muturrak berotuko homosexualtasuna defendatzeagatik? Badirudi gazteei ohartarazi behar zitzaiela sexu bereko jendearenganako erakarmenaren arriskuez, gaur egun drogen arriskuaz ohartarazten zaien moduan. Amaiera aldatzeko eskatzen ote zieten sasoi hartako idazleei? Liburuetako batzuk irakurrita, halaxe dirudi».

Editoreak eta moral hertsiaren zaindari ilunak igual ez, baina jendea bazebilen amaiera zoriontsuen egarri. Eleberria kaleratu eta berehala gutunak iristen hasi zitzaizkion Highsmithi, dozenaka. Gutxi-asko, denek azaltzen zizkioten antzekoak, eta denek errepikatzen gauza bera: eskerrik asko. Eskerrik asko elkar maite duten sexu bereko bi pertsonari buruz idazteagatik, eskerrik asko haiek bizirik eta pozik iraunarazteagatik, eskerrik asko itxaropen-izpiagatik.

Ez dut ausaz hautatu zutabe honen izenburua eta ez dut ausaz ipini ingelesez, anglofilia-sukar gero eta hedatuagoak jota-edo. Topiko bat dugu honezkero happy ending-a, eta hitzez hitz amaiera zoriontsu esan nahi badu ere, hala kristalizatuta, esanahiak badakar ñabarduratxoren bat erantsia: amaiera zoriontsu zozo eta aurreikusgarriez ari garenean erabiltzen dugu batez ere; badu halako gutxiespenezko konnotazio bat-edo, bukaera biribil eta zorionekoa bat ez baletor bezala bizitzaren latzarekin.

Derrigorrean tragikoki amaitu behar duen jendeaz jardun nintzen orain hiru aste, eta horrexeri berari tiraka iritsi naiz amaiera zoriontsuetara. Literatura, errealitatearen berri emateko toki ez ezik, hots, gertatu gertatzen diren gauzen berri emateko leku ez ezik, bada, era berean, errealitatearen esparrua zabaltzeko gune ere, eta funtzio hori benetan da garrantzitsua, ez dezagun sinets gauzak horrela izan direnik beti, gauzek horrela izan behar dutenik betiko, eta segi dezagun bestelako munduak irudikatzen. Irudika eta mami dezagun, adibidez, desbideratuok pozik bizi gaitezkeela, ondo desbideratuta ere.]]>
<![CDATA[Tragediarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2016-09-22/tragediarena.htm Thu, 22 Sep 2016 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2016-09-22/tragediarena.htm
Chimamanda Ngozie Adichie nigeriarrari, lehenik, estereotipoen arriskuaz ari: «19 urte nituela, AEBetara joan nintzen, ikastera. Nire pisukide estatubatuarra aho bete hortz zegoen. Galdetu zidan ea nola ikasi nuen horren ondo ingelesa eta, Nigeriako hizkuntza ofiziala zela esan nionean, erabat nahastuta gelditu zen. Galdetu zidan ea nire musika tribala entzuterik zeukan eta, ondorioz, nahiko atsekabetu zen Mariah Careyren kasetea jarri nuenean. Uste zuen ez nekiela sukaldeko sua erabiltzen. Honexek harritu ninduen: nitaz errukitu zela, ni benetan ezagutu aurretik ere. Afrikarra nintzenez, nagusitasuna eta asmo onezko errukia izan zituen estreinako jarrera. Nire pisukideak Afrikari buruzko istorio bakarra ezagutzen zuen: hondamendiarena. Istorio bakar horretan ezinezkoa zen, erabat, afrikarrek bere antzik izatea, ezinezkoa errukia baino sentipen konplexuagorik sentitzea gure aldera, ezinezkoa pertsonen arteko harremanik egotea bion artean».

Binyavanga Wainaina keniarrari hurrengo, afrikarra izan gabe Afrikari buruz idazteko aholku-sorta zorrotzean: «Gai tabuak: egoera domestiko arruntak, afrikarren arteko maitasuna (heriotzarik ez badago), idazle edo pentsalari afrikarren aipuak, eskolara doazen umeak eta ez dutenak ez pian gaixotasunik, ez ebola sukarrik, ez sexu-organo mutilaturik. (...) Liburuan zehar pintzelada zabalak sartzea ona da. Pertsonaia afrikarrak ez daitezela agertu barre egiten, edo seme-alabak hezten saiatzen, edo besterik gabe baldintza mundutarretan aurrera egiten. (...) Pertsonaia afrikarrek koloretsuak, exotikoak eta bizitza baino handiagoak izan behar dute, baina barrutik hutsik egon: elkarrizketarik gabe, bere istorioetan gatazkarik edo konponbiderik gabe, kausa nahastu dezakeen sakontasunik edo xehetasunik gabe».

Susana Thenon argentinarrari, azkenik, antologiagileen irizpide apetatsuen bueltan, Iñigo Aranbarriren euskaran: «Zu zara / Susana Etabarra / poeta handia? / urte askotarako / Petrona Smith-Jones dut izena / irakasle laguntzaile naiz / Poughkeepsieko unibertsitatean / eta Argentinan nabil / Putifar Comisionek beka emanda / antologia bat egiteko / garapen bidean diren idazleena / garatuena eta menopausikoena / gauza jakina den arren Argentinan / idatzi zuten eta idatziko duten guztiak / hor direla 60ko belaunaldian / baita haurtzaindegian direnak ere / eta eta eta nola ez geriatrikoan direnak / baina benetan ardura duena / zure poesiatik eta inguruetatik / lanbide hori da —aaaa nola esaten da?— / irudibide eta indizibide hori / zer deritzozu ikonoari? / emakume guztiek darabilte ala / edo matxismo kontua ere bada / ze zuk ondo dakizu benetan / nik nahi dudana ez da idatz dezatela / baizik eta feministak izan daitezela / eta ahal bada alkoholikoak / eta ahal bada anorexikoak / eta ahal bada bortxatuak / eta ahal bada lesbianak / eta ahal bada oso oso dohakabeak / antologia demokratikoa da / baina mesedez ez iezadazu ekarri / ez osasuntsurik ez independenterik».

Halabeharrezko tragediaz gainera, sakonago joanda, kanpo-begiradaren auziak lotzen ditu hiru pasarteak, hiru autoreak: norberak azaldu baino, besteek zehazten baitute nolakoa behar duzun izan, nolakoa behar lukeen izan norbera lako norbaitek. Kanpotik eraikitzen zaituzte, alegia. Adichiek kontatua da, adibidez, bere eleberriko pertsonaiak ez zirela egiazki afrikarrak leporatu ziotela behin, nork eta unibertsitateko irakasle batek, estatubatuarra bera.

Kanpo-begirada, jakina, ez da edozein begirada; boteretsua behar du izan, ozen gailentzeko. Hiru testuen arteko beste puntu komun bat: inperio zahar, berri eta betikoek ezartzen dutela zer diren afrikarrak, zer diren emakumeak (dohakabeak, gizon zuriek salbatu beharrekoak). Are, haiek ezartzen dutela badela afrikarrik, badela emakumerik.

Kanpo-begirada, jakina, ez da edozein begirada, eta baditu bere zapalkuntza-tresnak: gehiegi erakusten ditu zenbait gauza; beste batzuk, ordea, isilpera kondenatu.

Letren oihartzunak belarrietan, badatoz galderak. Hitz egin ote daiteke bestearen izenean? Oihukatu ote dezake norberak bestearen ahotsa? Halako erokeria ote litzateke besteak azaltzen duena aditzea, eta ez besterik?]]>
<![CDATA[Maitasunari mehatxu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/017/002/2016-02-17/maitasunari_mehatxu.htm Wed, 17 Feb 2016 00:00:00 +0100 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/2093/017/002/2016-02-17/maitasunari_mehatxu.htm Crítica del pensamiento amoroso [Maitasun pentsamenduari kritika], Edicions Bellaterra etxearen eskutik. Bertan, bilketa-lana egin zuen, batik bat: batetik, hainbat pentsalariren ideiak ekarri zituen eta azaldu nola pentsatu den maitasuna, nola ulertzen dugun gaur egun, eta zer toki hartzen duen gure bizitzetan; bestetik, hainbat emakume eta gizoni egindako elkarrizketen bidez agerian uzten du zer-nolako talkak sortzen diren maitasun-diskurtsoaren eta maitasun-bizipenen artean. Eta, jakina, hitzaldian bezala liburuaren ere, gonbita luzatzen du Estebanek, maitasunari mehatxu egiteko, gaur ezagutzen eta ulertzen dugu moduan. Jarraian, hitzaldian aipatutako zenbait gako.

Maitasunen hierarkia: [...] Maitasun-formek, oro har, lau ezaugarri hauek betetzen dituztela uste du Estebanek: (maite dugunaren) idealizazioa, erotizazioa, maite dugunarekin intimitatea eraiki nahia eta harremanak irauteko nahia. [...] Gure jendartean bikotekidea dago hierarkiaren gailurrean, gertutik datorkio ama, eta askoz beranduago agertzen zaizkigu adiskideak edo auzoak. [...] Harremanen arteko horizontaltasuna, horren aldeko apustua egiten du Estebanek.[...] Kapitalismo eta maitasunaren arteko lotura komenigarria salatzen duten bi autore aipatu zituen. Eva Illouzek kontsumoarekin lotzen du maitasuna, eta bere esanetan bi norabidetako bidea da: batetik, emozioen bidez sustatzen da kontsumoa (iragarkiak oso erromantizatuta daude, bikoteak eta familiak ageri dira oso sarri). Bestetik, maitasun-harremanak zaintzeko beharrezkotzat jotzen da kontsumoa: afariak, oporraldiak…

Anna Jonnasdottir autoreak emakumeen eta gizonen arteko desoreka hartzen du hizpide. Maitasunaren aurrean ez dira berdin kokatzen, eta maitasuna tresna da emakumeen mendekotasuna ezartzeko[...] Nola mehatxatu maitasun-pentsamendua? Jorge Oteiza artistak enigmei buruz zioenari tiraka, Estebanek uste du maitasunaren diskurtso kritikoa lantzeko eta bestelako ereduak eraikitzeko beharrezkoa dela bertatik sartu-ateran ibiltzea: maitasuna bizitzea, baina baita horrekiko distantzia hartzea ere.

[...] Maitasuna garrantzitsuagotzat daukagu justizia edo elkartasuna baino, eta autorea ez dator bat sailkapen horrekin. [...] Zorion-postalek sarritan esaten digute: jende guztiak merezi du maitasuna. Ba ez. Jende guztiak merezi du ur garbia, baina jende guztiak ez du denbora guztian maitasuna merezi».]]>
<![CDATA[Otsoarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/015/002/2015-07-31/otsoarena.htm Fri, 31 Jul 2015 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1922/015/002/2015-07-31/otsoarena.htm
Esplikatu zizuneko garaia esplikatu zizunaren antonimo zuzena zela pentsatu izan duzu beti.

Edonola ere, geratu zitzaizun buruan ezinbestean iltzatuta, eta Otsoaren ordua filma bera, errezelo hutsez, oraindik ikusi ez duzun arren, kontzeptuarekiko interesa handitzen joan zen, eta gauza asko ulertu zenituen Bergmanen autobiografian irakurri zenuenean digestio-arazo larriak izaten zituela, eta baita, ondorioz, minak ere. Kostata batzen zuela begirik, hiruretatik lauretara bitartekoa izaten zuela tarte makurrena. Errutina txikietara jotzen omen zuen, metodikoki eta praktikoki: edari bero bat hartu, paseo labur bat egin, arnasaldiak zenbatu.

Erremediorik gabeko lotia eta jatun bikaina zaren horrek inertziaz pena-arrastoa sentitu baina laster asko gogoratu duzu batzuetan ateratzen zaituela barne-kolpe zorrotz batek eguneroko kontzientzia-galtze sakonetik, eta mugikorrak salatzean beranduegi eta goizegi dela, aldi berean, altxatu eta bestelako kontuez pentsatzen hasteko, hortxe geratzen zarela anabasa frenetikoari edo hutsune amaigabeari buelta eman ezinda, arreta desbideratzen lagunduko dizun haragirik ezin oratuta, bakarrik zaudelako maindire artean. Orduantxe sortzen zaizkizun galderekin bizitzeko modurik bilatu ezean, akabo.]]>
<![CDATA[Sekula ez norberarena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/019/002/2015-07-24/sekula_ez_norberarena.htm Fri, 24 Jul 2015 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1922/019/002/2015-07-24/sekula_ez_norberarena.htm
Irtenaldia terapia bilakatzen ari zela, handira jo genuen hordago eta areago konplikatu genuen dena. Elkarren aurretiazko aditzerik gabe, baina, txandaka, geure burua izan beharrean bestearena hartuko genuen geuretzat, alegia, ni neu (Urlia) neure laguna (Sandia) izango nintzen eta Sandia bera ezezagun bat. Gero, alderantziz. Bestearen zapatetan ipintzearen hori guztia haragiztatu nahi-eta, onartu behar nuke irentsiak genituela igande arratsaldetako transformazio-film gehiegi.

Ez zuen behar bezala funtzionatu. Gai arantzatsuen haritik tira egitean, horietarako behar baikenuen bereziki betiko arrazoi eta erantzunen pareta hautsi, isilik geratu nintzen behin baino gehiagotan, ezezagunari ezin deus azaldu, patrikan Urliaren aurkako argudioak baizik ez baineuzkan, eta paktua ez zen nahikoa eraginkorra, ez behintzat Sandiaren larruan sartuta aipatzen nuen lagun txar hura ni neu nintzela ahazteko bezainbeste. Beraz, Sandiak esango lituzkeenak harilkatzen saiatzen hasi eta neure buru Urliaren aurkako gauzak botatzen amaitzen nuen, erabat bidegabeak iruditzen zitzaizkidanak neure arrazoiak ere ezagutzen nituenez.

Egiari zor, aurreikusi gisan ez, baina zerbaitetarako balio izan zuten saioek. Besteak beste, hurkoaren joan-etorriei hainbesteko garrantzia eta etengabeko erdigunea emateari uzteko eta hasteko Urliaren kontraesan eta buru-janak behingoz propiotzat hartzen, hasteko eta behin, besterenak baino norberarenak eraldtzen direlako aiseago. ]]>
<![CDATA[Etxean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/022/002/2015-07-17/etxean.htm Fri, 17 Jul 2015 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1922/022/002/2015-07-17/etxean.htm
Mamu gaizto bat ibili baita hortik zehar, baten batzuek aski gustura astinduta: lurraldean sortu ez direnei (lurralde zehatz batzuetan jaio eta baldintza jakin batzuetan heldu direnei honaino, batik bat) orotariko laguntzak ematen zaizkiela etxeak hartu eta negozioak martxan jartzeko; are gehiago, batzuei kolpe zorririk jo gabe eguna patxada ederrean egiteagatik pagatzen zaiela soldata bat; apur bat gehiago estutzen banauzue, lurralde zehatz horietatik etorritakoak dira gero geure desgrazia guztien erantzule, izan lapurreta, garraio-azpiegitura zentzubako, alarde matxista, hizkuntzaren baztertze sistematiko, etxe kaleratze ala euri etenik gabeko.

Ezin esan diskurtso mota berria denik; bai, ordea, berrindartuta datorrela negu gorriak Europari ere eragiten dion honetan. Pentsamendu korronte hori jorratu dutenetako zenbait entzunda balirudike plazer-bidaia dela migranteena, itsasora bidean eta gero itsasoan bertan hiltzeko arriskua salbu, maitatzen zituztenak halabeharrez atzean utzi beharra salbu; balirudike mugara heltzean, hesiarekin eta jende armatuarekin topo egin beharrean, alfonbra gorri ezin amultsuagoarekin egiten dutela topo, bost izardun hoteletako toallen antzekoa, oinak hondarrarazi eta kailuak oro baretzen dituztenetakoa.

Kurioski, ordea, pisu-bilaketara itzulita, egiatan, hantxe jaiotako gazteen alde lerratu izan dira pribilegioak, etxejabe gehienek argi utzi baitute (eta ez ziren Erasmus ikasleez ari), ez zutela kanpotarrik nahi.]]>
<![CDATA[Egun argitan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/016/002/2015-07-10/egun_argitan.htm Fri, 10 Jul 2015 00:00:00 +0200 Danele Sarriugarte https://www.berria.eus/paperekoa/1922/016/002/2015-07-10/egun_argitan.htm
Bortxaketak baino (azken batean, aise esplikatzen baita gertaera: tipoak bazeukan dirua eta boterea, bazeukan egoeratik aski airos ateratzeko ospea eta eragina), beste zenbait kontu iruditu zaizkit interesgarri, Franchesca Ramsey bideo-blogari eta umoregileak lauzpabost txiotan argi azalduak.

Ramseyk salatu du bortxaketa-kulturak indarrean jarraitzen duela. Batetik, erasoaren berri eman duten emakumeen hitza ez da kontuan hartu, eta hainbat pertsonaia ezagunek soilik Cosbyk aitortu duenean esan dute zerbait gaiaren harira. Baina ez hori bakarrik, ez da isiltasuna bakarrik.

Bestetik, gainera, gezurretako salaketen mamua nahinora doa, eta aktorearen defendatzaile batzuek zuzenean andreak izan dituzte jomuga, esperientzia gogor baten ostean jazotakoa salatzeko bezain ausart izan diren andre horiek eurak, argudiatuta asmatu egingo dutela dena, diru-gose. Ramseyk azpimarratu du ezinbestekoa dela pentsamoldea aldatzea: ezin dugu erasoaren zama erasotuen bizkar ipintzen jarraitu, erasotuak berriro erasotzen eta lotsarazten segitu.

Azkenik, jai herrikoi autokudeatu eta guaietan orduak pasatzear gauden honetan asko, ezin aproposago dio Ramseyk gainditu behar dugula behingoz bortxaketak eta eraso matxistak soilik jende doilorrak egiten dituelako irudipena, kalezulo ilun eta bakartietan egin ere. Estimatzen duzun jendea ere izan daitekeela erasotzaile eta egun argitan.]]>