<![CDATA[Diego Pallés Lapuente | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 29 Nov 2021 15:58:50 +0100 hourly 1 <![CDATA[Diego Pallés Lapuente | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Urte berri on]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-31/urte_berri_on.htm Tue, 31 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-31/urte_berri_on.htm
Ez. Propaganda hutsa. Urtea oraintxe hasten da, irailean. Betidanik jakin dut. Helduaroko bidean, eskola-urteko agendak baztertzeko esan zidaten, eta urtarrilean hasten zirenak erosteko. Baina inoiz ezin izan dute neure baitan sentitzen nuen disonantzia mututu. Aitzitik, hazi baino ez du egin.

Nahiz eta iraganeko zama kulturalak kontrakoa aldarrikatu, egungo gizartea irailaren inguruan egituratuta dago. Adiskide guztiak apurka herriratu, oporretatik bueltan, eta haiekin bildu. Ikastaroen matrikula-epeak kontsultatu (baietz oraingoan igeri egiten ikasi). Lanean berriz moldatu, edo udako lana atzean utzi. Errutina goitik behera birsortu behar izan. Eta, batez ere, ixten ari den udari begirada samina eskaini. Agur, laztana.

Zergatik hasi ginen urtarrileko zentzugabekeria honekin? Geure egutegiak antzinako Erroman du jatorria. Errepublika aurreko garaian zerabilten egutegia martxoan hasten zen, udaberriaren hilean. Egun osagarriak (geure bisurteetan sartzen ditugunaren parekoak) urte amaieran sartzen zituzten, alegia, otsailean (eta guk halaxe egiten jarraitu dugu). Gerora, urtarrilean finkatu zuten hasiera, inork ez daki zergatik. Tito Liviok arrazoi pragmatikoen berri ematen digu: komandante militar berriek urte bakoitzaren hasieran hartu behar zuten kargua, baina Erromako konkistak hedatu ahala, gerrak gero eta urrunago gertatzen ziren. Beraz, urtea lehenago hastea erabaki zuten prozesu guztia aurreratzeko, tropak urruneko helburuetara iritsi orduko udaberria izan zedila.

Antzinako Erromako historialariek azalpen gehiago eman zituzten, baina horixe dut gustukoena. Duela bi mila urte baino gehiagoko erabaki logistikoa gaur egun fosildu eta geure ohituren ardatz bihurtu da. Nahikoa da. Erromatarrek emandako egutegia egoki ohora dezagun. Haien pragmatismo hotzak hartuta, elkarri begietara begira eta, udaren omenezko azken malkoei eusten, ozen esan diezaiogun: urte berri on!]]>
<![CDATA[Gizatasuna jokoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2021-08-28/gizatasuna_jokoan.htm Sat, 28 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2021-08-28/gizatasuna_jokoan.htm
Nire ustez, mezu horien alderdirik beldurgarriena «@» txiki hori da. A bildu horrek Espainiako poliziaren Twitter kontuarekin estekatzen du. Lau urte hauetan, egungo poliziarekin identifikatu dute erregimen kriminal baten defentsan giza eskubideak urratzen zituen polizia faxista, eta ez da inor asaldatu: ez polizia bera, ez zentroko historialariak, ez patronatuko kide diren Espainiako presidentea, ministroak edo Gasteizko alkatea.

Ezin diot xehetasun horri garrantzirik kendu bizi garen munduari erreparatuz gero, non Estaturik boteretsuenek —AEBek eta Txinak, kasu— gero eta inpunitate handiagoz torturatzen duten. Non hamarkadak igaro ahala, gero eta eztabaida irekiagoa dagoen torturaren balizko zilegitasunaz erregimen liberaletan. Non terrorista hitza ez den soilik erabiltzen bortizkeria politikoa egiten duen hori izendatzeko, baizik eta Estatuen zenbait erantzun estrategikori legalki zein emozionalki bide emateko, askatasunen eta eskubideen kaltetan.

Tortura krisi globala da gaur egun, eta hazteko joera baino ez du. Gertatu den eta gertatzen ari den tortura ahaztea, ezkutatzea edo zuritzea ez dira soilik gizadiaren aurkako irain mingarria, etorkizunari begira jokaera ezin arriskutsuago eta beldurgarriagoak ere badira. Portugaldarrek irakaspen horiek bizirik mantentzen dituzte beren Aljubeko Erresistentzia eta Askatasunaren museoan. Euskal herritarrok, berriz, etengabe ikusi behar ditugu ahanztura sustatzen duten oroimen ekimenak. «Ahaztea ez da biktimez ez gogoratzea. Ahaztea biktimei garrantzia kentzea da, alegia, biktimak ezkutatzen saiatzea», dio Gasteizen kokatutako Zentroak berak Interneten argitaratutako glosarioak.

Bortizkeria politikoaren biktimak eta giza eskubideen urraketak nahieran ezkutatzearen arriskuez ere ohartarazten gaitu: «Egiak esan nahi du dena berriz pentsatzea ankerkeriaren argitan, historia errepikatu ez dadin».

Zein izango da giza eskubideen, gizakia izatearen esanahia XXI. mendean? Erantzuna aldatu egingo da baldin eta egungo eta atzoko autoritarianismoa salatu ala zuritu egiten dugun.]]>
<![CDATA[Urrutiko intxaurrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/014/002/2021-08-26/urrutiko_intxaurrak.htm Thu, 26 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/014/002/2021-08-26/urrutiko_intxaurrak.htm
Txikitan, Marte kolonizatzeko irrikan nengoela esatea motz geratzea da. Behintzat, hango inguruneak bizitzari kalte egiteko moduen zerrenda luzea ulertzen hasi nintzen arte. Airea, elikagaiak... horiek hasierako oztopoak baino ez dira. Martek, Lurrak ez bezala, ez du eremu magnetiko babeslerik, espazioko erradiazio kosmikoak gupida gabe jotzen du gainazala. Planeta osoa hilabetez estaltzen duten hauts-ekaitzak gertatzen dira, eta batez besteko tenperatura 40 ºC jaisten da haien ondorioz. Grabitate baxuak osasun arazo larriak sortzen ditu epe ertainean, eta umeak jaio eta haztea ezinezko bihurtzen du. Misio zientifikoez gain, ez dut Martera joateko arrazoirik ikusten gizakien mesedetan.

Marte bizitzaren etsaia da. Eta, hala ere, han-hemenka, ideia horren zantzuak ikusten ditut azken urteetan. Iraganeko nostalgia? Gure sistema politiko eta ekonomikoek sortzen duten malenkoniarekin lotzen dut, hari aurre egiteko fantasia hutsal eta teknofiloa. Txikiagotzen ari den zibilizazio-egoa puzteko amets desarrollista, benetako erronken muinera begiratzeko beldurrak sustatua agian. Errazagoa omen da planeta oso bat terraformatzen irudikatzea geurean bizitzeko modu jasangarria baino, kapitalismotik kanpo.

Horren atzean, komikietatik ateratako supergaizkileak diruditen multimilionario batzuk dabiltza. Mesianismo teknologikoaren ideologiaz baliatzen dira beren diru-gosea eta harrokeria eztitzeko. Ez dute inoiz Marten koloniarik sortuko, baina bidean etekin eta botere handiagoak lortzeko aukera izango dute, planeta honetako arazoak sakontzen dituzten bitartean.

Zornotzako baserri haren jabea zenak inguruari begira zioen Adam eta Evaren paradisua hango bazter berdeetan kokatuta egon behar zela, halabeharrez. Hitz poetikoak dagoeneko unibertsoko lekurik eder eta egokienean bizi garela esateko. Bere planeta oparoan bizitza duin bat bermatu ezin duen espeziak, ezinbesteko duen ekosistema hondatu gabe bizi ezin duen gizakiak ez du etorkizunik ez Marten ez beste inon.]]>
<![CDATA[Ahozko oroimenaren gotorlekua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/014/002/2021-08-24/ahozko_oroimenaren_gotorlekua.htm Tue, 24 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/014/002/2021-08-24/ahozko_oroimenaren_gotorlekua.htm
Gure Cacereseko herrian hiru ijito-familia zeuden gerraostean eta Colá horietako baten semea zen. Beste ijito ugari ez bezala, bere familia ez zen erlijiosoa, eta, beraz, seme-alaba bat ere ez zegoen bataiatuta. Halabeharrez, baina, diktadura faxistak ematen zituen diru laguntzak jasotzeko, seme-alabak bataioaren bidez erregistratu behar ziren. Hortaz, Coláren aitak lagunei eskatu zien seme-alaben aita pontekoak izateko mesedea. Eta horiek horrela, udazkeneko egun eguzkitsu batean, arratsaldeko ordu bata aldera, ogaxo-talde bat —alegia, ez-ijitoen taldea— elkarrekin ehizatik itzuli eta, arropa aldatu gabe ere, elizako atarira hurbildu zen rol sinboliko hura betetzera. Bost urteko Colá semerik gazteena zen, eta goiza apaizarengandik ihesean jolasten eman zuen —eta apaiz zorrotzaren pazientzia apurra agortzen—, aitona eta haren lagunak hurbiltzen ikusi zituen arte.

Historikoki, boterearen presioaren eraginez baino ez dute ijitoek beren burua erregistratu Estatuko instituzioetan. Presiorik ankerrenez gehienetan, mendeetan zehar jasan dituzten jazarpenek, sarekadek eta heriotza-zigorrek erakutsi duten bezala. Aurreko gertaera historia luze horren lekukotza txiki bat da, familia baten kontu zaharren artean ezkutatuta iraun duena.

Gaur egun, herriko hiru ijito-familiak desagertu dira; emigratu egin dute, gainerako ia bizilagun guztiek bezala. Beren presentziaz ez dago ezer idatzirik gure herrian, eta horren moduko ahozko pasadizoen bidez baino ez diote ahanzturari aurre egiten komunitate hartan utzitako aztarnek eta harremanek, jendeak noizbehinka kontatzeari utzi arte. Ahozkoan gotortuz idazkietan jarri nahi izan ez zutena.

«Behin, Gasteizera bizitzera etorri ondoren, Coláren gurasoak bisitan etorri zitzaizkidan», dio aitonak. «Errioxan lanean zebiltzan eta diru apur bat eskatu nahi zidaten. Banekien beharra zutela eta betidanik lagunak ginen; beraz, 5.000 pezeta utzi nizkien, oraindik bueltan ikusi beharrekoak», dio, irribarrez. 1966. urtea zen. «Colá urte horretan ikusi nuen azkenekoz. Gure herriko plazan topatu nuen, musika jotzen. 'Aitabitxi! Ezkondu egin naiz!', oihuka esan zidan, poz-pozik. Eta nik erantzun: 'Oso ondo! Hire ezkon-oparia heure aitari eman nioan; harekin elkartzen haizenean, esaiok hiri emateko!'».]]>
<![CDATA[Auzo-lotsa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2021-08-21/auzo_lotsa.htm Sat, 21 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/013/001/2021-08-21/auzo_lotsa.htm Martin Luther King, Mahatma Gandhi, Dalai Lama. «Hurrengoa zein ote, Lech Walesa?», automatikoki pentsatu nuen. Izkina hartu eta... bingo. «Indarkeria ezaren auzoa eraiki ote dute?». Urrats batzuk aurrera, ordea, Abraham Lincoln. «Mmm... agian ez». Zer pentsatu ondo jakin gabe, aurrerago Nelson Mandela eta Bartolome de las Casas kale-izenak topatu nituen.

Pertsonaia-segida hori nolabait logikoa egiten zitzaidan arren, ezin nuen hari logiko hori zehatz-mehatz identifikatu. Leku gehiago izatekotan, zein zatekeen hurrengoa: Patrice Lumumba ala John F. Kennedy kalea?

Ingurura begiratu nuen, pistaren bat aurkitu nahian. Etorbide eta eraikin erraldoiak atzean geratu ziren. Auzo hura hornitzen zuten etxeak familia bakarreko txaletak ziren, eta kaleak, pasealeku txiki eta errepiderik gabekoak. Etxebizitza bakoitzak patioa, garajea eta hesia zituen, eta gehienek hesiaren barruko irudia ezkutatzen zuten heskai garaiak ere bai. Are gehiago, ikusi nuen zenbait kale erabat hesituta zeudela; alegia, hango biztanleen isolamendu grina asetzeko zer eta kale pribatuak ere eraiki zituztela.

Kontraste itzela zegoen kale-izendegiak zekartzan sufrimendu eta borroken oroitzapenen eta esne-mamitan bizi ziren bertako auzokideen artean. Bat-batean, izen horien guztien arteko lotura bururatu zitzaidan. Denak dira erosoak boteretsuentzat. Kapitalismoaren kulturak giza eskubideen pop ikono urardotu bihurtuak. Etxe horietako goi-kargu eta enpresaburuentzat, izendegi horrek kontzientzia-lasaigarri gisa funtziona dezake. Eta aldi berean, neu bezalako ibiltariarentzat, parean dudan gizarte-desparekotasunaren irudi gordina eztitzeko balio du.

Handik urruntzen ari nintzela, hiriko beste muturrean dagoen Errekaleor auzo okupatuaz pentsatu nuen. Bere etxeek iraganeko etorkinen eta gaurko gazte prekarioen duintasuna eta lana ekartzen dizkidate gogora. Eta nahiz eta hango geografia urbanoak ere giza eskubideekin lotutako izenak dituen, azken horiek oso gogoeta desberdinak sortzen dituzte: Romualdo Barroso, Salvador Puig Antich... Zenbaitentzako biziki gogoeta deserosoak.]]>
<![CDATA[Gizatasunaren oihartzunak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-19/gizatasunaren_oihartzunak.htm Thu, 19 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-19/gizatasunaren_oihartzunak.htm
Testu hunkigarri hartan, Alliaren maisu ohiak —haren maitalea ere bazenak— beratasun handiz deskribatzen digu zendutakoa bai izaeraren aldetik, bai fisikoki, irudia xehetasun erotikoez ere apainduz. Ondoren, kontatzen digu Alliak polimatasun-harremana izan zuela epitafiogilearekin eta beste gizon batekin, eta hirurak etxe berean bizi zirela. Maitasun-hirukirik ez zela uste dezakegu, zeren eta Allia zendu eta gero, bi gizonak banandu egin omen ziren, epitafioak dioskunez.

Testuak aparteko garrantzia dauka, hari esker horrelako harremanen berri dugulako garai hartako Europan. Baina ez horregatik bakarrik: epitafioak frogatzen digunez, harreman horien existentzia publikoki ere aitor zezakeen. Beharbada, arras gauza ezohikoa zen; beharbada, begirada txar ugari sustatu zituen. Baina, edonola ere, biziki harrigarria da duela bi mila urte topatzea orain dela berrogeita hamar, ehun, bostehun urte irudikatzeko zaila denaren aitormen publikoa —are zailagoa non eta hilarri batean topatzea!—.

Hura eta halako lekukotzarik gabe, ez genukeen ziurtasunez jakingo —nahiz eta susmatu ere egin— Erroma puritano eta misogino hartan, askatasun apurrak lortu zituen emakumerik egon zela. Boterearen erregistro historiko ofizialak distortsionatutako historian soilik oinarrituz, lehengo gizakien barne-bizitzaren irudi ezin pobreagoa genuke. Eta zer esan idazkerarik gabeko herrien historiaz.

Erraz ahatz dezakegu iraganeko jendea guk geuk izan ditzakegun sentimendu eta hausnarketa sakon berdinak edukitzeko gai zela. Baita orain bizi den jendea ere, nahiz eta urruneko herrialdeetan jaio: horrexegatik hain indartsuak izaten ari dira egunotan Afganistango emakume gazteek beren mugikorrez grabatutako mezuak.

Dena den, jakin nahiko nuke zer-nolako ikuspuntua emango zigukeen Alliak berak, bere hitzak mantendu izan balira. Auskalo nolakoa izango zen bera eta bi morroi horien artean gertatutakoaren bertsioa...]]>
<![CDATA[Laidoaren itzal luzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-17/laidoaren_itzal_luzea.htm Tue, 17 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-17/laidoaren_itzal_luzea.htm marimanta itxura daukak eta!». Luzaro iruditu zait amonak hitz berriak asmatzen dituela etengabe, esaldiak botatzen hasi ahala. Baina ez. Behin eta berriz bere burua kulturarik gabekotzat jotzen badu ere, azken hitz xelebreari buruz galdetuz gero, definizioa beti prest izango du. «Ea, zer dira ba marimanta horiek?», galdetu nion, jakin-minez.

Marimantak umeak izutzeko erabiltzen ziren pertsonaiak dira Espainiako herri-mitologian. Gauez, burusi moduko oihal zuri edo beltzez jantziak, kale eta soro ilunetan ibiltzen ziren, jendea uxatzeko. Nahiko kontzeptu zaharra dirudi, Quevedoren idazkietan ere agertzen baitira. Leku batzuetan, izaki horiek emakumezkoak izaten ziren; beste batzuetan, gizonezkoak bakarrik. Gainera, zenbait herritan, Marimanta izeneko panpina bat erretzen dute inauterietan, iragan urteko zorigaitzen ikur.

Amonarentzat, ordea, askoz gauza zehatzagoa dira. Berak ez du mamurik aipatzen: «Marimantak emakume adulteroak ziren. Gauez, euren burua lepoko oihal edo beroki batez biltzen zuten, ezkutuan maitaleekin kortetan edo kale estuetan elkartzeko».

Nire herrian, Caceresen, marimanta hitzak ez zuen umeak beldurtzeko gaitasun handirik mantentzen amonaren garaian. Helduak, ordea, bai. Gauaren erdian «Marimanta!» oihua entzutean, berehala jende-talde bat prest azaltzen zen emakume adulteroa ilunpeko kaleetan barna «ehizatzeko». Hura harrapatuz gero, marimantaren leloa betiko erantsiko zioten. «Ederki asko pasatzen zuten emakumeei txalo egiten... baina asmo gaiztoz, ez asmo onez».

Beharbada, lehenago pertsonaia mitologikoa sortu zen, eta geroxeago, iraina. Edo, agian, ezkutuko maitale gautarrak izan ziren mitoaren iturria. Edonola ere, gaur egun Espainiako herri askotan, marimanten oroitzapena berreskuratu dute antzerkien, erakusketen edo jaialdien bitartez. Horietako zenbait lekutan, kondairak ez du adulterioarekin loturarik, edo, izatekotan, iragan urruneko kontua da. Nire herrian, aldiz, horrelako ekimen publikorik egitea ezinezkoa litzateke, oraindik ere laidoaren mina emakume irainduen familietan berpizteko arriskua dagoelako.

«Eta gizonak zer, amona? Emakume horiek gizonekin elkartzera joaten ziren eta. Haien atzetik ere ibiltzen ziren?», galdetu nion. «Gizonek nahi dutena egin dezakete; emakumeek, ez».]]>
<![CDATA[Gasteiz eta Beethovenen oparia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2021-08-14/gasteiz_eta_beethovenen_oparia.htm Sat, 14 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2021-08-14/gasteiz_eta_beethovenen_oparia.htm
1813ko gerraostean, Beethoven ekonomikoki ahul zegoen eta diru erraza eskuratzeko aukera ikusi zuen ekoizpen horren bidez. Ahal bezain laster idatzi, sosak bildu, eta etxera, kalitateaz askorik arduratu gabe. Ospe ona eraikitzeko, bestelako lanak zeuzkan eta. Sosak bildu ere egin zituen: publikoa zoratu egin zen orkestrazioaren potentziarekin, kanoi-hotsak barne. «Entzulea konpositorea bezain gor uzteko moduko emankizuna», adituen hitzetan.

Wellingtonen garaipena «pairaezina» gisako adjektiboekin deskribatu dute egungo kritikariek. Pasadizo apokrifo baten arabera, Wellingtongo dukeari berari galdetu zioten ea musika hura entzuteak batailan egotearekin antzik bazuen, eta hark erantzun: «Ene, ez. Halakoa izan balitz ziztu bizian ihes egingo nukeen». Axolagabe, Bonneko konpositoreak kritikei Urepeleko artzainak esan ez zituenekin erantzun zien: «Nik bota dezakedan mokordo bat zuek asma dezakezuen ezer baino hobea da!».

Hitz gutxitan, Beethovenek Andre Maria Zuriko monumentuaren baliokide musikala asmatu zuen. Eta zer eman diogu gasteiztarrok ordainetan? Metro eskaseko kale ziztrin bat besterik ez —barka, bizilagunok—. Adriano VI.ak askoz kale ikusgarriagoa dauka eta gure alde egin zuen bakarra Gasteizen egun batzuk ematea izan zen, Espainiako armadari nafarrak txikitzeko aginduak ematen zizkien bitartean. Ken Follettek ez du hiriari buruz hitz bat ere idatzi eta estatua bat dauka. Estatua bat. Serio, munduan zenbatek esan dezakete beren estatuaren ondoan argazki bat atera dutela, haren posea imitatzen? Beharbada, gure agintariek memeengatik egin zuten.

Baina, itxaron, Napoleonek ere oroigarri publiko bat dauka —bere meritua: behin Gasteizen hotel-gau bakarra ordaintzea—. Bi bandoen kontura dirua egin nahi izatea, a zer saldukeria.

Turistak etor daitezen engainatzeko hain merke saltzen den espazio publikoan, ez al diogu oroigarririk eskainiko gure monumentuen kalitate lotsagarria horren moduko zehaztasunez islatu zuen gizonari? Nola egin omenaldi hoberik Beethovenen pieza kaskar hari, sos errazak lortzea helburu bakarra duen monumentu eskas batekin baino? Gasteizko agintariak: zeren zain zaudete?]]>
<![CDATA[Askatasunean lan egiteko ametsa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-12/askatasunean_lan_egiteko_ametsa.htm Thu, 12 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2021-08-12/askatasunean_lan_egiteko_ametsa.htm Bella ciao abesti ospetsua abesten ari zitzaien, baina Marinik nekazari artean ikasi zuen bertsioak ez zuen faxisten aurkako askapen-borroka aipatzen. Aldiz, bertsio hura arroz-soroetan aritzen ziren emakumeen bizimodu latzari buruzkoa zen. Nagusien makilakadak, eltxoen ziztadak, askatasunean lan egiteko ametsa: nekazarien bizitza eta borroka. Bertsio berria 1952an idatzia zen, lan-zapalkuntza horrek ez zuen Estatu faxistarik behar.

1860an, Errusian, Volgako zirgalarien abestia jaso zen —edo, behintzat, hura idazteko inspirazio gisa balioko zuten bertso eta doinu herrikoiak—. Errusiako zirgalariak ibaiertzetan aritzen ziren giza mandoak ziren, gabarrak atoian eramaten zituzten askoren artean, ur-lasterraren aurka, soinean lotutako uhal lodien bidez. Gizon-emakume pobreen artean pobreenak ziren, baina musikak haien sufrimenduaren oroitzapena gorde eta zabaldu du mendeetan zehar.

Lanaren miseriei buruzko kantu herrikoirik jaso ez denean, artistak hutsune hori betetzen aritu dira. Gogora datozkit Silvio Rodriguezen Playa Girón eta Georges Brassensen Pauvre Martin (Gaixo Martin, Anje Duhaldek bertsionatua), baita gerora abesti bihurtu ziren olerkiak ere: Miguel Hernandezen El niño yuntero (haur itzaina) edo Joseba Sarrionandiaren Lera zakurren balada (Ruper Ordorikak musikatua), esaterako.

Hamaika dira gerra eta gatazkei buruzko abestiak, hamaika maitasunaren samina hizpide dutenak, baina ez dut espero bezain sarri topatzen lanaren zapalkuntzak eragiten digun mina aipatzen duen kanturik. Eta bitxia da gero, kontuan hartzen baldin badugu ia guztion gainean dagoen zama dela, beste gizakiek ezarritako zama saihesgarria.

Aurreko milurtekoetako langileen abestien kopuru amaigabea betiko galdu dugu, baina oraindik geure artean sozializatu beharra duten hainbat errealitate daude: autonomo faltsuena, soldata iraingarriena, gizatasuna ukatzen duten lanpostuena. Iragan uztailaren 30ean, Luis Enrique Soriano bere Azpeitiko lantegian bere buruaz beste egitera bultzatu zuen nagusi ankerraren hiru urteko jazarpenarena.

Giovanna Marinik hantxe dirau, agertokietan, gitarra eskutan, gaztetan arroz-soroetako kideek irakatsitako abestia zabaltzen oraindik ere, egun Mediterraneoaz haraindi datozen jornalarien pairamena eta ametsa gogora ekarriz: «Ma verrà un giorno che tutte quante / lavoraremo in libertà».]]>
<![CDATA[Herriak nahi du (diotenez)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2140/015/002/2021-08-10/herriak_nahi_du_diotenez.htm Tue, 10 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2140/015/002/2021-08-10/herriak_nahi_du_diotenez.htm
Oinezkoek kardinalaren burutazioa xelebrekeria eder gisa jo zuten, eta Pasquino izena jarri zioten plazako gehigarri berriari. Handik gutxira, egunerokotasunari buruzko idazkiak agertzen hasi ziren estatuaren inguruan esekita edo itsatsita. Guztiek Pasquinoren sinadura zeramaten. Hasieran, kardinalaren oniritzia zeukaten, baina laster goi-klaseen bizioen isekak eta salaketak nagusitu ziren. Pasquino kontrolpetik kanpo zegoen.

Banan-banan, aita santuak, sutan, beren nagusitasuna iraintzen zuen asmakeria hori txikitzen eta paskinen idazle ezagunak garbitzen ahalegindu ziren. Perimetroa gau eta egun zaintzeko agindu zutenean, berehala beste estatua batzuek lortu zuten hitz egiteko gaitasuna. Baina alferrik. Gaur egun arte, inork ezin izan du Erromako estatuarik lotsagabeena isilarazi eta erromatarrak bereziki harro daude herri xumearen ahotsak irabazi zuen plataformak.

Baina, hala izan da beti? Hiriko oroimen kolektiboak asko erromantizatu duen arren, goi-hierarkiek sarri erabili zituzten —batez ere XVI. mendean zehar— eskulturak eskaintzen zizkien anonimotasuna eta kapital sinbolikoa boteretsuen arteko lehietan. Elizgizon eta dirudun errespetagarriak estatuaren aitzakiaz baliatu ziren etsaiei irainik lizunenak eta heriotza-mehatxuak argitara emateko, gizartea manipulatzeko asmoz herriaren hitza zirelakoan.

Egun, ingelesez astroturfing esaten zaio botere politiko edo ekonomikoaren iritzia mugimendu herrikoien itxuraz janzteari. Astroturfingaren industriak sare sozialetako profil faltsuak ekoizten ditu, egunkarietako gutunak eta blogak idatzi, kanpaina publikoak antolatu, eta, poeta satirikoen ordez, soldatapeko boluntarioak kontratatzen ditu. Metodo berriak, baina asmoa Pasquinoren garaikoa da: botereari aurre egitea ez, gutxiengo bati boterea lortzen laguntzea baizik.]]>
<![CDATA[Ondo izan? Ez, eskerrik asko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-07/ondo_izan_ez_eskerrik_asko.htm Sat, 07 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-07/ondo_izan_ez_eskerrik_asko.htm ondo izan (eta aldaerak) nahiko atsegina iruditu zait aspalditik. Diosal bati eska dakiokeen funtzioa betetzen du, alegia, topaketa bukatutzat jotzen dela adierazten du; baina, horrez gain, keinu sinpatiko bat ere badauka hartzailearentzat. Etxera joateko gogoz zaude, bai, baina une horretan ere gentleman hutsa zarela erakustea soberan ez dago, hurkoari ongizatea opatuz zure azken hitzen bitartez.

Azkenaldian, ordea, gero eta deserosoago egiten zait esaerak daukan aginterazko aditz hori; mandatu-usaina hartzen diot. Izan ontsa! Bai, beno, ez, beitu, azken boladan ez nabil oso ondo, saiatu ere saiatzen naiz, e?, baina ez dut uste kontua hain sinple denik, eskerrik asko, dena den, eta agur zuri ere.

Nahitaez, etsipena, tristura, antsietatea, beldurra, nekea bidaide ditugu bizitzako aro guztietan, eta horietan ondo egon behar izatearen presioa sentitzea itogarria izaten da. Lagun min batek negarrez hasteko zorian egon arte —eta betiere barkamena maiz eskatuz— baizik ez ditu bere penak partekatzen, familiak hain gogor irakatsi baitzion gaizki sentitzea gauza lotsagarria eta isilpean konpontzeko txikikeria dela. Txarto zara? Izan ondo.

Diosal agintari horren ordez, sentimenduen aldakortasunari lekua egiten dioten formulak erabiltzen ditut despedida baino lehen. Deitu edozer behar duzula! Beste lagun batek boladaka antsietate-atakeak izaten ditu, ezinbestean, eta niretzat beti pozgarria izaten da egun horietan bere deia jasotzen dudanean zama partekatzeko; norbaitek entzutea besterik ez du eskatzen. Hirugarren adiskide batek aitortu zidan txarto zegoeneko boladan asko lagundu ziola lagunek aisialdirako planak proposatzeak, horrek tristura uneetan babesa sentiarazten ziolako, arazoa konpontzeko etengabeko presiorik gabe.

Lagun talde erdia terapiatik pasatuz gero, txantxetan galdetzen diet ea geurea bereziki belaunaldi pairatzailea den, ala geure gurasoek daukaten zama berbera aitortzen ari garela besterik ez den. Zalantza hori askotan azaldu zait altzairuzko ama pairakorrak ikustean ere. Beharbada belaunaldien arteko eraginak ondo izan esaera esanahiez hustutako automatismo bihurtzen lagunduko du.

Bitartean, agur, eta hurrengo arte.]]>
<![CDATA[Badago B planeta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-05/badago_b_planeta.htm Thu, 05 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-05/badago_b_planeta.htm <![CDATA[Sen pandemikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-03/sen_pandemikoa.htm Tue, 03 Aug 2021 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2021-08-03/sen_pandemikoa.htm
Gehienetan, solaskidearen pandemia nirea baino askoz samurragoa izaten da. Gaixotzea ia ezinezkoa da eta, gertatzekotan, egun gutxiko kontua baino ez da. Profilaxia ezezagunekin baizik ez da behar, aspaldi ikusi gabeko adiskide edo senidearekin ez gara ba maskararekin ibiliko! Eta zazpi egunen buruan sintomarik ez baduzu garatu, ez dago berrogeialdiari eusteko behar larririk. Zergatik ez ote dut nik ere horren birus onberagoa hautatu eta lasaiago bizi izan?

Beste batzuetan, ordea, hurkoaren birusa askoz larriagoa izaten da, kutsatzeko superbotere beldurgarriak ditu, oinetakoen zolan eta erositako ogian ataizean egoten da. Horien aurrean, horrelako sineskeriak hautatu dituen gizajoaz errukitzen naiz, hori bai bizitza alferrik korapilatzea!

Nago ez naizela pandemia pertsonalizatuen fenomenoa nabaritu duen bakarra. Eta ez naiz datu oker edo zaharkituak edukitzeari buruz ari. Gauza normala da oraindik ikertzen ari den gaixotasun berri batekin informazio gaurkotua beti ez izatea. Baina informazio zehatza eduki arren, batzuetan senak kontrako era batean jokatzeko esaten digu (neu ere aurreko bi taldeen artean jauzika ibiltzen naiz eta).

Intuizioa inguruan bildutako bizipenen bidez osatzen baldin bada, gaixotasun antiintuitibo honek dena hankaz gora jartzen digu. Antzeko buruhausteei aurre egin behar izaten diegu, esaterako, fisika modernoko fenomenoekin: fisika kuantikoari edo erlatibitateari esker jakin dugu naturak erabateko portaera antiintuitiboak dauzkala. Nola barneratu, adibidez, uhin-partikula dualtasuna, inguruan uhinak edota partikulak besterik ez baditugu eta inoiz ez biak aldi berean? Gure senak ezin gaitu hori ulertzen lagundu, inoiz ez duelako antzekorik ezagutu. Hura baztertu eta enpirikoki frogatuta dagoenarekin aurrera egin besterik ezin dugu egin orduan.

Lagun minak asteburuak parrandan eman eta gero, ezin serioago begietan begiratu eta esaten didanean: «Egon lasai, ni ez nago kutsatuta», senak laguna sinesteko oihuka diost belarrian. Baina buruak garai luze honetan ikasitako guztia gogoratu eta, asko kostata, pentsatzen du: «Hori... ez... ez dakizu...!».]]>
<![CDATA[Saihesteko moduko izurria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2020-08-29/saihesteko_moduko_izurria.htm Sat, 29 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2020-08-29/saihesteko_moduko_izurria.htm
Garai hartan, fisikoki zein mentalki isolatzea izan zen egoera horri laguntzarik gabe aurre egiteko topatu nuen irtenbide bakarra, eta, kontua arindu egin bazen ere, ez zen epe luzean ona izan. Luzaroko bizipen traumatikoek oso arrasto handia uzten dute, eta zaila da ohiturak iraultzea bestelako erreakziorik garatzeko. Nahiz eta gaur egun mehatxu jakinik ez egon, nahiz eta egoerak kudeatzeko beste irtenbideak eduki, edozein antsietate-egoera luzek pizten dit ingurunetik isolatzeko sena, oharkabean.

Horrexegatik, konfinamenduaren berri izan nuenean, pozez zoratu nintzen. Etxetik lan egiteko boladatxo bat? Eguneroko antsietateei iskin egiteko oporraldi laburtxo bat? Bai horixe! Planetako hankabiko guztiek bezala, baina, neure buru-osasuna okertzen ikusi nuen laster batean. Beldurrak biderkatu egin zitzaizkidan, eta antsietatea Auñamendiko tontorra baino altuago neukan. Ez baita gauza bera nork bere buruarekin egoteko astia hartzea edo kontrolpean ez dagoen egoeraren batean setiatuta sentitzea.

Neuretzat iraganean bezala, gizartearentzat ere konfinamenduak kalte handiak ekiditeko irtenbide bakarra dirudi beste aukerarik ez dagoenean. Baina ezin da ukatu epe ertainean oso neurri arriskutsua dela. Bizitzako konfinamendurik luzeenak erakutsi dit zein oharkabean neukan errotuta ohitura kaltegarri bat eta zein beharrezkoa dugun komunitatea. Ez dut esan nahi une oro adiskideez inguratuta egon behar dugunik erromeria amaigabe batean, baina ezin da gutxietsi arazoak partekatzeko eta haiei elkarrekin aurre egiteko beharra.

Ez naiz soilik pandemiaz ari, edota gazteez abusatzeaz. Prekaritatea, bazterkeria, lan-ingurune atomizatuak eta zenbait telelan mota, besteak beste, isolamendu mota askoren hedatzaileak ditugu. Norbanako zein taldeko krisi garai honetan, erresilientzia hitza ez dadila bakardadearen sinonimo bilakatu.

Eta argi utz diezaiogula hurkoari laguntzeko prest gaudela.]]>
<![CDATA[Nola sortu ume euskarafoboak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2020-08-27/nola_sortu_ume_euskarafoboak.htm Thu, 27 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2020-08-27/nola_sortu_ume_euskarafoboak.htm
Umeek, beharbada, ez dute ulertuko nori egin ote diezaiokeen mesede desagertze natural hori iraultzeko esfortzuak —argi asko daukate, ordea, nork jasotzen dituen ahalegin horien kalteak: eurek—. Azken finean, euskara ez da geletatik kanpo existitzen osasun zentroko karteltxo elebidunetan izan ezik. Ez ikus-entzunezkoetan, ez giza harremanetan. Oso noizbehinka kaleko gurasoren bati ere aditu dakioke bere alabarekin solasean, baina irakaslea izango da, ziur aski.

Nerabezaroan, errebeldia gehitu beharko zaio ulertu ezinari: «Honek ez du ezertarako balio bizitzan, zertarako ari ote garen denbora galtzen honekin». Euskara irakasgaia besterik ez izatearen ondorioa baino ez da hori. Matematikari buruz ere horrelakoak esaten dira, ez da harritzekoa. Gisako diskurtsoak sortu eta partekatuko dituzte, heldu euskarafoboen laguntzarik gabe, pixkanaka.

Zorionak! Hasierako ume horiek 18 urte dituzte orain eta ez dute inoiz adinkide batekin ere euskarazko hitzik trukatu. Ezta irakasle edo jagole ez den inorekin ere, bide batez. Zorte ona izan hezkuntza-sistemak ustez euskaldundutako pertsona horiekin gizarte elebidun batean, ez dakite-eta zer den hori, ezagutu ere egin ez dutelako. Ez dakite euskararen normalizazioaren kontua ez dela euskararen mesedetan egiten —euskarari ez baitzaio axola normalizatzea edo desagertzea—, baizik eta euskaldunen mesedetan egiten dela.

Euskara hizkuntza gutxitua izatearen kausak, ondorioak eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartzen dituen heziketa-estrategia espezializaturik gabe, ingurune supremazistak berak ume euskarafoboak sortzen jarraituko du.

Zorionez, heziketa ez da gaztaroan burutzen den prozesua, ondo dakigun bezala.]]>
<![CDATA[Oroimen bizia ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/019/001/2020-08-25/oroimen_bizia.htm Tue, 25 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/019/001/2020-08-25/oroimen_bizia.htm Vitoria, 3 de marzo filmeko grabazioan aritu nintzen estra gisa. Papar-hegal handidun alkandora jantzi eta langile mugimenduaren parke tematiko moduko batean sentitzen nintzen batzuetan. Zuzendariek lan-ingurune batean inoiz espero ez nituen aginduak ematen zizkiguten: pikete egin lantegian, poliziari harriak jaurti -«faxistak!», elizetan sartu eta builaka aritu... Dena neurtua zen, ez zegoen arriskurik. Gu, lasai eta irribarretsu.   Egun nagusia grabatzen ari ginela, San Frantzisko elizan, izugarrizko jende-andana bildu zen. Hartualdi artean bankuetan eserita ordu geldoak eman genituenez, berriketari ekin genion inguruko ezezagunok. Zinemagintzaren gorabeherei buruz ari ginela, kontatu zuen gizon batek: «Begira, hango eskailera hartatik erori nintzen, hamasei urte nituela. Korura igo nintzen ikuspegi hobea izateko, baina poliziak gasak bota zituenean eliza barrura jende guztia korrika hasi zen, bultza egin zidaten eta plast! Ez nekien ateratzeko gai izango ote nintzen!». Geroago, emakume batek: «Hamalau urte nituen. Aitak berarekin etortzeko baimena eman zidan, baina betiere irteeratik gertu egoteko agindu zidan, badaezpada. Gasa eta tiroak hastean, ia inor baino lasterrago atera nintzen, baina poliziak norbait hiltzeko astia eduki zuen dagoeneko eta hala, gazte hildako baten gorpua topatu nuen atera bezain laster». Horrelako askoz ere gehiago entzun nituen egun horretan. Ezohiko bizipena izan zen: ez genuen aurretik elkar ezagutzen, gertaera mingarriei buruz ari ginen, baina hala ere mundu guztiak bere istorioa kontatzeko premia zeukan. Lasaitasunez, oroitzapenek gogoa asaldatu gabe, pozik testuinguru egokia topatu izanagatik gauza horiek komentatzeko. Orduan ulertu nuen inoiz baino hobeto oroimena komunitatean mantentzearen garrantzia. Zenbait gasteiztar lanean ari dira aspalditik eliza hura memoria-gune bihurtzeko eta, aitortu behar dut, ez nuen inoiz ondo ulertu zertan zetzan haien asmoa. Baina beharbada grabazio-ordu haietan sortutakoaren antzekoa da, gizartearekin bizi izandakoa lasai partekatzeko aukera. Ezezagunen arteko solasaldi bat sortzea bakoitzak gordetako mina aska dezan, hurkoaren bizipenez ikas dezan eta denon artean lan egin dezagun oroimen horiek irakaspen bihurtzeko etorkizuneko erronken aurrean. Euskal Herriko zenbat gertaerak ez ote duten horrelako zerbait merezi. ]]> <![CDATA[Pobreziaren gaineko zerga]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2029/019/002/2020-08-22/pobreziaren_gaineko_zerga.htm Sat, 22 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2029/019/002/2020-08-22/pobreziaren_gaineko_zerga.htm
Gainerako zergekin ez bezala, estatuak ez luke diru horren zentimorik ere jasoko, den-dena ogasun handiagoa duten batzuek irabaziko lukete, eta eurek bakarrik erabakiko lukete zertan gastatu, gizarte zerbitzutan inbertitzeko inolako beharrik izan gabe. Gainera, onuradun horiek erabakiko lukete zenbat kobratu, ez legebiltzarrak. Eta, gogora dezagun, ez legoke gizartean bizitzerik zerga hori ordaindu ezean.

Alokairua berrasmatuko genuke, ez besterik.

Inguruko adinkideekin solas egin eta gero zur eta lur nago. Hogeita hamar urteen inguruan gaude eta ia-ia ia guztiei ezinezkoa izango litzaieke beren kabuz bizitzea edo aurrezkirik izatea familiaren laguntzarik gabe, dela hileko diru laguntzen bitartez, dela etxea erosteko diru nahikoa eman dietelako. Hamarkada gutxiren buruan, aurreko belaunaldiaren ogasunean oinarritutako gizarte izugarri ezegonkorra eraiki digute. Zer egingo dugu geu guraso izatean?

Gazteak ez ezik, aste honetan ezagutu dut erretiroa hartzeko adina gertu daukan norbait. Lanerako ezintasuna du aspalditik. Etxebide zerbitzu publikotik ez du berri onik jaso azken zortzi urteetan, baina orain pozarren dago: bere hiriko zerrendetan dauden 10.000 pertsonetatik, 46k baino ez dute gutunik jaso eta bera horietako bat da. Etxean hotzak egoteari uzteko eta etxetresna elektrikoak berriz erabiltzeko aukera lortuko luke.

Urrutiko eta kalitate eskaseko etxeak askoren aukera bakarra dira. Jabeen esku daude etxebizitzaren kalitatea eta egoera, baita sarbidea mugatzea ere: hemen, migratzailerik ez; hor, umerik ez; han, ikasleak baino ez. Horrenbestez, distantzia luzeak, zarata, zerbitzu falta inguruan, ziurtasunik eza, prekaritatea... den-dena metatzen da urteak igaro ahala. Etxebizitza egiazko eskubidea ez den artean, maizterrok osasun kalteak pairatzen ditugu, fisikoak zein mentalak.

Noizbehinka, gainera, maizterren kriminalizazioa jasan behar izaten dugu, nahiz eta gehiengo zabala etxegabe izatetik gertuago egon etxebizitza ugari alokatzetik baino. Hain azkar ahaztu al dugu albistegietan bere buruaz beste egiten zuen jendearen berri izaten genuenekoa, bankuek itota?

Ezinbestekoa da gogoan edukitzea hori guztia ez dela zoriak sortutako egoera, politikaren ondorioa baizik. Adibidez, errentak kobratzeari esker lortzen dute familia askok 2008tik galdu duten ogasuna, ongizate estatutik kanpo geratzen diren ezinbesteko zerbitzuak ordaintzeko ezinbestekoa dena —zaintzak, aseguruak...—. Espainiako Estatuan, esaterako, pertsona fisiko diren errentatzaileen %28k urtean 12.000 euroko sarrerak baino ez ditu deklaratzen. Politika ere badira errentatzaile handien botere ekonomikoari men egitea edota masa-turismoari izugarrizko botere eraldatzailea ematea hirietan.

Nire aitaren etxea defendituko dut laster esaldi hutsala bihurtuko denean askorentzat, euskal gizarteak huts egin du.]]>
<![CDATA[Politeismo antolatu baten alde]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2020-08-20/politeismo_antolatu_baten_alde.htm Thu, 20 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/2012/016/002/2020-08-20/politeismo_antolatu_baten_alde.htm
Eskaera horien arrakasta lortzeko, tradizioak ezarritako komunikazio-kode egokiak erabili behar ziren —zenbaitetan, nahiko kode goreak, abereak lepo egitea eta horrelakoak—. Moral publikoa mantendu egin behar zen eta jaialdiak —alai samarrak, askotan— eta erritualak zehatz-mehatz burutu naturaz gaindikoei mezu egokia bidaltzeko. Noizbehinka, errituetan akatsik eginez gero, jaialdi publikoak eten eta hasiera-hasieratik errepikatzen zituzten.

Mezua honelakoxea zen: «Edozer asmo duela geure taldeak edo hiriak, dena ondo joateko eta jainkoei eskatutakoa lortzeko, hitz eta ekintza egokiak egin behar ditugu. Zerbait kakaztuz gero, jakingo dugu norbaitek ez zuela bere partea zuzen egin». Ikusten dugunez, ez konfesatokirik, ez apaiz puritanorik —nor eta Julio Zesar aita santuaren baliokidea izan zen garaian, pentsa—. Oso bestelako negozioa zen.

Antzinakoei irakur diezaiekegunez, askok ez zuten fartsa horretan guztian sinesten —eta horixe idazteko askatasuna izan zuten—, baina betiere ordena soziala eta konfiantza bermatzeko mekanismo egokitzat jotzen zuten sistema. Batez ere, nire ustez, hondamendi handien errudunak eta petxeroak lortzeko bide erraza zen.

Eta orain, apaltasun osoz, diot nik: ez al genuke gaur egun onik aterako, sineskeriak kontrolatzeko antzeko sistema arautu, zorrotz eta burokratizatua sortuko bagenu? Pentsamendu kritikoak, eztabaida publikoek eta sen onak agintzen ez duten egoeretan, sineskeriak eta konspirazio teoriak nagusi diren eremuetan eta norbanakoengan, ideia ona izan liteke garai klasikoetatik ikastea, Errenazimentuan bezala.

Nahiz eta jakin unibertsoaren erdian ez garela bizi, aurretik iragarri ezin den errealitate kaotikoan baizik, naturala da pentsatzea gertaera handiek kausa handiak eduki behar dituztela. Azken mendeetako hondamendietan, askok jo dute talderik zaurgarrienen aurka petxero bila, gehienetan boteretsuek eta intoleranteek xaxatuta. Aski dela uste dut.

Berrezar dezagun sineskeria antolatu eta zibilizatua. Baita togak eta bakanalak ere.]]>
<![CDATA[Kultura hitza aditzean...]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2020-08-18/kultura_hitza_aditzean.htm Tue, 18 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/015/001/2020-08-18/kultura_hitza_aditzean.htm
Urte luzeak antzeko esaldiak irakurtzen eta oraindik ez dakit gogoan zer daukaten horrelakoak esaten dituztenek. Esaldiaren lehenengo zatiari erreparatuz... zertan ote datza pentsamendu kritiko hori, literaturaren bitartez eskuratzen dena? Nolako ondorioetara eraman beharko gintuzke, kritikotasun maila egokia lortu al dugun jakiteko? Are garrantzitsuago, zer demontre irakurri behar da? Liburuak —zehaztasun gehiagorik gabe— jendaurrean apaizen modura gurtzen dituzten horiek, nire ustez, gizarte bereizketa elitistak eta soziologia merkea saldu baino ez dute egiten.

Esaldiaren bigarren ataleko mezuak, ordea, gehiago kezkatzen nau. Kultura nahasten denean adierazpen kultural, literario edota artistikoekin, alegia. Gehien-gehienetan, gainera, merkatuan salerosi daitezkeen artefaktuei buruz ari dira, edota diru trukeko ekimenez. Gizarteko kulturen arteko bereizketa hierarkikoa egiten da sarri: horrelako produktuak erosi eta ezagutzea kulturan parte hartzeko bidea izaten da. Horren ondorioz, salerosketa horretan parte hartzen ez dutenak kulturagabe izendatzeko arriskua dago.

Eta horrela gabiltza. Amonak, tematuta, «kulturarik ez daukala» eta «ez dakiela ondo berba egiten», nahiz eta nik baino askoz adierazkortasun oparoagoa izan eta nahiz eta bizitza luzea eman duen unibertso oso bat bere baitan elikatzen, hein handi batean gehiago existitzen ez diren belaunaldiek eta gizarteak emana. Inork kontsumitu ezingo duen kultura.

Kultura hitza aditzen dudan bakoitzean... ez, ez dut pistola ateratzeko gogorik izaten. Gehienetan, aharrausi egiten dut.]]>
<![CDATA[Zurean ere txakurrak ortozik?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/014/001/2020-08-15/zurean_ere_txakurrak_ortozik.htm Sat, 15 Aug 2020 00:00:00 +0200 Diego Pallés Lapuente https://www.berria.eus/paperekoa/1881/014/001/2020-08-15/zurean_ere_txakurrak_ortozik.htm Star Wars-eko planetak bezalakoak, nahiz eta haien xehetasunak ere buruz ondo dakizkidan.

Lekuak ez ezik, pertsonaia historiko edota entzutetsuak geure bizitzetara gerturatzeko mekanismoak ere badauzkagu. Batzuetan, pertsona horiek erabilitako objektuak biltzen ditugu; baketak, liburuak edo haginak garbitzeko zotzak, esaterako. Era berean, badago nahiago duenik miretsi duen pertsonarekin parrandan atera, kafetxo bat hartu edo bere hilobia nahiz bizileku ohia bisitatu. Beste batzuetan, bizitza pribatuaren zertzeladak irakurtzea atsegin dugu, dela Voici edo ¡Hola! aldizkarietan, dela argitaratutako korrespondentzia bildumetan —desberdintasunak desberdintasun—.

Nik, gehienbat, azken jardunari ekiten diot. Ez dut Pronto irakurtzearen apologiarik egin, baina ez nau asetzen pertsona baten irudia bere obraren bitartez bakarrik osatzeak. Datu biografikoak ezagutzeko irrikan daudenen eskolakoa naiz. Ez obra hobeto ulertzeko asmoz halabeharrez, baizik eta giza bizitzari buruzko irakaspen borobilago bat ateratzeko nahian. Konprenitu nahi dut zein motatako grina, zalantza, beldur eta itxaropenak dauden halako oihartzuna utzi duen norbaiten atzean. Alegia, ez direla Star Wars-eko jedi zaldun hotz eta ezkongeak, baizik eta neure modukoak. Neuk ezin baitut bizitzan ezer ondu asmoak eta ideiak emozioen eta bizipenen galbahetik pasatu gabe.

Urrats bat harago, adiskide batek eta biok jolas kutun moduko batean noizbehinka aritzea maite dugu: eguneroko huskeria eta sufrikario arrunt eta negargarriek jota gaudenean, geure kezkak eta gogoetak gustuko ditugun erreferente historikoen buruetan jartzen ditugu, haiek ere horrelakoetan arituko ziren-eta nahitaez! Zenbat eta miserableagoa izan jarduna eta ospetsua pertsona, orduan eta dibertigarriagoa da kontua. Nola jokatuko luke Mikel Laboak baserriko auzoak leiho garbitu berrietan barraskiloak jarriko balizkio gogo txarrez (benetako pasadizoan oinarritua)? Eta Patricia Highsmithek etxea arkakusoak triskatzen? Bertolt Brechtek astebeteko harrikoa egiteko beharraren aurrean? Oteizak amaren lehengusuaren ezkontza ezin kutreagoan mahaikide mozkorrak congara sartzeko tematzen direnean?

XXI. mendeko Plutarkoren zain.]]>