<![CDATA[Edorta Jimenez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:17:30 +0100 hourly 1 <![CDATA[Edorta Jimenez | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/017/001/2023-01-22/zuretzat_bihotzez_elizabeth_hadley.htm Sun, 22 Jan 2023 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/017/001/2023-01-22/zuretzat_bihotzez_elizabeth_hadley.htm
Gaua bada ere hor kanpoan ez dago erabat ilun. Plazan ikusi dituen argiek eta jende ero-airekoek hotelean antzematen duen joan-etorriekin zerikusia ote daukan galdetzen dio bere buruari.

Ohea deseatzen dago, zazpi hileko dago, ez daki senarra jabetzen den. Hor ari da frantses-gurako batean harrerako emakumearekin, errietan kasik. Gero eta haserreago igartzen du.

Emakumeak ez du frantsesez senarrak baino hobeto egiten, ez horixe. Tarteka-tarteka beste hizkuntza batekoak behar duten hitzak askatzen ditu. Spanish Basque.

Dena dela usmatzen du emakumeak auzia zertan den, senarrak baino frantses hobea dauka eta; unibertsitatekoa.

Erreserbaturik zeukaten logela emanda dago.

Arraioa!

Parisen bueltan senarrak idatzi zuen artikuluan zioen spanish basque hitzena, Navarre eta Basque Country aipatuz; zazpi egunez belarriak zulatu zizkion Riau-Riau kantua ere, Basque. Eskertu zuen artikulu hartan aipatu izana emaztearekin, Ms. Hemingwayrekin zela, eta maletan eseri zela. Izena, Hadley, eta hala esertzeko motiboa, izorra zela alegia, ez zituen aipatu.

Izorra zela esan zionean ez zuen goxo hartu. Haurrak txori arruntez bete behar ziolako burua, eta ordura arte buruan zituen asmoak, hau da, txori miresgarriak, uxatu.

Nondik nora haurdun? Ez al dugu zera ondo kontuz egin beti?

Bai.

Eta?

Nola esango dio zein gogoko izan duen haren apetak betetzea zein gogoko jolasak. Bietako zeinek jardun emakume eta zeinek gizon, hori ausaz hautatzearena, esaterako. Bien sekretua da hori. Bikotekideen arteko konfiantzaren berme-zigilua. Gutun bidez esan zion, ezkontaurrekoetan. Lagun bat irakurtzen ari zen sexu-gida baten harira.

«Ez dugu guk halakoen beharrik, gure artean dagoeneko dugun konfiantzak erakutsiko digu noraino zertu zereko zerak», Hadleyren gutuna ganoraz ulertzeko ingeles hobea jakin behar nik dakidana baino.

Ausarta zen gero emakumea, gizona baino zortzi urte nagusiago bera.

Gizonarena egiten ari zen batean gertatu bide zen eta, nondik nora ez zen jolasaren gako-aldaketaz jabetu, ba?

Alpeetan izan zen. Kanpoan elurra mara-mara ari zuelarik.

Harrez gero neguaren hondarrak eta udaberri osoa liskartsuak izan dira.

Zezenetarako plana egin ostean, berriz, baketurik da gizona.

Zoazte zezenetara, aholkatu izan zieten lagunetako askok. Batik bat Pariseko emakume bi haiek, elkarrekin bizi zirenak. Beste bikote ezkondu bezalaxe. Liskar eta guzti. Alice eta Gertrude.

Zezenen sakrifizioaren lekuko izateak Minotauroaren indar mitikoa emanen dio etortzekoa denari, ziotseten, mutila izango zela ziurtzat jota.

Horiek baino, gogokoago ditu Shakespeare & Company liburu dendako beste biak. Sylvia eta Monni. Hartara joan ohi senarrarentzako liburuak maileguz hartzera.

Hadleyk jolas egiten imajinatzen ditu. Nahi gaberik izorra izatearen aukera zitalik gabe.

Maletatik altxatzeko eta etortzeko keinua egin dio senarrak. Joan da.

Voilà, esan die emakumeak, atetxo bar zabaldu eta batera.

Hemen lo egitea baino hobe edozein zerritokitan, haserretu zaio gizona.

Hoteleko emakumeak Hadleyri begiratu dio. Sabelaldera, zehazki.

Zatozte, pardon, venez.

Plazan festaren aparretan dira.

San Fermin, esan die emakumeak.

Hadleyri gogoko egin zaio haren ahots jada baretua, zer esan begietako dirdira eta irri argia.

Kale labirintoan barna ibiliz beste atari batera iritsi dira.

Ez du zenbat solairu izan diren zenbatu, eskaileretan gora zirkinak igarri ditu umontzian, horixe dena.

Voila, esan du berriz emakumeak, lehenagoko zeremonia errepikatuz.

Merci beaucoup.

Senarrak diru bat eman dio eskura.

Balkoia zabalik dago.

Toilletteekoak egin ostean haraxe joan da.

Hatsa arnastu dio hiriari.

Eder eta berri iritzi dio.

Goiza argitu aitzin itzartu dira.

Hash!, esan dio senarrak; ez dio inori izenaz esaten, beti goitizenez, jolasaren parte diren halakoak ez ditu orain gogoratu nahi.

Balkoira joan dira.

Jendetza hori, Ernest?

Goazen!

Parisen abiatu zirenetik lehengo aldiz ez du senarrari bidaia onartu izanaz damurik sentitu. Esan izan ziokeen. Ez, Ernest, ni neu ez noa, nagoen egoeran ere. Eta agur orduan indar mitikoak, zereko Minotauro eta ipuin guztiak.

Uztailak zazpi zituen, urtea 1923koa zen. Haren ostean beste sanfermin batzuk etorri ziren. Eta halako baten hirian kasik inork irakurri ez duen liburu ospetsua. Gero gerra eta urte zenbaiten buruan zakukadak gezur, irain eta doilorkeriak.

Sanferminak hondatu zituen aztia, Vade retro, Satan!

Zer izan zitekeen hiriaren historiara idazle handitzat pasatu den gizonari ezetz esan bazenio. Onartu egin zenion, eta hona zinezko miraria: ehungarreneko honetan gogoratuko ote den inor zurekin, zazpi hileko zeunden eta maletaren gainean eseri zen Elizabeth Hadley Richardson harekin. Harrez geroko guztiaren errua ez al dauka ba senarrarenganako zure maitasunak, Iruñerako zure baietzak?

Ehungarrenean, 2023ko honetan, hotelean eseri zineneko maleta hura bezain ahazturik segituko duzula konbentziturik, zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley, beste harentzat Hash.]]>
<![CDATA[Josefa Azketa martiria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-12-18/josefa_azketa_martiria.htm Sun, 18 Dec 2022 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-12-18/josefa_azketa_martiria.htm Jendetzak, egungo prentsan iragarriko balitz. Josefa Azketa sortzez bermeotarrari —Mundakan bada izen eta urte bereko beste bat— heriotza eman behar diote. Goizeko hamaiketan. Bizimodu arineko emakumeak txingetan lotzen dituzten orduan eta lekuan. Bilboko Plazan. Errege Errejimenduari helarazi zaio. Ezar dezala ordenua odola isuriko den lekuaren inguruan. Herria ez ai da-eta horrelako heriotza zigorren aldekoa. Nahiz eta gero elkarri ukalondoka ibili leku bila, hara! Ikusteko borreroa burdinazko garrotea garondoaren inguruan bihurtzen. Azken hatsa, gernua, odola, ei!!!

Zelan kasik ehun urte geroago trapu eta lastozko sorgina ikusi bagako urte biren ondoren hura berriro erretzen ikusteko prest jendetza Mundakan, halaxe aldrak Josefa Azketa sortzez Bermeokoaren azkena ikusten. Ez du esan nahi heriotzaren zigorraren aldekoak direnik. Ez batekoak eta ez bestekoak. Ustez behintzat. Ikuskizunaz gozatzea zen gakoa.

Bilbon ez da ikuslerik falta izango. Zurrumurruan dabil Josefa Azketaren alaba Maria Josefa Ormaetxea Azketa ere kalituko dutela. Bien artean eman zioten heriotza Juan Ormaetxeari, sugoiok! Andreak aizkora handiaz, alabak txikiaz. Bekokian eta burezurrean joz.

Zenbat aizkora izaten ziren orduko denboretan etxeetan. 1823az ari naiz. Eta nola ez zioten ba zuzenean lepoa egin gizonari.

Antzerik ez, edo.

Urte betez hor nonbait saiatu ei zen emakumea senarrari heriotza ematen. Lapikoan sugeak, saguak, sugoiak, apoak, aramuak, sugandilak eta beste nahastuz. Eta igarri ere ez gizonak. Ez ziren egiazkoak antza sutondoko sorgin ipuinetan esaten zirenak.

Hala da ze, aizkorak mailu.

Irailaren azkenetan izan zen. Gauez.

Zeregina burututakoan gorpua, gora!, eup!, koartoko kaixa gainean ezarri zuten. Hartako estalkian jarrita erabilgarriago, andetan bezala eroan zuten. Solora. Han zuloa lehendik aitzurtuta zutenetz, ez dakit. Izan zen legez izan zela, ez bide zen aski sakona izan.

Beldur betean presaka, zera, gorpua hainbat bizkorren estaldu zuten. Magia pittin batekin. Heriotzaren tenorean gizonak azken hatsa ematean aldean zeukan bezala atorra zaharra, eta zapi arre zaharrago batez burua estalita, orbel eta simaurrez ezkutatu zuten. Betiko usainek berria jan zezaten.

Bakea!

Lekukorik?

Seme nagusia morroi dago ez oso urrun. Halaxe, etxean txikia baino ez, eta? Horrek galaraziko du emakumeen plana. Horrek, eta aitari heriotza ematen lagundu duen Maria Josefa alabak damuaren pisua sentitzeak. Izaro han eta harago Ogoño beldurgarria, Jainkoarren!, aita elizkizunik gabe ehortzirik uzteak ez dio bakerik ematen. Merezi du aitak elizkizuna, heriotza merezi izan duen bezainbeste, baina, zer egin?

Mari Josefa Ormaetxea Azketak, aitaren heriotzaren unean «aurreratuta» zebilen emakume gazteak lekua merezi du Euskal Literatura Potentzialaren katalogoan, Bidean Geraturiko Eleberrien Sailean hain zuzen. Mungiako bi gizoni halako gutun bat idazteko agindu zien, esanez, zera, ontzi bat hondoratu zela Portugaleteko barran, eta hartantxe hil zela, itota, aita, zera, Juan Ormaetxea, eta galdua zela gorpua, amen! Gutuna Bermeora iritsi zen, Portugaleteko alkatearen sinadura faltsutuarekin.

Ez zuen luzaz iraun euskaraz baizik ez zekien amak, Josefak, Mari Pepatxu esaten zion Maria Josefaren trikimailuak, ez naiz luzatuko. Harira, zera, zer zela eta eman zioten Juan hari heriotza, izan aizkora ahoaz izan orpoaz, ama-alabek elkar hartuta, hona galdera.

Aizkoraren ahaidea den labanara joz, Ockhamen labanaren printzipiora hain zuzen, balizko erantzun artean soilena da agian egiazkoena; etxekalte, zor-egile, egurtzaile, mozkorti, zera, jasanezin zitzaien gizonaren portaera eta ez daukate haren aldetik nora edo zelan alde egin. Beraz, egin beza berak alde.

Guk ostera ezin diogu ihes egin ama-alabek utzi ziguten galderari erantzuteari. Ez da heriotza beren eskuz emateko eskubidea zutenetz, justizia berek egin ezean beste nork egin zezakeen baino.

Erantzunik ez?

Josefa Azketari inork, ezerk, ez dio garondo laztana zigorretik libratuko.

Lasai! Alaba ez zuen hil borreroak.

Horren izenik?

Juan Carnero!

Borreroak Bizkaian ez ziren Bizkaikoak izaten, bizkaitarren hidalguia unibertsala, hots, bizkaitar ororen kaparetasuna dela eta. Beraz, kanpotik ekarri behar eskuak hala zikindu behar dituztenak.

Zer ordu da? Hamaikak eta hamabi minutu. Arratseko hirurak aldera borreroak sokak eta osagarriak kendu dizkio Josefa Azketari, eta segituan gorpua zakuan sartu dute, ohi bezala, eta halaxe errekan hondoratu. Lehenago zakuari kanpoaldean zakurra, oilarra, sugea eta tximinoa marraztu dizkiote borreroak eta beronen anaiak, Francisco Carnero urgazleak. Inguruan badaezpada ere hiriko ohorezko guardiak eta mikeleteak hedarazi dira, ez dezan inork gorpua urpetik lehorrera atera.

Bostak aldera atera zuten, Korrejidoreak hala aginduta. Elizkizunak egin eta ehortz zezaten.

Gorpua haraino katabutean eroanda elizkizunak Done Jakueren katedralean egin zitzaizkion. Hango Kapituluaren eskutik.

Bertan ehortzi zuten.

Maria Azketa gure martiria.]]>
<![CDATA['Txarandel' aingeru mandataria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-11-20/txarandel_aingeru_mandataria.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-11-20/txarandel_aingeru_mandataria.htm Txarandel aldiz ezizentzat. Auziko idatzietan Bilbon jaioa, aitaren aldetik umezurtza eta hamabost urtekoa zela ageri da. Bada, Txarandel ezizenaren esangura zehatza ez dut inondik inora topatu, begiak lau egin arte bila ibili arren, eta Echabarria horri dagokionean ez dirudi zuzen idatzia denik, jaiotzeen liburuetan Juan Angel Echebarria bat baino ez baitago, 1784ko otsailaren 1ean San Anton elizan bataiatua. Oker hori gogoan, litekeena da Txarandel ezizena ere okerretara idatzia izatea.

Zena zela, atxilotu zutenean Txarandel-edo esaten zioten hura «neskatxa mundutarrak —'mozas mundanas'— zeritzen haien errekaduak edo mandatuak egiten ziharduen, hots, halako mutilen ohiko zereginetan». Zereginok zertan ziren argitu aitzin bada beste zer argiturik. Mundutar haien nondik norakoa, alegia.

Auzi berean aipaturik diren neskatxa mundutarrak, garaiko Bilboko portuko emakumezko proletarioen mosaikoaren parte dira. Bi zamaketariak dira. Lehena, Joakina Ramona Suarez, kargalaria, edo karga pasatzen zuena, ez dio nongoa; bigarrena, Garaiko Josefa, Deustukoa, umezurtza, peoia, ahulaldi baten ondorioz halako egoeran utzi zuen gizonak behin eta behin laguntzen ei zion.

Garai hartan, eta XX. mendean ondo sartu arte, Bilboko portuan ontzietako karga eta deskarga emakumezkoen lana zen; lan gogorra, gizonek egiten zutenaren adina, ingelesez bidazti garaikide zenbaitek idatzi legez. Zamaketa eta peoi lanez gain emakumezko haiek, bizitzeko adina aterako bazuten, atera, lan mundutarrak betetzera kondenatuak ziren. Antzeko egoeran bizi zen hirugarren auzipetua, Angulo-eneko Frantziska, Urduñakoa, nork neskame hartuko zain.

Joakina, Josefa eta Frantziska, hirurak harrapatu zituzten ezizenez Casto esaten zioten Frantzisko Madariagaren etxean agintariek 1798ko hartan egin zuten sarekadan.

Gertaeren leku eta ordu hartan Casto-ren etxean zen Txarandel. Joakina Ramonaren ohearen azpian ondo gordeta. Hala bada, ez zuten hartan atxiki, zenbait egun geroago baino. Kasurako berdin dio. Leporatzen ziotenak balio zuen.

Halaxe, Txarandel-ek Madariagaren etxekoez epaiketan esan zuenez, neskatxei zenbait aldiz zerbitzuak egin izana aitortu zuen eta, zehazkiago, epaitzen ari ziren apirilaren 22ko gau hartakoez argitu zuenez, hartan etxeko andrea, Magdalena, hiriko plazan bila ibili zitzaion, eta behin topaturik eskaria egin zion, zera, ekartzeko gizonen bat edo beste bere etxera, neskatxekin gozatzera.

Horra bada Angel Etxebarriaren zeregina. Mandataria. Mezularia. Epaitzen ari ziren hartan esandakoarekin bat, gizonezko bi eroan zizkion Magdalenari, eta bere begiez ikusi zuen zelan eman zioten gero haiek ogerleko erdi bana andreari; honek berriz zilarrezko erreal bat eman ei zion Txarandel-eri; gogoan izanda ogerleko erdia hamar erreal zirela, negozioren ehuneko bost. Larru-lana egin zutenak nor izan ziren eta andreak zenbana eman zien, hori ez dakit.

Angel Etxebarria Txarandel aingeru mandatari gazteak aitortu zuenarekin bat, hala urte hartan zelan aurrekoan ere, «eta azken horretan batik bat» nekez gogora zezakeen trafikorik gabeko gaurik izana. Erantsi zuenez, neskatxa denak ez ziren Magdalenaren etxean bizi, komeni zenetan bera joaten zitzaien bila.

Ofizioa zen Txarandel-ena, eta ofizioaren parte zen ahoa ondo josita edukitzea.

Halaxe, atxiloketaren bezperan Krispin izeneko lagunak, etxeko semeetakoa bera, txakolindegira gonbidatu zuen, eman behar zion abisua jan-edanekin batera errazago irents zezan.

«Atxilotuak izanez gero, guk, etxekoez, txintik ere ez».

Hangoez hitz egin zutenak ondoko etxekoak ziren. Ezin jasan zuten auzoan zeukaten gau-giroa, han zebilen joan-etorria, harrabotsa eta zarata. Hartan isilena Txarandel bera ez ote zen nago. Profesionala zen, horren frogatzat aurrekariak zeuzkan. Azkenengoz hiru hilabete lehenago atxilotua, desterrua ezarri zioten zigortzat, baina, Mañarian zeukan anaiaren etxera joanda bizkor itzuli zen Bilbora.

«Hirira itzultzea eta pausoak lehengo bideetara bihurtzea beste irtenbiderik ez nuen izan, han nire buruari zerekin eutsi ez neukanez gero».

Mañaria ez zen Arkadia.

Eta Bilbo, zer zen?

Txarandel eta halakoen galbidea.

Angel Etxebarria epaitu zuen juezak sei urteko zigorra ezarri zion, Errege Armadako ontziren batean bete beharrekoa. Ohiko zigorra.

Alabaina, orduan Bilbon halakoak hartzeko ontzirik ez eta, kartzelan zeukaten Txarandel. Bere buruaren mantenua eta beste gastu guztiak bere gain hartuta, Zigorraren Ekonomia Politikoan hori ere sartzen zen eta.

Hori horrela, Maria Urkiri Laspiurrek, Angel Etxebarriaren amak, eskaria egin zion justiziari, lehenago semeak berak ere eskatuta zeukana eman ziezaioten. Itsasoak apurtzera bidaltzeko semea, bai, baina, zera, nahiz Bilbon, nahiz Donostian, nahiz Baionan, korsuan nabigatzen zuten beste haietako ontzi batean.

Ez dakit eskaria bete zen, ala zer. Bizkaian XX. mendean hildakoen artean ez dut topatu. Hala bada egin dezagun amets guk ez daukagunaz, zera, izan zela alkaterik eta juezik gabeko zorion-leku bat aingeru mandatari harentzako.]]>
<![CDATA[Bilbo esentziala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-10-16/bilbo_esentziala.htm Sun, 16 Oct 2022 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-10-16/bilbo_esentziala.htm Ene! Zingira kaletik pasatzean egin genituen barreak! Txalo eta dena egin zigun / balkoitik atso batek.



Halaxe hasten da, gaztelaniaz baina, euskarara hala-hola ekarri dudan bilbainada erako kantuen artean top one litekeena, Emiliano Arriagaren Lexicón Bilbaíno (1896) liburuan ageri dena. Hartan egileak idatzi zuenarekin bat, hitzak Juan Jose Moronati batek sortu zituen, 1852an, Alemaniatik ei zetorren bals halako baten gainean hain zuzen. Balsa Bilbora zelan iritsi zen, ezin erabat ziurtzat jo, baina, itsasoz etorri zelakoan nago. Egon ere, XIX. mende erdi aldera Zingira kalearen pareko ibarrean portuko nasetako bat zegoen. Litekeena da nasa harexetara iritsi izana Moronati apeliduko Bilboko lehena.

Beude bada balsa eta apelidu hori portuak Bilbori ekarri dizkion materiagabeko ondare deritzen horien artean sailkaturik. Hipotesien atalean, jakina.

Hipotesien alorrekoa ez dena da Bilboko portura ontziak ugari etorri ohi zirela, hiria fundatu zenez geroztik duela ordu laurden bat arte. Horrelaxe kontatu izan digute Kontsulatuaren historiarekin, Bizkaiaren aberastasunekin eta iragan loriatsuko ondare material dagoeneko galduarekin burua txinbo txoriz bete digutenek. Kontakizun horietako batzuk irakurrita aberastasunen ontziak eskifaiarik gabekoak zirela ematen duen arren, noiz edo noiz aipatuak izan diren kapitain ospetsuez gain, baziren ontziko gizonak eta mutilak, denak arima banarekin gutxienez, haiek ere materiagabeko ondarearen sailekoak. Arima, diot, behialako denbora zoriontsuetan esaten zen legez esanda. Esan gabe doa arimen habiak gorputzak direla, eta gorputza aldi berean beste materiagabeko batzuen azal, hezur eta haragizko gordelekua dela. Fantasiena, batik bat itsasoan; eta grinena eta desioena, lehorrean oina pausatutakoan horiek non aseko premian.

Natorren baina Zingirara. 1695ekora. Premia horretan ziren marinelak eskutik ekarriz. Asetasunen etxera hain zuzen.

Otsailak gaur hamasei, domeka, Juan Jose Ayasassakoa, Bilboko alkate eta juez dena, Zingirako auzunera etorri da, bertoko etxe jakin batekoez zurrumurruan dabiltzanak egiazkoak diren argitzera. Zera, ba ei dira etxe horretan andre libre batzuk —«mujeres libres», dio dokumentuak— gizonekin tratuak izaten ei dituztenak. Alkateak, ordura arte ei izan dena egia dela idatziz ipintzeko kausaz arduratzen den eskribaua ekarri du. Eta hiriko lau aguazilak ere etorri ere. Badaezpada ere. Horiez gain, beste jende batzuk agertu dira hara.

Etxe aurrera ailegaturik alkateak atean jo du. Emakumezko batek zabaldu dio eta, zer, jauna? Ba zurrumurruan zera eta zera dabilela eta begiratzera etorri gara. Holakorik ez hemen jauna, egun ona izan!

Alkateak aguazilei agindu die atea zabalarazteko.

Sartu eta horra hiru gizon, salan jesarrita, edanean. Alkateak Gaztela aldeko erdaraz egin galde, eta gizonak mutu; ez dira bertokoak, ez dute deus ulertzen.

Etxea arakatzen segiturik eskaileretan gora egin dute eta, horra hor ate bat barrutik giltzaz ondo itxita. Zabaldu! Indarrez egin dute barrura. Eta zera, emakumezko bat polito ostendurik. Kanpora atera dute, eta, berriro barrura sartuta, horra gizonezko bat, berau ere atzerritarra, planta onekoa, soinean jaka —azula dela dio dokumentuak—dagoeneko jantzita bai, baina, oraindio azpiko galtzak lotzen.

Domeka hura, 1695eko otsailaren 16koa, luzea izan zen. Arratsaldean ordenuaren jagoleak Zingira auzuneko Esperantza komentuaren ondoko beste etxe batera sartu ziren. Hartan emakumezko bat, Luisa de Vitoria, eta gizon atzerritar bi. Hirugarren gizon bat ere badago, Urrutia, zapataria. Denak hiriko kartzelara, azken hori izan ezik.

Eskribauak bere lana egin zuen. Emakumeak eta lehengo etxeko atzerritarrak auzipetu zituzten, besteak ez dakit. Aberriaren ontasuna flandestar ontzian etorriak ziren gizonak. Deklaratu zuen lehena, Theodoro Cas; 25 urtekoa, ezkongabea. Ez zekiela zer jazo zitzaion etxe hartatik kartzelarainoko bidean, hain zegoen mozkorrik. Ezta begiak lau eginda ere! Eta halakoa harrapatu zuten etxera sartzeko keinua, edatera!, emakumezko bik egin ei zietela; neskatxa bata, atsoa bestea. Hots, zereginerakoak eta estalgilea edo alkahueta.

Estalgilearen keinua zurrutarena izan zela onarturik, kasik unibertsala dena beste alde, zer beste egin zuen lehenago, lau gizon haien atentzioa deitzeko? Txalo, akaso?

Horretaz itzultzaile jarri zieten Frai Eugido de Santo Thomas izenekoari zer esan zioten, ez dakit.

«Ontzitik irtenda barre artean Zingira kalean sartu ginenean txaloka oihu egin atso batek, balkoitik, bere etxera edatera etortzeko».

Azken hitzak kenduta, ehun eta hamazazpi urte geroago Juan Jose Moronatik asmatu zuen kantuan bezalaxe da beste dena.

Nago, bada, Moronatik ez zuela lehenagoko kantu lizunagoko bateko zenbait hitzen ordezkatze lana baino egin. Umore onez egin ere.

Halaxe, XX. mendearen azken aldera, gau-txori bihurturik, Zingira kalean zegoen Umore-ona izenekora agertzen ginen. Biharamunean, Theodoro As haren pare, askotan habiara zelan itzuliak ginen akordatu ezinik izaten ginen.

Laurehun urteko Bilbo esentziala.]]>
<![CDATA[Bilboko plazan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-09-18/bilboko_plazan.htm Sun, 18 Sep 2022 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-09-18/bilboko_plazan.htm argolla esaten zaion burdinazko halako eraztun edo zirgilo berezia, hormaren bati atxikia, zeini ez dakit, horri buruz irakurri ditudanetan hori xehetasun hori ez baitakar inon. Ezta ere euskaraz hari nola esaten zioten. Irakurri ditudan horietan argi ikusten den arren hirian asko eta asko, gehiengoa ez esatearren, euskaldunak zirela, izango zuten hala bada harentzako izenen bat.

Irakurri ditudanak —José Patricio Aldamaren Sexualidad, escándalo público y castigo en Bizkaia durante el Antiguo Régimen tesian hain zuzen— XVIII. mendeko auzietako dokumentuak dira, gaztelaniaz idatziak. Hala bada, argolla horrena euskal hiztegietan begiratu dut eta besteak beste txinget eta txinga hitzak agertu zaizkit, baita zirgilo eta txirrindola ere. Irakurleak hauta beza.

Bilboko behialako plazako zirgilo edo txinget hartan tarteka-marteka emakumezkoren bat edo beste lotzen zuten, unean uneko alkatearen erabakiz eta aginduz hain zuzen. Historikoki ez dakigu guztira zenbat izan ziren plazan zigortuak. Hori horrela, haien nondik norakoez jakiteko kasurik kasu joan behar.

Halaxe, esaterako, 1745ean, Amuskibarreko Ana Maria —Ana María de Amusquibar— lotu zuten. «Kaskamotz eta biluzik, denen aurrean, iseka eta laidoen itua izan dadin», edo halakoren bat dio erromantzez alkate-aginduaren testuak.

Bizimodu traketseko edo arineko emakumezkoak («de vida torpe» nahiz «de vida liviana» diote dokumentuek) asto gainean eroan ohi zituzten plazara, kalerik kale, zazpi kaleetako zazpiak korrituz, gerritik gora biluzik, herritarrek pasaeran burla egin ziezaieten, eta egindakoengatik lotsa izan eta, eskarmentua halaxe izan zezaten.

Gero hormari loturiko eraztunean ordubetez izaten omen zituzten. Hamaikak eta hamabiak artean, horixe ei baitzen zorioneko Bilboko kaleetan lagun gehien ibiltzen zen ordua. Dokumenturen batean irakurri dudanekin bat, zigorraz arduratzen zirenak, eurok ere lotsaz, erakustaldia laburtzen ahalegintzen ziren.

Orduko Bilbon 10.000 bat bizi zirela gogoan, eta kontsideratuz guzti-guztiak ez zirela kalera irteteko gai, eta gainera hango itsastarretako batzuk nabigazioetan ibiliko zirela aintzat hartuta, zenbat agertzen ote ziren halakoak ikustera ez daukat esatekorik. Ikuskizuna debaldekoa zen eta, ziurtzat jo litekeena da hara agertutakoak nahikoak zitezkeela laidotzat plazako zirgiloan loturikoaren aipamena inon falta ez zedin.

Okilak enborrean mokoka nola, dokumentuen basoan sartu ahala buruan zulo egiten joan zaidan galdera da ea ba Ana Maria haren bizimodu trakets arinetik atsegin bat erdietsi zuten gizonetakorik ba ote zen Bilboko plazan. Baiezkoan, asto gainean biluzirik haraino ekarri eta txingan halaxe ezarri zuten hura ikustean, zer sentitzen zuten gizonok? Larru gorri zigortuak larru gorri guriaren grina eragiten ote zien?

Baiezkoan nago.

Aipatzen ari naizen urtea, 1745a, ez zen Amuskibarreko Ana Maria zigortu zuten aldi bakarra. Lehenago urteetan, 1741ean eta 1742an, hiriko zubiaren kanpoko alderaino lagundu zioten, asto gainean. Joan zedin hiritik behin eta betiko, sekula santan berriro ez agertzeko.

Itzuli zen, argi dago. Beharbada plazako zirgiloan loturiko emakumea biluzik ikusi zuten gizonezkoek haren beraren, edo haren lakoen, desioa zutelako, badiot. Hori batetik. Bestetik gizonok nonbait faltrikeran desioaren asealdia ordaintzeko sosik bazeukatelako itzuliko zen, ez ala? Azkenik, erabat segurua dena da Ana Mariak jasaniko zigorrak, iseka, laido eta halako beste zernahiren gainetik eginez, bizimodua kosta ahala kosta atera beharrean zelako itzultzen zela.

Notizia badugun desterru bietatik berriro Bilbora etorrita, ba, hurrengoetan zigorra astundu zioten.

Dokumentuetan dagoenarekin bat, 1744an ezarri zuten lehenengoz zirgiloan Amuskibarrekoa, handik gero zubira eroateko. Hartakoaz dokumentuok ez dute argitzen asto gainean biluzirik eroan zutenetz, ala zer. Hurrengoan, 1745ekoan, badiote, bai, azaltzen ahalegintzen ari naizen legez.

Amuskibarreko Ana Maria haren gainean dakidan azkena da itzuli egin zela 1745eko desterrutik. Bilboko kaleen artean zuhur eta adi, ezagumenduz ibiltzen jakinez gero beti topatzen zelako Haragikale izena merezi zuen beste kale bat, inon ez zena, eta edonon izan zitekeena.

Kalea zehazki non zen jakin gabe ere alkateek beti jakiten zuten hartan ibiltzen zirenen berri. Emakumeei zigorra ezarri eta gizonei barkatu, halaxe egiten zuten, ze, nor ziren Haragikale-ko gizon haiek?

1746an berriro auzipetu zuten Amuskibarreko Ana Maria. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, «bizimodu traketseko» emakumezkoentzat ziren galera-etxe izeneko haietako batean betetzekoa hain zuzen.

Ez dakit hartarik ere ez ote zen Haragikale-ra itzuli.

Bizkaiko elizetako heriotza agirietan Maria izeneko Amusquibar bakarra dago, 1870ean erregistratua, Abadiñon. Jaiotzekoetan ere Maria Amusquibar bakarra dago, 1720an Abadiñon erregistratua. Alabaina, bataren eta bestearen bigarren abizenak ez datoz bat. Horrez gain auzietako dokumentuetan emakumea Elorrion jaiotakotzat jotzen dute.

Non ere jaio eta hil zen, Amuskibarreko Ana Maria, Bilbon bere izenarekin kalea merezi duten emakumeetakoa da. Torturatu eta gogor zigortu zituzten Haragikale-ko haien oroiz.]]>
<![CDATA[Caliban eta (Mundakako) sorgina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2022-06-19/caliban_eta_mundakako_sorgina.htm Sun, 19 Jun 2022 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2022-06-19/caliban_eta_mundakako_sorgina.htm
Ez nekien hori, ez, Genoara abiatu nintzenean. Nire xedea Christophorus Columbus jaio zen etxea ikustea zen. Joan eta, putz. «Tradizioak dioenez etxe honetan jaio zen zera», zioen argibidetzako kanpoan jarritako plakak.

Okerragoa izan zen, beste behin, gida-liburuak Romeo eta Julietaren artekoaren gertaleku nagusitzat saldu zidan etxea ikustera hurreratu nintzelarik. Ehunka lagun barruan zein inguruetan eta makina bat papertxo zein pegatina paretak eta enparauak betez, nori eta Lady Di hari zuzenduak. Etxeak, noski, ez zuen R&J haiekin zerikusirik. Ezin. Fikzioa zelako ez ezik, William Verona hirian inoiz izan ez zelako ere.

Bada, Nafarroako Erresuma askean ere ez zen izan. Hala ere gure artean ospetsu bihurtu den esaera utzi zuen, zera, «Navarre shall be the wonder of the world». Profeta behintzat ez zela, hurrengo ahapaldian dago berretsirik: «Our court shall be a little Academe, Still and contemplative in living art».

Zinean ikusi nuen aipuen iturria den Lovers Labours Lost. Ingalaterran. Nire ondoan barre algaraka ingelesak. Barre erdirik ere ez nik, ez bainuen bertsotan emana zen ingeles hartatik ezer harrapatzen.

Ez joatearren, ezta Eskoziara ere ez zen joan Macbeth hipertxalotuaren sortzailea. Antzezlana zein den gogoratzeko, hartan hiru sorgin hiperrezagunak ageri dira, horra.

Macbeth estreinatzen denerako, 1606an hain zuzen, berrogei urte dira Eskozian errege James izeneko halako seigarrena dagoena; bost urte dira igaroak, aldiz, James izeneko Ingalaterrako lehentzat koroatu zutenetik. Horren azpian erresuma horietako emakumeen patua, ankerra baino ankerragoa izaten ari da.

Jamesek erresuma bietako emakumeetako ez gutxi sorginak direla sinesten du, halako fedez sinetsi ere, non sorginkeriari buruzko bere tratatua daukan idatzita: Daemonologie—In Forme of a Dialogue, Divided into three Books: By the High and Mighty Prince, James &c., 1597an argitaratua. Egilearen iturria, irakurri eta aditu dituen zerez gain, bere eskuetatik pasatu diren ustezko sorginekin hartu duen eskarmentua da. Esan nahi baita bere eskuekin eman diela oinazea, eta jabetu dela nola behin tormentuak hasita hala erabiliek ez dutela luzaz irauten egiazki nor diren eta zer egiten duten aitortu gabe. Halaxe, James errege eta haren emazte erreginari sorginek heriotza eman nahi izan omen zieten, ekaitza sortuz eta horretara haiek biak zihoazen ontzia hondora araziz. The Tempest ospetsuan Shakespearek antzeko zerbait sartu zuen. Errege lausengatzearren ez ote zuen egin.

Jamesen liburua ez omen da arloko gailenena. Gurera etorrita horra beste Daemonologie hori, Pierre de Lancreren Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons: Où il est amplement traité des sorciers et de la sorcellerie, 1612koa, gaztelaniaz Tratado de brujería vasca titulu engainagarriaz emana.

Haiek urteak, haiek, sorgintzat jotako emakumezkoei piztiak akabatzeko baino tratu basago, bihozgabeago, krudelagoa ematen zietenekoak. Silvia Federicik bikain azaldu digu hori, Caliban eta sorgina liburuan.

«Feministek ez bezala —dio—, historialari marxistek, kapitalismoaren trantsizioa aztertu dutenean ere, ahaztuta eduki izan dute sorgin-ehiza, klase borrokaren historian garrantzirik gabeko kontu bat balitz bezala (...). Sarraskiaren neurriak susmoren batzuk piztu beharko zituzkeen, ordea, bi mende eskasetan ehunka mila emakume erre, urkatu eta torturatu baitzituzten».

Mende horiek kontatzen, hasi Jamesek, Lancrek edota Shakespearek sorginenak idatzi zituzten urteetan! Azkenak hurrengoa idatzi zuen 1608ko King Lear delakoan:

«Gerritik behera Zentauroak dira, / nahiz eta gerritik gora emakumeak izan / gerritik gorakoa jainkoengandik hartu dute. // Handik beherakoa, ordea, dena dute deabruzko, / dena dute infernu, ilunpe, / sufre-leize, / sutan irakiten, kirastua, usteldua».

Erretzen zituzten ba sorginak, eta galdera da nork ordaintzen zituen suteak, haien kostua zertan zen. 1636ko prezioetan emanda, suterako behar zen ikatz karga, hiru liberatik gora zen; upel bat brea, hamalau txelin; borreroarentzat zortzitik gora; eta beste. Horiek biktimaren familiartekoen kontura, bestela herritarren edo jaunen diruekin.

Federici, liburuaren euskarazko ediziorako sarreran kexu agertu zaigu: «Sorgin-epaiketa ospetsuak izandako lekuetan aurkitu dugun sorginen irudikapena: akusatutako emakumeen patu ikaragarria turistak erakartzeko ikuskizun bihurtu da, eta sexismoz eta arrazakeriaz betetako inkisidoreen ikuspuntua irudikatzen duten irudi estereotipatuak sustatzen dira».

Ez dakit emakumea inoiz izan ote den Mundakan. Hemen Inkisizioak emakume jada hildakoekin egin ohi zuena egiten da, zera, sorgin irudi bat erre.

Tradizio zaharra dela diote.

1958an erre zuten halako lehen sorgina.

Eta horra mundakar neskatoak eta mutikoak, liluraturik, Donibane gauez historia ikasten.]]>
<![CDATA[Moby Dick queer]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2022-05-15/moby_dick_queer.htm Sun, 15 May 2022 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2022-05-15/moby_dick_queer.htm Moby Dick. Jatorrizko edizioan dituen 635 orrialdeengatik ez ezik irakurtzen dudan aldiro orrialdeotan agertzen zaizkidan ezustekoengatik ere. Halaxe gertatu zait liburuan izua nola agertzen den lehengoetan baino adiago begiratzearren nobelako kanibal zentralaren bila jo dudalarik. Esan litekeelako liburuan kanibalismoarekiko terrorea dagoela.

Bada, azken irakurraldian eta horren ondoren ikertu ditudan beste datu batzuk gerorako utzita, Herman Melvillek ondo ezagutu zuen liburu jakin bat aipatu gura nuke. In the Heart of the Sea / The tragedy of the Whaleship 'Essex' du titulua, eta Nathaniel Philbrick egilea. Liburuak 2000an AEBetako National Book saria eskuratu zuen, ez-fikzioaren arloan hain zuzen. Hartan oinarriturik 2015ean estreinatu zen filma ez daukat ikusita.

Itsasoaren bihotzean liburu horretan kontatzen dena, tituluaren bigarren partean iragartzen zaiguna da. Moby Dick liburuan Pequod baleontziaren zori berbera izan zuen Essex izenekoak; baleak zartakoa jo eta horra hondora ontzia, eta ontzikoak bateletara, eta bateletan azkenik ez janik ez urik, eta begiak lau eginda ere inondik lehorrik edo ontzirik ezin antzemanik, bizirik segitzen zuten banakek erabaki latza egin dute, zera, aldian behin euretariko bati heriotza eman eta haren gorputza jan. Zotz ala motz eginez erabaki beharko nori heriotza eman. Proposamena egin zuenari egokitu zitzaion lehena izatea. Isaac Cole, larru beltzekoa bera. Ez omen zen trikimailurik egon.

Kanibalismo zibilizatu horri esker zenbait gizon bizirik itzuli ziren Ingalaterra Berriko Nantucket irlara, ontziaren jatorrira alegia.

Gertaerok 1819an izan ziren, eta 1821ean argitaratu horien kontakizuna den liburua: Narrative of the Most Extraordinary and Distressing Shipwreck of the Whale-Ship Essex, of Nantucket: Which Was Attacked and Finally Destroyed by a Large Spemaceti-Whale in the Pacific Ocean, Owen Chase ontziko lehenak argitaratua. Herman Melvilleren liburu infinitua berriz 1851koa da. Idazleak tartetxoa ukan zuen kanibalismoarena jorratzeko, kanibalismo eszenarik sartu gabe. Pequod ontziko batzuk kanibalak direla dio behin eta berriro, eta kito.

Liburuko kanibal zentrala Zeelanda Berriko Queequeg maoria da, bada gero kasualitatea. Queer harremana bihurtuko baita Queequeg eta «Call me Ishmael», «Esadazue Ismael», esanez kontatzen hasten denaren artekoa.

Ene, nola ez nintzen aurreko irakurraldietan horretaz ohartu. Kanibalismoaren gaia ez zen beste ezertarako sorgorturik nengoelako hain segur. Beraz, geratzen zaidan tartetxoan queer horren nondik norakoa azalduko dut.

Ismaeli, portuko ostatuan egin beharko duen lehen gauaren atarian, izua sortu zaio. Ez dio ba ostatuko ugazabak logelak beterik direla guztiak eta ohe erdi bakarra duela hutsik, konpartitzeko prest baldin badago, hori bai, beste erdian lo egiten duena kanibala omen da.

Atsedenaren premiaren premiaz izua gainditurik, halako batean Ismael bere erdira doa, beste erdia artean hutsik delarik. Ez luzerako ostera. Halako batean horra Queequeg ilunetan gelara sarturik. Izu laborria? Ez hainbesterakoa. Jakingura, horixe da batik bat nagusitu zaiona. Manta artetik kirik egiten dio Queequeg miragarriari.

Ustezko kanibalaren gorpuzkera, haren maori larrua, halako moduan tatuatua non gaur egungo tatuatzaileak ez zaizkio ezta txorkatiletara ere iristen harenari, zorrotik aterata dituen errezo antzekoak egiten dizkion irudia, den-dena zaio ezusteko eta kitzikagarri marinel gazteari. «Ez eta anaia batekin ere, ez nuke nahi inorekin ohea erdibanatu», dio. Hala ere konturatzerako ohe barruan dira biak. Zeina bere erdian. Biharamunean ordea erdi biak bat egin direla ohartuko da. Lo dirauen Queequegen besoetako batek soina babesten dio.

Hori, bien arteko harreman txeratsu eta maitekorraren hasiera baino ez da eta, gay kutsuko pasarteekin ez luzatzearren, aipa dezadan Ismael eta Queequeg elkarrekin ezkontzen direneko pasartea. Amaitzeko, gizonezko bien arteko harremanaren ikurra liburuaren azken aldera dator. Pequod ontzia hondoraturik eta babes gabe uretan ezinean Ismael, itotzear, hara hor Queequeg gorpu datzan katabuta. Horrexeri besarkaturik salbatuko du bizia gazteak.

Balearen ehizarako itsasaldi luzeetan Essex egiazkoaren antzeko guztietan marinel proletarioek izaten zituzten bizi baldintza latzei eta gizonen arteko sentimendu eta bizipenei begiratzeko beste leiho bat zabaldu dit azken irakurkera honek. Leiho horretatik balea-ontzietan ez ezik lehenagoko zein geroagoetan ere izan direnei begiratzen ahal zaie.

Brokeback Mountain lehenengoz ikustearen parekoa izan da Moby Dick queer honena. Filmak western historiko askori beste modu batez begiratzeko era eman zidan, zera, protagonista gizon-bikoteak dituztenei hain zuzen. Bada, antzeko zerbait eman dit oraingoan Herman Melvilleren liburu infinituak.

Horren harira gizonaren biografia behar bezalakoren bat irakurtzeko gogoa egin zait. Berdin dio laburra ala infinitua izan. Izan bedi liburuaren azken irakurraldia bezain argigarria, horrekin nahikoa.]]>
<![CDATA[Gandhi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-04-17/gandhi.htm Sun, 17 Apr 2022 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-04-17/gandhi.htm
Hori argazkiaren egileak lekike. Nor da, baina?

Galderak hortxe iraun dit, asteetan, harik eta norbaitek argazkiaren egilea nor den esan didan arte. Bada, berak, Begoña Aldekoak azaldu didanez, argazkia Rajastango Pushkar hiri sakratuan atera zuen, 2017an.

Etxera bidean argazkiari egindako azken begi-bisitak miraria obratu du.

Orain taberna den toki hori berori denda izan zeneko garaia etorri zait gogora.

Nire burua ikusi dut, amaren gerria baino gorago ezin begiak, dendariaren eta amaren arteko elkarrizketari adi. Gandhi zela eta ari ziren.

Ez ziren Mah?tm? Gandhi historikoaz ari, sorterrian Gandhi ezizena zeraman Eugenioz baino. Bestea ni jaio baino lau urte lehenago hil zuten. 1948ko urtarrilaren 30ean, 78 urte zituela.

Gandhi historikoaren irudia sorterrira nondik iritsi zen, zein hedabidek ekarri zuen, ez dakit. Espainiako Estatuko zine areto guztietan derrigorrez proiektatzen zen No-Do izeneko asteroko propaganda-emanaldiak, hari buruzko erreportajea eman zuen, Gandhi Bengalako ekialdean barrena titulupean, 1947ko otsailaren 17ko dataz.

«Gandhik», zioen off-eko ahotsak, «hinduen eta musulmanen aldeko bakea bilatzen du, zeregin hori hobeki betetze aldera bengaliar dialektoa ikasi du; egunean hamazortzi orduz ibiltzen da predikuetan, bidez bide, atsedenik gabe».

Arestian esan bezala urtebete igaro baino lehen hil zuten.

La Gaceta del Norte bilbotarrak, hilketaren biharamunean eman zuen haren berri, irudirik gabe eta heriotzaren zergatia aipatu gabe.

«Ha muerto... hil da... aitalehen hindua, gizon leun eta fin hori, Indiako poeta txit handia, hinduismoaren poeta ekintzailea...».

Martxoaren 1eko emanaldian asteroko frankistak minutu eta erdiko tartea eskaini zion haren hiletari. Irudietan, Gandhiren gorpua jendetzek inguratua; hileta segizio ofiziala eta horren aurretik itxuraz estatubatuar marineak direnak; halako batean gorpuaren multzoa geldi; gero sua. Doinu bakarra, off-eko musika.

Ez Espainia ofizialaren asterokoak ez Bilboko egunkari hiperklerikalak argitu zuten nork, zergatik eman zion heriotza Gandhiri.

Bilboko egunkariak, erakutsiz irakurleek bazutela Gandhiren irudiaren hola edo nola bat, haren itxurari eta hazpegiei egin zien erreferentzia, aipatuz «jantzi ohi zuen izaratxo zuri txiroa, aurpegi zorrotz ebakia eta irribarre adiskidetsua». «Izan ere batere fotogenikoak ez zirenak», borobildu zuen oharraren egileak.

Erretratua bat dator sorterriko Gandhiren itxurarekin. Fotogenikoa ez izatearen horretan batik bat.

«Gandhi etorriko da, gero!», mehatxu egiten ziguten umetan.

Bada, aspaldi denda eta aspaldirago gozotegia izana zen hartan ama eta hango alaba gure Gandhiz ari ziren. Dendakoak halaxe esaten zion. Gure.

Gizona iluntze hartan, ze ama iluntzeetan joaten zen hara, han barruan gozotegiko txaparen gainean lo zegoela esan zion dendakoak, Mariterek, eta neguko gau hotzetan halaxe nahiago izaten zuela, nahiz eta gero goiz-goiz jaiki behar. Horrek ez zion ardura. Egiten zituen lanak askotarikoak izaten ziren, ez zeukan ugazaba finkorik ez eta ordutegirik ere. Halaxe, bazirudien iluntze hartakoaren hurrengo goizean gozogileak sua piztearekin batera jaikitzekoa zela. Bestela gozogilearen beraren ikaztegian lo egiten zuen. Edo Goiko talan. Azken horretan bazkalosteetan, eguzkia lagun.

Behin, umezaroa eta amaren gonari oratuta denda-gozategira aspaldi joateari utzita, Talako bere txokotik jagiten ikusi nuen.

Hura izan zen miraria. Gizona, guk noizbait izatea amesten genuena zen, hots, izaki librea, arauei men egin gabe bizi zena. Ez jainkorik eta ez ugazabarik, aberriaz ez dakit zer esan.

Irudia barne muinetako artxiboren batean atxiki nuen, handik urte batzuetara, toki hartan eguzkitan etzanda lo egitearen plazera bizi nuelarik berriro gogora etorri baitzitzaidan. Oraingoan bezalaxe. Gutxirekin baina libre eta aske.

Argazkia dagoen tabernara orain urte batzuk plazetan Bakea! aldarrikatzeko haren ustezko pentsaera aipatzen zutenetako batzuk etortzen dira. Pentsaera abstraktua, horietako bakarra ere ez baitut inoiz ezagutu Gandhiren lunpen bizimodua egiten, ezta aldarrikatzen ere.

Amaitu ziren plazako elkarretaratzeak eta akabo Gandhi.

«Hurrengo batean berriro haren mamuaren premia izan arte», idatzi nuen honen zirriborroan. Eta hara, iraganekoen zirriborroak baliatuz bezalaxe, gerra Europan!

Ei! Eta Gandhi orain, zer?

Gaiak tonaka bildurik, harantz bidali dituzte.

Bakea!

Gure Gandhi, Eugenio, 1964an hil zen, 38 urte zituela.

Bilbao Bilbao zen.

Bilboko Uritik ekarritako biren semea, antza.

Bego!]]>
<![CDATA[Shakespearek inoiz idatzi ez zuen antzezlana]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2022-03-20/shakespearek_inoiz_idatzi_ez_zuen_antzezlana.htm Sun, 20 Mar 2022 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2022-03-20/shakespearek_inoiz_idatzi_ez_zuen_antzezlana.htm Dragon and Hector izeneko itsasontziak. Horiek bietakoen ofizioa gizakien garraioa da. Han edo bestean esklabotzat saltzeko. Ez Ameriketan bakarrik, diodan bidenabar. Hector ontziko kapitaina William Hawkins da; Dragon-ekoa, William Keeling. Beste hirugarren William baten zaleak baiak ere, laster argituko denez.

Bada, iraileko egun horretan negozioaren buru zuri William biek ontzietara gonbidatu dituzte larru beltzekoak hornitzeaz arduratzen direnetako batzuk. Tokiko merkatariak, esan dezagun. Afaria eta, horren ostean, ikuskizuna. Dena esku artean duten business horren aitzakiatan. Agindutako ikuskizuna William Shakespeare haren Hamlet da.

Zein hizkuntzatan eman baina Hamlet afrikarrei? Bada, euron hizkuntzan. Antzezlanaren testua Lucas Fernandez izenaz kristau bataiatuak emango die. Bertakoa da Lucas, Borea izeneko inguruko erregearen koinatua hain zuzen. Britainia Handian izana da, zurien hizkuntza ikasten.

Lucasen testuari antzezpenak lagundu zionetz, ez daukat argi. Bada hala ere baiezkoaren alde egiteko motiborik. «Hilaren 30an Hawkins kapitainak nirekin afaldu zuen, eta hartan nire ontzikideek Errege Richard II antzeztu zuten», halaxe idatzi du bere egunekoan Dragon ontziko Keeling kapitainak. Beraz, eskifaiak Shakespeareren lanak entseatzen zituela ulertu behar delakoan nago. Are, hurrengo urteko martxoan ere afaltzera eta Shakespearez gozatzera gonbidatuko du Keeling kapitainak bestea. Afaltzeko, arraina; ikuskizun legez, Hamlet berriro. «Acted aboard me» dio haren egunerokoan; zera, «nire ontzian antzeztua».

Estimu handitan zeukaten antzerkigilea, zalantzarik ez horretan. Sotoak humanotasun oro erauzitako haiekin beterik, izu iturri nagusia ekaitzak bide ziren. William idazleak gai hori ere eskaini behar zien, ostera. The Tempest izenekoa, alegia. Londresen 1611ko azaroaren batean estreinatua bera.

Antzezlana laburtuz, hari izena ematen dion tenpestateak, Prospero izeneko aztiaren indarraz eragindakoa bera, ontzi jakin baten hondoratzea eragiten du. Ontzikoek, euron zorionerako, hortxe dute irla bat. Irlan gizaki bakarra bizi da, Caliban.

Diotenez, hemen laburtzen segituko ez dudan The Tempest horren iturrian 1609an Sea Venture ontziaren gorabeherak leudeke. Laburtuz, ontzia hondartu ostean hangoek atzematen duten eta bertan bizitzera lotuko diren gizon-emakumeek bizi zituztenak. Alde nabarmenarekin, hori bai. Zeren eta ontzikoen egiazko irla paradisu antzekoa baita, antzezlanekoa kasik infernukoa den aldi berean.

William Shakespearek ekaitzez eta hondoratzeez idaztean bazekien zertaz ari zen. Sea Venture izen zinez profetiko haren jabe Virginia Company izenekoa zen eta, hara non, idazleak partea zeukan hartan.

Kolonialismoaren abangoardia omen zen konpainia, nire datuen iturri nagusia den Peter Linebaugh eta Marcus Rediker historialarien The Many-Headed Hydra / Sailors, Slaves, Commoners and the Hidden History of the Revolutionary Atlantic izeneko liburuaren arabera. Frantsesez eta gaztelaniaz ere badagoen liburua. Ezinbestekoa, nik uste. Niri behintzat mundu-ikuskera aldatu zidan. Harira baina!

Shakespearek Bermuda uhartearen inguruan hondoratu zen Sea Venture-ko hartakoenak konta zitzakeen. Nola, ustezko zibilizaziora itzultzeari uko eginez, urteetan eta urteetan hartan zoriontsuak izan ziren. Alabaina nahiago izan zuen Caliban haren irlara jo, eta basatitzat erakutsi publikoari. Azken batean caliban hitza osatzen duten hizkiekin canibal hitza osa liteke.

Izu askoren eragile, kanibalak. Horra, bada, kolonialismoak bere negozioak behar zuen beste aitzakia bat. Kolonialismoak, aipatu Virginia Company-k esaterako, lehengai ezinbesteko zituen haiekin trafikatzea aiseago izango zuten, baiki, basatitzat joz. Esklabotzaren business hartan ziren zuriek, hiru Williamek tarteko, beren burua zuritu beharra zeukaten. Horretan maisua Shakespeare zen, idazlea zen aldetik. Beste biak, Hector eta Dragon ontzietako kapitainak, haren propagandagile iaioak baino ez ziren.

Jakin nahiko nuke, jakin, Lucas Fernandez izen zuria eman zioten hark nola eman zuen Hamlet ospetsuko «Something is rotten in the state of Denmark». Antzezlana baino are ospetsuagoa den leloa da hori, iturria zein den jakin gabe ere infinituki errepikatzen baita.

Itzulpenen harira eta The Tempest hartara itzuliz, jakin nahi nuke baita ere nola eman euskaraz hartako aipu ezagunena: «We are such stuff as dreams are made on, and our little life is rounded with a sleep».

«Geu eginak garen ekai berberaz dira eginak gure ametsak, eta gure bizialdi laburra loak inguratua da, edo doa?». Ez dakit ulertu dudan. Hori bai, gutxi batzuen aberastasun ametsek, Shakespearenak tarteko, kapitalismoa ezarri zuten Atlantiko ozeanoaz gaindi. Komunalak lapurtuz, horiek esklabotzaz ustiatuz, esklaboen matxinadak zapaltzeko errepresioa erabiliz, eta, oro har, aurkariei gehienetan heriotza emanez.

Sua, urkamendia eta aizkora nagusi. Shakespearek inoiz idatzi ez zuen antzezlana. XVII. mendearen hasieraz geroztiko kapitalismoaren definizio posibleetako bat.]]>
<![CDATA[Postmodernitatea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-02-20/postmodernitatea.htm Sun, 20 Feb 2022 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2022-02-20/postmodernitatea.htm The Shining liburuan oinarrituriko filmaren aldaera egin nahi baleza badauka horretarako aukerako eraikina Bizkaian. Heriorekin bertsotan ekiteko oina ematen digun Derion. Seminarioa izena eman dioten eraikinean, hain suertez

Seminarioa eraikinaren historia 1931n hasten da. Orduko asmoa zoroetxetzat erabiltzea zen eta, hori jakinda ez zait harrigarri egiten haren taxu simetrikoa. Gaixoak zientziaren aurrerabidearekin bat eginez sailkatu eta ordenatu behar ziren. Tamainari begira, ederki irudika genezake produkzio indarren bilakaera zenbat buru-gaixotasun ari zen sorrarazten. Edonola ere lekua halako gaixoez ez zen inoiz bete. Gerraondoan gerrak berak amaitzea galarazi zuen eraikina buruturik, apaiztegitarako atondu zuten, hara. Zenbat apaiz espero zen ateratzea handik, ez dakit. Batzuk bai.

Hustu zen halako batean eraikina, eta, zer egin hartaz? Bizkaiko Eliza Katolikoaren artxiboak bertan atondu, besteak beste. Halaxe, eraikin durduzagarri horrexetan dautza Bizkaian bostehun urtean hildako gehienen heriotzaren nondik norakoak, kristau sakramentu liburuetan idatziak.

Igogailuan sartuta horien xerka joaten naizen guztietan sentitzen dut ez-leku baten izatearen sentsazioa, kosmikoa kasik. Eta zer esan itzulerakoan oinez eskaileretan behera sentitzen dena. Hori bai, behin ikerlarien gelan jesarrita eskertu egiten dira leihotzarrek dakarten argia, ingurua ikusten uztea, hegazkinen lehorreratze eta airatze maniobrak. Isilean eztul egiten den leku horietakoa da hau.

Garai batean mormoiak mikrofilmatzen ibili ziren liburuotan begiratzen hasita erraza da Stephen beraren izuzko beste baterako lehen haria topatzea. Esaterako, sorterrian, minutu gutxiaren buruan batera ito ziren hamalau haiena. Barran bertan. Pentsa, lehorretik hogeita hamar metro eskasen tartean. 1833ko irailaren batean. Galdu ziren hamalauen izenak Derion daude, Herioren Liburuan.

Horri esker jakin dut, itotakoen izenez gain, erabat zurtz eginda utzi ninduen beste datu hau, zera, bakoitzari bere meza egin zitzaiona. Zertan ez denenak batera?, nioen nire artean. Erantzunak bi dira, behetik jota.

Lehena, eta sinpleena, gurean hileta mezak ordaindu egiten zirela. Iraganean behintzat, ez dakit orain. Beraz, zenbat meza hainbat diru. Bigarren erantzuna aspalditik ezagutu arren ahazturik neukan. Bada, Dama Azularen azken bisitaldiak gogorarazi zidan. Zera, artean ez zegoela eguneroko prentsa idatzirik, zer esan prentsa grafikorik eta, bai, balizko meza handia hots handiko izan zitekeen herrian, jakina, baina hotsik gabekoa handik kanpora. Postmodernismoak Espektakuluaren gizartea izendatu duena ez zen existitzen. Aldiz, 1912ko galarrena izan zenerako bai, existitu egiten zen, bere hastapenetan baino ez bazen ere.

Hartako ehun eta hamaseiei denei baterako meza egin zitzaien, Alfonso XIII errege hartara ager zedin eta agerraldia gero herriak prentsa grafikoan islaturik, ikuskizunak, zeren eta hura ikuskizun hutsa izan baitzen, hots egin zezan erresumako bazterretan. Bai gizon hunkibera gure errege Alfonso! Hara hor bera, Bermeoko Andra Mari elizan, zeinaren barruan eskultura antzekoa paratu zuten katafalkotzat: txalupa xume bat olatuen gainean. Gorpuak, gehienak, itsasoan galduak ziren eta, artean begiak lau eginda zebiltzan haien bila. Mezua argia zen: «Gorpu absenteok estatuarenak dira; zuok denok, bizirik nahiz hilik nireak zaretelako». Itotakoen etxeetakoek ez zuten banan-banako mezarik ordaindu behar izan.

Ikuskizuna agorrilaren 22an izan zen. Beste ikuskizun bat izana zen 13an. Hartan Espainiako Pro-nuntzioa eta zazpi apezpiku izan ziren. Galarrenak Bilbon harrapatu zituen, «lurralde santuetara» egindako halako pelegrinazio batzuen arrakastaren ospakizunetan. Erraz izan zuten Bermeora agertzea. Ciudad Realko apezpiku Remigio Gandasegik, Galdakaokoa, euskaraz «diskurtso ederra egin zuen, bakezko eta kontsolamenduzko hitzez mamitua».

Zer ez nukeen emango, oi! haren diskurtsoa aditzearren. Ziur naiz «arrantzale behargin proletarioak» esan beharreko lekuan «gure arrantzaleak» esan zuena. Zera, inoizko batean klixe paternalista horren zein «gure baserritarrak» paraleloaren arkeologia egin gura nuke.

Dama Azulari eldarnio aldietan esaten diodan legez, nire kontakizuna ez litzateke The Shining haren ildokoa izango. Esaterako, erregek Bermeora etortzea Donostiako yach-estropadarik izatea ezinezkoa zela ziurtzat eman ziotenean erabaki zuela kontatuko nuke. Eta azalduko nukeela, esaten diot, behin estropada zapuzturik bisitaldiak Bizkaiko industria eta finantzetako handiekin biltzeko aukera eman ziola, Marokon martxan zeukan gerraz haiekin jarduteko. Elizan paratu zioten tronuan jesarrita errukimendu itxurak egin zituen hark, bere eta Txatxarramendi bildu zitzaizkion haien interes kapitalisten mendeko zela, eta Marokon galaraziko zituztela galarrenak eraman ez zituen arrantzaleetako batzuen biziak.

Horiek alde batera, erregeren bisitaldiak eta ikuskizun biek arrastoa utzi zuten. «Ha zan ha!», esaten zuen erregez gure amamak beti. Postmodernitatea? Martxan zen espektakuluaren gizartea.]]>
<![CDATA[Dama Azula]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-01-16/dama_azula.htm Sun, 16 Jan 2022 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2022-01-16/dama_azula.htm
Gogoratzen? Trenean imajinatu ninduzun. Begiratu zure paperen artean. Zabal hartu, Gabon zaharra da, ez dago presarik.

Eztandek eta argi artifizialek hamabiak direla diostate. Agorrileko hogeita hamar egun nobela amaitu gabeko lehen orrialdeak irakurtzeari ekin diot.

«(Treneko) jagolearen atzean nire bizi guztian ene bizi guzian ikusi dudan umerik zoragarrienak agertu du burua. Lehenengo eta behin, haren ezpain mardo, haragitsu, biribil eta moreak —ubelak esango nuke— gezien moduan sartu zaizkit begietan. Mutikoa? Neskatoa? (...) Buruaren atzean, gorontza antzeko jakak estuturik, ihiaren taxuko gorputza. Bernei itsatsita prakak, txarolezko oinetakoak eta galtzerdi zuriak, hegaz egiteko jantzita dago».

Lerro bi beherago joan naiz.

«Umearen lepoan eskua ikusi dut. Sarezko guanteaz, erpuruak guantetik kanpo, esku luzea, zuri zurbila. Beltza guantea, beltza gero agertu den besoa eta pamiela beltz batez estalita burua, emakume argala, arteza, liraina, wagoiko atearen bestekoa. Pamielan behera, aurpegia estaltzen dion sarezko beloa, kubritxet arina. Puntillisten tekniken alderantzizkoa erabiltzea izan da emakumearen hazpegia igartzea hesi sentsual haren atzean».

Ezpain mardoak? Kubritxeta? Puntillistak? Norentzat idazten ari zinen? Zeure ego-arentzat? Zergura idatz zenezakeen, beka zeneukan eta. Esadazu gehiago nitaz. Erabat erditu gabe utzi ninduzun emakume argalaz.

Gogoa eman dit esateko, zera, zein den mardo hitzaren esangura gurean, kubritxet hitza Jose Agustin Arrieta maisuak erabili zuela, Puntillismoa, edo Neoinpresionismoa, zeri deritzon azaltzeko. Azken batean nobelako pertsonaia nagusia, lehen pertsonan ari den Aureliano, pintorea da. Tira, amore eman dut.

«Emakumea eta nerabea wagoiko atean agertu dira. Umeak behera jauzi egin eta emaztea astiro jarraitu zaio, esker eskuaz barandari eutsiz eta eskuinaz arropa-barrena gorantz, agerian geratu zaizkio botatxo txarolezkoak».

Guanteak eta txarolezko botatxoak. Bikaina! Zure fetitxismoaren mendeko asmatu gintuzun, barkatuta, ez baitzara gutaz inoiz erabat erditu, baina, zera, egidazu laburpena, eta zabaldu balkoiko atea, otoi.

Memoriaren sarrerako beste ataltxo bat irakurri diot. «Ingurune historikoa» alegia.

«1912ko abuztuaren l2an, Santa Klara, galarren ikaragarriak jo zuen Kantauri aldean. Laburra iraupenez, ondorio luzeak izan zituen. Bermeon bertan, ehun eta hamazazpi lagunen bizia eroan zuen ekaitzak. Etxe bereko hiru eta lau lagun ere hil ziren itsasoan. Aita-semeak. ezkontzekotan ziren asko, gehienak kale batekoak izan ziren desagertuak».

Beti ondoratzeei buruz idazten? Ez zaizkizu begiak lau egingo gero beste gairen baten bila.

Ez dira itsasoak eroan dituenen kontuak oraino egin.

Eta? Zeuk egin behar dituzu, ala?

Horien tamaina ezagutu ezean ez dago emigrazioa ulertzerik. Emigrazioren akuilu nagusietako bat horixe izan zen. Zure familia, esaterako, Kubara joan zen. Jakin nahi duzu nobelaren Memoriak zutaz dioena? Entzun!

«Aurelianok trenean ikusi zuen emakumea. Kubatik etorri berria, hantxe ezagutu zuen Paredes. Emakumeak iragan iluna du. Insurrekzioaren ostean hango buruzagietako batekin bizi izan omen zen. Harreman horren fruitu, Morez Jantzitako umea du».

Nor da Paredes? Ez diozu edozein izen eman.

Anarkista, Alfonso XIII.ari heriotza ematen saiatuko da. Nobelan. Beste batzuk errealitatean saiatu ziren bezalaxe. Huts eginez.

Eta zergatik nahi izan zezakeen Paredes hark Erregeri heriotza eman?

Alfonso XIII. haren ezkontzarako tarta Ingalaterratik ekarri zuten, Bilbora itsasontziz eta handik Madrilera. Penintsulan ezagutu zen lehenengo Wedding-cake-a, 300 kilokoa. Pentsa ahalegina, pentsa handikeria. Paredes itsasontzi hartan lanean ari zen eta, horixe berori pentsatu zuen. Gutako zenbaten bizitza balio zuen gizon haren bizitzak? 300 kiloko tarta zati... zenbat goseti? Ez da ariketa erreza, tartaren balioa bai, bazekien; gosetiak zenbat ziren, ez. Gosetien ordez, itsasoan itotakoen ordez esaterako, heriotza erregeri! Bermeon egin zen hileta ikuskizunaren ostean, ze hura ikuskizun hutsa izan zen, Bizkaiko finantza eta industria gizonekin bildu zen, Txatxarramendin.

Eta ni han?

Bai. Paredesen bizia salbatzeko.

Besterik ez? Eta zure fetitxismoa? Ez ote ninduzun Aureliano haren ondoan biluzirik ikusi nahi izango, ezta? Eta, zera, zein da nire izena nobelan?

Beltzez jantzitako emakumea.

Zoaz mikak ferratzera! Hurreratu zaitez eta begira nazazu ondo. Azul jantzita nago, eta azula naiz, ez al duzu ikusten? Eta, arren, ez nahastu azula eta urdina.

Ez dit beste ezertarako astirik eman.

Mikak, pentsatu dut! Horien lumetako batzuk beltzak direla eman arren azulak dira, azul metalkarak. Duela hogeita hamar urteko nobela amaitu gabeko emakumea bezala. Inoiz idazten amaitzen badut Dama Azula izena emango diot.]]>
<![CDATA[Bilbo-Bergen-Bharraigh ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2021-12-19/bilbo_bergen_bharraigh.htm Sun, 19 Dec 2021 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2021-12-19/bilbo_bergen_bharraigh.htm Eilean Bharraigh hango gaelikoz, Barra Island ingelesez. Harrizkoa, azaleraz urria, arriskuzko handikoa da ontzientzat. Hala ere Miguel Antonio Luzarraga kapitainak bertara hurreratu ahal izan du Aniceta kuttuna. Horretan ez dio meriturik emango bere buruari.   «Zorionez ekaitzak berak eroan gintuen, hain egokiro, ze, ezta herri hartako semeak izanda ere ez gintezkeen gai izan olatuek erabat urperaturik zeukaten gure ontzia portura hobeto zuzentzeko». Aseguruari idatzitako txostentxoan jarriko du hori, gaztelaniaz. Labur eta zehatz, soberazko hitzik gabe. Hori bai, ez du aipaturik gabe pasatzen utzi nahi beste zera, bere burua «lehenago beste hirutan ikusi» duela antzekoetan, hots, «ontzia itsasoen artean erabat hondoraturik eta ni neu igerian». Argitu beharrekoa, ez dezaten gero inon esan behingoan amore ematen dutenetakoa denik! Jakin bezate, bai, peril horien berri hala aseguru etxeak nola ontziaren sei jabeek ere. Horiei ontziaren irabazien erdia dagokie. Bik laurden bana daukate eta lauk zortzien bana. Azkenon artean Miguel Antonioren aita dago; Eugenio Nicolas. Polito daki semea zertaz ari den. Ontziaren lehenengo kapitaina izana, berak agindu zuen hura egiteko. Bermeon, 1830ean. «Hala da ze, kostara jo genuen, gizon batzuk agertu ziren eta haien laguntzaz, neke eta lan handiekin, lehorreratzea erdietsi genuen arren, ontzia bera eta ontziko karga galduak ziren». Karga, bakailaoa zen. Zenbat tona, ez dago zehazterik. Aseguratzailearekin 1846ko irailean, hondoratzea izan eta urtebetera!, kontuak kitatzeko soberazko hitzik gabeko paperean azaldu zizkion Bilbo, Bergen eta, ustez, berriro Bilbo joan-etorriko itsasotearen aldez aurretiko kostuak, balizko irabaziak eta, menturaz, etor zitekeen halako sari berezia ere. Azken hori, izatekotan, bidaiaren guztizkoaren %12 zatekeen, hots, 28.000 erreal. Esan nahi du, bada, dena ondo joanez gero itsasaldi hura 230.000 errealeko bidaia izan zitekeela, horra! Ontziaren balioa 55.000 bat erreal zen eraiki zenean. Delako aseguru poliza, norvegieraz idatzia, 1845eko abuztuaren 5ean sinatu zen. Halaxe, uste izatekoa da egun gutxiren buruan abiatu zela Aniceta Bergen aldera. Bakailaotan, badiot. Ez zen hala egiten zuen lehen aldia. 1841eko udaberrian Aniceta-k Mundaka, Cristiansund, Tarragona itsasaldia burutu zuen. Hartan garraiatu zuten bakailaoaren guztizkoa 28.000 errealekoa izan zen. 1845eko hartan ostera askoz gehiagoko saria zeukaten gogoan. Joanekoa hilabete baten buruan egin bide zuten, irailaren 12an ontzia zamaturik baitzen, Bergen txopan uzteko prest. Ez zuten berehala egin. «Aniceta goletarekin Bergen eta hango ainguratokietatik irailaren 24an utzirik eguraldi aldakorrekin eutsi genion», diotso, soberazko hitzik gabeko izkribuan, aseguratzaileari, 1846ko irailean, hondoratzea izanda doi-doi urtebete igarota. Ordurako denboratxoa zen Aniceta goletako beste gizonak etxean zirela, baina, zenbat ziren? Aniceta goletaren kontu eta arrazoiaren liburua duela zazpi urte eskuratu nuen. Ordutik hona hainbatetan begiratu, gizonen datu horren bila begiak lau eginda amaitu arte. Ontziaren epopeiaren tamaina hilabetean hautsi zituzten itsasoen neurriek ez ezik -1.222 itsas miliakoa izan zen- hura zenbat gizonek egin zutenak ere ematen baitigu. Nire tamalerako Aniceta goletaren kontu eta arrazoiaren liburuan datu hori ez da zehazki ageri. Zuzen eta artez, esan nahi da. Badago eta zeharbidez bitan aipatua. Urriaren 22an aseguru etxeari Miguel Antoniok egin zion idatzian, haren sinadurarekin batera beste hiru gizonenak ageri dira. Lau ote ziren eskifaiakoak? Ezin sinets nezakeen. Bigarren zeharbideak baietz, lau izan zirela konbentzitu ninduen. Ontziko aparailu eta ondasunen enkantearen zerrendak hain zuzen. Miguel Antonio izan zen haren testigu, eta halaxe aldatu zituen liburura saldutakoen xehetasunak. Enkantea Bharraigh bertan egin zen. Azaroaren 22an. Ordurako kapitainaren gizonak etxera aspaldi joanak ziren. Zelan, ez dakigu. Esku hutsik joan zirena, ziur. Eilean Bharraigh hartakoan eskaintzen lehena, umbrella ale bat; hurrengo, horra sei praka-pare salgai. Eta horien ostean bederatzi vest, uler bedi igeri-jaka. Beraz, praka eta jaken kontuak aterata, pentsa zitekeen gutxienez sei eta gehienez bederatzi gizon zirela Aniceta goletan. Ala ez? Zerrendako azken lerroetan lau drawer, kaxoi edo tiradera, saldu zirela dakar. Gizon bakoitzeko bat, tartean berea? Enkante hartan Miguel Antonio Luzarragak, merezi izan ote zuen galde bide zion bere buruari. Bakailaotan 1941eko eta 1946ko ahalegin bien tarteko urteetan, Iberiar penintsula kostaz kosta Mundaka eta Tarragona artean egin zituzten joan-etorrietakoekin, miseriatik ihes egiteko modurik ez zegoela ondo ikasita zeukan. Enkantearen ostean, kapitaina, urrezko bakailaoaren ametsetik itzarririk, Glasgowra joan zen, ontziaren beste kontuak argitzera. Bidaiarako oinetakoak erosi behar izan zituen, lehengoak itsasoan galduak baitziren. Soingainekoa ere erosi zuen. Ez zeukan. Ezta hondoratu aurretik ere. Umbrella, esan bezala, enkantean saldu zuen lehena izan zen. ]]> <![CDATA[The Boxer]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2021-11-21/the_boxer.htm Sun, 21 Nov 2021 00:00:00 +0100 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2021-11-21/the_boxer.htm Ojinaga-ren abizena, jatorriz, Oxinaga izan zitekeen. Hamaika abizen euskaldun bila dabiltzan horietariko edozeinek esan ziezaiokeen. Alferrik. Ez zen abizenaren ñabardura hori Eliasi bizitza aldatu ziona, beste bat baino.

Ojinaga zein Oxinaga, bost horrek gerrarako izena ematera joan zenean erreklutamendu kutxan Eliasi harrera egin zion militarrari. Hark, abizena aditu baino ez eta, irlandartzat jo zuen. O'Jinaga? O'Xinaga? Berdin zion. O hori! Irlandarra, ezta? Indiara, Irlandar Erregimentuarekin! Kito. Hurrengoa?

Noiz izan zen hori? Ez daukat erabat argi.

Derrigorrezko gerra zerbitzua Erresuma Batuak 1939ko maiatzean ezarri zuen; 20 eta 22 urte artekoak ziren hartara deituak. 240.000 gizon mobilizatuen lehen multzo hartan ez bide zen tartekoa izan Elias. 1923 aldera jaioa, deialdi hartako unean hamasei bat urte zituen. 1941ean gobernuak egin zuen bigarren deialdian izan beharko zen. Hartan 18 eta 41 urte tartekoak deitu zituzten. Derrigorrez joatera deitua izan gabe ere gogotsu joateko motiborik ez zuen falta. Alemanek aita hil berri zioten. Itsasoan. 1940ko uztailaren 31n. Francisco —Frantzisko— zuen izena.

Frantzisko Ojinaga, Busturian jaioa, gazterik joan zen Liverpoolera. Baserri bizimoduaren urritasunetik ihes, inguruotako beste asko bezala. Halakoak, sorterrian, nekazari proletarioak izatera kondenaturik jaioak ziren. Haatik, Liverpoolen zein Cardiffen baziren Busturialdeako ontzi-jabeak, aberasten eta aberasten zihoazenak. Konfiantzazko esku-lanaren premia zeukatenez, hura nondik ekarri ez zuten zalantzarik izaten. Halaxe iritsi zen Frantzisko Chief Steward izatera; esan dezagun hornikaria, itsasoan hil zen Batxi euskal idazleak kargu hori izendatzeko erabili ohi zuen hitza erabiliz. Edozein ontzitan konfiantzazko kargua, baita alemanek hondora bota zuten Domingo De Larrinaga SS merkataritza ontzian ere. Ontzi haren jabeak nor ziren, zalantzarik al dago?

Esan ohi den legez, gudetan dena da zilegi. Domingo De Larrinaga SS hari eraso zion ontzi alemana karga-ontzi legez mozorrotuta nabigatzen ari zen, egiatan karga-ontzia zen bestea —garia zeraman Bahía Blancatik Belfastera— begiztatu zuenean. Harengana nahikoa hurreratu zenean mozorroa kendu zuen Pinguin izeneko iruzurtiak. Polito armatua, Larrinaga konpainiaren ontziari erasotzea haur jolasen pareko izan zuen. Hildakoak zortzi izan ziren, tartean, beste Frantzisko bat, bilbotarra sortzez eta abizenez Perez, greaser, hots, koipeztatzailea, 50 urtekoa. Busturiakoak 47 zituen. Freetownetik 300 bat itsas miliatara gertatu zen.

Amarrua izan zen Frantzisko Ojinagari heriotza ekarri ziona, gaizki ulertua berriz Elias semea Indiara eraman zuena. Biak ala biak gudetan maiz gertatu izaten diren zerak.

Gaizki ulertuaren ondorioz behin Indian, Elias erregimentuko boxeo txapeldun bilakatu zen. Boxeoarena Liverpooletik ekarri zuen ala bertan ikasi zuen, ezin esan. Datu bila begiak lau eginda ibili banaiz ere ez dut ezer lortu. Eman dezagun, bada, Liverpoolen hasi zela boxeoan, han irlandar proletarioak asko zirelako, eta, jakina den legez, gure etxekook hain maite dugun Irlandan boxeoa kirol kasik nazionala zelako. Beraz, irlandarrak, gerra, India urruna, boxeoa, dena logikaren ildoan. Haatik, Elias —O'Jinaga? O'Xinaga?— ez zen konformatu erregimentuko txapelduna izatearekin. Indiako Britainiar armadako txapeldun bilakatu zen. Welter pisuan; hots, 63,503 eta 66,678 kilo artekoan.

Gerra bukaturik etxera itzuli zenean osabaren lantegian jarri zen lanean. Evertonen. Citroen autoak saltzen eta konpontzen. Udaldietan ostera gurasoen sorterrira. Han jaietan ring antzekoa atontzen zioten. Axpe auzoko Izpilikuetan. Handik desafio egiten zien herriko gazteei. Banan-banan etortzeko. Denok! Ukabilkada bi, di-da, eta bertan behera behingoan aurkaria. Garaiezina omen zen Elias. Busturian oraindino ere haren akordua dutenek morroskoa zela diote, ez ostera gizon mandoa. Altueraz behintzat.

Legendazko Izpilikuetako borrokaldi haiek gerraren osteko lehen urteetan hasi ziren. Noiz arte iraun zuten, auskalo. Urteak igarota ere sasoia ez zuen galdua. Laurogeiko hamarkadan, ordurako hirurogeitik gora urte zituela, Busturiako Jarri lehengusuari eman zion lezioa. Mundakako pub bakarrean.

Gabonak.

Bederatzietarako etxean, esan zieten.

Bai, bai!

Betikoa baina.

Eliasi gogoko egin zitzaion pubeko giroa, surflari australiarrak baitziren han nagusi. Goazen etxera, Jarrik; ez, Eliasek. Jarri kankailuak handik indarrez atera nahi izan zuen. Di-da, eta behera!

2012an hil zen Elias, 88 urterekin. Bitan ezkondua, eskelan Emily alarguna, beronen semea, suhia eta loba bi ageri dira. Alzheimerrak eroan zuen. Liverpoolen.

Oi, Liverpool! Zurean lanean jardun zuten baskoez idazten dutenek ahaztu egiten dute denbora haietan bazirela ontzi jabeak eta bazirela ontzi zerbitzariak. Baskoak, baina ez elkarren berdinak.

Bada, Larrinaga eta halakoen parean jar ezazue Elias langilearen izena. Ojinaga? O'Jinaga? O'Xinaga? Britainiar armadako Welter txapelduna ustez irlandarra, gure The Boxer bakarra.

Long life, Elias!]]>
<![CDATA[Liverpoolen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2021-10-17/liverpoolen.htm Sun, 17 Oct 2021 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/023/001/2021-10-17/liverpoolen.htm
Urte haietan, 1992an joan nintzela uste dut, Ingalaterrako trenak pribatizaturik ziren, Margaret Thatcher gobernu-buru izan zeneko politiken emariz. Ezin nezakeen alderaketarik egin, ez nituen publikoak izan ziren trenak ezagutu. Nire lagun ingelesak kexu ziren. Haren hurrengo lehen ministro John Major kontserbadoreak Burdinazko Damaren ildoari jarraitzen ziola eta. Bigarren Mundu Gerraren ostean antolatu zen Ongizate estatua eraisten ari baitziren, hura guztia sutarako baino ez zen zuhaitz ihartua bailitzan.

Gazteak ginela Liverpool izena aditzen genuen, Mundakako auzoa balitz moduan. Kuadrillako zenbait lagunen amuma Perpetuak tea hartzen zuen, ingelesen orduan, bostetan, behin huts egin gabe. Aberatsa zirudien arren, ez zen. Aberatsak, zinez, Goiko Kaleko jauregi ederra eraiki zuten Larrinaga sendikoak. Egun fatxada hutsa da. Haiek ontzi jabeak ziren, eta Busturialdeako asko beraien mendeko langileak. Tartean Jose Manuel Etxeita, gero Manilan aberats bihurtuko zen arren lehenengoetan Larrinaga Line hartan kapitain. Beronen ustezko autobiografia bilatzen segitzen banuen ere, ez nuen uste Liverpooleko museoan haren zerik topatuko nuenik. Larrinagatarrak nituen jomuga. Tamalez, museoko artxiboak itxita zeuden, abuztua baitzen. Beraz, ez Larrinagarik ez Etxeitarik. Museoa bera zabalik zegoen, eskerrak. Txunditurik utzi ninduen. Mersey ibaiko aspaldiko nasen gainean eraikia, haren behealdean mareak sartzen direla esanda nahikoa esan dut.

Mersey ibaiari ezagun aire bat antzeman nion. Antxeta mokogorriak hegan haren zabalera guztian, harrezkero urtero Mundakan ikusten ditudan halako hegaztiek haren akordua ekartzen didate. Etxe aurreko haitz jakin batean urtero-urtero izaten antxeta ale bat. Beti bat eta bera dela esan liteke. Baina ez. Ezin. Senak ekartzen du haitz horretara bat. Bat, antza birentzako lekurik ez dagoelako.

Antxeta mokogorriak Mersey ibaian berriz ikustea ez zen Liverpoolerako plana egiteko motibo nahikoa. Haatik, aspaldi eskuratua neukan Jose Manuel Etxeitaren ustezko autobiografia, aurrekoan esan bezala Manilan argitaratua, 1886an. Titulua esanguratsua da egun ere: Amorios de Juana y Manuel y lo que es la madre a pesar de los pesares. Ama, semea eta erraina, horra hirukia.

Natxituara Juanak oinutsik eta Jose Manuelek oinetakoekin egin zuten haren hamar urte beterik elkarrekin ezkondu ziren. Lehenik botere bidez, Mundakan, Juana bertan zela. Senargaia Liverpoolen zegoen, zain. Hara iristeko emakumeak hiru egun behar izan zituen. Hiria zapaldu zuenerako ostirala zen. Ezkontzeko egun egokia ez, antza, halaxe esan baitzion Juanak Jose Manueli. Amore eman zuen. Alabaina, testigu izatekoak zirenak agertu ziren, eta haiek bai, konbentzitu egin zuten emakumea.

Oroitzapen liburuan Etxeitak ez zuen esan zein elizatan berretsi zen botere bidezko ezkontza. «Eliza batera joan ginen», idatzi zuen. St Francis Xavier's Church zen.

Ezkontzaren ostean testiguek ezkonberriak beren etxera gonbidatu zituzten. Han jan-arina eginda, ontzira joan zen bikotea. «Esaten den legez, etxera, huraxe baitzen gure etxea».

Juanaren hiru eguneko bidaia hura sarritan hartzen dut gogoan. Bilbon trena harturik Bordelera, eta han ontziraturik Liverpoolera.

Amodiozkoen hura eskuratu ondoren beste agiri, gutun izkribu eta argazki batzuk eskuratu nituen, Juana eta Jose Manuelen ondorengo Begoña Etxeitak emanda. Argazkien artean ezkontzakoa dago; Jose Manuel, zutunik, sekulako bizar luze-sarriarekin; Juana, eserita, dotore. Garaiko eredua.

Haatik, argazkien artean bazen beste bat egunen batean Liverpoolera itzuli beharko nuela erabat konbentzitu ninduena. Salvador Etxeitaren argazkia da, Liverpoolen aterea. Beste gako bat, pentsatu nuen, urteetan idazten ari nintzen Jose Manuel Etxeita idazlearen biografiarako. Uste izango nukeena baino gako zinez askoz gakoagoa. Sabino Arana Goiriren alargunaren bizitzaz idazten hasi nintzelarik topatu nuen izkribu batek halaxe berretsi zidan.

Izkribua, 'Cartas a Euskófilo (I)', Bizkaitarra paperean argitaratu zuen Aranak. 1894ko urriaren 29an idatzia zela zioen idatziak berak.

«Diostazu ba ze —idatzi zuen Aranak, gaztelaniaz—, amaren ahotik ikasi zenuen hizkuntza euskerea izan zen arren, ikasketak atzerrian egin behar izan eta horrez gain txikitatik espainiarrekin tratua izan duzunez, hura, hein handi batean behintzat, ahazturik duzula».

Azken hori irakurtzean gogora etorri zitzaizkidan Begoñak Bilboko etxean erakutsi zizkidan esku-izkribuetako batzuk. Euskófilok sinatuak, Salvadorrenak ziren. Zalantza izpirik gabe.

Zain daukat Mersey ibai ederra, hango antxetekin. Baita Xabierko Frantziskoren eliza ere. Zer esanik ez artxiboak. Azken horietan Liverpooleko proletario baskoen datuak ere izango dira, Salvadorrenak zein Juan Manuelenak bezain baliagarriak.

Itzuliko ote naiz inoiz Liverpoolera?]]>
<![CDATA[Natxituara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2021-09-19/natxituara.htm Sun, 19 Sep 2021 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/025/001/2021-09-19/natxituara.htm
Jose Manuel Juanarekin maitemindurik da. Mutikotatik. Hartan, baina, inoiz baino gizonago sentitu zen, hark «badaezpada ere gizonezko baten konpainia beharko zutela» esan zionean.

Portuondo gaina pasaturik Arrospe errekara heldu dira. «Ordurako egunabarreko lehen izpiak ortzian zehar hedaturik zirela», idatzi zuen gaztelaniaz Jose Manuelek, geroago, Manilan 1886an, argitaraturiko oroitzapen liburuan. Euskaraz idazteari ekin zionean egunabar hitza zein gogoko zuen erakutsi zuen. Juana hil ostean izan zen hori. Josetxo eleberrian, 1909an, behin ageri da hitza; 1910eko Jaioterri maitia izenekoan bederatzitan; 1913ko Au, ori ta bestia olerki bilduman hamar aldiz. Hala bada, Jose Manuel dugu egunabar hitzaren aitapontekoa.

Ni neu ere Natxituarantz abiatu naiz abuztuko egun batez, egunabarrez. Mundakako portuan ontziraturik, hain zuzen. Jose Manuelek eta Juanak ezagutu zuten Arrospe errekan, egun, ez dago atrakatzerik. Trenbide azpiko tuneltxoak ez du aspaldi atrakalekua egon zen hartaraino sartzen uzten. Egon ere, egun ez dago atrakalekurik han.

Hala bada Alejo anaiak hartu nau, zazpiak jota, bere baideko taxuko ontzi poliesterrezkoan. Baideko idatzi dut, gogora ekartzearren portuan orain urte batzuk arte izaten ziren arrantzarako ontzi txikien izen zaharra horixe zela. Baideko, badiako hitzaren aldaera antza denez. Itsasgora izateko gutxi falta dela joan garenez, hamasei minutu behar izan ditugu Laidara iristeko.

Jose Manuelek eta Juanak Laidan ezagutu zuten elkar. Artean bederatzi-hamar urteko mutikoa zena, atoian ziharduen —ontziak brankaz loturik eramaten— arraun-ontzi batean, beste zenbait gazterekin tostetan indar eginez. Izaroko heroia goitizenaz ezagun egingo zen Luzarraga haren agindupean. Manilako liburuan kontatu zuenez, bost ordu eta erdi behar izan zuten atoian zekarten ontzia Laidako ainguratze lekura eramateko, hori ere dagoeneko desagertua. Ontzi mota lugre zeritzona zen, izena ez da gorde. Abaroa zen jabea eta kapitaina. Hala bada, emaztea eta alaba ontzian izateko ez zuen inoren baimenik behar.

Juana Abaroa neskato ausarta zen, antza denez. Jose Manueli oles egitera joan zitzaion. Ohartu zen, besteak beste, mutikoak ez zeukala ogirik, aitak ez zion eman. Atoian jardundako koadrila kapitainak ontzira igotzera gonbidatu zuelarik patarra eta ogia eskaini zien. Mutikoak ez zuen patarrik nahi izan, eta ezetz erantzun zuenez ez zioten ogirik eman. Eskerrak Juanari. Beste mutikoen artean ere banatzeko adina ogi eman zion.

Laida aldea mendebaldean da. Hala bada, gerizpetan abiatu naiz Jose Manuelek aipaturik utzi zuen Antzorako gainaren bila. Hori izen hori egungo mapetan ageri ez dena izanda sen hutsez jokatu dut. Artadirantz jo dut.

Artadia, miraria. Halaxe esan liteke honetan. Beti gorantz eginez, gerizpetan egin dut bidea. Goroldio isilen erresuma da hemengo baso sarria. Jose Manuelek eta Juanak harako hartan ezagutu zutenaren antzekoa, ez erabat berdina. Halako batean horra eukalipto landaketa, zauri legez eta, larriago dena, legeak etxeak ez egiteko dioen gune zenbaitetan, horra txaletak eta hotelak. Mundu hau ez da gurea.

Eguzkiak jo nauenerako Akorda izeneko auzunera iritsita egon naiz. Beste hiru bat kilometro eta horra Ibarrangelu. Horko San Andres eliza bai eliza ederra. Hurrengo baterako. Aldats goran, beti aldats goran egin ditut azken kilometroak; eguzkia mailu, asfaltoa ingude eta nire gorputza bien artean nekaldua. Nekaldu aditza ere Jose Manuel Etxeita irakurriz ikasi nuen. Nekaldu —martirizatu, tormentua eman, zigortu— Josetxo eleberrian hogeita bitan ageri da. Gainerako klasikoetan, lau aldiz.

«Bihotza zati bi eginda neukan, aldi berean mina eta plazera sentitzen bainituen; mina, haren minagatik; plazera, berriz, nire maitasuna lur ongarrituan hazten ari zelako», idatzi zuen Manilako liburuan. Ez nau ni ikusten, minez eta konortea galtzeko zorian Natxituako elizara iristen. Itxita dago, esan gabe doa. Hori bai, kanpokoan bada haren historiaren azalpena, polito idatzia. Delako azalpenean ez da jatorrizko izena ageri, hau bai tamala. «Andra Mari» dakar, «Kontsolazioarena» kenduta. Oraingo katolikook.

Promesaren hariari berriro oratuz, Natxituakoaren ostean Jose Manuelek eta Juanak elkarrekin hitz egiteko aukera bilatu dute. «Zergatik promesa, hartu duzun mina, zergatik?». «Nitaz inoiz ahaztu ez zaitezten».

Masokismo erakustaldi haren indarra. Hamar urteren buruan elkarrekin ezkondu ziren Juana eta Jose Manuel. Liverpoolen.

Nire masokismoaren helburua, haren masokismoaren tamainaren zantzuren bat antzematea. Pandemiak jo aurretik nire plan bakarra Liverpoolera bigarrenez joatea zen. Besteak beste, ezkontzaren lekua ikustera.]]>
<![CDATA[Izarokoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2021-06-20/izarokoak.htm Sun, 20 Jun 2021 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/027/001/2021-06-20/izarokoak.htm
Irlak totemarena egiten du. Hartan lehorreratzea debekaturik delarik ontziek inguruan dantzatzen dute, ihes-tutuetatik kanpora keak askatuz. Keok, toxikoen legeei men eginez, ito egiten dute hango irla goiko landaretza ahula, hau da hau tamala. Halaxe, agorrila baino lehen, galdua izaten da udaberrian barna eguraldi epelek josi duten jantzi berdea. Kaioen laguntzaz ere, dena esan behar baita.

Aurten, badiot, jantziak sendoagoa ematen du. Pandemiaren ondorioz hain segur. Iaztik hona ontzitxoek ez dute totemaren inguruan dantzan ohi bezain maiz egin.

Segi bezate horrela!

Hori bai, aurten ere norbaitek hara gora egingo du uztailean, agorra baino lehen, hartan datzan uzta sinbolikoa biltzera. Hots, aspaldi batean harmailek estaltzen zuten bidean gora eginez banderak jartzera. Usadio zinez berria, zahartzat saldu gura digutena.

Harmaila haien zutoinak, gotor itxura zuenak, ez dakit han irauten duen, ez naiz aspaldi ibili totemaren inguruan dantzan, zer esan hartan lehorreraturik bertan lotan.

Askoren ametsa da hori. Irlan lo egitearena alegia.

Nire nobeletako pertsonaiek baino ekinkorrago agertzen zaidan Jose Manuel Etxeitak Josetxo nobelara ekarri zuen Izaro. Kontaerari dramatikotasuna ematearren ez ezik, fantasian behintzat gaztetako neska haren soina besarkatzearren ere. Emazte izango zuen Juana harena.

Etxeitak nobelan irlara eraman zituen neska-mutil gazteak, arraunez eta haize-oihalez, hartan egun pasa egin zezaten. Begiluzerik barik zirriren bat edo beste, eta auskalo zer besterik egitera.

Hartan zirelarik haizeak beste indar bat hartu zuen. Gazteak ontzietan zirenerako oihalak urratzeko adinakoa zen; olatuak, ordurako, ontziak gilaz gora jartzeko tamainakoak.

Hondoratu ziren ontziak, ito ziren gazteetako batzuk, besarkatu zuen Josetxok bere Eladi kuttuna, sartu zuen berau beste ontzi batean eta gero han galdu zen mutila. Betiko?

Eleberria 1909koa izanda, esan gabe doa Josetxo bizirik eta onik agertu zela.

Hori guzti hori fikzioan.

Idazleak ez zigun utzi Izaroko harmaila haien testigantzarik, ezta ere han goian artean nahikoa osorik bide ziren komentuko hormei buruzkorik. Haien artean badago patina, gazteluaren haitzean legez. Bi omen ziren. Patinak. Nik neuk bakarra baino ez dut ezagutu.

Laurogeiko hamarkadako lehenengo urteetako udetan joaten ginen hara. Komentuko hormetako goietan biluzik eguzkitan egotera. Erretzen, hizketan, beste ezertan nekerik hartu barik. Nire adiskideek behintzat. Zeren eta nik ezin bainion burua hausteari utzi, non ote ziren falta ziren horma zatiak, zein ote zen komentuaren perimetro osoa, non ote zen hango kanposantua eta halakoak. Halaxe, begiak lau eginda.

Ez nintzen harekin tematurik zebilen bakarra. Hugo Alberdi adiskideak komentuaren planoa osatzea erdietsi zuen. Argitaraturik dago. La isla de Izaro (1422-1996) liburuan hain zuzen. Ez ibili bila. Agortuta dago. Dena dela ez da uharteari buruz dagoen liburu bakarra. Eta azken batean hortxe dira liburutegi publikoak.

Amets egiteko lekua dira Izaroko gaina eta inguruak. Zinez. Halaxe, norbaitek, hartan zuhaitzak amestu zituen, eta landatzea erabaki. Ametsa egia bilaka zedin. Eta egia bilakatu zena lehenengo landaretzaren hondamena izan zen.

Haatik, agintea duen inori ez zaio otu komentuaren hondarretatik ahal denik eta gehiena berreskuratzeko egitasmorik.

Han ote dira 1596ko irailean komentuari eraso omen zieten Arroxelakoen arrastoak? Fraideen gorpuak? Orain gogoan ez dudan hango harmailetako zeinaren azpian gorderik omen zen altxorra? Gaztelako errege zein erreginen baten fardela? Balea hezurrik? Ziliziorik?

Zilizioak, horixe, herriko —zein herritako ez dago argiturik— neska lirain lerden zeraren bila gauez igerian egiten omen zuen fraidearenak hain zuzen. Hura, betiko sutara jaurtia ez izateko haragiaren aldarria halaxe itotzen ahaleginduko baitzen. Eta ezin.

Arrosariorik?

Eta funtsezkoena, irlaren azpian jauregirik ote da, lamiena? Eta jauregian hasita hango Matxitxakoko muturretik gordean zegoen Osin Ilunera iristen omen zen tunelaz, zer?

Tira! Osin Ilunaren lekuan gas-lantegia dagoenez, gaitz egiten zait hartan laminarik izan litekeenik irudikatzea. Nork daki baina.

Halaxe, gasolina hartzera geratzen naizenetan han aurrean Izaro ikusirik haren jantzi berdea aztertzen dut, erregaien prezioak baino arduratsuago. Agorrila madarikatuz eta pandemiaren alde ona bedeinkatuz, zera, totemaren intoxikazio sistemaren krisiaz pozik.

Hori alde batera, intoxikazio sistema zitala berpiztua ere, azkenean landarezko jantziak haren azal laztana osorik estalduko duen itxaropena ez dut galdu. Hara behintzat ez baitira jende aldrak iritsiko selfiak egitera. Ezta pandemia igarota ere. Ez baldin bada bitartean norbaitek hori ere saldu duelako. Beste filmaren bat, edo, bertan kokatzeko.]]>
<![CDATA[Otxolua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2021-05-16/otxolua.htm Sun, 16 May 2021 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/021/001/2021-05-16/otxolua.htm
Patina han egiteko hartu behar izan bide zituzten lanak ez ditut pentsatu ere egin nahi. Guk haraino harmailetan gora gindoazela jasan genuen sargoria, zera, aspaldiko haien izerdien eta nekeen zantzutzat jo zitekeen. Patinetik atera nindutelarik eta haitzetik jaistean hasita hotz izaten hasi nintzen, ostera. Hidrokuzioa.

Herrira eroan ninduten. Autoz.

Nire lehen kamamila. Haraino lagundu ninduen neskak gomendatua, eta harexeri plazer ematearren onartua. Azken batean plazera izan baitzen haraino joatearen xedea. Kamamilak on egin zidalakoan nago.

Ez zen hura izan haitzerainoko lehen aldia izan. Urte batzuk lehenago neska-mutil koadrila joan ginen, erratzak eta baldeak hartuta, ermita txukuntzera. Ekintza hura aldarria izan zen. «Aizue, begira zelan dagoen gure Doniene kuttuna!»

Beharbada «Gure Doiene hierofonikoa», esan beharko genukeen. Urteak igarota eta urak beren bidean adiskide historialari batek hierofonia hitza erabiliz azaldu baitzidan halako lekuek norberarengan eragiten duten zera, hitzez esaterik ez dagoena; emozioa, hunkidura, bihotz begien ikuskari itsugarria, barne-muinetako dardara bat-batean etorria, zera, ez naiz ahaleginduko hitzez esaterik ez omen dagoena hitzez esaten.

Mircea Eliaderi zor zaio hierofonia hitza, halaxe esan zidan lagunak. Axaletik irakurrita neukan haren El mito del eterno retorno. Nerabezaroan. Gogoko ez nuen teoria zen betiereko itzuleraren mitoarena, ateo berria nintzen aldetik. Geroago jakin nuenez Eliade faxista izan zen. Baneukan susmoa.

Liburuaren alea azken aldairan agertu zait. Itoak ur azalera bezala.

Erlijioak, Mircea Eliaderen arabera, halako hierofonia-guneetan sortuak dira.

Hari erantzunez esango nukeena da paganismoaren lekutzat dudala Alfontso haren osteei eutsi zien haitza eta haren inguru guztia. Hortxe kokatu zuen Jose Angel Rebolledok, Betirako sua filma, euskal tradizioko ahoz ahokoaren kontakizunetik hala edo nola egokitua:

Goizian goizik jeiki nündüzün

espusa nintzan goizian,

bai eta zetaz ere beztitü

ekia jelki zenian;

etxekoandere zabal nündüzün

egüerdi erditan,

bai eta ere alargüntsa gazte

ekia sartü zenian.

Haitza lehor alde zabalari lotzen dion zubia eta hara gorainoko harmailak, alboko beste haitza urez inguratua, horien denen altzotzat jo daitekeen senaia, iluntzeak eta egunsentiak, belarraren goxoa haizeak orraztua, belarraren zein zubipeko haitz leunetako ur ezin gardenagoa eta han gorago ermita erromanikoa. Zein leku hoberik alarguntsarena amesteko.

Hori guzti hori, eta gehiago ere —inguruari bezalaxe olerkiari ere badarion erotismoa, esaterako—, Azken fusila nobelara ekartzen saiatu nintzen. Eta ez dut esango, behinola beste nobelako batekoaz idatzi nuen legez, hango pertsonaia nagusia agertzen zaidanik. Onofre alegia.

Otxolua da agertzen zaidana.

Neu jaio nintzen etxearen aurrekoan jaio zen Bernardo Maria Garro Otxolua. 1891ko abuztuaren 22an. Bilbon hil zen, 1960ko irailaren 14an. Beraz, txikitan ezagutu egin nuen. Ezinbestez. Ez dut haren akordurik, ostera.

Ez dakit sorterrian neuk eta lehengusuak izan ezik beste inork irakurrita daukan Otxoluarenik. Hartaz hitz egiten didan bakarra lehengusua da hain zuzen. Otxolua jaio zen etxea eta gurea baino hamar metro itsasorago jaioa da lehengusua. Onofre etxe haren atzealdeko beste batean jaio zitzaidan.

Los tremendos de Canala idatzi zuen Juan Mari Irigoien ere hantxe bizi zen. Otxoluaren ondokoan. Lehena faxistekin gerran, abertzalea bigarrena, txikitako gure burbuilan baziren garaileak eta baziren garaituak. Artean zoriontsuak ginen gu. Portuko gure burbuila kosmikoan, hierofoniazkoa bete-betean.

Lehengusuak Otxolua ezizenaren esanguraz hitz egiten dit, zer esan nahi ote duen. Otxoluaren lehen edizio bat dauka. ¡Bihar donianera! kontakizunarena. Ziur itzel maite duena. Haren aita, gure osaba Bitoriano, Otxoluaren kontakizunean dagoen egoera behin baino gehiagotan bizi izanda zegoelako. Eta hala lehengusua nola ni neu, testiguak txikitan.

Itsaso handia eta txalupak hor aurrean, barra gainditu ezinik; herria talaiara bilduta, tartean gu geu, umekondoak.

«¡Aurrera¡ —diadar egiten deutse Katalin'ek— ¡Bijar gustijok Doniane´ra¡»

Halako batean barealdia eta, eup!, barra gaindituta.

Biharamunean Donibanera.

«Goxaldeko laurak (…) urteko eguzkirik ederrena urteikeran (…) Erriko ekandu zaharari jarraituez».

Otxoluak hobeto kontatu zuen. Hierofonia zertan aipatu barik. Kontakizuna Sarean dago.

Gero Otxoluaren hizkuntzak gerra galdu zuen eta, erdaraz zerbait idatzita hil zen gizona.

Donibanera noan hurrengoan nirekin etorriko ote den haren itzala.]]>
<![CDATA[Arimak]]> https://www.berria.eus/albisteak/196421/arimak.htm Sun, 18 Apr 2021 09:56:38 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/albisteak/196421/arimak.htm <![CDATA[Arimak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/019/001/2021-04-18/arimak.htm Sun, 18 Apr 2021 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/019/001/2021-04-18/arimak.htm
- Mak!

- Zelan?

- Begiak lau eginda zauzkaat, zera topatu ezinik!

- Zera, zer?

- Ez didak esertzeko esango, ala?

Ez diot esan nirea lako beste Errioxa zuri bat guran duenetz, ezta ere musukoa ipintzeko.

- Gure nobela irakurtzen ibili nauk, zoro modura, begiak lau eginda amaitu arte, beste horrek —izena esan dit— hartaz dioena topatu ezinik, zera Ortzadarraren eta Aingeruaren eta Nire eta Enparauen kontakizuna Urdaibairen propaganda turistikoa dela.

Ez da harrigarria Mak, inon agertzekotan, hemen agertzea. Izan ere hura arima delako, eta arimen gaiarekin ezagutzen dudan ipuin politena berton hasten delako.

Ipuinak dioena funtsean zera da, behin batean badirela lagun bi itsasoan batera ontzian arrantzan, eta horretan direla ekaitz itzela, eta beren buruak galdutzat emanda, belauniko, promes egiten diotela Donibaneri salbatuz gero Gaztelugatxera joango direla, oinez; hortik aurrerakoa zera, salbatu egin dira, eta behin etxean, agur promesa! Handik ez luzera bat hil egin da, eta gau batean besteari agertu zaio, eta honek galde egin nor den, eta agertuak «arima» erantzun; «parte onekoa ala parte txarrekoa?»; «onekoa»; «norena?»; «zugaz promes egindakoa salbatu ezketero Sanjuanera joan ginanarena, ez dot bakerik izango biok alkarregaz hara joan arte». «Ba bihar». «San Migeleko eskaileretan egunak argitu orduko».

- Horko eskaileretan.

- Norekin ari haiz?

- Barka, Mak.

- Nondik atera du zera horrek turistikoa dela gure nobela? —harrotu egin da Mak— Jo eta bertan seko utziko nikek.

Errioxakoari ekinez azaldu diot ez dela harritzekoa norbaitek liburu jakin bat hartzea eta uste izatea han-hemenka lerro bat edo beste irakurtzearekin aski duela liburuaz iritzi borobila osatzeko; edo ez eta hori ere, delako borobila, edo morokila, edo uste-opila —beti ustela—, hura irakurri gabe osatzea eta plazan erakustea; edo are liburua osorik irakurrita ere okerreko iritzia ekartzea plazara. Eta hala ere ez dela komeni horrelakoak izen eta guzti salatzea, gero azkenean barkamen eske amaitu ohi da eta. «Barkatu, Jon! Barkatu, Mari On! Zuen izenak aipatu nituen eta, barka, Zera On! Kritikoak, iritzigileak, sakratuk zarete!». Urdaibaiko planoetako marrak beren interes partikularren gidaritzapean, marraztu, aldatu, lerratu, ezabatu, eta abar egin dituztenak ere sakratuak dira. Horien izenik ez da zertan aipatu, «Barkatu, Anton!». Ez dezagun taburik urratu, hor konpon!

- Taburik? Zer diok?

- Gure nobela, Mak, salmenten aldetik frakasoa izan da.

Hitzok ez diote onik egin Mak arimari. Ardo zuriaren hondarretako horitasun olatu izpien artean surfeatuz ostendu da. Hondarrok txurrut edan ditut.

Zutitu egin naiz.

- Musukoa!

- Barkatu!

Arimaren eta lagunaren hitzorduaren eskaileren ondoko tabernan jesarri naiz, beste ardotxo baten izpien artetik ipuinaren amaiera gogoratzearren, zera, hortxe agertu dela laguna biharamunean, emazteak lagunduta badaezpada ere, eta agertu baino ez eta arimak belarrira hitz egin diola lagunari, «Goazen», eta abiatu direla, eta bidean doazela arimak diotsola lagunari «esan andreari aldentzeko apur bat harago, zapaldu egiten nau eta», eta horixe esan diola gizonak andreari, eta honek «Zer ba?», eta zapaldu dituztela San Juanen oinatzak, antzina legez, eta halaxe iritsi direla Gaztelugatxeko mailetara, oi bidearen ederra!, eta igo dutela gora, eta hurreratu direla elizako atera.

Goiza handik!

Arimak eta lagunak gogoan dituzte haitzaren aurrean egiten ziren itsasontzi zeremoniak; andreak, berriz, honaino zenbatetan ez ote den ortozik etorri promesaren bat betetzearren.

Joana da mundu hura, Gaztelugatxek arima zeukan garaikoa. Beste ipuin batzuek lekua kenduta joan ere. Ipuin berriok ekarri dituztenen boteretsuen ustez, hobe da Herensugearen Haitza izan, gazteluarena baino. Ze gaztelurik aspalditik ez han, haren lekuan asmatu duten Herensugearena askoren irudimenean dago. Horrek jendetzak dakartza, eta jendetzok dirua. Omen. Haatik, herensugeen garaietako dirudien izurriak seko gelditu du turismoa.

- Noiz arte?

- Ene, Mak! Zer egiten duzu hemen.

- Hire pentsamenduak igarri. Zertan amaitu zen arimaren ipuina?

- Ba behin elizako atarian egin beharrekoa eginda arimak agur esan dio lagunari; honek ezin jakinda hura guztia bere eldarnioak sortua ez ote den, frogaren bat eskatu arimari; «Eskua, mesedez». «Ez, painuelue». Luzatu lagunak zapia arimari eta hartu honek, itzuli dioenean erretura han: eskuaren irudia! «Orain baketan nago eta, banoa, itxi'tsat arima errari izateari, zoazie baketan».

Begira dut Mak.

- Zera, ipuin egokia herensugeekin amets egiten duten selfie-zale andana horientzat, ez da, Mak?

Erantzun barik egin du alde.

Zerbait egin behar dut Makek arima errari izateari utz diezaion.

Nobela berpiztu, edo.

Bitartean Gaztelugatxeri arima zelan itzuli segitzen dut, gure hitzak eta ekintzak aldrebesten dituzten zitalak gorabehera.]]>
<![CDATA[Aingeru bihotza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/032/001/2014-07-13/aingeru_bihotza.htm Sun, 13 Jul 2014 00:00:00 +0200 Edorta Jimenez https://www.berria.eus/paperekoa/1918/032/001/2014-07-13/aingeru_bihotza.htm Haragizko amoreak poesia liburua (Susa) da argitaratu duen azkena. Era guztietako gaiei heldu die bere lanetan: sexua, drogak, hiria, memoria historikoa, abenturak, gizakiaren miseriak... Ikertzaile nekaezina da, eta dokumentazio aberatsa agerian geratzen da haren liburuetan.]]> Aingeru bihotza!

Zergatik itxi duk komuneko atea?, galde egin dio ohetik emakume gazteak. Ez zaidan gustatzen atea zabalik egitea. Hori besterik ez bada! Astintzen ari ote haizen pentsatu diat. Ez. Larrutan ezin izan da korritu, egia.

Emakumea ohearen ertzean dago. Edertasun paregabekoa da. Zergatik ez dakiela gizonak zera esan dio, Inguru honek Aingeru bihotza filma dakarkit gogora. Zer gertatzen da filmean?, galde egin dio emakumeak. Galdera kortesiazkoa izan dela igarri duen arren, azalpentxoa eman dio. Paisaiagatik esaten dinat; filmean Estatu Batuetako honen antzeko lekuak ageri ditun; eta hi bezain ederra den neska.

Ederra, zinez. Bart ezagutu zuen. Hondartzara bidean, eskutik oratuta mutikotxoa zuela, sei edo zazpi urteko mulatotxoa. Gizona berriz beste gizonezko batekin zegoen, barreka. Zeri egiten diozue barre, galde egin zien emakume gazteak. Hiri ez, lasai. Ezkonduta hago?, galde egin die, lehenengo bati, gero besteari. Hurrengo, elkarren izenak esatea etorri da. Zerbait hartzera jesartzea. Horren ostean ezetz, ez dela ezkondua esan duenari hitzordua eskatu dio. Ea halaxe lotu ziren hurrengo egunerako. Emakumearen izena, Lara. Zhivago filmeko harexena. Agian horrexekin gogoratzeak zabaldu zion filmekin gogoratzeko atea.

Bizkor joan da dena. Hitzordura umearekin agertu da, duela ordu bete. Gizonak jelatua erosi dio. Garagardoa eskatu du berarentzat, zukua Lararentzat. Honek bere biografia laburra egin dio. Bi lerrotan. Lehenean hauxe; auto istripua, gurasoen heriotza autoaren barruan eta orban itzela utzi dion ebakuntza. Bigarrenean, lantzean behin medikutan hiriburura etorri ohi dela eta horixe baliatuz etorri dela oraingoan hondartza aldera, umearen eskola-oporrak baliatuz. Orbanarena egia da.

Gizonak ez dio orbana osorik ikusi. Erakutsi nahi ez neskak. Kuleroak erraz kendu ditu, mutikoari hor zehar olgetan joateko agindu dion erraztasun berberarekin. Kamiseta ez du zilborra baino gorago igotzen utzi. Larruazala josi zioten era zabarra bada ere, ez daki hori gizonari zein eder begitandu zaion. Musukatu egin dion arren. Haatik, ez dio luzaz gozatzen utzi. Keinu arinez jagi, eta dena amaitutzat emateko dirua eskatu dio. Mutikoaren premiak, badakik. Ulertzen dinat. Bihar ere lotuko gara? Baietz, narrutada eskasa izan den arren.

Hurrengo egunera arteko tartea filma gogoan eman du. Aingeru bihotza. Mickey Rourke eta Robert de Niro, detektibea eta itxura dotoreko jauna. Bigarrenak lehena kontratatu nahi du, urte batzuk lehenago desagertu zen norbait bila diezaion: Desagertu egin zuan eta, badakik zer?, kontutxo batzuk utzi zizkidan zor. Tratua onarturik Mickey desagertuaren bila hasi da. Halako batean Louisianara-edo iritsi da eta, horra neska gazte hori, oraingoaren antzekoa, berdin-berdina ez esatearren. Detektibeak harekin narrutan egiten du, eta horretan dihardutela sabaitik behera odola dator. Larari ezin dio filma kontatu. Ezta ere filma ikustean neska harenganako desioa zelan piztu zitzaion. Harrez gero desio horrek bizirik iraun du. Horrexegatik onartu zuen lehenengo gonbidapena, baita bigarrena ere. Horretan ere larru kontua eskasa izan da. Ez dio orbana osorik erakutsi, ezta ere larrua luzaz laztantzen utzi. Eta hain zuzen ere horixe da gizonak egin nahi duena. Larrua laztandu, filma ikustean piztu zitzaion desioa ase.

Hirugarren aldi bat ere izan da. Horretarainoko tartean berriro filma erabili du buruan. Zatika osatzen joan da eta, haren amaiera gogoratzera iritsi denean arrangura sakona sortu zaio. Hori neskarekin hirugarrenez egiten dagoela izan da. Haren begiak ikusi ditu, sabaira begira. Zizpuruak eta plazerezko aieneak itxura hutsa izan direla hasiera-hasietarik jakin duen arren, hori lartxo izan da. Azkena!, esan dio bere buruari. Hirugarrenez ordaindu dio. Ez dinat berriro egin nahi, erantzun dio hurrengorako gonbiteari. Gero komunera jagi da, leihotik begiratu du eta iraganaren minak arrangura bizitu dio. Aingeru bihotza. Filmean norbaitek arima deabruari saldu dio, eta horretaz ahaztu gero. Deabrua Robert de Niro da, eta detektibeari bilatzeko eskatu dion desagerturiko hura nor-eta detektibea bera da. Mickey Rourke, Harry Anjel filmean. Filmaren beste zati batzuk ez ditu gogoan. Hirutan ikusi zuen arren. 80koetan izan zen.

Aingeru bihotza. Mickey Rourke, detektibea, bera duk deabruak bilatzeko agindu dion gizon aspaldi desagertua, esan dio bere buruari. Eta bide batez neskatoaren aita ere baduk. Filmean neskatoari heriotza ematen diona, detektibea, Anjel, neskaren aita da! Intzestua eta hilketa. Bere buruaz nazka sentitu du.

Hurrengo egunetan emakume gazteak ez du amore eman. Hotelera etorri izan zaio, umea beti eskutik. Gizonak guzti-guztietan gonbidatu ditu. Tarteka filmari buruz galdetu izan dio, zerbaitetaz berba egitearregatik. Halako batean Bihar banoan, esan dio. Zergatik? Diru guztiak xahutu ditinat. Dirurik gabe egingo diagu. Ez dinat gogorik.

Ezin dio egia osoa esan. Filma kontatu. Esan larrua laztantzearren bere diru guztiak eman izango zituzkeela. Edo orbana osorik ikustearren, besterik gabe. Sorterrian ez duela arazorik, ez dela horko hotelean larru bila diharduten turista gosekiletakoa, egunotan ez duela hori bilatzen izan, filma ikustean sentitu zuen lilura hura egia bihurtzea nahi izan zukeela, horixe besterik ez. Eta honez gero ezta hori ere, filma ia osorik gogoratzera iritsi delarik emakumeari bere alaba balu moduan begiratzen baitio. Intzestuaren tabua, bada. Ez dakiena beste tabuarena da, zera, emakume gazteari heriotza emateraino iritsiko ez ote litzakeen. Pentsatze hutsak izua eragin dio. Izua infinituraino luzatu zaio bere buruari egia aitortzen ausartu denean. Bai. Heriotza emango lioke.

Horraino kontakizuna.

Kontatu zidanak zera esan zidan amaitutakoan, Filma 1987koa duk; emule-rekin erraz daukak; ikusi egik, hori ikusita hobeto ulertuko duk-eta hau guzti hau; gero idatzi, baina idatziko duan lehenengo hitza izan bedi leihoa.]]>