<![CDATA[Edurne Elizondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 20 Mar 2023 22:32:14 +0100 hourly 1 <![CDATA[Edurne Elizondo | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Oinazea desagertzea da orain nire lehentasuna»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1884/022/001/2023-01-18/oinazea_desagertzea_da_orain_nire_lehentasuna.htm Wed, 18 Jan 2023 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1884/022/001/2023-01-18/oinazea_desagertzea_da_orain_nire_lehentasuna.htm
Eutsi diozue Itxakon aritu zineten jokalariek harremanari?

Bai. Egia da pandemiak eragin digula eta azken urteotan ez dugula elkar ikusi, baina koronabirusa agertu arte hainbat aldiz elkartu gara, taldea desagertu zenetik. Zoragarria zen Itxakon genuena. Lizarrara joaten naiz urtean behin edo bitan. Andrearekin [Barno, Itxakoko kapitain izandakoa], batez ere, harreman handia dut.

Itxakok jokalari bilakatu zintuen?

Itxakon hazi nintzen, bai. Nik han hasi nuen nire bidea. Talde aparta zen, eta lehendabiziko urratsak talde horrekin egitea sekulako oinarria izan zen niretzat. Uste dut orain orduan baino balio handiagoa ematen diodala, Itxakon nintzenean ezin nuelako han nuena bertze talderen bateko giroarekin alderatu. Orain bai, eta horregatik erraten dut Itxakoren gisako talde batean hartu nahiko nukeela erretiroa.

Norvegiako Vipers taldean ari zara orain. Nolakoa da hango giroa?

Giroa bikaina da. Taldeko kideak zoragarriak dira, eta tratua ezin hobea. Itxakoren gisako talde bat da, baina ez da gauza bera, Itxakon etxean nintzelako, eta jokalariak, gainera, taldeko kideak ez ezik, nire lagunak ere baziren.

2021ean joan zinen Norvegiara, baina belauneko lesioak ez dizu ia jokatzen utzi. Zaila da halako egoera bat kudeatzea?

Hagitz tristea da gertatu zaidana, urte eta erdi bat baitaramat jokatu gabe. Klubak erabateko babesa eman dit, baina niretzat zaila da egoera horri aurre egitea. Sentitzen baitut nik ez diodala deus eman taldeari. Etsigarria da. Taldean egon nahi dut, jokatu nahi dut, baina ezin dut. Pistara ateratzeko irrikan naiz, baina ez naiz gai. Hori da arazoa. Eta gogorra da.

Zer erran dizute medikuek osatzeko prozesuari buruz?

Lesio kroniko bat da, baina Tokioko Olinpiar Jokoak ailegatu arte kontrolatu ahal izan dut, eta, lesioa hor egon arren, jokatzeko gai izan naiz. Tokion, partida batean, zerbait gertatu zen. Nik sumatu egin nuen. Belaunaren barruan zerbait gaizki zegoen, eta, geroztik, oinazeak jota egon naiz. Oinaze handia izan dut, hagitz handia, eta egunero, ez bakarrik pistan.

Lesioak jota joan zinen Norvegiara?

Bai. Nire asmoa zen saiatzea, eta jokatzeko gai ez banintzen, gelditzea, eta denboraldi amaierarako osatzea. 2021eko urrian gelditu behar izan nuen. Hiru hilabeteko tratamendua egin nuen, eta itzuli nintzen lanera, baina oinazea ez zen desagertu. Ezin nuen jokatu. Une hori hagitz gogorra izan zen, denboraldia galduko nuela pentsatzen hasi nintzen eta. Orduan erabaki nuen ebakuntza egitea.

Denboraldi amaieran taldea laguntzeko asmoz?

Bai, gogo horrekin, behintzat. Ebakuntza egin, eta hasieran ongi nintzen, baina handik hilabete eta erdira, berriz ere gaizki. Errehabilitaziorekin hasi nintzen, eta sumatzen nuen zerbait gaizki zegoela. Udan atseden hartu eta gero, lanean hasi nintzen berriz, baina pistara sartu eta garbi nuen ez nengoela ongi. Ezin nuen nire jokoa egin.

Eta berriz ebakuntza egitera?

Bai. Otsailean ebakuntza egin zidan mediku berak egin zidan, berriz ere, azaroan. Tendoiaren barruan zulo bat aurkitu zidaten.

Eta zer moduz zaude orain?

Oraingoz, ongi, baina ez dudalako deus egiten. Ez dut pentsatu nahi dena ongi dagoela, ez dudalako, berriz ere, kolpe bat hartu nahi. Zuhur jokatu nahi dut; oinazea desagertzea bertzerik ez dut nahi.

Azken urte eta erdian, burutik pasatu zaizu eskubaloia uztea?

2021ean bai, pentsatu nuen uzteko unea zela. Gaizki nengoelako, eta sufritzen ari nintzelako, eta ez nuelako horrela jokatzen jarraitu nahi. Nik beti pentsatu dut zorte handia izan dudala nire ibilbidean, beti gozatu dudalako, eta erraza izan delako dena, neurri handi batean. Itxakoren gisako talde batean hasi nintzen; eta, Itxakotik Hungariara joan nintzenean ere, Ferencvarosi taldean bertze etxe bat aurkitu nuen. Nire bigarren etxea izan da, hagitz inportantea. Langile klasearen taldea da, eta zaleek inoiz ez zaituzte bakarrik uzten. Hungarian bederatzi urtez izan naiz, eta talde horretan egin ditut zazpi. 33 urte ditut orain, eskubaloia da nire pasioa oraindik, baina azken hilabeteotako oinazeak dena hankaz gora jarri du.

Zure mailari eusteko presioa ere sumatzen duzu?

Horregatik pentsatu nuen agian uzteko unea zela, ez dudalako jokatu nahi nire %100 emateko gai ez banaiz. Lehen mailako jokalarien artean egon naiz beti, eta, horri esker, nik ere nire onena ematea bilatzen dut beti. Ez dut eskubaloia bertzela ulertzen.

Bigarren ebakuntza egin eta gero, bazter utzi duzu eskubaloiari agur errateko aukera?

Oraindik ez dut ideia hori baztertu. Orain, nire lehentasuna ez da oraingo sasoian jokatu ahal izatea, baizik eta oinazea desagertzea. Oinazerik gabe, ni prest naiz gogor lan egiteko pistara itzultzeko eta nire maila emateko. Lesioa bazter utzita, ni sasoian nago. Eta gogoz.

Eperik jarri diozu zeure buruari?

Ez, orain arte denek huts egin didate eta.

Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren Urrezko Domina jaso duzu berriki. Behar zenuen horrelako aitortza bat une honetan?

Hagitz polita izan da. Sekulako poza eman dit sari honek. Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak deitu zidan, eta, deia amaitu bezain pronto, negarrez hasi nintzen. Sari berezi bat da, ibilbide osoari egiten diolako so.

Orain arte egindako lana aitortu dizute, nolabait?

Bai, eta hori hagitz polita da. Hori gertatzea, gainera, lesioagatik bolada txar bat pasatzen ari naizenean, are politagoa. Horrek bilakatu du bereziago. Irabazten duzunean, denek egiten dizute so, baina gaizki zaudenean, zoritxarrez, bazter gelditzen zara. Horregatik eskertu dut hainbertze domina orain jaso izana.]]>
<![CDATA[Sententzia alde, errealitatea kontra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2022-12-02/sententzia_alde_errealitatea_kontra.htm Fri, 02 Dec 2022 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2022-12-02/sententzia_alde_errealitatea_kontra.htm
Iruñeko gizarte arloko lehen aretoko sententziak, zehazki, 2018ko abuztutik 2019ko urrira Glovorentzat lan egindako bizikleta banatzaileei eragiten die. Tarte horretan, 207 banatzailek egin zuten lan enpresa horrentzat, eta,ebazpenaren arabera, banatzaile horiek lan harreman bat zuten enpresarekin; hau da, ez ziren autonomoak. Ondorioz, sententziak dio Glovok ordaindu behar dituela langile horien Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioak: ia 249.000 euro, alegia.

Ebazpenak kontuan hartutako denbora tarte horretan aritu ziren Glovoko langileetako bat da Pablo Anton. Hiru urtez aritu zen, autonomo gisa. Ontzat eman du oraingo sententzia: «Irabazi dugu». Erantsi du, baina, ebazpenak ez duela errealitatea aldatzea lortuko. «Lehendabiziko epaiketa izan da hau; bertze bi daude martxan. Eta etorriko dira gehiago, eta enpresak segituko du legea bete gabe. Nork galtzen du? Langileek».

Oraingo sententziak langileen alde egin du, baina Antonek nabarmendu du ez dituela bere arazoak konponduko. «1.100 euroren zorra dut Gizarte Segurantzarekin». Hark azaldu du autonomoen kuota ez ordaintzea erabaki zuela Glovon aritu zen azken hilabeteetan, eta horrek eragin dio orain duen zorra. «Ez ordaintzea erabaki nuen, enpresaren aurka egiteko ordua zela uste nuelako. Bertze zenbait langilek ere eginak zituzten lehen salaketak, eta horiei autonomoen kuota itzuli zieten. Enpresak kontratatu behar gintuela aldarrikatu nahi genuen».

Ebazpenak Antonek lanean emandako bost hilabeteko epeari baino ez dio eragiten: «Hiru urtez aritu naiz autonomoen kuota ordaintzen, ordea».

Sindikatuak, auzian

Iruñeko gizarte arloko lehen aretoko ebazpena ez da irmoa oraindik, Glovok helegitea aurkezteko aukera baitu. Gisako bertzelako salaketetan hori egin du. Iruñeko epaia ondorio izan duen salaketa ofizioz aurkeztu zuen Gizarte Segurantzak, lan ikuskaritza batek egindako ikerketak autonomo faltsuak zirela ondorioztatu eta gero. Auzian parte hartu dute CCOOk, ELAk, LABek eta UGTk.

Erakundeok nabarmendu dute epaiak berretsi egin duela sindikatuek salatu izan dutena: banatzaileak soldatapeko langileak direla, alegia. Glovok dio enpresak banaketa zerbitzuaren eta banatzaileen arteko bitartekaritza lana bertzerik ez duela egiten, baina Iruñeko epaitegiak agerian utzi du Glovok antolatzen dituela banatzaileen ordutegiak eta lan baldintzak.

LABeko Zerbitzu arloko arduradun Berta Garciak «pozik» hartu du epaileen erabakia, baina erantsi du epaia «berandu» datorrela. «Langileek, bitartean, esplotazioa jasan dute, eta prekaritate handiarekin aritu dira lanean», azaldu zuen BERRIA egunkarian, ebazpenaren berri jaso eta gero.

BERRIArekin mintzatu da CCOO sindikatuko Lan Munduko Errealitate Berrien arloko idazkari Carlos De la Torre ere; hark uste du «lan handia» dagoela egiteko, oraindik, langileen baldintzak hobetzeko: «Orain, banatzaileek nahi duten ordutegian egiten dute lan, baina, oraindik ere, langilearen gaineko balorazio sistema baten arabera banatzen dituzte lan eskariak». Izan ere, tarifarik merkeena duten langileei lan gehiago ematen diete, eta lan gehien egiten dutenek dute baloraziorik onena. «Legeari izkin egiteko modu bat da», De la Torrek salatu duenez.

Enpresari «kolpe» bat

Riders X Derechos elkarteak banatzaileen egoera hobetzeko egindako lana nabarmendu du Antonek. Lan horren emaitza da, neurri batean, 2021eko abuztutik indarrean dagoen rider-en legea. «Lortu dugu kolpe bat ematea enpresari», erran du Antonek.

Legea aurrepausotzat jo du, hain zuzen, baina arazoa da ez dutela betetzen. «Sindikatuek ere arazoak dituzte Glovo Express enpresari buruzko informazioa lortzeko», salatu du enpresako langile ohi Antonek. CCOO, adibidez, ahalegindu da enpresa horren algoritmoei buruzko argibideak jasotzen, baina ez du lortu. Algoritmoen bidez, bertzeak bertze, langileak non dauden jakin dezake enpresak: «Langileen eskubideak urratzen ditu horrek», ohartarazi du CCOOk.

«Egoera horrek agerian uzten du Glovok nahi duena egiten duela; ez dute legea betetzen, baina aurrera segitzen dute. Nahi dutena egiten dute, eta ez da deus pasatzen», berretsi du Antonek. Horregatik uste du zigor bidea dela enpresa horren oraingo «zigorgabetasuna» bazter uzteko aukera eskaintzen ahal duena. Riders X Derechos elkarteak iragarri du bide hori baliatuko duela: «Zigor bidera joko dute».

Uztailean, Delivery Hero Alemaniako multinazionalak erosi zuen Glovo. Oscar Pierrek eta Sacha Michaudek sortu zuten Glovo, 2016. urtean. «Enpresak segitzen du legea urratzen; beraz, eraman ditzatela Glovo sortu zutenak auzitara, epai ditzatela enpresa sortu zutenak», berretsi du Antonek.

Iruñeko epaileen ebazpenak bide bat ireki du Glovoko langileentzat. Bide hori noraino iritsiko den, baina, ikusteko dago, sententziak ez baitu errealitatea aldatzea lortu, oraindik.]]>
<![CDATA[Sarea ehuntzeko garaiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2022-11-12/sarea_ehuntzeko_garaiz.htm Sat, 12 Nov 2022 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1872/007/001/2022-11-12/sarea_ehuntzeko_garaiz.htm
Berrehun estatu baino gehiago ari dira Egiptoko biltzarrean. Nafarroako aliantzan bat egin dute elkarteek, baina ez dute «deus» espero. «Sistema politikoak huts egin du; azken 30 urteotan, klimari buruzko hamaika biltzar egin dute, eta ez dute deus lortu: isuriek gora egiten segitzen dute; tenperaturak gora egiten segitzen du. Egoera hori desblokeatzeko ordua da», erran du Extinction Rebellion taldeko kide Eduardo Larrañetak.

Talde hori da Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantza sortu dutenetako bat. Bertze hamaika elkartek eta norbanakok egin dute bat; bertzeak bertze, Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Nafarroako Reasek, Nafarroako CGTk, eta Fridays for Future eta Teachers for Future taldeek.

Nafarroako aliantzako kideek garbi dute orain herritarrei dagokiela ekitea. Onartu dute erronka ez dela makala, egungo sistema edo eredu osoa baita aldatu beharrekoa. «Botere publikoek klima aldaketaren aurkako adierazpenak egiten dituzte, baina ez dute harago jotzen; ez dira ausartzen egungo sistema kapitalista aldatzen. Eta kapitalismoa da gertatzen ari denaren erantzule», salatu du Nafarroako Reas elkarteko kide June San Millanek. Ondorioz, klima aldaketari buruzko adierazpen publiko eta politikoen atzean, ez da egoerari buelta ematen laguntzen ahal duen egiturarik. Eta hori da arazoa, Sanmillanen hitzetan: «Alternatibak behar ditugu; bertze mota bateko erakundeak eta sareak behar ditugu, gauzak bertze modu batera egiteko. Garaiz gaude».

Subiranotasuna

Energia eta elikadura subiranotasuna jarri dituzte Nafarroako aliantzako kideek erdigunean, gauzak bertze modu batera egiteko moduak bilatzeko bide horretan. Tokikoak eta hurbilekoak duen garrantzia nabarmendu dute, gainera. Hau da, komunitatea. «Sareak ehundu behar ditugu, energia komunitateak sortu, tokikoa baliatu. Aurrera egiteko bidean hori izanen da oinarri nagusietako bat; duintasunez egin ahal izateko aurrera», azpimarratu du San Millanek.

Azaroaren 17an eginen duten mahai ingurua nabarmendu du, sareak ehuntzeko eta komunitateak sortzeko adibideak eta alternatibak ezagutzeko aukera emanen duelako. Ekotopaketak, Sobremesa eta Sembrando Futuro eragileek parte hartuko dute.

Aliantzako kideek ulertzen dute herritar anitzen kezka eta beldurra; ulertzen dute egoerak gainezka egitea eta ez jakitea zer egin edo nora jo. Greenpeaceko Angel Lagek ere onartu du «pesimista» dela. «Pandemiak are geurekoiago bilakatu gaitu». Elkarte bereko Fernando Royok bat egin du, baina gauzak alda daitezkeela uste du: «Azken udako beroaldiek eragin dute herritar anitzek erreakzionatzea».

Nafarroan, hain zuzen, nabarmenak izan dira udako beroaldien ondorioak: ekaineko suteek 14.500 hektarea baino gehiago kiskali zituzten. Herri anitzek lur guztiak galdu zituzten. «Suteak, uholdeak, lehortea... bai eta Alesbesen gertatutakoa ere. Klima aldaketa gisa horretan gauzatzen denean, jendea errazago jabetzen da dagoen arriskuaz», aipatu du San Millanek. Alesbesen, ur hornidurarekin dituzte arazoak. Moranteko putzua urik gabe gelditu zen urrian. Putzu hori Esako urarekin betetzen da, baina lehorteak gogor eragin dio urtegi horri, eta eragina izan du, bertzeak bertze, Alesbesen. Vera Cruz izeneko putzua erabiltzen hasi dira, baina herritarrak beldur dira, nitratoen kutsadura nabarmena izan baita putzu horretan azterketak egin dituzten zenbait alditan. San Millanek ohartarazi du herritarrek erruz sufrituko dituztela klima aldaketaren ondorioak.]]>
<![CDATA[«Azaldu nahi dugu zergatik ez den pieza sorkuntzaren helburu»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1855/026/001/2022-11-05/azaldu_nahi_dugu_zergatik_ez_den_pieza_sorkuntzaren_helburu.htm Sat, 05 Nov 2022 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1855/026/001/2022-11-05/azaldu_nahi_dugu_zergatik_ez_den_pieza_sorkuntzaren_helburu.htm
Orain, bakarrik. Zer moduz zaude?

Ardura handia da. Aldi berean, zirraragarria ere bada. Lauren artean eraiki dugunaren ardura nire gain dut orain, eta lankideen falta sumatzen dut. Dolu txiki bat pasatu dut, baina prest naiz. Aurkezpenak lagundu dit.

Etapa bat itxi duzun irudipena duzu?

Etapa bat amaitu da, baina erabakia ez dugu guk hartu. Lehiaketak ez zuen aukera ematen hautagaitza kolektibo bat aurkezteko. Pena handia hartu genuen, oso formula ona izan baita guretzat. Egia da gure kolektiboak erabakita zeukala ez zuela hautagaitza berriz aurkeztuko.

Zergatik ez?

Laukotean, bi artista zeuden, Nerea de Diego eta Elisa Arteta, eta haiek euren bidearekin jarraitu nahi zuten. Finean, Uhartekoaren gisako zentro batek asko eskatzen dizu. Ezin zuten uztartu euren lan artistikoarekin, eta horretan aritu nahi zuten orain.

Bertze hautagaitza kolektibo bat sortzea zen asmoa, beraz?

Hori da. Baina ez dugu aukerarik izan horretarako.

2016tik aritu zarete elkarrekin. Nolakoak izan dira urteok?

Oso onak. Uste dut gauza negatibo bakarra zera dela, epeak luzatu direla lauren artean erabaki behar izan dugunean. Aldi berean, erabakitzeko prozesua aberatsa izan da beti, eta merezi izan du.

Nork bere tokia zuen?

Bai. Laurok ordezkatu ditugu komunitate artistikoko arlo ezberdinak, eta, erabakitzeko orduan, nork berea egiten zuen. Kontu estrategikoagoetan eztabaidak sortzen ziren lauren artean erabakitzean, baina, hori denez lauron lan egiteko berezko modua, erraza izan da, naturala. Gainera, uste dut eskuzabal ere aritu garela, eta argi izan dugula denok ari ginela eraikitzen etorkizunerako zerbait oso indartsua.

Ez duzu uste orain ere bazaretela erreferentziazko gune bat?

Bai, baina gehiago kanpora begira; Nafarroan, zailagoa izan da.

Zergatik?

Uhartekoa izan delako lehendabiziko ekoizpen zentroa, eta jendeak ez zuen ongi ulertzen.

Ez baita museo bat.

Museo batek bilduma propio bat du, eta Uharteko Zentroak inoiz ez du halakorik izan. Inoiz ez da izan museo bat, baina, hasieran, erakusketak egiteko leku bat izan zen. Ekoizpen zentro bilakatzeko jauzia egiteak esan nahi du utzi diogula bakarrik begiratzeari artisten lanaren bukaerako prozesuari, eta aurreko guztia jarri dugula erdigunean, sortzeko prozesu guztia.

Artistei eman diezue gela bat norberarena?

Hori da. Eta sortzeko prozesu horien berri eman dugu, erakutsi ditugu. Batetik, lan handia egin dugu ekoizpen zentro bat osatzeko; bestetik, gu lauron arteko kultur kudeaketarako laborategi txiki hori osatu dugu. Artea ulertzeko dugun moduagatik, beti saiatu gara zentroan gertatzen zenaren eta gizartearen arteko lotura sortzen, baina zaila da, lantalde trebatua eskatzen baitu horrek. Horretan sakonduko dugu hemendik aurrera. Artelanaren atzean dagoen prozesu osoa azaldu nahi dugu, eta zergatik ez den artelan edo pieza hori arte sorkuntzaren helburu.

Artelana ez bada, zer da?

Arteak, artistek eta arte ikerketak egin dezaketen ekarpenik garrantzitsuena da gure bizitzak hobetzea. Artista ez da teknikaren aldetik lan bat ongi bukatzen duen pertsona bat; artista da gaurkotasuna hartu eta modu kontzeptual batean eta tresna plastikoekin proposamen berri bat egiten dizun norbait. Hori ulertzea zaila da, neurri batean. Prozesu artistikoak mantsoak dira, eta lan intelektuala eskatzen dute, nabarmen; ez bakarrik artistari, ikusleari edo harremana duen edozeini ere hori eskatzen dio hori. Eta ez gaude ohituta prozesu horietan murgiltzera.

Zuen zentroaren kanpoko aldean Jorge Oteizaren esaldi bat dago margotua: Artea ez da museoetan sartzeko. Bat zatoz?

Hori esaten zuen Oteizak, eta, Josu Zapatak margotu nahi zuela esan zigunean, berehala esan genion baietz. Orain arteko ezagutzak zilegitasuna eman die museoei. Baina, gaur egun, bestelako alternatibak daude. Uharten ere ikusten ahal dugu sorkuntzan aktore askok parte hartzen dutela.

Gertu duzue Oteiza museoa; harreman ona duzue?

Hagitz ona. Oteizak, hain zuzen ere, garrantzi handia eman zion ikerketari. Berriki Altzuzan egon gara zenbait artistarekin, eta Oteizaren klarionen laborategiaren aurretik pasatu ginen. Ikusten ditudan bakoitzean, hobeki ulertzen ditut; helburua ez da betirako pieza bat sortzea, baizik eta ikertzea. Prozesuan sortzen diren ezagutza guztiak dira gizarteari zabaldu behar dizkiogunak. Bukaerako piezak ez du zentzu handirik testuinguruaren berri ez baduzu.

Saretzea izan duzue helburu.

Bai, eta ez bakarrik Oteiza museoarekin, edo Nafarroako Museoarekin. Elkarlana dugu zenbait erakunderekin, eta sarea handitzen jarraitu nahi dugu. Bitartekaritza lanari garrantzia eman nahi diogu, eta lan hori bertze hamaika gunetan egin dezakegu; hau da, espazioak bilatu nahi ditugu gurean sortzen duten artisten ikerketak eta prozesuak zabaltzeko. Nafarroan, eta kanpoan. Gu periferiaren periferian gaude. Baina hori ere polita da.

Gauza interesgarrik sortzen dira bazterretan?

Bai horixe! Baldin eta ikerketari eta esperimentazioari buruz ari bagara, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan gertatzen diren gauzak ezin dira gertatu Madrilgo Mataderon, edo Bilboko Bilbo Arten.

Zure proiektu berrian eboluziorako beharra nabarmendu duzu. Zer erran nahi duzu?

Orain arte indarra izan dugu ekoizpen zentro bat sortzeko, eta, orain, badugu sendotasun nahikoa hori guztia erakusteko, hori gizarteratzeko. Bitartekari talde bat sortu nahi dugu: hezkuntzan eta bitartekaritzan adituak diren pertsonak lortu, proiektu horiek laguntzeko gizarteratzeko bide horretan. Proiektuak lagundu eta zaindu nahi ditugu. Babestu eta zabaldu, gure zentroan sortzen diren prozesuen bidea luzatzeko. Landarea kimatzeko ordua dugu; adar batzuk moztu, beste batzuk indartzeko. Komunitate artistiko heldu eta sendo bat nahi dugu, gizarteratzeko.]]>
<![CDATA[Aurtengoa ospatu eta hurrengoak bermatu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/036/001/2022-07-16/aurtengoa_ospatu_eta_hurrengoak_bermatu.htm Sat, 16 Jul 2022 00:00:00 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1941/036/001/2022-07-16/aurtengoa_ospatu_eta_hurrengoak_bermatu.htm
Gogo horri eutsi nahi diote Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek, hain zuzen ere, eta herritarrak haiekin bat egitera deitu dituzte. Baztandarren Biltzarra antolatzen segitu nahi dute, eta horretarako jendea behar dute. «Dozena bat pertsona gaude elkartean, eta gehienak, aspalditik; laguntza behar dugu. Ez bestaren egunean aritzeko laguntza: elkarteak bazkideak behar ditu, urte osorako konpromisoa hartuko dutenak», erran dute.

1963. urtean ospatu zuten Baztandarren Biltzarra lehendabiziko aldiz. «Badut gogoan egun hartako besta. Polita izan zen! Baztandarren Biltzarra hasi zen baztandarrok biltzeko. Ni hamar urtez aritu nintzen lanean», oroitu du Joaquina Bengoetxeak (Arraioz, 1946). Igandean Elizondora joanen da, hasierako gogoa ez baitu galdu, baina aitortu du Baztandarren Biltzarra orain ez dela lehen zena. «Oraingo besta ere maite dut, baina bertze gauza bat da. Lehen, baztandarrena zen; orain, jende anitz etortzen da».

Naiara Elolak horri eman dio balioa, hain zuzen. «Euskaldun guztion biltzar bat da», nabarmendu du. Donostian jaioa da Elola, baina Irurita du bizitoki 2014ik. Aurtengo besta ospatzeko «gogoz» dela erran du, «berezia» izanen dela, azken bi urteotan hutsean gelditu eta gero. Etorkizunarekin «kezka» ere badu: «Auzolanean antolatzen da, eta ez da erraza».

Elolak ongi daki hori, antolatzaile lanetan aritu izan baita. «Pena litzateke galtzea, patrozinatu gabeko besta eredu bat galduko genukeelako. Kontzientzia hartu beharko genuke, eta denok ale txiki bat jarri, ospatzen jarraitu ahal izateko», azaldu du.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek ere garbi dute bidean urratsak egiten segitu nahi dutela; ez dutela ibarreko herritarrak batzen dituen besta galdu nahi. Dozena bat gazte ari dira elkartean lanean, egun. Elkarteari eusten dion taldea osatzen dute. Baztango zenbait herritakoak dira, baina ez da Baztango herri guztietako jendea elkartean.

Urtarrilean hasi ohi dira uztaileko egun handia prestatzen, baina pandemiak hutsean utzi du errutina hori azken bi urteotan, eta aurten ere, seigarren olatuak betean harrapatu zituen elkarteko kideak, urte hasieran, zer egin erabaki behar zutenean.

1.600 pertsona bazkarian

«Azkenean, ohiko besta eginen genuela berandu erabaki dugu, ekainean edo», kontatu dute elkarteko kide Izargi Zumarragak, Oihana Retegik, Garazi Arretxeak eta Ana Iribarrenek. «Ohiko» erraten dutenean, bestaren dimentsioaz ari dira. Izan ere, azken bi urteotan etxeak apaintzera deitu zituzten antolatzaileek herritarrak, eta musika eraman zuten herri guztietara. Besta txiki bat egin zuten, biltzar handiaren oroigarri. Ez zuten biltzarraren sua erabat itzaltzen utzi nahi.

Aurten, berriz ere, 1.600 pertsonarentzako bazkaria antolatu dute, eta egitaraua hasiko duen eskulangileen azokarekin batera, herrietako orgen desfilea izanen dute eguneko ekitaldi nagusi. Guztia prestatzeko, lan eta lan aritu dira elkarteko kideak azken asteotan. «Besta bizitzeko bertze modu bat da, barrutik. Lan egin behar da, baina bada gozatzeko aukera», nabarmendu du Alvaro Garde antolatzaileak.

Horixe da herritarrei helarazi nahi dietena: ospatzeko, lan egin behar dela; eta lan egitea ere badela ospatzeko modu bat. Elkartea sendotzen ez bada, ordea, dena egonen da airean. «Hurrengo urteko Baztandarren Biltzarra kolokan dela erran dezakegu, bai», berretsi du Gardek.

1963. urtean aurrenekoz ospatu zutenetik, zenbait oztopo gainditu eta zenbait garai zail pasatu ditu Baztandarren Biltzarrak. Frankismoaren mugak gainditu behar izan zituzten antolatzaileek, hasieran. Baztandarren Biltzarra elkarteak 1976tik du besta egun horren ardura. 1986an, hain zuzen, ospakizunak bertan behera uztea erabaki zuten, euskal presoen alde antolatutako kalejiran Guardia Zibilak zenbait pertsona atxilotu zituelako. Antolatzaileek erabaki zuten aurrera ez jarraitzea.

1990eko hamarkadan ere zaila izan zen bidea. 1997an besta ez antolatzea erabaki zuen elkarteak. Laguntzarik eza utzi nahi izan zuten agerian, eta herritarrei erakutsi zer galtzen ahal zuten, auzolanari segida ematen ez bazioten. Antzekoa izan zen egoera, 2017. urtean. Urte hartako abenduan agerraldia egin zuten Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek, hedabideen aurrean, eta ultimatuma eman zuten: «Kideak ez baditugu lortzen, jaia bertan behera geldituko da». Azken unean salbatu zuten hurrengo urteko besta.

Elkarteko kideen deiak jaso zuen herritarren erantzuna, eta aurrera egin zuten; pandemiak, berriz ere, bertan behera utzi arte. Osasun krisiak eragindako etenaldia ere gainditu du Baztandarren Biltzarrak, eta, igandean, Elizondon eginen dute bat herritarrek eta bisitariek.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak igandeko besta prestatzeko azken txanpan dira. Hedabideen aurrean agerraldia egin dute Elizondon, asteon, jaiaren nondik norakoak azaltzeko. Elkarteko kideek errateko dutena jasotzen izan da Xorroxin irratiko kazetari Fernando Anbustegi. Baztandarra izanik, ibarreko bertze herritar anitzen sentsazio bera du egunotan: «Berezia izanen da; gogo berezia dago aurtengo Baztandarren Biltzarra ospatzeko».

Goiz eta arratsaldez egin beharko du lan, baina, «aspaldiko partez», bazkarian izanen da. «Gustura, bestan murgiltzeko aukera izanen baitut. Baztandarren Biltzarra da bestarik kutunena baztandar anitzentzat», erran du.

10:00etan hasiko da Baztandarren Biltzarra, eta ordubete beranduago izanen da herrietako orgen desfilea. «Herri guztiek parte hartuko dute», baieztatu du Izargi Zumarragak. Aurten, Amaiur herria izanen da desfileko abanderatua, antolatzaileek oroitu nahi baitute bostehun urte bete direla aurten Amaiurko gaztelua suntsitu zuen bataila gertatu zenetik.

Amaiurko batailari bertze keinu bat egin nahi izan diote antolatzaileek, eta, ohi ez bezala, ezpata dantzariak izanen dira aurten bastan ariko diren dantzarien artean, «Amaiurko guduaren ikur». Baztangoekin batera, Euskal Herri osoko dantza taldeak izanen dira igandean, Elizondoko karriketan.

«Dantza baztertzailerik ez»

Mutil dantzek ere izanen dute toki bat Baztandarren Biltzarraren egitarauan, eta antolatzaileek garbi erran dute «nahi dutenek» egin ahal izanen dutela dantza. «Ez dugu dantza baztertzailerik nahi; Baztandarren Biltzarra elkarteak erakutsi du tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen ahal direla», nabarmendu du Alvaro Garde kideak.

Eraso sexisten aurka ere ozen egin dute elkarteko kideek. «Baztandarren Biltzarra denen gozamenaren eta harreman parekideen aldeko besta bat» dela erran dute antolatzaileek. Eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarriko dutela erantsi dute.

Elizondon ia dena dute prest biharko: Baztandarren Biltzarra ospatzeko prest dira, azken hilabeteotako ziurgabetasuna bazter utzi eta gero.]]>
<![CDATA[Lekukoa hartzeko prest]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/020/001/2022-06-22/lekukoa_hartzeko_prest.htm Wed, 22 Jun 2022 00:00:00 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1932/020/001/2022-06-22/lekukoa_hartzeko_prest.htm
Lizarran (Nafarroa) bat egin dute bi emakumeek. Eskubaloiaren oraina da Luzuriaga (Iruñea, 2001), eta Atarrabiako Gurpea Beti Onak taldearekin lortutakoa ospatzen ari da: Espainiako Ohorezko Mailan ariko dira hurrengo sasoian, maiatzean Arrecifen (Espainia) igotzea lortu eta gero. Andrea Barno (Lizarra, 1980), berriz, herrialdeko eskubaloiaren urrezko iragan hurbilaren ikur da. 2012an utzi zuen pista, eta handik urtebetera desagertu zen taldea, arazo ekonomikoek itota. Lau aldiz irabazi zuen ABF Liga; hiru aldiz Espainiako Kopa, eta bitan Espainiako Superkopa; EHF kopa ere irabazi zuen Itxakok, 2009an; eta Europako txapeldunorde izan zen, Norvegiako Larviken aurka finala jokatuta, 2011ko maiatzean.

Ia dena lortu eta gero desagertu zen Lizarrako taldea, beraz. «Egitura guztia desagertu zen, bat-batean; egun batetik bertzera, deus ez. Garrantzitsua da urratsez urrats aurrera egitea, gogor lan egitea, eta asmo handiko helbururik ez zehaztea». Barnoren hitzak adi entzun ditu Olaia Luzuriagak. Badaki jauzi handia izanen dela hurrengo denboraldian eginen dutena, baina uste du urrats sendoak egin dituztela orain arteko bidean, eta bide beretik segituko dutela aurrera, harrobiari balioa emanez. Ohorezko Mailan hasteko irrikan da, «ikasten eta hazten» segitzeko ilusioz.

2013ko argazki bat

Kapitaina eta kapitain ohia; jokalaria eta jokalari ohia; hori baino gehiago ere bai: «Andrea Barno eta Itxakoko gainerako jokalariak erreferente bat izan dira niretzat: gurasoek Lizarrara ekartzen ninduten, partidak ikustera. Haiengatik naiz ni eskubaloi jokalaria», erran du Luzuriagak.

Bereziki, Andrea Barnorengatik. Luzuriagak 2013an egindako argazki bat eraman du Lizarrara, eta Itxakoko jokalari ohiari oparitu dio. Barno eta Luzuriaga ageri dira irudian. «Baina zenbat urte zenituen zuk hemen? Eskerrik asko, hagitz opari polita da!». Luzuriagak 12 urte zituen Atarrabian egindako argazki horretan. «Eskubaloiaren besta egin genuen, eta zu etorri zinen bisitan», gogorarazi dio Beti Onak taldeko kapitainak Barnori.

Luzuriaga 11 urte zituenean hasi zen eskubaloian jokatzen. Anaitasunan egin zituen lehendabiziko urratsak, eta, handik, Atarrabiara joan zen; herri horretako taldean, Beti Onak-en, egin ditu azken lau urteak. Gogoan ditu gurasoekin Lizarrako kiroldegian ikusitako Itxakoren partidak, baina pena du adinagatik ez zuelako disfrutatu gaur disfrutatuko lukeen moduan. «Orduan ez nintzen erabat ohartzen pistan ziren jokalarien kalitateaz; ongi pasatzen nuen, baina, orain, beste modu batera disfrutatuko nituzke partidak».

Atezaina da Luzuriaga, eta Silvia Navarro ere badu erreferente, Itxakoko atea zaindu baitzuen urte luzez. «Sekulako jokalaria da: 43 urte ditu, eta sasoi betean segitzen du», nabarmendu du Beti Onak taldeko kapitainak.

Luzuriagari begiak pizten zaizkio Navarrori buruz ari denean; Barnoren ondoan ere sumatzen zaio Itxakoko kapitain ohia ezagutu izanak poz handia eragin diola. Barnorentzat ere, «hagitz polita» izan da Luzuriagarekin elkartu izana. Lizarrako jokalariak eskubaloiaren bertze garai bat ezagutu zuen, baina erreferenterik ez zuen falta izan. «Nire ahizpa [Blanca Barno] zen nire erreferente nagusia: ahizpa ikustera joaten nintzenean, bertze jokalari handi anitz ikusten nituen pistan».

Barnok Europako txapelketen garaia ere oroitu du, eta lehiaketa horiei esker lehen mailako jokalariak aritu zirela Lizarrako pistan: «Gurea herri txiki bat da, eta sekulakoa izan da Europako jokalaririk onenak ikusteko aukera izatea. Gu ere joaten ginen haien entrenamenduak ikustera!», erran du. Sumatzen du Itxakoren partiden inguruan herrian sortzen zen giroaren falta.

Luzuriaga eta Beti Onak taldeko gainerako jokalariak bilakatu dira orain Nafarroako eskubaloiaren harrobia osatzen ari diren jokalari gazteen erreferente. Atarrabian, Lizarran bezala, hurbilekoa da jokalarien eta herritarren arteko harremana, eta propiotzat hartu dute Beti Onak-ek lortutakoa. «Igotzeko faseko partidak ikusteko, pantaila handi bat jarri zuten herrian. Igotzea lortu eta gero, ehunka pertsonak egin ziguten harrera herrian: zoragarria izan zen; hagitz hunkigarria».

Dena irabazi kasu egiteko

Beti Onak taldeko jokalariek gogor egin dute lan hurrengo sasoian Ohorezko Mailan egoteko. Partida guztiak irabazita iritsi ziren igotzeko fasera. Egindako bidean erakundeen eta hedabideen babesa sentitu dutela erran du Luzuriagak; erdigunean jarri du, halere, ñabardura bat: «Ematen du emakumeok dena irabazi behar dugula errepara diezaguten. Uste dut emakumeon kirolak egin dituela aurreranzko urratsak, baina lan handia dago oraindik egiteko».

Irudipen bera du Barnok. «Behin erran zidaten txapel bat irabazi arte hedabideek ez zigutela kasurik eginen», oroitu du. Larviken aurkako Txapeldunen Ligako finala ere aipatu du. Joaneko partida Norvegian jokatu zuten, eta itzulikoa, berriz, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. «Teledeportek ez zuen partida zuzenean eman». Luzuriaga zur eta lur gelditu da: «Ezin dut sinetsi finala telebistan eman ez izana!».

Eskubaloia eta ikasketak uztartzeko aukeraz ere mintzatu dira Barno eta Luzuriaga. Profesionalen moduan egiten dute lan, baina amateurren errealitatea bizi dute. Horrek erran nahi du irakasleekin «negoziatu» behar dituztela azterketen datak, probek partidaren batekin bat egiten badute. Emakume gazte anitzek kirola nahi baino lehenago uztea dakar egoera horrek: «Askoz ere ahalegin handiagoa egin behar dugu emaitza bera lortzeko», nabarmendu dute Barnok eta Luzuriagak.

Beti Onak taldeko atezainak garbi du gurasoen babesa pizgarri izan duela orain arteko bidean, eta eskerrak eman dizkie: bertzeak bertze, alaba partida bat jokatzera eramateko harat eta honat egindako bidaiengatik. Arrecifen izan ziren Luzuriagaren gurasoak, eta haiekin ospatu ahal izan zuen Ohorezko Mailara igo izana, pistatik atera bezain pronto.

Luzuriagak atseden hartzea du orain lehentasun: aitortu du oraindik ez duela guztiz barneratu datorren sasoian Ohorezko Mailan ariko direla. «Inbidia diot zure oraingo garai honi: hagitz esperientzia polita da igotzea, eta urratsez urrats aurrera egitea», erran dio Andrea Barnok. «Fitxa eginen dizugu, gurekin aritzeko!», erantzun dio atezainak.

Itxakoko kapitainak kontatu dio anitz disfrutatu zuela pistan, baina ase egin zela, eta utzi zuenean bazuela bertze gauzak egiteko beharra eta gogoa. Eskubaloiak emandako txapelak ospatu eta disfrutatu ditu, baina ez dira horiek Itxakoren etapak utzitako oroitzapen nagusiak: «Bidaiak oroitzen ditut, gure arteko barreak, entrenamenduetako lehiak; garai txarrak ere bai, horrelakoak ere egon zirelako. Baina urte horietako sentsazioak ditut gogoan, batez ere. Disfrutatu egunerokoaz», erran dio Luzuriagari.]]>
<![CDATA[Azken minutuek duten garrantzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1994/008/001/2022-01-15/azken_minutuek_duten_garrantzia.htm Sat, 15 Jan 2022 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1994/008/001/2022-01-15/azken_minutuek_duten_garrantzia.htm
Azaroaren 26an egin zuen Patiñok eutanasiaren prozedura abian jartzeko eskaera. Duela bi urte, esklerodermia zuela jakin zuen. Gaixotasun sistemiko bat da hori, eta Patiñoren birikei eragin zien, nagusiki. «Bi tratamendurekin saiatu ziren medikuak, baina ez zuen hobera egin. Erran zioten ezinen zela osatu, argi eta garbi», dio Sordomezek. Patiñok eutanasiaren alde egin zuen, zalantzarik gabe. «Azken hilabeteak hagitz gogorrak izan dira, eritasunak sufrimendu fisiko handia eragin baitio. Ez zuen horrela segitu nahi».

Nafarroako Unibertsitate Ospitalean abiatu zuen Olga Patiñok eutanasia egiteko prozesua. Hangoa zuen erreferentziazko medikua, eta hangoa mediku aholkularia. Ospitale horretatik, halere, San Joan Jainkoarena zentrora mugitu zuten iazko abenduan, zaintza aringarriak behar zituelako. Patiñok, gainera, San Joan Jainkoarena erietxean hil nahi zuen. «Gure osaba ere han hil zen; izeba fededuna zen, eta han egon nahi zuen, ospitale horretan hil», azaldu du Sordomezek.

Hiru astez egon zen Patiño San Joan Jainkoarena ospitalean. «Ailegatu zenetik, ospitaleko arduradunek zalantzan jarri zuten izebak eutanasia egiteko hartutako erabakia», erran du Romy Sordomezek. Berretsi du azalpen ofizialik ez dutela jaso, baina susmo garbi bat dute: «Arrazoi erlijiosoengatik izan da».

Legea, ekainetik indarrean

Eutanasiari bidea eman dion legea 2021eko martxoaren 24an onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta urte bereko ekainaren 21etik dago indarrean. Arauak zehazten du eutanasia eskatu ahal izanen dutela «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie.

Legeak markatu du egin beharreko bidea, gainera: bi medikuk aztertu beharko dute eskakizuna, eta, kasuen jarraipena egiteko, bermerako batzorde batzuk antolatu beharko dira estatuko autonomia erkidegoetan.

Patiñok bide hori egin zuen, joan den urtarrilaren 7an eutanasia egin ahal izateko. Bide horretan artatu eta lagundu duten mediku, erizain, gizarte langile, boluntario, garbitzaile eta gainerako profesionalen tratua eta babesa nabarmendu eta eskertu du Sordomezek. Bermerako batzordeak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gehiago egin zezaketela uste du, ordea. «Argi dut maila horretan dagoela izebak azken txanpan izandako traben erantzukizuna».

Sordomezek aipatu du izeba San Joan Jainkoarena zentrora mugitu zutenean inork ez ziela ohartarazi han eutanasia ez egiteko arriskuari buruz. «Aipatu zuten mediku taldea zentrotik kanpokoa izateko aukera, hori bai». Izan ere, medikuek badute kontzientzia eragozle izateko eskubidea. «Zentroek, ordea, ez; eta kasu honetan, zentroak erabaki du han ez ziotela eginen eutanasia izebari», salatu du Sordomezek. Gogoratu du itunpeko zentro bat dela; Nafarroako Gobernuaren dirua jasotzen duela, alegia.

San Joan Jainkoarena ospitalean inork ez ditu argitu Patiñoren senideen zalantzak. Hura handik atera eta gero erran dutenak ere ez du baretu familiaren ezinegona. San Joan Jainkoarena ospitaleko komunikazio zerbitzuko Silvia Etxabarrenek azaldu du Patiño zentro horretara eraman zutela Nafarroako Unibertsitate Ospitalean «oherik ez» zegoelako. «Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak gaixoa berriz hartu nahi izan zuenean, harat mugitu genuen», erantsi du Etxabarrenek.

Sordomezek erantzun du hori ez dela «egia». «Ez da horrela gertatu. Guri azalpen hori ere ez digute eman; ez zuten San Joan Jainkoarena ospitalera eraman bertze zentroan oherik ez zegoelako; handik atera zen eutanasia egiteko aukera ukatu ziotelako. Ez genuen guk erabaki».

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere ez ditu argitu Olga Patiñoren senideen zalantzak. «Legeak zehaztutakoari jarraitu, eta bermatu dugu eutanasia osasun sistema publikoan egitea», erran dute.

45 minutu anbulantzian

Urtarrilaren 7an egin zioten eutanasia Patiñori, 18:00etan, Iruñean. Egun horretan bertan eraman zuten San Joan Jainkoarena zentrotik Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Tokiz aldatzeko modua salatu du Sordomezek. Izan ere, anbulantziak ez zuen zuzenean eraman ospitale batetik bertzera. «14:00etan hartu zuten, eta 40-45 minutu behar izan genituen ospitalera ailegatzeko. Dialisia egitera joan behar zuten bertze lau gaixo hartu zituen anbulantziak bidean, hiriko zenbait txokotan».

Denbora horretan «minak jota» izan zen Patiño. «Anbulantzian ziren guztiek ikusi zuten izeba negarrez; oinazeak ez zion aukerarik eman ohatilan lasai egoteko. Iñigo nire bikotekidea eta biok saiatu ginen lasaitzen, baina hagitz gaizki pasatu zuen».

Sordomezek garbi du sistemak ahalegin bat egin behar duela horrelako egoera bat berriz gerta ez dadin. «Zaindu behar dugu agurraren garaia, eta gizatasunez jokatu», eskatu du.

Eskatu du bertzerik: hitz egiteko heriotzaz. «Hitz egin dezagun eutanasiari buruz, heriotzari buruz; hori baita orain dagoen estigma bazter uzteko modua».

Legeak eutanasia egiteko ematen duen eskubidea «zaintzeko» eta «bermatzeko» eskatu dio Sordomezek administrazioari. «Horregatik erabaki dut ez isiltzea; izebari zer gertatu zaion kontatu nahi izan dut, gaizki egindakoak zuzendu ahal izateko».

Astebete pasatu da Patiño zendu zenetik. Izebak egindako bidaiak gogoratu ditu; haren eskuzabaltasuna eta bizitzaz gozatzeko grina. «Eutanasiaren aldeko hautua garbi zuen, baina, era berean, bizitzak eskainitako minutu orori atera dio zukua», kontatu du Sordomezek. San Joan Jainkoarena erietxean Olga Patiñoren izaeraz entzun behar izan dituenak aipatu ditu. «Erraten zioten ez zela koherentea; COVID-19aren aurkako hirugarren dosia jartzeko eskatu zuenean, adibidez, zalantzan jarri zuten benetan eutanasia nahi ote zuen. Kontua da izebak ez zuela bakarrik hil nahi; ez zuen bakartuta hil nahi. Bizitza maite zuen, baina ez zuen sufritzen segitu nahi».

Sordomezek nabarmendu du eutanasia legez arautua dagoela, eta, ondorioz, trabarik ez luketela izan behar eskubide hori eskatzen dutenek. «Legeak ez du inor behartzen. Berma dezatela herritarren askatasuna».]]>
<![CDATA[Mea ustiaketa urtegi ondoan ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/003/001/2021-07-29/mea_ustiaketa_urtegi_ondoan.htm Thu, 29 Jul 2021 00:00:00 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1958/003/001/2021-07-29/mea_ustiaketa_urtegi_ondoan.htm Mea ustiaketa urtegi ondoan. ]]> <![CDATA[Dantzan jarraitu nahi baitute]]> https://www.berria.eus/albisteak/200027/dantzan_jarraitu_nahi_baitute.htm Sat, 03 Jul 2021 13:34:25 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/albisteak/200027/dantzan_jarraitu_nahi_baitute.htm <![CDATA[«Altxatu dira galtzeko deus ez dutelako, eta dena irabazteko»]]> https://www.berria.eus/albisteak/197753/altxatu_dira_galtzeko_deus_ez_dutelako_eta_dena_irabazteko.htm Sun, 16 May 2021 09:46:57 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/albisteak/197753/altxatu_dira_galtzeko_deus_ez_dutelako_eta_dena_irabazteko.htm ]]> <![CDATA[Azkura duelako egiten du hatz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1858/010/001/2021-03-02/azkura_duelako_egiten_du_hatz.htm Tue, 02 Mar 2021 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1858/010/001/2021-03-02/azkura_duelako_egiten_du_hatz.htm Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores (Pamiela, 2015) argitaratu eta gero. Historialariak lan horrekin hasi zuen Muertes oscuras (Pamiela, 2017), eta La (des)memoria de los vencedores (Pamiela, 2019) liburuekin osatu duen trilogia, 1936ko garbiketa politikoari buruz. Duela bost urteko hitzak berretsi ditu Oskotzek orain, eta nabarmendu du gertatu denak erakutsi diola zuzen zela: Jaime del Burgo Torresen biloba Arturo del Burgok Fernando Mikelarena salatu du, bere aitona trilogian aipatzeagatik.

«Salaketa horrek erakusten du bide onetik ari dela Fernando [Mikelarena]», erran du Oskotzek; azkura duelako egin duela hatz Del Burgoren familiak, alegia. Irainengatik kereila kriminala aurkeztu aurretiko adiskidetze egintzara deitu zuten Mikelarena, hilaren 18an, Iruñeko Lehen Auzialdiko 5. Epaitegira. Arturo del Burgok bere eskaerari eutsi zion egun horretan: asmo zuen Mikelarenak onar zezala La (des)memoria de los vencedores liburuaren eta 2020ko urrian argitaratutako Saca de Tafalla-Monreal 21/10/1936 artikuluaren egilea dela, eta onar zezala ez duela inolako frogarik aurkitu Jaime del Burgo ezein hilketarekin lotzeko.

«Ez nuen horrelakorik espero», erran du Fernando Mikelarenak, lasaitasunez. Adiskidetzeari uko egin zion hilaren 18an; 1936. urteko garbiketa politikoari buruz aipatutako lanak idatzi dituela onartu zuen, noski, eta lan horietan errandakoa berretsi zuen: «Jaime del Burgo Torres Nafarroako erreketeen buruzagia izan zen». Esteban Ezkurrak izendatu zuen, behin-behinean. «Kargu horretan izan zen, gutxienez, 1936ko urriaren 18tik 27ra; halaxe jaso zuten garai hartan Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra egunkariek».

Tafallako fusilatuak

Del Burgo erreketeen buruzagi zela gertatu zen, beraz, Tafallako ateratzea. Eta hori berretsi du Mikelarenak. «Datuek diote Del Burgo zela erreketeen buruzagi egun horietan, eta horixe erran dut, ez bertzerik».

1936ko urriaren 21ean, Nafarroako Karlisten Gerra Batzorde Nagusiaren baimenarekin, Tafallako 64 errepublikazale herritik atera, eta hil egin zituzten Elon. Tafallako erreketeen buru Julian Castiella urriaren 18an hil zen, Siguenzako (Espainia) frontean, eta «zigor gisa» hil zituzten Tafallako herritarrak. Egun hartakoaz dauden lekukotzek ez dute Del Burgo Torres Tafallan edo Elon kokatzen. «Garai hartako lekukotzen eta datuen araberako informazioa eman dut nik; nire diskurtsoa kritikatzen ahal da, baina datuekin egin behar da hori; eta datuen arabera argitaratu dudana ezin du inork ezeztatu», nabarmendu du Mikelarenak. Historialarien lana «mugatzeko» saiakerak kezkatzen du batez ere, eta garbi erran du epaileek ezin dutela lan historiografikoa berrikusi. «Historialarion lana da hori».

Mikelarena ez da hori uste duen bakarra. Historialari anitzen babesa jaso du egunotan; batetik, Basilio Lacort Ateneoko zenbait kidek gutuna idatzi eta zabaldu dute haren alde. Bestetik, Pamiela argitaletxeko kideen babesa ere jaso du Fernando Mikelarenak. «Haiei deitu nien, kereilaren berri jaso bezain pronto», oroitu du historialariak. Pamielako arduradun Txema Aranazek ere aitortu du Arturo del Burgok egindako urratsak «harritu» egin duela. «Ez genuen espero», berretsi du. «Are gutxiago kontuan hartuta asmo berean atzera egin behar izan zuela bere aita Jaime Ignacio del Burgok», erantsi du Aranazek.

Izan ere, antzeko kereila kriminala aurkezteko saiakera egin zuen UPN-PPko diputatu izandako Jaime Ignacio del Burgok 2016an, Jose Ramon Urtasun margolariaren aurka, Navarra1936Nafarroa izenburupean Nafarroako Parlamentuan egindako erakusketagatik. Orduan, orain bezala, agerian gelditu zen Zigor Kodeak ez duela hildakoen ohorearen defentsarako aukerarik ematen; saiatzekotan, bide zibiletik egin behar dela, alegia.

Lanean jarraitzeko gogo eta asmo sendoa agertu du Mikelarenak. Eta eskertu egin dio keinua Orreaga Oskotzek. «Historialari zintzoa da, eta senideenganako errespetu handiz egiten du lan», nabarmendu du. Oskotzek garbi du Del Burgoren bilobak «mahaian kolpea jo» nahi izan duela. «Fernandoren lanak min egiten dien seinale». Areka memoria elkarteko kidea da Oskotz. 1936ko garbiketa politikoan hildakoen eta errepresaliatuen bilobek eta ilobek osatzen dute. Elkarteak babesa eta elkartasuna agertu dizkio Mikelarenari. «Ez da zilegi mezularia isilaraztea jasotzaileak mezua gustukoa ez duenean».

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok ere haren lana babestu du : «Diskurtso negazionistek gora egiten duten garai honetan, ahanztura eta memoriarik eza bultzatzen diren honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Mikelarenaren gisako historialariek egiten duten lana babestea».

Poloniako kasua

«Historialariak askatasunez egin behar du lan», berretsi du Mikelarenak. Euskal Herritik at gertatzen ari denari ere egin dio so, eta Polonian jazotakoa salatu du. Berriki, bi historialari zigortu dituzte herri horretan, eta 1.600 orrialdeko saiakera bateko paragrafo bat «zuzendu» eta «barkamena eskatu» beharko dute. Jan Grabowski eta Barbara Engelking dira egileak. Malinowo herriko alkateak emakume judu bat nazien esku utzi zuela eta zeukana lapurtu ziola kontatu zuten saiakeran. Alkatearen iloba batek salatu zituen, eta bere aldeko ebazpena jaso du. Poloniako Gobernuak ukatu du epaiketarekin zer ikusirik izatea. Prozesuak, halere, gobernuak bultzatutako lege bat du oinarri. «Horrelakorik ezin da onartu», erran du Mikelarenak.]]>
<![CDATA[Behar dudan heldulekua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2104/006/002/2021-02-07/behar_dudan_heldulekua.htm Sun, 07 Feb 2021 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/2104/006/002/2021-02-07/behar_dudan_heldulekua.htm erabaki nuela, aurrenekoz. Urte hartako abuztuan egindako argazki bati so, zerbaitek krak egin zuen nire barruan. Ez nuen izan nahi begien aurrean nuen pertsona, eta gorputz horri iltzatu nizkion nire min guztiak. 48 urteko emakumea naiz. 2018ko abendutik, depresioaren aurkako botika hartzen dut, eta, psikiatrak txosten batean jaso duenez, elikaduraren nahasmendu bat dut.

Ez dut elikaduraren nahasmendu baten atzean dagoenaz hitz egin nahi. Nire esperientzia baino ez dut ezagutzen, eta nireak, noski, ez du denentzat balio. Nabarmendu nahi dut une batean nahasmendu horri ihes egitea erabaki nuela, laguntza eskatu nuela ezin nuelako bide hori bakarrik egin, eta geroztik gertatu zaidanak erakutsi didala osasun sistemak ez duela baliabide nahikorik nik herritarrok behar dudan helduleku bilakatzeko. Are gutxiago pandemia garaian.

2018ko azaroan egin nuen lehen urratsa: nire osasun etxeko familia medikuarengana joan nintzen. Egoitza bereko osasun mentaleko unitatera bideratu ninduen, eta, han, hiru psikiatrak eta psikologo batek artatu ninduten. Psikiatretako batek behin baino ez ninduen ikusi. Psikologo bera izan dut beti, baina ez nahi bezainbertzeko maiztasunez: bi hilabetean behin, gehienetan. Osasun etxetik Iruñeko Irubide zentrora bidali ninduten, elikadura nahasmendurako unitatera. Izenari eutsi dio, baina ez, ordea, izanari, bakarrik arlo horretaz arduratzen den talderik jada ez baitago. Hango psikiatra ezagutu, eta osasun krisiak egin zuen eztanda. Akabo bisitak. Eta telefono deiak urriak izan ziren: bi, ia hiru hilabeteko epean; haietako bat, bost minutu eskasekoa. Goitika egiteari utzi nion; jateari ia ere bai. Eta 1993tik lagun dudan antsietatea pozik.

Abandonatuta sentitu naiz: ez laguntza jasotzeko behar bezain argal; ez behar bezain ahul; ez behar bezain gazte, akaso? Ez zegokidan baliabide bat erabiltzen ariko banintz bezala sentitu naiz: zergatik galdetu didate, bertzela, behin baino gehiagotan, arlo pribatura jotzeko aukera aztertu ez ote dudan? Ez dut sekula erranen artatu nauten profesionalak txarrak direnik; ezta laguntzeko borondaterik ez duten ere. Baina ez dute lortu. Helduko didan esku baten bila joan naiz, eta ez dut aurkitu. Ez hori bakarrik: benetan laguntza merezi ote dudan galdetu diot, behin eta berriz, neure buruari. Ahal dudana egiten ari naiz. Bideak nora eramanen nauen jakin gabe.]]>
<![CDATA[Babes sare propioa osa dezaten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2020-07-14/babes_sare_propioa_osa_dezaten.htm Tue, 14 Jul 2020 00:00:00 +0200 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1913/012/001/2020-07-14/babes_sare_propioa_osa_dezaten.htm
Egun, bakarrik diren 254 migratzaile adingabeko dira Nafarroako Gobernuaren babespean. Osasun krisiak eragin dio adin txikiko horiek artatzeko programari, eta Eskubide Sozialen Departamentuak itxi egin du, ondorioz, iaz Iturmendin zabaldutako harrera zentroa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesek azaldu nahi izan ditu erabaki horren atzekoak, argitzeko testuinguru zehatz batean hartu dutela: «Zentroa ixteak ez du ekarri gazteok babesgabe uztea, eta aukera eman digu behar ziren bertze baliabide batzuk garatzeko».

Aukera hori sortu da, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz migratzaile adingabeen etorrera eten egin delako. «Ondorioz, lehen uneko arreta bermatu eta gero, gazteen autonomia sustatzeko bertzelako neurriak bultzatu ahal izan ditugu», azaldu du Francesek.

Nafarroako Gobernuak lau faseko programa bat onartu zuen iazko ekainean bakarrik ziren migratzaile adingabeak artatzeko. 2019 hasieran, hain zuzen ere, nabarmen egin zuen gora herrialdera ailegatu ziren adingabeen kopuruak, eta egoera horretara moldatu behar izan zuten Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunek. «50 gazte genituen lehen, eta 2019ko apirilean, ia hirurehun», gogoratu du Francesek.

Adingabeak hartzen dituen lehen zentroa Iruñean dago; hor egiten dute gazteon egoerari buruzko aurreneko balorazioa, eta, hortik, Martzillara edo Iturmendira joan izan dira, programaren bigarren fasean. Bi zentro horiek iazko ekainean zabaldu zituen Nafarroako Gobernuak: 25 pertsonarentzako tokia zuen Iturmendikoak, orain itxi dutenak; Martzillan, berriz, 40 gazterentzako tokia bada, eta beteta dago egun.

Iturmendiko egoitza itxi eta gero, hirugarren eta laugarren faseak sustatzeko ahalegina egin du Eskubide Sozialen Departamentuak, Francesek nabarmendu duenez. «Hirugarren fasean, gobernuaren babespeko etxebizitzatan bizi dira gazteak; laugarrenari, berriz, autonomiarako fasea erraten diogu, eta helburua da gazteok laguntzea, beren kabuz etxebizitzaren arloko beharrei aurre egin diezaieten».

Programa ez da berez migratzaileek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen. «Adin nagusiko bilakatu arren, babesa ematea da gure helburua, beharra badute», erran du Ines Francesek. Programako laugarren fasean, hain zuzen, 21 urte bete arte laguntzen dituzte gazteak.

Egokitzeko malgutasuna

Beharretara egokitzea da gako nagusietako bat, Ines Francesen hitzetan. Horretarako, sistemak behar adinako malgutasuna izan behar du, baina hori ez da beti gertatzen. Sei elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak 16 urte baino gehiagoko adingabeen egoera jarri du adibide. «Oraingo programarekin, gobernuak berak onartu du sistemak ezin duela bakarrik utzi 17 urte eta erdirekin ailegatzen den gazte migratzaile bat, 18 betetzen dituenean. 16 edo 17 urteko gazteentzat, baina, zaila izaten da hezkuntzaren edo formakuntzaren arloko baliabideak erabiltzeko aukera izatea, eta horrek zaildu egiten du lan merkatura sartzeko prozesua».

Sei elkartearen helburu nagusia da migratzaileak beren dolu prozesuan laguntzea. «Sorterritik alde egiteak beti eragiten du dolu prozesu bat», nabarmendu du Zigandak. Nerabe eta gazteekin egiten dute lan: bakarrik etorri direnak, familiaren babesa dutenak eta hemen jaio direnak elkartzen dituzte, elkarri lagun diezaioten, eta babes sare propioak sor ditzaten. Asmo horrek ekarri du elkarteko kideen laguntza jaso duten gazteok beren talde propioa sortu izana, erakundearen barruan, egoera berean direnak laguntzeko asmoz.

«Zure toki berean egon denak ulertzen du bertze inork baino hobeki zer sentitzen duzun», erran du Rida Ait Bouzidek. Abuztuan hiru urte beteko ditu Nafarroan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak burutu eta gero, elektromekanikakoak hasi zituen. Orain, Sei elkartean ari da lanean, baina lan egiteko baimena ez du jaso oraindik ere. «Hagitz zaila da baimena lortzea; gazteok lan egiteko irrikan dira, baina oztopoak baino ez dituzte aurkitzen», salatu du Zigandak. Ait Bouziden kasuan, Sei erakundeak urtebeterako lanaldi osoko kontratua egin behar izan dio; bertzela, ezin zuten kontratatu. «Etorri zenetik hiru urte pasatu direnez, bide horretatik saiatuko gara paperak lortzen».

Ines Francesek ere onartu du gazte migratzaileek «sistemaren paretaren kontra» jotzen dutela lanean hasi nahi dutenean. «Beharrezkoa da gazteon egoera erregulatzeko prozesuak arintzea», erran du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak.

Nabarmendu du, halaber, gazte bakoitzak egindako bidea eta atzean utzitako egoera ezagutzea «funtsezkoa» dela. «Gazte anitz etortzen dira, familia laguntzeko modu bakarra delako. Familia osoaren proiektua da kideetako bat migratzaile bilakatzea gainerakoak laguntzeko. Bertze kasu anitzetan, baina, sorterritik alde egiteko arrazoia harago doa, eta gazte horiek migrazio prozesuak eragindakoa baino anitzez ere zama handiagoa dute gainean; hori jakin behar dugu, gazteok behar bezala artatzeko», erran du Francesek. Behar den arreta hori ematea da migratzaileak hartzen dituen gizartearen betebeharra, Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunaren hitzetan.

Gazteak arduradun

Sei elkarteko gazte taldea asteon jarri da martxan. Rida Ait Bouziden lanetako bat da talde horretako kideak laguntzea, hain zuzen ere. «Bitartekari lana egiten dut, finean». Gazte taldeko arduradunek hainbat atal sortu dituzte, gazteek beren interesen araberako jarduerak egin ditzaten. «Kirol talde bat dago, jarduera artistikoak garatzeko bertze bat, mendi talde bat ere badugu, bai eta bizikletak konpontzeko tailer bat ere», azaldu du Maite Zigandak.

Sei elkarteko koordinatzaileak nabarmendu nahi izan du, halere, gazte taldean haiek direla beren jardueren arduradun. «Gazteak dira egin nahi duten bidea markatzen ari direnak».

Gazte taldeko begirale eta arduradunetako bat da Abdeslam Sadiki. 17 urte ditu, eta 2018an ailegatu zen Nafarroara. 15 urte bertzerik ez zituen Maroko eta familia atzean utzi eta Iruñera ekarri duen bidea hasi zuenean. «Andaluziara [Espainia] ailegatu nintzenean, lasaitua hartu nuen, bidaia, behintzat, ongi amaitu zelako; beldur nintzen», gogoratu du. Bilbora eraman zuten lehendabizi, baina hango zentroan tokirik ez zegoenez, Iruñera ekarri zuten. «Zentro batera eraman ninduten, hasieran, eta, gero, Txantreako etxebizitza batera, bertze gazte batzuekin. Han jarraitzen dut». Uharten, Lanbide Heziketan ari da, mekanikako ikasketak egiten.

«Nik lan egin nahi dut; ikasi, lan egin ahal izateko. Marokon dut familia, eta haiek laguntzeko nago ni hemen», erran du Sadikik. Gazte adingabe bat da oraindik ere, baina hagitz argi du zer egin nahi duen.

Sei elkarteko taldean bertze gazte anitzekin egoteko aukera du. Eta, batez ere, bertze gazte anitz laguntzekoa. «Bertzeen babesa jaso nuen nik; bertzeak laguntzeko moduan nago orain, eta egin nahi dut».

Ait Bouzid eta Sadiki bezala, Marokotik ailegatu dira Iruñera azken urtean bakarrik etorri diren migratzaile adingabeko gehienak. «Guztien artean bi emakume baino ez ditugu izan», azaldu du Ines Francesek.

Soka moztu gabe

«Kulturen eta ohituren arteko talka, zenbaitetan, handia izaten da. Arlo hori ere landu beharra dugu», azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buruak. Lan horrek aldebikoa izan behar duela erantsi du: «Gazteon errealitatea ulertzeko gaitasuna izan behar dugu guk, eta, haiek, hemen aurkitzen duten errealitatera egokitzekoa».

Gazteok sorterrira lotzen dituen sokari eusteko beharra nabarmendu du Sei elkarteko Maite Zigandak, hain zuzen ere. «Funtsezkoa da hemen ongi egoteko baliabideak ematea, eta egokitzen laguntzea; baina atzean utzi dutena ahaztu gabe, atzean utzi duten hori izaten delako mugitzeko arrazoi nagusia».

Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartutako plana ontzat eman du Sei elkarteko koordinatzaileak. «Gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere ontzat jo dute, eta hori nabarmentzekoa da. Beti bada zer hobetu, baina oinarri sendo bat da», azaldu du Zigandak.

Onartu du, dena den, egungo osasun krisiaren jokalekuan, etor daitekeenarekin kezkatuta dagoela. «Planak ongi funtzionatzeko baliabideak behar ditu, eta ez dakigu oraingo krisiak murrizketak ekarriko ote dituen edo ez», erran du Maite Zigandak.

Sei elkarteko kideen egoitzan ohikoa da gazteen joan-etorria. Are gehiago orain, gazte taldea martxan dela. Ilusioz ekin diote Sadikik eta Ait Bouzidek oraingo etapari, eta beharra dutenak laguntzeko irrikan dira. «Garrantzitsua da gazteon inguruan babes sareak osatzea», berretsi du Zigandak.

Ines Francesek bat egin du, eta gazteok prozesu ororen erdigunean kokatzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, hasteko, funtsezkotzat jo du bakarrik diren adingabeko migratzaileok norbanako gisa hartzea. Adin txikikoen egoera erregularizatzeko urratsak erraztea ere ezinbertzekotzat jo du. «Sorterritik paperak ekartzen ez badituzte, edo adin nagusikoak izanda adingabeak direla erraten badute, prozesu guztia mantsotzen da». Azkar edo mantso, prozesu horretan gazteak bakarrik ez uztea da gako nagusia.]]>
<![CDATA[Euskaldunena ere izan dadin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1906/018/001/2020-02-29/euskaldunena_ere_izan_dadin.htm Sat, 29 Feb 2020 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1906/018/001/2020-02-29/euskaldunena_ere_izan_dadin.htm
Ibaberekin bat egin du Libe Renteriak ere. Zornotzakoa da (Bizkaia), eta Bioteknologia graduko lehen maila egiten ari da, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUPek oraingo ikasturtean lehendabiziko aldiz eskainitako gradu berrietako bat da hori, eta hasieran ikasgai bakar bat ere ez dago euskaraz. «Gradu berria denez, NUPek esan du lau urte pasatuta ikusiko duela arrakasta ote duen, ikasgairen bat euskaraz jartzeko aukera aztertzeko». Egoera berean dira Psikologiako eta Medikuntzako graduetako ikasleak ere, bertzeak bertze.

Erizaintzako ikasketak ez dira berriak NUPen, baina euskarak lehen bezain toki txikia izaten jarraitzen du Osasun Fakultatean ere. Lehendabiziko mailan ari da Irati Juaristi mutrikuarra. «Lehen seihilekoan ditugun hirurak dira gradu osoko euskarazko ikasgai bakarrak», salatu du.

NUPeko Euskara Taldeko kide dira Ibabe eta Renteria; Juaristi, berriz, NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldekoa. Elkarlanean aritzen dira denak, baina nor bere esparru fisikoan, Osasun Fakultatea Nafarroako Ospitale Gunean baita; hau da, Arrosadiko campusetik at.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen alde ari diren ikasleok mahai gainean jarri nahi izan dute hizkuntzaren auzia egunotan, eta horretarako, batetik, manifestaziora deitu dute apirilaren 2rako; bertzetik, Osasun Fakultatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko sinadura biltze bat egin dute. Finean, NUPeko agintariei argi utzi diete beren hizkuntza eskubideen alde lanean segitzeko prest direla. Areago orain, unibertsitatea eta Nafarroako Gobernua datozen lau urteotarako aurrekontua negoziatzen ari direnean. Euskara bultzatzeko baliabideak ere aurrekontu horren menpe izanen dira.

Orain artekoari segida

Egungo errektore Ramon Gonzalok 2019ko ekainean hartu zuen kargua. Alfonso Karlosena errektore zenean, Ikerketako errektoreorde izan zen Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari «segida» ematea zela bere asmoa. Abenduan, BERRIA-n egindako elkarrizketa batean, asmo horiek pixka bat zehaztu zituen errektoreak: «Orain, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera; pixkana, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea».

«Euskarak duen pisua handitzea». Zehaztasun maila hori ez dute ontzat jo NUPeko Euskara Taldeko kideek. Nabarmendu dute Karlosenaren agintaldian NUPek ez zuela borondaterik izan euskarari bultzada emateko, eta Gonzalok ere, oraingoz, ez duela ezer egin. «Hauteskunde garaiko marketina besterik ez digu eskaini», erran du Ibabek.

Hitzekin nekatu dira ikasle euskaldunak, eta ekintzak nahi dituzte, euskararen alde. «Karlosenaren agintaldian, unibertsitatea ez zen gai izan Euskara Planean jasotako oinarrizko helburu guztiak betetzeko ere», gogoratu dute ikasleek. Plan horren arabera, NUPek, denera, 1.299 ikasgai eskaintzen ditu euskaraz. Irakasletzako graduan baino ez dago, ordea, ikasketa guztiak hizkuntza horretan egiteko aukera. NUPen, ikasleen ia %31k badakite edo ulertzen dute euskara.

Gradu bakarra euskaraz, eta meritua, gainera, ez da NUPeko agintariena. 2017ko elkarrizketa batean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko orduko zuzendari Garbiñe Petriatik orriotan gogoratu zuen NUP bera sortu aurretik ezarri zituztela Irakasletza ikasketak euskaraz. Unibertsitate publikoak 33 urte egin ditu, eta, denbora horretan, beraz, gradu bakar bat ere ez du ezarri euskaraz: «Eskaintza hasierako bera da; euskarazko ikasgaiak jarri dituzte han eta hemen, baina gradu batean euskaraz, adibidez, bost ikasgai egin ahal izatea ez da deus», nabarmendu du Libe Renteriak.

Arazoa da, NUPeko Euskara Taldeko kideen ustez, euskara ez dela lehentasuna unibertsitate publikoko arduradunentzat, eta ez dutela borondaterik hizkuntzari benetako bultzada emateko. Hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Ibabek aipatu du, batetik, Historiako gradu berrian bazirela hainbat irakasle euskaraz aritzeko prest; euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak ere baziren; baina NUPek ez du urratsik egin Historian euskarazko ikasgairik jartzeko.

Bertzetik, Irati Juaristik salatu du NUPek orain arte ez duela erakutsi inolako asmorik euskaraz ikasi nahi duten ikasleen inguruko datu zehatzak jasotzeko. «Unibertsitateak ez du benetako eskaria ezagutzeko urratsik egiten; guk egin behar izan dugu, ondorioz».

Joan den astean Osasun Fakultatean egindako sinadura biltzeaz ari da Juaristi. Euskara Taldeko kideek mahai bat jarri zuten eraikinaren sarreran. 150 sinadura jaso dituzte, denera. Juaristik argi du euskaraz ikasi nahi duten euskaldun guztiek ez dutela sinatu; halere, nabarmendu du Erizaintzan, denera, 400 ikasle inguru direla, eta «ontzat» jo du 150 sinadura jaso izana. «Horietatik 130ek esan dute euskaraz ikasi nahiko luketela, ez bakarrik euskararen aldeko jarrera dutela».

Erizaintzan aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria, ikasleen erdiak baitira euskaldunak. Eta ikasleen eskubidea ez da jokoan dagoen bakarra, Juaristik erran duenez. «Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea ere badago jokoan», nabarmendu du.

Juaristik onartu du hasieran gogorra egin zaiola, adibidez, gelan aurkezpenak gaztelaniaz egin behar izatea. «Euskaraz pentsatu, eta itzuli egin behar nuen esan nahi nuena». Euskara du bere hizkuntza, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunak ere euskaraz artatzea du helburu.

Xede hori lortzeko egin dituzte egunotako ekinaldiak. Ibabek eta Renteriak ere argi dute lanean jarraitzeko beharra badutela. Euskararen inguruko plan estrategiko berria dago mahai gainean, bertzeak bertze. «Esan digute errektoreak nahi omen duela Euskara Taldeak prozesuan parte hartzea», azaldu dute. Oraindik ez dute NUPeko agintarien deia jaso, halere. Zain diren bitartean, euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dute. Apirilaren 2ko manifestazioan izanen dute hori egiteko aukera. Protestarekin bat egitera deitu ditu ikasle guztiak Juaristik. NUP euskaldunena ere izan dadin.

Aldarriak, karrikara]]>
<![CDATA[Aldarriak, karrikara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1927/019/001/2020-02-29/aldarriak_karrikara.htm Sat, 29 Feb 2020 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1927/019/001/2020-02-29/aldarriak_karrikara.htm
Azken asteotan gertatu denak eragin du gurasoon haserrea. Batetik, Iruñeko Udalak iragarri du murriztu egingo duela hiriburuko haur eskoletako eskaintza. Orain lau zentro dira euskaraz aritzen direnak, Joseba Asiron alkate zenean ordura arteko eskaintza bikoiztu eta gero. 2022-2023ko ikasturterako, Enrique Maia alkateak haur eskola bakarra utzi nahi du euskara hutsean, Txantreako Izartegi, alegia; Arrotxapeko Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Mendigorrian, 3 urteko haurren matrikula egiteko kanpainan jazotakoak piztu du eztabaida; izan ere, guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu eskaera hori. «Ez omen da nahikoa, aukera argiak izan arren», gurasoek salatu dutenez. Zehazki, sei haurrek eman zuten izena euskaraz ikasteko, baina Nafarroako Gobernuak erran du gutxieneko kopurua zortzikoa dela, lerroa zabaltzea ukatzeko.

«Erakundeen lana»

Iruñeko eta Mendigorriko gurasoak jendaurrean agertu dira beren egoera salatu eta herritarrak biharko protestara deitzeko. «Barkaezina da erakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzea; haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea», nabarmendu dute.

Gurasoon izenean aritu dira Iruñeko Itziar Zabalza eta Mendigorriko Josu Goñi. Biek argi utzi nahi izan dute gurasoak ez direla prest beren eskubideetan «atzera» egiteko. Iruñeko haur eskoletako gurasoen ordezkariak gogoratu du arazoak Antsoaingo haur eta familiei ere eragiten diela. Izan ere, herri horretan ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izaten dute beti: «Hemendik aurrera zailagoa izanen dute hori egitea», erran du Zabalzak, Navarra Sumak bere asmoak gauzatzen baditu toki gutxiago izanen delako euskaraz hiriburuko haur eskoletan. Hori salatzeko eginen dute gaurko protesta.

Euskaldunena ere izan dadin]]>
<![CDATA[Gizarteak ikusi nahi ez duena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1895/014/001/2020-02-22/gizarteak_ikusi_nahi_ez_duena.htm Sat, 22 Feb 2020 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1895/014/001/2020-02-22/gizarteak_ikusi_nahi_ez_duena.htm
Kartzela handi eta berria dute presook, baina «desastre hutsa» da, Salhaketako kideek agerian utzi dutenez. Elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Espainiako estatuan preso sozialek hasi duten txandakako gose grebarekin bat egin eta presoei elkartasuna adierazteko. Hiriburuko kartzelan ez da inor greba egiten ari, oraingoz, «baina bada zer salatu», Iruñeko protestan bat egin dutenek agerian utzi dutenez. Urtarriletik, adibidez, medikurik gabe dira.

Preso sozialek antolatzeko egin dituzten lehendabiziko urratsak ez dira oraingoak. Duela bi urte, Salhaketak antolatutako saioan, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentala aurkeztu zuten Iruñean. 1976ko abenduan sortu zuten Copel; sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten. «Gure garaian baino okerrago daude espetxeak orain», erran zuten Copeleko kide izandako Fernando Alcatraz eta Daniel Ponte preso ohiek, Iruñeko emanaldi hartan.

Ordurako, martxan zen jada azken urteotan gora egin duen espetxe barruko mugimendua. «Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena», azaldu zuten Alcatrazek eta Pontek, Iruñean. Preso sozialak lehenago jarri ziren martxan, hain zuzen: «Beren eskubideak aldarrikatzeko lehenengo proposamena 2015ean egin zuten», gogoratu du Salhaketako June San Millanek, presoen borrokaren berri emateko antolatutako hitzaldian.

Otsailean, hiru txanda

Idazten zituzten gutunen bidez hasi ziren antolatzen preso sozialak, beren oinarrizko eskubideen alde. Lan horren ondorioz, 2018an egin zuten txandakako gose greba, lehen aldiz; bigarren kanpaina bat antolatu zuten 2019an: maiatzean eta ekainean lehenbizi, eta irailetik aurrera gero. Hil honen lehen bi asteetan, Erasmo San Pablo Tejedorrek (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Mohamed Achrafek (Pontevedra, Galizia) egin dute gose greba. Atzo, berriz, Vicente Jose Fernandez Belenek (Zaragoza, Espainia) hasi zuen bere txanda, hilaren 29ra bitarte.

Salhaketako kideek uste dute Copelen inguruko dokumentalak balio izan duela «kontzientziak astintzeko». Batez ere, espetxeko hormen kanpoko aldean diren herritarrenak. Halere,onartu dute gizarteari oro har ez zaiola interesatzen zer gertatzen den kartzeletan. Errealitate hori da aldatu nahi dutena, hain zuzen, espetxe barruan presoek beren eskubideen alde hasi duten borrokari bozgorailu bat eskainiz.

Iruñean ere, Salhaketan ari direnek presoen ondoan egiten dute lan. Azken hilabeteotan, batez ere osasun arreta jarri nahi izan dute fokupean, esparru horretan «hobetzeko anitz» badelako. «Egoerak hobera egin dezan behar da, lehenik eta behin, espetxeko osasun eskumenak Nafarroako Gobernuaren esku uztea», azaldu dute.

2003koa da espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea, baina orain arte Kataluniak eta EAEk baino ez dituzte beren gain hartu eskumen horiek.

Salhaketak harago joan nahi du, eta 2017an jada Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuen Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain hartzea espetxe eskumenak, bultzada baten beharra izenburuko txostena. Osasunaren arloan egoera «larria» da. Iruñeko espetxeari hiru mediku dagozkio, baina bakar bat ere ez da aritu azken asteotan, batek erretiroa hartu eta bere tokia ez delako bete, eta bertze biek gaixo-agiria hartu dutelako eta ordezkorik ez dietelako jarri.

Gaur egun, presoek jasotzen duten osasun arreta Espainiako Espetxe Erakundeen esku dago; borrokan diren preso sozialen eta Salhaketaren gisako babes elkarteen asmoa da osasun zerbitzuek hartzea ardura hori beren gain. «Iruñeko espetxearen kasuan, Nafarroako Gobernuaren langileak izan daitezela kartzelako medikuak eta erizainak, alegia».

«Okerrera»

Osasun arretarekin lotutakoa ez da Iruñeko espetxean preso diren pertsonek duten arazo bakarra, eta Salhaketa ere ez da egoera hori salatu eta mahai gainean jarri nahi izan duen erakunde bakarra. 2017an, Iruñeko kartzelako presoekin lan egiten duten Juantxo Castiella psikologo klinikoak eta Sare elkarteko arduradun Julia Munarrizek zurian beltz jarri zituzten espetxe barruan aldatu beharrekoak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Sarek GIBaren eta hiesaren inguruko lana egiten du, eta 1992. urtetik ari da Iruñeko espetxeko presoekin. Kartzela berrian, «gauza on bakarra» ziegak direla uste du Munarrizek. «Gainerako guztiak ez du inolako zentzurik. Espetxe politikek okerrera egin dute azken 25 urteotan; eskumenak izateak ere ez du arazoa konponduko, segurtasunaren esparruan esku hartzen ez bada: hau da, preso batek espezialistarengana joan behar badu, garaiz jakin behar du, familiak jakin dezan. Segurtasunari ematen zaio lehentasuna, gizatasunaren gainetik».

Castiellak droga eta alkohol menpekotasuna duten presoekin egiten du lan espetxean. Ez da lan erraza, hasteko, eraikin handia izan arren ez dituelako azpiegitura egokiak. «Profesionalok presoak artatzeko bulegorik ez dago moduluetan; egitura ez da batere egokia. Presoak anitzez ere bakartuago daude, eta ikastaroak eta tailerrak egiteko zailtasunak ere handiak dira. Modulu anitz bada, baina baliabideak eskasak dira, ordea».

Droga eta alkohol menpekotasuna dutenentzako programan 110 pertsona artatu zituzten 2011. urtean. Hori izan zen Iruñeko espetxe zaharrean egindako azkena. 2016an, berriz, jada kartzela berrian, 148 artatu zituzten.

Castiellak Nafarroako Parlamentuan azaldutako datuen arabera, lapurretekin eta osasun publikoaren kontrako delituekin lotutako auziengatik daude preso Iruñeko espetxean diren gehienak. «Hurrengo delitu nagusiak lirateke genero indarkeriarekin eta bideko segurtasunarekin lotutakoak. Azken garaiko joera da hori».

Menpekotasunen programak artatutako presoen %90ek ez dute batxilergoa bukatu, eta lanik edo gizarte laguntzarik ez zuten espetxean sartu zituztenean. Zigorra beteta ateratzen direnean ere, babes sarerik ezak anitz zailtzen die aurrera egin ahal izatea.

Zuzendariarekin bilera

«Nire helburua da presoen egoera hobetzea». Horixe erran du Nafarroako Gobernuko Justizia zuzendari nagusi Rafael Sainz de Rozasek, hil honetan, Iruñeko espetxeko zuzendari Enrique Sotorekin bilera egin eta gero. Sainz de Rozasek argi du hori lortzeko «funtsezkoa» dela Nafarroak espetxe arloko eskumenak bere gain hartzea. Ez du gehiago zehaztu medikurik ezak sortutako egoerari konponbide bat emateko gobernuak zertan lagun dezakeen, adibidez.

Espetxea eta hiria lotzeko garraio arazoei aurre egiteko taxi zerbitzua jarri zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak, 2018an, baina Salhaketako kideek nabarmendu dute egindako urratsa ez dela «nahikoa ». Emakumeen egoerak ere konpondu gabe jarraitzen duela erantsi dute: «Errespetu moduluan daude; ustez borondatezkoa da modulu horietan egotea, baina, Iruñean, sakabanaketa da alternatiba bakarra».

Espetxeak behar ditu alternatibak. Hori argi dute Salhaketako kideek. «Hezkuntza jarri behar dugu erdigunean, eta gatazkak konpontzeko bertzelako bideak bultzatu; bitartekaritzaren eta gisakoen alde egin behar dugu, espetxea bezalako zigor sistema bat bultzatu ordez». Sare elkarteko Julia Munarrizek argi erran zuen 2017an parlamentuan egindako agerraldian: «Espetxeak bakarrik dira sistemari traba egiten diotenentzat». Beren protestarekin, presoek egin dute orain gizartea astintzeko urratsa.]]>
<![CDATA[Ongi zahartzeko erronkak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1913/010/001/2020-02-18/ongi_zahartzeko_erronkak.htm Tue, 18 Feb 2020 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1913/010/001/2020-02-18/ongi_zahartzeko_erronkak.htm
Francesek sistema egokitzeko beharra onartu du, lehenik eta behin, eta xede nagusitzat jo du zerbitzuak pertsonen beharretara moldatu ahal izatea. Argi du helburu hori betetzea ez dela erraza. Hau da, gauza bat dela pertsona erdigunean jarri eta haren beharren araberako arreta malgutasunez eskaini nahi izatea, eta bertze bat hori egin ahal izateko baliabideak eta aukerak eskura izatea.

«Dirua anitzetan da deus ez egiteko aitzakia; diru hori non jarri da kontua, ordea, lehentasunak ezartzea». Mezu hori nabarmendu dute Kondestablearen jauregian egindako jardunaldian parte hartu duten zahar batek baino gehiagok, hain zuzen. Espainiako Kongresuak 2006. urtean onartutako Mendekotasun Legea jarri dute plataformako kideek, zehazki, mahai gainean. «Gizarte ongizatearen estatuko laugarren oinarritzat jo zuten onartu zutenean, baina 2008ko krisiak jo eta gero, erabat desitxuratu arte hustu dute edukiz», nabarmendu dute saioaren antolatzaileek.

Mendekotasun Legea jorratu dute jardunaldian, eta datu argigarri batzuk aipatuz hasi du Ines Francesek bere solasaldia: Nafarroan, administrazioak ezarritako irizpideen arabera, mendekotasuna duten ia 16.000 pertsona daude. Kopuruak gora egin du, 2015. urtetik mendekotasun moderatua dutenak ere kontuan hartzen dituztelako. «Aurretik, ez zuten laguntzak jasotzeko eskubiderik», zehaztu du Francesek. Mendekotasuna dutenen %80k dituzte 65 urte baino gehiago. Legeak, beraz, zuzenean eragiten die.

Malgutasunak duen garrantzia berretsi du Ines Francesek, eta mendekotasuna dutenak artatzeko sistema osoa baldintzatzen duen auzi bat jarri du mahai gainean: «Laguntzak banatzen dira mendekotasun mailaren arabera; ez, ordea, mendekotasuna duen pertsonaren benetako beharren arabera. Bi pertsonak mendekotasun maila bera izan dezakete, baina hagitz behar ezberdinak», azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako arduradunak. «Egoera horrek disfuntzioak sortzen ditu zerbitzuak arautzeko orduan», erantsi du.

Mendekotasun handia duten bi pertsona jarri ditu Francesek adibide: etxean bakarrik baina ondoan duen familiak babestuta bizi daiteke bat, eta, bertzea, berriz, zahar etxe batean.

Hitzartutako 2.100 toki

Zahar etxeak aipatu ditu Francesek, eta zahar etxeak aipatu dituzte jardunaldiarekin bat egin duten zaharrek ere. Entzule baten galdera jaso du Francesek: «Ez al da hobe Nafarroako Gobernuak zahar etxeak eraikitzeko erabiltzea bere dirua, enpresa pribatuekin hitzarmenak egiteko bainoago?». Eta ezetz erantzun du Francesek: «80-120 toki dituen zahar etxe baten egoitza eraikitzeko zortzi milioi euroren inbertsioa behar dugu; diru horrekin toki anitz lor ditzakegu zahar etxe pribatuekin hitzarmenak sinatuz». Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 2.100 toki ditu hitzartuak zentro pribatuetan, eta bertze 241 toki ditu egoitza publikoetan. 3.000 inguru behar ditu, halere.

Zahar etxera joateko garaia ahalik eta gehiena atzeratzea ere hartu du xede Francesek, eta zaharrek bat egin dute. Gehienek argi utzi dute etxean gelditu nahi dutela. Horretarako, zahartze aktiborako estrategiek duten garrantzia jarri du Francesek mahai gainean. Zaharrak etxean artatzeko sistemak betetzen duen rola ere aipatu du. Udalen esku dago zerbitzu horren kudeaketa, baina Francesek argi du tokiko entitate horiekin lan egitea premiazkoa dela zerbitzua berrantolatzeko, udalen arteko ekitateari eusteko, eta malgutasuna bultzatzeko. «Zerbitzua beharrezkoa da arratsaldez eta asteburuetan ere, baina, gaur egun, hori egitea ez da bideragarria. Behar den malgutasuna lortzeko bideak pentsatu behar ditugu», erran du.

Zaharrak Krisiaren Aurrean plataformako kideek ere eskatu diote malgutasuna sistemari, pertsonen beharretara egokitzeko asmoa egia bilaka dadin. Baliabideak eskatu dituzte, zaharren zaintza lehentasun bilaka dezatela, eta herritar guztiak artatzeko moduak martxan jar ditzatela. Ildo horretan, zahar etxeetan eta eguneko zentroetan hitzartutako toki gehiago eskatu dituzte, eta erabiltzaileek ordaindu beharrekoa errentaren arabera zehaztea. Zaharrak artatzen dituzten profesionalen lan baldintzekin ere badute kezka plataformako taldeek, eta lan hitzarmen duinak eskatu dituzte. Argi dute bertzelako bideak jorratzeko beharra ere badela, eta bertzelako etxebizitza ereduen inguruko gogoeta eskatu dute, bertzeak bertze.

Ikerketa martxan

Bertzelako bide horien inguruko gogoeta eta lanketa egiteko beharrezkoa da testuinguruaren berri jasotzea. Horretan ari dira Nafarroako Gurutze Gorria eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, hain zuzen, zahar anitzen errealitate bilakatu den esparru jakin batean: bakardadearena, alegia. Martxan jarri dute «aitzindaria» den ikerketa bat, 65 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik bizi diren pertsonen artean, inkesta baten eta elkarrizketen bidez bakardadea nola bizi duten jakiteko.

Herrialdean, 64 urte baino gehiagoko 24.000 pertsona inguru bizi dira bakarrik, Nafarroako Estatistika Institutuko datuen arabera. Pertsona horiengana ailegatu nahi dute NUPeko ikertzaileek. Lucia Martinez Virto soziologia irakaslea da ikerlarion zuzendari. Gizarte langilea ere bada, eta zuzenean aritu da zaharrekin, denbora luzez.

Martinez Virtok argi utzi nahi izan du bakarrik bizitzeak ez duela erran nahi pertsona batek bakardadea sentitzea. «Zahar etxe batean jendeak inguratuta bizi dena ere sentitzen ahal da bakarrik», zehaztu du. NUPeko kideek helburu hartu dute 370 inkesta egitea. Lanean hasi dira jada.

Martinez Virtok argi du sistemak zaharren ongizatea hartu behar duela helburu bere politikak zehazteko orduan. Hori lortzeko, baina, baliabide publikoak ez direla nahikoak ere garbi du. «Ez dira, eta ez dira izanen». Administrazioarekin batera, orain arte bigarren mailako rol bat izan duten bertze aktore batzuek «indar handiagoa» hartu beharko luketela uste du ikerlariak. Hitz bakar baten bidez azaldu du zein izan beharko lukeen bideak: «Komunitatea».

Martinez Virtok nabarmendu du gizarteko belaunaldi ezberdinen arteko hitzarmen bat behar dela zaintza lanei eutsi ahal izateko. «Sareak osatzeko gai izan behar dugu, zaintza prozesu horretan parte har dezaten komunitateak, familiek eta zerbitzu publikoek. Belaunaldi artekoa eta departamentu artekoa behar du izan hitzarmenak, osasunaren arloa eta arlo soziala elkar elikatzen baitira».

Adibide bat aipatu du Martinez Virtok komunitateak duen garrantzia eta bete beharko lukeen rol nabarmenagoa azaltzeko: Iruñeko Donibane auzoko zaharren aldeko hitzarmena, hain zuzen. «Hitzarmen hori hagitz garrantzitsua da; gisa horretako sareak bultzatzen ahalegindu beharko genuke».

2018. urtean sinatu zuten Donibaneko akordio hori. Auzoko osasun etxeak bultzatu zuen, eta eragile anitzek egin dute bat, zahartze osasungarri baten aldeko konpromisoa hartuz. Sinatzaileen artean dira, bertzeak bertze, zaharren elkarteak, bizilagunen elkarteak, botikak, kirol elkarteak eta auzoko denden elkartea. Komunitatea eragile aktibo bilakatu dute, zaharren egunerokoan duintasunaren eta kalitatearen aldeko konpromisoa bultzatuz. «Adibide bat dira».]]>
<![CDATA[Burokrazia, eskubideak murrizteko aitzakia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1922/010/001/2020-01-18/burokrazia_eskubideak_murrizteko_aitzakia.htm Sat, 18 Jan 2020 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1922/010/001/2020-01-18/burokrazia_eskubideak_murrizteko_aitzakia.htm
«Aurreko udal gobernuak arlo sozialean egindako urrats guztiak hutsean utzi nahi dituzte oraingo agintariek», salatu du Berrok. Lehengo egoerara itzuli, alegia. Aranzadiko zinegotzi ohiak uste du ez dela erraza izanen LGTBI mugimenduaren indarra suntsitzea, oraindik ere, eta kolektiboak hasi dira jada indar hori karrikan erakusten.

Udalak abenduaren 12an bilera bat egin zuen Harrotuko arduradunekin, zerbitzua moldatzeko zituen asmoen berri emateko. Handik egun gutxira, abenduaren 16an, Kattalingorriko eta bertze hamaika kolektibotako kideek agerraldi bat egin zuten udaletxe aurrean, asmo horiek salatzeko eta Harrotu zerbitzua bere horretan behar dela defendatzeko.

Kattalingorrik kudeatzen du Harrotu. Nafarroako Gobernuak bultzatutako eta LGTBI kolektiboa artatzeko Kattalingune zentroaren ardura ere elkarte horren esku da. Abenduaren 12an egindako bileran, zerbitzua «bikoiztua» dagoela erran zien Iruñeko Udalak Kattalingorriko arduradunei, Harroturen eskumenak murrizteko argudio gisa.

Eskuduntzak

Enrique Maiaren udal gobernuak 2017ko Berdintasunerako legea hartu du egindako urratsen oinarritzat, eta nabarmendu du LGTBI kolektiboko kideak artatzeko zerbitzuak martxan jartzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena dela, lege horren arabera. Udalak erran du, zehazki, Nafarroako Gobernuak jakinarazi ziola eskuduntza gehiago hartu nahi dituela, eta hortik datorrela Harroturen zerbitzuak murriztu nahi dituen eredu aldaketa. Nafarroako Gobernuak, baina, ohar baten bidez ukatu egin du hori: «Gobernuak ez du inolako aldaketarik proposatu Kattalingunek eskaintzen duen zerbitzuan; zerbitzu horren barruan daude sexu eta genero aniztasunaren esparruko aholkularitza, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoa, Nafarroa osoko herritarrentzat, Iruñekoak barne. Hala da 2016. urtetik».

«Zerbitzua bikoiztuko dela esaten dute, baina, horren inguruko informazioa eskatu, eta ez digute deus eman; Iruñeko Udaleko arduradunek ez digute inolako txostenik erakutsi», erran du Kattalingorri elkarteko kide Ander Iribarrenek. Kezka agertu du Harroturen inguruan udalak har ditzakeen erabakiei dagokienean, eta argi utzi du Harrotuk egun eskaintzen duen «zerbitzu osoa» behar duela hiriak.

Udalak «elkarteentzako espazio» bilakatu nahi du Harrotu, eta arretan, sexu aholkularitzan eta laguntza juridikoan betetzen dituen funtzio nagusiak hutsean utzi. Urtarrilaren 9an egin zuten Iruñeko Udaleko eta Kattalingorriko kideek azken bilera. «Ez digute deus berririk esan. Zerbitzuak bikoizteari buruzko txostena ez dugu jaso oraindik, eta hori behar dugu, auzi horren inguruko erantzuna eman ahal izateko», berretsi du Iribarrenek.

Hilaren 9ko bileran udalak ez zuen inolako eperik zehaztu egin nahi dituen aldaketak martxan jartzeko. Zerbitzuari eraginen liokete, bai eta Harrotun ari diren langileen egoerari ere. Egun, lau pertsona ari dira San Gregorio karrikako bulegoan lanean; zerbitzuak murriztuz gero, langile horietako hiru galduko lituzke zerbitzuak.

2017ko ekainean inauguratu zuten Harrotu, eta 2019ko bukaerakoa da zerbitzu hori kudeatzeko Kattalingorrik udalarekin duen azken kontratua. Urteotako lanak agerian utzi du herritarrek behar duten zerbitzu bat dela Harrotuk ematen duena, eta hori galtzea da Kattalingorriko kideen kezka nagusia, hain zuzen ere.

Baliabideak

«Harrotuk lan ildo ezberdinak ditu, baina denek eragiten diote elkarri; beren osotasunean hartu behar ditugu». Horixe nabarmendu du Iribarrenek, eta, horregatik, argi utzi du lan ildo horietako batzuk bertan behera uzteak zerbitzu osoari eginen liokeela kalte. «Herritarrak izanen dira galtzaile. Harrotun segurtasun eta askatasun espazio bat sortu dugu, espazio atsegin bat, kalitatezko arreta eskaintzeko, eta ez dugu galdu nahi».

INAI Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kideekin ere egin dute bilera bat Kattalingorriko kideek, eta, azaldu dietenez, gobernuak ez du asmorik Kattalinguneri baliabide gehiago emateko. «Harroturen zerbitzuak murrizten badituzte, Kattalingunek egin beharko die aurre Iruñeko beharrei ere; baina, baliabiderik gabe, nekez egin ahal izanen dute», azaldu du Iribarrenek.

Orain arte, Harrotuk artatu du Iruñeko jendea, eta Kattalingunek, berriz, herrialdeko gainerako hiri eta herrietakoa. «Zerbitzu publikoak dira biak, eta ezin dute inor kanporatu, baina ahalik eta eraginkorren izaten saiatu dira beti», zehaztu du Ander Iribarrenek. Argi utzi du, dena den, gaur egun ere, nork bere baliabideekin, «ahal duena» egiten duela. «Ezin dugu ahaztu zerbitzuek ezin izanen dutela lan eraginkorra egin baliabiderik ez badute. 2017an onartutako legea helduleku garrantzitsu bat da, baina ez dira jasotako neurriak diruz hornitzen ari».

Orain arte, 130.000 euroko aurrekontua izan du Harrotuk, urtean; Kattalingunek, berriz, 110.000 eurokoa.

Aipatzekoa da UPNk -egun Navarra Sumaren barruan dago, Ciudadanos eta PPrekin batera- ez zuela babestu 2017ko LGTBI berdintasunerako legea; abstentzioaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuko bozketan; PPk, berriz, kontrako botoa eman zuen. Iruñeko Udalean ere, UPNk zalantzan jarri zituen LGTBI kolektiboaren inguruko politikak, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean. Zehazki, Harrotu «doktrinatzeko» erabiltzea egotzi zion Aranzadiri: «Diru publikoarekin zama politiko erradikala duten ehunka liburu erosten ari dira, udal liburutegi populista, ideologizatu eta muturreko bat sortzeko», erran zuten UPNko udal taldeko kideek 2018an.

«Arazoa ez da oraingoa», erran du Berrok; baina beharrezkotzat jo du oraingo urratsak oraingo testuinguruan kokatzea: «Eskuin muturra, matxismoa eta LGTBIfobia gora egiten ari dira. Navarra Sumak bat egin du joera horrekin». Zinegotzi ohiak argi du auzia ez dela burokraziaren esparruko arazo huts bat: «Kolektibo baten eskubideak murrizten ari dira».]]>
<![CDATA[Aspaldi galdutako erreketara ari dira itzultzen Bidasoko izokinak]]> https://www.berria.eus/albisteak/174724/aspaldi_galdutako_erreketara_ari_dira_itzultzen_bidasoko_izokinak.htm Sat, 07 Dec 2019 14:38:51 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/albisteak/174724/aspaldi_galdutako_erreketara_ari_dira_itzultzen_bidasoko_izokinak.htm <![CDATA[Izokinek Elizondoraino iristea lortu dute, bideko oztopoak kenduta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/008/001/2019-12-07/izokinek_elizondoraino_iristea_lortu_dute_bideko_oztopoak_kenduta.htm Sat, 07 Dec 2019 00:00:00 +0100 Edurne Elizondo https://www.berria.eus/paperekoa/1907/008/001/2019-12-07/izokinek_elizondoraino_iristea_lortu_dute_bideko_oztopoak_kenduta.htm


Azken urteotan, Life Irekibai proiektuaren barruan egin dituzte Bidasoko presak behera botatzeko lanak. Endarlatsakoa eta Berakoa bota zituzten 2016an, adibidez, ibaiaren beheko aldean. «Izokin guztiek pasatu behar dute handik, eta, zalantzarik gabe, oztopo horiek kendu izanak anitz lagundu die bidean gora jarraitzen. Lehen, izokin gutxi batzuk ailegatzen ziren Bertizeraino, gehienez ere; aurten, markatutako hemeretzi izokinetatik 11 Doneztebetik goiti dira; haietako hiru ailegatu dira Elizondora», nabarmendu du Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Hasieran izokinen bideari jarraitzeko asmorik ez zutela azaldu du biologoak, baina, bi urteotan egin eta gero, lortutako emaitzekin «harrituta» daudela onartu du. Ontzat jo du urratsa egin izana, Bidasoan egiten ari diren lanen eragina agerian utzi duelako. «Azken 40 edo 50 urteotan egin dira izokin kumeak ibaian askatzeko saioak, baina horrek ez du ekarri animalion populazioak gora egitea; oztopoak kentzeko lanak eragin du, ordea, Bidasoan gora egiten duten izokinen kopurua handitzea», erran du Ardaiz Ganuzak.

Gobernua 2007an hasi zen Bidasoko presa eta gainerako oztopo nagusiak kentzen, edo, gutxienez, arrainek gaindi zitzaten moldatzen. «Ordura arte, urtean batez beste 200-300 izokin ari ziren ibaian sartzen; azken hamar urteotan, 400 izokinekoa da batezbestekoa, eta 500 eta 600 ere sartu izan dira; ia 700 noizbait».

Sortu eta hil

Bost urtekoa izaten ohi da izokinen zikloa. Jaio eta gero, sortu diren errekan bi negu ematen dute, eta, ondoren, Ipar itsasorako bidea hartzen dute. Itsasoan bertze negu bat edo bi ematen dute errekara itzuli aurretik. Itsasoan hiru negu egoten diren izokinak ere badira, baina gutxi dira. Errekan, arrautzak jarri eta gero, izokin gehienak hil egiten dira. Bakar batzuek, hala ere, itsasorako bidea egiten dute bigarrenez.

Bide hori, berez, zaila da izokinentzat. Pilatutako koipe guztia baliatzen dute sortu zireneko errekako ur emariaren bila. Azken hatsa ematen dute zeregin horretan: belaunaldi berria sortzen hiltzen dira. Egin behar duten ahalegina are handiagoa da bidean gizakiak eraikitako oztopoekin topo egiten dutenean. Eta Bidasoan anitz dira ur emaria erregulatzeko egindako azpiegiturak. «Sunbilla eta Doneztebe artean, batez ere. Ibaiaren zati horretan ura ez doa bere bidetik: erretenetatik doa, edo urmaeletan bildua dago», erran du Ardaiz Ganuzak.

Horrek, noski, ez dio onik egiten izokinari. Bere bidean behar du ur bizia eta garbia. «Urmaeletan biltzen denean, ura ez da behar bezainbertze berritzen, eta berotu egiten da. Sedimentuak, gainera, pilatu egiten dira». Bidasoan gorago eginez, hain zuzen ere, ur garbiagoa aurkitzen dute izokinek, oxigeno gehiagorekin. Gainera, arrautzak jartzeko ohi baino toki gehiago aukeratu izanak populazioari egiten dio mesede: «Toki gutxi direnean, denak espazio berean pilatzen dira, eta uholdeak gertatuz gero, adibidez, denek pairatzen dituzte kalteak; toki anitz egonda, Donezteben bat-batean gertatzen ahal den ekaitza batek, akaso, hango izokinei eraginen die, baina ez, ordea, Baztan aldean direnei».

Gorago ailegatu da izokina Bidasoko arroan, oztopoak kentzeko egindako urratsei esker. Baina oraindik ere lan handia da egiteko. Oztopo anitz da behera botatzeko, Ardaiz Ganuzak nabarmendu duenez. Nagusietako bat da Iruritako Oharrizko presa, Elizondotik bost kilometrora. «Presa horretan ez dago inolako azpiegiturarik arrainen bidea errazteko. Bada garaia konponbide bat bilatzeko, oztopo handia baita izokinentzat eta bertze animalia anitzentzat». Indarrean dagoen kontzesio bat du presa horrek. Herriko piszifaktoriako jabeak erabiltzen du. «Harekin harremanetan jarri nahi dugu, izokinentzat bidea egin dezan», berretsi du Ingurumen Departamentuko biologoak.

Iaz, hain zuzen ere, Oharrizko presa hori izan zen markatutako izokinen muga. Hogeita zortzi markatu zituzten, zehazki, eta haietako hiru ailegatu ziren Doneztebeko San Tiburcio presaraino. Batek lortu zuen gorago jarraitzea, Oharrizko presaraino.

Iazko eta aurtengo dinamiketan aldea sumatu dute Ingurumen Departamentuko adituek. «Iaz, nahiko mantso egin zuten bide hori; aurten, anitzez ere azkarrago aritu dira». Azaroko euriak eman die Bidasoan bide hori egiteko aukera izokinei, Ardaiz Ganuzak aipatu duenez. «Behar zuten ur emaria izan dute; ez gehiegi, ez gutxiegi». Ezustean harrapatu zituzten izokinek adituak, Elizondoko Txokotoko presara ailegatu zirenean, hain zuzen ere. «Zikina zela ohartu, eta korrika eta presaka garbitu genuen, izokinek bidea jarraitzeko», kontatu du biologoak.

Erakusketa

Life Irekibai proiektuak bertze egitasmo bat jarri du martxan egunotan, Bidasoan izokinekin egindako lanaren osagarri: erakusketa bat zabaldu dute Ingurumen Departamentuak Iruñeko Gonzalez Tablas karrikan duen egoitzan, Bidasoan eta gisako ibaietan dauden oztopoek duten eragina azaltzeko herritarrei. Abenduaren 15era arte egonen da departamentuan, eta, gero, hilaren 16tik aurrera, Bertizko jaurerrian jarriko dute. Asmoa da handik bertze hainbat herritara eramatea, tartean Elizondo, Sunbilla eta Berara.

Labrit Multimedia etxeak prestatu du erakusketa. Departamentuaren egoitza erreka bilakatu nahi izan dute han jarritako argazkien eta panelen bidez; Bidasoa eraman dute eraikinera, han bizi diren animaliekin eta ibaiertzetako landare eta zuhaitzekin batera.

Nafarroatik harago jo nahi izan du erakusketak, hala ere. «Ibaiek berezkoa duten bidea berreskura dezaten bada mugimendu bat nazioartean, eta horren berri eman nahi izan dugu», azaldu du Labrit Multimediako Gaizka Arangurenek. Bi lan ildo osagarri ditu mugimendu horrek: «Arrainen migrazioa babestea du helburu batek, eta ibaietako presak behera botatzea besteak», zehaztu du.

Mugimendu horrek Finlandiako Seppo Leinonek egindako ilustrazioa baliatu du, eta Labrit Multimediaren erakusketak irudi hori hartu eta Bidasoko testuingurura moldatu du. Izokina, amuarraina, igaraba eta bertze hainbat animalia jarri dituzte presa baten aurrean askatasuna eskatzen. Gora egin nahi dutelako.]]>