<![CDATA[Eider Etxeberria Soria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 17 Aug 2022 12:53:21 +0200 hourly 1 <![CDATA[Eider Etxeberria Soria | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Barnealdeko hondartzak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/034/001/2022-08-14/barnealdeko_hondartzak.htm Sun, 14 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1889/034/001/2022-08-14/barnealdeko_hondartzak.htm
1950eko urteetan eraiki zuten urtegia, eta 220 hektometro kubiko biltegiratzeko ahalmena du. Entzia mendilerroaren inguruan jaiotzen den Zadorra ibaiaren urek hornitzen dute. Etxe asko uretatik salbu geratu ziren arren, urtegiaren ertzean daude; oraindik ere Zuhatza uhartearen ertz batzuetatik urpean geratu ziren etxeen aztarnak ikus daitezke.

Udarekin batera, aisialdirako denbora gehiago edukita eta eguraldiak lagunduta, jende andana hurreratzen da urtegiaren ertzean dauden Garaioko eta Landako hondartzetara. Bainua hartzea baimendurik dagoenez, askok urtegian sartzeko aukera aprobetxatzen dute, eguraldi beroa jasateko. Beste batzuek hango belazeetan, itzaletan, patxadan egoteko baliatzen dituzte urtegi inguruko eremuak.

Arabako eta Bizkaiko herritar askok bisitatzen dituzten tokietako bat da: eguna igarotzeko leku aproposa da, eta ia uda osoan bisitariak ikus daitezke inguru horietan. Uretako ekintzak praktikatzeko ere balia daiteke urtegia, Gasteizko Klub Nautikoak ikastaroak eskaintzen ditu, begirale eta guzti: kayakean ibiltzeko edota windsurfa egiteko aukera dago. Ingurumen balio handia duen hezegunea bilakatu da: landaredia aberatsa dago, eta, faunari dagokionez, uretako hegaztiak erraz ikus daitezke.

Hala ere, urte osoan joan daiteke, eguraldiak bainurako laguntzen ez duenetan ere urtegia inguratzen duen bidea bizikletaz, oinez edo korrika egiteko aukera ere baitago. Bide horrek urtegi osoa inguratzen du, eta bertako paisaiaz disfrutatzeko aukera eskaintzen du. Bizikletaz erraz egiten da, ez baitauka inolako zailtasunik, eta laua baita. Hartara, haurrekin ere egiteko aukera ona da. Bidea ur ertzetik igarotzen da, eta basoetan ere sartzen da.

Bi hondartza urtegian

Garaio parkea izen bereko herria zegoen lekuan dago, eta 116 hektarea ditu. Mendixkak, belardi zabalak eta hondartza daude. Hondartza hori eremu bisitatuenetako bat da uda garaian. Parkeak bide eta aparkalekuen barne sare bat dauka, eta hondartzaren inguruan erabilera publikoko instalazioak ere badaude: informazio bulegoa, begiratokiak, iturriak, komunak, dutxak... Karabanak eta autokarabanak soilik aparkatzeko doako bi eremu ere badaude.

Landako parkeak, berriz, 40 hektarea ditu, eta urtegiaren ipar-mendebaldean dago. Hara autoz, bizikletaz zein garraio publikoz erraz hel daiteke. Landako eremura ere jende asko joaten da udan. Komunak, dutxak eta bestelako instalazioez gain, taberna ere badago. Bertako hondartzan ere bainua hartu daiteke, urtegiko beste eremuetan bezala. Leku erakargarria da, urtegiaren beste ertza ikus daiteke, eta belazeek ere paisaia atsegina osatzen dute.

Uribarri Ganboako urtegia



Urte osoan zabalik, Uribarri Ganboa inguruan (Araba).]]>
<![CDATA[Jana eta edana azkenera arte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/030/001/2022-08-10/jana_eta_edana_azkenera_arte.htm Wed, 10 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1905/030/001/2022-08-10/jana_eta_edana_azkenera_arte.htm
Goizeko hamaikak aldera jadanik prest zeuden Artium museoaren aurrean Alegrios kuadrillako kideak hamabosgarrenez egin zuten txorizo dastaketarako. Hamabietan ekin zioten garagardoarekin prestatutako Arabako txorizoa banatzeari. Bozgorailuetan musika jarri zuten, eta, azken eguna izan arren, giro aparta sortu zuten. Eguraldia 25 graduren bueltan zegoen, eta eguzkiak gogor jotzen zuen. 1.500 lagunentzat egin zituzten pintxoak, alboko esklerosi amiotrofikoa pairatzen dutenentzat dirua biltzeko.

Pintxoaren truke jendearen borondatea onartu zuten. Bertaratu ziren batzuk haizemaileekin ari ziren beroa jasan ezinik. Ilara luzeak eratu ziren, eta kuadrilla buru-belarri aritu zen pintxoak banatzen. David Urzelai kuadrillako kideak esan bezala, jaiak «izugarri ondo» joan zitzaizkion: «Gogo handia nuen jaiak iristeko; egunero atera naiz, eta momenturik onenak kuadrillarekin bizi izan ditut».

Erdigunean konpartsen kalejiran alai zebilen jendea, dultzaina eta atabalen soinua lagun. Aurten, beste bi buruhandi atera dira jaietan kalera, festetarako berreskuratu dituzte duela urte batzuk desagertutako emakumezko bi pertsonaia: Atsoa eta Andereñoa. Erraldoi eta buruhandien konpartsak sei buruhandiz osaturik zeuden lehen: hiru gizon eta hiru emakume. Ebidentziak aurkitu zituzten lekukotasun, irudi eta artikuluetan. Desagertu egin ziren, ordea, eta konpartsa lau buruhandirekin geratu zen. Datozen urteetarako, beraz, sei pertsonaia egongo dira: Atsoa, Andereñoa, Betokerra, Kaskasoila, Negartia eta Ilehoria.

Maider Goñik eraman du Andereñoa, eta Ibai Llanosek, berriz, Atsoa. Goñi «ilusio handiarekin» atera da kalera. Gauetan ateratzeko ere aprobetxatu du, baina goizetan konpartsarekin ibili da, Andereñoaren burua jantzita. Txikitan buruhandiek beldurra ematen zioten; hala ere, buruhandi bat eramatea probatu nahi izan du. Bere lehen urtea izan du.

Llanosi, Atsoaren buruhandia eraman duenari ere, «ilusio handia» egin dio zaharberritutako pertsonaia horren burua janzteak: ez da buruhandiekin atera den lehen urtea, baina, aurten, Atsoa eraman du buru gainean. «Denbora luzez» Atsoa izan ahal izatea espero du.

Gasteizko erdigunean zehar ibili ziren, mozorro ikusgarriekin. Tripa betetzeko parada ere egon zen Plaza Berrian: Arabako patata eta txorizo platerak, baso bat ardorekin banatzen ibili baitziren Basatiak kuadrillako kideak. Zazpigarren aldiz antolatu zuten dastaketa Arabako Elikagaien Bankurako dirua biltzeko asmoz. Jendeak ilara egin zuen platera eskuratzeko.

3.000 errazio banatzeko helburuarekin prestatu zituzten platerak, Basatiak kuadrillako Iker Paniagua kidearen arabera. Jaiak amaitzear ziren, eta, Paniaguaren arabera, «oso ondo» joan dira: «Oso nekatuta banago ere, bi urte igaro eta gero giro honen falta sumatzen nuen». Jaien ondoren, atseden hartu behar du. Oporretara joango da.

Tabernariak, pozik

Jatorrak kuadrillako Hegoi Molina kideak ere, jairik gabeko bi urteren ondoren, «gogo handiegia» zuen jaiak ospatzeko: «Gehiegi gustatzen zaizkit, Gasteizko jaien ostean, beste leku batzuetako jaietara joango naiz», zioen, barrez.

Nagore Lazkano Paskualek 15 urte daramatza Txapelarri tabernan lanean. Hori dela eta, ohituta dago, eta ez zaio horren «gogorra» egin jaietan lan egitea. Betiko lantaldea aritu dira, alegia, zazpi langile, eta ez dute beste inor hartzeko beharrik izan: «Ikusita txosnak egongo zirela, bagenekien gauak lasaiagoak izango zirela eta gaudenon artean erantzun ahalko genuela. Horregatik ez dugu beste inor hartu, eta oso ondo ibili gara».

Euren tabernan, batez ere egunean zehar izan dute jendea, txosnetara joaten diren bezeroak izaten baitituzte Txapelarrin. Horregatik gauetan lasaiago ibiltzen direla adierazi du: «Gure taberna egunean zehar leporaino betea egoten da; gauetan, aldiz, nahiko lasai. Orokorrean, gure bezeroak egunean zehar alde zaharrean egoten dira, eta, gero, arratsalde aldera, txosnetara joaten dira. Aurreko urteetan ere horrela izan da».

Bezeroen aldetik ez dute arazorik izan: «Oso harreman ona daukagu bezeroekin, eta jendeak, bai betikoek baita gainerakoek ere, errespetuz tratatu gaituzte; oso gustura egon gara». Aurten, «oso lasai» joan dira jaiak, Lazkanoren iritziz. Normalean, Aiztogile kalean zerbait gertatzen bada, azkar jakiten dute, baina, aurten, ez dute entzun aparteko ezer gertatu denik: «Giro ona eta alaia egon da». Zeledonen jaitsiera osteko unea izan da «gogorrena», baita abuztuaren 5a ere, tabernariaren hitzetan: «Alde zaharrean presoen aldeko bazkaria egiten da urtero abuztuaren 5ean, eta aurretik egiten duten poteoan nabaritzen da jende gehiago gure tabernan».

Atzo, 22:00etatik aurrera, itxi egin zituzten Hala Bedi, Garraxi eta Txapelarri tabernak. Ohitura dute azken gauean elkarrekin afaltzeko eta txosnetara joateko: «Hala Bedi eta Garraxiko tabernariekin elkartzen gara, hiruron artean Katuak kolektiboa osatzen dugunok. Afaltzeko elkartzen gara, 23:00 aldera, eta, afalostean, txosnetara joaten gara denok, elkarrekin parranda egitera».

Erasoak eta salaketak

Aurten, ordea, ez dira jai guztiz garbiak izan. Txupinazoan, ziztadak salatu zituzten, eta azken -aurreko egunean, bi eraso homofobo. Gasteizko mugimendu feministako kide Alejandra Codesalen arabera, gizartean eraso gutxiago egon direla pentsatu arren, mugimendu feministak hainbat erasoren berri izan du.

COVID-19ak eragindako bi urteko etenaren ostean jende gehiago atera denez, erasoak egongo zirela espero zuten: «Nabaritu dugu jende asko egon dela, eta, estatistikaren arabera, eraso gehiago ere egoten dira. Aurten, gainera, ziztaden kontua puri-purian dago, baina ez dugu sorpresa handirik jaso».

Emakumezkoak «kontrolpean izateko mekanismo bat» direla salatu du, baita «mugak jartzeko ere». Mekanismo «berria» izan arren, haren egituran dagoena beste eraso eta kontrol sistema batzuen «berdina» dela salatu du Codesalek. Hainbat erasoren berri izan dute, baina Codesalek ohartarazi du salatzera animatu eta ausartu direnen salaketak baino ez dituztela jaso, eta uste dutela askoz ere eraso gehiago izan direla.

Udalaren jarrera kritikatu du: «Guk telefonoa indarrean jartzen dugu, baina erakundeen lana izan beharko luke emakume horiek babestea, laguntzea eta haiei baliabideak eskaintzea».]]>
<![CDATA[Txosnak zutik, bi urteren ondoren]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-08-07/txosnak_zutik_bi_urteren_ondoren.htm Sun, 07 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1956/038/001/2022-08-07/txosnak_zutik_bi_urteren_ondoren.htm
«Denentzako jai herrikoiak» posible direla aldarrikatzen duen jaigune bat izatea nahi dutela adierazi du Itsaso Zabaleta Askapenako eta txosna batzordeko kideak (Iruñea, 1991). Oinarri politikoak jaigunean materializatzea, Zabaletaren arabera, «ez da ariketa erraza». Txosna batzordeko kideak bi urtez egon dira hausnarketa prozesu batean buru-belarri, eta oinarri ideologiko horiek nola materializatu aritu dira lantzen. Txosna batzordea osatzen duen kolektibo orok urte osoan bere «lan politiko propioa» egiten duela azaldu du.

Hamar kolektibok hartzen dute parte Gasteizko txosnetan: Errekaleor Bizirik, Jardun, Ernai, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, Askapena, Sukaldegerrilla, Mugimendu Feminista, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921 eta Hala Bedi irratia. Orotara, zazpi txosnak, bi karpak eta karpa komun batek osatzen dute eremua.

Antolaketa prozesua urte osokoa da. Logistikoki beharrezko prestaketarako, egitaraua osatzeko, muntaketa egiteko, edarien eskariak egin eta jasotzeko, udalaren baimenak lortzeko eta txandak betetzeko, jende andana ibili da lanean. Txosna bakoitzean ehun txanda inguru bete behar dituzte Zabaletaren arabera, kontuan hartuta karpetan txanda gehiago ere badaudela, ordutegi luzeagoa dutelako eta gainerako txosnak baino beranduago ixten dituztelako.

Urtero legez, egun bakoitza bereizgarri egin dute: abuztuaren 5ean elkartasun eguna ospatu zuten; abuztuaren 6an, ikasle eguna; gaur gazte eguna izango da, eta 8an, entxosnazio eguna. Txosnak zutik mantentzeko lan hori ez da erraza izan aurten: antolaketa prozesua, dakarren lan guztiaz gain, zailagoa izan delako sentsazioa du Zabaletak; izan ere, bi urteko geldialdiaren ondoren, zailtasunak eduki dituzte «jendea aktibatzeko, inplikatzeko eta jendeak txosnak bere egiteko»: «Jendea desaktibatuagoa zegoen, eta zailagoa egin zaigu haiengana heltzea».

Aurtengo berrikuntza moduan, bost edukiontzi jartzea erabaki dute zaborra birziklatzeko: lehen, beira, papera eta plastikoa baino ez zituzten bereizten, baina aurten organikoa eta errefusa ere egingo dituzte. Gainera, eskaintza ekologista aurrera ateratzeko, plastikozko 35.000 edalontzi eskatu dituzte -Gasteizko gaztetxearekin batera-, eta lehengaiak, eta saiatu dira eskaintzen dituzten otorduak edo edari motak etxean eginak eta bertakoak izan daitezen, tokiko produktuekin eginak eta ahal denik eta ekologikoenak. Gasteizko Herrizoma elikadura sarearen artisau garagardoa ere eskaintzen dute, gainerako artisau garagardoekin batera.

Kontzertuei dagokienez, urtero bezala, askotariko musika taldeak izango dira. Egun bakoitzean musika estilo antzekoa jotzen duten taldeak programatu dituzte, horrela egun bakoitzean musika estilo ezberdin bat egon dadin. Gaur, 22:00etatik aurrera, Tatxers, Brigade Loco, Rotten XIII eta DJ Skarolo arituko dira txosnetako oholtza nagusian.

Erasoen aurka, prest

Era berean, feminismoaren aldarria ozen iritsi da txosnetara. Aurten ere martxan dago mugimendu feministak diseinatutako protokoloa. Protokolo horretan azaldu dute nola jokatu eraso matxistak gertatzen direnean, erasotuari babesa emateko eta erasotzailea kanporatzeko. Kolektibo guztiek egin dute bat protokoloarekin.

Telefono zenbaki bat dago salaketak egin ahal izateko (717-41 48 34), eta mugimendu feministaren txosnara joanda ere salatu daiteke. Zabaletak hauxe gogorarazi du: «Tamalez, indarkeria matxista presente dago oraindik ere gure inguruan, eta, horregatik, beharrezkoak dira oraindik horrelako protokoloak, betiere denentzat seguruak izango diren jai eremuak bermatu behar ditugulako».]]>
<![CDATA[Kuadrillen egun handia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/030/001/2022-08-06/kuadrillen_egun_handia.htm Sat, 06 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1920/030/001/2022-08-06/kuadrillen_egun_handia.htm
Goizeko zazpietan hasi zuten egunsentiko arrosarioaren prozesioa, eta Alde Zaharreko kaleetan egin zuten ibilbidea zortzietako meza hasi arte. Andre Maria Zuriaren omenez, izen bereko plaza lepo bete zen. Mezaren ostean, urtero legez, Ama Birjina eta jada ez dauden senideak omentzeko loreak jarri zituzten Andre Maria Zuriaren irudian, San Migel elizaren sarreran. Benetako loreak -eta ez plastikozkoak- ekarri zituzten blusen eta nesken kuadrillek. Lore eskaintza hastear zela, kuadrillak bertaratzen hasi ziren txarangen doinuek lagunduta.

Plazan, nahastu egiten ziren txarangen doinuak; hala ere, giroa lasai zegoen. Plaza poliki-poliki blusaz eta neskez betetzen hasi zen, eta zapi saltzaileek aukera hori aprobetxatu zuten bertaratutakoei zapiren bat edo beste saltzeko. Bederatziak pasatuta hasi ziren lore eskaintzak, baina batzuk jada zintzilikatuak zituzten lore sortak sarreran dagoen hesian. Los Bainas kuadrillak egin zuen lehenengo saioa: kuadrilla horretako bi gaztek loreak utzi zizkioten Ama Birjinari, eskailera batzuk igo ondoren. Argazkia atera zieten bi blusei goian zeudela, eta, ondoren, kuadrilla bereko beste bi kidek aurreskua dantzatu zuten, txistu eta danbolinekin batera.

Jendeak txalo egin zuen, eta kuadrilla horretako txaranga Xalbadorren heriotzean kantua jotzen hasi zen, doinu gozoz: jendeak abestu egin zuen -batzuek, hitzak ez zekizkitenez, ahapetik abestu zuten kantua-. Errepika ozen kantatu zuen jendeak; amaitzean, txalo egin zuten, eta blusetako batek diskurtso hunkigarria egin zuen: «Garai zailak alde batera utzi eta etorkizunari begiratu diezaiogun». Gogoan hartu zuten kuadrillan 30 urtez egondako kide bat: beti haiekin egongo dela nabarmendu zuen. Hurrengoen txanda iritsi zen gero: Siberiarrak kuadrillak dantzatu zuen aurreskua, eta ama birjinari loreak eman. 24 kuadrilla gehiagok egin zuten lore eskaintza, eta ekitaldiak bazkalordura arte iraun zuen.

Txambrak, Ama Birjina eraman duen Batasuna kuadrillako kideak azaldu bezala, ekitaldi hunkigarria da lore eskaintzarena: «Urte asko daramatzat lore eskaintzara etortzen: jaietako ekitaldirik politena dela iruditzen zait». Ekitaldian «falta direnekin» oroitzen direla esan zuen: «Oso ekitaldi hunkigarria da: ama birjina eramatea, ondoan egotea... oso zaila da azaltzea zer den niretzat».

Zerua lainotuta zegoen, baina txarangek, dultzainek eta txistulariek alaitu zuten kaleko giroa. Txirrita kuadrillako Asier Berganzo blusak hauxe esan zuen: «Abuztuaren 5a egun polit bat da denentzat: ondo pasatzeko, denok elkartzeko eta hiriari bizitasun hori emateko izaten da Andre Maria Zuriaren eguna». Adierazi zuen jaien falta sumatu zuela azken bi urteetan. «Urtero gogoz itxaroten ditugu jaiak, eta, bi urte berezi hauen ostean, uste dut gasteiztar guztiok eta blusa eta neska guztiok geundela gogoz jaiak has zitezen, blusak jantzi eta kaleak dantzaz eta festaz betetzeko». Kalean jende askorekin elkartzea espero zuen, eta denak «zintzo» portatzea: «Ea jaietan errespetuz gozatzen dugun batak besteaz!».

Eguerdian, Gasteizko zortzikoa dantzatu zuten Plaza Berrian. Plazaren barrualdea hesitu egin zuten, eta ikusleak horren inguruan pilatu ziren. Txistulariak sartu ziren plazan lehenbizi, eta dantzari beteranoak eta gazteak ondoren, bikoteka eta eskutik helduta desfilea eginez. Bikote bakoitzeko emakumezkoek zortzikoa dantzatu zuten elkarri helduta: doinu alaiarekin, dantzariak fin ibili ziren, erritmoa galdu gabe. Txistulariak isildu zirenean, txalo zaparrada entzun zen plaza osoan, eta, orduan, dantzariak bikotekidearengana itzuli ziren.

Oraingoan , mutilek dantzatu zuten bikotekidearen parean jarrita; bals bat ere egin zuten, eta, amaitzeko, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten. Folklorerik ez zen falta izan Gasteizen; izan ere, ondoren, Algara dantza taldeak beste dantzaldi bat eman zuen ikurrinaren omenaldian, oholtza gainean. Hasieran, hitza hartu zuten dantza taldeko bi kidek: «Dantzatzen ez duenak zorionik ez du!», esanaz amaitu zuten, eta dantzatzeari ekin zioten. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako dantzak egin zituzten: agintariena dantza, Gipuzkoako zinta dantza, Lekeitioko kaxarranka (Bizkaia), Arabako Errioxako dantzaren bat, bai eta Iparraldeko godalet dantza ere, ttunttunarekin lagunduta. Herri bakoitzeko dantzatzeko janzkera ere erabili zuten: horrela, kantiniersaz, gathuzainez eta zamaltzainez jantzita dantzatu zuten godalet dantza, besteak beste. Ikurrinaren omenaldia txosnaguneari eskaini zioten, eta blusen eta nesken batzordeko kuadrilla bakoitzeko ordezkari bat igo ziren oholtzara; oroigarri bat eman zioten txosna batzordeko kideei. Azkenik, soineko gorriz dotore jantzirik, aurreskua dantzatu zuten. Txalo zaparrada batekin eman zioten amaiera ekitaldiari. Blusen eta nesken batzordeko presidentea da Endika Saez de Adana, eta, haren arabera, omenaldi hori «aldarrikapen» moduan sortu zen, duela berrogei urte baino gehiago. Sariaren bitartez, eragileren bat omentzen dute urtero, haien lana eskertzeko. Ekitaldi garrantzitsutzat jo du, gainera: «Gasteizko jaiak bakoitzak bere erara bizi eta sentitzen ditu. Hala ere, ikurrinaren omenaldia Andre Maria Zuriaren egunean izaten da, eta, beraz, niretzat erdigunean dagoen ekitaldi bat da, gasteiztarrekin eta blusekin eta neskekin batera egiten duguna, eta dantza taldeek ere parte hartzen dute. Nire ustez, ekitaldi plurala bihurtzen du horrek».

Aurten, jaiak ospatzen ari diren honetan, baina, bestelako ekitaldietan ere saritu dute eragileren bat. Hain zuzen, Arabako Gurutze Gorriari eman diote Gasteizko Urrezko Dominaren saria. Guztira, 10.000 kide, 150 enpresa babesle, 2.000 boluntario eta 100 profesional inguru aritu dira Araban Gurutze Gorriaren alde lan egiten.

16:30ean eta 17:00etan, kuadrillek, federazioak lehenago eta batzordeak ondoren, joan-etorriak egin zituzten hiriko erdigunea gurutzatuz; aurten, berritasun moduan, Akelarre kuadrilla agertu da lehen aldiz. Bereziak kuadrillako kideek, lehen aldiz, ez zuten edari alkoholdunik edan ez eskaini joan-etorria egitean.]]>
<![CDATA[«Demokratizazioa ekarri du musika elektronikoak»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-08-06/demokratizazioa_ekarri_du_musika_elektronikoak.htm Sat, 06 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-08-06/demokratizazioa_ekarri_du_musika_elektronikoak.htm
Nola sartu zinen technoaren munduan?

Betidanik entzun dut musika elektronikoa. Malen izeneko nire lagun batek mundu hori ezagutzen du. Hark hala esan zidan: «Daukazun belarriarekin, oso ondo egingo zenuke!». Dakidan guztia hark irakatsi dit: nola funtzionatzen duten makinek, technoak atzean duen kultura, nola errespetatu generoa... Musika asko maite du, eta errespetu handiarekin tratatzen ditu technoa eta atzean duen kultura. Harekin hasi nintzen, eta, segurtasuna sentitu nuenean, neure kabuz ekin nion.

Musika klasikoa ikasi zenuen bere garaian.

Bai, musika eskolan hori landu nuen batez ere. Ondoren, graduan, musika estilo ezberdinak ikasteko aukera ematen dute. Gehien lagundu nauena da ikastea edo ulertzea musika genero eta estilo guztiak errespetu eta maitasun berarekin tratatu behar direla, nahiz ez diren alderagarriak. Horrek ere bultzatu ninduen musika elektronikoaren munduan sartzera.

Ikasketek balio dizute musika elektronikoa egiteko?

Bai. Technoaren kultura ezagutzeak lagundu dit, baina ikasketa guztiek balio izan didate. Batzuek gehiago erreparatzen diote erritmoari; nik obsesio bat daukat harmoniarekin. Musika mota asko ikasi ditut, eta saioetan saiatzen naiz ikasitako hori sartzen eta betikoa ez egiten.

Zer esan nahi du DJ gaztea eta emakumezkoa izateak?

Etengabeko konfrontazio bat da. Musika elektronikoa ere gizonezkoen mundu bat da, eta gizona ez den pertsona bat sartzen denean, talka handi bat egoten da. Aldi berean, horrek indartu egiten nau, eta erronka hori aurrean edukitzeak jarraitzeko gogoa ematen dit. Beti ez dago indarrik, baina aurrera egiten dut, ahal dudan moduan.

Zein da, alde horretatik, zailtasunik handiena?

Aurrez ez zaituztela serioski hartuko: hori aurkitu nuen hasieran. Seriotasun hori bilatu behar izan dut neure kabuz, orokorrean publikoak ez duelako ematen. Gizon bat eszenatokira igotzen denean, inork ez du zalantzan jartzen. Emakume bat igotzen denean, ordea, zalantzan jarri, eta kritika gehiago egiten zaizkio. Hala ere, gauza politak gertatzen dira: erresistentzia dago, eta ahizpatasuna ere sortzen da. Ikusi dut saio bat amaitzean gizonek baloratu egiten zaituztela, eta gizonak ez direnek nola sentitu diren kontatzen dizutela. Amaitu, eta gizon batek esango luke oso ondo egin dudala; besteek, berriz, oso ondo sentitu direla, pozik egon direla, edo asko dantzatu dutela. Hor badago zerbait.

Nola ikusten duzu musikaren etorkizuna?

Modu baikorrean, gaurko egoera ere horrela ikusten dut. Demokratizazio bat ekarri du musika elektronikoak: musika ikasteko pribilegioa izan ez duten baina gogoko duten askok musika egin ahal izatea. Digitalizazioak ekarri du musikaren produkzioa ia edozeinen eskuetan egotea, behar den materiala erosi dezakeen edozeinen eskuetan. Orain ez da zerbait elitista, jenioaren irudia erori da, jatsi egin da musikaren adorazio absurdo hori. Niri hori asko gustatzen zait, normaltasunera ekartzea musikaren produkzioa. Musika denon eskuetara iristea zoragarria litzateke.

Technoaren estigmak hautsi direla esango zenuke?

Droga kontsumoarekin lotzen dute batzuek, zarata errepikakorra dela diote besteek, baita espazio despolitizatuetako musika dela ere. Technoa Berlinen hasi zenean, ezin zen drogarik kontsumitu leku horietan: ura eta zukua eskaintzen zuten. Ez dut uste beste generoekin baino gehiago kontsumitzen denik. Egia da hor daudela; leku ilunak izan ohi direnez, beharbada, errazagoa da horien kontsumoa, baina edozein musika estiloko aretotan hartzen ditu drogak jendeak. Errepikakorra dela diotenei erantzungo nieke ez duela zentzurik errepikapena ezaugarri negatibotzat jotzeak: Mendebaldeko musika errepikapenetan oinarritzen da. Absurdoa da, gure garun mendebaldarrak ulertzen baitu musika errepikapenetik. Despolitizazioarena ere ez da egia: gaur egun antolatzen dituzten jaialdiak ez dituzte sortzen ezertan pentsatu gabe; alderantziz izan ohi da, feminismoa kontuan hartzen dute ere. Gainera, queer mugimendua hazten ari da azkenaldian espazio horietan.]]>
<![CDATA[Azkenean itzuli da Zeledon]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/030/001/2022-08-05/azkenean_itzuli_da_zeledon.htm Fri, 05 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1974/030/001/2022-08-05/azkenean_itzuli_da_zeledon.htm
Jaitsieraren aurretik, kalean prest zeuden larrialdietako langileak eta udaltzainak. Plaza betetzen zuten milaka lagunak ospakizunetarako motorrak berotzen ari ziren jada. Istripuak eragozteko, beira eta latak plazara sartzea debekatu zuten, eta, arautegia betetzeko, sarbide guztiak hesitu zituzten, eta poliziak zeuden bertan kontrola egiteko.

Ilara luzeak sortu ziren plazara sartzeko, eta, behin barruan, milaka pertsona bildu ziren, jai giroan ospakizunei hasiera emateko. Ilara egin bitartean, herritarrek gogotik oihukatuz abestu zuten, askok kalimotxoa eta garagardoa edaten zuten bitartean. Zeledonen abestia seiak baino lehen entzun zitekeen plazan, eta alkohol usaina ere nabari zen. Tenperatura 25 graduren bueltan zegoen; alabaina, ez zegoen suhiltzaile kamioirik beste urte batzuetan bezala, jendea busti eta giroa freskatzeko.

Aurten ere bai! Jaietan jai, errespetuz leloa irakur zitekeen San Migel elizaren eskaileren ondoan. Bozgorailuetako musikarekin girotu zuten plaza, eta jendea dantzan jarri. Plaza inguratzen duten etxeetatik, bizilagunek ur pertzakadak botatzen zituzten -suhiltzailerik ezean, batzuek eskertu zuten-. 16:30 aldera, lehenengo suziria bota zuten; txupinazoa oraindik hasiko ez bazen ere, zaratarekin berotzen hasteko deia egiteko. Orduan, jendea oihuka eta txaloka hasi zen.

Hasieran, eguzkiak gogor jotzen zuen plazaren erdigunean, eta bertan pilatuta zeuden lagun asko buruan txapela zutela babestu ziren. Askok festetako zapiak ere soinean zituzten jadanik, Zeledon jaisteko momentuari ezin itxaron; izan ere, tradizioaren arabera, Zeledon jaitsi ondoren jantzi behar da zapia. Batez ere, gazteak ikus zitezkeen oihu, salto eta dantza artean, baina baziren heldu eta haur batzuk ere. Hango eta hemengo biztanleak zeuden plazan: batzuk ardoa botatzen eta elkar zikintzen, argazkiak ateratzen besteak, eta besteren bat izozki bat erosi eta hura jaten ere bai. 17:00etan, kanpai hotsek jo zutenean, jendea erotu egin zen. Airean plastikozko botilak eta zapiren bat ere ikus zitezkeen. Haur bat negarrez hasi zen, baina geroxeago poztu egin zen, gurasoek erosi zioten ur botilarekin jolasean. Ur botilarekin gurasoak eta aitona-amonak bustitzen ondo pasatzen ari zela zirudien. Ura amaitu zitzaionean kexu zen, eta «ura!» exijitzen zuen.

Euskal presoak etxera! zioen pankarta batzuk jarri ahal izan zituzten plaza erdian dagoen eskulturaren inguruko hesian. Horretarako, hesia eta eskulturaren goiko zatia eskalatu behar izan zituzten, eta, lortu zutenean, jendeak txalotu egin zituen. Lau lagunen artean, eskulturaren alde banatan pankarta bat jarri zuten.

Maskararik ez zen ikusten ia. Hala ere, Lucia Pozari, birusak baino gehiago, ziztadek ematen diote beldurra: «Babestu egingo gara gure artean, baina amorrua ematen du ziztatu gaitzaketelako zaindu beharrak». Adierazi zuenez, txupinazoaren alderdi onena «jende berria ezagutzea» da, eta txarrena, «jende gehiegi egotea eta beroa».

Musika gelditu zenean, jendea ero moduan hasi zen oihuka, saltoka eta Zeledonen abestia abesten. Orduan bota zuten suziria, arratsaldeko seietan. Aurten, udalak emakumezkoen presentziaren alde egin duela eta, bost andreren artean eman zioten su: Elena Loyo atleta; Ruth Brito triatleta, entrenatzaile eta enpresaburua; Maria Jose Saez de Kortazar ostalaritzako langilea; Arantza Navarro Tecnaliako ikertzailea; eta Jaione Prado merkataria. Jendeak saltoka eta kantuan erantzun zuen, zapiak astintzen zituztela, eta Zeledon panpina hasi zen jaisten San Migel elizatik behera. Txistulariek ere girotu zuten plaza, eta panpina balkoira iritsi zenean abiatu zen Gorka Ortiz de Urbina plaza zeharkatzera euritako urdina eta zahatoa soinean zituela. Bi minutu eta 45 segundo inguru kostatu zitzaion, bide garbia baitzuen, eta erraz igaro baitzuen.

Segidan, puru usaina nabaritzen hasi zen. Zeledonek, plaza agurtu, eta jendea abesten jarri zuen: plaza osoak saltoka erantzun zion. Hasieran gazteleraz abestu zuen, ondoren euskaraz. Jaien «falta sumatzen» zuela esan zuen, eta, «bi urte pasatu eta gero, gozatzera!» eta «gora gu ta gutarrak!» esanez, aterkia itxi zuen.]]>
<![CDATA[Erasoei aurre egiteko protokoloak, martxan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/031/002/2022-08-04/erasoei_aurre_egiteko_protokoloak_martxan.htm Thu, 04 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1989/031/002/2022-08-04/erasoei_aurre_egiteko_protokoloak_martxan.htm
Gasteizko Mugimendu Feministak salatu du eraso eta jazarpenez gain «intentsitate ezberdinetako» beste indarkeria batzuk ere gertatzen direla, «aisialdiaren ikuskera androzentrikoa» eta «oholtzetako bazterkeria», kasurako. Hiru helbururekin aktibatu dute protokoloa: gizartean kontzientzia zabaltzeko, eta guztiek bere gain hartzeko erasoei erantzuteko ardura eta konpromisoa; erasoei erantzuteko, ikuspegi feminista duten neurriak martxan jarriz; eta emakume eta sexu disidentziako kideak «subjektu aktibo» bilakatzeko, autodefentsa feminista aldarrikatuz. Telefono zenbaki bat izango dute (747-41 48 34), eta, erasoak publikoki salatzeko, elkarretaratzera deituko dute erasoa gertatu eta hurrengo egunean; kasu bakoitza aztertuta. Protokolo hori hainbat gunek izango dute: txosnaguneak, Aihotz plazak eta alde zaharreko zenbait tabernak. Ziztadei dagokienez, gogora ekarri dute sexu erasoak edo lapurretak egiteko baliatzeaz gain «beldurra zabaltzeko» baliatzen dituztela.

Itaia taldeak, berriz, emakumeak etxera joateko laguntza antolatu du: bihar, etzi eta igandean, Andre Maria Zuriaren plazan zita jarri dute, 03:00etan, etxerako bidea taldean egiteko, erasoen aurkako prebentzio gisa

Gasteizko Udalak urte osoko protokoloa martxan du, bestalde. Eeraso matxista bat jasan dutenek udaltzaingora jo dezake, edo udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzura deitu (945-13 44 44); Ikusgune LGTBI kolektiboaren behatokiaren telefonoak ere eskuragarri egongo dira: 925-28 22 66 eta 633 30 96 53. Bestalde, Online edota offline libre izan nonahi! izeneko kanpaina abiatu dute, ziberindarkeria saihesteko. Sentsibilizaziorako eta prebentziorako guneak jarriko dituzte Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean. Blusa eta Nesken Federazioak bat egin du udalak ezarritako protokoloarekin: udalak protokoloa aktibatzean, federazioak ere hala egingo du, eta eraso bat egonez gero, ekitaldi guztietan hamabost minutuko protesta bat egingo dute.

Neska eta Blusen neurriak

Blusa eta Nesken Batzordeak, berriz, aurten ez du telefono propiorik izango. Enara Berganzo batzordeko protokoloaren lantaldeko kidearen arabera, aldatu egin dute aurreko urteetako protokoloa: «oso teknikoa» zela argudiatuta, praktikan zer egin azaltzen dituzten puntuei eman diete garrantzia. Erasoa jasan duena «lasaitzea, laguntza eskaintzea eta akonpainamendua egitea» izango da lehen pausoa, eta, ondoren, egoera kudeatuko dute. Kuadrilla bakoitzean egoera horiek lantzeko formakuntzak jaso dituzten lagun bat edo bi daude. Erasoa jasan duenak aukera izango du horiei laguntza eskatzeko, edota udalera, mugimendu feministara edo udaltzaingora jotzeko, nahiaren arabera. Berganzok azaldu du «laguntza mota guztiak» bermatuko zaizkiola erasoa jasan duenari.

Bestetik, Mugimendu Feministak manifestazio bat antolatu du gaurko. Beldurrak gurekin jai lelopean, Buruileria plazatik abiatuko dira gauerdian, euren mezua zabaltzeko eta erasorik gabeko jai osasuntsuak aldarrikatzeko.]]>
<![CDATA[Iraganeko bizimoduari bisita]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/028/001/2022-08-02/iraganeko_bizimoduari_bisita.htm Tue, 02 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1889/028/001/2022-08-02/iraganeko_bizimoduari_bisita.htm
1.700 metro karratuko erakusketa zabala eskaintzen dute, orotara hamazazpi areto handitan banatuta. Museoa ateak itxita egon da azkeneko hilabeteetan, baina uztailaren 11tik berriz ere martxan dira bertako erakusketak. Maiatz amaieratik egon da itxita, eta, bitartean, aurrez eskatutako bisitak baino ez dituzte egin.

Antzinako bizimodua irudikatzen duten erakusketak bi solairutan banaturik daude: behekoan, landa munduko bizimodua dago erakusgai; eta lehenengoan, hirikoa. Erakusketak eraikin historiko zaharberritu batean daude, Artziniega herrian, Arabako ipar-mendebaldean. Aiaraldea kuadrillan dago, Gasteiztik 55 kilometrora.

Industrializazioa heldu baino lehenagoko hiriko zein baserriko bizimodua irudikatzen duen bilduma iraunkorra dago museoan. Lanabesez eta bestelako objektuez horniturik dago, elementu horiekin girotze bat bilatzeko asmoz. Museo etnografikoa izaki, ikusgai dagoen objektu orok gizakiarekin du zerikusia, eta sinismenak, gizarte antolamendua eta bizitzeko moduak irudikatzen dituzte. Hamazazpi aretoetan barrena, bisitaldi gidatuak antolatzen dituzte eta antzinako lanbideak eta ohiturak gogora ekartzen dituzte.

Beste erakusketa bat

Museoa irekita, gainera, erakusketa bat gehiago abiatu dute bertako kideek, Hurrengo geltokia... Artziniega! izenburupean. Hain zuzen ere, uztailaren 10ean egin zuten erakusketa horren aurkezpena eta geroztik ikusgai dago. Erakusketa hori denboraldi baterako izango da, eta bertan lurralde horretako leku esanguratsuak irudikatu dituzte playmobil panpinatxoen bidez. Erakusketa hori hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Artziniegako museo etnografikoaren irekiera posible egin du hiru aldetako hitzarmen batek; izan ere, 55.000 euroko diru laguntza adostu dute udalak, diputazioak eta Artea Etnografia Elkarteak, museoko sustatzailea denak.

Akordio horrek egonkortasuna eman dio proiektuari, diputazioak urtero 55.000 euroko dohaintza egingo baitu ateak zabalik mantentzeko etorkizunean, eta udala arduratuko da mantentze-lanen gastuez. Itunak museoaren funtzionamendua bermatuko du datozen hiru urte eta erdian, eta konpromisoa hartu dute beste lau urtez, gutxienez, finantzatzeko .

Bisita gidatua erreserbatzeko orduak, asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara dira; larunbatetan, 11:00-14:00 eta 17:00-19:00 bitartean egiten dituzte bisitak. Astelehenetan itxita dago, Arabako beste museo gehienak bezala. Sarrerak lau euro balio du helduentzat, eta hiru euro taldeentzat.

Artziniegako museoa

Asteartetik igandera: 11:00-14:00. Arteko Aldapa kalea, 12.]]>
<![CDATA[Tradizioei berriz ere eutsiz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2022-07-26/tradizioei_berriz_ere_eutsiz.htm Tue, 26 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1876/029/001/2022-07-26/tradizioei_berriz_ere_eutsiz.htm
Goizeko zazpietan jarri zituzten baratxuriak saltzeko postuak Errege Atea kalean, hiriaren erdigunean. Aurten postu gutxiago zeudela antzematen zen; izan ere, San Frantzisko aldapan ez zuten postu bakar bat ere jarri. Rosario San Juan Matak 30 urte daramatza baratxuri salmentan, eta, semearekin batera, Lerin (Nafarroa) herritik etorri zen azokara. 50 buru inguruko txirikorda 20 euro inguruan ari ziren saltzen. Bi urtez azokarik egon ez denez «gutxiago» erein dutela azaldu zuen, eta «urduri» zeuden, jendearen esperoan. Bizkaitik ere etorri ziren baratxuriak saltzera; tartean, Ana Eugenia Gil 17 urteko gaztea, gurasoekin batera. «Aurtengoa salmenta nahiko eskasa izan da, ordea».

09:30ean hasita, txarangek eta txistulariek euren kantuekin girotu zuten Gasteizko erdigunea. Horiekin batera, blusek eta neskek kaleak alaitu zituzten, dantza eta kantu artean. Batzuk nekatuago zeuden, eta beste batzuk ondo deskantsatuta, baina gehienek Plaza Berria eta inguruak bete zituzten ardo upelen bosgarren lasterketa ikusteko. Bertan lehiatu ziren nesken sei bikote, mutilen zazpi bikote, eta hamar bikote misto. Barrika zenbakituak bultzatuz, lasterketa egin behar zuten 23 kuadrillek, binaka, upel bana bultzatuz. Txarangek Plaza Berria girotzen zuten bitartean, ikusle gehiago bertaratzen hasi ziren: azkenean nekez topa zitekeen lekurik lasterketa ikusteko. Plaza Berritik hasi, Mateo Moraza kalea zeharkatu, eta berriz ere plazara sartu behar zuten, upela arrastaka bultzatuz. 400 metroko ibilbidea lau aldiz egin behar zuten, txandaka. Ibilbideak bazituen bihurguneak, eta horiek ondo hartzea izan zen buruhausterik handiena.

Tiro hots batekin hasi zuten lasterketa. Hor abiatu ziren bikote guztiak, aztoratuta, upela bultzatuz korrika. Batzuei barrikak ihes egiten zien, kontrola galtzen zuten edota izkinak jotzen zituzten. Ez zirudien lan erraza 40 kilo inguruko upela bideratzeak, nahiz eta hutsik egon. Bidean baten bat lurrera ere erori zen. Minik hartu gabe, hala ere.

Arabako Atletismoko Federazioak hartu zuen ardura bikote bakoitza kronometratzeko. Parte hartzaile askok neke itxurarekin amaitu zuten. 20 minutu inguru iraun zuen lasterketak, eta giroa atsegina bezain bizia izan zen.

Sari banaketa iritsi zen gero. Sarien artean, garrantzitsuena: Eguren Ugarte upategiko (Guardia, Araba) 225 litroko ardo upela. Basatiak kuadrillako kideek irabazi zuten. Saria jasotzera kuadrilla guztia igo zen oholtzara, eta oihu eta salto artean ospatu zuten denek irabazi izana.

Jada kaleak beteta zeudela, kosta egiten zen Foru plazaraino heltzea: bertan egin zuten urteroko euskal presoen aldeko ekitaldia. Bi preso arabar arriskuan daudela gogorarazi zuten; aldarrikatu zuten «kartzelak husteko garaia» dela, «eta ez betetzekoa». Bertso, kantu eta dantza artean omendu zituzten preso eta iheslarien senideak.

Ondoren, herri kirolei eman zieten hasiera: besteak beste, sokatiran, lokots bilketan, harri jasotzen eta ingudea altxatzen parte hartu zuten blusek eta neskek. Kuadrilla bat bestearen kontra lehiatu ziren, bazkalordua iritsi artean. Iñaki Basabe Petralak kuadrillako kideak, esaterako, sokatiran parte hartu zuen. Haren arabera, «gogo handiz» hartu zituzten Santiago eguneko ospakizunak, bi urteko geldialdiaren ondoren.

Unibertsitateetan, azoka

Eguerdia iristearekin batera, eguraldia jada sargoriago zegoen, eta kalean mugimendu handia nabari zen. Unibertsitateen eremuan, abeltzainen eta nekazarien azoka egon zen, eguerdira arte. Bertan, askotariko produktuak aurki zitezkeen: eztia, gazta, txorizoa, barazkiak, marmelada, garagardoa, sagardoa, euskal pastelak... Txarangak bertara ere iritsi ziren; hartara, ez zen girorik falta. Euskal Herriko animalia autoktonoen erakustaldia ere egin zuten: bertan zeuden limusina behia, behi piriniotarra, terreña behia, ardi latxa, sasi ardi latxa, Enkarterriko astoa, pottokak eta Euskal Herriko mendi zaldia.

Iñaki Ezeiza Añuako (Araba) Zelaitxo baserrian ahuntz gazta ondua egitetik bizi da. 27 urterekin, hala ateratzen du bizimodua. Azokako salmenta «nahiko ondo» zihoala esan zuen, bi urteren ostean «jendea gogoz» zegoela eta «poltsikoak beteta» joan zela. Baina, haren ustez, gazte gutxi dabiltza lan horretan, eta «zaila da bizimodua ateratzea horrela». Kritika ere egin zuen: «Politikak aldatzen ez diren bitartean, etorkizun iluna ikusten dut».]]>
<![CDATA[Abentura bizia Sobronen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1889/029/001/2022-07-19/abentura_bizia_sobronen.htm Tue, 19 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1889/029/001/2022-07-19/abentura_bizia_sobronen.htm
Familiarekin joateko, haurrekin irteerak egiteko edota kirolarekin eta abenturarekin lotutako esperientzia gogoangarria izateko leku aproposa da Sobrongo Abentura Zentroa. Abentura ekintzak ez dira nolanahikoak, eta udan planak egiteko eremu dibertigarria da. Abentura Zentroa ingurune naturaletik gertu dago; hartara, ekintzak egiteko ez da beharrezkoa autoa erabiltzea. Instalazioek aukera zabala eskaintzen dute: kafetegia, igerilekuak eta piknik gunea ditu, eta baita aldagelak, ur beroko dutxak eta kirol pista bat ere. Ibilgailu ugarirentzako aparkaleku handi bat ere bada, hamar autobus eta ehun auto baino gehiagorako tokiarekin.

Sarbide zailagoa duten lekuetara edota eskaladara ohituta ez daudenentzat prestatuta dagoen ibilbidea egiteko aukera dago: ferrata bidea. 550 metroko ibilbidea du, hainbat igoera eta jaitsiera ditu, eta 100 metroko desnibela.

Material bereziz horniturik dago segurtasuna bermatzeko: altzairuz eginiko kable bat dago, eta eskaladarako arnesen eta mosketoien laguntzaz, ibilbidea erraz egin daiteke. Hiru zati bereiz daitezke: hasierako mailakoa (K2), 50 metrokoa; maila ertainekoa (K3), 250 metrokoa; eta zailagoa dena (K4), 250 metrokoa.

Bidearen hasierako zatia hasiberrientzako egokitua dago: erraz ibil daiteke bidean zehar, gailurrera igo behar izan gabe; ez du ia desnibelik, eta grapa ugari ditu. Harri Gorri ferrata bidea ere irekita dago; 500 metroko ibilbidea, zalitasunik handiena duena (K5). Ferrata bidea norberak bere kabuz egitekotan, esperientzia eta material egokia edukitzea gomendatzen dute. Parte hartzaileen segurtasunerako gida espezializatuarekin egiten dituzte jarduerak.

Erreserbak

Abentura ekintza guztietarako begirale edo gida bat dago, eta materiala alokatzeko aukera ere eskaintzen dute. Hala ere, materiala alokatu gabe, begirale baten laguntza izateko aukera ere badago. Antolatuak dituzten abentura ekintzetan parte hartzeko, izena eman beharra dago. Izena online eman daiteke, zentroko webgunean. Erreserbak 48 ordu lehenago egitea gomendatzen dute, lekua gorde eta begiralea bertan egotea bermatzeko. Erreserba ekintzaz ekintza egin beharra dago, bertan ageri dira dagokien prezioa eta bete beharreko datuak.

Aurrez ordaintzen da egin nahi den ekintzaren prezioaren erdia eta bertaratzean beste erdia. Prezioak ekintzaren araberakoak dira eta materiala alokatzeko ere ordaindu beharra dago.

Sobrongo Abentura Zentroa



Astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.]]>
<![CDATA[«Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da Salburuan»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-07-19/hegazti_populazioa_geroz_eta_urriagoa_da_salburuan.htm Tue, 19 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eider Etxeberria Soria https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2022-07-19/hegazti_populazioa_geroz_eta_urriagoa_da_salburuan.htm Salburua, un año en la vida de los humedales (Salburua, hezeguneko bizitzan urtebete) liburua argiratu berri du. Gasteizko Salburuko hezegunean ikusitako hegaztien inguruko informazioa bildu du, akuarelaz eginiko 164 ilustraziorekin batera.

Liburua Salburuko hezegunean oinarritu duzu. Zergatik?

Green Capital izendapenarekin jendearen interesa piztuko zuela pentsatu nuen. Salburuan egin da lan gehien leheneratzean, eta gune oso baliotsua da: hegazti asko etortzen dira negua igarotzera; aniztasun eta aberastasun biologiko handia dago. Lan gutxi publikatu dira, eta saiatu naiz aitzindari izaten. Nire behaketa pertsonala den arren, dibulgaziozko zerbait egin nahi nuen, bertako aberastasuna ezagutarazteko. Ingurumenaren gaineko heziketa garrantzitsua da, eta liburua baliagarria izan daiteke euskarri gisa.

Ez da gida bat; egutegi bat dela diozu.

Bai, baina gidaliburu bat bezain dibulgaziozkoa da. Azalpenei ahalik eta oinarri zientifiko handiena ematen saiatu naiz, nire ezagutzak eta SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak emandako datuak bateratuz. Nik ikusitakoak soilik aipatu ditut, eta landa koaderno baten erara irudikatu nahi izan dut.

Zer eratako fauna topatu duzu?

Hegaztiak erraz ikus daitezke. Ugaztunak, berriz, gehiago ezkutatzen dira, eta gautarrak dira; gainera, gizakiok ikaratu egiten ditugu, eta iheskorrak dira. Narrastiak eta anfibioak are zailagoak dira ikusten. Zortea ere izan dut, eta, adibidez, suge gorbatadun bat ikusi dut. Intsekturen bat ere sartu dut liburuan: burruntziak, kasurako.

Nola egin dituzu ilustrazioak?

Momentuko zirriborroak eginez, berezko eran. Askotan ez dut izan marrazteko astirik: buruan irudia gorde, hegaztia identifikatu eta jarrera oroituz egin ditut. Batzuetan zaila da irudiaz oroitzea, eta batzuetan detaileak argazkien laguntzarekin marraztu ditut. Deigarriak egin zaizkidan eszenak aukeratu ditut. Ikusi ez ditudanak ez ditut sartu, eta ikusitakoen artean ere hautaketa bat egin dut.

Zeintzuk dira Salburuko animaliarik ohikoenak?

Hezegunea denez, uretako hegaztiak dira ohikoenak. Eskandinaviatik etortzen den ahate txistularia, ahate buztanluzea, kopetazuri arrunta, ahate mokozabala, basahatea... oso ugariak dira. Hegazti paseriformeei dagokienez, txantxangorria oso ohikoa da, habitat askotan baitago.

Nolakoa izan zen behatze esperientzia?

Harrigarria, ia egunero zerbait ikusten nuen. Joan naizen guztietan marraztu dut irudiren bat. Behatokian denbora asko igarotzen nuen, eta bidezidorretan ere ibiltzen nintzen.

Zein da urteko sasoirik interesgarriena horretarako?

Habitataren araberakoa da hori. Hezeguneetan, batez ere, negua da interesgarria. Baita udaberria ere, noski, gehienetan bezala. Uda ez da horren aktiboa: garai horretan zailagoa da hegaztiak ikustea.

Zer harrera izan du liburuak?

Lehendabiziko aurkezpena Bilbon egin nuen. Asti gutxirekin ibili nintzen: inprentan jaso zuten liburua eta egun horietan azoka egin zuten. Liburuak sinatzeko joan nintzen, eta harrera oso ona izan nuen. Bilboko jendeak ez zuen liburua ezagutzen; hala ere, gertukoak etorri ziren, eta atsegina izan zen.

Liburua zuk zeuk ilustratu duzu akuarela erabiliz. Zergatik teknika hori?

Koloretako arkatzekin hasi nintzen, baina, ilustrazio zientifikorako akuarela erabiltzen zutela jakin nuenean, horrela egitea erabaki nuen. Baliabide aberatsa da; oso azkar lehortzen da. Ez da erraza, baina ehundura ona du, besteak beste, argia islatzeko. Natura irudikatzeko emaitza onak ematen ditu. Hala ere, oraindik ikasten ari naiz.

Natura zer egoeratan dago Salburuan?

Gainontzeko habitatetan bezala, Salburuan ere egoera okerrera doa. Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da. Hegazti ohikoenak ere asko gutxitu dira. Askotan, desagertze arriskuan dauden animaliengan pentsatzen dugu, baina animalia ohikoenak gutxitzen ari dira arrazoi askorengatik: klima aldaketagatik, pozoiengatik, nekazaritzako pestizida eta herbiziden erabilera suntsitzaileagatik... Intsektu asko hiltzen dituzte; ondorioz, hegaztiak ere bai, horiekin elikatzen baitira. Egoera larria da. Klima aldaketak ziklo guztiak aurreratu ditu: hegaztiak jaiotzen direnean, intsektuak, adibidez, jada helduaroan egon daitezke, eta, horregatik, ezin dituzte txitak elikatu eta gosez hiltzen dira.]]>