<![CDATA[Eihartze Aramendia Iparragirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 20 Jan 2019 22:25:19 +0100 hourly 1 <![CDATA[Eihartze Aramendia Iparragirre | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Nire idatzietan nire bizi pribatuak badu eragina»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/046/001/2018-12-23/nire_idatzietan_nire_bizi_pribatuak_badu_eragina.htm Sun, 23 Dec 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1942/046/001/2018-12-23/nire_idatzietan_nire_bizi_pribatuak_badu_eragina.htm
Mari Ameztoi da zure goitizena, Baigorriri erreferentzia zuzena eginez.

Baigorriko Ameztoia etxaldean sortu naiz. Laborantzatik bizi zen etxalde bat zen. Ohiturazko bizimolde bat bazen han; erran nahi du kasik autarkian bizi ginela, euskaraz baizik ez ginela mintzo, oraindik lehengo ohitura guziak bizi zirela, baita sinesteak ere.

Baigorri, hala ere, aski goiz utzi behar izan zenuen.

Ez nintzen luzaz bizi izan Baigorrin, nire aita-amak behartuak izan ziren joatera, eta Angelura joan ziren bizitzera, 1951n. 5 urte nituen. Arrunt beste mundu batera pasatu ginen: ohiturazko euskal mundu batetik hiri batera pasatu ginen, frantsesa baizik mintzo ez zen leku batera. Ni eskolara joan nintzenean, 5 urtetan, ez nekien hitz bat frantsesez. Aitak ere ez zekien frantsesik garai hartan; nire amak baizik ez zekien.

Toki aldaketa nabarmen horrek eragin handia izan zuen zugan?

Pentsatzen dut inkontzientean baietz, eta orain zahartzaroan ohartzen naiz horrek eragin bat izan duela nire baitan. Nire aita beti euskaraz mintzo zen bere lagunekin, ostatuan; aita-amak beren artean ere bai, baina, noizean behin, entzuten nuen ondoan ziren frantximant batzuek erraten, frantsesez bistan dena: «Geldi zaitezte zuen txarrabian hitz egitetik», eta txarrabia hori arabierazko hitz bat da, frantsesez baliatzen zutena arabiarrei buruz hau errateko: «Ulertzen ahal ez dugun mintzaira hori». Beraz, gaitzetsia-edo ikusi dut mintzaira hori ttipitan. Berehala gelditu nintzen euskaraz hitz egitetik, eta etxean nire aita-amek euskaraz hitz egiten zidaten, baina nik beti frantsesez erantzuten nuen, eta horrela iraun du hamar urtez.

Orain ere Angelun bizi zara. Zer-nolako aldaketa antzeman duzu?

Biziki emeki doa euskalduntzen Angelu. Orain, ikastola biziki azkar bat bada; nire alababitxia eta semebitxia han dira, eta 100 bat ikasle ditu. Nik lehenago ez nuke sekula amestuko horrelakorik, baina oraindik Angelu herri gaskoitzat hartzen da. Euskara gordea, mespretxatua, baztertua eta nolabait higuindua izatetik beste egoera batera pasatu gara. Euskaraz jakitea, euskararen alde izatea orain modan den zerbait da.

Bizitoki aldaketa eginagatik Baigorrira joaten zinen?

Uda guziz. Oporrak biziki luzeak ziren garai hartan, hiru hilabete irauten zuten, eta nire aita-amek biek lan egiten zutenez Angelun, Baigorrira bidaltzen ninduten aita edo amaren etxera. Han iragaten nituen uda guziak. Euskara beti entzuten nuen, nire memorian zen beti euskara, baina nik ez nuen hitz egiten.

Arrazoia?

Trauma bat izan zen, horrela analizatzen dut orain. Gutxietsia zen mintzaira bat ez nuen erabili nahi nolabait, hori zen. Aldaketa gertatu da, hain zuzen, 16 urtetan. Miarritzeko Lizeora joan nintzen ikasketen egitera. Errusiar klasean, irakasleak eskatu zigun ea bazen euskaldunik ikasleen artean. Hasi nintzen begira inguruan ea norbait bazen, eta ikusi nuen nehork ez zuela eririk altxatzen, eta, dudatu ondoan, altxatu nuen eria. Orduan ikusi nuen irakasle hori, anitz mintzaira zekizkiena, euskarari interesatzen zela. Beraz, balio zerbait zuen hizkuntza bat banekiela, nonbait banuela nire memorian eta etxera itzuli nintzenean amari erran nion: «Ama, euskara ikasi behar dut; nire haurrei erakutsiko diet».

Amak zer erantzun zizun?

Erran zidan: «A, no, ez diten hi bezain kaskagogorra izan beharko euskaraz hitz egiteko!» [irriak]. Hurrengo ostegunean Baionara jin ginen, liburutegi batera eraman ninduen, eta euskal gramatika liburu bat eta frantses-euskara hiztegi bat erosi zizkidan, eta horiekin hasi nintzen nihaur berreskuratzen euskara. Luzaz jarraitu dut horrela, bakarrik, zeren eta, bistan dena, garai horietan ez zen inon irakasten euskararik.

Irakasle horrek zerbait berpiztu zizun.

Harrotasuna eta kontzientzia. Baita altxor bat banuela nire baitan ere, eta, geroztik, horrela kontsideratu dut euskara: altxor bat, landu behar zena. Eta aukera izan dudanean erakusteko, gogotik onartu dut haurrei erakustea. Banekien haur guziak euskara galtzen ari zirela. Hori 1970ean zen. Orduan proposatu zidaten ea nahi nuen andereño izan ikastola batean. Ordurako lanean ari nintzen, beste lan mota bat banuen. Ez nekien ikastola zer zen; ez nuen sekula entzuna, ez bazenik ere, biziki konfidentziala zen. Eskatu zidatenean Arrangoitzen zen ikastola, eta zer zen ikusi nahi nuela erran nien. Libe Goñik ikasleekin zer egiten zuen ikustera joan nintzen, eta arras gustaturik baiezkoa eman nion Seaskari. Nire lana utzi nuen, eta ikastaldi batzuk egiten hasi nintzen.

Zenbat denboraz aritu zinen Seaskan?

Hamazazpi urte egin ditut Seaskan, 1986ra arte. Lehenik, Donibane Lohizuneko ama eskolan bost urtez; gero burasoek pentsatu zuten lehen maila bat ireki behar zela. Lehen Mailan bost urte egin nituen, eta, gero, Baigorrira bizitzera joan ginen, 1981ean. Han momentu berean ikastola bat ireki zuten. Haren sortzea ere egin dut, baina maluruski bost urte baizik ez zuena iraun.

Gero beste urte bat egin nuen Donibane Garazin, eta Seaska utzi nuen arazoak bazirelako; diru arazoak. Ni bakarrik nintzen lau pertsonako familia bat biziarazteko: senarra, ni eta bi haur. Ez genekien ordainduak izanen ginen, maiz langabezian sartzen gintuzten, eta, hala ere, jarraitzen genuen lanera joaten. Niretzat egoera zaila zen; ez nuen hilabete sariaren segurtasunik. Hori ikusirik, Hezkuntza Nazionalean sartzea erabaki nuen, euskara irakasteko. Hamazazpi urte egin ditut Hezkuntza Nazionalean, bigarren mailako ikastetxeetako sail elebidunetan, bai euskara irakasten eta bai gaiak euskaraz irakasten.

Giro aldetik oso desberdina izango zen.

Oraindik zailagoa zen Hezkuntza Nazionalean. Denak kontra ziren: zuzendaritza, irakasleak, sindikatuak... Eta maiz euskarako irakasle bakarra izan naiz ikastetxe batzuetan. Seaskan bezala, Hezkuntza Nazionalean euskara irakasle izateko benetako militantea izan behar zenuen.

Konpentsatzen zizun?

Seaskan zein Hezkuntza Nazionalean, izugarri maitatu dut egiten nuen lana: maite nuen haurrei euskara irakastea. Beraz, edozein baldintzatan egingo nuen; poz handia eman didan lan bat da, eta prest nintzen sakrifizio anitz egiteko.

Zure izena, bestalde, literaturari ere lotua da. Irakurzale amorratua omen zara, gazte-gaztetatik.

Irakurtzen ikasi orduko, izugarrizko enbeia sortu zitzaidan irakurtzeko. Gure etxean ez zen libururik, ez zen eskaintzen ere libururik; beraz, liburuak behar nituen. Nire amak herrimina zuenez, ostegun arratsalde guziz bizikleta atzean ezartzen ninduen eta Angelutik Baionara joaten ginen Saint-Andre plazara. Nik hori aprobetxatzen nuen eskatzeko amari liburu dendara joateko eta liburu txiki bat erosteko. Beti izan dut zaletasun hori.

Poesia lanak argitaratzen hasi aurretik hasia zinen olerkigintzan.

Orain argitaratu berria dut olerki bilduma bat; horiek dira nire bizi guzian idatzi ditudan olerkiak. Beraz, 1965etik orain arte. Liburu hori bi hizkuntzetan da; garai hartan ez nekien euskaraz idazten, eta ikastolan hasi nintzenean hasi nintzen euskaraz idazten. Olerkiak diren mintzairan agertzen dira. Orotara, 350 bat olerki dira liburuan.

Idazkera aldetik euskara batuan idaztearen alde egin duzu beti, hautu militante bat dela esanez.

Beti euskara batuaren aldekoa izan naiz, 1970etik horren hautua egin nuen Donibane Lohizuneko ikastolan irakasteko. Alde batetik, nire euskararen zola Baigorrikoa da. Egin nituen ikasketak andereño izateko Gipuzkoan, eta euskara Donibane Lohizunen irakatsi behar nuen. Euskara batuan irakastea horregatik erabaki nuen. Ordurako aipatzen zen euskara batua. Jone Forcada gurekin zen, Txillardegiren emaztea, eta Txillardegik klase batzuk eman zizkigun.

Eleberriak ere argitaratu dituzu.

Nire lehen liburua ikerketa liburu bat izan zen. Baigorriko etxe izenez egin nuen ikerketa bat Bordeleko unibertsitatearentzat, etnologia edo antropologia ikasketak egiten nituenean. Ikerketak Euskal Herriari buruz egin nahi nituen, baina horretarako metodologia bat nahi nuen, eta nola egiten ahal ziren ikasi nahi nuen.

Bizipen pertsonalek zure idatzietan ere eragina izan dute.

Nire idatzietan nire bizi pribatuak badu eragina. Erran nezake denetan, bai ikerketetan eta bai eleberrietan. Erraten ahal nuke eleberriak autofikzioak direla nolabait, eta ikerketak ere ikerketen zergatia ontsa begiratzen bada, deiturak zergatik... Dagoeneko nihaurek izen biziki berezi bat badut, izena eta deitura. Nire izena badakit nondik heldu zen: Argentinatik heldu da. Eta deitura nahi nuen jakin nondik heldu zen, eta hori ere ikertu izan dut. Horrekin batera, nahi nuen jakin zein zen nire sortetxearen istorioa, eta horiek guziak ikertuz eman dituzte liburu batzuk.

Zure izenak Argentinarekin lotura du, beraz?

Nire amaren aldetik batez ere badugu familia askoz ere handiagoa Argentinan hemen baino. Nire amatxiren bi ahizpa eta hiru anaia Argentinara joan ziren, eta ahizpa horietarik batek bazuen alaba bat, Marikita deitzen zena —Mariquita idatzita—. Neska hori amak ezagutu zuen, Ameztoira jin baitzen. Biziki gazterik hil zen, 20 urtetan Erroman serora zelarik. Ni ondotik sortu nintzen, eta haren oroitzapenez ezarri zidan izen hori.

Politikak ere eragin handia izan du zugan.

Sortzez arrasatearra baina hemen bizi zen gizon batekin ezkondu nintzen, eta bi haur baditugu. Kontua da gizon horrek jasan zuela atentatu bat, orain laster eginen ditu 40 urte, urtarrilaren 13an. 1979an, Donibane Lohizunen tirokatu zuten. Geroztik, ezindua gelditu da, eta bista galdua. Ez da inoiz inor arrestatua izan; nehor ez da jujatua izan. Ez nire senarra, ez ni, ez gure haurrak ez gara kaltetu moduan kontsideratuak izan, ez Frantzian, ez eta Espainian ere. Beraz, inoiz ez damu domaiarik, ez laguntzarik, inoiz ez. Atentatu egileak ziren hirurek aldarrikatu dute: Batallon Vasco Españolek, Guerrilleros de Cristo Reyk eta Triple Ak.

Idazteak lagundu dizu hori guztia eramaten ?

Nik betidanik idatzi izan dut, baina, egia erran, idazteak laguntzen du. Ez banu hori izan... Idaztea terapia bat bezalakoa izaten ahal da.]]>
<![CDATA[Apaiz abertzale engaiatua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/013/001/2018-12-09/apaiz_abertzale_engaiatua.htm Sun, 09 Dec 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1974/013/001/2018-12-09/apaiz_abertzale_engaiatua.htm
Herriarekin apaiz taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Anai Artea elkarteko kidea, Battitta Larzabalekin batera. Larzabalek BERRIAri adierazi dionez, «tristuraz» hartu du heriotzaren albistea. Biak hazpandarrak izanik, gaztetatik ezagutzen zuen Garat, eta gero berarekin aritzeko aukera izan zuen: «Iheslariei ez ezik, presoei ere lagundu zien Anai Arteak eta horretan ere lagundu zuen. Bere denboran Errefuxiatu bat etxe bat kanpaina egin zen, eta Garatek bere apaiz lagun batzuekin gaitzeko lana egin zuen: 500 etxe atzeman ziren errefuxiatuentzat».

Bihar izango da hileta, 15:00etan, Hazparneko elizan.]]>
<![CDATA[Emaitzak lortzeko zain]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2149/019/001/2018-12-09/emaitzak_lortzeko_zain.htm Sun, 09 Dec 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/2149/019/001/2018-12-09/emaitzak_lortzeko_zain.htm Mobilizazio handi deitu diotenaren laugarren eguna zen atzokoa. Pixkana bilduz joan, eta, handik gutxira, hitz gehiegi trukatu gabe, bi taldetan banatu ziren: batzuk Biriatuko ordainlekurantz abiatu ziren, eta besteak, Miarritzekora. Zer egin behar zuten argi zuten denek.

Miarritzera iritsi bezain laster, Donostiarako eta Baionarako bi noranzkoetan jarri, eta kamioiak blokeatzeari ekin zioten. Hasieran, kamioi batzuei pasatzen utzi zieten trafikoa gehiegi ez oztopatzeko, baina, denak bazter batean jartzea lortu zutenean, autoei bakarrik utzi zieten pasatzen. Ordainlekuko hesia irekita bazegoen ere, auto gidari batzuek ordaintzeko asmoa agertu zuten, ezjakintasunez, baina Jaka Horiek berehala jakinarazi zieten gaur dohainik zela bidesaria.

Auto gidari askok eta askok jaka horia begi bistan zuten, eta klaxona jotzearekin batera mugimenduarekin bat datozela adierazi zuten, Jaka Horiek «gurekin!» oihukatu bitartean.

Pierre eta Gaelle Fabie aita-alabak hantxe zeuden goizean. Angelutik (Lapurdi) etorri ziren, eta mugimendua hastapenetik sostengatzen dutela esan dute. «Macronek hitz egitea nahi dute, eta dimisioa ematea. Gure erosmen ahalmena handitzea espero dut, eta gure erretretari balioa handitzea», azaldu du Pierre Fabiek. «Mugimendu honek zerbait ekarriko duela pentsatu behar da, ez baita posible hilean 1.200 euro irabaztea; are gutxiago, bi haurrekin bakarrik zaudenean», gehitu du Gaelle Fabiek. Nathalie Martin Baionatik dator. Gauzak aldatzea espero du: «Nik uste dut gauzak lortuko ditugula, eta, Macronek dimisioa ematen badu, ez dago inongo arazorik».

Robert Bredt duela lau urtetik bizi da Baionan. Paristarra da, eta eguna gertutik jarraitzen ari da; batik bat, Parisen zer gertatzen ari den familikoengandik ari da jasotzen. Hark ere mugimendua hastapenetik sostengatzen du, eta, azaroaren 17tik, mobilizazioetan parte hartzen ari da: «Ez naiz hor egunero, lan egiten dudalako, baina asteburuetan hor naiz». Mugimenduak duen antolatzeko modua aldatu duela nabarmendu du: «Hasieran, biribilgunetan jartzen hasi ginen, eta ni, behintzat, ez nintzen oso eroso, hor ez genuela ezer egiten sentitzen nuen. Baina ordainsarietan beste gauza bat da. Kamioiak blokeatzearekin batera, ekonomia blokeatzen dugu, eta hori garrantzitsua da presio egiteko». Boterea herriari itzuliko zaiola espero du, mugimendu honek horretarako balioko duela pentsatzen du. «Politikoek politika beraien artean eta beraientzat egiten dute, baina ez dute herriarengan pentsatzen».

Baionako martxarekin bat

Goizean Baionan klimaren alde egindako martxara ere joan dira Jaka Hori batzuk, horiek ere aldarrikapen horrekin bat egiten dutela adierazteko. Denak ez ziren ados martxara joatearekin, eta ordainsarietan jarraitu dute.]]>
<![CDATA["Gurekin!"]]> https://www.berria.eus/albisteak/160272/gurekin.htm Sat, 08 Dec 2018 07:57:20 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/albisteak/160272/gurekin.htm <![CDATA[Higienea, epe luzeko helburua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/038/001/2018-12-06/higienea_epe_luzeko_helburua.htm Thu, 06 Dec 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1909/038/001/2018-12-06/higienea_epe_luzeko_helburua.htm
Pedro Landim Anesvad elkarteak Bilbon duen taldeko kidea da. Larunbatean itzuli zen Ghanatik; gobernuz kanpoko erakundeak dituen proiektuak zuzentzen ditu han. Anesvadek osasun arloan lan egiten duenez gero, Landimek gertutik ikusi ditu higiene faltak ekartzen dituen arazoak. «Gaixotasun tropikalekin lan egiten dugu batik bat, legenarrak, ultzerak... Gaixotasun horietako asko pilula batekin senda daitezke, hemen euro bat kostatzen duen pilula, baina hara iristen ez dena».

Higiene eskasak osasunean duen eraginaz ohartarazi du hainbat daturen bitartez: «Munduan hamarretik hiruk ez dute ur edangarririk, eta bostetik hiruk ez dute saneamendu sistema egokirik. Horrek izugarrizko ondorioak ditu. Ur garbia gaixotasunentzako oztopo bat da, barrera bat; eta komun garbiak ere bai. Eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea oso keinu xumea da, edo izan daiteke, baina inpaktu handia du». Pertsona batek saneamendu sistema egokirik ez badu, eta eskuak ura eta xaboiarekin garbitzeko aukerarik ez badu, janaria eskuekin ukitzean organismoak transmitituko ditu; horrek beherakoak eragingo ditu, «batez ere haurrengan». Arrisku taldean sartzen dira 5 urtetik beherako haurrak. Beste datu deigarri bat eman du horren inguruan: «Urtean hiru milioi haur hiltzen dira beherakoengatik. Eta hiltzen ez direnak indar gabe gelditzen dira, eta horrek garapen intelektualari eragiten dio».

Komunek horretan guztian garrantzi handia dute. Gaur egun, 2.400 milioi lagun bizi dira komunik gabe, eta horren faltak ondorio larriak dakartza. Azaroaren 19a Komunaren Nazioarteko Eguna da. Jack Sim Singapurko enpresaria dago egun horren atzean, edo komunek nazioarteko egun bat izatearen atzean, behintzat. 2001ean, Komunaren Mundu Erakundea sortu zuen, eta geroago beste hauek: Komunaren Mundu Elkargoa, Komunaren Munduko Goi Bilera eta Komunaren Elkarteak. Toilet jauna izenez ezaguna da, eta komunak duen garrantziaz kontzientziatu nahi du. 2003an, NBE Nazio Batuen Erakundeak bere ideia hartu, eta higiene faltak eragiten zituen arazoez arduratzen hasi zen. NBEk hainbat helburu finkatuak ditu 2030erako, eta horien barruan dago saneamendu sistema duin bat izatearena.

Ongarria sortzeko komuna

Komunaren Nazioarteko Egunaren haritik, hain justu, Bill Gates enpresaburu estatubatuarrak, Microsoft softwarearen enpresaren kofundatzaileak, «berrasmatutako komuna» aurkeztu zuen. Ez du urik behar, ez dago inongo estolderia sistemari lotua, eta hondakinak ongarri bihur ditzake. Pekinen izandako teknologiari buruzko azoka batean egin zuen aurkezpena, kakaz beteriko kristalezko ontzi bat eskuetan zuela. «Komuna ez da aldatu 100 urtean, baina teknologia gehitzen badiogu, milioika bizitza salba ditzakegu. Kristalezko ontzi honetan errotabirusaren 200 trilloi zelula egon daitezke, 20 bilioi Shigella bakterio eta 100.000 zizare parasitoen arrautzak», esan zuen orduan.

Bill eta Melinda Gates fundazioak 200 milioi dolar baino gehiago -175 milioi euro baino gehiago- inbertitu ditu 2011tik komunak berrasmatzeko. Hainbat prototipo egin ditu, eta horietako batzuk jada Durbanen ari dira probatzen, Hegoafrikan. Batzuek eguzkiaren energiarekin funtzionatzen dute; beste batzuk hondakinen bidez energia sortzeko gai dira, eta beste hainbatek ur garbia sortzen dute gerora modu seguruan eskuak garbitzeko.

Landimen iritziz, Bill Gatesek berriki aurkeztu duen prototipoak zeresana eman dezake. «Jende asko dago saneamenduaren arazoari irtenbidea aurkitu nahian. Ez da batere kontu erraza, eta hainbat gunetan esperimentu asko egin dira. Orain dela urte batzuk Unicefekin Bolivian ari nintzen lanean, eta gogoratzen naiz orduko hartan komun lehorrak sustatzen zituztela».

Gatesen proposamenak teknologia gehitu dio komunari, eta usainak ere gutxitzen ditu. Begi onez ikusten du hori Landimek: «Usainak gutxitzea ere garrantzitsua da, ohiko komunek izugarrizko usaina botatzen dute». Proposamena gerora nola garatuko den zalantza du Anesvadeko kideak: «Kooperazio bidez izan daitekeela ulertzen dut, proiektuen bidez. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak kooperaziorako deialdi dezente egiten ditu. Agian hemen egongo dira zenbait erakunde Bill Gatesen proposamena irtenbide egingarri moduan ikusten dutenak, eta, beraz, proiektu bat aurkeztuko dute komun horiek sustatzeko helburuarekin».

Komun mota horiek egin eta behar diren lekuetan jartzen badira, sor daitezkeen arazoez ere gogoetatu du: «Hondatzen direnean, nork konponduko ditu? Haur batek harri bat bota dezake barruan edo edozer gauza gerta daiteke. Komunetan teknologia sartzea ongi dago, baina erabiltzaileek ez badakite konpontzen... Hemen nahiko erraza dugu: hondatzen bazaigu, teknikariari deitzen diogu, etxera etortzen da eta konpontzen du. Baina komun horiek ez dira gure etxeetan jarriko; saneamendu arazoak dituzten tokietan jarri nahi dituzte, eta toki horiek askotan urrutiko komunitateak dira, baliabide gutxiko jendea bizi den tokiak». Azaltzen ez duten beste kontu bat ere bada, Landimen arabera: «Komun hauek izango duten prezioa, zenbat da? Merkatuan jartzen duenak jabetza bat edukiko du, saldu nahiko du. Norbaitek ordaindu beharko du».

Historian atzera

Saneamendu kontuetan aditua da Anne Olga Koloski-Ostrow ikertzailea, Komunen Erregina ere deitua. National Geographic aldizkariari egindako adierazpenen arabera, haren ustez Antzinako Erromak «ikasgai bat eman diezaguke Hirugarren Munduan saneamenduaren gaiari nola heldu ekiteko garaian». Erromatarrek, baina, komuna ez zutela asmatu nabarmendu du, komunak 3.000 urte lehenago ere erabiltzen baitziren; baina erromatarrek iraultza bat ekarri zuten saneamenduan, hiriko saneamendua planifikatu baitzuten. Dena den, komun publikoak, hoditegi sistema eta akueduktu sistemak aurrerapen handia izan zuten garaian, iraultza horrek ez zituen esperotako emaitzak lortu. Germenak nola ugaltzen ziren ez jakiteak hainbat gaixotasun sortu zituen.

Gaur egun jakina da nola ugaltzen diren germenak, baina saneamendu arazoek hor diraute, oraingoz aberatsen proposamenen esku.]]>
<![CDATA[Izpi ultramoreak jomugan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1947/038/001/2018-11-29/izpi_ultramoreak_jomugan.htm Thu, 29 Nov 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1947/038/001/2018-11-29/izpi_ultramoreak_jomugan.htm hartarazpena ez da berria. Hainbat erakundek jakinarazi izan dute beltzatzeko kabinek igortzen dituzten UV izpi artifizialak hartzea arriskutsua dela. Anses, Frantziako Osasun Segurtasunaren Agentziak, ordea, beste pauso bat eman du, eta helburu estetikoak dituzten kabinak debekatzeko eskaera egin du, Brasilek 2009an debekatu bezala eta Australiak 2015ean.

Ansesen arabera, azken hiru hamarkadetan kabina mota horiek «progresio handia» izan dute, eta, hori ikusita, Frantziako Osasun Ministerioak ikerketa zientifikoetan oinarritutako txosten bat eskatu dio Ansesi, izpi ultramore artifizialen ondorioak zein diren jakite aldera.

CIRC minbizia ikertzeko nazioarteko zentroak 2009an ofizialki sailkatu zuen UV izpi artifizialak kantzerigeno gisa. Ordutik, hainbat ikerketa egin dira, eta ondorio berberetara iritsi dira. Ansesek 2014an egindakoak, adibidez, nabarmentzen du 35 urte baino lehen kabina mota horiek behin bederen erabili dituztenei %59z handitzen zaiela arriskua azaleko melanoma bat garatzeko.

«UV izpi artifizialek ez dute azala prestatzen gero eguzkia hartzeko garairako, eta ez dute eguzki kolpe batez babesten. Horrez gain, kabina mota horiek ez dute B bitamina esanguratsurik ematen». Adierazpen horrekin eta Ansesen debeku eskaerarekin bat dator Sylvie Truchet Donibane Lohizunen (Lapurdi) kontsulta duen dermatologoa. «Pentsatu ohi dugu gutxi erabiltzen badugu ez dagoela arrisku handirik, baina ikerketek frogatzen dute sesio gutxirekin ere arriskua hor dagoela». Azalaren zahartze azkarra ere eragiten dutela ohartarazi du:«Hau da, azal lehorra, zimurrak, mantxak...». Horri lotuta, Ansesek dio beltzatzeko lanparek eguzkiak baino lau aldiz azkartzen dutela azalaren zahartzea.

Trucheten esanetan, garrantzitsua da norberak bere azalari begiratzea, eta, aurretik ez zeuden «lesioak» ikusiz gero, medikuari kontsultatzea: «Goiz antzematen badira, sendatzeko aukera handiagoak daude».

Debeku eskaerari berehala etorri zaio kontrako iritzia. CNEP Frantziako Estetika eta Perfumeriaren Konfederazioarena eta SNPBC Beltzarantzeko kabinen profesionalen sindikatuarena. «Elementu berririk» ez duela ekartzen leporatu diote Ansesi, eta ez duela ematen «datu zientifiko ziurrik». 2018ko otsailean International Journal of Cancer Research and Treatment aldizkari berezituan argitaratutako ikerketa baten ondorioa aipatu du: «Gaur egungo ezagutza zientifikoek ez dute ahalbidetzen beltzarantzeko kabinek melanomak gehitzen dituztenik».

Patricia Doihenartek estetika zentro bat du Uztaritzen (Lapurdi), Harmonie. Beste hainbat zerbitzuren artean solariuma eskaintzen du. Zerbitzu hori erabiltzen duten bezeroak urte osoan ditu, sasoi guztietan; aste hauetan hiru bezero etortzen zaizkio, eta, udara baino lehen, askoz gehiago: «Jendea normalki udarari begira azala prestatzeko etortzen da. Estetika zentro moduan, guk ez dugu eskubiderik psoriasi edo azaleko arazoak sendatzeko solariumak eskaintzeko. Gure izpiak eta dermatologoek erabiltzen dituzten makinetakoak ez dira berdinak».

Ansesen eskaeraren berri badu, eta jendeak ere badakiela dio: «Biharko egunean esaten badidate ezin dela gehiago zerbitzu hau eman, ez dut emango, baina bitartean jarraituko dut; egin behar diren kontrolak egiten ditut, gainera». Kontrol horiek Frantziako Estatuari lotua den Dekra elkarteak egiten dizkio bi urtean behin. Elektrizitate sistema, lanparak eta beste begiratzen dizkio. «Lehen, arauak ez ziren batere zorrotzak; gerora hasi ziren kontrolen egiten, eta kontrol horiek etorri ziren zernahi egiten zelako. Baziren tokiak non solarium zerbitzua bakarrik eskaintzen zuten, eta jendea egunero joaten ahal zen. Hortik azaleko arazoak antzematen hasi ziren».

Solarium zerbitzua kendu

Beltzatzeko kabinaren ondoan informazio eta aholku orriak ditu paretan. Betaurrekoak erabiltzeko; izpi artifizialak hartu aurretik, kosmetikorik ez emateko; fotosentikor diren botikak hartuz gero, ez erabiltzeko; azalaren arabera zenbat denboraz egon daitekeen solariumean... Aholku edo neurri horiek berak paper batean ditu Doihenartek, eta solariuma erabiltzen duten bezeroek sinatu egin behar dute: «Legearen aurrean badakit ez nauela babesten, baina gutxienez jendeak neurriak zein diren irakurtzen dituela bermatzen duzu».

Haren ustez, jendea ez dago eguzkiaren arriskuez kontzientziatua: «Kontzientzia duena ez da hona etortzen, hori behintzat ez da nire bezeria. Bezero bat izan nuen egunero etorri nahi zuena solariumera. Ezetz esan nion. Ez zen kontent, eta beste nonbaitera joan zen, eta seguru naiz topatuko zuela baietz esan zion norbait». Bere estetika zentroan urtean hamabost saio eskaintzen ditu. «Norbaitek gehiago nahi badu, hemen behintzat ezin du. Agian beste norabait joango da, baina nik behintzat gehiago ez ditut eskainiko. Bakoitza arduratsu izan behar da egiten duenarekin».

Maite Etxeberriak Lilia estetika zentroa du Luhuson (Lapurdi). Orain dela hamar urte ireki zuen zentroa, eta hastapen horretan solarium zerbitzua eskaintzen hasi zen, «jendearen eskaera bati erantzuteko». Izpi ultramore artifizialak arriskutsuak izan zitezkeela entzuten hasi zen gero, eta barrenean kezka bat sortzen hasi zitzaion: «Erraten zuten ez zirela erremedioak hartu behar, kremak ezin zirela eman... nik aldi oro jendeei galdegiten nien ea hori dena errespetatzen zuten... baina ez nuen ezer izenpearazten».

Azken urteetan ez zen gustura sentitzen: «Bezeroak solariumerako hartzen nituelarik zerbait banuen, ez nintzen lasai. Banekin arrisku posible bat bazela». Kentzea erabaki zuen. Eta kentzearekin batera bezeroak ere gutxitu dira, horretara bakarrik joaten ziren bezeroak baitzituen. «Jende anitz jiten zen, eta kentzea diru sartzeetan nabaritu zen», azaldu du Etxeberriak. CNEPeko presidente Regine Ferrerek France Info irratiari adierazi dionez, kabina mota horien debekuak «ondorio ekonomiko larriak» ekarriko lituzke. «Diru erraza da azkenean; hamar saiorengatik 80 euro ordaintzen zuen jendeak, eta zuk ez duzu gauza handirik egin behar, eta bitartean beste bezero batekin egon zaitezke», adierazi du. Hala eta guztiz ere, kenduta «lasaiago» dagoela aitortu du: «Nik ez dut arriskurik hartu nahi». Urtero, baina, bezeroen deiren bat badu solariumaz galdezka, baina kabina hortxe du, zentroko gela batean du deskonektatua.

Hegoaldean eskaerarik ez

Hego Euskal Herrian ez da horrelako eskaerarik egon orain arte, hala adierazi du behintzat Begoña Aseginolaza dermatolog oak. Berak ez lituzke beltzarantzeko kabinak debekatuko, baina kontrol zorrotzagoa egotea eskatzen du: «Hemen solarium asko daude inolako kontrolik gabe. Dendetan salgai daude, edonork eros ditzake eta jendeak ez du formakuntzarik egiten. Ez dira etxean edukitzeko tresnak. Berez araudi bat badago nola erabili eta, baina gero praktikan...».

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eramaten du solariumen araudia. Bezeroei ematen zaizkien gomendioak Ipar Euskal Herrian ematen diren berberak dira, eta, horrez gain, estetika zentroek bete behar dituzten arauak ere zehazten ditu. Hala nola egiaztatzea beltzarantze artifizialeko aparatuak teknikoki egokiak direla eta urtero edo aparatuaren zenbait elementu aldatzen direnean aztertzea; ez eskaintzea beltzarantzeko prozesua arintzeko, iragazki modura egin edo aparatuaren izpi ultramoreen pean denbora gehiago egoteko produkturik; bezeroari beltzarantze zentroan bertan ematea agiri informatibo bat, izenpetu eta adostasuna eman dezan; zerbitzu hori ematen den denbora guztian behar besteko prestakuntza teknikoa duen pertsona izatea zentroan; eta jendaurrean, itxaron gelan edo sarreran, kartel informatibo bat jartzea, bost metroko distantzian argi eta garbi ikusteko moduan informazioa.

Betebehar horiek guztiak betetzen dituztela baieztatu du Amaia Salegi Azpetian (Gipuzkoa) dagoen Jone eta Maikar zentro mediko estetikoko arduradunak. Duela 25 urte inguru ireki zuten, eta ordutik izan dute kabina bertan, euren kasuan ere jendearen aldetik eskaera bat bazelako. Urte horietan aldaketa antzeman dutela onartu du: «Kontrolen aldetik ez da bereziki aldaketa nabarmenik izan. Beti egin dizkigute kontrolak, segitzen dugu urteroko kontrolekin eta guk ere egin beharreko ikastaroa egin genuen. Baina jendearen aldetik nabaritu dugu aldaketa. Lehen astakeria gehiago egiten ziren, eta orain emandako aholkuak betetzen dituzte. Jendeak segitzen du etortzen, bezero kopurua ez da gutxitu, baina bai erabilera, beste erabilera bat ematen diote solariumari. Kontzientziazio handiagoa dagoela esango nuke».

Horrekin bat dator Aseginolaza: «Lehen, jendeak kontsultetan horrelako makinetara joan zitekeen galdetzen zidan, baina orain galdera hori oso jende gutxik egiten dit. Eguzkiari beldur handiagoa zaio, eta dagoeneko ez ditugu ikusten lehen bezala erredura izugarri horiek. Hori bai, hogei urte inguru kosta zaigu jendea konbentzitzea».]]>
<![CDATA[«Sekula ez ditut harpeak zerbait pribatu gisa bizi izan, nireak izango balira bezala»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/054/001/2018-11-25/sekula_ez_ditut_harpeak_zerbait_pribatu_gisa_bizi_izan_nireak_izango_balira_bezala.htm Sun, 25 Nov 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1921/054/001/2018-11-25/sekula_ez_ditut_harpeak_zerbait_pribatu_gisa_bizi_izan_nireak_izango_balira_bezala.htm
Joelle Darricau izena Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeekin lotzen da, baina...

Hori baino gehiago naiz, eta hori, batzuetan, karga bat da, eta, herentziaz jaso baditut ere, nire heziketa oso markatua egon da.

Markatua, zergatik?

Aitaren lanbideagatik, batik bat. Nire aita, Jean Darricau, zirujaua zen, Parisko ospitaleetako barne zirujaua zen; baina gerra Parisera iritsi zenean, alemanak Parisera sartu zirenean, Donibane Lohizunera joan zen. Rol garrantzitsu bat bete zuen. Comete sarekoa zen, eta, bere lanbideari esker, min hartutako hegazkinlariak sendatzen zituen. Ni klinika horietako batean sortu nintzen, gaur gun Les Goenlands hotela den horretan.

Eta aitaren lanbideak asko markatu ninduen, berak egiten zuenaren arabera bizi baikinen. 30 urtez guardian egon zen, gau eta egun; bazkalorduetan soilik ikusten genuen. Anaia eta biok handiagoak ginenean, ebakuntzetara eramaten gintuen; memento oso bereziak ziren, interes handia genuen, eta horrek nolabait bizitzaren balioa erakutsi zigun. Osasun ona dugunean, ez dugu inongo eskubiderik kexatzeko; funtsezkoena bizitza da.

Eta zuen ama?

Nire heziketan garrantzi handiko pertsona hura ere. Etxean hezi gintuen; eskolara 8 urte izan arte ez ginen joan. Urte oso onak izan ziren, asko ikasi genuen; pasioz erakutsi zizkigun gauzak. Eskolara joaten hasi nintzenean ere gustura joaten nintzen, irakasle zoragarri bat izan nuen, eta, gainera, oso kontent nintzen, beste haurrekin nengoelako!

Bizitzaren balioa aipatu duzula, pasarte latz bat ere bizi izan zenuen.

Bai, nire anaiaren heriotza. 14 urterekin istripu bat izan zuen Eskozian. Oso gogorra izan zen. Aita dena zalantzan jartzen hasi zen, zergatik zegoen mundu honetan, zein zen bere helburua bizitzan... Memento horretan, ardura ikaragarri bat sentitu nuen. Alaba bakar bilakatu nintzen, eta ezin nien gurasoei arazorik eman, hori sentitzen nuen. Hori gertatu eta bi urtera, gurasoek eskuzabaltasun handia izan zuten, eta New Yorkera bidali ninduten. Lagun bat zuten han, Samuel Rubin; fundazio bat sortu zuen mezenas bat zen. 16 urte inguru nituen, eta urtebetez egon nintzen han. Urte zoragarria izan zen. Munduarekin topo egin nuen, kultura askotako jendearekin. Ordura arte, ez nintzen oso ikasle fina izan, eta, nota onak jasotzen hasi zirenean, gurasoak harrituak zeuden; ingelesa irakasteko erabiltzen zuten metodoa oso ona zen, hori zen guztia [barreak]. Pintura ikasketak ere segitu nituen.

Euskal Herrira sartu zinen gero?

Ez, Parisera joan nintzen, pintura ikasketekin jarraitu nuen. 68ko maiatzak han harrapatu ninduen, baina, egia esan, ni ez ninduen gehiegi markatu. Aldaketa bat izango balitz bezala bizi izan nuen, baina neure buruari gehiago galdetu gabe. Han zegoen mugimenduak eta indarrak atentzioa eman zidan, baina garai hartan ez nuen interes berezirik izan mugimendu horrekiko. Handik berehala ezkondu nintzen, 20 urterekin, eta lehen haurra ere segidan etorri zen.

Harpeen ardura ere orduan hartu zenuen?

Ez, hori gero etorri zen, aita hil zenean. Harpeak betidanik ezagutu ditut, oso gauza naturala zen kobetara sartu-irtenak egitea, hori guztia zer zen inolako kontzientziarik eduki gabe. Aitak jabetza hartu baino lehen, aitonak eramaten zuen harpeen kontu guztia, eta, bera zendutakoan, amonak hartu zuen ardura. Sekulako kemena izan zuen. Etxekoandrea zen, itsua, eta, idazkari baten laguntzarekin, harpeak gobernatzen segitu zuen. Behintzat, turismoaren aldetik errazagoa zen; jendea hona etortzen zenean oporretara, lau gauza zituen bisitatzeko, edo hori eskaintzen zen: Larhun, Arnaga, itsas museoa eta Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak. Gero, aitak hartu zuen jabetza, eta aipatu behar dut inguruko herrietako herritarrek asko lagundu zutela; haiek gabe ezinezkoa litzateke.

Betidanik jakin duzu, beraz, harpeen kargu egingo zinela?

Bai, bai, amonak beti esaten zidan «hau zuretzat izango da!».

Zergatik dira pribatuak?

Ez direlako erabat zorupekoak, hau da, harpeek irteera natural bat dute kanpora; beraz, ez dira lurpekoak. Gai honetan, eztabaidak egon ziren bere garaian, eta aitonak auzitara jo zuen, eta estatuaren kontra irabazi zuen; 1929a zen orduan. Horrek jurisprudentzia gisa balio izan zuen Frantzian deskubritu ziren harpe guztientzat. Frantzian, lur azpiko munduaren %66 pribatua da. Eta gauza bat esango dizut, estatua horrekin oso kontent da, eta horren adibide dira Dordoinan salgai dauden bi kobazuloak; estatuak ez ditu erosi nahi.

Zein da arrazoia?

Ez zaie interesatzen, inondik inora. Badakite jabearen ardura direla, jabe horiek betebehar batzuk dituztela, eta beraiek, bien bitartean, tasak kobratzen dituzte, eta dena kobratzen dute. Horrela ongi da beraientzat; beraz, zertarako molestatu?

Publikoak izango balira, zer aldatuko litzateke?

Familia jabe gisa desagertuko litzateke, bistan da, eta, gero, auskalo; agian, errentagarriagoak ateratzeko bisitari gehiago onartuko lituzkete, eta horrek kontserbazioa arriskuan jarriko luke.

Kargua hartu ondorengo lehen urte horiek nolakoak izan ziren?

Behaketa handikoak. 1983an heredatu nituen, eta hamar urte pasatu ziren lur azpiko mundu horrek nola funtzionatzen zuen ulertzeko. Harpeen inguruan hainbat mundu zeudela ohartu nintzen: mundu zientifikoa, politikoa eta zibila. Mundu zibilaren barruan pertsona batzuek lagundu nahi zidatela ere ikusi nuen...

Lagundu, zentzu txarrean, dirudienez.

Komentario asko entzun behar izan nituen, ez nuela jakingo koba bat gobernatzen, eta lagunduko zidatela... baina ni ez nintzen fio. Segituan baztertu nituen; beraz, ez nuen frogarik lortu, eta nire intuizioa jarraitu nuen, askotan bezala.

Politikariekin harremana nolakoa zen?

Politikariek behin eta berriz aurpegiratzen zidaten harpeak pribatuak zirela. Nik sekula ez ditut harpeak zerbait pribatu gisa bizi izan, nire jabegoa balitz bezala. Ez, hori ez. Ni arduradun sentitu izan naiz beti, ardura bat izango banu bezala, eta ez nuen ulertzen politikarien aurpegiratze hori. Arduradun zientifikoak zeuden bestalde. Ikertu ikertzen zuten, baina, gero, ez zuten ezer publikatzen, eta, gero, konturatu nintzen Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak historiaurreko parte gisa kontsideratua izateko lanek publikatuta egon behar zutela. Horraino iritsita, harpeek merezi zuten maila eta tokian jartzea jarri nuen helburutzat.

Lortu zenuen?

Bai, ikerketek hala frogatzen dutelako. Zeren hori da bestea; nik esaten badut badirudi interes batzuk ditudala atzetik, eta jendeak hori pentsatzen du, baina ez da horrela. Jendeak harpe hauek baloratzen ditu, baina zailtasunekin. Topaketa batzuk egin berri ditugu Donapaleun, egun oso bat zientzialariekin. Arrakasta handia izan zuen, baina tokiko bertako jende oso gutxi etorri zen. Historiaurrea ezin zaio mundu osoari interesatu, ulertzen dut, baina gure erroak gure hanka azpian ditugu.

Turismoari dagokionez, nola aldatu dela ikusten duzu?

Izugarri aldatu da. Euskal Herria ireki da, antolatu da. Lehen, jendea hilabeterako edo hamabost egunerako etortzen zen, eta lau gauza eskaintzen zitzaizkion. Orain, bizpahiru edo lau egunerako etortzen da. Gauza gehiago ikusteko, eta denbora gutxiago. Kezkagarri bihurtzen da zuk zerbait duzunean eskaintzeko, eta inbertitu ahal izateko funtzionatu behar duenean.

Euskal Elkargoaren sorrerak zerbait aldatu du?

Berria da, eta goiz da oraindik. Lehengoan, harpeetan turismo bulegoen buru Nicolas Martin hartu nuen. Bordeletik heldu den pertsona bat da, eta beldur nintzen ulertuko ote zuen Euskal Herria zer den, Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria. Baina ez, ikusi dut ulertzen duela, baina ikusiko dugu gaitasuna ote duen gauzak egiteko, edo eskuak libre dituen gauzak egiteko.]]>
<![CDATA[Ikusi, hausnartu, ikasi, dastatu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/046/001/2018-11-17/ikusi_hausnartu_ikasi_dastatu.htm Sat, 17 Nov 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1901/046/001/2018-11-17/ikusi_hausnartu_ikasi_dastatu.htm Laborantza elikatzaile baten alde leloa bihar bitarte aldarrikatuko dute.

Sartu eta berehala, boluntarioak lanean aritzeko mahaia dago. Boluntarioak beharrezkoak dira azoka behar bezala ateratzeko. Aurten, oraingoz, 900 lagun ari dira lanean, baina biharko jendea falta dutela nabarmendu du Patxi Iriart antolaketaz arduratzen denak: «Norbaitek izena eman nahi badu, Lurramaren webgunean sartu eta laguntzaileen atalean sartu besterik ez du. Beharrezkoak ditugu».

Elkarren artean komunikatuta, baina bi areto handitan banatua dago azoka. Lehenengoan, jatetxea, ostatuak, haurren karpa eta bestelakoak daude; eta bestean, kabalak, merkatua eta gai desberdinen inguruko informazio guneak daude, besteak beste. Atzo goizean bigarren areto horrek erakarri zuen arreta handiena. Lehen eguna izaki, eta beste urteetan bezala, ikastetxeetatik joandako 2.500 haur inguru izan ziren azokan. Hamar tailer pedagogiko baino gehiago eta animazioak prest ziren eurentzat. Lehenik eta behin, animaliak ikusi zituzten. «Zer dira horiek?», galdetu zuen irakasle batek; «astoak!», erantzun zioten haur batek baino gehiagok batera. Irakasleei garrantzitsua iruditzen zaie Lurraman haurrei egiten dieten tartea, laborantzaren inguruan egiten diren lanak gertutik ezagutzeko aukera baitute, nahiz eta batzuek etxetik bertatik ezagutu.

Ardiei ilea nola mozten dieten ikusita, haur asko beldurtu ziren, ardiek min hartzen zutelakoan. «Zuek ile apaindegira joaten zaretenean bezala da, ez du minik ematen», lasaitu zituen bertako animatzaileak. Gazta nola egiten den, eztia nola ateratzen den eta artzain txakurrek ardiak nola gobernatzen dituzten ere ikusi zuten.

Bien bitartean, lehenengo aretoan, ofizialki estreinatu zuten aurtengo Lurrama Berhokoirigoinek, Michel Veunac Miarritzeko auzapezak, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak eta Gerard Choplin aurtengo aldiko aitabitxiak. Etxegaraik jakinarazi zuenez, Ipar Euskal Herriarentzat Laborantzaren Erakunde Publiko baten eskaera egin dio Frantziako Gobernuari. Elkargo mailako gobernantza bultzatzea izango luke helburu. Ikusi beharko da eskaera horrek zein bide egiten duen eta zer emanen duen. Ez zuen gehiagorik aurreratu.

Aurten, Poitou-Charentes Frantzia mendebaldeko eskualdea da gonbidatua, eta hango laborarien ekoizpenak ezagutzeko aukera izango da egun hauetan, hala nola haien ekoizpen ezagunenak diren ahuntz gasna, koñaka, ardoak... Atzo, gainera, eskualde horretako jakietan oinarrituta, Miarritzeko ostalaritza lizeoko ikasleek afaria prestatu zuten 550 lagunentzat.

Poitou-Charentes eskualdeko laborantzak ez ditu erronka makalak. Nekazari ofizioa desagertzear dago, eta etxalde handi edo industrializatuek etxalde txikiei lekua hartzeko arriskua dago.

Hausnarketarako lekua ere bada Lurrama. Hala, gaur laborantza eta elikadura politikaz, ZADeko lurren geroari buruz eta lobby-ez hausnartuko dute. Hausnarketa guneari bukaera emateko, Arnaud Brugierren Les petits gars de la campagne (Baserrialdeko mutiko txikiak) filma proiektatuko dute, Laborantza Politika Bateratua hobeto ulertzeko.

Ohiko lehiaketa, kontzertu eta animazioez gain, aurten Lurramak baditu bi berritasun. Lehen aldiz, Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketako finala jokatuko dute. Horrez gain, Euskaraldiak ere presentzia izango du, eta azoka egunak Euskaraldiaren 11 egunetara begirako beroketa saio gisa hartzeko proposamena egin dute. Gainera, gaur goizean prestaketa saio bereziak emango dituzte ahobizi eta belarriprest-entzat, 10:00etatik 12:00etara.

Gaurko egunerako, bestalde, ohar bat egin dute antolatzaileek. Izan ere, gasolinaren prezioaren gorakadaren gaiarengatik mobilizazio bat deitu dute gaurko, eta Baiona-Angelu-Miarritze inguruko bideak blokeatu nahi dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute Lurramako programa ez dutela aldatuko, eta, bidean arazoak baldin badira, beste bide batzuk hartzeko gomendatu dute.]]>
<![CDATA[Abiatu da aurtengo Lurrama, "laborantza elikatzaile baten alde"]]> https://www.berria.eus/albisteak/159405/abiatu_da_aurtengo_lurrama_laborantza_elikatzaile_baten_alde.htm Fri, 16 Nov 2018 13:51:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/albisteak/159405/abiatu_da_aurtengo_lurrama_laborantza_elikatzaile_baten_alde.htm <![CDATA[Bizipenak oholtza gainera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/034/001/2018-11-10/bizipenak_oholtza_gainera.htm Sat, 10 Nov 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/034/001/2018-11-10/bizipenak_oholtza_gainera.htm 1914-1918 Euskal Oroitzapena. Itzaletik argira izenburupean, Baionako Antzokian. Ekitaldia bi zatitan bereiziko da: alde batetik, zati artistikoa dei daitekeena, antzerki, kantu eta bertsoz osatua; eta, bestetik, omenaldia, mintzaldiekin eta beste.

Gaizka Sarasola idazle lesakarrak sortu eta taxutu du lehen zati artistiko hori. Hura arduratu da antzerkia idazteaz eta kantua eta bertsoa uztartu dituen ekitaldiaren zati horren gidoia osatzeaz. Izan ere, Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek antzerkian ikusitakoarekin bertsoak osatuko dituzte, eta preso ziren euskaldun batzuei alemanek grabatutako kantu batzuk ere entzun ahal izango dira gaiari lotutako kantu modernoagoez gain, besteak beste. «Erronka bat izan da niretzat. Zerbait sortzea gai jakin batzuekin, eta, gainera, ez antzerki bat bakarrik, bertze emankizun oso baten testuinguru baten barrenean egin behar zen, beti konplikatuago dena. Alde horretatik erronka zen, baina kontent geratu naiz sortutakoarekin». Lehen Mundu Gerraz idaztea ere izan du bere erronka puntua: «Egia erran, ez nintzen inoiz horretara jarri pentsatzen. Mugak baditu bere distantziak, eta guri hagitz arrotza egiten zaigu Ipar Euskal Herrian nola bizitu zuten Lehen Mundu Gerra».

Antzerkian lantzeko alor batzuk proposatu zizkioten antolatzaileek, eta, horretarako, zenbait dokumentu bidali zizkioten: «Antolatzaileek bazituzten gai batzuk jorratu nahi zituztenak edo erreferentzia egin nahi zietenak, hala nola gerra aitzin eskoletan nola hasi ziren armen erabilera bultzatzen, nolabait gerrarako prestatzeko. Horrez gain, Elizak izandako indarra aipatu nahi zuten, hau da, Ipar Euskal Herriko jendea gerrara sarrarazteko izan zuen indarra, eta, horretarako, orduko Baionako apezpikuak Eskualduna astekarian argitaratutako artikulu bat bada. Halako prediku gisako artikulu bat da gerra defendituz, euskaraz. Gero bazen ere euskaldun fusilatu baten istorioa, desertoretzat jo eta fusilatua izan zen Piarres Etxeberrirena».

Behin idatzita, Antton Lukurekin eta ekitaldiko antzerkia zuzendu duen Iñaki Etxelekurekin elkartu zen Sarasola. «Nire ezezagutzatik banuen gauza hori, agian nik modu batean ikusten nuela gaia eta gero Ipar Euskal Herrian ez zela horrela ikusiko... Haiek testuari balekoa eman ziotenean lasaitu nintzen», aipatu du Sarasolak, irribarrez. «Gerla aitzin, gerla denboran eta gerla ondotik, izan haur zein heldu, nolako bizipenak izan zitzaketen irudikatze horretan du edertasuna eta indarra». Halaxe deskribatu du Etxelekuk antzezlana.

Hala, testua eta gidoia paperean, irailean taulara eramateko lehen urratsa egin eta entseguekin hasi ziren. Proiektu honetarako bildu den sei antzerkilariz osatu dute taldea, denek ala denek Donibane Garazin edo Baionan noizbait libertimendu proiektu batean parte hartu dute antzerkilari moduan. Entseguak Etxepare lizeoan egin dituzte, eta azkena, gaur, Baionako Antzokian. Antzokiak elkarteei jartzen dien balditzetako bat hori baita, azken egunean baizik ezin da erabili. «Antzerkiaz gain, kantua eta bertsoak daude, eta hori berezitasun bat da, baina baita zailtasuna ere, denak batera egiteko egun bakarra dugulako, eta horrek zailtasunak sortzen ditu gauzen lotzeko», adierazi du Etxelekuk. Soinu eta argi teknikan bi teknikari arituko dira, Aitz Amilibia eta Oihan Delavigne.

Ekitaldiaren garrantziaren nondik norakoak azaldu ditu Etxelekuk: «Gaia berez interesgarria da, urteurrenaren kari egiten den gauza bat da, baina memoria historikoa lantzeko mementoan XXI. mendeko ikuspegia ukan gabe eta irakurketa ideologiko bat egin gabe —arrisku bat baita hori zinez—, interesgarria da entseatzea irudikatzen zer-nolako bizipena izaten ahal zuten orduko Ipar Euskal Herriko euskaldunek. Gero, artistikoki, erran nezake Gaizkak egin duen lana oso polita dela, eta pertsonaiak idatziak diren bezala eta argi eta soinu jokoekin, jantziekin eta beste, uste dut taula gainean gauza polita aterako dela».

Emanaldi bakarra izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, baina ekitaldia ez da horretan geratuko; izan ere, grabatu egingo dute, eta liburu bat ere argitaratuko dute, antolatzaileek adierazi bezala belaunaldi berriek «dokumentu pedagogiko» bat izan dezaten.]]>
<![CDATA[«Argazki zaharrak gure nolabaiteko aztarnak dira»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2018-10-30/argazki_zaharrak_gure_nolabaiteko_aztarnak_dira.htm Tue, 30 Oct 2018 00:00:00 +0100 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2018-10-30/argazki_zaharrak_gure_nolabaiteko_aztarnak_dira.htm Habana ontzia hartu behar izan zuten istorioa eta egungo migrazioaren krisia uztartzen ditu. Haren lana Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikus daiteke osteguna bitarte. Gero, Bizkaira eraman nahiko luke lana, tokiak istorio horretan duen esanahiarengatik.

Ikerketa lan batetik abiatu da zure sorkuntza lana.

Bai, Ingalaterran bizi izan naiz bi urtez, Manchester hirian, eta People's History museora bisita bat egin nuen. Museo horrek jendearen istorioak biltzen ditu, eta bertan ikusi nuen ikerketa lanerako istorioa, hau da, nola milaka euskal ume Ingalaterran errezibitu zituzten gerra zibilean. Museo horretan artxiboak dituzte. Hara joan, gutun asko irakurri nituen, irudi asko ikusi... Esan zidaten bazela elkarte bat Basque Children izenekoa. Haiekin harremanetan jarri nitzen, eta proiektu bat egin nahi nuela adierazi nien. Lanarekin lagundu didate irudien baimena eskuratzeko garaian, liburuak uzteko garaian eta beste hainbat gauzatan.

Elkarte horrek zer lan egiten du?

Elkarte horren asmoa bizirik dauden euskal umeak elkartzea da. Webgunearen bidez berriak ematen dituzte, hitzaldiak ematen dituzte euren historia kontatzeko... Haur horien artean harreman estua lortu zen, eta urtean behin elkartu eta gertakari horren urteurrena ospatzen dute. Joan den urtean 80. urteurrena izan zen.

Ikerketa hori nola islatu duzu artistikoki?

Argazki zaharrekin lan egitea gustatzen zait, eta lan hau grabatuaren arloan egin dut. Irudiak birsortu nahi nituen, uste baitut istorio hau behin eta berriz gertatzen dela historian, eta migranteen arazoa gaur egun ere badugula. Orain dela 80 urte gu ginen migratzaileak, eta ikusarazi nahi izan dut nola errezibitu gintuzten Ingalaterran: beso zabalik hartu zituzten Euskal Herriko haurrak.

Garai hura eta gaur egungoa nola lotu dituzu?

Nire lana zuri-beltzekoa da, ez dut kolorerik erabili, baina grabatuaren arloan gustatzen zaidana tintekin jolastea da, eta tinta ezabatzearen ekintzarekin beste irudi bat sortzea da interesgarriena niretzat. Ekintza hori zerbait traumatikoarekin lotzen dut, hau da, ezabatzea trauma bati lotzen diot. Grabatuetan irudi horiek funtzionatzen dute, eta urtinta ere erabili dut, irudiari ematen dion materialtasunarengatik.

Zein helburu duzu lan honekin?

Hausnarketa bat plazaratu nahi izan dut, eta gertatu zen istorio bat gogorarazi nahi izan dut gaur egungo migratzaileen krisiarekin alderatzeko.

Argazki zaharrek zer-nolako garrantzia dute zuretzat?

Argazki zaharrak gure nolabaiteko aztarnak dira. Denek ditugu gure aztarnak, eta familiaren argazkiekin edo argazki zaharrekin istorioak konta daitezke. Uda honetan, esaterako, nire herrian aurkeztu nuen lan bat argazki zaharrekin, lanbideak azaltzen ziren argazki zaharrekin, eta hainbat lanbide nola galtzen ari diren adierazi nahi izan nuen.

Zure lana Ingalaterran aurkezteko asmoa duzu?

Udan proiektu hau Manchesterko galeria batean aurkeztu nuen, Euskal Herrira ekarri baino lehen. Basque Children elkarteko jendea etorri zen, besteak beste, eta oso aberasgarria eta interesgarria izan zen, haien inpresioak entzuteko aukera izan bainuen. Beren familien istorioak ere kontatu zizkidaten. Haur horietako batzuk ezagutzeko aukera ere izan nuen, baita haien seme-alaba batzuk ere; oso hunkigarria izan zen. Oso pozik nago lana bi herrialdeetan ikusarazteaz. Donibane Garazin, gainera, anekdota polita gertatu zitzaidan. Emakume bat hurbildu zitzaidan esanez Habana itsasontzira eraman zutela Ingalaterrara bidaltzeko asmoz, baina berak ez zuen igo nahi izan, eta azkenean Euskal Herrian gelditu zen.]]>
<![CDATA[Saltzeko bide egokien bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/038/001/2018-10-24/saltzeko_bide_egokien_bila.htm Wed, 24 Oct 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1901/038/001/2018-10-24/saltzeko_bide_egokien_bila.htm
Aurore Martin Api Aparen beste kide bat da, eta bat dator Arbeletxek esaten duenean ehuneko horrek «prekaritate handia» sortzen duela: «Gure produktuak ezartzen ditugularik horrelako dendetan, ez dituzte erosten; beraz, biltegi moduko bat da. Ez badira saltzen, guk berriz eskuratzen ditugu. Edo kontsumitzaileak jasaten du prezio igoera hori, edo, ez bada saltzen, guk jasaten dugu. Horrelako dendek ez dute arrisku izpirik hartzen: ez badut saltzen, ez dut saltzen, eta saltzen badut, %40 hartzen dut».

Martinen iritziz, lan bat betetzen dute, eta hori ongi da, baina ez dago konbentzituta artisaua laguntzeko denik.

Denda horietako bat du Adelaide Daraspek: Martxuka. 2013an ireki zuen kafetegi-denda, Urruñan (Lapurdi) -gaur egun, Donibane Lohizunen dago-. Zazpi urtez Quebecen bizi izan zen, eta mota horretako denda asko ikusi zituen han: «Ohitura hartu nuen tokiko gauzak erosteko: jantziak, bitxiak... Euskal Herrian horren eskasa bazela nabaritzen nuen». Hala, Euskal Herrira itzultzean, bere etxe parean zen lokal huts batean zerbait egiteko gogoa sartu zitzaion: «5.000 eurorekin egin nuen dena, eta etxetik gauza anitz ekartzen nituen: katiluak, ura irakinarazteko makina, kafe makina...». Sortzaileekin harremanetan jarri zen gero: «Euren produktuak depositu moduan ezartzea hitz egin nuen sortzaileekin, nik ez nuelako dirurik haien stocka erosteko. Hasieran, %30 hartzen zuen dendak, eta kopuru hori aldatuz joan da dendan dauden kostuengatik. Orain %40 hartzen dugu; batez ere BEZa ordaindu behar dugulako igo behar izan dugu kopurua. Gaur egun, beraz, %60 doa sortzailearendako, eta %40 dendarendako».
Martxuka. Adelaide Daraspek Donibane Lohizunen du dena, eta zati batean sortzaileen produktuak ditu. BOB EDME
Daraspek badaki zenbait artisau ez direla ados kontzeptu horrekin. «Guretzako garrantzitsua da artisauak behar duen prezioa ukaitea eta ez beheititzea. Bi kasu badira: bat, artisauak bolumen aski handiak egiten ditu, antolatua da, bere estruktura ongi muntatua du... Horrelakoek beti kalkulatzen dute jadanik zenbat den bere produktuaren kostua eta zenbat ematen duten salmentarentzat. Bestea, artisau berriak. Horiei zaila egiten zaie hori egitea, eta, beraz, esaten diezunean dendak %40 hartzen duela, batzuetan beldurtzen dira. Nik beti esaten diet horrek esan nahi duela ez duela bere burua ongi pagatzen. Nire ustez, prezio on bat da dendak eta sortzaileak prezio bera atxikitzeko gai direnean. Hau da, dendak saltzen badu dendak irabazten du salmentaren dirua, eta artisauak ere irabazi behar du».

Elodie Lissar eskulangilea Api Aparen parte da, eta Martxukan ere izan ditu bere produktuak: «Ongi da horrelako dendak egotea, bitartekari lana egiten dute, zure izena ezagutarazten dizute... Baina, nire ustez, ez da ona zure produktuak luzaroan egotea horrelako toki batean. Guk gure enpresa izatea da interesgarriena».

Pasai Donibanen (Gipuzkoa), Amua izeneko denda bat ireki dute orain hilabete. Euskal Herriko artisauen eta diseinatzaileen lana ezagutaraztea du helburuetako bat. Halaxe azaldu du dendaren jabe Luzia Tauilek: «Pasai Donibane herri turistikoa da oso, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hemengo produktuak eta hemengo artisauen lanak atzerritarrei ezagutaraztea». Zergatik markan urte luzez lanean ibili eta gero, bere partaidetza saldu, eta beste ibilbide bati ekitea erabaki zuen Tauilek. Ez da diseinatzailea, ezta artisaua ere, baina urteek emandako esperientzia tokiko sortzaileei laguntzeko gai dela erakutsi nahi du. Bere kasuan, dendan dituen produktu ia gehienak erosi ditu: «Dena erostea gustatuko litzaidake, iruditzen baitzait artisauari laguntzeko modurik hoberena dela. Idoia Lizeagak depositu moduan jarri ditu, baina gainontzeko guztia erosi dugu; apustu bat egin dugu».

Denda eta tailerra

Sortzaile askok ikusten dute denda bat izatearen beharra edo, behinik behin, euren produktuak dendaren batean egotearen premia. Api Apako bultzatzaileek, baina, arazo gisa ikusten zuten denda edukitzea eta sortzea uztartzeko garaian. «Salmentan zaudenean horretan zaude, jendearekin zaude, beste gauza batzuetan, eta zaila da denda bat edukitzea eta tarteka zure sorkuntzei tokia egitea. Uste dut proiektu honekin aterabide bat atzeman dugula», adierazi du Martinek. Izan ere, Api Apan sei sortzaile direnez, asteko egun bakoitzean pertsona bat egon da -oraintxe bertan denda itxita dago-. «Kooperazio lana egin dugu artisauen artean. Asteko egun bat salmentari dedikatu diogu, eta horrek ahalbidetu digu produzitzea beste egunetan eta beste eskaera batzuei erantzun ahal izatea», azaldu du.

Arantxa Paskual sortzaileak bestelako ideia du. Berak denda eta produkzioa elkarrekin eramaten ditu Oiartzungo (Gipuzkoa) Mamut merkataritza gunean duen HemenGO dendan. Denda edukitzea interesgarria dela uste badu ere, ez dela erraza dio: «Alokairu bat ordaindu behar da, eta salmentak ez dira izugarrizkoak; badira egunak ez dena inor sartzen». Lehen, Errenteriako (Gipuzkoa) herriko enparantzan zuen denda txiki bat Paskualek. Txiki gelditu zitzaion, saltzeko zein sortzeko, eta, gainera, alokairua oso garestia zen. «Denda uztea erabaki nuen, eta, hasieran, produzitzeko toki baten bila hasi nintzen, baina denda baten bila zebilen beste artisau batekin topo egin nuen, eta lokal hau alokatzea erabaki genuen».

Denda bat izateaz gain, saltzeko beste modu batzuk topatzen ere saiatzen da eskulangilea; sare sozialak, esate baterako. «Nik sare sozialak anitz erabiltzen ditut. Moda arloan nabil, eta biziki lagungarriak dira jendeari erakusteko zer egiten dudan. Argazki saioak egiten ditut, eta sare sozialen bidez hedatzen ditut. Erakusleiho bat dira, baina ez dira aski. Artisautza aipatzen duzularik, jendeak behar du ikusi, hunkitu, entseatu... Harreman zuzena behar da produktuarekin. Gero ezagutza egin duelarik, orduan bai, orduan sare soziala izan ahal da lotura zure bezeroarekin».

Merkatuak ere aski hedatuak dira, baina denek ez dute aurkitzen beren lekua. «Nik, adibidez, merkatuetan ez dut lekurik. Nire jantziak landuak dira, bereziak dira, eta jendeak intimitate bat behar du jantzi horiek probatzeko», azaldu du Arbeletxek. Paskualek, ordea, dendari baino probetxu handiagoa ateratzen dio merkatuari, asko jaitsi direla onartu arren: «Nik koadernoak, giltzatakoak, diru zorroak eta beste saltzen ditut, eta hori azoketan dezente saltzen da. Aitortu behar da, hala ere, salmenta jaitsi egin dela azken urteotan. Merkatu asko egiten dira, edozein ekitalditan jartzen dira, eta, batzuetan, balioa kentzen zaio gure lanari. Beste modu batera ikus gaitzaten nahi dugu, baloratzen da, baina kosta egiten da».

Eskulangileak ez du erronka makala, eta bakoitza bere aterabideak atzematen saiatzen da. Api Apak gaur egun ateak itxiak baditu ere -udan soilik egon da irekita-, ikusi dute salmentarako aterabide egokia dela, eta, etorkizunari begira, segitzeko animatuak dira. Barnealdean, betiere: «Guk hemen nahi dugu bizi, eta gure aktibitatea hemen nahi dugu garatu. Gainera, artisautza ez da bakarrik aberatsentzako zerbait». ]]>
<![CDATA[Estetikaren atzeko mezua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1901/038/001/2018-10-20/estetikaren_atzeko_mezua.htm Sat, 20 Oct 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1901/038/001/2018-10-20/estetikaren_atzeko_mezua.htm
Bigarren aldiz antolatu du Baionako Spacejunk arte zentroak hiriko muralen jaialdia. «Beti da zaila lehenengo aldia egitea, eta, gainera, kaleko artea ez da gehienek daukagun ezagutza bat. Iazko aldiarekin, urteetan buruan genuena irudietan jartzea lortu genuen, horrek jendea lasaitu zuen, eta artistek hiriko hormetan margo zezaten ahalbidetu zuen nolabait», azaldu du Alban Morlot Baionako Spacejunkeko arduradunak.

Bide horretatik, iazko helburuei segida eman diete aurten ere: «Kaleko artearen presentzia erakutsi nahi dugu, korronte honetan dabilen jendearen aniztasuna eta kalitatea ezagutaraztea eta espero ez den tokietan eskuragarri jartzea. Hori ez da festibalaren aldi bakarrarekin egiten, eta hori da interesgarria kaleko artearen alorrean: teknika eta estetika berriekin garatuz joaten da; beti berritzen ari da». Bigarren aldiak, bestalde, Saison France-Israel 2018 labela jaso du, Morlotek kontatu duenez: «Bi herrialdeen arteko hartu-eman artistikoa babesten du. Hori horrela, Untay Pour artista hartu dugu Baionako Jules Ferry ikastetxeko horma bat margotzeko, eta urriaren bukaeran hemengo bi artista Tel Avivera joanen dira. Label horrek gure proiektu kulturalaren kalitatea bermatzen du, eta nazioarteari begira ikusgarriago izan gaitezen ahalbidetzen du».

Hogei artista

Baionako gero eta horma gehiagok dute kolorea. Aurretik zeuden 23 muralei aurten beste hamazapi gehitu zaizkie. Guztira hogei artistak parte hartu dute aurten; horien artean, hainbat euskal herritarrek. Udane Juaristi Udatxo da horietako bat. Bere horma berezia da, barneko horma bat baita, mota horretako bakarra jaialdian. Interesgarria iruditu zitzaion proposamena: «Normalean, arte urbanoa kalean egiten da, baina tokia proposatu zidatenean gustatu zitzaidan». Askatasunaren plazan dagoen Cafe du Theatren dago Udatxo, herriko etxea dagoen plazan bertan, eta bere lana testuinguru horri lotuta doa: «Argazki zaharrekin jokatzea gustatzen zait, eta tokiko aspaldiko postalak topatu ditut, eta horrekin ari naiz. Plaza honetako argazki zahar bat ere sartu dut, eta gaur egungo irudiekin nahastuko dut, lehengo eta oraingo denboren artean zubi bat egiteko asmoz. Horrez gain, koloreen eta zuri-beltzaren arteko kontrastea sortu nahi dut». Lana gaur bukatzea espero du.

Baiona Handia atzean utzi, eta Baiona Ttipira murgiltzean, Patxa plazan beste bi artista dabiltza lanean. Kataluniako Reskate Studioko Maria Lopez donostiarra eta Javier de Riba bartzelonarra dira. Balea bat egiten ari dira. «Beti tokiaren ikerketa lan bat egiten dugu aldez aurretik, bere berezitasunak ikertzen ditugu, muralak inguruko identitatea adieraz dezan. Patxa plazako horma bat eskaini ziguten, euskal kultura bertako jendearentzat eta kanpokoentzat sustatzen duen tokia. Hori oso interesgarria iruditzen zaigu: kulturen arteko topaketa eta horrek dakarren aberastasuna», azaldu du Lopezek. Balearen irudia hartzearen arrazoiak azaldu ditu: «Euskal baleontzien gaia landu genuen, nola Eubalena glacialis balearen desagertzearekin toki berrietara nabigatu zuten eta elkarrekin komunikatzeko hizkuntza berriak sortu zituzten. Bestalde, euskal kostan balearen arrantza dokumentatzen duen lehen dokumentazioa Baionak balearengandik datozen produktuak saltzeko pribilegioa lortu zuenetik dator».

Horma berean, baina, bi artelan margotu dituzte. Nola? Margo fotoluminiszentearekin eta argi instalazio batekin. Interpretazio bikoitzeko murala deitzen diote: argia itzaltzean, ilustrazio berri bat azaltzen da. Orain urte batzuk lantzen ari diren Harreman deituriko proiektu baten parte da.

Baiona Ttipitik Santizpiritu auzora doan zubia pasatu, eta Habas La Pleine egoitzan Fermin Moreno artista bilbotarra dago. Garabia hondatua du, eta teknikariaren zain dago. Jaialdiak baliabide guztiak jartzen dizkie artistei: garabia, pinturak, hotela, janaria... «Ez da beti horrela izaten. Artistek normalean baldintza batzuk dituzte lan egiteko: batzuek materiala eskatzen dute, besteek makinak... Festibal hau, alde horretatik, oso ondo dago», esan du Morenok. Teknikaria datorren bitartean beheko zatia margotzen hasia da aldez aurretik egindako zirriborroari begiratuz. Irudi abstraktu bat egingo du, horrek ezaugarritzen baitu artista bilbotarra. Ez zekien horma non zegoen, eta uste du hori garrantzitsua dela: «Ez da gauza bera Baiona erdian egitea edo hemen». Beste kazetari bat etorri zaio jarraian, ez zuen espero, «baina noiz lan egingo dut?», galdetu du erdi txantxetan erdi serio.

Horrelako festibalei garrantzia ematen diete laurek, «ate asko» irekitzen dituztela iritzita. «Jende asko mugitzen da mundu honetan, eta Baionakoa nahiko ezaguna egin da. Zure lana zabaltzeko aukera ematen du, eta sare sozialen bidez zabalkunde handia izaten du», adierazi du Juaristik. Reskate Studiokoen iritziz, arte murala «baztertu» egin da, eta publizitateari lekua egin: «Festibalek lan handia egiten dute administrazioekin zein bizilagunekin espazio publikoa produktuen eskaintza soilik ez izateko». Nabarmendu dute artista gisa asko ikasten dutela margotzen duten tokitik aldez aurretik egiten duten ikerketa lanari esker, besteak beste. «Oso aberasgarria da bizilagunen erreakzioak ikustea. Arte publikoa denez, ikusgai zaude, onerako zein txarrerako. Horrez gain, ez dugu alboratu behar hau dela gure lanbidea eta ordaindua izan behar duela. Askotan, ikusgarritasunaren truke lan egitea proposatzen digute. Nori bururatuko zitzaion tratu hau paisajista bati, adibidez?». Lan publikoa izanik, ardura «handiarekin» hartzen dute Reskate Studioko Lopezek eta De Ribak: «Gizartea modu justuan eta demokratikoan aurreratzen laguntzeko balioak transmititzeko betebeharra sentitzen dugu. Espero dugu, gutxienez, gure aletxoa jarri ahal izatea, ez bakarrik estetikaren aldetik, baita mezuaren aldetik ere».

Arte urbanoak hiri bati mugimendu asko eta aberastasuna ematen diola pentsatzen du Juaristik: «Hiria koloreztatzeaz gain, jendeak artea beste modu batera ulertzeko aukera ematen du, gertutasuna ematen du. Askotan, artea gauza abstraktu baten moduan edo beste maila bateko zerbaiten moduan ikusten da, eta hori hautsi egiten da horrelako jaialdiekin». Morenok bat egiten du iritzi horrekin: «Gaur egungo hiriak edertzen ditu, ez bakarrik arte arloan, baita sozialki ere. Hirian dena oso monotonoa da, eta honekin begirada aldatzen duzu, arkitektura aldatzen da».]]>
<![CDATA[«Gure helburua jendea zutik ezartzea zen, euren autonomia berreskura zezaten»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/046/001/2018-10-14/gure_helburua_jendea_zutik_ezartzea_zen_euren_autonomia_berreskura_zezaten.htm Sun, 14 Oct 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1948/046/001/2018-10-14/gure_helburua_jendea_zutik_ezartzea_zen_euren_autonomia_berreskura_zezaten.htm Les Mouettes —itsas ainara edo antxeta euskaraz— sorreran ibili zen pertsona bati otu zitzaion. Haren arabera, antxetak ekaitz bat datorrenean portuan pausatzen dira, eta hori izango zen hain justu egoitzak egin behar zuen lana, zailtasunetan ziren pertsonei, ekaitz betean zeudenei, geriza eman.

Naoneden sortu zinen; noiz etorri zinen Euskal Herrira?

22 urterekin etorri nintzen, euskaldun batekin ezkondu ondoren. Senarraren familiak harrera biziki ona egin zidan, baina egia da hastapena pixka bat zaila izan zela. Hiri handi batetik atera ondoren jin nintzen Baionara, eta Baiona biziki tipia zela atzeman nuen, baina senarra Baionako langile gazteen aterpetxearen zuzendari zen, eta bera laguntzen nuen; beraz, oso okupatua nintzen, eta ez nintzen aspertzen.

Gero, Les Mouettesen hasi zinen. Nolatan?

1983a zen. Egoitza berri baten zuzendaritza hartzeko prest ote nintzen galdegin zidaten. Zailtasunetan ziren emazteak eta haurrak zituzten amak errezibituko zituen zentro bat izanen zen. Egoera ez zen berria, zailtasunean ziren emazteak baziren jadanik, eta Montaut plaza inguruan aterpetuak ziren apartamentuetan, baina ez zegoen zainketarik, ez zegoen kudeaketarik, eta, beraz, arazoak sortzen ziren auzoan. Hortaz, jende multzo batek gogoetatu zuen, eta egitura berri baten sortzea erabaki zuen; beraz, proiektu bat eraiki zuten, eta niregana jin ziren dena egin eta gero.

Baietza eman, eta hogei urtez aritu zara bertan.

Hastapenean kezkatua nintzen, ez nekien gai izanen nintzenetz lan hori egiteko; ez nuen esperientziarik alor horretan. Nire lan esperientziak nerabeekin ziren Frantzian, eta hemen hezitzaile gisa aritu nintzen Matignon zentroan haur elbarrituekin, eritasun fisiko zein mentalak zituztenekin. Urteek formakuntza eman didate, baina beste eskualdeetara joan nintzen horrelako aterpetxeek nola funtzionatzen zuten ikusteko.

Nolakoa izan zen egoitzaren hastapen hori?

Esperientzia zuen hezitzaile bat hartu zen, eta horrek anitz lagundu zuen; fite, beste hezitzaile batzuk hartu ziren, eta zinez talde sendoa eta elkar laguntzen genuen taldea osatu genuen.

Hastapenean, indarkeria jasaten zuten emazteak errezibitzen genituen, haurrekin izan edo ez, hemen ingurukoak zein beste departamenduetatik etorritakoak. Baziren, hala ere, mintzatzera etortzen ziren emazteak ere, aterpetuak ez zirenak. Informazioa nahi zuten, guk euren kasuan zer eginen ote genuen galdetzen ziguten. Gu ez ginen euren lekuan, eta zaila zen erantzun bat ematea egoera horretan. Hasierako urteetan, egoitza logeletan antolatua zen, emazteak ganbaratan zeuden aterpetuak, eta bizi kolektiboa egiten zen, hala nola elkarrekin bazkaltzen eta afaltzen zuten, astelehenean denak elkartzen ziren, eta astea antolatzen zuten: nork prestatu zuen bazkaria, afaria... Lanak banatzen ziren. Egunean zehar emazteak libre ziren nahi zutena egiteko, sartzeko, ateratzeko, haurrak eskolara eramateko, jardueretara... Behean sala bat zegoen, eta aukera zuten lagunak edota familiakoak errezibitzeko.

Denborarekin ohartu ginen bizi kolektibo hori ez zela beti ona: haurren artean baziren kalapitak, emazteen artean ere bai... Bizi kolektibo hori ere ez zen ona arazo arras desberdinak izaten ahal zirelako emazteen artean, desberdintasun hori ez zen egokia beti elkarrekin bizi ahal izateko. Beraz, antolaketa berrikusi genuen, eta, logeletan ezarri ordez, apartamentu txiki batzuetan ezarri genituen. Aldaketa hori onerako izan zen, emazteak hobeki ziren apartamentuetan, batzuetan esku hartu behar bagenuen ere. Gero, ordea, ez zen aski leku, eta Baionan apartamentuak alokatzen hasi ginen diru laguntza berezi batzuen bitartez.

Zenbat denboraz egoten ziren egoitzan?

Garai hartan genuen arazoa etxebizitza bat topatzea zen, orain baino zailagoa zen orduan. Beraz, familiak batzuetan sei hilabetez, zortzi hilabetez edo urtebetez egoten ziren egoitzan. Izan ere, egoitza uzteko irtenbide bakarra etxebizitza bat atzematea zen. Denbora hartzen zuen etxebizitza bat topatzeak, familia horiek ez ziren biziki lagunduak diruz, laguntzekin bizi ziren familiak izan ohi ziren. Dena den, jadanik zaila zen haientzat lan egitea, arazo anitz baitzituzten konpontzeko. Etxebizitza eskuratzen zutenean, egoitzatik joaten ziren, baina batzuk itzuli egiten ziren euren bikotekidearekin ezin zirelako bizi. Apartamentutik joaten zirenean, hala ere, harremanetan segitzen genuen haiekin, egoitzarekin berarekin, hezitzaileekin... adibidez, astebeteko otorduen plangintza bat bazuten, laguntza guztiz konkretua zen, baina horraino ere behar zuten laguntza. Euren etxebizitzan instalatzen zirelarik, berehala harremanetan sartzen ziren auzoko edo eskualdeko gizarte laguntzailearekin, berak hartu behar baitzuen segida.

Nolakoa zen harremana hezitzaileekin?

Hastapenean hezitzaile emakumeak hartzen genituen bakarrik, baina mundu honetan gizonak ere sartu nahi izan genituen emazte zein haur horiek gizonaren irudi bat ukan baitzuten. Ideia zen gizonez ukan zuten irudi negatibo hori aldatzea. Hastapenean zaila izan zen, baina pixkanaka lortu genuen.

Behar bati erantzunez sortu zen egoitza, lehenagotik eman ez zitzaiona. Kontzientzia feminista bat nabaritzen zenuen?

Hastapenean ez nuen sobera hautematen. Garai hartan ez zen emazteen eskubideen informazio zentrorik [CIDF frantsesezko sigletan] Baionan; Pauen bazen, eta hara bilkuretara joaten nintzen. Borrokatu nintzen Baionan horrelako zentro bat egoteko, eta Pauetik norbait etortzea lortu nuen; gure zentrora noizbehinka etortzen zen zerbitzu hori emateko. Erran behar da CIDFeko pertsona hori egoitzara etortzen bazen ere, ematen zuen zerbitzua ez zela egoitzan zeuden emazteentzat bakarrik, edonorentzat irekia zen. Geroztik, Baionan garatu da, eta gaur egun egoitza bat bada.

Zaila zitzaizuen administrazioarekin lan egitea?

Zaila zen estatutik dirua lortzea. Hala erraten ziguten: «Kostu handia duzue, eta, gainera, ez diguzue fitsik ekartzen». Ekonomikoki ez ginen errentagarriak estatuarentzat. Aurrekontua borrokatzera joaten nintzen urte guziz, eskatutakoa ez zuten eman nahi... Zaila zen.

Beste elkarteekin harremanik bazenuten?

Paueko, Tolosako eta Ageneko mota bereko egoitzetako zuzendariekin elkartzen ginen, gure kezkak, arazoak-eta trukatzeko; elkarlan bat eramaten genuen, hiru hilabete guziz elkartzen ginen.

Pertsona gisa eta egoitzako zuzendari gisa, zerk ematen zizun minik handiena?

Bi gauzak. Lehenengoa, emaztea bikotekide biolentoarekin itzultzen zenean. Baina ezin zenuen ezer egin, aske zen hori erabakitzeko. Eta, bigarrena, haurrak objektuak balira bezala tratatzen zituztenean. Haur bat pertsona bat dela erakusten genien emazte batzuei, eta hezitzaile batzuk haurrekin jolasten ziren amaren aitzinean amak ikusteko nolabait zer egin behar zuten.

Egoera zailak bizi izan zenituen, onak baino gehiago, agian...

Gogoratzen naiz gaztetxo batzuk amarekin aterpetuak izan zirela, eta handik hamabost urtera haur berak errezibitu genituela heldu zirela. Horrek min egiten du, eta horrelako bi kasu izan genituen. Egoera positiboak ere izan ditugu, noski: emazte bat haur batekin jin zen, haren bikotekidea biolentoa zen, eta egoera horretatik ateratzea lortu zuen, formatu eta hezitzaile berezitua bihurtu zen. Gure helburua jendea zutik ezartzea zen, euren autonomia berreskura zezaten. Parte batean lortu genuen.

Zaila zitzaizun arazoen motxila uztea?

Kasu biziki zailak zirenean ez zen erraza; etxera ekartzen nituen arazo horiek. Adibidez, amari haurrak beste egitura batzuetan jartzeko kentzen zitzaizkiolarik, biziki zaila zen. Ama horietako askok erraten zuten nahiago zutela familian gelditu, nahiz eta tratu txarrak pairatu ez eta haurrak kendu. Mendira joateak on egiten zidan.

Les Mouettes egoitza oraindik ere existitzen da, eta gaur ere eginkizun garrantzitsua betetzen du. Ez da kezkagarria? Hau da, sortu zenetik 35 urte pasatu dira dagoeneko....

Kasu zailak beti egon dira, eta egonen dira; nik erranen nuke, gainera, orain biolentzia kasu gehiago daudela egoitza sortu zenean baino. Les Mouettes garatuz joan da; ez dakit orain nola funtzionatzen duen, baina gaur egun baliabide gehiago daude zailtasunetan diren pertsonei laguntzeko, jendea ere formatuago dago; egun osoan daude jendea errezibitzeko. Gu ere 24 orduz prest ginen errezibitzeko, baina orain antolatuago dago dena. Gauzak aberastuz joan dira esperientziak hala erakutsita. Berehalako harrerarentzat ere eraginkorragoak dira.

Les Mouettes utzita, emakumeen alde lanean jarraitu duzu?

Erretreta garaia iritsi zenean utzi nuen Les Mouetteseko zuzendaritza. Alor sozialean jarraitu dut lanean, baina egituretatik kanpo; Emausen engaiatu naiz, esaterako.]]>
<![CDATA[Berriro bere lekua har dezan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1930/038/001/2018-10-03/berriro_bere_lekua_har_dezan.htm Wed, 03 Oct 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1930/038/001/2018-10-03/berriro_bere_lekua_har_dezan.htm
Orain bi aste ezarri zituzten sareak lurrean eta egunero-egunero joaten dira biltzera. «Jendeak pentsatzen du gaztaina fruitu azkarra dela, baina ahula da. Bere gustua eta kalitatea mantendu nahi bada berehala bildu behar da», azaldu du Itoizek Lekorneko gaztainondoak erakusten dituen bitartean. Iaz 3,5 tona bildu zituzten eta aurten gorago ezarria dute erronka: hamar tona biltzeko esperantza dute. Autoa hartu eta Hazparneko lurretan dauden gaztainondoak erakutsi ditu. Armand David lizeoaren lurrak dira eta modelo bezala baliatzen ditu: «Hemen dauden gaztainondoak orain dela hogei urte landatu genituen. Begira, begira [gaztainak erakutsiz], izugarriak dira eta ez diegu fitsik botatzen, gaztain hauek arrunt bio dira. Eremu hau gaztainondoak nola landatu behar diren eta zein baldintzatan zaindu behar diren erakusteko baliatzen dugu».

Ekonomia baterantz

Gaztain horiekin zer egin daitekeen eta zer egiten duen erakutsi du Itoizek; horretarako, Bidarrain (Nafarroa Beherea) duen Sativa dendara joan da. Saltokiaren atzeko aldean gaztainak idortzeko labea du, gero ondoan duen harrizko eiheran irina egin ahal izateko. Gaztainekin garagardoa egiten ere hasi da orain ez asko. Oraingo munduan gaztainarentzat ate bat badela pentsatzen du Itoizek: «Badira zenbait besta gaztainaren inguruan, baina ez da ekonomia bat lehen bezala fruitua biltzeko, saltzeko... Gaztainak bere lekua hartu behar du, badu oraino gero eder bat. Norbaitek idatzi zuen Frantziako egunkari batean gaztainek jendearen bizitzetan lekua hartuko zutela berriz».

Horretan dabiltza eta elkarte bat sortzeko bidean dira. Proiektu horren barruan daude Lapurdiko Lekorne, Luhuso, Makea eta Nafarroa Behereko Heleta, eta Bidarrai, historikoki gaztainondoak izan dituzten herriak: «Herri horietako auzapez eta hautetsiekin izan naiz. Guztiak ados dira, eta gauzak ongi, hil honetan berean izenpetuko dugu elkartea sortzeko agiria. Bada lana, zuhaitzak landatu behar dira, eremuak garbitu... mendi lur horiei balioa eman behar zaie, eta, hortik, ekonomia bat sortu gaztainondoen inguruan».

Kirikino hesiak

«Ez gara konturatzen eta gaztainei ez diegu eskertzen guregatik egin zuten guztia», dio Iñaki Garcia Uribe Aranzadi zientzia elkarteko Etnografia Saileko kideak. Euskal Herrian gaztainaren kultura ikertu dutenetako bat da, besteak beste, Alberto Santana, Felix Muguruza eta orain bi urte hil zen Enrique Ibabe etnografoekin batera. Orozko (Bizkaia) Euskal Herrian gaztainaren kulturarik handiena duen herria dela dio: «Euskal Herrian gutxi gorabehera 110 bat kirikino hesi [gaztainak morkotsen barruan biltzen zituzten harrizko eraikuntzak] daude katalogatuta, eta horien erdiak Orozkon daude. Datu hori izugarria eta esanguratsua da. Zergatik ez daude Ezpeleta, Oñati edo beste nonbait? Horrek atentzioa eman zigun. Santana historialari etnografoak azaldu zigun XVIII. mende bukaeran gaztainaren esportazio maila gorena izan zela. Gaztainez beteriko itsasontziak astero ateratzen ziren Bilboko Atxuritik Herbehereetara, Alemaniara edota Belgikara. Ehunka eta ehunka gaztaina egunero, ikaragarria da».

Orozkon gaztainondo asko zeuden, beste hainbat tokitan zeuden bezala, baina diferentzia da bazela pertsona bat interesatua Orozko gaztainak esportatzeko tokia izateko. Pertsona hori Manuel Goikoetxea komisionista laudioarra zen. Bilboko zinegotzia zen, eta ontzidi bat zuen Anberesko (Belgika) enpresari batekin —Pedro Goossensekin—, eta haren bidez esportatzen zituzten gaztainak. «Hortik, Orozkon hainbeste kirikino hesi egotearen arrazoia: negozio bat bazelako. Ekonomia bat zegoen, basoa ekonomizatu zuten», azaldu du. Ekonomia horrek zuen garrantzia baieztatzen duen dokumentu bat topatu zuten, 1780koa: «El motín de los castañeros de Orozco en Atxuri (Orozkoko gaztain-saltzaileen matxinada Atxurin) deitzen da, eta hor azaltzen da anegaren prezioa aldatu zietelako matxinatu zirela».

Baserria eta gaztainondoak

Euskaldunen gosea gutxitu zuela ados dira Itoiz eta Garcia Uribe. «Oraino entzuten ahal da aitatxi-amatxien solasetan euren jatekoa gaztain eta esne eta gaztain eta ogi zela», esan du Itoizek. Baserrietan jaten zen beste gauza bat gaztain zopa zen, Aranzadiko etnografoak azaldu duenez: «Gauetan denek elkarrekin gaztain zopa hartzen zuten. XX. mende hasieran errezeta galdu egin zen, ez baitzuen inork transkribatu, baina orain hamabost urte Loiuko amama batek errezeta eman zigun, eskasia eta pobrezia denboretan prestatzen zutena».

Gaztainaren garrantzia agerian uzten duen beste gertakaria baserriei lotuta doa. XV. mendean, euskal baserriak eraikitzen hasi zirenean, etnografoaren hitzetan, baserritarrak behartuak ziren inguruan hainbat gaztainondo landatzera: «Gaztainondoa baserrien eskutik doa, fruituaren garrantziagatik eta haren egurraren iraunkortasunarengatik. Garai hartan, ez zituzten iltzeak erabiltzen, baizik eta gaztainondoetatik sortzen zituzten makilatxoak».

XIX. mende bukaeran, ordea, gaztainondoen «minbizia» etorri zen, tintaren gaixotasun esan ziotena. «Dirudienez, New Yorketik Donibane Lohizunera barku bidez iritsi zen», azaldu du Garcia Uribek. Gaztainondoek tinta beltzaren gisako likido bat zornatzen zuten. Gaixotasun horren aurkako tratamendua Pedro Urkijo ingeniari agronomoak asmatu zuen, Aranzadiko etnografoaren arabera. Bederen Hego Euskal Herriko gaztainondoena.

Izan ere, Beñat Itoizek kontatu duenez, Aldudeko (Nafarroa Beherea) eta Zuraideko (Lapurdi) bi misiolariei esker, Ipar Euskal Herriko gaztainondoak salbatu ahal izan ziren: «Japonian jainkoaren berri emateaz gain, bazuten beste misio bat: gaztaina eritasun horretatik salbatzea. Bazekiten Japoniako gaztainak ez zuela eritasun hori biltzen, eta, han zegoen apaiz batek emandako azalpenak kontuan hartuta, kutxa batzuetan igorri zituzten gaztainak. Erein, eta sortutako zuhaitzetatik gure gaztainondoak txertatu zituzten».

Gaur egun, beraz, Ipar Euskal Herrian dauden gaztainondoak hibridoak dira, castanea sativa ziren, eta orain castanea crenata dira, txertaketaren ondorioz.]]>
<![CDATA[Migratzaileei arta «duina» emateko harrera toki gehiago eskatu dituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/014/001/2018-09-30/migratzaileei_arta_duina_emateko_harrera_toki_gehiago_eskatu_dituzte.htm Sun, 30 Sep 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1946/014/001/2018-09-30/migratzaileei_arta_duina_emateko_harrera_toki_gehiago_eskatu_dituzte.htm
Baionako Euskaldunen plazan izan zen agerraldia. Toki esanguratsua da, autobus konpainiak han biltzen baitira. Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramailean hitzetan, «gaur egungo egoera islatzen du». Eguna bera ere ez zen edozein, Euskal Hirigune Elkargoak bilkura baitzuen atzo Baionan. Eta, hain justu, Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariari eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat herri eta hiritako auzapezei gutun bat helarazi zieten migratzaileen aldekoek; haien egoeraren «larritasunaz» ohartarazteko eta egoera hobetze aldera beharrezkoak diren ahalak jar ditzatela eskatzeko. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Hirigune Elkargoak eraikin bat irekitzea», adierazi zuen Helene Ducarre tokiko CIMADE elkarteko presidenteak. Bide horretatik, gogorarazi zuen gaur egun Hendaia (Lapurdi) eta Baiona artean ez dagoela horrelako zentrorik.

Hiru eguneko egonaldiak

Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Catherine Verbruggenek batik bat Bizkaiko egoeraren berri eman zuen, nahiz eta Gipuzkoan ere antzera daudela ohartarazi. «Ez da zaila ikustea Bilbo, estrategikoki, pasabide bat dela, eta, hori horrela, denbora da pasaian diren pertsonentzat harrera toki bat eskatzen dugula», esan zuen. Gogorarazi zuen Bilbora iristen diren pertsonek soilik hiru eguneko aterpe eskubidea dutela: «Orain dela urte batetik hona, ordea, egoerak okertzera egin du, asilo eskatzaileak gero eta gehiago direlako eta epeak luzeagoak direlako. Jendeak urtebete pasatu behar badu asilo eskatzaile moduan onetsia izateko, eta, beraz, etxebizitza baterako sarbidea izateko saturazio mailara iristen gara. Jantoki publikoak ere beteta daudela ikusi dugu». Uda honetan herritarrak eurak antolatu dira migratzaileei harrera egiteko eta bizitzeko oinarrizko eskubideak bermatzeko: «Horrekin demostratu nahi izan dugu posible dela gure baliabideekin harrera egitea, eta erakutsi nahi izan dugu erakundeen jarrera salagarria dela». Uda pasatuta, Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat izan zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: «Prentsaren bidez esan zuten ez dakit zenbat baliabide martxan jarri dituztela, oso harrera ona eman dutela... Baina hori ez da egia. Nahiz eta leku berriak ireki, ez da aski, eta jende asko gelditu da kalean».

Bide bakarra

Gaur egun migratzaileek duten bide bakarra Marokotik Espainiara doan bidea da, Turkiatik Greziara pasatzeko bidea itxia baita eta Libiatik Italiarakoa ere bai. «Baina badakigu dagoeneko bide hori ixteko ahalegina egiten ari direla. Urtarrilaz geroztik 50.000 pertsona gelditu dituzte Marokon, eta 6.700 deportatu dituzte», azaldu zuen Ducarrek.

Esku artean dituzten datuak jakinarazi zituen: «2016an, 8.000 pertsona iritsi ziren Marokotik Espainiara. 2017an, 22.000, eta, aurtengo lehen seihilekoan, 27.000. Gehienak Algecirastik (Cadiz) eta Malagatik igaro dira». Asiloari dagokionez, 2016an eskatutako 9.540 eskaeretatik 600 onartu zituen Espainiak. «Beraz, hor ulertzen dugu migratzaileek Espainian direnean zergatik jarraitu nahi duten ibilbidea».

Egoeraren larritasunaz eta irtenbide baten beharraz ohartarazteko ekintza gehiago egingo dituzte. Ondoko egunetan emango dute horien berri.]]>
<![CDATA[«Joaldunek zerbait ekartzen dugu; ez gara folklorean ari»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/048/001/2018-09-28/joaldunek_zerbait_ekartzen_dugu_ez_gara_folklorean_ari.htm Fri, 28 Sep 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1886/048/001/2018-09-28/joaldunek_zerbait_ekartzen_dugu_ez_gara_folklorean_ari.htm
Orain urte batzuk, joaldun talde andana bat sortu zen Euskal Herriko hainbat herritan. Hazparneko Joaldunak taldea ere testuinguru horretan sortu zen?

CHRISTIAN HIRIGOIEN: Ez dut erraten ahal boom horretan sortu zela. 1988an, Hazparneko gazte batzuek zerbait berezia egin nahi zuten Ipar Euskal Herrian, baina ongi lotua zena Euskal Herriko kulturan. Iturengo joaldunen ikustera joan ziren, esplikatu zieten zer nahi zuten, haiek onartu zuten, eta gauzak nola egin behar ziren azaldu zieten: joareak nola estekatzen ziren, urratsak nola egin behar ziren... Hastapenean, zortzi kide ziren Hazparnen, eta, gaur egun, hogei gara.

XIMUN BELLECAVE: Garai hartan irringarria zena da Iturenen izan zirenetako batek margoz egin zituela jantziak. Hau da, jantziak nola izan behar ziren jakiteko, margotu egin zituen, gero etxerat sartzean zer behar zen ohartzeko. Beharbada, ez zuten argazki tresnarik, eta are gutxiago telefonorik!

Joaldun autentikoak Iturengoak, Aurtizkoak eta Zubietakoak direla diote. Gainontzekoak imitazioak zarete?

X.B.: Haiek dira sortzaileak edo mantendu dutenak beharbada, baina haiek ziren ageri ziren lehen taldeak, eta gero herri bakoitzak bere taldea sortu nahi izan du; beraz, imitazioa ez dakit erraten ahal den. Guk atzematen dugu gure bitartez ere joaldunen ordezkaritza hori mantentzen dugula herri guztietan gure taldea muntatuz.

Joareak jotzeko tradizio bat omen dago.

X.B.: Ez da legerik, ez da deus idatzirik. Haiek egin dute haiena. Denek ez dugu berdin jotzen, ez dugu denek ber pausoa, batzuek fite egiten dute; guk, beharbada, emekiago...

C.H.: Guk, adibidez, goiti eta beheiti jotzen dugu; beste batzuek, beheiti bakarrik. Bakoitzak bere jotzeko moldea egokitu du.

Tradizioaren gaiarekin segituz, joaldunak gaur egun, ordea, inauterietako girotik harago ere ikusten ahal dira.

X.B.: Bai, normalki inauteriz bakarrik egiten da, eta hori, nire ustez, demokratizatu da. Negua gibelean uzteko, uda ekarrarazteko, izpiritu txarren uxatzeko... hori da gibeleko sinboloa, baina, orain, herri bestetan ateratzen gara, erakustaldi bat egiten dugu. Pentsatzen dut ez dela denen plazeretan hori, baina guk garrantzitsua ikusten dugu joaldunen jarduna biziaraztea, eta jendeak ikustea zer den.

Gaur egun, zer irudikatzen dute joaldunek?

C.H..: Elkartasun bat. Desfile bat ederra izateko, denak bertan ari izan behar gara, eta serioski egin behar da. Joaldunek zerbait ekartzen dugu; ez gara folklorean ari.

Zergatik ikusten dira hain emakumezko joaldun gutxi?

X.B.: Gure taldean ez da emazte bakar bat ere, adibidez. Badira emazteak dituzten taldeak, baina zerendako hain guti? Hastapenean, joareak mugitzeko indarra izan zitekeen agian, baina ez dakit. Mutikoen artean egin da beti hori segur, baina ez dut azalpenik.

C.H.: Ez da indar jokorik joaldunetan, teknika da.

Orain bi urte batu zineten Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrera.

X.B.: 2016an ukan genuen lehen gomita Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrean sartzeko. Lehenagotik ez genuen ukan; beharbada, ez zekiten existitzen ginenik ere. Arangurenen [Nafarroa] izan zen biltzarrera joan ginen, eta hor ohartu ginen bazela Euskal Herriko elkarte oso bat, joaldun anitz. Baina Iturengo eta Zubietako joaldunez galdetuta, hor ez zirela erran ziguten. Erran ziguten ez dutela elkartean sartu nahi, baina ezin dugu fitsik erraten ahal, ez baitugu haien ikusmoldea ukan.

C.H.: Gure taldeaz gain, Ipar Euskal Herrian badira beste hainbat talde. Hendaian bada bat; Baionan, Donapaleun eta Uztaritzen talde berri bat muntatzen ari da. Guregana jin dira galdetzeko nola egin behar zen, bistan dena erakutsi diegu, eta bi aldiz jin dira gurekin kalera.

X.B.: Guretzat, hori biziki garrantzitsua da, galde bat badugularik gure lana da besteei dakiguna erakustea ere, Iturengoek guri erakutsi ziguten bezala.]]>
<![CDATA[Sorkuntzarako eremuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/030/001/2018-09-19/sorkuntzarako_eremuak.htm Wed, 19 Sep 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1875/030/001/2018-09-19/sorkuntzarako_eremuak.htm
Itsasbazterreko Kontserbatorioak 1979an erosi zuen Nekatoenea baserria, eta garai hartan oraindik ere jendea bizi zen bertan, erretretan zeuden hiru anaia. Azkenak etxea utzi zuenean hasi ziren artisten etxea izango zen ideia gauzatzen. Hendaian bazen elkarte sortu berri bat, zientzialariak, artistak eta pedagogoak batzen zituena: Abbadiako Adixkideak. Ganix Grabieres elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta horrela gogoratzen du Nekatoenearen urteurrenaren haritik egindako liburuan: «Elkarte sortu berri bezain dinamikoa gogoetan ere aritu zen bere kabuz, eta hasia zen natura eta kultura horrenbeste batzen eta elkar elikatzen dituen leku honetan kultura zentro baten sorrera serioski proiektatzen».

Kontserbatorioaren argitalpen baterako eskaera egin zion Marval argitaletxeari, eta ekoizpen bat egin zuen Michel Semeniakok, Nekatoenean aterpetuta egon zen lehen artistak. Esperientzia hori baikorra izan zen, eta bultzada eman zion egoitza artistikoa bihurtzeko.

«Euskal Herrian lehendabizikoetarikoa izan zen, ez bazen lehena. Frantzian 1980ko hamarkadan hasi ziren egonaldien kontzeptuarekin; Hego Euskal Herrian ez zegoen horrelakorik», kontatu du Aintzane Lasartek; Nekatoeneako euskal literatura egonaldiak kudeatzen ditu, bai eta mugaz gaindiko egitasmoak ere.

Hasiera gogoangarria

Etxalde zaharra zen Nekatoenea, eta zaharberritzeari ekin zioten 1996 inguruan. Bi urte geroago, sormen egonaldiak antolatzen hasi ziren. Urte bakoitzean bi egonaldi eskaintzen hasi ziren, baina gerora lau hilabeteko egonaldi bakarra egitea erabaki zuten. Egonaldi horretako lehenean Asier Perez Gonzalez izan zen; ongi gogoan du Lasartek: «Elkarteko bazkide nintzen ni orduan, eta artista horrek egin zuen aurkezpenean egon nintzen. Izugarria izan zen. Merkataritza guneei buruzko fanzine baten modukoa egin zuen. Garai horretan, Txingudi sortu berria zen, eta hemengo hautetsiak zur eta lur geratu ziren». Ordutik, artista plastiko anitz pasatu dira bertatik, baina ez soilik diziplina horretako artistak; dantzariak, idazleak, musikariak, koreografoak eta beste ere izan dira sormen lanetan.

Bi apartamentu daude Nekatoenean, diziplina bereko edo desberdinetako bi artista aterpetzeko. Edo artista bat eta zientzialari bat. Bi etxebizitzak banatzen dituen ate bat dago tartean, gako batekin. Hala azaldu du Grabieresek: «Ostatu hartutako bi protagonisten proiektua komuna bada, haize korronteak saihesteko soilik ixten da atea. Proiektuak eta jardunak zeharo ezberdinak badira, aldiz, gakotu egiten da sarraila. Norberaren gogoaren arabera irekitzen ala ixten da».

Euskarazko gazte literaturaren egonaldiak gerora etorri ziren, 2011n, hain zuzen —tartean EIZIE Ingurumenaren aldeko Ekimen Zentro Iraunkorraren nazio ziurtagiria lortu zuen Nekatoeneak—. Fernando Morillo idazlea izan zen lehenengoa, eta, gerora, sei idazle izan dira, hala nola Yolanda Arrieta, Patxi Zubizarreta eta Amaia Hennebutte.

Aurten euskal idazleen egonaldiaren zortzigarren aldia izango da, azaroaren 5etik aurrera; Iñaki Martiarena Mattin sortzaileak hartuko du aterpe lau astez. Kamishibai ipuin bat idatzi eta marraztea du helburu, eta horretarako Nekatoenea inguruko elementuak erabiliko ditu —itsasoa, kaioak, sagastia...—. Nekatoenearen egonaldiak, baina, ez dira horretara mugatzen. Beste hainbat egiturarekin partaidetzan antolatzen dituzte egonaldiak 2010az geroztik, besteak beste.

Urte horiek guztiek eman duten eskarmentua lagun, aurrera begira jarrita daude. Lasarteren erronka ez da makala: «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak lortu nahiko nituzke. Sustatu baino gehiago, lortu, zailtasunak baitaude. Kontziente naiz hemen txikiak garela, erakunde batzuentzat ez gaude nahiko urruti Frantzia izateko, baina Hegoaldekoak ere ez gara; beraz, ez gara ez batean ez bestean sartzen. Bi aldeen artean zubi berriak nola sortu ikusi behar da, baina baikor nago; badaude gauzak egiteko».]]>
<![CDATA[Euskarara lerratzeko eguna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2018-09-15/euskarara_lerratzeko_eguna.htm Sat, 15 Sep 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1872/040/001/2018-09-15/euskarara_lerratzeko_eguna.htm
Lerra kirolak ere euskal kirolak direla aldarrikatzea eta aisialdietan euskararen erabilpena bultzatzea dira ekitaldiaren helburu nagusiak, Ramuntxo Etxeberri Glissegunaren antolatzaileak azaldu duenez: «Ikastolen eta euskararen irudia gaztetu nahi dugu. Hor, baina, bada hertsapen bat, kirol horietan ez dela hainbeste euskaldun, baina ahal delarik euskaraz egiten ditugu». Hortik abiatu zen, hain justu, Glisseguna antolatzearen ideia edo beharra: «Inkesta soziolingustiko bat egin zen, eta emaitzetan ikusi zen euskararen irudia XIX. mendeari lotua zela eta gazteek ez zutela euskara modernitatearekin lotzen. Hori aldatu nahian, garai hartako Seaskako arduradunek lerra kirolen egun bat antolatzea pentsatu zuten, eta surfarekin hasi ziren».

Berritasunak

Aurtengo aldian izango dira beste urteetan egon ez diren ekitaldiak; hala nola fitness saioa euskaraz izango da aurten, eta, Zen Stretching edo luzatze ariketak nola egiten diren erakusteaz gain, entsegatzeko aukera ere izango da, eta 3 eta 6 urte bitarteko haurrek gimnastika gune bat edukiko dute. Musikak ere bere tokia izango du. Lau kontzertuz gozatzeko parada egongo da; esaterako, Maialen Alfaro sofrologoaren kontzertu berezi eta intimoa: «Hondartzako txoko batean sofro kontzertua emango du Alfarok».

Beste urteetan eskainitako lerra kirolek ere ez dute hutsik egingo: skatean aritzeko txokoa egongo da, kung fuan, hip hop erakustaldian izango dira, yoga... Sihatsu masajeak emango dituen pertsona bat ere egongo da, zortzi orduz arituko da masajeak ematen. «Masajeak emanen dituenak, adibidez, ez daki euskaraz, baina bere modua da ikastolak laguntzeko», azaldu du Etxeberrik. Nahiz eta dohainik izan, Sihatsu masajea hartu nahi duenak izena eman beharko du bihar lekuan berean. Urte hauetan formula desberdinak probatu dituztela aipatu du Etxeberrik: «Lehen, ikastoletan lerra kiroletan aritzen ziren pertsonek hitzaldiak ematen zituzten, haurrek ikus zezaten halako kiroletan ere badirela aditu euskaldunak. Orain asteburu batean fokalizatzen dugu».

Surf lehiaketa

Glissegunaren egun handia bihar bada ere, badira zenbait urte bezperan surf lehiaketa antolatzen dutena, Lapurdi Surf elkartean eskutik. Hala, Miarritzeko Kluba eta Urrezko hondartzetan izango da aurten ere lehiaketa gaur eta lau sailetan banatua da: gizonak surfean eta bodyboardean, emazteak eta 16 urtetik beherakoak. «Lehiatzera etortzen denik ere baden arren, gehienak momentu goxo baten pasatzera etortzen dira eta hori da garrantzitsuena», adierazi du Ander Ithurbide Lapurdi Surf elkarteko lehendakariak. 08:00etatik aurrera eman beharko da izena, eta txapelketa 09:00etan hasiko da. Lehiaketa bukatu eta sariak eman eta gero, 17:00etan zintzur bustitzea eta animazioak antolatu dituzte: «Sokatira izanen da, espartin jaurtiketa, euskaraz ez dakitenentzat joko bat ere eginen dugu...». Garrantzitsua iruditzen zaio Glisseguna Ithurbideri, euskara «kostaldera eramaten» laguntzen duelako.

Etxeberri kontent da Glissegunak uzten duen arrastoarekin eta adibide bat eman du: «Ikastolako haur gehiago badira surfean, lehen aldiz Glissegunean entseatu ziren, eta gerora surf elkarteetan eman dute izena, eta horrek pozten nau. Duela zenbait urte ez ziren ausartuko, pentsatuko baitzuten kostaldeko edo arrotz den mundu bateko kirol bat zela». Glissegunean elkartzen diren bi publikoen artean —propio ikastolen aldeko egun bat dela joan direnak eta hortik pasatzen direnak— «lotura» egin behar dela uste du Etxeberrik.]]>
<![CDATA[«Gauza politak egiten ahal dira erabilitako jantziekin »]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2018-09-12/gauza_politak_egiten_ahal_dira_erabilitako_jantziekin_.htm Wed, 12 Sep 2018 00:00:00 +0200 Eihartze Aramendia Iparragirre https://www.berria.eus/paperekoa/1888/032/001/2018-09-12/gauza_politak_egiten_ahal_dira_erabilitako_jantziekin_.htm Bittori jantziak eman dion sariarekin.

Nolakoa da Bittori?

Biziki polita. Goiko partearen egiteko jeansak erabili ditut, eta gonaren egiteko, palto bat. Arropa bakarra da, baina bi jantzi direla iduri du.

Zein baldintza bete behar zenituen lehiaketan parte hartzeko?

Neurri bat errespetatu behar nuen, haiek casting bat egiten baitute gero modelo batzuekin lan egiteko. Batetik hori, eta, bestetik, jantziaren %80 erabilitako jantzietatik ateratakoa izan behar zuen. Fularrak ezin ziren erabili, adibidez, ezta xingolak ere, sobera erraza baita horien erabiltzea. Horiek ziren baldintza garrantzitsuenak.

Zaila egin zaizu?

Anitz denbora eman dut egiteko, hilabete bat eta erdi gutxi, gorabehera. Ideiak banituen, baina, josten hasten nintzelarik, ez zen batere ontsa ematen, eta berriz hasten nuen. Epe bat banuen, gainera; igorri behar nuen, eta, azken momentuan, jantzien artean topatu nuen nahi nuena, eta hori atera zen.

Anitz dira mota horretako lehiaketak?

Ez, gutxi dira. Denetan xerkatu nuen, baina ez nuen gauza handirik atzeman. Sortzaile frantses batzuek parte hartu zutelako jakin nuen lehiaketaren berri.

Zeelanda Berrian gelditu da, ordea, Bittori.

Saririk lortu ez banu, hamahiru hilabetez egonen zen han, baina, saritua izan naizenez, han egonen da betiko, euren bilduman sartzeko eta jendeari erakusteko. Beraz, beste bat egin dut. Ez da arras berdina, ez baititut jantzi berdinak atzeman, eta hori ere polita da, jantzi guziak desberdinak baitira, esklusiboak. Baionako Lafayette galerian dago jarrita urriaren 10era arte, fularrekin egin dudan beste jantzi batekin batera. Hortik aitzina, saltzen ahalko ditut.

Nondik nora hasi zinen honetan lanean? Eta zergatik erabilitako jantziekin?

Lizeoan hasi nintzen pixka bat, eta, lehen lanean hasi nintzelarik, prototipoak egiten nituen jantziekin. Produkzioa Indian egiten genuen, baina gure jantzia nolakoa izanen zen erakusteko prototipoak egiten nituen. Horrela hasi nintzen, eta jantzi anitz bazela konturatzen hasi nintzen, eta mozten genituen piezetatik beste bat sortzen ahal zela ikusten nuen. Jadanik, jantzi anitz botatzen ditugu, eta interesgarria atzematen dut jantzi horiek berriz baliatzea zerbaiten sortzeko.

Zein jantzi erabiltzen dituzu?

Jeansak anitz erabiltzen ditut; kasik denek baditugu, eta errazak dira atzemateko. Jeans desberdinen oihalak elkartuta ere ontsa joaten dira, eta horregatik maite ditut. Negu honetan, bestalde, amatxiek erabiltzen zituzten artilezko gonak atzeman ditut, eta, horrekin, atorrak edo paltoak eginen ditut.

Nondik eskuratzen dituzu?

Zenbaitetan, jendeak ekartzen dizkit, edo Emausetik eskuratzen ditut; bestela, Kanboko Orratzetik Harira joaten naiz.

Elikadurarekin kontsumitzaile mota bat dagoen bezala,existitzen da moda jasangarriaren kontsumitzailea ?

Ez dira anitz oraino. Errazagoa da joatea merkataritza guneetara, eta han erostea. Zaila da oraino horrelako moda saltzea. Gauza politak egiten ahal dira erabilitako jantziekin, eta hori erakutsi nahi diot jendeari irabazitako sariarekin.

Ehungintza industriak ez daki zer egin erabilitako jantziekin.

Arazoa hor da: sobera jantzi egiten ditu. Dendetan jantzi anitz dira, eta, gainera, biziki fite aldatzen dituzte, eta ez dut uste denak saltzen dituztenik. Jantzien %15 birziklatzen dira soilik. Gainera ez dira kalitatezkoak, ez dute urteetan irauten, eta fite botatzen ditugu. Jeansek oraindik kalitate bat badute, eta ontsa dira gero ere erabiltzeko, baina kamisetak, adibidez, ez ditut erabiltzen, ez baitira kalitatezkoak.]]>