<![CDATA[Eire Maia Manterola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 14:11:39 +0100 hourly 1 <![CDATA[Eire Maia Manterola | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Maule-Getxo, eta etorkizunera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2778/030/001/2022-08-02/maule_getxo_eta_etorkizunera.htm Tue, 02 Aug 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/2778/030/001/2022-08-02/maule_getxo_eta_etorkizunera.htm
Ziztu bizian igaro dira azken egunak, eta, konturatzerako, helmugara iritsi da ibilaldia. Asteazkenean zapaldu zuten azken probintzia, Bizkaia, eta, ordutik, Kortezubi, Sukarrieta, Gernika, Bilbo eta Getxo izan dira jzioquitar moduan zapaldu dituzten Euskal Herriko azken herriak.

Igande goizean azken gosaria izan ostean, itsasontziz heldu ziren Bilbotik Portugaletera, eta Bizkaiko Zubia zeharkatuz Getxorainoko bidea oinez osatu zuten laranjek, eta azken etapa txiki bat emozioz beterik amaitu. Algortako (Getxo, Bizkaia) Musikabarri antzokiraino egin zuten bidea, eta bertan amaierako ekitaldia ospatzu familien bisitaz lagundurik.

Hilabete osoan eginiko oroitzapenen argazki eta bideoak ikusi zituzten, baita espedizioan egindako kanta bat abestu ere. Elkartekideek hartu zuten hitza lehenik, proiektua aurrera doala harro adierazi eta gazteei piztu zaien txinparta itzal ez dadila azpimarratu zuten. Amaiera emateko, laranja eta urdinei oholtzara deitu, eta norberak bere diploma jaso zuen.

Amaieratik hasiera

Esperientzia eta espedizioa amaitu da, baina betiko iraungo du bertan bizi izandakoak. Talde urdinak gogor egin du lan hilabete osoan, goizetik gauera, eta oso gustura erakutsi dute beren burua azken egunean. Lan gogorra baina polita egin dute antolakuntzakoek, eta gorabeherei eta oztopoei aurpegia eman diete une oro. Aipatzekoa da Irune de la Maza eta Ane De La Presa koordinatzaileek urte osoan eginiko lana ere, proiektua betez eta espedizioa aurrera eramanez.

Belaunaldi boteretsua izan da aurtengoa. Pandemiaren ondoren espedizioa normal bizi izan duten lehenengoak izan dira, 2005an eta 2006an jaiotako gazteak. Gogotsu eta ilusioz ibili dira, atzera eta aurrera, hilabete osoan. 116 jzioquitar izan dira pausoz pauso Euskal Herriko txokoak miatu dituztenak.

Bidezidorretan ibiltzeaz gain, dinamikak, hitzaldiak eta bisitak izan dituzte gazteek. Parte hartu eta gai askoren inguruan hausnartzeko aukera ere izan dute. Argantzungo ikastola, Kike Amonarrizen hitzaldia, Xabi Solano edota Tatxers artisten bisita... izan dira gustukoenetarikoak, beste dozena baten artean.

Euskarari buruz eginiko hausnarketak eta errealitate ezberdinak ezagutu izanak ere eragina izan du gazteengan. Gehienek pentsamendua aldatu dute, eta kontzienteagoak dira orain hasieran baino, gogoeta horiei esker. Sare handia sortu da aurtengo belaunaldiaren artean, partaidetza sentimendu handia erakutsi baitute laranjek. Espedizioaren amaiera iritsi da, baina hemen hasten dute benetako bidea jzioquitar guztiek: amaieratik hasiera bat egingo dute. Barruan ikasitakoa eta barneratutakoa kanpoan praktikan jartzeko aukera dute orain, egunerokoan. Balioak eta helburuak kontuan izanik, mezua ongi barneratu dute laranjek lau asteetan.

Motxila bat oroitzapenez beterik daramate etxera partaideek, eta ez da erraza izango desegitea. Milaka emozio, sentimendu eta oroitzapenekin itzuliko dira gazteak, milaka abentura eta pasadizo kontatzeko. Hizkuntzarekiko ardura eta maitasuna ere nabarmenki aldatu da kasu askotan, abentura eta euskara eskutik doazen hilabetean. Iker Goñi elkartekidearen hitzetan, «behin sarturik, ez duzu nahiko atera», eta, jakiteko, «proiektuarik barrutik jarraitzea nahikoa da».

Etorkizunari begira, indartsu mantentzen da Euskarabentura hirugarren edizio honen amaieran. Sarea urtez urte handituz doa, eta halaxe jarraituko du bere bidea eginez. Euskal Herri osoko txokoetan, uztaileko hilabetez, olatu laranja nonahiko bide, kale eta mendiak euskaraz betetzen ibiliko da aurrerantzean ere.]]>
<![CDATA[Geoparkeko aztarna artean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-28/geoparkeko_aztarna_artean.htm Thu, 28 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-28/geoparkeko_aztarna_artean.htm
Elgorriagako behatokian lekua hartu, eta han aritu ziren flyschari buruz. Gaur egun ospetsuagoa da kanpotarrentzat, baina aitzinetik han egon den ingurua da geoparkea. Arrokak eta dinosauroak tarteko, espedizioko gazteek historiaurrea bisitatu zuten, paisaia aurrean zutela. Eremua «Euskal Herriko aspaldiko historiaren liburua» dela esaten dute zenbait adituk, eta, atzoko egunez, historia horren orrialdeak irakurri zituzten gazteek. Gustura entzun zituzten azalpenak, bideari ekin baino lehenago.

Kostaldea gustura hartu zuten laranjek, nahiz eta bide gogor eta luzea izan. Mendi artean, baina baita itsasertzean ere murgildurik ibili ziren, malda eta harkaitz ikusgarriak bidaide izanik, atzo goizean osatutako etapan. Paisaiaren parte bilakatu zen espedizioa.

Hilabete osoa daramate batetik bestera laranjaz Euskarabenturako gazteek, eta azkeneko etapak gelditzen zaizkie, asteburura arte.

Seigarren probintzia jada

Atzoko ibilbidea egin aurretik, bestelako kontuak ezagutu dituzte Euskarabenturako gazteek. Uztailaren 23an, Urruñan (Lapurdi) esnatu eta Hondarribira (Gipuzkoa) abiatu ziren gazteak, seigarren probintzia zapalduz dagoeneko. Hendaia (Lapurdi) zeharkatuz iritsi ziren Gipuzkoako lehenengo herrira. Bertan bazkaldu eta dinamika interesgarri bat izan ondoren, Urmuga jaialdira bisitaldia egin zuten: Xabi Solano eta Estitxu Pinatxo artisten zuzeneko musikarekin dantzatuz eta abestuz pasatu zuten eguna. Ez zen izan, ordea, Solanorekin topo egin zuten momentu bakarra.

Urmuga jaialdian ibili ostean, autobusa hartu zuten Lezora (Gipuzkoa), gaua han pasatzeko. Uztailaren 24ko goizean, Lezotik Donostiarako etapan, Pasaiako Albaola museoan (Gipuzkoa) geldialdia egin zuten. Museoaren proiektua azaldu zieten, eta San Juan baleontziari buruzko historia entzun zuten -baleontziaren erreplika ikusi ahal izan zuten-. Handik liluratuta atera ostean, Pasaiatik Donostiarako bideari ekin zioten. Etapa ikusgarri baina latza izan zen hura. Eguerdi alderako iritsi ziren hiriburura, eta, beroa aitzakiatzat hartuta, Zurriolako hondartzan sartu zen olatu laranja, hango uretan freskatzera.

Hiriburuan esnatzean, ezusteko bat izan zuten gosarirako. Donostiako alkate Eneko Goiaren harrera izan zuten hurrengo herrira abiatu baino lehen: udaletxean esku onez hartu zituzten, eta gosaria ean zieten gazteei eta antolakuntzakoei. Indarberrituta eta energia hartuta, Igeldotik igo ziren Zarautzera (Gipuzkoa), bidea lotuz. Paisaia zoragarri bat begi bistan, pauso eta martxa onean, Gipuzkoako kostaldeko herrira heldu, eta bertan bainua hartu zuten. Gero, autobusez Zestoara (Gipuzkoa) joan ziren gaua han igarotzeko.

Asteartean, Zestoan esnatu eta Ekainberri kobazulora heldu ziren. Han, historiaurreko lehen gizakien marrazkiak ikusi, eta hainbat dinamika eta tailer egin zituzten: adibidez, sua harri eta makilekin pizten ikasi zuten. Zestoa atzean utzita, Getariara abiatu ziren gaua igarotzera. Afaldu ostean, espero ez zuten gonbidatu bat azaldu zen gaua igaroko zuten kiroldegian: gaubeila berezi bat izateko azaldu zen Xabi Solano musikaria. Galdera-erantzunetan solasean eta abesti ospetsu artean pasatu zuten gaualdia gazteek, giro eder eta irribarre artean.

Gernikara iritsiko dira gaur

Getariatik Debako etapa osatu zuten atzo espedizioko kideek. Ibilaldia amaitzean, Debara iritsi ziren; handik, Kortezubira (Bizkaia) joan ziren, autobusez; eta handik gaur Sukarrietara abiatzeko goizean goiz.

Gernika (Bizkaia) eta Bilbo izango dira hurrengo helmugak, eta horiek izango dira azkenengo etapak. Ehunka kilometroko espedizioari amaiera emango diete modu horretan. Etengabe bidean aurrera eginez doaz urdin eta laranjak, oztopo guztien gainetik. Azkenengo txanpan sartu dira dagoeneko, eta nabaria da nekea, nahiz eta egindakoaz harro egon. Bide eta hilabete luzearen ortzi muga geroz eta gertuago dute, baina azken egunek milaka emozio emango dizkiete espedizioko kideei. Igandean amaituko da Euskarabentura, Getxon (Bizkaia).]]>
<![CDATA[Euskal Irratiak bisitari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-23/euskal_irratiak_bisitari.htm Sat, 23 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-23/euskal_irratiak_bisitari.htm
Euskal Irratiak federazioa Ipar Euskal Herriko lau irratiz osatuta dago: Antxeta Irratia (Hendaia), Xiberoko Botza (Maule), Gure Irratia (Uztaritze) eta Irulegiko Irratia (Donibane Garazi) dira gaur egungo kideak.

Mahaiak, kableak eta mikrofonoak ongi muntatu, eta irrati laborategi txiki bat osatu zuten atzo irratiko kideek. Aurten joko berri batek animatzen du Euskal Irratietako uda: Ongi etorri lagun izeneko lagun arteko desafioak. Eta horretan aritu ziren bost jzioquitar eta bost urdin; elkarren artean lehiatu ziren saio entretenigarri batean.

Jolasak 50 minutu iraun zuen, eta partaideen ezagutza neurtzeko balio izan zuen. Euskal Herriari buruzko galderekin hasi zen dinamika, puntuazioak martxan jarriz. Musika ezagutza, kirol desafioa -flexio lehiaketa-, irrintzi txapelketa, agurra emateko bertsoa botatzea... izan ziren erronkak.

Gazteek bertako irratiak ezagutzeko baliabide ere izan zen atzo arratsaldeko dinamika. Parte hartzeak eta irratiarekin bat egiteak ilusioa piztu zuen. Entzuleek ere galderei erantzun zieten, eta proposatutako jolasean ibili ziren beren kabuz. Gero eta proiektu eta errealitate gehiago ezagutzen ari dira laranjak, eta esperientzia berriak bizitzen.

Kontrabandisten etapa

Emeki-emeki aurrera doa hilabetea jzioquitar eta urdinentzat. Uztailaren lehenengotik abian daude Euskal Herri osoan barna, eta, egunak aurrera joan ahala, gero eta gertuago daude Getxoko helmugatik. Pausoz pauso eta urratsez urrats, hasieran ortzi muga gisa ikusten zutena orain gertuago duten jomuga da.

Hilaren hemeretzian Amaiurrrera (Nafarroa) iritsi ondoren, Euskarabenturaren usadioetako bati jarraituz, urtez urte egiten den kontrabandisten etapa osatu zuten gazteek. Goizeko lauretan esnatu ziren martxan jarri ahal izateko, eta oraindik ilargiaren argipean zeudela ekin zioten ibilaldiari.

Aldapa eta malda artean hasi zuten eguna, linterna eskuan hartuta eta izerdi patsetan. Hala ere, gaueko paisaia bidelagun, zirraraz eta emozioz beterik egin zuten bidea, oinkada bakoitzarekin. Nafarroa eta Baztan atzean utziz, berriz ere Nafarroa Beherera itzuli zen espedizioa, muga mendi artetik gurutzatuz.

Gipuzkoara bidean

Aurreko mendeetan kontrabandistek material eta produktuak mugitzen zituzten leku beretatik ibili ziren laranjak, bidezidor ikusgarrietan barrena. Egunsentiaren hozkirriarekin batera gosaldu, eta martxa onean Bidarraira (Nafarroa Beherea) iritsi ziren. Bertan hitanoari buruzko dinamika bat egin zuten Ritxi Lizartzarekin, hizkera mota hori ezagutarazteko eta gazteek erabiltzeko.

Arratsaldea bertan igaro ostean, Baionarako bidea hartu zuten, eta Lapurdiko hiriburuan gaua pasatu zuten. Hurrengo goizean Urruñara bidean jarri ziren, espedizioan lehenengo aldiz itsasoarekin topo eginez. Autobusa hartu eta Miarritzen (Lapurdi) hasi zuten etapa. Donibane Lohizune (Lapurdi) zeharkatu zuten, eta, segidan, Ziburun sartu ziren. Kostako herrian bazkaldu, eta, eguraldi ona bidaide eta itsasoko haize leunaz lagundurik, Urruñara iritsi ziren arratsalde partean. Esnatzean, Euroeskualdekoen dinamika izan zuten.

Indarberrituta eta azken asteko etapa gogorrak gaindituz, Gipuzkoa dute hurrengo geltokia. Lezo, Donostia eta Zestoa izango dira espedizioko azken asteko lehen egunak osatuko dituztenak. Nekatuta baina gogoz ekingo diote gazteek datorrenari, amaiera gertu sentituz baina momentua probestuz.]]>
<![CDATA[500 urteren ostean, Amaiurren]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-20/500_urteren_ostean_amaiurren.htm Wed, 20 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1876/028/001/2022-07-20/500_urteren_ostean_amaiurren.htm
Arratsalde hasieran, Asisko Urmenetaren bisita izan zuten, Gazteluko monolitopean. Memoria historikoaz aritu zen Urmeneta, gertaturikoak bere ilustrazioekin irudikatzen zituen bitartean. Iruindarrak adierazi zuen Amaiurko gaztelua «betidanik oso garrantzitsua» izan dela, eta gazteek adi-adi entzun zioten.

«Konkista izan zen, baina beti izan dira askatzeko saiakerak», azaldu zien Urmenetak. Kontatu zien Espainiako armadak 1516. urtean ia Nafarroako gaztelu denak birrindu zituela, baina Amaiurrek tinko eutsi ziola 1522. urtera arte. Atzo bostehun urte bete ziren dorre nagusia lehergailuekin suntsitu zutenetik eta han gotortutako gudariak preso hartu zituztenetik, amore eman zuten arte. Hala ere, ilustratzaileak argi utzi zuen ez zutela burua makurtu eta erresistentziari lotu zitzaizkiola.

Gaztelua hutsik geratu ondoren, berriz ere lehergailuak jarri zituzten zimenduetan, eta errauts bilakatu arte leherrarazi zuten egitura guztia; hala, betirako xehetuta gelditu zen noizbait erresuma baten giltza izan zen hura.

Orain dela ehun urte justu, herritarrek monolitoa eraikitzea adostu zuten, dorre nagusia zegoen lekuan. Hala eta guztiz ere, gaur egungoa ez da hasieran jarritako bera, mende hasieran jarritakoa suntsitu egin baitzuten 1931n. 1982an berriz ere altxatu zuten, memoriaren omenez, eta egun leku berean dirau, zutik eta irmo.

Urmenetak adierazi zuenez, Amaiur historiaren, kulturaren eta politikaren «sinbolo eta ikurra» da. «Eta euskaldunok ez dugu sekula geure errendizioa sinatu». Gazteek gogotsu entzun zuten Urmenetaren hitzaldia, eta gustura irten ziren; jarraian, argazkiak ateratzen aritu ziren monolitoaren inguruan, harrotasunez.

Beroak kolpatuta

Espedizioak aurrera jarraitzen du, nahiz eta beroak egoera zaildu dien azken egunetan, eta beraz, azken orduko erabakiak hartu behar izan dituzte. Egun gogorrak izan dira azkenengoak, etapak osatu ahal izateko. Hilaren hamazazpian, Tolosatik (Gipuzkoa) Lesakarako (Nafarroa) zatia egiteko, Oiartzundik (Gipuzkoa) hasi zen ateraldia; baina, goizean, beroak kolpatuta eta ezin jarraituz, bertan behera utzi behar izan zuten bidea, etaparen erdialdean. Ordurik beroenak latzak izan ziren gazteentzat, beroak nabarmen baldintzatu baitzuen biderik malkartsuenetan egin beharreko ibilbidea.

Erabakia hartuta, autobusean iritsi ziren Lesakara. Goizeko beroaldiaren ondoren indarberritzeko, igerilekuak bisitatu zituzten. Hurrengo goizean oraindik ere giro beroa zegoela ikusita, Lesakatik Zugarramurdirako (Nafarroa) etapa bertan behera utzi zuten, eta espedizioa ez zen mugitu arratsaldera arte. Goiza arintzeko, urarekin freskatu ziren beste behin.

Arratsaldean, Iñigo Martinez filosofoaren bisita izan zuten, burua pixka bat astintzeko. Hark idatzitako Mandamentu hipermodernoak liburuaz jardun zuten, dinamika interesgarri eta entretenigarri batean. Gaur egungo gizartearen inguruko gogoeta edota hausnarketa bat landu zuten, elkarrekin eztabaidatuz. Martinezek ez zuen espero gazteak «hain ondo sartzea pentsamenduaren abenturan». Hitzaldiaren ostean, espedizioa autobusez mugitu zen azkenean, eta Zugarramurdira heldu.

Gaua han pasatu zuten, eta gehiegizko beroak atseden pixka bat eman eta gero, Amaiurrerainoko etapa osatu zuten gazteek, izugarrizko ilusioarekin. Hurrengo egunetan, berriz, Ipar Euskal Herrira itzuliko da Euskarabentura espedizioa. Baiona eta Urruña izango dira hurrengo geltokiak, eta, lehenengo aldiz, gazteak itsasaldean barrena ibiliko dira.]]>
<![CDATA[Bertso gaua Zerainen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2022-07-16/bertso_gaua_zerainen.htm Sat, 16 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1887/040/001/2022-07-16/bertso_gaua_zerainen.htm
Bertso afari animatu eta atsegingarria osatu zuten hiru partaideek. Eire Salegi espedizioko antolakuntzako kidea saioaren prestatzailea izan zen. Gai jartzaile lana egin, eta tarteka bertsolari rola ere hartu zuen. Maiaren segidillak izugarrizko zirrara sortu zuen gazteengan, eta Pereak Arabari eginiko bertsoak hainbat emozio piztu zituen, txalo zaparrada artean. Udako gau eder batez, jendez eta poztasunez bete zen Goierriko herri txikiko enparantza.

Urtero espedizioak Zeraingo frontoia du geltoki, eta herritarren erantzuna eta harrera ikusgarria izaten da aldiro. Oraingoan, sorpresa haiek hartu zuten bertso afari batekin, egiten duten auzolanaren omenaldi eta esker onez. Lumagorri oilaskoa, entsalada eta patata tortilla izan zituzten menuan, nekeari aurre egiteko gozatu ederra hartuz. Gazte eta herritarrek kalejira txiki batekin amaitu zuten gaua, adrenalinaz beterik, lokartu baino lehenago. Naroa Goñi iruindarrak «egun perfektu eta borobila» izan zela adierazi zuen, ahaztuko ez duen seinale.

Espedizioko ekuatorean

Bost probintzia pasatu dituzte jadanik jzioquitarrek eta urdinek. Tolosan bi eguneko geldialdia egingo dute, atseden hartzeko. Aste bizi-biziak izaten ari dira.

Lizarratik (Nafarroa) abiatu ziren igandean, eta Errioxan (Espainia) dagoen Yusoko monasteriora bisita egin zuten. Han euskarazko lehen hitz idatziak ikusi zituzten Donemiliagako glosetan, Jzioqui dugu, «piztu dugu»esan nahi duen espedizioko leloa, eta jzioquitarrei izena ematen dien hitza.

Handik Arabara abiatu ziren, Gesaltza Añanako gatzagetara, eguzkia eta beroa bidaide. Hurrengo egunean beroa saihesteko, goizean goiz esnatu, eta Argantzonera iritsi ziren. Trebiñun duten egoerari buruz jardun zuten. Euskararen egoera zein den eta egunerokoan euskaraz bizitzeko zailtasunen berri eman zieten ikastolakoek, gazteen jakin-min eta galderei erantzuten zieten bitartean.

Araban murgilduta, etapa bat egin zuten hiriburura asteartean. Gamarrako igerilekuetan freskatu, eta eguneko ordurik beroenei aurre egin zieten. Azken astean bero handia dela medio, goizago esnatu dira etapei hobeto aurre egiteko.

Datozen egunei begira, berriz itzuliko da Nafarroa Garaira ibilaldia. Lesaka, Zugarramurdi eta Amaiur izango dira bidean. Etapa gogor eta maldatsuak aurreikusten dituzte, baina, aldi berean, orain arteko politenetakoak espero dituzte. Hala eta guztiz ere, martxa ongi daramate gazteek. Espedizioko ekuatorean daude, oraindik beste bi aste dituzte aurretik, eta ehunka kilometro bizkarrean, baina beti bezain gogotsu dabiltza datorrenari begira.

Asteak aurrera joan ahala, gero eta garbiago dute partaideek euskara zeinen garrantzitsua den. Aurrera egiteko gaitasuna eta etengabe indarberritzearekin identifikatzen dira, eta erabileran ikus daiteke isla. Egunerokoan izandako trabak atzean utzi, eta arnasgunearen parte bilakatzen dira, konplexu eta beldur denak ahaztuta pixkanaka.]]>
<![CDATA[Laranjaz jantzi dute Iruñea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2022-07-08/laranjaz_jantzi_dute_iruntildeea.htm Fri, 08 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2022-07-08/laranjaz_jantzi_dute_iruntildeea.htm
Eguraldi ona bidelagun, emozioz eta adrenalinaz beteriko eguna izan zen. «Izugarria izan zen denok batera dantzan eta ongi pasatzen ikustea», azaldu zuen Paule Azpitarte jzioquitarrak. Txosnagunea astindu, eta denek mugitu eta urratu zituzten gerri eta eztarriak, egun luze baina polit batean.

Ondoren, Zizur Txikiko San Fermin ikastolan hartu zuten atseden, etapa txiki bat osatuz. Indarberritu, eta, atzoko bizipenak oraindik pil-pilean, Garesera doan etapari ekingo diote gaur goizean goiz.

Belaunaldien topaketa

Iruñera joan aurretik, Zubiriko pilotalekuan berriz elkartu ziren Euskarabenturaren aurreko aldietako gazte nafarrak, eta bertako egoerari buruz solasaldi bat izan zuten, aurtengo gazteak kontzientziatzeko asmoz. Nafarroako hainbat txokotatik etorri ziren beren egoera azaltzera. Euskara zaintzea denen esku dagoela nabarmendu zuten, balioak bultzatuz eta euskarari eusteko eskatuz. Aurtengo partaideak kontzientziatuta atera ziren solasalditik, Nafarroako gazteen bizipenak beren eginez. Espedizioarekin bat egin, eta Zubirin lo egin zuten aurreko aldietako partaideek, aurretik bizitakoaren nostalgiak hartuta, eta haien aldiko bizipenak partekatuz, belaunaldien arteko topaketa batean.

Aurreko aldietako gazteetako bat da Etxarri Aranazko (Nafarroa) Maialen Biain. Haren hitzetan, espediziora berriz itzultzea «sentimendu olatu bat» izan zen. Azaldu zuen «harro» dagoela Euskarabenturak aurrera jarraitzeaz eta parte hartu izanaz, eta gazte berriak ilusioz ikusteak sekulako poztasuna ematen dio. COVID-19aren pandemiak baldintzatutako aldi bateko parte hartzailea izan zen, baina betirako lagunak egin zituela esan zien aurtengo gazteei. Esperientzia berriz bizi ahal izateko gogoz dago.

Zubirin zen Corellako (Nafarroa) Alvaro Lopez ere. Espedizioan euskararekiko zuen harremana guztiz aldatu zela esan zuen, eta esperientziak «euskaraz bizitzeko gogoa» sortu ziola. Orain, lehenengo harremana beti euskaraz izan dadin saiatzen da, nahiz eta eremu erdaldun batean bizi. Espedizioan belarria landu zuela kontatu zuen, eta baita euskara maila hobetu zuela ere. Betirako memorian gelditu zaizkion bizipenak eta kontzientzia sendotzea ere aipatu zituen. Gazteek adi-adi entzun zituzten haren hitzak.

Diasporatik etorri da espediziora Maja Etxebeste suediarra. Soilik aitona-amonekin eta aitarekin du aukera euskaraz egiteko, baina orain espedizioan egin dituen lagunak ere gehitu zaizkio. Lehenengo astea oso zaila egin zitzaiola gaineratu du, baina, asteak pasatu ahala, belarria egokituz joan zaio. Gainera, Euskal Herria ongi ezagutzeko eta ikusteko aukera izatea eskertu du.

Nafarroa Garaia ortzi mugan

Bost herri eta hainbat bidezidor zeharkatu dituzte dagoeneko gazte euskaldunek. Hileko lehen egunak luzeak eta intentsoak izan dira laranjentzat eta antolakuntzako urdinentzat, baina emeki-emeki egokituz doaz espedizioko errutinara.

Urruti gelditu dira Mauleko hasierako lotsak eta beldurrak. Pixkanaka geroz eta herri gehiago ezagutzen ari dira, esperientzia berriak eta egoera berriak barneratuz eta zangoak mugituz. Bidean euskara erabiliz pausoz pauso, atzean utzi zuten Iparraldea, eta dagoeneko Hegoaldean murgildurik dabiltza gazteak, Nafarroa Garaia ortzi mugan dutela eta Gares eta Lizarra bidean topatuz.]]>
<![CDATA[Bueltan da olatu laranja]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1890/040/001/2022-07-02/bueltan_da_olatu_laranja.htm Sat, 02 Jul 2022 00:00:00 +0200 Eire Maia Manterola https://www.berria.eus/paperekoa/1890/040/001/2022-07-02/bueltan_da_olatu_laranja.htm jzioquitar belaunaldi berrikoek. Laugarren aldiz, martxan da jada Euskarabentura espedizioa.

Goizean goiz esnatu, eta 09:00etan abiatu ziren atzo Donostiatik, Gasteiztik eta Bilbotik; aurreneko biek Donibane Lohizunen eta Iruñean jaso zituzten lapurtarrak eta nafarrak, autobuseko abenturazaleen ongietorri garrasien artean. Pixkanaka, eguerdi aldera, hiru autobusak Maulera iristen hasi ziren, elkar ezagutzeko jolasei ekinez itxaron bitartean, eta lotsa alde batera uzteko intentzioz.

Gaur goizean jarriko da martxan espedizioa, Mauletik Pagolara (Nafarroa Beherea) egingo duten etapan, gaua Mauleko frontoian igaro ondoren.

Guztira, 127 gazte eta antolakuntzako 32 egongo dira une oro Euskal Herrian zehar pausoz pauso euskara ahoan. Zazpi probintziak zeharkatu eta ezagutuko dituzte. Nahiz eta laugarren edizioa izan, hau izango da abenturak hilabete osoa iraungo duen hirugarren aldia, iaz motzagoa eta mugatuagoa izan baitzen, pandemiaren eraginez.

Euskarabenturaren helburuetako bat gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta elkarren artean saretzea da. Euskal Herriko herri eta hiri anitzetako parte hartzaileak daude, eta, beren errealitatea partekatzeaz gain, euskararen bidean jarriko dira, zeharkatutako txokoak arnasgune bilakatuz. Izan ere, errealitate eta paisaia soziolinguistiko ezberdinak topatuko dituzte ibilbidean, beste ehunka abenturarekin batera; hori guztia, euskarari buruz ikasiz eta kontzientziatuz.

Nor bere itxaropen eta espektatibekin joan da espediziora: batzuk, lagunak egiteko asmoz; beste batzuk, euskara egunerokoan erabili ahal izateko, Euskal Herria ezagutzeko... Horietako bat da Urruñako (Lapurdi) Antoine Rival: «Udan zerbait egiteko eta ordenagailu parean ez egoteko» eman du izena abenturan. Hala ere, azaldu du ez etxean eta ez lagunekin ez dela euskaraz mintzo, eta bere maila hobetzeko ere joan dela, euskaraz bizi ahal izateko.

Bestalde, Santurtziko (Bizkaia) Leire Lapresak azaldu du etxean gurasoekin hitz egiten duela, baina beste inorekin egiteko aukerarik ez duela; horregatik, maila hobetzeko eta esperientzia bizitzeko eman du izena. Altsasuko Eneko Andueza, berriz, abenturagatik eta esperientziarengatik joan da gehienbat, uda ahaztezin bat helburu.

Saioa Lizarreta eta Olaia Garbalena baztandarrek azaldu dutenez, «lagunak egiteko eta uda ezberdin bat bizitzeko» parte hartuko dute abenturan, baita Euskal Herria ezagutzeko eta kilometroak egiteko ere; izan ere, 500 kilometrotik gora ibiliko dira oinez neska eta mutil gazteak.

Betiko udalekuen leherketa

Tolosako (Gipuzkoa) Libe Martinez de Retuerto xerpa lanean ari da. Lehenengo edizioan jzioquitar gisa ibili zen, eta azkenekoetan, berriz, xerpa moduan. Iazko edizio arraro eta ezberdinaren ondoren, itxaropen handia du aurten berriz ere normaltasunera itzuliko direla, eta «betiko udalekuen leherketa» izango dela. Gozatzea du helburu, eta argi utzi du beste urtebetez espedizioari zuku dena ateratzeko asmoz dagoela.

Hasi berri da hilabetea, eta gazteek aurrean dituzte oraindik ere ehunka kilometro, baina indarrez eta gogoz daude. Iker Goñi antolatzaileak argi utzi zien gazteei esperientzia ahaztezina dutela aurrean, baina baita gogorra eta zorrotza ere. Hala ere, motxila bete ilusioz ekingo diote bideari.]]>