<![CDATA[Elixabete Garmendia Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 05 Feb 2023 05:27:45 +0100 hourly 1 <![CDATA[Elixabete Garmendia Lasa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ultraeskuindarrei gauzak errazten?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-02-02/ultraeskuindarrei_gauzak_errazten.htm Thu, 02 Feb 2023 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-02-02/ultraeskuindarrei_gauzak_errazten.htm Shen Yun izeneko ikuskizun txinatarra anuntziatzen zuen, dantzari akrobatikoz eta orkestraz osatua. Donostian eta Bilbon, urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra; Logroñon eta Sevillan, martxoaren 3tik 9ra. Hasieratik gertatu zitzaizkidan irudiak kitsch eta zaharrunoak: dantzarien jantzietan arrosa eta urdin argia nagusi, garai bateko Walt Disney konpainiako Edurnezuriren antzera; atzean, diz-diz egiten zuten paisaia artifizialak; iragarkiari ahotsa jartzen zion gizonezkoaren estiloa erabat hanpatua, demodé guztiz. Halako batean konturatu nintzen, besteak beste, hau ere esaten zuela: «China antes del comunismo». Laster hasi zitzaidan iragarkia ordenagailuan agertzen; hurrena, buzoian jaso nuen triptikoa. Horietan ere, lehen lerroan, izenburu berbera: «Txina komunismoaren aurretik» (gaztelaniaz, jakina).

Googlen apur bat arakatu, eta Shen Yun zer den jakin dut. New Yorken dauka egoitza 2006an sortutako konpainiak. Gaur egun, zortzi talde eta 500 artista omen dira guztira. Buruzagia Li Hongzhi izeneko gizona du, Falun Gong «praktika espirituala» sortu zuena; Falun Gong eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen kontrako sekta da. Li Hongzhik bere dotrina «mendebaldarren artean zabaltzeko» sortu ei zuen Shen Yun; bere hitzetan, «ikuskizunak publikoa salbatzea du helburu». Dena osatzeko, The Epoch Times argitalpen eleaniztun ultraeskuindarrari lotuta omen dago Li Hongzhi.

Emanaldi bakarra egin du Shen Yunek Bilboko Euskalduna auditoriumean, joan den igandean; egun batzuk lehenagotik agortuta zeuden sarrerak. Eta haien salneurria? Euskaldunaren aste hauetako programazioan ageri diren garestienak: 76 eurotik 140ra.

Donostiako Kursaalen, gaur izango du Shen Yunek hirugarren eta azken emanaldia. Kursaalaren webguneko propaganda: «Shen Yunek, bere ikuspegi artistiko eta politikoarekin, antzerki-esperientzia bidaia multidimentsional eta inspiratzaile bihurtzen du gizateriaren altxor handienetako baten bidez: Txinako kultura tradizionaleko bost milurtekoak». Hara! Kursaala Shen Yunen ikuspegi politikoari haize ematen? Kursaalaren webguneak informazio gehiago ere badakar: Shen Yun ikuskizunaren eragiletza Asociación Puro Arte Humano delakoak darama. Horren orrian sartu, eta ia konturatu gabe bideratzen zaitu The Epoch Times aldizkariaren gaztelaniazko bertsiora. Argitalpenaren joera frogatzeko, lagin gisa, albisteetako baten izenburua: «Brasil diktadura sozialista ari da bihurtzen». Garbi dago Bolsonaro dela haien kuttuna.

Izar askoko aterpeak dira kulturaren eta bereziki ikuskizunen arloetan, Euskalduna jauregia Bilbon eta Kursaala Donostian. Prestigiozko tokiak dira, maila gorenekoak. Eta ez da ahaztu behar diru publikoarekin eraikitakoak direla bata zein bestea. Beraz, kudeaketa ezin da izan txiringito pribatuen gisakoa. Horiek horrela, Kursaaleko eta Euskaldunako arduradunek ez al zekiten zer kuxidade zegoen Shen Yunen atzean? Ala jakinaren gainean, ez ikusiarena eginez, ireki dizkiete ateak? Ze irizpide erabiltzen dituzte antzoki batean zein bestean programazioa erabakitzeko orduan? Irabaziei bakarrik begiratzen diete, kosta ahala kosta?

Komunismoa —komunismo ofiziala— ez dago, ez, bere garairik onenean. Txina, Laos, Ipar Korea, Vietnam, Kuba... oraindik beren buruak komunistatzat aldarrikatzen dituzten herrialdeak ez dira inolaz ere eredugarriak sistema politikoaren aldetik. Baina sistema horren alternatiba gisa paradigma ultraeskuindarra hauspotzen dutenekin, nora goaz?

Shen Yuneko artisten jantzi zerutarretatik libratuko ahal gaitu zoriak. Hau da, hurrengoan aztiago eta zentzudunago jokatuko ahal dute Euskaldunako eta Kursaaleko programatzaileek. Bide batez, Euskal Telebistan ez al zitzaion inori susmagarria gertatu Shen Yunen iragarkia?]]>
<![CDATA[Dogmatofago konplizea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-01-19/dogmatofago_konplizea.htm Thu, 19 Jan 2023 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2023-01-19/dogmatofago_konplizea.htm Zalacain el aventurero eta Las inquietudes de Shanti Andia. Dagoeneko sentitua nuen Pio Barojarekiko konplizitatea; idazlea begi-keinuka imajinatzen nuen zerbait irakurtzen nion aldiro.

Joan den abenduaren 28an bete ziren 150 urte Pio Baroja jaio zenetik. Duela 50 urte, «Nafarroako Bera Bidasoan Pio Baroja zenaren ehunurteburu justua ospatu zen», Xabier Letek Zeruko Argia-n (1973-01-07) kontatu zuenez. Artikuluaren izenburua: Julio Caro Baroja bere osabaz mintzo. Izan ere, Berako ekitaldiaren kronika egiteaz gain, Letek Pioren iloba elkarrizketatu zuen. Hark esandakoen artean: «(...) ziur nago nire osabaren kritika gerora oraingoa baino askoz ere hobeagoa egingo dela». (Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Egilazek eta Anjel Lertxundik apailatutako Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburuan dago jasota oiartzuarraren idatzia).

Julio Caro Barojak aurreikusten zuena, alegia, osabaren lanarekiko kritikak hobera egingo zuela, ez dakit gertatu den ala ez. Dakidana da 150. urteurrenean Pio Baroja presente dagoela bere jaioterrian erakusketa zoragarri baten bidez. Pio Baroja: literatur postalak du izenburutzat erakusketak, eta Ernest Lluch kultur etxean dago hilaren 28ra arte. Literatur postalak Pedro Pegenaute iruñarraren fotografietan oinarritzen dira; enfokatzen ditu argazkilariak, alde batetik, bere hiriko zenbait monumenturen detaileak; bestetik, Lapurdiko hainbat etxetako leihatila eta ate gorriztak; tarteka, itsaso zatiren bat. Irudi horietako bakoitza Barojaren aipu baten euskarri bihurtzen da. Adibidez: «Itsasoa giza arimaren gogoeta bezalakoa da, itsasgora haren alaitasuna da, itsasbehera haren tristura». (Vidas sombrías, 1900). Edo beste hau: «Ez da inoiz egon hizlari euskaldunik; hizlaria, han, musikari edo olerkari bihurtu da, bertsolari umil edo Iparragirre bardoa». (Fantasías Vascas, 1941). Azken bat: «Galdetzen didatenean zer sineste ditudan erlijioari dagokionez, agnostikoa naizela esan ohi dut gustagarria zait apur bat pedantea izatea burua itxita dutenekin; orain, gainera, erantsiko dut dogmatofagoa ere banaizela». (Juventud, egolatría, 1917). Barojak ez ei zuen oso aurrera egin bere mediku karreran, baina haren pilula literarioek eraginkor izaten segitzen dute.

Erakusketa Iruñeko Ipso Ediciones argitaletxearen Baroja & Yo bildumatik dator. Hogeita sei liburuxka, Pio Barojaren hainbat alderdi aztertzen dituztenak gaur egunetik. Ascensión Rivasek Mujeres barojianas izeneko lanean, idazleari egotzi izan zaion misoginia topiko hutsa dela baieztatzen du. Amparo Hurtadok Hermana querida - Arreba maitea-n Carmen Baroja Nessiren izaera feminista azaleratzen du. Bernardo Atxagak eta Joxe Mari Iturraldek idatzitako Órdago - Hor dago-n, Atxagak barojazaletasunaren giltza ematen du: «Barojak hurbiletik idazten zuen, gertutasunez eta konkretutasunez, esperientziatik, literaturakeriarik edo erretorikarik gabe. (...) Neure buruari galdetzen diot (...) barnetasun hori izan ote zen, euskaraz mintzo zen mundu horrekiko gertutasuna, Barojarengana bultzatu gintuena».

Bide batez: sagako aitzindaria izan zen Serafin Barojaren hitzek lehertuko dute gaur festa Donostian.]]>
<![CDATA['Bestea' eta bestelakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2023-01-05/bestea_eta_bestelakoak.htm Thu, 05 Jan 2023 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2023-01-05/bestea_eta_bestelakoak.htm
Batzuetan tankera benetan antipatikoa erakusten baitu kaleak; adibidez, bizikletariek edo patinetedunek, inor datorren begiratu ere egin gabe, oinezkoen bidea ziztu bizian gurutzatzen dutenean. Zorionez, badira bestelako portaerak, bizipoza jariatzen dutenak. Aurreko batean boskote bat ari zen jotzen Kontxako pasealekuan: bateria eta haizezko lau instrumentu, jazz estiloan; oporretan zeuden ikasleak izango ziren, ziurrenik; bikain ezkontzen zen haien musika tamarindo inausi berriekin. Azkenaldian, autobus geltokiaren inguruan ibili da beste musikari bat: gizon indigena hegoamerikarra, pontxo eta guzti; eskusoinu txiki bat jotzen du eta tartean kantatu ere bai; dena oso apal eta xume egiten du, baina xarma handiz aldi berean. Kaleak badaki opariak eskaintzen.

Kaleak, ordea, aurpegirik ankerrena erakutsi zuen Eguberri goizean. Hogeita lau urteko mutilaren hilketak aurreiritziak astindu dizkigu: bazter galdu batean jazo izan balitz, berdin inarrosiko zigun barrua, baina hiriaren erdigunean bertan halakorik gerta daitekeela frogatzeak konfort-gunea zulatu du. Ez da lehenengo aldia, 2019ko apirilean beste gazte bat hil zen Nautiko Klubaren ondoan Kontxaren ertzean jasotako kolpeengatik. Donostiako udaltzainek 330 aizto errekisatu omen dituzte bukatu berri den urtean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan duenez, arma zorrotzekin egindako 650 delitu erregistratu zituen Ertzaintzak 2021eko azarotik 2022kora. Ezjakintasunetik eta kezkatik, galdera: zer ohitura ari dira garatzen belaunaldi berrietako gazte batzuengan? Zer ereduri jarraitzen diete? Zer-nolako iruditeria daukate?

Aitortu beharrean nago ez zaidala hain harrigarria gertatu Bilboko San Frantzisko auzoan izandako hilketa. Bikotekideak gizonezkoak, jakina hil du emakumea. Etorkinak ziren biak, boliviarrak. Kasu honetan paradigma ezaguna egiten zaigu, ohikoa. Ohikoegia. Ahoz gora ari naiz apropos ariketa egiten, automatikoki pizten zaizkidan aurreiritziak deuseztatu nahian; Donostiako Okendo kaletik Bilboko San Frantziskora dagoen distantzia ekonomiko-sozialak iradokitzen dizkidan juzguak gainditze aldera. Lore-sortak antzeratsu zeuden Maria Cristina hotelaren balaustradapean eta Hilargi tabernaren ataurrean. Dena osatzeko, Barakaldoko gertakaria, emakumea bi seme-alabak pozoitu eta bere buruaz beste egiteko zorian.

«Gaur egungo munduak, hazkunde demografikoa, migrazioak eta komunikazioen garapena dela-eta, bestea-ren ugaritzea dakar; gizakien arteko harremanen eta kulturarteko harremanen biderketa dakar. Hortik, bestea-rekiko hartzen dugun jarreraren garrantzi itzela». Ryszard Kapuscinsky kazetari eta analistak joan den mendearen bukaeran egindako ohartarazpena. Ataka horretan gaude, eta sumatzen dut bestea ez ote den soilik kanpotik etorritakoa; bestea izan daiteke bestelako giro batean hazi eta hezitako bertako pertsona.]]>
<![CDATA[Populismo literarioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-12-22/populismo_literarioa.htm Thu, 22 Dec 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-12-22/populismo_literarioa.htm
Zortzi egun lehenago, Urkulluren hiztegia dosierra argitaratu zuen egunkari honek (BERRIA, 2022-12-11). Bertan datu esanguratsuak bildu zituen Jon O. Urainek: «Ekonomiari lotutako esamoldeek hartzen dute pisurik handiena lehendakariaren mintzaldietan: (...) ekonomia edo ekonomiko da gehien erabilitako hitzetan hirugarrena». Ildo beretik jarraituz: «Finantza, industria, enplegua... Urtero-urtero presentzia handia dute hitz horiek». Eta areago: «enplegua edo lana (299) eta enpresa (243) aipatu ditu gehien urteotan, eta enpresak langileak baino sei aldiz gehiago (40)». Datu horiek emateaz gain, zehaztapen hauxe egiten du kazetariak: «beharginez hitz egiteko, Urkulluk sarriago darabil profesional hitza langile baino». EiTBko elkarrizketan langile hitza erabili zuen.

Lehendakariak bere agintaldian eman dituen diskurtsorik garrantzitsuenak aztertuta —politika orokorreko eztabaidetakoak eta inbestidura saioetakoak— atera ditu BERRIAko kazetariak goiko ondorio horiek. Bururatzen zait balegokeela beste azterketa lerro bat ere lehendakariaren gainerako agerpen eta hitzaldiak kontuan hartuta: zein eszenatokitan eta zer publiko motaren aurrean egiten dituen, nori-nortzuei zuzentzen zaien. Telebistak erakusten duenaren arabera, enpresek, enpresari elkarteek, eta hedabide nagusiek antolatutako bilkurak izaten ditu maiz agertoki lehendakariak: bere agendan Sánchez Galán egotea ez da kasualitatea. Sindikatuekin, eta bereziki gehiengoa duten ELA eta LABeko ordezkariekin noiz biltzen da, ordea?

Dena dela, jendaurreko beste ekitaldi batek utzi nau aho zabalik azkenaldian. Azaroaren 28an, Arriaga antzokian, Dolores Redondoren azken nobela aurkezteko festan izan zen lehendakaria. Argazkian, idazlearekin batera, Urkullu eta haren emazte Luzia Arieta, Josu Erkoreka sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, eta ekitaldian aurkezle izan zen Ramon García ageri dira, besteak beste. Eta taldea osatzeko, bi muturretan... ertzain bana gala jantziarekin!!! Antzokia jendez beteta, mila lagun, Correo-ren arabera.

Badakizue, Bilbon 1983ko abuztuan izandako uholdeak hartu ditu Redondok Esperando al diluvio (Destino, 2022) liburua girotzeko. Izan ere, trama Glasgowko balizko hiltzaile baten inguruan harilkatzen bada ere, Redondok omenaldia egin nahi omen dio «ahatetxo itsusi izatetik zisne izatera» pasatu zen hiriari. Juan Mari Aburto zain dago jada nobelan oinarritutako filma egin dezaten, Bilboren osperako, nola ez! Duela urte batzuk Redondoren trilogiak turistak Baztanera bidean jarri zituen bezala, Guggenheim nahikoa ez nonbait, eta uholdeen tragedia banalizatzeko modua egingo dute. Dagoeneko, salmenten lehen tokian omen dago obra, 300.000 ale argitaratuta. Azken urteetan Espainian egin den merkaturatze itzelena, diotenez.

Dolores Redondoren literatura —bestseller programatu guztiak bezala— kokteletarako errezeten moldekoa da: X dezilitro intriga, y dezilitro morbo... dena ondo neurtuta. Oraingo honetan, booktrailer-ak horrela laburbiltzen du konbinatua: «Bizitzan, bi gauza bakarrik daude: maitasuna eta beldurra». Bestenaz, eta bukatzeko, zein kategoriatan koka dezakegu Arriagako ekitaldia? Populismo literario kolonizatzailean, akaso?]]>
<![CDATA[Fikzioarenak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/014/001/2022-12-08/fikzioarenak.htm Thu, 08 Dec 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/014/001/2022-12-08/fikzioarenak.htm
Kontrako albistea ere eman zuten ETBn: Donostian apal zebilela ostatu eskaria zubirako; gainera, bisitari batzuek eskastzat jotzen zuten koloretako argiz eta guatazko elurrarekin atondutako dekorazioa. Hala ere, gidariaren inguruan bildutako turistak topatuko dituzu noiznahi Parte Zaharrean edo Kontxako pasealekuan. Eta geroxeago, hiriaz nahikoa ikasi dutenean, ikusiko dituzu beren bizitzako pintxoa aukeratzeko trantzean, taberna baino gehiago makro-denda diruditen sasi-muntaketa horietan.

Izan ere, frankizien garaia da hau. Vicente Verdúren hitzetan: «Frankizia markadunak, lurralde bat bestearen atzetik inbaditzen dituztenak, saltsa-maltsa planetario moduko bat eratuz; osagai nagusia Mendebaldeko kultura dute, bereziki iparramerikarra». (Disney eta konpainia). Pintxoak hemengo asmakizuna izango dira, baina turistei begira sortutako kate-tabernek Verdúk aipatzen zuen paradigma horri erantzuten diote.

Vicente Verdú kazetari eta idazleak El estilo del mundo. La vida en el capitalismo de ficción (Anagrama, 2003) liburuan utzi zuen idatzita frankizien kontu hori. Ia hogei urte joan diren arren, oraindik iraungi ez den analisia egin zuen Verdúk lan horretan. «Fikziozko kapitalismoa» deitzen dio berak Berlingo Harresia bota ondorenean —hau da, 90eko hamarkadatik aurrera— indarrean sartu zenari: «Egungo kapitalismoaren irudia ez da ikatz meategi beltza, ezta automobil fabrika aspergarria ere; egungo kapitalismoaren irudia aisiarako parkea eta merkataritza-gune erraldoia dira». Leku horiek —eta horietatik eratorritako aldaerek— irudikatzen dute, beraz, fikziozko kapitalismoa. Izaera horren ondorioz —dio Verdúk— infantilismoa sustatzen du kapitalismoak, eta horren adibide gisa aipatzen du kirol ikuskizunek —bereziki futbolak— pizten duten grina neurrigabea.

Beste ertz bati ere heltzen dio Verdúk baieztapen honetan: «Fikziozko kapitalismoa da, bereziki, inspirazio femeninoan oinarritutako konposatu bat». Krak egiten du esaldiak, ezta? Baina pentsatzen jarrita, ez al da gertatzen ari, feminitatearen izenean-edo, banalizatze itzela? Adibide bat: Espainiako emakumezko ministro batzuen janzkera. Kongresuan dihardutenean, edo beren karguari dagokien beste edozein agerpenetan, sarao batera balihoaz bezala azaltzen dira sarri. Ulergarria da gizonezkoek jasaten duten derrigorrezko txaketaren konbentzioari ihes egitea, baina zein baino zein, modelorik nabarmen eta ausartenak erakusten ibiltzea...

Irudia zaintzen dieten coach-ek izango dute zerikusirik horretan. Politikagintzaren inguruko komunikazioak geroz eta gehiago jotzen du famatuen munduko estilora, famoseora, aktore, kantari eta abarrekin lehian. Politikariak erakargarri bihurtu behar horretan, itxura fisikoak paper erabakigarria jokatzen du, jakina. Gizonezkoetan ere bai, baina areago emakumezkoetan. Eta azkenean, ba hori gertatzen da, Espainiako Kongresuko eserlekuak puntako fashion-aren eskaparate bihurtzen direla, bide batez, klasismoa markatuz.

Eskarmentu handirik gabekoak gara oraindik emakumeok bizitza publikoan. Ez daukagu zertan gizonezkoei kopiatu; alderantziz, asmatu behar dugu gure izaera eta portaerak, gure diskurtsoa eta jendaurreko irudia garatzen; bakoitzak bere estiloan, uniformizaziotik at. Aske bezain duin eta ziur. Fikziorik gabe, zinezkotasun sinesgarria bermatuz itxuran ere.]]>
<![CDATA[Egurasten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/021/001/2022-11-24/egurasten.htm Thu, 24 Nov 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/021/001/2022-11-24/egurasten.htm
Ernest Lluch kultur-etxeko sarreran Sastrak izeneko erakusketa kolektibo multidiziplinarra zeukaten jarrita Lizarraldek berak, Jose Ignacio Agorreta pintoreak, Imanol Ubeda musikariak eta Imanol Rayo zinegileak: «Erakusketa ezinezko bidaia bat da». Ezinezko bidaia izango da, baina ez zapuztua, Agorretaren irudiek iradokitzen dituzten bazter ezinezko horietan zehar. Sastraka disko-liburu formatuan ere atera dute.

Aurreko bi urteetako agorreriaren ondoren, etxetik irteteko ohiturari heldu berriro, eta topo egiten duzu zinearekin, musikarekin, pinturarekin, hitzaldiekin... eta ezustekoekin. Topatzen duzuna ez da beti loriatsua izango. Zineman, adibidez, pare bat tostoi —eta ez Bergarakoak— suertatu zitzaizkidan; haietako bat Claire Denis zuzendari frantziarraren Fuego (Avec amour et acharnement) filma, Juliette Binoche eta Vincent Lindonekin. Frantziarrak apartak dira amodio kontuak infinituraino kiribiltzen, eta oraingoan Claire Denisek jo eta pasa egin du, Juliette Binocheren pertsonaia txotxongilo bihurtzeraino.

Artean, pinturan zehazki, Carlos Sanz deskubritu dut Kursaaleko Kuboan dagoen erakusketan. Carlos Sanz (Donostia, 1943-1987) kaletik ezagutzen genuen 70-80ko hamarkadetan. Bizardun bat, gabardina luzea soinean, portafolioa eskuan… eta oinak arrastaka beti. Pintorea zela bagenekien, abokatua zela ere bai, eta gaixotasunen batek jota zegoela: erakusketan jakin dut hemofilia zuela. Eta erakusketan txundituta utzi nau bere lanak. Figurazioa abstrakzio bihurtzen du eta abstrakzioa figurazio. Muga horretan mugituz, bere erraiak, errai fisikoki eta psikikoki minduak, erakusten ditu, barruko samina isuriz. Erakusketan badaude orain arte jendaurrera sekula atera gabeko lan batzuk, marrazkiak zehazki: Francori buruzko serie bat. Carlos Sanz ezkertiarra zen, komunista.

Urteurrenetakoa ari da gertatzen 2022a: 70garrena Donostiako Zinemaldiak, 50 urte Elkar taldeak, 40 urte Euskal Irrati Telebistak… Imanol Larzabalek 75 urte beteko zituen aitzakian, disko-liburu bat argitaratu du Elkarrek, Anjel Valdesen eskutik: Imanol, kantatzen du kantuz. Antologia. On Time ekoiztetxeak, berriz, Azken kontzertua dokumentala estreinatu du. Dena osatzeko, kantariaren omenezko kontzertua egin zen Antiguako Lugaritz kultur-etxean, hilaren 12an. Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Amaia Zubiria… eta hurrengo belaunaldiko kantariak, emakumezkoak denak: Maria Amolategi, Iosune Marin, Olatz Prat eta Olatz Salvador. Horiez gain, Telmo Trenor soinu-muntaketa berezi batekin eta Beñat Mujika bertsotan. Eskertzen da gazteek Imanolen figura kontuan hartzea.

Literatura, zinema, pintura, musika… kale egiteren bat gorabehera, osotara, gozamena. Etxetik irten eta bestelakorik ere aurkitu dut, ordea. Renferen geltokiko leihatilara hurbildu eta hitz-erdi esaterako, «¡en castellano!» agindu dit bertan dagoen neskak. Paparrean neraman ahobizi txapak salatu nau, nonbait. Suminduta itzuli naiz etxera. Hori bai, harrezkero ez zait ahazten etxetik irteterako txapa jartzea.]]>
<![CDATA[...zilegi balitz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-11-10/zilegi_balitz.htm Thu, 10 Nov 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-11-10/zilegi_balitz.htm Ihes betea (2006), eta Ken Zazpik Ihes betean (2010) deitu zion kanta bati. Ez dakit aurretik euskal literaturan azaltzen ote zen esaera hori.

Kontua da sarritan pizten zaidala burmuinean «Ihes betea zilegi balitz...»; ez Leteren transzendentzia mailarekin, modu dezente prosaikoagoan baizik. Zerbaitek estutu, gogaitu, inarrosi edota zanpatu egiten nauen aldiro. Esaterako, aurreko batean (2022-10-25) Vox-eko Ivan Espinosa de los Monterosi entzutean RTVEko 24 Horas-en gaueko saioan. Gauza bat da kontserbadorea eta atzerakoia izatea; beste bat gezurti, tranposo eta manipulatzaile konpultsibo gisa jokatzea, masailak gorritu gabe gainera, nola eta bizarrak ez zion lotsa ezkutatzen. Ikus-entzulearentzat, iraingarria.

Hartan, Jose Barrionuevo Barne ministro ohi sozialistak El País (2022-11-06) egunkariari emandako elkarrizketa iritsi da eta astindu ditu bazterrak. Lasai ageri da gizona kamera aurrean, hurbil eta guzti esango nuke, bai janzkeran kamisetaz, traje eta gorbatarik gabe eta baita hitz egiteko eran ere. Sala handi klasiko batean dago, baina berdin egon zitekeen taberna batean.

1982-1986 bitartean Espainiako Barne Ministerioa eta haren adarrak zuzendu zituen gizona solte mintzo da, konfiantza giroan, lagunarteko solasean balego bezala. Joxe Mari Larretxea Goñi ETA pm-ko errefuxiatua atxilotzeko agindua berak eman zuela: «Harrapatu zuten, baina hain zen handia gizona, ez zen maletategian kabitzen. Aurre egin zuen, bitartean jendarmeak iritsi ziren eta bertan behera geratu zen kontua». Gutiérrez Argüelles inspektorearen agindutara zihoazen hiru geo-k (Grupo Especial de Operaciones) parte hartu zuten Larretxea bahitzeko operazioan. Beste pasadizo hau ere kontatzen du Barrionuevok: GALek (Grupos Antiterroristas de Liberación) 1983an bahitutako Segundo Marey libre utz zezaten agindu zuela berak, iradokiz beste alternatiba ETArekin zerikusirik ez zeukan gizon hura hiltzea zela.

Barrionuevori hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion 1998an Espainiako Auzitegi Gorenak Mareyren bahiketagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, baina laster indultatu zuen Jose M. Aznarren gobernuak: hiru hilabete egin zituen espetxean; tarte horretan ordenagailua erabiltzen ikasi omen zuen. Ministro ohiak inolako damurik erakutsi gabe kontatzen ditu orain bere balentriak; alderantziz, harroxko jarrita kameraren aurrean: «Ordenaren zaintzaileak ginen».

«Umiliazioa» da Barrionuevoren elkarrizketa kalifikatzeko gehien entzun den hitza: biktimekiko umiliazioa. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak eta Rafaela Romerok Gipuzkoako Aldundian Mugikortasun diputatu den PSEko kideak erabili dute hitz hori. Baita Maider Garciak ere, GALek eraildako Juan Carlos Garcia Goenaren alabak. Beste kontzeptu bat ere aipatu du Maider Garciak: Barrionuevok erakusten duen «inpunitatea». Inpunitate horrek eragiten duen «amorru itzela» azpimarratu du Edurne Brouardek. Izan ere, Felipe Gonzalez presidentearen ministro ohiak justifikatu egiten du ETAkoen eta beste herritar batzuen kontra erabilitako gerra zikina, inolako erreparorik gabe. Zalantzarik ez, sobera babestuta sentitzen da nonbait Barrionuevo. Hala ere, kontuak eskatu dizkiote berandu antzean, egia esan Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak eta Fernando Grande Marlaska Barne ministroak. Gainontzean, isiltasun konplizea Madrilen. Bistan da PSOEk badaukala oraindik lana estoldak garbitzen. X jaunarenetik hasita. Ihes betea ez baita zilegi segun eta zein zirkunstantziatan.]]>
<![CDATA[Aztarna bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-10-27/aztarna_bila.htm Thu, 27 Oct 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-10-27/aztarna_bila.htm La Valse da. Hogeiren bat gazte hura dantzatzen plazaren erdian. Belaunerainoko praka beltzak eta alkandora edo kamiseta zuriak daramatzate soinean, zapatila soilak oinetan, institutuko patioan korrika saio bat egitera balihoaz bezala. Inolako apaingarririk gabe, ezta makillajerik ere aurpegian. Ez da, ordea, entsegu bat, jendaurreko emanaldia da, Donostiako Okendo plazan.

Koreografia Jon Maiarena da, eta dantzariak Malandain Ballet Biarritzekoak. Tarteka ukitu neoklasikoa hartzen ote duen dantzak, eta hurrena, berriz, euskal dantzen pausoak gogorarazten ditu, baina ez modu zehatzean, berrasmatze bat bezala baizik. Iturritik dantza jaialdiaren emanaldietako bat izan da, behin baino gehiagotan errepikatu dutena kale gorrian. Dantza, itxuraz, bere gordinean, sofistikaziorik gabe doa, eta hala ere... —edo agian horregatik beragatik— ikuslea zeharo harrapatzen du.

Dantza, pentsa daiteke, haurrek sortuko zutela, ezarian, auskaloko garaietan. Umeak pausoa pausoaren atzetik zuzen eta formal ematea baino nahiago du harriz harri salto egin, edo putzuz putzu hankak zipriztintzea, edo ziba bat balitz bezala gorputza bueltaka jartzea zorabiatzeraino. Txalo-pin-txalo egiten ere berehala asmatzen dute oraindik hitza ebakitzeko gai ez diren umemokoek; hor, musikaren aztarna. Eta imajinatzen ditut, historiaurreko gizakiak, umezarotik aurrera ere gaur egun dantza deitzen diogun hori taxutzen: gerritik heldu eta elkarrekin jolasean; indartsua arinagoa gora altxatzen; nor bere gorputza bihurritzen samina adierazteko. Aztarna horiek iraun dute gaur egungo dantzetaraino.

Aurreko batean Juan Luis Arsuaga paleontologo eta antropologoa elkarrizketatu zuen RTVEko 24 Horas katean Xabier Fortesek, gaueko saioaren gidariak. Atapuercako aztarnategiko zuzendari-kideak esan zuenez, aurtengo udan milioi bat eta laurehun mila urte dituen giza-aztarna bat aurkitu dute bertan, aurpegi baten zatia, Europan orain arte agertu den zaharrena. Surik gabe bizi zireneko giza-aztarna; izan ere, sua duela 300.000 urte hasi omen ziren erabiltzen ohiko teknologia gisa, nahiz eta lehenagotik ere ezagutuko zuten segur aski.

Sua su, eboluzionismoaren bidetik, honetan jarri zuen azpimarra paleontologoak historiaurreaz ziharduela: «Deskubrimendurik handiena heriotzarena izan zen». Bere esanetan, historia osoan ez da gertatu heriotzaren deskubrimenduaren parekorik. Izan ere, heriotzaz jabetzeak arrazoitzeko gaitasuna izatea eskatzen du; gaitasun horretatik datorren ondorioa da. Neandertalen edo pre-neandertalen garaian kokatu omen daiteke urrats hori, haiek, jada, hildakoak lurperatzen zituztelako. Heriotzaren ondoan, gure aurreko haien beste ezaugarri bat aipatu zuen Arsuagak: maitasuna, maitemintzeko ahalmena. Maitasuna kulturaren konstrukto bat dela diotenen kontra, paleontologoak maitasunaren zertzea ikusten du Homo sapiens-ak —eta Mulier sapiens-ak— bikote formatua hartzen dutenean elkarrekin bizi eta umeak hazteko.

Erretratua osatzeko, historiaurreko gizakiak, aurrera aterako bazen, jakintza mota asko behar zituela gogorarazi zuen Arsuagak: klimaz, geologiaz, ekologiaz, zoologiaz, botanikaz... eta baita joskintzan ere.

Zientzialariak ez zuen dantzarik aipatu, eta ezta musikarik ere. Baina ez da zaila imajinatzen lehen gizaki haiek haur negartia isildu eta lokartu zedin kantua deitzen diogun horren aurrekaria erabiliko zutela, besotan hartu eta harat-honat kulunkatzen zuten bitartean.]]>
<![CDATA[Ezkortasunak jota]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2201/017/002/2022-10-13/ezkortasunak_jota.htm Thu, 13 Oct 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/2201/017/002/2022-10-13/ezkortasunak_jota.htm
Igande arratsaldeetako tristura sobera ezagun eta partekatua da. Nik uste nuen erretiroa hartzean sindrome hori desagertu egingo zela, astelehen goizean lanera joateko premiarik ezean. Ba ez, igande arratsaldeak lehen bezalakoak izaten jarraitzen dute, tristuraren putzuan erortzeko apartak.

Gero, gainera, boladak daude, eta azken bi urte luzeetako hau bereziki aldrebesa eta astuna ari da gertatzen. Pandemiak atzera egin ahala, gerra kontuek hartu zioten txanda; Errusia-Ukrainakoaren arrimuan, misil dantza hasi dute: Ipar Koreak Japoniarantz jaurtitakoa; Hego Koreak eta Estatu Batuek lau misil balistikorekin eman zuten erantzuna. Gerra Hotza deitzen diote jokoari. Pedro Sanchez presidente espainiarra eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Coruñan akordioa sinatzen defentsako aurrekontuak emendatu eta armagintzaren industria bultzatzeko prest, Europako Batasunaren eta NATOren esparru osoan. Nord Stream gasbidearen afera iluna. Misil hiltzaileak Kieven herritarren kontra...

Politika horien ondorioz (edota aitzakian) inflazioa puzten: elektrizitatea eta erregaiak etengabe gora, bizimoduaren garestitze geraezina... herritarrok lepo bueltan soka geroz eta estuago, itolarria sentitzeraino, baina otzan aldi berean. Botereak pandemiarekin frogatu zuen mundua gelditu zezakeela, maneiatu zezakeela nahierara, herritarrak desaktibatuz. Eta horretan gaude. Udazkenak aurrera egin ahala, arboletako hosto zimelduekin batera, berri geroz eta oker eta nahasiagoak datozkigu gainera, ezarian-ezarian egoera apokaliptikora apuntatzen dutenak.

Eta horrela, azkenaldian jasaten ari garen sekuentzia horren ondorioetako bat albiste ernegagarriei muzin egiteko tentazioa da, ezta? Egunkaria arineketan pasa eta irrati-telebistetako albistegiei ez-entzuna eta ezikusia egiteko joera. Joera unibertsala, nonbait: «Reuters institutuaren arabera, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du gaurkotasuna albo batera uztea. Eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa aipatu dituzte albisteetatik deskonektatu direnek». (BERRIA, 2022-09-28, Iker Tubia). Mundu osoko 93.000 laguni egindako inkestatik atera omen ditu ondorio horiek Reuters institutuaren txostenak.

Egungo albisteek hartzaileei dakarzkieten ondorioak —«eragin psikologikoa, nekea, konfiantza falta eta ezintasun sentsazioa»— azpimarratzekoak dira guztiak ere. Nor ez dute zamatu azkenaldian? Zamatu eta psikologikoki ukitu. Ondorioetako bati bigarren azpimarra jarri nahi diot: konfiantza faltari. Ez da zehazten konfiantzak huts egite hori zerekiko edo nortzuekiko den, baina uler daiteke —hala ulertzen dut nik— agintearekiko dela. Maila guztietako agintari eta erakunde politikoekiko eta, azken batean, sistemarekiko. Erantzuteko gai izango ote garen? Hori beste kontu bat da.

Anjel Lertxundik Ukrainako gerraren harira: «Sinesgaitza egiten da gizaki kontsideratzen den inork nola abiarazi dezakeen gerra bat, noiz, eta humanitatea gainditzen-edo ari zenean historiak ezagutu duen lehen peste globala. Tragedia bati beste tragedia bat. Minari mina. Pandemia naturak eragina zen, ordea. Gerra gizakiak». (BERRIA, 2022-10-02). Tunel beltzean, gu izenburua ipini dio Lertxundik idatziari. Ezkortasunak jota gaude; hori aitortzea bada zerbait.

P.D. Atzo —asteazken goiza— kalea itxita zegoen berriro, anbulantzia eta suhiltzaileen kamioiarekin.]]>
<![CDATA[Ertzetik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2022-09-29/ertzetik.htm Thu, 29 Sep 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/022/001/2022-09-29/ertzetik.htm Amour eta toujours diskoko seigarren kantan, Vladimirrena izenekoan. Disko osoa bezala, kubatar estiloko doinuarekin hasten da abestia, baina berehala hartzen dute kantariaren ahotsak eta haren azpiko musikak halako tonu sakonago bat, oso neurtuta egon arren, dramatismoa transmititzen duena: «Ertzetik noa,/ amildegiko ertz-ertzetik,/ zaldiak,/ zaharoaz astintzen ditut zaldiok». Eta bat-batean sentitzen du batek amildegiaren ertzetik joatearen bertigoa. Kosmosean inolako heldulekurik ez bazenu bezala, poetaren hitzekin bat eginda: «Ni galduko naiz,/ urakanak eramango nau/ elur-lumak bezala,/ abailan noa leran».

Alkoholaren eta drogen ertzetik ibili ei zen Vladimir Visotsky (Mosku, 1935-1980) poeta, musikari eta aktorea. Haren kantu batean oinarrituta osatu du Vladimirrena Ruper Ordorikak.

Nor ez da ibili noizbait bidearen ertz-ertzetik? Amodio kontuetan nahiz jardun politikoan, sinesteetan eta ekintzetan, aldarte onean bezala alderantzizkoan. Fisikoki, uste baino arriskutsuagoa gertatu zen mendi mazela ahaztezin hartan, adibidez. Psikikoki, bizitzako bihurgune hainbatetan. Ertzetik ibiltzean, bihotz taupaden azeleratzeak ematen du abisua: dardara, bizkarrean tximistaren pare sartzen den hotzikara, asaldura eta... ziurrenik, izua. Ertz-ertzetik, norbanakoa ez ezik, gizataldeak ere ibili daitezke, bidetik irteteko zorian.

Aurtengo udan, bi tokitan behintzat —Iruñean sanferminen bezperetan eta Bilbon Aste Nagusiaren hasieran— Temblad cabrones zioen pankartaren atzetik joan ziren manifestazioan hainbat emakume, beltzez jantzita, batzuk zuziak eskuetan zituztela, beste batzuk danborra jotzen. Pankartako esaldi nagusiaren alboan, hizki txikiagoetan, beste lelo hau: Beldurrak gurekin jai. Bigarren esaldi honek bere baitan daukan hitz jokoak erakarri egiten du. Lehenak, ordea, uxatu. Izan ere, Temblad inperatiboak badu halako kutsu bibliko zaharmindu bat, erasokorra benetan. Bide batez, pankartako gaztelaniazko esaldiak jan egiten du euskarazkoa, han, ezkutura, kondenatuz.

Bilboko manifaren grabazioan oihu hau entzuten zen: «Sutara, erasotzaileak!». Lehen ere noizbait esanda nago: sorginkeria egozten zieten emakumeen kontra egindako sarraskia dakar gogora, ezinbestean, esakune horrek. Gurutzada usaina. Izan ere, badira hitzak, esaldiak, bereganatu egiten zaituztenak. Eta badira diskurtsoak gogaitu eta kanpo —out— uzten zaituztenak.

Sexu erasoen gaitz ikaragarria gainditzeko, eta sexuarengatiko jazarpen oro eraisteko, aliatuak behar dira, gizonezkoak barne. Iruñeko eta Bilboko manifestazioen mise en scène hori eraginkorra ote da? Zalantzagarria gertatzen zait niri. Gauza bat da emakumeoi txikitatik ezartzen zaigun itxura eta portaera mengela errefusatzea, eta beste bat da gizonezkoei mendetan zehar atxiki zaien jite gerlaria imitatzea.

Ertzetik haratago zebilen, nonbait —Irango moralaren polizia-ren ikuspegitik— Mahsa Amini, 22 urteko emakume kurdua, Teherango kaleetan; zer eta hiyab zapia behar bezala jarrita ez omen zeramalako. Poliziek jotako kolpeengatik hil da. Ali Khamenei ahalguztidunaren erregimenak bere alde ankerrena agerian utzi du, behin berriro ere, Aminiren hilketarekin eta haren kontrako protestak zigortzean: hirurogeita hamasei heriotza eragin omen ditu dagoeneko errepresioak.

Mahsa Aminik eta bere hilketaren aurkako istiluetan bizia galdutakoek ez dute izan Vladimirrena kantak eskatzen duen luzapena: «beste apur batez ertz-ertzean» gelditzea; «beste apur batez mundu honetan» jarraitzeko zoria.]]>
<![CDATA[Takoi alpinoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-09-15/takoi_alpinoak.htm Thu, 15 Sep 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/017/001/2022-09-15/takoi_alpinoak.htm takoi alpinoak esakunea (Noticias de Navarra, 2022-07-25). Takoi alpinoak, oin izorratzaileak izateaz gain, sinbolo esanguratsua dira.

Hogeita hiru urtez Euskal Telebistan aritu den aurkezleak esana: «Orain dela hogei urte bezala jarraitzen dugu: gizon heldu eta lodi batek prime time-ko saioa aurkeztu dezake, eta emakume baten kasuan pentsaezina da. Kirolak aurkeztuko dituen emakumeak kiroletan aditua izan behar du, baina baita polita ere, gizonezkoen audientzia erakartzeko. Eguraldia-n ere antzematen da mapen artean mugitzen den emakume sexiaren kontua». Ana Urrutiaren hitzak, June Fernandezek jasota, izenburu luze bezain adierazkorreko erreportajean: «Kamera aurrean, gaztea, argala eta liraina izan behar duzu, emakumezkoa bazara» (Argia, 2021-10-17).

Lekukotasun sorta bildu zuen June Fernandezek lan horretan. Estitxu Fernandezen hau, esaterako: «Herriko festei buruzko saioak eta Sorginen laratza bezalako gaueko showak aurkezten hasi nintzenean sentitu nuen presioa. Arropa aukeratzen zidaten, oso festiboa eta dotorea, batzuetan eskotearekin, beti takoiekin. Oso deseroso zitzaizkidan».

June Fernandezen idatziak Naiara Vink kazetariak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako doktorego tesian du abiapuntua; izan ere, Vinkek aztertu du irudiak zenbaterainoko eragina duen —Espainiako Estatuan— kazetari emakumezkoaren bilakaera profesionalean. Bere hitzetan: «Kazetarien irudiaren eragina erabakigarria da: mugatu egiten du haren ibilbide profesionala eta lidergo gaitasuna». (BERRIA, 2021-07-17, Olatz Estebanek egindako elkarrizketa). «Estetikaren tirania» deitzen dio Vinkek emakumezkoek irudiarekiko jasaten duten presioari.

Nolanahi ere, susmoa daukat estetikaren tirania hori ez ote den oso adimentsua. Presio horren barruan sartuko da negu gorrian Gaur Egun edo Teleberri-ko aurkezle emakumezkoa mahuka hutsik jartzea. Badakigu telebistako estudioetan ez duela hotzik egiten, baina datorkeen elurteari buruz gisa horretan jantzita jarduteak talka egiten du mezuarekin, sinesgarritasuna kentzen dio. Edo munduko arazo eta ezbeharrak kontatu behar dituen aurkezlea agertzea garai batean koktel soinekoa deitzen zutenaren modukoekin... Zer esango dizuet: kirrinka egiten du.

Armas de mujer / Working girl (1988) filmeko eszena bat datorkit gogora: Melanie Griffithek, New Yorkeko metrotik irten eta lanerako bidean, zapatilak erantzi, poltsan gorde, eta balantza apur bat eragiten zioten takoi luzeko zapatak janzten zitueneko hura. Bulegoan Harrison Ford negozio gizona zuen buru; haren idazkari izateari utzi eta negozio emakume bihurtu nahi zuen neskak. Takoizko zapatak versus zapatilak. Izan ere, takoi luzeek sexua markatzen dute, azpimarratu egiten dute, ibilera sentsualagoa eragiten omen dute... Haien gainean ibiltzen dakienari, izatekotan. Takoizko zapatak fetitxe bihurtuta.

Kontua da zapata-dendetako erakusleihoetan, gaur egun, zapatila gehiago ikusiko duzula takoizko zapatak baino. Kalean, zer esanik ez: adin guztietako emakumezkoek darabiltzate zapatilak, haien artean gaztetan takoizko zapaten kalbarioa jasan behar izan zutenak barne. Eskaintza benetan zabala baitago zapatiletan, kirolekoetatik hasi eta fantasiazkoetaraino: kolore, ehun, narru, estilo —eta prezio— askotarikoak.

Bitartean, ETBko estilistak —buruzagien aginduetara— tematzen dira emakume aurkezleek irudi artifizial eta estereotipatua erakutsi dezaten, zaharmindua. Gogoz kontra bada ere.]]>
<![CDATA[Adore kontuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-06-23/adore_kontuak.htm Thu, 23 Jun 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/023/001/2022-06-23/adore_kontuak.htm
Josefina Lamberto Ioldik (Larraga, 1929-Iruñea, 2022) —Maravillasen ahizpak— gutxigatik ihes egin dio Nafarroako suteen sarraskiari. Orain ikur grafiko bihurtuta dabil Ane Arzelusek egunkari honetarako diseinatu duen trixertan. Ikono bilakatu baita moja ere izan zen emakume ausart eta borrokalaria. Inoiz kasualitateak lotura bitxiak egiten ditu. Ekainaren 9ko BERRIAn, Josefina Lambertoren soslaia jasotzen zuen orrialdearen aurrekoak hauxe zuen izenburutzat: «Andreen zahartzaroak 'eredu berriak' behar ditu, adituen arabera». Gotzon Hermosillak idatzitako kronika zen, Emakundek Bilbon antolatutako Emakumeak eta zaharrak: botere eraldatzailea eraikitzen jardunaldiez.

Eta hor, behin berriro ere topo Anna Freixas Farre pentsalariarekin: «Zahar berriok ez dugu eredurik. Zahartzaroa endekatze prozesu bat balitz bezala saldu digute, baina guk dotore, osasuntsu eta egitasmoz beterik zahartu nahi dugu, eta horretarako eredu berriak behar ditugu». Eginahal horretan, Freixasek feminismoa aldarrikatzen du lanabes gisa, adinkeriak arazotzat planteatzen duen zahartzaroa, lorpen modura hartu eta bizitzeko. 1968 inguruan feminismoa deskubritu zuen gazteen belaunaldiak badauka zeregina: zahartzaroa bizitzeko paradigma berria asmatzea.

Ildo horretatik jotzen du Arantxa Urretabizkaiak, Itziar Ugarte Irizarrek Azken etxea nobelaz (Pamiela, 2022) egindako elkarrizketan (BERRIA, 2022-06-16) ondokoa dioenean: «Zahartzeko modu tradizionala desagertu dela ia, eta zahartzeko modu berri bat asmatzen ari garela; zantzuak badaude han-hemen, baina eredu oso bat ez, eta aukeratu dezakegu: ez dago modu bakar bat zahartzeko».

Bere belaunaldiarekiko autokritika ere sumatzen zaio Urretabizkaiari: «Ni gaztea nintzenean, helduaroa zen bizitzaren gailurra. Gazteak ginen prestatzen ari ginenak helduarora ailegatzeko, eta meritu asko egin behar genuenak pertsona osoak kontsideratuak izateko. Baina 68aren inguruan, nire belaunaldiak asmatu zuen ezetz, gailurra gaztaroa dela, eta horren ondoren dena dela amildegirako bidea. Eta hor bizi gara».

Ba hain zuzen ere, Urretabizkaiaren nobelako protagonistak amildegiari iskin egiten dio, enpeinu guztiarekin bilatuz bere azken etxea izango duena. Itoginik gabeko etxea, gustuko landare eta loreak lantzeko aukera emango diona, Larhunen bista eskainiko diona... pertsona beregain gisa jarraitzea ahalbidetuko dion bizilekua. Bide batez, emakume adindua ixten joango da gaztaroko eta helduaroko etapak, harremanak eta ibiliak, nostalgian erori gabe, eta ezta damuan ere; epe mugatua duela jakitun, aurrean daukan denbora horri dagokion zukua ateratzeko adorearekin. Azken etxea fikzioa da; suspensetik ere badu, eta irakurlearekin jokatu egiten du tarteka. Aldi berean, «zahartzeko modu berri bat» asmatzeko ahaleginari ekarpen zinez baliagarria egiten dio, kontuan hartzeko pista batzuk eskainiz.]]>
<![CDATA[Ukabilkadak auzitan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-06-09/ukabilkadak_auzitan.htm Thu, 09 Jun 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-06-09/ukabilkadak_auzitan.htm
Boxeolaririk hurbilenekoa Uzkudun genuen, Paulino Uzkudun errezildarra (1899-1985). Haren senitartekoren bat ere ezagutzen genuen; baina Uzkuduni buruzko aipamenak bueltarik gabeko sententzia batekin bukatzen ziren beti: Uzkudunek falangistekin bat egin zuen 1936ko gerran. Zertzuk egin ote zituen? Isiltasunak okerrena iradokitzen zuen.

Laster, beste boxeolari bat azaldu zen ringetan: Joxe Manuel Ibar, Urtain. Hori baino lehen gure herrian bizi izan zen aldi batean, tratante familia batean morroi. Mutil iharra zen artean, bizikleta ahal zuen guztia bihurritu eta kiribilak eginez erabiltzen zuena, zizarea bailitzan; hortik etorriko zitzaion ezizena: Txixare. 1968an egin zuen boxeoko debuta Urtainek, Ordizian. Izan ere, Boxing Cluba zegoen han, herriko eragilerik bizienetakoa, Txapel Gorri txirrindularitza elkartearekin batera. (Guk Boxing-a ondo ezagutzen genuen, bertan egiten baikenuen gimnasia Falangeko irakaslearekin, mahonezko pololo zakar haiek —eta gainetik gona— jantzita). Falangistek Uzkudun bereganatu zuten bezala, frankismoak Urtain nahierara erabili zuen, betiere euskal morroskoaren paperean.

Onartu behar dut estereotipo historiko hauek —eta nazioarteko beste batzuk— gailendu zaizkidala boxeoaren iruditerian eta, ondorioz, boxeoaren munduari buruzko iritzian. Harik eta hedabideetan Danel Abando boxeolari eta boxeo irakaslearekin topo egin dudan arte. Danel Abando, Deustuko Tigrea, Joakin Lucarini zizelkariak egindako eskultura famatuaren izena izengoititzat hartuta. Urtarrilean EITBko Helmuga saioan ikusi nuen Abando, Ukabilketan euskaraz proiektua aurkezten: euskara gazteen mundura hurbiltzeko helburua duen ekimena, betiere boxeoaren esparrutik. Harritu eta poztu egin ninduen albisteak: euskara boxeoarekin nahastuta, hori bai noranahiko izatea! Eta gainera, neskak ere bazeuden boxeoko klasean.

Gerora, egunkari honetan bertan aurkitu dut Danel Abando, Ukabilkadak baino gogorragoak diren hitzak (BERRIA, 2022-05-17) artikulua sinatuz. Bertan beste artikulu honi erantzuten dio: Boxeoa, kirola? (BERRIA, 2022-05-11), Euxebio Arexolaleibak eta Joseba Zendoiak —erlijioko eta filosofiako irakasleak hurrenez hurren— idatzia.

Ez naiz gai eztabaidan sartzeko —boxeoa debekatu ala ez, alegia—. Onartu behar dut boxeoko irakasleak argudio arrazoitu eta zehatzak ematen dituela, bereziki afizionatu mailako boxeoaren alde. Erlijioko eta filosofiako irakasleek boxeo profesionala dute, batez ere, jomugan. Iazko irailean, boxeo saio baten ondorioz hil zen Jeanette Zacarias Zapata mexikarraren heriotzatik abiatuta, boxeoa kirol gisa ukatu egiten dute, osasunean eragiten dituen kalteei buruzko datuetan oinarrituta. Eta ahaztu gabe alderdi soziala: «Boxeolari gehienak jatorriz txiroak eta kultura-maila urrikoak izaten dira, eta boxeoa egoera horretatik irteteko aukera gisa ikusten dute». Bistan da mutur banatatik heltzen diotela gaiari Abandok eta Arexolaleiba-Zendoiak. Arbitroa(k) falta tartean. Umetako zinema-saioetan bezala, begiak itxi eta belarriak estalita konponduko balitz gauza...]]>
<![CDATA[Oreka urratuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-05-26/oreka_urratuak.htm Thu, 26 May 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-05-26/oreka_urratuak.htm Alcarràs pelikulari (2021), usaina. Izan ere, gainontzean, halako indarra daukate traktoreen burrunba nagusi duen soinu-bandak, eta paisaiak —plano batzuetan Bardean gaudela dirudi—; era berean, gihar izugarria dute istorioak eta hura antzezten duen jendeak. Eta hori, profesionalak izan gabe, herritar xumeak baitira, belaunaldi guztietakoak, aktoretzan dihardutenak.

Alcarras Lleidako nekazari herri bat da, hamar mila biztanlez azpikoa. Fruta ekoizten dute, batez ere. Lurren jabeetako bati zera otu zaio, lursaila enpresa bati saltzea, eguzki-panelen baratzea jar dezaten bertan. Erabaki horrek nekazari familia zabal bati eragingo dion ezinegon, sumindura eta liskar giroa du ardatz filmak. Osotara, XXI. mendeko drama errealista sinesgarria islatzen du. Dokumental bat egin zitekeen arazoaren inguruan; Carla Simonek, ordea, zinemaren paradigmari heldu dio, herritarrak aktore bihurtuz, eta maisuki zuzenduz. Ez da harritzekoa aurtengo Berlinalen Urrezko Hartza irabazi izana. Zer eta, gainera, katalanez egindako filmak.

Antropologia sozialetik dezente du Alcarràs-ek. Nekazari giroko komunitate bizi bat dago oinarrian, nahi eta ezinaren arteko borroka nekosoan. Ez daude, inolaz ere, mundutik aparte, baina bai gutxietsita, menostuta, bizibidea ateratzeko larri, bitartekari xuhurren katean harrapatuta. Noiz arte eutsi ahal izango diote tokiko nekazaritzari? Metaforatik ere badu filmak: fruta arbola koloretsu eta usaintsuak zuztarretik atera makinekin, eta haien tokian, eguzki-panelek beltzez tindatuko dituzte lehen lursail emankor zirenak, paisaia, industriaren eremuko plastadekin lardastuz. Orain arte fruta arbolak zaintzen zituen nekazaria beldur da eguzki-panelen zaindari bihurtu beharko ote duen. Nekazaritza, energia berriztagarrien sistemak mehatxatuta.

Pantaila handitik mendira. Aspaldiko partez izan berri naiz Amezketatik Igaratzarako bidean dagoen Arritzagako bailaran, Aralarren. Pintzelkada bakarrean, haitzen gris ilunak eta belarraren berde fosforitoak egiten zuten kontrastea geratu zait itsatsita. Xehetasunetan sartuz, mota askotako lore hori eta urdinxken konbinazioak eta lore txiki arrosa-moreek osatzen zuten tapiza. Goitik behera harrizko mailak jaitsiz datorren errekako putzuetan, amuarrainak dantzan. Hori dena eskaintzen zuen parajeak naturaren aldetik. Eta hala ere, Arritzaga ez da horretan agortzen.

Izan ere, Peña Santiagok Aralarri buruz esaten zuenaren bidetik, Arritzaga «geografia humanizatua» da. Artzain txabolez gain, han topatzen dituzu kobre meatzeen aztarnak: garbitokiak, biltegiak, mea Amezketara garraiatzeko erabiltzen zuten kable-bidearen puskak... XVIII. mendean hasi omen ziren meategia ustiatzen. Herrixka bat ere eraiki zuten, eliza eta guzti —taberna ere izango zuten— eta, diotenez, ehunka batzuk (300-500 lagun?) bizi izan ziren bertan. Arkeologoek miatuta daukate tokia.

Lehengoan, artalde handirik ez oraindik, baina ardi batzuk bazebiltzan Arritzagan; eta behorrak moxalekin. Hori dena biltzen du bailarak, natura eta gizakiaren esku-hartzea —biak— uztartuz. Berez, oreka unibertsalerako baldintza eztabaidaezina da batura hori; errealitatean, agindurik urratuenetakoa: Alcarràs-ak kontatzen hasiz gero… Pauta, Letek idatzi eta Laboak ere bere egin zuen kantaren filosofian: “Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia […] Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea".]]>
<![CDATA['Gurutzontziak' eta gurutzadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-05-12/gurutzontziak_eta_gurutzadak.htm Thu, 12 May 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-05-12/gurutzontziak_eta_gurutzadak.htm Gurutze ez da hitz neutroa, ez behintzat erlijio katolikoarekin gurutziltzatu gintuztenontzat. Ez da hitz itsusia pertsonari ezartzeko: izen eder askoak dira Gurutz eta Gurutze. Gurutzearekin, ordea, estropezu egiten dugu: zenbat aldiz bidegurutzea esan nahi eta gurutze-bidea etortzen zaion bati mihiaren puntara. Azkenaldian, gurutzontzi sartu da gure lexikoan. Egia da crucero gaztelaniazkoaren ordainetan Elhuyarrek gurutza-ontzi ematen duela, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, berriz, gurutzaontzi, baina gurutzontzi barra-barra dabil, batez ere luxuzko ontzi horiek bisitan etortzen zaizkigunetik.

Aurten, apirilean hasi ziren azaltzen; hilabete horretan hamabi sartu omen ziren Getxora; urtea bukatzerako hirurogeita hamar izango omen dira Abran porturatuko direnak. Hedabideek famatu dutena apirilaren 27an etorri zen Mediterranean Shipping Companyko Virtuosa ontzia izan da.

Virtuosa-ren bertutea bere edukiera da: 8.000 lagun garraiatu omen ditzake, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta; hau da, Altsasu osoa sartuko litzateke, esaterako, Virtuosa-n. 2.424 kamarote ditu, hamar jatetxe eta 21 taberna. Hain zuzen ere, gurutza-ontzien glamourra zerora jaitsi zitzaidan horrelako zeharkaldia egin berri zuen bati hauxe entzun nionean: bidaiari gisa identifikatzen zaituen eskumuturrekoa jantzi eta ontziko tabernetan barra libre zeneukala.

Hilabete honetan Transcantabrico luxuzko trena jarri dute martxan berriro ere. Zortzi eguneko txangoa eskaintzen du Donostiatik Santiago de Compostelara, tartean hainbat hiritan geratuz. Prezioen arabera, luxuzkoa behar du izan trenak, eta bidaia osoak. ETBko albistegietan jakin nuen tren honen berri. Gurutza-ontzi bat datorren bakoitzean bezala, ETBk tokia egin zion albistegietan luxuzko trenari. Ekonomia sustatu beharraren izenean justifikatuko dute, antza, luxuaren propaganda.

Kontua da propaganda hori nahasten dela, ezinbestean, kontrako muturreko berriekin: esaterako, Bilbon hilda topatu zituzten bi etxegabeen kasuekin, edo Ondarroan -asteburua izanik lanean bakarrik ari zela- bizia galdu zuen eraikuntzako langilearen ezbeharrarekin. Izan ere, Prekaritateak hiltzen du -prekaritateak hil egiten du esango nuke nik- ez da eslogan hutsa. Gurutza-ontzien ifrentzuan Mediterraneoko paterak daude, etorkinak hamarnaka galduz; luxuzko trenaren beste aldean Ziburun trenbidea lotarako hartu eta hiltoki bihurtu zitzaien etorkinak dauden bezala.

Bidaien arloan hurrena datorkigun gurutzada Elon Muskena da. Espaziora joatearekin nahikoa ez, eta orain Starship ontzia berrerabili nahi omen du munduan zeharreko bidaiak antolatzeko: ahalik eta azkarren garraiatzeko pertsonak nahiz merkantziak. Ez dakigu negozio horretatik aterako duenaren zati bat limosna bihurtuko ote duen, espaziorako lehen irteeran egin zuen bezala, haurren ez dakit zer minbizi motaren ikerketarako.

Eskerrak badagoen gurutza-ontziak eta luxuzko trenak -eta balizko espazio-ontziak- saihestu eta beste modu batera bidaiatzen duen jendea. Aurreko goiz batean, Igeldon zehar doan Donejakue bidean, ezarian-ezarian, dozenaren bat ibiltari gurutzatu genituen: pare bat gizon frantziar, hamabiak puntuan gelditu eta bazkari legea egin zutenak; bi emakume irritsu, Europa iparraldekoak itxuraz; bidezidor aldapatsuan bizikletatik jaitsi behar izan zuen bikotea; banakako motxiladunak... Denak ere, parean pasatzean diosala egiten duten pertsona horietakoak.

Alferrik da, ordea: luxuak beste toki bat ebatsi du gurean. Herenegun jakin zen Donostiako Bellas Artes antzoki eta zinema-areto historikoa -berritze lanetan dagoena- Hilton kate estatubatuarraren luxuzko hotel gisa irekiko dutela 2024an. Eraikinaren jabe den Sade zine enpresak kudeatuko du Hiltonen frankizia. Luxuaren business-ak kolonizatu egiten du.]]>
<![CDATA[Antipodetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-04-28/antipodetan.htm Thu, 28 Apr 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/019/001/2022-04-28/antipodetan.htm
Astetan ibili nintzen mezua deszifratu ezinik, harik eta jakin nuen arte 541.600 gainditzen duen kopurua Hego Euskal Herrian prekarietatean bizi direnei dagokiela. Milioi erdi luze horretatik 311.000 emakumezkoak omen dira. ELA sindikatuarena zen letra eta zifra hutsezko kanpaina banksyarra. Orain, bizkarrean Glovoko pakete-motxila erraldoia daraman bizikletari presatuegia bidegorritik pasatzen ikusten dudanean, edo espaloian kurpildun aulkiari bultzaka doan beltzarana gurutzatzean, «541.600 baino gehiago» kantatzen dit burmuinak automatikoki, zorigaiztoko loteria bailitzan.

Loteria beltzean, Iberdrolaren azken faktura: aurreko hilabetekoa baino %23 garestiagoa. Leungarri gisa, bono sozialari buruzko informazio papera bidali didate fakturarekin batera. Euskaltelek Ukrainara deiak dohainik egitea eskaintzen didan bitartean, etengabe deika dabilzkit telefono konpainiatik, behar ez dudan auskalo ze promozio eskaintzeko. Gerra ekonomiarako taktikak?

Youtuben saltsatzen nabilela, hara non azaltzen zaidan Noam Chomsky. 34 minutuko hitzaldian Ukrainako gerra aztertzen du, nazioarteko testuinguruan kokatuta. Ardatza: «Estaturik garrantzitsuena AEBak dira, II. Mundu Gerraz geroztik gizarte mundiala kontrolatzen baitu, Nazioarteko Zuzenbidea zeharo mespretxatuz». Baieztapen horri eusteko Chomskyk aipatzen dituen adibideak: Afganistan, Yemen, Gaza eta, azkena, Sahara. Iraganetik Txileko kasua dakar, Pinochetek Allende presidentea eraitsi zuenekoa, CIAren laguntzaz. Ukrainara itzulita, hauxe dio hizkuntzalariak: «Bistakoa da ezin dela jakin diplomaziak funtzionatuko ote duen, ahaleginik egin ezean. Oraingoz Estatu Batuek, beren aliatuen babesarekin, uko egin diote bide horretan saiatzeari, bitartean ukrainarrak zoritxar izugarrienera kondenatuz».

Hizkera pausatu eta nekosoaz aletzen ditu arrazoi horiek denak 93 urteko gizonak, ahotsa altxa gabe, baina ziurtasun osoz. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak bihotza ukituko dio Chomskyri, eta ez bakarrik bere bizi osoan erakutsi duen konpromiso eta militantziarengatik; gurasoak judu jatorrikoak zituen: aita Errusian bizi izana eta ama Bielorrusian jaioa.

Ione Belarrak zuzentzen duen Eskubide Sozialen eta 2030 Agendaren Ministerioak dauka jarrita Chomskyren hitzaldia Youtuben. Bitartean, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak duela astebete Ukrainari agindutako armamentu eta ekipamendu militarrak biderkatu egiten du —Sanchez beraren hitzetan— otsailaren 24az geroztik emandako laguntza. Bistan da Ysabel itsasontziak daraman gerrarako karga Chomskyk aldarrikatzen duen bide diplomatikoaren antipodetan dagoela.

Demokrazia konbentzionalaren antipodetan dagoen bezala Pegasus espioitza kasua, eta horri buruz Espainiako Gobernua egiten ari den kudeaketa. Frankismo garaian —eta geroxeago ere bai, artean sakelakorik ez geneukanean—, poliziak egiten zituen telefono zulaketak norberak antzematen zituen askotan, teknologia ez baitzen oso sofistikatua eta zarata susmagarriek salatzen zuten entzuketa; gerta zitekeen, ordurako, telefonoguneko langileren batek abisatu izana telefonoa kontrolatuta zeneukala. Orain teknologiaren puntan daude belarriluzeak eta proportzio inbertsoan haiei iskin egiteko bitartekoak. Orduan bezalaxe funtzionatzen duena inpunitatea da: poliziena, eta haiei baimenak, aginduak eta babesa ematen dizkieten arduradun judizial eta politikoena.]]>
<![CDATA[Elizaz eliza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-04-14/elizaz_eliza.htm Thu, 14 Apr 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/018/001/2022-04-14/elizaz_eliza.htm
Elizaren inguruko proposamena dakart; danborren parafernaliarik gabe eta ikuspegi laikotik. Isabel Mellen historialari gasteiztarrak argitaratu berri du galdu ezinezko liburu bat: Tierra de damas. Las mujeres que construyeron el románico en el País Vasco (Sans Soleil argitaldaria, 2021). Erdi Arora goaz, XI.-XIII. mendeetara, Arabaren ingurumarira. Hasteko, baieztapen hau egiten du historialariak: «Emakumeak Erdi Aroko mendeetan Aro Garaikidean baino zapalketa gutxiagorekin eta botere handiagoarekin bizi izan ziren». Hori Euskal Herriari dagokionez.

Egilearen tesia da landagunean bizi ziren nobleziako emakumeek boterea eta aitorpen sozial nabarmena zeukatela, eta egoera horrek ahalbidetuta, herrietako eliza erromanikoen sortzaile izan zirela. Izan ere, Eliza erromatarraren sarea sustraitu gabe zegoen artean gure lurraldeetan, eta hutsune hori nobleziak betetzen zuen. Konparazio grafikoa egiten du Mellenek: «Toki bakoitzeko dama eta jaunek —batez ere damek— tenpluak eraikitzen zituzten errotak, burdinolak edo dorretxeak altxatzen zituzten bezala». Beraz, negozioaren barruan sartzen ziren, nolabait, gurtzarako tokiak ere.

Dena dela, tenpluen kasuan, oinarrizko arrazoia senitartekoen gorpuak bertan hobiratu ahal izatea zen. Hortik dator eliza horietan oraindik irauten duten harrizko irudiek ematen duten informazioa: emakumezkoak buruko estalki sofistikatuarekin ageri dira; gizonezkoak melenarekin. Horiek dira Erdi Arotik datozkigun erretratu paradigmatikoak, garaiko nobleziaren tankera —eta moda— erakusten dutenak.

Gerrak eta lurraldearen zaintzea gizonezkoen eginkizunak ziren. Etxea —eta etxaldea— gobernatzea emakumeen gain zegoen, eta hortik ondorioztatzen du Mellenek damak zirela, oro har, tenpluen eragileak ez ezik, zinezko egileak, sorkuntza intelektualaren aldetik. Liburuaren izenburuak biltzen duen ideia, alegia: Damen Lurraldea. Euskal Herrian erromanikoa eraiki zuten emakumeak. Azterketan genero ikuspegia sartuta, Mellenek irauli egin du historiak orain arte kontatu diguna.

Hilabeteak dira agendan apuntatuta daukagula Arabako elizak bisitatzera joateko plana: Gazeo, Añua, Tuesta, Alaitza... Azken honetako pinturak lehen aldiz ikusi nituenean, komiki baten aurrean nengoela iruditu zitzaidan; Erdi Aroko komikia, estilo zeharo naifean marraztutako pertsonaiekin, andrazko ugari tartean; interpretatzen zaila, nolanahi ere, zorioneko obra. Orain, beste hurbiltze bat izango dut, begirada aztiagoarekin, Isabel Mellenek emandako argibideei esker, nahiz eta galdera ikurretatik zintzilik geratuko naizen berriro, ziurrenik. Nolanahi ere, ez al da liluragarria duela hamar mendetako arbasoek zer adierazi nahi ziguten miatzea?

Oraindik ez zaizkit agortu eliza kontuak. Ekainean berrekingo omen diote Donostiako Artzain Onaren katedrala konpontzeari. Duela ia bi urte kanpandorrea errestauratu zuten. Orain, katedraleko gorputzaren ezkerreko aldeari helduko diote; aurrekontua bi milioi euro pasatxokoa da. Espainiako Gobernuak finantzatuko du kostuaren %75. Hortik aurrerakoa Gotzaindegiak jarriko omen du, “Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen bitartez". Nola ulertu behar da hori? Pista bat: kanpandorreko obretan Elizbarrutiak %12,5 besterik ez zuen xahutu; gainerakoa zergapekook ordaindu genuen, Espainiako Gobernuaren, Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta Donostiako Udalaren bitartez.]]>
<![CDATA[Klaxonak eta danbatekoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-31/klaxonak_eta_danbatekoak.htm Thu, 31 Mar 2022 00:00:00 +0200 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-31/klaxonak_eta_danbatekoak.htm Bella Ciao jotzen! Ez zen kanta unibertsal horren bertsiorik dotoreena, baina bai sekula entzundako originalena. Garraiolarien greba eskuin muturrak bultzatu zuela esaten ari ziren hedabideetan. Partisanoen kanta lekuz kanpo ote zegoen? Edo La casa de papel telesailetik iritsi ote da klaxonera? Dena dela, Hiru garraiolari sindikatuaren kartelak zeramatzaten hainbatek kabinaren muturrean, euskaraz: Garraio duinaren alde.

Donostia inguratzen zebilen karabana, eta erkidegokoez gain, nafarrak ere bazeuden, Elama goizuetarrak adibidez; bai, Elama, Mikel Laboaren kantukoa. Performance hark nahiko osagai zituen taxuzko erreportaje baterako. Telefonoko kamerarekin, ordea, klaxonez jotako Bella Ciao harrapatzea ere ez nuen lortu.

Frustratutako erreportajeak atzera eraman nau, oso atzera, 1974ra, kazetaritzako ikasle nintzen garaira. Kaleratu berri zuen Auspoa argitaletxeak Manuel Olaizola Uztapide-ren Lengo egunak gogoan obra, bi liburukitan. Hartu lehenengoa eta gaupasa egin nuen hura irakurtzen, eskutatik jaregin ezinik. Kontatzen zuena adina interesatu zitzaidan kontaera: esaldi laburrak, zehatzak, zuzenak, kiribilik gabeak, irakurleak lehenengoan jasotzen dituenak, trabatu eta atzera bueltaka ibili beharrik gabe. Uztapideren lan hori autobiografia da, bere bizitzako ibili eta gertakarien bilduma; irakurtzen da gizona aurrean hizketan balego bezala, tertulian. Ez dago hitz hanpaturik, ez dago ustezko dotoreziaren bilaketarik: xumea da kontakizuna. Eta Uztapidek ez zuen sermoirik botatzen! Atera nuen ondorioa izan zen bertsolariaren prosa estilo hark balio zuela kazetaritzarako ere. Komunikazioa bere soiltasunean eta gordinean. Mila aurpegi eta zertzeko modu dituen komunikazio hori.

Dinbi-danba, kartzela bateko ateak ixten direneko hots metaliko karraskaria. Zineman hamaika aldiz errepikatutako zarata. Kasu honetan, benetakoa da hots hori: Lannemezango presondegiko ateak dira. Hebentik elkarteak argitaratutako Musiheska CDan dator, eta atea pasatuta, espetxean bertan sartzen du entzulea bete-betean. Mixel Etxekopar musikari zuberotarrak 2008an ekimen bat jarri zuen martxan Lannemezanen: presoentzako musika ikastaroa. Urteen buruan, hainbat kanta sortu zituzten, eta emaitza hori da diskoan bildu dutena.

Didier Agerrek eta Vincent Gilles presoek ondutakoak dira grabazioko pieza gehienak, eta kartzelakideek osatutako bandak interpretatzen ditu. Tartean, espetxeratu batzuen eta haien hurbilekoen testigantzak daude. Diskoaren lagungarri, Etxekoparrek Musikartzela liburuan bildu du hamar urte luzez Lannemezanen izandako saioen kronika. Diskoa, Musiheska, hasi bezala bukatzen da, kartzelako ateen danbatekoekin, baina oraingoan kontrako zentzuan, musikari zuberotarrak deskribatzen duen bezala: «Lehen zatia da kanpotik barnera sartzea, ate, burdin hesi, portika, beste bat... Eta azkena bistan da, ateratzea, portika, burdin hesi, ate, beste ate, eta airea!».

Lannemezangoen antzekoak izango dira Poloniako Rzeswów presondegiko ate hotsak ere. Hilabete darama han Pablo Gonzalez kazetariak; irteerako zarata entzuteko beste bi hilabete geratzen zaizkio oraindik; hortik aurrera hamar urteko zigorraren mehatxua du gainean. Zein da arazoa? Pablo Gonzalezen kronikek gainditu egiten zuten Ukrainako gerrari buruz Mendebaldeko iturri ofizialek ematen duten ikuspegia. Hautsi egiten zuten NATOren saretik zabaltzen den eskema manikeoa.]]>
<![CDATA[NATOko kide]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-17/natoko_kide.htm Thu, 17 Mar 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-17/natoko_kide.htm Arkupean-eko artikulua idaztea. Baditut kromo batzuk, harridura-marka dezente eta galdera-ikur gehiago, baina ezin jokoari ekin. Nokeatuta nago, egia esan, aldiro begiak bustitzen dizkidan albiste jarioarekin.

Bat-batean badatorkit oroitzapen bat: NATOri buruzkoa, hain zuzen ere; zehazki, Espainiako Estatuan NATOn jarraitu ala ez erabakitzeko egin zen erreferendumarena. 1986ko martxoaren 12an izan zen, Felipe Gonzalezen gobernuak deituta. Ordurako Aliantza Atlantikoaren barruan zegoen Espainia 1982tik.

Bere garaian PSOEk NATOn sartzearen kontrako kanpaina egin zuen, hain ezagun bihurtu zen De entrada, no leloarekin. Gobernura iritsitakoan, ordea, norabidea aldatu eta aliantza militarraren aldeko bilakatu ziren Gonzalez eta bere jendea. Hala ere, NATOren kontrako mugimendua, ezkertiarra eta herrikoia, indartsua izan zen oso; kanpaina bizia izan zen zinez. Erreferendumean Estatuko lau lurraldetan irabazi zuen NATOrekiko ezetzak: Katalunian, Kanarietan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Aliantza Atlantikoari aurre egiteko sortu zen Varsoviako Ituna duela hiru hamarkada iraungi zen; NATOk, aldiz, bizirik eta indar guztiz segitzen du mundua zaintzen. Eta NATO bera AEBek zaintzen dute: Biden presidenteak mehatxatu gaitu Hirugarren Mundu Gerrarekin, baldin eta Putinek NATOren lurraldea ukitzen badu. Ez du esan gerra hori ez dela AEBetan gertatuko, baina historiari erreparatuta, ondorioztatu daiteke ez duela Ipar Ameriketako lurraldea ukituko.

«NATO existitzen da gaur egun, batez ere, bere izateak eragiten dituen arriskuak kudeatzeko». Katrina vanden Heuvel, Estatu Batuetako The Nation astekari aurrerakoiko zuzendariak esana. Olga Rodriguez kazetariaren Jalear la guerra artikuluaren barruan (ElDiario.es, 2022-03-08) aurkitu dut aipua. Vanden Heuvelen bidetik jarraituz, Olga Rodriguezek galdera hau egiten du: «Hain garrantzitsua al da Ukraina NATOn sartzea? Norentzat?». Zelenskik baztertu omen du, oraingoz, NATOko kide egitea.

Errusiako eta Ukrainako negoziatzaileen mahaia. Kamerak erdiz erdi hartzen du planoa; han, barrenean, banderak; mahai luzearen alde batean trajedunak errenkadan; parez pare, itxura gazteagoko gizonezkoak, gehienak kakiz jantzita, bat bisera eta guzti. Lehenengo egunetako bat falta omen da: Denis Kireev bankaria; SBUk —Ukrainako zerbitzu sekretuak— tiroz hila, atxilotuta zeukaten bitartean. Errusiarrekin elkarrizketak izan zituela eta traidoretzat jo dute nonbait.

Bilera hasterako, alde bateko eta besteko ordezkariek elkarri eskua eman ohi diote, nolabait; oso nolabait. Harrigarria litzateke bando banatakoak elkarrekin pozik agertzea, baina... ez al zaio gain-antzezpen traza hartzen eszenari? Semiotikako adituek badute aztergaia.

Bitartean, NATOk hurrengo gailurra Espainian egingo du, Madrilen, ekainaren 29 eta 30ean. Pedro Sanchez presidenteak lotuko zituen gauzak erakundearen idazkari nagusi den Jens Stoltenbergekin, NATOren Letoniako basera elkarrekin egin berri duten bisitan. Bide batez, Ukrainarako 40 milioi euro eskuratu dizkio Espainiak aliantzari; armetarako, jakina.

Ukrainatik eta alboko herrialdeetatik iristen diren kronikek bihotza uzkurtzen digute aldiro. Lehen egunetan Ane Irazabal Kieveko erdialde hustu hartatik. Laster Mikel Aiestaranek hartu zion erreleboa; planoan orain beti daude eraikin txikituak, kea dariela. Amagoia Mujika Poloniako ertzetik aritu da. Xabier Madariagak ere han nonbaitetik ezagutarazi dizkigu ihesi dabiltzanen istorioak. Berdin Bielorrusiatik Aintzane Bolinagak eta Laida Basurtok. Euskarazko kazetaritza sekula hurbildu gabe zegoen hain modu zabalean gerra kazetaritzara. Tamalez.]]>
<![CDATA[Ihesi eta babes bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-03/ihesi_eta_babes_bila.htm Thu, 03 Mar 2022 00:00:00 +0100 Elixabete Garmendia Lasa https://www.berria.eus/paperekoa/1891/024/001/2022-03-03/ihesi_eta_babes_bila.htm
Telebistako irudietan haurrak, amak, gazteak, adinekoak... mugetara bidean, maletan oinarrizko ekipajea sartuta. Gogora 1936ko gerrako zuri-beltzeko irudiak: haurrak, amak, amonak, tartean gizonezkoren bat, Irungo Abenida zubia pasatzen Iparralderantz. Hari mehe bezain sendo batek lotzen ditu duela laurogeita sei urteko irudiak eta egun hauetakoak: aurpegiek adierazten duten larritasunak; nola hala eusten zaion sakoneko larritasun horrek berdintzen ditu.

Atzerago jota, horien pareko irudiak topatu ditut Bigarren Karlistaldiari buruzko Pour Don Carlos film mutuan (1921). Emakume baten obra da pelikula, Jeanne Roques-ena (Paris, 1889-1957), Musidora izen artistikoz; bera izan zen factotum-a: Pierre Benoiten nobela zinerako egokitu eta gero, pelikula zuzendu zuen Jaime Lasuenek lagunduta, bere kontura ekoitzi... eta protagonistaren rola jokatu zuen, gainera.

Musidora Alegria kapitaina da pelikulan, Don Karlosen aldeko sutsua. Ez zen ohikoa duela ehun urte emakume batek halako rola jokatzea, eta gutxiago 1876an girotutako film batean. Fikzio aurrerakoia da, beraz, islatzen dena. Plano batean oso garbi ageri da Aiako Harria, izan ere, Oiartzun, Hondarribia, Irun, Elizondo eta Biarritzen filmatu omen zuten, bertako jendearekin. Badaude gerrako eszenak: mendian, parapetotik tiroka. Ondoren ikusten dira soldadu zaurituak —karlistak— erretiradan, abaildurik eta errenka. Hurrena, mugimenduan ageri da herritar oldea —adinekoak, gazteak, umeak— badoazela gerratik eta haren ondorioetatik ihesi, babesleku bila. Orain Ukrainako mugetan bezala. 1876, 1936, 2022... sekuentzia madarikatuaren hiru geltoki.

Filma fikziozkoa den arren, garaiko herritarrak erakusten dituen neurrian, dokumentu antropologikoa ere bada; orduko argazki ofizialen zurruntasunetik haratago, duela mende bateko euskal jendearen tankera islatzen du. Areago, azaltzen du nola irudikatzen dituzten XX. mendeko bigarren hamarkadan berrogeita bost urte lehenagoko herritarrak. Bide batez, jende iharra da nagusi; eta benetan serio ageri dira kamera aurrean. Istorioak hala eskatzen zuen, baina irudipena ematen du ez zitzaiela asko kostatu paperean sartzea. Alegia, 1876ko Karlistaldiaren galera —eta oihartzuna— bizi ote zuten 1921ean oraindik.

Eulalia Abaituak (Bilbo, 1853-1943) erretratatzen zituen herritarren antza hartzen zaie Pour Don Carlos filmeko aktore anonimoei. Zerikusirik ez erretratu ofizialetako errege-erregina, militar, elizgizon eta konpainiarekin. Abaituak argazkietan betikotu zituen Arratiako baserritarrak, nahiz Nerbioi inguruko txalupariak eta lixibagileak, senide gertatzen dira Jeanne Roquesen pelikulako estrekin. Musidora Folies-Bergèreko aktore izandakoa zen. Femme fatale-ren kategorian sartu zuten eta surrealistek musatzat omen zeukaten. Argazkietan avant la lettre-ko irudia ematen du askotan. (Filmari buruzko erakusketa igandera arte dago ikusgai Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan).]]>