<![CDATA[Eñaut Agirrebengoa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sat, 01 Apr 2023 22:57:49 +0200 hourly 1 <![CDATA[Eñaut Agirrebengoa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[«Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1974/028/001/2023-04-02/gero_eta_zailtasun_gehiago_dugu_baina_aurre_egin_behar_diogu_joera_horri.htm Sun, 02 Apr 2023 00:00:00 +0200 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1974/028/001/2023-04-02/gero_eta_zailtasun_gehiago_dugu_baina_aurre_egin_behar_diogu_joera_horri.htm
Zuzendari gisa, lan handiko egunak dira hauek?

Tira, lan asko aurreratua nuen. Bi hilabete lehenago aurreikusten dugu zer txirrindulari ariko diren, eta ibilbidea ere aurrez aztertua izaten dugu. Aste honetan, bestelako xehetasunak aritu naiz prestatzen.

Hortaz, otsail hasierarako jada zehatz-mehatz zenekien zer ziklista hautatuko zenituen?

Lehen aukeraketa egin nuen orduan, hamar txirrindulariko zerrenda bat osatuta. Garbi nuen zer motatako ziklistak interesatzen zitzaizkidan. Gero, aintzat izan behar da lasterketaren aurreko astean zer maila eman duten, eta ibilbidearen azken xehetasunak jakitea ere komeni da.

Zer beste zeregin izaten duzu halako lasterketa baten aurretik?

Antolaketa kontuei loturiko gauzak: adibidez, hotelekin harremanetan jartzea, zenbat pertsona garen eta zer menu nahi dugun esateko. Idazkariak gestio zehatzak egiten ditu, baina ni naiz gauza guztiak modu orokorrean antolatzen dituena. Buruari etengabe eragin behar zaio.

Politena zer da, auto barruan sartu eta lasterketak zuzentzea?

Guztiz. Biziki gustatzen zait txirrindularitza barrutik bizitzea eta eguneroko gorabeherak kudeatzea. Oso ondo pasatzen dut lasterketen errutinan. Pasioz bizi dut. Itzela da auto barrutik txirrindulariei aginduak eta animoak ematea, eta behar denean lagungarri izatea. Une oso txarrak izaten ditugu errepidean, eta horiei aurre egitea ere gure ardura da.

Nolako aldartean iritsiko zarete Itzulira?

Pozik eta gogotsu gaude. Unai Iribar izango da debuta egingo duen bakarra; beste guztiak arituak dira. Esperientziak asko laguntzen du Itzulia bezalako lasterketa batean. Badakizu zertara zoazen. Taldeak aurrerapausoak eman ditu azkenaldian. Kalitatezko txirrindulariak ditugu, eta beste urrats bat egin dezakegu World Tourreko lasterketetan.

Eskarmentuaz gain, zer beste ezaugarri hartu duzu kontuan Itzuliko taldea hautatzerakoan?

Alde batetik, igoeretan ondo moldatzen direnei erreparatu diet. Horrez gain, lehen bi etapetan aukera egon daiteke garaipena jende azkarraren artean jokatzeko. Guretzako etapa aproposak izan daitezke, Carlos Canal eta Gotzon Martin finak baitira jaitsieretan, kokapenaren lehian eta esprintetan. Ihesaldietan ere oso lehiakorrak dira, hautatu ditudan beste ziklistak bezala. Eta Mikel Bizkarraren aukera ere hor dago: iaz lehen hogei ziklistekin aritu zen lehian.

World Tourreko beste lasterketa bat jokatu duzue berriki: Kataluniako Volta. Nola sentitu zarete?

Sentsazioa izan da erabatekoa dela indartsuenen nagusitasuna. Voltan zazpi etapa izan dira, 25 talde ginen, eta hiruk irabazi dute bakarrik. Beti talde eta txirrindulari berak nabarmentzen dira. Hori txarra da guretzat, ihesean distira egiteko aukerak ere murriztu egiten direlako. Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri.

Dena ez da World Tourra. Egutegia oso zabala da. Eta zuek txukun ibili zarete Belgika eta Frantzia aldean.

Hori da kontua. World Tourrean badakigu zer dagoen. Baina bestelako lasterketetan burua atera behar dugu. Hala gabiltza. Frantziako eta Belgikako lasterketetan, ia beti sartzen dugu norbait lehen hamarren artean. Eta ez da batere erraza. Pentsa, Euskaltelen aurreko aroan nekez lortzen genuen halako emaitzarik klasiko horietan.

Vueltan ariko ez zaretenez, Itzulia izango da denboraldi honetako lasterketa nagusia?

Bai, Tour txiki bat bezalakoa izango da guretzat. Sobran dakigu zer maila izango den, baina gure lasterketa da, eta gure errepideetan eta gure zaleen babesarekin ariko gara. Bultzada handia da hori.

Presio berezia izango duzue aurten?

Ez. Halako lasterketa batean ezin duzu presiorik izan. Gozatzea eta gure maila ematea izan behar dugu helburu. Dagokigun tokian egon behar dugu. Ihesaldietan eta bigarren mailako sailkapenetan jarriko dugu arreta. Eta aukera txiki bat badago etaparen batean zerbait egiteko, buru-belarri joko dugu, eta ea baten bat agertzen den.

Aldarte aldetik, nola eragin dizue Vueltatik kanpo geratu izanak?

Bagenekien zaila izango zela. Ematen du urtez urte taldeak txandakatzeko asmoa dutela. Guk ez diogu buruari buelta gehiagorik eman nahi. Gure denboraldiei zentzua ematen dien proba da Vuelta, baina Itzulia bera ere erakusleiho handia da.

Kirol arloari erreparatuta, bidezkoa iruditzen zaizu Euskaltel Vueltako gonbidapenik gabe geratu izana?

Ez, baina gonbidatu dituzten taldeak kanpoan geratu izana ere ez zen bidezkoa izango. Gauzak beste modu batean egiterik badago; tropela 200 txirrindularikoa balitz, denok izango genuke parte hartzeko aukera. Erraz konponduko litzateke arazoa.

Itzuliko distirak uxatu egin ditzake itzalak. Zer emaitza lortzea sinatuko zenuke?

Bi etapatan hamar onenen artean sartzea, Bizkarra lehen hogei sailkatuen artean egotea, eta ihesaldietan presentzia edukitzea. Hori guztia lortuko bagenu, Itzulia biribila izango litzateke guretzat.

Zer iritzi duzu aurtengoaz?

Ederra da. Ibilbide bihurriak asko gustatzen zaizkit, betiere arriskurik ez badago: jaitsiera gaiztoak, sarrera estuak eta abar. Zuzendariok asko estutzen dugu autotik, eta, bidea oso estua izan arren, ziklista guztiek sartu nahi dute aurrean. Zornotzako etapa, adibidez, arriskutsu samarra izan daiteke, jaitsiera makurrak ditu eta. Bestela, ibilbidea atsegina eta gustagarria iruditzen zait.

Erlojupekorik ez da jokatuko. Zer iritzi duzu, eta zer eragin izan dezake horrek lasterketan?

Guretzat ez da txarra; aukera bat gehiago izango dugu zeresana emateko. Azken urteetako erlojupekoak oso motzak izan dira, eta ez da alde handirik izan onenen artean. Beraz, ez dut uste sailkapen nagusiaren borroka asko aldatuko denik. Lasterketa biziagoa izango da erlojupekoa kendu eta beste etapa bat gehituta.

Nor jotzen duzu lasterketa irabazteko faboritotzat?

Vingegaard aipatuko nuke faborito nagusi bezala. Pello [Bilbao] eta Mikel [Landa] ere aurrean izango dira, baita Enric Mas ere. Aurreneko hamar sailkatuak asmatzea ez da oso zaila izango. Gero, egia da ziklista batzuk ezkutuan izaten direla, eta izango da ezustekoren bat. Gazteentzako lasterketa aproposa izaten da normalean.

Gidoia azken urteetako bera izango da? Hots, azken etapan erabakiko da lasterketa?

Bai, aldeak oso murritzak izango dira, eta azken etapak bakoitza bere tokian jarriko du. Jumbo lasterketa kontrolatzen saiatuko da, eta Eibarko etapan berea egiten saiatuko da Vingegaard. Hori gai da Gorlan bertan eraso egiteko, etapa hasi eta 40 kilometrora. Lasterketak halakoak dira orain.]]>
<![CDATA[Ibilera bizkortu nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1918/028/001/2023-03-19/ibilera_bizkortu_nahian.htm Sun, 19 Mar 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1918/028/001/2023-03-19/ibilera_bizkortu_nahian.htm
Gorritxoek alde batera utzi nahi dute azken partidetan epaileen erabakien harira sortu den zalaparta. Era berean, Espainiako Kopako lehia erabakigarriarekin ere ez dute arretarik galdu nahi, geroz eta gertuago dagoen arren. Puntuak hirunaka behar dituzte ligan, salbazioa albait azkarren lortzeko, eta Europari begira segitzeko. Urrats handia egingo lukete Sadarren Vila-real menderatuko balute. Jardunaldia Europako postuetan hasi du Quique Setienen taldeak, eta nafarrak puntu bakarrera hurbil dakizkioke.

Horretarako, gol faltari irtenbidea topatu beharko diote Jagoba Arrasateren jokalariek. Izan ere, ligako azken 11 partidetan sei gol sartu dituzte bakarrik, eta horietatik hiru Sevillari sartu zizkioten. Bi jardunaldi daramatzate baloirik sareratu gabe, eta erasoan hutsune garrantzitsua izango dute gaur, Aimar Oroz zigortuta baitago. Ruben Peña, berriz, lesiotik osatzen ari da oraindik.

Reala, zauriak miazkatzera

Teknikari gorritxoak gogotsu dakusa taldea. «Etxean jokatu eta irudirik onena emateko ilusio handia dugu. Gainera, hobeto sentituz eta puntu gehiagorekin joan nahi dugu geldialdira». Vila-real Konferentzia ligatik kanpo geratu zen ostegunean, baina aurkari gaiztotzat du Arrasatek «Beti dute baloia, eta deseroso sentiarazi behar ditugu».

Realari ere bukatu zaio Europako bidaia, eta orain, ligako jardunari buru-belarri lotzea dagokio. Lau garaipen kateatu zituen Munduko Koparen ostean, baina azken zazpi neurketetatik bat baino ez du irabazi. Hala, Atletico Madrilen aurrea hartu dio sailkapenean, eta laugarren postua ere ez du ziurra, orpoz orpo jarraika baitu Betis; hiru puntu eskasera dauka. Bada, aukera ona izango du gaur azkenaldiko nahigabeak ahaztu eta bide onera itzultzeko, Elxen, azkenaren aurka.

Osasuna ez ezik, Reala ere antzu dabil erasoan. Ez zen gauza izan Erromari golik egiteko, eta ligan, bi aldiz bakarrik zulatu du aurkarien atea azken lau partidetan. Golarekin adiskidetzen saiatuko dira gaur Imanol Alguacilen jokalariak, zaleen babesean. Merino eta Carlos Fernandez ezingo ditu zelairatu teknikari txuri-urdinak, zigorra bete behar baitute. Bestalde, minez jarraitzen dute Aritz Elustondok eta Sadiqek. «Nahitaez» irabazteko lehia da, Imanolen ustez. Baikorra da aurrera begira: «Azken hamabi partidetan, gehi Erromaren aurkako bietan egin duguna egiten badugu berriro, ez dut kezkatuta egoteko motiborik».]]>
<![CDATA[Ziklismoa arte bihurtzen du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/019/001/2023-03-18/ziklismoa_arte_bihurtzen_du.htm Sat, 18 Mar 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1925/019/001/2023-03-18/ziklismoa_arte_bihurtzen_du.htm
Apartekoa dena ohiko bilakatu du Pogacarrek. Horregatik, esloveniarraren sasoi hasierak ez du ezustean harrapatu Joseba Beloki. Txirrindulari ohiari «normalak» begitandu zaizkio orain arteko «erakustaldiak». «Kontuan hartu behar dugu noren inguruan ari garen hitz egiten. Lasterketa guztien bila joaten da, eta, momentu batzuetan gogor jo duen arren, erakustaldi horiek nahiko neurtuta egon direla iruditzen zait».

Asko mugitu zen Paris-Nizan. Esparru guztietan egin zuen distira: indartsuena izan zen mendateetan, saiatuena gainsarien peskizan, eta tinko eutsi zion taldekako erlojupekoan. Iazko Tourreko arantza oraindik sartua duela nabari zaio, Belokiren aburuz. «Uste dut oraindik minduta dagoela joan den uztailean gertatu zenarekin. Jumbok irabazi zuen Tourra, baina Pogacarrek galdu zuela ere esan daiteke. Hutsegite batzuk izan zituen jokabide aldetik, eta bere kalterako izan ziren. Errebantxa gogoa du».

Bada, Paris-Nizan kolpe handia eman zuen mahaian, aise menderatu baitzuen haren nemesia, Jonas Vingegaard. 1.39 atera zion sailkapen nagusian, eta, hortik harago, askoz ere pedal kolpe biziagoa sumatu zitzaion. Ez zen ustekabea izan Belokirentzat. «Espero nuen bien artean halako aldea egotea. Vingegaardek nahiko lasai hartu du sasoiaren prestakuntza, eta ez zuen hainbesteko nagusitasunik izan Galizian. Nortasuna ere aintzat hartu behar da: Pogacar topera lehiatzen da beti». Esloveniarrak ez du gupidarik izan. «Irabazte hutsa ez zen aski. Denok normaltzat joko genuen biak batera iritsi eta esprintean Pogacarrek irabaztea. Baina Vingegaard jota lurrean uztea izan da haren lana».

Halere, Tourra beste hariko ezpala izango dela uste du Belokik. «Paris-Nizan edo Dauphinen ikaragarri ibiltzeak ez du esan nahi Tourrean hala gertatuko denik. Pogacar beti dago gosez; Jumboren filosofia, ordea, azken produktuaren bila joatea da: pixkanaka doaz, eta badakite zer egin Tourrera ondo iristeko».

Talde sendoagoa du aurten Pogacarrek, besteak beste Tim Wellens eta Adam Yatesen fitxaketei esker. Oharpena egin du, ordea, Belokik. «Ez da bakarrik ziklista onak edukitzea, baizik eta antolakuntza eta kudeaketa aldetik ere asmatzea. Engranajerik ez badago lasterketan, alferrik da. Iaz ere oso talde ona zuen Pogacarrek, baina Granonen bakarrik gelditu zen». Egun hartan, Primoz Roglic (Jumbo-Visma) izan zen Pogacarren leherketaren erantzuleetako bat. Hark ere ikusgarri hasi du sasoia, Tirrenon hiru etapa eta sailkapen nagusia irabazita, baina, printzipioz, ez da Tourrean ariko. «Nik ez nuke eramango. Zorte txarra izaten du eroriko eta lesioekin, eta, buru gisa ez bada, ez du joan nahiko».

Erronka monumentala

Tourra da Pogacarren helburu nagusia, baina ez bakarra. Monumentu guztiak irabazteko aukera ere esku artean darabil. «Erronka horrek bere burua lasaitzen eta lehiatzeko gosea asetzen lagunduko dio», esan du Belokik. Oraingoz, bi irabazi ditu: Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa birritan. Milan-Sanremo ere garaipenen zakuan sartzen saiatuko da gaur. Dohainei dagokienez, irabazteko kapaz ikusten du Belokik, baina zalantzak ere baditu. «Nire galdera hau da: 'Arriskatuko du Poggiora aurrean iristeko?' Sekulako lehia izaten da kokapenaren borrokan, eta, arriskurik hartzen ez badu, gero larri ibiliko da atzetik aurrera egiteko».

Alabaina, halako batean Poggion erasoa jo eta jaitsierara bakarrik iristen bada, hura harrapatzen komeriak izango dituzte aurkariek. «Jaisten oso teknika ona du, eta hautagaien multzoan zalantzak sortzen dira azpiko zuzengunean. Honi hiru segundo ematen badizkiozu, akabo». Hortaz, kate motzean lotu beharko dute, besteak beste, Wout Van Aertek, Mathieu van der Poelek eta Julian Alaphilippek. Iazko irabazlea ere, Matej Mohoric, hautagai nagusien artean da, Biniam Girmay eta Mads Pedersenekin batera. Tom Pidcock, berriz, ez da lehiatuko, Tirrenon erori eta garuneko kommozioa izan ostean.

Hiru euskal herritarrek hartuko dute parte: Alex Aranburu, Oier Lazkano eta Pello Bilbao. Lasterketa aproposa da Aranbururentzat; zazpigarren izan zen 2020an eta 2021ean.]]>
<![CDATA[«Ondo daramat lider izateak dakarren ardura; gozatzen ari naiz»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/022/001/2023-03-14/ondo_daramat_lider_izateak_dakarren_ardura_gozatzen_ari_naiz.htm Tue, 14 Mar 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1921/022/001/2023-03-14/ondo_daramat_lider_izateak_dakarren_ardura_gozatzen_ari_naiz.htm
Indar betean hasi duzu denboraldia, emaitza aldetik bederen. Nola ikusi duzu zeure burua?

Ondo, espero nuen moduan. Gogor hastea eta aukera guztiak aprobetxatzen saiatzea zen intentzioa. Iaz ere antzerako planteamendua egin nuen, hasieratik ezer gorde gabe, eta lasterketa guztiak lehiatzen saiatuz. Alde horretatik, ez naute ezustean harrapatu sasoi hasierako emaitzek.

Eta are hobeak izan zitezkeen: Valentzian, adibidez, sailkapen nagusia irabazteko zorian izan zinen, baina laugarren bukatu zenuen azkenean.

Irabaztera jokatu nahi izan nuen, eta gaizki irten zen jokaldia. Ardura guztia sailkapeneko liderrari [Giulio Cicconeri] utzi nion, gero esprintean garaipena lortzen saiatzeko. Etapa irabazita, garaipen orokorra ere nirea zen. Ez zen ondo atera, baina ez nuen damurik eduki, hori zelako biderik aproposena.

Valentzian bi segundorengatik egin zizun ihes podiumak; Arabiar Emirerrietan, berriz, hiru segundora geratu zitzaizun hirugarren postua. Amorragarria izan behar du.

Han ere anbizioz aritu nintzen. Podiuma nahiko seguru ikusten nuen, eta, arriskatzeko gogoz, bigarren postuaren bila joan nintzen. Behar baino esfortzu handiagoa egin nuen, ordea, eta azken kilometroetan latz ordaindu. Lastima izan zen, taldearentzat oso lasterketa garrantzitsua delako. Taldekideek merezi zuten sari hori, aste osoan lan ederra egin ostean, baina laugarren postuarekin konformatu behar...

Down Under itzulian hasi zenuen sasoia, eta han bai, podiumera igo zinen, etapa bat patrikaratzearekin batera. Oro har, inoizko urte hasierarik onena izan duzu?

Seguruenik, bai. Goizago hasi dut denboraldia, eta urtarrilean garaipen bat lortzeak konfiantza handia ematen dizu. Balio handia ematen diot Australian egindakoari, baita Strade Bianchen lorturiko zazpigarren postuari ere. Oso zaila da lasterketa horretan lehen hamarren artean sartzea, dagoen mailarekin eta lasterketak duen zailtasunarekin. Podiumaren lehian apur bat gertuago egon nahi genuen, baina gure kartak ondo jokatu genituen, eta ezin daiteke gehiago eskatu.

Zer sekretu dago sasoi hasierako distiraren atzean? Aldaketaren bat egin duzu prestaketa aldetik?

Iaz lehenago bukatu nuen denboraldia, eta prestaketa aurreratu egin dut. Eta gero, intentzioa aipatu behar da. Iaz, Valentziako itzulira erritmoa hartzera joan nintzen; aurten, ostera, irabazteko mentalitatez aritu naiz, Australian bezala. Aurrez lan serio bat eginda eta ibilbideak ondo aztertuta joan nintzen hara. Gainera, aurrerapenez bidaiatu nuen, egokitzapen hobea izateko. Nire esku zegoen guztia egin dut ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko.

Horren indartsu hasita, ez dizu beldurrik ematen urte bukaerara akituta iristeak?

Azken urteetan nire denboraldiak antzera planteatu ditut, eta ondo moldatu naiz. Aurrez lan karga handiagoak ere sartu izan ditut; adibidez, urtebeteko epean lau itzuli handi egin nituenean [bi Giro eta bi Tour lehiatu zituen 2020ko abuztutik 2021eko uztailera]. Gorputza mugara eraman nahi izan dut, eta ikusi dut mugak urrun daudela. Alde horretatik, ez daukat beldurrik.

Goi-goian jarraitzen duzu txirrindularien munduko sailkapenean: seigarren zeunden Strade Bianche bukatu ostean. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Asko esan nahi du. Niri neuri, erregulartasunak eman dit hor goian egoteko aukera. Inguruan ditudan ziklistek baino garaipen bilduma apalagoa izan dezaket, baina beti nago aurrean, denboraldiaren hasieratik bukaerara. Datu interesgarri bat erakutsi zidaten lehengoan: azken urtebetean egindako itzuli guztietan lehen bosten artean egon naiz, Tirrenon izan ezik.

Etapen bila aritzen zinen garai batean, baina lider gisa ere jardun zara azken urteetan. Garapen handia izan duzu ziklista moduan.

Bai, konfiantza hartu dut, taldeak nigan sinetsi du, eta ez dut beldurrik izan ardura hori nire gain hartzeko. Modu naturalean etorri da zeregin berria. Ondo daramat lider izateak dakarren ardura; gozatzen ari naiz. Benetan gozatzekoa da neure burua maila honetan ikustea profesional gisa hasi eta hamahiru urtera. Lan askoren emaitza da, eta behetik zatozenean, asko estimatzen da lehen urruti ikusten zenuen jende hori gertuago ikustea. Etapen jokoan egotea ere oso gustagarria da; horixe da ziklismoaz gozatzeko dudan modurik onena.

Zure onenetik gertu zaude, ala oraindik ez duzu goia jo?

Oraindik badut hobetzeko tartea eta motibazioa. Grina galtzen ez dudan bitartean, uste dut beti izango dudala hobetzeko aukera. Urtetik urtera gauzak hobe egin daitezke. Dena oso azkar ari da aldatzen, eta, nik ere erritmo horretan jarraitzen badut, garatuz jarraituko dut ziklista gisa. Ez zait mugarik jartzea gustatzen; denborak esango du noraino heltzen naizen.

Zein izan daiteke hurrengo urratsa? Astebeteko itzuli bat irabaztea, adibidez?

Hori da. Oso baikorra da lehen bosten artean hainbeste aldiz egon izana, baina, era berean, azken urteetan lasterketa bakar bat ere irabazi ez izanak erakusten du errematatzeko zailtasuna dudala. Hurrengo urratsak hori izan beharko luke. Alde horretatik doa urte honetako jarrera aldaketa. Azkenean, bitan podiumik gabe gelditu naiz nuen postuarekin ez nengoelako konforme. Arriskuak hartzeko eta gauza ezberdinak egiteko gogoa dut, eta uste dut bide horretatik iritsiko dela garaipena itzuli batean. Funtsezkoa da galtzeko beldurrik ez izatea.

Iaz arantza atera zenuen Euskal Herriko Itzulian, aurrenekoz etapa bat irabazita. Zer erronka izango duzu aurten?

Aukera polita daukat ibilbidearen planteamendu berria ikusita. Beste etapa bat irabaztea ederra izango litzateke, baina podiumaren erronka ere lortzeko dut oraindik. Erlojupekorik ez da izango, eta zaila da jakitea horrek nola eragingo didan. Ziurrenik, egongo dira ni baino erlojupeko hobea egiteko kapazak direnak, baina izan daiteke nik ere tarte apur bat ateratzea beste batzuei. Lasterketak bestelako gidoia izango du. Nahiago horrela, erlojupekoa azken egunean egitea baino; ez zitzaidan batere gustatzen. Lasterketak etapa nagusiarekin bukatu behar du, indartsuenak irabaz dezan.

Itzuli handietan oraindik ez zara podiumera igo. Helburu hori ere izango duzu aurten?

Ez; nire plana soilik Tourra egitea da, eta han oso garesti dago podiuma. Alferrikako esfortzu bat egitea litzateke. Ordea, etapen bila aritzea helburu interesgarria da nire kasuan. Euskal Herriko etapak zailenak izango dira: lehen egunetan ez da ihesean irabazteko edo ustekabea emateko aukerarik izaten. Baina batek daki. Indar betean iristen banaiz, posible izan daiteke etapen lehian sartu ahal izatea. Horrez gain, prest egongo naiz behar denean lan egiteko. Liderra, hasieran, Mikel [Landa] izango da.

Lau urte daramazue elkarrekin Bahrain taldean. Zer moduz konpontzen zarete?

Ondo. Elkarrekin lehiatzen garenean, gauzak argi ditugu. Nik beti esaten dut: sekula ez dut arazorik izango ni baino indartsuago dagoen norbaiten alde lan egiteko. Eta zer esanik ez, etxekoa eta aspalditik ezagutzen dudan norbait bada.

Bi beterano zarete gazte artean lehiatzen. Ziklismo erasokorragoa ekarri dute belaunaldi berriek. Zuri on egin dizu horrek?

Baietz esango nuke. Lasterketak geroz eta biziagoak eta irekiagoak izan, hobe niretzat. Lehian sartuago egoten laguntzen dit, eta gehiago egokitzen da nire korritzeko estilora. Lehenagoko ziklismoa ez zitzaidan oso erakargarria egiten kasu askotan. Ikuskizun gisa asko irabazi du txirrindularitzak, eta, bestalde, askoz gusturago lehiatzen gara ziklistak.

Ziklistak oso gazterik ari dira iristen gorenera azkenaldian. Zuk, ordea, kontrako bidea egin duzu: su geldoan bilakatu zara goi mailako txirrindulari. Zer da hobea?

Dena irabazten ari diren gazteek ibilbide laburragoak izango dituzte, oso zaila delako halako exijentziarekin urte asko egitea. Euren goia gazteago joko dute, eta hortik aurrera, onartu beharko dute ez direla gai maila berean lehiatzen segitzeko. 25 urte betetzen dutenerako bizitza guztirako behar adina diru edukiko dute, eta sekulako garaipen zerrenda. Egoera horretan, zaila da anbizioari eustea.

Zuk, ordea, gehiagoren gosez jarraitzen duzu 33 urterekin.

Berandu sartu nintzen ziklismoaren munduan, eta azpiko mailetan ez ginen horren profesionalak. Elitera ez ginen ofizioa horren ikasita iristen. Beste modu batean bizi zen txirrindularitza. Egia da 1990eko hainbat ziklistak oso emaitza onak izan dituztela gaztetatik, baina niri, nire ezaugarriengatik edo egon naizen taldeetan egonik, beranduago iritsi zait distira egiteko unea. Baina iritsi da, eta gozatzen ari naiz.]]>
<![CDATA[Edonon jarri, eta beti giltzarri]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2063/021/002/2023-03-11/edonon_jarri_eta_beti_giltzarri.htm Sat, 11 Mar 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/2063/021/002/2023-03-11/edonon_jarri_eta_beti_giltzarri.htm
Oso jokalari fisikoa da, eta sasoi betean egon behar du bere onena emateko. Aurreko denboraldian ez zen sasoi betean egon, baina honetan indar erakustaldiak ari da egiten berriro. Funtsezkoa da Jagoba Arrasaterentzat, eta zeregin asko eman dizkio orain arte: atzeko eskuin alboko eta erdilari bezala ez ezik, erdiko atzelari eta zelai erdiko eskuin hegaleko bezala ere ipini du. Hain zuzen ere, «jokalari sailkaezina» dela nabarmendu du Jose Manuel Mateok (Iruñea, 1975). Osasunako jokalari eta teknikari ohia ez dago harrituta Moncayolaren jardunarekin. «Denbora zeraman ate joka, aurreneko urteko agerraldi ikusgarriaren ostean. Haziz eta ikasiz joan da, eta, egia esan, beti iruditu zait oso jokalari osoa».

Arrasate sormena ari da hobesten zelai erdian, eta bertan tokirik gabe gelditu da Moncayola. Haatik, teknikariak ez du albora utzi, eta eskuin alboan aurkitu dio tokia. Postu aldaketarekin «konforme» dela uste du Mateok. «Nire ustez, bere kokapen naturala euskarria da; hor sentitzen da erosoen. Dena den, badakit nolakoa den Jon, eta ziur nago ez duela aurpegi txarrik jarriko hegalean jokatzeagatik».

Atzetik aurrera egiteko duen gaitasuna goratu du. «Oso urrats luzez egiten du korrika, eta ondo gidatzen du baloia. Hondoko marrara iritsi eta erdiraketa onak egiteko gai da, eta, hori gutxi balitz bezala, arean ere agertzen da batzuetan». Halaber, defentsan «lehiak irabazten» ari dela azpimarratu du.

Taldea uzteko arriskua

Nortasun aldetik, Mateorentzat deigarria da «beti» erakutsi izan duen «ausardia» eta «erraztasuna». Gainera, «zentzuduna» iruditzen zaio. «Ondo daki une bakoitzean taldeak zer behar duen; jokoa azkartzea edo mantsotzea komeni zaion». Oierren antzekoa al da? «Beste ezaugarri batzuekin, baina bai. Halako jokalariek irtenbide asko ematen dizkizute; adibidez, sistema aldaketa egin nahi duzunean». Eta zer gertatuko da Vidal eta Peña osatzen direnean? «Ez dakit, baina egiten ari den lanarekin, tokia izan behar du hamaikakoan, ezinbestean. Buruari eragin beharko dio Jagobak».

Moncayola Osasunaren gazte mailako taldean zebilen Mateo bigarren taldeko entrenatzaile zenean. «Gutxi jokatzen zuen, eta harrigarria egiten zitzaidan, nik hasieratik ikusi bainion gaia. Gurekin entrenatzera ekarri nuen aldiren batean, baina denbora gutxi jokatzen ari zen, eta ulertu nuen bigarren taldera igotzeak kalte egin ahal ziola, mesede bainoago». «Beti erabaki onak» hartzen zituelako eman zion atentzioa. «Teknikoki oso ondo egiten zituen gauzak, eta lehen pasea beti zuen ona, egoerarik zailenetan ere bai».

2019an iritsi zen lehen taldera, eta berehala egin zuen tokia. Klubak 2031ra arte luzatu zion kontratua; ikusteko dago, ostera, osorik beteko duen. «Egiten ari den lana eta duen etete klausula [20 milioi eurokoa] aintzat harturik, ez ninduke harrituko talde ahaltsuago batek fitxatuko balu. Zaleok tristatu egiten gara, baina prozesu naturala da batzuetan. Politena etxeko jokalariek Oier edo Puñalen gisako ibilbideak osatzea da, baina ez da beti posible».]]>
<![CDATA[Finala balitz bezala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1952/019/002/2023-03-01/finala_balitz_bezala.htm Wed, 01 Mar 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1952/019/002/2023-03-01/finala_balitz_bezala.htm
Ikusi gehiago: Jon Andoni Goikoetxea: «Osasuna hobeto dagoela dirudi, baina, hilabete barru, batek daki»

Osasuna eta Athletic hiru bider izan dira aurrez aurre Espainiako Kopan, eta bizkaitarrak izan dira nagusi beti. Baina denboraldi honetan Kopan egindako ibiliari begiratzen diote bakarrik, baita harrotasunez begiratu ere: Fuentes eta Arnedori aise gailendu zitzaizkien, eta, Nastici kostata irabazi ostean, garaipen epikoak lortu zituzten Betis eta Sevillaren kontra.

Mende bateko historian, gorritxoek behin bakarrik gainditu dute finalerdien langa 2005ean izan zen. Bada, sinetsita daude Jagoba Arrasateren lemapean berriz ere finalera irits daitezkeela, eta teknikari gorritxoak ere badu fedea. « Aldarte onean gaude, eta osagai guztiak ditugu neurketa on bat egiteko».

Athletic ohituago dago halako lehiak jokatzen. Alta, Osasunak ere badu abantailarik. «Ilusio berezia dugu. Hori baliatzen saiatuko gara, alor mentala oso garrantzitsua izango da eta». Giroa gori-gori izango da Sadarreko harmailetan. Arrasatek jokalari guztiak ditu eskuragarri, Ruben Peña izan ezik, min hartuta baitago.

Gogorik ez zaio falta Athletici gaur ahalegin betean aritzeko, baina konfiantzaz ez dago boladarik onenean. Taldea itxura hauskorra erakusten ari da, eta, urtea hasi zenetik, bi garaipen bakarrik lortu ditu. Kopan, ordea, aparteko arazorik gabe gainditu ditu aurkariak. Gainera, alde du datu garrantzitsu bat: azken sei finalaurrekoetan, behin baino ez du galdu joaneko partida.

Zuri-gorriak ez daude egoera fisikorik onenean. Raul Garciak, Yerayk, Unai Simonek eta Jon Morcillok minez bukatu zuten Gironaren kontrako lehia, eta lehenagotik erizaindegian ziren Nico Williams, Ander Herrera eta Iñigo Martinez. Denak ez daude baztertuta gaurko lehiarako.

Mentalki ere arrastoa utzi zion azken neurketak Athletici. «Porroten saminak egun bat irauten du. Kopa beste txapelketa bat da, finalera iristeko aukera dugu, eta indar betean aritu behar dugu», esan zuen Valverdek.

Valverdek «gustuko» du Osasunaren jokoa. «Hasi eta buka erdiratzen du baloia, eta gainera, irizpidez mugitzen du. Gainditzen oso zaila da». Iraganean egindakoarekin ez du aski izango Athleticek. «Estatistikak berridatzi egin behar dira. Guk finalaurreko gehiago jokatu izanak ez du ezer esan nahi».

ETBn ikusgai, zuzenean

Atzo jakinarazi zuen EITBk finalerdietako bi partidak eta maiatzaren 6an Sevillan jokatuko den finala zuzenean emango dituela ETB1en, RTVErekin akordio bat egin ostean. Gaurko partidaren kontakizuna Jon Balenziagak egingo du, Naxari Altunak, Txema Añibarrok eta Mikel Arruabarrenak lagunduta. Partidaren ostean analisia egingo du Ana Ramosek, Janire Fraguaren, Gorka Iraizozen eta Miguel Angel Lotinaren laguntzarekin.

OSASUNA-ATHLETIC
Osasuna. Herrera; Moncayola, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Lucas Torro, Moi Gomez, Aimar Oroz; Chimy Avila, Ez Abde eta Budimir. .
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Berenguer, Sancet, Muniain eta Iñaki Williams..
Epailea. Gil Manzano
Lekua. Sadar futbol zelaia.
Ordua. 21:00 (ETB1).]]>
<![CDATA[«Osasunan arrakasta izateak ez dit aldatu bizitza»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1971/024/001/2023-02-26/osasunan_arrakasta_izateak_ez_dit_aldatu_bizitza.htm Sun, 26 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1971/024/001/2023-02-26/osasunan_arrakasta_izateak_ez_dit_aldatu_bizitza.htm
Orkatilako minez izan zara, baina lehiara itzuli zinen Real Madrilen aurka. Guztiz osatuta zaude?

Ondo nago, oraindik zerbait nabaritzen dudan arren keinu batzuk egiterakoan. Kolpe handia hartu nuen orkatilan, eta Kopako hurrengo partida galtzeko arriskua neukan. Azkenean, azkar osatu naiz, betaurreko berezi batzuen laguntzaz. Lesioak gure lanaren parte dira, baina batzuetan, ondoen gaudenean iristen zaizkigu.

Nola ari zara bizitzen azken hilabeteetako arrakasta?

Nik berdin jarraitzen dut. Osasunan arrakasta izateak ez dit aldatu bizitza. Egia da jende gehiago hurbiltzen zaidala hitz egitera, baina, bestela, ez dut aldaketarik nabaritu.

Lehen taldean horren garrantzitsu izaterik espero zenuen denboraldia hasi aurretik?

Ez, ez. Nire planetan ez zen sartzen lehen partidan hasieratik jokatzea, eta are gutxiago gola sartzea. Hortik aurrerakoa ere, noski, ez nuen inondik ere espero.

Penaltiz sartu zenuen lehen gola, Sevillaren aurka. Zer sentitu zenuen Bonoren aurrean jartzean, Sadarreko zale guztiak zuri begira zeudela jakinik?

Baloia Moiri eskatu nion, baina Chimyri pasatu zion. Ordea, oso gogotsu ikusi ninduen hark, eta penaltia jaurtitzen utzi zidan. Asko eskertzen diot. Konfiantza handiz nengoen. Baloia, Bono eta neroni geunden bakarrik. Harmailei ez nien erreparatu.

Baloia sareratu ostean, ordea, zoratzen joan zinen zaleengana.

Nik ere ez dakit zer sentitu nuen. Korrika bizian atera nintzen ospatzera. Aldatu egin ninduten geroago, eta hunkitu egin nintzen aulkian. Lanak izan nituen malkoei eusten.

Zure bigarren partida zen Sadarren, eta bana berdinduta zeundeten. Nortasun handia behar da baldintza horietan penaltia bota nahi izateko.

Akatsei ez zaie beldurrik eduki behar. Hau joko bat besterik ez da, eta ez da ezer gertatzen penalti bat huts egin edo partida bat galtzeagatik.

Zelaitik kanpo lotsatiagoa zara, ezta?

Baietz esango nuke. Zelaian nagoenean, futbolean jokatzen dut, eta kito. Hori da nire tokia. Elkarrizketetan eta halakoetan, ordea, ez naiz horren eroso sentitzen. Nahiago aurkariz inguratuta egon, kazetariz inguratuta baino; hori ziur [barrez].

Oihartzun mediatikoa da zure ofizioaren alderik txarrena?

Niretzat bai, argi eta garbi. Gaizki daramat jendeak kaletik gelditzea eta argazkiak ateratzea. Itzela litzateke kalean inork ezagutu gabe jokatu ahalko banu futbolean. Ez zait nabarmentzea gustatzen.

Zure izena umea zinenetik ibili da bolo-bolo. Talde handien eskaintzak jaso zenituen harrobian. Haatik, oinak lurrean mantentzeko gai izan zara.

Ni nire munduan egon naiz beti. Futbolean jokatuz gozatzea izan da beti nire lehentasuna. Ez dut beste ezertan pentsatu. Asko zor diot gurasoek eman didaten heziketari, eta, lagunartean, beste bat gehiago izan naiz beti. Lagungarri izan zait Arazuri bezalako herri txiki batean bizitzea.

Eta beti leial izan zatzaizkio Osasunari.

Adibidez, Real Madril etorri zen nire bila, baina ni ume bat besterik ez nintzen, eta neure burua ez nuen ikusten etxetik kanpo eta ingurukoengandik urrun bizitzen. Gainera, Osasuna zalea izan naiz betidanik, eta horrek ere, noski, garrantzia izan du erabakiak hartzerakoan.

Osasunan urte luzez jokatuko duzula uste duzu?

Sarritan galdetu didate, eta baietz erantzuten dut. Etorkizunean mila gauza gerta daitezke, baina posible ikusten dut Osasunan urte askoan jokatzea. Kontratua 2026ra arte dut; momentuz, aski.

Ulergarria da Osasunan jarraitu nahi izatea, gorenean guztiz egonkortuta baitago. Sasoi honetan, gainera, onenen pare zabiltzate.

Geroz eta talde hobea dugu, eta, ondorioz, geroz eta gehiago nahi dugu. Lehen Mailan jarraian zenbat daramagu, lauzpabost denboraldi? Lau dira. Begira, ona da zalantza izatea. Erakusten du guztiz egonkortuta gaudela.

Ligan martxa geldotu egin duzue azken asteetan. Kopa jokatzearen ondorioa da?

Ezetz esaten dugu, baina nik baietz uste dut. Kopan ariko ez bagina, ligan puntu gehiago izango genituzke. Fisikoki ez zara horren fresko iristen, partidak oso tarte txikian kateatzen dituzulako. Eta arreta aldetik, burua pixka bat Kopan duzu. Normala da, Osasuna ez baitzen aspaldi finalerdietara iritsi. Aukera historikoa da.

Joan-etorriko kanporaketa jokatuko duzue Athleticen aurka. Nolakoa izatea espero duzu?

Oso bide polita egin dugu orain arte, eta Athleticen aurka bi final jokatuko ditugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu Sevillako finalean egoteko.

Aukeran, hobe itzuliko lehia Sadarren jokatuko balitz?

Horri ez diogu aparteko garrantzirik ematen, ez baitakigu zer gertatuko zen hala suertatu izan balitz. Etxean hastea egokitu zaigu, eta dena emango dugu.

Eta Athletic nahiago izango zenuen finalean topatu?

Ez du inporta. Ondo dago; Osasuna finalean egotea da kontua.

Bat egin dute Osasunaren goraldiak eta zure agerraldiak.

Kasualitatea da. Hala gertatu da, besterik gabe.

Baina ezin uka zuk eta Moi Gomezek taldearen jokoa findu duzuela.

Izan daiteke. Ez dakit. Egia esan, Moirekin oso harreman ona dut lehen egunetik, zelaian nahiz zelaitik kanpo. Oso erraza da haren ondoan jokatzea, oso ona baita.

2017an egin zenuen debuta lehen taldean, baina aukera oso gutxi izan duzu sasoi honetara arte. Nola bizi izan duzu itxaronaldia?

Orduan ez nengoen prest jauzia egiteko. Horregatik, azken urteetan bigarren taldean jokatu dut, eta oso ondo etorri zait. Asko hobetu dut. Gainera, klubetik aparte lan zehatza egin dut alor fisikoan, eta lau urtean hamar kilo inguru gihar hartu dut.

Asko zor diozu Jagoba Arrasateri?

Bai, eta oso eskertua nago harekin. Izan ere, haren eskutik egin nuen debuta Bigarren Mailan, baita Lehen Mailan ere, eta aukera asko ari zait ematen denboraldi honetan. Bigarren taldean nintzela, lasai egoteko esaten zidan, eta zuzenketa batzuk egiten zizkidan.

Denboraldiaurrean lehen taldearekin aritzeko deitu izan zaitu. Udarako aukera horiek gauza handia izango dira harrobiko gazteentzat.

Urduri izaten zara, zure idoloekin batera entrenatzeko aukera duzulako. Gainera, ni 16-17 urterekin deitu ninduten aurrenekoz. Hori bai, asko hobetzen duzu, eta ohitu egiten zara azkenean. Ederra da.

Harrobia funtsezkoa da oraindik Osasunan, ezta?

Bai, geroz eta lan hobea ari dira egiten harrobian, eta, horren erakusgarri , sasoi honetan harrobiko lau agertu gara: Pablo [Ibañez], Diego [Moreno], Iker [Muñoz] eta neroni. Denok gabiltza ongi, eta polita da harrobian taldekide izandakoekin batera jokatzea.

Roberto Torresen eta Oierren hutsunea nabari duzue?

Orain David eta Unai Garcia dabiltza kapitain, eta oso ondo ari dira. Ezinbestean nabaritzen dugu Oierren eta Robertoren falta, baina haien lekukoa esku onetan dago.

Haiengandik asko ikasiko zenuen. Bestela, idolo edo erreferenterik izan duzu futbolaren munduan?

Txikitan, Patxi Puñal nuen idolotzat, eta Ronaldinho ere asko gustatzen zitzaidan. Gero, asko begiratu diet Messiri eta Iniestari.

Zer duzu hobetzeko?

Gauza asko. Fisikoki asko falta zait oraindik. Defentsan ere hobetu dezaket, eta gol gehiago sartu nahi ditut. Gehiago iritsi behar dut areara. Nire indargunea, beti, sormena izan da.

Lagunek zer esaten dizute?

Denetarik dago. Batzuk futbolzaleak dira, baina beste batzuek paso egiten dute. Orain, agian, kasu gehiago egiten diote, baina ez gehiegi. Arazurin betiko Aimar naiz orain ere.

Denbora librean zer egitea duzu gustuko?

Ordu gehienak lagunekin igarotzen ditut, herriko elkartean. Kartetan aritzen gara, eta ping-pong mahaia ere badaukagu. Nahiago dugu herria, hiria baino. Gutxitan joaten gara Iruñera.

Ikasketei ere eskaintzen diezu denbora, ezta?

Bai, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasten ari naiz gaur egun. Nekazaritza Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, euskaraz, baina klaseak ezin nituen entrenamenduekin bateratu. Garbi dut futbolaz gain beste bide bat jorratu beharra dagoela.]]>
<![CDATA[«Nire maila berreskuratu nahi dut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1870/025/001/2023-02-24/nire_maila_berreskuratu_nahi_dut.htm Fri, 24 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1870/025/001/2023-02-24/nire_maila_berreskuratu_nahi_dut.htm
Jo eta ke aritu zara denboraldiko lehen hilabetean. Atseden apur bat hartzeko unea iritsi zaizu?

Hori da. Atzo [astelehenean] iritsi ginen etxera, Andaluziako itzulia lehiatu ondoren. Lasai ibiliko naiz Paris-Niza bitarte. Sasoi hasiera arrunta ari da izaten. Beti gustatu izan zait Australian hastea, eta ez nuen bitan pentsatu hara joatea proposatu zidatenean. Gero, Murtziako eta Jaengo probak, eta Andaluziako itzulia egin ditut.

Lau aldiz sailkatu zara hamar onenen artean. Pozik zaude lehen emaitzekin?

Bai. Fisikoki ondo nago, eta pixkanaka iazko aho zaporea kentzen hasi naiz. Hori da nire lehen helburua. Ez zen urte ez erraza ez ona izan niretzat, baina orain ongi sentitzen naiz, eta ea bide honetatik jarraitzen dudan.

Movistarrera itzuli zinen iaz. Zer falta izan zitzaizun zure ohiko mailan aritzeko?

Gauza asko izan ziren. Lehen lasterketan erori egin nintzen, eta horrek eragin handia izan zuen. Asko kosta zitzaidan berriz ere erritmoa hartzea eta arrastoan sartzea. Nahiz eta gero Frantziako Tourra eta bestelako lasterketa on batzuk egin, luzimendu handirik gabeko urtea izan zen. Denboraldi amaieran ondo nengoen fisikoki, baina gaixotu egin nintzen, eta ez nuen ondo bukatzeko aukerarik eduki.

Taldeak, bederen, bukaera txukuna izan zuen, eta sasoi berriari bide beretik ekin dio. Beste talde bat ematen duzue.

Niretzat urte zaila izan zen, baina taldearentzat ere bai. Urtea hasterako, esan ziguten puntuak pilatu beharra zegoela World Tourrean jarraitu nahi bagenuen. Egoera berria zen denentzat, eta lasterketa askotan lotuta bezala aritu ginen, presioaren ondorioz. Baina bukaera ederra izan zen, helburua bete genuen, eta garbi ikusi denboraldi berriari ere indar horrekin ekin behar geniola. Gogotsu hasi gara, eta lehen emaitzak oso onak ari dira izaten.

Momenturen batean benetako arriskua ikusi zenuten World Tourretik kanpo geratzeko?

Bai, batik bat Tourrean, Enric Mas erretiratu zenean. Hura izan zen mugarria. Aurrez kalkuluak eginak genituen, Tourrean lortuko genuen puntu kopuruaren inguruan, eta ikusi genuen oso azpitik geratuko ginela. Gogorra izan zen. Oraindik Espainiako Vuelta falta zen, baina ezin genuen dena karta bakarrera jokatu. Beste txirrindulari bloke bat genuen, eta esperantza eta beharra tarteko, garaipenak eta postu onak lortzen hasi ginen.

Iazko larritasunak mentalitate aldaketa ekarri du Movistarrera?

Bai. Askotan ematen du taldea bakarrik itzuli handietara doazenek osatzen dutela, baina denen ekarpena da garrantzitsua. Gogoz aritu ginen iaz bigarren multzoko txirrindulariak, eta gure emaitzak funtsezkoak izan ziren taldearentzat.

Sei garaipen lortu dituzue dagoeneko. Aurrera begira, presarik eta presiorik gabe jarduteko aukera izango duzue.

Bai. Gainera, sosegu handia eman digu Enricek Andaluzian zer maila eman duen ikusteak. Oso lasaigarria da, eta konfiantza ematen digu helburuak ezartzekoan. Xede nagusia da Tourra Enricekin lehiatzea. Bera da gure lider bakarra. Koska bat gorago daude Vingegaard eta Pogacar, baina podiumera igotzeko moduan ikusten dut Enric.

2020an irabazi zenuen azkenekoz. Berriz ere besoak altxatzeko ilusioa duzu?

Lehen helburua zen ondo hasi eta iazko denboraldia ahaztea. Nire maila izan den hori berreskuratu nahi dut aurten. Gainetik liderrak ditudanean, nire zeregina lan egitea izango da, beti bezala. Irabaztea beti da gustagarria, baina ez naiz garaipenekin itsutzen. Batzuk baditut, baina tantaka iritsi dira. Asko kostatzen da, eta, gainera, batari eta besteari laguntzen aritzen naiz.

36 urte beteko dituzu aurten. Gertuago ikusten duzu ziklismoa uzteko eguna?

Badira urteak, baina oraindik gelditzen zait beste urte batzuetarako indarra eta gogoa. Buruz ondo nago, aparteko nekerik gabe. Entrenatzen-eta gustura aritzen naiz. Fisikoki, egia da iazko denboraldiak zalantza batzuk sortu zizkidala. Buruari bueltaka ibili nintzen. Zalantzak uxatu ditut jada, eta uste dut oraindik badudala zer eskainia. Kontratua aurten bukatuko dut, baina jarraitzeko prest nago.]]>
<![CDATA[«Pistan hobeto pasatzen dut errepidean baino»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1864/013/001/2023-02-18/pistan_hobeto_pasatzen_dut_errepidean_baino.htm Sat, 18 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1864/013/001/2023-02-18/pistan_hobeto_pasatzen_dut_errepidean_baino.htm
Zure izena bolo-bolo ibili da. Nola bizi izan duzu Europako Txapelketaren ondorena?

Arretaren erdigunean egotea ez zait askorik gustatzen, onartu beharra daukat, baina hori ere kudeatzen ikasi behar da. Halako emaitza bategatik baldin bada, gainera... Denetariko emozioak izan ditut: apur bat urduri egon naiz, eta harrituta ere bai.

Domina «oldarkor» aritzearen ondorio izan zela azaldu zenuen hura irabazi zenuen egunean bertan. Nola oroitzen duzu lasterketa?

Maria Martins portugaldarrarekin egin nuen aurrera. Munduko txapeldunorde da omniumean; txirrindulari handi batez ari gara. Scratch proban, beste faborito batzuk zeuden esprinterako, baina ni beti saiatzen naiz halako lasterketak apurtzen. Martins eta biok ondo ezagutzen dugu elkar, eta aukera ikusita, ez genuen bitan pentsatu. Azkenean, helmugaraino iritsi ginen.

Txapelketa biribila izan zen zuretzat: Espainiako marka berria ezarri zenuten taldekako jazarpen proban, eta txukun aritu zinen omniumean eta madisonean [11. eta 10. postuan sailkatu zen, hurrenez hurren]. Gustura izango zara, ezta?

Taldekakoan, garapen handia izan dugu. Tarte handia kendu diogu iazko denborari. Oso pozik gaude emaitzarekin. Omniumean eta madisonean, berriz, atzean utzi ditugu aurkari zuzen gehienak. Lehen pausoa eman dugu Olinpiar Jokoetarako bidean; aukera erreal gisa ikusten dugu.

Txirrindulari gisa, Olinpiar Jokoak dira zure jomuga nagusia?

Gauza handia da, baina ez naiz itsutzen. Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa irabaztea ere helburu gorenak dira niretzat. Iruditzen zait errepidean beste martxa bat daramadala, esperientzia txikiagoa dudalako, baina lasterketaren bat irabaztea ere gustatuko litzaidake.

Zer diagnosi egiten duzu pistako ziklismoak Euskal Herrian duen egoeraz?

Urtero, neguko challengea antolatzen da Anoetako belodromoan, eta izugarria da ikustea zenbat txirrindulari biltzen diren. Halere, pixka bat galtzen gara gazte mailatik elitera bidean. Hor belodromoen egoera aipa daiteke: iruditzen zait euskal txirrindularitzari asko lagunduko liokeela egurrezko belodromo bat edo beste baldintza batzuetan dagoen belodromo bat edukitzeak. Anoetakoari estimu handia diot, baina kanpora irten behar dugu benetan entrenatu nahi dugunean.

Pista eta errepidea uztartzen dituzu. Nola moldatzen zara?

Lan gogorra da biak uztartzea, bietan maila gorenean nabilelako. Exijentzia oso handia da, baina erakutsi nahi dut posible dela bi modalitateetan aritzea. Egia da pistan hobe pasatzen dudala errepidean baino, eta, oraintxe bietako bat aukeratu beharko banu, pista aukeratuko nuke. Niretzat, badu zerbait berezia.

Iazkoa zure lehen sasoia izan zen Bizkaia-Durangorekin. Zer ondorio atera zenuen?

Asko dudala ikasteko. Ikusi nuen apur bat falta zaidala zenbait eremutan: igoera luzeetan, klasikoetan... Ikasketa prozesu handi bat izan nuen iaz, eta alde handia nabaritu nuen urte hasieratik bukaerara. Pauso horiek finkatzen hasi nahiko nuke aurten, eta beste jauzi bat egin. Polita izan daiteke nazioarteko proba garrantzitsuren batean lehen hamar onenen artean sartzen saiatzea.

Bi itzuli handitan lehiatu zinen: Giroan eta Vueltan. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Taldean barre egiten dugu Giroa oroitzean. Mugarri izan zen: hamar egunez horren etapa gogorrak egin ondoren, beldurra galtzen diozu edozein erronkari. Esan daiteke Giroak eta Vueltak benetan gogortu nindutela txirrindulari gisa.

Talde gisa, zer ikuspegi duzue denboraldi honi dagokionez?

Aldaketa batzuk izan dira, baina eutsi egin zaio bizkarrezurrari. Talde xumea gara, baina nazioartean jokatzen ditugun lasterketa guztietan geure buruaren berri eman nahi dugu. Garaipen bat lortzea ez da pentsaezina; adibidez, 2021ean etapa bat irabazi zuen Valentziako Itzulian. Zaila da, baina ezinezkoa ere ez.

Sopela taldeko Estela Dominguez kamioi batek harrapatuta hil zen, aurreko ostegunean. Tragediak nola eragin dizue?

Oso-oso gogorra da. Afaltzen ari ginela jaso genuen albistea, eta oso gorputzaldi txarra utzi zigun. Ezaguna nuen, harekin lehiatu bainintzen iaz. Min handia eragiten dizu halako albiste batek, eta beldurra. Egunero irteten gara errepidera, eta edozeini gerta dakioke halako ezbehar bat. Susto asko izaten dugu.

Zergatik gertatzen dira halako istripuak, eta zer konponbide eman dakioke egoerari?

Orokorrean, gidariei heziketa falta zaie txirrindulariekin. Askotan, amorruz jokatzen dute, aintzat hartu gabe gu ere errepideen erabiltzaileak garela. Duela hilabete, liskarra izan nuen gidari batekin, eta geldiarazi egin nuen, azaltzeko hortik ondo nindoala. Konturatzen zara arauak ez dakizkitela. Gero, ziklista gisa, aitortu behar dut guk ere egiten ditugula okerrak. Elkarbizitza eta errespetu kontua da.]]>
<![CDATA[Erpinaren azpian, oinarri sendoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/015/001/2023-02-18/erpinaren_azpian_oinarri_sendoa.htm Sat, 18 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1996/015/001/2023-02-18/erpinaren_azpian_oinarri_sendoa.htm iramide itxurako egitura du Osasunak. Goialdean lehen taldea dago, eta oinarrian, Taxoareko harrobia. Itzalpean gazteekin egiten den lana da klubaren zimendua. Etxeko jokalaririk ezean, goiko erpinak ez luke sostengurik izango. Halaber, elitean talde bat edukitzeak zentzuz hornitzen du oinarriko jarduna. Piramidearen atal guztiak guztiz lerrokatuta daude gaur egun, eta sasoi honetan, harrobiko beste hiru jokalari iritsi dira gorenera: Pablo Ibañez, Diego Moreno eta Iker Muñoz. Orain arte 26 jokalari erabili ditu txapelketa guztietan Jagoba Arrasatek, eta horietatik 11 Taxoaren zaildu dira.

Osasunako haztegiaren barrunbeak inor gutxik bezala ezagutzen ditu Patxi Puñalek (Uharte, Nafarroa, 1975). Mito gorritxoa Taxoaren egin zen futbolari, eta bertan zuzendari tekniko gisa dihardu gaur egun. «Harrotasuna» eragiten dio etxeko gazteen ekarpenak. «Harrobiaren aldetik bultzada handia ari gara jasotzen sasoi honetan. Debuta egiteko aukera eman zaie bigarren taldeko hiru jokalariri, eta denek ondo erantzun dute. Bestalde, Aimar Orozek aurrerapauso handia eman du. Oinarrian egiten ari garen lanketaren isla da».

Jagoba Arrasatek bosgarren denboraldia du Iruñean, eta tarte horretan, bigarren taldeko hamazazpi jokalariri eman die gorenera jauzi egiteko abagunea. Teknikaria bat dator klubaren filosofiarekin, Puñalek goratu duenez. «Argi du etxeko jokalariz osaturiko nukleo gogor bat behar duela lehen taldeak, eta, beharrezkoa bada, bitan pentsatu gabe ematen die aukera gazteei». Dena den, ontze prozesuak errespetatu nahi izaten ditu Arrasatek. «Funtsezkoa da gazteekin patxada izatea. Ez goaz inora prozesuak azkartu eta jendea ez bada prest iristen. Aimar ez dakit lehenago prest zegokeen; baina orain, badago». Azpiko mailetako partida asko ikusten ditu teknikari gorritxoak. «Klubean gertatzen den guztia kontrolatu nahi du, eta itzela da harekin lan egitea», aitortu du Puñalek.

Oso jokalari fidagarriak irteten dira Taxoaretik. Diego Moreno eta Iker Muñoz adabaki gisa erabili behar izan ditu Arrasatek, lesioen ondorioz, eta biek ere bikain ihardetsi dute. «Gazteak prest iristen dira lehiakortasun eta kontzeptu aldetik», esan du Puñalek. Metodoa da sekretua. «Jokalari bakoitzaren neurrira egindako formakuntza eskaintzen saiatzen ari gara azken urteetan. Taldearen batasunak garrantzi handia du Osasunan, baina gora jokalariak iristen dira, ez taldeak». Saio espezifikoak egiten dira postu bakoitzerako; batzuetan, lehen taldeko jokalariekin. «Gazteentzat gauza handia da azalpenak eta zuzenketak Chimyk, Budimirrek edo dena delakoak egitea. Asko ikasten dute».

Beste gakoetako bat formakuntza prozesua faseka egituratzea da. «Hasieran eredu formatiboan jartzen dugu arreta. Oinarrizko kontzeptuak lantzen ditugu. Hazi ahala, gure jokamolde propioa barnera dezaten saiatzen gara». «Formakuntza integrala» eskaintzen saiatzen dira. «Aintzat hartzen ditugu, besteak beste, dimentsio soziala, psikologikoa, emozionala eta akademikoa, jokalariak oztopoak gainditzeko gai izan daitezen». Eskura jartzen dizkiete psikologoak, orientatzaileak eta errefortzu irakasleak. «Diruz ezin gaitezke beste talde batzuekin lehiatu. Hortaz, jokalariek gure harrobian jokatu nahi izateko, onenak izan behar dugu formakuntzaren esparruan».

Hortaz, tentu handiz ereiten dituzte haziak, eta kimu berriak etenik gabe ernatzen dira. Joan dira Oier Sanjurjo eta Roberto Torres, baina hemen dira David Garcia, Jon Moncayola, Unai Garcia eta Kike Barja, eta haien atzetik badatoz gazteak. «Kapitainek utzitako hutsunea oso handia izaten da, baina etxekoak haiengandik ikasiz joaten dira, eta aurrerapausoa ematen dute beti». Gorputz eta arima ariko dira gaur, Osasunak Real Madril hartuko baitu Sadarren.]]>
<![CDATA[Sena berreskuratzeko garaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2023-02-12/sena_berreskuratzeko_garaia.htm Sun, 12 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1942/022/001/2023-02-12/sena_berreskuratzeko_garaia.htm
Haren datuek era esponentzialean egin izan dute gora bigarren itzulietan, eta oraingoan ere berdin gertatuko dela esan du Oriol Rierak (Vic, Herrialde Katalanak, 1986), konbentzimendu osoz esan ere. «Oso zaila da sasoi bakarrean hamar gol baino gehiago sartzea, eta bera horretarako gai izan da. Denboraldia luzea da, eta ziur naiz laster ikusiko dugula Budimirren bertsiorik onena». Rierak hamahiru sartu zituen 2013-2014ko denboraldian elastiko gorritxoarekin. Kroaziarrari presioa kentze aldera, azaldu du «oso zaila» dela Osasunako aurrelari izanik gol mordoa sartzea. «Lan kolektiboak beste talde batzuetan baino garrantzi handiagoa du, eta horrek asko higatzen ditu aurrelariak».

Edozein moduz, deigarria da Budimirrek orain arte bi gol bakarrik sartu izana. Lehena urriaren 20an sartu zuen, Espanyolen aurka, eta hamar partida itxaron behar izan zuen baloia berriro sareratzeko. Iragan larunbatean eten zuen agorraldia, kontrario beraren aurka. Kroaziarraren ezintasunak «zergati asko» ditu, Rieraren iritziz. «Taldearen jokamoldea» aipatu du lehenik. «Osasuna trantsizio bidez ari da jokatzen: defentsan denak elkarrekin daude, eta, gero, kontraerasora irteten dira. Bada, Budimir bezalako aurrelari batentzat ez da erraza hala jardutea». Area da haren habitat naturala. «Ni ere halakoa nintzen. Areatik kanpo sufritu egiten du, nahiz eta itzalpean taldeari ekarpen handia egiten ari zaion».

Eta zertan datza ekarpen hori? «Baloiak lurrera jaisten eta jokaldiei jarraipena ematen laguntzen du, eta asko borrokatzen da atzelariekin». Horren erakusgarri da Espanyolen aurka bekain ondoan atera zitzaion konkorra. Alabaina, golak sartzetik bizi da aurrelaria, eta Budimir antzu ibili da aspaldian. Mentalki nola eragiten du halako bolada batek? «Nik beti zazpi partidako langa jartzen nuen. Hortik gora, golik gabeko aldiak oso gogorrak izaten dira; areago, beste aurrelari batzuk une gozoan daudela eta taldeari puntuak ematen ari zaizkiola ikusten baduzu [Chimy Avilak zazpi gol daramatza]».

Osasunak zortzi milioi euro ordaindu zituen 2021ean Budimirren truke. Klubaren historiako jokalaririk garestiena da. Halere, Rierak ez du uste hori zama denik kroaziarrarentzat. «Ekarpen handia egin du dagoeneko, eta jada amortizatuta dago haren truke ordaindutakoa». Kontrara, uste du Munduko Kopan aritzeak «higatu» egin duela. «Gorputzari eta buruari geldialdi bat emateko beta izan dute haren taldekide gehienek, baina Antek ez. Munduko Kopa jokatzeak zoragarria izan behar du, baina ordaina ere badu sasoiaren erdian jokatuta».

Behin hasita, ezin geratu

Azken sasoietan ere datu apalekin finitu izan ditu lehen itzuliak, baina asegaitz aritu da ondoren. 11 gol sartu zituen 2020-2021ko denboraldian; horietatik bederatzi, 20. jardunalditik aitzina. Antzera jazo zen iragan sasoian ere: zazpi ale sareratu zituen bigarren itzulian, lan erdietara gol bakarrarekin iritsi ondotik. Areago, sei erreskadan sartu zituen, 29. jardunalditik 34.era bitarte. Osasunako jokalari batek ate aurrean inoiz izandako boladarik onena da. «Boladaka diharduen aurrelaria da. Luzaroan egon daiteke asmatu gabe, eta gero, bat-batean, bata bestearen atzetik sartzen ditu golak».

Halere, bolada onak bigarren itzulietan izaten ditu beti. Zer dela eta? «Kontu mentala da. Makal aritu arren, ez da hondoratzen, eta gauzak zuzentzeko nahi bizia edukitzen du. Psikologikoki oso mutil gogorra dela iruditzen zait». Hori horrela, hemendik aurrera emankorrago ariko dela esan du berriro ere Rierak. «Fisikoki freskoago sentitu, eta taldea areara gehiago iristen hasten denean, gol ugari sartuko ditu».

Espanyolen aurka idortea apurtuta, azken sasoietako zenbaki ikusgarrietara hurbiltzen saiatuko da aurrelari gorritxoa. Taldeko golegile nagusia izan da azken bi denboraldietan, eta orain arte sartutako 21 golek hogei puntu eman dizkiote taldeari. Lehorteak lehorte, oso batez besteko ona du Osasunan: 202 minutuero sareratzen du baloia. Sena pizten zaionean, geldiezina da.]]>
<![CDATA[«Onartzen zaila litzateke Espainiako Vueltatik at geratzea berriro»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1894/023/001/2023-02-11/onartzen_zaila_litzateke_espainiako_vueltatik_at_geratzea_berriro.htm Sat, 11 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1894/023/001/2023-02-11/onartzen_zaila_litzateke_espainiako_vueltatik_at_geratzea_berriro.htm
Sare sozialetan azaldu duzunez, sasoi hasiera «hotza eta gogorra» izan zenuten Mallorcan.

Oso lasterketa zailak izan dira: talde oso onak ibili dira lehian, lehen puntuen bila. Eguraldiak ere ez zuen batere lagundu, baina, halere, nahiko txukun moldatu ginen, eta emaitza onak lortu genituen Barcelo eta Baborrekin. Ni, berriz, ihesaldian sartu nintzen egunik gogorrenean, eta ongi sentitu nintzen. Aho zapore ona utzi dit hasierak.

Hamalaugarren urtea du Caja Ruralek tropel profesionalean. Zer helburu izango duzue?

UCIren sailkapenean ahalik eta posturik onena lortu nahi dugu, lasterketetarako gonbidapenak lortzeko. Eta ez naiz ari itzuli handiez bakarrik: gaur egun, antolatzaile guztiek erreparatzen diote taldeen puntu kopuruari. Izan ere, puntuek erakusten dute talde bakoitzak zer dinamika duen, eta lasterketa guztietan lehiakor dabilen ala ez.

Horrek presioa areagotzen dizue txirrindularioi?

Beti saiatzen gara postu ona lortzen, baina egia da gauzak oker ateratzen badira presioa handiagoa izan daitekeela orain, puntu aldetik ez diozulako taldeari ekarpenik egiten. Lehiatzeko modua ere ezberdina da, zeren klasikoetan, adibidez, lehen 25 sailkatuek lortzen baitituzte puntuak [1.1 mailako lasterketen kasuan]; bukaerara arte estutu behar dugu.

21 txirrindulari zaudete taldean. Nolako multzoa osatu duzue?

Sendoa eta lehiakorra. Bost txirrindulari iritsi dira; horietatik hiru, harrobiko taldetik [Joseba Lopez, Abel Balderstone eta Mulu Kinfe Hailemichael], eta beste biak, kanpotik [Daniel Babor eta Tomas Barta txekiarrak]. Azken horiek ekarrita, abiaduraren alde egin da, alderdi hori indartzeko beharra baikenuen.

Jonathan Lastra Cofidisera joan da. Hutsune handia utzi du?

Galera handia da, hutsik egiten ez duen txirrindulari bat baita. Oso izaera borrokalaria du, eta taldea batzen zuen. Haren falta nabaritzen dugu. Gure liderra zen sailkapen nagusiak lortzen saiatzeko orduan, baina tira, moldatuko gara. Sergio Martinek aurrerapausoa eman du, eta Joel Nicolauk ere bai. Lastraren hutsunea denon artean betetzen saiatuko gara.

Zortzi garaipen lortu zenituzten iaz; horietatik sei, Orluis Aularrek. Txirrindulari berezia da.

Irabazle petoa da. Berezkoa du. Gutxik dute haren garaile sena. Oso indartsua izan zaitezke, baina ezaugarri bereziak behar dira amaieran errematatu eta irabazteko. Horiek horrela, gure txirrindulari nagusia izango da harentzat egokiak diren lasterketetan.

Iaz gonbidapenik gabe geratu ondoren, ziurtzat jotzen duzue aurten Espainiako Vueltan ariko zaretela?

Antolatzaileek txandakatzea egitea espero dugu, baina ez dago ezer ziurrik. Denboraldi hasieran gonbidapena merezi dugula erakutsi behar dugu. Vueltako antolatzaileek badakite berme osoa eskaintzen dugula: lehiatzeko aukera badugu, errepidean ez dugu hutsik egiten. Beti izan nahi dugu Vueltan, eta zer esanik ez aurten, lasterketa Nafarroatik pasatuko da eta. Gogo berezia dugu.

Berriz ere Vueltatik kanpo gelditzea hondamendia litzateke?

Egia esan, onartzen zaila izango litzateke. Uste dut ez dugula halakorik merezi; ez guk, ezta Proteam mailako beste taldeek ere.

Seigarren urtez ariko zara Caja Ruralen. Zer xederekin?

Txirrindulari sendoa eta erregularra izan nintzen 2021ean, eta orduan bezala aritu nahi dut; eta ahal bada, hobeki ere bai. Iazko sasoia ez zen ona izan, baina atzean utzi dut dagoeneko. Oso ondo sentitzen naiz, eta, orain, emaitzak lortzen hastea falta zait bakarrik.

2016an egin zenuen debuta profesionaletan, Italiako Wilier-Sotheausten. Nola oroitzen duzu?

Esperientzia aberasgarria izan zen. Bi urtez jarraian Italiako Giroan aritzeko aukera izan nuen, eta oso une politak izan nituen [behin-behineko liderra izan zen 2016ko Giroko hirugarren etapan]. Egunen batean errutinaren gurpiletik atera eta orduko bideoak ikusi beharko nituzke. Aspaldiko kontuak dira, eta nahiko ahaztuak ditut. Hasiberria nintzen, eta ez nekien haizeak nondik jotzen zuen ere.

Oraindik ez duzu garaipenik lortu profesionaletan. Aurten iritsiko ote da aurrenekoa?

Nahi nuke! Ez dut errematatzaile ezaugarririk, beraz, bakarrik iritsi behar dut helmugara irabazi ahal izateko. Noizbait iritsi behar du lehen garaipenak, eta esperantza badut oraindik.]]>
<![CDATA[Etxean bezala, inon ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2016/024/001/2023-02-07/etxean_bezala_inon_ez.htm Tue, 07 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/2016/024/001/2023-02-07/etxean_bezala_inon_ez.htm
Garaipena modu arras ezberdinean lortu zuten Van Empelek eta Van der Poelek. Lehena hasi eta buka izan zen nagusi. Alde eduki zuen dena, Puck Pietersek, haren kontrario nagusiak ez bezala. Erori egin zen laugarren itzulian, eta, hortik aurrera, Van Empelek erruz handitu zuen aldea. Helmugan 39 segundo atera zizkion Pieterseri. Lucinda Brand iritsi zen hirugarren, 1.11ra.

Van der Poelek garaipen askoz ere estuagoa lortu zuen, esprintean gailendu baitzitzaion Wout van Aert flandriarrari. Parez pare jardun zuten ordubete baino gehiago, eta herbeheretarrak erritmo aldaketa bortitz batekin apurtu zuen oreka. Beste flandriar batek, Eli Iserbytek, osatu zuen podiuma.

Hamabi segundora helmugaratu zen Iserbyt. Nolanahi ere, kronometroak erakusten duena baino askoz ere handiagoa izan zen bi faborito handien eta gainontzekoen arteko aldea. Hiru minutu baino ez ziren igaro lasterketa hasi zenetik, eta Van der Poel eta Van Aert bakarrik zeuden jada lasterketa buruan. Hortik aurrera, oso lehia taktikoa izan zuten. Zirkuitua oso azkarra zen, eta, indarrak guztiz paretsu egonik, elkarri itsatsita izan ziren lasterketak iraun bitartean (hamar itzuli). Esprintean Van Aertek zirudien faborito, baina asfaltoa zapaldu orduko, Van der Poel tximista bezala abiatu zen. Heldulekuari goitik heldu, bizikleta indarrez astindu, eta ukabila goian zuela igaro zuen helmugako marra.

23 urte ziren herbeheretar batek ez zuela Munduko Txapelketa etxean irabazi. Hartara, ez zen garaipen bat gehiago izan Van der Poelentzat. «Orain arte lorturiko hiru onenen artean sartuko nuke», adierazi zuen lasterketa bukatu berritan. Van Aertekin duen lehiaz ere mintzatu zen. «Denek ezagutzen dute gure ibilbidea: hamar urte daramatzagu lehian. Elkar hobetu eta ziklo-krosa indartu dugu». Bost Munduko Txapelketa irabazi ditu jada, Albert Zweifel suitzarrak, Andre Dufraisse frantziarrak eta Renato Longo italiarrak adina. Soilik Eric De Vlaeminck flandriarra du aurretik, zazpi garaipenekin.

Estreinakoan garaile

Van der Poelek 2015ean irabazi zuen lehen urrezko domina elite mailan, aurreneko parte hartzean. Beste horrenbeste egin zuen larunbatean Van Empelek. Duela bi urte txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan, eta, orain, argi gelditu da gorenera jauzi egiteko prest zegoela. Munduko txapeldun bilakatu aurretik, Munduko Kopako zazpi proba eta sailkapen nagusia irabazi zituen, baita Europako Txapelketa ere. Lehia estua izan du denboraldian Pieterserekin, baina erraz gailendu zitzaion Hoogerheiden. Irteeratik bertatik haize kontra aritu behar izan zuen Pietersek: hanka ez zuen ondo sartu pedalean, eta askok aurreratu zuten. Gero, lortu zuen Van Empel harrapatzea, baina laugarren itzuliko erorketak kondenatu egin zuen. Hurrena podiumean ikusi zuen Van Empel, ortzadar maillota soinean.]]>
<![CDATA[Osasunak txinparta falta du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2093/020/001/2023-02-05/osasunak_txinparta_falta_du.htm Sun, 05 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/2093/020/001/2023-02-05/osasunak_txinparta_falta_du.htm
Espainiako Kopako ajea nozitzen ari da Osasuna. Lehiakor jarraitzen du, baina txinparta pixka bat falta zaio puntu gehiago bildu ahal izateko. Bakarra bildu zuen atzo Espanyolen zelaian, markagailuan aurretik jarri eta neurketaren zatirik handienean baloia eduki zuen arren. Bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren atsedenaren aurretik, eta nafarrak zalantzati itzuli ziren aldagelatik. Banako gola egin zieten, eta gero berpiztu izanagatik ere, berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Bi puntu batu dituzte bakarrik azken hiru partidetan; hots, errealitate dosia jaso dute, nahiz eta oraindik Europako postuetatik hurbil egon.

Arrapaladan ekin zion neurketari Espanyolek. Joseluren azken orduko hutsuneak ez zuen uzkurtu, eta taldeak aukera ona izan zuen hasi orduko, korner batean, Braithwaiteren bidez. Bakar-bakarrik zegoen danimarkarra, baina erdira errematatu zuen. Estualdiak ez zuen askorik iraun Osasunarentzat, baloia mantenduz etxekoen abaila apaltzea lortu baitzuen. Hori gutxi ez, eta lehen gola sartzear izan zen zortzigarren minutuan: sukalderaino sartu zen Abde, David Garciaren pase sakona jasota, baina marokoarraren jaurtiketa hankarekin gelditu zuen Alvaro Fernandez atezainak. Hasiera bizi-bizia izan zuen norgehiagokak.

Zelai erdian jokalariak pilatu eta ezker hegaletik jokoa sakontzen saiatu ziren gorritxoak. Itzaletan zegoen hegal hori, baina aukera argienak bertatik abiatuta sortu zituzten bi taldeek. Aleix Vidalek erdiraketa arriskutsua egin zuen 19. minutuan, eta David Garciak atetik gertu moztu zuen. Ondorengo kornerrean, Puadoren burukada zutoinera joan zen.

Nafarrak ere mehatxari aritu ziren aireko jokoan, Ante Budimirren garaiera baliatuz. Kroaziarra setati ibili zen area barruan, eta talka gogorrak izan zituen atzelariekin. Buruz erdira errematatu zuen lehenik, eta atsedenaren atarian markagailuan aurretik jarri zuen Nafarroako taldea. Korner baten ondorengo jokaldian iritsi zen gola: Chimyk talka egin zuen arean aurkari batekin, eta aldaratzean bizi eta fin ibili zen Budimir. Hanka luzatu, eta oinaren kanpoko aldearekin egin zuen errematea. Bigarren gola du ligan; Espanyoli berari egin zion bestea, Sadarren, duela lau hilabete.

Bukaera zalapartatsua izan zuen lehen zatiak, luzapenean bigarren txartel horia erakutsi baitzien Gil Manzanok Abderi eta Pierre-Gabrieli. Buruz buru aritu ziren lehen zati osoan, eta jokaldi baten osteko ika-mika zorrozki zigortu zuen epaileak. Jokalariekin hitz eginez konpon zitekeen egoera.

Amaieran, nahi eta ezin

Hori horrela, bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin aritu ziren atsedenetik bueltan. Egoerak Espanyoli egiten zion mesede; partida ahalik eta irekiena izatea komeni zitzaion, banako gola sartu ahal izateko. Gainera, Diego Martinez teknikariak sendotu egin zuen etxekoen zelai erdia, Osasunari baloia kentzeko intentzioz. Hala gertatu zen, eta Jagoba Arrasateren jokalariek galdu egin zuten neurketaren kontrola. Sufritzen hasi ziren euren zelaian, Aitorrek esku miragarri bat atera behar izan zuen, eta azkenean, ezin izan zuten berdinketa eragotzi, 59. minutuan iritsi zen, nafarrek gaizki defendatu eta Braitwhaitek oin puntarekin sareratu zuen erdiraketa batean.

Larri zebilen Osasuna, eta hala jarraituz gero, Iruñera punturik gabe itzultzeko arriskuan zegoen. Alabaina, suspertu egin zuten Arrasateren aldaketek. Atsedenean Torro kentzeak ez zion onik egin taldeari -min hartu zuen-, baina Ruben Garciak eta Pablo Ibañezek indartu egin zuten zelai erdia. Baloiaren jabe egin zen berriro Osasuna, eta Espanyolen zelaian jokatu zuen minutu luzez. Darderrek distiratsu segitu zuen, baina etxekoak ez zitzaizkion gehiago hurbildu Aitorri.

Iruindarrek garaipenaren bila jo zuten, baina argitasuna eta fintasuna falta izan zitzaien aurkariaren azken lerroak gainditzeko. Atera jaurtiketa bakar bat ere ez zuten egin bigarren zati osoan. Garaitzeko gola urrun izan zuten, eta, ondorioz, ezin izan ziren goiko postuetara gerturatu.]]>
<![CDATA[Esku onetan egotearen patxada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/022/001/2023-02-04/esku_onetan_egotearen_patxada.htm Sat, 04 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1986/022/001/2023-02-04/esku_onetan_egotearen_patxada.htm
Egoeraren kudeaketa errazten du bi txapelketa jokatzen aritzeak. Haatik, atea bakarra da, eta Osasunak goi mailako bi zaindari ditu. Entrenatzaileek buruhausteak izaten dituzte halakoetan. «Bai, baina buruhauste samurrak dira», esan du Asier Riesgok (Deba, Gipuzkoa, 1983). Bost denboraldiz aritu zen atezain Osasunan, eta gaur egun gorritxoak oso esku onetan daudela dio. «Orokorrean bikain dabil taldea, eta gauza bera esan daiteke atezainei buruz. Oso maila onean ikusten ditut biak». Taldeari «lasaitasun handia» ematen diotela azpimarratu du. «Oso ona da bi atezain horren on edukitzea: batak edo besteak jokatu, badakizu egin beharrekoak ondo egingo dituztela».

Ateko giltzak Herrerak izan zituen Ligako lehen bederatzi partidetan. Apustu logikoa egin zuen Jagoba Arrasatek: ondo zegoena bere horretan uztea, alegia. Izan ere, seigarren denboraldia du Osasunan Herrerak, eta, huts bakan batzuk kenduta, jokalari erabakigarria izan da Arrasateren aroan. Fernandez, berriz, iazko udan iritsi zen, Levantetik, eta aukeraren zain gelditu zen, harik eta Herreraren lesio batek hamaikakoko atea ireki zion arte, urri amaieran. Geroztik, finko bihurtu da. «Jagobak oso ondo ezagutzen du [Numantzian bi denboraldiz aritu zen haren aginduetara], eta aukerak baliatu ditu».

Ez da lehen aldia lesio baten ondorioz Herrerak titular postua galtzen duena. Lotailu gurutzatua apurtu zuen 2018an, eta, behin osatuta, Ruben Martinezen itzalpean gelditu zen. Apenas jokatu zuen gorritxoak Lehen Mailara igo ziren urtean, eta Martinezek min hartu arte itxaron behar izan zuen berriz ere finko bilakatzeko. Orain, ia lau hilabete daramatza Ligako partidarik jokatu gabe; baina, bere txarrean, Kopako atezaina izaten ari da. Riesgok haren jarduna goratu du. «Jokatzeko aukera gutxi duzunean, funtsezkoa da Kopa baliatzea, eta Sergio partida bikainak ari da egiten. Taldeari erakutsi dio konfiantza osoa izan dezakeela beragan».

Ezaugarri aldetik, Herrera «oso intuitiboa» dela nabarmendu du gaur egun Leganesen dabilen atezainak. «Asko gelditzen du, eta espazio asko hartzen du atepean». Intuizioari esker, maisua da penaltiak gelditzen. «Baloia nora joango den sumatzen du, eta, gero, tenpoak oso ondo kontrolatzen ditu geldiketak egiterakoan. Ez da kasualitatea hainbeste penalti gelditzea». Oinekin ez da horren fina, baina hori ez da arazoa, Riesgoren irudiz. «Osasunak ez du asko jokatzen atzetik. Atezainei beste gauza batzuk eskatzen zaizkie». Lotura estua du zaleekin. «Nortasun handiko atezaina da, eta jendeari asko gustatzen zaio hori».

Fernandezi buruz, «atezain osoa» dela nabarmendu du Riesgok. «Alderdi guztiak menperatzen ditu, eta oso azkarra da ate azpian. Arean ere nagusi izaten da, eta Sergio baino abilagoa da oinekin». Guztiz finkatuta dago elitean: bosgarren denboraldia du Lehen Mailan. «Euskal Herriko atezainik onenetako bat da, dudarik gabe. Oso ondo aritu zen Levanten, eta Osasunan ere bikain dabil».

Bizikidetza ez da beti erraza izaten halako egoeretan. «Entrenatzaile batzuek txandakatu egiten dituzte atezainak, baina gutxitan izaten da. Ez da erraza ordezkoa zarela onartzea, badakizulako agian ez duzula jokatzeko aukerarik izango. Sergio eta Aitorrek, behintzat, harreman ona dutela dirudi».]]>
<![CDATA[Osasunak arretari eutsi nahi dio, eta Espanyoli etxetik kanpo irabazi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2042/023/002/2023-02-04/osasunak_arretari_eutsi_nahi_dio_eta_espanyoli_etxetik_kanpo_irabazi.htm Sat, 04 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/2042/023/002/2023-02-04/osasunak_arretari_eutsi_nahi_dio_eta_espanyoli_etxetik_kanpo_irabazi.htm
Porrot mingarria jaso zuten azken jardunaldian. Hanpatuta zeuden, Kopan Sevilla kanporatu ondotik, eta gutxienez puntu bat urratzeko moduko lehia osatu zuten Atletico Madrilen aurka, baina defentsan egindako huts batek saririk gabe utzi zituen. Aurrez, berdindu egin zuten Elxen zelaian, eta, partida hartako lehen zatia eredu gisa harturik, taldea puntuak batzen jarraitzeko prest dagoela esan zuen atzo Jagoba Arrasatek, «zentzumen guztiak» Ligan jarriak dituztela nabarmentzearekin batera. «Liga eguneroko ogia da guretzat, eta, lehen itzuli itzela egin ondoren, bigarren itzulia horren ona edo are hobea izatea nahi dugu.

Arrasateren 192. partida izango da Osasunarekin, eta hala, atzean utziko du Enrique Martin Monreal. Soilik Pedro Mari Zabalza izango du aurretik 340 lehia zuzendu zituen hark gorritxoekin. Bizkaitarrari kontratua berritu nahi diotela iragarri du asteon Braulio Vazquez zuzendariak, eta, horretaz galdetuta, Iruñean «pozarren» dagoela esan zuen atzo teknikariak. «Oraindik beste urte eta erdirako kontratua dut, eta orainaldian dut arreta». Aimar Oroz, Nacho Vidal eta Ruben Peña ez dira jokatzeko prest izango .]]>
<![CDATA[Betiko biak, eta beste guztiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/020/001/2023-02-03/betiko_biak_eta_beste_guztiak.htm Fri, 03 Feb 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1872/020/001/2023-02-03/betiko_biak_eta_beste_guztiak.htm
Urrezko dominaren lehia betiko bien arteko kontua izango da. Uste orokortua da, eta bat dator Egoitz Murgoitio (Abadiño, Bizkaia, 1983). «Alde handia dago haien eta beste guztien artean», esan du ziklo-kroslari ohiak. Pidcock ezean, «oso zaila» izango da ezusteko garaile bat ikustea. Michael Vanthourenhout da balentria egin dezaketen ziklista apurretako bat. «Europako Txapelketa irabazi du, eta gerra apur bat eman die Van der Poeli eta Van Aerti». Eli Iserbyt ere hautagaien zakuan legoke. «Hura izan zen indartsuena denboraldi hasieran, bi piztiak lehiatzen hasi aurretik». Laurens Sweeck ere aipatu du. «Sailkapen nagusia irabazi du Munduko Kopan, eta hori ez dago edonoren esku. Halere, ez dut ikusten faborito handien pare aritzeko moduan».

Akats handirik edo ezbeharrik ez bada, nekez sartuko du inork muturra Van Aerten eta Van der Poelen arteko borrokan. Hala izan da sasoi honetako lasterketetan. Flandriarrak hamahiru probatan hartu du parte, eta horietatik bederatzi irabazi ditu. Den-denetan igo da podiumera. Herbeheretarrak, berriz, hamalau ahaleginetan sei garaipen lortu ditu, horietatik bost Munduko Kopan [Van Aertek baino hiru gehiago]. Hamar aldiz neurtu dituzte indarrak denboraldi honetan bi espezialistarik onenek, eta gauzak estu izan dira: sei garaipen lortu ditu Van Aertek, eta lau Van der Poelek.

Herbeheretarra «beste urte batzuetan baino apalago» ikusi du Murgoitiok. «Irabazi ditu lasterketak, baina beste urte batzuetan baino alde txikiagoz. Ez da horren hutsezina izan». Alta, Hoogerheideko zirkuitua egokiagoa izan daiteke harentzat. Ezaguna du Murgoitiok, han jokatu baitzuen bere lehen Munduko Txapelketa elite mailan, 2009an. «Lehor badago, oso zirkuitu azkarra da, eta desnibela badauka. Goiko eremua azkarragoa da, zuzengune luzeagoekin, eta teknikak garrantzi handiagoa du beheko eremuan: zuhaitzen sustraiak saihestu behar dituzu, sigi-saga egin...». Hori dela eta, «oso borroka polita» aurreikusi du. «Benidormen antzeko zirkuitua izan zuten, eta ikusgarria izan zen haien arteko lehia. Dena dute: indarra, teknika eta abiadura».

Estrategiei dagokienez, Van der Poelek hasieratik «lasterketa lehertu» nahiko duela iruditzen zaio Murgoitiori. «Aldea hasieratik ateratzen saiatuko da. Van Aert, aldiz, ez da horren bortitz hasten. Nahiago du atzetik aurrera egin». Flandriarrari lasterketa «luze egitea» komeni zaio. «Van der Poelek ez badu gurpiletik ateratzen, baliteke urduri jartzea, eta akatsen bat egitea; buruz, koska bat sendoagoa da Van Aert». Hori dela eta, uste du flandriarrak «aukera handiagoa» duela. «Gustatu, ordea, Van der Poelek irabaztea gustatuko litzaidake. Nortasun aldetik gehiago erakartzen nau». Argi du: «Txirrindularitzaren historian izan den lehiarik politenetako bat da» Van der Poelen eta Van Aerten artekoa.

Van Empel eta Pieterse

Bihar jokatuko da elite mailako emakumezkoen proba (15:00), eta, itxura guztien arabera, Herbehereetako txirrindularien artean banatuko dituzte dominak. Izan ere, bertakoak dira Munduko Kopako lehen hamar sailkatuetatik bederatzi. Oso paretsu ibili dira Fem van Empel eta Puck Pieterse, eta haiek dira urrea kolkoratzeko hautagai nagusiak. Haien herrikide Inge van der Heijdenek, Ceylin Alvaradok, Denise Betsemak eta Lucinda Brandek ere izan dezakete aukera. Shirin van Anrooij hirugarren izan da Munduko Kopan, baina 23 urtez azpiko proban ariko da. Marianne Vosek, berriz, ezingo du egin iazko garaipena berritzeko ahaleginik, lesio baten ondorioz.

Murgoitioren hitzetan, «oso lasterketa berezia» da Munduko Txapelketa. «Denboraldian gertatu denak ezer gutxirako balio du Munduko Txapelketan; jendea itxuraldatu egiten da». Elite mailan lau bider lehiatu zen Murgoitio, 2009 eta 2012 artean. Euskal herritarrak indartsuago zebiltzan orduan. Aurten, Gorka Corres eta Hodei Muñoz arabarrak lehiatuko dira bakarrik, gazte mailan, etzi (11:00). Gorenean, nabarmena da hutsunea. «Gure garaian, Espainiako Txapelketak irabazteko borrokan izaten ginen, eta, gero, kanpora asko irteten ginen... Beste maila bat zegoen, garbi dago». Dena den, uste du «bolada kontua» dela. «Agertuko da jende gaztea noizbait». Agian, izarren distirak erakarrita. «Haiei esker, jende gehiagok jarraitzen du ziklo-krosa. Gainera, erakutsi dute arazorik gabe uztartu daitekeela errepidearekin».]]>
<![CDATA[«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/026/001/2023-01-27/behar_nuen_aldaketa_gogoa_eta_ilusioa_berreskuratu_ditut.htm Fri, 27 Jan 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1924/026/001/2023-01-27/behar_nuen_aldaketa_gogoa_eta_ilusioa_berreskuratu_ditut.htm
Nolako errutina izaten duzue lasterketak bukatu ondoren?

Autobusean dutxa hartu, arropaz aldatu, eta hotelerantz joaten gara. Gaur, adibidez, ordu bat baino gehiagoko bidaia izan dugu. Behin hotelean, jateko zerbait hartzen dugu: jogurten bat, fruta... Masajea hartu, eta afaldu egiten dugu ondoren. Lotara hamaikak aldera joaten gara: solasean pixka bat aritu, etxekoekin hitz egin, eta ohera. Atsedena funtsezkoa da biharamunean beste lasterketa bat duzunean.

Zer moduzkoak izan dira lehen sentsazioak?

Ez nago pozik. Oso egun gogorra izan da. Mallorcako errepideak oso arriskutsuak dira euria egiten duenean. Erorketa asko izan da, eta eroriko bakoitzarekin tropela apurtu egin da. Zaila da baldintza horietan lehiatzea. Ez naiz ondo sentitu, baina pazientzia izan behar dut. Ziur datozen egunetan hobeto ariko naizela.

Kern Pharman ariko zara denboraldi honetan. Nola sentitzen zara maillot berriarekin?

Oso-oso pozik nago. Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut. Erronka berrien premia nuen. Uste dut oso denboraldi polita izango dela. Hasierak gogorrak izaten dira, baina hilabete asko ditugu oraindik aurretik. Azken urteetan gutxi lehiatu naiz, baina aurten oso egutegi ona eta lehiakorra izango dut. Horixe behar dut. Egokitu ahala, hobetuz joango naiz; ziur nago.

Kern Pharman ez zara inoiz aritu, baina egitura oso ondo ezagutzen duzu, afizionatu mailan Lizarten aritu baitzinen. Etxera itzuli zarela esan liteke?

Erabat. Egitura berbera da, eta taldekide ia guztiak eta zuzendariak Lizarteko garaitik ezagutzen ditut. Oso polita da, Lizarten ikaragarri gustura egon bainintzen. Oso talde berezia da niretzat; familia bat bezalakoa. Pertsonak oso ondo tratatzen dituzte, eta horrek eragina du gero errepidean. Lizarteren arima mantentzen da Kern Pharman.

Lagun asko duzu talde barruan. Nola hartu zaituzte?

Oso pozik daude, eta lehengo harreman bera izaten jarraitzen dugu. Txantxa asko egin dizkidate hasieratik. Berezia da, bai niretzat, bai beraientzat. Oso ondo moldatzen gara: barre asko egiten dugu, eta hizketaldi interesgarriak izaten ditugu. Inoiz joan izan ez banintz bezala sentitzen naiz.

Hiru urtez aritu zara Movistarren, World Tour mailan. Kern Pharma, aldiz, koska bat beherago dabil. Atzerapausoa eman duzu?

Mailari dagokionez, bai; atzerako pauso bat da: World Tourretik Pro Teamera pasatu naiz. Baina, paradoxikoki, egutegi hobea izango dut Kern Pharman. Movistarrekin ez nintzen lehiatzen lasterketarik garrantzitsuenetan. Lasterketa gehiago eta hobeak izango ditut aurten. Hortaz, nik ez dut sentitzen atzerapauso bat ematen ari naizenik. Lasterketetara gogoz joan nahi nuen, eta uste dut hemen errendimendu hobea izango dudala. Niretzat, bizikleta gainean lehiatu eta gozatzea da garrantzitsuena orain.

Pandemia eta arazo fisikoak tarteko, ezin izan duzu batere aprobetxatu Movistarrek emaniko aukera.

Ez nago pozik azken hiru urteetan gertatu zaidanarekin. Ez naiz ondo moldatu Movistarren; ez da izan pentsatzen nuena. Orain hutsetik hasi beharko dut. Bere txarrean, uste dut asko ikasi dudala bizitakoaz.

Movistarrek zer jarrera izan du? Ezer leporatzen diozu?

Ez. Taldean oso ondo egon naiz. Lagun asko egin ditut Movistarren. Adibidez, Mallorcan zer hoteletan nagoen galdetu didate, egunen batean elkartzeko. Kontua da ezin izan dudala nire benetako maila erakutsi, eta hori izan da arazo bakarra.

Urte hauek nola eragin dizute mentalki?

Urte zailak izan dira. Beti dena ondo atera zait, eta pozik eta konfiantzaz sentitu izan naiz. Hainbeste arazo izan eta gero, ordea, konturatu naiz oso zaila dela beti baikor egotea. Burua oso garrantzitsua da, eta bai, garai txarrak pasatu ditut. Hilabete asko pasatu dut etxean ezer egin gabe. Ez nintzen ia txirrindulari sentitzen, eta hori gogorra da. Txirrindularia zara, baina ezin duzu zure lanbidean jardun. Baina bolada horri esker, gauzak erlatibizatzen ikasi dut. Pazientzia lantzeko sekulako ariketa izan da.

Uneren baten galdu duzu bizikletan ibiltzeko ilusioa?

Orain gogotsu nago, baina bai, ilusioa galduta ibili naiz. Lesio txarra izan nuen aldakan, eta behin baino gehiagotan kutsatu naiz koronabirusarekin. Ezin duzu ezer egin. Pixkanaka entrenatzen hasten zara, baina oraindik ezin zaitezke lehiatu, eta ikusten duzu ez zarela zure mailara itzultzen. Frustragarria da. Niretzat ez da aski lan bat eduki eta hilabetero soldata jasotzea; erronkak behar ditut. Jomugarik gabe, zaila da motibazioa edukitzea. Horren falta izan dut.

Gazteak geroz eta indartsuago iristen dira profesionaletara, eta berehala hasten dira emaitza onak lortzen. Lasta izan da hori zuretzat?

Egia esan, ez. Askorentzat presio handia da, eta niretzat ere izan da, baina ikasi dut gauzak beste modu batera eramaten. Ez dauka zentzurik gazte guztiei emaitzak exijitzea, pertsona bakoitzak bere erritmoa baitu. Evenepoel, Pogacar eta halakoak eredutzat hartzeak ez dakar ezer onik. Bakoitzak bere dohainak eta ezaugarriak ditu, eta nik, besterik gabe, Iñigo onena izan nahi dut. Uste dut maila handiko txirrindularia izan ahal naizela, eta hori gogoan egiten dut lan.

Eredu moduan Pello Bilbao jarri izan duzu. Gorenerako bidea poliki ere egin daiteke.

Pello erreferente bat da niretzat. Pixkanaka egin du gora, zaratarik atera gabe, eta orain, mailarik goreneko ziklista da. Oso txirrindulari gutxi daude munduan hura baino hobeak direnak. Inori begiratzekotan, hari begiratu behar diot.

Zer ekarpen egin nahiko zenioke denboraldi honetan Kern Pharmari?

Nire bertsiorik onena eskaini nahi diot. Taldeak pazientzia dauka nirekin: jakitun dira urte gogorrak eduki ditudala, eta lasai hasteko esan didate. Nik urte osoan eman nahiko nuke maila ona. Ezin dezaket lasterketa bakarrean pentsatu, eta besteak albo batean utzi. Lasterketa guztietan txukun aritu nahi dut, eta horrela bada, gauza politak iritsiko dira.

Hortaz, ez duzu helburu zehatzik izango?

Euskal Herriko Itzulia jo nezake denboraldiko lehen helburu gisa, baina ez dut hala ikusten. Ondo iritsi nahi dut, dudarik gabe, baina Itzulira arte lasterketa asko izango dugu, eta denetan aritu nahi dut ondo. Sasoia ondo hastea funtsezkoa da guretzat. Joera baikorra sortu nahi dugu hasiera-hasieratik. Emaitza onak lortzen, eta, zergatik ez, garaipenen bat eskuratzen saiatuko gara.

Ondo hastea lagungarri izango litzateke Vueltarako gonbidapena lortzeari begira. Iaz parte hartzeko aukera izan zuen taldeak; aurten ere hala izango da?

Ez dakigu zer gertatuko den. Bi gonbidapen egongo dira bakarrik, hau da, oso garesti egongo da. Ordea, uste dut badugula maila berriz ere Vueltan egoteko, eta gogor egingo dugu lan gonbidapena lortzeko.

Vueltaren deia ez jasota ere, oso egutegi lehiakorra izango duzue; besteak beste, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan lehiatuko zarete.

Vueltan dugu interesik handiena, hori hala da, baina beste asko ditugu egutegian, eta, zuk esan bezala, oso maila handikoak. Luxua da halako probetan lehiatu ahal izatea. Dena den, ez gaituzte izenek itsutzen: lasterketa guztiei ematen diegu garrantzi handia. Oso talde gaztea dugu, baina hori ez da oztopo izango: anbizio handiko jendea gara, eta garaipenak nahi ditugu. Oso talde ona dugu.

Zaleak erakartzen ari zarete pixkanaka; esaterako, Argentinako futbol selekzioko hautatzaile Lionel Scalonik zuen maillota jantzita ageri den argazki bat argitaratu zuen sare sozialetan.

Bitxia bezain polita da halako gauzak ikustea. Talde berria garen arren, ikusten dugu jendeari iritsi egiten zaiola guk egiten duguna. Egia esan, ez dakit nola iritsi zen maillota Scaloniren eskuetara. Ezusteko handia izan zen.]]>
<![CDATA[Aspaldiko loria begi aurrean ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1996/021/001/2023-01-25/aspaldiko_loria_begi_aurrean.htm Wed, 25 Jan 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1996/021/001/2023-01-25/aspaldiko_loria_begi_aurrean.htm Sadarrera ikurrinak eta Nafarroako banderak eramatera deitu dute Kopako gau magiko haiek ederki gogoratzen ditu Iñaki Muñozek (Iruñea, 1978). Jokatu ez ezik, berak erabaki zituen Sevillaren kontrako final-laurdenetako partidak. «Oso neurketa bereziak izan ziren, jokoan zegoenagatik eta zelaiko giroagatik. Lehia handia genuen garai hartan Sevillarekin», oroitu du erdilari ohiak. Gogoz zegoen taldea berriz ere azken kanporaketetan ikusteko. «Kopa txapelketa garrantzitsua izan da beti Osasunarentzat, eta gauza handiak lortu ditu. Handia litzateke final-aurrekoetara iristea». Duela hemezortzi urte lortu zuen azkenekoz balentria hori. 2005ean izan zen, eta 3-1 gailendu zitzaion Sevillari. Joaneko partidan 2-1 galdu zuen, baina kanporaketa irauli zuen Sadarren. Muñozek sartu zuen hirugarren gola. Hari esker egin zuten aurrera gorritxoek. Eta beste horrenbeste gertatu zen bi denboraldi lehenago. Osasunak hamabost urte zeraman final-laurdenetako langa gainditu ezinda. Neurketa «epikoa» izan zela gogoratu du Muñozek. «Elur asko bota zuen, eta zelaia gaizki zegoen. Luzapenean egin nuen gola, penaltiz». Oso neurketa gatazkatsua izan zen: 70 falta adierazi zituen epaileak, eta hamabost txartel hori eta txartel gorri bat erakutsi. Txinpartak sortzen ziren Osasunak eta Sevillak talka egiten zutenean. Haatik, Muñozek uste du «hoztu» egin dela bi taldeen arteko aurkakotasuna. «Sarritan jokatzen genuen Sevillaren aurka. Tentsio handia egon ohi zen zelaian. Gaurkoa oso partida lehiatua izango da, baina futbola aldatu egin da garai hartatik». Eguraldia, ostera, antzekoa izango da. Ez dirudi elurrak zelaia zurituko duenik, baina gaueko hamarretan hasiko da partida, eta hotz handia egingo du. Halere, Sadarren beroan ariko da taldea, giroa gori-gori izango baita harmailetan. «Ez da zentzuzkoa horren berandu jokatzea, baina zaleek sekulako ilusioa dute, aspaldi ez dutelako ikusi Kopako partida bat Sadarren. Gainera, gauez jokatzen diren partidek xarma berezia izaten dute. Ea zaleen berotasunak jokalariak kutsatzen dituen». Erdilari ohiak gustura jantziko lituzke gaur galtza motzak. «Burua hotz, bihotza bero» Neurketaren gakoez galdetuta, Muñozek uste du funtsezkoa izango dela Osasunak «tempoen kontrola» edukitzea. «Etxean ariko da, eta horrek lasaitasuna eta konfiantza eman behar dio dakien eran jokatzeko». Zaila da gidoia zein izango den aurrez jakitea, baina uste du nafarren oldarraldia izango dela hastapeneko minutuetan. «Onena, noski, gol bat goiz sartzea izango litzateke, aurkariari zalantzak sortu eta haizea alde aritzeko». Emozioen kudeaketak garrantzia izango du. «Burua hotz izan behar dute, eta bihotza bero». 2005ean jokatu zuen Osasunak orain arteko final bakarra. Talde hau horren urrun iristeko kapaz izan daiteke? «Oso bolada gozoan dago, baina kontuan izan behar da ezusteko gutxi izan dela orain arte; final-laurdenetan zer talde dauden ikusi besterik ez dago. Oso zaila izango da». Lehen pausoa gaur Sevillari irabaztea da, eta, apal dabilen arren, Muñoz ez da fio gorritxoen aurkariaz. «Askok gutxietsi egin dezakete Sevilla, ez jaisteko borrokan dabilelako, baina kontuz: oso talde ona du, eta Kopa da Europarako sailkatzeko duen ia bide bakarra». Finalerdietara iritsi edo ez, antzekotasunak ikusten ditu Muñozek bere garaiko taldearen eta gaur egungoaren artean. «Futbola asko aldatu da, Osasuna ere bai, baina uste dut esentzia antzekoa dela: etxeko jokalarien eta kanpokoen arteko nahasketa arrakastatsua lortu da, denek konpromiso handia dute, eta bat eginda daude zaleekin». Batasunaren indarra baliatzen saiatuko dira,Kopako ametsari jarraipena emateko. Jagoba Arrasatek multzoaren sentipenei hitza jarri zien atzoko prentsa agerraldian: «Oso animatuta gaude. Partida polita, garrantzitsua eta berezia izango da» Aurkaria honela aztertu zuen: «Talde ausarta eta oldarkorra da, baina prest gaude» OSASUNA-SEVILLA
Osasuna Herrera; Moncayola, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Torro, Darko Brasanac, Aimar Oroz; Ruben Garcia, Ez Abde eta Kike Garcia.
Sevilla. Dmitrovic; Bade, Gudelj, Rekik; Montiel, Jordan, Rakitic, Acuña; Suso, Lamela eta Rafa Mir.
Epailea. De Burgos Bengoetxea.
Ordua. 22:00 (La 1).
Lekua. Sadar. ]]>
<![CDATA[«Helburu garbien falta nabaritzen nuen, eta taldeak entzun egin nau»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/018/001/2023-01-20/helburu_garbien_falta_nabaritzen_nuen_eta_taldeak_entzun_egin_nau.htm Fri, 20 Jan 2023 00:00:00 +0100 Eñaut Agirrebengoa https://www.berria.eus/paperekoa/1912/018/001/2023-01-20/helburu_garbien_falta_nabaritzen_nuen_eta_taldeak_entzun_egin_nau.htm
Nolakoak ari dira izaten lehiara itzuli aurreko asteak?

Entrenamenduari dagokionez, gogorrak. Aurrez erresistentzia landu dut, errepidean ordu asko igaroz, eta, orain, serie bidezko lanketa ari naiz egiten. Saio motzagoak dira, baina gogotik estutu behar izaten dut. Orokorrean, pozik nago egin dudan prestaketarekin. Hasieran, korrika apur bat egin nuen mendian. Asko gozatzen dut. Denboraldian zehar, zaila izaten da halako etenaldiak egitea. Bizikletari itsatsita izaten gara.

Zuk bereziki, atseden hartzeko beta gutxi izaten duzu behin sasoia hasita. Iaz, adibidez, 49 lasterketa egun pilatu zenituen.

Taldean gehien lehiatu den txirrindularia izan naiz azken urteetan. Egia da denboraldi batzuk luze samarrak egin zaizkidala, gorputzak atsedena eskatu didalako. Baina, tira, gauzak ondo atera dira, eta taldeak konfiantza izan du nigan. Ondo moldatzen naiz mota guztietako lasterketetan, eta prest nago beti taldeari laguntzeko. Hori bai, aurten proba jakin batzuetan zentratu nahiko nuke. Denboraldi osoan erregularra izaten naiz, baina horrek ez dizu aukera ematen lasterketa jakin batzuk buru-belarri prestatzeko. Helburu garbien falta nabaritzen nuen, eta taldeak entzun egin nau.

Zeintzuk izango dira helburu horiek?

Denboraldi hasieran, Almeriako eta Valentziako lasterketetan ariko naiz. Gero klasiko batzuetan lehiatuko naiz Belgikan, eta, ondoren, hilabete bat emango didate Espainiako Vuelta prestatzeko. Hara ondo iristea gustatuko litzaidake. Annemiekek [Van Vleuten] jende indartsua behar du alboan, eta oso erronka polita da niretzat. Geroago, Italiako Girora joateko ere aukera asko dudala esan didate. Buru-belarri prestatu nahiko nuke.

Seigarren urtea duzu Movistarren. Taldearen sorreraz geroztik bertan jarraitzen duten lau txirrindularietako bat zara. Oso lan ona egiten ari zaren seinale.

Bai, oso gustura nago. Movistarrek profesional izateko aukera eman zidan duela sei urte, eta uste dut ondo ari naizela aprobetxatzen. Urterik urte aldaketa handiak ari dira gertatzen taldean: geroz eta txirrindulari indartsuagoak dauzkagu, eta helburuak handiagoak dira. Ni eroso nago, ondo moldatzen naiz taldekideekin, eta gogoz nago taldearekin batera hazten jarraitzeko.

Nolakoa da Van Vleuten bezalako izar handi batekin besoz beso lan egitea?

Taldera iritsi zenean, izututa nengoen. Munduko txirrindularirik onena taldekide izateak presioa eragiten dizu. Baina, behin hura ezagututa, lasaitu egin nintzen. Pertsona normala da. Lasterketetan gauzak oso argi ditu, eta ondo daki zer behar duen momentu bakoitzean bere taldekideengandik. Horrek asko laguntzen du. Horretaz aparte, motibazio handia da harekin jardutea: badakizu edonon irabaz dezakeela, eta zure laguntza behar duela horretarako. Horrek hobetzera bultzatzen zaitu. Denok batera ondo egiten dugunean lan, garaipenak nire sentitzen ditut.

Denboraldi historikoa osatu zuen iaz: Giroa, Tourra, Vuelta eta Munduko Txapelketa irabazi zituen. Talde barruan nola bizi izan zenuten?

Berak egiten duena ezin du beste inork egin. Sinestezina da. Dena irabazi nahi zuela esan zigun denboraldi hasieran. Ondo dago helburu handiak izatea, baina oso zaila da denak lortzea. Ordea, ikustekoa da nola lan egiten duen. Ikaragarri metodikoa da, eta sufritzeko ahalmen izugarria dauka. Gainera, entrenamendu karga handiak oso erraz barneratzen ditu. Lesio batzuk izan zituen denboraldian zehar, baina ez zuen helburu bakar bat ere baztertu nahi izan. Burugogorra da. Azkenean, oztopo guztiak gainditu zituen, eta nahi zuen guztia irabazi. Ez dago bera bezalakorik.

Talde lanean ekarpen handia egiten duzu. Aurten, helburu zehatzagoak izanik, garaipenen bat lortzen ere saiatuko zara?

Ez da hori nire helburua. Agian, Espainiako Txapelketan bai lor dezaket emaitza on bat, eta helburu pertsonal moduan har dezaket. Askatasuna izango dut horretarako. Erlojupeko proba alde batera utzi dut azken urteetan, baina ondo prestatzen saiatuko naiz aurten. Vueltara eta Girora, ordea, besterentzat lan egitera joango naiz, ez neronek emaitza on bat lortzera.

Klasikoetan ondo molda zintezke, indar handiko txirrindularia izaki. Ez dituzu helburu gisa hartu nahi?

Oso lasterketa politak dira, baina gogorregiak egiten zaizkit. Fisikoki bainoago, psikologikoki bukatzen duzu nekatuta. Tentsio handia dago, eta oso luzeak dira. Porru eginda bukatzen duzu. Ez ditut hainbeste gozatzen. Egia da iaz nahiko ondo moldatu nintzela. Adibidez, aurrenekoz aritu nintzen Paris-Roubaixen. Asko sufritu nuen belodromora iristeko. Bizitzan gutxienez behin egiteko lasterketa bat da. Hori bai, aurten ez dut errepikatuko.

Hamar urte dira Bizkaia-Durangon debuta egin zenuela. Zer gogoeta egiten duzu?

Ufa, hamar urte! Oso azkar pasatu zait denbora. Gauzak izugarri aldatu dira. Orokorrean, emakumeen txirrindularitza asko aldatu da; hoberako. Lasterketen antolakuntza, taldeen egitura, materiala... Dena da hobea orain. Oso eskertuta natzaio Bizkaia-Durangori, nire lehen bost urteetan eman zizkidan aukerengatik. Hasieran, lehentasuna eman nien ikasketei. Pentsaezina zen niretzat orain nagoen tokira iristea. Mugarria 2017ko sasoia izan zen: ikasketak bukatuta, aurrerapausoa eman nuen, eta Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazi. Movistar erakarri nuen.

Emaitza aldetik, 2019an aritu zinen ondoen: Burgosko Itzuliko etapa bat eta Espainiako errepideko txapelketa irabazi zenituen.

Oso urte polita izan zen. Gero, pandemiaren urtea nahiko gogorra izan zen. Konfinamenduan oso gaizki pasatu nuen, eta, kalera irtetean, gehiegi entrenatu nintzen. Erreta nengoen. Sentsazio eta datuetan, iazko denboraldia izan zen onena. Emaitzetan ez zen islatu, baina inoiz baino hobeto eta egonkorrago aritu nintzen. Aurten beste koska bat igo nahi nuke.

28 urte dituzu. Urte asko gelditzen zaizkizu txirrindularitzan?

Ez dakit. Urte honetarako kontratua daukat taldearekin. Bertan jarraitzeko aukera izango dut, eta egia da kanpoan ere aukera asko dagoela. Oraingoz, ez dut bizikletatik jaisteko ez datarik, ez asmorik. Baina argi dut utzi egingo dudala nire hobekuntza eteten denean. Ez dut atzerapausorik eman nahi. Hainbat plan ditut ondorengo bizitzarako, eta horrek lasaitasuna ematen dit.]]>