<![CDATA[Eneritz Garro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 07 Dec 2021 23:30:05 +0100 hourly 1 <![CDATA[Eneritz Garro | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Bizialdi osoan ikastun ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/007/001/2021-01-20/bizialdi_osoan_ikastun.htm Wed, 20 Jan 2021 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1896/007/001/2021-01-20/bizialdi_osoan_ikastun.htm Lifelong learning edota bizialdi osoko ikaskuntza, hasieran, batez ere gizakion langile rolari lotzen zitzaion, eta rol horretan izandako aldaketa bati erantzutera zetorren. Ofizio batetik bestera joan-etorrian aritzea ohikoagoa da gaur egun lanpostu berean urte luzez egotea baino, eta Europako Batzordeak argi dio pertsona orok eskubidea dugula lan-merkatuko trantsizio horiek ahalbidetuko dituzten gaitasunak mantentzeko edota eskuratzeko. Interesgarria da, esaterako, birprofesionalizatzeko gogoak bultzatuta unibertsitateko gradu eta masterretan matrikulatua dagoen pertsona helduen kopurua. Ez dugu erronka txikia asmatzen ikasle berri horien bizi-esperientziak nola integratu eskainiko diegun ikaste-esperientzian. Beste kasu askotan, ordea, lan-merkatuko trantsizioa ez da borondatezkoa. Bizi dugun osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoa aurretik ere ziurgabea zen egoerari gehitu zaio. Oraingoaren neurria aurreikusten zaila da, baina argi dago milaka pertsonari eragingo diola modu batera ez bada bestera. Esan beharrik ez dago askorentzat lan-merkatuko trantsizioan lan baldintzak okerrera egiteko arriskua ere handia dela. Kasu honetan ere, gizarteko pertsona zaurgarrienak izango dira kaltetuenak hezkuntzarako eta kulturarako eskubidea eta aukerak modu eraginkorrean bermatzen ez baditugu. Bizialdi osoko ikaskuntzak, alabaina, badu azpimarragarria iruditzen zaidan beste alderdi bat ere. COVID-19ak eragindako testuinguru honetan, aurretik gutxitan moduan, herritarroi eskatu zaigu geure burua eta ingurukoena zaintzeko kontzeptu zail eta konplexuak ulertzea, barneratzea eta horren arabera jokatzea. Mikrobiologo, epidemiologo eta soziologoak bazkalosteko tertulietan entzun ditugu kutsatze faktore, txertoen ezaugarri edota praktika sozialen inguruko azalpenak ematen. Horien ondoan, fake news fenomenoaren indarra ere argi agertu da, eta zientzialarien esanek bidea ireki behar izan dute bestelako berri eta iritzien artean. Testuinguru nahasi honetan, argi geratu da zeinen garrantzitsua den herritarrok konplexutasuna ulertzeko bitartekoak eta ezagutzak izatea. Bizialdi osoko ikaskuntza ulertzeko modu honek eskatzen du lehentasun bihurtzea ikasteko beharra, eta grina sustatzea. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukerak eta espazioak herritar guztioi irekita egotea ezinbesteko baldintza izango da ikaskuntza berdintasunerako tresna izan dadin eta ez gizarte-arrakalak sakontzeko bide. Espazio formal eta ez formalek, hezkuntza erakundeek, komunikabideek, sare sozialek, kultur eragileek… gutariko bakoitzak badu egiteko horretan zeresana eta zeregina. ]]> <![CDATA[Izurria integratu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/006/002/2021-01-06/izurria_integratu.htm Wed, 06 Jan 2021 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1908/006/002/2021-01-06/izurria_integratu.htm izu-a. Izua, ardura eta estresa ohiko erantzunak omen dira ezjakintasunari, ezezagunari edota aldaketa egoerei aurre egiterakoan. Gutako askok orain urtebete harriduraz begiratu genien Wuhango hiritik zetozkigun irudiei, eta ez genuen askok irudikatu benetako izurri bat bizitzeko bezperan ginela. Etxealdiak suposatu zuen ume eta gazteentzat modu bortitzean egoera berri batera egokitzea, irakasleen eta ikaskideen presentzia gabe ikaskuntzari heltzea, lagunekin harremana tupustean moztea... Etxealditik eskoletara itzuleran birusaren kutsatzea ekiditeko neurriek eskoletako jardunari eragin diete bete-betean. Etxeratze osoa aurreikusten zuen agertokia eskola gutxitan gauzatu bada ere, ohikoa bihurtu da konfinaturik dauden ikasleak edota irakasleak izatea. Poliki-poliki naturalizatu egin dugu lerroan sartzea eskolara, banaka jartzea, egunean bospasei aldiz eskuak garbitzea, distantzia gordetzea, musukoak erabiltzea, gelakideak pantaila bidez ikustea... Eta egoera horren guztiaren aurrean geure buruari pozik esan diogu ume eta gazteak bikain egokitu direla arau berrietara, oso zintzo jokatzen dutela, normal antzean ari garela. Baina horrekin batera, badaukagu behar handi bat hau azkar bukatu dadin, sentitzen ditugu normaltasun berriak eragiten dizkigun urratuak eta, zergatik ez esan, gogaitu samar ere bagaude. Pandemiaren bizipenen harira ikasle eta familiekin egindako ikerketek ere argi erakusten dituzte bai baina mugimendu etengabeak. Eta bai baina horietan nik neuk behintzat sentitzen dut hitzetara ekartzea nekez egiten zaidan harridura moduko bat, gertatzen ari den guztia ulertzeko heldulekuak faltako balitzaizkigu moduan eta helduleku ez horri entzungor, aurrera eta aurrera normal joan nahiko bagenu moduan. Marina Garcés filosofoak egin berri dioten elkarrizketa baten esan du osasuna ez dela bakarrik kutsatze kopuru handiago edo txikiagoa egotea, hori guk nola bizi dugun ere badela osasun adierazle garrantzitsua. Pandemiaren kudeaketak gure bizimoldeetan izan dituen ondorioek zuzenean talka egin dute gure osasunean Nola egin diezaiokegu horri kasu? Nola zaindu dezakegu gure osasuna? Garcések azpimarratzen du birusa eta horren eragin askotarikoak gure bizitzan integratu beharko genituzkeela gerorako, beranduegirako, utzi gabe. Zenbateraino izan ditugu aintzat gure eskolatze planetan ikasleen eta irakasleon egoerarekiko sentipen eta errealitateak? Ez naiz erantzun borobilik ematera ausartzen, baina esango nuke lehentasuna kutsatzeak ekiditea izan dela -hala beharko zuen ziurrenik- eta ez direla bereziki kontuan hartu egoera honek sortzen dizkigun beste osasun arriskuak. Hala ere, hezkuntzaren helburua baldin bada bizi dugun mundua ulertzeko eta bizitzeko gaitzea, iruditzen zait izurria eta horrek eragin digun hau guztiau nola integratu pentsatzen hastea egin beharko dugun ariketa izango dela. ]]> <![CDATA[Bide urratzaileoi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1902/003/002/2020-12-23/bide_urratzaileoi.htm Wed, 23 Dec 2020 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1902/003/002/2020-12-23/bide_urratzaileoi.htm
Bereziki miresten eta errespetatzen ditut azken urteotan erretiroa hartzen ari diren maisu-maistrak. Belaunaldi horrek ezer gutxi zegoen lekutik dena sortu zuen frankismo osteko hamarkada mugitu haietan. Garai hartan ume ginenok ez ginen guztiz jabetu zer-nolako lan eskerga egin zuten maisu-maistra gazte haiek guri hezkuntza modu desberdin eta hobeago bat eskaintzeko. Haietako batzuen gaztetako kontuak entzunda antzeman ahal dugu garai hartan irakasle gazte izateak eskatzen zuen pasioa eta indarra: formazio bidaiak antolatzeko diru-bilketak etxez etxe, auzolanean eraikitako ikastolak, herriko kultur ekintzen antolaketa, gurasoentzako kontzientziazio eta prestakuntza saioak, euskarazko material didaktiko berrien sorkuntza... Zalantzarik gabe euskal hezkuntzaren historia errotik aldatu zuen haien jardunak, ez ziren konformatu eskolak euskaraz ematearekin, han eta hemengo esperientzia pedagogiko esanguratsuak ekarri eta esperimentatu zituzten gure eskoletan, eta denborak erakutsi du lan bikaina egin zutela.

Azken lerro hauek erabili nahi nituzke, hain zuzen ere, irakasle handi horietako bat gogoratzeko. Ostiral arratsaldez jaso genuen berria Iruñetik, Aitor Etxarte Berezibar eraman du koronabirusak. Hegoalde ikastolan 90eko hamarkadatik aurrera hizkuntzaren lanketaren bueltan egiten ari ziren lana dela-eta izan nuen Aitorren berri. Oraindik ere gutako askorentzat erreferentziazkoa den proiektua da hori, berritzailea, ausarta, kolektiboa. Urte batzuk geroago, debatearen irakaskuntzaz ikertzeko irakasle konplizeak behar genituelarik, bere gelako ateak ireki zizkigun, eskuzabal, eta ikasleekin zituen egiteko modu finak guretzat hizketagai eta inspirazio izan dira. Ez daukat zalantzarik beste gauza askorengatik ere gogoratua izango dela Aitor, baina hemen gogoratu nahi nuke Euskal Herriak hezkuntza sistema hobeago bat izan dezan euren onena eskaini digun belaunaldiko kide gisa. Orain guri dagokigu haiek urraturiko bideari jarraibidea ematea, aurrez aurre ditugun erronka zahar eta berriei sormenez eta kemenez heltzen jarraitzea, eta amestutako euskal hezkuntza eraikitzeko bide horri eurek beste pasioz eta indarrez eustea, horrenbeste zor diegu-eta.]]>
<![CDATA[Kultur esperientzia opari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1954/003/001/2020-12-09/kultur_esperientzia_opari.htm Wed, 09 Dec 2020 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1954/003/001/2020-12-09/kultur_esperientzia_opari.htm online saioek... Ez dut uste nahikoa aitortu eta eskertu dugunik egoera honetan kulturak eman digun arnasa.

Argi dago kulturak beharrizan askori erantzuten diola. Kulturak ematen dizkigu bizitza eta gertatzen ari zaiguna ulertzeko eta adierazteko tresnak, komunitatea eraikitzeko hainbat helduleku, gozatzeko eta gozarazteko aukerak... eta euskaldunon kasuan, horretaz gain eskaintzen dizkigu mundua euskaraz esateko eta ulertzeko moduak. Ez da harritzekoa, hortaz, Iratxe Retolaza, Xabier Paya edota Nekane Goikoetxearen moduko adituek euskal kulturak hezkuntzan duen lekua eta haren garapenerako egiteko moduak birpentsatzeko erronka plazaratu izana azkenaldian.

Bereziki interesgarria irudituko litzaidake gure ume eta gazteek etxealdian kulturaren arnasa hori zein hizkuntzatan hartu duten sakon aztertzea. Begiratzea ea ikusi dituzten pelikula, serie edota bideoetariko zenbat izan diren euskaraz, ea libururik irakurri ote duten eta hala bada zein hizkuntzatan irakurri duten, entzundako musikarekin beste horrenbeste... Halaber, interesgarria litzateke jakitea ea eskolatik eta irakasleon aldetik egon ote den euskal kultura eskuragarri jartzeko ahaleginik eta eskaini ote diegun ikasleei kultur esperientzien bidez pandemiak eragiten digun hau guzti hau ulertzeko eta adierazteko modurik.

Kultur hezkuntza sendo batek eskatzen du zeharlerrotasuna, diziplinartekotasuna eta sistematikotasuna, besteak beste. Zeharlerrotasuna, eskolako espazio formal eta ez-formalak zeharkatu ditzakeelako, kanpo eragileekiko porotsua izan behar delako. Diziplinartekotasuna, batetik, eskola diziplina desberdinen lagun izan daitekeelako curriculumeko helburuak lortzeko bidean, eta bestetik, bere baitan arte diziplina desberdinak lotzen dituelako. Eta sistematikotasuna, ekintza puntualak gaindituz denboran iraunkorra den eta kontzienteki harturiko erabakiz hornitua dagoen egitasmoa izan behar delako.

Eta hemen nire gaurko kontraesana. Gabonak ate joka ditugun honetan polita litzateke gure ikasleei opor asteetarako kultur esperientzia desberdinak esperimentatzeko amua jartzea, euren arteko gomendio bideak probokatzea, oporretan irakurritako liburu edota ikusitako film baten inguruko tertulia bat antolatzea, euskal musikaren zerrenda bat osatzea, antzerki edota bertso-saio bat ikusteko proposamena luzatzea eta horren berri elkarri ematea... Opor giroko ekintza puntualarekin egin dezakegu lehen urrats txikia eta urte berriak dakarkigun indarrarekin urrats handiari eutsi.]]>
<![CDATA[Azterketatan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2477/003/001/2020-11-25/azterketatan.htm Wed, 25 Nov 2020 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2477/003/001/2020-11-25/azterketatan.htm
Inor gutxik jartzen du zalantzan ebaluatzeko modua dela irakaste moduaren ispilu argienetakoa, ebaluazio moduak baldintzatuko du neurri handi batean ikasleei eskainiko diegun ikaste esperientzia. Ebaluazioaren paradigma nabarmen aldatu da azken urteotan eta fokua ikaslearengadik ikaste-irakaste inguramendura zabaltzeko beharra azpimarratzen dute adituek. Ebaluazioaren azken xedea izan beharko litzateke ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea. Hortaz, bi funtzio nagusi izan behar lituzke ebaluatzeak: batetik, ikasleari laguntzea bere indarguneak eta hobetzekoak identifikatzen; eta bestetik, irakasleari ikustaraztea ikasleari eskaintzen dizkion baliabideak nahikoak ote diren ikaste-helburuak erdietsi ahal izateko.

Ebaluazioaren paradigma aldatzeak eskolako kulturan zuzen-zuzenean eragiten du. Ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea bada helburua, nork ebaluatu behar du zer? Irakaslea al da ebaluazioaren erantzule bakarra? Ikasleek zer dute esateko euren ikaste prozesuaren eta eskaini zaien inguramenduari buruz? Zer da ebaluatuko dena? Edukiak ebaluatu ordez, konpetentziak ebaluatuko baditugu, horretarako azterketa al da tresnarik egokiena? Nola egokitu daiteke ebaluazioa ikasle bakoitzaren behar eta helburuei? Zein bitarteko jar dezakegu ebaluazioaren emaitzak ikaste-esperientzien hobekuntzan eragina izan dezaten?

Gurasoentzat ere aldaketa nabarmena da ebaluazio modua errotik ukitzea. Kalifikazioa da askotan familiarentzat seme-alabaren ikaste prozesua neurtzeko modua. Zenbaki bat, horrexetara murriztu da historikoki ikaslearen ikaskuntza prozesuaren isla eta zenbaki horren inguruan sortzen dira askotan ikaskuntzari buruz guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketak. Ikasleen ikaskuntza prozesuaz familiei berri emateko modu narratibo eta kualitatiboagoak ere asmatu beharko ditugu beraz.

Ebaluatzea kalifikatzea baino askoz zabalagoa eta sakonagoa izan behar dela ez da zalantzan jartzen. Zentzu horretan zenbait herrialdetan aurrerapauso handiak eman dira eta ebaluazioa eta kalifikazioa bereizteko ereduak ugaritzen ari dira, zenbait kasutan kalifikazioak kentzeraino. Euskal Herrian ere badira bide horretan urratsak ematen ari diren esperientziak. Hala ere, argi dago bidean gainditu beharreko oztopoak egon badaudela, ebaluazioarekiko eta kalifikazioarekiko ditugun ikuspegi eta pentsaerak askatzetik hasi beharko dugu beste egiteko modu batzuk esperimentatu eta ebaluazio hezitzailerantz urratsak emateko. ]]>
<![CDATA[Hari gorriak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1967/005/002/2020-11-11/hari_gorriak.htm Wed, 11 Nov 2020 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1967/005/002/2020-11-11/hari_gorriak.htm Nerabe eta gazteen hizkuntza errealitatea jardunaldietan aurkeztu ziren, euskararen sustapena helburu, Euskal Herriko txoko desberdinetan abian dauden 12 esperientzia. Hona ekarri nahi nituzke esperientzia horiek nire baitan sortutako elkarrizketa eta esperientzia desberdinak zeharkatuz marraztu nituen zenbait hari gorri.

Lehen hari gorriak hizkuntza-praktika eta bizitza-praktiken arteko loturari heldu nahi lioke. DBH hasiera eta unibertsitaterako sartze garaia omen dira hizkuntza mudantza gauzatzeko une gakoak, beraz, indar berezia egin beharko dugu garai horietan nerabe zein gazteek euskarari eusteko edota euskararatzeko. Horretarako, diziplina desberdinetatik aztertu behar genuke une horien nolakotasuna, horien baitan euskararen erabilerari esanguratasuna emateko.

Bigarren hari gorriak gogorarazten digu euskararen auzia politikoa eta kolektiboa dela. Nerabe eta gazteek gutxi omen dakite hizkuntza politikaz, euskara erabiltzearen hautua naturalizatua dute, eta ezinbestekoa ei da kontzientzia soziolinguistikoa lantzea eurekin. Horri lotuta gogoeta txiki bat, helduontzat gaztaroan euskaraz jarduteko baliagarri ziren arrazoiek ziurrenik ez dute balio egungo nerabe eta gazteentzat. Ariketa polita litzateke euskaraz bizitzeko arrazoibideak zeintzuk izan daitezkeen eurekin eraikitzea eta belaunaldi desberdinok euskarari eusteko izan ditugun arrazoiak elkarrizketan jartzea.

Hirugarren hariak diosku euskaraz murgiltze ereduak askotarikoak direla. Murgiltze ereduan Nafarroan eta Iparraldean familien euskaltzaletasunak badu indarrik, EAEn ostera eredu horren orokortzeak erronka berriak ekarri dizkio eskolari. D ereduaren zabalkundeak badirudi murgiltze ereduaren emaitzetan eragin zuzena izan duela, eta horrek eskatzen du euskararen irakaskuntzan sakontzea, komunikazio gaitasuna modu sistematikoan lantzea, egiteko modu berriak esperimentatzea eta ikertzea, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa gehiago sendotzea, irakasleak prestatzea...

Laugarrenak aitortzen du eskola ez dela nahikoa gure anbizioei erantzuteko. Nerabe eta gazteak euskaraz jarduteko gogoa izango badute, euskarak eskaini behar die euren identitatea eta bizimodua garatzeko behar duten lur ondua. Zein gazte kultura nahi dute sortu eta kontsumitu eta horretarako zein aukera eskaintzen dizkie euskarak eta euskal komunitateak? Garrantzitsua da nerabe eta gazteei espazioak eta denborak eskaintzea, modu jarraituan, euren interesetatik gertu, hartzaile baino sortzaile izanez... euskara bizi dezaten.

Euskararekiko arduraren erakusgarri dira eremu desberdinetatik erne diren ekimen txiki eta handiak, batzuetan euren arteko loturak eta hariak ez dira agerikoak, baina elkarren ondoan jartzen direnean azaleratzen diren argi-itzalek lagundu ahal digute etorkizuneko norabideak eta nolakotasunak denon artean finkatzen.]]>
<![CDATA[Ahotsa entzun]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2350/007/001/2020-10-28/ahotsa_entzun.htm Wed, 28 Oct 2020 00:00:00 +0100 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2350/007/001/2020-10-28/ahotsa_entzun.htm
Udaberriko itxialdiaren inguruan egindako lehen ikerketa lanek ohartarazi digute adi egon behar dugula egoera honek izan ditzakeelako luzera begirako ondorio fisiko, psikologiko eta sozial oso kaltegarriak. Ikerketa horietako batzuetan ume eta gazteen ahotsa jaso da, eta, euren esperientziaz galdetuta, argi azaltzen dute zeintzuk izan diren etxaldiaren argi-ilunak: faltan izan dituzten eskolako harremanak, etxean familiarekin egoteko berreskuratu dituzten denborak, ordenagailuak ekarri dizkien aukerak eta mugak, etxeko lanak eragin dien asperdura... Emaitzak begi-bistatik galdu gabe, gaurkoan, halere, arreta jarri nahi nuke ume eta gazteen ahotsa jasotze horretan, oso iradokitzailea iruditu baitzait ikasleak euren esperientziaren jabe irudikatzea.

Horren ildora, esango nuke koronabirusak eragindako testuinguru bortitz honetan, oro har, asko hitz egin dugula ume eta gazteez, eta askoz gutxiago ume eta gazteekin. Erabaki eta arau asko bete behar dituzte, baina oso gutxi galdetu diegu erabaki edo arau horien inguruan. Eta adituek gogorarazten digutenez, krisi egoeretan erabakietan umeen parte-hartzea izan daiteke egoerari aurre egiteko gakoetako bat. Nazio Batuetako Umeen Eskubideen Batzordeak berak COVID-19ari aurre egiteko 11 neurrien artean aipatzen du «pandemiari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan umeen iritziak entzun eta kontuan har daitezkeen aukerak sortu behar dira. Umeek gertatzen ari dena ulertu behar dute, eta pandemiari erantzuteko hartzen diren erabakietan parte hartzen dutela sentitu».

Irailean hiru agertoki diseinatu zituzten eskolek, eta ez dirudi etxetik arituko garen agertokia aurreikustea eta horretarako prestatzea lekuz kanpo dagoenik. Inork nahi ez duen etxeratze bat baletor, kontuan hartu behar genuke udaberrian ez bezala gure geletan baditugula esperientzia horretan adituak diren ume eta gazteak. Inork baino hobeto dakite eurek nola bizi izan zuten etxaldia, zer izan zen eurentzat erraztatzailea, zein oztopo izan zituzten, zerekin aspertu ziren, zerk sentiarazten zituen ondo eta zerk gaizki, nola ikasten zuten hobeto... Esperientzia horiek, gainera, askotarikoak izango dira, eta testuinguru zehatzen ñabardurak jasoko dituzte. Mereziko luke gure geletako ume eta gazteen esperientzia hori nola azaleratu pentsatzea eta eurekin batera zirriborratzea nolako izan daitezkeen albo-kalte txikiena eragin dezaketen egiteko moduak. Ariketa bera izan daiteke, gainera, ikaste esperientzia oso esanguratsua eta osasuntsua, bai gure ikasleentzat eta baita geuretzat ere.]]>
<![CDATA[1,5 metro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/005/001/2020-10-14/15_metro.htm Wed, 14 Oct 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1986/005/001/2020-10-14/15_metro.htm
Horregatik ziurrenik sortu du horrenbeste buruko-min metro eta erdiko aldentze betekizunak. Ikastetxe gehienetan distantzia gorde behar horri erantzun zaio ikasleak banan-banan lerro zuzenetan jarrita. Irakasle askok etsipenez onartu dute «aurten» horrela izan beharko dela. Argi dago, neurri horrek nabarmen aldatuko du irakasle-ikasleen arteko elkarrekintza gauzatzeko inguramendua, eta ikasleek hitz egiteko dituzten espazio-denboren murriztea ekar dezake bestelako neurririk hartu ezean.

Nola eutsi egoera honetan elkarrekintzak ikasleen garapenarentzat dituen abantailei? 2019an Journal of the Learning Sciences aldizkarian argitaraturiko artikulu batean Howek eta Cambridgeko bere lankideek erakutsitakoaren arabera, badirudi elkarrekintza aberatsak sustatzeak ikasleen emaitzetan eragina duela, ez bakarrik talde txikitan ari direnean, baita irakaslea talde osoarekin ari denean ere. Izan daiteke talde osoarekin elkarrekintza aberastea irakasleon aurtengo erronka?

Talde osoarekin ditugun elkarrekintzak aberastuko baditugu, irakasleok hitzaren jabetza askatu behar dugu. Ohikoa da gelan irakasleok hitz egitea nagusiki eta ikasleek hitza hartzea irakasleon galderei erantzuteko, askotan aurrez badakizkigun erantzunak emateko. Elkarrekintza emankorrak, aldiz, eskatzen du gelan benetako elkarrizketak sustatzea, ikasleei erantzun luzeak emanaraztea, ikuspuntu desberdinak garatu eta eztabaidatzea, besteak entzutea, solaskidearen hitzak jaso eta osatzea edota hitz egiteko giro seguru-goxoa sortzea.

Deweyk aipatzen zuen moduan, inguramendua aldatzen denean ezinbestekoa da harekiko dugun harremana berregokitzea. Egoera berri honek irakasleoi eskatzen digu gure lan egiteko moduak berriro pentsatzea, ondo arakatzea zein alternatiba eskaintzen diguten ikastetxeko espazio eta denborek, zein aukera dugun taldekatzeekin jolasteko, ahozkoari zein leku eman, gure berbaldia nola moldatu... Metro eta erdi hori ez dadila izan, behintzat, azken urteotan ikasleei emandako hitza berriz geureganatzeko arrazoia.]]>
<![CDATA[Prestakuntzarik gabe irakasle?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2285/009/001/2020-09-30/prestakuntzarik_gabe_irakasle.htm Wed, 30 Sep 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2285/009/001/2020-09-30/prestakuntzarik_gabe_irakasle.htm
Irakasleen hasierako prestakuntzan ari garenok badakigu gure eginkizun zailenetako bat dela gure ikasleek, etorkizuneko irakasleek, hezkuntzaz eta ikaste-irakaste prozesuez dituzten irudikapenak deseraikitzea. Esan ohi da irakasle izateko dugun lehen erreferentzia gure ikasle esperientzia dela. Eta oraindik ere, salbuespenak salbuespen, transmisioan oinarrituriko ereduetan ikasten da, batez ere hezkuntzako goi mailetan. Beraz, bigarren hezkuntzan irakasletza lanbidetzat nahi luketen askorentzat irakasle ona izateko nahikoa bide da irakatsi —transmititu— behar den edukia menperatzea eta hori ondo azaltzeko gaitasuna izatea.

Alabaina, irakasle lanbidea hori baino askoz konplexuagoa da eta garaiotako irakasle bati eskatzen zaizkion konpetentzia espezifiko eta zeharkakoak ezin dira lanketa sakonik gabe garatu. Irakasle batek jakin behar du nola hurbildu ikasleengana, nola lortu bere arloarekiko atxikimendua, nola erantzun aniztasunari, nola lagundu arloko ezagutzetan sakontzen, nola sustatu ikasleen pentsamendu kritikoa edota sormena, nola lagundu gelako elkarrekintzak... Bigarren Hezkuntzan hezkuntza eraldaketa gauzatu nahi badugu ezinbestean behar ditugu edukien transmisioa bakarrik ez, ikaste-irakaste prozesuak modu holistikoan ulertu eta maneiatuko dituzten irakasleak.

Ikerketek argi erakutsi dute lanbidean sartzeko momentua kritikoa dela eta ofizioan sartze hori zaindu ezean kostua handia dela, bai maila pertsonalean irakasle berriarentzat, eta baita sistemarentzat ere. Urteetan, lanbiderako sarbide hori prestakuntza txikiarekin egin izan da, bigarren hezkuntzako irakasleen prestakuntza pedagogikoari hutsaren hurrengo balioa aitortu izan zaio eta tramite gisa planteatu izan da irakasle izateko gaitzen zuen titulua eskuratzea. Orain hamarkada bat, masterra ezarri zen hori gainditzeko asmoz, laburregia askoren iritzirako, baina behinik behin prestakuntzaren beharra aitortzen zuena.

Eta orain hau. Salbuespen egoera baten egindako proposamena da, baina erantzunaren izaerak ematen du zer pentsatua Bigarren Hezkuntzako irakasletzaz dugun iruditegiaren inguruan. Beste aukera batzuen artean —esaterako, Lehen Hezkuntzako gradudunei Bigarren Hezkuntzan aritzeko aukera ematea— hobetsi da prestakuntza pedagogikorik ez eskatzea. Badirudi beste behin ere edukia atera zaigula garaile.]]>
<![CDATA[Krisia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2362/005/001/2020-09-16/krisia.htm Wed, 16 Sep 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2362/005/001/2020-09-16/krisia.htm Krisia hitza izango da pandemia testuinguru honetan agerpen gehien dituen hitzetako bat eta hitz horri loturik sentipen eta adierazpen oso desberdinak azaleratu dira. Hezkuntza mugimenduan harrapatu du krisiak, mundu mailan eskola instituzioaren birpentsatze garai batean, gizartearen erronkei erantzuteko bere burua berrirudikatzen eta berrasmatzen. Eta horrek baldintzatu ditu, neurri handi batean, azken hilotan hezkuntza munduko eragile askok krisiari loturik aurkezturiko ideiak eta sentipenak.

Krisia hitzaren jatorrizko grezierazko esanahia gogorarazten digu Baumanek, eta azaltzen du jatorrian krisia hitzak erabakiak hartzeko une egokiena izendatzen zuela. Krisia, adiera honetan, aukera da arriskua baino gehiago. Horri lotuak egon ahal dira «krisi honetatik indartsuago aterako gara» eta halako baieztapenak. Hala ere, susmoa daukat modu horretako baieztapen baikorrak askotan gehiago direla elkarri animoa emateko modu bat, gure beldurrak gordetzeko maskara, benetako sinesmen baino.

Osasun krisiaren lehen asteetan hezkuntza arloko hainbat adituri eta arituri entzun nien pandemiak aukera eskainiko zigula aldaketaren olatura igo gabeko ikastetxeak mugiarazteko, curriculumaren mugez eta helburuez pentsatzeko, hezkuntza digitalaren zentzuaz gogoeta egiteko, ebaluazio moduak birpentsatzeko, natura eta kanpo espazioak hezkuntzarako espazio gisa ulertzeko, guztiontzako eskola bermatzeko, edota hezkuntza komunitateko kideen arteko elkarlana sustatzeko.

Tamalez, salbuespenak salbuespen, irailean eskolak zein baldintzatan ireki diren ikusita arrazoi gutxi dago horrelako baieztapen baikorretarako. Ikusi ditugu umeak eta gazteak lerroan distantzia gordeaz eskolara sartzen, mahaiak banan-banan jarrita eta haatik gutxieneko tartea gorde ezinda, elkarrekintza eta elkarreraginerako eremuak gutxienekoetara ekarrita, irakasleak haserrez eta etsipenez euren ezintasuna adierazten... Irudi horiek guztiek zerikusi gutxi dute hezkuntzarako proposatzen den eraldaketarekin.

Bizi dugun egoeran lehentasuna biziraupena izan da, eta horrek ez du atzera-bueltarik. Baina biziraupenean gelditu nahi dugu? Badugu aukerarik krisia aukera gisa bizitzeko? Lehen kolpea pasatuta mereziko luke albait azkarren bide berriak bilatzen hastea; krisi honetatik benetan indartsuago ateratzeko aukerarik izan nahi badugu, ezin dugu etsi. Hezkuntza komunitateko eragile desberdinen arteko koordinazio eta lankidetza eraginkor eta indartsuak eraiki behar ditugu, askotarikoak eta irekiak, baldintza emozional zein materialak sortu eta elkarrekiko konfiantza nola irabazi pentsatu. Erronka ez da makala, baina, Zizekek Izurria! liburuan dioenari helduz, «gertaera izugarrienek ere ondorio positiboak ekar ditzakete ezustean». Hala bedi.]]>
<![CDATA[Udazkenean, 'déjà vu']]> https://www.berria.eus/paperekoa/2160/007/001/2020-07-29/udazkenean_dj_vu.htm Wed, 29 Jul 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2160/007/001/2020-07-29/udazkenean_dj_vu.htm
Martxoan ahal bezala erantzun genuen denok, geure onena emanez. Epe laburrerako egoera zela irudikatu eta bi bider pentsatu gabe jarri ginen ordenagailu aurrean, genekienarekin, genituen baliabideekin. Hala ere, COVIDaren garaian han eta hemen zabalduriko txosten, artikulu eta hitzaldietan argi azaldu dira sistemaren hainbat hutsune. Ikasle guztiek ez dute ordenagailurik edo konexiorik online lan egiteko; familia guztiek ez dute ez denborarik, ez prestakuntzarik ikasleei behar duten neurrian eta moduan laguntzeko; familia ez euskaldunetako seme-alabek aukera gutxi izan dute euren hizkuntza mailari eusteko; irakasleek ez dute baliabiderik ez baldintzarik izan ikaste-irakaste prozesuak online eredu pedagogiko sendo batera ekartzeko; ez da egon plataforma erraz eta segururik proposamen didaktikoak zintzilikatzeko; geletako ratioek ez dute lagundu jarraipen pertsonalizatuak egiten; ebaluazio jarraia egiteko estrategiak falta izan dira; eredu digitala ez da ikasle guztientzat irisgarria izan... Zerrenda luzea da.

1948an Unescok Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean onartu zuen Hezkuntza giza eskubidea dela. Eskubide hori bermatzeko, oinarrizko hezkuntzak lau baldintza bete behar ditu: ikasle guztientzat doakoa eta derrigorrezkoa izan behar da, diskriminaziorik gabe iritsi behar da ikasle guztiengana, kalitatezko ikaste-irakaste prozesuak sustatu behar ditu eta ikasle bakoitzari egokitu behar zaio. Eta ikusitakoak ikusita argi dago martxotik ekainera bitartean kasu askotan lau baldintza horietako bat ere ez dela bete osorik.

Abiapuntuan, berandu bagabiltza ere, ezagutu beharko genuke errealitatea xeheago. Herriz herri, eskolaz eskola, marraz dezakegu hezkuntza eskubidea bermatzeko zein ahulgune eta aukera ditugun. Galdetu beharko zaie ikasle, irakasle eta familiei euren begietatik zeintzuk oztopo aurreikusten dituzten udaberriko egoera berbizi beharko bagenu. Diagnosi bateratu eta konpartitu bat egiteko gai bagara, agian gai izango gara denon artean irtenbideak bilatzeko. Auzolanaren printzipioak berreskuratu ditzakegu eta komunitate osoak elkarrekin, herritar eta erakunde bakoitzari aukera emanez eta eskatuz bere ahalmenen araberako ekarpena egiteko, saia gaitezke udazkena ez dadin izan udaberriaren déjà vu bat.]]>
<![CDATA[Helburu komunetarako lider]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2046/003/001/2020-07-22/helburu_komunetarako_lider.htm Wed, 22 Jul 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2046/003/001/2020-07-22/helburu_komunetarako_lider.htm
Asko hitz egin da zentroen autonomiaz egoera zail honetan irtenbideak proposatzerakoan akzio gune nagusi gisa, baina zein autonomia behar dute ikastetxeek bizi dugun egoerari aterabideak proposatzerako orduan? Tébarrek hiru autonomia modu bereizten ditu: batetik, ikastetxeek autonomia izan dezakete erabaki pedagogikoak hartzeko; bestetik, ikastetxeek autonomia izan dezakete euren irizpideen arabera antolatzeko; eta azkenik, kudeaketarako autonomia ere izan dezakete ikastetxeek, eta hor aukera dute pertsonal eta baliabideak euren erara antolatzeko. Aspaldi samar ohartarazi zigun Antonio Bolivarrek; ezarritako autonomiak, ezartzeko baliabiderik gabe, nekez aldatzen dituela jardunbideak, eta beraz, zentroetako autonomia egoerari aterabide eraginkorra emateko bide izango bada, garrantzitsua litzateke zuzendaritza taldeek horretarako tresnak eta baliabideak eskura izatea.

Autonomia gehiagorekin edo gutxiagorekin zuzendaritzek erabaki asko hartu beharko dituzte, oso epe laburrean eskoletako bizimoduan eragin nabarmena izango dutenak. Datorren ikasturtea ezjakintasun, zalantza eta kezka maila handikoa izango da, eta erabaki horien kudeaketa nola egin izango da familia, ikasle eta irakasleen ongizaterako eta asebetetzerako gakoetako bat. Lidergo handia eskatzen duen momentua da hau, nolanahi ere. Lidergoaz diharduten azken lanek azpimarratzen dutenez, liderrei dagokie inplikaturiko pertsonak motibatzea eta animatzea euren onena eman dezaten helburu komunak lortze aldera, eta ez horrenbeste aurreikustea edota agintzea bakarrik. Horrek eskatzen du lidergo banatu bat, zeinetan lidergoa gauzatzen den ez bakarrik zuzendaritzatik, baizik eta taldeko kide guztien aldetik. Ezin dugu ahaztu, gainera, kasu askotan eskoletako zuzendaritzak osatzen direla klaustroko kideen artean aukeratuta eta beti ez euren erabakiz; beraz, ez da askorentzat erraza izango oraingoaren moduko egoera baten lider izatera deituak egotea. Hala, garrantzitsua izango da pertsona horiei sostengua eta babesa eskaintzea euren lana ahalik eta errazena eta ondoena egin dezaten, horretan ere norbaitek hartu beharko du lidergoa. Lider txiki eta handi askoren baturak lagunduko ahal digu datorren ikasturtean guztion helburu komun nagusia lortzen: ikasleei eskaintzea euren garapena eta zaintza bermatuko dituzten testuinguru osasuntsuak.]]>
<![CDATA[Ikerketatik heldulekurik?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2017/003/002/2020-07-15/ikerketatik_heldulekurik.htm Wed, 15 Jul 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/2017/003/002/2020-07-15/ikerketatik_heldulekurik.htm
Alabaina, koronabirusak eragindako krisiaren ondotiko ikerketak eremuen arabera oso bolumen eta eragin desberdina izan dute. Fernando Trujillok, zenbait taldekiderekin batera, txosten bat aurkeztu du pandemia garaian hezkuntzaz egindako ikerketen inguruan eta bertan azpimarratzen du hezkuntza arlotik artikulaturiko ikerketa proiektuak eta aurreikusten diren artikuluak kopurutan nabarmen txikiagoak direla medikuntza, biologia edota farmazia moduko jakintza-arloetan baino. Eta hori deigarria da kontuan hartzen badugu osasun krisi honetan albokalte handia izan duen eremua dela hezkuntzarena, munduko ia ikasle guztiak etxeratu direla, eta gizartean kezka nabarmena badagoela gaiaren inguruan.

Euskal Herrira etorrita, datorren ikasturtearen antolaketan eskolak erabaki garrantzitsuak hartzen ari diren eta oraindik ere hartu beharko dituzten honetan, oso interesgarria litzateke bertoko ikerketa komunitatea gai bagina begirada zientifikotik udaberri honetan gertaturikoa ondo aztertu eta aurrera begira hezkuntza komunitateari intuizioetatik harantzagoko heldulekuak eskaintzeko. Identifikatu eta ezaugarritu beharko lirateke zeintzuk gai edo aspektu diren hezkuntza komunitateko eragile desberdinentzat lehentasunezkoak, eta ondoren zabaltasun eta sakontasun desberdinetako azterketak egin.

Sortutako egoeraren izaera ezohikoak aukera eskaini ahal digu, gainera, ikerketa modu desberdin eta parte hartzaileagoekin esperimentatzeko. Unibertsitatea lotu ohi da eremu teorikoarekin eta eskola eremu praktikoarekin, askotan ez dira elkar aintzat hartzen, kosta egiten da ikerketak ondorioztaturikoa eskolak bere egitea eta eskolaren jakintza ikerketak jasotzea ere ez da ohikoa. Bi mundu horien arteko arrakala gainditzeko aukera polita izan daiteke oraingoa, etorkizunean beharko dugun jakintzak unibertsitatearen eta eskolaren ezagutzak bildu beharko ditu, eta eskolako eragile guztien ahotsak jasotzeak eta horien arteko entzute ariketak bideratzeak lagun dezake horretan. Ziur koronabirusak sorturiko testuinguru honetan abian jarri(ko) direla ikerketa handi edo txikiak, hala ere, eta ikerketa horien ondorioen zabalkundean ere sormenez jokatu behar genuke, egingo diren ikerketa guztiak bildu ahal izateko eta eskoletan eragin zuzen eta errazagoa izan ahal izateko.]]>
<![CDATA[Zain ditzagun, zain gaitzaten]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1975/012/001/2020-07-08/zain_ditzagun_zain_gaitzaten.htm Wed, 08 Jul 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1975/012/001/2020-07-08/zain_ditzagun_zain_gaitzaten.htm
Eta hemen aurtengo udaberriak oso agerian utzi duen ebidentzia bat, eskolaren funtzioen artean zaintzari dagokiona ez da munta txikikoa. Uste dut proportzioan zaintza funtzio hori oso gutxi aldarrikatu izan dela hezkuntzako profesionalen aldetik, are gehiago, haur txikienekin dauden profesionalek indar handia egin izan dute euren lana zaintzaz haragoko lana ere badela erakusteko. Eta ez da harritzekoa, ezin dugu ahaztu haur-eskoletako hezitzaileen lan baldintzak, oro har, goragoko etapetako lankideenak baino eskasagoak direla.

Horretan guztian badu zerikusirik gizartean zaintza lanei eman izan zaien lekuak eta ikusgarritasunak. Feminismotik aspaldi azaldu zitzaigun merkatu logikek bizitza sostengatu ahal izateko ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat lan ikusezin bihurtu dituztela. Zaintza lanak gehienetan dohainik egin izan diren lanak izanik, ordaintzen diren kasuetan ere bigarren mailako lanen soldatak izan ohi dituzte.

Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeari buruz Eustatek egindako inkestako emaitzek erakutsi dute lan jarduna eta umeen zaintza bateratzea badela bere horretan erronka handia gure gizartean. Eskolek ateak itxi dituzten udaberri berezi honetan zaintzaren ikusezintasun hori are eta ageriago gelditu da. Etxealdiari buruz eginiko azterketek argi azaldu dute familia askok etxe barruko eta etxe kanpoko lanen arteko oreka mantentzeko izan dituzten zailtasunak. Ezin dugu ahaztu, bidenabar, kasu askotan emakumeengan eta maila sozial baxuenetan izan duela eragin larriena egoera horrek eta, denboran luzatuz gero, ziur askorentzat oso baldintzatzailea izango dela euren ibilbide profesionalean.

Esandako guztiari lotuta, interesgarri deritzot ekonomia feministak proposatzen duen Zaintza zorra kontzeptua hona ekartzeari. Kontzeptu horrek ikusgarri egiten du zein harreman dagoen pertsonen ongizatea bermatzeko jasotzen eta eskaintzen den denbora, maitasunaren eta energiaren artean, beste hitz batzuetan esanda, zenbat zaintzen dugun eta zenbat zaintzen gaituzten harremana. Azterketa sakonago baten faltan, hipotesi gisa proposatuko dut: gizarteak eskolarekiko duen zaintza zorra ez da txikia. Irailean ikasleak eskolara itzultzen direnean bereziki garrantzitsua izango da euren zaintza, zentzu guztietan, osasunari dagokionez, emozioen kudeaketari dagokionez, elikadurari dagokionez, ikaste ohiturei dagokienez... Eta trukean, zer gutxiago, guztioi dagokigu eskola komunitateak, zaintza gune den neurrian, egiten duen lanaz kontzientzia hartzea, berau balioan jartzea eta behar bezala zaintzea.]]>
<![CDATA[Aurrez aurrekoa vs 'online'-a?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1910/012/002/2020-07-01/aurrez_aurrekoa_vs_online_a.htm Wed, 01 Jul 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1910/012/002/2020-07-01/aurrez_aurrekoa_vs_online_a.htm online i(ra)kaskuntzaren ezaugarriez eta bi ereduen artean egon daitezkeen joan-etorriez eta konbergentziez hitz egiten.

Aurrez aurreko i(ra)kaskuntzak erakutsi digu proposamen didaktikoak proiektuetan artikulatzeak zer-nolako abantailak dituen, irakasleak bere esku hartzearekin ikasleak laguntzen ditu prozesuan eta zaintzen du proposamenaren osotasuna eta koherentzia. Online-an zein eredu hibridoetan ere, ikasleek hasieratik behar dute ikaste-unitate osoaren narratiba izan, helburuak argi ikusi, aurrez aurreko saioak edota saio sinkronoak noiz izango diren jakin, horietarako eginkizunak aurreikusi, ebaluazioa noiz eta nola izango den ezagutu... Eta ezin dugu ahaztu gelan ahoz irakasleak egiten dituen negoziazio eta argibide emateak testuinguru digitalean ere bermatu behar direla.

Online ikasketak askotan irudikatzen dira prozesu bakarti eta indibidual gisa, aurrez aurreko eskolen taldetasunarekin kontrastean. Beraz, online-an lehentasun behar luke ikaste komunitatea sendotzeak eta harremanak zaintzeak, eta arreta berezia jarri beharko genieke elkarrekintza sustatzeko momentuei, talde handikoei, talde txikikoei zein bakarkakoei. Irakasleek eta ikaskideek ordenagailuek ezartzen duten hesia gainditu behar dugu eta besteen etxeetara sartu eta besteekin egon. Mezuen bidez, bideoak elkarbanatuz, foro biziak elikatuz, opari birtualak eginez... ikasleek sentitu behar dute irakasleok hor gaudela, eta zaindu beharko ditugu ez bakarrik alderdi akademikoak, baita alderdi sozialak eta emozionalak ere.

Udazkenean zer gertatuko den ez dakigu, ez dakigu aurrez aurre egongo garen ikasleekin edota udaberrian bizi izan dugun egoera edo antzekoa bizi beharko dugun, ez dakigu. Eta ez da erraza ezjakintasun horretan erabakiak hartzea eta proposamen zehatzak egitea. Hala ere, bizi izandakoa ez da alferrik izan, ikasi dugu online i(ra)kaskuntza ez dela aurrez aurrekoa eremu digitalera pasatzea. Oraingoan ez gaitu ezustean harrapatuko eta presta gaitezke etxealdi oso edo aldi bateko bati aurre egiteko, online i(ra)kaskuntzaren abantailak ahalik eta ondoen aprobetxatuz eta aurrez aurrekoaren galerak ahalik eta eragin txikiena izan dezan, kontzienteki bien arteko uztardurak eskaini ahal dizkigun abantailei eutsiz.]]>
<![CDATA[Prestakuntza, irakasleak ahalduntzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/004/001/2020-06-24/prestakuntza_irakasleak_ahalduntzeko.htm Wed, 24 Jun 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1877/004/001/2020-06-24/prestakuntza_irakasleak_ahalduntzeko.htm
Alabaina, etengabeko prestakuntza eredu guztiak ez dira berdinak, denek ez dute irakaslearengan garapen bera sustatzen, ez eta eskola mailako eragina bultzatzen ere. Prestakuntza batzuek bilatzen dute irakasleen ezagutza zientifiko eta didaktikoak gaurkotzea, irakasleari esaten zaio nola egin behar duen lan teorien arabera, baina entzuten duen zera teoriko hori bere eguneroko praktikara ekartzeko oztopoek prestakuntzaren eragina murrizten dute. Beste batzuetan, irakasleei beste leku batzuetako errezetak eskaintzen zaizkie, eta: «Han funtzionatu du; egin ezazu zeuk ere». Baina errezeta norberaren sukaldera ekartzerakoan gauzak ez dira horren errazak, eta testuinguruen ñabardurek irakasle asko hozten dituzte errezetak inplementatzeko garaian.

Askotan, irakasleen prestakuntza planteatzen da kanpotik, modu estandarizatuan eskola desberdinetarako, pilulak eskainiz, aldi berean hainbat gai jorratuz... eta horren aurrean Schönez geroztik bada korronte oso bat proposatzen duena irakasleak ahaldundu behar direla euren garapen profesionalean subjektu aktibo izateko. Ikuspegi honetan ikastetxea, lantokia jotzen da prestakuntzarako espazio pribilegiatu, eta gela gogoetarako eremu. Irakaslea eta irakasle taldea testuingurua behatzeko gaitzen bada, erronkak eta tentsioak non dauden identifikatzen baditu, praktika horretan iltzatuko den teoriaz janzten badu bere burua, egiteko modu berriak esperimentatzeko gai bada eta esperimentazio horien azterketatik erronka eta tentsio berriak biltzen baditu, irakasleen prestakuntzak ez du balioko bakarrik irakasle norbanakoa profesionalki garatzeko, balioko du irakaskuntza bera mugiarazteko eta ondorioz ikasleengan eragiteko ere.

Eta modu horretako prestakuntza eredu batek baliabideak eskatzen ditu, noski. Behar dira denbora tarte egokiak irakasleek elkarrekin gogoeta egiteko, nekez egin baitaiteke kalitatezko gogoetarik bazkalorduko tartean edota arratsaldeetan eguneko nekea aldean, baina zergatik ez gorde ikasturtean zehar dozentziarik gabeko egunak irakasleen prestakuntzari eskainiak? Eskatzen du beharren arabera irakasle batzuk liberatzea eta prestatzea gogoeta prozesu horietan lankideak laguntzeko. Eskatzen ditu baliabide teknikoak, eguneroko praktika jasotzeko aukera eskainiko dutenak. Eskatzen du kanpoko prestatzaileen aldetik entzute jarrera sakona, eskolaren eta irakasleen beharren arabera malgutasunez erantzuteko gai izango dena. Eta batez ere eskatzen du irakasleari eta irakasle taldeari aitortzea badela nor bere prestakuntza modua diseinatzeko eta bere jardunean eragiteko; eta irakasle eta irakasle taldeek sinestea irakasle on izateko ezinbestekoa dela etengabeko ikasle izatea.]]>
<![CDATA[Irakasleak talde-lanean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1859/007/001/2020-06-17/irakasleak_talde_lanean.htm Wed, 17 Jun 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1859/007/001/2020-06-17/irakasleak_talde_lanean.htm
Irakasle lanbidea askotan irudikatzen da lanbide bakarti gisa; irakasleak bakarrik aurre egiten die bere gelan dituen haur-gazte taldearen (edota haren familiaren) beharrei eta bere irakasle-artearen arabera izango da irakasle bikaina edo ez. Eta modu horretan tradizionalki pentsatu izan da irakaslearena dela, maila indibidualean, bere gelan hezkuntza hobetzeko ardura, eta bere gain dagoela horretarako baliabideak garatzea. Azken hilabeteotako krisian ere fokua nabarmen egon da irakaslearengan, maila indibidualean, eta are gehiago, lehen gela barruko harreman ezkutuko horretan gordetzen zena orain agerian gelditu da. Horrek, kasu askotan, irakasle batzuen eta besteen arteko aldeak azaleratu ditu, eta ikusi da ikasleei egindako ikaste-proposamenen izaera, harremanetan jartzeko bideak eta moduak, ebaluatzeko irizpideak, erabilitako tresnak... desberdinak direla irakaslearen arabera.

Eta horren ondoan egun geroz eta indartsuago aldarrikatzen da irakasle lanbidearen izaera kolektiboa ,eta defendatzen da eskolak talde gisa jokatu behar duela, sortu behar direla irakasleen artean ikaste komunitateak gogoeta egiteko irakaskuntza nola hobetu, proposamen berriak esperimentatzeko eta haien eraginak ebaluatzeko. Sinisten da badagoela irakasle lanbidean jakintza bat, kolektiboa, gauzak nola egin jasotzen duena eta irakasleek talde gisa duten jakintza hori izango dela gakoetako bat eskolak aurrez aurre dituen erronkei aurre egiteko.

Haatik, irakaskuntzaren izaera kolektiboa indartu nahi badugu, garrantzitsua da eskolan bertan lan kolaboratiboa eskatzen duten formak sortzea. Askotan irakasleak kexu dira lan burokratikoetan ito egiten direla, eta ez dutela aukerarik «benetan garrantzitsua denaz» elkarrekin hitz egiteko. Lan kolektiboak nahi baditugu, ezinbestekoa izango da baldintzak eta aukerak sortzea hori posible egiteko; espazioak eta denborak birdiseinatu ditzakegu irakasleei aukera emateko elkarrekin pedagogiaz hitz egiteko, elkarrekin diseinuak eta inplementazioak egiteko, elkarren praktikak aztertzeko, eta horietatik abiatuta erabakiak eta konpromisoak hartzeko.

Eta ikasturte bukaera honetan, ez litzateke txarra irakasleek euren azken asteotako praktikaz modu kolektiboan pentsatzeko aukerak sortzea. Bizi izan dugun egoerak eskatzen du konfiantza giroan gertatutakoez hitz egitea, praktika on eta ez hain onak identifikatzea, beharrak ikustea, eta datorren urtera begira modu kolektiboan klaustroetan erabakiak hartzea, etorkizunera begira ditugun erronkei modu bateratuan erantzun ahal izateko.]]>
<![CDATA[Banaka mahaietan?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1881/004/001/2020-06-10/banaka_mahaietan.htm Wed, 10 Jun 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1881/004/001/2020-06-10/banaka_mahaietan.htm
Gelan izaten diren elkarrizketak, irakasle-ikasle artekoak zein ikasle-ikasle artekoak, funtsezkoak dira ikaskuntzari dagokionez. Eta horri erantzutera etorri da gure geletako azken urteotako aldaketa handi bat, ikasleak talde txikitan jarrita ikusi ditugu eguneko momentu askotan, irakasleari begira barik elkarri begira, eta irakasleak, ikasleen artean, talde txikitik talde txikira joan-etorrian ikasleen beharrei erantzuteko.

Urte asko daramatzagu aldarrikatzen ikaskuntzak elkarrekintza eskatzen duela, halaxe ikasi genuen Vygotskyren eskutik. Ikaskuntzak eskatzen du ikaslearen aurretiko ezagutzak azaleratzea, ikuspuntu desberdinak eztabaidatzea eta euren arteko loturak egitea, esanahiak negoziatzea, ulermena ziurtatzea eta ikasitakoa hitzez adieraztea... eta hori, batez ere, gelako elkarrekintzan gertatzen da. Ezinbestekoa da ikasleei aukera eskaintzea erantzun luze-zabalak emateko, galdera berriak proposatzeko, euren arteko ideiak kontrastatzeko eta ikuspuntu desberdinak eztabaidatzeko.

Ikaslea erdigunean jartzeak aldaketa sakona eskatzen die irakasleei. «Zenbat hitz egiten dudan!», horixe irakasle asko-askoren ahotik entzuten duguna euren burua jardunean ikusten dutenean. Irakasleena izan da hitzaren jabetza geletan, irakasleek izan dute ezagutzaren boterea eta ikaskuntza ulertu izan da ezagutza horren transmisio gisa. Irakaslea zen ezagutzaren iturria, ikaslea hori jasoko zuen ontzia. Eta azkenaldian ikuspegi horri aurre egiteko ahalegin handia egin da, ikasleari eta hark egiten duen ikaskuntzari arreta jartzen dioten metodologiak sustatu dira. Ikasleei hitza eman eta ikaskuntzaren protagonista bihurtu nahi ditugu, onartu dugu ikasleek euren artean jardunez ikasten dutela eta irakasleon lana prozesu hori erraztea dela.

Eta hementxe gogoeta: ikasleen banakako antolaketa horrek ez du askorik lagunduko elkarrekintza sustatzen, elkarri bizkarra ematen dioten ikasleek nekez jardungo baitute elkarrekin. Geletarako itzulera diseinatu behar dugun honetan, osasun alderdiekin batera, ondo-ondoan, alderdi pedagogikoak ere oso kontuan hartu beharko ditugu urteetan kostata emandako aurrerapausoak atzerapauso bihur ez daitezen.]]>
<![CDATA[Itolarririk gabe murgiltzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1946/007/001/2020-06-03/itolarririk_gabe_murgiltzeko.htm Wed, 03 Jun 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1946/007/001/2020-06-03/itolarririk_gabe_murgiltzeko.htm
Pandemia aurretik ere euskarazko gaitasunaren eta erabileraren inguruko kezka bazegoen hezkuntza komunitateko hainbat sektoretan. Murgiltze ereduaren emaitzek positibotik baduten arren, irakasle askoren bizipenek eta zenbait probaren emaitzek zalantzan jartzen dute ikasleen euskara maila eta haren erabilera nahikoa ote den. Beraz, etxealdiak ez gaitu indartsu harrapatu.

Irakasleek sarri aipatzen dute udaren ondoren euskararen ezagutzan eta erabileran koska bat behera eginda itzultzen direla ikasleak ikasgeletara, baina oraingoan sei hilabete dira, urte erdia. Garaia da, hortaz, kaltea gutxitze aldera berandu baino lehen euskararen gaia erdigunean jarri eta familiei baliabideak eskainiz konpromisoak eskatzeko.

Batetik, euskara entzuteko aukerak ugaritu behar genituzke, eta hori lortzeko, ikus-entzunezkoak gako dira. Gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez dauden edukiak gure ikasleengana berez iristen dira, inongo ahaleginik egin gabe. Euskarazko edukiek, ordea, itsasoan galduriko irlak dirudite. Ikasleek, haur zein gaztetxoek, klik batera izan behar lukete euskaraz ekoizturik dagoen ikus-entzunezko material guztia, modu erakargarri eta errazean helarazia. Eta zergatik ez, gertuko sortzaileei aukera eta baliabideak eskaini ahal zaizkie euskaraz kalitatezko eduki berria sortu eta plataforma hori aberasteko.

Bestetik, euskaraz hitz egiteko aukerak sortu behar lirateke. Talde txikitan, presentzialki zein online, betiere aisialdirekin eta atseginarekin lotuta, ume eta gazteei euskaraz jarduteko aukerak zabaldu ahal zaizkie. Udaleku irekien aukera ba omen dago orain, herri askotan badira banakako online elkarrizketak «mintzalagun» erara, lagunarte txikitan euskaraz aritzeko topaketak antolatu daitezke, familia euskaldunekin egoteko aukerak zabaldu... Euskal Herriak aisialdiaz euskaraz arduratzen den sare zabal eta emankorra dauka, baita euskararen eta euren seme-alaben ikaskideen alde jarduteko eta ardurak hartzeko prest egon daitekeen familia asko ere. Helburuak finkatuz eta baliabideak eskainiz gero, uzta emankorra jaso daiteke; antolatu egin behar.

Irakasle-familia arteko elkarrizketetan erdiguneko gaietako bat izan beharko litzateke hau; kasu guztietan da garrantzitsua etxean euskararen erabilera sustatzea, baina etxean eta inguruan euskararen presentzia txikia den kasuetan ezinbestekoa da horren garrantziaz eta balioaz jabearaztea, besteak beste iraileko «murgiltzean» itolarririk izan ez dezagun.]]>
<![CDATA[Curriculumarekin zer?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1909/007/001/2020-05-27/curriculumarekin_zer.htm Wed, 27 May 2020 00:00:00 +0200 Eneritz Garro https://www.berria.eus/paperekoa/1909/007/001/2020-05-27/curriculumarekin_zer.htm
Eta galdera aldatuko bagenu? Eta galdera balitz zer curriculumekin jarraituko dugun ikasturtea (eta ikasturte ondokoak). Ikaskuntzaren kizkia non dagoen erabakitzean dago orain erronka. Angel Ignacio Perez Gomezi irakurri diot curriculumaren luzera kilometrotan neurtzen dela, eta sakonera, aldiz, milimetrotan. Etorkizunean ikasleek ustez beharko dituzten ikasketagaiz itota dugu curriculuma, eta, horren aurrean, adituek gogorarazten digute: eskolak ez ditu ikasleak prestatu behar etorkizuneko herritar izateko bakarrik, orainaldiko herritar diren neurrian ere prestatu beharko lituzke, eta beraz, garai nahasi hauetan lehentasun gisa eskaini behar zaizkie ikasleei ezagutzak eta estrategiak momentua bizitzeko eta ikaskuntza modu berriei aurre egiteko.

Pandemia egoerak krisi bat eragin du gutako gehienongan. Egoerak derrigortu gaitu egiteko moduak errotik aldatzera, eta gelan zeuden egiteko moduek orain ez dute balio bere horretan, irakasleek aurrez aurrekoan zituzten baliabideak -materialak, pertsonalak, emozionalak, gorputzezkoak...- orain ez dituzte eskura, ez behintzat forma berean. Hala ere, krisia bizi daiteke zerbait negatibo moduan, edota onar dezakegu egoerak sortzen digun ezinegona eta elkarrekin pentsatu beste egiteko modu posible batzuk. Irakasleen esku-hartze zuzena txikiagoa den neurrian, ikaskuntza sustatzeko proposamen esanguratsu eta interesgarriak proposatzeak indarra hartu beharko luke, ikasleen aurrezagutzak kontuan hartuko dituzten proposamenak eraiki, egungo egoerara egokitzen direnak eta ikaskuntza sakonagoan lagunduko dutenak.

Beti egin dugun hori ez egitea, beti eman dugun eduki hori ez ematea, ebaluazio eta kalifikazio moduak aldatu behar izatea, ez da erronka makala. Zalantzarik gabe, egiteko moduak aldatu beharrak oinarriak mugiarazten dizkigu, baina era berean bada aukera ere testuinguru egonkorrago baten ausartuko ez ginatekeen modu berriak esperimentatzeko.]]>