<![CDATA[Estibalitz Ezkerra | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Sun, 25 Oct 2020 08:47:17 +0100 hourly 1 <![CDATA[Estibalitz Ezkerra | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Memoriaren beste dimentsio bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/032/001/2020-06-28/memoriaren_beste_dimentsio_bat.htm Sun, 28 Jun 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/032/001/2020-06-28/memoriaren_beste_dimentsio_bat.htm Playing in the Dark saiakera liburuan (1992), Toni Morrisonek (Loraine, Ohio, AEB, 1931-New York, AEB, 2019) dio gogoratze prozesuan datzatela askatasunerako aukerak, oroitzea ariketa gogorra izan arren. Ikuspegi horrek gidatzen du Ta-Nehisi Coatesen (Baltimore, Maryland, AEB, 1975) The Water Dancer nobela (Ur dantzaria, 2019). Virginiako tabako plantazio batean kokaturik dago istorioa, XIX. mendearen erdialdean. Lockless plantazioa, ingurukoak bezala, gain behera doa. Esklabo jabeek, anbizioak eta trakestasunak bultzatuta, agortu arte ustiatu dituzte beren lurrak, eta, ondorioz, esklaboak saldu beste aukerarik ez dute beren luxuzko bizimoduari eta gizarte hierarkiari eusteko. Azken horren arabera, goian daude Kalitate direlakoak, esklabo jabe zuriak, zeinek bizitzaren eta heriotzaren gaineko boterea duten esklaboei dagokienez. Jarraian, Behekoak datoz, pobreak eta gehienbat alfabetatu gabeak diren zuriak: Kalitateentzat lan egiten dute plantazioak eta esklaboak gainbegiratzen. Haien azpian, Askatuak daude, askatasuna erosi ahal izan duten esklabo ohiak, eta mailarik apalenean, berriz, Eskulana, esklaboak.

Locklesseko Eskulanetako bat da Hiram, baina ez da esklabo arrunta. Batetik, Howell Walker plantazio jabearen semea da. Walkerrek Hiram semetzat aitortua du; horregatik atera zuen soroetatik eta etxeko esklabo bihurtu, baita bere seme eta oinordeko Maynarden tutore bihurtu ere. Hiram sinetsita dago aitaren aitortzak gainerako esklaboena ez bezalako etorkizuna ekarriko diola, eta horrek «une isiletan, bere burua Kalitateen mailan irudikatzen» laguntzen dio. Ama enkantean saldu zutenetik Hiram zaindu duen emakumeak, ordea, Thenak, kontuz ibiltzeko esaten dio, Kalitateentzat esklaboak beti izango baitira esklabo.

Bada Hiram gainerako esklaboengandik bereizten duen beste zerbait: zehaztasun osoz gogora dezake dena, dela aurpegiak dela gertaerak, bere garaikoak zein lehenagokoak, bere ama izan ezik.

Thenak aurreikusi bezala, adinez nagusi bihurtzen denean bere esklabo egoera gogorarazten dio Walkerrek Hirami, bere tutore postutik kendu eta anaiordearen morroi bihurtzen baitu. Egun batean, Maynardekin batera zubi bat gurdiz zeharkatzen ari dela, Hiramek ama dantzan ikusten du ur gainean. Bere onera bueltatzen denerako, gurdia eta Maynard hondoratu egin dira ibaian, baina indar misteriotsu batek uretatik atera eta plantaziora itzularazi du bera. Hots, eroana izan da.

Eroapenaren bidez, urarekin kontaktuan denean bai bere burua eta bai beste pertsona batzuk toki batetik bestera garraia ditzake Hiramek; bere hitzetan, lurra «oihal bat bezala» tolestu dezake botere horri esker. Baina eroapena gerta dadin, emozio iturri handi baten beharra du: bere amaren oroitzapena. Haren boterea dela eta, isilpeko sare batek errekrutatuko du gaztea, eta, haiekin elkarlanean, plantazioetatik ihes egindako beltzei iparraldera joaten laguntzen hasiko zaie.

«Ez da haragi masa bat»

Sentimendu pertsonalen eta naturaz gaindiko botereen arteko lotura maiz erabiltzen den teknika bat da literatura fantastikoan. The Water Dancer nobelan, ordea, karga emozional handiko gertaerak gogoratzea ez da prozesu indibiduala bakarrik; hainbat belaunaldiren bizipenei, memoriari eta min kolektiboari heltzea ere bada. Bere saiakeran, Morrisonek bereizi egiten ditu historia eta memoria, eta, afrikar-amerikarrei dagokienez, jasotako memoria historia baino garrantzitsuagoa eta egiazkoagoa dela esaten du. Izan ere, historian «objektu, eta ez haren barruko subjektu» moduan agertzen dira beltzak. Oroimenak, berriz, beren esperientziak lehen planoan jartzeko aukera ematen die. Esklaboen kasuan, memoriak badu beste dimentsio bat ere: bizirik irauteko mekanismo bat da, aske eta duin bizi ziren garaiekin, Afrikarekin konektatzeko aukera ematen baitie.

Memoriarekin batera, ura funtsezko faktorea da eroapena gerta dadin. Urak Atlantikoari egiten dio erreferentzia, itsas zeharkaldi traumatiko horri, zeinetan hainbat afrikarrek bizia galdu zuten. The Water Dancer-en kapitulu artean agertzen diren epigrafeetan, poemak eta testu zati batzuk aipatzen dira, hildakoak hizpide dituztenak. Haien artean bada lekuko baten ondoko testigantza: «[Itsasontzitik] ateratzea lortu zuten beltzak dantzan ari ziren olatuen gainean, arnasa betean garaipen abesti bat iruditu zitzaidana garrasi egiten».

Ur bidezko eroapenaren metaforaren bitartez, lekukoak deskribatzen duen bera iradokitzen du Coatesen nobelak: esklabo ontzietatik Ozeano Atlantikora botatako haiek ez zirela ikarak eta larritasunak jota ito; aitzitik, etxera itzultzeko aukera izan zuten, pertsona aske moduan. Alde horretatik, afrikar-amerikar abestietan zein elezaharretan maiz agertzen den mito berak ateak irekitzen dizkio historia alternatibo baten aukerari. Kontua ez da esklabotzaren ondorioak itxuraldatzea, baizik eta milaka afrikar objektu -eta biktima- bihurtu zituen -eta oraindik indarrean den- sistemari aurre egitea, afrikarrak subjektu bihurtuta. Hain zuzen, The Water Dancer-en lorpenetako bat da esklabo bihurrarazitako gizon eta emakumeen gizatasun partikularra azaltzea. Bere semeari idatzitako gutun forma duen Between the World and Me liburuan (Munduaren eta nire artean, 2015) Coatesek azaldu bezala, «esklabotza ez da zehaztugabeko haragi masa bat. Esklabo bihurturikoa emakume espezifiko bat da, zeinaren adimena zurea bezain aktiboa den, zeinaren sentitzeko ahalmena zurea bezain zabala den».]]>
<![CDATA[Existitu ez zen kartzelakoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2122/040/001/2020-06-14/existitu_ez_zen_kartzelakoak.htm Sun, 14 Jun 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/2122/040/001/2020-06-14/existitu_ez_zen_kartzelakoak.htm Dans les Jardins Secrets du roi de Maroc (Marokoko erregearen lorategi sekretuetan, 1998) eta Ahmed Marzoukiren Tazmamart Cellule 10 (Tazmamart 10. zelda, 2000). Denetan ezagunena, baina, Tahar Ben Jelloun idazlearen (Fez, Maroko, 1944) Cette aveugante absence de lumière (Argirik ez itsugarri hau, 2001) nobela da. Azken horrek soldadu baten bizipenak ditu hizpide: 1971ko ekainean armadako zenbait buruzagik Hassan II.aren kontra bultzaturiko estatu kolpearen ondorioz atxilotu zuten soldatu batenak.

Gauza jakina da Ben Jellounen liburuan Salim izenarekin agertzen den narratzailea Aziz BineBine soldadu ohiarengan oinarriturik dagoela. Idazleak hiru orduko elkarrizketa izan zuen harekin Tazmamarten gertatutakoaren inguruan, eta hortik abiatuta osatu zuen nobela. Gerora, komunikabideetara bidalitako gutun baten bidez,BineBinek arbuiatu egin zuen Ben Jellounen lana, behartu egin zutelako bere historia idazlearen esku uztera -Ben Jellounek azaldu zuen BineBineren anaiaren eskariz idatzi zuela nobela-. Zortzi urte geroago, BineBinek berak idatzitako testigantza agertu zen: Tazmamort, dix-huit ans dans le bagne de Hassan II (Tazmaheriotz: hamazortzi urte Hassan II.aren kolonia penalean, 2009). Berez, alde handirik ez dago Ben Jellounek fikzioaren bidez azaltzen duenaren eta BineBinek memoria moduan aurkezten duen historiaren artean. Horrek esan nahi du material hutsa baino gehiago eskaini ziola BineBinek idazleari: historia nola konta zezakeen ere azaldu zion. Bere oroitzaoenetan bertan, BineBine kontalari trebea dela antzeman da. Azken batean, horixe egin zuen Tazmamarten igaro zituen hamazortzi urteetan: bera bezala preso zeudenei denetariko istorioak eta historiak kontatu, adimena galdu ez zezaten.

Iruzurra eta sarraskia

1971ko ekainean, Hassan II.aren kontrako estatu kolpea gertatu zenean, antzinatasun gutxiko soldadua zen Aziz BineBine. Bere soldadu kideei esan zieten antzera, erregea ariketa militarretan aritzekoa zela esan zioten armadako goi kargudunek, baina erasoari ekin ziotenean iruzur egin zietela ohartu zen: erregea jai handiosa eskaintzen ari zen udako bere jauregian, eta, horren ondorioz, sarraski handia eragin zuten kolpean parte harturikoek. BineBinek lehen tiroak hasi zirenean alde egin zuen jauregitik, bere pistolan bala bat bera ere falta ez zela.

Konexio onak zituen familia batetik zetorren BineBine. Aita erregearen konfiantzazko aholkularia zen, baina horrek ez zuen eraginik izan jasoko zuen zigorrean. Hain zuzen, aitak semetzat ukatu egin zuen kolpearen ostean. Epaiketa sumario batean hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten BineBineri estatu kolpean parte hartzeagatik. Okerrena etortzeko zegoen, ordea. Urte berean gertatu zen eta arrakastarik izan ez zuen bigarren estatu kolpe baten ostean, bere soldadu kideak eta bera beren sententzia betetzen ari ziren presondegi zibiletatik atera, eta ofizialki existitzen ez zen -eta hamazortzi urtez existitu gabe jarraituko zuen-kartzelara eraman zituzten.

Tazmamart Atlas mendikatean propio eraikitako ziega bat zen; udan bero kiskalgarria egiten zuen, eta neguan, berriz, hotz jasanezina. Alegia, infernu bat zen urteko hamabi hilabeteetan. Presoei janari urria eta maiz usteldua ematen zieten, eta ura edaten zuten asko gaixotu eta hil egiten ziren. Baina jendea etengabe hiltzen zen Tazmamarten, eta ez uragatik bakarrik. Zeldak estu-estuak zirenez, BineBinek «bizitza diagonala» izendatzen duen hori bakarrik gerta zitekeen haietan: «Lau urrats egiten zenituen alde baterantz, beste lau urrats bestalderantz, bira erdi egin ezkerrera edo eskumara, ez zorabiatzeko». Gainera, leihorik ez zen ziegetan, eta estoldak zabalik zeudenez -eta komunek estalkirik ez zutenez-, hondakinak azalera ateratzen ziren norbaitek barrua husten zuen bakoitzean.

Desagerraraztea helburu

Zaindariek ez zuten batere laguntzarik eskaintzen. Pobreziak jotako landa eremuko herrixketakoak jatorriz, zaindariak ezjakinegiak ziren, ala ez zitzaien presoen ongizatea axola, ala goikoek zigortuak izatearen beldur ziren. «Koldarra gizon krudela baino arriskutsuagoa da», dio BineBinek, eta hala zen Tazmamarteko zaindarien kasuan, beren arduragabekeriak, edozein zelarik haren arrazoia, presoen bizi itxaropen jada ezegonkorra are larriago egiten baitzuen. Dena den, Tazmamarten funtzioa horixe zen, azken batean: bertan sartzen zirenak betiko desagerraraztea. Presoei une oro gogorarazten zieten handik ateratzeko modu bakarra heriotza zela.

Amnesty Internationalek egindako txostenaren arabera, 1960ko hamarkadatik erregimenaren aurkari izatearen aitzakian ehunka lagun desagerrarazi zituen Marokoko Gobernuak Tazmamart kartzelaren bidez, haien artean 500 bat saharar. Kartzela behin betiko itxi zutenean, BineBine bezala estatu kolpearen ondorioz preso eramandako 58 gizonen erdiak baino gehiago hilda zeuden.]]>
<![CDATA[Indigena bihurtzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/028/001/2020-05-31/indigena_bihurtzea.htm Sun, 31 May 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/028/001/2020-05-31/indigena_bihurtzea.htm Kim-en (1901) argi ikus daitekeen bezala. Aipatu nobelan, inperioaren fantasia handienari heltzen dio; hots, kolonoaren indigenizazioari, horretarako aproposa den generoaren bitartez: abenturazko nobela.

XIX. mendearen amaiera aldera, Afganistango bigarren gerraren edo, garai hartan esan ohi zuten bezala, Joko Handiaren testuinguruan kokaturik dago Kim nobela. Errusia eta Britainia Handia Asia erdialdearen gaineko kontrola eskuratzearren borrokan ari dira, eta, azpijokoz beteriko gatazkan, britaniarrentzat espioitza lanak egiten ibiliko da Kim, nahiz eta zehazki zertan ari den ez dakien. Hasieran behintzat. Nobela abiatzen denerako, Lahoreko kaleetan (garai hartan India, gaur egun Pakistan) bizimodua aurrera atera nahian eskale dabiltzan haur umezurtzetako bat da. Mandatuak ere egiten ditu batzuetan inguruko dendari eta tratularientzat. Azken horien artean dago Mahbub Ali, bere zaldi negozioa estalki moduan erabiltzen duena zerbitzu sekretu britainiarrentzat lan egiteko. Aliren bitartez Kim ere espioitza sarean murgilduko da, agenteen artean mezuak igortzen. Irakurtzeko gai ez denez, mezulari aproposena da: ez dago planak hankaz gora jar ditzakeen arriskurik.

Kimek, ordea, badu sekretu bat: zuria da. Ingurukoek indiarra balitz bezala tratatzen dute; haiek bezala mintzo da, indiar ume asko bezala kalean hazitakoa da, eta bere izenaren anbiguotasunak ez du bere jatorriaren gainean bestela pentsatzeko arrazoirik ematen. Tibetar lama batek ikasle hartuko du, hain zuzen, indiarra delakoan. Kimek berak ez du bere indiartasuna zalantzan jartzen; gurasoak haur jaioberria zela hil zitzaizkion pobreziak jota, eta inude indiar bat egin zen bere kargu. Txikitatik indiarren ohiturak besterik ez du ezagutu. Lepoan daraman idunekoa da bere nortasuna argitzen lagun dezakeen objektu bakarra, haren esanahia deszifratzen dakienarentzat, jakina. Indiako trenbide konpainiarentzat lan egin aurretik, Kimen aita, Kimball O'Hara, britaniar armadan sarjentu ibili zen. Aitaren erregimentua parte zen masoi-ordenaren ikurra darama Kimen idunekoak.

Misio baten erdian, zori hutsez aitaren erregimentuan ibilitako kapilauarekin topo egingo du Kimek, eta idunekoaren harira bere jatorria agerian geratuko da. Orain arte mutikoak eraman duen bizimoduarekin gaitzituta, kapilauak Kimi ingeles subjektu bati dagokion heziketa eskaintzea erabakiko du, eta Lucknowen den elitezko ingeles eskolara bidaliko du. Paradoxikoki, ikasketen kostuak ez ditu berak ordainduko, lama zaharrak baizik. Azken horrek Kimen heziketa erlijiosoarekin jarraitzeko asmoa du, mutikoa argialdi unera iritsi daitekeela sinetsita baitago. Baina, eskolan igaroko dituen hiru urteetan lamarekin harremanetan jarraituko badu ere, zerbitzu sekretuekin duen harremana ere indartuko du Kimek, eta ikasketak amaitutakoan Joko Handira itzuliko da, oraingoan gobernuaren beraren agente moduan.

Arrotzen kutsadura

Ingelesez going native (natibo bilakatzea) gisa deskribatzen den egoerak lilura bezainbeste antsietate eragiten zuen inperioarentzat. Batetik, bere helburua zen tokikoak kanpotik bezain ondo ezagutzea barrutik, beren adimenean sartu ahal izatea, baina horrek ekar zezakeenari beldur zion -ingeles nortasuna ideia eta ohitura arrotzekin kutsatzeari edo, muturreko kasu batean, ezabatzeari-.

Kim-en kutsaduraren arriskua oso presente dago hasierako orrietan, protagonista erabat indiartuta dagoela eta bere jatorriaz ohartzeko gai ez dela esaten zaigunean. Nobelak, ordea, buelta ematen dio egoera horri britaniar nortasunaren indarra (eta, beraz, nagusitasuna) erakusteko: patuak erabakia zuen Kim bere onera itzuliko zela eta inperioaren barruan dagokion tokia beteko zuela. Are gehiago, indigenetan indigenena ere badela frogatzen du protagonistak: nobelaren amaieran, lamak aurreikusi bezala, argialdi unera heltzen da Kim, indiar gutxi batzuek lortzen dutena urteetako trebakuntza espiritualaren ostean. Kimek pentsamendu indigena menperatzea posible dela frogatzen duen bitartean, ingeles nortasuna arriskuan jarri gabe, antzeko prozesurik ez da, ordea, eskaintzen indigenei dagokienez. Hots, indiar bat ezingo da inoiz ingelesen pare izan, agintzea ez baita bere nortasunaren parte, agindua izatea baizik.

Baina ezin da ahantzi Kim ez dela ingelesa, irlandarra baizik: India bezala inperioaren menpe dagoen lurralde batekoa da jatorriz. Kontraesan modura hartu behar ote luke irakurleak? Ez horixe. Kim-ek erakusten du inperioaren konplexutasuna eta irismen ahalmena, subjektu kolonizatuak beraiek erabiltzen baititu elkarren kontra aritu daitezen metropolitik bultzaturiko fantasiaren izenean. Azken batean, inperioa bera den joko handiaren eskemaren barruan mandatari bat besterik ez da Kim, besteen aginduak betetzen dituena.]]>
<![CDATA[Zimurrik gabeko bizitzarekin obsesionatuta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-05-24/zimurrik_gabeko_bizitzarekin_obsesionatuta.htm Sun, 24 May 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-05-24/zimurrik_gabeko_bizitzarekin_obsesionatuta.htm The Road to Somewhere liburuan (Nonbaiterako bidea, 2017), David Godhart eskumako pentsalariak Erresuma Batuan gertatu den gizarte-banaketa nonbait-en eta edonon-en arteko borroka moduan azaltzen du. Nonbait-ek bizi diren tokiarekiko (kasurik gehienetan landa eremua) lotura sakona sentitzen dute. Edonon-ak, aldiz, sustraigabeak dira. Theresa May edonon-ei buruz ari zen ondokoa esan zuenean: «Munduko hiritarra zarela uste baduzu, orduan ez zara inongo hiritarra».

Godharten eskemari jarraituz gero, edonon-en adibide garbia lirateke Attila eta Jean, Aminatta Fornaren Happiness (Zoriontasuna, 2018) nobelako protagonistak. Attila Asare adin ertaineko gizon isila da. Ghanakoa jatorriz, psikiatra moduan egiten duen lanak gerra gunetik gerra gunera eraman du, «moralaren iluntasunean galdutako toki[etara]», bizirik iraun dutenen adimen ahituak artatzera eta kaltearen tamaina katalogatzera. Betebeharrak serio hartzen dituen pertsona da bera: Maryse emaztearen heriotzagatik oraindik dolutan dagoela, psikiatriari buruzko biltzar batean eman behar duen hitzaldia prestatzen du, Alzheimer gaitzak jotako maitale ohi bat zaintzea erabakitzen du, eta Londresen desagertu omen den ilobaren bila dabil. Jean Turan, berriz, animalia basatietan aditua den biologo estatubatuarra da. Senarra -Ray izeneko auto saltzailea- eta Luke semea AEBetan utzi ditu, Londresen bizitza berri bati ekiteko. Massachusettsen bizi zela, hiriguneko azerien gaineko ikerketa batean lanean ibili zen, eta Londresera egokitu ditu bere aurkikuntzak. Horrekin batera, sabaietan lorategiak diseinatzen ditu, hirian gune berdeak zabaltzeko asmoarekin.

Bai Attila bai Jean hiri ezberdinetan bizi izan dira, eta hiri bakoitzean, oztopoak oztopo, aurrera ateratzea lortu dute. Beren ibilbideek, ordea, buelta ematen diote Goodharten tesiak proposatzen duen ikuspegi estuari. Immigrazioari buruzko nobela da Happiness, Goodhart eta beste hainbaten ikuspegiek gizartetik kanpo kokatzen dituzten horien istorioen gainekoa. Horiek azaleratzen dute edonon bakoitza katebegi bat dela hainbat nonbait lekuk osaturiko katean. Hots, etxe dei ditzakegun hainbat nonbait daude. Nobelan nonbait horien sorrera hobeto ulertzen laguntzen duten iraganeko pasarteak azaltzen dira; esaterako, gerrak sorturiko errefuxiatuen borroka, hartu dituen herrialdean onartuak izateko.

Pertsonen eta lekuen arteko harremana ez ezik, pertsonen eta naturaren artekoa ere aztertzen du nobelak. Jatorri anitzeko gizabanakoak ez dira Londresen ongi etorriak ez diren bakarrak. Animalia basatiei ere gerra deklaratu die hiriak, azeriei batik bat. Horiek kanpotartzat jotzen dituzte, indarkeriaren eta gaixotasunaren garraiatzaile. Azeri batek haur bati kosk egiten omen dionean -ez dago argi gertaera egia den-, zalaparta handia pizten da. Liberal arduratsuek animaliak landa eremura, «dagokien tokira» eramatearen alde agertzen dira, kontuan hartu gabe ez direla azeriak lekuz kanpo daudenak; industrializazio basatiak lekurik gabe utzi ditu. Beste batzuek, ordea, haien artean Londresko alkateak, behin betiko desagerrarazi nahi dituzte, edozein bitarteko erabiliz.

Alkatearen erretorika oldarkorra telebistan entzun ostean, hipomaniako bat dela ondorioztatzen du Attilak. Jeannek, azerien ohiturak aztertzen urteak daramatzanak, aldiz, uste du ez dagoela histeriarako arrazoirik. Baina naturak tokirik ez du nartzisismorako joera duen gizartean. Jean kanpaina biziotsu baten jomuga bihurtzen da, liberal arduratsuek zein alkatearen iritzi berekoek uste dutelako ez duela borondaterik arazoa konpontzeko.

Jeanek bere lanarekiko sentitzen duen frustrazio bera sentitzen du Attilak berearekiko. Biei konponbide errazak eskatzen dizkiete berez konplexuak diren eta autokritika dosi handiak eskatzen dituzten gertaerentzat. Senarraren heriotzaren ostean bizi ziren apartamentuari su eman zion Sierra Leonako emakumearen kasua datorkio Attilari gogora. Defentsa abokatuek emakumeari trauma-osteko estres nahastea diagnostikatzeko eskatu zioten, deportatua izan ez zedin. Attilaren ustez, ordea, emakumeak sentitzen zuen antsietatearen atzean gertaera maltzurrago bat zegoen: auzoko zurien «enpatia falta ikaragarria», senarra hil ostean emakumea saihesten hasi baitziren, haren dolua gaixotasun kutsagarria balitz bezala.

Bizitza aurreikuspenak

Attilaren aburuz, deserosotasuna patologia bihurtu da Mendebaldean, geroz eta indartsuagoa den industria terapeutikoaren mesedetan. Zimurrik gabeko bizitzarekin obsesionatuta gaude eta, ondorioz, konturik txikiena neurrigabeko krisi bihurtzen da. Are gehiago, gure ongizatearen izenean gai gara gure moduan bizi ez diren horiek, dela etorkinak dela azeriak, heriotzara kondenatzeko.

Hori dela eta, irakiar milizia batek bahitu zuela entzutean, ingurukoei harrigarria egiten zaie Attila bizimodu arrunt batera itzuli ahal izana. Attilaren erantzuna zuzena bezain zorrotza da: «Gure [afrikarren] bizitza aurreikuspenak... europarrenak baino neurritsuagoak dira. Horrekin zera esan nahi dut, gutako gehienontzat idatzita dagoen bizitza, hala esaterik baldin badago, askozaz malguagoa da... Beste era batera esanda, badakigu gauzak izorratu daitezkeela».]]>
<![CDATA[Mandatarien bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/038/001/2020-05-03/mandatarien_bila.htm Sun, 03 May 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/038/001/2020-05-03/mandatarien_bila.htm Kentoshi (Mandataria, 2014) nobelan. Lurra kutsatuta dago, eta barazki freskoak urriak dira; pozoi kontzentrazio handia dela eta, arraina janezina da, eta esnea edanezina. Armiarmak eta beleak salbu, gainerako animalia basatiak desagertu egin dira. «Zenbat urte ziren animaliak, alokairuan zeuden txakurrak eta katuak izan ezik, desagertu izanak kezkatzen ez ninduela?», galdetzen dio bere buruari Yoshirok, nobelako pertsonaietako batek. Zahartu ahala, gizonek menopausia sintomak agertzen dituzte, eta pertsona ororen sexua gutxienez bizitzan behin aldatzen da. Mutazioak ohiko bihurtu dira, «nahiz eta mutazio hitza apenas erabiltzen den, popularragoa den ingurumen egokitzapena hitzarekin ordezkatua izan baita». Izan ere, hizkuntza bera ez dago hondamendi ekologikoaren ondorioetatik salbu. Hitzen bizitza laburtu egin da, berehala zahartzen edo zentsuratzen direlako, eta japoniarrak ez diren hitzak eta hizkuntzak erabiltzea debekaturik dago. Animaliak eta gizakiak bezala, hizkuntza ere desagertzeko zorian dago.

Bitxiena, ordea, adineko jendearen gorputzek garatu dituzten erresistentzia mekanismoak dira: adinean gora egin ahala, zoliagoak eta indartsuagoak dira pertsona horiek. Ehun urtetik gorakoa denez orain bizi esperantza, populazioa abiada handian zahartuz doa. Okinawako herri batek 55 urtetik beherakoei bertan bizitzea debekatu die populazioaren igoera kontrolatu ahal izateko; gazteek, etxebizitzen eskasiagatik etsita, ilea urdindu eta azala zimurtu egiten dute, pertsona nagusiago baten itxura emateko.

Helduen bizi itxaropena eta indar fisikoa handituz joan diren neurrian, umeenak murriztuz joan dira. Yoshiroren moduko agureei garesti atera zaie osasun paregabeaz gozatzea: bilobak (Yoshiroren kasuan, birbiloba, Mumei) hiltzen ikustea «zama ikaragarria» bihurtu zaie. 107 urte dituen Yoshiro errudun sentitzen den bitartean, bere 7 urteko birbiloba, Mumei -japonieraz Izenik gabe- atseginagoa eta toleranteagoa da bere gorputza deseginez doan heinean. Hortzak erortzen hasten zaizkionean, ikarak harrapaturiko Yoshirori esaten dio ez kezkatzeko, «txolarreak ezin hobeto moldatzen [direla] hortzik gabe». Akaso irakurleari, Yoshirori bezala, ulertezina egingo zaio Mumeiren zoriontasuna, eta nobelak zergatia aztertzera bultzatzen gaitu: zerk egin gaitu hain mesfidati, hain miserable bata bestearekiko?

Kenzaburo Oeri (Ose, Japonia, 1935) Nobel saria irabazten lagundu zion Kojinteki na taiken (1964, Kontu pertsonal bat) nobelan, gizon gazte batek abandonatu egiten du arazo fisiko larriak dituen ume jaioberria. Tawadaren nobelan, berriz, ume hori berau zoriontsu hazten da, bere arazo fisikoek okerrera egin arren. Mumeik buru handiegia du bere lepo txikirako, eta hankak barrurantz okertuta dauzka belaunetatik behera. Jaki gutxi batzuk irents ditzake, eta maiz zorabiatu egiten da, trantze modukoetan eroriz.

Yoshirok ahal duen guztia egiten du bere birbilobaren egoera arintzeko. Kuxinez beteriko orgatila batean eramaten du toki batetik bestera, eta Japonia zaharrari buruzko istorioak kontatzen dizkio, jendeak egunkariak irakurri eta atzerrira bidaiak egiten zituenekoak. Yoshirok Mumeiri azaltzen dionez, ez ziren beti bakartuta bizi izan, baina hondamendiak dena aldatu zuen. «Herrialde orok arazo larriak zituen; beraz, arazo horiek mundu osora zabaltzea eragozteko, bakoitzak bere arazoak konpontzea erabaki zuten».

Elkarlanerako deia

Japoniari buruzko erretratu iluna eskaintzen du Kentoshi nobelak; distopiatzat har zitekeen, soilik nobelan agertzen diren kontuetako batzuk jadanik antzeman daitezkeela gizartean (zentzu horretan, heterotopiatik gehiago dauka lanak). Populazioaren zahartzea fenomeno arras erreala da -2060rako 65 urtetik gorakoa izango da biztanleen %60-, eta 2014tik, Kentoshi argitaratu zen urtetik, AEBetan, Frantzian, Erresuma Batuan, Indian eta beste hainbat herrialdetan hedatzen hasia zen eskumako populismoaren eragina antzeman daiteke Japoniako lehen ministro Shinzo Abek bultzaturiko neurrietako batzuetan. Erabat isolazionista izan gabe, Abek esku hartze militarrekiko azalduriko jarrera irekiak -Bigarren Mundu Gerraz geroztik erabat baztertua zen ikuspegia- argi utzi du, behar izanez gero, Japoniak indarrez babestuko dituela bere interesak etsaitasunezkoa iruditzen zaion mundu-ordenaren barruan.

Yoshiroren eta Mumeiren arteko harremanak bestelako ikuspegia ematen du giza harremanek, susmoak eta botere gosea alde batera utzi eta ahalegin guztiak lankidetzara zuzenduz gero, sor ditzaketen munduez. Kentoshi-k izenburutik bertatik heltzen dio lankidetzarako deiari, antzina Japonian giltzarri izan zen irudiari helduta: kentoshi-ak Txinara bidalitako mandatariak ziren, eta bi lurraldeen artean diplomazia lanak egitea zegokien.

Kentoshi deitzen da, halaber, nobelan zenbait adinekok, haien artean Yoshirok, bultzaturiko proiektu sekretua, zeinaren helburua den Japoniako umerik azkarrenak atzerrira bidaltzea, beste herrialdeetako zientzialariekin harremanetan jar daitezen, hondamendiak eragindako kalteei konponbide bat bilatzeko. Globala den arazoarentzat erantzun globala bilatzea da helburua.]]>
<![CDATA[Uharte baten oraina]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-04-19/uharte_baten_oraina.htm Sun, 19 Apr 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/030/001/2020-04-19/uharte_baten_oraina.htm The Aran Islands (Aran uharteak, 1907) liburuan. Lehen orrialdetik bertatik uharteen ohiz kanpokotasuna azpimarratzen du egileak: ostatu hartu berri zuen bentan irlandera bakarrik entzun zitekeen. «Ez dut behin ere ingelesezko hitzik entzun emakumeen ahotik, salbu eta txerriei eta txakurrei hitz egiterakoan». Beste kultura batean murgildu berria zela iruditu zitzaion Syngeri, Irlandan nagusi(tu) zenaren bestelakoa.

The Aran Islands-ek argia ikusi baino hamabost urte lehenago, Emily Lawlessek (Lyons Demesne, Irlanda, 1845-Surrey, Ingalaterra, 1913) Grania: Uharte baten istorioa (1892) argitaratu zuen. Kasu honetan ere, kokalekua Aran uharteak dira, baina, Syngerenak ez bezala, fikziozko istorio bat du oinarrian liburuak. Ez hori bakarrik; Aran uharteetako biztanleen gaineko erretratu zintzoagoa eskaintzen du, haien jarduna mitifikatu beharrean, beren kultur kodeen arabera azaltzen duelako.

1860ko hamarkadan eta Inishmaanen, Aran uharteetan bigarren handiena den horretan, kokaturik dago Lawlessen nobela, eta arrantzale baten alaba du protagonista. Aitarekin batera arrantzontzi txikian itsaso zabalean dagoenean da Grania O'Malley zoriontsuen, baina ez uhartetik ihes egiteko aukera ematen diolako. Halako ideiarik ez zitzaion sekula bururatuko. «[Graniarentzat] Inishmaan etxea baino gehiago zen, bizitzeko leku bat baino askozaz gehiago; kasik mundua bera zen, eta ez zuen mundu handiagorik ezta aberatsagorik desio. Ez ziren ortu txikia eta etxola bakarrik bereak; [uharteko] zentimetro bakoitza berea zen, kaio gazteak jaioleku duen harkaitza berea den bezala. Bertan hazi zen, eta tokia berarengan hazi zen. Lurraren parte zen, eta lurra bere parte. Alde egitearen ideia hutsak -betirako alde egiteak- erabat atsekabetuko zuen».

Tradizioaren ifrentzuan

Gainerako neskatoengandik arras bestelakoa da Grania; hala izan da txikitatik. Indartsua eta ausarta da, eta ez dio ezeri beldurrik, ezta ekaitz egunetan altxatzen den eta uharteko etxolak errotik erauziko dituela ematen duen haizeari ere. Haur bat besterik ez zela hil zitzaion amarekin lotzen dute tokikoek Graniaren izaera. Hura ere pertsona kartsua zen, tokikoen ustez, arbaso espainiarrak zituelako. Honor ahizpa, bietan zaharrena eta aitaren aurreko ezkontza batetik jaiotakoa, beldur da izaera horrek ez ote duen Grania galbidera eramango. Gaixotasun batek oheari lotua duen Honorrek Jainkoan jarria du itxaropen guztia; Graniarentzat, ordea, natura beste erlijiorik ez da munduan.

Aita hil ostean, familiaren betebehar guztiak Graniaren esku geratzen dira: patatak eta oloa ereitea, harria nagusi den uharteko lurzoruak onartzen dituen labore bakarrak; txerriak loditzea, merkatuan saldu ahal izateko. Arrantzara ere joango litzateke, gainerako arrantzaleek baimena emango baliote. Erantzukizun gehiago izateak eta Murdough Blakerekin ezkontzeko aurreikuspenak Grania bide onera eramango duelakoan dago Honor, baina bere burujabetasuna baino ez du indartuko.

Nobelan bada une esanguratsu bat, Inishmaanera turista ingeles batzuk heltzen direnean: bi emakume eta haien gizonezko laguntzailea. Grania soroan lanean ikusteak urduri jarri eta, aldi berean, liluratu egiten ditu: eszena groteskoa bezain autentikoa iruditzen zaie. Kanpotarrentzat objektu bat baino ez da Grania, natiboaren errepresentazioa: primitiboa eta atzerakoia. Graniak, ordea, objektifikazioari aurre egiten dio: turisten presentziaren aurrean begirada jaitsi beharrean, begietara zuzen begiratzen die, desafioz. Paradoxikoki, bi emakume ingelesek beren buruak modernotasunaren ikur moduan ulertu arren, emakumetasunaren irudi konbentzionala eskaintzen dute eszena honetan: tradizioak ezarritakoaren arabera jantzita doaz («gona meta bat eta eguzkitakoak») eta gizonezko baten laguntzarekin dabiltza kalean. Aitzitik, Graniak tradizioa irauli egiten du bere jarrerarekin zein bizimoduarekin: XIX. mendeko emakume askok amestu bakarrik egin zezaketen independentzia erakusten du.

Inishmaaneko emakumeen inguruan zera dio J. M. Syngek The Aran Islands-en: «Uharteko emakumeak tradizioaren aurrekoak dira, eta Parisko eta New Yorkeko emakumeekin lotu ohi diren ezaugarri liberaletako batzuk azaltzen dituzte». Inishmaaneko emakumeak hezkuntzan eta gizarteko gainerako arloetan genero berdintasuna eskatuko zuen emakume berriaren pare jartzen baditu ere, aldi berean historiatik at kokatzen ditu Syngek, «tradizioaren aurrekoak» direlako. Idazleak planteatzen duen kontraesanak emakume berriaren gaineko eztabaidetan dagoen hutsunea azaleratzen du: hiriarekin loturiko irudia da, modernitatea bera bezala, eta hortik kanpo gertatzen dena primitiboa da edo denboratik at dago (singularrean ulertuta denbora). Lawlessen Graniak, ordea, Inishmaanek bere emakume berriak izan zituela azaltzen du, kontzeptua Mendebaldean indarrean jarri baino askozaz lehenago (1894. urtean agertu zen lehen aldiz, North American Review aldizkarian). Hots, Aran uharteetako bizimodua eta ohiturak denbora mitiko batean azaldu beharrean, beren orainean kokatzen ditu.]]>
<![CDATA[Ulergarri bihurtzea suntsipen modu bat da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/032/001/2020-04-05/ulergarri_bihurtzea_suntsipen_modu_bat_da.htm Sun, 05 Apr 2020 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1943/032/001/2020-04-05/ulergarri_bihurtzea_suntsipen_modu_bat_da.htm kumpanija edo talde bat aurkituko zuten itxaropenarekin.

Karabana berean bizi izan ziren urte haietan ohartu zen Zoli aitona ez zela gainerako gizonen modukoa. Irakurtzen eta idazten zekien, eta Marx delako batek idatzitako liburua eraman ohi zuen arropen azpian ezkutaturik. Marxen lagunek aldaketa ekarriko zutela esaten zion aitonak, beren jendearentzat ona izango zen aldaketa, edozein unetan erasoak jasateko beldurra betiko uxatuko zuena. Garai hartan Marx delakoa gadzo bat besterik ez zen Zolirentzat, hots, ez zen roma, haiek bezala, eta aitonaren zaletasunak beren jendearen bizimoduaren kontra zihoazen. Hala ere, bere jakin-mina pizten zuten paperean zirriborraturiko zeinu misteriotsu haiek. Agian bere patua zen debekaturiko jarduerak ikastea, bere kabuz lehenik, eta eskolan gero, hilabete batzuez. Aitonak esaten zion ahaide nagusiek salbuespenak egin izan dituztela, komenigarria baita komunitatearen eta kanpotarren artean interprete lanak egingo dituen norbait izatea. Zoli izan zitekeen pertsona hori.

Egiazki, Colum McCannen (Dublin, Irlanda, 1965) Zoli (2006) nobelako protagonista arras estimatua da romen artean, abeslari fina denez komunitatearen ohituren eta jakintzaren jagole delako. Gazteak ez du nahikoa abesti zaharrak kantatzearekin, ordea; bereak konposatu nahi ditu, bere jendearen eguneroko esperientzietatik abiatuta. Baina tentuz ibili behar du bere jendea arriskuan jarri nahi ez badu. Romen kontrako jazarpenak okerrera egin du gerra aurreko urteetan. Sarekadak maiztasun handiagoz gertatzen dira, eta atxilotzen dituzten romak lan esparruetara zein, urte batzuk geroago jakin ahal izango dutenez, labeetara eramaten dituzte.

Zolik 16 urte dituela amaitzen da gerra. Sobietar tropen etorrera ospatzen dute gadzo-ek, eta denbora batez romek ere bere egiten dute herrialdean arnas daitekeen baikortasuna. Izan ere, lurraldearen arima berregiteko asmoaren barruan, 1948an ezarritako gobernu komunistak roma jendea babesteko urratsak egiten ditu. Halako batean, Zoli kamarada roma jendearen ordezkari rolean suertatuko da. Aro berriak behar duen poesia Zolik sor dezakeela uste dute Martin Stranskik, erregimeneko poeta gorenak, eta bere laguntzaile Swannek, sozialismoak erakarrita Bratislavara heldutako eta jatorri eslovakiarra duen irlandar ezkertiarrak; hala, orain arte idatzitakoa argitaratzera zein bere jendeak mendeetan abestu dituen kantuak grabatzera animatzen dute. Transgresio barkaezina litzateke hori Zoliren jendearentzat, baina, Stranskiren aburuz, roma kultura munduari eskaintzea beste biderik ez da haren iraupena ziurtatzeko.

Ulergarri bihurtzea suntsipenari ateak irekitzeko modua izan daiteke, ordea. Roma jendearen bizi baldintzak hobetu nahian, gobernuak beren karabanei su ematen die, batetik bestera ibil ez daitezen, eta babes ofizialeko etxe-blokeetan bizitzen jartzen dituzte. Hemendik aurrera estatuak zainduko dituela esaten diete, ondo zaindu ere: errazagoa da geldirik dagoena kontrolatzea, etengabe mugimenduan dagoena baino. Zolik iritziz aldatzen du bere poemak argitaratzearen inguruan, baina ordurako beranduegi da. «Boterearen argudioei saldu diet nire ahotsa», pentsatzen du, eta botereak ondo erabili du hura.

Herri jazarria

Europan jazarpen handiena jasan duen komunitate gutxituetako bat da romena. Haietatik milioi erdi hil zituzten nazien aginte garaian, eta Europa ekialdean nagusitu ziren erregimen komunisten pean asimilatzera behartu zituzten. Hala ere, oztopoak oztopo, zenbait romek beren ohiturei eusten diete, gadzo-ek beraiez zer pentsatzen duten ezaxola. «Monumenturik ez dute, ezta ereserkirik edo liburu sakraturik ere», azaltzen du Isabel Fonsecak Bury Me Standing: The Gypsies and Their Journey (Ehortz nazazu zutunik: ijitoak eta beren ibilbidea, 1995) liburuan. Beren nortasuna iragan historiko loriatsu bati lotu beharrean, komunitateari leial izateko nahiak mantentzen ditu elkartuta.

Leialtasun hori arriskuan jarri izana leporatzen diote, hain zuzen, Zoliri, eta bizi osorako kutsadura-ra kondenatzen dute. Erbestera, alegia. Erruduntasunak eta lotsak bultzatuta, Txekoslovakiatik Austriara eta handik Italiara jotzen du protagonistak. Ez da bidaia erraza, baina bere jendeari eragindako sufrimenduaren ordain moduan bizi du berak.

Nobela amaieran, azken hiru hamarkadak Alpeen inguruko herrixka batean igaro ditu Zolik, eta Pariserako bidean da, han bizi den alaba bisitatzeko asmoz. Liburua, berez, protagonistak azken horri kontatzen dion historia da. Paradoxikoki, alabak Frantzian bizi diren roma eta beste gutxiengo taldeak babesteko gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten du. Zolik ulertzen du alabaren borondate ona, baina estatu neoliberalak asmaturiko multikulturalismoaren kontzeptuak mesfidantza pizten dio. Izan ere, ez dira faxistak eta burokrata komunistak romen askatasunari mehatxu egiten dioten bakarrak; Herbert Marcusek tolerantzia jazarlea deituriko hori ere -bestea ikertu eta idealizatzeko joera- arriskutsua da. Zolik esaten duen bezala, «miresmena soka bat baino hauskorragoa da», baita itogarriagoa ere.]]>
<![CDATA[Fokuek argitzen ez duten eremua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2020-03-22/fokuek_argitzen_ez_duten_eremua.htm Sun, 22 Mar 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2020-03-22/fokuek_argitzen_ez_duten_eremua.htm
O'Dellek esan ohi zuen izar bat ez dela izar «pantaila handian edo taula gainean bakarrik, baita sukaldeko mahaiaren inguruan ere». Ohetik altxatzen zenetik oheratzen zen arte, une oro publikoaren aurrean ariko balitz bezala jokatzen zuen: keinu oro ondo aztertua eta ikasia zuen, hitz bakoitza bezala.

Tiroketaren ostean etorri zen guztia antzezpenaren definizioaren barruan bizi izan zuen Norahk. Polizia Katherine O'Dell atxilotzera etorri zenean, aktorea «asmaturiko hizkuntza batean hitz egiten aritu zen bi orduz, tarteka errepublikano kutsuko esaldiak eta leloak botaz». Bere burua iparraldeko kartzeletan preso zeuden IRAko kideen pare ikusi zuen Katherine O'Dellek une hartan, eta irlanderaz bakarrik mintzatuko zela esan zion bere abokatuari, nahiz eta ingelesez bakarrik hitz egiten zekien. Psikiatrikora bidali zutenean, benetako Katherine, inoiz existitu baldin bazen, desagertuz joan zen pixkanaka. «Gehienetan bera... ez dakit nola azaldu... kasualitatez baino ez zen nire ama», azaltzen du Norahk.

58 urte zituela hil zen ama, Anne Enrighten (Dublin, 1962) Actress (Aktorea, 2020) abiatzen denerako Norahk duen adin berarekin. Irlandar antzerkiko dama izandakoak lau hamarkada luzeko ibilbide oparoa izan zuen, Irlandan hasi eta Broadwayn eta Hollywooden egonaldiak egin ostean Irlandara bueltan ekarri zuena abangoardiako antzerki ekoizpenetan parte hartzeko. Glamourrez beteriko bizimodua eman zezakeen orduan, baina, gauzak ondo gogoratzen jarrita, arrakalak ikusten ditu orain Norahk bere amaren eta berea ere baden historia horretan. Ez zen bizimodu erakargarria, beldurgarriro bakartia baizik, besteek berarengandik espero zutena bete ez eta gogotik ordaindu behar izan baitzuen Katherinek.

Katherine O'Dell, Irlandako aktoreen artean irlandarrena, Ingalaterran jaio zela aitortzen digu Norahk, eta hitz egin ere ingelesen moduan hitz egiten zuen. Ama jatorriz irlandarra zuen; aita, berriz, Fitzpatrick abizenez, ingeles peto-petoa. Aktore konpainia ibiltari batean ziharduten biek, eta haren eskutik heldu zitzaion Katherineri, 10 urte besterik ez zuela, publiko aurrean antzezteko lehen aukera. 1939an, gerraren eztandak Irlandara eraman zuen familia, eta, zortzi urte geroago, Londresera itzulitako Katherine West Enden zebilen, zer eta irlandar moja baten rola antzezten. Antzezlana erabateko arrakasta izan zen, eta, urtebete geroago, New Yorken zen Norahren ama, taula gainean ez ezik eguneroko bizitzan ere irlandar emakumearena egiten. Haren hizkera aldatu egin zen; ilea, berriz, gorri biziz tindatu zuen. Haren agentearen ideia izan zen dena. «Amerikan zaude orain. Nahi duzuna izan zaitezke».

Alaba jokoan sartzea

Nahi zuena izan zitekeen Katherine O'Dell, betiere film industriako gizonen interesen kontra ez bazihoan nahi zuen hori. Industriak esan zion noiz eta norekin ezkondu, noiz dibortziatu. Berak men egin zuen. Irakurleak pentsa zezakeen bere kabuz ezer erabakitzeko aukerarik ez zuela Katherinek, eta akaso hala izango zen, baldin eta Norahz haurdun geratu eta, agenteak aholkaturikoaren kontra, umea eduki izan ez balu -aitaren izena ez zion inori sekula aitortu-. Amatasuna izan zen, beraz, sistemaren kontrako bere lehen ekintza. Hollywoodeko ateak itxi zizkion horrek, jakina, baina Irlandara itzuli zen, eta, iragarpen guztien kontra, antzerki munduan bere tokia lortu zuen. «Garai hartan, emakume batek, 30 urte betetzerakoan, etxera joan eta atea ixten zuen», azaltzen du Norahk. Ez Katherine O'Dellek, ordea. Ezerk ez zuen kikiltzen, eta, horregatik, gorrotoa zioten, ausarta eta azkarra zelako, baita ederra ere.

Bitxia iruditzen zaio orain Norahri etxean antolatzen zituen afari amaigabeetara nola azaltzen ziren horietatik gehienek ezin zutela O'Dell aguantatu. Baina han zeuden beti, beren alkohola eta janaria debalde hartzen. Aktoreak suntsiezina ematen zuen orduan, baina batzuek bazekiten alaba zela harengana heltzeko modua; Norah zen haren Akilesen orpoa. Batek probetxua atera zion horri: Norah bortxatu zuen, bi hamarkada lehenago zinema ekoizle ezagun batek Katherinerekin egin bezala. Hortxe hasi zen aktorearen gainbehera, O'Neillen ezbeharra eragingo zuena. Zinema ekoizlea ez zen erabat erruduna, ezta erabat errugabea ere, misoginia eta emakumeen kontrako indarkeria bultzatzen duen sisteman.]]>
<![CDATA[Hondamendia hasi zen urtea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/046/001/2020-03-08/hondamendia_hasi_zen_urtea.htm Sun, 08 Mar 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1957/046/001/2020-03-08/hondamendia_hasi_zen_urtea.htm krama gorriak lepoan, AK47z eta tankez lagunduta. Gizarte berri bat eraikitzeko asmoz heldu ziren Kanbodiako hiriburura, kapitalismotik eta atzerritarren esku hartzetik aske. Kasualitatez, zero urtearen hasiera markatu zuen egunak -angkar edo erakundeak Frantziako Iraultzatik harturiko ideia izan zen hori- egutegi tradizionalaren araberako urte berriaren hasierarekin bat egin zuen. Untxiaren urtearekin, alegia. Hiru urte geroago, Txan jaio zen.

Tian Veasnaren (Kanbodia, 1975) L'annee du lièvre (Untxiaren urtea, 2012) nobela grafikoa abiatzen denerako, Txanen aita bihurtzekoa dena, Khim medikua, ospitaleko gelak arakatzen topatuko dugu, umea jaiotzeko beharrezkoak diren gauzak biltzen. Kalean, jende saldo handia soldaduen aldeko kantak abesten ari da. Ospatzeko gutxi du mediku gazteak, ordea, semea iristear den honetan. Agintera heldu berri diren Khmer Gorrien aginduei jarraituz, landa eremuan dagoen Ta Prom herrixkara abiatu beharko dute Khimek, haren emazte Linak eta Txan jaioberriak. Estatubatuarren bonbardaketetatik babesteko dela diote. «Ez kezkatu. Hiru egun barru itzuliko gara», esaten dio senide batek beste bati. Baina angkar-aren gezurretako bat besterik ez da. Landa eremuan berriro heziak izateko aukera izango dute Khimen familia bezala egoera ekonomiko onean bizi izan direnek, hots, herritar guztiak baserritar txikien mailan jarri nahi dituen erregimenaren etsai bihurtu diren horiek. Baserritar berriek, hiritik landara heldutakoek, aurrera ateratzeko baliabiderik ez dute. Thailandiara ihes egiten saiatuko dira Khim eta bere familia, baina harrapatu egingo dituzte, eta lan esparru batera bidali.

Lan esparruetan dihardutenen bizi baldintzak xehetasunez dokumentatu ditu L'annee du lièvre-k. Janaria ez dago sobera, eta indarkeria edozein unetan lehertzeko zorian da. Bizirik irauteko zailtasunak irudikatu ahala, egunerokoaren parte bihurtu den tiraniaren erretratua eskainiko digu nobela grafikoak. Elementu oro gobernuaren kontrolpean dago: janzkera (arropa beltzak bakarrik eraman daitezke), ezkontzeko aukera, zer medikamentu har daitezkeen gaixo egonez gero... Herritarrek elkar espiatzen dute -umeek, gurasoak; senarrak, emaztea-, sarituak izateko aukeraz profitatu nahian. Bozgorailuen bidez propaganda lurralde osora zabalduko du angkar-ak, eta gobernuaren agenteek trikimailuak erabiliko dituzte etsaiak desmozorrotzeko asmoz. Une batean, Khmer Gorriak Phnom Penhera itzultzera gonbidatuko ditu medikuak eta aurreko gobernuan administrazio postuetan aritutako horiek, gobernu erregimen berriaren parte izango direla promes eginda. Baina hala egiten duten horiek taldean exekutatuko dituzte. Beste pasarte batean, lan esparruko buruzagiek alde egingo dute halako batean, eta haien ordez gizon batzuk helduko dira, beren buruak Khmer Gorrien kontra borrokan ari diren matxino moduan aurkeztuko dituztenak. Tranpa bat da, ordea, presoen leialtasuna neurtzeko.

Iraultza aurretik, eskola garaietatik edo lanetik ezagutzen zuen jendearekin topo egingo du, etengabe, Khimen familiak. Erregimenak bata bestearen arerio edo, behintzat, susmagarri bihurtu baditu ere, elkarri lagunduko diote ahal dutenean. Izan ere, ahaidetasun harreman tradizionalek iraun egingo dute izugarrikeriaren erdian. Ahaztu ezin dutenen erresistentzia mekanismoa da; azken batean, familia guztiek galdu dute norbait Khmer Gorrien ondorioz.

Memoria galtzearen beldur

L'annee du lièvre ez da Khmer Gorrien garaiko memoria berreskuratzen duen lehen lana. Aurretik beste hainbat liburu gauza bera egiten saiatu dira, besteak beste Loung Ungen First They Killed My Father (Lehenengo aita hil zuten, 2000) kronika. Ungen lanak tragediaren gaineko ikuspuntu pertsonala eskaintzen du, eta L'annee du lièvre-k, ostera, familia bereko hainbat kideren bizipenak aintzat hartzen ditu, narratzaile orojakile batek gidatuta.

Rithy Panhek -zeinak L'annee du lièvre-ri hitzaurrea idatzi dion eta bere bizitzaren parte handi bat Khmer Gorriek eginiko genozidioaren oroimena zabaltzen jardun duen- «ezinezko doluaz» hitz egiten du Kanbodian gertatu zena deskribatzeko. Ezinezko dolua deritzo gertaerari, ez delako erraza halako horrorea azaltzea. Kalkulatu dute 1975. eta 1979. urte bitartean Khmer Gorrien eskuetan populazioaren laurdena hil zela. Veasnaren nobela grafikoan azaldu dute 2007an 19.733 hilobi komun zenbatu zituztela. Ordutik, ia urtero beste 150 hilobi inguru aurkitzen dituzte.

Gaur egungo Kanbodia ustelkerian hondoratuta dagoen diktadura baten pean da -herrialdeko lehen ministroak Khmer Gorrietan parte hartze zuzena izan zuen-, baina aurreko gobernuak genozidioaren eragileetako batzuk epaitu zituen. Nuon Txea, Anaia Bi Zenbakia esaten zitzaiona, 93 urte zituela hil zen, 2019ko abuztuan. Gizateriaren kontrako krimenengatik epaitu zuten 2014an, eta genozidioagatik 2018an. Aurreko epaiketetan bere krimenengatik damua agertu zuen, baina ukatu ere egin zituen berak eginiko zenbait ekintza. Belaunaldi nagusietako asko beldur dira Khmer Gorriek eragindako sarraskiaren memoria galduko ote den, Kanbodiak aldaketa sozioekonomiko handia jasan baitu azken hogei urteetan.]]>
<![CDATA[Metalezko kutxa batean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1991/036/001/2020-02-23/metalezko_kutxa_batean.htm Sun, 23 Feb 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1991/036/001/2020-02-23/metalezko_kutxa_batean.htm The Shadow King (Itzaleko erregea, 2019) nobelaren hasieran, Hirut izeneko emakumea Addis Abebako tren geltokian dago, zoruan eserita, eskuetan metalezko kutxa bat duela. Liburuan esaten da «ezustean harrapatzen duen horroretik» askatzeko asmoarekin heldu dela hirira. «Mamuei aurre egin eta haiek uxatzera etorri da». Kutxaren jabearen zain dago: aspaldi ikusi ez duen argazkilari italiarra, Ettore Navarra. «Luze jo du hona iristeko», pentsatzen du Hirutek. «Beste bizitza bateko ia berrogei urte igaro behar izan dira garai batean nor izan zen gogoratzen hasteko».

Beste bizitza horren nondik norakoak ezagutzeko, orainalditik, hots, 1974tik, 1930eko hamarkadara egiten du jauzi. Esaten da Hirut, gurasoak galdu dituena, haien lagun izandako Kidane eta Aster bikotearekin bizi dela; haien zerbitzari lanetan dabil, eta «kutxa bat baino txikiagoa den buztinez eta lastoz eta kakaz egindako airerik gabeko zulo» bat du logelatzat. Kidanek gogoko du Hirut, baina duela gutxi hil zitzaien semearengatik dolutan dagoen Asterrek ezin du haren presentzia jasan, eta zakar tratatzen du.

Hasieran, argi dago norekin lerratuko den irakurlea: Hirut babesgabearekin eta Kidane ulerberarekin. Baina gauzak berehala aldatzen dira, italiar tropak Eritrean eta Somalian mobilizatzen hasten direnean, Etiopia indarrez hartzeko asmoz. Lehen kolonizazio saiakera 1890eko hamarkadan gertatu zen, baina orduan huts egin zuten italiarrek. Oraingoan, bigarren erromatar inperioa eraikitzea helburu duen Mussoliniren agindupean berriro saiatzeko prest daude. Erantzun modura, armada antolatzen hasi diren Kidane bezalako gizon etiopiarrentzat beren aiten heriotzengatik mendeku hartzeko aukera da hau. Eta emakumeak? Zein da beren tokia historia honetan? Gerrari buruzko kontakizunetan, zahar zein berrietan, emakumeak zaurituak artatzen dituzten erizainak edo indarkeriaren biktimak dira. Gutxitan agertuko dira gerlari rolean. Alabaina, Italiaren eta Etiopiaren arteko bigarren gerran funtsezkoa izan zen haien parte hartzea.

Exekuzioen argazkiak

Kidanek agindutakoaren kontra, Aster guda zelaira abiatzen da, Hirut berarekin hartuta. Istorioak aurrera egin ahala, bi emakumeen arteko harremana hainbat bihurgunetatik igaroko da amankomunean uste baino gauza gehiago -eta beraz, elkar maitatzeko bezainbeste arrazoi- dituztela konturatzen diren arte. Besteak beste, Kidaneren bortxa jasan dute biek: Asterrek ezkontza gauean, ume ezkongaia besterik ez zela; Hirutek hamarkada batzuk geroago, Kidane armadako bere komandante bihurtzen denean. Hala ere, biktima baino gehiago, bizirik atera den pertsona gisa ikusten dute beren burua bi emakumeek, eta gerratik ere bizirik ateratzeko helburua dute kosta ahala kosta. «Ihesbiderik ez da», dio Hirutek. «Borrokatzea beste irtenbiderik ez dago. Soldadua izatea da aukera bakarra, [armak] hartzea, etsaiarengana zuzentzea, eta bere heriotzarengatik errukia espero izatea». Emakume gaztearen burutazioa da nekazari xume bat Haile Selassie enperadorearen itxuran mozorrotzea soldaduei kemena emateko. Benetako Selassie, Etiopia modernizatu eta herritarren bizi baldintzak hobetu zituen agintaria -eta horregatik rastafariek afrikar jendearen mesiastzat dutena-, Ingalaterran da une horretan, erbeste behartuan.

Zenbait gertaera direla medio, preso hartzen dituzte Hirut eta Aster, eta Carlo Fucelli izeneko koronel sadikoak zuzentzen duen behin-behineko kontzentrazio esparrura eramaten dituzte. Hirutek bertan ezagutuko du Ettore Navarra argazkilaria. Azken horren gurasoak Errusiatik Italiara ihes egindako juduak dira, eta, esperientzia hori tarteko, argazkilariari gustatzen zaio pentsatzea bihotz onekoa dela, ondo baino hobeto ulertzen baitu zer den jazarria izatea. Hala ere, bere koldarkeriaren esklabo da, eta Fucellik agindutakoa egiten du. Kasu honetan, bere egiteko nagusia da etiopiar presoei argazkiak egitea amildegi batetik behera bultzatzen dituzten unean. Bere buruan aitarekin dituen solasaldietan bere jarrera pasiboa defendatzen saiatzen da Navarra. «Agintzen zaidana egiten dut, aita. Obedientziak menperaturiko piztia naiz. Zerbitzatzeak bizirik mantentzen duen izakia naiz». Paradoxikoki, gurasoen berrien zain dagoela, soldadu juduek haien etnia erregistratu behar dutela jakinaraziko diote, eta etxean, Italian, antisemitismoak gora egin duela esaten duten albisteak helduko zaizkio. Horra nola ordaintzen dion erregimen faxistak Navarrari bere esanekotasun itsua.

Berrogei urte dira gerra amaitu zela -italiarrek irabazi zuten orduan, baina garaipen laburra izan zen, 1941ean kanporatu egin baitzituzten, Bigarren Mundu Gerraren harira-, baina hark eragindako zauriak osatzeko daude oraindik. Addis Abebako tren geltokian Hirutek eskuetan duen metalezko kutxa garrantzitsua da alde horretatik. Haren barruan dira Navarrak Fucelliren aginduz harturiko argazkiak, zenbait egunkari txatal eta gutun pertsonalak: gerrako izugarrikerien ebidentzia. Kutxaren jabearen zain dagoela, hilak gero eta ozenago entzun ditzake Hirutek, munduari indarkeriak irentsitakoa oroitzeko eskatuz. «Entzun behar gaituzte. Gogoratu behar gaituzte. Gure berri eman behar dute. Ez dugu atseden hartuko dolu egiten diguten arte».]]>
<![CDATA[Minak irentsitako lurraldean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/001/2020-02-09/minak_irentsitako_lurraldean.htm Sun, 09 Feb 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/001/2020-02-09/minak_irentsitako_lurraldean.htm Everything in this Country Must (Herri honetako guztiak behar du, 2000) bildumari izena ematen dion ipuin luzea abiatzen denerako, Katiek 15 urte dauzka, eta dagoeneko nahikoa ohituta dago baserriko lanetan aitari laguntzera. Bere begiradak gidatzen du kontakizuna, eta hari esker daki irakurleak gaurkoa ez dela egun arrunt bat. Ohi ez bezala egin du euria azken egunetan, eta, ondorioz, ibaiak gainezka egin du. Sorotik etxerako bidean, zaldia eta gurdia ibai horretan bertan trabatuta geratu dira, ez aurrera ez atzera egin ezinda. Tragediaren eraginez, denbora mantsotu egin dela iruditzen zaio Katieri; ez du ematen aitari zaldi preziatua -baserriko bakarra, sororako zein garraio kontuetarako ezinbestekoa, aitarentzat seme baten modukoa, baina ez aurrez galdutako semea bezalakoa- inoiz ateratzerik lortuko duenik. Bestelako inpresioa jasotzen du irakurleak gertakizunaren inguruan; hain azkar jazotzen dira gertakariak, orduak minutuak direla ematen baitu: zaldia eta gurdia ibaian trabatuta; aita zaldia salbatu nahian, bietan baliotsuena; konturatzen direnerako, gaua da. Arratsaldeko lehen orduak ziren ibaia zeharkatzen hasi zirenean.

«Ibaiertzean eseri zen aita, eta gauza bera egiteko eskatu zidan. Amatxo eta Fiachraren hilkutxen gainean zegoenean baino tristura handiagoa nabaritu nuen aitaren ahotsean; Glen parean armadaren kamioi batek jo eta bertan hil zituenean baino tristura handiagoa; epaileak 'inor ez da erruduna, tragedia bat besterik ez da' esan zuen eguneko eta jarraian etorriko ziren egunetakoa baino tristura handiagoa». Ama-semeen heriotza «aspaldi» jazo zela esaten den arren, agerikoa da gertaera gogoratzen duten horiek oinazetu egiten dituela oraindik. Irlanda bitan banatzen duen mugaren inguruko landa eremuan jaio eta hazitako gainerako gizonen antzera, hitz gutxikoa da aita. Sentitu eta pentsatu egiten duen hori, bere kolkorako gordetzen du. Emaztearen eta semearen galerak bere barruan are gehiago ez ote zuen itxiarazi pentsatzen du irakurleak, Katieren gogoeten inguruan. Eta orain, zaldia ere galtzearen aukera dela-eta, behera datorrela ematen du.

Egoerak gaindituriko aitak erakutsi ezin duen lasaitasunaren jabe da Katie une oro. Aitaren mina ulertu arren, heriotzara aspaldi ohitu denaren soseguarekin jarraitzen ditu berak gertaerak. Haren begietan, naturaren parte da hiltzea, bizitzea bezala, «herri honetan guztiak behar duenez». 15 urte besterik ez du, ordea; gazteegia da tragediari halako atxikimendurik eza erakusteko, eta horrek zerbait adierazten du bera eta bere aita bizi diren lurraldearen gainean. Hain ohikoa, hain arrunta izan behar du indarkeriak lekukoengan zirkinik ez eragiteko.

Soldaduen bisita

Etsipenean erortzear direla, argi batzuk antzeman dituzte Katiek eta aitak ondoko errepidean, haiengana doan norabidean. Baliteke egunak tragedian ez amaitzea, azken batean. Lasai hartzen du arnasa aitak, baita irribarre egin ere etorri berrien aurrean. Segundo kontua baino ez da, baina aitari bisaia aldatzen zaiola antzematen du alabak, eta haren ahotik agindua baino gehiago desesperazioak jotako deiadarra ematen duena entzuten du: «Bota ezazu, Katie, mesedez, bota ezazu. Utziozu itotzen». Esku artean duen soka, denbora honetan guztian zaldia itotzetik libratu duena, askatzeko eskatzen ari zaio. Britaniar soldaduak dira gelditu berri den kamioiko bidaiariak, orain haiengana pauso irmoz zuzentzen ari direnak. Sei dira guztira, «arma eskuan eta kaskoa buruan». Zaldiarekin laguntzera datoz, samariar onen legez, edo auzotar lagunkoi batek egingo zuen bezala. Baina soldaduak ez dira auzokoak -kanpotik datoz-, eta haien presentziak ez du karitatezko lanekin inolako loturarik lurralde honetan. Bitan pentsatu gabe uretan sartzen da haietako bat, arriskuaren jabe egin gabe edo inportako ez balitzaio bezala. Uraren korrontea bizia da; zaldia bera izututa dago. Ez, ordea, soldadua; bestelako egoera batean baserritarra tokiko susmagarritzat joko lukeen arren, haren zaldiagatik bizitza arriskatzeko prest baitago, aitaren harridurarako. Eta lortzen du zaldia ateratzea, eta aitak ezin du eskerrik asko esan. Katiek egiten du hori haren ordez, baita soldaduak etxera gonbidatu ere zerbait har dezaten, zerbaitetan lagundu dutenei zor zaien abegikortasuna erakutsita.

Baina lurralde honetan gutxitan egoten dira kanpotarrekiko abegikortasuna adierazteko aukerak, eta daudenean ere tentuz ibili behar du batek. Aita ez dago alabaren keinuarekin pozik, eta hitzik ez du esaten bisitariek tea hartu bitartean. Soldaduetako batek alabarekiko agertzen duen gehiegizko konfiantzak sutu egiten du halako batean, eta azalpenik eman gabe bota egiten ditu denak bere etxetik, ongi etorriak ez direla argi utzita. Handik gutxira aitak ere alde egiten du eskopeta eskuan.

Katie bakarrik dago etxean, eta horma-erlojuaren soinua besterik ez da entzuten orduak ematen duten minutuak markatzen. Soldaduak hiltzera aterako ote zen aita?, pentsatzen du irakurleak. Handik gutxira, bila zebilen erantzuna antzematen du Katiek «harrian zizelkaturik zegoela ematen zuen [aitaren] aurpegian». Aurrerantzean, zaldirik gabe moldatu beharko dira baserriko lanak egiteko. «[...] Eta nik leihoaren ondoan zutik jarraitu nuen... eta kanpoan euria goitik behera ari zuen oraindik, bat, bi, hiru, eta pentsatu nuen: 'A zer zeru txikia hainbeste eurirako'».]]>
<![CDATA[Min du Hegoafrikak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/027/001/2020-01-26/min_du_hegoafrikak.htm Sun, 26 Jan 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1942/027/001/2020-01-26/min_du_hegoafrikak.htm Evening Primrose izenburuarekin kaleratzea erabaki zutenean -generoarekin zerikusia zuten merkatu arrazoiak tarteko, jakina-, ez ziren konturatu zenbateraino dagoen jatorrizko izenburua lanak azaltzen duen errealitatearekin lotuta. Hegoafrikan Period Pain moduan agertu zen Matlwaren lana. Hileko mina. Evening primrose, berriz, onagra landarearen ingelesezko izena da. Hileko minarentzat lagungarri izatearen ospea du, nahiz eta orain arte zientifikoki frogaturik ez dagoen. Baina Period Pain beste min bati buruz ere ari da, emakumeek jasaten dutena baina emakumeena bakarrik ez dena. Gizarte mailako min bat da, herrialde oso batena.

Period Pain-eko protagonistak, Masechabak -apartheid osteko Hegoafrikan jaioa, hots, libre jaiotakoen belaunaldiko kide da-, endometriosia du (uteroaren barrualdeko ehunak kanpoaldean hazi egiten dira, dela obarioetan, Falopioren tronpetan zein inguruko organoetan), eta mugitzea galarazten dioten hileko mingarriak eta jario handikoak izaten ditu. Gaitzak eragindako arazo fisikoak bezain gogorra egiten zaio Masechabari alderdi psikologikoarekin zerikusia duen guztia: bakardade eta bakartua egotearen sentsazio sakona du, batik bat ez diolako bere egoerari konponbiderik ikusten. Eta lotsa. Gainetik kendu ezin duen lotsa sentimendua. Bere egunerokoan espazio zabala betetzen du nebaren auto berriko eserlekua odolez zikindu zueneko egunak.

Eguneroko berean azaltzen duenez, medikuntza ikasteko erabakia ez zuen idealismoak edo altruismoak bultzatuta hartu. Helburu pragmatiko bat zuen buruan: endometriosia osatzeko modua aurkitzerik ez bazuen, haren sintomak menderatzeko baliabideak garatu nahi zituen behintzat. Ikasketak amaitu eta Hegoafrikako sistema publikoa barrutik ezagutzeko aukera sortzen zaionean, ordea, inuzentekeria irudituko zaio bere egitasmoa. Lan egiten duen ospitalean zein herrialdeko gainerakoetan gutxi batzuk dira behar dutena lortzen dutenak. Gehiengoak heldu gisa uzten du eraikina. Amorruak jota, medikuak «hiltzaileak» direla aldarrikatzen du Masechabak, zin hipokratikoaren kontra ari direlako; «gu guztiok. Hiltzaileak».

Azken batean, ospitale barruko dinamikak herrialdean jazotzen ari denaren isla dira. Hala ikusarazten dio Nyasha pisukide zimbabwetarrak. 1991an apartheida debekatu zuten arren, diskriminazio arrazialaren zein sozialaren eraginak nabarmenak dira Hegoafrikan oraindik ere. Zimbabwetarrak, nigertarrak, somaliarrak zein txinatarrak indarkeriaren biktima dira, eta haien alde agertzen direnek ere erasoak eta mehatxuak jasotzen dituzte. Datu estatistiko ofizialik ez da arrazakeriak bultzatutako gorroto krimenen gainean, baina kezkagarria da giza eskubideen alde diharduten taldeek dokumentatu dituzten eraso biolentoetarako joera.

Genero indarkeria bera arazo larria da. Urtean hildako emakumeen kopurua %40 eta %70 artean kokatzen da, eta uste da hamazazpi segundoan behin emakume bat bortxatzen dutela. 2015ean Nazio Batuen Batzorde Nagusiak Neskato indartsua kanpaina jarri zuen abian, Hegoafrikako Gobernuak emakumeen eskubideak babesteko politikak garatzera bultzatzeko. Hegoafrikak zenbait lege onartu zituen berdintasuna bultzatzeko asmoz, 9. Sekzioa eta Enplegu Berdintasunaren 55. atala, esaterako. Era berean, diru laguntzak bideratu zituen hezkuntzara, emakumeen eta neskatoen matrikulazioa sustatzeko. Neurri horiek tarteko, 2015. urtea Emakumeen Indartze Urtea izendatu zuen Afrikako Batasunak. Hala ere, Period Pain-ek ondo azaltzen duen bezala, pare bat neurrik ezer gutxi egin dezakete egiturazkoa den arazoari aurre egiteko. Are gehiago, ez da Hegoafrika barruko arazoa bakarrik, mundu mailakoa baizik.

Garai baten mina

Egoerak gaindituta sentitzen da Masechaba; ez daki zer egin dezakeen pertsona bakarra izanda. Frustrazioak depresiora darama, eta nebaren suizidioak sakondu egingo dio ezintasuna. Bere eguneroko sarrera batean, zera idazten du: «Jadanik ez dakit nor naizen. Ez dakit zerk definitzen nauen. Porrot bat naizela iruditzen zait». Errudun ere sentitzen da -«psikean arrakalak» izatea bezala deskribatzen duen egoera-, kexuka ari den bitartean kalean besteengandik bizia arriskuan jartzeko prest dauden pertsonak daudelako, bere lagun Nyasha tartean, zeinarekiko harremana hoztu egin den bere depresioa hasi zenetik. «Apartheida balitz hau, pertsona zuri isil horietako bat izango nintzateke, gertatzen ari denari begira dagoena». Bere buruarekin borroka egiten du Masechabak, eta Nyasharekin zuen adiskidetasuna berreskuratu behar duela erabakitzen du. Horretarako, bere lagunaren alde borrokatu behar du, xenofobiaren kontra egin behar du.

Aktibismoak espero ez bezalako indarra eta itxaropena pizten dio Masechabari, baina gorrotozaleen jomuga ere bihurtuko du: bere aktibismotik «osatzen laguntzeko asmoz», gizon talde batek bortxatu egiten du protagonista. Gertaera berez da traumatikoa emakumearentzat, baina kontua da, medikuek aholkatzen diotenaren kontra, ez dela atzean utzi ahal izango duen zerbait, emakumeen kontrako indarkeria norma(la) denean. «Bortxatu egin ninduten. Phakama doktoreak horixe esan dezadan nahi du. Lagunduko didala dio. Iraganaldian jarrita gainditu dezakedala trauma. Baina zure bizitza denean eta hura bizitzen ari zarenean, baten eta bestearen artean ez dago alde nabarmenik. Orain ere bortxatua izaten ari naiz, halakorik gertatzen ez bada ere. Ezin dezaket esan noiz amaitu zen bata eta noiz hasi bestea. Bortxatua izaten ari naiz une oro».

Masechabaren mina ez da berea bakarrik; garai baten mina ere bada, libre jaio zirenen baina oraindik askatasuna dastatzeko daudenen mina. Horixe ere adierazten du Period Pain-ek.]]>
<![CDATA[Indarra non datzan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/028/001/2020-01-12/indarra_non_datzan.htm Sun, 12 Jan 2020 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1942/028/001/2020-01-12/indarra_non_datzan.htm
Dar Salam opor-herriaren kontura aberastu zen Norahren aita, baina ez zuen berak eraiki. Marie NDiayeren (Pithiviers, Frantzia, 1967) Trois femmes puissantes (Hiru emakume indartsu, 2009) nobelako bigarren atalera arte itxaron behar da turismo gunearen historia iluna eta Rudyren familiak harekin duen lotura ezagutzeko. Azken horrek, Rudyk, 40 urte pasatxo ditu, eta haiek erosteko diru-ahalmenik ez dutenei landatar-sukaldeak saltzea du lanbide. Frantziako landa-eremuan bizi da, «urrunetik» etorritako Fanta emaztearekin eta beren semearekin batera. Dakarren ezagutu zuen Fanta, biak irakasle zebiltzan garaian, baina, bere postutik kaleratua izan ostean, jaioterrira itzultzea erabaki zuen, familia berarekin ekarrita. Jakin bazekien emazteak beltza eta afrikarra izanik ez zuela irakasteko baimenik lortuko bertan, baina, berekoikeriak jota, ez zion ezer jakinarazi.

Denborarekin, ordea, bien arteko harremana gaiztotu egingo da; batetik, hezkuntza sisteman lanpostu duin bat lortzeko Fantak topatuko dituen oztopoengatik, eta, bestetik, Rudyk bere trebakuntzarekin bat ez datorren lanbide berriarekiko sentitzen duen frustrazioagatik. Hala, senar-emazteen arteko liskar bero batean, «itzul zaitez etorri zinen tokira» garrasi egingo dio Rudyk Fantari, konponbiderik gabeko kaltea eraginda.

Rudyren komentario arrazista ez da gertaera bakana; arrazakeriarekin lotua dute bai Senegalen bere familiaren presentziak bai herrialde hartatik Rudyk ihes egin izanak. Kolonialismoa puri-purian zegoen garaian eraiki zuen bere aitak -jatorriz euskalduna- Dar Salam, eta haren krimenengatik madarikatua izan dela iruditzen zaio. Dakarren ikasle batek bere familiaren historia iluna aipatu ostean, Rudy oldartu egin zitzaion, eta, ondorioz, lana betiko galdu zuen. Orain, Fantarengana bideratzen du bere amorrua, nahiz eta badakien bere jarrera bidegabea dela, eta aitak erakutsitakoaren antzekoa. Oraingoan, emazteak utziko duen beldurrez, semea amamarengana bidaliko du Rudyk. Istorioa ez da berria: hainbat gizonek umeak erabiltzen dituzte emakumeak kontrolatzeko.

Dakarren, aitaren etxean, neskame gazte batekin egiten du topo Norahk. Khady Demba du izena eta, familiak abandonatu ostean, amamarekin bizi izan zen, ezkondu arte. Ezkontzak ez zuen gehiegi iraun, ordea, senarra urte batzuk geroago hil baitzitzaion, amama bera bezala. Dakarren etorkizunik ez duela ikusita, bere aurretik beste hainbatek egin bezala, Europarako exodoari lotzea erabakitzen du, nahiz eta bidea arriskuz beterik dagoen eta gutxik lortzen duten onik iristea eta bertan geratzea. Frantzian lehengusina bat du, Fanta, eta lana eta ostatua topatzen lagunduko dion itxaropena du. Khady Dembak lehen eskutik konprobatu ahal izango du entzundako guztia egia zela. Bidaian lagundu behar zion maitaleak dirua lapurtu eta prostituziora behartuko du, behin Frantziara helduta abandonatzeko. Hala ere, jazarpenak jazarpen, pertsona «bakarra eta ordezkaezina» dela uste du Khady Dembak. Bere buruarekiko estimua ezingo dio inork kendu.

Egoera ezberdinetan

Trois femmes puissantes-en agertzen diren hiru emakumeak emakume arruntak dira. Ez dute inolako botererik gizartean, eta, neurri batean, badakite ezer gutxi egin dezaketela egoerari buelta emateko. Akaso Norahren eta Fantaren egoera erosoagoa da Khady Dembarenaren aldean, horrek faltan duen ongizate ekonomikoa izan badutelako. Eta, alde horretatik, alternatiba bat topatzea posible izango dute: beren bizitzako gizonak pikutara bidal ditzakete.

Khady Dembaren egoera konplikatuagoa da, ametsetako lurraldera heldu den arren, dokumenturik gabekoen odiseari aurre egin beharko baitio. Hots, bere urrats bakoitza ziurgabetasunak gidatuta egongo da. Nobelak ez ditu pertsonaien errealitateen arteko ezberdintasunak leuntzen, ordea; aitzitik, aintzat hartzen ditu ezberdintasun horiek aukerak sortu zein zapuzteari begira jokatzen duten rola. Hori bezain garrantzitsua da nobelarentzat Norah, Fanta eta Khady Dembaren gizatasuna azpimarratzea, gertaera traumatikoenek ere suntsitu ezin dutena.]]>
<![CDATA[Hamaika ahotsez osaturiko 'gu'-a]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/030/001/2019-12-22/hamaika_ahotsez_osaturiko_gu_a.htm Sun, 22 Dec 2019 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1943/030/001/2019-12-22/hamaika_ahotsez_osaturiko_gu_a.htm The Last Amazon of Dahomey-k (Dahomeyko azken amazona): lehen emanaldia baino aste batzuk lehenago saldu ziren obra ikusteko sarrerak, XVIII. mendeko Afrika mendebaldeko gerlari lesbianen komunitate bat protagonista duena. Ammaren estreinaldiaren aitzakian, Antzoki Nazionalera joandakoen artean daude bere alaba Yazz, bere inguruko helduei beren pribilegioak etengabe gogorarazten dizkien -bereak erabat aintzat hartu gabe- kazetaritzako bigarren mailako ikaslea; eta Roland, bere esperma Ammari eman izanari esker Yazzen aita biologiko bihurtu zena eta Londresko Unibertsitatean bizitza modernoa irakasten duen irakasle gay bat dena. Dominique ere han da, Los Angelestik propio etorrita bere lagun-min eta kolaboratzaile ohiari babesa emateko asmoz. Baita Shirley ere, zeina Peckham langile eta etorkin auzoan Ammarekin batera hazi den eta gaur egun «prostituta, droga saltzaile eta drogazaleen hurrengo belaunaldi[aren]» irakasle dabilen. Azken horren ikasle izandako Carolek -berea bezalako jatorria dutenengandik gizarteak espero duenaren kontra banku bateko presidenteorde izatera heldu denak- eta Morgan izeneko ekintzaile ez-binarioak ez dute hitzordua huts egingo.

Londrestik Barbadosera, 1895etik orainaldira; geografia eta garai ezberdinetara garamatzate Bernardine Evaristoren (Londres, 1959) Girl, Woman, Other (Neska, emakume, beste; 2019) nobelako protagonista diren hamabi emakume britainiar beltzen istorioek. Haien arteko lokarria Ammaren antzezlana da, berez, nobelak jorratzen dituen gaiei begira, esanguratsua dena.

Ikusleen gehiengoa beltza dela aintzat hartuta, Rolandek zera dio: «Emakume beltzei buruzko antzezlanak ez dira inoiz erakargarriak izango, gehiengoaren gehiengoak Les Negresses-en gehiengoa beraiengandik aparte, bestetasunaren errepresentazioa bezala, ikusten dutelako». Bestetasun kontzeptua modu teorikoan erabiltzen du Yazzen aitak, egoera jakin bat antzeman eta haren oinarrian dauden ideologiak izendatzea nahikoa balitz bezala batek jasan ditzakeen bidegabekeriak nabigatzeko.

Evaristoren nobelan, ordea, bestetasuna bizi-esperientzia bat da, hots, emakume protagonisten bizi kalitatean eragin zuzena, sakona eta etengabea duen egoera bat da, eta, ondorioz, konplikatuagoa da kalteari buelta ematea. Oxforden igarotzen duen lehen lauhilekoan, ikaskide batek Caroleri esaten dio «arras ghetto» dela, eta irain horregatik unibertsitate ikasketak bertan behera uztekotan dago. Bummik etxe garbitzaile moduan lana lortzen du halako batean, eta lehen lan egunean nagusiak esaten dio «tiraderarik edo armairurik sekula ez zabaltzeko, patriken edo poltsen barruan eskua ez sartzeko», emakumea eta beltza izateagatik joera kriminalak izango balitu bezala.

Botere dinamikak iraultzea posible ez badute ere, pertsonaiek erresistentzia mekanismoak garatzen dituzte beren buruak indartu eta babesteko asmoz. Shirleyren ama Winsomek eta Barbadosko irakurle taldeko bere lagunek erabakitzen dute idazle kanoniko zuriek haiei buruz hitz egiten ez dutela, eta beren kulturako emakumeen lanak bakarrik irakurriko dituztela. Azken batean, Winsomek esaten duen bezala, «zergatik izan beharko lukete Wordsworth, Whitman, T.S. Eliot edo Ted Hughesek esanahi berezirik Karibeko jendearentzat?».

Norbanakoa eta taldea

Hala ere, Girl, Woman, Other eleberriko emakumeek ez dute fronte komuna osatzen, ez dituztelako beren buruak gu baten parte ikusten. Ammaren antzezlana ikusten ari dela, Carolek aitortzen du agertokia emakume beltzez beterik egoteak bere burua balioetsia sentiarazi beharko liokeela, baina egiazki «nahiko lotsatuta» dago antzezlanak darabilen iruditeriagatik. Bere ustez, egokiagoa izango zen «benetako arrakasta adierazten duen norbait» balitz obraren protagonista, batetik bestera ero moduan dabiltzan gerlari lesbiana talde baten ordez.

Carole ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Sexualitatea eta sexu orientazioa gai arantzatsuak dira nobelako protagonisten artean. Ammaren lagun mina izan arren, Shirleyk nahiago du haren homosexualitateari buruz ez pentsatu, ez zaiolako naturala iruditzen. Bummik ia baztertu egiten du Carole, alaba nigeriar batekin ezkontzekoa ez dela jakiten duenean. Dominique, berriz, frustratuta sentitzen da bere feminismoaren arabera haiei ez dagozkien espazioak infiltratzen dituztelako emakume transexualek.

Girl, Woman, Other-eko pertsonaietako batek ere ez du emakumetasun beltzaren interpretazio unibertsal bat babesten; lehenik eta behin, zenbait nortasun ez lituzkete defendatu ere egingo. Rolanden aburuz, horrek ez du axola eta ez luke axola behar ere. Britainiar zurien antzera, britainiar beltz orok bere buruari buruz hitz egiteko eskubidea du, taldearen ordezkari bihurtu gabe.

Baina Rolandek arrazoia ote duen galdetzen du Evaristoren nobelak. Alde batetik, eleberriak nortasun britainiar beltzaren espektro osoa aintzat hartu, eta ospatu egiten du; baina, bestetik, Winsomek hain gogoko duen Grace Nichols poeta guyanarraren poema batek aditzera ematen duen bezala («gu emakumeok/ zeinen laudorioak abesteko dauden/ zeinen ahotsak entzuteko dauden»), gu baten beharra azpimarratzen du. Gu hori nola osatu heterogeneotasuna arriskuan jarri gabe, hortxe dago koxka.]]>
<![CDATA[Han ez dago jadanik han]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/036/001/2019-12-08/han_ez_dago_jadanik_han.htm Sun, 08 Dec 2019 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1943/036/001/2019-12-08/han_ez_dago_jadanik_han.htm Names on the Land: A Historical Account of Place-Naming in the United States (1945, Lurraren gaineko izenak: Amerikako Estatu Batuetako leku-izenen historiaren gaineko argibideak) liburu ezagunean Oakland (Kalifornia) hiriari buruzko aipamen bakarra dago: «San Frantziskoko badiaren bestaldean Kalifornia motako haritz ederrek beteriko lur-eremu lau bat zegoen. Mexikar garaietan Encinal del Temescal deitu ohi zioten, hots, izerdi-etxeko hariztegia. Ziur aski, eremu horretan herri bat eraiki zuten amerikarrek ez zuten gaztelerarik jakingo, baina zuhaitzak ikusi, ikus zitzaketen. Deskribapen soil bati jarraituz, Oakland deitu zioten herri horri».

Mexikoren parte izan aurretik, espainiarrek gaur egun Amerika bezala ezagutzen den lurraldea konkistatu baino askozaz lehenago, Ohlone jendea bizi zen eremu horretan. Haien historia, ordea, inoiz ez da aipatzen urrezko estatuko hiri kosmopolitenetako bat kontsideratzen den Oaklanden gaineko testuetan. Are gehiago, gaur egun hainbat amerikar natibo han bizi direla esateak harridura piztuko luke. Ez ziren, bada, desagertu? Eta desagertu ez ziren horiek, ez dira erreserbetan bizi?

Tommy Orangeren (Oakland, Kalifornia, 1982) There There (2018, Hantxe bertan) nobelako hamabi pertsonaiak amerikar natiboak dira, eta Oaklanden bizi dira. Hots, amerikar natibo hiritarrak dira, horrek zer esan nahi duen zehazki ez dakiten arren. Western generoko filmek, kirol taldeen maskotek zein Thanksgiving edo esker-emate egunaren inguruko istorio azukretuek amerikar natiboen gainean zabalduriko usteek baldintzatuta dago amerikar natiboen kontzeptua, eta hirikoak diren aldetik There There nobelako pertsonaiak erabat tokiz kanpo daude edo, hobeto esanda, ez dira existitzen.

Orangeren nobelaren izenburuak Gertrude Steinek bere haurtzaroko hiriari buruz esandakoan («ez dago hantxe bertan») oinarriturik dago. Pertsonaietako bat ohartzen da Oaklandi buruz ari zela idazlea, «nola urteekin hainbeste aldatu zen, nola hazkuntza handia gertatu zen han, nola bere haurtzaroko han hori, hantxe bertan hori, desagertua zen; hantxe bertan hori ez zen jadanik existitzen... Horixe gertatu zaie amerikar natiboei».

Absentziak markaturiko presentzia da haiena, etendako tradizio zein sinesmenena, izan zen baina jadanik ez den -edo egon behar zuen tokian ez dagoen- lurraldearena. Zentzu horretan, tokikoa izatea kontzeptu hutsa da amerikar natiboentzat oro har, eta hirikoentzat, are gehiago. «Batzuetan gaizki sentitzen naiz natiboa naizela esanda. Gehienbat Oaklandekoa naizela uste dut», dio nobelako pertsonaietako batek. Eta, hala ere, hiriak ez ditu aintzat hartzen, ez erabat behintzat. Droga bat edo bestearekiko menpekotasuna eta muturreko pobretasuna arras arruntak dira gentrifikazioak jotako Oaklanden bizi diren amerikar natiboen artean.

Baina erreserbako bizimodua ez da samurragoa. Hegaldi luze baten ostean hotel batean izena ematen duenean, etxe hitzaren esanahiaren gainean hausnartzen hasten da Jacquie Red Feather. Amak behin esandakoa datorkio burura, «etxera, Oklahomara, itzultzeari buruz hitz egin zuen. Baina Jacquie eta bere ahizpentzat aparkaleku huts batean geldi zegoen furgoneta bat zen etxea. Autobusez egin beharreko bidaia luzea zen etxea. Haiei hirurei gauerako babesa eskaintzen zien edozein toki zen etxea».

Sutan den burmuina

Liburuari idatzitako hitzaurrean, amerikar natiboen eta hiriaren arteko harremanaren gainean hausnartzen du Orangek. «Gutako asko geure erabakiz etorri ginen hona, hutsetik hasteko, edo dirua irabazteko, edo esperientzia berri baten bila. Gutako batzuk erreserbari ihes egiteko etorri ginen hona... Erreserbako isiltasunak, errepide ondoko herrietako, landa-eremuko komunitateetako isiltasun horrek berorrek, sutan den zure burmuinaren hotsa askozaz nabarmenagoa egiten du». Sutan den burmuina hiriko amerikar natiboak bizi duen disonantzia egoeraren isla da: bi munduren artean harrapatuta bizi da, indigena bata eta zuriek eraikitakoa bestea, eta bietan arrotz sentitzen da.

Nortasun indigena berreskuratu eta lantzen saiatzen dira nobelako pertsonaiak, hala ere. Hain zuzen, haiek denak Oaklanden gertatzekoa den powwow edo dantza eta musika uztartzen dituen zeremonia batera joatekoak dira liburua abiatzen denerako. Baina transmititu ez zaien eta, aldi berean, kultura popular estatubatuarrak estereotipo bihurtu duen tradizio bat izanda, tokiz kanpo ikusten dute beren burua. Orangek indiartu hitza erabiltzen du egoera hori deskribatzeko: indiarrarena egiten saiatzen den natiboa, natiboa dela erakusteko. Powwow-an dantzari aritzekoa den Orvilek itxurakerialari hitza topatzen du sarean, gauza bera adierazten duen kontzeptua. Arropa tradizionalak soinean, ispilu aurrean jartzen da «benetakoa den zerbait, bere benetako nia, bere begi aurrean agertzearen zain... Garrantzitsua da indiarren antzera jantzi dadila eta dantza egin dezala, itxura besterik ez bada ere, denbora osoan iruzurti baten antzera sentitzen bada ere, mundu honetan indiarra izateko modu bakarra indiar baten antzera jokatzea baita».

Egiaren eta egiantzekotasunaren arteko tentsioa azalarazten dute Orvilen gogoetok; iraganarekin konektatu egin nahi du, bere kulturarekin bat egin, bere kultura biziarazi. Baina, aldi berean, ezin dio iruzurti bat sentitzeari eutsi, ez zaiolako iruditzen bere nortasuna indigena moduan aurkezten den horren barruan sartzen denik. Aitzitik, gainditu egiten du.

There There-k ez du hiriko amerikar natiboen nortasunari begira konponbiderik eskaintzen. Aitzitik, haren konplexutasuna eta hauskortasuna azaltzen digu, eta ariketa horretan Oaklanden historia berridazten du.]]>
<![CDATA[Transmititzen den indarkeria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2064/034/001/2019-11-24/transmititzen_den_indarkeria.htm Sun, 24 Nov 2019 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/2064/034/001/2019-11-24/transmititzen_den_indarkeria.htm On Earth We're Briefly Gorgeous (2019, Une labur batez ederrak gara lurrean) nobelako narratzaileak Txakur Txiki izena izatea. Hartforden (AEB) bizi da bera, gerrak traumatizaturiko amarekin eta eskizofrenia gaitza duen amamarekin. Bere esperientzia guztiak amarekin duen harreman gatazkatsuak baldintzatuta daude, eta, horregatik, liburua hari zuzenduriko gutun luze bat da. Paradoxikoki, amak ez du gutunaren edukia deszifratzerik izango, irakurtzen ez dakielako. Sei urte zituela, hegazkin amerikar batek jaurtikitako bonba batek herriko eskola birrindu zuen, eta tokiko umeek hezkuntza bat jasotzeko aukera behin betiko desagerrarazi.

Gerra ezagutu ez zuen arren -bera jaio zenerako, hamarkada batzuk ziren amaitu zela-, amaren jokabide alderraiaren bitartez umetan ulertzeko gai ez zen traumaren aztarnak antzeman ditzake orain narratzaileak. Batzuetan, ezusteko galderetan azaltzen ziren iraganeko bizipen gogorrei -ukaturiko bizimodu akaso zoriontsu bati- egindako keinuak. Egun batean, supermerkatura joan eta margotzeko liburuak erosteko premia sortu zitzaion amari, garai batean bere obsesio bihurtu baitzen orriak konpultsiboki koloreztatzea. Etxera bueltan, Txakur Txikiri galdetu zion ea inoiz irudikatu zuen bere burua berak sorturiko eszena baten barruan. «Nola azaldu niezazuke deskribatzen ari zinen hori idazketa dela?», dio narratzaileak amak gutxitan agerturiko poztasun uneen gainean hausnarrean. Gehienetan, ordea, bere kontra zuzenduriko indarkerian -esaterako, Lego kutxa bat burura bota eta odoletan utzi ondoren, McDonald's-era eraman zueneko hartan- sumatzen du amak berak jasan zuen indarkeriaren oihartzuna.

Maitasuna eta indarkeria

On Earth We're Briefly Gorgeous ez da ari gerrako biktimek gerraren ondorioz beren ondorengoei transmitituriko indarkeriaz bakarrik. Txakur Txikik jasaten duen abusu fisikoaren oinarrian, onartzen ez dituen herrialde batean errefuxiatu izatearen frustrazioa ere badago. Arratsalde batean, Vietnamen arras arrunta den salda bat egiteko beharrezkoa zitzaien idi buztana erostera lagundu zituen narratzaileak ama eta amama. Haietako batek ere ez zekien nola esaten den idi buztana ingelesez, ordea. Ama lehenik eta amama ondoren, marruka behiarena egiten hasi ziren barrez lehertzen zeuden dendako harakinen aurrean. Umiliatuta, saldaren egitasmoa bertan behera utzi zuen amak. Gau hartan, ogia eta gurina zelakoan erositako maionesa izan zituzten afaltzeko. «Gau hartan, neure buruari zin egin nion ez nintzela berriz hitz faltan egongo zure alde hitz egin behar nuenean», erabaki zuen narratzaileak. Urte batzuk geroago, Txakur Txikik amak lan egiten zuen lantegiko arduradunari deitu zion amari lan orduak murriztu ziezazkion, nekeak jota lo geratzen baitzen bainuontzian, baita lortu ere. Bestelako deiak ere egingo zituen, hala nola Victoria Secret's lentzeria dendara amarentzat bularretakoak erosteko, amaren itzultzaile eta bitartekari bihurtuta.

Amak ez zuen beti jakin Txakur Txikiren asmo onak eta sentiberatasuna estimatzen. Behin, eskolan ume zuriek burla egiten ziotela aitortu ostean, zaplazteko batzuk eman zizkion, eta hurrengoan bere burua defendatzeko bere «sabel-bete ingelesa» erabiltzen hasiko zela zin eginarazi zion. Egunero esnea edatera ere behartu zuen, handi eta indartsu egin zedin, amerikar ilehoriak bezala.

Hamalau urterekin landetxe batean tabakoa biltzen lan egiten zebilela, nagusiaren bilobak, Trevorrek, berarekiko interesa agertzen zuela-eta, harritu egin zen Txakur Txiki; amak irakatsia zion bere burua babesteko modurik onena ikusezin bihurtzea zela. Bizikletarekin istripu bat izan zuenetik analgesikoekiko menpekotasuna zeukan Trevorrek, eta bestelako drogak ere hartzen zituen. Txakur Txiki bere sexu apetak asetzeko erabiltzen zuen, eta narratzaileak men egiten zion. «Indarkeria jadanik ohikoa zen niretzat; maitasunari buruz nekien guztia zen». Orain, behintzat, «berak hala erabakita izorra zezaketen».

Ikasketekin aurrera jarraitzeko helburuarekin New Yorkerako bidea hartuko duenean, eten egingo du Txakur Txikik amarengandik zein Trevorrengandik jasotako indarkeria. Hura justifikatzera heldu gabe, amaren jarrera hobeto ulertzen hasiko da: min egin behar zion, herrialde berrian iraun zezan. «Agian eskua zure haurraren kontra altxatzea hura gerrarako prestatzen laguntzea da», ondorioztatzen du narratzaileak. Akaso berak ere, beste aukerarik ezean eta etorkinen seme-alabek bizitzan zerbait lortzeko presioak bultzatuta, jokabide bera agertuko zuen amarekiko.

Gauza bat argi dauka narratzaileak: bere istorioa ez da ezohikoa. Aitzitik, arras arrunta da jaioterria uztera behartutakoen artean. Errefuxiatuen kopurua inoizko kopururik altuenera iritsi da aurten: 68 milioi pertsona, munduko populazioaren %1, indarrez lekuz aldatzera behartu dute. Nobelaren amaieran, narratzailea baikor ageri da; urrun ez dagoen etorkizun batean etorkinen seme-alabek segurtasuna eta erosotasuna gozatzeko aukera izango dutela amesten du. Berak, errefuxiatuen semeak, horretara bideratzen ditu bere indarrak.]]>
<![CDATA[Deitoratzeko dagoen guztia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1958/034/001/2019-11-10/deitoratzeko_dagoen_guztia.htm Sun, 10 Nov 2019 00:00:00 +0100 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1958/034/001/2019-11-10/deitoratzeko_dagoen_guztia.htm Isuri egiten da dena nobelan (1961), Ivan Grigorievitx, protagonista, Gulageko iparraldeko lan esparruetatik bueltatzen da, bertan bere bizitzako 29 urte igaro ostean. Mosku eta Leningrad, gaztaroko hiriak biak, bisitatzen ditu lehenik; jarraian, Errusia hegoaldeko landa herri batean bizitzen jartzen da. Nobela osoan behin ere ez dira Sobietar Errusiako mugak zeharkatzen, eta, hala ere, istorio arras kosmopolita kontatzen du. Lan esparruetan kokaturiko pasarteetan jadanik nabarmena da aniztasuna, presoetako batzuk errusiarrak baitira; poloniarrak eta Krimeako tartaroak ere badaude, eta judu batzuk.

Aske gelditu berritan, izurritik osatu baina oraindik kutsagarria den norbait balitz bezala dabil Ivan Grigorievitx kaleetatik; haren presentzia hutsak ikaratu egiten ditu garai batean lankide izandakoak eta urruneko senideak. Itzulera salaketa baten moduan antzematen dute, Ivan Grigorievitx ahots apalarekin eta keinu neurtuekin zuzentzen zaien arren. Ezagunekin topo egiten duen bakoitzean, hainbat gauza esan gabe geratzen dira. Errua botatzen ote die Ivan Grigorievitxek? Hala balitz, ez litzateke harritzekoa izango.

Ivan Grigorievitxek, ordea, uko egiten dio halako irtenbide erraz bati. Haren aurka aritu ziren haiek ez ditu salatzen. Aitzitik, lan esparrutik ekarri zuen tren geltokira itzultzen da. «Zenbait momentutan, lan esparruetatik aske geratutako gizon zaharrek lan esparruan berriro sar zitzatela eskatzen zuten. Ivan txarrantxadun hesiaren bestaldera itzultzeko desiratzen zegoen orduan. Barraketako berogailuetara ohitutako horiek aurkitu nahi zituen, trapu zaharrak soinean eta ahi mehea katiluetan etxean sentitzen ziren berberak. Zera esan nahi zien: 'Bai, askatasunak beldurra ematen du'. Gizon zahar haiei kontatu nahi zien lan esparrua uztea baino zoriontasun handiagorik ez dela, itsu eta hankarik gabe, atera eta berehala hesi madarikatutik metro batzuetara ahuspez erori eta bertan seko geratuta ere».

Nobelako pasarterik hunkigarrienak, ordea, ez dira lan esparruko bizimoduari buruzkoak, ez, handik milaka kilometrotara jazotako gertaeren gainekoak baizik. Ukrainan 3-5 milioi hildako eragin zituen 1932 eta 1933 bitarteko gosetea, esaterako. Alexander Etkind kritikariaren ustez, errusierazko literaturan Isuri egiten da dena-k deskribatzen ditu zehatzen gertaera horiek.

Burdina bihotzean

Bizilekutzat aukeratu duen landa herrian, Ivan Grigorievitx apopilo dago Anna nekazariaren etxean, zeinak senarra galdu zuen gerran. Azken hori bezala, sobietar estatuaren krimen izugarrien lekuko izan da Anna. Bata haien biktima izan da, baina bestea jazartzaile rolean aritutakoa da. Izan ere, adin ertaineko nekazari alargunduak gosetea pizten lagundu zuen. «Ezinezkoa da ahaztea», aitortzen dio Annak Ivani. «Hortxe jarraitzen du denak... burdinazko zati bat nire bihotzean, jaurtigai puska bat bezala». Burdinazko zatia du kontzientziaren arra, giza kostu hain handia arrazoitzeko Stalinek erabilitako helburu handi hori onartzea eragozten diona.

Dolua ardatz duen nobela honetan, Ivan Grigorievitxek Ukrainatik haratago garamatza. Kaukason jaio zen bera, eta oroitzapen bizi-biziak ditu errusiar inperioaren kolonizazioari buruz. Haren aitak familia etxea eraiki zuen tokia zirkasiarren lurraldea izan zen garai batean, errusiar agintearen kontra altxatu zen Kaukasoko etniako kideena. Milaka zirkasiar hil zituzten kolonizazioaren urteetan; XIX. mende erdialdean, haietako asko Turkiara kanporatu zituzten. Umetan, zirkasiar zibilizazioaren aurrien artean hazitako Ivan Grigorievitxek abandonaturiko zirkasiar lorategi eta hilerriekin topo egin ohi zuen Errusiako zelai eta errepideetan. Behin, maiz ematen zituen paseoetako batetik etxera bueltan, negar betean hasi zen. «Basoko eremu erdi ilunean, norbait kexuka ari zela ematen zuen; zirkasiar artzainen ahotsak edo haur txikien negarrak entzuten ari zen irudipena zeukan». Aitari azalpenak eskatu zizkion behin, eta terrore estalinista azaltzeko Errusian maiz erabilitako esamoldearekin erantzun zion hark -kasu honetan, Kaukasoaren kolonizazioari aplikatuta-: «Baso bat azken zuhaitzera arte mozten duzunean, ezpalek hegan egiten dute». Hots, zirkasiarren biktimizazioa kalte onargarria izan zen errusiar eta, ondoren, sobietar inperioren loria ziurtatze aldera.

Kolonian igarotako haurtzaroaz hausnartzen ari dela, iraganaren lotsa sentitzen du Ivan Grigorievitxek, eta, etorkizunari begira, hondamendiak aurreikusten ditu. Errusia modernizatzeko saiakera orok -Pedro Handiaren, Katalina Handiaren, Leninen zein Stalinen eskutik-, askatasuna zabaldu beharrean, esklabotza areagotu egin du, haren aburuz, eta ez dio ziklo biziotsu horri amaierarik ikusten. Erruduntasun politikoaren, nostalgia sentimentalaren eta pentsaera politiko ezkorraren arteko nahasketa ohikoa da kolonietan hazitako pentsalarien haurtzaroko oroitzapenetan.

Etnikoki errusiarra, estalinismoaren biktima, eta kolonoa zirkasiar lurraldean; Ivan Grigorievitxen bizipenak Hannah Arendtek boomerang efektua deiturikoaren adibide dira: inperioko jazartzaileen ondorengoa barne indarkeriaren biktima bihurtzen da. Efektu horretan sakonduz, Ivan Grigorievitxek Kaukasora itzultzea erabakitzen du, eta ikusten familia etxea jadanik ez dela existitzen.

Memoria leku horretan amaitzen da nobela; zirkulua ixteko baino gehiago, hura zabaltzeko asmoz.]]>
<![CDATA[Heriotza gerra garaian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1944/040/001/2019-10-27/heriotza_gerra_garaian.htm Sun, 27 Oct 2019 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1944/040/001/2019-10-27/heriotza_gerra_garaian.htm Al-mawt 'amal shaq-ek (Lan gogorra da heriotza, 2016), gaur egungo Sirian giroturiko eleberriak. Indarkeria masiboa dagoenean, galera konkretuak galera orokor bihurtzeko arriskua dago beti; Didier Fassinek «heriotza estatistiko» deituriko horiek nagusitu egiten dira, kontzientzia kolektiboa sorgortuz. Nobelako protagonistak patu horren kontra altxatuko dira, lehen begiratuan zentzugabea eman dezakeen egiteko bat aurrera eramateko: gerrak suntsituriko Damasko zeharkatzea, aita hil berria jaioterrian lurperatu ahal izateko.

Alepo ingurukoa den adineko gizon bat, Abdel Latif, modu baketsuan hil da ospitaleko ohe batean, Damaskon. Haren azken nahia, Bolbol seme gazteenari esan bezala, asaben herrixka Anabiyan familiak duen lurzoruan hilobiratua izatea da. Bizirik zegoenean, Abdel aita ez zen atsegina eta abegikorra izan Bolbolekin, eta semea bera ere aspaldi urrundu zen anai-arrebengandik. Hala ere, kontzientziagatik, anaia Hussein eta arreba Fatima konbentzitu egiten ditu aitaren gorpua Anabiyara eramaten laguntzeko. Azken batean, autoz Damaskotik bi ordura dago txikitan hainbatetan bisitatu zuten asaben herrixka. Hots, ez litzateke oso esfortzu handia aitaren guraria betetzea.

Arazoa zera da: herrialdea gerran dago. Oinarrizko jarduerak -jatekoa aurkitzea, lanera joatea, hildakoak lurperatzea- gertaera epiko bihurtu ditu herrialdean nagusi den kaosak. Aitzitik, hiltzea hain arrunt bilakatu denez, «jadanik ez [da] estutasunerako arrazoi: bizidunei inbidia ematen dien ihesbidea bihurtu [da]».

Elkarren kontra borrokan ari diren armadek labirinto bihurtu dute hiria, eta, hura bizia arriskuan jarri gabe zeharkatu ahal izateko, anai-arrebek alde batera utzi beharko dituzte beren arteko gatazkak. Jaio izana salbu, gauza gutxi dituzte elkarrekin Bolbolek, Husseinek eta Fatimak. «Hamar urtean ez zituzten bi ordu baino gehiago igaro elkarrekin, eta Eideko ospakizunen aitzakian izaten zen hori». Hussein, anai-arrebetan zaharrena, Abdel Latifen begikoa izana zen urte batzuk lehenago, haien arteko harremana hoztu zen arte. «[Husseinek] ez zuen aitaren herri txikiko bizimodua eramateko desirarik. Ahulak gorroto zituela esaten zuen; boteretsuen artean bizi nahi zuen». Bere zoritxarrerako, ez zen oso urrun joan, eta autobus txiki bat gidatzen eta inguruko gaizkileentzako mandatuak egiten bukatu zuen. Bolbol, berriz, aitari leial izan zitzaion azken unera arte, baina Abdel Latifek ez zuen oso gogoko, «bere ahultasuna eta antsietatea» tarteko. Neben antzera, Fatimak ez du inoiz amesturiko bizimodua eramaterik izan. Maitasunik gabeko ezkontza batean harrapaturik dago, eta familiako gizonezkoak zerbitzatzea du egiteko nagusia, neba-arrebetan azkarrena izan arren.

Hiru egun beharko dituzte Bolbolek, Husseinek eta Fatimak Damasko eta Anabiya arteko bidea egiteko. Abdel Latifen gorpua Husseinen autobus txikiaren atzealdean astiro-astiro ustelduz doan bitartean, kanpoan nabarmenak dira gerraren arriskuak: frankotiratzaileak, aireko erasoak, tankeak, kamioietatik pistolak autobus txikiko bidaiariengana zuzentzeko prest dauden miliziak. Damaskotik atera eta gutxira, autobideko kontrol-gune batean gelditu egiten dituzte Bolbol, Hussein eta Fatima. «Gorpua atxilotu egingo dute», xuxurlatuko dio Husseinek Bolboli. Gogoeta absurdoa irudituko zaio irakurleari, gehiegikeria bat, zalantzarik gabe. Baina ez da. Hildakoaren sinpatia politikoak direla medio -bizirik zela, errebeldeen alde agertu zen-, hura atxilotzeko agindua zabaldu zuen erregimenak aspaldi.

Heriotza ere ez aski

Zer egin gorpu bat atxilotzea posible den egoera batean aurkitzen zarenean, hau da, heriotza ez denean nahikoa absoluzioa edo barkamena lortzeko? Horixe da Kalifaren nobelak egiten dituen galderetako bat, eta jazarleari zein jazarriari modu berean eragiten die, biak baitaude beheranzko joera duen zurrunbilo berean harrapaturik. «Ez zirudien agentea estatuarentzat pertsona bat zer den erabakitzeko gai zenik, dokumentu multzo bat ala haragi eta odolezko arimadun entitate bat». Ez da ataka horretan dagoen bakarra. Herritarrek berek zailtasunak dituzte bizidunak hildakoengandik bereizteko. «Hiriko biztanleek bizirik baino gehiago hiltzear zegoela kontsideratzen zuten ikusten zuten edonor».

Paradoxikoki, tragediaren tamaina ikaragarria izan arren, baikortasunari eusten diote pertsonaiek. «Bolboli iruditzen zitzaion gerran edozein kontu txiki... nahikoa zela itxaropen izpi bat pizteko: kontrolguneko soldaduaren keinu zentzudun bat, trafikorik gabeko kontrolgune bat, zure autotik ehun metrora eroritako eta lerroan zeure txanda harturiko bonba... Zoriak beste aukera bat eman berri zizun! Aurreko autoa agertu izan ez balitz, bonba gure gainera eroriko zen!».

Heriotza lan gogorra dela frogatzen dute aitari hileta duina eman ahal izateko Bolbolek eta haren anaia-arrebek egin beharrekoek, baina bizirik irauteko nahia ere hura bezain gogorra edo gogorragoa da gerrak jipoituriko Sirian.]]>
<![CDATA[Historia nola kontatzen den]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/038/001/2019-10-13/historia_nola_kontatzen_den.htm Sun, 13 Oct 2019 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1942/038/001/2019-10-13/historia_nola_kontatzen_den.htm The Narrative of Jacobus Coetzee (Jacobus Coetzeeren testigantza, 1974) deskribatzeko, asaldagarri litzateke hitz hori. 50 orritara iristen ez den eta Dusklands liburuaren barruan argitaratu zen kontakizun horrek Hego Afrikara garamatza, herbeheretar jatorriko kolonoak -afrikanerrak, garai hartan boer esaten zietenak- beren presentzia eta agintea lurraldean zabaltzen ari ziren garaian. Protagonista, Jacobus Coetzee, elefanteak ehizatzeko helburuarekin abiatuko da orain arte esploratu ez den eremu batera, baina bidaiak ustekabeak ekarriko ditu, eta, haien harira, kolonoen bizimoduaren gainean gogoeta egitera bultzatuko du protagonista.

Bizimodu gogorra dela diosku, aberrian izango lituzketen abantaila teknologikoak faltan baitituzte, eta, ondorioz, bere hainbat herrikidek tokiko hottentot-en antzera -khoikhoi indigenak izendatzeko erabilitako mespretxuzko hitza- bizitzen amaitu dute. Hala ere, azpimarratzen du alde nabaria dagoela tokikoen eta kolonoen artean, bizimodu aldaketa batek suntsitu ezin dezakeena. «Hottentotengandik banatzen gaituen amildegia kristautasuna da. Gu kristauak gara, xede bat duen jendea». Xede horrek eraman ditu, hain zuzen, zibilizaziotik at dagoen lurraldera, hura hobetu ahal izateko. Jacobusek aitortzen du zenbait indigena bataiatu egiten direla, baina benetako fedeak bultzatuta baino gehiago, kolonoen begikotasuna irabaztearren egiten dutela hori. Izan ere, indigenak gizaki fidagaitzak dira, trikimailuetara oso emanak baitira.

Emakumeentzat, holandar zein indigena, hitz gogorragoak ditu esploratzaile afrikanerrak. Lehenengoak jabetza moduan deskribatzen ditu, «haragi zuriko hainbat kilo» ez ezik «hainbat lursail, abelburu, eta zerbitzari» irabazarazten dizkiotelako haiekin ezkontzen den gizonari, baita «aita, ama, neba eta ahizpa armada bat ere». Ondorioz, «askatasuna galtzen duzu. Neska batekin lotuz gero, harreman sistema bati lotzen diozu zeure burua». Emakume indigenak, ordea, baliorik gabekoak iruditzen zaizkio, ez dutelako eskaintzeko ezta erreklamatzeko ezer. Horregatik, hainbat gizon holandarrek nahiago dute emakume indigena bat amorante hartu eta ezkongabe jarraitu, «erabili eta bota» egin ditzaketelako nahieran.

Elefanterik ez du harrapatuko Jacobusek; bai, ordea, sukar ikaragarri bat, Namakuen lurraldera heldu eta berehala. Hiru egun eldarnioak jota igaroko ditu, inguruan gertatzen dena ulertzeko ezgai, baina, indigenekiko dituen usteek bultzatuta, gaixotasunean laguntza eman dioten namakuatarrak eta haiekin bat egin duten bere zerbitzari indigenak bere ahultasunaren lepotik barre egiten ari direla iruditzen zaio. Oraindik indar guztiak berreskuratu gabe dituela, bueltako bidea hartzea erabakitzen du, zerbitzari bakarraren laguntzarekin -beste hiruk namakuatarrekin geratzea erabakitzen dute-. Bidea luzea da, eta apenas duten jakirik Jacobusek eta zerbitzariak. Azken hori bidean geratuko da; afrikanerra, mendeku goseak adoretuta, ahulduta baina onik helduko da etxera.

Handik hilabete batzuetara, armada txiki baten laguntzarekin itzuliko da Jacobus namakuatarren lurraldera, eta haiek guztiak akabatuko ditu, heldu, zahar zein ume. Bere eta bere aberrikideen aburuz, indigena batek gizon zuri bati egindako iraina odolarekin bakarrik ordain daiteke.

Historia eta fikzioa

XVII. mendeko izen bereko esploratzailearengan oinarriturik dago Jacobus Coetzee, idazlearen urrutiko ahaidea hura, eta namakua jendearen lurraldera 1760an egindako espedizioaren inguruan afrikaner gobernadoreari hark emandako lekukotza du oinarri The Narrative of Jacobus Coetzee-k. Testigantza horren transkripzioa zein S. J. Coetzee editore eta historialariak -idazlearen aitak- Jacobusen lekukotzaren lehen argitalpenari idatzitako hitzaurrea biltzen ditu argitalpenak, lehenago azaldutako istorioarekin batera. Azken hori eta bi testu historikoak, ordea, ezin ezberdinagoak dira. Batek Jacobusen ekintza deitoragarriak modu gordinean azaltzen ditu, eta beste biek, aldiz, apainduta azaltzen dituzte ekintza berberak: batean kolonialismoaren krudelkeria dena, beraz, besteetan zibilizazioaren garaipen moduan goraipatzen da.

Baina hementxe dago koxka: espedizioari buruzko istorioa zein S. J. Coetzeeren hitzaurrea fikziozkoak dira. 1760ko lekukotzaren transkripzioa da dokumentu guztietatik benetakoa den bakarra; benetakoa bai, baina ez dago horregatik fikzioaren trikimailuetatik aske. Hiru testuak bata bestearen atzetik irakurrita, agerian geratzen da zer eragin duen historiak edo, zehatzago esanda, historiografiak ikuspuntu jakin batzuk balioetsi eta datu fidagarri moduan sortzeari begira.

Kasu honetan, afrikaner nazionalismoaren indartzea eta afrikaner kulturaren gorentzea ahalbidetu zuen mundu ikuskera ofizialtzeko prozesua azalarazten du Jacobus Coetzeeren espedizioaren narrazio hirukoitzak, baita inplikazioa ere. Hortik The Narrative of Jacobus Coetzee-ri hasiera ematen dion aipua, Flauberten Bouvard et Pecuchet (1881) lan satirikotik harturik dagoena: «Garrantzitsuena historiaren filosofia da». Hots, filosofia edo historia barruko legea ezartzen duen ikusmolde meta-historiko batek gidatzen du historiaren idazketa.]]>
<![CDATA[Emakumeentzat, emakumerik gabe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/040/001/2019-09-29/emakumeentzat_emakumerik_gabe.htm Sun, 29 Sep 2019 00:00:00 +0200 Estibalitz Ezkerra https://www.berria.eus/paperekoa/1942/040/001/2019-09-29/emakumeentzat_emakumerik_gabe.htm
Bere teoriekin bat etorri arren, Begoña Aretxagaren ustez, Andersonek xehetasun garrantzitsu bat ahazten du nazioaren izaera aztertzeko orduan: genero ikuspegi jakin batetik abiatzen den irudimenezko komunitatea da. Antropologoak Euskal Herriko eta Ipar Irlandako gatazka armatuen gainean eginiko lan garrantzitsuan ondo erakusten du nazio eraikuntzari buruzko planteamenduetan emakumearen irudia oso presente dagoen arren -betiere babesa ematen duen edo babestu behar den amaren rola gailentzen da-, emakumeen parte hartzea ahaztu edo bigarren maila batean utzi izan dela. Adibide moduan jartzen du Armagaheko espetxean 1980. eta 1981. urteetan emakumeek eginiko protestek izan zuten aurreiritziz beteriko oihartzun txikia, hamarkada berean Maizeko espetxean gizonek egin zituzten horiek jaso zutenarekin konparatuz gero -azken horiek martiri izendatu zituzten-.

Irlandar historiografiak parte hartze zuzena izan du herrialdeko emakumeen esperientzien isiltze sistematikoan. Margaret Ward historialariaren lana funtsezkoa da, alde horretatik, azken bi hamarkadetan lan eskerga egin baitu lehen plantazioen garaitik Irlanda hegoaldeak independentzia lortu zuen arteko epean emakumeek egindakoak dokumentatzeko. Gertatutakoari buruzko ikuspegi zabal eta konplexuagoa emateaz gain, emakumeen esperientziak oinarri dituzten historia horiek hainbat uste eta mitorekin hausten dute. Horixe egiten du, hain zuzen, Anna Burnsen (Belfast, 1962) Milkman-ek (Esneketaria, 2018) modu ezin ausartagoan, Ipar Irlandan gatazka armatuaren garaian emakume arruntek bizitakoa hizpide duen nobelak.

1980ko hamarkadaren hasieran, hots, arazoak puri-purian zeuden garaian eta Ipar Irlandako hiri batean giroturik dago Milkman-ek kontatzen digun istorioa. Nobelan ez da izenik agertzen: ez hiriarena, ez protagonista den 16 urteko neskarena, ezta borrokan ari diren alderdiena ere. Aitzitik, protagonistarekiko duten harremanaren -ama, lehen ahizpa, bigarren ahizpa, ia mutil laguna den mutila...- eta gatazkan jokatzen duten rolaren arabera izendatuta agertzen dira, urte haietan ohikoak ziren agenteak eta egoerak iradokitze aldera.

Protagonistak kontatzen duenez, komunitatearen sostengu nagusia emakumeak dira: haiek arduratzen dira seme-alaben zaintzaz eta, maiz, familiako gizonezkoak jadanik hilda, ihes eginda edo kartzelan daudelako, etxera soldata bat ekartzeaz ere bai. Norbait ezkutatu behar denean edo zaurituta dagoenean, komunitateko emakumeen esku dago babesleku bat topatzea eta zauritua artatzea. Komunitatearen alde eta uraz bestaldeko gobernuaren kontra borrokan ari diren horiek ondo dakite zeinen garrantzitsua den emakumeen rola, haien laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke borrokan jarraitzea. Hala ere, komunitateari buruzko kontuetan apenas duten ahotsik emakumeek.

Komunitateko emakumeak noiz edo noiz altxatu izan dira ordenaren kontra, baina ezohiko kasuak izaten dira horiek, ondo baitakite muga gurutzatuz gero senarrek, nebek edo semeek soka motzez lotuko lituzketela, eta ez zentzu metaforikoan bakarrik. Protagonistaren frustrazioa nabarmena da kontakizunean zehar sistema itxi eta itogarritik ihes egiteko modurik ez dagoelako. Uraz bestaldeko gobernuak eta haren laguntza jasotzen duten paramilitarrek eta komunitatearen alde borrokan ari diren horiek emakumeen bizi baldintzak gogortu egiten dituzte, eta tresna modura erabiltzen dituzte beren arteko gatazkan.

Bitxia izatearen etiketa

Protagonistak, ordea, ez dio bizimodu propio bat izateko aukerari uko egin nahi, eta, inguruan gertatzen denarekiko erresistentzia modura, ezohiko jokabidea agertzen du. Esaterako, oinez ari dela irakurtzen du, eta korrika egitera joaten da. Pertsona bitxi moduan etiketatua izateak baditu bere arriskuak mugimendu oro kontrolatzera behartuta dagoen komunitate batean, baina, protagonistaren kasuan, espero ez bezalako ondorioak ditu: jadanik ezkonduta dagoen eta borrokan dabilen Milkman izenarekin ezaguna den gizonaren arreta erakartzen du.

Milkmanek egingo dion jazarpen zorrotzak eragin bortitza izango du protagonistarengan, doan tokira doala zain izango duelako, bere mugimendu guztiak kontrolatzen. Egun batetik bestera, gogoko dituen jarduerak egiteari uzten dio, harekin topatzeko beldurrez; ia mutil laguna duen mutilarekin haustekotan da, komunitatearen alde borrokan ari den kideak mehatxu egiten diolako harremanarekin jarraitzekotan mutilari zerbait txarra gerta dakiokeela.

Milkmanen jarrera inork kritikatzen ez duen bitartean -jazarpenarekin aurrera jarrai dezake gizona delako eta borroka armatuaren barruan jokatzen duen rolagatik-, komunitateko emakumeek protagonistari botako diote errua, normalak ez diren gauzak egiten dituelako eta ez duelako, emakume bati dagokion bezala, senargai serio bat lortu, ezkondu, eta umerik edukitzen. 16 urteko neska bat, hau da, babesa behar duen adingabe bat dela ihes egiten die guztiei. Emakumea denez, horrek ez du axola.]]>