<![CDATA[Felix Zubia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 08 Aug 2022 18:11:33 +0200 hourly 1 <![CDATA[Felix Zubia | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Tratamenduen prezioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/007/001/2022-06-28/tratamenduen_prezioa.htm Tue, 28 Jun 2022 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1898/007/001/2022-06-28/tratamenduen_prezioa.htm
Baina tratamendu horiek guztiak badute amankomuna den zerbait: euren prezio altua. Merkaturatu ondoren euren prezioa jaisten badoa ere, oso garestiak dira guztiak, eta, pentsa dezakezuenez, horrek desorekak eragin ditzake, eta eragiten ditu.

Lehen adibidea C hepatitisaren aurkako tratamendua izan zen, 2014an. C hepatitisaren birusa sendabiderik gabeko birusa zen, hepatitis kronikoa, zirrosia eta gibeleko minbizia eragiten zituena. Bera tratatzeko botika eraginkorra aurkitu zen, baina hasieran 43.000 euro inguru balio zituen tratamenduak. Beharbada, zuetakoren batek gogoan izango du sortu zen zalaparta, urtero tratatu ahal zen kopurua mugatua zelako, eta zerrendak osatzeko irizpideak zirela eta. Zortzi urte pasatuta, gure artean zeuden kasu kroniko ia gehienak tratatu ziren, eta sortzen diren kasu berriak tratatzeko itxaron beharrik ez dago. Baina herrialde pobreenetan tratamendu hori ematerik ez dago, eta ez da tratatzen, jendea oraindik ere C hepatitisaren ondorioz hiltzen delarik.

Orain garatzen ari diren CAR-T terapiek, minbiziaren aurka aukera berri bat suposatuko dutenek, aukera berri bat ekarriko dute. Prezioa, ordea, 300.000 eurotik gorakoa da paziente bakoitzeko, eta, ondoren jaistea espero den arren, beti izango dira oso garestiak. Eutsiko al die gure osasun sistemak kostu horiei?

Eta adibide asko jarri balitezke ere, azken kasua alopezia areatak eragin du. Gaixotasun autoimmune horrek buruko larruazalari eragiten dio, eta eremu jakin batzuetan ilea galtzen da, alopeziazko eremu batzuk garatuz tarteka. Barizitinib izeneko botikak gaitz hori kontrolatu lezake, baina uzten bada, berriro agertzen da. Barizitinibaren prezioa urteko 34.000 eurokoa da, pertsona arrunt batek ordaintzeko gehiegizkoa.

Zergatik dira hain garestiak botikak? Batzuk, euren konplexutasungatik neurri handi batean, CAR-T terapiak esaterako. Beste asko, farmazia konpainiek prezio oso altua jartzen dietelako, garatzeko egindako ikerketaren kostua arrazoitzat harturik.

Egoera honek galdera sorta handia eragiten du, asko etikoak. Zergatik ez da erakunde publikoetan botika horien garapena ikertzen, ondoren merkeagoak izan daitezen? Kendu al litezke patenteak, euren epea baino lehen, interes publikoa dela eta? Baliabideak mugatuak badira, pazienteen artean lehentasunak ezarri behar al dira, adinagatik esaterako? Herrialde aberats eta pobreen arteko koxka are eta gehiago handituko al da? Eta herrialde aberatsen barruan, biztanle aberats eta pobreenen artekoa?

Erantzunak zailak direla jakinda, gogoeta publikoa merezi duen gaia da, muturren aurrean dugulako, eta hurrengo urteetan okertzen joango den arazoa delako.

]]>
<![CDATA[Lehen mailako arreta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1975/006/002/2022-06-14/lehen_mailako_arreta.htm Tue, 14 Jun 2022 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1975/006/002/2022-06-14/lehen_mailako_arreta.htm
Arazoa sorgin-gurpil baten barruan dagoela iruditzen zait, elkar elikatzen duten faktore asko egonik, eta erremedio errazik gabea. Bazetorrela ere ikusten zen, baina, eta behar ziren neurri asko ez dira hartu, dagokien agintarien aldetik.

Lehenik, familia medikuen zahartzea gertatu da. Asko dira azken urteotan erretiroa hartu dutenak, eta asko hurrengo urteetan erretiratuko direnak. Pentsatzekoa denez, erreleborik ez bada, mediku falta sortu da eta sortuko da.

Hauek ordezkatzeko medikuak behar dira, eta fakultateetan sortzen dira medikuak. Hauek, ordea, ez dute familia mediku izan nahi. Egin berri den BAME azterketan (MIR gazteleraz), familia mediku plaza asko bete gabe geratu dira, zenbait lurraldetan kopuru handian. Beraz, espezialitatea ez da erakargarri egun, eta hor dago koxka handiena.

Zergatik ez da erakargarri? Ez dut uste arazo nagusiena soldata denik, jasotzen den dirua, lanaren baldintzak eta jarduera baizik. Batetik, denbora oso murritza izaten da paziente bakoitza ikusteko, eta horrela lan egitea nekeza da. Bestetik, lan burokratiko asko egin beharra dauka familia medikuak, osasun arretari kentzen zaion denbora. Borobiltzeko, medikurik gazteenei ez zaie egonkortasunik eman, ez kontratuen iraupenean, ez eta toki berean egindako lanean. Ezin da familia mediku lana ondo egin gaur Lezon, bihar Oiartzunen eta etzi Errenterian egonda. Eta mediku gutxiegi badaude, eta gutxiagoren artean lan gehiago egin behar bada, arazoa handitu egiten da, lana are eta astunagoa eginez.

Eta azkenik, prestigioaren gaia dago; familia medikua bigarren mailako mediku balitz bezala hartzen dugu, sistemaren oinarri denean. Familia medikua ni bezain espezialista da, berak egiten du posible gaixo kronikoen jarraipena, gaitzen prebentzioa, eta arrisku faktore askoren kontrola. Askotan goraipatzen dugun edozein botika berrik baino bizitza gehiago ateratzen ditu aurrera familia medikuak. Eta hau ikusarazi beharra dago, hasi medikuntza fakultateetatik, pasa komunikabideetatik, eta herritarrekin bukatuz. Prestigiorik ez bada, ez da erakargarri izango, eta erakargarri ez bada, ez da familia medikurik izango.

Erremedio magikorik ez dela jakinik, epe ertaineko plangintza eskatzen du arazoak. Duen garrantzia aitortu, nora joan nahi dugun jakin, eta aurrekontua eskaini. Hau egin ezean, osasun sistemaren oinarria eroriko zaigu, eta beste medikuok ere ezingo dugu lana ondo egin.

P.S: mesedez, ez sartu hizkuntzaren kontua gai honetan, auzo-lotsa eragiten duzue eta.]]>
<![CDATA[Suizidioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2022-05-17/suizidioa.htm Tue, 17 May 2022 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1877/010/001/2022-05-17/suizidioa.htm
Europa hegoaldean iparraldean baino tasa baxuagoa den arren, etengabean gorantz doa suizidioen kopurua, eta, duela 40 urteko datuekin alderatuz, bikoiztu egin dira. Heriotzarik gehien gizonezkoetan ematen dira (3 gizon emakume bakoitzeko), eta 40 eta 60 urteren artean, baina adin-tarte eta sexu guztietan eman da igoera. Gertatzen den heriotza bakoitzeko 20 saiakera inguru daudela uste da.

Zer egin genezake arazo honen aurrean? Lehenik eta behin, arazoa onartu eta ikusarazi. Urte askoan ez da honi buruz hitz egin, azaltzeak pertsonak suizidiora bultzatuko lituzkeela pentsatuz. Datuek, ordea, kontrakoa diote, eta bada garaia arazoa ezagutu eta landu dezagun. Suizidioa pertsona bezain antzinakoa den arren, hainbesteko neurririk ez duelako sekula izan.

Bigarrenik, ikuspuntu zientifiko eta era berean oso batetik landu. Osasun arazoa denez, bere epidemiologia ezagutu, hau da, zenbaterainokoa den; eta batez ere etiologia aztertu, ea zergatik gertatzen den ikertu. Hemen sartuko litzateke ikuspegi osoa edo integrala, pertsonaren barreneraino sartzea eskatzen duelako, eta gizartearen muina aztertzea.

Trafikoko istripuak gehiegizko abiadurari edo toxikoen kontsumoari lotuta daudela jakindakoan, izan ginen kontziente gure aurreko jokabide batzuk aldatu behar genituela, eta hartu ziren legezko erabaki batzuk. Antzerako zerbait eskatuko luke suizidioak: ikerketa sakon eta irekia, bere arrazoiak ondo jorratuko lituzkeena, ikuspegi askotarikoa: soziologia, etnografia, ekonomia, psikiatria...

Hirugarrenik, eta behin arrazoiak jakinda, prebentzio lana egin. Sedentarismoak edo elikadura txarrak zirkulazio arazoak sortzen dituen moduan, suizidioak bere eragileak dituelako, eta horiek errotik moztu behar ditugu.

Eta, azkenik, kasuak agertzen direnean, tratamendua jarri, Osasun Mentaleko sare indartsu eta publiko bat osatuz. Garbi dago une honetan daukagun sarea ez dela arazoari erantzuteko gauza, gaindituta dagoelako. Eta horrek baliabideak eskatzen ditu, epe ertainerako plangintza bat, eta aurrekontu egoki bat azken finean.

Bada garaia zerbait egin dezagun, gizarte moduan geure buruaz beste egin baino lehen.]]>
<![CDATA[Azukrearen gatibu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1991/007/002/2022-04-19/azukrearen_gatibu.htm Tue, 19 Apr 2022 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1991/007/002/2022-04-19/azukrearen_gatibu.htm
Pankrea da azukre maila egokiak mantentzeaz arduratzen den organoa. Azukre gehiegi badugu, intsulina jariatzen du, zeluletara sartu dadin; eta alderantziz, azukre mailak jaisten badira, glukagoia jariatuko du, azukre gehiago izan dezagun.

Elikaduraren bidez, azukrea bi eratara iritsi liteke gure gorputzera. Batetik, molekula handien bidez, polisakarido deituak. Gorputzak digeritu egin behar ditu, zati txikiagotan egin, xurgatu eta aprobetxatu ahal izateko. Prozedura hau pixkanaka gertatzen denez, azukre mantso izena ere ematen zaie, eta osasungarrienak dira, pankrearen lana modu konstantean gertatzen delako. Modu naturalean azukrerik gehienak molekula handitan agertzen dira, barazki, eltzeko edo zerealetan esaterako. Bestetik, molekula txikitan iritsi liteke azukrea, monosakarido edo disakarido deituak. Ez dute digestiorik behar, eta berehalakoan iristen dira hesteetatik odolera, erabilgarri izanez. Azukre azkar ere deitzen zaie, eta kantitate handitan hartuz gero, pankreari lan nekezagoa eragiten diete, intsulina kantitate handiagoak sortu behar dituelako. Azukre azkarren gehiegizko kantitatea obesitateari eta II motako diabetesaren garapenari lotua dago, gure artean osasun arazo larri bihurtzen ari dena.

Naturan oso gutxitan topatzen ditugu azukre azkarrak, ezti edo fruta batzuetan ez bada, eta bat-bateko energia iturri izaki, gure garunak eta gorputzak bilatu egiten ditu. Horregatik gara denok gozo-zaleak, geure senean dago, modu handi edo txikiagoan. Baina elikaduraren industriak azukre azkarren ugaltzea ekarri du, naturari kontra eginez: gozokiak, freskagarriak, txokolatea... Aipatu dugun moduan, azukre azkar hauek gustatu egingo zaizkigu ia beti, eta adikzio maila bat ere eragin dezakete, estres egoeretan bereziki, garunari azukre azkarren sarrera atsegingarri zaiolako.

Elikaduraren industriak, hau jakinda, azukre azkarrak erabiltzen ditu gehigarri moduan, euren produktuak atseginago egiteko, eta adikzioa eragiteko. Berez azukre azkarrik behar ez luketen produktu askori gehitzen dizkiote inolako beharrik gabe, eta obesitatea eta diabetesa garatzea errazten dute. Ez noa markarik ematera, baina oso ezagunak zaizkigun produktu askok behar ez luketen azukrea dute. Nahi duenak www.sinazucar.org helbidean begiratu ditzake.

Ezinbestekoa zaigu kontsumitzaileoi hau ezagutzea, eta babestuko gaituen legedia garatzea. Daukagun obesitate zabaldua ez da gure ohituren ondorio bakarrik, industriaren erabaki jakin baten emaitza ere bada. Azukrearen gatibu izan gaitezke, ibili gaitezen adi.]]>
<![CDATA[Airearen kalitatea eta osasuna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2135/010/001/2022-03-22/airearen_kalitatea_eta_osasuna.htm Tue, 22 Mar 2022 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/2135/010/001/2022-03-22/airearen_kalitatea_eta_osasuna.htm
Osasunaren Mundu Erakundeak 2019an adierazi zuenez, biztanleen %99 airearen kalitatearen zuzentarauak kontuan hartzen ez diren inguruetan bizi gara. Horrek ez du esan nahi airearen kalitatea txarra denik, baizik eta kalitatea ez dela ondo neurtzen, edo, neurtu arren, ez dela neurririk hartzen kalitatea txarra den unean.

2016an kalkulatu zenez, urtero 4,2 milioi heriotza goiztiar gertatzen dira munduan airearen kalitate txarra dela eta. Airean 2,5 mikroi edo gutxiagoko partikula oso txikiak pilatzen direnean, izugarri handitzen da gaixotasun kardiobaskularrak (miokardioko infartua, iktusa garunean), biriketako gaixotasunak eta minbiziak garatzeko aukerak (birikan, iraitz aparatuan eta maskurian ziur; beste mota batzuetan ziurrenik bai).

Heriotza gehien herrialde behartsuenetan gertatzen dira, baina gure inguruan ere airearen kalitatea ez da beti ona, hiri handienetan batez ere. Espainiako Estatuan 2019an airearen kutsaduraren ondorioz 30.000 pertsona hil zirela kalkulatzen da, eta biztanleen %26k europar legeek agindutako mailak gainditzen zituen airea arnastu genuen. Kutsadura mailak handiagoak dira eguraldi beroa denean, eta haize gutxi dabilenean —aldaketa klimatikoak erraztu lezakeen egoera—. Zer egin genezake horren aurrean?

Osasunaren Mundu Erakundeak berak dio norbanakoak keinu txiki batzuk egin ditzakeela kutsadura horren aurka, eta gobernuen eta erakundeen esku daudela hartu beharreko neurri nagusiak. Hara hemen batzuk: garraioan, trafikoa hiriguneetatik ateratzea, garraio publikoa modu eraginkorrean bultzatzea edo bizikleten erabilera indartzea. Industrian, kutsadura egoki neurtzea eta kutsadura gutxiagoko teknologiak bultzatu eta kutsakorrak galaraztea. Hirigintzan, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzea eta hirigune handietako garraioa ondo planifikatzea. Energiaren sorkuntzan, energia berriztagarriak eta autoekoizpeneko sare txikiak ezartzea. Eta, hondakinen kudeaketan, birziklatzea benetan ezartzea, eta errausten diren kopuruak ahalik eta txikienak izatea.

Airearen kalitatea zaintzea ez da ekologia kontua bakarrik, osasun arazo bat ere bada, ekologiaren eta osasunaren arteko bereizketa egiterik ez dagoen arren. Denoi dagokigu gure keinu txikiak egitea eta gure erakundeei neurri eraginkorrak eskatzea.]]>
<![CDATA[Osasuna eta hizkuntza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/007/002/2022-02-22/osasuna_eta_hizkuntza.htm Tue, 22 Feb 2022 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1892/007/002/2022-02-22/osasuna_eta_hizkuntza.htm
Osasuna eta hizkuntzaren gaia hizkuntza eskubideen ikuspegitik jorratu izan da ia beti. Arrazoiz, gainera, edozein pertsonak duelako administrazio publikoan berak nahi duen hizkuntzan jarduteko aukera, eta administrazioak eskubide hori betetzeko baliabideak jarri behar baititu. Baina osasunaz eta hizkuntzaz ari garenean, bada sarri landu ez den alderdi bat, niretzat aurrekoa bezain garrantzitsua, eta hau arretaren kalitatearena da. Frogatua dago ezinezkoa dela osasun zaintza egoki bat ematea pertsona horren hizkuntzan ez bada. Beste hizkuntza batean jardunarazteak diagnostikoak atzeratu edo okerrarazi ditzake, tratamendu desegokiak jartzera eraman, eta emandako arretaren kalitatea jaitsi. Beraz, eta gaur ari naizen ikuspegitik, gaitasun profesional egokia izatea da pertsona bati bere hizkuntzan arreta eskaintzea. Eta honen kontra joatea arretaren kalitatearen aurkakoa da; eta ezjakintasunaren, utzikeriaren eta segurtasunaren aurkakoa.

Geroz eta froga gehiago ditugu honen inguruan. Psikiatrian, adibidez, elkarrizketa da diagnostikorako tresna nagusi eta ia bakarra, eta pazienteak nahi ez duen hizkuntzan arituz gero, diagnostiko okerrak egiten dira. Neurologian, hizkuntzaren gaitzak edo afasiak aztertzeko ezinbestekoa da pertsona horren hizkuntzan aritzea; kale egingo dugu bestela. Logopedian, hizkuntzaren errehabilitazioa zeurea ez duzun hizkuntzan egiten bada, emaitzak askoz ere okerragoak dira. Eta berdin, nahiz ez hain nabarmen izan, osasungintzaren beste alorretan ere. Neure begiz eta belarriz jasoa da nola euskaraz ez zekien mediku batek afasia bat diagnostikatu zion gaztelaniaz ondo moldatzen ez zen pertsona bati, neuk zuzendu eta ahoa bete hortz geratu zen arte nirekin bizi-bizi hizketan entzutean, euskaraz noski. Neuk ikusia da nola eldarnioa zutela pentsatzen zuen euskaraz ez zekien erizain batek, gaztelaniaz erdipurdi moldatzen zen aitona bat gauez haserretu zelako. Eta horrelako asko, haserrez eta minez betetako zerrenda osatzeraino.

Hau ederki dakite munduko herrialde indartsuenek. Espainiar Estatuan, espezialista izateko BAME (gaztelaniaz MIR) azterketara aurkeztu nahi duen atzerritar batek gaztelaniazko C1 hizkuntza gaitasuna frogatu beharra dauka ezinbesteko baldintza moduan. Zer nahi duzu, gaztelaniaz dakien medikua, ala medikurik onena? Zergatik, modu logikoan gaztelaniarentzat onartzen dena, ez da beste hizkuntzentzat onartzen? Ameriketako Estatu Batuetan mediku lan egiteko, ingelesezko azterketa bat gainditu beharra dago, ezinbestean. Hauek ere, tontoak ez direnez, arazoaren jakitun direlako. 2009an, Madrilgo Mediku Elkargoak publikoki salatu zuen atzerritik etorritako medikuen %20k ez zekiela ondo gaztelaniaz, «ezinbestekoa den baldintza arreta lana egoki egiteko», euren hitzak testualki itzulita. Eta hemen, zergatik ez?

Ezinezkoa da Euskal Herrian osasun langile ona izatea euskaraz ez badakizu. Ez da hizkuntza eskubidea bakarrik, kalitatezko osasun arreta jasotzeko eskubidea ere bada. Bada garaia hau ozen esan dezagun. Eta honi kontra egiten diona, maltzur eta zitalaz gain, osasun kontuetan ezjakina ere bada, duen postua edozein delarik ere.]]>
<![CDATA[Munduaren txertoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/003/001/2022-01-25/munduaren_txertoa.htm Tue, 25 Jan 2022 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1948/003/001/2022-01-25/munduaren_txertoa.htm
Pandemia honek jende miresgarria ezagutzeko aukera eman digu, eta haietako bat Maria Elena Bottazzi da. Hondurasen jaioa eta bertan ikasia da, eta AEBetako Baylor Medikuntza Eskolan eta Texas-eko Haurren Ospitalean egiten du lan ikerlari horrek. Aurrez lan batean aipatu nuen moduan, Bottazzi eta bere taldeak koronabirusen aurkako txertoaren prototipo bat garatu zuen duela urte batzuk inguru, orain dugun koronabirusaren ahaide diren SARS eta MERS gaitzak aztertuta, pandemia bat izan zitekeela susmatuz. Hiru milioi euro behar zituzten lehen eredu hura garatzeko, baina buru argiren batek lehentasunezkoa ez zela iritzi, eta ez zuten laguntzarik jaso.

Talde horrek ez zuen etsi, ordea, eta pandemia (edo otsos) heltzean, iritsi zitzaien behar zuten laguntza euren lana osatzeko. Eta baita egin ere, berriki zabaldu duten moduan, Corbevax izeneko txertoa garatuz, edo, asmatzaileek dioten moduan, munduaren txertoa.

Zientziari dagokionez, txerto horrek birusaren proteinak ditu, gure gorputzak ezagutu eta defentsak garatu ditzan, gaitza datorrenerako. RNA txertoek (Pfizer edo Moderna, esaterako), gorputzaren makineria erabiltzen dute, proteinak gorputzak sortu ditzan; baina muturreko tenperatura baxuetan gorde behar dira. Txerto honek, aldiz, pauso bat gehiago emanda, birusaren antzeko proteinak ditu, eta askoz ere errazago garraiatu eta zabaldu liteke.

Baina txerto horren berezitasun nagusiena da patenterik ez duela. Ikerketa horren egileek sortzeko prozedura modu irekian jarri dute, beste ikertzaile taldeek ezagutu eta hobetu dezaten. Era berean, edozein lantegik produzitu dezake, eta, Bottazzi doktoreak dioenez, munduan modu masiboan egitea espero da. Indiako lantegi bat hasia da dagoeneko sortzen, eta urtarrila eta otsaila artean 300 milioi dosi ekoiztea espero da. Era berean, Asiako, Afrikako eta Erdialdeko Amerikako lantegiek ere produzitzea espero da, benetan azkar zabaldu dadin. Bere prezioa oso merkea izango da, dolar bat edo bi dosiko, eta prezio horretan zabalduko da. Plangintza hau betetzen bada, pandemiaren amaiera hurbilago izango dugu.

Ez zaitut pertsonalki ezagutzen, baina maite zaitut, Bottazzi doktorea. ]]>
<![CDATA[Omikron aldaera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1914/005/001/2021-12-28/omikron_aldaera.htm Tue, 28 Dec 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1914/005/001/2021-12-28/omikron_aldaera.htm
Horren adibide izan liteke gripearen birusa. 1918an aldaketa handi bat izan zen, gaitza izan zutenen %10-20 hil zen, eta munduko biztanleen %5en heriotza eragin zuen. Behin biztanle gehienek pasatuta, urteroko birus bihurtu zen, aldaketa txikiekin hedatzen dena.

Koronabirusarekin ere horrelako zerbait gertatu zaigu. Lehendik bagenituen koronabirus batzuk gure inguruan, baina ia denontzat erabat ezberdina eta berria den SARS-CoV-2 birusak defentsarik gabe harrapatu gintuen. Lehen aldaerak edo alfa aldaerak gaitza zutenen %10en ospitaleratzea eragiten zuen, eta %1-2ren heriotza, era berean osasun sistemak gainezka jarriz. Bere aurka sortu ziren txertoek gaitzaren garapena eragozten zuten kasuen %70 inguruan, eta bilakaera larria izatea %95etan, nahiz eta haien artean ezberdintasunak izan.

Ondoren etorri zen delta aldaerak kutsakortasun handiagoa zuen, eta txertoek gaitza ez garatzeko gaitasuna galdu zuten (%50-60an kokatzen dute ikerketa batzuek, beste batzuek askoz ere baxuago). Horrekin, talde babesa edo artalde efektua lortzerik ez dago, baina txertoek gaitzaren forma larriak eragozten dituzte kasuen %90etan, 70 urtetik gorakoetan eta immunitate arazoak dituztenetan %70era jaitsiz. Txertoei esker, azken bi olatuetan ospitaleetan izandako eragina askoz ere txikiagoa izan da, eta milaka heriotza ekidin dira.

Eta orain omikron aldaera etorri zaigu. Aldaera hau askoz ere kutsakorragoa da, pertsona batek beste 10 kutsatzen dituela diote, eta ezagutzen den birusik kutsakorrena dela. Aurrez gaitza pasatu izanak ez du berriro gaixotzea eragozten, nahiz eta nahiko modu arinean garatzen den. Ditugun txertoek, alfa aldaeraren aurka sortuak, gaitasun txikia dute gaitza garatu ez dezagun, baina gaixotasuna modu arinean izateko aukera handiagoa dakarte, hirugarren dosiarekin batez ere.

Hurrengo asteetan kasuen gorakada ikaragarria espero da, ia gehienak arinak. Kasuen gorakada horrek gizartearen alor askotan langile falta ekarriko du, eta oinarrizko diren zerbitzu asko kolokan jarri ditzake, Erresuma Batuan gertatzen ari den moduan. Lehen Arretan, kasuen jarraipena ezinezkoa izango da, eta are eta gutxiago kontaktuen jarraipena eta haiei testak egitea. Ospitaleetan, azkenik, ez dakigu zer-nolako eragina izan dezakeen. Hegoafrikan askoz ere ospitaleratze gutxiago izan dituzte, baina pertsona gazteak dira nagusi, gurekin aldaratzea zailduz. Europako lehen datuek ere eragin txikiagoa adierazten dute, Erresuma Batuan eta Danimarkan esaterako, baina oraindik ere goiz da hori ziurtatzeko. Arriskua txikiagoa izan arren, kasuen gorakada izugarriak kopuru handiak eragin ditzake, eta ospitaleak guztiz bete. Egoera honen aurrean, Europako herrialdeek neurri zorrotzak hartu dituzte, badaezpada.

Eta zer ekarriko du epe luzera? Aditu askok diote hau izango dela azken olatu handia, biztanleen zati handi batek modu arinean pasako duelako, eta immunitatea garatuko duelako. Horrela, birusaren aldaera berriek kutsatu arren, modu arinean pasatuko genuke gaitza. Hainbeste ezusteko eman dituen gaitz honen bilakaera aurreikustea zaila da, eta hurrengo asteek emango digute erantzuna. Bitartean, Hegoafrikan kasuen jaitsiera hasi da, eta itxaropentsu daude. Ikusiko dugu zer gertatzen den Europa zaharrean. ]]>
<![CDATA[Datu zientifikoak, galdera etikoak, erabaki politikoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1932/003/001/2021-11-30/datu_zientifikoak_galdera_etikoak_erabaki_politikoak.htm Tue, 30 Nov 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1932/003/001/2021-11-30/datu_zientifikoak_galdera_etikoak_erabaki_politikoak.htm
Koronabirusaren arriskua kolektiboa da, oso azkar hedatzen delako, eta osasun sistemak kinka larrian jartzen dituelako, zainketa intentsiboen unitateak bereziki. Horrek bestelako gaixotasunen artatzea arriskuan jartzen du, eta Osakidetzan, adibidez, jarduera kirurgikoa bi aldiz eten behar izan da.

Txertoa da kontra egiteko dugun neurririk garrantzitsuena, baina ezin du bakarra izan. Oso albo-ondorio gutxirekin, txertoak infekzioa garatzea eragozten du kasuen %50-60n, eta ospitaleratzea eta heriotza kasuen %90en. 70 urtetik gorakoetan eta immunitate arazoak dituztenetan, ordea, babesa %70era jaisten da. Hori dela eta, bestelako neurriak mantendu beharra daukagu, txertaketaz gain: jende pilaketak ekidin, aireztapena mantendu, musukoa espazio itxietan eraman eta distantzia soziala gorde.

Zientziak datuak ematen dizkigu, egiaztagarriak eta objektiboak direnak. Gizarteari dagokio, baina, arazoaren kudeaketa, galdera etikoak sortzen direlako. Hona hemen batzuk; ziur, irakurle, zuk ere gehiago badituzula: derrigortu al liteke inor bere borondatearen aurka txertatzera? Askatasunaren izenean, nire jokabideekin besteren bizitza, edo osasun sistemaren egonkortasuna arriskuan jarri al nezake? Mugatu al liteke inoren bizimodua, gehiengoaren ongizatearen izenean? Zer da garrantzitsuagoa, bidaiatzeko edo festarako eskubidea, edo osasunerako eskubidea? Haurrak txertatu behar al ditugu, helduak parrandan ibili gaitezen?

Eta galdera hauen erantzuna politikoa da, zerbait egin beharra dago. Politikoa, hitzaren zentzurik zabalenean, pertsonen komunitate baten erabaki moduan ulertua, komunitate guztiaren parte hartzearekin. Erabaki zehatzak behar ditugu, etengabeko bai baina ez hau albora utzita, bere ondorioen jakitun, eta ondorio hauek onartuz.

P.D: Europan egindako ikerketek osasun langileon %25ek burn-out sindromea dugula dio, antsietateak eta ezinak menderatu gaituela. Alemanian, azken okerraldiaren aurrean, duten arazo handienetako bat osasun langileen gabezia da. Aurreko olatuetan lan egin dutenetako askok ezin dutela diote, ez direla gauza berriz ere sufrimendu horretatik pasatzeko. Eta oheak eta makinak izan arren, pazienteak zaintzeko langileak falta zaizkie. Eta hemen ere horrelako zerbait gertatuko balitz?]]>
<![CDATA[Zer gehiago egin genezake?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1898/006/001/2021-11-02/zer_gehiago_egin_genezake.htm Tue, 02 Nov 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1898/006/001/2021-11-02/zer_gehiago_egin_genezake.htm
Txertaketa ahalik eta gehien zabaltzen saiatu beharko genuke, ezezkoa eman dutenak konbentzituz. Txertaketak birusaren transmisioa %60 murrizten du, erabat mozten ez duen arren, eta hortik etorri da daukagun intzidentzia baxuagoa. Bakoitzaren txertaketak ingurukoak babesten ditu, %100ean izan ez arren. Era berean, txertoak kasuak larritzea eragozten du pertsonen %90engan; %70ean 70 urtetik gora edo immunitate arazoak dituzten pertsonetan. Horrek norberarentzat babesa eskaintzen du, eta ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten ditu. Gure zainketa intentsiboen unitatean uztailetik hona ospitaleratu ditugun pazienteen bi heren txertatu gabeak dira.

Kasuak murriztu diren honetan, kasu bakoitzaren atzeranzko ikerketa egitea komeni da, sorburuak bilatu eta isolatzeko. Eta, horrekin batera, transmisioa non gertatzen den ikertu beharko litzateke. Badakigu espazio itxietan arriskua askoz ere handiagoa dela (40 aldiz handiagoa), baina benetan aztertu beharko genuke zer gertatzen den espazio bakoitzean, garraio publikoan, eskoletan, lantokietan edo kiroldegietan, esaterako.

Aireztapen egokia prebentzio neurri oso garrantzitsua da, behar bezala zabaldu ez dena. Espazio itxiak ondo aireztatu behar ditugu, leihoak eta ateak zabalduz. CO2 neurgailuak aparatu merkeak dira, eta gela batean dugun aireztapenaren berri eman dezakete, eta kutsatzeko arriskua dagoen ala ez adierazi.

Gizentasuna arrisku faktore moduan hartu eta landu beharko genuke. Obesitatea duten pertsonen bilakaera askoz ere okerragoa da, eta sedentarioak direnena ere bai. Elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa egiteko ohitura bultzatu behar dira; koronabirusari aurka egiten lagunduko digute, eta baita bestelako gaixotasunei aurre egiten ere.

Gizarte ezberdintasunek duten eragina ikertu eta landu beharko genuke. Ikerketa askok adierazten dute etorkinengan gaitzaren intzidentzia altuagoa dela, eta dagokien baino kasu larriagoak izaten dituztela. Euren egoera ekonomikoak, elikadurak, etxebizitzak edo lan egoerak eragin dezake horretan. Eta indar berezia jarri beharko genuke etorkinen txertaketan. Ikusi ditugun hainbat kasutan, euren egoera administratibo irregularra dela-eta, beldurtu egin dira, eta ez dira txertatu.

Amaitzeko, ezin dugu ahaztu pandemia mundu mailako gertaera dela. Mundu mailako txertaketa kanpaina zabal bat behar dugu, herrialde pobreenetan gaixo kopurua murriztu dadin. Horrela, euren osasuna zainduko dugu, eta geurea babestu, aldaera berri arriskutsurik sortu ez dadin.]]>
<![CDATA[Landu beharreko ikasgaiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/006/001/2021-10-05/landu_beharreko_ikasgaiak.htm Tue, 05 Oct 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1896/006/001/2021-10-05/landu_beharreko_ikasgaiak.htm
Osasun Publiko indartsu bat behar dugu, esamolde honen bi zentzuetan. Batetik, publikoaren, hau da, herritarren osasunaz arduratuko litzatekeen sistemaz. Osasun Publikoa arduratzen da estolderiez, ur sistemaz eta gure osasunarengan eragiten duten kanpoko eragileez, haien artean, infekzioez. Bere egiturak nahiko ahuldurik zeuden pandemia hasi baino lehen, eta etorkizunerako, indartzea komeniko litzateke, bai infekzioei aurre egiteko, baina baita bestelako arriskuei ere, kutsadurari, esaterako.

Bestetik, osasun sistema publiko sendo bat behar dugu. Pandemiak asko tenkatu du gure sistema, eta profesionalen erantzuna izugarri ona izan bada ere, sistemari ahulguneak antzeman zaizkio. Lehen mailako arreta bultzatu beharra dago, sistemaren oinarri delako, eta bertako langile eta egiturak hobetu behar dira. Baita ospitaleetan ematen dugun erantzuna ere, lehentasunak argi finkatuz eta inbertsioak handituz. Horri loturik, plantillen egonkortasuna finkatu beharra dago. Ez dugu ahaztu behar behin-behinekotasunean urte asko daramaten lankideak ditugula, eta horrek asko ahultzen duela erantzuteko gaitasuna.

Zientzia eta ikerketa izan dira egoera arintzen lagundu digutenak, eta zientzialarien eta ikertzaileen baldintzak hobetu behar ditugu. Euren lan baldintzak negargarriak dira kasu askotan, eta horrek bigarren mailako herrialde bihurtzen gaitu. Ez dute une batean herri bat gelditzeko gaitasunik, baina zientzia eta ikerketa sistema egokirik ez badugu, ez dugu aurrera egingo.

Adinekoen eta ezintasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonen egoitzak zaindu eta berraztertu behar dira. Pandemia gehien jasan dutenak dira, bertan gertatu direlarik heriotzen laurdena. Zein eredu nahi dugun erabaki behar da, osasun arreta eta zaintza ondo uztartzen dituena, eta bertako langileen baldintzak hobetu behar dira.

Eta ez dugu ahaztu behar, inoiz baino gehiago, mundu globalizatu batean bizi garela. Txinan sortu zen koronabirus hau, eta egoera laztu duen delta aldera Indian, baina oso denbora gutxian iritsi zen gugana. Mundu mailako txertaketa zabal bat behar dugu orain, koronabirusa kontrolatu dadin, eta gugana aldaera okerragoak irits ez daitezen. Eta ikuspegi zabalago batetik begiratuta, planeta zaintzen ez badugu, edozein txokotan gertatzen den katastrofe bat guregana iritsi liteke. Bakarra da denon etxea, eta denon artean zaindu behar dugu.

Hauek dira nire proposamenak, ziur gehiago ere badituzuela. Has gaitezen lanean.]]>
<![CDATA[Nola jarraitu txertaketarekin?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/016/002/2021-06-20/nola_jarraitu_txertaketarekin.htm Sun, 20 Jun 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1964/016/002/2021-06-20/nola_jarraitu_txertaketarekin.htm
Gure inguruan 12 eta 40 urteren arteko biztanleria orokorra txertatzeak (ez dago zalantzarik immunitate arazoak edo gaixotasun kronikoak dituztenak txertatu behar ditugula) birusari hedatzeko gaitasuna ia guztiz murriztuko lioke. Adin tarte honetako pertsonek gaixotasun arina izaten dute gehienetan; baina egia da txertatu gabe uzten badira, birusaren aldaera oso kutsakor bat etorri litekeela, hauen artean zabaldu, eta ondoren txertoak babesik eskaini ez dien pertsona edadetuagoak, edo txertatu gabeak, arriskuan egon litezkeela. Antzerako zerbait gertatzen ari da orain Erresuma Batuan, Indian sorturiko Delta aldaerarekin. Beraz, geure buruari bakarrik begiratuta, 16 eta 40 urte artekoak txertatzea litzateke onena.

Pandemia, ordea, mundu mailako arazoa da, eta herrialde askotan txertaketa maila hutsaren hurrengoa da. Herrialde hauetan gaitza azkar hedatzen da, heriotza asko sortzen ditu, eta osasun sistemak gainezka jartzen dira. Justizia unibertsalaren aldetik, ez al dute txertatzeko eskubiderik? Honetaz gain, aldaera ezberdinak sortzen dira (Hegoafrikan, Brasilen, Indian...), askoz ere kutsakorragoak gehienak, ondoren munduan zehar zabaltzen direnak. Aurrekoak baino kutsakorragoa edo erasokorragoa den aldaera bat sortzeko arriskua hor dago, edo txertoei erresistentzia dien aldaeraren bat. Birusa desagerrarazi nahi badugu, mundu mailako txertaketa zabal bat lortu behar dugu, eta horretarako gaitasun txikia duten herrialdeetan lagundu. Beraz, 16 eta 40 urte artekoei eskainiko genizkiekeen txertoak herrialde hauetara bideratzea ideia ona litzateke, baita guretzat ere.

Eztabaida honetan ari dira aditu asko nazioartean. Nik, ordea, ez ditut kontrako estrategia moduan ikusten. Neure buruari galdetzen diodana da zergatik ez diren biak egiten. Hau da, mundu mailako txertaketa estrategia antolatu eta zabal bat egin, txertoen produkzio oso azkar eta indartsu bat ekarriko lukeena, horretarako gaitasuna duten toki eta puntu guztiak erabiliz. Benetan, Osasunerako Mundu Erakundeari baliabideak eman, herrialde guztiekin harremanetan jarri dadin, eta dituzten beharrak aztertu ondoren, txertaketa masibo bat egin. Bada horretarako teknologia eta gaitasuna munduan, eta ikuspegi ekonomikotik ere, pandemiaren kalteak kontuan hartuz, errentagarria litzateke. Badakit interes geopolitikoek erabat baldintzatuko luketela kanpaina hau, baina ez al da garaia interes hauek utzi eta pertsonengan pentsatzekoa? Pandemiak mundua aldatu badu, zergatik ez erabili mundua pixka bat hobetzeko?

Lantxo hau da pandemiari buruzko Pentsaldian sail honetan idatziko dudan azkena. Eskerrak eman nahi dizkiot BERRIAri, leiho hau zabaltzeagatik, eta zuri, irakurle, zure denbora eta interesa eskaintzeagatik. Lehengo zaharrek zioten moduan, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.]]>
<![CDATA[Begirada bat munduari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1964/010/002/2021-06-06/begirada_bat_munduari.htm Sun, 06 Jun 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1964/010/002/2021-06-06/begirada_bat_munduari.htm
Herrialde aberatsenetan, urtearen lehen hilabeteetan heriotza tasa oso altua izan zen arren, txertaketaren eragina benetan nabarmena izan da. Erresuma Batuan, astearte hau izan zen koronabirusagatiko heriotzarik gabeko lehen eguna joan den uztailetik. Txertaketa estrategia ezberdina erabili dute, lehen dosia ahalik eta azkarren zabaltzea erabakiz, bigarren dosia osatzen joan beharrean, eta, momentuz behintzat, egoerak arrazoia eman die. Azken egunotan, hala ere, kasuak pixka bat gorantz hasi dira, eta Indiatik etorritako aldaera nagusitu da. Hori dela eta, zenbait adituk bakartze neurriak ez lasaitzeko eskatu dute. Ameriketako Estatu Batuetan ere kasuen beherakada deigarria izan da txertaketaren ondorioz, eta une hauetan, erronka txertaketa osatzean daukate, herritar batzuek ez dutelako horretarako pausoa eman. Talde hau osatzeko, Israelen txertaketa populazioaren %65era iritsi da, eta intzidentzia oso-oso baxua da. Aste honetan bertan, pandemiaren bukaera irudikatu nahi zuen kontzertu bat antolatu zuten Tel Aviv-eko Itxilov ospitalean.

Txanponaren beste aldean herrialde behartsuak dauzkagu, txertaketa azkar bat egiteko nahikoa baliabide ez dutenak. Brasilen, adibidez, 450.000 hildako baino gehiago izan dituzte, betiere datu erregistratuei jarraituz, eta benetako kopurua askoz handiagoa izango da. Aste honetan, batez beste 60.000 kasu baino gehiago izan dira eguneko, eta egoerak ez dauka hobetzeko itxurarik. Duela hilabete batzuk aldaera erasokorrago bat sortu zen bertan, mundu guztian zehar banatu zena. Indian ere, oso antzekoa da gertatutakoa. Maiatzaren hasieran kasuen leherketa bat izan zuten, mundu guztia harriturik uzteko modukoa. Hilabete geroago, intzidentzia asko jaitsi da, baina hala ere egunean 150.000 kasutik gora dituzte. Han ere aldaera berri bat sortu da, munduan zehar banatu dena eta adituak kezkatzen dituena. Beraz, antzeko gertaerak errepikatzen direla ikusi genezake biztanleria handia duten herrialde hauetan: igoera azkarra, heriotza ugari, osasun sistemak gainezka eginda, eta erasokorragoak diren aldaera berrien garapena.

Hirugarren multzoan zero COVID estrategiari jarraitu dioten herrialdeak dauzkagu. Hego Korea, Txina, Australia eta Zeelanda Berrian intzidentzia hutsaren hurrengoa da, eta kasuak zaintzen jarraitzen badute ere, bizimodu normalera itzuli dira. Hartu zuten bidearen egokitasuna adierazten digute datu hauek.

Eta Afrika? Honetan ere, kontinente beltza dela esan genezake, datuei buruzko zulo beltz bat dagoelako. Osasun sistema oso ahulekin, benetan zer gertatzen den jakitea zaila da. Grafiko guztiek urtarrilean gorakada nabarmena izan zutela adierazten dute, ondoren mantentzeko, eta zenbait herrialdetan azken asteetan igoerak hasi dira. Hemen ere eskema bera errepikatuko al da?

Denon hobe beharrez, komeni zaigu mundu mailako txertaketa azkar bat lortzea. Azken finean, denon etxea bakarra delako.]]>
<![CDATA[Datorrena asmatu nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2040/014/002/2021-05-23/datorrena_asmatu_nahian.htm Sun, 23 May 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/2040/014/002/2021-05-23/datorrena_asmatu_nahian.htm
Lehenik, garbi utzi behar da txertaketak eragina izan dezan denbora behar duela. Batetik, eta maila indibidualean, txertoa jartzetik defentsak izatera egunak behar izaten direlako, 10 bat egun. Bigarrenik, eta garrantzitsuena, txertaketaren eragina kolektiboa delako bereziki, ez banakakoa. Hau da, txertatzeak maila indibidualean gaixotasun larria garatzeko arriskua murrizten du, baina ez du erabateko ziurtasuna ematen. Talde ikuspegitik begiratuta, aldiz, txertatze zabala izaten den unean, birusak hedatzeko zailtasunak izango ditu, eta talde guztia babesten da, baita txertatu gabe dagoena edo defentsarik garatu ez duena ere. Berriz diot, txertatzearen ekintza, banakakoari begira baino gehiago, taldeari begira egin beharko genuke.

Txertaketaren eragina nabaria da gure ospitaleetan, eta 60 urtetik gorako oso gaixo gutxi ari dira iristen koronabirusak eragindako pneumonia larria dela eta. Hurrengo asteetan, 50 urtetik gorako pertsona guztien txertaketa lortuko da, eta, pertsona hauek izanik koronabirusaren kalterik larrienak jasaten dituztenak, ospitaleratze eta heriotza kopurua asko jaitsiko da. Kalean, baina, taldeko immunitatea lortuko ez denez, haurren eta 50 urtetik beherako pertsonen kutsatzea mantenduko da, eta, arrisku baxua izanda ere, hauetako batzuk ospitaleratuz eta zainketa intentsiboetako unitateen premian jarraituko dute. Egoera hau izanik, espazio itxietan egindako bilerekin kontu izaten jarraitu beharko genuke, eta espazio itxietan musukoa erabiltzen jarraitu.

Talde immunitatea izateko, populazioaren %70 inguru txertatu beharra dago, edo gehiago, kutsakortasun handiko infekzioetan (elgorrian, adibidez). Txertaketa maila hau udararen bukaerarako lortzea espero da, betiere Europar Batasuneko eta Espainiako Gobernuaren esanak kontuan hartuz. Une horretan, kaleko transmisioa asko murriztuko da, eta kasu bakan batzuk baino ez dira emango. Kasu hauek agerraldi moduan agertuko dira, toki eta talde batzuetara mugatuak hasieran, eta euren hedapena kontrolatu beharko da, baheketa eta PCR testen bitartez, eta isolamenduak ezarriz.

Behin txertaketa zabala lortzean, eta, horretarako, 12 urtetik gorakoak txertatu beharra izango da ziurrenik, birusa gure artetik desagertuko da. Ipuin honek bukaera polita izan dezan, baina, mundu mailako ikuspegia izan beharko dugu. Txertaketa zabal bat lortzen ez bada, eta herrialde askotan kasuak izaten jarraitzen badute, kasu hauetako batzuk guregana iritsiko dira, eta agerraldiak izango ditugu tarteka. Ipuinak ez du bukaerarik izango. Eta herrialde askotan birusak aske jarraitzen badu, mutazio berriak izango dira, eta hauetako batzuk txertoarekiko erresistentzia garatu dezakete. Hala balitz, pandemiaren hasierara bueltatuko ginateke, txerto berriak garatzeko premian. Beraz, eta denon hobe beharrez, herrialderik behartsuenen txertaketak ere gure lehentasuna beharko luke.]]>
<![CDATA[Gure jarduera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1965/014/001/2021-05-09/gure_jarduera.htm Sun, 09 May 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1965/014/001/2021-05-09/gure_jarduera.htm
Gure zerbitzuan artatuak 600dik gora izan dira. Gipuzkoan 720.000 biztanle garela kontuan hartuz, ia milatik bat gure unitatean egon da pandemia garai honetan. 40 urtetik gorakoak soilik aztertuta, milatik 1,4 dira gurekin izandakoak.

Zainketa intentsiboen premia izan dutenen batez besteko adina 60 urte ingurukoa da. %7k 40 urtetik behera dituzte; %40k, 60 urte baino gutxiago; eta %25ek, 70 urte baino gehiago. Gizonezkoak dira nagusi, kasuen hirutik bi osatuz.

Arrisku faktore nagusiak obesitatea, tentsio altua, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak izatea eta hipotiroidismoa dira, pneumonia garatzeaz gain, noski.

Pazienteen %70ek sedazioa eta arnasketa mekanikoa behar izan dituzte, beren kasa arnasteko gauza ez zirelako. Pertsona hauen bilakaera askoz ere okerragoa da, sedaturik egoteak muskuluak ahultzen dituelako, infekzio berriak garatzen dituztelako koronabirusaz gain, eta ondorio psikologiko larriak eragiten dituelako. Behin arnasketa mekanikoa ezarrita, egonaldia asko luzatzen da, eta zenbaitek gure zerbitzuan hiru hilabetetik gora behar izan dituzte. Badira ospitalean bost hilabete baino gehiago pasatutakoak ere.

Hilkortasun orokorra %20 ingurukoa da, baina banaketa ezberdina da adinaren arabera. 50 urtetik beherakoena oso baxua izan da, 70 urtetik gorakoena, aldiz, %40koa. Eta 75 urtetik gorakoena, %55 gainditzen duena; erdiak baino gehiago hiltzen dira. Adinaz gain, bestelako gaixotasunak izateak ere asko handitzen du hilkortasuna, zirkulazio arazoak bereziki (iktusa edo bihotzekoa, esaterako). Heriotza beranduko gertaera da paziente hauetan, ZIUra sartu eta hilabete ingurura ematen da gutxi gorabehera.

Garai latzak tokatu zaizkigu benetan, bere arrastoa uzten ari dena gure baitan, dudarik gabe. Langile gehienok ahituta gaude, indarrik gabe, eta animoz jota. Neurri handi batean, abandonatuak sentitzen gara, inori axolako ez balio bezala. Egun asko dira sufrimendua, isolamendua eta heriotza ikusiz. Nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet lankide guztiei egindako ahaleginagatik, askotan lanbideak berak eskatzen duena baino handiagoa delako, sakrifizio pertsonala eskainiz.

Eta gurekin senide edo lagunen bat galdu duten guztiei, besarkada bana. Bidelagun izan gaituzue, eta gure lana eskertzen duzuela badakigu. Jaso ezazue gure arnasa lerro hauen bidez.]]>
<![CDATA[Zer ez dugu ulertu (nahi)?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1984/012/001/2021-04-25/zer_ez_dugu_ulertu_nahi.htm Sun, 25 Apr 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1984/012/001/2021-04-25/zer_ez_dugu_ulertu_nahi.htm
Birusaren hedapena esponentziala da, hau da, lehenik igoera txikiak izaten dira, baina maila batera heltzen denean, izugarri biderkatzen da denbora gutxian. Hori dela eta, neurriak hartzeko datuak okertzera itxaroteak ez du zentzurik, izugarrizko triskantza dakarrelako atzetik. Ez dut ulertzen nola itxaroten dugun hamalau eguneko tasa okertzera neurriak hartzeko, igoera datorrela ikusita. Horrela, beti gaitzaren atzetik joango gara. Zortzigarren egunean egoera txarra dela nabarituta, neurriak aurreratu beharko lirateke.

Bide beretik, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri diren larritasun mailak altuegiak dira. Estatuan, hamalau eguneko eta 100.000 biztanleko 150 kasu gainditzean, alarma laranja pizten da, eta 250 kasuak gainditzean, gorria. Euskal Autonomia Erkidegoan, 300 kasutan pizten da alarma laranja, eta 400 kasutan gorria.

Eremu itxietan ematen da birusaren hedapenik handien; 40 aldiz handiagoa da arriskua. Aireztapena eta espazio itxietan ez biltzea dira, musukoekin batera, hartu beharreko neurriak.

Hori horrela, nabarmena da ostalaritzako eremuetan izan litekeen arriskua. Begira azken egunetan hainbat sagardotegi eta ostatuetako bezeroei egin behar izan zaizkien baheketak. Epaileen epaiak epai, arrisku guneak dira, eta denon onagatik itxi behar badira, denon artean eman beharko genieke laguntza.

Ostalaritzan dagoen arrisku bera dago gure etxeetan ere, bizikidetza unitate ezberdinak nahasten baditugu otorduak edo festak egiteko. Neurri hori gure esku dago nagusiki, ezin digutelako etxe bakoitzean polizia bana jarri. Transmisio kateen erantzule gara.

Neurriak behar ditugu, aholkuek ez dutelako balio (zoritxarrez, horrelakoak gara). Eta neurri horiek legearen babesa behar dute; berdin zait estatu edo erkidego mailakoa den. Legerik gabe, galduak gaude.

Txertaketa da hemendik irteteko bide bakarra. Adin batetik aurrera (Erresuma Batuan 30 urtetan jarri dute muga), onura arriskua baino askoz ere handiagoa da. Arriskua izan, bada, baina oso baxua. Ez gaitzatela erakunde zientifikoen babesik gabeko neurriekin zorabiatu.

Kutsatzeen eta hildakoen arduradun gara. Gizarte honek sortzen ditu, eta erantzule gara, hasi gure agintariengandik, eta gutako bakoitzarekin bukatuz. Ez dut itxaropen handirik, baina erakutsi dezagun zein diren gure lehentasunak. Azkenaldian, nahi baino heriotza ziurtagiri gehiago betetzen ari naiz. Hurrengoan, heriotza arrazoia deskribatzean, koronabirusagatiko pneumonia idazteaz gain, gizartearen arduragabekeria idatziko dut.]]>
<![CDATA[AstraZenecaren txertoaren inguruan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2092/013/001/2021-04-11/astrazenecaren_txertoaren_inguruan.htm Sun, 11 Apr 2021 00:00:00 +0200 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/2092/013/001/2021-04-11/astrazenecaren_txertoaren_inguruan.htm
Hasieratik izan dira gorabeherak bere inguruan. Lehen 30.000 pertsona horietan adineko gutxi zeudela argudiatuz, eta esperientziarik ez zela, 55 urtetik gorakoetan ez erabiltzea erabaki zen Europar Batasunean. Ondorengo esperientziak, baina, eta Erresuma Batuan bereziki, erakutsi du adin talde guztietan dela eraginkorra, eta mugatzeko arrazoirik ez dela.

Tronbosi edo odolbilduen arazoa etorri da ondoren. Oso gertaera bakanak dira, eta tronbosi mota guztien kopurua hartuta, txertatuek ez dute biztanleria orokorrean baino tronbo gehiago izan. Kontua da oso tronbosi bereziak direla, immunitateak eraginak. Hau da, txertoak eragiten dituen defentsek, oso pertsona urri batzuetan, plaketak jaitsi, eta tronboak eragin ditzaketela, odolbilduak. Zenbat dira? Tronbosia garatzeko arriskua, 250.000 txertaturen artean 1; eta tronbosi horrek heriotza eragitekoa, 1.000.000 txertaturen artean 1 baino gutxiago.

Eta zein onura du txertoak? Oso argigarria izan da Botiken Azterketarako Britainiar Agentziak egindako aurkezpena. Inork bertako grafikoak aztertu nahi baditu, https://twitter.com/alex_freeman/status/1379808289278545922?s=20 helbidean topatu ditzake. Txertoaren onura ezagutzeko, koronabirusaren eragina aztertu beharra dago, eta dakigunez, adinaren arabera aldatzen da. 20 eta 29 urteren artean, koronabirusaren hilgarritasuna 100.000ko 30 da; 30 eta 39 urteren artean, 100.000ko 75; 40 eta 49 urteren artean, 100.000ko 200; 50 eta 59 urteren artean, 450; 60 eta 69 urteren artean, 1.000; eta 70 urtetik gora, askoz ere handiagoa. Garbi dago, beraz, adinean gora egin ahala, onura askoz ere handiagoa dela.

Eta zein da birusaz kutsatzeko dugun arriskua? Egungo egoeran, 4 hilabetean %2 ingurukoa, %6 ingurukoa urtebetean. Horrela, hurrengo 4 hilabeteetan kutsatu eta hiltzeko arriskua 100.000 pertsonako 0,6 litzateke 20 eta 29 urteren artean; 1,5, 100.000 pertsonako 30 eta 39 urteren artean; 4, 40 eta 49 urteren artean; 9, 50 eta 59 urteren artean; 20, 60 eta 69 urteren artean. Datu hauek ikusita, adin talde guztietan txertoaren onura arriskua baino handiagoa litzateke, eta adinean gora egin ahala, onura hazi egingo litzateke.

Ba al da beste aukerarik? Bai, baina txertaketa erritmoa asko atzeratuko luke, eta bitarte horretan kutsatzeak eta heriotzak pilatuko genituzke, arriskua ere handituz. Johnson&Johnson etxearen txertoak ere tronbosiak eragin ditzakeen ala ez aztertzen ari dira, hauek ere oso bakanak.

Norberak atera ditzala bere kontuak, eta erabaki. Nik, beste britainiar baten gogoetarekin bukatu nahi nuke (https://www. bbc.com/news/av/health-56673612). Alison Astles izena du, Farmazia irakaslea da, eta berriki bere anaia hil da, AstraZenecaren txertoa hartu eta buruan tronbosia izan ondoren. Txertaketa ez eteteko eskatu du faborez, onurak arriskuak baino askoz ere handiagoak direlako.]]>
<![CDATA[Aerosolez eta haien kontrako neurriez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1977/013/001/2021-03-28/aerosolez_eta_haien_kontrako_neurriez.htm Sun, 28 Mar 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1977/013/001/2021-03-28/aerosolez_eta_haien_kontrako_neurriez.htm
Musukoak oso eraginkorrak dira aerosolik sor ez dadin. Badira, baina, eraginkorrak ez diren motak, sare itxurazkoak esaterako, debekatu beharko liratekeenak. Horretaz gain, musukoen erabilera egokia azaldu eta indartu beharko litzateke, bestela alferrikakoak direlako. Era berean, lantoki eta lanpostu guztietan musukoa erabiltzen dela bermatu beharko litzateke, bi metroko tartea izan arren.

Eremu irekietan kutsatzeko arriskua askoz ere txikiagoa denez, ahalik eta jarduera gehien aire librean egin beharko lirateke. Zenbait kasutan izan diren parke eta plazen itxiera burugabea da, eta jendea beraietan egotera bultza behar da, toki itxietan egon beharrean.

Kanpoko aireaz gelak egurastea neurri eraginkorra da, bultzatu eta zabaldu beharrekoa. Aireztapenak gurutzatua izan behar du, gelaren bi aldetan leiho edo ateak zabalduz, eta jarraitua. Neurri hauek zabaldu eta indartu behar dira, eta udaberrian gaudenez, betetzen errazak dirudite. Mantendu beharreko aireztapena neurtu liteke, CO2aren sentsoreak erabiliz. Sentsore hauek merkeak dira, eta ongi egurasten ari garen ala ez adierazi diezagukete, muga 700-800 ppm-tan ezarriz.

Jarduerak ireki edo ixterako garaian, edo baimentzerako garaian, aireztapena eta CO2 sentsoreak erabili litezke, inguru ziurrak ditugula bermatu asmoz. Legedia garatu eta aplikatu beharko litzateke, zein jarduera baimendu ala ez parametro objektiboagoekin egin dadin, eta ez modu orokortu edo zabarrean.

Eskola eta ikastetxeetan bereziki landu beharko litzateke, informazio egokia emanez, aireztapen naturala bultzatuz, eta CO2 neurgailuen erabilera zabalduz.

Azkenik, herritarrei informazio zuzena eta argia eman, aerosolen garrantzia indartuz, eta aireztapena bultzatuz, neurri eraginkor eta erraz moduan.

Badugu zer egina, beraz, denok gure inguruan. Eta ez dezagun ahaztu birusentzat egun guztiak berdinak direla, eta oporretan egon arren, bizikidetza ezberdinetako pertsonak elkartzen garenean, kutsatzeko arriskua biderkatu egiten dela.]]>
<![CDATA[Onartuko al genuke zero COVID estrategia?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1962/012/001/2021-03-14/onartuko_al_genuke_zero_covid_estrategia.htm Sun, 14 Mar 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/1962/012/001/2021-03-14/onartuko_al_genuke_zero_covid_estrategia.htm
Sorgin-gurpil honetatik irteteko modua, betiere txertaketa lortu bitartean, zero COVID estrategia bat ezartzea litzateke. Munduko hainbat tokitan egin da, Australia, Zeelanda Berria, Txina edo Vietnamen adibidez, eta emaitza oso onekin. Medikuntzaren aldetik soilik begiratuta, estrategiarik onena litzateke, baina ez dakit gainerako faktoreek gure artean ezartzea posible egingo luketen. Ez Europan, ez Amerikako kontinentean, ez da ezarri, eta zalantzak ditut gure egoera ekonomiko eta sozialak posible egingo lukeen. Argi gera bedi, beraz, lan hau ezjakintasunetik idatzia dagoela, eta berak dakarren umiltasunetik. Nik ez daukat erantzun ziurrik, baina eztabaida zilegi eta beharrezkoa iruditzen zait.

Zero COVID estrategiak hainbat oinarri ditu. Lehenik eta behin, kasuak desagerrarazi beharko genituzke, itxialdi labur baina zorrotz bat ezarriz. Horrekin, komunitatean transmisiorik ez dagoela ziurtatuko genuke, maiatz bukaeran genuen moduan bezala, adibidez.

Behin kasuak desagerrarazita, kanpoko pertsonen sarrera kontrolatu beharko genuke, eta datozen guztiei PCR probak eskatu, zenbait pertsonari berrogeialdiak ere ezarriz, kanpotik kasu berririk etorri ez dadin.

Gure artean agertzen diren kasu guztien baheketa eta ikerketa zorrotza egin beharko genuke, eta kasu hauen isolatzea eta kontaktuen berrogeialdia zaindu eta betetzen dela ziurtatu, laguntza ekonomikoa eta soziala eskainiz. Eta kontaktu jakinik gabeko kasu bat azalduko balitz, hau da, arrastorik ez bagenu, inguru horretako pertsona guztien itxialdi labur baina zorrotza ezarri, komunitatean hedatu ez dadin. Duela gutxi, Zeelanda Berriko Auckland hiriko 1,6 milioi pertsonaren 3 eguneko itxialdia ezarri zen, jatorri ezezaguneko hiru kasu izan zirelako, adibidez.

Estrategia honek koronabirusik ez izatea ziurtatzen du, eta osasunaren aldetik oso eragin txikia izaten du gaitzak. Bitarte horretan, bizimodu normala egin liteke. Jarduera ekonomiko guztiak zabalik daude, ikuskizun, kultura emanaldi, festa eta jende pilaketa eragiten duten ekitaldi guztiak barne. Barruko mugimendua librea da, eta ez dago beste mugarik. Ekonomiaren aldetik aztertu dutenek diotenez, askoz ere eragin txikiagoa du gure etengabeko mugekin bizitzeak baino.

Onartuko al genuke zero COVID estrategia? Posible al da estrategia hau gure artean?

Galdera zabalik uzten dut, eztabaida sano baten zain. Nik ez daukat erantzunik.]]>
<![CDATA[Zenbakiak eta zenbakiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2022/014/001/2021-02-28/zenbakiak_eta_zenbakiak.htm Sun, 28 Feb 2021 00:00:00 +0100 Felix Zubia https://www.berria.eus/paperekoa/2022/014/001/2021-02-28/zenbakiak_eta_zenbakiak.htm
4.812, Hego Euskal Herrian koronabirusagatik hildakoak. Eskoriatza, Ibarra, Berriz, Plentzia, Agurain, Senpere edo Zangozako herritar guztiak kolpetik hiltzea litzateke, adibidez, neurria.

400 kasu baino gehiago izan ditugu Donostialdea ESIko gure Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Oraindik ere pandemia ukatzen duenik ba al da?

100.000 biztanleko 300 kasuko intzidentzia onartuko bagenu, hamabost egunean, eguneko 600 kasu onartuko genituzke Hego Euskal Herrian. %1eko hilkortasun baikorra onartuz, eta kasuen beste %1a Zainketa Intentsiboen Unitatera joan beharrean egongo litzatekeela pentsatuz, sei pertsona sartuko lirateke egunero ZIUetan, eta sei pertsona hilko lirateke. Onargarria al da? Europako Gaixotasun Kutsakorren Kontrolerako Erakundeak (ECDC) tasa onargarria 50 kasutan jarria dauka, 100.000 biztanle eta hamabost eguneko, betiere (kontu izan, Iparraldean intzidentzia zazpi egunean neurtzen delako).

40 aldiz handiagoa da kutsatzeko arriskua espazio itxi batean bagaude, musukorik gabe, jende askorekin eta ozen edo oihuka hitz egiten badugu, espazio ireki batean musukoarekin bagaude baino. Bai, inork zalantzarik bazuen, aerosolen bidez eman litezke kutsatze asko. Eta denok dakigu non egoten garen jende askorekin eta musukorik gabe.

%94, Pfizer-en txertoak Israelen izan duen eraginkortasuna, gaixotasun sintomatikoa ekiditeko, bi dosi eman eta gero.

%94, berriz ere, Eskozian izan den ospitaleratzeen murrizketa, Astra Zeneca-ren txertoaren lehen dosia eman eta 4 astera.

0,0003%, erreakzio alergiko larri bat jasan dutenen ehunekoa, Pfizer eta Modernaren txertoak hartu eta gero.

Zortzi hilabete, gutxienez, koronabirusaren aurkako defentsek gure gorputzean duten iraupena, behin koronabirusa pasa eta gero. Gehiago aztertzeko modurik ez da izan, baina pentsatzekoa da luzeagoa ere izango dela.]]>