<![CDATA[Gabriel Puricelli | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 14:52:48 +0100 hourly 1 <![CDATA[Gabriel Puricelli | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Lulismoa eta antipetismoa, bigarren itzulian]]> https://www.berria.eus/albisteak/218992/lulismoa_eta_antipetismoa_bigarren_itzulian.htm Tue, 04 Oct 2022 10:26:11 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/albisteak/218992/lulismoa_eta_antipetismoa_bigarren_itzulian.htm <![CDATA[Lulismoa eta antipetismoa, bigarren itzulian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2002/003/002/2022-10-04/lulismoa_eta_antipetismoa_bigarren_itzulian.htm Tue, 04 Oct 2022 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/2002/003/002/2022-10-04/lulismoa_eta_antipetismoa_bigarren_itzulian.htm
Lula argi eta garbi nagusitu zaio aurkariari, baina Bolsonarok lortu du inkestek sortutako espektatibak gezurtatzea: haietako batzuetatik ondorioztatzen zenaz bestera, ez da lehiatik kanpo geratu. Are, inkesta gehienetan iragarri baino alde txikiagoa atera dio Lulak: iragarritakoaren erdia edo herena, tarte horretan.

Bigarren itzulian beste hainbeste boto baliodun izango balira, Lulak nahikoa luke Ciro Gomes zentro-ezkerreko beste hautagaia babestu dutenen botoen erdiak biltzea berriro presidente hautatua izateko. Hautagai gustukoena lehiatik kanpo geratu zaienek abstentzioaren alde egiteak ere lagunduko dio metalurgiako lider sindikal ohiari botoen %50 lortzen. Edonola ere, hauteskundeetan lehia handia dago oraindik, eta ez da zuhurra iragarpenak egiten aritzea. Igande gauean beste partida bat hasi zen jokatzen, eta presidente ohia da orain ere garaitu beharrekoa, baina aurkaria ere fresko dago, eta badu motiborik ilusioari eusteko. Bozkalekuetara joan ez ziren ia 33 milioi brasildarrak ere boto emaile potentzialak dira, eta edozein aldetara makurtu dezakete balantza.

Lulak bereganatutako babesak frogatu du eraginkorrak izan direla Langileen Alderdiak Bolsonaroren agintaldian osatutako aliantza zabalak —ezkerrarekin osatuak, baina batez ere eskuinarekin—. Geraldo Alckmin presidenteordegaia izan da horren ikur nagusia: Lulak garaitu egin zuen 2006ko presidentetza hauteskundeen bigarren itzulian, berriz presidente hautatu zutenean. Langileen Alderdiak gaur egun ez dauka behinola izandako berritasun kutsu hori, eta bidean galdu du administrazioaren gardentasunarekin zuen lotura ere, baina pluraltasunaren aldeko kezkaren eta Bolsonaroren aurkako guztiak biltzearen emaitza izan liteke orain lortutako ehunekoa. Aliantzek ezin hobeto orekatu dute joan deneko hamar urtean alderdiak izandako higadura.

Bolsonarok, berriz, bi puntu baino ez ditu galdu 2018an lehen itzulian jasotako babesaren aldean. COVID-19ak herrialdea jo zuenean hark egindako kudeaketak emaitza negargarriak izan zituen osasun arloan, eta ez zuen fruiturik eman alderdi ekonomikoari dagokionez; kudeaketa horrek, espero bezala, ahulezia ekarri dio, baina ondo konpentsatu du egungo agintariak, Langileen Alderdiaren kontrako mugimenduaren —hots, antipetismoa deitutakoaren— buru sendoa izateko gaitasunari esker. Hauteskunde bloke horrek egonkortasun ikaragarria erakutsi du bi hamarkadaz. Norbaitek uste bazuen ultraeskuineko buruzagi politikoa izateak eta gobernua administratzeko estilo xelebre eta desordenatua edukitzeak eragotzi egingo ziola Bolsonarori bloke horren gidaritzari eustea, bada, orain garbi ikusiko du, atzoko botoen argitan, ez dela hala.

Hilabete honetan, erabateko ziurgabetasuna izango dute Brasilen hauteskundeen emaitzen inguruan, eta, gainera, herritarrak beldur dira lehia areagotzeak ez ote duen ekarriko indarkeria politikoa handitzea, kanpaina hasi zenetik bost pertsona hil baitira indarkeria horren ondorioz. Gainera, bi hautagaien artean alde txikia egotea espero denez, litekeena da Bolsonarok ez onartzea garaipena beste emaitzarik. Brasilgo demokrazia jokoan dago oraindik.]]>
<![CDATA[Arbuioa eta norabide aldaketa]]> https://www.berria.eus/albisteak/217843/arbuioa_eta_norabide_aldaketa.htm Tue, 06 Sep 2022 09:31:42 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/albisteak/217843/arbuioa_eta_norabide_aldaketa.htm
Proposamenaren behin betiko testua ezagutu zenean koalizio erreformistan izandako hausturak ematen du erantzun-zantzu bat: une horretan, zentro-ezkerraren zati batek -Demokraziaren aldeko Alderdien Kontzertazioko gobernuen dozenaka ministro ohik eta haren ondorengo koalizioak, Gehiengo Berriak tartean- testua atzera botatzea erabaki zuen, iritzita hura indarrean sartzea bideraezina zela, eta argudiatuta proposamenak antz gehiago zuela nahi zerrenda batekin zuzenbidearekin baino. Demokristauak, sozialistak, Demokraziaren aldeko Alderdiko kide eta erradikal ugari urrundu egin ziren beren alderdietatik; eta alderdiek baietzaren aldeko kanpaina egiten zuten bitartean, haiek eskuin tradizionaleko eta ultraeskuineko buruzagiek baino aurpegi atseginagoa eman zioten ezezkoaren eremuari, hasieratik eutsi baitzioten erreforma-proposamenari. Eskuin tradizionalaren eta ultraeskuinaren ekarpena ere garrantzitsua izan da, baina azpimarratu behar da sektore horren nukleo gogorra nekez heltzen dela hautesleen herena izatera. Hau da, ekarpena esanguratsua izan da, baina ez du bere kabuz esplikatzen konstituziogilearen testua baztertzeko aukeraren garaipen ozena.

Aipatutako bi elementuek ez badute beren kabuz azaltzen igandeko hauteskunde-tsunamia, beste elementu bat gehitu behar da. Prozesu eratzailearen egungo fasea (eskuinak Michelle Bachelet presidente sozialistak 2018an bultzatutako erreforma-saiakera blokeatu ondoren) 2019ko azaroan ireki zen, alderdi politiko gehienek, ezkerretik eskuinera, txiletarrei konstituzioaren aldaketari buruz galdetzea adostu zutenean, 2019ko urriaren 18an hasitako eztanda sozialari erantzuteko.

2020ko plebiszitua egin zenean eta 2021ean batzarreko ordezkariak aukeratu zituztenean gorenean zen protesta sozialaren pendulua, eta, hautesleen erdiak mobilizatu zituzten, gehiengo handiak lortuz. Penduluaren mugimendua ordena eskatzeko protestekin batera abiatu zen, eta puntu gorenean zen Txilek presidentetzarako hauteskundeak egin zituenerako. Nahiz eta iritzi publikoaren bilakaera hori agerikoa izan, neurri handi batean protestek eguneroko bizitzan zituen ondorioengatik, batzarreko kideek protestaren energiaz elikatzen zen testu baten aldeko apustua egin zuten beren zenitean, baina horregatik testua ez zetorren bat protestak alde batera utziak zituen gizartearen gogoarekin.

33 urteko demokrazian botoa eman ez zuten txiletarren %35en parte-hartzeak argi eta garbi baieztatu zuen gehiengo soziala ez zela ohikoa. Egoera ekonomikoak eragindako ondoezak (mundu osoan eragiten duen inflazioa pairatzen ari da herrialdea, eta kapital-ihesak eragindako krisia ere), eta herritarren zati batek gobernuarekin duen gogobetetze-ezak egin dute gainerakoa, erreferendum hori, edozein hauteskundeetan gertatzen de bezala, ez baita soilik izan proposamenaren ingurukoa.

Testu konstituzional bat atzera botatzeak ez du esan nahi Txilen inor Pinocheten konstituzioari lotuta geratzen denik. Ezkerretik eskuinera, alderdiak prozesu eratzailearekin jarraitzearen alde agertu dira. Gabriel Boric presidenteak umiltasunez onartu ditu distira kentzen dioten emaitzak, eta prozesu horren bideratzaile gisa proposatu du bere burua, baina aukeratutakoa lehenetsiko duela hitzemanda: gobernatzea eta arazoak konpontzea.]]>
<![CDATA[«Maila kolektiboan babesa galduz joan da Biltzar Konstituziogilea»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1920/003/002/2022-09-06/maila_kolektiboan_babesa_galduz_joan_da_biltzar_konstituziogilea.htm Tue, 06 Sep 2022 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1920/003/002/2022-09-06/maila_kolektiboan_babesa_galduz_joan_da_biltzar_konstituziogilea.htm Aprueba x Chile kanpainako bozeramaileetako bat ere, independenteen ordezkari gisa. Kanpaina horren helburua izan da Biltzar Konstituziogileak 2021eko uztailetik 2022ko uztailera bitarte landutako konstituzioaren aldeko botoa bultzatzea. Ez dute lortu, ordea, ezezkoa izan zen garaile igandeko erreferendumean. Hala, emaitzen berri izan ostean hartu du Costak BERRIA, herritarren erabakiari buruz eta prozesu konstituziogilearen hurrengo urratsez hitz egiteko.

Zein dira, zure ustez, porrotaren eta ezezkoak jasotako babesaren faktore nagusiak?

Ebaluazio osoa eta zehatza egiteko goiz bada ere, iruditzen zait hiru faktore aztertu behar direla. Lehenengoak kanpainarekin du zerikusia: agian, Rechazo-koek jakin zuten eskura zituzten baliabideak erabiltzen, eta guk ez genuen asmatu haiei aurrea hartzen. Bigarrena konstituzioa bera litzateke: agian bertan jasotzen ziren zenbait elementuk aurkako erreakzioa eragin dute herritarren gehiengo handi batengan. Hirugarrenak, azkenik, sistema politikoarekin, eta bereziki gobernuarekin, ados ez egotearekin edo kritikarekin du zerikusia, baita herrialdean bizitzen ari garen garaiarekin ere. Uste dut hiru faktore horiek aztertu behar ditugula, baina nik, behintzat, hausnarketarako denbora behar dut ondorioztatu ahal izateko faktore horietako zeinek izan zuen pisurik handiena, eta zein zentzutan.

Herritarrek 2021ean hautatu zuten Biltzar Konstituziogileak jakin du hautesleen babesari eusten prozesuak iraun duen bitartean eta azken proposamena aurkeztu artean?

Uste dut Biltzar Konstituziogileko ordezkari gehienek beren lurraldeekin eta horietan zituzten interesekin loturak mantendu zituztela: maila indibidualean uste dut hautetsiek egin zuten lana oso garrantzitsua izan zela. Hala ere, maila kolektiboan, organikoan, Biltzar Konstituziogile gisa, herriaren babesa galduz joan ziren, gertatu ziren hainbat fenomenorengatik eta fenomeno horiek herritarrengan eragina izan zuten moduagatik.

Nola eragingo dute gizarte mugimenduek konstituzio berri baterako prozesuan? Hurrengo fasea gehiago egongo da alderdien kontrolpean, independenteen eta gizarte zibilarenean baino?

Benetan espero dugu indar politikoek beren hitza betetzea, eta prozesu konstituziogileak bere bidea askatasunez jarraitu ahal izatea. Era berean, espero dut erakundeek eta mugimenduek parte hartuko dutela prozesuaren fase berri honetan.

Prozesu konstituziogileak aurrerantzean aukeratzen duen formatuaren araberakoa izango da hori. Baina bidea edozein dela ere, erakundeen eta mugimenduen parte hartzea funtsezkoa izango da konstituzio berri bati behar besteko zabaltasuna eta zilegitasuna emateko.

Gabriel Boric presidenteak bere burua eskaini du fase berria «errazteko», bere zeregin nagusia gobernatzea eta gizartearen premiazko eskaerak ebaztea izango dela azpimarratuz. Nola irudikatzen duzu estatuburuaren egitekoa hemendik aurrera?

Lehendakariari dagokio, egoera honetan, legeek eta konstituzioak ezartzen dituzten tresnak erabiltzea bide konstituziogilea errazteko. Baina, horrez gain, berak bultzatu zuen estatuaren ordezkaritza erabiltzea, zeinu desberdinetako erakunde, mugimendu eta alderdi politikoei dei egiteko, sistema bat sortzeko, guztiontzat zentzua izango duen prozedura bat, eta, beraz, demokratikoki sortua eta onartua izango den konstituzio berri baterantz eraman gaitzakeena.]]>
<![CDATA[Adostasunerako tarte txiki bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2021-09-05/adostasunerako_tarte_txiki_bat.htm Sun, 05 Sep 2021 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1851/014/001/2021-09-05/adostasunerako_tarte_txiki_bat.htm
Ez da lehen aldia bi aldeak elkarrizketak hasten dituztela, baina Norvegiaren bitartekari lanekin egindako aurreko bilerak emaitzarik gabe amaitu ziren. Hala ere, bi aldeak aurrez aurre egon ziren azken alditik, Venezuelan eta munduan izan diren aldaketak aintzat hartuta, ez litzateke oso zuhurra izango porrota errepikatuko dela esatea.

Andeetako Unibertsitateko (Venezuela) politologo Marisela Betancourten esanetan, herrialde zahar batean egindako elkarrizketa berrien hasiera da honako hau. Analistarentzat, alde nabarmena dago 2018an Dominikar Errepublikan egin ziren elkarrizketen baldintzen eta aurten hasitakoenen artean. Betancourtentzat, duela hiru urteko Venezuela oso polarizatua zegoen, indarkeria politiko handiko urte batek sendotutako oposizio aktibo batena zen: «Urte hartan hasi ziren gaur arte iraun duten kale protesta jendetsuak ere, eta garai hartan zenbatu ziren inoizko iheslari gehien».

Aurkari indartsu horren aurrean, chavismoak mahaitik altxatu, eta ahultasunaren erdigunea jo zuen: barne haustura eta hauteskundeetan parte hartzeari buruzko irizpide bateraturik eza. Horregatik, ostikoa eman zion negoziazio mahaiari eta bozak aurreratu zituen, non haren benetako etsai bakarra ahalmenik gabeko frogatu zen abstentzioa izan zen.

Betancourtentzat, 2021eko Venezuela oso desberdin jokatzen duen herrialde bat da: «Gizarte pasibo bat da, despolitizatua, zapuztua, bizirik irautea helburu duena, non [Datanalisis etxearen inkesta baten arabera] %54k uste duten bizi kalitatea hobetu egin dela 2018arekin alderatuta, eta non muturreko jarrerak gutxitu egin diren jendeak elkarbizitzen ikasi behar izan duelako urritasun ekonomikoari aurre egiteko».

Garaipen txikiak

Bien bitartean, gotortu egin da Venezuelako Alderdi Sozialista Batuari (PSUV) irabazteko modu bakarra batasun handiago bat lortzea zuen oposizioaren banaketa. Hala, Madurok negoziazio partzialak egin ahal izan ditu, eta horiek bere zilegitasun hebaindua josteko aukera eman diote.

Alde batetik, 2020an aukeratutako Batzar Nazionalean gutxiengoan den Aliantza Demokratikoarekin adostu zuen Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko osaketa aldatzea. Chavismoak hiruko gehiengoari eusten dio, baina oposizioarekin argiki lerratutako bi kide sartuko dira. Beste alde batetik, 2015ean aurkari izandako Henrique Caprilesekin hitzartu zuen 50 preso politiko aske uztea eta oposizioko 60 kideren aurkako jazarpena etetea. Horrekin bermatu zuen Caprilesek bat egitea abstentzioaren aurka dauden eta gero eta handiagoa den oposizioko kideen taldearekin eta azaroan egingo dituzten eskualdetako eta udaletako bozetan parte hartzera konprometitzea.

Baina badaude zartadurak PSUVn ere. Azaroaren 21ean egingo dituzte bozak, eta iragan abuztuaren 8an egin zituzten barne hauteskundeak boterean den alderdiko hautagaiak aukeratzeko; aurrez aurrekoak egon ziren maila guztietan, Madurok babestutako eta Diosdado Cabelloren aldeko hautagaien artean. Talde maduristakoak nagusitu ziren arren, Cabelloren jarraitzaileek zalantzan jarri zituzten hainbat estatutako emaitzak, hiru milioi eta erdi herritar erakarri zituen bozketaren arrakasta ilunduz.

Hugo Chavezen heriotzaren ostean eratutako agintearen zutabeetako bat diren militarren babesaren ahultzearen ondoren dator Batzar Nazionaleko presidente ohiaren atzerakada elektorala. Haren gainbeherak akordioak erraztu ditzake Mexikon.

Mexikon negoziatzen ari diren bi aldeak laguntza beharrean daude herritarren sostenguari dagokionez ere. Abuztu hasierako Datincorp etxearen inkesta baten arabera, herritarren %63 ez daude batere gustura Maduroren jardunarekin, eta %77k gauza bera diote Guaidori buruz. Zenbaki horiek ikusita, ez da harritzekoa Betancourtek apatikotzat jotzea herritarrek elkarrizketekiko agertutako jarrera.

Aipatu beharreko azken faktorea da AEBetako gobernu aldaketa. Hasieran esan bezala, Maduroren helburua da elkarrizketen bitartez nazioarteko zigorrak kentzea lortzea, eta horietatik gogorrenak AEBek bere kabuz jarritako zigorrak dira. Joe Biden presidenteak ez du nahi Madurorekiko leun jokatzen duela pentsatzea, eta, beraz, bere lehentasuna litzateke Venezuelarekiko tentsioa gutxitzea.

Hala, hango giza eskubideei dagokienez hobekuntza txiki batzuk eginez, eta hauteskunde arauak apur bat zuzenduz, zigorrak arindu ahalko lituzke, etxean kosturik ordaindu gabe.]]>
<![CDATA[Brasili berriz gobernu bat emateko erronka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/002/001/2021-04-20/brasili_berriz_gobernu_bat_emateko_erronka.htm Tue, 20 Apr 2021 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1950/002/001/2021-04-20/brasili_berriz_gobernu_bat_emateko_erronka.htm Lula presidente ohiak, bere eskubide politikoak berreskuratu ondotik emandako lehen hitzaldian, maskara zeraman, ezinbertzean erabili behar baita nork bere burua eta ingurukoak zaintzeko. Irudi bakar batekin, egungo presidenteak erakutsi zuen ohartua zela Brasilgo jokaleku politikoan izandako norabide aldaketaz. Orain arte, militar ohiak ordezkari nabarmenik gabeko oposizio bat zuen parean; orain, berriz, epaileek 2018an jokoz kanpo utzitako gizonari egin behar dio aurre, hau da, hain segur, presidente izatea galaraziko ziokeen horri.

Martxoaren 8an Auzitegi Federal Gorenak ezarritako zigorrak baliogabetu zituelarik, Lulak presidentetzarako hautagai izateko eskubidea berreskuratu zuen —2003tik 2011ra bitarte kargu horretan egondakoa da—, eta Brasilgo sistema politikoari, berriz, bere ardatzetako bat itzuli zioten. Lula bueltatu arte, Bolsonarok uste zuen aski izanen zuela bere ospearekin, gain behera doakion arren, oposizioari aurre egiteko 2022ko hauteskundeetan; izan ere, oposiziokoak boto gutxiko artxipelago baten parekoak dira, eta herritarrengan ez dute inolako atxikimendu emozionalik pizten. Ez zen erraza izanen, baina nekez irudika zitekeen hauteskundeak Bolsonaro ez den bertze norbaitek irabaztea. Egoera hain azkar eta ustekabean aldatu zen, non presidenteak ez baitzuen astirik izan kolpea saihesteko.

Brasilen, jakintzat eman dute Lula hautagai izanen dela berriz ere, nahiz eta hark azpimarratu duen ez dela hauteskundeetan pentsatzeko tenorea, 2022a urrun dagoela. Baina egungo Brasil ez da 2018koa, hots, Lulari presidentetzarako hautagai izatea galarazi ziotenekoa. Orain, Bolsonaroren aldeko fakzio militarrak eusten dio herrialdeari, eta haren esku daude gobernuko 6.000 kargu baino gehiago, tartean zenbait ministerio.

'Centrao'-aren beharra

Botere militarra giltzarri izan zen bere garaian Lula inhabilitatzeko, eta ontzi baten gila da orain, presidente-lemazainak noiznahi jitoan utz lezakeen ontzi batena, hain zuzen. Militarrek komenentziazko ituna sinatu dute beren kide izandako Bolsonaro presidentearekin: hark bere ospea jartzen du, baita bere gaitasuna ere, iritzi publikoaren herenak jarrai dezan Lula, PT Langileen Alderdia eta arrosa argitik gorrira bitarteko kolore politiko guziak mespretxatzen. Militarrek, berriz, gutxieneko konpetentzia bat ematen diote administrazioaren eguneroko funtzionamenduari. Batzuetan, gutxieneko konpetentzia hori ez da aski inondik ere; halaxe erakutsi zuen Eduardo Pazuellok, kargua utzi berri duen jeneralak, Osasun Ministerioan. Hala eta guztiz ere, militarren lana txukunagoa izan da Ernesto Araujo Atzerri ministro ohiarena eta Olavo de Carvalhoren sokako bertze ordezkariena baino.

Carvalho Brasilgo eskuin muturraren inspiratzaile ideologikoa da, eta, preseski, haren ahotsak indarra galdu du gobernuan. Izan ere, Bolsonarok gero eta gehiago jotzen du militarrengana administrazio gaietarako; gainera, gobernuan zenbait kargu eman behar izan dizkie centrao-ko alderdi kontserbadore tradizionalei, Kongresuko bi ganberak haien kontrolpean baitaude, eta emaitza bereziki onak lortu baitzituzten 2020ko azaroan egindako udal hauteskundeetan.

1985ean demokrazia itzuli zenetik, centrao edo zentroa Brasilgo gobernu guzien ordezko gurpila izan da, baita Langileen Alderdia PTren gobernuena ere. Beren burua zentristatzat dutelako baino gehiago, Brasilgo politikaren giltzarria delako deitzen zaio centrao eskuineko alderdiek osaturiko unibertso horri. Estatuan harrapakinaren zati ahalik eta handienaz jabetzea da talde horren izateko arrazoia, eta gutizia hori edozein koloretako gobernuek asetzen ahal dute. Hain zuzen, estatuaren aurrekontuek pizten dieten irrika horregatik, alderdi fisiologiko ere deitzen zaie centrao-koei. Presidentearen aurkako epaiketa politikoaren atea ireki edo ixteko giltza dute, eta horretan datza haien boterea: Dilma Rousseffekin, 2016an, erakutsi zuten edozein buruzagi dagoela kargua galtzeko arriskuan centrao-ko kideek hala nahi badute. Halaber, 2020an jokoan zeuden alkatetzen erdiak eskuratuta, Bolsonarori frogatu zioten ez dutela desagertzeko inongo asmorik.

Brasilgo Gobernuari eusten dion ménage à trois hori, beraz, hiru egitasmoren baturatik sortua da. 2016tik, militarrek, asertibitate eraberrituz eta oraingoz demokratikoki, helburu bat lortu nahi dute, 1964an Joao Goulart Jango-ren kontrako estatu kolpeak zuen berbera: zentrotik ezkerreragoko bertze gobernu bat izan dadin eragoztea. Kargutik bota eta hainbat urtera, Jango hil egin zuten, baina Lulak zorte handiagoa izan du. Bolsonaro familiaren egitasmoa, gaurgero, ez da hain handinahia: presidentearen semeen aurka —ustelkeriagatik eta bigilantismoan ibiltzen diren miliziekiko harremanagatik— abiaturiko auziei izkin egitea. Centrao-ren xedea ere aipatu dugu jada, eta, justuki, xede horrek berak bihurtzen ditu kontserbadore tradizionalak hirukotearen katebegi ahul: badakite Bolsonaro ez dela egarria eta gosea ase diezazkiekeen bakarra, lehena ere ez baita izan.

Zimendua, mugituta

Bolsonaroren gobernuaren bertze zutabeetako bat ere ahuldu da: Langileen Alderdiaren garaia gainditzeagatik pozarren zeuden sektore ekonomikoak, hain zuzen, zeinek buruzagi militar ohia horretarako tresnatzat hartu baitzuten. Alde batetik, nekazaritza industriak larriturik eman ditu bi urte, Araujo Atzerri ministro ohia Txinako agintariak laidoztatzen eta iraintzen ikusita; izan ere, Txina da Brasilgo sojaren erosle nagusia, baita lehen sektoreko bertze zenbait produkturena ere. Finantza sektoreek, berriz, zera uste zuten: Ekonomia Ministerioan erregulazioaren aurkari sutsu Paulo Guedes eta presidentetzan bazter nahasle bat edukitzeak bide eman ziezaiokeela, Brasil globalizatuan, bertze kapitalismo ziklo bertutetsu bati. Oraintsuago eta nabarmenago, baina, sektoreok ohartu dira, saminez ohartu ere, gobernuaren kudeaketa desordenatuak kalte egiten diola haien negozio gaitasunari.

Agertu da, berriz ere, Bolsonaro kaotikoari presidentetza kentzeko egiazko aukerak dituen hautagai bat, eta fitxa anitz hasi dira mugitzen; fitxa horietarik bat da martxoaren 22an hainbat enpresarik argitaratutako gutuna. Testua, bertzeak bertze, Roberto Setubal eta Pedro Moreira Sallesek sinatu dute —biak ala biak Itau Brasilgo banku handienaren buruak dira—, baita Brasilgo banku zentraleko presidente ohi Gustavo Loyola eta Arminio Fragak ere, eta ezin irmoagoa da. Haren arabera, «herrialdea nekaturik dago lekuz kanpoko ideiez, hitz funsgabeez, eta ekintza berantiar nahiz okerrez». Aitzinetik erran bezala, Bolsonaroren politikek zaildu egin dituzte Brasilentzat ezinbertzekoak diren zenbait harreman komertzial, guztiz alferrik, gainera. Nolanahi ere, inork ikusi nahi ez zuen egia borobil batek agortu du gutunaren sinatzaileekin bat egiten dutenen pazientzia: osasun politikaren kudeaketa kaskar eta katastrofikoren ondorioz, 338.000 lagun hil dira Brasilen COVID-19ak jota; heriotza horietako anitz eragotz zitezkeen, gainera. Zenbaitek diote bateraezinak direla gobernuak bizia babesteko esku hartzea eta, aldi berean, laissez faire jokatzea ekonomia bere gisara lora dadin, baina uste hori zapuzteko ez dago argudio borobilagorik esku ez hartzearen balizko onuradunen iritzia baino. Gutunak garbi adierazten du: «Ez da arrazoizkoa pentsatzea ekonomia suspertuko dela kontrolatu gabeko epidemia baten erdian».

Osasun krisia esplizituki aipatzen da gutunean; hala ere, aipamen horiek bezain agerikoa da lerro artean adierazten dena: Bolsonaroren planek, presidenteak pandemiaren larritasuna ukatzeko duen setaz haratago, gero eta larritasun handiagoa pizten dute elitean. Hain justu, enpresariak mintzatu eta astebetera, plan horien aurkako bertze keinu bat izan zen, oihartzun handikoa: lurreko, itsasoko eta aireko armadako buruzagiek kargua utzi zuten aldi berean. Zer asmo zuen presidenteak (baldin eta iraganaldia erabil badaiteke)? Martxoan, Auzitegi Federal Gorenaren aitzinean mintzatu zen presidentea, eta eskatu zuen legez kanpo utz zitzatela Barruti Federaleko, Bahiako eta Hegoaldeko Rio Grandeko gobernuek ezarritako bakartze neurri prebentiboak. Ordutik, casus belli bat zuen buruan: Bahia kontrolpean hartzea, aipatu hiru estatuen artean PTk zuzentzen duen bakarra baita. Bide judizialera jotzeaz gain —zeina, gero, Auzitegi Federal Gorenak hetsi egin baitzion—, Bolsonarok Bahiako poliziak akuilatu zituen, Rui Costa gobernadoreak ezarritako osasun neurriak aplikatzea eragotz zezaten. Haren hitzek jokabide zentzugabe bat baizik ez zuten eragin: Bahiako polizia batek, laneko armarekin, airera tiro egin zuen zenbait aldiz.

Saiakera hori ustekabeko kolpe baten abiapuntutzat hartu zen, 2020ko apirileko irudiak ekarri baitzituen gogora: orduko hartan, Bolsonarok parte hartu zuen bere jarraitzaileen manifestazioetan; militarren esku hartzea eta herrialdeko epaile gorenak kargutik kentzea galdegiten zuten.

Erradikalizazio horrekin bat egin beharrean, gutunaren egileek eta eliteko bertze sektore batzuek hirugarren bide bat sortzea proposatu zuten. Alabaina, hautagaitza ugari zeudenez, denbora anitz pasatu da hirugarren bidearen ideia zehaztu arte. PSDB Brasilgo Alderdi Sozialdemokrataren gainbeheraren ondotik, elite hori alderdi egokirik gabe gelditu zen PTren kontrako joera bideratzeko. Bolsonaro joera horretan ari zedin aktiboki lan egin eta gero, baina, eliteek ez dakite nola itzuli herrialdean hogei urte baino gehiago indarrean egon zen bi alderdiko sistema presidentzial normal-era.

PT behin betiko desagerrarazteko azpilanean aritu zirenak ederki damutu dira egindakoaz. Lulak, berriz, bere-berea duen ardatz rola berreskuratu du Brasilgo sistema politikoan; ardatza izan baitzen nahiz galdu zuen aldietan nahiz gobernatzea egokitu zitzaionetan. Camila Rocha ikertzailea eta Zientzia Politikoetako doktorea da Sao Pauloko Unibertsitatean, eta Lulari inhabilitazioa kentzearen bertze ondorioetako bat aipatu du: «Eragina nabaritzen da jada, Bolsonarok txertoaren inguruko jarrera eta diskurtsoa aldatu baititu, eta, jendaurreko agerraldi batean, lur globo bat paratu zuen, erakusteko ez duela bat egiten lurra laua dela dioten teoriekin». BERRIA-ren galderei erantzunez, Rochak zera gehitu du: presidente ohiari inhabilitazioa kentzeak eragindako aldaketa goitibeheiti, «PTren irudia guztiz lotuta dago oraindik ustelkeriarekin, baita Lularena ere; hortaz, ahalegin handia egin beharko du hautesleen %40, hots, ez bere alde eta ez Bolsonaroren alde daudenak —Brasilen ni-ni deituak— konbentzitzeko».

Joan den urtean Esther Solanorekin batean idatzitako analisi batean, hau azpimarratu zuen Rochak: «Bolsonarok desilusioa eta frustrazioa eragin dien arren, egungo presidentearen boto emaile izandako batzuek diote litekeena dela 2022ko hauteskundeetan berriz haren alde bozkatzea, ez baitute bertze aukera politikorik edo hautagairik ikusten». Esther Solano soziologoa eta Sao Pauloko Unbertsitate Federaleko irakaslea da, eta hura ere mintzatu da BERRIA-rekin. Iritzi publikoari buruz oraintsuago egindako zenbait ikerketaren emaitzak aipatu ditu: «Elkarrizketetan, nabaritzen hasten da oraindik PT eta Lula ustelkeriarekin lotzen dituztenek Lularen alde bozkatzeko asmoa dutela, arrazoi pragmatikoak tarteko; izan ere, egoera sanitarioa eta ekonomikoa hain dira zailak eta frustragarriak ezen uste baitute, beharbada, Lula baizik ez dela gai izanen Brasil motelalditik ateratzeko». Hautesle horiek «batasun nazionala, oreka ekonomikoa eta gobernua polemikarik eta hondamendirik eragin gabe kudeatzea» nahi dute.

Edozein moduz, ia segurutzat jotzen den Lularen hautagaitzak zera ere badakar, Bolsonarori botoa eman zioten gehienen artean PTren eta Lularen aurkako joera indartzea. Solanoren erranetan, sektore horietan «sutsuki sinesten dute PT herrialdeaz jabetu izanen litzatekeela, lapurtzeko», eta, haietarik zenbait «prest dauden arren hirugarren bide bati ekiteko, proiektu horri anitz kostatzen ari zaio batasuna lortzea». Soziologoaren ustez, gainera, Lulak eta Bolsonarok «atxikimendua, sentimenduak eta emozioak mugitzen dituzte», eta bakoitzak baliatzen duen kapital sinbolikoak «ito egiten ditu alternatibak, alternatiba horiek gorpuzten dituzten hautagaiek ez baitute bi presidentegai nagusien pisu sinboliko eta subjektiborik».

Berriz ere indartzen ari den egoera dikotomiko horren aitzinean, Bolsonaroren igoera erraztu zuten hedabide kontserbadoreak saiatzen ari dira egungo presidentea eta aitzinekoa neurri berean muturrekoak balira bezala aurkezten. Preseski, Lularen inhabilitazioa bertan behera utzi zutela jakitean, O Estado de São Paulo egunkariak editorial batean ohartarazi zuen okerra zela hartutako erabakia, eta jakinarazi zuen «erdibidean» dagoen aukera bat babesten duela. Lula muturrekotzat hartzeko aukera handirik ez du ematen, ordea, bere kontrako auziak baliogabetu ondotik egin zuen hitzaldiak: Sao Bernardon egin zuen hitzaldia, ABC eskualdeko Metalgintzako Langileen Sindikatuaren egoitzan, eta herrialdeari gobernu bat emateko beharra izan zuen hizpide, funtsean. Gako hitza «zaintza» izan zen. Martxoaren 10eko agerraldian, honela erran zuen Lulak: «Herrialde honek ez du gobernurik. Herrialde hau ez da ekonomiaz arduratzen. Ez du lana zaintzen; ez du soldata zaintzen; ez du ingurumena zaintzen; ez du gazteen hezkuntza zaintzen, ezta periferietako haurrak ere. Eta zera galdetu zuen: «Zertaz arduratzen da, orduan?».

Haren bozeramaile izandako Andres Singerrek hainbat aldiz erran bezala, Lulak erradikalizazio politikorik gabeko proiektu politiko bat aurkeztu zuen, kapitalaren aurka egiten ez duena. Dirudienez, tonu hori eman nahi dio 2022ko hauteskundeetarako kanpaina luzeari, zeina hasi baitzen epaitegiek presidente ohiaren aurkako karguak baliogabetu orduko.

PTk Lulinha, paz e amor formulari esker lortu zuen garaipena 2002an. Orduan ez zion aurre egin behar erradikalizatutako indar politiko bati, demokraziarekiko inolako atxikimendurik gabeko alderdi bati. Hogei urte geroago, ordea, bai. Horretarako formula egokia aurkituko al du orain?]]>
<![CDATA[Ez dira udal hauteskunde soilak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2417/026/001/2020-11-29/ez_dira_udal_hauteskunde_soilak.htm Sun, 29 Nov 2020 00:00:00 +0100 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/2417/026/001/2020-11-29/ez_dira_udal_hauteskunde_soilak.htm
Pandemia betean egingo dituzte udal bozak. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, 165.000 herritar hil dira han, eta sei milioi kutsatu. Osasun arloan, berrogeialdia ezartzearen aurka agertu diren estatuburu bakanetako bat izan da Bolsonaro, eta mugitzeko askatasunaren gaineko murrizketak eskualdeetako gobernadoreen gain utzi ditu. Hala ere, alor ekonomikoan, estimulu fiskalari esker, BPG barne produktu gordinak %4ko muga gainditzea lortu du, eta munduan garabidean diren herrialdeek izandako emaitza hirukoiztu. Horrek azaltzen du zergatik gaitza «gripetxo bat» zela esanez COVID-19a gutxietsi ondoren —duela egun batzuetako adierazpenak dira horiek—, eta pandemiak eragindako milaka heriotzengatik sufrimendua adierazten dutenei «maritxu» deitu ostean, Bolsonaroren gobernuak %40ko babesa duen, osasun krisia hasi aurretik zuen %25eko sostengutik urrun.

Alkatetzak eta zinegotzi karguak lortzeko lehia indarkeria politikoko gertaera larriz zipriztindua egon da. Brasilgo hauteskunde kanpainak beti daude halakoez zikinduta, baina udal bozek beti nabarmentzen dute gehiago ezaugarri ezkor hori. Aurten, egoerak nabarmen egin du okerrera. Cesec Herritarren eta Segurtasunaren Ikerketa Zentroak indarkeria politikoaren inguruan egin duen ikerketaren arabera, 82 militante politiko hil dituzte urtea hasi zenetik, haietako hamahiru irailean, kanpaina hasi zuten hilabetean.

Azken asteetako indarkeria, hala ere, miliziek egindako ekintzekin dago lotuta. Talde parapolizialak dira horiek, Poliziatik erretiratutako kideek eta oraindik jardunean daudenek osatutakoak, jada ez direnak soilik aritzen zelatatze lanetan edota justizia beren kabuz ezartzen, baizik eta hauteskundeetan parte hartzen ere hasi direnak, publikoki edo zeharka erakunde horiekin lotutako pertsonen bidez.

Milizia horiei lotutako hilketa ezagunenetariko bat izan zen Rio de Janeiroko zinegotzi Marielle Francorena, 2018ko martxoan. Milizien loturak boterearen goreneko karguetara heltzen dira. Adibide bat jartzearren: justizia Flavio Bolsonaro senataria ikertzen ari da, presidentearen semea hain justu, haren kanpaina politikoak eta Rion Adriano Nobrega polizia ohiak zuzentzen zuen milizia legez kanpo finantzatzeagatik. Nobriega bera aurtengo otsailean hil zuten.

Babesaren arriskuak

Presidentea ez da buru-belarri sartu pandemiaren ondorioz hilabete eta erdi atzeratu dituzten udal hauteskunde hauetako kanpainan. Hala ere, Sao Pauloko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako doktore Gonzalo Berronek dioen moduan, «herritar guztien parte hartzea ahalbidetzen duen eta herrialde bateko lurralde osoa hartzen duen edozein hauteskunde da gobernu nazionalari buruzko erreferendum bat». Alde horretatik, Bolsonaro gaur partidurik ez duen presidente bat den arren, haren ideien gertuko diren hautagaien zoria berea ere bada. Hortaz ohartuta, banatu egin du bere babesa, eta estatuetako hiriburu handietan aurkeztu diren eta ustez irabazteko aukera duten hautagaiekin konprometitu da soilik. Baina egunen joanak eta lehen itzuliko emaitzek erakutsi dute oker zegoela.

Okerreko estrategia

Bolsonaroren plana, kalkulu oportunistarekin eta ahalik eta kalte gutxiena izateko estrategiarekin nahastuta, erabateko porrota izan da. Bolsonarok jendaurrean babestu zituen 27 hiriburuetatik bostetan aurkezten ziren hautagaiak: Celso Russomanno Sao Paulon, Coronel Menezes Manausen, Bruno Engler Belo Horizonten, Capitao Wagner Fortalezan, eta Marcello Crivella Rion. Horietatik guztietatik, bakar batek ere ez zuen lortu lehen itzulian aukeratua izateko beharrezko %50a, eta soilik Wagner eta Crivella lehiatuko dira bigarrenean; ia ziurra da biek galduko dutela.

Porrotik agerikoena Russomannorena da. Hego Amerikan biztanle gehien duen hirian, bigarren itzulitik kanpo geratu zen, aipatutako beste biak bezala, zeinak —are okerrago— ia ez ziren agertu ere egin azken zenbaketan. Aldez aurreko inkestek erakusten zuten hautagaien aldeko boto asmoak behera egiten zuela presidenteak haien aldeko adierazpenen bat egiten zuen aldiro edo haiek estatuburuaren alde sutsu egiten zuten bakoitzean. Gonzalo Berronen iritziz, emaitzek erakusten dute herrialdearen hegoaldean bereziki arbuioa zaiola presidentearen irudiari, eta horrek batez ere lotura estua du, AEBetan duela gutxi egindako hauteskundeetan gertatu bezala, osasun krisiaren kudeaketaren ondorioekin.

Bolsonarok ez du alderdi politikorik 2018. urtean hauteskundeak irabazteko baliatu zuen Alderdi Sozial Liberala utzi zuenetik. Kongresuko bloke anitzen babesa du haren gobernuak, zeintzuek sostengu politikoa ematen dioten gobernuko karguak lortzearen truke edota euren eskualdeetan inbertsio handiagoak eskuratzearen truke.

Atomizatutako eremu bat da, eta Centrao delakoak hartzen du grabitatearen zentroa, hainbat siglak osatutako eremu kontserbadoreak; sigla horiek beti doaz aldatuz, baina batez beste ikur politiko guztietako agintarien legealdiak ahalbidetu dituzte 1985. urtean herrialdean demokrazia ezarri zutenetik.

Eremu horretako hautagaiek lortu zituzten emaitzarik onenak azaroaren 15ean egin ziren udal hauteskundeetako lehen itzulian. Joera horren bi adibide dira Alexandre Kalilek Belo Horizonten lehen itzulian lortu zuen garaipen izugarria eta Eduardo Paesek bigarren itzulian Rio de Janeiron ia ziurra duen garaipena.

Emaitzek erdigunetik ezkerrerako mapa ere zehaztu dute. Langileen Alderdiak (PT) atzeraldi handia izan du, eta hautagai bakarrari eusten dio, Marilia Arraesi, zeina estatu bateko hiriburuan aurkezten den, Recifen. Alderdi Demokratiko Laboristak (PDT) eta Alderdi Sozialistak (PSB), berriz, hautagai bideragarriak dituzte hiri handi askotan. Ezkerrerago dagoen eremuan, bigarren itzulian lehiatuko diren hautagaietatik hauek nabarmentzen dira: Manuela D'Avila komunista (PcdoB), Porto Alegren, eta Gulherme Boulos Sozialismoa eta Askatasuna Alderdikoa (PSOL), Sao Paulon. Biek dute orain PTren eta PDTren babesa. «Lulopetismoa» esan izan zitzaion haren oinordekoak dira, 2018. urtean PT alderdiko kide Fernando Haddaden zerrendan presidenteordetzara aurkeztu zen emakumea lehena, eta Luiz Inacio Da Silva Lula presidente izandakoaren lagun handia bigarrena, nahiz eta PT alderditik banatu zen talde bateko kidea den eta Lularen lau agintalditan oposizioko kide izan zen.

Brasilgo herritarren gaurko botoek agian ez dute izango berehalako eraginik politika nazionalean, Jair Bolsonaroren kontrolpean jarraituko baitu. Baina gaur hasiko da berrantolatzen 2022ko presidentetzarako hauteskundeetarako egoera politikoa, eta horren jakitun dago egungo estatuburua bera ere. Horregatik, gertutik erreparatuko die gaurko bozen emaitzei.]]>
<![CDATA[Eskuina eta pandemia Hego Amerikako bi itsasertzetan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1917/014/001/2020-08-29/eskuina_eta_pandemia_hego_amerikako_bi_itsasertzetan.htm Sat, 29 Aug 2020 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1917/014/001/2020-08-29/eskuina_eta_pandemia_hego_amerikako_bi_itsasertzetan.htm
Segur aski, Jair Bolsonaroren gidaritzapeko Brasil horretan egiten ari dira esperimenturik erradikalena eta luzeena ikusteko zer gertatzen den mehatxua axalekoa balitz bezala jokatuta; Erresuma Batuan, esaterako, Boris Johnsonek aste batzuetan bakarrik eutsi ahal izan zion jokamolde horri. Donald Trumpek AEBetan egindakoa eta batez ere esandakoa gogoan, hasieran, Brasilgo presidenteak bota zuen «hotzeri txiki» bat besterik ez zela gaixotasuna; hori aski ez, eta behin baino gehiagotan filmatu dute, berak hala nahita, distantzia fisikoa zaindu gabe, jende pilaketarik ez sortzeko gomendioari entzungor eginez eta jendartean sudurra eta ahoa tapatu gabe. Testu hau idazteko orduan, Brasilgo Osasun ministroa behin-behinekoa da, pandemia hasi zenetik hirugarrena. Horrek hondamendia dakar: gaur egun, Brasil hirugarren herrialdea da hildako eta kutsatu kopuruari dagokionez. Zorionez, herrialde federal bat da, eta horrek bide eman du estatuetako gobernuek prebentzio neurriak har ditzaten: Bolsonarok hautsi dituen eta oraindik hausten ari den neurri horiek berak.

Brasilgo eskuin muturrarentzat, pandemia gudu zelai bat izan da bere nemesi guztiei aurre egiteko: zientziari, estatuak babes sozialean duen eginkizun aktiboari, kosmopolitismo globalistari. Etsai bakoitzari amuleto bat erakutsi dio: medikuntzak balioztatu gabeko sendabideak; gobernadoreek martxan jarritako arauen aurkako desafioa; Osasunaren Mundu Erakundeari eginiko gutxiespena. Eta, horretaz gainera, presidentetza liskarrean dabil estatuko beste bi botereekin: Kongresuarekin eta (batik bat) Auzitegi Federal Gorenarekin. Bolsonarok hautatutako lehen etsaiari dagokionez, gaur egun «produkzio zientifikoak balioa eta finantzaketa galdu ditu» Brasilen, Rio de Janeiro Estatuko Unibertsitateko Gizarte eta Politika Ikasketetako Institutuko irakasle Jose Mauricio Dominguesek nabarmendu duenez.

Legegileek eta epaileek behin eta berriz egin diete aurre erasoei. Legeak onartzeko orduan, legegileak oztopoak jartzen ari zaizkio gobernuari, baina gobernuan beti izendatu ohi dute norbait, garaiz izendatu ere, kongresuko alderdiren baten jarrera eztitzeko. Epaile gorenek gogorrago jokatu dute: ikerketa bat jarri dute martxan, aztertzeko Bolsonaroren aldekoek zerikusirik izan duten albiste faltsuen hedapenarekin, eta adierazpenak ere egiten ari dira: esaterako, Celso de Mellok ohartarazi du «Weimarko Errepublikari Hitlerrekin gertatu zitzaiona» gerta dakiokeela Brasili ere.

Jair Bolsonaro eta, are sutsuago, haren seme Eduardo, zeina Sao Paulo estatuko diputatua den, jolaskerietan ibili dira beren buruari estatu kolpe bat jotzeko ideiarekin, botere legegilea eta judiziala indargabetzeko: 1964ko estatu kolpea jendaurrean defendatu dute etengabe. Presidentetzako familiak uste zuenaren kontra, Brasilgo iritzi publikoak oso bestelako bidea hartu du: Datafolhak egindako galdeketa batean, parte hartzaileen %75ek esan dute demokrazia dela erregimen politikorik egokiena. Demoskopia enpresa horrek 31 urte daramatza inkesta hori egiten, eta demokraziaren aldeko ehunekorik handiena izan da oraingoa.

Bide onetik

Herriak gero eta gutxiago babesten du Bolsonaro, baina babes oinarri sendoa dauka oraindik: %37 Bolsonaroren alde daude, eta %34 kontra, Datafolhak abuztuaren 12an egindako inkestaren arabera. Oinarri horri esker, Bolsonaro da buruzagirik ezagunena 2016an Dilma Rousseff presidentea kargutik kentzeko eta 2018ko presidentetzarako hauteskundeetan Langileen Alderdiari aurre egiteko sortu zuten koalizio zabaleko politikarien artean —zentro-eskuinetik hasi eta eskuin muturreraino—. Zentro-eskuinekoek espero zutenaz bestera, militarrek babes handiagoa daukate orain; orain, gobernuko hiru bandoetako bat dira —fundamentalista erlijiosoak eta muturreko neoliberalak dira beste biak—. Ondorioa? Kudeaketan gero eta toki handiagoa dutela.

Hego Amerikako mendebaldean, Sebastian Piñera presidentearen aldeko babesa desagertzeko zorian zegoela iritsi zen pandemia. Hain zen txikia Piñera begi onez ikusten zutenen tasa, ezen handitu besterik ezin baitzen egin harenganako oniritzia; espero izatekoa zen bezala, «banderaren inguruan elkartzeko». Hau idazteko orduan, txiletarren %13 bakarrik daude presidentearen alde, eta, baina 2019aren bukaeran, %6ra ere iritsi zen tasa hori. Eta kontuan izan behar da Txile hirugarrena dela 100.000 biztanleko hildako gehien duten herrialdeetan. Pamiela Figueroa Santiagoko Unibertsitateko akademikoaren ustez, «aldi baterako bakarrik handitu da Piñeraren aldeko babesa», eta arrazoiak ere azaldu ditu: «Pandemian izan duen kontrol zentralizatuak ikusgaitasuna eman dio, 2019ko protestetan galdu zuena, baina desegokia izan da osasun krisia kontrolatzeko aplikatu duen politika, eta, orain arte, porrot egin du; beraz, pandemiaren ondoren, herritarren babesa galduko du berriz, segur aski».

2019. urteko azken hiruhilekoan, etengabeko mobilizazioek hartu zituzten Txileko kaleak, eta bi arrazoi zituzten, besteak beste: desberdinkeria eta bidegabekeria soziala. Figueroaren arabera, pandemiak sakondu eta azaleratu besterik ez ditu egin protestarako arrazoi horiek; «atzo genioen bezala» esan eta gero, berriz hasiko dira beste konstituzio baten eta gizarte justuago baten aldeko mobilizazioak, eta biziagoak izango dira agian.

Hego Amerikako bi aldeetan, pandemiak hondamen bortitza eragin du. Alde batera utzita ea nahita egindako estrategia bat izan den, ezer ez egiteko eta ezer ez egiten saiatzeko estrategia bat (Bolsonaroren kasua), ala hanka sartze politikoak eta lehendik ere bazeuden egoera injustuak izan diren, kontua da Brasilen eta Txilen pandemiak izan duen eragina harri pisutsuegia izan litekeela Bolsonarorentzat, eta begirune gutxirekin egindako hilarria Piñerarentzat, lehendik ere madarikatuta baitago haren ondarea. Bi kasuetan, lezio argi berbera: birusa hilgarriagoa da borondatezko borreroekin edo agindu bidegabeen zaindariekin elkartzen denean.]]>
<![CDATA[Txile, bigarren itzuli dudazko baterantz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1832/021/003/2017-11-23/txile_bigarren_itzuli_dudazko_baterantz.htm Thu, 23 Nov 2017 00:00:00 +0100 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1832/021/003/2017-11-23/txile_bigarren_itzuli_dudazko_baterantz.htm
Joan den igandeko aukeraketa osoak antz handia du 2009koarekin: boto emaileen kopurua ia bera izan da -nahiz eta gaur egun orduan baino 1.200.000 txiletar gehiago izan herrialdean-; eta ia proportzio berbera izan da, halaber, zentrotik ezkerrerantz egin duten boto emaileen blokean (%55etik gora) eta eskuinerantz egin dutenen blokean (%44tik gora). Antzekotasun horrek, halere, aldaketa dramatiko bat biltzen du bere barruan, zentroaren eskuinaldean dagoen eremuan gertatua.

Alejandro Guillier independentea izanik hautagai gisa, orain arteko presidente Michelle Bachelet sozialistaren ofizialismoak ikusi zuen nola alde egiten zion demokrazia itzuliz geroztik izan duen hegemoniak. Bi hautagaitzaren arteko lehiak ahuldurik -Guillier bera, batetik, eta gaur egun Senatuan duen kidea Carolina Goic demokristaua, bestetik-, gobernu koalizioak ikusi zuen nola sartzen zitzaien indarrez ezkerraldetik Beatriz Sanchez kazetariaren hautagaitza, eta nola polo progresista bi zati handi eta ia berdinetan banatzen zen (Guillierren %23 eta Sanchezen %20), %6 inguruko bi zerrendarekin ezker-eskuin (Goic eta Marco Enriquez-Ominami sozialista ohia).

Ezbairik gabe, FA Fronte Zabaleko Sanchez hautagaiak harritu zituen denak, bere jardunarengatik, nahiz eta itzalik handieneko aholkularien inkestek gutxietsi egin zuten. Igandeko botoen ondoren, bloke progresista ezkerralderago lerratu da, FAk eta sozialistek gobernua koalizioan izandako jardunaren eraginez, horiek demokristauek baino aulki gehiago baitituzte orain -1989az geroztiko koalizio progresista guztietan, demokristauena izan zen alderdi nagusia-.

Zentroaren eskuinaldeko hemisferioan kulunkan dabiltza berriro ere, eta horrek bide ematen die RN Berrikuntza Nazionaleko kontserbadore tradizionalei Txile Goazen koalizioko indar nagusi bihur daitezen, UDI Batasun Demokrata Independente pinochetista ordezkatzeraino, diktadura amaituz geroztik lehen aldiz. Zentrotik gertuago dagoen eskuinak baliteke hautesle demokristau batzuk liluratzea, horiexen botoak behar baititu bigarren itzulia irabazteko.

Alderdien sistema barruko birkokatzeak gorabehera, herritar gehienei oraindik ere arrotz zaie sistema hori. Botoa emateko eskubidea zutenetatik %47k baino gutxixeagok bakarrik aukeratu zuten botoa ematea. Gaur egun, 18 milioi biztanle baino gehiago ditu Txilek, eta, joan den azaroaren 19an, 1989an baino 400.000 lagun gutxiagok eman zuten botoa -orduan, 12 milioi biztanle zituen-. Hala, prozesu demokratikoari desatxikimendu pasiboa adierazi diote; desatxikimendu horri ez dio eragiten gobernuen politika norabidea aldatu izanak, eta, gainera, aldaketa konstituzionalerako proposamen ausartek ez dute hunkitzen -halaxe gertatu da Bacheleten bigarren agintaldian, amaitzear dagoen horretan-, nahiz eta herritarrek beren ordezkariei botere txikiagoa eman diezaieten egin proposamen horiek.

Panorama hori ikusirik, izan zen emaitzekin poztu zen gobernukiderik, paradoxaz: gobernu koalizioak galdutako botoak Sanchezengana joan ziren, zeinak Bacheletek hasitako aldaketetan sakontzearen alde egin baitzuen; aldaketa horiek kritikatuak izan ziren, ez gaizki bideratuak zirelako, baizik eta xumeak zirelako. Bacheleten bigarren gobernuaren bulkada hori, ezbairik gabe, Augusto Pinochet boteretik irten ondoren etorri ziren gobernu demokratiko guztien ezkerretara gertatu zen, eta bertigoa sentiarazi zien ofizialista askori, susmoa baitzuten sektore moderatuen babesa galduko zutela.

Txileko ofizialismoak zera galdetzen dio bere buruari: irabazi ahalko du? Eta, hala izanez gero, nola gobernatu irabaziz gero? FArekin kogestio itun bat egitea litzateke derrigorrezko bidea, horixe izango bailuke ustez kide bakar Diputatuen Ganberan gehiengoa lortzeko zorian egoteko. Kasu horretan, FAk berak bidegurutze bat du aurrez aurre: edo Guillier baztertu, iraganeko parte gisa, eta bakarrik utzi; edo sinetsi hark Bacheleten agenda erradikalizatzeko duen gaitasunean, eta babes baldintzapeko bat eskaini.

Piñerak, bide batez, ez dio uko egin faborito izateari. Ez da bihurtu kuia, automatikoki, bozketa eguneko gauerdiak jo orduko, baina moderazioaren ertzetik ibili behar du boto emaile demokristau batzuek bloke progresistari bizkar eman diezaioten. Gauzak are eta duda-mudazkoago egiteko, bada beste gauza bat argitzen zaila: zer parte-hartze tasa espero daitekeen.

(Erredakzioan itzulia)]]>
<![CDATA[Ekaitz tropikal perfektu bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/007/001/2016-05-08/ekaitz_tropikal_perfektu_bat.htm Sun, 08 May 2016 00:00:00 +0200 Gabriel Puricelli https://www.berria.eus/paperekoa/1960/007/001/2016-05-08/ekaitz_tropikal_perfektu_bat.htm Commodities-en salneurrien jaitsiera, zeina Hego Amerika guztian ari den gertatzen, bat etorri da Brasilen garapen bidean diren herrialdeetara bideratzen zen kapitalaren atzera egitearekin eta hazkuntza areagotzea lortu ez zuen defizit fiskalaren gorakadarekin. Egoera ekonomiko honek berehalako ondorioa ekarri zuen politikara: 2014ko amaiera aldera, arnasa pixka bat eman, eta Dilma Rousseffek eutsi egin zion presidentetzari, baina atzeraldiak haren ospeari eragin dio 2015eko urtarrilean, berriro ere presidentetza eskuratu eta bertan jardun duen egun bakoitzean, eta ez ekoizpena ez enplegua ez dira suspertu. Ez da izan, noski, ekonomia inpertsonala Dilmaren ospea amildegira eraman duena: doitze fiskal oso gogorra ezarri zuenean, presidenteak berak kolpe bakarrean jokatu zituen bere bi legitimitateak ?jatorrizkoa zein ekitekoa?. Bozak galdu zituen Aecio Nevesek proposatzen zuen neurri berbera zen, eta, suspertzean porrot egitearekin batera, atzeraldian sakondu, eta inflazioari ihes egiten utzi zion.

Odola usaintzen lehena presidentearen eta haren aurreko eta akolhulari nagusi Luiz Inacio da Silva Lula-ren alderdi Langileen Alderdiaren (PT) aliatua izan zen: Brasilgo Mugimendu Demokratikoko Alderdi agortezina (PMDB). Ideologia definitu gabeko baroien erakundea, hain zuzen, 1985ean demokrazia berreskuratu zenetik gobernuan dagoen botere kooperatiba egonkorra da, ordutik presidentetzan izan diren alderdiekin aliatua. Desagertuz doan Dilmaren perspektiba batek eta PTren ziklo ixte batek PMDBren defentsak jarri zituen martxan, zeina jada larrualdatzen hasi zen Dilma berriro ere presidente aukeratu zutenean.

Azken bi hilabeteetako zurrunbilo politikoa duela urtebete inguru hasi zen eratzen; lehia estuko hauteskunde garbiaren emaitzak onartu ez zituen oposizioak hauspotuta, eta PMDB bere piezak mugitzen hasi zenean, erregina babesgabe utziz. Lehen desafioa, PTren borondatearen kontra, PMDBko Eduardo Cunha inposatzea izan zen, zeina, Diputatuen Ganberako presidente legez, Kongresuko eliza ebanjelikoen alfil den. Bigarren desafioa Zubi bat etorkizunerantz txosten ekonomikoa proposatzea izan zen, PTren proposamenaren alternatiboa.

Drama horrekin paraleloan, ustelkeria auziei buruzko ikerketen eskandaluekin zipriztinduz zihoan Brasil; hau da, estatuko Petrobras petrolio enpresa pribatu handiek zein politikari ustelek ustiatzen zutela, eroskeriaz, obra kontratu garrantzitsuak lortzeko eta hauteskunde kanpainak finantzatzeko. Ikerketak Dilmaraino iritsi ez arren, eta, hura sustatu izan dutenak zein haren gobernuaren kontra daudenak harrapatu arren, botere egituran desagertzen hasi zen presidentearen sinisgarritasuna.

Kontu fiskalak makillatzeagatik epaiketa politiko bat jasango duen Dilma akusatzen dutenen gehiengoa presidentearen kargugabetzean gotortu dira, eta kartzelaren mehatxua daukate beren bizkar. Brasil behin-behinekoz gobernaezin bihurtu da, eta Dilma haren lehendakariorde Michel Temerrek ordezka dezake, zeinaren ospea oso txikia den. Ihesbide bat da, gobernuko zerrenda alda dezakeena, baina ez egoera ekonomiko kaskarra geraraziko duena. Aldaketa ahula suertatzen bada, ez da baztertu behar hauteskundeen aurrerapena; normalean, 2018ko urte amaieran egin beharko lirateke. Behin-behinekotasun horretarako, PT hebainduak oraindik Lularen zilarrezko bala dauka gordeta, zeinari aurre egiteko beldur diren Dilmaren salatzaileak. Beharbada, hainbat hilabetez indarrean dagoen Brasilgo krisia, hasi besterik ez da egin.]]>