<![CDATA[Garazi Ansa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 14 Nov 2019 07:59:47 +0100 hourly 1 <![CDATA[Garazi Ansa | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Bueltan gara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-11-12/bueltan_gara.htm Tue, 12 Nov 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-11-12/bueltan_gara.htm Jesse Jones. 'Dar-dar'Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: 2020ko martxoaren 1era bitarte.

Joan ikustera! Ikaragarria da!» oihukatzeko ezinbesteko bulkada izan dut. Inguruko guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatzekoa. Saihestu ezinezkoa izan da. Emozioek gidaturikoa. Euforikoa. Idatzizko kritika serio batean, berriz, inolaz ere onartu ezinezkoa izan litekeen bulkada omen. Berriz ekingo diot, beraz.

Gutxitan atera izan naiz erakusketa areto batetik gorputza goitik beheraino zeharkatu didan sentsazioarekin. Eta hau horietako bat izan da. Jesse Jones artista irlandarrak hasieran Veneziako 57. Biurtekorako bereziki pentsatuta egindako instalazioarekin izan da, kasu honetan, euskal testuingurura egokitu eta Guggenheimen aurkezten dena.

Bi zati nagusitan banatuta dago erakusketa: kanpoaldekoan eta barnealdekoan. Espazialki, baina baita sinbolikoki ere, nolabait. Kanpoaldean aztarnak daude. Beira-arasetan gordeta, erakusgai ipinitako hondakinak. Iraganari loturiko objektuak dirudite, museo etnografikoetan topatzen diren moduko bizi-ekintzen erakusgai. Loturak osatzeko balio dute. Lehen hurbilketa egiteko. Objektuen bidez ekintza horien nolakotasuna ulertzeko. Baina, betiere, kanpoko begirada batetik. Begirada urrun batetik. Argizaiolak daude. Batzuk ohikoak, tradizionalak; besteak, berriz, berriak. Argizariz egindako esku bat, zimurrez beterikoa, haien alboan. Eta triku-azal bat, eta hontz-hankak. Geure iraganaren zati izanik, erabat ulergarri zaizkigu erakusten diren objektuak, gertukoak ere bai, nolabait, baina inolaz ere ez ditugu geure sentitzen, ez ditugu erabiltzen. Beira-arasa fisikoak eta sinbolikoak banatzen gaitu. Antzinako sinesmen eta erritu irrazional horiek atzean utzita, aspaldi ekin baikenion argiaren bideari, aurrerapenari, ezta?

Azken beira-arasari begira nintzela, barnealdetik zetorren soinu aztoragarri bat entzun dut. Eta jendea irteten hasi da. Amaituko zen dena delakoa, eta, beraz, sartzeko ordua iritsi zait, berriz ere abian jarri aurretik. Aretoa beltz zegoen, erabat ilun. Ustezko argitasun guztiak itzali dira, beste argiztatze moduei harrera egiteko. Trantsizio une bat beharrezkoa da; begiek eta gorputzek beste errealitate honetara ohitu behar dute. Misteriotsua da. Zer ari da gertatzen? Non nago? Zeren parte izaten ari naiz? Lehen kanpotik begira baldin bageunden, argi dago barnera jauzi egin dugula oraingoan.

Aretoaren albo banatan luzetara jarritako bi pantaila handiak funtzionatzen hasi dira. Errituari hasiera eman zaio. Hitzak. Gorputza. Argiztapenak. Soinua. Mugimendua. Objektuak. Kea. Aztarnak. Hitzak. Gorputza. Gorputzetik eta gorputzera.

Jonesek instalazioaren bidez lortzen du ikusleak atmosfera berezi batean harrapatzea. Ez da izan inor ere aretora sartu, begirada bat bota, eta atzera berehala irten denik. Alderantziz: aretoa gero eta gehiago betetzen joan da erritua amaitu bitartean. Lucyren hezurrek, harrizko orakuluak eta adats zuri luzezko emakume erraldoi eta adinduaren presentziak dar-dar eginarazten dute. Eta ustezko argitasunetik sortu eta egun ukigaitzat ditugun legeak ere dar-dar batean ipintzen dituzte. Bestelako gizarterik izatea posible izango al litzateke? Behin izan bazen, berriz ere izan liteke... Edo hori sinetsarazten digu emakumeak. Izan liteke.

«Egizue dar-dar, sorginak bueltan dira!», oihukatzen omen zuten 70eko hamarkadako feminista italiarrek, eta, Silvia Federiciren ikerketa lanetan oinarrituta, artistak ere aldarri bera egiten du proposamen honen bidez. Iraultza berri batena. Gizartearen oinarriak aldatzeko beharrarena, bizitza eta gorputza guztiaren erdialdean ipiniz: «In Utera Gigantae» xuxurlatzekoa. Orainaldia bestelako modu batez ulertzeko, mitologia eta historia berriak sortzeko unea iritsi da.

Argiak itzali dira. Errezelak mugitu dituzte. Soinuek aztoragarri izateari utzi diote, eta beso eta eskuen arteko dantza espazial xamanikoa ere amaitu da. Jendeari kosta egiten zaio, ordea, aretoa uztea. Beste pixka bat geldituko nintzateke iluntasunean, argitasun berrian. Pixka bat gehiago. Pentsatzen. Hausnartzen. Legearen eta gorputzaren arteko harremanetan, haien egileetan, honek zuzenean geuregan duen eraginean, eta, zinez, In Utera Gigantae baten beharrean. Alegia, erlazio horien benetako eta errotiko birformulatzean.]]>
<![CDATA[Txalo zaparrada]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-10-29/txalo_zaparrada.htm Tue, 29 Oct 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-10-29/txalo_zaparrada.htm 'Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni'Non: Gasteizko Artiumen. Noiz arte: 2020ko urtarrilaren 12ra arte.

Azken urte hauetan Artium museora inguratzen den orok du barrura sartu gabe aldi baterako proiektuetariko bat ikusteko aukera. Atzeko eraikineko fatxadetatik zintzilikaturiko pankarten bidez, site specific deituriko ekoizpenez, alegia, bertarako propio egindako proiektuez gozatzeko aukera. Grey Flag izenekoaz. Proiektu xumea da, baina eraginkorra eta erakargarria izan daitekeena bertatik pasieran dabilen edozeinentzat. Aste honetan joan naizenean, sarreraren albokoak eman dit bereziki atentzioa. Gorri-gorria, arrisku seinalea iradokiz, letra zuriekin eta handiz idatzirik: ERNE: HAUTEMATEAK PARTE HARTZEA BEHAR DU. Antoni Muntadasek, Euskal Herrian egiten duen lehen bakarkako erakusketara sartu aurretik, jada abisua eman digu. Ez sartu begiratzeko asmoz soilik, egileak hautematea eskatzen baitu. Ez sartu modu pasibo batez aretoetan ibiltzeko asmoz soilik, egileak parte hartze aktiboa eskatzen baitu.

Ez pentsa, hala ere, gorputzaren atalekin modu fisiko batez elkar eragiteko lanak izango direnik erakusketan. Parte hartze aktiboa, ideiei loturikoa, izan ohi da Muntadasen lanetan, pentsamendu kritikoaren suspertzeari loturikoa, hain zuzen ere. Garai ezberdinetako lanak daude bertan, hasi 1970eko hamarkadatik eta gaur eguneraino luzatzen direnak. Erakusketaren titulua elkarrekiko loturak <> interconexiones <> interconnessioni da, eta horrek ere denbora tarte horri guztiari egiten dio erreferentzia, lanen artean egon daitezkeen lotura kontzeptualetan baino, haiek guztiak biltzen dituen nodoan jarriz fokua: artistarengan berarengan. Bestelako irakurketak ere ahalbidera ditzakeen arren —izan ere erakusketan dauden lan guztien artean ere hala nolako elkar loturak topatzea oso ariketa erraza baita—, Mark Wigley historiagileak artista definitzeko moduan oinarritu ziren komisarioak: elkartrukerako eremu-sarea, bidaiari nomada.

Zenbat? Zeinentzat? Noiz? Non? Nola? Zergatik? Zer? Nor? Galdera zaparradak egiten du ongietorria. Erakusgai dagoen lehen proiektua da. Ikusleak hasiera-hasieratik aktibatzeko intentzioa erraz sumatzen da. Parez pare, 1970eko hamarkadan zehar egindako bere lehen lanen dokumentazioak kontsultatzeko aukera dago, bideoak ikusiz edo artxibagailu beltzetako plastikoak banan-banan aztertuz. Konturatu gabe, nire gorputza alde batera eta bestera mugitzen hasi zen, plastikoak pasatzearekin batera, bertako zirriborroak irakurtzearekin batera, erritmo bertsuan, erritmo lasaian. Ingurunea hautematearen inguruko lanak dira ikus daitezkeenak; usaimenaren bidezkoak, dastamenaren bidezkoak, ukimenaren bidezkoak, denetarikoak daude. Bizi dugun espazioarekiko hautemate kontziente baten bilaketa dirudi, bilaketa sentsoriala. Eta gorputzak mugimenduan jarraitzen zuen. Eta ahapeka kantatzen ere hasi nintzelakoan nago uneren batean.

Ondoko gelatik zetorren musika: La televisión proiektutik. Atmosfera bereziko gela da. Estetikoki ederra, erakargarria, intentsua eta katigatzen duena, baina, era berean, kontzeptualki ere kritika interesgarria planteatzen duena. Mass mediek egiten duten informazioaren trataeraz eta informazio hori kontsumitzeko dugun moduaren inguruko gogoetaz ari da. Hala ere, ez da erakusketan gai hori jorratzen duen bakarra. Ezinezkoa litzateke proiektu guztiak aipatzea segidan, nahiz eta merezimendu faltagatik ez izan. Hauturik egokiena bertaratu eta ikustea da, dudarik gabe.

Boterearen erabilera ezberdinak eta horiekiko gogoeta kritikoak dira hurrenez hurren topatzen direnak, eta proiektu gehienen helburua hiritarren jokabidea erregulatzeko erabiltzen diren mekanismoen azterketa dela dirudi. Zer pentsatua ematen dute.

Erakusketatik irteteko, teloi beltz bat igaro behar da, eta bisitaria inguratzen duen pantaila hirukoitzeko instalazio batetik irteten den txalo zaparrada handi batek egiten du agurra. Azken proiektua da. Erakusketak berak merezitako amaiera izan liteke txalo zaparradarena. Baina maisutasunez, hasieran eraikineko hormatik zintzilik ikusitako mezuaren beste bertsio bat da ondorengoa. Bertsio ironikoa inondik ere. Eta erakusketaren hasiera partean ikusitako La televisión lanarekin ere uztartzen dena inondik ere. Gu gara bertan irudikaturik agertzen garenak. Hipokrisia handiz sofan eseri eta telebistari begira gaudenak. Txilen, Bolivian edo Bartzelonan gertatzen ari denaren aurrean, eserita gaudenak. Txalo zaparrada guretzat.]]>
<![CDATA[Erlazio kateatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/047/001/2019-10-15/erlazio_kateatuak.htm Tue, 15 Oct 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/047/001/2019-10-15/erlazio_kateatuak.htm Asier Mendizabal. 'Ez batura ez atal'Non: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Abenduak 7.

Presaz iritsi nintzen egun hartan, pauso bizkorrez. Eta Bilbon nintzela, Carreras Mugica galerian Asier Mendizabalen azken erakusketa ikusteko aprobetxatu nahi nuen, eta beldur nintzen garaiz iritsiko ote nintzen, itxi aurretik. Ia arnasestuka jo nuen ateko txirrina, baina ireki zidaten, barruan nintzen. Sartu ahala, ordea, soinu batek gorputzean nekarren abiada guztia geldiarazi zidan. Ez zen Asier Mendizabalen lana, argi zegoen, baina honen hautematean eragin zuzena izango zuela ere argi ikusi nuen une horretatik aurrera.

Baxu jarraitu moduko zerbait zen entzuten zena, nota grabe bat, elektronikoa, eta luzea, noizean behin beste nota batzuekin tartekatzen zena. Mendizabalen erakusketa dagoen aretotik ere entzun zitekeen noten segida, argi entzun ere; honela, aretoko piezek baxu jarraituaren akorde inprobisatuen rola hartzen zuten. Eta melodiak, berriz, aurreko guztiaren gainean, nire buruan sortzen hasi ziren, iraganetik ere edanaz.

Erakusketara joateko hainbat motibo ziren tartean. Zehatzago, bi motibo. Batetik, Mendizabalen azken urteetako lanik ezagunenetariko bat izan daitekeena dago erakusgai: Not all that moves is red (Telón) #2. Aretoaren albo batean dago, baina haren tamaina eta gorriaren eta beltzaren arteko kontraste indartsuak direla eta, aretoan ikaragarrizko presentzia du. Lan hori bestelako testuinguru batzuetan ikusi izanak iraganera bidaiarazi zidan. Bereziak dira, inondik ere, hain modu pertsonalean erlazioak sortzeko gaitasuna duten piezak. Beste motiboa, berriz, bere ekoizpen berriek bultzaturikoa izan zen; bereziki hormetatik zintzilik dauden argazki-collageak. Haietan, gaur egun modaz pasata dauden etxeetako zoruetako parketen argazkiak daude. Txikia nintzenean oraindik ere oso ohikoak ziren horienak. Testuingurutik erabat aterata, aretoan beraien ezaugarri formal eta estetikoek hartzen dute protagonismo osoa. Eta hori are gehiago azpimarratzen da Mendizabalek, irudi geometriko horiekin, collagearen bidez, egindako jolasen harira. Collageak eginak dauden aluminiozko gainazala ere tarteka argitara irteten da, hori ere forma geometrikoen bidez. Lan batzuetan zati txikiak dira, detaileak; besteetan, berriz, zabalagoak, zeintzuek islaren bidez ikuslea lanean murgilarazten duten, itxuraz bada ere.

Horiekin elkarrizketa perfektua osatzen, berriz, Casa/Palabra izeneko beste objektu seriea dago aretoan barrena. Aurretik aipatutako Iroko/ukola lanekin batera, aretoko protagonista nagusia da. Elkarrizketaren haria materialak berak darama, hain zuzen ere, eskultura hauek guztiak hormetako collagetan tartekaturik ikusten diren aluminiozko material beraz eginak baitaude. Baina formak berak ere batzen ditu, forma erregular eta zuzenek.

Mendizabalen lanetan ohikoa denez, ordea, lanak ez dira maiz estetika huts inondik inora ere, eta oraingoan ere halaxe da. Bi serieen arteko konexiorik tinkoenak, ezinbestean, kontzeptualak baitira. Eta horiek ere iraganera garamatzate. XX. mende erdialdera gutxi gorabehera, Espainiako arkitektura arrazionalistak koloniekin izandako harreman eta eragin zuzenaren inguruan gogoeta egitera. Hain zuzen ere, pieza multzo bakoitzak gaiaren inguruko ikuspegi zehatza aurkezten digu. Bai baitirudi garai hartan eta bereziki arkitektura arrazionalistaren bidez hain modan jarritako luxuzko egurrak —lurreko parketerako erabiltzen zirenak—, ia musu-truk lortuak eta, gutxik jakin arren, Afrikako kolonietako lehengaiak zirela. Aldiz, aluminiozko eskulturen bidez, kontrako bidaia egiten da. Izan ere, piezak egiteko erabilitako forma triangeluarrak kolonietan eraikuntzarako soluzio arrazionalistak bilatzeko prototipo batean oinarritutakoak baitira. Hala, azken finean, bi piezen bidez, iraganeko Espainiako kolonia-harremanetan sakontzeko aukera ematen digu artistak, esplotaziozko ustiapen sistema batean, eta baita hala-hola zuritutako paternalismo batean, ia kutsu propagandistikoa ere izan zezakeena. Erlazio kateatuak; eta kateak ere, aretoan bertan.

Nahikoak izango ziren bi serietako piezak eta kateak erakusketa borobil eta interesgarria osatzeko. Baina askotan horma hutsak ikusteak bestelako piezak ere erakustaretora eramateko beharra sentiarazten digu. Eta nahiz eta kasu honetan Not all that moves is red (Telón) #2 lanak gainontzeko piezekiko ere bestelako irakurketak bermatzen dituen, agian gehiegizko presentzia da aretoan hartzen duena.]]>
<![CDATA[Geranioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-10-01/geranioak.htm Tue, 01 Oct 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-10-01/geranioak.htm 'Uriel Orlow'Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urriak 6.

Ekainean Jumana Mannaren erakusketa ikustera etorri nintzenetik, ezberdin topatu dut Uriel Orlowren erakusketako sarrerako horma. Hor daude postalak, postal vintage-ak, eta aurrekoan ikusitako geranio gorri biziarena ez hartu izanaz damutzen naiz. Gaur ez dago. Falta da. Ederra zen. Amaitu egin omen ziren ale guztiak, eta, hari zegokion tokia hutsik utzi beharrean, beste lerro batean errepikatzen den postal batekin betetzea erabaki omen dute.

Berriz begiratu ditut postalak, eta bat hartu dut, uda oroitarazten didana, baina etxera ere banaramana era berean: amak balkoian ipintzen dituen geranioengana. Suitza inguruko etxe baten fatxada da, lorez apaindua. Buelta eman diot postalari: No. 1 Geraniums are never red. Postalaren titulua izan zitekeela pentsatu dut. Beste bat hartu dut ziurtatzeko: No. 5 Geraniums are never red. Oker nengoen. Badirudi instalazioaren titulua dela. Eta orduan konturatu naiz, postalek duten ezaugarri komun bakarra ez dela beraien izaera vintage-a, baizik eta guztiak Mendebaldekoak direla, hainbat Espainiakoak, eta guztietan agertzen direla geranioak, geranio gorriak.

Igarobidetik pasatu naiz erakusketa aretora joateko asmoz, eta bonbardaketa baten moduan sentitu ditut ahotsak, hitzak belarriak zeharkatuaz, albo banatatik. Ez ulertzeak, ez jakiteak eta ez ikusteak eragindako biolentzia izan da, eta, gehiago entzuten gelditu ordez, gorputzak alde egiteko beharra transmititu dit, parez pare, hormigoizko horma batez itxitako patio baten argazki hiperrealistarekin topo egin dudan arte. Badirudi eskuineko leihoetatik sartzen den argiak argiztatzen duela eszena, eta benetako espazioa dela bertakoa argazkia izan ordez. Hipnotikoa da. Klak-klak-klak. Diapositibak martxan doaz. Baratzea edo lorategi bat ikusten da alde batean. Nelson Mandelak eta ANCko kideek sortutako lorategia omen da, haren biografiaren eskuizkribua gordetzeko erabilitako lorategi frankoarena; 18 urtez zaindua. Alboan, idulki batean, Mandelaren urrea-ren hazia; eta ondoko horman hazitik sortutako landarearen argazkia. Eta zer pentsatua ematen du. Kolonialismoaren aurka eta eskubide berdintasunen alde egiteagatik hemezortzi urte gatibu pasatu, eta irtetean, askatasuna lortzean, haren izena, haren jatorrizko lurraldean, kolonialismoaren ondorioengatik, egun oraindik ere gatibu den landare bati ipini zioten. Bada oraindik ere borrokatzeko kausarik.

Orain ulertu dut sarrerako instalazioa ere. Geranioak, nahiz eta egun bertakotzat ditugun landareak izan, ez dira autoktonoak, ez dira izatez hemengoak. Patatarekin argi dugu, palmera zuhaitzekin ere bai. Baina geranioak ere kolonialismoaren bidez gureganatutakoak dira; are gehiago, kolonialismoa dela eta, izatez, geranioa ez den landare bat bilakatu dugu geranio. Eta hori jakinda ere, egun, oraindik ere lore horiek geranioak dira guretzat. Ze harropuzkeria eta handinahikeria. Umckaloaba deitzen zioten Afrikan, baina europarrek ezetz, geranio afrikarrak zirela haiek. Eta esportatu zituzten, eta hemen ditugu oraindik ere, gure etxeetako balkoiak dekoratzen, haiei ebatsitako landare guretzat exotiko eta ederrak, haientzat berriz sendagarriak zirenak.

Alderantzizko egoerak ere gertatu dira. Afrikan landare sendagarri exotikoak badirela ikusiz, bertako ezagutza kulturalaren eta landarediaren jabetzaren bidez inperio ekonomikoak sortu dituzten kasuak, adibidez, zeinaren erruz afrikarrak lurrik eta baliabiderik gabe utzi dituzten, ezagutzak guztion ondare direla berretsiz. Bertako medikuntza tradizionala eta sendalariak ere ez-zientifikotzat eta ez-eraginkortzat hartuz, haien presentzia eta eragina murrizteko ere hainbat bide jorratu zituzten. Hau, nolabait, hemen ere ezaguna dugun gertaera da.

Zinez interesgarriak dira aretoaren erdian kokatutako bideo lanak, hirurak. Kolonialismoaren eragin horien guztien inguruko gogoetetara daramate ikuslea, baita erakusketako azken instalazioak berak ere. Kasu horretan, Frantziarekin lotura zuzenagoa du. Baina aretotik ateratakoan, hor daude berriz ere geranioak, arazoa etxera ekarriz, arazoak zuzenean jotzen gaituela gogoraraziz. Askotan postkolonialismotik burututako lan, gogoeta eta aldarrikapenak interesgarriak eta beharrezkoak direla iruditzen zaizkigu, baina kanpoko zerbait balira bezala begiratzeko joera dugu, tamalez. Orain, ordea, geranioek hala ez dela gogoraraziko digute.]]>
<![CDATA[Zilegi al da?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/031/001/2019-09-17/zilegi_al_da.htm Tue, 17 Sep 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/031/001/2019-09-17/zilegi_al_da.htm 'Vivian Maier. Argazkilari errebelatua'Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urriaren 20ra arte.

Bizitzak batzuetan sorpresak ematen omen ditu. Onak izan daitezke, edo txarrak. Eta artean ere izaten dira sorpresak. Onak direnean, nola ez, bereziki pozten dute bat. Vivian Maierren bat-bateko agerpena ere sorpresa hutsa izan zen. Orain dela urte gutxi batzuk, inork ere nahi ez zuen kutxa batean, oraindik ere errebelatu gabeko argazkiak topatu izanaren ondorioz gertatutakoa. Ezagutarazi egin ziren, ordea, eta jendea argazkiak gozatzen eta miresten hasi zen, hasi ginen, Interneten lehenik, erakusketen bidez jarraian. Eta Donostiara ere iritsi da, Tabakalerako Kutxaren aretora, Vivian Maier. Argazkilari errebelatua izenburupean. Oraindik ere, haren lana ezagutarazteko xedean dihardute, eta, horretan, guk haren lanaren zatitxo bat ikusteko aukera ere badugu urria bitartean.

Inork ez du zalantzan jarriko ederra dela Maierren lana, landutako eta zaindutako konposizioak, zenbaitetan bereziak direnak, jostagarriak, itzalarekin, argiarekin eta islarekin jolasean. Ederrak dira egindako erretratuak ere, kalean, pasieran edo egonean zebiltzan anonimoei egindakoak, monumentalak, duinak eta indartsuak. Ederrak dira, oro har, ia modu oldarkor batez, behin eta berriz, behin eta berriz, bata bestearen atzetik ia etengabean ateratako irudiak, New York edo Chicago hirietako bazter, biztanle, espazio, txoko, pauso, oin eta itxaroteenak. Maierren lan osoa osatzen duten 150.000 negatibok baino gehiagok bestela ikusi ezin izango genukeen iragan batera garamatzate, atzera, eta behatxulotik begiratzeko aukera dakarkigute.

Donostian ez ditugu argazki guztiak, erakusketek beti baitute beren baitan hautaketa bat, aretoan ahalik eta modurik txukunenean eta egokienean, irudi bakoitza bere espazioarekin erakusgai ipintzeko beharrezkoa dena, diskurtso jakin bat eratzeko ere nahitaezkoa dena. Komisarioak hautatutakoak dira beti bai lehena eta baita bigarrena ere. Batzuk konplexuagoak dira, hermetikoagoak; besteak, berriz, arinak dira, jarraitzeko zailtasun handirik eskatzen ez dutenak. Horrek ez du esan nahi, ordea, beti lehenak bigarrenak baino hobeak direnik. Hermetikoak diruditen diskurtsoek hutsa izan baitezakete atzean, eta erakusketa bera katramila horretan gal daiteke; aldiz, jarraitzeko errazak direnek lanen estetikaz gozatzeko aukera zabalagoa eta askeagoa eskain dezakete, lasaitasun gune bat, oasi txiki bat izan egunerokotasuneko kezka, larrialdi eta konplexutasun guztien erdian. Diskurtso konplexuko erakusketak beharrezkoak dira, baina honelako oasiak ere tarteka gustura hartzen dira.

Horrelakoxea da Vivian Maierren argazkiez osatutako erakusketa. Dibulgaziozkoa erabat, gogoeta handirik bultzatzen ez duten azpigai tematikoz antolatua, hurrenkera ia kronologiko baten bidez ordenaturik dagoena. Argi dago erakusketako lanei zuku gehiago ateratzerik bazegoela, baina erakusgai dauden lanen kalitateak bisitak merezi izatea eragiten du.

Hala ere, erakusketako aretoetatik biraka, autorretratuak ikusterakoan, eta argazkien atzean zegoen emakumearen begiradan pentsatzerakoan, behin eta berriz zetorkidan galdera bera burura: Zilegi al da? Zilegi al da Vivian Maierrekin gertatutakoa? Familia xumeko emakumea, bere aurrezkiekin argazki kamera erosi eta bere argazkiak errebelatzeko ere dirurik ez zuena. Oraindik ere bizirik zela, bere gauzak gordetzen zituen biltegia ordaintzeari utzi, eta dirudienez beretzat hain garrantzitsuak izandako argazkiak galdu zituena. Zenbait eskutatik pasatu ostean, gizon batek Maiarren lanak hartu eta saltzeari ekin zion, kritikari eta teorialari ospetsu batek —inork dudarik balu, Allan Sekulaz ari naiz— lanen kalitatea berretsi ostean. Eta guztia Vivian Maier ezertaz ere jabetu gabe gertatu zen. Beti marjinetan lan egindakoa, eta bera ohartu ere egin gabe, bere lanak publikatzen eta haren harira etekina ateratzen ari ziren besteak. Eta nahita aukeratu izan balu bide horri jarraitzea, zer?

Geurekoiak izanda, ikaragarrizko sorpresa eta zorte ona izan zen guretzat Maierren lanak egun hartan John Maloofen eskuetara iristea, bestela haren argazkiez gozatzeko aukerarik ez genukeelako izango inondik ere. Hori argi dago. Baina, era berean, badut halako erruduntasun sentsazio bat, gorputza goitik beheraino zeharkatzen didana; egilearen baimenik gabe haren unibertso intimora, haren begietara, sartu izanarena. Zilegi al da?]]>
<![CDATA[Azaletik barruraino]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/031/001/2019-06-25/azaletik_barruraino.htm Tue, 25 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/031/001/2019-06-25/azaletik_barruraino.htm 'Jumana Manna'Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urriaren 6ra arte.

Ezaguna egiten zait erakusketa aretoan harrera egiten duten horman eta pasilloan agertzen diren collageen materiala. Itxura plastifikatua duten paper zatiak dirudite, kolore saturatuz eta bibrazioz betetakoak guztiak ere. Eta zatitxo horien batuketak sortutako mendi, paisaia edo natura hila bera ere ezagunak egiten dira. Badute, ordea, ezinegona sorrarazten duten zerbait: aratzegiak, garbiegiak dira. Naturaren izaera inperfektu eta organikoaren aurrean, irudi artifizialak dirudite, plastikozkoak. Gizakiak bere eskuen arabera irudikatutakoak dira, bere ustezko perfekzioa proiektatzean sortuak; zenbaitetan naturan bertan egiten duen moduan, haren orografia aldatuz, espezieak alde batetik bestera mugituz, beti bere komenentziara.

Botere harreman bat da gizakiak naturaren gain duena. Baita beste herrialdeetako lurren eta landareen gainean duena ere; botere harreman hori gizaki eta naturaren artekoa izatetik, gizarte baten eta bestearen artekoa izatera iritsi izan dena. Eta, hain zuzen ere, honetaz eta beste botere harreman batzuez hitz egiten du Jumana Manna artistak, Tabakalerako bere erakusketan.

Aretoko lehenengo zatia, collageen antzera, aratza da, garbia, monokromatikoa, ia zuria izaterainokoa; eta zuritasun horretan biluzia, gardena, gertukoa eta beroa da. Eskultura organikoak dirudite, abstraktuak, baina testuradunak, lerro txikiak dituzte, zimurduratxoak. Gorputz azal zatiak dirudite; azalen azalak dira, baina tamainan biderkatuak. Batetik, besape inguruneak agertzen dira: babestuak, toallen artean, sauna bat gogorarazten digun egurrezko egitura gainean, azpitik argia, beroa dariola; nolabait, beso azpiak izerditan blai jartzeko asmoz edo. Piezen araztasunak gizartean gorputz atal hauekiko sortutako konbentzioekin talka egiten du; zati zikinak, usain txarra botatzen dutenak, eta, hori dela eta, beti lurrin ezberdinekin ezkutatuta doazenak, eta, nola ez, emakumeen kasuan depilatuta eraman beharrekoak. Gorputzarekiko ditugun harremanak ere ez al dira, ba, nolabait, naturaren gainean ditugunen parekoak? Horren gainean ere ez al dugu inolako kolonizaziorik jaso? Eta kurioski, nahita edo nahi gabean jarrita, behatz baten itxuraz seinalatzen duen antropomorfo formako eskulturaren parera iritsitakoan, leihoaz bestalde, barrokoan edo rococo garaian eraikitako emakume biren irudia ikusten da —Tabakalerako beste erakusketa bateko irudia da—: muxu gorri eta begirada eztizko emakume baten aurpegia dago lehen planoan, bularra bistan duela. Botere harremanen adibideak nonahi.

Instalazioa, oro har, bikaina da, ez kasualitateak eraikitako modu honetako sorpresengatik bakarrik, baizik eta aretoan pasieran ibiliaz, alde batetik bestera mugituz, eskulturen arteko harreman ezberdinak eta ustekabekoak sortzen direlako begien aurrean. Azalak hezurrekin nahasten dira, gorputzaren estalkia gorputzaren egiturekin; eta hauek, halaber, gorputz artifizialen azal eta hezurdurekin: horma geruza eta aldamioekin. Iraganarekiko dugun ikuspegia bera ere beste eraikuntza bat besterik ez baita... Zaharraren eta berriaren arteko lotura; objektu zaharretatik irakurketa berriak egiten omen ditugu, eta objektu zaharrek beti omen dute ezer kontatzeko, apurtuak edo zaborrontzietan egonagatik ere.

Erakusketa osatzen duten bi film ikusgarriak ere ezin dira inolaz ere aipatu gabe utzi: A Magical Substance Flows Into Me eta Wild Relatives. Bietan, modu batera edo bestera, mendebaldeko gizonak Levante deritzogun lurralde geopolitikora joaten dira, eta bertan antzinako ekialdeko ikuspegi kolonialistaren gainean historikoki mendebaldetik eratu ditugun eta oraindik ere eratzen jarraitzen dugun narrazioak eta klasifikatzeen gaiak jorratzen dira; ezagutzaren gaineko botere harremanak, izan tradizioaren eta ondare musikalaren gainekoak, izan naturaren eta hazien ingurukoak.

Denbora konturatu gabe joaten da erakusketan, bai eskulturen artean zirrikituetatik begira, baita bankuan edo egurrezko bestelako egituretan eseri eta filmak ikusten hasiz gero ere. Gozatzeko erakusketa da estetikoki, baina baita hausnarketa sakonetara eramaten duena ere, gai interesgarriak eta sakonak jorratzen dituena, aretoa utzi eta ikusitakoaren itzalak etxeraino laguntzen dizuten horietakoa.]]>
<![CDATA[Bermeoko itoginak, gero eta ugariagoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-06-11/bermeoko_itoginak_gero_eta_ugariagoak.htm Tue, 11 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-06-11/bermeoko_itoginak_gero_eta_ugariagoak.htm 'Testigos oculares'Non: Bilboko Vanguardia galerian. Noiz arte: Ekainaren 14ra arte.

Kasualitatea. Hitz polita da. Zorizkoa edo gertagaitza dirudien egoeraren bat suertatzean guztion ahotan ibiltzen den hitza da. Bai, kasualitatea. Zoriaz gain, ustekabekoa ere adierazten duena. A ze kasualitatea, ezta? Gertaera positibo zein negatibo baten aurrean sinesgaiztasuna adierazteko dioguna, azken kasua denean, hitzaren ahoskera luzatzen dugularik. Kasuaaalitatea hori ere. Azken finean, kasualitatea kausalitate zehatz batzuekiko dugun erreakzioaren deskribapena besterik ez da. Ba al da, beraz, benetako kasualitaterik? Existitzen da kasualitate historikoa? Kasualitate metafisikoa? Kasualitate estetikorik gerta daiteke? Eta fikziozko kasualitatea?

Badirudi Txuspo Poyo ikerketa hari batetik tiraka hasi, eta horrelako gertakari pentsaezin mordo batekin topo egin zuela; hamaika kasualitate eta kausalitaterekin. Haritik tiraka hasi, eta elkarrekin gurutzatzen ziren objektu, leku, gertaera eta izen multzo handi batekin parez pare jo zuela, hain zuzen ere. Istorio xumea, sinplea zirudiena konplexutasunez beteriko gertakizunez betez eta, era berean, istorio xumea, sinplea zirudien hori bistaratzeko zenbait ate irekiz.

2012az geroztik lanean dihardu proiektu honetan: Izaro. Un documental/ensayo sobre la isla de Izaro, zeina Vanguardia galerian baitago ikusgai, Testigos Oculares izenpean.

Euskaldunontzat ezaguna da Izaro; azken urteotan, bereziki, tonu ia folkloriko batez, Bermeotik ateratzen den txalupatxo batetik herriko alkateak egiten duen teilaren jaurtiketa eta, horrekin batera, «honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» oihua telebistan ere botatzen dituenetik. Beti pentsatu izan dut urteen poderioz adreiluzko irla berri bat osatzen ariko dela itsaso azpian. Eta haien artean bat egongo da berezia, distira egiten duena, Vanguardiako aretoan dagoenaren berdina; Mundakako, Bermeoko eta Elantxobeko itsasontzi zatiz egindako teila, nolabait hiru herrien arteko lotura hori betirako ziurtatuko duena, heriotzak banandu arte, ezkontza-eraztun gisakoa, itsasoak bere baitan betirako eramango duena, bere erraietan.

Bada halako ezohiko oreka bat erakusketan, betirako iraungo duten eta iraganeko fosil eta aztarna diren, izango diren eta, alderantziz, betierekotasun itxura proiektatu arren mundu honetako edozein objekturen galkortasuna azpimarratzen duten piezen artean. Eta balantza horren oreka badirudi, berriz ere, kasualitatearen esku dagoela. Hain zuzen ere, bizitza kasualitatez beterik ez baldin badago, zertaz osaturik dago orduan?

Txuspo Poyoren proiektuak prozesu luzeetako ikerketa metodologietan oinarritutakoak dira, eta, ikerketa luze horien barruan, bidean topatuz doan istorioak eta gurutzatzen diren gertakariak batzen ditu. Eta ondoren erakusketa aretoetan taxutu, bata bestearen ondoan ipiniz, film bateko muntaketaren gisara, ikusleek bertaratu eta begiradaren bitartez haietatik esanahiak ateratzeko. Esanahi, pentsamendu eta lotura guztiz ulergaitzak erakusketa ikusi aurretik, eta, hori dela eta, era berean, liluragarriak bilakatzen direnak. Nork pentsatuko zukeen inoiz Nafarroako hariztiak Madrileko Windsor dorrearen sutearekin lotu zitezkeenik?

Hain zuzen ere, erakusketako maketan ezin hobeto islatzen da Izarok gutxienez bi aurpegi dituela, bi agerleku: eraikina eta irla. Izaro filmen ekoiztetxea izan baitzen, baina baita balea arrantzaleen talaia ere. Hirugarrena ere ba omen du, gertakizun guztiak are eta gehiago korapilatzen dituena; izan ere, Izaro izena ere baden horretan, tartean, Seychelleetan lanean dabilen itsasontzi bat ere bai baita, Bermeon eginikoa.

90eko hamarkadatik artistaren ekoizpenean nabarmena den moduan, Txuspo Poyok zinemako hainbat elementu baliatzen ditu kasu honetan ere, bere ikerketa interesgarriaren hainbat zatikatze plazaratzeko orduan. Bere metodologia partikular hori baliatuta, bigarren mailakoa dirudien gertakari anekdotiko eta —zergatik ez— ia folklorikoa bilakatutakoa aitzakiatzat hartuz, instalazio eta proposamen benetan interesgarria aurkeztu du Vanguardia galerian. Hain zuzen ere, bertako istorioei eta historiari beste begirada, ikuspuntu eta loturen bidez begiratzearen garrantzia eta beharra azpimarratzea lortzen du, betiere zintzotasunez eta egilearen partikulartasunetatik burutzen dela agerian utzita; dotoreziaz eta betiere erakusketa osatzen duten gainontzeko elementuekiko sinbiosian.]]>
<![CDATA[Soinua ez da isiltzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-05-28/soinua_ez_da_isiltzen.htm Tue, 28 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-05-28/soinua_ez_da_isiltzen.htm Elssie Ansareo. 'Tu nombre está seguro en mi boca'Non: Marzana espazioa, Bilbo. Noiz arte: Ekainaren 7ra arte.

Tak, tak, tak, tak, tak... aretoko isiltasunean, hango irudiak tentuz, banan-banan, detaile guztiak begietatik barrena sartu eta alerik ere ez galtzeko asmotan nintzela, etengabeko soinua entzuten nuen. Erritmo zehatzekoa, itogin baten gisakoa, atzerako kontua zirudien, erakusketaren soinu bandaren antzekoa, bat-batean isildu eta hil den arte. Bizitzaren erritmoa izan zitekeen, haren metafora. Horrelako kasualitateak atsegin ditut; erakusketa bateko esperientzia bakarra egiten dutenak dira, espaziora bertara artelanak ikustera joatearen garrantzia eta ordenagailuaren pantailan ikustearekiko ezberdintasuna azpimarratzen duten eta itxuraz hutsalak diruditen detailetxoak dira. Artelanak eta instalazioak irakurtzeko bestelako gakoak ematen dituzte, eta, bat-batean, gutxien espero den momentuan, errealitatearen eta fikzioaren arteko harmoniak sorrarazten dituzte; ikuslearen, bere uneko momentuaren eta aurrez aurre ikusten ari den artelanaren artekoak, alegia.

Tak, tak, tak, tak, tak... irudi ezberdinak ditut begien aurrean, horman barreiaturik, mosaiko antzekoa sortzen dutela. A3 tamainakoak-edo izango dira, bertatik bertara ikusteko erosoak, eta horretarako gonbita egiten dutenak. Pausoak aurrera eman ditut, hortaz, eta urrunetik ordenarik gabeko mosaikoa zirudienak bertaratzean zentzua hartzeari ekin dio. Tak, tak, tak, tak... eszenaratzea dago, lehenik. Paisaiak dira. Hiriak, herriak edo basoak gehienak. Egunez ateratakoak zenbait, eta, besteak berriz, gauezkoak; gehienak, ordea, bien arteko trantsizio uneak dira: ilunabarrak eta egunsentiak. Kolore urdin, laranja, arrosa eta more saturatu eta indartsuak kontra-argiaren bidez sortutako silueta beltzen artetik irteten direlarik, liluragarriak dira. Misterioz betetako eszenaratzeak dira guztiak. Eszenaratze isilak, baina egonezina sorrarazten dutenak. Agian, irudien gehiegizko isiltasuna da horien kausa; autoak eta hiri barruko irudiak diren arren, haietan hirietako ohiko iskanbilarik sumatzen ez delako; agian, biziguneen eszenaratzeak izanik ere, bizitasunaren adierazle diren soinuak aditzen ez direlako. Tak, tak, tak, tak...

Isiltasun egongaitza gero eta nabariagoa da, in crescendo doa, in crescendo rossinianoan: pausatua baita, motela, baina geldigaitza. Etxeak agertzen dira, etxe abandonatuak, itxitako auzoak, auzo abandonatuak, langile auzoak, adreiluzko etxez osatuak. Itxiak guztiak, edo gehienak, behintzat. Herri abandonatuak, herri fantasmak, guztien onerako aitzakian beren etxea uztera obligatutako familiez ere badakigu zerbait hemen. Baita hildako herri horietan erresistentzia eginez oraindik ere bizi apurra bistaratzen duten horiez ere. Hiritar abandonatuak, hiritar fantasmak. Ez dute aurpegirik, edozein izan daitezke, zu, edo ni; maindirez babesturik agertzen dira, burutik oinetaraino ikusgarritasunak dakarren kontrola ekiditeko agian, edo ikuslearekiko identifikazioa zuzenagoa izan dadin, unibertsala. Ikuslearen eta argazkien arteko konexioa, lotura, erabatekoa da. Honetan, dudarik gabe, artelanek eduki ohi dituzten beirazko estalki babesleak ez izateak ere asko laguntzen du. Ezohiko gertutasuna da.

Narrazio honetako protagonistak dira mamuak, lehen hormako mosaikotik atera, eta erakusketako gainontzeko hormetara ere jauzi egin dutenak. Horietan, bada beste argazki bat, beste irudi bat; hor ere bi gorputz handi ezberdintzen dira; ez, ordea, hezur-haragizkoak, hormigoi hotz grisezkoak baizik. Herriak hustea hiritarrak mamu bilakatzearen kausa dira. Kea dariola ageri da bat, itzalirik bestea.

Bizidunaren eta bizigabearen, heriotzaren eta bizitzaren arteko kulunkan gabiltza ikusleok Elssie Ansareok Marzana galerian aurkeztutako Tu nombre está seguro en mi boca erakusketan. Balantza batzuetan alde batera doa, bestera besteetan, oreka puntuak ere tarteka agertuz, sarrerako hormako lehen konposizio bikainean bezala, adibidez. Oihalez estalitako mamuak loreen bizitasunaren eta hilezkortasunaren edo heriotzaren artean kokaturik daude, trantsizio egoera batean; agian beren egoera naturala da, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugetan.

Denbora bat-batean gelditu egiten den erakusketa horietakoa da, argazkien kalitateak eta perfekzioak haietan barneratzen zaituena, horko eszenaratzeen partaide sentiarazi, eta ikuslea bera ere mamu bilakatzen duena. Hor ikusten dena Herbehereetako herriren bat omen da, baina Euskal Herria ere izan zitekeen.

Tak, tak, tak... soinua ez da isiltzen.]]>
<![CDATA[Harribitxiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-05-14/harribitxiak.htm Tue, 14 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-05-14/harribitxiak.htm Elena Mendizabal. 'Ugaritasuna'Non: La Taller galeria, Bilbo. Noiz arte: Maiatzaren 30a arte.

Behin eta berriz defendatzen dudan ideia da erakusketen eta proiektuen kalitatea ez dela tamainagatik neurtzen, nahiz eta badirudien gizarte kapitalista honetan, beti garestiena den hori onena den neurri berean, tamainaz handiagoa den eta bisitari gehiago dituen hori gero eta hobea izango dela. Erakusketen arloan, premisa horrekin apurtzen duen espazioetariko bat, dudarik gabe, La Taller da, eta Elena Mendizabalen lanak biltzen dituen Ugaritasuna erakusketak agerian utzi du berriz ere ekuazio horren zentzugabekeria.

Bertan, azken aldian ikusitako erakusketaren eta lanen aurrean izandako esperientzia guztiz ezberdina izateko aukera izan nuen. Badirudi egun, oro har, lanen estetikotasunaren atzean diskurtso garatu bat izatea ezinbestekoa dela ikuslearekin behar bezala konektatzeko, eta hala ez bada lengoaia figuratiboarekiko edo objektu errealekiko keinu esplizituak behar direla. Badirudi, egun 70eko hamarkadako euskal artista jeinuen itzal luzea lausotzeko inoiz baino intentzio handiagoa dagoenez, ezinbestekoa dela abstrakzio geometriko puruaren estetika baztertzeko joera. Elena Mendizabalen lanek, berriz, estetika horretara hurbiltzeko beste ate bat irekitzen digute, eta ikuslea liluratzeko aukera bermatzen dute, artelanak ikusi eta sentsazio zein zentzumen soilen bidez gozatzekoa.

Harribitxiak dira. Kartoizko, plastikozko eta egurrezko harribitxiak. Tamainaz txikiak izanagatik ere —eskuekin eskuen neurrira egindakoak baitira—, trinkoak, eta distira berezia jariatzen dutenak. Ikuslea, guztien erdian kokaturik, ezker, eskuin edo aurrera, nora begiratu ez dakiela ipini, eta, era berean, guztiz babestua sentiarazten dute. Pello Mitxelenaren laguntzaz Mendizabalek eskultura txiki hauekin eginiko instalazio bikainak ere, dudarik gabe, horretan bete-betean laguntzen du. Horman barreiatuta, eskulturak multzokatze ezberdinetan daude, tipologia zabalago baten barneko barietate ezberdinetan zehaztuta baleude bezala: hemen ametistak, han diamanteak, eta, bien artean, zafiroak.

Arteari doiago dagokion hizkuntza ere erabil nezake erakusketari buruz hitz egiteko, eta deskribatu plano ezberdinen jolasen bidez osatutako egitura tridimentsionalak direla, zeintzuetan koloreak plano ezberdin horien arteko elkarrizketak bideratzen dituen. Horrela, uztarketa bat gertatzen da, formen aldetik Errusiako abangoardien estetikarenak diren eta koloreen aldetik pop-ari dagozkion kolore saturatu eta pastelen artean. Baina, modu horretara, alde batera geldituko lirateke erakusketaren beraren eta erakusgai dauden piezetako bakoitzaren xarma, poetikotasuna eta haien multzokatzearen bidez sortzen den atmosfera berezi horrek merezi duen aitortza, eta ez litzateke zilegi inolaz ere.

Hala ere, eskultura txiki hauek ez dira erakusketa osatzen duten pieza bakarrak. Horiekin elkarrizketan, eta La Taller gisako espazio batean egonik hari ere keinua eginez, hainbat fotolito aurkeztu ditu artistak. Hizkuntza geometriko bera dutelarik oinarri, zenbait gertuago daude suprematismoaren eta konstruktibismoaren hizkuntzatik; beste batzuk, berriz, diamanteen forma fazetatuetatik hurbilago; eta beste hainbat, aldiz, tradiziozko euskal elementuekin lotu daitezke. Bi hizkuntzen arteko lotura, forma estetikoan ez ezik, sortze prozesuan bertan ere topa daiteke. Izan ere, eskulturak eskuekin moztu eta itsasteko ekintzen bidez —alegia, collage teknikaren bidez— eginak dauden modu berean baitaude eginak fotolitoak ere. Hori dela eta, azken lan horiek eskulturak egiteko prozesuen garapenaren zati gisara uler daitezke, dudarik gabe. Hain zuzen, eta nahiz eta eskultura gehienak egitura trinkoz osaturik egon —badirelako zenbait lan—, tridimentsionalitate trinko hori lore-begi baten moduan loratu eta espazialitate planoago batera igaro direnak. Horrela, fotolitoak garapen horren azken pauso gisara uler daitezke, loratze horien ikuspegi modura, hain zuzen ere.

Erakusketa borobila eta zentzumenen bidez gozatzekoa da, zalantzarik gabe. Formen sinpletasunaren, edertasunaren eta koloreen laguntzaz sortzen diren harmoniez bustitzekoa. Une batez errealitatetik alde egin, eta nolabaiteko lasaitasun goxoz inguratzeko aukera eskaintzen duena.]]>
<![CDATA[Artea eta literatura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-30/artea_eta_literatura.htm Tue, 30 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-30/artea_eta_literatura.htm 'Inoiz ez erreala / beti egiazkoa' Non: Bilboko Azkuna zentroan. Noiz arte: Irailaren 22ra arte.

Hibridazioak beti izan ohi dira ekintza interesgarriak. Normalean, emaitzak ezohikoak eta ustekabekoak izan daitezkeelako, eta prozesua elementu kontrolaezinez betea egon daitekeelako. Hitz batez esanda, hibridazioak beti dira aberasgarriak, beti ekarpen berriak egiten baitituzte; beharrezkoak.

Arte plastikoek edo ikus-arteek historikoki beste adierazpen lengoaiekin izan duten erlazioa nahiko istilutsua izan da, edo behintzat lehiakortasunez beterikoa. Lengoaien artean norgehiagokak nagusitu izan dira: pintura ala eskultura, zein den egokiagoa edo garrantzitsuagoa, baina, bereziki, pinturaren edo literaturaren arteko lehia, bietan nork lortu gorengo mailaren domina. Hierarkia kontua hein batean; zeinek zein zapaldu, piramidearen muturra ukitze aldera. Jokabide ezaguna, inondik inora ere. Hala ere, eta gaur egun oraindik zenbait esparrutan hizkuntza adierazpen ezberdinen arteko hierarkiek indarrean badiraute ere, lehiakortasun mailak behera egin duela esan genezake, nahiz eta benetako hibridazioak egiten dituzten proiektuak oraindik ere mainstream-eko praktikak ez izan. Honetan garbi izan behar dugu, adibidez, literaturako zenbait elementu hartu eta arte praktikan txertatzeak ez duela inondik inora ere hibridazioa sortzen; nolabaiteko petatxua litzateke, edo artistak bere proiektua sortzeko egiten duen tresna jakin baten erabilera, baina inondik inora ere ez benetako fusioa, benetako fusioak errotik egiten direnak baitira.

Artearen eta literaturaren adibidearekin jarraituta, beraz, eta bien arteko benetako hibridazio kasuak historikoki oso puntualak izan diren arren, tradizionalki bi diziplinen artean egondako lehiakortasuna dela eta, argi dago elementu komunez beteriko hizkuntza adierazpenak direla; izan ere, biak erabili izan dira ideia, burutapen, ideologia, hausnarketa eta narrazio ezberdinak helarazteko eta gizarteari komunikatzeko baliabide gisara. Bi diziplinen arteko lotura hau aitzakiatzat hartuta ondu du Ivan de la Nuez komisarioak Inoiz ez erreala / beti egiazkoa izenburu peko erakusketa, Azkuna Zentroan. Artearen eta literaturaren artean sor litezkeen hibridazioak proposatuta.

Komisarioak hamahiru artelanen bidez idatzi du bere narrazioa aretoan. Batetik, artea literatur lengoaia gisara aurkezten duten lanak dira; eta, bestetik, alderantziz, literatura bera erakusketaren lengoaiara hurbiltzen dituzten proiektuak daude; guztiak elkarren arteko elkarrizketak proposatzen dituztela. Proposamen interesgarria da printzipioz, kontzeptu bezala, aurkakotasun historikoaren ideiarekin erabat apurtzen duena, eta artearen kontzeptu inklusiboago eta zabalago bat aurkezten duena, dudarik gabe. Guztia lau azpigaitan planteatuta dago: Liburua marraztu, Politika itzuli, Paisaia idatzi eta Istorioak lekualdatu. Eremu bakoitzean arte lengoaiaren barnean ere topa daitezkeen hizkuntza ezberdinen erabilera gauzatzen duten lanekin, tartean proiektu interesgarriak izanik: Gonzalo Elviraren Lo imborrable, Cristina de Middelen Party eta Valerie Mrejenen Quatrième/octavo grado, batzuk aipatzearren. Erakusketaren diseinua ere artista baten esku uzteak (Xabier Salaberriak egina kasu honetan) interesa gehitzen dio erakusketaren proposamenari, eta tamainaz ere tamainakoa da Azkuna Zentroan aurretik egindako erakusketekin alderatuta, megalomanoa izan gabe.

Baina abiapuntua interesgarria izanda ere, erakusketaren azken emaitza nahiko laua gelditu izanaren sentsazioarekin irten nintzen, hibridazioaren saiakera azaleko planoan gelditu izanaren ustearekin; hari atera ahal izan ziezaiokeen zuku guztia atera gabe geratu balitz bezala. Agian, planteatutako azpigaiak literarioegiak izan dira haietan aurkeztutako artelanekiko, eta proposamenak berak artean eta literaturan dagoen harremanaz —gainera, gehienetan harreman formalaz— harago beste planteamendu sakonagorik ez argitzearen sentsazioa izan dut.

Artearen eta literaturaren arteko hibridazioa erakusketako gai gisara planteatu beharrean, lan egiteko metodologia bezala planteatu izan balitz, joko gehiago eman zezakeen susmoarekin gelditu naiz erakusketa ikusita. Hala eta guztiz ere, eskertzekoa da modu honetako saiakerekin topatzea, eta pena litzateke gertakizun anekdotiko hutsa izatea honako hau.]]>
<![CDATA[Aitorpena umoreari eta jolasari]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-16/aitorpena_umoreari_eta_jolasari.htm Tue, 16 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-16/aitorpena_umoreari_eta_jolasari.htm '2,3,5,7,11,13,17,19,23...'

Artista: Esther Ferrer. Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.

«Ba al dakizu zein etorri den Donostiara, Garazi? Ferrer!». Pozezko hitzak ziren.

Erakusketa eta proiektu guztiak norberak bere bizipenetatik abiatuta prozesatzen eta sentitzen ditu. Nahiz eta komisarioak tradizionalki diskurtso bakar eta zuzenak transmititzen tematu izan diren, XIX. mendean sortu zen publiko homogeneoaren ideiak aspaldi galdu zuen zentzua (edo galdu behar zukeen behintzat...). Era berean, arte kritikoa ere erakusketa batera sartzen denean, beste bisitari edo publiko bat besterik ez den heinean, haren bizipenak ere erabat bakarrak, singularrak eta subjektiboak dira. Eta nahiz eta aurretik egindako idatzietan ustez posizionamendu hori argi azaldu, gaur bereziki esplizituki egiteko beharra izan dut, erakusketa horretara amak egindako telefono deiaren ostean sartzeak (besteak beste) harekiko izan nezakeen ikuspuntua eta han bizi izandako esperientzia erabat baldintzatuko zuen kontzientzia izan bainuen. Esperientzia indibiduala izango zen hura, bat-batean, esperientzia partekatua bilakatu zen. Eta orainari lotutako esperientzia izango zena, berriz, denboran dantzan hasi zen, iraganeko eta etorkizuneko bizipen eta proiektuak azaleratuz. Kontziente naiz horrek guztiak erakusketako instalazio eta bertako objektuekiko izan nuen erlazioa baldintzatu zuela, eta kontziente naiz horrek guztiak ere jarraian idatziko ditudan hitz eta lerroak modelatuko dituela.

Aretora sartutakoan izan zen, hala ere, nire lehenengo sorpresa. Ez zegoen Tabakalerak orain artean erakusketa bakoitzean publikatu izan duen Orriak aldizkaria, zeina proiektuetan agertzen diren zenbait gairen inguruko hausnarketak burutzeko plataforma bikaina baitzen. Tristeki, badirudi lehen aldaketak nabaritzen hasiak direla jada... nahiz eta oraindik, zorionez, baden erakusketa interesgarririk. Inork dudarik izan ez dezan, Esther Ferrerren 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23... erakusketaz ari naiz.

Jostaria da Ferrer, eta proiektua ere ezin zen bestelakoa izan: jostaria eta umorez betea. Sartzean, lehen aretoko lurreko perimetroan, ezohiko zerbait ikusten da. Kolore urdin eta berdez egindako forma geometrikoak eta zenbakiak dira, txikitik handira doazenak. Eta Hanselek eta Gretelek etxerako bidea ogiak biltzen egin nahi izan zuten moduan, ikuslea ere zenbakiak banan-banan jarraituz barneratzen da erakusketara, orain eskuinetara, eta berriz ere eskuinetara, nahi gabe artistak proposatutako jolasean parte hartuz, nahi gabe berak idatzitako Zenbaki lehenen olerkia irakurriz, eta nahi gabe ekintza performatibo bat eginez. Zer da performance bat? Erakusketako lehen proiektuari erantzuna emanez sarrarazten du ikuslea erakusketan Ferrerrek, ikuslea horretaz ohartzen ez bada ere. Zoria eta ustekabekoa dena, artistaren ekintzetako osagai nagusietako bat da, aurrez pentsatutako eskema eta estruktura guztiak erabat eralda ditzakeen osagaia, eta erakusketa honetan bertan ere ikuslea halabehar horren partaide bilakatzen du.

Jakina da Esther Ferrerrek bere ekoizpen guztiak osotasun baten barnean ulertzen dituela, guztiak daudela espazio, denbora eta errepikapenari lotuta hein batean, eta osotasun hori izan daiteke agian erakusketa definitzeko erabil litekeen hitza: elementu guztiak daude espazioan barreiatuta, elementu guztiak espazioaren okupazioari lotuta daude modu batean edo bestean, eta ikusleak ere proiektuak gorpuzteko espazioarekin jokatu behar du. Erakusgai dagoen proiektu bakoitzak ere bere denbora tartea du gauzatzeko, denborarekin jolasten du artistak, eta ikuslea ere denbora horren jabe da, denbora tarte ezberdinen beharra du, bai haiek gauzatzeko, birperformatzeko eta baita gozatzeko ere; eta era berean, guztia, nola ez, errepikapenaren paradoxak biltzen du. Honela, bere ekoizpenak hasieran oso izaera ezberdinekoak direla iruditu arren (harien bidezko instalazioak, performanceak, poemak eta zenbakiekin egindako lanak), erakusketan argi gelditzen da beraien arteko erabateko koherentzia: oinarrizko material berak hartu eta formatu ezberdinetan aplikatzearen ondorioa direla, alegia.

Zikloa 2011 eta 2012 bitartean hasi zen, Gasteizko Artiumen izan zuen banakako erakusketa handi harekin; ondoren, 2018an, Bilboko Guggenheimekoa etorri zen; eta orain, azkenik, 2019an, Donostiako Tabakalerara iritsi da. Kostata, berandu xamar agian (kontuan hartu behar baita bere ekoizpena 70eko hamarkadarako jada abian zela), baina azkenean badirudi Esther Ferrer lortzen ari dela Euskal Herrian ere hainbat urtetan ebatsia izan zaion aitorpena.]]>
<![CDATA[Kontaktuaren indarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-02/kontaktuaren_indarra.htm Tue, 02 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-04-02/kontaktuaren_indarra.htm Irati Inoriza. 'Blue: Contact line: Red' Non: Montehermoso Kulturunea, Gasteiz. Noiz arte: apirilaren 28ra bitarte.

Montehermoso Kulturuneak, Proiektu Artistikoak 2018 deialdiaren barruan, beste artista gazte baten proiektua ezagutzeko beta emango digu hurren hilabeteetan. Izaro Ieregiren erakusketaren lekukoa hartuz, oraingoan, Irati Inorizak izango du artista gazteentzat hain beharrezkoa den ikusgarritasuna izateko aukera, Blue: Contact line: Red izenburua daraman lanarekin.

Titulua irakurrita, hasiera batean nahiko kriptikoa izatearen itxura du proiektuak. Hala eta guztiz ere, behin erakusketa barruan egonda, behin erakusketa ikusita, proiektuaren sintesi perfektua izan litekeela ulertzen da berehala.

Gorria eta urdina. Gasteiztar askok Baskoniaren koloreekin erlazionatu omen dituzte. Anekdota hutsa. Koloreak erabat anekdotikoak dira. Ez baitute inolako esanahi sinbolikorik; historikoa agian, tradiziozkoa, baina tradizionalki urdina eta gorria erabili beharrean horia eta morea erabili izan balira, horiek izango lirateke erakusketa taxutuko luketen koloreak.

Koloretako LED argiek ikusleen begiradak seduzitzen dituzte pasilloko espaziora sartutakoan. Ezkerretara, kolore urdin bizi batek argiztatzen du atzealdeko espazioa. Burua eskuinaldera biratu eta aurrekoarekiko parez pare dagoen gelatik, aldiz, argi gorri bizia nagusitzen da. Bat ala beste, aukera egin behar. Bi kolore elkarri begira; bi kolore, elkarren aurka. Gorri ala urdin, apustua egin behar. Faboritoaren aldera mugituko dira oinak.

Pasilloaren bestaldean dagoen aretoan dago erakusketaren ardatza, muina, nukleoa, nahiz eta bertaratzeko aldez aurretik aipatutako hautua egin beharra dagoen. Bertan igartzen da zer gorriren eta zer urdinen alde jokatu duen ikusleak. Nahiz eta honek azken finean garrantzirik ez izan batere. Berriz ere anekdota hutsa da: borroka libreko saio bat.

Gorputzen arteko kontaktua da interes berezia hartzen duen elementua, emakume gorputzen arteko etengabeko kontaktua. Koreografia bat jarraitzen duten gorputzak dira, batak besteari nondik heldu, nondik bultza eta horren arabera bestearen gorputzaren mugimenduak eta keinuak erabat baldintzatzen dituena. Koreografiak, gehienak, aurrez pentsatuak edo gutxieneko egituraren baten bidez bideratuak baldin badira, eta horren baitan, koreografiak keinu artifizialen multzokatze gisara uler baldin badaitezke, kasu honetan bi gorputzen arteko komunikazioa eta erlazioa benetakoa da, zuzena da. Haragiak elkarren kontra daude, elkar zapaltzen dute, elkar eraldatzen dute, batak bestea definitzen du mugimenduetako bakoitzean, eta horrek baldintzatzen du jarraitu beharreko hurrengo pausoa.

Gorputzen arteko kontaktu fisiko eta elkarri eragite zuzenak dira artistari ikertzea interesatzen zaizkionak. Eta kasu honetan gorputzak estaltzen dituzten jantzi urdin eta gorri horiek dira kontaktu-gune horiek definitzen dituztenak. Urdina eta gorria, izenburuak esaten duenez, kontaktu-lerroak dira. Ez bata bestearen aurka dauden elementuak, baizik eta bata bestearekiko definitzaileak.

Mundu birtualaren bidez eraikitzen diren elkar-harremanak inoiz baino presenteago ditugun gizarte honetan, badirudi elkar ukitzearen bidezko harreman fisikoen garrantzia eta eraldaketarako hauek duten ahalmena ahaztuta dugula, edo, behintzat, bigarren plano batean utzia. Beharrizan hau azalera ekarriz, berau osatzen duten elementuak aztertzera jo du Irati Inorizak, aitzakiatzat borroka librea hartuta.

Bi kolore, bi gorputz, bi elementu. Gorria, historikoki pasioari eta biolentziari lotutako kolorea, kontaktu fisikoa bera, eta ukimenean sakontzeko erabilitako oinarria izan da. Mugimenduen nondik norakoa, horiek hasi aurretiko prestaketak eta gorputz errealekin dantzan hasi aurretik aurrez ikasi beharrekoak biltzen ditu kolore horrek. Bestetik, urdina, tradizionalki purutasunari, lasaitasunari eta transzendentalagoa denari lotu izan zaiona aurkezten da. Haren barruan, gorputzaren barne autokontrolaren beharra, eta mugimenduen atzean dauden barne ezagutzaren garrantzia —norberarena eta bestearena— azpimarratzen dira.

Utz gaitezen ukitzen, utz zaitezte ukitzen, harremanak izaten, harreman fisikoak izaten, norberak bere buruarekin, baita besteekin ere; eta ikusi, sentitu, hausnartu. Entzun zure gorputza eta entzun besteena ere. Eta izan eta eraiki dezagun geure burua kontaktu muga eta kontaktu lerro horiek dakartzaten eraldaketei atea irekiz; kristalezko pantaila eta plastikozko teklatu hotz eta bizigabeen ukitzea, haragi bigun, moldagarri, bero eta bizidunengatik trukatuz.]]>
<![CDATA[Oroi, baina ez edozein modutan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/024/001/2019-03-19/oroi_baina_ez_edozein_modutan.htm Tue, 19 Mar 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/024/001/2019-03-19/oroi_baina_ez_edozein_modutan.htm 'Oroi. Queda mucho pasado por delante'Non: Gasteizko Artiumen. Noiz arte: Abuztuaren 25era arte.

Terrorismoaren biktimen eguna eta M-11ren urteurrena pasatu eta handik oso gutxira izan nintzen Artiumeko Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketa bisitatzen. Eta erakusketaren tituluaren bigarren zatiak inoiz baino oihartzun handiagoa izan zuen nigan. Argi dago, modu batez edo bestez, iragana beti izango dugula presente, behin eta berriz itzuliko dela etorkizuneko orainaldira, forma anitz hartuta. Baina garrantzitsuena, dudarik gabe, zera da: zer formatan itzuliko da?

Iragan sozial gatazkatsua izan dugu Euskal Herrian, baina iragan hurbileko gertaerak izan dira horiek. Nahikoa denbora pasatu al da atzera begirakoak egiteko? Gatazka amaitutzat eman al daiteke horretarako? Iragana orainaldira ekartzeko modu eta forma asko daude. Bata Historia idaztean datza, informazioa sortzean eta informazio hura inposatzean —Instituzioek presaka egin nahi duten hori, kosta ahala kosta—. Beste modua, ordea, memoria eraikitzean datza, Artiumeko erakusketak proposatzen duen gisara. Alegia, elkarren artean komunikatzean, modu geldoago batez, presarik gabe, esperientzia guztiez hitz eginez, esperientziak trukatuz, barneratuz eta gogoetak eginez eta horretarako beharrezko denbora guztia hartuz. Berriz diot, presarik gabe. Horrela, memoria bere konplexutasun osoan eraikiko da, baita kontraesanen bidez ere, zergatik ez, etorkizun anitza eta aberatsa izan dezagun, Historiak eta Instituzioek inposatu nahi duten kontakizun bakarraren aurrean —nahiz eta horretarako ere etengabeko arazoak egon—.

Komunikabideek ia espektakulu gisara igortzen dituzten mitin, elkarretaratze eta memorial ezberdinen inaugurazio ekitaldien aurrean, erakusketa honek memoria eraikitzearen eta horren inguruan sarean, komunitatean, sakonki hausnartzearen inguruko garrantzia plazaratzen du.

Erakusketak, hain zuzen ere, hasiera keinu goxo batekin ekiten dio, museoa arte bildumak sortzen eta erakusten ipintzen dituen Instituzioa baino gehiago dela argitara ekarriz. Orain urte batzuk Praxis programaren bidez Robert Watersek hazietatik sortu eta bisitarien artean banatu zituen landareetariko bat dago. Denbora nola pasatzen den... Landarea handi-handi dago, nire etxekoaren pare, eta baita beste hainbat eta hainbat hiritarrenaren pare ere. Landareen bidez, sare bat osatu zuen museoak, hiritar sare bat, oraindik ere landareari erreparatzen diogun bakoitzean gogorarazten diguna; erakusketara sartu eta oroitu duguna.

Hala, erakusketa bereziki lau ardatzen gainean egituraturik dago. Lehenengo aretoetan memoriaren eraketaren inguruan mintzatzen da: denboraren faktoreaz, palinpsestoez, identitateen garrantziaz eta norberaren iragana osatzen duten ekintza txiki horietaz guztietaz, zeinen nahasketek sortzen baitute azken finean oroitzapena. Sendoa eta apurkorra dena, era berean, Fernando Sinagaren eskultura bezalakoxea.

Hurrengo bi zatietan, memoria politiko, narrazio historiko eta enparauetan boterearen erabilerak duen rolaren inguruko ideiak agertzen dira. Sekzio horietara Francesc Torresen Memorial proiektu bortitzak garamatza, su eta metrailetak etxeko salaraino sartzen dituelarik. Eta Oteiza, Aranberri eta Ramon Bilbaoren arteko elkarrizketek geure iragan eta orainaldi komunaren konplexutasuna azaleratzen dute, Avelino Salaren El enemigo está dentro, disparad sobre nosotros esaldi aztoragarriaren azpian.

Bazirudien azken ardatzak egoeraren irtenbidea izan behar zuela, kontakizun gehienei amaiera positiboa exijitzen zaienez. Hemen, ordea, ez da halakorik, nahiz eta horretarako hainbat tresna eta aukera proposatu. Atzera malenkoniaz eta nostalgiaz begiratzeak ez du deusetarako balio. Memoria etengabe aktibatu beharra dago, eta, horretarako, dantza egin behar dugu erabat finkatu eta instituzionalizatu diren ideien gainean, Cristina Lucasek Abstraction Licking lanean iradokitzen duen moduan.

Ez da erraza. Ez behintzat komunikabideek eta politikariek ikusarazi nahi diguten bezain erraza, memoria eta oroitzapenak eraikitzea, eraldatzea, partekatzea. Eta espektakularizazioak ez du horretan laguntzen, justu kontrakoa baizik, oraindik ongi sendatu gabeko zauriak presaren presaz itxi eta infektatzen direnean bezala. Memoriak eta oroitzapenak, osatzeko, denbora behar dute, espazioak behar dituzte, eta horretarako aukera bat eskaintzen du Artiumek.]]>
<![CDATA[Kea berriz ere Tabacaleran]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-03-05/kea_berriz_ere_tabacaleran.htm Tue, 05 Mar 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2019-03-05/kea_berriz_ere_tabacaleran.htm 'Kearen artxibogileak'Non: Tabakalera, Donostia. Noiz arte: Uztailaren 7a.

Noiz eta 2002an itxi omen zen. Txikia izango nintzen artean garai haietan, nire memoriak ez baitu Donostiaren erdialdean fabrikarik egon izanaren oroitzapenik gordeta. Ez dut gogoratzen Urumearen alboetariko batetik kea zerurantz igotzen ikusi izana. Oroitzapenak traidoreak dira, ordea, eta Donostiaren irudi pinpirin eta dotorea maisuki bilatze horretan zenbait politikarik egindako garbiketa lan horren biktima ere izan daitezke nireak. Kurioski, ordea, Koiperen fabrikaz bai, horretaz akordatzen naiz, baina egia da, hura zentrotik baztertuago zegoen. Inguruan galdetzeari ekin diot, helduago direnei, eta nire hipotesia baieztatzea besterik ez dut lortu: 2002ra arte, tabako fabrika egon zenik ez zekiten; lehenago itxi zutelakoan zeuden guztiak. Donostiak, nola hala, beti lortu izan du abileziaz itxura txartu lezakeen hori ezkutatzea, ikusezin bilakatzea. Kea, ordea, bere izaeragatik zirrikitu guztietatik sartzen eta barreiatzen den materia izaki, etengabe hedatzen da hara eta hona, eta zinez zaila da inon ere itxirik eustea. Izan ere, berriz ere aterako da begien bistara zulotxorik txikiena egon orduko. Topatutako azken zirrikituak Kearen artxibogileak erakusketa eta proiektua izan dira.

Kea tabako fabrika zen eraikinaren zati izatera itzuli da berriz ere, eta bertako aretoetako bat osoki inbaditu du. Nahiz eta presentzia hori izatea lortu, ikusgarritasuna kolokan da. Aurrez esan bezala, Donostian beti lortu izan dute kea garden eta ikusgaitz bilakatzea gainontzekoen begietara. Egia da, izan ere, Sotoa izan zitekeela iragana izandako hura agerrarazteko lekurik aproposenetako bat, bertako sabaian fabrikak izandako burdinazko hagak —eraikin osoko bakarrak— mantentzen direlako oraindik ere, eta elementu arkitektoniko horiek iraganaren eta orainaren arteko loturak eta zubi lanak erraz ditzaketelako. Era berean, baina, beheko sarrerako ate mekanizatuen espektakuluak erabat ezkutuan uzten du Sotorako sarrera, eta eraikinera sartzen diren bisitari gehienak ohartu gabe pasatzen dira paretik; hura espresuki bisitatzera joan nahi duenari ere zail egiten zaio maiz, tamalez, lekua bera topatzea.

Sarrerari ikusgarritasuna eman nahian, proiektuaren titulua jasotzen duen kartel handi bat dago esekita. Garai batean eraikinetik kaxatan sartuta atera ziren Ducados paketeen diseinua gogorarazten du. Korridore luzea pasatu eta artxiboan barneratu aurretik, bi landare ontzi handi daude, zeramikazkoak, urdin-urdinak, dotoreak. Ez da kasualitatea. Barruan ikusgai dagoen artxiboaren tipologiarekiko ere pistak eskaintzen dituzte. Antzinako fabrikakoak dira. Baina ez daude bertan ekintza nostalgiko baten ondorio gisara bakarrik —gauza bera esan daiteke artxiboan ikusgai diren beste zenbait materiali buruz ere—, pertsonen arteko harremanak artikulatzen dituzten elementuak baitira: pertsonen oroitzapenak aktibatzen dituzte, eta barruan daramate haien inguruan gertatutako guztiaren memoria.

Tabako fabrika zaharreko eta kultura fabrika berriko langileen eta Sahatsa Jauregi artistaren artean egituratu dute artxiboa, eta zinez interesgarria da. Ez soilik gaur egun erabat ikusgarri bilakatu den eraikinean urteetan kanpokoekiko begiradatik kanpo egondako ekintza eta bizimoduen berri ematen duelako, baizik eta horretarako erabili duten moduagatik. Memoria eta historia eraikitzeko moduen inguruko hausnarketa oso interesgarria dago proiektuaren atzean, baita orain arte historia hori eraikitzeko erabili diren tresnen inguruan ere. Eta hori proiektuaren izenburutik bertatik antzeman daiteke, protagonismoa sistemari —artxiboari— igorri beharrean —historikoki egin izan den bezala— hura taxutu eta egituratu dutenei —alegia, artxibogileei—, subjektuei, emanaz. Pluralean. Tabacalera eta Tabakalera biltzen dituen artxibategi komunitarioa eta bizia den heinean, komunitate sortzailea baita emaitza, azken batean. Lehengo langileak gaur egungo langile eta erabiltzaileekin lotzen ditu, atzoko eta gaurko egunerokoei loturiko informazioa emanez, eta hainbat garaitako esperientziak elkarren artean nahastuz.]]>
<![CDATA[Ireki ditzagun begiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-02-19/ireki_ditzagun_begiak.htm Tue, 19 Feb 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-02-19/ireki_ditzagun_begiak.htm 'Biharko liburutegi guztiak'Non: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Noiz arte: Ekainaren 1era arte.

Koldo Mitxelena Kulturunean inauguratu duten azken erakusketaren izenburua irakurrita (Biharko liburutegi guztiak), erabat zentzuzkoa dirudien proposamen baten aurrean gaudela dirudi. Alegia, liburutegia bihotz gisara duen kulturune batek bere oinarria den instituzio horren inguruko hausnarketa eta gogoeta planteatzen dituela, eta, horretarako, gainera, kulturunean bertan duten tresna bat erabiliko dutela: erakusketa aretoa, modu horretan, eraikineko eremu ezberdinen arteko sinbiosi interesgarri bat lortuz.

Baina bertaratu osteko sentsazioa gazi-gozoa izan da, bisitariak aurrez aurre topatzen duen lehen aretoan argi eta garbi nabaritzen baita erakusketaren helburu nagusia zein den: liburutegien tipologien eta instituzioen inguruko hausnarketa planteatzea baino gehiago, Koldo Mitxelenan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi duen eraldaketa prozesuaren goraipamena eta justifikazioa egitea. Beraz, ia propaganda xedea duela ere esan daiteke.

Erakusketako harribitxia dago zentroan. Koldo Mitxelenaren egurrezko maketa bikaina. Aurrez aurre, fatxada, eta bira emanez gero, beste aldean, eraikinaren barruan egin nahi duten eraldaketa fisiko guztia ikus daiteke. Horren inguruko azalpena atzeko hormaren gainean jarritako mihise ikaragarri batean proiektatzen den ikus-entzunezko batean irakur daiteke. Aretoaren beste bi hormetan, besteak beste, bina beira arasa daude, Koldo Mitxelena Kulturuneko artxiboaren zati diren artisten zenbait libururekin. Badirudi horren helburua kulturuneak eta liburutegiak artearekiko izan duten loturaren iraupena eta jarraipena azpimarratzea izan daitekeela. Hala bedi.

Argi gelditzen den bigarren ideia hau da: erakusketa hiritarren gehiengoari erakargarri egiteko nahia, alegia, izaera populista izatea, hain zuzen ere, hori lortu ezean, propagandarako helburua porrot hutsa litzatekeelako. Eta hori, dudarik gabe, mihise gaineko ikus-entzunezkoen proiekzioen ikusgarritasunaren bidez lortu dute. Bakoitzean, Jorge Carrion komisarioaren ustez historikoki eredugarriak izan diren liburutegien inguruko informazioa agertzen da; hasi Alexandriatik eta egungo Seulgo Hyundai Libraryra arteko 11 adibide biltzen dira.

Hala ere, erakusketan, arte proiektuek dute interesik handiena, nahiz eta badirudien liburutegien ereduak ilustratzeko soilik erabiltzen direla. Kalitate handiko lanak dira oro har. Liburutegien eta horietan gordetzen den jakintza zehatzaren inguruko kritika eta gogoeta esanguratsuak planteatzen dituzte guztiek, bai eta ezagutza hori metatzeari eta partekatzeari buruzkoak ere. Horien ondoan, ikus-entzunezkoak sobran hautematen dira, artelanen arteko elkarrizketen jariakortasuna oztopatzen baitute.

Bereziki aipagarriak dira lan hauek: Alicia Framisen Liburu debekatuen gela proiektua, liburutegietan biltzen den jakintzaren kontrapuntu gisara, zentsuratuak izan diren liburuak aurkezten eta ikusleentzat eskuragarri ipintzen baititu; Maider Lopezen Orri-markatzailea lana, zeinean liburuen eta horiek erabiltzen dituzten pertsonen arteko erlazio estuak azaleratzen baitira; eta Julien Previeuxen proiektuak, hau da, teknologia berrien bidez (ebookak edo Ipadak, besteak beste) irakurtzeko eskuekin egin behar diren beharrezko zeinuen patenteen inguruko azterketen ondorio direnak.

Idatzia, halere, ezin amaitu dezaket Ubik Tabakalerako sorkuntza liburutegia aipatu gabe. Izan ere, erakusketa hori Donostiako testuinguruan kokatzen denez eta liburutegi berritzaileez hitz egiten duenez, ulergaitza egiten zait proiektuan harekiko inolako keinurik ere ez agertzea, haren antzeko ereduak dituzten Eskandinaviako zenbait liburutegi aipatzen direnean. Eta are gehiago Koldo Mitxelenaren etorkizuna mahai gainean ipini duten bitartean, jasaten ari den egoera prekarioari lotutako greben ondorioz Ubikek ia bi hilabete itxirik daramatzala kontuan izanda.

Erakusketan jasotako azken sentsazioa da Koldo Mitxelena Kulturunearen etorkizuna gaur egun bogan dagoen eredu eskandinaviarrera bideratu nahi dutela. Ubik hirian izanda, ordea, ez al litzateke egokiagoa hiritarrentzat liburutegi eredu ezberdinak edukitzea beren beharren arabera bata edo beste hautatzeko? Liburutegi eredu berriak azaltzeak ez du esan nahi tradizionalek jada funtzionatzen ez dutenik. Zergatik, beraz, ereduak aldatzen tematu baliabideak martxan dauden eta ezin hobeto funtzionatzen duten liburutegien egoera duintzeko erabili ordez?]]>
<![CDATA[Tentsioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-02-05/tentsioak.htm Tue, 05 Feb 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-02-05/tentsioak.htm 'Feroz eta kabala'Artista: Izaro Ieregi. Non: Gasteizko Montehermoso Kulturunea. Noiz arte: Otsailaren 24ra arte.

Etengabe entzuten den hitz batek bisitariari aretora sartzeko agindua ematen diola dirudi: Aurrera, aurrera, aurrera... Nahi gabe edo ahotsari kasu eginez, barneratu egin naiz. Ez da ahots bat, bi dira, eta barruan pizturik dauden bideoetatik igortzen dira. Horiek, sartu eta aurrez aurre aurkitzen diren hiru pantaila handietan daude proiektaturik, bisitariei harrera eginez bezala. Oraindik ere: aurrera, aurrera, aurrera... hitzek bizirik diraute, isildu gabe errepikatuz, behin eta berriz. Ezkerretara, eskultura batzuk ikusten dira, guztiak antzekoak. Zenbait, hormara atxikita, eta bakarren bat, lurrean. Pausoa eman orduko konturatu naiz proiektua osatzen duen azken elementuaz, pausoa eman eta hankekin lur sendoarekiko kontaktu zuzena izan ez dudanean. Plastiko zarata sumatu, eta begirada jaitsi ostean ikusi dut. Lurra erabat estalirik dago elkarri lotutako zabor poltsa beltzez, eta zabor poltsa horien gainean nabil, edo nago, zut.

Izaro Ieregiren Feroz eta kabala erakusketara egindako bisitaren lehen sentsazioak izan dira aurreko horiek. Badira urte batzuk Montehermoso kulturunean Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateareakin kolaborazioan MH + UPV/EHU programa egiten hasi zirela, artista gazteen arte ekoizpenei lehen urte horietan lortzea nahikoa zaila den ikusgarritasuna eskaintzeko asmoz. Aurten ere lau izan dira parte hartzeko aukeratuak, baina aldaketa nabarmen eta egoki batekin. Izan ere, orain artean ez bezala, artista bakoitzak bere erakusketa indibiduala egiteko aukera izan baitu, bere proiektua diskurtso koherente batean gorpuztekoa, elkarren artean loturarik ez duten proiektuen multzokatze hutsak diren erakusketak alde batera utziz.

Kasu honetan, artistak Bilboko eta Tabakalerako estudioetan egindako lanen emaitzak biltzen ditu proiektuak, eta, bere ekoizpenean ohikoa duen gisara, gorputzaren presentzia ia modu eskultoriko batez gauzatuta aurkezten du erakusketaren oinarri gisara. Pantailetan proiektatutako emakumezkoen gorputzak dira. Irudi ederrak. Proiekzioetariko bat, zentrala, aurreraturik dago, eta beste biak, alboetan, pixka bat atzerago. Horietako bakoitzean emakume bana ageri da, mugimendu errepikakorrak eginez, behin eta berriz, behin eta berriz, ikuslea ia hipnotizatzera iritsi arte. Hanken indarraz sostengaturik gorputza atzera botatzen dute, tortsio ikaragarriz, behin eta berriz, behin eta berriz. Mugimenduarekiko sinkronian, aurrera, aurrera, aurrera... errepikatzen dute beren ahoek, behin eta berriz, behin eta berriz hau ere. Denbora igaro ahala, ordea, tortsioek gorputzetan sortutako biolentziak ikuslea bera ere akitzen du, protagonisten ahotsa ere emeki-emeki itzaltzen diharduelarik, ia xuxurla bilakatu arte, ia haizea, tarteka indarraren indarrez behartutako intziri gisako aurrera bat aditzen delarik.

Tentsioa etengabekoa da, baina ez gorputzetan sortzen den hori bakarrik, baizik eta baita ekintza bera eta esandako hitzaren artean dagoena ere. Izan ere, gorputza atzeranzko mugimendua egiten ari delarik, ahoak aurrera ahoskatzen dihardu. Badirudi hala-nolako ebatzi gabeko gatazka baten erdian diraugula, egiaz ez atzera eta ez aurrera egin ezin dugula. Etengabeko kiribilduran barneraturik, batak besteari bere bidea egitea eragotziko balio bezala. Iraganaren eta etorkizunaren arteko tentsioaren metafora bera izan liteke, eta tentsio horrek, biolentzia horrek gure gorputzen izatean edo identitatean bertan sorraraziko lituzkeen gatazken eszenaratzea.

Eta ezkerretara kokaturiko eskulturak eta zoru plastifikatuak ere biolentzia edo tentsio horien bidelagun dira. Eskulturek beste plano batera dakarte tentsio hori, materiara bertara, eta zoruak, berriz, espazioari proba-leku kutsua ematen dio; eraikitzen ari den espazioa iradokitzen du, prozesuan zerbait apurtuko balitz ere, hura bildu, jaso eta txukun-txukun, ezer pasa ez balitz bezala aurrera joateko aukera.

Tentsio eta biolentzia horiek, ordea, izenburuan bertan dute jada abiapuntua: Feroz, alegia, basatia; eta Kabala, otzandua den hori. Nola uztartu biak? Hausnarketa posible bat baino gehiago bidera dezakeen erakusketa da, baina ikuspuntu bakarrekoa. Aretora sartu eta lehen pausoa aurrera egin ahala, hango elementu guztiak aurrez aurre aurkitzen baitira berehala, eta ikusleak posizio horretatik mugitu beharrik ez du proiektua osoki bereganatzeko. Horrela, tamalez, instalazioak ez du espazioan gehiago barneratzeko gonbita egiten, aurrez aurreko bista ederra izan arren. Proiektuaren edukia ez bezala, instalazioa bera otzanduegia dagoelako agian.]]>
<![CDATA[Atzerako kontua hasi da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-01-22/atzerako_kontua_hasi_da.htm Tue, 22 Jan 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/032/001/2019-01-22/atzerako_kontua_hasi_da.htm 'Landa Lan. A Documentation of Darcy Lange'Non: Tabakalera, Donostia. Noiz: Martxoaren 19ra arte.

Erakusketa honek beste askok izan ez zuten zurrunbiloa sortu zuen nire inguruan. Iritzi asko jaso nituen erakusketari buruz, pertsonalak, ezagunenak, baita zenbait anekdota ere. Epel, hotz utziko ez ninduen komisariotza proiektua izango zela ondorioztatu nuen haietatik, behintzat. Eta hala izan zen.

Tabakalerako Landa Lan. A Documentation of Darcy Lange erakusketak, denbora falta dela-eta batez ere, gutxitan gertatzen zaidan egoera batera bultzatu ninduen: aretora bi aldiz joatera. Orain dela hilabete inguru izan zen lehen aldia, inauguratu eta aste pare batera. Badakizue, zurrumurruak berehala hasten dira eta. Aretora sartu eta entzundakoaren zati bat berretsi nuen: ezohiko erakusketa bat zen hura. Izan ere, arte erakusketetan normalean objektu estetiko anitz egoten dira, behatu, loturak egin eta hausnarketak planteatzeko, baina oraingo honetan ez zegoen ia deus ere soilik behatzeko edo, hobeto esanda, kontenplatzeko. Eta, beraz, bi aukera posible zituen bidegurutze batean topatu nuen neure burua: handik atera, frustratu eta zurrumurruak elikatzen jarraitzea; edo erakusketak berak eskatzen zuen denborarekin beste egunen batean joan eta hangoaz disfrutatzen saiatzea zinez.

Ez dakit zergatik izango zen, Darcy Lange artistaren izena behin ere entzuna ez nuelako eta horrek kuriositatea sortzen zidalako; zurrumurruen azalkerian ez erortzeko asmoa nuelako; edoeta artxiboen inguruan egiten diren lanek interes berezia sortzen dutelako nigan; baina, azkenean, patxada hartu eta berriz ere joatea erabaki nuen.

Bigarren ikustaldian berretsi egin nuen hura ez zela arratsalde-pasa, aretoetatik bueltatxo bat egiteko, erakusketa. Aretoan sartu, eta, lehenik eta behin, bata bestearen gainean pilaturiko telebista pila ikaragarria aurkezten zaio bisitariari, pantaila bakoitzean bideo lan ezberdin bat ikus daitekeelarik. Haien kaskoak topatzean izan nuen lehen arazoa; erabat nahaspilaturik zeuden guztiak, zein norena zen jakiterik ez zegoen inolaz ere. Probatzen hasi nintzen, beraz, asmatzen saiatzen. Batzuetan, nahikoa erraza izan zen; besteetan, dona-dona-ra jokatzeko zorian izan nintzen. Une horretan pentsatu nuen egia izango zela hura erakusketa benetan hermetikoa zela: digeritzea benetan kostatuko zitzaidanaren mamua nitaz jabetu zen. Eta, orduantxe, topatu nuen gakoa eta erakusketaren ateak parez pare ireki zitzaizkidan, bat-batean.

Denbora eskatzen duen erakusketa da, eta, detaileetan arreta patxadaz jarriz, hura ulertzeko erremintak eta engranajeak martxan jartzen hasten dira pixkanaka. Zenbakiak ikusi nituen dokumentu eta bideoetan, baina txarteltxorik ez inguruan. Orduan konturatu nintzen, aretoaren sarreran, atearen ondoan, liburuxkaren bat egongo zela ziur asko. Eta hala izan zen. Denbora eskatzen du mekanismo horiez denetaz jabetzeko, eta denbora eskatzen du liburuxkako edukia irakurri eta ondoren erakusketako dokumentu eta bideo bakoitza ikusteko ere, baina merezi du denbora hori —izanez gero, behintzat— hartzeak Darcy Langeren irudien eta ekoizpenaren erraietara garamatza, haren konplexutasun osoaren jabe eginez erakusketako bost eremuetan zehar.

Work studies deitu zituen proiektuetan, lan ezberdinen ikerketak egin zituen artistak. Haren interesa, soldata bat biltzeko asmoz egiten den horretan baino, lanaldian bertan zegoen gehiago, eta hortik dator izenburua bera ere: Landa Lan. Landa eremuan egiten den jarduerari ere erreferentzia egiten dio izenburu horrek.

Denetarik jaso zituen bideoz Langek, haren ustez horixe baitzen memoria gordetzeko erremintarik eraginkorrena. Erakusketan ikus daitekeenez, meategietako lana, etxekoa, irakaskuntzakoa, nekazaritzakoa eta Zeelanda Berriko maoriek beraien lurraren alde eginiko mugimenduen memoria jaso zuen, besteak beste.

Azken mahaian, Langeren ezusteko aurpegiaren inguruko hainbat zertzelada ere topa daitezke. Musikaria ere bazen, izan ere; flamenkoaren jarraitzailea.

Dokumentu eta dokumentazio horiekin guztiekin tartekatuz eta elkarrizketan, beste zenbait artisten lanak ere aurkezten dira erakusketan: batetik, agerian utziz garaiko testuinguruan izan zuen eragina; baina, bestetik, haren ekoizpenaren egunerokotasuna azpimarratuz.

Berriz diot: ezohiko erakusketa bat da, baina, denborarekin hartuz gero, merezi du ikusteak. Aprobetxatu beharreko aukera da, dudarik gabe, Tabakaleraren lan ildoa zoritxarrez eta dirudienez aldatzera doan honetan —zuzendari kulturalaren agurra dela eta—, horrelako proposamenak ikusteko azken aukeretako bat izan baitaiteke.]]>
<![CDATA[Ezohiko bidaia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-01-08/ezohiko_bidaia.htm Tue, 08 Jan 2019 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2019-01-08/ezohiko_bidaia.htm 'Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia'Non: San Telmo museoa, Donostia. Noiz arte: Otsailaren 24ra arte.

Goiz batez, zein erakusketa bisitatu pentsatzen eta ikertzen ari nintzela Interneten, San Telmoko webgunera sartu nintzen, aldi baterako erakusketen eremura, eta publizitate gehien izaten ari diren Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak eta Arrikrutzeko lehoia erakusketen artean, Oier Etxeberriaren izenburu bitxiko proiektua ikusi nuen: Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia.

Antropologiari buruzko erakusketa bat izango al zen? Ez nuen argi. Esplikazioak irakurri aurretik, irudiei begira gelditu nintzen. Maite Zabaletak diseinatutako erakusketa liburuxkaren azalean animalia bat agertzen zen, igel bat. Gorantz begira. Zuri-beltzean. Nire ikusmira areagotzen zihoan momentuz momentu. Ez, hura ez zen antropologiari buruzko erakusketa... Webgunean beste argazki batzuk ere bazeuden. Sugandila batenak ziruditenak alde batetik. Sugandila ere gora begira, hilda igual. Zientziari buruzko erakusketa izan zitekeen? Elizgizon zientzialariren batena? Baina argazkiak ikusten jarraitu, eta gutxienez XX. mende hasierakoa zirudien argazki bilduma bat ikusi nuen, eta alboan, berriz, zuri-beltzeko bi filmen proiekzioa. Erakusketa historikoa izango da? Deus ere argi izan gabe, zalantzaz eta kuriositatez beterik joan nintzen erakusketa bisitatzera.

San Telmoko laborategian dago kokatuta. Nahiz eta tamainaz erakusketa txikia izan, eta erakusketa historikoetako kutsua ere baduen aretoak, aurrez ikusitako argazkietatik susmatzen nuen moduan —besteak beste erakusketa guztia dokumentu historikoz osaturikoa baita, ez soilik film eta argazkiz, baizik eta baita audio eta dokumentu idatziz ere—, kontzeptualki maila ezberdinetako irakurketak ahalbidetzen dituen erakusketa erabat konplexuarekin topo egin nuen.

Hiru eremu bereizten dira. Sarrera gunean, testu nagusia, bisitariek har dezaketen A3 tamainako orrialdea, Aita Laburuk idatzitako liburuz osatutako bitrina bat, eta grabaturiko filmen zerrenda, besteak beste. Bigarren gunean, berriz, sarrerako gunean zerrendaturik zeuden filmen proiekzioak eta bi audio entzun zitezkeen, bakoitza aretoko alde batean. Eta, azkenik, azken eremuan, argazki eta idatzizko dokumentazio askotarikoak.

Esandakoa kontuan harturik, lehen irakurketa mailak XIX. mende amaierako elizgizon teologo, antropologo eta medikuaren ideia eta jardueretara garamatza; besteak beste, ikusezina den hori (eremu anitzetan, hala nola sendatzeko teknikak edo agerraldiak) zientifikoki, alegia, enpirikoki, iruzurra edo benetakoa den frogatzeko egindako ahaleginetara, eta batez ere Elizari eta fedeari lotutako zenbait gertaeraren espektakularizazioaren aurka egindako borroketara.

Bigarren mailara, berriz, erakusketako sarreran dagoen A3ak garamatza. Bertan, hasieran ia ulertezina den irudi bat ikusten da alde batean; bestean, berriz, testu bat. Irudiari kontzientziaz begiratuta soilik ikus daiteke erakusketa aretoaren planoa haren oinarrian, eta gainetik, berriz, lerro organikoagoak. Testua irakurrita ez dago dudarik. Planoaren gainean giza burua dago irudikatuta; hain zuzen ere, Aita Labururena. Honela bada, eta testuak dioen bezala, Francisco de Quevedok Richelieu Kardinalaren burua bisitatzeko proposamena egiten zuen moduan, Oier Etxeberriak literalki Aita Labururen burura garamatza (sarrerako eremua, burmuina; filmak, begiak; audioak, belarriak; eta bestelako dokumentazioa, sudurra eta ahoa). Baina ez soilik ohiz kanpoko pertsonaia hori ezagutzeko asmoarekin, baizik eta Quevedok proposatu bezala, haren garaiko gorputz politikora hurbiltzeko ideiarekin. Eta testuinguru horretan uler daitezke Aita Laburuk guztia behin eta berriz arrazionalizatu eta zientifikoki frogatzeko egindako saiakerak. Hain zuzen ere, positibismoa eta ikusgarritasunaren ustezko egiantzekotasuna eta neutraltasuna baitziren garai hartan gizartean onarturik zeuden ezagutzaren oinarriak.

Eta horrek hirugarren maila batera garamatza: ideia horiek guztiak orainaldiarekin lotzera. Izan ere, egungo gizartearen zimenduak XIX. mendean eta urte haietan garatu zen positibismoan finkatu baitziren.

Honela, erakusketa, Aita Labururen irudia aitzakiatzat hartuta, egungo gizartearen oinarrien inguruko hausnarketa sakona bultzatzeko XIX. mendera egiten den begirada antropologiko, teologiko eta zientifiko gisara uler daiteke, egungo zenbait egoera eta gertaera ulertzeko gakoak eta hariak eskaintzen dituena.]]>
<![CDATA[Arroztasuna ezbaian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2018-12-11/arroztasuna_ezbaian.htm Tue, 11 Dec 2018 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/033/001/2018-12-11/arroztasuna_ezbaian.htm 'L'Intrus'Noiz arte: 2019ko otsailaren 3ra arte. Non: Donostiako Tabakaleran.

Arteak eta erakusketek eskaintzen duten aukeretako bat gai ezberdinak gizarteratzeko aukera da. Interes, jakin-min edo gogoeta ezberdinak plazan aurkeztuz, eztabaida publikoaren zati bilakatzeko aukera, besteak beste. Askotan, ikusleen artean aurrez inolako interesik izango ez zuen gai batekiko interesa pitz dezakete, edo, are gehiago, gai hori aurretik inolaz ere okurritu izan ez zitzaien ikuspuntu baten bidez ulertzeko aukera berma dezakete; hain zuzen ere, gai edo hausnarketa horietara begirada arrotz baten bidez hurbiltzeko aukera eman dezakete, nahiz eta gaiak berak egunerokoan presente senti ditzakegunak edo egunerokoan gorpuzten direnak izan. Tabakalerak aurkezten duen L'Intrus erakusketak horixe bera eskaintzen digu: gori-gori dagoen egungo gai batekiko, hain zuzen ere migrazioaren auziarekiko, bestelako inguratze bat.

Esan daiteke erakusketa Tabakalerako 2017ko komisariotza egonaldian Natasha Marie Llorens komisario eta idazleak egindako ikerketa baten emaitza dela. Zehazkiago esanda, Jean-Luc Nancyren L'Intrus entseguan oinarrituta —hortik erakusketaren izenburua ere—, Llorensek immigrantearen irudira hurbildu nahi izan du arrotzaren kontzeptua, berau modu fisiko batez ulertuta betiere. Nancyk, haren entseguan, hari egindako bihotz transplante bati buruz hitz egiten du; hau da, beste batena izandako eta bere gorputzean sartuko duten elementu fisiko arrotzari buruz. Nahiz eta hasiera batean oso abiapuntu sinplea iruditu, konplexutasunez beterikoa da, eta Llorensek oso modu interesgarrian metaforatzat hartu du egungo gizartean gatazka handia sortzen ari den migrazioaren fenomeno hori, ia norberaren gorpuztetik bertatik ulertzeko moduan planteatuz.

Erakusketaren planteamenduan erabat asmatu izateko gakoetariko bat zera da: migrazioaren arazoa bera arrotza den horren behin betiko etorreran dagoela; hain zuzen ere, gure gizartean ohikoak ez diren elementu edo gorputz berrien etorreran, zeintzuek aurretiazko ordena erosoa eralda dezaketen. Baina nor ez da izan inoiz arrotz? Nor ez da inoiz joan berarekin zer ikusirik ez duen testuinguru batera lanera edo oporretara bederen? Horixe planteatzen dute, modu batez, Chelsea Knightek eta Shane Aslan Selzerrek Lonely Planet bideoan, Chirripo mendixkan eta Costa Ricako Osa penintsulan bidaiatzen ari direnean. Pantailaren beste aldeko Anna Lopez Lunaren Sous le manteau bideoan, berriz, justu aurkako gertaera bat atzitzen da; alegia, norbere etxean arrotz sentiarazi edo hartzearena, hizkuntza ezberdin baten erabilera hutsagatik. Hala eta guztiz ere, lan honen aspektu interesgarriena da arroztasun hori modu negatibo batean planteatu beharrean, aukera gisara planteatzen dela. Izan ere, bideoko protagonistek arroztasun hori nahita bilatu izan dutela aitortzen dute, inork ulertzen ez dielarik askatasuna, intimitatea lortzeko eta kontrola ekiditeko tresna gisa.

Erakusketako lehen aretoko inpresio atsegina, ordea, lausotu egiten da bigarren aretoan sartzean, pixka bat bederen. Atea igaro, eta Elizabeth Tubergenen eskultura ikaragarriak egiten du harrera. Elementu erabat arrotz eta inbaditzaile gisara hautematen da. Errefuxiatuen eremuetako arkitektura efimeroa ekar dezake gogora, eraikitzeko erabilitako materialak direla eta, baina sentsazio hori materialen kolore beltz monokromotiko perfektuak deuseztatzen du segidan. Halere, barneratzeko gonbita egiten du, hain zuzen ere beste bi lanentzat kubo beltz lanak egiten baititu egiturak. Bietatik Omar Mismarren proiektua azpimarratuko nuke, batez ere, ikus daitekeen bideoaren bidez artistak arrotza den hori etsaitzat edo areriotzat hartu beharrean zalantzan ipintzen baitu, Ameriketako Estatu Batuetako arma saltzaile batzuen interbentzioaren bidez.

Eskulturatik at, aretoko beste lanen eta aurrekoen arteko loturak bermatzea, berriz, zail egiten da. Arroztasunaren kontzeptuari baino arroztasuna gorpuzteari interesa eman nahiagatik agian, gorpuzte fisiko ezberdinak irudikatu nahi izatearen sentsazio hutsa hautematen da, erakusketan planteatzen den gai mardulera ekarpen handirik egin gabe. Eta modu horretan, besteak beste, Nadia Barkate eta Jumana Mannaren lanei izatez duten interesa urriarazten zaie. Horretan, Tubergenen eskultura monumentalaren presentziak zerikusia izan dezake.

Proiektuaren gauzatzea, ordea, erakusketa hutsetik harago, ekintza paralelo ugariz horniturikoa da, proiekzio zikloen edo performanceen bidez. Tamalez, horietara bertaratzeko aukerarik ez dut izan, eta agian jarduera horien ezagutza falta egon da proiektuaren osotasuna sumatzeko.]]>
<![CDATA[Natura bizia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2018-11-27/natura_bizia.htm Tue, 27 Nov 2018 00:00:00 +0100 Garazi Ansa https://www.berria.eus/paperekoa/1867/041/001/2018-11-27/natura_bizia.htm Kimia Kamvari

Erakusketa: Nature Change. Lekua: Cristina Enea, Donostia. Noiz arte: otsailaren 22ra.

Zuhaitz artetik paseoan ibili ostean, Kristinaeneko beirazko ateak zeharkatu, eta harrera ilargiak egiten du eskailera burutik begiratuz. Haren faseen aldizkako aldaketek ia hipnotizaturik, eta ilargiaren irudiaren proiekziotik begiak ezin bazterturik, nahigabean oinek beregana eramaten naute. Ilargiak naturaren gainean sortzen duen eraginaren ondorio izango da hau ere. Goiko balaustradara iritsita geldi, begiak oraindik ere hormari begira ditut. Baina kurioski, ilargiak ez dirudi ilargia, hain ikusten da argi, hain ikusten dira zehatz haren krater eta inperfekzio guztiak gauetan burua altxatu eta zeruan ikusten dugunarekiko... Goiko balaustradan geldi oraindik, konturatu berri naiz nahi gabe Nature Change erakusketan barneraturik nagoela.

Kimia Kamvariren banakako proposamena da. Teheran, ia 9 milioi biztanleko hiria utzi eta Astigarreta, Beasaingo auzo txikira (Wikipediaren arabera hamahiru biztanlekoa) egindako lekualdatzearen ondorioaren emaitzetariko bat, dudarik gabe. Etxe orratzez, asfaltoz eta autoz inguratuta bizitzetik, gizakiak naturaren gainean erdietsitako muturreko domestikazio horren zantzurik apenas antzeman daitekeen lekuaren arakatze, aztertze eta miatzearen emaitza. Ekintza benetan zintzoa eta prestua da bere sinpletasunean artistak ingurugiro berrian egindako ekoizpenaren abiapuntua: bere bizileku berri eta hain ezberdinaren ezagutza. Benetako ezagutza, bere etxean eta etxearen inguruak zeharkatzen dituen lurrean eta haietan hazten diren landare eta animalietan oinarritua. Emandako pauso, begirada eta laztantze bakoitza aurkikuntza berri gisara tratatuz. Hain zuzen ere, Kamvarik gure ingurumenarekiko eta horrekin izan dezakegun harremanarekiko dakarkigun atzerritarraren begirada urrundu horri esker, geure bazterrekiko bestelako inguratzea bermatzen digu.

Ilgoran edo ilbeheran, perretxikoetara noiz joan behar dugun ahaztu zait jada, baina, hala ere, joaten gara, harizti edo pagadi baten gerizpean onddo beltzik non topatuko bilaka. Nire gurasoak ere joaten dira, eta amona ere joaten zen. Berak erakutsi zigun zein bil zitezkeen eta zein ez, zein ziren jangarriak eta zein pozoitsuak. Eta hala egiten dugu, pozoitsuak mendian utzi, eta jangarriak soilik saskiratu; azken hauek direlarik ongien ezagutzen ditugunak. Kristinaeneko erakustaretoetan berriz ez dago ez gibel urdin, ziza edo onddorik.

Urbeltza ageri da, hamaika forma ezberdin hartzen dituelarik, denboraren poderioz bere izaera solidoa eta zuria galdu eta di-da beltz bilakatuta. Asfaltoetan ere ateratzen den perretxikoa omen da, eta, horren ondorioz, agian, gizakiarekin edo gizakiaren egungo zereginekin erlazio estuen izan dezakeena, nahiz eta perretxiko jangarrietan trebatutako gure begiok erabat alboraturik dituzten.

Horman zintzilik, esporek utzitako aztarnak ere harrigarri ikusten dira. Banan-banan begiak limurtzen dituzte, ia kristal babesgarria jo arte hurbilaraziz, sortutako lerro perfektu bakoitza arakatzeko asmoz.

Gizakion eta naturaren arteko erlazioa, azken urte hauetan batez ere, erabat perbertitu da. Natura etxekotu egin dugu, eta bere izaera basatia errotik ebaki diogu. Askok zenbait landare eta barazki supermerkatuetako hozkailuetatik kanpo ez dituzte inoiz ikusi ere egin. Eta baratze bat ikusi duenak, berriz, ziur ez dituela ezagutzen hango landareak egoera naturalean, zaintzarik jaso gabe alegia. Nork ikusi du inoiz porru bat loretan?

Naturan bizitzaren zikloa etengabekoa da. Loreetatik haziak sortuko dira, eta landarea hil ahala besteak haziko dira lurrean. Naturan, bizitzaren presentzia ez ezik heriotzarena ere etengabekoa da. Ez dago bata bestea gabe; eta tartean, gu. Aurriekin egindako hainbat lan ikusgarrik ematen diote amaiera erakusketari. Berriz ere balaustradara irten, eta ilargiak bere zikloa amaitzen du.

Naturaren eta gizakion arteko erlazioan oreka lortzea zaila izaten da maiz, baina erlazio horretara begiratzeko modu berri eta eder bat dakarkigu Kimia Kamvarik, atzerritarraren jakin-minezko begirada naifak eta zintzoak eskaintzen duena, ekologiaren perspektibaren filtroetatik igarotakoa betiere.]]>