<![CDATA[Garazi Arrula Ruiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 11 Dec 2019 23:02:06 +0100 hourly 1 <![CDATA[Garazi Arrula Ruiz | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Larrazkena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2019-07-26/larrazkena.htm Fri, 26 Jul 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2019-07-26/larrazkena.htm
77ko uholdeek eraman zuten guztiaz entzuten bizitza osoa daramagunok hobeki ulertzen dugu orain zer den uraren indarra. Larrazkena izanen da soro batzuetan berriz landatzen hasterako, eta auskalo zer larrazkenetan berdinduko diren galerak. Iltzatuta geldituko zaizkigu egun lokaztuok, eta ondorengoei emanen diegu matraka urak behinola eragin zuen horrekin guztiarekin, mintzagai izanen da inoiz beste uholde bat gertatzean, eta orduan ulertuko dute haiek ere, auzolanean direlarik, zer zioten zaharrek.

Konponbide bateraturik eman ezean, ibaiari oztopoak jartzen segi ezkero, berriz gertatuko baita. Ikusi nahi ez horren bidetik, larrazkenean beste uholde bat etorriko zaigu, 11/13 sumarioari ekinen baitiote; 47 auzipetu, errepresaliatuen eta horien familien aldeko lan publiko eta legezkoa egiteagatik. Senitarteko, abokatu, psikologo, bitartekariak dira, gure auzokide, lagun eta lankideak. Ez dira 47 pertsona epaitzen ari, herri bat baizik, 38 adingabe eta bakean aurrera egiteko erabakimena. Berriki kantuan esan dutenez, makroepaiketa honi ere makroelkartasunarekin erantzunen diogu; lokaztuta eta auzolanean, orain arte egin dugunez.

Larrazkenean loratuko ahal da gure primadera.]]>
<![CDATA[Java]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-07-19/java.htm Fri, 19 Jul 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-07-19/java.htm
Txinak 2018an portuak itxi zizkien atzerriko plastiko zaborren inportazioei, eta Mendebaldearen birziklatze industriak Munchen Garrasia itxuratu zuen, kaos erabatekoan. Izan ere, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitu orain arte. Birziklagarria dena eta ez dena ere bai, horrek dakarren inguruaren eta osasunaren pozoitzearekin. Munduaren hondakindegia izateari uko eginez, Txinaren politikak agerian utzi du kontsumo neurrigabearen eta ekoizpen basatiaren egiazko kostua, baita egungo birziklatze ereduen mugak bistaratu ere. Zabor lurperatuari nagusiki ematen zaion alternatiba, errausketa, ez baita inolaz desiragarria.

Ateak ixtearen ondorioz, plastikozko zabortegi toxikoen bidalketak Asia hego-ekialdera aldatu ziren; zakarrez beteriko edukiontziz lepo Filipinak, Thailandia, Indonesia eta Vietnamgo portuak. Maiatzean, Kanadari bere zaborraren bila joateko agindu zion filipinar lehendakariak, pazientzia galduta: «Filipinak nazio burujabe independentea da, eta beste ezein naziok ez du zabortzat hartuko». Horixe baitira asiar herrialdeok mentalitate kolonoarentzat: edo txintik entenditzen ez dugun lengoaia bat, edo oporretan mokaduka irensten dugun gauza exotiko bat, edo norberaren zabortegi hondogabea.

Zehazki, Munchek margolan ezagunari emandako izenburua Der Schrei der Natur [Naturaren garrasia] zen, nahiz eta, gerora, naturaz ahaztu garen.]]>
<![CDATA[Gorazarre]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/014/002/2019-07-12/gorazarre.htm Fri, 12 Jul 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/014/002/2019-07-12/gorazarre.htm
Aurten, gainera, hurrengo sanferminetako inkognita dela eta, aprobetxatu behar bat sumatzen da giroan. Horrek bultzatuta herri mugimenduek harturiko guneen bila genbiltzala, iruindar adiskide batek erantzun zigun inguruan genuen horixe zirela herri sanferminak: kaleak jendez lepo tabernatik datorren musikarekin dantzan edo taldetxo bat a cappella kantuan edo mundua konpondu nahian edo dena delakotan, pixa, ardo eta parrilan erretako odolki usaina airean dela. Dena delakoak ugariak baitira hiri buruzagian. Arrazoi zuen, nola ez, Anderrek; ez da alferrik autoktono-autoktonoa.

Hain «inkognita» izan ez dadin, etorkizun nahiko lukeen horren ahal beste pista eman dizkigu Maia alkateak, «pertsona normalen gobernuko» buruak: hamaika kamera alde zaharrean, uniformez nahiz kalez jantzitako polizia armatuak nonahi, identifikazioak eta isunak entzierroan eta kontrolak hiri barruan eta kanpoan. Txupinazoan, ikurrina balkoian jarri nahi eta ezinean, 1977tik gertatu gabea; udaltzainekin liskar eta guzti aste batzuk lehenago haiekin biltzen zen udal koalizioa. Saiatu arren, ez dugu lortu zaldunak begiz jotzea, eta ezin identifikatu ditugu polizia italiarrak.

Bistan da: Anderrek aipaturiko herri sanferminak egiten aritzen den iruindar pila horrek -miresmena eta harrotasuna sorrarazten duten pertsona anormal horiek guztiek- beti bezain irudimentsu lortuko du hurrengoetan ere sanferminetako inkognita hauspotu eta zirikatzea.]]>
<![CDATA[Desjabetze sinbolikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-07-05/desjabetze_sinbolikoa.htm Fri, 05 Jul 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-07-05/desjabetze_sinbolikoa.htm
Gaur 25 urte bete ditu Amazonek. Interneten zabalpenari heldurik, urtean %25 ari da hazten, 570.000 produktu ere saldu ditu egun bakarrean eta entregarik lasterrena 16 minutuan egin du. Estatu Batuetan, online eginiko gastuen erdia bereganatzen du, eta gurean ere aparretan da. Jeff Bezosen enpresa gai izan da produktu eskaintza gero eta zabalagoa lortzeko, eta orain, erosle guztion laguntzaz, joko-arauak ezartzeko gai ere bada. Makroegitura horrek ekoizleak estutzen ditu salgaiaren etekin ahalik eta handiena lortzeko, eta, bidean, zenbait erabaki politiko hartu: merkatuaren nahiz produktuaren ikusgarritasuna, helmena eta eragina, kasu batera.

Halako enpresa handiak erregulatzea konplexua izaten da maiz, eta, Elena Martinez ekonomian doktoreak dioenez, zailtasun nabariak daude bere fakturazioaren arabera bidezkoak liratekeen zerga-aitorpenak lortzeko; auzoaren bizia pobretzeaz eta sortzen dituen lanpostu prekarioez ahaztu gabe. Efizientzia, erosotasuna eta berehalakotasuna saltzen ditu Amazonek, eta guk dirutan eta datutan ordaindu.

Igual egunen batean vintage eta, beraz, salgai bihurtuko da berriz liburu-denda fisiko batean erostea, Instagramen gordetzeko moduko esperientzia bat; orain, Amazonen, esperientzia bera da Cortazarren liburu bat, zeramikazko katilu bat edo aplikazio bat erostea, guztiak baitaude sarrera beraren pean.

Amazon gure produktuez jabetu da; ez gaitezen gu haren logikaz jabetu.]]>
<![CDATA[Etxe bila]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-06-28/etxe_bila.htm Fri, 28 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-06-28/etxe_bila.htm salgai kartel deigarria, nora joan artean ez dugula. Hiriz ere aldatuko gara oraingoan, Iruñera; batean zein bestean, egoera antzerako zaila da.

Irrigarriak bezain iraingarriak dira alokairuko etxeen iragarkiak. Dramatikoa da egoera. Prezioak nabarmen igo dira azken urteotan, eta orobat igo da turistak xede dituzten pisuen kopurua. Espekulazioari gehitu behar zaio hutsik dauden etxeen aurkako lege zorrotzik ez egotea. Alokairu errentan, auzoaren beraren garestitzeak ere eragina du; udalek halakoei muga jar diezaiekete, tasak sortuz eta kapital handien inbertsioei bidea moztuz.

Esate batera, jakin berri dugu Portugalgo Gobernuak oztopoak jarriko dizkiola alokairuen garestitzeari, legez, uztailaren lehenean hasita. Gehieneko prezio bat ezarriko du (gehiegizkoa, seguruena), apopiloaren errentaren eta etxearen tamainaren nahiz kokapenaren arabera, eta plan horri heltzen dioten etxejabeek onura fiskalak izanen dituzte. Hain zuzen, Lisa Vollmer ikertzaile eta aktibistak hari berari tira egiten zion egunkari honetan: etxebizitza pribatuaren merkatua erregulatzea, eta, zehazki, alokairuen prezioa mugatzea ezinbestekoa da gentrifikazio prozesuak geldiarazteko.

Barre egiten didate lagun iruindarrek asko jota 600€ ordaintzeko prest gaudela esaten diedanean. Bi logelako etxea; argitsua nahiko duzu, gainera (bai, noski). Grazia egiten die. Agnes Vardarekin akordatzen naiz orduan: «Umorea oso arma indartsua da, oso erantzun indartsua. Emakumeek beren buruaz trufa egin behar dute, barre, ez baitute galtzeko deus». Egin dezagun barre, beraz, baina ez da broma: bi logelako etxe argitsu eta berogailudun baten bila gabiltza.

Bihotzak patata baten forma duela, hori ere bazioen Vardak.]]>
<![CDATA[Epaitegian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-06-21/epaitegian.htm Fri, 21 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-06-21/epaitegian.htm
Bide mediatikoa eta soziala saiatua zuen eskuinak, egunkari aliatuetako bonbardaketaren eta kaleko protesten bidez. Orain, auzibidean babestu dira; okerrena da asmo politiko bat antzeman daitekeela honen atzean, denboran bat egin duenez hauteskundeekin. Batetik, iritzi publikoa manipu- latu nahian ibili da eskuina, ohi bezain zikin, sexualitatea praktika sexualekin nahastuz; bestetik, eta hau da beharbada kezkagarriena, agerian gelditu da pedagogia zer beharrezkoa den oraindik ere hezkidetzaren gaian, ezjakintasunetik eginiko epai eta eraso funsgabeak ugariak izan baitira.

Hezkidetzaren eta askatasun afektibo-sexualaren kontrakoa ez da biolentzia besterik. Iturrama institutuan, 12 urteko ikasleei galdetu zieten zeintzuk ziren beren generoaren kualitaterik onenak, eta beren burua neskatzat zutenek ez zuten jakin zer erantzun. Haur txikiei sexuaren arabera nola zuzentzen gatzaizkien, zer hitzekin, zer eredu erakusten, generoei zer balio lotzen, hori guztiori kuestionatzen du Skolaek, eta sexualitatearen praktika osasuntsu bat sustatu, modu integral batean.

Akusatuak baino gehiago, agerian gelditu dira akusazioa bideratu dutenen ukoa; botoak eta epaiak gorabehera, kultura feminista eta parekidea gizartean zabaldu eta errotzea izanen dugu borrokagune nagusi datozen urteotan.]]>
<![CDATA[Bizia ote handiena?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-06-14/bizia_ote_handiena.htm Fri, 14 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-06-14/bizia_ote_handiena.htm
Egunkari katalan-espainiar batek inkesta bat egin du; bozkatu nahi duen orori eutanasiaren aldekoa edo kontrakoa ote den galdetzen zaio. Ez du bereizketarik egiten aldagaien arabera -adin, osasun edo egoera sozioekonomikoak, esate batera-, bai/ez aukerak soilik ematen ditu, eta ez dator gaiari buruzko erreportaje baten bukaeran. Haragi gorria jaten ote duten galdetzearen pareko. Errazkeriak fruitua dakar, eta 44.000 bototik gora jaso dituzte orain arte: %62,8 alde omen. Besteen biziaz iritzia ematea, klik egitea bezain miserable.

Kasuari buruzko eztabaidetan, maiz aipatu da psikiatriaren huts egitea izan dela, justizia sistemaren huts egitea, osasun zerbitzuaren huts egitea. Gutxi dira, eta gainerako uholdearen aldean ahalge, kultura patriarkalaren arazoa oinarrian jartzen dutenak: Pothovenek bere bizia bukatu nahi izan zuen oinaze izugarria zuelako 11, 12 eta 14 urterekin bortxatu zutenez geroztik. Sistema judizial, mediatiko eta psikiatrikoek ez zioten lagunduko, eta biolentzia eragiten dute; ez dira horiek, ordea, hutsaren muina.

Gazteak idatzita utzi du harentzat zer zen bizia, eta, bereziki, zer ez lukeen izan behar. Gurean, bizia jartzen da erdigunean, modu absolutuan, duintasun, min eta borondate ororen gainetik; bizia bizigarria ote den gorabehera. Hain zuzen, gure kontinente zaharra da suizidio tasa altuena duena. Onartzeko beldur bagara ere, bizia ez da balio gorena, prozesu iragankorra baizik. Hobeki dio Jose Luis Otamendik: «bizitzea usadio hauskorra da». ]]>
<![CDATA[Nafarroa, arraioa!]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-06-07/nafarroa_arraioa.htm Fri, 07 Jun 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2019-06-07/nafarroa_arraioa.htm
Eta orain zer. Orain, betikoa. Lehengo telesailetan hain maite zituzten goiko plano horiek, non beste egun bat dela adierazteko herrixka bat zerutik erakusten baita kamera lasterrean, iluntzen eta gautzen. Orain, ekaitza, trumoiak; lurrak har lezakeena baino hagitzez euri gehiago. Orain, itxuraz azkar samar ahaztu dugun hori, edo kontra egitearen mirak harrapaturik ahaztu nahi ez duguna. Ezta hori ere, oraingoan UPN ez baitator bakarrik, oraingoan Ciudadanos eta PP lagun izanen baititu. Ezkerra gehiengoa izan arren. Bistan gelditu da eskuin muturrak, gurean ordezkaririk ez badu ere, agendan eta diskurtsoetan eragina duela, ezartzen dituela eztabaidagaiak, eta alderdiak eskuinerantz mugiarazten.

Estatuko hauteskundeen aurretik honela galdetzen genuen: inork oraindik sinisten al du PSOE izanen dela euskal herritarrontzako salbamendu jaka? Emaitzak ikusita, badirudi baietz, fede itsuko norbait badela. Madrilek ez die nafar sozialistei erabakitzen uzten, ordea, hori ezustea. Galdera da: aurrekariak ikusita, inoiz sinetsi du Txibitek aukera hori bazuela ala jolasean dabil? Eta hasi da kromo trukea: «Nafarroan eginiko txorakeriek» ondorioak izanen dituztela EAEn, PPk; Madrilen enbidoa jotzeaz, UPN; EH Bildu marra gorria dela, PSNk; «Nafarroako aldagaiak» izugarrizko inportantzia duela, jeltzaleek.

«Borrokatoki ekaitzez betea» da oraindik Nafarroa, bai, baina honezkero ez da betikoa, eta ez da berriz izanen. Telebistako goiko plano laster horiek beti argitzen zuten ostera.]]>
<![CDATA[Bizirik behar genuen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/016/002/2019-05-31/bizirik_behar_genuen.htm Fri, 31 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/016/002/2019-05-31/bizirik_behar_genuen.htm Larrun gehigarrirako eginiko erreportajean dioenez. Zigorgabetasun eta kondekorazioekin bezala, oroitarriekin ere betiko lepotik burua: ekintzaile donostiarra hil zuten zubian monolitoa jarri orduko kendu egin zuten guardia zibilek, eta haren aldeko plaka txikituta azaldu da maiz.

Jaialdi ekologista ez zen Tuteran halabeharrez antolatu: teknologia nuklearraren arrisku militarra ikusarazi nahi zen, eta Bardeako bonbardaketak salatu. Frankismoko energia planak Arguedasen asmo zuen zentral nuklearrak ez zuen aurrera egin, baina berriki beste hamar urtez luzatu da Bardeako tiro-poligonoaren okupazio hitzarmena. Aspaldi da militar espainolek maniobrak egiten dituztela Nafarroako hegoalde horretan, nahieran, baina ez diogu sekula herri mailako erantzunik eman. Urrun gelditzen baita Bardea, praktikan behin eta berriz gure zazpi lurralde miresgarri horietarik kanpo uzten dugun hego-mutur itxuraz galdutzat emandako horretan. Behin baino gehiagotan pentsatu dut poligonoa demagun Zubietan balego, inplikazio bera sentituko ote zuketen Ebrotik gorako ezkertiar euskaldun jendeok.

Haren hilketa egunarekin bat, urtero gogoratzen dute Gladys Del Estal bai haren biziterria izandakoan bai tiro-poligonoaren kontrako ibilaldian. Igande honetan izanen da Bardearako martxa; beste aukera bat ekintzaile ekologistak aldarrikatzen zuen horren alde egiteko, lurra bizi dadin, herriak erabaki dezan. «Bizirik behar genuen» berriz esan behar ez izateko.]]>
<![CDATA[Nagasaki]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-05-24/nagasaki.htm Fri, 24 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-05-24/nagasaki.htm Red Joan filmak, maitasun erromantikozko afera batekin gatzozpindua. Gazte garaian, II. Mundu Gerran hasi eta ondorenetan, sobietarrei informazioa pasatu izanaz akusatzen dute hamaika urte geroago britainiar andre edadetu bat. Filma Melita Stedman zenaren bizitzan oinarriturik dago, zeina 30 urtez baino gehiagoz aritu baitzen KGB hornitzen energia nuklearraren inguruko britainiar ikerketaren aurrerapausoekin. Inor ez mintzea xede duen film epelean, protagonistak dio ez ziola bere aberriari traizio egin nahi, ezagutza konpartitu baizik, garai hartako potentzia guztiak informazio eta teknologia beraren jabe izan zitezen eta elkar suntsitzeko erabil ez zezaten.

Aste honetan bertan, Washingtonek beste urrats bat egin du Pekinekin duen lehian, AEBetako enpresei Huaweirekin harreman komertziala izatea debekatuta. Espioitza argudiatu du Trumpek erraldoi txinatarra zerrenda beltzean sartzeko. Google izan da agindua betetzen lehena, eta, ondorioz, telefono marka kinka larrian jarri eta horren erabiltzaile guztiak kezkaturik utzi ditu; eta ez dira gutxi, telefono konpainiak merkatu kuotaren %19 omen baitu. G5 sarearen nagusitasuna nork lehenago eskuratu ari dira lehian superpotentziok, eta gerra komertzial horren baitan ulertu dute askok betoa. Txinak esan du prest zegoela gisako erasoetarako, eta aski baliabide badituela aurrera egiteko; nola erantzunen duen, oraingoz, ez dakigu.

Batek baino gehiagok lehenengoz sentituko zuen superpotentzien lehia bere larruan, sakelakoa ukitu diotelarik. Bonba atomikoa nola sortu badakiten honetan, datu-bilketaren eta teknologia digitalaren arloan nagusitzeko borrokan ari dira. Ezagutza konpartitzearena sloganetarako utzi dute, edo, onenean, beste film korrekto baterako. Bidean, zenbat Hiroshima (hau da Hiroshima mon amour) beharko dira?]]>
<![CDATA[Bizkaiko aberatsak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-17/bizkaiko_aberatsak.htm Fri, 17 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-17/bizkaiko_aberatsak.htm
Hortik ondorioztatzen da, batetik, orain arte Bizkaiko Aldundiaren aburuz arrain-saltzaile horren moduko herritarrek ez zutela merezi, edo ez saiatzeko beste; bestetik, kexatzen ez dena eta laguntzak eskatzen ez dituena eredu dela; azkenik, Andonik ez duela bere 16 lanorduko bizimodua aldatzerik nahi, ideiak aldatzearekin aski duela. Ideiek ematen baitiote Andoniri jaten, baita gastuak ordaintzeko soldata ere; auto baten mantenua, esaterako. Zeren ordu horretan lanean hasten bada, garraio publikoa nekez erabil baitezake. Aisialdian aunitz ez du gastatuko, behintzat, eta ezin du inguruan inor izan zaintzeko edo maitatzeko ere, halako luxuek denbora eskatzen baitute. Baina Andoni ez da kexatzen, andre-jaunok, eta hori da nahi duguna.

Bulegoetan, EAJk saltoki handien aldeko politika egin izan du, baita Ezkerraldean ere, hain zuzen, sarean sustatzen duen tokiko merkataritzaren kalterako. Bat baino gehiago akordatu gara Oskorriren abestiarekin: «Bizkaiko aberatsak/ dira diruzale, / txerri-erosle eta/ txorizo-saltzaile». Hori baita EAJren tradizioa: eman niri eta nik kudeatuko dut. Zu ez arduratu, eta, batez ere, arduratuta ere, ez kexatu. Berdin dio zaborren, garraio publikoaren edo merkataritzaren kudeaketaz ari garen. Biluzte politikoa izan da; sistema kapitalista neoliberalaren naturalizazioa agerian gelditu eta, halere, lotsarik gabe, #pertsonahelburu.]]>
<![CDATA[Egungo gerrak (VI)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-10/egungo_gerrak_vi.htm Fri, 10 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-10/egungo_gerrak_vi.htm
Arinago erreakzionatu dute batzuek, eta indar erakustaldia egin dute, esate batera, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Bilboko Eragin eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeek. Iaz, Athleticen eta Eibarren babesle ofizial apustu-etxe bat izendatzeak eztabaida piztu zuen; gauza bera Gipuzkoako diputazioak KirolBet saritu izanak, zer eta «euskal kirola sustatzeko konpromisoagatik». Zizur Nagusiak berriki onartu du apusturako espazioak arautzeko mozioa.

Igor Meltxor kazetaria Euskal Herrian barna dabil gaiari buruzko hitzaldiak ematen, eta izutzekoak dira esaten dituenak: 80ko urteetako droga arazoarekin alderatzen du; besteak beste, horren hedadura —hasiera batean— neurtezina delako, kaltea pertsonari ez ezik inguru osoari dakarkiolako eta bereziki gazteei eragiten dielako. Jokatzen hasteko bonuak opari ematen dituzte (garai bateko txuteak), eta ezkutuan eta bakarrik egiten da gehien. Prekaritateaz, miseriaz eta heldulekurik ezaz baliatzen dira, eta diru errazaren ameskeria saltzen dute, galerek ere irabaziak ekarriko dizkietela jakitun. Jokoa ez dela errenta; bai, ordea, errentagarria: krisi ekonomikoa hasi zenetik, Espainiako estatuan gehien hazi den merkatua omen da apustu-etxeena.

Berri ona da EITBk jokoari loturiko publizitatea debekatzea; alta, letra txikiari erreparatzeko lana hartu dute batzuek: Espainiako loteriaren eta ONCEren iragarkiak eta zenbait promozio ematen jarraituko du irrati-telebista publikoak. Estatuan, suizidioen %20ren atzean ludopatia omen dago. Apustu eginen nuke gaitz ekonomiko, sozial eta psikologikoen egiazko dimentsioa ikusteke dagoela.]]>
<![CDATA[Zurian beltz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-03/zurian_beltz.htm Fri, 03 May 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-05-03/zurian_beltz.htm
Aurreko astean jakin genuen Hala Bediko kazetari bati arrazoia eman diola azkenik auzitegiak, 2017an jarri zioten isunaren aurka egiteko auzitara eraman baitzuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila; azken ondorioetaraino borrokatuko zirela esana zuen Hala Bediko lantaldeak, eta hitzari eutsi. Bere lana egiten ari zenean (edo zelako), identifikatu eta isuna jarri zion Ertzaintzak, mozal lege-az baliatuta; orain Jaurlaritzak epaiketaren kostua ere ordaindu beharko dio kazetariari, ebazpenak diolako isuna jarri zion ertzainak ez zuela legez jardun.

Argia-ko kideek ere salatu zuten mozal legea-k beren jarduna baldintzatzen duela, hori aplikatuta haietako kazetari batek epaitegietara joan behar izan zuenean. Cabacas auziko audioak zabaltzeagatik, Gara-ko bi kazetari deitu zituzten epaitegira. Terrorismoa egotzita, Ahotsa.info-ko lagunek berriz joan behar izan dute deklaratzera, iaz zabaldutako bi albistetan «euskal preso politikoak» deitzen zitzaielako EPPK-ko kideei. Zer esan Gara ekonomikoki itotzeko amarruaz. Beharbada, Mugarik Gabeko Kazetariek horien guztien berri balute, birpentsatu eginen lituzkete rankingaren postuak.

Hala Bedik arrazoitu bezala, gurean, errudun zara kontrakoa frogatzen duzun arte. Kasu jakin horretan, kazetariak bi urte behar izan ditu, baliabide ekonomikoak eta sare sozial sendoa. Zer gertatzen da halakorik ez duten herritarren kasuan?]]>
<![CDATA[Happykrazia (eta II)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2019-04-26/happykrazia_eta_ii.htm Fri, 26 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2019-04-26/happykrazia_eta_ii.htm
«Zergatik izan zoriontsu, normala izan bazaitezke?», galdetu zion, ulergaitz, Jeanette Wintersoni amak, eta hala ekarri alabak autobiografiaren goiburura. Normala izateak esan nahi baitu fokupetik libre ibiltzea, zalantza edo susmorik ez sorraraztea, ez nabarmentzea onespena jasotzeko ez bada. Oposizio faltsua da galderakoa, bereziki zorionaren betebeharrak helburu zurrun eta denentzat berdinetara garamatzalako.

Hitzaren erabilera mugatzailea jarri dugu ezbaian, ez zoriona bere horretan, nola ezin ondorioztatuko dugun zoritxarrak edo ezbeharrak, bere kasa, inoizko emari kultural oparoena ekarriko duela. Nolanahi den, gehienok bat egin dugu inoiz hauekin: sufritzeak irudimena pizten du, gatazkak pentsamendua aberasten, nahigabeak balio handiko gauzak egitera bultzatzen. Bide horretatik ziharduen Irribarria pilotariak orain gutxi: «Kolpeak hartu behar izaten dira. Hobea egiten zaituzte». Zer esan nahi duen ulertu arren, nago sufrituz lortutakoei balio handiagoa ematen diegula, aise eginikoak mespretxatzen ditugun gisan (lorpen materiala bera izanik ere). A posteriori eginiko gogoeta ez ote den, sufrimenduari onura bilatzeko tema. Akigarria ere izan behar baitu, denik eta ekoizpen oparo eta aberatsenaren iturburu izanagatik ere, beti tentsioan bizitzeak.

Gerrak ez du emakume aurpegirik kronikan adierazten zaizkigu zorionaren aurpegiak: Bigarren Mundu Gerran ibilitako sobietar emakumeentzat zoriona izan zen azkenik galtzontzilloak kendu ahal izatea, eta, askorentzat, egiazko gerra etorri zen garaile atera eta nor bere etxera itzuli zenean.]]>
<![CDATA[Bulkadak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-04-19/bulkadak.htm Fri, 19 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-04-19/bulkadak.htm
Gertu diren hiru fronte dira; bulkadaz erantzuteko moduko beste hiru adibide jar genitzake asko pentsatu beharrik gabe. Hezkuntza, feminismoa, nazioartea. Horietan guztietan arituko gara gaurtik hasita milaka lagun Lemoan, (Jarraikoak ere gaztetzat hartzen dituen) Gazte Topagunean.

Gazte antolakundeen 40. urteurrena dela-eta argitaratu berri den liburu kolektiboan, Olatz Carrok dio espetxean egin zutela emakumezko militante gazteek antolakundearen eta horren funtzionatzeko moduen gogoeta feminista, batak besteari nola sentitua zen kontatzen hasi eta berrikuspen integral bat egitean. Modu berean, nago belaunaldi edo eremu diferentetako kideak elkarrekin hizketan jarri eta ezuste berberak hartuko gintuzkeela egun: nola ez ginen honetaz ohartu, nola ez genion beste honi izaera kolektiboa eman. Ikasteko balio behar baitu atzera begiratzeak; egin direlako lehenago ere Goi Bilkurak Miarritzen (norbaitek gogoan izanen du 2000ko urria), egon direlako makro-epaiketak eta horiei erantzun askotarikoak, hamaika izan direlako prekaritatea baliatu duten egiturazko bortxak. Zeren, tamalez, bulkada berriekin amestu arren, zaharrak gainetik ezin kendu nahi gaituzte.

Nor bere bulkadak akuilatuta heldu zion bere garaiko gazte antolakundeari, eta eskola izan zela ezin uka. Hori ospatu beharra dago, etorriko baitira berriak.]]>
<![CDATA[Korrika, nora iristeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2019-04-12/korrika_nora_iristeko.htm Fri, 12 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2019-04-12/korrika_nora_iristeko.htm
Ematen baitu, zenbaitetan, ez dakigula buelta ematen entzutearen entzuteaz sinestera ere ailegatu garen zenbait diskurtsori; esate batera, inposizioa ala askatasunaren auzia. Debate faltsua da hori; hizkuntza normalizazioa norberak zer hizkuntzatan egin aukeratzeko ahala bada, hots, euskaraz egitea hautu bat bada —eta horretan bat etor gintezke sozialista euskaldun edota ezkertiar espainol eta liberal frantsesekin, kasurako—, guztiok jakin behar dugu euskaraz, ondoren norberak zer hizkuntzatan egin erabakitzeko eta guztien askatasuna bermatzeko. Urrats logikoa dirudi, baina ondorio horrekin ez datoz bat aipaturikoak. Euskal Herrian, erdaraz ezin baita ez jakin; behartuta gaude erdaraz jakiten. Gizarteko egitura guztietan bermatu behar da behar hori euskararekin ere, nork bere hautua egin dezan. Hori, hasteko.

Bestalde, nago normalizazioa nork bere modura ulertzen duela. Hor dago publiko eta pribatuaren arteko eztabaida, direnik eta ezkertiarrenen artean ere. Nola irudikatzen dugu hizkuntza normalizatzen deneko gizartea? Bistan da ez dugula egungo ekoizpen gizarte neoliberala nahi, ados; baina, normalizazioaren eskutik etorriko al da —etorri behar al du— gizartean beste balio batzuk nagusitzea? Ez al da paraleloan egin beharreko lana, euskarari zama doblea jarri baino? Eta, batez ere, horren kostua ordaintzeko prest al gaude? Eztabaidatu beharrekoak dira, galderotan katramilatzen utzi gabe, zeren, bestela, laster batean aurreratuko baikaituzte ezker-eskuin autoan eroso ibiltzera ohituta dauden horiek.]]>
<![CDATA[Happykrazia (I)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-04-05/happykrazia_i.htm Fri, 05 Apr 2019 00:00:00 +0200 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2019-04-05/happykrazia_i.htm
Garai bertsuan, adiskide emakumezko batek gomendatu zidan Eva Illouzen Why Love Hurts? saiakera. Ikuspegi soziologikotik Illouzek maitasuna aztertzen du, makineria kapitalista eta neoliberalaren zutarritzat hartuta. Amodioaren eta sexualitatearen bidez, kontsumo merkatuaren hiztegiak, praktikak eta subjektibitateak bere egin dituzte berehalako asetzea, esperientzia askotarikoen pilaketa, gramatika hori guztia. Orain, autore berak eta Edgar Canabas psikologoak Happycratie argitaratu dute, zoriontasunaren zientziak eta industriak gure bizitzan duten kontrolaz.

Liburuan aztergai dute AEBetako armadak zuzendutako psikologia positiboaren programa bat, helburu duena militarrak heztea emozio positiboen, zorionaren eta espiritualtasunaren bidez, horrek fisikoki ez ezik psikologikoki ere erresistente eginen dituelakoan: «Armada menderaezin bat». Arrakasta itzelaren ondorioz, AEBetatik harago egin du psikologia positiboak, gure kultur etxeetako eskaintza eta liburutegietako apaletaraino.

Badira zoriontasunean adituak, salgai da errezeta, guztion eskura jarri dute; norberak zoriona eskuratzen ez badu, norberak nahi ez duen seinale. Nolabait, egun, arrakasta eta porrota ez dira auzi sozialen araberakoak, baizik eta «nork bere emozioak, pentsamenduak eta jarrerak modu egokian kudeatzeko ahalaren araberakoak». Erantzukizun osoa norbanakoaren gain uzteak frustrazioa eta erruduntasuna sortzen ditu, eta pertsonak bakartzen, komunitateari ez baitzaio lekua egiten.

Zoriona ongizate indibidualarekin berdintzean eta horretara mugatzean dator arazoa, hurbildu ahala urruntzen den helmuga bihurtu baita.]]>
<![CDATA[Egungo gerrak (V)]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-03-29/egungo_gerrak_v.htm Fri, 29 Mar 2019 00:00:00 +0100 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2019-03-29/egungo_gerrak_v.htm
Zurrumurruei buruzko kantu bat bada 100% Oion diskoan. Periodiko honetan, Andrea Ruiz Balzola antropologoak zioen estereotipoak daudela zurrumurruen oinarrian: «Estereotipoen bitartez eraikitzen dugu gure ingurua. Ezin gara kaosean eta muturreko konplexutasunean bizi. Ordea, estereotipotik aurreiritzira pasatzen garenean, egoera aldatu egiten da. Emozio bat txertatzen diogu estereotipoari, eta horrek eraman gaitzake jokabide batzuk hartzera». Egiturazko arazo batez ari baikara, eta gurean kate oso baten emaitza baizik ez da ikusgarri. Hemen hasi eta hemen bukatzen den katea.

Orain jakin dugu EBk ez duela erreskaterako ontzirik bidaliko Mediterraneora, «behin-behinean». Ane Irazabalek esan izan du iheslarien drama kronifikazio egoeran dagoela, ez larrialdi egoeran: kezkatik ahanztura kronikorako bidean. Belaunaldi oso bat galtzen ari gara, eskolara joan ezinik baitaude harrapaturik milaka ume, familiak hautsirik, gizatasunaz gabeturik. XXI. mendeko mundu gerra da; hain zuzen, hileta-martxa eginen dute bihar Gasteizko kaleetan, itsasoan hil diren (hiltzen ari dira, oraintxe) migratzaileen oroimenez. Tarteko katebegi horiek.

Gaztelan, 1502. urtean, Errege-Erregina Katolikoen pragmatika argitaratu zen; horrek mudejarrak hautatzera behartzen zituen: bataioaren bidea hartu ala migrazioaren alde egin. Milurteko erdi pasatu den honetan, gauza batzuk zer gutxi aldatu diren. Orain beste bat da fedea, beste bat jainkoa, beste bat arrazoia. Aldiz, hautatzeko aukeraren ilusioak hutsaren hurrengo izaten segitzen du, baita migratzaileentzat ere.]]>
<![CDATA[Besteen Gernikak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2019-03-22/besteen_gernikak.htm Fri, 22 Mar 2019 00:00:00 +0100 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2019-03-22/besteen_gernikak.htm
Alfonso Rodriguez Castelaok pintatu zuen 45ean A derradeira leición do mestre, haren lagun eta burkide Alexandre Bovedaren fusilatzea errepresentatu eta horren bidez nazionalismo galegoa deuseztatzeko ekina salatzeko. Margoa Buenos Aireseko zentro galegotik eraman dute Ourensera zenbait astetarako, eta orduan ikusi eta hunkitu ahal izan da Amalia, eta norbaitek une horretan atera ahal izan du argazkia eta horrela lerrootaraino ekarri bai Castelao, bai galiziar independentismoa, bai hain urrun dituzten eta ditugun ikur horiek. Galiziako Guernica deitu izan diote koadroari. Nork hartzen dituen beretzat sinboloak, zergatik, zer helbururekin. Non gelditu den Castelao, non galdu Boveda, martiri izendapenaz harago non.

Fusilatu aurretik, senideek eta adiskideek agurtu ahal izan zuten intelektual galegoa, eta nonbait esaten da bere azkenetan Rosalia de Castro leitzen aritu zela: «Eta ez nuen negarra atertu/ behin ere, Gaztelatik/ eroan behar izan ninduten arte/ Eroan ninduten, bertan/ ez nintzaten lurperatu behar», dio Castrok Koldo Izagirreren ahotsean. Akabatu zutenetik ez du Bovedaren gorpuak sorterria utzi, nola ez duen negarra atertu, 83 urte iragan eta gero, haren alabak. Tarteko urratsen faltan.

O Groven, Rosalia de Castro eta Alexandre Boveda kaleak elkartu egiten dira, beste behin, beste non.]]>
<![CDATA[Metxak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-03-15/metxak.htm Fri, 15 Mar 2019 00:00:00 +0100 Garazi Arrula Ruiz https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2019-03-15/metxak.htm fake news edo albiste faltsuen xedea. «Biral egitearen ondorioz, biztanleriaren parte batentzat errelato sinesgarri bilakatzen dira», ondorioztatzen zuen Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak iaz argitaratutako azterketaren txostenean. Jakina da Trumpen kanpainaren ingurukoek albiste faltsuak munduan zabaltzeko guneak sustatu zituztela, eta Bolsonarok ere sare sozialen bidez gezurrak zabaltzen egin zuela kanpaina. Orain berdin ari dira Venezuelarekin, oka eta oka; badira agentziak ongi azterturiko beharren arabera albiste faltsuak berariaz sortu eta lau haizeetara zabaltzeko. Alex Rayon ibili zen garai batean Boulevard irratsaioan horiek bistaratzeko ahaleginean, eta berriki sortu da Diablo de Navarra gunea, periodiko salduena biluzteko sortua.

Sukalderaino sartzen zaizkigu batzuk, azala erretzen digute orbana uzteraino. Aste honetan hamabost urte bete dira Madrilgo Atocha geltokiko lau trenen kontrako atentatutik. Nork bere memorian iltzatuta izanen ditu hurrengo orduak, drama, klima itogarri eta goria. Batek baino gehiagok baliatu zuen nahasmena ETAri atentatuen egiletza leporatzeko, eta hala zabaldu mezua, hala piztu metxa, adierazpen ofizial eta salaketa elkarretaratzeak barne.

Metxak ez dira berez itzaltzen, ezpada zerbaitek huts egiten duela, Indaren ahotzarra kasurako. Eta, putz eta putz eginda muturrera ailegatzean, eztanda. Bat: bi espainolisten bisitaren egun berean jakinarazi zuen apelazio auzitegiak berretsi egiten zuela Altsasuko gazteen kontrako zigor mendekuzkoa. Bi: aurten hamabost urte dira polizia nazional batek eta bere semeak tiroz hil zutela Angel Berrueta, Donibanen zuen okindegitik hurbil. Metxak kea soilik balekar.]]>