<![CDATA[Garbiñe Ubeda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 07 Dec 2021 23:02:40 +0100 hourly 1 <![CDATA[Garbiñe Ubeda | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Olinpiar Jokoak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/014/002/2021-07-29/olinpiar_jokoak.htm Thu, 29 Jul 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/014/002/2021-07-29/olinpiar_jokoak.htm
Olinpiar Jokoei esker ezagutu nituen Carl Lewisen balentriak, Haile Gebrselassieren historia, Marion Jonesen potentzia edo Florence Griffith beti ondo makillatuaren abiadura. Joko Olinpikoena hitzordu saihetsezina izan dela esango nuke, nola kirolzale porrokatuentzat, hala gainerako fedegabe guztientzat ere, olinpiar sua pizturik, ez baitzen zentimetro ziztrin bakar bat ere gelditzen haien irradiaziotik libratuko zenik.

Arrunt bestela doaz Japoniakoak. Albistegietan nekez hartzen diote aurrea hondamendiei, COVID-19aren gaineko zifrei, kasuei, pikareskari. Espektakulu gisa, gatz-piperrik gabeko norgehiagokak bilakatu dira probetarik asko, hainbat parte-hartzaile izurritearen bortxaz etxera itzularazita, zuzeneko emisioen ordutegi petralaren erruz edota publikoaren euforiarik gabe, epaileen aurreko azterketa aseptikoak ziruditelako, beste ezer baino gehiago.

Agian arrazoia eman beharko litzaieke ekimenaren aurka purrustadaka aritu zirenei, eta litekeena, urtebetez atzeratu diren olinpiar joko hauen balantze ekonomikoa benetan zein den inoiz ez jakitea, baina inpresio batek bederen poztu nau: gure gainetik dauden estatuek besteetan baino gutxiago gizendu dute beren epika nazionalista sutsua, dena delako kirolaren gailurrean toki bat egin nahi duten parte-hartzaileen kontura.]]>
<![CDATA[Eraiki beharra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2021-07-22/eraiki_beharra.htm Thu, 22 Jul 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2021-07-22/eraiki_beharra.htm
Esaten da usaimena dela pizgarririk efektiboena, sudur zuloetatik barrena doan esentziak bete-betean jotzen duela dianaren erdian, eta hortaz, errazago ateratzen dituela oroitzapenak lozorrotik. Usaimen zorrotzik ez dut inoiz izan, baina baiezta dezaket hala dela, zalantzarik gabe gainera, sumatuko dudana simaurra, belar ebakia, zerrautsa edo paper-fabrikako kiratsa denean. Horra nire haurtzaroa.

Zentzumenetan kutunena, baina, begia izan dut beti. Ikusmenak oso bestela kitzikatzen du galbahea. Sudurrak eta belarriek nostalgiaz berritzen dute iragana, eta garai galdu hartara lotzen gaituzte sentipenetatik, denboraren haria gelditzeko ahaleginean. Bistatik datorrena, berriz, analitikoagoa da, logikarantz jotzen du gehiago, eta iragana eta oraina alderatzen dituen arren, etorkizuneko hipotesiak proiektatzen ditu azkenerako.

Donostiatik Hendaiara natorrela, topo deitzen den trena utzi eta etxerantz abiatzen naizen aldi oro, duela ia berrogei urteko irudia gogorarazten dit panoramak, hain zuzen, Hendaiara estreinakoz heldu nintzenekoa. Trenbideari paralelo doan bide luzea jantzi eta kirol dendez josita zegoen orduan, Levis prakak edo txandalak erosi nahi zituzten hegoaldetarrak (tartean ni neu) erruz hartzeko. Gaur egun, haien aztarrenik ez eta bospasei solairutako etxebizitza sail luzeak besterik ez dira ageri; haien azpietan, bestalde, etxe-salerosketarako negozioak nahiz aseguru-etxeak. Pastelari ginda trenbide gainean eraikitako bloke munstroak jartzen dio, lur eremu osoan nonahi eraikitzeko egarri aseezina eta bazterrik estuena ere porlanez eta adreiluz estali beharra ezin hobeki ilustratzen duena.

Ekidinezina du galdera: nora ote goaz?]]>
<![CDATA[Lizitazioak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2021-07-15/lizitazioak.htm Thu, 15 Jul 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/020/002/2021-07-15/lizitazioak.htm
Horixe omen da demokratikoena. Horixe omen da gehiegikeriaren antidotoa eta metodorik bidezkoena, gardenena. Baina lizitazioak ez dira pagotxa, eta are gutxiago egokitasunaren berme, eta bestela galdetu enpresetan. Galdetu, lizitazioa lortzeko ahaleginetan lehiatu diren enpresa txikien artean, alorra edozein delarik ere, zenbat bider irabazi ote duen erdipurdiko proiektu batek, administrazioak berak jarritako balantzak merkeenaren alde egiten duelako, kalitatea eta hurbiltasuna zaindu dituenaren kaltean. Zilegi ote da, gehientsuenetan gertatzen den bezala, eskakizunik behinekoena, lehia irabazteko puntuaketa osoaren erdia (baita hortik gora ere) baldintzatuko duena, ekonomiaren gainekoa izatea eta batez ere aurrekontu minimoenaren aldekoa? Alegia, ez al da metodo hori bera zenbat eta merkeagoa orduan eta hobea formularen akuilu bidegabea, ezagutza edo jakituria irrigarri utzi, esperientzia edo eskarmentua gutxietsi eta merke zuhurra eta prekarietatea eskutik ekartzen dituena, administraziotik beretik?

Aldez eta moldez frogatu nahi zaigun legez, administrazioaren ardura hartu duenak demokratikoki banatzen ditu sosak, eta horren aldarria egiten du, adiskidekeria utikan bidali behar dela esanez. Bere konfiantzazko karguak hautatzeko, aldiz, libre ditu eskuak, hatzez seinalatutakoa kontratatzeko, hari eskumen harrigarriak emateko edo zernahi egiteko.

Berriz ere aterako zaio demokraziari, ipurdian zuloa.]]>
<![CDATA[Ume asko, ume gutxi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-07-08/ume_asko_ume_gutxi.htm Thu, 08 Jul 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-07-08/ume_asko_ume_gutxi.htm
Uda ala negu, inoiz ezustean harrapatzen ez nautenak erretiro edo erretreta kontuak izaten dira, horretara nahi baino agudoago hurreratzen ari naizen seinale.

Espainiako gobernuko ministro Escrivari etorkizuneko erretiro-sariak zaizkio ardura. Hitzetik hortzera darabil gaia aspaldion, eta zientzia-fikzioa edo distopia begien aurrean jartzen zaizkigunean bezalatsu, ezinegona pizten du lehenik, esandakoari ñabardurak egin ahal izateko gero.

Orain hurrena, baby-boom garaiaz aritu da, 1958-1970 urteetan sortutakoek lanari albait luzeen eutsi beharraz, jendetza horri denari batera erretiroa ordaintzeko sosik izango ez omen denez. Duela gutxi arte beste ertz batetik heltzen zitzaion gaiari, pentsioetarako aurrezte planak asmatu zizkiguten, kasik inposatu horiena bai gezurra eta porrota! , eta giza espezieak munduko bazter guztiak inbaditu eta gainpopulatu dituela ergelenak ere badakien arren, haurgintzan ere jarri nahi gintuzten, ume gutxi jaiotzen omen delako, oro har zahartzen ari omen garelako, sistemak nola eutsi izango ez omen duelako aurki. Beti badu, bestalde, bidelagun erosorik, negoziaketa esaten dioten tratu interesatuen bidez, adostasuna erakutsiko dion sindikaturik.

Desgastearen estrategia dela esango nuke. Arreta desbideratuta dagoenean, panorama latza marraztu, sistemaren hutsuneak nabarmendu, aukera falta erakutsi, ezina nagusi dela esan, etsipena sortu, eta halako batean, salbazio bermatu gisa, adostasuna hauspotu. Zertarako. Biharko erretretak gaurkoak baino kaskarragoak izatea zalapartarik atera gabe onartzeko. Gure kabuz eta borondatez, logiko jotzeko.]]>
<![CDATA[Bazar asiarra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-07-01/bazar_asiarra.htm Thu, 01 Jul 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-07-01/bazar_asiarra.htm
Horietariko batekin, hain zuzen, hizketaldi bitxi samarra izan nuen aurrekoan. «Bonjour» esan zidan ordaintzeko txanda iritsi zitzaidanean. «Arratsalde on», erantzun nion nik, eta betiko jokaera ezeroso surrealistaren esperoan gelditu nintzen. Itsuski esanda, euskarak espainoldu egiten zaitu nahi baino gehiagotan, eta hortaz, gaztelaniaz erantzungo zaizu. Gaizki-ulertua zuzendu nahiko duzu, euskaraz egiten ez badaki frantsesez egin dezakeela adierazi, baina dagoeneko beranduegi izango da. Hark gaztelaniaz jarraituko du setati.

Baina ez. Behingoagatik euskaraz eman zitzaidan segida, halaxe: «si klienteak nahi badu euskaraz, pues nik euskaraz, sin manias. Hogei euro... con cuarenta y ocho». Alegia, hogei euro eta berrogeita zortzi, errepikatu nion laguntze alde. «Bai, horixe da, eske zenbakiekin me lio un monton, batez ere en frances, porque frantsesez ez dakit tan ondo como euskaraz». Zenbakiak euskaraz eta frantsesez antzekoak direla esango niokeen, baina txintik atera gabe alde egin nuen.

Ez dakit zerk hozkitu ninduen gehiago: bere mordoilokeriak, bere konformismoak ala bekaitzak. Hizkuntzaren zama eramateko moduagatik, hura bezain zoriontsu inoiz ez naizela izango jabetzeak.]]>
<![CDATA[Hilabete petrala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-06-24/hilabete_petrala.htm Thu, 24 Jun 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-06-24/hilabete_petrala.htm
Lanean nahiz bestelako arduretan, instituzioetatik lagundutako proiektuen gaineko txostenak, diru-zuriketak, ikasturte amaierako memoriak eta bestelako literatura merkea parrastaka sortu beharra, irudimenari zirrikiturik estuena ere utzi gabe. Era berean, aurreko hilabeteetako malkarretan akitu ez diren lauzpabost neuronak beren arteko loturak galdu arte kitzikatzeko premia, irailera begira martxan jarri nahiko liratekeen proiektuei ideiak, sustengua, laguntza, ekarpen ez interesatua edo dena delako hondar ale hori ezinbestekoa izaten zaielako, gurea den kultura azpiratu eta konplexuz josian.

Etxean, gai batek eta berak hondatzen dizkigu astebarruko otorduak eta kakazten asteburuetako arratsak. Azterketak dira gure amesgaiztoa. Hitz horren orbitan dabiltzan sateliteek (batez bestekoa, neurketa, formula, epaia, nota, gainditu, ezin ulertu, hautaketa-proba, kopiatu, buruz ikasi…) meteoritoak balira bezala jotzen dute gure lau pareten artean, eta arnasa hartzen uzten ez duen hodei iluna harrotzen. Partikula astunak barreiatzen ditu, merkurioarenak bezain toxikoak. Ugarienek sistemaren bidegabekeria, aztertzailearen apeta edota injustizia saihetsezina dute izena.

Noiz bihurtu ote zen ikasketa-prozesua estresaren eta sufrimenduaren sinonimo. Zer dela eta urrundu genuen jolasetik, neurketaren eremura eramateko. Zergatik da eskola gizartea bera baino baheago, konpetitiboago eta zikoitzago. Noiztik ez du, sinpleki, ikastea helburu.]]>
<![CDATA[Atzera begira]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-06-17/atzera_begira.htm Thu, 17 Jun 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-06-17/atzera_begira.htm
Zenbat festa eta parranda egin ote genuen Nikaraguako iraultzaren kontura, zenbat ilusio, itxaropen eta grina piztu ote zizkigun, zenbat musika-talde goretsi ote genituen, Kortatutik edota The Clash-etik hasita, mugimendu hura, diktadura agintetik bota eta herri xehearen garaipena ekarri behar omen zuena, taldearen beraren ideologian barneratu zutelako, beren publikoaren aurrean bozgorailu bihurtu zirelako. Nikaragua sandinistak liluratu egin gintuen gaztetan, tokitxo polita hartu zuen gure bizitzan, brigada internazionalistek, inperialismoari hortzak erakusteak eta diktadura orori gerra egin beharrak ere tokitxo polita hartu zuten bezala.

Gaur, Daniel Ortegaren izena entzun eta ez dakigu zer esan; mutututa, ostrukarena egiten dugu kasik. Bere despotismoak, bere manikeismoak, boterean betikotzeko grina neurrigabeak, indarkeriak, manera militarrek, iraultza ospetsu baten izenean eragiten duen distortsioak, horrek guztiak, narda besterik ez dakar. Oka egingo nuke gogotik, baina Nikaraguako presidentearen gehiegikeria toxikoak baino gehiago, nire gazte garaia etorriko litzaidake goitika.

Nostalgiari zirrikitua uzten diodan egun apurretan, parranda-giroz eta rock internazionalistaz bustiriko poz hura etortzen zait akordura, eta esaldi bakar batek eta berak laburbiltzen du dena: zein inuzenteak eta naifak ginen. Ez ikusten, boterea erdiestea dela botere-gehiegikeriak salatzen dituen mugimendu ororen sagar ustela.]]>
<![CDATA[Jendartearen ispilua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/016/002/2021-06-10/jendartearen_ispilua.htm Thu, 10 Jun 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/016/002/2021-06-10/jendartearen_ispilua.htm
Ez dakit jabetzen ote den, Bidasoaz honantz gertatzen den bezala, Bidasoaz harantz ere ugariagoak direla alderantzizko adibideak; gure belarrietara behinik behin, sarriago heltzen direla sistemaren kolapsoagatik aintzat hartzen ez dituztenen (eta beraz oporrak planifikatzerik ez daukatenen) kasuak, ardurak eta betekizun sozialak bizimodu malapartatu honi etentxo bat egitearen truke baztertzen dituztenen kasuak baino.

Harrigarria da instituzioek ispilatzen duten irudia. Harrigarriak dira jendartea erretratatzeko eta sailkatzeko dituzten manerak. Estatistikari beste ezeri baino gehiago erreparatzen diotelako izango da —eta ez naiz osasun kontuez soilik ari—, edo aurrez aurreko tratuaren ordez urruntasun fisikoa, automatizazio digitala eta sistema inpertsonalak ezartzen ari direlako, baita teknologiaren arora erabat egokituko ez direnentzat ere. Baina haien agerraldietan azpimarratzen dituzten gauzak, xaxatu besterik egiten ez duten kontu horiek, oso gutxitan datoz bat nire inguruan gertatzen denarekin. Eta amorrua ematen dit, behingoagatik ez naizelako ni oinak lurrean jarri gabe dabilena.]]>
<![CDATA[Planetan sartzen ez diren planak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-06-03/planetan_sartzen_ez_diren_planak.htm Thu, 03 Jun 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-06-03/planetan_sartzen_ez_diren_planak.htm
Artikulu ziztrin baterako argudioak zerrendatzen ari nintzen, bikotekideak —nire gisa, aski gorra— egongelako mahaia beretzat hartu, ordenagailuaren bozgorailuei martxa eman eta bilera batera konektatu zenean. Aurkezpen bat entzun behar omen zuen —genuen—, ZTBP Euskadi 30 delako planarena alegia, datozen urteetan Zientzian, Teknologian eta Berrikuntzan jarraituko diren ildoak azaltzeko antolatua (Eusko Jaurlaritzaren domeinutik betiere).

Intimitate profesional ezaren erruz —eta erremediorik ez duen kuxkuxeroa ere banaizelako— aditu nituen kontuen gaineko iritzirik ematera ez noa, baina horra nire sorpresa, horra nire amorrua, atariko «egun on» goibelaren osteko berriketa oso-osoa gaztelania hutsean zihoala jabetu nintzenean. Berehalakoan heldu ziren nire kezken gaineko argibideak: «Azalpenak euskaraz nahi dituenak, eskura beza txostena». Gaztelaniaz esana, hori ere.

Zientzian, Teknologian eta Berrikuntzan inoiz baino euskaldun gehiago dugun honetan, horra zer dagoen euskaldunarentzat, akuilu izan beharko luketenen aldetik. Batetik bazterkeria sistematikoa, jardun garrantzitsuetan, etorkizuneko planteamenduetan, sosak banatzen diren esparruetan eta sozializazio ekitaldietan hutsaren hurrengo sentitzea. Baina gainera, zigorra. Euskaraz nahi duzu informazioa? To ehun orrialde baino gehiago dituen adreilu itzulia. Zoaz zokora eta irakurri.]]>
<![CDATA[Frantsesak eta murgiltze eredua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-05-27/frantsesak_eta_murgiltze_eredua.htm Thu, 27 May 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-05-27/frantsesak_eta_murgiltze_eredua.htm
Guraso haiei zentzuzkoena, bidezkoena edo demokratikoena iruditzen, eta ez konturatzen, eta are gutxiago ametitzen, delako berdintasun sasi-matematikoak alimaleko ukazioa zuela oinarrian; haurride bakoitzaren grinak lausotzeko, ametsak kamusteko eta izaera propio berezitua zigortzeko makina besterik ez zela, eta denetan larriena izan litekeena, faboritismoa erakusteko beldurrez, hain zuzen ere faboritismoa ari zirela sustatzen: gurasoen moldera edo etxeko markara hobekien moldatuko zenarena.

Halakoxeak dira frantses jakobinoak. Gurasokeria merke eta atzerakoia ezin gainditurik, beren gisako klonaziora makurtzen ez den guztia punitzen dute legez eta indarrez, zuzentasun konstituzionalaren izenean. Baina galdera ez da zergatik egin duten, zergatik bidali duten utikan murgiltze eredua. Galdera da, zer egin genezakeen guk, hizkuntza urritu eta lotsarazian bizi nahi dugunok, lege babesik gabe, baliabiderik gabe, ia ezertarako zirrikitu ofizialik gabe.

Hiltzen utzi ala intsumitu eta borrokatu. Ez dago besterik.]]>
<![CDATA[Paparretik ahora]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-05-20/paparretik_ahora.htm Thu, 20 May 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/021/002/2021-05-20/paparretik_ahora.htm
Bururatu zait —egia aitortuta, ez sinestekoa da neronek horrelaxe esatea gaur, nire CO2-tan itoko nintzela hainbestetan sentitu eta beste horrenbestetan madarikatu eta gero— eguna iritsiko denean zerbaiten hutsunea sumatuko dudala, denok ere inpertsonalago edo kamuflatuago ibiliko garelako kaleetan barrena, irribarrea edo amorrua ezkutatzeko aitzakia bakarra hortz okerrak izango diren arren.

Zenbat ezusteko izan ditudan, zenbat sentipen eta sentsazio, gozo, garrantz nahiz mingots, inguruotako jendeak aurpegi erdia estaltzeko baliatu duen zapi profilaktikoari begira. Papar aldea txapaz eta pinez josita eramaten genueneko garaia ekartzen zidan gogora, gurutzatzen genuen orori zein tributakoak ginen eta harrotasuna zerk pizten zigun lehen kolpetik erakutsi nahian beti. Maskaretan inprimatuta ikusi ditugu, futbol taldeen koloreak, armarriak, enpresen nahiz elkarteen logotipoak, mezu apokrifoak, aldarriak, multinazionalen propaganda. Ikusi ditugu, keinu gaiztoak eta bestelako aldarteak erakusten dituzten aho marraztuak, estanpatu alegerak, irudi folklorikoak. Baina bereziki eta oroz gainetik ikusi ditugu, banderak, frantsesak ugari, ikurrinak tarteka eta espainolak barra-barra, kontraesan estetiko perfektuan (harro erakutsi nahi duzun horrek dizu, hain zuzen, espresiobidea ezkutatzen, arnasa galarazten, besteren aurrean ikusezin bihurtzen).

Egunerokoan gurutzatzen ditudan jende horietarik asko, izan postari erretiratua, auzokide isila nahiz, batek daki zergatik, jakin-mina pizten didan emakume tristea, grinen eta ideologien mapan hobeki kokatzen lagundu dit musukoak.]]>
<![CDATA[Emakumeak eta sabelak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-05-13/emakumeak_eta_sabelak.htm Thu, 13 May 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-05-13/emakumeak_eta_sabelak.htm
Egunotako albisteek diote, berri txar gisa, inoizko jaiotza-tasarik baxuena izan duela Euskal Autonomi Erkidegoak —arranopola, batuketa sinpleak egiteko ere ezin al dugu banaketa administratibo zentzugabea gainditu?—; neurketak egiten hasiz geroztik, 2020. urtea izan dela denetan makalena. Izan zitekeen berdin, berri ona. Izan zitekeen, esate baterako, gainpopulazioa geldiarazi nahi genukeen seinalea, edo indarrean dagoen sistema makur eta planeta-suntsitzailea erortzen uzteko bidea. Baina egin dezagun aurrera. Besteak beste, ugaltzeko adinean diren emakumeak inoiz baino urriago direlako gertatu omen da, estatistika zaleei irakurri diedanez.

Demagun hala dela, ez dela albiste ona. Orain arteko haur kopuruari eustea hain beharrezkoa baldin bada, non dira erraztasunak? Non dira zaintzari logikaz eta gizatasunez, eta ez produktibitatearen legeez, helduko dioten politikak, neurriak, arauak, irizpideak? Non da inertzia geldituko duen ikuspegi aldaketa?

Ugalketaren gorabeherez hitz egitea sabelak zenbatzea baino gehiago da. Urteak joan eta urteak etorri, lepo beretik daramagu burua.]]>
<![CDATA[Eleanitz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-05-06/eleanitz.htm Thu, 06 May 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/017/002/2021-05-06/eleanitz.htm tenpo berria eskatzen dute geroztik.

Aurreko bidaiak ez zuen zailtasun berezirik, eta alboan eseri zitzaidan emakumeak bere smartphoneari egiten zizkion orroak gorabehera —ez konprenitzen tunelik tunel egiten duela bidea topoak, eta lurpean ez dagoela estaldurarik—, jesarri orduko bildu nintzen nire baitara. Hain nintzen zentzumenetatik besterendua, ezen, emakume berritsuak Gaintxurizketa pasa ote genuen galdegin zidanean, ez nekiela etortzen ala joaten ari ote nintzen. Hurrengo geltokia izango ote zen errezeloa.

Panel argitsuari erreparatu nion, eskuinetik ezkerrerantz banaka-banaka zihoazen hizkiek zer esango. 'H, U, R, R, E, N, G, O', idatzi zigun, irakurtzen ikasi berri duen haurraren abiaduran, 'G, E, L, T, O, K, I, A'. Emakumea niri begira. «Orain esango din», nire artean. Baina ez. Panelak bere politika politikoki zuzena izan eta oharra denek ulertzeko moduan paratu behar lehendabizi. 'P, R, O, X, I, M, A, hutsunea, E, S, T, A, C, I, O, N', osatu nuen kostata. Eta bazetorrelakoan... Ez ba. Unibertsaltasuna heldu zen jarraian: 'N, E, X, T, hutsunea, S, T, A, T, I, O, N'. Eta hura eta gero geltokiaren izena behingoz botako zuelakoan, baina baita zera ere. Begi-bazterretik, hortzak estututa sumatzen nuen anderea. Anartean, itzulpengintzan jarraitzen zuen eleaniztasunaren apologistak: 'P, R, O, C, H, A, I, N, hutsunea, A, R, R, Ê, T'.

Bai, alajaina. Uste bezala, Gaintxurizketa zen hurrena, baina hizkiak batu nituenerako han ez zen emakumerik ageri.]]>
<![CDATA[Oi ama Eskual Herri goxua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2021-04-29/oi_ama_eskual_herri_goxua.htm Thu, 29 Apr 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/024/002/2021-04-29/oi_ama_eskual_herri_goxua.htm
Duela hainbat aste (orduan ere izango zen itsasoan itotakorik edo Bidasoaren ertzean polizi sarean eroritakorik), gai saihetsezina zela deliberatu zuen lizeoko euskara irakasleak. Otu zitzaion, hamazazpi udaberri pribilegiatu ezagutu dituzten neska-mutilen gelan mihiak dantzatzeko manera polita izan zitekeela, dimentsio berri batera eraman zitzakeela gainera, literaturak lagunduta. Zenbat poema herrikoi, zenbat kanta eta bertso, behinola Euskal Herritik Parisa joan behar izan zutenek jarriak, konparaziorako. Miñan ere etorri zitzaion akordura, gaur-gaurko nobela, ezin bikainago idatzia. Eskura jarri zien denei, bakoitzari liburu bana, eskolako lan gisa irakur zezaten.

Hamaika helduleku ditu gaiak, baina inondik hasi behar eta ikasleen bizipenetatik abiatzea hobetsi du lizeoko euskara irakasleak, eguna iritsi denean. Migratzailerik ezagutzen ote duten galdegin die; ba ote duten arbasorik, senitartekorik, adiskiderik, ezagunik, auzokiderik gaiaren ilustragarri aipa litekeenik. Memoria eza zer den, gehienek ezetz. Ustez zentzudunenaren erantzuna heldu da azkenik, eta giharrak zurruntzeraino amorratu du irakaslea, baina ez «zirkunstantziek behartuta» aipatzeko eskatu eta ulertu ez diolako —gurasoak jarri ditu etsenplu, Irun inguruko apartamentua utzi eta Hendaiara etxebizitza familiabakar batera etorritakoak, ziplo eta natural botatako azalpenagatik baizik: «Espainiatik Frantziara migratu zuten, eta egunero igaro behar muga, lan egiteko».

Garai txarrak lirikarako.]]>
<![CDATA[Itsasoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-04-22/itsasoa.htm Thu, 22 Apr 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/023/002/2021-04-22/itsasoa.htm
Itsasoa, ortzi-mugan ere amaitzen ez den eremu likido hori, basamortua bezain arrotz eta dohakabea begitandu izan zait beti, baina izan nuen sasoi bat —gurasoek hondartzara behartuta eramaten nindutenean, hain segur—, hari parez pare jartzen ikasi eta Txindokiko gailurretik begiratzean baino lilura handiagoa sentiarazten zidana.

Itsasoa, urrutiko izeba estreinakoz bisitan heltzen denean bezalatsu, harrigarriki eskuzabala izan zitekeelako. Bakarren batek galdutako bitxiak, txanponak, iraganeko oroigarriak eta bestelako altxor txikiak oparitzen zizkidan arreta jarriz gero, eta ulertuko ez nuen hizkuntzan idatzitako mezu misteriotsua botilan jasotzeko itxaropenik ez nuen sekula galdu, beste hemisferioko lur-bazterrak ere milikatzen dituenez.

Izan nuen beste bolada bat —jada Hendaiara bizitzera etorrita—, itsasoaren ahalmen terapeutikoa deskubritu eta burua lasaitzeko baliatzen nuena. Oinak bustitzea petrikilo magiko batengana joatea bezalatsu zen: uhinen joan-etorriei begira, kasik hipnotizatuta, pentsamenduak lerro ordenatura ekartzeraino baretzen zituen nire neuronak.

Gaur egun hurreratu ere ez naiz egiten. Han ez naiz libre. Ezin dut bere urdintasunean galdu, gogoeta egin edo neuronarik baretu, kale-zakurraren zorriak baino ugariago eta temosoago bihurtu diren surflariek ispilu efektua sortzen baitidate. Isildu gabe errepikatzen didate zer garen: espezie inbaditzaile gainpopulatua, eremu eta ekosistema oro jolas-patio bihurtzeko batere lotsarik ez duena.]]>
<![CDATA[Ehun metro]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2021-04-15/ehun_metro.htm Thu, 15 Apr 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/018/002/2021-04-15/ehun_metro.htm
Lehen margariten antzean loratzen zitzaizkigun, eguzkiak berotzen hasi orduko alegia, hondartzara nahiz erosketara joan-etortzen ziren autoak barraskiloaren abiadurara kondenatzeko, estatu subiranoen izenean. Izurriteak, berriz, zubi estrategikoetan aduana finkoa jartzera eraman ditu frantsesak, eta espainolak, aldiz, ertzainak eta foralak bezala, ezusteko kontrolak ugaltzera. Inoiz ez dakizu zertarako jarri diren enbarazu egiteaz harago, noski, ezta polizia bakoitzaren eskumenak norainokoak diren ere.

Arratsaldeko hirurak eta espainol armatu guztiak siestan izango diren itxaropenez, Iruna abiatu naiz, betiko leloaren asperdura itotzera. Usteak ustel, ordea. Hortxe dira. Santio zubian ez, baina Ficoba igaro orduko, guardia zibilak agertu zaizkit, eta ezin atzera egin, kaka tzarra. Zepoan erortzeko falta diren ehun metroetan, mila galderatan zoratu zait burua: ni naizen atsoa geldituko ote dute? Zertarako? Geldituz gero, zer aitzakia jarri behar ote diet, lanerako kontratu finkorik ez izanik? EAE itxita dagoela-eta larderiatuko naute? Isuna eroriko al zait? Baina hori ez al dagokie ertzainei? Eta non arraio dut nortasun agiria?

«Alto, señora» besteak, nire frantses matrikulari begira. Nora ote noan. Urduritasuna kontrolaezina baita, denik eta arrazoirik sinesgaitzena atera zait ahotik: «Liburu bat erostera». Guardia zibilak, aho bete hortz, militarren agurra egin eta bidea zabaldu dit erreberentziaz: «Bikain andrea, irakurtzeari ez zaio sekula utzi behar. Segi horrela!».

Beldur naiz, surrealismo honek ez ote didan zaletasun hori betiko distortsionatu.]]>
<![CDATA[Zenbakiak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2021-04-08/zenbakiak.htm Thu, 08 Apr 2021 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1892/015/002/2021-04-08/zenbakiak.htm
Bi dira aho bete hortz uzten nauten argudioak. Batetik, zifra bera, bereziki helburu politikoz emana denean. Eta ,bestetik, farmazia industriak bere jeneroa saltzeko darabilen hitza zenbat eta kakofonikoago, hainbat eta sinesgarriago. Flogoprofen con Etofenamato gisako esloganak kantari entzunda, nor da botika horren efikazia kolokan jarriko duen ausarta?.

Baina hel diezaiogun zifrari. Zifra baita, zehatza, eta absolutua, eta ehunekotan espresatzen denean, gainera, inpartzialaren hizkuntza. Zer erran dezake estatu-presidente batek, bere poliziak biztanleen ziurtasuna bermatu behar eta biztanleak berak egurtzen dituenean, hain justu, libre ez den iritzia errimak zainduz azaldu zuen espetxeratuaren alde protestan tinko eta libreki aritu izanagatik? Halako azalpen katramilatsuak ekiditeko eta airoso ateratzeko formula zenbakia da, noski: «Espainia demokrazia bat da, %100ean». Izan ere, hain da eder eta osoa zero parea makila aurretik duenean.

Beste zifra batekin ere txunditu gaitu delako estatu-presidenteak. Ez bat eta ez bi, lau ditu orain gobernuko presidenteordeak, denak emakumezkoak. Frantziako parekidetasun legeari alimaleko lezio numerikoa eman nahi izan diola dirudi, Parisko alkate Hidalgo andreak zero asko dituen isuna ordaindu behar izan baitu, agintean emakumezko gehiago batzeagatik, gizonezkoak baino. Gobernuburu horrek, aldiz, emakume presidenteordeak ehuneko ehun edo lautik lau, sardina bakalau. Simetria perfektuan erakusten ditu agerraldietan, bera nagusi eta haiek neskameak balira bezala.]]>
<![CDATA[Kultur arloaren autonomia ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2020-04-01/kultur_arloaren_autonomia.htm Wed, 01 Apr 2020 00:00:00 +0200 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1896/021/001/2020-04-01/kultur_arloaren_autonomia.htm #BertsoVid19 ekimena, Buruntza aldetik abiatu eta hesi guztiak apurtuz, direnak eta ez direnak bertsotan kateatu dituena... Baina kulturaren balioan sinesteak urrunago eraman behar gaitu. Utz iezadazue esaten, egunotan sareetan ikusten dena eta musutruk egiten dena baino askoz ere gehiago dela sorkuntzari laguntzea. Utz iezadazue esaten, etxeko galdara konpondu digun teknikariari bezala eman behar zaiola ordaina sortzaileari, baldin eta iraungo badu. Harira etorriz, ataka txar honetara ez gaitu koronabirusak ekarri. Kultur arloko profesionalen prekaritateaz, ezinaz eta ziurtasun gabeziaz ari bagara, lehendik jarrita zegoen bonba zartarazi besterik ez du egin pandemiak. Horretan dihardugun gehienak autonomoen baldintza kaskarretan aritzeagatik hutsaren hurrengo bihurtu izana ez baita kasualitate hutsa. Eutsi egin behar zaiola entzuten dugu behin eta berriz. Hau ere pasako dela. Ikusteko dago, pasa behar duen hori pasata, gure kulturaren gainetik ezarri diren estatuek noraino tenkatuko diguten lepo inguruko soka, larrialdiaren osteko psikosian eraikuntza nazionalari ekingo diotenean. Eta inguruko agintariei dagokienez, ikusteko dago batasunaren izenean ostu zaizkien eskumenak berreskuratu ahala, balio preziatuenen baitan sartuko ote duten gurea ez besteena den kultura ala lehengo lepotik eramango ote duten burua (alegia, herriaren giharra turismoa eta manufakturaren esportazioa dela sinetsita). Ikusteko dago, ekonomi galeraren erreskatean iritsiko diren sosak kultura propio eta bakana duen herriaren ikuspegitik banatuko ote diren ala, beti bezala, kultur minorizatua laguntzeko ikuspegi paternalistatik emango zaizkion industriari sobratuko zaizkion hondarrak. ]]> <![CDATA[Lobby baten premiaz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2019-12-29/lobby_baten_premiaz.htm Sun, 29 Dec 2019 00:00:00 +0100 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1957/020/002/2019-12-29/lobby_baten_premiaz.htm uskal kultur industria entzuten edo irakurtzen dudan bakoitzean (aspaldi honetan sarri), zeharbideetan galtzen naiz. Jirak eta bueltak ematen dizkiot nire baitako iparrorratzari, astindutxoak ematen dizkiot, tuntun sentitu arte eman ere, toki berberera iristen naizelako beti: ez dakit kontzeptu horrek zer harrapatu nahi ote duen bere sarean.

Inoiz ez naiz industria baten barruan sentitu. Ezta komunikabideetan albisteak produzitu eta produzitu aritu izan nintzen garai dohakabeenetan ere. Areago. Industriaren definizio, ezaugarri, prozesu eta manerak txertatu nahi izateak hekatonbeak eragin izan ditu euskal kulturaren barruko fabriketan. Ez noa adibide zehatzak aipatzera, baina bai bide horretan abenturatu zirenen bi ondorio nabarmentzera. Lehena, kontraesankorra: estruktura mantendu behar izateko, txorizoak ere saldu beharra. Eta bigarrena, larria: kontsumoaren logikan edo mozkinaren menpekotasunean, enpresak, langileek edota biek euskal kulturarekiko atxikimendua galtzea.

Izenak izana baldintzatzen duela ergelenak ere badakienez, garrantzitsua da kontzeptua argitzea. Industriaren oinarrizko funtsak lehiakortasuna eta mozkinak baldin badira eta horietan fin ez dabilenak jai baldin badu, gupida izpirik gabe fueratuko badute, bereak egingo badu, ez da makala euskal kulturari ezarri nahi zaion zama, euskaraz plazaratzen dena industriaren parametroetara eramanda. Nahi eta ezin endemikoa transmititzen du. Gutxiespena sustatzen du, konparaketa hutsez. Kulturarena, makina erremintaren aldean, beti izango da kaxkarra, bigarren mailakoa, eltzetik babarrunak ateratzeko balioko ez duena, kasik barregarria. Euskal kultura, Basque Country-k eta enparauek ezartzen dituzten parametro horietan, kakatzarra da. Albo kaltea da. Industriara baino gehiago, zerbitzuetara lerratzen den jardun kontsumista ludiko frikia da, aisia, denbora-pasa, afizioa. Inoiz ez ofizioa. Ez behintzat, pulamentuzkoa.

Zerbaiten balioa erakutsi nahi dugun bakoitzean zifretara jotzen dugu, zifra progresiboetara. Geure txikian handi egingo bagintuzte bezala hartzen ditugu, markarik gabeko egiak balira bezala. Konplexuak jota bizi denaren arrazonamendua dirudi, eta maitasun eternoaren aitortza erromantikoa (aurreko edizioan baino gehiago, baina hurrengoan baino gutxiago beti, snif, snif). Neure gusturako, infantil samarra. Durangoko Azoka mundiala baldin bada, ez da bere eragin ekonomikoa, aurtengo edizioaren kasuan, sei milioi euroan kuantifikatzen ikasi dugulako. Edo batek daki zenbat stand, gune edo txoko jarri dituelako. Edo jende gaztea zaharra baino gehiago erakarri duelako kontsumora. Hori baino askoz ere esanguratsuagoa du meritua.

Durangoko Azoka mundiala bada, globala delako da. Muga administratibo madarikatuez gaindi, geure mundua bere osoan ispilatzen ahalegintzen delako. Aldez edo moldez, kultur arlo gehientsuenak bildu nahi dituelako. Espazioan eta denboran, unitate bakar moduan agertzen gaituelako, eta hain zuzen horregatik, Big bang propio bat eragin dezakeelako, halako beste bilgunerik ez dugunez.

Euskara garaian garaiko beharretara egokituko duen liderra Euskaltzaindia baldin bada, Durangoko Azokak, kontsumorako asteburu seinalatua izateaz harago, euskal kultura osoaren erakusleiho permanentea behar luke izan. Gune bat, fisiko zein birtuala, non, urte osoan eta noiznahi, euskal kulturaren labetik ateratzen dena jar litekeen ikusgarri; non aurreko edizioei, historikoei, nobedadeei eta katalogoei erreparatuz egun-pasa eta mende-pasa egin litekeen; non sortzaileen eta bisitarien arteko harremana zainduko den, batzuen eta besteen artean standaren mahaia tartean jarri gabe; non molde bateko eta besteko sortzaileak, elkarrekin, arlo eta produktu berriak asmatzera akuilatuko diren; non I+G propio bati lekua egingo zaion; non, salmenta zifrez harago, beste balore batzuk balioetsiko zaizkigun; non eztabaida eta gogoeta parte-hartzaileak garrantzia hartuko duen; non ikastaroak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, gomendioak, kritikak eta osagarriak eskainiko diren; non proposamen berriak iragarri, probatu eta neurtzeko bitartekoak eskainiko diren; non produktuek eta produktoreek elkarrenganako beharra eta begirunea erakutsiko duten; non sortzaileari diru-laguntza publikorako nahiz finantzamendurako bidezidorrak erakutsiko zaizkion; non argitaratzeko aukerak zabal litezkeen; non iritsi berriak bidea urratzen hasteko erreferentzia garbia aurkituko duen. Finean, gune metatzaile eta biderkatzaile bat, fisikoa eta birtuala, Durangoren espazioa eta denbora gaindituko dituena, puntuala eta permanentea, ikusgarritasuna eta lankidetza bermatzera bideratua.

Internet ez bada industria kontsideratzen (batzu-batzuei lehiakor bilakatzea eta mozkinak batzea galanki ahalbidetu dien arren), euskal kultura ere ez da industria. Euskal kultura bagarenaren froga da. Eta Durango, izate bizi hori koherentziaz eta batasunaren logikaz dinamizatu dezakeen tresna. Ez ditzagun gutxietsi, parametro okerretara eramanda.

Durangok lobby bihurtu behar gaitu, industriaren legeetatik eta administrazio nahiz politiken apetetatik babestuko gaituen nukleo lagungarri eta eraginkor.]]>
<![CDATA[Zikloa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/023/002/2018-12-01/zikloa.htm Sat, 01 Dec 2018 00:00:00 +0100 Garbiñe Ubeda https://www.berria.eus/paperekoa/1943/023/002/2018-12-01/zikloa.htm
Euskara batuaz hitz egitea sentimenduez hitz egitea da, sarri ahanzten zaigun gauza. Nire euskarak, eta esan dezadan lotsarik gabe, nire egoak eta nire hegoek, filologoak adina behar izan dituzte terapeutak, nire negar kasketak xukatu behar izan dituzten sorbaldak.

Publiko zabalerako mintzatu eta bereziki idatzi behar izan dudan bakoitzean, ama berriaren sindromeari egin behar izan diot aurre. Testuak munduratzea umeak egitea bezalatsu baita: denek dakite zerorrek baino gehiago; kristo guztiak du aholkurik debalde, musu-truk eta urririk emateko, ezinbestean eta kosta ahala kosta bete dezazun. Ez ditzagun zenbait aitona-amona ahantz. Inongo erreparorik, lotsarik nahiz filtrorik gabe gaizki ari zarela leporatuko dizuten izaki bipedo horiez ari naiz.

Esker txarrekoa izan liteke amatasuna, euskaraz sortzea ere esker txarrekoa izan litekeen gisan. Erditu egingo zara halere. Sortu egingo duzu, ez logikak agindu dizulako, senez aterako zaizulako baizik. Ez gizadiak/euskarak aurrera egingo badu, haurrak/testuak behar ditu esakunea bere borobilean sinetsi duzulako. Seguruen eta sinpleki, pentsatzeko lanik hartu ez duzulako. Hala behar zuelako. Apetak eman dizulako, zer arraio.

Eta sortu duzun hori plazara atera orduko, zuk baino gehiago dakien jakintsu urgazle saldoa etorriko zaizu, zoriontzera lehendabizi, baina bide batez, aholku feria antolatzera. «Et, et, et» esango dizu batek boligrafo gorria eskuan, «nondik atera duzu blokatu delako hori?», bereziki -ka- silaba ongi markatuz, «blokeatu da, alegia, con -e», edota «ez da letxu idazten, letxuga baizik». «Eta noiztik, ordea!», pentsatuko duzu zuk zeure artean, eta txistua irentsiko duzu, agian lotsatuta, egiazki ez zenekielako, agian amorratuta, zure deabrutxoak «gure herrian hala esatedeu ba!» oihukatuko dizulako belarrira. «Ez da kontuan hartu, kontutan hartu baizik», esango dizu hurrengoak, eta hain zuzen eta zehazki kontrakoa, atzetik helduko denak: «Kontuan, Garbiñe, kontuan. Honezkero mila bidez esan dizut». Eta zuk, ordurako txistua irensten ikasia, denak zakurraren salara bidali, eta hurrengoan, kontuak utzi eta gogoan hartu ipiniko duzula erabakiko duzu. Beste horrenbeste egingo duzu lehendabizi «pausu», eta ondoren «pauso», eta atzera berriz «pausu», eta azkenik «pauso» idatzarazi zizunarekin. Aurrerantzean «urrats» idatziko duzula deliberatuko duzu, irribarre gaiztoa ahoan. To mendekua. To, to eta to.

Bat-batean, eta erabaki desesperatu horiei esker, une sublime batera iritsi zarela jabetuko zara. Batuaren benetako boterea zein den ulertu duzu. Ortografia arau zurrun eta zenbaitetan arbitrarioez harago, bideak eta bidezidorrak eskaintzea dela, non aukeratu ematea.

Geroztik bestela begiratzen diozu zure haurrari. Aldatu egin da, odolberritu. Leundu egin zaizkio jaiotzetiko zimurrak, malgu eta guri dago. Hutsaren hurrengo zinena, hamalau sentitzen zara orain.

Egun batean beste norbaiten umearen aurrean aurkituko zara, zorrotz begiratuko diozu, eta beste urgazle bipedo haien gisan zuk ere, ezin izango diozu mihiari eutsi. «Ui, ui, ui» egingo diozu ozen goitika, «matxismoarekin amaitu?», eta jarraian berriz, errotulagailu gorri potoloaz -kin atzizkia nabarmenduz.

Egun horretan, euskararen/bizitzaren zikloak itzuli berri bati ekingo dio, konplexuz beteriko errotazio amaigabean.]]>