<![CDATA[Gorka Arrese | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 09 Jun 2023 07:10:01 +0200 hourly 1 <![CDATA[Gorka Arrese | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Artea margotu duen komikia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/022/001/2021-12-24/artea_margotu_duen_komikia.htm Fri, 24 Dec 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1893/022/001/2021-12-24/artea_margotu_duen_komikia.htm Artea komigintzan, urtarrilaren 29ra arte Donostiako Okendo kultur etxean ikusteko eran izango den erakusketa. Donostiako Literaktum jaialdiak antolatu du, Telefonica fundazioaren eskutik, eta mundu osoko margolaritzako obra handiak lantzen dituzten ilustratzaile garaikideen piezak aukeratu ditu bertarako Asier Mensuro komisarioak (Irun, Gipuzkoa, 1971).

Rockwell, Freud, Bacon, Ernst, Dali, Magritte, Picasso, Mattisse, Kirchner, Munch, Klimt, Toulouse-Lautrec, Seurat, Schiele eta beste artista andana baten obrak komikien narrazioetan nola agertu eta margotu diren ikusteko erakusketa zabala da Artea komikigintzan. Erakusketako obren artean, hiru irudi ere badira euskal komikilariek egindakoak: Angel Alonsok (Pasaia, Gipuzkoa, 1967) erakusketarako propio egin du Brueghel Zaharraren Babelgo dorrea margolanaren bertsio modernoa; Iñaki Holgadoren (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) eta Harkaitz Canoren Museo bilduma komiki liburuko orri bat da beste bat, non azaltzen baitira Van Goghen Arlesko gela eta Francisco Goyaren Maiatzaren 3ko fusilamenduak; eta Luis Duran marrazkilariarena (Oñati, 1967) da hirugarrena.

Luis Gascarekin elkarlanean, Mensurok La pintura en el cómic liburu mardula argitaratu zuen 2014an, eta 2015ean Artea komikigintzan erakusketa antolatu zuen Madrilen Telefonica fundazioarentzat. Erakusketa Donostiara iritsi baino lehen Iruñean paratu zuten duela bi urte, eta beste hamar hiritan ere izan da Espainian, Katalunian eta Galizian.

Komikiaren keinuak

Pop arteko margolariek maiz baliatu izan dute komikiaren ikonografia; kontrako bidea, ordea, gutxitan aztertu da, eta ezusteko ederrak ematen ditu. «Erakusketa honek islatzen du nola inspiratzen den komikia margolari handien maisulanetan, eta nola omenduak diren binetetan eta ilustrazioetan», azaldu du Mensurok.

Batzuetan, marrazkilariak ahalik fidagarrien birsortzen du pintura obra. Beste batzuetan, koadro baten konposizioa imitatzen du, eta bere sorkuntzako pertsonaiekin ordezten ditu figurak. Mensurok dioenez, «badira irudikapen estilistikoak ere; hau da, margolari jakin baten margotzeko teknika, kolore bereziak edo argiaren erabilera kopiatzen dira». Azkenik, zenbait piezatan, pinturako ikonografia eta edukia oinarri hartuta, komikilariak egungo errealitatearen alderdiren bati buruz hausnartzen du, eta, gisa horretan, agerian uzten du artearen historiako maisulanak margotu ziren unean bezain bizirik daudela arte obrak gaur ere.

Erakusketa honek, bide batez, arte zentroen eta komikigintzaren arteko harremana sakontzen laguntzeko asmoa dauka. Mende honen hasieran azkar bizitu da harreman hori, bereziki Parisko Louvre museoaren egitasmo batek sustatuta. Izan ere, 2005ean, Fabrice Douar Louvreko editoreak eta Sebastien Gnaedig Futuropolis argitaletxeko zuzendariak bultzatuta komiki bilduma bat sortu zen, museoa bera eta hango funtsak elementu protagonistatzat dituena.

Beste museo batzuek ere berehala ulertu zuten komikiak aukera franko eskaintzen duela arte zentro handien edukiak beste modu batean zabal daitezen. Esate baterako, Parisko Orsay museoak ere komiki bilduma propioa abiatu zuen 2014an Futuropolis argitaletxearekin, tren geltokia izandako museo hartan dauden arte inpresionistaren koadroak promozionatzeko eta transmisio funtzioa betetzeko.

Artea komikigintzan erakusketako 74 komikilarien artean egile ezagunak daude: hala nola Milo Manara eta Claudio Curcio italiarrak; Arthur Suydam estatubatuarra; Frank Giroud, Enki Bilal, Clement Oubrerie, Julie Birmant, Stephane Levallois, Eric Liberge eta Nicolas de Crecy frantziarrak; Yslaire eta Christian Durieux belgikarrak; Miguelanxo Prado, David Rubin eta Brais Rodriguez galiziarrak; Jordi Gines Gin, Ruben Perellejo, Jose Luis Martin, Tyto Alba eta Paco Roca katalanak; eta gehienak espainiarrak: besteak beste, Alfonso Azpiri, Enrique Ventura, Angel de la Calle, Daniel Torres, Alvaro Ortiz, Raulo Caceres, Teresa Valero eta Mamen Moreu Bilbon bizi da.

Enkarguzko ilustrazioak

Telefonica fundazioak bere ondare artistikoko pieza onenetako batzuen bertsio libreak eskatu dizkie ilustratzaile eta komikilari entzutetsuei. Esate baterako, Moreu marrazkilariak hiru ilustrazio egin ditu hiru koadro omentzeko: Pablo Picassoren Margolaria lanean, Antoni Tapiesen Mihiztadura eta grafitia eta Rene Magritteren Goi-mailako gizartea. Juan Berriok, berriz, Maria Blanchardek Konposizio kubista obra margotu zueneko garaiari buruzko informazioa bildu du, eta orrialde bakarreko komiki bat sortu du.

Badira, gainera, Juan Gris, Paul Delvaux eta Roberto Mattaren koadroetan oinarritutako ilustrazioak ere.]]>
<![CDATA[Toure detektibea Madrilera joan da zortzigarren kontakizunean]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/033/001/2021-12-03/toure_detektibea_madrilera_joan_da_zortzigarren_kontakizunean.htm Fri, 03 Dec 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1879/033/001/2021-12-03/toure_detektibea_madrilera_joan_da_zortzigarren_kontakizunean.htm Dortokaren begirada eleberria.

Tourek apartamentu bat alokatu du, «Parisko lapurreten emaitzei esker batere estutasun ekonomikorik gabe» dagoela profitaturik. Parisko bitxi denda batean ostutako piezak balio erdian saltzen ditu orain Madrilen, eskudirutan. Lasai dabil hirian, koronabirus izurritea kari maskararekin baitabil, milaka afrikarretako bat gehiago bezala; «beltz arrunt eta anonimo bat» dela esaten du bere kabutan.

Parisen lapurreta handiak egin ondoren aldatu behar izan du Madrilera. Burkina Fason bizi den familiari dirutza bidali dio, eta emaztea denda txiki bat zabaltzekotan da han. «Oso pozik dagoela dirudi», kontatzen du, «hain pozik ez baitit jada galdetzen noiz itzuliko naizen etxera. Pentsa liteke ni gabe bizitzen ohitu direla».

Horrenbestez, Chamartingo geltokira joan da Toure. Bilboko trenak ekarriko dion «oparia jasotzeko irrikaz» dago. Bisitan datorkio Kristina ile adats gorria: «Sa Kene nirea, San Frantziskoko sasoitik gordetzen dudan gomutarik goxoena». Besarkada luze batean lotu dira maitaleak. Horrela abiatu da Dortokaren begirada nobela, eta biak batera katigatuko dira kontakizunen traman.

Uxue Razkin editoreak azaldu egin du korapiloaren tamaina: «Parisen lapurtutako harribitxiak Retiro parkean ezkutatu ditu Tourek». Baina ezezagun batek eraman egin du altxorra, eta «haren ordez dortoka bat agertu da ezkutalekuan, mezu misteriotsu batekin».

Kritika sozialaz

«Gustuko hiria dut Madril», aitortu du Arretxek. «Ez zait gustatzen nork agintzen duen han, eta zelako ideiak dauzkan. Baina herria bera, jendea esan nahi dut, gustatzen zait; eta hiria ere bai: horren handia izanda, denentzako lekua dauka». Tourek Paristik ihes egin beharra zuenez, eta Euskal Herrira ezin itzul zitekeenez, «Madrilgo Lavapies auzunea aproposa irudi zitzaidan pertsonaia kokatzeko».

Toureren eleberrietan kritika sozialak daukan garrantzia nabarmendu du Razkin editoreak. Arretxeren aburuz, ezinbesteko osagarria da generoaren barruan. «Egia da zaku erraldoi bat bilakatu dela nobela beltza, eta hor dena sartzen da. Gaur egun modan dagoen adarra poliziakoa da gehienbat, eta enigmatikoa. Kritika sozialari dagokionez, light izaten dira nobela horiek. Dena da errespetagarria, jakina, baina estilo horrek ni ez nau betetzen». Gaur egun inoiz baino premiazkoago ikusten du kritika soziala: «Europan eskuindarren ideiak indar handia hartzen ari diren honetan, uste dut nobela beltzen bidez aukera dugula halako mezuei kontra egiteko».

Ihesean dabilen pertsonaia da Toure. Gaizkilea izatetik aberats baten moduan dirua xahutzera igaro da. Baina egoera ez legezkoan dabil beti, alde batetik bestera. «Egiten dituen gauzen ondorioz nahitaez ibili beharra dauka horrela», justifikatu du Arretxek. «Berak ere esaten du nobelaren pasarte batean: 'Nire bizitza etenik gabeko ihesaldi bat bihurtzen ari da. Noiz topatuko ote dut leku bat, behingoz hor geratu ahal izateko'. Baina ez da inoiz gertatzen. Hori da bere patua. Azkenean konplikatu egiten zaio dena, eta alde egin behar izaten du».

XX. mendeko Chester Himes idazlea maisutzat dauka Arretxek. «Artista bat zen New Yorkeko Harlem auzunea deskribatzen, hango giro gordina erakusten, eta aldi berean kapaza zen umoreari tartea egiteko, eta ondo orekatzeko bortizkeria eta umorea». Arretxe bereziki saiatu da umorearekin Dortokaren begirada eleberrian. «Lehenengo nobeletan oso agerikoa zen umorea. Baina hortik aurrera gogortasunerako bilakaera izan zuen. Puntu batera heldu nintzen, Tourek bere burua hil behar baitzuen edo norbaitek akabatu egin behar zuen; ezin zen tragikoagoa izan. Horregatik erabaki dut berriz gordintasuna modulatzea eta umorea berreskuratzea».

Kristina pertsonaia ere berreskuratu du idazleak, Toureren maitea. «Lehen nobeletan in crescendo joan zen haren protagonismoa». Baina hirugarren nobelaren ondoren, Toure «Afrikara botatzen dutenean» eta, geroago, Nafarroatik barrena Parisera joaten denean, Kristinak ezingo zuen bide hori egin. «Orain aukera eduki dut berriz biak elkartzeko, Bilbotik Madrilera eramanda». Kristina ez da bakarrik ikerketan laguntzaile zorrotza izango; «Tourek marka batzuk ikusiko dizkio gorputzean, eta hor beste misterio bat erantsi dut».

Toureri buruzko filma

Pertsonaiarentzat bederatzigarren istorioa pentsatzen eta antolatzen hasi den bitartean, Tourerekin film bat egiteko proiektuaren berri eman diote Arretxeri.

«Madrilgo bi produktoraren asmoa da. Dena ondo baldin badoa, 2023an filmatuko dute Bilbon, San Frantziskon bertan, gaztelaniaz. Nobeletan agertzen diren pasarte gordinenak ziur asko albo batera lagako dituzte».]]>
<![CDATA[Izurdeak bihurtu ziren maitale haiek]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/031/001/2021-12-02/izurdeak_bihurtu_ziren_maitale_haiek.htm Thu, 02 Dec 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1873/031/001/2021-12-02/izurdeak_bihurtu_ziren_maitale_haiek.htm
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriak Karmele Urrestiren familiaren bizitza eta erbestea kontatzen zituen, eta orain Izurdeen aurreko bizitza nobela berriak migratzailearen izaera eta feminismoa ditu gai nagusiak.

Uri idazlea, Nora neska-laguna eta haien seme-alabak New Yorkera bizitzera joanak dira, hango Liburutegi Publikoan idazketa beka bat eman baitiote Uriri. Manhattango Upper West Side auzunean bizi dira. Liburutegian, Urik orriz betetako 176 kutxa arakatzen dihardu, Schwimmer andreari buruzko biografia handi bat egiteko asmoz, Wynner liburuzainak bildutako milaka paper: argazkiak, gutunak, agiriak.

«Emakumeek nire bizitzan izan duten garrantziari buruz ari naiz funtsean», adierazi du Uribek. «Ikusiko duzue zenbat emakume dauden nobelan, batzuk benetakoak, eta horiek zer pisu izan duten nigan, nire heziketa sentimentalean». Gizonezko batek emakumeei egiten dien aitortza bat da liburua, Uriberen esanetan: «Nobelan, halako batean, gizonezko kontalaria [Uri] isildu egiten da, eta handik aurrera hitza hartzen duena emakumezkoa [Nora] izango da. Keinu horrek esanahi berezia du niretzat; nolabait adierazten ari naizena da tokia uzten dudala. Hori egin behar dugu gizonezkoek, emakumezkoen esperientziei eta ahotsei tokia utzi. Irakurlea horretaz ohartuko dela uste dut».

Formaren intentzioa

Laminen maitaleak izateagatik izurdeak bihurtu ziren pertsonei buruzko kondaira batekin hasten da eleberria. «Elezahar hau gogoan hartu badut, izan da esateko migrarioi ere bizitza aldatzen zaigula muga zeharkatzen dugunean. Gure ametsak, beharbada, lamina haiek bezain irrealak izan bide dira, zeharo alegiazkoak».

Susa argitaletxeak plazaratutako eleberriak hiru atal ditu, hiru ahots ezberdinek kontatuak, hiru modu diferentetan.

Lehenbiziko atala da luzeena, nobelaren bi heren osatzen dituena. Uri pertsonaia da kontalaria hogei kapitulutan. Hari ezberdinei tira egiten die: New Yorkeko liburutegiko ikerketa, Schwimmer feministaren ibiliak eta ahaleginak, Uriren familiaren bizipenak hirian, eta idazlearen haurtzaroko oroitzapenak 80ko hamarkadan. «2018. eta 2019. urte bitartean Schwimmerren bizitza nobelatzen saiatzen da Uri».

Baina 2020ko izurriteak eta itxialdiak eten egiten dute idazlearen proiektua. «Liburuaren erdira iritsi da gizonezko kontalaria», azaldu du Uribek, «baina halako batean ohartzen da ez duela gehiago kontatu behar, nahiago duela emakumeek segitzea kontakizuna». Izan ere, Uri feminismoa aztertzen aritu da, bere izeba feministari buruz ere bai. «Txikitan joan zen Basauriko abortisten epaiketara ere... Eta, azken batean, emakumeak izatearen kontzientzia zeukaten emakume haiek, feministek alegia, Uriren bizitzan nolako garrantzia izan zuten ikusten da».

Nobelaren bigarren zatian, beraz, aldatu egiten da ahotsa: Nora da kontalaria, eta gutun eta oroitzapen formak hatzen ditu, bere adiskide batekin bizi izandakoen inguruan. «Fokua aldendu egiten da apur bat, eta idazlearen gorabeherak kanpotik begiratzen dira. Zati honetan 90eko hamarkadako gaztaroan sakontzen da, gure belaunaldian, neska-lagunaren ikuspegitik».

Hirugarren zatia oso laburra da. Unai eta Ane seme-alaben elkarrizketa bat dator, jolasean bideo txiki bat grabatzen.

«Bistan da hiru atalak formaz, luzeraz eta ikuspegiz oso ezberdinak direla. Eta, nire ustez, nobela batean formak ere esanahia dauka», nabarmendu du Uribek. «Walter Benjaminek ohartarazi zuen formaren bitartez egin direla iraultza literario guztiak. Ondo esanda dagoela iruditzen zait. Gaur egungo literaturan edukiak garrantzi handia du, hasi baikara kontatzen lehen kontatzen ez ziren gauzak, eta horretan batik bat emakumeak ari dira. Baina formari ere arreta berezia eskaini nahi diot. Irakurketa asko dituen nobela bat egiten ahalegindu naiz. Oihartzun jolas ugari dago, eta sakonean daude loturak».

Itzulera sentimentala

Herriz, hizkuntzaz eta kultura giroz aldatzeaz, migratzailearen izaeraz, «han eta hemen» ideiez gogoeta batzuk ere egin ditu Uribek: «Hasiera batean nobelako kontalariak New Yorken egon nahi du, erabat murgilduta, bere energia guztia han eman. Baina, pixkanaka, iragana gero eta presentzia handiagoa hartzen hasiko zaio. Liburuaren bukaeran herriarekin adiskidetze bat dago, eta itzulera moduko bat, fisikoa ez dena, sentimentala baino».

Leire Lopez editorearentzat, liburuan ageri da «nola tratatu ikuspuntu ezberdinetatik eta era diferentetan gai komun batzuk», zein bide ezberdin har ditzakeen nobela batek gai berak lantzeko. «Nobela bat idazteko prozesuari buruzko liburua ere bada».]]>
<![CDATA[Ahalduntze baterako esperimentu politikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-12-01/ahalduntze_baterako_esperimentu_politikoa.htm Wed, 01 Dec 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1872/030/001/2021-12-01/ahalduntze_baterako_esperimentu_politikoa.htm Walden itzuli du Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989), hitzaurrea egin dio Antonio Casado da Rochak (Errenteria, Gipuzkoa, 1970), eta Katakrak etxeak argitaratu du. Liburu politikoa, poetikoa eta polisemikoa dela iruditzen zaio Casado da Rochari. XIX. mendeko industria sistemaren aurrean alternatiba egingarri bat proposatu zuela uste du Sarriugartek. «Naturari begiratzen irakasten duen liburua» da Hedoi Etxarte editorearentzat.

Ralph Waldo Emerson poetak 1844an lur batzuk erosi zituen Walden aintziraren aldamenean (Concord, Massachusetts, AEB), eta Henry David Thoreau adiskideari utzi zizkion, han egoteko, ibiltzeko eta idazteko.

Thoreauren liburu ezagunena da Walden (1854). Idazleak bere eskuez egindako pinuzko txabola batean 1845eko uztailetik 1847ko irailera arte basoan igaro zituen bi urteen, bi hilabeteen eta bi egunen kronika da, landare jangarriak aldatzen, urak aztertzen, fauna eta flora deskribatzen, pentsatzen, irakurtzen, idazten, tximiniako suari egurra botatzen.

Gizarte industrialari eta haren sistemari egindako kritika bat da. Thoreauk iradokitzen du naturarekin bat eginik bizitzea dela gizaki librearen benetako bizimodua; halaxe ezagutuko ditu naturaren ondasunak eta baliabideak, naturaren arauak eta ordainak.

Thoreau ez zen toki urrun eta babesgabe batean lekutu eta ezkutatu. Concord herria kilometro pare batera zeukan: lagunengana joaten zen sarritan, eta lagunak txabolara bisitan joaten zitzaizkion lantzean behin. Liburuan gutxienez badira 25 pertsona han ingurura hurbiltzen zaizkionak. Ez zuen eremita bizimodurik egin.«Egunero, edo bi egunean behin, herrira joaten nintzen oinez», idatzi zuen Thoreauk, «han etengabe gertatzen diren txutxu-mutxuen berri izateko; ahoz aho ibiltzen dira, edo egunkariz egunkari bestela, eta hostoen xuxurla edo igelen kantua bezain suspergarriak dira, dosi homeopatikoetan hartuz gero». Beraz, esperimentu bat izan zen: filosofikoa, politikoa, ekonomikoa, mistikoa, naturazalea, begetarianoa...

Auzoak esnatzeko

Liburuak hemezortzi kapitulutan biltzen ditu egunerokoaren kontakizuna, naturaren deskribapenak, gogoetak eta poemak. Lehen kapitulua da luzeena, Ekonomia deritzona, ia 75 orrialdekoa. Gainerakoak laburragoak dira, 25 eta 10 orrialde artekoak, gutxi-asko. Liburuaren hastapenean esaldi hau paratu zuen: «Ez da nire xedea oda bat idaztea abaildurari buruz: harropuzkerian aritu nahi dut gogotik, nola aritzen den oilarra goizetan, makila baten puntara igota, besterik ez bada nire auzoak esnatzeko».

«Bizitza eraldatu didan liburu bat da», aitortu du Antonio Casado da Rocha idazleak. «Inoiz agortzen ez den iturri bat da Walden».

Euskal Herrian ere interesa aspaldi piztu zuela azaldu du: «Justo Garate euskaltzale bergararrak erbestean itzuli zuen gaztelaniara», Argentinako Tandil hirian, eta 1949an argitaratu zuen.

«Ekologistentzat interesa izan du beti. Baita intsumisio mugimenduko jendearentzat ere. Edo filologoentzat. Ertz asko dituen liburua da, polisemikoa da». Thoreauren liburu landuena da Walden. «Gertuko politika bat ageri da, gauza txikien politika bat, politika positiboagoa bere Desobedientzia zibila obran baino. Handiaren printzipio gidaria txikian aurkitzea du asmoa: Thoreauk hosto txiki batean aurkitzen du geografia oso bat». Emersonen inguruan egituratutako transzendentalismo korrontearen intuizio nagusietako bat omen zen txikian handia topatzea, eta handian txikia. «Walden liburu politiko gisa aldarrikatu nahi nuke».

Kontakizunak kutsu poetiko berezia duela nabarmendu du Casado da Rochak. «Thoreau poeta izan zen, eta haren prosa ere oso poetikoa da tarteka. Polifonikoa da testua, mugimendu desberdinak dituen sinfonia bat bezalakoa».

Zehatz-mehatz kontatzen

Sarriugarterentzat lan handia izan da liburu mardul hori itzultzea, «baina gozagarria». Asko eskertu ditu Koro Navarrok egin dizkion proposamenak eta zuzenketak.

Erronka nagusia izan da Thoreauren estiloak duen «musika tonuari eustea». Testua hain polisemikoa izanik, saiatu da, ahal zen neurrian, «adiera aukera diferenteak» zabalik uzten.

Thoreauk alternatiba bat eskaini nahi zuen, Sarriugarteren ustez: «Bizi gaitezke beste era batera: gauza gutxiagorekin, gutxiago kontsumituz. Egingarria dela iradokitzeaz batera, frogatu nahi bat nabaritzen da dena zehatz-mehatz kontatze horretan». Deskribapen xeheak egiten ditu, «beti hausnarketekin» tartekatuta, eta «aldika umore tantez».]]>
<![CDATA[Leire Vargas eta Alaine Agirreren liburu sarituak argitaratu dituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1879/030/001/2021-11-30/leire_vargas_eta_alaine_agirreren_liburu_sarituak_argitaratu_dituzte.htm Tue, 30 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1879/030/001/2021-11-30/leire_vargas_eta_alaine_agirreren_liburu_sarituak_argitaratu_dituzte.htm Karena nobela, eta Leire Vargasek (Durango, Bizkaia, 2002), Dena ametsa den irudipena poema liburua.

«Sentimendu batzuen eta barne mundu baten translazioa izatea bilatzen duen lan bat da hau», esan du Vargas idazle eta bertsolariak, «zauri bat eta orban bat, aldi berean, kezkak, zalantzak nahiak, grinak, minak, etsipenak zein esperantzak mugiarazten duten gorputz batean; hauskorra den gorputz bat, baina, bere gizatasunean, edertasuna aurkitu guran mugituko den identitate batek sostengatua».

Vargasen estreinako liburua da Dena ametsa den irudipena. Duela lau urte idazten hasi zen, eta aurtengo martxoan ondutakoa da olerki berriena. «Liburuaren izenburuak azaltzen dituen sentsazioak dira hotza, isolamendua, bakardadea, norbere baitan gertatutako galera bat, errealitatetik urruti zauden sentipena, harengan eragin gura eta ezina. Nik horrela bizi dut elikadura nahastea», adierazi du Vargasek, «bizitzatik urruti egote batetik, bizitza pantaila batean ikusiko banu legez, inguratzen nauen oro amets bat balitz bezala gogoratuko banu legez».

Hiru ataletan antolatuta datoz 40 poemak: Zuloak, Ateak eta Zubiak.

Gorpuztasunaren eta gizatasunaren kontzientzia hartzea lantzen du lehen atalak: «Gure gorputza aldatu gura eta ezina, hauskortasun fisikoaren pisua». Bigarren atalak kontzientzia hartze ideologikoaz eta politikoaz dihardu: «Nire txoko txikitik ikusten den munduari begiratu kritiko bat egiten diot». Eta hirugarren atala pertsonen arteko harremanen ingurukoa da, «besteen izaerek gugan duten eraginaz, eta ametsetako harremanen eta errealitatearen arteko talkaz».

Haurdunaldia eta abortua

Alaine Agirrek tabuak biluzteko idazten duela aitortu du Karena eleberria aurkeztean. «Kasu honetan amatasunaren arloan sartu naiz. Txikitatik sartu digute ama izan nahi horren hazia, eta presio soziala dago». Kontakizun «idealizatutik» aldendu egin nahi izan du idazleak, eta amatasunari buruz jardutean «isiltzen eta tapatzen diren lekuetara» jo du.

Sara Mendizabal da nobelako protagonista. Donostian neska batekin bizi da, eta liburutegi batean lan egiten du. Sei parte ditu kontakizunak, eta haietan atonduta daude 60 zati labur, «bakoitza bere zentzuaz eta teknikaz». Sei parte nagusien amaieretan erditzea kontatzen da, fase hauen bidez: ospitalea, oxitozina, kontrakzioak, kanporatzea, karena eta legratua.

Ernalezintasunarekin lotuta agertzen dira protagonistak ezagutuko dituen ugalketa teknika lagunduak. «Intseminazio artifizialak eta in vitro-ak azaltzen dira, baina batez ere prozesu medikalizatu horien guztien albo kalteak eta kostuak». Haurdunaldia eta abortua biziko ditu pertsonaiak, erditzean gertatzen den «obstetriziaren biolentzia», eta ondoren «dolu gestazionala».

Dolu baten bidaia, halaxe definitu du eleberria Agirrek: «Nahi den haur bat galtzearen ondoriozko dolua da, eta gogoz kontrako abortu bat egin behar izatea». Gizarteak ukatu egiten duen dolu bat dela iruditzen zaio idazleari. «Isildu eta tapatu egiten da. Ia-ia debekatu egiten da. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Emakumeak prozesu hori pasatu eta min hori sentitu ez balu bezala». Ugalketaren ikuspuntu produktibo bat dauka gizarteak. «Ematen du emakumeak egon behar dugula produzitzeko eta erreproduzitzeko, baina erreproduzitzeko bakarrik utzi ahal diogula produzitzeari».

Jaiotzaz eta heriotzaz dihardu Karena eleberriak: «Hutsaz eta beteaz. Galderez eta galerez». Isildutako dolua aldarriz kontatzen du, «ikusezina ikusgarri eginez, ustez izenik ez duen horri izena emanez».]]>
<![CDATA[«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2049/032/001/2021-11-28/amaia_ezpeldoik_aldez_alde_kanbiatzen_ikusi_du_euskal_herria.htm Sun, 28 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/2049/032/001/2021-11-28/amaia_ezpeldoik_aldez_alde_kanbiatzen_ikusi_du_euskal_herria.htm Basilika nobela 1984an argitaratuz gero, Itxaro Bordak hamalau eleberri idatzi ditu. Horietatik sei Amaia Ezpeldoi detektibearen istorioak izan dira. Hamar bat ipuinetan ere agertu izan da gainera. Susa etxeak aurten plazaratu du Euri zitalari esker nobela, eta horretan agur esan du detektibeak.

Ezpeldoik abantzu 60 urte baditu. Haren adiskide Joana Garralda erizainak erretreta hartu du, alferrik galduta zegoen Erratzu baserria erosi du Atharratzen (Zuberoa), eta hara bizitzera joatera gomitatu du Ezpeldoi. Beraz, Baionako Maubec karrikako etxean dituen liburu maiteenak hautatuko ditu: Wittigen Les Guerillères, Proust, Dostoievski, Woolf, Rimbaud; eta Atharratzera joango da Garraldarekin, amodioa egitera eta sagarrondo baten alboko baratzea jorratzera.

Ustekabean, ordea, emakumezko bat hurbildu zaio: 10.000 euro eman dizkio haren alaba Maddi aurki dezan. Hainbeste diru sekula eskaini ez diotenez, mandatua onartu egin du, eta Ezpeldoik burutuko duen azken detektibe lana izango da. Behin betiko deliberatu da erretiratzera.

Amaia Ezpeldoiren lehen nobela 1994koa da: Bakean utzi arte. Harrezkero, hiru hamarkadatan detektibe lanak egiten ibili da. Gaztea izatetik heldu arora, gauza franko ikusitakoa da.

Aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria. Gehienbat, maila politikoan. Gero ikusi du ere ekonomikoki pasatzen lehen sektoretik hirugarrenerat, horrek sortzen dituen kalteekin. Hori ere agertzen da bere ofizioan; enpresa batzuetan garbitzailea izan zen, eta azkenean zabor biltzaile bukatzen du. Aski sinbolikoa da, ene ustez.

Kulturalki ikusi du dena kanbiatzen; eta bereziki, teknologia aldetik. Zuberoan gasbidearen kontrako borroka garaian [lehen eleberrian], finkoa zen telefonoa, distantziak bete egin behar ziren; eta azkeneko honetan ohartuko zara Amaiak erabiltzen duela on-line sistema, Zoom edo Jitsi. Ez du baitezpada lekuetara joateko beharrik fisikoki, baina joan egiten da Joanaren autoan.

Hastapenean Amaiak 4L zuri bat zeukan, baina orain ez dauka autorik, hain da ekologista! Egia da maite dituela autoak (Jimmyren Ferraria, Haizeminen Thunderbird deskapotablea, Joanaren 4x4 berdea), nahiz eta berak maite ez duen gidatzea.

Portaeran euskal herritarrek berdintsu segitzen al dute?

Amaia Ezpeldoiren lanak eta ikerketak oso gogorrak dira. Ez da baitezpada hilketarik. Baina humanoki, kulturalki eta sozialki gogorrak dira. Hori ez da aldatu. Gure sozietatea aldatu da, baina jendeen arteko harremanak, leku berezi batzuetan, ez dira aldatu. Pixka bat fosilizatuak bezala dira egiteko moldeak. Eta oraindik ere biolentzia handia dago. Enpresa arloan bortizkeria are gehiago indartu da. Ez da sofistikatua, brutala da. Hori aldatuko balitz, ez liteke gehiago euskal sozietaterik.

Galdu egin den jendearen xerka aritu da Ezpeldoi. Ofizio berezia da, gero. Nondik datorkio grina hori?

Ez dut uste argitzen denik. Bere baitan dauka. Beharbada esplika nezake... Nobela guztietan agertzen zaio bere ama. Lehen eleberritik azkeneraino ikusten da bere amarekiko harreman nekeza. Hor, ez dakit, izanen da amaren amodio galdua, edo amaren figura galdua, edo amaren hizkuntza galdua... Horrelako zerbait badu inkontzientean, besteen zerbitzuko jartzeko, besteen bila ibiltzeko. Saiatu naiz, sei nobeletan, batetik bestera elementu batzuk pasatzen, eta amarena hasieratik pasatzen da.

Parisera joan aitzin, 1986an edo, zatikako ipuin bat egin nuen Gure Irratian musikarekin irakurtzeko, Pazkoko oporretan eman zena. Hor pertsonaia zen Amaia Sheridan, eta jadanik bilaketan ari zen. Hori izan zen aitzineko prototipoa.

Norbaiten xerka ari denean, beti bada auzi sozialen bat.

Kontestu sozioekonomiko inportante bat izaten da, bai. Nobela bakoitzak alor bat jorratzen du. Ekologia, Zuberoako gasbidearekin. Bigarrenean, Amikuzeko espartingintzaren auzia eta trafikoa. Hirugarrenean, Espainiako armada eta Bardeak. Laugarrenean, homosexualitatea, transgeneroa, queer izaera, Bilbon eta hiri giroan. Bosgarrena idazten ari nintzelarik ETAren su itzaltzea zen, eta Amaiaren sentimenduak sartu nituen gertakari handi horri buruz. Seigarrenean, azken honetan, familia istorio biziki ilun bat dator. Duela 30 urte emazteenganako eta haurrenganako tratu txarrak ez ziren batere aipatzen, eta orain egunkarien lehen orrialdeak betetzen dituzte.

Ideologikoki ezkerrekoa da Ezpeldoi.

CGT sindikatukoa. Ezkertiarra, bai. Ez karta batekin. Baina izan da zurrunbilo horretakoa. Beti ukan du ideologia hori: ezkerra, askapena, borroka kolektiboak, intsumisioa... Bizi nizano munduan nobelan [1996] lantegi baten itxieraren kontrako alimaleko manifa agertzen da.

Euskal Herri osoan ibili da. Hari buruzko eleberriek bidaia liburuak dirudite. Lurraldearen xerka ere jardun duela esan ote liteke?

Puskaka egin du, bai. Orain ezagutzen dugun Euskal Herri hori inguratu du. Ibili da denetan: Maulen, Baionan, Tuteran, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Donibane Garazin..., eta Errioxan, Landetan..., Alemanian ere bai. Eskualde guztiak ikusi ditu. Eta eskualde guztietan zerbait atzeman du; batzuetan, bilatzen ez zuena atzeman du.

Euskal paisaiaren, beraz, euskal arimaren isla bat egiten da. Azaltzen dira Landetako basoa, Bardetako desertua, Bilbo hiriaren agerpen handia... enfasi pixka batekin eta baikortasunarekin. Aurreiritzirik gabe; den bezala hartu, eta argia eman. Hori egiten du Amaiak, maite baitu lurralde hau. Zernahi erraten ahal du, zernahi erraten ahal diote, baina lurraldea maite du, lurralde horretakoa da, erroak hor ditu, ukatzen badizkiote ere. Xeheki arakatzen du dena, detaile guztiak sartzen ditu. Eta lurralde horren erdi-erdian da Lastur; azken nobelan, ezkontza queer bat bada hor, Milia Lasturko eresiaren sorburuan.

Badira antzinako bi kanta...

Ezpeldoiko alaba, Bereterretxeren kantorean. Bestetik, Milia Lasturkoren eresia. Bi horien artean hedatzen da Amaia Ezpeldoiren bidea. Izenik ez duten tragediak dira biak. Biak famili tragedia politikoak.

Nobela guztietan Amaiak gehienbat gurutzatzen dituenak emazteak dira, normalki hitzik ez duten emazteak; ez dute hitz publikorik, eta beharbada hitz pribaturik ere ez. Aldarrikatu gabe feminismoa, plazara ateratzeko emazteen jaidura erakusten du.

Lehen eleberria Zuberoan hasten da. Azkenekoa Zuberoan bukatzen da.

Amaiarentzat, euskaldun gehienentzat bezala, Arkadia bat da. Egiazki lurralderik gogorrena da, baina gure inkontzientean Arkadia da Zuberoa, mitifikatu egin dugu kanpotik.

Ezpeldoiren ibilietan hizkuntzari ekografia moduko bat ere egiten zaio, ezta?

Nola aldatzen den euskara batetik bestera, euskalkia eta batua dikotomiari buruzko ohar ironikoak... bai. Lehen nobelan, zubereraz hasi zen Amaia, nolazpait ikasi zuelarik; Joana Garralda erronkarieraz mintzo zen, eta bizkaieraz Haitz Zumeta, Gotzon Garatek asmatutako detektibea. Gero, bigarrenean, ama hil zitzaigun, eta ideia zen Amikuzeko edo etxeko euskararen musikaltasuna gordetzea.

Amaiaren sail osoa euskararen kontserbategi bat bezalakoa da. Sartzen ditut euskalki anitz, iruditzen baitzait behar dutela leku bat ukan, oraindik ere bizi baitira. Batuaren eta euskalkien arteko joko hori batzuetan komikoa da, eta beste batzuetan zakarra.

Nortasuna, askatasuna, sexualitatea, ideologia, portaera... Ezpeldoik zer bilakaera izan du?

Bide luze bat eraman du. Nortasuna finkatuz joan zaio. Gauza asko utzi ditu bidean, nobelaz nobela. Azken honetan ematen du bizitzaren florian dela. Uste dut euskal herritar askok bizi izan duten bilakaera izan duela, eta bereziki gay eta lesbianek. Hasieran biziki zaila zen homosexual bezala plazaratzea. Azken nobelan errazagoa da. Lesbianismoa hastapenetik agertzen da, baina ez du sekula erraten, Jalgi hadi plazara [2007] nobelara arte.

Amaia jeloskorra da eta infidela da aldi berean. Eta ideologikoki mugan da: sasi-abertzalea, sasi-euskaltzalea. Beti sasi da, hala moduzko pertsonaia da. Mugan ez dena da bere generoari buruz, azken nobeletan bederen.

Bere buruaren xerka ibili da orduan?

Bai. Horrek erran nahi du irakurleak ere bere burua xerkatu duela 30 urtez, Amaia Ezpeldoi irakurri baldin badu. Halako konplizitate bat sortu da irakurleen eta Amaiaren artean... Beharbada Amaiaren ekina edo bidea sustatu dute irakurleek ere denbora luze horretan.

Bere burua aurkitu duelako atseden hartuko du?

Ez. Atsedena pixka bat bortxatua da, amodioaren izenean.

Bortxatua, amodioaren izenean... Hori argitu egin behar duzu.

Joanarekin bizi nahi baldin badu Atharratze gaineko paradisu hartan, karbono arrastorik gabe, amodioz bizitzeko onartu behar du detektibe lana uztea. Joanak hala eskatu dio.

Lehenbiziko eleberrian ezagutu zuen Joana Garralda.

Hastapenetik elkarrekin dira. Maitasun handi bat ageri zen, errebelazio bat, izendatu gabe zein maitasun mota zen. Irakurleek berehala sumatu zuten, eta isilik atxiki zuten, pertsonaien sexu norabidea nik argitu arte.

Ez dira beti bizi izan elkarrekin. Bakoitzak bere bizimodua eraman du. Joanak haurrak ukan ditu. Periodikoki aurkitu dira. Elkarrekin azaldu dira ipuinetan ere. Orain, azkenean Atharratzera joan dira. Elkar asko maite dute. Ez baitute besterik! Baina, bai, biziki konplizeak dira.

Musika ugari dago eleberrietan.

Mundukoa eta euskal musika. Azken honetan doinu bakarra du autoan, behin eta berriro errepikatzen dena: Itoiz taldearen Ezekielen prophezia.

Eleberri guztiek kanta bat edo bertso bat daukate izenburutzat.

Euskal musikari omenaldi bat egiteko da. Ez bakarrik gaurkoari. Altxor bat badugu, gure mundua aipatzen duena, edo erakusten diguna zer izan zen.

Atlas edo entziklopedia antropologiko bat da saila.

Baina halako pretentsiorik gabe egindakoa. Literatur pretentsioa du nobela bakoitzak, hori bai. Bada exijentzia bat literaturarekin, fikzioarekin. Nobela saila bere osotasunean hartuz gero, gure mundua bere osoan gatibatzen du: musika, kantua, irratiak, egunkariak... Amaiak beti irakurtzen zituen Euskaldunon Egunkaria-ko horoskopoak eta Ines Intxaustiren telebista kronikak; besterik ez zitzaion interesatzen, baina bi horiek bai. Nahiz eta gauza errealak aipatzen diren nobela guztietan, beti fikzionatuak eta estilizatuak dira.

Estilo handiko emakumea da Ezpeldoi.

Bistan dena! Liburu bereziak ditu etxean. Kultua da. Musikan ere jasoa da. Nor gogoratzen da gaur egun Thelonious Monkez? Badu halako aristokrazia feminista bat, esanahi positiboan, nahiz eta baduen beste alde bat arrunta dena, gu guztiok garen bezala azken batean. Baditugu zenbait alde, eta denekin bat egin behar dugu.

Ezpeldoiren liburuetako azalak ilustratzaile oso ezagunek egin dituzte.

Biziki harro naiz azal horiez. Badira hor Garbiñe Ubeda, Asisko Urmeneta, Zaldi Eroa, Unai Iturriaga eta Ainara Azpiazu Axpi. Denek beren erara laburbildu dituzte, irudi estilo ezberdinez, nobelen mamia eta Amaiaren nortasuna. Biziki ederrak dira.

Azken kontu bat. Ezpeldoiren pentsamenduak, asmoak, sentimenduak, desirak, iritziak, kontradikzioak ezagutu ditugu. Baina haren deskribapen fisikorik egin al da inoiz?

Ez dut uste. Joana, adibidez, deskribatuta dago, Amaiaren begietarik ikusten baita. Amaiak bere burua asko gutxiesten du, baina fisikoki ez dakigu nolakoa den. Ez dut irudikatu, ez. Detektibea da: oharkabean pasatzen da, eta denetan hor dago. Beraz, edonork jartzen ahal dio aurpegia, edonork egin dezake zineman.]]>
<![CDATA[Iban del Camporen 'Serendipia' filmak irabazi du Zine Bilerako saria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1912/039/001/2021-11-28/iban_del_camporen_serendipia_filmak_irabazi_du_zine_bilerako_saria.htm Sun, 28 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1912/039/001/2021-11-28/iban_del_camporen_serendipia_filmak_irabazi_du_zine_bilerako_saria.htm
Izaskun Arandiak, Iratxe Fresnedak eta Ane Pikazak osatutako epaimahaiak Iban del Camporen (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) Serendipia lanari eman dio filmik onenaren saria: Urrezko Antzara eta 1.900 euro. Epaileen arabera, «zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini du, eta pelikula ariketa formal on bat da bere osotasunean».

Zuzendaritza onenaren saria Josu Martinezek irabazi du (Bilbo, 1986), Subandila filmarekin. «Gertakari historiko paregabea da», epaileen aburuz. «Narrazio bikaina du, eta zuzendaritza azpimarragarria». Gidoirik onenaren saria Jorge Moneoren (Gasteiz, 1988) Begiak hesteko artean lanarentzat izan da: «Zinemaren idazkuntzaren mugekin jolasten duen artefaktu bikaina». Bakoitzak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzara jaso dituzte.

Bestalde, astean zehar ikusleek emandako botoen bidez, Gorka Ezkibelaren Ostendene filmak eraman du EITB Ikusleen saria.

Bi filmek, gainera, epaileen aipamen bereziak izan dituzte: Eukeni Arriortuaren Memoria, eta Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde.

Euskal Zine Bilerak eta Euskaltzaleen Topaguneak bi urtez behin ematen duten Benito Ansola bekak 3.000 euroko saria du. Aurten irabazi duen proiektua Dena asmatuta dago izan da, Jone Arriolak, Ana Angulok eta Itxaso Frauk aurkeztutakoa.]]>
<![CDATA[‘West Side Story’ idatzi zuen Stephen Sondheim hil da 91 urterekin]]> https://www.berria.eus/albisteak/206551/west_side_story_idatzi_zuen_stephen_sondheim_hil_da_91_urterekin.htm Sat, 27 Nov 2021 20:11:18 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/albisteak/206551/west_side_story_idatzi_zuen_stephen_sondheim_hil_da_91_urterekin.htm <![CDATA[Boterearen gezurraren ondorio zoritxarrekoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-11-27/boterearen_gezurraren_ondorio_zoritxarrekoa.htm Sat, 27 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1872/024/001/2021-11-27/boterearen_gezurraren_ondorio_zoritxarrekoa.htm Faith nobelaren aurkezpen solasaldian. «Gaur egungo jendartearen gaitzik larriena gezurra da, botereak sustatua, botereak barreiatua, botereak eraman duena kale zoko orotara. Baita albistegietara ere. Eta, noski, epaitegietara». Boterea esatea zuzenean gezurra aipatzea da, Garroren aburuz. Eta idazlearen zeregina, boterearen aurrean eta boterearen kontra egotea da. «Idazlea, ez baldin badago boterearen kontra, ez da idazlea. Idaztea ez da hitzak konbinatzea edozer esateko; bizitzari bere mozorroa kentzea da idaztea, eta mozorroa, gehienetan, gezurrek eratzen dute».

Gerra txikia (2014) nobelako Xabier Ugarte da protagonista nagusia Faith honetan ere. Bartzelonara joan da 2000. urtean. Euskal Herriko giro politikotik aldentzeko asmoa du. Artista izan nahi du, bohemio bizitza bat hasi. Hiri handira iritsi orduko, ordea, bizkarreko poltsa lapurtu egin diote tren geltokian; halaxe abiatu da kontakizuna, ametsetatik berehala lurrera etorrita. Ondoren, hiriaren martxara egokituko baldin bada ere, txikitatik ezagutu duen bortizkeria poliziala jarraika izango du. Patu gaiztoa.

Umoretsua eta, aldi berean, dramatikoa da nobela, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorearen arabera: «Hunkigarria». Garroren alter egoa da Ugarte pertsonaia. «Idazleak bere antzeko pertsonaia bat sortu du». Ugarte argazkilaritza ikastera joan da Bartzelonara. Haren familiak iragan zakar bat izan du, politikoa eta errepresiboa. «Eta bi kontu horiek lotzen dira nobelan: Bartzelonako ibiliak, batetik; familia oroitzapenak eta bizikizunak, bestetik. Uztartze hori zoragarri egin du».

Arnasa luzeko eleberria da Faith. Erreka baten jarioa du egituraren aldetik, kapitulutan zatikatu gabea.

Erretagoardiako nobela

Eleberriko giltzak bide diren hitz batzuetan ardaztutako mintzaldia egin du Garrok. «Nobela bat laburbiltzea beti da laido bat egitea. Horregatik egin dut 11 hitzeko zerrenda bat». Hurrenez hurren: Gerra txikia, ugartetarrak, identitatea, Bartzelona, patua, historia, biktimismoa, umorea, boterea, gatazka eta erretagoardia. Ohar bana erantsi du horientzat.

Gerra txikia-ren bigarren partetzat har liteke Faith, baina liburu autonomoa dela adierazi du. «Hau ez da Xabiren nobela bakarrik, ugartetarren familiarena baizik. Absentzien nobela bat dela esango nuke, etxetik urrun baitago». Hutsune bati buruzko kronika da, Garrorentzat: «Xabi bere lurretik egotzia edo kanporatua izan balitz bezala».

Pertsonaiaren identitateari buruz dihardu kontakizunak: «Nola eraiki gaituzten eta nola deseraiki behar izaten dugun». Airea hartzeko premia daukanez, herritik alde egitera deliberatu da Xabi, «nolabaiteko deserri batera, Bartzelonara». Bohemioa izan nahi duenarentzat hiria da «derrigorrezko geltokia». Ikuspegi pertsonala eta artistikoa aseko dion jendearen bila ibiliko da mutila. «Naif hutsa da, inuzentea eta erromantikoa».

Patua eta historia hitzak karga handiz ekarri ditu: «Behin eta berriz esan digute bizitzan gertatzen zaizkigun gauzen ardura gurea dela; ideia aski eskuinekoa, bide batez esanda. Gure historia ere, ez genuen guk hautatu. Historia gurpil handi bat da, eta bidean makilak jarri arren, gupidagabe doa aurrera eta aurrera. Eta zu aurrean harrapatzen zaituenean, berdin dio nora eta zenbat korri egiten duzun: berdin harrapatuko zaitu».

Nabarmen adierazi du ez duela egin liburu biktimista. «Fatalista bai, akaso». Biktimen eta borreroen hizkuntza manikeoari ihes egin dio. «Manikeismoa boterearen estrategia dialektiko bat baizik ez da, zeinak helburua duen zapalduta ez dagoena zapaltzea, eta zapalduta dagoena apur bat gehiago zapaltzea». Umorez idazten aritu da: «Bufoiaren trikimailua umorea izan da beti, boterea zirikatzeko. Horregatik umoristak jomugan daude gaur egun».

Gatazka politikoak ugartetarren etxean sortutako minaz diharduen kontakizuna da Faith. «Ez da euskal gatazkari buruzkoa, ez baita gertakari politikoei buruzkoa, ezpada gertakariek ugartetarrei sortutako sentimenduen ingurukoa».

Erretagoardiako nobela deitura eman dio Garrok. «Orain dela gutxi Ainara Lasaren hitzaldi batean egon nintzen, eta asko gustatu zitzaidan esan zuenean euskal gatazkaren historian gizonezkoek ezagutzen zutela abangoardian gertatzen zena, eta emakumezkoek ezagutzen zutela erretagoardian gertatzen zena. Euskal gatazkari buruzko irudi erabat ezberdina zeukaten batzuek eta besteek».]]>
<![CDATA[Korronte ikusezinak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/029/001/2021-11-26/korronte_ikusezinak.htm Fri, 26 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1893/029/001/2021-11-26/korronte_ikusezinak.htm Kardaberak zementuan, baina lehenengoa den sentipenarekin aurkeztu du, esker ona adieraziz Balea Zuria argitaletxeari. Izan ere, Ahanzturaren bezpera izena zuen aurreneko liburuak Iruña Hiria poesia saria irabazi zuen, 2019an argitaratu zen, baina oharkabean igaro zen izurritearen ondorioz.

Idazleak ezohiko ekitaldia egin du kazetarien aurrean, bost poema irakurriz, errezital itxura eman baitio. Kardaberak zementuan bildumak dituen hiru zatietatik olerki bana aukeratu du: Hondarribiko Mariñel ontziari buruzkoa lehenbizi; Txingudiko Urak enpresari eskainitako pieza ironikoa ondoren; bere auzunea den Santa Engraziaren ingurukoa hirugarren: «Hondamendi nuklearra espero zuten haiek/ atsekabetuta daude,/ eta arto-musker abailduak, inbasio alien/ eta zonbiak espero zituzten haiek/ ez dute sinisten orain gertatzen ari denik». Irakurraldia bururatzeko, beste bi poema ekarri ditu: 52 Hertz aurrena, eta Txakurrak gero: «Azkeneko datuen arabera,/ haur baino txakur gehiago bizi dira Bilbon egun».

Arruabarrena fisikaria da formakuntzaz. Aritz Gorrotxategi editorearen ustez, poemetan nabarmenak dira zenbait erreferentzia: «Sortzen dituen joko poetikoetan oso presente dago zientzia. Ondo asmatzen du zientziako terminoak poesiara ekartzean. Adituak ez garenontzat ere aproposak dira, iruditzen baitzait meritu handia dela hizkera zientifikoak ez liburua iluntzea eta zailtzea, baizik eta oreka ematea eta argitasuna egitea».

Kardaberak eta zementua liburu barruan behin baino gehiagotan agertzen den irudia dela adierazi du Arruabarrenak. «Denok ikusi izan ditugu espaloi bazterrean, kamioietan edo zementuan sortzen diren landareak eta belarrak. Berezko indar bat dago irudi horretan, eta edertasun bat ere bai. Tokiz kanpo daudela dirudite, eta moztu edo kendu egiten ditugu batzuetan. Baina beti hain temati hazten dira! Noizbait landareek gaina hartuko diote zibilizazio honi».

Postalak izena du liburuaren lehen zatiak, eta Igor Estankonaren aipu batekin dator. Jaioterria eta bizitokia duen Hondarribian kokatuta dagoela azaldu du Arruabarrenak. «Denboraren igaroa du gai nagusia. Poema guztiak herriko toki zehatzetan girotuta daude. Leku horien bitartez, haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta oroitzapenak kontatzen ditut». Bide batez, herriak azken urteetan izan duen bilakaeraz jardun du. «Nortasunaren gaia ere hor dago, atalaren azken aldera. Saiatu naiz nostalgikoa ez izaten».

Bigarren zatia Mekanikak eta uhinak deitzen da. «Fisikako ikasgai baten izenburua dauka. Hemen sartu ditut gizarteari begira idatzi ditudan poemak». Irakurlea berehala ohartuko da zientziari lotutako erreferentzia ugari dagoela, izenburutik hasita. «Gizarteko auzien eta gauzen atzean dauden lege ikusezin horiek aurkitzen saiatzeko asmoa dago». Iñigo Astizen aipu batekin abiatu du poema sail hori. «Uste dut Astizek ondo islatzen duela ideia: 'Lotuta ikusten dut dena/ lurpeko korronte ikusezinen bidez'».

Zientziaren eta poesiaren artean paralelismoa ikusten du Arruabarrenak. Haren aburuz, leku ezberdinetatik mundua ulertzeko edo pentsatzeko moduak dira biak, azkenean. «Atal hau nahiko heterogeneoa den arren, eta gai ezberdin asko dauzkan arren, uste dut zientziaren begiratzeko era nabari dela».

Czeslaw Miloszen aipu batekin, Paisaia preapokaliptikoak izenburua du hirugarren atalak. «Munduaren bukaera, natura eta kutsadura, gizartearen kolapsoa ditu gaitzat». Nolabait Hondarribi aldera bueltatzen da berriz ardatza, eta liburuaren hasierarekin lotzen du. «Apatia eta amorru kutsuz abiatuta dago. Hala ere, uste dut bukaera aldean zabaltzen dela itxaropen izpi bat, tonu baikor batez».

Bidegabekeriaren aurrean

«Ez naiz neure burua salbatzen saiatu», aitortu du Arruabarrenak. «Ez naiz inor baino hobea. Neure buruari egindako kritikak dira poema hauetan agertu ditudanak». Badago kritika sozial bat, baina ez modu «tradizionalean» egina. «Gehiago da gizarteari begira sortu den burutazioa, bidegabekerien aurrean egindako gogoeta».

Ongizate estatuaren beste aldeaz arduratzen da, Gorrotxategi editorearen arabera: «Ustezko zorionaren azpian dauden maila horiez, edo teknologiarekin daukagun harreman ez sanoaz».

Kardaberak zementuan alde biko irudia da, Arruabarrenarentzat. Batetik, har liteke sistema edo egitura handi baten kontra azaltzen den ahalegin txikia bezala. «Bestetik, gogoratzen digu gu hilko garela baina naturak eta bere indarrek segituko dutela».]]>
<![CDATA[Abiadura hutseko trenaren soinu banda]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-11-25/abiadura_hutseko_trenaren_soinu_banda.htm Thu, 25 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1872/028/001/2021-11-25/abiadura_hutseko_trenaren_soinu_banda.htm Egon edo ez egon disko berria Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek. Aurreneko kantak AHT izena du, eta tren baten bizkortasunez abiatu da: «Abiadura hutseko trenean/ nora, nora, ziztuan/ Bruselara ziztuan/ abiadura hutseko trenean// Bruselan sartzerik ez/ parlamentua itxirik/ izar denak lotan/ kartel denak flandrieraz/ gure begia kolpatzen».

Hara eta hona ibiliko dira: Brusela, Paris, Madril, Girona, Tafalla. Tren bidaia zorabiagarri batzuk irudikatzen dituzte tronpetak, tronboiak, saxoek, baxuak, pianoak, perkusioek, eskusoinuak. Makina lasterraren erritmoak, dardarak eta hotsak sentitzen ditu entzuleak, big band batek joak balira bezala.

Ondoren datoz beste bederatzi kanta, haiek ere musikari talde handi batek interpretatuak. Ion Celestino, Mixel Ducau, Ibon Irixoa, Amets Aznarez eta Ramontxo Vegak jardun dute haizezko eta metalezko tresnekin; pianoan da Txus Aranburu; baxu elektrikoarekin Iñigo Telletxea eta Xanti Etxeberria; perkusioa Iker Uriarteren kontu; ahotsen harmoniak eta koroak egiten Kristina Aranzabe, Leire Berasaluze eta Olaia Intziarte. Eta soinu handiarekin aritu da Tapia.

«Soinu kromatikoak sortu ditu doinu hauek. Kanta hauek ezingo nituzkeen trikitiarekin sortu», aitortu du Tapiak. Kontatu du 7 urte zituenetik eskusoinu kromatikoa ikasten ibili zela Migel Bikondoarekin, bi osaba trikitilariek hala nahi izanda. «Alegia, trikitiak ez zuela ezertarako balio! Ordurako, jakina, nire begiak trikitiari beha zeuden. Doinu popularretik landa, beraz, doinu klasikoa eta garaikidea deskubritu nituen. Hala ere, 14 urterekin aldapa gogorregia suertatu zitzaidan, eta utzi egin nuen. Harrezkero ez nuen soinu handia begien bistan ikusi ere nahi izan, eta geroztik ez dut jo. Baina disko honetan berriz adiskidetu eta maitemindu naiz kromatikoarekin».

Hamar kantak eskusoinu handiarekin egin dituela azaldu du Tapiak, baita moldaketak ere. «Koldoren eta bion artean sortu ditugu. Bakarrik ezingo nituzkeen egin. Baina, ondoren, kanta horien moldaketetan libertatea eduki dut, eta Koldori asko begiratu gabe neronek erabaki ditut konposizioak». Esate baterako, Et Incarnatus orkestrarekin kantatu ditu hiru abesti; hau da, biolina, biola, txeloa eta kontzertinoa entzuten dira, hamabost musikariko taldearekin. Beste zazpi abestiak ohiko bandarekin osatu ditu, eta Mixel Ducau «aspaldiko laguna» gonbidatu du, laugarren haizezko tresnaren bila.

Orain arteko diskorik konplexuena duen hau erronka handi bat izan da Tapiarentzat: «Moldaketa guztiak neronek egitea erabaki nuen. Esango nuke, bai metaletan, bai orkestran eta bai ahotsetan koatriaden festa bat dela disko hau. Lau hotsez osatzen den harmoniak izugarrizko lanak eman dizkit». Tresnen transkripzioetan eta zuzenketetan Ramontxo Vegak, Ibon Irixoak eta Josean San Migelek lagundu diote.

Urrian grabatu dute diskoa, Kaki Arkarazo soinu ingeniariarekin; eta, ohi bezala, Jonan Ordorikak egin du mastering lana. Hiru Damatxo taldeko Unai Gaztelumendirenak dira irudiak, diseinua eta karikatura.

Lehenbiziko kontzertua bost hilabete barru egingo dute, apirilaren 28an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. «Diskoan parte hartu duten guztiak igoko dira oholtzara».

Umorea eta malenkolia

«Zirriborro batzuetatik musika sortzen duen artistarekin bizi arteko zorra sortzen da», esan du kanten hitzak sortu dituen Izagirrek. Idazleak asko apaldu du diskoan egin duen lana: «Idazleak ez dauka zereginik ez estudio batean, ez partitura baten aurrean, ez melodia baten aurrean».

Kanta multzo baten bilduma gisa definitu du diskoa Izagirrek: «Ez da egituratua, bariatu samarra da, baina umorea nagusitzen da: ironia eta gaiztakeria hitzetan, dantzagarria eta erritmo atseginekoa musikaren aldetik». Bereziki harritu du orkestratzeak: «Ez nuen halakorik espero».

Hamar kantuetatik sei umorezkoak dira, gizartean «aparrean dauden hitzak, esaldiak eta kalamitateak» baliatuz egindako abestiak. Beste bat omenaldi modukoa da, Nerbioiko (Bizkaia) emakume zirgariei eskainia. «Malenkoniatsuak dira beste bi kanta: Gudazkenez eta Bizibarea». Eta bada kantu bat aurkitutakoa: «Poema minimalista bat ikusi nuen Gernika aldizkarian, ezagutzen ez nuena». Gordobil delako batek idatzitakoa da 1949an, Gernika bonbardatuari eskainia: Hemen dago. Kantu horrek diskoaren «kohesioa eten» egiten duela onartu du. «Oso ondo dator. Kontraste handia egiten du gainerako guztiarekin». Eta poema irakurriz bukatu du hitzaldia. «Sikiera letra on bat, alegia».]]>
<![CDATA[Espainian oso irakurria izan zen kontalaria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1989/025/001/2021-11-24/espainian_oso_irakurria_izan_zen_kontalaria.htm Wed, 24 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1989/025/001/2021-11-24/espainian_oso_irakurria_izan_zen_kontalaria.htm Boston Herald egunkarian, eta zientziari buruzko artikuluak idazten zituen. Rabbi (Errabinoa, 1965) izan zen haren lehen eleberria, eta AEBetan gehien saldutako liburuen zerrendetara iristea lortu zuen. Harrezkero, baina, oharkabean igaro zen bere herrialdean. The Physician (Sendagilea, 1986) eta Shaman (Xamana, 1992) eleberriekin ezaguna egin zen Europan, eta azkenekoa, The Winemaker (Ardogilea, 2007), XIX. mendeko Katalunian girotu zuen.]]> <![CDATA[Formak organikoa bihurtzen du ideia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1921/036/001/2021-11-21/formak_organikoa_bihurtzen_du_ideia.htm Sun, 21 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1921/036/001/2021-11-21/formak_organikoa_bihurtzen_du_ideia.htm La jeune Parque (Patu gaztea, 1917) eta Le cimetière marin (Itsas hilerria, 1920) poema ezagunak eta saiakera apartak idatziak zituen; intelektual handietarik bat zen Frantzian. Voilier, bestalde, Beaute, raison majeure (Edertasuna, zio nagusi, 1936) eleberriaren egilea zen, gizonezko deituraz, emakumearen berezko izena Jeanne Loviton izaki.

Voilierrekin osotoro maitemindu zen Valery: «Pozoi maite nirea,/ zure den-denak, haragiak,/ ezkutuko biloek,/ zure ibileraren Venusek/ eta zure izpirituaren Psikek,/ ulertu eta erantzun egiten/ didala dirudien bihotzak,/ zure denak erre egiten nau,/ eta emozio oparo horretan/ bat egiteko txoratzen nago».

Zazpi urte geroago, Voilierrek bertan behera laga zuen harremana, Robert Denoel editorearekin lotzeko. Hondoa jota, Valery hil egin zen bi hilabeteren buruan, 1945eko uztailean.

Valeryk 150 poema amodiozko idatzi zizkion Voilierri, hark enkantean saldu zituen Parisen eta Monakon, Tokioko unibertsitate batean gordeta egon ziren urtetan, eta, harrigarriro, ez zituzten argitaratu 2008ra arte, Corona et Coronilla izenburuarekin.

Stephane Mallarme, Andre Gide eta Andre Breton idazleen adiskidea izandako Valeryk hagitzez testu gehiago ere utzi zituen etxeko apaletan: Kaierak.

Gogoeten bilduma

Goizaldeko laurak eta bostak artean iratzartzeko ohitura zeukan Valeryk, eta hiruzpalau orduz hausnartzen, marrazten eta idazten jarduten zuen kontu ugariri buruz: literatura eta psikologia, matematika eta filosofia, estetika eta biologia, artea eta zientzia. 1894. eta 1945. urte bitartean 261 kaier bete zituen: 27.000 orrialde. Buru ariketa tai gabean igarotzen zituen eguneko lehen orduak, gogoaren gimnastika diziplinatuan, zehaztasun bila pentsamenduekin eta borrokan hizkuntzarekin, arturratzearen esperoan.

Valeryren Kaierak analisi prozeduraren erakusgarriak dira, inteligentziaren funtzionatzeko modu baten arrastoak, mundua eta gizakia konprenitzeko borondatearen eta ahaleginaren testigantzak: aforismoa eta formula matematikoa, behaketa soziologikoa eta ikerketa estetikoa, iritzi politikoa eta datu autobiografikoa, apunte poetikoa eta kritika literarioa. Esate baterako: «Rimbaudek zentzu bat gehiago du Mallarmek baino. Baina Mallarme organizatua da Rimbauden aldean. Batek kolore gehiago ditu, besteak konbinazioak. Zein da aberatsagoa? Antipodetan daude bata bestearengandik».

Ordena konkretu bati jarraitu gabe idazten zuen Valeryk, zatika, nahas-mahas: adiskide baten bisitaren gaineko oharra edo norberaren eskuaren marrazkia zigarreta batekin, fisikako hitzaldi bati buruzko hausnarketa edo teorema baten inguruko eztabaida. Berdin, ametsaz edo arteaz, nortasunaz edo plazeraz, memoriaz edo denboraz. «Bide laburrena denborazkoa da. Puntu batetik bestera igarotzeko ibilbidea, guretzat, denbora laburrena izaten da. Zuzen bat marra bat da, zeinaren trazaketa denboraren araberakoa besterik ez den».

Kaier horietan, diagrama geometriko bat zirriborratu ondoren, beharbada, norbaiti aditutako pasadizoren bat jasoko du. Adibidez: «1924ko martxoan, Hostelet fisikariarekin hizketan, kontatu digu kuantuez debate eder bat izan zela 1911n. Solvayk Bruselako Metropole hotela ordaindu zuen eta fisikako buruargiak elkartu zituen: Poincare, Planck, Einstein, Langevin, eta solasa arazorik gabe lau hizkuntzatan gidatzen zuen Lorentz. Egunero zortzi orduz eztabaida sakonean. Inbidia diet gizon horiei. Antzekorik ez, Letretan eta Arteetan».

Kitzikagarria da Valeryren kaieretako ariketak, oharrak, ikerketak, pasarteak irakurtzea. Beti agertzen da esaldi berezi bat, edonork berea izatea nahi lukeen ideia hori, ulergaitza egiten den definizio hura, ezusteko deskribapen bat, zalantza eragiten duen iritzia. «Lerroa pentsatu duenak mugimendua pentsatu du». Edo: «Formak organikoa bihurtzen du ideia». Edo: «Argitu beharrekoak ez dira hitzak, esaldiak baizik». Edo: «Elkarri oso lotuta daude eskuaren gaitasuna eta hizkuntza artikulatua».

Kaieretan aitortzen duenez, Valeryk gehien maite zituen ariketak hiru dira: poemak ontzea, matematikak lantzea eta marrazkiak egitea. Harentzat, hutsetik formaranzko urratsa da marrazkia; gorputzik gabeko dantza eta hitzik gabeko ahotsa da musika; soinuaren eta zentzuaren arteko zalantza iraunkorra da poema; eta obra matematikoak hauxe du ona: formaren eta funtsaren arteko erlazio etengabea.

Valery irakurtzen duena ondorio honetara helduko da: «Arteen helburu komuna poesia da».]]>
<![CDATA[Kantaren forma liluragarria]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-11-13/kantaren_forma_liluragarria.htm Sat, 13 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1877/029/001/2021-11-13/kantaren_forma_liluragarria.htm Gure jarrera diskorako zortzi kanta egin zituen Maiak 1991ko lehen hiru hilabeteetan. 18 urte zeuzkan.

Harrezkero, denera, 166 kanta egin ditu. Denak zerrendatuta datoz Elkar etxeak plazaratutako Kantu bat gara disko-liburuan. Haietako batzuk aukeratu eta orrialdeetara aldatu ditu hitzak: Negu Gorriak, Zaldibobo, Def Con Dos, Gari, Gozategi, Benito Lertxundi, Anari, Mikel Urdangarin, SA, Ken Zazpi, Mursego, Betagarri eta beste zenbaitentzat egindakoak, eta bai halaber bera kide izandako Karidadeko Benta eta Hezurbeltzak taldeentzat.

Maiak idatzitako kanta guztiak enkarguz egindakoak dira: «Musikaria gustura geratu arte ez da bukatzen nire lana. Nahikoa da esatea: 'Esaldi hori, Jon...'; kantaria eroso sentitu arte aldatuko dut». Oso eskertuta dago bere hitzak daramatzaten doinuak sortu dituzten musikari guztiekin. «Nire bizitzaren soinu banda kantatu dute».

Abesti horiei buruzko zertzeladak eta oroitzapenak idatzi ditu Maiak, baita kantuaren generoari buruzko gogoetak ere. Maite Mutuberriaren hamalau ilustrazio dakartza, zuri, gorri, urdin eta beltz kolorez. Xabier Amurizak idatzi du hitzaurrea: «Nahiz eta hil diren herri guztiak kantatzen hil ziren, kantatzen duen herria ez dela hilko sinetsaraziko dizu».

Liburuaren atzealdean dator diskoa. Sampling Squad bikoteak egindako sarrera bat du hasmentan; ondoren, hamahiru kanturen bertsioak; azkenean, epilogo gisa, Donostiako belodromoan 2016an errezitatu zuen Kantu bat gara. Pello Ramirezenak dira bost bertsio, Gorka Hermosarenak beste bost, eta Nacho Sotorenak lau. Ramirezek biolontxeloa jo du; Hermosak, akordeoia eta bandoneona; eta Sotok, pianoa eta teklatuak. Perkusioaz Ander Zulaika arduratu da. Parte hartze bereziak ere izan dira pieza batzuetan, hala nola Aire ahizpak, Anton Latxa, Aiora Zulaika, Asier Etxeandia edo Eire Maia Manterola. Diskoa abuztuan grabatu zuten Elkar estudioan, Victor Sanchez soinu ingeniariarekin.

Belaunaldiz belaunaldi

Kantagintzari egindako gorazarre egiteko modu bat da disko-liburu hau. «Niretzat forma artistiko liluragarri bat da kanta», adierazi du Maiak. «Forma asko dauzkagu: margolaritza, zinema, literatura. Baina, niretzat, kantua da formarik ederrena. Oso berezia da. Gizakiaren espresio intimoa eta indibiduala da, baina kolektiboa aldi berean. Milaka urtetatik dator». Noiz egin ote zen lehenengo kantua, galdetzen dio bere buruari. «Duela 40.000 urte? Isturitzeko kobazuloan [Nafarroa Beherea] animalia baten hezurrarekin egindako txirula horrekin haizea kantu bihurtu zuen?».

Maiaren aburuz, kantuak jaso egiten du hitza, beste estadio batera eramaten du. «Hitzari gehitzen dizkio sonoritatearen bidea, giroa, intentzioa, indarra, norabidea, kanala, kodea». Liburuan idatzi du ez dakiela zer gizatalde klase den Euskal Herrikoa: «Erresuma bat gara?, autonomia erkidego batzuk?, estatu bat?, errepublika bat? Forma juridiko eta administratibo horiek iragankorrak dira. Batzuetan izango gara gauza bat, besteetan beste bat. Baina beti izan garena eta beti izango garena da kantu bat». Milaka urtetan irauten du kantuak eta, Maiaren arabera, etenik gabeko eraldaketan dihardu. «Eskerrak eraldaketari! Bestela, fosil bat izango ginateke, fosil bat izango litzateke gure hizkuntza. Euskal kantua milaka urtetan bizi da, eta horren katebegi oso txiki bat sentitzen naiz ni».

Kantaren forma asko interesatzen zaiola aitortu du Maiak, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu daitekeelako, eta harrigarriki baita menderik mende ere. «Belarrira xuxurlatzen dugu. Ehunka pertsona sutan jartzeko balio du. Herri mugimenduak pizten ditu. Nazioak ordezkatzeko erabiltzen da ereserkia. Negar egiten dugu kantuarekin. Edozein momentutan jartzen gaitu dantzan. Kantuak, berez, ez du euskarririk ere behar: geure gogoan doa. Ezin da lotu, ezin da birrindu, ezin da txikitu, ezin da erre. Gure barruan dago».

Kontzertuak iragarri ditu dagoeneko: abenduaren 29an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian arituko da; urtarrilaren 6an, berriz, Bilboko Arriaga antzokian; eta urtarrilaren 7an, Zumaiako (Gipuzkoa) Zumaiena aretoan.]]>
<![CDATA[Idazle bi, baina bihotz beretik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2081/012/001/2021-11-07/idazle_bi_baina_bihotz_beretik.htm Sun, 07 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/2081/012/001/2021-11-07/idazle_bi_baina_bihotz_beretik.htm idazlearen lan guztiak sarean eman ditu gaur, 2.000 dokumentu pasa.]]> Hiltzaileak (1961) liburuko aitzin solasean. «Negargarria, baina oraindik euskaldun batek ere ez ditu liburuetan euskaraz eman orduko gertakari deitoragarriak. Mututasun lotsagarrienean diraute».

Bost kontakizunez osatuta dago Hiltzaileak. Aurkibidean, Ezkutuan irakurtzeko ipuinak azpititulua dauka. Ugaldek eskaintza ipini du ororen aurretik: «Agirre lehendakari bikainari, eta berak bezala bizia Aberriari eskaini dioten euskotar guziei». Aurrenekoak Nemexio abertzalearen fusilamendua kontatzen du, gerra hasi berritan. Beste ipuinak gerraondoan kokatu ditu, eta haien artean nabarmena da Xabaleren hazia, agertzen baititu Bergarako (Gipuzkoa) Agustin Unzurrunzagaren atxiloketa, Donostiara eramatea eta heriotza lazgarria 1947an. Euskal Erresistentziako Jokin Intzaren ahotik jaso zituen lekukotasunak.

«Estilo zuzen, deskriptibo eta apaingarririk gabea erabiltzen du, kasik periodistikoa», hala iruditzen zaio Lorea Agirreri. «Ez alferrik kazetari handi eta ezagutua zen ordurako, eta bazekien gertaera erreal izugarrienak ez duela adjektiborik behar, gertaera beroegia denean hoztasunez idatzi behar dela».

Ibinagabeitiak azaldu zuenez, «lehendik ere argitaratuta zeuzkan, erdaraz, ipuin sorta ernagarri bi». Beraz, idazlearen hirugarren liburua da euskarazko estreinakoa: Hiltzaileak, Caracasko Cromotip etxean Tomas Eizmendik 1961eko urtarrilean inprimatua. Moldiztegi berberean eginda zeuden espainierazko ipuin bildumak: Un real de sueño sobre un andamio (1957), zortzi kontakizunekoa; eta La semilla vieja. Cuentos de Inmigrantes (1958), bost ipuinekoa, horietatik bi Caracasko El Nacional eta El Universal egunkariek sarituak. Beste bilduma bat ere kaleratu zuen gero, 1964an, zortzi ipuinekin: Las manos grandes de la niebla.

Kazetaria baitzen aurrena eta idazlea ondoren, espainieraz idazten zuen Venezuelan. Lehenago, 24-25 urterekin, Donostiako El Diario Vasco egunkariarentzat Andoaingo kirol kronikak eta herriko kontuez idazten jardun zuen 1946an eta 1947an. Ondoren, Caracasera bizitzera joan zenean, 1948tik aurrera Élite, El Nacional, El Farol, Euzkadi eta Euzko Gaztedi agerkarietan aritu zen.

Ugalderen erreportajeen bilduma bat da Cuando los peces mueren de sed (1963). Liburu horri buruz Zeruko Argia astekarian idatzi zuen Rikardo Arregik: «Berehala antzematen da periodista batek idatzita dagoela, arin, sakontasuna galdu gabe, trebe, bizi, indartsu... azaltzen zaigulako. Benetan zoriondu beharrekoa, egilea. Liburuak Andeetan dauden herri txikien, pertsonen izaera eta bizimodua azaltzen dizkigu, mendi artean eta baztertu antzean dauden herrien nortasuna eta egia».

Ugaldek euskaraz gutxi idazten zuen, euskal haurrek hizkuntza hurbil senti zezaten gehienbat. Caracasera iritsi eta berehala berak sortu zuen Euzko Gaztedi aldizkarian plazaratu zituen hamar bat kontakizun 1948.-1949. urteetan, hala nola Gaurko sorginkeriak, Hura kemena!, Aitonaren ipuintxoak edo Aita Flanagan eta Eddy.

Antzerki obra bat argitaratu zuen 1964an: Ama gaixo dago. Don Arturo sendagileak amaren gelan ordu erdi badaramanez, kezkatuta daude Itsaso eta Unai. Gogoan du Jose Felix Azurmendik: «Ama gaixo dago antzerkiaren irakurketa egin genuen Caracasko Euskal Etxean 1966an. Ibinagabeitia aitita zen; Imanol Solabarrieta, aita; eta ni, semea».

Parabola mingotsak

Ugaldek berak aitortu zuen zein izan ziren bere ipuingintzan eragina eduki zuten idazleak: Horacio Quiroga, Alejo Carpentier, Jorge Luis Borges, Jose Rafael Pocaterra, Julio Garmendia, Uslar Pietri. Baita ere: Txekhov, Daudet, Maupassant, Poe, Faulkner, O. Henry eta, bere hitzetan, «garai hartan berriena, Salinger».

Anjel Lertxundiren aburuz, «gaztelaniaz hobeto idazten zuela aitortzen zekien idazle honen euskal erronkak ez dira nolanahikoak izan». Heldutasun literario handi baten jabe zela etorri zen Caracastik. «Sortzailea ez denak nekez balora dezakeen sakrifizioa egiteko prest zegoen», idatzi zuen Lertxundik: «Bazekien ezingo zituela baliatu atzean utzitako kalitatezko obra, kritikaren onespena, idazle onaren fama. Hori guztia utzi beharko zuen, baldin, gaztelaniaz eraikitako nortasun aparteko poetika lantzen segitu ordez, euskararen aldeko apustua egiten bazuen».

Venezuelatik Euskal Herrira bueltatu eta lau urtera, Itsasoa ur-bazter luzea da liburua argitaratu zuen 1973an, Dionisio Amundarainek euskaratutako lau kontakizunez. El mar es una orilla muy larga eta beste hiru ipuin itzulik osatu zuten liburua. Zeruko Argia aldizkarian 1969. eta 1970. urteetan artikulu batzuk plazaratuta zeuzkan, baina, antza denez, Ugaldek artean ez zuen bere burua aski azkarturik ikusten literaturari euskaraz ekiteko.

Mugarri galduen itsumundua ipuinarekin Irun Hiria saria irabazi zuen 1984an, eta Mantal urdina liburuan argitaratu zuen. Orduan hasi zen berriz Ugalderen euskarazko lan literarioa. Hitzaurrean halaxe idatzi zuen: «Ez dut azken urte hauetan euskaraz idatzitako libururik argitaratu. Ez nahi izan ez dudalako, erdarazko eskabide batzuen mende egon naizelako baizik, eta hauek ere abertzale baten ikuspuntutik aspaldi egiteko zeudelako».

Literaturaz gainera, historia, hizkuntza, hezkuntza, kultura, politika, pentsamendua, hedabideak, ekonomia, gizarte auziak, biografia..., alor askotan landu zituen liburuak. Ezagunenen artean dira Sintesis de la historia del Pais Vasco, Historia de Euskadi bost liburukitan, edo Hablando con los vascos saila, han elkarrizketatu baitzituen Barandiaran, Mitxelena, Sota, Arrupe, Fagoaga, Ibarrola, Txillida.

Las brujas de Sorjin izan zen Ugaldek idatzitako estreinako nobela, Donibane Lohizunen (Lapurdi) argitaratua 1975ean. Hamabost urte geroagokoa du Itzulera baten historia, euskarazko aurreneko nobela. Eusko Jaurlaritzak 1990eko eleberri onenaren saria eman zion. Venezuelatik Euskal Herrira gurasorik gabe itsasontziz datorren 10 urteko neskatilaren bizipenak kontatzen ditu, 19 urtekoa egin denaren perspektibatik. Bozkariozkoa izan behar lukeen itzulerak gehiago du bakardadetik, dezepziotik eta bihozminetik.

Pedrotxo bigarren nobelarekin Euskaltzaindiaren Txomin Agirre saria irabazi zuen, eta 1994an plazaratu zuten. Gerraosteko giro itogarrian, Etxe Haundiko mojen babesean bizi da 15 urteko Pedrotxo, ama hil eta aita gerran desagertu ondoren. Halako batean, guardia zibilak haren bila joan direnean, trenez ihes egin du Iruñera, eta segituan korapilatuko dira gaztearen abenturak.

Ugalderen estiloa argi deskribatzen du Koldo Izagirrek: «Erretorikarik gabe, zehatz, elementu formal apurrekin, mekanismo matxuragaitzak asmatzen dizkigu. Ezaugarri hauek izanik, iduri luke idazle hotza izan behar zuela, gizakiari urrundua. Ez hurrik eman ere. Gizakiak dira bere protagonista, ez hizkuntza edo teknika bera. Ipuin bihozbera bat irakurtzen ari zarelakoan irriño bat egiten duzu, eta azkenean absentziari buruzko parabola mingotsa irensten duzu».

Ugalde eta Aresti

Beasainen (Gipuzkoa) ipuin lehiaketa bateko epaimahaian topo egin zuten behinola Martin Ugaldek, Gabriel Arestik eta Arantxa Urretabizkaiak. «Martinek, egun hartan, asko aipatu zuen literatura», hala kontatuta dauka Urretabizkaiak: «Ipuinak estilo batean edo bestean kokatzen zituen, idazleak zer literatur mota maite zuen zehazten zuen. Martin pozik zegoen, ipuin asko irakurri genuelako eta batzuk gazteek idatziak zirelako. Horrekin baretu zituen Gabrielek zenbait ipuinen maila kaskarra azpimarratzeko egin zituen protestak».]]>
<![CDATA[Hamarkada batez Madrilen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/023/001/2021-11-06/hamarkada_batez_madrilen.htm Sat, 06 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1877/023/001/2021-11-06/hamarkada_batez_madrilen.htm Bihurguneko nasa. Azken hamar urteetan idatzitako bederatzi ipuin biltzen ditu: garai horretan Madrilen bizi izan den Lur pertsonaia euskaldunaren oroitzak, gertaerak, sentipenak eta kontakizunak. «Ipuinetako narratzailea bera da beti, baina ez da beti berdina», azaldu du Leire Lopezek, Susa argitaletxeko editoreak. «Ipuinak ez dira beti koherenteak haien artean, eta pertsonaia nagusia ere ez. Inkoherentzia hori ez da gauza bat esan eta beste bat egiten duenarena; bizitzaren konplexutasunak eragindako inkoherentzia da».

Ez dago bederatzi ipuinak lotzen dituen argumentu haririk. Hiri handi batek lotzen ditu kontakizunak, eta Lur narratzaile eta protagonistaren ahotsak. «Ahots bakarra izanik, ahalegindu naiz aniztasuna beste modu batzuetan bilatzen, formaren bidez», esan du Apaolazak. «Hamar urtean idatzitako ipuinetako bakoitza jaio da momentu batean, emozio batetik, irudi batetik. Autonomoak dira, banaka idatzita daude, irakurtzean ez dago zertan ordenari jarraitu».

Egia, gezurra eta zalantza

Askatasun eremu bat da literatura Apaolazarentzat, «mozorrotuta» jarduten duelako idazterakoan. «Mozorroan den gezurrak uzten digu inon baino egiatiagoak izaten, gure alderdiren bat askatzen duelako. Eta, era berean, baldintzatu ere egiten ditu gure egiak. Literaturaren egia ez da egia ebidente bat. Kasu honetan, gainera, nahi nuke egia hori zalantza bat izatea. Egiaz inguratuta gaude, horietako asko kolektiboak dira, eta ez dakit zein heinean gure neurrikoak. Egia gezurti horien aurrean, ipuin hauek gezur egiatiak izan nahi dute; gezurraren bidez egiak esan, egiak baino egiagoak direnak».

Ipuinak mozorroak balira bezala aurkeztu ditu Apaolazak. Mozorroak fikzioak dira: artifizioa eta eraikuntza. «Mozorro horiek dira ipuinak ipuin egiten dituztenak, eta ez egiak, ez guk kontatu nahi ditugun egiak». Apaolazaren ustez, mozorroa batzuetan kritika izaten da, karikatura edo burla. «Nik bizi ditudan pribilegioen biktimez ez mozorrotzea da idazle moduan dudan muga argia. Nire klaseaz, jatorriaz, generoaz, ideologiaz mozorrotzen naiz, eta horrek esan nahi du, agian, denbora guztian nire buruaz mozorrotu naizela».

Arroztasuna da ipuinen artean ageri den ideia komuna. «Munduarekiko arroztasunaz ari naiz, indibiduo moduan, era existentzial batean. Azkenean, kontu filosofikoak ere nahiko jakinak izaten dira, eta zerikusia daukate emakumea izatearekin, klase jakin batekoa izatearekin, homosexuala izatearekin, arrazializatua izatearekin».

Kanonetik kanpo egonez gero, Apaolazaren aburuz zailagoa izango da herritar heldu, oso eta adimentsu moduan tratatua izatea. «Normalean arrotza izango zara beti, pixka bat heldu gabea. Eta horrek erridikulura garamatza, lekuz kanpo egotera, behar ez diren gauzak egitera. Araua ozen hausten duzunean, erridikulua zara. Kanona betetzen ez duen edonor ahalduntzen denean, erridikulua egiten du. Liburuan adierazi nahi nituen gauzetako bat da erridikulua subertsiboa dela eta sublimea dela, araua modu oso deserosoan hausten duelako araua betetzen duenaren aurrean». Erridikulua kontzienteki egiteak ausardia eta indarra eskatzen dituela ohartarazi du idazleak. «Kontakizun hauetako ahotsa uste dut liburu osoan dabilela borroka honetan: erridikulua litzatekeen momentu epikoaren eta guztizko asimilazioaren artean balantzan».

Auzi moraletan arakatzen

Pertsonaia bat eta leku bat, Lur eta Madril, horiek dira Ibon Egaña kritikariarentzat Bihurguneko nasa liburuko osagai agerikoak. «Ez dago Madrilen deskribapen xeherik. Europako kapitalismo berantiarreko hiri bat da, eta kondizio garaikide gisa markatzen ditu liburua eta pertsonaien bizitzak. Hiriak ematen dituen anonimotasuna eta askatasuna arnasten dira, baina gehiagotan bakartzea, merkatuaren legea, errekurtso murritzengatik dagoen lehia, indibidualismoa».

Egañaren arabera, hiri garaikide hori ez da kontsumorako eta aisialdirako espazio bat. «Hiria batez ere da Lur emakume gaztea interpelatzen duen leku bat. Interpelatzen du auto batean segitzen dion gizonak, supermerkatuko ilaran ikusitako eskaleak, gaueko ordu txikietan ate joka datorkion neskak». Batzuetan hitzez eta beste batzuetan presentzia hutsarekin, batzuetan mehatxu moduan eta beste batzuetan aukera gisa hitz egiten dio Madrilek protagonista euskaldunari. «Eskatu egiten dio, iraindu egiten du. Gizartearen alderdi makurrak jartzen dizkio mutur aurrean: matxismoa, arrazakeria, klasismoa. Eta zerbait egitera, zerbait izatera behartzen du».

Apaolazaren literatura «sakonki morala» dela iruditzen zaio, ez moralista baina bai morala. «Auzi moraletan arakatzea interesatzen zaio. Moralak auzi politikoekin, klase sozialarekin, generoarekin dituen loturez hausnartzea bilatzen du. Gutxik bezala lortzen du irakurlea gogoeta egitera bultzatzea fikzioaren bidez».

Luzaroan egon ezin den leku batean bizitzeko sentipena dauka Lurrek. «Arroztasuna ez dator herritik urrun eta bakarrik dagoelako», ohartarazi du Egañak. «Esango nuke, klasez kanpo egotearekin daukala zerikusia: hanka bat gurasoen klase ertainean, beste hanka klase prekarizatuaren lokatzetan».]]>
<![CDATA[Askatasunaren aldeko borroka eta idazketa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/031/001/2021-11-05/askatasunaren_aldeko_borroka_eta_idazketa.htm Fri, 05 Nov 2021 00:00:00 +0100 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1873/031/001/2021-11-05/askatasunaren_aldeko_borroka_eta_idazketa.htm Mari-mutil handi baten bluesa eleberria argitaratu zuen Katakrak etxeak 2018an. Orain, Borrokalari transgeneroak saiakera liburua aurkeztu dute, hura bezala hau ere Fermintxo Zabaltzak itzulia.

Idazlea, kazetaria eta industriako langilea izan zen Feinberg (Kansas City, AEB, 1949-Syracuse, AEB, 2014). Hil baino lehen Minie Bruce Pratt bikotekideari esan zion: «Gogora nazazue komunista iraultzaile gisa». Hilberri oharrean Prattek idatzi zuen zuri antirrazista bat izan zela Feinberg, langile klasekoa, judu sekularra, transgeneroa, lesbiana, komunista iraultzailea eta transgeneroen askapena kontzeptuaren teorizatzailea.

Bi nobela eta lau saiakera idatzi zituen, eta Borrokalari transgeneroak (Transgender Warriors) da saiakeren artean bigarrena, duela 25 urte Bostonen (AEB) argitaratua. «Ez da transen historia osoa eta zehatza, ezta trans mugimendu modernoaren jaiotzaren eta garapenaren historia ere», adierazi zuen Feinbergek, liburuarentzat hitzaurrea idatzi zuenean. «Begirada berri bat da sexuak eta generoak historian izan duten lekuaz, eta klasearekin, naziotasunarekin, arrazarekin eta sexualitatearekin dituzten erlazioez». Galdera hauek egin zizkion bere buruari: «Gizarte guztiek onartu al dituzte bi sexu bakarrik? Beti egon al dira hain gaitzetsiak sexuaren eta generoaren mugak gurutzatu dituztenak? Zergatik dira legeen gaia sexu berresleipena eta cross-dressing-a?». Gisa horretako galderei erantzuna aurkitze aldera idatzi zuen.

Hamabost kapituluz osatuta dago liburua, baina baditu, gainera, hitzaurre bat, epilogoa, Genero Eskubideen Nazioarteko Deklarazioa, bibliografia, Kattalin Minerrek idatzitako hitzatze bat eta 110 argazki, batzuk antzinakoak eta gehienak garaikideak, bakoitza oin ohar argigarri batekin. Esate baterako, Katalina Erauso soldaduari buruzkoa dakar: «Euskaldun cross-dreserra izan zen. Hark eta gainerako soldaduek natibo asko sarraskitu zituzten. Aita santuaren oniritzia jaso zuen 'gurutzatuki janzten' segitzeko».

Garai askotako eta kontinente guztietako trans espresioak ikertu zituen Feinbergek. «Nola topa ditzaket galdera horien erantzunak, baldin horrek eskatzen badu barneratzea askotariko gizarteetan non sexuaren eta generoaren kontzeptuak aldatzen diren, denboran, dunetako harea bezala?», zalantza egin zuen. «Eta ikertzaile transgenero zuria naizen aldetik, nola saihets dezaket neronen interpretazioak eranstea zapaldutako nazioen kulturei?».

Pirinioetako borrokak

Zabaltza itzultzaileak posta elektronikoz Feinbergi jakinarazi zion liburua euskarara ekartzeko asmoa zuela. Asko pozten zela erantzun zion, Zabaltzak kontatu duenez: «'Niretzat ohore bat izanen da euskaldunen hizkuntzan lan hauek izatea', idatzi zidan. 'Jakin ezazu euskaldunen autodeterminazio eskubidea babesten dudala. Euskaraz daukazunean hitzaurre bat espresuki eginen dut euskaldunendako'». Feinberg 2014an hil zen, artean itzulpena egin gabe zegoela.

Borrokalari transgeneroak bizi oso baten emaitza dela nabarmendu du Zabaltzak. «Mundu osoko eta historia zabaleko trans jendearen lekukotasunak jaso zituen. Nahiko ezaguna da Ameriketako natiboen artean bazela transgeneroa, onartuak zirela eta prestigiozko lekuak ere izan zituztela. Xamanak ziren. Baina irakurleari ezezagunak egingo zaizkion kontu asko daude».

Europan ere ez dira gutxi trans jendearen espresioak eta ekintzak. «Askotan, eta ez dakit zergatik, borroka sozialekin lotuta agertzen dira», esan du Zabaltzak. «Adibidez, herri lurren edo komunalen aldeko borroketan: Irlandan, Galesen, Pirinioetan». Liburuko hamargarren kapituluan Feinbergek idatzitako pasartea erakutsi du: «1829an Andereñoen Gerla piztu zen Pirinioetan. (...) Nekazariak, jantziak zituztela soineko zuri luzeak eta emakumeen kapelak, borrokatu ziren oihanetan egurra hartzeko eta abereak larratzeko eskubideen alde».

Ikuspuntu antikolonialista eta ezkerreko batetik idazten zuen Feinbergek. «Transen aldeko borroka beti lotu izan zuen langile klasekoen aldeko borrokarekin, arrazakeriaren kontra, kolonialismoaren kontra». Haren asmoa ez zen trans komunitatea definitzea, baizik eta defendatzea. «Trans askapenerako tresnak izan zitezen idatzi zituen liburuak. Gustatuko litzaidake euskarazko itzulpenak balio izatea bazterkeria murrizteko eta trans eskubideek aurrera egiteko».

Argitaletxeak Kattalin Minerren hitzatze labur bat erantsi du liburuari amaiera emateko. Minerrek han aitortu du, Zabaltzak euskaratu duen arte ez zuela Feinbeg ezagutzen. «Konturatu nintzen gure genealogiaren ahuldadeaz», deitore egin du. «Baina konturatu nintzen, baita ere, kasualitatetik gutxi zuela Feinberg lehenago ez ezagutu izanak. Hain zuzen, historiatik desagertzera kondenatuta egon gara hainbat gorputz, hainbat espresio, hainbat borroka. Existitu izan garen arren, kondenatuta egon gara ez existitzera, jazarriak izatera, ahotsa galtzera».]]>
<![CDATA[Absentzia baten triptikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/024/001/2021-10-30/absentzia_baten_triptikoa.htm Sat, 30 Oct 2021 00:00:00 +0200 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1941/024/001/2021-10-30/absentzia_baten_triptikoa.htm Ihes baten lausoa liburu berriaren aurkezpen ekitaldian, tonua eta gai nagusia erakustearren. Atzo arratsaldean errezitala egin zuen Donostiako Tobacco Days liburu dendan, eta gaur Donamariako Bentan (Nafarroa) egingo du 19:00etan.

Larretxearen bosgarren poema liburuak 50 pieza dakartza, hiru ataletan pausaturik, triptiko baten gisan. Balea Zuria argitaletxeak plazaratu du. Aritz Gorrotxategi editorearen ustez, «bitxia eta berezia» da Larretxearen kasua. «Gure letretan euskaraz eta gaztelaniaz, bietan, bidea egin du. Madrilera bizitzera joan zenean gaztelaniaz idatzi arren, beti segitu du euskaraz ere». Aurreko liburuetan badiren zenbait gai eta forma berriro ekarri dituela ohartarazi du editoreak: «Hiru ataletan banatuta dago; lehenengoa existentziala da agian, baina bigarren eta hirugarren ataletan bere paisaiara bueltatzen da, Baztan ingurura, hain ondo ezagutzen dituen bere bazterretara. Iruditzen zait prozesu horretan ikusten dela berradiskidetze bat, batzuetan samina eta beste batzuetan gozoa den itzultze bat, gogoratze bat eta zauriak sendatzea».

Etxera itzultzea

Balea Zuriarekin lan egitea aberasgarria izan dela adierazi du Larretxeak. «Iraganean faltan bota izan dudan lanketa bat egin dugu oraingoan, edizio lan bat. Iradokizunak eta proposamenak izan ditut, eta horrek lortu du ere ni liburuarekin konektatzea».

Imanol Larrinagak egin du azaleko irudia, eta Larretxeari iruditu zaio asmatu duela poema bildumaren arima jasotzen: «Liburuko hirugarren eta azken atalean, Irudien koreografia lausoa izenekoan, familia albumeko argazkien bitartez ahanzturari, memoriari eta denboraren iragankortasunari buruz gogoeta egiten dut. Eta naturaren iruditeria presente dago: sinbolismoa, absentziaren edo ihesaren metaforak, neguaren eta elurraren erreferentziak. Liburuaren muina egoki islatzen du Larrinagaren irudiak».

Musikarik gabe idazten ez dakiela aitortu du Larretxeak. Musika erreferentziak eman ditu liburuan. «Olafur Arnalds islandiarraren Epilogue kantuarekin hasi naizela ohartuko da irakurlea, ezer baino lehen. Kantu ezberdinetatik tiraka idatzitako poema batzuk badira orriotan». Aipatuta datoz Baionako Orbel taldearen Hegan diskoa, edo Renaldo & Clara talde kataluniarraren Rodones kantua azken atalean, edo Glaukoma azken poeman.

Abendu honetan hamabost urte beteko dira bizitzera Madrilera aldatu zela Larretxea. «Euskaraz idaztea niretzat etxera itzultzeko aitzakia ederra da. Horri buruz ere mintzo naiz liburuan. Badu izpiritu zikliko bat, bideak hestekoa, joan-etorriko bidea egitekoa».

Ilunetik argira

Iraganetik abiatu du liburua, 2011n argitaratutako Atakak liburuan sartu ez zituen poema batzuk berritu eta eraldatu egin baititu. «Lehenbiziko atal hau, beraz, iluna da, girotzean hertsia». Asfixiaren atzaparra lur zimurtuan izena du. «Bilaketa baten testigantza dago, eta inguruak ito egiten duen egilearen arnasa. Belaunaldiaren eta genealogiaren zama dute, hein batean».

Bigarren ataletik aitzina liburua argitzen hasiko da, denboran ere aurrera egin ahala. «Irekitasuna aurkituko du irakurleak». Iraganaren puskak esku ahur zartatuetan deitzen da. «Hemen laburragoak dira poemak. Sintetizatze prozesu bat nabari da, arintzea. Fintasuna eta argitzea dira ezaugarriak. Bertsoak ez dira hain bortitzak, ez dira hain dentsoak». Sorterriarekin solasaldi bat hasiko du pixkanaka, hirugarren atalera gidatuko duena.

«Atal zirkularra da hirugarrena. Poemak irudi eta argazki sekuentzia batzuetatik etorri dira. Hauxe da argitsuena». Denboraren igaroaz ari da, eta gibelean utzitako espazioei, pertsonei eta elementuei buruz. «Herriko istorioak ageri dira. Familia dago: ama, eta senarra. Herrira nola itzultzen naizen ere kontatzen dut. Eta argazkien bitartez gogoeta egiten dut». Azken urteetan idatzitako poemak dira: «Argitze bat dago, eta josteta. Laburbilduz, beraz, erran dezadan ihes baten eta absentzia baten triptikoa dela poema liburu hau».

Larretxearen euskarazko bost poema bildumak argitaletxe diferenteek argitaratuak izan dira: Metaziri, Point de Lunettes, Alberdania, Pamiela eta Balea Zuria. «Ariketa bat eta bilaketa bat da hori. Esperientzia berri batekin beti zerbait berria ikasten duzu. Ate ezberdinak irekitzen ibiltzen zara. Erronka bat izaten da. Eta irrika berri bat».]]>
<![CDATA[Jazarpenez eta laidoz baztertutako anderea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1873/024/001/2021-10-27/jazarpenez_eta_laidoz_baztertutako_anderea.htm Wed, 27 Oct 2021 00:00:00 +0200 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1873/024/001/2021-10-27/jazarpenez_eta_laidoz_baztertutako_anderea.htm
Atxikallende atxilotu egin zuten 1937ko ekainean, faxistek salaturik; gatibu egon zen Bilbon, Larrinagako espetxean; epaitu egin zuten uztailean, eta aske utzi zuten abuztuan. Bere oroitzapenak eta bizipenak Mentxu Aizpuru ilobari eta inguruko beste gutxi batzuei kontatu zizkien. 1951ko martxoan hil zen. «Emakumeen bitartez jakin ditut liburuan idatzi ditudan kontu asko», azaldu du Jimenezek. «Haiek izan dira: Mentxu Aizpurua, Mari Karmen Filibi, Agurtzane Zigorraga eta Elisa Kaltzada».

Tamainaz liburu handia eta mardula idatzi du Jimenezek: Nikole bijotzekua. Sarrera, 34 kapitulu, hamasei argazki azalekoa barne eta Joseba Agirreazkuenaga historialariaren epilogoa ditu. Izenburua Aranaren gutunetatik ekarria da, halaxe hasten baitziren Atxikallenderi idatzi zizkion 80tik gora eskutitzetatik asko. Elkar argitaletxeak plazaratu du andere hari buruzko ikerketa eta biografia.

Gezurrak eta irainak

Iazko martxoaren 15ean Arrate Mardaras idazleak 1918ko gripe izurriaz Bilboko Osagileen Bazkunak argitaratutako aholku sorta bat bidali zion Jimenezi. «Horrek giltzarena egin zuen: zoro moduan idaztera akuilatu ninduen». Agiri hark orduko eta egungo izurrien arteko antzekotasunak begien aurrean jartzean, gomutara ekarri zion izurrite hartan hildako Alegria jauna, Atxikallenderen bigarren senarra.

«Egunero hamar orduz idazten hasi nintzen, hamabost bat folio», esan du Jimenezek. «Eta egun bereko iluntzean Mundakako Olatua blogean argitaratzen zituen Erroxeli Ojinaga Filibi lagunak. Hura gabe ez zen libururik izango. Bestetik, liburuaren euskarria Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga izan da; liburuaren prozesuan eman didan laguntza eskertzeko ez daukat hitzik».

Emakume arrunt baten biografia dela aipatu du birritan Jimenezek. Baserritar xume bat zen. Ez dauka hilarririk hilerrian. «Behin baino ezkondu ez balitz, Sabinorekin baino ez, ezagutu ere ez nuke egingo». Bi bider ezkondu zelako ezagutu du, tortura saio ahaztezin batean. «1984ko urrian, Madrilgo Direccion General de Seguridad delako horretan zegoen Brigada Antiterroristako elektrikarien buruak esan zidan nor zen Nikole, norekin ezkondu zen bigarrenez, eta gezur eta laido andana bat». Harrezkero dauka akorduan.

Zergatik sortu eta zabaldu ote zuten Atxikallenderen ospe txarra, zergatik sinetsi zuen gezurra mundu guztiak, emakumearen bizitzaz zergatik ez den inor arduratu, horri buruzko kontaketa da Nikole bijotzekua. «Aldi berean, maitasun istorio baten kontaketa da: Nikole eta Sabin, Sabin eta Nikole. Eta bigarren senarraren, egiazkoaren, nondik norakoen kontaketa. Eta, noski, Nikoleren oroitzapena bizirik gorde duten emakumeen inguruko kontakizuna ere bai».

Atxikallendek, 1935 inguruan, Emakume Abertzale Batzako kideen omenaldia izan zuen. Jimenezek liburuko argazkietako batean erakutsi ditu Atxikallenderekin, eta tartean dira, halaber, Jose Mari Korta Uribarren eta Jose Markiegi apaizak, Asturiasko frontean hildakoa bat, eta Oiartzunen faxistek fusilatua bestea. Harrezkero ez du beste gorazarrerik izan. «Liburu honek Nikoleren aitortza eskatzen du. Liburu honek dei egiten die akademikoei, Sabinoren zaleei eta arerioei, gezurra errepikatu dutenei, eta beste askori. Nola izan da posible?».

'Andere' antzezlana

Atxikallenderi buruzko ikerketa egitean, Aranaren alderdi ezezagun batzuk ikasi ditu Jimenezek. «Antzerki obra baten asmoa topatu dut. Andere du izenburua, Melodrama en 4 actos. Bukatu gabea da. Ez da inon argitaratua izan. Sabinok kaier batean idatzitakoa da, 1902an, bigarren kartzelaldian». Andere pertsonaia 20 urteko emakume bat da, Arteagako baserritarra.

Aranaren marrazkiak ere erakutsi ditu Jimenezek: «Kartzelatik idatzi zion Nikoleri, politika utzi egingo zuela esanez. Bestelako asmo batzuk zituela. Etxe bat egiteko proiektuaren marrazkiak, zenbakiak eta testuak daude kaier horretan». Fatxadaren irudia, planoak, kalefakzio zentralaren aparailua. «Osasun arazoak zituen, eta labatiba baten marrazkia jaso dut liburuan. Esku ona zeukan».]]>
<![CDATA[Hilketa politikoa: teorian eta praktikan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/001/2021-10-24/hilketa_politikoa_teorian_eta_praktikan.htm Sun, 24 Oct 2021 00:00:00 +0200 Gorka Arrese https://www.berria.eus/paperekoa/1942/034/001/2021-10-24/hilketa_politikoa_teorian_eta_praktikan.htm Azken fusila (1993) nobela gogoangarrian Aldous Huxleyren Point Counter Point (1928) eleberria aipaturik dator dozena bat bider. Irakurlea apur bat liluratuta geratuko da, harrituta beharbada, baldin eta Huxleyren liburua irakurrita ez badauka edo haren entzuterik inoiz izan ez badu.

Azken fusila nobelaren hirugarren kapituluan, Point Counter Point eleberriaren ingelesezko edizio bat iritsi zaio postaz Onofre pertsonaia nagusiari, guardia zibil bat hil duen eta ihesi joan den Juan adiskideak urrutitik bidalia. Onofre ingelesezko liburu hori irakurtzen hasiko da orduan, eta ondoren kapitulu askotan agertuko da, ia amaierara arte.

Azken fusila kontakizunean hilketa politiko garrantzitsu bat burutzeko asmoa izango dute protagonistek. Beste era batean, Point Counter Point eleberrian, kontu eta korapilo ugariren ostean, hilketa politiko bat izango da bukaeran.

Aldous Huxley (1894-1963) idazle ingelesaren nobelarik ezagunena Bai mundu berria (Brave New World) zientzia fikziozkoa da, 1932an argitaratua. Estatu Mundiala izeneko gizarte bat azaltzen du 2540. urtean, zientzia eta efizientzia oinarritzat dituena. Haurrak klonazio eta inkubazio bitartez sortzen dira, eta gizartean izango duten mailaren eta perfekzioaren arabera hartzen dituzte era bateko edo besteko gai kimikoak eta hormonak. Aurten, hain zuzen, 50 urte dira euskaraz plazaratu zuela Lur argitaletxeak, Xabier Amurizak itzulirik.

Baina distopia hura idatzi aurretikoa da Point Counter Point, Huxleyren eleberri luzeena, egituraz konplexuena eta anbizio handikoena. Frantsesez Contrepoint, espainieraz Contrapunto, alemanez Kontrapunkt des Lebens, 600 orrialdekoa da. Londresen argitaratu zen, 1928an, eta Lehen Mundu Gerraren ostean hiri hartako gizarte burgesaren kritika egiten du.

Pertsonaietako batzuk

Askotarikoak dira harrotzen dituen gaiak: politika, jabetza, industria, zientzia, aurrerabidea, iraultza, literatura, biologia, familia, lagunartea, gizarte klaseak, gaixotasuna, amodioa, heriotza, desira, hilketa eta abar. Asko dira pertsonaiak ere, Huxleyren oso antzekoa den Philip Quarles delako baten bidez aurkeztuak, denak dohakabeak, nola edo hala.

Idazlea da Quarles. Elinor Bidlakerekin ezkonduta dago; honek maite du hura, baina Everard Webley politikari faxistarekin sexu jolasetan ibiliko da.

Legebiltzarrean bost urte egin ditu Webleyk: «Nahikoa denbora izan da konturatzeko orain Legebiltzarrak ez duela ezertarako balio. Ingalaterra ekintza zuzenez besterik ez da salbatzen ahal. Salbatu eta gero hasiko gara berriz Legebiltzarrari buruz pentsatzen». Webley zaldi zuri baten gainean agertu da Hyde Parken egindako mitin jendetsu batean.

Mark Rampion pintorea eta intelektuala da. Esan ohi da Huxleyren adiskide D.H. Lawrence idazlearen moduko bat dela. Gizarte modernoaren kritika zorrotza egiten du. Adibidez: «Industriaren aurrerapenak superprodukzioa dakar, merkatu berriez jabetzeko premia, nazioen arteko etsaigoa, gerra. Aurrerabide mekanikoek espezializazioa eta lanaren estandarizazioa dakarte, handizka prestatutako dibertimendu kolektiboa ugaritzea, sorkuntza gaitasuna ahultzea».

John Bidlake pintore heldua eta famatua da, Elinorren eta Walterren aita. Maldan behera doa, gero eta okerrago.

Walter Bidlake kazetaria eta idazlea da. Lucy Tantamountekin txoratuta dago. Nancy Cunard poetarengan inspiratutako pertsonaia da Lucy.

Lord Edward Tantamount, Lucyren aita, aristokrata da. Ikerketa zientifikoak maite ditu. Harentzat lan egiten du Frank Illidge biologo gazteak.

Komunista da Illidge. «Gorroto ditut aberatsak!», esaten du. «Denak hiltzea gustatuko litzaidake!». Maurice Spandrell poetak arrapostu eman dio: «Egunen batean zeure hitza betearaziko dizut. Gizonak ehizatzera gonbidatuko zaitut».

Spandrell nihilista da, bere gisara. «Dinamitaren aldeko dinamita: horra, nire kredoa». Illidgeren ideia ezkertiarrei iseka egiten die: «Alde txiki bat izaten da beti teoriaren eta praktikaren artean». Illidge hilketa politikoaren alde mintzatu zitzaionez gero, Spandrelli buruan sartu zaio Webley faxista akabatzea. Eta nobelaren amaieran hilketaren lekukoa izatera eramango du Illidge.

Ideien nobela

Huxleyk kontakizun hau idaztean izan zituen asmoak Quarles pertsonaiaren bitartez tantaka agertzen ditu nobelan barrena, eta zehazki XXII. kapituluan. Ideien nobela bat izan dadin nahi du; horrenbestez, pertsonaia bakoitzak bere ideien bozeramailea izan beharra dauka, eta ideien araberakoak izango dira haien portaerak. Quarlesen iritziz, «ideiak adierazi behar dituzten pertsonaiak eszenetan sartzeko premia da ideien nobelaren akats behinena». Behartua eta artifiziala izateko arriskua ez da txikia.

Herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak Huxleyri esan zion ez ahanzteko Miarritze (Lapurdi). Kontrapuntua eleberrian zeharka aipatzen du, XXI. kapituluan: Miarritzeko neska ikuskizunaren 400. emanaldia izatekoa da Gaiety antzokian. Bai mundu berria eleberrian XV.ean ageri da: «Miarritzera joateko asmoa zeukaten Helmholtzen lau plazako deportikopteroan».

Aldous Huxley 1963ko azaroaren 22an hil zen, Kaliforniako Los Angelesen. Egun hartan bertan, Texasko Dallasen, John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentea tiroz hil zuten.]]>