<![CDATA[GORKA AZKUNE | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Tue, 26 Mar 2019 16:14:36 +0100 hourly 1 <![CDATA[GORKA AZKUNE | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Etika eta adimen artifiziala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-03-08/etika_eta_adimen_artifiziala.htm Fri, 08 Mar 2019 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1919/039/001/2019-03-08/etika_eta_adimen_artifiziala.htm EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Ezagutzen al duzue Elon Musk ospetsua? Bai, Tesla eta PayPal bezalako enpresak sortu dituen enpresari dirudun estatubatuarra. Agian ez da hain ezaguna, baina Muskek OpenAI izeneko enpresa ere sortu zuen orain dela urte batzuk, adimen artifiziala modu irekian garatzeko. Musken arabera, adimen artifizialak hain potentzial handia du ezen gizakiontzat arriskutsua den. Arrisku horiei aurre egiteko modurik onena garapen irekia dela iruditzen zaio, gizarte osoak jakin dezan zer egiten ari diren eta horrela kontrola dezan.

OpenAI enpresa adimen artifizialaren munduan erreferente bilakatu da. Azken hilabete honetan, esaterako, hizkuntza-eredu zehatz eta boteretsua argitaratu dute. Besteak beste, testua sortzeko erabil daitezke hizkuntza-ereduak. Hau da, makinek testua idatz dezaten, nik zutabe honetan egiten dudanaren antzera. Orain arteko hizkuntza-ereduek emaitza txukun samarrak lortzen zituzten, gizakion antzeko esaldiak idazteko gai zirela erakutsiz. Baina gai beraren inguruan testu luzeak idazteko garaian, gabezia handiak erakusten zituzten. Bat-batean testu errepikakorra agertzen zen, ala aurretik idatzitakoarekin erlaziorik ez zuen testua. Ondorioz, nahiko erraz antzematen zen makina batek idatzi zuela testua. Orain argitaratu duten hizkuntza-ereduak, ordea, testu luzeetan ere harritzeko moduko koherentzia erakusten du. Eredu berri hau aurrerapauso bat dela nahiko argi dago.

Zutabe honetan ez dut hizkuntza-ereduei buruz hitz egin nahi, ordea. Etikari buruz baizik. Adimen artifizialaren esparruan oso ohikoa da norbaitek eredu bat lortzen duenean beste guztion eskura uztea, hots, publiko egitea. Modu horretara, edozein ikertzailek erabil ditzake azken aurrerapenak bere ikerketan. Baina oraingo honetan ez da horrela izan. OpenAIko ikertzaileek erabaki dute ez dutela beraien eredua jendearekin partekatuko (egiari zor, ereduaren bertsio ahulago bat argitaratu dute). Zergatik, ordea? Beraien arabera, eredu berri honek hain testu onak idazten ditu, ezen helburu gaiztoekin erabil daitekeen. Beraz, beraien ikerketaren erabilera txarrak saihesteko, ez dute eredua denon eskura utzi.

Ikusten duzuen bezala, arrazoi etikoak plazaratu dira hemen. Ikertzaileen artean ika-mika handia piztu da. Batzuk OpenAIren erabakiaren alde agertu diren bezala, beste batzuek ez dute ongi ikusi jokabide hori. Onartu behar dizuet nik ez dudala iritzi irmorik gai honen inguruan. Adibidez, ez dakit oso ongi horrelako hizkuntza-eredu batekin zenbaterainoko kalteak egin daitezkeen, balizko aplikazio gaizto bat garatuz. Agian inozoegia izango naiz. Dena dela, ez da nire helburua hiru lerrotan horrelako eztabaida bat konpontzea. Konformatzen naiz zuei gaia azaltzearekin eta gogoetatxo bat uztearekin. Alde batetik zientzia dugu, ezagutza berria sortzeko helburuarekin. Beste alde batetik, ezagutza horren aplikazioak ditugu. Zientzia ez da aplikazioekin nahastu behar. Ezagutza berria sortzea oso garrantzitsua da guretzat. Gizarte gisa bizi izan dugun aurrerapenen gakoa izan da. Ezagutza horren aplikazioetan bai egon daitezkeela arazoak. Pentsa lehergailu nuklearretan, adibidez.

Nik uste dut zientziak ez duela mugarik izan behar, baina aplikazioak oso gertutik zaindu behar ditugula. Eta horren ardura gizartearena da, ez zientzialariena. Hobeto esanda, zientzialariak, gizartearen parte diren heinean, prozesu horretan parte hartu behar dute, baina beste hiritar guztiek bezala. Erraza da esaten; ez, ordea, egiten.]]>
<![CDATA[Pentsamenduak irakurtzen]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1904/031/001/2019-02-08/pentsamenduak_irakurtzen.htm Fri, 08 Feb 2019 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1904/031/001/2019-02-08/pentsamenduak_irakurtzen.htm EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Pertsona baten pentsamenduak irakurtzeko ahalmena edukitzea beti izan da desiragarria gizakiontzat. Ikusi besterik ez zenbat zientzia fikzio ala fantasiazko film eta nobelatan agertzen diren gaitasun hori duten pertsonaiak edo makinak. Zenbat gauza egin ahalko genituzkeen ondokoaren pentsamenduen jabe bagina, ezta? Hori bai izango litzatekeela pribatutasunaren amaiera! Halakorik gertatzen den egunean -gertatzen bada inoiz, noski- gizakiok ez dugu izango non ezkutatu. Ez dakit nik horrelako mundu batean bizi nahiko nukeen...

Gaur ekarri nahi dizuedan aurrerapena bide horretatik doa, baina baditu oraindik hainbat muga garrantzitsu. Aurreko astean argitaratu zen artikulu batean, Columbiako Unibertsitateko ikertzaile batzuk gizakien pentsamenduak irakurri eta hitz bilakatzen dituen teknologia garatu omen dute. Harri eta zur geratzeko moduko albistea, zalantzarik gabe. Ez larritu oraindik, ordea, ez baitute edozein pentsamendu irakurtzen. Badirudi pertsona batek bere burua hitz egiten irudikatzen duenean, bere garunean hainbat seinale patroi sortzen direla, hizketan ariko balitz bezala. Hots, nik nire buruari «BERRIArentzako zutabea idatzi behar dut gaur» esaten badiot, garunean agertzen diren seinale patroiak benetan esango banu bezalakoak ei dira. Ikertzaile horiek seinale horiek jasotzen dituzte, eta, neurona sare artifizialak erabiliz, ahots bilakatzen dituzte.

Pare bat gauza interesgarri, nire iritzian: alde batetik, oraindik ere gure pentsamenduak sekretupean gorde ditzakegu (eskerrak!). Nik ez badut nire burua irudikatzen hizketan, ezingo dute nire pentsamendua hitz bihurtu. Beraz, zutabe honen sarreran aipatu dudan mundu horretan ez gaude, oraingoz behintzat. Beste aldetik, adimen artifiziala, eta konkretuki neurona sare artifizialak beharrezkoak izan dira teknologia hori garatzeko. Kasu honetan, ikertzaileek hainbat pertsonaren garunetako seinaleak bildu dituzte, esan nahi zutena galdetu ondoren. Horrela, datu base handi bat biltzeko gai izan dira. Neurona-sare artifizialek datu base horretan oinarrituz ikasi dute garuneko seinale horiek ahots bilakatzen. Gaurdaino egindako beste saiakera batzuek lortu ez duten moduko kalitatea lortu dute teknika horien bitartez.

Aurrerapen horrek hainbat ate ireki ditzake ahots bidez komunikatu ezin diren pertsonentzat. Ez dezagun ahantzi gizakiontzat ahots-bidezko komunikazioa zeharo garrantzitsua dela. Pentsa ezazue bestela zuen egunerokoan nola moldatuko zinateketen ahotsik gabe. Teknologia berri hau gehiago garatzen bada eta edozeinek erabiltzeko moduko aparatu bat moldatzen badute, ahotsik gabe geratu diren horiek izango dute hitz egiteko modua. Hori aurrerapauso galanta litzateke, alajaina. Oraindik bide luzea dago aurretik hainbat esparrutan: garunaren aktibitatea irakurtzeko aparatuak ezin dira kalera atera, adibidez; egin diren saiakerak batez ere zenbakiekin egin dira (pertsonak 1etik 10era zenbatzen eta antzeko gauzak). Baina oinarriak jada hor daude. Espero dezagun etorkizun ez oso urrun batean ezagutza berri hori probesten duten aparatuak ikustea, eta hitz egin nahi duenak ez dezala trabarik izan hitz egiteko.]]>
<![CDATA[Gehiegizko arretaren zikloa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1892/031/001/2019-01-11/gehiegizko_arretaren_zikloa.htm Fri, 11 Jan 2019 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1892/031/001/2019-01-11/gehiegizko_arretaren_zikloa.htm EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Urte berri on guztioi! Urte sasoi honetan oso tipikoa izaten da urte berriak ekarriko digunari buruz hitz egitea. Ez naiz ni hori egitearen oso zale, aurreikuspenak ez baitira ia inoiz ongi irteten. Niels Bohr fisikari handiak esan zuen moduan, oso zaila da iragarpenak egitea, batez ere etorkizunari dagokienez. Horregatik, beste batzuk egindako iragarpenak ekarriko dizkizuet hona.

Teknologiaren munduak badu antza modarenarekin. Gezurra badirudi ere, teknologiaren munduan ere badira joerak, modan bezala. Modaren munduan ohikoa da hurrengo urteko udaberriko joeren inguruan hitz egitea, adibidez. Antzeko moduan, teknologian bada oso ezaguna den ziklo bat: Gartnerren zikloa. Izena Estatu Batuetako enpresa batetik hartu da, haiek baitira zikloa asmatu zutenak. Baina zer da, bada, ziklo horrek erakusten duena?

Labur esateko, Gartnerren zikloak teknologia batek bere garapenean zehar igarotzen dituen faseak erakusten dizkigu. Gainera, urtero, teknologia bakoitza zikloaren zein fasetan dagoen ere erakusten digu. Gartnerren zikloan bost fase aurreikusten dira: 1) teknologiaren agerpena, 2) gehiegizko arretaren tontorra, 3) desilusioaren bailara, 4) argitasunaren malda, eta 5) produktibitatearen lautada. Izenek iradokitzen duten bezala, faseek badute antza mendiko txango batekin. Hasieran teknologiak agertzen dira, oraindik ere garapen fase oso ahulean (lehen fasea). Teknologiek komunikabideen arreta bereganatzen dute, berehala gehiegizko arretaren tontorrera igoz (bigarren fasea). Tontor horretan, esan genezake teknologiaren inguruan itxaropen handiegia jartzen duela gizarteak, komunikabideen eskutik. Baina errealitateak azkar erakusten digu teknologia hori ez dagoela oraindik behar bezain heldu. Beraz, komunikabideek beren arreta beste nonbait bideratzen dute. Puntu horretan, teknologia desilusioaren bailarara jaisten da abiadura handiz (hirugarren fasea). Enpresek, zentroek eta unibertsitateek, ordea, teknologia hori garatzen dihardute, orain gizartearen begiradetatik urrun. Poliki-poliki teknologia hori geroz eta emaitza hobeak ematen hasten da, argitasunaren maldan gora joanez (laugarren fasea). Teknologia dominatzen dugu, merkatua argi dago, eta hor hasten da produktibitatearen lautada (bosgarren fasea).

Azken Gartner zikloa 2018ko abuztuan plazaratu zen. Jakin nahi duzue zer teknologia dauden gehiegizko arretaren tontorrean? Agian ezagunak egingo zaizkizue: neurona-sare sakonak! Bai, bai, zutabe honetara hainbatetan ekarri dudan gaia. Tontorrean beheraka doan teknologia bat blokchain ospetsua da. Eta bailaran behean ahaztuta dagoen teknologia bat errealitate areagotua da. Orain dela urte gutxi tontorrean egon zen.

Agian interesgarriagoa da tontorrera bidean dauden teknologiei begiratzea, urte berrian zehar eta hurrengoetan denon ahotan egongo baitira. Hona hemen adibide batzuk: konputazio kuantikoa, adimen artifizial orokorra eta robot adimentsuak. Niretzat berri onak dira. Gartnerren zikloaren arabera, oraindik urte askotan idatzi ahal izango dut zutabe hau, gai horiek ezagunak baitira niretzat! Izen ezezagunak agertzen hasten direnean jakingo dut heldu dela nire ordua ;-)]]>
<![CDATA[Erromatarrak bezala]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-12-07/erromatarrak_bezala.htm Fri, 07 Dec 2018 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-12-07/erromatarrak_bezala.htm
Norbaitek honezkero pentsatu du hilabete honetan nahiko galduta nabilela. Mutil honek ez al du, bada, adimen artifizialari eta teknologiari buruz idazten? Zer dela-eta orain erromatarrak? Bitxia badirudi ere, agian adimen artifizialaren, robotikaren eta automatizazioaren eskutik erromatarren antzeko gizarte batera itzul gaitezke etorkizunean. Zaila da horrelakorik ziurtatzea, noski, aurreikuspenak egitea beti baita oso konplexua, eta oso gutxitan asmatzen dugu. Dena dela, ziur entzun duzuela egunen batean robotek gure lana egingo dutela. Egia ote da hori?

Gaur egun, oraindik, teknologikoki oso urrun gaude guztiz automatizatutako mundu horretatik. Baina egia da, printzipioz, ez dagoela inongo lege fisikorik gizakiok egiten duguna egin dezaketen makinak debekatzen dituenik. Eta azken urteotan aurrerapen itzelak ikusi ditugu adimen artifizialaren eta robotikaren inguruan. Beraz, zergatik ez prestatu balizko mundu horretarako? Jendearen lehen erreakzioa negatiboa izaten da. Nire lana makina batek egiten badu, nola bizi behar naiz ni? Langabeziaren eraginak aski ezagunak ditugu eta logikoa den bezala, inork ez du nahi hori bere azalean pairatu.

Balizko eszenatoki berri honen eskutik, Silicon Valley ospetsuan hainbat adituk esan du jada errenta unibertsal batean pentsatzen hasi beharko garela. Hau da, pertsona izateagatik gure oinarrizko beharrak asebetetzeko dirua ziurtatuta eduki beharko genukeela, lan egin ala ez. Baina nondik atera behar dute dirutza hori? Krisian zehar askotan entzun behar izan dugu ez dagoela dirurik langabetuei ordaintzeko edo hezkuntza, osasuna eta bestelako hainbat zerbitzu mantentzeko. Oraingoan izango al dugu dirurik?

Ideia honen muinean makinen lana dago. Benetan lan guztiak automatizatzeko gai bagara etorkizunean, makinek sortuko dute aberastasuna. Beraiek egingo dute lan industrian, abeltzaintzan, nekazaritzan eta baita zerbitzuetan ere. Sukaldariak, taxi gidariak eta abar robotak izango dira. Baita zientzialariak ere! Zergatik ez? Orduan beraien lanak sortzen duen aberastasun hori guztia erabil daiteke pertsonek bizitza duin bat izan dezagun. Gakoa aberastasunaren birbanaketan egongo da. Baina gaur egun hainbeste kostatzen bazaigu jada dugun aberastasuna birbanatzea, zergatik izango gara ezberdinak etorkizunean? Ez dakit...

Dena dela, etorkizuneko balizko makina horiek orain dela bi mila urteko esklabo erromatarren funtzioa izango zuten. Agian horrela, gizakiok gure denbora beste gauza batzuetara birbideratu ahal izango dugu: literatura, arteak, zientzia, familia, kirola... Aisialdira, azken batean. Politika ere hor izango da aukeren artean, noski. Ezin dizuet esan etorkizunak hemen kontatu dizuedanaren antzik izango duen. Horrelako mundu idealetik urruntzen gaituzten milaka oztopo ikus ditzaket. Eta batez ere oraingo gure gizartetik mundu berri horretarako trantsizioak kezkatzen nau. Ziur aski, hasi gara trantsizio horrekin, askorik konturatu gabe. Nora goazen ongi jakin gabe.]]>
<![CDATA[Robot hiltzaileak ala heroi berriak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-11-09/robot_hiltzaileak_ala_heroi_berriak.htm Fri, 09 Nov 2018 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1875/039/001/2018-11-09/robot_hiltzaileak_ala_heroi_berriak.htm
Badakit oso zaila dela horrelako galderak egiten dituena kontrakoaz konbentzitzea, jada bere errezeloak oso sakonak baitira. Baina argi daukat zer erantzun behar dudan: adimen artifiziala teknologia oso boteretsua da eta gure esku dago nola erabili nahi dugun erabakitzea. Gaur badaude teknologia horien erabilera txarrak. Adibidez, orain dela gutxi argitaratu da Amazonek adimen artifiziala zerabilela langileak kontratatzeko garaian. Konturatu omen ziren beraien sistemak emakumeen aurkako joerak zituela, eta, beraz, sistema hori erabiltzeari utzi diote. Era horretako arazoak jada present daude gure egunerokoan. Askotan ezjakintasunaren ondorio dira; beste askotan, ordea, helburu zalantzagarriak dituzte.

Hala ere, nire ustez behintzat, askoz aplikazio onuragarri gehiago ditugu txarrak baino. Eta ekimen pilo bat daude martxan adimen artifiziala gizateriaren arazo handiak konpontzeko erabiltzeko. Handia baita haren boterea. Adibide gisa, National Geographic ezagunak jaurti duen ekimena ekar dezaket gaurkoan: AI for Earth (euskaraz: adimen artifiziala Lurrarentzat). Bertan, hainbat ikerketa proiektu jarri dira martxan, denak ere ingurumenaren mesedetan. Ez dezagun ahaztu ingurumenaren onura gizateriaren onura dela. Uste dut merezi duela proiektu horietako batzuen berri ematea.

Alde batetik, nekazaritza hobea eta jasangarriagoa lortzeko proiektu bat dago. Jada Indian eta Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen ari dira, jakiteko noiz den unerik onena produktuak landatzeko, esaterako. Horretarako, Dronen bidez lurren irudiak jasotzen dituzte. Adimen artifiziala oinarritzat duten sistemek, irudi horiek hartuta, lurraren egoera zehaztasun handiz estima dezakete (hezetasuna, elikagaiak eta abarrak). Nekazariek une oro beren lurren egoera ongi ezagutzeko tresnak dituzte, beraien uzta eta lana hobeto kudeatzeko aukera emanez.

Beste proiektuetariko batek desagertzeko arriskuan dauden animaliei laguntzea du helburu. Gaur egun, animalia horiek non dauden eta zer egiten duten jakiteko, zientzialariek satelite bidez hartutako milaka irudi aztertu behar izaten dituzte eskuz. Horretarako denbora piloa behar izaten dute, irudi gehienetan ez baitago behar duten informazioa, eta irudi interesgarrietan oso zaila baita animalia horiek behar bezala bereiztea. Beraz, adimen artifiziala erabiltzen hasi dira animalia horiek automatikoki bereizteko satelite bidezko irudietan. Horrela, askoz denbora gehiago dute zientzialariek animalia horien portaerak eta ohiturak aztertzeko. Modu horretara, animalia horiek babesteko estrategia onenak planifika daitezke. Proiektu honetan garatutako teknologiak legez kanpoko isileko ehiztariak harrapatzeko ere baliatu dituzte, arriskupean dauden animaliak hobeto babestuz.

Bi adibide baino ez dizkizuet ekarri. Milaka gehiago daude gure munduan. Beraz, oraindik fikzioa besterik ez diren robot hiltzaileez kezkatu ordez, pentsa dezagun nola erabil dezakegun hain boteretsua den tresna bat gure bizitza hobetzeko. Azken batean, gizartearen esku dago dena. Zientziak ezagutza eta teknologia dakarzkigu. Botere horiek nola erabili, ordea, geuk erabaki behar dugu. Botere harrigarriz armatutako superheroi berriak izan nahi al dugu? Eman ditzagun, orduan, eman beharreko pausoak.]]>
<![CDATA[Makinak eta medikuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/039/001/2018-10-12/makinak_eta_medikuak.htm Fri, 12 Oct 2018 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1893/039/001/2018-10-12/makinak_eta_medikuak.htm Irakasle eta ikertzailea Deustuko Unibertsitatean

Irailaren 29an, Bilbon, ikertzaileen Europako gauean parte hartzeko aukera izan nuen. Ekitaldi polita antolatu zuten, hainbat ikerlari eta zientziazale elkartuz. Bertan, adimen artifizialaren eta ikasketa automatikoaren inguruko hitzalditxo bat eskaini nuen. Galderentzako tartean, moderatzaileak oso galdera interesgarria egin zidan, adimen artifiziala eta medikuntza lotuz. Etxera joatearekin batera, pentsatu nuen ongi legokeela gai horri buruz pixka bat sakonago idaztea. Zutabe hauxe erabiliko dut horretarako.

Ikasketa automatikoa medikuntzaren esparru askotan erabil daiteke. Adibidez, orain dela ez gehiegi, ikerlari batzuek lan oso interesgarria plazaratu zuten. Ziurrenik melanoma hitza ezaguna egingo zaizu, ezta? Uda-garaian, eguzkiak gehien estutzen duen egun horietan, beti gogorarazten digute kontuz ibiltzeko, eguzkitan denbora gehiegi ez pasatzeko, izpi ultramoreen arriskua eta abar. Gainera, gure azalean orban berri edo arraroren bat topatzen badugu, medikuarengana joateko aholkatzen digute. Orban hori, agian, melanoma bat izan baitaiteke.

Nork daki orban bat behar bezala sailkatzen? Bada, medikuek. Orbanari begiratzen diote, haren ezaugarriak behatzen dituzte eta erabakitzen dute melanoma den ala ez. Gorago aipatu ditudan ikerlariek lan hori bera egin nahi izan zuten neurona-sare artifizial baten bidez. Horretarako, azal-orban irudi pilo bat jaso zituzten, beraien diagnosi egokiarekin batera. Hots, azal-orban irudi bakoitzeko, bazekiten melanoma bat zen ala ez. Irudi pilo horretaz baliatuz, neurona-sare bat trebatu zuten. Ondoren, azal-orban irudi gehiago erakutsi zizkioten sareari, ea nola sailkatzen zituen ikusteko. Eta sailkapen horiek hainbat mediku adituren sailkapenekin konparatu zituzten. Emaitzak nahiko harrigarriak izan ziren: neurona-sareak medikuek baino hobeto sailkatzen zituen irudiak! Gehiagotan asmatzen zuen melanoma noiz zen eta noiz ez zen.

Antzeko lanak topa daitezke beste esparru batzuetan: erresonantzia magnetikoetan tumoreak sailkatzeko gaitasuna, adibidez. Gorago aipatutako ideia berari jarraitzen zaio hemen. Erresonantzia magnetiko pilo bat erabiltzen dira sarea entrenatzeko, eta gero irudi berriak ematen dizkiote. Baina badaude beste lan batzuk, zuzenean magia diruditenak: gure begiko erretinen irudiak erabiliz bihotzeko gaixotasunak hautematen dituzten neurona-sareak.

Zer esan nahi du horrek guztiak? Akaso laster medikuen beharrik ez dugula izango? Gauzak ez dira hain sinpleak. Alde batetik, azaldu ditugun lanak oraindik ere ikerkuntza fasean daude. Beste aldetik, oso gauza zehatzak egiteko balio dute. Dermatologo batek, melanomak hautemateaz gain, beste gaixotasun pilo bat ezagutzen ditu, eta tratamenduak jartzeko gai da, tratamendu horien eboluzioa behatzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko. Erradiologo batek, berriz, erresonantzia magnetiko batean tumoreak ez diren beste hainbat gauza ere ikus ditzake, zuntz hausturak, kasurako. Gainera, bilatu nahi den gaixotasun edo lesioaren arabera, badaki nola konfiguratu makina modu egokian.

Azken batean, adimen artifiziala beste tresna bat gehiago izango da medikuentzat. Denborarekin, tresna berri hori erabiltzen ikasi beharko dute sendagileek, eguneroko lana hobetzeko asmoz. Adimen artifizialak medikuak ordezkatuko ditu, orduan? Ni ezezkoan nago. Aditu batek esan zuen bezala, adimen artifizialak ez ditu medikuak ordezkatuko, baina adimen artifiziala darabilten medikuek hura erabiltzen ez duten sendagileak ordezkatuko dituzte.]]>
<![CDATA[Jolastuz ikasi]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/031/001/2018-09-14/jolastuz_ikasi.htm Fri, 14 Sep 2018 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1893/031/001/2018-09-14/jolastuz_ikasi.htm Irakaslea eta ikertzailea Deustuko Unibertsitatean

Ume-umetatik, jolastea oso gustuko dugu gizakiok. Pilota baten atzetik korrika ibiltzea, zarata eta soinu ezberdinak egiten dituzten jostailuak erabiltzea ala mahaiko joko tradizionaletan aritzea adibide batzuk besterik ez dira. Dibertsioa bilatzen dugun arren, jolastea ikasteko oso metodo boteretsua da. Gaur egun, eskoletan, jolasetan oinarritzen diren metodologiak lantzen saiatzen dira, adibidez, umeen ikasketa esperientzia indartu eta hobetzeko asmoz.

Milaka jolas eta joko mota ditugu eskura gure gizartean. Aspaldian arrakastarik handiena izaten ari diren jokoak, ordea, bideo jokoak dira ziurrenik. Haurrak zein helduak bideo jokoen munduan murgilduta daude, ordenagailuetan, sakelako telefonoetan ala betiko bideokontsoletan. Azken urteotan, bideo jokoen munduan ere izan dira aldaketak. Interneten eskutik, online jokoak oso-oso ezagunak bilakatu dira. Garai batean lau lagun etxe batean elkartzen ziren bezala joko baten aurrean, orain hainbat herrialdetako ehunka pertsona elkar daitezke zerbitzari batean, taldeak osatuz eta elkarren aurka jolastuz. Mikroak eta aurikularrak erabiliz, elkarren artean komunikatzen dira, taldeak behar bezala koordinatuz.

Era horretako bideo jokoen arrakasta hain da handia, ezen partidak streaming bidez ikus baitaitezke. Jokalari profesionalak ere badaude, jokatzea beren bizimolde bilakatu dutenak. Eta ekitaldi ikaragarriak antolatzen dira, jokalari onenak bildu eta elkarren aurka lehiatuz, sari potoloak irabazteko. Gogoratu besterik ez, Bilbon, irailaren bian, League of Legends jokoaren final handia egin zutela, Miribillako kantxan. Milaka pertsona joan ziren ekitaldia ikustera.

Modu bertsuan, baina beste maila batean, urtero The International izeneko ekitaldia egiten da. Ekitaldi hori Dota2 izeneko bideo jokoaren munduko txapelketa da. Txapelketaren handitasuna ikus dezazuen, hona hemen 2018ko ekitaldiko zenbaki batzuk: sari nagusia 25 milioi dolarrekoa izan zen, mundu osoan zehar 15 milioi pertsonak ikusi zuten streaming bidez, Vancouver hiriko Rogers Arenan ospatu zen eta 20 mila pertsona bertaratu ziren!

Zenbaki horiek harrigarriak badira ere, aurtengo The International ekitaldian bazen, niretzat, askoz harrigarriagoa suertatu zen beste gauza bat: parte hartu zuen taldeetako bat ez zegoen gizakiz osatuta. Bost programa adimendunez osatutako OpenAI Five taldeak parte hartu zuen lehenengoz, nahiz eta lehiaketa ofizialean ezin izan zuten jokatu. Zehazki, bi partida jokatu zituzten jokalari profesionalen aurka, baldintza berdinetan; hots, bost programa adimendunek pertsonek pantailetan ikusten dutena ikusten zuten, eta ekintza berdinak exekuta zitzaketen. Bi partidak galdu egin zituzten, baina oso estuak izan omen ziren: 50 minutu inguru lehiatzeko gai izan ziren partida bakoitzean, jokalari profesionalen antzeko mailan.

OpenAI Five taldeko programa adimentsuek, gizakion antzera, jolastuz ikasten dute. Bere buruaren aurka jokatzen ditu ehunka partida egunero, eta, jokatzearen poderioz, gizaki profesionalen maila lortu dute. Nahiz eta The International lehiaketan ezin izan zuten garaitu, aste batzuk beranduago lehiaketan jokatu zuen taldearen aurka, gehiago jokatu zuen beste talde bat jarri omen zuten lehian. Hau da, makinak makinen aurka. Eta sorpresa! Talde berriak zaharra garaitu omen zuen. Beraz, OpenAI Five abilidadeak hobetzen ari da oraindik.

Ikusten duzuenez, jolastuz ikastea ez da gizakiok bakarrik egin dezakegun zerbait. Jada badakigu makinekin ere antzeko gauzak egiten. Bideo jokoak ikasteko tresna izugarri boteretsuak dira makinentzat. Estrategiak burutzen, aldaketetara egokitzen, egoera larrietan azkar erreakzionatzen eta beste hainbat gauza egiten ikasten dute makinek bideo jokoen munduan. Ezagutza hori guztia mundu errealera eramatea da erronka. Noiz ikusiko ote dugu halakorik?]]>
<![CDATA[Mahai bat laurentzat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1849/039/001/2018-06-08/mahai_bat_laurentzat.htm Fri, 08 Jun 2018 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1849/039/001/2018-06-08/mahai_bat_laurentzat.htm
Badirudi Googleko jendeak nire alperkeria hori partekatzen duela, edo akaso oso jende lanpetua dela (ziurrenik bigarren hori izango da). Edozein kasutan, maiatzean, urtero ospatzen den Google IO konferentzian, niretzako moduko aplikazio bat aurkeztu zuten: Google Duplex. Zer egiten du, bada, aplikazio horrek? Demagun hurrengo larunbaterako afari bat erreserbatu nahi duzula lau pertsonentzat jatetxe batean. Zure mugikorra hartu, Googlen laguntzaile birtualari ematen diozu erreserbaren berri ahoz, eta Duplex sistema erabiliz, berak deitzen du jatetxera zure izenean erreserba egiteko. Bai, bai, deitu egiten du, jatetxekoekin hitz egiten du eta erreserba egiten du.

Ziurrenik pentsatuko duzu jatetxekoak halako ahots robotiko bat entzungo duela. Ala mahairik ez badago guk nahi dugun orduan, Duplexek ez duela jakingo zer egin/esan. Bada, ez bata ez bestea. Konferentzian bertan lehenengo, eta geroago beraien web orrian, Duplexen proba fasean grabaturiko hainbat elkarrizketa jarri zituzten erakusgarri. Aitortu behar dut harri eta zur geratu nintzela elkarrizketak entzundakoan. Duplex sistemak benetako pertsonak esaten zuena zehazki ulertzen zuen, ordu-tarte egoki bat topatzeko gai zen eta egoera deserosoetatik egoki ateratzeko malgutasuna erakusten zuen. Hori dena, ahots natural batekin gainera. Ez balidate esan adimen artifizial bat zenik hizketan zegoena, pertsona bat zela pentsatuko nukeen. Benetan.

Nola lortu dute hori egitea Googleko ikertzaileek? Tamalez, ezin izan ditut sistemaren xehetasunak topatu. Googlen blog orrian oso gainetik azaltzen dituzte sistemaren oinarrizko elementuak, nire gusturako. Baina beste behin, esan beharra dago: Duplex sistemak elkarrizketa batean moldatzeko duen gaitasuna ez duela inork programatu. Hau da, ez pentsa programatzaile bat egon denik hor elkarrizketa batek izan ditzakeen aldaera guztiak eskuz programatzen. Esaterako: «Galdetzen badizu zenbat pertsonarentzako nahi duzun erreserba, erantzun lau». Modu horretako programazio «klasikoak» ez du funtzionatzen benetako elkarrizketa batean. Milioika eta milioka aukera posible baitaude. Horrela funtzionatzen dute enpresa askoren bezero-arreta zerbitzuek. Eta ongi dakizue zeinen gogaikarriak diren guretzat.

Duplex sistemak ikasi egiten du. Ez dio inork esaten zer erantzun behar duen galdera baten aurrean. Bere kasa ikasten du. Horretarako, Googlek pertsonen artean eman diren milioika telefono elkarrizketa erabili ditu. Elkarrizketa horiek neurona-sare artifizial bati «erakutsi» dizkiete, hark ikas dezan nola izaten diren elkarrizketak. Behin ikasita, sare horiek gai dira elkarrizketa berri baten zer esan eta nola esan asmatzeko, hein handi batean. Kasu honetan, ikaragarri ongi funtzionatzen duela ematen du.

Ondorioz, ni bezalako alperrak bazarete, baduzue jada «lagun» berri bat. Bada, hala ere, arazotxo bat: Duplexek ingelesez bakarrik daki hizketan. Oraingoz. Beraz, gure gogoko jatetxe hori AEBetan ala Britainia Handian ez badago, ala gure ile-apaindegian ingelesez hitz egiten ez badute, oraindik ere geuk deitu beharko dugu, betiko moduan. Baina bada esperantza guretzat.]]>
<![CDATA[Bertsoak eta zientzia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/008/001/2018-05-13/bertsoak_eta_zientzia.htm Sun, 13 May 2018 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1951/008/001/2018-05-13/bertsoak_eta_zientzia.htm
Zientziarentzat bertsolariak aztergai egokiak dira hainbat alorretan. Hala nola neurozientziak, hizkuntzalaritza, eta baita adimen artifizialarentzat ere. Bestalde, jakina da bertsolariek edozein gairi buruz bertsoak abesteko abilezia dutela: politika, kirolak, arazo sozialak... Beraz, zergatik ez zientzia-gaiak jorratu bertso saioetan? Hori izan zen nire lagun Xabier Artaetxebarriak pentsatu zuena orain dela lauzpabost urte.

Ideia haren lehen ondorioa 2015eko irailaren 26an gauzatu zen. Lehen aldiz, Bilboko Bizkaia aretoan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, Jakinduriek mundue erreko dau saioa izan genuen. Alde batetik, hainbat zientzialari izan genituen oholtzan, hitzaldi labur eta arinak eskainiz kimika, adimen artifiziala, astronomia ala hizkuntzalaritza bezalako gai erakargarrien inguruan. Eta ondoren, hiru bertsolari izan ziren, oso ezagunak hirurak ere (Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Miren Amuriza), zientzia-hitzaldien beste ikuspegi bat eskainiz beren bertsoen bitartez. Saioa oso originala eta polita izan zen. Zientzia eta bertsoak uztartuz, aretora inguratu zirenek arratsalde ederra pasatu zutela esan daiteke.

Lehen saio haren ondoren, beste pare bat saio antolatu dira urtero Bizkaia aretoan, baita Bizkaiko beste herri batzuetan ere. Beste zientzialari batzuk, beste gai batzuk eta beste bertsolari batzuk pasatu dira oholtzatik. Beraz, bertso-zientziak badu bere tradizioa; laburra, baina jada nahiko sendoa. Aurten, Gipuzkoara salto egingo du ideia polit honek. Donostia International Physics Center (DIPC) ere antolatzaileen artean dugu oraingo honetan, Zarautzen, Bergaran eta Ordizian saioak eskainiz.

Bertso-zientziaren lehen saio hartan egoteko ohorea izan nuen, antolakuntzan lagunduz eta hitzalditxo bat emanez. Gipuzkoako saioetarako ere gonbidatu naute, hizlari lanetan. Zarautzen ezin izango naiz egon, baina Bergaran eta Ordizian izango naiz, errefortzu bidezko ikasketari buruz hitz egiteko asmoz. Anjel Alkainen gidaritzapean, eta lehen mailako bertsolari eta zientzialarien artean, ziur berriro ere ongi pasatu eta ikasteko modua bilatuko dugula.

Bertso-zientzia saioak alde batera utzita, Euskal Herrian badira guztiontzat moduko hainbat eta hainbat zientzia ekitaldi interesgarri. Batzuk aipatzearren, Naukas Bilbao, Passion for Knowledge, Darwin eguna edo Zientziateka. Era honetako ekitaldien atzean, bertso-zientziaren kasuan bezala, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta DIPC aurki ditzakegu. Bi erakunde horiek zientzia gizarteratzeko egiten duten lana paregabea eta ordain-ezina da. Zutabe honetatik nire eskerrik beroenak beraientzat, Euskal Herriarentzat luxu bat baitira. Juan Ignazio Perez eta Pedro Miguel Etxenikeren gidaritzapean, bi erakundeok argi eta garbi izan dute beti kultura zientifikoa hedatzea zein garrantzitsua den. Era guztietako saioak eta ekintzak antolatu dituzte urteetan zehar, Euskal Herria zientzia dibulgazioaren paradisu txiki bat bihurtuz. Eskerrik asko benetan.

Besterik gabe, ikusi nahi baduzue bertsolariak eta zientzialariak nola moldatzen diren elkarrekin oholtza gainean, ez galdu maiatzean zehar izango diren bertso-zientzia saioak!]]>
<![CDATA[Facebook, Trump eta pribatutasunaren agurra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/017/001/2018-04-08/facebook_trump_eta_pribatutasunaren_agurra.htm Sun, 08 Apr 2018 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1942/017/001/2018-04-08/facebook_trump_eta_pribatutasunaren_agurra.htm
Facebooken profila duen orok badaki badaudela hainbat joko eta app Facebooken bertan erabil daitezkeenak. App horiek ez dituzte Facebooken bertan egiten. Beste enpresa eta programatzaile batzuek egin ohi dituzte. Hori da Facebooken negozio eredua. Eredu horren barruan bada, ordea, xehetasun garrantzitsu bat: app horiek erabiltzaileen profilen datuak beregana ditzakete. Ez da segurtasun zulo bat, ez; Facebookek berak uzten die app horiek garatzen dituzten enpresei datuak bereganatzen. Eta Facebookeko erabiltzaileei horren berri ematen zaie. Baina bada beste xehetasun garrantzitsu bat: erabiltzaileak bestelakorik esaten ez duen bitartean, app horiek erabiltzaileen kontaktuen datuak ere bil ditzakete. Beste hitz batzuetan esanda: nik Candy Crush-en jokatzen badut nire Facebookeko profilarekin, joko horrek, nire datuak ez ezik, nire kontaktu guztien datuak ere jaso ditzake! Beste behin, erabiltzaileek konfigura dezakete bere profila hori horrela izan ez dadin.

Datu politika berezi hori aprobetxatu zuen Cambridge Analytica enpresak 50 milioi profilen datuak bereganatzeko. Aleksandr Kogan izeneko Cambridgeko akademiko batek app bat jarri zuen Facebooken, Test your personality izenpean (proba zure izaera). 270.000 erabiltzailek instalatu zuten app hori. Baina beren kontaktuen informazioa hartzeko baimena ez zutenez aldatu, 50 milioi erabiltzaileren datuak bildu ahal izan zituen! Oraindik ez dago argi, baina Koganen atzean Cambridge Analytica enpresa zegoen nolabait. Datu horiek biltzeko ordaindu zioten, ala behin bilduta Koganek saldu zizkien datuak. Dena dela, 50 milioi pertsona horien datuek Cambridge Analyticaren eskuetan amaitu zuten.

Horrela, Cambridge Analyticak datu horiek Trumpen mesedetan erabili omen zituen, Facebookeko erabiltzaileengan eraginez. Istorioaren zati hori oso zalantzazkoa da. Eztabaida asko daude horren inguruan, baina badirudi hainbat adituk eta esperimentuk erakusten dutela eragin mota hori lortzea ez dela posible. Kontu egin Cambrdige Analyticak, bere 50 milioi pertsonei buruzko informazioarekin, ezin izan ziola Ted Cruz senatariari lagundu errepublikanoen hautagaia izaten. Beraz, benetan beraiek al daude Trumpen garaipenaren atzean? Ezetz dirudi.

Dena dela, istorio honek hainbat gogoeta garrantzitsu dauzka nire ustez. Lehenik eta behin, Facebook bezalako enpresek duten negozio ereduaren etikaren inguruko eztabaida hor dago, eta oso garrantzitsua da. Baina has gaitezen lehenengo gure etxea garbitzen. Facebooken datu politika publikoa eta ezaguna zen. Erabiltzaile denek izan zuten politika horren berri. Baina inor kezkatu al da horretaz? Inork irakurri al du politika horren inguruko oharrik? Gu gara gure datuak enpresa handi horien eskuetan jartzearen erantzuleak. Eta hori argi izan behar dugu. App bat instalatzeko 5 euro eskatzen badizkigute, askok eta askok ez dugu instalatuko. Baina gure kontaktuen informazioa, argazkiak ikusteko baimena eta beste hainbat datu jasotzeko baimena eskatzen badigute, ez dugu inongo arazorik. Beraz, alferrik da orain harritu ala haserretzea. Gure pribatutasunari agur esan diogu. Eta kontzienteki egin dugu hori.]]>
<![CDATA[Emakumeak zientzian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1931/017/001/2018-03-11/emakumeak_zientzian.htm Sun, 11 Mar 2018 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1931/017/001/2018-03-11/emakumeak_zientzian.htm
Hasteko, gure gizarteak ez ditu emakumeak zientzialari gisa ikusten. Oso txikitatik neskei zientzia eta teknologia mutilen kontua direla erakusten diegu, nahi gabe bada ere. Neskentzat beste lanbide batzuk egokiagoak direla transmititzen dugu: erizaina, idazkari ala abeslaria neskentzat egokiak dira, baina ingeniaria, programatzailea ala mekanikaria ez. Zergatik? Ziur aski galdera horri erantzuteko zutabe hau oso labur geratuko litzateke. Kontua da emakumeak gizonak bezain egokiak direla zientzia eta teknologiaren munduan lan egiteko, eta, beraz, emakumeak baztertzen dituen sistema, bidegabea ez ezik, itsua ere bada, talentua alboratzen baitu.

Gai horiei buruz pentsatzen dudanean Hedy Lamarr-en irudia datorkit burura. Nolabait, hark oso ongi uztartzen ditu gizarteak espero duena eta norberak lor dezakeena pertsona bakar batean. Ez baduzue bere bizitza ezagutzen, benetan diotsuet, edozein film ala libururentzat oinarri bikaina izango litzateke. Bizitza harrigarria izan zuen, emakume harrigarria baitzen. Hedy Lamarr aktore bezala egin zen ospetsu. Gizarteak emakume batentzat egoki ikusten zuen ogibidea. Ez da hain ezaguna, ordea, Hedy Lamarr ingeniaria ere bazela. Oso txikitatik nabarmendu omen zen bere adimena zela eta. 16 urterekin hasi zen ingeniaritza ikasten, baina zinemarekiko zuen grinari jarraituz, ikasketak utzi zituen. Bizitzak sorpresa asko izaten ditu, ordea. Bere borondatearen aurka, Friedrich Mandl armaginarekin ezkondu zen, 1933an. Mandl, Mussolini eta Hitlerren laguna izateaz gain, oso pertsona jeloskorra zen. Emazteari ez zion utzi gehiago zineman lan egiten, bizi ziren etxea espetxe bilakatuz. Gatibualdi hura ingeniaritza ikasketak osatzeko baliatu zuen. Eta bere senarrak naziekin izaten zituen afariak armei buruz ikasteko aprobetxatu zituen. 1937. urtean, azkenean, ospa egin zuen bere espetxetik, Estatu Batuetara joateko. Han, aktore lanak berreskuratzeaz gain, gobernuarekin partekatu zuen nazien armei buruz zekien guztia. Hori gutxi ez, eta gaur egungo haririk gabeko komunikazioen oinarrizko teknologia garatu zuen. Beste hitz batzuetan, ez genuke wifi-rik izango Hedy Lamarr-en lanik gabe.

Zientzia eta teknologiaren historian badaude beste emakume harrigarri asko: Ada Byron, Marie Curie, Dorothy Vaughan, Jocelyn Bell eta Ada Yonath, esaterako. Baina ez dute ikusgarritasunik. Nahiz eta ekarpen oso garrantzitsuak egin dituzten beraien arloetan, gutxietsi egin ditugu gure hezkuntzan eta formakuntzan. Emakumeak baitira. Ondorioz, zientzia grina zapuztu egiten diegu milaka eta milaka neskatori. Horregatik, aste berezi honetan ez ezik, egunero aldarrikatu behar dugu emakumeek zientzian duten eta izango duten tokia. Gurean badira egitasmo interesgarri batzuk neskatoak zientzia mundura erakartzeko. Adibidez, Deustuko Unibertsitateak bultzatzen duen Inspira proiektua, Innobasque eta Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin eta hiru aldundien diru laguntzarekin. Asko aurreratu badugu ere azken hamarkadetan, oraindik ere berdintasunik gabeko gizarte batean bizi gara. Darraigun, beraz, lanean, bai mutilei bai neskei aukera berdinak emanez. Inoren ametsak eta grinak zapuztu gabe bere sexua aitzakiatzat hartuta.]]>
<![CDATA[Makina matxistak?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/015/001/2018-02-11/makina_matxistak.htm Sun, 11 Feb 2018 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1941/015/001/2018-02-11/makina_matxistak.htm
Nola da hori posible? Akaso gure makinak matxistak al dira? Kasu honetan, ez. Gaur egun, hitzak errepresentatzeko, makinek beraien esanahia ongi «ulertzeko», ikasketa automatikoa erabili ohi da. Horretarako, makinei milioika testu pasatzen zaizkie, haiek ikasteko hitz bakoitzak zer esan nahi duen, eta beste hitzekin nola erlazionatzen den. Makinek ikasteko prozesatzen dituzten testu horiek, guk, gizakiok idatzitakoak dira. Eta gaur egungo ikerketen arabera, testu horiek, guk idatzitako testu horiek, joera sexista nabarmena dute. Ikerlari batzuk ohartu ziren makina horientzat informatikari hitza mutil hitzetik askoz gertuago zegoela neska hitzetik baino. Bestalde, garbitzaile ala erizain hitzak neska hitzetik gertuago agertzen dira. Horren ondorioz, bilatzaile modernoek gorago deskribatu dugun portaera erakuts dezakete. Informatikari bilatzean, mutil hitza askoz gertuago izateagatik, bilatzaileak mutilak direnak lehenetsiko ditu.

Nahiz eta makinek, azken batean, gure gizartean errotuta dauden joerak errepikatzen dituzten, era honetako emaitzak oso kezkagarriak dira. Makinen eta algoritmoen presentzia gero eta handiagoa da gure egunerokoan. Ezin dugu utzi jada bidegabeak diren joerak makina horien bitartez areagotzen. Hori baita lortuko genukeen efektua: joera matxisten eragina handitzea. Horregatik, ikerlariek ongi aztertu nahi izan dute gai hau. Emaitzak nahiko harrigarriak izan dira. Makinek ikasten dituzten hitzen errepresentazioetan matxismoaren arrastoa identifikatu ahal izan dute. Ez nuke nahi xehetasun teknikoetan sartu, baina joera horiek hitz horiek errepresentatzeko erabiltzen diren bektoreen propietate geometrikoetan atzeman daitezke. Bai, bai! Matxismoak geometriarekin harremana du, antza!

Kontua da, behin joera identifikatuta, ikerlariek joera horiek zuzentzeko teknikak ere proposatu dituztela. Era horretan, informatikari ala erizain bezalako hitzak mutil eta neska hitzetatik distantzia berera geratzen dira. Ez da gutxi, alajaina!

Hala ere, honek guztiak hausnarketa bat merezi duelakoan nago. Lehenik eta behin, gure gizartean erroturik dauden joerak (matxismoa ala arrazakeria, esate baterako) makinek ere erreproduzitzen dituzte. Zergatik? Joera horiek guk sortutako datuetan agertzen baitira. Hemen aztertu dugun ikerketak Google News erabiltzen du testu-iturri gisa. Hitzen errepresentazioetan matxismoa agertzen bada, testu horietan jada agertzen delako da. Bestalde, baditugu teknikak makinen joerak zuzentzeko. Ez da gutxietsi behar horren garrantzia. Baina benetako arazoa beste bat da: gure gizartean dauden joera negatiboak. Horiek dira, hain zuzen ere, zuzendu beharrekoak. Neurozientzietan ez bada bestelako aurrerapenik sortzen, uste dut hezkuntza dela joera horiek zuzentzeko eskura dugun teknika bakarra. Eta hezkuntza gizarte osoaren lana da.]]>
<![CDATA[Kazetaritza automatikoa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2053/011/001/2018-01-14/kazetaritza_automatikoa.htm Sun, 14 Jan 2018 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/2053/011/001/2018-01-14/kazetaritza_automatikoa.htm Tracer izeneko aplikazio baten funtsak azaltzen ziren bertan. Baina, nahiz eta xehetasunak arretaz irakurtzeko modukoak izan, aplikazioaren helburua iruditu zitzaidan benetan aipagarria. Suposatzen dut zutabe hau eta egunkari hau irakurtzen duzuenoi kazetaritza gustatuko zaizuela, edo gutxienez, gai garrantzitsua irudituko zaizuela. Bada, Tracer aplikazioak berriak modu automatikoan idazteko gaitasuna du, giza ikuskapen eta laguntzarik gabe. Azal dezagun hori mantsoago.

Lehenik eta behin, aplikazioak ez ditu artikuluak eta erreportajeak idazten, titularrak baizik. Baina titular horiekin jada gertatukoaren ideia oso ona izan dezakegu. Nola egiten du hori, baina? Tracer-ek Twitterreko kontu askori jarraitzen die. Kontu horiek idazten dituzten txioak kontsumitzen ditu informazio iturri gisa. Egunero 12 milioi txio inguru prozesatzen ditu, hain zuzen ere. Pentsa zenbat informazio joan daitekeen 12 milioi txiotan! Eta noski, informazio gehiena zarata besterik ez da. Kazetariek erabiltzen dituzten irizpideei jarraituz, Tracer-ek zarata hori filtratzeko gaitasuna du. Ikerlarien arabera, txioen %99 zarata izan ohi da eta Tracer-ek oso ongi bereizten du hori.

Zarata guztia alde batera utzi ondoren, elkarren antz handia duten txioak elkarrekin biltzen ditu aplikazioak. Azken batean, txio-multzo horiek gai berari buruz hitz egiten dutenak dira. Gertakari berbera era ezberdinetan deskribatzen duten txioak dira. Beraz, esan daiteke txio-multzo horietan eguneko gertakariak daudela. Baina zeintzuk dira egiazkoak eta zeintzuk interesgarriak? Kazetari on batek ez ditu gertakari guztiak kontatzen, interesgarriak direnak bakarrik baizik. Horretarako, Tracer-ek, ikasketa algoritmoak darabiltza. Aurreko urteetan bildutako berri pilo bat ikusi ditu, haien interesaren arabera. Eta horrela, gertakari bat osatzen duten txioak ikusiz, gai da esateko ea gertakari hori egiazkoa al den eta bere interesa zenbatekoa den. Egindako proben arabera, aplikazioak Twitter-en agertutako zurrumurru eta berri faltsuen %60-70 hautematen ditu. Ez da makala. Gertakari interesgarrienak hartuz, titularrak sortzen ditu aplikazioak. Horretarako, txio-multzoetan dagoen informazioa atera eta laburbiltzeko gaitasuna du.

Tracer aplikazioa Reuters nazioarteko berri-agentziak garatu du. Agentzia garrantzitsuenetakoa da munduan zehar. Haien arabera, aplikazioak emaitza oso onak ematen ditu. Geroz eta lehiakorragoa den mundu honetan, berri-agentzientzat oso garrantzitsua da berri bat plazaratzen lehenak izatea. Tracer aplikazioa Reuters-eko kazetarien aurka probatu dute eta ikusi denez, aplikazioa kazetariek lortzen dituzten berri berberak lortzeko gai da, baina 6-10 minutu lehenago. Eta Twitter erabilita bakarrik.

Zer esan nahi du horrek? Makinek kazetariak ordezkatuko al dituzte? Goiz da horrelakorik esateko. Oso zaila da etorkizunak zer ekarriko digun aurrez esatea. Baina behin, ez naiz gogoratzen non, honakoa irakurri nuen: «Ez dakit adimen artifizialak kazetariak ordezkatuko dituen, baina ia ziur nago adimen artifiziala darabilten kazetariek ez darabiltenak ordezkatuko dituztela». Eta hori beste lan-mota askotara aplika daitekeela uste dut. Pentsa: idatzi berri dudan esaldia ez da irakurri nuena; originalean sendagileei buruz ari ziren hizketan. Adimen artifiziala, robotika eta automatizazioa jada iristen ari dira. Ez genuke izutu behar, ordea. Erremintak dira, lanabesak. Baina hori bai, prest egon beharko genuke. Ziur aldaketak datozela.]]>
<![CDATA[Distira gutxiko izarrak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/001/2017-12-17/distira_gutxiko_izarrak.htm Sun, 17 Dec 2017 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1950/019/001/2017-12-17/distira_gutxiko_izarrak.htm
Metaforak alde batera utzi eta adibide konkretu bat ekarri nahi dizuet gaurkoan. Gaur egun, adimen artifizialaren esparrua izugarri lehiakorra da. Google, Facebook edo Microsoft bezalako enpresek diru pilo bat gastatzen dute ikerketa lanetan, eta ikerlari onenei ederki ordaintzen diete haientzako lan egiteko. Ziurrenik adimen artifizialak ez du gaurko indarrik izan historian zehar. Beraz, oso zaila da hain maila altuan dauden ikerlari eta enpresen artean nabarmentzea. Askoz zailagoa hemen ikertuz gero, gure unibertsitateek dituzten errekurtsoak enpresa horiengandik oso urrun baitaude. Eta hala ere, hemengo ikerlari talde batek lortu du beharrezko argia sortzea. Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa Taldeko Mikel Artetxek, Gorka Labakak eta Eneko Agirrek lan ikusgarri bat argitaratu dute adimen artifizialeko kongresu onenetariko batean. Meritua are eta handiagoa da, haien lana konferentziako ehuneko hiru onenean sailkatu baitute.

Zer egin dute, bada, hiru ikerlariok? Hizkuntzen arteko itzulpen automatikoan pauso berri bat eman dute. Bi hizkuntzen arteko itzulpen automatikoa lortzeko, teknikarik onenak ikasketan oinarritzen dira. Ingelesezko testu pila batentzako haien gaztelerazko itzulpenak baditut, bi datu base erraldoi horiek ikasketa algoritmo bati pasatzen dizkiot eta berak ikasten du itzulpena egiten. Google Translator-ek, esaterako, horrela funtzionatzen du. Teknika horrek oso ongi funtzionatzen du, baina horretarako bi hizkuntzen arteko itzulpen pila bat behar dira. Zer gertatzen da, ordea, hizkuntza gutxituekin? Euskara bezalako hizkuntzekin? Horientzako ez ditugu behar adina datu base. Beraz, beste teknika batzuk aztertu behar dira. Ixa Taldeko ikerlariek teknika berri bat proposatu dute, hain justu, kasu horietarako. Eta oso emaitza onak lortu dituzte, gainera. Science aldizkarian haien lanari buruzko artikulu bat idatzi zuten eta Twitter bezalako sareetan dauden ikerlari handiek lanari buruz ere hitz egin dute. Ikusten duzuen bezala, argi itzela sortu dute. Baina izan al dute distirarik gure gizartean?

Egunero, telebistan nahiz irratian, sukaldariak, politikariak eta kirolariak ikusten ditugu. Horiek dira distiratsuak guretzat, beste hainbat gauzaren artean, gugandik oso gertu baitaude. Hain justu, komunikabideek gerturatzen dizkigute egunero. Baina ikerlariak ez. Nik dakidala, Euskadi Irratiko Faktoria saioan bakarrik egin diote elkarrizketa bat Mikel Artetxeri. Bejondeizuela, benetan! Noiz ikusi behar ditugu horrelako pertsonak albistegietan? Noiz gure egunkarietako leku garrantzitsuetan? Hainbeste argi igortzen duten ikerlariak gizartera gerturatu behar ditugu, haien distira ikus dadin. Gizarteak uler dezan zeinen garrantzitsua den haiek egiten duten lana. Zientzia eta teknologia dira aurrerapenaren motorrak. Ez ditzagun motor hori martxan mantentzen dutenak urruntasunera kondenatu.]]>
<![CDATA[Berri faltsuak direla eta]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1951/014/001/2017-11-19/berri_faltsuak_direla_eta.htm Sun, 19 Nov 2017 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1951/014/001/2017-11-19/berri_faltsuak_direla_eta.htm
Azterketa arin bat eginda, nire ustez, bi motatako berri faltsuak bereiz daitezke: nahita sortutakoak eta ezjakintasunaren ondorioz plazaratutakoak. Lehenengoen inguruan ezer gutxi esango dut nik. Norberak jakingo du zergatik nahi dituen berri faltsuak argitaratu. Gaurko zutabean bigarrenei buruz hitz egin nahiko nuke. Eta hasteko, orain dela gutxi azaldu den berri faltsu bati helduko diot.

Entzun al duzue Facebook-ek «itzali» behar izan zituen bot adimentsuen istorioa? Bueno, nik neuk kontatuko dizuet bada. Berrien arabera, Facebook enpresaren adimen artifizialeko sailak bot batzuk itzali behar izan zituen, berauen hizkuntza propioa ari baitziren garatzen. Zer da bot bat? Ordenagailu-programa adimentsu bat da, bere kasa erabaki batzuk hartzeko gai dena egoeraren arabera. Twitter botez josita dago, nahiz eta oso sinpleak diren. Facebook erabiltzen ari zen bot horiek, ordea, nonbait, ez ziren hain inozoak. Berrien arabera, elkarrekin hizketan jarri eta hizkuntza berri bat sortzen hasi ziren, gizakiok ulertu ezin genuen hizkuntza bat. Facebookeko ikerlariek hori ikusi zutenean, beldurtuta edo, bot-ak itzali omen zituzten.

Noski, berria horrela kontatuz gero, neuk ere onartu behar dut nahiko beldurgarria dela. Baina errealitatea ez da berriak kontatu bezala. Azken batean, Facebook negoziatzeko gai diren botak garatzeko ikertzen dabil. Beraien helburua, egunen batean bot horiek gizakiekin negoziatzen jartzea da, hainbat esparru ezberdinetan. Horretarako, bot horiek gure hizkuntza bera hitz egin beharko lukete (kasu honetan, ingelesa). Benetan gertatu zena, asko laburbilduz, honako hau da: ikasteko gai diren bi bot elkarrekin negoziatzen jartzean, beraien hizkuntza (ingelesa hasieran), aldatzen joaten ziren. Esan genezake ingelesaren bertsio endekatu bat sortzen hasi zirela, hizkiak janez, askotan batera erabiltzen diren bi hitz elkartuz, eta abar. Gizakiok egiten dugunaren antzera, azken batean. Dena dela, hizkuntza endekatu hori bi bot horiek bakarrik uler zezaketen. Beste bot bat jarriz gero, hark ere ezingo luke ulertu. Eta noski, Facebookeko ikerlariak ohartu ziren horrelako bot batek ez duela ezertarako balio, ez baita gai izango inorekin komunikatzeko. Beraz, boten ikasketa prozesua eten zuten. Hori da dena.

Berri faltsu hori zientziaren inguruan dugun ezjakintasunaren adibide bikaina da. Ez dago intentzio txarrik, ezjakintasuna baizik. Lehen berria idatzi zuenak ez zuen ongi ulertu benetan gertatu zena, nahiz eta Facebookek bere blog batean argi eta garbi azaldu zuen. Noski, argi eta garbi gai horiek ezagutzen ditugunontzat. Nire ustez, era horretako berriek erakusten digute zeinen garrantzitsua den zientzia-formakuntza duten kazetarien presentzia komunikabideetan. Gure egunerokoan zientziak eta teknologiak geroz eta garrantzi handiagoa dute. Ongi informatuta egon beharko genuke, erabaki egokiak hartu ahal izateko. Eta horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko berriak eskuragarri eta ulergarri izatea.]]>
<![CDATA['Zertarako' ez da garrantzitsuena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1947/021/001/2017-10-22/zertarako_ez_da_garrantzitsuena.htm Sun, 22 Oct 2017 00:00:00 +0200 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/1947/021/001/2017-10-22/zertarako_ez_da_garrantzitsuena.htm
Nire ikerketa esparrua adimen artifizialean kokatzen da. Konkretuki, hainbat eratako sentsoreak erabiliz, makinek gizakien portaera uler dezaten lan egiten dut. Zertarako, ordea? Ummm... nire beste helburuetako bat da zuei azaltzea galdera horrek zientzialariongan sortzen duen deserosotasunaren zergatia. Zientzian «zertarako» ez baita galdera garrantzitsu bat. Gure helburua ezagutza berria sortzea da, aplikazioak alde batera utziz. Axola zaizkigun galderak «zergatik» eta «nola» izan ohi dira, ez «zertarako». Gure ikerkuntzen ondorioz aplikazio onuragarri bat sortzen dela? Bikain, noski, baina ez da hori gure helburua. Agian, pentsatuko duzu hori ez dela batere praktikoa. Ez al da hobeto dirua eta esfortzua arazo «errealak» konpontzeko erabiltzea? Historiak erakutsi digu ezetz. Iraultza teknologikorik handienak, gure egunerokoa aldatu eta hobetu dutenak, oinarrizko zientziaren ondorio izan dira. Bai, «zergatik» eta «nola» erantzutea lortu duten ikerketen ondorio. Adibideak nahi?

Pentsa ezazue GPSan, gaur egun gure sakelakoetan dugun lokalizazio sistema. Zeinen erraza den orain edozein lekutara bidaiatzea, ezta? Bada Einsteinek XX. mende hasieran ez balu erlatibitate orokorraren teoria landu izan, orain ez genuke GPSrik izango. Akaso Einsteinek teoria hura GPSak egiteko landu al zuen? Ez. Horrelakorik ez zitzaion pasatu burutik. Haren motibazioa askoz oinarrizkoagoa izan zen: garai hartako teoria fisiko batzuk ez ziren koherenteak. Puzzle hartan piezak falta ziren. Eta oinarrizko ikerkuntza horretan sortu zen ezagutza berriak, ia 50 urte beranduago, GPSa egiteko behar genituen osagaiak ekarri zizkigun. Horrelako beste adibide pilo bat eman diezazueket. Gaur egungo medikuntzan izandako aurrerapen handien atzean, XX. mendeko fisika kuantikoa dago, esaterako: erresonantzia magnetikoak, laser bidezko kirurgia...

Adimen artifizialaren mundua aplikazio-esparrutik askoz gertuago dago aipatu ditudan beste adibideak baino. Hala ere, oinarrizko ikerkuntza zeharo garrantzitsua da. Gaur egun, Google, Facebook eta antzeko enpresa erraldoiek diru pilo bat gastatzen dute oinarrizko ikerketa horietan, bai baitakite horrek onura handiak ekarriko dizkiela. Hemen, saiatuko naiz lan horien berri zuei ematen. Ahalik eta arinen, zuen kuriositatea asetzeko asmoz. Gaurkoz nahiko idatzi dut. Gaurkoz, «zertarako» galderari eman diot nire lehen kolpea. Etorriko dira gehiago...]]>
<![CDATA[Fusioa vs fisioa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3793/027/001/2005-03-09/fusioa_vs_fisioa.htm Wed, 09 Mar 2005 00:00:00 +0100 GORKA AZKUNE https://www.berria.eus/paperekoa/3793/027/001/2005-03-09/fusioa_vs_fisioa.htm
Bestalde, jakina da zentral nuklearrek hondakin erradioaktiboak sortzen dituztela, eta horregatik topa daitezke, besteak beste, zentral horien aurka dauden hainbeste erakunde. Halaxe da, zentral nuklearretan erregaitzat erabiltzen den U-238aren fisioan plutonioa sortzen da, eta elementu hori erradioaktiboa da. Fisio erreakzio horiek ez dira «garbiak», hondakinak uzten dituzte. Alderdi horretatik begiratuz, fusioak energia garbia emango liguke. Fusio erreakzio egokienetan, elementu kaltegabeak sortzen dira, helioa edo deuterioa adibidez. Ez dago, beraz, inongo hondakinen beldur zertan izan. Dena fusioaren alde dagoela badirudi ere, bada orain arte fusiozko zentral nuklearrik egiten utzi ez duen faktore zeharo garrantzitsu bat. Bi nukleo fusionatzeko, elkarren aurka jaurti behar ditugu talka egin eta indar bortitzen bitartez itsatsita geldi daitezen. Baina nukleoak p+-z osatuak daude, hots, karga elektriko positiboa dute. Ondorioz, bi nukleok elkar aldaratuko dute. Aldarapen-indar horiek gainditzeko, nukleoek energia zinetiko handiak behar dituzte. Demagun erregaia biltzen dugula fusioaren bidez energia lortzeko. Partikula-sistema honek 109 kelvineko tenperaturan egon beharko luke bertako nukleoek nahiko energia zinetiko izan dezaten fusioa lortzeko. Horrelako tenperaturak gure Eguzkiaren zentroan ere ez daude. Fisiozko lehergailu batek ere ez luke inondik ere horrelakorik lortuko. Beraz, galdera argi dago: nola demontre lor daiteke fusio batek behar duen energia-piloa? (...) Posible al da fusiozko zentral nuklearrak eraikitzea? ITER zentralaren eraikuntzan igo beharreko aldatzik gogorrena, inolako zalantzarik gabe, orain arte azaldu duguna da. Arazoa honela plantea daiteke: fusiorako erregaiak tenperatura, dentsitate eta presio oso altuetan egon behar du fusioa hasteko. Arazo hori lehergailu nuklearrekin gainditu bazen ere , zentral nuklearretan hori ez da nahikoa.Lehergailu batean ez bezala, tenperatura horiek nahiko denboran eta zati nahiko handian mantendu behar dira, lorturiko fusio kopuruek askaturiko energia guk aipaturiko baldintzak ezarri eta mantendu ahal izateko erabili dugun energia baino gehiago izan dadin. Hots, prozesu osoaren balantze energetiko positiboa lortu nahi da, baina modu kontrolatu eta iraunkor batean. Hori gaurdaino ez da posible izan. Buruhauste hori konpontzeko, bi metodo daude: batetik, konfinamendu inertziala deritzona eta, bestetik, konfinamendu magnetikoa. ITEReko zientzialariek bigarren metodoaren alde egin dute. Horrek bi arazo gainditzen ditu: bat, erregaia fusio-tenperaturara eramateaz gain, fusioak denboran zehar konstanteak eta kontrolatuak izan daitezen baldintzak sortzen dira; eta bi, erregai guztia leku batean itxita izateko aukera legoke. -Gorka Azkune ]]>