<![CDATA[Gorka Salces Alcalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Wed, 22 Mar 2023 05:14:45 +0100 hourly 1 <![CDATA[Gorka Salces Alcalde | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Irakasleei deia: altxa burua]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2229/017/002/2020-11-04/irakasleei_deia_altxa_burua.htm Wed, 04 Nov 2020 00:00:00 +0100 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/2229/017/002/2020-11-04/irakasleei_deia_altxa_burua.htm
Eskola telematikoak ezartzea beste erremediorik izan ez dugunean, ez dut sumatu kritika-giro orokorrik gure pribatutasuna kolokan jartzen duten kameren erabilerari buruz, ezta kamera horiek hezkuntza sistema feudalismo neoliberalean barneratu eta enpresa pribatuen merkatu beharretara makurrarazi nahi duten multinazionalen aplikazioen parte izateari buruz. Googlek badu plan bat, eta gure lan-baldintzak izango dira kaltetuak.

Ez du ematen gizartea gutaz errukituko denik. Batetik, prekarizazio orokorrak (paradoxikoki) ez duelako elkartasun intersektoriala indartu. Nork bere arazoekin nahikoa du. Bestetik (eta hau iruditzen zait kezkagarriena), ez garelako gai izan gure lanbidea duintzeaz arduratu beharko liratekeen kargudun politikoek gure jardunari buruz jaurtitako irainei modu efektiboan erantzuteko. Ez gara gai izan okindegiko ilaran komunikatzeko zein izan diren gure kontura egindako sakrifizioak, ezta sare publikoko zentro askok dituzten gabezia estruktural arriskutsuak ere.

Arduradun politikoek badakite gutako gehienek bokazioz hautatu dugula lanbide hau, eta ahotsa altxatzen dugun aldiro xantaia emozionala egiten digute. Akidura, antsietatea, irakasle izatearen harrotasunaren une antiklimatikoa sumatzen dut klaustroetan. Badugu lan mardula, bai, baina egoera ez dugu kexuka zuzenduko. Hezkuntza-komunitatea saretzea dagokigu, lan-kolektibo gisa gure interesak defendatzea, ikuspegi orokorra galdu gabe baina tokian tokiko beharrizan konkretuei erantzungo dion antolakuntza autonomoa iparrorratz. Sindikatuek lagun diezagukete (lagunduko digute), baina ezin dute magiarik egin: guk geuk eragin behar dugu aldaketa. Txikitik.

Berreskura dezagun gure talde-pertenentzia. Geroago berandu izango da.]]>
<![CDATA[Mozketak egingo dituzten argitzeko eskatu die Muñozek alderdiei]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1484/018/001/2012-09-07/mozketak_egingo_dituzten_argitzeko_eskatu_die_muozek_alderdiei.htm Fri, 07 Sep 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1484/018/001/2012-09-07/mozketak_egingo_dituzten_argitzeko_eskatu_die_muozek_alderdiei.htm
Ainhoa Etxaidek uste du greba orokorrak «alternatiba zabaltzeko» balioko duela]]>

Muñozek uste du Espainiako azken bi gobernuek gizarte eta lan arloetan hartutako neurriak «estatu kolpe antisozial bat» direla. Ildo berean, Espainiako konstituzioaren erreformak, Aurrekontuak Orekatzeko legeak, «zor pribatua zor publiko bihurtzeak» eta hainbat lege onartu izanak helburu bat dutela adierazi du ELAko idazkari nagusiak: «Administrazio publikoen zeregina aldatu nahi dute, ahulei babesa kendu eta banku zein espekulatzaileei dena emateko». Neurri horiek hartuta ere, klase politikoaren gehiengoa «ergela» dela ukatu du Muñozek. «Ez, erosita daude, botere ekonomikoaren soldatapean». Horrez gain, egungo egoera «gizarte larrialdi» gisa definitu du, eta gogorarazi du abiarazitako politikek «langabezia eta pobrezia» sortzen dutela. «Horren aurka, gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu, ez gaitzaten gizarte bazterketara kondenatu».

Muñozek adierazi du grebaren bitartez sindikatu eta gizarte eragileek «duintasun pertsonala eta kolektiboa» aldarrikatu gura dutela. «Ez dugu nahi gure esparru soziala basamortu bihurtzerik».

«Alarma egoeran»

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek greba orokorrera deitzeko arrazoi nagusi bat eman du: «Herritarren eskubideak inoiz ez bezala murrizten zituzten erabakiak hartu zituzten; erabaki horiek inposatu nahi dizkigute, eta ez ditugu onartzen». Etxaidek ohartarazi du «indar guztia» jarriko dutela Espainiako Gobernuak martxan jarritako neurriak Euskal Herrian ezar ez daitezen. Haren aburuz, hastear den ikasturtea oso garrantzitsua izango da. Izan ere, uste du datozen hileetan «jokoan» egongo dela hurrengo hamarkadetan indarrean egongo den gizarte eredua: «Neurriak ez dira egoeraren araberakoak, egiturazkoak baizik».

Hala, Etxaidek nabarmendu du euskal langileak «alarma egoeran» daudela, eta gaineratu du «behar-beharrezkoa» dela egoera horri buelta ematea. «Gobernuak politika guztiz aldatzera behartzen baditugu bakarrik gertatuko da hori». Xede hori lortu ahal izateko, garrantzi handia eman dio greba «ahalik eta modu bateratuenean» deitzeari. Horrez gain, ukatu egin du egoera «hauteskunde batzuekin bakarrik» konponduko dela, euskal alderdiei zeharkako erreferentzia eginez. Gizartea mobilizatuz politikak alda daitezkeela aldarrikatu du Etxaidek, eta «politika bideragarri bakarrak» murrizketak direla gezurtatu. «Jendea miseriara kondenatzea hautu politiko bat da».

Etxaidek oso larritzat jo du «galerak sozializatzea eta bankuei, berriz, irabaziak pribatizatzen uztea». Hala, finantza erreformaren bitartez «espekulazioarekin sortutako zabor guztia diru publikoarekin» erostea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Horren aurka, irailaren 26ko greba orokorrak «alternatiba zabaltzeko» balioko duela adierazi du.]]>
<![CDATA[Oporren amaierari aurre egiteko, jaia eta algara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1521/037/001/2012-09-06/oporren_amaierari_aurre_egiteko_jaia_eta_algara.htm Thu, 06 Sep 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1521/037/001/2012-09-06/oporren_amaierari_aurre_egiteko_jaia_eta_algara.htm
Hasteko, bihar 19:00etan egingo den jaietako desfileak giroa berotuko du, Juan Bautista Uriarte kalean. 19:30ean, berriz, herritarrak Kurtzeko plazan bilduko dira, pregoia entzuteko. Aurten, Galdakao Bizirik elkarteak irakurriko du jaiak hasteko adierazpena: memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanari esker lortu dute pregoilariak izateko ohorea. Horren ostean, txupinazoaren barrunbak argi utziko die herritar guztiei festa hasi dela. Bitartean, Kurtzea frontoian pilota partidak izango dira ikusgai. Alde batetik, 19:30ean Mozoilo eskupilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira, eta, bestetik, 20:30ean paleta partida izango da. Frontoitik irten barik, 22:00etan triziklo lasterketa egingo dute, Zizpa gazte elkarteak antolatuta. Egunari amaiera emateko, musikak hartuko du Galdakao: Midnight Road eta Los Zopilotes Txirriaos taldeek kontzertua emango dute 23:00etan, Ardanza Lehendakariaren parkean, eta Ciclon orkestrak Kurtzeko plazan giroa alaituko du, 23:30ean.

Mota guztietako kirolak

Larunbateko egitarauan mota guztietako kirolek euren lekua aldarrikatuko dute. Bazkalostean, Elorritxuetako malda oina lurrean jarri barik igotzen saiatuko dira IX. mendiko bizikletako herri lasterketan parte hartuko duten lagunak, eta gaztetxoek ere bizikleta hartzeko aukera izango dute, Arantzelairaino joango den herri martxan.

Horretaz gain, halterofiliarekin lotutako hainbat ekintza izango dira. Hala, 15:30ean gazteek Hiru Jauzian parte hartu ahal izango dute; 16:30ean Banka Press-ean aritzeko aukera egongo da kuadrillentzat, eta 18:00etan sasoi beteko kirolariak aurrez aurre ariko dira halterofilia txapelketan. Areto futbolari dagokionez, Urreta kiroldegian hiru talderen arteko txapelketak egingo dira: emakumeen arteko norgehiagokak 16:00etatik aurrera jokatuko dira; gizonezko seniorren artekoak, ostera, 18:00etan. Halaber, Kurtzea frontoian emakumezkoen goma paletako partida eta umetxo, ume zein gaztetxoen eskupilota txapelketak egingo dira. Hortaz aparte, tiragoma zein mus txapelketek eta zaku zein ohe lasterketek olinpiarrak ez diren kirolen presentzia bermatuko dute. Gastronomiak ere izango du lekua, goizean gozoki frijituen txapelketak egingo baitira. 19:00etan, berriz, sardina janak hartuko ditu Muguruko landak.

Haur eta gazteentzako ekintzarik ez da faltako, haur parkea, beldurrezko mozorro tailerra eta bide jokoak eskura izango baitituzte. Kaleko ekintzen artean, antzerkia, animazioa eta kalejira nabarmentzekoak dira. Musikari dagokionez, Kauce, Iheskide eta Itziarren Semeak taldeek kontzertua emango dute 23:00etan, eta, ordu erdi geroago, Mariatxiak ikusgai izango dira Kurtzeko plazan.]]>
<![CDATA[Helduen euskalduntzea aintzat hartzeko eskatu die AEK-k erakunde publikoei]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1520/013/001/2012-09-05/helduen_euskalduntzea_aintzat_hartzeko_eskatu_die_aek_k_erakunde_publikoei.htm Wed, 05 Sep 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1520/013/001/2012-09-05/helduen_euskalduntzea_aintzat_hartzeko_eskatu_die_aek_k_erakunde_publikoei.htm
Bada, atzo goizean, AEK-k hastear den ikasturtearen matrikulazio kanpainia aurkezten zuen bitartean, Jaurlaritzak euskaltegi pribatuei emandako dirulaguntzak %4,9 murriztea adostu zuen: joan den urtean 20,7 milioi euroko laguntza jaso zuten, eta 2012-13ko ikasturtean laguntzak 19,7 milioirenak izango dira. Gainera, ikastaro mota gehienei eragingo diete murrizketek. Izan ere, ohiko eskoletarako 600.000 euro gutxiago jasoko dituzte euskaltegi pribatu homologatuek, eta funtzionarioen ikasturte osoko euskalduntze eskolentzako aurrekontua 200.000 euro murriztuko da. Barnetegietan egiten diren egonaldiek, berriz, 690.000 diru laguntza lortu zuten 2011-12ko ikasturtean, eta aurten 620.000 euro jasoko dituzte, 70.000 gutxiago.

Nork bere kabuz ikasteko ahaleginak izango dira finantzaketa maila mantenduko duten bakarrak; iaz legez 1,1 milioi euro bideratuko ditu Gasteizko gobernuak jarduera horietarako. Hala ere, Jaurlaritzako Kultura Sailak plazaratutako oharraren arabera, diruz lagundutako ikastaro mota «guztietan», finantzaketa publikoa «jardueraren aurrekontu osoaren»%70 izango da.

«Eskaintza oparoa»

Diru laguntzen inguruko balorazioa egiteaz gain, 2012-13ko ikasturtean AEK-k izango duen ikastaro «eskaintza oparoa» aurkeztu du Mugikak. Hasteko, euskaltegiko ohiko eskolen inguruko xehetasunak eman ditu. Koordinatzaile nagusiaren esanetan, ikasleek «erraz» aurkituko dute euskara ikasteko «behar duten giroa, metodologia eta laguntza» AEK-n. Horrez gain, ikasleek maila guztietan on line ikastaroak egiteko aukera izango dutela jakinarazi du. «Nahi den leku eta orduetan ikasteko aukera ematen dugu». Halaber, Foruko barnetegian (Bizkaia) urritik ekainera ikastaroetan izena emateko parada izango dute ikasleek. Mintzapraktika taldeak ere antolatuko dituztela jakinarazi du Mugikak.

Bestalde, enpresa, administrazio eta erakundeentzako euskara normalizazio planen berri eman du. «Aholkularitzan, metodologia parte hartzailean eta etengabeko hobekuntzan oinarritzen gara hizkuntzaren erabilera areagotzeko». Horrez gain, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara «mota guztietako testuak» itzultzeko zerbitzua abiatu du AEK-k, koordinatzaile nagusiak azaldu duenez.

Hastear den ikasturterako matrikulazio kanpainiaren leloa Euskara bizia da, eta Ana Castro Barakaldoko irakaslea da haren protagonista nagusia. Castrok berak azaldu du leloaren esanahaia: «Euskararen ezagutza eguneroko bizitzarekin lotzea nahi dugu». Azkenik, 2011-12ko ikasturtean AEK-ko ikasle izandakoek Euskara bizipoz lehiaketan parte hartzeko aukera dutela gogora ekarri dute. Euskara ikastearekin lotutako bizipen bat hautatu beharko dute ikasleek, eta hori irudikatzen duen argazkia eta testua bidali beharko dute AEK-ko webgunera. Sari gisa, hiru irabazleek ez dute aurtengo matrikula ordainduko.]]>
<![CDATA[Festak beste zortzi egunez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1484/035/001/2012-09-02/festak_beste_zortzi_egunez.htm Sun, 02 Sep 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1484/035/001/2012-09-02/festak_beste_zortzi_egunez.htm
Bart parranda egin ez zutenentzat, goiz jaikitzea eta abere eta nekazaritza azokako saltokietatik buelta bat ematea izan daiteke jai eguna hasteko modua. Baserrietan ekoitzitako produktu osasuntsuak izango dira sal-gai 10:00etatik aurrera ferian. Horrez gain, musikaz gozatze- ko abagunea ere izango dute elorriarrek zein bisitariek bazka- lorduaren aurretik: Elorrioko txistulariek antolatuta, kale- jiraren doinuek herriko erdi-gunea girotuko dute goizean, eta, bidez batez, atzo gautxori izandako lagunak umoretsu es-na daitezen lagungarri izango dira.

Arratsaldera arte ez da beste ekitaldirik izango. Modu horretan, batzuek bazkalostea lasai luzatu ahal izango dute, eta besteek siesta egiteko aprobetxatuko dute ekintza guztiak ikusteko aukera galdu gabe. Hala ere, 18:00etatik aurrera elorriarrek jaietako martxa berreskuratuko dute, denbora tarte luze batez atseden hartu ondoren. Ordu horretan, Hilario Azkarate kiroldegiko pilotalekuan dozenaka lagun biltzea espero da, Berrio-Otxoa pilota eskolak afizionatuen pilota partidak antolatu baititu.

Airean jiraka

Ikuskizun berritzaileagoak nahiago dituztenek 19:00etan plazara joan besterik ez dute egin beharko aho bete hortz gelditzeko. Izan ere, Txinako Chongqing hiriko akrobazia konpainiako kideek ezinezkoa posible bihurtuko dute salto eta bira txundigarrien bitartez. 20:00etan, Los Txikis musika talde ospetsuak habanera eta bilbainaden emanaldia egingo du Aldatslekuan.

Afalostean, berriz, zezensuzkoak hartuko du plaza. Atzo ez bezala, ekitaldi klasiko horren zaleek ez dute gauerdira arte itxaron behar izango, gaur 22:30ean ikusiko baitituzte kartoizko zezenen adarretatik irtengo diren txinpartak. Eguna amaitzeko, Orquesta Espectaculo Jamaica musika taldeak kontzertua emango du 23:30ean plazan. Dantza egin nahi dutenek logura uxatzeko aitzakia hoberik ez dute aurkituko.]]>
<![CDATA[Leher egin du algarak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1484/035/001/2012-09-01/leher_egin_du_algarak.htm Sat, 01 Sep 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1484/035/001/2012-09-01/leher_egin_du_algarak.htm
Atzo, Ferixen atariko egunak dibertitzeko abagunea eskaini zien adin eta mota guztietako festazaleei. Hasteko, egun osoan elizako arkupean bisitatu ahal izan zen Aukeren Azokak erosketak prezio onean egiteko parada eman zion ehunka laguni. Arratsaldean, Berri-Otxoa pilotazale taldeak antolatutako pilota partidek frontoia bete zuten, eta 21:00etan, Oihan Vegak Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz? ikuskizuna eskaini zuen Arriola ateneoan. Bukatzeko, 23:00etan, Namek Planet eta Gorantz Erori Proiektua taldeen kontzertua izan zen, txosnagunean.

Gaur, berriz, goizetik izango dute elorriarrek jaietako ekitaldietan parte hartzeko aukera. 11:30ean, ume eta gazteentzako jolas parkeak irekiko dituzte frontoian, Urarka kalean eta Kanpokalen. Euria egingo balu, Hilario Azkarate kiroldegiko frontoira mugituko lituzkete parkeak, baina, modu batera zein bestera, herriko txikienak 17:00 arte ibili ahal izango dira puzgarri eta jokoen artean. Seguruenik, lagunartean lasterka eta saltoka ordu luzeak eman ostean freskatzeko gogoa izango dute ume eta gaztetxoek. Bada, 19:00etan frontoian egingo den apar jaiak helburu hori betetzeko parada ezin hobea emango die. 19:15ean, ostera, Ordiziako buruhandi eta erraldoien dantzek plaza kolorez beteko dute.

Txupinazoaren garaia

Jaiak atzo hasi arren, elorriarrek gaurko 20:00 arte itxaron beharko dute txupinazoa eta pregoia entzuteko. Aurten, Elorrioko Kirol Taldeko partaideek edukiko dute ekitaldiko protagonistak izateko ohorea. Horrez gain, Sugarri txarangaren musikak txupinazoa ikustera joango diren lagunak alaituko ditu. 23:00etan, plaza danborradaren barrunbaz beteko da, eta gaztetxean, The Last Strength eta Bellator taldeek kontzertua emango dute. 00:20ean, berriz, zezensuzkoen txinpartek korrika egitera behartuko ditu gazte eta ez hain gazteak. Amaitzeko, 00:30ean, Tony Ronald abeslariak eta Fiesta Guateque taldeak 1960,1970 eta 1980ko hamarkadetako doinu ezagunak gogora ekarriko dituzte Urarka kalean emango duten kontzertuan.]]>
<![CDATA[Osasun arloko murrizketen aurka mobilizatuko dira hainbat eragile]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1487/011/001/2012-08-31/osasun_arloko_murrizketen_aurka_mobilizatuko_dira_hainbat_eragile.htm Fri, 31 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1487/011/001/2012-08-31/osasun_arloko_murrizketen_aurka_mobilizatuko_dira_hainbat_eragile.htm
Eragile horien iritziz, neurriak «gizarte eredu baztertzaile bat» jartzen du martxan; hortaz, herritar guztiak mobilizatzera deitu ditu. Izan ere, Harresiak Apurtuz elkarteko bozeramaile Martin Iriberrik adierazi duenez, «gizarte osoari» eragiten dio dekretuaren aplikazioak: «Baliteke egoera arautuan dauden bertako pertsona eta etorkin asko osasun estaldura zabal batetik kanpo geratzea, egoera laboral eta pertsonalaren arabera. Ez gaitzatela engaina».

Espainiako Kongresuak joan den maiatzaren 17an onartu zuen dekretua, PPren eta UPNren aldeko botoarekin. Horren ostean, Ministro Kontseiluak berretsi zuen, hilaren 3an. Bihartik aurrera indarrean egongo den araudiaren arabera, osasun txartela galduko dute paperik gabeko adin nagusiko etorkinek. Hortaz, ez dituzte dohainik artatuko estatuko ospitale publikoetan, larrialdietan eta erditzera doazen emakumeen kasuan izan ezik.

SOS Arrazakeriako eledun Elena Bezanillaren hitzetan, dekretuaren onarpenak «Espainiako Konstituzioak berak emandako bermeekiko kontraesan bat» sortuko du. Horrez gain, dekretuak estatuan bizitzeko baimena ez duten etorkinei prebentziorako medikuntza «mugatzen» diela esan du. «Horren ondorioz, gaixotasun larriak edo kronikoak dauzkaten pertsonen osasuna okertu egingo da, eta laguntza emango dietenerako beranduegi izan daiteke». Bezanillak ohartarazi duenez, pertsona horiek garaiz ez artatzeak «ospitaleratze gehiago egotea» ekarriko du, eta horrek «kostu handiagoak» edukiko ditu osasun publikoarentzat.

Bestalde, Iruñean ere osasun publikoaren alde mobilizatzera deitu dute zenbait eragilek: elkarretaratzea egingo dute Vianako Printzearen ospitalearen arreta zentroan, 12:00etan. Andrea elkartekoek «osasun arreta integrala» aldarrikatu dute, etorkinei osasun txartela kentzearen aurka agertzeaz gain.

Tirabirak Jaurlaritzarekin

Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean iragarri zuenez, osasun txartela eskuratzeko urtebetez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egon izana eskatuko die etorkinei. Horren harira, «oso kezkatuta» agertu dira eragileak, osasun arreta jasotzeko «beste baldintza bat» ezarriko dielakoan. «Pertsona guztien osasun eskubidea defendatzeko» eskatu diote Jaurlaritzari, «haien egoera administratiboa edozein dela ere».

Ildo berean, neurri horren bitartez Jaurlaritzak osasun arreta «mugatzen» duela kritikatu du Ezker Anitzak: «Krisi garaia da osasun estaldura murrizteko unerik okerrena, eta Jaurlaritzak hartutako erabakiak etorkinak baztertzen ditu». Ondorioz, Bilboko elkarretaratzearekin bat egin du alderdiak. UPDk ere atxikimendua adierazi dio mobilizazioari, Espainiako Gobernuak onartutako dekretua «bidegabea» delakoan. Gorka Maneiro lehendakarigaiaren iritziz, neurria «krudela» da, eta larrialdi zerbitzuek «gainezka egitea» eragingo du.]]>
<![CDATA[Txikienak, handienen esperoan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/4784/038/001/2012-08-25/txikienak_handienen_esperoan.htm Sat, 25 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/4784/038/001/2012-08-25/txikienak_handienen_esperoan.htm
Erraldoien historia azaltzen duen erakusketa irailaren 30 arte egongo da ikusgai]]>

«Pitxitxi irten dadila!»

Minutuak pasatu ahala, umeen urduritasuna nabarmenagoa zen. «Ea, Pitxitxi irten dadila behingoz!», zioen 5 urteko mutiko batek. Haren alboan, beste bat aitaren mahukatik tiraka zebilen. «Aita, sar gaitezke?». Handik gertu, neskatxa bat isilik eta adi zegoen, eta don Terentzio garraiatzen zuten konpartsakideak agertu orduko, abisua eman zion amari, zeina ondoan irribarrezka zegoen: «Begiratu, badator bat!».

Gutxika, konpartsako kideek irudiak museoaren kanpoaldean kokatu zituzten. Mutil batek ez zion begirik kentzen Zumalakarregi jeneralaren figurari, eta irakaspen bat eman nahi izan zien lagunei. «Hor dagoen hori Alfonso XIII.a da». Zeharo erratu zen etorkizuneko irakaslea, baina historiarekiko jakin-mina duela erakutsi zuen, bederen.

Artean, bederatzi buruhandien maskarek lurrean jarraitzen zuten, eta Italiatik etorritako Lorenzo txikiak ukitzeari ekin zion. Gurasoek harrituta begiratzen zioten. Berehala buelta eman zuen, Isabel II.a seinalatuz. «É la più alta. É altissima!» (altuena da; oso garaia da!). Bi euskal baserritarrek ere atentzioa eman zioten: «Guarda, sono altri due qui» (ikusi, hemen beste bi daude). Izan ere, milaka dira udan Bizkaiko hiriburua bisitatzen duten turista atzerritarrak, eta atzo horietako hainbat ikus zitezkeen erraldoi eta buruhandien kalejiran, argazki kamera eskuan, begiak zabal-zabalik.

Zazpikaleetan barrena

Une horretan, buruhandiak umeak maskuriekin jotzen hasi ziren. Txikiei emandako kolpeak ez ziren oso gogorrak izan, baina konpartsakideen artean ez zuten erruki handirik izan. «Kontuz ibil zaitez, apurtuko duzu eta», esan zion barrezka haietako batek astindua eman zion lagunari. «Ez litzateke lehen aldia izango», gaineratu zuen, umoretsu, ondoan zegoen beste kide batek.

Dena den, ama bat ez zegoen oso konforme buruhandien jokabidearekin, eta aspaldiko garaiak ekarri zituen gogora. «Hauek gu txikiak ginenekoak baino askoz hobeto portatzen dira. Horiek oso gogor astintzen gintuzten, eta nola egiten zuten korrika!»

Erraldoiak prest egon bezain laster, txistulari eta gaiteroen doinuak lau haizeetara zabaldu ziren, eta pertsonaiek lehen dantzaldia eskaini zieten ikusleei. Bukatzean, konpartsako kideek panpinak lurrean utzi zituzten, txaloen artean. Hortik aurrera, Zazpikaleetan barrena dantzatzen jarraitu zuten, ibilbidea osatu arte.

Ohi dutenez, erraldoi bakoitza bi dantzarik eraman zuten, irudiak sorbalden gainean eramateak eskatzen duen ahalegina partekatuz. Konpartsakide batek dantza egiten zuen bitartean, besteak merezitako atsede- na hartzen zuen, kalejirari gertutik jarraituta. 13:30 aldera buka-tu zuten ekitaldia, eta irudiak Euskal Museoan gorde zituz- ten.

Bilboko erraldoien konpartsa 24 pertsonaiaz osatuta egon arren, aurtengo Aste Nagusian zortzi berrienek baino ez dute eguneroko kalejiretan parte hartu. Horien artean, sei Jose Ignacio Urbietak egin zituen, 1988an. Euskal baserritarren bikoteaz gain, don Terentzio eta doña Tomasa dira talde horren parte, Bilboko burgesak irudikatzen dituztenak. Halaber, Zumalakarregi jeneral karlista eta Isabel II.a Espainiako erregina liberalaren pertsonaiak sortu zituen Urbietak. Irudi horiez aparte, Pitxitxi Athleticeko jokalari izandakoaren eta haren emazte Linaren panpinak atera dituzte egunotan kalera: 1998an eraiki zituzten, klubaren lehen mendeurrena ospatzeko.

Zortzi personaia horiek eta aurretik sortutako beste hamalauak Bilboko Euskal Museoan gordetzen dira. Izan ere, irailaren 30era bitarte hiriko erraldoi eta buruhandien historia aztertzen duen erakusketa bat izango da ikusgai Unamuno plazan dagoen kulturgunean. Gaur egun kontserbatzen diren erraldoi eta buruhandiez gain, irudikapenek XVII. mendetik izandako bilakaera azaltzen duten panelek, argazki historikoek eta miniaturek osatzen dute erakusketa.

Bestalde, bihar oso egun berezia izango dute erraldoi eta buruhandiek, Areatzan egingo den erraldoien bilkuran parte hartuko baitute. Bilboko udal konpartsaz gain, Ondalan (Deustua, Bilbo), Bermiotarrak (Bermeo, Bizkaia), Irrintzi (Donostia) eta Sukila (Kanbo, Lapurdi) konpartsek eta Elizondo zein Zangozakoek (Nafarroa) kalea kolorez beteko dute, 12:30etik aurrera.]]>
<![CDATA[«Pregoilari kapela janztea superheroi antzeko bat izatea da»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-25/pregoilari_kapela_janztea_superheroi_antzeko_bat_izatea_da.htm Sat, 25 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-25/pregoilari_kapela_janztea_superheroi_antzeko_bat_izatea_da.htm
Hala ere, azkenean, onartu egin zuen pregoilari izatea, eta aitortu du jaietan bizitako esperientziak «minak gainditzen» lagundu ziola. Behin erantzukizuna hartuta, pregoiaren testua prestatzeko garaia iritsi zitzaion idazleari. Horretarako, Gabriel Arestiren Egun da Santimamiña poema hartu zuen oinarritzat. «Pentsatu nuen: 'idazle izateagatik eman didate saria; ba, jende guztiak parte hartzeko moduko pregoi bat egingo dut, eta, gainera, idazle tankerakoa'. Horregatik inspiratu nintzen Arestiren kopletan». Pregoian, orduan bolo-bolo zebiltzan gaiak jorratu zituen. Hala, bakearen eta bizikidetzaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu zuen, eta Kukutza gaztetxea babestera deitu zituen bilbotarrak —husteko mehatxupean zegoen Kukutza—. Horrez gain, euskalgintzaren alde eta eraso sexisten kontra agertu zen Uribe.

Arriagako balkoira igotzeko unean «beldurra» sentitu zuela azaldu du. «Momenturik hunkigarriena izan zen. Milaka pertsona daude, eta ez zure zain. Marijaiaren zain daude!». Pregoia parte hartzailea izatea zen idazlearen helburua, eta Aste Nagusian konturatu zen lortutako arrakastaz. «Jendeak pregoia kantatzen zuen kalejiretan. Oso polita izan zen». Izu eszenikoa igarota, naturaltasunez bete zuen pregoilariaren zeregina. «Ni ez nintzen sentitzen protagonista. Hori bai, ez nuen jantzia kentzen ezta gauean ere! Kapela hori janztea superheroi antzeko bat izatea da».

Bilboko jaietako giroa nabarmendu du Uribek beste edozeren gainetik. Haren esanetan, Zazpikaleetan pasatu zituen joan den urteko Aste Nagusiko unerik dibertigarrienak, «Bilbo Kantarirekin eta bertso poteoan». Horrez gain, txosnetako barra gainean igota dantzan ere ibili zen. «Hori izan zen onena», dio umoretsu.

Oroitzapenak eta etorkizuna

Izeba bat konpartsa batekoa zela eta, Aste Nagusia «ia sortu zenetik» bizi izan du idazleak. «Txikitatik joaten ginen izebaren etxera, eta han aste osoa pasatzen genuen. Hark txosnetan lan egin behar zuenez, han ibiltzen ginen bueltaka. Gero, nik ere egin ditut txanda batzuk hortik, eta Bilbora ia urtero joan naiz». Izan ere, Uriberentzat, «txosnak dira Aste Nagusiaren erdigunea», jaia hezurmamitzen duen eremua. Aurten, berriz, lasaiago biziko ditu jaiak: haur jaioberria du eta hurrengo liburua prestatzen ari da. Datorren urtean gogoberriturik itzuliko dela agindu du. «Umeari konpartsaren kamiseta jantziko diogu, eta benga, Bilbora!»]]>
<![CDATA[Suek eta festak itsasadarrean egiten dute bat]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1515/036/002/2012-08-24/suek_eta_festak_itsasadarrean_egiten_dute_bat.htm Fri, 24 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1515/036/002/2012-08-24/suek_eta_festak_itsasadarrean_egiten_dute_bat.htm
Jaietako egun guztietan bezala, herenegun gauean ere Amstel enpresak su festak Bilboko itsasadarretik ikusteko aukera eman zien zenbait bezerori. 22:00 aldera, itsasontzia Ibaizabalen behera abiatu zen, eta tripulazioak hiriko eraikinek gauean eskaintzen duen itxura magikoaz gozatzeari ekin zion: Zubi Zuri, Isozaki dorreak, Guggenheim museoa, Deustuko zubia eta Euskalduna jauregia ikuskatu zituzten, hurrenez hurren, Zorrotzaurre parean itzulerako bidea hartu zuten arte. Bidaldiak iraun zuen bitartean, hainbat txaluparekin gurutzatu zen Ibai Alai itsasontzia, eta une horietako bakoitzean elkar agurtzeko aprobetxatzen zuten tripulazioetako partaideek, alai eta umoretsu. Izan ere, musikak jai giroan murgiltzeko aitzakia eman zien behin-behineko marinelei.

Modako doinuei jarraikiz dantza egiten zuten lagunen artean zeuden Maria Elena Mendiola eta Pablo Ponce ama-semeak. Caracaskoa izan arren (Venezuela), guraso bizkaitarrak ditu Mendiolak, eta duela hamar urte bizi da Bilbon. «Liluraturik» zegoen suak itsasadarretik ikusteko aukerarekin: «Hainbat itsas bidaia egin ditut, asko gustatzen zaizkidalako, baina Bilboko ikuspegi hau ez nuen ezagutzen». Ponce ere iritzi berekoa zen. «Su festa Etxeberria parkean ikus daiteke, edo zubietako batetik, baina inon ez dituzu ikusiko hemen bezala».

Zerua bete kolore

Zubi Zuriren azpitik berriz igarotzean, itsasontziak abiadura moteldu zuen, Udaletxeko zubira heldu aurretik guztiz gelditu arte. Han ikusi zuten Arabako FML pirotekniak prestatutako su festa: bikoteek elkar besarkatu zuten eta kuadrillek ohiko txistu, txalo eta txantxak egin zituzten suzirien burrunbak Bilboko zerua betetzen zuen bitartean. Ikuskizuna bukatzean, Euskalduna zubiraino joan-etorria egin zuten beste behin, gauerdi aldera txangoari bukaera emanez.]]>
<![CDATA[«Pregoilari izandako urtean ezagutu nuen eguneko giroa»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-24/pregoilari_izandako_urtean_ezagutu_nuen_eguneko_giroa.htm Fri, 24 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-24/pregoilari_izandako_urtean_ezagutu_nuen_eguneko_giroa.htm
Hala ere, festak hasteko hilabete eskas bat falta zen, jai batzordea «presaka» zebilen, eta «egun horretan bertan» aukeratu behar izan zuten taldea nork ordezkatuko zuen. «Beraz, entseatu beharrean, batzartu egin ginen», azaldu du Irurtiak. «Izen batzuk atera ziren, baina hautatutako pertsonak une horretan bertan libre egon behar zuen. Horrela egokitu zitzaidan pregoilari izatea». Bileraren ostean, bat-bateko izendapenak sortutako urduritasuna baretzeko «jai batzordekoekin poteatzera» joan zirela gogoratu du.

Pregoilaria hautatzerakoan bezala, pregoia idazteko orduan ere dantza talde osoak parte hartu zuen. Testu laburra egin zuten, nahita. «Ordura arte, pregoiak beheko aldean bizi izan genituen, eta ez genuen gura larregi luzatzerik». Hura izan zen txupina Arriaga antzokiko balkoitik jaurti zen lehen urtea, eta plazan «jende andana» bildu zela gogora ekarri du Irurtiak. «Izugarria izan zen».

Eguneko jaiaren aurkikuntza

Pregoilaria izan arte, festan batik bat gauez aritzen zela aitortu du soinu jotzaileak. Hortaz, eguneko jai giroa urte hartako aurkikuntza izan zen harentzat. «Nire garaian, ordu horiek lo egiteko erabiltzen nituen», gaineratu du, barre artean. Bestalde, azaldu du kezkaturik zegoela gai izango ote zen egitarau zabalak jarritako erritmoari eusteko. «Lortu nuen. Ez dakit nik garai bateko gaztetasunak ematen duen indarra izan ote zen, zeren gaur egun ez dut uste lortuko nukeenik». Halaber, pregoilariaren jantzia zikintzeko beldur zen Irurtia. «Ezin duzu arropa aldatu, beste urteetan bezala! Egia esan, jendez inguratuta egonda ere, arazo barik eta zikindu gabe parranda egin nuen, gezurra dirudien arren».

Jendeak oso ondo hartu zuela dio, eta txosnetatik «primeran» ibili zela. «Alde horretatik, ez nuen inolako zalantzarik. Konpartseroak ezagutzen ditut; oso jende jatorra eta langilea da». Haurrak direla medio, aurten jaiak «lasaiago» hartuko ditu Irurtiak. 2001ean eguneko jaia ezagutu zuen, eta, denboraren poderioz, giro horretan bete-betean murgildu da. «Erraldoiak ikustera joango gara, txosnetan afalduko dugu... Umeak etxean utzita kontzerturen bat ikustera ere joango gara, beharbada». Gaur egun, batez ere Plaza Barriko musika ekitaldietara joaten da. «Txosnagunekoak jada urruntzen hasi zaizkigu». Haren iritziz, «polita» da umeek Aste Nagusia ezagutzea. Haurrak izanda, gaupasak alde batera utzi behar izan ditu, baina urteek ez diote kendu parranda egiteko gogoa. «Umeak nagusitzean, antzinako jaiak bueltatuko dira», iragarri du.]]>
<![CDATA[Alkatea, Txinan hobe]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1510/037/001/2012-08-23/alkatea_txinan_hobe.htm Thu, 23 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1510/037/001/2012-08-23/alkatea_txinan_hobe.htm Azkuna oporretara ekinaldi satirikoa egin zuten, Aste Nagusian alkatea hiritik kanpo bidaltzeko asmoz. 19:30 aldera, plaza Biribilean bildu ziren ehunka konpartsakide, elastiko beltz batzuk jantzita, Aste Nagusia defendatuz lelodunak.

Orduan, danborrei eraginez Nafarroa kalean behera prozesioan abiatu ziren, zenbait lagunek Iñaki Azkuna irudikatzen zuen panpina bat soinean zeramatelarik. Areatzan jarritako agertokira heltzean, alkatearen kartoizko bikia puxika erraldoi batzuetara lotzeari ekin zioten, eta, bitartean, pailazoz jantzitako bi konpartsakide oholtzara igo ziren. Ikusleen algaren artean, ekinaldiaren nondik norakoak azaldu zituzten: «Hemen gaude Iñaki Azkunak, Durangon jaiotakoak, Berorren Udal Gorentasunak, ordaindutako opor batzuk merezi dituelako».

Ondoren, bertan bildutakoei hiru leku proposatu zizkieten Bilboko alkatea oporretara bidaltzeko. Lehenengoa, Marina D'Or. «Castelloko aireportura egingo luke bidaia», azaldu zuten, barrezka, pailazoek. Bigarren aukera Londresen dagoen Ekuadorko enbaxada litzateke. «Bertan gustura egongo da, Julian Assange eta Garzonekin, eta poliziaz inguraturik». Azken proposamena zen Azkuna Txinara bidaltzea. «Horrela, miloi bat txinatar turista erakarriko ditu Bilbora». Hiru helmugen artean hautatzeko, bildutakoen arteko bozketa egin zuten, «gero ez dezan esan demokratikoak ez garenik».

Txina, gehiengo osoz

Konpartsakideek ez zuten zalantza handirik eduki, eta gehienek alkatea Txinara bidaltzearen aldeko hautua egin zuten. Arkaitz Estiballesek Bilboko alkatearentzako bertso satiriko batzuk bota ostean, puxikak askatu eta Azkuna irudikatzen zuen panpina Areatzako zeruan gora galdu zen. Orduan, bildutakoek elastiko beltzak kendu zituzten, eta konpartsetako elastikoez osatutako mosaiko koloretsua agerian utzi.]]>
<![CDATA[«Bilbokoak oso jai politak dira, denentzako lekua dagoelako»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-23/bilbokoak_oso_jai_politak_dira_denentzako_lekua_dagoelako.htm Thu, 23 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1925/040/002/2012-08-23/bilbokoak_oso_jai_politak_dira_denentzako_lekua_dagoelako.htm
Marino Lejarreta]]>

Estualdiak estualdi, une horretan «emozioa» sentitu zuen Lejarretak. «Jaietan protagonista izatea pozgarria da, egia esan». Dena den, ez du hain erraz ahaztuko Bilboko udaletxeko balkoia. «Pregoiarena zer zen ondo jakin izan banu, ziur asko ezetz erantzungo nukeen», esan du, txantxetan. Gaur egun, «beste modu batera» ikusten du pregoilaria izateko ardura. «Azken batean, polita izan zen; geratzen den oroitzapena oso ona da». Pregoia alde batera utzita, kalean «gustura» ibili zela dio Lejarretak. «Jendearekin egotera ohituta nengoen, eta txosnetan ere ondo izan nintzen».

Munduko Txapelketara begira

Gaur egun, abuztua Espainiako Vuelta prestatzen ematen dute puntako txirrindulariek. 1995era arte, ordea, lasterketa hori udaberrian egiten zela azaldu du Lejarretak. «Garai horretan, Espainiako Vuelta apirilean zen; beraz, abuztuan, Munduko Txapelketa prestatzen ibiltzen nintzen». Modu batera edo bestera, txirrindularitza profesionalean uda zen denboraldiaren erdigunea. Ondorioz, «oso gaztetan» baino ez zuen izan Berrizko ihiak Aste Nagusiaz gozatzeko aukera. «Abuztuan, jaietan, zero. Lekeitiokoak oraindik noizbehinka harrapatu nitzakeen, baina normalean ez. Txirrindularitzan arituta, udako jaietan ibiltzea ez da batere erraza». Ez zuen horretarako astirik, ezta «ahalmenik» ere. «Gorputza bizikletan ibiltzeko eginda daukazu». Hortaz, denboraldien arteko hilabeteak aprobetxatu behar zituen Lejarretak parranda egiteko. «Neguan bai», baieztatu du, «hor primeran». Aurten Aste Nagusira «bizpahiru egunetan» joango dela esan du. «Pertsona guztientzako giroak daude. Bilbokoak oso jai politak dira, denentzako lekua dagoelako».]]>
<![CDATA[Ahots urratuak, gogo bizia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/3800/038/001/2012-08-21/ahots_urratuak_gogo_bizia.htm Tue, 21 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/3800/038/001/2012-08-21/ahots_urratuak_gogo_bizia.htm
Presoei elkartasuna adierazteko modu berriak bilatu dituzte bi konpartsek]]>

Alta, etorkizun hurbila alde batera utzi eta igarotako egunetan jazotakoaren balorazioa egin du Kaskagorriko konpartsakide Irati Ugaldek. Larunbatean txosnan «jende pilo bat» egon zela dio, giroa «itzela» izan zela. Igandea, ostera, ez zen hain egun arrakastatsua izan. «Gauean oso jende gutxi egon zen. Kontzertuaren orduan txosna pixka bat gehiago bete zen, baina orokorrean ez zen oso egun jendetsua izan». Bestalde, antolakuntzaren aldetik jaiak nahiko txukun doazela uste du Ugaldek. «Txandak oso ondo joan dira, denak bete dira. Momentuz, behintzat, arazo barik ari gara aurreikusitakoa betetzen». Atzokoan ere, ekimenez betetako eguna bizi zuten Kaskagorrin. Hasteko, eguneroko legez, goizean igeritoki txikia muntatu zuten eszenatokiaren aurrean. Horren ostean, Kaskabatukada kalejira programaturik zegoen, baina azkenean egitasmoa bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, txosnak bereganatu du «lehentasuna», eta, horren ondorioz, ekintzen prestakuntza bigarren plano batean utzi behar izan dute, Ugaldek aitortu duenez. «Beste urteetan entseatzeko denbora gehiago izan genuela ere esan behar da». Aurreko bi urteetan, txosna jartzeko debekua zela eta, jaietako astelehenean ekintza «ikusgarriak» antolatu zituztela gogora ekarri du. «Muga oso goian jarrita zegoen». Halaber, atzo Kaskagorrik bere konpartsakideen eguna ospatu zuen. Arratsaldera arte luzatu zen bazkaria partaideak biltzeko aitzakia bikaina izan zen. Ondoren, Kaskajartada izeneko ekimena abiarazi zuten Ugaldek eta enparauek, eta 20:00ak aldera, Ze Esatek taldearen kontzertuak konpartsakideak dantzan jarri zituen.

Bestalde, Kaskagorrik aurten presoei erreferentzia egiteko moduak «zer esan ugari» eman duela azaldu du Ugaldek. «Argazkien joko horretan ez sartzea erabaki genuen. Gure helburua da haiek present egotea, eta aldarrikatu nahi dugu gurekin nahi ditugula». Asterix eta Obelix komikian oinarritutako marrazkian presoen izenak, eta dauden espetxearen eta Euskal Herriaren arteko distantzia ipinita irudikatu dute asmo hori.

Erraiak erakutsiz

Txori Barrotererentzat ere Aste Nagusiaren hasiera oso berezia izan da. Iñaki Peña konpartsakidearen esanetan, larunbatean «sekulako jendetza» egon zen txosnetan, eta igandean, berriz, «lasaiago» ibili zen Areatzatik. «Bilboko jendearentzako eguna izaten da, eta eskertzen da, egia esan». Beste txosnekin alderatuta, oso desberdina da aurten Txori Barrotek egindako muntaia: txosnaren barruko aldea ikusten da, eta ziega bat ere irudikatu dute barraren gainean. Proposamen berri honekin «moldeak apurtzen» saiatu direla jakinarazi du konpartsakideak. «Txosnari buelta eman diogu, erraiak erakusteko asmoz. Azken bi urteetan bizitako errepresio neurri horiek salatu nahi genituen, eta uste dut lortu dugula jendeari zer garen erakustea». Aurten, Txori Barroteko kideek kolorezko kutxez margotu dute txosna. Peña artista da, eta Jon Garairekin batera eratu du apainketaren kontzeptua. Kutxa horien bidez «elkartasun keinuen mosaiko bat» osatu nahi izan dutela azaldu du. «Bi urte generamatzan txosna jarri barik, bueltan gentozen eta zerbait berezia egin nahi genuen».

Ildo berean, Txori Barrotek abiarazitako elkartasun keinuen orduaren garrantzia nabarmendu du Peñak. Atzo, su festaren ondoren, Edorta Jimenez eta Gotzon Barandiaran idazleek Rafa Rueda musikariarekin eszenatokia partekatu zuten, ekimen horren barruan presoei elkartasuna adieraziz. Hurrengo egunetan, hainbat arlotako artistek parte hartuko dute egitasmo horretan. Gaurkoan, berriz, 20:00etan elkartasun bira egingo dutela gogorazi du Peñak.]]>
<![CDATA[Jaiak ez du etenik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1484/027/001/2012-08-16/jaiak_ez_du_etenik.htm Thu, 16 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1484/027/001/2012-08-16/jaiak_ez_du_etenik.htm
Eguerdian, omenaldia egingo diote ikurrinari Juntetxearen aurrean]]>

Oraindik lotan daudenak esnatzeko, dianak emango dio hasiera egunari. 10:00etatik aurrera, Gazteak taldeko txistulariek eta Busturialdeko dultzaineroek musikaz beteko dute goiza. Meza nagusia, berriz, 11:00etan izango da, Andra Maria elizan eta Eskolakristo Musika Alkarteak abestuta. Horren ostean, Uriko aurreskua dantzatuko dute Elai-Alai dantza taldeko partaideek.

Eguerdirako, eguzkiak gogoz berotuko du, eta, seguruenik, herriko txiki zein gaztetxoek freskatzeko beharra sentituko dute. Bada, 12:00etan, eta Urdaibai Eskola Elkarteak antolatuta, apar jaialdia izango da Foru plazan kokatuta dagoen umeen txokoan. Ondoren, musikak protagonismoa hartuko du berriz, 12:30ean trikiti kalejira egongo baita. 13:00etan, berriz, Ikurrinari IV. Omenaldia egingo diote: Juntetxe aurrean izango da, eta bertsolariek, dantzariek eta hizlariek parte hartuko dute. Ordu berean, euskal kantak kalerik kale abestuko dituzte, erdigunean, Urdaibai Kantaguneak eta Arrano kantari elkarteak antolatutako ekitaldian.

Herrian goizean izango dutenarekin nahikoa ez, eta 13:00etatik 15:00etara diana eta kalejira izango dira Bizkaiko Dultzaineroak taldearen eskutik. Goseak agerraldia egingo duela aprobetxatuta, 14:00etan sukalki txapelketa izango da. Bertan izena eman nahi dutenek 12:30 eta 13:30 artean egin beharko dute, Merkurio iturriaren aurrean. Sukaldeko eginkizunetan dituzten dohainak erakutsi nahi ez dituztenentzat, 15:00etan egingo den herri bazkariaz gozatzeko aukera ona izan daiteke. Bazkalostean, eskualdeko bertsolari gazteak kopla kantari ibiliko dira mahairik mahai.

Arratsalde partean, berriz, 17:00etatik 20:00etara, Euskadiko xakegol txapelketa jokatuko da Foru plazan. Merkatu plazan, ostera, ume eta gazteen txokoak irekiko dituzte Urdaibai Eskola Elkarteko partaideek, 17:30etik 19:30era.

Leku berean, txokoak ixtean, pailazoen ikuskizunak txikien algarak eragingo ditu. Bitartean, aizkolari eta harri-jasotzaileen arteko norgehiagokak jokatuko dira San Juan Ibarran, 18:30etik aurrera. Dantzatzea nahiago dutenentzat, Brincadeira taldeak batukada emanaldia eskainiko du 19:30ean, udaletxetik hasita. Erritmo tradizionalagoak dantzatzeko aukera ere izango dute gernikarrek, 20:00etan Larrain dantza herrikoia egongo baita Juan Calzada kalean zehar, Elai-Alai eta Busturialdeko Dultzainero taldearen eskutik.

Bederatzietarako, preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira antolatu du Apareu taldeak, eta, 21:30etik aurrera, Elektrotxaranga orkestrak herriko kaleak alaituko ditu. 23:15ean Astondoa pirotekniak sortutako su festen ikuskizuna izango da, eta, egunari amaiera emateko, 23:30ean kontzertuen garaia iritsiko da: San Juan Ibarra plazan, Los 5 Bilbainos arituko dira, eta pasealekuan, Vanatics, Governors eta Trikizio taldeak.

San Roketxu oparoa

Bihar ere, hainbat ekitaldi interesgarri izango dira Gernikan. 17:00etan, Urdaibai errugbi elkarteak antolatutako mozorro desfilea izango da. 19:30ean, berriz, asto lasterketa egingo da Juan Kaltzada, Arrien taberna eta Alondegi kaleen artean. Afalostean, Dientes de Luna, Esne Beltza eta Izargi musika taldeak arituko dira pasealekuan, eta 04:00etan, kulero, faja, tanga eta galtzontzilo lasterketa saihetsezinak gaua barrez pasatzeko aukera emango du.]]>
<![CDATA[Legez eta eskubidez, bueltan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1563/008/001/2012-08-14/legez_eta_eskubidez_bueltan.htm Tue, 14 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1563/008/001/2012-08-14/legez_eta_eskubidez_bueltan.htm
Urte horretako Aste Nagusiaren ondoren, Bilboko Udalak bi urtez txosna jartzeko galarazpena ezarri zien bi konpartsei, presoen argazkiak erakusteagatik. Iñaki Azkunak eta enparauek hartutako erabakia ezagutzean, auzitegira jotzeko deliberoa hartu zuten Txori Barrotek eta Konpartsen Federazioak, eta epaileek arrazoia eman zieten: lehenik, Bilboko Administrazio Auzitegiak 2011ko abenduan ebatzi zuen debekua ez zela zilegi, eta, duela egun batzuk, EAEko Auzitegi Nagusiak konpartsei ezarritako zigorra baliogabetu zuen.

Epaia jakin ostean «sentimendu kontrajarriak» izan zituela azaldu du Goikoetxeak. «Azken finean, poza sentitu dugu, arrazoia lortu dugulako eta egin dugun lanak merezi izan duela dakigulako. Bestalde, ezintasuna eta haserrea sentitu dugu». Azken epaiaren arabera, udalak bere barne araudiaren parte ez zuen arau hauste batez baliatu zen konpartsei zigorra ezartzeko. «Euren arautegia ez dute ondo aplikatu», nabarmendu du Ugaldek. Biek ala biek aitortu dute euren burua babesgabe sentitu dutela prozesu luze horretan. Goikoetxearen iritziz, udalak konpartsei zegozkien eskubideak «zapalduz» aplikatu zuen zigorra. «Erabakia hartu zutenean, berehala eskatu genuen bertan behera uzteko eta txosna muntatzeko aukera edukitzeko, gutxienez epaia atera arte». Haatik, alkateak aurrera jarraitu zuen, eta bi konpartsek ez zuten txosna jartzerik izan 2010eko zein 2011ko Aste Nagusietan. «Azkenean, bi urteak bete behar izan ditugu», gaineratu du Goikoetxeak, «eta guk bagenekien muntatzeko eskubidea geneukala». Gaur-gaurkoz, Bilboko Udalak ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin. Txori Barroteko konpartsakidearen ustetan, alkateak ez du «erratu denik onartuko». Izan ere, haren ustez, Iñaki Azkunak «nahi zuena lortu du», konpartsek zigorra beteta. «Erratu ala ez, berarentzat ez du kosturik izan».

Beste konpartsen babesa

Zigorra jaso zutenetik, gainontzeko konpartsen «elkartasuna» sentitu dutela baieztatu dute Txori Barrote eta Kaskagorriko kideek. «Indartsuago bilakatu gaitu», azaldu du Ugaldek. «Gehiago elkartu gara konpartsa bakoitzaren barnean, eta konpartsen arteko lotura ere handitu da». Goikoetxeak gaineratu duenez, «oso argi ikusi zen ez zela Txori Barrote eta Kaskagorriren aurkako zerbait, baizik eta konpartsen aurkako eraso bat». Hala, zigorraren bitartez udalak konpartsen barnean «zatiketa» sustatu nahi izan zuela uste du Txori Barrotekoak. «Ez zaie batere ondo atera», ohartarazi du. «Bilboko Konpartsen barnean mota guztietako pertsonak daude, eta horrek egiten gaitu indartsu. Senidetasun sentipen hori daukagu: edozeini edozer geratuta ere beste guztiok defendatzera aterako garela badakigu». Konpartsetako kideen arteko lotura horrek udalari «min» egiten diola uste du Ugaldek. Bizi arte konpartsakidea izateak esan nahi duena jakitea ezinezkoa da; beste mundu bat da, beste jai batzuk». Halaber, udala «beste jai eredu baten aldekoa» dela azpimarratu du. «Turistentzako jai eredu bat nahi dute».

Presente egongo dira

Txosnetan argazkiak ez jarrita ere, aurtengo Aste Nagusian presoak «presente» egongo direla diote bi konpartsakideek. «Beti egongo dira hor, modu batean edo bestean», adierazi du Ugaldek. «Gure konpartsakideak, lagunak, bikotekideak edo senideak dira. Kartzelan egonda ere, muntaketa hasten denean kamiseta jartzen dute». Goikoetxea ere iritzi berekoa da: «Beti egon dira presente. Txosna egon ez denean ere, gurekin eraman ditugu. Ekinbide bakoitzean gurekin daude». Presentzia hori «bermatuko» dutela ziurtatu du. «Nola? Hori ez da garrantzitsua». Horrez gain, Bilboko Konpartsak «erasoak» jasaten segitzen dutela azpimarratu du. «Azkenekoa kontzertuen eta txiki gunearen leku aldaketa izan da». Bukatzeko, aurtengo festetan umorea eta aldarrikapena uztartuko direla iragarri du Goikoetxeak. «Alkatea oporretan bidaltzeko zeozer egongo da. Oraingoz, ezin dugu gehiagorik esan».]]>
<![CDATA[Lurpeko erreka da altxorra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1548/030/001/2012-08-10/lurpeko_erreka_da_altxorra.htm Fri, 10 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1548/030/001/2012-08-10/lurpeko_erreka_da_altxorra.htm
Leizearen sarrerak 90 metroko diametroa du, eta Europako bigarrena da tamaina aldetik]]>

Hala, ez da izango aditu talde batek Torca La Jeriza miatuko duen lehen aldia. «Maila bateraino miaketa eginda dago», jakinarazi du Gonzalezek. «Bizkaiko espeleologia taldea 200 metroko sakontasunera heldu zen, eta gero Barakaldoko Esparta taldea pixka bat beherago. Orain, Esparta eta Burnia taldekoak jaitsiko gara». Azken elkarte horretakoa da Gonzalez.

Kobazuloko sarrera Europako handienetako bat da, bigarrena; 90 metroko diametroa du. Espeleologoak dio toki «ikusgarria» dela baina horraino heltzea «zaila» dela: «Herritik noranahiko ibilgailua uzten den tokiraino ordubeteko bidea dago, eta handik kobazuloaren ahoraino, oinez, beste horrenbeste. Sarbidea ez da batere erraza». Hala ere, haitzuloaren oparotasun geologiko zein biologikoa bidaia luzeari atarramentua ateratzeko lagungarri dela uste du Gonzalezek. «Horma guztiak zuhaitzez beteta daude. Hor behean, mikroklima bat dago. Botanikari dagokionez, oso kobazulo aberatsa da. Argia 200 metroraino sartzen denez, txorien habiak daude, eta, noski, saguzarrak ere badaude».

Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Gonzalezek Torca La Jerizako fauna eta landareria. Izan ere, espeleologoek jaitsierak baliatzen dituzte haitzuloen ezaugarri guztiak aztertzeko. «Zerbait aurkitzen badugu», zehaztu du, «askotan ez dugulako deus topatzen». Oraingoz, leizera eroritako animalien hezurrak baino ez dituzte ikusi Turtziozen, baina bihar zerbait gehiago aurkitzeko itxaropena du. «Inoiz ez dakigu zer topatuko dugun».

Segurtasuna lehentasun

Arriskutsua izan daiteke espeleologia; kontuz ibiltzeko modukoa da. Ondorioz, Gonzalezek eta haren taldeko kideek jaitsieretan segurtasuna bermatu nahi dute beste edozeren aurretik: «Hau zaletasun bat da, baina ahalik eta modurik profesionalenean egiten saiatzen gara», azaldu du. Espeleologoaren ustez, gaur egun «jende gehiegi» joaten da mendira. «Inoiz ez da hainbeste erreskaterik egin behar izan». Espeleolaguntzan ere aritzen da Gonzalez, hots, salbamenduetan parte hartzen du, bere borondatez. «Arriskuak saihestu behar dira, horrelako egoerarik sor ez dadin».

Espeleologian aritzen den turtzioztar «bakarra» izateak Torca La Jerizarekiko jakin-mina piztu zion Gonzalezi. Orain, herriko adinekoei kobako argazkiak erakutsi nahiko lizkieke. «Hemen, artzaintza zen lanbide nagusietako bat. Artzainak leizera joaten ziren, harri bat botatzen zuten eta hotsa atera arte igarotako segundoen arabera kalkulatzen zuten zenbat metroko sakonera edukiko zuen. Garai horretan ez zegoen hara jaisteko aukerarik, eta hor behean dagoena erakustea gustatuko litzaidake». Bestalde, leizean zenbait arrakala identifikatu dituzte espeleologoek, eta ostendutako ibaia pitzadura horietatik gertu egon daitekeela «susmatzen» dute. «Gero, zortea izan dezakegu edo hor eten daiteke bidea. Hala bada, atsekabeturik itzuliko gara eta beste lekuren batean saiatuko gara». Gonzalezek, behintzat, ez du hain erraz amorerik emango. «Bilatzea da gakoa, setatia izatea».]]>
<![CDATA[Stop Desahuciosek salatu du bere abokatua «jazarpen juridikoa» pairatzen ari dela]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1515/011/001/2012-08-09/stop_desahuciosek_salatu_du_bere_abokatua_jazarpen_juridikoa_pairatzen_ari_dela.htm Thu, 09 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1515/011/001/2012-08-09/stop_desahuciosek_salatu_du_bere_abokatua_jazarpen_juridikoa_pairatzen_ari_dela.htm
Hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Mentxakari, iruzur egitea leporatuta. Agoteren esanetan, «herentzian jasotako jauregi batean konponketak egiteko» kreditu bat eskatu zion abokatuak mailegu emaile bati, eta denboraren poderioz mailegu hori ordaintzeari utzi zion. Berme gisa jarritako orube bati lotuta dago, ustez, Mentxakak egindako iruzurra. Akusatzaileen aurka kereila kriminala jarriko dutela iragarri du Agotek, «kendu dioten guztia berreskuratzeko asmoz».

Epaileak, «inplikatuta»

Plataformako kideek adierazi dutenez, abokatua zigortu duten hiru epaileak «bete-betean inplikatuta daude jazarpen juridikoan». Mentxakaren kontrako salaketa ipini zuten pertsonen artean Mario Fernandez Elexalde abokatua dago, Kutxabankeko presidente Mario Fernandezen semea. Hala, epaiketaren atzean «botere faktikoak» egon daitezkeela iradoki dute. «Mentxakari ospea kentzeko argudio faltsuak erabiltzen ari dira».]]>
<![CDATA[Sorgunera itzuli nahian]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1590/030/001/2012-08-08/sorgunera_itzuli_nahian.htm Wed, 08 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1590/030/001/2012-08-08/sorgunera_itzuli_nahian.htm
Artistak pintura sortu duen bitartean, baserritarrek euren eguneroko lana bideoz grabatu dute, nekazaritza ustiapenaren funtzionamendua azalduz. Egitasmoak Nekazaria izatea gustatzen zait, eta aurrerantzean ere hala izan nahi dut du izena, eta landa eremuko kulturari lotutako truke eta laguntzaren kontzeptuetan oinarritzen da.

Schiffersek 2000. urtean abiarazi zuen egitasmoa, eta, harrezkeroztik, Europako hainbat herrialdetan barna ibili da arte garaikidearen eta nekazaritzaren arteko harremana sustatzen. «Proiektuarekin hasi nintzenean, dena zen hiriko artea. Nekatu egin nintzen horretaz. Kultura hirietan bakarrik egon daitekeela pentsatzea ez da logikoa», azaldu du artistak.

Wolsfsburgetik gertu jaio zen Schiffers, Heiligendorf herrian, baserri batean. «Koadro bat genuen baserrian, gerraosteko denborakoa. Garai hartan, margolariek ez zuten dirurik, eta herriz herri joaten ziren janariaren truke margotzen». Behin eta berriz entzundako istorio horrek eman zion trukea bultzatzeko ideia. Bestalde, bideoaren bidez artistaren begiradatik aldentzea nahi du Schiffersek: «Nekazariaren ikuspegitik grabatzea da helburua».

Margolariarekin batera, haren bikotekide Thomas Sprengerrek bidaiatzen du. Baserritarrek bideoak ezin dituztenean grabatu, Sprenger bera arduratzen da irudiak hartzeaz. «Honako honetan Gueñesen egingo dugu emanaldia, eta gero Berlinen izango da ikusgai. Askotan, herriko edozein tabernatan egin izan ditugu proiekzioak», azaldu du Schiffersek.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Enkarturrek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateak bultzatu dute margolariaren egonaldia. Otxarango Larrinaga baserrian (Zalla, Bizkaia), Ana Llaguno nekazariaren lana islatu du artistak bere pinturan.

Biodibertsitatearen hazia

Llagunok azaldu du Enkarturreko presidente Koldo Santiagok egin ziola proiektuan parte hartzeko proposamena. Gustura eta pozik dago emaitzarekin. Schiffers eta haren familia baserrian bizi izan diren egunetan «beste herrialde baten berri» izan duela aitortu du nekazariak. Eskualdeko biodibertsitateari eusteko lan egiten ari da Llaguno. Izan ere, «duela zortzi bat urte» hasi zen Zallako tipula morearen hazia berreskuratzen, eta ekoizten duen produktua Slow Food erakunde ekogastronomikoaren katalogoan aurki daiteke. «Ez diogu inoiz utzi modu tradizionalean erein eta biltzeari, baina, ordutik, kanpora begira jarri ginen», azaldu du nekazariak.

Janari lasaiaren aldeko filosofia bere egin duten jatetxeetako sukaldariei eskerrak eman dizkie ekoizleak. «Asko lagundu gaituzte, produktua balioetsi dutelako». Halaber, bertoko tipula morea «galtzear» zegoela jakinarazi du. Berreskuratze lanarekin «atzetik datozenak animatzea» nahiko luke Llagunok.

EHUko Arte Ederretako fakultatearen aldetik, Jose Maria Herrera irakasleak egin du egitasmoaren koordinazio lana. Haren esanetan, orain arte ez da «modu honetako arte esperientziarik» garatu Euskal Herrian. Proiektuak «aldarrikapen kutsua» duela azpimarratu du Herrerak. «Nekazaritzak dimentsio desberdin bat izan dezakeela erakutsi nahi du». Haren esanetan, naturari so egiteko modua «birpentsatu» egin behar dela aditzera eman nahi du Schiffersek bere egitasmoaren bidez.]]>
<![CDATA[Taupaka elkartea sortu dute, euskal sortzaileen lana sustatzeko asmoz]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1487/029/001/2012-08-02/taupaka_elkartea_sortu_dute_euskal_sortzaileen_lana_sustatzeko_asmoz.htm Thu, 02 Aug 2012 00:00:00 +0200 Gorka Salces Alcalde https://www.berria.eus/paperekoa/1487/029/001/2012-08-02/taupaka_elkartea_sortu_dute_euskal_sortzaileen_lana_sustatzeko_asmoz.htm
Oraingoz, musikariek osatzen dute Taupaka, baina egitasmoa diziplina artistiko guztietako sortzaileak biltzeko asmoa du, «diziplinen arteko elkarlanak eta harreman loturak elkartea bera sendotuko duelako». Hala, esparru artistiko askotan diharduten pertsonekin kontaktuan jarriko dira «hurrengo egun eta hilabeteetan».

Bestalde, elkarteko partaideen lanak banatzeaz DDT etxea arduratuko dela jakinarazi dute. «Filosofia bera partekatzen dugu». Horrez gain, ekimena jendaurrean aurkezteko Bilboko Zazpi Katu gaztetxean jaialdi bat egingo dute Taupakako partaideek, urriaren 6an. Datozen egunotan proiektuari buruzko informazio guztia bilduko duen www.taupaka.com ataria abian jarriko dute.

«Merkantilizazio prozesuan»

Bide batez, euskal kulturak duen egoerari buruzko hausnarketa plazaratu dute elkarteko kideek. Haien iritziz, «merkantilizazio prozesu sakon batean» murgilduta dago kultura. Halaber, krisi ekonomikoak sektorea «astintzen» ari den ideia «sinetsarazi» nahi izatea egotzi diete enpresa handiei.

Krisialdiak eta «ikuspegi merkantilistak» euskal kulturan eragina izaten ari direla aitortu dute, baina, haienen esanetan, «begi bistan da euskal sorkuntza kulturala ez dagoela krisian». Hala, sormenaren «balore soziala» eta sortzaile «alternatiboen» kolektiboa indartzen saiatuko dira. «Eduki kultural alternatibo eta kritikoei ateak ixten zaizkio, kultur neutralak eta aseptikoak bultzatuz». Horri erantzun nahian, «diskurtso kultural bat» eratzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Azkenik, herri mugimenduko «beste eragileekin» elkarlana sustatzeko eta euskara indartzeko asmoa adierazi dute.]]>