<![CDATA[Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Fri, 03 Feb 2023 14:10:24 +0100 hourly 1 <![CDATA[Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Pandemiaren bukaerak bizkortu egin du auzitegietako jarduna]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1872/005/001/2022-09-14/pandemiaren_bukaerak_bizkortu_egin_du_auzitegietako_jarduna.htm Wed, 14 Sep 2022 00:00:00 +0200 Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1872/005/001/2022-09-14/pandemiaren_bukaerak_bizkortu_egin_du_auzitegietako_jarduna.htm
Jarduna areagotu izanak, ordea, ez du esan nahi 2021ean lehen baino askoz delitu gehiago egin zirela. Fiskaltzek txostenetan diotenez, auzibide eta jardueren ugaritze horren arrazoietako bat pandemiak ekarritako egoera da. Bi modutan, gainera: batetik, 2020an delituen apaltzea eta epaitegietako jardunbideen murriztea ekarri zuen itxialdiak, eta, itxialdia amaituta, pandemiaren aurreko egoerara itzuli dira datu horiek; bestetik, 2021ean justizia administrazioan ahalegin bat egin zuten itxialdian galdutako denbora berreskuratzeko, eta, horren ondorioz, epaiketak eta auzibideak ugaritu egin ziren.

DELITU KOPURUA

Aurretiazko izapideak %6,68 handitu ziren Hego Euskal Herrian aurreko urtearekin alderatuta; presazko izapideak %27,71 gehiago izan ziren, delitu arinengatik abiarazitako auzibide kopurua %12,03 igo zen, eta sumarioak, berriz, %16,99 handitu ziren.

Datu horiek ikusita, eman lezake delitu kopurua emendatu dela, baina ñabardurak egin behar zaizkio baieztapen horri. Delitu larriei dagokienez, giza hilketen kasuek behera egin dute ia herrialde guztietan. Eta delitu arinetan, igoera dago 2020tik, baina ez pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Nafarroako Fiskaltzak, esaterako, azaldu du sanferminak eta herrietako festak 2020an bertan behera utzi izanak zerikusia izan duela, «orduan egiten baitira delitu arin gehien».

INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistari ere erreparatzen diote EAEko Fiskaltzaren eta Nafarroakoaren urteko memoriek. Etxeko indarkeria eta genero indarkeria. Lesioak eta familiako tratu txarrak atalean jaso dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak, eta gorabehera gutxi ikusten dira: 2020an, 3.161 delitu erregistratu zituzten, eta 2021ean, 3.177. Sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez -abusuak, sexu erasoak, jazarpenak...-, aldiz, igoera bistakoa da: mota horretako delituak %36 igo dira -2021ean, 929 izan ziren; 2020an, berriz, 682-.

Aparteko kezka sortzen dute adin txikikoei egindako erasoek. Bizkaian, esaterako, 16 urtetik beherakoei egindako sexu abusuen 44 kasu erregistratu dituzte, 2020an baino 32 gehiago. Nafarroan, berriz, mantendu egin da sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitu kopurua: 466 prozedura zabaldu zituzten iaz, eta 464 2020an. Nafarroako Fiskaltzak ere nabarmendu ditu 16 urte baino gutxiago dituztenei egindako erasoak: hamalau bortxaketa erregistratu zituzten iaz, baita bestelako 40 sexu abusu ere.

KEZKA GAZTEEN INGURUAN

Txostenetan jasotzen da 2020tik ugaldu egin direla gaztetxoek eta adin txikikoek egindako delituak, nahiz eta, pandemiaren aurreko egoerara joz gero, aldaketa hain handia ez izan. Edonola ere, nabari da kezka dagoela gazteen zenbait jokamolderen inguruan, batez ere EAEko Fiskaltzaren txostenean: han azaltzen denez, gazteek egindako delituek gora egin dute, batez ere jabetzaren kontrako delituek, sexu erasoek eta giza hilketek -lau kasu egon ziren 2021ean-, hots, «delitu larriak eta gizartean eragina dutenak», fiskaltzaren arabera. Esaterako, sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez, 2021eko datuetan 2020koetan baino %49 delitu gehiago zenbatu dituzte. Beste modu batera esanda: 2020an, 34 sexu abusu eta hamazazpi sexu eraso zenbatu zituzten; 2021ean, berriz, 48 abusu eta 28 sexu eraso.

Delitu horietako batzuk, lapurretak adibidez, taldean egiten badituzte ere, EAEko Fiskaltzak nabarmendu du ez direla «gaizkile talde antolatuak», eta horren inguruan zenbait hedabidetan plazaratutako informazioak gezurtatu nahi izan ditu.

Nafarroako Fiskaltzaren txostenak ez du horrenbeste indarrik egiten alor horretan, baina nabarmentzen du adin txikikoek egindako delituek gora egin dutela herrialdean: 1.055 izan ziren 2021ean, eta 888, berriz, 2020an. Batez ere, lesio delituen inguruko salaketak ugaldu dira, «taldean egin eta beste gazte batzuek sustatu, grabatu eta hedatzen dituztenak».

ESPETXEAK

Lau kartzela daude Hego Euskal Herrian: Zaballakoa (Araba), Basaurikoa (Bizkaia), Martutenekoa (Gipuzkoa) eta Iruñekoa. 2021eko abenduaren 31n, 1.733 preso zeuden orotara: 768 Zaballan, 346 Iruñean, 342 Basaurin eta 277 Martutenen. Urtebete lehenago, kopurua oso antzekoa zen: 1.742. Gainera, EAEko Fiskaltzak horiek zein gradutan dauden ere adierazi du: bat bera ere ez dago lehen graduan, 738 daude bigarren graduan, eta 344 hirugarrenean. Gainerakoak oraindik sailkatu gabe daude, edo beste erregimen mota batzuk dituzte. Behin-behinean preso dauden edo zigorra ezarri dieten ere zehazten da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 148 preso daude behin-behinean espetxeratuta, espetxeratuen %10,6.

EAEko Fiskaltzak, bere txostenean, gogoeta egin du gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan. Dioenez, preso bati baldintzapeko askatasuna emateko ez da itxaron behar preso hori hiltzear egon arte: «Nahikoa da frogatzea gaixotasuna larria eta sendaezina dela, eta espetxeak eragin negatiboa duela gaixotasunaren bilakaeran». Eta Nafarroako Fiskaltzak jakinarazi du hiru preso hil zirela Iruñeko espetxean; horietako bi baldintzapeko askatasunean zeuden, «larriki gaixo» zeudelako, eta bestea bere ziegan hil zen. Azaldu dute gertatutakoa ikertzen ari direla.]]>
<![CDATA[25erako grebara deitu dute hezkuntzako sindikatuek EAEn]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1938/006/001/2022-03-16/25erako_grebara_deitu_dute_hezkuntzako_sindikatuek_eaen.htm Wed, 16 Mar 2022 00:00:00 +0100 Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete https://www.berria.eus/paperekoa/1938/006/001/2022-03-16/25erako_grebara_deitu_dute_hezkuntzako_sindikatuek_eaen.htm
ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek, Steilaseko Nagore Iturriotzek eta CCOOko Julen Llanosek nabarmendu dute «historikoa» dela lau sindikatuok desberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin partekatutako irakurketa bat egitera iritsi izana. Zirriborroaren inguruan egin duten proposamenaren ardatzetan ere bat datoz: hezkuntza sistema «publiko, euskaldun eta propioa» aldarrikatu dute, eta, horretarako, zortzi puntuko agiri bat aurkeztu dute.

«Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea» proposatu dute, gaur egungo sistema duala gainditu eta itunpeko eskolak publiko bilakatzeko esparru orokor bat ezarriko duena; «lege propioa» ere aldarrikatzen dute, horretarako EAEko hezkuntza sisteman eskumen guztiak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuko duena; eta «euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde» egiten dute: euskararen murgiltze eredua orokortzearen alde egiten dute, eta oinarri horiek diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek bete beharrekoak izatea proposatzen dute.

Inbertsioen arloa, segregazioaren kontrako borroka, langileen enplegu eta lan baldintzak eta «hezkuntza lege parte hartzaile baten beharra» ere jaso dituzte aldarrikapenetan.

Sindikatuek adierazi dutenez, antolatutako mobilizazioekin «eragitea» dute helburu, ardatz horiek oinarrien zirriborroan txerta daitezen. Gero, zirriborro horretan oin hartuta, lege egitasmoa egin eta eztabaidatzeko garaia iritsiko da. «Prozesu luzea izango da, baina, aldaketarik ez badago, ez dugu baztertzen mobilizazio gehiago egitea», esan du ELAko Miren Zubizarretak.

Bildarratz, «harrituta»

Greba deialdia ikusita, «harrituta» dagoela esan du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Azaldu duenez, oraindik behin betiko testurik ez dago mahai gainean, ehun zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkioten «oinarrizko testu bat» baizik. Nabarmendu du testu hori ehun eragile baino gehiagoren iritziak bildu ostean ondu zuela hezkuntza akordioa lortzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldearen presidenteak, eta, gainera, talde parlamentarioak zuzenketak eztabaidatzen ari direla oraindik. «Zaila da elkarrizketa eta adostasun mezu horren kontra doan greba deialdi bat ulertzea», esan du.

Gainera, azpimarratu du testuan ez dagoela langileen eskubideen inguruko aipamenik. Horregatik, greba «prebentiboa» iruditzen zaio. Edonola ere, nabarmendu du talde parlamentarioetan «akordiorako jarrera positiboa» ikusten duela.

UGT sindikatuak adierazi du ez datorrela bat greba deialdiarekin.]]>
<![CDATA[Tsunamia Euskal Herrian ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2132/010/001/2019-10-19/tsunamia_euskal_herrian_ere.htm Sat, 19 Oct 2019 00:00:00 +0200 Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete https://www.berria.eus/paperekoa/2132/010/001/2019-10-19/tsunamia_euskal_herrian_ere.htm


Arratsaldean izan da ekitaldirik ikusgarriena, Bilbon. Ordu batzuk lehenago, sare sozialen bidez hedatu dute deialdia, «autodeterminazio eskubidearen alde eta herri baten aurkako sententziaren kontra», #EuskalTsunamia traola erabiliz. Deialdi horri erantzunez, ehunka lagun, gazteak gehienbat, San Mames futbol zelaiaren inguruan bildu dira, eta handik Bilboko sarrerara jo dute, bidea ordubetez ixteko asmoz. Horietako askok ikurrinak, Kataluniako ikurrak eta autodeterminazio eskubidearen aldeko afixak zeramatzaten. Errepidea moztu eta atoan iritsi dira Ertzaintzaren zenbait furgoneta.

Atxiloketak

Gazteak lurrean eseri dira, «Ez gaituzue geldituko!», «Altsasukoak askatu!», «Katalunia aurrera!» eta antzeko oihuak eginez. Hasieran, ertzainak ez dira eserita zeuden gazteen kontra oldartu, eta beste bide bat erabili dute: manifestariengana hurbildu, lehenengo lerroan eserita zeudenetako bat indarrez hartu, eta furgonetak zeuden aldera eraman. Identifikatzeaz gain, haietako batzuk Ertzaintzaren auto banatan eraman dituzte ertzain etxera. Horrelakoak gertatzen zirenean, manifestariek «EAJ, lotu zure txakurrak!» eta «Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas!» egiten zuten oihu. Gazte pare bat eraman dute modu horretan, baina hirugarrenaren bila joan direnean, gainerako manifestariak babesten saiatu dira eta ertzainak kolpeka aritu dira, eta arrastaka eraman dute atxilotua. Oldarraldiak gero eta bortitzagoak izan dira, eta azkenengoetan balarik gabeko tiroak ere egin dituzte.

Hamar bat minutuan behin aritu dira ertzainak gazteak modu horretara atxikitzen, eta, orotara, dozena bat lagun eraman dituzte, horietako batzuk aski modu bortitzean eta arrastaka. Horietatik atxilo eraman dituztenak lau izan dira, zenbait iturriren arabera.

Manifestariek ordubete zeramatenean bidea mozten, protestaldia bukatutzat eman dute, txaloka eta Eusko gudariak kantatuz. San Mamesekoa da Bilbora sartu eta handik irteteko bide nagusia, eta mozketak auto ilara luzeak eragin ditu. Ertzainek bidea ireki dutenean, istilu batzuk izan dira: agenteei harriak bota dizkiete, eta ertzainek, berriz, foam balak jaurtiki dituzte. Gazteek Bilboko erdialdera egin dute, eta han, Kale Nagusiaren inguruetan, Albiako lorategietan eta Arriagako zubian, istiluak egon dira.

Eguerdian, eserialdiak

Ernaik deituta, zenbait gaztek eserialdiak egin dituzte Donostiako epaitegiaren eta Bilboko eta Gasteizko La Caixaren egoitzetan. «Estatu espainola estatu terrorista», eta «Katalunia aurrera» leloak oihukatu dituzte.

Bilbon, 50 bat gaztek, elastiko horiak jantzita, eserialdia egin dute La Caixak Plaza Biribilean duen egoitza nagusian, sarrera oztopatuz. Handik gutxira ertzaintzaren furgonetak iritsi dira; lehenbizi, eskuorriak banatzen ari zen gazte bat identifikatu dute, eta, geroago, eserialdian zeuden gazteak banan-banan atera dituzte, haietako batzuk arrastaka, eta identifikatu eta miatu egin dituzte.

Protestaldiak iraun duen bitartean, «Independentzia!», «Katalunia aurrera!», «Ez gaituzue geldituko!» eta antzeko oihuak egin dituzte gazteek. Bukatutakoan, gazteei bihotz ematen ari ziren pertsonen kontra ere oldartu dira ertzainak, eta gazte bat atxiki eta identifikatu egin dute. Identifikatutako gazte guztiak libre gelditu dira.

Donostian, gazteak ordu laurden inguruan egon dira eserita, eta indarkeria erabili gabe altxatu dira. Horietako bat identifikatu egin dute, eta jakinarazi diote zigorra jarriko diotela. Horrez gain, BERRIAko kazetari bat eta bideogile bat identifikatu dituzte, argazkiak eta bideoak egiteagatik. Gasteizen ere, La Caixaren eraikinaren aurrean egin dute eserialdia.]]>