<![CDATA[Haritz Gallastegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 21 Jan 2021 20:44:34 +0100 hourly 1 <![CDATA[Haritz Gallastegi | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Kuadrilla baten garaipen handia ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2102/020/001/2021-01-14/kuadrilla_baten_garaipen_handia.htm Thu, 14 Jan 2021 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/2102/020/001/2021-01-14/kuadrilla_baten_garaipen_handia.htm hat trick-a. San Mamesen 50.000 ikusle futbolaz eta taldearen garaipenaz gozatzen. Atzetik aurrera egindako laburpena da. Athleticek irabazitako azken txapelketa, hitz gutxitan kontatuta. Egun, pandemiaren erdian, kosta egiten da sinestea. Baina hala izan zen. Kuadrilla zuri-gorriaren azken balentria izan zen. Bikain jardun zuen belaunaldi baten garaipena. Aritz Aduriz zen lagun talde horretako erreferentzia nagusia. Superkopan izar nagusia izan zen. Bi partidatan lau gol sartu zituen. Bere kirol ibilbideko onenean zegoen: ate aurrean ez zuen barkatzen. Baina garaipena talde guztiak lortu zuen, kuadrilla osoak. «Gezurra esango nuke niretzat ahaztezina izan ez zela esango banu. Baina talde lana izan zen. Pentsa, joanekoan hiru gol sartu nituen, baina neurketa eskasa jokatu nuen. Ez nintzen aho zapore onarekin gelditu. Hiru gol sartu nituen, baina beste jokaldi askotan kale egin nuen», adierazi dio Adurizek BERRIAri. Erretiroa hartu zuenetik arretagunetik apur bat aldentzeko erabakia hartu du, familiarekin adostuta, eta Mallorcan bizi da. «Haize apur bat hartzeko eskatzen zidan gorputzak». Bilbon ezinezkoa izango zenez, ondo ezagutzen duen irla horretara joatea erabaki du. Lur hartzen lagunduko diola iritzi dio.«Aduriz izateari utzi eta Aritz izateko premia nuen». Baina Adurizen itzala luzea da. Athleticen arrastoa utzi du. Eta iragan hurbilaz jardutea egokitzen denean, ezinbestekoa da harengana jotzea. Azken lau hamarkadetako belaunaldirik emankorrenaren ikur nagusia da. Iraola, Gurpegi, Iturraspe, San Jose, De Marcos, Muniain eta beste askorekin batera, Athletic gorenean jartzea lortu zuen. Superkopa irabaztea urte askotan egindako lanaren saria baino ez zen izan. Adurizentzat bere kirol ibilbideko mugarrietako bat da 2015eko Superkopa. «Futbolak utzi didan oroitzapenik politena ez bada, politenetakoa da. Athleticekin txapelketa bat irabaztea futbolean lor nezakeen gauzarik garrantzitsuena da. Superkopa ondo ospatu genuen, baina, denborarekin, are eta gehiago ari gara baloratzen». Txapelketa bat irabazteak meritu handia dauka, eta etxeko jokalariekin lehiatuta irabazteak duen balioa neurtzea nekeza da. Eta aurrean Espainiako Ligan eta Europan aro bat markatu duen aurkaria izanez gero, balentria dela esan daiteke. Athleticek aurrean izan zuen Bartzelona hark garaiezina baitzirudien. Messiren taldeak Txapeldunen Liga, Espainiako Liga, Kopa, Europako Superkopa eta kluben arteko munduko txapelketa irabazi zituen urte hartan. Espainiako Superkopa falta zitzaion sasoia biribiltzeko. Baina ez zen kapaz izan Athletic mendean hartzeko. «Bartzelonak Superkopa irabazi izan balu, denboraldian jokoan izan zituen sei lehiaketak irabaziko zituen. Futbolaren historian oso gutxitan ikusi da talde bat denboraldi berean dena irabazten. Pentsa nolako meritua zuen». Hain zen handia Bartzelonaren nagusitasuna eta aurkariei sortzen zien izua, joanekoan lau golen errenta lortu arren inork ez baitzuen garaipena eskuan ikusten. Inork ez. «Jarraitzaileak ez zeuden lasai, eta jokalariak ere arduratuta geunden. Aurrean zegoen taldearen maila zein zen bagenekien. Bartzelona Camp Noun kanporaketa asko iraultzen ikusi dugu. Beraz, banakoa sartu genuen arte ez genuen argi ikusi Superkopa irabaziko genuela». Adurizek ez du inoiz ahaztuko duela bost urte bizi izandakoa. Etxean gordeta duen Superkopa txikiak ere lagunduko dio gogoratzen. Lehen, Superkopa abuztuan jokatzen zen, liga hasi bezperan. Egun, berriz, denboraldiaren erdian asteburu bat dauka gordeta. «Balio handia duen lehiaketa bat da. Superkopa jokatzeko, lan handia egin behar da». ]]> <![CDATA[Ikurra, biziberritzeko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1877/023/001/2021-01-09/ikurra_biziberritzeko.htm Sat, 09 Jan 2021 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1877/023/001/2021-01-09/ikurra_biziberritzeko.htm
Athletic joko eta bolada txarrean dabil. Kluba sortu zenetik bizi duen egoerarik gaitzena da. Jokoan izan dituen azken 27 puntuetatik hiru baino ez ditu eskuratu. Azken bederatzi partidatan ez du irabazi. Sei norgehiagoka galdu ditu, eta hiru berdindu. «Zuhaitza mugitu beharra zegoen taldearen dinamika aldatzeko. Iraia ondo prestatuta dago. Bera da aproposena», azaldu zuen Joseba Agirre kirol zuzendariak.

Bistan da Athleticek zerbait behar duela. Jaitsiera postuetatik lau puntura besterik ez dago. Klub zuri-gorria inoiz ez da horren egoera txarrean egon. Baina, era berean, testuingurua ezagutzea ezinbestekoa da zuri-gorriek bizi duten egoera ulertzeko. Angel Villacampa entrenatzaile ohia ez dela egoeraren erantzule bakarra, alegia. Emakumezkoen futbola asko hazi da azken urteotan, eta horrek ikaragarri handitu du Espainiako maila nagusiaren maila. Iturregik barru-barrutik bizi izan du bilakaera hori. «Jokalari nintzen sasoian oso zaila zen ligak irabaztea, baina egun, taldeak prestatuagoak daude. Baliabade gehiago eta hobeak ditugu. Baina, batez ere, jokalari atzerritarren etorrerak igo du maila. Europako jokalari onentsuenek ligara etortzea erabaki dute». Aurkariak asko indartu dira, eta Athletic, ordea, ahuldu. Maite Oroz eta Damaris Egurrola taldearen oraina eta etorkizuna ziren, baina biek ala biek beste egitasmo batzuk abiaraztea erabaki zuten, pasa den udan. «Taldeak nabaritu egin du euren hutsunea. Klubaren asmoa haztegia landuta lehiakorra izatea da. Etorkizun ona daukagu. Baikorra naiz».

«Talde ausarta» gura du

Iturregik ondo ezagutzen ditu jokalariak. Eskarmentu handien duten futbolariak taldekide izan zituen, eta gazteenak, berriz, bere aginduetara aritutakoak dira bigarren taldean. Guztiei baikortasun mezua igorri zien lehen hartu emanean. «Taldean dagoen talentuan sinesteko esan diet. Emaitza onek konfiantza ematen dutela esan ohi da, baina konfiantza lana eginda lortzen da». Bihar Lezaman Eibarri derbia irabaztea baino ez dauka buruan orain Iturregik. Bi lan saio zuzenduta ezinezkoa baita teknikari batek dituen ideiak jokalariei barneratzea. Bada, derbira begira, azken jardunaldietan ikusi dituen gabezietan jarriko du azpimarra. «Lau partida daramatza taldeak golik sartu barik. Gure lehen entrenamendu saioan erasoko lana landu dugu. Zelaiaren azken herenean egin beharreko lanari jarri diogu arreta. Bestalde, aurkariek aukera gutxi egin arren, golak sartzen dizkigute. Hori ere konpondu beharra dago. Arlo taktikoa baino gehiago, arlo psikologikoa ari gara lantzen».

Derbia jokatu ostean, etenaldia izango du txapelketak. Eta orduan bai, berak gustuko duen jokamoldea futbolariei transmititzen ahaleginduko da. Jokalari gisa zituen ezaugarriekin antz handia duen joko proposamena egingo du Athleticek. «Intentsitate handiko taldeak, ausartak eta alaiak ditugu gustuko. Garaipena da lehentasuna, baina ikuskizuna ematea ere gustuko dut».

Iturregik Aitor Elizegi Athleticeko presidentea izan zuen ondoan, eta hari galdetu zioten ea zer sentipen zituen lau egun eskasetan bi entrenatzaile kargutik kenduta, eta erantzun zuen «bizirik dagoen bitartean» ez duela ahaztuko aste hau, baina «etorkizunera» begiratu behar dela.]]>
<![CDATA[Ekaitzak erdian harrapatu du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2021-01-05/ekaitzak_erdian_harrapatu_du.htm Tue, 05 Jan 2021 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1957/023/001/2021-01-05/ekaitzak_erdian_harrapatu_du.htm
Irakurri gehiago: Sua piztu duen aldaketa.

Garitanok meritu handiko lana egin du Athleticen. Lehen erronka ez zen makala izan: Eduardo Berizzoren lekukoa hartzeko aukeratu zuten. Mende hasierako biurteko beltzaren ostean, garairik gaitzenean zegoen Athletic. Jaitsierako postuetan. Hautsita. Egoera iraultzea nekeza zirudien. Baina azterketa nota onarekin gainditu zuen derioztarrak: hasteko, sakabanatuta zeuden piezak elkartu, eta noraezean zebiltzan jokalariak batu zituen; defentsako lana oinarri hartuta, puntuak pilatzen hasi zen taldea; abenduan dena beltz ikusten zuen taldeak Europarako txartela izan zuen jokoan txapelketako azken partidan. Sanchez Pizjuanen Sevillaren kontra galduta sari barik gelditu zen.

Taldeari egindako ekarpenak beste urtebetez jarraitzeko aukera eman zion, eta bigarrenean ere helburuak bete zituen: COVID- 19ak eragindako pandemiak baldintzatutako denboraldian, Espainiako Kopako finalerako txartela eskuratzeaz gain, bigarren urtez jarraian azken jardunaldira arte Europa Ligarako txartela eskuratzeko lehian egon zen Athletic. Bigarrenean ere kale, ordea. Hala ere, ba al dago talde zuri-gorriko entrenatzaileari emaitza hobeak eskatzerik? Zein da taldeak dituen jokalariekin egokitzen zaion lekua? Sasoi honetakoa izan da kirol mailarik gorabeheratsuena. Taldeak ez du gaitasunik izan bi edo hiru emaitza on kateatzeko. Emaitzak alde batera utzita, taldearen jokoa oso kritikatua izan da.

Emaitzen atzean zer dagoen

Futbol entrenatzaileak emaitzen menpe daude; helburuak lortu ezean etxera bidaltzen dituzte, baina salbuespenak ere badaude. Zenbait kasutan beste faktore batzuek ere pisu handia izaten dute klubetako agintarien erabakietan; bestela, ezinezkoa litzateke justifikatzea Athletic bederatzigarren postuan daukan entrenatzaile bat kargutik kendu izana. Europako postuak eta jaitsierakoak sei puntura ditu, eta hori guztia, taldearen ardura hartu zuenetik ia fitxaketarik egin gabe, taldea indartu barik. Berenguer izan da azken bi urteetako apustu nagusia. Berenguer baino ez. Talde barruan lehiakortasuna areagotzen lagundu du, baina ez du taldearen maila nabarmen hobetu.

Bistan da Garitanok Athleticen egin duen beharra aintzat hartu behar dela. Bere aurrekoek, Berizzok eta Jose Angel Zigandak egindako lana dezentez hobetu du. Baina ez da nahikoa izan, partida egunetan islatzen den egunerako lanaz gain, beste gauza batzuk ere zaindu egin behar baitira. Taldeak zelaian zer transmititzen duen garrantzitsua da, ezinbestekoa. Bada, Garitanoren Athleticek inguruaren babes handia izan du garai latzetan, baina behin zailtasunak gainditutakoan beste urrats bat egiteko eskatu zaio, eta ez du lortu. Taldeari kosta egin zaio harmailarekin bat egitea, jarraitzaile batzuekin, behintzat. Gainera, egungo futbolean garrantzitsua da norberen burua eta proiektua saltzen asmatzea. Garitano zuzena eta zorrotza da; pentsatzen duena esaten du, eta kosta egiten zaio zaleek entzun gura duten mezua igortzea. Horrek asko balio du futbolean.

Gainera, kosta egin zaio jokalari gazteen aldeko apustua egitea. Athleticen oinarri nagusia haztegia da, eta lehen taldean zerbait falta denean, beheko taldeetan dauden harribitxien aldeko apustua egin behar da; zalantza egin barik, gainera. Garitanori kosta egin zaio pausua ematea. Akaso gazte mailetan zer zegoen ondo ezagutzen zuelako, eta argi zuelako aukeraren zain zeudenek ez zutela gaitasunik gorengo mailan lehiatzen ari zirenen maila berdintzeko. Bitxikeria gisa, esan behar da, baina, belaunaldi aldaketaren aldeko apustua inoiz baino sendoago egiten ari zenean kaleratu dutela.

Norberak kontrolatu ezin ditzakeen egoerak ere badaude teknikari baten ibilbidean. Garitanori krisi instituzional sakonean murgilduta dagoen talde bat zuzentzea egokitu zaio. Athletic familian haustura dago. Korronte ezberdinak beti egon ohi dira, baina azken urteetan banaketa handia dago. Horrek desgaste handia eragin du. Ildo horretan, azken batzarrean egungo zuzendaritzaren kudeaketak jaso zuen belarrondokoak aurreratu egin du erabakia. Arlo ekonomikoan egoera aldatzerik ez dagoenez, kirol arlora jo dute agintariek. Entrenatzailearen gaineko erabakia Elxeren kontrako partidaren aurretik zegoen hartuta.]]>
<![CDATA[«Gero eta hobeto ari gara»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1926/024/001/2020-12-31/gero_eta_hobeto_ari_gara.htm Thu, 31 Dec 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1926/024/001/2020-12-31/gero_eta_hobeto_ari_gara.htm
Gabonetan, atseden hartzeko egun batzuk izan dituzue. Lortu al duzu burua freskatzea?

Bai. Futbola albo batera lagatzeko egunak izan dira. Ez dut gauza handirik egin. Aitarekin eta amarekin elkartu naiz, baina ez gainerako familiako kideekin. Azkar pasatu dira jaiegunak.

Ingalaterran, partida asko jokatzen dira Gabonetan. Zaleek eskertzen dute. Espainiako Ligan antzeko zerbait egitearen alde egongo zinateke?

Jaiegunak eskertzen ditut, baina ni prest egongo nintzateke ahalegin bat egiteko.

Aurten dena da ezohikoa, baita futbol egutegia ere. Urtea amaitzeko, derbia jokatuko duzue Realaren kontra, San Mamesen. Urtea oso ondo amaitzeko aukera ona da, baina, irabazten ez baduzue, bestelakoak izango dira kontuak.

Urtea sentsazio onekin amaitzea ederra izango litzateke. Derbia irabaztea espero dut.

Realari kostatzen ari zaio irabaztea azken partidetan, baina denboraldiaren lehen zatian oso ondo ari da. Zale txuri-urdinak ilusioz gainezka daude.

Oso indartsu hasi zuten denboraldia. Talde osoa da, eta jokalari onak ditu. Baina derbiak bereziak dira. Faktore askok eragiten dute azken emaitzan. Gainera, gu ondo ari garela uste dut. Vila-realen kontra ondo moldatu ginen. Animatuta gaude.

Realaren inguruan berba egiteko orduan, erasoko jokoan dituen aukera eta baliabideak nabarmentzen dira. Baina, era berean, oso gol gutxi sartzen dizkiote. Zuk zer nabarmenduko zenuke Realaz?

Talentu handiko jokalariak ditu. Baloia erabiltzea gustuko dute. Realaren jokatzeko erak mesede egin diezaguke. Jokoaren ekimena hartzea egokitzen zaigunean, akatsak egiten ditugu, eta aurkariak baliatu egiten du kontraerasoan jokatzeko. Derbian guk joka genezake kontraerasora. Presioan asmatzen eta arriskua sortzen ahaleginduko gara. Neurketa ona jokatu beharko dugu irabazteko.

Mikel Oiartzabal hamaikakora itzuliko dela dirudi. Realaren izar nagusietako bat da. Zuri egokituko zaizu hura zaintzea.

Sarri egon gara aurrez aurre. Sasoi betean ez itzultzea espero dut [barrez].

Oiartzabal ez da gertutik zaindu beharko duzuen jokalari bakarra. Inguruan dituenak ere onak dira.

Jokalari onak dira, bai. Berdin da zeinek jokatzen duen. Guztiak ari dira ondo jokatzen.

Realaren kontra jokatzea egokitzen den egunetan, nahi ala nahi ez etortzen al zaizu burura Espainiako Kopako finala?

Ahaztua nuen. Orain, ligak dauka lehentasuna, baina badakigu apirileko partida hor dagoela.

Gustura zaude taldeak orain arte eman duen mailarekin?

Ez ginen ondo hasi, baina, apurka-apurka, hobetzen ari gara.

Bi garaipen kateatzea ezinezkoa dela dirudi.

Kostatzen ari zaigu. Ea Reala mendean hartuta beste irakurketa bat egiten dugun.

Zazpigarren postutik jaitsieran dauden taldeetara oso puntu gutxiren tartea dago. Jokatu duzun txapelketarik parekatuena al da sasoi honetakoa?

Bai. Bigarren Mailaren antz handia hartu du. Bi partida irabaziz gero, goiko postuetara gerturatzen zara; aldiz, pare bat emaitza txarrekin gertu ikusten da amildegia. Oso parekatuta daude indarrak.

Zuloan sartzeko arriskurik ikusten duzu?

Bolada txarrak etor daitezke, baina beti aurrera begiratu behar da. Baikorrak izan behar dugu.

Gaizka Garitanoren konfiantzako jokalarietako bat zara. Ia minutu guztiak jokatu dituzu orain arte.

Entrenatzaileak konfiantza handia dauka nigan. Eibarren elkarrekin lan egiteko aukera izan genuen, eta horrek ere mesede egingo zidan. Berak nigan jarri duen konfiantza zelaian itzuli izana espero dut.

Entrenatzailea asko kritikatzen ari dira. Jokalariok ez bezala, Garitano zale eta komunikabide batzuen jomugan dago.

Teknikariari egurra eman diote, baina errua ez da berea. Orain arte ez dugu gure onena eman, baina gero eta hobeto ari gara. Jarraitzaileei gugan fedea izateko eskatuko nieke. Mezu baikorrak jaso gura ditugu, konfiantza hartzeko.

Azken jardunaldietan sasoi hasieran baino gusturago ari zara?

Bai. Ez nintzen indartsu hasi, baina arlo fisikoan hobetu egin dut, eta horrek asko lagundu dit. Aurreko sasoian eman nuen maila berreskuratu, eta eutsi gura diot.

Hilabete pasatxo barru beteko dituzu 29 urte. Ez da adin txarra futbol jokalari batentzat.

Ez horixe. Gustura ari naiz. Gozatzen ari naiz zelaian.

Nork irabaziko du derbia?

2-0 irabaziko dugu.]]>
<![CDATA[Mahatsak ez du izango zapore bera]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1975/024/002/2020-12-31/mahatsak_ez_du_izango_zapore_bera.htm Thu, 31 Dec 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1975/024/002/2020-12-31/mahatsak_ez_du_izango_zapore_bera.htm
Ander Capari elkarrizketa:«Gero eta hobeto ari gara»

Bi taldeen ibilbidea aintzat hartuta, Reala da faboritoa. Ikusgarri aritu da denboraldiaren lehen zatian. Joko ona eta emaitzak uztartu ditu. Erasoan talentu handia du, eta defentsan ere ondo ari da. Baina dena ez da perfektua. Nekeak eta jokalari garrantzitsuen lesio txikiek eragina izan dute azkenaldian. Kostatzen ari zaio irabaztea. Hala ere, administrazio kontseilua gustura dago, eta kontratua luzatu berri die Imanol Alguacili eta Roberto Olaberi.

Ander Gebarari elkarrizketa:«Taldeak aurrerapauso bat eman du aurten»

Athleticen, bestela daude kontuak. Arlo instituzionalean krisian dago. Aitor Elizegi buru duen zuzendaritzari atzera bota dizkiote kontuak bazkide konpromisarioek. Ondorioz, kolokan jarri dute proiektua. Hori gutxi ez, eta kirol arloan ere gogorrak izan dira lehen hilabeteak. Gaizka Garitanoren kontrako ildoak indar handia erakutsi du azken hilotan; haren kargua kolokan jartzeraino. Hala ere, zuzendaritzak eutsi egin dio. Eta badirudi zailtasunei aurre egin eta taldea hasia dela esnatzen: azken jardunaldietako Athletic aurrenetakoa baino hobea izan da. Baina oraindik begi batekin atzera begira dabil. Gaur lan ona egin eta irabazteak indar handia emango lioke proiektuari. Gainera, zuri-gorriek argi dute jokoaren ekimena izatea gustuko duten taldeen kontra hobeto moldatzen direla atzean sartzen direnen aurka baino. Reala izan daiteke ekimena izatea gustuko duten taldeetako bat.

Hamaikakoei dagokienez, Athleticen, Yerayk min hartu du, eta ez da ariko. Aldiz, Berenguer eta Villalibre prest daude. Realean, berriz, Oiartzabal izango da berritasuna. Aldiz, Aritz Elustondo, Zaldua, Silva eta Januzaj ez dira ariko, min hartuta baitaude.

Garitanoren arabera, «egun, Reala ligako talderik onenetako bat da». Ez dio garrantzirik eman azken bederatzi jardunaldietan ez irabazi izanari. «Irabazten zuenean bezala ari da, ondo. Gure onena eman beharko dugu. Baikor nago». Imanolek, berriz, «une onean» ikusten du kontrarioa. «Betiko Athletic izango da, aurkari zaila».]]>
<![CDATA[Ondo aritzeaz gain, Athleticek irabazi beharra du gaur, etxean, Huescaren aurka]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2193/028/001/2020-12-18/ondo_aritzeaz_gain_athleticek_irabazi_beharra_du_gaur_etxean_huescaren_aurka.htm Fri, 18 Dec 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/2193/028/001/2020-12-18/ondo_aritzeaz_gain_athleticek_irabazi_beharra_du_gaur_etxean_huescaren_aurka.htm
Hortaz, ezin du huts egin gaur San Mamesen, Huescaren aurka (21:00, Gol). Talde igo berria izan arren, oso ondo ari da lehiatzen. Gainera, hamar jardunaldi irabazi ezinik egon ostean, Alavesi irabazi zion pasa den larunbatean. Hortaz, norgehiagoka prestatzeko denbora gehiago izateaz gain, konfiantzaz gainezka zelairatuko da. Yeray Alvarezek eta Raul Garciak ez dute jokatuko, partida bateko zigorra bete behar baitute.

Superkopako finalerdiak

Bestalde, atzo zozkatu zituzten Espainiako Superkopako finalerdiak. Realak Bartzelona izango du aurkari urtarrilaren 13an, Kordoban (Espainia). Zuri-gorriek, berriz, Real Madrilen aurka jokatuko dute egun bat geroago, Malagan (Espainia). Irabaziz gero, abenduaren 17 an jokatuko lukete finala, Cartuja estadioan (Espainia). Hasieran, Saudi Arabian zen jokatzekoa Superkopa, baina Espainian jokatuko da, koronabirusagatik. Ez da izango ikuslerik.]]>
<![CDATA[Gehiago merezi izan du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1948/028/002/2020-12-13/gehiago_merezi_izan_du.htm Sun, 13 Dec 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1948/028/002/2020-12-13/gehiago_merezi_izan_du.htm Athletic. Unai, Capa (De Marcos, 68. min.), Yeray,Iñigo, Yuri, Dani Garcia, Vesga (Unai Lopez, 46. min), Williams, Muniain (Unai Nuñez, 85. min.), Berenguer eta Villalibre (Raul Garcia, 77. min.).
Golak. 1-0. Solerrek, penaltiz (25. min.); 1-1. Villalibrek (54. min.). 1-2: Raul Garciak, penaltiz (79. min.); 2-2: Vallejok (84. min).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horia: Valentziako Maxi Gomez eta Jasoni; , eta Athleticeko Vesga, Dani Garcia, Unai Lopez, Berenguer, Yeray eta Raul Garciari.

Sadar, Mendizorrotza, Zorrilla, Mestalla... Athleticek puntu askori utzi die ihes egiten denboraldi honetan. Aipatutako zelaietan jokatutako partida guztiek ezaugarri bera izan dute: jokalarien banakako akats larriak. Lehen Mailan parekotasun handia dago, eta detaile txikietan ebazten dira neurketa gehienak. Hortaz, ezinbestekoa da oparirik ez egitea. Gorengo mailan inork ez du barkatzen.

Valentziaren kontra Dani Garcia eta Unai Simon izan ziren protagonistak. Euskarriak penalti inozoa egin zuen lehen zatian. Ez da lehen aldia. Area barruan eta zelai erdian ezin dela berdin jokatu jakin beharko luke dagoeneko. Atezainak, berriz, bigarren golean egin zuen kale. Txarto neurtu zuen irteera. Hala ere, ez zen Valentziaren berdinketan kale egin zuen bakarra izan. Manu Vallejo, golegilea, bakarrik baitzegoen area txikian geldikako jokaldian.

Valentzia eta Athletic puntu banarekin itzuli ziren etxera. Baina, zelaian ikusitakoa aintzat hartuta, etxeko taldeak puntu bat irabazi zuen, eta Athleticek bi gehiago eskuratzeko aukera ezin hobea galdu.

Taldeak indartsu ekin zion lehiari. Hegalak baliatuz erraz iristen zen Domenechen ate ingurura. Baina beste askotan gertatu den legez, Capak edota Berenguerrek egindako erdiraketa onek ez zuten errematatzailerik aurkitu. Gero, Valentziak aurrera egin zuen, baina Unai Simoni ez zitzaion lana pilatu. Hala ere, Valentziak ez zuen asko behar izan markagailuan aurreratzeko. Racicek area ertzetik egindako jaurtiketak zutoina jo zuen, eta aldaratzea Maxi Gomezen oinetara iritsi zen. Aurrelariak izkin egin zion Dani Garciari, eta bere jaurtiketaren aldaratzea hartu ondoren, Garciak berak bota zuen lurrera. Solerrek ez zuen huts egin.

Athletic ez zen suspertu bigarren zatia hasi arte. Garitanok Unai Lopez zelairatu zuen, eta taldea baloia azkar mugitzen hasi zen atzean sartuta zegoen aurkariaren aurrean. Hamar minutura, Yurik ezker hegaletik egindako erdiraketa Villalibrek errematatu zuen ate aurrean. Bana.

Baina lehoiak ez ziren berdinketaren konformatu. Erasoan jarraitu zuten. Hamar korner atera zituen. Baina, era berean, Athletic ez zen kapaz izan erremate argi bakar bat egiteko, Muniainek banakako jokaldi batean penaltia behartu zuen arte. Zelairatu berria zein Raul Garcia izan zen golegilea. Baina laurogei minutuko ahalegina jokaldi batean zapuztu zen: Yerayk beharrezkoa ez zen falta bat egin zuen; Simonek irteera ustela egin zuen, eta zaintzarik gabe zegoen Vallejok berdintzea lortu zuen area txikitik. Eta, gainera, azken minutuetan lehia galtzeko arriskua egon zen.]]>
<![CDATA[Gehiago merezi izan du]]> https://www.berria.eus/albisteak/191069/gehiago_merezi_izan_du.htm Sat, 12 Dec 2020 19:54:28 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/albisteak/191069/gehiago_merezi_izan_du.htm <![CDATA[Valentziaren eta inguruaren kontra]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2215/023/002/2020-12-12/valentziaren_eta_inguruaren_kontra.htm Sat, 12 Dec 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/2215/023/002/2020-12-12/valentziaren_eta_inguruaren_kontra.htm borroka horren erdian Gaizka Garitano dago. Teknikariaren zikloa amaitu dela defendatzen dutenak indar agerraldia egin dute Celtaren kontra galdu ostean. Ez daude gustura taldeak egiten duen jokoarekin, eta emaitza hobeak lortzeko lehengaia dagoela defendatzen dute. Erasoko jokoan ikusten dute gabezia nagusia. Zuzendaritzako kide batzuk ildo horren aldekoak dira.

Garitanoren lana defendatzen dutenak ere badaude, ordea. Bi urte bete berri ditu karguan, eta ordutik ona egindakoa mahai gainean jartzen dute une oro. Taldea zulotik atera eta Espainiako Kopako finalerako sailkatzeaz gain, jardunaldiz jardunaldi erakusten duen lehiakortasuna baloratzen dute. Azken urteotan asko berdindu den futbolean aintzat hartu beharreko kontua dela iritzi diote. Aitor Elizegi presidentea eta Rafa Alkorta kirol zuzendaria daude Garitanoren lana baloratzen dutenen artean. Protagonista nagusiak, berriz, naturaltasunez egiten dio aurre egoerari. Hori esaten du behintzat. Eskarmentuak laguntzen dio gauzak ulertzen. «Dena onartzen dut. Futbolaren parte da. Egoera hobea izan zitekeen baina ez da larria. Lanean ari gara. Ni baikor naiz», esan zuen atzo bere etorkizunaz galdetuta.

Baina ba al dago horrela lan egiterik? Entrenatzaile batentzat ez da erraza izan behar etengabe bere kargua jokoan dagoela behar egitea. Futbolean nahikoa presio dute gainzama hori izan barik. Kontuak kontu, Garitano eseriko da gaur Mestallan (14:00, Movistar La Liga). Eta aurreko sasoian bezala, irabazi egin nahi dute. Egungo Valentzia ez baita menderaezina. «Partida zaila izango da baina taldea gogotsu dago. Valentzia talde ona da, jokalari onak ditu baina gaztea da. Lehen Mailako talderik gazteena». Eta Athletici gertatzen zaion gisara, esperientzia falta ordaindu egiten da partida batzuetan. Talde zuri-gorria baita ligako taldeen artean gazteena eta harrobiko jokalariei minutu gehien ematen dion taldea: %51. Dena dela, kontrarioa estu hartzeko Valentziaren kontraerasoa zaindu beharko dutela iritzi dio. «Jokalari onak eta azkarrak dira. Batez ere hegaletan dute abiadura». Halaber, etxekoan ahalegina kontrolatzeaz gain, erasoan gehiago asmatzeko premia ikusten du etxetik at. «Kanpoan gutxi sufritu dugu. Partida gehienak parekatuak izan dira, baina aukera gutxi sortu ditugu».

Hamaikakoa zein izango den ez dago batere argi. Atzealdean Iñigo Martinez izango da berritasuna, partida bateko zigorra bete eta gero. Defentsako nagusia da. Hortik aurrera duda gehiago daude. Dani Garciak eta Raul Garciak lekua galdu dute hamaikakoan azkenaldian, baina baliteke beste aukera bat izatea. Bestalde, azken partidetan hauspoarekin arazoak izan dituen Yuri deialdian dago. Ondi bidean, hasieratik ariko da.]]>
<![CDATA[«Egoera zaila da, baina Gaizkarekin gaude»]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1924/031/001/2020-11-22/egoera_zaila_da_baina_gaizkarekin_gaude.htm Sun, 22 Nov 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1924/031/001/2020-11-22/egoera_zaila_da_baina_gaizkarekin_gaude.htm
Beste behin denboraldi honetan, puntu premia handiz jokatuko duzue.

Garaipen beharra beti izaten dugu. Talde guztiek dute premia. Baina argi dago egoera hobean egotea gura genuela. Betis goian dago sailkapenean, baina irabaziz gero, euren parean jarriko gara. Behera begira egon beharrean, gora begira jarri gura dugu.

Alde handia dago Betis mendean hartu edo hiru puntuak ez irabazi. Garaipena eskuratuz gero, lasaitasuna ekarriko zuen taldera, baina ez irabazteak sasoi hasieratik taldeak duen tentsioa handitzea eragingo luke. Egoera gaiztotzeko arriskuak presioa eragiten al du?

Nabari da taldearen inguruan tentsioa dagoela. Jarrera baikorra erakutsi, eta pentsatzen dugu Betis mendean hartuko dugula.

Taldea ez da gai izan jokalariei konfiantza emango dizuen eta ingurua lasaituko duen bizpahiru emaitza on kateatzeko. Ez duzue segidarik izan.

Emaitza onak lortzeko aukera bikainak galdu ditugu: Cadizen kontra bi jokalari gehiagorekin aritu ginen, Osasunaren eta Valladoliden kontra nagusi izan ginen... Baina ez gara sortzen ditugun aukera apurrak asmatzen ari. Gure arean, berriz, azken urte bietan egin ez ditugun akats txikiak ordaindu egin ditugu.

Zergatik egin dituzue aurreko denboraldietan egin ez dituzuen akats horiek?

Ez gara perfektuak. Ezinezkoa da defentsako jokaldi guztietan fin aritzea. Beti egiten da huts bat edo beste. Kontua ez da soilik akatsa egitea baizik eta aurkariak hura baliatzea. Ez da beti gertatzen. Bada, aurten egin ditugun apurrak asmatu egin dituzte.

Taldeak duen gol sen eskasak defentsan perfekzioa erakustea eskatzen du emaitza onak eskuratzeko. Ez da erraza izango horrela jokatzea

Duda barik. Bi gol sartuz gero, akats baten ondorioz jasotako golak ez du minik ematen. Baina guri gertatzen ari zaigu egiten dugun akats txiki horregatik ari garela galtzen. Ia ez digute aukerarik sortzen. Partida askotan gure atera behin baino ez dute jaurti. Aurrelariekin lehia gehienak irabazten ditugu. Eta, hala ere, esku hutsik amaitzen dugu.

Gaizka Garitano zaleen jomugan dago. Bihar Betisi irabazten ez badiozue, kolokan egon daiteke haren kargua.

Badakigu zer-nolako giroa dagoen taldearen inguruan. Egoera zaila da, baina guk irabaztea gura dugu. Gaizkarekin gaude.

Entrenatzailearekin gogorregiak ari al dira izaten jarraitzaileak?

Gustu kontua izan daiteke. Getafe ere oso kritikatua izan da sarri, baina denok ikusi dugu zein maila ona eman duen. Futbolean guztiok kritikatzen gaituzte. Kritika onartu egin behar dugu, baina ez errespetu falta. Joko txarra egindakoan onartu egin behar da. Kritika ikasteko eta hobetzeko baliatu behar dugu.

Jokalariak ez zaudete oraindik zaleen jomugan, baina jarraitzaileek ez zuten ulertu Fernando Llorente auzian izan zenuten rola. Finean, ez zuten ulertu jokalariok futbolari baten fitxaketa eskatu izana.

Taldean Athleticera bueltatu zitekeela komentatu zuten, eta haren ekarpena ona izan zitekeela ikusi genuen. Baina azken erabakia ez zegoen gure esku. Agintariek aurrelaria ez fitxatzea erabaki zuten, eta kito.

Athletic ez da oso fin hasi, baina oraindik denboraldiaren lehen laurdena ere ez da bete. Horrez gain, Espainiako Kopako finala eta Superkopa dituzue zain. Eta, hala ere, ezkortasuna da nagusi zaleen artean. Zergatik?

Emaitza txarrek eragindako ezkortasuna da. Horretaz gain, egun dugun egoerak ez du asko laguntzen: zaleak ezin dira San Mamesera joan, lagun asko langabezian daude, lehen egiten genituen gauza asko ezin dira egin... eta, azkenean, futbolarekin askatzen du jendarteak barruan duen korapiloa. Ulertzen dugu. Gainera, ez emaitzak, ezta jokoa ere ez dira onak izan. Joera aldatu egin gura dugu. Bihar izango dugu lehen aukera.

Betis talde ona da. Talentua dauka. Aukerak sortzen ditu, baina zuloak ere lagatzen ditu. Gisa horretako aurkarien kontra atzean sartzen direnen aurka baino hobeto moldatu zarete.

Gaizkak taldearen ardura hartu zuenetik emaitza hobeak lortu ditugu aurrera egiten duten taldeen kontra. Presioa egitea gustuko dugu, eta aurrean zuloak badaude, erosoago aritzen gara. Hala ere, Betis talde ona da, eta ez da neurketa erraza izango. Gutxirekin asko lor dezake. Ezker hegalean aritzen diren futbolariak oso ondo ari dira. Aurrean eraginkorrak izan behar dugu.

Athletic al da zaleak harmailan egoteko debekuarekin gehien galdu duten taldeetako bat?

Asko galdu dugu. Jarraitzaileek babes handia ematen digute. Partida garrantzitsuetan oso ondo erantzuten dute. Baina kontrarioek ere nabaritzen dute. Harmailetan zaleak ez daudenetik gauzak aldatu egin dira. Pandemiaren aurretik izaten ez ziren emaitzak ikusten ari gara.

Gustura zaude sasoi hasieran erakutsi duzun jokoarekin?

Bai, baina nire jokoa hobea izan daiteke. Akats txikiak egin ditut. Ezinezkoa da partidetan jokaldi guztietan irabazle ateratzea. Hala balitz, mundu mailako izar bat izango nintzateke, eta ez naiz.

Unai Nuñezek eta klubak akordio bat lortu berri dute kontratua luzatzeko. Amaitu da, beraz, folletoia.

Asko poztu naiz. Unai taldekidea eta laguna da. Albiste oso ona da Unaik gurekin jarraitzea.]]>
<![CDATA[Kritika guztien jomugan dago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1986/025/001/2020-11-12/kritika_guztien_jomugan_dago.htm Thu, 12 Nov 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1986/025/001/2020-11-12/kritika_guztien_jomugan_dago.htm
Emaitzak aldekoak ez direnez, egunetik egunera gehiago dira aulkian beste ezaugarri batzuk dituen entrenatzailea eskatzen dutenak. Baina oraindik ere asko dira Garitano egiten ari den lana baloratzen dutenak. Deriokoaren (Bizkaia) alde egiten dutenek lortu dituen emaitzak nabarmentzen dituzte. Taldea zulotik ateratzeaz gain, Espainiako Kopako finalerako sailkatu du. Gainera, karguan daraman ia bi urteetan Europarako sailkatzeko borrokan egon da txapelketaren azkenera arte. Horrez gain, belaunaldi aldaketa egin ez badu, harrobian dagoenarekin ezinezkoa dela uste dutenak ere ez dira gutxi. Kontuak kontu, entrenatzailearen auzian ere erdibituta dago klub zuri-gorria.

JAVIER IRURETA Athleticeko entrenatzaile ohia
«Garitano ondo ari da lanean. Golak ez sartzea da arazoa»

Entrenatzaile batek egoera zailetan izaten duen bakardadea ulertzeko, antzeko egoeraren bat bizi izan duen norbaiten sentipenak jasotzea da egokiena. Javier Iruretak ondo daki zer den harian egotea. Klub zuri-gorriaren berri ere badu. Teknikari batek lan egiteko behar duen guztia dauka Lezaman, baina, era berean, oso zaila da inguruak eskatzen diona lortzea. Iruretak argi dauka egungo Athleticen taldearen nagusia ez dela arazoa. «Ez dut uste Garitano denik erruduna. Lan ona egiten ari da». Beharra bada arrakastaren sekretua Garitanok aurrera egingo du. Langile fina dela diote ezagutzen duten guztiek. Baina gorengo mailan ez da nahikoa taldea ondo prestatzea. Baliabideak behar dira, talentua. Ildo horretan, taldeari gol sena duten futbolariak falta zaizkio. Aritz Adurizen erretiroak gabezia handia utzi du. «Athletici gola falta zaio. Taldeak egiten duen lan guztia ez da ate aurrean islatzen. Eta futbolean golik sartu gabe ezin daiteke helbururik lortu. Asko kostatzen zaie golak sartzea».

Fitxaketarik egin ezean, etxeko jokalariek ate aurrean dituzten gabeziak lantzea baino ez zaio gelditzen Athletici. Ez dauka beste irtenbiderik. Halaber, garai latzetan hausturarik ez izatearen garrantzia nabarmendu du entrenatzaile ohiak. «Lana eta batasuna dira egoerari aurre egiteko bide bakarrak». Halaber, taldeari langa jartzeko orduan «oinak lurrean» izateko eskatu du. «Athletic hamar onenen artean sailka daiteke, baina goikoen pare egotea ezin zaio eskatu. Europan sartzeko lehia eskatu dakioke, baina ez gehiago. Lehia horretan egoteko ere lan ona egin beharko du. Orain, belaunaldi aldaketa egitea egokitzen da, baina ez da erraza izango golaren arazoa konpontzea».

KOIKILI LERTXUNDI Athleticeko jokalari ohia
«Garitanok jokamoldea aldatu behar du. Ausartago izan behar du»

Koikili Lertxundi, berriz, «kezkatuta» dago taldeak izan dituen gorabeherekin. Athleticeko jokalari ohiaren ustez, harmailak hutsik daudela jokatzeak eragina izan du taldean. Jokalariak lehen egiten ez zituzten akatsak ari dira egiten. «Kontzentrazio akats larriak egiten ari dira. Nik Bigarren B mailan eta Hirugarren Mailan asko jokatu dut, eta badakit zer den zale barik jokatzea. Gaitzagoa da kontzentratzea». Defentsan egindako akatsek taldearen jarduna gutxiago baldintzatzeko jokatzeko era «moldatu behar» dela dio. «Ausardiaz» jokatzeko eskatu dio Garitanori. «Athleticek aldatu egin behar du jokatzeko era. Atzean sendoak izan eta aukera apurrak baliatzera jokatzeko apustua ez da emaitza ona ematen ari. Taldeak apur bat ausartagoa izan behar du». Horren harira, garai latzetan entrenatzaileak jokalariei igorri beharreko mezuan asmatzearen garrantzia nabarmendu du. Jokalariak direlako finean egoera irauli dezaketen bakarrak.

Bestalde, Athleticek bizi duen egoeraren zama guztia entrenatzaileari botatzea «lekuz kanpo» dagoela esan du. «Ardurak banatu» egin behar direla azpimarratu du. «Entrenatzailea jipoitua ari da izaten. Jokalariak presiopean ari dira jokatzen. Ez da ahaztea komeni eurek atera beharko dituztela babak eltzetik. Lekuz kanpoko kritikak ez dute mesederik egiten. Gainera, taldea osatzen duten jokalari eta teknikariekin konforme ez dagoenak zuzendaritzari eskatu beharko lizkioke kontuak. Agintariena da taldea osatzearen ardura».

JAVI GAMARRA Intxortako Lehoiak jarraitzaile taldeko presidentea
«Garitanok ez ditu gauza berriak probatzen»

Jarraitzaileak, futbola kanpotik bizi dutenak dira gogorrenak Garitanoren lanarekin. San Mamesera joateko aukerarik izan ez arren, telebistaz ikusten ari direnak ez ditu asetzen. Athleticeko entrenatzailea «zurrunegia» dela uste du Javi Gamarra Elgetako (Gipuzkoa) Intxortako Lehoiak zale taldeko presidenteak. «Garitano ez aurrera, ez atzera ikusten dut. Ideia finkoak dituen teknikaria da. Ez ditu gauza berriak probatzen. Ez dut uste taldeak ere askoz gehiagorako emango duenik, baina nik beste entrenatzaile bat jarriko nuke». Gamarrak aintzat hartu du Garitanok Athleticen egin duena, baina, dioenez, kargua hartu zuenean zeukan egoerak ez du egungoarekin zerikusirik. «Aldaketak» eskatu ditu. «Taldearen ardura hartu zuenean balio izan zuenak, egun, ez du ematen. Zulotik atera zuen. Horrek meritu handia dauka. Baina orain beste gauza bat eskatzen diogu. Erdiko aurrelari barik jokatzea eta Muniain hegal batean zelairatzea ez dut ulertzen. Uste dut arbola mugitu behar dela».

Behin eskatzen hasita, Marcelo Bielsaren itzulerarekin egiten du amets. Jarraitzaile askori gertatzen zaio. Baina argentinarraren itzulera ezinezkoa denez, etxeko baten aldeko apustua egingo luke. «Nik Bielsa ekarriko nuke. Onena da. Arrastoa utzi zuen. Marcelino? Maila ona du, baina Athleticekin ika-mika handiak izan ditu. Nik Lezama ondo ezagutzen duen entrenatzaile bat fitxatuko nuke. Athleticeko teknikari batek ondo ezagutu behar du harrobian dagoena».]]>
<![CDATA[Ez du lehena izan gura]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/029/001/2020-11-08/ez_du_lehena_izan_gura.htm Sun, 08 Nov 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1943/029/001/2020-11-08/ez_du_lehena_izan_gura.htm
Emaitzak lortzeko, ondo jokatu behar da. Baina joko ona eta joko ikusgarria ez dira gauza bera. Futbolzale bakoitzaren gustuetan sakondu barik, lehiakorrak diren taldeak dira behar ona egiten dutenak. Eta Athletic zerbait baldin bada, lehiakorra da. Partidan sartuta dagoen taldeak aukera gehiago du puntuak lortzeko. Athleticek orain arte jokatu dituen zazpi neurketetan izan du punturen bat irabazteko aukera. Batzuetan, merezi baino sari txikiagoa izan du, eta bakarren batean, merezi baino handiagoa; Sevillaren kontra, adibidez, zailtasun handiak izan zituen, baina irabazi egin zuen. Alaves, Granadan eta Cadizen kontra, ordea, ez zen gutxiago izan, baina galdu egin zuen.

Bistakoa da zuri-gorrien jokamoldea ez dela jarraitzaile askoren gustukoa. Emaitza bolada txarra den aldiro, taldea oso kritikatua izaten da. Baina Athletic talde bat da, aurkariarentzat gaitza, deserosoa. Eta bide beretik jarraitu gura du gaur Valladoliden (Espainia). Etxeko taldeak premia handia du. Zortzi partidatan hiru puntu lortu ditu: hiru berdindu ditu eta bost galdu. Ondorioz, azken postuan dago, eta teknikariaren etorkizuna kolokan. Athleticek ez dio larri dagoen talde bati arnasa eman gura.

Zorrilla estadioak oroitzapen onak ekartzen dizkie zuri-gorriei. Aurreko sasoian garaipen argia lortu zuten han: 1-4. Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik lortu duen garaipenik garbiena izan da. Hori berriro egitea asko eskatzea izan daiteke, baina bidea zein den badaki taldeak. Defentsan ez dauka asko hobetu beharrik. Atea ondo zaintzen duen taldea da, ligako onenetakoa. Hori bai, garesti ordaintzen ari da egindako huts apurrak. Banakako huts horiei arreta handiagoa jarri beharko zaie. Hortaz, defentsan ez da berritasunik espero. Ohikoek jokatuko dute.

De Marcosen positiboa

Baina zelai erditik aurrera bestelakoak dira kontuak. Jokalariak aukeratzean zein futbolari horien postuak zehaztean buruko min handiagoa du entrenatzaileak. Sevillaren kontra egin zuen lan ona aintzat hartuz gero, pentsatzekoa da Unai Lopez hamaikakora itzuliko dela -gol bat sartu zuen Valladoliden-. Erasoan, Raul Garciak eta Williamsek bermatua dute lekua, baita oraingoz Berenguer iritsi berriak ere. Eta falta den posturako Muniain eta Morcillo dira hautagaiak. Biak aritu ziren ondo azken partidan, baina baten edo bestearen aldeko apustuak dezente baldintzatuko du taldearen jokatzeko era; oso futbolari ezberdinak dira.

Oscar de Marcosek ezin zuen jokatu, min hartuta baitago. Baina hori gutxi balitz bezala, jokalariak positibo eman du koronabirusean. Egon ziur, horrek haren osatze prozesua atzeratuko du.

VALLADOLID-ATHLETIC
Valladolid. Masip; Hervias, Joaquin, Bruno, Nacho; Orellana, Alcaraz, Kike Perez, Oscar Plano; Marcos Andre eta Weissman.
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia, Berenguer; eta Williams.
Epailea. Soto Gracia.
Lekua. Jose Zorrilla Berria.
Ordua. 18:30ean (Mov. La Liga).]]>
<![CDATA[Lehoiak zaldia irentsi du]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1983/030/001/2020-11-01/lehoiak_zaldia_irentsi_du.htm Sun, 01 Nov 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1983/030/001/2020-11-01/lehoiak_zaldia_irentsi_du.htm
Ligako txapelketa oihanarekin aldaratzen da sarri. Munduko txapelketarik indartsuenetako batean bizirik irautea ez da samurra. Ahuleziak dituztenek ez dute zereginik: atzean gelditzen dira. Espainiako Ligan lehiakortasun handia dago, eta urtetik urtera parekatuagoa da. Telebistatik eskuratutako diru sarrerei esker, talde apalenek ere proiektu sendoak osatzeko aukera dute. Beraz, kale egiten dutenek ordaindu egiten dute. Urtetik urtera gaitzagoa dela ligako basoan irautea, alegia.

Gaizka Garitanok zaldiekin alderatu zituen Sevillako jokalariak neurketaren bezperan. Indartsuak eta azkarrak zirela esan zuen. Bada, konfiantza handiz dauden futbolari onen kontra jokatzea baino erronka zailagorik ez da egongo. Zaldiak indartsu zelairatu ziren San Mamesera, eta etxeko lehoiak, berriz, zaurituta. Zalantza askorekin. Ez ziren asko izango Athleticen alde txakur txiki bat emango zutenak. Baina beti ez du onenak irabazten. Zaldiak gutxietsi egin zuen lehoia, eta galdu egin zuen.

Athleticek irabazi egin zuen ez zuelako amore eman. Zuri-gorriek zailtasun handiak izan zituzten Sevillari aurre egiteko. Julen Lopetegiren taldeak hobea dela erakutsi zuen zati handi batean, baina neurketa erabakitzeko aukera izan zuenean, azken kolpea eman beharrean, eustearekin konformatu zen. Athleticek, berriz, ondo baino hobeto baliatu zuen bere momentua.

Iker Muniain eta Unai Lopez izan ziren zuri-gorrien garaipenaren giltza. Biak aulkitik zelairatu ziren, eta haien sormena eta freskotasuna erabakigarriak izan ziren Sevilla menderatzeko. Taldearen norabide okerra aldatzeko asmoz hamaikakotik kanpo geratu ziren bi futbolariak izan ziren onenak. Izan ere, Garitanok Oier Zarraga eta Jon Morcilloren aldeko apustua egin zuen atzo. Zarraga galdu egin zen Rakitic, Fernando, Jordan eta enparauen artean. Morcillok, berriz, eliteko dohainak dituela berretsi zituen.

Sevillak azkar hartu zuen aurrea, eta horrek erraztu egin zion lana. Berenguerrek eskuin hegalean egindako urruntze eskasa Acuñak baliatu zuen Ocamposi ondoko marrara pase neurtua emateko. Argentinarrak atzera egin zuen erdiraketa En Neseryk baliatu zuen huts eta batekoa sartzeko. Goleko jokalditik eta atsedenaldira iritsi arte, nahi eta ezin aritu zen Athletic. Ez zen gai izan Sevillaren sarea zulatzeko. Bonok ez zuen lanik izan.

Bigarren zatiko lehen minutuak izan ziren zuri-gorrien txarrenak eta Sevillaren onenak. Lehen hamar minutuetan, lehia erabakitzeko aukera izan zuen Lopetegiren taldeak. Athletic bere arean sartu zuen, eta En Neseryk gertu izan zuen bigarren gola. Navasek eskuin hegaletik egindako erdiraketa goitik behera errematatu zuen buruz, baina goleko marran urruntzea lortu zuen Iñigo Martinezek. Athletic larri zegoela ikusita, entrenatzaileak Unai Lopez zelairatu zuen, zelai erdia berreskuratzeko asmoz. Handik minutu gutxira, Muniain agertu zen zelaian. Eta haien hartu-emana eta Sevillaren jarrera epela -akaso nekea ere nabarituko zuen- nahikoa izan ziren neurketa kanpoko taldearen zelaian jokatzen hasteko. Athletic Bonoren area inguratzen hasi zen, eta, alde izan zuen seigarren kornerrean, Muniainek lortu zuen lehia parekatzea, Vesgak buruz egindako errematea are txikian eskuinez sarera bidalita. Sevillari min eman zion golak eta Athleticek aurrera egitea erabaki zuen. Garaipenaren sari potoloa Sanceten golari esker iritsi zen. Zelairatu berria zen jokalariak eskuinez errematatu zuen area txikian Williamsek ezkerretik egindako erdiraketa.]]>
<![CDATA[Lehoiak zaldia irentsi du]]> https://www.berria.eus/albisteak/189109/lehoiak_zaldia_irentsi_du.htm Sat, 31 Oct 2020 23:20:41 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/albisteak/189109/lehoiak_zaldia_irentsi_du.htm <![CDATA[Asmatu ezean, jai dago]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1882/021/001/2020-10-31/asmatu_ezean_jai_dago.htm Sat, 31 Oct 2020 00:00:00 +0100 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1882/021/001/2020-10-31/asmatu_ezean_jai_dago.htm
Sevillak ez dirudi aurkaririk aproposena zailtasunak dituen talde batek bolada aldatu eta konfiantza hartzeko. Baina, akaso, Athleticek bere joko onena erakusteko egokiagoa da, apalagoa den kontrario asko bainoago.

Liga hasiera honetan aurreko urteetan agerikoa zena berretsi baino ez da egin. Hau da, atzean sartu, eta baloia uzten dioten taldeen kontra nahi eta ezin aritzen da Athletic. Zuri-gorriak txapelketan baloia gehien eduki dutenen artean bigarrenak dira. Baina neurketaren pisua eramateko gaitasuna eta abilezia behar da. Baloiarekin zer egin ez dakiten taldeei baloiarekin jokatzeko aukera ematea talde horiei min egiteko modurik eraginkorrena baita. Athleticek Levanteren kontra jokatu du denboraldiko neurketarik onena, eta jakinekoa da Levantek jokoaren ekimena hartzea duela gustuko.

Sevilla, ordea, baloiarekin eta baloi gabe moldatzen da ondo. Daukan gaitasuna aintzat hartuta, litekeena da neurketaren tarte handi batean zelai erdiaren kontrola izatea. Egoera hori baliatu dezake Athleticek kontraerasoan jokatu, eta aurkaria estu hartzeko. «Jokoaren arlo askotan maila ona ematen ari gara. Lau partida galdu arren, guztietan izan dugu emaitza hobea lortzeko aukera. Defentsan lan bikaina egiten ari gara. Baina, erasoan, azken pasean eta errematean eraginkorragoak izan behar dugu irabazteko», adierazi zuen Deriokoak.

Zuri-gorren lana oso kritikatua izan da sasoiaren lehen txanpan. Puntu faltak teknikariari zipriztindu du. Garitanoren lana ezbaian jarri da. Baina teknikariak eskarmentu handia dauka, eta badaki egungo futbolak nola funtzionatzen duen. Naturaltasunez bizi du egoera. «Irabazteko gogoa daukagu. Arduratuta gaude, baina ez daukagu antsietaterik». Bada, arduratik lasaitasunerako urratsa egiteko, gustuko duen hamaikakoa zelairatzeko aukera izango du. Okerrik ezean, Yuri hasierako hamaikakora itzuliko da. Hori izan daiteke berritasun bakarra. Iñigo Cordoba zerrendatik kanpo geratu da, belaunean mina duelako.

ATHLETIC-SEVILLA
Athletic. Simon; Capa, Yeray; Iñigo M. Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia, Berenguer eta Williams.
Sevilla. Bono; Navas, Kounde, Diego Carlos, Acuña; Gudelj, Jordan, Rakitic; Ocampos, Munir eta De Jong.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. San Mames.
Ordua. 16:15 (La Liga)]]>
<![CDATA[Ekin, baina itsutu barik]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/028/001/2020-10-18/ekin_baina_itsutu_barik.htm Sun, 18 Oct 2020 00:00:00 +0200 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1943/028/001/2020-10-18/ekin_baina_itsutu_barik.htm
Athletic jaitsierako postuetan dago. Hiru puntu baino ez ditu lortu jokatu dituen lau partidetan. Ipuruako garaipena izan da emaitza on bakarra. Gainerako hiru partidetan agerian geratu dira lehendik ere ezagunak ziren gabeziak. Erasoan erakusten duen nahi eta ezina, alegia. Zuri-gorriak sormenean, eta, batez ere, ate aurrean erakusten ari diren gabeziak kezkagarriak dira oso. Asko kostatzen zaie kontrarioen defentsak gainditzea. Neurketa gehienetan baloia aurkariak baino gehiago izan arren, kosta egiten zaio aukera garbiak sortzea. Egungo Athletic ez da eroso sentitzen partidaren pisua hartzea egokitzen zaionean.

Halere, batez beste ia hamar erremate egiten ditu norgehiagoka bakoitzean. Bada, jokatutako lau partidetako 35 erremateetatik bi baino ez dira gol izan —aurkariek baino erremate gehiago egin ditu partida guztietan—. Horrek agerian uzten du erasoko jokalari gehienek ez dutela gol sen handirik. Aurrelari peto eraginkorrak falta zaizkio Athletici.

Erasoan horrenbeste zailtasun izanda, ia ezerezean gelditzen da defentsan egindako lan ona. Gorengo mailan aukera bat edo beste asmatzea normala baita. Taldeak dituen gabeziak gutxi ez, eta San Mamesen jokatzeak eragiten duen zama gehitu behar zaio taldeak bizi duen egoera gaitzari. Nork esango zukeen etxean aritzea gurutze bidea izango zela. Baina zaleen bultzadarik gabe indarra galdu du etxean ari denean. Athleticek galdu egin ditu etxean jokatu dituen azken lau partidak.

Aurrekariak ez dira onak. Baina horrek ez du esan gura etorkizunak iragana bezain beltza behar duenik. Besteak beste, gaur eguerdian (14:00) bisitan datorren Levante ere ez dago hobeto: hark ere hiru puntu ditu. Gainera, ausarta da. Baloia izatea du gustuko, eta etxean zein kanpoan aurrera egiten du. Egun ona badu, edozein kontrario estu har dezake. Baina zuloak ere uzten ditu. Eta halako aurkarien kontra atzean sartzen direnekin baino dezentez erosoago aritzen da Athletic.

«Aukera ona dugu bolada aldatzeko. San Mamesen jokatzen dugu, eta taldeak garaipena bilatuko du daukan guztiarekin. Athleticen beti dago irabazteko beharra», esan zuen atzo Garitanok.

Hamaikakoari dagokionez, baliteke aldaketak izatea atzean zein aurrean: Yeray eta Balentziaga arituko dira agian, baita Berenguer ere. Entrenatzailearen eskaria izan da, eta, behin taldearen jokatzeko era barneratuta, hasierarik jokatuko duela dirudi.]]>
<![CDATA[Joko eta puntu premia daukate]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/027/001/2020-10-04/joko_eta_puntu_premia_daukate.htm Sun, 04 Oct 2020 00:00:00 +0200 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1943/027/001/2020-10-04/joko_eta_puntu_premia_daukate.htm
Ondo daki hori Angel Garitano Ondarru-k. Bi taldeen aulkietan egondakoa da. «Alavesek etxeko puntuak behar ditu zulotik irteteko, eta Athleticek itxura hobetu behar du Cadizen kontrako porrot mingarria azkar ahazteko». Baina derbia irabazteko eta, batez ere, epe luzera arrakasta izateko, jokoan eman beharko dute aurrerapausoa. Alaveseko jokalariak eta Pablo Machin elkar ezagutzen ari dira.Teknikariak erdiko hiru atzelarirekin jokatzea du gustuko, baina taldea askoz sendoago agertu da lau atzelarirekin aritu denean. Athleticen, Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik gutxitan ikusi diren akatsak izan dira defentsan. «Taldeak osatzen ari dira. Athleticek eta Alavesek ez zuten itxura ona eman ligako azken partidan. Hobetu beharra daukate».

Gabezia asko dituzte. Baina bat komuna da. Egin behar izan duten ezohiko denboraldi-aurrea tarteko, denbora gutxi izan dute arlo fisikoa eta taktikoa prestatzeko. Ohi baino lagunarteko gutxiago jokatu dituzte, eta nabaritu egin dute. Gainera, hainbat jokalari izan dituzte COVID-19az kutsatuta, eta beste batzuk arazo fisikoetatik osatu ezinik.

Ez Alaves eta ez Athletic ez daude talentuz sobran. Bientzat ezinbestekoa da talde gisa ondo funtzionatzea lehiakorrak izateko. «Bi taldeek dituzte gabeziak zelai erdian. Ez dute kalitate handirik». Nolako sormen arazoak eta puntu premia dituzten aintzat hartuta, neurketa itxia espero du. «Detaileek erabakiko dute lehia: geldikako jokaldi batek, akats txiki batek... Ez dut uste jokoan alde handirik egongo denik».

Zaleen hutsunea

Machin eta Gaizka Garitano zaleen ahotan daude. Jarraitzaileek ezbaian jarri dute bi entrenatzaileen ekarpena. Baina jokalarien ardura ere bada orain arte gertatu dena. Akaso, harmailak hutsik daudela jokatzearen abantaila bakarra da emaitza bolada txar batean zaleen kritikak zuzenean ez jasotzea. San Mamesek ohiko itxura izan balu, Cadizen kontrako neurketaren amaieran txistuak entzungo ziren.

Baina zaleen kritikek eman dezaketen minaren adinakoa da haien babesa. Alavesek puntu bakarra eskuratu du Mendizorrotzan jokatutako bi partidetan. Ateak itxita jokatzen denetik, futbola aldatu egin da. Badirudi talde batzuk erosoago jokatzen ari direla kanpoan, etxean baino. Ez dute zaleen presiorik, eta, gainera, etxeko taldeari uzten diote neurketaren pisua eramateko ardura. Baina Alavesek eta Athleticek puntu asko ateratzen dituzte haien bultzadari esker.

Bultzada hori ez izatea askoz gehiago nabarituko da derbi batean. «Zale bariko neurketek kanpoan jokatzen duten taldeei egiten diete mesede, nire ustez. Une zailetan, etxeko taldeak eskertu egiten du zaleen bultzada. Kanpoko taldeak, berriz, ez du presio hori nabaritzen. Gainera, derbietan beroa izaten da giroa». Liga hasi baino ez da egin, baina Mendizorrotzatik esku hutsik ateratzen den taldearentzat luzeak izan behar dute hurrengo aste biek, datorren asteburuan ez baita liga jardunaldirik jokatuko.

Gaurko neurketari begira, Machinek atzoko agerraldian adierazi zuen sistema aldatzeak ez duela esan nahi zalantza egitea, eta Athleticen inguruan ere hitz egin zuen. «Kontraerasoa joka dezake, Muniainen eta Williamsen abiadura baliatuz, edo jokoa gehiago landuz. Hori aberastasun bat da».

Garitanok Alaves «oso fisikoa» espero du. Teknikariak aste honetan egindako adierazpen batzuk argitu nahi izan zituen. Bertan zioen Athleticentzat «zaila» dela Lehen Mailan lehiatzea. «Berdintasun handia dagoela esan nahi nuen, eta denoi kostatzen zaigula». Alex Berenguer zuri-gorrien fitxaketa berria deialdian dago.

ALAVES-ATHLETIC
Alaves. Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia, Duarte; Edgar, Pere Pons, Battaglia, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.
Athletic. Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Raul Garcia, Sancet, Cordoba eta Villalibre.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 14:00 (Gol).]]>
<![CDATA[Morcillo, argi printza]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1942/026/001/2020-09-27/morcillo_argi_printza.htm Sun, 27 Sep 2020 00:00:00 +0200 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1942/026/001/2020-09-27/morcillo_argi_printza.htm
Alex Berenguer da merkatuak eskatzen duen aukerarik onena, baita ia bakarra ere. Eta, etxean, Morcillo da aldagela nagusiko atea bota gura duen futbolaria. «Maila oneko jokalariei beti ematen zaie aukera. Baina Athleticen jokamoldeagatik futbolari batzuk pisu handia hartzen dute. Taldeak entrenatzaile asko izan ditu, baina ia guztiek garrantzi handia eman diote hegaleko jokoari. Athletici aurrera egitea gustatzen zaio. Talde ausarta da. Erdiraketa asko egitea du gustuko, eta bigarren lerrotik futbolari asko iristen dira errematera. Joko hori garatzeko Morcillo aproposa da», adierazi dio BERRIAri Joseba Etxeberriak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977).

Ettxeberriak ondo ezagutzen du Morcillo. Aspaldi izan zuten elkarren berri. Bi arotan entrenatu du 22 urteko erdilari fina: Baskonian lehenengo, eta, Athletic B-n ondoren. Baskonian aritzeko aukeratu zutenean izan zuen Morcillok Athleticen jokatzeko lehen aukera. Lau urte baino ez daramatza klub zuri-gorrian. Durangoko Culturaletik fitxatu zuten.

Baina baiezkoa jaso aurretik, kolpe gogorra hartutakoa da. Morcillok ondo daki zer den Athleticen jokatzeko proba egin, eta teknikariak atzera botatzea. Hala ere, ez zuen etsi txikitako ametsa bete arte. Baina behin aukeratuen artean egonda, ez pentsa bide erraza izan duenik lehen taldera iritsi arte. Jokalariak dituen berezko dohainak lantzeaz gain, beste arlo asko jorratu behar izan ditu onenen artean lekua izan dezakeela erakusteko aukera eman diotenen arte. «Gorabehera handiak zituen Baskonian. Maila handia zuen, baina aste batetik bestera asko aldatzen zen bere ekarpena. Aste barruko egunerokoan nabaritzen zitzaion gehien. Garbi azaldu genion Lehen Mailan jokatzeko ez zela nahikoa bere maila tantaka erakustea».

«Jarrera aldatu du»

Etxeberriaren esanak lerro artean irakurriz gero, erraz uler daiteke Morcillok jarrera aldatu izan ez balu, Athleticek harribitxi bat galtzeko arriskua izango zuela. Morcillok futboletik bizitzeko aukera ikusi zuenean aldatu zuen jarrera, jokalari ona izatea neurketako jokaldi onenetan agertzea baino askoz gehiago dela ulertu zuenean. «Haren portaera oso ona izan da beti. Oso futbolzalea da. Baina kosta egin zaio mailari eustea. Zaleentzat jokatzea ez da nahikoa. Futbolean ondo jokatu behar da. Erasoan zein defentsan ahalegindu behar da». Berekoi fama baitu. Jokaldia behar dena baino gehiago loratzeko joera izatea aurpegiratu diote azken urteotan bere ibilbideari erreparatu diotenek. Baina erabakiak hartzeko orduan ere aurrepauso handia eman du. «Athletic B-n ezagutu dudan Morcillok ez du zerikusrik Baskoniakoarekin. Eguneroko lanean aurrerapausoa eman du. Eta aste barruko lana partidaten islatu da. Iaz Bigarren B Maila osoko jokalari onenen artean egon zen. Golak sartzeaz gain, haren jokoa nabarmenduko nuke. Guk konfiantza eman genion, baina berak egin du aurrera».

Goi mailako trena hartu soilik ez, horretan bide luzea egiteko egin beharreko urratsak egiten ari da Morcillo. Talentuarekin soilik nekez lortzen baita ametsari luzaroan eustea. Baina berezkoari eguneroko lana gehitu dio. «Ahalegin handia egin du. Arlo fisikoan garapen handia izan du. Gauzak irabazi egin behar dira, eta berak lortu du. Eredu izan daiteke antzera dauden jokalarientzat».

Baina Morcilloren bidea hasi baino ez da egin. Arlo guztietan dauka hobetu beharra. Iristea bezain gaitza baita mantentzea. Horretarako, etengabe dago hobetu beharra. «Erasoan baliabide asko ditu. Gure mezu gehienak defentsan hobetzera zuzendu ditugu. Aurrera egiten duen moduan atzera egin dezakeela uste dugu. Hanka onak ditu horretararako. Presioa ere landu dugu berarekin. Defensan asko hobetu du, baina oraindik badauka zer ikasia».

Morcillok Lezaman izan duen bilakaera nabarmena izan da. Bide horretan landu behar izan dituen arloak ere argi daude, baina Athleticeko zaleen ilusioa piztu duena erasoan aritzeko gaitasuna da. Baloia zelai erditik aurrera hartzen duenean da berezia. Urte askoan Athleticeko ezker hegaleako jokalari bati ikusi ez zaizkion dohainak ditu. «Teknikoki, oso ona da. Arlo fisikoan asko hobetu du. Azkarra da, eta ezker oin bikaina dauka. Dohain handiak ditu, baina hori zelaian erakutsi behar du. Partida on bat jokatzea ez da nahikoa. Hurrengo urteetan bere ekarpena handiagoa izan beharko da taldean egonkortzeko».

Morcillorekin pazientzia izan behar da, baina burumakur dabilen zaleak laino artean argi printzak ikusteko gai izan bada, zerbait daukan seinale izango da.]]>
<![CDATA[Pizgarri baten faltan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1919/024/001/2020-09-10/pizgarri_baten_faltan.htm Thu, 10 Sep 2020 00:00:00 +0200 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/paperekoa/1919/024/001/2020-09-10/pizgarri_baten_faltan.htm
MUGIMENDU GUTXI IBAIGANEN

Txikitatik zale izan zaren kluba zuzentzea amets bat egia bihurtzearen parekoa da. Baina bulegoan sartu eta egunerokoan dauden traba eta zailtasunei aurre egiteak buruko min dezente eragin ditzake. Athleticeko presidente izatea ederra da, baina gogorra ere bai. Hasteko, zuzendaritzako kide izateko dirua jarri behar delako. Klubaren kudeaketa txarra izanez gero, mahai gainean jarritakoa galtzeko arriskua dago. Hortaz, ematen diren pauso guztiak ondo neurtuta eman behar dira.

Hala ere, Athleticeko zuzendaritzak duen zailtasun nagusia da ez daukala jarraitzaileen artean ilusioa sortzeko baliabide handirik. Gainerako klub guztiek udako merkatua baliatzen dute denboraldi berriari ikusioz ekiteko. Zaleen artean zirrara sortuko duen jokalariekin indartzeko. Berritasunak beti izaten dira ilusio iturri jarraitzaileen artean. Baina, horretan, Athleticek muga handiak ditu; ondorioz, kanpora begira, ez dago aukera handirik zuzendaritzaren ekarpena era nabarmenean erakusten duen aukerarik baliatzeko. Bestalde, Lezaman egindako ahaleginak fruitua eman aurretik urteak pasatu daitezkeenez, ezin izaten da bulegoetan egindako lanaren isla gisa erabili.

Horri guztiari mundu osoko pandemiak eragin dituen zailtasunak gehituz gero, ez du erraza izan behar San Mameseko besaulkian esertzeak. Baina hori guztia jakina da kargua hartu aurretik. Beraz, zuzendaritzak zirt edo zart egin beharra dauka. Garitanok kargua hartu zuenetik ez diote taldea hobetuko duen futbolaririk ekarri. Eta harrobiko jokalariekin bakarrik ezinezkoa da taldeari eskatzen zaiona betetzea. Eskatu ahal izateko, eman egin behar da.

JAVI MARTINEZ ETAALEX BERENGUER, AGENDAN

Javi Martinez eta Alex Berenguer daude Athleticen udako txutxu-mutxuen erdian. Entrenatzaileak erasoan ikusten ditu gabeziak. Hortaz, bere esku balego, Berenguerren fitxaketari eman beharko lioke lehentasuna. Italiako Turin taldean ari den jokalariak bi hegaletan joka dezake: defentsan eta zelai erdian. Sakontasuna eta golak eman diezazkioke taldeari. Ez da punta-puntako jokalaria, baina teknikariak eskertuko luke haren fitxaketa. Eskarmentua dauka, eta elastiko zuri-gorria jantzi bezain laster maila onean aritu daiteke.

Javi Martinezen fitxaketak, berriz, ilusioa sortuko luke. Komunikabideetan zein jarraitzaileen artean zeresan handia emango luke. Kirol ibilbide bikaina osatzen ari da. Talde handi batean pisua izan duen futbolari bat da. Baina azken sasoian oso gutxi jokatu du. Sasoiko baldin badago, asko eman diezaioke taldeari erdiko atzelari edo euskarri postuan, baina asko daude nafarra fitxatzearen kontra ere. Zale horiek ez dute ahaztu gurago izan zuela bere kirol ibilbidea Athletic ez zen beste klub baten jarraitu. Eta Bilbo era mingarrian utzi zuen: egun batetik bestera joan zen Munichera (Alemania). Tartean, Lezaman gauez sartu zen, baimenik gabe. Gainerakoan, jakinekoa da zer dagoen Athleticen baratzean: goi mailako jokalari gutxi, eta daudenak, oso garestiak.

GARITANO, BIDEGURUTZEAN

Taldea egoera zail batetik atera ostean, bigarren urtez jarraian sasoi hasieratik hartuko du taldea Garitanok. Deriokoak (Bizkaia) Athletic lehiakorra izatea lortu du. Aurkari ezerosoa bihurtu da txapelketako gainerako taldeentzat. Defentsako lana da zuri-gorrien bertute nagusia. Baina ez da nahikoa Europarako sailkatzeko. Horretarako, erasoan hobetu beharra du. Zuri-gorriek sormen arazoak dituzte, baina, batez ere, ate aurrean daukate gabeziarik handiena. Atzean erakusten duten sendotasunari erasoan alaitasun eta ausardia gehiago gehituz gero, gogobeteta leudeke jarraitzaileak. Talde orekatua izatea da arrakastaren gakoa. Baina ikusteko dago hori lortzen lagun diezaiokeen taldea duen ala ez.

WILLIAMSEK GEHIAGO EMAN BEHAR DU

Talde batek egoki funtzionatzeko, ezinbestekoa da teknikariaren jakituria, baina jokalarien ekarpenik gabe ez dago zereginik. Horregatik, gehiago eskatu behar zaie erasoko ardura duten hiru zutabeetako biri. Iker Muniain ondo aritu zen aurreko sasoian, baina goi mailako erdiko aurrelari batek bost gol baino gehiago sartu behar ditu ligan. Bestela, ezin da izarren multzoan sartu. Iñaki Williams, berriz, ate aurrean eskas eta jokoan konfiantza barik aritu zen. Arlo guztietan dauka hobetu beharra. Gainerakoan, Oihan Sancetek, Iñigo Cordobak eta enparauek erasoko jokoan pisu handiagoa izan beharko dute. Guztien ardura izango da Aritz Adurizek utzitako hutsunea betetzea; Raul Garciari, aldiz, ezin zaio eskatu orain arte eman duena baino gehiago.

MORCILLO ETA ZARRAGA AUKERA BALIATZEN ARI DIRA

Fitxaketen faltan, harrobira begiratu beharra dago. Athleticentzat lehentasuna izan behar du, gainera. Hala ere, gazteekin pazientzia izan behar da. Denbora eman behar zaie gorengo mailan lehiakorrak izan daitezkeela erakusteko. Bada, teknikariak denboraldi-aurrean egin dituen proben artean Oier Zarraga eta Jon Morcillo nabarmendu dira. Zarraga erdilaria da, eta Unai Vencedorrekin batera epe ertainean Athleticen birika izateko aukera du. Morcillok, berriz, ilusioa sortu du zelai erdiko ezker hegalean erakutsi duen ausardiarekin eta gol senarekin. Hasieratik joka dezake estreinakoan, Granadaren kontra.

KOPA ETA SUPERKOPA

Taldearen bueltan giro ezkorra izan arren, ezin da ahaztu Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko duela. Ia lau hamarkada pasatu dira zuri-gorriek azken Kopa irabazi zutenetik. Beraz, nahikoa erronka garrantzitsua da sasoiari indarrez ekiteko. Espainiako Superkopa ere oso erakargarria izango da.]]>
<![CDATA[Bi aro, bi ikur]]> https://www.berria.eus/albisteak/185346/bi_aro_bi_ikur.htm Sun, 09 Aug 2020 14:21:15 +0200 Haritz Gallastegi https://www.berria.eus/albisteak/185346/bi_aro_bi_ikur.htm Iribar eta Tirapu, San Mames alboan Egokitu al zarete normaltasun berrira? JOSE ANGEL IRIBAR: Beharko egokitu. Egoera hau ez sinistekoa da. Inork ez genuen horrelakorik espero. Aurrera egin behar da. Ez dago beste aukerarik. AINHOA TIRAPU: Ohitu egin behar dugu. Osasun arazo larria daukagu. Gure bizitzak aldatu egin dira, eta ez dakigu noiz amaituko den pandemia. Ez dakit lehengo normaltasunera bueltatzeko aukera izango dugun. Futbolean ere eragin handia izan du. Zaleek, adibidez, ez dute estadiora sartzeko aukerarik izan. Nola bizi izan duzue egoera ezohiko hori? IRIBAR: Ez zait gustatu, baina izan den baino gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen. Uste baino hobeto eraman dut. Hala ere, futbola jarraitzaileena da. Zalerik gabeko futbola beste gauza bat da. Futbolak jarraitzaileak behar ditu. Epe laburreko neurri gisa balio dezake, baina aurrera begira ez du zentzurik. Futbolari beste izen bat jarri beharko genioke. TIRAPU: Niri oso arraroa egin zait San Mamesen partida jokatzea eta nik harmailara joateko aukerarik ez izatea. Hala ere, ulertzen dut futbola bueltatu izana. Normaltasuna berreskuratze aldera, beste pauso bat izan da. Bestalde, gure liga ezin izan zen amaitu. Egoerak eskatzen zuen protokoloa betetzeko dirua behar da, eta gure txapelketak oraindik ez dauka baliabiderik. San Mamesen da hitzordua. Orain lasai dago, baina zuek hemen bizi izan duzuenak ez dauka zerikusirik orain dagoen patxadarekin. Zer da zuentzat San Mames? TIRAPU: Oso leku berezia da. Oroitzapen zehatzak ditut, argazkiak izango balira bezala. Zelai zaharrean aldagelatik jarraitzaileen bultzada entzuteak ematen zidan atentzioa. Zelai berriko oroitzapenak ikuskizunarekin lotzen ditut. Ez ditugu partida asko jokatu, baina oso bereziak izan dira. Kirol arloan garrantzitsuak izan dira. eta, gainera, magikoa den estadio batean jokatzeak berezi egiten ditu oroitzapen guztiak.
IRIBAR: Niretzat San Mamesen zaleekin elkartzeko lekua da. Partida eguna iristeko irrika izan dut beti. Taldeak eta jarraitzaileek bat egiten duten momentu hori berezia da. Hori kendu digute egoera berri honetan.

«Umea nintzenean ,ez nuen aukerarik izan Athleticen jokatzeko ametsa izateko. Egungo gaztetxoek amets egin dezakete» Ainhoa Tirapu

Jendeak egiten du berezi Katedrala? IRIBAR: Noski. Estadioa erakin bat besterik ez da. Zaleek ematen diote bizia San Mamesi.
Ainhoa, zuek 48.000 lagun elkartu zenituzten San Mamesen. TIRAPU: Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izango da. Emakumezkoen taldeak San Mamesen jokatzen duen bakoitzean, jendetza biltzen da. Horrek esan gura du taldeak babes handia daukala. Emakumezkoen futbolean ez da erraza. Horrek berezi sentiarazten gaitu. Finean, Athletic familia bat da. Dena egiten dugu elkarrekin. Eta zaleak ere horren guztiaren parte dira. Erretiroa hartu berria zara. Barneratu duzu ez duzula gehiago gorengo mailan jokatuko, edo denbora beharko duzu? TIRAPU: Denboraldia hasi zenetik, argi nuen azkena izango zela. Egia da ez nuela horrela amaitzea espero, baina beste urtebete jarraitzea oker handia izango zen. Klubak ni sasoi betean egotea merezi zuen, eta ez nekien gai izango nintzen eskaera horri aurre egiteko. Jokalari askori kosta egiten zaie futbola utzi eta bizimodu berrira egokitzea. Hutsune handia izaten dute denbora batez. Jose Angel, zuk ere txarto pasatu al zenuen? IRIBAR: Nik ez nuen arazorik izan. Beharbada, ez nintzelako futboletik aldendu izango zen. Izan ere, erretiroa hartu bezain laster, teknikari lanetan hasi nintzen Athleticen. Bestalde, Ainhoak egin duen gisara, nik erabaki nuen futbola uztea. Klubak jarraitzeko eskaintza egin zidan, baina ni ez nengoen sasoian. Nire ustez, oso garrantzitsua da erabakia hartzeko orduan asmatzea. Nik ez nuen futbolaren falta sumatu. Baina uzteko zalantza izan, eta erretiratu diren futbolari asko ezagutu ditut futbola lagatzea oso gogorra egin zaiena. Erretiroa hartzearekin bat, gauza asko amaitzen dira: soldata handiak, bidaiak, lan saioak... dena aldatzen da. Pausoa gaitza eta gogorra da. Zortekoak izan zarete. Norberak erabakitzea noiz erretiroa hartu gauza handia da. IRIBAR: Duda barik. TIRAPU: Lesioak behartuta edo lan munduari lehentasuna ematearen ondorioz utzi duten taldekideak ezagutu ditut. Ez da inoren gustukoa. Nire kezka bakarra eguna iristean gauzak argi izatea zen. Hau da, momentua ondo aukeratzea. Eta hala izan da. Ez nuen nahi urtebetez futbola gorrotatuz jokatzea. Errespetua ematen duen momentu bat da. Bestalde, gizonezkoetan futbolariek koltxoi handia dute aurrera egiteko, baina gehienetan ez du bizitza osorako ematen.

Futbolak garapen handia izan du, eta arlo horretan ere hobetu dela uste duzue? Hau da, egungo jokalariak hobeto prestatzen dituzte futbola amaitzen denerako? IRIBAR: Gure sasoian oso argi geneukan futbola utzi osteko bizitzarako prestatu behar genuela. Orduan ere bazeuden ikasten zuten futbolariak. Prestatzen ginen, eta egiten ez zuenak txarto pasatzen zuen. Asko izatetik zerora pasatzeko arriskua zegoen. Gazte-gaztetatik erakutsi behar zaie futbolariei ezinbestekoa dela erretiro osteko bizitzari aurre egiteko. TIRAPU: Gure egoera ezberdina da. Emakumezkoen futbola asko hazi da azken urteotan, baina oraindik ezin da futboletik bizi. Hortaz, ohikoena jokalariak ikasketak egitea izaten da. Pentsa, Ainhoa Alvarezek futbola utzi du aurten lan munduan bidea egiteko. Bestalde, dirutza irabazi duten futbolariekin gizarte gisa lan egin behar dela uste dut. Futbola utzitakoan bizitza oso luzea da, eta egoera berriei aurre egiteko prestakuntza eman behar zaie. Athleticen arrastoa utzi duten bi atezain zarete. Bat gizonezkoa eta bestea emakumezkoa. Ainhoa, hau duela hogei urte pentsaezina izango zen. Gauzak aldatuz doaz ezta? TIRAPU: Duela hogei urte emakumezkoen taldea ez zen existitzen, kar-kar. Aurrera goaz. Umea nintzenean ez nuen aukerarik izan egunen batean Athleticen jokatzeko ametsa izateko. Egoera aldatu egin da. Euskal Herriko neskatoek izan dezakete amets hori. Gainera, Athletic erreferentea da emakumezkoen futbolean. Lan handia egin dugu azken urteotan. Euskal gizarteak ere ondo hartu gaituela esango nuke. Nola ikusten duzu zuk, Angel? IRIBAR: Berdintasunean urratsak egiten ari garela erakusten du. Athleticek apustu garbia egin zuen emakumezkoen taldea sortzeko. Iribar ikur bat da Athleticen. Euskal Herri osoan da maitatua. Baina, nolakoa da harekin egunero jardutea klubean? TIRAPU: Eredu da. Nik ez nuen profesional gisa jokatzen ezagutu, baina behintzat San Mames zaharraren agurreko partidan ikusteko aukera izan nuen. Ez genuen espero. Iritsi zitzaion aurreneko baloia lehen ukituan jo zuen. Ederra izan zen. IRIBAR: Niretzat ere egun berezia izan zen, ahaztezina. Nire bizitzako onenetakoa. Ideiaren berri izan nuenean ez nuen argi ikusi, baina gerora oso ondo geratu zen bost kapitain ohik azken partidan jokatzeko aukera izatea.

«Futbola jarraitzaileena da. Epe laburrean balio dezake ateak itxita jokatzeak, baina aurrera begira ez» Jose Angel Iribar

Athleticen atea goi mailako atezain askok zaindu dute: Lezamak, Cedrunek, Zubizarretak, Kepak.. eta, nola ez, Iribarrek. Bada, zuekin batera Tirapu dago. Athleticen historian mugarri izan da. Atezain izan gura duten emakumeentzat ispilua da. Jose Angel, zuk garai batean bete zenuen funtzioa Ainhoak beteko du atzetik datozen beste atezain batzuekin? IRIBAR: Bai. Ainhoaren kirol ibildeak eta nireak antz handia dute: Athleticen jokatuko dugu; elastiko beltza janzten genuen; guk erabaki genuen futbola lagatzeko unea zein zen; erretiroa hartu ondoren klubean hasi ginen lanean... Kirol bizitza antzekoak izan ditugu. Eskularruak zuen laneko tresna izateaz gain, zer dira? TIRAPU: Segurtasuna ematen didate. Atezain batentzat ezinbestekoa da. Oso berezia naiz eskularruekin. Niretzat ezinbestekoa da eskularruek usain ona izatea; bestela, ez nago eroso. Atezain gutxi egongo dira eskularruak garbigailuan garbitzen dituztenak. Hondatzeko arriskua dago. Bada, nik garbigailutik pasatu izan ditut beti. Bestalde, eskuetan sentitu egin behar ditut. Askotan salbatu egiten gaituzte. Eskuak txarto jarri arren, baloia gelditzen laguntzen du eskularru on batek. IRIBAR: Gure sasoian eskularru barik entrenatzen eta jokatzen genuen. Eskularru barik hobeto sentitzen nuen baloia. Euriari, lokatzari eta hotzari aurre egiteko hasi nintzen eskularruak erabiltzen. Ez zuten zerikusirik egungoekin. Neguan kalerako erabiltzen genituen artilezko eskularruekin jokatzen genuen. Hasieran, lagundu egiten ziguten, baina gerora pisutsu bihurtzen ziren. Egun, asko garatu dira, eta laguntza handia ematen diete atezainei. Atezainaren postua da futbolean dagoen bereziena. Eskuekin jokatu ahal duen bakarra da. Gainera, izaera berezikoak zaretela esan ohi da. Ezberdinak sentitzen zarete? TIRAPU: Ni beti sentitu naiz talde bateko kide. Hala ere, atezainak lan asko egiten du bakarrik. Horretaz gain, janzkera ezberdina du, eta arauak ere ezberdinak dira. Postu berezia da. Bestalde, erantzukizun handia dugu, eta batzuetan gogorra egiten da. Arraroak garela esaten dute, baina ni ez nago ados, kar-kar. IRIBAR: Ni jokalaria sentitu naiz beti. Bat gehiago. Atezain postuak berezitasunak ditu, baina beste barik. Atezaina defentsako lanarakin lotu izan da beti. Jaurtiketak gelditzeko baino ez da aintzat hartu. Arriskuak hartu izan dituzten atezainak ez daude oso ondo ikusiak. Orain arte ez dira egon, behintzat. Athleticen Lezamak zuen fama hori. Baina nik, behar den baino arrisku handiagoa hartzen zuten atezainak baino gehiago, atezain aurrerakoiak iruditu zaizkit beti. Egun horrenbeste baloratzen diren atezainen antzera, hain zuzen ere. Ez nintzen zelai erdira arte baloi bila joaten, baina erasoko lehen futbolari gisa nuen neure burua.
Iribar, San Mamesen, jendez inguratuta
Atezaina izateko, umetatik lurrera sarri bota behar du batek; frakak zikindu behar dira, belaunak urratu, baloikadak hartu... Zer gomendio emango zeniekete horri guztiari aurre egiteko gertu dauden gaztetxoei? Hau da, atezain izatearekin amets egiten dutenei? IRIBAR: Futbola bizitzeko gomendatuko nieke. Eta bizitzen badute, gozatu egingo dute. Detaile guztiei erreparatzeko esango nieke. Atzera ez begiratzeko. Harmailetara ere ez. Baloia da lehentasuna. Beste guztia alboratzeko eskatuko nieke. TIRAPU: Bideaz gozatzeko esango nieke. Nik umetan ez nuen atezain izan gura. Beste askoren antzera, nik ere golak sartu gura nituen. Baina postu polita da. Halaber, ez itsutzeko esango nieke. Gorengo mailara iristea ondorio bat izan behar da. Eta arropa zikintzearekin ez arduratzeko. Gure etxean mendi bat egiteko adina kautxu sartu zen. Belar artifizialeko futbola zelaien lehen belaunaldikoa naiz. Ainhoa, gustuko kirola egiteaz gain, harremanak lantzen ere lagundu dizu futbolak. Kirol soila baino gehiago izan da zuretzat. TIRAPU: Txikitan arraro samarra nintzen. Ez nintzen nire adinekoekin erlazionatzen. Amazuloa nintzen. Futbolak taldekideekin harremanak lantzen eta irekiagoa izaten lagundu dit. Jose Angel, zuri zer eman dizu futbolak? IRIBAR: Goxotasuna. Nire gustuko jokoa ogibide bihurtu da. Eta, horretaz gain, jende interesgarri asko ezagutzeko aukera izan dut, Athletic barrutik ezagutzeko aukera eman dit... Gauza sinpleak dira baina, era berean, garrantzi handia dutenak. Arlo askotan izan da ibilbide aberasgarria.

«Emakumezkoen futbolak bideragarri izateari eman behar lioke lehentasuna, azkarregi hazteari baino gehiago» Ainhoa Tirapu

Zer da zuentzat Athletic? IRI: Sentimendua da. Miresten dugun erakunde bat da. Gure etxean umetatik izan dute gustuko Athletic. Aita eta osaba zale zuri-gorriak ziren. Gaztetxoa nintzenean hasi nintzen Athletic sentitzen. Athleticekin maitemindu egin nintzen. Halaber, kluba kudeatzeko era gustuko izan dut beti. Bere filosofia da klubaren oinarria. TIRAPU: Athletic emozioen esparrutik azaldu behar den zerbait da: ezin da ukitu, ezin da eskuetan hartu... barrutik ateratzen den zerbait da. Filosofiak egiten gaitu berezi. Baina sentitzen dugun erak ere egiten gaitu berezi. Ez dut beste inon antzeko ezer ikusi. Niretzat oso berezia izan da klub honen parte izatea. Eta gure aitarentzat ere bai. Zuek txapelketak irabazi dituzue, baina ez da Athletic urtero lehia horretan dagoen klub bat. Kopa bat altxatzea ez da dena? TIRAPU: Athleticekin txapelketak irabaztea bereziago egiten du garaipena. Kopak urtero banatzen dira, baina Athleticekin behin irabazteak askoz gehiago balio du. IRIBAR: Athleticekin tituluak irabazteak balio izugarria du. Gure jokatzeko erarekin gorengo mailan gauden partida bakoitza garaipen bat izango da. Kuadrillan irabaztea ikaragarria da. Bestalde, kanpotik etortzen diren entrenatzaileak harritu egiten dira taldearen funtzionamendua ikusten dutenean. Esate baterako, jokalariek lanerako duten gaitasunarekin harrituta geratzen dira. Inor ez da kexatzen. Bestalde, aireportuan zain daudenean denak elkarrekin ikusteak ere harritu egiten ditu. Izan ere, beste klub askotan bakoitza bere aldetik ibiltzen da. Sakabanatuta. Eta, hala ere, irabaztea da klubak duen helburua. Garaipenari ere garrantzi handia ematen dio. Kopako finalera irabaztera goaz. Lehiakortasuna ezin da galdu. Athleticen filosofia ederra da askorentzat, baina klubak zailtasunak ditu harribitxiak konbentzitzeko. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan ari da ikusten jokalari onenak ez direla Athleticek eskaintzen dienarekin konformatzen. Joera hori gelditzerik badago?

TIRAPU: Jokalari bakoitzak bere kirol ibilbidearentzat onena den bidea hartu behar du. Athletic sentimendua barru-barruan daukagu jokalari gehienok. Sentimendua handia bada, jokalari gehienek ez dute taldea aldatzen. Halaber, klubak landu egin behar du arlo hori. Athletic dela aukerarik onena sinetsarazi behar die jokalariei. Txapelketa bat irabazi ostean harrera egiten bada edota San Mamesen partidak jartzen badizkigute, jokalarien eta klubaren arteko lotura sendotu egiten da. Egitasmo ezberdin bateko parte sentiaraztea garrantzitsua da. Egungo gizartean sentimendu hori transmititzea eta gazteak proiektu honetara erakartzea zaila dela dirudi, baina ez da ezinezkoa. Egin daiteke. Hala ere, beti egongo da arriskua jokalari batek beste bide bat hartzeko. Klubak aurrera egingo du. Aldaketa asko egon arren, goian mantentzen gara. Atzetik beste zerbait dagoelako gertatzen da hori. IRIBAR: Athletic klub handia da. Arlo guztietan eskaintzen ditu baliabide onak. Geratu gura duenak denetarik izango du. Jokalari garrantzitsuek beste bide bat hartzeko hautuak kolokan jar lezake filosofia? IRIBAR: Ez. Beti egongo da taldea aldatzea nahiago duen futbolariren bat. Kanpoan tentazio handiak daude, baina Athleticek jokalariak ondo sentitzeko behar den guztia eskaintzen du. Ehun urte barru, etxekoekin jokatzen jarraituko du Athleticek? TIRAPU: Hala ez bada, niretzat ez da Athletic izango. Filosofia ezin da negoziatu. IRIBAR: Beste Athletic bat izango litzateke. Nik uste dut gai izango garela berdin jarraitzeko. Zuei begira jende asko egoten da. Zuek egiten eta esaten duzuen ia denak oihartzun handia izaten du. Ardura eragiten al dizue herritar askoren ispilu izateak? IRIBAR: Bai. Niri talde barruan erakutsi zidaten arduratsu izaten. Aldagela batean era guztietako jokalariak aurki ditzakezu. Baina nik beti izan dut argi gauzak pentsatuta esan behar direla. Egun, klubaren ordezkaria naiz, eta are eta kontu handiagoz jarduten naiz. Klubean egongo ez banintz, akaso beste modu batean hitz egingo nuen kontu batzuez. Jarraitzaile asko dituen klubeko langile zarenean, ezinbestean izan behar da kontuan esaten dena eta esaten den modua. Athletic plurala da, eta zale guztiak izan behar ditugu kontuan iritzia emateko orduan. Oker handirik ez egiten ahalegintzen naiz. Hala ere, jokalari guztien iritzia errespetatu behar da. Futbolariaren aurretik pertsona dago. Askatasun osoa izan behar dute euren pentsamoldea plazaratzeko. Ni profesionala nintzen garaian beti ez nuen aukera izan pentsatzen nuena izateko. TIRAPU: Jokalaria erakundearekin lotzen da. Gure kasuan, Athleticekin daukagu lotura. Klub garrantzitsua da, eta erantzukizuna daukagu. Esate baterako, emakumezkoen lan hitzarmena negoziatzen ari ginenean, esaten nuen gauza bakoitzak indar handia hartzen zuen. Ondo neurtu behar izaten nuen esaten nuen guztia. Bestalde, batzuetan pentsatzen dut futbolari izateagatik ez daukagula notizia diren gaien gaineko iritzia emateko eskubidea. Futbolariak jokatu egiten du, baina ez dauka iritzirik. Gehienbat gizonezkoen futbolean ikusten dut hori. Errespetuz egindako iritzi guztiak hartu behar dira aintzat. Jokalari zinetenean gizartean ardura sortzen zuten gaien inguruan iritzia ematea egokitu zaizue. Jose Angel, zuri trantsizio garaian jokatzea egokitu zitzaizun. Zuek igortzen zenuten mezuak eragin handia zuen gizartean? IRIBAR: Eragin handia zuela esaten zuten, baina zaila da hori neurtzea. Guk ikurrina atera genuen Atotxan. Europa guztian eman zuen zeresana. Eta Europatik kanpo ere bai. Guk argi geneukan hala izango zela. Helburu horrekin egin genuen. Aldarrikapen bat izan zen. Ikurrina debekatuta zegoen. Zerbait egiteko une aproposa zela erabaki genuen. Bakoitzak bere irakurketa egingo zuen hartu genuen erabakiaz. Baina behin aurrera egiten denean, ez dago atzera begiratzerik. Akaso baten bati pentsarazteko balio izango zion ekinaldi hark.

«Gure filosofiarekin, gorengo mailan gauden partida bakoitza garaipen bat da. Kuadrillan irabaztea ikaragarria da» Jose Angel Iribar

Ainhoa, zu lan hitzarmenaren negoziazio mahaian egon zara. Gelditurik onenak adina balio al du lortu duzuenak? TIRAPU: Jokalariok erakutsi genuen batasunak eta indarrak eman zidan poza. Sarri entzuten dugu gizonezkoen futbolaren babesean bizi garela, baina negoziazio horretan erakutsi genuen geure kabuz gauzak lortzeko gai garela. Hitzarmenak ekarri dituen gauza on guztiek baino garrantzi handiagoa ematen diot profesional askok bide bera jorratuta gauzak lortzeko gai garela erakusteari. Futbolari baino lehen pertsonak zaretela aipatu duzue. Jarraitzaile batzuek esaten dute jokalariek gehiago inplikatu behar duzuela gizartea kezkatzen duten kontuetan. Beste batzuek, berriz, sentsibilitate askoko klubak ordezkatzen dituzuela, eta ez duzuela horretan sartu behar. Nola jokatu behar du futbolari batek? TIRAPU: Bakoitzak gura duena egin beharko luke. Iritzia emanez eroso sentitzen denak zergatik ez du, bada, esango zer pentsatzen duen? Klubak lan handia egiten du gizarte eragile gisa. Ekinaldi batean edo bestean inplikatu gura duenak askatasuna izan behar du, eta iritzia eman gura ez duena ere errespetatu beharra dago. Kontua da futbolariok sarri ez dakigula nola asmatu. Iritzia ematen badugu, eman egin dugulako; eta ez badugu ematen, eman ez dugulako. IRIBAR: Askatasunez egin behar dira gauzak.
Erdian, Ainhoa Tirapu, San Mamesen.
Futbola burbuila batean dago. Diru asko mugitzen du, eta interes handia pizten du. Eztanda egingo duen beldur zarete? IRIBAR: Futbola ikuskizun erraldoi bat bihurtu da. Baina oinarrian gozatzeko kirol bat baino ez da. Diru kopuru handiekin edo txikiagoekin futbolak futbol izaten jarraituko du. Hala ere, ez dirudi epe laburrean egoera asko aldatuko denik. Hala ere, pandemia honek asko erakutsi digu. Eta emakumezkoen futbolean zeintzuk dira ezinbestean eman beharreko pausoak? TIRAPU: Emakumezkoen futbolaren hazkundean erotuko garen beldur naiz. Emakumezkoen futbola defizitarioa dela esan ohi da. Azkarregi hazteari baino gehiago, bideragarri izateari eman beharko lioke lehentasuna emakumezkoen futbolak. Egonkortasuna eman behar diogu. Azpiegitura profesionala duten taldeak gizonezkoen aurrekontuetatik dirua sartzen badute, egonkortasuna lortu aurretik atzera egiteko arriskua dago. Emakumezkoen futbolak arlo guztietan egin du gora, baina ikusi gura dut zer bilakaera izango duen hurrengo bost urteetan. Profesionala izatea eta lanaldi osoko kontratuak bermatzea izan behar dira helburu nagusiak. Garai gozo hau ez dela aprobetxatuko uste duzu? TIRAPU: Klubek, federazioek eta jokalariek aukera baliatuko dutela deritzot. Ez dutela atzerapausorik emango. Baina kezka dut. Bukatzeko: Athleticeko ordezkari gisa, zer eskatuko zenukete etorkizunera begira ? IRIBAR: Zale gazteengan pentsatuz Kopa irabaztea eskatuko nuke. Txapelketak irabazteak belaunaldi berrien eta klubaren arteko lotura sendotzen laguntzen du. Hori bai: Kopa zaleak harmailan daudela jokatu behar da. TIRAPU: Bi taldeek Kopa irabaztea eskatuko nuke. Elkarrekin Kopa ospatzea itzela izango litzateke berdintasunaren aldeko borrokan.]]>