<![CDATA[Hibai Arbide | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Mon, 30 Jan 2023 01:57:59 +0100 hourly 1 <![CDATA[Hibai Arbide | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[Ez jakitea behar al dugu?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2011/015/001/2023-01-29/ez_jakitea_behar_al_dugu.htm Sun, 29 Jan 2023 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/2011/015/001/2023-01-29/ez_jakitea_behar_al_dugu.htm pushback-ak egiten direla gure uhartetik? Badakizu jendea basoan harrapatuta geratzen dela urik eta janaririk gabe egunetan? Ba al dakizu normalean ezin diotela anbulantziari deitu, eta lortzen dutenean, anbulantziak uko egiten diola Poliziaren agindurik gabe joateari, baita egoera larrietan eta bizia mehatxatzen dutenean ere?

Badakizu pushback batek esan nahi duela enkaputxatutako gizonek pertsonak bahitzen dituztela? Ba al dakizu txakurrekin jazartzen zaizkiela, biluztera behartzen dituztela, lapurtu egiten dietela, torturatu egiten dituztela eta salbamendu-baltsa batzuetan itsasoan noraezean uzten dituztela? Badakizu marinelek ere gogor entrenatu behar direla salbamendu-baltsan bizirauten ikasteko?

Badakizu batzuetan jendea eskuburdinak jarrita botatzen dutela salbamendu-ontzietara? Badakizu emakumeak eta haurrak daudela haien artean? Badakizu hiru gizon zuzenean itsasora bota zituztela eta haietako bi hilda agertu zirela?

Ulertzen al duzu hau hilketa bat dela? Mitsotakisen mugako politika «gogor baina justuarekin» ados zaude oraindik?

Hau Lesbosen banatutako eskuorri baten testua da. Nire bizilagunei zuzenduta dago, duela hilabete batzuetatik elkarrekin bizi naizen jendeari. Egunero galdetzen diot neure buruari ea jabetzen diren astero leku honetan gertatzen denaz. Ez diot neure buruari galdetzen haiek baino hobea naizela uste dudalako. Guztiz kontrakoa: zalantza hau daukat pertsona onak direla badakidalako. Gure seme-alabak elkarrekin eramaten ditugu xakean jolastera ikastera, eskolara, bat egiten dugu hondartza berdinetan. Baina hondartza hauek gaur egungo estatu indarkeria praktikarik basatienetako batzuk egiten ari diren itsasoari begira daude.

Duela gutxi, gai honi buruzko erreportaje bat argitaratu eta berehala, kasualitatez topo egin nuen parke bateko guraso talde batekin. Ametako batek aitetako bat polizia zela xuxurlatu zidan. Nire harridura moteldu nahirik, erantsi zuen: «Baina kostazaina da, ez da hain larria». Kostazainak dira gertakari horien guztien arduradunak. Nik telefonoz elkarrizketatu nuen pertsona lau aldiz bahitu eta deportatu zutenak, kostazainak dira. Sirian dago pertsona hori, hona etortzea lortu ez zuelako. Neure buruari galdetu nion ea benetan uste duen kostazaina izatea ez dela «polizia normala» izatea bezain txarra. Ez dakielako izango da. Edo ez duelako jakin nahi.

Konturatu nintzen nik neuk, askotan, nahiago izaten dudala ezintasuna eragiten didaten gaiez askorik ez jakin. Nola jasan daiteke izugarrikeria aurre egiteko gai ez bagara?

Sirian elkarrizketatu berri nuen pertsonak eta haren emazteak etxea saldu zuten Europara iristeko, asiloa lortzeko eta familia berriz elkartzea helburu zuen bidaia ordaintzeko. Ontziari eraso zioten kaputxadunek diru guztia lapurtu zieten. Bidaiarietako beste bati eskumuturra eta hiru hatz kolpeka hautsi zizkioten, eta ingelesez hitz egiten zuen bidaiari bat abisu bat itzultzera behartu zuten: «Laguntzen ez baduzue, gauza bera egingo dizuegu». Parkeko ume horien aita horrelako astakeriak egiten dituzten kaputxadunen artean al zegoen? Aitortzen dut une horretan atera zitzaidana ez pentsatzea izan zela. Hori gertatzen zaie nire bizilagunei? Hobe al da ez pentsatzea?

Aldi berean, zutabe hau idazten amaitzen dudan bitartean, ehun bat pertsona bilduta daude pushback-en aurka zer egin dezaketen eztabaidatzeko. Nahikoa dira? Jakina, ez. Baina badago itxaropenik? Baietz pentsatu nahi dut. Baietz pentsatu behar dut hemen bizitzen jarraitzeko, itxaropenik galdu gabe.]]>
<![CDATA[Polizien lagun komunistak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2013/019/001/2022-12-18/polizien_lagun_komunistak.htm Sun, 18 Dec 2022 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/2013/019/001/2022-12-18/polizien_lagun_komunistak.htm
KKEk Poliziaren aparteko ordainsariaren alde bozkatu zuen egun berean, Kostas Fragoulis ijito gaztea hil zuen polizia batek. Tiro egin zion bi aldiz, horietako bat buruan, hogei euro ordaindu gabe gasolindegi batetik joateagatik. Polizia horrek aparteko ordainsari bat jasoko du, ez baitago kartzelan. Etxean dago, epaiketaren zain.

2022ko urriaren 26an Omoniako polizia-etxean Atenas hiriaren erdigunean dago hemeretzi urteko neska bat bortxatu zuten bi poliziek ere jasoko dute aparteko ordainsari hori. Poliziek kalean ikusi zuten neska, eta komisariara eraman zuten hainbat izapide egin behar zituztela esanez. Han bortxatu zuten, eta bere telefonoekin grabatu zuten erasoa.

Aparteko ordainsariak jasoko dituzte, halaber, Alex Litsardakis kazetariari flash granada bat oinetara bota zioten poliziek, hark aurtengo azaroaren 17an manifestariak nola jipoitzen zituzten graba ez zezan.

Aparteko ordainsaria jasoko dute abenduaren 6an ehunka manifestari blokeatu zituzten poliziek, Atenaseko Emmanouil Benaki kalean. Aldi berean kargatzen hasi ziren goitik eta behetik, ihesbiderik utzi gabe. Manifestariek kolpeak nondik zetozen ikusi ezinik, gas negar-eragilearen dentsitatearen ondorioz. Ni han nengoen, baina nire kaskoak, bideo-kamerak eta gasaren aurkako maskarak babesten ninduten.

Aparteko ordainsaria jasoko dute Nikos Sabanisen hiltzaileek —beste nerabe ijito desarmatu bat, duela urtebete 38 aldiz tirokatu zutena—, eta aparteko ordainsaria jasoko dute epaitegiko ateetan bilduta Sabanisen hiltzaileei «heroiak zarete!» oihu egin zieten hamarnaka poliziek. Aparteko ordainsaria jasoko dute beren lankideek basakeriak egiten dituztenean isilik gelditu eta beste aldera begiratzen duten poliziek ere. Hau da, Greziako polizia guztiek.

Nikos Sabanisen eta Kostas Fragoulisen hilketak, urtebeteko aldearekin, icebergaren punta baino ez dira. Grezian gero eta polizia gehiago dago, eta gero eta indarkeria bortitzagoarekin jarduten dute. Ijito-komunitatea da horien biktima nagusietakoa. COVID-19aren pandemia bete-betean, Mitsotakisen Gobernuak 4.500 polizia kontratatu zituen, eta kaleetara bidali zituen sarbide-ikastaroa ere egin gabe. Mitsotakis boterera iritsi zenetik, polizien kontrako salaketak ugaritu egin dira, baina ia guztiek zigorgabetasun-horma baten aurka talka egin dute.

Ijitoak ez dira gero eta errepresio handiagoa jasaten ari den talde sozial bakarra. Etorkinak, errefuxiatuak eta herri-mugimenduetako militanteak ere jomugan daude. 2019ra arte, Greziako Poliziak erabat debekatuta zuen unibertsitateetan sartzea, diktadura militarraren amaieran tankeak ikasleen protestak erreprimitzera Atenaseko Politeknikora sartu izanaren ondorioz. Mitsotakisek fakultateetan polizia-jarduera baimentzeaz gain, polizia elkarte berezi bat sortu zuen, 2022an indarrean jarri zena, ikasleen oposizio handiaren aurrean. Mitsotakisen gobernuak, halaber, orokortu egin du errefuxiatuak beroan itzultzea, bai itsasoan baita Greziak Turkiarekin duen lurreko mugan ere, milaka pertsona arriskuan jarriz.

Zerrenda askoz ere luzeago baten adibide batzuk baino ez dira. Honezkero, KKEk aparteko ordainsari bat ematearen alde bozkatu du, poliziak herriaren semeak omen direlako.]]>
<![CDATA[Elon Musk eta Twitter]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1925/019/001/2022-11-20/elon_musk_eta_twitter.htm Sun, 20 Nov 2022 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1925/019/001/2022-11-20/elon_musk_eta_twitter.htm Elon Musk: toperaino pribilegiatua, megalomanoa, aberats arbuiagarria, haurtxo kaudimengabea, parasito gorena, ale harroputza, apartheidaren onuraduna, diktadoreen ipurgarbitzailea, legerik gabeko oligarka, kolonizatzaile zalantzatia, pilatzaile ankerra, espazioko Karen, erdipurdiko gizon heldugabea, arrazista zitala.

Jonki bati galdetzen badiozu zer gustatzen zaion heroinatik ziur aski esango dizu erlaxatu egiten duela, txute bat sartzen duenean sekulako plazera sentitzen duela, beste ezerekin lortzen ez duena, dosi baten ondorengo uneak probatu dutenek bakarrik uler dezaketen zerbait direla. Eta, ziur aski, egia da. Baina jonki batek ez du zaldi ziztrina horregatik sartzen, haren mende dagoelako egiten du. Niri gauza bera gertatzen zait Twitterrekin. Sare sozialetan zenbat jende interesgarri ezagutu dudan azal dezaket, nire lanerako zein garrantzitsuak diren adieraz dezaket, militatu dudan mugimendu sozialetarako funtsezkoak izan direla adieraz dezaket. Baina, egia esan, ez ditut horregatik erabiltzen. Erabiltzen jarraitzen ditut mendekotasuna dudalako.

Aste honetan, Twitter desagertzeko zorian egon da konpainiak erosi duen despotaren kapritxoengatik. Muskek, askotan bezala, enpresa bateko akzioak erosiz espekulatu nahi izan zuen. Iragarri zuen erosi egin nahi zuela, akzioen balioa igo zedin, eta gero erosketatik erretiratzeko, diru asko irabazita. Baina gaizki atera zitzaion eta epaiketa baten mehatxuak benetan Twitter erostera behartu zuen. Behin jabea zela, iragarri zuen bere purgaketa martxan jartzen zuela woke kultura [esna, ingelesez] delakoaren aurka. Hau da, zailtasunak zailtasun, historikoki baztertuta egon diren gizarte-taldeetako jendeak ahotsa izan duen espazio bat amaitu nahi du. Erosketa gauzatu bezain laster gorroto mezuak areagotu ziren plataforman. Muskek, bere neska-lagun ohia emakume trans batekin elkartu delako minduta dagoen gizon batek, ahotsik gabeko leku bihurtu nahi ditu sare sozialak beste inon ahotsik ez dutenentzat. Sare sozialak gorroto-guneak dira, leku estresagarriak, zarata gehiegi dagoen lekuak. Bereziki feministentzat. Baina, hala ere, jende askok duen bozgorailu bakarra ere badira. Aktibistentzat eta jende arruntarentzat, beste bozgorailuetarako sarbiderik ez dutenentzat.

Albert Lloretaren txio batek dionez, Twitter ixten badu, itxura guztien arabera, azken hamarkadetako fenomeno politiko eta sozialei testuinguru historikoa ematen dieten elkarrizketa eta hashtag asko galduko dira,behar bezala artxibatu ez direla kontuan hartuta. Tahrir plazatik M15ra, Sudaneko estatu kolpearen aurkako mugimendua, Greziako austeritatearen aurkako mugimendua, Turkiako Gezi eta Taksimen borroka, Black Lives Matter... Azken hamarkadetako gauza garrantzitsu guztiak Twitterrek zeharkatzen ditu.

Eta, era berean, funtsezkoa da ni bezalako kazetarientzat, ez baikara inoiz ekosistema mediatikoaren parte izango, haren zati oso marjinal baten modura ez bada. Twitter amaitzen bada, gure bizimoduak ahuldu egingo dira. Twitterren gure lanak zabaltzen ditugu, gure dokumentalak sustatzen ditugu, harremanetan jartzen gara editoreekin, iturriekin, beste kazetari batzuekin, langileekin, aktibistekin eta erakundeekin. Guk badakigu komunikabide korporatibo batek ere ez gaituela inoiz kontratatuko.

Arazoaren gakoa, ia beti bezala, aberatsen existentzia da. Produkzio-bitartekoen jabetza pribatuak produkzio-bitarteko horiek suntsitzeko gaitasuna ere badakar. Kapritxoz bada ere, Musken kasuan bezala. Sare sozial publikoak behar ditugu. Eta Elon Musk bere suzirietako batean sartzea, inoiz ez dezagun bere berri berriro izan.]]>
<![CDATA[Izugarrikeriara ohitzea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/022/001/2022-10-23/izugarrikeriara_ohitzea.htm Sun, 23 Oct 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1935/022/001/2022-10-23/izugarrikeriara_ohitzea.htm
Evros ibaia Europako Batasunaren kanpoko muga da. Ez dago ezer antinaturalagorik muga bat baino, baina hola deitzen diogu estatuek beren lurraldea mugatzen dutenean ibai edo mendi batekin bat eginez. Muga horretan giza eskubideak sistematikoki urratzen dira. Egunero —ez naiz beldur hori kategorikoki baieztatzeko—, ñabardurarik gabe. Egunero, Greziak eta Turkiak asilo-eskubidea urratzen dute, beste oinarrizko eskubide guztien artean. Abuztuan, bost urteko neskato errefuxiatu siriar bat hil zen ibai horren irlatxo batean, eskorpioi batek ziztatuta; bederatzi urteko neskato bat, berriz, egoera kritikoan geratu zen beste ziztada baten ondorioz. Neskak 39 errefuxiatuz osatutako talde bateko kideak ziren. Turkiako agintariek uhartetxoan sartzera behartu zituzten eta Greziak ez zien utzi hilabete batez beste ertzera igarotzen. Hilabete oso batez.

Urriaren 6an, Lesbosen, jatorri afrikarreko 16 emakume gazteren eta 15 urteko mutil baten gorpuak berreskuratu zituzten, haien ontzia Thermitik gertu hondoratu ondoren. Thermi Lesbosen dago, orain bizi naizen lekuan, aurreko zutabean azaldu nen bezala. Nire etxetik 10 kilometrotara dago. Gizon baten gorpua ere urrutixeago berreskuratu zuten. Egun hartan, Lesbos haize zakarrez astintzen ari zen. Itsasoa oso nahasita zegoen eta ikuspen gutxi zegoen, gauez ez ziren itsasertzeko argiak nabaritzen. Egun arriskutsua zen itsasora joateko. Errefuxiatu talde batzuek horregatik hautatu zuten gau hori, hain zuzen ere: itsasoa baretuta dagoenean, Frontex eta Greziako kostazainentzat askoz errazagoa da zodiakak ikustea eta atzematea. Hau da, EBk, Open Arms eta Aita Mari bezalako erreskate-ontzien ordez polizia operatibo bat jartzeaz gain, errefuxiatuek arrisku handiagoak hartu behar izaten dituzte beraien presentzia ekiditeko. Gau horretan bertan, Kythiran, Lesbosetik 400 kilometrora dagoen uharte batean, errefuxiatuz betetako beste ontzi batean zihoazen 95 pertsonetatik 80 bakarrik erreskatatu zituzten kostaldetik gertu hondoratu ondoren.

Gizadiaren garairik izugarrienetan pentsatzen dugunean, geure buruari galdetzen diogu nola begiratu ahal izan zuten beste alde batera han bizi zirenek. Nola onartu zuten krudelkeria hori? Berraragiztatu egin dela uste duen jendeak bezala aurreko bizitzetan beti izan dira Kleopatra edo printze bat, inoiz ez Erdi Aroko errementari txiki bat, iraganera bidaiatzearekin amets egiten dugunean beti imajinatzen dugu Hitler hiltzen duena garela. Baina, egia esan, August Landmesser ospetsu egin zen 1936an Horst Wessel korazatuaren uretaratzean nazien agurra egin ez zuen pertsona bakarra zelako. Beti da errazagoa iraganean heroikoa garela imajinatzea, orainean baino. Izan ere, ausardia ez da moralki zerbait edo norbait gaitzestea, baizik eta horren arabera jokatzea, ondorioak zein izango diren jakin gabe.

Azken hondoratzearen egunean, Lesboseko hiriburuan, Mitiliniko kaleetan, erabateko normaltasuna zegoen. Ez zegoen isiltasunik, inork ez zirudien bereziki errukarria, ezta zoriontsua ere, noski. Beste errefuxiatu talde baten heriotza oharkabean pasa zen. Baina, arratsaldean, gazte talde batek apatia hautsi zuen, eta Safo plazan bildu zen. Gutxi ziren. Gaur egungo August Landmesserrak dira.]]>
<![CDATA[Lesbosen aspertzerik ez]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/017/001/2022-09-25/lesbosen_aspertzerik_ez.htm Sun, 25 Sep 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1935/017/001/2022-09-25/lesbosen_aspertzerik_ez.htm Bocho Ballesteros lankideak eta biok askotan egin genuen lan Morian, urte desberdinetan. Jende gutxirekin eta beteta ikusi genuen; inguruan plastikozko kanpadendarik gabe eta mendi-hegal guztietatik zabaltzen ziren dendaz beteta; berria, zahar-zaharra eta «konpondua» —esaterako— Erromako Aita Santuaren 2016ko lehen bisitarako. Morian hainbat aldiz atxilotuak izateko zorian egon ginen baimenik gabe sartzeagatik. Orain ez dago han bizi izan ziren hamarnaka mila lagunen arrastorik. Gutxi batzuk gelditzen dira Moria erre zenean eraiki zen eremuan. Gehienek Lesbosetik irtetea lortu zuten, eta zorte handiena izan zutenak Greziatik atera ziren Europa iparraldeko herrialdeetara.

2020an, Moria erre zenean, Lesbos etengabe aldatzen hasia zen jadanik. Okerrera, gainera. Urte hartako otsailean, ikusi genuen nola faxista taldeek errefuxiatuei, gobernuz kanpoko erakundeei eta kazetariei jipoiak ematen zizkieten, errefuxiatu gehiago uhartera iristea eragozteko. Egun horietan, nire lankide zena eta ni oso gutxigatik libratu ginen. Funtsean, grekoz hitz egiten jakiteagatik. Okerrena ez zen faxisten zigorgabetasuna, jendea jotzen eta biltegi solidarioak erretzen. Okerrena tokiko agintarien adostasuna eta auzokide askoren axolagabekeria izan ziren. Jende solidario eta progresista gehiena joan zen uhartetik. Geratzen diren askok esan digute une txarrean iritsi garela, hau jada ez dela zen bezalakoa. Fatxek irabazi dute uhartearen hegemonia.

Fatxak, errefuxiatuek bakarrik ez, Turkiak ere kezkatzen ditu. Turkiaren eta Greziaren arteko gerrara behartuta gaudela uste dute. Alde bateko eta besteko fatxek ongarritzen duten kontakizuna da, eskalada belikoan —dialektikoan— jokatzen duten politikari arduragabeek lagunduta, gerra posible berri bati buruz hitz egin dadin, barne arazoei buruz baino gehiago. Batez ere, Kiriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroaren eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen ospea jaitsi egin delako. Horrela, Devlet Bahçelik, eskuin muturreko politikari turkiarrak eta Erdoganen aliatuak argazki bat argitaratu zuen ekialdeko Egeoko uharte greziarrak Turkiakoak bailiran markatzen dituen mapa bati eutsiz. Alarma eta eskandalua Grezian. Baina Grezian Istanbul grekotzat hartzen duten antzeko mapak daude. Irailaren 3an, Turkiako presidenteak zuzenean mehatxatu zuen bat-batean eraso egingo zuela eta Greziako uharteak okupatuko zituela, duela 99 urteko itun baten bere interpretazio bereziaren arabera desmilitarizatuta egon beharko luketenak. Atenasen arabera, Ankarak 110 aldiz urratu zuen bere aire espazioa irailaren 14an, eta hiru egun lehenago, patruila-ontzi heleniar batek tiro egin zion Turkiako merkataritza ontzi bati, Turkiak nazioarteko urtzat dituen eremuan. Irailaren 17an, Turkiako armadak ekipamendu eta militar ugari eraman zituen Edirnera, Greziako lurreko mugako hiri nagusira.

Inork ez du espero Turkia eta Greziaren artean gerra bat piztea. Biak dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide, eta haien arteko gatazka armatu batek hain ondorio larriak izango lituzke, ez baitira aurreikusteko errazak. Baina 2022ak erakutsi digu ustekabeak gertatzen direla, suarekin jolasten duten arduragabeek gobernatzen gaituztela, eta gerra bat hasiko zela ukatzen genuenak oker genbiltzala.

Gertatzen dena gertatzen dela, badirudi Lesbosen gauza asko egin ditzakedala, aspertzea salbu.]]>
<![CDATA[Agur, Atenas, maite eta gorroto dudan etxea]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2022-08-28/agur_atenas_maite_eta_gorroto_dudan_etxea.htm Sun, 28 Aug 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1943/014/001/2022-08-28/agur_atenas_maite_eta_gorroto_dudan_etxea.htm
Syrizaren bataila porrotean amaitu zen. Europako ezkertiar gehienak ahal zuten guztia urrundu ziren harengandik, eta bereziki Tsiprasengandik. Kasu askotan, analisi politikoa judizio moralarekin ordezkatu zuten, eta traidore deitzearekin konformatu ziren. Jarrera erosoena zen, baina traidoretzat jotzeak ez du Europako ezkertiarrek erantzun nahi ez duten galdera nagusia argitzen: zergatik egin zuten huts? Greziak Latinoamerikako mailako herri mugimendua zuen. Mugimenduarekin harreman inbidiagarria zuen alderdi bat zegoen, eta, gainera, ia errepikaezina zen berezitasun bat zuen: herrialdeko hiru ekonomialari garrantzitsuenak, Giannis Varufakis, Kostas Lapavitsas eta Euklidis Tsakalotos, alderdi berekoak ziren, nahiz eta Grezia eurogunean jarraitzeari buruzko tesi ezberdinak defendatzen zituzten. Europako ezkertiarrek erantzun nahi ez duten galdera da: Syriza baldintza horiekin ezin izan bazen, zer plan dute haiek berdin garaituak ez izateko?

2015 amaieran errefuxiatuen krisia delakoa hasi zen. Ez zegoen zalantzarik: hauxe zen kazetari izateko munduko lekurik onena. Rodrigo Hernandez, Elpida Nikou, Alvaro Barrantes eta Vicent Montagudi esker, austeritateari buruzko erreferendumaren berri ematera etorri zirenean ezagutu nituen lagunei esker, hasi nintzen Telesurren berriemaile lanetan. Orain, lagun horiek Zungu Coopeko nire lankideak dira, nazioarteko hedabide ezberdinentzat lan egiten dugun kooperatibakoak. Beste lankide batekin, Angel Ballesteros Bocho-rekin, urteak eman genituen Greziako, Balkanetako eta Ekialde Hurbileko errefuxiatuei buruzko erreportajeak egiten. Bochori esker telebista egiten ikasi nuen, lehenengo kameraren aurrean eta gero kameraren atzean. Orain ia inoiz ez naiz pantailan ateratzen, grabatzen aritzen naiz, baina nire ikaskuntza, amaitu beharrean, etengabeko prozesua da, eta bide luzea dut egiteko.

Hedabide gehienek jada ez dute uste Grezia herrialde interesgarria denik. Gero eta gehiago, helmuga turistiko gisa bakarrik ikusten du mundu osoak. Guk gero eta lan gutxiago egiten dugu Atenasen, munduan zehar erreportajeak egiten ditugu. Iritsi nintzenean, etxebizitza bat lortzea ez zen Greziaren arazo nagusietako bat, ezta behartsuentzat ere. Orain, lana duen jende askorentzat ere ez da posible. Airbnb-ren etorrerak eta putre funtsek alokairuaren merkatua lehertu dute. Nire lagun askok beren auzoetatik alde egin behar izan dute. Ni ere banoa, arrazoia hori ez bada ere. Hiri hau, nire etxea, haien falta sumatuko dut.]]>
<![CDATA[Kazetariak mehatxatzea urraketa larrienen aurrekaria da]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2022-07-31/kazetariak_mehatxatzea_urraketa_larrienen_aurrekaria_da.htm Sun, 31 Jul 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1960/015/001/2022-07-31/kazetariak_mehatxatzea_urraketa_larrienen_aurrekaria_da.htm
Aurreko egunean, unitate bereko poliziek ez zuten mehatxuekin nahikorik izan. Poliziak manifestariak jipoitzen ari zirela grabatzen saiatzen ari ziren kazetariak kolpatu zituzten. Abokatuak ere jo zituzten. Eta hemen dator benetan larria dena: kazetariak eta abokatuak ez gara honen protagonistak. Barkatu zutabe honen hasieran hala iruditu bazaizu, lehen pertsona erabiltzea baliabide literario soila da. Kazetariok jo egiten gaituzte, hain zuzen ere, jende arruntarengan indarkeria gehiago erabili ahal izateko. Kazetariak beldurtzea haien inpunitatea bermatzeko modu bat da, modu bakarra ez bada ere. Aurreko egunean, poliziek manifestari baketsuei ostikoak eman zizkieten buruan, zuzenean gas negarra bota izan zioten gurpil-aulkian zihoan pertsona bati, borraz eraso zieten neska gazte izutuei, ukabilkadak eman zizkieten eskuburdinak zituzten atxilotuei, eta flash granadak bota zizkieten manifestatu nahi zutenei.

Hori guztia Atenasek azken hilabetean bizi duen errepresio zurrunbiloan gertatzen da. Uda ez da izaten ari turistek Instagramen erakutsi nahiko luketena. Duela aste batzuetatik hona, poliziak bortizki eragozten ditu turismoak eragindako gentrifikazioaren aurkako manifestazioak, gobernuaren suteen kudeaketaren salaketak eta gose greban zegoen Giannis Michailidis preso anarkistarekiko elkartasuna. Gobernuak, poliziaren bidez, bertan behera utzi du de facto manifestatzeko eskubidea. Arbitrarioki, azalpenik eman gabe, Atenasen manifestatzea debekatu du. Deitutako mobilizazioak daudenean, poliziak kontrol zorrotzak ezartzen ditu, mundu osoko mugikortasuna mugatzen dutenak, turistena izan ezik.

Turistak, honekin guztiarekin zerikusirik ez dutela ematen dutenak, ez dira arrotzak. Grezian turismoak izan duen gorakada —hamarkada bat darama bisitarien errekorrak ezartzen— erabat lotuta dago langileen, lurraldearen eta hirien ustiapen-ereduarekin. Greziako oporrak merkeak eta erakargarriak dira miseriazko soldatak ordaintzen dituztelako, itsasertza txikitzen ari direlako eta lehen Europako alokairu-merkaturik merkeenetako batean zeuden ehunka mila etxe Airbnb direlako. «Zuen oporrak, gure miseria», Exarjia auzoko milaka bizilagunek oihu egin zuten duela aste batzuk, orain arteko gentrifikaziorik handienaren aurkako manifestazioan. Oktabilla batek zioen: «Bizi nahi al duzu benetako esperientzia greziarra? 600 euroko soldatarekin bizi zaitez 400 euroko alokairua ordainduta». Eta polizia batek jipoitu zaitzala kexatzen bazara.]]>
<![CDATA[Mugalarien goraipamena]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1941/018/001/2022-07-03/mugalarien_goraipamena.htm Sun, 03 Jul 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1941/018/001/2022-07-03/mugalarien_goraipamena.htm
Muga, kasurik onenean, XX. mendeko aldi batzuetan Europan demokrazia-espazioak ahalbidetu dituen baldintza ez-demokratikoa da. Muga beti eta funtsean ez-demokratikoa da, herritarra nor den eta nor ez ezartzen duen gailua den heinean; nork izan duen leku egokian jaiotzeko zortea eta nork jasan behar dituen argia okerreko lekuan ikustearen ondorioak. Muga ez da mapa batean herrialde bat beste batetik bereizten duen marra, baizik eta zuzenbide-, polizia-, klase-, genero- eta gizarte-baliabideak, zeinek dituen eskubideak eta nork ez ezartzen dituztenak. Lurralde-subiranotasunari buruzko doktrina klasikoaren arabera, mugek mugatzen zuten botere subiranoaren irismena. Aldiz, globalizazioaren eta nazioarteko mugikortasunaren hazkundearen testuinguruan, Estatuko lurraldetasunaren kanonetatik bananduz joan dira. Haien presentzia ez da espazio jakin batera mugatzen, baizik eta mugikorrak dira, eta presente egin daitezke eta mugatzeko eta baztertzeko ahalmena adieraz dezakete edozein unetan edo lekutan. Mugak erakunde asimetrikoak dira, haien ondorioak gurutzatzen diren aldearen araberakoak baitira, eta, batez ere, selektiboak, pertsona batzuentzat ia ez baitira existitzen eta beste batzuei beren bizi-ibilbidea markatzen baitiete. Herrialde aberats bateko aberats batentzat muga formalitate hutsa bihurtu da. Aldiz, herrialde pobre bateko behartsu batentzat, muga gainditzeko oztopo zaila izateaz gain, «Mugaren» esperientziak bizitza osoan zehar jarraitzen du, bere egunerokotasuna eta mugikortasuna —fisikoa zein soziala— baldintzatuz. EBk beste herrialde batzuekiko mugen kudeaketaren zati handi bat kanpora atera eta deslokalizatu du. Tresna horiek ezartzeak berekin dakar «urrutiko» kontrol ugari aktibatzea, muga geografiko bat fisikoki gainditu aurretik ere. Horrela, Europako mugak jatorrizko herrialdean bertan jarduten du, pertsona batek migrazio-esperientzia bati ekitea erabakitzen duen une beretik.

Europako mugen erregimena ez da Europako Batasuneko estatu kideetan jardutera mugatzen; aitzitik, erabat baldintzatzen du Afrika iparraldeko, Ekialdeko Europako, Balkanetako, Baltikoko eta Ekialde Hurbileko biztanleen bizitza. Europako eremu eta atxilotze-guneen sarea sare trinko bat bezala hedatzen da horietan guztietan. Aski da. Hamarkadak daramatzagu Europako mugen erregimenaren ondorioak azaltzen. Milaka pertsona hiltzen dira egunero Mediterraneoan, Saharan, hesietan edo Europako gainerako mugetan. Milaka pertsona, milaka familia, milaka bizi-proiektu suntsituta urtero. Ekintzara pasatzeko ordua da.

Nire bizitzako unerik zoriontsuenetako batzuk —Zoriontasun iragankorra bada ere— Barneratze-zentroen aurkako ekintza zuzenak eginez, EBko hesien aurrean manifestazioak egiten edo paperik gabeko pertsonei mugak zeharkatzen lagunduz bizi izan ditut. Ez da ekintza heroikorik egin behar. Nork erabaki behar du zein neurritan hartzen dituen arriskuak desobedientzia praktikatzeko. Ezin da eskatu inork bere gain har dezakeena baino gehiago arriskatzea. Baina ezin dugu basakeriaren ikusle hutsa izaten jarraitu. Edonoren eskura dauden praktika desobedienteen katalogo zabal bat dago: paperik gabeko pertsona batekin ezkontzea, NANa galtzea —hura galdu duenaren antza duen paperik gabeko pertsona baten eskuetan amaitzen du—, beste herrialde batera joan behar duten pertsonak garraiatzea, muga bat zeharkatzeko gastuak ordaintzea, eta abar. Bakoitza bere ahalmenaren arabera, mugalari bihur gaitezen, edo, gutxienez, erraz dezagun mugalarien lana.]]>
<![CDATA[Gauza garrantzitsu gehiegi gertatzen ari dira munduan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1900/021/001/2022-06-05/gauza_garrantzitsu_gehiegi_gertatzen_ari_dira_munduan.htm Sun, 05 Jun 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1900/021/001/2022-06-05/gauza_garrantzitsu_gehiegi_gertatzen_ari_dira_munduan.htm
Kolonbiako hautesleek Gustavo Petro/Francia Marquez ala Rodolfo Hernandez aukeratu beharko dute presidentetzarako. Petro eta Marquez, Kolonbia indigena, afro-kolonbiar, ekologista, bakezale, feminista eta sozialaren itxaropena dira. Hernandez aberats misoginoa da, bortitza, Adolf Hitlerren mireslea, Alvaro Uriberen laguna, lider sozialak hiltzen dituzten paramilitarren defendatzailea eta kokaina oparitzea proposatzen duena.

Maiatzaren hasieratik, Iranen dozenaka protesta egin dituzte herrialdeko hiririk txiroenetan, elikagaientzako subentzioak murriztearen ondorioz, manifestazioak aiatolaren erregimenaren aurkako matxinadak bihurtu direlarik. Pakistanen, nahiz eta Islamabadera sartzea eragozteko errepideak blokeatu, Imran Khan presidente ohia milaka jarraitzailerekin batera heldu zen hiriburura maiatzaren 25ean, eta oso liskar gogorrak izan zituzten Poliziarekin. Horien ostean larrialdi egoera ezarri zuten ospitaleetan.

Milaka ultranazionalista israeldarrek istiluak eragin dituzte aurten ere; Jerusalemgo auzo arabiarreko biztanleak jipoitu dituzte, eta esloganen bitartez Palestinako herrixkak erretzeko susmoa azaldu zuten. Sri Lankak, berriz, porrot egin du, eta kaosean murgildu da. Asiako hego-ekialdeko herrialdeak maiatzean hautsi zuen berriro inflazio-errekorra, zortzigarren hilabetez jarraian, Ukrainako gerraren ondorioz eragindako energia-krisiak bultzatuta.

Bizitzaren kostua %39,1 igo zen urte batetik bestera, apiriletik maiatzera, eta elikagaiak, ia %10. Ekonomialariek diote prezio errealak are erritmo basatiagoan garestitu direla. Guzti honek protesta handiak eragin ditu aste osoetan.

Ukrainako fiskal nagusiaren esanetan, 261 haur hil eta 460 zauritu dituzte gerra hasi zenetik. Beste eskualde batzuetan ez bezala, Errusiako armada inbaditzailea aurrerapen handiak lortzen ari da ekialdean, non batailek herriz herri eta kalez kale jarraitzen duten. Ameriketako Estatu Batuetan aurrera doa Me Too mugimenduak eragin zuen aurrerapenaren erreakzioa, fronte guztietan: mediatikoa, politikoa eta judiziala. Haurren tiroketek, bestalde, ez dute etenik.

Europako Batzordeak Poloniako Gobernu ultrakontserbadore eta libertizidari babesa eman dio de facto, aparteko funtsez hornitu baitu, gobernuak emakumeen eskubideen murrizketak ezeztatzen ez bazituen laguntzak izoztuko zituenaren promesei muzin eginez. Togon areagotu egin dira borrokak, Malin, Nigerren, Burkina Fason eta Beninen dagoen gatazka amaigabean. Baita Etiopiako Tigray eskualdeko gerran ere. Cabo Delgadon, Mozambiken, hiru pertsonatik bat bere etxea uztera behartuta dago gerraren ondorioz. Etengabe jarrai lezake zerrendak.

Askotan inarrosten nau munduan gauza gehiegi gertatzen direla pentsatzeak. Larritu egiten nau munduko gertakari guztiak ez hartzearen sentsazioak. Gure inguruan jazotzen diren gauza garrantzitsu askoren berri ez izatearen sentimendua. Eta, aldi berean, akidura sentsazioa, halako informazio kantitatea kudeatzerik ez izateagatik, gehiegi baita. Kazetaritzan aritzen zarenean, gainera, beste kezka bat gehitzen diozu zeure buruari: irakurtzen, ikusten edo entzuten zaituen jendearengan estutasun sentsazio hori areagotzea, zuk zeuk zein ardura daukazunaren zalantza. Alde batetik, azaltzeko premia sentitzen duzu askotan: «Hau larriegia da, jendeak jakin behar du». Eta, bestetik, sutara egur gehiago botatzeagatik errua sentitzen duzu. Nola jakin dezakegu zer eta zenbat jakin nahi dugun?]]>
<![CDATA[Grezian egiten ari den lanaren kenketa gisa]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2018/016/003/2022-05-08/grezian_egiten_ari_den_lanaren_kenketa_gisa.htm Sun, 08 May 2022 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/2018/016/003/2022-05-08/grezian_egiten_ari_den_lanaren_kenketa_gisa.htm
Cretan Mitsotakis Collection delakoa inauguratu dute; lehen ministroaren familiaren arkeologiako piezak erakusten dituen erakusketa. Arkeologo ezagunek salatu dute erakusketak pieza bakarrak dituela. Horregatik, legearen arabera, estatukoak izan beharko lukete. Mitsotakisek Greziarekin duten ondare harremanaren adibide bat da.

Hil horretan bertan, Grezia 108. posturaino jaitsi da Mugarik Gabeko Erreportariak erakundeak egindako prentsa askatasunaren rankingean. Grezia 180 herrialdetatik 108.a da, adibidez, Giorgos Karaivaz kazetaria Atenasko Alimos auzoko etxetik gertu hil zutelako, 2021eko apirilaren 9an, babespean diskotekei xantaia egiten zieten mafiosoen eta polizien talde bati buruzko ikerketa bat argitaratu ondoren. Ez da prentsa-askatasunaren kontrako eraso bakarra. Gobernuak eta Demokrazia Berriko diputatuek Dokumento egunkariko zuzendaria den Kostas Baksebanis espetxeratzeko eskatu dute publikoki, ustelkeria kasuei buruzko albisteak argitaratzeagatik. Halaber, espetxean sartu nahi dute Eleni Tulupaki ustelkeriaren aurkako fiskala, ministroen eroskeriak ikertzeagatik.

Greziako araua da zigorgabetasuna. Aste horretan bertan, lau polizia absolbitu zituzten Zak Kostopoulos LGTBI aktibistaren hilketaren epaiketan. Zak Kostopoulos LGBTI mugimenduaren figura ezagunenetako bat zen Grezian, bai zeropositiboaren diskriminazioaren aurkako aktibismoagatik, bai Zackie Oh izeneko drag queen-a izateagatik. 2018an, Kostopoulos basatiki hil zuten ostikoka, bitxi-denda baten jabeak eta haren lagun batek, talde paramilitar faxista bateko kideak. Hiltzear zegoela, orain absolbitu dituzten poliziek eskuburdinak jarri eta ostiko gehiago eman zizkioten. Hori guztia agerian erakusten duten irudiak daude, baina epaileek ez dituzte kontuan hartu.

Poliziaren aldeko Mitsotakisen zaletasuna hain da handia, ezen bere agintaldian unitate berezi berriak sortu baititu: Drasi beldurgarriak motorrean doazen istiluen aurkakoak eta unibertsitateko polizia-kidegoa. 2019ra arte poliziak debekatuta zuen unibertsitateetan sartzea; orain, berriz, gobernuak nahi du campusetan beti agenteak egotea. Ikasleek, batez ere Salonikan, ikasturte hasieratik daramate horren aurka gogor borrokatzen. Apirila bereziki bizia izan da, istiluak, poliziaren oldarraldi oso gogorrak eta poliziek ikasleen mugimenduaren ageriko aurpegiei mehatxu zuzenak barne.

Abokatutza utzi eta Greziara etorri nintzenean, kazetari bihurtu nintzen ez nekielako zer egin nire bizitzarekin. Grezia begirada guztien erdigunean zegoen 2014an. Arreta handia zegoen, eta lanbide hau aukeratzeko lekurik onena zen. Orain, zorionez, hemen bizi naiz, eta Ekialde Hurbilean, Afrikan, Europa ekialdean eta munduko beste leku batzuetan lan egiten dut. Dagoeneko ez naiz inoren berriemailea Grezian. Ez dut horren falta sumatzen, baina etsipenez oroitzen ditut munduak aintzat hartzen ez dituen bidegabekeriak.]]>
<![CDATA[Kontraesanen bila Ukrainan ]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1943/021/001/2022-03-13/kontraesanen_bila_ukrainan.htm Sun, 13 Mar 2022 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1943/021/001/2022-03-13/kontraesanen_bila_ukrainan.htm <![CDATA[Kazetaritza eta Ukrainako gatazka. Zertan ari gara?]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1935/017/001/2022-02-13/kazetaritza_eta_ukrainako_gatazka_zertan_ari_gara.htm Sun, 13 Feb 2022 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1935/017/001/2022-02-13/kazetaritza_eta_ukrainako_gatazka_zertan_ari_gara.htm
Eta hala ere, denok, nik ere bai, gerra baten aukeraz hitz egin dugu Kieven gaudenean, AEBek duela aste batzuetatik Errusia Ukraina inbaditzear dagoela ziurtatzen dutelako. Ukrainakoa bezalako gatazka batean, kazetarientzako oinarrizko printzipio bat izan beharko litzateke alderdiak ez hartzea kontrakoaren berri emateko iturri nagusitzat. Vladimir Putin AEBek zer egingo duten jakiteko iturri fidagarria ez den bezala, zergatik sinesten dute hainbeste hedabidek AEBek Errusiari buruz diotena? Erantzunik argienaz gain, beste arrazoi bat dago. Inork ez du gogoratua izan nahi gerra hastera zihoala ukatu zuen kazetaria bezala, beste guztiek ziurtatzen zuten bitartean. Gerrarik ez badago, ez da ezer gertatzen AEBek esango duelako gatazka bere presioari esker saihestu zela.

Ez gara behar bezala aztertzen ari nori interesatzen zaion gerra bat gertatzea. Bidenek oso pronostiko txarra du agintaldi erdiko hauteskundeetarako hilabete gutxi falta diren bitartean. Boris Johnson berrogeialdian egindako jaiengatik ikertzen ari dira. Emmanuel Macronek ere iragarpen zaileko hauteskundeei egin beharko die aurre. Putinek, bere aldetik, ez du gerra baten beharrik bere helburuak lortzeko —bi dira eta lortu ditu—: bere boterea eta eragina handitzea —hau da, taulako beste pieza bat ez izatea, zuzenean AEBekin negoziatzea baizik—, eta bere gobernu autoritarioa finkatzea, baita beste autoritario batzuekin dituen aliantzak egitea ere (Bielorrusia eta Kazakhstan). Nori interesatzen zaio gehien gerra bat, Putini edo Mendebaldeko buruzagiei?

Minskeko Ituna Ukrainako gatazka konpontzeko tresna diplomatikorik onena da. Ameskeriez haratago, benetan dagoen diplomazia da. Arazoa zera da, inori ez zaiola gustatzen. AEBek ez dute atsegin, esparru europar hutsa delako. Ukrainari ere ez zaio gustatzen, Donbasen hauteskundeak egin beharko lituzkeela ezartzen duelako. Errusiak, esan bezala, ez du atsegin; Putinek nahi duena Europan segurtasuna AEBrekin zuzenean negoziatzea baita. NATOri ez zaio gustatzen, NATOren funtzio nagusia NATO bera ekialdera zabaltzeak eragiten dituen arazoak konpontzea delako. Testuinguru honetan, kazetariok gatazkaren alderdien propagandaren mezulari hutsak baino gehiago izan beharko genuke.]]>
<![CDATA[Doazela adituak pikutara]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1976/021/001/2022-01-23/doazela_adituak_pikutara.htm Sun, 23 Jan 2022 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1976/021/001/2022-01-23/doazela_adituak_pikutara.htm
Pandemia betean egindako gastu militar handi horrek Turkiarekiko lurralde-gatazka elikatzeko balio du. Duela hamarkada batzuetatik, Greziak hamabi itsas miliaraino zabaldu nahi ditu bere lurralde-urak, 1982ko Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioari jarraiki. Greziak hori egingo balu, Turkiako kostalde subiranoa murriztuko luke, eta, de facto, mendebaldeko kostaldeko itsasorako ia irteera guztiak galduko lituzke Turkiak. 1995ean, Turkiako Parlamentuak Greziari ohartarazi zion bere lurralde-urak hamabi miliatara zabaltzea gerra-ekintzatzat hartuko zuela, eta horri erantzungo ziola.

Hilabete gutxiro, Turkiako ministroren batek gogorarazten du ebazpen horrek indarrean jarraitzen duela. Turkiak, berriz, urteak daramatza petrolio bila, Greziak gaur egun duen plataforma kontinentalean. Gas naturalaren esplorazio turkiarraren eztabaida Rodas eta Castelorizo uharte greziarren aurrean gertatzen da, Mediterraneo ekialdean, eta baita Zipren ere. Turkiak Zipre iparraldea okupatzea Greziaren eta Turkiaren arteko beste gatazka bat da. Hori horrela delarik, Aurrekontuetan Defentsari garrantzi handiagoa emateaz gain, Mitsotakisen Gobernuak derrigorrezko soldadutzaren iraupena bederatzi hilabetetik hamabira luzatu du, indar armatuetan erabilgarri dagoen giza kapitala handitzeko.

Greziako eta Turkiako hedabide nagusien arabera, alde bateko eta besteko mehatxuak oso serio hartu behar direla diote adituek. Dirudienez, deseskalatzearen aldeko apustua egitea eta bi aldeetan gastu militarra murriztea haurren eskaera da, eta ez da batere serioa. Grazia egiten dit militarismoa justifikatzeko heldutasunera jotzeak. Gerrarako armak erostea erantzun helduagoa eta arrazionalagoa balitz bezala, elkarrizketarako mahaian eseri beharrean.

Okerrena da horrelako adituak ez daudela Grezian eta Turkian bakarrik. Espainian perretxikoak bezala sortzen dira, Egeotik mila kilometro eskasera dagoen beste gatazka bati buruz iritzia emateko: Errusia-Ukraina balizko gerra Donbassen. Gaur aditu bat irakurri dut gerrari ezetz esaten diotenei seriotasuna eskatzen. «Ezin da kanpo-politika seriorik planteatu hain diskurtso sinplistak eta nazioarteko errealitatetik hain urrun dauden esaldiak erabiltzen badira», aditu horren hitzetan. NATOren inbasioa justifikatzea da serioena, eta bide diplomatikoen nagusitasuna eskatzea ez da serioa, antza.

Horrelako adituak hain serioski aztertzen dituzten nazioarteko gatazka horietatik gertu ez ditugu inoiz ikusten. Izan ere, ez ditugu beste inon ikusten, beren bulegoan edo telebistako platoetan izan ezik. Benetan, gauza bakarrean dira adituak: beste aditu batzuk irakurtzen. Beren expertisa gerren zerbitzura jarri ondoren, esango digute ez dela serioa muga irekitzea gerra horietatik ihes egiten duen jendearentzat. Haien analisi serioak beti datoz bat arma-merkatariek nahi dutenarekin. Horregatik, ondo legoke aditu horiei gerrak hainbeste gustatzen bazaizkie, gerrara beraiek joatea. Eta, bestela, joan daitezela pikutara.]]>
<![CDATA[Guztientzat ez bada, ez da amaitu]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1907/006/002/2021-06-16/guztientzat_ez_bada_ez_da_amaitu.htm Wed, 16 Jun 2021 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1907/006/002/2021-06-16/guztientzat_ez_bada_ez_da_amaitu.htm
Hilabete hauetan, Txinatik etorritako bidaiariekin egin dut topo, Kairoko eta Istanbulgo aireportuetan geldialdia eginez. Deigarria zen gehienek, KN95 maskara batez gain —Fpp2 baten baliokide txinatarra—, erabili eta botatzeko lan-jantzi zuri bat, aurpegia estaltzen zuen plastikozko pantaila eta babesteko betaurrekoak zeramatzatela. Beastie Boys taldearen bideoklip batean nengoela iruditzen zitzaidan bakoitzean.

Parisko Charles de Gaullen inork ez du jada distantziarik zaintzen. Kolak betiko modu desordenatu eta aglomeratuan egiten dira. Madrilgoan, Barajasen, askok maskarik gabe hitz egiten du jateko mahaietan. Atenaskoan, milaka turistek beti bezala jokatzen dute berriro, baina maskararekin.

Polita da beldurra galtzen dugula egiaztatzea. Duela urte eta erdi, gure bizitzak gelditu egin ziren eta bizitza asko betiko itzali ziren. Amaitzear dago; ez da aireportuetan bakarrik nabaritzen. Adineko jendea txertatuta dago, koronabirusa arriskutsua izateari utzi dion sentsazioa dago.

Arazoa da munduko biztanle gehienentzat COVID-19a ez dela amaitzear dagoen zerbait. Indian, pandemiak beste inon ez bezala dena suntsitzen duen bitartean, herritarren % 3,5 baino ez daude erabat txertatuta. Zenbait herrialde, ausaz: Thailandian %2,5; Nigerren %0,06; Mauritanian %0,16; Aljerian % 5,8, baina dosi bakarra; Angolan % 1,4; Kongoko Errepublika Demokratikoan ehunekoa zero da.

Europak eta Estatu Batuek amesgaiztoa hasi zenetik errepikatu dute pandemia globala zela eta mundu osoari eragiten ziola, baina irtenbidea aurkitzeko orduan betiko berekoikeriaz jokatu dute. Herrialde pobreenek txerto gutxiago dituzte eta garestiago ordaintzen dituzte. Justizia globalaren kontua da. Baina logikoa ere bada: erabat desagerrarazi arte, ez da andui berrien arriskua desagertuko. Guztientzat txertoa egon arte, ez da inorentzat arriskua desagertuko.]]>
<![CDATA[Amaitu da pandemia]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1911/007/002/2021-05-19/amaitu_da_pandemia.htm Wed, 19 May 2021 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1911/007/002/2021-05-19/amaitu_da_pandemia.htm
Baliteke esajeratzen aritzea, terrazak eta tabernen barrualdeak itxita egon baitira azarotik maiatzera. Agian orain dena dena baino handiagoa iruditzen zait. Gainera, ni pixka bat gehiegizkotasunez ari naiz; ez naiz taberna baten barruan eseri 2020ko otsailetik. Jendea nekatuta dago, normala da. Hilabete asko dira, eta ondo pasatzeko eta lasaitzeko eskubidea dute. Jakina.

Kezkatzen nauena da pandemia erabaki batek amaitu duela. Pandemiarik ez dagoela erabaki dugu. Grezia, amesgaiztoa hasi zenetik, kasu gehien detektatzen diren bigarren unean dago. Izan ere, azaroan herrialdeko hiri nagusiak berriro konfinatzea erabaki zenean baino intzidentzia metatu handiagoa dugu. Kasu kopuru berberak baina heriotza gehiago: bigarren berrogeialdia iragarri zen egunean hamahiru hildako izan ziren, orain 56-55 pertsona hiltzen dira, batez beste, egunero. Kopuru horrek ez dirudi oso altua, beste herrialde batzuekin alderatuta, baina argi eta garbi adierazten dute osasunaren ikuspegitik amaitu ez den pandemia baten bigarren olatuan gaudela.

Txertaketa-erritmoa Europako beste herrialde batzuetakoaren antzekoa da. Zalantzarik gabe, ez du zerikusirik Estatu Batuetakoarekin, Erresuma Batukoarekin edo Israelgo apartheidarekin -Palestinako Bantustanetako biztanleak baztertu dituzte-. Herritarren % 15 erabat txertatuta daude, eta % 26k jaso dute lehen dosia.

Baina garrantzitsuena ez da hori, dio gobernuak. Garrantzitsuena turismoa da. Greziak aurrea hartu nahi die Espainiar Estatuari eta Italiari, edozein preziotan. Hil behar dutenak hilko dira, hobe zarata handirik egiten ez badute. Gainerakook ospa dezagun pandemia amaitzear dagoela erabaki dugula eta ongi etorri turistak.]]>
<![CDATA[Senegalen txertatutako pribilegiatuak]]> https://www.berria.eus/paperekoa/2081/005/001/2021-04-21/senegalen_txertatutako_pribilegiatuak.htm Wed, 21 Apr 2021 00:00:00 +0200 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/2081/005/001/2021-04-21/senegalen_txertatutako_pribilegiatuak.htm expat-ek adinagatik egokitu zaien baino lehenago hartu dute txertoa, senegaldarrek txertorik hartu nahi ez dutelako aitzakiarekin. Ez da egia; edozein herrialdetan bezala, herritar gehienek txertoa hartu nahi dute pandemiak eragin ditzakeen arazo larriak atzean uzteko, eta, leku guztietan bezala, herritarren zati batek txertoarekiko beldur irrazionalak ditu. Beldur horiek uxatzen saiatu beharrean, bere immunitatea gehiengoa baino lehenago bermatzen ari da elitea.

M'Bourren pandemiaren ondorio sozialak kaiukoetan zenbatzen dira; hemen pirogue deitzen dituzte. Hamarkada bat baino gehiago zen hainbeste pirogue Kanarietarantz irteten ez zirela. M'Bour arrantzatik bizi da, Senegalen gehiengoa bezala. Koronabirusa baino lehen jada arazo larriak zeuden. Klima aldaketak beren etxeak mehatxatzen ditu. «Lehen itsasoa ez zen hainbeste igotzen», esan digu Yaseenek, «orain ekaitza dagoenean olatuak ateraino iristen dira». Arrantzalekuen gehiegizko ustiaketaren ondorioz, artisau-arrantzaleek gero eta arrantza gutxiago egiten dute, eta urrunago joan behar izaten dute arrainak aurkitzeko. Ezin dira lehiatu Txinako edo Europako itsasontzi industrialen aurka. Horien artean, euskal atunontziak. Sarritan, ontzi handiek artisau-arrantzaleen sare txikiak suntsitzen dituzte. Yaseenen senarra arrantza industrialeko ontzi handi horietako batek harrapatuta hil zen. Bere semea ere arrantzan hil zen. Inoiz ez zen gertatutakoa ikertu, eta inork ez zuen istripuagatik erantzun.

Pandemiaren aurkako neurri gisa, artisau-arrantzaleei hiru eguneko atsedenaldia ezarri zieten 2020an. Atzerriko ontziek egunero, egunez eta gauez arrantzatzen jarraitu zuten. Gero eta arrain gutxiago dago, baina EBk arrantza-akordioa berritu zuen. Yaseenen anaietako bostek arrantza utzi eta pirogue bat erabili zuten Kanarietara joateko. Pedro Sanchez Senegalera joan zen duela bi aste, itsasoan itotzen ez direnen deportazioak berriro Kanarietatik hastea adosteko.]]>
<![CDATA[Gure osasunerako torturatzen gaituzte]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1905/005/002/2021-03-24/gure_osasunerako_torturatzen_gaituzte.htm Wed, 24 Mar 2021 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1905/005/002/2021-03-24/gure_osasunerako_torturatzen_gaituzte.htm
Ez dago Aris eta zauritutako poliziak jasotako astinaldia lotzen duen inolako frogarik. Hilabeteak zeramatzaten bere atzetik. Kaputxadun batzuek poltsa bat buruan jarri eta logotipatu gabeko auto batean sartu zuten, kolpez. Ez zekien faxistak, mafiosoak edo poliziak ziren. Hobe litzateke mafiosoak izan balira.

Gela batera eraman zuten eskuak bizkarrean lotuta eta oraindik kaputxarekin, guda preso bat bezala. Ez daki zenbat polizia iragan ziren handik. Batzuek hitzik egin gabe jo zuten, besteek iraindu eta egurtu zuten. Argiak itzali zituzten, eta denboraren ideia galdu zuen; bakarrik beste bat bera jipoitzera sartzen zenean argi pixka bat sartzen zen. Zenbait minutuz arnasa hartzen uzten zioten, eta berriro hasten zen dena. Erabateko kemenez azaltzen dit bere gorputzaren zati bat ere ez zela geratu kolpatua izan gabe. Baina negarrez hasten da gogoratzean bere ama komisariara joan zela atxilotuta ote zegoen galdetzera; poliziek Arisi buruz ezer ez zekitela erantzun zioten, eta Arisi barrezka azaldu zioten gertatutakoa. Atxiloketak bost egun iraun zuen.

Arisengandik hurbil Efi zegoen, 18 urteko neska bat. Poliziek larriki iraindu zuten. «Puta» deitu zioten oihuka, etengabe, bortxatuko zutela mehatxupean, bere abokatuak azaldu digunez. Ez du kazetariekin zuzenean hitz egiteko gogorik, desagertu baino ez du nahi.

Greziako Gobernua pandemia erabiltzen ari da herri mugimenduei eta, oro har, ezkerrari eraso egiteko. Batez ere anarkistak, ikasleak eta errefuxiatuak ditu jomugan. 130 egun baino gehiago daramatzagu konfinamenduan, manifestazio eskubidea etenda dagoela. Debekuari erronka egiten dionak isunak eta jipoiak jaso ditzake, baina milaka dira erronka egiten diotenak. Mobilizazioek ez dute negazionismoarekin zerikusirik. Mundu guztiak darama maskara eta gel hidroalkoholikoa ematen diote elkarri. Ez da ukatzen osasun-arazo handi baten aurrean gaudenik. Baina ez dute onartu nahi, osasunaz gain, askatasuna galtzea.]]>
<![CDATA[Ez berdinak, ez eta hobeak ere]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1908/009/002/2021-02-24/ez_berdinak_ez_eta_hobeak_ere.htm Wed, 24 Feb 2021 00:00:00 +0100 Hibai Arbide https://www.berria.eus/paperekoa/1908/009/002/2021-02-24/ez_berdinak_ez_eta_hobeak_ere.htm
Assamakara iristen dira Aljeriak deportatutako migratzaileak. Batzuk Europara zihoazela atxilotu zituzten; gehienek hilabeteak edo urteak zeramatzaten Magreben lanean poliziak paperak eskatu zizkienean. Beste batzuk hilabete edo urte gehiago eman dituzte espetxean bizileku-baimenik ez izateagatik. Ileak punta-puntan jartzen dituzten torturak azaltzen dizkigute. Ziega kolektibo batean zegoen emakume haurdun bat osasun laguntzarik gabe erditu zen presoek artatzeko oihukatzen zuten bitartean. Egun batean, poliziak basamortura eraman ditu, norabide batean seinalatu, eta esan du: «Oinez hamabost kilometro egiten badituzue, Nigerrera iritsiko zarete. Buelta emanez gero, tiro egingo dugu». Mehatxua benetakoa dela frogatzeko airera tiro egiten dute deportazio bakoitzean; beren errituala da.

Batzuek ez dute lortzen. Basamortuan inork ez ditu gorpuak jasotzen. Hurrengo deportatuak ondotik pasatzen dira. Assamakara leher eginda iristen dira ura edateko etsipenez. Han, NMEk (Migrazioetarako Nazioarteko Erakundea) COVID-19 test bat egiten die, eta berrogeialdia egin behar dute. Hamalau egun Assamakatik alde egin ezinik. Kanpin-denda handi batean egiten dute lo, eta gauetan tenperatura 6 graduraino jaisten da. Haize gogorra dabil. Nik ia ezin izan nuen ordubete jarraian lo egin; ezatsegina da ahoan harea duzula lo egitea.

Pertsonako maskara kirurgiko bat dute hamalau egunerako. Basamortuko haizerako balio du, ezer prebenitzeko baino gehiago. Berrogeialdia oso luzea da, egin dezakezun gauza bakarra hondarretan paseatzea denean. Gero, zer egin erabaki behar dute. Beren jatorrizko herrialdeetara itzultzea onartzen dutenak NMEk lagunduko ditu. Berriro saiatzea erabakitzen dutenek beren instalazioetatik joan behar dute. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak migratzaile izateari uztea erabakitzen duenari bakarrik ematen dio laguntza.

Pandemia honetatik ez gara hobeagoak aterako, COVID-19aren lehen olatuan zabaldu zen ideiaren kontra. Litekeena da eliteek lan baldintza hobeak eta ingurune seguruagoak izatea —hau da, telelana, gaixotasunak detektatzeko eguneroko testa, lanaldi murrizketa, denboraldi luzeak etxetik atera gabe igarotzeko erosotasuna, eta abar—, gehiengoak bere bizi baldintzak are prekarizatuago ikusten dituen, edo Assamakan itxaroten duen bitartean.]]>