<![CDATA[I. Susaeta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus Bere azken artikuluak eu Thu, 25 Apr 2019 08:04:09 +0200 hourly 1 <![CDATA[I. Susaeta | Berria.eus]]> https://www.berria.eus/irudiak/berriaB.png https://www.berria.eus <![CDATA[21 urteren ondoren, onenekin]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1847/022/001/2017-03-07/21_urteren_ondoren_onenekin.htm Tue, 07 Mar 2017 00:00:00 +0100 I. Susaeta https://www.berria.eus/paperekoa/1847/022/001/2017-03-07/21_urteren_ondoren_onenekin.htm
Pilotazale mexikarrak «gogotsu» daudela dio Andrinuak, eta baditu uste hori egiaztatzeko datuak: «Hainbat klubetako bazkidea naiz, eta jende guztiak irekiera datari buruz galdetzen zidan». Ikuskizuna bermatuta dagoela pentsatzen du, gainera, ekarri dituztenak «egindako puntistak» baitira.

Pilotaleku enblematikoa da Fronton Mexico, art déco estilokoa eta Ondare Nazional Historiko izendatua dena. 1929an zabaldu zituen ateak, eta, azken aldiz, 1990 eta 1996 arteko aldian jokatu ziren han zesta-puntako partidak; harik eta, Miguel del Rio orduan pilotalekua ustiatzen zuen enpresariak ordaintzen ez zienez, bertako langileek greba egitea erabaki zuten arte. 2010ean eta 2013an ere ahalegindu ziren hiriko agintariak eta Antonio Cosio Ariño jabea pilotalekua martxan jartzen, baina aldarrikapenari eusten dioten grebalariekin duten auziak oztopatu zuen saiakera. Horien eskakizunen aurrean entzungorrarena eginda, ordea, Salomon Chertorivski Mexiko Hiriko Garapen Ekonomikoko idazkariak iragarri zuen, 2015eko abenduan, Cosiok 50 milioi dolar inbertitu behar zituela azpiegitura zaharberritzeko. Berritze lanei ekin zieten orduan.

1.800 lagunentzako tokia izango du frontoi berriak, harmailak bilgarriak izango dira, eta pilotalekuan bertan bestelako ekitaldiak egingo dituzte, boxeo borrokak, kontzertuak, kongresuak eta beste. 3.000 metro koadro pasako instalazioak kasino bat eta jatetxe bat bilduko ditu barnean, eta, bigarren fasean, pilotalekuaren alboko eraikin batean luxuzko hotel bat eraikitzeko asmoa dauka Cosiok.

Baina kontu urbanistikoek ez dute zerikusirik Andrinuaren jardunarekin. Hari dagokio, Jon Ruiz de Azua eta Ignacio Puertasekin batera, kirol esparrua zehaztea. Horretarako, joan den urtearen amaieran Euskal Herrira bidaiatu zuen. «Pilotari batzuek idatzi zidaten, hona etorri nahi zutela esanez. Jokatzen ikusi nahi nituenez, bi saio antolatu genituen: bat Gernikan, eta bestea Hondarribian». Eta kontratatu dituzte, aipatutako figurez gain, Etxeto, Olha, Tambourindegi, Olharan, Ludovic Ladutxe, Inza, Sanchez, Ihitsague, Portet, Businello, Salaberri eta Hirigoien. Eta baita «indartsu datozen» hiru gazte ere: Ekhi, Aaron eta Del Rio. Puntistetako hemezortzi Euskal Herrikoak eta Biarnokoak dira, eta koadroa Mexikoko hamalau pilotarik osatuko dute. «Horietako hiruk, Inclanek, Ituartek eta Elizaldek, maila ikusgarria dute. Jarraitzaileek pilotari mexikarrak ere ikusi nahi dituzte». Garai batean, legeak hala ezarrita, kanon bat bete beharra zeukan Fronton Mexicok, eta pilotari koadroko kopuru batek mexikarra izan beharra zuen. «Baina orain ez digute hori exijitu, pilotalekua hogei urtez itxita egon denez zentzurik ez zuelako». Fronton Mexico itxita egon den bi hamarkadetan, puntistek Mexiko Hiriko Inclan pilotalekuan eta España zein Mundet klubetan entrenatu eta jokatu dute. «Pilotaleku horiek ez dira hau bezain luzeak, ordea. Honek 62 metro dauzka. Pilotaleku oso bizia da, eta hanka onak behar dira eusteko».

Diru sarrerak

Lehen denboraldia uztail hasieran amaituko da. «Ikusteko» dagoen arren, intendenteak jakinarazi du enpresariaren intentzioa dela sasoiak luzatzea, baldin eta ekimena «arrakastatsua» bada. «Pilotariak aritu daitezela udan Euskadin, eta gero etor daitezela Gabonak arte. Cosiok zera esan zidan: 'Funtzionatzen baldin badu, behar bezainbestetan irekiko dugu'».

«Zalantzarik gabe», dio Andrinuak, apustuak izango dira pilotalekuaren diru sarrera nagusia. Greban jarraitzen duten langile ohietako baten hitzetan, garai batean «dirutza beldurgarriak» jokatzen ziren. «Orduko zazpi milioi peso ere bai —320.000 euro pasa—». Artekariak mexikarrak izango dira, baina azken asteotan Benjamin Lazkanok eskarmentudunak trebatu ditu. Dirutza horiek jokatzen ziren garaian, hain zuzen, janzkera kode bat exijitzen zien pilotalekuak ikusleei: traje eta gorbata gizonezkoentzat, eta gaueko soineko luzea emakumezkoentzat. «Lehengo profilari eutsi nahi zaio; nolabaiteko eliteko jendearentzat izango da. Jende gaztea erakarri nahi dugu, ordea, eta, beraz, zorrotzegiak baldin bagara janzkera kodearekin, gazteak ez dira etorriko. Halere, edonori pilotalekurako sarrera ukatzeko eskubidea dugu».

Goikoetxearen atzetik

Andrinuaren arabera, Mexikoko pilotazalea «noblea da, ulertzen du kirola», eta horiek edo jarraitzaile berriak erakartzeko amuetako bat, adibidez, azken hamabost urteotako puntista onena kontratatzea litzateke, Iñaki Osa Goikoetxea. Eta horretan dabiltza. «Harekin negoziatzen ari gara. Arazoa haren babeslea da. Izan ere, guk, agian, edari energetikoren baten publizitatea jarriko dugu pilotalekuan, eta... —Red Bull da Goikoetxearen babeslea—».

Bada, gainera, intendentea ilusionatzen duen beste proiektu bat: pilota eskola. «Mexiko Hirian bost daude, baina Fronton Mexicokoa izango da inportanteena. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu harrobia lantzea, eta pilotari ohi batzuk maisu izateko prest daude».]]>
<![CDATA[Grebarik luzeena Latinoamerikan]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1893/023/001/2017-03-07/grebarik_luzeena_latinoamerikan.htm Tue, 07 Mar 2017 00:00:00 +0100 I. Susaeta https://www.berria.eus/paperekoa/1893/023/001/2017-03-07/grebarik_luzeena_latinoamerikan.htm
Grebalari nabarmenena, hogei urteotan eutsi dioten bostetako bat, Emilio Rincon da (Alvaro Obregon, Mexiko, 1952). Pilotalekuko segurtasun arloko langilea zen lehen, eta lantokia itxi zutenetik, berriz, franelero-a, kaleko autoak aparkatzen eta zaintzen dituena, alegia. 05:30ean iristen da pilotalekuaren ondoko kale batera, eta han aritzen da, lanean, 19:30ak arte. Egunero. Familiaren babesa du. «Emazteak eta hiru seme-alabek beti animatu izan naute. Harrotasun kontua da, finean. Ordaindu beharra daukate». Grebaren aurpegi agerikoena denez, ez daki nork, ez ditu identifikatu, baina pertsona batzuek aurpegira barre egin izan diote, eta baita mehatxatu ere.

Orduko langileek 1996an bertan jarri zuten salaketa, eta Mexikoko Kontziliazio eta Arbitratze Batzorde Federalak (JFCA) 1997ko irailean onartu zuen. «CTM [Mexikoko Langileen Konfederazioa] sindikatuak ez gintuen babestu, eta gero, 2002an, CROC [Laborari eta Langileen Konfederazio Iraultzailea] sindikatukoek gonbidatu gintuzten. Hasieran adeitsu jokatu zuten, baina gero...», azaldu du Rinconek. Hautsi zituzten harremanak haiekin ere. JFCAk adierazi zien grebalariei ezin zutela grebarekin jarraitu sindikatu batera afiliatuta egon gabe, eta FSTMra afiliatu ziren (Mexikoko Langileen Sindikatuen Federazioa). Iaz, urtarrilean hartu zuten auziaren ardura Sanciprianek eta beste bost abokatuk. Eta, Sancriprianen iritziz, hogei urtean beste sindikatuek egin ez zutena egin dute haiek batean: «Instrukzioa itxi da. Baditugu frogak, arrazoibideak, eta JFCAren azken erabakiaren zain gaude». Hiruzpalau hilabete barru jakingo dute laudo-ak arrazoia eman dien ala ez.

Azken hilabeteotan beste 50 pertsona batu zaizkie urteetan grebari eutsi dioten bostei. Tartean daude duela hogei urteko hamabost pilotari, eta baita grebalari izandakoen alargunak eta seme-alabak ere, esaterako. Rinconek eta beste lau grebalariek bakoitzari bost milioi peso (225.000 bat euro) ordaintzeko eskatzen zuten duela gutxi arte. Oraingo eskaera ondokoa da: 18 milioi euro 55en artean banatzeko.

Antonio Cosio Ariñok, pilotalekuaren jabeak —Cruz Azul taldearen estadioaren eta Mexiko Hiriko Monumental zezen plazaren jabea ere bada, adibidez— adierazi zien grebalariei, duela urtebete baino gutxiago, bakoitzak eskatzen zituen bost milioi pesoak ordainduta zeudela, CROC sindikatukoei eman ziela dirua, jotzeko haiengana. «CROCekoek esan ziguten haiek ezer ez zekitela», argitu du Rinconek. Isaias Gonzalez Cuevas PRI alderdiko senataria da CROCeko burua. «Bai Cosio Ariñok eta baita CROCekoek ere diote zorra kitatuta dagoela, baina ez dago hori egiaztatzen duen dokumenturik. JFCAk dio, bere aldetik, grebak indarrean dirauela», zehaztu du Sanciprian abokatuak.

«Gobernu egituren» kontra

Justizian sinesten duela dio abokatuak, baina badaki «gobernu azpiegitura» guztiaren kontra borrokatzen ari direla. «Interes asko daude tartean...». Eta tartean daudenak dira Mexiko Hiriko Gobernua; Cuauhtemoc delegazioa, greba bat indarrean dagoela jakin arren obretarako baimena emateagatik; JFCA, CROC... «Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteari ere idatzi genion...».

Sanciprianentzat «etsigarria» da gertatzen ari dena. «Batez ere, espedientean ez dagoelako jabeari arrazoia ematen dion dokumenturik. Halere, bueltaka gabiltza oraindik ere». JFCAren laudo-a langileen aldekoa ez baldin bada, Mexikoko Auzitegi Gorenera eramango dute auzia: «Eta, bestela, Nazio Batuen Erakundearen Lanaren Nazioarteko Erakundera joko dugu. Beharrezkoa dena egingo dugu, interes batzuen arabera ari baitira bortxatzen zuzenbide estatua».]]>
<![CDATA[Intimitatea, bizitzaz hitz egiteko]]> https://www.berria.eus/paperekoa/1489/033/001/2013-06-27/intimitatea_bizitzaz_hitz_egiteko.htm Thu, 27 Jun 2013 00:00:00 +0200 I. Susaeta https://www.berria.eus/paperekoa/1489/033/001/2013-06-27/intimitatea_bizitzaz_hitz_egiteko.htm Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela) da haren lehen poema liburua, eta horretan gai horiek guztiak bildu ditu. Intimoak diren edo intimotzat hartzen diren bi sentipenen —maitasuna eta askatasuna— arteko talkak ardaztu du, batez ere, 130 orrialdeetan kontatutakoa.

Crítica del pensamiento amoroso (Edicions Bellaterra, 2011) saiakera ontzen ari zenean —aurrez, 2004an, genero bera landu zuen Antropologia del cuerpo. Genero, itinerarios corporales, identidad y cambio-n (Edicions Bellaterra) — ikusi zuen egin zezakeela poesia liburu bat. «Nire hauskortasunarekin egin nuen topo orduan, eta erabaki nuen hor sakontzea. Akaso poesia idatz nezakeela pentsatzera eraman ninduen horrek».

Estebanek badauka eskarmentua antropologia lanak idazten, baina ez zuen ikerketa edo saiakera arrunt bat egin nahi. Gordeta zeuzkan zenbait poema berreskuratu eta berridatzi zituen, eta horiei beste batzuk, berriagoak, gehitu zizkien. Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak eskertu dio egindako «ahalegin oparoa», pentsamendua poesiara eramateko orduan. «Ideologia feminista zentzurik zabalenean interpretatzen du, eta horren erreferente da. Sekulako ekarpenak egin ditu», nabarmendu zuen Irigaraik, atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean.

Ekarpen horiek poesiara irauli ditu oraingoan, eta minetik sortu du, editorearen ustez. «Baina mina ez da oinazea bakarrik. Nostalgia eta melankolia ere mina dira... Bide berriak edo interesgarrienak zabaltzen dizkiguten sorkuntzak minetik sortu dira». Tentsioz beteriko gunea da mina, Irigarairen iritziz. Eta tentsio hori nabaritzen da maitasunak eta askatasunak elkarrekin topo egiten dutenean. Egilearen ustez, badaukazu maite dituzunekiko harreman bat, baina zure bide propioa egiteko beharra ere sentitzen duzu. «Eta orduan sortzen da talka». Gatazka horri forma emateko «apaindurarik gabeko» estilo biluziaren aldeko hautua egin du.

Estiloan bakarrik ez, bestela ere biluztu da Esteban. «Biografia baten zenbait zertzelada eman ditut aukeratutako gaien bidez». Gertaera eta oroitzapen batzuk hautatu ditu, eta horiek azpiataletan ordenatu, kontakizunari osotasun bat eman ahal izateko. Poesia prosarekin zipriztindu du horretarako, edo alderantziz. «Niri testuak horrela ateratzen zaizkidalako osatu dut liburua modu horretara». Pentsatzen du haren narratiba dela nahiko poetikoa, eta, beste aldera, poesia nahikoa narratiboa idazten duela. «Gaur egun horrelako gauza asko egiten dira. Horrela atera zitzaidan, eta pentsatu nuen egokia zela». Irigarairentzat, gainera, «poesiaren lurraldekoak» dira egileak lantzen dituen gaiak. «Nahi gabe bezala eramaten zaituzte eremu horietara».

Izenburuak sintetizatzen du

Estebanen aburuz, izenburuak gordetzen du liburuaren filosofia, maitasunaren eta askatasunaren arteko talkarena. «Zuretzat oso inportantea den pertsona baten premia eduki dezakezu, baina pertsona hori desagertzen bada —hiltzen delako, adibidez—, senti dezakezu zure bidea egiteko nolabaiteko baimena daukazula». Sentimendu hori, beraz, «pozgarria» izan daiteke batetik, eta «mingarria» bestetik. Dena den, ez du ideia hori ama-alaba harremanera mugatu nahi. Hauskortasun hori munduaz gogoeta egiteko baliatu du.]]>